ANAITASUNA
Año II — Núm. 23
Suplemento a la Hoja "ANAITASUNA" de Guipúzcoa
Mayo 1955
Lora illa. Urteko illerik zoragarriena.
Lorak, beti dira ederrak, Jainkoak alantxe egin ditualako, eta geroko frutuen agintzaria direalako Lorak, gure asmoen, gure amesen, gure gerorako proposituen irudia dira. Orrexegaitik gustetan jaku ainbeste, itzartuta ames egin udabarriko arratsalde epeletan.
Kristiñau bizitzea orixe da: beti loratan egon, beti asmo barriak euki, beti obak izateko erabagiak artu.
Arbolak, urterik urtera loratuten dira. Etorri bekioe leia, jausi bekioe iñetazia naiz abazuzea, galdu bekioez lora guztiak: ez dira orregaitiño iñoiz aspertuten; urrengo urtean, lengoan legez, barriro loraz jazten dira.
Kristiñau zintzoak be, naiz milla bidar molokot egin, naiz bide erdian jausi, bertatik jagiten dira, eta aurrera joateko asmo barriak artzen ditue.
Sarritan gure alegiñak, alperrekoak izaten dira, bakarrik aurkituten garealako, gure alboan adorea ta arnasea emoteko iñor ez daukogulako.
Atxiña, gerra gizonak eginkizun itzalak egiten zituenean, euren biotzeko emakumearen gomutapena eroaten eben beti gogoan Berak iraun eragiten eutsen ordu larrietan, eta berak artzen ebazan gero garaitzailleen lora azauak.
Guk be, ogeigarren gizaldian Jesukristoren soldaduak gareanok, Andra Mariagan daukogu nori eskiñi gure pentsamentuen, gure amesen, gure asmoen lorak. Berak maminduko ditu bere laguntasunaren arnaseagaz, ugarituko ditu zeruko grazien beroagaz, jagongo ditu arerio guztien kontra.
Asko dira, izan-bere, gure kontrarioak. Zenbat lora eder galtzen dituan egunero indiferentismoaren lei otzak! Zenbat kimu barri maiztuten dituan nabarmenkeriaren aize likiñak! Zenbat ames eta ideal aundi ezereztuten dituan materialismoaren legorte ikaragarriak!
Ama Birgiñea izan da aspaldietan kristiñauen jagolea. Gaur be izango jaku, uste osoz laguntza eske joaten bagatxakoz, gure asabak egin eben antzera.
Atxiñako gizaldietan, Maiatzeko illean paganoen oitura nasaiak bizi zirean oraindiño kristiñauen artean. Ekandu txar orreeri kontra egiteko, Andra Mariari eskiñi eutsen Loren Illa, arrezkero kristiñau biotzen jabea bera izan eiten, mundu osoaren eta bertan dagozan kreatura guztien Erregiñea dan antzera.
Eskiñi deioguzan ille onetan Ama Birgiñeari gure jardiñetako lorak. Baiña batez-bere, gure arimako ortukoak.
Ama Sortzez Garbia naz [Bertsoak]
"Guztiz garbia zara, Maria; eta jatorrizko pekaturik ez dago Zugan".
Baratz erdiko lili usaintsu,
Urrezko orriz jantzia,
Zure mosuen bero gozoan
Eztigai billa erlia.
Biotz barruko maitasunaren
Irudi zaran loria,
Zure eztiaz idatzi nai dot
Emen Sorrera Garbia.
Guztiz garbia bere sorrera,
Dirdiratsua jaiotza.
Jesus Jaunaren sorreran bardin:
Garbirik bere gorputza,
Garbi dalarik Semia jaio,
Gero be garbi bizitza.
Sortze garbiko Ama on ori,
Au da Jaunaren alatza!
Ama Birgiña ixilik dago
Munduko eztabaidakaz,
Sortzez garbia dala ta eztala
Dabiltzan zalapartakaz.
Lenengo nai dau geuk autortzia
Egizko siñismenagaz;
Gero Lurdesen esango deusku:
"Sortze Garbiko Ama naz".
Paris-Sobornan Juan Duns Eskotok
Itz oneek zituan esan:
"Al izan eban, nai izan eban,
Beretzat egokia zan.
Jaunak nai eban, al izan eban
Eta bearrekoa zan.
Ama Birgiñak ezelan-bere
Obenik ezin lei izan."
Gauza gatxikan baldin ez bada
Gure Jaungoikoarentzat,
Zelan autatu obendun Ama
Jaunak bere Semiarentzat?
Ezkutapen au illuna bai zan
Gizonen argiarentzat,
Ainbat urtian ez autortzeko
Ama Birgiña garbitzat!
Sortzez garbia zala ta ezala,
Mundu dana eztabaidan.
Ez al dau, Ama, gizadi onek
Jaunagan federik izan?
Alguztiduna bera izanda,
Zelan egingo ez eban,
Zure erraietan Jesus Jainkoa
Sortu ta jaio bear bazan?
Benetan zara Sortzez Garbia;
Emen ez dago dudarik.
Jaunak onelan nai eban, eta
Zugan ez dago obenik.
Gorputz ta arimaz igon zenduan
Zerura oso osorik.
Garbitasunen ezaugarritzat,
Aingeru-loraz jantzirik.
Edurra baizen zuria zara,
Eguzki baizen argia,
Garbitasunen iturburua,
Lora guztien loria.
Ama ederrik Jaunak ein badau,
Zeu zara, Andra Maria.
Jaungoikoaren alatz gurena,
Zure Sorrera Garbia.
BALENTIN ENBEITAK
Illeko Santua
San Felipe Neri (Bere eguna, maiatzaren 26)
San Felipe Neri, Italian, Florentziako urian jaio zan, 1515'garren urtean. Umezaroa guraso arduratsuen begirapean igarota, bere osaba, tela dendari bategana joan zan biziten. Gerotxuago, munduko zorakerietan gogait eginda, mundukeriak bertan-bera itxi, ta Jaungoikoaren serbitzurako bakarrik jarri zan.
Erromarako bidea artu eban, estudioetan eta santutasunezko lanetan, bietan batera, sendo jarduteko asmoz. Oraziñoari ta mortifikaziñoari ekin eutsan, bata bestearen pentsura ipiñita: au da, oraziñoa ondo egiteko, mortifikaziño asko; mortifikaziñoan jarduteko, oraziño asko. Auxe zan bere esakunea: "Mortifikaziño barik oraziñoa egin gura dabena, egoak urten orduko egaz egin gura daben txori kumea lakoxea da."
Estudioetan arin nekatu zan; eta liburuak itxita, Erroman bertan, iñora urten barik, ermitaiño modura biziten asi zan. Zelan adierazo, bakartadean bere Jaungoikoagazko artu-emona? An, bere bakartasunean, ze gartsuak Jaun zerukoari bialtzen eutsazan biozkadak; "O Jauna —esaten eutsan—, zegaitik emon deustazu biotz bakar bat zeu maite izateko? Edo bat baiño ez emotekotan, zegaitik onen txikia, onen estua ta zistriña?"
Ogetamar urtegaz egin zan abade; eta bertatik asi zan apostolu lanetan, gogoz eta benetan gero!
Sasoi atan, Italiako uri askotan, Oratorio izeneko batzartxuak egiten zirean; eta euretan, otoitza egitea ta Kristiñau Dotriñea ikastea izaten zan egitekorik aundiena.
Gure Santuak-be, bere Oratorioa ipiñi eban; ta bertara ekarri zituan bere adiskide ta lagunak, euren arimen frutu ta mesede aundiagaz. Irutarikoak izaten zirean San Feliperen Oratorioak: Goizeko Batzarrak, santutasunezko bideari zintzoago jarraitu gura ebenentzat. Gabeko Batzarrak, agirikoak, etorri gura eben guztientzat. Domeka Batzarrak, besteetara etorri eziñekoentzat. Oraingo Patronato ta Círculo Católico'etan legez, ondo ta polito nastetan zirean oraziñoa ta olgetea, deboziñoa ta deportea: bata arimearen onerako, bestea gorputzaren osasunerako. Oratorioan kantarik ederrenak, musikarik egokienak entzuten zireala esan bearrik ez, guztien gogoak zeruko gauzetara jasoteko, eta noizean bein biotz barruan sortzen direan tentaziñozko aize boladak baretuteko.
San Felipek ondo ekian Oratorioko batzarra atsegingarri egiten eta ango arazo guztiak gazi-gazan polito ipinten, batean arako esakera zorrotzagaz, bestean onako esakune barragarriagaz (baiña beti garbia, gero!).
Bere biotzeko garbitasuna, miragarria benetan. Edozein personaren ondotik pasakeran igarten eban nor zan kastidadean garbi, nor zan aragizko pekatuetan loi. Garbieri nik ez dakit zelako usain gozoa asmetan eutsen; loieri, barriz, surrak aguantaeziñeko atsa.
1595'garren urtean, maiatzaren 25'an, larogei urtegaz il zan Jaunaren besoetan.
Don Andres Mañarikuak, Bilboko Abade Jaunak, Andra Maria guztiz Garbiaren gaiñean liburu eder bat atara dau oraintsu.
Liburu orretan, beste gauza askoren artean, auxe irakurri zeinke:
- Bizkaitarrak, Andra Mariaren Kontzeziño guztiz Garbiaren aldekoak izan zirean atxiñatik.
- Bizkaiko eleiza guztien artean, eta bearbada Espaiñia guztikoen artean, Kontzeziño izeneko eleizarik zarrena, Elorriokoa da 1459'an egiten asi zan, abenduaren 8'an, Kontzeziño egunean bertan.
- Amaseigarren gizaldian, San Frantziskoren Irugarren Ordenako amairu Serorategi egozan Bizkaian: lau Bilbon, eta besteak Durangon, Orduñan, Gordexolan, Santurtzen, Muskesen, Portugaleten, Larrabetzun, Urdaiagan (Berrizen) eta Gernikan. Etxe orreetako emakumeak, deboziño aundia eutsen Ama Birgiñeari bere Kontzeziñoko misterioan. Orregaitik nunbaite-be, geroago Serorategiak monja-komentu biurtu zireanean, euretariko batzuk Andra Maria guztiz Garbiaren Ordenakoak egin zirean. Orain eun urte, Bilboko Kontzeziñoko komentua, Norteko Estaziñoa dagoan tokian aurkituten zan. Trenbideari lekua itxiteko, orain dagozan komentura aldatu zirean monjak.
- Denpora atan, munduko kristiñauen artean Ama Birgiñearen misterio orren gaiñean eztabaida aundia egoan ezkero, Bizkaiko sermolari guztiak, sermoi aurretik Andra Maria guztiz Garbiaren gloriarako alabantzazko berbak esan bear zituen.
Esaidazu
Zergatik da maiatza, Mariaren Illa?
Atxiña, Maiatzean kristiñau errietan jolas lotsagaldukoak egiten zirean. Nunbaite-be, ez zirean aztu oraindiño paganismo denporako oitura nasaiak.
Ekandu txar orren kontra egiteko sortu zan Mariaren illa. Antza danez, Alfonso Amargarrena, Espaiñiako Erregea (1239-1284), izan zan lenengoa Maiatzari Andra Mariaren Illa deituten.
Geldiro geldiro asi zan zabaltzen oitura barria. Orain egiten dogun legez, atxiñako kristiñauak-be, lora txortak eskinten eutsezan Ama Birgiñeari, euren maitasuna erakusteko.
Erriaren deboziño au, zeatz argituta, 1549'an agertu zan lenengoz Fraille Benediktino batek egiñiko liburu baten; Maiatz Espirituala zan liburuaren titulua. Sasoi berean, San Felipe Neri asi zan eskola mutilleri deboziño au irakasten.
Amazazpigarren gizaldian, azkenerantz, Napolesen, Santa Klarako komentu ospetsuan, Maiatzeko arratsalde guztietan egiten jakon Ama Birgiñeari ordu beteko eleizkizun eder bat. Denpora onetan, beste komentu askotara zabaldu zan egunean eguneango oitura au.
Amazortzigarren gizaldian, lenengo erdian, asi zan deboziño au eleiza guztietan sartzen, eta gaurko egunean mundu guztian zabaldurik dago.