ANAITASUNA
197 zenb. 1970
URRILAK-15
Jardin Txikerra, 1 BILBAO-12
«ANAITASUNA BIZKAIA»
Zuzendaria: Anjel Zelaieta Gisasola
Idazkola ta banakola: Jardin Txikerra, 1 Bilbao (12)
XIX. urtea, 197. zenb., 1970. Urrilak 15
D. L.: BI - 1.753 - 1967.
Imprimatzailea: Imprenta AMADO. Bilbao.
Irarlea: RALI, Bilbao.
Alboan doan argazkiak arazo honetaz dioskuna hemen ere jarriko dugu, gaur guri dagozkizun lerroetan: «Se permiten los nombres extranjeros o regionales. Si tuvieran traducción usual al castellano, sólo se consignarán en esta lengua».
Beraz*, ezin dira jarri, gaurko Espainiako legediaren arabera*, Iñaki, Julen eta abar, Hauzitegietan* Ignacio edo Julián jarriko dute ta. Elizak onartzen ditu erderara itzul ditezkeenak ere, adibidez, aipatu ditugun Iñaki ta Julen, baina Estaduko legeak ez; eta kasu berean aurkitzen dira gailego eta katalan izenak. Beste gauza bat da lege horren egokitasuna. Gure ustez, hiru hizkuntzetako erakundeek zerbait egin behar lukete lege hori aldatzeko; baina hau beste baterako gaia izan liteke.
Zeintzuk dira orduan ume bati ezar lekizkeon izenak? Ba, erderan, gaztelanian*, itzulketarik ez dutenak. Hemen berezi egin behar dira hitzaren itzulketa eta hitzaren onomastika ordezkoa. Amaia-ren itzulketa El fin izango da, baina ordezkorik ez du erderazko onomastikan. Bestalde, Xabier edo Txaber izenaren etimologiazko itzulketa Casa Nueva izango da, baina haren ordezkoa erderaz Javier.
Zela jokatzen dute Hauzitegiek arazo honetan? Batzuek Euskaltzaindiaren aholkua* onartzen dute. Eta Euskaltzaindiak badio, euskal izena dela eta gaztelaniaz ez dela izen berdinik ezagutzen, haiek ezarri egiten dute, besterik gabe*. Baina beste Hauzitegi batzuek, legeari «Interpretación rectrictiva» delakoa eginez, eragozpenak jartzen dituzte, gehienetan ez-jakintasun eta indokumentazio izugarria agerraraziz. Inoiz, euskal izen bat ezartzeko, erderazko nahiz rusozko bati eskatzen ez zaiona eskatzen da. Adibidez, legeak ez du eskatzen, izenak Santoralean agertu behar duenik, eta, esate baterako, literaturako pertsonaia bat normalki jartzen da: Fabiola, Dulcinea, eta abar; baina «Euskaldunak» poemako Eleder izenak ez du tratu bera hartzen. Ziortza izena joan den mendean* edo lehenago erabilia izan zen; baina kontuan eduki gabe, Andre Marien izenak jartzeko ohitura berria deia, baita Almudena, Loreto edo Rocío izenekin ere. Ba dira Hauzitegi batzuk, gurasoen esanera, beste xehetasunik* gabe, zabaltasun guztiarekin legea interpretatzen dutenak ere.
SECCION QUINTA
Del nombre y apellidos
SUBSECCION PRIMERA
Del nombre propio (1)
Art. 192. No se podrán imponer más de dos nombres simples, que se unirán por un guión, o de uno compuesto, y serán, en su caso, los únicos o primeros del bautismo.
Se permiten los nombres extranjeros o regionales. Si tuvieren traducción usual al castellano, sólo se consignarán en esta lengua.
Son nombres prohibidos por extravagantes los que por si o en combinación con los apellidos resultan contrarios al decoro de la persona.
Se prohibe también cualquier nombre que haga confusa la designación, por su pronunciación u ortografía exótica o por inducir, en su conjunto, a error sobre el sexo.
Guraso askok, beren umeei euskal izena jarri nahian, non aukeratu ez dute jakiten. Ba dira lan batzuk, horretarako argitasun pixka bat eman lezaketenak. «La Gran Enciclopedia Vasca» delakoak argitaratu zuen Aingeru Irigarai euskaltzainaren nomenklatore bat, baina ez ditu berezten itzulketa dutenak eta ez dutenak, eta gainera izen asko gelditzen dira oraindik kanpoan. Lazkanoko «Jaunaren Deia» aldizkariak ere argitaratu du liburuxka bat. Honek ezarritako izen berri batzuk gogor samarrak dira, haien alde aurrera jo ahal izateko, ez gure iritzian, legearenean baizik. Dena dela, lan hoiek ba dute beren alde txalogarria. Baina lan osotuagoa, gauzak hobeki berezten dituena eta xehetasun gehiago ematen duena eskatzen du herriak; eta lan hori Euskaltzaindiak, editorialen batek edo beste norbaitek, ahal denik eta bizkorren atera behar luke, gure ustez.
Hauzitegi batzuek ere, iritzi subjetibuak alde batera utzita, legeari interpretazio zabalena emanik jokatuko balute, eta dakienari entzunen baliote, denok irabazten aterako ginateke. Hemen ere, «aggiornamento» apur bat ez lizateke gaizki etorriko.
D. AMAITERMIN
Mitxelena jaunaren mintzaldiak Donostian
Joan dan irailaren azkenetan, hitzaldi batzuk eman izan ditu Donostian Mitxelena jaunak, «Euskera Batua» gaitzat harturik. Euskera batuaren hauzia irabazita dagoela iruditzen jaku. Hala ere, orain, epe* berri honetan, euskal aditza* batzea izanen da arazorik zailena.
Euskaltzaindiaren batzarra Bilbon
Hilabetero bezala, elkartu izan dira joan dan irailean* Euskaltzaindikoak Bilbon, Euskaltzaindiaren etxean. Guztitara, 29 euskaltzain bildu ziren, tendentzia guztietarikoak eta giro nahiko bero batetan.
Jose Luis Alvarez jaunaren eskutitz bat irakurri zan. Aditz* batua osotu eta konpontzeko, Euskaltzaindiak batzorde berezi bat seinalatu daiala eskatzen eban. Begi onez entzun zan eskari hau. Era berean, Jon Etxaide jaunak egindako karta bat ere irakurri zan. Bertan eskatzen eban, Nemesio Etxanizek «Bota egin dute» izenburuarekin agerturiko artikulua Euskaltzaindiak kondenatu daiala, haren itxura gabetasunagatik. Charritton apaiz jaunak eskatu eban, Euskaltzaindiak karta bat bidaldu daiala kolejio eta irakaskintza etxe guztietara, euskerarekin arduratu daitezela eskatuz.
Gero, Espainiako hizkuntzei buruz Nafarroan egingo dan «Symposium» dalako hori aipatu zan. Hurrengo batzarra Zuberoko Maulen* egitea erabaki zan, orain ehun urte jaio zan Salaberri euskal idazlearen oroitzapenetan.
Komertzio Eskolen elkartea
Joan dan irailaren 29-an, San Migel egunean, Bilbon elkartu izan ziren, Bordele*, Paue*, Gasteiz, Iruñe eta Bilboko Komertzio Eskoletako ordezkariak. Euren ametsa, hasteko, elkarrekin harreman gehiago eukitzea da. Geroago, mugaz handiko eskolekin elkarte bat egiteko asmotan dabiltza. Holan, ikasketak itxura batekoak izanik, batak bestea aberastuz jokatzekotan dira.
«Agora» Saria
Donostian, antolatzaileak mahaipuruko zirela, «Agora» sariak banatu ziren, urtero bezala, joan dan irailean. Jabier Azurmendik irabazi eban euskal poesiaren saria, «Izatea» lanarekin. Sinesmenak munduari ematen deutson sentidua kantatzen dau bere hitz neurtuetan. Ondarrabiko Fernando Artolak ohorezko aipamena lortu eban, «Gizadi Kanta» lanarekin.
«Ikasi euskera»
Pasaian (Gipuzkoan), «Alkartasuna» erakundeak*, euskal jakintza arloaren garrantzia ikusirik, eta hari indarra eman nahiez, ohar bat zabaldu dau hauzo guztietan, 14 urtetatik gorako gazteei euskera ikastera dei eginez.
«Euskerazaleak» euskera irakasten
Urriaren 14-ean hasita, euskera ikasteko nahiz hobeagotzeko, eskolak emango dira Bilbon, «Euskerazaleak» elkarteak antolaturik. Xehetasun* gehiagorako, deitu: «Euskerazaleak», Colón de Larreategui, 14. Bilbao. Tel. 24 50 59.
Bilboko «La Gaceta del Norte» egunkarian «Herri Kirolak»
Bilboko erdal egunkari haundiek ez dabe, gaurkoz, behin ere ezer euskeraz argitaratzen, hilen eskelak izan ezik. Orain, «La Gaceta del Norte» egunkariak* lehenago «Deporte Rural» izenburuarekin ekartzen eban sailari, «Herri Kirolak» izena ezarri deutso. Euskaldun jendearen pozerako, titulu horrek H bat eta K bi ditu.
«Ez dok amairu» taldea
Urriaren 8-an, Urnietan ari izango da. Urriaren 10-ean, Bilboko Torre Urizar hauzunean (Mikel Laboa, Zabala eta Txalaparta). Urriaren 11-n, Benito Lertxundi Irisarrin (Nafarroa Beherean).
Natxo, Itziar eta Mario kantariak
Urriaren 3-an Galdakanon izan ziren. 4-ean Durangoko Iorretan, eta 10-ean Torre Urizar, Bilboko hauzunean.
«Irakur Sail»-en liburu berria
Egunotan argitara emateko dira «Irakur Sail» taldekoak B. Russell-en «Iritziak» deituriko liburua. Aurrera, jaunak!
Euskal jaia Urretxuan (Gipuzkoan)
Joan dan irailaren azkenetan, euskal jai bat egin zan Urretxuan. Andres Calvo eta Francisco Javier Aguadok euren kuadroak agertu zituen. Estitxu, Oskarbi, Itxaropen, Zumarragako trikiti-soinulariek eta Galdakanoko Andra Mari taldekoek euren saioak eskaini* zituen. Dantzariak ere izan ziren.
Umeen euskal jaia Aretxabaletan (Gipuzkoan)
«Alkar» elkartekoek eraturik, umeen euskal jaia izan zan Aretxabaletan, irailaren 20-an. Txistulari txikien eta haur dantzarien sariketa.
Euskaltzaleen biltzarra Larzabalen (Nafarroa Beherean)
Irailaren 27-an ospatu izan da Larzabalen euskal kantarien jai bat. Jai honetan, kantariek, bertsolariek eta gaiteroek parte hartu izan dabe. Antolatzaile nagusia Labeguerie jauna izan da.
Errendariar soinularia Europako txapelketan
Joakin Ansa Mujika, 8 urteko mutikoak, Alemaniako Bonn-en egindako Europako Soinularien Txapelketan parte hartu dau. Berari egokion maila, «Bambino B» izan zan. «Italia», guztiek jo beharrezko doinua, eta berak aukeratutako «Pequeño Cosaco» jo zituan.
«Oskarbi» kantari taldearen disko berria
Oraindik urte bete baino ez da, «Oskarbi» taldekoek disko txiki bat atera ebela. Orain, 13 kanturekin, «long play» bat atera dabe. Talde honek asko aurreratu dauala entzuten da. Instrumentuen laguntza aldetik batez ere, heldutasun bat ikusten ei jako.
Irailaren 26-an, «Centro de Atracción y Turismo»-k antolaturik, kanta saio luze bat eskaini eban, Donostiako Trinidade plazan.
Euskera, jalgi* hadi plazara!
Luis Maria Guinea musika ikasketak egitera
Irailaren 19-an, «Manuel Iradier» deritxon kantari taldeak agurrezko omenaldi bat egin eutson, taldeko tenore bakarlari dan Luis Maria Guineari. Irailaren 21-ean, Madrilera joan da, kantu ikasketak osotzera. Itxaropen haundia dago Gasteizen gazte honengan. Udalak* ere diru laguntza bat eman deutso.
«Olaeta» dantzari taldea Ameriketara
Oso ezaguna dan «Olaeta» dantza edo ballet taldea, irailaren 20-an atera zan Amerika aldera, hiru hilabeteko ostera* bat handik zehar egitera. 76 saio eginen ditue.
«Araba» orfeoia Oñatin
San Migel egunean, Gasteizko «Araba» orfeoiak kanta saio bat eman eban Gipuzkoako Oñatin, berak bakarrik jaialdi osoa betetuz.
Altzako jaiak
Irailaren 20-an ospatu izan ziren jaiak Donostiako Altza hauzunean. Bertan izan ziren Azpillaga ta Lopategi bertsolariak, Alegiko txistulari ta dantzariak, Ezeiza anaiak, eta abar.
Haurren eguna Oñatin
Irailaren 21-ean, Haurren Eguna ospatu eben oñatiarrek. Oñati eta inguruko haurrak, ezpatadantzari ta baserritar jantzirik agertu ziren. Jaialdi ederra izan zan. Baina kontuz trapuekin!
Bost irundar soinulari Alemanian
Soinularien Europako Txapelketara, 18 soinulari giputz joan ziren. Eurotarik 5 irundarrak. Hona hemen irabazitako sariak: Jose Jabier Muguruzak, Jose Frantzisko Etxebarriak, Fermintxo Muguruzak, Jose Manuel Ladron de Guevarak eta Maria Isabel Martinezek Urrezko Ikurra eta Diploma. Jose Jabier Muguruzak, baita «Ohorezko Oihala» deritxon sari berezia ere.
SS-100.000
Irailaren 21-ean eman izan zan Donostian 100.000. matrikula numeroa. Numero biribil hori Tolosako Florentino Moselles jaunaren automobilak daroa.
Iruñean 40 emakume Judo ikasten
Oraintsu arte, Judoa gizonezkoentzako deporte bat balitz bezala ikusten izan dogu. Baina laster batean, Iruñeko 40 emakumek behera botako dabe uste ustel hori. Hor dabiltza astero, su ta ke, kirola hau ikasten. Esan beharra dago, Judoa ez dala burruka bat, joko garbi bat baizik. Dana dala, eta kontrako albisterik jasotzen ez dogun bitartean, ez itxaron emakume honeengandik ezelako «gerrillerorik», gorputz lirain batzuk baino.
Seve Peña Ararat mendira
Mendigoizale jator dan Seve Peñak postal bat bidaldu deutso Manuel Zelaia, 92 urteko Donostiar mendigoizaleari, Turkiako Ararat tontorretik. Hainbeste zorigaitzeko albiste entzuten izan dogu aspaldion mendigoizaleen artean. Guztiak ez dira berdinak. Horra hor Severen nagusitasuna, Ararat mendiko tontorrean. Zorionak! Seve hau Xabier Peña euskal gramatikalariaren anaia da.
Sei mendigoizale euskaldun Hoggar mendietara
Sahara eremuaren erdian aurkitzen da Hoggar deritxon mendi talde bat. Aldatz gogorrak eta hotz-bero haundiak ei dira bertan. «Club Deportivo Navarro» elkarteko sei gazte, hala ere, harantza abiatu dira. Mendi honeek, Sahara erdian, 650.000 kilometro kuadradu betetzen ditue, eta gehienak 3.000 metrotik gorakoak dira. Gazteon izenak, Carlos Santagitaria, Gregorio ta Jose Ignacio Ariz, Ignacio Tapia, Abel Elvira eta Ignacio Bidaurreta.
Basauriko «Edesa» taldeko mendigoizaleak Cornon mendian
Cornon mendi gailurrak 2.140 metro ditu, eta «Edesa» taldeko mendigoizaleek buzoi bat jarri izan dabe haren gainean. Buzoi horren oinean jarraiko hau irakurtzen da: «Honor y gloria a los que dieron su vida por la montaña, en el más noble de los deportes.» Ez dogu uste batere arrazoizkoa danik, mendiakatik gizonak bere bizia ematea.
Andres Gandarias eta Miren Karmele Zuazua ezkondu dira
Irailaren 30-ean, Durangoaldeko Atxondoko elizan ezkondu izan dira Gandarias txirrindulari ospetsua eta Miren Karmele Zuazua neskatilla. Eliz testigantza eta ezkon bedeinkazioa Mariano Gandarias txirrindulariaren anaiak egin zituan.
Larrauri jauna, Iruñeko Gotzain Laguntzaile
Jose Maria Larrauri Lafuente jauna, Gasteizen 1918-an jaioa, Albaceteko seminarioan zuzendari izana, orain Tabera Kardinalaren Gotzain Laguntzaile izendatu dabe. Era honetako gotzain bat izendatzeko, Erromak zuzenki jokatzen dau, Espainiako Estaduarekin tratatu barik.
Aloisi Masella Kardinala hil da
91 urte zituala hil da Erroman Aloisi Masella Kardinala, joan dan irailaren azken egunetan. Pio XII.k izendatu eban kardinal. Portugal, Chile eta Brasilen Nuntzio izan zan. Orain 130 kardinal gelditzen dira.
Andaluzia eta Galiziako Gotzainak elkarturik
Urriaren 19-an elkartuko dira Andaluziako gotzainak Cordoban. Lehentxoago, Galiziakoak bildu ziren. Euskal Herrietako gotzainak ez dira behin ere elkartu. Joan zan neguan Nafarroako Ziordian bildu ziren Donostia, Iruñe eta Bilbokoa, «liturgiaz» mintzatzeko. Herriak, fededun herriak batez ere, behin eta berriro eskatzen dau, Euskal Herrietako gotzainak elkartu daitezela, eskualde* osoari dagokiozen arazoak elkar harturik aipatu eta erabakitzeko.
Fruta batzea Nafarroako Erriberan
Orain arte batutako albarikoke edo mertxika, 70.000 kilo izan dira, 450.000 pezetaren balioa eginez. Baina fruta mota hau ez da produktoreen gogokoa, izotzak bizkor samar hondatzen dau eta.
Madari eta makatzetan, 250.000 kilo batu dira. Batez beste, 6,25 pezetatan saldurik, 1.566.000 pezeta eman ditue. Ihaz* baino gehiago hartu da, baina 68 eta 67-an baino gutxiago.
Beranduko melokotoiak ez dira oraindik bildu. Baina, uste danez, ihaz baino bi bider gehiago batuko da. 700.000 kilo kalkulatzen dira, eta, 13,95 pezetatan saldurik, 9,5 miloi pezeta egingo ditue. Zoritxarrez, aurten sikateak ez deutso utzi melokotoiari ondo gizentzen.
Guztitara, 15 miloi pezeta egingo ditu fruta uztak* Nafarroako Erriberan.
Araba aldeko mahastiak
Batez beste, mahats ona batzen ari* dira Araban, baina ez hain ugaria. Zenbait tokitan, mahasti asko hondatu eban harriak.
Bizkaitar arrantzaleen kezka ta burrukak
Bizkaitar arrantzaleek burruka gogorrak izan ditue Canarias aldeko Hierro uharte* inguruan. Aspalditik dabiltza bizkaitarrak inguru haretan, bertan aurkitzen dan atun ugariagatik. Esperientzia gehiago eta ontzi hobeak izateagatik, bizkaitarrek arrain guztia harrapatzen ebela, Hierro uhartekoen kalterako, inoen* Canariastarrek. Legeak, ostera, ez dino ezer horretaz.
Nafarroako lurgintza
Nafarroa aldeko 85.000 familia edo, hestu samar aurkitzen dira. Tomatea, kiloko pezeta batetan ere saldu ezinik ibili dira. Bilbon, ostera*, tomateak 15 bat pezeta egiten dau kiloko.
Hiru lantegi gelditurik
«Muebles Alfa», «Arruti» eta «Ayala» lantegietako beharginak lanik gabe aurkitzen dira, «Convenio Colectivo» dalakoarekin ez baitagoz konforme. Langileok eguneko eta bakoitzeko 25 pezeta gehiago eskatzen dabe. Arazoa ez da konpondu, guk lerro honeek eskribatzen ditugun unean behintzat. Hiru lantegion artean, 450 bat langilerentzako ogibidea sortzen da.
«Alava agrícola, forestal, ganadera»
Honetaraxe deitzen deutso «La Gaceta del Norte» Bilboko egunkariak, Arabara bidaltzen dauan edizio berezian, urriaren 2-an lehenengoz atera dauan sail bereziari. Patata batzea, mahatsaren urritasuna, zuhaitz eta abere aldetik Arabaren egoera ta etorkizuna aipatzen ditu. Interesgarria sail hau, batez ere nekazarientzat.
Euskal alfabetatzea Mondragoen
Ihaz* bezala, aurten ere talde bi izanen dira. 6-14 urtekoentzat bat. Eta osterantzekoentzat beste bat. Beste toki batzuetan bezala, Mondragoen ere euskera irakasteko maisuen premia gorria dago.
Euskal folklore ikasketak Errenderin (Gipuzkoan)
«Ereintza» taldeak eraturik, dantzan eta danbolin-txistua jotzen irakatsiko jake haurrei. Eta ez zaletasun hutsez, matrikulaturik, dirua ordaindurik eta seriotasun guztiarekin baino.
«Elkartasuna» aldizkaria Arizkunen (Nafarroan)
Hiru hilabeterik behin ateratzen dabe Arizkunen aldizkari bat, erderaz eta euskeraz. Haren zuzendaria B. Socobehere Bidondo da.
Berriz ere Aita Kardaberazi buruz
Hernanitik adierazi deusku gure adiskide Iñakik, ANAITASUNA-ren 195. zenbakian emandako albiste batean huts bat egin genduala. Harek dinoanez, Aita Kardaberaz ez da Errenderiarra, Hernanitarra baino. Bestalde, Aita Kardaberazi egingo jakon omenaldian, haren «jesuitatasuna» bakarrik aipatuko da, eta ez haren «euskal idazletasuna». Antolatzaileak, Udaleko gizonak eta eliz agintariak dira.
Borddel bertsolariari omenaldia Luzaiden
Abuztuaren 23-an, igandean, omenaldi bat egin jakon Borddel bertsolariari. Meza nagusia, dana euskeraz. Herriko Etxean, alkate jaunaren lehen hitzen ondoren, eta Juan Cruz Arrosagarairen bertsoak entzundakoan, Satrustegi jauna «Borddel bertsolariaren bizitzeaz», eta Antonio Arrue «Borddel Donostian soldadu egon zaneko garaiaz» mintzatu ziren, Borddel jaiotetxean jarraiko irakurgarri hau jarri zan: «Borddel Bertsularia, 1792-1897. Hemendik hartutako izena, ohorez* eraman zuen gizona».
Nafarroako Diputazioa Euskaltzaindiari laguntzen
Danok dakigun legez, Euskaltzaindiaren sortzetik, Euskal Herriko lau Diputazioek hartu eben euren babespean Euskal Akademia. Aurten, Nafarroako Diputazioak 15.000 pezetaz gehiagotuko dau bere urteroko diru laguntza. Aurrerantzean, 25.000 pezeta emango deutsoz. Begi onez ikusten dogu.
Iruñean 15.000 bizilagunek egiten dabe euskeraz
Iruñean erlijio arazoetaz biziki arduratzen direnek dinoenez, 15.000 kristauek egiten dabe euskeraz Nafarroako huriburuan. «Euskaldun kristauok kontuan euki behar dira, nahi ta nahi ez», dino «La Verdad» izeneko hamabosterokoak.
Baztango Idaz Sariketa
«Institución Príncipe de Viana» dalakoaren euskeraren aldeko sailak antolaturik, Baztan eskualdeko* laguntzarekin, aurten ere Idaz Sariketa izan da. Sariketa honetan sartu eitekezen zazpi urtetatik hamabost urtetararteko haur baztandar guztiak; eta idazlanak, gertakari, sorgin kontu, ipuin eta beste holako gaiei buruz egin dira. Ihaz bezala, aurten ere Euskal Idaz Sariketa honek izan dau indarra, eta, egia esan, aurtengo lanak ihazkoak baino askoz hobeak izan dira.
Erratzutik 32 lan presentatu ziren, Arizkundik 18, Aniztik 6, Elizondotik 4, Lekaroztik 4, Arraioztik 2, Zigatik 2, Amaiurtik 1. Guztitara, 71 idazle. Juraduaren erabakia hauxe izan zan: Lehenengo, Norberto Agerre almandoztarra, «Kito tratularia» izeneko kontuarekin. Bigarren, Maria Teresa Iriarte arizkundarra, «Astoa ezkila jotzen» lanarekin.
Diputazioko aitzindari* jauna mahaipuruko zalarik, sarien banaketa egin ondoren, Urmeneta eta Hualde jaunek mintzalditxo bana egin eben, baztandar haurrak eta euskera goraipatuz.
Udaletxeko ikastola Azkoitian
Udaletxeko* geletan hasi izan dira aurten eskolak, baina bi hizkuntzetan: gazteleraz eta euskeraz. Nahi daben Azkoitiko haur guztiak joan daitekez. Jarraibide ederra beste Udal batzuentzat, haurren etxeko hizkuntza haintzat hartu eta laguntzea.
Euskal alfabetatzea Beasainen (Gipuzkoan)
Euskaltzaindiko Alfabetatze Batzordeak antolaturik, euskeraz ez dakienentzako ikastaldiak emango dira Beasainen, 14 urtetatik gorako neska-mutilentzat. Beste urteetan bezala, ikastaldiok ikastolan izanen dira.
«Ur» margolari taldea Gasteizen
Olagibel kalean, Herri Aurrezki Kutxak daukan kultura gelan, «Ur» izenarekin ezagutzen dan pintore taldekoek euren kuadroen erakusketa bat egin eben, irailaren 20-an. Hogeitabosgarren agerraldia dala esan dabe. Margolariok giputzak dira, eta izenez: Xabier Arozena, Karlos Bigarrondo, Jose Garazena eta Alejandro Tapia.
«Colección Navarra»
«Colección Navarra» izenarekin ezagutzen dan liburu sortan azkenengoz agertu diren liburuak jarraiko honeek dira: «Efemérides Montañeras», «Malón de Echaide» eta «San Miguel de Aralar». Egileak, Daniel Bidaurreta, Carlos María López eta José María Jiménez Rubio dira. Bidaurretaren lanari aipagarria dala deritxogu. Mendigoizale jatorra izanik, bere lanean ez deusku orografia alderdia bakarrik erakusten, baita giza alderdia ere.
Lizarran ikastola berria
Urriaren 5-ean hasiko da Lizarran* herriko ikastola. Gogotsu agertzen da herri honetako jendea. Udalak ere bere laguntza eskaini dau. Andereño, Ana Berrojalbiz, Bizkaiko Garaitarra, izanen da. Ana, euskaldundu ahal izango dozu eskualde hori? Aurrera!
Haurren Eguna Donostian
Donostiako Euskal Jaietan antolaturiko Haurren Idaz Sariketan, Santi Mozo Bakaikoa, Pasaitarra eta 8 urtekoa, atera zan txapeldun. Hona hemen haren bertso zenbait*:
Jolas asko egiteko,
niri jostailuak ekarteko,
eguzki ona egiteko,
nire etxea apainduta egoteko,
Jolasetan ibiltzeko,
jiganteak ateratzeko.
Jose Luis Alvarez jaunak ez dau irakatsiko Bordelen*
Oraintsuengo jaso ditugun albisteek dinoskuenez, J. L. Alvarez jaunak, bere gogoz kontra, ezin eman izango dau eskolarik Bordeleko Unibersidadean. Hala ere, Frantzia barruan gelditzeko baimena dauka.
Juan Anjel Etxebarriaren liburu berri bat, latinez prestatua
Santurtzetarra dan euskaldun berri eta eskritore gazte hau, liburu berri bat latinez prestatzen ari da, Euskal Herria gaitzat harturik. «Holan —esan dau berak— latin dakian edonor jabetu ahal izango da nire ideiekin».
Hamabi Harrietatik
Aurten ere, urtero legez, mendian hildakoen gomuta* eguna ospatu zan Betsaideko mugan, irailaren* 20-an. Aurtengoa beste urte batzuetan baino hunkigarriagoa* izan zan, daroagun urtean Hego Euskal Herrian 9 mendizale hil direlako. Hareen alde meza bat eskaini* zan.
Urriaren 1-ean. Munduko Akordeoi Jotzaileen XX. Txapelketa ospatu da Txekoslovakian. Bertara joan direnetarik bi bizkaitarrak izan dira, bata Bilbokoa eta bestea Durangokoa. Azken hau, Luis Angel Sarobe, 14 urtekoa, Durangoko Eusebio Bilbao itsuaren ikaslea.
Iorretako udaletxe* zaharra Durangoko kalegintza berriagatik bota egin behar dabela ta, han dagozen mahai eta aulki zaharrak eskatu egin eutsoezan Durangoko udalari Gerediaga elkartekoek, euren batzar lekurako. Baietza jaso dabe. Iorretako enparantzan* egozen eskola zaharrak ere bota egin ditue.
Irailaren 20-an, omenaldi bat egin jakon, Zaldibarren, bertako midiku izandako Severo Arantzamendi zanari, bertako abesbatzak antolatuta. Meza bategaz eman jakon hasiera egunari, eta herriko dantza taldearen saio labur bategaz jarraitu zan. Ondoren, haren izena eroango dauan kalean, Don Severoren bizitza eta lana goratu zituan Balendik Lasuenek hitz labur batzuekaz; eta Bizkaiko Diputazioko lehendakariak agirian ipini eban haren izena daroan kaleko burdin plaka.
Irailaren 19 eta 20-an, Durangoko «Gogokoa» dantza aretoan*. Andoni abeslaria euki genduan kantatzen.
Irailaren 20-tik aurrera, Nestor Basterrechea Bermeotarraren erakusketa bat euki dogu Durangoko arte gelan. Erakusketa honetan, pinturak, argazkiak* eta eskulturak agertu ditu artista honek.
Irailaren azkenetan, Durangoko seme baten erakusketa bat eukiko ei dogu. José Joaquín Arce haren izena. Hamabi urte daroaz atzerrian, Hego Amerikan; orain hiru urte hasi ei da arte lanean. Artista honek «taracea» dalakoak egiten ditu, eta mundu guztian bera ta beste lau baino ez ei dagoz. «Taracea» kolore askotako egur desberdinakaz egiten da. Bere kuadruetan nahastean erabilten ditu intxaur, teka, gerizi*, haritz eta kaoba zatitxoak.
Bizkaiko Diputazioak, beste gauza batzuen artean, honeexek onartu eta erabaki ditu orainengo: Datorren urtarrilaren hasieratik, debekatua izango da, Diputazioaren ardurapean dagozen bideetan, burdinazko burpilak dituen gurdiakaz* ibiltzea. Erabaki honen urratzaileak multatuak izango dira. Hiru miloi pezeta ematen dira Ermutik Gomezeagara doan bidea konpontzeko, eta, Ermutik Arrangizganarako bidean, lurrari eusteko hormak egin daitezen. 300 mila pezeta, Mañariko udaletxean* egin diren berriztapenak eta tresna erosketak ordaintzeko.
Durangoko «Congregación Mariana»-koek eta «Alkartasuna» pelota elkartekoek antolatuta, hasiera eman jako Durango aldeko Esku Pelotarien IV. Txapelketari. Igande ta jai egunean izango dira partiduak.
Aurten ere ez dira ospatu, Izurtzan, iraileko Santa Agedaren eta Erdoitzako Amaren jaiak.
Okerrik ez bada, urriaren 31-n eta hazilaren* 1-ean Euskal Liburu ta Diskoen V. Azoka* izango dogu Durangoko Andra Mari elizpean. Durangoaldeko Gerediaga elkarteak antolatuta dago beti bezala, eta gaur egunean Euskal Herrian entzunenetarikoa da.
Irailaren 23-an, laurogei ta hamaika urte zituala hil zan Durangon Esteban Bilbao Egia jauna. Bilbon jaioa, Deustuko Ikastetxe Nagusian amaltu zituan «Derecho» ta «Filosofía y Letras»-ko ikaskizunak. Errepublika denboran, Tolosa ta Lizarratik*, karlisten diputadu atera zan. Durangon harrapatu eban Espainiako gerrak. Espetxeratua eta Bilboko alkateagaz trukatua izan zan. Gerra amaitutakoan, 22 urtetan Madrileko «Cortes» batzarreko lehendakaria izan zan. Irailaren 26-an izan ziren haren hiletak Andra Mari elizan, eta bere laguntzaz egindako monja karmeldarren komentuan lurperatua izan zan.
Irailaren 20-an, Urkiolako elizan, bost bozetara abestu eban Aita Iruarrizagaren euskerazko meza Lejonako «Donibane» abesbatzak. Amaitutakoan, euskal abesti saio bat eskaini eben eliz aurreko zelaian.
Neska arteko futbola ugarituz doa. Irailaren 27-an, Durangon, bertako «Kemen» eta Mungiko talde baten arteko neurketa euki genduan. Mungiarrak 2-1 gelditu ziren irabazle.
Irailaren 20-an, Bizkaiko Ardi Zakurren VIII. Txapelketa ospatu zan Burtzeñan. Mañariko Jose Luis Jaioren «Jai» zakurra gelditu zan lehenen; bigarrena ta hirugarrena ere Durangoaldeko zakurrak izan ziren. Hurrengo igandean Oñatin ospatutako Nazio arteko Ardi Zakurren XI. Txapelketan, hamar zakurren artean Mañariko Serafin Etxanoberen «Riki» zakurrak jaso eban haginkada onena. Ardirik galtzen ote da Mañarian?
Manuel Estonba apaizaren lan eta helburuak
Joan dan martxoko San Jose egunean, euskal misioen egunean, sermoi jakingarri bat egin eban, eta, beste gauza batzuen artean, hauxe esan eban:
«Euskal Sinai mendi honetara etorri ei dira gizaldiz gizaldi gure erromesak*, Jainkoari eskerrak ematera, bekatuen barkazioa lortu eta fedea sendotzera. Horregatik, euskaldun otoitz leku honetan, lau edo bost apaiz egongo gara beti, inongo erromes guztien zain, eta euren zuzendari eta arduradun.
«Holan, bat egingo dira euskaldunen fede zaharra eta misio lurretako jendearen fede berria.
«Gure lehenengo asmoa, apaiz etxea berriztatzea da: txukundu ta handitu, ahalik eta apaizik gehien bertan sartu ta bizi ahal izateko. Bigarren, eliz inguru guztiak garbitu. Aulki asko behar dira, bide bazterretan eta zuhaitz* inguruetan. Baita komunak ere eliz ostean. Hirugarrenez, otzaretxoak ere bai, inguruetako paperak eta zikin guztiak batzeko.
«Eta eliza? Guk han, misioetan, hainbeste eliza egin ondoren, ezin dogu geure geurea dogun hau horrela bertan behera utzi. Zeredozer egin behar da. Gaitz da, izan ere, lehengo lerro astun, handi eta garesti* haretatik jarraitzea. Baina zergatik lotu ez, errazago eta merkeago dan bide bati?
«Horrelako asmoak ditugu. Zuek ere zerbait asma. Eta guri adierazi. Ea danon artean zeredozer egiten dogun.
«Egin, ondo egin eta laster egin».
JOAN ANTONIO AROMA
Larraun
Irailaren* 13-an, Lekunberrin bildu* gara Larraun bailarako* 12 herri. Zer dela ta? Eta aurrera begira, zer helbururekin*? Hitz gutitan saiatuko naiz galde* hauei erantzuten.
Aurrena: Zer dela ta? Egun bat elkarrekin iragateko*. Jendeak egun hau gogoz har dezan, herri bakoitzari eskatu diogu, jaialdi honetara ekartzeko joko, dantza edo berei bururatzen zaien beste zerbait. Horrela, guk bailarakook egingo dugu ez bakarrik «jaia organizatu», baizik eta «jaia egin». Aurten izan da, aurreneko aldiz jaialdi hau egiten dela, eta lehenbiziko puntu honetan jendeak ez du asko erantzun.
Bigarrena: Eta aurrera begira, zer helbururekin? Orain arte, bailaran, herri batek besteari harriak botatzen ibili garela ikusirik, hemendik aurrera herrietan daduzkagun problemak eta beharrak, elkarri lagunduz konpondu nahi genituzke. Hau da, harreman bat sortarazi nahi dugu, batez ere gazteen artean.
Nire ustez, jaialdian izan diren gauza nabarmenenak, hauk izan dira: Gazte batzuek herriko dantza bat, «Iribasko Ingurutxoa» dantzatu dute. Benetan txalotu beharra dago gazte hauek egin duten lana. Bazkaltzeko, bailara guztitik 250 elkartu ginen, eta Natxo eta Iziar, Txomin, «Bitz» Irurako bikotea eta beste batzuk egon ziren abesti saioan kantari. Zoritxarrez, festibal denboran, jende batzuek gaizki jokatu zuten, beren oihu eta zalapartekin ez baitzeukuten entzuten utzi.
Azkoitia
Usteltzen
Azken aldi honetan, gure herrian, beste herri gehienetan bezala, gazte askok behintzat dantza tokietan bukatzen* dituzte jaiegunetako ebasioak.
Kalean, berriz, ez da inor ikusten, neska-mutil zaharrak, gizon ezkonduak tabernaz taberna, emakume ezkonduak beren haur* txikiekin, eta gazte banaka batzuk baizik.
Egoera hau herri askotan ikusten da, eta oso normala iruditzen zaio askori, ez guri. Egoera honen arrazoietan sakonduz, puntu batzuk agerrarazi nahi ditugu. Mutilak garenez, geure aldetik bakarrik ikusiko dugu gauza.
Kakoa hauxe da: Jaiegunetan, mutilak dantza tokietara joaten dira neska bila. Zergatik? Pertsonak ere ba gara; eta neskak han izaten baldin badira, mutilak ere bai.
Askotan, ordea, suerterik ez da izaten. Erreprimituta gelditzen gara. Baina hurrengoan ere, berdin. Izan ere, zer aurki kalean?
Eta egoera honetan beti, asteak joan eta asteak etorri, ebasio bila, alienatuta eta esplotatuta. Noiz arte? Irteerak* ba direla uste dugu; soluzioa geure eskuetan dagoela, neurri handienean behintzat.
Herriko zenbait gorabehera
Datorren urrian emanen dio hasiera ikastolak aurtengo ekinaldiari. Igaz hirurogei haur zirenak, aurten ehuneraino igan* zaizkigu. Ezin izan dituzte haur guztiak hartu.
Urtero bezala, aurten ere alfabetatze salo bat izanen da. Gogozkoa lizateke gazte ugari etortzea. Hau irakurtzen duten guztiei eskatuko genieke saia litezela gazte hauen bila.
Herriko Gazteen Elkartearen batzar nagusia hilabete honetan izanen da.
«Caritas»-ek ekarritako anbulantzia martxan dago.
LAUROK
Basauri
Taldeen edo «kuadrillen» inguruan
Basauri, Balmasinoko aldatzean egina dago. Bere aurrerapena fabrikei zor deutse. Firestone, Edesa, Ceplástica, Basconia eta abar, bere inguruetan dira. Orain urte batzuk, mapetan ez zan agertu ere egiten. Baina, gaur egun, 50.000 bizilagun dituke*.
Bai personak eta bai etxeak elkar pilaturik dagoz. Ez dago leku berderik, ez jolas tokirik: umeek kaleetan jolastu behar izaten dabe. 250 taberna baino gehiago dira, baina herriko liburutegia oso behartsu aurkitzen da.
Egoera honetan, harrigarria ta sinestu ezina da, festak direla ta, gazteen artean hainbat talde sortzea. Zelan, Basaurin, personalidade bako herri honetan, sortu izan dira honako taldeak? Eta zer adierazten dabe talde edo «kuadrilla» honeek?
Orain urte bi sortu ziren San Faustoetan. Hasieran gazte gutxi batzuen asmoa izan arren, berehalaxe indartu eta ugaritu ziren gazteen artean. Ez zan ahalegin haundirik behar izan, gaztedi osoa mugimenduan jartzeko. Hamar talde sortu izan ziren: Auspoak, Edurre, Los Incas, Laguntasuna, Ogetabat, Piratas, Turcos, Txikerrak, Zigorrak eta Zoroak. Abestiak eta dantzak ikasteko zerbait atondu* zan. Jendea harrituta geratu zan. Jaien giroa guztiz aldatu zan. Gazteek kaleak bete zituen, euren jantziekin, kantuekin eta, zergatik ez, euren zaratekin. Basauriko Lehen Euskal Jaia antolatu zan.
Urtean barrena ez eben talde honeek ezer gehiagorik egiten. Baina zelanbait betetzen eben euren zeregina.
Ihazko* San Faustoetan, berriro biztu ziren eta gorputz hartu eben. Eztabaida gogor bat izan zan: ea «Erregina» hautatzea* onartzen zan ala ez. Azkenean baietzaren aldekoek irabazi eben. Memento honetan, taldeetako bazkideak beste-horrenbestetu egin ziren. Eta antolatzaileek azkarrago betetzen eben euren zeregina.
Aurten, jaiak antolatzerakoan, berriro ere biztu egin dira taldeak. Komisio bat egin dabe; talde bakoitzak ordezkari bi izango ditu komisio horretan. Jaietarako programa egin dabe. Lehengo urte bietan egindakoak, konfiantza haundia sortarazi dau eurengan. Ezer gauza garbirik badago, hauxe da: gazteek eurek egin behar dituela herriko jaiak.
Baina sortu dira arazo batzuk ere. San Migelen eta Kareagan talde bi dira: Indar Gazte eta Unas. Honeek, parte hartu nahi dabe jaietan. Baina beste talde mordo batek ez dau parte hartu gura, ez jaien programa egiten, ez jaiak antolatzen. Batzuentzat, parte hartzea onurakorra* da; baina beste batzuen eritziz, ez da onurakorra.
Historia labur hau begiratzean, berehalaxe* ikusten da taldeek euki leikeen indarra. Lehenengotaz sortu zirenak, jaiak ondo pasatzeko baino ez ziren izan. Orain, ostera*, jaietako programa bera egin gura dabe. Hau da, herri osoak parte hartu daiala herriko jaietan.
Gure gazteek ez dabe nahi ikusle bezala gelditzerik; hauxe da garrantzitsuena. Oraingoz, jaiekin bakarrik arduratzen dira. Baina, geroago, beste gauza batzuekin ere arduratuko dira. Taldeetan 600 gazte dira, nahiz eta Basaurin askotaz ere gehiago izan. Ezer arriskurik izatekotan, bat ba dabe: egoera, azal samarretik ikustea. Urtean barrena, oso gutxi arduratzen dira, oraindinokoan, herriko arazoekin.
IÑAKI ZIARSOLO
Bermeo
Andra Mariak
Igaro dira aurtengo jaiak. Irailaren* 6-tik 16-ra, 10 egunetan ospatu dira. Euki dabe gure gazteek, neskek eta mutilek, algara, dantza eta zarata egiteko era. Eta bai egin ere, zintzotasun eta alaitasunez, bermeotarrei dagokienez. Jai honeetan, Bermeoko Zaindaria dan Almonikako Andra Mariaren jaiak ospatzen ditugu bermeotarrok. Meza entzutera asko ta asko joaten gara gure zaindariaren ermitatxora. Bertako parroko dan Don Hektor jaunak esan euskunez, 10. mendetik* ei dogu bermeotarrok Birjina honen ganako debozioa. Beraz*, Begoña ta Arantzazukoaren ganakoa baino zaharragoa.
Jai honeetan musika asko izan da, beti bezala. Baina, izan dira beste zerikusi batzuk ere, Udalak* egindako programak (ederto argitaratuak) iragartzen eban legez. «Gaztetxu» eta «Herriko Lagunak» ume taldeen lana aipatu eta goratu behar dogu lehenengo ta behin. Euskal dantza jatorrekin batak eta txistu soinu gozoekin besteak, halako jai usain pozgarri bat eman deutsoe gure herriari. Barrueta margolari elkarteak kuadru erakusketa garrantzitsu bat eratu eban, herriko eta kanpoko margolariakaz.
Hilabetearen 10-ean, fraileen komentuan, Herri Meza eder bat izan zan: txalaparta, bertsolari ta guzti. Jende asko joan ginen meza horretara, eta gogoratzeko esperientzia hunkigarri* bat izan genduan. Zorionak fraileei.
Abeslari berriek ere euren eguna izan eben egun horretan. Neska-mutil asko dira Bermeon kitarrakaz kantatzen ari direnak, eta ederto kantatu ere. Bermeotarrak beti izan gara kantariak. Ea baten batek fama haundia hartzen dauan eta telebisioan ikusten dogun kantatzen.
Santa Eufemia egunean, 16-an, Kantauriko «trainerillen» estropada izan zan. Castro Urdialeskoek irabazi eben. Baserritar asko eta kanpoko jendetza ikaragarria etorri zan egun horretan Bermeora. Futbol eta pelota partiduak ikusi genduzan, haizkolari eta harrijasotzaileak.
Jaiak amaitutakoan, biharamunean, gizonak barriz ere itsasora, atunetan. Kostera hau, orain arte, ez da hain txarra izan. Ea Gabonetararte jarraitzen dauan holan eta bokartetako* hutsunea betetzen.
Deminikuko ermita
Deminiku Bermeoko hauzune bat da. Herriko familiek eta erakundeek* emandako laguntzagaz eta Aita Justo Anasagasti frantziskotarraren ardurapean, Deminikuko ermita konpondu eta berriztatu ahal izan da. Irailaren 13-an izan zan aldare berriaren bedeinkazioa. Ederto gelditu da ermitatxu hau; eta, harako bidea ona danez gero, sarriago joango dira bermeotarrak hauzune horretara, Ama Birjinari otoitz egitera.
PEREZ BILBAO
Lazkano
Gazte batzuen mina
Orain dantzari taldeen arloan dihardugu.
Herri honetan, besteetan bezalatsu, ba dugu dantzarako grina. Aspaldidanik ari* gara, batzuk irakasten eta besteak ikasten. Aurrez, ohar bezala, adierazi nahi nuke, dantzan irakastea ez dela hain lan erraza. Eraman* handia behar da eduki.
Batez ere, Lazkanoko hiru gaztek imini duten apeta* eta ardura agerrarazi nahi nuke. Iragan* direneko zenbait urtetan barrena, eten gabe jardun izan dute, 12 urtetik 16-ra eta 6-tik 9-ra bitarteko berrogei eta hamar bat neska-mutileri irakasten. Beren jardunaldiak herri askotara zabaldu dituzte, edonon txaloak entzunez, nahiz eta dirurik ez jaso. Sekula ez dute ezer eskatu. Berek diotenez, kosta ere egin zale ederki, haurrak* dantza bidean jartzea.
Hau dena gogoan harturik, beren mina atarira jalgi* gabe ezin egon dira. «Herrizale» zenbaitzuren honako ateraldi hauk belarriratu zaie:
- lehenengo, dantzan irakasteko norberak ikasi behar dik.
- zuek ondo aprobetxatzen zarete, dantzarien jaiak direla ta, haien kontura lan eta edan bapo eginez, eta abar.
- haur hoiek egiten dituzten dantzek ez diate batere balio.
- Eta abar, eta abar. Erderaz, et cetera, et cetera.
Stop. Nahikoa dugu. Euskal Herri minberatu honetan, Euskal Herri eri* eta zulatu honetan lehen ere ba dugu behar hainbat akuilukada pozointsurik*. Egin egin behar dugu, eta ez miztoarekin*. Ahalegin batean gehiago ezin duenari lagundu egin behar diogu, eta ez eztenarekin zulatu.
Jarrai aurrera, Lazkanoko gazte trebeok. Kanpoko herrietatik bederen* izanen ahal duzue zuen dantzaritxoen «hiruko pauso» gaitzetsia* estimatzen eta zuei deitzen saiatuko denik.
Gertaera honek irudi bat sortarazten daut: Euskal Herria basabide malkor bat dugu, agian*, sasoi honetan. Basabidean gora idi pare bat dator nekearen nekez, uztarpean elkar eginik, isil isilik, gurdi* astunari tira egin nahian, bizkarra odoletan. Bizkarra odoletan, akuilukada zorrotzez eta gurdi gainean joan nahi duten «herri-zale» erosoen* biraoez.
Nik maite ditut, hala ere, idi mesprezatuen oinkada baldarrak eta dantzari salatuen «hiruko pauso» apalak. Bat..., bi..., hiru... Aida, idi! Ez egon geldi. Noizbait emanen duzue «laugarren pausotxoa» ere.
M. USABIAGA
Tolosa
Berazubi zelaian, aspaldi ikusten ez genuen gauza ikusi dugu berriro: barra botatzaileak. Palankari batzuek beren lana pixka bat ahaztuta zeukatela ematen zuten; beste batzuek oraindik puntua hartu gabe zeudela ere bai. Hala ere, pozgarri zaigu berri hau. Lehengo larunbatean*, diogun bezala, saiatu ziren gai horretan Loidi, Ganzarain, Jose Ramon González, San Nicolás eta beste asko. Ea Bizkai aldean ere sortzen diren Erauskinen ikasleak.
Euskal Herri guztitik etorritako perretxiko zaleak ere etorri ziren gure herri honetara. Baita katalanak ere. Hau dela ta, hitzaldiak, argazki erakusketak eta abar izan ditugu. Gure basoak aspaldi honetan lehor samar egon arren, makina bat perretxiko bildu zan Tolosan. Jendea benetan saiatu zen.
Hamabost urtetararteko euskal neska-mutilek beren igerlari* txapelketa ospatu dute.
Aldabako eskualdean* festak izan dira. Zihur nago ez zela inoiz ere hainbeste jende bertan bildu*. Ezta horrelako jai jatorrik prestatu ere. Ba ziren bertsolariak, abeslariak, harri jasotzaileak, trikiti soinulariak, pelota partiduak, eta abar. Zorionak Don Joseri eta Aldabako gazteei.
Bestaldetik, Tolosar euskal idazle ospetsu bi sarituak izan dira. Antonio Maria Labaienek, «Gipuzkoa 70» antzerki saria irabazi du «Agaren seme Ismael» lanagatik. Eta Estanis Urruzolak, bigarren saria, Zarauzko Haur ipuinen Txapelketan, «Martin Txinto, lorezai» lanagatik.
J.J. IRAETA
Bedia
Igaro dan irailaren* 8-an, «Lagun Onak» elkarteko gaztetxoen txistulari taldeak jardunaldi bat izan dau Lemonan. Hauxe izan da gaztetxo honeen bigarren ekintzaldia, eta ez geunke gura azkenengoa izatea. Tamalgarria lizateke talde hau geure erruz galtzea.
Larrauri
Joan dan irailaren* azkenetan izan dira Larrauriko jaiak.
Hilabetearen 24-ean, kantariak izan genduzan: Argoitia neba-arrebak eta Jon eta Joseba, Deustuko mutil gazte bi. Ondarroako «Kresala» taldeko haurrak* ere izan genduzan, Irune Argoitia zuzendari ebela. Larrauriko herria asko alaitu eben umeok, eta bertako etxeetan bazkaldu eben.
Hilabetearen 27-an, Ander eta Bittor txistulariak. Sukaldi Sariketan, berrogei ta hamabik parte hartu eben (ihaz* hamabostek bakarrik). Jose Garai bilbotarrak irabazi eban lehenengo sarla. Epai mahaikoen erabakia, sekula gertatzen ez dana, ontzat eman zan, zorionez. Arratsaldean, Jota Sariketa, Mertxe Urdanpilleta zanaren oroitzapenez.
Maturana jaunaren orkesta izan genduan egun guztietan gurekin. Jai ederrak izan dira. Baina, egia esan, gure herrikoek baino lan gehiago egin dabe albo herrietako gazteek, euren herrietako jaiak antolatzen. Kasurako, Gatikarrek. Holan izango ote da hurrengo urtean ere? Ez daiala Jainkoak nahi!
Eibar
Erakusketa xelebrea
Hara non eta taberna batean, Astelena izeneko tabernan hain zuzen, Eibarko zenbait* pintorek euren lanen erakusketa bat antolatu dabe. Bertan ikusi ahal izango dozu, irakurle, Beorlegi, Paulino Larrañaga, Daniel Txopitea eta beste edozenbat* pintoreren kuadroak.
Margolariek tabernara joan beharko, taberna ez da margolariengana joaten eta.
Arrate eguna Deban
Arrate egunean Deban meza entzun genduanok haserre bizian irten ginen. Ez euskuen, ba, meza erderaz eskaini! Noiz, eta Arrate egunean. Gainera, eibartarrek eta eibartarrentzat prestatuko meza zala.
Gero esango deuskue egosbera samarrak garela. Nahi geunke jakin nor zer dan.
«Juventud Deportiva Arrate»
Jesus Maria Eriz, «Juventud Deportiva Arrate»-ko zuzendaria, izendatu berria da. Zorionak berari eta elkarte horretan deporteari buruz saiatzen diren guztiei.
Eriz jauna, deportezale ezezik, gazteleraz idatzi ohi daben euskaldun horreetako bat dogu.
Heriotzea
Irailak 24 zituala, joan jakun Luzio Bengoa, Udaletxeko* txistulari taldearen zuzendari eta musika bandako lehendakari ordezko.
Bere azken nahian 2.000 pezeta laga* ei zituan, bere elizkizunen ondoren, bandako lagunok txikito batzuk edan gengizan. Hil ondoren ere, lagunetaz pentsatu eban gure Luzio onak.
Berari geroarte mingotsa, eta senide eta ahaide guztiei dolumin saminena.
Irure
Ba dogu, bai, gure inguruetan edozenbat* leku ikusgarri. Ez dogu, ez, urrun joan beharrik. Hara han, Maltzaga gainean, Irure deritxon baserri polita, eskudo eta guztikoa gainera. Toki argia eta baketsua. Azitain, Urko, Ixua, Uzartza, San Pedro, Arno, Itsasoa, Karakate, Plaentxia eta abar: guztiak bertatik ikusi daitekez.
Ordu erdi inguruko bidea dozu bertaraino Maltzagatik. Eta jan-edanerako ere ba dozu bertan leku ederra. Baserriko jan-edanak, baserriko sukaldea eta baserriko etxekoandre maratza*. Non restaurant hobeagorik?
Autoz joan gura badozu ere, ez dozu bide galtzerik. Plaentxia baino kilometro pare bat lehenago dagoen eskuinaldeko bide bakarra. Aldapada* laburra, baina izugarrizko gorakada dauana. «Primeria» sartu barik, ezetz igan*. Hona hemen uste gabeko postura*.
ALBISTARIAK
Nabarniz
Zaldi probak
Irailaren* 13-an zaldi probak egon ziren herri honetan. Guztitara sei presentatu ziren indar txapelketa honetara: lau zaldi eta mando bi.
Eguerdian probaketa bi egin ziren eta arratsaldean lau.
Sariak honela eman ziren:
Lehenengo Alberto Goirienaren zaldia gelditu zan, Ibargune baserrikoa, 67 untze egin ondoren; jabeari 2.500 pezeta eman eutsoezan.
Bigarren Jesus Maria Aranazen zaldia, 59 untzerekin; 2.000 pezetako saria.
Hirugarren Jose Mari Arriolaren mandoa, 56 untzerekin; 1.750 pezeta.
Laugarrena Modesto Ormaetxearen mandoa izan zan, 56 untze; 1.500 pezeta.
Bosgarrena Gregorio Gabikagoxeaskoaren zaldia, 54 untze; 1.000 pezeta.
Eta seigarrena Seberiano Lexarretaren zaldia, 40 untzerekin.
Seirak Nabarnizkoak bertakoak izan ziren, eta ederto erakutsi eben probaketa honetan, bai zaldiek eta bai laguntzaileek, Nabarnizen indarrik ez dabela falta.
B.G.
Arratia
Arratia aldeko bigarren mailako irakaskintza guztia abade, fraile ta monjen eskuetan dago. Gazteak hezitzen* ardura ta gogoa ipinten dabela, ez dogu dudan jartzen. Baina neska-mutil horreen heziketa alderdi guztietarikoa edo osoa ote da?
Hona hemen hiru oharpen edo oserbazio:
1. Euskera aldetik:
Kolejio bat baino gehiagoko irakasleek ez dakie euskeraz, ez dauke euskal mentalidaderik. Eta... ez daukanak ezin dau eman.
2. Guraso ta irakasleen arteko hartuemanak:
Kolejiorik gehienetan, gurasoek ez dauke la ezertan ere parte hartzerik. Dan dana eginda ematen jake. Kontsulta bat egin beharrean, informazio bat ematen jake: hileroko kontua, kalefazio gastuak, eta abar. Gurasoen zeregina, karikatura bat eginez, ordaintzea baino ez da.
3. Kolejioen arteko hartuemanak:
Kolejio bakoitzeko irakasleek talde zarratu bat egiten dabe, beste kolejioetako maisuekin hartuemanik izan gabe*. Batek bestea aberastera jokatu beharrean, bakar bakarrean dabiltza. Instituto berriak beteko ote dau hutsune hau?
ZAMAKOLATARRA
Elgoibar
Artikulurik onena
ANAITASUNA, 195. zenbakia.
Gazte garelako edo, ba liteke, gazte eta zaharren arteko zulo uneak berdintzen dituzten lanak gogozkoenak izatea. Bestalde, ba dirudi, zenbait* idazleren lanek ez dutela zerikusirik gazteen heziketa* ta izakerarekin, gaurko gazteak beste «tribu» batetik etorriak balira bezala.
Gazte garen aldetik, akasdun gara, zalantzarik* gabe. Nor ez? Baina ez ote gara geure aurrekoen uzta*? Orain 40 urteko gaztedia aipatzen daukute. Dudarik ez, garai hartakoek ere alderdi onak izango zituztela; baina bai bestelakoak ere, eta haien aztarren* basatiek gure artean irauten dute gaur egun. Guda batean sortzen den gorrotoak baino kalte gehiago egiten omen* du bildurrak. Gu ere horretan gaude, eta geure ingurua bildurtiz beterik aurkitzen dugu. Bildurrak ez baitu* gizon bezala jokatzen uzten, eta gaztea berez ausartagoa* delako edo, ezin onartu gaituzte. Ondo baino hobeto azaltzen dauku Santamaria jaunak zakurraren erakutsia: berak jan ez, eta besteri jaten utzi nahi ez.
Horregatik, lanik onena aukeratzean, GAZTEAK UMETZAT EZ HAR hautatu* dugu.
Berri emaileetan Bilbokoa aukeratzen dugu.
TALDEKO BESTE MARISABEL
Mundu biribila
Yugoslaviaren kondaira gogorra
Yugoslaviako problemak behar dan neurrian hartzeko, Erresuma* honen eta bere barruan bizi diren nazioen kondairari* begiratu behar jako. Yugoslaviako errealidade sozial berria ere*, ko-dairan zehar sortutako mugetan kuadratzen da derrigorrez.
Danok dakigu, sozialismoak ere ezingo dauala ifernua zerutu. Umekeria hutsa da sozialismoa kritikatzea, zerurik sortu ezin daualako. Ez dakit Thomas ala Heinrich Mann-ek esaten eban, gure mendearen* bekaturik astunena antikomunismoa dala, eta oso oker ebilenik ezin esango da.
Baina hemen apaltasuna da lege, kondairaren barruan gagoz eta. Utopiak beste barik gauzazkotzea ez da posible. Kondairak eskumenean utzi deuskuzan materialakaz eraikiko da etorkizuna, eta hau ez da izango ametsetan amets-egindako plangintzakoa bera. Amets inposiblea baitzan* gudu ostean sozialista intelektualek eta partisanoek idurikatutako Yugoslavia, batez ere haren batasuna. Izan ere, zer euken eskuetan, halako Yugoslaviarik egin ahal izateko? Ez eukenagaz plan-egin eben eta, uts egin behar plangintzok.
Ekonomia
Trasporte bide txarrak daukaz Yugoslavlak. Europako portu natural edo berezko onenak, hala ere. 1952-an, 68 % laborantzan ari* zan. Baina Erresuma guztiko lur-zabalgoaren 38 % bakarrik egoen landuta; 31 % egur-baso zan, gainerakoa basamortu. Europako lurrazpirik aberatsenetakoa dauka Yugoslaviak, mea* ondasun ugarikoa ta eskura-errazekoa: ikatza, bausita, burdina, beruna*, Europako kobre ta kromo meatza* handienak, uranio, eta abar. Industria bortitza* Eslovenian, Kroazian eta Vojvodinako eskualde* autonomoan (behinola Austriaren menpean egonak irurok).
Beraz*, sozialistak nagusitu zirenean, ez euken komenientzia txarrik lehendik aurkitutako ekonomiazko aurrez-emanetan. Eta eman ere bultzada galanta eman eutsoen ekonomiari. 1952-1962 artean, munduko bigarren lekuan jarri zan Yugoslavia bizilaguneko produzio sozialaren goraldian (Japonen ondoren); hirugarren lekuan laborantza produzioan (Israel eta URSS-en ondoren); eta hirugarren lekuan, orobat*, industria produzioan ere* (Japon eta Bulgariaren ostean). Turismoak ere Europako beste inon baino arinago igotzen dau urterik urte.
Lan arazoen antolaketan ere, autojestioagaz, sozialismo forma egokienetakoa sortu dabela esan behar da. Eta autojestioa ondorio guztiakaz (politikan batez ere) finkatzen danean, oraindino hobeto geratuko dala itxaron leiteke.
Kondaira politikazkoa
Gogorra da Yugoslaviaren kondaira. Yugoslaviako Erreinua 1918-an sortu zan, Gerra Mundialaren ondotik. Beti alboko Erresumen azpian edo azpira jausteko arriskuan egondakoa izanik, sozialistek gogorki eutsi deutsoe Yugoslaviaren autonomiari. Eguzkialde ta Mendebalaren* artean sendo finkatu dau bere lekua Yugoslaviak, eta ez deutso inori amore eman nahi. Nazio arteko politikan hori.
Nazio barneko politikan sortu dira gaitzaldi edo krisi larrienak. Yugoslavia mosaiko ezberdin bat da. Ez kulturan, ez erlijioan, ez ekonomian, ez hizkuntzan, ez kondairan, ez naziotasunean, ez dauka Yugoslaviak batasunik. Eta ideologia bat bakarrak eta Alderdi bat bakarrak ezarri leiskion batasuna franko artifiziala da. Ideologiaren eta Alderdiaren batasuna bera ere nahiko artifiziala dala esan behar, ta konpromiso batean oinarritzen da.
Barrizta-zaleek Alderdi-abar bakoitzaren beregaintasuna indartu gura leukee; unitaristek, berriz, Aginpide zentrala sendotu. Lehenengoak, Errepublika lantegiztatu (industrializatu) nahi leukeenak, katoliko ta Mendebal-zaleetan dira indartsu; bigarrenak, Errepublika nekazariztatu gura leukeenak, ortodoxo ta Eguzkialde-zaleetan dira boteretsu*. Bigarrenok besteon nagusi ibili dira kondairan; lehenengoak, ostera, menperaturik egon dira mendez* mende.
Kroaziarren abertzaletasuna
Egunkariek* Yugoslaviako zalapartaren baten albisteak* zabaltzen dituenean, gehien gehienetan Kroaziako zerbaitegatik izaten da. Hemen dago problema galtzen zuloa. Kroaziak burruka abertzale luze ta gogorreko kondaira dauka. Industria bortitza, kasik Yugoslaviako turismo guztia, ta Alderdi Komunista duda barik intelektualena (Tito kroaziarra da).
Agram-eko Egiune edo Tratuagaz sartu zan Kroazia SHS Erreinuan (Yugoslavian), 1918-an. Baina, 1921-ean egindako Herri Kostituzio zentralista ikusirik, SHS Erreinutik alde egin eta Erresuma libre bihurtu gura izan eban. Kroaziar Laborari* Alderdiaren kontra onartutakoa, eta Serbiaren hegemonismoaren istrumentu agiria baitzan* Kostituzio hori. Serbia Handi bezala antolatzen eban Kostituzio honek Yugoslavia, beste nazioen begirune barik. Kroaziak atzera egin gura izan ebanean, hala ere, harmaz eraso* eutson Serbiak. Kostituzioa sortu ta lau egunera, odoletan errenditu eben Zagreb-en kroaziar abertzaleen oposizioa serbiar gudari taldeek.
1928-an, Radic abertzaleen Buruzagia ta beste diputadu bi tiroz josita hiltzen dira Parlamentuan. 1929-an Diktadura: zentralismoa gorengo gailurrera heltzen da, militarismoak lagunduta. Terrore urteak, ondorengoak: A. Pavelic kroaziar faxistak oposizio talde harmatuak sortzen ditu, Gobernuaren terroreari terrorez erantzuteko. Gogor zaleak nagusitzen dira politikazko arazoetan; eta ordurarte mugimentu abertzalea gidatzen eben ezkertiarrek, jarraitasuna galtzen dabe herrian.
1933-an, kroaziar laborarien altzamentua zanpatzen dau serbiar harmadak*, ikaragarrizko odoletan. 1934-ean, Errege-Diktadorea hiltzen da, kroaziar abertzale batek (edo montenegrotar batek) asesinatuta. Terrorea egunean baino egunean gogorrago bihurtzen da.
Gerra Mundiala hasten danean, bai Serbian eta bai Kroazian eskoitiarrak dabiltza nagusi. Baina serbiar monarkikoek Hitler-en aurka erasotzen* daben artean, Pavelic kroaziarra nazismoari lotzen jako, abertzaletasunaren kausa nazismoari gomendatuaz*. Titoren partisanoek, horregatik, hiru areriogaz burrukatzen eben: serbiar monarkikoen, kroaziar faxisten eta aleman harmadaren* aurka. Lau frenteko etxe-gudutik urten eban, ba, Titoren Gobernu sozialistak, eta etxe-gudu kontsidera leiteken 25 urteko gogorraldiaren ondoren.
Soluzio gaitza
Honeek izan dira Yugoslaviaren batasunaren aurrez-emanak: guztiak guztien kontra, eta Leviathanik Leviathanena agintari. Nazioon bakezko elkar bizitzarako Titok egin dauanarentzat ez dago gorazarre* nahikorik.
Baina ilusio hutsa da, holakoxe aurrez-emanakaz abiatuta, urrunegi joan leitekela itxarotea. (1966-an «Rankovic» arazoa izan zan. Lehendakari ordezko honek ostera* ere Serbia Handi-edo bihurtu gura eban Yugoslavia; eta ez eukan kezkarik, horretarako Tito bera iraultzeko ere. 1970-ean, «Zanko» arazoa izan da. Abertzalekerien faxismo kutsuak ere ez dira oraindino guztiz amatatu, emigranteen artean batez ere).
Guri iruditzen jakunez, Titok soluzio baterako oinarriak finkatu ditu; baina soluzioa ez da behin ta betiko asmatzen, beti berriro sortzen baino. Horregatik saiatu gara, Yugoslaviako estrukturetan dagozen zenbait problema erakusten.
JOSE AZURMENDI
Mundu biribila
Abuztuaren azkeneko egunak dira. Irakurtzen ditugun egunkariek honelako tituluak dakartzate: «El festival de Wight termina en caos». Eta gero, zenbait* gazte drogatu, zalapartari eta iraultzaileren jaialdi bat izan zela dioskute.
Baina egia beste gauza bat da. 500.000 gazte (eta bostehun mila gazte ez da dozena bat) batu ziren Wight uhartean*. Eta gure egunkariak ez dira egia hau sakontzen ausartu*, edo ez dute ausartu nahi izan.
Wight Bretainia Handiko uharte baketsu bat da, 40 km. luze ta 23 km. zabal, 94.000 lagunen bizileku. Bere industria nagusia turismoa da. Horretarako, turistak eroateko*, Portsmouth-etik ferry bat dago.
Jaialdirako, «East Afton Farm» izeneko lurraldea aukeratu zen, Fresh Water herrian. Guztitara, 4.400 m.2, zelai zabal batetan, mendixka baten magalean.
Han antolatu ziren dendak, garbitegiak eta, nola ez, jaialdirako toki berezi bat, zarratua.
45 izan ziren abeslari bakarrak eta kantari taldeak: 20 ingelesak eta 25 ipar amerikarrak. Jaialdiaren ondoren egin den Hit Parade-an, lehenen ikusten dugu «Chicago» taldea. Gure artean ezagunenak direnak honela geratu ziren: 5. «The Who», 7. Jimmy Hendrix, 8. Donovan, 17. Joan Baez.
Abeslariek asko kobratu dute, Joan Baezek batez ere. Baina, entzun dugunez, Baezek (bere senarra gartzelan dago) protestarientzat eskaini ditu oso osorik bere irabazi guztiak.
Jaialdiaren antolatzaileek, 8.500.000 pezetatako galtzapena izan dutela esan dute; baina gero, diskoen saltzearekin eta han egin den filmearekin, hori ta gehiago batuko dutela uste da.
Joan den urtean, Burgosen, tribunal militar baten aurrean Josu Bilbao epaitua izan zen. Defentsako testigu legez, Gabriel Aresti zegoen. Honi fiskalak, «Pop» hitzak ea zer esan nahi zuen galdetu zion. Arestiren erantzuna: «Popular»-en laburpen bat.
Galde* honi erantzutea ez da hain erraz, nire ustez. Inkonformista izatea ez da nahiko, inkonformista asko baitago* hippy sentitzen ez direnen artean ere. «Pot» (edo hashish zigarroak) erretzea, hau da, marihuana zale izatea ez da aski*. «Maitasuna, musika ta bakea» atsegin izatea ez da nahiko.
Inkonformista batzuek ez dituzte gure gizarteko estrukturak onartzen, eta aldatu nahi dituzte. Eta aldakuntza horretarako, lan egiten dute, burrukatzen dute. Eta arrisku haundirekin gainera, kasu askotan. Honelakoak dira, adibidez, «tupamaroak».
Hippiek gure gizarteko egiturak kritikatzen dituzte. Eta beren protesta adierazteko, «maitasuna, musika ta bakea» dute slogan bezala.
Gazte talde haundi ta isil hau ez da burrukalaria. Esplotatua da, eta hain zuzen, berak hainbeste kritikatzen duen gizarte berberaren aldetik. Zer izan da, bada, Wight uharteko jaialdi hori, hippiei kontsumoko gizarteak egindako esplotazio bat baino?
Hippiak ez dira tupamaroak, orain artean behintzat. Baina 500.000 gazte hoien protesta entzuten ez duenak ez du zuhur jokatzen.
Marihuana ta lohikerien gainetik sakonera begiratuz, zuzen* dezagun denboraz gure gizartean oker dagoena.
XABIER GEREÑO
Mundu biribila
Iruñeko «Ipar» sortako 35. alea ikusgarria dozue. Manuel Iribarrenek «Escritores Navarros de ayer y de hoy» deritxona argitaratu dau. Sangotzako* III. Lorajokoetan saria irabazi ebana. Loreak ez dakit zelakoak ziren; jokoa, bai: ederra egin deuskue, behintzat.
Egileak hitzaurrean dinoanez, 1886. urtean, Nafarroan erdiek baino gehiagok egiten eben euskeraz. Harrezkero atzeraka doa han gure hizkuntza. Nondik norakoa ote dogu atzera egite hori? Iribarrenen iritziz, «...no obstante su venerable antigüedad, carece casi en absoluto de acervo literario que conservar y estudiar».
Ta lasai gizona. Edo artega*. Campión datorrenean, bere euskerazkorik aipatu ere ez. Eta erderazkoei buruz ostopoak eta jartzen: ez dakiala neurria ta egibidea gordetzen, alegia*. Gudatean erre zirenak kontuan hartu gabe*, horren gutxitxo daukagu euskaldunok? Izen-abizenekin hainbat izen aipatuta, ikusi dozue zertzuk dinozan Campión-egatik. Euskeraz idatzi dabenen artean, bat baino ez dakar: Fermin Irigaray. Baina, honeri ere joko ederra egiten deutso; euskeraz batez ere idatzi arren, erderaz ere zertxobait egin ebala ta, idazti zerrendan erderazkoak bakarrik aipatu.
Horra: Nafarroa guztian, mendeen* mendeetan, bat baino ez da agertu euskeraz idazten. Besterik ez, Manuel Iribarren? Alferrik, guk dakigun lerrokada haundia ematen hastea.
Lorajoko horreen irabazleari ta Sangotzako antolatzaileei galdera* bat: Horren txarto jokatu daualako sariztatu dozue Iribarren jauna, ala zuek bere ideien alde aterako zineela jakinik, aurkeztu zan lorajoko horreetara?
Zaindu ondo lorategi hori, loreak eta azak ematen dituanez gero, aberasgarri ederra bilakatuko* jatzue ta.
ETXEBARRIATAR JUAN ANJEL
Mundu biribila
Horrelakoak al gara gu? Ikus dezagun, besteek ikusten gaituzten bezala. Besteek, horko hoiek, ikusi nahi gaituzten bezala. Gizon gosetiak, gizon gezurtiak. Zernahitarako dugun luma langilea, luma zorrotza, gure hortz* zorrotzekin hausnarrean erabilitako hitzen tresna trukagarria. Ez! Ez dauku kulturak ezertarako balio. Oi, euskaldunen artean jaio eta hilgo den euskaldun kume erdi lerdoa! Ez dakigu nondik ekarritako harriez jaio den gaztelu eder honetako jauntxoa. Zertan ari* ote da? Bai, bai, zurekin ari naiz. Zer ari zara jaten? Zerbait gozoa. Erromatarrek baimena eman zutenean, kristautasunera bihurtutako zerbait jaten ari zara.
- Lehendabizian, batasunaren saltsa Euskaltzaindiaren erara.
- Bigarrenean, langileen haragi errea kultura gizonentzako.
- Hirugarren eta azkenik, norberak serioski egin behar duen lana.
Giza-usaina. Gizonaren eztarria irekia da. Zerrauts-karkaxa, zigarroaren ke bero, izerditsua, txapelaren lurruna, isuritako sagardoa, gizonen sagardoaren koloreko... hori, fermentatzearen mahats-kuzkurra.
Ezin nuen neure herri honetan ezer jan. Beronen gisako abere trakets honek tenedorea eta era honetako tresnak darabiltza. Mihia* laborriz beteta, ahoan duena ahogoxatuz, bihotz-goxatuz. Zorroztuaz, zorrostuaz, aurrera, agure, zeure hortz zorrotzekin. Lehen eta gero. Janarien ondorengo, «Benedikatua zu, Jauna, janari hauk eskaini* dauzkiguzulako».
— Miazka ezazu platera, gizona! Goaz hemendik.
Eserita* daudenei begiratu diet; baina ni dirurik gabeko goseti bat naiz, eta, logikarik gabea naizenez, zerbeza bat eskatu dut.
Horren gain, honelako hitz batzuk entzun behar izan ditut: «Ez diogu lagundu behar; izadiak eta ardoak beteko dute harena den lana». Eta hitz hauek hautsi-urratu naute. Izadiaren historia. Historiaren tristura. Tristuraren indarrak bultzatuta, zuen lehengo batean madarikatua izan omen* zen jakintsua, horrelako hitz zorrotzak erabiltzera. Iraultza!
Baina ni, egoera honen lehendabiziko argia nabaritzean* haurdun* bihurtu naiz.
ANJEL LERTXUNDI
(Sei ta zazpigarren orrialdeotarako)
dakartzate, dakarrez.
dauku, deusku.
dauzkiguzu, deuskuzuz.
dezagun, daigun.
diet, deutset.
diogu, deutsagu.
dioskute, dinoskue.
zion, eutson.
Herri bat, hizkuntza bat
Sevillarra eta gaztelaua ez dira berdin mintzatzen. Extremadura eta Aragoikoek ez dute berdin hitz egiten, ez eta Espainiako beste zenbait jendek ere, beren artean.
Baina bai batzuk ta bai besteak, idatzizko hizkuntza ofizial batek elkartzen ditu eta berdintzen. Hortxe, ofizial den hizkuntza batu batek elkarturik, batzen dira, elkar ulertzen dira, anaitzen dira.
Zerbait kultura duenak ezin dezake «andaluzez» idatz, nahiz eta Granada edo Malagakoa izan, gaztelania* ofizialean baizik. Sendagile batek, periodista batek, abogadu batek, edozein karta idazlek..., edonork, Espainia barruan ofizial den gaztelaniaz eginen du. Hizkuntza batu horrexek batzen du Herri bat eta indartzen ere, kulturari dagokion aldetik.
Batasuna indarra da, eta indarra osasuna. Osasunean dago hizkuntza baten iraupena. Hizkuntza erabili egin behar da, eta indartsu erabili gainera. Herrialde* bakoitzak bere hizkera molde berezia izaten du, baina idatzizko hizkuntza bakar bat, horixe, batua, denentzat berdina izango dena. Hauzo eta hiri-berbeta bereziek, diren bezala berdin jarrai lezakete, bakoitza bere molde zahar eta jatorrean ahoz aho bizi izanez. Baina idatzi? Idatzi, denek hizkera enbor* berdin batean.
Ikus nola, bai katalanak bai galiziarrak bai eta euskaldunok ere, beste edozein erdaldun bezala, Espainian ofizial den gaztelaniazko hizkuntza bakar horretan, espainol hizkuntza batu horretan, idaztera jarriak garen. Begira nola, bakoitzaren berezitasun guztien gainetik elkartzen gaituen eta batzen gaituen erderazko hizkuntza ofizial horrek. Elkarren artean ulerbide dugun mintzakera bakarra zaigu.
Nahi ta nahi ez, euskaldunok euskera batu bat behar dugu, euskaldun denontzat berdina izango zaigun euskera batu bakarra, bakoitzaren herrizulo hizkeratik at* benetan ulerbide izanen zaiguna, euskaldun denontzako Euskera Ofiziala.
Betelu Nafarroako neska gazte bat Bilboko restaurant inportante batera neskame, kamarera, joana da. Han, Bizkaiko beste neskame euskaldun batzuk aurkitu ditu. Lehenengo, euskaldunak direla ta, euskeraz hasi dira; baina ezin elkar ulertu eta azkenean hona hemen neskame berri horrek eskatua: «Por favor, habladme en castellano, pues así nos entenderemos mejor».
Mila eta mila aldiz gertatzen zaigu Euskal Herrian horrelako joera negargarria.
Behin batean, aspaldi da, Santimamiñeko leze edo koba ikustera joan ginelarik, tolosar anaia bi gurekin zihoazen, eta, giltza-etxekoekin hizketan egin nahirik, ez zuten tolosar hauek ezer ulertzen eta erderaz ere ari* ziren; baina gu atzerago gentozen eta zoragarri jo genuen aurrera. Tolosarrek «tolosar» zekiten, baina horixe bakarrik. Gezurra dirudien arren, bataren eta bestearen erdian interprete bezala egin behar izan genuen eibartarrok, denok euskaldunak izanda!
Bai tolosar eta bai beteluar hori bezala, maiz ikusi ditugu euskaldunak, beren euskalkien ezberdintasunak eraginik, elkartzen dituen eta ulertarazten dituen hizkuntza bakar bati heltzen: erderari.
Zer esan, idazten jarri beharra izaten dugunean? Zela* idatz hau? Nola adieraz beste hori? Zer modutan ulertuko ote daut? «Hobe izanen diat erderaz egin eta kito, hori bai seguru dela». Ai, euskaldun denok euskera batu batean idazten bageneki; ai, geure hizkera modu berezi bakoitzaren gainetik Euskera Ofiziala bagenu..., beste kuku batek joko luke.
Batasuna martxan dago. Ez dago geldi egoterik. Ez dago Herri analfabetuaren eskutan jartzerik, gure herri elbarria* analfabetua baita* bere hizkuntzan. Okerrak eginen dira, eztabaidak izanen dira, iskanbilak sorraraziko ditu euskera batu horri buruz egin nahi den bideak; zuzenketak egin beharra izanen da, ekipo baten lana izan beharko da besteok gidatuko gaituena; baina, dena dela, Euskera Ofizial bakar bat behar du Euskal Herriak.
Denok ikasi beharra izanen dugu. ANAITASUNA-k berak ere euskera batu hori hartuz, jo beharko luke aurrera, eta, pixkanaka pixkanaka, bizkaitar irakurleok ere ikasbidean jarri. Ikasi nahi dogunok sobera dakigu aldatz gora izanen dela; baina, euskera bakar eta ofizial batu bat behar dugularik, sport izpiritu batez ekingo diogu. Ez dezakegu elkar ulertu ezinean jarrai, sarri askotan baitirudi* euskaldunok estranjeruak garela, geure artean elkar ulertu ezinik.
Batasuna behar. Alfabetatze lanak euskera batu batean egin ahal izango direnean, andereño eta irakasleek euskera batu horretan irakats dezaketenean, ikastoletan euskera bateratu horretantxe ikas daitekeenean, elkarri euskera «bakar» batean idatz diezakeogunean, denontzako ulerbide bakar zaigunean..., orduan, ba dirudi, bai, euskera biziko dela.
Batasuna behar.
IMANOL LASPIUR
Herri bat, hizkuntza bat
Katea labur eta estramina altu?
Heziketa* arloa inoiz sakonki jorratu bada, azken denbora honetan izan da, eta ez bakarrik hezitzaileen aldetik. Maila guztietako jendea hor ibili zaigu jo ta ke, «Liburu Zuria» eta Irakaskintzarako Lege Berria dela ta ez dela.
Lege Berri honi buruz hitz asko egin da, baita iritzi asko zabaldu ere. Iritzi batzuk oso sakonak, eta beste batzuk badaezpadakoak.
Lege Berria lehengo lege zaharraren aldean askotaz aurrerakoiagoa denik ezin uka, nahiz eta oso egokia denik ezin esan.
Lege Berriak alderdi asko ukitzen* du; baina gehien gehien ukitu direnak eta jendeak gehien komentatu dituenak, irakaskintzaren derrigortasuna eta dohakotasuna* izan dira.
Derrigortasunari buruz berba gutxi egin liteke, jenderik gehiena horretaz akort baita*. Beste alderdiak, dohakotasunak, zarata haundia atera du, eta era askotako iritziak daude. Batzuek diotenez: Irakaskintza Estaduak ordaintzen baldin* badu, beronek jarritako kondizio guztiak bete beharko dira, eta hola irakaskintza guztia Estaduaren eskuetan oso osorik geratzen da, ikastetxeek behar luketen askatasuna galdurik.
Hortik kanpo, beste arazo bat ere ba dago, eta gogorra bera: diruarena. Nondik aterako da hainbeste diru? Zergetatik*, beste biderik ez baitago*. Baina, orduan, zer jazotzen da? Zure eskuetatik zuzen zuzen ordaindu beharrean, Estaduaren kutxetatik buelta eginda ordainduko dozula. Funtsean*. bide bata zein bestea har, berdin zaigu.
Orain arte esan dugun guzti hau, 6 urtetarik 14 urtetararteko haurrei* buruz esan dugu. Baina beste arazo bat ere ba dago: Eskola-aurretiko edo «pre-escolar» deritzan haroan aurkitzen diren haurrena; hau da, 2 urtetarik 6 urtetarartekoena. Hemen zer jazoko da? Nire iritziz eta oraingoz behintzat, ez dela dohan izanen eta ofizialki ez dela jarriko, zeren eta Estaduak ez baitu* arazo honi erantzuteko posibilidade jatorrik.
Dato batzuk presentatuko ditugu: «Enseñanza Elemental Básica» ematen den haroan (6 urtetarik 14 urtetara) 4.800.000 haur dabiltza eta haiei erantzuteko 98.892 irakasle, hau da, irakasle bakoitzeko 48 haur (irakasle baten ardurapean 35-etatik gora haur egotea ez da batere egoki).
2 urtetarik 6 urtetararteko irakaskintzan, 2.400.000 haur sartuko lirateke (adin* honetan dauden haurrak hauxek dira); eta haur pilo honi erantzuteko —lehengo neurria harturik: Irakasle bakoitzeko 48 haur— 50.000 irakasle beharko lirateke. Eta hemen beste problema bat sortzen da. Irakasle pilo hori nondik atera? Kontuan eduki behar dugu, 50.000 irakasle berri hauk sortzen diren artean, lehengo 98.892-etarik batzuk hilak izanen direla eta beste batzuk erretiratuak; eta, huts handirik egin gabe* esan liteke, 20.000-tara helduko liratekeela, eta horrela lehengo 50.000 irakasle hoik 70.000 izanen, hau da: gaur egunean eskoletan dabiltzan irakasleen ehuneko 70 baino gehiago.
Zer egin orduan? Utopia bat legez hartu edo beste bide bat bilatu. Eta zein izan liteke beste bide hori? Kontuan edukitzekoa da, zeren eta...
Hara: «pre-escolar» delakoan jokatzeko eta behar den legez erantzuteko, ez da beharrezko jakituria nahiz titulu haundirik edukitzea, haur-sikologian ondo jantzita egonez gero (eta gai hau ondo sakondu beharko lukete); beste jakingaietan, matematikan kasu baterako, erdi maila bat nahiko dateke*.
Bide hau aukeratuko ote da? Edo, bestela, nire lagun batek esaten duena: Katea labur eta estramina* altu?
JOSEBA ARRIETA
ADIZTEGIA
daude, dagoz.
daut, deust.
deritza, deritxo.
dezake, daike.
dezakegu, daikegu.
dezakete, daikee.
diat, joat.
diezakeogu, deiskiogu.
diogu, deutsagu.
lezakete, leikee.
lukete, leukee.
zaigu, jaku.
zekiten, ekien.
Eliza gaurko munduan
Kristianismoaren klarifikazio intelektuala
Herri guztietan planteatuta dago, jakintza arloaren landa barruan noski, ideien klarifikatzea. Batez ere, jakintza, zientzia eta filosofia guztien aurrerakada hain izugarri ta handia izanez gero, azken mende* hauetan.
Erlijioaren problema eta gaietan ere, dudarik gabe, azken berrehun urteotan, guztioi iruditzen zaigu klarifikatze bat beharrezkoa dugula. Eta derrigorrezkoa.
Ikuspegi unibersal baten barruan, hainbeste filosofiazko mugimendu etorri da, klarifikatze horren eske eta opa: iluminismotik modernismoraino, Hegel-en filosofiatik Sartre eta Garaudy-reneraino, Marx-en dotrinatik Mao-reneraino...
Katolikoen artean ere, Hutsezintasuna dogma izan arren, neoskolastizismoaren jaiotze ondoren, eta gaurkoratze horri erantzun bat eman nahiez, zenbait* filosofo sortu izan ziren: Mercier Kardinala eta, bere eskolako ikasleak, Maritain, De Wulf, Defourny... Eta, euskal filosofoen artean, Zubiri, Zaragueta, Ellakuria, Ertze...
Europa Erdian, "Concilium Lovaniense" deitu ohi zaio askotan, irri-mirriz, Vaticanoko II. Kontzilioari. Eta Holandako krisia, berriz, hobeki konprenitzeko, handiagotze baten krisia izanik, Lovainako influentzipean eta eskualdean* dagoela jakinez gero, errazago uler daiteke.
Europako kultura, latino xobinista askori gustatzen ez bazaio ere, Rhin hibaiaren ertzeetan sortzen eta loratzen da, gaurko koiuntura honetan. Eta ez beste arrazoirengatik, kultura batek behar dituen kondizionamenduak erraz eta erruz* han bertan ematen direlako baizik.
Baina, gaur egun, berrogei ta hamar urte hauetan, Ipar Amerika, Rusia, China eta Japon, zientzietarako behar diren ekonomia eta kultur kondizionamenduak lortu dituztenez gero, kulturaren aintzindari* bezala jarri dira.
Gaurko teologoek —Rahner (Schriften zur Theologie), Urs von Balthasar (Skizzen zur Theologie), Michael Schmaus (Katholische Dogmatik), Bernhard Häring (Das Gesetz Christi), Philips, Schillebeeckx, Schönenberg, Salvaggi, Smulders, Thielicke...— jarraiko lau gaiei buruz ari* dira tematsu:
1. Dogmen itzulpen historikoa.
2. Moral berria.
3. Eboluzionismoaren ondorenak.
4. Gizon osoaren heriotzea.
Komenigarri zaio, gaur egun, Herri bati ongi bai ongi aztertzea filosofiaren beste saihetsa azaltzen dutenak: marxista filosofoak (Garaudy, Simone de Bauvoir, Sartre...) eta ekonomistak (Terekhov-en "La compétition économique entre socialisme et capitalisme"). Inolaz ere ahaztu gabe* eskola guztietarik at* diren Einstein (Die Grundlage der allgemeinen Relativitäts theorie, 1916; Über die spezielle und die allgemeine Relativitätstheorie, 1924), Leopold Infeld, Bertrand Russel, Mayendorf, Langevin, Plekanov... Guztiok ezagutu beharrezkoak, humanismo berri baten sintesia egin nahi bada.
Euskal kultura ezin daiteke bizi suzko problema sakonetatik kanpo, gaurko gizonen kezkei erantzun gabe. Era berean, eskritoreen pentsakera eta erantzun ezberdinak ager arazi behar dira, derrigor, egia biribila zintzotasunez azaldu ahal izateko. Orduxean bakarrik erakutsiko dugu Herri bizi bat garela, bederen.* Eta zorionez.
Euskal filosofoek (Zubiri, Ellakuria, Krutwig, Alkorta, Muguerza, Arellano, Iriarte, Goenaga, Santamaria, Cruzalegui, Ertze...) zer esan asko dute benetan, gaur eguneko filosofiazko problemei buruz. Bestaldetik, Euskal Herriko Unibersidadeek (Bilbo, Deustu, Iruñea, Donostia) behar dute gaurkoratu, belaunaldi* gazteei kultura unibersal bat ikus arazteko, baina gure jatorrizko kultura berezia galdu gabe.
Helburu hauxe betetzera edo bete nahiez nator, ANAITASUNA aldizkariari esker, neure arbasoen baratzean berriro agertuz. Gaurko, eskribu hauxe, etorriko diren idazlanen hitzaurre eta aintzin solas.
Hala biz eta den.
MARTIN ARRIZUBIETA
zaio, jako.
zaigu, jaku.
biz, izan bedi.
den, izan dadila.
Eliza gaurko munduan
Joan dan irailaren* 6-an bete izan ditu Aita Santu Paulo VI.ak 73 urte. Berak eskatu bezala, 75 urterekin jubilatu daitekez gotzainak. Paulo VLak hau egingo baleu, Villot kardinala izango ei lizateke Aita Santu kargurako kandidaturik behinena.
Eliza gaurko munduan
Gizonaren sufrimendua gizarteari eskainia
Oraindik oraintsu ikusia dogu, Bilboko egunkari* batean, Banco de España-ko buruzagiak Madrilen emandako hitzaldia. Azken hamar urteotako ekonomiazko bultzada aztertzen eban jaun honek. Zifretan oinarrituz, ez da badaezpadakoa Espainiako ekonomian nabaritzen* dan gorakada Bakoitzeko errenta 740 dolarretara heldu da. Industriazko produzioa urtero ehuneko 9,8-an hazi izan da. Berebil*, frigorifiku, telebisore eta beste honelako produktu batzuk milaka egiten dira.
Datu guztiokaz, oker egoteko bildur barik esan daikee agintariek, deslotzearen* denboraldia hamar urte honeetan igaro dala, predesarroilo haroan sartzeko. Deslotze, predesarroilo eta hainbat antzeko berbaren esangura alde batera utziko dogu, eta orain dala urte asko beste herri batzuek igaro zituen etapekin konparatuko dogu baliotasuna. Goazen aurrera hitzaldiarekin.
Desarroiloa posible izan dadin, kapital pilatze bat izan da beharrezkoa. Kapital pilatze hau ederra izan da urte honeetan, eta, gainera, kapital gehiena barruan sortua izan da.
Desarroilo honen eta kapital pilatze honen zirikatzaile legez jokatu izan daben elementuak estudiatzen ditu gero hizlariak.
Lehenengo elementua, Europarantz zuzendu izan dan emigrazioa. Emigrazioak desarroilo bako herri bati dakartsozan abantailak* handiak dira. Alde batetik, ezkutuan dagoen paroa ("paro encubierto" deritxona) gutxitu egiten da, inon zereginik ez dauken esku langileak gutxiagotzen baitira;* eta, era berean produktibidadea (langile bakoitzaren produzioa) gehitu egiten da. Beste aldetik, langileek teknika berri batzuk ikasten ditue batez ere diziplina baten barruan lan egiten ikasiz. Hitz batez. barruko produzioa gutxitu gabe,* kontsumorako eskabidea jaitsi egiten da, eta kanpoan erosi ahal izateko dibisak sartu.
Bigarren elementu bultzatzailea turismoa izan da. Turismoak kontsumo handiak ditu beragan: hotelak, joan-etorriak, kirolak, eta abar. Guzti honetan, beste langile mordo batek jardun behar dau. Izan ere, turismoarentzat beharrezkoak diren zerbitzuok (hotelak, bideak, kirola tokiak, eta abar) lana ematen deutsoe beste langile mordo bati.
Elementu honeekaz batera, tributazio fiskalaren garrantzia aipatu beharra dago, beronen bitartez ateratzen baitu* Estaduak bere inbertsioetarako behar dauan dirua.
Lehenengo elementu bien garrantzia ikusteko, zifra batzuei begiratzea baino ez dago. Turismoaren bidez garbi garbian sartu izan dan diruak ehuneko 24-ko gehitzea izan dau urtero; eta kanpoko transferentzia pribatuak (langileek euren sindikatuei bidalduriko dirua) ehuneko 27-an gehitu dira urtean. Igaz turismoak 1200 miloi dolar eman du, eta langileen transferentziek 551 miloi dolar.
Jakina, elementu bi honeek ekarri izan daben dirua ez da gehituko orain arteko neurrian; eta ez da erraz izango beste honelako bultzatzailerik berriro aurkitzea. Desarroilo bidean aurrerantz egiteko, industrializazioan jardun beharko da, horixe baita* gurdiaren* ardatza, batez ere Europan barrena abiatzen garen mementoon.
Zifrak desarroiloaren agerpide legez azaldu arren, ez uste izan gizonaren zoriontasuna era berean handitzen danik. Aurrerakada bat egin danik ukatu barik, aurrerakada hori zer, zenbat eta nortzuei kostatu jaken kontuan hartzekoa da, batez ere kristau heziketa* bat beragan daroan gizarte batean.
Alemania, Frantzia edo Suizara joanez gero, guztiok dakigu, kultura bako gizonek zenbat sufritzen daben; eta moral aldetik zer jazotzen dan ere danok dakigu. Inglaterran haurdun* gelditzen diren ezkondubako emakumeen artean, espainol neskak izaten dira gehienak, sailik* sail; eta, Alemanian, zerga* gutxiago ordaintzeko, erlijio bako agertzen da espainol langile asko. Euskaldunok ere ba dakigu zerbait, geure artzainek Ameriketan daroen bizitzaz edo Alpes mendietan zuhaitzak nahiz Australian kanaberak ebakitzen dabiltzan langileetaz. Nahiz eta eurak kontuan jausi ez, langileen izerdia izan da, ekonomiari eutsi eta jaiki erazi deutsona.
Moralaren aldetik ere, kontuan hartzekoak dira turismoak ekarri leikezan kalteak: droga zalekeria, bizioaren bitartez dirua egiteko bide errazak, eta abar.
Gure uste apalez, baita tributazio fiskalaren bidez ateratako dirua ere, zerga indirektua nagusi dan sistema batetik irten danez gero, aberats okituengandik baino gehiago dirudun txikiengandik atera izan da.
Beste toki askotan bezala, holan jokatzen dabenek, beharbada, oinazetan izan dabe herria denboraldi luze batean, desarroilo bat lortu ahal izateko, nahiz eta Elizaren aldetik kritikatuak izan. Justiziaz, eta are* gehiago Jesukristoren legepean, herri horrek benetan merezi dau desarroilo horren frutuetaz gozatzea.
ANTON AZKONA
Irakurleak hizlari
Lehengo puntuari buruz, bildur ginen erantzun gutxi etorriko zala, jendearen alferkeria kontuan harturik. Baina pozarren esan behar dogu, hartutako kartak guk uste genduan baino askozaz gehiago izan direla. Ikusten danez, futbola, telebisioa eta ardoa ez dira opio bihurtu euskaldun askorentzat.
Erantzunak sakonkiro, egiazki eta arreta haundiz arakatu* ditugu. Lan nekeza izan da benetan, baina merezi izan dau, gauza interesgarriak agertuko dira ta.
Eta gehiagoko barik, goazen erantzunetara.
Erantzuleen datoak
Erantzuleen urteei begiratuz, eta hartutako karten artean ehuneko honenbestekoa kalkulaturik, honeek dira erantzun dabenen urteak:
20 urterartekoak 27,52 %
21-25 urtekoak 24,08 %
26-30 10,33 %
31-40 10,52 %
41-50 10,34 %
51-60 10,33 %
Erantzuleen sexoari begiratuz:
Gizonak 75,68 %
Emakumeak 24,32 %
Eta ezkontza kontuan hartuta:
Ezkonduak 27,52 %
Ezkondu bakoak 72,48 %
ANAITASUNA aldizkariaz
Lehenengo galdea: Zeintzuk dira gure aldizkarian gehien gustatzen, jatzuzen gaiak? Erantzunak oso desberdinak dira. Hala ta guztiz ere, idazlanik atseginenak honeek dira: «Euskaldungoa», «Ikasi zeure hizkuntza» eta gaurko problemei buruz idatzitako lanak.
Bigarren galdea: Zer kenduko zeunskio ANAITASUNA-ri? 21,28 % konforme dagoz oraingoarekin. 78,72 % aldakuntza batzuk nahi ditue, jarraian ikusiko dozuenez.
Hirugarren galdea: Zer gehitu ANAITASUNA-ri? Hona hemen erantzunak: Euskaldun berrientzako toki berezi bat euskera errazez egina, umorezko sail bat, ikastoletako arazoak, gazteentzako orri bat, euskal kondaira, aktualidade internazionala, poemak, zelan idatzi euskeraz (gramatikazko dibulgazioa), emakumeentzako zati bat, eta abar.
Erlijioaz
Lehenengo galdea: Fededuna zara? Ez 17,20 %. Jaungoikoagan sinesten dabe, baina ez Eliza Katolikoan 9,88 %. Bai, fededunak dira 72,92 %. Itaun* honi erantzutean, askok ez dabe Bai edo Ez soil bat eman. Gehienek Eliza santuago bat eskatzen dabe, eta Euskal Herriaren alderako jokaera garbiagoa.
Ez erantzun dabenen artean, 12,50 % dira 25 urtetatik gorakoak, eta 87,50 gazteak, hau da, 25 urtetatik beherakoak.
Bigarren galdea: Atsegin dozu liturgia berria? Ez 6,88 %. Bai 72,24 %. Ezer erantzun ez dabenak 20,88 %.
Hirugarren galdea: Ondo ikusten dozu apaizak sotana barik ibiltzea? Bai 82,80 %. Ezer erantzun ez dabenak 17,20 %. Ez da ezezko erantzunik hartu.
Laugarren galdea: Ondo ikusten dozu fraile ta monjen kolejioetan euskerarik ez erabiltzea? Ez 100,00 %. Bai. 0,00 %. Hemen ere ez dabe erantzuleek Ez bakarrik esan. Askok eta askok kolejioetan euskera ez erabiltzearen kontra idatzi dabe, fraile ta monjen aurka hitz gogorrak esanez. Exenplotzat, erantzun bi aukeratu ditugu. Hogei ta bat urteko unibersitario batek hau dino: «Fraileak eta monjak kapitalismoarekin dagoz, eta hareentzat euskerak ez dauka ekonomiazko trazendentziarik». Hirurogei ta hamabost urteko gizon batek: «Barrabasak dira horreek».
Literaturaz
Lehenengo galdea: Zenbat ordu ematen dozu hilero euskeraz eta erderaz irakurtzen?
10 ordutik behera 11,45 %
11-30 23,10 %
31-60 50,05 %
61-90 3,85 %
91 ordutik gora... 11,55 %
Bigarren galdea: Zenbat euskeraz bakarrik?
10 ordutik behera 46,10 %
11-30 23,10 %
31-60 19,25 %
61-90 0,00 %
91 ordutik gora 11,55 %
Hirugarren galdea: Zenbat liburu irakurtzen dozu hilero euskeraz?
Bat ere ez 3,80 %
Bat 46,15 %
Bi 23,10 %
Hiru ta gehiago 26,95 %
Laugarren galdea: Zer liburu klase gustatzen jatzu gehien? Erantzuleek ez dabe liburu klase bat bakarra aukeratu, baina beti aipatzen dabe baten bat.
Nobela 44,72 %
Saiakera 41,30 %
Poesia 7,08 %
Bertsolaritza 6,87 %
Historia 3,44 %
Ikastoletaz
Lehenengo galdea: Ba dozu hamar urtetatik beherako semerik?
Bai 20,64 %
Ez 79,36 %
Bigarren galdea: Nora bidaltzen dituzu semeok?
Ikastolara 66,44 %
Kolejiora 33,36 %
Hirugarren galdea: Euskal ikastolara badoaz, pozik zagoz?
Bai 76,00 %
Erdizka 24,00 %
Ez 0,00 %
Laugarren galdea: Euskal ikastolara ez badoaz, zergatik ez dituzu horra bidaltzen? Hemen ezin daikeguz erantzunak ehunekotan eskaini*, bakoitzak bere arrazoi desberdinak ditualako. Batzuek esaten dabe, euren herriko ikastoletan lekurik ez dagoelako. Beste batzuek, ikastola urrun aurkitzen dalako. Eta abar.
Honekin amaitu dogu geure Lehenengo Inkesta. Uste dogu, hemen lortutako datoak interesgarriak izango direla:
- ANAITASUNA aldizkaria zuzentzen dabenentzat.
- Eliza Katolikoan buru direnentzat.
- Euskal literatura egiten dabenentzat.
- Ikastoletako zuzendarientzat.
- Euskal Herriaren kezkak bizi dituen guztientzat.
Eta orain ohar bat. Laster, Bigarren Inkestako galdeak zabalduko ditugu, eta berriro zuen laguntza eskatuko. Lehenengoan, erantzunekin bakarrik parte hartu dozue; baina bigarrenean, nahi badozue, itaunetan ere parte hartu daikezue. Horretarako, idatzi ANAITASUNA-ra, galdeak proposatuz.
XABIER GEREÑO
Ikusgarria benetan filme hau. Pelikula ikusleek garrantzi gutxi ematen deutsoe filme musikalari. Gehien batean, polita dala esaten dabe. Baina hortxe gelditzen dira. Ba dakit, filme musikal batez behar dan legez gozatzeko, gauza asko euki behar dala kontuan: pintura, dantza, musika, koreografia,... zine hizketa. Eta, zoritxarrez, ez gagoz horretarako gertatuta.
Egun batean, urteak direla, "Cantando bajo la lluvia" ikusi genduan, Tolosan, zine forum batean. Eta, presentatzaileari eskerrak, orduxean hasi nintzen musikalari daukan inportantzia ematen. Presentatzailea apaiz bat zan. Orduantxe konturatu nintzen zineasta frantses batek esaten ebanaz: "La nouvelle vague" (uhin* berria) ez zateken sortuko, lehenago 'Cantando bajo la lluvia' egin ez balitz". Egia da. Pelikula musikalak huna* eman deutso zineari.
Orain aztertzen dogun pelikulan kontatzen dan ixtorioa oso xinplea dala esango neuke. Hori gutxiena da. Baina sinpletasun hori alaitasun eta edertasunez beterik dago. Ikuskari zoragarriak pasatzen dira begien aurretik, eta sentiduen bidez barrua benetan poztutzen da.
Dantza, kantua, jestuak, argia, kolorea, dekoraduak. jantziak, irudiak..., dana geure barruan sartzen da, eta bizitzeko gogoa gehitu egiten jaku.
Filmeak hasiera oso polita dauka. Lehenengo planoak eguneroko bizitzan sarrarazten* gaitue; baina bizitza hori, ritmo bat legez, dantza bat legez ikusten dogu.
Herriko denda, kalea, trena, New Yorkeko sonbrerotegia, karrikak,* desfilea eta batez ere "El Jardín de la Armonía" zoragarrizkoak dira. Kamara ostean dantzari bat dabil, Gene Kelly bera. Eta ni behintzat bera dantzan noiz ikusiko nengoan; baina, agertu ez arren ere, haren eskua han ebilen, besteei dantzan eragiten.
Koreografia Michael Kidd-ena da; eta, "El Jardín de la Armonía"-ko dantza ikusita, nahi ta nahi ez, "Siete novias para siete hermanos" gogoratu neban. Hango koreografia ere Kidd-ek egina da.
Ezin neike aipatu barik utzi Louis Armstrong agertzen dan mementoa. Nire ustez, bai honi eta bai honen musikari omenaldi bat egin nahi izan jako. Alde horretatik, nire txalorik beroena.
Miloi asko gastatu izan da filme hau egiteko. Merezi dau. Espektakulu ederra bai ederra egin dabe. Ritmo arin batekin. Ordu bi, igarri ere egin barik igarotzen dira. Filmeak ba ditu, horregaitino,* huts txiki batzuk, bere teatro usaintxo horrekin. Barrutasun gutxi dauka. Alde horretatik, nire gusturako, hobeak ziren (eta segurutik diru gutxiagorekin eginak) "Un día en Nueva York", "Cantando bajo la lluvia" eta "Siete novias para siete hermanos". Lehen filme honeek, gero "West side story" eta "My fair lady". Orain "Hello Dolly". Zine musikalak bizirik jarraitzen dau.
Barbra Streisand, Walter Mathau eta beste guztiak ere oso egoki. Ondo etorria, Dolly, gure bizitzak poztutzera.
B. ANSOLA
Ikasi zeure hizkuntza
(Ale honetan izartxo bategaz agertzen diren berbak)
ABANTAILA, ventaja.
ADIN, edade.
ADITZ, verbo.
AGIAN, nonbait, antza danez.
AHOLKU, kontseilu, consejo.
AITZINDARI, aurrelari, buru.
AITZITIK, por el contrario.
ALBISTE, berri, noticia.
ALDAPADA, aldapa, aldatz.
ALEGIA, esto es, a saber.
APETA, ardura, celo, afán.
ARABERA, arauera, según.
ARAKATU, aztertu, ikertu.
ARAU, erregela.
ARE, oraindino.
ARETO, salón.
ARGAZKI, retrato.
ARI IZAN, jardun.
ARITU, ari izan, jardun.
ARRAS, zeharo, guztiz.
ARETA, ardura, atención.
ARTEGA, urduri, preocupado.
ASKI, nahiko.
AT, kanpo.
ATONDU, antolatu.
AUSART, atrevido, valiente.
AUSARTU, atreverse.
AZOKA, feria.
AZTARREN, lorratz, arrasto.
BAIKARA, bait gara, gara ta.
BAILARA, valle.
BAITA, bait da, da ta.
BAITAGO, bait dago, dago ta.
BAITAU, bait dau, dau ta.
BAITIRA, bait dira, dira ta.
BAITIRUDI, bait dirudi, dirudi ta.
BAITU, bait du, dau ta.
BAITZAN, bait zan, zan eta.
BALDIN, kondizio bat indartzeko berba.
BEDEREN, behintzat, behinik behin.
BELAUNALDI, generación.
BERAZ, hori dala ta, por consiguiente.
BEREBIL, automobil.
BEREHALAXE, behingo behingoan.
BERUN, plomo.
BILAKATU, bihurtu.
BILDU, batu.
BOKART, antxoba.
BORDELE, Burdeos.
BOTERETSU, indartsu.
BORTITZ, indartsu.
BUKATU, amaitu.
DATEKE, da nonbait, bide da.
DESLOTZE, despeje.
DITUKE, ditu nonbait, izango ditu.
DOHAKOTASUN, gratuidad.
EDOZENBAT, zenbatgura, zenbatnahi.
EGITURA, erakunde, estructura.
EGUNKARI, eguneroko periodiko.
ELBARRI, tullido, paralítico.
ENBOR, tronco.
ENPARANTZA, plaza.
EPE, plazo.
ERABAT, zeharo, guztiz.
ERAKUNDE, institución.
ERAMAN, eroan; pazientzia.
ERASO, atacar.
ERE, bere, be.
ERI, gaixo.
EROAN, eraman.
EROSO, cómodo.
ERRESUMA, erreinu.
ERROMES, peregrino.
ERRUZ, eurrez, profusamente.
ESERI, jezarri.
ESKAINI, eskeini, eskini, ofrecer.
ESKUALDE, comarca.
ESTRAMINA, estrabla, rastel, râtelier.
FUNTS, muin, barne, barru.
GABE, bage, barik.
GAITZETSI, despreciar, desaprobar.
GALDE, galdera, itaun, pregunta.
GALDERA, galde, itaun, pregunta.
GARESTI, karu.
GAZTELANIA, lengua castellana.
GERIZI, keriza.
GOMENDATU, encomendar.
GOMUTA, oroitzapen, recuerdo.
GORAZARRE, laudorio, alabantza.
GURDI, burdi.
HARMADA, ejército.
HAUR, ume.
HAUTATU, aukeratu, elegir.
HAUZITEGI, juzgado.
HAZIL, zemendi, noviembre.
HELBURU, fin, objetivo.
HERRIALDE, provincia.
HEZI, educar.
HEZIGARRI, educativo.
HEZIKETA, educación.
HORREGAITINO, sin embargo.
HORTZ, hagin.
HUN, gun, meollo.
HUNKIGARRI, bihotzari eragiten deutsona.
IGAN, igon, igo.
IGERLARI, igerian dakiana, nadador.
IHAZ, igaz.
ILTZE, untze.
INOEN, esaten eben.
IRAGAN, igaro, pasatu.
IRAIL, septiembre.
IRTEERA, urteera.
ITAUN, galde, pregunta.
IXTRIPU, accidente.
IZADI, creación, naturaleza.
IZANEN, izango.
JALGI, atera, irten.
KARRIKA, kale.
KONDAIRA, historia.
LABORARI, nekazari, labrador.
LAGA, utzi.
LARUNBAT, zapatu.
LIZARRA, Estella.
LORRATZ, arrasto, huella, vestigio.
MARATZ, diligente, laborioso.
MAULE, Mauleón.
MEA, mineral.
MEATZA, mina.
MENDE, siglo.
MENDEBAL, occidente.
MIHI, mihin.
MIZTO, ezten.
NABARITU, agirian ikusi.
NOSKI, ciertamente.
OHORE, honor.
OMEN, ei.
OMENDATU, homenajear.
ONURAKOR, provechoso.
OPORRALDI, bakazio, bakantza.
OROBAT, berdin.
OSTERA, berriro, berriz; ibilaldi, viaje.
PAUE, Pau.
POSTURA, apostu, apuesta.
POZOINTSU, venenoso.
SAILIK SAIL, proporcionalmente.
SANGOTZA, Sangüesa.
SARRARAZI, sartu eragin.
UDAL, Ayuntamiento.
UDALETXE, casa consistorial.
UHARTE, isla.
UHIN, olatu, ola.
UKITU, ikutu.
UZTA, cosecha.
XEHETASUN, meticulosidad, detalle.
ZALANTZA, ezbai, duda.
ZELA, zelan, nola.
ZENBAIT, batzuk.
ZERGA, impuesto, contribución.
ZUHAITZ, arbola.
ZUZEN, zuzendu.
IMANOL
Kultur saiakerak
Bidezkoa da, geure historian zehar izan ditugun gizon ospetsuak ezagutzea; eta aipatzeko, noiz sasoi egokiagorik haien urtebetetzeak direla-ta baino? Izan ere, egun hauetan berrehun urte datoz Aita Agustin Kardaberaz hil zenetik, atzerrian, Italian, Castel San Giovanni deritzan Bolonia inguruko herrixka batean.
Hernanin jaioa zen, 1703. urtean, abenduaren 29-an. Bere lehenengo ikasketak, gramatika, filosofia eta legeak, Donostia, Iruñe eta Valladoliden egin zituen. Ondoren, 18 urte kunplitu aurretik, apaiztegian sartu zen, eta zortzi urteren barruan apaiztu zitzaigun. Bilbo eta Oñatin irakasle urte batzuk egon eta gero, Loiolan bizi izan zen luzaro.
Loiolan zegoela hasi zen herriz herri sermolari bezala misiotan. Bizkai eta Gipuzkoako herrietan batez ere. Jendetza haundia bildu* ohi zen berari entzuteko. Hizlari trebe, euskaldun sutsu eta apaiz sandutzat zuen herriak. Jesusen Bihotzarekiko debozioa sorrarazi zuenetarikoa dugu Aita Agustin.
1744. urtean haren lehenengo liburua argitaratu zen, Hego Euskal Herrian argitaratzen zen liburu haundi samar lehenengoetakoa hain zuzen: "Kristauaren Bizitza edo horretarako bide erraza bere hamabi pausoekin" izenarekin Aita Dutariren lana euskeratuz. Ez zen izan berau haren lan bakarra; aitzitik,* beste hamalau liburutxoren egile dugu, bizkaieraz bi ezik beste guztiak gipuzkeraz idatziak.
Aita Kardaberazek zerabiltzan gaiek eta idazkerek ez dute beharbada balio handirik literaturaren aldetik; hala ere, idazle guti izan da Kardaberaz bezain irakurria, eta haren zenbait* lanek argitarapen bat baino gehiago ezagutu du. Haren idaz-tankera bizia, zuzena, zailtasunik gabea da. Ez zen ezertxo ere garbizale; noiznahi jartzen zituen badaezpadako erdal hitzak, irakurleari ulerterrazago izan zekion. Funtsean dotrina irakastea zen haren helburua,* literatura egitea baino lehenago behintzat. Hala ere, ezin uka, haren erdalkeriak eta guzti, euskaldun sena nagusi dela haren lan ugarietan.
Diogunez, Aita Kardaberazek erlijio gaiak erabili ohi zituen sarrien, haren misiotako hitzaldien jarraipena bailiren, kristau bidearen ikasgai bezala. Erlijioz kanpo liburu bat bakarrik prestatu zuen, hau da, "Euskararen Berri Onak, eta ondo eskribitzeko, ondo irakurtzeko eta ondo itzegiteko Erreglak". Titulo beretik jakin dezakegunez, gramatikazko erregelak ezezik, euskeraren zenbait* berri ematen dauku, guztiak horren onak ez badira ere.
Bizkaian nahiz Gipuzkoan hizkuntzaren arauak* herriak zein ondo gordetzen dituen ikusteak arras* harritzen du Aita Kardaberaz. Nafarroa eta mugaz handiko berriren bat aipatzen du, baita Arabako euskeraren egoera larria azaldu ere. Euskera hizkuntza garbitzat jotzen du, eta honetaz erabat* Axular eta Joanes Etxeberrirekin dator bat. Hauen iritziz, euskerak ez omen* du nahasterik, ezer guti baino, inguruko hizkuntzekin; eta gaur egun euskera apala eta txiroa badugu ere, ez da euskera beragatik euskaldunengatik baino, ez baikara* behar beste arduratzen.
1767. urtean, Karlos III. erregearen aginduz, Jesuitak Espainiatik bidaliak izan zirenez gero, Aita Kardaberaz Italiara eramana* izan zen eta hantxe hil zen, hiru urteren buruan, urriaren 18-an, goizeko zortziretan, sandu bat balitz bezala. 127 urte ber anduago, jesuiten eta Hernaniko Udalaren ahaleginez, Aita Kardaberazen gorputza euskalerriratu zen eta Loiolan datza 1908-tik.
Azkenik, amaitzeko, haren ohorez eta oroikarri aipa ditzagun esanak zituen hitz ospetsu hauk: "Baña gure Pobretxo on askoren animak salbatzeko, Euskarak burua jasotzea Jainkoak nahi du; gure Baserrietan jende prestuak dirauten artean, Euskarak iraungo du. Esan ohi dana: hoiei lepoa ebaki edo bizia kendu gabe, Euskara ezin utzi edo kendu diteke".
L. A. ARANBERRI
Kultur saiakerak
Hitz honeek irakurtzeaz batera norbaitek beraneanteetaz ari* naizela pentsatuko baleu, konfusio haundi bat izan dauala esan beharrean aurkitzen naiz.
Orain lau urtez geroztik, Bizkaiko eta beste euskal probintzietako ikastoletan dabiltzan sei urtetatik hamar urtetararteko haur* guztiek oporraldietan* daben posibilidade bat, uda lekuak edo koloniak dira.
Barria, Lekaroz, Dikastillo, Xabier, Zuatzo eta Lizarra,* paraje guzti honeek ikuskatu ditue joan diren urteotan ikastoletako haurrek, uda lekuak bide direla.
Kolonia baten helburuak* argitzea ez da gauza erraza; eta, helburuok kontuan eukita ere, ondo berezi beharko ditugu teoria ea praktika.
Kolonietan herri ezberdinetako haurrek (ikusi danez, 60-ko taldeak baino handiagoak ez dira egokiak) elkar bizitze bat daroe, izadiarekin* hartueman handian. Kolonian, haurrak, bere kidekoekin eta izadiarekin hartueman hestu hestuan, bere kreatibidadeari irtenbide pertsonal eta original bat ematen deutso, bere nortasun bereziari desarroilo berezi bat emanez. Hauxe da, nire ustez, kolonien helburu nagusia. Hemen dago iltzea* eta begiralearen koska eta arazo berezia. (Begiralea, edo gaztelaniaz "monitor" deritxona, kolonian haurren ardura daukan pertsonari deitzen deutsagu). Begiralea, alde batetik, haur talde baten zuzendaria da; baina bestetik, zuzendaritza horretan, kontu handia hartu behar dau, haurraren desarroilo eta nortasun berezia kraskatua izan ez dadin. Haurrak egiten dituan ekintza eta jolas guztiak hezigarri* izan daitezela bilatu behar dau begiraleak; baina haurraren nortasuna errespetatuz, haur guztiak molde berdinekin eginak ez direla ahaztu gabe.*
Bestalde, haurra bera da bere buruaren jabe. Adibidez, berak egin beharko dau bere ohea, bere jantzi-erantzia, eta abar. Ardura honeek errespontsable egingo dabe haurra; eta seriotasun bat hartuko dau bizitzearen aurrean, inportantea sentituko baita,* pertsona bezala tratatzen dabela ikusirik.
Euskeraren aldetik ere, oso egokiak dira koloniak. Ez daigun ahaztu, batez ere Bizkaian, haur askok eta askok euskera egiteko posibilidaderik ez daukela, ez etxean ez inguruan, uda osoan.
Eta azkenez, sei urtetatik hamar urterarartekoak behar dabe izan haurrek. Hogei bat egun egiten dabe koloniotan.
Aurton Lizarran (Nafarroan) eta Zuatzon (Araban) egon dira. Bizkaitarrak, 300 izan dira joan direnak.
Begiraleak, gehienbat andereño eta maisuak dira. Hurrengo urteetarako, arduradun batek esaten ebanez, zera lortu behar lizateke: begiraletza, andereño eta maisuen eskuetatik kendu eta ikasleen ardurapean utzi. "Ikastaroan zehar haurrekin ibili direnak, ikastera; eta ikasten ari izan direnak, kolonietara". Zer dinozue, ikasleok?
ANA BERRIOZABALGOITIA