ANAITASUNA

199 zenb. 1970

HAZILAK-30

Jardin Txikerra, 1 BILBAO-12


«ANAITASUNA BIZKAIA»

Zuzendaria: Anjel Zelaieta Gisasola

Idazkola ta banakola: Jardin Txikerra, 1 Bilbao (12)

D. L.: BI - 1.753 - 1967

Imprimatzailea: Imprenta AMADO. Bilbao.

Irarlea: RALI, Bilbao.


Ezin ikasi

Euskal gizonaren eta euskeraren artean dagoen burdinazko sarea, alfabetatzerik eza da. Jendeak ezin dau irakurri, irakurtzen ikasi ez daualako. Eta ezin dau ikasi, askoren gaiztakeria eta alferkerigatik, nork irakatsi ez daukalako.

Gaurkoz, ekintza txalogarri bi aipatzen ditugu, gehiagorik ez aipatzearren, sail horretan ari direnek lan ona eta baliotsua egiten dabe ta.

Euskerazko eskolak

Euskaltzaindiaren babesean Bizkaiko Alfabetatze taldeko gazte trebe batzuek eraturik, eskola bi hasi dira lanean Bilbon. Bata Euskal Akademiaren beraren etxean (Ribera kaleko 6an), eta bestea Santiago elizako ikastolan (Loteria kaleko 1ean). Eskola biok euskera dakienentzat, ez dakienentzat eta apur bat dakienentzat antolatu dira. Arratsaldean, 3 t'erdietarik 4 t'erdietara. Iluntzean, 7 t'erdietarik 8 t'erdietara eta 8 t'erdietarik 9 t'erdietara. Matrikulatzea 300 pezeta da. Eta hilabeterokoa, 100 pezeta. Argitasun gehiagorako, deitu Euskaltzaindira: Ribera 6, Bilbao. Tel. 212745.

«Euskal Kultur Mintegia»

Deustuko Unibersidadean, Euskal Kultur Mintegiak eraturik, Euskal Kultura, Alfabetatze eta Linguistika ikastaro bat egiten ari* dira Bilbon, urriaren 26-tik abenduaren 11-rarte. Hizlariak: Zelaieta, Juan San Martin, Karmele Errotaetxe, Xabier Kintana, Jon Lopategi, Patxi Altuna, Xabier Lete, Manex Pagola, Daniel Landart, Piarres Charritton, Anjel Lertxundi, J. M. Lekuona, M. K. Garmendia, J. A. Irigarai, X. Garmendia, eta J. L. Lizundia.


Herriz herri

Tolosa

Urrian hasi ziren lanean ikastolak eta irakasleak. Gai honetan, geure herrian, berri onak ditugu.

Jesusen Alaben ikastetxean, euskera irakasten diete batxiler ikasten duten neskatxei. Eskolapioetan, berriz, batxiler laugarren urterainoko mutikoei.

Umetxoentzat bi ikastola daude, bat Udaletxeak eratua eta bestea partikularra.

Gainera, «Oargi» taldeak antolaturik, iluntzean haundientzat euskerazko ikasketak.

Saia gaitezen, bada, guztiok, geure kaleetan euskera pixka bat entzun dadin.

Berazubiko zelaian, Gipuzkoako «dekathlon» txapelketa jokatu da. Lehenengo, Azedo bergararra izan da, 5.700 puntu zituelarik.

Aurten, Tolosa eskualdeko* pelota txapelketan, inoiz baino pelotari gehiago izango omen* ditugu, eta hobeak gainera. Beste zenbaiten* artean, hauk ikusiko ditugu: Galarza anaiak, Gabellanes, Aranzabe, Arrue eta Altuna.

Ez dugu aspaldi honetan Tolosan apustu interesgarririk izan. Diotenez, laster hiru burruka latz jokatuko omen dira Iruntxiberri eta Irazuren artean. Bata Asteasutik Aiaraino, bestea zezen plazan, eta hirugarrena Berazubi zelaian. Joko garbia izango ote da? Badaezpada ere hobe izango da apustuak ez ordaintzea, Federazioak «doping» analisia egin artean.

Bermeo

«España, ¿Ibérica o Vasca?»

Izenburu honekin liburu bat argitaratu dau Juan Goitia Unibaso bermeotarrak. Tesi interesgarri bat azaltzen deusku liburu honetan gure herrikideak. Ea noiz ikusten dogun hurrengoa, euskeraz baina.

Heriotzea

Urriaren 15-ean, gaitz maltzur batek eraginda, 34 urte zituala —gazte gordin—joan jaku Aita Gotzon Garitaonaindia, Mañu hauzuneko parrokoa. Urdulizkoa jaiotzez, oso apala eta herrizalea izanik, bermeotar bat gehiago zan guretzat. Azkenengo urte bi honetan, arrain-kontserba fabrika batean ziharduan, bere parrokiako arazoei utzi barik.

Ontzi bik elkar jo

Urriaren 19-an, «Mar Hermoso», 110 toneladako atunzaleak korostagaz erdi erdian jo eban «Virgen de Lourdes», lebazale txikia (12 toneladakoa), eta hondoratzeko hestualdi larrian ipini. Zorionez, elkar jotzea portuko barran izan zan, eta ontzi kaskatua berehalaxe atera ahal izan eben lehorrera, ia urez beterik egoela.

Itsasoan galduak

Canarias uharteetan, Arrecifeko portura sartu zan, urriaren 21-ean, «Santa Mañe», Bermeoko atunzalea. Lau gizon ekazan barruan, Cabo Verde inguruan itsaso azalean aurkituak. Sueziako «Vastanved» ontziko naufragoak ziren. Esan ebenez, balea haundi batek buztanagaz jo eta hondoratu ei eban ontzia. «Santa Mañe»k, gizon hondatuok itsasoan egun bi eroiela aurkitu zituan, ohol eta bidoi huts batzuei oratuta.

A. P. B.

Oromiño

Oromiño Durangoko hauzo txiki bat da, baina euskaldunen ar-tean ezaguna. Gure umeak, hainbat bider lehenengoak izan dira, euskeraz egindako sariketetan.

Baina orain Oromiñok ba dauka beste zerbait: euskal kantari berriak. Neska lirain bik, boz ederrekoak biak, «Epertargiak» bikotea osotu dabe, eta gertu dagoz edonora joateko.

Gabonak laster datoz. Jaialdiak ugaritu egingo dira. Eta guk, gaur, «Epertargiak» bikotearen zuzenbidea zabaldu nahi dogu, jaien antolatzaileek jakin daien: Amaya Zugazartaza, Orobios, Durango.

Arratia

Zeanurin apaiz berria

Martin Orbe apaiza gartzelara eroan ebenetik hona, Zeanurin hutsune handi bat izan dogu. Datorren urteko Gabonetarako gugaz izango dala dinoskue. Guk ere hala uste dogu. Dana dala, bitartean, Jose Maria Madariaga apaiz gaztea ari* izan da lanean. Orain, Martin Olazar izenekoa etorri da. Ondo etorria! Lanik nahikoa dago herri honetan.

Indusi

Indusi, Dima herri barruko hauzune polit bat da. Bide ederra dauka, eta antzinako kobak ere bai. Baina, laster XX. mendea* amaitzekotan garela, Indusitarrak oraindino argi patxadazko barik bizi dira.

Horrezaz gainera, ikastola polit bat dauke umeentzat; baina sekula ere ez dabe suerte handirik izan maistren aldetik. Aurten ere ez da oraindino maistrarik etorri.

ZAMAKOLATARRA

Zornotza

Euskal eskolak

«Zornotzako Gaztedia» taldekoek, aurtengo urriaren lehenengoetan hasita, euskeraz ikasteko eskolak ipini gura izan ditue. Geroago jakin dogu, eragozpen batzuk sortu jakezela, esandako talde horrek oraindino legetasuna lortu ez daualako. Horregatik atzeratu egin da irakastaldien hasiera. Sortutako eragozpena gainditzeko, gazteok herriko apaizekin egon dira, Elizarenak baitira* horretarako behar dituen lokalak. Ea danon artean konpontzen dogun arazo hau.

Neskak futbolean

Uriaren 12-an, goizeko 11 ta erdietan, futbol jokoaldiak egon ziren, herriko gazteek antolaturik. Lehenengoa, Zornotzako «Iraultza» eta Durangoko «Kemen» neska taldeen artean: 0-0 gelditu ziren. Euron ondoren, ezkonduak ezkongabeen kontra. Ezkonduak irabazle: 5-1. Baturiko dirua, ikastolarako eta gazteen lokalak egokitzeko; halan esan euskuen behintzat.

R. ESPINOSA

Hamabi Harrietatik

Durangoko kultur gelak zabaldu zirenetik, ez da igaro hilabeterik, zerbait agirian jarri barik. Daroan bizitza laburrerako, hainbat lan egin dabe bertako batzordekoek. Joan dan urrian, Jose Manaut pintorearen 41 kuadro jarri ziren. Gizon hau, Valenciarra izan arren, Durango inguruan ibili zan lanean, eta horregatik kuadrorik gehienak Durangoaldeko bazterrak eta bertoko jende ezagunaren irudiak dira.

Urriaren 21-ean, lehenengo aldiz aurtengo udazkenean, zuriz estalita agertu zan eskualdeko* Anboto haitz tontorra. Esakune bat dago erderaz: "Domu Santuetan edurra goietan"; baina, antza danez, edurra aurten aurreratu egin jaku.

Esteban Bilbao zanaren liburutegia, harek ikasketak egin zituan Deustuko Unibersidaderako izan da eskainia*. Lege eta politika liburuak dira gehienak.

"Gerediaga" elkargoak*, hauzune eta baserrietako izenak gorde guran hasitako lanari jarraituz, Lebario eta Eituan dagozen poligono industrialetan hauzunearen izena jartzea lortu dau. Poligono honeen sarreran eta irteeran agertuko dira izenak.

Durangoko San Fausto jaien barruan, karroza desfile bat antolatu eben azken egunerako. Holakoetan ohitura dan legez, ugari ibili ziren neska librainak, mitxeletak*, paperak, eta abar. Baina aurten gerrillero talde bi ere ba egozen, aeroplano bana ta guzti. Uste dogu, egazkinok bahituak* izango zirela.

Urriaren 21 eta 22-an, Otxandioko mutil bi eta Durangoko bat detenituak izan ziren Durangon. ETA-koak zirela aitortu ei eben, eta isileko paperak zabaldu zituela ere bai. Baten etxean lau multikopista aurkitu ei ditue. Honeetariko bi Bilboko Gestetner dendan, orain dala bi hilabete inguru, ostuak ei dira. Guda legearen pean jarri ditue mutilok.

Tolosa, Galdakano eta Gasteizko perretxiko erakusketak sarritan aipatu dira aspaldion telebisioan eta egunkarietan. Egundo ez da egon gaurko beste argibiderik, jan leitekezen eta pozointsu diren perretxikoak ezagutzeko. Hala ta guztiz ere, Elorrioko gizon bat eta bere seme-alaba biak Bilboko Basurtora eroan behar izan zituen, joan dan hilabetean, perretxiko pozointsuak jan ostean.

Durangoko Maria Uribasterra Ibarrondo, Esteban Bilbaoren alargunaren alde, diru laguntza berezi bat eskatuko ei dabe Madrileko "Cortes" legebatzarreko prokuradoreek. Asmo hori daukenen artean, "Cortes" dalakoaren lehendakaria aurkitzen da.

Lehenengoz aurten, hasiera eman jako alfabetatze kanpainari Otxandion. Hogei ta zazpiko talde bitan bananduta, herriko 24 neskak eta 30 mutilek hartzen ditue irakastaldiak, astero egun bitan. Jendea gogoz hasi ei da.

Urriaren 29-an epaitua izan zan Madrileko hauzitegian, Matiena-Abadiñoko Angel Gaztelurrutia gaztea. Fiskalak urte beteko gartzela eta 10 mila pezetako ordaina eskatzen eban; eta haren aldeko lege gizonak, berriz, multa barik libre uzteko, erru bakoa zala ta.

Eskola Eragile Batzordeak 2 milioi pezeta ematea erabaki dau, Intxaurrondon (Durangon) egiteko diren eskolen bigarren erdia ordaintzeko.

Durangoko Udalak* subastara aterako ditu, Lauzirika kalean eta Esteban Bilbao hauzunen egingo diren lanak.

Ermuko Udalak jakin erazten dau, San Roke eta San Isidro hauzunetara ura eroateko lanak subastan jarriko direla.

Hazilaren* 1-ean, Sondika eta Durangoko nesken artean jokatutako futbol partiduan, 5-0 galdu eben Durangokoek. Ea, neskok, loak hartu barik gero, entranamenduak ugaritu edo...

Aurreko zenbakian esan nebana ("Abadiñoko mutilek, ezkondu gura badabe, bizikleta hartu behar dabela") geroago eta arrazoitsuago da. Patxi Gabika, KAS-eko txirrindularia, Abadiñoko Miren Eskarne Imatzegaz ezkondu zan, joan dan hilabetearen 30-ean, Abadiñoko San Trokaz elizan. Eta hiru doaz...

Julio de Urkijo zanaren ehunurtekoa betetzen dala ta, Durangon joan dan mendean egindako ekintza bati jarraipena eman guran, asmoa dauke Durangarrek datorren urterako "Fiestas Euskeras" antolatzeko.

JOAN ANTONIO AROMA

Gaztediari dei bat

Festa asko ere egin izan dira. Ba dira neska ta mutil gazte, problema guztiak gogoan dituenak. Baina, euren ustez, ezer aldatzeko gauza ez direnak. Izan leiteke, azken bultzada nork emango zain egotea. Pertsonalidade ta nortasun apur bat falta jake. Ausardia* pixka bat behar dabe. Ez, ez bota errurik gurasoei. Nahi ta nahi ez, gurasoek eredutzat* laga deuskuen mundua dan legez eta dagoen moduan hartu behar dogu. Uero ere, bakarrik noiz jokatu ez jatzue faltako. Hasi zaiteze oraindixek erabaki bat hartzen, zeuek ondoen jokatu ahal dozuen sailean Euskal Herriari laguntza ematen. "Gero egingo dot" esatea, edo "nik ez dot irakasteko gauza patxadazkorik", ez da arrazoia. Gaur egiten ez badozue, bihar ere nagi* izango zaree. Eta ez dago inor ere besteri zer eskaini* ez daukanik.

Azkenez, lokarri ta konpromiso barik bizi direnei, azken hots bat jaurtiki gura neuskioe. Ez uste, mutil, modaren eta deportearen gorabehera hutsez bizi ahal.izango dozunik. Ez dozu atxakiarik berandu dala esatea. Bai, egia da larri gabiltzana. Baina azken oportunidade bat bakarrik geratzen jaku. Jaiki zaitez lotatik, eta zabaldu eiozuz Herriari barrenean dituzun balio aberatsak. Euskera eta Euskal Herria dituzu lehenengo salbatu beharrezkoak. Beste askoren antzera, ez itxaron alferrikako ametsetan, mitoren baten begira. Gauzarik zihur eta iraunkorrena, egunero egiten dozun ekinaldia da. Kargu hartu: ez dago neutralik. Lagun ez bazara, arerio. Neutral izatea dozu langilearen odola imazkatzeko erarik errazena.

Hor doa eskutitz hau, Herriaren aurrean ipintzea merezi daualakoan.

Gure herrietan inguratzen gaituan giroari begiraturik, euskal gaztediaren jokabide ezberdin asko ikusten ditut. Euretarik bat aipatuko dot hemen:

Euskal kontzientzia bihotz barruan daukenen jokabidea. Elkarregazko harremanetan aurkitu dituen eragile batzuekatik, edo familia barruko giroan idoro* dituen balio batzuekatik, Euskal Herriaren beharrizan eta premiak hobeto ikusten ditue.

Zenbat gazte ezagutzen ditudan holakorik, mendigoizaletasuna eta euskera zaletasuna sentitzen dabenak, folklore eta beste kultura arlo batzuetan gogoz ari* direnak. Baina sail hori haitzurtzen dabenek laster topa leikee arriskurik asko: haitzurrari eman eta eman egin arren, norberaren saila inoiz ere ez amaitzea. Ez da ardura. Hegaletan barre ta kritika ugari izan arren, ez jaramonik egin. Kontuan izan, zure eginbeharra zeure kontzientziak dinoan tokian dagoela, eta ez hurko hiru-lau loloren gurarian. Gainera, zureak ezeze, beste guztien garaipenak ere oso labur eta motzak dira bizitza honetan. Ez uste, zeuk bakarrik mirari haundirik egingo dozunik. Baina, zuk ere jarduten badozu, apurka apurka, helduko da beste zerbait ere.

MORGA

Elgoibar

«Anaitasuna» aldizkaria

197. zenbakian, Herriz Herri sailean, Basauri, Iñaki Ziarsolok idatzia, aukeratu dugu. Artikulurik onena, berriz, Batasuna Behar, Imanol Laspiur jaunarena.

Euskal Astea

Urriaren 19-tik eta 25-ra bitartean Euskal Astea ospatu dugu Elgoibartar gazteok. "Juventud Elgoibarresa"-k antolatu du, eta bertan ikusi ahal izan dugu "Ama Lur" filmea. Eta entzun ere ahal izan diegu Juan Maria Lekuona apaiz jaunari euskal literaturaz; batez ere ahozko literaturaz, Antton Valverderi euskal musikaz, eta Xabier Kintanari euskeraren batasunaz. Ez dakit Elgoibartarrok behar den moduan konturatzen garen gai hauen garrantziaz, Euskal Aste honi ez baigenion erantzun izugarririk eman. Baina, hala ere, zuek gazte eratzaileok, aurrera!

Kezkak

ANAITASUNA-n herrietako berriak irakurtzen ari naizela, Azkoitiko mutilen kezkez konturatu naiz; konturatu ezeze, neure kezkak biztu arazi ere bai. Askotan pentsatu izan dut, zertarako joaten ote garen neskak dantza tokietara, eta ez dut erantzunik aurkitzen. Ez zarete zuek mutilok bakarrik erreprimituta irtetzen zaretenak; neskak ere bai. Ez gara konturatzen zer alienazio izugarriren azpian gauden.

TALDEKO BESTE MARISABEL

Basauri

Euskal Kantari Berrien Sariketa

Joan dan urriaren 18-an, iluntziko 8-etan, Euskal Kantari Berrien I. Sariketa ospatu izan zan Basaurin (Bizkaian). Esandako ordua baino beranduago hasi zan sariketa. Jende gutxi entzuleen artean: propaganda gutxi egin zan, eta zenbait gaztek boikot egin eben.

Kantariak nahiko ezagunak ziren aurretiaz ere; baina ekinaldia, batez beste, nahiko motela izan zan. Entzuleek eman eben epai erdia, botazio bidez. Juradua osotzen eben poetek eta musikalariek eman eben beste erdia. Hobeto esan, musikalariek bakarrik eman eben, poeta epailariak, Gabriel Aresti eta Xabier Kintana, ez baitziren* agertu, automobila euren gogoz kontra bidean gelditu jaken eta.

Juradukoak Itziar Gallastegi, Natxo de Felipe eta Mario Bilbao izan ziren. Euren zeregina nahiko arriskugarria izan zan. Kantariek aukeraturiko hitzak oso pobreak izan ziren (Manex Pagolarenak, beharbada, ez). Domurik gehienek ez euken zerikusi haundirik euskal musikarekin. Euskera batuari begira, ez eben kantariek ahalegin haundirik egin. (Pagolaren euskera berez da euskera batuaren antzekoa). Juradukoak zorrotzagoak direnean, saritu barik uzten dira honako sariketak.

Hona hemen lehen hiru sarituak:

"Txairo", Motrikuko bikotea. Kantari gozoak, eta tresna laguntzaz ederto baliatzen dakienak. Euren kantuen muina, oso aldakorra.

Manex Pagola, Nafarroa Beherekoa. Gizon helduagoa. Beste kantariek baino bai euskera eta bai euskal musika hobeto ezagutzen dituana. Doinuaren aldetik, nahiko makala.

Patxo, Arratiko Areatzakoa*. Teknikaz, besteak baino hobea. Beraren kantuen hitzak, oso pobreak. Euskera ona. Doinuak zeharo herbestekoak, baita beraren kantatzeko manera. Aurrera egin baino lehen, heldutasuna komeni jakola uste dogu.

Gure eritziz, Lupe ta Asier sariketa honetan sartzea errakuntza bat izan zan, ez baitzan* umeentzat antolatua.

Bigarren partean, Natxo ta Itziarrek itxura batean bete eben euren zeregina, Mario Bilbao eta Imanol Herediak lagundurik. Teknika aldetik zerbait berriztatu dira; baina, pentsamenduari bagagokioz, lehengoan jarraitzen dabe.

BIDEBARRIETAKOAK

Eibar

Bandako ote?

Lagun asko etorri jaku galdezka, "Albistariak" bandako ote? Noiztik nora?

Egia esan, lehenengoan, adarra joten-edo etozela uste izan genduan. Zer dala-ta "Albistariak" musika bandako? Nork asmatu ote dau horrelakorik?

Are* gehiago harritu ginen, ez dala hori inork asmatutakoa, guk geuk esandakoa baino, erantzun euskuenean. Geuk esanda? Noiz, non?

Berandutxo konturatu ginen. Luzio Bengoa zanak 2.000 pezeta laga eutsezala bandakoei eta, era honetan idatzi genduan: "Bandako lagunok txikito batzuk edan gengizan". Oker haundia, baina ez gurea, zuzentzailearena baino. Gipuzkeraz jarri genduan nonbait, eta, bizkaieratzean, pertsona ere aldatu egin zan. Gure "zitzaten" erak "gengizan" hartu eban ordezko.

Beharbada, "Albistariak" garela izenez eta, tronpeta jotzailetzat edo hartu ginduzan zuzentzaileak.

Nahaste-borraste

"Euskera Lagunak" izeneko elkargo* berriak mila eta bost-ehun bazkide bereganatzeko asmoa ei dau. Kuota txikiena, hilabeteko 25 pezetakoa izango da. Hortik gora, bakoitzak gura eta ahal dauana.

"Alfa"k irudi bat eskaini deutsa bere lehen gizonari, Toribio Etxebarria zanari hain zuzen. Gazteok ez dogu Toribio ezagutzen; eta ezagugarria da, ezagugarririk bada. Jardungo dogu Toribioz noizbait.

Serafin Basauri langile isila maisu dogularik, astelehenero izaten ditugu ikasaldi baliotsuak. "Batasunaren Kutxa", aditz* batua eta deklinabidea dira gehienbat erabiltzen ditugun gaiak. Zenbat eta gehiago ikasi, hainbat eta ikasberago.

Zezenzaleen Elkargo Eibartarrak, zezenei buruzko marrazki* sariketa bat antolatu dau. Lan guztien erakusketa Gabonetan izango ei da. Lehenengo saria zortzi mila pezetakoa. Nork dau adarrik etxean? Zortzi mila pesetok berehala irabaziko leukez.

Gregorio Mujikaren "Eibar, Monografía Histórica" liburua ahituta* ei dago. Liburutegietan oso gaitza da aurkitzen. Inor interesaturik bada, jakin daiala Udaletxean* salgai dagoela, 100 pezeta aleko.

Inprentan da, laster irteteko eran, Juan San Martin buru dauala, Eibarko talde batek moldatutako Eibar huriaren beste monografia bat. Zelaiarenarekin, horra hor hiru monografia. Ba dogu, bai, geure aztarrenen berri non bila.

ALBISTARIAK


Chile komunismorantz?

Chileko lehendakaritzarako Allende jaunaren izendapena ez da harritzekoa izan, gertaera hau segurtzat genuelako, aspalditxo honetan handik etorritako albiristeak* jakinda gero.

Nola nahi ere, Allenderen garaipena garrantzirik handienetakoa irudi zaigu, ez bakarrik Chile beraren etorkizunerako, bai eta mundu guztiaren politikarako ere. Hemendik aurrera arretarik* handienaz begiratu beharko dira Chileko gorabeherak.

Gobernu komunistek parte hartzen dutelarik, Estatu sozialista bat antolatzea posible izango ote da, burrukarik eta giza libertateak ezeztatu gabe? Hau da, hain zuzen ere, Chileko gertaeraren aurrean batzuek beren buruei egiten dieten galdera.

Azkeneko urte hauetan, gerratea bukatu zenetik, antikomunismoa izan da Ipar Amerikaren banderarik nagusiena. Atxakia honekin bere betiko politikari jarraiki izan zaio USA Latin Amerikan, bertako herriak bere probetxurako maneiatuz, bestela komunismoa sartuko zela ta. Zer gertatuko da orain, Allenderen promesak betetzen badira, eta Chile bide berri batean abiatzen baldin* bada?

Allenderen gobernuak aldakuntza haundiak eginen* ditu herrian, zalantzarik* ez. Honen joera, Freik hasieran saiatu zuena baino gogorragoa izango da noski*, nahiz lur-legea aurrera azken ondorioetaraino eramaten, nahiz yankien eskuetan dagoen produzioa nazionalizatzen, nahiz Chileren kanpoko politikan askatasun gehiagorekin jokatzen. Frei jaunak 1966. urtean egin ahal ez zuen politika, Allende presidenteak egingo du orain, bai eta indar eta kemen haundiagoaz ere.

Ipar Amerikak oso begi txarrez ikusten du Herriko Frentearen garaipena. Azken mementorarte* bere betiko azpi jokoa egiten saiatu da, kolpeari itzuri* nahirik, baina alferrik, hala ere. Dena legez eta zuzenik egina izan da. Allende jaunaren garaipena garbi garbia izan da, ezin gehiagokorik. Yankiek ez dute batere atxakiarik muturra sartzeko, agirian behintzat. Chileko aldaketa hau Latin Amerikako herri guztientzat eredu* txarra ez ote den izango bildurrez daude orain.

Gaurko ezkerreko nazionalismo olatu hau, Ipar Amerikaren politika hankaz gora botatzeko zorian dago. Cubaz mintzatu gabe, Chile, Bolivia eta Peru dira oraingo puntu neuralgikoak. Beste herrietako iraultzaileak* adi adi daude, Allende bere programa betetzeko nola konpontzen den jakin nahirik.

Kristauen aldetik esperientzia hori oso onguraz* ikusten dute askok, nahiz eta arrisku batzuk ukan*. Chilen bertan katoliko asko prest dago Allenderen alde ekiteko, behar diren aldaketa eta iraulketa sakonak lortu arte.

Baina, guztia esateko, Allenderen bidea luzea eta harritsua izango dela esan behar da. Ipar Amerikarrek eta Chileko kontserbadoreek beren betiko jokoa egingo dute gaurko bitarte honetan, alegia, «kaos ekonomiko» bat sorrarazten saiatuko dira. Kapitalak Chiletik ateratzen hasi dira, orain aste batzuk direla. Ezkutuak (bertako dirua) milioika kanbiatzen dira muga aldeko hirietan*; eta Ipar Amerikako kredituak laster bukatuko dira, gauzak yankien gustura egiten ez badira behintzat. Zurrumurrua jasotzean, bildurra bera ere ereiten hasi dira nagusien lagunak. Bihar edo etzi, ez ote da harmada bera saiatuko kolpe bat ematen?

Hala ere, Allende jaunak garantia osoak eman ditu. Aldaketak bakeaz eta tankeraz* eginen* direla eta kapitalistei beharrezko eta zuzenezko indenizazioak ordainduko zaizkiela seguratu du. Batez ere demokraziazko libertateak ez direla kenduko esan du, eta 1948. urtean Pragan gertatu zena ez zela jazoko, alegia*, komunistek, gobernuan sartutakoan, demokrazia guztiz hautsi eta zapaldu zutela.

Batzuek ez deritzote horri posible, komunisten politikak, nahi ta nahi ez, prolertagoaren diktadurara jo behar duelakoan. Etorkizunak esango du Chilen gertatzeko dagoena.

Baina saiakera honen ondorea ona baldin* bada, eta komunistek biolentzia ez badarabilate, «Populorum Progressio» entziklikak proposatuko bidetik oso urruti ez da ibiliko Chilen hartutako bidea. Erlijioa orain arte bezala libre baldin bada, eta, Estatu sozialista bat antolatzen, beharrezko aldaketak egiten baldin badira, Eliza ez da Allenderen politikaren kontra joanen*. Eliza ez baita*, ezin daiteke izan inolaz ere, kapitalismoaren zerbitzari bat.

KARLOS SANTAMARIA

daude, dagoz

diete, deutsee

zaigu, jaku

zaizkie, jakez


Ezagutzen ez zen gerra

Orain egun batzuk zabaldu da berria: Tchad-en hamaika militar frantses hilak izan dira.

Tchad, Afrika erdian dagoen nazio bat da. Libia, Sudan eta Nigeriarekin egiten ditu bere mugak, eta Tombalbaye jauna da gobernuko lehendakaria.

Heriotzeen berri honek marmar handia zabaldu du Frantzian; eta bai ezkertiarrek eta bai eskuindarrek esplikazio bat eskatu diote gobernuari.

Heriotze hauk ez dira gobernu ofizialaren kausaz eginak izan. Tombalbaye jaunak esan du, Frantzia eta Tchad arteko harremanak oso onak direla; eta bi nazio hauen artean akordu batzuk firmatuta zeudela elkarren laguntzarako, bai politika eta bai ekonomia aldetik ere.

 Frantziak hainbat arrazoi ditu bere indar militarrak Tchad-era bidaltzeko. Tchad-eko gobernua Frantziar gobernuaren aldekoa da; eta frantsesak nahiko askatasunaz ibiltzen dira herri honetan, nazio honek Frantziari hainbat komeni zaizkion mugak dituelarik: Nigeriarekikoak. Nigerian, orain dela gutti, uraniozko mina oso garrantzitsuak aurkitu dituzte.

Beste aldetik, Libia eta Sudan nazioek frantses Afrikarekin mugak dituzte; eta, herri hauetako gobernuak Frantziako gobernuaren ideietarik urruntzen doazelarik, Tchad-eko lurraldeetatik maneiatzen dituzte frantses Afrikako politika guztiak.

Tchad-eko ipar aldean, orain zortzi hilabete, gerrillak sortu ziren, baina oraintsu arte beti ikusi da haien medioak oso txiroak* direla; atakeen ondoren beraiek* utzitako harmamendua oso txarra eta zaharra ohi zen. Azken aldiotan, ordea*, haien harmamendua eta beste gerrako medioak oso modernoak zirela ikusi da. Ez sobietarrak ez txinoak ez dira ados* gerrilla hauekin; beraz*, ez dago atzerriko laguntzaz ekarriak direla pentsatzerik. Bestetik, ba dirudi, bertakoen gobernu aldaketa bat dagoela, inolaz ere frantsesek nahi ez dutena.

AMAIA LASA

zaizkio, jakoz

zeuden, egozen


Euskaldungoa

Josu Loroño eta Estitxuren saioak

Joan dan urriaren 30-ean, ostiralez*. Josu Loroño eta Estitxuk musika saio bat eman izan eben, Bilbon, «Colegio Santiago Apóstol» dalakoan. Josu Loroño, soinulari eta soinu jotzeko irakaslea da. Estitxu, berriz, kantaria.

Abrako III. Jaialdia

Profesional ez diren kantari eta bikoteentzat sariketa bat antolatu izan da, «Abrako III. Jaialdia» izenburuarekin. Lehenengoarentzat, 3.000 pezeta, zilarrezko oroigarri bat eta kantuaren grabazioa eskaintzen* dira. Parte hartu nahi dabenek deitu leikee zuzenbide honetara: Apartado 1.148, Bilbao.

Euskal jaia Tolosan

Tolosako Anoetan, joan dan urrian, txistulariak, «Ekiza» bikotea, Etxeberria bikotea, «Zaigor» hirukotea, Zandia anaiak, eta Ostolaza harrijasotzailea.

Euskal Kantarien Sariketa

Mondragoeko «Danok Bat» eta Loiolako Herri Irratiak* antolaturik, Euskal Kantarien Sariketa bat izanen* da laster batean, eta Loiolako Herri Irratiaren bidez zabalduko da. Lehen saria 50.000 pezetakoa izango da. Bigarren saria 25 mila pezetakoa, hirugarrena 20 milakoa, laugarrena 15 milakoa, eta abar. Kanta bakoitzak 4 minutu iraun beharko dau. Abenduaren 31-n bukatzen da inskriptzioa egiteko epea*. Argitasun gehiagorako, deitu Loiolako Herri Irratira.

«Afrikar Iraultzaren alde» liburua

Frantz Fanon jaunak frantsesez «Pour la Révolution Africaine» izenburuarekin argitara eman eban liburua, orain LUR editorialak euskerara itzuli dau. Euskeratzaileak Ibon Sarasola eta Arantxa Urretavizcaya izan dira. «Liburu hau aukeratu du LUR editorialak, Hastapenak saila aberasteko asmoz hautatu* dituen itzulpenei hasiera emateko», esaten da hitzaurrean.

«Horizontes Riojanos»

Alfredo Gil jaunak, jaiotzez Herrioxatarra eta orain Madrilen bizi danak, 397 orrialdeko liburu bat argitaratu dau, «Horizontes Riojanos» izenburuarekin, Madrilen bertan. Liburu honetan, Herrioxaren «euskalduntasuna» frogatzen* dau.

«Urtekari 1971»

Bilboko jesuiten «Ediciones Mensajero» editoriala lanean ari* da, «Urtekari 1971» edo Agenda bat prestatzen. Adierazi dabenez, agenda horretan askotariko gaiak ikutzen dira. Teologiazkorik, ostera*, ez da ezer agertzen. Zer dala ta? 110 pezeta prezioa. Eskatzekotan: Apartado 73, Bilbao.

«Eskual Alorretik» liburua

«Ikas» izeneko erakundeak* argitara eman izan dau Baionan liburu bat, «Eskual Alorretik» izenburuarekin. Gure arteko «Euskal Idazleen Lorategia» dalakoaren antzerakoa da. Hau da, idazleen antologia bat. Salneurria, 10 libera.

Aretxabaletako ikastola

Gipuzkoako Aretxabaletan, iluntzeko 6-tarik 7-etara eskolak emango dira 4-etik 12 urterainoko umeentzat. Nagusiagoentzat, 8-etarik 9-ak arte. Matrikulatzea, 100 pezeta. Hori da lan egitea; besteak ipuinak dira.

«La Voix du Pays Basque»

Golko izen horrekin hasi dira Balona aldean kazeta* berri bat ateratzen. Lehen zenbakian eskualdekatzeaz* da hauzia; eta hor mintzatzen jakuz Eskorbia eta Labegueri jaunak, Euskal Herriaren geroaz bakoitzak bere aburuak* adieraziz.

Bi hizkuntzatan irakaskintzak

Gaur egungo legediaz baliatuz, Nafarroako Diputazioa bideak zabaltzen ari* da, irakaskintza euskeraz eta erderaz eman ahal izan dadin. Jarraigarri ederra beste Diputazioentzat.

«Colegio Paz de Ciganda»-koen batzarra

"Urriaren 17-an bildu* ziren Iruñean, «Amigos del País» elkartearen etxean, «Colegio Paz de Ciganda» ikastola zuzentzen dabenak. Joakin Olkoz jaunaren zuzendaritzapean eta Aralarko Done Mikelen irudiaren itzalean egin zan batzarra. Ikastolaren zuzendaritzarako, jarraiko honeek hautatu ziren: Maria Carmen Díez, Jose Maria Zamarbide, Federico Velasco, Antonio Bidaurreta, Pedro Maria Alzueta. Hauteskundeen ondoren, eta Olkoz jaunak eskaturik, juramendua egin behar izan eben, Done Mikel Goaingeruaren irudipean: «Ante Dios humillados y sobre esta tierra en pie, juramos fidelidad al mandato recibido». Jakina dan bezala, ikastola honen joera antigualeko ideiei lotuagoa da gaurkoei baino.

Euskal eskolak Aretxabaletan

Bai ume ta bai nagusientzat eskolak ematen hasi dira Aretxabaletan (Gipuzkoan), euskera ikasi nahiz landu gura daben guztientzat.

Dantza ta istrumentu ikasketak

Tolosako C.I.T. (Centro de Iniciativas Turísticas) erakundeak antolaturik, dantzan eta euskal istrumentuak joten ikasteko eskolak ematen hasiak dira.

Antxieta musikalariaren doinuak

Irungo «Ametsa» koruak, Fernando Etxepare jaunaren zuzendaritzapean disko bat grabatu dau, Antxieta musikalari ospetsuaren doinuekin. Jaun hau Errege Katolikoen etxeko musikalaria izan zan. Grabatu diren kantuak jarraiko honeek dira: «Domine Jesu Christe», «En memoria d'Alixandre», «Con Amores, mi madre», eta «Doncella, Madre de Dios».

Jon Libarona kantaria

Jon Libarona bilbotar kantariak disko bat aterako dau laster batean, «La noche de los negros» eta «Gwendoline» kantekin.

Berriz ere Aita Kardaberaz

'Zuek dinozue: Bestalde, Aita Kardaberazeri egingo jakon omenaldian, haren «jesuitatasuna» bakarrik aipatuko da eta ez haren «euskal idazletasuna». Hori ez da egia osoa. Omenaldi horren antolatzaileen artekoa nozue, eta niri eman eusten gaia «Kardaberaz eta Euskera» izan da, hain zuzen ere. Gipuzkoa osoan egingo jakon omenaldian, Kardaberazen «euskal idazletasuna» ere aipatuko da' (Anastasio Arrinda, Debako erretore).

«Zeruko Argia» 400

Zeruko Argia» astekariak hazilaren* 1-ean ateratako alea ez da aipatu barik uztekoa. Bere 400. alearen irteera* ospatuz, gai interesgarri eta elkarrekin zerbait lotura daukenak eta euskera aldetik «batuagoak» atera ditu. Zorionak kazetagintzan* lankide ditugunoi, 400. alea prestatzeko egin daben lan aipagarriagatik.

Diskoen tiradak

Euskal diskoen tiradak ez dira hain makalak. Entzun dogunez. «Cinsa» etxearen zazpi diskok hamar milaren muga pasatu dabe. Diskook honeek dira: Benito Lertxundiren lehenengo biak («Egia» eta «Zenbat gera»), Argoitia neba-arreben hirurak, eta «Urretxindorrak» taldearen lehenengo biak («Aitorren hizkuntza zaharra» eta «Aurresku»).

Euskal Liburu ta Diskoen Azoka Durangon

25 editorial etxek 980 liburu eta 115 disko presentatu ditue Durangon, urriaren 31-n eta hazilaren* 1-ean. Salketa ona izan da. Antolatzaileek lan luze eta ona egin dabe. Baina, igazkoaren aldean, jende gutxi izan da. Eta, kutsu gazteago bat ematen ez bajako, datorren urtean oraindik jende gutxiago izango da, batez ere gaztea.

Alejandro Tapia kuadroak erakusten

«Ur» taldeko pintorea dan Alejandro Tapiak pintura kuadroak erakutsi izan ditu, Donostiako San Telmon. Bere lehengo lanei begiraturik, errealismo berri bat eta barrukotasun gehiago nabaritzen* da oraingoetan.

Pintoreak Legazpian

Gipuzkoako Legazpian, «Oargi» taldeak eraturik, 10 gaztek egindako 50 pintura kuadru jarri izan dira agirian. Gazteon izenak honeek dira: Maria Carmen Ibañez, Esther Agirre, Rosi Murua, Maite Basabe, Jesusa Makibar, Jose Angueza, Jabier Ayerbe, Ramón del Canto, Jose R. Apaolaza, eta Juan Jose Castañares.

«Arraizpe» korala

Bilboko Rekaldeberri hauzuneko «Arraizpe» koralak disko berri bat atera berria dau, Juan Jose Aparicio jaunaren zuzendaritzapean. Koral honek ba daki oraindino «bilbainadak» kantatzen.

Isidoro Fagoaga «Parsifal» kantatzen

Joan dan urrian, Iruñeko Gayarre teatroan jardun izan dau «Compañía Italiana de Opera» dalakoak. Wagner-en «Parsifal» ean, Isidoro Fagoagak egin eban jokorik behinena*, eta ondo egin ere.

Euskal jaia Zumarragan

Gaixoen alderako, Zelay Aristy zineman, euskal jaialdi bat izan zan: Urola orkesta, Oñatz bikotea, Josetxo Arrizabalaga, Zaigor hirukotea, Arantza Ibarreta, Loli Ordoki, Itxaropen taldea, Iñaki Arriaran, Olarmen hirukotea, eta Zumarragako «Trikitixa». Zer nahastea, jaunak!

Aita Ignacio Errandonea hil da

Aita jesuita ospetsu hau Nafarroako Beran jaio zan. 84 urterekin hil da Donostian. Greko literaturan oso aditua zan. Donostiako EUTG edo «Estudios Universitarios y Técnicos de Guipúzcoa» dalakoaren fundatzailea. Goian bego.

Jose Zubiria, kalonje berria

Tudelako Santa Magdalena parrokiako erretore dan Jose Zubiria apaiz jauna, Tudelako Katedraleko kalonje izendatua izan da.

Katolikoak eta protestanteak elkarrekin

Gipuzkoako Ondarrabian hitzaldi bana eman eben ekumenismoari buruz Carlos Morales artzain protestanteak eta Miguel Garijo apaiz katolikoak.

«Conservas Trujillo» enbargatua

Ribaforadan (Nafarroan) ba da kontserbagintzarako langeti ospetsu bat: «Conservas Trujillo, S. A.», República Dominicana-ko diktadore izan zanaren senitartekoena. Denuntzia sartu dauana «Fantuil, S. A.» izan da, eta enbargatzeko agindua Madriletik etorri da. Nafarroan ez dabiltza gauza guztiak ondo.

Drogazaleak euskal kolejioetan

Bizkaiko kolejio batean inkesta bat egin da. Beste gauza batzuen artean, «inoiz drogarik hartu ahal dozu?» galdetu jake inkestatuei. 100-tik 20-k baietz erantzun dabe. 100-tik 50-ek ezetz. Besteek, gogotxoa ba daukela esan dabe.

Bidasoa hibai arroko* alkateen biltzarra

Bidasoako Beran elkartu ziren, joan dan urrian, Bidasoa hibai arroko alkate jaunak. Berako alkatea buru zalarik, Urdax, Lezaka, Aranaz, Ituren, Ondarrabia, Etxalar eta Irungo alkateak bildu ziren, euren eskualdeari* dagokiozen gaiei buruz jarduteko.

Judo txapelketa

Iruñeko Labrit frontoian ospatu izan da, joan dan urrian, Euskal Herriko judo txapelketa. Nafarroak irabazi eban. Beraz*, kontuz nafarrekin, lehen eta orain.

Gabika ezkondu egin da

Patxi Gabikagoxeaskoa, Bizkaiko Izpazterren jaioa eta txirrindulari ospetsua dana, Mertxe Imatz neskarekin ezkondu zan, joan dan urrian, Abadiñon. Meza emaile eta ezkontza bedeinkatzaile Fernando Bizkarra, neskatillaren osaba, izan zan. Ezkonberriok Lekeition biziko dira.

«Irakur Sail» editoriala

Donostiako Editorial etxe honek adierazi dauanez, liburu honeek argitaratuko ditu: Xalbador Garmendiaren «Lurraren Kondaira». «Batasuna», euskera batuaren azken araudiak*. Camus-en «Arrotza». Mikel Lasa ta Amaia Lasa idazle gazteen «Olerki Bilduma». Verne-ren nobela ezagun bat, Setienek euskeratua. Oihenarte zuberotarraren «Euskal Iskribuak». Garaudy-ren «Le grand Tournant du Socialisme», Fernando Mendizabalek euskeratua. Freud-en «Totem und Tabu», Mauriac-en «Genetrix», Larresorok euskeratua. Blyton-en nobela batzuk. «Euskal ekonomiari buruzko azalpen bat», Camblong idazle gazteak prestatua. Lévy-Strauss-en «Race et Histoire» liburua. «Hego Ameriketako literaturaren egoera», Mikel Lasak prestatua. Eta abar. Harpidedunentzat, 70 pezeta bakoitzaren prezioa. Dendetan, berriz, 115 pezeta. Harpidedun izan nahi dauanak idatzi beike zuzenbide honetara: «Irakur Sail», Ferrerías 1, acc. 3, San Sebastián.

Kargu berriak Araban

Alfredo Zabala, Gasteizko San Kristobaleko diakono. Jabier Biteri, Gasteizko San Frantzisko elizako diakono. Luis Miguel San Juan, Gasteizko San Joseko diakono. Jesus Isidro, Gasteizko «Escuelas Profesionales» dalakoan irakasle. Jabier Arregi, Abetxukoko diakono. Fernando Hueto, Gasteizko «Nuestra Señora de los Remedios» elizako laguntzaile. Pablo Bujanda, Santa Cruz de Fierroko kargudun. Jose Ramón Ortiz, Zanbranako kargudun. Segundo Otxoa, Añuako kargudun. Juan Ibañez, Egiletako kargudun. Pedro Jabier Ruiz, Abetxukoko laguntzaile. Juan Villanueva, Herediako kargudun. Pedro Perez, Erentxungo kargudun. Valentin Vivar, Abetxukoko kargudun. Alejandro Illanas, Labastidako erretore. Felix Uriarte, Seminario Txikiko irakasle. Jesus Marauri, Aprikanoko erretore. Carmelo Martinez, Gopegiko erretore. Fernando Perez, Gasteizko «San Pedro Apóstol» elizako laguntzaile. Miguel Angel de Paz, Oiongo erretore. Jose Astorkia, Olaetako erretore. Florencio Unzueta, Bizkaiko Ubideako erretore. Andres Agirre, Gasteizko Seminario Nagusiko irakasle. Vicente Martinez, Gasteizko Seminario Nagusian filosofiaren irakasle. Faustino Herran, Gasteizko Seminario Txikiko irakasle. Ignacio Elgea, Seminario Txikiko irakasle. Felix Fernandez, Elorriagako kargudun. Juan Olarte, Arkaiako erretore. Benedicto Arrieta, Arkauteko erretore. Cruz Briones, Navaridasko erretore. Jose Markiegi, Aramaioko Uribarriko erretore. Felipe Urretavizcaya, Arejolako erretore.

Antxon Valverde kantaria

26 urteko gaztea dan Antxon Valverdek disko berri bat atera dau. Bertan agertzen dira «Santa Barbararen martiriua», «Iya guriak egin du», «Zezen festa Pasaian», eta «Iparragirre abilla dela». Diskoaren azalean Oteizak Xenpelar bersolariari buruz egindako irudi bat ikusten da. Hitz eta doinu guztiak Xenpelarrenak dira, orain 100 urte hil zan bertsolari ospetsuarenak.

«Mocedades» kantari taldea

Guridiren «Diez melodías vascas» izeneko kantuekin osotuko dabe disko berri bat Bilbotar «Mocedades» taldeko kantariek.

Ana Etxaide, Santiagora

Ana Etxaide, Euskaltzaindiaren lehendakari izandako Ignacio Maria Etxaideren alaba da. Barcelonan egin zituan ikasketak, eta «Filosofía y Letras, Sección de Filología Románica» dalako sailean Lizentziatura atera. Nafarroako ikastetxe nagusian euskera irakasten jardun izan dau orain arte. Gaur egun, Santiago de Compostelako Unibersidadean ari da eskolak ematen. Eta Mitxelena Parisen... Hobeto ezin, jaunak!

«H-gabeko umoria»

Iñaki Linazasorok bere lehenengo liburua argitara eman dau, euskeraz, «H-gabeko umoria» izenburuarekin. Nahi dozuna esan eizu, baina H-ak behartu zaitu euskeraz egitera, jauna!

Anjel Zelaieta


Mundu biribila

Quebectarren egoera

Azken boladako istilurik* nagusienak

 Urriak 5. «Front de Libération du Quebec»eko lau gizon harmadunek James Richard Cross diplomatiko ingelesa bahi* bezala hartzen dute Montrealen, 500.000 dolar eta preso politikoen askatasunaren truke.

 Urriak 8. F.L.Q.ekoek lehen ipinitako epea* luzatu egiten dute; eta James Crossek, eskutitz batetan, bahitzaileen eskabideak bete ditzatela eskatzen die agintariei. Gobernuak F.L.Q.ren agiri politiko bat irrati* bidez irakurtzeko baimena ematen du. Langile guztiei iraultzara* deitzen zitzaien agiri horretan.

 Urriak 10. Gobernuak F.L.Q.ren eskabideei uko egin bezain laster (15 minutu geroago), Pierre Laporte Quebeceko ministroa bahitzen dute. Laporte, Quebeceko abertzaleen liderra izan zen garai batetan; baina, ideiak aldatuz, liberalen alderdira pasatu zen.

 Urriak 11. Epe baten barrenean bere eskabideak beteko ez balira, Laporte hilgo lukeela mehatxatzen* du F.L.Q.ek. Gobernuak epea luzatzeko eta tratutan hasteko eskatzen dio F.L.Q.ri.

 Urriak 15. Canadako Harmada* Federalak Montrealgo hiria* hartzen du militarki.

 Urriak 16. Gobernuak lege berezia ipintzen du. F.L.Q.eren zaleak izan litezkeen guztiak detenitzen hasten da, eta mugimendu hau debekatu egiten du.

 Urriak 18. Pierre Laporte automobil baten maletakutxaren barrenean aurkitzen dute hilda. Oraindik ez da James Crossen aztarrenik*.

Zenbait* zifra interesgarri

Azkeneko istilu* hauek eta frankofonoen jokabide politikoaren bilakatzeak* (fuerismotik, 1950. urtearen inguruan, sozial demokraziara, eta. azkeneko urteotan, jokabide iraultzailera) ba dute sakoneko sustrairik: egoera larri baten errainu* dira.

Nekazaritzatik industria girora sartzen joan diren bezala, anglofonoen eta U.S.A.ko kapitalismoaren menpean gelditzeko arriskua haunditu egin zaie, eta horren ondorioa jokabideen erradikalizatzea izan bide* da.

Hona nola aldatu den anglofonoen eta frankofonoen proporzioa Canadako bizilagun guztien artean:

Urtea Bizilagunak Ingelesak Frantsesak Gaineratikoak

 osotara % % %

1871 3.485.781 60,5 31,1 8,4

1901 5.371.315 57 30,7 12,3

1931 10.376.786 51,9 28,2 19,9

1961 18.238.247 43,8 30,4 25,8

Ingelesak proporzioan jaitsi diren bitartean, frantsesak Canada osoaren proporzioan ugaldu egin dira.

Hauen artean nekazaritzatik at* lan egiten dutenek irabazi hauk jasotzen dituzte, batez beste, urtean (1961-ekoak dira datoak):

 Nork Dolarrak

Denek 4.414

Ingelesek 4.852

Frantsesek 3.872

Langintzen aldetik ere frantsesak okerrago aurkitzen dira. Hara:

 Bizibidea Lan egiten duten guztien artean

 Frantsesak Ingelesak

 % %

Bizibide liberalak eta teknikoak 5,9 9,3

Administrazio lanetakoak 7,6 12,1

Bulegoetako langileak 6,7 8,2

Langile kalifikatuak 31,4 25,5

Peoiak 7,5 4,6

Nekazariak 10,8 10,8

Hizkuntzaren aldeko egoera eta honek ekonomiarekin duen zerikusia garbi azaltzen dute ondorengo zifra hauek:

Honela erabiltzen dira hizkuntzak zenbait* erakunde federaletan

Erakundea Hizkuntza Beti Gehienetan Berdin Askotan Inoiz

Air Canada Ingel. 18,0 73,0 95,7 99,5 100,0

 Fran. 0,4 6,7 29,9 64,8 90,6

Canadako irratia Ingel. 13,3 19,8 41,3 73,0 98,2

 Fran. 11,1 59,6 80,9 88,1 98,0

Polizia Ingel. 13,2 54,5 89,0 96,0 99,9

 Fran. 1,6 16,4 49,4 73,3 93,8

Canadako bankua Ingel. 3,5 57,4 86,1 93,1 100,0

 Fran. 0,0 13,9 53,0 74,7 96,4

Garbi ikusten da, frantsesak sarriago direla elebidunak* ingelesak baino. Gainera, ingelesa bakarrik dakienak ez du eragozpenik edozertan iharduteko; baina frantsesa bakarrik dakiena ez daiteke goi mailako langintzetara hel.

Ingelesen eta frantsesen egoera konparatzeko, ikus dezagun azkenik hizkuntzak eta irabaziek duten zerikusia:

Irabazia Frankofonoek Anglofonoek

 % %

5.000 dolartik  

6.449 dolarrera bitartean 36 64

6.500 - 7.999 35 65

8.000 - 9.999 25 75

10.000 - 11.999 19 81

12.000 - 14.999 15 85

15.000 baino gehiago 15 85

Orain ikus dezagun laburki U.S.A.ko kapitalismoak Canadan duen indarra:

Automobilgintzan 95 %

Kautxoaren industrian 89 %

Elektrikagintzan 64 %

Kimikan 50 %

Meatzetan 52 %

Papergintzan 43 %

A. SAGARNA

dezagun, daigun

die, deutse

dio, deutso

ditzaten, daiezan

litezke, leitekez

zaie, jake

zitzaien, jaken


Mundu biribila

Apaiz elkartideen biltzarre internazionala

Lehen "kontestatario" eta orain "elkarkide" edo solidario deitzen diren apaizek hiru aldiz egin dute beren biltzarre internazionala.

Amsterdamen izan da haien azken bilkura*, irailaren* 28-tik urriaren 4-erarte. Apaiz talde hauk nondik nora sortu diren jakitea egoki da, berauen* ibilketak, bide eginak eta helburuak* nolakoak diren konpreni ahal ditzagun.

Kontestatarioen sorrera

Herri xehe eta behekoarekin bizi diren pertsona artetik sortu zen kontestatario edo aurrerazaleen taldea. Beren nortasunaz oharturik* zeuden, eta Elizaren estruktura zaharretarik libre bizi nahi zuten. Haien ustez, Elizaren zenbait* lege ostopo harri haundiak ziren apaizarentzat, giza nortasun egoki bat lortzeko.

Beraz*, haien zereginik funtsezkoena "desklerifikazioa" zen; hau da, utzi apaizkeria, desegin edo izkutarazi apaizgoa klase edo kasta bezala.

Horrela, apaizak gizon izan zitezkeen gizartean, beste edozein pertsona legez, beren nortasuna sendotzeko bideak eginez. Horretarako, hiru helburu* jarri zituzten:

- lana, eguneroko bizibide bezala, gizarteko gizon guztiek egiten duten legez*. Eliz lanetarako apaiz liberatua izatea, ezeptzio bat izango lizateke. Orain arte egin ohi den bezala, apaiza Elizako gauzetan erabat* sartuta egotea, ezin diteke onar.

- apaiz izateari utzi gabe, ezkondu ahal izatea.

- politika egitea, besteak bezalaxe herriko gizonak baitira*.

Asmo edo zeregin hauk aurrera eroatea*, Eliza Instituzioarekin, edo hobeto esan, Elizaren Legediarekin muturrez topo egitea zen. Izan ere, eliz legediaren arauera*, gizarteko lanbide batetan ihardutea ezeptzio bat da, ezkontza eta apaizgoa ezin daitezke batera joan, eta politikan sartzea guztiz arriskugarria da, apaizak "guztientzat" izan behar du ta.

Zailtasun hauen aurrean, apaiz kontestatarioak indarrak batzen eta elkarrekin lan egiten saiatu ziren. Arazo eta buruhauste berdin samarrak zituzten zenbait* herritako apaiz talde laster elkartu ziren. Eta azkenik, biltzarre internazionalak antolatu zituzten.

Coire 1969, uztaila

Suizako Coire herrian izan zen lehenengo bilkura* internazionala, 1969-ko uztailean*. Europatik bederatzi delegazio izan ziren. Hauen artean bat euskalduna. Lehenengo bilera* honetan, laster agertu zen parte hartzaileen arteko jokaeren desberdintasuna, haien egoera sozial, politiko eta erlijioso diferenteagatik. Batzuk Eliza barruko problemez bakarrik kezkatzen eta arduratzen ziren; besteak berriz, bereziki Elizaz kanpokoez.

Lehen aipaturiko hiru asmoetan guztiok ados* baziren ere, bat batean ikus zitekeen nor nongoa zen, bakoitzak bizi zituen kondizionamendu sozio-politikoak zeharo diferenteak baitziren*: Ipar Europakoak alde batean, eta Hego Europakoak bestean.

Munduko prentsak eta albistariek*, gauzarik nabarmenenak argitaratu nahiez, zelibatua jarri zuten talde horren problema nagusi eta ia bakarra legez*, beste bi helburuak gehiegi aipatu gabe.

Egia esan, Ipar aldekoek batez ere ezkontza problema zuten kaskoan. Baina, Europako talde guztiez mintzatzean, ezin liteke hori esan.

Erroma 1969, urria

Erroman izan zen bigarren bilera* nagusia. Parte hartzaileak herri gehiagotik etorriak ziren. Seinale zen, apaiz kontestatario edo aurrerazaleen kezkak eta koskak jendeari interesatzen zitzaizkiola.

Eliz artzainak hur-hurretik jarraitzen zitzaizkion mugimendu honi, haietarik batzuek kontrako hitzak esanez. Zenbait* obisporen ustez, apaiz kontestatarioak "Elizako deabruak" ziren. Hala ere, obispo banaka batzuek bakarrik ez zuten onartzen mugimendu berri hau, eta gehienek, Iparraldekoek batez ere, sinpatiaz eta axolaz* ikusten zuten.

Apaizak, Erroman zirenez gero, Paulo VI.arekin mintzatzeko bideak egiten hasi ziren. Berarekin berba egin gura zuten. Ezinezkoa zen. Aita Sanduak ez zituen bere etxean hartu. Hala ere, modurik bigunenean, karta batekin erantzun zien, haien alderdi onak goraipatuz eta bere etxean zergatik ez zituen hartzen adieraziz. Ez zela memento egokia, esan zien, harrera hori mugimenduaren aprobatzea izango lizatekeela, eta abar.

Hala ta gutiz ere, mugimendua ez zen gelditu, eta apaizek 1970-ean berriro biltzarrea egitea erabaki zuten.

Amsterdam 1970, iraila

Esan bezala, bukatu berria da Amsterdamen apaiz elkarkide edo solidarioen biltzarrea. Estudiatu duten gaia: Eliza eta Gizartea.

25 herritako delegazio; hoien artean, euskal delegazioa. Han ziren Amerika, Afrika eta Asiatik etorriak. Guztitara, 300 pertsona, gehienak apaizak. Herri gizon edo laiko talde batzuk ere ba ziren. Bai eta Eliza protestanteko zenbait* delegazio. Hona hemen, berba gutxitan, aurtengo biltzarre horretan ikusi dena:

- erlijio aldetik atzeratuta eta sozio-politikalki zapalduta dauden herrietako apaizek, Hego Amerika, Palestina, Vietnam eta Hego Europatik etorritakoek, bultzatzaile bezala ihardun zuten. Biltzarrean hauek markatu zuten nondik nora joan.

- zelibatuaren problema ia baztertua izan zen. Memento batez mintzatu zen hartaz, apaiz lanetan segitu nahi zuen Holandako apaiz baten ezkontza sostengatu* eta aprobatzeko.

- kontestatario edo aurrerazale taldeen politikazko lana. Ipar aldeko taldeak, erlijio, ekonomia eta politika aldetik hain gaizki ez badaude ere, konturatu dira behinik behin, beste herriak zapaltzen dituen sistemaren laguntzaileak direla. Eta horren aurrean, ez dagoela beste biderik, herrien liberazioko burrukan politikalki arriskatzea baizik.

- ekumenismoa gizonaren liberatzearen zerbitzurako dela uste izanik, artzain protestanteek parte hartu dute, beste apaizekin bat balira legez*. "Besteren beharrizanetaz kezkatu eta besteren zerbitzutan egon: horixe da guztiok elkartzen gaituena", esaten zuten.

- herri arteko elkartasuna. Hartutako erabakiek, egindako telegrama ta kartek gauza berbera azaltzen dute: Biltzarre osoa herri zapalduekin eta haien liberazio mugimenduekin elkarturik dagoela.

Ondorengoak

Apaiz talde hauk Elizatik kanpo gelditzen ote dira? Zenbait* irakurlek pentsa lezake, apaiz talde hauk Elizatik kanpo dabiltzala. Obispoak ezin daitezkeela ados* egon talde aurrerazale hauekin.

Amsterdamen elkartu zirenek hona hemen zer esaten zuten:

"Gure tokiko elizetan bizi eta lan egiten dugun kristau eta apaiz gara gu. Ebanjelioa bizi nahi genuke, eta bakeak eta zuzentasunak libre egiten gaituztela adierazi. Batez ere, edozein arrazoigatik baztertuak, ankapetuak eta azpiratuak diren guztiekin bizi gura genuke, haien zerbitzurako.

"Esperientziak erakutsi dauku, Elizan, dela katoliko, dela protestante, bere estruktura eta erakundeek*, kasu askotan, Ebanjelioak eskatzen duen bizitza ezinezkoa egiten dutela. Horregatik, eraberritze sakon bat gogo genuke, Elizaren estruktura eta eginkizunak hobeago daitezen. Tokiko elizetako pluralismoa bizi gura genuke, elkar osoki ezagutuz, bakoitza bere erantzunkizun guztiekin, Kristoren Ebanjelioak batzen gaituela".

Bestalde, biltzarre horretan ba zen gotzain bat, Bredakoa. Eta berak esan zuen: "Asko alegratzen naiz zuekin egoteaz. Ba dugu bide bat elkarrekin egin behar duguna, oraindik ezagutzen ez duguna: Elizaren bidea gizartean".

SAIZAR

daitezke, daitekez

daude, dagoz

dauku, deusku

ditzagun, daiguzan

gaituzte, gaitue

lezake, leike

zeuden, egozen

zien, eutsen

zitekeen, eiteken

zitezkeen, eitekezen

zitzaizkion, jakozen


Herri bat, hizkuntza bat

Artetxe jaunari erantzuna

Ez gara idazle, irakurle baizik. Baina urriaren 4-ean José de Arteche jaunak idatzitako artikuluari erantzun nahi genioke, gertakariak* jaun horrek adierazi zituen baino egokiago azaldu nahirik eta horretarako borondate on guztia jarriz.

Kriterio zuzen xamar baten jabe izan nahi badugu, bi alderdiei entzun behar zaiela irakatsi daukute. Zuk, Artetxe, bakarrarenak entzunda bota zenituen zeureak.

Ba dirudi, zure artikulua irakurrita gero, batzuek bakarrik dutela eskubidea, nahi duten guztia esateko.

Ez duzu Nafarroako herrixka horren izenik aipatzen. Guk, berriz, Zubieta dela esanen* dugu. Ez eta okerreko berri hoik eman zeuzkizun "lagun agurgarri" horren izenik ere. Baina antz ematen diogu nor datekeen* "gixon" hori.

Guk ez dugu ezer gorde beharrik, ez eta zertaz lotsatu beharrik ere. Hutsegiteak ba ditugula aitortzen dugu. Zuk diozun gipuzkoar talde hori izen hauekin osotzen da: "Erketz", Lasarteko dantzari taldea, "Erlak", Pasai Donibaneko bikote kantaria, eta Hernaniar batzuk, laguntzaile bezala. Zuk diozun "bertsolari edo sasi-bertsolariak" Arozamena, Gorrotxategi eta Egileor ziren.

Bertsolariek aborto gaiak erabili zituztela? Ez zuten horrelakorik aipatu. Apaizen kontra aritu* zirela? Seinale, horrela ulertu zuenak min hartu zuela, zuzen jokatzen ez zuelako. Ba zen han bertan meza eman berriko apaiz gazte herritar bat, bertsolariek esandakoak ontzat eman zituena, gai horri buruz behintzat.

Bigarren urtea da, gipuzkoar talde honek euskal jai hori antolatzen laguntzen daukula. Lehengo urtean, Donostiako "Argia" taldeko dantzariek, "Ez dok amairu"-koek eta sei bertsolarik azaldu zituzten beren habilidadeak, Zubietako herria pozez utzirik. Aurten ere, beste horrenbeste, gertatu da.

Dantzariek lehen saioa bukatu ondoren, "Erlak" bikotea hasi zen kantatzen; eta hirugarren kantuan zihoazelarik, bi herritarrek alkate jaunari baimena eskatu ondoren, ahari* apustua jarri zuten.

Protestak erderaz egin zirela? Gezur galanta! Protestak denen aurrean mikrofonoz eta euskeraz egin genituen: ez geundela ahari apustuaren kontra; elkarrekin akort jarrita, antola zitekeela, baina ez horrela; eta oso mindurik geundela.

Ahari apustua zela medio, "Erlak" bikoteak kantatzeari utzi zion garaian, berriro ere kantatzeko eskatu zeukuten herritar askok, haien artean bertako sekretario jaunak.

"Eliza pobrea" abestia Julian Lekuona apaiz jaun agurgarriarena da, eta Euskal Herri gehienean oso ezaguna, egia galantak esaten dituena, gainera; eta hori aitortu nahi ez duenak egoera hertsi* eta nazkagarri baien menean* dago. Ahari apustuko gertaera hori ikusi zutenek, herritarrak aparte, inguruko herrietarik etorritako batzuek ere ez zuten ontzat eman. Haien artean ezagutu genituen Labaindar, Iturendar eta Elizondotar batzuk.

Zerbait egiten duenarentzat, beti da kritika; eta okerrena: egindakoa lurperatzeko izaten da kritika hori.

Gertaerak ez ote lirateke hobeto jakin, sakondu eta aztertu behar, objetibismo puska batekin berriak emateko?

Nork nori azpi-janean?

Animo ederra eman daukuzu, aurrera lanean jarraitzeko, bai beste norbaiti laguntzeko, edo ta norberak zerbait antolatzeko, lehenago esan dugun bezala, gipuzkoarrok ez baikara* antolatzaileak izan, laguntzaileak baizik; eta aurreko urteko esperientziari jarraituz, jaialdian parte hartu zuten guztiak etxeetara banatuak izan ziren bazkari orduan. Hori guztia Zubietar antolatzaileen asmoari jarraituta egina zen. Esan beharrik ez dago, Zubietarrek liluratuta* utzi gintuztela herbestetik joan ginenok, merezi baino harrera hobea egin zeukutelako etxe guztietan.

Orain galdera bat Artetxe jaunari. Ezagutzera eman ahal zeneukegu, gure herriaren psikologia edo barren-izaera hori zer den? Argi pizka bat eskatuz egiten dautzugu galdera hori, "itsututa" gaudenok hobeki ikus dezagun.

Benetan tamalgarria baita*: euskera atxakiatzat hartuta, azpi-janean eta lotsarik gabe ibiltzea.

IÑAKI ZUBELDIA

dauku, deusku

daukute, deuskue

daukuzu, deuskuzu

dezagun, daigun

diogu, deutsagu

genioke, geunskio

genituen, genduzan

geunden, gengozen

gintuzten, ginduezan

zaie, jake

zeneukegu, zeunskigu

zenituen, zenduzan

zeukuten, euskuen

zeuzkizun, eutsuzan

zihoazen, joiazen

zitekeen, eiteken


Herri bat, hizkuntza bat

Don Jose Lasa Kalonjeari eskutitz irekia

Irailaren* 20-ko ZERUKO ARGIA-n (394. zenbakian), «Loiolako Kursilloaren Berri» izenburuarekin, artikulu bat argitaratu zenuen. Ni ez naiz andereñoa, eta berauen arazoek ez naute zuzenki lotzen. Baina, euskaldun soil bat izanik ere, bi urte hauetako kursilloen berri jakitea gertatu zait; eta, zure artikulua irakurtzean, zenbait* gauza esan gabeak somatzen ditut, ene eritziz herriari adierazi beharrezkoak direnak.

 Lehenengo: Igaz, Donostiako Apaiztegian kursilloari haslera ematean, antolatzaile zinetenok zeurok agindu zenuten diru kontuen berri ematea. Bukaeran, ordea* (nahiz eta andereño batzuek aipatu), ez zenuten ezer agerrarazi.

Aurtengoaren hasieran, igazko gertakari* hori zela bide, andereño batzuek kontu haien berri eskatu zeutzueten Loiolan; eta, zuen ukaketaren ondoren, matrikulako dirua depositatzea erabaki zuten (eta ez, zuk diozun bezala, «ez ordaintzea»). Gauza hau baiezteko, andereñoen ordezkariekin hitz egitea nahikoa da, diru hori berauek jaso baitzuten*.

Antolatzaileok, berriz, dirurik ezean, txartela ukatu diezue; eta guzti horri, zuk, «gaurko zuzena eta justizia» deitu. Baina ba da zerbait ondorenean gertatua eta zuk aipatzen ez duzuna. Alegia*, 38 horiei txartelak ukatu zenizkietenean, beste andereño sail batek beren txartelak depositatuta utzi zituztela. Nik ez dakit hau dakizun ala ez, edo ta jakin eta esan gabe utzi duzun, baina hau ere andereñoen ordezkariek baietz dezakete.

 Bigarren: Eman dituzuen txartelak, matrikula ordaintzeagatik bakarrik eman dituzue. Eta, hau frogatzeko*, nahikoa dateke* ondorengo hau: Bigarren ikastaroa edo kursilloa egin dutenei, ez diezue testik egin, ez eta ikastaroko ikasketetara joan diren ala ez diren kontuan hartu ere. Hau dela bide, ba dira andereño batzuk (eta, tamala* izan arren, adierazi beharra dago) ikastarora gutti azaldu eta Loiola inguruan oso poliki egunak iragan* dituztenak eta azkenean txartela jaso dutenak. Hauk dira Ikastoletako Batzordeei salatu beharrekoak eta ez zuk salatu nahi dituzun 38-ak. Hauek fin jokatu zuten, haiek ez ordea*; eta guztia, zuek asistentziaren kontrolik ez izateagatik. Hala ere, gaur txarteldun dira.

Gainera, urtean hamabost egunez bakarrik ihardutea, gauza urria da. Ikasketa hauk, luzeagoak eta urte barruan herrialdeka* antolatuak izan behar dira.

 Hirugarren: Itxura denez, ez duzue ezer programaturik. Lehengo urtean, urte pare bateko edo hiruko ikastaroak izanen* zirela esan zenuten. Aurten hiru edo lau edo auskalo* zenbat izan daitezkeela diozue. Bestalde, zerorrek nahiko kezkak azaltzen dituzu «Legedi Berriari» buruz. Guzti hauek zalantzan* jartzen naute; eta esan ere esanen* nuke, ikastaro hauk denbora pasatzekoak bezala hartu dituzuela. Bestela, nola egon liteke, ikastaro batzuen iraupena jakin gabe? Programa bat denean, iraupena jakiten da; baina hori gabe lanean hastea ez ahal da axolagabekeria? Gainera, andereñoei berei esanak zarete Estatuaren aurrerako hutsaren hurrengo izanen* direla txartel horiek. Beraz*, zer jokotan sartu nahi dituzue andereñoak eta bide batez Ikastolak eta haien Batzordeak?

 Laugarren: Fuster jaunaz eta bere taldeaz baliatu zarete, ikastaroak eman ahal izateko; eta nik ez diet ezer kendu nahi. Baina ez ahal dago, Euskal Herri osoan, haurren* psikologia eta pedagogia nahiz matimatikak dakitzanik? Nola liteke, arrotz batzuk euskaldun haurren berezitasunak eskatzen duen teknikaz jabetuta egotea, euskaldun garenok larri gabiltzanean?

 Bostgarren: Zuen 38 andereño horiei buruzko erabakiari «Ori adiskidetasuna, ori egiazko demokrazia (sic)» erasten* zenion. Zuretzat bai noski*. baina enetzat ez. Zuk zeure eritzira jokatu duzu, eta, mesedez, horri ez deitu demokrazia. Demokrazia dagoen lekuan, ordezkariak eta arduradunak aukeraz ateratzen dira. Zu kargu horretarako nortzuek aukeratu zaituzten oraindik ez dut entzun.

Inongo Ikastolatako ordezkari izan zarenik ez dut jakin, eta gaur hor aurkitzen zara guztien gainean.

Eta adiskidetasunaz ez zaitez mintza! Adiskideak, emandako hitza beti bete behar du, edo ta bestela ez da adiskidea. Zuek, berriz, igaz agindutakorik ez zenuten bete. Gainera, demokraziaz jokatu nahi bada, andereñoek eskubide osoa dute, beren lanetik sortutako diruarekin zer egiten den jakiteko. Hau ukatzea, gaurko zenbait* sistema onartzea lizateke. Eta izenez behintzat zerbait adierazi nahi duzu alde horretatik, nahiz eta izana zalantzan* jartzekoa izan.

Une honetan, Euskal Herriko Ikastola guztietako batzarkideei dei larri bat egin nahi die. Elkarren berri ondo jakin ezazue, eta behar diren andereñoen prestaketarako ikastaldiak edo kursilloak antola itzazue, baina aurrez eta guztiek dakitela (nahiz andereño nahiz batzarkide), egindako programa finkatu batzuk erabiltzeko. Gaiak emateko, Euskal Herrian bila itzazue irakasleak, eta gorabehera guztien berri (nahiz diru nahiz beste edozer) andereño eta batzarkide guztiengana irixteko* bideak jar. Nahikoa dugu izkutuan eta azpikerian ibiltzerik!

Eta azkenik, zuri hau ere esan nahi dautzut: Olerki kutsuko eta lorez jositako hasiera eta bukaera artikuluari zertan emanik ez dagoela, haren barnean egia erdiak esateko.

ANDONI SARRIEGI

daitezke, daitekez

dakitza, dakiz

dezakete, daikee

diet, deutset

diezue, deutsezue

ezazue, eizue

itzazue, eizuez

zait, jat

zenion, zeuntsan

zenizkieten, zeuntseezan

zeutzueten, eutsueen


Itsusia

Sudur ziloak

Euskerak neurri bi ditu. Izan ere, euskeraz ondo eta txarto berba egin edo idatzi daiteke; erderaz, ostera*, gaizki egiterik ez dogula dirudi. Inork ez dau aipatzen horrelakorik behintzat.

Askotxok, beharbada euren jakintasun urriaz konturaturik, gero eta bildurrago dira euskeraz berba egiteko, gazteleraz esate baterako Pemán-en bat direlakoan edo. Hala ere, gazteleraz ere hanka-sartze haundiak izaten ditugunok isilduko bagina, akabo gure inguruan zarata eta abarra: haxe da mundu mutua!

Behingoan euskeraren muga igaro daigun, eta sartu gaitezen lohi gabeko deritxogun gaztelera eder horretan. Jantzi daiguzan belarri biren artean euskera gutxiesteko* erabiltzen ditugun antiojuak, eta begira deiogun aurrez aurre erdera harro horri. Ez ahal deutsazu badaezpadakorik ezer ikusten? Ezetz? Baina, gutxienez, pekatxoren bat ere ez? Tira ba! Kendu eizuz antioju kaskar horreek, eta zatoz nirekin oftamoloagana, bidean denbora pasa aldera, ipuin barregarri bat kontatuko deutsut eta.

Ipuin laburtxo bat, hain zuzen. Edozein herritan gerta eitekena. Baina ez deutsut esango zein herritan, bertako alaba bati oraintsu jazo* jakola baino.

Gurasoak euskaldunak zituan eta ditu; baina (betiko «baina») bide «errazena» alabari eman gurarik, gazteleraz soilki* irakatsi eutsoen, beharbada «nahasterik» ez eian euki.

Amak hamaikatxo aldiz ametsetan egin ebanez, harako alaba ha markes baten semearekin ezkontzeko zan. Haxe ha partidua, markeskumea bilatzeari etxerako neskamea bilatzea baino zailago eritxon eta.

Ezkondu aurretik, senargaiak bere finka erakustera eroan eban gure alabatxoa Gaztelerrira. Finka haretan markesak ahalegin guztia egin eban dana erakusten eta zazpi mila azalpen ematen. Halako batean, ihiziko* trofeoak egozen gelan zirela, horman dindilizka egoen basurde buru galant baten azpi aldean gelditu ziren gora begira, eta gure alabatxoak bat batean, arduratsu, esan eutsan senargai kuttunari: ¡Qué sursillos más grandes tiene!

Markesa, inoiz halakorik entzuteke* egoela, erdi harriturik, erdi dudan geratu zan bere andregaiaren uste bako jakinduria zala ta. Teknikalki «sursillo» ete dira basurdearen sudur zuloak? —inoan* berekiko finkako semeak. Ez zan, ez, txikia bere ezbaia.

Egunak joan, egunak etorri, eta ohi dan bezala, atzerritarra bertako alaba baino euskalerrizaleagoa bihurtu jakun. Txistua eta danbolina joten ikasi eban, eta interesatu samarra ikusten genduan hemengo edozenbat gauzaz. Egun batez, konfiantza apurren baten jabe egin zanean, hauxe izan zan bere lehenengo galdera: Zelan deritxoezue euskeraz sudur* zuloei?

Ez zan hain tontoa gure markestxoa!

ANDIKAO


Itsusia

Eta gehiago

Urriaren hamabosteko ANAITASUNA-n, euskal izenak direla ta, lan jakingarria irakurri dogu, zorionez. Ez baitzan* egoki, gure gurasoak beti burrukan eta gure umeak beti izen jokoetan ibiltzea. Umeak ez dira gizon edo andrakillak* inoren eskuetan gelditu gabe* aldatzen ibiltzeko. Lan honetan bertan, euskerazko izenak argitaratu edo aztertu dituenak aipatzen dira, irakurleen zuzenbiderako. Baten hutsa nabaritu* dogu. Jakingarria dalakoan, hona hemen beraren berri:

Mugaz haraindiko euskal herrietan berdintsu jazoten zan oraintsu arte. Hauzitegian* gurasoek, ezjakinez edo indarrez, izen bat ipinita gero, denboragarrenean, etxekoek ohiturazkoa erantsi*. Hori zala ta, zenbait* gurasok nahi izan eben hauzitegian bertan euskeraz ipintzea. Legeak utzi ez, ordea*, juezaren baimenaz izan ezik. Euskaldunei mesede egin nahiez, hauzitegiak izen pilo galanta hartu, andra-gizonezkoak, eta gurasoei eskaini* egin deutse, hortik aukera daien, frantsesezko izenari jaramonik egiteke*.

Danetatik dago han: gure artean hain ohituak ez direnak (Garazi, Gatxina...) eta asmakizun edo antolakizun direnak.

Erakusgarri moduan, hona hemen andrazko eta gizonezkoen batzuk: Agurtza, Argia, Dunixe, Edurne, Garbiñe, Gorke, Igone, Izar, Jaione, Kattalin, Kurutze, Maitena, Mañazi, Sokorri, Uso, eta abar. Ander, Antso, Beñat, Baladi, Domeka, Eguberri, Ganitx, Gotzon, Iñaki, Kepa, Nikola, Omer, Peli, Salbatore, Unai, eta abar.

Guzti honen jakitun ipiniko zaitue Baionako "Gure Almanaka" dalakoak, 1963. Horrez gainera, gogoratu lehengo "Karmel" batean ere Deunoro Sarduik halako izen lerroa argitaratu ebala.

JUAN ANJEL ETXEBARRIA


Oinaztarriak

Munstro bat, bi munstro

Bigarren mailako hiru euskaldun gentozen Mauletik Bilbaora, automobil izeneko katxarro zahar batean. Leihatilletako kristal zikinetatik zehar, euskal zazpi probintzietako ikuspegiak iragaten* ziren agudo*; gaua zen, eta gau iluna (izarreztatua, baina batere ilargirik gabekoa). Lambroa noizean behin, portuetan zarrazoia, eta ene bihotzean mingostasun bortitz* bat. Gartzelaxka mehar* hartan sarturik, ez genituen geure buruak bular-barreneko gartzela meharragoan hertsi* nahi, eta nor bere buruaz mintzatzen hasi zen. Gainerako guztiak kanpora atera eta ederki aireztatu ondoren, geure euskal esperientziez mintzatzen hasi ginen.

Ez dakit egiazko bigarren mailakoak garen; guri behintzat ez zaiku horrela iruditzen. Euskaldun berriak primerako euskaldunak izateko gara; zeren* amaren ditietatik esnearekin batera (esne on nahiz esne xarrarekin batera) euskera edoski* eta hartu (heredatu) dutenek, zer meritu dute? Euskaldun jaiotzea kasualidade bat da, berdin jaio bailiteke* erdaldun, eskimal, satero* edo sagu-xar. Baina guk euskalduntasuna hautatu* dugu; eta irabazi dugu. Euskera gurea da, geure bekokiko izerdiarekin irabazi dugu. Gu euskaldunak gara, eta ez kasualidade bategatik, gure borondatearen hautaera libre eta neketsu bategatik baizik.

Baina, dena den bezainbatean, eta zein-nahi izan dadin gure maila, duda batere ez dago maila berezi batekoak garela masoneri-antzeko gorputz bat osatzen dugula; bi edo hiru euskaldun berri elkarrekin juntatzen garenean, berehala hasten gatzaizkio elkarri kontatzen zein izan diren gure gaiztasunak, zerekin egin dugun ostopo, zeren kontra behaztopatu garen, zein bide izan diren eroso eta zein nekoso, eta abar, eta abar. Batzutan gerra luze bateko gudurik amorratuenean soldadu-kide egon zirenen, edo eskola gogorregi batean hainbeste urtetan ikas-kide egon zirenen antza ematen dugu.

Bertan genbiltzanok, hirurak ginen adin* diferentetakoak, nor bere mendearen* hamarren* desberdinean zegoen. Ni, zaharren hau, jadanik Kristoren eta Danteren edadearen ukondoa doblaturik, neure laugarren hamarrenean nengoen. Bigarrena, ezkon-berria, bere hirugarrenean. Eta hirugarrena, mutil oso gaztea, oraindik biloaren* itzala nekez agertzen zitzaiola musuaren larruan, be-re bigarren hamarrena ardibitu-berri zegoen. Nik neure neke guztiak kontatu nizkien, denbora bateko maisu-falta, euskal liburuen eskastea eta eskastasuna, euskal intolerantziaren izugarriaren izugarria (intolerantzia horrek bere azken arnasak ematen ditu orain); eta beste mila zehaztasun nekagarri, zeinbat ikasi behar ukan* nuen gero desikasi eta ahazteko... Neugandik bigarrenari hamar urte zihoazkion; bera hasi zeneko, hamar urteko eboluzioa gertatu zen euskal jendartean, baina ez hain funtsezkoa*, ez hain sakona, eta haren gaiztasunak apurragoak izan baziren ere, gaitz-xamarrak izan ziren haek ere. Eta hirugarrena bere bideak kontatzen hasi zeneko, ez genuen kontuan hartu zer eboluzio behin-eta-betikoa gertatu den Euskalerrian, gure mende* honetan 60-tik 70-era iragan* den hamarrenean; eta orduan, hain itxuroso eta korrontoso euskeraz mintzatzen bakarrik urte-betean ikasi zuela esan zeukunean, bioi atera zitzaikun, arimaren zolatik* aldarri sentitu hau:

«Baina, hi munstro bat haiz!»

Urte-betean! Eta gurekin barra-barra mintzatzen egon zen bi egunetan; dialekto guztietako mintzatzaileekin egon zen gure aurrean mintzatzen batere gaiztasunik gabe. Esate baterako, zuberotar baserritarrekin hobeki entenitu eta konpondu zen Gipuzkoako euskaldun zahar (eta xit zahar!) guztiak baino.

Eta oro*, gaurko euskaldun berriok asmatu dugun euskera «berri» honi eskerrak. Euskera «batu» honi eskerrak, antzinateko* iturburuetatik eta herriaren ahotik edan dugun hizkera noble, trebe eta aberats honi eskerrak.

Eta orduan, gorputzeko begiak hertsi eta arimakoak zabaldu nituen, eta neure barrenean amets gozoak kulunkatu* nituen. Eta hainbestetan profetizatu dudan etorkizuneko Euskal Herri zoriontsu harek gorputz bat hartzen zuen. Laredotik Ejeara eta Oloroetik Beloradora gure euskera orokar* eta bateratu hau urte-betean ikasitako mutil galant eta neska ponpoxez populatulako lur bat ikusi nuen.

Hasi nintzen kontatzen; Munstro bat, bi munstro... bi milloi munstro, denak ene lagun Andolin Eguskitza mutil gaztearen fedearekin eta nobleziarekin.

Eta behingotz, zoriontsu sentitu nintzen ni ere.

ARESTIAR

gatzaizkio, gatxakoz

nizkien, neutsezan

zaiku, jaku

zeukun, euskun

zihoazkion, joaten jakozen

zitzaikun, jakun

zitzaion, jakon


Ikasi zeure hizkuntza

I. Hiztegia

(Ale honetan izartxo bategaz agertzen diren berbak)

ABURU, iritzi.

ADIN, edade.

ADITZ, verbo.

ADOS, de acuerdo.

AGUDO, arin, laster.

AHARI, carnero.

AHITU, agotar.

ALBIRISTE, albiste, noticia.

ALBISTARI, kazetari, periodista.

ALEGIA, a saber, esto es.

ANDRAKILLA, muñeca.

ANTZERKI, pieza teatral.

ANTZINATE, época antigua.

ARAUERA, según, conforme.

ARAUDI, reglamento.

ARE, oraindik (gehiago).

AREATZA, Villaro.

ARI IZAN, jardun.

ARITU, ari izan, jardun.

ARRETA, atención, detenimiento.

ARRO, cuenca.

AT, kanpo.

AUSARDIA, valentía.

AUSKALO, nork daki, (búscalo).

AXOLA, ardura.

AZTARREN, arrasto.

BAHI, cosa secuestrada.

BAHITU, secuestrar.

BAIKARA, bait gara, gara ta.

BAILITEKE, bait liteke, leiteke ta.

BAITA, bait da, da ta.

BAITIRA, bait dira, dira ta.

BAITOGU, bait dogu, dogu ta.

BAITU, bait du, dau eta.

BAITZAN, bait zan, zan eta.

BAITZEN, bait zen, zan eta.

BAITZIREN, bait ziren, ziren eta.

BAITZUTEN, bait zuten, eben eta.

BALDIN, kondizio bat indartzeko berba.

BEHINEN, printzipal.

BERAIEK, eurak.

BERAUEN, euron.

BERAZ, por consiguiente.

BIDE, nonbait, hurrean, agian, probablemente.

BILAKATZE, transformación, evolución.

BILDU, batu.

BILERA, bilkura, batzar.

BILKURA, bilera, batzar.

BILO, ile, ule, vello.

BORTITZ, sendo, indartsu.

BURUZURI, simple.

DATEKE, da nonbait, izango da.

DOKEGU, dogu nonbait, izango dogu.

EDOSKI, mamar.

EGINEN, egingo.

EGITEKE, egin gabe, egin barik.

ELEBIDUN, bilingüe.

ELKARGO, elkarte.

ELKARTZEKE, elkartu gabe (barik).

ENTZUTEKE, entzun gate (barik).

EPE, plazo.

ERABAT, guztiz, zeharo.

ERAKUNDE, institución.

ERANTSI, ezarri, añadir, adherir.

EREDU, modelo.

EROAN, eraman.

ERRAINU, destello.

ESANEN, esango.

ESKAINI, eskeini, eskini, ofrecer.

ESKUALDE, comarca.

ESKUALDEKATZE, ordenación comarcal.

ETSAI, arerio, enemigo, contrario.

ETXERATZEKE, etxeratu gabe (barik).

FROGATU, probar, demostrar.

FUNTS, muin, barru, barne.

GABE, bage, barik.

GERTAKARI, gertaera, jazoera, suceso.

GUTXIETSI, despreciar, menospreciar.

HAMARREN, década.

HARMADA, ejército.

HAUR, ume.

HAUTATU, aukeratu, elegir.

HAUZITEGI, juzgado.

HAZIL, noviembre.

HELBURU, asmo, objetivo.

HERRIALDE, probintzia.

HERTSI, itxi, hestu, hestutu.

HIRI, huri, ciudad.

IDAZKARI, secretario.

IDORO, eriden, aurkitu.

IHIZI, caza.

INOAN, esaten eban.

IRAGAN, igaro, pasatu.

IRAIL, septiembre.

IRAULTZA, revolución.

IRAULTZAILE, revolucionario.

IRITXI, heldu.

IRRATI, radio.

IRTEERA, urteera.

ISTILU, trance peligroso.

ITZURI, eskapatu.

IZANEN, izango.

JASAN, jaso, aguantar, soportar.

JAZO, gertatu, pasatu.

JOANEN, joango.

JORI, abundante, pingüe.

KAZETA, periodiko.

KAZETAGINTZA, periodismo.

KULUNKATU, mecer.

LEGEZ, lez, bezala.

LILURATU, encantar, hechizar.

MARRAZKI, dibujo.

MEHAR, medar, hestu.

MEHATXATU, amenazar.

MENDE, siglo.

MENDEBAL, occidente.

MENEAN, menpean.

MITXELETA, mariposa.

NABARITU, advertir.

NAGI, alfer, perezoso.

NOSKI, naski, ciertamente.

OHARTU, konturatu.

OMEN, ei.

ONGURA, benevolencia, simpatía.

ORDEA, ostera, berriz.

ORO, dana, guztia.

OROKAR, común, general.

OSTERA, ordea, berriz.

OSTIRALE, bariku.

POZOINTSU, venenoso.

SATERO, musaraña.

SOILKI, bakarrik, meramente.

SOSTENGATU, eutsi, sostener.

SUDUR, suur, sur.

TAMAL, lástima, sentimiento profundo.

TANKERA, taxu.

TXIRO, pobre.

UDAL, ayuntamiento.

UDALETXE, casa ayuntamiento.

UKAN, eduki, euki, izan.

UKAZIO, ukamendu, negación.

UZTAIL, julio.

ZALANTZA, duda, ezbai.

ZENBAIT, batzuk.

ZEREN, ze.

ZOLA, zoru, hondo, barren.

II. Idazkera

Aldizkari honetan, hurrengo aletik hasita, idazteko erregela hauk ere gordeko dira:

1. Numero baten zenbakarrentasuna adierazteko, puntu bat erantsiko zaio zenbakiari, alemanek egiten duten bezala. Adibidez: Gai hau 2. orrialdean agertzen da; beste hori, berriz, 4.ean.

2. Numero bat nahiz komilladun hitz bat deklinatzen denean, gioi gabe idatziko da atzizkia. Adibidez: 1970.eko hazilaren 15ean. Pio XII.aren heriotzea. «Anaitasuna»n agertzen da. «La Gaceta del Norte»k esan du.

Zenbakiei dagokienez, ingelesek eta alemanek ere ba dute gioi gabeko idazkera hau. Adibidez: Sunday 15th November. Apostel Europas wurde Joannes von Capestrano genannt wegen seiner 40jährigen Predigtkeit im ganzen Abendland.

IMANOL BERRIATUA


Nobel Saria

Soljenizyn idazlea. Sarirako kandidato

Soljenizyn rusiar idazlea ostera* ere ahoz aho dabil literatur zaleen artean. Baina oraingoan ez da, haren obra berriren bat kontrabandoan mendebalera* heldu arazi dalako, Frantziako «Association Arts et Progrès» dalakoak 1970-ko Nobel Sariaren kandidato legez* proposatu daualako baino. Berrogeitamartsu intelektual eta artista frantsesek izenpetu dabe Estokolmoko Nobel Sari komisioari egin jakon eskabide hau; Mauriac, Marcel, d'Ormesson, René Clair, etc. «Association Arts et Progrès», nazio komunistetako eta mendebaleko intelektualen harremanak bizkortu gura leukezan elkarte bat da.

Eta Soljenizyn? Autore hau nor dan esan behar askorik ez dago honezkero. Jevtuschenkogaz batera, idazle sobietarrik ezagunena dokegu* mendebalean. Haren obrak, literato haundienak gutxitan legez, liburu saltzaileen irabazpide jori* izatera heldu jakuz. Eta Soljenizyn da, Jevtuschenkoren eritzian, URSS-ek gaur egun daukan rusiar klasikoen tailako autore bakarra. Komunistek nahiz holakorik ez direnek berdin estimatzen daben literatur kritiko eta esteta bakar Lukacs-ek ere, Soljenizyn dauka URSS-eko prosa idazlerik bikainentzat. Soljenizyn, ba, ez da mendebaleko kritikoentzat bakarrik autore goragarria. Ba dago Soljenizyn baino idazle kaskarragorik hamaika, Nobel Sariaz sarituta.

«Arts et Progrès»-ekoek Soljenizynen alde egindako sari-eskaria, erreparo askogaz hartu da literatur zaleen zirkuluetan, hala ere. Batzuek, beharbada ezin sufritu leikeelako Nobel Sariren bat Rusiara joatea, alderdikeriazkoa ikusi dabe proposamendua. Baina komunistek eurek ere enbarazoz hartu dabe zelanbaiteko lagunon «kunplimendua», mendebalean. Ze Soljenizyn konformista barik beste guztia da. Mila lagunetik gora daukan URSS-eko Idazleen Elkartetik kanpora dago Soljenizyn; eta ez bere gogoz, botata baino. Soljenizynen obrarik inportanteenak imprimatu ere ez dira egin URSS-en, eta haren antzerkiak erakusterik ere ez dago.

Arrazoia, diktadura guztietakoa da: URSS-eko agintariek ezin dabe jasan* eurena besteko eginpiderik alboan, aginpide hau morala bakarrik izanda ere. Soljenizynek, ostera*, ez dau horretan dudarik uzten, berak bere burua ta eginkizuna zelan hartu dituan: «Idazle haundi bat... bigarren Gobernu bat lakoxea da; horrexegatik, hain zuzen, Gobernuek ez dabe egundo maitatu izan idazle haundirik, idazle kaskarrak baino». Soljenizynek, derrigor, oposizio moral bat legez ulertu dau bere idazletza, eta modu horretan kunplitu gura izan dau. Horregatik, Alderdi Komunistaren presiopean, URSS-eko Idazleen Elkarteak bere artetik kanpora jaurtiki eban. Gobernua ere askotan saiatu izan ei da Soljenizyn herbestera joan arazteko; baita Suezian eta Dinamarkan harentzat asilo eskatu ere Gobernuak berak, enbajadoreen bidez. Baina Soljenizynek ez dau, Tarsis eta Kuszenov-ek legez, atzerrirako bidean joan nahi. «Edozein egoera ta kondiziotan beteko dot neure idazle eginkizuna, eta hilobitik, beharbada, bizitzean baino hobeto... Ezin deutso inork egiari bidea itxi, eta heriotzea bera ere onartzeko gertu nago, egia aurrera jarrai dadin». Borondate hauxe gogoratzen dauan Arestiren poesia eder bat ba dago euskeraz.

Soljenizynek Rusiako idazle haundien tradizioan ikusten dau bere burua. Autoreak arrazoiz dinoanez, probearen eta gizagaixoaren abugadu baino ez dira izan Tolstoi, Dostoievski, Tschejov, Puschkin, Gorki, Soljenizynek ez dauka ideologiaren baten konfesiorik; eta, horrexegatik ere, ez ditu bere burua ta idazletza politikarien gizarte-lanen ukazio* legez hartzen, hareen konplementu ta betegarri legez baino. Idazlearen eginkizuna, berak dinoanez, gizartearen gaitzak eta alderdi ustelak nabarmen erakustea da. Agiri dago, uste hau «errealismo sozialistarekin» ezin ondo konpondu leitekena. Eta Soljenizyn, Jevtuschenkok eta Lukacs-ek beraren alde esandakoak esan arren, ez da idazle «laureatua» URSS-en. Espetxean egon ez dago: izen haundiegia dauka horretarako. Baina libertade askorik ere ez jako ematen. Idazle Elkartetik botata dagoenez gero, ez dau idazle dirurik hartzen; eta, lan-eskalan ezer ez danez gero (matematikalaria ta fisikalaria da berez), lagunek jaten eta jazten emanda bizi da Moskun, edozein egunetan alfer langabeko bezala detenitua izateko arriskuan.

Harrigarria da, orduan, «Arts et Progrès»-eko lagunek idazle honentzat Nobel Saria eskatzea. Pasternaken egunak ahaztu dituela dirudi, Eta ez dirudi URSS-egaz hartuemanak berotzeko modurik hoberena ere; Sari hori Soljenizyni emango balitxako, hango gobernariak probokatuta sentituko liratekela garbi samar ikusten da ta. Ala, isilarazi egin gura deutsoe frantsesek Soljenizyni?

JOSE AZURMENDI


Nobel Saria

Soljenizyn idazlea. Sariaren irabazle

Urriaren 8-an Sueziako Akademiak Literatur Nobel Saria Soljenizyn rusiar idazleari eskaintzen* dio.

Jendea nahiko harritua gelditu da, idazle hori ez baitzen* hain ezaguna. Frantzian, esaterako, haren hiru-lau liburu dira bakarrik itzuliak. Harrituago gelditu bide* dira Rusian. Imprimaturik, haren «Ivan Denissovitch-en Egunkaria» bakarrik ezagutzen da. Beste lan guztiak polikopiaturik zabaldu dira. Eta ez Rusian bakarrik. Atzerrian ere ezagutzen dira. Baina ez da erraz zer den harena eta zer ez bereiztea, poliziak berak eskua sartu baitu*, lan faltsifikatuak plazara ager daitezen.

Soljenizyn Rusiako Idazleen Elkartetik bota zuten 1968.eko hazilean*.

Zer pasatzen da Soljenizynekin? Munduko bigarren gerran kapitain maila hartu arren, handik gutira, zortzi urtetarako kondenatua izan zen, Stalinen kontra mintzatu zelako.

Baina, batez ere anti-stalinista eta anti-rusiarra ezin dezakegu Soljenizyn ikus.

Soljenizyn, askatasunaren eta gizonaren kantaria da. Berak idatziko du: «Ordua da Gizadiaren parte garela kontura gaitezen». Eta 1967.eko maiatzaren 16-an, Idazleen Elkartearen aurrean gogorki salatu zuen «zentsuraren aldetik literaturak duen menpekeria».

Honela ikusi dute askok Soljenizyn. Eta horregatik goratzen dute. Beste askok ere goratuko dute, baina ez horregatik. Atxakia honetaz baliatu nahi lukete, beren etsai* den Rusiaren kontra hitz egiteko. Baina hau ez da leialki jokatzea, ez baitute horrela Soljenizyn defenditzen, beren interesak baizik. Kritikak eta kritikak bereizten jakin egin behar dugu, beraz*.

Gu Soljenizynen alde gaude. Soljenizyn asko dago bazterretan. Soljenizyn, idazle baztertua izan da. Idazle baztertu asko dago bazterretan. Idazlearentzat (gizonarentzat) «disko gorri» gutiago eskaten ditu Soljenizynek. Euskal idazleok ere horixe berori eskatu nahi dugu.

Soljenizynek 1969.ean bezala, guk, 1970.ean eta beti, «Itsuen gidari itsuei» esan nahi diegu: «Garrasi eginez, Pasternak baztertu zenuten garai haiek amaitu dira». Horixe nahi genuke behintzat.

JOAN MARI TORREALDAI

dezakegu, daikegu

diegu, deutsegu

gaude, gagoz

lukete, leukee

zenuten, zenduen