ANAITASUNA
198 zenb. 1970
URRIAK-30
Jardin Txikerra, 1 BILBAO-12
«ANAITASUNA BIZKAIA»
Zuzendaria: Anjel Zelaieta Gisasola
Idazkola ta banakola: Jardin Txikerra, 1 Bilbao (12)
D. L.: BI - 1.753 - 1967
Imprimatzailea: Imprenta AMADO. Bilbao.
Irarlea: RALI, Bilbao.
Arabe baten ikusmiratik. Ekialde Hurbila
Shaalan Hares Arga Jauna, Libanotarra bera, Deustuko Unibertsitateko arabe hizkuntzaren irakaslea dugu, eta, gure eritziz, bera pertsonarik egokienetakoa dateke* gure irakurleoi, aspaldian, bolkan baten gisa*, lehertzear* dagoen Orientalde Hurbilean* gertatzen dena adierazteko. Berak, duen begikotasunaz*, ANAITASUNA-ri erantzuteko prest dagoela esan dauku.
— Hares jauna, zerbait galdetu nahi geneukezu joan den abuztuan egin ziren aeroplano lapurretaz, bai eta Jordaniako une larri honetaz ere. Zer deritzozu zuk oraingo egoera honi?
— Egia esan, palestinar herriaren ingurutik dabiltzan puntu guztiez mintzatu behar banu, denbora luzea beharko nuke, bai eta paper asko ere. Baina, dena dela, zertxobait esango dautzut, askotan entzuna izan arren, horregatik beti kontuan eduki behar genukeena.
Palestinar herria, azken 22 urteotan, desertuan, telazko txaboletan biziaz doa, txabola edo denda bakoitzean, askotan, bost familia bizi direlarik, gauzarik premiazkoenak (ura, janak, medizinak...) faltatuaz, bai eta munduon bizi den edozein pertsonari ezin uka lekikeon lur zatia ere: aberria. Aitonak, berraitonak eta asabak (18 belaunalditaraino*) jaio eta bizi izan direneko lurra izan da haientzat Palestina. Gauzak honela direlarik, hona hemen nondik, goizetik gauera, halako atzerritar batzuk datozen, ingeles eta amerikar inperialismoaren babesean; eta, beren etxeetatik egotzirik*, desertua daramatzaten, haien seme-alabak, haurrak* zein gazteak, erruki gabe hilaz, eta beraiek*, haien semeak eta arbasoak jaio ziren lurretatik jaurtikiaz.
— Horretan arrazoi osoa duzula pentsatzen dut; baina zer diozu juduez? Beranek* ere ez dute nonbait bizitzeko eta aberri bat edukitzeko eskubiderik ala?
— Ni ere horretan nago, guztiok Jainkoaren semeak garen aldetik eskubide berdinekoak izanik. Juduek ere ba dute, hobe ezi, bizitzeko eskubidea; baina ez, haiek bizitzearren, herri oso bat zapaltzekorik, egin eta egiten duten moduan. Orain, konpondu nahi zuten problema bera baino beste handiago bat sorrarazi dute.
— Azalduko daukuzu berau hobeki?
— Bai, horretara noa. Australian, kasu batez inor bizi ez den leku batean, lur batzuk (eta agian* Palestinako lurrak baino emankorragoak ziratekeen) eman balizkiete, juduen aberri problema berdin konponduko zatekeen; baina, orduan, nori salduko liokete ingeles eta amerikarrek beren almazenetan pilatuta eta probetxu gabe duten harmamendua? Beraz*, eta oso posible da berau, ingelesen eta amerikarren asmoetan oraingo gerra hauek ere ba ziratekeen, beren merkatalgoa* handitu nahiz.
— Orduan, zuk uste duzu, Ekialdeko* problemok ekonomiak eragiten dituela?
— Bai horixe! Ingelesek eta amerikarrek ez dute zer galdu gerra honetan, eta bai, ordea*, zer irabazi.
Lehenengo eta behin, munduko Sionismoaren begikotasunak* hartzen dituzte, bai eta harma merkatuan irabazi handiak ere. Gerrak haien mugetatik urrun dirauen* artean, pozik daude amerikar-ingelesak.
Ez pentsa, juduenganako adiskidetasunagatik laguntzen dietenik. Bai zera! Beren interesen alde jokatzen dute bakarrik, beren ekonomia indartzeko, harma fabrikak batez ere.
— Zurekin nago ni ere. Gogoan dut, nola ingeles politikalari batek behin esan zuen: «Ingalaterrak ez du adiskide betikorik, interes betikoak baizik». Hau bide* da orain ere pasatzen dena.
— Lotsagarriena, ordea*, hauxe da: Ekonomia horiek sostengatzeko, ez diela ardura, bonba eta napalm horiek noren gainean erortzen* diren. Haurrak eta agureak, gizonak eta emakumeak..., dena orobat* zaie. Atzera begiratuez gero, hortxe ikus dezakegu, Hiroshiman eta Nagasakin zer egin zuten. Orain Vietnami eta Ekialde Hurbilari etorri zale zorigaitza, kasu honetan Sionismoaren pean, anglo-amerikar nagusikeriaren laguntza harmatuaz baliatuta.
— Ez deritzozu gogorregi palestinar gerrilleroen jokabideari?
— Horretaz, kasu bat kontatuko dautzut; Leila Khaled andre komandoak behin batean Israelgo supermerkatu batean bonba bat jarri zuenean, bertan haurtxo batzuk ikusirik, une* batez bonba kentzeko egon zen; baina behingoan juduen esanetaz gogoratu zen («arabeen haurrak hiltzen ditugu, bai, horrela, nagusiak izatean, gerrillero izan ez daitezen») eta, oraindik urte bete ez dala, nola Suez-en juduek arabeen eskola bat bonbaztatu zuten, bertan erruki gabe, 32 haur hilaz. Sionismoaren ideiak hauek izanik, Leilak bonba utzi zuen bertan.
— Egia esan, nolabait adi daiteke gogorkeria hau, haur judu haiek, errugabeak izan arren, haur arabeei lapurturiko lurretan bizi baitziren, besteak basamortuan gosez eta miseriaz hiltzen ziren artean. Baina, zer esan aeroplanoen lapurretaz? Jende hura judu-arabeen arteko arazoetan zerikusirik gabea zen eta.
— Nik behin baino gehiagotan pentsatu dut, ea bidezkoa izan den palestinarrek joan abuztuan egin zuten aeroplano lapurreta, bertan pertsona errugabeak baitzihoazen*. Irakurleei gogoratu nahi diet, baina, egunero, hainbat palestinar familia hondatzen direla gerragatik, eta 22 urteotan, inork ezertan lagundu gabe, basamortuko txaboletan miserableki biziaz doazenek zer edo zer egin behar dutela, batzutan gogortxoa bada ere, mundua kontura dadin ba direla giza laguntasuna eta justizia behar duten pertsona multzoak, egunero ahaztuta daduzkagunak.
— Nola ikusten duzu etorkizuna?
— Ez da erraz hori igartzea. Nik Jainkoari eskatzen diot, bere semeen arteko hilketa eta gorroto guztiok ken ditzala gure artetik. Izan, penagarri eta negargarria da, Jesukristok bere hitza zabaltzeko aukeratu zuen lurraldea odoleztaturik ikustea. Hobe, denek beteko balute Hark emandako agindua: «Elkar maite ezazue.»
XABIER KINTANA
balizkiete, baleutseez.
balute, balebe.
daduzkagu, daukaguz.
daramatzate, daroez.
daude, dagoz.
dauku, deusku.
daukuzu, deuskuzu.
dezakegu, daikegu.
die, deutse.
diet, deutset.
diete, deutsee.
diot, deutsat.
ditzan, daizan.
ezazue, eizue.
geneukezu, geunskizu.
lekikeo, leitekio.
liokete, leuskioe.
zaie, jake.
zizkieten, eutseezan.
Gernika
Batzar Etxeko orduak
Nire amonak (oraindik bizi dot bere laurogei ta hamaika urtegaz) esaten dau, bera gazte zala, ume zala, bere guraso ta aitona-amonekin, urtean behin, igandez*. Gernikako Batzar Etxera joaten zala, orduak egitera.
Orduak egite hau aspaldikoa da. Ohitura honen sustraiak noiz eta nondiko diren ez dakit nik. (Ama Birjina Gernikako Batzar Etxean dagoenez geroztik uste dot). Baina, sasoi batean, zabala ta hor-han-hemengoa zana bai.
Zortzi orduren barruan bederatzi errosario esaten dira, Trinidade Santuaren kaperan*. Goizeko hamarrak jo eta artez* lehenengoa. Arratsaldeko seiretan azkena. Errosarioa esan aldi bakoitzean, arbola santua dagoen tokira irtetzen* ziren.
Lehenago, faldertxuekin etortzen ziren (etortzen ginen, neu ere hainbat alditan egona naiz eta), eta jatordua ere bertan egiten zan, Gaur, Batzar Etxeak ikertzaile* asko daukalako eta tokia garbi gordetzearren, hau ezin da egin, eta «Taberna Vasca»-n jaten dabe ohitura honen jarraitzaile bakar diren Muxikako Areatza eta Astelarrako sei andre zaharrek.
Orain urte batzuk (sei uste dot), goizeko hamarrak jota, Batzar Etxea zabaldu barik egoelako, arbola gaztearen azpian esan eben lehenengo errosarioa, eta, letaniak esateko belaunikatu zirenean, Sesmero jaunak ekinahalean jardun eutsen gure andreei:
«Hori da taxua —inotsen*— hogeigarren mendean*. arbolapean belauniko jarrita! Zer uste dozue, madariak emango deutsuezala? Mirakulluren baten bila zabiltze, atso zaharrok?»
Holakoxe berba garratzak entzun behar izan zituan han zan batek, Txilibistrak, laurogei urtetan, urtero etortzen egon arren.
Gero, norbaitek (bere ama ere han egoen eta) poliki poliki azaldu eutson Sesmero jaunari, andre hareek zer egiten egozen, noiztik etozen eta zergatik jarraitzen eben etortzen. Harrituta gelditu zan.
«Ez neban uste holakorik», inoan*.
Atzo ere (hamabosteko taldea seira jaitsi da: batzuk hil, beste batzuk etxetik irten ezin eta) urtero legez* etorri ziren; eta Sesmero jaunak, eta berdin Segundo etxezainak ere, egundoko harrera ona egin eutseen.
Sesmero jaunak, inoiz ezjakinean esandako berbakatik barka eskatuta, hilero etorri nahi izanez gero ere, eurak zirela lehenak eta behinenak esan eutsen. Gainera, zuhaitzaren* orri bana eman eutsen, seiretarik baten bat hurrengo urtean etorriko ez balitz ere, bere aparteko azken agur modura.
Neu ere, berri hau jakitean, han egon nintzen goiz eta arratsalde. Eta hantxe egoen lehen esan dogun andrearen semea ere, bere emazte ta semeagaz, errosario bat edo beste esan, edo bere amagaz baketsu egotearren joana ote zan ez dakidala.
Hainbat mendetako ohitura hau, betirako galzorian dago. Izan ere, gaur ez da gazte bakar bat ere, ohitura honi jarraitu guran.
Ba leiteke jakineza errudun izatea. Txarrago lizateke, bederatzi errosario ez esatearren joan gura ez, eta galtzea.
DEUNORO
Bolibar
Jesus Etxebarria joan jaku
Geure lagun eta Bolibarko apaiz izan dogun Don Jesusek alde egin dau. Orain lau urte inguru etorri zan gure herrira, seminarioko ikasketak amaituta, gure artean apaiz zereginetan jarduteko.
Arbola gazte baten antzera jarri izan zan gure herrian. Zuhaitz* gazteak legez, urte batzuk igaro behar, bere frutuak ematen hasteko. Horregatik, penagarria izan da benetan, bere frutu-ematea sasoira heldu danean, gure herritik alde egitea.
Gu oso pozik gengozen beragaz. Baina bera aspertuta egon ote da gugaz? Beharbada, ez dau hemen aurkitu izan, bere apaiz bokazioa osotzeko girorik. Eskubide gutxi bere nagusiengandik? Ala beste kargu hobeago baten bila joan ote jaku?
Lau urte honeetan eskaini* deuskun maitasun gozoagatik, ANAITASUNA aldizkari honen bidez, geure eskerrona erakutsi eta zorionak opa gura deutsaguz.
Azkenengoz mintzatu jakunean, ez euskula agurrik egiten esan euskun, alboko hauzo batera joiala ta, eta, lehengo antzera, sarritan egongo zala hemen. Gura genduanean, berari deitzeko, eta pozarren lagunduko euskula. Berba honeek, ahal izanez gero, bete leizala nahi geunke. Dana dala, pena haundia hartu dogu bera joateagaz. Herritarrok, beste askotan bezala, galtzen irten* gara.
Ama Birjina Doloreetakoaren Kofradia
Ama Birjina Doloreetakoaren Kofradiakoek euren urteko elizkizuna eta batzarra izan dabe. Kofradia horretako andreak urtean bost pezeta ordaintzen dabe. Batzar horretan, diru horrekin zerbait egin behar zala ta, Ama Birjinari zilarrezko kandelero eder bat erostea erabaki el dabe. Ez ote lizateke hobe izango, diru hori elizkizun-konferentzia edo beste beharrizan baterako ematea? Batez ere, elizan hainbat kandelero lehen ere sobran dagozela jakinez gero!
BOLIBARKO NESKA-MUTILAK
Arratia
Ezkontza ospetsu bat
Zeanuriko euskaldun zintzo bi ezkondu jakuz hilabete honetan: Valentin eta Hilaria. Benetako zorionak ematen deutsuedaz euskaldun guztien izenean.
Areatzako jaiak
Abuztuaren 30-ean, euskal jai eder bat izan genduan Areatzako* herrian. Euskal kantari txalogarriak bertan. Hasieran, aho zabalik entzun genduzan bertsoak. Villaro ez zala euskaldunen herria eta bai Areatza, esan euskuen. Herri honetan, beste euskal jai eder batzuk ere izan ditugu. Mutilak, euskal jai bat ederra da benetan, baina ez da nahikoa. Egunero egin behar da zerbait. Dana dala, zorionak jaialdi horren antolatzaileei.
Argiaren beharrizana
Noiz jarriko ote dabe benetako argia Zeanuriko hauzune batzuetan? Egia esan, argiaren faltagatik oraindino ez da inor hil Zeanurin; baina kontuz ibili, beharrizan haundia dago ta. Nortzuk dira arduradunak? Hilargira joatea ala gagozen toki honetan argi dexente bat izatea ote da premiatsuago?
SEBAS
Bilbo
Ikasleei oharra
Bilboko kale nagusi batetik ninoiala*, kafetegi edo ardotegi baten aurrean, mahai batzuk ikusi nituan, jarri lasai eta zerbait hartu nahi dabenentzat. Mahaien inguruan, zozoa zuhaitz* adarretan bezala, lau mutil egozen, itxura batean behintzat alai jarririk. Pixka bat hurreratu nintxakenean, «ene —esan neban nire baitan— ezagunak dira». Bai, ezagunak ziren, aurpegiz behintzat: Deustuko Unibersidadean ikasten ari* diren gazte batzuk. Gizon handiak benetan! «Hi» ala «zu» esan horreei? Bai zera! «Berori» esatea ere gutxi, Unibersidadean dabiltza ta. Aurrera egin neban, burua pixka bat jaitsita, lurrari begira.
Hau haundiena: euren ordoan agure zahar bat egoen, makurtuta, laurotariko bati zapatak garbitzen, berak lasai lasai kafea hartzen eban bitartean.
Beheratxoago, beste ezagun bategaz elkartu nintzen. «Ibar isilean», Antonio Valverde «Ayalde» jaunak idatzitako liburua nekarren besapean.
«A ver qué libro? esan ondoren, bere eskuetan hartu eban, eta, «Bahhh, en vascuence!» izan zan bere ostikada. «Gizagaixo hau zoraturik dago» ez ote eban esango bere baitan?
Egiazko jazoera honeei ez noakioe komentariorik egitera. Bakoitzak egin deioela berea.
Gizonarentzat izan daitekezen ikasgairik interesgarrienak, beharrezkoenak, komenigarrienak eta mamitsuenak ikasi ezin. baditugu, zertarako ikasiko dogu matematika, fisika edo filosofia? Aristotelesek zer esan eban jakin arren, algebrarik sakonenak jakin arren, sarritan ez dogu gizontasun haundirik erakusten. Hau esan, eta hori egin. Munduan zeregin asko dago. Baina zer egiten dogu? Harrokeriatik harrokeriara bagabiltza, nork zuzenduko dau bidea?
Eugenio Beitia gotzainari omenaldia
Urriaren 11-n, omendatua* izan zan. Bilbon Eugenio Beitia jauna. Solokoetxe kaleko 13. ataurrean, haren jaiotetxean, jarraiko hitzok ezarri ziren: "En esta casa nació el 13 de julio de 1902 el Excmo. y Rvdmo. Sr. D. Eugenio Beitia Aldazabal, Obispo de Verrona. El Excmo. Ayuntamiento de Bilbao dedica esta placa en homenaje y recuerdo. Agosto 1970".
Bilbon zabal entzuten danez, Eugenio Beitia jaunak egiten ditu sarri askotan Bilboko "La Gaceta del Norte" egunkariko editorialak. Gehienetan, antigualeko egoera eta pentsakeren alde ateratzen da.
Apaizentzat Gogo Jardunak Bilbon
Apaizentzat Gogo Jardunak eman izan dira hilabete honetan Bilbon. Erderazkoak, Manuel Longa, Juan Jose Genovard eta Fernando Urbinak eman ditue. Euskerazkoak, Aita Agirretxe frantziskotarrak eta Aita Martzel pasiotarrak.
Hamabi Harrietatik
Hilabete honen lehenengoetan Txekoslovakian ospatu dan Munduko Akordeoi Jotzaileen Txapelketan, Durangoko Luis A. Sarobe, 14 urteko mutila atera zan laugarren bere mailako beste 25 gazteren artean.
Urriaren 18-an, Zaldibarko Koralaren zilarrezko ezteiak* aurten direla ta, alarde labur bat eskaini* eben Durangoaldeko txistulariek. Baita Zaldibar eta Berrizko dantzariek ere, bizkor eta zoli, erregelak dantzatu.
Durangoko Udalak* egindako arte-galetarako txartelek, euskeraz eta erderaz idatzita, hauxe dinoe: "Kultura zabaldu eta arte-jakintza gehitu: hauxe da, Durangoko Udalak eratutako kultura-gelen egitekoa". San Fausto jaietako programa horriak, berriz, erdera hutsean eginak izan dira.
Urriaren 4ean, igandez*, urtero bezala ospatu izan da Elorrion "Errebonbiloaren jaia".
Bizkaiko Diputazioak hartutako erabakien artean hauxe agertzen da: 977.600 pezeta eman Abadiñotik Mendiolara konponduriko bidea ordaintzeko.
Durangoko San Fausto jaien barruan, eta Bizkaiko Aurrezki Kutxak antolatuta, ortuari, lore eta abereen txapelketa ospatu zan, urriaren 11-n, Durangoaldeko baserritarrentzat.
Urriaren 12-an "Hispanitasun Egunean", omenaldi bat egin jakon Frai Joan Zumarragari. Hurrengo egunean, Durangoko 13 neska-mutil taldek alaitu eta bizkortu zituen jendearen bihotzak. Makina bat txirenekeria ta zorakeria ikusi genduan.
Hilabete honen barruan, Abadiñoko neskatilla bi "Kas" elkarteko txirrindulari bigaz ezkondu dira: Munitxa-Etxeberria eta Zuazua-Gandarias. Ba dakizue, Abadiñoko mutilak: ezkondu gura badozue, hartu bizikleta.
Zornotzako ikastolari laguntzeko, futbol partidu bat jokatu eben Durangoko Kemen eta bertako Iraultza neska taldeek. 0-0 gelditu ziren.
Garaiko herriak dituan gauza ikus eta aipagarrien artean, beste bat gehitu beharko deutsagu hemendik aurrera: kanposantua. Dana berriztatuz, euskal hilarriak jarri deutsoez hilobi bakoitzari. Hego Euskal Herrian hauzune bat ezagutzen dogu, kanposantua era horretara eginda daukana: Eskoriatzako Apotzaga hauzunea.
Urriaren 31-n eta hazilaren* 1-ean, Durangoko Udalaren eta Euskal Herriko Diputazioen laguntzaz, Gerediaga elkarteak antolatuta, Euskal Liburu ta Diskoen V. Azoka egingo da Durangon, Andra Mari Uribarriko elizpean. Urriaren 31-n, larunbatez*, goizeko 10,30-tan Durangoko txistulari gazteen saioagaz zabaldurik geldituko da azoka hau jendearentzat, eta zabalik iraungo dau igande gaueko 9,30-etararte. Egun bi horreetan azokako orduak honeek izango dira: Goizean, 10,30-tarik, 1,30-tararte. Arratsaldean, 4-retarik 9,30-tararte. Azoka honen barruan emango dira "Gerediaga" sariak eta aipamenak, bertan agertzen diren liburu onentzat. Aukera hoberik ez dokezue*, Euskal Herriari buruz erderaz eta euskeraz hainbat gaitako liburu bilatzeko, gaur egunez gure Herrian dagoen Euskal Liburu eta Diskoen Azoka bakar honetan baino.
JOAN ANTONIO AROMA
Legazpia
Jose Ramon Esnaolari agurra
Alegrantziaz beteriko agur bat eskaini* deutsoe Jose Ramon Esnaola, Urretxuar misiolariari, Legazpi aldeko bere lagunek. Jaialdi honetan parte hartu izan eben «Amis», «Alkartasuna» ta «Zaigor» taldeek, Zumarragako «Trikitixa»-k eta Legazpiko musika bandak. Baita Zumarraga ta Legazpiko abesbatzek ere, Gorrotxategi jauna zuzendari ebela. Esnaola jauna Peru aldera doa, misiolari lanetan jardutera. Donostiako «La Voz de España» egunkarian, 70-X-18-ko alean, «Los misioneros vascos, ¿desertores?» izenburuarekin idatzi eban artikulu bat. Zer deritxazue?
Zornotza
Bigarrenez eta azkenez.
Zorioneko koroea! Oraindik ere ahotan eta aldizkarietan!
Hara, "Barreski":
1. Aita Prioreak ANAITASUNA-ra bidalduriko idaztitxoan hitz honeek jarri zituan, oker ez banago: "Koroea ez da Karmeldarrena, Ama Birjina koroatzea nahi izan eta horretarako zerbait eman eben kristau guztiena baino". ANAITASUNA-n ez zan agertu "koroatze nahi izan" hori. Baina apropos esan neban. Dirua besterik ez al zan, ba, koroatze hori?
2. "Elizteilapeko karidade ta limosnak" kondenatzen dituzu. Entzun.
- Ikastolaren gorabeheratik dakarzu hori dana. Zergatik zatoze, beraz*, elizara, ikastoletarako ta barrukoentzako limosna eske?
- Ez al dakizu, bestalde, lapur izan nahiz ez izan, limosna egitera behartuak gagozela guztiok? Zerori ere bai, gero!
- "Jo daigun, bakoitzak eman eban diru hori bere berea dala", dinozu. Nor da nor, besterik esan ahal izateko?
- ETA-ko eta euskera batuaren aldeko eta... "liberatuek" ez al deutsoe inori izerdirik ateratzen?
3. "Baina Ama Birjina geurea da". Egia biribila. "Eta guztiona dana ezin leikee batzuek monopolizatu". Bai. Eta zer? Uste al dozu, koroatzaileek Ama Birjina kendu eta kutxaren baten barruan eurentzat bakarrik ezkutatu nahi izan ebela?
Guztiona bada, utzi daigun bakoitzak bere gogoko urrea eman deion.
4. "Guztiontzat izan behar da bera izan zana: Nazareteko langile baten emaztea". Ezin dot aditu. "Eta emakume hau herrian diren urre, harri bitxi ta zidarrez betetzen badogu, ez ote dogu dirudunen lagun bakarrik egiten?"
Inguruetako "pobreak" ugari ere ugari etorri ei ziren jai haretara. Eta, hain zuzen, koroea ta koroatzea ikustearren eta Amari eskari beroagoak egitearren. "Dirudimen lagun bakarrik", alajaina! Hori zerorrek ere ez dozu sinesten.
Harrezkero, ahaztu egin zaituela uste dozu zuk, ala? Nik ez behintzat, e! (Eta ez naiz diruduna).
Koroatzea ez da Ama Birjina aberasteko, kristauen konfiantza sendoagotzeko baizik.
5. Barkatu. Baina, sustraira joanez gero, honelatsu esan nahi zeunke, hots*: Justizia, justizia lehenbizi! Utikan triunfalismoak! Hau da nire eritzia. Arrazoi zeunke, eta astuna izan ere. A! Bideak ere, ordea*, izan daitezela garbiak eta satorkeria ta demagogia bakoak. Hain gartsu jokatuko bagendu "langileriaren alde", Atleti, taberna, Venecia, Bella Otero... inguruetan.
Euskal Herri gaixoa! Lehentxoago beste batzuk ziren gure Herriaren zapaltzaileak. Orain Eliza ei da gure Herri langilearen zapaltzailea! Bekatu bakorik ez dago ez, mundu honetan. Nik, ordea*, beste galdera hau egiten deutsut: Alkohol, droga, etxe... horreek bikainduko al dabe gure arraza, gure langileria zapaldua?
Agur, "Barreski". Ez haserretu, ez bainaiz pertsonekin ari izan, ideiekin baino. Mila esker! Aspalditxotikan nengoen iritzi honeek azaltzeko egarriz. Zeuk ireki deustazu atea.
Azken orduan
Il honen 20-an itzuli dauzkue dalako koroea. Zerbait maskaldua, baina osorik. Eskerrik asko.
AITA PRIOREAK
Bermeo
Atunetako kostera
Uztailean* has! eta urrian amaitzen dan kostera honek irabazi politak eman ditu aurten. Kronika hau idazterakoan, irailaren* azkenean, ia 3 milioi kilo salduta dagoz, hau da: ihaz* sasoi honetan baino 800.000 kilo gehiago. Ihaz baino prezioa ere hobea lortu dau arrain bikain honek. Gure arrantzaleak pozik dira, ba, gaur arte, kosteraren ordorenakaz.
Oraindino, eguraldi onak egiten baditu eta neguko ekaitzak aurreratzen ez badira, kosterari amaiera on bat eman ahal izango deutsoe. Hala ta guztiz ere, ezin bete izango dabe bokartaren* kosterako hutsunea, ihazkoan baino 190 milioi pezeta gutxiago saldu baita* aurtengoan.
Azken urteotan legez*, ontzi asko, gehienak, behe alderantz, hego alderantz, joaten dira sasoi honetan, Gabonak arte, Algeciras nahiz Canarias Uharteak etxetzat harturik, haginzorrotzetan* ibiltzeko. Taldetxo bat Portugaleko kostan ari* da, hegalabur* txiki bila.
Portuko lanak
«Rompeolas» dalakoa 150 metro luzatzeko, 1966-an hasitako obrak aurten amaituko dira. Hobeto esan, amaitu dira, azkenengo ikutu txiki batzuk izan ezik. «Ministerio de Obras Públicas» dalakoak 150 milioi ipini ditu obra honetan, hau da: metroko milioi bat, honelako lanak oso garestiak baitira* Kantauri itsaso urduri, zirin eta haserretuan.
Orain, proiektua osotzeko, bigarren zatian, beste 150 metro luzatu behar dira, danetara 650 metro lortu arte. Arrantzaleen Kofradia eta Udala* ahaleginak egiten dabiltza asmo hori aurrera eroateko, eta herriak bidezkoa dauan portua eukiteko.
Parroko berria Santa Marian
Zirarda Gotzainak, Don Gines Aretxaga jubilatu danez gero, Don Juan Eizagirre apaiz jauna izendatu dau Santa Maria elizako erretore. Entzun dogunez, eliza horretako beste apaizakaz batean, ekipoan, eroango ei ditu parrokiako arazoak erretore berriak.
«Hilaturas Garben, S. A.»-k ateak itxi
Aspaldion ez da, zoritxarrez, gauza berria lantegi bat zarratu egin behar izan dala entzutea. Bermeon berton ikusi izan dogu. Oraingoan, «Hilaturas Garben, S. A.», eunak* eta arrantzarako sareak egiteko fabrika, bere langileak despeditu beharrean aurkitu da. 46 emakumek eta 9 gizonek euken lantegi honetan euren ogibidea.
Bermeoko ur presa
San Andres hauzuneko errekarro* hestu ta txikian, nahiko aurreratuta dagoz ur presa txiki bat egiteko lanak. Bost milioiko presupostua dauka, eta 15.000 m.3 ur hartuko ditu. Udalak, herriko ur emendio* eskasa zerbait gehitu nahi dau proiektu honegaz.
A. P. B.
Baiona Aldea
«Sehaska» taldea
Ihazko* apirilean sortu izan zan talde hau, Lapurdi aldeko haurrei euskal jakintza indartzeko asmoz. Bere lanak eginez batera, «Sehaska» taldea azkar doa aurrera. Bai guraso arduradunak sortuz, bai guztitariko laguntzaileak gehituz.
Ikastolak
Arrangoitzen ireki eben ihaz lehenengo ikastola. Donibane Lohitzunen ireki dabe aurten beste bat. Bigarren honetan, gaurkoz, 22 haur eta andereño bat ari dira. «Sehaska» taldeak ere beste bat eratu dau Baionan. Hirugarren hau oraindik osotu barik dago; baina, hori gora-behera, 15 haur ari dira bertan.
Kargu berriak Ipar Euskal Herrian
Lapurdiko Itsasun, Chalet jauna izendatua izan da bertako parrokiako erretore. Herrian sartu zanean, alkate jaunak egin eutson ongietorria, hainbat herritarren aurrean.
Nafarroa Beherean, Ganix Ibarburu izendatua izan da Bidarraiko erretore. Hemen ere, alkate jauna buru zalarik egin eutsoen ongietorria. Bidarraiko eliza berriztatzen ari* dira aspaldion.
«Fededunak» elkartearen batzarra Donapaleun
Elkarte honen helburua,* eurek dinoenez, "euskal kultura"-ren sustengatzea eta erlijioko gaietan aitzinaraztea" da. Urriaren 4-ean egin izan dabe batzar bat Baxenabarreko Donapaleun:* Meza Santua, urteko gorabeherak, egindako lanak, erabakiak, galde-erantzunak... eta iluntzian afaria.
JOAN MARI
Munitibar
Gamizko seme dan Don Jesus Atela apaizak herritik kanpora joan beharra izan dau osasun faltaz. Entzun dogunez, Canariasera doa, ea hango giroak hobeto hartzen dauan. Horixe opa deutsagu bihotzez. Haren ordez, beste apaiz gazte bat etorri jaku. Hau ere Don Jesus deitzen da. Larrabetzukoa da. Gogoan dituan asmo eder guztiak ondo bete daizala opa deutsagu.
Udalak eta Bazterrikoek eliz ondoan dagoen terrenoaz tratua zarratu dabelakoan gagoz. Terreno hori, jardinak ipintzeko izango da. Txalogarri deritxagu erabaki horri.
Azkenez, hain pozgarri ez diren berri batzuk emango ditugu. Lehenik, azken bolada honetan Errementeriko etxekoandrea eta Gorosketxekoa hil dira. Eta Olaurreko Esteban Irusta eta Azkarretako Mari Sol etxetik kanpo aurkitzen dira, kliniketara joanak. Ea laster ikusten ditugun berriro guztiz osatuta.
ERRAMON GERRIKAGOITIA
Mungialdea
«Vascos por un día»
Jata mendiaren magalean, Zumetxaga deitzen dan tokian, basetxe bat eta San Migeleri dedikaturiko ermita erromaniko bat aurkitzen dira. Benetan toki zoragarria, dana Zuhaitz* eta zelaiez inguratuta, ikuspegi eder batzuekin.
San Migelen omenez, irailaren* 29-an, jaialdi bat egiten da. Betiko juergatxoa egiten dabe hara doazenek eta batez ere Bakio eta Mungiko udatiarrek*. Nik ez dakit han egon zirenetarik zenbatek irakurriko daben hau; baina, hala ta guztiz ere, esan egingo deutsuet neure eritzia, hipokrisiaren agertzea eta euskal tradizioen usteltzea gorroto ditut eta. Zer garen, hemen behean eta egunean egunean erakutsi behar dogu. Han ikusi neban jenderik gehiena urteko derrigorrezko eguna egiten egon zan. Han goian zaldien antzeko irrintziak bota, eta, gero behera jaitsitakoan*, kitto. Nik honeei, pribilejio larregi emanda, "vascos por un día" deitzen deutset.
San Migelak Laukinizen
Laukiniztarrek ere San Migelak ospatzeko, errepetizinoko jaialdi eder bat egin eben, urriaren 4-ean. "Dindirri" taldeko dantzariek jardun eben, dultzaina, txistu, alboka eta trikiti soinuarekin. Talde honen ekinaldia zelakoa izan zan jakiteko. Laukiniztarren eta bertan egon ziren kanpotarren erreazinoa ikustea nahikoa izan zan: dana txaloa eta txaloa.
Ezin leitekez aipatu barik utzi idi probak. Urtean baino urtean hobeak eta animatuagoak ei dira eta aurten inoiz baino jende gehiago etorri zan.
Botiolan ere bai
Laukinizen legez, Botiola Frunizko hauzunean ere, San Migeletako errepetizino jai ederrak egin zituen, urriaren 4-ean. Hauzokoen eta hara joan ziren guztien begi ta belarriak alaitzen, Santurtzeko dantza ta txistulari talde bat egon zan. Gauza haundirik ez zan egon, baina bai euskal giro ederra. Exenplo bikaina herri eta hauzo askorentzat.
Mungiko neska futbolariak
Egunkarietan* irakurtzen dogun bezala, Bizkaian gero ta ugariagoak dira neska futbolari taldeak. Mungian, kirola elkartearen barruan, ba daukagu horrelako talde mota bat ere. San Pedroetako jaietan estrainatu ziren, eta udan zehar hainbat jokoaldi euki dabe.
Urriaren 11-n, ikastolaren alde zerbait ateratzeko, Zamudioko nesken kontra jokatu eben Basozabaleta futbol zelaian. Deskantsu denboran, ikastolako haurrek dantzatu eben euren grazia bereziarekin. Oso atsegingarri eta txalotuak izan ziren danak.
Gauza aipagarria da, Mungiko mutilen futbol taldea euskalduna dala, eta euren jokoaldietan ere euskeraz berba egiten dabela. Zorionak! Gure herriko erakunde* guztietarik zeuok bakarrik erabiltzen dozue euskera ofizialki. Hau ikusiz eta ondo aztertuz, arazo txiki bat planteatu gura neuskio Mungiko elkarteari. Nire ustez, euren batzar guztietan ere euskeraz egin behar leukee; bestela nekez sinestu leiteke euren euskal asmoetan.
Mendigoizaletasuna agertzen
Azken denbora honetan, gazte talde batzuk joan jakuz Gorbea mendirantz, hango garai baketsuetan egun batzuk emoteko. Poztutzekoak dira irteera* honeek, ikusten baita* zelan gazteen sektore bat, oso txikia izan arren ere, mendizaletasunaren abantailetaz* konturatzen hasi dala, pertsonalki eta talde legez* hainbat birtute desarroilatzen dira ta. Hala jarrai, nekatu barik!
Noiz batuko gara Mungialde guztikoak mendigoizale elkarte batean?
Ehundaka ihiztari jardunean
Ihizirako* baimena eman danez gero, elkarren ondoko jai bi ta erdi aprobetxatuz, gure eskualdeko ihiztariak* andanan atera dira batez ere Gaztelerriko lurraldeetarantz, urriaren 10. 11 eta 12-an.
Mungiko ikastola
Mungiko ikastolan 100 bat ume eta hiru andereño baimen baten zain egon dira urriaren hamabosterarte. Baimen hori lortutakoan, ikastaro honetan hiru andereñok irakatsiko dabe, eta umeak 14 urte bete arte izan daitekez ikasle.
I. J.
Txori Herri
Larrabetzuan, umeei euskerazko eskolak ematen hasi dira. Baita dantzak irakasten ere ba dabiltza. Eta, itxaropen haundiz, antzerki talde bat sortarazi gura dabe.
Zubitaldekoek (Larrabetzuko hauzune bat dozu Zubitalde) errepublika autonomo bat antolatu nahian dihardue, urak ekarteagatik, saneamendua ere berdin berdin ordaindu behar izan dabe ta.
Lezaman, kultura talde bat eratu guran ari* dira. Ea mutilak!
Zamudion, mendizale talde bat dago. Ez dago txarto. Txarto dagoena, horretantxe bakarrik gelditzea da. Aurrerago, jaunak!
Derion, dantza talde bat egoen. Baina... egon egoen.
Lujuan ba dago talde bat, baina herri kultura alde batera utzita dauke.
Larrondon eta Goierrin talde bana dagoz, herri ekintzan eta gazteen formazioan gogor ta sendo dabiltzanak.
M. A. LEKUE
Gasteiz
55 apaizgai berri Gasteizen
Urriaren 1-ean hasi dira eskolak Gasteizko apaizgai etxean. Aurten 55 apaizgai berrik ekingo deutsee euren ikasketei. Jakina dan bezala, Gasteizko seminarioan banaka urri batzuk bakarrik arduratzen dira gure euskal hizkuntzaz.
"Uzta handi, baina langile guti" (Luk. 10,2)
Ez pentsa Leizarragaren ebanjelioetako zati hau edozelan hartu dudanik. Orain ikusten dugun zenbait* gauzak bultzatu nau hau idaztera. Uzta*, Euskal uzta, Herri alor* eta lurra da, deihadarka, gero eta gorago, kultura eta ikasteko laguntasuna eskatzen diharduena.
Alde batetik alfabetatzeak, bestetik andereñoek, kolejioek, eskolek, unibertsitariek eta euskal ikasleek boza altxatzen dute egunero, liburu, material, bibliografia, hiztegi, hitzaldi eta kursilloen eske.
Lehen erein zen hazia erne da, eta orain beste ardura eta laguntasunak behar ditu, biziko bada. Landareari ongarria eta ura ere bota behar zaio eta belar xarrak kendu, haz eta indar dadin. Berau baina, ereiteko lana baino xarragoa da, nekezagoa, noski, Euskal uztak burua tente duela, lagun diezakeogu, azkeneraino hel dadin eta fruituak eman ditzan; eta orain, memento honetan egin behar dugu, sasoiz eta garaiz. Eguzkiak erreta gero, ez dute batere onik landareek urarekin, eta, behin txoriek janda gero, alferrik da txorimamua* imintzea.
Herria deiez dago. Zergatik hainbeste entzungor egin? «Ez dut astirik» maizegi* entzuten da gure artean, «ez dut nahi» bat ezkutatu nahiz. Alfertuta gabiltza aspalditxoan, eta ez da hau aditzekoa. Euskaltasunak zer eskatzen duen guztiok dakigu, edo jakin beharko genuke guttienez. Bide errazago bat nahi duenak, ba du erdal arloa; baina euskal bidea hartu nahi duenak eta hartu duenak, ba daki zer espero duen: lana, elorrioak*, mingostasunak...
Jakin dezagun eta ez gaitezen luzaroago itsu izan, gaur egun euskaldunok, izen honen merezidun baldin bagara behintzat, ez dugula ezetz esateko eskubiderik, hortik, dena emanda, hainbeste eta hainbeste ari* diren artean behintzat. Penagarria bada ere, langile guti dago, bai, gutiegi. Horrez gainera, dauden langile guti hoiek, beste guztiek hartu eta egin gura ez duten lanaz azpiratuta eta itota daude, birrinduta.
Hau gutti dela, ba dira hortik zoritxarreko langileak ere, ezer positiborik egin ez arren (agian*, «astirik ez» berauek ere), ari diren langileen lepotik etiketak, irainak* eta kalumniak esateko astia franko* dutenak, batzuk inprimaturik eta guzti gainera. Berauek* ez dute erantzunik ere merezi, lan bat beste hobeago eta zuzenago batez kritikatzen ez duten artean, eta ez orain arteko zikinkeria, azpikeria eta gizabidegabekeriaz baliatuta.
Noiz arte, bada, honela? Noiz langile gehiago? Noiz berritsu alfer kaltegarri guttiago?
XABIER KINTANA
daude, dagoz.
dezagun, daigun.
diezakeogu, deiskiogu.
ditzan, daizan.
zaio, jako.
Gotzon Garitaonaindia Gorordo hil da
1936-ko ekainaren* 20-an Urdulizen (Bizkaian) jaio zan. Derion apaiz ikasketak egin ondoren, Mañuko parroko jauna izan da. Hala ere, bere apaiz zereginik gehienak Bermeon egiten izan ditu, zaletasun handiarekin. «Karmel», «Olerti» eta «Zeruko Argia» aldizkarietan idatzi izan dau. 1967-an, «Balendin Uriona» liburua, gazterik istripu* batean hildako txirrindulari famatuaren bizitza idatzi eban. ANAITASUNA aldizkari honetan lan luze ta prestua egin eban, batez ere 1967-1968an. Azken denboran, Bilboko «Agur» hilerokoan ari izan da, gartsuki.
Hiletak Urdulizen bertan izan ziren, urriaren 16-an. Ehundaka kotxeak eta milaka pertsonak izan ginen, berari azken agurra egitera. Meza santua Don Klaudio Gallastegi, Bilboko San Anton parrokiako erretore jaunak eman eban eta sermoia ere bai.
Euskal Herriak seme prestu bat galdu dau. Goian bego!
Inportantzia handiko ehun urteko bat
Victor Manuel eta Garibaldiren tropak Erromara sartu zirenetik lehen ehun urtekoa izan da oraindik orain.
Izan ere, 1870. urtean, urriak hogei egun zituela, italiarrek bretxa ireki zuten «Porta Pia» delakoan; eta Aita Sainduak, «Quirinale» jauregia utzita, Vatikanoan sartu behar zuen, bere burua gatibutzat* jarririk.
Ehun urteko hau kasik ohargabe iragan* da, hainbeste gudu eta gertakariren* artean; baina bere inportantzia ba du, dudarik ez, gaurko Elizaren kenkarekin* zerbait —bai eta asko ere— zer ikusirik duelako.
Esan dezagun bidenabar*, Elizaren kenka garrantziduna dela, ez bakarrik kristauentzat, bai eta munduko hiritar guztientzat ere. Modu berean, komunisten aldaketak eta gorabeherak guztioi interesatzen zaizkigu, eta are* gehiago kristau garenoi.
Eliz krisien aurrean bildurrik daude kristau asko. Fedearen sailean dena galdurik dagoela uste dute, zeren* Elizaz eratu zuten irudia hautsita baita*.
Agustin Sainduaren eskutitz batzuetan irakurtzen denez, holako zerbait gertatu zen bostgarren mendean*, Erromako inperioaren galtzapena eta hondamendia kristautasunaren bukaera* iruditzen zitzaielako kristau askori. Eliza eta Erromako inperioa bat zirela uste zuten, orain Eliza eta zibilizazio burgesa gauza bera direla kristau askok uste duten bezalaxe. Bata bestea gabe iraunkor izatea ezin uler dezakete.
Gaurko egunean Eliza pobre bat eskatzen dugunok, hainbeste bidegabe, maltzurkeria eta konpromisotatik libre izan dadin Eliza bat eskatzen dugu. Baina eskari honek ohitura txar eta aurreritzi askorekin egiten du topo. Honelako aldakuntza hau oso gaizki ikusia da, munduko boterea* maneiatzen dutenen aldetik batez ere. Beren makinaren errota edo engranaje bat gehiago izan dadin Eliza bat oso pozez onartzen dute. Baina injustizia eta opresioa argi eta garbi kondenatzen duen benetako Eliza libre bat ikusi ere ez dute gura.
Hortik omen* dator kontserbadore batzuen bildurra. Berauek* uste dute, fede guztia galduko dela, erlijioak forma berriak hartzen baldin* baditu, eta, batez ere munduko boteretsuen faborea edo laguntza Elizak galtzen baldin badu.
Lehen mintzatu gara Erromaren ehun urtekoaz. Gaurko egunean ez gara konturatzen, sakrilegio hark kristauen artean orduan egin zuen zarrastadaz. Orduko eliztarrek uste zuten, Vatikanoko Estaduak beharrezkoak zirela, kristautasunak iraun zezan.
Urte askogarrenean ere, beti esaten zitzaien umeei eskoletan, Aita Saindua giltzapean zegoela; eta haren liberazio eta askatasunaren alde otoitz egiten zen elizetan. Baina, orain, ehun urteko honetan, Erromaren galtzea «probidentziaren xede* eta deseinu bat» izan zela esan berri du, Paulo VI.aren izenean, Dell'Acqua kardinalak, eta gertakari* horrek Elizari «gaurkotasunaren kontzientzia hartzera lagundu ziola» esan ere.
Orduko deihadarrak eta madarikazioak bukaturik daude. Gure egunotan, Aita Saindua Mediterraneoko Estadu baten errege izatea gauza zentzu gabeko bat izanen lizateke.
Garbi ikusten da orain, Aita Sainduaren Estadu denboralak guztiz kaltegarriak zirela Elizaren egiazko misiorako. 2000. urteko kristauek ere guk baino hobeki ulertuko dute, Elizak denborako aparatu guztia alde batera uztea komeni zela.
Bide horretatik, Eliza garbituta, sendotuta eta askatuta aterako da gaurko kenkatik*, nahiz eta denbora honetako botereen* aldetik guztiz gabetuta gelditu.
KARLOS SANTAMARIA
daude, dagoz.
dezagun, daigun.
dezakete, daikee.
zaizkigu, jakuz.
zezan, eian.
zion, eutson.
zitzaien, jaken.
Euskal eskolak Ordizian
«Jakintza» erakundeak antolaturik, eskolak emango dira Ordizian*, euskera ikasi nahiz hobeagotu gura daben 7-tik 14 urterainoko gaztetxoentzat.
Arronako haurrak Zestonako ikastolara
Arrona ta Zestona elkarren ondoan diren herri bi dira, Gipuzkoan. Aurten, uste danez, Arronako haurrak* Zestonako ikastolara joango dira, horrexetarako autobus berezi batean.
Elgetan euskal dantzak ikasten haurrak
Alberto Agirrezabalegi, «Oskarbi» dantzari taldearen zuzendariak, dei bat egin deutse bere herritarrei, euren haurrak* euskal dantzak ikastera bidaltzeko eskatuz.
***
Arabako Arkauten lurgintza ikasketak egiteko eskola
Araba aldean jende asko lurgintzan ari dalarik, interesgarria da holako eskola bat antolatzea. 14-15 urteko mutikoentzako da. Hamabost egunean egongo dira bertan, etxe barruan, bakoitzak 150 pezeta ordainduz. Ikastaldi honeek «Servicio de Extensión Agraria» dalakoak antolatzen ditu.
Euskal Herriko kardiologoak Gasteizen
Urriaren 17-an elkartu izan ziren Gasteizen Euskal Herriko kardiologoak. Urtero biltzen dira, bakoitzean huriburu batean. Aurten, «implantaciones valvulares» gaia estudiatu dabe.
***
«Lur» editoriala lanean
Orain arte publikatu dituan liburuetarik. «Politikaren atarian», Rikardo Arregi zanarena, «Poemagintza», Ibon Sarasolarena, eta «Egunero hasten delako», Ramon Saizarbitoriarena, agortuak izan dira.
Entzun dogunez, eta oraingoan ez ei dago atzera egiterik, Natxo de Felipe, Itziar eta Mario kantariek disko bat grabatuko ei dabe «Lur» etxearekin.
Iruñeko «Radio Popular»-en zuzendari berria
Andres Barriales, Aita Dominikanoa, izendatua izan da Iruñeko «Radio Popular» dalakoaren zuzendari. Jakina danez, zenbait* probintziatan izen hau daroen irratiak Elizarenak dira, nahiz eta zibilen taxu berekoak izan.
***
Carlos Etxeberria txirrindularia ezkondu da
Abadiñon ezkondu dira hilabete honetan, Nafarroako Carlos Etxeberria txirrindularia eta Maria Pilar Munitxa. Apaiz zereginak A. Lejarzak egin zituan. Bertan izan ziren «Kas» taldeko txirrindulariak eta zuzendaritzakoak.
***
Euskaldun gazteak Ameriketara artzain
Biarritzeko aeroportuan abioia harturik, hainbat Iparraldeko euskaldun abiatu dira Los Angelesera Parisetik zehar. California eta Nevada aldean jardungo dabe artzain lanetan.
Iruñeko emakume gaixozainak kexaz
5.000 pezetatara ez da heltzen, Iruñeko hospitaleko enfermerek hilero jasotzen daben soldata. Hau dala ta, eskari biziak egin deutsoez Diputazioari, soldata gehitzeko eskatuz.
Nafarroan tomate ta piperrak lur jota
Aurten, hiru aldiz zigortu izan ditu denboraleak Ribaforada aldeko tomate ta piper sailak. Gainera, tomateak ez dau izan nork erosi, prezio dexente batean behinik behin. Azkenez, kontserbagintzarako fabrikek ez ditue behar bezain* azkar ordaindu, laborariei erositako tomateok. Non saldu? Europan? Hala uste da.
Arabako Zaramagan, 7 milioi hurigintzarako
Gasteiz ondoko herri honetan, 7 milioi pezeta eralgiko* dira hurigintzan*. Etxe arteko zelaien apainketa, saneamendua, hiru kale berri eta abar egingo dira.
Non Bilboko aeroportu internazionala?
Lehentxoago, Galea izeneko lurraldeetan egingo zala esaten zan. Orain, ostera*, Barrikan, Plentzia ondoko herritxoan, egitekotan ei dira. Dinoenez, Barrika aldean arazo gutxiago egongo lizateke lurjabeekin, terrenorik gehienak ugazaba batenak baitira*. Galean, berriz, lurjabeak asko izanez gainera, bizitza etxe asko dago; eta honek ere arazoak sorrarazten ditu, espropiazioak egiteko.
***
Euskal jaia Aginagan
Urriaren 11-n, jaiak izan dira Aginagan, Usurbil ondoan. Kalejirak, dantzariak, elizkizunak, eta abar. Oñatibia jaunaren «Euskal Show», Oiartzungo «Lartaun» korala, Argoitia neba-arrebak, «Unai» bikotea, Estitxu eta Xabier Madina kantariak.
«Eskertz» taldeari omenaldia Lasarten
Urriaren 4-ean, igandez*, omenaldi bat egin jako «Eskertz» taldeari Gipuzkoako Lasarten: kalejirak, Herri Meza, Zuaznabar anaia txalapartariak, J. R. Unamuno, Mikel Intxausti, Ramon Irulegi eta Anton Valverde kantariak, Etxebarri ta Lizaso bertsolariak, «Santa Cecilia» korala, dantzariak, eta, trikiti soinuaz lagundurik, erromeria.
«Aquí Vizcaya» urterokoa
860 orrialdeko liburu bat argltara eman dabe Jesus Gurich eta Federico Garciak. Bertan agertzen dira, Bizkaian diren komertzio etxeak, industriak, kontsuladuak, eta abar. Herrietako zenbait* berri eta Bilboren historia labur bat. Erderaz atera dan liburu hau urtero agertuko ei da.
Euskal Herriko Zortzikoteen V. Sariketa
Mondragoeko «Danok» eta «Iruñeko» «Juventud Antoniana» erakundeek* antolatuko dabe aurtengo Euskal Herriko Zortzikoteen Sariketa. Zortzikote honeek «zahartuz» doaz, musika berriari heltzen ez badeutsoe. Penagarri lizateke.
Gau eskolak Errenderin
Gauez eta egunero eman izango dira eskolak Errenderin, euskera ikasi nahiz hobeagotu gura dabenentzat, Ibaialde eta Alaberga hauzunetako elkarteek eta «Ibaika», «Ereintza» eta «Fomento Cultural» erakundeek eraturik.
Lezakan Retegi pelotariari omenaldia
Nafarroako Lezakan, «Peña Vergara» elkarteak eraturik, omenaldi bat eskaini* izan jako Retegi pelotariari, urriaren 11-n. Bazkaritan, soinularien eta Pello Kirten jaunaren jardunaldiak entzun ziren.
Biarritzen frontoi berria
Guy Petit, Biarritzeko alkateak, esan dau, ba leitekela frontoi berri bat jasotzea, ezker hormaduna. Halako frontoi gutxi dago Ipar Euskal Herrian.
Jesus Galdeanoren anaia, txirrindulari
Sasoi batean txirrindulari ospetsu izandako Jesus Galdeano nafarraren anaia, amateur izan ondoren, profesional mailara heldu da. Miguel dau izena. Eta oso bizkorra da.
Maria Isabel Arakistain, «Morkaiko» taldeko lehendakari
«Morkaiko» mendizale elkarteko lehendakari bezala hautatua izan da Maria Isabel Arakistain, Elgoibarren. Neskatilla hau ANAITASUNA-ren korrespontsala da, eta Donostiako ekipoan jokatzen dauan izen bereko gaztearen arreba.
***
«Altos Hornos» lantegiko zuzendari berria
Jose Saenz Insausti jauna izendatua izan da Bizkaiko «Altos Hornos» lantegiko zuzendari. Lehen kargu hori eukana, Rodríguez Castellá jauna, orain «Uninsa»-ko buruzagia da.
Herrien apainketa Araban
Herrien apainketa saria Laguardia herriak irabazi dau Araban. Saria, 125.000 pezetakoa izan da. Oion bigarren eta Maeztu hirugarren geratu dira.
«Información y Turismo»-ko ordezkari berria Araban
Salvador Blasco valenciarra izendatua izan da «Información y Turismo» dalakoaren ordezkari, Araba herrialderako. «No conozco Vitoria —esan dau—, pero estoy seguro que desde este mismo momento será mi segunda patria chica».
Miguel Angel Astiz saritua
Frantziako Gobernuak sari berezi bat, kurutze bat, eman izan deutso Bilbon ari* dan Miguel Angel Astiz kazetariari*. Berau nafarra izanik eta ez frantsesa, oso zaila ei da holako bati frantses sari hori ematea. Nekazaritzaren alde egin dituan lanakatik ei da. Miguel Angel Astizek ez dau egundo haitzur bat eskuetan izan.
Perretxiko erakusketa
Hilabete honetan, bai Bizkaiko Galdakanon eta bai Gasteizen, perretxiko erakusketak izan dira. Zorionez, gertakizun horreek iragartzen* zituen kartelak euskeraz eta erderaz eginak izan dira.
***
«Mendira begira» zortzikote berria
Sortu berria dogu Gasteiztar talde berri hau. Urriaren 20-an agertu izan da lehenengoz eta ofizialki, Gazteiztar entzuleen aurrean. Madinaren «Agur Maria», Salaberriren «Goizeko Izarra», Mokoroaren «Gona Gorria», Arinen «Festara», Guridiren «Boga Boga», Erauzkinen «Nere Andrea», Bastidaren «Nortxu» ta «Agur Jaunak» abestu zituan. Talde berria, baina kanta zaharrak!
Dantza ta doinu ikasketak Donostian
C. I. T. (Centro de Iniciativas Turísticas) dalakoak antolaturik, Donostiako Aurrezki Kutxaren laguntzarekin, euskal dantza eta instrumentuen irakasketak egiten ari dira Donostian. Bertan ikasi nahi dauanak, ohorezko* ordainketa bat egin beharra baino ez dauka, matrikula bezala. Irakaskintza honi hasiera emateko, jaialdi bat eratua izan da. Ez ote dabe exenplo honetatik ezer ikasiko beste huriburuetako C. I. T. erakundeek?
Arabako Dantza Akademia
Joaquín Jiménez jaunaren hitzaldi batekin hasiera emanez, ba dabiltza lanean «Euskal Dantza Akademia» eratu dabenak. Hitzaldi horretan, gure ohiturak goraipatu zituan Jiménez jaunak.
«Argia» dantzari taldea Pasaian
Pasaian, gaueko 9,30-etan, dantza salo bat eman izan eban «Argia» talde ospetsuak, urriaren 10-ean.
Dantzariak Bizkaiko Zallan
Zalla, Bizkaiko Enkartazioetako herri bat da. Eskualde honetan jendeak ez daki euskeraz. Hala ta guztiz ere, hilabete honetan, «V. Euskal Jaia» eratu eben bertako «Lorak» dantza taldekoek, Udalaren babespean. Parte hartu izan eben umeen dantza taldeak jarraiko honeek izan ziren: Barakaldoko «Amaia», Deustuko «Bihotz Alai», Saltzedilloko «Danetarako Danok», Olaskoagako* «Eguzki Barri», Erandioko «Goi Alde», Portugaleteko «Lora Barri», Gernikako «Elai Alai», Gueñizko «Herri Ederra», Sodupeko «Gazte Barri», Sestaoko «Salleko» eta Erandioko «Umetxu Alaiak».
Euskal erakusketa Mexicon
Urriaren 20-an hasi eta hilabetearen azkenerarte erakusketa bat antolatu izan da Mexicon. Ibarrola, Larrea, Condi, Txillida, Mendiburu, Zumeta, Basterrechea, Alonso, Sistiaga eta Luis Balerdi jaunen lanak agertzen dira. Erakusketa hau New Orleans, Buenos Aires eta Caracasko herritarrek eskatua izan da.
Euskal jaia Etxarri Aranazen
Urrian ospatu izan da euskal jai bat Nafarroako Etxarri Aranazen: kalejira, dantza sariketak, «Larraiza» ta «Lanzale» dantzari taldeak, «Oskarbi» kantari taldea, Arozamena ta Gorrotxategi bertsolariak. Antolatzaile: «Udaberri» taldekoak, «Príncipe de Viana» eta «Caja de Ahorros de Navarra» erakundeek* lagundurik.
Euskal jaia Zaldibian
Zaldibian, urrian egindako euskal jaian, izan ziren: Enrique Zelaia soinularia, «Oskarbi», «Zaigor» eta Mixe kantariak, Agirre ta Lizaso bertsolariak, haizkolariak, korrikalariak. Bukatzeko, erromeria.
***
«Autour du Clocher», Zuberoko aldizkaria
Jean Etxegoren jaunaren zuzendaritzapean argitara ematen da Zubero aldean, euskeraz eta frantsesez, «Autour du Clocher» izeneko hileroko bat. Gehienean eliz gaiak dakarz, pixka bat zahar kutsua dau, eta euskeraz egindako artikuluak zuberotar hutsean dira. Zortzi orrialde ditu, ANAITASUNA honenak baino zertxobait zabalagoak.
Ikastola eta euskera batua
Mitxelena jaunak, Donostian eman eban ikastaroan, argi eta garbi esan eban, «euskera batua» batez ere irakatsi behar jakela haurrei ikastoletan. Andereño talde batek galde egin eutson, ea gurasoek eskubiderik dauken, andereñoei euskera batua irakasten galerazteko; eta Errenderiar jakitun harek, errepostua emanik, lege aldetik horretarako eskubidea euki arren, moral aldetik ez daukela erantzun eban. Are* gutxiago, ikastoletan sartuta dagozen «aita» batzuk batere seme-alaba bakoak izanik. Oso txalotua izan zan entzule guztien aldetik.
«Jaunaren Deia» aldizkaria
Agertu berria dogu aldizkari honen 32. alea. Bertan datoz «Euskaltzaldiaren Oharra». «Judu Herriaren Kondaira», «Euskerazko Liturgia» eta «Euskal Liburuaren Kritika». Eskatzekotan: PP. Benedictinos, Lazcano, Guipúzcoa.
***
Ikastoletako umeentzat
Hainbeste denboran itxaroten gengozen euskerazko Kristau Ikasbidea, agertu da lehenengo ta bigarren mailan, 6-7 ta 7-8 urtetako umeentzat. Laugarren mailakoa inprentan dago eta lehen bai lehen argitaratuko da. Horrekin batera, ikasgaien azalpenak gertatzen ari* dira, irakasleei laguntzeko. Eskatu leiteke zuzenbide honetara: Eleizbarrutiko Katekesi Batzordea. Gran Vía, 7. Bilbao (1). Tel. 24 30 97.
Andoni Sagarnaren «Soziologiaren Hastapenak» liburua
«Lur» editorialak beste liburu bat argitaratu dau. 215 orrialde ditu, eta soziologiaren panorama zabal bat eman nahi izan dau egileak.
«Los Vascos y la Universidad» liburua
Jose Estornes Lasa, Caracaseko Unibersidadean irakasle izanak, liburu bat argitara eman dau izenburu honekin, «Auñamendi» editorial etxean. Tomo bi ditu. Guztitara, 470 orrialde eta 19 argazki. Irakurgarria benetan, batez ere Euskal Unibersidadearen zain dagozenentzat. Eskatzekotan: «Auñamendi», Apartado 2, San Sebastián.
«Espainiako olerkariak euskeraz» liburua
Bere 45. liburua atera berria dau Juan Anjel Etxebarriak. 117 orrialde ditu, eta hainbat gaztelaniazko* poesia dakaz euskerara itzulita. Beste olerkari batzuen artean, G. Celaya, Becquer, Unamuno, Juan Ramón Jiménez agertzen dira. Laster argitaratuko dau «Ingalaterrako olerkariak euskeraz».
«Azkoitiko zenbait bertsolari» liburu berria
Antonio Zabala jesuitak prestaturik, «Auspoa» liburutegiak beste ale berri bat argitaratu dau. 272 orrialdeko liburu honetan, Ustarri, Kortazar, Sokin, Muno ta Otsolarre, Lorentzo Garate, Urkiolegi, Patxi Laja eta Balentxi bertsolarien saloak agertzen dira.
«Flexiones del Verbo Vizcaíno» liburua
Izen honekin eta 126 orrialdeko liburu batean argitaratu dau Pedro Pujana jaunak bizkaierazko aditza. Hona hemen aurkibidea: Nociones elementales sobre el verbo vasco, Verbo auxiliar intransitivo, Verbo auxiliar transitivo, Verbo sintético intransitivo, Verbos defectivos, Flexiones usadas por los clásicos. Salgai liburutegietan eta egilearen etxean: Pedro Pujana, Morga, Vizcaya.
Teologiazko liburuen beharrizana euskeraz
Aspaldion, "Irakur Sail" eta "Lur" editorial etxeei eskerrak batez ere, hainbat euskerazko liburu atera dira, gaur egun interesgarriak eta beharrezkoak direnak. Baina, teologiari buruz, ia ez da ezer publikatu euskeraz. Ba dakigu, "Irakur Sail" eta "Lur" prest dagozela, euskal teologo prestuen liburuak argitaratzeko. Baina ez batak ez besteak ez dauke teologorik. Non dira euskal teologoak?
Patata batzearen erakusketa Araban
Patata Batze Erakusketa Internazional bat ospatu izan da Arabako Alegrian, urriaren 2-an. 34 makina klase ikusi eitekezen. 12, patata atera eta banatzen dabenak. 8, patata batu eta zakuetan sartzen dabenak. 4.000 ikusle inguru egon ziren begira, gehienak laborariak*. Alemania, Espainia, Dinamarka, Frantzia eta Ingalaterratik ekarriak ziren makinak. Makina haundi eta modernoak, lurralde handien jabeentzat egokiak, edota hiru-lau lurjabe txikirentzat.
JOSU eta TXIKITO
Mundu biribila
Iraileko* «Le Monde Diplomatique»-k, Edouard Bailby-ren artikulu guztiz interesgarri bat dakar. Hona hemen haren zenbait* puntu, laburki emanak.
Cuba: 110.000 km2., 8 milioi bizilagun. Hamabi urte erreboluziogintzan, anitz* eragozpen gainditu nahiz: berezko eragozpen geografikoak eta sub-hazitako herri guztiei datxezkien* inperialismo urte askoren ondoriozko «bestelako» eragozpenak.
Naturalezak ezarritako ezintasunak: hibaiak nahiko mehar* eta txiker izanik, ez daiteke beraietan* merkantzien garraiorik* egin, ez eta energia hidroelektrikorik sortaraz. Ikatzik ez, burdinarik ez, manganesorik ez: industria siderurgikorik ezin antola, beraz*. Uharteko ekonomiaren indar nagusia ganadutzan eta nekazaritzan datza.
Sobietarren laguntasuna
Beste herri sozialistek, beren erreboluziogintzaren lehen epean*, «Industria astuna» delakoa finkatzearren ihardun ohi dute. Cubak ere ba zezakeen horrelako zerbait egin. Baina bertako buruzagiek nahiago ukan* zuten besteraka jokatu, bide honi zailegia*, luzeegia eta ia ezinezkoa baitzeritzaten*; Cubako herriari denbora luze luzerako sakrifizio bat leporatzea baitzen. Rusiari, sobietarrei laguntza eskatu behar. Ez omen dago gaur egun ola* ez lantegirik, ez txiki ez handi, Ekialdeko* Europatiko lanabesen* faltan denik.
Jakina da, hala ere, Rusia eta Cubaren arteko politika harremanak ez direla beti hain gozoak izan. Bataren eta bestearen gerrillekiko planteamenduak, batez ere, izan dira urte hauetako faktore berezgarririk nagusiena. Bidenabar* esanda, orain Castroren ideologia iraultza* bideari buruz zabalagoa eta zertuagoa dela dirudi. Perun eta Chilen urratzen ari diren bideak —bide legalak— arras* interesgarri iruditzen zaizkio. Puntu hau aztertzeak luze joko leukegu, eta hurrengo baterako geldi bedi. Nolanahi ere, eta M. Telesforo Díaz Atzerri Gaietako ordezkariaren hitzez: «Mosku eta gu ba daiteke gauza askotan ados ez etortzea; baina alferrik ari* dira gure etsaiak*, geure arteko harremanak hautsi eginen ditugula pentsatzen badute».
Ekonomiaren larriunea
Hamar milloi tonelada azukre, kanaberaren uzta* («zafra») ez da lortu. Zortzi ta erdi milioitara bakarrik heldu dira. Herria gogotxartuta dago honexegatik. Fidel Castro, ordea*. leunkeriazko kontsolamendutan ez da aritu*. Bere hitzaldi luze hoietakoren batean, gauzak diren bezala aztertu ditu, duten garraztasunean. Ez da zafraren hutsa bakarrik eta batez ere izan, baizik eta beste zenbait alorretan* nabari* izan den beherakada. Esku langileen kopuru* nagusia zafrari dedikatua izan zaionez gero, esnegintza 25 % gutxitu da aurtengo urtarriletik* ekainera*, ihazko* garai berarekin konparatuta; zementugintza 23 %, eta neumatikoena 50 %. Castrok esan zuenez: «Ez gara kapaz izan, frente ezberdinetan batera burrukatzeko».
Ondorenak latzak dira memento hauetan: razionamendua, kontsumo gai askoren eskasia... Ez pentsa, haatik*, Cubako herria gose eta miseria larritan dagoenik. Cubar guztiek ba dute Estaduak berak asignatutako minimum bat, beharrik premiatsuenak betetzeko: ura, gaza, elektrizidadea, sendabideak, irakaskintza, sport bideak eta etxe bizitza. (Nahi genuke beste zenbait tokitan minimum hori).
Eginikakoari gabe, eginkizunari begiratzen diote, hala ere, Cubako buruzagiek. Erreboluziogintza hobetu, akatsak zuzendu. Esku langileen falta, burokrazia gehiegia, «bienes de equipo» direlakoen inportazioen belumenduak* eta abar omen* dira akatsik nabarmenenak. Hauxe da Cubako herri-iraultzaren egoera. Ba da esperantzarako arrazoirik aski*, nik uste.
«Zorionekoa gure Herria, beti egia esanen dioten buruzagiak dituelako: egia, nahiz eta garratzenetakoa izan» zegoen idatzita azukre errefineria bateko horma batean.
JOSE AGUSTIN ARRIETA
diote, deutsoe.
leukegu, leuskigu.
zaio, jako.
zaizkio, jakoz.
zezakeen, eiken.
Mundu biribila
Jordaniako gerra dela ta, interesgarria izan daiteke bertan dabiltzan indarren azterketa labur bat. Hona hemen «Jeune Afrique» aldizkariak argitaratu dituen zenbait* dato:
Jordania: Lurreko harmadan* 53 mila gizon. Amerikako «Patton» gurdi eta kainoiak. Aireko harmadan Frantzia eta Ingalaterrako materiala, 2.000 gizonekin. Ez du kasik itsas indarrik.
Siria: Lurreko harmadan 60 mila gizon, frantses eta ruso materialarekin (sobietarren materiala artileriari dagokio batez ere). Ehun misil. Airean 9 mila gizon, sobietar «Mig» aeroplanoekin. Itsasoan 1.500 pertsona «Komar» kostedun patrulleroekin. Ba da, honez gain, 100 mila gizonetako milizia herrikoi bat.
Interesgarria dateke* aipatzea, Sirian bizi diren juduek ez dutela soldaduzkarik egin behar.
Iraq: Lurrean 70 mila gizon, 300 «Centurio Mark» ingeles gurdi dituztelarik. Ingeles blindatuak ere ba dituzte. Itsasoan 2.000 gizon eta zenbait torpedero eta patrullero. Airean 213 aeroplano 6 mila gizonentzat. Materialari dagokionez, «Mig» sobietarrak eta «Wessex» britaniar helikopteroak.
Palestinoen indarrei dagokienetik ez dago hain informazio argia, baina hona hemen talde nagusien erreferentziak:
«Al Fatah» organizazioak 30 mila komando ditu. Arabiar Estadu guztiekin dabil harremanetan; honela erraztasun haundia du harmamendua lortzeko. Beharbada, praktikan (teorian gehienek baztertu baitute) arraza zalekeria baztertu duen Palestinako organizazio bakarra dateke* berau. Bere buruzagi baten arauera*, sozialismoa egiten dute, sozialismoaz gehiegi mintzatu gabe.
«Palestinaren Askatasunerako Frente Herrikoiak» George Habache midiku katolikoa du buruzagi. Ideologiaz marxistak dira organizazio honetako 500 militanteak. («Indice» aldizkariaren «sobietarren gizona» legez* agertzen zen Habache, «Plan Rogers» delakoa baino lehen). Influentziarik haundiena Libano eta Jordaniako ikasleen artean du talde honek; arbioi lapurretan dago espezializatuta.
Sarritan erradikalismotan erortzen da, herriaren mailara heldu gabe. Gero ba dago talde honetan atzerriko formulak erabiltzeko nahikunde klaro bat. (Une larri honetan Habache jauna Ipar Korean dago, bertan erabili izan zen estrategia ikasi nahiz). Nolanahi ere, talde honen influentzia gehituz doa, eta azken gertakariek* eman daukute organizazioaren pisuaren neurria.
Palestinaren Askatasunerako Frente Herrikoi Demokratikoa» George Habacheren taldearen banaketa batetik sortu zen. Marxista-leninistak direla esan ohi dute. Haien influentzia ikasleen artean bakarrik zertzen da. Beste organizazioek haien saloiko intelektualkeria salatzen dute. Talde hau ez dago erabat* burrukan sarturik, «Al Fatah» eta Habacherena dauden bezala.
Hauetatik at*, ba dira beste zenbait organizazio; baina gehienak arabiar Estaduen eskuetan daude. Hola aurkitzen ditugu Siriako «Saika» taldea, Palestinako «Organizazio Arabiarra» (nasserista) eta beste zenbait.
Hauexek dira, laburki azalduta, Jordanian klarki (hots*, kanpoko presioak kontuan hartu gabe) ari* diren indarrak.
Une larria, beraz*, palestinarrentzat. Siria eta Iraq, indartsuak izanik ere, ez daude prest haien alde beren indarrak osoki jartzeko. Jordaniak, Estadu Batuei komeni zaien politikari jarraikitzeko, ez du falta presio haundirik. Eta gero Israel dago.
Nasser bera ere, orain arteko lider zena, hila da orain: beste puntu beltz bat arabiarren kontra, beste halako gidari bat ez baita* hain erraz sortuko.
Numero azterketa hau, bestalde, palestinarren aurka dago; baina gizonen erresistentzia, politikazko ideologia eta kultura nazionala ez ditzakegu inondik ere bazter. Gauza hoiek balorerik ez balute, honezkero amerikanoak Vietnameko jabeak lirateke.
ANTON SANTAMARIA
balute, balebe.
daude, dagoz.
daukute, deuskue.
ditzakegu, daikeguz.
zaie, jake.
Herri bat, hizkuntza bat
Euskera idatziaren bateratzea, jakina denez, ez da gaurko kezka eta asmoa, aspaldikoa baizik. Gogora ditzagun aitzindari* batzuen izenak: Leizarraga, lapurtar protestantea, 1600 inguruan hila, Bidegarai, Axular bera, Sarako Etxeberri, Campion, Broussain, Azkue, Altube, Krutwig... Baina zorte* txar batez joak edo, orain arte ez dugu euskera idatzirik, ez dugu euskaldun denontzako goi mailako euskerarik, literatura euskerarik. Hurrengo lerroetan, italiera, frantses, retorromaniko eta alemanaren kasuak ikusiko ditugu laburki. Dato gehienak neure adiskide Georg Güntert, Zürich-eko Unibersidadeko irakasleari zor dizkiot. Jaramon haundirik ez egin, beraz, beheko ene izenari.
Italiera. Hizkuntza idatzia bezala, XIII-XIV. mendean* moldatu zuten, batez ere Dante, Boccaccio eta Petrarcak. XVI. mendean, Bembo-k («Questioni della lingua» - «Hizkuntzazko galderak») hiru olerkari hoik hartu zituen eredutzat. Hortik bertotik datorkio italierari, 1900. urterarte, bere gortezko* kutsua, txit dotorea, zahar samarra. Herriaren mintzaera eta hizkuntza idatziaren artean ikaragarrizko osin bat zegoen. Manzoni erromantikoa («Promessi Sposi») saiatu zen toskano mintzatua hizkuntza idatzira jasotzen. Haren saioak ez zuen osorik ondoren onik izan. 1900.ez gero, lehenbizi Verga-rekin («verismo» deritzan joerarekin) sartzen dira han-hemendik hartutako hitzak eta esaerak.
Gaur egunean, 75 % italiarrek darabilte italiera, nahiz eta franko* gaizki (dialektalki). 1900.ean, oraindik ez zuten 10 % italiarrek baino italieraz egiten, amaren hizkuntza gisa*. Herri hizkera eta literatura hizkera elkartu egin dira orduz gero. Mintzatzen den bezalatsu idazten da agerkarietan*.
Frantsesa. XVII. mendeaz gero hizkuntza irakasleek (Vaugelos, Frantziako Akademiak) eta idazle klasikoek (Malherbe, Pascal, Racine, Corneille, Molière, La Fontaine-k) legeak eman zizkioten frantses idatziari. Hurrengo mendeetan goi mailetako jendeak (Pariskoak batez ere) hizkuntza hauxe landu zuen («le bon usage»), XIX. mendean, hiritarrek (burgesek) berenganatu zuten hizkuntza landu hau, dialektuak deseginez. Frantzia ehuneko 70-ean hiritarra* baita*, orain ia nonnahi erabiltzen da hizkuntza landu hau. (Erresuma* zentralistek, burges bizimodua izanik, eta eskoletaz baliatuz, hizkuntza bakar batetara jotzen dute. Zenbat eta baserritarrago, nabarmenago da lehengoan jarraitzeko grina*.)
Erdi Haroan*, iparraldeko zenbait* dialekturen arteko «koiné» batetik (nahaste, bateratze batetik) sortu zen frantsesa.
Retorromaniko. XVI. mendeaz gero Engadinako mintzaera literatura hizkuntza bihurtzen da Bibliaren itzulpenaz. Ordurarte, Suizako lurralde honetan, hiru dialektu ziren nagusi eta hirurotan idazten zen.
Alemana. 1534-ean bukatu zuen Lutherok Bibliaren itzulpena. Lutheroren hizkuntza idatziaren ondoan (funtsez* Meissen-go hizkera, edo «Mitteldeutsch») ba ziren beste gorte-hizkuntzak (Kanzleisprachen) hegoaldean eta Suizan, esate baterako.
Itzulpen honen hizkera herrikoia dugu. Lutherok nahi baitzuen* jenderik xeheenak ere uler zezan. Hitzak herriko mintzaeratik hartu zituen. Fonetika, berriz, sortaldeko gorte* hizkuntzatik («Mittel-deutsch» delakotik).
Lutheroren itzulpena lehenik protestanteen artean hedatu* zen. Idazle katolikoek ez zioten jaramonik egin. Alemaniako idazle klasikoak (Goethe, Schiller, Kleist, Hölderlin...) Lutheroren hizkuntzara makurtu ziren. Erromantikoek —gehienak katoliko— erdibidea bilatzen zuten. XIX. mendean «Neuhochdeutsch» delakoa bihurtu zen literatura hizkuntza Alemaniako alde guztietan. Dialektuak ez dira literaturan sartzen, nahiz eta kalean eta etxean oso erabiliak izan. Eskoletako irakastaldiak aleman literarioz ematen dira, baina maiz* ondorengo elkarrizketa eta galderak dialektuz. Gauza bera eskutitzetan: literatura hizkuntzan idazten dira, nahiz eta senideen artean beti dialektuz mintzatu.
Aspaldian literatura euskeraren, goi mailako euskera honen kontrako eragozpen haundi bat gure hiri* nagusien erdalduntasuna dugu, noski*. Foruzaleak eta euskaldun gehienak hiritik kanpo gelditu ohi dira, eta euskera bera lantegien ateetan. Beraz*, «euzkotarrek» (Espainia eta Frantziako erdera lantzen dutenek) lagundu ezik, luzeago egingo zaigu bidea. Puntu honetan, euskaldunek eta txekoek ba dugu elkarren antz pittin bat.
Bestalde, ez dugu pentsatu behar, batasuna lortutakoan, dena lorturik dagoenik. Oinarria eta hasiera besterik ez da euskeraren bateratzea. Hauxe zioen Goethe olerkari ospetsuak, 200 urte Lutheroren heriotzearen ondoren: «Nik 18 urte nuenean, alemanak berak ere 18 urte zuen».
HENDRIKE KNÖRR
(Gasteiz)
ditzagun, daiguzan.
dizkiot, deutsadaz.
zaigu, jaku.
zezan, eian.
zioen, inoan, esaten eban.
zioten, eutsoen.
zizkioten, eutsoezan.
Herri bat, hizkuntza bat
Itzulpen eta esaldien euskal kutsua
Idazten dugunok, nahi eta nahi ez, hutsak egiten ditugu; are* gehiago euskaldun hutsekin edo bordari* menditarrekin kasik behin ere gurutzatzen ez garenok.
Baina azken bolada* honetan, gure aldizkaririk hedatuenetan*, itsuskeria franko* ikusten da, zenbaitzuek* hitzez hitz itzulikatzen* dituztelako beren esaldiak, ideiak euskeratu ordez.
Erderazko ideien euskal itzulpena osotu ondotik, berriz errepasatu beharra dago eskribua, erdal originala begien bistatik kenduz, eta orduan irakurgaiari, galdu duen euskal kutsua emanez.
Han eta hemen ikusi dugun zenbait* esaera bihurri ezarri nahi dugu, egilerik salatu gabe, noski*; era zuzen eta jatorrak gal ez daitezen, eta gazteek ere ikas dezaten.
Astekari* oso ezagun batean hauxe irakurri dugu: «elebitzara eraman du Altsazi edestiak», bere historia dela medio, Alsazian bieleketa finkaturik dago edo elebitza abiaturik daukate idatzi ordez.
Izen arrotz, eta berdin izen zailen* ondotik ere, delako hitza ezartzea komeni da, laztasuna leuntzeko. Eta honela, beste toki batean ikusten dugu «Smith-en», Smith delakoaren idatzi ordez.
Halaber*, «prehistori, etnoloji, espeleoloji, arkeoloji» ordez, prehistoria, etnologia, espeleologia, arkeologia idatziz, grekotik hartu bezala, hizkuntza hedatuek* egiten dutenez, euskera lerdenago, jakitunago eta osotuago agertzen da. Gero, G letra hori ahoskatzen edo ebakitzen du bakoitzak bere antzora* eta moldera.
«Elkarrizketa bat egin dute» ez da esaten. Elkarrizketa bat izan dute edo ukan dute* egokiago dago.
Aldizkari batean ikusten dugun «gazteen jokaleku gerta dan bezela» gaizki dago. Gazteen jokaleku gertatu dan bezela esan behar da. Iragan* edo preterito diren kasuetan, gerta, sar, ikus ezin direlako usatu, gertatu, sartu eta ikusi baizik.
Eguzkiak ilunaldi batean esaera bihurria baino anitz* gehiago usatzen da eguzkiaren iluntze, «eclipse» adierazteko; eta «eclipse parcial» esateko, berriz, erdi iluntze.
Berea ez duen euskalkian, idazle on bati eskapatu zaio aldizkari batean «ez al da ezbaian bezela, kilikolo mintza», ez al da kili-kolo mintzo idatzi beharrean.
Askotan ikusten dira «maisutza, sendagiletza, legelaritza, langiletza, nekazaritza...» hitz gogorrak, bata besteari datxekola*; maisugoa, sendakintza, nekazalgoa... leunago direlarik ofizioa adierazteko.
Berriki ere ikusi ditugu «ganadutza, kapitanitza, etekingintza...», abere-hazkuntza, kapitania edo kapitandegia, ondasunak edo mozkina hitz usatuen ordez. TZA eta GOA atzizki edo sufijoak aldizkatu beharra dago, matizaren edo esan nahiaren arauera*, eta esaldiei gogortasuna kentzearren.
Euskeran, hasierako R-dun guztiek ez dute E edo A bat beti hartzen. Zuzen esaten da Erroma, arrosa, erramu, errege eta beste asko. Baina zuzen ere daude, esaten den bezala, romaniko, romantiko, rima, ritmo, radio, Rumania, Rusia... Ez da idatzi behar ez Errusia, ez Errumania ez erromaniko.
Deiturak edo abizenak errespetatu behar dira, legezko nortasuna dutelako. Razkin, Rekalde deitzen direnak ezin ditugu Errazkin edo Errekalde idatzi, hauk beste batzuk direlako. Nahiz mordoilo izan, Elissalt pertsona bat da, eta Elizalde beste pertsona bat.
A. APAT-ETXEBARNE
daude, dagoz.
daukate, dauke.
dezaten, daien.
zaio, jako.
Liburu berria
"Sociedad Guipuzcoana de Ediciones y Publicaciones, S. A."-k Antonio Valverde "Ayalde"-ren liburu bat eskaini* dauku.
Azalez txukun, paisaje jator batez apainduta (egileak berak egina) agertzen zaigu liburua, Elkarte honi dagokion seriotasunez. Guztitara, 236 orrialdeko liburu mardul eta bikaina. Hitz aurrea Manuel Lekuona euskaltzainak egina du, egilearen bizitzari buruz oso gauza interesgarriak esanez.
Gazteon artean, eta batez ere Bizkaian, Antton Valverde "Ayalde"-ren izena ez bide* da oso entzuna ez ezaguna, baina egiaz aipamen handiago zor zaiola uste dut. Ayalde, hain zuzen, aspalditxoan, eta zenbait* hiper edo super-euzkaldun batzuen aldetik, madarikatzen hasia den euskaldun berrien kastakoa da. Jaiotzez eta sortzez euskalduna ez bazen ere, Ayalde jaunak, horretatik pasatu ez denak ongi ez dakitzan neke eta buruko minak iragan* ondoren, euskera ikasi eta menderatu zuen. Lehenbiziki gipuzkera, eta gero, pittinka pittinka, beste euskalkiak.
Liburu honen bigarren hitz aurrean, egileak berak bere euskal berritasuna aitortzen du, harrotasunez batera lotsaz bezala ere, agian* zenbait jaun super-euzkaldun hoietako batzuen bildurrez bezala. Ederra! Euskeraz ikasi duen batek lotsaz egon behar du, antza, horregatik, hori bekatu zikin bat balitz bezala. Beranduegi ez delakoan, Axularren gisa itz eginez (Ayalde jauna orain asko ez dela hil baita*), honi buruz, espiritualki bederen*, zerbait argitu nahi nioke Ayalderi.
Lagun eta jaun maitea, ez da egia diozuna, eta barka zazu ene ausartzia*. "Sehaskatik amaren bularrean hizkuntza edoski* duten" guztiek ez dakite, inondikan ere, euskeraz zuk bezala, ez eta guttiagorik ere! Hoietako askok, eta berauek* ez ditu inork salatu nahi, galdu egin dute "amaren hizkuntza" eta bakarrik dakite orain erderaz. Hoiengan ez dago batere meriturik, ez eta idazten ere ez dakiten super-herritar jator eta zintzo askorengan ere. Lanak eta ahaleginak egiten du gizonaren balioa, ez odolak ez guraso batzuen euskaltasun edo erdaltasunak. Honela uste du behintzat arrazista ez den mundu guztiak. Nobleki eta bulartsuki ikasi zenuen zuk gure hizkuntza, eta zenbait alferrek ez dautzute hori barkatu nahi, Ayalde. Gazteok, ordea*, zurekin gaudela jakizu.
Eta noan orain liburuaren muinera. Duda gabe euskeraren onerako, kultura handiko liburuak beharrezkoak badira ere, ez da horregatik ahaztu behar publiko beheratuagoa, beroni ere irakurtzeko gogoa biz dakion. Eta hain zuzen ere, Ayalderen liburu hau herri xehearentzat eginda dago, baserritar, arrantzale, langile eta kaletar xumeentzat.
Obra hau, "El Bidasoa", "Zeruko Argia" "Egan" eta beste zenbait aldizkaritan aspalditxodanik argitaratu zituen-artikulu, ipuin, elkarrizketa, hitzaldi eta bertsoz osotuta dago. Zatiok ez dute elkarren artean loturarik batere, gehienak Oiartzun inguruko gaiak izan arren. Beraz*, oso liburu aproposa eta egokia, zatika, eta gaur artikulu hau eta bihar beste hori, irakurtzeko, honela irakurle saiatuak ez direnak neka ez daitezen. Gaiak kostumbristak, kulturazkoak (pintura batez ere, Valverderen gai kuttunena) eta herrikoiak ditu, denak trebetasun nabariaz* ukituak*. Euskera aldetik, hizkuntza bizia, jatorra, gordina eta atsegina da; eta, idazle bezala, Ayalde, tankera, berezi, arin eta gustagarriz hornituta dago. Oraingo gazte "txoroon" adinekoa* ez bazen ere, Ayalde jauna aspaldidanik batasunaren aldeko agertua zen, eta gainera H duen batasun "gaizki ikusi" horretakoa. H letraren erabileran akats zenbait, oso gutti, eduki arren, honek ez dio batere baliorik kentzen eta bai haren ikasteko adorea erakutsi.
Hitz guttitan: liburu atsegin eta irakurgarri bat, edozein euskalduni (jatorrari zein "bigarren mailakoari") biziki gustatuko zaiona.
Ez noa bukatzera, "Real Sociedad de Amigos del País" eta Donostiako Aurrezki Munizipalari liburu haugatik zorionak eman gabe. Laster agertzeko, bi autore klasiko dituzte, liburu honek dioenez: Daskonagerreren "Atheka gaitzeko oihartzunak" (1870) eta J. Etxeberri Ziburukoaren "Noelak" (1630). Hau ere bai premiazkoa zela, apika*, idazle klasikoak berrargitaratzea. Bide horretatik segituz gero, laster guztiok geure literatura klasikoaren obrak irakurtzeko xantza* ukanen* dugu, eta ba zen garaia!
XABIER
dakite, dakie.
dakitza,dakiz.
dauku, deusku.
dautzute, deutsue.
dio, deutso.
gaude, gagoz.
nioke, neuskio.
zaio, jako.
zaigu, jaku.
Ezkontza zibila eta Elizazkoa
Konkordatua edo Espainiako Estaduak eta Erromako Elizak elkarrekin dauken tratua berriztatzerakoan, «jendeak», bere gurarien arauera*, nahiz ezkontza zibila nahiz elizazkoa egiteko aukera izan daiala komeni da», esan dau Luis Portero, Salamancako Eliz Ikastetxe Nagusiko irakasleak.
Larrako komentuan Ejerzizio Etxea
Karmeldarren Larrako komentua, aspaldiko ehun urteotan, nobizio etxea izan da. Aurten ere frailegai berriak etozela ta, etxea txukunagotu egin dabe. Azken orduan, gazteok beste komentu batera eroan ditue. Aurrerantzean, hareentzat atonduriko tokia, ejerzizioak eta erretiroak egin nahi litukeen apaiz eta gizonezkoentzako prest dago, "Toki zoragarria benetan", Larrako fraileek adierazi deuskuenez.
Markinako parrokia apaiz talde baten ardurapean
Don Elias Lasuen jauna, Markinako parrokian 30 urtetan erretore izan ondoren, jubilatu egiten da. Aurrerantzean, apaiz talde bat kargutuko da bertako parrokiaz. Parrokien buru "apaiz talde" ezartze hau, Zirarda Gotzaina Bilbon dagoenetiko ohitura bat da, Elizaren "aggiornamento" dalakoari jarraituz.
Gipuzkoako Elgetan, sakristauari omenaldia
Antonio Markiegi jaunak 70 urtetan jardun izan dau sakristau lanak egiten Elgetan. Orain, 83 urte ditualarik, omenaldi bat egin deutsoe, urriaren 11-n.
Ezkondurik dagoen Jesuita bat meza ematen
Hilabete honetan, gertakari nabarmen bat jazo izan da Holandan. Jesuita izandako bat, sekulartu ondoren ezkondua, Amsterdameko Unibersidadeko elizan meza santua eman dau. Jaun hau Huub Oesterhuis da, Unibersidade inguruko parrokia batean erretore izana. Ezkontzeko asmoz apaizgoari utzi eutsonean, askok eskatzen eutsoen, ezkondu ostean ere, bere apaiz zereginak egiten jarraitzeko. Orain berriro itzuli izan da lehengo apaiz arazoetara, Unibersidadeko Zuzendaritzaren begi onez eta kristau askoren pozez. Arazo honek eztabaida haundiak sortarazi ditu, kristauen artean batez ere, eta Eliz Agintarientzako hauzi bihurri bat bilakatu* da.
Bilboko euskal mezak eta abar
Erderaz, "La Semana de Bilbao" izenagaz, idaztiño bat agertzen da, astero. Zazpi egunetako jaiak, jaialdiak, zinetokiak eta edantokiak zeintzuk eta zelakoak diren adieraziz. Kaletar amorratuentzat berebizikoa,* hortik atera baitaikee* zein egun edo jolas aukeratu, euren ganorabakokeriei bide emateko.
Guretzat jakingarriena hauxe: azken orrietan jaiegunetako mezak zenbat eta zein tokitan diren dakar. Guztitara, 379 meza Bilbon. Horreetarik 11 bakarrik euskeraz Kontuan izan daigun, Bilboko bizilagunak 410.000 direla. Eurotarik 50.000 euskaldunak. Meza kontuan, erdaldun eta euskaldunen artean, diferentzia makala! Zer deritxazue? (Juan Anjel Etxebarria).
Biraoen kontrako kanpaina Bergaran
Gipuzkoako Bergaran, eta "Promoción Cultural Vergaresa" elkarteak antolaturik, kanpaina setatsu* bat egiten ari dira, biraoen lohikeria herritik garbitzeko.
Bi aste honetako liburuak
José de Arteche: El abrazo de los muertos, Itxaropena
José de Arteche-k (euskal ortografiaz eskribitu nahi genuke beraren izena, baina berak euskeraz eskribitzen duenean ere horrela firmatzen duenez gero, haren deseoak errespetatu behar ditugu), nobela bat eskribitu dauku izen honekin, El Abrazo de los Muertos, edo euskeraz esanen nukeen bezala Hilotzen Besarkada edo Hilotzak besarka. Zorionez, literatura txikia utzi du alde batera, eta orain lan seriosetan enpeinatu du bere burua. Lastima da erderaz eskribitzen hasi dela bere obra nagusia, eta euskerarentzat bakarrik hondakinak, apurrak, azken hondakinak uzten dituela. Kintana ene adiskidea arrazoiz kexatzen da halako eskritoreez, eta Etxeberri Ziburukoaren antzean, burlatzen da Garibaiez eta Etxabez, burlatzen da Artetxez eta Orozkoz. Guk, inortaz burlatzeko ohiturarik ez dugu, baina Arteche-ren lezioak eta irakaskintzak, Zeruko Argiaren orrialdeetatik eman nahi dauzkigunak, ezin suporta ditzakegu. Honegatik ez balitz, edo hau alde batera utzita, gogoz eta arretaz hasi gara irakurtzen beraren nobela, eta irakurt-orduan zuzenki joan gara harira, beste gabe oldartu* eta murgildu gara nobelara berera, hitzaurreak alde batera utzita, lehenik hitzaurre guztiak higuin* ditugulako, eta bigarrenez hitzaurrelariaren oroitzapena ez zaigulako ez gustuko ez atsegineko.
Gogora ekartzen dauku nobela honek, eta seguru asko Arteche-k ez zuen inola ere gogoan eduki egiterakoan, Graham Green-en Kobardia baten Historia, edo zinemara eraman zuten bezala Pistola bat salgai, halako moldez non hartaz gogoeta egiten dugun bakoitzeon Jake bat salgai izenarekin datorkigu pentsamendura. Hala ere, Arteche-ren eta Green-en idaz-tankera, nobelatzeko modua eta asmoak arras* diferenteak dira.
Nobela bezala, ez da nobela on bat. Lehen orrialdea irakurri bezain fite*, ongi konturatzen da irakurlea, egilea ez dela oso trebea zer-egin honetan, eta heldu-berria dela nobela-gintzaren zelaietara. Nobela bezala, euskera hutsean idatzitako edozein nobela (Tx. Agirrerengandik R. Saizarbitoriagana) hobea da. Egunkari bat da, baina batere arteriorik edo ofiziorik gabe eramana; Leturiaren Egunkari Ezkutuarekin konparatuko bagenu, Alvarezen liburua zein on den ikusiko genuke. Zeren Besarkada honetan ez dago batere argumendurik, egileak egintza eta gertaldi batzuk kontatzen dauzkigu, batzuk txit argiak, gehienak txit ilunak, baina ba dirudi elkarren artean ez dutela batere zer-ikusi edo har-emanik; halako moldez non edozein orrialdetatik has ahal bailiteke* irakurtzen, eta bide batez edozein orrialdetan utz ahal bailekikeo* irakurtzeari. Ba dirudi, egileak, protagonistak gerratik bezain lehia* haundia duela nobelaren haritik ihes egiteko.
Hizkuntzaren aldetik, txit xinplea da. Arteche-k nobela honetan, Zeruko Argian euskeraz bezain hizkuntza pobrea darabil nekez erderaz. Seguru asko ez da hau bere kaso bakarra, eta egitade soziologiko bati obeditzen dio; ez dakit asko erratuko naizenik, baina susmoa eta aierua* ukan* dut beti, gipuzkoarrek, gaztelaniaz hasten direnean, bizkaitarrok baino azkozaz habilidade apurragoarekin maneiatzen eta eskuztatzen* dutela hizkuntza; konpara bitez, esate baterako, Unamuno eta Baroja, Zuntzunegi eta Artetxe, Otero eta Zelaia. Agian*, gipuzkoarren euskalduntasun haundiagoaren seinale bat dateke* hau, baina Zelaia eta Baroja ez dira Otero eta Unamuno baino euskaldunagoak.
Nobela honetan, ezertaz mintzatzekotan, beraren protagonistaz mintzatuko nintzateke. Zenbait* puntutan, haragi eta hezurrezko pertsona erreal bat dirudi; Arteche egi-antza emateagatik arduratzen da, eta egiazko pertsonak, bizi izan diren eta oraindik bizi diren pertsonak ekartzen ditu bere nobelaren orrialdeetara. Errekurts* honen arrazoia ez dugu konprenitzen, nahiz eta gutienez Danteren Komedia bezain zaharra izan.
Lehen esan dugun bezala, kobarde baten historia da. Gure gerraren denboran, euzkotar abertzale alderdiaren buruzagi bat presentatzen zaigu; gizon honek txit bista haundia daduka, eta Aita San Kamiloren jaitik berberetik dakusa gerraren irabazleak zeintzuk izanen ziren, eta ordurarteko bere ideia eta adiskide guztiak trahiturik*, presentatzen zaion lehen okasioan aldatzen da jakez (edo uniformez).
Handik aurrera gerraren frente guztietan egiten du bere presentzia, Saibigainetik eta Lemoaitzetik Teruelera eta Gandesara. Nobela honek balioren bat baleduka, hau seinalatuko genuke, nola Arteche-k bere protagonistaren trahizioa eta kobardekeria justifikatzen duen txit antze*, arta* eta trebetasun haundiarekin, humanismo ahulegi* baten eta katolikotasun ustel baten kapa-pean. Baina hala eta guztiz ere, Arteche-k hautatu* duen protagonista beraren idazletasuna baino haundiagoa da.
Nobela hau erderaz eskribitu da, eta horregatik euskal literaturaren historietan ez da agertuko. Euskaldunok gai honetaz eta estilo honetan beste nobela hobe eta zintzoago bat ba dugu, zeinetaz harrotu behar dugun: Sebastian Salaberriaren Neronek tirako nizkin.
Hitz bitan: José de Arteche-ren El Abrazo de los Muertos erdal nobela, oso nobela eskasa da, gaizki eskribitua, eta pertsonaia* oso kategoria moral behereko baten hazaña tristeak kontatzen dauzkiguna.
Dena dela, Arteche-ren lumatik Besarkada honen protagonistak bere aberriari, Espainiari, zerbitzu bat errendatu* nahi dio. Hala lor beza.
ARESTIAR
baleduka, baleuka.
beza, bei.
daduka, dauka.
dakusa, dakus, ikusten dau.
dauku, deusku.
dauzkigu, deuskuz.
dio, deutso.
ditzakegu, daikeguz.
nizkin (nizkian), neuazan.
zaio, jako.
Ikasi zeure hizkuntza
(Ale honetan izartxo bategaz agertzen diren berbak)
ABANTAIL, ventaja.
ABELGORRI, ganado vacuno.
ADIN, edade.
AGERKARI, publicación.
AGIAN, nonbait, beharbada.
AGURAIN, Salvatierra.
AHUL, makal.
AIERU, sospecha.
AITZINDARI, aurrelari.
ALOR, arlo, sail.
ANITZ, asko.
ANTZE, arte, destreza.
ANTZO, modu.
APIKA, beharbada, acaso.
ARAUERA, según, conforme.
ARE, oraindino (gehiago).
AREATZA, Villaro.
ARI IZAN, jardun.
ARITU, ari izan, jardun.
ARRAS, zeharo, guztiz.
ARRASATE, Mondragón.
ARRETA, atención, detenimiento.
ARRO, cuenca.
ARTA, cuidado, diligencia.
ARTEZ, zuzen.
ASKI, nahiko.
ASTEKARI, asteroko aldizkari.
AT, kanpo.
AUSARTZIA, atrevimiento.
BAILEKIKEO, bait lekikeo, leitekio ta.
BAILITEKE, bait liteke, leiteke ta.
BAITA, bait da, da ta.
BAITAIKEE, bait daikee, daikee ta.
BAITIRA, bait dira, dira ta.
BAITZERITZATEN, bait zeritzaten, erixten eutsoen eta.
BAITZIHOAZEN, bait zihoazen, joiazen eta.
BAITZUEN, bait zuen, eban eta.
BALDIN, kondizio bat indartzeko berba.
BEDEREN, gutxienez, behintzat.
BEGIKOTASUN, simpatía.
BELAUNALDI, generación.
BELUMENDU, retraso.
BERAIEK, eurak.
BERAIETAN, euretan.
BERAUEK, eurok.
BERAZ, hori dala ta, por consiguiente.
BEREBIZIKO, apropiado, pintiparado.
BEZAIN, baizen.
BIDE, nonbait, beharbada.
BIDENABAR, bide batez.
BILAKATU, bihurtu, convertirse.
BOKART, antxoba.
BOLADA, unada, sasoi.
BORDARI, baserritar.
BOTERE, poder.
BUKAERA, amaiera, fin.
DATEKE, da nonbait, izango da.
DATXEKOLA, etxekitzen jakola, adhiriéndosele.
DATXEZKIE, etxekitzen jakez, se les adhiere.
DIRAU, irauten dau, dura.
DOKEZUE, dozue nonbait, izango dozue.
DONAPALEU, Saint-Palais.
DUKE, dau nonbait.
EDOSKI, mamar.
EGOTZI, bota, jaurtiki.
EGUNKARI, diario.
EKAIN, junio.
EKIALDE, eguzkialde, Este.
ELIZALDE, anteiglesia.
ELORRIO, atsekabe.
EMENDIO, provisión.
EPE, plazo, etapa.
ERABAT, guztiz.
ERAKUNDE, institución.
ERALGI, gastar.
ERORI, jausi.
ERREKARRO, cuenca de riachuelo.
ERREKURTS, recurso.
ERRENDATU, rendir.
ERRESUMA, erreinu, estadu.
ESKAINI, eskeini, eskini, ofrecer.
ESKUALDE, comarca.
ESKUZTATU, maneiatu, erabili.
ETSAI, arerio, enemigo.
EUN, lienzo, tela.
EZTEIAK, ezteguak, bodas.
FITE, arin, laster.
FRANKO, sano, asko.
FUNTS, muin, barne, barru.
GARRAIO, acarreo, transporte.
GATIBU, preso.
GAZTELANIA, Gaztelako erdera.
GERTAKARI, suceso.
GISA, legez, lez, bezala.
GORTE, corte.
GRINA, inclinación.
HAATIK, horregaitino, sin embargo.
HAGINZORROTZ, listado (atun klase bat).
HALABER, berdin.
HARAN, ibar, valle.
HARO, época, edad.
HAUR, ume.
HAUTATU, aukeratu, elegir.
HAZIL, zemendi, noviembre.
HEDATU, zabaldu.
HEGALABUR, cimarrón (atun klase bat).
HELBURU, asmo, objetivo.
HIGUIN, naska, asco.
HIRI, huri.
HIRITAR, huritar, kaletar; ciudadano.
HODI, tubo.
HONAN, honelan.
HORREGAITINO, haatik, sin embargo.
HOTS, a saber.
HURBIL, hurre, cercano.
HURIGINTZA, planificación urbana.
HURREAN, nonbait, aurki, agian, seguramente.
IGANDE, domeka.
IHAZ, igaz.
IHIZI, caza.
IHIZTARI, cazador.
IKERTZAILE, visitante.
INOAN, esaten eban.
INOTSEN, esaten eutsen.
IRAGAN, igaro, pasatu.
IRAGARRI, anunciar.
IRAIL, septiembre.
IRAIN, injuria.
IRAULTZA, revolución.
IRTEERA, urteera.
IRTEN, urten.
ISTILU, trance peligroso.
ISTRIPU, accidente.
ITZULIKATU, traducir.
JAITSI, bajatu.
KAPERA, capilla.
KAZETARI, periodista.
KENKA, momento crítico.
KOPURU, suma, numero total.
KORTA, ukuilu, abeltegi, cuadra.
LABORARI, labrador.
LANABES, lan egiteko tresna.
LARUNBAT, zapatu.
LAUTADA, llanada.
LEGEZ, lez, bezala.
LEHERTZEAR, a punto de estallar.
LEHIA, prisa.
MAIZ, sarritan.
MEHAR, medar, hestu.
MENDE, siglo.
MERKATALGO, comercio.
NINOIAN, joaten nintzen.
NABARI, evidente, notorio.
NOSKI, ciertamente, sin duda.
OHOREZKO, honorífico.
OLA, fabrika.
OLASKOAGA, La Cuadra.
OLDARTU, lanzarse.
OLERKARI, poeta.
OMEN, ei.
OMENDATU, homenajear.
ORDEA, ostera, berriz.
ORDIZIA, Villafranca de Oria.
OROBAT, berdin.
OSTERA, berriz.
PERTSONAIA, personaje.
SETATSU, tenaz, persistente.
TRAHITU, traicionar.
TXORIMAMU, txorimalo, espantapájaros.
UDAL, ayuntamiento.
UDATIAR, veraneante.
UKAN, euki, izan.
UKANEN, ukango, eukiko.
UKITU, ikutu.
UNE, memento, momentu.
URTARRIL, enero.
UZTA, mies, cosecha.
UZTAIL, julio.
XANTZA, ereti, abagadune, oportunidad.
XEDE, asmo.
ZAIL, gaitz, gatx.
ZENBAIT, batzuk.
ZEREN, ze.
ZINGIRA, pantano.
ZORTE, halabehar.
ZUHAITZ, arbola.
Ezagutu gure Herria
Urkabustaiz
64,484 km2. eta 934 bizilagun. Hamaika herrixka ditu: Abezia, Abornikano, Apregindana, Beluntza, Guxuli, Larrazkueta, Ondona, Oiardo, Untzaga, Uzkiano eta Izarra (herriburua); eta hauzo bat: Inosu. Herri hau Urka izenarekin agertzen jaku X. mendean*, Osingani deritxon eskualdean*; baina gero, Aialako kondeen jauntxokeriagatik, euron menpean agertzen jaku joan dan menderarte. Baserri ekonomiduna, bere lurrak honetara dagoz banaturik: lur landuak 816 Ha., baso 1.934 Ha., larre eta txara 2.880 Ha., eta haitz edo ezertarako ez diren lurrak 419 Ha.. Haran* hau, Ebro hibai arrokoa* izan arren gehienbat, busti girokoa da, eta horrek ematen deutso abelgorri* haziendarako hainbeste aukera; baina horretaz ez da baliatzen, gaurko baserri estrukturen desegokitasunagatik. Lehengo zenbakian aipatu genduanez, ba dago horregaitino* Abornikano herrixkan erakunde* bat, "Hauzo Lana" deritxona, baserri ekonomia sozializatzeko asmotan diharduana eta danon laguntza behar dauana. Haran honek, bideekin euki leiken aukeraz baliatuko balitz, industria polit bat izateko ahalmen ugari ditu, Izarra bere herriburuari, Bilbotarren turismoaz gainera, beste etorkizun egokiago bat emanez.
Zuia
123,125 km2. eta 1.622 bizilagun. Hamalau herrixka ditu: Altube, Ametzaga, Aperregi, Aretxaga, Bitoriano, Domaikia, Gillerna, Jugo, Lukiano, Markina, Sarria, Zarate, Ziorraga eta Murgia (herriburua). Zuiabarrutia izenarekin agertzen jaku haran hau X. mendean, Osingani deritxon eskualdean; baina gero, XV. mendetik hasita, beronen izenagaz osotzen da Arabako zazpi taldeetariko bat, Kuartango, Erribera, Gobia eta Erexo haranak ere hartzen zitualarik. Baserri ekonomiduna herri hau ere. Bere lurren zatiketa honan* da: lur landuak 1234 Ha., landa 736 Ha., baso 7.612 Ha., larre eta txara 2.418 Ha., eta haitz edo ezertarako ez diren lurrak 312,5 Ha.. Basoa da bere aberastasunik haundiena, eta ondoren abere hazienda. Haran guztiari ez bada ere, herriburuari, Murgiari, udatiarrek ematen deutsoe bizirik gehien, bere baso eta mendi ederrekin. Kontuan euki, esate baterako, bere barrutian dagozela Gorbeako tontorra eta Oroko Andre Mariaren elizatxoa dagoen tokiko ikuspegi zoragarria. Arrotzen "Explorers' Camps" horreetariko bat ere ba dago, lehen egoen hotelaz baliatuz. Industria gutxi dauka, nahiz eta horretarako, Murgian eta Ametzagan behintzat, toki egokiak izan.
Zigoitia
102,71 km2. eta 951 bizilagun. Hamazazpi herrixka ditu: Akosta edo Okoiztia, Apodaka, Berrikano, Buruaga, Etxaguen, Etxabarri-Dibiñaga, Enbe, Larrinoa, Letona, Manurga, Mendarozketa, Murua, Olano, Ondategi, Zaitegi, Zeztape eta Gopegi (herriburua). Hamargarren mendean Dibiñaga eskualdekoa, eta gero, taldeak sortu zirenean, Mendotza taldean sarturikoa da Gorbeapean dagoen haran zabal hau. Haran honek Santa Luzia ermitan egiten zituan bere Batzar Nagusiak. Beste herriak bezala, baserri ekonomiduna da, lur banatze honekin: lur landuak 1.932 Ha., larre eta landa 4.770 Ha., baso 2.930 Ha., eta haitz edo ezertarako ez diren lurrak 639 Ha.. Etxaguen eta Murua aldean mendi asko dago; Apodaka eta Etxebarrin lautada* ederrak, solo aberatsekin. Zigoitiak, azkenengo urteotan, gariari utzi eta abelgorritara* jo dau, bere etorkizuna ondo igarrita. Haran honek ez dauka ez ola* ez lantegirik. Gopegin, Bilbotar batek, Escudero jaunak, eraikitako ikastetxe fundazino bat dago, ikastoletako umeentzat udalekurako ondo letorkena. Azkuek esan ei eban haran honetan aditza "dut" forman erabiltzen zala, Ekialdean* bezala.
Legutiano
46,056 km2. eta 1.259 bizilagun. Elosu, Goiain, Nafarrate, Urbina, eta Urrunaga herrixkak, Ollerieta hauzoak eta Legutiano huriak osotzen dabe udal* hau. Ubarrundia anaiartean egozen herri honeek X. mendean; eta gero, huria sortu ondoren, Biaiztiriko taldean, Arabako beste ertzekoan, sartu ziren, ez dakigu zergatik. Udal hau Alfonso VI.ak fundatu eban huri bezala 1333. urteko apirilaren 15-ean, Legutiano izena eukan herritxoari "Villarreal de Alava" ezarriaz. Eskualde honetako industri udal bakarra izan arren, ba dauka bere garrantzia baserriak ere. Hona hemen bere lurren banaketa: lur landuak 470 Ha., landa 569 Ha., baso 1.301 Ha., larre eta txara 487 Ha., haitz edo ezertarako ez diren lurrak 956 Ha., zingirak* 810 Ha.. Turismotik ere bizi dira zenbait* lagun. Ba dira jatetxeak eta abar. Baina olak dira herri hau gehien jaso dabenak. "Icoa Poliuretano", goma-espuma ola, "Condesa, S. A.", hodi* ola, "Galvanizaciones Urbi, S. A.", "Albina, S. A.", bizikleta tresnena, dira nagusienak, lantegi txiki batzuk aparte. Horrez gainera, bere zingira haundiak eman deutso udal honi bere entzute haundia. Durangoalde, Arratia, Leniz eta Gasteiz euskualdeetara begira, desarroilo haundi bat izateko aukera dauka, nahiz eta horretarako hurigintza*, herri zerbitzu eta huriburutza bat euki ez, tamalez, gaurkoz. Hurian eta herrixka danetan ditu euskaldunak udal* honek. Hurian gudu aurreko guztiek dakie euskeraz, egiten ez badabe ere. Guk behintzat, eta askotan egon gara, tabernari nahiz dendariekin beti egiten dogu euskeraz; aurten ere bai.
Aramaio
73,838 km2. eta 1.799 bizilagun. Bederatzi elizalde*, ditu haran honek: Arexola, Azkoaga, Barajuen, Etxaguen, Gantzaga, Oleta, Untzella, Uribarri eta Ibarra edo Zalgo (herriburua). Honeetarik zortzi Deba hibai arrokoak* dira; eta bat, Oleta, Ebrokoa, beraz* Arabakoa geografiaz. 1489. urteko urtarrilaren* 9-rarte Bizkaikoa ei zan. Urte horretan Arabagaz bat egin eban; baina, halan eta guztiz ere, gaur ere, Bizkaiko forua da legezkoa Aramaio guztian. Oñaz eta Ganboarren arteko gudaketa zitalek hondatu eben haran hau Erdi Haroan*, eta Butroe-Muxikarrek zapalkuntzarik txarrenak egin zituen euren Barajuengo gazteluan. Baserri ekonomiduna gehienbat, bere lurrak honetara dagoz banatuta: lur landuak 238 Ha., landa 2.394, baso 4.202, haitz edo ezertarako ez diren lurrak 460 Ha.. Abelgorritara jo dau gehienbat Aramaioko nekazaritzak, eta Oletan korta* alkartu bat jaso dau bertako baserritar mordo batek. Ez dago ola haundirik, baina bai lantegitxo batzuk; hurrean*, laster baliatuko da Arrasateren* mugan egoteaz. Bederatzi elizaldeetan mintzatzen da euskeraz, Leniztarren antzerako euskalkian. Hemen bai ikusten dala, orain eskola txikiak kendu eta eskola batu bat sortutakoan, euskera sartu beharra, eta Ibarrako umeentzat ikastola bat, kaletarren artean hizkuntza gainbehera joan ez daiten.
J. L. LIZUNDIA