ANAITASUNA

248. zenb.

1973.eko urtarrilaren 30ekoa

Encarnación, 19. (Artetxu) - BILBAO-6

Teléfono 33 19 97 - Apartado 495


ANAITASUNA Bizkaia

Hamabosterokoa.

Zuzendari ordezko: Imanol Berriatua.

Idazkola eta banakolaren buru: Josu Torre.

Bulegoak: Encarnación 19, Bilbao-6.

Inprimatzaile: AMADO, Mazarredo 35, Bilbao-9.

Irarle: RALI, Particular de Costa 12-14, Bilbao-10.

XX. urtea.

D.L.: BI-1.753 - 1967.


Euskaltzainburu jaunaren adierazpena

Euskaltzaindiari eta Euskaltzaindiaren lanei buruz gure artean gero eta gehiago zabaltzen ari diren eta egiazko ez diren jardunak ikusirik, beronen Lehendakari bezala, adierazpen hau egin beharrean aurkitzen naiz. Euskaltzaindiak berak, joan den abenduaren 29an Bilbon egindako batzarrean eskatu zidan agerpen hau egitea, sortu nahi den giroa kontuan edukiz.

***

Euskaltzaindia Instituzio bat da, 1918. urtean Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako lau Diputazioen babespean sortua. Helburu eta xede* bezala du euskeraren alde lan egitea, hizkuntza honen idazlangintzarako argibideak eta arauak ematea, eta abar. Euskal Herriko eskualde,* euskalki eta euskera mota guztien ordezkariak daude bertan.

Euskaltzaindiak kultur jakintzaz bakarrik du zer ikusi, eta deus* ez politikaz, ezta inongo taldekeriaz ere. Pluralismorik jatorrena egon da beti eta dago orain ere haren barnean.

Euskaltzaindiak garbi ikusi du beti, euskera herri baten ondasuna dela, eta herri osoarena, gainera; eta hain zuzen horrexegatik, ez du nahi ondasun hori talde baten eskuetan eror* dadin.

Bide horretan barrena ibili da beti Euskaltzaindia eta dabil orain ere.

Gizonen artean gehienetan gertatzen den bezala, Euskaltzaindiaren barrenean ere, hizkuntza arazoetan, euskaltzain guztiak iritzi bereko ez izatea, gerta daitekeena da; eta horrek ez gaitu bat ere harritu behar. Edozein Instituziotan egunero gertatzen da hau; baina, horregatik, egin behar duena egin gabe ere ez du egon behar. Egotzi zitzaizkion betebeharrak ez lituzke beteko eta.

***

Sorrera egunean berean eskatu zitzaion Euskaltzaindiari (eta honen zeregin nagusien artean hala azaltzen da orduko Arautegian. Begira 6. art.): «Ekingo du euskalgi oroen* odolez azitako euskal-eredu bat gertutzen, itzez, itz-yoskeraz ta idazkeraz albait erabatetsuena, euskaldun guziak idatz-irakurketan erabiltzekoa».

Ez gara hemen hasiko, 50 urtetan zehar arazo hontaz egin diren lan eta agertu diren asmo eta iritzien kontu ematen. Euskaltzaindiak berak, ordea, ez zuen sekula agiririk eman, edo gauza aski* heldua ikusten ez zuelako, edo orduko gizarte egoeran horrelako asmo bat aurrera eramateko biderik ageri ez zelako.

Euskaltzaindia sortu zeneko 50 urteak ospatzekoan, ordea, berriz ere pondu hau aztertu eta, ahal bazen, erabaki behar zela pentsatu zen. Izan ere, gure herriak azken urteotan ezagutu dituen aldaketekin, problema honi soluzioa ematea beharrezko ez eze, premiatsu eta luza ezina ere bilakatu* da. Eta beste aldetik, gertatu den euskal istudioen berriztapenak, problema hau behar bezalako jakitate, zentzu eta zabaleraz erabakitzeko esperantza uzten zuen.

Hoiek hola, Euskaltzaindiak Biltzar bat antolatu zuen, berariaz* gai honi eskeinia. Biltzar hau Arantzazun egin zen 1968.eko urrian. Biltzarra bukatzerakoan, euskaltzain osoek, elkarrekin bildu eta, agiri bat idatzi eta onartu zuten. Arantzazuko agiri hortan, ortografia, izenen deklinazio eta hiztegiari dagozkien zenbait pundu ukitzen dira.

Agiri hau irakurri besterik ez dago, kontseilu edo gomendio* gisa* emana dela ikusteko. Ez da inor behartzen iritziz aldatzera, beste pentsamolde bat izateko eskubidea ez zaio inori kentzen, euskera idatziaren batasuna lortzeko beste bide egokiago bat bilatzea edo proposatzea ez zaio inori galerazten.

Gauza bat ezin egin daiteke, ordea: Euskaltzaindiak ez duela bat ere agiririk eman, esan; edo Agiri horren balioa dudatan ipini, batez ere Euskaltzaindiaren aldizkarian bertan Biltzar hartako lan eta agiriekin batean datorrenez gero («Euskera», 1968, 250. orrialdean). Eta hain zuzen, horrelako gauzak esaten zirelako, Euskaltzaindiak, 1970.eko uztailaren* 29ko batzarrean, Agiri hura* berea zuela berriro aitortu behar izan zuen. (Ikus «Euskera», 1971. 99. orrialdean).

Beste gauza bat erruz* eta maila orotan* (baita erlijio eta pastoral mailatan ere) zabaltzen dute, Euskaltzaindiaren batasun bideari ateak itxi nahi dizkiotenek: bide hori ateoena dela edo erlijio gabeena.

Asmazio honek ez du ez buru eta ez buztanik, ez itxurarik, egiarik, ez egia antzik ere. Alde hortatik gezurtatzea ere ez luke merezi. Baina behin ta berriz eta azpikeriaz hori sinets arazi nahi dutela ikusirik, egiaren alde aurpegia ateratzera behartua nago. Neure indar eta ahal guztiaz salatu nahi dut, bada, hori egia ez dela. Arazo honek hizkuntzaz bakar bakarrik du zer ikusi, eta deus* ez erlijioaz, fedeaz edo politikaz. Bakoitzak eskubide osoa du bere pentsakera edo ikusmolde berezia izateko, euskera idatziaren batasun kontuan. Baina, Jainkoaren amorioarren! ez daitezela zeruko gauzak eta lurrekoak nahas.*

Eliz gizona naizen aldetik, min handia ematen dit erlijioa beste zer-edo-zeren morroi hartu nahi izate horrek. Badakigu joko hoiek ez diotela erlijioari mesede onik egin orain arte; aitzitik,* erlijioarentzat kaltegarri izan dira, batez ere gerora eta luzarora begiratuaz. Azken Kontzilioak bere arreta* guztia ipini du, erlijioaren hauzia bestelako arazoekin katigatua ager ez dadin. Gure artean, berriz, hori egin nahi da berriz ere. Erlijioaren izenean, erlijioaz zerikusi ez duen gauza bati gerra egin nahi zaio, alegia.* Hortarako ez dago eskubiderik.

Ipar eta hegoaldeko euskaldunen artean idazkera bateratzeko, «h» letra hartzea gomendatu zuen Euskaltzaindiak. Ez da, beraz, letra hori ezeren bandera; gehienez ere izan daiteke batasunaren bandera, eta inork ez du eskubiderik, ez alde batetik ez bestetik, hori ezeren banderatzat hartzeko.

Euskaltzaindiak —berriz ere esango dut— ez dio inori hizkuntza arazoetan bere iritzi edo ikusmoldeak defenditzeko eskubidea kentzen. Baina herriaren zerbitzutan eta sortu zenean bere bizkarrean hartutako eginbeharrak bete nahian egiten dituen lanak hondatzeko eta behera botatzeko erabiltzen diren harmak ikusirik, adierazpen hau egin beharrean aurkitu da. Egintza hauek salatu egin behar ziren, eta hala egiten dugu.

Aita Luis Villasante Kortabitarte, O.F.M.

Euskaltzaindiaren Lehendakaria

Arantzazuko Amaren Santuarioan, 1973, urtarrilak 1


Arrantzaleekin Ondarroan

Arrantza eta itsas bizitzari begira, hitzaldi, erakusketa, teatro, bertsolari eta kantuzko ekinaldi eta jaiak.

Urtarrilaren* 25etik otsailaren* 4era.

Antolatzaileak: «Kresala» elkartea, «Zubiaurre» elkartea, «Aurrera» C. D., «Gure Abixi» elkartea, «Santa Klara» kofradia, «Copesca».

Urtarrilaren 25ean. Osteguna

«Kresala»ko txistulari eta dantzariak kaiez kale, jaiei hasiera ematen.

Urtarrilaren 26an. Ostiralea

Kofradia berrian, arratsaldeko zortzirak eta laurdenetan, hitzaldia. Gaia: «Ondarroa zaharra eta itsas bizitza». Hizlari: Agustin Zubikarai.

Urtarrilaren 27an. Larunbata

«Bide Onera»n, gaueko hamarrak eta laurdenetan, kantari, bertsolari eta txalaparta. Kantariak: Lupe Bermekoa, «Oleskariak» Zarauzkoak, Xabier Lete eta Lurdes Iriondo. Bertsolariak: Azpillaga, Lopategi, Lazkano eta Agirre. Dantzariak: «Kresala» taldekoak. Txalaparta: Arza anaiak.

Urtarrilaren 28an. Igandea

Goizeko bederatziak eta erdietan, umeentzako pintura lehiaketa. Kofradia zaharrean, erakusketa: lehenagoko arrantza bizitzari eta itsas bizitzari dagozkien tresna, ikusgarri, oroikarri eta abar. Erakusketa hau aste osoan egongo da. Egun honetako pintura lehiaketako koadroak ere bertan agertuko dira.

Urtarrilaren 29 eta 30ean. Astelehen eta asteartea

Kofradia berrian, arratsaldeko seirak eta erdietan, mahai biribila. Gaia: «Bajurako arrantzaleen gaurko egoera ekonomikoa eta etorkizuna». Gai honi buruz elkar hizketa, Jabier Erdozia, Ramon Etxeberria, Jose A. Agirre, Eugenio Garmendia eta Teodoro Etxabururen artean.

Urtarrilaren 31 n. Asteazkena

«Bide Onera»n, gaueko hamarrak eta laurdenetan, «Arrantzaleak Gaur» jaialdia. «Kresala» antzerki talde eta kantariak.

Otsailaren 1ean. Osteguna

Kofradia berrian, arratsaldeko seirak eta erdietan, mahai biribila. Aurreko egunean ihardundako gizonak eta Alejandro Garai, elkar hizketan.

Otsailaren 2an. Ostiralea

«Alameda» zineman, hamarrak eta laurdenetan, Motrikuko «Goizeko Izarra» taldekoek, «Apaiz, langile eta gizon», I. Begiristainen antzerkia agertuko dute.

Otsailaren 3an. Larunbata

Lekeitioko «Kirol Etxea»n, arratsaldeko lauretan, esku eta zeztuzko pelota jokoak. Zeztuzko jokalariak Ondarroakoak izango dira, eta eskuzkoak Gallastegi, Alkarregi eta beste pelotari ospetsu. Jai hau zaharren omenez egiten da.

Egun berean, gaueko hamarrak eta laurdenetan, «Bide Onera»n, kantari jaia: Gasteizko «Araba» abestaldea, «Amets» talde batua, Ondarroako «koadrillen» arteko kanta lehiaketa, arrain saltzaileen ekinaldiak.

Otsailaren 4ean. Igandea

Arratsaldeko laurak eta laurdenetan. Ondarroako erramulari gazteek treinero txikiarekin erakusketa bat egingo dute. Eguerdian, kofradia zaharrean, umeen pintura lehiaketako sarien banaketa.

 Oharrak: Zaharrek ez dute sarrera ordaintzeik jai hauetan. Besteentzako sarrerak merke izango dira. Jai eta ekinaldiak euskaraz egingo dira.


Joseba Arregiren erbiak eta katuak direla eta ez direla

«Mitoak, mitologiak, ideologiak eta horrelakoak»kin Joseba Arregik, Haranburu-Altuna eta ni gogoan izanik, egin duen txokolate sendoa pixka bat aklaratzeko asmoz (ikus ANAITASUNA, 245. zenbakia), exenpluz baliatuko naiz eta,

***

Exenpluz, zera esana dut beste behin, batzuek oso gogoko lana dutela jendea familia politikoetan klasifikatzea. Artikuluak ongi irakurri ordez, aurrez, ezkil hotsek esaten dutenetik, artikulu horien oinean ageri den jaunari ideologia bat kolkoratzen diote, eta kitto. Jarrera* horri, jarrera primitiboa, akritikoa deitzen diot. Eta esana dut, jarrera kritiko batek beste modu batera jokatzen duela. Zentzu kritikoa duenak, ezkil hotsetan ez duela sinesten. Eta, jakina, balorazio bat eg;ten dut: jarrera hau bestea baino hobea da..

***

Edo eta nonbait irakurtzen dut: «Euskaldun bezala jokatu behar dugu». Eta nik galdetzen dut: Zer da euskaldun bezala jokatzea? Edo espainol bezala, edo aleman bezala jokatzea? Euskaldun bezala jokatzea, euskaldun bezala hitz egitea eta abar, esaldi sakratu bilakatu* dira. Esaldi horiei arropa kendu eta biluzik ikustea, sakrilegio haundia da jende askorentzat. Baina sakrilegio hori kometitu behar dugu, zeren* eta esaldi sakratuen izenean erabaki gogorrak har* baitaitezke. Esate baterako, irakasleak kalera botatzeko erabakia.

Nik esaten dut eta idazten dut, esaldi horik* desakralizatu, desdogmatizatu eta erlatibizatu egin behar ditugula. Eta, horretarako, biluztu. Eta, horretarako, galdezka hasi. Eta orduan ikusten dugu, euskaldun batzuek zanpatuz jokatzen dutela, eta beste batzuek askatuz. Eta orduan ikusten dugu, euskaldun bezala jokatu behar dugula esatea, esaldi biribil bat besterik ez dela, eta errealitate konkretuaren estalgarri dela.

Beti esaten diren eta inoiz pentsatzen ez diren esaldiak onhartzea, jarrera irrazionala da; eta irrazionalismoa faszismo guztien oinharrian dago. Jakina, hemen ere balorazio batzuk egiten ditut. Uste dut, gizonak razionalki jokatu behar duela. Eta ez dut beste munduko gauzarik esaten. Baina argi dago, «zentzu komunak» ere beste munduko ez diren gauzak entzun beharra duela, noizik behin.

Edo eta ZERUKO ARGIAn, 506. zenbakian, zera irakurtzen dut: «Azkenik, pedagogia 'askatua' eta horrelako ez dakit zer-keria gure egoeran erabiltzea, demagogia huts-hutsa da eta hori badakigu 'zer' den...» Nik uste dut, horrelako astakeria batek komentario luzerik ez duela merezi. Euskaldun izan ala ez izan, that is the question! Problema nagusia horretan datzala* uste duena, eta beste guztia «zerkeria» eta demagogia dela esaten duena, gure egoeran pedagogia askatzaileaz eta pedagogia zapaltzaileaz hitz egitea demagogia dela esaten duena, metafisikaren bat defendatzen ari da.

Edo eta zenbaki berean zera irakurtzen dut: «Zeren,* euskaldun batentzat garbi eta klaro egon behar duena zera da: ikastolak NAHI ditugula. Hau da inportanteena». Eta nik uste dut ezetz. Nik uste dut, dogma batetik edo absolutu batetik abiatzea dela hori. Ikastola idealizatu egiten da. Ikastola berez da ona, itxura denez. Eta, orduan, ikastola NAHI izan behar du euskaldun zintzoak. Eta NAHI izate hori maiuskulaz idazten du autoreak. NAHI maiuskulaz idatzi duenarentzat, ikastola ere maiuskula da, absolutua.

Baina nik uste dut, ez dagoela berezko ikastolarik, edo eta ikastolak ez duela berezko ontasunik. Nik ezagutzen ditudan ikastolak, konkretuak dira denak, berezko ontasunik gabeak denak. Batzuk* hobeak, beste batzuk okerragoak. Batzuk demokratagoak, beste batzuk faszistagoak. Batzuk euskaldunagoak, beste batzuk erdaldunagoak. Beraz, ikastola batzuk nahi ditut, beste batzuk ez. Ikastola guztiak eta nahi izate guztiak erlatiboak dira. Ez dut berezko ikastolarik onhartzen, berezko Euskal Herririk onhartzen ez dudan bezala. Bai ikastola eta bai Euskal Herria, geuk egiten ditugun bezalakoak dira.

Eta uste dut, pentsakera hau kontzientzia kritikoaren bidetik doala, eta bestea kontzientzia dogmatikoaren bidetik.

Uste dut, honeraino* ados* edo ados samar izango dela nirekin Joseba Arregi, ni haren lehen zatiarekin ados naizen bezala.

Joseba Arregik dio, ideologia baten ordez beste bat sartzen ari garela. Joseba Arregiri baietz ala ezetz erantzun aurretik, ideologiaz zer ulertzen duen galdetuko nioke. Berak, mitoak, mitologia, sinesmenkeria, prekritikoa, ideologia eta ideologikeria zaku bakar batean sartzen ditu. Eta beste batean, ez-ideologia, jakintza, zentzu kritikoa. Nik ez dut horrelako partiketarik egin orain arte. Ideologia ez dut inoiz beste lagun horiekin hain hertsiki* eta erabat elkartu. Bera libre da, nahi duen partiketa egiteko; baina gero partiketa hori besteren lepora ez dezala bota.

Ideologia, pentsakera bezala ere har* daiteke; eta nik horrela hartu izan dut sarritan. Nik pentsakera bat ba dut. Mundu ikuskera bat, mundua ikusteko modu bat ba dut. Mundua ikusteko modu hori, pentsakera hori ez da anarkikoa; nolabait estrukturatua dago. Mundu ikuskera horretan, pentsakera estrukturatu horretan, dato objetiboen ezagutza hotza bakarrik ez da sartzen. Nire izakera, desira eta esperantza ere sartzen dira. Orduan, ideologia, pentsakera bezala harturik, baztertu ezinezko zerbait da; eta nik ez dut inoiz baztertu nahi izan, ez eta izkutatu* nahi izan ere. Aitzitik,* horixe nahi izan dut: jendea ideologizatzea. Nik lehen partean ipini ditudan exenpluak, gauzak ikusteko modu bat dudalako ipini ditut. Ez da analisi hotza eta hutsa izan. Balore batzuk* beste batzuk baino jatorragotzat eta giza askatzaileagotzat jotzen ditut. Gizarte askatuago baten esperantza ere ba dut. Helburu bat ere bai: askatasungintza. Analisia, baloreak, helburua, esperantza: guzti hori nire baitan* estrukturatua dago. Baina estruktura hori gizarte prozeso konkretuari loturik dago, prozeso horretan oinharritzen da.

Ideologia esannahi horretan hartzen bada, ez dago zientziaren eta ideologiaren arteko kontradiziorik, zientzia ideologiaren barneko alderdi bat izanik. Orduan, nik ez dut zientziaren izenean ideologia bat saldu nahi. Nik pentsakera bat zabaldu nahi dut, eta beste bat ahuldu.* Pentsakera kritikoa zabaldu eta pentsakera dogmatikoa makaldu. Zentzu horretan, ideologizatzea, mentalizatzea, kontzientziatzea, politizatzea dut helburu, eta ez jakintza huts bat edo analisi metodo huts bat ematea.

Behin baino gehiagotan idatzi dut, zientzia eta teknika neutralik ez dagoela, ideologia bat, mentalitate bat, pentsakera bat daramala* beti barnean, agerian ez bada, izkutuan. Eta hor datza* kapitalismo teknifikatuaren enganioa. Desideologia itxuraz, ideologia edo pentsakera kamuflatu bat ematen ari da.

Beraz, ni eta zu eta edonor ideologia bat edo beste ematen ari gara, eta beste erremediorik gabe, gainera.

Baina, itxura denez, Joseba Arregik esannahi horrekin ez darabil ideologia hitza, edozein ideologiatatik geure burua askatuz joan behar dugula esaten baitu. Marxismoaz zerbait irakurri duenak ba daki, nik eman diodan zentzuaz kanpo, beste bat ere ba duela ideologiak. Eta Joseba Arregik, marxismoaz zerbait irakurri duenez gero, zentzu horretan erabiliko duela uste dut. Eta, seguruenik, beste dotrina bat, dogma bilakatu* diren ideia batzuk, ideia absolutizatuen eta autonomoen sistema bat, beste kredo bat, beste sinesmenkeria bat edo horrelako zerbait ixilean saltzen ari garela esan nahi du. Esate baterako, marxismo dogmatikoa. Zenbaitek uste baitu, berak ezik beste denak, tonto samarrak direnez gero, marxismo dogmatiKoaz liluraturik daudela. Eta orduan nik esango nuke, gu «erbiaren ordez katua emanez» ez baina, beste batzuk katuaren bostgarren hankaren bila dabiltzala.,

Horrekin ez dut esan nahi, gu dogma, sinesmenkeria edo ideologikeria guztietatik osoki libre gaudenik. Eta egia da, horretatik geure burua garbituz joan behar dugula beti. Baina Joseba Arregik zera esaten duenean, alegia,* «azken finean, ideologia bat beste batekin gonbaratzen dela», berak jakingo du, hori esateko, zertan oinharritzen den eta horrekin zer esan nahi duen. Bestela, pentsatuko dugu, bere buruan sortu duen eta gure idazlan konkretuekin zerikusirik ez duen sistemaren bat azaltzen ari dela. Hots,* ideologia bat edo sinesmenkeria bat ematen.

Eta, azkenik, oharño bat. Joseba Arregik uste du, erbiaren ordez katua ematen ari garelako, herriak, itzar* dadinean, ero etxe batetan sartuko gaituela. Nik, berriz, uste dut, ero etxe batetan gabe, presondegiren batetan sartuko gaituela, baina ez erbiaren ordez katua ematen diogulako, ez erbirik eta ez katurik, ezer ematen ez diogulako baizik.

Izan ere, bost frailek eta sei intelektualek bakarrik uler ditzaketen artikulu eta liburuak idaztea, herriari ezer ez ematea da. Baina idazleek, herriagandik mila legoatara bizi direnean, nekez egin dezakete besterik.

EUSEBIO OSA

dezakete, daikee

dezala, daiala

diogu, deutsagu

diot, deutsat

diote, deutsoe

ditzakete, daikeez

gaude, gagoz

nioke, neuskio

 Zuzendaritzaren oharra: ANAITASUNAk neurri batzuen barruan eritzi aniztasuna* onhartzen duenez gero, artikulu hau argitaratzen dugu. Baina honek ez du esan nahi, egileak duen ikusmoldeaz zeharo batera gatozenik. Inork gai honetaz bestelako eritzirik bidaliko balu, era berean argitaratuko genuke.


Hizkuntza

Euskara idatziaren zenbait akats (3)

Aurreko artikulu bietan, euskara idatziaren problema batzuk* azaldu ditugu, eta hauei literaturan emaniko erantzun bat ere ikusi dugu.

Oraingo honetan, soluzio batzuk presentatuko ditut. Denon artean aztertu beharko ditugu, soluzio hauk* onak eta erabilgarriak direnentz ikusteko.

Azentu grafikoaren laguntzá

Ene eritziz, nik azaldu nitusn hiru problemok azentu grafikoaren bidez ebatz* daitezke.

Beharbada, irakurle bat baino gehiago, azentu hitza entzunez gero, eskandalizatu eginen da. «Horixe baino ez zaiku falta! Azentua behar dela, euskaraz idazteko? Horrelako astakeriarik!» Honelakorik entzungo dugu nonbait.

Hala ere, ez dut uste, horrenbesterako denik. Hizkuntza moderno gehienetan hainbat azentu agertzen da. Gaztelaniaz azentu agudora (´) dugu. Frantsesez hiru eratakoak dira: agudoa (´), grabea (`) eta zirkunflejoa (^).

Euskara bera ere ez da beti azentuaren kontrakoa izan. Gure idazle klasiko batzuek azentuaren beharra sentitu ukan* zuten. Era honetan, Leizarragak azentu agudoa erabili ukan zuen, hitzen mugatasuna bereizteko; eta Axularrek azentu grabea erabili ukan zuen bokal bikoitzetan (etxeetan = etxètan, eta abar).

Noiz eta nola erabil azentua

Artikulu honetan, soluzio batzuk proposatuko ditut. Ez dakit, noraino izanen diren zuzenak; baina behintzat nonbaitetik hasi beharko dugu.

1. Aktibo singularra eta pasibo plurala desberdintzeko.

Nik aktibo singularrari azentu agudo bat jarriko nioke. Euskal deklinabidea honela geratuko litzateke:

PASIBO AKTIBO PASIBO

MUGAGABE SINGULAR PLURAL

 gizon gizonák gizonak

 izotz izotzák izotzak

 haitz haitzák haitzak

Beraz, beste egunean azaldu nituèn problemá honela ebatziko litzateke:

- Gaurko gizonak, estatistikek erakusten duten arauera, orain dela ehun urteko gizonak baino gogorragoak dira.

- Gaurko gizonák, estatistikek erakusten duten arauera, orain dela ehun urteko gizonák baino gehiago irakurtzen du.

2. A organikodun hitzen mugatasuna argitzeko.

 Kasu honetan, Leizarragari jarraituz, azentu agudoa erabiliko nuke hitz mugatuen pasibo singularrean: a+ a = á.

Honela, beste eguneko esaldi bakarrean, esaldi desberdin bi bereiziko genituzke:

- Problemá gehiago aztertu gabe.

- Problema gehiago aztertu gabe.

3. Iraganeko esaldi erlatiboak bereizteko.

 Honetarako, apropos deritzot ANAITASUNA aldizkari honetan jarraitzen den bideari. Hemen agertzen diren artikulu askotan, iraganeko aditz erlatiboa azentu grabe batez seinalatzen da.

Beraz, beste eguneko esaldia honela geratuko litzateke: Mikelek egin zuén etxea, Josek erosi zuen, Ameriketatik etorri zén egunean.

Batasuna zer den

Batasuna, eginez joan behar duen zerbait da. Nik, aldizkari honen bitartez, soluzio batzuk proposatu ditut. Ez diot, onenak direnik; hori geure praktikak esanen dauku. Hala ere, oso inportantea da, idazleek soluzio horik* onestea edo gaitzestea, azken batez idazle guztiek soluzio bakar batzuk erabil ditzaten. Hots,* idazleak akordio batera, konbenio batera etor daitezen.

Zientzigizonek ere, unitate berri bat hautatu behar dutenean, honen antzeko zerbait egiten dute. Magnitude baten unitatea hautatzea gauza arbitrarioa denez gero, zientzigizon bakoitzak bere unitatea aukera lezake. Horrela egingo balu, bakoitzaren lanak norberarentzat bakarrik balioko luke. Honela, zientzigizonek bakarka jokatuko lukete, eta batasunaren indarra galduko.

Baina zientzigizonek, ikerketa* lanak talde lanak direla konturaturik, batasunaren beharra sentitzen dute. Eta, batasunaren behar hau ikusirik, munduko zientzigizon guztiek, konbenio batzuren bidez, unitate bakar batzuk aukeratu dituzte. Era honetan, edonoren lanak probetxagarriak dira besterentzat.

Dagigun guk ere hauxe berau euskararen kasuan.

J. R. ETXEBARRIA

dauku, deusku, digu

ditzaten, daiezan

genituzke, geunkez

lezake, leike

nioke, neuskio

zaiku, jaku, zaigu


Gure Munduko Albisteak

Olentzero ala Hiru Erregeak?

Gabon jaiak amaituak dira, eta kontsumoko gizarte honen engainuetan erori* diren gizagaixo askorentzat bai eta dirua bera ere. Honela, urtarril* honetan gaztelauek "la cuesta de enero" deitzen dutena dator, neronek, zentzu berean, batasunak baztertu duen gipuzkoar izenaz izendatuko nukeena: Hilbeltza. Bai, benetan hilabete iluna askorentzat.

Joanak joan! Baina Gabonak joan arren, aurten ere, hemendik hamaika hilabetetara, berriz etorriko zaizkigu; eta pentsatzekoa dukegu, berriro datozenerako, zertan hoba daitezkeen, guk probetxurik gehien ateratzeko.

Dakigunez, munduko Herri guztietan ohitura bat dago, Gabon jaietan umeei eta bai nagusiei ere erregaluak egiteko. Honetarako atxakia, ordea, zeharo ohitura nazionala da; eta, honela, Amerikako Estatu Batuetan Santa Claus izaten da, Frantzian Papa Noël, Holandan San Nikolas, Espainian Hiru Erregeak, Errusian bertako folkloreko pertsonaia bat, eta abar. Erregaluok, bestetik, ia mundu osoan Gabonetan ematen dira; eta honela haurrek, harturiko jostailuekin, Eguberrietako oporraldi osoan jolas egin dezakete. Espainian, aldiz, Errege Magoen egunean ematen zaizkielarik, oporraldi osoa alferrik ematen dute jostailurik gabe; eta erregeen egunean eman ondoren, ez dute astirik beraiekin jolasteko, hurrengo egunean eskolara bihurtu behar dutelako. Beraz, alde honetatik, oso egun desegokia da Hiru Erregeena, haurrei jostailuak emateko.

Ba dakigu, pedagogiak erakusten duenez, erregeak, zikoinak* eta horien gisako* mythoak ez direla umeentzat batere komenigarri, errealitatetik kanpoko gezurrak baitira; baina andereño eta pedagogo guztien ahaleginak gora behera, Gabonetan hain salmenta haundiak egiten dituzten merkatariek, saltzeko atxakiak diren ipuin horik* hain erraxki ez dituztela baztertuko beldur gara. Agian,* zuhurrena, eta oso oker ez banago honela egiten hasi dira andereño asko, hauxe dateke,* hots, jostailuak gurasoen erregaluak direla esan, baina erregaluok egun konkretu horretan zein folklorezko pertsonaiaren oroimenaz ematen diren azalduz (Papa Noël, Erregeak, e. a.).

Beraz, ez dirudi erregeen kontua hain arin amaituko zaikunik, ez behintzat askori saltzeko era ematen dien artean. Baina Euskal Herrion zertarako hartu behar dugu, baten bat hartzeko premian, gurea ez den mytho edo folklore gai bat? Noiz arte egonen gara euskaldun batzuk Papa Noël-ekin eta besteok erregeekin? Ez ote litzateke bidezkoago, guztiona den eta jator jatorra dugun Olentzero, honetarako uztea? Atxakia polita, nik uste, elkarri erregaluak emateko, Gabonetan kalerik kale haurren kantu artean ibiltzen den ikazkin horrena. Bestalde, inork ez du ukatuko —monarkhiko arrabiaturen batek izan ezik— Olentzero jatorra Ekialdeko* erregeak baino lagun demokratikoagoa zaikunik.

Ezagutzen dugun Bergarar zintzo batek, guttienez, bere etxean jaiotan trapuzko Olentzero bat zedukan etxean jarrita, ondoan sagar saski* bat zuela; eta etxekoek sagar saski horrexetan, hain zuzen ere, jartzen zituzten elkarrenganako erregaluak.

Eginen ote dugu, urte honetarako, Olentzeroren promozioa? Geure sozial bizitzaren alderdi hau ere euskalduntzen saiatuko ote gara? Andereñoek, gurasoek, merkatariek eta guztiok dugu, azken batez, azken hitza.

Ikastolarako hiztegia

Euskaltzaindiak Karlos Santamaria eta Xalbador Garmendiaren gidaritzapean duen batzordeak,* Zortzi urte arteko ikastola hiztegia atera berria du, 339 hitz daduzkan liburuxka bat, gaztelaniazko ordaina ondoan dutelarik.

Lan hau, azken urteotan isilik baina trabailuan jo eta ke ari izan den batzorde horren lehen fruitua da, euskaltzain kontseilari askoren eritziak entzun eta pisatu ondoren moldatua. Lehen liburuxka honetan, Geographia eta Zientzia Naturalei dagozkien hitzak azaltzen dira.

Biziki ona iruditu zaiku hiztegitxo hau, andereñoentzat benetan baliotsua, hitz tekhnikoen zehaztasuna ongi begiratzen duena. Noski, giza lan guztien antzera, ba daudeke,* ene uste apaleon, nolabait hobe* zitezkeen zenbait puntu ttiki. Horietariko bat, iruditzen zaitanez, vapor hizari buruzkoa dateke.* Bapore izena itsasuntziei esateko egokia da, noski; lurrin hitza literaturan "usain ona" esateko erabiltzen da gehiago, vapor esateko lurrun utzirik. Zergatik ez da hobesten,* beraz, lurrun "vapor" esateko, eta lurrin "usain ona" adierazteko? Noski, moldatzaileek ba dukete,* honetan ere, arrazoiren bat; baina, horregatik, nik neuk neure aburua* ematen diet umilki.

Zorionak, beraz, eta aurrera! Ari gara, ari gara, inork bestela uste ukan* arren.

Eugène Goihenetcheren histori hitzaldiak Deustuan

ANAITASUNAn jadanik* iragarri* zenez, Eugène Goihenetche histori irakasleak mintzaldi interesgarri batzuk* eskaini zerauzkigun, gaztelaniaz, urtarrilaren* 8tik 11ra, Ipar Euskal Herria gaitzat harturik.

Zientzi gizon trebe bati dagokionez, gertakari bakoitzaren dokumentazioa aipatzen zuen, eta maiz,* gainera, xehetasun alaigarri eta izkirimiri* jakingarriak ere bai. Goihenetche jaunak argiro azaldu zituen, ipar euskaldunek historian zehar edukiriko konstante batzuk: Euskal Herriaren nortasuna gordetzeko ardura eta askatasun nahia. Oso interesgarriak ziren, bestalde, iragan* mendeetan,* oraintsu arte, ipar eta hegoaldeko euskaldunen arteko merkatal* harreman ekonomikoak, Goihenetchek sarritan aipatuak, baina, dirudienez, askok ahantziak* dituzketena...* Azkenez, Espainia Europako Merkatu Komunean sartzeak ipar euskaldunei, industrian, nolako mesedeak ekarriko lizkiekeen azaldu zuen argiro, bai eta, honez gero, alde horretan Baionako, Donostiako, Iruineko eta Bilboko Merkatalgo* Ganbaren atrean ematen ari diren pausoak ere.

Jendeak eurrez* bete zuen hitzaldi aretoa*, eta gogo biziz xalotu zituen E. Goihenetche jaunaren hitzak. Dakusagunez,* Deustuko Euskal Kultur Mintegiak bide on bat darama, eta Philosophiako dekanoak oso portaera jatorra du aspaldion euskal arloan. Bihoazkie* bioi, bertan egon ginen guztion izenean, ene zorionik bihotzetikoenak.

Krutwig jaunaren gwantxe grammatika

Ba genekien, Federiko Krutwig euskaltzain osoak hamalau hizkuntza inguru zekitzala (euskara, gaztelania, frantsesa, italiera, ingelesa, alemana, errusoa, grekoa, xinoa, vietnamita, arabea, pertsa, bengali...); baina, oraintsu jakin dugunez, gwantxea ere ba omen* daki, hots,* Canarias irletan* gaztelauak joan baino lehen mintzatzen zen hizkuntza, Ipar Afrikako berbereaz zerikusia omen zuena.

Ba,* holaxe da! Eta ba dirudi, prest duela gainera, editore zain, gwantxe hizkuntzaren grammatika bat. Uste duenez, gwantxeak ba zuen euskararekin halako antz pixka bat. Ea orain euskararen etorkia hegoaldetik datorkigun!

J. Tartasen «Ontsa hiltzeko bidia», berriro argitaratzeko bidean?

Joan Tartas apaizaren "Ontsa hiltzeko bidia", Zuberoako euskalkian egindako lehen liburua, gaurko orthographiaz ezarririk eta moldiztegira eramateko prest omen du A. Eguzkitza Santurtzetar euskaldun berri gazteak. Lan eskerga* berea, Tartasen obra hori hain zuzen ere, orthographi akats nabariez* argitaratua izan baita orain arte. Agian,* ditugun editorialen batek XVII. mendeko* klasiko hori, I. Sarasolaren eritziz gauza on franko dituena, laster irakurtzeko aukera emanen derauku. Ea bada!

«San Estebantxe, besteetan lentxe»

Horrela dio esaera zaharrak: Gabon, bon bon; Natibitate, ase eta bete; San Estebantxe, besteetan lentxe* Eta holaxe da, izan ere, bestelako gauzetan ere.

Eguberri jaietan "Zorionak" eta "Urte Berri On"ez aseturik ikusi bagenuen geure Bilbo Zaharra, orain gure dendari abertzale jatorrek euskara alde batera utzi dute ahantzirik,* eta "Grandes Rebajas", "Liquidaciones" eta "El Casco Viejo agradece su visita"z bete derauzkigute bazterrak. Noiz ikusiko ditugu "Urtarrileko* beherapenak", "Orain merkeago", "Bilbo Zaharrak zeure etorria eskertzen deutsu" eta honelakorik ere?

Ez litzaiket harrigarri eginen, El Corte Inglés-koek honetan ere aurrea hartzea.

«Euskalduntzen 2» atera berria da

Egunokin Euskal Herri osoan zabaltzen hasi da "Euskalduntzen 2" izeneko liburua. Euskara ikasteko methodo berri hau, aurrekoari jarraikiz, irudiz guztiz horniturik dago, euskal esaldiak begien bitartez sartzen laguntzeko. Lehen liburuan syntaxi egiturarik behinenak* agertuak baziren, bigarreneon egileek —irakasle talde batek— deklinazioa eta aditzaren hastapenak ematen derauzkigute.

Liburu apaina eta xukuna, bere 160 orrialdeetan, CINSA editorialak eskaini deraukun hau.

Eskatzeko: Editorial CINSA, Avenida del Ejército, 18-3.º, Bilbao-14.

«Fedearen Dinamika», Paul Tillich-ek, JAKINen

JAKIN liburu sortak, bere Gogoeta sailean, Paul Tillich-en "Fedearen Dinamika" izeneko liburua bidali berri derauku, Paulo Agirrebaltzategik itzulia, Joxe A. Ibarbiak egindako sarrera eta Joseba Arregiren hitzatze* bikainez hornitua.

Oraindik gainbegiratu bat besterik egin ez diogun arren, diogun,* oso egoki iruditu zaikula aleman theologo eta pentsalari horren obra euskaraz ikustea, fedeak gaur egun dituen gorabeherak ongi arakatzen* baititu.

Begi bistan dago, Jakindarrak langile porrokatu ditugula, isilean, xinhurriak bezala, aleka aleka, bihitegi,* liburutegi, polit bat beteaz baitoaz. Hori duk, hori!

Eskatzeko: JAKIN liburu sorta. Editorial Franciscana Aránzazu, Oinati.

«Cabaret» filmeaz

Egunotan, Bilbon, Astoria zinetokian, "Cabaret" deritzon filmea ematen ari da. Ikusi ondoren, gure uste apaleon, ikustearren sarrerako laurogei pezetak —oso gogoz ez bada ere— pagatzea ongi merezi duen filme baten aurrean gaudela esan daiteke, bai itxuraz eta bai mamiz arte obra bikain bat da eta. Liza Minnelli eta Joel Gray, nor bere jokoan, izugarri artista onak iruditu zaizkigu.

Ba dago aldea, eta ez ttikia, oraindik Bilbon ematen ari den "Teilatuko biolinista"tik beste filme honetara. Ez dakusagu* hemen, gutienez, juduzaletasunaren apologia hain nabaririk;* eta hori ba da zerbait.

Iparraldeko oihartzunak*

Gehexan Lantziriri, Baionako HERRIA euskal astekariaren kazetalari bipilari* irakurri diogunez, Urruñan eta Maulen* lantegi berri bana jarriko delako zurrumurrua dabila, lehengoan* berrogei bat eta bigarrenean hogei eta hamar lagunentzako lana emanen duketenak.* Hala biz!*

Modu berean, iparraldeko hiru probintzietako baserritarrek, beren interesen alde egiteko, "Lan Argi" izeneko elkartasun bat eratu dute, gaur eguneko laborantza teknika berriez jabetzeko. Berauen buruzagia Mixel Bergouignan jauna dugu, Baigorriko sema bera.

Ez ziren, ez, alferrak izan, orain dela laurehun urte baino lehenago, inguru hartan Etxapare zaharrak esandako hitzak: "Euskaldun den gizon orok,* altxa beza burua!"* Ongi altxatzen ari duzue, herkideok,* bai horixe!

ARMENDARITZ


Soziologia

Grebak

Grebaren* fenomenoa —hitzak gaur duen zentzu orokorrean*— XIX. mendean* agertu zenetik, asko hitz egin da hari buruz. Bai alde, bai kontra, bai xinpleki, bai nahastuki ere.

Urteetan zehar, azterketak sakonduz joan dira eta eritzi xinpleak haizatuz. Adibidez, 1920.ean, autoritate haundiko norbaitek hau esan zuen: «Gure gizarteko plaga berri bat, lanarekiko alferkeria dugu. Honek greba sortzen du, eta industriaren, artearen eta bizitza komertzialaren hedadura* geldi erazten du». Esaldi hau ez du gaur ia inork onhartzen (dena den, kapitalisten artean inkesta* bat behar litzateke, hau segurki baieztatzeko).

Gaur grebak ba du atzean historia zabal bat. Ez da gauza berri bat, mendearen hasieran izan zitekeen bezala. Memento honetan, han hemen, milaka langile izanen da greban munduan zehar.

Gizarte burgesaren ideologoek —ekonomistek, psikologoek...— grebaren arazoari erantzutea ez dela hain xinplea ikusi ukan* dute beren azterketa lanetan. Ideologo hauen ikerketatik* datu objetibo asko atera daiteke; eta datu hauek, errealitatea agertzen dutenez, sistemaren kontrakoentzat ere balio dute; baina ezin dezakegu ahantz,* sistemaren ideologoak kapitalismoaren oinharriei eusteko daudela.

Greben banaketa egiten denean, norma da hiru sailetan zatitzea: greba ekonomikoak, politikoak eta solidaritatezkoak.

Zatiketa hori, sistemaren zaindariek egina da; baina, formalki egokia badirudi ere, zerbait murgildu ondoren, azalean gelditzen ez ote den galde* genezake.

Batzuek diote, greba ekonomikoak, jornala aldatzera daramanez* gero, sistema bera kezkatan jartzera daramala, eta horretaz* politikoa dela. Beste batzuek, berriz, diote, greba ekonomikoak, erreformistak (eta ez iraultzaileak) izanik, politizatu egin behar direla, kasu berezitik kasu jeneralera pasatuz.

Aitzitik,* sistemaren ekonomistek diote, grebak langileari ekar* liezokeen benefizio ekonomikoa, greban galdu duen aina* dela, eta ez zaiola beraz komeni langileari greba egitea.

Azken eritzi hau kasu anitzetan,* beharbada, egia latza da. Baina, zuzena bada ere, ezin dezakegu erabat* onhar,* inkonpletua baita. Izan ere, grebaren xedea* ez da bakarrik diru konponketa; langile ohorearen zaintzea, langile mugimenduaren sendotzea, langile boterearen bizkortzea... baizik.

Eta batik* bat langileak greba bat irabazten duenean, hots,* bere errebindikazioak lortzen dituenean, hurrengo greba irabaz dezan hurbilago* dago, puntu bat aurreratu du, eskaera berriak inposa ditzan.

Grebak ukan* dezakeen indar iraultzailea, haren historian zehar ikus daiteke.

Grebaren bidez —edo grebari uko eginez, Chilen burgesiak eratutako urriko maniobretan gertatu zen bezala— langile klaseak egoera politiko bat sendo* edo larri* dezake.

Greba, gerra harma bezala erabiltzea ez da gauza berria; eta, bereziki* herri oso industrializatuetan, ondore guztiz onekoa izan daiteke, Estatuaren makina errepresiogileak (ez dezagun Estatuaren indar errepresiogilea mitifika) ezer guti egin bailezake greba orokorraren aurrean, berau beste burruka tresna egokiekin batzen bada.

Hain zuzen, armada* oligarkiaren interesen pean dagoen herrialdeetan, premiazkoa izan daiteke greba orokorra, aldaketa politiko eta sozialak lortzeko.

KEPA IBARBURU

daude, dagoz

dezagun, daigun

dezake, daike

dezakegu, daikegu 

dezan, daian

ditzan, daizan

genezake, geinke

iezake, leike

liezoke, leiskio

zaio, jako


Soziologia

Talde bizitza, sistema aldatzeko laguntzaile

Egun,* geure herrian asko aipatzen ditugu lehengo sistemaren akatsak. Batez ere zaharrei buruz —eta bai gazteei buruz ere— hitz egitean, zera esan ohi dugu: «Jakina, lehengo sisteman hezitakoak dituk eta...» Asko dira gure artean, beren bizitzako garai berezi batean oso aurrerazale, sozialista eta abar agertu ondoren, gero sistema kapitalista baten erpeetan ito direnak.

Penagarria, noski! Urte bitan edo hirutan herri lan batzuk* egin eta gero, pertsonal bizitza eramatera abiatzen gara, nork bere etxerako lan egiten ahaleginduz. Izan ere, hauxe da kapitalisten teknika: produkzio bideen jabegoa, indibiduala izatea.

Eta sar gaitezen daramagun gaira:

Talde bat eraturik, ordea, «fondo komun» bat egin dezakegu, adibidez; eta berak inplikatzen bide du sozialismoaren arloan erortzea.* Halaber,* bai politikoki eta bai ekonomikoki, sozialismorantz iraul gintezke.

Horrela, taldeka taldeka estrukturaturik bageunde, sistema kapitalistatik sozialismora dagoen bidean oinez abiaturik egonen ginateke.

Orain sar gaitezen ikastolako atarian; eta oroit gaitezen, ekonomi aldetik hark duen krisiaz: gehienetan andereñoak bat ere ez edo zuhurki ordainduak daude; beren egunerokoa doi doi ateratzen dute, nahiko lanarekin bederen.

Uda denboran makina bat ikastaro egonik (Frantzian, Barcelonan, Madrilen, Santanderen...), andereño gehienek ez dute joaterik ukan,* dirua falta izan zaielako. Beraz, beren gisan* aurreramenduak aurkitu beharko dituzte. Eboluzionatu gabe, estankamenduaren beldurrez, egoera horretan gelditzen dira.

Beraz, duten «deficit» hori ikusirik, talde bizitza baten barruan ez ote ginateke zertxobait hobeto aterako?

Egun, andereño batzuk, behin senarra hartuz gero, azkenean bizitza indibidual batetan erortzen dira; eta horrek, berek gaitzesten* duten sistemaren barruan sartzea inplikatzen die. Horrela, noski, nork bere liburutegia du, bere jantokia, eta abar. Hiru edo lau lagunek batera eros litzaketan tresnak, orain —lehengo eran— bikote bakoitzak erosten ditu. Ez ote da hori nahiko galera?

Orduan esan dezagun, talde bizitza bat planteatu behar litzatekeela: bikoteak baldin badira, bikoteen artean; eta lagunak badira, haien artean. Anitzez* merkeago aterako bailitzateke, eta ekonomi aldetik aurreramendu haundi bat izanen, dudarik gabe.

TELEIKOZULOKOEK

bageunde, bagengoz

daramagu, daroagu

dezagun, daigun

dezakegu, daikegu

die, deutse

litzakete, leikeez

zaie, jake


Neure lantokitik

Filatelia

Frantziako Posta* Ministerioak, egin du 1973. urterako programazioa.

Aurten, 41 seilu argitaratuko dira. Hauetariko batek, Molière idazlea hil zeneko hirurehungarren urtebetetzea gogoraziko dauku, eta beste batek Lisieux-ko Teresa jaio zeneko ehungarrena.

Euskaltzaindia

Bilboko egunkariek, Euskaltzaindiaren Lehendakari den Aita Villasantek idatziriko adierazpena zabaldu dute.

Villasante jaunak argia eman nahi izan dio euskara batuaren arazoari, batasuna problema linguistiko bat besterik ez dela esanez. Beraz, bai erlijioa eta bai politika alde batera utzi behar ditugula arazo honetan.

Zorionik beroenak Aita Villasanteri, hain ondo egindako adierazpenagatik; eta bihoakio ene promesa, Euskaltzaindiaren gomendio* guztiak gogoz beteko ditudala.

«Herria» astekaria

Baionako HERRIA euskal astekarian, urtarrilaren 4eko eta 11ko zenbakian, ANAITASUNA gure aldizkariaren berri ematen da, iparraldeko gure anaien ezagutzarako.

Oso komenigarri litzateke mugaz hemendikoentzat, HERRIA ezagutzea eta hartzea. Haren zuzenbidea hau da: 11, rue Jacques-Laffitte — Bayonne (France). Prezioa, 45 franko urteko, eta edozein bankuetxeren bitartez ordain* daiteke, txeke bat eginez.

Ezkerro jauna

Euskal kulturan murgildurik gaudenok, ezagutzen dugu Argentinan jaio eta bizi den Ezkerro jauna. Ama bilbotarra du, eta aita Argentinan jaioa baina nafar gurasogandik sortua.

Gaur etxean agurtu eta ezagutu dut lehen aldiz, nahiz eta lehendik kartaz harekin harreman ugari eduki.

Kezkati ikusi dut Ezkerro jauna, eta arrazoiz, gainera.

Gizon zuhurra denez, laster jabetu da euskal problematika latzaz. Penaz ikusi du, euskal aldizkariak eta idazleak bata bestearen kontra ari direla. Zehatz jakin du ikastoletako azken gertaera tristeen berri. Konturatu egin da, hitz batez, hau ez dela berak amestutako paradisua.

Gehiegi ote da, aldizkariei eta idazleei etika bat eskatzea? Ez ote gara geure burruketan urrunegi joan? Guztiok bat eginik, zergatik ez ditugu ikastolak babesten?

Ondo dakit, guztiok ez dugula berdin pentsatu behar. Aukera beza nork bere bidea. Baina, bere ideiak defendatzeko, ez du besteren* izen ona zikindu behar, eta ez azpi jokoan ibili. Arrazoiekin defendatu behar dira ideiak, eta ez bestela.

Ikastolak salbatzeko, geure semeei Euskal Herri hobeago bat eskaintzeko, geure herria ifernu bat ez bihurtzeko, bigun* ditzagun geure mihiak, garbi* geure lumak eta argi* geure buruak.

Bertsolariak

Urteak dira, Bizkaian bertsolariak entzuteko erarik* eduki ez dugula, agintariek baimenik ematen ez dutelako.

Ezagutzen ez dena, ez da maitatzen; eta gure belaunaldi* gaztea aurrea doa, bertsolaritza zer den ezagutu gabe.

Bertsolaritza bezalako fenomenorik, ene ustez, ez da gaur egun maiz* ikusten munduan. Beraz, unibertsal kulturarako aparteko balioa du.

Baina guretzat, euskaldunontzat, ba du beste baliorik ere. Gure orain arteko literatura hain apala izanik, bertsolaritzat bete izan du haren hutsunea.

Zerbait egin behar dugu, bertsolariak berriz Bizkaiko plazetara ekartzeko; baina hori egin ezin badugu, antola ditzagun irratiz* bertsolari txapelketak eta saioak.

Europa eta eskualdeak

Merkatu Komuneko Prentsa Bulegoak* "Europako Komunitatearen Dokumentuak" izeneko aldizkaria zabaltzen du, eta esku artean dadukat 14. alea. Haren titulua: "Eskualde* politikaren egoera Europako Komunitatean".

Europa batua osatzen duten Estatuetako eskualdeak aztertzen dira, eta nabari* ikusten dira haien artean dauden desberdintasunak. Frantziak, adibidez, arrazoi ekonomiko eta zentralistei begira bakarrik egin du bere eskualdekatzea. Alemaniak eta Italiak bestera egin dute. Azken hauek kontuan eduki dituzte eskualdeen historia eta nortasun kulturala.

XABIER GEREÑO

beza, bei

daude, dagoz

bihoakio, beioakio

dauku (derauku), deusku, digu

dio, deutso

ditzagun, daiguzan

gaude, gagoz


Bertsolaritza

Lagun baten lagunari

 Itsas bazterrean dagona!

 Haren begiak urrutian galtzen dira,

 haren asmoa hutsean hondatzen da.

 Itxaropen indargabea,

 sentitzen ez dena.

 Oihu zaratagabea,

 entzuten ez dena.

 Asmoa,

 gogoa,

 helburua.

 Gizon bat,

 heriotza.

1

Ordizi* hortan erabakia

hartu genuenez gero,

bertso ederrak jarri dituzu,

Mikel, azkar eta bero.

Lehen pausoa eman baituzu,

neu be* hemen nator gero.

Gure joko hau onuragarri

izanen dela espero.

2

Gure Herria gaixorik dela

ba dakigu aspalditik;

baita dakigu osasun on bat

ez datorkiola aidetik.

Osagileak geu gara, noski,

ez ekar inor kanpotik;

eta segur naiz aski* egingo

duzula zeure aldetik.

3

Euskaldun jator azkarra zara,

emaztegai andereño;

gure hizkuntzak zuen premina

ba du, zinez, oraindino.

«Erdara hori» komeniago

dela norbaitek badino,

guk behintzat geure euskararekin

jarrai heriotzaraino.

4

Egun ederrak iragan ditut

Goiherri alde horretan;

zurgin bezala lan egin arren,

ez nago horren penetan.

Gaztedi jator txalogarria

aurkitu dut hor benetan;

euskaldun batzuk gelditzen dira

oraindikan bazterretan.

5

Euskal Herria zen gure herri hau

gaur dago erdaldundutik;

baina ez uste, Mikel laguna,

dagola erabat galdurik.

Oraindikan guk ba dugu indarra

nahiz txit sakabanaturik;

ta duen mina senda ahal dela

ez izan, mutil, beldurrik.

6

Euskal Herria erdal herritu!

Ba dugu orain zeregina:

geurea dena berriz geugantzen

egin daigun ahalegina.

Arerioa*, nork uka daike

dela txit habil ta fina?

Baina harek be, irabazteko,

ba du gehiagon premina.

7

Gure indarra llaburra baita,

ezin dugu alfer galdu;

inurria be txikerra, baina

zezenarekin ahal du.

Nor ta zer garen, mundu osoan

egin dezagun azaldu;

geure izena ezin dugu, ez,

mutilak, hain merke saldu.

8

Gure herritik doan hibaiak,

penaz darama pausoa;

lur gosetiak irentsi nahi du

haren ur garbi gozoa.

Baina, Mikel, ez, ezin ahal du

irentsi oso osoa;

nahiz pixka bat nekaturikan,

lortuko du itsasoa.

9

Lurrak irensten duen ur hori

ez pentsa ahula dela;

bere gosea asetzen dio

besteak, beherantz doala.

Otso batek be jana aski* behar;

nor hurreratu, bestela?

Baina beragaz* guk ere noizbait

bete beharko sabela.

10

Humil ta txiro*, baina asmo onez,

amaitzera noakizu.

Zuen lana komeni baitzaigu,

aurrera jarrai egizu.

Zure bertsoak euskaldunentzat

onak direla jakizu;

beraz, neronek neure neurrian

beti erantzungo dizut.

SEBAS


Zoologia

Euskal Herriko piztiak: otsoa (3)

— Ikastolan gaur maisuak Txomin Agirre euskal idazlearen bizitza azaldu deusku, osaba —dinotso Enekok bere osabari, liburuak egongelako mahaian utzita.

— Bai?

— Bai, eta bi nobela handi egin zituala ere kontatu dau: bata Kresala, Ondarroako marinelen bizimoduaz, Bizkaiko euskaraz, eta bestea gipuzkeraz, baserritarren bizitzaz.

— Ez zara gogoratzen bigarren horren izenaz?

— Ba... izena... izena... kontxo! ahaztu egin jat izena; baina ba dakit, «ira»* esan gura dauala gipuzkeraz.

— Ga... —hasten da osaba bidea erraztuaz.

— Garoa! Horixe da, bai, Garoa. Gainera, Garoa-tik hartuta, nobela zati bat irakurri deusku: Joanes artzaina mendian otsoen kontra dabilanean.

Oso zati polita da hori, txo. Eta ez zaree bildurtu, hori entzutean?

— Ez, ni neu ez behintzat.

— Dakusadanez,* zuek oso morrosko adoretsuak zaree. Mendian otso bat ikusiz gero, ez zinatekee horregatik bildurtuko, ez da?

— Orain hemen ez dago otsorik, osaba.

— Beno, Bizkaian ez; baina Zuberoan eta Nafarroan ba dira batzuk oraindik, eta noizik behinean Gipuzkoara ere pasatu egiten dira, bertako artzainen kalterako.

— Zelan bizi da otsoa, osaba? Zer jaten dau?

— Otsoa baso eta oihan* sakonetan bizi da; eta, jakina danez, amamaren etxera joaten diren Txano Gorritxu galduak jaten ditu.

— Ez osaba, benetan; ez ibili holako ipuinekin.

— Ea bada! Otsoak basoko saguak, erbiak, muskerrak,* sasietako txori habiak, animalia hilak eta horrelakorik jaten ditu. Gose handia danean, artaldeei ere ekiten deutse, bai eta beste abelgorriei ere: zaldiei, basabehiei, eta abar. Siberia aldean, oreinak* harrapatzeko, taldeka joaten dira otsoak, oreinari beti jarraituz, berau nekatu artean. Otsoen taldean beti egoten da nagusi bat, eta beroni beste guztiek kasu egiten deutsoe.

— Otsoak, etxeko egiteko gauza dira?

— Hara! Txikitan hartuz gero... bai. Gainera, beharbada, otsoa gure gaurko txakurren asaba zahar bat dateke.*

— Zer da asaba, osaba?

— Euskaraz asaba esaten jake norbere jatorriko aintzinako aitita zaharrei. Esate baterako, orain bi mila urte bizi izan ziren euskaldunak, oraingo euskaldunon asabak dira. Aintzinako aititak legez.* Horrekin esan gura deutsut, aintzinako otsoengandik gure gaurko txakurrak etorri leitekezela. Altsaziako aleman txakurra, urrunago joan barik, ia ia otsoa lakoxea da.

— Bai, horrexegatik otsozakurra esaten jako. Osaba, eta zein da otsoaren zientzi izena?

— Hauxe: Canis lupus. Latinez lupus esaten jakon, eta hortik etorri dira gure inguruko erdaren izen biak: loup (= lu) eta lobo. Orain laurehun urte bizi izan zan Landuchio izeneko italiar batek dinoskunez, Gasteiz inguruan egiten zan euskaran lupua esaten eutsoen, berba hori Iatinetik hartuta.

— Guk «lupua» halako momorro batzuei esaten deutsegu, ez da, osaba?

— Bai, eta ba leiteke hortixek etortzea, otsoa artzainentzat guretzat momorro horreek baino bildurgarriagoa da eta.

— Bai, kalte haundia egiten ei* dau otsoak ardien artean. Hobe, danak garbituko balitue!

— Dan danak garbitzea ere ez litzateke oso gauza ona. Naturalezaren neurriak gordetzen jakin behar dogu, Eneko. Basoan otso asko dagozenean, guztientzako beste* janaririk ez dabe topatzen basoko animalietan, eta orduan joaten dira artaldeetara. Hil behar direnak, otso gehiegiak dira, ez danak; gelditzen direnak, basoan janaria erraz topatuko dabelako berriro ere, ardietara joan barik. Ahal bada, geure Herriko fauna gordetzen ahalegindu behar dogu; eta otsoa fauna horrexen parte bat da, hartza,* azkonarra* edo eta katagorria* legez. Basapiztiak, kalterik egiten ez daben artean, bakean bizitzen utzi behar ditugu; eta kalte egiten dabenean, kalte hori zuzentzeko neurriak hartu, gehiegizkoak hilaz, sekula ez danak.

TRAUKO

dabe, dute

deusku, dauku, digu

deutse, die

deutsegu, diegu

deutsoe, diote

deutsut, dautzut, dizut

eutsoen, zioten

jake, zaie

jako, zaio

jakon, zitzaion

jat, zait


Ekonomia

Lantegietan zehar

Bi urte lantegi txiki batean eman ondoren, hango eta haren antzeko fabrika batzuetako gorabeherak azaldu nahi nituzke.

Denok dakikegunez,* lantegi txikietan dihardutenak, fabrika haundietakoak baino zapalduagoak eta kontrolatuagoak izaten dira.

Gaurko alokairu minimoa 5.000 pezeta baino gutiago izanik, fabriketako jabeek langileekin dituzten diruzko harremanak hiru motatakoak direla esan daiteke.

Jabe batzuek, beren langileak «Seguridad Social» delakoan sartu gabe, alokairu minimoa baino zerbait gehiago ordaintzen diete. Ordain hau onhartzen duten langileak ordu estraordinario pila bat egin beharrean aurkitzen dira, fabrikan lan egiteko beste biderik ez baitute.

Beste jabe batzuek, beren langileak «Seguridad Social» horretan sarturik, alokairu minimoa pagatzen diete.

Langile hauk bi motatakoak izaten dira: 50 langile baino gutiago duten fabriketakoak edo gehiago dutenetakoak.

50 langile baino gutiago duten fabriketan, jabeek edozein denbora eta modutan bota ditzakete kanpora beren langileak, legearen kontra joan gabe. Langileek Magistraturara jo dezakete eta hauzia irabaz ere bai; baina, orduan ere, jabeek kanpora bota ditzakete, ordain txiki bat eman ondoren.

50 langile baino gehiago duten fabriketan, beste bide batzuk dituzte jabeek, langileak kalera botatzeko. Esate baterako, «suspensión de pago» delakoa ezartzen diete langileei, eta hauek —aspertu eta gogaiturik*— beren kabuz* uzten dute lantokia.

50 langile baino gutiago duten fabrika askotan, «Seguridad Social» delakoan sarturik egon arren eta alokairu minimoa baino gehiago irabazi arren, langileek ordu estraordinario pila bat egiten dute egunero, kanpora botako ote dituzten beldur direlako. Horregatik, nagusiek ez dute langileen kopurua* gehitzeko premiarik. Langile berri bat hartzea baino nahiago dute, lehengo langileek ordu estraordinarioak egin ditzatela; horrela, Haziendari gutiago ordaindu behar baitiote.

Orain arte ikusi duguna, lantegi txikietan gertatzen da gehienbat. Hala ere, inolako segurantza sozialik eduki gabe, lantegi batean lau hilabete eginez gero, edozein langile sartzen da besterik gabe «Seguridad Social» delakoan. Horregatik, nagusi batzuek hiru hilabeterako bakarrik hartzen dituzte langileak, kontraturik gabe noski. Beste batzuek beste modu batera jokatzen dute, hurrengo batean beharbada ikusiko dugun bezala.

MIREN

diete, deutsee

diote, deutsoe

ditzakete, daikeez

ditzatela, daiezala


Irakurleak idazle

Irakur eta ekin

ANAITASUNAren irakurle eta laguntzaile naizenez gero, gai batzuei buruz kritika laguntzailea nahi nuke egin.

Azken ikastola-berriek min egin didate. Berriz ere zorioneko ikastolak direla eta. Ba dakit nik, orain, beti bezala, artikulu gehiegi helduko direla zuen bulegora.*

Baina, arren, argitara ezazue berriz, 220. zenbakian «Kontuz ikastolekin» Xabier Gereñok idatzi zuen artikulua, gauza zuzenak eta duda gabekoak esaten baititu.

Nik, neure aldetik, gauza bat nabaritzen* dut gaur egunean: jokaerak, ideiak, protestak, errepresioak, hizkuntza, ikastolak, andereñoak, gurasoak, heziketa... zer diren ilun dagoela.

Baina zenbat andereñok eta irakaslek eta gurasok irakurri dituzte:

- Hizkuntza, etnia eta marxismoa. J. Azurmendi. Euskal Elkargoa. Baiona. 1971.

- Hizkuntza eta pentsakera. Larresoro. Etor. 1972.

- Gure ikastola. Jakin. 1972.

- Gizartea eta pedagogia. Eusebio Osa. Lur. 1972.

- Euskera gaur. Lur. 1971.

Orduan, zertan ari gara? Ohiturazko topikoak apurtu egin behar ditugu. Liburuak irakurtzeko dira; eta, zuzenak baldin badira, hots,* errealitate konkretu baten aztertzaileak eta zuzentzaileak, ekintzaile bihurtu behar ditugu. Baina, jakina, bihurtze horrek erantzun neketsuak eskatuko ditu: bai gurasoen aldetik, eritzi ezberdinak onhartuz eta ikuspegiak zabalduz; eta bai irakasleen aldetik, herriaren zerbitzuan zintzoki ihardunez, lana ez baita dirua eta bizitzaren segurtasuna lortzeko bakarrik, gure inguru anormal hau aldatzeko baizik.

JOSEBA AGIRREAZKUENAGA


Zapaburua. Euskaldun Rh-dunen umore orria

Konfirmatu gabeko zurrumurruak

Gehienetan ongi informaturik egoten diren iturrietatik, azken orduan, gure idazkaritzara ondorengo berriok heldu dira:

• Halako pedagogo azkar batzuek frogatu berri omen dute oraintsu, Xano Gorritxoren ipuina komunista gaiztoek asmaturiko atxakia bat besterik ez dela, umeei ideiologia gorri galgarri hori sartzeko. Nork esan; etsaia hortxe ere ba genuen, eta gu, orain arte, konturatu ere ez!

• Gezurra da, bai, gripea dagoela. Frantzian, Italian, Ingalaterran, eta batez ere Sobietar Batasunean, milaka omen dira gaixoak; baina gurera, ditugun mugazain trebeei esker, ez da pasatu, ez eta pasatuko ere. Dena dela, laranjak eta eztia jatea oso ona omen da. Ez dago zergatik.

• Eibarko irakasle examinetan, batek, esaldi bategatik, «otoitz subordinatua» ipini omen zuen. Apaizgai izandakoa edo izango zen.


Zapaburua. Euskaldun Rh-dunen umore orria

[Binetak]


Denbora ematekoak

Gurutzegrama (13)


Denbora ematekoak

Hieroglyphikoa


Denbora ematekoak

Euskal salda


Ikas zeure hizkuntza

Hiztegia

IMANOL BERRIATUAK

Ale honetan izartxo batekin agertzen diren berbak

ABURU, eritzi.

ADOS, konforme.

AGIAN, beharbada, nonbait

AHANTZ, olvidar. (AHANTZI, ahanztu, ahaztu, olvidado).

AHULDU, makaldu.

AINA, adina, beste, bezainbat.

AITZITIK, al contrario.

ALDIZ, berriz, ordea, ostera.

ALEGIA, a saber, es decir, esto es.

ANITZ, asko.

ANIZTASUN, askotasun.

ARAKATZE, aztertze, ikertze.

ARERIO, etsai, enemigo, contrario.

ARETO, sala, salón.

ARGI, iluminar. (ARGITU, iluminado).

ARMADA, ejército.

ARRETA, cuidado, atención.

ASKI, nahiko.

ASTEARTE, martitzen.

ASTEAZKEN, eguasten.

AZKONAR, tejón, blaireau.

AZTERTU, investigado.

BA, bada, pues.

BAITAN, -gan.

BATIK BAT, batez ere, bereziki, guztiz ere.

BATZORDE, comisión.

BATZUK, zenbait (Batzuek aktibo, batzuk pasibo).

BE, bere, ere.

BEHINEN, primario, perentorio.

BELAUNALDI, generación.

BERAGAZ, berarekin.

BERARIAZ, expresamente.

BEREZIKI, batez ere, batik bat, guztiz ere.

BESTE, aina, bezainbat.

BESTE, inor.

BIGUN, suavizar. (BIGUNDU, suavizado).

BIHITEGI, garautegi, granero.

BIHOAZKIE, beioakioez, joan bekizkie, joan bekioez.

BILAKATU, bihurtu.

BIPIL, valiente, resuelto.

BIRAO, blasfemia, maldición.

BIZ, izan bedi.

BULEGO, oficina, bureau.

DAKIKEGU, dakigu nonbait.

DAKUSAGU, ikusten dugu.

DAKUSAT, ikusten dut.

DARAMA, daroa.

DATEKE, da nonbait.

DATZA, consiste. (Etzan editzaren forma).

DAUDEKE, dagokez, daude nonbait.

DEUS, ezer.

DIOGUN, dinogun, esan dezagun (daigun).

DITUZKETE, dituzte nonbait.

DUKEGU, dugu nonbait.

DUKETE, dute nonbait.

EBATZ, resolver. (EBATZI, resuelto).

EGUN, gaur.

EI, omen.

EKAR, traer, reportar. (EKARRI, traído, reportado).

EKIALDE, eguzki alde, oriente.

ERA, abagadune, aukera, ereti, parada, ocasión.

ERABAT, guztiz, zeharo.

ERAKUNDE, institución, organismo.

EROR, caer, tomber. (ERORI, caído, tombé).

ERORI, jausi.

ERORTZE, jauste.

ERRESUMA, erreinu.

ERRUZ, eurrez, profusamente. (Euskara batuan, hobe litzateke eurrez, erruz hitzak beste esangura bat ere ba du eta).

ESKERGA, gaitz, haundi, enorme.

ESKUALDE, comarca.

EURREZ, erruz, profusamente. (Euskara batuan, hobe litzateke Bizkaiko eurrez, erruz hitzak beste esangura bat ere ba du eta).

FUNTSATZE, fundar.

GAITZESTE, condenar, desaprobar.

GALDE, preguntar, demander. (GALDETU, preguntado, demandé).

GARBI, limpiar. (GARBITU, limpiado).

GERA, geldi. (GERATU, gelditu).

GISA, modu.

GOGAITU, aspertu.

GOMENDIO, recomendación.

GREBA, huelga.

HALABER, igualmente, así mismo.

HAR, tomar, coger. (HARTU, tomado, cogido).

HARTZ, oso, ours.

HASTAPEN, principio, elemento, fundamento.

HAUK, honeek. (Hauek aktibo, hauk pasibo).

HEDADURA, extensión, expansión.

HERKIDE, paisano, compatriota.

HERTSIKI, hestuki.

HITZATZE, epílogo.

HOBE, mejorar. (HOBETU, mejorado).

HOBESTE, preferir.

HONERAINO, honaino.

HORIK, hoik, horreek. (Horiek aktibo, horik pasibo).

HORRETAZ, beraz, por consiguiente.

HOTS, saber, es decir, esto es.

HURA, ha.

HURBIL, hur.

IKERKETA, azterketa, investigación.

IRA, garo, helecho, fougère.

IRAGAN, iragandako, iraganiko, iraganikako.

IRAGARRI, anunciado.

IRATZARTZE, despertar, éveiller.

IRLA, uharte, isla.

IRRATI, radio.

ITZAR, despertarse, s'éveiller. (IRATZAR, despertar, éveiller).

IZKIRIMIRI, chascarrillo, chiste, bon mot.

IZKUTATU, ocultado, escondido, caché.

JADANIK, ya.

JARRERA, postura, actitud.

JAZO, gertatu.

KABUZ, buruz.

KATAGORRI, ardilla, écureuil.

KEN, quitar. (KENDU, quitado).

KOPURU, suma total.

LARRI, poner en apuros. (LARRITU, puesto en apuros).

LARUNBAT, zapatu.

LEGEZ, lez, bezala.

LEHENGO, lehen, lehenengo, primero.

LENTXE, legetxe, letxe, bezalaxe.

MAIZ, sarri.

MAULE, Zuberoko Mauléon.

MENDE, siglo.

MERKATAL, comercial.

MERKATALGO, comercio.

MUGI, mover. (MUGITU, movido).

MUSKER, lagarto, lézard.

NABARI, evidente, notorio, patente.

NABARITZE, advertir, notar, percibir.

NAHAS, mezclar, confundir. (NAHASI, nahastu, mezclado, confundido).

OIHAN, baso.

OIHARTZUN, eco.

OMEN, ei.

ONHAR, aceptar, admitir. (ONHARTU, aceptado, admitido).

ORDAIN, pagar. (ORDAINDU, pagado).

ORDIZIA, Villafranca de Oria.

OREIN, ciervo, cerf.

OROKOR, general, universal.

OSTEGUN, eguen.

OSTIRALE, bariku.

OTSAIL, febrero.

POSTA, correo.

SASKI, otzara.

SENDO, fortalecer. (SENDOTU, fortalecido).

TXIRO, pobre.

UKAN, izan. (Ukan aktibo, izan pasibo).

URTARRIL, enero, janvier.

UZTAIL, julio.

XEDE, asmo, helburu.

ZALANTZA, duda.

ZEREN (ETA), ze, pues.

ZERITZEN, deitzen ziren.

ZIKOINA, cigüeña.


Zientzia

Robotak

Zera pentsatzen zen, duela urte batzuk, makina ezin zela sortzaile zuen gizona baino azkarragoa izan. Erabat* aldatu da pentsakizun hura,* ikasteko gai diren makinen estruktura desarroilatzen hasi denetik.

Makina bat, ikasteko, sentitu artifizialen bidez ezagunkizunak jasotzeko, aukerak hartzeko eta ondorioak ikustean bidea zuzentzeko gai bada, pentsamendu biologikoaren arloan sartzen hasia dela esan liteke.

Zera dio John Pfeiffer-ek, «The Thinking Machine» liburuan: «Problema ez datza* pentsatzen duten ala ez jakitean, ondo pentsatzen duten jakitean eta gure eta haien pentsaeren artean dagoen ezberdintasuna ezagutzean baizik».

Guri zera iruditzen zaigu, pentsatzen eta ikasten duen makinak, azterketa bat behar duela, ez tresna fisikoen bitartez bakarrik, metodo filosofikoez baizik.

Inteligentzia artifiziala

Bilatzen dena zera da, izaki inteligente baten bitartez lortuko ziren erresultatuak tresna mekaniko baten bitartez lortzea.

Lehenengotan, hizkuntzen itzulpenak egitea lortu nahi izan zen. Horretan diru asko inbertitu izan da; baina ez da gaurdaino gauza handirik atera.

1950.ean neurona elektronikoak aztertu* izan ziren, buruko neuronen modelu bezala. «Ikasten duten makinak» eta «Burua organizatzeko modeluak» zeritzen.*

Inbentu hauek limitazio sakon bat dute: makinak, erantzun bat ikasi badu, estimulu berdin bati erantzun berdina ematen dio beti.

Dena den, 1970.ean ateratako LIFE batek zera zioen: «Hiru edo zortzi urte barru, gizon normal batek aina* inteligentzia duen makina edukiko dugu».

Gizonaren eta makinaren arteko muga

Hizkuntza bat, ideiak erakusteko dagoen bide zabalena da. Baina gauza batzuk* ezin izaten dira hizkuntzen bidez erakutsi, eta artera jo beharra izaten da. Eta errealitate hauek arlo matematikoari ihes egiten diotelakoan gaude. Gaur egungo inbestigazioen joera pentsamenduaren legeak ezagutzea eta sistematizatzea da, eta bitartean zerebruaren legeetatik bereiztea.

Zerebrua buruaren tresna guztien artean dagoen bat besterik ez da. Jakintsuek tresna guzti hauen lege nagusiak ezagutu nahian dihardute.

Robot intelektuala erabilkorra ote?

NASA, robotak ilargiaren eta planeten inbestigazioan erabili nahian da. Bai eta USAko Defentsa Departamendua ere. Gai hau gehien erabili izan dutenen artean Japon da. Bertako gobernuak zera egin nahi du, ikusiko duen eta gizonen eskuen antzerako mugimenduak eginen dituen sistema integratu bat. Konponente elektroniko eta makinagintzan arduratzen diren fabrikei, oso gaitza zaie operazioen kontrol automatikoa.

Unitate bat egiteko elementu asko erabili behar izaten duten teknikek, ez dute ia aurrera egin azken urteotan, eta gizonaren begipean behar dute egon oraindik.

Gizonaren ikus sistemaren ordez makina bat jartzea posible ote den ala ez, denborak esanen du.

Baina zera esan daiteke, gaur egun produktu berdin asko egiten den bezala, hurrengo urteetan produktu ezberdinak eginen direla, kantitate xipitan. Orduan, giza kontrola ezinezkoa izanen da, eta sistema automatikoak jarri beharko dira.

HIVIP MK.I

HIVIP MK.I, zibernetika oinharrizkoa lantzeko prototipo bat da. Bi telebista kamara du (BEGIAK). Haietariko batek, plano triedriko baten bitartez ematen zaizkion instrukzioak aztertzen ditu; besteak, aurrean dituen benetako konponenteak.

II. kamarak azterketa bukatzen duenean, montajea nola egin behar den erabakitzen du makinak.

Errekonozimendua eta erabakia osatzen direnean, makinaren ESKUAK montajea egiten du.

Orain, HIVIPari, koloreak bereizteko gaitasuna emateko posibilitatea aztertzen da.

Ikus dezagun nola aritzen den HIVIP MK.I delakoa:

Robot inteligentearen esannahia

HIVIPa, egin diren azterketen zati bat besterik ez da. Ba dira munduan berrehun bat robot.

Tresna hauek bide asko irekiko dutelako zalantzarik* ez dugu. Bitez gizartearen osagarri!

OLHUTS

bitez, beitez, izan daitezela

dio, deutso

diote, deutsoe

gaude, gagoz

zaie, jake

zaigu, jaku, zaiku

zaizkio, jakoz

zioen, inoan, esaten zuen