ANAITASUNA
195 zenb. 1970
IRAILAK-15
Jardín Txikerra, 1 BILBAO-12
«ANAITASUNA BIZKAIA»
Zuzendaria: Anjel Zelaieta Gisasola
Jabea: Kantauriko Frantziskotar Hirugarrendarrak. Intxaurrondo, 3 - Durango.
Idazkola ta banakola: Jardin Txikerra, 1 - Bilbao (12)
XIX. urtea, 195. zenb., 1970. Irailak 15.
D. L.: BI - 1.756 - 1967.
Imprimatzen dau: Imprenta AMADO. Bilbao.
Irailaren* 15-ean izango da urte bete duin*, guk ANAITASUNA-ren bigarren aldi honetan lehenengo alea atera genduanetik. Harrezkero, hamabostean behin ale berri bat atera izan dogu, hutsik egin barik: ale batzuk hobeagoak, beste batzuk motelagoak.
Egia esan, ANAITASUNA hau ateratzeko hartu gendunean, orain baino alegrantzia eta arintasun haundiagoz ekin geuntsan lanari. Gaur, berriz, ondo jakinik gagoz ardura haundiko lan bat dala. Eta gauero larritzen da gure burua, zeregin hau patxadaz betetzeko gauza ez ote garen bildurrez.
Urtebetegarrenean, ezer aipatzekotan, jarraiko hiru puntu datoz gure burura:
1. Eskritore ta berriemaileen errespontsabilidadea
Begien bistan daukagun arazoa, inportanzia haundikoa, euskeraz irakurtzeko zailtasuna da. Gure irakurleak gai batzuei buruz ezjakinak dira sarritan, eta euskeraz irakurtzeko erraztasun gutxi dauke gainera. Orduan, gai sakonak, sakonkiro erabili behar direla uste dogu. Baina irakurlerik gehienek gai sakon horreek ez ditue irakurriko. Orduan, albisterik* jakingarrienak eman beharra dago. Horregatik, penagarria da, hain erraz egin leiteken gauza interesgarri hori, hainbeste herritan egin barik uztea.
Nik neure burua diktadore bezala ikusteko asmorik ez dot, eta permititzen dot amets nahiz lo lasai egitea. Baina argi ta garbi esan beharra dago, amets eta lo egitearen frutuak ustelkeria, ugerra eta lizunkeria direla.
Jendeak euskeraz ezer irakurtzerik nahi badogu, haren eskuetan gai irakurgarriak ta interesgarriak imini behar ditugu. Horretarako, zenbait* jende mugidu egin beharko da, sugandilaren antzera, zokorik zoko eta puntarik punta, aldizkaria leku guztietara heldu dadin. Eta gai jakingarriak eskaini* gura baditugu, artikulu serioak eman beharko, bereziki* banaka batzuentzat. Baina irakurlerik gehienentzat ere zerbait jakingarri eman beharko da. Horretarako, herrietako albistemaileak "periodista" bihurtu behar dira, filosofo, teologo ta soziologo izateko grina alde batera utziaz. Eta, hara ta hona mugiduaz, modurik bizkorrenean albisteak eman, jendeak daukan jakiteko gosea asetzeko.
2. Aldizkari baten garrantzia
Zenbait* jendek, Euskal Herriaren salbazioa, ezagutzen ez ditugun mito eta mesiasetan jartzen dau, guk egunero egiten dogun lana gutxietsiaz*. Inoiz egingo ez diren "jatortasunekin" amets eginaz, egunero egin daikeguzan gauza garrantzitsuak egin barik gelditzen dira. Aldizkaria Euskal Herriko zoko guztietara heldu dadin, edonork egin daike zerbait. Eta horretarako eragozpenik haundienetakoa norberaren alferkeria izaten da.
Sinestu ezina da, hiru edo lauek euren lan etenbakoarekin lortu leikeena. Aldizkaria gehiago zabalduaz, asko irakurtzen dan eskualdeetan*, azken batean beste mentalidade bat sortzen da.
Guk gure erdal egunkarien* aurrean ezin geinke gauza haundirik egin. Baina egin geinkena nahiko gauza haundia da, eta egin barik uztea lotsagarri lizateke. Batez ere albistemaileek, hamabostero lan eginaz, iratzarri eta hezi egin leikee inguruko jendea.
Gure lan hau, kultura saileain darabilgun arazo hau, euskerazko irakurleak gehiagotzeko gudaketa hau, lan luzea ta neketsua da. Hemen ez dago mirakuilurik, ez egun bakar batean emandako kolpe onaren frutu ederrik. Hemen, egunean egunean egin behar da lan, kontzientzia haundiz eta itxaropen haundiagoz.
3. Imanol Berriatuari aipamen berezia
Urtebetegarrenean, inoren lanik gogoratzekotan, Imanol Berriatua jakintsu haundiaren lan isil ta baliotsua aipatu behar dogu. Gure aldizkari honetan euskeraren batasun zehatz eta fidagarria eragin eta lortu badogu,
Imanol Berriatuaren lan etenbako ta zientziaz beterikoari zor deutsagu. Hitz bitan esateko, Imanol Berriatua jakintsu bat da, eta, jakintsu guztiek bezala, pausorik txikiena ere oinarri sen-doetan finkaturik ematen dau.
Haren lan isil, luze ta ugaria ezin dau Herriak ezelan ere ordaindu, lan horren balio neurribakoarekin kargutuaz izan ezik.
Urtebetegarrenean, beste urte berri hobeago baten bila saiatuko garela zin egiten dogu.
ANJEL ZELAIETA
Zarautz
Euskal Dantzarien Elkartea
Abuztuaren 24-ean eta 30-ean, 1.000 dantzari inguru bildu* ziren Zarautzen. 90 bat dantza taldeko dantzariak batu ziren elkarrekin, "Dantzarien Elkartea" oinarritu eta aurrera ateratzeko. Batzar honen buru Jose Maria Arozamena izan zan, Dantzarien Elkartearen lehendakari behinbehinekoa*. Erderaz eta euskeraz mintzatu zan. Honen ondoren, lehendakari ordezkoak, Olaizola jaunak, Elkartearen araudia* irakurri eban; eta, botoen bidez, ontzat eman zan. Jarraian, Iñaki Beobide mintzatu zan, elkarte berriaren garrantzia adieraziaz. Beste gauza batzuen artean, hurrengo batzarra Bizkaian egitea erabaki zan.
Iñaki Beobide mintzatu ostean, Elkartearen Zuzendaritza hautatu* zan: Lehendakari, J. M. Arozamena. Lehendakari ordezko, Manuel Olaizola. Idazkari*, Jabier Aranburu. Diruzain, Juan Antonio Urbeltz. Bokalak: Maria Elena Erizmendi, Francisco Escudero eta Gaizka Barandiaran.
Dantza erakusketa
Dantzarien egunean, 30-ean, erakusketa nagusia egiterakoan, jarraiko dantzok dantzatu ziren: Zozo Dantza, Jemeingo Dantza, Luzaideko* Jauziak, Bizkaiko Ezpatadantza, Leitzako Ingurutxo, Laguardiako Katximorro, eta Zuberoko Maskaradak. Eta azkena egiteko, dantzari guztiek batera Agintariarenak dantzatu eben.
Larrauri
Larrauri, Mungitik bizpahiru kilometrora dagoen herrixka bat da. Hilabete honen azkenetan izango dira bertako jaiak. 24-ean, ostegunez*, kantariak izango dira arratsaldeko 6-retan. Eta 27-an, igandez*, Mertxe Urdanpilleta dantzari ospetsu zanaren II. oroitzapena egingo da, arratsaldeko 6-retan.
Galdakano eta Etxebarri
Galdakano eta Etxebarri herrietan (25 bat mila bizilagun bietan), 12 midiku dira: 9 Galdakanon eta 3 Etxebarrin. 10 praktikante: 9 Galdakanon eta 1 Etxebarrin. Sortzain edo komadrona bakar bat herri bietan. 4 farmazia: 3 Galdakanon eta 1 Etxebarrin. Galdakanon ba dago haurrentzat* ere midiku berezi bat. Ehuneko 95 bat seguruen magalpean dira. Gainerakoek, edo ez dauke segururik, edo igualatorioan sarturik dagoz.
Nabarniz
Xabier Kintana eta Mari Karmen Goiriena ezkondu dira
Irailaren* 5-ean, larunbatean*, ezkondu izan dira Nabarnizen Xabier Kintana, euskal idazle ta irakasle gaztea eta Mari Karmen Goiriena, euskal andereñoa, iluntziko 6-retan. Elizaren aldetik, Anjel Zelaietak egin eban abade testigantza. Ezkonberriak Nafarroa aldera abiatu ziren, eskualde* ha begiztatzera. Ezkonberriok Bilbon bizi izanen* dira, eta euskal letragintzan arituko*.
Mungialdea
Abuztua izan dogu, Mungialdeko herri ta herrixka gehienetako jaien hilabetea. Nonnahi izan ditugu euskal abeslari, dantzari, erromeria, txapelketak, eta abar. Hobeto aztertzeko, goazen, guztiok banan banan azaltzen.
Abuztuaren 2-an, Billelako jaiak
Goizean, meza ostean, Mungiko "Eusko Amets" taldeko dantzariak eta Laukinizko abeslari talde bat, bertoko parroko jauna zuzendari zala. Ikusle gutxi, hizlaria euskeraz eta erderaz. Arratsaldean, euskal abeslarien saioa. Jarraian, erromeria orkestarekin. Hurrengo egunean, hauzuneko umeentzako jolasak, ukabilkariak eta erromeria. Programak erderaz, orkesta erderaz, antolatzaileak gazte talde bat.
Abuztuaren 9 ta 10-ean, Emerandoko jaiak
Erromeria ta soinulariak, besterik ezer ere ez. Hemen, gazteen lana.
Abuztuaren 9-an, Jatabeko jaiak
Arratsaldean, euskal abeslariak: Argoitia neba-arrebak, Joseba Zarraga, Ana Tere, Josu Zabalondo, Mila ta Txomin, eta Itziar Zuazo (honek lehenengoz kantatzen eban jendearen aurrean, eta esperantza haundia euki leiteke beragan). Jarraian, erromeria orkestarekin. 10 eta 17-an, erromeria. Orkesta erdalduna, programak erderaz, eta jendea erderaz hitz egiten.
Abuztuaren 16-an, Laukarizko jaiak
Goizean, karroza ederto apaindu bat kalera, hauzuneko gazteak eta txistulariak lagun zituala. Arratsaldean, makailo gertaketaren eta persona itsusien txapelketa. Gero, erromeria. Programak erderaz, orkesta erdalduna, antolatzaileak gazte talde bat.
Abuztuaren 16-an, Atxuriko jaiak
Goizean, meza ostean, Mungiko herriaren ikusterik ederrena karroza gainean jarriaz, kalejira. Ta enparantzan*, herri aurresku eder bat eskaini* eutsen danei Atxuritar gazte batek. Arratsaldean, erromeria. Hurrengo egunean, asto ta zaldien arinketak, gazte-zahar sokatira, ume jolasak eta abar. Arratsaldean eta gauean, erromeria, 18-an, Atxuriko gazte ta zaharren elkartasun eguna. Sagarpe eder batean, bazkaria ta afaria gertatu eta jan, txistu ta soinu artean guztia. Orkesta erdalduna, programak eta hizketak euskera hutsean.
Abuztuaren 23, 24 eta 25-ean, Gatikako jaiak
Jota sariketak, asto arinketak, grekorromana erakusketa, ume jolasak, eta abar. Euren artean, abeslari ezezagunen txapelketa ere* izan zan. Gehienek euskeraz abestu eben. Garaitzaile, Itziar Zuazo, Mungiko neska gaztetxo bat. Egun guztietan, erromeria orkestarekin.
30-ean, goizean, berebilen* "Rally" ta "Sukalki" txapelketa. Jendea ugari, bai ikusle ta bai parte hartzen. Arratsaldean, euskal kantari jaia. Bertan, Mila ta Txomin, Ana Tere ta Amaia, Goienaga (zure abots horregaz, zergatik ez dozu gaia aldatzen? Euskal Herria soinu ta bertsolariz hornituta dago, inondik hartzen ibili barik), Argoitia neba-arrebak, Itxastarrak, Josu Zabalondo, Joseba Zarraga. Entzuleak ugari. Txalotuak izan ziren abeslariak. Bitartean ANAITASUNA aldizkariaren ale batzuk zabaldu zituen neska gazte batzuek. Pozik hartu genduan aldizkari hori. Orain arte hartzen ez dozuenok, ba dakizue nora eskatu. Jai honeri azkena emateko, erromeria. Orkesta erdalduna, "Rally" guztia erderaz. "Sukalki" ta kantariak euskera huts hutsean. Programak erderaz eta euskeraz. Antolatzaileak gazte talde bat.
Albiste honeek emanaz, ez da gaitza edo zaila izango azterketa bat egitea. Nire eritziz, holantxe agertzen da gure egoera. Hainbat gazteren artean, euskera zaletasun gutxi. Erromeriak egiteko, euskal musikalari hutsa aukeratzeko hainbat gazte arduratu dira. Baina ez dabe aurkitu izan. Danon artean programa egin beharraren premina. Adibidez, zergatik kantari berdinak toki guztietan? JAIAK HERRIARENTZAT, EUSKAL HERRIARENTZAKO EUSKAL JAIAK, EUSKAL JAIAK EUSKERAZ.
Abeslariak
Gorago ikusi ahal izan dogunez, ba ditugu Mungian ere* kantariak. Honeexek dira: Mila, Txomin, Xabier, Itziar Zuazo ta Joseba Zarraga. Nire itaunak: Sortuko ahal izango dozue giro jator bat danon artean? Noiz zuen arteko elkarte bat? Landu daigun gure Herria, kantatzen, dantzatzen eta ohitura on guztiak gordetzen jarraituaz.
ATXURIKO AITOR
Bilbo
Telebisioa
"Estudio abierto" izeneko programak emisio bat eskaini* dau Bizkaitik.
Programa honekin, bizkaitarrok ez gara pozik geratu. Ez dau gaurko Bizkai kulturala ta musikalaria zer dan erakutsi. Folklorekeria hutsean ibili zan.
Adibidez, Txomin del Regato. Gizon honek, hainbeste miloiren aurrean, lotsagarri imini ginduzan. Ordua da, jaun horri EZETZ biribil bat emateko. Hobe leuke, jaialdietan lelokeriak esaten eta egiten ibili barik, etxean geratzea.
Eta adibidez, "Los Chimberos" eta "Anaiak" taldeak. Honeen abestiak ez dira gaurko bizkaitarron euskal kantu berria. Modaz pasatuak dira.
"Mocedades" taldearen "Oi Pello, Pello" eta Jon Libaronaren "Aizea bare bare" alde batera utzita, beste guztiak ez ziren gure abestiak; eta kantari batzuk ere, Salomé eta Pardo, ez ziren gureak.
Elkarrizketak, txarto aukeratuak. Berba egin eben guztiak, Zunzunegi eta abar, Bizkaiko erdaldunak ziren. Non egoen Bizkaiko euskal kulturaren errepresentazioa? Bizkai osoa erdalduna bakarrik da ala?
Beraz*, EZETZ biribil bat "Programa abierto" horri.
«Gala Vasca»
"Pueblo" egunkariak* antolatuta, euskal abeslarien jaialdi bat eskainia* izan da, Deustuko "Casa Vasca"-ko Garden Club dantza tokian.
Abeslariak, honeek izan ziren: Jon Libarona, Naikari orkestakoak, Estitxu ta Andoni. Presentatzailea: Francisco Javier García.
Jaialdi ona, baina mikrofonoek zarata larregi ateratzen eben.
Gure zorionak antolatzaileei, eta eskari bat: jarraitu daiela bide horretatik, egindakoak hobeagotuz, eta okerrak zuzenduz.
Bilboko jaiak
Joan dira Bilboko jaiak. Etorri ziren legez joan dira: hotz hotzik, batere berotasunik gabe.
Hauxe da egia: jaialdi honeek, Udaleko* teknokratek eta burokratek egingo ditueri bitartean, hotzak izanen* dira.
Guk behin eta berriro hau eskatzen dogu: Jaialdi honeek antolatzeko, Bilboko folklore elkarte guztiak deituak izan daitezala. Honeek, eta honeexek bakarrik, eman leiskioee jaiei hain beharrezkoa daben saltsa ta herrikoitasuna.
Abestien hitzak
Euskal abeslariek zaindu egin behar ditue kantuen hitzak. Soinu polit bat erabiltzea inportante bada, ez da gutxiago hitzak zaintzea. Euskera txatxar bat erabiltzen badabe, hizkuntzari mesede egin beharrean, kalte egiten deutsoe. Eurak hitz onak imintzeko gai ez badira, doazela euskal poetakana.
XABIER GEREÑO
Arratia
Ikastolaren arazoa
Zer jazoten da Igorreko Ikastolagaz? Joan dan urtean hasi zan, eta, hilabete igaro orduko, zarratu beharra egon zan. Zergatik?
Lekurik ez dagoelako? Zertarako dira, orduan, monjek dauken etxea eta Centro de Enseñanza dalakoa?
Andereñorik ez dagoela? Arratian ba dago euskeraz dakien maistra mordo bat. Zer egiten dabe horreek?
Irakaskintza arioan, Igorren "Instituto" bat imini arren, ez dago dana eginda.
Eta Arratiko beste herrietan zer? Ostoporik haundiena, sarritan, gurasoak eurak izaten dira. Ez dauke euskeraren problemarik, ez dira euskeraren balioagaz konturatzen. Arratiko gurasoak, noiz arte holan?
Gainera, Arratiko abadeen aldetik ere* ez dogu arlo honetan ardura larregirik ikusten. Elizarik gehienek lokal ederrak daukez. Zertarako? Gaur egunean, katezismoa euskeraz emateagaz bakarrik, ez dogu uste gure hizkuntza salbatuko dogunik.
ZAMAKOLATARRA
Karrantza
Kooperatibagintzan
Karrantzako Harana*, Bizkaiko lurralderik haundienetarikoa, Santandereko muga aldean aurkitzen da. Haran honetan, herrixka mordo bat dago, Udal* bakarra daukelarik. Guztitara 4.500 bizilagun ditu, gehienak baserri lanean edo laborantzan diharduenak. Orain, nekazari kooperatiba bat atontzen ari* dira. Jadanik* ba ditue 400 bat bazkide, eta pentsuentzako almazen eta fabrika haundi bat egiten ari dira.
Abadeak, kooperatibako erlijio kontseilariak
Abaderik gehienak, guztiak ez esatearren, arduratzen dira kooperatiba honekin, eskualde* haretako jendearen etorkizun eta bizitza oinarritu ta sendotu nahiez. Erlijio kontseilari nagusi bezala, Ispilla abade jauna ari* da. Semez markinarra da, eta, direla 8 urte abade egin zanez geroztik, Karrantzan bizi da.
Natxitua
Baserritarrek Sindikatoa behar
Orain direla bi hilabete ta erdi, Sanidadeko delegadu batzuk ibili ziren baserririk baserri, goitik etorritako ordena batzuk betetzen: abelgorri* guztia aztertu egin behar zan, eta "gaixorik" egoena kendu.
Kentzen ziren ganadu honeen ordainketa euren bizkarrera botatzen eben Sanidadekoek.
Indezio bat ematen eutsoen abere bakoitzari. Honen ondoren halako garau antzeko bat sortzen bajakon, abere hori gaitzak joa egoen.
Zer gaixotasun? Jainkoak jakin.
Azterketa hau egin ostean, 40 bat buru eroan ditue: pezetatan, miloi batetik gora kalkulatzen dabe jakitunek.
Oraindino ez dau inork txakur txikirik jaso. Bestalde, batak edo bestek izan ezik, inortxok ere ez daki zer gaitz mota izan dauan bere ganaduak.
Argia
Azken denboretako mekanizazioa dala ta, Natxituko Aldebazter hauzunean, hestu dabil jendea argiarekin. Itxura danez, etxeko tresna elektrikoak gehiegi dira, elektrizidadeak daukan indarrarentzat.
Hori dala ta, Aldebazterreko 12 baserritarrek eskabide bat egin deutsoe Iberduerori, arazo hau hainbat arinen konpontzeko.
Bakoitzari 30.000 pezetatik gora kostatuko ei jako argi indartze hau. Joan diren lau-bost urteetan Natxituan egin diren erreforma guztiak (bideak, eskola, eta abar) partikularren eraginez eta diruz egin dira.
J.A.A.
Zornotza
Aurreko zenbakian, 194-garrenean, Leunganek (ez dakit nor dan eta, berari ezin ezer esan), Larrako komentua aipatzen dau, Ikastola dala ta.
Maiatzean edo, arduradunak, Ikastolarako tokirik emango ote geunskioen etorri jakuzen. Baietz esan geuntsen. Ta nahiz komentu ondoko etxea, nahiz komentu alderdi bat, nahiz solo zati bat, «prefabrikada» horreetarikoak jasotzeko eskaini* geuntsezan: euren esijentziak eta geureak ezkondu eta toki egokiena gertutzeko. Soloa eskaini gendualako, bazkide batzuk haserretu egin ei ziren. Guk ez dakigu zergatik izan daiteken.
Orain aparejadoreak komentu alderdiko planoak egiten dihardu. Obrak hasi baino lehen, teknikoak, ikastolakoak, komentukoak eta gure goiko Nagusiak elkarregaz konformatu behar, eta ez dakigu noiz zabaldu ahal izango ditugun ateok. Nolanahi ere, gastu haunditxoa egin beharko da, dana dotore, legez, egoki... egon dadin.
Baina ez da egia, aurten fraidegairik ez datorkigulako hartzen ditugula ikastolako umeak. Jainkoa lagun, hilabete honetan bertan etorriko jakuz gazte batzuk. Eta urte askotan euki daiguzala bai umeak eta bai fraidegaiak!
Gero koroea aipatzen dau. Azkenean honetara dino: «Emango ote deutsee barriro Karmeldarrei?» Hara. Koroea ez da Karmeldarrena, Ama Birjina koroatzeko zerbait eman eben-kristau guztiena baino. Guzti horreen asmoak eta gogoa errespetagarriak eta haintzat euki beharrekoak dira.
AITA PRIOREA
12 Harrietatik
Mañarian, abuztuaren 15-ean, Euskal Abeslarien Jaia ospatu zan. Laboa, Lurdes Iriondo, Ana Tere ta abar egon ziren. Aurten asko ahalegindu dira Mañariarrak, jai herrikoi batzuk antolatzen.
Durangoko San Roke hauzunean ere, eurenak ospatu zituen. Entzun dodanez, euskal abeslariak baino ez ziren falta izan; beste guztia oso ondo egon ei zan: jolas, soinu, bertsolari, eta abar. Ea ba, erretore jauna, datorren urterako esku zabaltxoagoa mesedez abeslarientzat, euskerak, aurrera joateko, abeslarien beharrizana ere ba dauka ta.
Abuztuaren 26-an, Bizkaiko C.I.T. dalakoak antolatuta, omenaldi bat egin jakon Garaiko herriari. Dirudianez, herrixka hau turismo arloan aurrerenetariko mailan jartzeko bidean doa; eta hainbat asmo ta erraztasun ei dagoz, turismoa bertara eroateko.
Irailaren 20-an, urtero legez, Elorrioko lurraldeetan, Gipuzkoa ta Arabako mugan dagoen Betsaide mendian, hiru herrialdeetakoen* elkartasun eguna ospatuko da, medietan hildakoen alde meza bat eskainiaz.
Ohitura zaharrari jarraituaz, Abadiñotarrek Urkiolara igan* eben, abuztuko azkenengo larunbatean*, errogatiban. Goizean, beti bezala, ardo zahagi bat eman eben, Urkiolan hotza kentzeko; eta beste bat arratsaldean Abadiñon, jendearen egarria asetzeko.
Abuztuaren barruan, eskualdeko* dantzari taldeen arduradunek batzar batzuk euki ditue, Zarauzko Dantzarien Bilera* Nagusiari begira. Batzar horreetan, gure eritziz Dantzarien Elkarteak eroan behar dituan bideak arakatu* ziren; eta danon artean gertaturiko proposamendua Zarautzen irakurri zan.
Laburkiro esanda, Elkartearen araudiaren* kritika bat egin zan lehenengo. Izan ere, dantzariek gaur egunean dauken araudia, txistularienaren kopia bat da. Euskal Herriko erakundeetan* ez da egundo ere agertzen holan eraturiko araudirik. Orain arte, batzorde* nagusia herrialde* batekoa da oso osorik, eta urte birik behin oso osorik aldatzen da herrialde batetik bestera, goitik beheraino, maila guztietan, beste herrialdeetarako delegadu batzuk goitik aukeratuaz. Era honek ez dau egundo sustrairik izan gure herrian. Beraz*, horren ordez proposatzen zan, Euskal Herri osoa eskualdetan banatzea, banaketa hau egiteko pertsona batzuk hautatuaz*, eta, banaketa hau egin ostean, eskualde bakoitzeko taldeek eurek aukeratu euren ordezkaria, eurek baitakie* zeinek hobeto errepresenta leikezan. Ordezkari guzti honeek osotuko leukee batzorde nagusia, eta batzorde nagusi honetatik urtengo leukee lehendakari, idazkari*, diruzain eta beste enparadu* guztiak. Honezaz gainera, bulego* bat finkatu herri batean, esate baterako, Donostian, huri hau baitago Euskal Herriaren erdian; eta jarri bertan lagun bat, Elkartearen burokrazia guztia eroan leian.
Proposamendu hau onartua izan zan gehienbat. Lehengo batzordeari urte biko epea* eman jakon, araudiaren aldakuntzak egiteko.
Horrezaz gainera, gure eskualdeko batzar horreetan, gure dantzarien beharrizan preminazkoenak arakatu* ziren: dantza maisuak gertatu, inbestigazio talde bat sortarazi, dantza ta soinu zaharrak batu, talde autoktonoak indartu ta bultzatu... eta, gehienbat, dantzei buruz egon diren pentsamoldeak aldatu, etorkizunari begira.
JOAN AROMA
Eibar
Beti ginen ANAITASUNA-ra inguratzeko asmotan, Eibarko albiste* emate honetan. Aspalditxodanik politto gehitu dira gure herrian ANAITASUNA-ren harpidedunak; izan ere, beste edozein aldizkari baino errazago irakurtzen dogu Eibarren ANAITASUNA. Ba dago beraz*, behingoan, nork irakurri; ez dirudi, ostera*, idazteko inor dagoenik.
Itxura danez, aldizkari honen zuzendariek helburu aberatsak ditue; eta lehenengoz behintzat, neurriz nahiz sakontasunez, hain maite dogun hamabosterokoa haunditzeko deben asmoa azaldu deuskue.
Haunditze eta gehitze honetan, herri guztietako albiste emaile eskatu ditue; eta lotsagarria lizateke, zeregin hori betetzeko, geure herri kanpolarrosa* eta harro puzpuilo honetatik inor ez agertzea. Besterik ezean, geuk dakargu aurren geure burua, buru elkartua hain zuzen; baina jakin eizue guztiok, hiru xemaikoan* salgai dagoela puestoa. Ez ote dago inor gazteen artean, neska nahiz mutil, lan apurtxo bat egiteko prest legokenik? Ea ba!
Gainera, ez da hau bakoitzak bere gain bakarrik hartu leiken lana. Taldeka egin geinkena da, eta beharbada errazago eta onuragarriago. Horra hor Elgoibarren «Marisabel» deritxon taldea, 12-12 laguneko talde behargina*, beharginik bada. Eta oraingoan behintzat, neurri neurrian datorkigula Eibarko berba hau uste dogu. Euskal arazoetan lana baino beharra baitago.
Noiz guk, Eibarren, horren talde prestu bat? Elgoibartarrak baino lau bider gehiago ei gara Eibartarrok; eta, hala ere, inoiz ere hiru katu galdu bildu* ezinik.
Alfabetatze taldeetatik sortu behar jakuz behargin berriak. Hirurogeiren bat alfabetatze ikasaldi jarraituak dira. Non dira horreek? «Etxean sartuta, bildurrak eraginda», Xabier Letek esango ebanez? Jakin edo ikasi daben guztia gutxi bada ere, eurentzat bakarrik ikasi ote dabe? Ez ote dauke ezer esatekorik, ezer eskaintzekorik*?
Ea ba, apurka apurka inor agertzen dan, luma berriak azaltzen diren, aurpegi berriak ikusten ditugun, eta beti gauza berdinak esateko premiarik ez dogun.
Eibarko albiste emailerik bai ala?
«Chapurreado»
Oraintsu, Eibarren bizi dan Oñatiar batek, Aurrezki Kutxak zozkatutako etxe bat irabazi dau. Donostiako eguneroko guztiek aipatu dabe berri hau eta Oñatiarrarekin eukitako elkarrizketa ere bai. Ez daukagu ba bere izena ezkutatu beharrik, ia ia etxeko egin jaku ta. «L. T.» izenpetzen dauan periodista moduzko batek prestatutako elkarrizketa irakurria dogu. Hona hemen Eibartarroi dagozkigun berba batzuk: «La Señorita Jesusa Ugarte habla el euskera formidablemente, aunque empieza a dejarse influir por el «chapurreado» de Eibar.»
Hauxe hau! L. T. fenomeno horrek ba ote daki euskeraz, eta oñatiarra eta eibartarra gonbaratzeko lain* bai? Onenean ere, astean behin euskeraz egiten daben Donostiar horreetariko bat izango da. Hamar t'erdietako mezan «ogi zerutik etorria» kantatzen dabenetarikoa hain zuzen. Poliki poliki, goxo goxo, hori bai. Gutxi, baina ongi.
Haurrentzat
Irailaren* 15-ean, San Pio X, San Andres eta Karmeldarren parrokietan, «Katekesi eta haurren* kultura» deritxoen ikasaldi batzuk hasiko dira, hiru, lau eta bost urtetako umeentzat.
Euren seme-alabak ikasaldi honeetara bidaldu nahi daben gurasoek, aipatutako edozein parrokiatara telefonoz deitu daikee. Bertan emango deutsee ikasaldiei buruzko gura dituen xehetasunak.
Parrokia berria
Eliza amak uste dauanez, sei mila lagun baino gehiago elkartzen dituen parrokiak ez ei dira egokiak. Horrelakoetan Parroko jaunak ez ei dau parrokiarrak ondo ezagutzerik, ezta bere eginbeharra ondo betetzerik ere.
Horrela, San Andres parrokia haundiegia dala ta, Donostiako Gotzainaren aginduz, parrokia berri bat izango dogu hemendik aurrera, herriko bosgarrena, San Agustin izeneko parrokia hain zuzen.
San Andres parrokiak lasaitasun demasa hartuko dau, orain arte euki dituan edozenbat* kale parrokia berriak hartuko ditu bere gain eta. Alegia*. Jardinak, Matxari (baserri ta guzti), Eztazino kalea, Ibarkurutz, Pagei, Maria Angela (gehiena), Fundidores (eskuinaldea), Bidebarrieta (zati bat) eta San Agustin kale osoa.
Parrokotzat Balbino Ayerbe izendatua izan da, oraindaino San Pio X. parrokiako koadjutore izandakoa. Aurrez geure zorion beroena Balbino jaunari; eta ez izendatze horregatik bakarrik, baita parrokia berriaren albistea erdal egunerokoetan euskeraz eman daualako ere.
ALBISTARIAK
Getariko Udalaren ardurak
Gipuzkoako herri honetako Udalak* ez dau onartu izan, eta holan adierazo izan dau, Dirección de Bellas Artes* erakundeak* nahi dauan bezala, Getaria "conjunto histórico artístico" seinalatzea, horrela herriaren haunditze ta eguneratzea trabatuko lizateke ta.
Nafarroako ardi txakurren sariketa «Txiki» txakurrarentzat
Abuztuaren 23-an, Huarte Arakilen (Nafarroan) egin izan zan Nafarroako ardi txakurren sariketan, Lizarragako Zirilo Azkargorta jaunaren Txiki txakurra atera zan nagusi.
Euskaldun txapelak arabiar eta israeldar gudarien buruetan
Tolosako "Elosegi" lantegian egindako txapelak ei daroez arabiar eta israeldar gudariek. Oraindik oraintsu, 150.000 txapel bidaldu ei dira.
Patata batzearen erakusketa
Arabako Alegrian, patata. batzearen erakusketa bat izango da, urriaren 2-an. Arabako eskualde* honetan oso ugari hartzen da ortuari hau.
Tudelako eskualdean hartzen dana
Tudelako eskualdean 2.086 behi dagoz: 648 esnedun, txahalak 2.805. Txerritan: emeak umegintzarako 3.960, gizentzeko 16.536. Arditan: urtebeterik beherakoak 15.666, urtebeterik gorakoak 62.000. Oiloak: arrautzegintzan 165.000, oilaskoak 755.000. Koneju edo lapinak: 39.000. Behi esnetan: 8 miloi litro. Okelatan (txahalena): 675.000 kilo. Arrautzetan: 2,3 miloi dozena.
Felix Garcia Olanok Txekoslovakiari buruz
Felix Garcia Olano, deporte orrialdeetako zuzendaria da, Bilboko "La Gaceta del Norte" egunkari* haundian. Baina, izatez, gizarte gaietan da aditua eta arduratua. Orain, Bilboko Athletic futbol ekipoarekin Pragan izan ondoren, lurralde horretako bizitzari buruz argitara emango ditu zenbait* artikulu.
Nafarroako Buñuel herrian harri zigorra
Buñuel herria, eta bere ingurukoak, berriro ere harriak ondatu izan ditu, joan dan abuztuaren 29-an. Piper sailak, tomate sailak, artotzak... zeharo ondaturik gelditu dira.
Jose Lacalle Larragari omenaldia Plentzian
Francoren Gobernuan Marinako Ministro izana dan Jose Lacalle jaunari, Plentziako Udalak*, Enrike Mota alkatearen eskutik, "Merituaren Medaila" ezarri eutson, joan dan abuztuaren 30-ean. Aipatutako merituzko egintza horreek, Lacalle jaunak "Plentziako herriari, ta Udalari bereziki*, egindakoak dira", esan eban alkate jaunak.
Manuel Basasen hitzaldiak Gasteizen
Santiago de Compostelako Unibersidadean irakasle dan Manuel Basas jaunak mintzaldi jakingarri bat eman izan dau Gasteizen, "El crecimiento de la industria siderúrgica española: el predominio del País Vasco" gaiari buruz. Gehienbat, lehengoari buruz aritu* zan, oraingo egoera ikutu barik.
«Agur» aldizkaria ta «Euskerazaleak» elkartea
José María Martínez de Retana erdaldun abogaduak Bilbon argitaratzen dauan "Agur" izeneko aldizkaria, "Euskerazaleak" elkarteak Bilbon daukan etxean argitara ematen da, zihurtasun haundiz entzun dogun bezala. "Agur" aldizkarikoak elkarte horren fitxeroetaz baliatu izan dira, zabalkundea egin ahal izateko; baina ez ei dabe "Euskerazaleak" gandik ezer diru-laguntzarik jaso. Laster batean alde egingo ei dabe etxe horretatik. "Agur" hilerokoa hiru aldiz argitaratu da, eta, ANAITASUNA hau zure eskuetan daneko, laugarren alea kalean izanen* da.
Juan Etxebarria Gangoitiren hitzaldia Gasteizen
"Enseñanza Superior e Investigación" erakundearen* zuzendari nagusia dan Juan Etxebarria bilbotarrak mintzaldi bat eman izan dau Gasteizen, "Keynes en Versalles: la economía en las relaciones económicas internacionales" gaiari lotuaz. Lehenengo Gerrate nagusiaren inguruan Keynes jaunak emandako kontseilu jakintsuei buruz mintzatu zan gehienbat.
«Eclair Pyrénées» euskeraren alde
"Eclair Pyrénées" izeneko Frantziako egunkariak*, Euskal Herriari buruz hainbat informazio emanez gainera, euskeraz ere* ba ditu zenbait artikulu.
«Arde Guernica», Vicente Talón jaunaren liburu berria
Editorial San Martinek argitara emanik, azaldu berria dogu "Arde Guernica", Vicente Talón erdal idazlearen liburu berria. Izenburuak dinoanez, Gernika erre ebenekoaren historia antzekoa da. Luis Castresana jaunaren hitzaurrea dakar, eta, beste gauza batzuen artean, hauxe dinosku: "Este libro no gustará ni a los fanáticos tirios ni a los fanáticos troyanos".
Aita Agustin Kardaberazeri omenaldia
Errenderiarrak omenaldi bat gertatzen ari* dira euren herriko semea izan zan Aita Agustin Kardaberaz jakintsuari. Urriaren 18-an izango dira 200 urte, bera hil zala Italian. Gugana heldu diren albisteei jarraituz, Aita Kardaberazen "jesuitatasuna" ospatuko ei da. Eta ez bere euskal "idazletasuna"?
Kantariak
Abuztuaren 22-an, larunbatez*, "Ez dok Amairu" taldeak Portugaleten (Bizkaian) bere "Baga biga biga" ikuskaria eman eban.
Abuztuaren 23-an, Natxo, Itziar, Oskarbi, Argoitia neba-arrebak, Estitxu, Egurrola, Xabier Lete eta "Enarak" Larrabetzuan (Bizkaian).
Atahualpa Yupanqui Argentinako kantari ospetsuaren egiazko izena Héctor Roberto Chavero Aranburu da. Bere ama giputza zan.
Abuztuaren 23-an, Itziar Natxo, Txomin Bengoa eta Joseba Zarraga, Alonsotegin (Bizkaian).
«Garden Club - La Casa Vasca» kafetegian euskal kantarien jaialdia
Abuztuaren 22-an, larunbatez*, Bilboko "Garden Club -La Casa Vasca" kafetegian egin izan da eusfcal kantarien jaialdi bat, "Udako Euskal Abestien Sariketaren" irabazleei trofeuak emateko. Irabazleak, Bilboko Andoni eta Gernikako Naikari izan dira. Jaialdi horretan, Estitxu eta Libarona egon ziren kantari, Trofeuak eskaintzerakoan*. Faustino Ramos, Bizkaiko "Información y Turismo"-ko ordezkariak esan eban: "Considero que cualquier manifestación como la que hemos presenciado esta noche, es totalmente positiva para el desarrollo de la canción vasca. De ahí el apoyo que de mí han de tener siempre".
Euskal kantariak Arabako Laudion
Arabako Laudion, euskera pixka bat egiten dan herri industriatsuan, Laboa, Lete, Lurdes Iriondo, Natxo eta Itziar egon ziren kantari, abuztuaren 25-ean, gaueko hamar t'erdietan.
Xabier Lete eta Lurdes Iriondoren oharra
Senar-emazte honeek aditzera eman deuskue, Zornotzako jaialdia joan dan uztailaren* 17-rako iragartzen eben karteletan euren izenak agertu arren, ez Xabierrek ez Lurdesek ez ebela horretarako baimenik ez baietzik eman.
***
Neska futbol zaleak Bizkaian
Aspaldi honetan, Bizkaiko nesken artean futbol zaletasun haundia sortzen ari* da. Ba dira neska futbolarien dozena bat ekipo inguru: "Gorantza" Galdakanon, "Iraultza" Zornotzan, "Kemen" Durangon, "Indar Gazte eta Edurre Neskatoak" Basaurin, "Ekintza" Zeberion.
Galdakanotarrak izango dira, beharbada, partidurik gehien jokatu dabenak. Hona hemen futbolarien izenak: Blanca Charo, Maria Angeles, Mari Eli, Emili, Maribi, Pili, Eguzkiñe, Amaia Garai, Motrico, Kuiki, Loli, Virginia, Beatriz, Yolanda... Amaia Garai da, jendearen esanez, exitorik haundiena izan dauana.
Gehienetan, zerbaitetarako dirua lortzeko izaten dira nesken arteko partidu horreek, nahiz eta, beharbada, deporte bezala ere* gero ta indar gehiago hartzen joan.
***
Okongo jaiak
Okon, Arabako Bernedo herritxoaren alboan dagoen Santuario bat da. Irailaren* 5-ean izan dira bertako jaiak; eta haizkolariak, harrijasotzaileak, dantzariak, brixka eta mus sariketa, pelota partuduak, sokatira eta bolariak izan dira. Okon aldean, kasikan* Araba guztian bezala, ez da euskerarik egiten. Baina, honako* deporte erakusketak egiten diren tokian, ba dago oinarri bat euskerarekin zaletzeko ere, guk uste.
***
Kai berria Biarritzen
Turismoagatik hain ezaguna dan Biarritzeko plaia bazterrean, kai edo portu bat egitekotan dira.
«Activités en Pays-Basque» agerkaria
Baionako Komertzio Ganbarak eraturik, "Activités en Pays-Basque" deituriko agerkaria* zabaldu berria da. Eskualde haretako ekonomiaren geroaz mintzatzen da. Bizkai ta Gipuzkoako lantegi haundiekin haremanetan dala dinoe, euren etorkizuna.
***
Ignacio Zuluaga pintorearen ehunurteurrena
Irailaren 4-ean mintzaldi bat eman izan dau Eibarren Jose Maria Arozamena jaunak, "Ignacio Zuloaga, el pintor, el hombre" gaiari buruz.
Kantari berriak Ibarran
Abuztuaren 23-an, igandez*, kantari berriak izan ziren Nafarroa Behereko Ibarran: Eñaut Etxemendi, Ellande Larralde, R. Negueloua, Harisputu eta Beñat Sarasola.
Euskal jaia Osintxun (Bergaran)
Abuztuaren 30-ean, Iñaki Arriaran, Juan C. Garitano, Luzio Urzelai eta "Txairo" bikotea aritu* ziren kantari Osintxun, eguerdiko 12-etan. Iluntzean, "Los Bravos" taldekoak.
Kantarien jaia Zaldibian (Gipuzkoan)
Abuztuaren 29-an, larunbatez*, Lurdes Iriondo, Xabier Lete eta Jesus Aranbarri kantariek jardun eben Zaldibian. Baita Lopategi, Azpillaga, Lasarte eta Lazkao Txiki bertsolariek ere.
Mario, Natxo ta Itziar «trikitixa» baten bila
Kantarien landan hirukote ospetsua osotzen daben kantari honeek "trikitixa" baten bila dabiltza, euren kantuen lagungarri bezala erabiltzeko. Trikitixa Itziarrek joko leuke, pianozko ikasketak eginak dituanez gero, soinu joile ere baita*.
TXIKITO
Mundu biribila (euskera batuan)
Garrantzi haundiko liburu batekin topatu naiz. Liburu soziologikoa, egoera bat agerrarazten eta aztertzen duena. Bere izena, «Asphyxiante culture» (Jean Dubuffet, 1968, Jean-Jacques Pauvert, Paris).
Kulturaz inguraturik bizi gara; eta helduko da, kultura horrek asfixiatu, itoko gaituen unea. Burua izen haundiz beteta dadukagu. Gure gaurko esana, biharko esan-beharra, atzo esan genuena izen batzuekin justifikatuta dadukagu, eta izen hoien mendean* bizi gara. Ez gara gure buruen jabe. Ez gara «pentsatzeko ahalmena duten» Aristotelesen animaliak. Gure buruen jabe Marx edo Kristo, Fidel edo Sartre, azkeneko idazle edo abeslaria, azkenengo iraultzatxoen* zuzendariak dira. Pentsatzea ahaztu egin zaigu.
Ezagutu nuen, egunean hamar-hamabi ordu irakurtzen iragaten* zituen euskaldun mutil jator bat. Oso ondo zekitzan azken teoria guztiak; oso ondo ezagutzen, idazle honek beste idazle hari eginikako kritikak; baina ez zekiena, ez dakiguna, gure buruen kritika egitea da. Hitz batean eta behin betiko: Ez dakigula pertsonalki pentsatzen. Eta hau, gure herrian, gure min guztietako Euskal Herrian, sarritan gertatzen zaigu. Ez dakigu pentsatzen, ez dugu pentsatzen, ez dugu pentsatzerik nahi. Eskema oso logikoak ditugu buruan (bat, bi, eta ondorea), eta ez dago gugan eskema hoiek kritikatuko dituen indarrik.
Itotzen ari gara. Garaudy, Fichter, Lezama, Weiss, Mitxelena, Zaloña... Interesgarria zaigu, nola ez, gizon hauek diotena ezagutzea; baina interesgarriagoa lekikegu, gizon hauek esandakoaz ordu bete pentsatzen ihardukitzea*. Gure herriko zenbait* gauzek ez lukete xentimorik balioko.
«Garai batean erlijioak zuen-tokia betetzen ari* zaigu kultura. Kulturak ere ba ditu bere apaizak, bere profetak, santuak, bere seminario eta gotzainak. Egun*. diktadore bat agintera heltzen denean, ez zaigu gotzain batekin agertzen, Nobel saria irabazi duen jakintsu batekin baizik. Aberats batek, herriari barkatzeko eskatu nahi dionean, ez du gehiago eliza bat eraikiko, museo bat baino. Egun, kultura dugu herrien opio bihurtu zaiguna».
Liburu honen egileak aski* agerrarazten dauku gaurko egoera. Galderak errazak dira: Zer falta zaigu, benetako kultura lortzeko? Zer falta zaio gure euskal kulturari, gure euskal kultura behartsuari, benetako kultura izan dadin? Nere ustez, kreatzea da bide bakarra. Baina, zoritxarraren zoritxarrenean, gure herriak oso kreatzaile gutti ditu. Teoria batzuen sareetan ito gara denok, eta ez dugu sare hauetaz pentsatzeko ahalmenik.
Pertsonalki pentsatzen ikasi behar dugu, gelak ez baitira* lo egiteko bakarrik eginak izan. Hona hemen, nerekiko*, gure hauzi askoren kakoa.
ANJEL LERTXUNDI
Mundu biribila (euskera batuan)
Uruguay ezin daiteke bazter* Hego Amerikaren egoeratik; baina, bestalde, ezin ditzakegu ahatz* errepublika hartako kondizio bereziak. «Amerikako Suiza» deritza Uruguayn Europako zenbait* mediotan, eta, egia esan, duela hamar urteko egoera ikusirik, izen hori egokia zitzaion. Ekonomiazko zenbait arazotan finkatzen zen harako «Amerikako Suiza» izena. Izan ere, Suizan bezala, beste estadu guztietatik ihes* egindako kapitalek hantxe zuten beren etxea, ekonomia sendo baten laguntzarekin oso establea baitzen* Uruguayko txanpona. Gero ere, ba zegoen politikazko arazo bat nahiko inportantea: Hego Amerikako nazio guztietatik. Uruguay zen diktadura klarki agerrarazi ez zuen estadu bakarra.
Baina esandako guzti honek 1960-rarte balio du, azken dekada honetan gauzak gaizkitu baitzaizkio «Amerikako Suiza» honi. 1963-an egindako populazio inkestak* zifra interesgarriak agerrarazi zituen. Bi milloi ta erdi bizilagunetatik miloi bat Montevideoko departamenduan bizi da; beste departamenduetan km.2 bakoitzeko pertsona batetik bostera bizi dira, hots* populazio osoaren 8 %. Eta hau oso inportantea da, nazio honen aberastasuna —batez ere 1957-tik, dibisa azoka* bezala Montevideok nagusitasuna galdu zuen urtetik— artilean* eta haragian finkatzen dela ikusirik.
Azken urte hauetan, ekonomiazko egoera larritu egin da. Pesoa kotizazioz jaitsi da, haragiaren eta beste oinarriko gaien salketak gutitu egin dira nazio arteko merkatuan, paroa gehitu, estaduaren zorrak haunditu. Hitz batez, gerra mundialaren ondoren, bere eginkizuna ondo bete zuen-sistimak ez du orain balio; baina lur-jabeen oligarkia indartsua ez dago prest, behar diren aldaketak egiten uzteko.
Egoera honen aurrean, langileen eta burgesia liberalaren etsipena* nabaritzen da; bi alderdi nagusien (gorrien eta zurien) promesak ez dira behin ere betetzen, eta, egia esan, oligarkia batek maneiatzen ditu demokraziaren gorabeherak.
Alderdi komunista, dekada honen hasieran aldaketaren aldeko burrukaren «leader» izanik ere, erabat* bazterturik aurkitzen da, oraingo honetan sortzen ari* den gerran.
Herriaren haserreak huelga ta gatazka* nahikoa sorrarazi du; baina gobernua ez da aldaketa bidean jarri eta errepresioa gogortzen ari da, «medidas prontas de seguridad» enplegatuz. Honek, jakina, burruka haunditu egin du eta ezkertiarren ekintza gogortu ere bai; hala sortu da M.L.N. (Movimiento de Liberación Nacional), «tupamaros» izenarekin ezagutzen dena. Oligarkia bakarrik atakatzen zuen mugimendu honek bere hasieran. Baina errepresioa gehitu denez, eta batez ere Estadu Batuen ekintza nabarmen egin denez, «tupamaroak» polizia ta oligarkiaren aurkako gerra batean ihardukitzen* hasi dira.
Azken bolada* honetako gertaerak aztertzeko, ez dugu ahaztu behar, Uruguayen ari dena, sistima berri bat nahi dutenen eta balio ez duen sistima bat mantentzen dutenen arteko gerra bat dela.
ANTON SANTAMARIA
Mundu biribila (euskera batuan)
Koba zulo horren ondoan, barrura sartzeko txartela erosi behar den toki berean hain zuzen, museo ttiki bat dago, bertan aintzinako gizonen eskulanak direla. Zaldi asko, harriz eta hezurrez eginda, katuak, hagin zulodunak, paparrean eramateko modukoak (orain dominak legez), esku-haizkora, harpoi, gezi*, Jostorratzak, azkonak*, makilak, harri landuak eta abar ikusten dira bertan, eta baita, Bizkaiko Santimaminen bezala, bisonte batzuk ere*.
Haitzuloan, barruan, arroka batean sukarriz* eginda, ba dago beste irudi talde bat, bata bestearen gainean jarrita. Baina irudioz* gain, haitzuloak ba du beste ederrik asko. Sarrerak oso garestiak izan arren (hirurogei pezeta inguru), merezi du ikusteak. Bizkaiko Santimaminek ba ditu horrelako asko, baina ez, inondik ere, hain gauza politak.
Urak, denboratatik zehar eraman duen kare-gatzaz, sabaian harrizko ziztor* ugari moldatu ditu, baserriko ezkaratzean txorizoak legez, dindilizka direnak. Harrizko habetxook, batzuetan, elkartu egiten dira eta pentsa ezinezko figurak egiten dituzte: kolumnak, imajinak, tenplo zaharrak, oriente aldeko etxeak, jaiotze gisako Betlehemeko inguruak, Buda lodikote bat, Lourdesko Ama Birjina Benardette ondoan duela, harrizko habiak...
Ikusgarrienak, baina, harriak denboraz egin dituen kortina argi batzuk dira, argia beste aldean jarrita ezin politago ikus daitezkeenak. Orma batzuetan, gainera, ur-jauzi* batzuk bailira bezalako harrizko irudi distiratsuak daude, eta baita beste apaingarri asko ere. Batzuetan urak harrizko «azaloreak» egiten ditu, han ondo ikusten den moduan.
Koba zulo hartako gidaria euskaldun nafar jator bat zen; eta ederki azaltzen zeukun, frantses turistekin ez zegoenean, guzti hura zer zen euskeraz; gainera, oso erraz aditzeko moduko euskera batean.
Benetan ikusgarri haitzulo biok: bai Izturizkoa eta baita Otsozelaikoa ere*. Askotan Mallorcara joaten gara Drach-eko kobak ikustera, eta ez dakigu zer dugun Euskal Herrian bertan. Era edukiz* gero, zoazte Izturizko haitzuloak ikustera, ez duzue damurik ekarriko ta.
XABIER KINTANA
Gure garaian inoiz baino hobeto dakigu, gerrak interes batzuen menpean sortu eta egiten direla. Jendeak ondo daki, idealaren azpian hainbat gauza daudela eta funtsean* haiek dena mugitzen dutela. Horra hor, exenplu bezala, zenbat jendek ihes egiten duen Estadu Batuetatik, Vietnamgo gerrara ez joatearren. israeldarrak eta arabetarrak ere nekea sumatzen hasi dira, eta, antza denez, «Rogers plana» dela ta, argiago ikusiko dute, USA ta URSS-en medio bat bakarrik direla.
Gerra honen gehiegi zabaltze eta haunditzeaz ez dutela ezer lortzen konturatu direnean, bi boteretsu* horiek «bake» bideak irekitzen ari* dira, «Rogers planaren» bitartez.
Orain egun batzuk, estudianteei esaten zien Moshe Dayanek: «Ezin gintezke gerra honetan bakarrik geldi; ez gara hain boteretsuak, eta, lagunak gordetzearren, konpromisu batzuk onartu behar ditugu».
Israel, gerra aurretik, krisi ekonomiko baten barruan zegoen; eta gerra, soluzio bat izan zen. Gerrak, industria berriak sorrarazteko bidea ekarri zuen eta bultzada bat eman zion ekonomia ahulari*.
Sei eguneko gerra ondoren, israeldarrek uste zuten, gerrak soluzio militar bat ukanen* zuela. Esaten zuten, denbora laguntza bat izango zela, Egipto gaizki zegoela eta ezin zezakeela gehiegi iraun. Baina gauzak ez dira hain errazak izan. Egiptok Rusiaren aldetik laguntza gogorra ukan* du, eta laguntza honek irauteko posibilidadeak eman dizkio.
Israelgo ekonomia ez doa hain ondo, eta gerra astunegi ta luzeegi bihurtu zaio, eta «bake» hau beharrezko du.
Egiptok ezin gauza haundirik esan, zeren, gerran iraun badu, Rusiari esker izan da. Jordaniak ere plan hau onartzen du.
Iraqek eta Palestinoek ez dute ezer ateratzen, eta gerrari jarraitzera doaz, «bake» horretan ez baitituzte* kontuan hartu.
Dena dela, Palestinoak, naziorik gabe, batasunik gabe, herri bezala, beti bezain* zapalduak gelditzen dira. Berak dira orain arabetar zapaldu guztien errepresentazioa; gerra ez zaie bukatu*, eta «bake» horri oposiziorik gogorrena egiten diote. Ez ote dituzte zapaldurik utziko «bakearen» alde daudenek: adibidez, Egipto, Israel, Jordania eta Libiakoek?
AMAIA LASA
Gazteak dira gure euskalduntasunerako arriskurik haundiena, «sorgin ihiztari»* batzuen iritziz behintzat. Gure gaitzik haundiena eta periltsuena.
Nik ez dut uste, berriz, gaurko kinka* «conflicto generacional» delako bat datekeenik*. Gazte ta zaharren arteko burrukaz kanpo, ba daude, gaurko egoeran, beste istilu-kausa asko, zibilizazioaren salto edo mutazio batean garenez gero.
Gazte izatea bekatu izango ote da? Ba dirudi, astakeria hori ez duela inork esaten; baina jansenista batzuek baldintza bat jarri nahi omen* diete «zintzo» direlako gazteei: alegia, gazteen pentsaera, izaera ta egiera, zaharren pentsaera, izaera ta egiera berbera izan daitezela.
Libiako esaera zahar batek honako hau dio: «Putzu-iturritik edan, eta zure tokia besteei utz».
Gazteak umetzat hartuko ditugu? Ez al dugu ikusten, gizaki helduak direla, eta beren xanda aspaldidanik ailegatu dela?
Matematikaren historian famatua den «Essai sur les coniques» liburua, hamazazpi urte zituela argitaratu zuen Pascal jakintsuak. Hamazazpi urte, laster esaten da gero!
Hogei ta bi urte zituen Alexandro Haundiak, Dario erregearen gaineko garaitzapen izugarria lortu zuenean. Bonaparte Jeneralak, Italiako gerran, 28 urte zituen, Rivoli, Arcole ta beste toki askotako bataila oroikarriak irabazi zituenean.
Eta hain urrutira joan beharrik gabe, nahiz eta beste maila batekoa izan, hor dugu Sabinoren exenplua, hogei ta bi urteko zelarik idatzi baitzuen* bere «Gramática elemental del euskera vizcaíno» famatu hura. «Ume bat» zen eta gainera euskaldun berria, Lasa Kalonjearen* terminologian bigarren mailako euskaldun zela esan nahi duena.
Ez gaitezen izan Cervantesen baratzainaren* zakurra bezalako. Zakur hark, ez zion beste inori jaten uzten berak jaten ez zuena.
KARLOS SANTAMARIA
"Woodstock" filmea eta "Hippien" mugimendua
«Woodstock» filmeak adierazi daukun ideia zuritu eta garbitzeko beharrean aurkitzen garela uste dut; alegia*, filmeak berez begien aurrean azaldu daukun mugimendu, gaia eta situazioa ez ote dago zeharo gezurtua, edota, komenientziak eraginda, nola hala osotua?
Galdera honi erantzunez gero, gure kritika nahiko biribilduta utz genezake, filmearen gaia edo tematika hemen aurkitzen baita* kondentsaturik.
Teknika aldetik, laudorio guztiak merezi ditu. Musika eta muntaketa* apartekoak dira. Muntaketa aldetik, lan haundia egin badute ere, teknika xinple xamar batez baliatu dira, nahiz eta posibilidade haundiak ukan*; alegla, zortzi kamara erabiliak izan dira, hogei ta lau orduko filmazioa ardietsiz*. Musika aldetik ere, materiala sekulakoa izan da; eta pentsa ezineko garbitasun eta kalidadea lortu dute, grabazioa direktoki hartua izan arren.
Baina sar gaitezen zorrotzago.
— Zuk zer diozu «Woodstock» filmeaz?
— Zoragarria musikaren garbitasuna, eta abeslarien kalidadea batez ere.
Pentsa dezagun zer ikusten dugun «elementu komun» bezala, Hippy mugimenduaren eta gazte modernoen mugimenduaren artean. Argi dago: Musika (Rock, Folk, Jazz, eta abar).
Filmeak, Hippiek eratua dela dirudi; eta Hippy anbientean sartzen zaituztelakoan zaude, Hippy mugimendua kontsumoko gizartean integratzeko ahaleginen istrumentu bihurturik.
Denok dakigunez, Hippiak taldeka dabiltza eta jende asko mugitzen dute; orduan, komertzialismo aldetik, sekulako posibilidadeak daude. Bostehun mila pertsona biltzen* dira. Denak Hippiak omen* dira; baina, hona antagonismo argia, Hippy hauek 500 pezeta ordaintzen dituzte eta organizazioak prestatutako janari, edari eta abantaila guztietaz baliatzen dira. Hitz batean, Hippy ideologia eta praktika zeharo gezurtatzen dira. Abeslariek ere sekulako dirutza eskuratu dute; filmearen produktoreak zer esanik ez: pentsa ezineko negozioa. Eta egia garbiena: honelako festibal eta filmeek, beren estruktura, propaganda eta esan nahiarekin, Hippy mugimendua kontsumoko gizartean integratzen dute.
Beraz*, «Woodstock»-en ideia eta esan nahiari tamalgarri* deritzat, «musika, bakea eta maitasuna» hitzak istrumentu bezala darabiltzalako.
MIKEL MENDIZABAL
ADIZTEGIA
(Sei ta zazpigarren orrialdeotan agertzen diren zenbait aditz forma, bizkaieraz adieraziak)
daude, dagoz.
dauku, deusku.
deritza, deritxo.
diete, deutsee.
dio, deutso.
diote, deutsoe.
diote, dinoe.
diozu, dinozu.
ditzakegu, daikeguz.
dizkio, deutsoz.
genezake, geinke.
lekikegu, leitekigu.
lukete, leukee.
zaie, jake.
zaigu, jaku.
zaio, jako.
zaizkio, jakoz.
zaude, zagoz.
zeukun, euskun.
zezakeen, eiken.
zien, eutsen.
zion, eutson.
zitzaion, jakon.
Herri bat: hizkuntza bat
Oraindik gogoratzen naiz, eta nekez ahaztuko zait, lehen mailako ikasketetan niharduela eta etxerako lanak ematen zeuzkidatela, nola neure amak erdal aditza ikas arazten zeutan.
Ez nedukan nik, sasoi hartan, era guzti haiek gogoan hartzerik; baina amak, pazientzia ikaragarriaz, honetan ere beste edozenbat arazotan legez, bidea erakutsi zeutan. Berari etsi etsian jaramon eginez, lehenengo, aditz denbora edo aldi bakoitza eskola liburuan non zegoen ikasi nuen, eta gero zeintzuk era zeuden leku bakoitzean. Honela ikasi nuen, orriaren hasieran eta ezker aldean "Presente de Indicativo" delakoa zegoela, haren eskuinean* "Pretérito Perfecto", azpian "Pretérito Imperfecto", eta abar. Zer esan gura zuten eta zergatik ez nekien; baina itaun* orduko ba nekien, goikoa ala behekoa, ezker ala eskuinekoa, zein zen erantzun behar nuena; eta horixe zen jakitekoa, ez besterik.
Ez dakit nik neure amaren "sistima" hark sikologiaren aldetik oinarririk zedukan ala ez, eta zenbaterainoko komenigarria izan zitekeen. Izan ere, nahikoa zatekeen* liburua aldatzea, neure jakintza guztia hutsean gelditzeko. Baina, hala ta guztiz ere, metodo bat zen, ona edo xarra, baina metodoa, beste edozein izan zitekeen moduan; eta metodoaren balioa edo praktikotasuna bere ondorioetatik neurtzen da, bere ondorioen arauera* hain zuzen. Eta ezin uka, nerekiko* behintzat, amaren sistima hura onena, beharbada ezin bestekoa, zela.
Ez naiz ni logikaren etsai*, ezta guttiagorik ere. Baina sarri nere amaren metodo "xelebre" haren falta haundia somatzen dut gure artean, "nola" den aztertzea askoz ere praktikoagoa izanik, amorru haundiz ibiltzen baikara* "zergatik" den ikertzen*. Edozeri buruz, "zergatik" bota ohi dugu aurretik, hiru edo lau urteko umeak bagina legetxe*. Ez dagozkigun hamaikatxo buruhauste hartzen ditugu gure gain. Ez ote dugu lagatzeko ordua? Laga dezagun, bada, behingoan "zergatik" zorionekoa eta lot gakizkion "nola" praktikoari.
Oraintsu argitaratu berri den liburu bat aipa genezake adigarri, hau da. BATASUNAREN KUTXA. Xarra edo ona, berdin zaigu, haren ontasuna judikatzeko garaia oraingoz heldu ez baita*; baina metodo bat da, eta ez da berau gutti. Edozein metodok ukan* ohi dituen abantailekin, gainera; irakasle nahiz ikaslearentzat bide metodotsuek abantaila* izugarriak baitituzte*.
Baina jarraiki dezagun aurrera, amak erakutsi zeutan sistimarekin, metodo hutsa ezezik, beste zertxobait osagarritzat ba zedukan eta: hots*, "bista", begien zeregina nagusiena baita*. Esate baterako, nik neuk neure begiez aditzaren aldi bakoitzaren lekua eta erak ikusi beharrean, neure amak esan baleuzkit, hain erraz ikasiko ote nituzke? Ez, eta hamaika bider ez, mila azalpen eman baleuzkit ere. Ez baitago norberak ikustea lakorik. Inoren esanak, norberak ikusteke*, beti daduka badaezpadako* izpiren bat. Tomas Santuarena: "Zer ikus, hura sinets".
Honetan har dezagun lehenengo adigarria berriro ere, BATASUNAREN KUTXA, alegia*. Nork uka dezake, liburu horretan irakurri ahal dugun edozenbat formari gezurrezko itxura deritzakegula? Enplastoak balira bezala. "Hum... honek behintzat ez daduka benetako kutsurik; asmazio hutsa ez ote da? Onenean ere, liburu zaharretatik galbahean hartutako erak izan daitezke; baina ba ote da benetan, horrela berba egin ohi duen herririk?" Honelako kezkak etortzen zaizkigu. Kezka biziak, bidezkoak, giza-legezkoak.
Hilabete pasatua da, Nafarroan egon nintzela. Nere arreba, gure senar-emazteak eta laurok Baztanera joanak ginen, handik ipar aldera iragateko* asmotan; eta hantxe, inguru ikusgarri haietan, Auñamendiko ipar nahiz hego hegaletan, badaezpadako* hitz eta esaera askotxo egiaztatzeko aukera ukan* genuen. Huraxe poza! "Hau, hori eta bestea egia biribilak dituk", geniotsan* elkarri, barteko ametsak egia bihurtuko bailiren. Harriturik ginen, entzun eta entzun aspertzeke*, noiz itzain edo baserritar bat aurkituko, berarekin berriketan egiteko.
Beharbada, hau guzti hau askorentzat gauza jakinekoa izan liteke. "Hura lelokeria, haraino joan beharra", esango daukute. Era berean, Ameriketara joan behar ote dugu, han dagoela sinesteko? Ez, egiaz ez; baina, ostera* ere, joan ez den inork ezin esan han ez dagoenik.
Azkenik, ama, Nafarroa eta herri berbetaz ari* garenez, eta herri edo amaren hizkuntza modan bide* dagoenez, hona hemen Zugarramurditar gazte lerden batekin edukitako* elkarrizketa. Heldu ginen herriko plazara. Herriak lotan zirudien; ez bide* zegoen inor. Halako batean, ate batetik hamabost urte inguruko gazte bat atera zen. Begi urdin eta ile argi argiduna, turista horietako bat bailitzen. Haratu nintzen, galdetzen niolarik (guztia hitzez hitz ez bada ere):
— Arratsaldeon.
— ... (buruaz agurtu ninduen).
— Zugarramurdiko lezea non da?
— Belaxe duzu. Aitzineko bide hortatik xuxen xuxen behera. Berrehunen bat metrora bidegurutze bat duzu. Bata eskuin* aldekoa; UTZ ZAZU BERE GISARA. Hartzu (?) ezkerrekoa. Bertan zara.
Hauxe hau esateko modua. Ez ote zen errazago, lehenengoz ezkerrekoa hartzeko esatea? Poeta samarra bide* zen gure gaztea. Baina, hala ta guztiz ere, Lizardik berak ere ez zukeen halakorik esango, berba egiterakoan. Jakina, Lizardi eta Zugarramurditarra bi oiloren xitak ditugu. Bakoitza bere amaren semea da, eta ama bakoitzak bere hizkuntza eta... bere metodoa.
LUIS A. ARANBERRI
Adriano IV. Aita Santuak Inglaterrako Enrique II-nari Irlandako "Jaun" tituloa eman zion. Harrezkero, burruka luze ta latz bat da irlandar eta ingelesen arteko har-eman ezaguna. 1542-an, Enrique VIII-nak bere makilapean batu zituen Irlanda ta Inglaterra. Isabel I-ren denboran, hiru matxinada gogor biztu ziren; baina ingeles gudarosteak* odoletan ito zituen. 1641-ean berriro jaiki ziren irlandarrak, eta 600.000 bizi kostatu zen azio hau. Cromwell-ek gidatutako zapalketa basatiak luzarorako pozoindu* zituen Irlanda ta Bretainia Handiaren arteko zer-ikusiak. XVIII-garren mendean* ingeles oinperatzaileek, irlandar katolikoei legezko eskubide guztiak kentzen zizkieten zigor-legeak onartuaz, beren zanpaketa bidean ordurarteko marka guztiak hautsi zituzten. 1801-ean izenpetu zen, Bretainia Handi ta Irlandako Erreinu Batua sortu zuen "Act of Union". 1916-an, "Sinn Fein" Alderdi abertzalea jaikitzen da; baina berehala* menperatua da. Lehen Gudu Handiaren bukaeran, irlandar abertzaletasunak, Estadu Batuetako Wilson lehendakariaren herri xipien* gobernu-eskubidearen dotrina bere eginik, sublebazio berri bat antolatu zuen.
Azkenez, 1921-eko abenduan, solasketa* luzeen ondoren, Irlanda Estadu Aske bihurtu zen. Leinster, Munster eta Connaught probintziek eta Ulster probintziako hiru kondaduk (guztitara 26 kondaduk) osatzen zuten Hego Irlanda; hiriburu, Dublin. Ulster-eko beste sei kondaduek Ipar Irlanda deritzan erakunde* politikoa taxutu zuten; hiriburu, Belfast.
Irlandako Estadu Askean, De Valeraren administrazioan, konstituzio berri bat atera zen 1937-an, Eire sortuaz. Eireren nagusigo ta askatasuna garbi jarri ziren, baina Bretainiar Elkargoaren barrenean. Bigarren Gudu Handian Irlandak (Eirek) neutralidadera jo zuen eta 1949-ko apirilaren 18-an Errepublika bihurtu zen, Commonwealth-etik zeharo bananduta.
1921-an Hego Irlandak askatasuna lortzen duenean, Ipar Irlandan Belfasteko Parlamentuak, gehienak protestanteak izanik, askatasunari uko eginaz, Erreinu Batuaren zati bezala jarraikitzea erabakitzen du. Kontuan eduki* behar da, protestanterik gehienak jatorriz ingelesak eta eskoziarrak direla, atzerritarrak leinuz*, hau da, "derecho de conquista"-z baliatuta, irlandarren lurrak harrapatu ta banandu zituzten herbestetar lapurrak.
Bretainia Handia ta Ipar Irlandaren arteko har-emanak 1921-eko "Government or Ireland Act" delakoak neurtzen ditu, Ipar Irlandari Erreinu Batuaren barrenean autonomia zerbait emanaz. Londresko Gobernuak maneiatzen du atzerri, defentsa ta ekonomiazko politika. Gaurkoz behintzat, Ipar Irlanda Erreginaren eta Erreinu Batuko lurraldeen zati bat da, 1949-ko "Ireland Act" agiriaren* arauera*. "Status" federal berezi bat du Erreinu Batuaren Barrenean.
Ipar Irlandako jazoera serioak protestante ta katolikoen arteko burruka zaharren ondorio bat direla esan izan da, erlijio-gudu baten arriskua azalduaz nahiz problemaren sustraia ezkutatuaz. Eskubide zibil huts batzuen hauzia dela hemen diskutitzen dena, ez da egia osoa.
Gaineko zurrunbilo guztien azpitik egiaz eta benetan agiri dena, klase arteko burruka gordin bat da eta klase arteko zapalketa honekin batera eta zapalketa hau dela ta, nazio-problema bat da, biak situazio bakar baten agerpen bi direlarik.
Katolikoak (irlandarrak) sistimatikoki diskriminatuak izan dira protestanteen (anglosajoien) gandik. Diskriminazio hau politika, ekonomia ta gizarte arazoetan argi ikusten da: lan eta etxe-bizitzen arloan, eta hauteskundeetan*, ez baita* ezagutzen "gizon bat boto bat". Katoliko bakar batek ez du oraindik aulkirik lortu Ulster-eko gobernu autonomoan; lan espezializatu gabeak katolikoentzat gelditu izan dira gehienbat, eta lan gabetasun indizerik handiena katolikoen artean nabari* da.
Klase arteko burruka honetan, nahiz eta sinplifikazioak beti eduki karikaturaren arriskua, alde batetik, protestanteak dira zapaltzaile eta katolikoak zapalduak; eta bestetik, esan bezala, protestanteak anglosajoiak dira jatorriz eta katolikoak irlandarrak. Hona hemen nazio-problema. Sakonean jokatzen dena Ipar Irlandaren askatasuna da, edota, Erreinu Batuarekiko kateak hautsita, Ipar Irlanda Hego Irlandarekin lotzea, horrela Irlanda osoaren batasuna lortuaz. Bestela, zertara dator Ian Paisley protestante estremisten buruzagiak dioena?: "Protestanteok ezin dugu onartu Ulster Vaticanoaren ordenak itsuki obeditzen dituen Irlandako Errepublikarekin batzea. Ipar Irlandako Gobernuak mugimendu separatista ta katolikoen probokazioak mozten ez baditu, gudu zibila ezin eragotzi izango da. Katoliko gaizkileok Dublineko Irlandara begiak itzulita daude".
Londresko Parlamentuan diputadu den Gerard Fitt katolikoak, ostera*, hau jakin erazi du: "Irlanda geografiaz eta politikaz berezko batasun bat da. Bi zatitan banatzean, ingelesek gizadiaren aurkako krimen bat egin zuten, eta Irlanda batuta ta atzerriak jarritako kateetatik aske ikusi gabe hiltzeko itxaropenik ez dut".
Gauzak honela, Ian Paisley bretainiar Parlamenturako aukeratua izan da, eta Bernadette Devlin ere bai; baina hau sei hilabeterako gartzelaratu dute (laster beteko du bere kondena), orain urte ta erdiko gertaeretan parte hartu zuela ta. Askatasunaren prezioetariko bat giltzapea da.
MUNIATEGI
Gauza jakina, ZERUKO ARGIA astekari famatuan gertatzen dena. Gaurkoz ez dut, argitaratzen diren idazlanen gaitasunari buruzko kritikarik eginen*, erabiltzen duten idazkerarena baino.
Hemen, zorigaitzez, euskera nahastuan edo antzeko zerbaitean idatzi ohi da, zenbait salbuespen* kenduz gero. Nolanahi ere, ugarien agiri den euskalkia gipuzkera da; hauxe da nagusien dagoena.
Hau ikusirik, tamalgarria zaigu aitortzea, Euskaltzaindiak emanikako araudien* gehienaz ez dela batere axolarik* egiten.
Orain bihoa neure galdera bat. ZERUKO ARGIA asteroko hori Gipuzkoa bakarrerako al da? Ala Euskal Herri osorako? Gipuzkoa herrialderako* bakarrik balitz, bidezkoa litzaiket irudituko jokabide hori. Dena dela, gure astekari hau, gainerakoak bezala, ez dugu Euskal Herriaren zati batentzako bakarrik nahi, herri osorako baizik.
Zertarako dugu, orain berrogei ta hamar urte inguru gutti gorabehera sortu zen Euskaltzaindia? Euskaltzain jakintsu batzuk euskera eder eta garbi batez mintzo daitezen? Beren hitzaldietan euskera akademiko batean egin dezaten? Daitekeena da, baina ez da hori inolaz ere haien egiteko behinena, printzipalena, beste hau baino: egiten duten bezala, euskera zabaldu, ongi idatzi eta hitz egiteko oinarri eta araudiak* eman, gero herriak eta idazleek onar eta bere ditzaten.
Beraz*, ez dut ontzat hartzen zenbait idazleren burugogorkeria, beren gogoetan finkatu eta haietarik ateratzen ez jakitea, are* gehiago beren arrazoiak funtsezkoak ez baldin badira. Gipuzkera hutsean hitz egin eta idazteari, gehienetan behintzat, ez deritzat beti jokabide zuzena denik. Eskerrak, honetan irabaztekoa daramagula. Hain zuzen ere, euskal idazle gazterik gehienek batasunera zuzenki jotzen dute, zaharrek baino hobeki ikusten baitute batasunaren premia, azkeneko hauek bezala begietakoen beharrik ukan* gabe. Horrela, azken aspaldi honetan gazteok argitaratu dituzten liburu berriak irakurri ahal izango ditugu mugaz alde bateko eta besteko anaiok, ahalegin handirik egin gabe.
Zorionez, ba dira hemengo aldean zenbait aldizkari euskera batuan egiten dutenak; esaterako: JAKIN, ANAITASUNA, eta abar. Nahiz eta azkeneko honek, sarritan, gehienetan, bizkaierazko aditza erabili; eta ulertzekoa da hola izatea, batasunaren arlorik zailena* aditzarena baita*. Gainerako erregela eta oinarriak, berriz, ondo gordetzen ditu. Lehenagoko ANAITASUNA ez nuen ezagutu nik; baina bai pizka bat berriro kaleratu dena, eta ia alferrik da esatea gero ta atseginagoa zaidala.
Ikaspide ederrik hartu nahi duenak, har dezala azkeneko hauetatik.
GASTEIZKO BAT
ADIZTEGIA
(Zortzi ta bederatzigarren orrialdeotan agertzen diren zenbait aditz forma, bizkaieraz adieraziak)
baleuzkit, baleustaz.
bihoa, beioa.
daduka, dauka.
daramagu, daroagu.
daude, dagoz.
daukute, deuskue.
deritza, deritxo.
dezake, daike.
dezan, daian.
dezaten, daien.
ditzaten, daiezan.
gakizkion, gakiozen.
genezake, geinke.
nedukan, neukan.
nion, neutson.
zaigu, jaku.
zait, jat.
zedukan, eukan.
zeuden, egozen.
zeutan, eustan.
zeuzkidaten, eustezan.
zion, eutson.
zitekeen, eiteken.
zizkieten, eutseezan.
zukeen, euken.
Bi aste honetako liburua
Joan Mirande: Haur besoetakoa. Lur
Gaurko hau literatur-kritika bat izateko da. Beraz, literaturarekin eta liburuarekin berarekin zer-ikusirik ez duen gauzarik, ez dut hemen ukituko*. Alde batera utziko ditut, beraz, idazlearen pertsona bera eta beraren pentsa-moldea; haren gainean harrotutako esamesak*, hitz-erdiak eta uste ustelak. Bakarrik kritikaren hasieran, zenbait* berri emanen dut Mirandez, irakurlea, liburuaren gainean juzgu bat emate-orduan, sufizienteki informatuta egon dadin.
Guatemalan «Euzko-Gogoa» euskal aldizkaria argitaratzen hasi zenean, harren orrialdeetan zenbait eskritore berrik parte hartu zuten; eta horregatik ederki esan liteke, errebista horrekin batera, euskal belaunaldi* bat sortu zela: Guatemalako belaunaldia. Izen batzuk aipatuko ditut: Alvarez, San Martin, Aurre, Etxaide, Krutwig, lerro hauk firmatzen ditudana, Peilen, Mirande... Orduko denboran ez zen hau azkena izan, puntarengoa baizik. Eta ia guztiak eskola diferentetakoak izanarren (batzuek eskola kreatu zuten gero, besteek ez), denak elkarrekin lotzen zituen lokarri eta juntagailu bat ba zegoen, haien deskonformidadea, aurretikako moldeak apurtu nahia, bide berriak bilatu nahi izatea...
Guatemalakook ez dugu inoiz Guatemalako lurrik zapaldu; gure oinok itsasoaren honandikoan ongi finkaturik eduki* ditugu. Mirande Parisen jaio zen, eta orduandanik han bizi izan da; hala eta guztiz ere, Mirande ez da euskaldun berria, euskeraz xipitandanik jakin du, haren gurasoak Zuberoko euskaldunak izan baitziren, eta Parisko kale luze eta arrotzaren erdian bere euskalduntasunari eutsi eta ekin ziotelako.
Hemen aipatzeko nituen nolako kontra-karrak eta atakeak pairatu* behar ukan* zituen Mirandek zenbait* euskaldun eta sasi-euskaldun pentsa-molde mehar* eta laburrekoren intentzio gaiztotik. Hobe isiltzen ditut. Baina ostrazismo eta debekatze tirano hartatik, haren zenbait liburu eta idazlan geratu ziren argitaratu gabe, haien artean orain LUR editorialak euskal jentartera ateratzen duen gaurko nobela labur hau, edo Mirandek berak dioen bezala, ipuin-berri hau.
Nobela honek, zenbait puntutan, gogora ekartzen dauku denbora bateko Lolita famatu hura. Honekin esanda dadukagu nobelaren gaia zein den; eta erraz konprenitzen da, euskaldun moralista zaharrek, hain eskandalo haundia harturik, bere beztimendak urratu eta bilo-bizarrak hautseztatu zituztela. Segurantzan gaude, gaur egunean ere, neska mini-gonadunekin eta apaiz frakadunekin eskandalizatzen ez bagara ere, ez direla ez lau eta ez sei izanen*, liburu honekin eskandalizatuko direnak. Hala ere, LUR editorialekoek ohar* egoki bat (hala ere edo horregatik) jarri dute liburuaren atarian bertan, liburua haur* listoen eta gizon tontoen eskuetatik urruti gordetzeko. Ez dadin honekin bete Ebanjelioko profezia eta kondena hura: «Haur eta moralista hauk eskandalizatuko dituenak, hobe luke baldin eta errotarri bat lepoari loturik bere burua errekara botako balu.»
Zeren* liburu honen gaia izutzekoa da. Guri ere, irakurri dugunean (eta ez gara errazki izutzekoak, bizitzeak, gure zentzagarri* krudel honek, aski irakatsi baitauku), buruko biloak luzatu eta belaunak larritu egin baitzitzaizkigun. Gizon adineko* eta nagusi baten eta hamar-hamaika urteko neskatxa baten arteko amorioen historia baita*.
Askotan entzunda dadukagu, eta gehienetan elizgizonen ezpainetatik, euskerak, sakristiaren barreneko hizkuntza bat izaten jarraiki dadin bitartean, haren liburuek meza-liburuak izaten iraun dezaten bitartean, ez duela salbaziorik edukiko, sakristian eta mezatan kristauak salbatzen diren arren, hizkuntzak kalean salbatzen direla. Hizkuntzek ez bakarrik letaniak eta otoitzak behar dituztela; bai eta gordinkeriak eta solas zakarrak behar dituztela bizi izateko. Inork inoiz honela pentsatu baldin badu, ez dezala orain eskandalorik har, ez dadila fariseoa izan. Hau pentsatu behar dut: Liburu honegatik gaizki esan behar baldin bada, irakur dadila lehenbizi*; eta nekez eta desgogara irakurtzen baldin bada, orduan esan bedi gaizki. Baina irakurtzen ez duena, isil dadila, ez dezala juzgu ausartik* egin; eta gustora eta atseginez irakurriko duenak ongi beza esan.
Nobela hau bere lehenbiziko redakzioan gipuzkera osatuan zegoen idatzirik; baina autorearen baimenarekin, eta egungo tendentziei jarraikitzeagatik, editoreek euskera batu eta orokarrera* itzuli dute, Batasunaren Kutxan agertzen diren erregelak errespetaturik. Hortik aparte, Miranderen euskera ez da guretzat erraza; alde batetik haren zuberotartasuna, nahiz eta bera hemengo molde eta itxuretara ahalegintzen bada ere, edonondik agiri da; haitzari ura bezala dario Miranderi bere piriniotasuna. Beste alde batetik, eta beharbada Parisen bizi izateagatik herri normalarekin sobera* har-emanik ez duelako edo, Mirande puristegia da, eta maiz* hitz bat erderatik datorrelako, baztertu egiten du, eta haren ordez beste garbiago baina gaitzago bat erabiltzen du. Honek astuntasuna eta zurruntasuna* ematen dio haren euskerari, eta zenbait irakurle xehek* gaiztasun hori gaindituko* ez duela bildur gara.
Hala ere, ongi idatzirik dago. Nobela osoak, hasiera geldi eta baketsutik bukaera zurrunbilotsu eta ekaiztsura, ritmo arin eta bixkor bat darama, beti gorantza igaten dena, bere memento egokietan atseden hartzen duena, dena Beethovenen sinfonia batean bezala ongi konposaturik eta konpasaturik, prezezki* neurturik, jakituriaz erregelaturik. Nobela bezala, eredutzat hartzeko da.
Gaiari buruz, berriz ere, euskaldun prestu, ongi-pentsatzaile eta kristauari hain izugarri irudituko bazaio ere, begirik miopeenak ikusi beharko du amorio hoek ez direla lizunak, haragiaren grina desordenatu eta desonestak ez duela bertan lekurik hartzen, libidoaren indarra ausente dagoela bertatik, gure erromantiko denbora zaharretan mendi-mendian Mirentxu eta Maitena baten amorioak ez zirela garbiagoak izan; azkenean amorio horrek gorputzez bere burua eta amaiera hartzen baldin badu, funtsean* sinbolo bat dela, errebeldiazko azken garraisia zoro bat, gizarte intolerante baten kontrako aldarri* desesperatu bat.
Eta Miranderen liburutik har dezakegun irakaskintzarik harrigarriena, hau da: Obra hau, libertadeari eskaindutako* kantu bat dela; gezurra badirudi ere. Munduko hippiek inposiblearen bazterretan libertade amesgarri horri dedikatutako abesti eder, gaitz eta ezin bat.
Hitz bitan esan beharko bagenu HAUR BESOETAKO zer iruditu zaigun, honela esanen* genuke dela: ikaragarritasunean mamitutako* edertasun inposible bat.
ARESTIAR
ADIZTEGIA
(Orrialde honetan agertzen diren zenbait aditz forma, bizkaieraz adieraziak)
beza, bei.
dadukagu, daukagu.
darama, daroa.
dauku, deusku.
dezan, daian.
dezaten, daien.
gaude, gagoz.
zaigu, jaku.
zioten, eutsoen.
zitzaizkigun, jakuzen.
Eliza gaurko munduan
Garratza bada ere, egia da, eta esan egin behar da: gaur egun, Elizan, arrazakeria asko dogu. Ez dot esan nahi gorputzaren koloreak sortzen dauan arrazakeria; hori azalean bakarrik gelditu daiteke. Kristauen artean agertu jakun arrazakeria askoz ere sakonagoa, mingarriagoa eta deabrutuagoa dogu.
Eliza zatitu egin da. Barruan, "onak" gelditu dira; "besteek", bigarren edo hirugarren mailako Eliza sortu dabe. Eliza santuan, "santuak" bakarrik; santuekin bizitzeko gai ez direnak, Eliza isilean, ezkutuan, zigortuan.
Oraintxe gogoratzen jat Hego Afrikatarrek asmaturiko Askatasunaren Agiria. Honela inoan*: "Bertan bizi diren guztiena da Hego Afrika. Inork ezin daike eskuratu agintea, herriaren nahiak eman ezean..." Eta jakina, herri hori herri osoa da, eta ez zati batena bakarrik.
Horrela hitz egiten ebenak, zurien menpean egozen beltzak ziren. Eta lehen esan bezala, Elizan ere bai zuriak eta bai beltzak bizi dira; gorriak eta berdeak ere bai. "Bizi dira" esan dot; hobe lizateke, "bizi behar dabe" esango baneu. Dana dala, alferrik esango deuskue guztiena dala; agintzen dabenak, danak, zuriak ditugu. (Berriz ere esan, ez naiz gorputzeko koloreaz ari*).
Gauzak horrela direla esatea mingotsa da, bai. Mingotsago horregatik egia dala pentsatzea eta jakitea!
Guztiok dakiguna da, han-hemenka, herri batzuetan, bigarren Eliza sortu dala. Ez dago gehiegi nekatu beharrik, horretara zergatik eta zelan heldu ote garen jakiteko. Done Paulok esana da: bakoitzak ba dau bere dohai berezi bat. Eta egia hau, kristautasunaren txostena dan egia hau, errespetatu beharrean, apurtu egin nahi izan dabe batzuek. Orduan, "besteek", euren dohaia biziko badabe, eta euren kontzientziaren jabe izango badira, Eliza haundia utzi eta bigarren txiki bat sortu beharrean aurkitu dira.
Espiritu Santuak argituko ahal gaitu guztiok noizbait: zuriak, euren burua apaltzen ikasi daien; beste kolore guztietakoak, bakanduak eta zigortuak bizi diren bitartean, inor gorrotatzera heldu ez daitezen.
MARKOX AMUNDARAIN
Eliza gaurko munduan
Vaticanoko hertzainak kexatsu
Joan dan abuztuan, ordu erdiko geldiune bat egin izan dabe Vaticanoko hertzainek*, alogeren altzatzeari tematsu lotzen zirelarik. Hertzain honeek 110.000 lira jasotzen ditue hilero (11.000 pezeta), eta Elizaren gobernamendu nagusiko etxea zaintzen dabe.
Legutiano ta Ubideako abadeen euskal zaletasunaren inguruan
Bai Legutianon* (Araban) eta bai Ubidean (Bizkaian), hango abadeei eskatu izan jake euskerazko mezaren bat herrian jartzeko. Herri bietako abadeek ezetzarekin erantzun izan dabe, euren herrietan euskaldunak hain gutxi izanik, horretarako "pastoralezko arrazoirik" ez dagoela ta.
Berez, halan izango da. Baina halan izan "behar ote dau"? Jendea, berez, ez da katolikoa; baina herrixka horreetako abadeak abade badira, benetan ahaleginduko dira, berez halan izan ez arren, jendea kristautzen. Eta zergatik ez egin ahalegin berdina euskeragatik, Eliza gizon "osoaren" salbatzaile bada?
Gasteizen parrokia berria
Abuztuaren 29-an, San Frantzisko Asiskoaren izenagaz parrokia berri bat eraikia izan da Gasteizko Fermin Lasuen kalean, Zaramaga hauzunean. Horretarako elizkizunetan Gasteizko Gotzaina izan zan.
Francisco García Salve-ri 50.000 pezetako zigorra
Seguridadearen Zuzendaritza Jeneralak 50.000 pezetako zigorra ezarri deutso esandako abade jaunari. Europa Press-ek dinoanez, sindikalista batzuk abade horren etxean bildu* ziren, horretarako baimenik ez eukelarik.
Abade sekulartuak
425 bat mila abade dirateke* mundu zabalean. 1963-tik 1968-ra, ehuneko 1,6 ei dira sekularizazioa eskatu dabenak. Zehatzago esanda, 7.137 abadek eskatu eben, eta 5.652 abaderen eskaria onartu zan.
Konkordatu berria luzarorako
Konkordatu berria ez da berehala* egingo, esan dau Pivone jaunak, Vaticanoak Madrilen daukan Nuntziaturaren buruzagiak. "Ya" Madrileko egunkariak* adierazo dauanez, Obispoak izendatzeko modua izango ei da punturik zailena.
«Opus Dei»-ko 22 abade berri
Luigi Dadaglio Nuntzio jaunagandik hartu izan dabe apaizgoa Opus Dei taldekoak diren 22 gizon gaztek. Eurotarik 6 midikuak dira, 3 inginadoreak, 2 militarrak, 2 legegizonak, 2 ekonomistak, 2 filosofilariak, 2 zientifikoak, 1 arkitektoa, 1 matematikoa, eta 1 ofizio bako jakituna. 9 Espainian jaioak dira, 3 Mexicon, 2 Colombian, 2 Inglaterran, eta bana jarraiko nazinoetan: USA, Argentina, Portugal, Canada, Austria eta Alemanian. Eliza, jakituriaren bidetik abiatu da...
Ignacio Orbegozo, Eibar aldeko artzipreste berria
Motrikuko erretore dan Ignacio Orbegozo abade jauna, Eibar inguruko artzipreste kargurako hautatua izan da, bere abade lagunen botoz. Gotzainak ontzat eman dau hauteskunde* hau. Herritarrek ez dabe parte hartu izan.
Patxo Garat abade berria
Nafarroa Behereko Hazparne herri dotorean eman izan dau bere lehenengo meza Patxo Garat gazteak, joan dan abuztuan. Gotzaina, hainbeste abade eta herritar egon ziren mezaberrian.
Zirarda jaunarekin
Euskaltzaindiak eskari bat egin deutso Zirarda jaunari, Bilboko Herri Irratian* euskera sartzeko. Eskari hori kartaz egin jako eta eskuz eman. Eskari hori betetzeko ahaleginak egingo zituala erantzun eutsen gotzainak, beragana joan ziren akademikoei.
Don Gines Aretxaga Bermeoko erretoreari omenaldia
Jubilatzekotan dan Don Gines Aretxaga Santa Mariako parroko jaunari, omenaldi bat egin izan jako irailaren* 6-an. Zirarda Gotzain jauna ere han izan zan, zenbait abadegaz batera meza santua emanaz.
Bizkaiko «Caritas» Peruri laguntzen
Joan dan abuztuaren azkenetan, 410.000 pezeta eman izan ditu Bizkaiko "Caritas"-ek Perutarrentzat. "Caritas" berak 100.000 pezeta eman izan ditu; 134.000 banku etxeek, eta beste guztia herriko jendeak. Jestio guzti honeek Peruko Enbaxadaren bidez egin izan dira. "Caritas", Elizak behartsuei laguntzeko antolaturiko erakunde* bat da.
Aita Lertxundi ta Iratzederren «Pasionea» Angelun
Lapurdiko Angelu herrixkako elizan eman izan da Aita Beneditano ospetsu diren Iratzeder eta Lertxundiren "Pasionea", edo Jesukristoren pasioa kantuz.
Imanol Sorondo, artzipreste berria
Jatorriz Oiartzundarra dan Imanol Sorondo izanen* da aurrerantzean Bergara inguruko artziprestea. Orain arte Bergarako Done Pedro elizako erretorea zan.
Done Mikel Garikoitzen omenez elizkizunak
Irailaren 2-an ospatu izan dira Nafarroa Behereko Ibarran elizkizun batzuk, San Mikel Garikoitzen omenez. Goizeko 6-retan hasita, ordurik ordu, mezak. 10-etan, meza nagusia, Donapaleuko* Pagola erretore jaunak predikua eginaz. Bazkolondoan, bezperak eta gurutzbidea.
I. Hiztegia
(Ale honetan izartxo bategaz agertzen diren berbak)
ABANTAILA, ventaja.
ABELGORRI, ganado vacuno.
ADINEKO, edadeko.
AGERKARI, publicación periódica.
AGIRI, documento.
AHATZ, ahaztu.
AHUL, makal.
ALBISTE, berri, notizia.
ALDARRI, garrasi.
ALEGIA, hau da, es decir, a saber.
ARAKATU, aztertu, ikertu.
ARAUDI, reglamento.
ARAUERA, según, en conformidad con.
ARDIETSI, lortu, alcanzar.
ARE, oraindino (gehiago).
ARI IZAN, jardun.
ARITU, ari izan jardun.
ARRO, cuenca de río.
ARTE, encino.
ARTILE, ardi ile, ardi ule, lana.
ASKI, nahiko.
ASPERTZEKE, aspertu barik.
AUSART, temerario.
AXOLA, ardura.
AZKON, dardo.
AZOKA, merkatu.
BADAEZPADAKO, inseguro, dudoso.
BAIKARA, bait gara, gara ta.
BAITA, bait da, da ta.
BAITAKIE, bait dakie, dakie ta.
BAITIRA, bait dira, dira ta.
BAITITUZTE, bait dituzte, ditue ta.
BAITZEN, bait zen, zan eta.
BAITZUEN, bait zuen, eban eta.
BARATZAIN, hortelano.
BATZORDE, comisión.
BAZTER, baztertu.
BEHARGIN, langile.
BEHINBEHINEKO, provisional.
BELAUNALDI, generación.
BERAZ, hori dala ta, por consiguiente.
BEREBIL, automóbil.
BEREZIKI, batez ere.
BEREHALA, behingoan, en seguida.
BEZAIN, baizen.
BIDE, antza, nonbait.
BILDU, batu, elkartu.
BILERA, batzar, concentración.
BOLADA, unada, sasoi.
BORTITZ, indartsu.
BOTERETSU, indartsu.
BUKATU, amaitu.
BULEGO, oficina.
DATEKE, da nonbait, izango da.
DEMASA, haundi.
DIRATEKE, dira nonbait, izango dira.
DONAPALEU, Saint-Palais.
DUIN, justo.
EDOZENBAT, zenbatgura.
EDUKI, euki.
EGINEN, egingo.
EGUN, gaur.
EGUNKARI, eguneroko periodiko.
EKIALDE, sortalde, Este.
ELIZALDE, anteiglesia.
ENPARADU, restante.
ENPARANTZA, plaza.
EPE, plazo.
ERABAT, zeharo.
ERAKUNDE, estructura, institución.
ERE, bere, be.
ESAMESA, habladuría.
ESANEN, esango.
ESKAINDU, eskaini, ofrecer.
ESKAINI, eskini, eskeinl, ofrecer.
ESKUALDE, comarca.
ESKUIN, eskoi, eskuma.
ETSAI, arerio, enemigo.
ETSIPEN, desesperación.
FUNTS, hun, gun, muin, barne.
GAINDITU, superar, vencer.
GALDERA, itaun, pregunta.
GATAZKA iskanbila, zalapartada.
GENIOTSAN, esaten geuntsan.
GEZI, flecha.
GORAZARRE, laudorio, alabantza.
GUDAROSTE, ejército.
GUTXIETSI, menospreciar, subestimar.
HARAN, ibar, valle.
HAUR, ume.
HAUTATU, aukeratu, elegir.
HAUTESKUNDE, elección.
HAZIL, zemendi, noviembre.
HERRIALDE, provincia.
HERTZAIN (herrizain), policía.
HONAKO, honelako.
HONAN, honelan.
HOTS, hau da, a saber.
HURBIL, hurre, cerca.
HURIGINTZA, planificación urbana.
IDAZKARI, secretario.
IGAN, igon, igo.
IGANDE, domeka.
IHARDUKI, jardun.
IHES, iges.
IHIZTARI, ihizian dabilena, cazador.
IKERTU, aztertu, arakatu, examinar.
IKUSTEKE, ikusi barik.
INKESTA, encuesta.
INOAN, esaten eban.
IRAGAN, igaro, pasar.
IRAIL, septiembre.
IRAULTZA, revolución.
IRRATI, radioemisora.
IRUDIOZ GAIN, irudi horreez gainera.
ITAUNDU, galdetu, preguntar.
IZANEN, izango.
JADANIK, ya.
JAUZI, salto.
KALONJE, canónigo.
KANPOLARROSA, obsequioso con los de fuera de casa.
KASIKAN, ia, kasik.
KINKA, momento crítico.
KONDAIRA, historia.
LAIN, beste, aina.
LARUNBAT, zapatu.
LEGETXE, bezalaxe.
LEGUTIANO, Villarreal de Alava.
LEHENBIZI, lehenengo.
LEINU, jatorri, linaje.
LUZAIDE, Valcarlos.
MAIZ, sarritan.
MAMITU, mamindu.
MEHAR, hestu.
MENDE, menpe, siglo.
MENDEBAL, sartalde, Occidente.
MUNTAKETA, montaje.
NABARI, patente, notorio.
NEREKIKO, nire ustez.
OHAR, advertencia, nota.
OMEN, ei.
OSTEGUN, eguen.
OSTERA, berriz; ibilaldi, viaje.
OROKAR, general, común.
PAIRATU, jasan, sufrir.
POZOINDU, envenenar.
PREZEZKI, con precisión.
SALBUESPEN, excepción.
SOBERA, gehiegi, larregi.
SOLASKETA, conversación.
SUKARRI, su egiteko harri, pedernal.
TAMALGARRI, penagarri.
UDAL, Ayuntamiento.
UKAN, euki, izan.
UKANEN, ukango, eukiko.
UKITU, ikutu.
UZTAIL, julio.
XEHE, sencillo, corriente.
XEMAIKO, bost zentimoko moneda.
XIPI, txiki.
ZAIL, gaitz.
ZATEKEEN, izango zan.
ZENBAIT, batzuk.
ZENTZAGARRI, zentzudun egiten gaituana.
ZEREN, ze, pues.
ZIZTOR, estalactita.
ZURRUNTASUN, pesadez, lentitud.
II. Idazteko modua
Txarto:
Ideia hori tamalgarria deritzait.
Gipuzkera hutsean hitz egin eta idaztea, ez deritzat beti jokabide zuzena denik.
Ondo:
Ideia honi tamalgarri deritzat.
Gipuzkera hutsean hitz egin eta idazteari, ez deritzat beti jokabide zuzena denik.
IMANOL BERRIATUA
"Anaitasuna" eta euskera batua
ANAITASUNA-n erabiliko den euskera batuari buruz, erabaki hauek hartu ditugu aldizkari honen zuzendaritzan parte hartzen dugunok:
1. 1971-garreneko azken egunerarte, BATASUNAREN KUTXA-n agertzen diren moldeez eta erregelez baliatuko gara.
2. Aditzaren era dobleetarik lehenak erabiliko dira, UKAN aditzaren hirugarren pertsona datibo bati KE hizkia gaineratzen zaionean izan ezik. Adibidez, DAUTZUT eta ez DIZUT, NEUTZUN eta ez NIZUN. Baina NIOKE eta ez NIKEO, NIZKIEKE eta ez NITIKEE.
3. KE hizkia daramaten hirugarren pertsona aktiboko adizkietan. KE horren eta TE pluralaren ezaugarriaren artean I bat sartu da. Hau liburuaren egileen huts bat besterik ez da izan, eta I hori kendu egin behar da. Erabil bedi, beraz, adibidez, LUKETE eta ez LUKEITE.
4. Baldin idazleetariko inor BATASUNAREN KUTXA-ko edozerekin ados ez baletor, edo hemen hartutako erabakiak onar ez balitza, bere gogara dena erabil lezake; bina ANAITASUNA-ren zuzentzaileari idatzi beharko dio, bere asmoa adieraziz. Zuzentzailea: Imanol Berriatua, Irala, 8 - Bilbao (12).
5. Euskal Herriko irakurle guztiei, hemengoei eta mugaz haraindikoei, erregu sutsu bat egiten diegu: BATASUNAREN KUTXA-n agertzen den edozerekin nahiz ANAITASUNA-n idazten den moduarekin konforme ez bazaudete, bidal otoi zuen eritziak aldizkari honen zuzentzailearen gana, denon artean euskeraren batasuna ahalik ondoen egin dezagun.
ZUZENDARITZA
Ezagutu gure herria
Aialako eskualdeak* hartzen dituan udalak* aztertuko ditugu orain banan banan:
Laudio
37,67 km.2 eta 11.660 bizilagun, 1965-aren amaieran. Bere hauzoak hiru taldetan banatuta dagoz: Gojenuri (herriburua), Larra-Areta eta Larrazabal-Olarte, azken honetan Gardea aurkitzen dalarik. Gasteiz kenduz gero, gaurko Araban Laudio da huririk haundiena. Gasteiztik 52 kilometrora, eta Bilbotik 23-ra. 1491-erarte Bizkaikoa izana, gero Arabako anaiarteetan sartu zan, Aialako taldean; baina, hala ta guztiz ere*, oraindik Bizkaiko Forua dauka ofizialki, herrialde* horretako beste edozein elizalderen* moduan. Laudioko salerosketa gehientsuena Bilbon egiten da. Bizkaiko Orozko harana* eta Arrankudiaga ta Arakaldo herriak alboan ditualarik eta Aiala eskualdeko herri nagusia dalarik, ofizialki Amurrio gehiago bada ere, Laudio dala esan geinke, mugak hausirik, herriburu agiriena. Industria herria, 5.189 langile zituan 1966. urtearen azkenean, 150 bat ola* ta lantegi eta hainbat banku etxe. Lehengo ola zaharrak itxi zirenetik harrezkero, 1936-an hasi zan herri honen industrializatzea, «Vidrieras de Llodio» izeneko ola handiarekin. Gaur altzeiru ola haundi bat eta Areta hauzoko «Ardau» izeneko ardo ola dira nagusienetarikoak. 1.135 Ha. ditu basotan, 2.213 landa ta larratan, eta 319 solo ta ortutan. Gaur baserria bigarren maila batean dago, eta, basetxeak gutxituaz, pinudiekin gehitzen doa. Nerbion hibai arroaren* erdi inguruan, Bilbotik Pancorborako erregebidean aurkitzen da, eta Bilbotik Mirandarako trenbidea ere* bertatik igarotzen da. Aiala eskualdean, azkenengo galdu da herri honetan gure hizkuntza; baina gaur ikastola bat irekia dago, eta bertako Lasalletar fraideak euren ikastetxean aurten euskera irakasten hasteko dira.
Okendo
30,05 km.2 eta 700 bizilagun. Bere hauzoak: Irabien, Jandiola, San Roman, Ugalde, Billatxika eta Zudibiarte (herriburua). Laudiotik Mendebal* aldera aurkitzen da, Enkartazioetako Gordexola hurrengo herria daualarik. Gasteiztik 58 kilometrora, eta Bilbotik 24-era. Herri hau pixka bat bakartadean dago, Bilbotik hurbil*, atseden leku ederra izateko; horregatik hainbeste Bilbotar joaten dira bertara jaiegun eta larunbatetan*. Baserri herria izan arren, baso herria dala esan geinke ia osorik herri hau. Kontuan eukitzea baino ez dago, 1,92 km.2 direla lur landuak eta 1,17 landak, eta beste dana baso hutsa, gehiena pinudia. Udalak* 400.000 pinu ditu sartuta, herritarrekin batera. Ia ez dauka industriarik, bost zerra etxe kontatuz gero.
Artzeniega
28,46 km.2 eta 1.089 bizilagun. Bere hauzoak: Gordeliz, Mendieta, Kanpixo, Tudelako Retes, Santa Koloma, Soxogoiti eta huria. Gasteiztik 60 kilometrora dago, Gordexola eta Mena haranarekin* muga egiten daualarik. Handiki huria izandakoa, jauregi ederrak ditu; bere gaurko ospea, jaiegunetako atseden leku izatean gelditzen da. Herri oso polita, Arabako Ipar-Mendebal bazterrean egon arren, ikustea merezi dauana. Industria apur bat dauka: txorizo ola*. eta beste lantegi txiki batzuk. Lur landuak 521 Ha. dira, eta basoak 2.244; hemen ere, ikusten danez, basoa gehiena, eta hortik pinua, nahiz eta haritz eta artetan* ere 225 Ha. egon. Turismoak ere aberastasuna ematen deutso herri honeri. 1272-garreneko hazilaren* 2-an heldu zan huri izatera, «Bizkai eta Gasteizek dituen foru ta beste legeak hartuaz», orduko agiriak* dinoanez.
Aiala-Arrespalditza
140,30 km.2 eta 2.771 bizilagun. Aiala izenagaz ezagutzen dan udal hau, izen hori eban anaiartearen zatirik nagusiena da. Hain zuzen ere, 1845. urtean Erreinuko Aiuntamentuen lege berria atera zanean, lehenik Llanteno eta Sopeña izeneko taldeekin osotu zan gehlenbat udal hau, herriburu Arrespalditza gelditurik; baina ez beti: esate baterako, Luiando, Amurriokoa izanik, udal honetan sartu zan. Hainbeste ganorabakokeria egin zirenetariko bat da udal handiegi honen bizitza. 24 herritxo ditu: Agiñiga, Añez, Beotegi, Kostera, Etxegoien, Erbi, Izoria, Lexartxo, Luxo, Luiando, Llanteno, Madaria, Maroño, Menagarai, Menorio, Murga, Ozeka, Olabezar, Kexana, Arrespalditza, Llantenoko Retes, Salmanton, Soxo eta Zuatza; beraz*, Okendo, Lezama ta Amurriokoak izandako herritxoak ere* sartzen dira nahaste honetan. Udal honen Hego-Mendebal aldean mendikate luze bat dago, Garobel izenekoa, nahiz eta gaur «Sierra Salvada» oker deitu. Baserri udala gehienbat, Luiando eta Murgan dagoz industria txiki batzuk. 2.804 Ha. ditu lur landuak, larrarako basoak 6.726, arboladun basoak 3.250, eta ezertarako ez direnak 1.250. 1966-an egin zan kontaketan 2.880 abelgorri* zituan, 7.000 ardi, 1.200 txerri eta 400 ahuntz; beraz, ba dauka ganadutza, nahiz eta aurrerapen askoz gehiago behar, udal honek dituan ahalmen guztiak produzioan jartzeko. Kexana herrian monasterio entzutetsu bat dago, artearen aldetik balio handia dauana; eta bertan barruan dagoz Aialako jaunen harrizko hilobi ederrak, eta Arrespalditzan jauregi handi bat, Udaletxea, parrokia, espetxea, eta Aialako lehenengo jauna izan zan Belaren hilobia.
Amurrio
24,29 km.2 eta 4.780 bizilagun. Bere hauzoak: Abiaga, Onsoño, Ugarte, Zamora, Kalea eta Landako (herriburua). Aiala eskualdearen legezko huriburua da gaur egunean; hain zuzen ere haren erdi erdian dago, administraziozko mugei begiratuta behintzat. Baserria euki arren (horretarako ba ditu lur ederrak), industriari gehiago josia dago orain. Bere lurrak honan* banatzen dira: landuak 295 Ha., landak 229, frutarakoak 14, larra eta haritz 28, mendi 602, pinu 1.150, eta kale eta ezertarako ez dagozanak 111. Industria gehiena metalurgikoa da, nahiz eta muble etxe, orfebreria eta paitar lantegi batzuk bertan egon. Herri honetan aurkitzen dira eskualdeko hauzitegi, jabetasun bulego*, notaria, sindikatu bulego, eta horrelakoak. Beharbada, Arabak oraindik eskualde zerbitzuen planteamentu bat egiteko daualarik, hemen falta egiten dira eskualde bateri dagokiozan beste erakunde* eta bulego batzuk: hurigintzakoa*, eta abar. Bideen aldetik, hemendik igarotzen da Bilbotik Mirandarako trenbidea; eta bertan gurutzatzen dira Bilbotik Pancorborako erregebidea, eta Balmasedatik Gasteizerakoa. Herri honetan, ikastola bat zabaltzekotan ei dabiltza, eta aspaldian galdurik dauan hizkuntza berbizteko seinale ona da.
Lezama
43,92 km.2 eta 1.083 bizilagun. Udal hau osotzen daben herritxoak honeexek dira: Astobitza, Baranbio, Larrinbe, Lekamaña, Saratxo eta Lezama (herriburua). Amurrioren Ekialdean* dagoen udal hau bizilagunez urritzen doa, industriarik ezak jendeari bertatik alde eragiten deutsolako. Lezamar gehienek albo herrietako industrietan lan egiten dabe. Baserri hutsezkoa, 2.624 Ha. baso, 1.044 landa eta larra, 522 lur landu eta 200 txara edo produzio bakoa, herri honeri elkartzea falta jako, beste herriei bezala. Ba dauka «San Prudencio» izeneko kooperatiba bat, baina lehengo erakoa da. Herriburuan, harlanduzko jauregi eder bat dago, Larrako izeneko.
19,40 km.2 eta 603 bizilagun ditu Arrastariako haran* honek, lau herrixkatan banatuta: Aloria, Artomaña, Tertanga eta Delika (herriburua). Orduñagaz bat eginda ei egoen haran hau 1380-rarte. Orduñako aldatza deitzen jakon hasieran dagoz Tertanga eta Delika, eta beste biak iparralderago. Gutxi ezagutzen diren herrixka honeek, azkenengo urteotan, Bilbotarrez betetzen dira uda aldean; eta turismo horrek aberastasuna ta bizia emoten deutse. Bestela, baserritik bizi dira. Lurrak honan banatzen dira: landuak 525 Ha., mendi eta baso 1.242, landa eta larra 170. Haran honek Orduñagaz egiten dau bere bizitza guztia.
J. L. LIZUNDIA