ANAITASUNA
BIZKAIA
194 zenb. 1970, • Abuztuak 30
Apartado 17 • GALDAKANO
ANAITASUNA
BIZKAIA, Amabosterokoa, 15
Zuzendaria: Angel Celayeta Guisasola.
Jabea: Kantauriko Frantzizkotar Irugarrendarrak, Durangon, Intxaurrondo, 3.
Idazkola ta banakola: Bengoetxe, 33-b. Galdakano. Tel. 396 eta 397.
XVIII-gn. urtea. 194 zenb. 1970, Abuztuak 30.
D. L. Bi. 1.753-1967.
Inprimatzen dau: Imprenta IDEAL-ek, Galdakanon, Bengoetxe, 70.
Irartzen dau: RALI.
Ezagutzen dogu geure egoera emakumeok
Gutaz idatzitakoa asko da. Lan batzuek gure ezjakintasuna aipatzen dabe; besteak, ostera, gure birtute aundiak goratzen. Ezagutzen ote dogu guri buruz esandako guztia? Edo zeredozer behintzat? Egia esan, gai honeetaz gizonak guk baino gehiago irakurten dabela uste dot, eta guk beharrezko dogu geure gaietaz esaten dan guztia jakitea.
Idazlantxu honetan, C. Castilla del Pino psikologoak "La alienación de la mujer" deritxon bere liburutxoan emoten dituan ideia batzuk azaldu nahi ditut, guztiontzat jakingarri diralakoan.
Liburuxka hau iru zatik osotzen dabe. Honeexek dira:
1. Kontzeptu batzuen azalpena
Pertsona bat alienatuta dago, izan behar dauanez bestelakoa danean. Beste modu batera esanda: pertsona bat, berak egiten dauanagaitik da honelakoa edo horrelakoa; baina, beharbada, ez dau egiten —edo, obeto esan, besteak ez deutsoe egiten uzten— norbera zetarako jaio dan eta haxe, egiteko hori bere kontra joan arren.
Gizon batzuek inori alienazinoa jartzean, gauza bat balitz bezala artzen dabe pertsona hori. Esate baterako, alienaturiko langilea bere jabearentzat, beronek nahi dituan zereginak egiten dituan gauza bat baino ez da; eta emakumea ere,* gizonarentzat gauza bat bihurtzen da. Gauza-bihurtze edo gauzifikazino hori, alienazinoaren ondorio bat baino ez da.
Ezin leiteke gizonik ez emakumerik bere klasetik kanpoan artu, klasearen baldintzak hain aundiak izanik, euretarik ezin iges egin leikelako.
2. Gaurko emakumearen egoera
Gaurko egoera honetan, emakumea gizonaren menpean dago; eta honek bere gauza bat bezala erabilten dau, berari ondo datorkionerako.
Gizonarentzat, emakumea maitakeriazko zerbait (erderaz "objeto erótico") da. Beste urtenbiderik ez eukitean, emakumearen ardura bakarra zelan eta zein ondoen gizonarentzat maitakeriazko zerbait izatea da.
Gutxienak dira, pertsona legez, mundu honetan zeredozer izan eta egin gura daben emakumeak. Gehienak gizonaren bizia eta gizonaren lanak eurenak egiten ditue, honela, gizona errealizatzean, eurak ere* euren nortasuna errealizatuaz. Gizonak gauzak dagozan moduan ondo ikusten ditu, eta ez dau ezertxo ere aldatu nahi.
Emakumearen lana, etxetik kanpokoa, liberazinoko bidea erraztuteko modu bat izan leiteke; baina gizona horren bildur da. Orain ez dago berarentzako beste lanik, eta, emakumea ere lanean jartzen baldin bada, gizoriak etxean gelditu beharko ote leuke? Horregaitik ondo jagoten dau feminismo faltsua. Horixe egiten dau, emakumea ama izateko jaio dala esatean, ama izatea munduko gauzarik aundiena dala, eta abar.
Honeek ez dira ideia batzuk baino, C. Castilla del Pinok bere liburutxoaren erdi aldean, beste gauza interesgarri askoren artean, esaten dituanak.
3. Emakumearen liberazinoa
Orain arte emakumeen eskubideen aldeko mugimendu eta ekintza guztiak, okerrekoak izan dira. Izan ere, emakumea gizonagandik aparte ipinten dauan ekintza ez da zuzena, emakumea pertsona desbardin bat balitz bezala kontsideratzen dau eta. Horregaitik diskriminazino hau emakumearen kontra doa, eta ez alde.
Emakumeak, gizona lakoa dan ezkero, haregaz batera lortu behar dau bere liberazinoa. Horretarako, orain dagozan estrukturak aldatu egin behar dira. Egiteko lana, aundia da; baina arazo honetan emakumeak aurrera begiratu eta berari ondoen dagokiona zer dan ikusi behar dau, pertsona bezala bere eginbeharra betetzeko.
Sistema sozialistatik kanpora, ezina da emakumearen eginbehar hau betetzea, beste sistema guztiak haren alienazinoa erraztu baino ez dabe egiten eta. Sozializatze osoan, askoren artean artu beharko geunkez emakumeok, orain banazean* artzen ditugun erabagi eta lan asko.
Mari Anjeles Zarraonaindia
Zornotza
Erriko ikastola, orain arte Berriotxoa ikastokian egondakoa, Larrako komentura aldatzen da. Komentu honetan, euren karrerako urte bat egiten eben lehen Karmeldar frailegaiak. Aurten, ez dakit zegaitik, ez datoz frailegaiak. Eta, eurak utzitako lekua betetzera, ikastolako ehun ume inguru datoz. Leku ederra benetan, umetxoei tokatu jakena. Ez neuskio akats bat baino iminiko: erritik urruti samar dagoala.
Eta Larrako komentua aipatu dodan ezkero, burura datorkit urte bi dirala Ama Birjina koroatzeko gertuta egoan koroea ostu zana. Emongo ote deutsee barriro Karmeldarrei?
Leungane
Bilbo
Txistularien akademia
Amaitu da 1969-1970 ikastaroa. Danetara, 62 ikasle ibili dira txistua ikasten, erdiak neskak. Irakasleen eritxiz, ikasleak ederto lan egin dabe eta pozik dagoz.
300 txistulari gure urian
Bilbon bizi diran txistulariak 300-dik gora ei dira. Hauxe esan deusku Boni Fernandezek, Aiuntamentuko txistulari taldearen zuzendariak. Bizkai guztikoak 900 inguru dira, eta Euskalerrikoak 2.000-tik gora.
Gure txistularien disko barri bat
Aiuntamentuko txistulariak euren lehenengo diskoa argitaratu dabe. Alde batean Bizkaiko Aurreskua dator, eta bestean euskal dantza soltua. Hauxe da Bizkaiko Aurreskuaren lehenengo grabazinoa.
Olaeta Balleta barriro Ameriketara
Irailean*, Olaeta Balleta barriro doa Ameriketara. Oraingo ibilaldi hau iru ilabetekoa izango da, ta 60 jaialdi inguru eskainiko* ditue USA-n eta Canadan. Joan dan urtean, bardin antzeko ostera* bat egin eben, eta jende asko joan zan euren dantzak ikustera. Los Angelesen, 8.000 ikusle izan zituen.
Xabier Gereño
Elgoibar
Artikulurik onena
ANAITASUNA, 192 zenbakia. Gaurko artikulurik onena aukeratzean, ba ditugu gure kezkak. Eta ez gure artikulua aukeratzean, gure esan nahia ez ulertzean baino. Baina kezka ta guztiz ere, EZ NATOR BAT aukeratzen dogu. Ezin baileiteke ez demokrata eta ez neutral izan, egaleko jaun batzuei jaramon eginaz. Erdi bat «urratu» euskuen, eta hori betetzen ez dabenak ezin leitekez neutralak izan. Hau betetzen dabenei, horreei bai esan leitekioela neutral dirala, baina ez bestela. Hauxe da, behini behin, gure eritxi apala.
Bigarren artikulutzat, beste idazlan bi aukeratzen ditugu: EUSKAL LITERATURAN BEHAR DUGUNA eta AGIRRE SARIA. Gutariko gehienak ere eritxi horreekin bat gatoz.
Barri emoileetan Barakaldokoa aukeratzen da.
Erriko jaiak
Jai giroan sartu gara, eta, entzun dogunez, asiak dira antolaketak. Inoiz izan ez doguna izango dogu aurten: Umeen tanborrada.
Itxura danez, umeak ere haintzat artzea pentsatu dabe; baina ez dira konturatu, hainbat eta hainbat euskaldun ume dagozala. Horreentzat noizko? Dana dala, etortzen zareenok eta bertokook ondo pasa.
Taldeko Beste Marisabel
Munitibar
Lehengo batean, osteratxu* bat egin neban errira, eta erriko eskolan lanean ebiltzala konturatu nintzan.
Bertara joan, eta halan zan izan be, Iturrikoako Juan Jose lanean ebilen eta. Eskolako leiho ta ate guztiak pintatu behar zituala esan eustan, eta Reinaldo ta biok ebiltzala lan horretan.
Parte bat egina eben, eta oso dotore emoten eban.
Zoritxarrez, ormak ez ei ditue pintatu behar. Premina ba dauke, ba, estufaren keaz total zikindurik dagoz eta. Orain egurrezko estufarik ez da erabilten, butanozkoa baino; eta aurten behin dana pintatu ezkero, oso dotore geldituko litzake eskolea, eta luzarorako gainera.
Eskolea egin zanetik, holantxe egon da gaur arte. Amabi urte ba dira. Zorionez, berandu izan bada be, etorri jake euren apaintzeko ordua.
Erramon Gerrikagoitia
Arratia
Apatxartekoa
Oraindino denbora gutxi dala, arratiar eta beste mendizale askok, Gorbea mendia bi ilabete baino gehiagoan euki dogu zarratuta, apatxartekoa edo glosopeda dala ta. Donontzat ekarri ditu kalteak, abere ugazabentzat batez ere. Zenbat eta zenbat il ote dira? Ez da erraza jakitea. Gorbea aldetik ibili garean guztion lagun bateri, ia ardi guztiak il jakoz. Eta, hori gutxi bailitzan, bera ere hospitalean dago, auto batek jo ta zaurituta.
Igorreko denboralea
Abuztuaren 4-ean, Igorretarrei, zerutik jausitako arriak 30 bat miloiko kaltea egin deutse. Laguntzarik egongo ote da? Eta egongo balitz, nok eta zelan banandua izango litzake?
Jaiak
Jaiak dirala ta ez dirala, ez daukagu aspaldi honetan bake aundirik. Urrunago joan barik, or daukaguz Dimako aurtengo jaiak. Gazte mordotxo eder batek dantzariak, bertsolariak, kantariak eta abar ekarri gura ditu, beste errietan egiten dan antzera. Baina Udalekoengandik* diru laguntza andirik izan ez daben ezkero, gauza aparteko barik geratu behar. Eskerrak, erriko jaiak bertso ta abesti ederrakaz biribildu zirana. Eta jazoera hau Dimako auzunerik gehienetan gertatzen da urtero. Dima «diferente» ote da?
ZAMALAKOTARRA
Uztailaren* 5-ean, Arantzazuko errian, kantarien txapelketa bat izan zan. Areatzako* Patxo gelditu zan txapeldun, eta Otxandioko Txomin Bengoa bigarren.
Santiago egunean, jai polit bat egin zan Ipiñaburuko auzunean. Bertako gazteak, obeto ezinean, euskal antzerki bat egin eben. Abeslariak ere* izan ziran.
Zeanuriko frontoian jokatutako pelota partiduaz ere jendea jakitun imini beharra dago. Begira, ostera, Esteban «Amalau» eta Antonio «Txato»-ren eskuei.
SEBAS
Gure hizkuntzak gaur dadukan beharrik handienetako bat batasuna da zalantzarik* gabe. Horretarako arrazoi asko jartzen dira, denak balio dutenak.
Ekonomiaren aldetik, herri xipi bat gara, eta ez dezakegu euskalki bakoitzean ez ediziorik ez gramatikarik ez beste hainbeste gauzarik egin.
Beste alde batetik, Herri bat gara, nahiz ez dugun oraingoz estruktura herrikoi bat. Hori dela ta, gure Herriak hizkuntza batzaile bat behar du, ofizialtasunik eduki ez arren, eta beharbada gehiago horrengatik. Baina, batzaile izateko, hizkuntzak berak ere bat behar du izan.
Beste arrazoi bat ba da oraindik, guttitan erabiltzen dena, baina nire ustez garrantzi arras handia duena. Baionako astean agertu nuen. Gaur egun euskerak bizirik jarraitzea nahi badugu, eta hori lortzeko daduzkagun indarrak zeintzuk diren eta non dauden aztertzen badugu, zuzenki helduko gara nire ustez erabaki batera: Euskal ikasleak, haur nahiz gazte, direla euskeraren geroaren sustraia.
Lehen, euskera hitz egiten zen tokietan, hitz egiten jarraitzeari begiratzen zitzaion. Euskal irakurleak, euskal kultura eskatzen zutenak, euskerari garrantzia ematen ziotenak, euskera beren etxeko sukaldean ikasi zutenak ziren. Gaur, ordea, ikastolek eta beste gainerako kultura giroak aldatu egin dute hau. Adibidez, Iruñean (ni Iruñekoa naiz) lau mila lagun joan izan dira, "Ez dok amairu" entzutera, eta talde honen diskak Nafarroako beste inon baino gehiago Iruñean saltzen dira gaur. Esango zait, Nafarroako hiri nagusia delako. Eta egia da. Baina horrexek, hain zuzen ere, ematen dio garrantzia; ez da atxakia bat. Lehen euskerak Nafarroako ipar aldean bakarrik zuen garrantzia, hor bakarrik hitz egiten zelako. Baina gaur ba du garrantzia Iruñean; gero ta gehiago, gainera.
Zeren baitakigu, euskeraren salbazioa kultura bidetik bakar bakarrik irabaz dezakegula.
Eta azterketa hau egin ondoren, argi agertzen zaigu zein den eta nolakoa den euskeraren batasunaren beharra. Euskeraren batasuna geroan begira egin behar da, ez gure nahiz beste inoren gustutxoari begira. Horrengatik, euskeraren batasunak hizkuntza egoki bat eman behar dauku, geroko beharrei dagokiena. Eta hau teknikoek bakarrik egin dezakete. Herriak eskatzen duen erara eginen omen dira aldaketok. Hori eta horren antzekoak esatea, huskeria bat da.
Hemen Nafarroan ba da elkarte bat "Institución Príncipe de Viana" deritzana, eta euskeraren etorkizunerako sortua izan dena. Elkarte honek euskeraren irakaskintzara zuzendu du bere lana. Eta diotenez oraintsu erabaki du, bere lan guztietan euskera batua beharrez erabiltzea. Bai ikastoletan, bai eskoletan, bai bere aldizkarian, bai beste agerkari guztietan.
Euskera batua, Euskaltzaindiak agindu bezala, batzaile da; eta gainerako guztiak bereiztaile* eta tamalezko.*
"Príncipe de Viana"-k honelako erabakirik hartu badu, ongi etorria bedi.
GORKA TRINTXERPE
Ligi-n (Zuberoa). P. Bordaçarre-ren "Berterrech" pastorala
Aurtengo Pastorala Zuberoko Ligin* izan da abuztuaren 2-an, ilaren lehenengo igandean*. Urrengo igandean Atarratzen* izango zala entzun genduan.
Ligiko barri hau ZERUKO ARGIA-n irakurri genduan, eta hara joatea pozez beterik erabagi genduan. Baina, irakurle, gertakizunen bat Ligin dala entzuten badozu, kontuz! Bizkaitik joaten bazara, bezperaz urten behar dozu. Bestela, batez ere auto txiki batean joan behar badozu, txarto ibiliko zara nonbait. Ligi erri txiki bat da, eta maparik gehienetan Licq-Atherey izenagaz agertzen da. Bizkai aldetik errixka horretara joateko, denbora nahikoa behar da. Lehenengo Maulera* joan behar dozu, eta handik ego aldera jo. Gero ta gero ere, eldu ginan bertara, antzerki xarmangarri* ha ikusteko.
Atzeko aldean mendia, aurreko aldean eliza, zelaitxo berde ta eder batean egiten da antzerkia. Eguzki ederra, kolore asko. Euskalerrian, Zuberoa benetan da kolorezko lurraldea. Kolore horreek, dantzari bikain horreek... dana zan mugimendua, bizia. Musikalariak atzeko aldean jarrita, egon ezinezko txori batzuk bezala; ta ezker aldean, deabru gorri bat dingilizka. Pastoral bitartean, dantzak eta «sataneriak» ere emoten dira. Pentsa leiteke, sorginak ere (bereziki* lurralde horretako sorginak) ba daukela zerikusia antzerki horretan. Gaur egun eta gure oraingo mundu honetan, antzerki hau, zoragarria izanez gainera, gauza guztiz apartekoa da. Eldu ginaneko, jende asko egoan; gehienak bertakoak. Gipuzkoako lagun batzuk ikusi genduzan. Lapurdiko, Larzabal jauna, Pastoral arloan oso aditua. Bizkaitik geu bakarrik joan ginan.
Aurtengo Pastorala, «Berterrech» izan dogu. Egilea: P. Bordaçarre, Etchahoun izengoitiz ezagunagoa. Antolatzailea: A. Bordaçarre, haren semea. Biok Irurin* jaioak.
Lehenengotan, gauza triste bat ikusi neban. Orain iru urte dirala, Maulen «Txikito de Kanbo» antzerkia ikusi nebanean, programa euskeraz eta frantsesez egoan. Aurten, ostera*, frantsesez bakarrik. Ez dakit zegaitik. Gure Pastoraletan, gaia ez da hain interesgarria izaten. Beti burruka bardintsuak ikusten ditugu. Guk ikusi genduan Pastoral honetan, Berterrech-ek (erriko mutil batek) Margaita maite dau, eta neskak ha ere bai. Baina Beaumont-ek (jauntxo batek) Berterrech il egiten dau, gero Margaita esposatzeko. Margaitak Berterrechen gorpua topatzen dau. Holan, iltzailea nor dan ezagun egiten da errian, eta, azkenez, Parisera joatea erabagiten dabe erritarrak, Frantziako erregeari justizia egiteko eskatuaz. Charles VII., atxakia honekin, Zuberoa menperatzera dator. Beaumont, Zuberoa jausi ondoren, Aragonera doa, bere anaia ezkonduagana.
Pastoral honetan gauza interesgarriak ikusi leitekez. Esaterako, Beaumont horrek, asikeran, txartzat artu eban erregea. Baina, korapilo aundi horretan, ez da erraz ikusten zein dan benetako jokoa eta egilearen asmoa. Egia esan, Pastoral guztietan gauza bardintsuak agertzen dira beti: Txarrak-Onak (gorriak-urdinak), eta zenbatgura burruka. Manikeismo kutsua dario guztiari, eta honetan ere ba dauka zerikusirik Zuberoan izan zan errepresinoak. Ta, jakina, Ona ateratzen da beti nagusi. Ez dago historiazko aririk. Gauzak ondo konpontzen dira, jendearen atsegingarri.
Antzerkilariak, ezelango kezkarik gabe, bene-benetan artzen ditue antzinako edozelako personajeak.
Gai hau, oso jakingarria dogu; eta oraindinokarren, Larzabal izan ezik, inok ez dau gure artean gauza andirik egin, Pastoralak aztertzeko. Kronika hau amaitzeko, azken puntu bat: antzerkilari legez, ez da emakumerik agertzen Pastoraletan. Ikusten dira neska batzuk, hori bai, baina eguneroko jantziekin, tokia garbitzen, ekitaldien ostean. Gaur egun ere hori zegaitik egiten daben jakin gura izan genduan. Ba dakigu, Larzabalek egindako Pastoral barrietan, emakumeak ere agertzen dirana; baina Zuberoan, errian, ez dira sekula agertzen. Antzerkia amaitutakoan, Etchahunen gana urbildu* ginan. Pozez beterik onartu ginduzan, batez ere bizkaitarrak, bilbotarrak ginala jakin ebanean. Eta, beste gauza batzuen artean, Pastoraletan emakumeak zegaitik agertzen ez ziran itaundu geuntsan. Ez dakit ondo ulertu eban ala ez gure izkera. Gu ahalegindu ginan berari ulertzeko. Baina agiri agirian egoan, berari asko kostatzen jakona. Halan eta guztiz ere, hauxe bakarrik esan euskun: «Tradizinoa da».
Beraz*, tradizinoa bada, ez pentsa, neska irakurle, Zuberoan, oraindik behintzat, Pastorala egiteko artuko zaituenik.
Karmele Errotaetxe
Bertsolariak egon izan dira: Adunan, Azpeitiko Lizazo eta Osintxuko Gorrotxategi; Albizturren, Lizaso ta Uztapide; Mallabian, «Asuntze» ta Garmendia.
OJD (Oficina de Justificación de la Difusión) alkarteak adierazo dauanez, Euskalerrian argitaratzen diran erdal egunkariak* jarraiko tirada honeek ditue: Iruñeko Diario de Navarra-k, 32.817 ale; Bilboko El Correo Español-ek, 75.610; Bilboko La Gaceta del Norte-k, 83.828; Donostiako La Voz de España-k, 42.794. Espainian tiradarik aundiena daukan egunkaria Barcelonako La Vanguardia Española da, 220.165 alerekin.
Iru euskaldun egin dira gizon ospetsu TVE-n: Urtain ukabilkaria, Amestoy izlaria eta Jose Maria Iñigo kantari modernoen atontzaile ta zuzendaria.
«Urtain, el rey de la selva», Manuel Summers-ek egindako filma, Italiako «XXXI Mostra Internazionale d'Arte Cinematografico» izenarekin ezagutzen dan biltzarrean aurkeztua izango ote dan zabaldu da.
Manuel Iradier Arabar gizon ospetsuaren bizitza zinean agertuko da laster, Manuel Picazo jauna egiten ari* dan pelikula bateri esker.
Jose Lasak itzaldi bat emon dau Zizurkilen (Gipuzkoan), «Ikastola zer dan» gaiari buruz, abuztuaren 12-an.
«V Gran Premio de Pintura Vasca», 1965-ean sortutako sariketa, datorren irailean* ospatuko da Donostian. 1965-ean, lehen saria Ramiro Arruek irabazi eban. 1966-an, Jose Luis Zumetak. 1968-an, Ortiz de Elgueak. 1969-an, ez zan sariketarik egin.
«Fiestas Euskaras» izeneko Donostiako jaietan, irrintzilari ta txalapartarien sariketak izango dira. Sariak, 3.000, 2.500 eta 2.000 pezetakoak izanen dira.
«Ibar ixilean» izenburua daroa Antonio Valverde («Aialde») zanak egindako liburu agertu barriak. Aialde jaunak ez ekian euskerarik umetan, ta gero ikasi eban. Lekuona, Euskaltzaindiko lehendakari izanak, egiten deutso itzaurrea. Zenbait* artikulu Picasso, Guridi ta Oteizari buruz eginak dira. Arzac, Juan Basurko, «Orixe», «Xenpelar» eta beste batzuk ere* agertzen dira.
«Agora Saria» ere antolatua izan da. Nahiz erderaz nahiz euskeraz bidaldu leitekez idazlanak: nobelak, poesiak eta antzerkiak. Nobela saria, 40.000 pezetakoa da, eta lanak 100 folio gutxienez euki behar ditu. Poesi saria, 30.000 pezetakoa; eta lanak 600 bertso gutxienez euki beharko. Teatro saria, 25.000 pezetakoa. Lan guztiak, inoiz argitaratu bakoak. Lanak zuzenbide honetara bidaldu behar dira; «Agora», Víctor Pradera, 10 - San Sebastián.
«Atano ta Estrada bertsolariak» izenburuarekin argitara emon dau beste liburu bat Antonio Zabala jesuitak. Atano bertsolaria 1866-an jaio, eta 1939-an il zan. Estrada, barriz, 1867-an jaio eta 1912-an il. Lehenengoa, «Atano» pelotariaren aurretikoa da.
«Estudios de Arqueología Alavesa» liburuxken laugarren alea agertu barria da. Arabako Diputazinoak argitaraturiko liburuxka honetan, jarraiko artikulu honeek datoz: «Arqueología y arqueólogos alaveses», «Algunas nuevas hachas de metal, localizadas en Alava», «Las cuevas sepulcrales de Okebun y Arratiandi» (bizkaitar Juan Maria Apellanizek egina), «Etnología prerromana del Pireneo Occidental», «Alava prerromana y romana: estudio lingüístico», eta «Las estelas romanas».
«Fontes Linguae Vasconum» aldizkariaren 4. alea agertu barria da. Bertan idazten dabenak: M. Holmer, G. Silnitski, Terence H. Wilbur, Luis Mitxelena, Jose Maria Satrustegi eta Angel Irigarai. Aldizkari hau «Institución Príncipe de Viana» alkartearen ardurapean argitaratzen da. Aldizkari hau irakurritakoan, hauxe esan eban Martín Almagrok, «Museo Etnológico Nacional»-aren zuzendariak: «Internazionaltasun pisua daukan aldizkari bakarra dogu hau».
«La escapada del sol» izenburuarekin egingo dabe pelikula bat, Zornotza, Sopelana, Busturi eta beste erri batzuetan horretarako behar diranak atondurik. Mikel Zugatza izeneko gazte bat da protagonistaren izena. Zuzendaria Juan M. Inzunza, eta boza Estitxurena.
Lekarozen (Nafarroan), Ipar Amerikako 236 gazte ari* izan dira, Espainiako izkuntza ta kultura ikasten. Euskal alfabetatze taldekoak asarre antzean ikusi genduzan, uda denboran euren ikastaldiak kolejio horretan egin ahal izateko, laguntza eske joan ziranean, arrera onik baino traba gehiago aurkitu eben eta.
***
«Itxaropen», Legazpiko kantari taldea, bertan behera galduko ote dan entzun dogu, eurotariko bat, onena nonbait, Nafarroako Leitzara baitoa* lanera.
Natxo de Felipe ta Itziar, neska-mutil gazteak, alkarrekin kantatzen asiak dira. «Jaialdi aundietan abestuz gainera, talde txikien aurrean eta alkarrizketa eginaz kantatzea nahi dogu», dinoe Natxok eta Itziarrek. Natxok, LUR etxearekin disko batzuk ateratzeko asmoa dauka.
Estitxu, Julian Granados eta Julio Iglesiasek Saturraranen (Gipuzkoako Motrikun) Jai Toki baten inaugurazinoan parte artu dabe.
Orendainen (Gipuzkoan), Andra Mari jaietan, Garmendia, Odriozola ta Muñoa egon ziran bertsotan, eta «Enarak», Benito Lertxundi ta Julen Lekuona kantari.
***
Barakaldon (Bizkaian) «Altos Hornos» izeneko lantegi ospetsuak behar dan baimena jaritxi* dau Etxegintzarako Ministeriotik, 302 bizitza etxe saldu ahal izateko. Erosleak oraingo errentadoreak izango dira.
Gazolinaren salneurria Europako nazino batzuetan: Suizan, 10 pezeta; Austrian, 10,45; Espainian, 11; Alemanian, 11,38; Bretainia Aundian, 12,12; Portugalen, 15,77.
Armintzatik Bakiora autobide barri bat inauguratu da abuztuaren 15-ean. 12 kilometro ditu, eta 60 miloe pezeta kostatu da.
Bilbo-Behobiako autobidean aurrera doaz obrak. Basauritik Zornotzarainoko zatia, 14 kilometrokoa, datorren urteko ekainean* inauguratuko da. Eta jadanik* 250 miloe pezeta gastatu dira.
Pedro Fernández de la Fuente, Iruñeko hospitaleko midikuak, begietako kornea edo begizuringoaren lehen aldizko aldaketa bat egin dau, joan dan ekainaren* 16-an.
Lizarra* inguruan, igaz baino gari gutxiago batu da aurten.
Erronkariko mendietan, aurtengo urtean, 4.000 kilo gaztai egin dira, igaz baino 1.000 kilo gehiago. Ardiak eraisteko* sasoirik egokiena, maiatzaren erditik ekainaren erdirarte da. Ardi bakoitzak egunean 0,150 litro esne emoten dau; hau da, 6 bat litro sasoi bakoitzean. Guzti horrekin kilo bat gaztai egiten da, gutxi gora-behera.
Erribehera aldean (Tudela inguruan), 703.330 dozena alkatxofa artu ditue azken urte honeetan. Uzta* eder honen balloa, 5.725.350 pezetakoa izan da, alkatxofa bakoitza 8,10 pezetan saltzen da ta.
***
Michel Labeguerie, Kanboko midikua, eta euskal musika egile ospetsua, bihotzeko minez gaixorik dago.
***
Gasteizen, idi probak egon dira abuztuko jaietan. Arriak 1.800 kilokoak izan dira, eta idiak 1.050 kilotik beherakoak. Zazpi idi pare parte artu eben.
Deban, «Soarte» arrijasotzaile ospetsuari omenaldi bat egin jako abuztuaren 15-ean. Jai honetan parte artu izan dabe: Endañeta, Mendizabal eta Usategieta, arrijasotzaileak; Arria ta Polipaso, aizkolariak; Luis Atxaga ta Justo Gallastegi, arrijasotzaile zaharrak; Lezoko dantzariak; Uztapide ta Lasarte bertsolariak, eta Iturralde ta Agerre arrijasotzaileak.
Anjel Zelaieta
Erri Gaztediak bere baitan aurrera daroan eginkizuna, hauxe da: aztertu euskal gazteen egoera, karakteristikak eta aspirazinoak, gero euren alderdi guztiak osorik lantzeko.
Urteetan zehar gazteen giroa bizi izan dogu errietan, eta, beste gauza askoren artean, gauza batekin gehienbat ohartu* gara: gazteak batasuna behar dabela, euren bidea zabaltzeko eta gaurko munduari erantzun jator bat emoteko.
Aspaldiko urteotan pauso banaka batzuk emon izan ditugu: urte barruan sortzen diran arazoak mahai gainean jarriaz; batzar eta ikastaldietan; lanaldia aurrera ateratzean; gaztedi eta erriaren egoera analizatzean; Elizaren egoera, jokaerak eta dituan kontradizinoak aztertuaz, eta abar.
Artuemon honeetan, pozarren adierazoten dot, mugaz harazkoak izan ditugu gure artean. Euren aportazinoa guztiz baliotsua izan da, ekintza alkartu batzuk baseko jendearekin egitea proposatu euskuen eta. Proposamendu hau dala ta, garrantzizko pauso bat emona dogu. Uztailaren* 12-an, 85 bat gazte alkartu ginan Gipuzkoako errixka batean: Bizkaitik 32 (autobus batean joan ginan), Nafarroatik 6 edo, Gipuzkoatik 30 bat, eta ipar Euskalerritik 15 bat. Araba aldetik, zoritxarrez, ez genduan lagunik izan. Nortzuk uts egin ote dabe? Eurak ala guk?
Programa erraz bateri jarraiturik, euskal gazteak bizi dituen arazoak aztertu genduzan: giroa, problematika, erri kontzientzia, ekonomia, kultura, eta abar. Girotze on bat lortzeko, bazkalordua eta ostea aukeratu zan. Laguntasunik asko izan genduan horretarako: bertsolari, abeslari, txistulari ta dantzariak. Egun onuragarria* benetan.
R. M. A.
Frantziskotarren artean auteskundeak
Uztailaren* 14-ean Arantzazun alkarturik, euskaldun Frantziskotarren artean jarraiko nonbramentu barriak egin dira: Probintziako nagusia, Marcelino Asurabarrena. Nagusi urrengoa, Benito Mendia. Kontseilariak: Celestino Solaguren, Fernando Legarreta, Jose Agustin Elustondo, Jose Antonio Abrisketa eta Xavier Andonegui.
Gipuzkoako komentuetako nagusiak: Arantzazukoa, Jon Zubieta. Mondragoekoa, Jose Mari Garaialde. Donostiakoa, Fernando Legarreta. Tolosakoa, Ignacio Sudupe. Zarauzkoa, Feliciano Eizaguirre.
Bizkaian: Bilbokoa, Jesus Biain. Bermeokoa, Pedro Zubizarreta. Forukoa, Jose Antonio Gandarias. Durangokoa, Celestino Solaguren.
Arantzazuko batzar honek ilabete inguru iraun izan dau. Egiten ziran lanen barri emoteko, orritxu batzuk bidaltzen izan dira komentu guztietara, euskeraz eta erderaz idatziak.
Artutako erabagien artean, urrengo hau agertzen da: Aurrerantzean, Erdalerritik datozan frailegaiak, Arantzazun barik, La Aguilera-n, Aranda de Duero aldean, egingo ditue lehenengo ikasketak.
Trinitarioen nagusi barria
Euskalerriko Trinitarioak, Probinziako batzar nagusian, Aita Jose Gamarra, Trokoniztarra (Arabarra), autatu dabe nagusitzat. Batzar horretan, beste gauza askoren artean, gaurko munduak erlijiosoei eskatzen deutsezan barriztapenak estudiatu ziran.
Tabera Kardinalaren urrezko abade ezteiak
Iruñeko Gotzain dan Tabera Araoz Kardinalak eta bere adiskide dan Aita Peinador, Salamancako Unibersidadeko irakasleak, abuztuaren 15-ean ospatu izan ditue abade egin ziraneko urrezko ezteiak, Yusteko monasterioan.
Frai Juan Crisostomoren urrezko ezteiak
Abuztuko Andra Mari egunean, Gasteizko Karmeldarren etxean ospatu ditu abadetzako urrezko ezteiak, Juan Crisostomo fraileak. Zeanuriko semea da. Zornotzako Larran eta Begoñan ikasketak egin ondoren, Indian egon zan misiolari. 1948-garren ezkeroztik Gasteizen bizi da.
«Meza barria»
Izenburu honekin argitara emon dau Jose Domingo Ugartetxea Karmeldarrak liburuxka bat, mezarako kantu eta organu laguntzarako doinuekin. Ale nagusia, doinuekin, 50 peseta. Ale txikia, doinurik gabe, 5 peseta. Eskatzekotan: PP. Carmelitas, Marquina, Vizcaya.
Obanosko Misterioa
Obanosen (Nafarroan), Iruñetik Lizarrarako* bide erdian, San Gillen eta Santa Feliziaren Misterioa ospatu izan da abuztuaren 20-tik 27-rarte. Misterio honek ba dauka zerikusia Santiagorako Bidearekin. Iluntziko 8 t'erdietan emon izan da, 2.000 ikuslerentzat tokia dagoan erriko plazan. Gioia, Santos Begiristainena da. Itzak, Manuel Iribarrenenak. Doinua, barriz, Luis Morondorena. 600 bat aktorek parte artu dabe; guztiak erritarrak.
Imanol Aldaregia, artzipreste barria
Abadeak zuzenki izentaturik eta Gotzainak onarturik, Billafranka-Segura ingururako artzipreste Imanol Aldaregia izango da aurrerantzean. Orain arte Lazkanoko abade laguntzailea izan da.
Bernardino Arroitajauregi Karmeldarraren urrezko ezteiak
Aita Bernardino, Karmeldarren artean Aita Teodoro, Markinan jaio zan. Larran eta Begoñan egin zituan bere ikasketak. Gasteizen irakasle izana da, eta Bilbon Karmeldarren nagusia. Orain Maliañon (Nafarroan) dago, eta 1921-ean apaizgoa jaso ebaneko 50 urteak ospatzen ditu.
BEKEA
Arratia aldean hain entzute aundia daukan Patxo gaztea ANAITASUNA-tik presentatzeko asmorik onenagaz, jarraiko alkarrizketa hau izan dogu berarekin.
— Patxo, non eta noiz jaio zinan?
— Diman jaio nintzan, 1950-eko maiatzean. Orain, Areatzan* bizi naiz.
— Zure abots ederragaz, erderaz abestuta, fama gehiago lortuko zenduala jakinik, zelan asi zara euskeraz kantatzen?
— Ez dot uste, erderaz abestuta, fama gehiago lortu neikenik. Zihur nago euskal abestiak, erdal abestiak lakoxeak edo obeak izan leitekezala. Euskal diskoak indarra nahikoa dabe, «merkatu nazionalean» benetako garaitza lortzeko. Horrela, euskalduna naizan ezkero, euskeraz abestuko dot.
— Abeslari legez, zeintzuk dira zure orain arteko egintzak?
— «Primer Festival Ancla»-n abestu bot, txapeldun geldituaz. Arantzazun egin zan Arratiako Txapelketan ere, txapeldun gelditu nintzan. Gero, jaialdi askotan abestu dot.
— Zein da zure asmoa?
— Abestiaren bidez, nire eritxi ta gurariak azaldu nahi dodaz neure erriaren aurrean.
— Diskoak noiz?
— Diskorik ez dot aterako, neure abesti mordo bat izan artean. Eta laster uste dot izango ditudala. Orduan, guztion laguntasunarekin aterako ditut.
— Ze eragozpenik aurkitzen dozu, zure elburuak jarixteko?
— Lehenengo, euskeraz egiteko dodan erraztasun eskasa. Gero neure euskalzaletasuna ere ostopo bat izaten jat askotan. Uste dot, ondo bereizten* dodala politika zer dan eta zer ez dan; eta oso mingarria jat, askok ez bereiztea. Eta horretara, sasi-joko hori eginaz, konfusino aundiak sortzen dira.
— Zure eritxiz, zelan dagoz une honetan euskal abesti eta abeslariak?
— Niretzat abestia, letrea eta musikea da. Euskal abestiak, letraz oso ederto dagoz; baina musikaz, ez hain ederto.
— Zein da zuretzat euskal kantaririk onena?
— Abotsez, Estitxu; baina, osotasun batean begiratu ezkero, meritu ikaragarria dabe Lertxundik, Lekuonak eta Lurdes Iriondok.
— Diru aldetik zelan zabiltza?
— Barkatu. Jazoera bat azaldu gura deutsut. Lurra jota geratu nintzan, Zornotzan abestu nebanean. Nik zentimorik ere ez neban artu. Entzutera sartzea, ostera, ordaindu egin behar zan. Eta ez noakizu beste gauza batzuk esatera. Hemen nozu, kitarra on bat erosteko dirurik ez dodala. Poltsea bero dozuenok ba dakizue, propinak, nahiz eta aundiak ez izan, pozik artzen dirala. Horregaitik ez zaitue inok espetxera eroango.
Hona hemen, argi ta zuzen, mutil honen egiazko erantzunak. Ez dago ezer esan beharrik.
SEBAS
Jakin eta ekin
Bi aste honetako liburua. Larresoro: Sustrai bila. Irakur Sail
(Euskera batuan)
Kritikatxo hau humorez hasten baldin badut, zilegi* izanen zait gero azkenean desumorez bukatzea. Zeren Larresororen goitizenaren atzean ezkutatzen den euskaltzale fin eta zintzoa jakintsuaren aipuak irabazten ari da azken bolada honetan, batez ere Bordeleko unibertsidadean ematen dituen euskal klaseak gatik, honela, gure idazle hoberenaren sonari orain gramatikalari burutsuarena gaineratzen diola. Eta denok dakigu nola jakintsu klasikoek sustraiak eta gainerako tuberkuluak biltzen zituzten bere janaritzat. Ez da harritzekoa, beraz, Larresoro bere liburu honetan sustrai bila baldin badatorkigu.
Birtuteak eta akatsak
Liburu honek, gizonaren eskutik ateratako frutu guztiak bezala, bere birtuteak ditu, eta bere akatsak. Erromana bateko plater batean birtuteak eta bestean akatsak pisatzen baldin baditugu, lehena erortzen* baldin bada behera, gizonaren egintza ona dateke; eta zenbatenaz eta pizkorrago erortzen den, hanbatenaz eta hobea dateke. Eta Larresororen obra guztietan, haren hiru nobeletan (Leturia, Leartzako eta Elsa) eta batez ere haren saio-liburuan (Huntaz eta Hartaz), birtuteetako platera ez da behera amultsuki jausten edo eroso erortzen, supitoki eta terrepente egiten da amildu.
Ni nerau ez omen* naiz oso gizon lisontxaria. Ene aurpegi hasarratua (hala iruditzen zait, Pelay Orozkoren azken pitxikeriak irakurrita gero), atsoen ipuin izugarri bat bilakatu* omen da (guti barru, amek lo egin nahi ez duten haurrei* Aresti datorrela esan beharko diete). Fama hau sortu dautatenez gero, ez naiz hemen Larresororen laudoriotan hasiko, haren merezimendu merezituak aski* klar eta gora mintzo baitira berez. Alderantziz, haren akats batzuk harrotuko ditut, irakurleak ikus dezan, nola, guztiz harroturik ere, ez-gauza diren, apur amatxiñi eta axola-gabe diren, eta ez inola ere haren birtute birtutetsua hain gora aipatuak itzal edo desargitzekoak.
Helburu bikoitza
Lehena hauxe da, eta funtsezko* gauza denez gero, liburuaren giharrari berari eta agian* idazlearen ideologiari dagokionez gero, ene iritzian akatsik larriena da. Liburuaren hatsapenean bertan honela baitiosku Larresorok: "... gure euskalkiok funtsean* bat egiten dituena ager-arazi eta ezagut-arazi beharra dago; eta, era berean, euskalki guztiok erderatik berezten dituena". Helburu bikoitz honek (hala dio berak) motibatu baitu liburua.
Helburuaren lehen partea txit ongi iruditzen zait, hori baita* euskeraren batasuna lortzeko bide bakarra, hizkuntzaren barreneko historia eta dialektoen arteko konparazioa. Baina bigarrena? Bildur haundia ukan* diet nik beti halako perpausei. Zeren euskera, berez, ba da ezer, edo ezer baldin bada, zer hori bakarrik erderaren funtzioan dea*? Dikotomia bat agertzen dauku hemen Larresorok: EUSKERA/ERDERA. Baina erderak milaka daude munduan, eta euskera bat bakarra dago, edo dagoela nahi dugu. Edo erdera dioenean, gaztelania esan nahi dua? Mesedez, Gereñok esan dautan bezala, ez dezagun euskerarekin anti-erdera bat egin.
Huts xipi batzuk
Gainerako hutsetatik (arinagoak baitira*) gaingiroki eta azalez aipatuko ditut hiru:
Inperatibo etorkizuna (ikus 138. orrialdean EGIZU/EGIKEZU) bizkaitartzat ematen du, eta Mogelen eta Añibarroren exenpluak dakazkigu bakarrik. Euskera batu eta orokarrerako aditz-denbora hau proposatzen du, eta haren gutizia* zilegitzat emateko da, baldin eta kontuan hartzen badugu lapurtarrez ere oso usantza haundikoa izan dela. Etxeberri Ziburukoak ugari ekartzen dauzkigu halako formak, eta Etxeberri Sarakoaren latin gramatikan ehundaka datoz, milaka ez bada.
Beste alde batetik ERITZI aditzaren konjugazioa gaizki dakar Larresorok: Honela baitio,* "deritzat" lehen pertsona datiboa dela; eta ez da horrela, adizki hori hirugarren datiboa eta lehen aktiboa baita.* Aditz horrek konjugazioaren joko guztia daduka aktiborako eta datiborako; baina pasiborako defektibo da, hirugarren pertsona plurala baizik ez baitu. Honela: NIK HIRI DERITZAAT (DERITZANAT), HARI DERITZAT, HIK NIRI DERIZTAK, DERIZTAN, HARI DERITZAK, DERITZAN, HARK NIRI DERIZT, HIRI DERIZK (DERIZNA), HARI DERITZA...
Desumoratzen nauen kapitulua
Beste kapitulu bat daduka Larresororen liburuak, ni, hasieran esan dudan bezala, desumoratzen nauena. Erdi-hasarre akaba dezadan neure kritika hau, baldin ENE/NEURE eta gainerako izan-orde pareen berezkuntza ukitzen* baldin badut. Berezkuntza hau, nahiz eta maiz platikatu baldin bada, hizkuntzaren estudio reflexo batean ez da seinalatu inoiz, eta ene eritzian txit balio haundikoa baita* (latoizkoak baldin badira ere, erideleek* bere joia aurkituei urre finezkoak balira bezala baiterizteza), guztiz laudatzekoa lizateke gure Larresoro, baldin bera izan balitz eridete honen kausantea; baina nola ez den, ez da hain laudatzekoa, bakarrik jende gehiagoren belarrietara hel-arazi duelako gramatika-erregela hau. Ez dut honekin esan nahi, indi-paboaren hegatsez* bere burua hornitu nahi duen oilarra denik gure adiskidea; baina, beste kasu batzutan bezala, nondik hartua duen aipatu balu, ni ez nintzen izterbegitan muturtuko. Gainera NI/NEU eta gainerako pareen egiazko berezkuntzaz enteratuko zen. Dena dela, ba daki non nadukan.
ARESTIAR
Jakin eta ekin
Idazle belaunaldi baten eriotzea
Ikasle ta intelektualen urteotako erreboltak auzitan jarri dabe idazleen kontzientzia politikazkoa. Alemanian iltzera doa «Gruppe 47», urte hareetako idazle belaunaldiaren* alkartea. Alkarte honetan batu zan, gudu ondoan, Alemaniako «intelligentsia», idazle kritika-zale taldea. Eta langileriak «Ruhr eskualdeko* Festa-Jakoetan» bere kultura nahia agertu ebanetik, alkarte honek batetik langileen interesak aldarrikatzen* zituan, eta bestetik, langileak eurak kulturaztatzea ere* beregain artu eban. Orain iltzera doa; eta idazleen artean bakarrik nabari* da mugimendua ta larritasuna. Langileak eta jendeak ez dabe zirkinik ere egin; honexek beronek erakusten dau, «Gruppe 47» alkarteak zegaitik ez daukan il baino beste erremediorik.
Euskalerritik begiratuta, ardura gutxikoa da berez, Alemaniako idazle alkarte baten eriotzea nahiz bizkundea. Jazoera honek, hala ere, narru gorri gorrian utzi dau Europa ta USA-ko idazle batzar guztietan sumatzen zan krisi bat; ta beharturik gagoz geu ere*, horretaz geure gogoetak barriro ausnartzera. Euskalerri guztia eskuz esku ibiliko bada, behintzat: geure galerna gaitzean idazlea pribilejiatu bat izan ez daiten. Laburki adierazo leiteke krisi honen irakaspena: ez dago idazle «libre» bakarrik izaten segitzerik.
Idazle «libreak»
Eredu* antzean, aparteko inportantzia euki dau gerra osteko Europako literaturan, eta Mendebal* osokoan ere bai, Alemaniako idazleen posturak. Nazismoaren ondakinen artean eta komunismoaren eta kapitalismoaren arteko mugan sortutakoa izanik, literatura hau sutartean jaiotzen zala esan leiteke. Egoera pribilejiatua benetan, bide barririk urratu gura izan ezkero. Ta ugaritasun bikainagaz abiatu zan, abiatu ere: Alemania banatua, bere alderdi komunista ta kapitalistagaz, eta Austria ta Suiza, euren neutralismo ezbardinakaz, izan ziran literatura honen lurra. Eta ideologien eta esperientzien aldetik ere*, han egozan komunistak, judeguak eurak, eskoitiartsu amaika, exilaturik ibilitakoak, eta abar; han egoan batez ere, nazismoaren eta guduaren esperientzia eginda gero, literaturara etorren belaunaldi* gaztea.
Belaunaldi honek ezagutu eban esperientzia gogoratu behar dogu lehenengo. Nazismoak idazleari eskatzen eutson «konpromisoak», ezin eban idazlea gas ganbara ta konzentrazino zelaietara edo Nürnberg-eko Auzitegira amildu* baino besterik. Eta bardin antzeko autabeharra (alternatiba) ezartzen eutson idazleari komunismoak, Alderdian egon ezkero. Holan, Moskuko auzien eta Ungariako zapalketaren ondoren, euren askatasuna irabazten ekin eutsoen idazleak; eta, hain zuzen, behar beharrezkoa eben askatasun hori, euren idazle konpromisoa garbi ta saldukeria barik betetzeko.
Gutxienez surrealismoaren osteko unada* guztian dabiltza idazleak, idazle «librearen» aldeko burrukan. Baina, narru gorria estaltzeko iko orri barik esanda, gizartean beste inok ez daukan pribilejio bat irabazi gura dabe horreek, artearen eta kreatzailetasunaren atxakian anparatuta: erabateko* askatasun politikoa. Surrealistakaz zer jazo zan, ezaguna da: batzuek faxismora jo eben; komunismora beste batzuek (A. Breton, L. Aragon), komunismoaren barruan atzera* idazle «librearen» bila burrukatzeko izan bazan ere. (Halantxe dabil egunotan Aragon, Frantziako Alderdi Komunistaren stalinismoaren aurka). Askatasuna ta konpromisoa alkartzea ez da idazlearentzat erraza.
«Gruppe 47» idazle taldearen galbidea
Alemaniaren alde biak arturiko politikazko bide kontrarioakaz, idazlerik gehienak —Brecht bera ere— Sortaldearen eta Sartaldearen artean gelditu ziran: idazle bakoitza, bera bizi zan aldeagaz zeharo bardindu ezinik eta erri zati bat falta balitxako bezala. Alemania Federaleko «Gruppe 47» gizartearen bazter batean geratu zan, eta handik disparatzen zituan eten barik gizartearen aurkako bere kritika gogorrenak. Nazinoaren «kontzientzia» bihurtu ziran idazleok, eta, Eliza nahiz Alderdiren bategaz lotuta egon barik, euren oposizinoa sortu eben. Soluzinorik ederrena zirudian honexek. Idazleak ez egozan inori azpiratuta; primerako aukera euken, gizartearen antolaketa barrian libreki ibiltzeko. Kristinau demokratak (CDU, Adenauer-en Alderdikoak) ezin jasan* eben idazlerik, honeek ikaragarrizko astinaldiak emoten eutseezan eta.
Baina hortxe asten da, euren alde onik onenean, idazle belaunaldi honen galbidea ere: gizartearen barrura sartu barik egin eben idazleok euren oposizinoa. Zeharo libre izateagaitik, gizartearen bazterrean geratu ziran. Obeto esan, gizarteak utzi zituan bazterrean, ta neke andi barik utzi ere, ekonomiazko goraldiaren beroan. Idazleen zerikusi ta eraginik barik eratu da gudu osteko Alemania, bai sozialki eta bai politikalki. Gaur idazleen oposizinoa, karnabalak eta zirkoa legetxe*, gizarteko istituzino bat gehiago izatera eldu da. Idazleak edozer gauza ta edozelan esan daike; idazleren batek esan ezkero, normala dirudi, eta ez da inor larritzen. Gizartearen errotak birrintzen dau idazleen oposizino guztia: idazlearen uste politikazkoak ere haren eritxi estetikazkoen parte legez artzen dira.
Ez da holan jazoten diktadurazko errietan. Honeetan adierazpide guztiak galerazoten jakoz idazle kritikalariari, danok dakigunez. Baina honek ere ikasi daike bestearen egoeratik, bere ezintasuna zelan gainditu*.
Askatasuna ta konpromisoa
Problema andi bat jarri jake Alemaniako idazleei: alfer alferrikakoa dala ikusi dabe, euren «txoko librean» geratu ta handik idazle uts legez ilargiari zaunka ikaragarriak egitea. Alemania Federaleko «Gruppe 47»-ren antzera dagoz, hala ere, Sartre, Ionescu, Arrabal, Dali ta besteak, folklore numero bihurtuta, kontsumo gizartean. Gerra ostean, aurrerapen bat zan Alderdirik bako idazle «librea» izatea; baina, ogeitabost urte geroago, idazlearen libertadea bakartadean geratu da.
Euren konpromisoa Alderdi nahiz Elizaren bategaz lotuta euken-idazleak idazle «libre» izatera pasatu ziran legez, orain idazle artisano izatera pasa-beharra aipatzen da gaur, konpromisoa ta askatasuna galdu barik, idazletza zerbaiterako izan dadin, eta ez jendearen asperraldiak dibertitzeko bakarrik. Artisano izateagaz, idazlearen konpromiso-modua adierazo gura da; Durero, Riemenschneider eta abar artista artisano erreboluzino-zaleak izan ziran eta. Alde bi markatzen dira hemen.
Lehenengo: idazlea, ideia zabalkundetik ekintza politikazkora ta sozialera pasatzeko preminan aurkitzen da. Ekintza honek ez leuke idazlea ostera* ere Alderdiren baten altzora eroango, haren tresna obedient bat izateko; baina ez leuke Alderdien politikatik zeharo apartatuko ere. Günter Grass, adibidez, Alemania Federaleko Alderdi Sozialista (SPD) baino askoz ere ezkerrerago dabil bera; baina beste barik ezin leiteke esan SPD-koa danik. Auteskunde kanpainetan SPD-ren alde aritu* da; baina gero bere bidetik jarraitzen dau bere ekintzan.
Bigarren: idazle «libreak» ekarri daben politika-zale «pribatua» ere kritikari azpiratuta dago. Ez dago norberak bakarrik artutako politikazko konpromisorik. Eta idazleak euren artean sortu dituen politikazko eritxi ta usteak ere zatikazko edo fragmentario geratzen dira. Gutxi balio dabe, beraz, gizarteari politikazko erabagirik artu eragiteko, gorabehera bakanen batzuetan izan ezik. Orain idazleari ez jako ezkatzen ez programarik ez soluzino eskemarik. Baina bai, politikazko egoera osoari ta konkretuari begira konprometidu daitela, erriaren konpromiso andiago baten barruan engaiatu* ta saiatu dadila.
Honegaz ez da ukatzen idazlearen libertadea, hau da, bere burua inori saldu barik Alderdien gainetik egotea. Idazle «utsaren» asmoak dira erretekoak. Izan ere, idazle askok, eta bardintsu artistak, errazegi ebagitzen ditue alde banatara euren burua ta euren obra edo lana. Eta idazlearen «hipostasi» bat sortzen dabe, hau euren barruko bigarren nortasun bat balitz legez, ta hemen ezartzen dabe euren politikazko eginkizun guztia. Ba dirudi, jokabide hau ikusirik, erantzukizuna* daroan «politikazko erritarra» ez dala idazlea, bere liburua baino. Baina autore baten erantzukizun politikoa ez da amaitu, liburu politikoak egin eta gizartera bidaltzeagaz.
Jose Azurmendi
Bizkaiera idatziaren batasuna "Anaitasuna" aldizkarirako (1970)
Orain urte bete, erregela batzuk argitaratu genduzan, aldizkari honetan erabiltzen dan bizkaierari batasuna emateko. Orain bigarren pauso bat eman gura dogu, geldiro geldiro euskera baturantz joan gaitezen.
Igazko erregelarik gehienak lehengo legez utzi dira. Beste batzuk, berriz, aldatu egin dira. Hona hemen aldatu direnok:
I. Idazkera
1. Oso osorik onartzen da Batasunaren Kutxan agertzen dan euskal ortografia.
2. Danez gero, dogunez gero, dakianez gero, eginez gero, ikusiz gero, eta abar. Eta ez: dan ezkero, dogun ezkero, dakian ezkero, egin ezkero, ikusi ezkero, eta abar.
II. Hiztegia
3. Oinarritzat hartzen da Batasunaren Kutxan agertzen dan hiztegia.
4. Bizkaierazko berbak eta euskera batukoak sustrai berekoak eta berdin antzekoak direnean, azken honeek erabiliko dira. Hala ere, kasu batzuetan aldizkari honen zuzentzailearen eskuetan uzten da hitzon aukeramena.
III. Deklinazioa
5. Oinarritzat hartzen da Batasunaren Kutxan agertzen dan izen eta izenordekoen deklinazioa.
6. A letrarekin amaitzen diren hitzek, artikulua hartzen dabenean, ez dabe inoiz. EA egingo. Eliza, elizaren, elizari, eta abar, Eta ez: elizea, elizearen, elizeari, eta abar.
7. GATIK atzizkia erabiliko da, eta ez GAITIK. Nigatik, horregatik, eta abar. Eta ez: nigaitik, horregaitik, eta abar.
8. GAZ eta KAZ atzizkiak ez dira baztertuko. Gizonagaz, gizonakaz, eta abar.
9. Izenen pluraleko nominatibo aktibo determinaduaren atzizkia EK izango da. Horko gizonek egin dabe hori, semeek maitatu egin behar ditue gurasoak. Eta ez: horko gizonak egin dabe hori, semeak maitatu egin behar ditue gurasoak.
10. NOR, INOR, ZER, EZER. Hitz honeetan agertzen dan R ez da galtzen, GAZ atzizkiaren aurrean izan ezik. Nork, zerk, inork, zergatik, zertarako, eta abar. Baina: nogaz, zegaz, ezegaz, eta abar.
11. HARK eta HARTAN barik, HAREK eta HARETAN erabiliko dira.
12. BAT hitzaren inesiboa BATEAN izango da beti. Etxe batean, herri batean, eta abar. Eta ez: etxe baten, herri baten, eta abar.
13. Preferentzia emango jake parentesi bako formei:
- honi (honeri), horri (horreri), Jesusi (Jesuseri), bati (bateri), elkarri (elkarreri), eta abar.
- Eibarrera (Eibarra), Zarautzera (Zarautza), Burgosera (Burgosa), eta abar.
IV. Aditza
14. Aditzaren forma batzuek, N edo LA atzizkia daroenean, A edo E hartzen dabe atzizkiaren aurrean.
a) Intrantsitiboetan E hartzen dabe:
- forma guztietan, pluraleko ZU-renetan izan ezik. Dagoen, dagoela, datozen, datozela, gaitezen, gaitezela, naizen, naizela, eta abar. Baina: zoazan, zoazala, zatozan, zatozala, zentozan, zentozala, zaitezan, zaitezala, eta abar.
- E horren aurrean A bat badago, A hori galdu egiten da. Diren, direla, nintzen, nintzela, ziren, zirela, ginen, ginela, garen, garela, eta abar.
b) Trantsitiboetan A hartzen dabe. Dakian, dakiala, dituan, dituala, eta abar.
15. Goiko erregela hau ez da beti betetzen.
- Dan, dala, zan, zala. Eta ez: den, dela, zen, zela.
- Pluraleko ZU-ren flesioetan IZAN aditzak E hartzen dau. Zaren, zarela, zinen, zinela.
- JOAN aditzaren A-ren atzean. Doan, doala, noan, noala, eta abar.
- IBILI aditzaren TZA-ren atzean. Gabiltzan, gabiltzala, dabiltzan, dabiltzala, eta abar.
- EKARRI aditzak E hartzen dau R-ren atzean. Dakarren, dakarrela, nekarren, nekarrela, eta abar.
16. Nintzateke, hintzateke, lizateke, ginateke, zinateke, zinatekee, lirateke (lizatekez). Eta ez: nintzake, hintzake, litzake, eta abar.
17. Parentesi bako formak bakarrik erabiliko dira: Ditut (dodaz) dituzu (dozuz), ditu (dauz), ditugu (doguz), dituzue (dozuez), ditue (dabez), nituan (nebazan), zituan (ebazan), zituen (ebezan), banitu (baneuz), balitu (baleuz), balitue (balebez).
18. IBILI aditzaren pluraleko formetan beti agertuko da TZA. Gabiltza, zabiltza, dabiltza, eta abar. Eta ez: gabiltz (gabiz), zabiltz (zabiz), dabiltz (dabiz), eta abar.
19. Aditz askok TEN atzizkia hartzen dabe bizkaieraz, eta TZEN beste euskalkietan. Atzizki biak erabili daitekez, baina bigarrenari emango jako preferentzia. Etortzen (etorten), ibiltzen (ibilten), imintzen (iminten), irakurtzen (irakurten), eta abar.
Imanol Berriatua
ANAITASUNA-ren Lehenengo Inkesta
ANAITASUNA-k erriaren aldizkari bat izan gura dau, eta hori lortzeko beharrezkoa iruditzen jaku erriarekin bat eginda bizitzea.
Zeuok eta geuk osotzen dogu erria. Guk, ANAITASUNA-n idazten dogunok, amabostero azaltzen doguz gure eritxiak, baina zuek ez dozue ezer esaten. Ez dakigu, beraz,* zer pentsatzen dozuen.
Alkarren artean batuago egoteko, alkarrizketa bat beharrezkoa dogu, zuen eritxiak zeintzuk diran jakiteko; ta horretarako biderik egokiena dala uste izan dogu zuen artean inkestak* egitea.
Hemen doakizue lehenengo inkesta, eta, zuen artean sistema honek arrera ona badauka, urrengoan beste inkesta batzuk egingo ditugu.
Interesgarriak iruditzen jakuzan galderak* egingo ditugu, eta zuen erantzunak ANAITASUNA-n argitaratuak izango dira.
Zuetariko zenbat eta gehiagok erantzun, hainbat obeto, inkestari balio aundiagoa emongo deutsazue ta. Atera eizuez galderen kopiak, eta erantzun erazo eioezue zeuen etxekoei eta adiskideei.
Hona hemen lehenengo inkesta:
Erantzulearen datoak
Urteak
Sexua
Ezkondua?
Non eta zer ikasi zenduan?
Zetan lan egiten dozu?
Anaitasuna aldizkariaz
1. Zeintzuk dira gure aldizkarian gehien gustatzen jatzuzan gaiak?
2. Zer kenduko zeunskio ANAITASUNA-ri? 3: Zer gehituko?
Erlijinoaz
1. Fededuna zara?
2. Atsegin dozu liturgia barria?
3. Ondo ikusten dozu abadeak sotana barik ibiltzea?
4. Ondo ikusten dozu fraile ta monjen kolejioetan euskerarik ez erabiltzea?
5. Joaten zara euskerazko mezetara?
D) Literaturaz
1. Zenbat ordu emoten dozuz ilero, euskeraz eta erderaz irakurtzen?
2. Zenbat, euskeraz bakarrik?
3. Zenbat liburu irakurtzen dozuz ilero euskeraz?
4. Ze liburu klase gustatzen jatzu gehien (poesia, bertsolaritza, nobela, saiakerak, eta abar)?
E) Ikastoletaz
1. Ba dozu amar urtetik beherako semerik?
2. Nora bidaltzen dozuz semeok (euskal ikastolara, kolejiora ala eskola nazionalera)?
3. Euskal ikastolara badoaz, pozik zagoz?
4. Pozik ez bazagoz, zegaitik?
5. Euskal ikastolara ez badoaz, zegaitik ez dituzu horra bidaltzen?
Erantzun eizu ahal dozunik gehien, eta bidaldu erantzunak, zure izena jarri barik, zuzenbide honetara: ANAITASUNA, Jardín Chiquerra, 1. Bilbao (12).
Mila esker aurretiaz.
ANAITASUNA
Idazteko modua
Txarto:
Esplikatu dodana ispilu zuzen izan dadin gura neuke.
Nortzuk uts egin ote dabe, hareek edo guk?
Ondo:
Esplikatu dodana ispilu zuzen izan ledin gura neuke.
Nortzuk uts egin ote dabe, hareek ala guk?
Berbak
(Ale honetan izartxu bategaz agertzen diranak)
AGIAN, beharbada.
AMILDU, goitik beheratu, arin jausi.
ALDARRIKATU, proclamar.
ALTZEIRU, galtzairu, acero.
AREATZA, Villaro.
ARI IZAN, jardun.
ARITU, ari izan, jardun.
ASKI, nahiko.
ATARRATZE, Tardets.
ATZERA, barriro.
AZKON, dardo.
BAITA, bait da, da ta.
BAITIO, bait dio, dino ta.
BAITIRA, bait dira, dira ta.
BAITOA, bait doa, doa ta.
BAITZAN, bait zan, zan eta.
BANAZEAN, norbera bakarrik, a solas.
BERAZ, hori dala ta, por consiguiente.
BEREIZI, separar.
BEREZIKI, batez bere.
BILAKATU, bihurtu.
DEA, al da?
DUA, al du?
EGITEKE, egin barik.
EGUNKARI, eguneroko periodiko.
EKAIN, junio.
EKIALDE, sortalde, Este.
ENGAIATU, konprometidu, s'engager.
ERABATEKO, oso, completo.
ERAITSI, ordenar.
ERANTZUKIZUN, errespontsabilidade.
ERE, bere, be.
EREDU, erakuspen, modelo.
ERIDELE, eriden (aurkitu) egiten dauana.
ERORI, jausi.
ESKAINI, eskini, eskeini, ofrecer.
ESKUALDE, comarca.
FUNTSEAN, fundamentalmente, en el fondo.
FUNTSEZKO, inportantziazko.
GAINDITU, gainetik pasatu, superar.
GALDERA, itaun, galde, pregunta.
GEZI, flecha.
GUTIZIA, gurari, deseo.
HARAN, ibar, valle.
HAUR, ume.
HEGATS, luma, pluma.
HELBURU, fin, objetivo.
HURBILDU, urreratu.
IGANDE, domeka.
INKESTA, encuesta.
IRAIL, septiembre.
IRUDIOZ GAIN, irudi horreez gainera.
IRURI, Trois-Villes.
ITAUN, galde, galdera, pregunta.
JADANIK, ya.
JARITXI, lortu.
JASAN, jaso, soportar.
JAUZI, salto.
KONDAIRA, historia.
LARRI, aundi.
LEGETXE, bezalaxe.
LIGI, Licq.
LIZARRA, Estella.
MAULE, Mauléon.
MENDE, siglo.
MENDEBAL, sartalde, Occidente.
MUINO, mendi txiki, colina.
MUINO, colina pequeña.
NABARI, agirian dagoana, agertua.
OHARTU, konturatu.
OLA, lantegi.
OMEN, ei.
ONURAGARRI, probetxugarri.
OSTERA, barriro; barriz; ibilaldi, viaje.
SUKARRI, pedernal.
TAMAL, pena, lástima.
UDAL, Aiuntamentu.
UKAN, eduki, euki, izan.
UKITU, ikutu.
UNADA, denboraldi, bolada.
URIGINTZA, planificación urbana.
UZTA, cosecha.
UZTAIL, julio.
XARMANGARRI, zoragarri.
ZALANTZA, duda, ezbai.
ZENBAIT, batzuk.
ZILEGI, lícito.
ZIZTOR, estalactita.
Ezagutu gure erria (21)
Arabak, bere Ipar-Mendebal* aldean, ba dau eskualde bat, izen jator eta historikoz AIALA deritxona.
AIALA-k, geografiaz eta baita bere lehenengo denboretan Bizkaikoa, gaur ere* artuemon gehienak Bilbogaz ditu eta ez Gasteizegaz.
Arabako eskualde* antolaketa barrian "Cantábrica Alavesa" deitzen jako, hain zuzen ere, AIALA izena mendeetan* eroan dauan erri taldeari. Aintzinako talde edo "cuadrilla" hau, anaiarte edo "hermandad" honeetan banatuta egoan: Laudio, bere auzoekin; Arrastariako arana* lau errirekin: Tertanga, Delika, Artomaña eta Aloria; Artzeniegako uria, bere auzoekin; Urkabustaizko anaiartea; eta Aialako anaiartea, bost zatitan banatua: Axpe (Sopeña), erri honeekin: Arrespalditza, Maroño, Lexartza, Menoio, Agiñiga, Añiz, Madaria, Ozeka, Salmanton, Soxo, Luxo eta Erbi; Lezama: Etxegoien, Baranbio, Larrinbe, Astobitza, Lekamaña, Lezama, Saratxo eta Izoria; Amurrio: Murga, Olabezar, Luiando eta Amurrio; Llanteno: Kexana, Menagarai, Kostera, Mendieta, Llantenoko Retes, Tudelako Retes, Santa Koloma, Soxogoiti eta Llanteno; Okendo edo Okondo: Beotegi, Zuatza eta Okendo.
Gaurko Diputazinoaren eskualde* antolaketan, Urkabustaiz hemendik kanpoan gelditzen da, baita elizbarrutiko zatiketan ere. Erdi Aroan* ere ez zan AIALA-koa; uste danez, geroago, XVI. mendean* alkartu zan berorregaz. Gainera, esan beharra dago Urkabustaiz gehiena ez dala Kantauri aldekoa, Ebro aldekoa baino, eta beste erri guztiak bai. Beraz,* guk ere, zirkunstantzia honeek ikusita, eskualde historiko honetatik ateratzen dogu Urkabustaiz, eta Gorbea aldekoan sartu.
Guztitara AIALA eskualde honek 365,85 km.2 eta 26.699 bizilagun daukaz, bertan Orduña sarturik, ze enklabe hau oso osoan esan geinke eskualde honetakoa dala. XVIII menderarte, Orozkoko aranak ere* ba zituan lotura batzuk AIALA eskualdeagaz; eta gaur ere ba ditu artuemonak, batez ere Laudiogaz. Beharbada, beste zatiketa razionalago batean, eskualde hau, Orozko, Arrankudiaga eta Orduñagaz, Laudio uriburu dala, egokiago eta batuago egongo litzake.
Bilbo aldera doazan ibaiak igarotzen dira bertatik: Nerbion, Altube ta Izoria; Okendo, Llanteno eta Artzeniega. Egoaldetik Garobel mendikateak inguratzen dau, orain "Sierra Salvada" txarto deituak; eta Ekialdetik,* Altubeko muinoak.* Eskualdeko mendirik andienak: Iturrigorri (1.066), Eskutxi (1.178), Ungino (1.094), Urieta (1.113), Txarlazo (972), Ganekogorta (998) eta Kamaraka (782).
Eskualde honek ba dauka berezitasun bat aipatu beharrezkoa: bere forua. Jatorriz bertakoa zan Jesus Galindezek bere "tesis doctoral"-ean azaltzen dauanez, foru hau besteetatik desbardina da, eta, beste gauza batzuen artean seme-alabak deseredatzeko eskubidea emoten dau. Artzeniega urian izan ezik, eskualde guztian legeak onartzen dau eskubide hau gaur ere.
AIALA aldea gehienbat baserri ekonomiari lotua izan arren, Gasteiz kendu ezkero, industriarik gehien dauana da, batez ere Laudio eta Amurrion. Ia ehun ola* eta lantegi dira, txiki eta andi, eskualde honetan.
Baserrira barriro itzulita, ehuneko 13,84 lur landua da 33,91 % landa eta larrea, 46,58 % basoa, eta 5,67 % produzino bakoa. Baina oso arlo txikietan banatuta eta indibidualki gainera, produzino sistema barriztatu baten premina gorrian. Ganadutza ere* polito dago: ia 10.000 abelgorri,* 20.000 inguru ardi, 600-dik gora ahuntz, beste hainbeste asto, eta 300-dik gora zaldi-behor. Beste toki gehienetan bezala, hemen ere eskualde kooperatiba batek bere lana egingo leuke, erdizka baino ez bada ere.
Industriari begira, Laudio da buru, altzeiru* eta kristal olekin, eta Areta auzoan ardo olekin. Beste lantegi txiki ugari ditu, eta gaur erri hau da industria eta ekonomian dinamikarik gehien dauana. Amurrion eta Orduñan ere ba dira ola eta lantegi batzuk, eta bion artean dagoan Luiandon ere bai. Arrastaria aranean,* Babcock-Wilcox industria astunak lur batzuk erosiak ditu, ola barri bat egiteko. Okendon bost zerra eta txorizo ola bat aurkitzen dira, beste lantegitxoren bat aparte.
Eskualde honetatik igarotzen da, Bilbotik Barcelonarako trenbidea; eta, beharbada, ba leiteke autobidearen adarra bere ertz batetik igarotzea. Beste bideekin nahiko orniduta dago; eta puntu honetan Arabak dauan fama hemen ere ikusten da.
Eskualde zerbitzurik ia batere ez dauka, auzitegi eta horrelakoren batzuk Amurrion diranak kendu ezkero. Erri hau da, eskualde honen gaurko uriburua; eta, hain zuzen ere, bertatik kilometro t'erdira dago Saraube izeneko Batzar lekua: beraz,* AIALA-ren bihotza, Gernika, Gerediaga, Uztaritz, Arriaga, Urreztieta (Avellaneda) eta beste batzuen antzera. Muiño* baten gainean, orma baten inguruan, arrizko aulki batzuk eta mahai bat erdian, Batzar leku hau benetan da toki interesgarria, baina bai ganora barik gordea ere. Gaur ere orma barruan oilategi bat dago, Aialarren eta Arabako Diputazinoaren lotsagarrirako. Horrelan erakusten dogu gure gauzen ganako maitasuna.
Eskualde honetako urigintza* egiteke* dagoanez, puntu hau ezin dogu asko ikutu. Bakarrik esan geinke, dirudianez, erri gutxi batzuk aziko dirala, eta, beharbada, azitze hori armonizazino batean oinarritzeko asmoa dagoala, besterik ez.
Azkenik, izkuntza arloan, gaur euskerarik ez da entzuten; baina, esate baterako, joan dan mendean* egiten zan. Hain zuzen ere, eskualde honetakoa zan Jose Paulo Ullibarrikoa, Okendoko semea eta ikastola eta izkuntzaren ofizialtasunaren lehenengoetariko argitzaile eta asmatzailea. Igaz Aita Akesolok gizon honi buruz Gasteizen egin eban itzaldia, benetan da jakingarria. "Boletín Sancho el Sabio" dalakoan agertu barria da. Aialar ospetsu honek esango ahal deutse zerbait bere gaurko anaiei!
J. L. LIZUNDIA
Gure azken zenbakian (193-gna.) "Linguistika ta euskera" izenez agertu zan artikuloan, "lapsus" bat izan genduan. E. U. T. G.-en izan zan ikastaroan (Altunak antolatua) bi ikastaldi zituan egunero, baina 100 pezeta eta ez 200 egunero.
Bestaldetik, K. Errotaetxek bidaldu euskun artikuloa argitara emon genduana baino askoz luzeagoa zan, Baionako Astea eta Donostiako itzaldiak astertuaz. Beste barri batzuen artean, prezioa ere emonaz: Baionan egunero 200 lau klase, janaria, logelak ordaintzeko. Donostian, barriz, egunero ehun pezeta, ikastaldi bi ordaintzeko. Baina artikuloa luzeegi izanez ezin izan genduan sartu osorik. Egia esan K. E.-ren artikuloa ez zan azi prezioa emonaz.