ANAITASUNA

200 zenb. 1970

1970.eko hazilaren 30 ekoa

Jardin Txikerra, 1 BILBAO-12


«ANAITASUNA BIZKAIA»

Zuzendaria: Anjel Zelaieta Gisasola

Idazkola ta banakola: Jardin Txikerra, 1 Bilbao (12)

D. L.: BI - 1.753 - 1967

Imprimatzailea: Imprenta AMADO. Bilbao.

Irarlea: RALI, Bilbao.


[Olerkia]

Ni bizi naizen lurrean

ez dago

antzinako denboretako

oroigarririk,

ez dago marmolezko jauregirik

eta gizon zuhurren

irudirik.

Hemen,

ni bizi naizen lurrean,

jendeak egunero lana egiten du,

eta oraindik

egunsenti eder bat

espero dugu.

Hemen,

gure lurrean,

gure lurraren babesean.

X. LETE


Herriz-herri

Bilbo

Zuzendari berria

Bilboko Herri Irratiak zuzendari berria dauka. Bere izena: Jose Migel Azpiroz, nafar apaiza.

Pozarren ikusten dogu aldaketa hau, kontuan harturik, aurreko zuzendaria, Ramon Gaviña jesuita, euskerarekin txarto portatu zala. Beronek, zuzendaritza hartu ebanean, euskal emisio guztiak kendu zituan.

Bilbo izena jarri dot goian, baina dudan egon naiz zein izango lizateken egokien: Bilbo ala Bilbao.

Izen geografikoetan (ortografian, aditzean* eta beste hainbeste gaitan legez) izugarrizko anarkia dogu. Honetan ere, batasuna beharrezkoa da. Ea Euskaltzaindiak, Villasante jauna buru dala, ahal dan arinen eroaten gaituan batasun oso batera.

Musika eskola berria

Deustuan musika eskola berri bat zabaldu da, Albiñana kalean. Bere zuzendaria Zorion Egileor izango da, euskal kantu berriaren arloan hain ezaguna dana.

Kolejioak

Bilboko kolejio batzuetan, fraileenetan (monjak «erre tan erre» jarraitzen dira euskera despreziatzen) euskera sartu dabe.

Ekintza on hau behar dan indarrarekin txalotzeko, itxaron daigun, euskera noraino erabiltzen daben ikusi arte, eta zelako balio ematen deutsoen.

Guk ez dogu euskerarentzat limosna bat eskatzen, justizia baino.

Urtain

Urtainek galdu eban, eta ni poztu egin nintzen. Ez dakit zergatik, baina nire bihotzak horixe sentitzen eban.

Eta gehiago poztu nintzen, Cooper burrukalariak buruan jarri eutsoen txapela gogoz eta arretaz* gordetzen ebala ikusi nebanean. Dana sinbolo bat.

«Pueblo» egunkaria

Entzun dogunez, Madrileko «Pueblo» egunkaria, bere Bilborako edizioan, euskeraz idazten hasiko da. Lehenengo euskal textoa hazilaren* 10ean argitaratu zan.

Idazleak, ANAITASUNA-koak izango dira. Bilboko egunkariak ez dira oraindino euskeraz idazten hasi.

Uste genduan, Bilboko Herri Irratia* laster hasiko zala euskeraz egiten; baina penaz ikusten dogu egunak aurrera doazela, eta gure hizkuntzak ez daukala lekurik Herri Irratian.

Baina hara nondik, gutxien uste genduanean, itxaropen baten argia ikusten dogun: Bilboko «Radio Nacional» ekoak ANAITASUNA-ra etorri dira, egunero ordu erdiko euskerazko emisioa eskaintzera.*

Egun honeetan hartuemanetan gabiltza eurokaz, eta uste dogu, ANAITASUNA-ren ale hau zuen eskuetara heldu orduko, Radio Nacional-ek euskerazko emisio hau eukiko dauala.

XABIER GEREÑO

Munitibar

Euskerazko dotrina

Lehengo batean esan genduan legez, apaiz berria dogu herrian. Lehen, hagatik edo honegatik, euskerazko dotrina barik egozen umeak.

Maistra biak euskaldunak ditugu, eta maisua erdalduna. Maistrek nahi balebe, euskeraz irakatsi leikee erlijioa, legeak horretan ostoporik ipintzen ez dau eta.

Horrez gain, Don Jesusek ekingo ote deutso euskerazko dotrina emateari?

Gabonetako teatroa

Batzuetan, Gabon bueltan, teatro lanak ikusi ahal izaten ditugu Munitibarren. Edo herritarrek edo kanpotik etorritakoek eginak. Aurten izango ote dogu horren aukera ederrik? Ea, bada, gazteak!

ERRAMON GERRIKAGOITIA

Mendata

Beste herri batzuek bezala, Mendatak ere ba dau bere zaindaria: Mikel goiaingerua. Ohitura dan legez, urtero hiru eguneko jaiak hartzen ditugu, lanak eta ardurak alde batera utzita. Jaiok herriko gazteek eraturik izan ziren, baina laguntza ere izan eben.

Lehenengo egunean, eguraldi ona izanik, jendea ugari izan genduan. Meza nagusia oso ederra, herriko kantariak abeslari zirela. Ondoren, Gernikako «Elai Alai» dantzariek alaitu eben eguerdia. Iluntzian, erromeria bitartean, Jaien Erreginaren aukeratzea izan zan. Hurrengo egunetan ere ba ziren zer ikusiak: umeen jolasak, pelota partiduak eta, umorerik galdu barik, azken egunean Jantzi Apainen Sariketa. Errepetizio egunean, Dantza Sariketa, Zarrabentako enparantzan.* Eta ikaragarrizko erromeria, jaiei amaia emanez.

Alegratzen gara, gure herria aurrerapen bidetik doala ikusirik.

OKERKA

Durangoaldea

Durangoko arte-geletan, Ibarrola pintorearen kuadro erakusketa bat egon zan joan dan hilabetean.

Elorrion, abenduaren 13an Santa Luzia eguna ospatuko da Iguria hauzunean. Baita Mugarra haizpean dagoen hauzunean ere.

Durangon, abenduaren 20an, herriko «Txoritxu Alai» koek antolatuta, umeen III. Gabon Abestien txapelketa egingo da. Lehengo urteetan Bizkai guztirako egina izan da txapelketa hau. Aurten gure eskualdeko* haur taldeentzako bakarrik izango da. Txapelketa honen arauak honeek dira: Talde bakoitza 15-20 umerena izango da. Maila bi egongo dira: 8 urtetatik beherakoak eta 8 urtetatik 12 urtetarartekoak. Gabon kanta bi abestu beharko ditue: bata «Birjina Maite», eta bestea bakoitzak aukeratua. Ondoen jantzitako taldearentzat, sari berezi bat egongo da, joan gura dozuenok, jakin sarrera ez dala ordaindu behar.

1.400 telefono gehiago ipini ditue Durangon.

«Gerediaga» elkargoak* antolaturiko Euskal Liburu ta Diskoen V. Azokan euskeraz eta erderazko liburu hoberenei ematen jakezan sari tan aipamenak hutsik gelditu dira. Zergatik? Euskerazko liburu bat eta erderazko bi baino ez ziren heldu sariketa honetarako.

Tabirako eliza Bizkaiko zaharrenetarikoa ei da. Hilabete batzuk direla, elizpe zati bat jausi zan zaharraren zaharrez. Hau dala ta, eta batez ere dana arriskuan egoelako, zutik egoen elizpe zatia eta ondoko baserri etxea berriztatu egin ditue. Eliz inguruak apaintzeko asmoa ere ba ei dauka Udalak,* jendeak atseden toki eder bat izan daian.

Euren barreneko kristau eraginari jarraituz, eskualdeko 80 lagun inguru bildu ta sartu ziren Durangoko Jesuiten elizan hazilaren* 14ean. Barruratze honek, Burgosko gartzelan epaia itxaroten dagozenakaz zerikusia eukan. Larunbat* gaueko 8etatik igande goizeko ordu batetararte iraun eban.

Abenduaren 1ean, Guridiren «El Caserío» antzerkia Durangon antzeztuko daben zurrumurrua entzun dogu.

Durangoko «Astarloa» zortzikoteak izena eman dau, Arrasateko* «Danok» jakintza elkargoak antolaturiko Zortzikoteen V. Txapelketarako. Gasteizen abenduaren 6an egingo dan lehenengo saioan abestuko dau. Saio honetaz gainera beste bat egongo da Iruñean 13an, eta azkena Arrasaten bertan abenduaren 20an.

Hazilaren* 16an, kursillo bat hasi da Durangoko Jesuiten ikastetxean, eskualdeko alfabetatze kanpainaren lehenengo mailarako maisuak prestatzeko.

JOAN ANTONIO AROMA

Zornotza

«Zornotzako Gaztedia»k lortu ahal izan dau faltatzen jakon legetasuna; apaizek proposatutako «club parroquial» baten bidez. Holan hasiera eman jake euskeraz ikasteko eskolei. Ezin esan geinke, harrera ona euki dituenik, baina bai beste urteetan baino jende gehiago behintzat.

Herriko pelotatokia Federaziokoek hartu dabe euren ardurapean. Aurrerantzean bertan jokatu nahi dabenek 100 pezeta orduko ordaindu beharko ditue; eta 200 pezeta, argia biztuz gero. Herritarrek ehuneko hogeiren beherapena dauke. Berriro ere, non jokatzeko leku barik geratuko dira mutikoak. Bestalde, esku pelotan ikasteko eskolak Akarregi pelotariak emango ditu, hemen hazitako gazteak profesionalismora joan daitezen.

Abenduan dira urte bi, bertoko lau gazte gartzelan sartu zituela. Orain arte ez ditue epaitu.

Hazilaren* 14eko larunbat arratsaldetik igande* eguerdiko ordu batak arte, 120 lagunetako gizatalde bat egon zan Andra Mari elizan sartuta. Meza guztietan irakurritako agiri batean azaldu zituen gelditze horren arrazoiak.

LEUNGANE

Azkoitia

Garaia ez ahal da?

Herrixka xelebre honetan ba ditugu oraindik herri kulturaren oinarririk sendoena haintzakotzat hartzen ez dutenak: Merzedarioak.

Jainkoaren eta beren kongregazioaren izenean, presoak askatzera eta laguntzera etorriko ziren noski; baina ondorenak bestelakoak dira. Jakin bezate, bai haiek eta bai haiei ateak zabaldu dizkietenek, ez gaudela ados herri kulturaren zapalketa honekin. Ikus egoera hau nola gertatzen den:

- mutikoek, ikastaldietan, erderaz entzuten dute; hitzik ere ez euskeraz.

- euskeraz hitz egiteak, nahiz eta errekreo garaian izan, amonestazioak dakarzkie. Eta hau presio gogorra da zortzi urteko eskola mutil batentzat.

- asteroko mezak erdera hutsean egiten dituzte. Eta honi buruz esan dezagun, meza entzule gehienek euskeraz dakitela, eta hitz egin ere bai.

- fraile hauen artean ez dago bat ere euskeraz dakienik. Ez dugu uste, Madrilen euskera irakasten hasi litekeenik.

Hala ere, hemen umeei erdera hutsean jardutea eta han euskeraz, gauza berdintsuak direla uste dugu. Beraz*, proposamendu bat gizon hoiei: Euskeraz ikas ezazue, kulturaren alde lan egin nahi baduzue. Edo, gutxienez, irakasle euskaldunak bila.

Laugarrena

Lehengo hirurak nahikoak ez bailiren, ireki berria dute laugarren datza tokia. Ikusten dugunez, ez dira gutxi esplotazio bide honetatik ateratzen diren txanponak.

Mesedez...

Herriko "Caritas"en agerkariak honela dio: "Pero ¿es que puede ser vasco con plenitud quien rechaza al Dios, al Cristo de nuestros antepasados? El ser vasco no está solamente en hablar euskera, o en disponer de unos apellidos. Hay una forma peculiar vasca de creer, pensar y obrar que nos distingue a los vascos de las gentes de Madrid, Moscú o Pekín tanto o más que nuestra lengua y nuestros apellidos. Sin esta peculiaridad espiritual, tan vasca como la sangre que llevamos en nuestras venas, no hay quien pueda ser enteramente vasco. Un vasco sin Jaungoikoa, sin Cristo, es un vasco mutilado: es lo menos que se puede decir." Mesedez, non da zentsura?

Beste soluziorik ez

Ez dakigu zenbat diren, baina jo dezagun 100 neska direla herrian lanik gabe. Baina, ez bildur izan. Honek soluzio bat dauka. Madrilen, Bilbon eta beste hiriburu askotan egiten dutena: "mujeres-policía" ipintzea.

LAUROK

Txori Herri

Euskaltzaindiaren babesean, alfabetatze kanpaina bat eratzen ari* dira Txori Herri aldean. Kanpaina honen helbururik* behinena monitoreak gertatzea da, gero monitore bakoitzak bere herrian eskolak eman ahal daizan. Hazilaren* 10ean hasi dira, Derioko apaizgai etxean.

Derion euskal giroa hilik dago. Ehunetik laurogeitamar, erdaldunak dira; eta dagozen euskaldunek ez dabe euskerarik erabiltzen.

Hazilaren lehenengoan, jendea ugari etorri zan hona, Bilboko kanposantua hemen dago ta. Bakoitza bere hilobia hauzokoarena baino dotoreago hornitzen arduratzen da. Hau bai faltsukeria! Akordu haundia dauke, ba, hildakoek loreena!

Zamudion euskaldunen seme asko dira, baina euskaldun gutxi. Hemengo apaizak New Yorkeko Empire State-ri konpetentzia egitera doaz, eta horretarako elizaren torrea altzatzen ari dira. Kalefazioa jartzeko asmoa ere ba dauke.

Lezama aldean ez lizateke hain gaitza izango euskaldun giro bat sortzea. Baina baten batek eman behar dau pauso bat aurrerantza. Frontoi eder bat dago, baina ez da inor ausartzen* ezer egiten. Pelota partiduak, abesti jaialdiak, antzerki taldeak agertzeko ez dago leku egokiagorik.

Larrabetzuan ba dago oraindinokarren euskal kutsu* bat, ez askorik, baina zeredozer bai. Nesken artean dago hutsik haundiena. Nekazariak une txar batetan aurkitzen dira: apatxartekoa* zabaldu da. Jesus Naberaneri zorionak bidaltzen deutsaguz bere urtebetetzean.

M. A. LEKUE

Zornotza

Izan ere, penagarria izan jaku ahoz aho ibili dan eta aldizkari ta egunkariek ere zabaldu daben berria. Ama Birjinaren koroea egertu dala.

Alaitasuna koroe-minez bizi izan direnentzat. Ez da gutxiagorako, nahi izan dabena eskuan dabe ta. Baina beste hainbeste edo gehiago poztu dira koroe zale ez direnak ere. Honeek ere ba dabe horretarako arrazoi sakona: herri guztiaren aurrean argiro azaldu da, koroe ezkutatzaileak ez direla izan ez lapurrak ez Ama Birjinaren etsaiak. Batzuk eta besteok, nahiz eta bide ezberdinetatik, gertakari* berberari txaloak jotera heldu gara.

Mingarria batzuentzat behintzat

ANAITASUNA-ren azken aurreko zenbakian Larrako Prioreak dinozanak, gehienak behintzat, onartu ezinak dira, hainbat irakurleren artean. Hona hemen arrazoiak:

Lehenengoz, esan ez doguna ezartzen deuskula uste dogu: Eliz teilapeko karidade ta limosna, danen kondenazioa. Guk, ostera, agirian jarri genduan: "sarritan". "Beti" ez, "gehienetan" ere ez, "sarritan" baino. Egunero 10 eta 12 ordu ta gehiago gure baserrietan eta fabriketan lanean diharduenen karidade ta limosnak kondenatzeko, benetan txotxolotuta egon behar da. Ostera, txotxolokeria bat ezartzea ez ote da irtenbide erraz bat, baina ez gizontsua?

Beste arazo bat da, karidade garbi honeek norantza zuzendu behar lirateken. "Zergatik zatoze —dinozu— elizara, ikastolentzat eta barrukoentzat limosna eske?" Eliz teilapeko karidade ta limosna danak, esan dogun legez, ez ditugulako kondenatzen. Baita egoera gorrian dagozenen alde limosna egitera ta eskatzera beharturik gagozelako ere: egin eta egin arazi lehen mailako beharrizanen onerako. Baina, arrazoi berdinez, hain premiazko ez diren asmoetarako, batez ere premia gabekoentzako, gure ustez behintzat, artezena da ez ematea, eta zailago egitea "bakoitzak bere gogoko urrea eman deion", nahiz eta koroea egiteko izan.

Onartu ezina jaku beste hau ere: "Lapur izan nahiz ez izan, limosna egitera beharturik gagozela guztiok". Justiziaz itzuli beharrezkoa dan lapurtutakoa limosna moduan onartzea ez ote da konplizidade bat?

Inor ez garela dinozu, zer norena dan esan ahal izateko. Itxuraz, zeu izan ezik besteak esan nahi izan dozu. Ze, jarraian, dinozu: "...euskera batuaren aldeko... "liberatuek" ez ahal deutsoe inori izerdirik ateratzen?"

Predikatzen deuskuzuna: "Bideak... izan daitezela garbiak eta satorkeria ta demagogia bakoak". Holan ote da zeuk dinoskuzuzanetan?

"Koroatzea ez da Ama Birjina aberasteko, kristauen konfiantza sendoagotzeko baizik". Baina mundutarren apainkeria batek sendoagotu ahal dau Andra Mariaganako konfiantza. Errotik arakatuz* gero, ez ote da ideia horren barrenean klasismo bat gordetzen. Ez genkian, eukitsuagoa izateak konfiantza gehitzen dauanik. Ezta Ama Birjinari ere munduko eukitsuen antza eman behar jakonik.

"Inguruetako pobreak ugari ere ugari etorri ei ziren jai hareetara. Eta, hain zuzen, koroea ta koroatzea ikustearren eta Amari eskari beroagoak egitearren". "Pobreak" ez zirenak ere berbertan egon ziren eta, egoki da eurokin ez ahaztutea.

BARRESKI

Mungialdea

Txerri bodak

San Martin eguna oso ospetsua da, txerri hilketa eta osteko «txerri bodak» direla ta, batez ere gure eskualdean*: bai Atxurin, bai Laukinizen, bai Fikan, eta bereziki Arrietan. Hemen elkartu zan jendearen jendea azkenik bakoa izan zan. Oso giro alaia eta jatuna egon zan, baita euskalduna ere, tonbola, orkesta eta beste zerbait izan ezik. Jateko arlo horretan bezala, beste gauza askori erantzuten bagenki, beste maila altuago batetan egongo ginateke.

Keari ihes egiten

Hasiera batean, zurrumurrua bakarrik izan zan. Baina orain ofizialki agertu da, Bizkaiko burgesiak gure eskualdeko lurraldeetara joko dauala, keak eta langileak Ibaizabal arroan* or konpon utzirik.

Portu haundia egingo danez gero, Neguritarrak eta euren motakoak hasi dira Laukiniz eta Unbe aldetik proiektoka. Gai ederra, azterketa polit bat egiteko.

Ohar bat nire eskualdekoentzat

Nire azken kroniketan ez dot nahi izan, ezelango problemarik sortzea. Sortu badira, eta inori min egin badeutsat, sentitzen dot. Horregatik, zerbait kontrakorik inork badau, idatzi dalala orri honetan, ANAITASUNA-k ateak irekita ditu ta.

I. J.


Konformismoa

Gaurko zibilizazioaren gaitzik haundienetako bat "konformismoa" dela esango nuke nik, hemen ez ezik, esan beharrik ez, bai eta mundu zabalaren bazter eta herri askotan ere.

Uste dudanez, honako hau da oraingo historia-mementoaren ikurra, seinale ta marka nagusia: "maioria isilaren" gibelaundikeria, menpekeria, eta serbilismoa.

Agiriko sailean, gizarte sailean, besteek sufritzen dituzten bidegabe ta zuzengabeak isil isilik ikustea, egoera zuzentzeko ezer egin gabe. Nork bere interesak besterik ez begiratzea, zuzengabeen kaltearrak* besteak dira ta. Horixe da hemen "konformismoa" deitzen duguna. Maltzurkeriaren aurrean, ez entzun eta ez ikus egitea, "ni nahaspilan* sar ez nazaten".

Norbait honela mintzatzen da: "Nik ba dakit, zenbait* okerkeria han hemen egiten direla; baina hoik zuzentzea ez dagokit niri, niri kalterik egiten ez dautatenez gero. Beraz, zertarako sartuko naiz istilutan*? Nik ba dakit, horrelako egoera edo legea ez dela zuzena, herriaren ona haintzat hartzen ez duelako. Baina herriaren jagolea* izanen* naiz ni ala?

Gaitz hau herri guztietan aurkitzen da, batez ere kidetzeko elkar libertaderik ez daukaten herrietan. Konformismoa etsipenaren* semea izaten da batzuetan. "Beste herrikideen laguntzarik gabe —dio norbaitek— nola ihardukiko dut nik, soil soilik, maltzurkeriaren kontra? Ez dago ezer egiterik. Bakoitzak berea begiratzea da onena. Ni ta neure etxekoak ondo bizi gara orain: telebista ta dena daukagu etxean. Sekula ez gara bizi izan honelako komodidadeekin. Utz ditzagun besteen problemak, berek konpon ditzaten".

Penagarria da horrelako elerik* entzutea, baina halakoxea da gehienen pentsa moldea.

"Konformismoaren" kausa ez da bakarrik kidetzeko libertadearen falta. Beste motiborik ere ba dago, bai; eta hauen artean ez da txikiena teknikaren aurrerapena, nahiz eta itxurarik ez izan.

Teknikaren aurrerapenak teknokrazia ekartzen du berez, eta honek eskatzen du, hain zuzen, gizarte eginkizunak teknikalarien eskuetan uzteko.

Bestalde, teknikak, nahiko familiarentzat behintzat, "confort" delakoa ekarri du. Honek abantail* asko ditu, dudarik ez; baina kalte batzuk ere ekarri ditu. "Confort"ak bizi gozoaren guraria sartzen dio gizonari barnean. Eta gozo hori ez galtzeko, prest gaude maizetan*, bidegabeen aurrean begiak ixteka.

Ipuinik, exenplotzat, hona ekartzen uzten bazait, oroitarazi* eginen* dauzkizuet, dakizkezuen* gazta barreneko saguaren egiazko historia eta oilategiko oilo baten tragedia.

Sagu hura gazta* barrenean bizi zen, goxo goxo. Kanpoko burrukak, lanak eta nekeak ez ziren bereganaino ailegatzen, eta bost axola* zitzaizkion. "Hau bai bizi ederra, gazta barrenekoa!", esaten omen* zuen sagutxoak. Baina, egun batean, jan eta jan, gazta amaitu egin zen, eta, koitadua agirian gelditurik, katuak harrapatu eta jan egin zuen.

Beste ipuina honako hau duzue. Oilategi batean oilo gazte harroxko bat hala mintzatzen omen zen: "Oilategi honetan ondo baino hobeto bizitzen da. Ugazabak janari-edaria egunero prestatzen du. Dena daukagu txukun txukun, gelak ere ondo atonduak eta garbituak. Zer nahiago nahi duzue, umetxook? Batzuk marmar ari* direla ba dakit, ugazabak noizean behin oiloren bat hartu eta jan egiten duela esanez. Zer egingo dugu, bada? Heriotze ordua danoi heldu behar zaiku. Jainkoari gomenda, eta kitto. Besteren zoritxarraz oroitu gabe bizi gaitezen alai eta pozik, jauregitxo polit honetan". Baina arratsalde hartan. bertan ugazaba etorri zen, berritsua harrapatu eta sutegira eraman zuen, egosteko. Alferrikakoak izan ziren haren kakarakak, heriotze ordua heldu zitzaion eta.

Eta nik gauza bat pentsatzen dut, alegia: baldin norbaitek nahi badu, mundu honetan, Jainkoaren irudiak garen gizasemeok sagua nahiz oiloa bezala bizi gaitezen, ni ez nagoela konforme.

KARLOS SANTAMARIA

dautate, deuste

dauzkizuet, deutsuedaz

ditzagun, daiguzan

ditzaten, daiezan

gaude, gagoz

nazaten, naien

zaiku, jaku

zait, jat

zitzaion, jakon

zitzaizkion, jakozen


Ipar Aldetik bi Berri

Ipar aldeko euskaldunetan ere ba dira euskal kulturaren alde lan egiten dutenak eta Euskal Herri osoan sail horri buruz zer lan egiten den dakitenak. Hala nola, zenbait* denbora honetan, atsegin haundirekin irakurtzen dugu ANAITASUNA; eta iruditzen zaiku, ez bakarrik Bizkaian baina beste probintzietan ere, gero eta arrakesta* haundiagoa ukanen* duela.

"Ipar aldetik bi berri" sail hau egun* hasten dugun bezain* segurki iraun dezala luzaz, Bizkaitarrek ere jakin dezaten, xeheki ez bada ere gain gainez bederen*, Euskal Herriko zati bat dugun Ipar alde honen berri.

Bi antzerki berri: «Noiz» eta «Roxali»

Bi antzerki agertu berri zaizkigu Ipar aldean eta biak Lapurdin. Bata, Daniel Landart-ena, "Noiz" izenarekin, eta bestea Larzabal jaun apaizarena, "Roxali" izenarekin.

"Noiz"ek, "Bai ala Ez"ek bezala. Euskal Herria du gaitzat hartzen, baina ez gisa* berdinean. Azkenik izendatu* honek, euskal politika zuen gehienik hunkitzen*; lehenak, aldiz, euskaldun neskatoek Parisen daramaten bizi esklaboena du aipatzen. Euskal Herritik Pariserat joan eta han zer bizimolde daramaten ikusiz euskaldun neskatoek, barnagotik sendiarazten dauku zein lazgarria* den gure Ipar aldeko herrien hustea.

"Roxali" deitu* antzerkiak, aldiz, Euskal Herrian berean ditu egitekoak. Ipar aldean, Hego aldean bezala, bi jendalde ba direla diosku. Bata lekukoa: euskalduna. Bestea, arrotz herrietarik etorria: erdalduna. Gehienetan, beti ez esateko, euskaldunak dira galtzetan. Baina kasu geroari, euskaldunetan gazte erneak agertzen ari* baitira.

Donapaleuko «Lur Berri» kooperatibak Baionan egin duen biltzarrea

Orain duela egun zenbait*, "Lur Berri" Donapaleuko kooperatiba laborarienak* egin du Baionan biltzarre bat, Ipar aldeko geroari buruz garrantzi haundikoa. Jean Errecart Lur Berriko lehendakariak eta Jean Villenave buruzagiak, bakoitzak bere aldian, garbi agertu dute nola, Ipar aldeko Euskal Herrian, herrialde kolonizatu baten sistimako laborantza eta hazkuntza* genituen. Zeren* eta laborariek eta hazkuntzalariek biltzen* dituzten uzta* eta emaitza guztiak beste herrialdeetarat eramanak baitira*, tokian berean behar denaz bestalde*. Oihu samin bat adierazi dute hemen ditugun industrialari ttipiei buruz, eskatuz laborantzako uzta-emaitzak tokian berean industrializatzeko indar bat egin dezaten laborarekin batean.

Orain duela hamar urte, gauza bera adierazi zuten teknikalari eta ekonomialari gazte batzuek. Orduan denak kontra zituzten. Orain laborarien buruzagiak hasi zaizkigu ideia horien zaintzen. Ederki! Berant* bada berant, hobe sekula ez baino!

Hego aldeko abertzaleek muntaturiko baratze* berotua

Ipar aldean denek ba dakite zenbat euskaldunek ihesi etorri behar ukan* duten, beren familia, etxea eta lana utzirik. Ainitzek*, hemen egon ondoan, alde egin behar ukan dute Paris alderat, Belgikarat edo Alemaniarat. Beste andana* batek, aldiz, gostatzen* dena gosta, deliberatu* du hemen gelditzea eta hemen lan egitea. Ez ditut denak aipatuko. Multzo bat bakarrik, Donapaleuko eskualdean* baratze berotu edo berotegi bat muntatu duena. Zazpi mila metro karratu estali dituzte eta joan den hilabetean landatu ehun ta hogei mila landare ondoz goiti! Horra Hego aldeko abertzale multzo batek zer exenplua ematen daukun gure etxean. On da kazeta* honen irakurleek jakin dezaten.

Euskera zertan dugun?

Euskera zertan dugun esatea ez da lan nekea, zeren* eta oraindik arras* toki gutitan erakatsia baita. Hala ere esan behar da, joan den urtean baino gehiago ikasle eta umek ikasten dutela euskera. Ikasi eta mintzatzen ote duten, hori besterik da!

Euskerazko ikasgaiak emanak dira. Hendaian, Donibane Lohitzunen, Baionan, Hazparnen, Uztaritzen, Donibane Garazin, Maulen, Kanbon. Horietaz bestalde*, hiru ikastola ba dira Lapurdin. Bata Arrangoitzen, bestea Baionan eta hirugarrena Donibane Lohitzunen.

Ipar aldean, euskera erakasle suhar* ainitzen* beharretan da. Agian*, heldu* den urterako emendatuko* dira.

GEXAN LANTZIRI

dauku, deusku

daramate, daroe

dezan, daian

dezaten, daien

genituen, genduzan

zaiku, jaku

zaizkigu, jakuz


Zerbait

Ni unibertsitario naiz. Lotsaz diot.* Eta nik bezala —ez buru harro, humil baizik— Bilbaotik hasi eta Iruñe, Zaragoza, Barcelona, Salamanca eta Madrilerainoko zenbait* euskal seme gaztek. Euskaldun mailan ez baitugu* hain izen gorenik merezi. Eta lehenik eta egiaz euskaldungoan merezi ez badugu, nongo zertan ote dezakegu?

Unibertsitarioak gara, bai. Baina, ETA GUK ZER? Galdera hau egin nuen behinola artikulu batean. Erantzunarekin nator gaur. «Zerbait» (nahiz eta guti) egina batugu.

Hogei unibertsitario bildu* izan gara Arantzazun: neska eta mutil, denok euskaldun; geuk euskeraz mintzatuz gainera, unibertsidadeetan geure hizkuntza irakatsi nahi dugunok; Bilbao, Iruñe, Donostia, Paris, Lovaina, Barcelona, Valladolid, Salamanca eta Madrilen gaudenok.

Hiru egunetan, eta egun bakoitzean, ordu bete beteak izan genituen. Goizeko bederatzietarik ordu batetara, Xabier Mendigurenen jardunaldia aditzari* buruz. Ordu batetan bazkaria. Ordu bietarik lau t'erdietara elkarrizketa: gure egoeraren azterketa kultur ekintzari buruz, zer ostopo genuen, zer elkartasun izan genezakeen eta zer erabaki har. Lau t'erdietarik sei t'erdietara Aita Villasanteren jardunaldia, «Jainkoa» izeneko bere liburua xehatuz*. Zazpietan afaria. Zortzietarik hamarretara berriro Mendigurenen irakasaldia.

Azken egunean Juan San Martinen hitzaldia: kulturaren problema, errebisio baten beharra, Euskaltzaindia.

Honetaz gainera, guk guztiok elkarrizketa labur baina interesgarri bat izan genuen fraile-etxeko mutil gazte eta ikasleekin, hauetariko batzuk galde-egile kezkati zirelarik, ala fede!

Interesgarriena, ordea*, gure bazkalondoko elkarrizketa izan zela esango nuke, benetan elkartua eta zehatza izan baitzen*.

Nahiz eta la guztiok gipuzkoarrak izan, hala ere, unibertsidade ezberdinetakoak ginen. Bestalde, geure arazoen ikuskeran bat gentozen:

Egiazko kultur lan batuari Herriaren aldeko iraultzarik* hoberenetarikoa deritzagu, besteak beste. Pentsaera honen barruan, estrategia guztiak onartzen ditugu. Horretarako unibertsitariook ere batasuna lortu behar dugu. Eta, unibertsitario bezala, ez dugu beste biderik, geure Herriaren egiazko unibertsitarioak izatea baino.

Amateurkeria ez dugu onartzen. Beraz*, profesionaltasun bidetik joan behar dugu. Sailean saileko profesional jakitunak eta sakonak behar ditugu: soziologo, ekonomista, hizkuntzalari, historiadore, sendagile, pedagogo, eta abar. Eta hau dena, debaldeko erromantizismoak alde batera utzirik, bakoitzari bere lanaren ordaina ahal dela emanez.

Baina, lehen lehenik, euskerak eta ez erderak izan behar du profesional guztien hizkuntza: «conditio sine qua non». Ezin gaitezke besterik ezer izan, euskaldun izan gabe: kondizio hau nahitaezkoa dugu, «unibertsalismo» faltsu eta saldu batetan erori* nahi ez badugu, zenbait* sasi-jakintsu bezala. Bizitzaren hauzi dugu hizkuntza: hil edo biziko hauzia. Beraz, Euskal Herrian, lanbide, profesio eta bizikera guztien gainetikako dugu euskeraz jakitea. Eta irakastea ez dugu hizkuntzalarien arazoa bakarrik. Arantzazun jakintza sail askotakoak bildu ginen, baina guztiok asmo berdinaz: unibertsitario lagunei euskeraz irakats diezegun gai izateko.

Aurrez esan beharreko bazen ere, orain esanen* dut: alegia*, Arantzazun egindako bilerak ez zuela berezko nortasunik, ez zela inongo mugimenduk eragina, eta ez zuela higidura* berri bat izan nahi, kezkaz betetako unibertsitario talde bat baizik, bere bide eta estrategiaren bila ari* dena.

Hona hemen hartu genituen erabakiak:

- Euskaltzaindiaren alfabetatze bulegoan* (Bilbaon) jartzen dugu geure batasun lekua bederatzi unibertsidadetan banaturik gauden Arantzazun bildutako hogei unibertsitariook. Bera izanen* dugu elkarren arteko eta Herrian gaur dabiltzan kultur mugimendu guztien lokarri. Gure arteko berriemaile, orri bat edo beste sor daiteke.

- Unibertsidadeetako geure euskal alfabetatzea ere, era berean, Euskaltzaindiaren babesean doanarekin lotzen dugu.

Aurrez, euskera gai dugularik, hizketaldi bat izanen dugu unibertsitario lagunekin. Hemendik sortuko dira ikasle taldeak. Talde hauetan ezin liteke inor sar, udan prestatu ohi diren hogei ta hamabost eguneko ikastaldi bietarik batera Joanen* dela hitza eman gabe.

Metodoa, Patxi Altunarena. Astean ordu t'erdiko hiru salo. Hasieran bakoitzari hirurogei duro eta hileko hogei eskatuko zaio, ahal baleza ordaintzeko.

- Profesio mailari buruz, gauza guztiz premiazko bat erabaki zen: alegia*, han-hemenka unibertsidade guztietan barreiaturik* gauden Euskal Herriko ikasle guztien izen-zuzenbideak, bakoitzak zenbat euskera dakien, eta zer ikasten duen jakitea. Inkesta* laburra izanen da, baina axola* haundikoa. Inkesta orria Euskaltzaindiko bulegoak bidaliko du unibertsidade bakoitzera, zer-nola egin adieraziz. Ahal balitz, Eguberrietarako* egitekotan gelditu ginen.

Hau dela ta, elkarren berri jakinik, zergatik ez ote lizateke posible egunen batean unibertsitario guztiok biltzarre nagusi bat egitea, sailean saileko jakintzaren berri emanez, eta sail bakoitzaren barruan egiazko jakitun bat gidari dugularik?

Utopia? Amets bat baizik ez dela? Ba liteke. Baina ez horrenbeste, gutako bakoitzak geure toki eta konpromisoa ongi betetzen badugu. Arantzazun hogei unibertsitariok hartu genuen hartu zenbait* konpromiso. Beteko diren ala ez, ezin esan. Ahalegina eginen dugula aitortzen dugu.

IÑAKI USABIAGA, Salamancatik

baleza, balei

dezakegu, daikegu

diezegun, deioegun

gaude, gagoz

genezakeen, geinken

genituen, genduzan


Euskaldungoa

Meza liburuxka haurrentzat

Lazkanoko zenbait* Beneditanok prestaturik, «Regina» editorial etxeak argitara eman berri dau haurrentzako* meza liburu bat, euskera batuan. Ale bakoitza 50 pezeta da. Eskatu: Padres Benedictinos, Lazcano. Edo: «Gordailu», Vergara, 21-3. San Sebastián.

«Diálogos sobre la separación y el divorcio»

Gasteizko Guraso Katolikoen Elkarteak eraturik, ezkontza hausteari eta dibortzioari buruzko hitzaldiak eman izan dira hazilaren 3tik 13rarte. Juan Angel Belda, Enrique Valcárcel eta Eugenio Beitiak zuzendu ditue mintzaldiok.

«Expoquimia 1970»

Kimikari ikutzen deutsoen produkto eta tresnen agerketa hau Bilbon ospatu izan da, hazilaren* 7tik 15erarte. Ez dau bizitasun larregirik izan. Beharbada, kimika eta inbestigazioak lotura haundia daukelako. Eta inbestigazioa, bai Bizkaian eta bai Espainian, eskasa da, ezaren ondo ondokoa ez esatearren.

Pasiotarrak euskeraren bidetik

Deustuko Pasiotarren komentuan, lau orrialdeko orritxo bat irtetzen izan da hamabostero, bertako albiste,* ohar, kristau irakaskintza eta horretariko gauza batzuekin. Ohi dan bezala, erdera hutsean izan da orain arte. Azken unada honetan, horregaitino,* euzkeraz idatzitako zati txikitxo batekin. Seglarrek esan dabe, ea euskerak zergatik gelditu behar dauan hondakinekin. Parrokiako kontseiluak euskeraz ere oso osorik ateratzea erabaki dau. Orain arte, lau ale atera ditue. Jarraigarri ederra beste kristau komunidadeentzat.

Jose Luis Alvarez herbesteratua

Hazilaren 2an eglndako karta batean dinoskunez, Frantziako agintariakandik jaso izan dau agindua, Tarnostik (Euskal Herriaren ondoan dagoen herri honetatik) irtetzeko, nahiz eta Frantzia barruan gelditu ahal izan. Aldizkari hau ateratzerakoan, ez dakigu esandakoa bete dauan, ala bertan gelditu dan.

Teatro berria haurrentzat

«Euskal Ikastola» izenburuarekin argitara eman dau Xabier Gereñok haurrentzako* antzerki bat. Ale bakoitzak 10 pezeta balio ditu. Eskatu: Xabier Gereño, Avenida del Ejército, 18 - Bilbao (14). Edo ANAITASUNA-ra.

Teologiazko eskolak

EUTG-ek eraturik, eta kulturazko instituzio horrek Donostian daukan etxean, teologiazko gau eskolak ematen hasi dira. Hona hemen gaiak eta hizlarien izenak: «El desafío de la fe», Ignacio Cacho. «El llamamiento de la esperanza», Alfredo Tamayo. «Cristianismo y sociedad en revolución», J. M. Llanos. «Nueva visión del pecado original», Luis M. Armendariz. «Historia y evolución de la penitencia», Ricardo Franco. «La teología de la muerte de Dios», Eusebio Colomer. Matrikulatzea 1.000 pezeta da, eta estudianteentzat 200. Irakasle edo maisu horreek erdaldunak dira, eta, beti legendiaren barruan, Elizaren tendentzia aurrerazalea agertzen dabe.

Artesanía vasca

Juan Garmendia Larrañagak erdal liburu berri bat argitara eman dau «Artesanía Vasca» izenarekin, «Auñamendi» liburu etxearen bidez. Hitzaurrea, hau ere erderaz, José Miguel Barandiaran jaunak egina da.

TATANA


Mundu biribila

Emakumeen eskubideak

Berriro jo behar dot gai hau: emakumearen eskubideak. Mito bat legez aipatzen da egunero gure gizarteko emakumearen egoera. Asko idatzi da aurten eta asko idatziko da oraindino, baina egia askorik ez da esango. Eskribu asko propaganda hautsa izango dira.

Lehengoan, Mari Anjeles Zarraonaindiak ere horixe egin eban: propaganda hutsa emakumearen alde, bera emakumea da ta.

Emakumearen alienazioa, gaurko emakumearen alienazioa aipatzen da. Alienazioa, Jainkoari eskerrak, ez da aurkitzen emakume askoren artean. Andrerik gehienak zindoak dira gure artean. Iritzi batzuk azaldu dira, hala ere, zera esaten dabenak, emakumea alienazio baten menpean dagoela eta alienazio hori gizonaren erruz sortu dala.

Iritzi guztiek merezi dabe gure errespetua; baina, gai honi buruz, berriro esan behar dogu, hainbeste alienaturik ez dala aurkitzen gure artean. Beharbada, alienazio gehiago dagoke* Estatu sozialisten menpean. Estatu horreek emakume eta gizonaren eskubide gutxiago onartzen dabelako.

Sozialistek, gaurko sozialistek esan gura dot, teorian eskubide danak onartzen ditue; baina praktikan, gure antzera edo gutxiago.

Emakumearen egoera

Mari Anjelesek idatzi eban lehengoan, gaurko emakumea gizonaren menpean dagoela. Ba leiteke. Baina andre asko euren eskuko dira leku askotan, eta beharbada gizon asko dago emakumearen menpean. Esate baterako, Bilbon, andre bat da alkate, eta beraren menpean milaka gizon dagoz. Arteagan ere berdin. Ubidean eta beste leku askotan ere beste hainbeste gertatzen da.

Lantoki askotan, emakumearen eskubideak gizonaren bestekoak dira. Lan berdinagaz irabazi berdina dabela esan nahi dot.

Gainera, lanarekin lana sortzen da; eta gizon eta emakume gehiago lanean ari* badira, lan gehiago sortuko da. Ez bildur izan, emakumeak. Berriketak alde batera utzi eta lanean hasten badira, edertoago biziko gara.

Emakumearen askatasuna

Orain asko ez dala, Ipar Amerikan, emakumeek, kalera irtenda, eskubide gehiago eskatu dabe. Eskubide horreen artean, ezkontza hausteko eskubidea dago. Orain Italiako legeak esango dau azkenengo hitza.

Amerikan, andre askok, umeak galtzeko eskubidea eskatu dabe, eta lortu ere bai New Yorkeko estatuan,

Askatasuna sistema guztietan lortu leiteke. Sistema batzuen barnean, beste batzuetan baino errazago; baina guztiek jartzen ditue behar diren kondizioak. Lortze hori bakoitzaren nortasunari dagokio, pertsonaren nortasunari; sistemari ez hainbeste.

Gizonaren askatasuna nahiz emakumearen askatasuna, nortasunaren ezagugarri berezia da, besterik ez: Nortasuna, gizon nahiz emakumearen berezitasuna, inork kendu ezin leikena.

S. LARREA


Mundu biribila

Beste Idazle Sobietar bat. Andrei Amalrik

«Efe» agentziak berri hau zabaldu eban aurtengo hazilaren* 12an: «Andrei Amalrik sobietar idazlea hiru urtetako gatibu* lanetara kondenatua izan da Moskun, 'Superbiziko ahal dau URSS-ek 1984. urtea?' liburuagatik».

Literaturaren munduko eta, batez ere, idazleen zirkuluetako gertaera eta esamesak* erakusteko leiho bat izan gura leuke ANAITASUNA-ko sail honek. Eta gaur egun, literatoen interesa biztuteko, gauza gutxi hobeagorik, URSS-eko berri ta albiristeak* baino. Rusiako literaturan jazoten diren gorabeherentzat antena emeak daukez Europako literatur zaleek. Rusian, izan ere, literatur girorik interes-garrienetako bat argitu da, azkeneko urteotan.

Idazle sobietarren arazoetan, beti dago literatura politikarekin bat eginda, Ez da gaitza horren arrazoia somatzea. Pasternak-ek Nobel Saria irabazi baina ezin eskuratu izan ebanean, idazleen oposizioa saritu zala esan eiteken, eta Kruschov-ek gogor eraso* eban. 1965.ean Mijail Solojov-ek Sari bera irabazi ebanean, URSS-eko idazle gazte askok deitoratu* eben «stalinista-zaharra koroatzeko» erabaki ha: Lydia Tschukovskaia poetisak batez ere. (URSS-eko idazlen artean, hainbeste deskontentu sortarazi eban Daniel eta Siniavski-ren kondenak. Solojov-ek ontzat eman eban kondena hori, eta, gainera, ikaragarri gogor idatzi eban idazle presoon aurka: «hiru bider gogorrago kastigatuko nituan nik»). Propio* politikaz ez diharduan literatura ere, politikarekin lotu lotuta dago URSS-en; eta idazleek hori ezelan nahi ez izan arren, askotan.

Andrei Amalrik bestela da. Idazle gazte hau jakinaren gainean sartu da politikan. Moskun kondaira-irakasle izandako idazle honen izena beraren politikazko saiakerek zabaldu dabe, batez ere. Drama-idazle ere ba da Amalrik, eta kondaira-azterketari legez lan egiten eban lehenago Moskun. Gero Siberiako deportazioan, urte bete. Eta handik atzera etorri zanean, hauzo batetan bizi izan zan, bere ogia kartero legez irabazten. Maiatzaren 21ean ostera ere kartzelara eroan eban poliziak. Andrei Amalrik 1938.ean jaioa da. Berak gogotik dinoan legez, ez Hitleri eta ez Stalini txalorik jo ez deutson belaunaldikoa* da bera, eta belaunaldi honen hitza entzun arazi gura dau URSS-en. Amalrikek ez ditu politika ta literatura banandu gura, apropos biak bateratu baino. Alde honetatik fenomeno berria dogu hau URSS-eko literaturan.

1969.eko ekainean* zabaldu eban Amalrikek bere inguruan eskandalua bere lehenengo politikazko saiakeragaz: «Superbiziko ahal dau URSS-ek 1984. urtea?» («Le Monde»ek atal batzuk argitaratu zituan). Hilabete batzuk geroago, bigarrena etorri zan: «Derrigorrez egindako ostera* bat Siberiara».

Andrei Amalrikek Rikardo Arregi gogarazten dau: gizartearen azterketari zorrotza, azterketak egitekoan begiak. ideologiaren bati saldu barik ari* dana. Gordintasun biziagaz azterkatzen ditu URSS-eko arazoak: oposizioa, askatasun falta, Txinagazko hartuemanak, etc. Eta ez ideologo eta ez sozial-moralista ez dalako, errealista eskeptiko baten zirrada* egiten deutso irakurleari. Inora bako impasse batetan ikusten dau Rusia.

Hiru joera aurkitzen ditu Amalrikek URSS-eko oposizioan: marxista, «egiazko marxismoaren» izenean sozialismoa ta demokrazia elkartu gura leukezana: kristaua, Berdiaev eta Soloviev-en tradizioan; liberala, mendebaleko* demokrazia formak hartzera iragan* beharra aitortzen dabenena (liberalen artean aipatzen ditu Litvinov, eta Sajarov atomo-fisikalaria).

Askatasuna gaizki dabil URSS-en, Amalriken azterketak erakusten dauanez (eta autoreari azterketa horrexegatik eman jakon kastiguak, haren azterketa egiaztatu egiten dau). Amalrikek dinoanez, URSS-eko Errejimena ez da Stalinen ondorenean bapere liberaldu, eta ez dauka liberaltzeko indarrik ere, bere barruan. Lehenago Stalinen pertsonari ematen jakon «Jaungoiko-antza» eta autoridade ahalguztiduna, orain Alderdi Komunistari ematen jako; eta fenomeno hau ez da, Amalriken begietan, astiro astiro urtuz doan izeberg politikoaren disoluzio bat besterik. Eta ez Errejimena bakarrik, sobietar gizarte osoa ikusten dau ustelduta. «Kristianismoa hartzeak Erromako inperioari hondamendia atzeratu bai, baina bere ezinbesteko azkena ebitatu ezin izan eutson legez, berdin berdin luzatu dau marxismoak rusiar inperioaren hondamendia, baina ezin izan dau berau ebitatu». Nahasmendu honetako problema haundienetako bat nazio-arazoena iruditzen jako Amalrikeri.

Etxe barruan hestuasunak direnean, kanpoan saltsa ta istiluak* sortarazi behar direla irakasten dauan jakituria politiko zaharra aplikatzen deutso Amalrikek URSS-eko Errejimenari. Eta Napoleon III.aren bonapartismoagaz konparatzen dau gaurko Buruzagitza sobietarra: URSS-en Mexiko, Ekialde* Hurbila* da; Napoleon III.aren Vatikanoa, Txekoslovakia; eta Napoleon hankaz gora bota eban Prusia, Txina. Amalrikek ez dau ahazten esatea, barruko buruhaustez apurtuta egoen Zarismoa ere, berak atzerrian sortarazitako katramilek* (Japonegaz gudua, Gudu Mundiala) apurtu ebela erabat*.

Errejimen sobietarra ez dala gauza uste dau Amalrikek, Txinaren eta URSS-en arteko gudua ebitatzeko: 70. urteetan hasiko dala gudu hori uste dau, bigarren erdialdeko urteren batetan.

JOSE AZURMENDI


Mundu biribila

Nazio kultura ta hizkuntza arriskuan

Artikulua idazten dudan egunean, Laporte ministroa hila, Cross beti preso: horra orain arteko kontua.

Odola isuraraziz*, Quebec-eko nazio arazoa mundu guziaren belarrietara iritxi* da... azkenik! Lotsagarria bada ere, egun hauetan irakurri dugu lehenengo aldiz: "Naissance d'une nation", nazio baten jaiotza. Ba dago odolik, ba dago beraz* problemarik... Lehenago ez bide* zegoen ez naziorik ez deusik*. Gauza bera behin eta berriz...

Hots, Dirassar lekondar* herrikideak egoki dion* bezala: "Jendetze bakotxak ba ditu bere eskubideak. Hori ahanzten* dutenak dira lehen lehenik hobendun*. Ez dezakegu onhets* Laporte minixtroa hil dutenen egitate higuingarria, bainan berdin hastio ditugu heien kontra Kanadako gobernu gizonek burrustan* hedatzen* dituzten mehatxuak*. Egiazko bakerik ez da zuzentasunik gabe; eta zuzentasuna da, denen eskubideak izan diten begiratuak*. Bertzenaz* ez ditake deus* onik" (HERRIA, urriaren 22koan).

Hortxe ditugu F.L.Q.koaren frutuak. Alde batetik, mundu bonetako bidegabekeriari eta zuzentasunik ezari buruz soraio* direnek, orain bai (aspaldiko partez!), orain ba dakite: Quebec-en ba dago nazio-zanpaketa bat. Bestetik, noski*, problemaz fitsik* ez ulertzen eta ez ulertu nahi ez dutelako, Laporte-ren hilkintzaz besterik ez dakusatenak: hauen ustez, funtsean*, gizartea ona da eta ongi da; eta bakea nahastutzen duten nazkagarri horiek dute denen errua: F.L.Q.koek, Vietnamdarrek, Jan Pallach-ek, eta irakurleak dakitzan gainerakoek. Hirugarrenik eta azkenik, Dirassar-en plegukoak* (eta ni neu ere hauen arteko) Laporte-ren heriotzatik at* ere gertatzen dena jakiten saiatzen direnak, hilkintzaren sustraia estalirik dagoela uste dutenak.

Quebec: lau milioi bizilagunetatik hiru milioi "frantsesdun". Baina Ipar Ameriketan, inglesez mintzo diren guzien kopurua harturik, bost milioi frantsesdun (hiru Quebec-en, beste bat Kanadan sakabanaturik, eta beste bostgarren bat U.SA.n), berrehun eta hogei milioi "inglesdun"en kontra (16 Kanadan, 204 U.SA.n). Ehunetatik bi t'erdi, beraz, arabera*. Azken eskualde trinko* bakarra, frantses hizkuntzaren aldetik, Quebec-ekoa (75 %), elebitzak edo hizkuntza-bikuntasunak ahultzen* hasi-berria bakarrik (ia denek dakite frantsesez, nahiz ez beti erabili).

Nork osatzen du Quebec-eko inglesdun 25 % hori? Ia denak kanpotik etorriak dira: "les nouveaux venus se dirigent à 90 % vers la minorité anglophone" (Léger).

Are* gehiago: lantegiak yankienak dira gehien gehienik; eta, noski*, Europan baino aisago* ere, inglesez hitz egiten da beretan. Hau dela ta, Quebectarren erdiak (eta gehiagok) inglesez irabazi behar dute beren ogia.

Zifra horiek (eta segidan emango ditugun beste batzuek) erakusten dutenez, Quebec orain hasi da atzerritartzen.

Kanadako 47 unibertsidadeetatik, 4 dira frantsesak (Montreal-ekoan bakarrik 20.000 ikasle). Orain dela zortzi urte, 81 liburu-argitaratzaile zeuden, osoki frantsesak. Frantsesezko aldizkariak ez dituzte falta Quebectarrek: 780.000 ale egiten dituzte egunean 12 egunkarik*; eta ba dituzte, horiez gain, 146 astekari (650.000 ale astean). Horrez gainera, urtean milioi bat dolar erabiltzen ditu Quebec-eko gobernu autonomoak, Frantziatik liburuak eta aldizkariak ekartzeko.

Quebec-eko irratiak* (26 postu) 126 orduz astean egiten du frantsesez; eta telebistak (14 postu) 98 orduz astean, frantsesez

Ez hori bakarrik. Ekonomiatik kanpo ezer inportanterik haintzakotzat hartu nahi ez dutenek ba dute oraindik zer harriturik, Quebec-en jendea oso ongi bizi bait da. Orain dela zortzi urte, hauek dira Pellerin jaunak eman zituen datoak.

Urte-etekina, "per capita": 1309 dolar.

Irratia: 96 %

Garbikailu: 88 %

Telebista: 81 %

Frigo: 92 %

Berebil: 52 %

Horra hor egoera.

Nondik sortu da etsipen*-kolpe hori? Erantzuna hau da. Quebectarrek beren nazio-kulturari eta hizkuntzari heldu nahi diote.

Hau dela bide, ez dute federalismoan sinesten (Quebec federazioko erresuma* bat da gaur). Kanada federala da, eta bimintzoduna. Pixkana pixkanaka, ordea, frantsesa erauzia* izan da administraziotik probintzia guzietan (Quebec-ekoan ezik): New Brunswick-en 1871.ean, Manitoba-n 1890.ean, eta Ontario-n eta besteetan oso gaizki dago, frantsesdunak minoria direlako. Hemendik urte batzutara, beraz*, Quebec-en gauza bera gertatuko da. Ez du hau F.L.Q.ak bakarrik esaten: gobernuko buruek berek (Daniel Johnson zenak berak, eta hau erresumako buruzagi zelarik!) gauza bera diote. Alegra*: Quebec-ek ez duela soluzio bat baizik: "indépendance dans l'inter-dependance". Alegia: politikaren aldetik askatasuna, eta ekonomiaren aldetik Merkatu bakar bat egin kanadatar inglesdunekin.

Batzuek ez dute hau guzia ulertzen. Jakina da.

Baina Nanterre-ko Unibertsidadean buruzagi izan zen Paul Ricoeur filosofoak, zibilizazioaz ari* delarik, egoki dionez: "cette lutte (anti-coloniale) n'était pas seulement motivée par l'exploitation économique, mais plus profondément par la substitution de personnalité que l'ère coloniale avait provoquée".

Hori da giltzarria*, ene ustez.

Nahiz nortasun-aldaketa hori zertsu ote den antzeman* ere ez egin gure arteko gizon "oeconomicus" temati batzuek...

LARRESORO

dakitza, dakiz

dakusate, dakuste, ikusten dabe

diote, deutsoe; dinoe

ditake, daiteke

diten, daitezen

zegoen, egoen

zeuden, egozen


Herri bat, hizkuntza bat

Aditz batua dela ta

Batasuna martxan dagoenik ezin uka. Lehen pausoak sendoki emanda daude, eta hauetatik ez dago atzera bihurtzerik. Ortografia, deklinazioa eta euskal hitzen jatortasuna (euskeratiko nahiz erderatikoak izan) duda gabeko gauza batzuk dira, batasunzale guztiok ontzat ematen ditugunak.

Orain hurrengo pausoa dator: aditza.* Honetan ere asko eginda dago, baina oraindio datiboen puntua gelditzen da guztiz erabaki gabe. Dakigunetik, bi jarrera* daude honi buruz idazleen artean: batzuek lapurtar formak hartu behar direla diote, eta beste batzuek gipuzkoarrak nahiago.

 Zeruko Argia-ren 400. zenbakian, aditz problema honetaz, Aita Patxi Altuna jesuitak korapilo gordiano hau moztu nahi ukan* du, Luis Mitxelena jaunaren hitzak haiztotzat* erabilirik. Baina, gure eritzi apaleon, korapiloa ez da ebaki behar, askatu bakio.

Donostian, egia da, Mitxelena jaunak bera pertsonalki gipuzkoar aditzaren alde zegoela esan zuen, baina ez linguistikazko arrazoirengatik, soziologiazko arrazoiengatik baizik. Gainera, lerro hauk firmatzen ditudan honek, eritzi haren zergatiak galdetzean, Salamancako irakasleak honela erantzun zuen: «Egia esan, hobe problema hori azkenerako utzi, oraingoz, beste errazago batzuk konpon baititzakegu». Alegia, segurtasun osoaz eta azken hitza bezala ez zuen eman.

Gogoragarri bezala, esan nahi nuke (agian* Mitxelenari aditzazko galdera hura egin zionak ahaztuta baitaduka), Batasunaren Kutxa-n agertzen den mezu* eta zin* horretan, 1971.eko azken egunean emateko zuela Mitxelenak bere azken hitza, aldez aurretik, inoren kausaz, giroa aurreritziz nahasten ibili gabe.

Dakigunetik, joan den urtean gure Errenteriko irakaslea bera ere lapurtar sistimaren alde zegoen. Aurten, ordea,* gipuzkeraren alde. Edozein intelektual bezala, eritziz alda daiteke, eta ni oso konforme nago horretan, sekula eritziz aldatzen ez den pertsona, batzuetan arrazoi osoarekin egon arren, maiz* fanatiko gerta baitaiteke. Beraz,* Mitxelenaren azken eritzia entzun arte, ez dezagun hibaia nahas. Eguna eta ordua etorriko da; eta orduan lemazainak* esanen* duena ofizialki hartuko dateke,* ez lehenago.

Ohargarria dugu, bestalde, nola idazle gehienok, bai bizkaitarrak eta orobat* gipuzkoarrak, akort eta ados gauden, lapurtar aditz sistima Gipuzkoakoa edo Bizkaikoa baino hobea delakoan, bai eta egokiago eta aberatsago ere. Larresoro jauna bera ere, gipuzkoarra izanik, argiro mintzo* da honetaz bere «Sustrai Bila»n.

Egiazko problema, ene eritzion, honetan dagoke:* zein lapurtar, klasikoa (derautzut - derauko) ala oraingo eboluzionatua (dautzut - dio)? Hau da egiazko problema, neronek ere oraindio guztiz argi ikusten ez dudana. Alde batetik sistima zaharra hobea eta ederragoa da, eta bestetik oraingo sistima hurbilago* dago jendearen usadiotik. Zein hobe? Linguistikaz erabaki behar bagenu, duda gabe, klasikoa lizateke hoberena, baina jendearen mintzairatik urrunegi ez ote dagoen beldur gara.

Lapurtar sistimaren aldeko joera hau, ordea,* ez pentsa atzo goizekoa denik, zeren,* oso oker ez banago, bai Federiko Krutwig eta orobat* oraingo euskaltzain burua ere aspaldian agertuak baitira* beronen alde.

Azkenik, linguista baten arrazoiak linguistiko izan behar direla uste dugu, apal apalik; politiko edo soziologiko direnean, zientzia hauetan maisu ofizialik jarri ez dugunez gero, guztiok esan baitezakegu zertxobait. Jakina, honela, Bizkaiko esaera zahar hark zioena, hots, «zitel zirola,* nok gudura aroa?» gerta ez dakigun. Edo ta, bat bakarrik joan gabe, guztiok joan gaitezen, onerako edo xarrerako pausoa buru gehiagoren artean pentsatuta eta erabakita izan dadin.

XABIER KINTANA

baitaduka, bait daduka, dauka ta

baitaiteke, bait daiteke, daiteke ta

baititzakegu, bait ditzakegu, daikeguz eta

daude, dagoz

dezagun, daigun

diote, dinoe

gaude, gagoz

zioen, inoan, esaten eban

zion, eutson


Eibar

Eibar euskalduna

Eibartarrari barrea franko eta adar jotze egin dio kanpotarrak, batez ere Tolosa eta Donostia aldekoak.

Erdal hitzak erabiltzen dituela, kaballua eta bentania esaten dituela ta, eibartarra beti adarra jotzeko motibu izan zaio adarjotzaile horri.

Hala ere, Eibarko euskera jatorra eta aberatsa da benetan. Kanpokoak ez dio inoiz haren forma eta mamiari barrerik egin, hitz soilei* baizik, erderatik harturik euskera barruan sartzen dituen hitz bakanei baizik.

Eibartarra ausarta* da benetan hizketan. Bere euskera indartsua da, bere pentsamena oso eibartar euskalduna. Horregatik edozein erdal gaitik jasotako hitzak bildurrik gabe sartuko ditu bere hizkeran. Baina, hori bai, euskeraz emango ditu, noski; erdal hitzak ugari izan arren, bere euskera bide dela, zernahi gai erabiltzeko kapaz da ta.

Eibartarrak, eibartar euskaldun jatorrak noski, ez du beste zenbait* herritako euskaldunek egiten duena egingo: hau da, erderara jo, nolabaiteko teknizismo edo erderatikako zailtasun bat sortzen denean. Eibartarrak bere euskeran irentsiko ditu hitz arrotz horiek, eta, guti gorabehera, diren direnez esango ditu.

Eibartarren zer hau ez da gaurko gaurkoa. Hona hemen, orain dela berrehun urte baino zerbait gehiagoko agiri munizipal bat:

 «Ordenanza munizipalak eusqueras, eleccinuetaracoz: 1. Jaunac, en resumidas cuentas, onec esan gura dabena da, ze estteila izan atrebiduba, da adelantauba, elejizera, Alcateric personaric, seiña baitta espada persona onrauba, Idalgua Aberaza, da Erraizac daucasana, da guison Abonauba da oficio Charric esttaucana, baita bere estteila izan oficialic edo oficialerik soldau danic, Erregue maggesttariaren errejimentuban serbicen dabenic estta bere idakortten da escribicen eztaquichanic eta bardin lottenbadau, alacoric, izangodabela, vimilla marabediren multia, da iaquinda egongella».

Agiri edo dokumentu hau luzea da, eta ez dut gehiago emango.

Bertako euskera ez da, zihurki, orduko oso osoa, zerbait kanpoko kutsua* nabari* baita. Baina, zenbait puntu printzipaletan, orduko euskera eta gaurkoa berdinak direla ikus dezakegu.

Hasierako «en resumidas cuentas» horrek eibartarren betiko nortasuna agertzen dauku behin eta berriz. Erderazko akta batetik jasota dagoenez, orduko itzultzaileak ez dio buelta askorik eman asuntu horri, eta indartsu iruditu zitzaion erdal zati hori zen bezalaxe ezarri zuen euskera barruan.

Eibartarrak ez du zenbait tokitan esaten den «eman naute» eta horrelako aditz* desegokitasun aldrebesik esaten. Bere okerra, oker baldin bada, erdal hitzak eta erdal esakera bat edo beste erabiltzea izaten da. Baina beti euskeraz ari* dela, euskeraz ari, bere nortasuna euskeraz benetan eta sakon indartua baita.*

Nork ez du entzun honelako adar jotzea: «Zuek eibartarrok ez dakizue euskeraz: hau da tienpua, hau da solaren kaloria, trigua maduratzeko».

Batzuek txantxetan esan ohi dute; baina beste askok, horrelaxe ari izaten garelakoan, benetan sinesturik. Ez dute, alajaina,* ondo ezagutzen eibartar euskera jatorra! Horrelako hitz jarioa erantsi nahi izaten daukute, baina jakin bezate ez duela inoiz eibartar batek horrelakorik esan.

Ba zen Eibarren (1877-1919) «Txikillana» izenordez deitzen zioten Akilino Amuategi, gizon jator eta lehen sozialista. Honek eman zituen Eibarren, Mendizabal zenarekin batean, Eibarko sozialismoaren lehen urratsak.* Grabatzailea zen, bandako musikalaria, kontzejala eta ez dakit nik zer gehiago.

Honen erderakada famatu eta jatorrak gaur arte ekarri dauzkigute ahoz aho geroko eibartarrek. Behin batean, honela esan omen* zuen mitin batean: «...banda munizipala kabezan dogula eta pueblo soberanua atzian...»

Barregura handia ematen dauku frase horrek; baina, euskeraz ari zenez, eta, dudarik ez, erdar irakaskintzak emandako kutsuz egina, txalogarria da. Ez zuen, jakina, erderara jo, ez eta burukomin asko hartu ere nola eta zela itzul euskerara, ez. Erderaz emanak zitzaizkion bezala eman zituen herrian bertan.

Ba zen ere Baskaran, «kura laiku» deitua. Sozialista porrokatua hau ere. Honela esan omen* zuen behin: «Ez dogu konprenditzen Eibarko patronuen tatika (taktika) rastrerua».

Erderakada dela? Dudarik ez dago, hemen ere, erderaz hartutako arau eta irakaskintzak eragina dela erdal kutsudun esakune hori. Erderatik jasotako terminologia bat ageri da, noski. Baina euskeraz hizketan emana.

Txalo ta txalo benetan Eibarrek izan dituen gizon haundi hauei. Herrikoiak, popularrak izan dira eta benetan maitatuak.

Ba zuten jakituria franko gizon hauek. Ez ziren txotxolokeriak esaten ari* izan, zentzuzko egia astunak baizik. Gaurdaino etorri zaigu Amuategi haren beste esakune sakon hau:

«Ondo aministratzeko, zintzuena apartau. Gero lapurra moduan zaindu».

Zenbait liburu ederretan ez da holakorik aurkitzen. Ba da zer pentsa hitz sakon horietan. Gaur alderantziz* dakusagu egite hau. Zenbat aldiz lapurrak hautatzen* diren administratzeko, eta gero gizon zintzo bezala lasai utzi!

Gaur berton, euskeraz bizi da oraino Eibar. Bai kalean, bai zenbait etxetan, bai lantegian. Lantegirik haundi eta inportanteetan honelako hitzak eta esakerak entzun daitezke: «Hi, horren engraniorren modulua bosta dok», edo «horri pieziorri angulu aguduagua emon bietsak (behar deutsak)», edo «gure pedidua debolbidu egin biajuagu (behar joagu), defetua ekarri jok eta», eta horrelako hamaika eta hamaika esakera.

Erderakadak direla? Bai, erderazko gauza asko dadukagu geure hizkeran; baina beti euskeraz emango ditugu. Ez gara erderara joango. Hobe ote lizateke honelako hau: «esto vamos a devolver, ha traido un defecto y?». Hau nonbait entzuten da, bai noski.

Eibartar zaharrek indartsu eman daukute beren euskera, eta guk indartsu eman behar diegu geure umeei. Literatura aldetik gogor joko dugu batasunaren alde; baina ez dugu geure euskera eibartarra, den bezala, ahotan erabiltzeko bildurrik izango.

Eibartarrak jator darabil joskera, ondo jokatua aditza, zoragarri hiketazko jokoa, bai gizonari eta bai emakumeari dagokiona, ugari esakerak eta aberaski zentzuak. Pozik emango nituzke adibide eta exenplo batzuk; baina, lan hau luza ez dadin, beste baterako utziko dut.

Gazteek, jakina, beste zenbait* euskal hiritan* bezala, oso kaskartua darabilte euskera; eta zaharrengandik gazteengana izugarrizgo aldea dago. Nork-norekiko aditz* jokoak gaizki darabiltzate gazteek, datiboa eta akusatiboa oker direlarik; trantsitiboak eta intrantsitiboak ere beren egokitasuna galduta zenbait puntutan; zentzu jatorrak erderazko kutsuz* jantziak, eta abar. Zergatik jarrai, gaur Euskal Herrian nonnahi gertatzen baita* gaibehera hau?

Euskera galtze honetan garbi eta labur eman zion erantzuna Turkua izenordez ezagutzen genuen plazentziar mandatari* harek, irakasle gisan,* eibartar gazte bati. Maltzagako errekan igeri egin ondoren, eibartar gazte bat oinez zetorren etxerantz, eta Maltzagako aldapan Turkuaren orduko kamioi zaharra ikusi zuenean, honela dei egin omen* zion Turkuari: «Zu, eruangostazu (eroango deustazu) Eibarrera?» Eta Turkuak lasai erantzun omen zion: «Bai, botaik (bota egik) gaiñera». Eibarren ohi izan denez, «eruango nozu» galde egin balu gazte harek, ez zen gertakari hau aipatu ere egingo.

Eibarrek aurrera jo behar du bere euskerarekin, oraindik euskeraz bizi da ta. Hitz jator eta beste zenbait herritan erabiltzen ez diren makina bat esakera bikain darabiltza eibartarrak. Gainera, beraren nortasun berezia ematen dio euskera horrek. Eibartarra euskeraz ari* denean, Txinan ari bada ere, eibartarra dela igartzen zaio. Baina euskera galdu duenari ez zaio, Eibarren bertan ere, igartzen nongoa den. Eibartarraren nortasun berezia bere hizkeran datza* gehienik.

Eibar, euskera gogorduna, euskera ozenduna,* euskera indartsuduna, aurrera! Aurrera geure euskera gogor horrekin, aurrera geure nortasun eta pertsonalidadea eman daukun hizkera horrekin!

Behin batean, Axula famatuari galde egin omen zioten: «Hi, Axula, nora oia (hoa) holako goix?» Eta Axularen erantzuna: «Txiri-txiri txara-txara txoritara Txarara». Hau da: Txara izeneko toki batera omen zihoan txori bila, baina poliki eta seguru, pauso galdurik eman gabe, «txiri-txiri txara-txara».

Guk ere, berandu izan baino lehen, geure «txiri-txirixan», pausorik galdu gabe, aurrera jo dezagun euskeraren alorrean* eta euskeraz biziaz.

Bai, euskeraz bizi gara oraindik Eibarren.

IMANOL LASPIUR

bezate, beie

dadukagu, daukagu

daitezke, daitekez

dakusagu, ikusten dogu

dauku, deusku

daukute, deuskue

dauzkigute, deuskuez

dezagun, daigun

dezakegu, daikegu

diegu, deutsegu

dio, deutso

nituzke, nituke, neukez

zaigu, jaku

zaio, jako

zihoan, joian

zion, eutson

zioten, eutsoen

zitzaion, jakon

zitzaizkion, jakozen


Eibar

"Euskeralagunak" kultura elkargoa Eibarren ofizialki eratua

Aspaldiko ametsa zanak, orain dala aste batzuk hartu dau gorputz. Joan daneko urte mordoan jardun izan dau hemen euskaltzale talde batek gure kulturaren aldeko lanetan, Rikardo Arregi gure adiskide ahaztu ezinak esaten eban "euskalgintza" isilean. Baina talde honen ahalegina ezertan maminduko bazan, ekintza indibidualen bateratze bat eta herriaren laguntasuna behar zituan. Horretarako, legez jarritako erakunde* bat behar zala pentsatu zan. Eibartar guztion laguntasunaz kontatu ahal izango eban erakundea, nahiz kolore bateko nahiz besteko, herri baten kultura talde politiko baten monopolioa ezin izan daiteke ta. Behar ziren pausoak eman eta gero, orain zorionez heldu da baimena. Esan beharra dago, asmo honen eragileek Udalaren* erraztasun guztiak izan dituela.

"Euskeralagunak" elkargoak*, gure kulturari, eta batez ere euskerari, indar berri bat eman nahi deutsoen guztiak batu nahi ditu. Ez dator elkarte hau, lehendik dagozenei konpetentzia egitera, hareek betetzen ez dituen hutsuneak betetzera baino, hareen lana osotzera. Herriko beste antolamenduekin —A.P.E., Club Deportivo, S.C.R. Arrate...— harremanetan eta batera nahi dau joan. Bai eta Euskal Herriko kultura instituzio nagusiekin batera ere, nahiz eta oraingoz Eibarren bakarrik lan egiteko izan. Popularra nahi dau izan. Herriaren zerbitzurako. Ordainez, eta bere asmoak lortuko baditu, herriko instituzioen, kultura elkarteen eta herriaren beraren laguntza eskatzen dau.

Zereginik printzipalena, ikastolen premia larriei erantzutea, batez ere diru aldetik. 252 ume dabiltza ikastoletan; maisu bat, lau maistra, eta lau andereño laguntzaileren ardurapean. Ikastolako arduradunen betebeharra, zoritxarrez dagoen deficit ikaragarria nolabait tapatzea da, beste egiteko garrantzitsuago batzutara lotu beharrean.

Bestaldetik, osteango* eskola eta ikastetxeetan ere nahiko lizateke euskera irakatsia izan daiten. Gauez ematen diren euskera klaseak, "alfabetatzea"... Hainbat gauza dagoz egiteko!

Elkarte hau martxan jarriko bada, herriaren laguntasuna beharrezko dau. Bazkideak behar ditu. Hona hemen jarri dogun helburua*: mila ta bostehun bazkide. Kuota txikiena, 25 pezeta hileko jarri da.

Igazko udan, "Eibar Kultura-Inmobiliaria, S. A." izeneko elkarte bat sortu zan, Eibarren kultura-desarrollorako premiazko diren inbertsioak egiteko dana. "Euskeralagunak" eta "Kultura-Inmobiharia"k osotu nahi dabe euskal kulturaren berbizte honen oinarria.

Eibarren euskera bizkortzea, gu danon eskuetan dago. Euskera, kultura hizkuntza bihurtzea gure eskuetan dago. Gure dirua ere bai, baina batez ere gure eguneroko lana eta ardura behar da. Gerta gaitezen laguntzera, bila daiguzan lehenengo mila eta bostehun bazkideok. Ahalegin honek, egon seguru, bere frutua emango dau eta.

Hona hemen zeintzuk izan diren baimen-eskabidea izenpetu dabenak, hasierako zuzendaritza-batzordea eurek osotzen dabelarik:

Lehendakari: Jose Garmendia Otegi.

Lehendakari ordezko: Martiniano Larrañaga Zubiate.

Idazkari: Andoni Idoyaga Ibarra.

Diruzain: Augusto Artamendi Okaranza.

Bokalak: Jose Maria Etxeberria Iraolagoitia (alkatea), Jose Luis Ugarteburu Arrieta, Enrique Franco Albizuri, Jose Antonio Garate Muñoz, Ramon Sarasua Gisasola, Serafin Basauri Arteaga, Jose Maria Kruzeta Alberdi, José Moina Flórez, Juan Egia Agirre, Inazio Balenziaga Ugalde, Tomas Urizar Irusta.

Danok ahalegintzen bagara, kultura loratze eder baten lekuko* izango gara. ANAITASUNA honetatik egiten dan dei honi esan deiogun BAI.

S. BASAURI


Eibar

Zuloaga 1870-1970

Aurten, Inazio Zuloaga eibartar artistaren ehungarren urteburua dogu. Bere arte lanari buruzko zerbait esateko, aukerako unea dala uste dogu, eta goazen zuzen zuzenean harira.

Zuloaga izango da munduan izen haundiena hartzera heldu dan eibartarra. Eta eibartar aldetik, beste zenbait zertzeladarekin,* lehenago ere emana dogu Eibar (25, 1959) eta Egan (4-6, 1962) aldizkarietan. Honegatik, oraingo honetan, nahiago dogu arte soilaren* aldetik bakarrik begiratzea.

Izan ere, asko ere asko diskutitu da Zuloagaren arteari buruz, eta oraindino asko diskutitu beharko da hain lan haundia eta hain ospe haundia hartzera heldu zan pintore honi buruz. Bere izena ez da berehalakoan* isilduko artearen kondairan.

Zuloaga, Bilboko «Artistas Vascos» elkartearen sortzaileetakoa zan 1911.ean. Hemendik ikusi geinke, gure mendearen* hasieretan sortu zan artearen euskal eskolari lotuta egoela. Baina, eskubidez bertakoa bazan ere, izatez ez. Izatez, beste bide batzuk urratu zituan: Etxebarria, Arteta, Olasagasti... eta kidekoengandik oso urruti ebiltzan bideak. Bakarti baina erraldoi* agertzen jaku; bere entzutea, munduaren lau aldeetara zabaldua.

Bere gurasoak ere artistak zirenez, jatorritik ekarren arte grina. Inongo eskolatara, inongo elkarte girora, ez zan inoiz menderatu. Aitagandik hartutako oinarriekin, ibiliaz eta ikusiaz hartu eban bere bidea.

Bere ikastaro nagusiak Parisen egin zituan, 1890.etik hasita. Gauguin-ekin oso adiskide egin ei zan, baina haren jokerarik ez eban hartu. Bai, lehen ikastaro haretan, inpresionisten era orokar* bat, gero, Espainiako klasikoak hobeto ezagutzean, nahikoa bazterturik erabiliko ebana, paisaje soiletan* edo izan ezik. Hori bai, irudiak beltz* sendoz inguratzeko era, Toulouse-Lautrec-engandik etorkiona, bizitza guztian erabiliko eban; baina Pissarro-ren jokerako koloreak eta egitura, Nere aita izeneko kuadroan garbi agertzen dana, esate baterako, betiko baztertuko zituan. XIX. mendearen amaieretan hain eratua egoen modernismotik ere edan eban; baina, denborak pasatuaz, geroago eta gutxiago agertzen jako joera horretakorik.

Espainiako klasikoak hobeto ezagutzean, euren joeretara bihurtu zan. Eta, honeen artean, kasik Velázquez, Greco, Ribera eta Goya izan ziren bakarrik. Ez dogu ahaztu behar, Parisko egotaldian, inpresionistengandik Greco behar dan legez ezagutzera heldu zanean, beste barik, Paristik Toledora bidean ipini zala, Orgaz Kondearen lur ematea ikustera.

Esan ditugunok maisurik hoberentzat hartu zitualako, Parisen ikasi eban eskolak atzera begira ipini eban. Eta, artean, estetika berrien sorketak daukan garrantziagatik, atzera begiratze hau dala ta, kritikalari asko jarri jakozen kontra, eta artistengandik zer esanik ere ez. Arteak bere historian zehar dakarren forma aldaketa, era berrien aurkitzea, koloreekin saio berriak egitea..., berba batean: sorkundera begiratzea. Gorengo kritiko askok, eta artistek zer esanik ere ez, gaizki ikusi eben. Eta hemendik dator, aspaldiko urteetan geroago eta gorago doazen artisten izenen aurrean, Zuloagaren gutxitzea, jaistea.*

Gaien aldetik, berriz, kontuan izan behar dogu, 98.eko gizaldi haretakoa zala, Cubarekin azken kolonialismoa (askena ote?) galtzean, Espainia bertara begiratu eta bertako autokritika egin behar zala esaten ebenen artekoa. Eta hareen iritziakaz horniturik, eta euren artekoetatik Valle-Inclán eta Unamunogandik gehienbat, orduan hasi zan ikaragarrizko Espainia beltz ha ikusten. Eta honetan tremendista bat izan zan. Zezenak, toreadoreak, ijitoak, haundiki aberatsak, munstroak (lepo oker, ipotxak,* eta abar) ziren berak ikusten zituanak. Haundikiei eta mixeriari kritikak. Alde batetik ez da harritzekoa, eibartar langileen kemena ezagutu eta ondorean hareek ikustean, holako izugarrikerietara jotea. Goi eta behe, mutur biak ikutzen zituan, bitartekorik ez balitz legez. Honegatik, berak pintatu ebana, Espainian ematen zan fenomeno bat zan, baina inondikan ere ez Espainiako errealidadea.

Gero, pinturako teknika iritzi hestu batzuetan euki eban, artea beraren uste orokarrean bezala. Bere usteak kuaderno batean idatzita laga zituan, 1925.eko esku-idazti batean. Artea zer da? izenez; eta Lafuente Ferrari-k fotokopiaturik argitaratu eban «La vida y el arte de Ignacio Zuloaga» liburuan (ikusi XXVIII. lamina).

Era berrien sorkundeari uko egin eutsan, eta, hala ere, bakar bakarrik jaikitzen da. Bere ahalmenen mugak ondo ezagutzen zituan, eta bere gogo guztiarekin zintzo jokatu eban berak ona eritxon bidetik; eta, barroko kutsuan* jausi bazan ere, bere jokabide zintzoagatik irauten dau zutik. Gainera, asko esatea lizateke, baina ez dogu uste, beherago joango danik.

Ba dauka bere alde ona: lehen aipatutako lau klasikoen joerak erabili arren, estilo berezi baten jabe egin zala, akademismo guztiak uxaturik.

Dibujante legez, ikaragarrizko ona zan. Ondo dibujatu ondorean, gainean pintatzen eban, dibujoekin gehiegi arduraturik.

Koloreen aldetik, impresionismo tankeran* egindako paisaje batzuk kenduz gero, klasikoen iluntasunera joten eban, aurpegia eta gorputzaren parte batzuk argi dizdiratsuan ipiniaz, indar berezi bat emanaz. Gaietan bezala, koloreetan ere kontraste haundiak ditu. Beretzat, Rusiñol-ek inoan* legez, bitarteko tintak desesperagarriak ziren.

Bere lanetan atmosferarik agertzen ez ebalako, inpresionismoko kritikoek esaten ei eutsoen: «Zuk egiten dituzun pertsonajeek ez dabe amasarik hartzen». Eta berak, behin, erantzun ei eban: «Eta zer? Jaten daben ala ez ere ez naiz arduratzen».

Zuloagaren helburuak* pintatzeko era batera lotuak ziren, aurrez hautatu eta erabakitako modulo batzuen barruan. Hala ere, inork ezin leike ukatu artista hau eta bere lana.

Eibartarrok ezer gutxigatik harrotzekoak bagara are, Zuloagagatik, esango neuke, ez garela harrotu berak merezi dauan neurrian.

Eta, esanak esan, esateko asko gelditzen da. Izan ere, bere lana hain da ugaria, hain da sakona... Artearen kondairan beti izango dau eibartar baten ikusmoldea, euskaldun baten ikusmoldea. Ez pentsa, Euskal Herriko gaia soilik erabiltzeak euskaldunago egiten gaituanik. Guk ere izan geinke beste herriak ikusteko era bat, eta ikusteko era honek bere garrantzia izan Zuloagaren lanetan.

JUAN SAN MARTIN


Eibar

"Parrokia arteko laguntza" erakundea

Erderaz «Ayuda Interparroquial» izenez ezagunagoa dan erakunde* hau agertu nahi deutsagu oraingoan irakurleari. Erakunde honek egiten dauan lana oso probetxugarri dala uste dogu, eta zer dan, zer egin dauan eta zer helburu* daukan jakitea, komenigarri.

Felix Bergara apaizagana, erakunde honen eragile printzipalenetakoaren gana jo dogu, informazio bila.

— Noiz eta nola sortu zan gure erakunde hau?

— Ermuan, 1968.eko udaberrian, huelgan egozen langileetatik batzuk kalera bota zituen. Hau dala ta, laguntza eskabide bat egin euskuen H.O.A.C. en bidez. Igande* batetako meza guztietan kolekta bat egitea pentsatu zan. Artean, ezagun diren hestutasun larriok hasi barik egozen. Baina horrelako kasuak gehiago ere egongo zirela ta, instituzionalizatzea pentsatu zan, eta kaxa bat eratu.

— Zeintzuk dira bere helburuak?

— Burruka sozial eta politikoakatik —huelga, lantegitatik botatze, gartzelatze, herbesteratze eta antzeko beste edozergatik— familietan sortzen diren premiei nolabait erantzutea; bai diruz eta bai larrialdiotan geure elkartasuna erakutsiz.

Baina gure asmoa ez lizateke bete betea izango, hori bakarrik egingo bagendu. Gure asmoa aurrerago doa. Jendea bere lozorrotik atera nahi da, problema politiko-sozialen kontzientzia hartu daian, izpiritu zabal baten barruan. Honetan ere, zerbait egin izan da, hitzaldi eta ikastaro laburren bidez; eta aurrerantzean ere jarraitzekotan gara.

— Nork zuzentzen dau erakunde hau?

— Elizako mugimenduetako sekular talde batek osotzen dau zuzendaritza batzorde* ofiziala, apaiz bat ere taldeko dabelarik, orain ni neu. Baina erabakiak kolaboratzaile guztien artean hartzen dira. Praktikan, ba, laguntzaile batzarraren esku dago zuzendaritza.

— Zelan egiten dira diru-batzeok?

—Elizan, hasi ginenetik, lau kolekta egin dira jaiegunetan; eta hilero, fabriketan, kalean, lagunartean, parrokietako seilu bat daroen txarteltxo batzuen bitartez.

— Zenbat diru batu da hasieratik, zenbat laguntza eta zein lekutara eman izan dira?

— Hasi ginenetik 1.500.000 pezetatik gora. Danera jota, seirehun laguntzatik gora emango genduzan, gehienak Eibarren zabalduak; baina herritik kanpora era bidaldu izan dogu, Zumarraga, Bilbo, Gernika, Zarautz, Hernanira...

— Euskal Herritik kanpora, bidaldu izan da inoiz laguntasunik?

— Mundu guztiko herrien burrukak eta zanpaketak ere sentitzen ditugun seinale, laguntza sinboliko bat bidaldu zan Granadara, Vietnam eta Bretainiara, bidaldu geinken moduan. Baina erakunde honen eginkizuna hemen dago, gure lur honetan, eta gure herriaren zerbitzura lotua.

— Elizak eginkizun horretan jarduteari, ez deritxazu klerikalismo oportunista baten kutsua* daukanik?

— Lehen ere esan dot, erakunde honen zuzendaritza praktikoa, erabakitzailea esango geunke, mota guztietako laguntzaileek hilero egiten daben biltzarra dala.

Ez dot ukatzen, txarteletan agertzen dan parrokietako seiluak propaganda apur bat egiten deutsanik Elizari. Baina ohartu* gaitezen, zirkunstantziak kontutan hartu behar ditugula. Hona zergatik hartu dauan Elizak erakunde hau bere babespean:

Edonor konturatuko da, horrelako ekintzak, ezertariko babes ofizialik gabe, efektibidade gutxiago eta arrisku bat era ba daukala. Honi buruz esan beharra dago, sarritan eman behar izan dogula aurpegia, batez ere hasieran.

Baita elkartasunik eza eta taldekeria garaitzeko era. Horrela egiten dogu posible, ekintza hau iraunkorra izan dadin. Baina, seguru, biharko egunean, ekintza honek beste estilo bat eukiko leuke.

— Felix, lotsa are ematen deust, gauza honeek galdetzeko premiarik ez lizateke egon behar eta. Iritzi bateko zein besteko, fededun nahiz gabeko, nahiz komunista izan, berdin laguntzen jako?

— Ekintza hau herri osoaren zerbitzurako da, nahiz fededun nahiz ateo. Gaur egunean garbi ikusten da hau. Ebanjelioaren argitara, ateo izan arren, munduaren askazioaren alde lan egiten badau, Kristau Erreinua prestatzen dago, Jaungoikoaren Izpirituak bultzatuta dihardu. Beraz,* ideologia gorabehera, danei laguntzen jake berdin, beren premien arauera.*

— Zer eskatuko zeunskio Eibarko herriari?

— Ba, segi daiala etenik gabe laguntzen, barealdietan, larrialdietan bezala.

— Beste herriren batzutan ere, egiten da ekintza honen antzekorik?

— Gipuzkoan, ba dakit Donostia, Goierri eta Hernanin egiten dala. Elgoibarren ere zeredozer egin izan da. Beste herrialdeetako* berririk ez dakit.

— Eskerrik asko, Felix, zure erantzunakatik. Eta jarrai daizuela, orain arte bezala, kementsu, herriaren aldeko ekintzotan.

S. BASAURI


Eibar

Orain berrogei urteko gizonak

«Orain berrogei urteko gizonak beste mailla bat zuten, beste kategori bat. Au egia ez danik ez det uste inork esango didanik», zirauskun* Donostiako asterokoan, bi hilabete direla, orain berrogei urte, nik gaur ditudan urte berberak, zituan idazle batek. Bildur naiz ez ote dan esate hori askotxo esan; eta beharbada, nahiz eta komentzitu ez, esan, esango neuskio nik, hori egia ez dala.

Hala ere, orain berrogei urteko gizonek nakarre gaur zuengana. Ez bakarrik gizon hareen balioa onartzen dodalako, baita gaurkoengan itxaropen ta sinesmen guztia dodalako ere. Eta hareen eta honeen arteko katea hausi ezezik, lotu, gogortu eta indartu beharra dogulako baino. Gainera, lehengoek ala gaurkoek, nortzuek daben kategoria gehiago eztabaidan jarduteari, txikikeria, alferriko jarduna deritxot. Eta bestalde, orain berrogei urteko batek horrelakorik esateak ez deutso indar izpirik ematen defenditu gura leiken iritziari, bera baita* epaile ta epaitua. Eibartar xelebre baten esaera datorkit gogora: harek esaten ebanez, «la sason no parka». Bego, ba, orain berrogei urteko idazle hori bere horretan, esaera honekin guztia esanda dago ta.

San Andres eguna dala ta, eibartarra naizenez gero, lotu nakioen Eibarko gizonei. Izan ere, gaurkoei ezertxo ere kendu barik, ba genduan euki sasoi haretan* gizon talde bat, elizgizonak batez ere, probidentzia dalakoak-edo gure herrian elkartu zituana. Jakina, aipatzen dihardudan sasoiko Eibar eta gaurkoa ez direla, ez, berdinak. Orduko herri euskaldun soil soila, haunditu eta erdaldundu egin jaku neurri berean. Herria eta apaizak gaur baino elkarren hurrago bizi ziren; eta etxeetan ezezik, kalean ere, gaur galdua dogun giroa nagusi zan.

Amamari jasoa dot Santa Ageda egunean taldeek Don Eujenio parroko jaunari kantatzen eutsoen bertso hau, egunari dagokion doinu bereziarekin:

«Kura parroko mondongo,

hik eztok asko emongo;

hik emondako diruarekin

etxuagu asko edango».

Nork aurkitu orain, parrokoari tankera* horretako astakeriarik kanta leiskion talderik? Horrez gainera, onenean edo txarrenean, talde baten batek kantatuko baleutso ere, entzuteko bezain* hurre egongo ote lizateke parroko jauna? Egia da, onerako edo txarrerako, gauzak aldatuak direla; eta apaiz jator hareei giroak lagundu baeutsen ere, herrikoi jarduten jakin ebela ez dogu ukatzerik, eta honetaz gure txalo eta oroimen sutsuena merezi dabe. Guztiak aipatu ezinean, ba, hona hemen euskal literaturaren oihanean* saiatu zirenak. Xehetasun gehienak Juan San Martinen «Escritores Euskéricos» deritxon liburutik jasoak dituzue.

Polikarpo Larrañaga

Soraluzen (Plaentxian) sortu jakun Don Poli, 1883.ean, urtarrilak* 26 zituala. Baionan hil zan 1956.ean, abuztuaren 30ean. Soziologoa.

Langile porrokatua, tarteka-marketa sortzen direnetarikoa. Herri eta euskal zale amorratua. Euzkadi, El Día, Argia eta Yakintza aldizkarietan edozenbat lantxo, artikulu, elkarrizketa, eta abar egin zituan. 1929. urtean, Eujenio Urrozen «Historial de la Virgen de Arrate» izeneko liburuan, Arrateko Amaren bederatziurrena, euskeraz eta gazteleraz, argitaratu eban.

Hizlari eta sermolari trebea, elizan nahiz beste edozein lekutan entzungarrienetakoa. «Arrate» eritxoen hitzaldi biak, «Euskal Esnaleak» prestatutako «Itzaldi Sorta»n argitaratu ziren 1926. urtean.

Erderaz ere ba dau gutxienez hitzaldi bat, «La Moral Vasca. Costumbres y Vestimenta Vascas» izenekoa, Txistulari Elkartearen babesean 1936. urtean argitaratua.

Musikalaria genduan Don Poli, eta ez edozelangoa. Bere euskal opera «Amets Larria» Eibarren aurkeztu zan lehen aldiz 1923. ean. Horrez gainera, «Mendiko Eguna» eritxon bi ekitaldiko zarzuela bat egin eban, 1921. urtean «Euskal Esnaleak» eratutako txapelketan saritua.

Juan Cruz Ibargutxi

Ubidean jaioa 1883. urtean, abenduaren 23an. Gasteizko Apaiztegian egin zituan bere ikasketak. 1919. etik euskaltzaina, laguntzaile mailan, eta 1968. etik ohorezkoa*.

Bere artikuluak makinatxo bat aldizkaritan sakabanatuak dira, esate baterako, Jaungoikozale, Ekin, Karmel, eta beste zenbaitetan*. Gainera, erlijio gaiei buruzko zenbait libururen egile dogu; horra hor bere Aginduak, Ikurton edo Sakramentuak, Geroko Bizitza, Otoia, Siniskaiak eta Edesti Deuna.

 Gurutz eta Iturrondo izenordeak erabili izan zituan. Eibarren zenbaitek plaentxiatartzat eben; hala ere, apurtxo bat urrunagokoa genduan.

Oraintsu hil jaku, bere sorterrian hain zuzen, 1969.eko irailaren* 14 ean.

Eujenio Urroz

Tolosan jaio zan, aurreko bien urte berean, 1883.ean. Ikaskizunak Gasteizen eta Erroman egin ondoren, 1907.ean meza eman eban. Lizarran egon zan apaiz 1911.erarte, ondorengo hamar urteak Albizturren, 1921.ean Eibarrera etorri arte gure parrokotzat.

Eliza eta herri legeetan oso aditua ei zan, beste honenbeste historia gaietan ere. «Euskaldunai euskeraz» goiburuarekin, ba ditu hor-hemen argitaratuta idazlan politak.

Gizonezko bizia genduan. Bat batekoa, odol berokoa. Haserretzen lehenengoa, adiskidetzen prestuena. Apaiz bezala, eliza gizonez beteta ikustea zan bere helburuetariko* bat. Horrelakorik gertatzen ez zanean, emakume koittaduok entzuten el zituen eurenak eta falta ziren gizonenak. Behin baino gehiagotan esaten ei eutsen: «Zeuok, Ebaren alabok, paradisuan bizi izatia tokau bajatzuen, sagarra ezezik, sustraiak be jan, iruntsi egingo zendukiez».

Bizkaiko Etxebarrin hil zan 1937. urtearen hasieran.

Gabriel Manterola

1890.ean Zeanurin jaioa dogu, martxoaren 18an. Gasteizko Apaiztegian egin zituan bere ikasketak. 1914,etik 1937.erarte Eibarren izan genduan apaiz. Ondoren, Ingalaterrara joan zan 1914. urterarte. Gaur egun bere jaioterrian bizi da. 1919. urtean euskaltzain izendatu eben.

Euskeraz asko idatzia. Bere lan ugariak Ekin eta Yakintza aldizkarietan argitaratu ziren batez ere. Zenbait izenorde erabilitako idazlea dogu, esate baterako, Gam, Mitirga, Urigoiti, eta abar.

Felix Markiegi

Deban jaioa, 1906. urtean. Argentinako Bahía Blancan hil zan 1946.ean, abuztuak 6 zituala.

Euskal idazle fina, Argia, El Día, Yakintza eta Buenos Airesko Eusko Deya-n idatzi zituan edozenbat lan. Poesiaz ere ba ditu lanen batzuk, hor-hemen erdi galduak. «Seme ondatzaille» deritxon antzerki lanaren egile, Donostian, 1936. urtean, Hirugarren Antzerki Eguna zala ta, bigarren saria jaso ebana, hain zuzen.

Bere apaiz zereginetan, ume eta gazteen oso laguna. Dotrina hutsa ezezik, euskal gaiak ere sarri erabiltzen zituan. Amari jasoa dot Don Felixek irakatsitako bertso hau:

«Erein nuen garie,

oso arro haundie;

uste nuen euna zala,

imilla zan guzie».

 Euna, imilla, imillauna joan jakuzen behin betiko. Gure gurasoek neurritzat erabili zituen. Guk entzun baino ez dogu egin. Gure semeek izan direnik ere ez dabe jakingo. Ez dakigula gizonekin ere berdin gerta.

AMATIÑO


Ikasi zeure hizkuntza

Hiztegia

(Ale honetan izartxo bategaz agertzen diren berbak)

ABANTAIL, ventaja.

ABELGORRI, ganado vacuno.

ADITZ, verbo.

AGIAN, nonbait, harenbaten, seguramente.

AHANTZI, ahaztu.

AHULDU, makaldu.

AINITZ, asko.

AISAGO, errazago.

ALAJAINA, pardiez!

ALBIRISTE, albiste, berri, noticia.

ALBISTE, berri, noticia.

ALDERANTZIZ, iruntzitara, al revés.

ALEGIA, a saber.

ALOR, arlo, sail.

ANDANA, multzo, talde.

ANTZEMAN, conjeturar, vislumbrar.

APATXARTEKO, glosopeda.

APETA, afán, ahinco.

ARABERA, proporcionalmente; según.

ARAKATU, aztertu, ikertu.

ARAUERA, arabera, según.

ARE, oraindik.

ARI IZAN, jardun.

ARRAKESTA, éxito.

ARRAS, guztiz.

ARRASATE, Mondragón.

ARRETA, ardura.

ARRO, cuenca.

ASKI, nahiko.

AT, kanpo.

AUSART, valiente, atrevido.

AUSARTU, atreverse.

AXOLA, ardura.

BAITA, bait da, da ta.

BAITIRA, bait dira, dira ta.

BAITUGU, bait dugu, dogu ta.

BAITZEN, bait zen, zan eta.

BAITZUTEN, bait zuten, eben eta.

BALIOGO, baliotasun.

BARATZE, ortu.

BARREIATU, sakabanatu, dispersar.

BATZORDE, comisión.

BEDEREN, gutxienez, behintzat.

BEGIRATU, salvaguardar.

BELAUNALDI, generación.

BELTZ, baltz.

BERAIEN, euren.

BERANT, berandu.

BERAZ, hori dala ta, por consiguiente.

BEREHALAKOAN, behingoan, en seguida.

BERTZENAZ, bestela.

BESTALDE, gainera, además.

BEZAIN, baizen.

BIDE, antza, agian, nonbait, hurrean.

BILDU, batu.

BULEGO, oficina.

BURRUSTAN, eurrez, profusamente.

DAGOKE, dago nonbait, egongo da.

DAKIZKEZUE, dakizuez nonbait, jakingo dozuez.

DATEKE, da nonbait.

DATZA, está, consiste.

DELIBERATU, erabaki.

DEUS, ezer.

DEITORATU, lamentar.

DEITU, deitutako.

DION, dinoan, esaten dauan.

DIOT, dinot.

EGINEN, egingo.

EGUBERRI, Natibitate eguna.

EGUN, gaur.

EGUNKARI, eguneroko periodiko.

EKAIN, junio.

EKIALDE, eguzkialde, oriente.

ELE, hitz, hizketa.

ELKARGO, elkarte, elkartasun.

EMENDATU, gehitu, aumentar.

ENPARANTZA, plaza.

ERABAT, guztiz, zeharo.

ERAKUNDE, institución.

ERASO, acometer, atacar.

ERAUZI, desalojar.

ERORI, jausi.

EROSO, cómodo.

ERRALDOI, gigante.

ERRESUMA, estatu politiko.

ESAMESA, habladuría.

ESANEN, esango.

ESKAINI, eskeini, eskini, ofrecer.

ESKUALDE, comarca.

ETSAI, arerio, enemigo, contrario.

ETSIPEN, esperantzarik eza, desesperación.

FITS, apur.

FUNTS, muin, barne, barru, hondo.

GATIBU, preso.

GAZTA, gaztai.

GENIOEN, esaten genduan.

GERTAKARI, gertaera, jazoera, suceso.

GILTZARRI, piedra clave.

GISA, modu, guisa.

GOSTATU, kostatu.

HAIZTO, cuchillo.

HARAN, ibar, valle.

HASTIO UKAN, hastiatu, detestar.

HAUR, ume.

HAUTATU, aukeratu, elegir.

HAZIL, zemendi, noviembre.

HAZKUNTZA, cría de animales.

HEDATU, zabaldu.

HELBURU, objetivo, fin.

HELDU, datorren, próximo.

HERRIALDE, provincia.

HIGIDURA, mugimeridu.

HIRI, huri, villa, ciudad.

HOBENDUN, errudun.

HORREGAITINO, hala ere, sin embargo.

HUNKITU, ukitu, ikutu.

HURBIL, hurreko, próximo.

HURIGINTZA, planificación urbana.

IGANDE, domeka.

INKESTA, encuesta.

INOAN, esaten eban.

IPOTXA, enano.

IRAGAN, igaro, pasatu.

IRAIL, septiembre.

IRAULTZA, revolución.

IRITXI, heldu.

IRRATI, radio.

ISTILU, trance peligroso.

ISURARAZI, isuri (verter) eragin.

IZANEN, izango.

IZENDATU, izendatuko.

JAGOLE, begirale, zaintzaile, zain.

JAITSI, bajatu.

JARRERA, postura.

JOANEN, joango.

KALTEAR, perjudicado.

KATRAMILA, arazo, buruhauste.

KAZETA, aldizkari, periodiko.

KONDERRI, condado.

KOPURU, suma, número total.

KUTSU, aire, dejo, sabor.

LABORARI, labrador.

LARUNBAT, zapatu.

LAZGARRI, horrible, tremendo.

LEKONDAR, Lapurdiko Lekornekoa.

LEKUKO, testigu.

LEMAZAIN, piloto.

LUZAZ, luzaro.

MAIZ, sarri.

MAIZETAN, maiz, sarritan.

MANDATARI, recadista, comisionado.

MEHATXU, amenaza.

MENDE, siglo.

MENDEBAL, occidente.

MEZU, mensaje.

MINTZO IZAN, mintzatu, berba egin.

NABARI, evidente, notorio.

NABARITU, advertir, observar.

NAHASPILA, embrollo, enredo.

NOSKI, naski, sin duda, por supuesto.

OHARTU, konturatu.

OHOREZKO, honorífico, de honor.

OIHAN, baso.

OMEN, ei.

ONHETS, onhetsi, onetsi, aprobar.

ORDEA, berriz, ostera.

OROBAT, igualmente.

OROIKARRI, recuerdo.

OROITARAZI, gomutarazo, recordar.

OROKAR, común, general.

OSTEANGO, osterantzeko, de otra clase.

OSTERA, ibilaldi, viaje.

OZEN, sonoro.

PLEGU, joera, tendencia.

PROPIO, propiki, propikiro, propiamente.

SOIL, solo, mero.

SORAIO, insensible.

SUHAR, sutsu.

TANKERA, taxu, estilo.

TRINKO, firme, sólido.

UDAL, Ayuntamiento.

UKAN, izan.

UKANEN, izanen, izango.

URRATS, pauso.

URTARRIL, enero.

UZTA, cosecha.

XEHATU, desmenuzar (estudiando).

ZENBAIT, batzuk.

ZEREN (ETA), ze, pues.

ZERGA, impuesto, contribución.

ZERTZELADA, detalle.

ZIN, juramento.

ZIOTEN, esaten eben.

ZIRAUSKUN, esaten euskun.

ZIROL, zapatari.

ZIRRADA, impresión.

IMANOL BERRIATUA

Euskera batua

Euskera indartua


Ezagutu gure Herria

Hegoalde-Mendebal Araba. I. Gobia

Arabaren sarri aipatutako eskualde* zatiketa berrian, «Valles Alaveses» izeneko bat dago. Ez dakigu zergatik jarri deutsoen izen hori, ze haranak* ba dira Arabako beste toki guztietan ere. Izenik jartzekotan, «Alava Suroriental» egokiagoa izango zan, Arabaren Hego-Mendebal aldeko lurraldeak hartzen ditu ta.

Egia esan, eskualde bat baino, hiru dira. Jazoten dana da, bizilagunez hain urria danez gero, hirurekin bat egin behar izan dabe. Gainera, beste zoritxar bat ere ba dago: Trebiñoko Konderria* erdi erdian dabela, gauzak okerrago jartzeko.

Guk horreek guztiok kontuan eukita, eta planifikatze hori daroanagaz egonda gero, hiru eskualde elkartu legez azalduko ditugu: Gobia, Osingani eta Uda. Lehenengoa, gaur agertuko dana; bigarrena, Baia hibai arroaren* behe aldea; eta hirugarrena, Uda eta Inglares hibai arrokoak.

Gobia

Val-de-Gobia, beraz* Gobia harana, edo Gobea. Gaurko izenetik ez urruntzearren, Gobia izena hartzen dogu, beharbada Gobea antzinakoagoa izan arren.

Gobiako eskualde honek, udal* honeek hartzen ditu: Gobia Harana (Val-de-Gobia), Iberguenda, Gesalaga (Salinas de Araña) eta Erexo (Val-d'Erejo), hau, bizilagunik ia ez daukalako, lehenengoak iruntsia, Arabaren barrutian. Burgosek hartuak dira: Unzeka (San Zadornil de Unceca), Villalba eta Berberana; baina honeek ere Gobiatarrak dira izatez eta hartuemanez, legearen aurrean ez badira ere.

Eskualde honek 441,10 km2. eta 5.125 bizilagun ditu. Gobia hibai bik zeharkatzen dabe, Omezillo eta Humezillo izenekoak. Lehenengoa Bobeda mendikatean jaiotzen da, eta bigarrena Orduñako mendikatean jaio eta bestearekin Villanañe herritxoan elkartzen da, gero biak bat eginik Iberguenda baino beheragotxo Ebrogaz bat egiteko.

Gobia eskualdeak, Bobeda mendikatetik Gesalagara, 32 km. ditu. Mendirik entzunena Gobea da, izen hori eskualdearenetik hartua nonbait.

Industria barik eta baserria gainbehera, herri gehienak hutsituz doaz, hurigintza* ta baserri ordenatzerik ez dagoelako. Azken batean, berandu uste dogu baina, Arabako Diputazioak Baserri Ordenatze plan bat egiten dihardu Gobia guztiarentzat. Abelgorri* ekonomiara joko ei dau eskualde honek. Hurigintza aldetik herrixka gehienak hutsitu araziko dira, eta Espejo, Uribarri (Villanueva), Bobeda, Villanañe, Fontetxa eta Zubilarraga (Puentelarra) herriei emango ei jake hazteko bultzakada.

Eskualde guztiak ez dau huriburu argirik, Batzar Nagusiak Angostoko Santutegiko landan egiten baitziran. Eliz kondairan, izan dau huriburu bat: Espejo. Eta egia esan, gaur ere, bere lekuagatik Espejo dago egoki ta erosoen* huriburu izateko. Izan ere, Espejo eskualdearen erdian dago. Bilboko bide nagusia bertatik igarotzen da, hasi Bobedatik Gasteizerainoko bidea ere bertatik pasatzen da, lur onak ditu eta hibaiaren ondoan aurkitzen da.

«Austrigon» euskal tribua bizi zan antzina eskualde honetan, hasi Bureban eta Castro Urdializeraino bezala. Beraz, horregatik eta toponimiagatik, duda barik uste izan geinke, eskualde honetan antzina euskeraz egiten zala.

X. mendeko* dokumentuetan, San Millango Rejan alegia,* Arabako eskualdeetan ez da agertzen Gobia; baina orduan ere ba eukan herrialde* horrekin zerikusia. Mende berean Iruñeko erreinu barruan aurkitzen da, beste euskal lurralde guztiak bezala. 1076. urtean Bizkaiko Jaunaren menpean dago eskualde hau, eta horretan jarraitzen da hiru mendetan, Don Juan Bizkaiko azkenengo jauna Gaztelako errege egin arte. Orduan Gaztelaren lurralde legez ikusiko dogu, baina 1469.etik aurrera Araban sartzen da gaur arte, nahiz eta Gaztelak inoiz Burgos aldetik bere barrutira eroan nahi izan.

Eskualde honen berezko lurraldeetan aurkitzen dira Burgos probintziarenak diren hiru udal:* Unzeka (Jurisdicción de San Zadornil de Unceca, baina azkenengo hitza kenduta dago orain, euskal usaina daukalako nonbait), Villalba eta Berberana. Muga oker eta lapurtuok zuzentzen direnean (horretarako zuzendu beharraren kontzientzia hartu behar lehenago), Gobia eskualdeak homogeneotasun bat izango dau.

Horrez gainera, eskualde honek dauan desarrollo bat hartzen badau: industria eta abelgorri edo beste baserri ekonomi motak gogortzen baditu eta hurigintza ganorazko bat lortzen badau, Gobia ez da izango gaur dana, eskualde erdi hil bat, Euskal Herriaren eta Arabaren lotsagarri.

J. L. LIZUNDIA