ANAITASUNA
229. zenb.
1972.eko Otsailaren 30ekoa
Jardin Txikerra, 1. BILBAO-12
Tel. 43 18 37
ANAITASUNA Bizkaia
Hamabosterokoa.
Zuzendari: Anjel Zelaieta.
Zuzentzaile: Imanol Berriatua.
Idazkola eta banakolaren buru: Josu Torre.
Bulegoak: Jardin Txikerra 1, Bilbao-12.
Inprimatzaile: AMADO, Mazarredo 35, Bilbao-9.
Irarle: RALI, Particular de Costa 12-14, Bilbao-10.
XX. urtea.
D.L.: BI-1.753 - 1967.
Neska bi ebiltzan
Neskatila bi ebiltzan lanean Gernikako enpresa batean. 50 gizonek altzairu lantegi batean darabiltzan gorabehera guztien papeleoa edo bulego* lana garbitzen eben bien artean. Zaharragoak, Pilik, 21 urte zituan. Gazteagoak, Begoñak, 20. Biok herritarrak izanik, eta lanleku berean ebiltzalarik, elkarren lagun handiak ziren. Ofizinako zereginak beteaz batera, elkarrekin ohi diren hizketa luze eta era guztietarikoak egiten zituen. Euren betebeharrak, horregatio*, ozta ozta baina beti aurrera eroaten zituen.
Gure Pili eta Begoña biok batera ateratzen ziren erromeria eta jaitokietara, igande eta festa egunetan. Elizara ere joaten ziren, haurreri kristau dotrina ahal eben moduan irakatsiz. Kristau kontestatarioen artekoak ziren; baina, isileko politikalarien berri izan arren, ez zituen azken honeek ezagutzen, entzutez izan ezik.
Begoña, gazteagoa, dotoretxoagoa zan: aurpegi polita eukan eta gorputz liraina. Pili, ostera*, gorputzez gizen xamarragoa zan, izakeraz zekentxoagoa, eta mutilen aurrean ez eban Begoñak hainako* erakarpenik.
Honetara, neska lagunen artean sarri* gertatzen dan legez*, elkarrengandik zerbait banantzeko unea heldu jaken. Hau da, mutil batekin lagun edo nobia gisa ateratzeko eretia* heldu jakon Begoñari behinik behin. Bizitzaren bidean hautakuntza hori egin beharrak, krisi bat sorterazi eban neska bien arteko adiskidetasun eta oneritzian*.
Baina Begoña, zirt edo zart egiteko unea aurrean ebala eta, mutil horrekin, biok batera, ateratzen hasi zan. Mutil gaztearekin pozik ebilan; eta bere poza, hala nahi ez arren ere, ezin eban Piliren aurrean ostendu.
Pilik, ostera,* bere bihotzarentzat hain suerte onik ez eukala, eta bere adiskide Begoña hain zorionez gainezka egoela ikusirik, bere burua emakumeei dagokien politasun gabe ikusten eban; eta, 21 urteren jabe zalarik, mutil bat harrapatzeko gauza ez zalakoan, inferiortasun haundia sentitzen eban Begoñaren ondoan.
Orduan, bat batera, eta horretarako motiborik itxura batean inolaz ere ez egoelarik, bere adiskide Begoñari aurpegi siku eta arraroa ipintzen hasi jakon, bulego* orduetan batez ere. Begoña mindurik egoten zan, bere adiskidea modu horretan ikusirik; eta gaitz egiten jakon, zer jazotzen zan ulertzea.
Honetara, enpresako ugazaba* ere konturatu egin zan, neska bion arteko harremanak hotzitu eta ilundu egin zirela. Ugazabarentzat, neska biok ziren nahiko prestuak; baina, eguneroko lana azkarrago* eta zehatzago egiteko, hareen artean zenbat eta tratu gutxiago izan, hainbat hobe zala uste eban.
Orduan, ugazabak Pili izendatu eban ofizinaren arduradun,* enpresan Begoñak baino denbora gehiago eroian eta. Pilik len bezala lan egiten ihardungo eban; baina ofizinaren martxaren berri eman beharko eutson ugazabari, eta Begoñaren lanak zer moduz joiazen esan ere bai. Honetara, lanak azkarrago* eta zehatzago egiten zituen. Elkarrekin hasarraturik egozenez gero, ez eben hizketan denborarik galtzen, ez eta telefonoz kanpoko adiskideekin berba egiten, Pili beti adi egoen eta. Azkenez, puntualidade handia gordetzen eben, bata zaindaria zalako eta bestea zaindurik egoelako. Neska biok, egunerik egunera, elkarrenganako mutur zorrotz eta berdeagoa jarriaz joiazen; baina enpresa haretako ofizinan beste prestutasun bat nabaritzen zan.
TATANA
eban, zuen
eben, zuten
ebilan, zebilan
ebiltzan, zebiltzan
egoen, zegoen
egozen, zeuden
eroian, zeraman
eukan, zeukan
eutson, zion
jaken, zitzaien
jakon, zitzaion
joiazen, zihoazen
Ipuina
Berau, orain urte batzuk jazo* zan Gernikan.
Igande goiz batean, neska-mutil talde bat Bermeotik irten* zan, menditik ibili ondoren, Gernikan bazkaltzeko asmoz. Guztiek janaria eroien aldean, ogia izan ezik, bidean alferreko kargarik ez eukitzeko, berau Gernikan erosteko ustea euken eta.
Gazte guztiok euskaldunak ziren. Baina ba egoen bat, Jon eritzona, bilbotarra bera, euskaldun berria izanaz, oraindio euskaraz kili-kolo xamar ebilana. Mutil honek, baina, euskara ikasi guraz, hantxe iharduan jo eta ke, beti euskaraz.
Beste gazteek adarra jotzen eutsoen hasieran, euren modura, bermeotarren erara oin ein biogu barik,* beti orain egin behar dogu esaten ebalako, bat ere letrarik jan gabe. Bidean, neska batek, Arantxak, oker ez banago, honetara esaten eutson: — Hara, Jon! Gramatikan egin da, bai; baina, gure artean berba normal egiteko, gure modura ein esan behar dozu zuk ere, erdiko g hori janda.
Asko kostatu jakon gizajoari; baina, eguerdirako, ein esaten eban Jonek berak ere.
Gernikara heldu zirenean, ogia erostera joan behar eben; baina, menditik luzaroegi egonaz, beranduegi egin jaken eta Gernikan dendak hitxita topatu zituen. Honela, ba, taberna batera sartu beharko eben, ogia erosiko baeben.
Jon, berak erosiko ebala esanaz, janariak eta ematen dituenetariko ardanetxe batera sartu zan, ogi bila. Eskaratzeraino* sartu eta honela itaundu* eutson, bertan lapiko* artean egoen andreari:
— Egunon, andrea. Oirik ba daukazue?
— Oiak? Bai. Zenbat behar dozue, ba?
— Zelakoak dira, handiak ala txikiak?
— Handiak. Baina...?!
— Orduan —esan eban Jonek, kontuak eginaz— handiak badira, gu sei neska-mutil gara eta, biri bana... Hiru, hiru behar ditugu.
Etxeko andreak espantuz entzuten eban. —Zu, baina zer pentsatzen dozu dala etxe hau? Hemen ez behintzat!
— Ez, ez —esaten eutson Jonek patxada handiz—. Mendira eroatekoak dira, hemen jende asko dago eta.
— Oiak mendira eroan! Burutik eginda zagoze ala*?
— Ez horixe, Jaungoikoari eskerrak.
Memento haretan Arantxa sartu zan eskaratzera, ea ogiekin zer pasatzen zan jakitera.
Tabernako andreak neska ikusi ebanean bertara sartzen, guztiz harriturik, honetara esan eban: —Hau da hau! Neska lotsagaldukoagorik oraindio!
— Zer, ba? Lotsabakotasuna ote da ogi erostera etortzea ala?
— Ogiak! —deihadarka andreak—. Nik neuk, «oiak» (oheak) zirela uste neban. Ez ditu, ba, mutil honek «oiak» eskatu!
— Ba, nik neuk —esan eban Jonek—, egin ein esaten bada, ogia, bide beretik oia esan beharko nebala uste neban eta...
Ogia erosi eben, bai horixe; baina zenbat barre ez eban Jonek entzun behar izan arratsalde haretan.
— Oheak mendira ekarri gura* zenduzan, ez da? —esaten eutsoen lagunek holgetan.* Batek jakin, gainera, bertan zer egiteko asmoz!
Sasoi haretan guzti hau bromaz hartu zan, jakina, euskal umore jatorraz; baina gaur egun, Larraizko gezur guztiei zenbatek egiten dautseen kasu ikusirik, Jon gizajoa, «gazteria okerbidera» eroan gura izateagatik, eskomikatua* izango zan baten baino gehiagoren aldetik.
TRAUKO
dautsee, diete
eban, zuen
eben, zuten
ebilan, zebilan
egoen, zegoen
eritzon, zeritzan, zeritzon
eroien, zeramaten
euken, zeukaten
eutsoen, zioten
eutson, zion
iharduan, ziharduen
jaken, zitzaien
jakon, zitzaion
neban, nuen
zenduzan, zenituen
Bilbo
Kantariak
Otsailaren* 13an, «Santiago Apóstol» ikastetxeko teatroan, «Oskorri» taldeak kantatu zuen jende pila handi baten aurrean.
Ene eritziz, hauxe dugu gaur egunean kantari taldeen artean onenetarikoa, hoberena ez bada. Hauxe frogatu* zeukuten aipatu* jaialdian.
Bai hitzen aldetik, bai eta teknikarenetik ere, goi mailakoak izatea lortu* dute Bilboko Unibertsitateko gazte hauek.
Abadiñon ez
«Oskorri» taldekoei entzun ondoren, Abadiñora joateko asmoa genuen, Jon Enbeitari entzutera; baina, tamalez, hango jaialdia debekatua izan zen.
Liburu interesgarria
Euskal Irakasleen Elkarteak liburu interesgarri bat argitaratu berri du.
Liburu honetan hainbat hiztegi tekniko daude, aritmetika, geografia, biologia eta beste zenbait arlotan erabiliak izateko. Beraz, ikastoletako ikasleentzat eta liburu eta aldizkarietako idazleentzat, beharrezkoa.
Baina zuretzat ere, irakurle, balio handia du, bertan agertzen baitira euskara batuan jarriak, egunero erabiltzen dituzun hitzak: janzkiak, janariak, herrien izenak, eta abar.
Eska ezazu ikastoletan («Ikastola Hiztegia» du izena), edo hemen Bilbon, Euskaltzaindian (Ribera kaleko 6.ean). Prezioa, 50 pezeta.
XABIER GEREÑO
ANAITASUNAko zuzendaritzak, idazkaritzako batzordeaz batera, aldizkari honen joera, Euskal Herriaren problemei ondoen dagokien eraz bideratu nahiz, ondoan aipatzen diren puntuok onartzen ditu, hemendik haurrera aldizkari honetako idazleek eta irakurleek kontuan har ditzaten:
1. ANAITASUNAk, orain arte bezala, euskararen batasunaren alde eginen du, bai ortografian eta bai, ahal den neurrian bederen, hiztegian ere. Aditz kontuan, Euskaltzaindiak besterik agintzen ez duen artean, lapurtar kutsuko gipuzkeraz segituko da, berau euskaldun guztiontzat egokiena eta aberatsena delakoan.
Bizkaiko euskaraz ere —batasunerako joeradun bizkaieraz, noski— zenbait artikulu eta kronika argitaratuko dira, oraindik mami gehiegiko lanak irakurtzera ohituta ez dauden bizkaitar irakurleen faborez, berauek irakurleen arteko atal inportante bat osatzen dutela kontuan hartuta.
Orain arte legez, ahalegina egingo da, euskara ulerterraza erabiltzeko. Beraz, idazkeraren aldetik ilunak nahiz ulergaitzak diren artikuluak ez dira onartuak izango.
Artikuluen luzerari buruz, idazleei erregu bat egin nahi genieke, hots, idazlan luzeegirik ez bidaltzeko; eredu gisa, makinaz idatziriko orrialde bat eta erdi proposatuko genuke, lerrorik lerro tarte bat utzirik, noski.
2. ANAITASUNAk, herritasunari dagokionez, Euskal Herriaren aldeko lanetan ihardukiko du, beronen izaera, hizkuntza, literatura, historia, ekonomia, folklore, ohitura eta kirolen alde eginez beti.
Gauden memento honetan gaudelako, ez da onartuko Herriaren nortasunaren lehengo ezagugarri hoien kontrako kritikarik, ezer positiborik eskaintzen ez bada behintzat.
3. Sozial arazoei eta politikari dagokienez, ANAITASUNAk jarrera aurrerazale bat izaten jarraiki nahi du, gizartearen aurreramenduari lagun dakiokeen guztiarekin batera joanez, Elizak begi onez ikusten dituen joera sozialistak onartuz. Ordea, gaurko Euskal Herrian politikan eta joera sozialistetan erabateko batasunik ez dagoenez gero, ez dirudi zuzen, ANAITASUNA inoren jokabidearekin lotuta egotea; bai, ostera, bere orrialdeak elkarren artean joera hurbil baina ezberdina duten guztiei eskaintzea. Honetarako, hala ere, talde bakoitzak bere joera agertu eta azaldu beharko luke, baina positiboki, inorena ere errespetatuz, hots, ahalik eta gehien, «zer egin behar den» esanez. Ez da hemen zertan aipatu behar, ANAITASUNAn ezin argitara daitezkeela, beren izaeragatik aldizkari honi ez dagozkion artikulu politiko bereziak. ANAITASUNAk, arlo honetan, euskal taldeen ideologien biltzaile eta hurbiltzaile izan gura luke, ez urruntzaile.
4. Erlijio arazoan, ANAITASUNAk joera zabal eta aurrerazaleko aldizkari kristau bat dela jakin erazten du argi eta garbi; beraz, dogmaren eta Elizaren irakatsien kontrako ezer —hitz hauen zentzurik zabalenean, noski— ez da onetsiko.
5. ANAITASUNAk kritikak ontzat hartzen ditu, baina beti gizabide eta elkarrenganako errespeto baten barnean. Irainak eta asmo pertsonalegiak ez dira onetsiak izanen.
6. ANAITASUNAk aldizkari ireki bat izan nahi du. Artikuluak eta lanak, aurreko puntuotan aipatzen diren baldintzetan sarturik badaude, ez dira inoiz inolako aurreritzi pertsonalez errefusatuko. Honek esan nahi du. edozeinek —edozeinek gero!— idatz dezakeela libreki berton, kondiziok betetzen baditu.
Eta, jokabide hau hemendik aurrera zintzoki eraman nahi dugularik, berau betetzeko egiazko konpromezu bat hartzeko asmoz, geure irakurle eta idazle guztiei aditzera ematen diegu.
Bilbotik, 1972.eko otsailaren 7an.
Liburu estrainu bat
«La unidad nacional y los nacionalismos españoles» izenburuarekin argitara eman berri dau Mexicoko «Grijalba» argitarazleak, Antonio Ramos Olivera jaunak prestaturiko liburu bat. Bere ideia edo tesi funtsezkoena* Stalin zanagandik jasotzen* dau, eta liburuaren 121. orrialdean dakar: «Herriek autodeterminatzeko eskubidea dauke. Baina ez da ahanztu* behar, Errepublikak ere (Sobietarren Errepublikari buruz ari da) bere poderioa jagoteko eskubidea daukala. Eta azken honi men* egin behar dautsoe besteek».
Erdal aldizkariak euskal langileei buruz
«Mundo Internacional» izeneko erdal aldizkaria, bere 1.656. alean, Lorenzo Zabala jaunaren bahiturari* buruz mintzatzen da. Horretarako, Madrileko egunkari ospetsu batzuetan arazo horri buruz esan direnak ekartzen ditu. Artikulu osoa irakurri ondoren, pregunta modu bi egiten dituala esan geinke: Sekuestratzaileek langileen alde ihardun nahi izan eben, ala ekintza berri eta zaratatsu* bat egitearren aritu ziren? Bahitura jazo* aurretik, norainoko elkar hizketa egin eben ugazabek eta langileek, euren arazoak garbitzeko?
AGUR batasunaren alde
ETOR editorialak, orain arteko batzuk gipuzkera hutsez agertu arren, hemendik aurrera euskara batuan aterako omen ditu bere liburuak, baina aita Altunaren gipuzkerazko aditzaz.
AGUR aldizkariak, bestalde, editorial honen jokabidea txalotzen duela ikusi dugu. Zorionak guztioi, batasuna aurrera doa eta!
Euskal kantariak ikastolaren alde, Tolosan
Xabier Lete, Benito Lertxundi eta «Oskarbi» taldeak kantaldi bat eman eben, Tolosako «Laskurain» ikastolaren alde, otsailaren* 6an, herri haretako «Leidor» zineman.
Irurzun aldea haunditzen
Orain dala lau bat urte, «Aristain» etxeak 900.000 m.2 erosi zituan Irurzun aldean, Nafarroan. Orain, 6.000 milioi pezetako laguntza jaso* dau Estaduagandik, esandako lurralde horreetan txapa magnetikoak egiteko lantegi bat muntatu daian. Lantegi hori munduko 10 hoberenetarikoa izango ei* da, eta 800 bat beharginek* lan egingo omen* dabe bertan.
Bengoa Zubizarretak seme bat
Guadalupe Barañano andreak, Jose Luis Bengoa Zubizarretaren emazteak, seme bat izan berri du otsailaren* 9an. Izena Asier jarriko ei* diote. Zorionak guraso bioi, eta Jose Luisi segi dadila gogor «Egunon, amigos» sailetik euskaraz idazten, La Gaceta del Norte egunkarian.
Abadiñoko jaialdirako baimenik ez
Euskal Herriko zenbait* egunkaritan hala iragarrita* egon arren, ezin izan da Abadiñon kantari eta bertsolarien jaialdia ospatu otsailaren 13an, ez baitzan horretarako behar dan baimenik lortu.
Zuberoko maskaradak
Otsailean,* Zuberoko hiru herritan egin izan dira maskaradak: 13an Barkoxen, 20an Altzain, 27an Altzürükün. Eta martxoaren 5ean Lakarrin izango dira.
Kargu berriak «Gerediaga» elkartean
Durango aldeko «Gerediaga» elkargoak elezioak izan ditu, Abadiñoko Astolan, kargu berriak izendatzeko. Hona hemen zelan gelditu diren karguok: Lehendakari Jose Inazio Alberdi Olabegoia, ordezkari Juan Mari Zubia, idazkari Jose Luis Lizundia. Hogei bat bokal ere hautatu izan dira, eskualdeko herrien izenean.
Ezkontza Berrizen
Otsailaren* 8an, Berrizen ezkondu izan dira Matias Oregi eta Amaia Gorroño, orain arte herriaren alde kementsu lan egin daben gazte jatorrak. Matias, Herri Gaztedin ibili izan da aspaldiko urteotan; Amaia, berriz, ikastola lanetan. Seguru gagoz, elkartze hau herriaren alderako aberasgarri izango dala.
Langile arazoak Euskal Herrian, 1971. urtean
668 langile arazo edo «conflictos laborales» gertatu izan dira Euskal Herrian 1971. urtean: Gipuzkoan 501, Bizkaian 131, Nafarroan 29, Araban 7. Espainia osoari begiratuz, Gipuzkoako probintziak izan ditu gehien. Bizkaia laugarren dator, Nafarroa zortzigarren, eta Araba hamairugarren.
Pasaiko itsasportua arriskuan?
Pasaiko itsasportua arriskuan omen* dago, ez baitau jasoko* nonbait, «Ministerio de Obras Públicas» dalakoak orain arte ematen eutson laguntza. Hala balitz, obra berriak gelditu egingo ei* lirateke. Obra berri horreek egiteko, ihaz* 31 milioi pezeta gastatu ziren. Hurrengo lau urteetan beste 600 milioi pezeta gastatzeko asmoa ei* egoen, eurotarik 400 Ministerioagandik jasoak.
«Mintzaira, Aurpegia: Gizon», JAKIN
Bi zatitan egina da liburu hau. Lehena Piarres Lafitteren aintzin solasak betetzen du, Hiriart-Urruty (1859-1915) idazlearen bizitza, pentsaera eta lanak azalduz. Kazetalari* lehena izan zela diosku, «Herria» astekarian idazle nagusi, «Le Réveil Basque» eta «Eskualduna» aldizkarietako idazle, batasun bidean ekintzaile, eta abar. Bigarren partean, «Zenbait aurpegi» izenburuarekin, hiru agerkari haietan hainbat politikariri eta elizgizoni egindako Hiriart-Urrutyren kritika zorrotz eta biziak agertzen dira, «Frantziako erreboluzioaz gero, arnas hestuka datorren gizarte zaharrean, politika eta erlijioa aski nahasiak baitzebiltzan». Iparraldeko hitzak ulertzeko, Joseba Intxaustik Lafitteren ardurapean egindako hiztegi bat agertzen da, liburuarekin batera.
«Marx eta Nazioa», Gotzon M. Garate, ETOR
Oraindik berria den «Marxen marxismoa»ren jarraipen bezala, idazle berak egindako liburu hau agertzen zaiku. Bi zatitan bereizturik, lehenean Marxen bizitza azaltzen dauku: Marx judutar eta Marx aberrigabe. Bigarrenean, nazioei buruzko teoria: Historiaren zentzua, Razionalismoa eta Nazionalismoeza, Sozial burujabetzea, Orokortasuna, Nazioartekotasuna, Nazioaren errealitatea, Federalismoa, Nazioa eta Estadoa, eta abar. Nestor Bazterretxearen marrazkiak* presentazio on bat ematen dio liburuari.
«Noticias y viejos textos de la Lingua Navarrorum», A. Apat-Etxebarne, S.G.E.P.
Apat-Etxebarne ezizenarekin izenpetzen du Aingeru Irigarai euskaltzainak* bere azken liburu hau. Texto zaharrak argitaratzen ditu, eta komentario txiki bana egiten dio texto bakoitzari. Interesgarria, batez ere bibliografi aldetik argitasunik jaso nahi dutenentzat. Hitzaurrea Julio Caro Barojak egina du. Eskatzekotan: Sociedad Guipuzcoana de Ediciones y Publicaciones. Urbieta, 55. San Sebastián.
«Lengua Vasca de hoy y de mañana», J. M. Mokoroa, AUÑAMENDI
Aita Justo Mari Mokoroa eskolapioak oraintsu atera berri du, ihaz* Deustuko II. Euskal Antropologi Asterako prestatu zuen txostena.* Harrigarria gertatu zaiku, lan hau, beste mahaikideenaz batera gabe, aparte eta besteena baino lehenago ikustea. Obra hau Auñamendi editorialak eskaini dauku.
Editorearen sarrera zeharo harrigarri batekin, 116 orrialdetako liburu honetan, egilea euskararen batasunaren kontra agertzen da, bat gabe, euskara «hizkuntza» asko direla esanez. Honetarako, beste erdal eta euskal testimonio batzuez gainera, aita Mokoroak Vendryes eta Georges Pompidou frantses xobinisten aipuak* ekartzen dauzkigu, bai eta Menéndez Pidal jaunarenak ere, jaun erdaldun honentzat euskarak zuen balio guztia «interes arkeologikoa» bazen ere.
Honetan ere, zoritxarreko froga bitxi bat ematen dauku liburu honek, batasunaren kontra ari direnek, eritzi serio bat eman behar dutenean, beti erdaraz egin behar dutela garbiro ikusteko. Liburuak agertzen dituen argumentuek, bestetik, ez dute inola ere merezi kontra egiterik, beren buruz asko klar mintzatzen baitira.
Gure ustez, ez da oraingo Ibar hau, orain 36 urte Genio y Lengua izeneko liburu zoragarria idatzi zuena; eta berau, bene benetan, bihotzez sentitzen dugu. Hala ere, beti bezala, eritzi guztiak errespetagarriak direla esan behar dugu.
«Marx eta Erlijioa», Imanol Pagola, IRAKUR SAIL
Gai honi buruz hainbat idatzi da aspaldiko denboretan. Interesgarri deritzagu, idazle bakoitzak gai berezi batzuei lotua egoteari. Asken honetan Imanol Pagolak darabiltzan gaiak hauk dira: Marx eta haren kondairazko ingurua, Marxen erlijio kritika, Marxisten erlijio kritikaren balioa. Horrez gainera, Alienazioa, Jainkoaren kontzeptua, Hegelianismoa, eta beste gai batzuk. Eskatzekotan: Iñaki Beobide. Ferrerías, 1. San Sebastián.
Bilbotik, 1972.eko otsailaren* 29an
Lagun maitea:
Egunero ez dun holako berri pozgarririk jasotzen*. Zorionak bioi. Ahalegina eginen dinat, zuen ezteietara* joateko; baina, hala ere, ezin daunat segurtatu, Gabonak oraino urrun diauden eta. Ba dakin, hemen lanaz nola ibiltzen garen; baina, tira!, egun bat egun bat dun.
Ez dieritzonat gaizki proposatzen dautananari. Ihaz* Bilbo osoan (eta Donostian ere beste horrenbeste gertatu delakoan niagon), Gabon jaietan denda* eta toki publiko gehientsuetan euskarazko xartelak ikusten zitunan, Zorionak, Urte berri on eta holakoak eskainiz. Noski*, baten batek ttikikeria bat dela esan zezaken; baina duda gabea dun, azken urteetatik hona Gabonetako giroa asko eta asko euskaldundu dela horretan. Jendea, euskara kaleetan eta dendetan gauza normaltzat ikusten hasi dun; eta berau, munduko gauzarik normalena izan beharko lukeen arren, orain urte batzuk ez zunan hain normala. Aurrera ari gaitun, beraz.
Baina, ongi esaten dautanan bezala, Gabonak urtean behin besterik ez ditun gertatzen. Zergatik ez dugu ahalegin bat egiten, giro horrek urte osoan ere iraun dezan?
Merkatalgoak,* salerosteak, bere legeak ditin; eta saldu beharrak propaganda eta esloganak diakartzan. Hik dionanez, bai udaberrian, bai udan, bai udazkenean eta bai negu osoan, sasoian sasoikoa, euskal eslogan bana egon beharko luken.
Udaberrirako, oker ez banago, hauk* proposatzen ditun: Udaberria heldu da, Udaberria ere modaz janzten da, eta zu?, Udaberri zoriontsu bat, Udaberri epela, jantzi arinagoak. Neroni, gainera, beste hauk bururatzen* ziaizkidan: Zer berri? Udaberri!, Udaberri, moda berri, Maiatza lorez eta jantzi dotorez.
Udarako, aldiz,* hik aipatzen ditunanak ezin bikainagoak ditun, ene aburuz*: Uda heldu da, Uda berotan, gu freskotan, Eskola bukatu eta saria hartu, Uda zoriontsu bat, Udako moda freskoa, Itsaso eta mendirako, jantzi egokienak hemen aurkituko, Eguzki bero, edazu Coca-Cola fresko!
Ez diauden inola ere gaizki pentsatuak udazkenerako beste hoik*: San Simon eta San Juda, joan zen uda, Jantz zaitez epelez, orain gaude udazkenez, Udazken zoriontsu bat, Udazkena, eskolak hasten dira...
Neguan, betiko Zorionak indartuz gainera, ...eta negua heldu da, Urtarrilean,* preziorik merkeenak, Urtarrileko aldapa, diru guttiz erosketa bikainak, Elurra teilatuan eta Fagor etxean...
Ez dinat dudarik egiten, hauez gainera, beste hobe batzuk ere —zenbat eta laburragoak hobe— jar daitezkeela. Hik dionanez, hilabete bakoitzari eslogan bana bilatzea ez diagon gaizki asmatua. Gainera, nik uste, euskal poeta ezagun batzuen poesi zati batzuk jar zitezken, Donostiako «Aurrera» kafetegian paperezko zapiekin egin den bezala, sasoian sasoikoa.
Euskaldunok honelako xartelez horniturik dauden dendetara joaten hasiko bagina, laster asko ikusiko genitizken erakustegi* guztietan ezarrita. Baina beldur naun, bene benetan diosnat, euskaldun dendari askok duten ikusmira llaburra kontuan harturik, ez ote den Corte-Inglés-ean lehenago holakorik ikusiko, zenbait dendatan baino.
Propaganda egitea ez dun gaitza. Aurrera joango ote?
Nola dago hire neba* Karlos? Karrera amaitu du, ala oraindik zerbait gelditzen zaio? Berriz ere zorionak bidaltzen dauzkizuet bihotz bihotzez hiri eta Mikeli. Esango dautan hurrengoan, nola bururatu* zaitzuen azkenean ezkontzea.
Agur zintzo bat zuen lagun
XABIERRENGANDIK
Noketazko formak
diagon, dago
diakartzan, dakartza, dakaz
diauden, daude, dagoz
dieritzonat, deritzot
dinat, dut
ditin, ditu
ditun, dira
dun, da
gaitun, gara
genitizken, genituzke, geunkez
luken, litzateke
naun, naiz
niagon, nago
zezaken, dezake, daike
ziaizkidan, zaizkit, jataz
zitezken, daitezke, daitekez
zitunan, ziren
zunan, zen
Osterantzeko formak
daunat, (B) daunat, (G) dinat
dautan, (B) daustan, (G) didan
dauzkizuet, dautzuedaz, dizkizuet
dezan, daian
dion, dinon
diosnat, esaten daunat
ditun, donaz (ditun)
zaio, jako
zaitzue, jatzue, zaizue
Ekonomia
Gure gaurko egoera ekonomikoari buruz (2)
Beste artikulu batean esan genuenez, geure bizitzan eramaten ari garen joera, metafisika hutsa da. Han esan genuen bezala, benetako problemak baztertu egin ditugu, eta hirugarren edo laugarren mailakoak diren arazoetan saiatzen dira gure eztabaida eta lanak.
Jakina, herrian nabaritzen* den etorkizunarekiko nahigabea, joera horren nahi eta nahiezko ondorioa da. Beraz, mentalitate berri bat sortu behar da. Ba dakigu zaila dela; baina bestela (gauzek orain arte bezala jarraitzen badute, alegia*) irtenbiderik ez dago.
Politika ez da «boluntarismo» huts bat. nahiz eta batzuek horrela pentsatu. Gu onak garelako eta besteak gaiztoak direlako, ez da burrukarik irabazten. Politikak errealitatean finkaturik egon behar duelako.
Errealitatea eten gabeko burruka bat da. Burrukan irabazten duena, indar gehiago duena da. Beraz, politikaren oinarria eta sustraia indarren erlazioan dago. Zalantzarik gabe.
Baina zer da indarra? Zertan datza*? Non dago haren oinarria? Dudarik gabe, indar produktiboen jabegoan. Indarra eta jabegoa gauza berdinak direlako. Beraz, irabaziko duena, jabegoa duena da. Politika guztia jabegoen erlazioan datza, eta estadua erlazio horren espresioa da.
Orain ohartzen gara, nola denbora galtzen ari garen, guk nabaritu gabe eta garrantzirik eman gabe. Hau hodeietan egotea ez bada, zer ote da?
Geure problema ekonomikoa kontestu honetan sartu behar dugu. Beste egunean ikusten genuen bezala, geure ekonomiaren jabegoa galtzen ari gara.
Dato honek zer esan nahi du? Zalantzarik gabe, gero eta indar guttiago dugula. Beraz, era honetan jarraitzen badugu, pikotara goaz zuzen zuzenean.
Problema honetaz, orain arte ezer gutti egin da. Ba dugu lan aski* geure aurrean. Gure asmo eta lanek horretara zuzenduak egon behar dute. Ba dakit zaila dela, baina, bestela, ez dago irtenbiderik.
Artikulu honetan, puntu batzuk azaldu gura nituzke, besterik ez. Laburrak izan arren, errealitatera eramateko nahiko zailak dira. Xehetasunik* gabeko puntu batzuk dira. Beste baterako uzten dugu, puntu bakoitzaren azterketa bereizi eta xehea.
1. Enpresarioak ohartu egin behar dira problema honetaz, orain arte ez baitute ezer egin.
Puntu honek azterketa sakon bat merezi du. Ezin gaitezke xinplekerietan eror.* Ohartxo batzuk besterik ez, beraz.
Industria berrien falta, nabarmena da. Beraz, konpetentzi bidean jarraitu ahal izateko, enpresarioak sektore aurreratuetan sartu behar dira. Bide hau hartzen ez badugu, gero eta atzerago geldituko gara (gero eta gehiago beste ekonomien azpian).
Inbestigazio bidean hasi behar da, industria berriak sortzeko. Ba dakit, enpresarioek diru gutti dutela horretarako, eta beste mila oztopo dituztela; baina bidea hortik doa.
2. Langileria ere ohartu egin behar da honetaz* Ondo jakin behar baitu, ekonomia pobretuz baldin badoa, bere egoera ere gero eta okerragoa izango dela.
Beraz, langileek salatu egin behar dituzte, ekonomia horrek sufritzen dituen oztopoak.
3. Kooperatibismoari buruz nahiko esan beharra dago, zeren* eta sarritan jendearen artean ez baita batere garbi ikusten, kooperatibek egin dezaketen lana. Kooperatibek, ordea,* lan ikaragarria egin dezakete.
Kooperatibek industria aurreratuen aldetik jo behar dute, horretarako inbestigazioa bultzatuz.
Kreditoko kooperatibek ba dute nahiko lana, dagoen deskapitalizazioa kontuan harturik.
4. Ez nuke aipatu gabe utzi nahi, gero eta nabarmenago den planifikazio baten falta. Etorkizunerako oztopo haundienetako bat bihurtzen ari da eta.
Sail honetan eginkizun asko sartzen dira: urbanismoa, industria batzuen egokitasunaren azterketa eta abar.
Industria batzuei, ahal diren oztopoak jarri behar zaizkie. Alde honetatik, erakunde* batzuek zerbait egin dute; honek esan nahi du, oraindik gehiago egin daitekeela. Nahiz eta jendeak jaramonik* ez egin, problema hauk* (industria zaharrak eta urbanismoa) izugarrizko oztopoak bihurtzen ari dira.
5. Ekonomista gazteen artean, ardura* gutti nabaritzen da problema hauetaz. Egin behar den lana haundia da, eta beraz langile asko behar dira.
Gure egitura* ekonomikoaren azterketa sakon bat falta zaiku. Sektoreekiko, industriarekiko eta abar. Nahiz eta orain arte egin den lana interesgarria izan, ba dago oraindik nahiko lan.
Euskal ikasleak, daramaten joeraz ohartu behar dira. Sarritan ikusten dugu, nola gure ikasleak hodeietan bizi diren: herriak dituen problemei heldu gabe, eta beren joera sozial inperialismoarekin lotuz.
Ohartzen ez diren erakunde batzuetan ere, ba dago nahiko lan egiteko.
Puntu bakoitzak jarraipen bat merezi duela uste dugu. Beraz, beste batean mintzatuko gara gehiago.
AURTIZ
daramate, daroe
dezateke, daikee
gaitezke, gaitekez
nituzke, neukez
zaiku, jaku, zaigu
zaizkie, jakez
Ekonomia
Jakinduria eta teknologia ekonomian
Ekonomia estudiatzen dutenen artean zientifiko gutti agertzen dela esan liteke; agian,* gai hau buru hotzez aztertzea edozeinentzat gaitza delako.
Astronomo bat, adibidez, ez du gizartearen goseak edo eta politikak zirikatzen. Ekonomista bat, ostera,* bere buruhausteetan ari delarik, mila akuiluk eraginik ari da, nahiz eta ez.
Alferrik izango da hotz hotza, hainbeste begiren aurrean dauden ardura eta beharretatik bere burua ezingo du gorde eta.
Honen ondorioa hauxe da: konturatu gabe, jakinduri gaiak aztertzen ibili beharrean, teknologi tresnak esmatzen geratzen* dela.
Hona hemen kasu argi bat. Prados Arrarte-k bere Introducción al estudio de la economía política-n (Ekonomia politikoaren estudiorako sarrera), hala definitzen du ekonomia:
«Se podría definir, por tanto, la Economía Política como el estudio de las conexiones interdependientes de los precios en los diferentes tipos de organización económica». (Euskaraz: «Beraz, Ekonomia Politikoa honela defini liteke, alegia,* berau ekonomi erakunde tipo ezberdinetan dauden prezioen lotura interdependenteen estudioa dela esanez»).
Eta geroago hala argitzen du bere definizioa:
«...la Economía Política tiene a los precios por objeto de conocimiento, es decir, a los resultados de una actividad humana, y no a ésta propiamente dicha». (Euskaraz: (...Ekonomia Politikoak duen ezagumendu-helburua prezioak dira, hau da, giza ekintzatasuna bera gabe, beronen erresultatuak»).
Gizonen eginak. Ez, ostera,* gizonen ekintza. Hala ote?
Bat aukeratu baino lehen, eta bide beretik jarraituz, lau definizio —aztergai— ezar ditzakegu:
a) eginak (erresultatuak).
b) ekintza eta eginak.
c) jarrerak (aktitudeak), ekintza eta eginak.
d) egiturak* (gizonen jarreren* eta joeren sorburuak), jarrerak, ekintza eta eginak.
Uste ez duelarik, P. Arrartek ekonomiako gaitik kanpoan lagatzen* ditu enpresak, Keynes eta Marx.
Haren definizioak, enpresen eguneroko ardura* eta eginkizunak ahanzten* ditu: enpresetan denok, edozein estrukturatan, ekintza aldatzen eta hobeagotzen saiatzen dira eta.
Keynes baztertzen du, jakina baita, Keynesek garrantzi berria eta haundia eman ziela propentsioei, preferentziei eta espektatibei, hau da, aktitudeei, hots,* gizonen jarrera eta joerei.
Azkenengo, Marx ez du kontuan hartzen, haren eritziz berau metaekonomista datekeelako.* Marx, ostera,* ekonomia definitzerakoan, egituretatik hasiko litzateke, ekonomi oinarriak eta iturriak beroik direla esanez. Egituretatik joerak, joeretatik ekintza, ekintzatik eginak aterako lituzke.
Zertan ari da, orduan, P. Arrarte? Lehenago esan bezala, zuzendariei dirijitzeko tresnak egokitzen. Ingelesez mintzatzen direnek, «a box of tools» deitzen dutena. Ekonomian, egiteko beharra dago. Eta egiteko beharrak jakin beharra azpiratzen du. Politika ekonomiaren nagusi gelditzen da, izanez eta izenez.
Berez, P. Arrarteren definizioak politika ukatzen du ekonomiaren arloan. Zeren,* nola zuzen* (edo oker) daitezke bihar edo etziko eginak, ekintza behinik behin aldatu gabe? Eta nola alda ekintza, ekintzaren jakinduriarik gabe?
Ez da, baina, harritzekoa haren definizioa. Gizarteak, gure gainean eta barruan dagoenak, erresultatuak nahi ditu. Zuzendariek erresultatuen tresnabideak nahi dituzte. Ez dago biharko lagatzerik* eskabidea. Eta biharko lagatzen dugu, jakinduria honek eskatzen dituen erantzunak aztertzea eta ematea.
Honela, ekonomiaren azter-helburua teknologia bihurtzen dugu, egi jakinduriaren ordez. Eta ez P. Arrartek bakarrik, gehienok ere bai.
Ni ez nago horretan. Ez nuke egon nahi, hobeto esan. Jakindurietan, jakitea ageri da oinarri bakarra. Jakite honek, egiten ere jakitea ematen du, edo eman ahal du behintzat. Baina, berez, egiten jakitea jakinduriaren ondorio bat besterik ez da, eta inola ere ez haren muina edo sustraia.
Ekintzari oso lotuta dauden jakindurietan, hau garbi ikustea ez da hain erraza. Hala eta guztiz ere, garia behar izan arren, garisail zati bat behar izaten da inbestigazio hutserako. Hori ez da, zer esanik ez, gosea zabaltzeko.
Eta halaxe gertatzen da ekonomian ere, ekonomista sakonenek berdin erizten ziotela kontuan harturik. Adibidez, Marxek Kapitala, ulertze aldera, adierazte aldera, bakar bakarrik, eratu zuen. Jakintza hutsaren bidean ibili zen hainbeste orritan.
JENAR GARATE
daitezke, daitekez
daude, dagoz
ditzakegu, daikeguz
zien, eutsen
zioten, eutsoen
lituzke, leukez
Euskaldunon literatura, urria eta eskasa da. Gure ahozko literatura, ordea,* aberatsa eta zabala da. Euskaldunon kultura, hitzezkoa da batik* bat, eta ez letrazkoa. Ba da zenbait* kondizionamendu historiko, gure egoera hau esplika lezakeenik; baina ez noa, gaur behintzat, fenomeno honen kausak aztertzera. Aitzitik,* fenomeno honen ondorio kulturalei so* eginen diet. Ondorio hauetarik bat hau litzateke: Hitza dugu euskaldunok kulturazio biderik nagusiena.
Urteetan zehar, gaurdaino, apaizen sermoiak izan dira gure kulturazio bide bakarra. Euskaldun gehienok, irakurtzen jakin arren, oso gutti erabili dugu irakurketa, hezibide* bezala. Hitza da gure kulturaren sostengu eta euskarri.* Herri jakintzaren espresiorik zinezkoena bertsolaritzan aurkitzen da. Eta bertsolariek ere hitzean sustraitzen dute beren jakintza.
Lehengoan esaten nuenez (ANAITASUNA 227), hizkuntza errealitatearen lehen xedatzea,* konprenitzea eta teorizatzea da, hots,* hizkuntza errealitatearen lehen razionalizatzea da. Euskaldunen jakintzarik benetakoena geure euskara dugu. Zeren* eta hizkuntzaren bitartez espresatzen baititugu, geure munduarekin eta geure gizarte inguruarekin ditugun harremanak. Bestalde, hizkuntza, euskara, geure baitarekin eta beste gizonekin ditugun harremanen agerpen denez, euskal kontradizioen agerpen dugu.
Rikardo Arregik, euskaldunen alfabetatzearen planifikazioa egin zuenean, «letraren» ardura zuen batik* bat. Hau da, euskaraz eskribatzen eta irakurtzen ez genekiela ikusirik, kulturazio literarioari eman zion garrantzirik handiena. Noski,* hau oso inportante eta premiazkotzat jotzen dut, eta, gainera, beharrezko da. Baina, agian,* alfabetatze literario honek ba du zenbait peril, akats eta ondorio lanjeroso.* Hain zuzen ere, eta gure analfabetismoa arrunta* eta oinarrizkoa denez, ezin gaitezke has goitik beherako erremedioak moldatzen; aitzitik,* behe behetik hasi behar dugu, azkarrago eta zuzenago joatearren.
Euskara euskaldunon jakintzaren oinarri denez, euskararen arloan finkatu behar dugu geure alfabetatzearen sustraia. Alferrik ikasiko dugu euskaraz eskribatzen eta irakurtzen, baldin lehenik «hitz egiten», hots,* hitzak fabrikatzen ez badakigu. Bai politika eta bai sozial alorrean,* euskaldunok hitz egiten ez badakigu, txantxetako idazketa eta irakurketak izanen dira gureak. Gaur euskaldunok mutuak gara, eta alfabetatzeak hitz egiten irakatsi behar dauku.
Hitza ez da ahoko hortzetik zintzilik dagoen zerbait. Hitza praxi bat da. Benetako hitzak, praxi denez, mundua eraz aldatzen du. Praxi gabeko hitza, ordea,* mutu eta doinu arrunt* gertatzen da. Ekintzarekin batera doan hitza, iraultzaile* eta operatiboa da. Ekintzarik gabeko hitza, ostera,* «bla-bla-bla» bat besterik ez da. Baina hitza, benetako azterketa eta analisia ez bada, ekintzakeria, aktibismo agorra da.
Gure analfabetismoaren lehen maila, gure mutu izatean datza.* Hizkuntza bat ba dugu, baina gure euskara ez da oraino funtzional eta iraultzaile. Zeren* eta euskara, ortze* mitiko batean finkatuta dagoelarik, ez baita eragile eta dinamiko.
Eguneroko hizkuntza hauzitan eta krisian jarri behar dugu, hizkuntzan gorderik aurkitzen diren pentsakera oker, uste arnegagarri eta fede desegokiak aztertuz. Alfabetatzearen lehen eginbeharra eta jomuga,* hizkuntzaren azterketa kritikoa da. Geure eguneroko hizkera problematizatu egin behar dugu. Honela, gure eguneroko bizimoldeak kritikagarri agertuko zaizkigu; eta kritika honetan datza* benetako kontzientziaren iturburua.
Kontzientziaren sostengua hizkuntza dugu. Euskal kontzientziaren euskarria* euskara dugu. Halaber,* gizarte klase bakoitzaren kontzientzia haren hizkuntza berezian oinarritzen da. Beraz, euskara kritiko baten lortzea, kontzientzia kritiko baten lortzea da.
Hizkuntzaren kritika, elkar hizketaren bitartez ardiets* daiteke. Taldeko elkar hizketaren bitartez, hitzak kritikagarri bihurtzen dira. Taldean eta elkarrekin hitz eginez, hitzek zentzu berria hartzen dute. Hitzak bortxaturik eta garbiturik gertatzen dira.
Jakintza, lotzaile edo askatzaile izan daiteke. Jakintza lotzaile baten funtsa* mitologizazio batetan datza. Jakintza askatzaile baten guna* desmitologizazio batetan datza. Liburuetan eta hitzaldien bitartez jasotzen* den jakintzak, lotu egiten du gehienbat. Irakurlea edo entzulea ez da libre, «eskuratzen» eta «ematen» zaion jakintzaren aurrean. Ordea,* taldeka eta elkar hizketan geureganatzen dugun jakintza, kritiko eta askatzaile da; eta honetan datza heziketa* eta jakintza askatzailearen oinarria.
Geure artean dugun hezibide* eta kulturazio metodoa irakurketan eta entzutean sustraiturik dago. Eta heziketa metodo hau lotzaile eta alienatzaile izan daiteke. Gizarte-molde orok* ba du bere heziketa moldea. Sarrienik,* edo beti, klase dominantearen arauez taxuturiko pedagogi moldea erabiltzen da gizarte guztietan. Beraz, esan daiteke, produkzio molde bakoitzari bere pedagogi moldea dagokiola. Eta guk ba dakigu, gaur Euskal Herrian zein den klase eta produkzio molde dominante eta nagusia. Kapitalista, hain zuzen.
Hizkuntza, gizonen arteko erlazioen agerpena da. Nolako harremanak, halako hizkera (gizarte maila desberdinean, hizkera berezia). Euskal langileriaren alfabetatze kanpaina, honetan sustraitu behar dugu: gaurko euskarak, Euskal Herriak gaur eta hemen dituen behar konkretuei erantzun behar die; eta orduan bai izanen dela euskara kulturazio bide jator eta egokia.
Beraz, hitzaren gain, berbaren gain oinarritu behar dugu alfabetatzea. Bai irakurketak eta bai idazketak «hitzaren» pean eta honen morroi izan beharko dute. Geure literatura guztia ere gaurko hitzegite honen zerbitzuan ikuspegitu beharko dugu.
Baldin lekzio, sermoi eta doktrinen bidez analfabetua kulturatu nahi badugu, oker handi bat eginen genuke. Zeren,* horrela, analfabetua hartzaile soiltzat jotzen baitugu, jakintzaz bete beharreko ontzi edo kaiku bat bezala. Eta, honela, ez dugu kontzientziarik askatu eta esnatuko.* Analfabetuari, berak berez «dakien» jakintzaz jabe erazi behar zaio: hortxe datza alfabetatzea. Nehork* ez dio inori irakasten; aitzitik,* gizonak beren artean eta elkarren kontzientziak kontrastatuz konturatzen eta kulturatzen dira. Kontzientzia ez zaio inori irakasten. Kontzientziaz jabe erazi egiten zaio, baina ez irakatsi. Kultura literarioa laguntzaile bat da; baina berez ez da jomuga.*
Aurrerantzeko lanetan saiatuko natzaitzue, hemen esandakoaren alderdi pedagogiko eta metodologikoak agertzen.
LUIS HARANBURU-ALTUNA
dauku, dausku, digu
die, dautse
diet, dautset
dio, dautso
gaitezke, gaitekez
lezake, leike
zaio, jako
zaizkigu, jakuz
Kultura
Erradio-aktibitatearen problemak
Erradiazioen efekto fisiologikoak ezagutzeko, toki berezi bitara joan gintezke: edo fisikalarien laboratoriora eta hospitale batera. Ni neu bigarrenera zuzendu naiz, elkar hizketa bat zertzeko asmoz. Han, neska gazte bat dago nire zain; medikua da bera, eta erradiazioen gorabehera fisiologikoak azalduko dauzkit. Guztiz jatorra da. Bera prestatu zitzaidan entrebistarako, Iturribide kalean ukan genuen* txikiteo batean.
— Honez gero, ez hintzela etorriko uste nian. Hamarrak eta hogei dituk eta.
— Hamarretan esan neunan, baina zirkulazio astun honekin ez diagon zer eginik.
— Tira, goazen barrura.
Hospitaleak herri aislatu bat dirudi. Jantzi zuriak toki guztietatik, eta noizean behin karro arraro bat, zuria hau ere, gaixoren bat eramanki.* Gela batean sartzen gara, eta han, mahaiaren alde bietara gaudelarik, magnetofonoa jartzen dut martxan.
— Gaur erradiazioen efekto kaltegarriak azalduko dauzkiat. Honekin, beharbada, beldurtu egingo haiz pixka bat; baina gero, erradiazioen aplikazio mesedegarriak ikusirik, haien garrantziaz konturatuko haiz eta beldurra ere kendu egingo zaik.
— Has haiteke, nahi dunanean. Prest niagon.
— Ez dauat fisikazko kurso bat emanen; baina, dakianez, erradiazio mota ezberdinak diaudek: alfa, beta eta gamma bereziki.* Guzti hauen efektoak berba batez esatekotan, materia ionizatzen dutela esango nikek. Ionizazioaren kausaz, izpiek* molekulak apur zitzakeate, eta, sorturiko zatiak batzen ez badira, molekula hoik* galdu egiten dituk.
— Molekula galtze hau inportantea da?
— Ba dituk molekula batzuk, bizitzarako garrantzi haundikoak direnak. Gainera, zatiak pozoindunak izan zitezkek.
— Efektoak, berdinak dira gorputzaren parte guztietan?
— Ez eta hurrik eman ere. Eun* batzuk guztiz gogorrak dituk; beste batzuk, ostera,* ahulak.*
— Zeintzuk dira eunik gogorrenak?
— Azala eta giharra. Hauek erradiazio haundiak behar ditiate gaixotzeko. Ahulenak, aldiz, sexo organoak eta begiak dituk.
— Nola agertzen dira sintomak?
— Azala, erreta balego legez* agertzen ziaiguk. Hondartzan gaudela, eguzkiak erretzen gaituenean, izpi mota batzuen bitartez erretzen giaitik.
— Gauza bat. Zer gertatzen da odolean?
Han ere, erradiazioen kausaz, bikor gorrien (leukozitoen) numeroa gutitu egiten duk. Horrela, leukemia diatork.
— Lehen esan dautananez, sexo organoak ditun ahulenak. Esplika hezake zerbait horretaz?
— Erreproduzio arloan fenomeno arraroak diaudek. Geneetan mutazioak izan zitezkek, eta orduan herentzia aldatu egiten duk.
— Hortik aparte, ba dago beste problemarik?
— Dosi haundia harturik, esterilizatu egiten dituk pertsonak. Bestalde, haurdun daudenen artean abortoen portzentua goratu egiten duk asko, bai eta jaioberrien deformazio fisiko eta mentalena ere.
— Estaduek ez dute legerik jarri horretaz?
— Bai, erresuma* gehienetan, galerazita diagok emakumeen lana erradio-aktibitate zentroetan, haurdun direno* behintzat. Bai eta mutil gazteena ere.
— Besterik gogoratzen zain?
— Bai. Amaitzeko, zerbait esan behar dauat. Askok, hau entzun nahiz irakurri ondoren, beldurra hartuko zioate erradio-aktibitateari. Horregatik, guztiz negatibo bezala ager ez dadin, hemen hospitalean bertan erradio-aktibitateari ateratzen zaizkion aplikazioak azaldu nahi neuzkek. Baina, horretarako, beste egunen batean etorri beharko huke.
— Interesgarri izanen dun. Noiz etor ninteke?
— Datorren astean, ordu berean.
— Ondo. Mila esker eta datorren asterarte.
— Agur.
J. R. ETXEBARRIA
Toketazko formak
diagok, dago
diatork, dator
diaudek, daude, dagoz
ditiate, dituzte
dituk, dira
duk, da
giaitik, gaitu
nian, nuen, neban
nikek, nuke
ziaiguk, zaiku, jaku, zaigu
zioate, diote, dautsoe
zitezkek, daitezke, daitekez
zitzakeate, ditzakete, daikeez
Noketazko formak
diagon, dago
ditun, dira
dun, da
niagon, nago
Osterantzeko formak
dauat, (B) dauat, (G) diat
daude, dagoz
dautan, daustan, didan
dauzkiat, dauadaz, dizkiat
dauzkit, daustaz, dizkit
gaude, gagoz
gintezke, geintekez
hezake, heike
neunan, (B) neunan, (G) ninan
neuzkek, neuskizak (neuskezak), nizkiake
zaik, jak
zain, jan
zaizkio, jakoz
zitzaidan, jatan
Hizkuntza
Aditzari buruz gauzak argiro (4)
Mende* honen hasieran, aurreko artikuluan aipatu genuen bezala, bizkaitar eragin politiko eta soziologiko hura* iparralderaino ere sartu zen, neurri ttipian bazen ere.
Gipuzkeraren berpiztea eta nagusitzea —agian,* gerra ondoko hizkuntz zapalkuntza bertan ttipittoagoa izan zelako— gerra bukaturik hasi zen; beraz, oraintsuko fenomeno bat dela esatera ausartuko* nintzateke, ia ia. Horra hor, 200 urte hauetako gipuzkoar nagusitasun literarioa zertan gelditzen zaikun. Gipuzkera idatziak, egia da, 200 urtetako historia bat du; baina horrek ez du esan nahi, denbora guztian euskalki* nagusia izan denik, lapurterak dituen 400 urtetako historiak, arrazoi berberagatik, lapurtera klasikoak 400 urtetako nagusigoa ukan* duela esan nahi ez duen arrazoi berberagatik.
Bestalde, euskal literatura, % 90ean, honez gero ia guztiz agorturik eta berriro ere argia ikusiko ez duten erlijio liburu edo debozionarioak izanez, zeren izenean aipa daiteke hoien literatur garrantzia?
Ba dakigu, berriz publikatzekotan, kalitate ezagun bateko obra klasikoak izan ezik, ez direla berriz euskal liburu zaharrak argitara emango. Galdera, gehienontzat eta publiko normalentzat liburu zahar guztiak ezezagunak direnez gero, hauxe dateke:* zerk du garrantzi gehiago, nolakotasunak* ala zenbatasunak*? Erantzuna ez da gaitza.
Egitada guztiongatik, nik uste, ez dakusat batere arrazoirik, gipuzkera «hutsaren» gainean halako «arrazoi soziologiko» hoik* ontzat hartzeko.
Ba da. noski,* beste arrazoi bat, gure gogoz kontra, orain lapurteraren alde gaudenon kontra aipatua, hots,* guk ere, lehen, gipuzkeraz idazten genuela, bizkaitarrak izan arren. Noski, batasunera joan nahirik, bizkaieratik gipuzkerara iragan* ginen, berau hura* baino egokiagoa zelakoan. Baina, lapurtera ezagutu bezain agudo* —eta neronek orain gutti ezagutu dudala aitortu behar dut, lehenago gure artean lapurterazko libururik bat ere salgai ez zegoelako—, gipuzkeratik lapurterara iragan ginen, oraingo euskaldun berri asko bizkaieratik, zuzen zuzenean, lapurterara pasatzen diren arrazoi berberagatik. Ez dut uste, noski, oso joko garbia dela gure lehengo inorantzia harma gisa aurpegira jaurtikitzea.
Eta azkenez, euskararen usadiora bagoaz, Lapurdin eta Nafarroa Beherean guti mintzatzen bada, ez dut uste Tolosako edo eta Donostiako kaleetan askoz gehiago entzuten denik, telebistak, irratiak eta eskolak egunero obraturiko zapalkuntzak euskarari batere gaztelurik edo eta gordelekurik uzten ez diolako, eta haurren artean guttiago, gainera.
Euskararen batasuna, bestetik, ez da gaur euskaraz mintzatzen diren haur eta gazteentzat «bakarrik» egiten, BIHAR mintzatu behar duketenentzat* baizik; eta hauk,* Gipuzkoan ezeze, baizik eta Bilbon, Nafarroan eta Araban egonen dira gehienbat, eta berauentzat, bistan dago, Gipuzkoako arrazoi soziologikoek ez dukete* balio. Larresorok berak egia esan zuen Eibartarrari egindako artikuluan. Gurea, etorkizuneko Euskal Herri berri baten aldeko burruka bat da, Euskal, Herri zaharrak, euskalkietakoak,* ia guztiz berea egin duelako.
Konforme gaude guztiok, hala ere, bizirik dirauen* euskarari eutsi behar zaiolakoan; eta horretan, hain zuzen ere, ari gara. Baina ez ote zaie gipuzkoar eta gazte gehien gehienei lapurtar modernoa bezain arrotz gipuzkera «batu» teoriko hori gertatzen ala*? Ala ez dira gaur egun gipuzkera «mintzatuan» —herriak, herri analfabeto gehienak, ezagutzen duen bakarrean— dizkigu bezain arrotz dauzkigu, berak pluralerako, digu edo diguz baldin badio? Eta dizkio gabe, herriak Gipuzkoan diotza, dirautza, diozka, dizka, dizko eta dio esaten baldin baditu, bai eta deutsoz eta ditio, eta ikusi zaitut gabe, ikusi dizut edo deutsut edo dotzut? Hitz batez, gure hizkuntzaren egiazko herri egoera zeharo kaotikoa baldin bada —eta alfabetatzaileek ba dakite zerbait honetaz!—, zertarako balio du, azken batez, forma hauk* hoik* baino hedatuagoak* direla esatea, aitonengan egia zena, gaur, zoritxarrez, holaxe ez bada?
Eta etxea, etxe osoa, oinarrietatik egiten hasi behar badugu, herriari bere hizkuntzaz baliatzen irakatsi behar badiogu, hobe da etxea behar den moduan egin dezagun, eta hobe dukegu* bide* den moduko hizkuntza bat irakasten has* bagaitez.
Guk nahi duguna zera da, gipuzkera ailegatzen ez deneko puntuetan —eta hoiexetan bakarrik!— lapurtera hartzea, benetan Euskal Herri osoarekiko batasun bat egiteko, ez hegoaldekoontzako konponketa soil bat.
Azkuek Espainia aldeko euskalkietarako batasun bat proposatu zuen, Gipuzkera Osotua izenaz, eta bere sasoian porrot eginik gelditu zitzaion; ea honetan, probintzialismoak eta keria guztiak alde batera utzirik, iparraldeko anaiei kasu gehiago egiten diegun!
XABIER KINTANA
dakusat, ikusten dut
dezagun, daigun
diegu, dautsegu
gaude, gagoz
zaie, jake
zaiku, jaku, zaigu
zaio, jako
zitzaion, jakon
Liburuak
"Langileria historian zehar". Liburu interesgarri bat
Gure euskal bibliografia aberastuz doa. Gure editorialak polito ari zaizkigu lanean, Eta, egia esan behar badut, aspalditik nengoen. ETOR-ek agindu zeukun liburu hau irakurtzeko asmoz.
«Gogorra, latza, mingarria, langileriaren egoera. Geroztik zenbait* gauza aldatu dira; baina, ikusiko dugunez, burruka eta indarrari eskerrak lortu diren aurrerakadak dira,» esaten dauku liburuaren egileak. Egia da Ugaldek dioena; baina beste gauza bat ere ikusi behar da: giza historia osoa burruka izan dela, eta, lortu diren gauza onak burrukaren bidez lortu badira ere, gauza okerrak ere burrukak sortu dituela. Benetan, ezin genezake gizonaren historia gogora, burruka batean pentsatu gabe. Burruka horretan, langileriak parte haundia izan du; eta orain aipatzen dugun liburu honek langileriaren burrukaren sintesi bat eskaintzen dauku.
Ez dut uste, Mikel Ugalde idazle gazteak presentazio haundiegirik behar duenik. Gure Herriko zenbait aldizkaritan oso entzute haundia duen idazlea dugu. Gainera, haren idazlanak oso gustora irakurtzen diren hoietakoak dira.
Beraz, idazle gazte baten eskutik datorkigu gure gaurko liburua.
Aurkibideari begiratzen badiogu, oso gai interesgarriak ikutzen dituela esan daiteke. Inglaterratik hasten da, Frantziarekin jarraitzen du, eta, ondoren, teorikoen dotrinak eta zenbait sozial gertakari aztertzen ditu: Saint Simon, Proudhon, Kartismo deritzan mugimendua, Marx, Engels, 1848.eko iraultza* eta lehen Internazionala. Espainiako gorabeherak arakatzen* ditu gero, eta, azken aldera, Euskal Herriari dagozkionak ikutzen.
Holako aurkibide batek nahi eta nahiez bultzatzen gaitu irakurtzera, gaia interesgarria baita.
Bi atal izango dituen liburu baten lehen zatia da gaur aipatzen ari garen hau. Bigarren Internazionalerarte aztertzen du liburu honek.
Ba zen ordua, honen antzeko libururen bat gure artean ikusteko.
Ondo egina dagoela uste dut. Akatsen bat aipatzekotan, beraren eskematismoa aipatu beharko genuke. Baina, jakina, honelako lan batean hain gai zabala hartzen denez gero, ez da harritzekoa liburuari eskema usaina hartzea. Lanerako laguntza bat izan nahi du liburu honek. Langileriaren historia aztertu eta estudiatu nahi dutenentzako tresna bat izan gura* du. Beraz, beraren eskematismo hau birtute bat ere izan daiteke.
Sintesi bat eskaintzen dauku liburuak, oso ederki egindako sintesi bat. Gainera, gehiago sakondu nahi duenak, ba du, liburuaren azken aldean, bibliografia bat.
Beraz, gure Herrian langileriaren historia ezagutu nahi dutenek hemen dute lagungarri bat. Nire ustez, zerbitzu on bat eskaini dio Euskal Herriari liburu honek.
Eta, Euskal Herriari gagozkionez, aipa dezagun, liburuak gure Herri honen historiari buruz esaten daukuna. Labur esanda daude esan beharrekoak; baina, beraren laburtasunean, ba dirudi, oraindik interesgarriago egiten zaikula.
Lehenbizi gure Herriko gizamailen problema aztertzen du, eta gero gure historiaren zenbait puntu ikutzen: burgesiaren joera edo joerak, gizarte egiturak,* Zamakolada, Azkoitiko zalduntxoak*... Beharbada, asko ohitu gabe irakurlea harritu egingo da, zalduntxo hauen joera ikusteaz; baina liburuak nahiko garbi adierazten dauku zernolakoak ziren. Horregatik, «historian zehar, agintedun euskaldunek era berean jokatu balute, beste kukurruku batek joko zukeen» dionean, arrazoi haundia duela uste dut.
Beraz, liburu interesgarria ETOR-ek eskaini daukuna. Bigarren atala noiz aterako duen zain gelditzen gara. Batez ere, gure Herriko langileriari buruzko azterketa gerorako utzi duelako. Gure Herrian langileria sortzen ari zen garaian bukatzen baita liburua. Industriatzearen hasiera aipatzen du; baina oraindik urrun dago gure langileria bere betetasunera ailegatzetik.
Euskarari dagokionez, Mikel Ugalderen luma trebeak irakurleari lana asko erraztu dio. Euskara polita eta erraza erabiltzen duela esan dezakegu, nahiz eta batzuetan azken mementoko begirada zuzentzaile baten falta nabaria* izan. Berdin gerta dakioke zenbait «a» organikori buruz. Baina hauk* denak oso akats tipiak dira, liburuaren osotasunari begiratzen badiogu.
Eta, amaitzeko, Ugaldek hitzaurrean esaten duena aipatu nahi nuke. «Akatsez beterikako lana dela ohartzen gara, bai mami eta bai idazkera aldetik ere. Baina, espezializatuek euskal arloan lan egiteari ekiten ez dioten bitartean, ez dugu ezeren aurrerapenik lortuko», dio Ugaldek. Honetan ere, gure Herriko giroa aldatuz doala aitortu behar dugu. Euskaldun asko ari baitzaiku Unibertsitatean ikasten. Ba dabil gazteria, gero lan sakon bat egiteko asmotan. Euskal zaletasunez botetako gazteria. Eta gazteria hau izango da, gero espezializatuen saila osatuko duena.
Gure itxaropen hau, egia bihurtuko da laster. Bitartean, zorionak eman behar dizkiogu bai Mikel Ugalderi, bai eta ETOR editorial gazteari ere, azken bolada* honetan oso lan interesgarriak argitaratzen ari delako.
HORMAETXE
balute, baiebe
dakioke, daitekio
daude, dagoz
dezagun, daigun
dezakegu, daikegu
dio, dautso
diogu, dautsagu
diote, dautsoe
dizkiogu, dautsaguz
genezake, geinke
zaiku, jaku, zaigu
zaizkigu, jakuz
zeukun, euskun, zigun
zukeen, euken
Kritika
Loroñotarrak eta "Oskorri" taldekoak Bilbon
Oraindik neguaren erdian gagoz, eta hotz egiten dau. Bizkai aldeko zenbait* enpresatan, langile burruka eta arazoak ugari dira. Enpresa jabeak harrokeria gehiegi gabe dabiltza; eta ekonomi bizitza tristerik abiatzen dala entzuten da. Ofizialki, peoi bakoitzak 157 pezeta irabazten ditu egunero. Azken egunotan hainbat jende sartu dabe gartzelara; baina, etxe batzuetako negarra gorabehera, jendea bizirik bizi da, benetako mirariak eginez. Bilbo aldean nahiko poz sentitzen da, «Solución Sur» dalakoa zabaldu ebenetik. Barakaldo alderantz, hala ere, izugarrizko kotxe hilarak egiten dira, txofer guztien odolak irakiten jarriz.
Giro honen barruan, Bizkaiko Akordeonisten Elkartasunak eta «Oskorri» taldeak, biok batera baina bakoitzak bere bidetik, jaialdi bat eman eben «Santiago Apóstol» ikastetxeko teatroan, otsailaren* 13an, goizeko 11etan.
Nahiko jenderik bildu zan. Akordeonistak pozik ei* egozen, ez ei eben hainbeste entzulerik behin ere izan eta. 300 bat entzule izaten ei ditue, hilabetero ematen dituen kontzertuetan.
«Oskorri» taldekoek propaganda ona egin dabe, hainbat gazte erakarri baititue teatrora, ia ia bete arte.
Presentadore zereginak Francisco Javier García jaunak egin zituan. Bere betaurreko ilunen atzean, gorputz txiki eta ondo konpondu baten jabe, buruz ikasitako hitz bi euskaraz, eta beste enparaduak* erdaraz bota zituan, beti ere gauza samurrak, elezuriak,* kasikan sermoi kutsudunak esanez. Baina, honelako kasuetan legezkoa dan bezala, txukun agertu zan, gauza txukunak txukunkiro esanez.
Josu Loroñoren neska-mutilak —Bizkaiko Akordeonisten Elkartasunak haren zuzendaritzapean baitihardu— bata bestea baino dotoreago agertu ziren. Arropa berdin eta egokiekin egozen, eta joan-etorri guztiak modu akonpasatu eta ondo ikasian egiten zituen. Boccosi, Deiro, Wagner, Hyde, Jarre, Sorozabal, Loroño eta Vallejos jaunen musika jo eben, hutsik egin gabe, moduz, aire finez, Josuren makilatxoak markatzen eban erritmoari artez jarraituz. Forma guztiak ondo gorde zituen, eta soinulari onak direla ondo frogaturik* utzi eben.
«Oskorri» taldekoek ez dakie formen berri hain handirik. Aldran* eta pauso narrazez* agertu ziren ezenariora. Nobedade bat ekarren: kontrabajo ikaragarrizko bat. Zoritxarrez, lehen partean ez jakon gauza handirik entzun, ez baiteukan mikrofonorik.
«Oskorri»koek gauza asko esan euskuezan. Moduak zerbait hobeto ikasi ditue, baina oraindik ba dabe zer ikasirik Loroñotarrengandik. «Kexa eta promesa» eta «Agotak» betiko itxura grabe eta serioan atera zituen. «Musuaren galdatzea» eta «Gure astoa Balaan» oso pozik entzun zituan publikoak. Kantuen eta hitzen esangura, besteetan baino hobetoxeago azaldu eben, ez guztiz argi eta azkar baina.
Jende gaztea pozik samar gelditu zala uste dogu. Kanpoan hotz egiten eban, eta etxeetan igandeetako atseden laburra.
DONAGARAI
dabe, dute
dabe eban, zuen
eben, zuten
egozen, zeuden
ekarren, zekarten
euskuezan, zeuzkiguten, zizkiguten
gagoz, gaude
jakon, zitzaion
Gurutzegrama (2)
Behin eta berriz irakurri dut, otsailak* 4, Donostiako «Unidad» arrats aldizkarian agerturiko Santiago Aizarnaren artikulua. Eta beste behin ere zera segurtatu ahal ukan* dut, etxeko istilu eta xexioak* etxean bertan konpontzen ahalegindu beharrean, kanpokoen eskuak ere liskarkide* izan daitezen saiatzen garela. Bai dela hau tristurazko eta tamalgarri!*
Oraingo honen liskarbidea, Euskaltzaindiak bere azken lehiaketan* harturiko epaia izan da. Lehiaketan parte hartzaile bat —Euskaltzaindiko bera— kexu da eta oso arrazoindun, ene ustez. Horrelako lehiaketa batean, lan publikatu bati lehen saria ematea bistan da ez dela gisako. Zertarako, bada, eskatzen zen lan bakoitzarekin bere pliga* bidaltzea? Baseak betetzea ez da, bada, izan behar juraduaren lehen betetzekoa? Nire ustez, baseak betetzea baino gogoanago eduki du juraduak, lanak batasunean idatzita ala ez egotea. Baina batasunean idaztea ez zen baldintza, lanak ineditoak izatea bai. Batasuna kontseilutzat eman zen, ez baldintzatzat.
Salatariak* dioenez, bi eskutitz bidaliak ditu protesta gisa Euskaltzaindira. Ez omen* du erantzunik ofizialki jaso.* Euskaltzaindiaren hurrengo bileran ez omen zen —dio berak— gai horretaz ezertxo ere mintzatu. Zerbait oker eginaren susmoagatik ez ote zaio, bada, erantzun?
Eta, irakurriaz nindoalarik, hara zer topatu nuen Euskaltzaindiko salatariaren ahotan jarririk: Euskaltzaindiaren gogoz bestera,* «tenemos derecho a expresarnos en nuestra propia lengua y no en esa maldita jerga que algunos han inventado». Irakurleak berberak estima dezala hitz hauen garrantzia. Niri min ematen daut, Euskaltzaindiko batek, basoerdi bat hartzea bailitzen, honelako eritziak hedatzeak.* Horixe baino errespeto gehiago merezi dugu euskaldunok, «mila eta mila urtez gure herri honen lan-, min-, maitasun- eta zorionaren komunikabide» izan den eta den hizkuntzaren maila goreneko erakundearen* partetik. Zorionez erdiak baino askozaz gehiagok erabiltzen duen BATASUNARI nolatan dei* liezakeo Euskaltzaindiko batek gaur «jauntxo batzuek asmaturiko euskalgaitz madarikatu»? Irakurri berria nuen Euskaltzaindiak zuzendu daukun eskaria, bere etxearen edertzeko eta liburutegiaren osatzeko. Zeintzuk dira, ordea,* Euskaltzaindia?
Eta goian aipatu* artikulua irakurri ondoren, «Unidad»eko orrialde bereko Santiago Aizarnaren beste artikulua irakurri nuen: «Diálogo sobre el hueso». Eta berehalaxe, barne muinetaraino mindurik, «zertan gabiltza?» galdetu nion neure buruari.
AKAITZ
dauku, dausku, digu
daut, daust, dit
dezaia, daiala
liezakeo, leiskio, lezaioke
nindoan, ninoian, joaten nintzen
nion, neutsan
zaio, jako
Ikas zeure hizkuntza
IMANOL BERRIATUAK
Ale honeta izartxo batekin agertzen diren berbak
ABURU, eritzi, uste.
AGIAN, beharbada, nonbait, seguramente.
AGUDO, aguro, laster, arin.
AHANTZI, ahanztu, ahaztu.
AHANZTU, ahantzi, ahaztu.
AHUL, makal.
AIPATU, aipatutako, aipaturiko
AIPU, cita.
AITZITIK, al contrario.
ALA, o qué?
ALDIZ, berriz, ordea, ostera.
ALDRA, tropel, troupe.
ALEGIA, a saber, es decir, esto es.
ALOR, arlo, sail.
AMILTEGI, precipicio.
ARAKATU, aztertu, ikertu.
ARAUERA, según, conforme.
ARDIETS, ardietsi, erdietsi, lortu (potentzialetan).
ARDURA, axola, arta.
ARDURADUN, axoladun, responsable.
AREAGO, oraindik gehiago.
ARIKETA, ihardunketa.
ARRUNT, corriente, ordinario.
ASKI, nahiko.
AUSARTU, atreverse, osar.
AZKAR, bizkor, laster, arin.
BAHITURA, secuestro.
BAITAN, -gan.
BARIK, gabe.
BATIK BAT, batez ere, bereziki.
BEHARGIN, langile.
BEHINEN, principal.
BESTERA, kontra.
BIDE, bidezko, justo, legítimo.
BILAKATU, bihurtu.
BOLADA, unada, denboraldi.
BULEGO, oficina, bureau.
BURURATU, gogoratu, ocurrir, venir à l'esprit.
DATEKE, da nonbait.
DATZA, yace, consiste. (Etzan aditzaren forma).
DEI, deitu (potentzialetan).
DENDA, tienda, boutique.
DIRAU, irauten du.
DIRENO, diren artean.
DUKEGU, dugu nonbait.
DUKETE, dute nonbait.
EGITURA, estructura.
EI, omen.
ELEZURI, palabra melosa, palabra lisonjera.
ENPARADU, restante.
ERAKUNDE, institución, organización, organismo.
ERAKUSTEGI, escaparate.
ERAMANKI, eramaten, eroaten.
ERETI, era, abagadune, parada, ocasión, oportunidad.
EROR, erori, jausi, (potentzialetan).
ERRESUMA, erreinu, estadu.
ESKARATZ, sukalde.
ESKOMIKATU, excomulgar.
ESNATU, iratzarri, iratzartu.
EUN, tejido. (Ehun eun, cien tejidos).
EUSKALKI, dialecto vasco.
EUSKALTZAIN, académico del euskera.
EUSKARRI, apoyo, sostén.
EZTEI, eztegu, boda, noce.
FROGATU, probar, demostrar.
FUNTS, fondo, substancia.
GERATU, gelditu.
GUN, hun, tuétano, meollo, moelle.
GURA, nahi, gogo.
HAINAKO, besteko, bazainbateko.
HALABER, igualmente, así mismo.
HAS, hasi.
HAUK, honeek. (Hauek aktibo, hauk pasibo).
HEDATU, zabaldu.
HEIN, medida, grado, proporción.
HELBURU, fin, objetivo.
HEZI, educar.
HEZIBIDE, medio educativo.
HEZIKETA, educación.
HOIK, horreek. (Hoiek aktibo, hoik pasibo).
HOLGETAN, txantxetan.
HORREGATIO, hala ere.
HOTS, a saber, es decir, esto es.
HURA, ha.
HURBIL, cercano, próximo.
IHAZ, igaz, jaz.
IRAGAN, igaro, pasatu.
IRAGARRI, anunciar.
IRAULTZAILE, revolucionario.
IRITXI, heldu, ailegatu.
IRTEN, urten, atera, jalgi.
ITAUNDU, galde egin, galdetu.
IZPI, rayo.
JARAMON, jarpen, postura, actitud.
JASAN, jaso, soportar.
JASO, altxatu, recibir.
JAUSI, erori.
JAZO, gertatu.
JOMUGA, helburu, fin, objetivo.
KAZETALARI, kazetari, periodista, journaliste.
LAGA, utzi.
LANJEROSO, peligroso.
LAPIKO, eltze.
LEGEZ, lez, bezala.
LEHIAKETA, competición, concurso.
LISKAR, disputa.
LORTU, ardietsi, erdietsi.
MARRAZKI, dibujo, dessin.
MENDE, siglo.
MENDEBALDE, mendebal alde, occidente.
MEN EGIN, obeditu.
MERKATALGO, comercio.
NABARI, evidente, patente, notorio.
NABARITU, notar, percibir.
NARRAZ, arrastrado, abandonado, desaliñado.
NEBA, neska batentzat bere aitaren seme.
NEHOR, inor.
NOLAKOTASUN, calidad.
NOSKI, naski, ciertamente, claro está, desde luego.
OMEN, ei.
ONERITZI, amor, dilección.
ORDEA, aldiz, berriz, ostera.
ORO, guzti.
ORTZE, zeru.
OSATU, osotu, completar, perfeccionar.
OSTERA, aldiz, berriz, ordea.
OTSAIL, febrero.
PLIGA, plica, sobre cerrado, enveloppe fermée.
SALATARI, denunciante.
SARRI, maiz.
SARRIENIK, maizenik.
SO EGIN, begiratu, behatu.
TAMALGARRI, penagarri.
TXOSTEN, idazlan, trabajo escrito, comunicado.
UGAZABA, nagusi.
UHIN, olatu.
UKAN, izan. (Ukan aktibo, izan pasibo).
URRATS, pauso.
URTARRIL, enero, janvier.
XEDATU, delimitar, fijar, definir, determinar.
XEHETASUN, minuciosidad, detallamiento.
XEXIO, zezio, disputa.
ZALDUN, zaldidun, caballero.
ZARATA, arrabots.
ZENBAIT, batzuk.
ZENBATASUN, cantidad.
ZEREN (ETA), ze, pues.
ZUZEN, zuzendu (potentzialetan).
Ikas zeure hizkuntza
II. Euskara batua. Argitasunaren beharra
1. Sarri askotan, herriak ez gaitu ulertzen, geure erruz ilun idazten dugulako. Idazle onak, gaia berez ulergaitza izan arren, aparteko habilitatea izaten du, gauzak argiro azaltzeko.
2. Lehenengo eta behin, irakurleek ondo uler gaitzaten, sakonki ezagutu behar dugu euskara eta haren sintasia, eta ez erabili inoiz, euskaldun jatorren belarriei min egin liezakeen esaerarik.
3. Baina euskara ondo jakitea ez da nahikoa. Horrez gainera, argiro idatzi behar dugu. Gaur egun, zailtasuna eta iluntasuna dira euskal idazleen bekaturik haundiena. Horregatik, ahal dugun guztia egin behar dugu, geure burua irakurle arrunten mailara beheratzeko, errazki eta atseginez konpreni gaitzaten eta gure idazlanetaz asper eta gogait ez daitezen.
4. Uler errazak izateko erregela berezirik ez dago. Habilitate hori nork berak lortu behar du. Hala ere, ona izango da, hemen orientazio batzuk ematea:
a) ahal dela, erabil bitez sententzia edo esaldi laburrak.
b) ez luza sententziak, klausula subordinatu askorekin.
c) aditz nagusiak konplementu asko dituenean, eta euskal sintasiak permititzen duenean, ez bitez jar konplementu guztiak aditzaren aurrean.
d) idazleak, gaia ondo ezagutzen ez duenean, ez beza gai horretaz idatz.
e) aukera bitez, euskaldunentzat interesa duten mila gairen artean, zailegiak ez direnak.
f) jar bitez komak, behar diren kasu guztietan.
Munduko goseari buruz zenbait gogoeta
Mundua zati bitan bananduta aurkitzen dugu. Alderdi batetik, nazio aurreratuak, aberatsak, beren beharrak aseturik, oso lasai, bizitza artifizialki eratua gozatzen dutenak. Bestetik, nazio atzeratuak, pobretasun iraunkor batetan bizi direnak, beren buruaren jabe izateko, zoritxarrez, gauza ez direnak. Giza eskubideak ukatuak dira hauentzat.
Bistan da, estadu aberatsen eta behartsuen arteko harremanak ez direla zuzenak. Baina egoera hau, norbaitek sorterazia eta eragina da, dudarik gabe.
Gaurko egoeran, nazio behartsuek, menperatuta eta atzeratuta daudenez gero, injustiziaren ondorio guztiak jasan* behar dituzte. Eta gosea, atzerapena, zapalkuntza eta abar, egoera horren salatzaileak bihurtu zaizkigu.
Ikus dezagun lehendabizi, zeintzuk diren atzerakuntzaren ezagugarriak:
- Jendea, urtean zehar, gosez bizi da. Gizonak 3.000 kaloria gutienez behar ditu, ondo bizitzeko. Gaur munduan 3.200 milioi bizilagun aurkitzen dira. Hoietarik 1.800 milioi ondo jan gabe bizi dira, eta, berrogei urtetara heldu baino lehen, heriotza heltzen zaie.
- gizon bakoitzak laurehun dolar baino gutiago produzitzen du urtean. Errenta hau ez da inola ere nahikoa.
- ekonomia produkto gutiz baliatzen da, eta gehienetan arrotz eskuetan aurkitzen da produkto hoien jabetza. Ekonomia produzio bakar batean oinarrituta egoten da.
- gehienak analfabetuak dira.
- gosea dagoenez gero, jendetza gehitu egiten da.
Horrela, estadu behartsuak, beren ekonomia hondatuta dutelarik, gero eta gehiago urruntzen dira estadu aberatsengandik maila guztietan. Bistan da, egoera honen erroa, iturburua, ekonomi eta politika egituretan* aurkitzen dela.
Gaur egunean, estaduen arteko salerosketako ekonomi egitura, kapitalista da; eta atzerakuntza hain ugari aurkitzea, sistema horren ondorioa da, orain ikusiko dugunez.
Nazio behartsuek nekazaritza produktoak eta mineralak saltzen dituzte, eta industri tresnak erosten. Nazio aberatsek, ostera,* industri tresnak saltzen dituzte, eta nekazaritza produktoak eta mineralak erosten.
Baina zer pasatzen da? Merkatuko prezioak estadu aberatsek jartzen dituzte, eta, jakina, industri tresnak garestitu eta nekazaritza produktoak merketu egiten dira. Honela, nazio behartsuen ekonomia gero eta txarrago eta menperatuago agertzen da.
Estadu behartsu hoiek, nahiz eta guregandik limosnak eta laguntzak jaso,* ez dute horrekin ia ezer lortzen.* Haiei laguntzeko asmoz, estadu aberatsetan egiten diren diru bilketak eta antzeko ekintzak kaltegarriak dira luzaroan. Zeren,* ekintza hoiekin, estadu behartsuen egoera luzatzea bakarrik lortzen baitugu, eta ez funtsezko* soluzio bidea. Beraz, sustraira jo behar dugu, ezer konpondu gura* badugu. Eta problema honen sustraia, lehen esan dugunez, ekonomi eta politika estrukturetan aurkitzen da.
Ba diosku Helder Cámara-k: «Egizue iraultza* estadu aberatsetan, eta berehalaxe askatuko dira estadu atzeratuak».
Estaduen arteko salerosketaren estruktura aldatuz gero, herriek beste era batetara eratuko lituzkete beren ekonomia eta bizitza, zapalkuntza gutiagorekin; eta gizona gizon bezala osatuaz* eta heziaz* joango litzateke, bere lurraren eta hizkuntzaren eta kultura bereziaren gainean finkatuz.
Baina, noski,* estruktura hauk* ez dira berez jausiko.* Beraz, estadu atzeratuak soluzio bidean jartzeko, zein da nazio aberatsen eginkizuna?
Egoera honen sustraia estrukturetan aurkitzen baldin badugu, estrukturen aldaketatik argituko dira soluzio bideak. Nazio behartsu hoik* beren hondasun naturalen jabe izatea lortu behar da, jabetza hori nazio bakoitzaren eskuetan jarriz. Estadu barneko ekonomi sistema aldatu egin behar da, langileria nekazaritzatik industriara iragan* eraziz. Azkenez, bertako jendeak kultura eta teknika bereganatu behar ditu.
Jakina, gauza hauek laguntza behar dute. Baina laguntza hori estadu berezi batzuengandik bakarrik jasotzen* baldin bada, nazio behartsuak dependentzia batetan jartzen dira berriz ere, eta askatasunerako bidea berriro zarratzen zaie. Beraz, laguntza horrek nazio arteko erakundeetatik* etorri behar du.
Baina helburu* hauk ez dira lortuko, estadu aberatsen sistema barnean iraultza sortzen ez bada, zeren* estadu hauek beren komenientzien arauera* gidatzen baitituzte nazioen arteko salerosketak, eta aipatu ditugun ondorio gaiztoak hortik sortzen baitira. Beraz, problema hauk konponketa bidean jartzeko, ez da ia ezer dirua ematea. Nire ustez, diru emate hori norberaren burua justifikatzeko egintza da gehienetan; eta hau gure nortasunaren osakuntzaren kontra doa. Diru emate horrekin bakarrik kontentatzen bagara, herri zapalduak gehiago zapaltzen ditugu oraindik.
Gogoeta hauk zuzenak iruditzen baldin bazaizkigu, jar gaitezen ekintzan, geure indarren mailan geure eguneroko ingurua aldatzeko asmoz; eta, geure inguru honetan iraultza lortzen dugun neurrian, halaxe askatuko ditugu herri behartsu eta atzeratuak. Geure inguruan egiten ditugun ekintzek aldatuko dute mundua.
JOSEBA AGIRREAZKUENAGA
daude, dagoz
dezagun, daigun
lituzkete, leukeez
zaie, jake
zaizkigu, jakuz