ANAITASUNA

220. zenb.

1971.eko Urriaren 15ekoa

Jardin Txikerra, 1. BILBAO-12

Tel. 43 18 37


ANAITASUNA Bizkaia

Hamabosterokoa.

Zuzendari: Anjel Zelaieta.

Zuzentzaile: Imanol Berriatua.

Idazkola eta banakolaren buru: Josu Torre.

Bulegoak: Jardin Txikerra 1, Bilbao-12.

Inprimatzaile: AMADO, Mazarredo 35, Bilbao-9.

Irarle: RALI, Particular de Costa 12-14, Bilbao-10.

XX. urtea.

D.L.: BI-1.753 - 1967.


Errelatibitatearen teoria

Denok entzun dugu sarritan, ba dela Einsteinek aurkitutako teoria iraultzaile* bat: errelatibitatearen teoria. Baina ez dakikeguna*, zertan datzan* da. Horrela, bada, ikus dezagun haren desarroiloa sortu zanetik, gero izan dituen ondorioak ikusi ahal izateko.

Joan den mendearen* bukaerako zientzi gizonak guztiz zeuden harroturik beren jakituriaz, eta Fisikaren alorrean* dena eginda zegoela pentsatzen zuten. Hala ere, gauza bat eskapatzen zitzaien beren eskuetatik, eta hauxe zen: Munduaren mugimendu absolutua. Mugimendu honetaz baliatuz, Unibertsoaren zentroa aurkituko zuketen, zenbait* misterio argituz.

Horretarako, esperientzia batzuk egin zituzten, argiaren abiada* direkzio desberdinetan neurtzeko; baina beti agertzen zen, abiada hau berdina zela direkzio guztietan, eta hau esplika ezina zen teoria zaharraz. Hasi ziren orduan pentsatzen, eter unibertsal bat zegokeela espazioan, eta honi postulatu zizkioten propietate batzuk. Eterrak ez zuen auzia argitzen eta ez hori bakarrik, zeren* buruhauste berriak ekartzen baitzizkien. Garaiko zientifikoak pixka bat etsirik* zeudelarik, ba datorkigu giro horren frutu legez* gazte bat, Albert Einstein, eta soluzio ausart* batekin erantzun harrigarri batzuk aurkitzen ditu.

Zer egin zuen Einsteinek? Zertan datza* haren meritua? Einsteinek, esperientzien erresultatuak ikusiz, eta zer hori ezin zitekeela konpon* pentsamolde klasikoaz, postulatu bat onartu zuen: Argi abiadak ez duela dependentziarik sistema inertzialean ez eta foko abiadan; argi abiada absolutu bat dela, hots*, ez dela errelatiboa. Horrela, Munduaren abiada absolutua aurkitzeko esperantza galdua zen. Mugimendu guztiak errelatiboak dira, argiarena ezik, berau absolutua baita.

Postulatu horren ondorioak harrigarriak agertzen zitzaizkien garaiko zientifikoei; harrigarriagoak oraindino «zentzu komun»ari, edo, hobeto esanda, garaiko zentzu komunari, beronentzat uler ezinak baitziren. Ondorio hoik izan dira, Fisika irauli dutenak. Bestalde, esperientziek erakutsi daukute postulatuaren zuzentasuna; eta hau dugu azkenengo terminuan Einsteinen hipotesiaren balioaren justifikazioa.

Ikus ditzagun ondorio hauetatik batzuk, zeren*, klaruak izateko, ez baitzaiku komeni larregi* sartzerik. Denok dukegu espazioaren ideiaren bat; eta ideia honetan, dudarik gabe, hiru koordenada kontsideratzen dugu, hau da, espazio hau luze, zabal eta garai dateke*. Espazio honi Euklidesen espazioa deritza. Einsteinek, errealitatea deskribitzeko, beste koordenada bat behar zela esan zuen, denboraren koordenada alegia*; eta honela Minkowski-ren espazioa datxeko* errealitateari. Espazio honetako puntu bakoitzari gertakari bat dagokio, edo, beste era batez esanda, puntu bakoitzak zer eta non jazo* den erakusten dauku. Baina gertakari honek, segun nondik, zer sistematatik aztertzen den, koordenada desberdinak izanen ditu. Horrela, sistema batetatik ikusirik, simultaneo diren gertakari bi, beste sistema batetatik memento* desberdinetan gertatzen dira.

Sinets ezina badirudi ere, kohete* bat kontsideratzen badugu —beronen abiada argi abiadarekin konpara daiteke—, kohetean doanarentzat astiroago pasatzen da denbora guretzat baino. Hala ere, abiada hauk uniformeak balitez, esan duguna errelatiboa da; eta kohetean doanak uste du, gure denbora dela astiroago doana. Mugimendu hori uniforme ez baledi, lehengo aspektu errelatiboa absolutu bilaka* liteke; eta honela gizon bat kohete batetan joango balitz segunduko 280.000 km. abiadarekin, eta handik hamar urtetara baletor, Munduan hogeitazortzi urte iraganik* legozke. Haren lagunak, hemezortzi urte gehiago bizi izanik, zaharragoak lirateke.

Denboraren aldaketarekin batera, beste aldaketa batzuk pairatzen* dituzte gorputzek. Espazioa hertsatu*, laburtu egiten da abiadarekin, abiadaren sentiduan; eta, alderantziz*, masa haunditu. Fenomeno hauk ikusiz, Einsteinek pentsatu zuen, erlazio sakona zegokeela* masa eta energiaren artean, eta erlazio hori lortzea* ere posible zatekeela*: Masa ez da besterik, energia kontzentratua baino. Energiarekin masa haunditzen dela ikusirik, Einsteinek susmatu zuen, alderantziz ere egin ahal zitekeela, hau da, masa deseginez energia bihur* zitekeela. Horren ondorioz, E = ∆mc2 formula famatua dugu. Formula honetaz baliatuz, ikus dezakegu, gramo bat materia guztiz desegin bageneza, 2.000 Tn. ikatzek ematen duen pareko energia lor* genezakeela. Eta horren frogantza* hor ditugu zorioneko bonba atomikoak.

Beste ondorio batzuk ere atera ditzakegu; baina, nik uste, erakutsi ditugunekin nahikoa dugu, teoria honen garrantziaz jabetzeko.

J. R. ETXEBARRIA

bageneza, bagengi

daukute, deuskue, digute

dezagun, daigun

dezakegu, daikegu

ditzagun, daiguzan

ditzakegu, daikeguz

genezake, geinke

legozke, legokez

zaiku, jaku, zaigu

zeuden, egozen

zitekeen, eiteken

zitzaien, jaken

zitzaizkien, jakezen

zizkien, eutsezan


Emakumearen desfeminizazio baterako (3)

"Mulier Faber" edo emakumea langile

Emakume langileen tasa, oro har, goraka baldin badoa ere, ez da gauza bera gertatzen, sektoreak banaka hartzen ditugunean. Honela, 1870.az geroztik, nekazaritzan lan egiten duten emakumeen proporzioa beheraka doa. USAn, 1870-1950 urte bitartean, % 24etik % 4era jaitsi da. Belgikan, 1930-1947 urte bitartean, % 14etik % 8ra. Kanadan emakume langileetatik % 3,1ek bakarrik egiten du lan nekazaritzan. Grezian, aldiz, % 65,5ek, 1966. urtean.

Aintzinamendu gutiko lurraldeetan, nekazaritzari lotua irauten du emakumeak. Aintzinamendu gehiagoko lurraldeetan, beste bi sektoreetara pasatzen da.

Industriaren sektorean lan egiten duten emakumeen zenbakia bajua da lurralde guztietan. 1956. urtean, mendebaldeko blokean —blokez hitz egitea haizu baldin bada— bigarren sektorean emakume gehien zuen lurraldea Erreinu Batua zen, % 38,5ekin. Ondotik Alemania zetorren % 33,2rekin, eta Italia gero % 31,5ekin. Industrian lan egiten duen emakumearen zenbakia jaitsi egin da. Tradizionalki emakumearen eskulan asko enplegatu duten oihalgintzako eta konfekzioko industrien eboluzioa izan da, bigarren sektore honetako emakumearen eskulana guttitu duena. Industriaren beste adarretan, emakume enplegatuen zenbakia goraka doa: elektronika, metalurgia, kimika, farmazeutika eta arte grafikoetan.

Aurrerakoan ere, industriako emakume langileen zenbakiak ez dirudi inongo lurraldetan gorakada haundirik eginen duenik. Bigarren sektorean okupatuen zenbakia, nekazari arlokoa bezala, konstante bihurtzen ari da. Herri industrialetako ola-langileen adar banaketan, aldaketa haundiak ari dira sortzen automatizazioaz.

Hirugarren sektoreari dagokionez, Grezia bezalako salbuespen batzuk eginez gero, lehen eta bigarren sektoreak elkartuta baino emakume enplegatu gehiago duela ikusiko dugu. Suezia eta Kanadan, emakume langileetatik % 70ek zerbitzuetan egiten du lan; Austria, Alemania eta Erreinu Batuan % 50ek. Esan ohi denez, industri ekonomia zerbitzu ekonomia bihurtzen ari den honetan ari da batik bat emakumea etxetik kanpoko lanetan integratzen. Hain zuzen ere, nekazaritza- eta industri arloko langileak gutitu lehenik eta estabilizatu gero egiten dira teknifikazioaz; hirugarren sektorea, aldiz, haziaz doa, herri atzeratuetan bezala aurreratuetan ere.

Nekazaritzako ihardunetan

Nekazaritzan diharduten emakumeen lanak aztertu gabe irauten du oraindik. Oso aldakorra da nekazaritzako lanen banaketa lurralde batetatik bestetara. Jeneralki xamar hitz eginda, abereak eta egaztiak haztera dedikatzen da emakumea bereziki. Hala ere, egazti hazkuntza mekanizatzen, indartzen eta errentabilizatzen den lurretan, asko gizonezkoaren eskuetara pasatzen da.

Nekazaritzakoak ez diren ihardunetan

Emakumea, gizonezkoak nahi ez dituen profesio eta enpleguetatik hasten da. Emakumeak lan bati ekiten badio, gizonezkoa ordain gehiagoko beste lan batetara aldatu delako da; eta emakumeek lan batetan aurrera egin badute, gizonezkoek lan hoik anbizionatzen ez dituztelako da, hain zuzen.

Industri arloan, emakumea lehenik sartu zen adar tradizionaletan —eungintzan, konfekzioan, eta abarretan— lan egiten duten emakumeek, ez dute heziketa profesionalik, ez eta eboluzio perspektibarik ere. Aitzitik, adar berrietan —optika, elektronika, kimika, farmazeutika, arte grafiko eta abarretan— sartzen diren emakume gazteek, enpleguari dagokion profesio heziketa bat izan ohi dute.

URSSen, industri arloan, nekazaritzan ez bezala, emakumeen eskuetara pasa diren ofizioak dira mekanizatuenak. Mendebaldean, gauzak estankatuago bide dira. M. Gilbert-ek ohar hauk dakartza, industri barnean «emakumearenak» bezala hartuak diren ofizioei buruz:

Emakumeak sarritan aurkitzen dira lan zikin eta nazkagarriei heldu beharrean, hala nola, pintaketa, metal garbiketa, pulimentazioa, eta abar. Lan hauetarako ba dago halako interkanbiabilitate bat emakumeen —batez ere zaharren— eta algerianoen artean: lan nazkagarri berak egiten dituzte.

Heziketa profesionalik ezean, zailtasun gutiena duten lantokietan dihardute emakumeek.

Ezartzen zaizkien lanak gizonezkoarenak baino zatituagoak dira produkzio katearen barnean; ejekuzio lanak dira batik bat, inoiz gertuketako lanak.

Emakumearen esku dauden lanek ez dute aldaketarik eskatzen, ez eta inolako «mekaniko ulerpenik» ere. Hortik dator, makina batez arduratzen diren emakumeak «fenomenoak» bezala hartzea.

Ezagutzarik, jakituriarik gutien eskatzen duten lanak dira emakumearenak.

Emakumeak egiten dituen lanetan, gizonezkoak egiten dituenetan baino askoz ugariagoa da errepetizioa. Ziklo laburreko lanak egiten ditu, gizonezkoarenak baino askoz monotonoagoak.

Batez ere eskuak erabili beharra da emakumeen lanpostuen bereizgarria.

Lan berdinetan ere, emakumeen serieak, gizonezkoarenak baino luzeagoak dira.

Bizkortasuna eskatzen zaie batez ere.

Gizonezkoak baino lanpostu askoz sedentarioagoak dituzte. Kualifikatuak direnean ere, lantegietan barna ibiltzea behartuko lituzketen lanetatik aldenduak dira. Moztu beharrekoak dira emakumearen harat-hunatak.

Erantzukizun gutieneko postuak dituzte. Kostu handiko makinak eta makina berriak gizonezkoen eskuetan uzten dira. Taldeak mixtoak direnean, gizonezko baten menpean aurkitzen dira beti.

Promozio perspektibarik ez dute, beraz; ez eta kapitalismoaren premisak onarturik ere, edo onartzeagatik beragatik. Egoeraren justifikatzeko azken argudio bezala, hau ematen da: «Eginkizun monotonoetan emakumeek gizonezkoek baino errendimendu handiagoa ematen dute». Honenbestez, dena esana dago.

JON ETA KLAUDIO


Bigarren Pausoa

Batasunaren lehen maila lortuta dago. Berau teorikoa izan da, aditz* eta lexiko batu baten bila abiatzekoa. Honez gero, bai bata eta bestea erdietsita*, edo eta erdiesteko puntuan daude. Gazteen artean giroa ezin hobea da, eta Herri osoak begi onez dakusa harturiko batasun bidea.

Baina orain bigarren pausoa dator: batasuna finkatzekoa. Honetarako, Herriari irakatsi behar zaio batasun hau, eta honek denbora behar du.

Gauza jakina da, euskara, hizkuntza bezala, hau da, gramatika-lege eta hitz pilo aberats bat duen aldetik, oso trebe eta oparoa* dela mende* honetako kultura adierazteko; baina, hizketa bezala, hau da, jendeak hitzez darabilan zerbait den aldetik, ez dela hain aberatsa zoritxarrez. Hau hizkuntza guztietan gertatzen ohi da, hots, amaren hizketa ez da kultura adierazten duena, eskolan aberasturiko hizkuntza baizik. Euskaldunok, ordea, ez dugu geure hizkuntzaren eskolarik ukan, eta horregatik nekez balia gaitezke baserriko hizketaz kultur gaietarako. Hizkuntza ikasi beharrez gaude, beraz, euskara goi mailako hizkuntza bat izan dadin nahi badugu behintzat.

Idazle batek, euskararen sekretu guztiak jakin arren, alfer alferrik idatziko du euskara aberats horrekin, gero irakurleek aditzen ez badute. Euskara, komunikabide bat den aldetik, jendeak ulertzeko zerbait da, eta ez idazle batek zenbat dakien frogatzeko* bitxi bat. Beraz, jendea pixkana pixkana irakatsiaz joan behar dugu, eta ez, batzuek egiten duten bezala, den dena arrapaladan* ematen.

Egia da, idazleak ahalik eta errazen idatzi behar duela; baina ez da arrazoi ttipiagoa, irakurleak berak ere hitz berriak ikasteko ahalegintxo bat egin behar duela. Bien arteko harremana behar da, beraz. Idazleak Herria entzun eta beronengandik ikasi ere egin behar du, eta Herriak ere idazleengandik datorkion kultura onartu eta mamitu beharra duke*. Kultur iraultza* bat behar dugu, eta beronetan denok hartu behar dute parte; egiazko iraultza bat izateko, Herri osoarekikoa izan behar duelako.

Batzuek uste dute, euskara batua euskara gaitza izan behar dela; eta hori gezur galant eta ustel bat besterik ez da. Ba dakigu, kultura haundiko gai batzuk esplikatzeko ezin erabil daitekeela hizkera errax bat, gaiak berak hitz zailak eskatzen dituelako; baina ba dirudi, batzuek aproposko hizkuntza ilun eta gaitz bat darabilatela, eta hori, argiro dago, ez da euskara batua zabaltzeko biderik onena.

Beste batzuk, idazle zail hoien erruz*, beldur dira eta ez dira ausartzen* euskaraz idaztera, behar haina* ez dakitelakoan. Guztioi nik kontseilu bat emanen nieke. Ez kasurik egin idazle hoiei, eta has zaitezte zuek euskara batu erraxean idazten. Ez lotsarik ukan. Apurka apurka zuek ere gure hizkuntzaren korapilo guztiak ikasiko dituzue; baina kontuan hartu behar duzue, ez duela inork ibiltzen ikasiko, beti erortzearen* edo jaustearen beldur bada. Has zaitezte herrietako berriekin. Segi gero gai goratuagoekin, eta ekin hurrengoan beste arazo gaitzago batzuekin. Idatziaz idazten ikasten da, eta irakurriaz irakurtzen. Eraman dezagun aurrera, guztion artean, geure Euskal kultur iraultza.

Euskara biziko bada, geuk bizi eraziko dugu, oraingo euskaldun guztiok, zaharrek eta gazteok, ttikitako eta berriok. Baina elkarrekin joka dezagun. Izan bedi batasuna ez hizkuntzarena soilki*, baizik bihotzena ere.

ZUZENDARITZA

dakusa, dakus, ikusten du

daude, dagoz

dezagun, daigun

nieke, neuskioe

zaio, jako


Euskaldungoa

Xabier Kintana gaztearen mintzaldia Andoainen

Xabier Kintana bilbotarrak berbaldi* bat eman eban Andoainen. Orantza etxean, joan dan irailaren* 25ean, Euskara Batuari buruz.

«Antología de danzas y cantos de Navarra», Iruinean

Irailaren 25ean, San Fermin Txikitxoaren egunean, «Antología de danzas y cantos de Navarra» jaialdia ospatu izan da Iruinean, «Pabellón de Deportes del Anaitasuna» etxean. Bai dantzak eta bai kantak Donostiako «Argia» taldeak egin zituan. («Argia» taldeak Bretainia Handiko Middlesbrough herrian ospaturiko jaialdian lehen saria jaso izan eban, joan dan udan).

Bost ikastola berri Nafarroan

Okerrik ez bada, Nafarroan beste bost ikastola zabalduko dira: Goizuetan, Altzazun, Lakuntzan, Otsagabian eta Aoitzen. «Bost ikastola berri hauk —dino «Ikusle» jaunak Iruineko «Diario de Navarra»n— gure Diputazioaren geriza eta estalpearekin, bai eta herri bakoitzeko Aiuntamentuaren laguntzarekin, sortuak dira».

«Ez dok Amairu» taldea Zorrotzan

«Ez dok Amairu» kantari taldekoek euren «Baga, Biga, Higa» sentikaria jokatu izan dabe Zorrotzan, Bizkaian, joan dan irailaren 26an.

Kanta jaialdia Sondikan

Sondikako Sangroniz auzoan, kantari jaialdi bat izan zan irailaren 26an. «Oskorri», Zorion Egileor, Patxo, Goienaga, «Enarak» taldea, Estitxu eta Josu Zabalondo kantariek jardun eben. 1.500 bat entzule egoen, eta, aire librean egiten diren jardunaldi guztietan gertatzen dan bezala, entzuleen egoera ez zan ona izan. Presentadore zereginak Uriarte jaunak, Bilboko Herri Irratiko* hizlariak, egin zituan, erdaraz eta euskaraz.

500 pezeta bakoitzeko eta arrazoi handiz

ZERUKO ARGIA astekariaren 447. zenbakian, Jose Antonio Arza txalapartajoilearekin egindako elkar hizketa bat agertzen da. Beste askoren artean, galdera hauxe egin jako:

— Jakin ahal baledi, artista bakoitzak representazio bakoitzeko zenbat jasotzen du?

— Zergatik ez? «Baga, Biga»ren representazio bakoitzeko, 500 pezeta. Eta jakin zazu, Donostiako representazioan, arratsaldeko bostetan plazan geundela gauzak prestatzen, eta goizeko ordu bietan oraindik ere plazan geundela. Eta horrela ibiltzen gara gehienetan.

(«Ez dok Amairu»k emandako jaialdi askotan izan gara ANAITASUNA saldu eta zabaltzen, eta guk ere ikusi izan dogu Jose Antoniok esan dauana, zortzi orduko lana dala, alegia*).

Usurbilgo herriaren 600. urtebetetzea

Usurbilgo herria huri* izendatu zaneko 600. urtebetetzea ospatuz, jarraiko jai eta kultur ekitaldi honeek izan dira Gipuzkoako herri horretan, iragan* irailaren 25etik urriaren 5erarte: pelota partiduak; Uztapide, Lasarte eta Lazkao Txiki, bertsolariak; Andoni Lekuona, Iñaki Larrañaga, Juan Jose Rodríguez, Unzurrunzaga eta M. Lekuona, hizlariak; «Argia» dantza taldea; Tapia eta Zumeta pintoreen erakusketak; «Pelotari» eta «Ama Lur» filmak; «Ez dok Amairu» taldearen «Baga, Biga, Higa» sentikaria; «Karnabalak» eta «Baztango Dantza» kalerik kale.

«Semana de Pensamiento Cristiano y Diálogo», Bilbon

Aita Arana jesuitak zuzendurik, «Semana de Pensamiento Cristiano y Diálogo» dalako bat ospatzen da Bilbon, «Santiago Apóstol» ikastetxean, urriaren 18tik 23ra. Hona hemen hizlariak: Juan Velarde Fuertes, José María Llanos, Alfonso Carlos Comín, José Comblín, José Luis Pinillos, Andrés Tornos, Miret Magdalena, José Luis Aranguren, Rafael Belda eta José María Rovira.

Euskarazko liturgiaren egileak Erromara

Euskal lau diosesietako (Donostia, Bilbo, Iruina eta Baionako) zenbait* apaiz eta fraile, Elizaren liturgia euskaratzen ari direnak, Erromara joan izan dira joan dan irailean. Talde honen burua Manuel Lekuona da, eta taldeko gazteena Bizkaiko Mikel Zarate Lezamarra.

Oñatiko Euskal Astea eta Ikastolaren Eguna

«Oñatz» elkarteak antolaturik, euskal aste bat ospatu izan da Oñatin, «Garoa» zineman, irailaren 20tik 26ra. «Ama Lur» filma, «Gipuzkoako ekonomi egoera» hitzaldia, «Gizonak ala ez» antzerkia, eta «Haurren heziketa» hitzaldia eman izan dira.

Irailaren 19an, Ikastolaren Eguna ospatu izan da. Jarraiko talde honeek izan dira bertan: «Oskarbi» Elgetakoa, «Loramendi» Aretxabaletakoa, «Gorosarri» Eskoriatzakoa, «Lore Gazteak» Mondragoekoa, «Umetxoak» Legazpikoa, «Kezka» Eibarkoa, «Ereintza» Errenderikoa, «Gazteak» Mendarokoa, «La Salle» Andoaingoa, «Txoritxu Alai» Durangokoa, «Salleko» Sestaokoa, «Txanpa» Ondarroakoa, eta Oñatiko «Oñatz», «Ikastola» eta «Auzoak». Zer aterako ote da guzti honeetatik?

Euskal jaia Mallabian

Euskal jai bat ospatu izan da Mallabiko Berano auzunean: Sukalki* txapelketa, Urkola kantaria, bola jokoak, erromeria eta berakatza* zopa jatea.

«Señorío de Vizcaya»ko jaunan oroikailuak

«Acuñaciones Españolas, S. A.» etxeak diru gisako gomutagailuak egin ditu Bizkaiko Jaunen oroitzapenetan. Medaila horreetan agertzen diren jaunak, honeek dira: Iñigo López «Ezkerra» (1040-1077), Diego López de Haro «El Bueno» (1170-1214), Diego López de Haro «El de Sevilla» (1236-1254), Diego López de Haro (1295-1310) eta Infante don Juan de Castilla (1371-1390).

«Gure lur osoaren lutelestia» liburu berria

«Gure lur osoaren lutelestia» izenburuarekin argitara eman berri dau beste liburu bat «Timun Mas, S. A.» katalan etxeak, Nemesio Etxaniz apaizak euskaraturik. Laster agertzeko dago «Industri Aundiak». «Timun Mas» etxearen lana oso onuragarria* da euskara eta euskal kulturarentzat. Penagarria, hain lan neketsu eta garestia gaur egungo bide berrietatik urrun ibiltzea. Eskatzekotan: Financiera Comercial. Aldamar, 34. San Sebastián.

«VI Congreso de Estudios Pirenaicos» ikastaroa

«VI Congreso de Estudios Pirenaicos» ikastaroa ospatu izan da Bagnères de Bigorre herrian, iragan* irailaren 18tik 21era. Fermin Leizaola jaunak, «Sociedad de Ciencias Aranzadi» elkartekoak, Nafarroako mendietan koilaragintza zelan* izan dan azaldu eban. Luis Pedro Peña jauna, berriz, «Aspectos del Arte Popular Vasco» gaiari buruz mintzatu zan.

Pioiaren jornala

Gure alboan bizi dan gizonak, Joanek, hiru seme-alaba ditu, eta piontzan lan egiten dau, Etxeberria S. A. enpresan. Astean 1.200 pezeta irabazten ditu.

Injinadorearen soldata

Gure lehengusu bat, Endrike, injinadorea da. Hogeitamar urte ditu, eta laster ezkontzeko asmoa dauka. Honek ere Etxeberria S.A. enpresan lan egiten dau, eta hilabetero 50.000 pezeta irabazten ditu.

Txistu, alboka eta pandero irakasketak

Txistu, alboka eta panderoa jotzen irakasten da Bilbon, Santa Maria kalean, Múgica y Butrón izeneko eskoletan, urriaren 5ean hasita.

«Historia Valdorbesa» liburu berria

«Historia Valdorbesa» izenburuarekin argitara eman berri dau liburu bat Francisco de Olcoz, Tafallan apaizgintzan ari danak. Orbako harana* Nafarroako Tafalla ondoan dago.

Euskal astea eta euskal jaia Galdakanon

Galdakanoko «Peña Santa Cruz» elkarteak antolaturik, Euskal Astea eta Euskal Jaia ospatu izan dira Bizkaiko Galdakanon, iragan* irailaren 30tik urriaren 6rarte.

Euskal Astea: «Baga, Biga, Higa» sentikaria, «Ez dok Amairu» taldeak; «Euskal ekonomiaren egoera eta etorkizuna», Pedro Alberdi injinadoreak; «Gizonak ala ez» antzerkia, «Oñatz» taldeak; «Euskara idatziaren batasuna», Luis Villasante euskaltzainburuak; «Euskal folklorea», Juan Antonio Urbeltz eta Jose Mari Irastorza, «Argia» taldekoek; «Artea eta Gizona», Luis Aspiazu, Debako arte eskolakoak.

Azken orduan, «Baga, Biga, Higa» sentikaria eta «Gizonak ala ez» antzerkia debekatuak izan ziren.

Euskal Jaia: Kalejira, herri meza, ume dantzari taldeen erakusketa, «Andra Mari» taldearen jardunaldia, pelota partiduak, karrozak eta Mondragoeko tanborrada.

Euskara irakaslearen arrazoiak

Bizkaiko Elizaren kolejio batean, apaiz batek irakasten dau euskara, hala nahi dabenentzat. Orain, euskara nahi dabenek barik*, ikasle guztiek, nahi eta nahi ez, ikasi behar ei* dabe. Hainbeste denboratan «nahi dabenentzat» bakarrik irakasten izan dauan irakasleak hau esan dau: «Lehen bai, lehen ahaleginez eta pozik ikasten izan da euskara. Baina orain... orain ez da gogoz ikasiko... Zer pena!»

Euskara akademietan

«Studio 2» Bilboko akademian euskara irakasten da. Deitu 213802 telefonora, edo joan Ribera 31-3 kalera.

Peio Ospital kantaria ezkondu

Peio Ospital Itsasuko kantari gaztea ezkondu berri da Hazparneko neskatilla batekin.

Euskara Iparraldeko eskoletan

Euskal Iparraldeko eskoletan, bigarren mailako azken hiru urteetan, hiru ordutan irakatsi leiteke euskara astean. Horretarako, eskola bakoitzean, gutxienez hamar haur behar dira, euskara ikasi gura dabenak.

Baionako ikastolan 27 haur

Ihaz* zabaldu izan zan Baionako ikastola, 8 haurrekin. Aurten, 27tik gora izango ei* dira.

«Eskualtzaleen Biltzarra» Itsasun

Irailaren* 12an bildu izan dira, Lapurdiko Itsasun, «Eskualtzaleen Biltzarra» izeneko elkartekoek. Michel Labeguerie, elkarteko buruzagiak, urteko joan-etorrien berri eman eban, eta Andre Ospitalek diru kontuen argitasunak. Jean Haritschelhar jauna euskal kulturari buruz mintzatu zan, bereziki* eskola nazionaletan euskara irakasteari buruz. Dirissar jaunak radio-telebistaz berba* egin eban. Landart gazteak teatroaz. «Oxobi» zanaren hilobia ikusi ondoren, bazkaria, Xalbador, Mattin, Esponde eta Xanpun bertsolariekin. Loyato kantariak, eta Labeguerie jaunak bere bi semeekin batera, zenbait* kanta abestu zituen bazkaritan.

Dominique Peyllen euskara irakasten

Dominique Peyllen, semez zuberotarra eta orain Parisen bizi dan «Gauaz ibiltzen dana» nobelaren egileak, euskara irakasten dihardu Parisen, urriaren 7an hasita.

Julio de Urkijo zanaren omenez

Julio de Urkijo zanaren 100. urteburua ospatuz, haren omenez mintzaldi batzuk eratu izan ditu «Julio de Urquijo» deritxon filologiazko agerkariak. Mintzaldiok Donostiako «Palacio Provincial» etxean izan dira, iragan* irailaren 27, 28 eta 30ean. Antonio Tobar jaunak, «Otra vez el vascuence y la lingüística general» gaiaz hitz egin eban. Luis Villasante, «Don Julio de Urquijo y el problema de la unificación del euskera literario» gaiari buruz mintzatu zan. Eta Julio Caro Baroja jaunak Don Julio zanaren gizatasunari buruz berba* egin eban.

Trinketea Valencian

Vich herrian katalanez ateratzen dan «Oriflama, revista de la joventut» aldizkariak, bere 111. zenbakian, pelota jokoari buruz soziologiazko eritzi batzuk dakaz, «El Trinquet» izenburuarekin agertzen dan artikulu batean. Beste gauza batzuen artean dino, trinketeko pelota jokoa dala, bai jokalariek eta bai ikusleek bertan katalanez hitz egiten daben espektakulu publiku eta profesionalizatu bakarra. Eta hori frogatzeko*, azken partean, hitz eta esakera batzuk dakaz. Artikulua Josep Lluis Fos Marti jaunak egina da.

Josu Altuna «Basajaun» idazlearen liburuxka berria

Galdakanoko Josu Altuna «Basajaun» idazleak argitara eman berri dau liburuxka bat, «Breve Guía Montañera - Menditar Artezari Laburra» izenburuarekin. 80 orrialdeko liburu honetan, Euskal Herri eta Espainiako mendien izen eta alturak ematen dira. Hasieran hitzaurre bat dakar, euskaraz eta erdaraz, «Basajaun»ek berak egina.

«Basajaun» oso ezaguna da, batez ere ZERUKO ARGIAren irakurleen artean. Euskozale zaharra. Eta mendizale sutsua, batez ere, orain dala zenbait* urte, motorretik jausita*, zangoa hausi eban arte. Galdakanon bizi da, ilemoztaile ofizioa beteaz eta hain ezagunak diren bere kronikak eginaz, bai ZERUKO ARGIAn eta bai —azken denboraldi honetan— AGUR aldizkarian. Bizkai aldeko idazleen artean, garbizalekeriaren eustagarik* indartsuena da.

Debekatze bat

Bizkaiko herri batean, Euskal Jaia egiteko eta haren gastuak ordaindu ahal izateko, etxerik etxe eta gizonik gizon diru batzeko baimena eskatu eben antolatzaileek. Baina ez jaken baimenik eman, diru batze horren helburua* «benefikoa» ez zan eta.

Jose de Arteche hil da

65 urte bete ondoren, irailaren 23an joan jakun bizion lurretik Jose de Arteche idazlea. ZERUKO ARGIA eta ARANZAZU aldizkarietan euskaraz idazten izan dau, gai askori buruz. Haren libururik ospetsuenak, guztiak erdaraz: «Una inquietud y cuatro preguntas», «San Ignacio de Loyola», «Elcano», «Urdaneta», «Mi Guipúzcoa», «Legazpi», «Lope de Aguirre, traidor», «La Paz de mi lámpara», «Vida de Jesús», «Saint Cyran», «Canto a Marichu», «El abrazo de los muertos», eta abar.

Euskal alfabetatzea Bergaran

Euskal alfabetatzerako ikastaro bat eratu dabe, Gipuzkoako Bergaran, «Patronato Irigoien» elkartekoek, «Escuela de Maestría» ikastetxean. Ikastaro honi hasiera emanez, Eibarko Imanol Laspiur gazteak berbaldi* bat eman eutsoen ikasleei, urriaren 1ean.

Euskal antzerkia Berastegin

Irailaren 26an, «Apaiz langilea» antzerkia jokatu izan dabe, Gipuzkoako Berastegin, Lazkanotar antzezlari batzuek. Tarteka, Garmendia eta Muñoa bertsolariek jardun eben. Jaialdi honetan batu* diruak ikastolaren alderako izan ziren.

«Komunist Deia» euskaraz

Marx eta Engels jakitunek egindako «Komunist Deia» euskaraz agertuko ei* da laster batean. Berandu izan arren ere, ez dau harrera txarrik izan euskal hizkuntzaren aldetik, hiru edizio diferente agertuko baitira.

«Vida y obra de Iparraguirre» liburua

«Vida y obra de Iparraguirre» izenburuarekin argitara emango dau liburu berri bat Bilboko Castresana erdal idazleak, «Gran Enciclopedia Vasca» etxearen bidez, «Biografía de cosas célebres» sail berriari hasiera emanez.

Traktor lehiaketa Araban

Traktor lehiaketa* bat ospatu izan da Arabako Gobia haranean*. Inguruetako 13 gaztek parte hartu eben lehiaketa horretan, eta Antonio Fernández de Pinedo gazteak irabazi eban.

«La tierra y los valles de Mena» liburu berria

«La tierra y los valles de Mena, biografía de un municipio» izenburuarekin argitara eman berri dau liburu berri bat José Bustamante Brico jaunak. 606 orrialde ditu eta hainbat fotografia. Arabako Mena aldera uda pasatzera doazen Bilbotarrentzat, liburu hau nahiko atsegingarri izango da; baina gaitz izango da, asko gehiagorentzat balio handirik izatea.

Urbeltz jaunaren mintzaldia Tolosan

Urbeltz jaunak, «Argia» taldearen zuzendariak, mintzaldi bat eman berri dau Tolosan, «Aspecto religioso de las danzas vascas» gaiari buruz, Otsagabiako dantzak, Baztango mutil dantza, eta Bizkai-Gipuzkoetako ezpata dantza oinarritzat harturik.

AGUR aldizkariaren oharra

AGUR euskal aldizkariak jarraiko ohar hau jartzen dau bere 20. zenbakian: «Baserritarra, zuri! Zeuena dozuen aberastasunik aundiena ez dagizuela galdu... Zeuek zarie euskeraren oiñarririk gogorrena, munduko jakintsu guztiak maite daben izkuntzarena».

Ermuko haurrak eskolagabe

Ermuko herrian 20.000 lagun bizi dira. Ez dago behar haina* ikastetxerik. Eskolak irailaren* 20an hasiko zirela aditzera eman arren, ez ziren hasi egun horretan, behar besteko tokirik ez egoen eta. Hurrengo egunean, irailaren 21ean, 400 bat emakume, aldra* beltz eta zaratatsu bat osoturik, kalerik kale ibili ziren, jarraiko dei honeek, erdaraz, kartel handietan jarririk. «Hitz gutxiago eta egite gehiago», «Eskolak nahi ditugu», «Gurasoak leporaino gaude». «Prediku gutxiago eta ogi gehiago».

Durangoko «Fiestas Euskaras 1971» debekatuak

Julio de Urkijo zanari omenaldi bat egin nahiz, euskal jai horreek egitekotan ziren Durangon irailean*. Baina ez zan horretarako baimenik lortu ahal izan. Beharbada, ANAITASUNA hau kalera ateratzen daneko, zerbait egin ahal izateko bideak zabalduko dira nonbait.

Luis Haranburu Altuna saritua

Julio de Urkijo zanaren omenez Durangon ospatzeko ziren jaien antolatzaileek sari bat jarri eben, euskaltzale famatu hari buruz periodikoetan agertutako artikulurik onenarentzat. Sari hori Luis Haranburu Altunak irabazi dau, ZERUKO ARGIAn idatzi dituan hiru artikuluakatik.

«Hitz Berdeak», Jose Azurmendiren liburu berria

Hilabete honetan, urrian, argitaratzen du Arantzazuko inprimeriak Jose Azurmendiren poesien bilduma* bat, «Hitz Berdeak» izenburuarekin antologi erara osatua. Juan San Martinek liburuaren hitzaurrean dioenez, «azken urteotan euskal poematikak lortu dituen goimailetan, toki berezia merezi dute Azurmendiren poema hauek».

Sor Angeles Sorazuren 50. urteurrena

Sor Angeles Sorazu Gipuzkoako Zumaian jaio zan eta Valladolid-en hil 1921. urtean. Erlijiozko esperientzia haundiak izandako serora honek, «Autobiografía», «Opúsculos Marianos» eta «Cartas al director» izeneko liburuak idatzi zituan. Luis Villasante euskaltzainburuak, «La sierva de Dios, Angeles Sorazu. Estudio místico de su vida (Bilbao, 1951)» liburua idatzi eban, eta geroago, euskaraz, «Nere izena Plorentzi» liburuxka.

Nafarroako gaita irakasteko

Euskal gaita jotzen ikasi ahal izateko, Iruineko «Agrupación deportiva San Juan» elkarteak ikastetxe berezi bat antolatu dau. Lehen lau hilabeteetan, Salud Bueno andereñoak solfeo irakatsiko dau. Gero, Jabier Larizgoitia gazteak gaita jotzen irakatsiko dau. Hurrengo urtean, aurtengo ikasleentzat, Jabier Lakuntza jaunak emango ditu eskolak. Hilabetero 50 pezeta ordaindu behar ditu ikasle bakoitzak. Ikastaro hau «Institución Príncipe de Viana» eta Iruineko udalaren* babesaren pean izango ei* da.

«Alkartu danok», meza liburuxka

Izenburu honekin meza liburuño bat argitaratu dau Bilboko «Euskarazaleak» elkarteak. Bertan 101 meza kanta agertzen dira. Liburutegietan dago salgai, eta bere prezioa 15 pezeta da.

«Argia» dantza taldeari aipamen handiak Iruinean

Iruineko «Diario de Navarra» egunkariaren bidez, aipamen handiak egin izan ditu Goiti jaunak «Argia» dantza taldearen alde, haren ekinaldi bat ikusi ondoren. Euskarara itzulirik, hona hemen zer dinoan: «Txistua oso gutxi entzun genduan, eta bai beste instrumentu eta dantza modu berriak... Gazte honeek herririk herri ibili izan dira, zaharren memorian zehar iturrietaraino jo nahian. Gazte honeek lorakeriak albo batera uzten ditue eta sustraira doaz... Publikorik ez balebe bezala dantzan egiten dabe, dantza eurentzat «erakusketa» bat dalako, eta ez espektakulu bat... Nafarroako dozena bat herritara baino ez dira joan, dantzen iturriak topatzera, eta begira zelako* frutuak... Beti bezala, egiazko errealidadera laboratorioan egiten dana baino askoz ere gehiago da».

«Mendi gañetik» liburu berria

«Mendi gañetik» izenekoa da, «Auspoa» argitarazleak eskaini deuskun azken liburua. Bertso liburu honen egilea, Urrestillako Jose Inazio Etxeberria da.

TXIKITO


Herriz-herri

Bilbo

Moda berri bat

Iragan* irailean*, ezkontza berezi bat ospatu izan zen Begoñako elizan. Emaztegaia, Banco de Vizcaya-ko buruzagia den Serrano jaunaren autoan etorri zen. Jaun hau izan zen aitabitxia*.

Orain arteko ohitura izan da, emaztegaiaren kotxeak*, radio antenaren puntan, zinta zuri bat edukitzea, eta kotxea lore zuriz inguratzea.

Serrano jaunaren autoa honela atonduta* agertu zen: antenaren puntan espainol ikurrinaren kolorezko zinta, eta kotxearen inguruan lore gorri eta oriak.

Ikastolak

Hasi berria dugu euskal ikastaroa. Bilboko hamaika ikastoletan, ihaz* baino ikasle gehiago dagoz. Gehitze hau, guti gorabehera, ehunetik hogeitamarrekoa izan da.

Proporzio berean ugaritu dira irakasleak, eta ugaritze honek ikastolen ekonomiaren hobekuntza ekarri du, eta beraz, irakasleen soldaten goratze nabarmen bat.

Pozgarria da hau guztia; eta pozgarriago, kontrako kanpaina bat gainditu behar dugulako. Kanpaina hau zenbait* euskaldunek ere egiten daukute, eta hauxe da mingarriena.

Ihaz autobus bat zebilan Deustuko ikastolarako umeak batzen. Aurten hiru dira: Elkano kaleko «Azkue» ikastolakoa, Ciudad Jardín-eko «Haize Errota» ikastolakoa, eta Deusku bertako ikastolakoa. Azken ikastola hau 268 ikaslekin toperaino beteta dago.

Euskara kolejioetan

Bilbon, fraileen kolejio handi batzuetan, inkesta* bat egin dute gurasoen artean, euskara ikasgai bezala ipintzeko. Dakigunez, kasu guztietan gehienak izan dira baietza eman dutenak.

Entzun dugunez, «Santiago Apóstol» kolejioko Lasalletarrek, hasi dira euskara irakasten. Eskolapioek hasteko dira, eta berdin Jesuitek. Ikastaroa hasi berria denez gero, ez dugu informazio zehatzik, eta hurrengoan emanen dugu, garrantzi handiko gauza baita.

Ez dugu entzun, seroren* kolejioetan euskara irakasteko asmorik dutenik, hemen Bilbon behinik behin.

Texto liburuak

ANAITASUNA hau zuen eskuetara heldu orduko, salgai egonen dira ikastoletarako textoen lehenengo edizioak, euskara batuan.

Liburu hauk ez lituzkete haurrek bakarrik ikasi behar. Guk nagusiok, ikastoletan ikasteko zoriona ukan ez dugunok, orain dugu aritmetika eta abar euskaraz ikasteko aukera. Eros eta ikas ditzagun liburuok. Ez gaitezen ager geure semeen aurrean analfabeto batzuk bezala!

Kaleak euskaldun arazten

Geure hiri* eta herrietako kaleak euskaldundu behar ditugu. Nola? Lehenik, euskaraz ahal dugun beste mintzatuz. Gero, geure autoetan «Euskaraz egin» edo euskal aldizkarien anuntzioak jarriz.

Kotxedun bakoitzak jar dezala bere gustuko den txartela; baina, mesedez, euskaldun guztien kotxeek euskal kutsuzko zerbait eraman dezatela. Eta, euskal kutsua aipatzen dudanean, ez dut esan nahi, kotxean danbolintxo bat jarri behar dugula. Euskal folklorea inportantea da; baina mila aldiz gorago jarri behar dugu euskal kultura.

Inkesta bat egin dugu, ea zer jende klase den jakiteko, anuntzio hauk gehien ipintzen dituena. Gazteek zaharrek baino gehiago jartzen dituzte, eta dirutan oso ondo ez dabiltzanek aberatsek baino gehiago. Ikusten denez, adinak* eta diruak jendea kontserbadoreago, beldurtiago bihurtzen du. Asko estimatzen ditugun salbuespen* batzuk aparte, adinekoek eta dirudunek beren komoditatea ipintzen dute euskararen gainetik.

Baina, euskara zabaldu nahi badugu, ezin gaitezke koplakerietan ibil. Beraz, euskaldun araz ditzagun geure kaleak. Jar* ezazu zeure autoan euskararen aldeko zerbait.

ANAITASUNAk horrelako kalkomaniak egin ditu, eta erregalu* modura zabaltzen ditu. Eska ezazue nahi duzuen beste, zuzenbide honetara: ANAITASUNA. Jardin Txikerra, 1. Bilbao-12.

XABIER GEREÑO

Bermeo

Atunetako kostera

Nire kronika apalak irakurtzeaz ohore egiten deustan irakurlea, konturatuko zan honez gero, itsas kosteren gorabeherak beste albiste* guztien aurretik agertzen direla, lehenengo tokian. Halan izan behar dau derrigorrez, kosteraren martxa baita* gure herriarentzat inportantziarik handieneko gauza; arraintza dalako, dakikezuenez*, gure herriaren arnasa eta odola, bere bizibide bakarra.

Eta honegatik, Bermeoko kaleetan, urtean zehar, gizonak itsasoan diren bitartean, arraintzaren berriei buruzko elkar hizketak baino ez dituzu entzungo andren ahotan. Etxeetan, radioari esker, egunerik egunera jarraitzen da itsasoko lana; eta danok geure bihotzean sentitzen eta bizitzen ditugu itsasgizonen ahaleginen berri onak eta bai eta nahigabeak ere.

Baina noan harira.

Atunetako kosteraren lehenengo erdia irailaren 7an amaitu izan da, herriko jaiak direla eta. Kosteraren hasieran, uztailean*, Galiziarantz joan ziren gure arraintza ontziak, hegaluzearen* bidera. Hegaluzea nahiko ugari aurkitu eben, eta «kazan» egin zituen lehenengo mareak. Arraina, bere bidean, arin sartu zan lesterantz*, Bizkaiko kolkora; eta, honi esker, ontziek Bermeon egin ahal izan eben euren deskarga, Vigon edo La Coruñan egin barik, beste urteetan legez*.

Salketak, kilotan, ihaz baino ugariagoak izan dira uztailean; baina prezioa % 25 apalagoa izanik, irabaziak ez dira hain mamitsuak izan.

Abuztuko Andra Mari eta San Roke jaietako atsedenaldirarte, pozik ibili ziren gure arraintzaleak. Baina, jaiegun horreen ostean*, gauzak zeharo aldatu ziren. Hegaluze-gorriak* urritu egin ziren, eta karnata biziaz ere ez ziren engainatzen. Gainera, karnata bizia egiteko, Frantziako «vedette» edo kostajagoleen* bildurrez ibili behar, Ipar Euskal Herriko uretan; eta berdin, gorago joanez gero ere, zoritxarreko sei miliako muga dala eta. Ontzi batzuei, hamabi miliatik barrura sartzen ere ez deutsee utzi.

Gauzak holan izanik, herriko jaiak heldu ziren, eta ezer gutxi egin ahal izan eben arraintzaleek egun horreetan.

Behin Santa Eufemia eguna (irailaren 16a) igarota, berriz itsasoratu zan ontzidia, eta ontzi asko hego alderantz abiatu zan, Algecirasen eta Canarias uharteetan* hemen ez dauken giro egokia bilatzera, Gabonak arte.

Lebazaleak* (ontzi txikiagoak) hobeto ibili direla esan geinke. Hegaluzea Bizkaira hurreratu zanean, ontzi honeek ere, lebatz kalak abandonaturik, hegaluzetan hasi ziren, eta arraintzu* ederrak egin zituen, kostatik lau-bost orduko bidean. Baina, irailetik aurrera, berriz lebatz eta besigutan ari behar.

Herriko jaiak

Berriro ere, Iraileko Andre Mariak etorri eta joan egin jakuz.

Bederatzi egunetan, hilabetearen 8tik 16rarte, kostera kontuak alde batera utzita, lanean ipintzen daben kemena kantan eta dantzan ipini dabe gure gazteek eta ez hain gazte direnek.

Ikusgarririk seinalagarrienak, bizikleta txapelketa eta trainerilla estropada. Estropada honetan, Kantauriko Txapelketa jokatzen zan. Zortzi batel etorri ziren, eta Getarikoak, Gipuzkoako bakarrak, irabazi eban txapela.

Kultur arloan, pintura erakusketa, fotografi txapelketa eta «Akelarre» teatro taldearen saioa. Musika kontzertuak ere hemen sartu behar, pasadoble eta guzti.

Gaztelugatx inguruan, itsas azpian dagoen Begoñako Ama Birjinaren irudiari lore eskaintza ere egin jakon, nahiz eta eguraldiak lagundu ez.

Txistulari eta kanta berri saioak (Estitxu, Zorion Egileor, Jon Enbeita), marmitako txapelketa, harri jasotzaileak, su artifizialak, pelota partiduak, dantzariak (Galdakanoko «Andra Mari» taldekoak), eta aipatzen ez dodan hainbat entretenigarri.

Eta musika... musika gau eta egun. Orain, dana amaitu eta gero, Lamerako* arraintzale erretiratuek esaten daben legez*, «datorren urterarte, bizi direnentzat».

Arrain fabrika bat erre

Jai aurreko egun batean, «Conservas Ogoño» arrain fabrika sutan jarri zan gauean, eta, su hiltzaileek ahaleginak egin arren, guztiz galdu zan. Su hiltzaileen lanak, gutxienez, aldameneko etxeek surik hartu ez eien balio izan eban. Nahiz eta diru galtze handia izan, ez da hilik ez zauriturik egon, ordu haretan ez egoen inor fabrika barruan eta.

A. P. B.

Galdakano

Hutsak zuzentzen

Azken ANAITASUNAn ematen genduan Galdakanoko kronikan huts bat egoen: «Aurtengo martxoaren 1ean» jartzen dauan tokian, «1891.eko martxoaren 1ean» izan behar eban.

Elizak

Galdakanoko herrian hainbat eliza dagoz. Usansolon parrokia bat, gehienbat «La Josefina» enpresak egina. Kruzean, Santa Maria parrokia. Elexalden, Andra Mari eliza, «monumento nacional» izendatua. Bengoetxen, San Jose Langilearena, Bizkaiko Diputazioaren eskoletako gela batean. Apurribain, «Firestone Hispania» enpresaren «La Realeza de María» parrokia. Zugutzun, «Unión Española de Explosivos» en Santa Barbara eliza.

Eta Arkotxan (nahiz eta auzune hau Zaratamokoa izan, bertako jendeak Galdakanorekin lotura gehiago dauka) «Pradera Hermanos» izeneko enpresaren parrokia.

Bengoetxeko auzunean, eliza berri bat jasoko dan zurrumurrua dago. Hala balitz, Diputazioaren gelatik irtenda, Bengoetxetarrek euren eliza bat izango leukee.

Euskal jaia

Euskal jaian, «Ez dok Amairu» taldearen «Baga, Biga, Higa» sentikariaren eta «Gizonak ala ez» antzerkiaren debekatzeak min garratza sortu dau Galdakanotarren artean. «Peña Santa Cruz» elkartearen ardurapean antolaturik egozen jardunaldi guztiak; legeek eskatzen dituen begiramendu guztiekin eman izan dira pauso guztiak; aditzera emandako ekintza guztiek herritarren poza sortu izan dabe... Zergatik ezin dogu euskaldunok «legezko gizonak» izan ahal?

Jabier Agirreamalloa apaizaren aita hil da

Galdakanoko herrian apaiz lan azkarrean ari dan Jabier Agirreamalloaren aita, Felix zana, hil da, Gernikan, joan dan irailaren* 24ean. Doluminak Jabierreri eta bere familiari.

APUR-HIBAI


Europa

Irlandarrak eta Marx

Irlandarren eta ingelesen arteko gatazka* hau ez da oraingo gauza bat bakarrik, baizikan aspaldi sortu zen gerra bat; eta, ene ustez, luzaro joko du oraindik, gauzak behar diren bezala konpondu arte, hau da, Ingalaterraren menpetik atera arte, askatasuna lortuaz*.

Marxek, dakikegun* bezala, Ingalaterran bizi beharra ukan zuen. Orduan Ingalaterra zen mundu guztiko erresumarik* aurreratuena eta bizkorrena. Bere industri iraultza* egina zedukan, eta mundu guztiko erresuma eta nazioetan bere produktoak eta kapitalak sartzen ari zen, hau da, inperialismoaren oinarriak botatzen.

Marxek «Kapital»ean agertzen daukun bezala, Ingalaterrako proletalgoak benetako baldintzak* zeduzkan, iraultza egiteko: Egunero ordu askotan lan egin beharra, irabazi ttipiak, osasunerako baldintza xarrak, eta abar. Berak uste zuen, Ingalaterran eginen zela lehenbizikoz proletalgoaren* iraultza; baina ez zen hala gertatu. Hango langileria egunetik egunera hobeto bizi zen; beste herriak zapalduta ateratzen zituzten irabazien apurrak biltzen* hasi ziren, gainera, dirijenteak; partiduak ere burjes bihurtzen ari izan ziren. Era honetan ezin zitekeen iraultzarik egin.

Orain joan gaitezen, Marxek Irlandako arazoari buruz hartu zuen postura aztertzera.

Marxen denboran ere, Irlandako herriaren eta Ingalaterraren arteko gerra bat zegoen; eta Marxek, politiko bezala, jarrera batzuk* hartu behar ukan zituen arazo honi buruz, bertako situazioa aztertu ondoren. Eta jarrera garbiak eta jatorrak hartu ere bai. Herri horren askatasunaren alde agertu zen, eta ez zuen hartu, beste askok bezala, jarrera oportunista bat, marxismoaren izenean arituaz* eta herri abstraktu batzuen askatasunaren alde agertuaz.

Ahal guztia egin zuen, Ingalaterrako proletalgoak postura bat har zezan, Irlanda askatzeko. Eta hala esaten zuen bere eskutitz batean: «Lehen ezinezkoa ikusten nuen Irlanda Ingalaterratik separatzea, eta orain nahi eta nahiezkoa ikusten dut, eta gainera beharrezkoa, nahiz, askatasuna lortu ondoren, bien artean federazio bat osatu». Hola mintzatzen zen Marx, Engelsi 1867.eko hazilaren* 2an bidalitako eskutitzean.

Beste eskutitz batean hala dio: «Langileei zer esan behar diegula iruditzen zaitzu? Ene ustez, bi herriek puskatu egin behar dituzte daduzkaten loturak, hitz batez, 1783.eko irlandesen eskabidea, baina demokratizatua eta berritua».

Lehenbizi Marxek uste zuen, zapaltzaileen herriko proletalgoak askatuko zuela Irlanda, hau da, ingelesek eta ez Irlandan bertako mugimenduak. Baina, Ingalaterrako proletalgoak zeraman bidearekin, Irlandako herriak etorkizun handirik ez zuela ikusiaz, azkar aldatu zen bere eritzi zaharrez, eta honela esaten zuen: «Ingalaterrako langileriak ezin dezake bere askatasuna lor, Irlandarrak beren nortasunaren jabe gelditu arte».

Zer nahi dugu gehiago?

B. BAKAIKOA

daduka, dauka

dezake, daike

zaitzu, jatzu, zaizu

zedukan, eukan, zeukan

zeduzkan, eukazan, zeuzkan

zeraman, eroian

zezan, eian

zitekeen, eiteken


Europa

Europa batua IV

Lehengoan esaten nuenez, Europako nekazaritzaren egoerak aipamen berezia merezi du, gure kontinente zaharreko nazioak batasunerako lehen urratsak ematen ari diren garai honetan.

1958.az geroztik 4,5 milioi pertsonak utzi du laborantza E.E.E.an, edo eta, bestela esanik, 1955.ean zeuden laborarien % 20k.

Produkzioa, hala ere, urtero % 3,3 igo da. Baina ekonomi aldeko aldaketa bortitz* hau nola gertatu da?

Mansholt jaunak egin duen agirian, aldaketa hori beharrezkotzat jotzen* du eta are* sakonagoa izan beharko duela hemendik aurrera adierazten. Hara zertan oinarritzen den, hori esateko:

Europan, batez beste, baserri bakoitzak 11 hektarea du, eta hirutatik baserri bik 10 hektarea baino guttiago, labora daitezkeen lurretan; bostetatik lau nekazarik horrelako lurretan dihardu lanean.

Ekonomi aldetik begiraturik, % 75 baserrik langile bakar bat ere gehiegi duke*.

% 80 abeltzainek* 10 behitatik behera du, eta hauen artean hirutatik bik 5 behitatik behera.

Enpresario guztien artean, erdiak 57 urtez goikoak dira.

Mansholt jaunaren planean, luzaroko neurriak puntu bi hauetan oinarritzen dira: baserriak xipiegiak dira, eta teknika aurreratuz doa; beraz, jendea guttitu behar da eta baserriak haunditu.

Horrela ikusirik, ba dirudi arrazoizkoa dela haren postura. Baina hori zenbateraino da horrela, eta plan hori aurrera eramateak nolako aldaketa soziala ekarriko luke?

Mende* honen erdi alderarte, nekazaritza artesano gauza izan da erabat*; baina orduandanik* industrializatzen ari da eta oso arin gainera. Industriaren produkziokerak kapital haundiak eskatzen ditu eta lanbanaketa. Hori, zeharka*, beste gauza batetan nabarmentzen da nekazariengan. Hauen irabaziak igo egin dira; baina beste langileenen aldean eskasak dira oraino, salprezioak ez baitu beren lana behar bezala ordaintzen. Nekazariek hau ikusirik, lanean ari diren ordu bakoitzari errendimendu hobea atera nahirik, makinatara jotzen dute; baina laborantzaren mekanizazio honek kapitala eskatzen du, makinak mantentzeko eta amortizatzeko.

Honen ondorio sozialak hauxek dira: baserriak hustea eta hiriak industri lanak ezagutzen ez dituen jendez betetzea, zaharrak ikasteko edadean ez daudelako lanik gabe gelditzea, eta ezarian* ezarian kapitalismoa laborantzaz nagusitzea.

A. SAGARNA


Ipuina

Amamaren mina eta samina

Amama* hau edozein amama da. Baserritarra. Berdin da Ataundarra izatea, nahiz Aoiztarra, nahiz Muxikarra. Baina benetakoa da. Hauxe da arduragarriena*. Memento* honetan 75 bat urte ditu, eta Euskal Herriko edozein herri industrialetan bizi da. Inguruan bizi dituan jenderik gehienak erdaldunak dira. Amama zaharrak erdararik oso gutxi daki; baina, hala ere, konpontzen da bere auzotar berriekin, eta dendara* joan eta konprak* egiten ditu. Elizara ere joaten da, igandero, hutsik egin gabe; eta herri industrial horretako apaizekin, nahiz zaharrekin nahiz gazteekin, berba* egitea gustatzen jako. Baina lehenagoko apaizak hobeagotzat daukaz, santuagotzat. «Orain sinesmen gutxi dago», dino amamak. Ez deutso horren errurik* inori botatzen; baina, bere barrenean, industriatze eta modernizatzeari botatzen deutso nonbait.

Amama bere seme batekin bizi da, beragaz* azken ordurarte baserrian egon zanarekin. Seme honek, orain, industria batean lan egiten dau, eta kasik 40 urte zituanean ezkondu zan. Erraina*, hau ere jatorriz baserritarra, baina umetatik kalean bizi dana, pertsona ona da amamarentzat; baina nahiko ernegurik hartzen dau gure amona zaharrak, «etxekoandrea» bera barik* erraina dala ikusten dauanean.

Amamari ez jako gustatzen, neskek tabako gorria erre daienik, ez eta kotxerik* txofertu, ez holakorik. «Andrazkoak etxean», dino.

Senara gerra denboran galdu eban

Amamaren bizitzako kasurik tristeena, seguru asko, bere senarraren heriotzea edo galtzea da. Bere senarra gerrara, frentera, eroan* eben, gure arteko azken gerra zibilean; baina ez zan gerratik berriro agertu. Gerran hil zan. Hobeto esanda, gerran galdu zan. Gerran ebilela —dino amamak— behin batean, Elgetako frentean, zauritu egin eben. Kamillero bik jaso eben, «zauritu-etxerik hurbilenera* eroango dogu» esanez. Hauxe baino ez dakigu haren azken orduetaz. Amamak gertakari honetan puntu honetara heldutakoan, begiak pixka bat tristetu egiten ditu; baina bere entzuleari aurrez aurre begiratzen deutso, edozein gerra madarikatzeko arrazoia daukan batek bezala, eta senarra gerran galdu jakonetik gaur artera izan dituan sufrimentuen historia astuna pasatzen da bere memoriatik.

Amamak zortzi seme izan zituan, bere senarra gerrara joan zanean: zazpi mutil eta neska bat. Oraindik guztiak gazteak ziren, mutikoak. Nagusienak 18 urte zituan.

Amama errentadorea* zan. Hau da, bera eta bereak bizi ziren baserria inorena zan. Bai, etxea eta lurrak inorenak ziren, ugazabarenak*. Ugazaba gerraren alde egoen, gerrazalea zan. Jendea bere gogoz eta borondatez gerrara eramaten ahalegintzen zan, nahiz eta gerrarako edaderik euki ez. Egoki eban, beraz, bere errentadorearen seme nagusia ere, oraindik 18 urte baino ez zituala, gerrara joateko eskatu edo kasikan agintzea. Halan joaten zan sarritan* gure amamarengana, bere errentadorearengana, bere seme zaharrena, bere gogoz, gerrara bidaldu behar leukela esatera. «Gerra hau irabazteko, zure semea ere, beste mutil asko bezala, beharrezkoa da; gerra irabazten badogu, nagusiak gara; gure arerioa* lapurra, gaizkilea eta jainkogabea da», inotsan.

Baserriaren galtzea

Gerra bukatu zan. Senarra galdu jakon amamari, baina ez bere zortzi semeak. Nagusia ere, azken batean, gerrara joan zan; baina bizirik itzuli ahal izan eban, makina bat sufrimentu jasan eta heriotze triste asko ikusi ostean*».

Bere ugazaba, gerra irabazi ebenen aldekoa zan. Amamak, berriz, ez ekian, gerrarik irabazi edo galdu ebanentz*. Gizona galdu jakola bai, gosete handia sufritzen ebela ere bai, eta berak errentadore eta ugazabak jaun jarraitzen ebela ere bai.

Zortzi semeetarik zazpi gazteenek, berriz, guztiek irten* behar izan eben etxetik, banaka banaka, mutilek morrontzara eta alaba bakarrak kriada* lanetara. Urte gorriak izan ziren amamarentzat. Ugazaba bere baserrian eta errentadoreen basoetan pinua sartzen hasi zan. Pixkana pixkana kalean industria ugaritzen eta jendea aberasten hasi zan, eta baserriaren indarra eta estimazioa gutxitzen. Morrontzara joandako semeak, ostera*, bata han eta bestea hemen, industri lanetan hasi ziren, Gipuzkoako Eibar aldean. Alaba bakarra, industri langile edo obrero batekin ezkondu jakon; hauxe izan eban lehendabizikoz ezkondu jakona. Baina seme guztiak hasi jakozen ezkontzen, guztiak kalera, kale gorrira, ez solorik* ez landarik ez egoen parajeetara.

Etxean berarekin gelditu jakon semea, mutil zahar gelditzeko bidean joian. Ez dau inork baserrira ezkontzerik nahi, ez eta, kasurik onenean, maiorazgoa izaterik ere.

Amamaren indarrak urrituz joiazen, baserria alferrik galduz, etxe ingurua tristetuz. Semeak, halako batean, kalera joan gura* ebala esan eutson. Ba ekian amamak, azken batean hori entzun beharko ebala; baina ez eban sinestu nahi, ez senarra gerran galdu zanik, ez baserria «Herriaren alde semea eskaintzea, amarentzat ondrarik* handiena da», eta holakoak.

Baina amama ez egoen horretan. Ez egoen, berak sortu eta bizia emandako semea heriotzera bidaltzeko. galdu behar ebanik, ez eta semea, horren kulpaz, mutil zahar gelditu eitekenik. Ez eban gura, berak arduraz* eta izerdiz labratutako baserria uzterik, ez eta berak sortu eta hazi zituan zortzi semeak etxetik irteterik* ere. Baina hainbeste sufrimentu izan zituan amamak, beste berri bati frente egiteko ere asko ikusita egoen.

Lehen senarra galdu baeban, orain baserria galtzen eban. Egia esan, baserria ez zan berea. Baina bere esku eta buruaren indarrak hantxe orma* eta soloetan zirela sentitzen eban. Aldatzerakoan, atea hitsi eta giltza ugazabari utzi beharko eutson, eta sekula gehiago ez eban berak giltz harekin baserri haretako aterik zabalduko.

Amamak, azken orduan, saldu ahal izan zituan gauza guztiak saldu ebazan. Baserria hutsik gelditu zanean, ateak hitxi eta giltzak bere jabeari eman eutsozanean, hain gerrazale zan gizonaren irudia heldu jakon burura, bere senarra galdu ebana, eta bere seme zaharraren odol bizia galdu nahi ebana.

ANJEL ZELAIETA

daien, dezaten

deutso, dio

dino, dio

eban, zuen

ebazan, zituen

eben, zuten

ebilen, zebilan, zebilen

egoen, zegoen

eiteken, zitekeen

ekian, zekien

eutson, zion

eutsozan, zizkion

inotsan, ziotsan, esaten zion

jako, zaio

jakon, zitzaion

jakozen, zitzaizkion

joian, zihoan, zoan

joiazen, zihoazen, zoazen


Irakaskintza

Kontuz ikastolekin

Guztiok nirekin akort izanen zarete, esaten badut, euskararen etorkizuna eta salbazioa euskal ikastoletan dagoela. Ikastolak zabaltzen eta ugaritzen diren neurrian, euskarak aurrera eginen du.

Guk euskararen zabalkundea nahi dugu, Euskal Herrian bizi diren guztien hizkuntza bihurtu arteraino. Eta guztiena esan dut, bai eskuin aldekoena eta bai ezker aldekoena ere. Euskarak ez du izan behar talde baten edo erlijio baten edo alderdi baten monopolioa.

Azken egun hauetan, ikastolen kaltetan gertakari* nabarmen bi ikusi ditugu: bata, ikastoletako irakasleentzat Iruinean muntatu zen ikastaroaren debekatzea, eta bestea, Bilboko euskal aldizkari batetik ikastola batzuen kontra egiten den kanpaina.

Gertaera triste bi hauetan euskaldunek parte hartu dute, eta, kasu bietan, erlijioa defenditzen zutelakoan.

Behin eta berriro esan dut, ideologia unibertsalistek beldur ematen dautatela; ideologia hoien jarraitzaileek, euskaldungoa eta unibertsalismoa aurrez aurre daudenean, bigarrenaren alde jokatzeko zaletasuna agertzen dutelako.

Erlijioaren kasuan, gauza nabarmen bat ikusten da historian zehar: kristautasunaren oinarriak diren anaitasuna eta maitasuna, batzuentzat, intolerantzia eta gorroto bihurtzen direla.

Aztertzen ditugun kasu bietan, zera argiro ikusten da: alde batetik, jokabide maltzurra (azpi lana, aldizkarietako atakeetan izen-abizenak seudonimoz ezkutatzea*, anonimoak bidaltzea, eta abar); eta bestetik, zeregin horretan batzuek adierazten dituzten intolerantzia eta gorrotoa.

Ikastolak hainbat eta gehiago, hobe. Ikastoletako irakasleak hainbat eta jakitunagoak, hobe. Zergatik, orduan, ezin jasan* dituzte moralaren maisu diren hoiek, berek antolatu ez dituzten ikastaroak? Zergatik gorroto hori, berek kontrolatzen ez dituzten ikastolen kontra?

Ikastola hauen kontrako kanpaina, histeria antzeko maila batetara heldu da. Azken «AGUR»en, ezin sinetsizko gauzak esaten dira ikastola hoien kontra. Euskaldun aldizkari batek nola permiti dezake hainbat ikastolaren desprestijioa? Ez doa hori euskararen zabalkundearen kontra?

Dudarik gabe, bai. Eta, orduan, ez ote daude hoik, Euskal Herriaren interesen gainetik ideologia partikular bat zerbitzen?

Euskal Herrian, ideologia askotakoak gara; eta, lehen esan dugun bezala, euskara gure herri osoaren hizkuntza izan dadila nahi badugu, denak euskaldundu behar ditugu, santuak eta deabruak, katolikoak eta marxistak, kapitalistak eta proletarioak, hitz batez, HERRI OSOA.

Denek dute euskara ikasteko eskubidea eta, horretarako gaur egunean diren posibilitateak kontuan harturik, denek behar dute ukan posibilitate hoietaz baliatzeko aukera*.

Azpi lanean eta salatari ofizioan dabiltzanei, hau esan nahi diet: Kontuz, kontuz! Euskal ikastolen eta euskal irakasleen kontra egitean, euskararen zabalkundeari oztopoak jartzen ari zarete. Ezin dezakezue horrela joka. Jokabide hori kristau erlijioak debekatzen du, gizatasunak kondenatzen du. Gaur egun, kontzientziarik duen euskaldunek ezin dezake horrela joka.

Lehen esan dugunez, denek dute euskara ikasteko eskubidea, eta, aukera* egiteko posibilitate askorik ez dagoenez gero, denek dute ahal den medioz ikasteko deretxoa.

Bakoitza saia* dadila, bere gustuko diren ikastolei laguntzen. Baina, mesedez, besteri kalterik egin gabe.

Ikastolak prestijiatu egin behar ditugu. Jendea haien inguruan jarri behar dugu. Ikastolen lana txalotu eta aurrerantz bultzatu behar dugu.

Euskararen etorkizuna ikastoletan dago. Beraz: Gora Euskal Herriko ikastola guztiak

XABIER GEREÑO

daude, dago

dautate, deuste, didate

dezake, daike

dezakezu, daikezu

diet, deutset


Irakaskintza

Euskaran kolejioetan

Gizadia progreso bidean aurrera doa, gero eta kontzientzia humanista gehiago du. Orain mila urte baino, gaur hobekiago bizi gara, sentidu gehienetan behintzat; eta gaur baino bihar hobekiago biziko garen itxaropena daramagu. Prozeso hau azkartzeko, denok saiatu behar garela, garbi konturatzen gara edo ari gara konturatzen. Bestela, nola uler* herri bezala daramagun dinamika?

Oraindik, ordea, injustizia hainitz* bizi ditugu lur honetan, eta hoietako bat hizkuntzan aurkitzen dugu. Hizkuntza alorrean*azken urte hauetan hainitz lan egin badugu (herri alfabetatzea, ikastolak, eta abar), hala ere, subdesarrollo egoera batetan gaude.

Ikastola, erakunde* indartsu izatera iritxi* da. Herri alfabetatzea, ia toki guztietan sortu da. Hau horrela izan arren, ezin uka, erdara dela oraindik nagusi.

Gaitz hori zuzentzeko bidea, estrukturen aurkako borrokan dagoela egia izan arren, dena borrokaren garaitzapenerako uztea, sasi-iraultzaile postura litzateke. Borroka, maila eta toki guztietan egin behar da.

Lehen esan dugu, euskara alorrean zeintzuk diren ekintza garrantzitsuenak. Beste ekintza bat, uste dugu, kolejioetan euskara sartzea izango litzateke. Horretarako, orain artekoan, legeetan aurkitzen genuen oztoporik handiena; gaur, ordea, lege berriak ditugu, eta lehen baino erraztasun gehiago eskaintzen daukute.

Gainera, Eliza —eta Euskal Herriko kolejio gehientsuenak Elizak zuzentzen ditu— ba dirudi, beharrezko duen askatasun horren kontzientzia hartuz doala, eta Estaduarekin duen lotura hertsia* puskatu nahiz abiatu dela.

Ikus ditzagun orain, eman daitezkeen pausoak: Kolejioetako arduradunak* eta jabeak, beren iniziatibaz, nekez iritxiko* dira ezer egitera, baldin euskaldun jokabide hori hartzera behartuko dituen indar bat sortzen ez bada. Beldur dira, eta izango ere, ezer egiteko. Horregatik, kolejioetako haurren gurasoen artean elkartasun kontzientzia sortu behar da.

Baldin gurasoren batzuek, eta oso logikoa da, kontrako erreakzioa badute, ikasleak —zaharrek baino euskal zaletasun bortitzagoa* dute gazteek— giro eta kontzientzia bat sortu beharrean lirateke.

Baiezko postura balitz, kontuan ukan behar da, euskararen irakastea ezin daitekeela klaseko orduz kanpo jar*, errekreo orduetan edo jai egunetan, klaseko orduetan baizik.

Modu asko egongo lirateke, euskara irakasteko. Guk uste dugu, guttienez behintzat, asignatura moduan jarri behar litzatekeela.

Eta, azkenik, esango dugu, euskarazko asignatura ez dela euskara soilik* ikastea, alegia*, haren joskera*, aditza*, eta abar. Bereziki* Euskal Herriaren kondaira, euskal literatura, formazio sozial eta politikoa, eta abar, hori guztia da euskara ikastea.

EUSKALZALEAK

daitezke, daitekez

daramagu, daroagu

daukute, deuskue, digute

ditzagun, daiguzan

gaude, gagoz


Hau duk humorea

Eskuzabala

«Nik askori ematen diot jaten».

Harro harro esaten zuen. Eta egia zen, restaurant baten jabea zen eta.

Gramatika

— Gizon hori oso trebea duk «a organikoa» erabiltzen.

— Arraioa! Ez niekian musikalaria zenik.

Sorginen ipuina

Gaur, aintzina baino askoz sorgin gehiago dago. Epetan pagatzeko sistema dela eta, zenbat eta zenbat «zor egin».

Telefonoz

Rinnn, rinnn...

Nor da?

— Kaixo! Zaran nauk.

Zaran?

— Bai. Zarandi.

Zer Zarandi?

— Zarandiko.

Zelako* Zarandiko?

— Zarandikoetxe.

Zein Zarandikoetxe?

— Zarandikoetxea.

 — A!

ANTTON


Iritziak

Aldebatekotasun gehiegi

Kritikak oso entzunak eta irakurriak dira aspaldion gure artean. Asko estabaidatzen eta irakurtzen delako seinale segur bat, noski*; eta berau ez da gutti, nahiz eta, agian*, batzuk behintzat, nolabaiteko kritika alferretan ibili gabe, lan probetxugarriagoetan ari balira, gauzak hobeki joan.

Baina inoren izen ona eta ohorea, ezizen* eta oilokeria nabari batez ezkutaturik*, zikintzen ari diren gixonez* ez gara hemen mintzatzen, kritika lagungarri edo argitzaile gurako* batez saiatzen direnez baizik.

Gure arteko xobinismoa da, bat baldin bada, gehienik konbatitua ikusten dugun gai bat, hain zuzen. Ba dakusagu nola zenbait* idazlek, gaur euskarak duen une larri eta egoera ahula* kontuan harturik, eten gabe eta bereziki euskal hizkuntzaren problema aipatzen daukuten, beste arazo batzuk* nolabait zokoraturik.

Idazleok, noski, kezkaturik dabiltza, eta problema ez dela gutiagorako aitortu beharra dago; koxka, ordea, problemaren soluziobidean dagoke*. Funtsean* ba dirudi, batzuentzat soluzio hori itotzen duen uretik ihes egitean dagoela, eta besteentzat, aldiz, ur hori botatzen duen eskuan datzala*. Gauzak nola ikusten diren.

Alde bietatik arrazoiak daude; baina ez goaz gu hemen, hoien baloraziorik egitera. Nik aipatu nahi dudana zera da, maiz* askotan barnera begira bizi garela, guretariko nork zer egiten duen aztertzen eta begirik zorrotzenez so* egiten, gure barrutitik kanpoan zer gertatzen den konturatzeke*.

Ikastolak, esate baterako, ba liteke munduko gauzarik hoberena ez izatea; baina hauez kanpo dauden beste ikastegiak ez dut uste hobeak direnik, eta bai, hainitz* eta hainitz puntutan, txarragoak. Ezagunak ditugu, beren seme-alabak ikastoletara bidaltzen ez dituzten ezkertiar batzuk. Arrazoia? Hoientzat ikastolak burjesak dira, eta hori erremediatzeko... seroren* edo fraileen kolejioetara eramaten dituzte. Komentariorik ez.

Eskolak, bestetik, langile pobreenek seme-alabak haietara bidaltzen dituztelako, ez dira horrexegatik eta beste gabe tokirik aproposenak, bertako heziera* nolako eta nondikakoa den aski* ezaguna baita. Baina, horra! ikastolez gaizki esaka aritzen diren artean, eskolen, institutoen, kolejioen eta beste irakastegien akatsez ez bide* dira ohartzen, antza* beraik paradisua bera balira bezalaxe.

Bestetik ere, delako euskaltzaletasun amorratu edo eta «nahiz eta ezko euskalduntasunzale»en kritikalariek —kritikatuengan gerta daitezkeen gehiegikeriak ukatu gabe— maiz askotan erdaltzale amorratu edo eta «nahiz eta ezko erdalduntasunzale»en jarrerak ahazten dituzte, berauen kontra inoiz yeusik* esaten ez baitute. Zergatik, bada?

Egunotan zenbait liburu interesgarri irakurri dut, erdal jakintsu ofizial famatu batzuen eritzi linguistikoez. Hoietako bat Amado Alonsoren Castellano, español, idioma nacional izeneko liburua da. (Amado Alonso, Ed. Losada, Buenos Aires, 1968). Beste bat Nuestra lengua en ambos mundos da, Angel Rosenblat jaunarena. (Angel Rosenblat, Bibl. Gen. Salvat & Alianza Ed. 1971). Asko argituko lirateke batzuk, berauen erdal esentzialismo linguistikoa ikustean. Hauetan inperioaren hizkuntzaz batere lotsarik* gabe mintzatzen da; eta denok isilik, ezer esatea, antza*, euskal xobinismoa omen* delako.

Aldizkariek noizik behinean erregalatzen* dauzkiguten artikulu linguistikoetan, M. Pidal jaun erdaltzale eta «aberrimaitatzaile»ak euskarari buruz zedukan eritzia maiz* agertzen da —hau da, euskara etxe barnerako besterik ez zela gauza eta kalean ez zela erabili behar—, eta orain arte jaun horren kontra ez du inork tinta askorik gastatu. Erdararen edertasun eta —beste hizkuntzen gainetiko— zabalkundea predikatzen dutenak ez dira konbatigarri; eta euskararen defentsaren aldekoak, ordea, xobinista nazkagarri batzuk dirateke*. Zentzua falta dugu nonbait.

Ameriketan, ketxuen, aimaren eta beste indiar askoren hizkuntzen eskubideak zapaldu egiten dira espainol hizkuntzaren pean; eta inork ez du horretaz hitzik ttipiena ere egiten, ez gurean ez eta erdaldunen artean. Gurean erdaren aldeko eta euskararen kontrako profezia galantak egiten dira, eta hoien aurrean denok isilik.

Ba daude bestelakoak ere. Sobietar Errepubliketan, antza*, zenbait puntutan minorien eskubideak ez dira behar bezala errespetatzen; baina bitartean horren kontra deihadarka ari gara, inon betetzekotan, ongienik ez bada ere, Estatu horretan beste inon baino hobeki bederen* eskubide hoik* zaintzen direla ahazturik. Dirudienez, bertako problema linguistikoak baino hurbilagorik* eta gaizkiago konpondurik ez dago inon. Zentzua eta proporzioa ez bide* dira aspaldion euskaldunon bertuterik distiratsuenak.

Ba dakit, bere burua gosez edo itorik hiltzera kondenaturik dakusanak, bere bizitzeko eskubideak proklamatzean, agian*, bere boza larrituaz, heiagora* dezakeela, eta batzuetan —gerta daiteke berau ere— gizabide guttiko oihu batzuk ere atera ditzakeela, edo eta biraoren* batzuk ere; baina, hala ere, hiltzen ari delako egoeraz ezin ahatz* gaitezke. Eta kritikatzekotan, ba dagoke*, noski, itogai hori baino lehen, nor kritika. Nik uste, behintzat.

XABIER KINTANA

dakusagu, ikusten dugu

dakusa, ikusten du

daude, dagoz

daukute, deuskue, digute

dauzkigute, deuskuez, dizkigute

dezake, daike

ditzake, daikez

lirateke, litzatekez

zedukan, eukan, zeukan


Eliza

Myndszenty kardinalaren arazoa bukatu da

Josef Mindszenty, Hungriako Kardinala, Erromara heldu berria da. Luzaroan, Elizaren martiri bezala ikusia izan da, bai haren aberkideen* artean, bai mendebaldeko* talde askoren artean. Datorren martxoaren 29an, 80 urte beteko ditu. Eurotarik kasik 30 urte —libertade unetxo* batzuekin— giltzapean iragan* behar izan ditu: lehenik nazi agintarien menpean, gero komunisten gartzeletan, eta 1956. urtetik aurrera, bere borondatez, etxe estraterritorial batean, USAko enbajadan. Orain, bere bizitzako azken urteak herbestean pasatuko ditu, zeharo zaharturik, eta, egia esan, bai Erromarentzat eta bai Hungriarentzat gauzaeza dala. Mindszenty Kardinala bizirik eta bere oinen gain abiatu izan da bere enterrura. Gertakari* honexekin bukatu dira, Elizak eta Hungriako estadu sozialistak zituen harreman desegokiak.

Errehabilitatzerik eza

Jakina dan bezala, Mindszenty Kardinala 1949. urtean epaitua izan zan. Haren kontrako salakuntza hauxe zan: estranjeriatik diru pila handiak jasotzen zituala, eta diru horreek Estaduaren kontra jokatzeko erabiltzen zituala. Arrazoi horregatik, betirako giltzaperatua izatera kondenatua izan zan.

Egia esan, benetako arrazoiak beste batzuk ziren. Kardinala Elizaren alde atera zan, berak gidatzen eban Elizaren alde, alegia*. Berak inoanez, Elizak, hainbeste urtetan Hungrian oinarriturik egon ondoren, aurrerantzean ere jarraitzeko eskubideak zituan, nahiz eta Estaduak Elizari bizitza ofiziala ukatu.

Aurrerago, Mindszenty Kardinalak hainbat urte egin behar izan eban nazismoaren gartzeletan, antirrazistatzat salatua izanik. Baina jazoera* horrek ez eutson askotarako balio izan, Budapesten faxista ekintzaile* bezala kondenatua izan zanean. Epaiketa honetan ez egoen beharbada arrazoizko logika handirik, baina giltzapera kondenatu eben. Geroago, sozialista iraultza* indartuz joianean, Hungriako aberkideek* libertadea eman eutsoen, 1956.eko urrian. Baina askatasun hori egun gutxitarako izan jakon. URSSeko tankeak Hungrian barrena sartu zirenean, Mindszenty Kardinala Amerikako enbajadan ezkutatu zan.

Bost urte geroago, Kadar jaunaren gobernuak Hungriatik irteteko era eskaini eutson. Baina Kardinalak ez eban onartu. Stalinismoaren zigorra errurik* gabe jasan* ebala eta, bere errehabilitazio osoa eskatzen eban. Garai haretan, Stalinismoak jausi* erazi zituan politikalari gehienen kasua berriro aztertu zan, eta askok eta askok lortu eben libertadea. Beraz, Mindszenty Kardinalaren eskaria legezko samarra zan. Baina Gobernua ez egoen horretarako. Izan ere, Kardinala ikur* bat bezala agertuko zan nonbait, Estaduarekin akort ez egozen guztiak bildu eta elkartzeko. Hungriatik irteteko proposamendua egin jakonez geroztik, Mindszentyrengana hainbat bider joan izan zan König, Vienako kardinala. Honek ere herbestera joateko eskatzen eutson. Baina Kardinal zaharrak ez eban ideia hori onartzen, eta Aita Santuak arazo horretaz argi eta garbi berba egin eiala eskatzen eban.

Azken erabakia

Baina herbestera joateko erabaki hori, zelan* edo halan, heldua dala esan leiteke. Kardinalak Aita Santuari idatzitako karta batean dino, Elizaren onerako, Gobernuagandik eskatzen eban errehabilitazio hori alde batera uzten dauala, eta Hungriatik irteteko prest dagoela.

Honetara, Kardinal zaharra Budapesten egoteak ekartzen zituan hiru problema garbitzen dira:

Lehenik, Kadar jaunaren gobernuak gizon trabagarri bat kentzen dau ingurutik. Gizon honek, herriarekin harreman agirikorik izan ez arren, influentzia haundia eukan eta ikur* indartsu bat gertatzen zan.

Bestalde, Kardinalaren herbesteratzeak, Budapesteko amerikano diplomatikoei ez deutse ardura gutxi kendu. Izan ere, Kardinala USAko enbajadan bizitzea, beti zan arrisku bat Washington eta Budapesteko gobernuen arteko harremanentzat, esate baterako, Kardinala etxe haren barnean hilgo balizko kasuan.

Azkenez, gizon hau handik irtetearekin, Erromak berak ere bideak garbi aurkitzen ditu, Budapesteko gobernuarekin harreman berrietan sartzeko eta estadu sozialista horrekin «modus vivendi» berri bat biribiltzeko.

ANAITASUNA

dino, dio, esaten du

eban, zuen

egoen, zegoen

eiala, zezala

eukan, zedukan, zeukan

eutsoen, zioten

eutson, zion

inoan, zioen, esaten zuen

jakon, zitzaion

joian, zihoan, zoan


Ikas zeure hizkuntza

Hiztegia

IMANOL BERRIATUAK

Ale honetan izartxo bategaz agertzen diren berbak

ABELGORRI, ganado vacuno.

ABELTZAIN, abere zain, ganadero.

ABERKIDE, compatriota.

ABIADA, velocidad.

ADIN, edade.

ADITZ, verbo.

AGIAN, seguramente, probablemente.

AHATZ, ahantz, ahaztu, ahantzi (potentzialetan).

AHUL, makal.

AITABITXI, padrino, parrain.

ALBISTE, berri, noticia.

ALDERANTZIZ, al revés.

ALDRA, talde.

ALEGIA, hots, esto es, es decir.

ALOR, arlo, sail.

AMAMA, amona, amatxi.

ANTZA, antza denez, itxura denez, al parecer.

ARDURA, axola, arta.

ARDURADUN, axoladun, artadun.

ARDURAGARRI, axolagarri.

ARE, oraindik, aún, encore.

ARERIO, etsai, enemigo.

ARITU, ari izan, ihardun.

ARRAINTZU, captura de peces.

ARRAPALADAN, arinak arin, rápidamente.

ARRO, cuenca, bassin.

ASKI, nahiko.

ATONDU, preparar, disponer, arranger.

AUSART, atrevido, valiente.

AUSARTU, atreverse.

BAITA, bait da, da eta.

BALDINTZA, condición.

BARIK, ordez; gabe.

BATU, batutako, baturiko.

BATZUK, zenbait. (Batzuek aktibo, batzuk pasibo).

BEDEREN, behinik behin, behintzat.

BERAGAZ, berarekin.

BERAKATZ, baratxuri, ajo, ail.

BERBA, hitz.

BERBALDI, hitzaldi, mintzaldi.

BEREZIKI, batez ere.

BIDE, antza, nonbait, agian.

BIHUR, bihurtu, bilakatu (potentzialetan).

BILAKA, bilakatu, bihurtu.

BILDU, batu.

BILDUMA, colección.

BIRAO, anatema, maldición, blasfemia.

BORTITZ, sendo, indartsu.

DAGOKE, dago nonbait.

DAKIKEGU, dakigu nonbait.

DAKIKEZUE, dakizue nonbait.

DATEKE, da nonbait.

DATXEKO, etxekitzen (atxikitzen) zaio, se le adhiere, se le añade.

DATZA, etzanik dago, yace, consiste.

DENDA, botiga.

DIRATEKE, dira nonbait.

DUKE, du nonbait.

DUKEGU, dugu nonbait.

EBANENTZ, eban ala ez.

EGITURA, estructura.

EI, omen.

EKIALDE, eguzki alde, oriente, Este.

EKINTZAILE, activista, militante.

ERABAT, guztiz, completamente.

ERAKUNDE, institución.

ERDIETSI, ardietsi, lortu.

EROAN, eraman.

ERORI, jausi.

ERRAIN, nuera, belle-fille.

ERREGALATU, donner en cadeau.

ERREGALU, cadeau.

ERRENTADORE, maizter, inquilino, locataire.

ERRESUMA, erreinu, estadu.

ERRU, hoben.

ERTZ, hegi.

ETSI, desesperado, desalentado.

EUSTAGA, puntal, étai, appui.

EZARIAN EZARIAN, geldiro geldiro.

EZIZEN, seudónimo.

EZKUTATU, esconder, cacher.

FROGANTZA, prueba, demostración.

FROGATU, probar, demostrar.

FUNTS, fondo.

GATAZKA, conflicto.

GERTAKARI, gertaera, jazoera.

GIXON, gizontxo, homúnculo.

GORRI, banco de peces.

GURA, nahi.

GURAKO, deseoso, désireux.

HAINA, beste, bezainbat.

HAINITZ, asko.

HARAN, valle.

HAZIL, noviembre.

HEGALUZE, bonito, germon.

HEIAGORA, heiagoratu, deihadar egin (potentzialetan).

HELBURU, fin, objetivo.

HERTSATU, contraer, rétrécir.

HERTSI, hestu.

HEZIERA, educación.

HIRI, huri, ciudad.

HIRIMURRU, muralla.

HOIK, horreek. (Hoiek aktibo, hoik pasibo).

HOTS, esto es, es decir.

HURBIL, hur.

HURI, hiri, villa.

IGARO, iragan, pasatu.

IHAZ, igaz, jaz.

IKUR, símbolo.

INKESTA, encuesta.

IRAGAN, igaro, pasatu.

IRAIL, septiembre.

IRAULTZA, revolución.

IRAULTZAILE, revolucionario.

IRITXI, heldu.

IRRATI, radio.

IRTEN, urten, atera, jalgi.

JAR, jarri (inperatibo, sujuntibo eta potentzialetan).

JASAN, jaso, soportar, sufrir.

JAUSI, erori.

JAZO, gertatu.

JAZOERA, gertakari, gertaera.

JO, considerar.

JOSKERA, sintaxis.

KOHETE, fusée.

KONPON, konpondu (potentzialetan).

KONPRA, erosketa, erospen.

KONTURATZEKE, konturatu gabe.

KOSTAJAGOLE, guardacosta.

KOTXE, voiture.

KRIADA, neskame, domestique.

LABORE, cereal.

LAMERA, lameda, alameda.

LARREGI, gehiegi.

LAUTADA, ordoki, llanada.

LEBAZALE, legazale, legatz zale, merlucero.

LEGEZ, lez, bezala.

LEHIAKETA, competición.

LESTE, ekialde, Este.

LIZARRA, Estella.

LOR, lortu, ardietsi (potentzialetan).

LORTU, erdietsi, ardietsi.

LOTSA, ahalge, herabe.

MAIZ, sarri.

MEMENTO, momentu.

MENDE, siglo.

MENDEBALDE, mendebal alde, occidente, Oeste.

NOSKI, naski, ciertamente.

OLA, fábrica, usine.

OMEN, ei.

ONDRA, ohore.

ONURAGARRI, provechoso.

OPARO, jori, ugari, aberats.

ORDUANDANIK, ordutik aurrera.

ORMA, paret, murru.

OSTEAN, ondoren, ondoan.

OSTEGUN, eguen.

OSTERA, ordea, berriz, aldiz.

PAIRATU, sufritu.

PROLETALGO, proletariado.

SAIA, saiatu, bermatu (optatiboetan).

SALBUESPEN, excepción.

SARRITAN, maizetan.

SERORA, sor, monja.

SO EGIN, behatu, begiratu.

SOILIK, meramente.

SOILKI, meramente.

SOLO, soro.

SUKALDI, guisado, ragoût.

UDAL, municipio, commune.

UGAZABA, amo, maître.

UHARTE, isla.

ULER, ulertu, konprenitu (aditz* laguntzaile gabeko galdeetan).

UNE, gune.

UZTAIL, julio.

YEUS, ezertxo. (Deus hitzaren diminutiboa).

ZATEKEEN, izango zen.

ZEGOKEEN, egongo zen.

ZEHARKA, indirectamente.

ZELAKO, nolako.

ZELAN, nola.

ZENBAIT, batzuk.

ZENBATU, kontatu.

ZEREN, ze, pues.

ZUR, egur, bois.


Ikas zeure hizkuntza

II. Lexiko batua

XABIER KINTANAK

Hona hemen sustrai bereko hitzak izan arren, leku guztietan era berean esaten ez diren batzuk.

 EUSKARA BATUA

EUSKARA

EUSKALDUN

EUSKAL HERRIA

BERRI

GERRI

 ERA DIALEKTALAK

EUSKERA

EUSKELDUN

EUSKELERRIA

BARRI

GARRI


Ezagutu geure Herria (32)

Gasteiz (1)

Zenbat eta non

199,172 km2. zabaleran, eta 136.873 bizilagun. Arabaren erdi erdian, Lautadaren* mendebaldean*. Iparraldetik, Arratzu-Ubarrundiko udala* eta Legutianoren ertz* bat. Ekialdetik*, Burgelu eta goian orain Barrundia, lehen Ganboa. Hegoaldetik, Arluzea-Markiniz eta Trebiño. Mendebaldetik, Foronda, Mendotza, Iruña eta Langrares. Ganboa aldetik datorkion Zadorra ibai nagusiak iparraldetik zeharkatzen dau, eta gero Foronda eta Mendotzarekin mugatu. Hegoaldetik, Kapildui eta Gasteizko mendiak; bestela ez dauka mendi handirik. Hiria* itsasoaren nibeletik 351 metrotan aurkitzen da.

Herrixkak

47 herrixka ditu Gasteizek bere udal barruti zabalean, lehen beste anaiarte batzuetakoak izanak. Ubarrundikoak zirenak: Amarita, Gamarra Nagusia, Gamarra Gutxia, Miñanogoien (Miñano Mayor), Miñano eta Erretana. Arratzukoak zirenak: Argandoña, Aberasturi, Arkaia, Andollu, Arkaute, Askartza, Betoñu, Bolibar, Zerio, Elorriaga, Ilarratza, Gamiz, Jungitu, Lubiano, Matauku, Monasterioguren, Oreitia, Otatzu, Arratzu-Uribarri, Uribarri Nagusia (Ullivarri de los Olleros) eta Estibalitz-Villafranca. Malizaetza anaiartekoak zirenak: Armentia, Arriaga, Berrostegieta, Gaztelu, Gardelegi, Aretxabaleta, Lasarte, Mendiola eta Ali. Langrares anaiartekoak: Ariñiz, Krispijana, Eskibel, Gobeo, Gometxa, Lermanda, Margarita, Subixana, Zuhatsu eta Zumeltzu. Badaioz anaiartekoa: Abetxuku.

Kondaira labur

Lehenagotik Gasteiz herrixka egoen tokian, Nafarroako Santxo Jakintsuak hiri berri bat sortu eban, 1181. urtean, «Victoria» izena jarriaz. XIII. mendearen* hasieran Gaztelako Alfonso VIII.ak harmaz hartzen dau hiria, eta XV. menderarte Arabako anaiarteetatik kanpo jarraitzen dau. 1479.ean 2.000 etxe zenbatzen* dira hirimurruen* barruan; baina judeguak kanpora bidaltzeagatik eta beste ekonomi arrazoi batzuekatik XVIII. mendean 5.000 bizilagunekin bakarrik aurkitzen da. 1839.ean, 7.117 bizilagun bakarrik ditu oraindik. XIX. mendean hasten da Gasteiz hazten. 1862.ean lehenengo trena heltzen da hirira. Hamaika urte lehenago apezpiku hiri bihurtzen da, eta gertakari honeek gorakada haundia ematen deutsoe.

Komunikabideak

Orain trenbide bakarra, Madriletik Hendaiara doana da. Lehen ba zen beste bat, Maltzagatik Lizarrara* joiana, baina orain kendua da. Trenbide honek, 1962.ean, 1.405.000 lagun eta 230.000 tonelada erabili zituan. Egongo ziren trenbide eskasagoak, baina autobusen interesek eta bertako agintarien ezinteresak kendu egin eben. Trenbide hau luzatzeko behinolako asmoak —Lizarratik Martzilla eta Kalahorrara, eta Urbinatik Lemonara— bertan behera gelditu ziren, nahiz eta luzatze horreek, Bilbotik hegoaldeko Nafarroara eta Errioxa Beherera zuzenean Gasteiz eta Lizarratik zehar, gure Herriaren ekonomia eta giza batasunarentzat interesgarriak izan.

Erregebideak, Madriletik Irunera eta Gasteiztik bertatik Bilbo, Durango eta Bergarara doazenak dira nagusienak, bai eta Lizarrara doana ere. Gero, besteak, albo herritxoetarakoak dira. Laster jakingo da, Gasteizerako autobidea nondik izango dan. Ba leiteke, Bilbotik Mirandarakoari Altube gainetik adar bat egitea bertara; eta beste autobide bat, Maltzagatik Deba arroa* igaroaz*.

Aeroportua, orain joan-etorri gabea, Elorriagakoa da; baina ba leiteke laster berri bat egitea.

Ekonomia

XIX. menderarte, salerosketa hiri bat bakarrik zan Gasteiz. Orduan hasten dira lehenengo ola* txiki batzuk, eta zur* industriak, ebanistegiak batez ere. Baina, 1950 ingururarte, geldoa da Gasteizen industrializatzea. Orduan Iberduerok bertako elektrika elkarte txiki biak erosiaz eta 1957.ean Luis Ibarra alkate berriak agintaritza hartuaz, asko bizkortzen da hiriaren industri ugaritzea. Gamarran eta Betoñun 5 milioi m.2 erosten dira olak jasotzeko, gaur gehienak beteak; Olaritzun milioi bat inguru, eta Alin milioi bat eta erdi. Hortxe dago Jundiz izeneko poligono ikaragarria, geroagorako arlo* galantekin, hasi Armentian eta Langraresko mugaraino, alde batetik Irunerako erregebidea eta beste aldetik trenbideraino heltzen dalarik.

Hainbat ola* txiki eta handi dagoz hor zabalduta, asko Deba arrokoak*, automobilak, bizikletak, makinak, erremintak, karrozeriak eta abar egiten dituenak. Gero, aspaldiko mueble eta tapiz lantegiak. Txokolate eta beste jan-edari lantegiak ere ba dira hiri honetan.

Hirugarren sektoreak ere bere ekonomi garrantzia dauka Gasteizen, batez ere komertzioak. Aiala eta Errioxa Arabakoa kenduz gero, probintziako beste herri guztiek hemen egiten ditue euren salerosketak, bai eta Lenitz aldekoek eta Bizkaiko Otxandiano eta Ubideak ere. Ostegunetako* merkatu-feriak garrantzi haundia dauka oraindik. Berrehundik gora jantzi eta oinetako denda* ba dira.

Baserri sailean, entzute haundikoa da Ajuriaren lurtresna fabrika. Baina inguruetako herritxoek ba dihardue oraindino euren soloetan*, baserri egiturak* funtsean asko aldatu barik*. Bai solo zatien elkartzeak eta bai makinen erosteak asko erraztu deutsez gauzak. Laborera* eta patatara dedikatzen dira Gasteiz inguruko baserritarrak gehien batean, abelgorritara geroago eta joera gehiago hartuz badoaz ere.

J. L. LIZUNDIA

dagoz, daude

deutsez, dizkie

deutsoe, diote

eban, zuen

eben, zuten

egoen, zegoen

joian, zihoan, zoan