ANAITASUNA
201 zenb. 1970
1970. abenduaren 15 ekoa
Jardin Txikerra, 1 BILBAO-12
«ANAITASUNA BIZKAIA»
Zuzendaria: Anjel Zelaieta Gisasola
Idazkola ta banakola: Jardin Txikerra, 1 Bilbao (12)
D. L.: BI - 1.753 - 1967
Imprimatzailea: Imprenta AMADO. Bilbao.
Irarlea: RALI, Bilbao.
Herri bat, hizkuntza bat
Baga, Biga, Higa... sentikaria. Ez dok amairu
Oraingo honekin, beste lotura batez azaldu nahi ukan ditugu, azken denbora honetan egindako kantu, olerki, irrintzi, tobera, txalaparta, mosu-kitarra, triki-trixa eta txirula doinuak; hari bati darraikiola, ikuskizun batuago eta osatuago bat sortu nahiean.
Herri batekoak izateak, garai honetako giroan bizitzeak, eta xede berdintsuekin lan egiteak, uste dugu, halako batasun bat ematen diotela gure ekintzari; baita ere uste dugu, batasun hori nabari behar lukeala nahiz taldekoaren, nahiz bakoitzaren agerpenetan.
Geuron artean, bata bestearekin ukan ditugun esperientziei esker, jendearekin ukanen ditugun harremanak hestuagoak izanen direlakoan gaude.
HARZABAL
Lehen zatia
erdi ilun... jendearen marmarra... atariko giroa...
Baztango Dantza: gorputz berotze, gogoaren barrura biltze.
Xoxoak galtzen badu mokoa, begia, lepoa, bizkarra, isatsa, buztana,
izterra, nola kanta lezake xoxoak? ...nori? ...nun?
Orru, irrintzi, oihu... oraindik ez hitza
Txalaparta: lurreko lan taupadak, gogoaren hegaketa... oraindik ez musika
Txorietan buruzagi erresiñula kantari... abots hutsa
Arranoak bortuetan gora dabiltza hegaletan... hitza
Belatza aidean txirularen doinuan... musika
Hitza eta musika
Txoriñuak kaloian / tristerik du kantatzen; / dualarik han zer jan, / zer edan, / kanpua desiratzen, / zeren, / zeren, / libertatia zoinen eder den.
tobera: dena burdin, olagizonen tobera, meatzaileen palanka, karobi-ezteietako musika-tresna...
Behin batez... gau batean izan nintzen uste gabe itsasora botea, / arrai bat izan nintzen ekaitzaren erdian / eta ondartzara bilutsik, bizitzara negarrez heldu nintzen... / Nik ez nuke nahi beste inor, honela, nik bultza-ta heltzea. / Bizitzak protestatzen dit gauza hauk esatean, / bizitzak ez du ordea ezer ere galdetzen / galderak nireak dira arrazoi bat billatzen.
Udaberriko maitasunaren loreak eta arantzak...
Hemen kontatzen da nola gure emakumea dagoen helburu batera bakarrik beharreztatua: amatasunera; eta nola bere nortasuna den bortxatua... eta bere errealizatzea nolaz oztopoz itotzen den... eta zenbaiten erosokeria... eta hunen ondorio gaitza: haurren bizitza gainditu ezina. Bideko hauts zakarrak bortxaz estali ditu jantzi txuri berriak.
Zatozte bizitzaren hazoka honetara, hor ase ditezke zenbait desio.
xirri-xerri, xirri-xarra, ximirri-xamarra, xirri-xorro,
ximirri - xomorro...
xorro goxoak mutil-zahar kontsolakaitzentzat! xomorro bixi-bixiak neska-zaharren amaigabeko gauak eztitasunez betetzeko... era bitako arrautzak... eta azkenik, sarraillentzat giltzak, giltzentzat sarraillak.
Txori eroa, / adur txarreko txoria, / zoaz eta utz nazazu pakean / nire oinazearen barrenean. / Ez dut makurtuko burua. / Indarrez erosiko dut / gazte izateko eskubidea.
Egungo eguna, gure eguna nolaz ondatzen diguten, adierazten da.
Egunero, telebixtak lokartzeraino nolaz kulunkatzen gaituen... jakin-nahi-ezaren lasaitasuna nolaz mixterioekin erosten dugun... bihar hobeago baten izenean nolaz egungo eguna ondatu nahi diguten. Eta ohartzen ote garenez, egun hori behin bakarrik biziko dugula. Maitearen uzteak emaiten daut, / urrikaltzeko baita kasu hortan dena.
Eztarrian kantua / kate zahar honek / dit gauez itotzen. / Katean loturik bizitzaren gauean / hurruntzen joan hala / pintatzen zaidala / nire zortearen / imajina zitala / itsaso barearen ertzetan. / Kate mingarri honek / nau ederragotzen. / Nau gizon bihurtzen. Txori ttikia nintzelarik, esan zidaten, kaiolan bizitzeko sortua nintzela. Gero, arrano bihurtu nintzenean, kaiola hautsita aldegingo nuen beldurrez, libro nintzela sinistarazi nahi zidaten. Horregatik iriki zizkidaten ateak, egin nezan hegaz, bainan, luze gabe ohartu nintzen anka harkaitz bati lotu zidatela kate motz eta astun batez.
Atseden denbora
Bigarren zatia
atseden ostean, jendea jarlekuetan hedatzen ari den bitartean... Tobera eta Koplak. Koplak ohi bezala, andre-gizonen arteko gorabeherak ekartzen dizkigu mahainera. Ezkondu beharraren legea... aunitz seme-alaba ekartzeko mandatua... Jaunak emanak diranez, umorez hartzeko... honetaz nolaz denak axolatzen diren, bainan, inor guti eia haur hoiek hazi ahalko dituztenez eta nola beharko diren hezi.
argiak apaltzen dira eta ilunaren bazter batetik, denboratik at dagoen gizon bati kanta bat eskeintzen zaio: Alzateko Jaunari.
Alzateko Jaun / hor zaude nunbait / zure lurrera itzultzeko zai. / Hamasei salbe eta hamalau kredo / erderaz entzunagatik / bazenekizun hori ez zela / sekulan guretzat egin. / Urrezko dukat eta diruak / ez dira engainu txarrak / bazter batera apartatzeko / lehengo sinismen zaharrak. / Alzateko Jauna / hor zaude zu.
Kitarra, txirula, kantu eta hitza...
Herriaren nortasun Alzateko Jauna baitan. Txoriarena bere hegotan. Hegoak moztu eta gorde nahiko genduke ondoan, bainan honela, ez litzake gehiago txoria izango...
Sahatsak ebakitzen dizkigutenean bezala... nortasuna zapaldu nahiez... paret zuri zurietan, odola gorri gorria eta sahatsa, belardian amildua...
Edo haurra jipoitu zuten bezala, esku ezkerrez Gurutze Saindua egiten zuelako. Zeren, denak berdinak behar omen dute izan... ohitura onak gordetzeagatik, patxaran bizi diranei kezkarik ez sortze arren. Nahiz eta mutikoari, esku zuzena, ezkerra, okertu.
honentzako ba zuen erantzuna Xenpelarrek eta ondoren hor dijoa: Lehengo legerik ez utzi; / hoiei firme eutsi, / nahiz anka bana hautsi; / jaioko dira berriak, / gu gera euskal herriak.
Bi milla makila dabiltza minez mundua zapaltzen... umeek ere jakin dute... mendiz mendi entzun dugu hotsa, mendez mende ukan lotsa. Umeek ere ba dakite zein zaila zaigun bizitza. Umeek ere esan dute zein erreza den heriotza.
mosu-kitarra, abotsa, mosu-kitarra.
Trixtura haundi bat dadukat bihotzaren barrenean. Ama lurrari deraukot kontatuko betirako musuz azken atsedenean.
Usoak dira, usoak; uso hilak, bizi berri baten premian gaur daudenak. Euskalduna fededuna, / bainan goiko zerutik / ez du inork eskribitu, / hau diot zutik. / Egun batean guztiok / izanen gera hobeak: / diruak agintzen ez duenean.
Honela, orain eta hemen hartu-emanak egiten / guztiak ez dira onak / ilunpetako ortotskak / bainan ez gera sakonak. / Haizearen bidez / txalaparta / kolpearen kolpez / txalaparta / txalaparta ni eta zu / kolpearen kolpez ni eta zu / bainan ez dakigu izaten gu...
talde osoak «gizona ta lana ta makina»ren arteko lotura eta ezbeharrak kontatzen ditu: makinaren gainditzea, lanak sortarazten duen lozorroa, gizonaren baztertzea...
Baga, biga, higa, laga, boga, sega, zahi, zohi, bele, harma, zixpa, tiro, punp, denok, denongan diren hutsuneak betetzeko deia.
Txalapartak jarraitua...
denak Baztango Dantza dantzatzen dute eta sentikaria berriz hasten da.
Aurkezpen hau egiteko eskatu didate. Zenbait gauza aurreratu dizkitzuet, zuek kilikatzeko asmoz eta etor zitezen festa honetan parte hartzera, entzutera, ikustera, sentitzera, hots, sentikaria.
harzabal
Bermeo
Portuko hondoa garbitzen
Gure Artzan (Artza da Bermeoko portuaren izena), hondoko lohikeria eta basa garbitzen ari* da, egun honeetan, «Cape-Coruña» izeneko draga ontzi handia. «Grupo de Puertos de Vizcaya» dalakoak ekarri dau ontzia. Karga bakoitzean 350 tonelada basa eroaten ditu portu barrutik itsaso zabalera. Ikusgarria da makina honek daukan azkartasun eta indarra.
Bilborako autobus gehiago
«Compañía de Automóviles Vascongados» dalakoak, Bermeotik Bilborako bidean autobus gehiago ibiltzeko baimena eskatu dau. Holan, ibilpide errazagoa eta sarriagoa eukiko dabe herritarrek eta bitarteko herrietakoek.
Eskualdeko Kontseilu Ekonomikoa
Oraintsu amaitu da Bilbon «Consejo Económico Provincial» dalakoa, eta lehenago amaitu zan «Consejo Económico Interprovincial del Norte de España (CESIN)» ere. Batzar horreetan probintziako herri eta eskualdeetako* problemak azalegi ikutu zirelako edo, orain «Consejo Económico Comarcal» bat egingo da eskualde bakoitzean.
Bizkaian honeexek izango dira eskualdeak: Bermeo, Durango, Enkartazioak, Gernika, Markina eta Mungia. Bermeoko eskualdean, Mundaka, Sukarrieta* eta Busturia ere sartuko dira. Hazilaren* 20an eman jaken hasiera batzarrei, eta eskualde bakoitzeko problema bereziak estudiatuko dira. Bermeorako, honeexek izan dira proposatuak: Portua, Arrantzaleen arteko arazo sozial-ekonomikoak, Hurigintza*, Industria, Turismo eta Nekazaritza.
Ikastola
Bermeoko ikastolaren lagunek isil isilik daroez aurrera euren ideiak eta asmoak. Laster amaituko dira, aula berri bat jasotzeko lanak. Aula hori prefabrikatua izango da, eta 35-40 umerentzako kapaz. Fraile frantziskanoen komentuak bere solo ederra eskaini dau, aula berri hau eraikiteko eta umeek jolas lekua eukiteko.
Aula honegaz, Bermeoko ikastolak lau aula eukiko ditu (beste hirurak ere fraileen eskolari zor deutsoz), eta honelan lau mailatako irakaskintza emateko kapaz izango da. Lau andereño tituludun eta hiru monitore ditu. Herriko 219 umek hartzen dabe euskal arnasa ikastola honetan. Herriko hainbat laguntzaileren eta bat edo beste erakunderen* diruaz (umeen gurasoek ordaindu behar dabenetik aparte) sostengatzen da ikastola.
Herriko ur emendioaz* berriro
Lehengo ANAITASUNA batean eman neban Bermeoko ur presaren berri, Udala* herriko ur eskasa gehitzeko lanetan ari zala ta.
Oraingoan, gure herriarentzako hain larria dan egoera honetaz beste albiste* bat dakart. «Dirección General de Obras Hidráulicas» dalakoak erabaki dau, proiektua aurrera eroateko, Bermeoko ur emendioa behin eta betiko (edo luzarorako) zertu dadin.
Ura Arratzuko errekatik hartuko ei da, eta mendietatik zehar Bermeoraino ekarri. Presupostua, lehenengo estudioak eginda gero, 30.620.000 pezetakoa da.
Geroago, instalazio beragaz, eskualde osoa hornituko lizateke.
Bitartean, Udala ez dago geldirik, eta ur presagaz batera beste lan bat ere aurrera daroa: Zuluetako iturrietatik datorren hodiaren* ondoan beste bat ipini, iturri horretako ura hobeto jasotzeko. Lan honetarako, 4.200.000 pezetako presupostua eralgi behar dau Udalak.
A. P. B.
Bedia
Alfabetatze kanpaina
Orain arte erdi hilda egon dan herritxo hau esan leiteke biztuten hasi dala.
Hazilaren* 10ean hasi ginen, euskal alfabetazio kurso bat egiten.
Orain arte jendetza haundirik ez dabil; baina uste dogu, gogoz eroanez gero, frutu ta aberastasun haundia emango deuskula kurso hau egiten dogun guztioi.
Danon iritzi batez, ikastaldi honeek euskera batuan dira.
Umeen heziketa
Jo ta ke gabiltza sail honetan. Txistulari talde bat sortuta daukagu. Orain dantzari talde bat antolatzen ari gara. Herriko jai nagusietarako gura geunke dantzan atera kalera.
Katekesia ere ematen dihardugu. Baina uste dogu, orain arte linea oker batetan ibili garela, katekesi hutsa baino ez dogu eman eta.
Orain beste bide berri batzuk bilatzen gabiltza: mendira irteerak*, elkarrizketak, euskal kulturazko konferentziak, eta abar.
Ez dogu aipatu barik utzi behar, Don Marcelino maisuak egunero egiten dauan lana, umetxoei musika irakasten. Berari eskerrak daukagu gaur egunean ume mordotxo bat, txistua joten dabenak.
JULEN
Mendata
Joan dan denboraldi batean, oheratuta euki dogu herriko mutil lagun Teilleriako Juan Leon. Jakin dogunez, etxetik irteeratxoren* bat ere egin dau. Eta, antza, ba doa sendatzen. Asko alegratzen gara. Ea noiz ikusten zaitugun geure artean, lehengo umore ona galdu barik.
Urriaren 10ean ezkondu izan dira Mendatako elizan gure herritar neska lagun bi: Felizitas Arriola, Gernikako Nikolas Odriozolarekin; eta Ebanjelina Basterretxea, Axuriko Jose Mari Uriarterekin. Zorionak!
OKERKA
Elgoibar
Artikulurik onenak
ANAITASUNA, 199. zenbakia. Hauexek izan dira artikulurik onenak: «Arteche jaunari erantzuna», Iñaki Zubeldiarena. «Don Jose Lasa Kalonjeari* eskutitz irekia», Andoni Sarriegirena.
Ikusten denez, jende klase honek, alderdi guztietan, orain arte, sarrera izan du. Eta hau hiru gauzagatik izan dela uste dugu: Agintea dutenen mailan daudelako; herria jakintza gabe mantentzen saiatu direlako; herri ezjakina egia itxurako gezurrekin engainatu dutelako.
Gaur, zorionez, beste haize batzuk somatzen ditugu inguruan: Herria, egia non dagoen eta nondik doan ikasten ari da; egia hori dela ta, burrukan eta kritikan sartzen ari da; goi maila edo aginte mailako guztien burrukan.
Euskera ikasten
Euskerak, Elgoibarren, bultzada haundia hartuko duelakoan gaude. 80 bat lagun hasiko dira euskera ikasten. 14 bat irakasle izango dituzte laguntzaile. Beste batetan, berri zehatzakoak emango ditugu honi buruz.
Bitartean hau pentsatzen dugu: Euskaltzaindiak batasunerako markatu dituen bideetatik joan behar dugula; herri-kontzientziaren bila joateko, jendeari bideak azaldu behar zaizkiola; euskeraz hitz egin eta euskeraren alde lan egin behar dugula pentsaturik, jendea preparatu behar dugula.
TALDEKO BESTE MARISABEL
Arratia
Eliz arazoak aztertzen
Arratiako eskualdean*, Elizak egin dauan banaketaren ondoren, sektore bi gelditu dira: Bedia, Lemona, Igorre*, Arantzazu eta Dimako herriek esotzen dabe beheko alderdia.
Sektore hau sortu ostean, hasieran gauzak nahiko ondo joan ziren. Batzar nagusi batzuk egin ziren, eta, bertan sektoreko apaiz eta sekularrak batuta, eliz arazoak aztertu ziren. Baina, Arratiaren egoera ezagutzeko, danon artean egindako inkesta* bat herriari azaltzeko izan zirenean, apaiz batzuek ez eben hau onartu. Eta hasiera ona izan eban ekintza hau, euren sakonetik ezagutu barik, zelako pastorala egiteko asmoa ote dabe gure apaizok?
ZAMAKOLATARRA
Gure hizkuntza hobeto ikasten
Astelehen eta asteazkenetan* ditugu, Arantzazuko herrian, euskeraz hobeto jakiteko ikastaldi txalogarri batzuk. Bertan biltzen* gara Arratia osoko talde bat, hemen ondo gertatuta gero, bakoitzak bere herrian zertxobait egin ahal izateko.
Igorreko herrian ere taldetxo bat batzen da, helburu* berdina lortu nahian, gure hizkuntza hobeto jakin guran.
Zeanuriko «Escuela Profesional»ean dabiltzan umeek ere, talde bitan banandurik, euskerazko klaseak hartzen ditue. Hemen ere, astero klase bi.
Arratiarrok, alfabetatze aldetik, maila on batetara heldu barik gagoz oraindino. Belumendu* haundia darabilgula uste dot. Baina zertxobait aurreratzeko ahaleginak egiten dira; eta ahalegin hau euskera batuan finkaturik dago, geroari begira behintzat, beharrezkoa ikusten baitugu* hizkuntzaren batasuna. Beraz*. Arratiar guztiei, batez ere gazteei, oihu gogorrez aupada haundi bat egitera natorkizue. Ezin gaitekez gehiago lotan egon. Jainkoaren zeregina?
Zeanurin, goi aldean, hiru hauzune honeek dagoz: Undurraga, Altzuaga eta Ipiñaburu. Lehen, hauzune honeetara bide dexente bat genduan. Baina, Bilborako urak direla ta, hondatu egin euskuen bide hori. Baita, haren ordez, beste berri bat jarri ere.
Baina, uste dot, bide berri hori igel* eta ahateentzat* egingo ebela. Zuloak ditu ugari. Beraz, neguan behintzat, ura eta lupetza* nahiko. Gainera, inginadore* ez naiz baina, bidearen goi aldea laster eta edonoiz jausteko arriskuan dagoela uste dot.
Gauzak holan izanik, zelan igango* gara hauzune horreetara? Baina ez bota inori errurik. Erru bakarra Jainkoarena dateke*, gizona sortzean, egorik ezarri ez eutsozalako. Horregatik, bide egoki edo dexenteago bat behar bada, egin beike Jainkoak; besteok ez dogu inora zertan mugidu.
SEBAS
Gernika
Hilabetero, ikastolak dirauan* artean, izango diren hitzaldiek, joan dan ostiraleko* 8,30etan izan eben hasiera, hazilaren* 27an.
Gai jakingarri eta egunekoak erabili zituan hizlari zan Natxik. Era bitako hitzaldiak izango ei dira. Batzuk, haurrei* buruz, zelan hezi*, heziketa era berriak, erlijioa, noiz eta noraino irakatsi, eta abar. Besteak, ikastolari buruz: haurrak zergatik euskal ikastoletan, zenbat haur diren euskal ikastoletan, pedagogia berria, berezko eta ezarritako eskubideak, eta abar.
Gure herri eta hizkuntzaren beharrizan gorriak gogoan ditugula, gure txoko honetatik mundu hau hobetu beharrari lotuak izango dira hitzaldiok. Izan ere, hauxe da gizonaren eginkizunik haundienetarikoa: mundua hobeagotzen ahalegina egin. Baina, geure herritasun, hizkuntza, ohitura, eta geuri dagokiguzen gauzak gogoan eta egiteetan ditugula.
Mintzaldiak euskeraz izango zirela jakin genduan. Baina, batzuek, euskaldunak izan arren, erderaz hobeto ulertzen ebelako, eztabaida gogorra sortu zan. Azkenean, erderaz egin zan laburpen bat. Aurrerantzean, euskera hautsean izango ei dira mintzaldiok.
Ehun eta hogeitabost ume dabiltza Gernikako ikastolan, eta, euren heziketari buruzko hitzaldiak entzuteko, hogei guraso inguru bildu ziren. Umeen heziketaz axolarik* ez, edo 20 gurasoenak ote dira ume guztiak? Formalidade eta ardura apur bat, Gernikako ikastolako gurasook; bestela alferrik gabiltza.
DEUNORO
Barakaldo
Hona hemen berriro ere zuen aurrean Barakaldoko berriak. Asko gustatu ei ziren lehengoak. Zorionak ugari batu genduzan behintzat. «Entzute txarra dauka Barakaldok euskaldunen artean» esaten eusten. Baina, hemen, euskalduntasunarentzat giro eder bat sortzen ari* da. Euskaldungoaren berbiztean ez dogu nahi atzerantz joaterik.
Santa Teresa jaiak
Barakaldoko jaiak beti izaten dira erdal kutzuz* beteak. Kontu izan, hemen herbesteko asko bizi direla, eta euren «centro regionales»etan elkartzen direla. Barakaldon, «Centro Gallego», «Centro Burgalés», «Centro Riojano», «Centro Andaluz» eta abar ditugu.
Herriko Jai Nagusiak, Udalak* berak antolatzen ditu. Eta «Centro» horreei eskatzen deutse laguntza. Ez dagoke* ondo, baina halantxe da. Horregatik, hemengo jaiak Bilbokoen antzekoak dira: tristeak eta burges kutsuzkoak*.
Beurko-Bagaza hauzoan —gaur Santa Teresa hauzoa—, Barakaldoko kaskoan bertan, «Ibarra Kaldu» taldea eta «Alkartu» ikastola dagoz, euren inguruan jende asko batzen dalarik. Santa Teresaren omenezko jaiak irailaren* 15ean ospatzen dira. Aurten «Ibarra Kaldu» taldeak antolatu ditu, Udalaren baimenarekin. Igaz ere berdin egin eban.
Aurten frutu ederrak batu dira. Herriko kaleak txistu ta dultzaina hotsez alaitu ziren. Kartoizko musika banda eta holakoak kalerik kale ibili ziren, pasaka ta joka. Azken egunean, I. Umeen Euskal Jaia ospatu zan. Donostia, Gasteiz eta albo herrietako taldeak etorri jakuzen. Baita Bermeoko txistulari txikitxoak ere, eta abar eta abar. Barakaldon ez dogu inoiz holako girorik ikusi, kaleetan zehar eta egun guztian. Egia esan, harriturik gelditu ginen. «Agur Jaunak» kantatzean, jende askok abestu eban, batzuek negarrez.
Euskerazko ikastaldiak
Lau urte direla hasi ginen Barakaldon euskera irakasten. Baina gauzak urtean baino urtean txarrago joiazen. Ikastolarekin ez genduan zorionik izan: batzuek irakasteko aina* ez ekielako, edota ohitura gutxi ebelako.
Aurten, berriz, asmorik ederrenarekin hasi gara, eta Orain arte atsegin handiz. Hiru tokitan ematen dira irakastaldiok, maila bitan banandurik: San Bizenten, Erretuerton eta Santa Teresan. Guztitara ia 50 ikasle dira, danak pozarren doazelarik: «ekaitz ostean, barealdia».
Datorren urterako frutu onak itxaroten ditugu. Ikasleetariko % 90 baino gehiago euskeraz mintzatuko dira. Eta gero berriro itzuliko dira ikastolara lagun gehiagorekin. Datorren urtean hirugarren maila bat jarri gura dogu, aurrekoan ikasi dana sakondu eta osotzeko.
Bizi gara bai, euskaldunok Barakaldon. Baina zertxobait gehiago lagunduko baleuskue, hobeto!
JOAN MARI MENDIZABAL
Bilbo
Umeentzat
Dakizuenez, Gabonetan «Parque Infantil» dalakoa zabalduko da, aurreko urteetan legez. Parke horretara dohan* sartu gura badozue, joan zeintekeze Tivoli kaleko «Chocolates Bilbaínos» etxera edo parke bertara, takillara. Eman «Baserri» markaren 6 azal eta fabrika horretako beste edozein markaren 3 azal, eta euren truke sarrera bat emango deutsue.
Monjak
Deustuan, Avenida del Ejército kalearen hasieran, zubiaren ondoan, monja kolejio bat dago.
Hemen ez dabe euskerarik erabiltzen. Hau ez da harritzekoa monja kolejioetan. Baina zerbait okerrago egiten dabe: ikasleei euskeraren kontra hitz egin. Noiz arte jasan* behar dogu geure artean holako jenderik?
Erregaluak Gabonetan
Deustuko euskaldun familia gehienek bat egin dabe, umeen erregaluak, Errege egunez barik, Gabon egunean emateko.
Erregeen mito hori kendu egin gura dabe, eta gurasoek eurek eman umeei erregaluok, Jesusen jaiotzaren omenez.
Jaialdi bat
Abenduaren 27rako, urteko azken iganderako, euskal abeslarien jaialdi bat antolatzen dabiltza Santiago Apostol teatroan. Abeslariak honeek izango dira: Argoitia neba-arrebak, Naikari orkesta, Urretxindorrak, Txairo bikotea, eta Leire Saitua bere neba-arrebekin. Prezioak, 50 pezeta behean eta 25 goian. Jaialdia hasteko ordua, goizeko hamabiak.
XABIER GEREÑO
Beasain
Goiherriko Alfabetatze Batzordeak, bere ekintzan beste pauso bat eman nahirik, ikasketa batzuk antolatu ditu. Ikasketa hauk Beasaingo Lizeo Alkartasunan izanen* dira, hazilaren* 30ean ilunabarreko 7 ta erdietan hasita. Oraingoz Alfabetatzeko lehenengo mailako ikasketekin hasiera emanen zaie, hauk bukatzean edo talde bat osatzean, bigarren mailakoak hasteko.
Beasainen, gero Goiherriko herrietan irakasle izanen direnak prestatuko dira. Herri gehienek ba dituzte beren irakasleak, edo, hobeki esanda, beren irakaslegaiak. Hala ere, ba dira herri batzuk irakasle gabeak. Hauetako kezkatuek edota beste edonork parte hartu nahi badu, ateak zabalik daduzka.
Beste asmo bat ere ba dugu, geroago betetzeko. Erdaldunei edo euskera gutti dakitenei irakasteko, irakasleak sortzea, alegia*. Horretarako, Goiherrin gaurdaino arlo honetan aritu* direnen esperientziaz baliaturik eta Aita Altunaren metodologia bere liburuekin dugula, beste ikasketa batzuk antolatuko dira. Hauen berriak zehatzago adieraziko ditugu, garaia heltzen denean.
ANDONI SARRIEGI
Goiherriko Alfabetatze Batzordeko Idazkari
Jakintza-adar guztietan gauza bera gertatzen ari* da: aurkikunde* berriak herronkan*; eta, hauen ondorioz, mende* askotan barrena ontzat eman izan diren teoriak behin eta berriz koloka*. Hauxe gogorazten digu J. Monod Nobel-Sariak bere azkeneko liburuan.
Orain arteko «sineskeriak» —dio Monod-ek— Zientziak ukatu eta zokoratu ditu. Zientziak ez bestek, beraz*, eraiki ditzake Gizatasuna eta Filosofia berria.
Ba legoke zer esanik Monod-en liburu berri honetaz («Le Hasard et la Necessité»); baita sozialismoaz eta «animismoaren» azken aztarnatzat* hartzen dituen teoriez ere. Eta agian* egingo dut, baina gaurkoan ez naiz honetaz arduratuko.
Aste honetan iragarri* denez, Barry Turner amerikatar astronomoak ziano-azetilenoa atzeman* du gure Galaxiaren erdi aldeko hodei* batetan (ziano-azetileno: HC3N, karbonoz, nitrogenoz eta hidrogenoz osatutako molekula bat, beraz*). Izar-arteko hodei eskerga* horietan, frogatu* duenez, ba dago ziano-azetilenorik, Sagitario aldera bederen*. Alegia*, ba dago bizidun izakien* gorpuzkia edo soin-haragia osatzen duten molekuletarik bat. Bazter urrun haietako errainutza-maila edo bizitasuna aski* gora izaki*, atomoak elkartu egiten dira horretara.
Ez da hau kimika-sail «organikoan» ez bakarra eta ez lehendabizikoa* beraz. Orain dela hilabete batzuk, Ameriketako Astronomoen 131. Bilkura-Nagusikoan, sail bereko aurkikunde bat jakinarazi zitzaigun. Biltzarre hartan formalidehidoaren izatea aipatu zuen David Buhl astronomoak (H.CHO; alegia*, karbono + hidrogeno + oxigeno dituen beste molekula organiko bat).
Orain dela gutxi ere, izar-arteko hodeietan zianhidrikoa (HCN) aurkitu dute Kitt-Peak-eko astronomoek. Eta aurreko bospasei urteotan, hidroxil, amoniako eta ura kausitu* dira, gutxienez.
Hortaz*, planetetan ez-ezik, planetak berak sortu baino lehenagoko izar-arteko gazezko hodei ezin zabalago horietan ere, organiko deritzen* molekula berezi horiek aurkitu dira.
Gordinkiago hitz egiteko: biziaren oinarri eta sostengu diren sustantzia batzuk izartegiko hutsartean* bertan agertzen dira, berez, atomoen elkarketatik, errainu* kosmikoen eraginez.
Biziaren gai, hondo, edo osatzaile diren molekula bereziak, hortaz*, mutazio-gisan* sortzen eta biltzen* ari dira gure begien aurrean. Benetan esan daiteke materiari bizia dariola edo datxekola*, hosto* berria kimari* bezala; eta berri honek poztu egingo zukeen Teilhard de Chardin, oraindik hau bizi izan balitz. Ezen* Teilhardek, baiezkoaren segurantzian, aspaldidanik galdetzen bait zuen: «La Vie n'est-elle pas co-extensive à la Matière?» Bizia ez ote datxeko* Materiari, hau dagoen hedadura* berean?
Hipotesia ez da gaurkoa: ingurumarien* egokiera gertatuz gero, Bizia ezinbestean darraikola* Materiari. Zenbaitek* aspaldidanik uste du Biziaren hastapena* izar-arteko hodei galdu horietan hozitu* dela, ezari-ezarian*; biziaren erro eta gun* diren molekula biologi-aurreko horiek hutsartean* mamitu direla; eta handik, mendeetan barrena, «mana» famatu haren gisa, zurrera jetxi* direla, hau hezatuz*... Turner-en aurkikunde honek bide beretik bultzatuko du: molekula organikoak, planeten azaletan agertu badira ere, izar-arteko hodeietatik etor daitezke.
Bizia, hitz batez, eboluzioak dakar; eta ez da gure planeta harroputz honetako ezagugarri bitxi bat. Apalago gaitezen: Lurra ez da Kosmoaren erdia, beste hondar-ale xume* bat baizik, isil-eremu gaitzetan* ahaztua.
Materia, Bizia, Pentsaera: fenomeno bakar baten hiru aldi, eboluzio berberaren hiru sorkari*. Berriz ere: Teilhardek ez zuen besterik iragarri*. Eta funtsezko* batasun hirukun hau iragarri zuelako, ba du haunditasun harrigarri bat bere izkribu guztietan.
Gaur argiago ikusten omen* dugu Kosmoaren aurpegi hau.
Argiago senditzen ote dugu, ordea*, geure barnea? Ala ilunago? Sendoago geure burua, ala ahulago*?
Ez dakit. Irakurleak esan beza.
Baina Monod-en ondoko esankuntza hau aisago* irakur bide* zitekeen Pascal-en edo Jeans-en izkribuetan, razionalista porrokatu baten lumaz idatzirik baino: «Gizonak ba daki azkenik bakarrik dagoela Kosmoko mugagabetasun hotz eta arduragabean. Ba daki orain, ustekabean eta mentura* hutsez sortua dela. Eta ez haren patua* ez betebeharra ez daudela inon idatzirik».
LARRESORO
beza, bei
daitezke, daitekez
daude, dagoz
digu, deusku
dio, dino
ditzake, daikez
zitekeen, eiteken
zitzaigun, jakun
Hazilaren* azken egunetan, Sekou Toure-k, Guineako presidenteak, dei bat egin zien Afrikako beste nazio guztiei, laguntza eskatuz, Guineako herria indar inperialistek zanpatua izateko arriskuan zegoelako.
Berri hau zabaldu ondoren, hainbat iritzi entzun eta irakurri ditugu irrati* nahiz egunkarien* bidez. Haiek ziotenez, Guinean gertatua bertako problematika bat zen eta ez inperialistek egindako zanpaketa berri bat; Sekou Toure-ren gobernua nazio barruko oposizioaren gatik erortzeko* zegoen, eta ez atzerriko indar inperialisten gatik, Sekou Toure-k berak sinestarazi nahi zeukun bezala.
Egun hauetan O.N.U.koek talde bat bidaltzeko asmoa izan dute, gertaerak zer eratakoak izan diren ezagutzeko.
Dirudienez, egia da Guineako urak atzerriko ontziz beteta zeudela eta Guineako hiriburuan, Conakry-n, hainbat burruka izan direla. Diotenez, indar inperialista hauk Portugalekoak ziren. Sekou Toure-ren gobernua, ezkertiar eta Afrikako askatasunaren aldekoa bezala agertu da beti; Portugalekoek aldaketa bat sortarazi nahi zuten Guineako gobernuan.
Indar inperialista hauen aurrean, Sekou Toure-k eta bere herriak nazioko indarrak beren eskuetan gorde dituzte denbora guztian, indar inperialistak menperatuz. Dena dela, herria beti erne edozein gertakizunen aurrean.
Orain asko ez dela, Conakry-ko irratiak zioen: «Lapikoaren ondoan fusil bat. Liburuaren ondoan fusil bat. Mailuaren ondoan fusil bat».
Oraindik Guineako askatasuna arriskuz beterik dago. Afrikako nazio guztiak Sekou Toure-rekin elkartu dira, Portugalekoei oposizio indartsu bat eskaintzeko*. Afrikako beste hainbat problematikaren aurrean, herri hauk aurrez aurre, bata bestearen aurka, ibiltzen dira, ezberdintasunak ezin konponduz.
Baina orain, beste hainbat arazo alde batetara utzita, erabat* komeni zaien askatasuna gordetzeko, bat eginda altxatu dira indar inperialisten kontra. Guinean zerbait gertatu bada, ba dirudi atzerriko haizeak ekarri duela; baina, gauzak garbi ezagutu artean, denborari denbora eman diezogun.
AMAIA LASA
diezogun, deiogun
diote, dinoe
zaie, jake
zegoen, egoen
zeuden, egozen
zeukun, euskun
zien, eutsen
zioen, inoan, esaten eban
zioten, inoen, esaten eben
«Ciudad de Irún» Literatur Sariak
Irungo Udalaren* laguntzarekin Gipuzkoako Aurrezki Kutxak eraturiko "Ciudad de Irún" literatur sariak eman berri dira. Poesia saria Juan Inazio Goikoetxea jaunari, "Gauean oihu" euskerazko lanagatik: 40.000 pezeta. Nobela saria Luis José Sánchez jaunari, "En la muerte de Santa Cruz" lanagatik: 75.000 pezeta. Saiakera saria Rikardo Ugarte jaunari: 50.000 pezeta.
«Catequesis - Biblia Ikasketa»
Euskeraz eta erderaz eginik, argitara eman berri dabe, haurrei* Kristau Dotrina irakasteko, liburuxka bat Donato Arrinda eta Anastasio Albizu jaun apaizek, "Catequesis - Biblia Ikasketa" izenburuarekin. Eskatu: Anastasio Arrinda. Deva (Guipúzcoa).
«Biga» hilabeterokoa
Parisen ateratzen da "Biga" izeneko hilabeteroko bat, erderaz eta euskeraz. Hiru urte ditu, eta 8 orrialde. Zuzenbidea. 143, Boulevard Diderot. Paris-12.
Iñaki Linazasorok beste liburu berri bat?
Laster batean, haurrentzat* liburu berri bat argitara emango dauala adierazi dau Linazasoro eskritore jaunak. Eskritore honek, orain arte, erderaz egiten izan dau. Oraintsu, euskerazko liburu bat atera dau. "H gabeko umoria" izenburuarekin. Orain, haurrentzat liburu berri hori atera daianean, erderaz eskribitzeari utzi eta euskera hutsean jarraituko ote dauan entzuten da. Ez dogu sinesten baina.
Castresanaren liburu berria
"Historia de una bruja". Izenburu honekin argitara eman berri dau Luis de Castresanak bere azken liburua. Castresana bilbotarra da, baina beti egiten dau erderaz, nahiz eta euskal gaiak ukitu*. Ez ote deutsazu zuk ere Linazasoro ta holakoen exenploari jarraituko?
«Ignacio Zuloaga, el pintor, el hombre» liburu berria
"Sociedad Guipuzcoana de Ediciones y Publicaciones" dalakoak beste liburu berri bat argitaratu dau, Jesús María de Arozamena erdal eskritoreak idatzia, "Ignacio Zuloaga, el pintor, el hombre" izenburuarekin.
«Así es Navarra» filme berria
"Indu Films Internacional" zine etxeak eginik, Iruñean, "Carlos III" zineman, "Así es Navarra" filmea eman izan da. Kolorezkoa da, eta ordu biko luzera dau. Etxe berberak "Vizcaya, progreso y realidad" eta "Aquí Guipúzcoa" egiten dihardu. Zine mota hau, dokumentala deritxona da.
Kafka eskritorearen nobela bat euskeraz
Kafka idazle ospetsuaren "Die Verwandlung" nobela, euskeratua izan da "Itxura aldaketa" izenburuarekin. Lan hau aurrera eroan dauana, Xabier Kintana izan da, eta argitaratzaile "Lur" editoriala. Hasieran, Arantza Urretabizkaiaren hitzaurre luze bat dakar.
«Arantzazuko Ama Birjinaren Egutegia»
Arantzazuko fraileek, han ezagunak Euskal Herrian, berriro ere atera dabe horman jartzeko "Arantzazuko Ama Birjinaren Egutegia". Urtarrileko hirugarren orrian honetara dino: "Batasuna helburu* dogularik, ahalegintxo bat egin behar dogu aurten, bide honetan egin diren gauzatxoak ikasteko". Eskatzekotan: PP. Franciscanos de Aránzazu, Oñate (Guipúzcoa).
«La Foralidad Guipuzcoana»
Antonio Cillán Apalategui jaunak liburu berri bat argitara eman dau, "La Foralidad Guipuzcoana" izenburuarekin, Gipuzkoako Aurrezki Kutxaren bidez. Erdal idazle honek lehenago "Comunidad Foral de Pastos en Guipúzcoa" egin eban.
Luis Mitxelenaren liburu berri bat
"Estudio sobre las fuentes del Diccionario de Azkue" izenburuarekin argitaratu berri dau liburu bat Luis Mitxelena jaunak.
«Otoizlari 59-60»
Ipar Euskal Herriko Beloken ateratzen dabe Beneditanoek "Otoizlari" izeneko liturgiazko aldizkari bat. Orain agertu dana, hazilari* dagokiona da. Guztiz txukun jantzita dator beti; baina, erlijiozko ideologiari bagagokioz, taxu bigun eta leuna dau beti ere.
«El Caserío» berriz jokatua
Jesus Guridi musikalari ospetsuak egindako "El Caserío" zarzuela, berriro ere jokatua izanen* da Gasteizen, abenduaren 17an, "Agrupación Lírica de Landachueta" elkartekoek prestaturik. Elkarte beronek jokatu izan dau zarzuela hau Durangon hilabete honen hasieran. Jakina dan bezala, "El Caserío" hau gaurko ta betiko baserriekin zerikusi gutxi daukan zer bat da, nahiz eta bere doinua gozoa ta nahiko ondo konpondua izan.
«50 años de la historia socio-económica de Vizcaya»
Ondarroan jaio eta Bilboko "La Gaceta del Norte" egunkarian idazten dauan Rafael Ossa Etxaburuk beste liburu berri bat argitaratuko dau laster batean, "50 años de la historia socio-económica de Vizcava" izenburuarekin. "Grijelmo" etxeak aterako dau, eta 400 orrialde ta 200 irudi izanen* ditu. Ossa jaunak ez dau sekula euskeraz idatzi, baina ba dogu horren esperantzarik.
Ez da whiskyrik edango
Helduko diren Gabon jaietan, euskal "kontzientziatuek" ez dabe whiskyrik edango. Dirudunek, h-aren arerioak direlako; eta dirurik ez daukenek, paitarrarekin gelditu beharko dabelako.
Euskeranto ta euzkeranto
Euskal Herrietan tokian tokiko euskera egiten da. Baina, idazterakoan, beste euskera modu bat egiten da: euskeranto s-zaleek, eta euzkeranto z-zaleek.
Probalarien Euskal Herriko Txapelketa
San Andresetan, Azkoitian, Euskal Herriko Probalarien Txapelketa ospatu zan. Asteasuko Sagargastegi baserriko Jose Maria Etxabe jaunaren idiek irabazi eben, Markinako Leoia eta Gorria akuñari zituelarik, 46 untze, 3 zinta eta 2,40 metro egin ondoren.
«Aterpe Alai» euskal elkartea Canariasen
Gran Canaria izeneko uhartean* euskal elkarte bat dago, "Aterpe Alai" izenekoa. Bere lehendakaria Ladislao Velasco da. Kapellaua, Alberto Garate. Euren batzarlekua Perdomo kalean, 4. atarian.
1.000 pezetakoa Euzkaltzaindiarentzat
Bilbotar senar-emazte bikote batek, euren ezkontzaren urrezko ezteiak ospatzerakoan, 1.000 pezetako bat Euskaltzaindiari ematea erabaki izan dau, eta halantxe egin ere.
Ardoa ugari
1970. urtea ardo urte nahiko ona izango ei da Nafarroa aldean. 400 edo 500 bat milioi pezetaren balioa egingo ei da ardotan.
Euskal tomateak Ipar Amerikara
Nafarroako San Adrian herritik 300 tonelada tomate atera ditue, Ipar Amerikara eroateko. "Chistu" kontserba etxeak prestatuak dira.
Ipar aldetik Hego aldera lan bila
Michel Mendiburu izeneko Ipar euskaldun gazte bat, baserri lan bila ibili da gure artean. Gazte hau baserri arazoetan aditua da, baina ez dau bere gogoko lanik aurkitzen bere eskualdean* "Ameriketara nahiz beste edonora ihes egin baino nahiago izan dot Hego aldera etorri, gutxiago irabazi arren, hauxe baita* nire Herria".
Agustin Baigorri, kalonje berria
Iruñeko Elizak kalonje* berria dau: Agustin Baigorri apaiz jauna, orain arte Lizarrako* erretore izana. Lizarrako erretore berria, orain, Jose Maria Ganboa jauna da. Itxura danez, kargu berri honeek Lizarrako elizalde barruan sorturiko arazoak konpontzeko edo eginak dira.
Joakin Goiburu Erromara
Joakin Maria Goiburu nafar apaiza, misiolaritza arazoetan oso aditua, Erromara deitua izan da, "Herrien Ebanjelizatzeko Kongregazioan" lan egiteko.
Lasarte bertsolariari omenaldia
Abenduaren 6an, eta Donostiako Astoria aretoan*, omenaldi bat egin jako Lasarte bertsolariari. Parte hartu ebenak: Uztapide, Xalbador, Mattin, Gorrotxategi, Lizaso, Lazkano, Azpillaga eta Lopategi.
Jose Odriozola hil da
"Garatxabal" izengoitiarekin gehiago ezagutzen zan Azpeitiar harrijasotzaile ospetsua hil da. (G. B.). 150 kiloko harri kubikoarekin izugarri trebea izan zan. 30 minututan 65 aldiz jaso eban, Eibarren, 1952.ean. Egun berean eta berarekin batera, "Agerre" ospetsuak (hau ere hila) 78 aldiz jaso eban.
Euskal jaia Ormaiztegin
Gipuzkoako Ormaiztegin euskal jai bat ospatu izan da, joan dan hazilaren 30ean: "Oskarbi" taldea, Agirre, Gabiria eta Lazkaotxiki bertsolariak, Letamendia anai dantzariak, eta, Zumarragako "trikitixak" lagundurik, erromeria.
Euskal jaia Lekeition
Abenduaren 8an, argitasun gutxiko euskal jai bat izan da Lekeition. Galdakanoko "Andra Mari" dantzari taldeak eta Ondarroako Argoitia neba-arrebek jardun eben. Zertarako izan da jaialdi hau?
Hospitale berria Lizarran
Nafarroako Lizarran* hospitale berri bat jasoko dabe. 25 milioi pezeta kostatuko da, eta lurra, oso salneurri onean, Felix Gomez de Segura jaunak prestatu dau.
Gabriel Manterolari omenaldia
Oraindik oraintsu omenaldi bat egin jako, Zeanurin, Gabriel Manterola apaiz jaunari. Gabrielek hainbat eskribitu izan dau euskeraz. Entzun dogunez, ba ditu lan batzuk oraindino argitaratu barik.
Garitaonaindiatar Gotzon Idazketa Saria
Sariketa bat eratu berri da, Garitaonaindiatar Gotzon Idazketa Saria izenarekin, nobela idazleentzat. Lehenengo saria 25.000 pezetakoa da. Neurriz 100 foliozkoak gutxienez izan behar dabe idazlanek, lerro bitara makinaz eginak. Argitasun gehiagorako, deitu: AGUR. Apartado 2, Bilbao.
Munitibar hizkuntzalari
Hazilaren* 21ean, Bilboko "El Correo Español" egunkarian*, hizkuntzalariei dagozkien eritzi batzuk eman zituan Munitibar izeneko erdal eskritoreak, Euskaltzaindiaren irakatsiak toki txarrean utziaz. Jakina dan bezala, Euskal Herrian dan euskeranto bakarrean jarduten dau beti: erderaz, Euskerari buruz partidismorik ez dauala dino ("recusatio non petita, accusatio facta"), baina ideologiaz anaia dauan beste erdal eskritore batek zuzentzen dauan Bizkaiko aldizkari baten alde ateratzen da.
Txikito
Adiskideok: Irakurri berria dut zuen 198. zenbakia. Eta orain izendatzera noakizuen bi idazlanei buruz zeredozer esan nahi neukezue. Eta argitaratu nahi baduzue, pozez eskertuko dautzuet. Bi idazlan hoiek «Ibar Ixilean» eta «El Abrazo de los Muertos» izenburutzat daramatenak dira.
Lehenengo idazlanarekin has gaitezen. Honela dio: «Lanak eta ahaleginak egiten du gizonaren balioa, ez odolak ez guraso batzuen euskaltasun edo erdaltasunak. Honela uste du behintzat arrazista ez den mundu guztiak». Eta esanaldi osoa amaitzerakoan, gazteei deitzen die.
Ni ere gaztea naiz, baina zeredozer zuzendu nahi nuke Xabier Kintanaren esan nahi horretan. Nik ere, lanak eta ahaleginak egiten duela gizona gizon, horri ondo deritzat. Baina iritzi horrek ez daut batere ostoporik egiten, odolari eta gurasoei beren garrantzi guztia emateko. Eta ez dut uste, odolari eta tradizioari beren garrantzia ematea arrazista izatea denik. Ba dira, zuk diozun bezala, euskaldun jaio eta euskera bazterrera uzten dutenak, bai eta euskera ikasten ahalegin guztiak egiten dituzten erdaldunak ere. Nire txalo beroenak erdaldun hoientzat. Baina gertaera honek ez nau bultzatzen gauza bat bestearekin nahastera.
Bigarren idazlanean, Arestiar ospetsuak honela dio: «Ez dakit asko erratuko naizenik, baina susmoa eta aierua* ukan* dut beti, gipuzkoarrek, gaztelaniaz hasten direnean, bizkaitarrok baino askozaz habilidade apurragorekin maneiatzen eta eskuztatzen dutela hizkuntza; konpara bitez, esate baterako, Unamuno eta Baroja, Zuntzunegi eta Artetxe, Otero eta Zelaia. Agian*, gipuzkoarren euskalduntasun haundiagoaren seinale bat dateke* hau; baina Zelaia eta Baroja ez dira Otero eta Unamuno baino euskaldunagoak».
Zer nahasketa duzu hori, Arestiar? Zer esan nahi duzu konparazio hoiekin? Zergatik ez duzu argixeago hitz egiten, denok uler ahal dezagun? Zer da euskalduntasun haundiagoa izatea, zer gipuzkoarrok euskalduntasun haundiagoa izatea? Galdera hoiei erantzungo bazenie, asko eskertuko geneukezu, nik eta nirekin batera euskaldun guztiok.
I. M. ZUBIZARRETA
bazenie, bazeuntse
daramate, daroe
daut, deust
dezagun, daigun
geneukezu, geunskizu
die, deutse
dio, dino
neukezu, neuskizu
Mundu biribila
Larunbat* ilunabarra. Sei egunetan kanpoan lanean ari* izan ondoren itzuli naiz herrira, astearen hondarrak familia giroan pasatzeko asmoarekin.
Lagunartean nabil «erdiko kalean» gora eta behera. Nire adiskideak berriketan ari dira, baina haien elkarrizketari ez diot jaramonik egiten. Nekatua nago. Isilik noa, ezertan pentsatzen aritu* gabe, ardia legez. Noiz behinka, hitz batzuk heltzen dira nire belarrietara:
Txikerdi bana joko ahal diagu?
Bihar goizeko seiretan aterako gaituk Ernio alderantz. Jesukristo gaur Bolivian jaioko balitz, gerritik bi pistola zintzilika erabiliko litikek.
Azkeneko esakune honen eztenkadak esnatuta*, pentsatzen hasi naiz neure baitan:
Iñaki! Jesukristo harmaz horniturik ikusten ote du gaurko gazteriak? Ez dut lehenengo aldiz horrelako esaera bat entzuten. Orain dela hilabete bat edo bi, inoiz ikusi ez bezalako Jesusen irudi batek harrituta utzi ninduen. Bizkarrean fusil bat zedukan. Ongi gogoratzen naiz.
Azter ezazu, bada, Kristo mundu honetara etorri zenean, zer giro zegoen, zein herritan bizi zen, orduko eta oraingo arazoak berdinak ote diren, gogorkeria noiz erabili zuen, eta abar.
Ea bada:
Jesus judua zen. Daviden leinukoa*. Ez dago ukatzerik. Eta bere herria erromatarren agindupean zegoen. Hor dadukagu betiko arazo bat: herri bat besteren menpean.
Erromatarrek gudari eta kultura indartsuak zituzten; eta mundu guztian zabaldurik zeuden, alferrarriak* bezala dena zapaltzen. Eta egoera horretan, juduek jokabide ezberdinak zituzten.
Batzuk Saduzeoak ziren. Herriko aberatsenak, apaiz nagusiak, dirutsuak, kargudunak. Hauek erromatarrekin ondo konpontzen ziren. Zorroak diruz gainezka zeduzkaten, eta ez zuten erromatarren aurkako zalapartarik nahi. Hondasunak ugaltzea biziro maite zuten, eta horretarako giro egokian bizi ziren.
Publikanoek Erromarentzat zergak* jasotzen zituzten, eta herri xeheak* begirada zorrotza zuzentzen zien.
Fariseo gehientsuak idazlari eta lege maisu ziren. Legediko huskeria eta txikitasunak bete arazten saiatzen zirenak, nahiz berek legearen mamiari jarraitu ez. Erromaren uztarpetik irtetzea nahi zuten. Mesiasen zain zeuden, baina ez odola isurtzeko prest. Herriak libre izan behar zuela pentsatu bai; baina, hori zela ta, beren buruak arriskuan jarri ez.
Esenioak bakartadean bizi ziren basamortuan. Politika arazorik ez zuten haintzakotzat hartzen, eta mundu honetako gorabeheretatik urrun bizi ziren.
«Zelotak» deituek beste talde bat osatzen zuten, eta hauen abertzaletasuna agirikoa zen. Herritar arruntak*. behartsuak ziren; eta, juduak beren buruaren jabe izan zitezen, matxinadetan korapilatzen ziren Erromaren aurka, eta lan honetan bizia eman ere sarritan.
Egoera hau, ordukoa ezezik, gaur gaurkoa dugu; eta Kristok bere garaian ez zien erromatarrei «go* home» argiro esan. Ezta zeloten jokabidea zuzena zela agiri agirian aitortu ere. Gehiago oraindik: egoera hau Jesusek aipatu ere ez zuen egin. Gizonen eta Herrien askatasunaren oinarriak ipini bai, baina zapaltzailea zigorrarekin astindu ez.
Beraz*, Iñaki, politikazko bidegabekeriengatik Jesukristok gaur harmak eskuratuko ote lituzke? Ez dut uste.
Baina Boliviako eta anitz* lurraldetako jendeek daduzkaten hondasun eta diru ezberdintasun lotsagarrien erdian balego?
Hain zuzen, Kristoren garaian, gizarteko mailetan zeuden koskak ikaragarriak ziren.
Lurrak esku guttitan zeuden. Gutti hauek txit aberatsak ziren. Nekazariek lurrak alogeretan* hartzen zituzten. Eta irabaziaren zatirik haundiena, jabeari errenta, Elizari hamarrenak eta publikanoei zergak* ordaintzeko zen. Bestela, enparantzan* eserita*, beren esku lana saldu ohi zuten aldika. Nahikoa zen lehorte bat, eguraldi txar bat, zorpean gelditzeko. Eta zorraren korrituak* ehuneko berrogeitamar zirenez gero, gehienetan esklabo bihurtzen ziren, betirako. Atera kontu, Jesusen garaian, gizon batzuen biziaren jabe beste batzuk zirela.
Ezpatak ere ba ziren orduan. Baina Kristok eskuratu ahal zituen, behartsuen izerdia eta odola txupatzen zituzten aberatsak zigortzeko?
Ez noski*. Ezta egoera hura* zehatz-mehatz salatu ere.
Hala ere, Kristok, lokarri batzuekin, berak egin zuen astingailua*, eta gogorki erabili ere Jerusalemgo eliza nagusian. Zergatik, Iñaki?
Eliza eta eliztarrak nola zeuden ikusi beharra dago.
Flavio Josefo kondairalariak dioenez, hiru milioi judu biltzen* ziren Jerusalemen jai berezietan. Elizako saltoki onenak Anasen semeenak ziren: Kaifas apaiz nagusiaren familiakoenak. Yaveh-ri eskaintzen* zitzaizkion usoak Anasen usategikoak ziren; eta txori hauekin bakarrik hilabetero hainbat diru irabazten zuen. Diru aldatzaileentzat ez zegoen elizan tokirik, Saduzeo handikiei eskupekoa luzatzen ez bazieten.
Eliza diru etxe emankorra bihurtuta zegoen, kutxa, diru ontzi eta urrea gordetzeko areto* eta guzti. Hogeitamar mila apaizek jaten zuten, Elizaren atxakiaz, lagun hurkoaren bizkarretik.
Erlijioa tartean dela ta, dirutan igeri* ibiltzeak sutzen du Kristo, bere beso indar guztiekin mahaiak eta kaiolak apurtzeraino. Eta gaur, hogeigarren mendean*, holako gaiztakeria baten erdian balego? Eskuratuko ote lituzke pistolak?
Eliza pobrea, interesik gabea, denontzat hobea.
IÑAKI AZKUNE
dadukagu, daukagu
daduzkate, daukez
diagu, joagu
diot, deutsat
ezazu, eizu
litikek, leukezak
zedukan, eukan
zeduzkaten, eukezan
zeuden, egozen
zieten, eutseen
zitezen, eitezen
zitzaizkion, jakozen
Mundu biribila
"Isturitzetik Tolosan barru" liburua
Orain arteko asmoei jarraituz, lerro hauen bitartez ezagutarazi nahi dauzkizugu eta adierazi, geure artean argitaratu berria den liburu baten alde aipagarriak. Beharbada, jadanik, ezaguna izanen zaitzu. Joxe Anton Artze «Harzabal»en «Isturitzetik Tolosan Barru» liburua duzu.
Gure kulturan gertatzen ari diren aldaketak ikusita, liburu hau positiboa iruditzen zaiku, eta horregatik gomendatzen dautzugu.
Bestalde, liburu honetan bezala ez da oraino euskal arloan halako xehetasunarekin edizioa zaindu. Egileek hartu dituzten lan hoik, gure iritziz, mezua hobekiago adieraztearren eginak dira. Hala nola, liburuak disko bat dakar barruan, irakurleak osokiago har dezan egileak poemari eman nahi ukan dion doinu eta ritmoa.
Liburuaren salneurria 280 pezeta da. Interesatzen bazaitzu, del egin ANAITASUNA-ra. Guk, egileari helaraziko diogu zure eskaria: honela beronek, errenboltso gisan, % 20 deskontuarekin etxera bidal diezazun.
Liburuaren azalaren zati bat bidaltzen dautzugu, ikus dezazun horretan ere, nola ohiko moldeetatik irtetzen den.
Besterik gabe
zuena
ANAITASUNA
Mundu biribila
Bere jaiotzaren 200. urteburua
Berlichingen markesaren dontzella bat zan Christiane: langilea, isila, txukuna, sentikorra, barnera itzulia, bildurti samarra, burgesia hobereneko eskoletan eskolatua, frantsesez primeran egiten ebana, arima finekoa, eta abar, eta abar.
Egun batetan, sikiatria sanatorio batetara joan behar izan eban. Shelling, izen berdineko filosofoaren anaia egoen haren osagile* egiten; baina kontsola ezin leiteken printzesa bat legez egoen Christiane, umore beltz samarrean. Eta, egun batetan, karta bat Hegelen emazte alargunari idatzi, eta hil egin eban bere burua.
Christiane, Hegelen arreba zan. Eta bere neba Georg Wilhelm Friedrich Hegel filosofoa, hipokondriako bat zan.
Jende askok dauka Hegel (Heine-ren irakasle, Hölderlin-en lagun eta Goethe-k miretsitakoa*) literatur estetika modernoaren aitatzat. Hala ere, sortu zituan Hegelek bizitza luzeagoko beste ume batzuk, aitaren izenari ohore* iraunkorragoa eta herritarragoa ekarri deutsoenak: dialektikazko metodoa (hitz horren magia batez ere!), erreboluzio filosofia eta kondairazko desarrolloaren teoria, deretxo soziala, eta abar.
Hegelez geroko literatura ta arte guztian ere, haren estetika ei dabil nagusi. Eta, entzuten danez, haren sistima guztian estetikak ei dauka gaurkotasunik haudiena. Baina aurten, Hegelen jaiotzaren 200. urteburuan*, literatoak eta artistak ez dira haren estetika ulergaitza ospatzera agertu. Beharbada hain ulergaitza dalakoxe, filosofoen eskuetan geratu da Hegel ohoratzea. Eta filosofoek kontradiziozko moduan ospatu dabe kontradizioaren filosofoa: elkarregaz ezer ikusi gura ez daben hegeliano marxisten eta ez-marxisten talde bitan bananduta. Lehenengoek Berlinen egin ditue euren biltzarreak, Hegel hil zan lekuan; Stuttgart-en bigarrenek, Hegelen sorterrian.
Eritziak bananduta ibili dira beti, Hegel erreboluziogile ala erreazionario izan ote dan argitu ta erabaki ezinik. Hegelen filosofia ez baita*, operazio matematiko baten antzean, posibilidade bakarrekoa. Eta segun zein ikuspegitatik* begiratu, ezberdin ikusten da.
Hegel, katuek be ba dakienez, idealista zan, eta «idealista» hau aspaldian superatuta dagoela uste dabe gaurko marxista askok: erraz pentsatzen da, idealistak hikopean dagozela. Baina Leninek: «Alafede*, Hegel filosofoak arrazoia eukan: bizitza kontradizio artean doa aurrera, eta gizonaren zentzuak lehenengotik uste baino askozaz ere aberatsagoak, ugariagoak eta maminez beteagoak dira kontradizio biziok». Kruschof-ek ere horrelaxe erantzun eutson behin, bide berrietan sartu zalako erasotzen* eutson bati: Irudimenak irudikatu leiken guztia baino ugariagoa da bizitza». Eta ugaritasun horrexegaz utzi deusku Hegelek bere sistima: beti maila berriak ezarri leitekiozen eskailera baten antzean pentsatuta.
«Edozein jokabide politiko zilegi* dala probatu leiteke Hegeleren argudioren* bategaz», aitortzen eban E. Topitsch-ek. Hipokondrian eta umezaroko esperientzietan aurkitzen dala uste dabe sikografoek Hegelen filosofiako ugaritasunaren, paradoxen eta kontradizioen iturburua. Hegel, izan ere, umetan bi bider hiltamuan*, denboraldi batetan itsu eta sarritan gaixo egondakoa da. Bere borondate ta adimendu izugarrien indarrez garaitu eban bere naturalezaren flakezia.
Hegelen jarraitzaileak berehalaxe* banandu ziren ezkerreko ta eskuineko Hegel-zaletan. Marx ezkertiarretakoa zan. XIX. mendearen azkenetan Hegelgandik oso urrunduta ebilen filosofia, eta orduko eztabaidetan ahaztuta geratu zan Hegel. Atzera* Hegel berbiztu dauana, paradoxa badirudi ere. Marx izan da. Marxen «Pariseko esku idazkiak» aurkitu zirenean, bai Marxen eta bai Hegelen interpretazio (adierazpen) berriak sortu ziren. Denbora honetan agertu zan Marcuse, eta jendea aho zabalik utzi eban bere marxismoaren adierazpenagaz. (ANAITASUNA izan zan, Euskal Herrian Marcuse aiputan hartu eban lehenengo aldizkaria: 1967.eko abenduan). Dana dala, Hegel-Marxen arteko hartuemanetan, nazio-arte zaletasun edo internazionalismoaren kapitulua iruditzen jaku euskaldunontzat interesgarrienetako bat.
Marx internazionalista da, eta «marxista» izan baino lehenagotik, gainera. Hau da: Marx oraindino zeharo hegeliano zan denborakoa da zaletasun hori. Marxek, Hegelek legez, desarrolloa ta aurrerapena eukan munduko gauzarik gorenengotzat, eta horren aldean ipuinak dira beste arlo guztiak. (Engels-ek: «Hegel izan da, kondairan desarrollo bat eta barneko lotura bat erakusten salatu dan lehenengoa»). Napoleonek erreboluzio hauxe (hau da, aurrerapena) zabaldu besterik ez ebala egiten iruditu jakon Hegeli; eta, bere harmadakaz Alemanian sarturik, Prusia menperatu eta Austria errenditu zituanean ere, Napoleonen alde egon zan Hegel. Prusiako eta Austriako monarkiak feudal-absolutistak baitziren* (eta berdin berdin Alemaniako beste jaurgoak* ere).
Beraz*, bere aurrerapen usteak eraginda, «afrancesado» bat izan zan Hegel. Bere nazioan monarkia absolutista egoen artean, absolutismoaren kontra eta aurrerapenaren alde jokatu beharrak behartu eban Hegel aberriaz ez arduratzera. Eta hala sortu zan bere «kondairazko desarrolloaren sistima», nazio arazoen ardura barik, eta, zeharka behintzat, bere inguruko naziozaleen kontra ere. Materialistaren moduan erabilita bada ere, Hegelen kondaira-sistima hauxe hartu eban Marxek; eta beronen kondaira-sistiman ere, akordatu-bako antzean geratu da nazio arazoa.
Hegelek ta Marxek hori egiteko kausa historikoak aspalditxo aldatu ziren, eta batzutan aldrebes jarri ere egin dira. Hala ere, marxista batzuek «abertzaletasunari» printzipiozko errezelez begiratzen jarraitzen dabe. Hori ere dialektikazkoa da: alegia*, dialektikaren kontrakoa.
JOSE AZURMENDI
Mundu biribila
Berotasuna hoztutzen ez denean
Artikulu laburregia, gaia sakonegia. Sinplekerian erortzeko* arrisku haundia. Baina, hala ere, gure egun hauetan ukitu* beharrezkoa.
Denok dakigun gauza da, munduan hainbat ideologia, hainbat pentsakera daudela. Ezberdinak beren artean; eta gehien batzuk, munduan dauden hainbat arazoren erabakitzerako sortuak.
Gaurko gure munduon, ideologia guzti hoien artean, bi dira aldeko gehien dituztenak eta aurrez aurre eten gabeko disputan ari direnak.
Bi ideologia hoien artean, mila ezberdintasun daude; baina bat da gehienbat kontuan ukan* nahi nukeena: Ideologia batek, mundua dagoen bezala gorde nahi du; bestea, munduaren egoera sustraitik aldatu nahian dabil.
Herri bakoitzeko bizimoldea hainbat elementu, hainbat problematikarekin egina da; eta gizon bakoitza, nolabait, herri bakoitzeko bizimolde hoietako batean sartzen da, soluzio bat emanez. Nire ustez, herri bateko problematikak, elementu asko sartzen direnez gero, soluzio asko ditu eta ez inolaz ere soluzio bat bakarra.
Ekonomia, soziologia, matematika, literatura, irakaskintza, teatro edo abesti gaiak ere beste hainbat elementu dira, oso beharrezko eta premiatsuak.
Herri batek berak dituen indar guztiak atera behar ditu, bere iraultzarako*, bere momentu alai eta tristeetarako.
Eginkizun hau gizon guztien, gizon osoaren iraultzan dago; eta ez indar politikoaren aldaketa hutsean. Eta ez dut esan nahi, hau funtsezkoa* ez denik.
Hazila* triste etorri da; baina, egia esateko, problematikarekin aurrez aurre dabilen jendearentzat, hainbat hazil dabiltza bata bestearen ostean. Batzuek era batean iragaten* dituzte, besteek beste era batean.
Herriko gizonaren huts izugarria da, elementu batzuk hautatzea*. beste hainbat elementu baztertuz.
AMAIA
Herri bat, hizkuntza bat
Hizkuntzaren alde egin beharko
Gaur egun mintzaira aurkitzen den egoera ikustean, ez gara batere harritu behar, egoera hori gaurkoa ez baita*, aspaldikoa baino. Hain kenka* larrian dagoen hizkuntza, euskaldunen ahotan gero ta urriago, gero ta bakanago entzuten da.
Tamalgarria da, ama-hizkuntza behar hainbat haintzat ez hartzea; penagarria noski*, ustezko herri jator batetara joan eta euskera hain guti entzutea. Gertaera honen arrazoiak honelakoak dirateke*, guti gorabehera, zenbaitzuren* eritzian:
Haurrek: «Erdal eskolen giro arrotzak kutsaturik* gaude».
Gazteek: «Euskera eta gaurko aurrerapenak ez dira ados etortzen. Euskera atzeratu samar dago. Euskerak ez du gauza haunditarako balio».
Zaharrek edo adinekoek*: «Geu gara euskera darabilgunak. Hala ere, ez diegu haurrei euskera irakatsiko, euskera jakiteak nahiko ostopo eta traba emanen baileukegu haurrak eskolatzeko».
Ez dut guzti honekin esan nahi, denek hola pentsatzen dutenik; baina bai, zoritxarrez, ba direla asko, izan ere, hola pentsatzen dutenak. Ba dira, ordea*, arras* desberdin pentsatzen duten eta euskeraren alde lan egiten dutenak ere, eta lan bikaina egiten dihardutenak.
Zenbaitek esanen du, ea nola egin litekeen euskeraren alde? Nola? Era askotara: alfabetatze kanpainetan parte hartuz, alde batetik euskera lehendik dakitenek hobeago dezaten, eta bestetik euskal kezka sentitzen duten ezjakinek ikas dezaten; euskal aldizkarietan harpidedunak egin eta egin araziz; gaurko euskal liburu berriak irakurtzen, idazten, mintzatzen eta abar saiatuz.
Ahal denik aberatsen egin behar dugu euskera. Hau ez da urte pare batetan egin litekeen gauza, ez eta gutiagorik ere; baina, nahi izanez gero, lor liteke, nahiz eta horretarako urteak eta urteak iragan* behar. Kulturaz hornitu beharrez dagoen euskera irakaskintzaren barnean sarrerazi behar dugu; eta ez lehenbiziko mailako irakaskintzan soilik*, baizik eta ikastetxe nagusietan ere.
Baina horretarako, noski*, denbora behar dugu, euskera goi mailako kulturara molda dadin. Ahalegin horretan egitekorik asko dago: jakintza liburuak idatzi behar ditugu, gai desberdinetako ikas-liburuak egin, euskerak ez dituen hitz tekniko eta berriak sortarazi... Eta hola mintzaira aurreratu, eguneratu eginen da; baina guzti hau batasun giro hertsi* batetan, elkarrengandik bereiz eta urrun ez gaitezen.
Honetarako laguntza ofiziala ere behar dugu. Oso guti egin genezake, baldin agintariengandik ostopo besterik hartuko ez bagenu. Gaur arte, egia esan, nahiko urri eta ttipia izan da jaso dugun laguntza.
Egin dezagun euskera bakarra, denok elkar ulertzeko balioko daukuna. Egin dezagun mintzairaren batasuna, bai; baina sortaraz dezagun, era berean, herri kontzientziaren batasuna, senti gaitezen, garen bezalako, euskaldunak. Bizkor ditzagun geure izpirituzko baloreak, heda* geure dantzak, ohiturak, musika, kirolak, hitz batetan, geure euskal nortasun baliosa.
Euskera batuaren kontra joateko, H letraren arazoa atxakia bezala hartzen dutenei ohartaraz* diezegun beren okerraz. Izan ere tamalgarria da nola hain adimen eta pentsamen urriko jenderik izan daitekeen gaur egun. Hona, euskal asteoroko batean, «Irakurleek diotena» sailean, irakurle batek dioena: «Lekuona jauna ostikatua izanez gero, H-ren alderdia hartu omen duzue... Uste ahal duzue, H ganorabako horren alderdia herriak hartuko duenik? Ken nire izena zeuen harpidedunen artetik..., tamalgarria zait..., euskeraren onerako zerbitzari nauzue».
Nik honela erantzunen nioke, nahiz eta aldez aurretik jakin ez dela honetaz jabetuko*, hamabosteroko honen harpidedun ez baita* izanen, nola pentsatzen duen arauera*. Euskeraren onerako izan beharrean, txarrerako edo delakoan nago.
«Zuk liburu bikain bat, nahiz Hatxez zein Hatxerik gabe idatzia izan, ez ahal zenuke irakurriko? Nahi izango zenuke euskera hil zedin, Hatxez josirik ikusi baino lehen? Hatxe ganorabako hori, zuk diozun bezala, ez da holakorik, oso ganora handikoa baino. Ikus bestela, 943. urtean San Millango katalogo famatuan agertzen diren Arabako zenbait* herriren izenak, ea Hatxerik gabe datozen. Nahiz gaur egun haien idazkera arras* aldatua izan aspirazioa galtzearekin batera, argi eta garbi dago lehen Hatxe erabiltzen zela, iparraldeko gure anaien hitz berberetan agertzen baita*.
«Beraz*, ez uste, hori erderazko moda edo antzeko bat denik, eta, guk pronuntziatzen ez dugulako, Hatxe idatzi behar ez denik; bestela, bizkaitarrek ere ez lukete Zetarekin idatzi behar, letra hori bereizten ez dakite ta.
«Bestalde, ez dut uste, H batzuk sartzeagatik hizkuntza hainbeste zailtzen denik. Pentsa ongi, harpidetza utzi baino lehen. Ene ustez, hizkuntzaren etorkizunak diferentzia guzti hoien gain behar luke izan; eta guk ez genuke elkarren kontra hasi behar, denon interesak erdian daudenean.»
KARLOS AGIRRE
baileukegu, bait leukegu, leuskigu ta
daude, dagoz
dauku, deusku
diegu, deutsegu
diezegun, deioegun
gaude, gagoz
genezake, geinke
nioke, neuskio
zait, jat
Beti esatekotan nintzen. ANAITASUNA-ren izenburuaren ondoren, eguna eta hilabetea ere ipintzen dituzue. Baina beti erdal kutsuz*, erdal formaz. Esaterako, urriak 15. Eta urriaren 15ean izan behar leuke, HERRIA aldizkarian agertzen dan legez. Gauza txikia da, baina beti da hobe jator erabiltzea.
J. S. M., Eibar
Lehendabizi*, barka* nire idazkera. Orain arte oso gutxi idatzi dut euskeraz. Oso konforme nago ANAITASUNA-rekin. Edozeinek ulertzeko moduan dago, bai bizkaitarrek eta bai gipuzkoarrek. Zein baserritarrek zein kaletarrek. Nire ustez, errebista hau liburu bat bezala da: asko ikasten da. Gainera, azkeneko orrian, hitz berriak ikasten dira, eta euskera batua ere bai. Orain, neure suskrizioarekin batera, beste bi lagunenak bidaltzen ditut. Eta eskatzen dut, beste hiru ale nahiz propaganda paper bidaltzeko. Aurrera! Eta mila esker!
M. I. G., Mondragoe
Nire emaztea ANAITASUNA-ren harpideduna da. Baina nik ere zerbait egin nahi dot euskeraren alde. Horregatik, mila pezeta bidaltzen deutsuedaz, ANAITASUNA hobetzeko eta sendotzeko. Eskerrik asko zuen lanagatik, eta, mesedez, jarrai bide horretatik.
R. de A., Bilbo
Eliza gaurko munduan
Esatera goazena Vietnamgo katoliko askok pentsatzen dute. Baina ez dute adierazten: isilik daude. Isiltasun hori oso esplikagarria da. Izan ere, «hogeitabost urte hauetan —beraiek diote— gure Herria gerran sartua da. Baina ez da kristau bozik entzuten, Ebanjelioko egiak zabaltzeko. Sarritan, kristau izenaz baliatuz, izu-garrizko gauzak egin dira; eta gure Eliza, gehienetan, mutu, hitzik egin gabe, gelditu da. Kristau lagunarteak, Elizaz baliatzen diren Gobernuko gizonekin nahasturik ikusi izan ditugu.»
Geroko bakea holakoa zein halakoa izan, Vietnamgo Eliza, Herri osoa bezalaxe, egoera berri baten aurrean aurkituko da. Datozen aldaketetan, kristauek erne egon beharko dute eta ez baketsu, datorrena hartzeko; Ebanjelioaren esijentziak sakondu beharko dituzte, hots egiten duen Jainkoaren Deia somatzeko.
1. Vietnamgo Elizak Herriarekin lehengo harremanak ezin euki izango ditu.
Gure Eliza kanpotar kulturaren eta frantses nahiz amerikar agintarien menpeko izan da denbora luzean.
Bihar gure Herria bere buruaren jabe izango da. Berea du bera izateko eskubidea: Vietnamgo Herria. Hau, inork ukatu ezinezko eskubidea da. Elizak, erdi kanpotar bezala, itxitura batean sartuta bizitzen jarraitu nahi badu, Vietnamgo Eliza dela esateko eskubidea behin eta betiko galdua du.
2. Vietnamgo Elizak Estaduarekin lehengo harremanak ezin euki izango ditu.
Zenbait* garaitan pertsegitua izan denean, Elizak agintarien babesa bilatu du. Bere askatasuna besteen, agintarien eskuetan jartzen zuelako. Vietnamdar askorentzat etsaia* zen Eliza.
Eliza, Ipar Vietnamen, gaur egunean pertsegitua ez bada ere, guztiz mesfidagarria* da. Mesfidagarria, ez bakarrik Hanoiko gobernuak duen pentsakeragatik, bai eta, kolonizazio garaian eta gaur egunean oraindik, Elizak egiten duen politikazko aukeragatik ere.
Eliza ezin liteke agintarien jostailu* bat izan, bere izatez zor zaizkion eskubide batzuen truke.
3. Herriarekin berriz lotzean, Elizak beste Vietnamdar erlijio taldeekin ezin dezake harreman hotzik euki, azaleko itxuraz kontentaturik.
Vietnamgo katolikoak oso banakak dira. Elizak, batzuetan, goitik behera begiratzen izan die beste lagunarte fededunei; besteetan, paktu politikoak egiten izan ditu beraiekin*. Anaiak bezala bizitzeko, eskubide berdinekin jokatzeko, lege batzuk behar dira, lagunarte fededun bakoitzak, besteekin mintzatuz, bere erlijio usteak sakon ditzan.
4. Elizak ezin dezake uste izan, antikomunismoa eta erlijiozko debozioa aski* direla Vietnamgo historiaren memento honetan, Ebanjelioko errespontsabilidadeak definitzeko eta egiteetan agerrarazteko.
Joan XXIII.ak gogoratu zeukunez, faltsuak izan daitezkeen dotrinak eta hauek sortarazi dituzten mugimendu historikoak ez dira berdindu behar. Kristauak arrazoiz zapuztu* du ideologia materialista ateo bat; baina mundura zuzentasun eta gozotasun gehixeago ekartzeagatik burrukan dabiltzan gizonak ezin ditzake kondena, nahiz eta halako ideologia batek bultzatuta ari* badira ere. Komunismoak indarra du Vietnamen, herriaren aurrerapenaren alde gogor jokatzen duelako.
Vietnamgo Elizari eskatzen zaiona ez da, hain zuzen, komunismoari buruz bereziki mintzatzea. Horren ordez, «Populorum Progressio» entziklikaren izpirituari jarraituz, herriaren aurrerapen moduetaz eta herri osoaren elkar hartzeaz mintzatzeko eskatzen zaio.
Muturreko gogorra izango da, dudarik gabe, Vietnamgo Elizarentzat. Baina eutsiko dio. Ba dugu horretan fedea. Datozen aldakuntzek mendeetan* zehar erantsitako trabetatik libratuko dute Eliza eta bere egiazko bokazioa agerrarazteko askatasuna emango diote. Jakina, askatasun horrek esan nahi du, Eliza ez dadila pertsegitua izan, bere taldekoek Jainkoaren hitza entzun eta berari kultua eman ahal dezatela, obispoek eta apaizek beren karguko eginbeharrak bete ahal ditzatela, Eliza eta kristauak herrikoak bezala hartuak izan daitezela.
Vietnamgo Eliza Kristoren testigu eta gizon guztien zerbitzari bezala libreki bizitzeko deitua da. Bere buruaz zintzo den Eliza ezin daiteke hil.
VIETNAMDAR
daitezke, daitekez
daude, dagoz
dezatela, daiela
die, deutse
dio, deutso
diote, dinoe
ditzake, daikez
diote, deutsoe
ditzan, daizan
ditzatela, daiezala
zaio, jako
zaizkio, jakoz
zeukun, euskun
Arraintza
Japoneko aldizkari batean agertu danez, haginzorrotzak* harrapatzeko makina bat lortzearren, Japonesek hainbat urtetan egindako saioak azken onera heldu dira.
Haginzorrotzetako arraintzale automatiko hau, Suzuki Tekkojo-ren lantegian ideiatu eta zertu dabe; eta proiektuak herriko Arraintza Kooperatibaren laguntza eta babesa euki dau. «Robot makina» deitzen deutsoe.
Lehenengo saioak «Yusho Maru» 190 toneladako arraintza ontzitik egin dira, aurtengo martxoan, Bonin uharteen* inguruan.
Makina oso sinplea da. Ontziaren karel gainean ipintzen da.
Saioek erakutsi dabenez, gizona baino leberragoa* ei da arraina josten.
Marrazkitik* ikusi zeinkee, «robot» dalako hori zelakoa dan. Kainabera bat kaxa txiki bateko zilindroari oratuta dago. Indarra hidraulikoa da. Mekanismoari mikro-etentzaile (mikro-interruptore) baten bidez eragiten jako; eta, arrainak haginka eginaz batera, kainabera zutik jartzen da. Arraina behingo batean jausten da ontzi barrura, amutik berez libratuta.
Arraina laga ostean, interruptoreak besteratu egiten dau mugimendua, eta berriro jartzen dau kainabera arraintzarako posizioan. Beherantzako mugimendu hau, gorantzakoa baino (arraina jasotzekoa baino) geldiroago egiten dau.
Saioetan, ontziak 5.000 haginzorrotz harrapatu zituan egun batean. 4.800 jaso zituen barruko 31 gizonek: batez beste, 155 arrain bakoitzak. Eta robot makina bakar bategaz 200 harrapatu ziren. Beste egun batean, arrainik ez egoela ta, gizonak deskantsatzen zirela, derrepentean robotak haginzorrotz bat ekarri eban barrura, eta orduan gizonak arraintzan jarri ziren.
Martxoko salo edo «test» honeek nahiko argiak ziren, Suzuki Tekkojoren lantegia robot makinen produzio komertzialean hasteko. Baina, hala eta guztiz ere, saio gehiago egin ziren oraindino. Bigarren test honeek uztailean* egin ziren, eta ontzi bik hartu eben parte.
Saio honeek komentzitu egin zituen azkenean fabrikanteak, produzioa aurrera eroateko; eta abuztuan egin zituen lehenengo 50 makinak.
Asmaketa honek artegatasun haundia sortarazi dau arraintzaleen artean, euren lana inoiz ere makina batek ezin egingo ebala uste eben eta.
Operaziorik zailena*, ahotik amua automatikalki kentzea da. Hala ere, «Yusho Maru»ko lehenengo saioetan ikusi zanez, % 97 arrain berez irten ziren amutik; ehuneko bat kareletik uretara jausi zan; eta ehuneko bi eskuz askatu behar izan ziren. Geroago, aurrerapenak egingo dira honetan ere. Hala uste dabe.
Robot makinak amu arruntak* erabili leikez. Arraintzarako posizioan egonez gero, eta arraina hurrean badabil, behingo batean ematen dau seinalea.
Sei-zazpi kiloko haginzorrotz bat jaso leike, gizon batek baino arinago. Gizona baino indartsuagoa da, eta itsasoaren kondizioek ez deutsoe ardura haundirik ematen.
Produzioko modeluan, kristal fibrazko haga* ipiniko da kainabera ordez. Tresna hidrauliko batek zortzi makina eta gehiago erabili leikez.
PEREZ BILBAO
Oinaztarriak
Arestiar delakoaren munstroak direla ta
Gaur eguneko gizarteak, gu bizi garen eguneroko gizarte honek zenbat indar duen Jainkoak bakarrik daki. Premia asko dugu gizakumeek mundu honetan, dela diru, dela etxe, dela amodio, dela kultura, dela... «Zintzo eta fierki» jokatzen irakatsi daukute gure aurrekoek: goikoek agintzen duten guztia, belaunikatuta mun eman ondoren, bide hoberena bezala hartua izan behar dela irakatsi daukute, alajaina*; agindutakoari gizaki guztiek uko egiteko ahalmenik ez bagenu bezala; ezarria dagoen bidea, apropos eta zuzena ezezik, bortxaz eta indarrez segitu behar duguna balitz bezala.
Horrela, egungo* bizimoldeak ipintzen dauzkigun premiak egiazkotzat jotzen ditugu, gizon heldu izateko zer premia dugun eta zeri eutsi behar diogun jakin ahal izateko, erabat* itsu gelditurik. Herriko gizon bezala, gizarteak ipini dauzkigun premia hoien aukera egin behar dugu, gizon heldu izateko; eta komeni zaigun ezer eskaintzen* ez badute, bide berriak sortarazi behar ditugu, gerta bailiteke* gainetik ezarritako premia hoiek faltsu eta gezurrezko izatea.
Exenplo bat. Ba zirudien, orain dela hamar urte arte behintzat, euskaldun batek, alfabetatua egon zedin, nahi ta nahi ez espainolez jakin behar zuela idazten eta irakurtzen. Memento hartan ukazio nabarmena zen; ezin zitekeen bestela pentsa; denek ez arren, gehientsuek onartzen zuten fantasma gisako* premia hoietako bat zen. Baina ba goaz, eta heldu dira tenore* hobeak, demostraturik baitago lehen zuzentzat jotzen genuena traketsa, aldrebesa eta kiratsa dariona dela. Hala ere, euskaldun gehientsuek joera hari segitzen diote, etxekoari behin eta berriz uko eginez.
Gaur egun, labadora, frigo eta telebisiorik ez dugu falta. Diruz ere ez gara hain behartsuak. Ba dugu normalki bizitzeko hainbat. Igandero memoriaz ikasten ditugu kirola guztien gorabeherak. Egunero, guttienez zortzi ordu sartzen dugu bizi ahal izateko; eta, beharbada, ordu extretan uzten ditugu geure izerdi urriak, autoa erosteko. Gogor da esatea, baina zibilizazio honetan ez dugu denborarik, geure hizkuntzan irakurtzen eta idazten ikasteko; zail zaigu gizarteak ipintzen dauzkigun hesi* hertsi* hoiek haustea; eta bildur gara egia esateko, geure kultura-eza eta faltsukeriarekin topatuko baikara. Egiazko premia zer den jakitea ez da gauza erraza; baina berezko senari* ostopo eta eragozpen jartzea, gizon heldu izateko dugun nahiaren kontrakoa da.
Arestiar delakoaren ametsa gogoz irakurri dut. Euskaldun guztiak zoriontsu izanen garen egunarekin egiten du amets, hizkuntza trebeki eta erraz erabiliko duten bi milioi munstro euskaldunekin. Munstro izena, euskera errazki ikasi duenari ezartzen dio.
Onartzen dut munstro bat, baita bi ere; baina bildur naiz, bi milioi munstro sortzea ezinezkoa ez ote den, munstroak gizon apartak izaten baitira. Dena dela, ene ustez, komeni lizateke gizaki hoiek munstro izatera zerk bultzatu dituen jakitea; litekeena baita*, hoien exenploari jarraituz, munstro bihur ditzakeen bide isil eta itzalez betetako horretan jende gehiago abiatzea.
Hala ere, ez dut oraindik esperantzarik galdu, zinezko* premia zer dugun ohartuko garen eguna ez baitugu hain urruti, aski* berton eta eroso* baizik. Ezin dezaket gal, sinesten baitut gizonengan, eta bai baitakit hamar, ehun gizonek eta guttienez mila munstrok tinko eta firme jarraituko dutela munstro formatze bide nekoso eta humilean.
Erramuz eta txaloz goratuko ditugu egunen batean munstro asko, bi milioi munstro izan gaitezen lan egiten dutenak, are* gehiago olatu handien kontra burrukatzen dutenak, egunero zelatan* egonik, munstro izate bidetik, edo izatera helduko garen bidetik inork oker ez gaitzan.
Munstro bat, bi munstro, bi milioi munstro... Ez da baten batek uste duen bezain amets zoro eta zentzu-gabea.
MIKEL ARREGI
daukute, deuskus
dauzkigu, deuskuz
dio, deutso
diogu, deutsagu
diote, deutsoe
ditzake, daikez
gaitzan, gaizan
zaigu, jaku
zedin, eiten
zitekeen, eiteken
Ikasi zure hizkuntza
(Imanol Berriatuak)
Ale honetan izartxo bategaz agertzen diren berbak
ADIN, edade.
AGIRI, documento.
AGIAN, seguramente, probablemente.
AHATE, pato.
AHUL, makal.
AIERU, sospecha.
AINA, beste, bezainbat.
AISAGO, errazago.
ALA, ¿o qué?
ALAFEDE, ¡a fe mía!
ALAJAINA, ¡pardiez!
ALBISTE, berri, noticia.
ALEGIA, a saber, esto es, es decir.
ALFERRARRI, rodillo, apisonadora.
ALOGERETAN, en alquiler.
ALOR, arlo.
ANITZ, asko.
APEZPIKUTEGI, obispado.
ARAUERA, según.
ARE, oraindik.
ARETO, sala, salón.
ARGUDIO, argumento.
ARI IZAN, jardun.
ARITU, ari izan, jardun.
ARRAS, guztiz, zeharo.
ARRUNT, común, ordinario, corriente.
ASKI, nahiko.
ASTEAZKEN, eguasten.
ASTINGAILU, azote.
ATZEMAN, aurkitu.
ATZERA, berriro.
AURKIKUNDE, hallazgo, descubrimiento.
AUTU, conversación.
AXOLA, ardura.
AXOLAGABEKERIA, arduragabekeria.
AZTARNA, aztarren, arrasto, vestigio.
BAILITEKE, bait liteke, leiteke ta.
BAITA, bait da, da ta.
BAITOGU, bait dogu, dogu ta.
BAITZIREN, bait ziren, ziren eta.
BARKA, parka.
BEDEREN, behintzat, behinik behin.
BEHARGIN, langile.
BELUMENDU, retraso.
BERAIEK, eurek.
BERAZ, hori dala ta, por consiguiente.
BEREHALAXE, behingoxean, en seguida.
BIDE, agian, nonbait, seguramente.
BILDU, batu.
DAGOKE, dago nonbait, egongo da.
DATEKE, da nonbait, izango da.
DATXEKO, etxekitzen jako, se le adhiere.
DARRAIKO, jarraitzen jako.
DERITZE, deritxoe, deitzen jake.
DIRATEKE, dira nonbait, izango dira.
DIRAU, irauten dau, dura.
DOHAN, gratis.
EGUN, gaur.
EGUNKARI, eguneroko periodiko.
EKIALDE, oriente.
EMENDIO, aprovisionamiento.
ENPARANTZA, plaza.
ERABAT, guztiz, zeharo.
ERAKUNDE, institución.
ERASO, atacar, replicar.
ERORI, jausi.
EROSO, cómodo.
ERRAINU, rayo.
ESERI, jezarri.
ESKAINI, eskini, eskeini, ofrecer.
ESKERGA, guztiz haundi, enorme.
ESKUALDE, comarca.
ESNATU, itzartu, itzarri.
ESNATZE, despertar, renacimiento.
ETSAI, arerio, enemigo.
EZARIAN, geldiro.
EZEN, ze, pues.
FROGATU, probar, demostrar.
FUNTSEZKO, hondoko, importante, fundamental.
GAITZ, eskerga, haundi, enorme.
GISA, modu, guisa.
GO HOME, joan etxera (ingelesez).
GUEN, guren, parte alta.
GUN, hun, tuétano, meollo.
HAGA, palo largo.
HAGINZORROTZ, atun klase bat, listado.
HARAN, valle.
HARO, época, Edad.
HASTAPEN, hasiera.
HAUR, ume.
HAUTATU, aukeratu, elegir.
HAZIL, zemendi, noviembre.
HEDADURA, extensión.
HEDATU, extender.
HELBURU, fin, objetivo.
HERRONKAN, bata bestearen atzetik.
HERTSI, hestu.
HESI, valla.
HEZATU, humedecer.
HEZI, educar.
HILTAMU, agonía.
HOBENDUN, errudun.
HODEI, laino, nube.
HODI, tubo.
HORTAZ, hori dala ta, por consiguiente.
HOSTO, orri, hoja.
HOZITU, germinar.
HURA, ha.
HURIGINTZA, planificación urbana.
HUTSARTE, vacío.
IBAR, vega.
IDAZKARI, secretario.
IGAN, igon.
IGEL, rana.
IGERI, nadando.
IGORRE, Yurre.
IKUSPEGI, punto de vista.
INGINADORE, ingeniero.
INGURUMARI, inguruko.
INKESTA, encuesta.
IPOTXA, enano.
IRAGAN, igaro, pasatu.
IRAGARRI, anunciar, comunicar.
IRAIL, septiembre.
IRAULTZA, revolución, cambio profundo.
IRRATI, radio.
IRTEERA, urteera.
IZAKI, ser, creatura; izanik, estando.
IZANEN, izango.
JABETU, enterarse.
JARITXI, lortu.
JASAN, aguantar, soportar.
JAURGO, señorío, principado.
JETXI, jaitsi, bajar.
JOSTAILU, juguete.
KALONJE, canónigo.
KAUSITU, aurkitu, atzeman.
KENKA, momento crítico.
KIMA, punta de rama.
KOLOKA, kilikolo.
KORRITU, interés.
KUTSATU, contagiar.
KUTSU, aire, resabio, contagio.
LARRAIN, era, plazoleta.
LARUNBAT, zapatu.
LEBER, trebe, hábil.
LEHENDABIZI, lehenengo.
LEHIATSU, celoso, diligente.
LEINU, linaje.
LIBERTITU, divertirse.
LIZARRA, Estella.
LUPETZA, basatza, lokatza.
MAIZ, sarri.
MARRAZKI, dibujo.
MENDE, siglo.
MENTURA, hazar.
MESFIDAGARRI, desconfiable.
MIRETSI, admirar.
NABARITU, advertir, notar.
NOSKI, naski, ciertamente.
OHARTARAZI, konturatu eragin.
OHORE, honor.
OLA, fábrica.
OMEN, ei.
ORDEA, berriz, ostera.
OSAGILE, midiku.
OSTIRALE, bariku.
PATU, hado, destino.
SEN, instinto.
SOIL, solo, mero.
SORKARI, producto.
SUKARRIETA, Pedernales.
TANKERA, taxu, estilo.
TENORE, denbora, ordu.
TREBE, leber, hábil.
UDAL, Ayuntamiento.
UHARTE, isla.
UKAN, izan, euki.
UKITU, ikutu.
URJAUZI, salto de agua.
URTEBURU, aniversario.
UZTAIL, julio.
XEHE, menudo, sencillo.
XUME, txiki, minúsculo.
ZAIL, gaitz.
ZAPUZTU, rechazar, abandonar.
ZELATAN, al acecho.
ZENBAIT, batzuk.
ZERGA, contribución, tributo.
ZILEGI, lícito.
ZINEZKO, benetako.
Ikasi zure hizkuntza
(Xabier Kintanak)
Guztiok dakigunez, euskerak, Europako beste edozein hizkuntzak bezalaxe, teknikazko hitzak behar ditu, horretarako beste hizkuntzetan erabiltzen diren hitz internazionalak (linguistika, estadistika, alienazioa, telefono, astronauta...) erabiliaz. Euskerari eskubide hau ukatu nahi diotenak euskal kulturaren kaltetan ari dira, euskera teknikaren eta kulturaren alorretik* urruntzen dutelako. Maiz* irakurtzen ditugu gazteon joera «erdaltzale» eta «mordoilozale» honen kontrako kritikak; baina orain arte ez diogu inolako jauni, euskeran horrelako hitzik admititzen ez dutenetakori, entzun nola esan behar den euskeraz «alienatuen problema politikoak» edo «militar estrategiaren proposamenduak». Bidean ostopo bat dagoenean, ez da bidetik irten eta menditik, ahuntzak zaintzera, joan behar, bideko ostopo hori kendu eta gainditu baizik.
Dena dela, gazte batzuek, borondate onarekin ibili arren, oker batzuk egiten dituzte hitz moderno hauen erabileran. Adjetiboekin batez ere. Politika, matematika, historia... Izenak dira, eta berauetatik sortzen dira politiko, matematiko eta historiko adjetiboak. Euskeraz maskulino eta femenino ez dagoenez gero, gramatikarako behintzat, berdin esan behar da gizon katoliko zein andre katoliko (ez andre katolika!) zein Eliza Katoliko. Arrazoi berberagatik historia politikoa, erabaki historikoa, erloju matematikoa edo neska matematikoa... Idazle jatorrek (Leizarragak) honela egiten zuten behintzat, erderaz pentsatu gabe.
Ezagutu gure Herria
Hegoalde-Mendebal Araba. Gobia (2)
Gobia Harana (Valdegobia)
203,244 km2. eta 2.193 bizilagun. 26 herrixka ditu udal* honek: Azebedo, Astuliz, Batxikabo, Ibarbeia (Barrio de Ibarbeia), Basabe, Bellogin, Bobeda, Karanka, Karkamo, Korro, Espejo, Fresneda, Ginea, Gurendiz, Mioma, Nograro, Osma, Pinedo, Kesko (Quejo), Kintanilla, Tobillas, Tosta, Valluerka, Villamaderne, Villanañe eta Villanueva de Valdegobia (Gobia Haraneko* Huribarri).
Udal honetan, herrixka batzuek argi agertzen dabe euren euskal izena: Basabe, Osma, Ginea, eta abar; beste batzuek erdizka. Gaur Barrio izenagaz bakarrik ezagutzen dana, lehen Barrio de Ibarbeia zan. Karanka eta Karkamo, berriz, lehen Haranka eta Harkamo ziren, antzinako H gaur G bihurtuta. Quejo, ostera, Kesko agertzen da agiri* zaharretan. Azkenez, beste batzuen euskal izena ez dogu ikusten, edo galdu zalako, edo herritxoa euskera galduta gero sortuko zalako. Orain, zer egin erdal izenokaz? Euskeratu? Esate baterako, Fresneda Lizartza bihurtu? Gure ustez, ba dogu horretarako eskubidea.
Eskualdearen* bihotza eta zati nagusia da udal hau. Bere huriburua Huribarri edo Villanueva da. Lehen Villanañe zan; baina, 1841.ean udaletik alde egin eta udal bat berak bakarrik osotu ebanetik, huriburutza galdu eban. Zertarako? Bizilagunez urrituta, berriro udal izatea galdu eban, eta lehengo huriburutza jaritxi* ez. Udal honetan ez dago industriarik, eta, baserri sailean, eskualde guztietaz esan dogunak balio dau hemen ere.
Iberguenda
29,841 km2. eta 1.102 bizilagun. Bost herrixka ditu: Altzedo, Fontetxa, Zubilarraga, Sobron eta Iberguenda (huriburua). Gure ustez, udal honen izena Iberguenda da, eta ez ofizialki gaur agertzen dan Berguenda, ze, alboratxoago Ibarbeia badago, haren izena seguru asko Iberguenda izan behar; gainera, iber edo ibarraren* guenean* dago herria. Era berean, Puentelarra azkenengo letran azentuagaz egoteak, letra hori lehen aga zala dino, gaur gure euskaldun herrietan jendeak Altzá, Gazá, Eitzá esaten dauan legez, nahiz eta Altzaga, Gazaga eta Eitzaga izan: beraz*, Zubilarraga jarri dogu izena. Udal polita, bertan behera utzita badago ere. Sobroneko antzinako balnearioa gaur «Organización Sindical»en eskuetan dago udalekutzat; ikastoletako umeentzat udaleku izateko toki apartekoa, guk Euskal Herrian ezagutzen ditugunetarik hoberenetarikoa. Euskal Herri eta Gaztelaren mugan dagoen Zubilarragatik igaro ginen batean, Irungo zubiaren sasi-mugatasuna etorri jakun gogora, honegaz konparatuaz. Sobronen eta Zubilarragan urjauzi* eta argi-indar trasformadore galantak ditu Iberduerok, Euskal Herriko eskualdeetara argia bidaltzeko. Fontetxan olak* jartzeko lur egokiak dagoz, Erdi Haroko* torretxe zahar galanten inguruan.
Gesalaga-Araña
21,794 km2. eta 559 bizilagun. Erderaz Salinas de Araña izenagaz ezagutzen danak eta Atiega herritxoak osotzen dabe udal hau. 942. urtean agertzen da Gesalaga-Araña huri hau, San Millán de la Cogolla-ko dokumentu batean. 1126.ean, Nafarroako Alfonso I.ak. Jendea hara eroanda, huri bezala jasotzen dau. «Salinas» deitzen diren beste herrien antzera, Gatzaga izenagaz euskeratzen izan da; baina Odon Apraiz arabar jakintsuak aurkitu eban, herri honen izen zaharra Gesalaga zala. Gatz larrain* handiak dagoz huri honetan, Euskal Herriko handienak seguru asko; eta Gasteiz aldetik bertara heldukeran, ikusmira interesgarria dauke.
Erexo
Valderejo (Val-d'Erexo) izeneko haran* honek 35,337 km2. eta 111 bizilagun zituan azkenengo kontaketan. Gaur erdiak ote ditu? Hotz (Lahoz), Lastra (Lalastra), Ribera eta Mardones (Villamardones) herrixkek osotzen dabe haran hau. Orain bost urte, bizilagunen faltaz, udal bezala galdu zan, Gobia Haranekora sartuaz. Euskal Herriko haranik bazterrengoena, baita baztertuena eta pobreena ere. Lurrez eskasa, giroz hotza (horregatik beharbada, gaur Lahoz deitzen jakon herria, lehen Hotz izenagaz agertzen da, erdal artikulu barik). Gaur Riberan eta Hotzen familia bana baino ez da bizi; eta Mardonesen bi, eta beste dozena bat inguru Lastran. Gainera, haran hau 900 metrotik gora dago. Hain jende gutxi joaten da bertara ze, Lastrako tabernan egozen abertzale mitin bateko orain ia 40 urteko argazkiak kentzeko ere ez da inor agertu.
Unzeka
30,92 km2. eta 326 bizilagun. Lau herrixka ditu, ofizialki «Jurisdicción de San Zadornil» izena daroan udal honek: San Zadornil de Unceca, San Millán de Gabinea, Arroyo eta Villafría. Burgos-ko probintzia barruan dago gaur udal hau; baina IX. mendean Gobia eskualdean agertzen da «San Saturnino de Unceca» izenagaz. Orain Unzeka eta Gabinea euskal izenak ere kenduta daukez, hemengo antz gutxiago izan daien. Herri basoz aberatsa da udal hau. Bertatik igaro behar da, Basabe, Bobeda eta Erexo haranera joateko, eta mapetan sarrera hestu bat bezala agertzen da.
Berberana
Gaur Burgosko probintzia barrutian aurkitzen dan udal honek 33,79 km2. eta 239 bizilagun ditu, eta Berberana eta Valpuesta herrixkek osotzen dabe. Lehenengoa Orduñako aldatzaren Hegoaldean dago, Bilbotik Zubilarragako bide nagusian; eta bigarrena, Mioma ondoan. Valpuesta oso garrantzitsua da gure kondairan*, bertan aurkitzen baitzan Autrigonen apezpikutegia*. Bureba aldetik itsasoraino zabaltzen zana. Ez dakigu lehengo euskal izenik. IX. mendean* joan apezpikuak latinez «Vallis posita» izena ezartzen deutso, eta hortik dator gaurko izena. 1084. urtean Munio apezpikua hil ondoren, Gaztelako Alfonso VI.ak «Valpuesta»ko elizbarruti osoa Burgoskoagaz lotzen dau. (Gaztelako agintarien eliz arazoetan sartzeko ohitura ordurako sartuta egoen). Bizkaiko Enkartazioak, Mena Harana, Artzeniega, Llanteno, Gobia eskualdea, Castro Urdializ, Laredo eta abar Burgosko apezpikutegiaren menpean jartzen dira, 1753.ean Santanderkoa sortu arte, euskera eta euskalduntasuna galdu arazteko huriburu egokiak biak.
Villalba
86,18 km2. eta 595 bizilagun. Bere herrixkak: Barriga (Barriaga ote?), Tezako Lastra, Mijala, Murieta (lehen Murueta), Teza, Villazian, Villota, Zaballa eta Villalba (huriburua). «Junta de Villalba de Losa» daroa izena udal honek, nahiz eta Losa haranekoa izan ez. Villalba, Landazuri Arabako kondairagileak agertzen deuskunez, 1463.erarte Arabako Batzar Nagusietara joaten ei zan. Egia esateko, geografiaz Arabakoa eta Gobia eskualdekoa dogu, Losako mendikatetik Ekialdera* eta ez Gaztela aldera dago ta.
J. L. LIZUNDIA