ANAITASUNA

196 zenb. 1970

IRAILAK-30

Jardin Txikerra, 1 BILBAO-12


«ANAITASUNA BIZKAIA»

Zuzendaria: Anjel Zelaieta Gisasola

Jabea: Kantauriko Frantziskotar Hirugarrendarrak. Intxaurrondo, 3 - Durango.

Idazkola ta banakola: Jardin Txikerra, 1 - Bilbao (12)

XIX. urtea, 196. zenb., 1970. Irailak 30.

D. L.: BI - 1.753 - 1967.

Imprimatzailea: Imprenta AMADO, Bilbao.

Irarlea: RALI, Bilbao.


Filme berria

Ba genkian, bilbotar gazte batzuk filme berri bat egitekotan zirela; eta halaxe adierazi genduan aldizkari honetan, nahiz eta albistea soil soilik eman. Orain, filme berri horren zuzendariarekin eta lehenengo interpretearekin mintzatu ondoren, ba daukagu berri zehatzagorik emateko ere.

Dinogun bezala, laster egiteko diren filme horren zuzendariagaz egon gara, eta magnetofonoz jaso genduan elkarrizketa dakargu hemen, jendearen irakurgarri.

— Mesedez, esango al deuskuzu zure izena?

— Juan Maria Insunza.

Juan Mari mutil gazte bat da oraindik, luzea, ta gorputz dotore baten jabea.

— Nongoa zara?

— Muxikarra, baina aspaldion Bilbon bizi naiz.

— Beraz*, euskeraz jakingo dozu?

 — Bai, bai. Jakin eta hitz egin ere bai.

— Zelan has! zara zinea egiten?

— Begira, ni fotozalea naiz, fotoegile esan nahi dot. Eta hortik zine egitera, ausardiazko* pauso bat baino ez dago.

— Orduan, seguru asko, zinerako ikasketak egingo zenduzan.

— Bai, Madrilen ari* naiz ikasketok egiten.

— Emaiguzu, otoi, zure asmoetan dagoen filme horren berri.

— Filmearen gioia neurea da, ta zuzendu ere neuk egiten dot. Zer gehiago esan neiskizu?

— Pelikularen izena?

— «La escapada del sol».

— Eta gaia?

— Gaia, izatez, gerra denborakoa da, gerratean egina, geure gerratean. Baina gerra, atxakia bat baino ez da. Ez dot gerrarik aipatzen, beste pentsakizun batzuk azaltzeko bide bat bezala baino. Soldadu baten historia da. Soldadu hori bakarrik sentitzen da, beste pertsona batzuen premia* dauka, ta besteak maitatu beharra sentitzen dau.

— Beraz, pertsonen adiskidetasun edo maitasuna aipatzen dozu?

— Bai, hala da.

— Eta zer dinoskuzu azkenean? Soldaduak pertsonak maite ahal dituala, eta pozarren gelditzen dala...?

—Bai eta ez. Maitatua izatea nahi dau, maitatzen dau eta pozik sentitzen da; baina gerran dabil, eta gerraren mina eta etorkizun arriskugarria ezin ditu baztertu.

— Non egiten dozu filmea?

— Sopelanan hasten gara, gero Bilbo hegaleko Oilarganen, Gorozikan, Foruan, Zornotzan, Lekeition, Lagan, Ean, eta abar. Trenbide ta estazioak sarritan ikusten dira, soldadua bere etxera etortzerakoan, eta abar.

— Nork egin izan dau musika?

— Estitxuk.

— Musika berria, ala orain arte entzun deutsaguna?

— Ez. Musika berria da, Estitxuk berak egina: melodia polit eta hunkigarria. Gure asmoa, jendeak zinetokitik irtetzerakoan* doinu hori kantatzea da, eta gure desira* hori lortuko dogula uste dogu.

— Eta kantatu ere Estitxuk berak egingo al dau?

 Bai, eta Libaronak ere bai. Doinua, Zornotzako mutil koxkor batek joten dau. Eta hau ere kontuan izatekoa da: kanta guztiak euskeraz dira.

— Kantak? Eta pertsonalen* berbak ere bai?

— Ez. Berbak erdera hutsean dira, «ama», «agur» eta holakoak izan ezik.

— Penagarria da. Guk uste genduan, euskeraz gehiago egingo zenduela. Zergatik ez?

— Oraingoz, peninsula osorako egin gura dogu. Gero, ondo ateratzen bagara, beste pelikula bat egingo dogu, eta euskeraz egiten saiatuko gara.

— Hala izan dadila. Eta zein interprete dozue?

— Mutil hau, neure lagun hau dogu interprete nagusia.

— Izena, mesedez?

— Mikel Zugatza.

— Urteak?

— Hemeretzi.

— Ta nor gehiago?

— Gero, honekin pareja eginik, Beatriz Galbo, 17 urteko artista.

— Zein zine etxek egiten dau pelikula hau?

— Bilboko «Films Internacional» etxeak.

— Noizko egingo dozue zuen filme hori?

— Urte bete barru uste dot, amaituko dogula.

— Hala danean, joango gara ikustera, eta kritikatu ere egingo dogu zuen lana.

— Mila esker.

ANJEL ZELAIETA


Herriz herri

12 Harrietatik

Bizkaiko C.I.T.-ek argitaratutako azkenengo aldizkaria, gehienbat Durangoaldeari eskainita* dago. Bertan agertzen dira, beste gauza askoren artean, eskualdeko* ohitura, herri kirola*, janari, argazki*, eta abar.

Egunokaz hil da Caracasen, 63 urte dituala, Durangoko seme izan dan Ignacio Zuloaga margolaria*, «el mozo» izen herrikoiagaz ezagutuagoa. Bilbon hil da Kamiruaga margolaria ere, hau ere Durangoko semea.

Hilabete honen 5-etik 13-rarte ospatu ditue Elorrion «Feria Nagusiak» izenagaz ezagutzen diren jaiak. Aste honetako jaiak bertako gazteek antolatuta egon dira, Udalaren laguntasunagaz eta haren babesean. Apur bat gainetik begituta, uste dot, gazte honeen ahaleginak, jai herrikoi batzuk lortzeko, txalogarriak izan direla eta gehienbat lortuak. Aste honen barruan ikusi dira Elorrion: «Ez dok amairu», idi probak, ume jolasak, soka muturrak, «Argia» dantza taldea, soinu taldeak, eta abar. Ume, ezkonberri eta mutil helduentzat ere egun bereziak egon dira. Euskera maiz* erabili da; baina, hala ta guztiz ere, ba dago oraindik eginbeharra eta non lan egin sendo. Irakatsi ederra Elorrioko Udalak* eman dauana, jai honeen ardura herriko gazteen eskuetan utziaz*. Eta irakatsi ederragoa oraindik gazteriarena, konfidantza honen merezigarri izan dalako. Zorionak, gazteok.

Durangoko Tabira Mendizale Elkartearen hileroko irteera*, urriaren 11-n izango da Pagozelai mendira.

Mallabian, Gerediaga Elkartearen babesean eta herriko laguntasunagaz antolatuta, Euskal Herriko Artzain Txakurren IV. Txapelketa ospatu zan Zengoitiganen, irailaren* 6-an. Hamalau txakurrek parte hartu eben bertan: Hego Euskal Herriko lau herrialdeetatik hiruna, eta ihazko* lehenengoa ta bigarrena. Aurtengo txapelketan Mañariko «Riki» izan zan lehenen, «Chavala» Tartanga-Arabakoa bigarren, eta «Txato» Axpe-Martzanakoa hirugarren. Lehenengo bost txakurren artean, lau Durangoaldekoak ziren. Txapelketa hau Euskal Herrikoa bada, ea datorren urtean Iparraldeko txakurrak ere ikusten ditugun bertan.

Hilabete honetan zabaldu dira, Ezkurdiko enparantza* berrian, Durangoko Udalak egindako arte-gelak. Lehenengo agerketa honetan Gipuzkoako lau margolariren lanak agertu dira. Aurten agertuko diren beste batzuk, honeek dira: Jose Manut, Luis Sanz eta Ibarrola margolarien zenbait* obra, Euskal Herriko 100 baserri etxeren argazkiak*, eskulturak, eta abar.

Zaldibarko Udalak, herriko «Coral»-aren kabuz*, Severo Arantzamendi Etxebarria izena ezarriko deutso herriko kale bateri. Gizon hau ospe ta zeresan haundikoa zan herri honetan. Ondarroatarra jatorriz, midiku ikasketak Valladoliden amaitu zituan. Berriatuan egindako urte batzuk kenduz gero, bere bizitza guztia Zaldibarko gaixotegian igaro eban.

Durangoko Gazte Elkartearen lehenengo urteurrena betetzen dala ta, bertako batzordeak* gazteentzako aste bat antolatu dau. Aste honetarako eratuta daukaz hizketaldiak, arte erakusketak, bertso txapelketak euskeraz eta erderaz, osterak*, dantza txapelketak, zahartzaroari omenaldiak, abesti saioak, familia elkartekoakaz elkarrizketak, eta abar.

Abadiñoko dantza taldeetako ume ta gazteek aste bete egin dabe Plentziako baserri batean, udako oporretan*. Eta Durangoko Tronperri taldekoek, Natxituan.

Udagoien honetan hasiko jakuz alfabetatze kanpainak eskualdean*; dakigunez, Otxandio eta Abadiñon izango dira lehenengoak. Ea beste herriek ere bide honeri jarraitzen deutsoen.

Urriko 10, 11, 12, 13 eta 18-an ospatuko dira Durangon San Fausto jaiak.

Aurten, Mallabi ta Elorrioko idi probetan, Aiakoak izan dira nagusi. Mallabian Iruretagoiena, eta Izeta Elorrion; lehen esan dogun legez, biak Aiatarrak, giputzak.

Eskualdeko eskola ta ikastoletan hasia da aurtengo ikastaroa, lege berriek agintzen daben bezala.

JOAN ANTONIO AROMA

Galdakano

Euskal Kultura Astea

Herriko gaztediak antolaturik, jarraian agertzen diren hitzaldiak emango dira. Irailaren* 28-an, astelehenez, «Literatura Vasca del Siglo XX», Xabier Kintanak. 29-an, asteartez*, «Arquitectura», Jabier Arguinzoniz, Iñaki Peña eta Anton Aguirregotiak. Irailaren 30-ean, asteazkenez*, «Geografía», Jose Luis Lizundiak. Urriaren 1-ean, ostegunez*, «Ama Lur» filmea, «Regio» zinetokian. Urriaren 2-an, ostiralez*, «Música», Jose Antonio Aranak. Urriaren 3-an, larunbatez*, Euskal Jaia, «Regio» zinetokian, gaueko 10 t'erdietan: Natxo, Mario eta Itziar, «Itxaropen», «Txairo», «Argia» ta «Larraiza» dantzari taldeak, «San Anton» orfeoia, eta abar. Urriaren 4-ean, igandez*, Umeen Jaia, karrozen kalejira, pelota partiduak eta erromeria.

Hitzaldiak «Gran Cinema» antzokian izango dira, iluntziko 8-etan.

Juan Martin jaunari hitzaldi bat eskatu jakon, eta, erderaz eman behar ebala jakitean, ez eban onartu eskaria. Gure ustez ere, Galdakanon ez dago arrazoi haundirik, hitzaldiak euskeraz ez egiteko. Aurten egiten ez badira, gutxiago hurrengo urtean. Jendea ez da euskeraz hitz egiten hasiko, horretaraxe behartzen ez bada.

Jaien programaren inguruan

1970-eko jaien programa ikusi ondoren, gogorapen batzuk izan ditut. Programa horretan jartzen diren anuntzio guztiak erdera hutsean eginak dira, ANAITASUNA aldizkariarena izan ezik. Arrazoia, bat bakarra baino ez da: ohitura da erderaz egitea, eta erderaz egiten dira. Baina nik uste dot, hurrengo urtean anuntzio asko euskeraz egingo direla.

ANJEL ZELAIETA

Elgoibar

Artikulurik onena

ANAITASUNA, 193. zenbakia. Gure artean hamabosteroko idazlanik onena aukeratzean, «EUSKALTZAINDIA 1970» hautatu* dogu. Arantzazuko bilera* sarritan aipatua izan arren, ez baitogu* hain garbi irakurri hango erabakia zer zan. Isilune horregatik sortu dira gure artean hainbeste buruzagi, eta nori jarraitu ez dakigunok beharrezkotzat hartu genduan Euskaltzaindiaren deia.

ANAITASUNA, 194. zenbakia. Batasunaren beharra ikusi eta sentitzen dogunok eta bertara jo gura dogunok, norbaiten laguntza behar dogu. Bide bat behar dogu, eta, bide hori pixkanaka erakusten bajaku, hainbat hobe. Horregatik Imanol Berriatuaren ohar eta erregelak onuratsu* jakuz, eta, ale bakoitzean honelatsuko ikasgai txikiak azaltzeko eskatuz, 8. orrialdean agertzen dan haren lana aukeratzen dogu.

Ondoren, EZAGUTU GURE HERRIA eta EUSKALDUNGOA idazten dabenak laudatzea erabakitzen da. Bata, gure Herria ezagutarazteko egiten dauan lan garrantzitsuagatik. Eta bestea, ANAITASUNA irakurtzean, hainbat albiste edo berri jakinarazten saiatzen dalako.

Etxebarria ta Barinaga

Illaldapeko bidea ia amaituta dago. Harri kamioikada batzuk bakarrik falta dira. Baina, oraintxe ere, Abeletxeraino ondo joaten dira automobilak. Orain, Illerogoira ere bidea egiten dihardue.

Beste herri guztietan legez, irailaren* hamabostean hasi dira eskolak. Mutikoentzat maisu berria izendatuta dago, ta herria ikusten izana da. Herriko Eskola Elkartekoek euren batzarra izan dabe: aurrerantzean ez da izango mutikoen maisuari aparteko diru-ematerik. Orain hamar urte, herriko Eskola Elkartekoek esanda, mutiko bakoitzeko honenbesteko bat hilabetero maisuei ematen hasi ziren gurasoak. Ordurik hona gauzak asko aldatu dira. Ta orain ohitura hori baztertzea erabaki dabe Eskola Juntakoek. Orduetatik kanpora permanentziak egiten badira, edo aparteko eskolak eman, hori borondate hutsezkoa izango da, ta legeak dinoana ordaindu beharko da. Baina orain arteko pagamendua, mutiko guztiek egiten ebena, hori, hemendik aurrera ez da gehiago egingo.

«GURE HERRIA»

Lazkano

Lazkanomendi, Lazkanoko bailara* bat da. Danak baserritarrak dira; eta benetan hauzoarte polita agertzen da ikusi nahi dauanarentzat.

Alde batetik gazteak aurrera doazela nabaritzen* da. Ikusi baino besterik ez egoen abuztuaren 2-an egin eben jaialdia. Benetako lana. Hilabetez hasi ziren antolaketan, eta geroztik izan eben eragozpenik asko. Danak baserritarrak direnez, ez zan hain erraza, uda erdian, gazte guztiak bateratzea, egin behar zana egiteko.

Gaztetxoetatik hasi eta 26 urte bitarteko neska-mutilek parte hartu eben.

Esate baterako, ihazko* Gabonetan elkar ezagutu ere ez ziren egiten, eta orain...

Hasiera, aparteko meza bategaz eman eben, San Joan Txiki deritxon eliza txikian. Hain meza xelebrea eta lehenengoa izanik, benetako arretarekin* ospatu zan.

Hara zer inoan* zahar batek: «Bakar bakarrik falta zoan, abade ez dan batek meza ematea».

Ondoren, joko politak ikusi genduzan. Elkartasun bazkaria ere ez zan falta izan, J. Lekuona tartean gendualarik. Abestiak, bazkalostearen alaigarri izan ziren.

Arratsaldeko bostetan, Lazkanomendikoek asmatu eta eratutako jaialdiari hasiera eman behar jakon; baina, altabozak zirela ta, beranduxeago hasi behar izan zan. Hala ere, gure gazteek eurena egin barik ez eben amaitu gura izan.

Hara zeintzuk ziren euren asmoak: Gazteen elkartasuna lortu, eta, gaurko, euskal giroa bizi ahal izateko, behar dan moduan gertuta egon.

Gauza guztiak horrela, nire barruan kezka bat sortzen jat. Lazkanomendiko gazteek egin daben lana behar dan bestean baloratzen ote da? Hainbeste zalapartada eta azkeneko korrikak ikusita, horren duda etortzen jat burura. Euren barruan honako berbok entzun eitekezan: «Akaba arin, eta kitto».

Horregatik, orain, jaialdiaren pisua joan jakenean, ez dakit baina, atseden luze samarra hartuko dabela uste dot.

Ez egin atzerantz. Pentsa eizue, zuek egin dozuen lana haundia izan dala eta oso beharrezkoa.

Beraz*, jarrai eta ekin gogor. Pentsa, herria zuen zain eta begira dagoela; habian txorikumeak jatekoaren zain eta begira egon ohi diren bezala.

MIKEL U.

Mondragoe

FAGOR industriaren lantoki berriak

Hilabete honetan inauguratua izan da Mondragoen, Ulgor etxeak FAGOR izenarekin ateratzen dituan elektrodomestikoentzako beste lantegi bat. FAGOR etxeak bost erropa-garbitzaile tipo egiten ditu. Lantegi berri honek 50.000 metro kuadradu ditu eta 10 km. kate automatiko. Urtean 400.000 ale atera daikez.

Inauguratze horretan, Espainiako Industria ta Lagintzako ministroak izan ziren. Lantegi honek, adituek dinoenez, Europako Merkatu Batuan sartzeko bildurrik ez eta desira* haundiak ei ditu, merkatu horretan nork erosi eta dirudun asko dira ta. Beraz*, lantegi hau aberastasun haundi bat da Euskal Herriarentzat.

Azpeitia

Itziar Bikendi hil da

Bere bizitzaren udaberrian, eta hainbat hilabete gaixorik egonda, itziar Bikendik bere azken arnasa eman dau.

Itziarrek euskal alfabetatze kanpainetan parte hartu eban, irakasle moduan. Euskal aldizkarietan ere idatzi dau; eta orain Donostian andereño izateko magisterio ikasten ziharduan, gaixoak hartu eban arte

 Euskaldun neska ta andrentzat, eredu* eder bat izan da bere euskeraren ganako zaletasun biziagatik, eta bere heriotzeak hutsune haundi bat uzten deusku.

Arratia

1

Arratiako zahar eta gazte,

zerbait entzun eistazue.

Bihotzak hutsik ikusi eta,

eskean natorkizue.

2

Entzun txorien kantu gozoak,

entzun gizonen biraoa.

Abereetan loi-zikinena

ote da gure ahoa?

3

Horra hor ardien elkartasuna,

hemen gure gorrotoa.

Dinogun legez, horrela zelan

maiteko dogu Jainkoa?

4

Neu ondo eta trankil banabil,

ez deust ardura besteak;

zertarako neu ilundu nehor*

zapalduta ikusteak?

5

Nehor azpian larri badago,

goian norbaiten ankea,

inozente lez ez daigun esan

«hau bai poza ta bakea».

6

«Anaiak gara» danok dinogu

bakarrik hartut'orduan;

bueltea emanda, «konpondu zaitez»

dinogu emat'orduan.

7

Maitasuna ta zintzotasuna

edonon agertu daigun;

mundu guztian kristinau legez

beti izan da euskaldun.

8

Guztiok hitzak sobran ditugu,

egiteak behar dira.

Zerbait egiten hasi gaitezen,

Arratiari begira.

9

Arratiarrak, non nahi ta beti

egin dagigun euskera;

gaztelanuek gura badabe,

egin daiela erdera.

10

Erdera einda, gehio zarela,

neska, zuk uste badozu,

inozentea nonbait zarela

zuzen agertutzen dozu.

11

Ikasi erdera, prantses ta Ingles,

bai ta ahal b'ozu aleman;

baina lehenengo euskereari

behar dauan dana eman.

12

Arratiarra, agur bihotzez,

barriro ikusi arte;

euskaldun legez guztiok bizi

galtezen bien bitarte.

SEBAS

Eibar

Azitain eta Heybar

Artez nahiz antzinatasunez ba dauka Azitaingo ermita zaharrak edozenbat* balio eta bakantasun. Eta, presbiterioan edonork irakurri ahal dauanez, Eibarko herria ei da aberastasun guzti horren jaun eta jabe. Begira bestela zer dinoan horman: «Esta ermita de la Asunción de Nuestra Señora de Azitain es una de las que tiene la villa de Heybar en su jurisdicción, cuyo dueño y patrón es la misma villa».

Klub Deportiboa

Eibarko Klub Deportiboa oraintsu egiteko berriei lotua da, itsasoari dagokiozen egitekoei hain zuzen. Hiru talde berri eratu ditu. Honexeek dira: Eskafandradunak, Igerlariak* eta Itsaspeko Arrantzaleak.

Gure aurrekoek aukera honeek hartu izan balitue! Izan ere, debora batean, egiteko horreek Sallabenten nahiz Ariatzako presan egin eitekezan. Gaur egun, ostera*, errekaz behera, apurtxo bat urrunago joan behar izango dabe.

Filatelia

Oporketak* amaitu ondoren, bildu* berriak ei dira Arraten seilo sorta zaleak. Ez genkian guk, filatelia zaleei hogei eguneko oporketarik tokatzen jakenik. Beharbada, ez deritxoe euren buruari «siderometalurgikoek» baino gutxiago. Itxura danez, guk uste genduan baino aurreratuago dago lan erreglamentazioa.

Dana dala, bakoitza lotu bekio laket* dauan arazoari.

«Haur besoetakoa»

Korreoz hartu eta gau berean irakurria dogu Jon Miranderen «Haur besoetakoa» deritxon ipuina.

Lehenengo orrian, ipuina hasi aurretik, Jon Mirande ez dan baten batek idatzitako eskari bat ere irakurri dogu. Honela dino: «Otoi, liburu hau haur* listoen eta gizon tontoen eskuetatik urruti gorde bedi».

Bildur gara ez ote dan osterantzekorik Euskal Herrian.

Mendigoizale bat

Ba da mendizalerik ugari gure herrian. Mendizale ezezik, mendigoizale prestu eta amorratuak ere ez ditugu gutxi.

Azken honeetariko bat Eleuterio Muruamendiaraz dogu, makinatxo bat aldiz eta edozenbat* lekutan omendatua*, oraintsu Urretxuan hain zuzen.

Horrez gainera, «Mérito Deportivo» dalako horri dagokion irudia irabazia dau gure Eleuteriok. Zorionik beroenak berari.

Mendizale gazteek ba dauke, bai, kementsu jarduten non ikasi.

ALBISTARIAK

Mungialdea

Ba da denboralditxoa, Mungian alkate ofizial barik gagozela. Eta, dabiltzan zurrumurruei jaramon egiten badeutsegu, oraindinokarren ez dakigu nor izango dan ere. Antza danez, herriko gizon kapazitatuek ez dabe alkate izan nahi. Ba leiteke "horrelako" gizonik ez egotea ere.

Nire azkenengo berri ematean, herriko ganora bako hurigintza salatu neban. Orain, ostera*, esan behar dot, sektore batzuetan ba dabiltzala zerbait konpontzen. Ea aurrera jarraitzen daben, inguru guztiak ganoraz jarri artean, euren obligazioa horixe da ta.

Uda honetan igertoki* bat estreinatu dogu herrian. Hasi zirenetik hona, ordua izan da amaitzeko; baina hobe da berandu, inoiz ere ez baino.

Uda honetako ostiraleetan*, eta herriko gazte talde batek eratuta, Pop Dantza eukiten dogu Zubikoako dantzatokian; gainera, azken denboralditxoan, argi berriekin oso siko-delikatuta. Ez dot nahi hemendik salaketa haundirik egin, ze elementu onak ere ba dagoz eta txarto ulertuak izan leitekez. Baina ona lizateke eurekin elkarrizketa bat eukitea.

Gure herria ere ez da besoak lotuta gelditu euskeraren batasunari buruz. Nire ustez, alde batera utzi behar geunkez holako diskusioak. Ari* gaitezen danok lanean eta egin daigun bidea guztiok batera eta ez aurrez aurre.

Jataben (Marurin), denbora asko ez dala, alkate berria estreinatu dabe. Edadez gazte dateke*. Ea egintzakaz erakusten dauan bere gaztetasuna, herriak odol berriaren beharrizan haundia dauka ta.

Aurten Gamizko San Antolinak ezertariko gorabehera barik igaro dira. Udaleko* errepresentanteak ez dira elizara joan. Hala ta guztiz ere, ez da egon jaialdi ofizialik.

I. J.

Zornotza

Berriro ere koroearen inguruan

Ahotan larregi darabilgula uste izan arren, Larrako Aita Prioreak ANAITASUNA-ren 195. zenbakian dinoskuzen hitzek berriro ere aipatu erazi egiten deuskue arazo hau. Hona hemen haren hitzak: «Koroea ez da Karmeldarrena, Ama Birjina koroatzeko zerbait eman eben kristau guztiena baino. Guzti horreen asmoak eta gogoa, errespetagarriak eta haintzat euki beharrekoak dira».

«Asmoa eta gogoa» errespetatzera garoazenez gero, zergatik ez lehiatu lur mamintsu hau leiatzen?

«Zerbait emate» hori data ta, burura lehenen datorkiguna, tamalez sarritan, elizteilapeko karidade ta limosnakaz jazo* ohi dana da: ez ote daroe langileriari ateratako izerdia? Ezelan ere ez dinogu, horregaitino*, koroe honegaz holangorik jazo izan danik. Jo daigun, bakoitzak eman eban diru hori bere berea ebala.

Baina Ama Birjina geurea da, eta guztiona dana ezin leikee batzuek monopolizatu. Eurakandu ezeze, euren aldera aldatu ere ez. Guztiontzat izan behar da bera izan zana: Nazareteko langile baten emaztea. Eta emakume hau herrian diren urre, harri bitxi ta zidarrez betetzen badogu, ez ote dogu dirudunen lagun bakarrik egiten?

Gure asmoak eta gogoa ere errespetagarriak eta haintzat hartzekoak izan leitezen nahi geunke.

BARRESKI

Gernika

Umeen Euskal Jaia

Alaitasuna ta poza umeengan eta bai gurasoengan izan zan Gernikan, irailaren* 20-an, Umeen Euskal Jaia egin zanean. Mila ume inguru elkartu ziren: guztiak dantzariak, edo txistulariak, eta abar. Goizean, talde guztien erakusketa egin zan herriko plazan. Arratsaldean, lehenengoz hiru tokitan banandu ziren, azkenean berriro guztiak plazan elkartzeko. Han izan ziren Ondarroako «Kresala» taldea, Irune Argoitia zuzendari zala: Bermeoko «Herriko Lagunak» (zoragarria benetan, danbolin-txistuak hartzen dauan indarra, ume honeek berarekin zaletuaz); Markinako «Zerutxu» taldea..., eta beste. hainbat talde Hego Euskal Herri guztitik etorriak. Ikusgarriak benetan, gurasoek, euren umeei begira, pozarren egindako negar malkoak. Aipagarria, gernikar familiek ume honeei bazkaria emateko erakutsi eben borondate ona. Baita goragarria, jai hau antolatzeko, Gernikako gazteriaren lana ere. Zorionak, Patxi eta abar, eta jarrai zuen lanean.

Arratsaldeko 7-etan, ume ta ikusle guztiok, «Agur Jaunak» abesturik, elkar agurtu genduan, beste urte baterarte, egun batean, Gernikako herriari giro berezi bat eman ostean.

JOSU


Euskaldungoa

Nafarren ardurak Bilbon «CESIN»-eko batzarrean

«Transportes y Carreteras» arloko hitzaldietan, Iruñea Pasaiko portuarekin elkartzeko autobidea kontuan hartzeko eskatu izan eben nafarrek «CESIN»-eko batzarrean. Eskaria onartua izan zan. Bertan izan ziren Asiain, Urmeneta eta Elizalde jaun diputaduak, Nafarroaren beharrizanekin hainbeste arduratzen direnak. Eskari hau gartsuki egiten da Nafarroan, bestela herrialde hau oso atzeratuta geldituko lizateke ta.

Historia ta ekonomiazko liburu berriak

Historiazko liburu bat prestatzen ari* da Martínez Barde Coronela idazlea. Liburuak «Vizcaya» izenburua izango dau. Laster batean agertuko da.

Era berean, laster aterako da «Llodio: crisis de crecimiento» liburua, Jose Manuel López eta Angel López de la Torrek egina. Liburua «Caritas Diocesana»-k argitaratuko dau, Gasteizko Aurrezki Kutxaren laguntzarekin. Jose Manuel «Ciencias políticas y económicas»-etan lizentziatua da. Orain, Arabako Diputazioaren hurigintzarako* burua da. Angel abadea da, eta «Ciencias Sociales»-etan lizentziatua izanez gainera, kooperatibei buruz oso aditua da.

***

«Lartaun» abesbatza

Pozgarria guretzat Aita Donostiren lan bat aukeratua izatea Barcelonan, Europa guztirako egingo dan abesbatzen sariketarako. Lan hori Alemania, Holanda, Frantzia eta beste nazio batzuetako kantari taldeek batera abestuko dabe. Batzar horretan, hiru talde izanen* dira Euskal Herritik: «Lartaun» oiartzundarra, «Iradier» gasteiztarra eta «Chantrea» iruñetarra. «Lartaun» taldeak, Barcelonara joan orduko, 1.500 entzuleren aurrean, «Euskal Show» agertu eban, Jon Oñatibiak taldearen zuzendariak egindako lana.

Arratiako abesbatza Araban

Areatzako* talde hau, orain arte, urtean behin baino ez jaku agertzen izan; Santa Ageda egunez hain zuzen ere. Beste bide batzuk hartu ditu aspaldion. Lehenengoz, Herri Meza bat eratu izan dabe. Eta, gaurko ekintza bezala, horra hor Araba aldera egin daben ostera* hori. San Miguel de la Cogollan Herri Meza abestu ostean, Najera ta Labastidara joan ziren eskualde ha begiztatzera. Zorionak arratiar abesbatzari. Eta jarrai, jakintza hainbestean aberastutzen daben ostera horreek egiten.

Tafallako abestaldea

Oso txalotua izan da talde hau, Baionan eta Arrangoitzen egin dituan saio bietan. Baionan, beste hiru taldegaz abestu eben: bata Baionakoa, eta besteak Polonia ta Eskoziakoak. Arrangoitzen, eurek bakarrean.

Iruñeko korala

Bordeleko* orkesta sinfonikuarekin abestu izan eban kantari talde honek Donibane Lohitzuneko Musika Aste nagusian. Nahiz eta jardunaldi hau eliza baten barrenean izan, jendeak, ezin isildurik, txalo beroak jo zituan, Iruñeko abesbatzaren saloa bukatu zanean.

***

Abeslariak Legutianon

Irailaren* 19-an, gauez, euskal kantari berrien saioa izan zan Legutianoko* herrian. Beste batzuen artean, «Oskarbi», «Itxaropen» eta Estitxuk abestu izan eben.

«Itxaropen» kantari taldea ez da desegingo

Talde honetako kantari dan Josune Makibarrek adierazi deuskunez, nahiz eta bera Nafarroako Leitzan lanean aritu* eta entsaioetara hain sarri ezin joan, «Itxaropen» taldekoek aurrerantzean ere kantu lanean jarraituko dabe, lehengo lako gogo ta garrarekin. Poztutzen gara.

***

Zizurkilen (Gipuzkoan) euskal jaia

Irailaren 12-an, Zizurkilgo Elbarena hauzunean, euskal jaiak izan ziren. Arratsaldean, Mendizabal harrijasotzailearen erakusketa, Lopategi ta Azpillaga bizkaitar bertsolariekin; jarraian, «trikiti» soinuarekin, dantza. Gaueko 10-etan, «Oskarbi», «Zigor», Xabier Zaldias, Ibarredondo, Jon Illarramendi eta Hernaniko «Karmele» euskal abeslarien kanta saioak. Presentazio egiten, Lopategi ta Azpillaga bertsolariak.

Alsasuan euskal jaia

Irailaren 12-an, Iruñeko dantzariek erakusketa eder bat eman eben Alsasuko «Burunda» frontoian. Ondoren, Tafallako abesbatzak kanta honeek abestu zituan: «Maitia, nun zira?», «Haurtxo sehaskan», «Ume eder bat», «Ilunabarra», eta «Ama begira zazu».

***

Irungo «Ametsa» abesbatza Tarazonara

Tarazonako katedralean «Missa Brevis» kantatzera joan zan, irailaren 13-an, Irungo «Ametsa» abestaldea. Ondoren, Nafarroako Korellara joan ziren, eskualde ha ezagutzera.

Txistulariak Orduñan

Araba ta Bizkai aldetik etorrita, 40 txistulari izan ziren Orduñan, irailaren 14-ean. Antiguako Andra Mariaren 25. urteurrena ospatzen zan. Kalejira egin ondoren, «Alkate Soinua» jo eben. Ordu batetan kontzertua: «Agur Jaunak», «Orduña» zortzikoa, «Minuet», eta abar. Eta amaitzeko, «Gernikako Arbola».

Urtain abeslari

«Triunfo» aldizkariak dinoanez, Bruselasko egunkari* batean agertu ei dira Urtainen deklarazio batzuk. Hona hemen: Ukabilkari egin nintzen, horixe proposatu eustelako. Torero ere berdin izango nintzen. Pobre izan beharrak edozertara behartzen gaitu. Nire gaurko asmoa, munduko txapeldun izatea da. Biharkoa, hiru-lau aldiz txapelgo hori defenditu ostean, ukabilkalaritzari utzi eta orkesta bat eratzea, Frank Sinatraren gisa kanta goxoak abestutzeko. Horretarako abots berezi bat ei dot».

***

Dantzari ta txistulari ikasketak Araban

Irailaren 30-erarte, era izan dabe dantzari ta txistulari izan nahi eukeen guztiek, txartelak betetzeko, eta horrela Diputazioak eratu dituan ikasketak hartzeko.

San Antolinak Orozkon (Bizkaian)

Haserre agertu izan dira Orozkoko gazteak, aurtengo jaiak atontzerakoan. Batez ere Udaletxekoekin, jai honeen antolaketan parte hartzen ez deutseelako utzi. Norentzat dira, ba, herriko jaiak?

***

Nafarroan ikastola berriak

Albiste ederrak datorkiguz Nafarroa aldetik ere. Aurtengo ikastarorako, ikastola berriak irekiko dira jarraiko herrietan: Elizondon, Lizarran*, Muskarian*, Satrustegin eta Ultzamako haranean*.

***

«Karmel» aldizkaria

Agertu berria da aurtengo «Karmel» aldizkariaren III. alea.

Bertan aztertzen dau Pujana jaunak, ANAITASUNA-ren 188. zenbakian aditzari buruz agertu zan artikulu bat. Euskal Idazleetaz ere itaun* batzuk egiten dira. Azterketa honeek asko laguntzen dabe, gure hizkuntza sakontzen. Jarrai bide horretatik.

***

Euskal Astea Zarautzen

Irailaren 2-tik 9-rarte, Euskal Aste bat ospatua izan da Zarautzen. Aurreko igandean* ospaturiko Dantzarien Eguna oraindik gogoan zalarik, berriz gogor lan behar izan dabe Zarauzko gazteek, aste hau antolatzeko. Hilabetearen 2-an, gaueko 10-etan, Tolosa-ko «Oargi» antzerki taldeak 1. Begiristainen «Bizia bizi truk» antzeztu eban. 3-an eta 4-ean, «Frontón Cinema»-n gazte taldeen txapelketa, euskal dantza, abesti ta antzerkiak. Larunbatean*, «Araba» ta «Oleskariak» abesbatzen jardunaldiak. Azkenez, igandean, Umeen Eguna: euskal meza, dantza sariketak, Haur* Txistularien IV. Txapelketa. Usain ederreko jaiak Zarauzko honeek, nahiz eta kultura aldetik hitzaldi batzuen hutsunea izan.

***

8.423 traktore Nafarroan

Traktore honeekin, Nafarroa agertzen jaku peninsula barruko herrialderik* mekanizatuena. Traktore honeek bide direla, laborantzak egoera berri bat hartu dau. Batez ere «cosechadoras» deitutakoek hainbeste lan aurreratzen dabe; 1.165 dira honeetarikoak. «Cosechadora» bakoitzarentzat, 128 hektarea dira.

Langileak lantoki gabe

«Beltrán y Casado» ta «Munguía Industrial» lantegietako beharginak lanik gabe utzi ditue. Oso txarto ei dabiltza lantegi biok, Eta zorrean utzi deutseez ekain* eta abuztuko alogerak*. 634 langile dira, holan gelditu direnak.

Aeroportu berria Arabako Forondoan?

Bilbon egindako «CESIN»-en azken batzarrean, eztabaida batzuk agertu dira Arabako aeroportuaz. Non eta norentzako izango lizateke? Honetaz ere eritzi batzuk agertu ziren. Ba leiteke Arabarako izatea, baita Bizkai eta Arabarako ere. Dana dala, aeroportu hori egitekotan, Foronda dateke* lekurik egokiena.

500 ume eskola gabe

Iruñeko San Jorge hauzunean arazo ikaragarri bat sortu da, eskolak direla ta. 500 haur aurkitzen dira, bizileku barren batzuetan ikasketak egiten. Bigarren urtea da, holan dagozena, eta ez da bidegabekeria hori zuzentzeko modurik ikusten. Noiz arte?

«Axular Saria»

Iruñeko «Diario de Navarra» egunkariak* sariketa bat eratu izan dau, lehen mailako Nafarroako ikastoletan, 1.500 eta 750 pezetako «Axular Saria» izeneko sari birekin, euskerazko artikulu hoberenarentzat, euskal idazle haren oroitzapenetan. Haurrek* edozein gai erabili leikee, ta inoren laguntza barik egin beharko dabe.

Historiazko liburu berria

Zeresan asko dago, izan ere, 17. eta 18. mendean* Ameriketara joan ziren nafarretaz. Diru asko egin eben, orduan «Indietara» joan ziren gizonok. Honeekandik sortu zan, gizartean «burgesia» deitzen jakon giza-klasea. Nahiko agertzen dau guzti hori Alfonso de Otazu Llanak, 20 urteko idazle gazteak, bere «Hacendistas Navarros en Indias» liburuan. Gazte hau antropologiazko ikasketak egiten ari* da, gal hau oraindik oso gutxi ezagutzen dala ta.

Euskal Margolarien V. Sariketa

Irailaren 11-n eman zan sariketa honen epaia. Pintura oso onak agertu ziren. Lehenengo saria, 60.000 pezetakoa, Lanbri ipar euskaldunarentzat izan zan, bere «Galerie des Visages» lanagatik. Bigarren saria lau zatitan emana izan jaken margolari honeek: Carlos Sanz, Marta Cárdenas eta Vicente Amestoy donostiarrei, eta Luis Alvarez gasteiztarrari.

Tafallako ikastola

80 ikasle egon ziren, joan dan urtean, Tafallako ikastolan. Aurten hainbat gehiagoren esperantza dago. Ikastaro honetan, frantses hizkuntza ere irakatsia izango da. Ikastola honetako andereñoa, Nekane Zelaieta da.

Hernaniko IV. Literatura Sariketa

«Soldadura y Productos Auxiliares, S. A.» deritxon lantegiak agertu izan ditu bere IV. Literatura Sariketarako arauak, erderaz eta euskeraz. Erderaz, nobela laburra izanen da. Euskeraz, poemak. Nobela saria 30.000 pezetakoa izanen* da, eta poemena 15.000 pezetakoa. Lan honeek, urriaren 10-erako presentatu beharko dira.

«Alava romana y prerromana» liburua

Holan deitzen da, Gasteizko irakasle dan Lurdes Albertok argitara eman dauan lana. Bertan aztertzen dira Arabako antzinako hizkuntza, kultura eta ohiturak. Herrialde* honetan egiten zan hizkuntza Pirinioz beste aldean egiten zanaren antzekoa ei zan.

Umeen Euskal Jaia Gazteizen

1.500 ume baino gehiago ibili izan ziren Gasteizko kaleetan zehar. Irailaren 14-ean, urteko egunik ederrena bizi izan dau Gasteizek. Jai honen antolatzailea «Manuel Iradier» taldea izan zan. Jazoera hau aipatzerakoan, aipatu beharra dago umeen «alkateak» egin eban hitzaldia, batez ere euskera ta euskal ohiturak goratu zitualako. Ondorio ederra ekarriko ahal dau jaialdi honek Gasteizen!

Donostiako Euskal Jaiak

Irailaren 5-etik 20-ra ospatu izan dira Donostian Euskal Jaiak: euskal jakintza, kirolak*, doinu ta jolasak. Jakintza aldetik, hona hemen hizlarien izenak eta mintzaldien gaiak: Haritschelharrek «Piarres Topet Etxahun, Zuberotar olerkaria», Edorta Agirrek «Txalaparta», Juan Maria Lekuonak «Ahozko literatura eta euskal poesiaren estiloa», Juan San Martinek «Uhin berri; gaurko euskal poesiaren bide berriak», Xabier Kintanak «Euskeraren batasuna lehen eta orain», J. A. Urbeltzek «Introducción al estudio de la danza vasca», eta abar. Euskal Margolarien V. Sariketa ere izan zan. Euskeraz ikasi daben herbestetarrei sariak banandu jakezan. Kirola aldetik, arraunlariek, haizkolariek, bolariek, pelotariek jardun eben, eta batez ere hasiera eman jakon «Munduko Pelota Txapelketa»-ri. Folklore aldetik, aurreskulariak, gaztetxoen dantza taldeak, Andoingo «Beti abeslariak», Juan Urteaga kantaria, «Stella Maris» eta «Sine nomine» koralak. Txalapartari, irrintzilari ta trikiti* soinularien sariketak, bertsolariak, eta abar. Aipamen berezi bat merezi dau, hilabetearen 10-ean egin zan Umeen Egunak: txistulariak, haizkolariak eta idazleen sariketak.

Hitzaldietaz esan geinke, alderdi guztietatik oso interesgarriak izan direla. Jaiak, euskal usain haundikoak izan dira. Lan serioa benetan, Donostiako Udalaren laguntzarekin, Jabier Aranburuk, Juan Antonio Artzak, Edorta Kortadik eta egin dabena.

Ordizian Bertsolari Berrien Txapelketa

Jende askorekin ospatu izan da Ordizian* Bertsolari Berrien Txapelketa. Lehenengo txanda, irailaren 3-an izan zan. Hona hemen zeintzuk izan ziren parte hartu izan eben bertsolariak: Jose Ramon Ormazabal Zegamarra, Josu Auzmendi Idiazabaldarra, Eusebio Ibarzabal Gabiritarra, Jabier Zeberio Itxasondotarra, Juan M. Mugika Legorretarra, Bittor Agirre ta Iñaki Azarola Lepazpiarrak, Jose Maria Etxaluze Zeraindarra, Rufino Iraola Zaldibiarra, eta Jose Eguren Arriarandarra. Batzuek goizean eta beste batzuek arratsaldean egin eben euren ekinaldia. Epai-mahaikoak, Markos Amundarain, Luis Gabiria eta Lazkao Txiki izan ziren. Oso egokia txapelketa hau, bertsolari jatorrak, orain arte isilik egon direnak, agertu daitezen. Bitartean, «Goierri» taldeko txistulariek eman eben euren saioa, Ramon Aranburu zuzendari zalarik. Ordiziako jaien barruan, irailaren 6-an izan zan 10 dantza taldeen saloa ere aipatu behar da. Parte hartu eben taldeok hego aldeko lau probintzietakoak ziren.

Euskal alfabetatzerako akademia

Ba dakigu, Bilbon gazte batzuk akademia bat eratu nahirik dabiltzala. Akademia horretan euskera ikasi nahiz landu gura dabenentzat eskolak emango dira, arratsalde osoan. Asmo txalogarria hauxe, lan luze ta serio honek frutu haundiak eman leikez eta.

Zihurtasun eta zehaztasun gehiago dogunean, halaxe aditzera emango dogu.

Andereñoen artean hauteskundeak

Baseko jenteak beharturik, Bilbon elkartu izan ziren, irailaren 18-an, 35 bat euskal irakasle, Bizkai aldean lanean ari* direnak. Euskera batua eta pertsona liberatu baten beharrizana aipatu ziren batipat*. Euskera batuaren alderako tendentzia nagusitu zan, haurrei* noiz eta zelan irakatsi zutik gelditzen zalarik; eta pertsona liberatu bat hautatzeko*, beste batzar nagusiago bat egitea erabaki eben.

Bigarren batzarra Zornotzan egin zan, irailaren 22-an. Hirurogei ta bederatzi maisu elkartu eta hauteskundeak egin ondoren, Imanol Gaztañagak, euskera batuaren alderakoak, 46 boto jaso zituan; honetara, beste barik, maisuen arteko liberatu bezala gelditzen da urte beterako. Bere laguntzaile legez*, Maria Anjeles Izpizua eta Itziar Barrenetxea hautatu ziren, biok euskera batuaren alderako jokera moderadukoak.

Ikastoletako haurren gurasoekin aldian aldian elkarrizketa batzuk egiteko ordezkari bezala, Juan Felix Elorrieta eta Itziar Barrenetxea hautatu ziren.


Mundu biribila

Fenomenologiaren laguntzaz, abstrakto bidean

Abstraktoaren bidea somatzen, Kubismoarekin hasi zela esan dezakegu. Arte errepresentatibotik errepresentazio gabekora (eta «no figurativo»-ra) egin zen saltoa, pauso gabekoa izan zela ezin genezake inolaz ere onar*.

Pinturaren historian sakonduz, klarki dakusagu*, erreazio inportanteena, estetika hutsetik alde nahi izatea izan zela; emakumearen formak okertu eta itsusituz batez ere, forma hoiek baitziren* kuadroak gehienetan atsegin bihurtzeko gairik errazena. «Espresionismoaren» mementoa* da. Geroxeago, egikera honen sintesia eta sinplifikazioa etorri zen, kuadroak eskema hutsetan bihurtuz. Picassok, gauzak eta batez ere izakiak kuadrotik aldendu behar zirela zioen*; muinezko sintesia lortu behar zela eta ez noski* formazko sintesia. Fenomenoetatik (sensible hutsetik) alde egin nahiez bada, Kubismoa eratzen da mugimendu bezala, trantsiziozko mugimendu bezala. Abstraktoaren erroak hemen aurkitzen ditugu, oraindik nahiko primarioak noski.

Abstraktoari, berez, ez zaio interesgarri zer errepresentatzen duen, baizik eta nola errepresentatzen duen eta nolako autonomiarekin. Silogismo hau bukatzen* badugu, ezin genezake esan, abstraktoak ez duela ezer errepresentatzen (kirtenkeria lizateke). Baina objeto hori (kuadroaren muina) gugandik hain urrun dagoelarik eta gehienetan hain ikus ezina delarik, kuadroa (eskultura..., arte produktoa, hitz batean) autonomia gehiagoz indartzen da, ez baitugu* konparaziorako elementurik. Izan ere, indarra, balorea, esannahia, aberastasuna... osorik (subjetiboki noski*) lanaren limiteetan gelditzen da; eta geure sentiduak (ikusmena, entzumena...) limite hoietatik kanpo ezartzen baditugu, edota kuadroa geure ideiekin eta esperientziekin erlazionatzen badugu, kuadroak berez duen balore esentzial eta autonomoa zapalduta geldituko da, ta garrantzitsuena dena: galdu egingo dugu kuadroaren kontzientzia.

Bretano sikologoak dioenez, fenomeno sikikoak errepresentazioak dira edo errepresentazioak dituzte berekin. Bestalde, Edmund Husserl-ek, Bretanoren ikasleak, «Fenomenologia» eratu zuenak, zientzia positiboen objetoei aurkeztu egiten dizkie mundua osotzen dituzten objeto idealak, «objetos que sólo pueden ser captados mediante una intuición categorial».

Bretanoren definizioaz baliatuz, esan dezakegu, fenomeno sikikoek errepresentazioak dituztela berekin; baina, Husserlek dioenez, «kategoriazko intuizio baten bidez kaptatuak».

Beraz*, Husserlek dioenez, «gauza» berez lortzeko «intuizio esentzialera» jo beharra dago. Horretarako lehenengo pausoak (reducción fenomenológica) hauek dira: Zuhaitz bat begiratzean, ez dut esango, zuhaitz hori nik dakusadana* denik, baizik eta bibentzia bat dadukadala. Baina zuhaitz hori, nota batzuez osoturik dago: haundia, zuzena, zabala...; beraz*, beste laburketa (eidetika) batez baliatu behar naiz, bibentzia horrek esentziaren kaptaziora eraman* nazan, Zuhaitz Idealera alegia*.

Hausnar* dezagun, bada, Husserlek esandakoa. Beraz*, zuhaitzaren muin idealaren eta errepresentazioaren artean diferentzia bat dago, eta, nola ez, bide bat. Beste exenplu batez baliatuz eta artikuluaren izenburuak dioen bezala, abstrakto bidean (oso konkretua izan arren, abstrakto hitza erabiltzen dugu normalki), kuadro baten mugak errepresentazioa eta muin ideala izango lirateke; eta, bi muga hoien arteko bidetik at*, erlaziorik aurkitu nahi izan gabe eta beraren desarroilo autonomoaz baliatuz gero, errazago hurbil* gintezke ezaguna ez dugun mugara eta muinera.

Argi dakusagu*. beraz, Fenomenologiak abstraktoaren ulertzea erraztu duela; eta Husserlek, gaurko pentsalaria ez bada ere, tendentzia honetan pauso inportanteak eman zituela; eta haren teoriaz askotan baliatzen garela.

MIKEL MENDIZABAL


Mundu biribila

Boteretsuen eskuetan dagoen botere bat

Nork uka, egun* publizidadeak dadukan boterea? Bai, ba dakigu zein den haren eginkizuna: produzitzen diren zenbait* gai eroslearentzat «beharrezkoak» bezala ager araztea; baina ba du beste eginkizunik ere.

Gauza jakina da, Estadu Batuetako elezioetan publizidadeak jokatzen duen funtzioa; asko hitz egin da horretaz, batez ere azken bolada* honetan. 1950-ean «New York World Telgram» aldizkariak adierazi zuenez, kandidatuek propaganda teknika zorrotzenak erabiltzen zituzten beren kanpainetan. 1950-etik hona gauzak aldatu badira, eta aldatu dira noski*, aldaketa hau publizidadearen desarroilorako izan da; eta honela gaur Estadu Batuetan publizidade agentzia batek, agentzia indartsu batek noski, presidente bat sor arazten du. Diotenez, Humphrey kandidatuak agentzia indartsu bat ukan* ez zuelako irabazi zuen Nixonek, 1968-ko elezioetan.

Baina, egia esan, nola onar*, publizidadeak duen botere hori berez duela? Orain aztertzen ari* garen publizidadea historiaren haro batean sortu da, eta maneiatzen duenaren tresna bat besterik ez da. 1968-ko elezioetara bueltaturik, honen exenplu bat agertzen zaigu. Humphreyk eta demokratek, zortzi miloi dolar gastatzeko prest egonik ere, nahiko problema ukan* zuten, agentzia on bat aurkitzeko. Nixonek eta errepublikanoek, ordea*, aukeratze problema bakarra ukan zuten, agentziarik gehienak haien eskuetan baitzeuden. Gertaera honen esplikazioa zera da: publizidade agentzien monopolioetatik datorkie lana, eta hoietatik gehienak errepublikanoen eskuetan zeuden. Gero ere, ba da bazter* ez dezakegun beste arazo nagusi bat. Monopolioek agentzien bidez emandako «faboreak» zerbaiten truke ematen dira (desgrabazio fiskalak, eta abar); eta fabore hauek pagatzeko errepublikanoak prest zeuden. Demokratak ere prest zeuden noski; baina segurantzak, eta honexek bakarrik, kontseilatzen zuen errepublikanoei laguntzea.

Publizidadeak, halaz ere, ez du goi politikan bakarrik jokatzen; ba du beste parte bat ere. Parte honen eginkizuna, sistimaren ideologia mantentzea da; ta, nahiz era desbardinez azaldu eta sarritan ondo ezkutatuta etorri ere, sistimaren birtuteak goresten dituen publizidade horri propaganda deritza. Estadu Batuetan teknikarik aurreratuenak daude zientziaren zibernetikan, sikologian eta harmagintzan. Zibernetika, produzioa gehitzeko desarroilatzen da; harmen industria, ekonomiaren indarra mantentzeko. Bai, hau gauza jakina da; baina sikologia, zertarako sikologia?

Tristea bada ere, hain intentzio nobleak ukan zituen zientzia ez da gaur kapitalaren morroi bat baizik. Afirmazio honek gogorregia dirudi; baina egun* sikologiak gizonaren frustrazioak eta beharrak aztertzen dituenean, ez da gero gizonak frustrazio eta behar hauek gaindi* ditzan, behar faltsuak, errealidadetik at* dauden «egiak» sor arazteko baizik.

Sakona da gai hau, bai; baina, adibidez, nork sinets*, «James Bond» edo «Topaz»-en tankerako* filmeen atzetik ezer ez dagoela, filme hauek jendeak ondo pasa dezan bakarrik direla eginak?

ANTON SANTAMARIA


Euskal Herritik Gaztela Herrirako autobidea

Bilbotik Behobiara egiten ari diran autobidetitik asi ta Gaztela Herrirakin lotzeko, hiru tokitatik proposatzen da: Basaurin asi ta Altubetik. Maltzagan asi ta Gasteiztik. Eta Durangon asi ta Urkiolatik. "Obras Públicas"-eko Ministroak esan dau, ostera, bide bat autatu behar dala. Ez dau esan zein den egokiena. "Abadiñotik (Urkiola azpitik), Gazteiztik da biderik egokiena" esan deusku J. L. Lizundia, euskal jeografuak.


Mundu biribila

Ofizialtasuna

Euskerarentzako berri ona. Euskeraren batasuna egiten ari* da.

Marmar asko ibili arren, funtsean* euskaltzale denok akort gaude arazo honetan. Euskerari, hizkuntza bizia izateko, behar beharrezkoa zaio euskalkiak bateratzea. Kulturazko hizkuntza guztiek egina dadukatena, geurean orain ari gara egiten. Azkenean, belaunaldi* honek lortuko du euskaltzale askoren ametsa: Hizkuntza ofizial bat. Ohore haundi hori geuri tokatu zaigu.

Bildurti batzuek atxakia mordo bat atera dute karrikara*. Nola ikasiko dute umeek etxean hitz egiten ez den euskera? Umeei trauma izugarria egingo diegula eta horrelako xinplekeriak maiz* entzuten ditugu. Zer erdera ikasten dute, bada, erdaldun umeek? Etxean hitz egiten zaiena? Bai zera! Eskoletan irakasten dena, besterik ez. Zergatik? Erdal Akademiak erdera hori era horretara idatzi behar dela ofizialki hautatu* duelako. Gero etxean etxekokeriak erabiliko dituzte noski*, baina idazterakoan eskolan ikasitakoa berez irtetzen* zaie erdaldunei. Ofizialtasunaren indarra denok dakigu edo jakin behar genuke behintzat.

Beste aldetik, zer gertatzen da gaurdaino egindako Liturgiako euskerarekin? Mondragoeko elizetan, esate baterako, Gipuzkoako Beterriko euskera erabiltzen da; eta, hango euskalkia bizkaiera izan arren, gipuzkera hutsez egiten da Mondragoeko elizetan, Liturgiako batzordeak* Gipuzkoa osorako gipuzkera hori ofizialki onetsi* duelako.

Eta hona hemen nere galdera*: Ez ote da komenigarriago Euskal Herri osoan ofizialki euskera hartzea, euskalkiak baino?

Euskaltzaleentzat ez dago zalantzarik*. Euskera nahiago dugu euskalkiak baino. Batasuna nola egin, Euskaltzaindiko teknikoek esango daukute. Guk dioguna hauxe da: Euskera bizi dadila nahi dugula. Euskaltasuna euskeraren bidez datorkigu ta.

ARABARRA


Mundu biribila

Komentario labur bat

Erabat* ados* gaude, «Hauteskundeen ondoren Bretainia Handia betiko giro epelean» izenburuko artikuluan Iza jaunak azaldu daukunarekin. Egia besterik ez du esaten. Europako egungo* egoera ederki ezagutzen du Izak. Jakina da, Wilsonen politikak, Laborista alderdiarenak alegia*, ez duela inor betetzen, ezta Willy Brandten eta bere alderdiarenak ere; zeren eta sozialismoaren izenean (gizona askatzeko bide bakarraren izenean) alderdi baten interesei besterik ez baitzaizkie* jarraikitzen. Sozialismoa, orain esan dudan legez, ez da ene eritziz bide bat, urrats* bat aurrera baizik. Nehor* ez beza pentsa, sozialismoarekin mundua osoro konponduko denik. Ez dugu horrelakorik esan nahi. Sozialismoak, kapitalismoari darraikion* sistema ekonomiku bat denez, ez du gizartearen akats guztiak ezereztuko. Halaber* gizartean mendez mende* sortu izan diren sistemek.

Beraz*, ez dezagun sozialismoa helburu* bakar eta betikotzat har*, dogmatismoan eta sinplekerian erortzea* lizateke ta. Har dezagun giza-eboluzioaren beharrezko den pauso bat legez, ez itsu itsuan, baizik eta gizonaren askatasuna lortzeko, ekonomia eta politikazko opresioa puskatzeko biderik egokiena zaigulako.

Izaren azalpenari jarraiki nakion berriz. Tradizioz sozialismoaren eredu* izan den URSS-eko sistema txit egoki ta laburki kritikatzen du; baina ene aldetik zertxobait aportatu nahi nuke: zirkulu hertsi* batean mugitzen garela. Rusoak stalinismoaren ondoren desestalinizazioz mintzatu zitzaizkigun, eta azkenean berriz stalinizaziora itzuli dira. Zer adierazten dauku gorabehera honek? Zalantzarik gabe, stalinismoa sorrarazi zuten motiboek orain ere berdintsu dirautela*. Objetiboki begiratuz, errudun nagusienak ez dira URSS-eko errepublikak, proletargoaren diktadura partidu baten diktadura bilakarazi* zutenak baizik. Latza ta garratza benetan gertaera hau, baina egia eta uka ezinekoa. Horregatik kontuz sasi-sozialismo hauetaz eta beren hitz politetaz, gure eginkizuna ez baitago* hiltzetan, praxia dela medio, gizaki BERRIA, ASKATUA lortzen baizik. Helburu* honi, ez munduko aurrerazaleek ez eta Euskal Herrikoek ere ez diote utziko.

IGARTUA


Mundu biribila

Euskal aldizkariek dinoe

Euskal ekonomiaz

Orain arte industriaren oldar* horrek izan duen traba handiena zen ekonomiaren azpiduren* ahulezia (erregebide, telefono eta abar). Hemendik bost urteren buruko kanbiatuko dute hau ere.

1975-eko, Bilbotik hasi eta Behobiaraino autobide zabal eder batean jiten* ahalko da oren* batez. Agian* orduko bururatua* izanen* da Behobiatik Baionarat helduko dena. Hola oren bat eta hogei minutuz sartzen ahalko da Baionatik Bilborat.

1972-ko maiatzeko, petrolio iraztegi* handi bat eraikiko dute Bilboko portuan. Urtero 5 miliun tona petrolio pasatuko dira hortik.

Hirugarrenik, Bilboko portua bera azkarki zabalduko dute. 238 hektarea eta 11 km. kaia izanen ditu. Hastean 120.000 tonako eta geroxeago 500.000 tonako untziak sartzen ahalko dira hor.

Oraino ez da egiten 500.000 tonako untzirik, baina laster helduko dira handitasun ikaragarri horretarat eta orduan Bilbon ere izanen* dute kaia bat. Rotterdam, Holandako portua baita* munduko lehena egun*, diote Bilbo ere Rotterdamen heinerat* helduko dela.

«Banco de Bilbao»-ko mintzatzaileak gauza hauk presentatu ondoan, zion* euskal industriak ongi ihardukitzen* ahal zuela akordio horren ondorioei.

(R. CAMBLONG, «Herria», irailaren 10-ekoa)

Era askotara

Dana dala eta egia esan, nik ere uste dut gaur egiten ari dan euskera batuaren aurkakoak ez dutela ezer eskeiñi, orain arte beintzat. Eta eskeiñi bear dute. Bestela erriak alde bat bakarrik ezagutuko du eta, noski*, ori aukeratuko bearko.

(ZARRAOATAR IÑAKI, «Agur», abuztukoa)

Euskaltzaindiaren oharra

«Lema* Euskaltzaindiaren eskuetan dago, inorenetan egotekotan, eta Euskaltzaindiaren eskuetan egon behar luke, nik uste, aurrera ere, horretarako sortua dugulako», dio Mitxelena jaunak.

Ortan gaude gu ere. Orregatik eskatzen diegu, bai irakurle eta bai idazleei, jarrai dezaietela, Z. Argian beintzat, Euskaltzaindiaren erabaki auei.

(«ZERUKO ARGIA», irailaren 6-koa)

Batasunari buruz solasak

Bestalde, Euskaltzaindia sortu zelarik, orduko helbururik* nagusiena batasuna zen. Orduan hasi ziren horri buruz lanak agertzen, eta zenbait* gauzatan asko aintzinatu* zen. Altube, Campion, Broussain eta abar zirenetik hasi eta, egungo* Arantzazuko biltzarretaraino, ba dugu non ikas.

Ez dezagun pentsa, beraz*, gu lehen urratsak* ematen ari garenik. Gertatzen dena da, egun* batasun hori geroago eta premiatsuago senditzen dugula; eta horrengatik nahi genukela supituki erdietsi*, denbora eta lanarekin ez bada, lortzen ahal ez dena. Asko aldiz, burukomin eta buruauste guztiak kendu ahal lezazken* sendagailua, gauetik goizera gure esku eduki dezakegula uste baitugu: euskera batua, bere neurri eta muga guztiekin osatuko litzaken «urrezko giltza» alegia*.

(ANKO SENDOA, «Príncipe de Viana», uztail-abuztukoa)


Sei ta zazpigarren orrialdeotan agertzen diren zenbait aditz forma, bizkaieraz adieraziak.

beza, bei.

badukate, dauke.

daude, dagoz.

daude, dagoz.

dauku, dausku.

deritza, deritxo.

dezagun, daigun.

diegu, deutsegu.

diote, deutsoe.

ditzan, daizan.

dizkie, deutsez.

gaude, gagoz.

genezake, geinke.

gintezke, geintekez.

nazan, naian.

zaie, jake.

zaigu, jaku.

zaio, jako.

zeuden, egozen.

zitzaizkign, jakuzen.


Herri bat. Hizkuntza bat

Batasunaren kutxa

Konplimenturik batere gabe* esanda, izugarrizko lan txalogarria jasotzen da liburu honetan, euskeraren etorkizunerako jadanik* nahitaez gogoan eduki beharko dena. Aldez aurretik eta itsuki joera horretako edozein lan ukatzera erabakita dagoenak bakarrik arbuiatuko* du axolagabeki. Hitzaurre gisako* «Kutxaren Giltzarien ohar» laburraren ondoren, euskera bateratuaren aldeko «Baionako zina* ta mezua» dator, 63 idazle sinatzailek izenpetuta. Izenen eta izen-ordekoen deklinazioaren paradigma batekin bukatzen da atal hau. Bigarren atalean aditz laguntzailearen adiztegia ta euskal aditzazko estudio bat eskaintzen* zaizkigu, zenbait aditzen konjugazio sinplearen txosten batekin. Orrialde 93-239 lehen euskal hiztegi bateratua dadukagu, esannahia euskeraz adierazitako 5.810 hitzekin. Esku bateko txaloa liburuari ta liburua zor diegun Gabriel Aresti ta Xabier Kintanari. Biba zuek eta zuen liburua!

Baina permiti biezadate Autore biok eta irakurtzaileek liburuari ohar batzuk egiteko atrebentzia; eta ez goitik behera, ezta erribera kontrariotik edo animo etsaiez* ere, liburuak berak eta Autoreok sortzen dautaten begirune guztiaren barnetik baino.

Euskeraren bateragintzan dabilen nahasmendu objetibu ta sujetibuen ispilu bezala agiri da liburua. Euskera zeharo ezberdina, aurrenik: esaterako, hiztegiko azalpenetan eta «euskal aditzazko estudioan» (or. 73 ta hur.). Azkeneko honetan behintzat, oso pedagogiazkoa ez deritzagun «esaeren kulteranismo» arrotza ta gogorra nabari* da. Honelako asko dago: «Eta konjugazio sinplerik ez dutenak, hau da gure aditzik gehientasun nagusia, sistima konposatuan konjugatzeko dira» (or. 73). Bakan hartuta zer tatxaturik ez lukeen esaldi-modu askok, gehiegi erabiliz gero, arrotza ta naturaltasunik gabekoa bihurtzen du idazkia.

Terminologia edo gramatika-gauzen izenez: elkarturik ez beste guztia gaude! Urteak ibili zen Fernando Mendizabal pedagogiari dagokion gramatikazko terminologia erraz bat sortzen; eta Lafittek «barneko argiz arras* gogokoak» kausitu* zituen bai haren terminologia ta bai sistimagintza. KUTXAK ez dio egindako lan horri batere begiratu, ez bere sistimagintzan eta ez terminologian. Deklinazio-kasuen izenetan, adibidez:

aktiboa (K.) egillea (F.M.)

inesiboa (K.) nuna (F.M.)

elatiboa (K.) nundikoa (F.M.)

alatiboa (K.) norakoa (F.M.)

Fernandok «toki-deklinazioa» jarritako lekuan «lekuzkoa» esaten dauku KUTXAK. Eta abar, eta abar.

Berdin aditzarekin ere: «iragan etorkizuna» (?) hobe al dago «futuru zaharra» baino, sartuko nintzen forma adierazteko? Ta ez da terminologiaren gorabehera bakarrik, zehaztasunarena ere baizik*: sartzen nintzen presente perfeta dela irakurrita, Lafittek sartua nintzen-i emango liokeela izen hori iruditzen zaigu, ezeri ematekotan, hari behintzat ez. Orobat*, gertatua ta gertatzekoa omen* dira aditzaren bi gradoak; baina inola ere ez dira gauza bera, Lafittek, adibidez, «potentiel» (kondiziopeko potentziala) deritzana ta «gertatzekoa»: sekula ez gertatzekoak ere sartu behar baitira* «gertatzeko» horren barrenean. (Adibidez: atzo etorri balitz aita, etxean ikusi izango zukeen Andoni, «gertatzekoa» al da?) Zehaztasunaren falta berdina izen-deklinazioan ere: bitartezkoak ez ditu zertazkoa (: zertaz mintzatu da?) ta zerezkoa (: zerez dago etxea eraikita?) bereizten; eta ez dirudi ezinbestekoa biok nahasturik erabiltzeak, batzuetan bion atzizkiak* berdin-edo entzun arren. Eta abar, eta abar. Terminologia fijo bat sortzekotan, ez luke kalterik ekarriko jadanik* egindakoaren ardura gehixeagok; edo-ta argitasunen bat emateak, lehengoa onartu nahi ez bada. Ezen-eta*, euskalzalea Lafitteren Gramatikarekin eta orain Fernandorenarekin (bi mila aletatik gora jadanik euskaldunen eskuetan) lan egiten ohituta baitago*, argitasun xipi* batek asko lagunduko lioke nahasterik ez sortzen.

Tamalez, argitasun gutirekin ta gutiago arrazonatuta aurkitzen dugu zenbait* erabaki ta puntu. BAIT aurrizkia* aditzarekin lotu egin bada (baikara, eta abar), zergatik ez da berdin egin EZ hitz librearekin? «Mitxelenaren eritzia entzunda gero» egin omen* da hori; baina gehienok entzun edo irakurri ahal izandako haren eritzia bestelakoa zen orain arte bederik*, eta ez dakigu zer misterio eskutatzen duen «entzunda gero» zuhur horrek. «Irakurlea liburuaz ondo balia dadin» beharrezko izateak sortarazi omen du aditz laguntzailearen adiztegia KUTXAN; baina hori ere ez da arrazonatzen, BATASUNAREN KUTXA bategandik itxaron ditekeenez. Eskuetan batasunaren ez baina politika pertsonalaren kutxa dadukagun susmoa birrintzeko ere. «Mitxelenaren promesa» zeren garantia dugunik ere ez zaigu argitzen, «begirada bat eman» izana, jaun horrena izanez gero, beste gabe aski* ez baldin* bada behintzat.

Hiztegia iruditzen zaigu liburuko lanik galantena. Baina hemen ere ez da zer ohartarazi* ta galdeturik falta. Grekotik edo latinetik eratutako hitzak O bukaerarekin (fantasioso, telefono, teologo) ala U amaituaz erabili behar dira euskera bateratuan (artikulu, errespetu, estrainu)? Orobat* hipnosi, baina tuberkulosis (ese-rekin), tesis, eta abar. Aeroplano ordez aireplanua erabilita dago, zenbaitik ez badakit ere, eta Gipuzkoan behintzat entzuten zen (Gipuzkoa aipatzeak oraindik balio badu), ta aeroporturen antzean onargarria* ez ote den galde liteke (edo-ta, aireportu). Erizpide* zabalez dago, bestela, hiztegia. «Garbikeriari» ere ez dio aterik erabat* hertsi*: jopu, Euzkadi, laterri, etc. Baina handi, txiki (?), gutxi, ez dira hiztegi honetan batere agiri (Mitxelenaren izenarekin zabaldutako lehenengoan bai). Hiztegian sistima dago, baina azalpenetan sarri aurkitzen da sistema. Tarik atzizkia* ez da deklinazioan aipatzen, baina hiztegiko azalpenetan maiz* agiri da (adibidez: «Aristokrata... familia printzipaletarik sortua»). Hertsi-ren adierazpenerako itxi irakurtzen da, baina hitz hau ez da hiztegian sartu (lehengoan bai). Espilu hiztegian, baina ispilu azalpenetan. Gaixo hiztegian, geixo azalpenetan. Inprimatu hiztegian, liburuaren lehen orrian inprentatu, eta abar, eta abar. Zenbait* adierazpen zuzena edo osoa al den duda ere gelditzen da: konformidade, nire ustez, beste esannahi hauetan ere erabiltzen da: 1) etsipen*, 2) proportzio. Maixeatu, ez al da murmurka ibili edo kritikatu, ta azterkatu ere? Gaitza, gaixotasuna ere ba da. Isla, ez uharte bakarrik. Aingeru, sozialismo, kapital, kapitalismo, komunismo, ideologia, gorbata, etc. esplikazio bitxitxoekin* aurkitzen ditugu. Burjesia, exenplu, baina intsekto: euskera bateratuko ortografian noraino obligatzen du hiztegiak? Fraile, bedei(n)katu, argudio, katigu, etc. uztea hobe?

Hauek ez dira handik eta hemendik bildutako* exenplu batzuk besterik.

Euskera bateratuaren hauzia alderdi biren frentetan banatuta dabilen giro zikinduan, ez da agian* faltako, liburu hau haserretuta oso-osorik kondenatuko duenik. Beste batzuen deboziorik ere ez zaio faltako. Liburuak berak, hala ere, ez dirudi sesioa ta dibisioa sortzeko egindakoa. Eta azal barruan irakurtzen denez: Hau ez da liburu bat. Hau liburu baten hazia da. Denborarekin, eta hazi hau lur onean ereiten baldin* bada, arbola umo eta tantai bat izatera allegatuko da». Edozein uskeriagatik elkar-joka ibili gabe*, derrigor geure frentea babestu nahita, hobe izango genuke testu batetan oinarritu ta gure premiak* eta ahaltasunak azterkatu. Liburu honek oinarri zabala ematen dauku eginkizun horretarako. Liburuaren kritika honekin, liburuak lagundu nahi dion obra berari lagundu nahi genioke. Eta liburuaren kausaz arduratzen garen guztiok, grinarik eta hertsikeriarik* gabe, liburua hobetzen saiatzen bagara, liburuaren gauza hobetuko da azkenean: euskeraren eta euskaldunen batasuna. Azterketa hau eginaz, liburu honen azterketak egiteko premia azaldu nahi izan dugu: liburuari, liburuaren gauzari ta idazleei horixe zor zaielakoan.

JOSE AZURMENDI


Herri bat. Hizkuntza bat

Gasteizen aurrerapena

Arabako lautadaren* erdian aurkitzen da Gasteiz. Arabako hiri* nagusia da, denok dakigunez. Azken urteotan gehitze haundia ukan* du. 1953. urtean 56.000 bizilagun zituen, eta aurten 145.000. Gehitze honekin, gasteiztar gizarte zaharreko oinarriak kraskatzen hasi dira. Gasteiztar gizartea, bere barruko estrukturan, aldaketa gogorrak sentitzen ari* da.

Lehen, gure gizartea jauntxoen gizartea zen. Funtzionarioen, militarren, errentadunen eta apaizen gizartea. Batzuetan, haien artean eztabaidak sortzen ziren, nahiz Unibersidadea zela, nahiz elezioak zirela (gerra aurrean), nahiz urlia* monumentua beste leku batera aldatu behar zela, eta abar. Baina egiazko orduan denak elkartzen ziren. Haiek osotzen zuten gure hiriko giza-klase nagusia, eta haien legeek zuzentzen zuten hiriko bizitza guztia. Haro* feudaleko hondarrak ziren.

Bitartean, Bizkaian eta gero Gipuzkoan, goi-mailako gizonek erreboluzio industriala egiten zuten. Probintzia hauetan, Bizkaian batez ere klase nagusiaren eta langileen artean pixkana pixkana erdiko giza-maila bat sortzen da. Erdiko klase honek, gure kondairaren antzerkian, toki garrantzitsua beteko du, baina beti kontradizio ta eztabaida haundiren artean ibiliz. Horrela Euskal Herria bi zatitan puskatuta agertzen zaigu: bata industrializatua, bestea nekazaritzan diharduena.

Gasteiz bigarren zati honen barruan aurkitzen zen, lehen ikusi dugunez. Gasteiztar gizartearen eraketa ta biziera, nekazari gizartearena ziren.

Orain hamabost urte, guti gora-behera, hasten da Gasteizen industrializatzea. Zergatik hori? Lehendabizikoz, Euskal Herriko beste herrietan lantegi herriak eraikitzeko lekurik ez zegoelako, Eibarren adibidez. Gasteizko Udalak*, gainera, ondo jakin zuen abagaduneaz* baliatzen. Estaduak "polos de promoción" hoik sorrarazi aurreko urteak ziren. Gertaera honek, Euskal Herriaren aldetik, garrantzi haundia ukan* du, diruaren ihespide* berri bat galerazi duelako.

Beste aldetik, hirigintza* egoki baten bidez, erraztasun haundiak ematen ziren, bai lekua aukeratzeko, bai ura ekartzeko, eta bar. Arabako Diputazioak ere gutitu egiten zizkien lantegi berriei lehen urteetako zergak*. Horrela, industrializazioaren eskutik, Gasteiz poliki poliki haundituz joan da.

Bat batean, gazteiztar gizartearen harremanak aldatuz joan dira, eta burges xipi* klase bat agertzen da. Giza-maila hau, lehengoa baino bizkorragoa, trebeagoa ta jakintsuagoa izanik, hiriko indar eragilea izatera helduko da nonbait. Jakina, aldaketa hauek gure gizartearen barruan atezuak* dakartzate, baina gehienetan aurrerapenaren alderako izaten dira.

EZKIBEL


ADIZTEGIA

(Zortzi ta bederatzigarren orrialdeotan agertzen diren zenbait aditz forma, bizkaieraz adieraziak)

biezadate, beiste.

dautate, deuste.

deritza, deritxo.

deritzagu, deritxogu, deritxagu.

dakartzate, dakarrez.

dauku, deusku.

dezagun, daigun.

diegu, deutsegu.

dio, deutso.

gaude, gagoz.

genioke, geunskio.

lioke, leuskio

liteke, leiteke.

zaie, jake.

zaigu, jaku.

zaio, jako.

zaizkigu, jakuz.

zitekeen, eiteken.

zizkien, eutsezan.

zukeen, euken.


Huriburuak

Bilbo

Jolasetako señoritoak eta euskera

Negurin, «Club Jolaseta»-ko señoritoek abesti sariketa bat antolatu dabe, eta sari bat emango deutsoe gazteleraz hobeto idatzitako abestiari. Euskerarentzat ez dabe horrelakorik egin. Beharbada, dotoreegiak dira Jolasetakoak, euskera lako hizkuntza pobre bat han sartzeko. Eta, gero, sasi-marxista batzuk etorriko jakuz esaten, euskera hizkuntza burges bat dala.

Inginadoreak alkate

Nik ezagutzen ditudan Bizkaiko herri nagusietan, inginadoreak* dira alkate, eta, euren karreretan ikasitakoari jarraituz, administrazioa ahal dan ondoen eroaten ahalegintzen dira.

Baina nahikoa ote da hori, huri nahiz herri bat gobernatzeko?

Adibidez, inginadoreak alkate diren huri ta herrietan, jaiak gatz bakoak dira, ume ta zaharrentzako parkerik ez da egiten, uso ta abere politekin ez dira parke ta jardinak betetzen, zuhaitzak* eta loreak ez dira ugaritzen.

Zergatik ez da proba bat egiten, eta inginadore baten lekuan poeta bat alkate jartzen?

Euskera Bilbon

Bilbon, 410.000 bizilagunen artean, 40.000 inguru ei gara euskaldunak.

Euskerazko mezak, jaiegun eta jai bezperetan, 14 dira; eta euretara 8.000 euskaldun inguru joaten dira. Non dagoz beste 32.000 euskaldunak? Ateoak ote dira, edo ez ote dabe maite euskera?

Ikastolak hasi dira lanean. Lehengoak haunditu egin dira, eta beste batzuk berriak dira. Euskal ikastola honeetara, aurtengo ikastaroan, 1.500 bilbotar ume joango ei dira.

ANAITASUNA-k Bilbon, gaur, 983 harpidedun ditu. Beraz*, 17 falta dira milara heltzeko.

XABIER GEREÑO

«Neure amari»

Zeuk eman zeunstan bizitza:

zure eskuak neure eskuak,

zure bihotza neure bihotza.

Zeure eskutik ibiltzen ikasi neban,

lehenengo otoitzak zeugaz egin nituan,

nire lehenengo hitza «ama» izan zan.

Zeu zara nire amatxu.

JOSEBA TXARTERINA GEREÑO

13 urteko bilbotar

Gasteiz

Jaime de Altubek «La Voz de Guipúzcoa» egunkarian idazten dau, Gasteiz eta Araba guztirako orrialde berezi batean. Irailaren* 13-an hauxe inoan*:

Euskal Diputazioak ez dira biltzen

«Espainiako edozein eskualdetako* erakunde* bereziek (kasurako, Kataluniako Diputazioek) batzarrak egiten ditue sarritan, gure egunkarietan edonoiz ikusi leitekenez. Interesgarria da edozein euskaldunentzat, CESIN edo «Consejo Económico Sindical del Norte de España»-koak Bilbon elkarturik egotea... Baina CESIN-ekoek hartu leikeezan erabakiak ez dira ezertarako gauza izango, Diputazioek ezeren ardurarik hartzen ez badabe, eurok baitira* honetarako medio ta posibilidadeak dituenak. Horregatik, Euskal Diputazioen bilkurak* Herriak eskatzen ditu...

Bilbo ez da arduratzen

«Egia esan, Bilbo arduratu egin behar lizateke hauzi honetan; baina, itxura danez, ez dau horretarako desira* haundirik erakusten. Bilbo, dudarik ez, bere inguruko herrialdeei lepo bizkarra emanik bizi da...

Bilbo ez da euskaldunen huriburua

«Ekonomia aldetik ba dateke* Bilbo euskaldunen huriburua, baina ez kultura aldetik, katalanentzat Barcelona dan bezala. Zer dau Bilbok kultura aldetik? Gauza haundirik ez. Bilboko Unibersidadea bera ere, sekula ez da larregirik arduratu pentsalariak sorrarazten, eta bai komertzialariak. Gipuzkoa, ostera, gure ustez, indartsuago dabil kultura aldetik. Ba dira zenbait giputz*, euren probintziaren alderako lan sakonean ari* direnak. Gure eritziz, Bilbok Euskal Herriaren huriburua izan nahi badau, Euskal Herri osoaren ardura euki behar leuke. Trasporteak, Unibersidadea, ura eta industriagintza dira gure arazoak; eta Bilbo guztiokin arduratu behar lizateke, baina guztioi begiratuz...»

Javier Arzuaren deia

Aipatu dogun Jaime de Altuberen artikulua komentatuz, ba dino Javier Arzuak irailaren* 15-eko «La Voz de España»-n: «Zergatik ez deutso, aurrelari bezala, Gipuzkoako Diputazioak lanari ekiten?»

Bizkaiko Diputazioaren ardura

Aurtengo ekainean* agerturiko Bizkaiko Diputazioaren zirkular batean, jarraiko hauxe esaten da, «IV Asamblea de Instituciones de Cultura de las Diputaciones»-era dei bat eginez: «Previsto su desarrollo, entre los días 29 de septiembre y 3 de octubre, se extenderá también a las provincias hermanas de Guipúzcoa y Alava...» Eta aurreratxoago: «Hacemos un cordial llamamiento a las Corporaciones e Instituciones que todavía no se hayan suscrito, para que lo hagan y acudan a Bilbao a colaborar en una tarea que a todos nos ha de beneficiar».

Iruñea

Apaizak, kristauak eta besteak

"Ollar" ezizenagaz sinaturik* hurrengo hauxe irakurri dogu irailaren* 9-ko "Diario de Navarra" Iruñeko egunkarian:

"Jende askok nahastu egiten ditu apaizak eta erlijioa, edo gauza berberatzat eman. Ez dago errakuntza haundiagorik. Nire ustez, asko bai asko dira apaizen artean, sotana eskegi behar leukeenak, eta egingo dabenak behar baino askoz gutxiago dira; ta, zoritxarrez, sekula ezer ez irakatsi ez eman ez euskuenek, horreek ez dabe, ez, habiturik eskegiko.

"Ba dakit, Kardinal jauna tristerik dagoena. Kristau guztiak, ni bezalako epel samarrak ere bai, nahiko arduratuta gabiltza. Ze, bai batetik eta bai bestetik, jendea alderdi txikietan pilatzen da, elkarrizketa barik, bakoitzak bere landa ta soloak guztien gainetik defendituz.

"Oraindik oraintsu inostan Unibersidadeko mutil batek: 'Zuoi, nafarroi, ardura haundia ematen deutsuee erlijioko gauzek. Guri ez. Guk irakurri ere ez ditugu egiten apaizei buruz idazten direnak. Guretzat, apaizen hauzi hau zabarren, burgesen nahiz gugandik urruti dagoen gizarte baten arazoa da".

"Eritzi horretakoak ez dira gehienak izango seguru asko, nire adiskideak halan uste izan arren. Baina, ondo pentsatuz gero, ona izango da beti, jenteak eztabaidan jardun daiala, hurrengo Pastoralerako Bikarioaren elezioa dala edo San Miguel Aralarko Seminario-Kolejioko gorabeherak direla ta...".


Eliza gaurko munduan

François Mauriac

François Mauriac hil da. Nobelagintzaren klasiku bat bihurtuta egoen ia, Academie Française-ko ta Nobel Saridun ohoratua*. «Konkretuan lan egiten dauan metafisikua» hil egin da, berak bere burua definitzen eban legez. «Uniberso katolikua sentigarri, ukigarri*, esperimentagarri bihurtzen ahalegindu naiz», esan eiken bere lan luzeaz Gironde-ko arima-deskribitzaile nekatu ezinak.

Idazle fededuna

Mauriac idazle katoliku bat izan da erabat*. Maminak utzi* ta erlijioaren barrueneko forma radikalenetaraino, hezur* mistikuetaraino sartu, ta han barrenean fariseokeria, gorrotoa, haragikeria ta azkenik grazia azterkatzen ausartu zana. Kontzesiorik egiten ez ekian-jansenista zintzo bat zan (bere bizi guztian kezkatu eban Jansenioren nortasunak). Baina ez inkisitore zalako, erlijioaren esentzia bilatu gura ebalako baino. Mundu sekularizatu honetan gurutzea ta bizkundea bizitza moralean eta mistikan bilatzen saiatu dan belaunaldi* batekoa zan, Bernanos, Claudel, Bergson, Unamuno ta beste askogaz batean. Katolizismoaren eta mendebaleko* erlijio-kondairan, gloriaz beteriko haro bat amaitu da. Atlantida espiritual bat hondora doa. Guk, gure belaundiak, ez dau mundu horretarako sarpiderik aurkitu. Barruan gaukaz misterio horrexek berorrek, baina mundu horren irteeran* jaio gara. Mauriac bere denbora baino geroago hil da.

85 urte egingo zituan urriaren hamaikan; eta hil arte jardun dau «behinolako mutikoak», beti gazte ta beti zerbait zahar, aspaldiko menderen* batetik geure denborara ihesi* etorritako profeta baten antzean, luma eskutik utzi barik. Ondo ikusten eban berak —eta ezin sufritu— gaurko katolizismo «liberala». Baina ez zan gorroto gordez goritutako eztenagaz eskuinera ta ezkerrera erasotzen* ibili, bere gauzak esaten jarraitu izan arren. Bere belaunaldiko besteren batzuek apokalipsiko tronpetak hartu ditue eskuetan, euren denbora akabatu danean, denbora guztiak akabatu balira legez: horra Maritain eta Danielou kardinala. Ba dirudi, euren umeak irentsi* gura leukeezala. Ez dakie besterik, denbora hau kondenatzen baino. Baina guk ezin dogu denbora hau kondenatu, geure buruak kondenatu barik, ez gagoz geure denbora baino seguruago ta. Mauriac zintzoagoa izan da. Bere merezimenduen errentatik bizitzen gelditu barik, honezkero berea ez dala ezagutzen eban-mundu honetan ere, bere gauzak esateko ausardia* ta apaltasuna euki dau. Eta bere gauzak esaten, azken azkeneraino jarraitu dau: gaixo-etxera sartu zan egunerarte aritu* da, Mémoires intérieures bere azkenengo liburua jorratzen. Ihaz* Un adolescent d'autrefois eskaini* euskun, hamabost urteko isilune luzearen ondoren, bere izen kontsakratua arriskatuaz. Bere burua itaunen* eta dudaren zartaginan botatzen ekian-gizon iraun dau azkeneraino.

Errespetuz beterik eta hunkiturik* ikusi dogu Mauriac, berak fabrikatutako Jaungoiko-idoloak beti apurtu ta berriro hasten. Eta berak esaten zituan Eliza, grazia, errebelazioa edo antzeko berbak sarri guretzat ezer ere adierazi ezin eben-kontzeptuak baziren ere, ba genkian Mauriacen ahoan horreek ez zirela inor hipnotizatzeko berba magikuak, misterio bila ilunetan joan danaren bide-seinaleak baino. Ta, gehiagotan oraindik, gurari bizi baten izen asmatua baino ez, nori jakin barik egindako otoitz bat. Mauriacek ez eban fedea sistima ta gartzela* bihurtu.

Guretzat, horregatik, nobelari haundia baino askoz gehiago zan Mauriac, eskolatik irten* eta haren nobelak hausnartzen* genduzanean. Eta hausnartu esan beharra dago hemen: Mauriacen nobelak, gaitzak*, astiro ta kontzentrazioz irakurri beharrekoak egiten dira gaur. Mauriacen mundua ez da gurea. Pertsonaien* mugimendu guztiaren azpian geldi geldi dago Mauriacen nobela. Gertaerak eta egintzak, situazioak eta nobelaren trama guztia ere, azkenean, arima bakarrik ziren. Gizonaren arima nahasia* ta bere grinak. Mauriacen fedea. Ta Mauriacen fedea bera ere eta berak grazia eritxon* suge-gorrien habian edo Thérèse Desqueraux-en pozoinetan* argitzen ei dan «beste zerbait» misteriozkoa ere jadanik* itxaropenik gabeko gurutze bat legez egiten jakuz. Lapikoen artean ere Jaungoikoa aurkitzen eban Santa Teresak, baina lauetarik hiru goserik dagoen gaurko munduan lapiko gutxiegi dago ta Jaungoiko gutxi geratu da.

Non dago Jainkoa

Orduan, «non geratu dan» da gaur ostera* ere jakin gura geunkena. Problema horrexegaz berorregaz aurkitu ziren Europako intelektual kristauak gerra haundien artean eta azkenekoaren ondoren ere. Denbora berean gizona zer dan itaunka* ebiltzan esistentzialistak. Mauriac, esistentzialista kutsuko fededun, funtsean* kontserbakor baina urduria*, beti itaun horren atzetik ibili da. Eliza errime bat gura eban: berak esan eban legez, kanpoko gauzetan ere errime* ta aldatuezina egoen-Eliza. Hierarkia maite eban: Gaullista porrokatua* zan. Eta nik neuk behintzat mitologien urruntasuneko landuratan legez aurkitzen neban haren kristautasun pekatuz eta graziaz batea. Neure barru barrukoa, ta, hala ere, arrotz erabat*. Mauriacen nobeletako drama guztia sistima seguru baten barrutik irten* barik gelditzen da. Baina gure belaunaldia* sistima horretatik kanpora jausita jaio da. Pedagogo sadiku batek legez, desanimoz eta amorrazioz betetzen gaitu Mauriacek; ta bere indize-hatz zorrotz autoritarioak, sekula dudatu ez dauanaren bihotz gogorragaz, Jaungoiko ikaragarri baten zerua seinalatzen dau. Mauriacen gizonak, salbazio-sistima baten barruan salbatuak izatera kondenatutako presoak dira. Ezin dabe salbatu barik geratzeko lain* gaizto izan.

Zintzotasuna

Baina horrexegaz berorregaz dago sistimaren absurdua erakutsita. Elizan askok, eta Elizagaz beragaz identifikatuz, edozein mediogaz gorde gura leukee sistima. Mauriac sistimaren barruan mugitzen bazan ere (ta horrek estrainu samar uzten* dau gaurkoentzat, aken finean), ez egoen sistimaren menpean: horrek eman eutson azken azkeneraino beti berriro hasten, probatzen aritzeko* indarra. Sistima tinko* bat defenditu beharrean sentitzen zan; baina, bera haren gainetik egoelakoxe, bakarrik sentitu eiken sistima defenditu ahala. Hor dago Mauriacen misterioa eta erakarpena*. Eta erakarri, ez dau bakarrik haren literatura maisuak eta gure denborari jantziak eranzteko edo janzteko bere graziak Figaro Littéraire-ko «Bloc-notes»-etan erakartzen. Gerra ondoan euskaldun «gorrien» alde saiatu zan-Mauriac, idazle baino gehiago, nor-banako bakarraren bere buruarekiko moraltasuna zan. Ta hori beti saldu izan da garesti*. Mauriacen pertsonaia* asko ailegatzen da azkenean aitortza-situazio tipikuetara; ta Mauriacen produzio guztia da hori, funtsean*. Zintzotasun. Seriotasun ikaragarria sentitzen da, horregatik, Girondeko bere burges-koxkor higuingarri baino barregarriagoen atzean. Ta haren munduak eta gure barnekoak kasik ezertan kointziditu ezin arren, Sinai mendiko hodeiak lakoxe errespetua sartzen dau haren nortasun moralak.

J. A. OTAEGI


Elizako berriak

Sadan (Nafarroan) parroko berria

Jesus Abaurrea, Aoiztarra, Sadako parroko jaun izendatua izan da.

Teologiazko hitzaldiak Belgikan

Irailaren* 12-tik 17-ra teologiazko mintzaldiak izan dira Bruselasen. Munduko teologorik ospetsuenak bertan bildu* dira. Euskal Herritik ere hainbat entzule joan dira. Baina hara joan ezin gaitekezenentzat non dira teologiazko hitzaldiak? Ba dirudi, Gasteiz, Iruñe ta Bilboko fakultadeetan diren teologoek euren ikasleentzat bakarrik berba egiten dabela, ez baitogu* herrietan hareen hitzik entzuten.

Irurzungo parroko jauna hil da

Irailaren* 11-n, kotxe ixtripu* gaizto batean hil da Lorkan (Nafarroan) Jose Cruz San Juan, Irurzungo parroko jauna. Goian bego.


Ikasi zure hizkuntza

I. Hiztegia

(Ale honetan izartxo bategaz agertzen diren berbak)

ABAGADUNE, ocasión, coyuntura.

ADOS, conforme.

AGIAN, nonbait, aurki, seguramente.

AINTZINATU, aurreratu.

ALEGIA, es decir, a saber.

ALOGER, jornal.

ARBUIATU, despreciar.

AREATZA, Villaro.

ARGAZKI, retrato, fotografía.

ARI IZAN, jardun.

ARITU, ari izan, jardun.

ARRAS, guztiz, zeharo.

ARRASATE, Mondragoe.

ARRETA, ardura, kontu.

ARRO, cuenca.

ASKI, nahiko.

ASTEARTE, martitzen.

ASTEAZKEN, eguasten.

AT, kanpoan.

ATEZU, tensión.

ATZIZKI, sufijo.

AURRIZKi, prefijo.

AUSARDIA, atrevimiento, valentía.

AZPIDURA, infraestructura.

BAILARA, hauzune.

BAITA, bait da, da ta.

BAITAGO, bait dago, dago ta.

BAITIRA, bait dira, dira ta.

BAITOGU, bait dogu, dogu ta.

BAITZAIZKIE, bait zaizkie, jakez eta.

BAITZIREN, bait ziren, ziren eta.

BAIZIK, baino.

BALDIN, kondizio bat indartzeko hitza.

BARATZE, ortu, jardín, huerto.

BARRUTI, jurisdicción territorial.

BATIPAT, gehienbat, batez ere.

BATZORDE, comisión.

BAZTER, baztertu.

BEDERIK, bederen, behintzat.

BELAUNALDI, generación.

BERAZ, hori dala ta, por consiguiente.

BILAKARAZI, bihurtu erazi.

BILDU, batu.

BILERA, batzar, bilkura.

BILKURA, bilera, batzar.

BITXI, raro.

BOLADA, unada, sasoi.

BORDELE, Burdeos.

BUKATU, amaitu.

BURURATU, amaitu, bukatu.

DAGOKEZ, dagoz nonbait, egongo dira.

DAKUSAGU, ikusten dogu.

DAKUSAT, ikusten dot.

DARRAIKIO, jarraitzen jako.

DATEKE, da nonbait, izango da, izan behar dau.

DESIRA, gurari.

DIRAUTE, diraue, irauten dabe.

FUNTS, muin, barne, barru.

GABE, barik.

GAINDI, gaindltu, superar, vencer.

GAITZ, gatx.

GALDERA, galde, itaun, pregunta.

GALGA, freno.

GARESTI, karu.

GARTZELA, kartzela.

GISA, era, modu.

EDOZENBAT, zenbatnahi, zenbatgura.

EGUN, gaur.

EGUNKARI, eguneroko periodiku.

EKAIN, junio.

EKIALDE, sortalde, Este.

ENPARANTZA, plaza.

ERABAT, zeharo, guztiz.

ERAKARPEN, atracción.

ERAKUNDE, egitura, estructura.

ERAMAN, eroan.

ERASO, atacar.

ERDIETSI, lortu, jaritxi.

EREDU, modelo.

ERITXON, deitzen eutson.

ERIZPIDE, criterio.

ERORI, jausi.

EROSO, comodamente.

ERRIME, tinko, firme.

ESKAINI, eskeini, ofrecer.

ESKUALDE, comarca.

ESKUALDEKATZE, planificación comarcal.

ETSAI, arerio, contrario, enemigo.

ETSIPEN, resignación.

EZEN-ETA, pues.

HALABER, era berean, berdin.

HAR, hartu.

HARAN, ibar, valle.

HARO, época.

HARREMAN, artuemon.

HAUR, ume.

HAUSNAR, hausnartu, rumiar.

HAUTATU, aukeratu, elegir.

HEIN, grado, rango, proporción.

HELBURU, asmo, fin, objetivo.

HERRIALDE, provincia.

HERTSI, itxi, cerrar.

HERTSIKERIA, estrechez de miras.

HEZUR, hazur.

HIRI, huri.

HIRIGINTZA, hurigintza, planificación urbana.

HORREGAITINO, sin embargo.

HUNKIGARRI, bihotzari eragiten deutsona.

HUNKITU, bihotzari eragin.

HURBIL, hurbildu, hurreratu; hurre.

HURIGINTZA, planificación urbana.

IGANDE, domeka.

IGERLARI, igerian dakiana, nadador.

IGERTOKI, igeri egiteko toki, piscina.

IHARDUKI, resistir, hacer frente.

IHAZ, igaz.

IHESPIDE, igespide, fuga.

INGINADORE, ingeniero.

INOAN, esaten eban.

IRAIL, septiembre.

IRAULTZA, revolución.

IRAZTEGI, iragaztegi, refinería.

IRENTSI, iruntsi, tragar, devorar.

IRTEERA, urteera.

IRTEN, urten.

ITAUN, galde, galdera, pregunta.

IXTRIPU, accidente.

IZANEN, izango.

JADANIK, ya.

JAZO, gertatu, pasatu.

JIN, etorri.

KABU, iniciativa.

KARRIKA, kale.

KAUSITU, aurkitu.

KIROLA, deporte.

LAIN, beste, aina, bezainbat.

LAKET, atsegin.

LARUNBAT, zapatu.

LAUTADA, ordoki, llanada.

LEGEZ, bezala.

LEGUTIANO, Villarreal de Alava.

LEMA, timón.

LEZAZKE, leikez.

LIZARRA, Estella.

MAIZ, sarritan.

MARGOLARI, pintor.

MEA, mina.

MEMENTO, momentu.

MENDE, siglo.

MENDEBAL, occidente.

MUSKARIA, Tudela.

NABARI, patente, notorio.

NABARITU, agirian ikusl.

NAHASI, nahastu.

NEHOR, inor.

NOSKI, ciertamente, seguramente.

OHARTARAZI, ohartu arazi, hacer observar.

OHORATU, ohore eman, honrar.

OHORE, honor.

OLA, fabrika.

OLDAR, impulso.

OMEN, ei.

OMENDATU, homenajear.

ONAR, onartu.

ONARGARRI, aceptable.

ONETSI, ontzat eman, aprobar.

ONURATSU, provechoso.

OPOR, bakazio, bakantza.

OPORKETA, bakazio, bakantza.

ORDEA, ostera, berriz.

ORDIZIA, Villafranca de Oria.

OREN, ordu.

OROBAT, berdin.

OSTEGUN, eguen.

OSTERA, berriro, berriz; ibilaldi, viaje.

OSTIRALE, bariku.

PERTSONAIA, personaje.

PREMIA, premina, necesidad.

PORROKATU, sutsu.

POZOIN, veneno.

SINATU, izenpetu, firmar.

SINETS, sinestu.

TANKERA, taxu.

TINKO, errime, firme.

UDAL, Ayuntamiento.

UKAN, euki, izan.

UKIGARRI, ikutu ahal dana, palpable.

URDURI, trankil ez dagoena.

URRATS, pauso.

URLIA, tal.

UTZI, itxi, laga.

XIPI, txiki.

ZALANTZA, duda, ezbai.

ZENBAIT, batzuk.

ZERGA, contribución.

ZIN, juramento.

ZIOEN, inoan, esaten eban.

ZION, inoan, esaten eban.

II. Idazteko modua

Txarto:

Afirmazio hau gogorregia dirudi.

Bakoitzak lotu bekio gustatzen jakon arazoari.

Ondo:

Afirmazio honek gogorregia dirudi.

Bakoitza lotu bekio gustatzen jakon arazoari.

Imanol Berriatua


Ezagutu gure herria

Gorbealdea

Arabako Diputazioaren eskualdekatze* berrian, «Estribaciones del Gorbea» izeneko eskualdea* agertzen da. Guk Gorbealdea deitzen deutsagu, alde atzizki horrek euskal toponimian bere balioa dauka ta.

Eskualde hau historian ez da behin ere agertzen. Lehenengoz Urkabustaiz eta Zuia, Osingani eskualdean egozen. Gero Urkabustaiz Aialarekin elkartu zan, eta, Zuia bera buru zala, Zuia talde barruan egon da joan dan menderarte*. Zigoitia, berriz, Mendotza taldean sartuta egon da azkenen menderarte; eta Legutiano* ta Aramaio, Biaiztiriko taldean. Beraz*, gaurko planifikatzeak eskatzen dauan eskualde berri bat dogu Gorbealdea. Gorbea mendiaren barrenean dagoz hain zuzen ere eskualde honetako herririk gehienak; eta Gorbeako gaina ere eskualde honetan dago. Zuia haraneko* udal barrutikoa* da ta.

Udalak eta mugak

Goiko lerroetan ikusi leitekenez, eskualde hau bost udalek* osotzen dabe: Urkabustaiz, Zuia eta Aramaio haranek, eta Legutianoko huriak bere herrixkekin. Eskualdeak 57 herrixka ditu, 6.127 bizilagun eta 406.27 km.2.

Eskualde honetan sartu leitekez, orain Bizkaiko diren Otxandio eta Ubidea herriak, geografiaz eta harremanez* Legutianorantz joten dabe ta.

Eskualde hau, Iparraldetik, Gorbea eta Anboto mendiek mugatzen dabe, Orozko, Zeanuri, Ubidea, Otxandio, Abadiño eta Atxondoko herriekin. Hegoaldetik, Kuartango, Foronda, Gasteiz eta Ubarrundiak. Ekialdetik*, Leniz haraneko lau herriek; eta Mendebalaldetik*, Aiala eskualdeko Arrastaria eta Lezamak.

Hibaiak: Baia izenekoa, Gorbean jaio eta Zuia ta Urkabustaiz haranak* igarotzen dituana; Zaia, berdin Gorbean jaio eta Zigoitia harana zeharkatzen dauana; Urkiola eta Santa Engratzi, Legutianotik pasatzen direnak; eta Aramaioko hibaia, haran horretatik zehar Arrasaten* Deba hibaiarekin bat egiten dauana. Beraz*, azkenengo haran hau Deba hibai arrokoa* da geografiaz, eta ez Araba aldekoa.

Bide asko igarotzen dira eskualde honetatik: Bilbotik Gasteizera doazen bi, bata Barazar mendiatetik zehar eta bestea Altube mendiatetik doana; lehenengoa Legutianotik igarotzen da, eta bigarrena Zuiatik eta Zigoitiaren behe aldetik. Durangotik Gasteizerakoa ere, Urkiola, Otxandio eta Legutianotik zehar doa; eta Arrasatetik Legutianorakoa, Aramaiotik igarotzen da. Baina, eskualde hau bide garrantzitsuek zeharkatu arren, eskualdeak berak ez dauka bide egokirik bere herrien elkar bizitzarako; esate baterako, hango herri nagusi bien artean, Legutiano eta Murgiaren artean, bitartean Zigoitiako Gopegi huriburua dala, bide hestu eta oker bat dago. Hemen ikusten da, bai Araban, bai Bizkaian eta bai beste herrialdeetan* ere, Espainia ta Frantziako «sistema radial» hori barru barruraino sartuta dagoela; eta orduan huriburua bakarrik dago ondo komunikatuta, herriak eta eskualdeak txarto eta komunikazio barik, zeharkako sistemarik gabe. Bilbo-Baionako autobidearen adarrak hemendik pasatu beharko dau, Altubetik, Urkiolapetik, igarotzen bada behintzat. Bilbotik Mirandarako trenbidea bertotik, Izarratik, igarotzen da. Lehen beste trenbide bat ere ba egoen, Maltzagatik Gasteizerakoa; baina kendu berria da. Bilbotik Gasteizera zuzen joateko, beste trenbide bat egitekotan izan dira aspalditik, Izarratik artez Gasteizera, edo Lemonatik hasita Legutianotik zehar.

Bizilagunak

Eskualde hau bizilagunez urrituz doa, geroago ta gehiago. 1950-1960 artean, ehuneko 2,39-ko atzerakada egin eban, esate baterako. Harrezkero Legutiano bakarrik gogortu da, baina gutxi; alde batetik industriak izan arren, jendeak Gasteizen bizitzen jarraitzen daualako, ez baita* egon orain arte Araban eskualde buruak sendotzeko hurigintza politikarik, eta Gasteiz izan ezik beste herriak zerbitzurik gabe aurkitzen dira, eta kasu honetan dago Legutiano, Gorbealde eskualdeko herririk haundiena.

Ekonomia ta huriburua

Industria aipatu dogunez, Legutianon dagokez* eskualdeko ola* bakarrak. Nagusiena, Larrabea inguruan, «Icoa Poliuretano» izenekoa. Zuian, adreilu eta igeltsu ola batzuk; Urkabustaizen zerraren bat; eta Izarran, trenbidearen ondoriokoa. Zigoitian ez dago industriarik, harrobiena kontatzen ez bada. Gorbea barrenean burdin meak* dagoz, baina esplotatu barik. Aramaion ba da lantegi mordotxo bat, baina ez ola haundirik; beharbada Arrasateren ondoan egotea ez dau eroso* aprobetxatu, Arabako zerga* berezitasunekin baliatuaz.

Baserri ekonomia da nagusiena eskualde honetan; baina 47 km.2 bakarrik dira landuak, 357 landa eta larre, eta gainerakoak baso hutsa. Abere ekonomia da behinena, baina onura gutxigaz: 6.235 abelgorri, 15.051 ardi, 2.758 txerri, 616 zaldi-behor, 279 ahuntz, 225 asto eta 34 mando, orain bost urteko azken zenbaketan. Basotan, baso huts edo larre ta guzti, 287,18 km.2 dira, gehienak herri basotan. Hemen bai agiri dala baso ekonomiaren politika baten beharrizana, bai herrien eta bai Diputazioaren aldetik. Beste edonon bezala, Gorbealde honetan ere baserritarrak elkartze premia* gorrian aurkitzen dira. Aipatzekoa da, horregaitino*, eskualde honetan, hain zuzen ere Urkabustaiz haraneko Abornikano herrixkan, Busturialde eta Durangoaldeko gazte talde batek, baserri estrukturak eraberritzeko, iraultza* bat egiteko asmoetako lanean diharduala; eta, teoriatik praxira pasaturik, euren esperientziak Euskal Herriko baserri kondairan lorratz sakona utziko dauala uste dogu.

Turismo ekonomiak ere ba dauka bere garrantzia eskualde honetan, batez ere Murgian, Izarra eta Zigoitian. Udan eskualde hau bilbotarrez beterik aurkitzen da, eta benetan ba ditu horretarako toki atseginak.

Gorbealdeak nabarmenki agertzen dau bere huribururik eza. Legutiano izan leiteke aukerarik onena dauana, nahiz eta erdiren Gopegi egon; baina azken hau bide nagusietatik urrun gelditzen da. Arabak hurigintza* egoki bat egingo baleu, kontuan eukirik Bilbotik Mirandarako trenbidea Izarratik igarotzen dala, Aramaiok Arrasate* hain hurbil* dauala eta Legutiano huriburu izateko leku estrategiku batean dagoela, bost udalen* desarroilu armoniku bat euki leike eskualde honek. Bizkaira eta Gipuzkoara begira dagoen eskualde honen hazitzea ez dateke* hain zaila planifikatze egoki batekin.

Hizkuntza

Hizkuntza arloan, hementxe bakarrik egiten da euskeraz Araban; Aramaio haranean guztiek, eta Legutianon eta bere herrixketan adinekoek. Zigoitian zaharren bat ote dagoen entzun dogu. Halan eta guztiz ere, Legutianoko apaizek ez dabe hori kontuan hartzen, eta lasai laguntzen deutsoe bertako hizkuntzari hiltzen. Asteko, beharrezkoa lizateke, bai Aramaio eta bai Legutianoko eskola batuetan euskera ematea. Nafarroako Diputazioak egiten dauana, Arabakoak ezin leike egin ala?

J. L. LIZUNDIA