ANAITASUNA

221. zenb.

1971.eko Urriaren 30ekoa

Jardin Txikerra, 1. BILBAO-12

Tel. 43 18 37


ANAITASUNA Bizkaia

Hamabosterokoa.

Zuzendari: Anjel Zelaieta.

Zuzentzaile: Imanol Berriatua.

Idazkola eta banakolaren buru: Josu Torre.

Bulegoak: Jardin Txikerra 1, Bilbao-12.

Inprimatzaile: AMADO, Mazarredo 35, Bilbao-9.

Irarle: RALI, Particular de Costa 12-14, Bilbao-10.

XX. urtea.

D.L.: BI-1.753 - 1967.


Bertsolarien arriskuak Bilbon

Bizkaiko Aurrezki* Kutxak Bilboko «Feria de Muestras» erakustokian muntatu izan dauan «Bizkaiko I. Baserri Azoka»n, Mugartegi eta Arregi bertsolariek jardun eben, iragan* urriaren 9an.

Azpillaga eta Lopategi ospetsuek ere parte hartuko ebela iragarrita* egon arren, azken azken orduan, azokan* bertan jakin arazi jaken, ez eukela horretarako behar dan baimenik. Legezko dan bezala, bertsolariok oso hasarre jarri ziren, azken ordurarte ezer jakin ezagatik.

Muniategi jaunak presentatu zituan bertsolariak. Hasieran zertxobait urduri* agertu bazan ere, gero luzaroan itxura onez jokatu eban. Aditzera eman euskun, baserri azoka batetan gengozenez, bertsolariek ere giro horri dagokiozen gaiak aipatuko zituela. Beraz*, eta gure ustez ez arrazoi barik*, baserriko esne saltzailearen eta industriako esne batzailearen gaia jarri eutsen bertsolariei; era berean, gaur gaurko apaizen ezkontzak, baserri lanean gelditzen dan gizonaren eta kalera doanaren egoera.

Puntuka eta txandaka jokatuz gainera, bertsolari biok era askotariko doinuak erabili zituen, biok boz eta modu onez. Baina, bertsolaririk gehienekin gertatzen dan bezala, bertsoak metrika eta martxa onez biribildu arren, moralidade kutsuz erabiltzen zituen baserri gaiak, ekonomiazko arrazoiz baino gehiago.

Jende asko egoen entzuten, erdiak jarrita eta erdiak zutik; baina, aire librean sarri* jazotzen* dan legez*, oso txarto entzuten zan. Mikrofonoak ere ez egozen Bilboko industria aurreratuari zor jakon eran; eta ez dakigu, jaialdi hau zer moduz hartu ahal izan eben telebisioko gizonek.

Asko alegratzen gaitu Bizkaiko Aurrezki Kutxak bertsolaritzaren alde egindako ahalegin honek; baina igande* haretako jaialdiak ezin asetu izan eban jendearen egarririk.


Herriz herri

Bilbo

Baserri azoka

Bizkaiko Aurrezki* Kutxak antolaturik, egin berri da Bilbon Bizkaiko I. Baserri Azoka*.

Milioi erdi inguru izan dira ikusleak, eta hauetarik 200.000 euskaldunak.

Lehen urterako ez da txarto egon; baina hurrengoetarako (irautea merezi baitu) huts batzuk zuzendu egin behar lirateke; adibidez, atrakzioak beste toki batean egin, egin diren lekuan ez baitago sonorizazio egokirik.

Ikusleek, aho batez, komentario hau egin dute: Bizkaiko Diputazioak hainbat behi eta zezen presentatu ditu, eta guztiek erdal izenak zituzten. Hau da unibertsalismoaren kontzeptua eta euskaldungoaren ukazioa*, behietaraino eramana! Barregarria, tragikoa ez balitz.

Euskara irakasle bati erantzuna

Azken ANAITASUNAn irakurri dut, nola euskara irakasten dabilan batek esan duen, euskara ikastea derrigorrezko* jarri duten ikastetxeetan, euskara ez dela gogoz ikasiko.

Irakasle honi hau esan nahi diot:

Mundu guztian, ikasleen heziketarako*, ikasgai batzuk (adibidez, geografia, matematika, eta abar) derrigorrean sartzen dira, beharrezkoak direlako, ikasleei gustatzen zaizkien ala ez kontuan hartu gabe.

Euskal Herriko ikastetxe guztietan, hegoaldean gaztelania eta iparraldean frantsesa, derrigorrez ikasi behar dira, ikasleen zaletasunari edo mukertasunari* jaramonik egin gabe. Hau honela izanik, ez dut ikusten zergatik euskararekin Euskal Herrian salbuespenik* egin behar denik, ikasleen gustua kontuan izanik. Honelako zozokerietan ibiltzeagatik galdu zaiku, hain zuzen, euskara.

Hitz batez, Euskal Herrian gaztelania eta frantsesa derrigorrean irakasten diren bitartean, euskararekin berdin egin behar da. Ez dut ikusten zergatik haiek dituzten eskubideak euskarak ezin ukan ditzakeen, edo haientzat balio duten arrazoiak zergatik euskararentzat balio gabeak diren.

Literatoen kotizazioa

Euskal literatoen artean, bi ditugu gaur puntaren puntan: Aresti eta Txillardegi. Biak ezkerrean, baina zoritxarrez (edo zorionez) bata bestearengandik urrundurik, ari dira.

Denboraldi batean Txillardegiren kotizazioa beheratu egin zen, baina berriro gora dabil. Hauxe nabaritu* dut Bilboko unibertsitario eta intelektualen artean.

Noiz, Aresti eta Txillardegi adiskideok, zuen hurrengo liburuak? Horren gose-egarri gara.

XABIER GEREÑO

Barakaldo

Barakaldoko herri honetan, urriaren 10etik 17ra, Santa Teresa jaiak ospatuak izan dira. Programaren alderdi berezienak: txistulari saioak kalez kale, suzko zezena, kartoizko banda eta abar.

Orain arte Barakaldoko jaiak, «Festivales de España» deritxon programa horretan sartzen izan dira. Aurten, eta gazte batzuen eraginez, jai honeek kalera atera dira. Hasieran ez dabe hain harrera onik izan. Herritarrek «txistuka» agurtu zituen txistulariak; baina, gero, hareen doinuaz batera kantatzen ibili ziren.

Jai honeetan aipamen berezia merezi dabe hilabetearen 16an eta 17an izan ziren euskal kantari eta dantzarien jardunaldiek. Bertan parte hartu ebenak: Patxo Areatzakoa*, Antxon Valverde Donostiakoa, Zorion Egileor, «Oskarbi», Joseba Zarraga eta Bizkai eta Gipuzkoako hainbat dantzari talde.

MENDI

Mungia

Futbol taldea

Aurten maila bat gorago igon gara. Maila honetan ere laugarren gara, igandero* gogor eta gogoz jokaturik, etxe eta kanpoko partiduak irabazi ditugu eta. Kirol* elkarte honi, mendizale talde bat bere barruan osotzeko eskatu jako. Eskabide hori onartua izango dala uste dogu.

Alfabetatzea

Urriaren 9an, aurtengo ikastaroari hasiera eman jakon. Itxuraz, ez danon gusturako, «alfabetatu» batzuek ikastaro hori egin behar zan tokiko atea untzez* eta egurrez trankatu eben eta. Gure tresna, euskara; hareena, mailua. Baina, hori gorabehera, ikastaroa aurrera doa.

Baserri azoka

Mungi aldeak ere bere parte ona izan dau, Bilbon egin dan baserri azoka* horretan: Olabarriko «Buzterri»ren lanak, Mari Abarotaren hortuariak, San Inazio kortako txerrikumeak, eta abar. Azoka honi buruz, «Amigos del País» deritxon taldeak jarritako erakusketari aipamen berezia egin nahi neuskio. Berori gustatu jakun gehien.

Udaletxea

Obrek luzaroan iraun ondoren, Mungiko udaletxea* berrizturik gelditu da. Kanpotik behintzat. San Martin jaiak

Laster ditugu San Martin jaiak Arrietan eta Mungiko Atxurin. Txerrikiez gainera, ea gauza berririk ekartzen deuskuen!

JOSU

Zumaia

OARGI-k eraturik, euskal alfabetatzea hazilaren* 3an hastekotan dugu Zumaian. Duela bi urte inguru egin zenaren bideari jarraituz, aurtengo honek asmo eta xede hauk* ditu:

- euskaraz guti edo gehiago mintzatzen dakitenak, euskaraz ongi eta behar haina* baliatzeko gauzatu.

- euskararen ingurunean guk egunero bizi dugun hainbat errealitatetatik zenbait* astindu eta jorratu, gero behar bezalako posturak hartzera hel gaitezen.

Hona hemen horretarako prestatu dugun programa:

 Hasi: Hazilaren 3an.

 Amaitu: Abenduaren 22an.

 Astean hiru egun:

- astelehen eta ostiraleetan* euskarazko klaseak.

- asteazkenetan* hitzaldiak.

 Hitzaldietan erabiliko ditugun gaiak:

- euskal kultura eta ikastolak.

- sistema eta heziketa*.

- sistemaren alienazio bideak.

- emakumearen desalienazioa.

- kooperatibismoa.

- eta abar.

Jakinaren gainean gelditzen gara, bada, denok. Euskal alfabetatze honetan parte hartu nahi dugun guztiok, ahalik eta azkarren izenak eman dietzegun OARGI-ko eratzaileei, hauek honetarako izendaturik dadukaten lekuan.

Durango

Iorretako jaiak

Joan dira aurtengo lorretako San Migelak. Betiko gauzak izan dira: dantzariak, berbenak*, kantariak, txapelketak eta abar, batzuetan ondo eta beste batzuetan eskasago antolatuak eta aipamen berezirik merezi ez dabenak.

Hala ere, aurtengo jaiak izan dabe gatz eta piper, eta honek merezi dau azaltzea.

Antolatzaileei ez jaken heldu, diru batzeko eta kantariak ekartzeko baimenik.

Goiko baimena euki arren, herrian ez eutseen utzi euskarazko orma* programak zabaltzen.

Karteristak ere ibili ei* ziren. Eskerrak, hertzain* ugari egoela.

Danetik zerbait

Durangon, urriaren 30etik hazilaren* 1erarte, Euskal Liburu eta Diskoen VI. Azoka egingo da Andre Mari elizpean. Egun honeek aprobetxatuz, Euskal Dantzarien II. Biltzarra ospatuko da; eta, Ezkurdiko arte geletan, Euskal Herrian mendeetan* zehar* eroan* diren jantzien agerketa eder bat izango da.

Madrilerako ordezkariak aukeratzeko, Elorrion % 60k eta Durangon % 33k eman dabe botoa. Herri biotan, karlista joerako ordezkariak atera dira nagusi.

Durangoko udalak*, Korreo eta Telegrafo Etxe berri bat egiteko, udaletxearen* aurrean dagoen lur sail bat aukeratu eta eskaini dau.

Mendekosteetan egin behar izan zan batzarra irailean* egiteko asmoz «Gerediaga» elkargoak* eskatutako baimenak ez dau orain ere baietzik ez ezetzik izan. Korreoko oihanean* galdu ote?

«Gerediaga» elkargoko «Geroa» antzerki taldekoei ez jaken heldu baimenik, Bertolt Brecht-en «La excepción y la regla» antzerkia Ermuan egiteko. Baina, Durangoko jaietan, «Y va de cuentos» umeentzako antzerkia agertu eben. Azkenengo agerketan, 30 ikusle bakarrik izan ziren.

Urriko bigarren igandea* Urkiolako elizarekin bat eginda doa gure inguru honetako baserritarrentzat, santuario horretan sartu-irten bat egiteko eguna da eta. Aurten, Enbeita aita-semeak eta Izurtzako dantzariak jendearen pozgarri izan ziren. Bizkaian eliza horri eman gura* jakon indarra berbizteko Zirarda jauna egon zan.

Elorrioko «errebonbiloak» Barcelonan izan dira Errosario egunean.

Durangoko udalak*, lehenengoz aurten, jaietako esku programak euskaraz eta erdaraz egin ditu.

Berrizko «Iremiñe» talde berriak, lorretako soka dantza txapelketan, lehenengo hiru sariak irabazi zituan.

Durango inguruko lantegi batzuetan, langileen alogerak bi eta hiru hilabeteko atzerapenaz ordaintzen dabiltza.

«Tabira Mendi» elkartearen hazileko* irtenaldia, hilabetearen 7an Jandolamendi tontorrera izango da.

Hazilaren 11 n, Axpe-Martzanako San Martin auzunean jaiak.

Eskualdeko* herrietan, sei ikastola daukaguz zabalik eta bat zabaldu guran*.

JOAN

Idiazabal

Gazteen jaiak

Urriaren 16an, arratsaldeko bostetan amaitu zuten gazteek paletazko pelota txapelketa. 7 eta erdietan, parrokian gazteriaren meza ospatu zen, eta ondoren Guraso Elkartearen biltokian kantarien jaia. Jendeak erruz erantzun zuen, bat gehiago ere sartzeko lekurik ez zela. Hoik amaitutakoan, goizeko orduko biak arte «Egan» taldearen dantza saioa enparantzan.

Urriaren 17an, goizeko 7 eta erdietan txistulariek eman zioten ibilaldi neurtuari hasiera. 49 talde hirunako irten ziren herriko mendietan zehar.

11 eta erdietan eman zitzaion hasiera, «Zepai» zenaren omenez, Goiherriko bertsolari gazteen txapelketari. Bederatzik parte hartu zuten, eta hoik dira: Agirre eta Azarola Brinkolakoak, Igarzabal Gabirikoa, Etxaluze Zeraingoa, Iraola Zaldibikoa, Zeberio Isasondokoa, Esnaola Abaltzizketakoa, Muñoa Berrobikoa eta Goiburu Idiazabalgoa. Arratsaldeko saiorako lau pasa ziren: Igarzabal, Iraola, Muñoa eta Goiburu. Goiburuk eta Agirrek puntu berdinak izan zituzten; beraz, hoik biak elkarrekin neurtu ziren, zein izan laugarrena ikusteko. Saio polit baten ondoren, Goiburu izendatu zen, eta honela laukote honek kantatu zuen jendetza izugarriaren aurrean. Ba zirudien, bertsolarien arnas berritze jator baten aurrean geundela. Jardunaldi eder baten ondoren, Goiburu Idiazabalgoak irabazi zituen txapela eta kopa ikusgarri bat, Zepai zenaren familiak jarriak. Bigarren saria Muñoa Berrokikoarentzat: Eugenio Jauregi sastreak ipinitako kopa eder bat; eta presentatu ziren denei sari eder bana, «Avícola San Blas»en zuzendarietako bat den Iparragirrek emanak.

Goizeko bertso saioaren ondoren, herritarrentzat dantza lehiaketa* bat antolatuta zegoen. Sei bikote igo ziren tranpalera, eta denen artean irabazle Zabala eta Irizar bikotea.

Ikusgarri honen ondoren, gazteek lagun arteko bazkaria egin zuten herriko arkupeetan. Gazteen artean ez zen humorerik falta izan.

Arratsaldeko bertso saioaren aurretik, herriko gazteen dantzari taldeak bere ekinaldia eman zuen enparantzan. Garbi nabaritzen* zen aspaldian egin duten gorakada, entsaioei esker.

Bertsolariek arratsaldeko saioa bukatu zutenean hasita, «Egan» taldearen dantza saioa ordu biak urte.

Herritar eta herbesteko gehienen eritzia hauxe izan zen: Idiazabalen ospatzen den jairik ederrena eta ondoen antolatua hauxe izan dela. Harrigarrizko jende pilak elkartu ziren, bertsolariei entzutera; eta beste ikustarietan zer esanik ez. Aurten jendea gustura gelditu da, eta hurrengo urterako ere gazteak animatuak aurkitzen dira.

Bukatzeko, eskerrik beroena jai hoik antolatzen lagundu duten guztiei, eta aurrerantzean ere ez ditzagun utz bazterturik honelako ikusgarriak.

MARIA JESUS IPARRAGIRRE

Tolosa

Rikardo Intxausti jauna hil zaiku. Nork ez ote zuen ezagutzen inguru hauetan Alegriako txistulari trebea? Nork ez haren ipuin sakonak entzun? Rikardok herriaren jakinduria zuen, eta, benetan jakintsu direnen antzera, ez zen harroa. Galera, benetako galera hauxe gure herriarentzat!

«Udaberri» taldeak euskal dantza saio bat eman du Beotibar pilota lekuan. Han azaldu zen Iturengo zanpantzarra ere. Nahiz folklorearen aldetik festa bikaina izan, ezin beste hainbeste esan, euskarari dagokionez. Presentazioetatik erdiak baino gehiago espainolez egin ziren. Honela agertu zeukuten zanpantzar, tobera eta txalapartaren historia; halaber eman zeukuten San Juan zortzikoaren berri, eta abar. Eskerrik asko!

Aurten, euskara zabal dadin, lanari gogor ekiteko asmotan gaude Tolosan. Honegatik, gau eskolak eta alfabetatze ikastaroak muntatuak izan dira Oargin eta Lizardi ikastolan eta zenbait kolejiotan, ikasi nahi duen jendeari ahal den erraztasun haundiena eman nahirik.

Ea, euskal giro honen haizearen epeltasuna kalean ere sentitzen dugun. Euskara, jalgi hadi plazara!

Elgoibar

Gure herri honetan hirigintza* haundia egina dute, eta pelota toki hitxi bat egiteko asmoz dabiltza. Ez deritzat gaizki denik, gure artean pelota zaletasun haundia dago eta. Baina plan horretan bertan ez legoke gaizki, gazteentzat biltoki jator bat egitea. Lehendik ba dugu zentro bat; baina haren eginbeharra eskas gelditzen da, kafeteria bat besterik ez baita.

Berriro alfabetatzearekin hasteko gabiltza. Irailaren* 18an hasi, eta Altunaren lehen metodua bukatu arte. Ihaz jendetza haundia bildu zen; aurten ere ba dugu beste horrenbesteren esperantza.

«Juventud Elgoibarresa» delakoak eratuta, laster konferentzia batzuk entzun ahal izanen ditugu euskaraz. Hitzaldiak astearteetan izanen dira, eta ostiraleetan* hitzaldien azterketa. Erabiliko diren gaiak: antropologia, artea, poesia, historia, eta abar.

MARISABEL


Pelay Orozkori eskutitz irekia

Ene jaun maitea:

Zure azken liburua —La encrucijada— irakurtzeak lerro hauk* idaztera bultzatu narautzu*.

Ez noakizu horren tankera* eta kutsu aldetik bat ere kritikarik egitera, zeren*, zerorrek diozun bezala, guzti hori alferrekoa bailitzateke, nerau euskal kutsu eta tankera guztien usain lurrinztatuak* hartzeko zeharo ukatua bide* naizelako.

Has nadin mila esker emanaz zure loxintxa* eta xaboi guztiengatik. Ez nenbilan ni, segur egon, hoien bila. Ohitura dut —ona ala xarra den ez dakizut— neure erantzunetan halako manera batzuk errespetatzeko, eta horregatik ez dut zure lanaren kontra beste batzuek egin bide* duten bezain gogorki jokatu.

Noakion orain zure liburuaren funtsezko mamiari. Argiro dago, ene jaun hori, euskal idazleon, euskaldunon eta euskararen etxe barneko gaiak erdal irakurleen artera zabaltzeko joera nabaria* duzula, eta beharbada oso arrazoi bortitzak* bide dituzu horretarako.

Ez dut diskusiorik nahi, baina ez deritzot zilegi* egin eta egiten ari zarenari. Ez naiz ni, hala fede, elkar hizketen beldurreko gizona, astirik gabekoa baizik. Horregatik ez dut ohiturarik, nolabaiteko hizketaldietara joateko. Gauza premiazkoagoak erabiltzen ditut, ene zoritxarrez.

Bilokazioaren dohaina ez zait eman, eta, beraz*, lanean eta solasean* batera ezin egon naiteke. Horixe da dena. Egunen batez zu ikusteko parada* ukanez gero, atsegin biziz agurtuko eta mintzatuko natzaitzu.

«Pro domo» artikulua aipatzen duzu. Aipu bakar bat egiten diozu Mitxelenaren lantxo honi, oso konkretua. Agian*, beste hau egin beharko zenukeen, hots, etxeko trapu zikinak etxe barnean direla ongienik garbitzen, plazan eta guztien begien bistan gabe.

Ez duzu inolako eskubiderik, ez eta lotsa* handiegirik ere, etxeko, euskaldunon barneko diren arazoak erdaldunen artean zabaltzeko eta jakin erazteko. Zergatik jakin behar du erdaldun batek gure etxeko problemen saltsaren berri? Zer ardura* diote hari? Legea egitea zer den ahaztu bide* zaitzu, nahiz eta, «legea egite» hori oso euskal kutsukoa izan.

Euskara, aspalditxoon, euskaldunon problema linguistikoen barnerako, hizkuntza bakarra zen. Eskolak, telebistak eta eguneroko prentsak ez zion honetan konpetentziarik egiten. Ba zen zerbait kulturatze lanean; nonbaitetik hasi beharra zegoen. Euskara, lehen maila honetan bederen*, euskal kulturaren adierazbide bakarra bihurtzen ikusten genuen. Euskal kulturan esklusibismo atsegin bat zedukan. Heldu zinen zu, eta euskarari horixe ere kendu.

Batasunaren kontra ari zara berriz ere. Alferrik ari, hala ere, honez gero, zeu bezalakoen artean ezik, hau da, euskararen literatur premia egiaz ez dutenen artean ezik, batasuna ez baita eztabaidatzen, praktikara eramaten baizik. Zuk eta zu bezalakoek ba duzue erdara batuan tresna egoki bat, eta, beraz*, logikoa dateke* euskara batu baten premia ez sentitzea.

Bestalde, ene Herria ez da Pirinioetan bukatzen; zurearen berri ez dakit. Horregatik Gipuzkera Osotua delako hori ez nuen —eta ez dut— asko, euskaldun guztiengana ailegatzeko*. Horregatik eta hemen zertan berriro aipatzea ez dauden beste arrazoiengatik sartu da letra «madarikatu« hori literatur euskaran.

Euskara «mordoilo»aren kontra idatzi beharrean, hobe zenukeen, esaldi «zatar» hoik herriko euskara «jatorrean» esan bazenitu. Orduan konturatuko zinatekeen, noski*, hori ez dela posible, Burgosko artzain baten erdaraz egitea posible ez den arrazoi berberagatik. Zientziak hitz internazionalak ditu edonon eta hori jakin behar zenukeen.

Guztiongatik, hemendik aurrera erdaldun euskal ezjakin pilo bat ikusteko aukera emanen zaiku, zure liburu baliosoari esker, beren hirak* eta maliziak geure gainera botatzen. Guti genuen, antza*, etxeko nahastearekin. Eta, ba dakizu, zirina* eraginago eta hatsago*.

Bihotzez zorionak, Pelay Orozko jauna! Erdaraz lasai idazten segi zintezkeen, euskal espirituak ematen omen duen metafisika etniko horrez baliaturik. Bide bat gerta zekikezun, agian* probetxugarri eta erdal literaturaren aberasgarri. Hego Amerikan ere —eta ketxuei, aimarei eta guaraniei barkamena eskatzen diet— irakurria gerta zintezkeen. Horregatik, Euskal Herriak ez zuen askorik sufrituko.

Baina hori ez duzu askietsi*. Etxeko saltsetan ere erdal luma berriz ere busti beharra zenuen. Hori, noski, ez da konpetentzia leiala, eta zuk ba dakikezu* hori, edo eta jakin behar zenuke behintzat.

Larresororekin, bestetik, ez zara zintzoki portatzen. Zenbait errebistatan idazten duenak ez du bere burua defendatzeko erarik*, eta zuk bai, ordea, hura eroso* atakatzekoa.

Ba genekien, bai, euskaraz idazten dakizula, hobe* ez. Ez zen beharrezkoa, horretaz, liburu hori bilingue egitea.

Barkatuko dautazu, noski, besterik idazten ez badautzut, enetzat, honez gero, arazo hau zeharo argi baitago.

Ene agurrik beroenaz eta datorren urtean agian* karta ireki honekin beste erdal liburu mardul bat egiteko gaia ematen dautzudalako beldurrez:

XABIER KINTANA

bazenitu, bazenduz

daude, dagoz

dautazu, deustazu, didazu

dautzut, deutsut, dizut

diet, deutset

diote, deutsoe

diozu, deutsazu

natzaitzu, natxatzu, natzaizu

zaiku, jaku, zaigu

zait, jat

zaitzu, jatzu, zaizu

zedukan, eukan, zeukan

zekikezun, eitekizun

zintezkeen, zeintekezan

zion, eutson


Euskaldungoa

Euskara Frantziako telebisioan

Frantziako telebisioan, bigarren katean, euskarazko jardunaldiak emango dira, hilabete bakoitzeko lehen eta hirugarren astelehenetan. (Jardunaldi berdinak emango dira bretoin, alsaziano eta okzitano hizkuntzetan).

Euskarazko emankizun honeek «Euskal Herria orain eta gero» izenburua daroe, eta ordu laurden bat irauten dabe. Lehenengo jardunaldian, Maite Barnetxe baxenabartarra izan zan hizlaria, eta Mattin bertsolaria bertsotan aritu* zan.

Basarri jaunaren profezia

Donostiako «La Voz de España» egunkarian*, urriaren 15ekoan, hauxe esan eban Basarri jaunak: «Está visto que los vascos somos unos héroes. ¿Cómo se explica, por lo demás, que sigan editándose y tengan vida ZERUKO ARGIA, GOIZ ARGI, ANAITASUNA, AGUR y demás publicaciones por el estilo?»

Baiona aldean lana urritzen

Baionan argitaratzen diren zenbait periodikotan irakurri izan dogu, eskualde* haretan lana asko bai asko urritzen hasi dala. Hestuasun honi erabaki bat eman nahiz, Bidasoaz hemendiko lantegiak hara joan daitezela eskatzen da. Baina, hemengo teknikoek dinoskuenez, gure eskualdeetan ere, lana ugarituz barik* urrituz doa, batez ere ikasketak egin dituen teknikoentzat.

Lekunberri herriaren eskariak

Nafarroako Lekunberri herria Larraun izeneko haranean* dago, Iruinetik 30 kilometrotan, Donostiarako bidean. Jendea ganadutzatik bizi da, eta gehienak «Copeleche» enpresari saltzen deutsoe esnea. Turismoa ere polito egiten da bertan. Baina herrikoek, orain, argi indar on bat eskatzen dabe, fabrikak egin ahal daitezen. Neskatoentzat bat eta mutikoentzat beste bat, eskola bi ditue; parbulario bat eta ikastola bat ere bai. Eta orain bigarren mailako ikastetxe bat eskatzen dabe.

«Xoria kantari», kanta liburua

«Ikas» Baionako elkartekoek moldaturik, haur kanta liburuxka berri bat argitaratu dabe Belokeko Aita Beneditanoek. Kantuen hitzak Marixan Minaberrirenak dira; doinuak, berriz, Aita Lertxundirenak. Liburuaren salneurria 5 libera da (60 pezeta).

Tunel berri bat Isaba aldean

Nafarroako Isaba aldean, Mintxate izeneko tokian, tunel bat zabalduko ei* da laster. Luzeran 45 metro izango ditu, eta bi milioi kostatu da.

Goldaketa saria Londresen

Londres ondoko herrixka batean, Munduko Goldalarien Lehiaketa* bat ospatu izan da, joan dan irailean*. Jesus Gaztelu nafar gaztea 35. gelditu zan, 41 jokalariren artean. Izan dira Euskal Herrian segalariak, palankariak, harrijasotzaileak eta abar; baina oraindino ez dogu entzun, goldalarien lehiaketarik izan danik.

Mondragoeko «Danok» elkartea zorretan

«Kanta Berri» sariketa ospetsuaren antolaketan, 350.000 pezetako zorrak egin zituan Mondragoeko «Danok» elkargoak*. Hau dala eta, iragan urriaren 9an, euskal jaialdi bat ospatu zan Mondragoeko «Otamendi» jai etxean, «Danok» elkartearen alderako. Oiartzungo Oroitxak eta Areatzako* Patxok parte hartu eben.

Liturgi liburu berria

Bizkaiko Liturgi Batzordeak* antolaturik, «Jaiegunetako irakurgaiak, Irutasun egunetik Abenduraino» izeneko liturgi liburua argitaratu berria da. Bilboko «Colegio Sagrado Corazón» ikastetxean, Gran Vía 7.ean, saltzen da.

Disko berriak

Maite Idirin bizkaitarrak disko berri batean eman ditu bere kanta batzuk, «Goiztiri» etxearen bidez. Hona hemen tituluak. Nire herria, Zuok gazteok, Izenik gabekoa eta Zigorra. Diskoaren azala Martin Romerok egina da.

Gotzon Aulestia Ondarroatarrak egindako lau kanta grabatu berri dira Madrileko «Pax» etxean. Kristau urak, Gezurra, Mundu garratza eta Goratzea izeneko lau kanta berriok, Ondarroako «Kresala» taldeak lagundurik, Belen Ibarloza, Amaia Aulestia, Jabier Solabarrieta eta Gotzon Aulestia solistek abestu ditue.

Donostiako «Hegosa» etxeak disko handi bi argitara eman berri ditu: «Baztango Dantzak 1, eta Baztango Dantzak 2». Disko berri bion musika, Maurizio Elizalde Arizkungo txistulariak jotzen dau. Hona hemen doinuen tituluak: Sarrera (Maurizio txistulariaren presentazioa), Billantziko, Zozuarena, Mando zaharrarena, Muxikoa, Ardoarena, Tellarin, Txoriarena, Zazpi jauziak, Billantziko txiki, Biligarruarena, Aiñar haundi, Xerri begi, Aiñar xume, Baztango zortzikoa eta Zahar dantza. «Gizarte giro batetan —esaten da diskoaren azalean— sortu dira dantzak. Giro hau dute beren helburu* eta jomuga*. Dantzan biltzen* da herria. Esan dezagun, Nafarroa zahar, hautsi*, erdibitu, erori*, baina, hori goiti-beheiti*, oraindik bizi den eta biziko ere den Nafarroa honetako dantza hau dela Euskal Herri guztiko dantzetan giro sozial nabarmenena ageri duen dantzarik ederrena».

«Euskal abertzaletasuna gerra denboran eta bake denboran»

Izenburu honekin, baina beti bezala erdaraz, liburu bat idatzi dau «Itarko» jaunak. «Alderdi» aldizkariaren ardurapean* ateratako liburu hau 18 frankotan saltzen da.

Senpereko ikastola

Lapurdiko Senperen ikastola bat hasi da aurten. Hau dala eta, Senpereko ikastolara dabiltzan haurren zenbait* gurasok idazkitxo bat agertu dabe Baionako HERRIA astekarian. Beste gauza batzuen artean, zera dinoe: «Hamar haurño ba ditugu abiatuak, eta beste batzuk laster abiatuko direnak; eta, nola hogei bat haurño hartzen ahal baititugu, zenbait toki gelditzen zaizkigu... Eskola tokia Adematarren etxean dugu... Katexima eta elizkizunak euskaraz izatea ez da aski*... Euskarak zer iraupen luke, gure haurñoek ez badute mintzaira eskolan lantzen?»

«Semana de pensamiento cristiano», debekatua

Jesuitek antolaturik, «Semana de pensamiento cristiano y diálogo» ikastaro bat egitekotan zan Bilbon, urriaren 18tik 23rarte, aldizkari honetan adierazi genduan legez*. Baina, azken orduan, debekatua izan da.

Langileen alderako jaialdia Luhuson

ANAITASUNA honetan aditzera eman genduan bezala, Lapurdiko Luhuson lantegi bat hitxi zan oraindik oraintsu, 13 familia lanik gabe geldituz. Lanik gabe diren familia honeei laguntzeko, jaialdi bat ospatu izan da iragan* urriaren 17an, Etxamendi eta Larralde kantariek eta «Oldarra» dantza taldeak jokaturik. Uste dogunez, ez dira honako kasu asko gertatzen Euskal Herrian: artea langileen alde.

«Ez dok Amairu» Zarautzen

«Ez dok Amairu» taldeak bere «Baga, Biga, Higa» sentikaria jokatu dau Zarautzen, «Cinema» frontoian. Jende asko izan zan entzuten, eta jaialdian lortutako dirua ikastolari laguntzeko izan zan.

«Baga, Biga, Higa» sentikaria agorturik?

«Baga, Biga, Higa» sentikari ospetsua herri askotan jokatu izan dabe «Ez dok Amairu» taldekoek, iragan* urte eta erdi honetan. Beraz*, Euskal Herriko tokirik interesgarrienetan ikusia izan da. Bestalde, ba leiteke, artistek eurek ere, hainbestetan jokatu daben sentikari hori zahartu egin ote jaken sentitzea. Dana dala, Bizkaiko zenbait* herri nagusitan oraindik ez da jokatua izan: Markinan, Bermeon, Ondarroan, Galdakanon, Lekeition, eta abar.

Bizkaiko apaizen kargu berriak

Jose Manuel Bizkarguenaga, Larrabetzuko parroko. Jose Lasuen, Elorrioko parroko. Francisco Perea, Mañariko parroko. Andres Bilbao, Gernikako Errenteriko parroko. Fernando Maria Bizkarra, Durangoko Santa Anako parroko. Demetrio Velasco, Bilboko El Salvador elizako apaiz laguntzaile.

Jose Julio Alvaro eta Alejandro Morales, Barakaldoko Cruces-eko apaiz laguntzaile. Getxoko Santa Ana elizan, Jesus San Clemente parroko eta Alfredo López apaiz laguntzaile. Jose Manuel Migura, Derioko seminarioan, apaiz hezitzaile*. Martin Larrauri eta Fidel Izagirre, Zamudioko apaiz laguntzaile. Pascual Barturen eta Eleuterio Laskurain, Deustuko Aita Pasionisten elizako apaiz laguntzaile.

Ignacio Urrutia, Bilboko Monte Carmelo elizako apaiz laguntzaile. Rufino Villamayor, Barakaldoko Santa Teresa elizako parroko. Somorrostroko San Juan eliza, Muskizkoa, Poveñakoa eta La Rigada-koa, Carlos Bengoetxea, Marcelo Gangoiti eta Juan Cruz Amedo apaizek osotzen daben taldearen ardurapean* gelditzen dira.

Mondragoetarren irakatsia

Mondragoen argitaratzen dan T. U. (Trabajo y Unión) aldizkariak artikulu interesgarri bat dakar, Hacia la revolución técnica y científica izenburuarekin.

«Herririk aurreratuenak —dino— izugarrizko aldakuntzak egiten ari* dira, eta industri garaitik 'teknotronika' garaira abiatzen dira. Teknologia eta elektronikaren bidez, bai pentsatzeko, bai produzitzeko eta bai bizitzeko moldeak eta kondizioak zeharo aldatuz doaz, eta «sociedad postindustrializada» deritxon gizarte berri bat sortzen ari da. Industria garaiko gizartea eta baserri garaikoa desberdinak ziren bezala, diferentzia berdintsua nabaritzen* da gaur egun garai postindustrialeko gizartearen eta garai industrialekoaren artean. Gizarte berri honetako eginkizunik behinena*, eta inoiz ahaztu behar ez dana, injinadore, inbestigatzaile eta jakitunen ugaritzea da. Guzti hau kontuan eduki beharrezkoa da. Langileok ezin gaitekez ahaztu gertaera honen garrantziaz. Ba dakigu lehendik, langileek zelan* burrukatu eben, uste okerrez, textil makina berrien kontra. Hortik dakigu orain, jokaera progresista batek ezin daikela aldakuntza hau ukatu, ez eta ordenadoreen beldurrik izan. Teknika eta jakituriazko mugimendu hau arrera daroan klasea, horixe da gaur egun iraultzaileena*; edo, beste modu batera esanda, klase horrek bere eskuetan dauka naturalezaren kontrola eta gizarte organizazioaren jestioa».

«Bizkaiko I. Baserri Azoka», Bilbon

Bizkaiko Aurrezki* Kutxak antolaturik, «Bizkaiko I. Baserri Azoka*» ospatu izan da Bilbon, «Feria de Muestras» erakustokian, urriaren 9tik 17rarte.

Hainbat hortuari, abelgorri*, zaldi, ardi, txerri, txakur, lore eta arbola landare, makinaria berria eta abar erakutsi izan da. Jende asko bai asko ibili izan da, hain gela handietan eroso* jarritako salgaiak ikusten. Ez dakigu, asko saldu izan danik, ez eta Bizkaiko baserriaren gerorako onik asko izango dauanik ere; baina, dudarik gabe, Bizkaiko Aurrezki Kutxak hurrengo urtean ere antolatuko dau erakusketa hau, aurten izan dauan harrera ona ikusirik.

Bestalde, hainbat euskal kirola* eta folklore mota izan da bertan: idi probak, harrijasotzaileak, Bizkaiko janari seinalagarrienak zelan* atontzen diren erakusten ebenak, bertsolariak, trikitilariak, dantzariak (Galdakanoko «Andra Mari» taldea), haizkolariak, kantariak, eta euskal musika tresnak —txistu, alboka, txalaparta, txirula, tobera, musukitarra, dutzaina eta gaita— jotzen zituenak.

«Lur» etxearen liburu berri bat

Liburu dendetan salgai dira jadanik*, «Lur-ek argitara eman beri dituan liburu bi. Jakes Oihenart eskritoreak egindako «Kaniko eta Beltxina» pastorala bata. Pastoral hau 1848.ean jokatua izan zan lehenengoz, eta orain G. Aresti jaunak moldaturiko edizio batean agertu da.

Bigarren liburua, Karl Marx pentsalariak egindako «Lan alokatua eta kapitala. Alokairua, prezioa eta irabazia». Hitzaurrea, Marxen edizio guztietan legez,* haren lagun Engels-ek egina da. Liburu hau Xabier Kintanak itzuli izan dau euskarara, eta beronek ezarritako «Azken Ohar» batekin agertu da.

Ipar euskaldun pelotariak Californiara

Californian pelota partidu batzuk jokatzeko, hainbat ipar euskaldun pelotari joan izan da itsasoz bestaldera, iragan* urriaren 5ean. Hareekin batera, Pelota Federazioko buruzagi batzuk ere joan dira; honeen artean Jean Haritschelhar jauna, Baigorriko alkate eta Euskal Akademiako presidente ordezkoa.

Belaguako mendietxea bukatu da

«Club Deportivo de Navarra»k bukatu berri dau, Isaban, Belaguako mendietxea. Etxe honek 120 ohe edo litera ditu. Argi indarra eta ur beroa ere ba dauka. Horrez gainera, kafetegia, jantokiak eta bertara doazen mendizaleen tresnak gordetzeko leku berezia.

Orain, hasieran, mendietxe hau larunbat* eta jai-egunetan egongo da zabalik; gero, udan, egun guztietan. Prezioak: bazkaria 80 pezeta, afaria 65, gosaria* 15; eta lo egitea: «Club Deportivo de Navarra»koek 25 pezeta, mendizale federatuek 50, eta beste guztiek 90.

Mendietxe hau egin ahal izateko dirurik gehien eman dabenak, Nafarroako Diputazioa eta Aurrezki* Kutxa izan dira.

«Amaya o los Vascos en el siglo VIII» berriz argitaratua

Navarro Villosladak egindako «Amaya o los Vascos en el siglo VIII» nobela famatua berriro argitaratu dau «La Gran Enciclopedia Vasca» etxeak. Edizio merkeak 392 pezeta balio ditu, aleko; eta 800 pezeta edizio garestiak.

«Komunist Alderdiaren Deia» hiru ediziotan

Lehengo batean ANAITASUNA honetan adierazi genduan bezala, «Komunist Alderdiaren Deia» liburuaren hiru edizio diferente agertu dira euskaraz. Bata Seigarrenekoek egina, bestea F. Krutwig jaunak, eta hirugarrena Espainiako komunista alderdikoek.

Jean Paul Sartre jaunaren lanik ez da euskaraz agertuko

Belgikako Lovainan ikasketak egiten ari* dan Jose Maria Agirre gazteak euskaraz jarri izan dau honezkero Jean Paul Sartre jaunaren «La p. respectueuse» antzerkia. Baina, entzun dogunez, ez dago lan hori argitara emango dauan euskal liburu etxerik. Jean Paul Sartre, jakina dan bezala, pentsalari edo filosofo esistentzialista bat da.

Koldo Zabala, dantzak irakasten Azkainen

Koldo Zabala, «Oldarra» dantza taldekoak, euskal dantzen irakasketak egingo ditu, Lapurdiko Azkainen, Herriko Etxeko gela batean. Harekin batera, euskal kantak irakatsiko ditu Urtizberea jaunak.

«Euskal Elkargoa» diru bila

«Euskal Elkargoa» euskal agerkari guztiekin arduratzen* da, beste gauza batzuen artean. Haren buruzagia Legarralde jauna da; eta eguneroko lanak X. Uribe eta J. L. Alvarez Enparantza jaunen eskuetan dagoz. Elkargoa* aurrera eroan ahal izateko, diru eskabide bat egin dabe, «M. Rocca Serra, Avenue des Mimossas, Hendaye-Plage» zuzenbidera bidaltzeko erregutuz.

Euskara batuari buruzko mintzaldia, Tolosan

Iragan urriaren 13an, «euskara batua» gaiari buruz mintzatu ziren, Tolosan, «Igarondo» etxean, Jose Maria Intxausti eta Juan San Martin euskaltzaina.

Luis Mitxelenaren mintzaldiak Errenderian

Euskararen batasuna gaitzat harturik, Luis Mitxelena jaunak berbaldi bi eman izan ditu Gipuzkoako Errenderian, joan dan urriaren 7 eta 9an, San Jose Langilearen elizako gela batean.

«Cuentos», Pio Baroja zanaren liburua

Pio Barojak egindako «Cuentos» izeneko liburua berriro argitara eman izan dau «Alianza Editorial» etxeak. Hitzaurrea Julio Caro Baroja jaunak egina da.

Euskal literaturaren ikastaroa Arantzazun

Gipuzkoako Arantzazun, euskal literaturari buruzko ikastaro bat eman izan da, iragan* urriaren 6tik 9rarte. Hizlariak Aita Villasante eta Anjel Lertxundi izan dira.

«Cien Artículos», Areilza jaunaren liburua

«Cien Artículos» izeneko liburu bat argitara eman berri dau Jose Maria de Areilza politikalariak, «Revista de Occidente» etxearen bidez. Areilza jauna Bilboko alkate izendatu eben gerra bukatzearekin batera, nahiz eta gero bere pentsamoldeetan aldaketa handiak eman izan.

«Balearen* arraintza» ipuina

«Balearen arraintza» izenburuarekin argitara eman berri dau LUR etxeak liburu berri bat. Oraingo hau ipuin bat da. Baina ez haurrentzat.


Iritziak

"Munduko zapalduak askatzen"

Zarauzko albistariak*, herri hartako euskal jaia dela medio, ANAITASUNAren iraileko* azken zenbakian erakutsi daukun klaseen arteko burrukaren itxura ez da makala.

Ba dakigu, langile klaseak gizarte askatasuna erdietsi* behar duela (horrela dio dotrinak), Jesukristok gizadiaren salbazioa lortu* behar zuen bezala. Hala ere, zoritxarrez, Zarauzko kronistari kezka bat agertu nahi diot, arazo honetan nahiko garrantzitsua: ez dadukagu, historian zehar, horrela gertatu denaren exenplu bakar bat ere. Zeren*, ene ustez, langile klasearen agintea eta komunista alderdiaren aginte burokratikoa bi gauza franko desberdin baitira.

Marxismo-leninismoaren teoria klasikoak dioenez (eta teoria hau euskaldun batzuen gaurko teoria nagusia da), langile klaseak iraultzaren* bitartez agintea eskuratzen duelarik, aginte hau diktadura gisan* erabili beharko du bolada* batean, harik eta gizarte kapitalistaren instituzio, ohitura, kutsu eta hondar guztiak desegin arte. Denboraldi horren ondoren, produzio medioen jabetza kolektibizatua izanen denez gero, komunista gizartea eratuz joanen da, eta gizarte horren barruan gizona zoriontsu izanen da behin eta betirako, kontradiziorik gabe. (Hala ere, Marxek ez zuen hori hain klarki esaten, baina marxista-leninistek bai, eta oraingo honetan hauen esanei lotu beharrean gara).

Baina, zoritxarrez, teoria horren lehen fasea ez da inon kunplitu, eta, honez gero, inork ez du sinesten, bigarrena ere kunplituko denik. Gauzak, munduan zehar, oso modu diferentez gertatuz joan dira, eta sozialismorako bideak ere elkarrengandik arras* desberdinak ezagutu ditugu, tokian tokiko estrategiaren eta klaseen benetako egoeraren arauera*. Horretaz landa*, askatasun nazionalik eta horretarako burrukarik mundu modernoan inon ere ez da gertatu, burgesia nazionalaren laguntzarik gabe; erdiko maila eta maila ttipiko burgesiaren laguntzarik gabe, batez ere. Ez Cuban, ez Algerian, ez Vietnamen ere.

Beharbada, ordea*, Zarauzko kronistarentzat, akats hauk gauza ttipi besterik ez dira: betiko burges erreakzionarioen nahasmenduak, alegia*. Fedea da balio duena, fede santua.

Bestalde, langile klasea gaur egun nola mugatzen den ez dauku esplikatzen. Ez eta ere klase horren kontradizio eta ahuleziak*, benetako interes eta aterabide posibleak ez ditu batere aztertzen. Esaten dauku, bai, langile klasea bere izatearen eta egoeraren kontzientzi faltagatik erortzen* dela burgesiaren joko likitsean*, euskal jai eta horrelakoetan klase hartakoei parte hartzen utziz. (Eta zergatik euskal jaiak bakarrik aipa? Sartu behar zituzkeen, bai eta ere, ikastolak, kultur erakundeak*, editorialak, kooperatibak, txokolate fabrikak, eta abar. Horrela, langile klasearen alienazio mota gehiago agertuko zukeen, marxista-leninista on batek egin behar duen bezala).

Lehen, garai batean, euskaldun langile klasearen etsai* nagusiak, kapitalismo haundia eta honi lotutako estadu faxista, inperialismo politiko-kulturala, eta horrelakoak ziren. Baina orain, dirudienez, langile klasea konturatu egin da bere benetako etsaien jokoaz; bildots larruaren azpian zer otso mota dagoen jakin du, eta hemendik aurrera ez da lotan egongo, eta esku gogorrez galeraziko ditu... abertzale burgesen laguntzaz antolatutako euskal jaiak.

Horrela, kronistak dioen bezala, mundu osoko zapalduen interesak defendituak izanen dira. Denok dakigun gauza baita, munduko zapalduei zer nolako kaltea egiten dieten euskal jaiek.

RAMON GAZTELUMENDI

dadukagu, daukagu

dauku, deusku, digu

diete, deutsee

diot, deutsat

zituzkeen, eukezan

zukeen, euken


Emakumearen desfeminizazio baterako (V)

"Mulier Faber" edo emakumea langile

Hirugarren sektorean gero eta gehiago dira, gizonezkoarenak bakarrik diren lanak. Emakumearen lanaren kontzentrazioa hirugarren sektorean gertatu baldin bada, ez du horrek esan nahi, inongo lurretako hierarkia profesionalean emakumeak goi mailak hartu dituenik. Adar batetik bestera eta lurraldetik lurraldera emakumeen partizipazioa asko aldatzen delarik ere, hau izan da eboluzio bidea: ihardun asko emakumearen profesio bihurtu badira, ihardun hoietan ziharduten gehienak emakumeak zirelako da, eta adar hoietan gizonezkoen zenbakia gutituz zihoalako. Honela, garbitzearekin, jostearekin, jatekoa prestatzearekin, jendea dotoretzearekin erlazioa duten zerbitzu lanak emakumeen lanak dira, maila apalenean behintzat; ongi baitakigu, lan hauen piramidearen goi partea ere gizonezkoen esku dagoela; jostun soilen* artean gizonezkorik aurkitzen ez badugu ere, sastre bezala aurki genezake.

Tradizionalki emakumearenak izan ez diren lanak ere, gizonezkoaren begietara interesa galduz doazen heinean*, emakumearen lan bihurtzen dira; honela gertatzen da bulego* lanetan, zenbait* zerbitzu publikotan, komertzio eta salerosketako adar batzuetan, lehen mailako irakaskintzan, erizaintzan*, hosteleriako lan batzuetan, ihardun sozialetan, profesio liberal eta teknikoetako diziplina batzuetan.

Emakume askok dihardute gaur egun bulego lanetan, takifrafo, kontable, diruzain, mekanografo eta bulego makinen operadore bezala. Gaur egun, sekretario ofizioaren feminitateaz eritzi osatua daduka jendeak. Ez zen horrela gertatzen Alejandro Dumas aitaren garaian, zeinek esaten baitzuen, «ofizina batetan hanka sartuko lukeen mementotik galdua luke emakumeak bere feminitate osoa». Gaur, aldiz, eta ez noski prestijioan irabazi duelako, sekretario lana «oficio femenino por excelencia» bezala agertzen zaiku.

Komertzio eta salerosketa arloari gagozkiola, gizonezkoa finantza sektorean eta enpresa handietan goraka doan eran, enpresa tipietan emakumeak ari dira ugaritzen. Honela, lurralde aurreratuetan, promozio posibilitate guti eskaintzen duten komertzio tipietan ari da emakumea ugaritzen; gizonezkoentzat ez du kasik atraktiborik sektore horrek.

Hildo* beretik doa, emakume mediku eta erizainekin* gertatzen dena. Emakumeak ez omen* du, hain profesio gogorra den medikutzak eskatzen duen nerbio orekarik*; baina, erizainak jasan* behar dituen lan ordu astunak jasateko eta gaiso delikatuei etengabe kontu egiteko, ez da nonbait nerbio orekarik behar.

JON eta KLAUDIO

daduka, dauka

genezake, geinke

zaiku, jaku, zaigu

zihoan, joian, zoan


Zenbait galde

Noiz ukanen dugu Bizkaian euskal irratirik? Bilbokoek euskaraz egiten ez daukutenez gero, zeredozer asmatu beharko dugu, hori lortzeko*. Dudarik gabe, egun horretan, izugarrizko aurrerapena eginen luke euskarak eta euskal kulturak. Ea, bada, abertzale dirudunok!

Noiz konturatuko dira euskal irakasleek, gure hizkuntzaz gainera, beste gauza asko ere jakin behar dutela: Euskal Herriaren historia, geografia, eta abar? Bestela, egonean egonen gara sekula sekulatan.

LUR-en ipuin xortako lehen alea ikusi dugu. Noiz hurrengoa? Betor honelako liburu asko euskaldun gazteñoentzat! Ahalik eta merkeen, noski!

Orain lau urte Madrilerako izendatu ziren prokuradoreek bete ote dituzte beren promesak? Orduan, zertarako sinets aurtemein* hautatuak izen direnei?

Ba zenekiten, Madrilerako hautatua izan den Barakaldoko prokuradore batek («Beyena» enpresaren buruzagia bera) Karrantzako nekazari kooperatiba erosi nahi izan zuela. Eroan* ere, eroan zuen ezezko galanta!

ANDONI ZORRILLA


Literatura

Gabriel Arestiren Harriak (Lehen Partea)

218. ANAITASUNAn galdera bat egiten zeutan G. Arestik. Ez noa ni, galdera hari zuzenki erantzutera; baina bai esanen nioke Arestiri, berari buruz erabili nuen «giroa» hitza desegokia dela. Haren ordez «inguru» hitza erabiliko nuke, eta honi «habitat» zentzua eransten diot, biologiaren gisara hain zuzen. Beraz*, neure lehengo esanean irauten dut: «Harri eta Herri» inguru baten agerpide da, edo, zuzenago oraindio, inguru bati itsatsia* da.

Baina Arestiren galdera atxakia dut, areago* joaz, haren poesiaz mintza nadin, bidenabar* poesia horren giro eta inguruaz zenbait* argi-itzal emanez. Honetarako, haren azken obra «Harrizko Herri Hau» dut begitartean.

Duela denbora dezente argitaratu da Arestiren azken liburua; baina ez du inork egundaino kritika, aurkezpen* edo eritzi funtsezkorik hartaz eman. Honi harrigarri deritzat, zeren, edozein euskal liburu kalera irten bezain laster, eritzi eta kritikarik sobera* da. Bele beltzak bezala batzuek, usoak bezala besteek, lehiatuki* ekiten diogu kritikari. Isiltasun larriaz estali dugu Arestiren obra. Zergatik?

Ene ustez beti da zaila, kritika bat egitea; eta areago*, kritikaren gaia poesia bada. Poesia den aldetik, gaitza da Arestiren liburua kritikatzea. Baina are* gaitzago, «Arestiren poesia» delakotz. Arestiren poesia galdera bat da, eta kritikalariak ihardespen* bat eman beharko dio. Eta, egia esan, denok gara prest galderak egiteko, baina inor gutti erantzunak emateko. Gainera, ihardespen orok* arrisku bat du, eta da: erantzulea biluzturik aurkitzen dela.

Arestiren kasuan, galdera berak darama erantzuna. Sokratesen jakintzabide eta kritika sena* horretan zeutzan*. Beraz, Arestiren poesia galdera eta erantzun dugu. Gurpil bat osatzen du. Ziklo bat hersten* du. Ekintzaren ziklo dialektikoa.

Arestiren poesia geureganatzean, desosegu larri batek hartzen gaitu. Haren poesia irekia da, parte hartzera konbidatzen du. Lanera zirikatzen du. Irakurlea salatua gertatzen da, galdera baten pean preso.

Liburua irakurri ondorean, irakurlea aztoraturik* da. Galdera baten forma hutsa du eskuetan. Ez deritzat harrigarri, Arestiri «blasfemo», «ero» eta «bufoi» deitu badiote. Galdera denez, Arestiren poesia probokalari eta inprekalari da. Hala dio berak:

Lehen protestatu,

gero kontestatu,

orain detestatu,

(eta beti probokatu)

egiten dut. (4)

Probokazio kontua neronek erantsi diot, baina halabeharrezkoa deritzat, Arestiren konstante bat denez. Konparazio bat egiteko tentazioa dut. Arestiren bertsoek hantz handia dute Ebanjelioko zenbait* predikurekin; hain zuzen ere, «Zorionekoak...» ditut gogoan. Ba dakit, norbait hasarre izanen dela konparazio honengatik; baina ez ahantz*, Arestik, euskalduna denez, jesuita trazak dituela. Arestik Loiolako kojo sainduaren errai berberak ditu, diferentzia bat ezik, Aresti ez dela Erromatik pasatua.

Baina, ergelkeriak aparte, hel diezodan Arestiren poemagintzaren funtsari. Lehen aipatu* bertsoaren finean, «orain detestatu / egiten dut» dio.

«Egiten dut».

Bertso honetan dakusat haren poemagintzaren sustraia. Arestik poesia «egin» egiten du. Ekintza bat da haren poesia.

«Poesia» hitza, «poieo» beste hitz greko hartatik dator, eta beronen esangura da: EGIN. Interesgarri deritzat grekoen pentsakera honi, zeren* haientzat ekintza oro* poesia baitzen, eta egite oro, arte. Hitzarekin solastatu* egiten da Aresti, eta haren bidez irixten da ekintzara. Arestiren poesia ez da hitz batzuen konponketa soila*, edo ekintza batzuen deskripzio arrunta*; aitzitik*, haren poemagintza bera da «ekintza».

Geure eguneroko bizia ekintzez josia dakusagu, ekintza ttipi eta larriez oretua*. Ekintza hoien esatea eta eskribatzea soziologo eta kazetalarien* iharduna da, baina ez poetarena. Poetak ekintza berriak sortzen ditu, eta ez lehengoak esan. Baldin poeta, iraganak* diren ekintzez arduratzen* bada, ez da ekintza hoik birresatearren, ekintza hoik «protestatu», «kontestatu» eta «detestatzeko» baizik. Arestik protestatzen dituen ekintzak gureak dira, euskaldunonak; hemendikan dator, bada, zenbait euskaldunek Arestiarraren poesiaren aurrez somatzen duen desosegua. Eta hortikan datorkio Arestiri bere lanjeroso* izatea.

Gure lur honetan, nora?

Gure lur honetan, nora?

galdetzen duenean, guztiok salatzen gaitu. Eta bidegabe ote garen bururatzen zaiku. Gure deseuskalduntasuna bertso hauetan aurpegira botatzen dauku.

Kanta eta kanta, negarrez

herri honek diost, eraz*

nola goazen osterantz*,

nora goazen euskeraz.

Kanta eta kanta, herriak

ez du bizi nahi euskeraz. (10)

Arestik herriaren egoera tristea, kontzientzia bihurtzen du. Gure nekea, hitz bilakatzen*. Bertso hauetan poeta igarri da; profetari antzematen zaio. Ekintza oro*. errealitate bat bortxatuz, eraz* aldatuz lortzen* da; objetibo den zerbaiti beste harrera subjetibo bat oposatuz. Eta Arestik bortxatzen duen errealitate hori deseuskaldun dugu. Herriaren nagi* objetiboari bere galdera oposatzen dio. Euskaraz bizi nahi ez duen Herriak negarrez hitz egiten du.

Heidegger-ek dio: «Penser est l'engagement par l'être pour l'être» (pentsamendua, izatea izateaz engaiatzea* da). Poesia, izatean engaiatu den hitz bat da, eta Arestiren hitzak:

lur katibuak

zilatu*

eta lotutako sustraiak. (25)

Arestiren hitzak, herriaren enborrean katibu diren hitzak dira. Euskal praxisa bortxatzen duen «poiesis». Bachelard-ek dio poesia, zientzia eta filosofiaren arteko tartearen osagarri dela. Arestiren poesia oso hurbil* dabila zientziatik. Hitzak, harri kozkorrak bezala tiratzen ditu. Errealitatearen arrunta* bere hartan jartzen du. Haren poesia hurbilago da zientziatik, filosofiatik baino. Arestiren galderak eta erantzunak ez dabiltza gizonaren azken xedeaz* elekatzen*; aitzitik*, Aresti izadia eta gizadiaren gauza arruntez mintzatzen da. Harriaz hain sarritan ihardukitzen* badu ere, hortikan bilatu beharko genuke haren arrazoina. Harria elemento lehena eta taxutu gabea da. Etxe, kale, kai, fabrika eta eskultura ororen* sustraia. Aresti frantsesa izan balitz, masoi izanen zen.

Hau honela delarik, eta honetara helduz gero, Arestiren poesiak dituen funtzioei so* egin beharrean gara. Behar konkretu batzuei erantzuten dien zerbait dugu funtzioa. Euskaldunok dugun zenbait* beharri erantzuten dio Arestik. Baina Arestik, eguneroko beharretatikan at*, beste behar batzuk* ere aditzera ematen ditu, eta, gainera, poeta denez, behar berriak sortzen ditu. Poeta, ezezagunaz ezkondua da, eta bere harremanetan mundu berri bat somatzen du. Hurrengoan, Arestiren funtzionalismoari buruz ihardukiko* dautzuet, eta bidenabar* haren poesiaren bereizkunderik* nabarmenenak argitzen saiatuko naiz. Aurrera* dezadan soilik*, Arestiren funtziorik nagusienetakorik bat euskaldunok izutzea dela. Arestik munstroak gogoko* ditu, eta, bera ere «munstro» denez, bere munstrokeriaz izutu egiten gaitu euskaldunok; eta, bere jestu izugarriaz, euskaldunoi ematen daukun zirrada* kritikoa da. Ezagupidearen gisakoa.

LUIS HARANBURU-ALTUNA

dakusagu, ikusten dugu

dakusat, ikusten dut

darama, daroa

dauku, deusku, digu

die, deutse

diezodan, deiodan, dezaiodan

dio, deutso; dino

diost, dinost, esaten daut (dit)

diot, deutsat

diote, deutsoe

nioke, neuskio

zaiku, jaku, zaigu

zaio, jako

zeutan, eustan, zidan


Literatura

"Lectura en catalá a Barcelona". Liburua

«Demo» katalan taldeak inkesta* bat egin berri dau, Barcelonako hiriburuan* katalanez zenbat irakurtzen dan jakiteko.

Inkesta hau Barcelonan bakarrik egin izan da, 15 urtez gorako pertsonen artean. 2.500 laguni egin izan jakez galdeak, kale gorrian, aurrez aurre, hitzez.

Inkesta honetan, agerkariei buruz egin dana dogu interesgarriena. Gehien erosten eta irakurtzen direnak jarraiko honeexek dira: aldizkarien artean, «Patufet», «Tele-Estel», «Serra d'Or» eta «Cavall Fort»; eta, zatika agertzen diren liburuen artean, «Salvat Catalá», «Dolça Catalunya» eta «Gran Enciclopèdia Catalana». Ikus daigun orain, agerkari bakoitza zenbat saldu izan dan, inkestaren erantzunek erakusten deuskuenez.

«Patufet» saldu izan da gehien. Ehuneko 17,84ek erosten dabe. Emakumeek gizonezkoek baino gehiago. Izan ere, «Patufet» haurrentzako tebeoa* da. Bestalde, merkea eta nahiko edukatzailea. Horrexek bultzatzen ditu nonbait amak, euren haurrentzat erostera.

«Tele-Estel» egunkariak (orain ez da agertzen) harrera berdin samarra izaten izan dau. Egunkari hau gizonezkoek erosten izan dabe gehien. Guztitara, % 17,40k hartzen izan dabe.

«Serra d'Or» astekaria era askotako jendeek erosten izan dabe: karreradun gizonek, enpresa jabeek, estudianteek eta ofizinistek.

Zatika publikatzen diren liburuetan, gehien saltzen izan dana, «Salvat Catalá» izan da. Ehuneko 7,16k erosten izan dabe, eta gizonezkoek emakumeek baino gehiago. Edadeari bagagokioz, gazteek zaharrek baino gehiago. «Gran Enciclopèdia Catalana», ostera*, zaharrek gazteek baino gehiago. Izan ere, biok batera ateratzen dira, eta azkena bestea baino garestiagoa da.

«Dolça Catalunya» % 6,64ek erosten izan dabe. Edadez, 25etik 29 urterarteko jendeek. Beraz*, mutil eta neska zahar edo gizon eta andre gazteek erosten izan dabe. Giza klaseei bagagokioez, era guztietakoek erosten izan dabe; baina gehienak neskameak izan dira.

«Gran Enciclopèdia Catalana» % 1,72k hartzen izan dabe. Gizonezkoek emakumeek baino gehiago. Kasikan erosle guztiak 24 urtez gorakoak izan dira. Beraz, estudianteek ez dabe erosten.

Liburuei dagokioenez, 2.500 galdetuetarik % 62,48k behin edo behin erosi izan dabe libururen bat. Katalanezko libururik % 15,54ek. Beraz, lau pertsonatarik batek erosten izan ditu katalanezko liburuak.

«Editorial Lavinia» etxearen bidez, «Demo» taldeak argitara eman berri dauan «Lectura en catalá a Barcelona» liburuaren bukaeran esaten da, katalan hizkuntzaren etorkizuna, agerkariei dagokioenez behintzat, ezin leitekela ilunago izan.

A. Z.


Bilboko egunkariak

Noizean behin, Bilboko egunkarietan*, ofizialtasun maila lortu ez daben hizkuntzen aldeko zenbait* artikulu agertzen jaku. Esaterako, eta ia beti espainol hizkuntzaren faboretan, Ipar Amerikako California, New Mexico eta beste estadu batzuetan espainolez mintzatzen diren giza taldeen kontrako injustizia gogoratzen deuskue.

Hala eta guztiz ere, gauza jakina da, hango injustizia eta zanpaketa hemengoa baino askoz apalagoa dala. Lurralde hareetan espainolez mintzatzen direnek ba ditue euren eskolak, euren radioa eta leku batzuetan euren telebisioa ere.

Aipatu ditudan antzeko artikuluak zertarako agertzen dira, orduan, Bilboko egunkarietan? Hango giza taldeen berri jakin arazteko, ala, hango injustizia erakutsita, gu euskaldunok geureaz ere kontura gaitezen?

Ez dot uste, bigarren asmo hau dabenik. Izan ere, munduko beste bost alderdietan agertzen diren horrelako giza problemetarik ez deuskue bat ere harrotzen. Beti, espainolez mintzatzen diren Ipar Amerika eta Filipinasetako giza taldeez eskribitzen deuskue soil soilik, beste mintzaira arazorik munduan ez balego legez*.

Euskal Herriko egunkarietarik anti-euskaldunenak, duda barik*, Bilbokoak direla esan geinke, ezetan gezurrik eta faltsukeriarik esan gabe.

Arbolak euren frutuetarik ezagutzen ei* dira. Iruineko, Baionako eta Donostiako egunkarietan ba dakigu euskarak tokitxo bat behintzat ba daukala, haundia ez bada ere. Bilbokoetan, ostera*, ez dot sekula euskarazko artikulurik ikusi, «arrantzale», «herri kirolak» eta horrelako berbatxo batzuk izan ezik.

Nor bere frutuetarik ezagutzen bada, Bilboko lau egunkarien euskal zaletasuna, argitaratuko dituen euskarazko artikuluetarik neurtuko dogu.

ERRAMUN GERRIKAGOITIA


Zientzi Fikzioa

Ni neure amaren aita?

Benetan galdera ilogikoa, besterik esango ez bagenu. Zientzi fikzioak, beste askotan bezala, horrelako galderak egiteko aukera* ematen dauku. Eta, jadanik* sarritan* gauza berri posible baten bidea seinalatu daukunez, batek baino gehiagok pentsa dezake, galdera hori ere gerta litekeela. Denbora aurrera doa, eta, beharbada, laster urrunegi egingo zaiku lehenagoko batean telebistan ikusi genuen zientzi fikziozko filmea. Ni, eta ez dakit zergatik, sasoi hartan interes handi batez jarraitzen nintzaion* telebistako programa horri, eta, dudarik ez, posible zitekeelakoan nengoen. Orain besterik da ene eritzia, eta horregatik azalpen zabalago bat eman nahi nuke, problema hau klaru gera* dadin. Filmearen titulua «El túnel del tiempo» zen.

Inor akordatzen ez bada, eta batez ere situazioaren ideia bat hartzeko, hitz gutitan azalduko dugu filme horren kakoa. Amerikanoak, dakigunez, guztiz aberatsak eta jakintsuak dira, eta, hau honela izanik, edozein deskubrimendutan sarturik daude. Dena dela, eta orain ez gaude horretarako, makina berri bat asmatu zuten, edo, zehatzago esateko, makina berri baten posibletasuna susmatu zuten.

Makina hori egitea ez zen amerikanoentzat txantxetako jokoa. Baina, zineak ematen dituen medioez baliatuz, zinera eramatea behintzat posible zitzaien; eta, jadanik* fikzioaren alorrean* sarturik, situazio guztiz arraroak hasi ziren erakusten makina horren bidez. Denboraren koordenadan biajatzen zen, eta koordenada honetan irtenbide bi besterik ez zen, alegia*, aurrera edo atzera, etorkizunera edo iraganera*. Asmatzeko, iraganeko situazioak errazagoak zirenez, gehienbat base honetan egin zituzten filmeok, behin edo bitan etorkizunerantz joanik, harako bideak askoz ere ilunagoak baitziren.

Gogoratzen naiz nola egun batetan Bibliako pasarte bat azaltzen zeukuten. Pasarte horretan agertzen ziren «ezezagun» biak, XX. mendeko* amerikano bi ziren (protagonistak, alegia). Eta biok ez zekiten aurretik, hau da, Amerikan bizi zirenean, horrelako egintzarik eginik zutenik, edo, beste era batez esateko, iraganeko egonaldietako egintzez ahaztuta zeuden.

Puntu honetara ailegatuz*, zergatik ez galde: Ni neure amaren aita izan ahal naiteke? Argi dago, neure amaren aita ezin naitekeela izan, delako pertsonaia hori, neure aitona alegia, bizi baitut. Baina beronen aita hilda zegoen, ni jaio nintzeneko; eta, horregatik, orain bai galde dezaket ea neure amaren aitona izan naitekeen.

Askok esanen daut, zorakeria bat dela; baina, besterik gabe, galdera behintzat airean dago. Eta, puntu honetara ailegatuz, bat baino gehiago intrankil egongo denez, esplikatu egingo diot, ahal dudan neurrian, sortu zaion problema.

Lehenik, eta zergatik den ez dakigula, denbora beti doa aurrerantz, prozeso irrebersible batez. «Irrebersible» hitzak esan nahi duena, zera besterik ez da, zentzu batetan bakarrik agertzen dela fenomeno hori.

Bestalde, errelatibitate teoriari jarraituz, ba dakigu, mugimenduarekin doanarentzat astiroago pasatzen dela denbora, beste sistema batetan doanarentzat baino. Ba dakigu ere, diferentzia hau, errelatibo izanik, absoluto bilaka* daitekeela. Baina, hala ere, sistema bietan denbora PASATU EGITEN DA.

Posibletasunaren mugak ezagutarazteko, adibide bat jarriko dut. Pentsa ezazue, gutariko bi astronautak garela eta biaje bat egitera goazela hogei argi-urtetara dagoen planeta batera. Horretarako, argi abiadari* hurbiltzen zaion abiada batekin, ia argi abiada denarekin, joan beharko dugu. Joan-etorria egiten dugun bitartean, Munduan berrogei urte inguru pasatuko dira, eta guretzat, Einsteinek demostratu zuen legez*, (abiadaren funtzioan) urte bat edo bi bakarrik.

Bitartean denbora aurrera doanez, seme-alabarik ukan badugu, geure haurrok zahartu egin zaizkigu; eta, adibidez, guk hogei eta hamar urte eta gure seme batek bost urte izanik joan bagara, semeak berrogei eta bost urte ukanen du gatozenean eta guk hogei eta hamabi bakarrik, hau da, semea aita baino zaharrago izanen da. Gertakizun hau ez da ilusiozkoa izanen, errealitatea baizik, zientifikoki demostraturik baitago. Beraz*, etorkizunerantz biajatzea guztiz posible dugu.

Orain artean esana posible izanik, ikus dezagun, gure eskuetan den ala ez. Nik dakidala, bi oztopo aurkitzen dugu: bata teknikoa eta bestea biologikoa.

Has gaitezen, biologiak jartzen daukun oztopotik. Giza gorputza ez dago gerturik*, grabitatearena baino azelerazio haundiagorik denbora luzean pairatzeko*. Grabitate gabeko toki batetan zehar* kohete* bat balihoa, eta beronen azelerazioa grabitatearena baino sei aldiz haundiagoa balitz, bertan doan laurogei kiloko gizonak laurehun eta laurogeiko pisua ukanen luke. Argi dago, gizon horrek horrelako pisu batekin ezin lezakeela denbora luzean iraun. Beraz*, grabitate azelerazioa dagokio gizonari denbora luzerako, hau baita Munduan duena. Baina azelerazio honekin urte bete inguru behar da, argi abiada lortzeko.

Bestalde, gauzak txarrago jartzen zaizkigu, horretarako behar den energia kontsideratzen badugu. Kohetearen pisua tonelada batekoa balitz, 260.000 km/s abiadarekin joanik, hartuko lukeen energia 250.000.000.000.000 kilobatio-ordu litzateke. Horrenbeste energia urte batzuen buruan bakarrik produzitzen da Mundu osoan.

Lehen urduri* egon direnak trankildu egingo dira, gure ahalmenen neurria ikusita. Eta haien arteko batzuek, gazteak izanik, beren semeak agure-zahartuta ikusi nahi badituzte, ez dute horrelako gustorik izanen, ORAINGOZ BEHINTZAT.

J. R. ETXEBARRIA

balihoa, baleioa, joango balitz

daude, dagoz

dauku, deusku, digu

daut, deust, dit

dezagun, daigun

dezake, daike

gaude, gagoz

lezake, leike

zaiku, jaku, zaigu

zaizkigu, jakuz

zekiten, ekien

zeuden, egozen

zeukuten, euskuen, ziguten

zitzaien, jaken


Irakaskintza

Astelehen arrats goibel batean

Traketsa da nire luma, ekin behar diodan lan honi ekiteko. Ez nau, beraz*. nire ofizio literarioak letra hauk* idaztera bultzatzen, gaiak berak niretzat duen interesak baizik.

Ikastolan haurrak ulertu nahian ordu batzuk* egin eta gero, lagunarekin egin dudan astelehen goibel honetan, ordu hoietan eta gau horretan bizi izan dudanaren berri labur ematen saiatuko naiz.

Aingeru izaten irakatsi daukute

Beti irakatsi dautate errealitatea eta bizitza termino klaru eta garbiz aditzen; eta nik ikasi ere ongi, oso ongi, ikasi dut ikasgai faltsu hori. Ez dut, neure bizitza guztian, aurrez neurtuta ez zegoenik egin. Gaur ere oraindik ez naiz horretarako, hots*, bizitza espontaneo batetarako kapable. Teorian eta ideologi maila batean, ezarritakoaren kontra noa; praktikan, ez naiz ezarrita dagoenaren eustaile finenetakoa baizik. Horregatik ematen diot garrantzi haundia, norberaren nortasun desitxuratua aldatzeari. Horregatik deritzat eginkizun gaitzenetakoa, norberaren pertsonalitatea bere «jatortasunera» ekartzeari. Eginkizun gaitza —eta eginkizun ezinezkoa aldi berean—, baldin iraultza* pertsonalarekin batean iraultza sozial bat burutzen ez bada.

Ba da ordua konturatzeko, iraultza ez dela krispatutako borondate batez obra daitekeen eta guregandik adore bulartsua baizik eskatzen ez duen mementoko esaltazio bat. Iraultza gauza seriosa da, eguneroko bizitza bezain seriosa. Eguneroko bizitza mesprezatzen irakatsi zaiku. Bizitza rutinario horretatik ezer ez itxaroten* irakatsi daukute. Geure begiak jaiegun eta loterietan jarriak ditugu, eguneroko bizitza nekesotik at*. Aingeru izaten irakatsi daukute, eta geroztik aingerukeria ugaritan murgildu gara.

Ez zen komeni —eta komenientzia honek zutik dirau oraindik— benetako errealitateaz inor jabe zedin. Ez zen komeni, gizon komunak negozio zikinetan esku sartzerik. Horretarako zeuden, horretarako daude, adar bakoitzeko profesionalak. Inoiz baino lan banaketa haundiagoa dagoen honetan, politikoek politikoekin, sendagileek sendagileekin, soziologoek soziologoekin ibili behar dute, inork inoren konpetentzi arloa* profanatu gabe.

Bizi gaitezen espontaneitatez!

Arloak zatituz eta espezializazioa gehituz doan zibilizazio post-industrialean, gizon-emakumeok beste kategoria batzuetan ulertuak izan behar dugu. Kategoria tradizionalek ez dute balio: ez dagozkio errealitateari, gaurko errealitateari.

Ez noa espontaneismoa oihukatzera*. Baina, oraindik munduikuskera berririk ez dugun garai honetan, espontaneitatea positiboa da, kategoria tradizionalen aurka doalako, ezarrita dagoenaren ukazioa* delako. Ikustekoa izango da, bizitza erlazioen estrukturazio berri bat egiten dugunean, «espontaneitatea» deritzan «ahalmen» horrek hartuko duen tokiunea. Alferrikako deritzat, kultura beti errepresibo izango ote den, burua nekatzen ihardukitzeari. Aski* dut, gaurkoz, gure kultura burgesaren «gainezkako errepresioa» salatzearekin. Baina, gainezkako errepresio hori inposatzen daukun sistema kondenatzearekin, neure burua kondenatzen dut, nortasun egiturazio errepresibo bat lortu* baitut, ingurumundu horretan integratzearekin.

Ikastolara baino lehen eskolatuak

Ez dut pedagogia askorik. Zail egiten zait, haurren zenbait* jokamodu aditzea. Hala ere, beste zenbait, helduengandik* zuzenki ikasi dudan beste zenbait jokabide, oso ulertarraz gertatzen zait, helduen mundua ezagutzen dudanez gero. Ez baita dudarik, haurren lehenengo —eta azkeneko?— eskola, jaiotzen deneko ingurugiro hura dela. Horregatik da penagarria, hainbeste eta hainbeste haur ingurugiro errepresibo horretan hazi izana jaiotune beretik. Ikastolara baino lehen eskolatuak daude haurrak fundamental eta funtsezkoenean. Honek zail egiten du ikastolako heziketa*, zeren* estrukturazio errepresiboak, haurrarenak eta irakaslearenak, jarraipen bat eskatzen baitu, etenik gabeko jarraipen bat. Eta jarraipen hau ingurumundu ofizialak aseguratua daduka haurrarentzat, haurraren ikastolako heziketa denik eta deserrepresiboena delarik ere.

Bestalde, eta ikastoletan irakasle desalienatuak behar ditugularik ere, laguntza haundia izanen zaio irakasleari haurrarekiko erlazioa, honen integrazioa funtsezkoenean emana baldin badago ere, oraindik marjen pixka bat gelditzen baitzaio. Dena dela ere, eginkizun komun bat dute hemen aurren guraso eta irakasleek. Guztiaren gainetik beharko dute kontuan izan, egin dezaketen guztia, iraultza sakon bat gabe, alferrikako hazia ereitea datekeela*, lur onik ez baitu edirenen*.

OIHARBIDE

daude, dagoz

dauku, deusku, digu

daukute, deuskue, digute

dautate, deuste, didate

deritzat, erizten deutsat

diot, deutsat

zaiku, jaku, zaigu

zait, jat

zeuden, egozen


Kantarien lehiaketa Basaurin

Basauriko herri handia Bilbo hegalean dago. 40.000 bizilagun inguru ditu eta industridun herria da. Beste euskal herri askotan legez*, Basauri ere gerra ostean* handitu izan da; eta, honako* kasuetan ohi danez, imigrazioz etorritako kanpotar jende asko dago bertan.

Basaurin jai asko egiten dira urtean zehar*, baina ospetsuenetarikoak «Sanfaustoak» dira. Sanfaustoetako jaiak, horregatio*, ez ditu Udalak* bakarrean eta bere* kasa antolatzen. Joan diren azken hiru urteotan egindakoekin pozturik, aurten ere Basauriko gazteriak, taldetan edo kuadrilatan banatuta, Udalarekin batean, edo haren babespean, jaiak antolatzen saiatu da.

Joan dan urriaren ostirale* 15ean, «Profesionalak ez diren Kantari Taldeen Lehiaketa* jokatu da. Aurrez adierazi zan legez*, sei taldek bakarrik parte hartu ahal izan eben. Azken orduan talde batzuk huts eginik, jarraiko bost honeek presentatu ziren: «Zuri eta Baltza» Santurtzekoa, «Itxastarrak» Bermeokoa, «Jose eta Karlos» Ondarroakoa, «Korrontzi» Bilbokoa eta «Elaiak» Deriokoa.

Zinetokia beterik egoen; ba ziren gazteak eta zaharrak, erdizka antzean. Presentadore zereginak Anjel Zelaietak egin zituan, erdaraz eta euskaraz. Epai mahaikoak Gabriel Aresti, Xabier Gereño, Xabier Kintana eta Anjel Zelaieta ziren: egia esan, literaturzale gehiegi eta musikazale gutxiegi. Entzuleek ere euren botoa euken, bakoitzak garailetzat ematen ebana aukera ahal izateko. Azkenean, epai mahaikoen eta entzuleen botoak pilatu egin ziren, botorik gehien lortzen eban taldea garaile bezala izendatzeko.

Epai mahaiko «literatoen» erabakia modu honetaraxe izan zan: Lehen «Korrontzi», bigarren «Itxastarrak», hirugarren «Elaiak», laugarren «Zuri eta Baltza», eta bostgarren «Jose eta Karlos». Entzuleen erabakia, kasikan berdina, era honetara gelditu zan: Lehen «Korrontzi», bigarren «Itxastarrak», hirugarren «Elaiak», laugarren «Jose eta Karlos», eta bostgarren «Zuri eta Baltza». «Korrontzi» taldekoek —neska bat eta hiru mutil, hirurak ikasleak— abestu zituen kanta bien doinu eta berbak («Euskaldun izatea» eta «Pasaiko zezena») bertsolari eta dantzarienak ziren. Dudarik gabe, herrikoitasun horregatik irabazi eben boto asko, musikaz «Itxastarrak» eta «Elaiak», gure ustez, hobeagotxoak baitziren.

Manex Pagola

Jaialdi honen bigarren partean, Nafarroa Behereko Manex Pagola Landibartarrak jardun eban. Aurrez, Anjel Zelaietak elkar hizketa bat egin eutson euskaraz, ondoren erdaraz laburpen bat eginez. Elkar hizketa hau nahiko interesgarri gertatu zan; baina, beharbada, pixka bat luzeegia. Manex Pagolak indar haundiz eta doinu eta boz goxoz jardun eban, eta, nahiz eta entzuleek haren berbak ondo ulertu ez, gogoz txalotua izan zan.

Maurizia eta Leon

Manex Pagolarekin txandaka, Maurizia eta Leon albokariek jardun eben, herrikoitasun eta grazia haundiz. Honeek ere presentatzailearen elkar hizketa labur bat jasan* behar izan eben, entzuleen aurrez aurre, euskara hutsean, euren erantzun leun eta lauak* jendearentzat pozgarri izanez.

Gerora begira

Jaialdi hau benetan interesgarria izan da. «Korrontzi» taldeak, eta berdin besteek, ohore eta laguntza handia egingo deutsee euskal entzuleei, Basaurin emandako jardunaldia, egingo dituen beste asko eta hobeagoren seinale bat baino ez bada. Antolatzaileei, jaialdi dezente xamarra lortu ondoren, beste gehiago ere egiteko esperantza indartu egin jakela uste dogu.

DONAGARAI


Ikas zeure hizkuntza

I. Hiztegia

IMANOL BERRIATUAK

Ale honetan izartxo bategaz agertzen diren berbak

ABELGORRI, ganado vacuno.

ABIADA, velocidad.

ABURU, eritzi, uste.

AGIAN, nonbait, seguramente, probablemente.

AHANTZ, ahantzi, ahaztu (sujuntiboetan).

AHULEZIA, makaltasun.

AILEGATU, heldu.

AINTZINATE, antigüedad.

AIPATU, aipatutako, aipaturiko, aipaturikako.

AITZITIK, al contrario.

ALABAINA, hala ere.

ALBISTARI, berriketari, kronista.

ALDERANTZIZ, al revés.

ALEGIA, es decir, esto es, a saber.

ALOR, arlo, sail.

ANTZA, agian, nonbait, al parecer.

ARABERA, arauera, según, conforme.

ARAUERA, arabera, según, conforme.

ARDURA, axola, arta.

ARDURATU, axolatu, artatu.

ARE, todavía, encore.

AREATZA, Bizkaiko Villaro.

ARI IZAN, jardun.

ARITU, ari izan, jardun.

ARLO, alor, sail.

ARRAKASTA, éxito, succès.

ARRAS, oso, guztiz, completamente.

ARRASATE, Mondragoe.

ARRUNT, común, ordinario.

ASKI, nahiko.

ASKIETSI, estimar suficiente.

ASTEAZKEN, eguasten.

AT, landa, kanpo, fuera.

ATXEMAN, aurkitu.

ATZIZKI, sufijo.

AUKERA, oportunidad.

AURKEZPEN, presentación.

AURRERA, aurreratu (sujuntiboetan).

AURREZKI, ahorro, épargne.

AURTEMEIN, oraintsu, berrikitan.

AZOKA, feria.

AZTARNA, rastro, vestigio.

AZTORATU, izutu, aztorea (halcón, faucon) ikusten duenean, txoria izutzen den bezala.

BALEA, ballena, baleine.

BARIK, gabe; ordez.

BATIK BAT, batez ere, bereziki.

BATZORDE, comisión.

BATZUK, zenbait. (Batzuek aktibo, batzuk pasibo).

BEDEREN, behinik behin, behintzat.

BEHINEN, primario, principal.

BELAUN, generación.

BERAZ, hori dala eta, por consiguiente.

BEREBAT, igualmente, así mismo.

BEREIZKUNDE, característica.

BERE KASA, por su cuenta, à sa charge.

BEREZIKI, batez ere.

BERBENA, kermeza.

BESTE, haina, bezainbat.

BIDE, nonbait, agian, antza.

BIDENABAR, bide batez.

BILAKA, bilakatu, bihurtu (potentzialetan).

BILDU, batu.

BOLADA, unada, denboraldi.

BORTITZ, sendo, indartsu.

BULEGO, oficina.

DAKIKEZU, dakizu nonbait.

DAKIZKIDAN, dakidazen, daitezen niri.

DATEKE, da nonbait.

DENDA, botiga.

DERRIGORREZKO, baitezpadako.

EDIREN, idoro, aurkitu, atxeman.

EGUNKARI, eguneroko periodiko.

EI, omen.

EKIALDE, eguzki alde, Este.

ELEKATU, mintzatu, hitz egin.

ELKARGO, elkarte, sociedad, grupo.

ENGAIATU, comprometerse, s'engager.

ERA, comodidad; orden, disposición, modo; ocasión.

ERAKUNDE, institución.

ERDIETSI, ardietsi, lortu.

ERIZAIN, enfermero.

ERIZAINTZA, profesión de enfermero.

EROAN, eraman.

ERORI, jausi.

EROSO, cómodamente.

ESKUALDE, comarca.

ESKUARKI, comúnmente, generalmente.

ETSAI, arerio, enemigo.

EUSKALKI, dialecto vasco.

FROGABIDE, frogantza, prueba, demostración.

FROGATU, probar, demostrar.

FUNTSATU, fundamentar.

GAILEN, sobresaliente, surpassant.

GATZAGA, Salinas de Léniz.

GERA, geratu, gelditu (sujuntiboetan).

GERTURIK, preparaturik.

GISA, modu.

GOGOKO, gustuko.

GOITI-BEHEITI, gora-behera.

GOSARI, desayuno.

GURA, nahi.

HAINA, beste, bezainbat.

HAKIO, ekin hadi horri. (Ekin aditza intrantsitiboa da. Zoritxarrez, idazle askok trantsitibo bezala erabiltzen du).

HARAN, valle.

HARROBI, harri hobi, cantera.

HATS, kirats, fétido.

HAUK, honeek. (Hauek aktibo, hauk pasibo).

HAUTSI, ausi.

HAZIL, noviembre.

HAZKUNTZA, crecimiento, croissance.

HEDADURA, zabaltasun, extensión.

HEIN, medida, proporción.

HELBURU, fin, objetivo.

HELDU, adulto.

HERRIALDE, probintzia.

HERTSI, hitxi, hetsi, cerrar.

HERTZAIN, herri zain, policía.

HEZIKETA, educación.

HEZITZAILE, educador.

HILDO, surco, sillon.

HIRA, ira, cólera.

HIRI, huri, ciudad, villa.

HIRIBURU, capital.

HIRIGINTZA, planificación urbana.

HOBE EZ, ya lo creo, no faltaba más!

HOIK, horreek. (Hoiek aktibo, hoik pasibo).

HONAKO, honelako

HORREGATIO, hala ere.

HORRETAZ, beraz, por consiguiente.

HOTS, a saber, esto es.

HURBIL, hur.

IGANDE, domeka.

IHARDESPEN, erantzun.

IHARDUKI, ihardun, jardun.

INKESTA, encuesta, enquête.

IRAGAN, igaro, pasatu; pasatutako.

IRAGARRI, anunciar.

IRAIL, septiembre.

IRAULTZA, revolución.

IRAULTZAILE, revolucionario.

IRITXI, heldu.

ITSATSI, adherir, unir.

ITXARON, igurikatu.

ITZULITARA, al revés.

IZAKI, izanik.

IZKUTA, izkutatu, ezkutatu, cacher (sujuntiboetan).

JADANIK, ya.

JAITSI, bajar, descender.

JASAN, soportar, aguantar.

JAZO, gertatu.

JAUREGI, palazio.

JOMUGA, propósito.

KAZETALARI, periodista, journaliste.

KIROLA, deporte. (Kirol hitz elkarteetan).

KOHETE, fusée.

LANDA, kanpo, fuera.

LANJEROSO, peligroso.

LARREGI, gehiegi, sobera.

LARUNBAT, zapatu.

LAU, llano, sencillo, franco.

LEGEZ, lez, bezala.

LEHIAKETA, competición, concurso.

LEHIATUKI, con prisa, à la hâte.

LEKUKO, testigu.

LIKITS, sucio, inmundo, sale, malpropre.

LORTU, ardietsi, erdietsi.

LOTSA, ahalge.

LOXINTXA, lisonja, flatterie.

LURRINZTATU, perfumar.

MENDE, siglo.

MENDEBALDE, mendabal alde, Oeste.

MINTZO IZAN, mintzatu, berba egin.

MUKERTASUN, resistencia.

NABARl, evidente, notorio.

NABARITU, percibir, notar.

NAGI, nagitasun, pereza, paresse.

NARAUTZU, nau zuri.

NINTZAION, (jarraitzen) nintzen hari. (Jarraitu aditza intrantsitiboa da. Zoritxarrez, idazle askok trantsitibo bezala erabiltzen du).

NOSKI, naski, ciertamente, claro está.

OIHAN, baso, bosque.

OIHUKATU, proclamar.

OLA, fábrica, usine.

OMEN, ei.

ONAR, onartu (potentzialetan).

ORDEA, ostera, en cambio.

OREKA, dendun, equilibrio.

ORETU, amasar, pétrir.

ORMA, paret.

ORO, guzti.

OROKOR, general.

OSTE, atze, gibel.

OSTEAN, atzean, gibelean, ondoren, ondoan.

OSTERA, ordea, aldiz, en cambio, al contrario.

OSTIRALE, bariku.

PARADA, era, abagadune, ocasión.

PAIRATU, sufritu.

SALBUESPEN, excepción.

SARRI, maiz.

SARRITAN, maizetan.

SEN, instinto, sentido. (Alemanez Sinne).

SOBERA, gehiegi, larregi.

SO EGIN, behatu, begiratu.

SOIL, simple, mero.

SOILIK, solamente, meramente.

SOLASEAN, hizketan, berbetan.

SOLASTATU, recrearse, s'amuser.

TANKERA, taxu, índole.

TEBEO, barre eragiteko agerkari, comic.

UDAL, municipio, commune.

UDALETXE, herriko etxe, casa consistorial.

UKAZIO, negación.

UNTZE, iltze.

URDURI, artega, kexu.

XEDE, fin, objetivo.

XEHEKI, detalladamente.

ZABOR, desperdicio, resto, rebut, reste.

ZEHAR, zeihar, gaindi.

ZELAN, nola.

ZENBAIT, batzuk.

ZEREN (ETA), ze, pues.

ZEUTZAN, consistían, se fundaban. (Etzan aditzaren forma).

ZILATU, zulatu.

ZILEGI, lícito.

ZIRIN, hegaztien kaka urtsu.

ZIRRADA, sacudida, conmoción interna.


Ezagutu geure Herria (33)

Gazteiz (2)

Hirigintza*

Hiru km.2 eta erdi inguru ditu hiriak* berak. Parte zaharra bere aintzinako kaleekin, baina ez hain hestuekin, beste hiri batzuekin konparatuz gero. Parte zahar horretatik jaitsi* eta Norteko tren geltokiraino, bigarren alderdia dagoela esan geinke. Bertan dagoz Udaletxea, Diputazioa, Auzitegia, beste ofizial jauregiak*, Dato kalea eta denda* nagusiak. Hirugarren alderdia, trenbide horretatik hegoalderantz, Aretxabaleta aldean hiria amaitu arte. Laugarren alderdia, kale zabal eta berriekin mendebalderantz*, kafetegi, jai sala eta abarrekin ondo hornitua. Bosgarren alderdia, ekialderantz*, langile eta jende pobreagoentzako etxe merkeagoekin.

Berde zona gutxi dira. Lehengo Florida ederra hor dago, baina berde leku berririk ez da egin; eta, esate baterako, Arriaga ingurua, histori arrazoiakatik, ez da berde zona bihurtu. Gamarra aldean, Zaramaga inguruan, etxeak oletatik* hurbilegi* egin dira, edo, hobeto esanda beharbada, Gamarrako industri alderdia bera dago hiritik hurbilegi. Zadorra ibaitik iparrera eginda ere, ba egoen leku nahikoa, Erretanararte.

Dana dala, Hiriko Aurrezki* Kutxaren laguntzaz, beste hiri batzuetan baino hirigintza politika hobeago bat egin da. Honek ez dau esan gura*, Gasteizko hirigintza ona danik. Zoritxarrez, ba dira auzo eskas eginak, hasieratik ghetto bihurtuak, herbestekoentzat integratzeko kaltegarriak, eta abar.

Hirigintza honen beste alde bat: Gasteiz haundiegia da Arabaren neurrietarako. Herrialde* guztiak 204.323 bizilagun ditu; beraz, hirutarik bi hiriburuan bizi dira. Hori, Diputazioak ekilibriozko hazkuntza* politika bat erabiltzen jakin ez daualako izan da batik* bat.

Katedralak eta beste

Munduko zenbait* lekutan, elizak saltzen hasi ei* dira, larregi* dagozela eta. Bitartean, Gasteizen bigarren katedralaren obrekin dihardue. Lehengo katedral zaharra, estilo gotikozkoa, hain polit eta ederra izan arren, behinola hasi zan Apezpikutegia, triunfalismoz beterik, katedral berria egiten, eta oraindik ez da asto horretatik jaitsi*. Hirian ba dago eliza polit ugari, zahar eta arte berriko, saltzeko beste*.

Ikusgarria da benetan Eskoriatza-Eskibel jauregi* ederra, orain egokiro berriztua eta «Real Sociedad de Amigos del País» elkartekoen etxe bihurtua. Berdin ikusgarriak dira «El Portalón» izeneko jatetxea, XV. mendekoa*, Probintziako Museoa, eta abar.

Kultura eta hizkuntza

Irakaskintzatik hasiz gero, ba dira hainbeste eskola, baina gehiago falta dira. Orain, plan berriarekin, ikastetxe mordo handi bat egitekotan dira. Gero, bigarren mailan, ba dira Arte eta Ofizio Eskola, Elizaren Eskola Profesionala, Jesuiten «Jesús Obrero» izenekoa, hiriko Aurrezki* Kutxarena, Komertzio Eskola; eta, horretaz gainera, batxilleratoa irakasten dan hainbeste fraile eta monja ikastetxe, irakaskintza klasista zabaltzen dabenak. Maila nagusian, Deustuko Unibertsidadearen «Filosofía y Letras» dalakoaren adar bat; eta, orain, Arabako Unibertsidadeko Estudioak, baina Valladolidekoaren azpian, Bilbokoaren barrutian egotea baino hobeago dalako nonbait.

Herriaren espirituzko arazoei erantzuna ematea, jakintza arloa lantzea edo kultibatzea kultura baldin bada, orainarte behinik behin Gasteizen beste toki askoren antzera hori behintzat ez da gertatu, kultur arazoa goiko klaseak beretzat bakarrik hartu dau eta. Kultura izeneko hori, aberatsen, jauntxo taldetxoen, militar, funtzionario eta elizgizonen monopolioa izan da. Orain ere, zati haundi batean behintzat, halan irauten dau, besteentzat futbol kultura eta antzerakoak utziaz, jendea hobeto alienatzeko.

Baina ikusten da benetako kultura baten kezka. Non? Euskal kontzientzia batera heldu edo abiatu direnen artean. Esango geunke, proporzioz beste hiriburuetan baino talde langileago, argiago eta zintzoagoa ari dala Gasteizen.

Ba dira ikastolak, bai eta ere 30 taldetatik gora euskaraz ikasten. Euskaltzaindiak ba dauka bere ordezkaritza, Probintziaren Plazan bertan; eta hango arduradunak benetan saiatzen dira, Diputazio eta beste erakundeetako* jendea lanera bultzatzen, Arabarren hizkuntzak merezi dauan tokia izan daian. Olabide euskaltzale ospetsuaren jarraitzaile zintzoak ba dira gaur Gasteizen.

J. L. LIZUNDIA

dagoz, daude

daian, dezan

egoen, zegoen

geinke, genezake