ANAITASUNA
215. zenb.
1971.eko Uztailaren 15ekoa
Jardin Txikerra, 1. BILBAO-12
Tel. 43 18 37
ANAITASUNA Bizkaia
Hamabosterokoa.
Zuzendari: Anjel Zelaieta.
Zuzentzaile: Imanol Berriatua.
Idazkola ta banakola: Jardin Txikerra, 1. Bilbao (12).
Inprimatzaile: Juan José García de Mardones, Joaquín Jáuregui, Luis María Tafalla eta Gabriel García de Andoin, AMADO inprimerian, Bilbon.
Irarle: Gil Díez eta Manuel Barrera, RALI etxean, Bilbon.
XIX urtea.
D.L.: BI-1.753 - 1967.
Dobrovolski, Vladislav eta Patsayev, URSSeko hiru astronautak, Soyuz ontziaren barruan, espazioan zehar, 30 egun oso egin ondoren —orain arte inork egin ez duena— berriro lurreratu direnean, gorpu* aurkituak izan dira hirurak, ontziaren barnean. Ama Lurra aberasteko, Ama Lur horregandik bizirik atera zirenak, orain Ama Lurragana hilotz heldu dira. Baina ez da dena alferrik izan. Hiru Prometeo berrien heriotzearen nekea, oraingoan, ez da lotsagarria ez gauzaeza* izan gizonentzat.
Ilargia eta beste astroak ezagutu eta menperatzeko, gizonak aspalditik darabilen burruka latza —burruka izerditsua, Bibliak dioenez— oraingoan Ulisesen ahaleginen antzera gelditu da, Penelope maitea besarka ezinik.
Sobietarrek, horregatio*. aurrera egingo dutela esan dute. Heriotze hoik jasan* arren, jadanik atondurik daduzkaten gertakizunak aurrera eramateko ahaleginak eginen dituztela. Izan ere, gizonek ez dute lana hasi-amaitzen. GIZONAK hasi ditu eta GIZONAK bukatuko.
A. Z.
Azpeitia
Aita Kardaberazi omenaldia
Ekainaren* 20an, Loiolako Basilikan, omenaldi bat izan dugu, Aita Agustin Kardaberazen heriotzearen 200. urteburu dela ta.
Lehenik, goizean, herri meza, Donostia eta Bilboko gotzainek zuzendua. Gero hitzaldiak: Aita Joan Goikoetxea, euskaltzaindikoak, «Kardaberaz, euskal gizon eta euskal apostolu»; ondoren, Jose Inazio Telletxeak, «Kardaberaz, Larramendi eta Mendiburu»; azkenik, Manuel Lekuona, euskaltzainak, «Kardaberazen Euskararen Berri Onak». Arratsaldez, bertsolariak, dantzariak eta erromeria.
Kardaberaz [1703-1771), euskal literaturaren historia bete duten gizon prestu hoietako bat gehiago dugu. Garai hartan idazle gehienak erlijiosoak ditugunez, hau ere jesuita genuen. Predikalari habila eta misiolari trebea* izanez gainera, arras* euskaltzale zen. Euskal Herriari Aita Larramendik ezarritako oinarrietan finkaturik, lan hainitz* eta onuragarri* eskaini zeukun. Hona hemen, hitzez hitz ipinita, bere predikuetan hainbat bider esana: «Baña, gure pobrecho on ascoren animak salvatceko, Euscarac burua jasotcea Jaincoac nai du».
Kardaberaz kristautasunaren zuzpertzaile* indartsu bat izan zen, Euskal Herri osoan. Orain, Elizak haren ohorezko* egun bat ospatu du Jesuiten sorterrian. Penagarri izan da, Euskal Eliza osoa han ez izatea, Gipuzkoa eta Bizkaiko Elizaren buruak baino ez baitira han izan.
Bestalde, Loiolako etxe handi horrek hamaikatxo gizon prestu eman dio gure herriari. Baina, azken aldi honetan, adinez* aurrera doazen jesuita bakar batzuk baino ez daude. Parte bat ikastolari emana egon arren, ba da lekua franko etxe honetan. Lehen, Larramendi, Kardaberaz, Mendiburu... Egun*, Goikoetxea, Garate, Mujika... Eta bihar? Hauxe da, guk nahi duguna: Loiola Euskal Herriaren zerbitzurako egotea, eta ez, turismoa dela medio, hotel bihurturik, diru pilaketa egitea.
«Amigos del País»ekoen bilera
Ekainaren* 23an, Azkoitiko Intsausti palazioan, «Amigos del País» elkartekoek bilera bat egin dute. Hauen egitekoak zeintzuk diren jakitea ez da zaila: noiz behinka musikazko ikastaldiren bat antolatu, inguruko museo eta etxe historikoak tesoroak bezala gorde (Antxieta, Intsausti...), Barreiros Dodgeetan paseatu, eta funtsean* ondo bizi. Hamaika horrelako mantentzen diagu! Hauk* gure herriaren lagunak badira, nolakoak ote dira gure herriaren etsaiak*?
Gazteiz
Legutiano dela eta
ANAITASUNAren 213. zenbakian, Latxaga jauna laguntza eskainiz datorkigu, eta, bide batez, nire artikulua kritikatuz. Ongi da laguntza eskaintzea eta ongi da, baita ere, kritikatzea.
Latxaga jaunari hauxe esango diot bakarrik: a) antzina hasi ginela «legearen bidez jokatzen»; b) «gotzain eta apaizak» antzina agertu zirela gaizki, baina horrekin ez dugula ezer aurreratzen; c) zuk nik bezain ongi jakin behar zenuke, legea eta arrazoiak gure alde izateak ez daukula asko balio gure egoera honetan; d) «Erroman gure aldeko giroa» izan nahiz Estokolmon ipar aizeak jo, berdin dela; eta Arabako gorabeherak zure xoko horretatik konpreni ezinak badira, laguntza Erromatik etorriko zaikula sinestea Errege Magoen sinestea dela.
Hori da nire ustea.
Udalekuak
Indar haundia hartuaz doaz udalekuak. Gasteiz honetatik 8 ume edo... izan ziren bakarrik igaz. Aurten 60 inguru ba dira. Hemengo haurrentzat oso ongarri da, Gipuzkoako haurrekin doazelarik. 20 egunetan asko aurreratzen dute, euskaraz mintzatze aldetik. Batzuek ikastaro osoan baino gehiago.
Uste dut, udalekuetara haurren eramate hau oso bide aukerakoa izan daitekeela hemengoentzat, zenbait* alderditatik begiratuta.
Araba koroa
«Coro Araba» delakoa aski* ezaguna da oraingoz gure artean. Hor ari* zaiku, abestaldiak eman eta eman. la abesti denak euskaraz ematen ditu. Horretan, Araban orain arte sortu denik zintzoena da. Sabin Salaberri Aramaionako semea da zuzendari. Musikalari sena* barne barnetik du, eta konposatzaile ere ba da. Abesten dutenetik asko, berak konposatua nahiz konpondua da. Bera zinez* euskalduna delarik, bide horretatik darama lan guztia.
Kontzientzia lotaratu bat baino gehiago iratzarri* izan du eta iratzarriko du, ez da dudarik. Laster disko haundi bat ateratzekotan direla entzun dut. Zorion zuei! Eta aurrera, orain arte bezain herrikoi.
EUSEBIO OSA
Tolosa
Herriko jaiak
Festa giroan bizi gara garai honetan; eta, hau dela ta, inguru guztian jaiegun bikainak izan ditugu.
Batez ere Txarama, Anoeta eta Ibarran. Bertsolari, kantari, soinulari eta dantzariek hartu dute parte, jendeak ongi txalotuaz.
San Juanak, berriz, Tolosa bertako jaiak direnez, udaletxeak* antolatu eta programatutako festak dira.
Programa horretan bi oker batez ere harrapa genitzake:
Bata, San Juan bezperako suaren ondoren abesten den zortzikoa kantatzeko, Andoaingo talde bat ekartzea. Alajaina*, ez da gure herria, musikalari eskasia duena! Bigarrena, berriz, nire ustez, handiagoa da. Festetako programan «Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintziala» egiten ari* den etxe mordoaren propaganda sartzea.
Etxe hoik* egiteko lurrak, beren jabeei espropiatu egin zitzaizkien; gero, obraren egitea kanpoko enpresa bati eman; eta, esaten dutenez, bizitzak seirehun mila pezetatik gora salduko omen dituzte.
Horrelako «egintza sozialak» egiteko prest, laster aurkituko litzateke jende ugari. Bai horixe!
J. IRAETA
Ohar bat
Kronista honen laguntzaileek ohar ttipi bat ipini nahi dute, eta hau da: Beren adiskide J. Iraeta Zaldibiko neska batekin ezkondu dela, Larraizko ermitan, ekainaren* 21ean.
Gure partetik zorionak, eta ongi bizi!
Arratia
Orain hilabete dala hasi zan Zeanurin eskupelota txapelketa; eta igande guztietan partiduak egoten dira, giro oso onagaz. Noiz hasiko ote da, Areatzako* «Peña Pelotazale Villaro II» elkarteak antolatutako txapelketa komarkala?
Undurraga deritxon Zeanuriko auzunean, jaiak izan ziren ekainaren* 29an. Jai honeek gazteek antolatu zituen. Meza ostean txistu soinua bakarrik egon zan, euskal kantarien saioa debekatu egin eben eta. Arratsaldean, Igorreko «Beti Bizkor» dantza taldea, eta Aretxa I.a, Yurrebaso eta Aretxa II.a harrijasotzaileak ikusi genduzan. Yurrebasok lehenengoz altzatu eban jende aurrean 175 kiloko harria. Arratiako gazte asko batu ziren, eta giro on bat emon eutsoen egunari Arratsalde guztian, erromeria oso ona egon zan.
XIRI
Bilbo
Ikastolak ibiltari
Ekainaren* 19an, Bilbo Handian ez da lanik egiten; eta ikastolek, aspalditik, urteroko ibilaldia egiten dabe egun horretan.
Algortakoak Eubara joan ziren, Santutxukoak Murgira, Deustukoak Mendatara...
Umeak, gurasoak eta irakasleak.
Eguraldi dirdiratsua. Hodeirik* ez zeruan.
Umeak kantari, gurasoak pozarren.
Mendatako puntatik, mendiak behean, bata bestearen atzean, berdeak urdinari musu ematen deutson urruneraino.
Txoriak goitik dabiltza. Tximeletak* lorerik lore. Eta, honeei konpetentzia eginaz, Euskal Herriko udaberri honetako lorerik ederrenak: ikastoletako andereñoak.
Malen Castresanak abestu dau:
Hogei bat ari gara
euskara ikasten;
hurrengo urtean
zenbat izango garen
dugu galdetzen.
Zeuk, irakurle, dozu erantzuna.
Durangoaldea
Anjel Zelaieta eta Maribel Zamakonaren ezkontza Garain
Anjel Zelaieta Mallabitarra, ANAITASUNA honen zuzendaria, eta Maribel Zamakona, Galdakanotar neskatilla, Garain ezkonduko dira, abuztuaren 7an. Eliz aldetiko apaiz zeregina Aita Imanol Berriatuak egingo dau, Jainkoak gura badau.
Don Lorentzo Martin eskola maisuari omenaldia Ermuan
Don Lorentzo Martin jaunak eskola maisu bezala jardun izan dau Ermuan, 1946. urtean hasi eta oraintxe arte. Beraz, 25 urte. Bere ikasle izandako guztiek omenaldi bat egingo ei deutsoe.
Munitibar
San Pedro Jaiak pasatu berri ditugu. Programari begiratuz, eskasagoak izan beharko ebela uste izan arren, ez ei dira hain eskasak izan.
Esan deuskuenez, oso berandu gomutatu dira, eta ia ez dabe azkenean ezer askorik antolatzeko astirik izan.
Dana dala, umorea eta animazioa ibili da kaleetan, eta jendea ere ugari samar, herritarrak eta auzo herrietakoak.
Hala eta guztiz ere, hutsune batzuk egon dira. Ene ustez, hutsunerik larriena eta nabarmenena, umeentzat ezelako jolasik ez ezer ez egotea izan da. Jaietan umeek ere euren tokitxoa behar dabe, beste edozeinek legez*. Jaien programa barruan umeek euren tokia izan daien, maisu-maistrek kontzientziazko obligazioa dauke, batez ere jaien preparatzaileek ezer egin ez badabe. Dakigunez, ez dabe honen gainean ezer esan.
Markina inguruko beste herri batzuetako jaiekin konparatuz, Munitibar eta Bolibarkoak eskasenak izan direla esan geinke, programei begiratuz behintzat.
Amoroto, Markina-Etxebarri, Aulesti eta Bolibarko propaganda paperak ikusi ditugu, eta euskaraz eta erdaraz izkribaturik dagoz. Munitibarkoetan euskaraz ez dogu ezer ikusi. Munitibar ote da, inguru guztian, euskaltasunik eskasena dauan herria?
ERRAMON GERRIKAGOITIA
Sondika
Portugaleteko zubia eta ingurua
Guztiok ezagutzen dogu Portugaleteko zubia. Guztiok ikusi izan dogu inoiz, eta bertara igon ere. Zubi horri buruz ba dira bertso batzuk:
Puente de Portugalete,
tú eres el más elegante...
Bilbotik hondartzara bagoaz, ikusmira polit bat eskaintzen dau zubiak, erreka zabala azpitik doakiola. Baina uste dogu, ikusmira hori denbora gutxirako dogula, zubiaren aurrez aurre etxe haundi bat egiten ari dira ta.
Ene ustez, etxe hori oso desegoki dago han. Ez dakit zelan ixten daben leku haretan egitea. Ez ote dago beste toki egokiagorik?
«Colegio de Subnormales» Sondikan
Udagoienean zabalduko da Sondikan «Colegio de Subnormales» berri bat. Kolejio eder bat da, eta lehenagotik ere behar beharrezkoa. Honela, haur horreek ere bizimodua aurrera eroan ahal izaten ikasiko dabe, zerbait baino ez bada ere.
ROSI IBARRONDO
Gu gazteak ginenean, Bizkaiko apaiztegi batean ikasten ari ginelarik Bizkaiko eskualde* bati «zona minera» deitzen zitzaion. Eskualde hori Gallarta, Somorrostro, la Arboleda... eta hoiek osatzen zuten. Izen hori entzundakoan, jende pobrea, elizara joaten ez zena, erdalduna... eta hoik* etortzen zitzaizkigun burura; eta beren eliz zeregina egitera hara joaten ziren apaizak, gizon ausart*, trebe* eta imitagarritzat genituen.
Ene adiskide poeta euskaldun bat, Igande* arratsalde batez, bere emaztegaiarekin —orain bere emaztea— La Arboleda eta inguruetara joan zen, meatzak* eta meagizonak* ikustera. Poeta eta bere emaztegaia ez ziren ikaratuko, paraje haren gordintasuna ikusiaz. Eta bere poesigintzarako gaia jasoko zuen, arretaz*, minez. Eta seguru asko pentsatuko zuen, zein gaitz den gizon haien ezbeharrak bere euskaldun irakurleei poesi bidez eskaintzea.
Beste behin, Andoaindar gazte batzuk hurbildu* ziren diogun paraje hartara, igande arratsaldeari probetxu aberats bat atera nahiz. Bizkaiko ertz hori ikusi ondoren, eta batez ere hango euskalduntasunik eza edo, behinik behin, Andoain ingurukoagandik hain desberdina ikusi ondoan, herriratu zirenean, haietariko batek esaten zuen: «Balore handia izan behar dik euskaldun batek, giro hartan bizi izateko!»
Joan den maiatzaren 20an, Bilboko euskal kantari talde bat izan da Gallartako San Fuentes auzuneko zinetokian, kanta saio bat ematera. Kanta guztiak euskaraz egin zituzten, zenbait* azalpen erdaraz emanez. Jendeak —100 bat gazte— ez zuen kexarik agertu euskara kantatzeagatik.
Oteizak, ZERUKO ARGIAren 433. zenbakian esan berri duenez, «taldetxoetako ekintza arruntetan* gelditzen gara..., batasunaren beharrean aurkitzen gara..., geure sena* berritu behar dugu..., sen honek emango die gure erabakiei bizitasuna eta sakontasuna...»
Baina sen horrek ez gaitu guztiz elkartuko, sen hori, gure ustez, sobera* espiritualista izanez gainera, ez baita* berdina gure Herriko gizon guztientzat. Baina, gure Herriko gizon guztientzat, sen hori euskalduna da, nahiz eta bakoitzak berari dagokion erara hartua izan.
Meajabeak euskaldunak dira; hala izatea arrazoizko ikusten dugu behintzat. Eta meagizon langileak ere euskaldunak dira; hala izatea ere arrazoizko jotzen dugu, dudarik gabe. Eta sen horren jabe bakar eta osoak eginez gero, arrazoizkoena da aberasten ekitea. Baina bakoitzaren helburuak* ez dira guztiz berdinak, zeren* eta jabeek gizalana erosi egiten baitute eta meagizon langileek beren gizalana saldu.
ANAITASUNA
die, deutse
dik, jok, du
zitzaion, jakon
zitzaizkigun, jakuzen
Euskara morrointzapetik atera beharra
Honetaz, Euskara berriz ere morroin, Daniel Hibargoitikoaren artikulu jatorraren ideiak («Zeruko Argia», 432. zenb., 1971-6-13) oso bikainak iduritu zaizkit. Ba da bertan zer pentsa, zer hausnar.
Euskal Herriaren berbizkundea hasi zelarik, erdaraz egiten zirela goi mailako gauzak, beti edo gehienean; noizbait euskara beharrezkoa egingo zen ustean. Baina usteak erdia ustela. Joko doble honek ez dakigu noiz arte iraungo duen.
Hala ere, beti da guttienez tarteko neurri bat, ondo gordetzen ikasi eta saiatu behar duguna; eta ideia hau ongien mugatzen duena, Villasantek José María Espinas katalan idazleagandik jasotakoa da (ikus Villasante-ren erdal liburua, «Zeruko Argia», 422. zenb., 1971-4-4), esaten duelarik: «Para hacerme entender por los demás yo puedo utilizar cualquier idioma; pero para 'crear' sólo puedo utilizar mi idioma. EI idioma es la fuente de creación de las ideas y no viceversa». Guttienik, jokabide hau eskatu behar genieke geure inguru ditugun hainbeste euskaldun erdal izkribatzaileri, beren buruak euskaltzale agertzen dituztenez gero.
Jakina, euskaltzale diren izkribatzaile erdaldunok egin dezaketen lanik hoberenetakoa, euskarazko literaturan sortzen diren lanik hoberenak erdarara itzultzea litzateke. Hainbeste dira, izan ere, gure herri honetan, euskaraz mintzatu arren, beren hizkuntzan analfabetuak, eta erdaran literatur zale. Hoiei aditzera emango genieke, etxeko alorrean* ere ba dela zer irakurri, zer ezagutu.
Baina, horretarako ere, itzulpenak zintzo eta ondo egingo badira, euskaraz ondo jakin behar. Adibidez, hara neuri behin gertatua. Huntaz eta hartaz argitaratu ondorean, Oteizarekin trink egin nuen Donostiako kale batean. Eta hau esan zeutan: «Liburu honen muina ezagutu nahi dut, eta urliari* utzi diot (erdaraz idazten duen euskaldun eta euskaltzalea hau), eta ez omen* du behar bezala ulertzen. Hiztegiarekin azterketa handiak egin beharko dituela, ezer garbira aterako badu. Zer deritzazu?» Nire erantzuna, adarra-jotze alde zerbait esajeratua: «Zer deritzadan? Erdiko kultur mailako eibartar bati utzi bazenio, ez zuela holako eragozpenik izango, batez ere euskaraz irakurtzen zerbait ohitua balego, zeren* gure herriko hiztegia lau edo bost aldiz ugariagoa bait da donostiar batena baino».
Espanturik hainitz izan zuen Jurgi Oteizak kalearen erdian. Alajaina*, berebiziko istiluak atera zituen.
Pizka bat neurritik harat joan banintzen ere, hau hala da.
Katalanak honetan gu baino argiagoak eta azkarragoak dira; eta beren literaturan ezer interesgarririk sortzen badute, laster emango dute, gaztelaniazko itzulpenez ezezik, frantsesera ere bai.
Guk ere ordua dugu, bide hau jokatzeko. Hor ditugu hainbeste lan, sorkunde aldetik begiraturik, kanpoko literaturaren aurrean lotsarik gabe ager genitzakeenak: Txillardegiren Leturiaren egunkari ezkutua, Peru Leartzako eta Elsa Scheelen; Saizarbitoriaren Egunero hasten delako; A. Lertxundiren Hunik arrats artean; Kintanaren Beste izakia; eta abar; Azurmendi, Lasa, Sarasola, Arze, Lete eta beste zenbaiten poemak; eta abar eta abar.
Era hau izango litzaikegu, oraingo egoeratik irtenaz, erdara bera euskararen morrointzan jartzeko bide bakarra.
Bestalde, zientzia lanetan ere, Euskal Herrian horretara espezializaturik dauden aldizkariek tokia eman behar lukete, historian, zientzia naturaletan, teknikan eta abar, euskal izkribatzaile garenok geure lanak euskaraz emanez eta lanaren ondorean erdarazko laburpentxoa, «resumen» gisa. Oraintsu neronek «Munibe» aldizkarian Gorostabeñako harrizko haizkorarekin egin dudana, adibidez.
Hau da hitz bitan: literatur sorkunde lanak geure hizkuntzan egin, eta gainerako kultur lanetan eta inbestigazio lanetan ahal guztian euskaraz agertu, ondorean erdarazko laburpentxo bat erantsiaz. Era honetan, lana sakon ezagutu nahi dutenak, euskara hobeto ezagutzera behartuko dira.
Honela, Daniel Hibargoitiko euskaldun gazteak ez zuen eramango holako atsekaberik. Eta Daniel Hibargoitiko edozein euskaldun gazteren sinbolua dugu, euskaldun gaztea bere hizkuntzaz guttietsirik*, akonplejaturik aurkitzean.
Jokabide honekin, gure euskara gaixoa ez litzateke hain gaixoa izanen. Kexu guttiagorekin praktikoagoak izan gintezke.
EGURENTARRA
bazenio, bazeuntso
daude, dagoz
dezakete, daikee
diot, deutsat
genieke, geunskioe
genitzake, geinkez
litzaikegu, litzakigu, litzaiguke
zaizkit, jataz
zeutan, eustan, zidan
ANAITASUNA-ren oporrak
Uztail* honen 30ean ez dugu ANAITASUNA argitaratuko, legezko diren oporrak* hartu ahal izateko. Bide batez, eskerrak ematen zaizkie, aldizkari honen alde lan egin duten guztiei; eta aurrerantzean ere lan ona eta etengabeko bat egitearen premian gaudela aditzera ematen da.
Barrankan ere euskaraz
Hona hemen, Nafarroako Barrankan bizi dan F.R. gure adiskideak bidaldu deuskun eskutitza. Atseginez argitaratzen dogu, Euskal Herriko beste eskualdetakoek* ere Barrankako egoeraren berri izan daien.
ANAITASUNAren Zuzendaritzari, agur! Lehen ere bi suskrizio egin nituen, eta K. L. lagunaren bitartez bidali ere. Haik* biak Lakuntzakoak ziren. Orain, beste hau har ezazue.
Eskualde honetan, Barrankan alegia*, ba dakigu euskaraz, baina euskara ikasi beharrean gaude. Lehen ere, Arbizun, harpidedun batzuk egin neuzkizuen.
ANAITASUNA hartu izan dugu, geure ikasketak egin ahal izateko. ANAITASUNAko euskara ez zale oso zaila egiten. Gaia eta euskara batera aztertzen ditugu. Arbizuarra izanik, neure herrian hasi nintzen euskarazko klaseak ematen, baina orain Lakuntzan ere eman beharrean nago. Herri honetan euskara galtzen ari* zen. Orain, gogor ekiten diogu.
Eskaintza on bat
Zuberoko Lakarri herritik adierazi deuskue, Pierre Ager jaunak zuzentzen dauan dantza taldea prest eta desiratzen dagoela, hemen, Bidasoaz honantzako herrietan dantzatzeko. Hemengo herrietan, bada, Pierre Ager jaunak zuzentzen dauan dantza taldea presentatu inork nahi badau, deitu beike zuzenbide honetara: Pierre Ager. Garate-enea. Lakarri (par Tardets) 64. France.
Joxe Antton Artza saritua
Joxe Antton Artzak irabazi dau «Hernani» literatur saria, poesi sailean. Antonio Arrue, Fernando Artola, Juan San Martin, Ignacio Elizmendi eta Jabier Aranburu jaunek osotzen eben sariketa honetako epaimahaia —zer gizon beneragarriak!— eta «Sabela eta Lurpea» izeneko poesiari eman deutsoe 15.000 pezetako lehen saria. Dinogun bezala, poesia hori Joxe Antton Artza Usurbilgo txalaparta joleak egina da. Artza gaztea «Ez dok Amairu» taldekoa da, eta «Baga, Biga, Higa» sentikaria, berak moldatua da, gehienbat.
Urepeleko Extanixek dino, Beyristik
«Marxismoak Euskal Herrira ondore txar bat ekarri duala dirudi, integrismoa alegia*. Agertu dan integrismo hau onar ez dezakegu, ordea... Batzutan, integristak direlakoak, beren ustez marxista itxura duten guztien izenak zikintzen omen dituzte, hauen kontra irain* izugarriak zabaldurik... Egiazko demokratak, bai marxismo bai integrismoaren jokabide hoiek kondenatu behar ditugu batean... Gazteak marxismoaz salbatu nahi baditugu, beste bide batean abiatu behar gera, adiskidetasun eta leialtasun guziaz jokatzen askatasunaren bidean. Integrismoak ez du balio».
Ez dago txarto. Baina ezi izan leiteke, era berean, euskaldun eta marxista, katoliko eta euskaldun izan leiteken bezala, aspaldi batean Donostiako Buda Nagusiak ondo frogaturik* utzi dauan legez*?
«Kakute» teatro taldearen ekinaldiak
«Kakute» Asteasuko teatro taldeak, «Denok ixildu egiten gera» (Alfonso Paso-ren «La Mordaza» antzerkia) jokatu izan dau, Tolosan, San Juan jaietan, eta Donostian, Antiguoko elizako aretoan*. Paso-ren antzerki hori Olatz Gezalaga andereak euskaratu izan dau.
Frantses telebisioa Ipar Euskal Herriaz arduratzen
Baionako HERRIA astekariak dinoanez, datorren urrian hasita, Frantziako telebisioak Euskal Herriari buruz zerbait zabalduko dau, euskaraz. Jadanik*, Mattin bertsolariarekin egon ei* dira telebisiokoek, Ahetzen.
«Boletín Americano del Instituto de Estudios Vascos» aldizkaria
«Boletín Americano del Instituto de Estudios Vascos» izeneko aldizkariaren 84. alea agertu berri da Buenos Airesen. Aldizkari hau hiruhilabetekaria da. Bonifacio de Ataun aita kaputxinoak zuzentzen dau, eta bere urteko ordaina dolar bi da.
Hona hemen azken aleko artikuluak eta idazleak: «Flores y Esclusas. Bertsoketan» (erdaraz eta euskaraz), Imanol de Sabiaga. «A propósito de un Nuevo Mapa del País Vasco», J. M. de S. «Origen y Drama de los Partidos Políticos Argentinos», Enrique de Gandía. «Los Apellidos Gandía y Madaria de la Ciudad de Orduña», José Rafael de Madaria. «El Origen del Pueblo Vasco y de su Lengua», Andrés María de Irujo. «Dos contribuciones nortamericanas a los Estudios Vascos», F. de Abrisqueta. «Una rectificación», Jorge S. Oria. «Inventario Bibliográfico Vasco» (1892-1950).
Aldizkari honen lema hauxe da: «Ustea ez da jakitea». Agiri danez, Buenos Aires aldean ere euskarak ez dau indar haundirik hartzen, nahiz eta euskaldungoak, beharbada, zerbait izan. Aldizkari hau eskatzekotan: Bonifacio de Ataun. Esquiú 974, Casilla 14. Buenos Aires (37).
Ikastola berria Hendaian
Lapurdiko Hendaian, 800 haurrentzako tokia daukan ikastola berri bat zabalduko da hurrengo ikastaroan. Orain arte, hiru ikastola dagoz Euskal Iparraldean: Baionan, Donibane Lohitzunen eta Arrangoitzen.
«Herri esnale» agerkaria
Gipuzkoako Oiartzunen, «Herri esnale» izenburuarekin argitara eman berri dabe, multikopiaz, aldizkari berri bat. Jaso dogun aleak 24 orrialde ditu eta jarraiko gai honeek dakarz: Batasuna behar, Euskararen errota, Jakingarriak, Herriko berriak, Olentzaro dela ta, «Intxixu», Lehen agiria, Udaletxetik, Euskal alfabetatze batzordea Oiartzunen, Lartaungo korala, Ikastola dela ta, Gazteak mintzo, Herrigintza, Ikasi zeure hizkuntza, eta ANAITASUNA honetatik jasotako Ernesto Ouandie, martiri berria. Eskatzekotan: I. Arbelaitz, General Mola, 2-3.º Oyarzun, Gipúzcoa.
Liburu berriak
«Recuerdo de Erronkari, Salazar y Nabascués» izenburuarekin argitara eman berri dau «Auñamendi» etxeak liburu berri bat. I. de Sollubek egina da, 30 orrialde ditu eta 97 fotografia. Eskatzekotan: Esnaola, 13. San Sebastián.
«Rutas Montañeras: Roncal-Zuriza» izenburuarekin prestatu dau liburuxka bat Nafarroako «Club Deportivo» dalakoak. Eskatzekotan: Diario de Navarra. Zapatería, 49. Pamplona.
Euskal Literaturaren Historia» izenburuarekin argitara eman berri dau Ibon Sarasola donostiarrak liburu berri bat, «Lur» editorial etxearen bidez. «Obra honen helburua, euskal literaturaren prozesoaren linea nagusia adieraztean datza... Obra honek gerolan baten oinarri eta euskal literaturalarien akuilari besterik ez du izan nahi. Gero lan horri dagokio, eskema hau zuzentzea, sakontzea eta emantza berriz osatzea», dino bere hitzaurreak. Hona hemen bere aurkibidea: Ohar beharrezko, Lehen partea (1545-1901). Bigarren partea (1901-1964). Hirugarren partea (1964-1971). Laugarren partea (autoreak eta obrak). Taula.
Soziologiazko liburu interesgarri bat
«Introducción a la Sociología de las Nacionalidades» izenburuarekin, liburu bat argitaratu izan dau «Edicusa» (Cuadernos para el Diálogo) etxeak, joan dan apirilaren 28an. Liburu hau Julio Busquets jaunak egina da, 329 orrialde ditu, eta 200 pezetan saltzen da.
Julio Busquets Barcelonan jaio zan 1932an. «Ciencias Políticas» ikasi izan ditu, eta orain Barcelonako Universidad Autónoma-n irakasten dihardu.
Zokoko apaizaren antzerkiak
Oiartzungo antzerki taldea, Tolosan, «Lartaun» izeneko teatro berri, pastoral gisakoa, egitekoa zen; eta, nahiz eta lehen zortzi edo hamar lekutan egin baimen guztiekin, orain debekatu egin diote, esanez antzerkia ezin dela gehiago egin. Antzerkiaren egilea Piarres Larzabal da.
Urnietakoak ere, «Nor alkate» egitekoak ziren. Behin eta berriz egindako antzerkia da; bost-sei taldek egina dute. Orain, ordea*, debekatua izan da. Antzerki honen egilea Piarres Larzabal da.
Piarres Larzabalek antzerki berri bat idatzia du: «Ugarte Gazia». Ez da batere politikoa. Mundu hobeago baten bila dabil. Ez alferrik. Hiru akto ditu.
«Testament a Praga», katalan liburua
«Testament a Praga» katalan liburua, Tomás Pamiés eta bere alaba Teresak egina da. Tomás Pamiés Leridako Balaguer-en jaio zan, eta Pragan hil 1967.ean, rusoak harmen indarrez huri haretan sartu baino urte bete lehenago. Tomás Pamiés, katalanzale porrokatua, «Partido Socialista Unido de Cataluña»koa izan zan. Liburu honetan, Kataluniako XX. mendeko* gizarte bizitza agertzen da, eta autoreak bere ideiak eta gorabeherak azaltzen ditu sozialismoari buruz.
Disko berriak
Benito Lertxundi kantariak disko berri bat atera berria dau. Ez kanta beltza, Ekaitza eta Sasi intelektualak izeneko kantuekin osoturik dator. Herri Gogoa etxeak argitaratu dau. Azala, Romero jaunak eratua da.
«Oskarbi» kantari taldeak ere beste disko txiki bat argitara eman berri dau, Herri Gogoa etxearen bidez. Txori txikia, Barberak esperantza, Ni bizi naizen lurrean eta Baratzeko pikuak izeneko kantak ditu disko berri honek.
Herri Gogoa etxeak beste disko berri bi ditu prest, eta «Baztandarren Biltzarra» egunean aterako. Disko horreetan, Baztango Mutil Dantzak jasotzen dira, Maurizio Elizalde Arizkungo txistulariak joak. Geroago beste disko bat agertuko da, eta honekin Baztango Dantza guztiak jasoak geldituko dira. Musika Herrikoi Sorta-n sartuko ditue.
«Xenpelar Saria»ren irabazleak
«Xenpelar Saria» (bertso sariketa), Jose Aierbek irabazi dau. Bigarren, Manuel Matxain izan da; hirugarren, Mantxola; laugarren, Segundo Kalonje. Aipamen berezia, Gillermo Albizurentzat. Epaimahaikoak, Aita Santi Onaindia, Alfonso Irigoien eta Juan Garmendia izan dira. Lehen saria irabazi dauanak, 2.000 pezeta (bi mila pezeta!) hartu ditu. Ba dakigu, Euskaltzaindia ez dabilela hain aberats; baina 2.000 pezetako sari bat jartzea...!
Euskaltzaindia
Euskaltzaindiaren batzarrea Berazkoitzen
Euskaltzaindiak hilabetero egin ohi duen batzarrea, Lapurdiko Berazkoitzen* egin izan da Leizarraga zenaren omenez, uztail* honen 4ean.
Meza santuaren ondoren, dantzariek, txistulariek eta herriko kantariek ongietorria eman zieten euskaltzainei eta hau zeuden beste guztiei. Jarraian, Herriko Etxearen aurrean, Jean Eyherabide jaunak, Berazkoitzeko auzapez* eta Bastidako kantonamenduko kontseilari jeneralak, beherago agertzen den mintzaldia egin zuen; eta Leizarraga zenari eskainitako oroitarria, Herriko Etxeko orman, atekontran, euskal ikurrinarekin estalia, jendearen begietara agertu zuen. Gero, Herriko Etxeko gela batean, Akesolo, Lafitte eta Lafon euskaltzain jaunek mintzaldi bana bota zuten, euskaraz. Segidan, Herriko Hetxeak bazkari on bat eskaini zien Euskaltzaindikoei.
Bazkai denboran, Villasante euskaltzainburuak aditzera eman zuen, Leizarragak euskarara itzuli Testamentu Berria berrargitaratu eginen dela, Akesolo, Lafitte eta Lafonen mintzaldiekin batera. Azkenez, Antonio Arrue euskaltzain eta Cortes-etako prokuradore jaunak jarraian datorren mintzaldia bota zuen.
Eyherabide jaunaren mintzaldia
Eskualzaindiar jaun-andereak.
Eskualdun anai-arreba maiteak.
Ene lehen hitza izanen da zuen alderat: Bezkoitzeko* herriaren izenean ongi ethorri!
Eskerrak nahi dauzkitzuet bihurtu, zeren* egin daukuzuen fagorea eta ohorea*, Bezkoitzeren hautatzeko, zuen urtheko biltzarraren egiteko tokitzat.
Eskerrak ere, phesta hunen xutik emaitea, lagundu gaituzten guzieri.
Eskerrak azkenean deneri, zeren daukuzuen, zuen partaliertasunaz, phesta hau edertu eta aberastu.
Ezen*, zuzen, gisa eta ohi da, herrietan izan diren, omen* haundiko gizonen orhoitzapena zerbeit gisaz begiratzea*, ondokoek ez ditzaten ahantz*. Bezkoitzeko herriak nahi izan du bere eginbidea bethe, herriko seme, Joanes Leizarraga, aphez idazle aiphatuaren alderat. Duela lau ehun urthe bizi izan da hemen, Leizarragako, leihor* ederreko, etxe zabalean.
Joanesek, denbora hetakotzat*, bazituen ideia berri batzu. Ideia berri heieri esker, asko gauza nahi zituen kanbiatu. Hortarik, zernahi behar izan zuen pairatu* eta sofritu, orduko hainitz* jendek ez baitzituzten gogo onez ikhusten Joanesen kanbiamenduzko ideia berriak.
Bezkoitzeko herriak ezagutu dituen semetan aiphatuen aiphatuenaren orhoitzapenetan, orhoit harri bat ezarri dugu hemen, Joanes zenaren izenarekin.
Orhoit harri hau agurtzean, har dezagun xedea*, bethi errespetatzeko lagun protsimoaren ideiak eta ikhusteko manerak.
Ezen*, egungo egunean ere, ikhusten badire, zorigaitzez, munduan, hoinbertze nahasmendu, hoinbertze elkar ezin jasanezko* manera, horiek oro* ez da dudarik heldu direla, ez ditugulakotz aski* errespetatzen lagun protsimoaren ideiak eta ikhusteko manerak.
Bertzalde, orhoit harri hau izan dadila lekhuko*, Bezkoiztarrak eskualdun daudela, maite dituztela aphez eta idazleak.
Joanes, zu izan zira gizon, aphez eta idazle, fede suharrekoa*. Idazleen parabisutik begira* eta geriza* zazu, othoi. Bezkoiztarren fedea. Sor arazkitzu, Eskual Herrian eta zendako* ez Bezkoitzen, zure dohain aberatseko aphez idazle hainitz. Bezkoitzeko herriaren izenean, bihotzetik zaitut agurtzen, bihotzetik eskerrak dauzkitzut bihurtzen.
Arrue jaunaren hitzak
Bidasoaz bestaldeko euskaltzaleen izenean eskerrak, jai eder hau, euskal jai eder hau, antolatu dutenei, batez ere herriko auzapez agurgarriari, herriko alkate jaunari; orobat esker ugariak, bihotz osoz, antolatzaile hoiei berai, egun alai hau igarotzeko egokiera eman digutelako.
Egia esan, bestaldeko euskaldun guztiok poz pozik etortzen gera alde hontara. Emakumeak, esate baterako, hemengo arropa, beren arropa, beren jantzi, gonak edo... gogoko dituztelako. Gu. berriz, hemengo txoko berezia begiko degulako, eta zergatik ez esan, gainera hemengo jan-edan onak txit atseginak diralako. Guztiok ba dakizue noski, alegia, jan-edanak kulturaren argibide batzuk dirala. Beraz, zorionak eta eskerrak; baina, zorionak eta eskerrak alde batera, ohartxo bat.
Euskaldun guztiok, aspaldi hontan, gure bilera, harreman eta elkarrizketetan, euskeraren batasunari buruz beti aritzen gera mintzatzen, beti euskeraren batasuna gai nagusitzat erabiltzen degu. Ni ere, apalki, euskeraren batasun zale purrukatua, zale amorratua naiz. Baina, ondo entzun, zihur egon, seguru egon, euskeraren batasuna ez degula lortuko, euskeraren batasunera ez gerala iritxiko, baldin aurrez euskaldun guztiok, edo hobeto esateko, berdin, euskaltzale guztiok batez ere, berriro diot, euskaltzale guztiok batez ere, golkoak eta behekoak, eskubikoak eta ezkerrekoak, alde batekoak eta bestekoak, elkartzen ez bagera. Elkartzen bagera, bai noski, orduan bai, euskeraren batasuna ez ezik, ondo entzun, gehigarritzat, berriro diot, gehigarritzat, beste gure arteko gauza on guztiak ere emango zaizkigula noski.
Agur, jaunak, eta gaizki esanak barkatu.
Arraintza
Bokart kostera edo arraintzaleen tragikomedia
Kosteraren hasiera: larritasuna
Martxoan izaten da, ofizialki, bokart kosteraren hastapena. Aurten, ANAITASUNAn irakurria dukezuenez, hasiera hori arraintzaleen arteko haserretan egin zen, Giputzek neguko debekaldia urratu zutenez gero. Bordeleko batzarreak, frantsesen (hobeto esan, ipar euskaldunen) sei miliako mugaren sendotzeaz, arraintzaleen animoak lurrera botatzea lortu zuen.
Ihazko kostera kontutan edukirik, sei milia hoik oso bildurgarriak agertzen ziren. Arraina Frantziako kostan sarturik gelditzen baldin bada, zer egin? Bokartaren «gerra» benetan «beroa» izango zen aurtengoa.
Martxoa bokart gabe iragan zen. Txitxarroa eta berdela, eta batez ere sardina, ugari harrapatu zen. Baina arrain hoik, beti ere merkeak izanik, ugariago eta merkeago gertatu ziren, eta ez zieten arraintzaleei dirurik uzten.
Apirilari begira jarri zen itsasgizonen esperantza.
Baina ez zen inondik ere bokartik agertzen. Ihazko kostera inoizkorik txarrena izan bazen, aurtengoa txarragoa izateko bidean zetorren. Arraintzaleak guztiz desmoralizatu ziren.
Bermeotik ontzi talde bat Afrikarantz atera zen, haginzorrotzetan, ateraldi hori hemengo hutsunea eta larrialdia baino hobea izango zelakoan. Laster jarraitu zitzaizkien beste batzuk. Denetara, hogei ontzik hartu zuten erabaki latz hori. Esperimentu bat zen, inoiz sasoi horretan gertatu ez zena, mentura bat.
Kosteraren mamia: guti baina sarri
Apirilaren erdian hasi ziren lehen bokartak portura etortzen. Ontziek Bizkai edo Kaskoiniako itsas bazterra goitik beheraino aztertzen zuten. Hamar eta hamabi orduko bidetik ekartzen zuten bokart xipi xipia, prezio gutikoa (7-15 pezetakoa). Frantziako sei milien barruan ere sartu, eta ezer ez.
Hilabetearen azkenerantz, eta bereziki maiatzaren hasieran, antxoba «gorri» berriak deskubritu ziren, eta arraina ugariago hasi zen etortzen. Maiatzaren 4ean, 500.000 kilo saldu ziren Bermeon. «Gorriak» Kantauri kostatik hurbilago ziren, eta, arraina tamaino haundiagokoa izanik, prezioa ere hobea zen. Baina, hala eta guztiz ere, kosterak, ihazkoarekin konparatuz, «deficit» handia erakusten zuen.
Maiatzaren 29an, beste 400.000 kiloko egun bat izan zen Bermeon. Honekin, ihazkoen antzekoagoak egin ziren estadistikak.
Arraintzaleak, horregatio, urduri zebiltzan. Bokarta leku desberdinetan ikusten zen, eta haren tamainoa ere desberdina zen. Ez zukeen luzaro iraungo kosterak.
Eguraldi txarrek, bestalde, ez zuten uzten, behar bezala arraintzan aritzen.
Gauza bat zen ona: «gorriak» Frantziako sei milietatik kanpo ziren.
Bokartaren «gerra» polbora hutsean gelditu zen zorionez, kosteraren hasieran Getariko ontzi bat eta Ondarroako beste bat harrapatuak izan baziren ere.
Kosteraren azkena: oraino bokarta
Ekainak beste berri on bat ekarri zuen: bokarta harrapatzen jarraitzen zen, eta prezio onekoa gainera, kantidade handiak ez baziren ere. Honela, ekainaren 30ean, ofizialki, kostera amaitu zen, oraino bokarta harrapatzen zelarik. Aspaldiko urteotan jazo ez zena: Amaiera luze honek, hasierako eskastasuna bete zuen; eta ihazko produzio zifrak, berdinduak eta gaindituak izan dira! Hona hemen Euskal Herriko portuetako estadistika aprotsimatuak:
kilo Ihazkoarekiko
gorabehera
Ondarrabia 400.000 — 50.000
Pasaia 1.100.000 — 40.000
Donostia 2.300.000 + 750.000
Getaria 5.850.000 + 1.500.000
Bermeo 5.300.000 + 500.000
Lekeitio 1.950.000 + 300.000
Ondarroa 3.700.000 + 500.000
Donibane Lohitzune 2.200.000 — 900.000
Nabarmentzekoa da, kuadro honetan, Donibane Lohitzuneko beherakada izugarria, beste portuetako, bereziki Getariko, gorakada biziaren aldean.
Afrikako kanpaina
Eta ihes egin zuten Bermeoko hogei ontzi menturazale haiek zer? Ekainaren erdietan itzuli ziren etxera, irabazi politaren jabe eginda, hemen geratu direnen bekaizkeriarik gabe.
Han ere, eguraldi txarrengatik beharbada, ez da gehiago harrapatu, hemen jazo den legez. Udaberri hotz eta euritsu honek ez du inor kontent utzi; baina, azkenean, aurtengo kostera ihazkoa baino hobea izan da.
A. PEREZ BILBAO
Herriaren aldeko ekintza beharra
ANAITASUNAren zuzendaritzakoak, agur:
Beasaingo J. natzaitzue. Lehenik esker bero bat eman nahi dautzuet, oso ederki bidali baitzenuten, geure Jakintza Asterako eskotu geneutzuena.
Beste bideren batetik jakina izanen duzue honez gero, arrakasta* handia izan zutela lehen aldiz ospatu ditugun jaialdiok. Salmenta ere oso ongi joan dela esan behar. Zuen aldizkaria ere han genuen, besteren artean; baina, egia esan, gaurdaino oso zail egiten zaie euskaldunei, aldizkari bat irakurri eta ongi ulertzea. Hau dela bide, zenbaitek* agertu du bere kezka: alegia*, ez dela ortografia eta zorioneko h-aren arazoa soilik*, baizik eta, gero eta ulergaitzago idazten delarik, gehienek ezin dutela gaur euskaldun minoria batek bakarrik daraman martxan jarraitu.
Honelakoak asko dira, eta zuek nik baino hobeto jakinen duzue, noski*. Beraz*, askotan neure baitan pentsatzen dut, arrazoi pixka bat ez ote duten. Ea, bada, denok elkar hartuz, aurrerakada bat ematen diogun geure Herriari.
Hemen bidaltzen dauzkizuet zenbait harpidedun berri, tamalez* oso gutti.
J. (Beasain)
Berriz ere Legutiano
Zuzendari jauna:
Oraintsu, aldizkari honetan hainbat gauza argitaratu dira Legutiano herriari buruz. Idatzi horreek dinoena irakurri ondoren, irakurleek ezin dabe, oraindino, herri honetako bizimodua edo bizitza zelakoa dan jakin. Eta bertako elizkizun bati buruz zeredozer esan nahi neuke.
Asentsio egunean, 17 neskato-mutikok egin izan eben, lehenengoz, Jaunartzea. Gure artean ohitura dan legez*, euren senideak ere, toki askotatik helduak, egun ha ospatzeko elkartu ziren. Eliza bete beterik egoen. Eguerdiko 12etan, eliz koroak euskarazko kanta eder bategaz onartu eban mutiko talde hau.
Meza santua eta berbaldia erdaraz eman ziren; baina koroak dan dana euskaraz kantatu eban, kitarra soinuz lagunduta. Abestalde hau herriko neskekin atondua* da, eta orain urte gutxi sortu zan. Apaiz batek, neskei kantatzea gogoko jakela kontuan harturik, bere esku hartu zituan; eta, astiro astiro, gauza asko lortu ditue: elizkizunak jantzi, euren arteko elkartasuna biztu...
Gaur egun, neskok oso aurreratuak dagoz, musika aldetik, bozak ondo elkartuta; eta herriaz benetan arduratzen dira.
Jendea pozik irten zan elizkizunetik, eta neuri ere Legutianoko elizkizun ha gogoko egin jatan.
A. E. (Olaeta, Araba)
Adierazpen bat
Zuzendari jauna:
Ba daiteke, Gipuzkoako Ikastolen Elkarte Batzaren oinarri, helburu eta jokabidearekin, zuk zuzentzen duzun ANAITASUNA bat ez etortzea; baina hori zuen arazoa da.
Hala ere, ANAITASUNAk, bere azken alean, Anoetan eman zen hitzaldiaren berri ez duela zuzen eman adierazi nahi dut. Hori hala dela jakin dezazun, zorro berean bidaltzen dautzut, Anoetako ikastolakoek zabaldu zuten egitaraua*.
Bestetik, bi gauza erantsi nahi ditut. Bat: Gipuzkoako ikastolek sortutako erakundearen izena hurrengo hau baizik ez dela: Gipuzkoako Ikastolen Elkarte Batza. Bi: Hitzaldia euskaraz eman zela; eta tarteka gaztelaniazko laburpen batzuk egin zirela, euskara ulertzen ez zutenek gaiaz jabe zitezen. Gauza hauk*, beraz*, berri emaileari adieraz ietzozue, ahal duzuen neurrian.
Besterik gabe, eta nire agur leialena tarteko dela,
TXOMIN IZAGIRRE
«Oskarbi» eta ANAITASUNA
ANAITASUNAkoei zer gertatzen zaitzue «Oskarbi» taldearekin? Inoiz, dela bost bat ale, esaten zenuten, formaz gehiago arduratzen zirela mamiaz baino. Hau, jakina, eritzi bat da eta nornahik esan dezakeen gauza.
Gero, «Ez dok Amairu» taldearekin hautsi zutela, beren kanta moldea desberdina zelako. Eta hau orain oraingoz ez da egia, lehen bezain «Ez dok Amairu»koak baitira, inoiz «Ez dok Amairu»koak izan baldin badira behintzat.
Azken alean diozue, Eiharalarren egindako euskal jaian Bilboko «Oskorri» taldea izan zela besteak beste abesten; eta hori ez da egia, ni han bainintzen eta kantariak «Oskarbi»koak ziren.
Pentsatzen dut, bai, «Oskarbi» taldearen kontra ez duzuela ezertxo ere; baina onartu beharrean izango zarete, azken aldi honetan ez direla oso partida ona ateratzen ari*, ANAITASUNA medio dela, «Oskarbi»ko kantari gazte hauk*.
G. (Donostia)
Marxismoa xinplekeria, zer dala ta?
Txunditurik irakurri dot, azkenengo ANAITASUNAren zenbakian, Larresororen eritzi hau: «Marxismoa xinplekeria hutsa da».
Larresoro gizon jakintsua eta, intelektual legez, famatua dala jakinik, bildur naiz haren aurka egiten, neure ezjakintza ikusirik. Baina isiltzea ere arriskutsua eta lotsagarria dala uste dot.
Gizonaren jokaerak ez dira berdinak. Batzuk hemendik, beste batzuk handik dabiltza. Errealidadean argi eta erraz ikusten da hau.
Argi ez dagoena zera da —esplikatu ez daualako— zergatik jokaera batzuei etiketa antzera ipini leiskioen: «Xinplekeria hutsa».
Marxismoa, gutxienez, jokaera bat da, bide bat da. Hainbat gehiago ba dala ere frogatu* leiteke. Baina alde batera utzi daigun hau orain.
Munduan, ba dira marxistak, antimarxistak eta abar. Batzuek eta besteek, hartu daben bidea zuzenena dala frogatu gura dabe. Bakoitzak bere frogak ipintzen ditu.
Baina sekula ez genduan sinestuko, intelektual batek besteren bideari «xinplekeria hutsa» esango eutsonik.
Bide horretan dabiltzanak inuzenteak direla pentsatu behar ote dogu ala?
Dana dala, asko esatea dala uste dot Larresorok dinoana. Gaurko munduaren aurpegia ez litzateke berdina izango, Rusian, Chinan eta Cuban iraultzarik* egin ez balitz. Eta iraultza horreek, zelan edo halan, marxismotik irten dira.
Kapitalismoaren itxura aldaketa ere beste gauza bat izango litzateke, langileen iraultzaren bildurra ez baleuka.
Honeek ez dira, inondik inora, errealidade xinple eta hutsak. Hobeto esan, marxismoa konplejoa da benetan.
Larresorok —intelektual jakintsuak— bere eritzia sakonagotik frogatu behar leukela uste dot; bai marxismoaren aldetik ere.
AURREKOETXEA
ANAITASUNAren 213. zenbakian, Hitza eta Ekintza izenburuko orrialdean, Larresorekin eginik den elkar hizketa agertzen da. Arras giza zentzu handirekin hornituriko elkar hizketa deritzat. Eritzi bat eman behar banu, horrelako elkar hizketak maiz egiteko eskatuko nieke ANAITASUNAren zuzendariei. Baina Larresoro jaunak agertzen dituen zenbait eritziz ez dut berdin pentsatzen, eta, irakurle gisara, ongi letorkeela uste dut iruzkin bat egitea.
Neure inguruan noizpait entzun izan dut, inori norbaitek kritika egiteko, aldez aurretik, kritika egin behar zaionari begikotasuna behar zaiola. Larresoro izenaren gibelean aurkitzen den sudurra eta soina ezezagun banitu, apaiz bat dela esango nuke, Vaticano II.a ezagutzen ez duen apaiza. Nork, ordea, honetara edo hartara ez daki haren berri? Nork ez daki haren desterruaren berri? Nork ez du irakurri haren txosten eta eleberri? Haren hizketa ohoretsua hain gardena izanik, zela hain uher eritzietan? Agian uherkeria hau, ni bezalako lumpen proletario ezdeusari datxeko, hots, giza azokan geure birika eta zainetako ahalmenak salduak, ogi idorra irabazten dugunoi, edo ta, bestela esan, Larresororen pentsakizun barrunbeak konprenitzen ez ditugunoi.
«Esaiguzu, ANAITASUNAn, zure ustez, ikutzen ez diren gaiak?»
Galdera honi Larresorok erantzun: «Ez dut hutsune nabarmenik nabaritzen». Zer esan nahi du ihardespen honek? ANAITASUNAk, orain arte bezala, aski duela literatura eginaz? Edo ta, herrietako albiste bitxiekin aldizkaria oratuaz? Non ditugu egun, euskal aldizkarietan, muin muineko ekonomi gaiak? Non geure herriko industri etorkizunaren azterketa sakonak; inbersio eta deskapitaltzeak? Non ikasleen eta ikastetxeetako problemak? Europako erresuma abiadurak, eta langilegoaren alternatibak? Giza mailen burruka eta herri zanpatuen sintesia? Egungo sozialismoaren problema teorikoak? Eta abar?
ANAITASUNA ohartua da bere muga hesituaz. Ikus, Zelaieta jaunak 209. zenbakian «Oraindik gehiago» izenburuaz agertzen dituen arazoak.
Baina nola ez jabetu murriztasun hauetaz gure idazlea? Asaldagarria!
Agian pentsatuko du, Euskal Herriko sozialisten gose-egarriak Branka-k asetzen dituela.
«Erdal mitologia, ordea, ba dago, gaitza, eta ez da salatzen...», Larresorok beste erantzun batetan.
Egia, erdal mitologiaz, haren izurrite eta hedadura bortitzaz ohartuak gara. Alabaina, haren pozoina nork ez du salatzen? ANAITASUNAk? Edo ta, ANAITASUNAren barne muinak ere mitologia horretaz kutsatuak direlako, gaur aldizkari honek ez du aski ausartziarik, lurrun honetatik jaregiteko? Edo ta, azkenik, erdal mitologia boteretsuak euskal aldizkari guztiak liluratu dituelako?
«Ene ustez —dio Larresorok— kapitalismoaren barruan ez dago justiziarik, eta gizartea osoki dago diruari saldua».
Kapitalismoaren baitan justiziarik ez? Ez ahal daude, bada, justiziaz ardura duten ministerioak? Galde egiezu Bilboko eta Madrileko oligarkiari eta Andaluziako lurjabeei, justiziarik ez ahal dagoen.
«Gizartea osoki dago diruari saldua».
Ene ustetan, Txilardegik kapitalismoaren funtsa bera saihesten du, ez ditu bereizten, diruak inbersio-kapital bilakatzeko hartzen duen abiadura eta patua, eta diruak, soil soilik, konsumoko behar hurbilak asetuaz dadukan amaia. Ez da berdina, diruak lehen eta bigarren igaroaldian betetzen duen jomuga.
Zeren bi zirkulazio desberdin baitira. Lehenaren egitekoa, dirua-merkantzia-dirua da; bigarrenarena, berriz, merkantzia-dirua-merkantzia. Nabari dago kapitalismoaren barruan, zein giza maila dauden lehenari eta bigarrenari lotuak. Larresororen ikuspegiz begiratzekotan, nik esango nuke: Gizartea ez dago osoki diruari saldua; aitzitik, gizartea osoki, eta gizon bakoitza bereziki, nor bere urdailari saldua dago.
«Sozialismorik gabe, gizona zapaldua dago nahi eta nahi ez».
Hamaika gizon «ohoretsu» ezagutzen dut, ene ibar aldean. Herrian «errespeto» handia dute, eta ez daude zapalduak; alderantziz, zapaltzaile dira. Barne muinak iharrosi gabe, hauxe uste dut: Puska bateko sozialismoak ez diola eskainiko, gaur hoiek dadukaten askatasun maila. Larresororen «sozialismoak» —eta hemen Branka-koa utzi egiten dugu, ez, zeresanik ez dugulako— eta López Rodó ministroaren justizia sozialak harreman bat ba dute bederen: biek Kapitalismotik atera behar dela uste dute, eta dudarik gabe.
Friedmann-en liburua irakurtzeko eskatzen die irakurleei. Nik, nioke aurrera Raymon Aron-enak ere gomendatzeko eskatuko
Marxismoaren birrintzea, aspaldidaniko jomuga zaharra du Larresorok. Guretzat ere, ezagunak dira horretaz baliatzeko erabiltzen dituen argumenduak: Xinplekeria, Praga, Cuba, Budapest... eta abar.
Agian, oraingo honetan, ahantzi egin zitzaizkion Georgia, Lituania, Ukrania, Biafra eta Bengala.
Esan egin beharko diogu, Pragan onar erazi duten Stalinismoaren arerio, hainitz marxista ere ba direla, eta Garaudy-z at gainera.
Dirudienez, alferrikako nekea da Larresororentzat, Marxismoa eta Stalinismoa, teoria eta praxia, egun diren korronteak... eta abar bereiztea. Errege Magoetan sinesteari aspaldi utzi omen zion. Metafisika utzirik, enpirismoari heltzea ongi deritzat; baina txunditurik gelditu naiz, beherago Indiako zuhurtzia aipatu duenean.
Errege Magoetan sinesteari utzi ondoren, Urtiagako Cro-Magnon aroko giza hezurren pizkundean sinestera iragan ote?
Bukatzeko, hitz bi esan behar ditut.
Bata, gaurko Euskal Herrian, milenarismoaren iragarlea ez dela Karl Marx, Anarkismo Faista baizik.
Indiako zuhurtzia zaharraren fruitu dirdiratsua, nazio superdesarroilatuek lujo gisara permititu duten Hippy-en mugimendu integratzailea baldin bada, ongi deritzat, ikusberria duten «Hair» gisako akelarreak egiteko. Baina ez langilegoaren helburuak lortzeko.
Esanak esan, Alvarez jauna langile bizia da. Noiz eskainiko dauku beste «Peru Leartzako» bat?
ANATSAN
Jainkoaren giza-eliza
Zer egin? edo "teologia politikoa"
Teologia politikoa oso modan dago, moda hutsa denik esan gabe. Teologia politikoan, ezpairik* gabe, izenik sonatuena Metz da. Baina Metz ez dago Moltmann gabe hartzerik. Protestanteen artean «esperantzaren teologia» izendapenarekin gauza bera edo berdintsua zabaltzen duen Tübingen-go irakaslea da Moltmann. (Metz Münster-en dago). Eta biok batera, Itxaropen printzipioa liburuaren egile Bloch filosofoarekin harreman hertsietan* daude. Bata katoliko eta bestea protestante, eta Bloch marxista heterodokso izan arren, bion teologia mugak eroriz geroztikoa da erabat*. Diferentziak ba daude, noski*.
Teologia politikoak ez du sistema borobilen baten antzeko osotasunik nahi. Oso gaitza da, beraz*, teologia politikoa zer den zehazki adieraztea. Puntu guttitan ideia bat ematen saiatuko naiz.
Lehen lehenik Kant-en esaldi batek bizten duela esan daiteke: arrazoimena ez dago guztiz argituta, bere erabilkizun publiko, sozialik (politikorik) egin arte. Honek, Marxez gero batez ere, ekintzaren premia, teoriaren batzuen ondorio eta aplikazioa barik*, haren presupostu dela esan nahi du. Ekintzarekin batera etorri behar du pentsamentuak, beraz. «Politikoa» lehen lehenik ez da, orduan, teologia hau, politikan sartzen delako, handik datorrelako baino.
Orain arteko teologia, bere abiadaz eta egituraz, erantzulea zen. Munduak, non dago salbazioa?, zer egin behar dugu, etc. itaundu* balu legez* ziharduen. Ez dadukagu, geure ttikitan kristau dotrina nola ikasi behar izan genuen gomutatu* besterik: galderarik batere eduki gabe, memorian kabitu aina* erantzun paporatu* zitzaikun, «kristautasunaren enbutido» bihurtu arte. Eta odolki* bataiatuok irten gara.
Teologia politikoak, munduak galdetutakoari (edo inork galdetu gabekoari) erantzunez aritu ordez, munduari galdetuz bizi nahi du. Hau da, gizarte-kritiko. Eta —mugak erorita* baldin badaude— lehen lehenik autokritiko. Autokritika Elizan oso zaila da, Aita Santu edo Gotzain ez direnentzat behintzat. (Eta, hoiek egiten dutenetik konturik ateratzekotan, hoientzat ez da errazago). Kritikoari gauzak ez direla hain sinple osteratzen zaio; eta, begitartea seriotuz, gauzak ez direla hain sinple deklaratzea, egon daitekeen gauzen konpondiorik* sinpleena izan da beti. Teologia politikoak etsai* gogorrak daduzka, beraz*. Izan ere, kristautasuna oraingoratu, aggiornatu egin behar dela esan, eta guztiok konforme. Hasi, gero, kristaugoa kritikaz garbitzen; eta batzuen batzuk, garbituz, busti ere egiteko bildur dira: beren kristautasuna paperezkoa delako nonbait, eta papera ez dago bustitzerik.
Hala ere, teologian ez dago politikoa deritzanak baino arrakasta* haundiagorik sortaraz dezakeen eskola-joerarik. Teologia politikoaren hiru ezaugarri nabarmentsu aipatuko nituzke:
- Ideologi kritikoa da. Ez du sistema osoren bat egin nahi, eta ez du bere sistema zeru-lurretako problema guztientzat gertu dagoen arrazoi eta esplikazioen kutxa bihurtu gura. Goitik behera argudiorik gabe saiatu nahi luke, beraz. Are* guttiago, errealidadeko problemak ideologiarekin (edo ideologian) konpondu: Eliza bekataria seriotan hartu beharrean dago.
- non nongoa da. USAn ez da Alemanian bezalakoa. Ez dago teologia unibertsalik, lehenagoko heinean* behintzat.
- elkar hizketazko teologia da, galdetzeak horixe eskatzen baitu. Katolikoek komunistekin egindako elkar hizketaldietan, Metz izan zen lehiatsuenetakoa*.
Dena hauziperatu eta kritikatzearen oinarria, filosofian, eskeptizismoa abiaburu bihurtzea izan ohi da. Baina eskeptizismoa bera ere, nahitaez, azkenerako, sistemazko eta ideologiazko bilakatzen* da. Teologia politikoak, eta hau guztiz inportantea da (jende askok gaizki ulertu izanak inportanteago bihurtu du, gainera), ez daduzka bere iturburuak eskeptizismo arrazionalistan, eta bai eskatologian, itxaropenean beraz. Itxaropen hori, azken finean, sinesmenarekin identiko da: teologia politikoa ez da filosofia edo etika politikorik, zenbaitek horixe bihurtu nahi badu ere. Teologia politikoak, horregatik, De Lubac-ez meditatzekoan aipatutako problemarekin jotzen du: zer da kristautasunaren funtsa*, fedearen azkeneko erdiunea? Eta honekin teologia anti-ideologikoak dogmatikaren, ondoriobidez ideologiaren basamentua jotzen du. Eta gure belaunaldiko* teologiak gurasoenari esku ematen dio. Ez baitago «zer izan?» problema inplikatu gabeko «zer egin?»ik. Aporia batean korapilatzen dela dirudi.
Teologia honek marxismoarekin batera dadukan beste aporia bat honexek dirudi: teologia honek ere ekintzatik jaio nahi du; baina bere kritika eskatologiatik honantz erakartzen du. Eskatologia (utopia) futuroa da, ordea*, eta bertatik bertara behintzat ekintzarekin ezin lortuzkoa. Ez ote du oinarri batak bestea hankaz gora botatzen? Problema hau, Metz-ek Moltmann berebaitaratu* nahi izan duenean sortu da. Moltmann protestantearen teologia ezin eraiki daiteke ekintzatik, historiatik, naturalezatik: eskatologia kontsekuentearekin abiatzen zen. Metz-ena, aldiz*, Jesus Nazareteko historikoan eta Elizaren misio historikoan oinarritzen zen. Nola batera ekar biak?
Teologia politikoak hurrengo urteotan zein irtenbide sortarazten duen ikusi beharko da.
JOSE AZURMENDI
daduzka, daukaz, dauzka
daude, dagoz
dio, deutso
zaio, jako
zitzaikun, jakun
Kultura
Deunororen gutun irekiari erantzuna
Joan den maiatzaren hogeitamarreko ANAITASUNAn, neuri zuzendutako zure «gutun irekia» irakurri dut.
Han esaten dituzunak on zaizkit. Azaltzen dituzun eritziak, zureak bezain nireak izan zitezkeen. Agertzen dituzun asmoekin ados* nago.
Nik ere, bertsolariek elkar lagundu behar luketela pentsatzen dut, baita ere bertsolariek gure euskarari bizi sendo eta bizkorra ematen diotela.
Ba dakit ere, euskal arnasarik dagoen herrian bertsolaria ongi hartua izaten dela; baina jakinean nago ere, Euskal Herrian egonik ere, euskaraz mintzatzen ez den herrian bertsolariek ez dutela ezer egiten, gure bertsolariek euskara beren baitan aurretik baitaramate.
Bertsolaria, euskara beti ahotan erabiltzen duen gizon bat dela, denok dakigun gauza da. Eta ba dakigu ere, bertsolari bat ikusteak berarekin batean euskaraz aditzea dakarrela.
Hauxe bakarrik ere nahikoa zaiku euskara maite dugunoi, Bertsolaritza iraun arazi, indartu, zabaldu, gaurkotu eta goraipatzeko ahaleginak egin ditzagun.
Arrazoi duzu esatean, bertsolariek elkarren arteko Laguntza Elkarte bat behar dutela. Baina tamalez*, zu bertsolaria izan arren eta hamar urtez Elkarte horren alde hainbeste lan eginez, «gutxi edo ezer gutxi egitea lortu» dela zuk diozun horrek esan nahi daut, ez zuk ez eta nik ere ez dugula ezer egingo.
Gainera, ni ez naiz gauza, afera* hauk guztiak aurrera eraman eta lortzeko. Nire eguneroko lanak, familiak, «Príncipe de Viana» euskal aldizkariak, «Diario de Navarra» egunkarian hamabostean behin agertzen den euskal orriak... denbora kentzen dautate, beste gauza maiteei aurpegia emateko.
Ene eritzi humil eta apalean, bertsolariak lagundu eta batzeko, bertsolari berriak sor arazteko, Bertsolaritza gaur eguneko molde, joera, kultura, moda eta nahikarien* arauera* jartzeko, Euskaltzaindiak, orain arte egiten duenaz gainera (txapelketak, sariketak), bertsolarien Elkarte hori asmatzen, eratzen eta sor arazten lagundu behar luke. Oraindik gehiago: Euskaltzaindiak berberak sor arazi behar luke bere barruan bertsolarien Elkartea.
Euskaltzaindiak bere nortasun eta ahalmenarekin, bere jakintasun eta berezko eginkizunarekin, bere agintaritza eta nagusigoarekin, Euskal Herri guztiko Bertsolarien Elkartea egin lezake.
Elkarte horrek «Narbarte» izengoitia eraman lezakeela esaten dautazu. Niretzat oso atsegingarri izango litzateke. Baina Narbarte hainbeste bertsolari izandakoen artean bat besterik ez da, eta oraingo askok lehengo bertsolari zaharren oroimena ere aurrean izango dutelakoan nago.
Dena dela, zurekin nago; eta Euskaltzaindiak, ene eritziz, lehen eta azken hitza eman behar du.
Agur, Deunoro. Ez zaitut ezagutzen. Ez dut axolarik*. gaurtik aintzinean* nire laguna zarela esateko.
Besterik ezean, agur bero bat bidaltzen dautzut, eta agin* iezozu zeuk nahi duzun eran zeure lagun berri honi.
DIEZ DE ULZURRUN
daramate, daroe
daut, deust, dit
dautate, deuste, didate
dautazu, deustazu, didazu
diote, deutsoe
diozu, dinozu
ditzagun, daiguzan
iezozu, eiozu, ezaiozu
lezake, leike
zaiku, jaku, zaigu
zaizkit, jataz
zitezkeen, eitekezen
Kultura
Ikastolek, hasieran, hainbat problema eta oztopo gainditu behar izan zuten; baina orain, beren anditzearekin, beste problema eta oztopo berri batzuk sortu zaizkie. Hauetariko batzuk aztertzea da gure gaurko asmoa.
Ekonomi sistema on batek, ikastolen autofinantziatzea eskatzen du. Hau da, ikastolak berak lortu ahal izan behar du, bere bizitzarako behar duen diru guztia.
Ikastolek ez dute, ez Estaduaren, ez Elizaren, ez inongo mezenas handiren laguntzarik. Ikastolak, gurasoen kooperatibak dira; eta guraso hauk*, proportzio handitan, herriko jendeak dira.
Kooperatibak direla diogunean, ikastolako gastuak gurasoen artean banatzen direla esan nahi dugu. Ikastolaren bizitzan guztiek dute hitz eta boto, eta berek izendaturiko batzordeak* egiten du gastuen planteamendua eta markatzen du gastuok kubritzeko kuoten neurria.
Esan dugu, bada*, ikastola gehienak kooperatiba eran antolatuta daudela. Beraz*, interes kolektibo bat dago defenditu beharra. Eta hemen sortzen dira problema astun batzuk.
Presenta dezagun problema hau exenplo baten bidez.
Hiru urteko 30 haur hasi ziren ikastola batean. Aula bat eta andereño bat zituzten. Kooperatibako batzordeak gastuen kalkulua egin zuen, eta ikasle bakoitzari hilabetero 400 pezetako kuota ezarri zion. Bost urte pasatu dira, eta orain ume hoiek 8 urte dituzte. Eta 15 gurasok beren semeak ikastolatik atera dituzte. Zergatik? Hona hemen arrazoiak:
1. Batek bizilekua aldatu du, beste herri batera joateko.
2. Ume bat ez da normala, atzeratua da, eta eskola berezi batera eraman behar dute.
3. Beste batzuek, umeak ttikiak zirela ta, etxetik traba bat kendu gura izan zuten. Ikastola merkea zen, eta guarderia bezala hartu zuten.
4. Beste batzuek handikiak edo... dira. Fraile eta monjen entzute handiko kolejioetara eroan nahi dituzte semeak, 8 urte eginez gero.
5. Beste batzuek hau diote: bai, euskara ondo dago, baina umeen etorkizuna begiratu behar dugu. Erdal kolejio batean euskara galduko dutela? Bai, baina ikasiko dute gero ere.
Hauk* izan dira 15 familia hoien arrazoiak.
Kooperatibako batzordea elkartu egin da. Kasu guztiak aztertu dira.
Lehenengo kasu biak, dudarik gabe, arrazoizkoak dira. Beste hirurak ez.
Dena dela, 30 ikasleetarik 15 bakarrik geratu dira; eta, ikastolako gastuak ordaintzeko, kuotak 400 pezetatik 800era altxatu behar izan dira.
Zer gertatu da? Ikastolan sinesten ez zutenak Ikastolaz aprobetxatu egin direla, besteen kaltetan.
Askok, ikastola parbulario bat bezala hartzen dute. Beren interes partikularra kooperatibaren interes kolektiboaren gainetik ipintzen dute.
Eta orduan besteek kooperatibaren defentsa planeatzen dute. Nola? Hau, hurrengo ANAITASUNAn ikusiko dugu.
XABIER GEREÑO
Etxe Zaintzea
Bilbon, urtero uztailean egiten den feriari hasiera ematen zaionean, beti izaten dira mota bitako hitzaldiak. Alde batetik, Bizkaiko agintariek eta «Cámara de Comercio»ko buruzagiak Madrileko ministroren bati gure egoera azaltzen diote, enpresa jabeen kezkak eta ardurak agertzen dituzte, behestrukturak hobeagotzeko dirua eskatzen dute eta ekonomiazko politikari kritika legun bat ere egiten diote.
Beste aldetik, ministroak Gobernuaren joera azaltzen du, eta, joera horren alde enpresa gizonak jartzeko, ahaleginak egiten ditu.
«Cámara de Comercio»ko buruzagiaren hitzaldia, gure industriaren egoeraren erreflejo bat izan da, apur bat edo asko biribilduta egon arren. Ganbara honek egindako inkestaren arauera, Bizkaiko ekonomiaren arnasak oso neketsua izaten irauten du, ihazko urtetik aurrera. Prezioen gorakada bat gertatzen deneko, ekonomiaren moteltze bat nabari da. Gauza harrigarria da hau teorilarientzat, baina egia hutsa lantegia aurrera atera ezinik dabiltzan enpresa gizonentzat eta, are gehiago, lanaren faltan geratzen diren langile eta teknikoentzat.
Eman, eman zuen ministroak bere soluzioa: ekonomiaren bizkortzea enpresa jabeengan dago. Zoria, dirua arriskatzen dutenentzako da. Hau esan orduko, azken urteotako ekonomiazko gorabeheren azalpen bat egin zuen. Berak zioen bezala, turismoaren gehitzea oso ona izan da, nekazaritzaren frutua ez da txarra izango aurten, eta esportazioak ere polito gehitu dira: memento honetan ez dago loturarik ekonomiaren gain eta prezioak ere ez dira igango. (Egun berean, altzairuzko produktoen prezioan, % 5en iganaldi baten baimena etorri izan da Gobernutik).
Beste behin esan izan dugu, Espainiako ekonomiaren oinarriak hartatik kanpo dauden elementuak izan direla, hots, turismoa eta herbestean dirua irabazten ari den langilegoa. Eta bi iturburu hauetarik datozen dibisak amaitzen direnean, pisu guztia industriaren lepora eroriko zela. Ordu hori heldu da. Industria aurreratu baten antolatzea ez da gauza erraza. Muntatze horrek kondizio berezi batzuk eskatzen ditu, langileria eta kapitalaren arteko burrukak ere egokiro konpondu behar dira, Gobernuaren ekonomiazko joerari kritika bat egin behar zaio, eta abar. Baina gaur ez goaz hortik.
Euskal zaletasun guti duen Lanzagorta jaunak, sarritan aditzera eman izan du, arriskugarria dela, herrialde aurreratuak alde batera uztea, haien aurrerapideari oztopoak jartzea. Honelako herrialdeetan, errenta altuago eta hondasun gehiago sortzen da beste herrialde atzeratuetan baino; eta, bestalde, pobreak laguntzeko, ez da modurik egokiena, aberatsen hondasunak moztea eta geldieraztea.
Gure behestrukturako hutsune ikaragarriak (autobideak, burdin bideak, aireportua, urbanizazioa) pobretasun handiagora ezin izan dira heldu. Honetaz gainera, Euskal Herrian gertatzen den industria desberdinaren gabeziak, kolpeak osorik hartzera behartzen gaitu, ekonomiazko gorabeherak direnean. Nola indar genezake, kondizio hauetan, enpresa jabeen gogoa, nola bultza inbersioak egitera? Gauza bat da teoria, eta beste bat eguneroko arazo, beharrizan eta zeregina.
Kataluniako industriaren bidea gurea baino hobea izan da. Hala eta guztiz ere, antzerako hutsuneak eta nahigabeak nabaritzen dira han ere. Katalanek, horregatio, kristau batzorde edo dena delako zerbaiten bidez, enpresa jabeen organizazio batzuk eratu dituzte. Hauen bitartez, nahiz eta aburu berekoak ez izan, bertako ekonomiaren alde zertxobait egiten ari dira. Ekonomilari eta enpresa jabe gazteak beren aurrerapideak zaintzera abiatu izan dira behintzat. Nortasun bat ageri da, eta errebista espezializatuetan ere katalan ekonomiaz hitz egiten da.
Gure ekonomia larriago honetan ez da horrelakorik inondikan ere ikusten. Zer egiten du gure kapitalak? Beharbada, Euskal Herritik irten, Nafarroako Diputazioko buruzagi berriak zioen bezala, edo geldirik egon. Industriaren deskapitalizazioarekin ez du inork deus irabazten, ez jabeek ez langileek. Gure ustez, enpresa jabeek hartu behar dute arazo hauen kontzientzia. Bestela, Herriak berak hartu beharko du bere gain zeregin ikaragarrizko hau.
ANTON A.
Mundu biribila
Heriotze Zigorra eta Haur Galeraztea
Eztabaida handia dago gaur egunean, Frantzian batez ere, abortoa dela ta. Haur galeraztea debekatu beharrean, Estaduak emakumeei beren sabeleko frutua erauzteko* erraztasun guztiak eman dietzela eskatzen dute batzuek, amore libertatearen izenean.
Bestaldetik, heriotze zigorra ere eztabaidan dago bazter guztietan. Munduko kontzientziak gero eta gehiago gorrotatzen eta gaitzesten* du horrelako pena, aspaldi ez dela, egiaztu ahal izan genuen bezala.
Beren eritzia oinarritzeko, arrazoi bat ematen dute heriotze penaren aldekoek, Estaduaren seguritatea alegia*. Desenkusa* horrekin zenbat hiltze egin diren Historian zehar!
Marc Oraison abate famatuak artikulu bat eginberri du, bere ohiturazko argitasunarekin, bi problema hoik* batean erabiliz. Bere planteamenduan, honako hau dio Oraison jaunak: «Certaines personnes s'engagent passionnément, à la fois, dans les deux campagnes. On peut se demander si elles ne se donnent pas bonne conscience en vitupérant la peine de mort après avoir réclamé la liberté de l'avortement. Car il s'agit toujours de tuer, finalement. Je sais bien que ce n'est pas exactement la même chose de guillotiner un criminel et de tuer un embryon. Mais c'est toujours tuer un organisme vivant de race humaine, bien qu'à des degrés d'évolution apparemment très différents».
Nik ikusten dudanez, bi postura agertzen dira gure artean, problema hoien aurrean: bata eskuinekoa, bestea ezkerrekoa, honela mintzatzea zilegi* bazaiku.
Handia da gertatu ohi dena. Norbait, bi gai hoietako batean biziaren alde izanez gero, heriotzearen alde izanen da bestean, ia batere dudarik gabe.
Ba dago jende asko, heriotze zigorra gaitzetsi* egiten duena, eta, aldi berean, haur galeraztea txalotu eta ederretsi, abbé Oraisonek dioen bezala. Baina ba ditugu ere beste batzuk, abortoa indar guztiekin kondenatzen dutenak, eta, era batera, beren Estaduaren etsaientzat* heriotze pena eskatzen dutenak.
Heriotze penaren aldeko direlakoak, abortoaren aurka daude gehien gehienetan. Eta, aitzitik*, abortorako libertate osoa defendatzen dutenak, heriotze zigorraren kontra izaten dira, ehun kasutatik laurogeitemeretzitan.
Besteak beste, nik ez nituzke bi postura hoik onartuko, ez bata ez bestea. Ni libertatearen alde nagoelako. ¡Libertad de vivir! Liberté de vivre! Hori da giza izanaren eskubide eta libertaterik nagusiena, nahiz kriminala izan, nahiz amaren sabelean gizagaia izan (zu, irakurle, eta biok aldi batean izan ginen bezalako).
Egiazko libertatea ez delako pribilejiatu batzuen libertatea, guztien libertatea baizik.
Abortorako askatasun osoa eskatzen dutenek, libertatea defendatzen dutela dirudi. Baina beren libertatea eskatzen dute, biziaren gozotasuna eta atsegina gozatzen dutenen libertatea, besterik ez. Eta, bat batera, bizira etorri nahi duten gizagaiei heriotzea eman!
Halaber*, besteek, autoritatea, ordena eta bakea, hitz handiok, beti ahotan dituztenek, «herritar ondraduen» libertatea defendatzen dutela dirudi; baina, benetan, batzuen askatasuna besterik ez dute mantentzen, beste batzuen bizkarretik.
Horixe da (urrutiko exenplo bat hartuz) Rhodesian gertatzen dena: zuriaren bakea eta libertatea sostengatzeko*, beltza heriotzera kondena bait daiteke nolanahiko zirtzileriagatik*.
Egia da, abortoa kasu batzuetan zilegi* izan litekeela, Elizaren beraren dotrinaz. Gure ustez, urte batzuk barru, biziarekiko dotrina guzti hau, zientziaren progresuen arauera*. zehaztu, mailatu eta osatu egingo da, orain pentsatu ere ezin dugun moduan.
Izan ere, «Etudes» itzal handiko aldizkariaren zuzendari den Bruno Ribes jesuitaren artikulu bat irakurriberri dugu, «Etika, zientzia eta bizia» titulu duena. Zarata handia aterako duela dirudi, gauza oso argiak eta ausartak* esaten bait ditu.
Frase bat bakarrik aipatuko dugu, besterako tokirik ez dagoelako.
«Hiru urte dela, kontrazepzioari buruz sortu ziren eztabaidek, eta, abortoa dela ta, orain sortu direnek, argiro erakusten dute, gizonak biziaren alorrean* eskua sartzen duenean, sartze horrek oinarrizko 'dissentiments' berehala ekartzen dituela. Datozen urteetan, beste problema izugarri batzuk agertuko dira, dudarik gabe, nahiz borondatezko ortogenesis delakoa, nahiz inseminazio artifiziala, nahiz giza tejiduen landatzea. Teknikak gainditzen* gaitu (la technique nous precede)».
Eta honela jarraitzen du Aita Bruno Ribes-ek: «Reconnaissons que nous n'avons pas, aujourd'hui, de doctrine politique, philosophique, théologique cohérente. Cessons de nous berner à ce sujet et de pétitionner et de jeter des anathèmes».
Gero gerokoa!
KARLOS SANTAMARIA
daude, dagoz
dietzela, deioezala, ditzaiela
zaiku, jaku, zaigu
Uda
Pilotarien kondairako argitasun batzuk
Gaur egun ditugun periodista merkeak, maiz* ari zaizkigu pilota gaiari buruz, betiko arinkeriaz, inongo astakeriarik handienak esaten; eta oraindik denbora asko ez dela irakurri genuen, pilota jokoa Ameriketatik ekarria dela ere. Ez da harritzekoa. Periodista kasta hori beti izan da: ezer jakin gabe, denetarik idatzi behar. Noiz sortuko ote periodismoan espezialidadeak? Ba da ordua, bakoitzak zertaz idatzi behar duen jakiteko.
Denok dakigunez, pilota hain da biribila, hain neurri askotakoa, erarik ugarienetan jokaturik ezagutu da lehen mendeetatik*. Egiptoko eta Greziako irudietan azaltzen zaizkigunak, oso era desberdinekoak dira, geure herrian ezagutu ditugunetatik. Ameriketako Inka eta Maya herriek ezagutu zituzten erak ere irudietatik juzgatu gero, hauetan ere beste era batzuk aurkituko ditugu. Eta, elkarri konparatzen hasiko bagina, gaurko Euskal Herriko pilota jokoa eta Induen «jockey» delakoarekin konparatzea bezala izango litzaikegu. Biak pilota jokoak, baina elkarrekin konpara ezinezkoak.
Denbora guztietan izan du herri bakoitzak bere pilota era. Nork nori hartu dion eta nondik nora etorri den bila ibiltzea alferrikakoa dugu. Ez baitago agiri* zehatzik, non, noiztik edo non nolako joerak izan diren bereizteko.
Rodney Gallop-ek zioenez, Euskal Herrian historia aurretik datorrena da pilota jokoa. Eta honetaz aski* argi eta aski agiri eman zeukun. Gallop-ek berak zioenez, euskal herri kanta zaharretan ere oso zabaldua da pilotaren berria. «Geure ohitura zaharrak kontserba ditzagun» oso zabaldua da Lapurdin, lehengo denboretatik:
Haurrak, ikasazue eskuaraz mintzatzen,
Ongi pilotan eta honeski* dantzatzen.
Bestalde, ba dakigu, noizbait, pilota artzainen jokoa izan dela, J. M. Barandiaran eta M. Lekuonak eman dauzkiguten zenbait* agiriren arauera*.
Oraindik artzaingoak* jarraitzen duen lekuetan, zenbait toki izen aurkituko ditugu diogunaren lekuko*: Aralarren «Pelota soro*» eta Oiartzungo Zaldin inguruan «Pillota soro*», adibidez. Forma zaharrean ormarik* gabe ere jokatzen baitzen.
Baina, hala ere, aitortu behar dugu, lehen dokumentu idatzia 1331.ekoa dugula, Euskal Herriari dagokionez: Nafarroako erregeek pilotan jokatzeko toki bat egin zutenekoa, alegia*. Frai Fernando de Mendozak, Nafarroako artxiboan aurkitu zuen agiri hau. Ikus haren berri «Euskalerriaren alde» aldizkarian (1916). Beraz, 1331.ean ezagutua baitzen, pilota jokoak, Ameriketatik ekarria ez baina, Ameriketara eramana izan behar zuen.
Neronek ere, gai honi buruzko lan bat eman nuen Eibarko «Club Deportivo»ak argitaratzen duen boletinean (1961.eko abenduan). Baina periodistak enteratu gabe geldituko dira honetaz. Enteratu gabe geldituko diren bezala, L. de Ubitartek «La Voz de España» egunkarian 1964.eko otsailaren* 29an argitara eman zuenaz.
Ez dakit non, laster izango omen* dugu pilotaren kondairazko* liburu bat, lehenago Bombin-ek idatzi zuen liburuan oinarriturik. Oroituko* ote dira puntu hauetaz? Ala lehendik datozen hutsek liburu horretan ere iraungo ote dute?
J. S. M.
dauzkigute, deuskuez, dizkigute
litzaikegu, litzakigu, litzaiguke
zaizkigu, jakuz
zeukun, euskun, zigun
zioen, inoan, esaten zuen
Uda
Urtero, bero handiak etortzean, egunkarietan honelakoak irakurtzen ditugu: mutil edo gizon edo emakume batek, menditik ibiltzean edo belarra batzen ziharduela, halako suge haginkada bat hartu duela eskuan. Askotan hil ere egiten dira, sugeak haginka egindakoak. Beraz*, ez da problema hori txantxetakoa.
Honi, nolabait*, erremedioa eman guraz, zertxobait esatera nator. Lehenengo eta behin, ez da pentsatu behar, suge guztiak pozoidunak edo benenodunak direnik. Zorionean, Euskal Herrian klase bakarra dugu gaiztoa: sugegorria edo larrasugea esaten zaiona. Baina hau bakarra bada ere, oso ugaria izaten da edonon; eta horregatik komeni da haren ezaupide batzuk ematea, mundu guztiak, ikustean, gaiztoa dela jakin dezan.
Bai arrak eta bai emeak, biek daramate bizkar gainetik halako irudi oker eta bihurria; eta horrexetan igartzen zaie, gaiztoak direla. Beste suge guztiak —sama* gorbatadunak, berdeak eta beltzak— ez dira kaltegarriak, eta uretan ibiltzen direnak ere ez.
Larrasugea (vipera berus), kolorez, gaztaina edo grisa izaten da: eta leku beroak gustatzen zaizkio. Ira* ttikiak, belartzak, leku harritsuak, mendi aldatsak, baso bakartiak eta guttitan ibiltzen diren bideak izaten dira haren bizilekurik maiteenak. Mendi garaietan ere ikus daiteke, baina ez hain sarritan.
Artxandan eta Santo Domingon, Bilbo inguruan, oso ugari ikusten da, eta baita Txori Herriko aldean ere. Beraz*, kontuz mendizaleak eta horko baserritarrak inguruko sugeekin!
Larrasugeak ez dira berez gaiztoak, eta ez diote inori ezer egiten, bakean utziz gero; baina, eskuaz hartu (belar sikua altxatzean) edo oinaz zapaldu egitean, biziro egiten dute haginka eta ondorengo kalteak ekarri.
Batzuek uste dute, sugeek mihiaz egiten dutela kaltea, hain sarri ahotik ateratzen duten mihi mehe eta fin horrekin. Hori ez da egia. Mihia usaina hartzeko eta arerioak* txistuka irakatzeko ateratzen badute ere, ez dute berarekin ezertxo ere egiten, eta bai, ostera*, ahoaren aurreko partean daduzkaten hagin oker eta zulodunekin. Larrasuge baten aho irekian, mamiz inguratutako hagin zorrotz bi daude; berauen atzean, matrailan, beneno poltsatxo bana dadukate; eta, hagin zulatuen bitartez, indizio baten moduan, haginka egitean, pozoia sartzen dute. Berez beneno hori, sagutxoak eta beste horrelako piztiak hil eta jateko erabiltzen dute, baina baita zakur, behi eta gizonei haginka egiteko ere, beren burua arriskutan dadukatenean.
Behin haginka eginez gero, eskuan edo hankan halako zulotxo ttiki gorri bi uzten dute, eta eskua laster handitzen hasten da. Kasu honetan onena, osagileari dei egitea duzue; baina, datorren artean, gillet edo labaina batez zauria handitu beharko zenukete, ebaki bat eginaz, eta odola atera, zauria ur garbiaz eraginaz. Ez da komeni ahoaz odola txupatzea, ahoan zauririk egonez gero, benenoa handixek ere sartuko litzateke ta. Gaixoari kafea azukre askoz ematea ona da, baina ez edaririk (ez koinak ez anis...). Kordeltxo batez lot* daiteke eskua edo hanka zauriaren gainetik, odola geldiago ibiltzeko, baina ez oso hestu, guttika bada ere, odola ibil dadin.
Esnea ere oso ona izaten da kasu hauetarako, eta baita izerdi asko bota eragitea ere, abriguzko jantziak ipiniaz.
Baserrian bizi bazarete eta larrasugeak ugari daudela badakizue, ez legoke txarto, botikan permanganato potasiko deitzen den gatz urdinska erostea, horrexekin, uretan sartuta, larrasugeak egindako zauriak garbitzeko.
Ez ahantz*, zenbat eta odol gehiago bota, beneno gehiago botako duzuela; baina ez laga, ahal izanez gero, gaixoa, midikuak ikusi gabe. Pertsona batzuei beste batzuei baino kalte eta min gehiago egiten diete sugeek; eta horregatik hobe da, osagilearen eritzia eta kontseilua entzutea. Umeak arrisku haundiagoa daduka; eta ez da komeni horregatik, ume ttikiak badaezpadako tokietatik ibiltzen uztea.
XABIER KINTANA
dadukate, dauke, daukate
daduzkate, daukez, dauzkate
daramate, daroe
daude, dagoz
dezan, daian
diete, deutsee
diote, deutsoe
zaie, jake
zaio, jako
zaizkio, jakoz
Hikasi zeure Hizkuntza
IMANOL BERRIATUAK
Ale honetan izartxo batekin agertzen diren berbak
ADIN, edade.
ADOS, akort, aburu bereko, konforme.
AFERA, arazo, asunto.
AGIN, agindu (inperatiboetan).
AGIRI, documento.
AHALGE, lotsa, vergüenza, rubor.
AHANTZ, ahantzi, ahaztu (inperatibo eta subjuntiboetan).
AINA, beste, bezainbat.
AINTZINEAN, aurrean.
AITZITIK, al contrario.
ALAJAINA, pardiez!
ALDIZ, ordea, ostera, berriz, en cambio.
ALEGIA, a saber, esto es.
ALOR, arlo.
ARAUERA, arabera, según, conforme.
ARE, oraindik, aún, todavía.
AREATZA, Villaro.
ARERIO, etsai, enemigo.
ARETO, sala, salón.
ARI IZAN, aritu, jardun.
ARRAKASTA, éxito.
ARRAS, guztiz, oso.
ARRETA, atención, cuidado, dedicación.
ARRUNT, ordinario, corriente.
ARTZAINGO, artzaintza, pastoreo.
ASKI, nahiko.
ATONDU, eratu, antolatu.
AUSART, valiente, intrépido.
AUZAPEZ, alkate, alcalde.
AXOLA, ardura.
BADA, ba, pues.
BAITA, bait da, da ta.
BARIK, gabe, en vez de.
BATZORDE, comisión.
BEGIRATU, cuidar, guardar.
BELAUNALDI, generación.
BERAZ, hori dala ta, por consiguiente.
BEREBAITARATU, bereganatu.
BEZKOITZE, Lapurdiko Berazkoitze, Briscous.
BILAKATU, bihurtu.
DEITURA, abizen, apellido.
DESENKUSA, atxakia, pretexto.
EGITARAU, programa.
EGOS, egosi (potentzialetan).
EGUN, gaur.
EI, omen.
EKAIN, junio.
ERABAT, guztiz, zeharo.
ERAUZI, arrancar, extraer.
ERORI, jausi.
ERRAITEN, esaten.
ESKUALDE, comarca.
ETSAI, arerio, contrario, adversario.
EZEN, zeren, ze, pues.
EZPAI, ezbai, zalantza, duda.
FROGATU, probar, demostrar.
FUNTS, barne, barru, fondo.
GAINDITU, desbordar, sobrepasar.
GAITZETSI, kondenatu.
GAUZAEZ, inútil.
GERIZA, gerizatu, proteger. (Inperatiboetan).
GOMUTATU, gogoratu, recordar.
GORPU, hilotz, cadáver.
GUTTIETSI, menospreciar, subestimar.
HAIK, hareek. (Haiek aktibo, haik pasibo).
HAINITZ, asko.
HALABER, igualmente.
HAUK, honeek. (Hauek aktibo, hauk pasibo).
HEIN, proporción, medida, grado.
HEKIEN, haien, hareen.
HELBURU, xede, asmo, fin, objetivo.
HETAKOTZAT, haietako, hareetako.
HILOTZ, gorpu, cadáver.
HODEI, laino, nube.
HOIK, horreek. (Hoiek aktibo, hoik pasibo).
HONESKI, honestamente.
HORREGATIO, hala ere.
HURBILDU, hurreratu.
IGANDE, domeka.
IRA, iratze, garo, helecho.
IRAGAN, igaro, pasatu.
IRAIN, injuria.
IRATZARRI, esnaerazi, itzarri eragin, despertar.
IRAULTZA, revolución.
ITAUNDU, galde egin, galdetu.
JADANIK, ya.
JASAN, soportar, sufrir.
KONDAIRA, historia.
KONPONDIO, konponketa, arreglo.
LEGEZ, lez, bezala.
LEHIATSU, diligente, afanoso.
LEIHOR, lehor, legor, tierras, terrenos.
LEKUKO, testigu.
LILURATU, fascinar, deslumbrar.
LOT, lotu (potentzialetan).
MAIZ, sarri.
MEAGIZON, meatzari, minero.
MEATZA, meatoki, mina.
MENDE, siglo.
MENEKO, menpeko.
MOTA, mueta, clase.
NAHIKARI, gurari, deseo.
NOLABAIT, zelanbait, zelan edo halan, de alguna manera.
NOSKI, naski, ciertamente, seguramente, naturalmente.
ODOLKI, odoloste, morcilla.
OHORE, honor.
OMEN, ei; renombre, reputación.
ONURAGARRI, provechoso.
OPAROTSU, fecundo.
OPOR, bakazio, bakantza.
ORDEA, ostera, berriz, aldiz, en cambio.
ORMA paret.
ORO, guzti.
OROITU, gomutatu, acordarse.
OSTERA, ordea, aldiz, berriz, en cambio.
OTSAIL, febrero.
PAIRATU, sofritu, sufrir.
PAPORATU, embuchar.
PUR, e pur (la terra) si muove: hala ere (lurra) mugitu egiten da. (Hitzok Galileok esan omen zituen, berak esandakoa gezurta erazi ziotenean).
SAMA, lepo, cuello.
SEN, instinto, mentalidad. (Alemanez Sinn).
SOBERA, larregi, gehiegi.
SOIL, mero, simple.
SOILIK, bakarrik, meramente, simplemente.
SORO, solo.
SOSTENGATU, sostener.
SUHAR, ferviente.
TAMAL, lástima.
TREBE, leber, hábil, diestro.
TXIMELETA, mariposa.
UDALETXE, herriko etxe, casa ayuntamiento.
URLIA, fulano.
UZTAIL, julio.
XEDE, resolución, determinación.
ZENBAIT, batzuk.
ZENDAKO, zergatik.
ZEREN (ETA), ze, pues.
ZINEZ, benetan.
ZILEGI, lícito, permitido.
ZIRTZILERIA, bagatela, pequeñez.
ZUZPERTZAILE, reanimador.
Urkixoko Julioren 100. urteburuan
Urkixoko Julio, Deustun jaio zen 1871.ean. Ospe handiko gizona, RIEV-en sortzaile eta zuzendari izan zen (1907-1936). Urkixok, gezurra badirudi ere, euskaraz idatzi zuten askok baino goragoko maila merezi du euskal literaturaren kondairan*. Bere lana literaturaz eta linguistikaz hain zientifikoki egin zuenez eta egitera bultzatu gintuenez gero.
Askok pentsatu izan dute, honegatik bakarrik sartu nuela Escritores euskéricos katalogoan. Izan ere, hala dirudi, bere fitxa irakurrita. Baina hori ez zen aski* arrazoi, ez; ez nion tokirik emango, euskal idazleen artean, inoiz euskaraz idatzi ez balu.
«Zer diozu? Urkixok euskaraz?», esaten zeutan adiskide batek oraintsu.
Hemen, guttienez, bere gogoa zer zen adierazten daukun lantxo bat jasoko dut. Bere gogoa, ez euskararen alde bakarrik, baizik zer euskara motarena* ere bai. Urkixok bere eritzia ondo landua zuen honetaz, literaturaren tradiziozko iturrietatik hartua. Hau da guttik dakitena.
Bera, izatez, euskaldun berria zen, Askok uste baino euskara gehiago zekiena, noski*. Eta gure literatura zaharrarekin liluraturik* zegoena. Honetaz adibiderik hainitz* emanen nuke, baina luzeegi joango nintzateke. Hor daude, esate baterako, Obras Vascongadas del doctor labortano J. d'Etcheberri (París, 1907), Introducción al Lingvae Vasconvm Primitiae de B. Dechepare (Donostia, 1933), errefrau zaharrak, Garibay-renak eta 1596.ekoak eta beste lan asko, hain ohar jakingarriekin berak berriz argitara emanak. Bere eritzi baliosak ezin zitezkeen egos*, euskararen ezagutza gabe. Eta bere ezagutza ez zen nolanahikoa, ez eta bere literatur jakintza ere.
Ez genuke gehiegizkorik esango, euskal idazle handi bat izango zela, bere garaian giro egoki batek inguratu izan balu, esateaz. Hau da, orduan garbikeriak hainbeste indar izan ez balu. Berak hori ezin baitzuen irentsi.
Ikus Enciclopedia General Ilustrada del País Vasco liburuan (Literatura, II, 280-290 orr.), Luis Eleizalderekin gertatu zitzaiona. Garbikeria bere alturarik handienean ibili zen garai hartan, «eleiza»ren ordez ere «txadona» (etxe donea) erabili behar omen* zen, eleiza hitza latinetikakoa zelako. Honelako eritzi kaxkarrekin Urkixo garbizaletasunera eramango zuelakoan. Eta Urkixok esan omen zion: «Zeure deitura*, Eleizalde izan beharrean, Txadonalde jartzen baduzu, bai». Horretan bukatu omen ziren elkarren artekoak. Hau zen bere garaiko burubidea.
Orduko giroak ez zion, ez, lagundu. Gaur, ordea, bere gogora hain ongi eratuko zen giroak inguratzen gaitu. Urkixo ez zen profeta, eta berak ere ez zuen horrelako nahirik. Baina, bai, ba zekien gure literaturak zer jokabide behar zuen, jatorritik zetorkigun tradizioari loturik behinik behin. Eta gaurko joera, horretara etorri zaiku. Zeren* Urkixo ere «h» zalea zen, gure literatura zaharreko frutuen balioa gure arteko beste askok baino lehen ikusi zuelako, literatura jatorrak lehenarekin lokarriak behar zituela ongi zekielako. Baina, euskaldun berria zenez, eta bere garaikoen artean berak hain gogoko ez zuen joerazko korronte indartsua ikusirik, ez zen harritzekoa euskaraz ez idaztea. Hala ere, ba dugu, bere pertsonalidadea eta bere barne gogoa zintzoki agerian jartzen daukun lanik, euskara jatorrez idatzirik. Egungo aburuetara ahalgerik* gabe ager dezakegu, eta ezin dugu gauza bera esan orduko idazle oparotsu* askogatik.
Hona hemen lekuko*, Urkixoren euskarazko lantxo bat. 1910.ean «Euskal Esnalea-ren esku-egunkarian» argitaratua. Guk, bere ortografiaz dagoen dagoenean utziko dugu, x eta tx, ch eta tch-ren ordezko aldakuntza soila* eginez. Besterik ez. Halakoa baita* bere euskara. Eta, artikulu honetan, zein ederki goratzen duen, bere gogora eginez, Claveria-k XVII. mendean* Ziburuko Etxeberriren ohoretan* esana. Artikulu honek, «Zaharren erranak» du titulutzat:
Ezta Euskalzaletasuna gauza berria, hainitzek* uste duten bezala. Iragan* diren mendetan euskalzale batzuk bizi ziren, eta hekien* artean Claberia Apheza, guti ezagutua dena. Jaun hunek, Etxeberriko Joanesi eskainiritako hitz neurthitzetan, erraiten* dio:
Burlatzen naiz Garibaiez
Bai halaber* Etxabez,
Zenak mintzatu baitire
Erdaraz Eskaldunez.
Ezen* zirenaz geroztik
Eskaldunak hek biak,
Eskaraz behar zituzten
Egin bere historiak.
Eskaraz egin ditutzu,
Etxeberri, zure obrak,
Ohoratu nahiz zeure
Ahalaz herritarrak.
Zer errefrau eder baita*
Hizkuntza arrotzetan,
Hura aditzera ematen
Daroezu beretan.
Esker bada eta aithor
Duzula berezia,
Zeren xoratu duzun
Herritarren mihia.
Egia handia da hori. Haurdanik euskara ikasi ez dugunek ez detzakegu gure liburutxoak euskaraz eskriba; bainan Aitoren hizkuntza dakitenek zergatik eskriba lezakete erdaraz?
Urkixoko Julio
R. I. de los Estudios Vascos-en Zuzendaria
Honeraino duzu «Zaharren erranak», irakurle. Zein egoki aprobetxaturik Claveria-ren zirikadazko poesia. «Aitoren hizkuntza» esatean ere, ez uste mitologia faltsuz sortutako «Aitor» denik; baizik, zuberotarren «Aitoren» (aita onen) duzu. Eta, haurtzarotik euskaldun izanik, liburuak erdaraz izkribatzea, sinetsezinezkoa zen Don Juliorentzat. Baina, bestalde, gaur bizi izan balitz, harritu egingo zen hainbeste euskaldun berri euskaraz liburuak idazten ikusteaz. Egun*, bera ere, hauetariko bat izango zen, noski*. Zeren*, nork ez luke pentsatuko, artikulutxo hau gaurko gazte batek idatzia ez denik? Eta bere gogoa eta bere eskaria, zer ikasbide ederra, oraindik orain ere erdal literaturari gustoa harturik dabiltzan euskaldun hoientzat.
Hala ere, berriz diot, Urkixori euskal literaturan gehien zor dioguna, zera da, lan ezezagunen bilaketa eta liburu zahar haiei buruz eman zituen eritziak. Euskarazko literatura ilunpetik ateratzen asko lagundu zuen gizona. Neurri handi batean, berari esker aurkitu ditugu gaur daramatzagun bideak. Baina oraindik ere ba dugu zer ikasirik, gure lehena hainbeste sakondu zuen gizon honegandik.
Lanik aski* aurkitu zuen lehenaren azterketan; eta, beharbada, honegatik ere ez zen sartu, berak euskarari buruz zituen eritziak defenditzen, denborarik ez galtzeko.
100. urteburuan izan dezagun bere oroimena, irakurle.
JUAN SAN MARTIN
daude, dagoz
daramatzagu, daroaguz, daramazkigu
dauku, deusku, digu
detzakegu, daikeguz, ditzakegu
dezagun, daigun
dio, deutso
diogu, deutsagu
diot, dinot
gintuen, ginduzan
lezakete, leikee
zaiku, jaku, zaigu
zeutan, eustan, zidan
zion, eutson
zitezkeen, eitekezen
zitzaion, jakon