ANAITASUNA

249. zenb.

1973.eko otsailaren 15ekoa

Pelota, 4 - 1.º - Bilbao-5

Tel. 23 74 49 - Apart. 495


ANAITASUNA Bizkaia

Hamabosterokoa.

Zuzendari ordezko: Imanol Berriatua.

Idazkari: Josu Torre.

Bulegoa: Pelota, 4-1.º - Bilbao-5.

Imprimatzaile: AMADO, Mazarredo 35 - Bilbao-10.

Moldatzaile: RALI, Particular de Costa 12-14, 3.º - Bilbao-10.

XX. urtea.

D.L.: BI-1.753 - 1967.


1972. urteko euskarazko liburuak

1972. urte hau, UNESCOren Nazioarteko Liburu Urtea hain zuzen. Hala ere, iragan* den urte honek euskarazko liburuei ez die ikararik eragin. Ez dira gehitu, ez guttitu; ez hobetu, ez gaizkitu. Euskarazko liburugintzak lehengo martxa berean jarraitzen du.

Hobeto esan, 1970.ean astero liburu bat argitaratzera heldu zen eta ordutik maila berean jarraitzen du, astero liburu bat argitaratuz. Euskara-erdaraz egindako liburuak ere kontuan hartzen ditugu (hauetakoak gutti batzuk* besterik ez dira). Baina, lehenagoko urteetan esan bezala, ikastoletako ikastaroetarako argitaratzen diren liburuxkak eta, ez ditugu haintzat hartu —lan ederrik betetzen badute ere—, gainerako literatur eta jakintza lanen mugimendua agertu nahi dugulako.

Aurtengo 56 liburuok ere ez dute dena osatuko, urtero bezala bat edo beste kanpoan geldituko zaigulako. Denak jaso* ahal izatea ez baita hain erraza.

Ihaz huts egindakoen artean daude K. Enbeitaren Gure Urretxindorra, Buenos Airesko «Ekin»ek argitaratua, eta J. M. de Arratia-ren Cancionero popular del País Vascoren III eta IV. tomoak (euskara-erdaraz baitaude). Eta beste huts bat zen, garaiz eskuratu ezinez, Bilboko Lasalletarren liburuxka hari eman nion titulua, Euskal Literaturaren Historia izan behar zuena.

Aurten, ihaz baino bi liburu guttiago argitaratu dira.

Saiakera lanek hartzen dute goi maila, azken urteetan bezala. Harrigarria bada ere, euskarak hartarako edo besterako balio duen ala ez ari diren artean, euskal idazleak pentsamenduzko lanei atxikiak* doaz, ekintzaz kezkaturik, lan eta lan, alorrik* nekezenean gehienbat, pentsamendu-gogoetan.

Gaurko Euskal Herrian, egungo problematikaren kezka biziei buruz, euskaraz erdaraz baino liburu interesanteagoak argitaratzen dira; eta hau du batez ere gaurko euskal literaturak bere alderik hoberena. Zenbait urtetan maila honi eusten bazaio, euskarazko literatura indartzera eta nortasun berezi batez jabetzera doa.

Holakoetan maiz* gertatzen den bezala, ba ditu bere barnetiko kontra-indarrak ere. Mutur bateko eta besteko integrismoak ere inoiz baino biziago daude; eta honek ere bere alde onak eta txarrak ditu. Arriskugarriak batez ere.

Mitoak puskatu nahirik, mitogintzan ari direnak ere ba ditugu. Hauk* ere, desarroiloak berekin izaten dituenak dira. Bestelako itsukeriak ere ez zaizkigu falta. Oraindik ba dira uste dutenak, orain hirurehun urte bezala ez dela inoiz idatzi; eta handiagoak esaten dira, mende* honen hasieran bezala inoiz ez dela idatzi segurtatu nahi denean. Gure eritziz, gaiak, berau erabiltzeko erak eta estilistikak asko jokatzen du kontu honetan; eta garai guztietan izan direla esango nuke idazle onak eta txarrak, batez ere euskara erabiltzeko eraz. Kontu honetan, garai batekoari atxikirik* edo itsuturik bizitzea da kaltegarriena.

Euskara atseginaren aldetik libururik hautatu nahi bada, 1972.ean ba da zer hauta.* Onak asko izanik, ez zaigu ongi iduritzen liburu soil bat hautatzerik. Uste okerra mantendu nahi dutenek, argi dago gaurko libururik ez dutela irakurtzen, zeren* ba da gaur ere idazle eredugarririk; eta, lehendik izena harturik zutenak alde batera utzirik, Xabier Mendiguren adibidez aipatzea aski* genuke. Eta hau ez da eredu* bakarra, iragan den urte honetan.

Ba dakigu, idazle berri eta trakets asko ditugula; baina bai eta beste asko ugari eta onak, eta ekintzaren ihardunean hobetuko direnak ere.

JUAN SAN MARTIN

1972. urteko euskarazko liburuen zerrenda

Axular. Mendea, gizona, liburua, Luis Villasante. «Jakin». Arantzazu-Oinati.

Behin batean, X. Kintana. «Lur». Donostia.

Bigarren Atalak, Bitaño. «Kuliska sorta». Ed. Itxaropena. Zarautz.

 Biziarren erroetan, Joan Inazio Goikoetxea «Gaztelu». Col. Premios Literarios. Ciudad de Irún. Caja de Ahorros Provincial de Guipúzcoa. Donostia.

 Diálogos euskerikos (Jolasak eta Berbaldijak), A. Pascual Iturriaga eta J. A. de Uriarte. La Gran Enciclopedia Vasca. Bilbao.

 Erlijioa hauzipean, Elkar-lanean, J. Arregi, E. Osa, J. Azurmendi, Larresoro, J. M. Torrealday, P. Xarritton. «Jakin sorta». Arantzazu-Oinati.

Europako ezker berria, X. Mendiguren. «Etor». Bilbao. Euskaldunak Argentina'n, Erramun Joxe Zubillaga. «Ekin» Euskal Argitaldaria. Buenos Aires.

 Euskaldunak poema ta olerki guziak (euskera-erdera), Nikolas Ormaetxea «Orixe». Ed. Auñamendi. Donostia.

 Euskal esku-langintza—Artesanía vasca (euskera-erderaz), III eta IV, tomoak, Juan Garmendia Larrañaga. E. Auñamendi. Donostia.

 Euskal Literatura-I (XVI-XVII. mendeak), Joxe Erzibengoa eta Patxi Ezkiaga. «Etor» — «Kimu» saila. Bilbao.

 Euskal Literatura 72, Elkar-lanean, G. Aresti, B. Atxaga, M. Azurmendi-Intxausti, L. Haranburu-Altuna, X. Kintana, A. Lertxundi, I. Sarasola, A. Urretabizkaia, A. Zelaieta. «Lur». Donostia.

 Fedearen dinamika, Paul Tillich. «Jakin». Arantzazu-Oinati.

 Gauean oihu, Joan Inazio Goikoetxea «Gaztelu». Col. Premios Literarios Ciudad de Irún. C.A. P. de Guipúzcoa. Donostia.

 Gaztibeltza-ren karabinak, Izenik gabeko eskutitza. «Gure Herria». Baiona.

 Giza zirriborroa, Kaxildo Alkorta. «Etor». Bilbao. Gogoetan, Olabeaga'tar Iñaki. San Antongo katekesia. Bilbao.

 Gora Jainkoa, Euskalerriko Liturji batzordea. Izarra. Donostia.

 Gure Ikastola, Elkar-lanean, J. A. Aduriz, l. Aizpurua, A. Allur, J. Ansa, S. Ayestaran, M. E. Errezola, C. Esteva, F. Garitano, L. Haranburu, J. Intxausti, I. Laspiur, A. Lertxundi, E. Osa, P. Pla, J. M. Satrustegi, I. Urbieta, J. Urrutia. «Jakin sorta». Arantzazu-Oinati.

 Haurtxoa: Zigoinak Paristik ekarria ote?, Kozicharow-Sartori (Dionisio Amundarainek euskaratua). Ediciones Paulinas. Zalla (Bizkaia).

 Herriaren lekuko, R. Arregi. «Jakin». Arantzazu-Oinati.

 Hizkuntza eta pentsakera, Larresoro. «Etor». Bilbao.

 Industria-herri baten azterketa. Arrasate eta bere etorkizuna, Siadeco. «Etor», Bilbao.

 Iraultzaren hildotik, Joseba Intxausti. «Jakin». Arantzazu-Oinati.

 Itzal gorria, Dominique Peillen. «Kuliska sorta». Ed. Itxaropena. Zarautz.

 Izadiaren gauza harrigarriak, Rutherford Platt-ek moldatua Walt Disney-ren Estudioetan (S. Garmendiak euskaratua). Col. Walt Disney. Ed. Gaisa, S. L. Valencia — Donostia.

 Juan Ignacio de Iztueta (euskara-erdaraz), Jabier Aranburu. Caja de Ahorros Provincial de Guipúzcoa. Donostia.

 Kandido, Voltaire (Ibon Sarasolak euskaratua). «Lur». Donostia.

 Kardaberaz Aitari omenaldia. «Kardaberaz bilduma — 1». Donostia.

 Kolakowski, J. Arregi eta J. Azurmendi. «Jakin». Arantzazu-Oinati.

 Lan hautatuak, Joannes Etxeberri (X. Kintanak moldatuak). «Lur». Donostia.

 Lehen euskal gizona, J. M. Barandiaran. «Lur». Donostia.

 «Maitena» (Pastoral lírica vasca en dos actos), Etienne Decrept. La Gran Enciclopedia Vasca. Bilbao.

 Mañex Etchamendy bertsularia (1873-1960), Piarres Lafitte. «Auspoa». Tolosa.

 Martín Fierro — Matxin Burdin, José Hernández (Iakakortaxarena'tar Txominek euskaratua), Luis Beltran Sola-ren irudiekin. «Ekin». Buenos Aires.

 Marx eta Nazioa (I. Bizitza eta teoria), Gotzon M. Garate. «Etor». Bilbao.

 Mitxelenaren idazlan hautatuak (P. Altunak hautatuak eta ohar-iruzkinak). «Etor». Bilbao.

 Mundu berdearen gauza harrigarriak, Th. Van Leeuwen (Larresorok euskaratua). Col. Walt Disney. Ed. Gaisa, S. L. Valencia-Donostia.

 Nere olerki txorta, Albizuneko Balendiñe. Itxaropena. Zarautz.

 Neurriztia, Luis Egia. «Kardaberaz bilduma-2». Gasteiz.

 Nora naramazue, Xabier Gereño. «Lur». Donostia.

 Novela berria Hego-Amerikan, Mikel Lasa. «Etor». Bilbao.

 On egiñaren obaria, Ugarte'tar Martin. «Kulista sorta». Itxaropena. Zarautz.

 Pedagogia eta Gizartea, Eusebio Osa. «Lur». Donostia.

 Pedagogia ikastaroa, Rosa Sensat. (Larresorok euskaratua). Donostia.

 Pio Baroja. Bere ehunurteburuan, 1872-1972, Elkar-lanean, J. Caro-Baroja, G. Goenaga, Harzabal, A. Lertxundi, X. Lete, J. San Martin. «Etor». Bilbao.

 Sortu zaizkidanak, I. Eizmendi «Basarri», «Auspoa». Tolosa.

 Sozialismoaren aurrera-bidea utopiatik zientziara, F. Engels. «Lur». Donostia.

 Txolintxu, J. M. Etxaburu «Kamiñazpi». «Edili». Donostia.

 Txorien gauza harrigarriak, Han Rensenbrink (J. F. Setienek euskaratua). Col. Walt Disney. Ed. Gaisa, S. L. Valencia-Donostia.

 Xenpelar-saria, 1972, Bertsolariak. «Auspoa». Tolosa.

 Zabiltzate maitasunean - Ambulate in dilectione (Batikano II-garren batzar-agiriak), VI Paulus (J. A. Etxebarriak euskaratua). Bilbao.

 Zenbait hitzaldi, L. Mitxelena. «Etor». Bilbao. Zezenak errepublikan, Jean Hiriart-Urruty (Antologia biltzaile, P. Lafitte). «Jakin». Arantzazu-Oinati.

 Zorion baten zainak, Gorka Trintxerpe. «Etor». Bilbao.


Kritika

Arrasate, urteko herria

Lau edo bost ANAITASUNA ba dira, gure herrian gertatutakoak salatzen dituztenak. Lehena, I. Arrigarrik «Arrasate eta bere etorkizuna» liburuari egin zion kritika izan zen. Gero, E. Osak bere «Fedea eta Kapitala» artikuluan esana dator. Eta azkenik, Xabier Gereñogandik hasi, ZERUKO ARGIAko idazle batzuekin jarraitu eta Juan Axperekin (nor izanen ote da?) amaiturik, zenbait artikulu irakurri ditugu, kooperatiben azterketa egiten zuen Hunzurrunzagagandik pasatuz. Beste zenbait iskanbila ere izan dira: mundu guztiak jakin du Arrasateko ikastolari buruz zerbait.

Nik neuk sarritan pentsatzen dut, ea zergatik ez gaituzten bakean uzten, herriko arazoak herritarrok erabakiko baititugu. Baina ez. Herria denona da, denok osatzen dugu Euskal Herria, eta denok ukan* behar dugu zentzu kritikoa. Horrexegatik poztu nau ANAITASUNAk, gure herriari buruz hiru artikulu argitaratzeaz. Baina bitartean nire tripak egosten zeuden, ikusten bainuen nola hainbat jende gure herriarekin sartzen zen, eta herritarrok ezer egin gabe, ezer agertu gabe geratzen ginen, geuk sortu eta azken ondorioetara eraman ditugun arazoak besteren eskuetan utzirik.

Gaur Hunzurrunzagari zertxobait esatea ere gura nuke. Berak dio: «Ene ustez, berriz, gure herriaren problema askozaz ere konplejoagoa da. Eta langileriak eta euskal intelektualgoak, problema horren aurrean, oso ikusmolde diferentea agertzen du; eta ez du inolaz ere pentsatzen, problema hauk kapitalismoak inposatzen digun koadroan eta instituzioen barnean erabaki daitezkeenik». Frase honekin bere artikuluaren funtsa* agertzen du egileak. Konforme nago gure gizartearen zapaltzaileak bi makina direla esatearekin, bata makineria eta lan tresneria eta bestea gizarte makina. Gauza honetan ez dago dudarik. Kooperatibistek berek ere onhartzen dituzten erroak dira hauk.*

Baina ikusmolde desberdina ez da agertzen hemen, kooperatibistek Euskal Herriari ematen dizkioten soluziobideetan baizik. Haien soluziobideetan kontradizio askotxo sortzen baitira. Alde batetik, gizarte makina daramate, eta kontsumo gizarteari bere indar guztiekin kooperatibismoan zerikusia edukitzen uzten diote; eta beste aldetik, oporrei* buruz mintzatzerakoan, zera diote: «Bekatu kaltegarri batetan erortzeko* arriskuan gagoz: aurreratutako sos* guztiak birrintzekoan, alegia.* Eta horrela geure ekonomia ostikatzen ari gara, atzeratzen, ahultzen*».

Esaten dutena, egia da. Izan ere, geure herria ostikatu egiten dugu, geure sos guztiak «Costa del Sol» aldean gastatuz. Edo ez da egia ala?* Baina ez dira kontradizioa salbatzeko kapaz, kapitalist egituran* daudelako. Nahiz eta berek, euskal langileriak eta intelektualgoak legez,* kapitalismoak inposatzen duen koadroa hautsi gura.

Kooperatibistek beste hau diote: «Tekhnika eta jakituriazko mugimendu hau aurrera daroan klasea, horixe da gaur egun iraultzaileena; edo, beste modu batera esanda, klase horrek bere eskuetan dauka naturalezaren kontrola eta gizarte organizazioaren jestioa». Hau ez da Arrasatetarren theoria, kooperatibismo generalaren oinharri garrantzitsuenetakoa baizik; eta logikoa da, hau defendatzea eta aurrera eramatea beren mailan; etor* bestela Arrasatera, eta samur igarriko duzu «Escuela Profesional Politécnica» denaren indarra, Almen eta Ikastolekin banaturik. Ez dut uste, «iraultzaile» hitza ongi dagoenik; baina bai «jaun eta jabe», berek dioten bezala.

Artikuluaren linea argi dago: kooperatibistak kapitalismoaren jokotik ez direla irteten. Guzti hori ongi dago, egia da. Baina frogantzak* nahiko ahulak* dira; barnerago sartu beharko ginateke, zertxobait aztertzerakoan. E. Osari askozaz arrazoi gehiagorekin esanen nioke, «Fedea eta Kapitala» artikuluan ea zergatik ez dituen S.A.ko edozein lantegi edo beste edozer gauza sartu. Ez ote gara ibiliko, eritziak nahiko alegereki botatzen?

Kooperatiben garrantzia goraka doa, zeren,* lantegi bezala kapitalismo joera aurrera eramanez, teknikoki Euskal Herrian maila bakarra baitute. Horregatik, ez dut uste, I. Arrigorrik dioen bezala, kooperatiben garrantzia baztertu beharko litzatekeenik, zeren kooperatibak eta bankuak ere Euskal Herrian baitaude eta burrukan (kontra edo alde) zerikusia baitute.

Arrasate izan da urteko herria, bai. Izan ere, ekonomi aldetik herri bortitzena* izan da. Berriz ere ekonomian finkatu da burruka (giro ekonomiko bortitzenetan sortzen dira kontradizio gogorrenak; ikastola arazoa ere giroaren ondorena izan da), eta, duda gabe, zarata gehien atera eta jendea gehien urduritu* duen herria izan da.

IÑAKI

daramate, eramaten (eroaten) dute

daroa, eroaten (eramaten) du

daude, dagoz

diote, deutsoe 

dizkiote, deutsoez

nioke, neuskio

zeuden, egozen

zion, eutson


Neure lantokitik

Nor da euskalzalea?

Nor da euskalzalea? Ene ustez, puntu hauk* guztiok betetzen dituena:

1. Euskal zazpi probintzien arteko loturak indartzen saiatzen dena

2. Zazpi probintzien euskal nortasuna sendotzeko ahalegina egiten duena.

3. Euskara ikasten. eta zabaltzen ari dena.

4. Behinola* euskaldun izandako lurraldeekin loturak hersten* diharduena.

Dela katoliko edo dela ateo, edozein ideia sozio-politiko duela, lau puntu hauk —edo bederen* lehen hirurak— betetzen baditu, enetzat euskalzalea da; eta harekin bat eginik lan egingo dut, euskalzaletasuna aurrera eramateko.

Jornalak

Andre bat ezagutzen dut, fabrika batean lan egiten duena. Haren zeregina: bulegoak* komunak eta abar garbitzea. Lan orduak: goizeko zazpiretarik eguerdiko ordu biak arte.

Ba dakizue zenbat irabazten duen hilabetero, azken konbenioko gorapena ere kontuan harturik? Sei mila pezeta.

Nola bizi daiteke familia bat horrelako jornalarekin?

Zenbat daude gure artean kasu horretan?

Etiketak

Modan daude eskumikuak* eta arinki eransten diren "etiketak".

Eskuin muturrekoek edozeri eta edozeini deitzen diote "marxista", eta ezkerrekoek edozeri eta edozeini "burges".

Etxeko berri tristeak

Mungian, urtarrilaren* 30ean, Josu Torreren ama hil da. Torre jauna ANAITASUNAko kontseilukoa da eta hango bulegoaren arduraduna.

Egun berean, Markinan, gartzelara eroan* dute Benito Ansola apaiza, Ansola jaunak zine kritikak idazten ditu ANAITASUNAn.

Ikastolak eta euskara

Gehiago edo gutiago, euskara erabiltzen da ikastoletan; eta hori gauza pozgarria da. Baina:

1. Ba ote dago ikastoletan programaziorik, kurso bakoitzean ikasleei dagokien eran eta neurrian euskara irakasteko eta erabiltzeko?

2. Maisu-maistrentzako kursilloetan, jakin erazten zaie haiei euskara lantzen, eta gure hizkuntza nola irakatsi behar duten?

3. Hitz batez, ematen zaio euskarari ikastoletan, behar duen garrantzia?

Arriskugarria da, amateurismoz lan egitea. Txekoen eta Israeldarren exenpluari jarraitu behar genioke hizkuntza arloan, eta ez Irlandarrenari.

Euskara eta heziketa

Erligiosoen kolegio askotan, euskara irakasten dute

asignatura bezala; eta, asko ez bada ere, zerbait da. Baina:

1. Orain arte euskara onhartu ez duten kolegioak zeren zain daude? Ez ote da heldu ordua, Euskal Herriko kolegio eta eskola guztietan euskara erabiltzeko eta ikasteko?

2. Noiz sartuko da euskara Magisterio Eskoletan?

Euskal Herrian euskara baztertzea, justiziaren kontra joatea da. Hori, kolegio eta eskoletako zuzendari eta irakasleek jakin behar lukete.

Nafarroa

Tafallan 400 ume eta gazte ari dira euskal ekintzetan: ikastolan, gauez ematen diren euskarazko ikastaroetan eta folklore taldeetan (dantza era txistu).

Muskarian (Tudelan), berriz, "Olentzero" ibili zen kalerik kale Gabonetan, ehundaka lagunen artean; eta agur egiterakoan, bost mila pertsona inguru zeuden haren aurrean.

Ipar Euskal Herria

"Zazpiribai" euskal kantari taldeak bere bostgarren saioa eskaini du Ipar Euskal Herrian; oraingoa, Baionako teatro nagusian.

Aretoa* jendez gainezka zegoen, eta ehundaka gazte geratu zen kalean, sartu ezinik. Kantariak hauk izan ziren: Lete, Lertxundi, Lurdes Iriondo, Robles-Aranguiz, Pantxoa, Pello eta abar. Azkenean, entzuleek "Lepoan hartu eta segi aurrera" kantatu zuten, irrintzi artean.

Han egon zen batek, gorputz osoak dardar egiten ziola esan dauku.

Txistulariak

Txistularien Elkarteak bere batzar nagusia egin du, otsailaren* 4ean, Donostian.

Aurtengo eta datorren urterako (1973-1974), bulegoa eta zuzendaritza Bilbora etorriko da, ohi den bezala.

Txistularitzak Euskal Herri osoan indar haundia hartu du, eta batez ere Bizkaian. Exenplu bezala, hauk ipiniko ditugu:

1. Bilboko Udaletxeak* duen Txistu Akademian, aurtengo ikastaroan 134 ikasle daude eta lau irakasle.

2. Barakaldon Jose Montanok duen akademian, 74 gazte ari dira txistu ikasten.

Eta lehen puntuari loturik, hau esan behar dugu: 4.800 pezeta ordaintzen diola Bilboko Udaletxeak irakasle bakoitzari, hots,* 400 pezeta hilabeteko. Hain pobre ote da Bilbo harro honetako Udaletxea?

XABIER GEREÑO

daude, dagoz

dauku (derauku), deusku, digu

dio, deutso

diote, deutsoe

genioke, geunskio

zaie, jake

zaio, jako

zeuden, egozen

zion, eutson


Bertsolaritza

Lazkaomendiko neska-mutilak

Aurtengo Eguberrietan* ere, kantatzen irten* gara Lazkaomendiko gazteak. Baina oraingoan, hauzo artean ibili ordez (ohitura den bezala), herririk herri ibili gara.

Guztiok hogeiko talde bat osatzen genuen.

Ibili ginen herrietan, zenbait xehekeria hartu genuen. Ondoren azaltzen dizuegu horietariko bat:

Herri batetako sozietate batetan sartu ginen. Jende asko zegoen eta alderdi guztietakoak. Kantatzen hasi aurretik, bertan zegoen gizon bat etorri zitzaigun, eta, belarriondora hurreraturik, honela mintzatu (nonbait, hango «euskaldungoaren» ohorea zikin* ez zedin): «Itxurazko zerbait kanta hemen gero!» Jende aurrerazale bizkorrak zeudela eta edozer kanta trakets entzuteko ez zirela prestatuko adierazi gura zuen agian.* Ikasi genuena eta ahal genuena kantatuko zitzaiela erantzun genion. Beraz, honako bertso hauk bota genizkien:

1

Alaitasuna ugari

dabilkigula dirudi.

Pozaren poza dakarkiegu

goibel direneri.

Irten gara abeslari,

berri emanez deneri;

ez dadin inor uste gabean

tranpetan erori.

2

Jesus jaio da Belenen,

hori gertatu zen lehen,

geroztik jende asko sortu da

beraren izenen.

Ikusten ditugu lanen,

beti geure aldamenen;

erraza ez da kontatzen, jaunak,

zenbat Jesus dauden.

3

Gure herriko mutilla,

egoten zara isilla;

ez dakit nola geldirik zauden

eta horren hilla.

Hestuturik ukabilla,

baldin bazara abilla,

holako Jesus klase hoiekin

egizu tortilla.

4

Bihotza duzun gizona,

menperaturik zaudena,

Eguerri gaua negar bizian

daramakizuna.

Non ote da zoriona?

Aizu, nire Jesus ona!

Ez da ederki egongo gaur

kartzelan dagona.

5

Egun* dugun justizia

benetan da malizia;

guk euskaldunok geurekin dugu

holako grazia.

Ba da zer irabazia,

harturik pazientzia;

dudarik gabe lortuko dugu

nahi dugun guzia.

Baldinbait ere, ez ahal genituen beren «euskaldun» izatearen nortasuna galtzeko arriskuan jarriko!

Bildu zen dirua, geure helburuak bete ahal izateko, aterabide batzuk ordaintzeko izan zedila erabaki zen.

IRAMENDI


Gure Munduko Albisteak

Jon Mirande hil da

Atzo, urtarrilaren* 28an, hilabeteko atzerakuntzaz, Elgoibarren jakin genuen Jon Mirande Aipasorhoren heriotzearen berri, Lafitte jaunak emana. Ba genekien, aspaldian gaixorik zebilala; baina ihazko abenduaren 28an Parisen hila zelako berri hark zeharo hunkitu* gintuen. Urruñako elizdorreko esaera ("Vulnerant* omnes, ultima necat") etorri zitzaikun burura, Jon Mirande hiltzen zen egun horrexetan jaio zela 100 urte betetzen zireneko gizonak* maiz* gogoratua.

Bera ezagutzeko erarik* ukan* ez genuen arren, eskutitzen bidez harremanetan ari ginen harekin; eta horregatik, euskaldun idazle eta adiskide bezala, lagun bat galdu dugula sentitzen dugu.

Jon Mirande, Parisen, 1925.eko urriaren 10ean jaio zen, guraso zuberotarrengandik. Zuzenbidea* eta Linguistika ikasi zituen bertako Unibertsitatean; eta, euskaraz gainera, frantsesa, ingelesa, alemana, espainola eta bereziki bretoia ezagutzen zituen, azken hau euskara bezain aise* erabiliz. Bizimoduz gobernuko funtzionari bat zen, ministerio batetan enplegatua.

Euskaraz, Gernika, Eusko Gogoa, Elgar, Egan eta Igela izeneko aldizkarietan idatzi zuen, bai poesiaz eta bai prosaz, estilista handia izanez. Geure artean ditugun haren lanik ezagunenak, Haur besoetakoa dugu (LURek argitara emana) eta bai Gaizkile baten azken orduak, "Hegatsez" deritzon liburuan agertua.

Bizi zen garaian, etorkizuna agian* aleman nazien aldetik zetorkegulakoan, beste batzuekin batera, haien alde jokatu zuen, Euskal Herriaren ona lortu nahirik. Erlijioz agnostikoa zen, eta Elizak Euskal Herrian egindako bidegabekeriak (gaur elizgizonek ere aitortuak) suminez salatzen saiatu zen; ez zuen horregatik kontrakar* ttikia lortu sasoi batetako klerikalen aldetik! Parisen beste euskaldunek uko egiten zioten aspaldi honetan eta beronek euskal kultura alde batera uztera bultzatu; ez zuen horregatik utzi euskara, berak besterik esan arren, alde batera zokoraturik. Bere barneko egoera larri horren berri oso ongi ematen zeraukun,* azken urteotan bidali zerauzkigun eskutitzetan.

Euskal Herriak idazle on bat galdu du.

«Etniker» taldea lanean

Nafarroako Unibertsitateko Ethnologi kathedratik, Joxemiel Barandiaran jaunaren zuzendaritzapean, «Etniker» (= ethnia + iker) izeneko inkesta* batzuk zabaldu dira Euskal Herri osoan, gure Herriaren ethnologi egoera aztertzeko asmoz. Izan ere, oraindik hainbat ohitura eta usadio tradizional gelditzen zaizkigu biltzeko, laster bizitza modernoak eta tekhnologiak zeharo suntsituko* derauzkigutenak.*

Deustuko Unibertsitatean, Euskal Kultur Mintegiak banaturiko inkesta horien bidez, estudiante adoretsu mordo bat ari zaiku lanean. Horietako gehienak apaizgaiak dira, Philosophia eta Sozial Zientzietakoak, bai eta, hauen inguruan, Medikuntza ikasten diharduten batzuk ere. Unibertsitari gazte hauen helburua Bizkai osoa aztertzea da, euskal bizimodu jatorra systematikoki arakatuz.*

Gipuzkoan, lan berean, Arantzadi Elkartekoak ari dira, eta Nafarroan «Bianako Printzea»ren ingurukoak, Satrustegi jaunaren zuzendaritzapean, guztiak Joxemiel Barandiarani jarraikiz.

Araban, Errioxan eta Iparraldean ba ote dago inor holako ikerketan? Agian* bai, guk jakin ez arren; edo, beharbada, laster sortzeko daudeke.* Komeniko litzateke hor ere saiatzea, ea lehen bai lehen Euskal Herriko mapa ethnographikoa agertzen den.

Guk «Bilbo» nahiago

Hor zehar ohitura bat zabaltzen hasi da, xarra gure ustez, Bizkaiko hiriburuari Bilbao deitzeko. Ez goaz ukatzera, izen hori agian zaharrena denik, "Bilbao, han ere gaiztoak birao"* delako esaera zaharrak agertzen duenez. Baina, gaur egun, bizkaiera egiten den leku guztietan Bilbo deitzen da; eta ene eritziz, izen hauzi honetan, inork baino lehen bizkaitarrok dukegu* zer esana. Guk, beraz, Bilbo nahiago, gurea da eta. Ez biezagute giputzek ohore hori ere ken,* guttienez.

Gure martiri maitea...

Urtero bezala, aurten ere, otsailaren 4ean, Euskal Herriko ohitura jatorrari jarraikiz, kantari talde mardulak —ttiki eta nagusiak— ibili dira kalerik kale, gaixo eta pobreentzako dirua biltzen, ikastoletarako bereziki.

Elgoibarko irakasle tituluak direla eta

Dakigunez, Elgoibarren, urtarrilaren* 28an, Euskaltzaindiak bertako Herriko Etxean egin zuen bilera publikoan, irakasle tituluak (diploma eta karneta) banatu ziren, examinak ongi ateratakoen artean. Oso xalotuak izen ziren denak, aretoa* betetzen zutenen aldetik; izan ere, xalo ongi mereziak zituzten irakasle berri azkar guztiek.

Eta orain galdera bat jarri nahi nuke, nolabait bestelako examina bat egitera —kontzientziazkoa berau— bultzatu beharko gintuzkeena. Eman ziren tituluak, 113 izan ziren; baina irakasle horien artean 16 emakume besterik ez zen egon, horietako hiru, gainera, adinekoak,* gerra aurreko tituluen konbalidazioa egindakoak.

Memento honetan, Euskal Herrian 500 andereño inguru baldin badago, ene galdera hauxe da: Zergatik ez da andereño gehiago presentatu?

Euskara, hizkuntza burjesa ote?

Urtarrilean* Euskal Herrian gertatu diren gorabeherak, apartekoak izan dira puntu askotan; eta gure kazetetako albistariak, nor bere moduan, horien informazioa ematen I saiatu dira. Horietatik jakin dugunez, Huarte jauna bahitu* zuten ETAkoek euskara egiten zuten elkarren artean, eta Villa Adrianako neskame batek ere euskara ba zekien. Huarte jaunak, aldiz,* lauzpabost hitz izan ezik, euskaraz ez zekiela tutik ere esan zien berrilariei.

Ez dakit, berri honek inori pentsagairik emanen ote dion, baina niri neroni bai, gutienez.

«Itsasoak ez du esperantzarik», Luis Haranburu-Altunak, LURen

Egunokin jaso eta irakurria dugu LUR editorialaren azken liburu hau, Luis Haranburu-Altuna nobelari gazteak moldatua. Obra honen 133 orrialdeetan zehar, gazte biren arteko maitasun eta sexual harremanak azaltzen dira, tankera eta euskara egokiez. Nobela, lehen pertsonan egina dago; eta beronek interes eta bizitasun apartekoa ematen dio. Literatur lantzat harturik, ongi estrukturaturik dagoela esan behar dugu, taiuera bikain batez.

Nobelaren akatsez, baten bat aipatzeko, egileak, berak zuzenik bizi eta ezagutu ez duen mundu batetan ari dela ematen du, zenbait puntutan airean geldituz. Bitxia zaiku, oso bitxia, 73. orrialdearen hasiera (Oihenarteren 151. atsotitzaz* oroitu gara, ezin bestean). Nobela honetan ba dago, ene eritziz, El coleccionista filmean ikusteko era* ukan genuen zerbait.

Oso politak, eta tradizio zaharrekoak bestalde, nobelan azaltzen diren puntu biak. Guk geuk Juan Ruiz-enekin konparatuko genituzke:

 La naryz afylada, los dientes menudillos

 Eguales e bien blancos, un poco apartadillos.

 Las ensías bermejas, los dientes agudillos,

 Los labios de su boca bermejos, angostillos.

(234. bertsoa).

Euskara aldetik, gehienbat, guztiz ondo dago idatzirik, textuan zertara datozen ez dakigun tradizio gabeko erdarakada batzuk (kuidado, ladrilo, seguro, brilo, konpleto...) lantzean* behin agertu arren.

Guztitara, obra ongi moldatu eta irakurgarri bat, Luisen lumari eta LUR editorialari zor diogun hau.

Eskatzeko: Haranburu-Altuna, Luis: Itsasoak ez du esperantzarik. LUR ed., Donostia, 1973.

Vascuence ala Pascuence?

Justo Garate jaun medikuak, gehienetan erabiltzen duen umore bitxiaz, kontu barregarri bat kontatzen derauku,* Euskera aldizkarian (1972.ekoan) publikatu duen artikuluan. Gauza jakina da, euskara munduko hizkuntza guztiekin konparatua izan dela, eta zenbat eta hizkuntza horik* urrunagokoak izan, are* «antz» handiago bat topatzen zietela «batzuek» euskararekin. Garate jaunak —agian, linguistika konparatuaren alorra* zabalago egiteko asmoz— euskararen erdal izenaren jatorria, vascuence, alegia,* (nahiz eta, Luis de Castresanari esker, orain gaztelaniaz euskera esatea ere zilegi* izan) paskuentze-tik datorrela aipatzen du, hau da, Polinesian, Ozeano Pazifikoan dagoen Paskuako Irlatik.* Azaltzen ez duena —eta. noski, interesgarria litzaikegu jakitea— zera da, handik hona euskaldunak nola heldu ziren. Igerian ez zen izango, nik uste. Oblikuitatearen ahalmenik, bestalde, ez dut pentsatzen edukiko zuketela haiek ere.

Eta, vascuence hitzari bihurtuz, agian askok ez dakikete,* erdal berba horren jatorria latinezko adberbio bat zela lehenik asmatu zuena, beharbada, Sabino Arana Goiri izan zela, 1913.eko Euzkadi aldizkarian (X. urtea, 372-375. orrialdeetan) publikaturik erakusten denez. Aranak, honetan, ezin ederkiago frogatzen* du, vascuence ez zetorrela, Espainol Akademiak bere hiztegian zekarrenez, vasconcia lingua-tik, bene edo male gisa eraturiko adberbio batetik baizik, hots, vasconice-tik (bene dicere, vasconice dicere...), euskara izena bera ere, Mitxelenaren eritziz, jatorriz adberbio bat zen bezalaxe.

Hortxe dugu, bada, geure Sabino. Honetan ere, igarri egin zuen.

ETORetik GEROra

ETOR liburu sortak harpidedunoi bidali deraukun azken gutunean* irakur daitekeenez, ba dirudi, taldeko batek, besteekin kontatu gabe, sortaren ETOR izena bere izen propioan ezarri duela, eta harpidedunen izen zerrenda —ez horregatik osoa— berekin eraman, modu honetan sortari kalte handi bat eginez. Beraz, "maliobra" zatar honen berri ematen zaiku, eta, nahasterik sor ez dadin, ETOReko lehengo ekipoa osatzen zutenek hemendik aurrera beren liburuak GERO izenaren pean argitaratuko dituztela abisatzen.

GEROk 1973.eon bidaliko dituen lehen liburuak, beraz, hurrengook dira:

21. Gurutz Ansola: USAren agintaritza eta dolarraren ahulezia.

22. Martin Ugalde: Itsasoa ur-bazter luzea da.

23. Roman Garate: Lanaren anthropologia.

24. Dominique Peillen: Gatu beltza.

25. Juan Mari Lekuona: Muga beroak.

26. Joxe Erzibengoa: Pedagogia gaur.

27. Anjel Lertxundi: Nobela bat.

28. Federiko Zabala: Euskal Herriaren Historia.

Bestetik, Donostiatik helduta, beste gutun bat jaso dugu, ETOR izena kontserbatu dutenengandik. Hartan azaltzen denez, batasunaz "aurreregi" joan nahi zutenengatik egin da zatiketa hau; eta Donostiako ETOR honetan H-dun eta H gabeko liburuak agertuko direla aipatzen da. Talde honek, orain arteko liburu modu eta prezioei kasu gutti eginez, lehendabizi aita Santi Onaindiak Euskal Literatura izenaz idatzita omen* dituen sei liburuetatik lehena zabaldu du harpidedunen artean (160 pezetan, gainera), eta hurrengo Zarate'tar Mikel'en (sic) Haurgintza minetan.

Dakusagunez,* literatur batasunari dagokionez, ETOR berri honek atzeranzko pauso bat egin du. Izena ETOR du, noski; baina lehengo izana falta. Guk geuk, batasuna —orain arte ezagutzen dugun batasun bakarra— nahi dugunez gero, GERO taldeari eutsiko diogu harpidetzan, berau (eta ez bestea) Euskaltzaindiaren idazkera onhartzen duen editoriala delako. Dena dela, harpidedun bakoitzak aukeratu beharko du bere gogozkoena, hemendik aurrera hilabetero bi liburu ezberdin ordaindu nahi ez badu behintzat.

«Los vascos a través de Garibay», Julio Caro Barojak, TXERTOAn

Caja Laboral Popular-eri esker, TXERTOAk agertu berri duen liburu hau eskuratzeko era* ukan dugu. Liburu atsegina itxuraz eta mamiz, Pio jaunaren lobak Esteban Garibai Zamalloaren bizitzaz eskaini deraukun* hau.

Ez gara gu inor, Julio Caro jaunaren obra baten kritika egiteko aproposenak, egilearen jakituri eta espezializazio maila oso gainetik dugulako. Baina, hala ere, irakurle arrunt* gisa diogun,* liburua oso ongi dokumentaturik dagoela, eta oinharri sendo eta ahalik eta objetiboenen gainean Arrasateko* semearen figura eta balio historikoa goraipatu nahi dela, zenbait kritiko gaztelauek kriteriorik eta zientifizismorik ezaz egin dizkioten salakuntzetatik garbituz. Berba guttitan esateko, Caro Baroja jaunak argiro frogatzen* du nola Garibaik, garaiko akats batzuk gorabehera,* ba zuen geroko historilari askok ez zutena, hots,* textu eta dokumentu orijinalak irakurtzeko ardura, batzuetan interpretazio okerrak atera arren. XV eta XVI. mendeetako* Euskal Herriaren panoramika oso on bat erakusten zaiku, Nafarroakoa bereziki. Liburuak ba ditu, gainera, Arrasateko irudi batzuk, egileak berak eginak, obra apaintzera laguntzen dutenak.

Akats bat aipatu behar bagenu, hauxe izanen litzateke, guk uste. Caro Baroja jaunak —osabak egin ohi zuenez— euskarazko hitzak erdal orthographiaz idazten ditu gehienetan. Textu zaharren kasuan, hori justifikatua dela uste dugu; baina osterantzean* ez. Euskaltzain batek, laguntzailea bada ere, euskara «bere idazkera» duen hizkuntza bat dela jakin beharko luke, guk uste.

Ezin dezakegu hemen aipu gabe utz,* Caja Laboral Popular-ek euskal kultur arloan egiten diharduen lan bikaina; segi dezala bide horretatik, guztion onerako izanen da eta.

Eskatzeko: Caro Baroja, Julio: Los vascos a través de Garibay. Ed. TXERTOA, San Sebastián, 1972.

ARMENDARITZ


Mitxelenaren tristura

Egilearen oharra: Artikulu hau, Mitxelenak ZERUKO ARGIAn niri buruz eginikako lanari ihardespen* bat bezala asmatua izan da; eta, kazetalaritzan usatu ohi den bezala, ZERUKO ARGIAn argitaratzeko asmoa nuen. Ordea, Donostiako aldizkari KRISTAU-demokratari ez zaio bidezko iruditu, ene izen kirastun eta kondenagarriaz bere orriak mantxatzea. Esan zitzaidanez, hango suskribidore eta idazleek ez omen* lukete nirekiko konkubinajerik onhartuko, eta bai biziki arbuiatuko.* Honelakoak gara euskaldunok eta halakoak gure espresiobideak: ez bide zaio idazleari bere burua adierazteko eta defendatzeko paradarik* ematen. Etika periodistikorik ez denean, inkisizioa eta idazleen eskubideen zapalketa nagusitzen dira.

«Magister dixit...», eta ikaslea mutu gelditzen zen. Zu, Mitxelena, irakasle omen zara eta handienetakoa zeure arloan. Nik ez dut oraino zure ikasle izateko ohorerik ukan;* ordea, eta hala eta guztiz ere, maisutzat hartzen zaitut Filologian eta haren inguruko jakintzetan. Eta eskerrak eman behar dizkizut, zeren* zeure Aulki Nagusitik jaitsi baitzara nire mailara, eta ene gisako umegorri batek eduki ditzakeen ateraldiak edukitzera dignatu baitzara. Ba da humiltasunik! Eta hargatik ihardesten* diot zure jarrera* kontsideragarriari. «Haurrekin oheratzen dena, zikindurik esnatzen»* dela diote, eta zuri ere horrelako zerbait gertatu zaizu oraingoan. Hunkitu* egin nau, zuk nirekiko izan duzun atentzio eta arreta* galantak. Ni, ba dakizu, gaztea naiz eta idazten hasi berria; esate baterako, letretako bataioa hartu berria dut, eta ezin nezakeen ukan Larresoro eta zu bezain aiteder* preziatuagorik. Ezin nezakeen hainbat ohore desira.*

Eta zu, Mitxelena, triste zara, oso triste, heriotzea desiratzeraino. Ba nekien, bihotz zabal eta handikoa zinela. Gogoratzen naiz. 1970.eko maiatza zen, eta D'Uban kalean aurkitzen ginen mahai baten inguruan. Nor da Euskaldun? Hura* zen galdera eta gu denon kezka. Orduan, zu bihotzaren aldeko agertu zinen, eta Pascal aipatzen zenuen. Nik berriz esaten nuen, Ekonomiak —haltzak* legez*— ez duela bihotzik. Aspaldiko kontuak, noski; baina zure pseudo-kritika izigarri eta petralak* gogora erazi dit gertaera hura. Jakina da, Euskaldun batzuk bihotz handikoak zaretela eta bihotz xipikoak besteak, deseuskaldunak, dena esateko. Baina, Mitxelena, ez zaitezela trista eta are* guttiago hil, zeren* ba dute —ba da— zure beharrik: zu gabe zenbait euskaldun umezurtz lirateke,. Aita eta Argi gabe, galduak lirateke, iparrik gabe eta bihotzeko zentzurik gabe. Ez, ez zaitezela trista, edo eta aurki* ditzazula beste alor* batetan zeure, nire eta denon tristeziaren kausak. Ba dugu zertaz penaturik eta areago* burrukaturik.

Sua den tokitik kea datorrela diote. Nik kea hatzeman diot zure artikuluari. Sukar* ezkutu* baten kedarra.* Ni kedarrarekin gelditu naiz; baina ez dut ausnartu ahal izan, zure tristurari eragiten dion sua eta kausa. Ez duzu, agian,* zeure hira eta barne pozoina besterik adierazi. Txinparten txinparta. Baina nik ez dakidana, zera da: zerk biztu duen zure gogo-muin sakon eta bete horretako ezin emana, jasana, ikusia eta finean tristura malurus* hori. Intrusismoa ote da, ba?* Begira! Nik uste dut, Historia ez dela inoren altxorra* (hor ere jabego pribatu eta klasistak ez badira nagusitu behintzat). Gure historia, gu denona da; eta nahi duenak edo eta ahal duenak bota diezoke eskua. Euskal Herria BAT izan da; baina beldur naiz, ez ote diren jadanik* gure artean loratzen hasi historia honekiko ikuspegi desberdin eta kontrajarriak. Honetaz gero, alfer derizkiot, etorkizunari gagozkiolarik, Euskal Herri Bakar eta Komun baten desirari. Gauzak horrela dira, horrela izan behar zutenez; eta ausartak* behar dugu izan, liberak garenez, Euskal Herriarekiko eta Historiarekiko ikuspegi desberdinak onhartzeko.

Zuk, behin, txartel bat (historia bat, beraz) apurtu zenuen; eta askok txalotu dugu zure ausardia eta jokaera. Baina areago* espero dugu zugandik, gure Herriarekiko ihardespen* zehatz eta —probisionalki bederen*— aurreratuagorik. Izarrek argitu egin behar dute, aurrerantz argitu. Eta, Argi eta Izarrei gagozkielarik, zera esan behar dizut: Herri triste batetakoa naizela ni. Han ez da izarrik; mendiz estalirik dago Alegia,* eta ez bide* dira handik izarrak ikusten. Ordea, inoiz somatzen dugu, oskarbi denean,* zenbait izar galdu, triste eta iheskorrik.

«Hobe da zahi* hutsa, ezi* ez aho hutsa», zioen Oihenartek. Eta funtsik* ez dugunok ez bide* dugu etsitzen.* Hori, ba dakit nahiko iluna dela; baina beste batetan esanen dizut zer pentsatzen dudan «terrorismo intelektualari» buruz. Baina hodei beltzei darien* trumoi zalapartatsuaz ari naiz; zeren* neketsu baitzait, berriki* irakurri dudan zure artikulu bat ulertzea: TRIUNFOko «Los Españoles» deritzan ale berezian argitaratua, hain zuzen. Bide guztiek Erromara eramaten dutela egia bada, ez da gezurrago, ez dela batere ekonomiko (eta areago* hitzen mutu-mutil batengan) hainbeste gira-bira ematea, euskaldunoi geure gisara eta bakean geure bidea ibiltzeko dugun eskubidea aldarrikatzeko.* Gure artean ba da gauza ausartagorik esan duenik, eta hainbeste trumoi zalapartatsu gabe, gainera. Jakintsuak, izarrarenak ezezik Via Lactearen trazak ere hartzen ditu, logomakian eta diletantismoan erortzen* denean.

Bestalde, nirekiko artikuluan, hitzen ihiztaritzan* aitzinatzen* zara. Gure Herriak —Hitz Herri eta Sorgin Herri— maiz* nahasten ditu hitzak eta sorginak; eta niri buruzko zure «chasse aux sorcières» horri alfer eta lanjeros* derizkiot, beldur bainaiz, inkisizio garaiak, hain hurbilak* eta norbaitek hain desiratuak, ez daitezen berrizta. Eta ironia bat litzateke, garaien ironia bat, liberal zaretenon eskutik berriztatzea.

Horrenbestez, baldin eta nahi badugu gure Literaturak iraun dezan, beharrezko dugu, etengabe hartaz eriztea eta ihardutea; kontestatuz edo ohoratuz, baina beti kritikatuz. Ba dakizu: Historiak, Historia izateko, ikusleak behar ditu. Ni ikusle bat gehiago nauzu. Aitortzen dut, nahiko miope eta interesatua naizela. Zu ere ikusle bat zaitugu, zuhur eta printzipala. Baina biok gara ikusle; eta, halabeharrez, desberdinak izanen dira gure ikuspegiak, historiarekiko bereiziki lekutuak garenez. Etika kontua da finean; eta niretzako etika, politikaren aurpegi bat baino ez da.

Gramsci dela uste dut, giza jakintza, politikara heltzen ez den bitartean, ez dela giza jakintza benetakoa, esaten duena. Neure inguruan eta zenbait idazle gazteren artean somatzen dudan giroak esan erazten dit, hori dela nolabait ere gure lan intelektualaren helburu nagusienetarik bat. Jadanik,* nik ez dut sinesten giza jakintza neutro batetan (literatura, tartean jotzen dut); baina bai giza jakintza praktiko batetan, hots,* giza mugimenduei atxikian* eta hauen bilakaeran* frogatuan. Baina ez noa hortik jarraitzera, zeren bestalde «hitzen mutu-mutil» baten hirak esnarazteko* arriskua baitut. Baina, tira! Nik honetara heldu nahi nuen: ez dela zilegi,* alegia,* hitzaurre kritiko-politiko bati pseudo-kritika literario eta pertsonal bat oposatzea. Noski, taktika kontuan, guztia eskribatzeke* dago, eta nork bere harmak enplegatzeko eskubide osoa du. Guztitara ere, ez dut uste, gisa horretako portaerak zure merezimenduetarik aipagarrienak direnik. Nik eskatuko nizuke, sar* zintezela zeure etxean (zurekiko zordun garen arlo horretan) eta konpon zenitzala hango istilu eta burruka alferrak, zeren berriro esanen baitut (oneratu* behar naiz, neure hitzak berresateko mania honetatik), Euskarari hipotekaturik dugula Euskal Herria eta beronen etorkizuna; eta hor ba duzu zer ikusirik, esanik eta erantzunik.

Zure zalapartaren helburua nire ahoa betirako isil eraztea bazen, huts egina duzu, zeren ni hoietakoa bainauzu: burrukalari eta aldiz pairakor* hoietakoa. Ni, ofizio jakinik gabeko gazte Ozen* bat nauzu, ausartegia* agian; eta zu berriz Maisuetan Maisu zara, eta abantail* galant horretaz baliatu nahi izan duzu, denok izan ohi ditugun tristurak eta samindurak osatzeko. Kasu honetan nire bizkarretik osatzeko. Baina huts egina duzu; eta nik pentsatu nahi dut, zure artikulu hori Inoxente eguneko inozentada aski* barregarri bat izan dela. Estimatu egin nahi zaitut, eta orain arte bezain begirune zinezkoaz ikusi nahi zaitut. Mitxelena, ez gaitzazula desengaina! Zu, areago* zaude, kaxkarkeria hauetatik areago.

Zure Euskal Herria eta nirea ez dira, seguruen, berdinak. Gertatu izan dira horrelakoak. Guttienez, irribarre dagiogun elkarri. Ha! Euskal Herrian humore apur bat balitz!

Finean, esan behar dizut, onhartzen ditudala kritikak, objetiboak direnean eta atake pertsonalik ez dutenean. Izan ere, prest nago jadanik, neure hizaurre sonatu hartako zenbait puntu argitzeko edo, kasua baletor, aldatzeko (izan baitut Mitxelenarena baino kritika zehatz eta hobeagorik). Baina ez dut inolaz ere onhartzen, Bonzo Nagusi edo Ekialdeko* Mandarin baten gisako arbuio* eta portaera zital eta katedratikorik. Jadanik, Mitxelena, galdua duzu zenbait gazteren artean zeure maisugoa eta aitzindaritza.* Mito bihurtu zintugun. Eta mitoak interes batzuen arauera* jasotzen dira. Agian, gaur, aldatuak dira zurekiko zenbait interes, zeren eta ez baituzu nahi edo ahal izan, zuregan jarririko zenbait itxaropeni erantzun.

Eskerrak ematen dizkiot biziki ANAITASUNAko zuzendaritzari, bere orrietan neure ikuspegia adierazteko eman didan paradarengatik.* Tristura baten kausa izanik, hona etorri nahiz, asilo eske, Mitxelena penatuari neure dolumin zinezkoak pausatzera. Vale!

LUIS HARANBURU-ALTUNA

Zuzendaritzaren oharra: ANAITASUNAk neurri batzuen barruan eritzi aniztasuna* onhartzen duenez gero, artikulu hau argitaratzen dugu. Baina honek ez du esan nahi, egileak dituen eritziekin batera gatozenik. Inork gai honetaz bestelako eritzirik bidaliko balu, era berean argitaratuko genuke.

dezan, daian

diezoke, deiskio, dezaioke

dio, deutso

diot, deutsat

dit, deust, deraut

ditzake, daikez

ditzazula, daizuzala

dizkiot, deutsadaz

dizkizut. deutsudaz, derauzkizut

dizut, deutsut, derautzut

nezakeen, neikean

zaio, jako

zait, jat

zaizu, jatzu, zaitzu

zenitzala, zengizala

zintezela, zeintezala

zintugun, zinduguzan

zioen, inoan, esaten zuen

zitzaidan, jatan, zitzaitan


Liburuak

"LUR" editoriala

Uste dugu LUR editoriala izan dela, 1973. urteko plan editoriala lehen agertu duena; eta, hain zuzen, plan hori kartaz bidali digute harpidedun guztiei. Hauk dira, guti gorabehera, urte honen barruan argitaratuko diren liburuak:

 Dekameron tipia, G. Arestik itzulia eta moldatua.

 Euskal berdintasuna, Otazuneko Alfonsok Euskal Herriko historiaz egindako lan bat. Bi tomotan.

 Marginazioari buruz (gure gizarteko baztertuei buruz), R. Saizarbitoriaren lan soziologiko bat.

 Bestea, X. Kintanaren nobela.

 Gerra ondoko euskal poesiaren antologia, I. Sarasolak.

 Kultur kritika, E. Osak.

 Euskal mitologia, L. Haranburu-Altunak.

 Euskal literatura 73, elkar lanean.

 Kultura herrikoi (gure folkloreaz), J. Lakunzak.

 Euskal geografia, J. L. Lizundiak.

 Itsasoak ez du esperantzarik, L. Haranburu-Altunaren nobela, lerro hauk argitaratzekoan kalean salgai dena.

 Soledad brother, G. Jacksonen liburua, X. Amurizak euskaratua.

Aipamen berezia merezi du, G. Aresti prestatzen ari den hiztegiak. Hiztegi hau «enziklopedi» gisan egina da: hau da, hitz bakoitzari azalpen luze bat ematen zaio. Lehen tomoa udaberrirako aterako omen da; eta A, B, C, D eta E-tik hasten diren hitzek osatuko dute.

Azken tomoekin batera, euskara, frantses, ingeles eta gaztelaniazko hiztegi bat argitaratuko da. Dudarik gabe, eta batez ere ikasleentzat, interes haundia izanen du. Lan hau G. Arestiren lanean oinharritua egonen da.

Plan hau aldakorra izan daitekeela esanez gainera, beste berri bat ere ematen digute LURekoek karta horretan, prezioaren igoera, alegia.* Horretarako arrazoi batzuk jartzen dituzte; eta hau izanen da oraingoz liburu bakoitzaren salneurria: harpidedunentzat 100 pezeta eta liburutegietan 200 pezeta. Harpidedun eta irakurle guztiei beren eritzia eskatuz bukatzen dute karta. Plana hor dago; ea egia bihurtzen den.

JOSU TORRE


Politika

Nazioarteko Oihartzunak

Managuako tragediaren alderdi biak

Lehengo egunean, Hamburgoko "Die Zeit" agerkarian munduko berriak irakurtzen nengoela, barreka hasi nintzen, Nikaraguaren ordez, "Somozasland" edo "Somozaren Lurraldea" irakurri nuenean.

Ez dut uste, Managuako gertakariez honez gero ezer esan behar dugunik, han jazo* zena denok ezagutzen baitugu, hots,* lurrikara bortitz* batek hogei mila bat pertsona hil zituela, eta populazioaren hiru laurdenek Nikaraguako hiriburutik kanpora alde egin behar izan zutela.

Nikaraguako errepublikak sistema presidentzialista du, eta Somoza da haren buru eta hango xurrupatzaile guztien bitarteko bakarra. Managuako populazioaren hiru laurdenak xaboletan bizi ziren, eta askok eta askok ume umetatik kalean ematen zuten beren bizitza osoa. Eta hauxe da tragedia: hondatu ez den parte bakarra, inguruetako aberatsen hauzotegiak izan dira, eta hiri erdiko bankuak eta antzeko etxeak.

Beraz, herri osoa larru gorritan dagoen bitartean, irratiak esan duenez, aberatsak beren igertokietan* dabiltza, eta jende xeheak nazioarteko laguntzatik ez du oraino ezer jaso.* Bestalde, telebistan, oso ondo bizi zela ematen zuen gizon lodikote bat ikusi genuen, Somoza izenekoa, zigarro puro bat eskuan zuela.

Pompidou jaunaren ibilaldiak

Hauteskundeen* bezperan, oso ibiltari ikusten dugu Frantziako lehendakaria. Antza, bere partiduaren aldeko bozak* lortu guraz. Iragan* astean Sobietar Batasunera joan zen, Breznev-ekin, Alderdi komunistaren buruzagi gorenarekin, pertsonalki hitz egiteko. Hurrengoan, kolonia batera, frantses Somaliara, bertan oso harrera ona eduki "omen" duelarik. Eta segidan, Parisen, Willy Brandt aleman lehen ministroaren bisita ukan* du, De Gaulle eta Adenauer-en arteko akordioaren hamargarren urteburua ospatzeko.

Europaren segurtasunari buruzko solasaldiak

Helsinkin, Europako hogeitamar Estaturen enbasadoreak batu dira, lurralde honen segurtasunaz mintzatzeko. Solasaldi hauetan alderdi eta ideologia guztietako gobernuek parte hartzen dute; eta batzarre hauk,* gobernu horietako atzerritar arazoetarako ministroek geroago eginen duten bilkuraren* preparazio bat baino ez dira. Mintzatuko diren beste puntu askoren artean, ba dago bat guztiz interesgarria, mendebaldeko* Estatu batzuek proposatua eta "giza harremanen batzordeak" aztertuko duena, hots, "Europako Estatu guztietan zehar pertsonen ibiltze eta ideien adierazte librea". Batzorde honez gainera, beste bi ere eratu dira: bata Estatu partaide guztien harremanena, eta ekonomiarena bestea.

Vietnam edo askatasunaren indarra

Munduko berriak hartzen ditudanetik hona, hau da, 12 edo 13 urte bete nituenez geroztik, noizean behin zalantzan* jartzen naiz, ez ote naizen kaiku bat, gertakari batzuk —esate baterako, Vietnameko herriak jasan dituen sufrimenduak— ezin uler* ditzakedalako.

Vietnameko bonbardamenduak gero eta gogorragoak izan dira beti; eta Gabonetan Ipar Vietnamdarrek hartu zuten astinaldia, inoizko bortitzena izan zen. Hanoiko ordezkariek Pariseko solasaldietan "zintzo jokatzen ez omen zutela" eta, erregalu eder hori egin zien USAk Ipar Vietnamdarrei, B-52 airekoen bitartez. Etxe Zuriko Prentsa Buruzagiak, Ronald Ziegler jaunak, esan zuenez, bonbardamenduak amaitu eta gero, berriro jarraitu ziren solasaldiak, Hanoiko ordezkariak "zintzoagoak" izanen zirelako esperantzatan.

Garestiegi gertatu zitzaien amerikanoei erregalua baina! Beldurtu beharrean, gogortuago egin ziren Vietnamdarrak. "Triunfo" aldizkariaren azken ale batetan, Haro Tecglen kazetari zuhurrak hiru arrazoi dakartza, amerikanoen ezbehar horren frogagarri:* militarra, diplomatikoa eta herriarekikoa. Izan ere, galduriko abioiak oso garestiak izan dira; Sobietar Batasuna, China eta Suezia USAren kontra biziki gogor agertu dira; eta Amerikako herriak zeharo gaizki ikusi ditu bonbardamenduak.

Zorionez, urtarrilaren* 3an, Le Duc Tho eta Kissinger berriro bildu ziren; eta bi asteren buruan, munduko kazetari guztiek susmotan zebiltzan bitartean, akordio bat lortu dute. Urriko egiunetik* oraingo akordiora ezberdintasun gutti batzuk baino ez daude; eta Vietnamdarrek ia lehengo egiune bera erdietsi* dutela esan genezake, beren askatasun indarrari esker.

Urtarrilaren 27an izenpetua izan den akordioaren punturik garrantzitsuenak hauxek dira:

- USAko soldadu guztiek, hirurogei egunen buruan, alde eginen dute; eta Ipar Vietnamen preso egindako pilotu guztiak askatuak izanen dira, bai eta Hegoaldeko preso politiko guztiak ere.

- Bakealdia hasi orduko egoera errespetatuko da, Vietcong eta Saigoneko armadena,* alegia.*

- Vietcong eta Saigoneko gobernuek elkarrekin hitz eginen dute, hauteskunde* libre batzuk gertatzeko.

- Vietnameko bi aldeetakoak, autodeterminazioa eta batasuna lortzeko mintzatuko dira.

Hau guztia nazioarteko batzorde baten zuzendaritzapean eginen da, hartan Hungariak, Poloniak, Kanadak eta Indonesiak parte hartzen dutelarik.

Beraz, hau ikusi ondoren, Vietnameko herria garaile atera dela esan dezakegu zalantzarik gabe.

Hor zehar zenbaitek besterik uste izan arren, orain ere izpirituaren indarra atera de nagusi, gizonaren askatasun goseak eta gizon izatearen grinak eraginiko indarra, ez diruz, ez bonbez, ez eta ezertaz ere garaitua ezin izan daitekeena. Nola uler,* bestela, munduko Estaturik boteretsuenaren kontra herri pobre eta goseti honek hogei urtetan erabili duen gerra hau? Indar horren eraginez izan ezik, inola ere ez. Indar horixe da, hain zuzen ere, Amerikako kapitalistek ez dutena, eta orain eta etorkizunean ere munduko herri zapaldu guztiak askatuko dituena.

ANDOLIN EGUZKITZA


Irakaskintza

Euskal alfabetatzea

Ba ote dago inor, kultura, Herria, Euskal Herria, SEAT-127, RENAULT-5, Iribar, Nino Bravo eta Don Cicuta zer edo nortzuk diren ez dakienik?

Zenbatek ote daki, ordea, Alfabetatze Kanpaina zer den?

Bizkaiko Alfabetatze taldekook artikulu batzuk osatu ditugu, Alfabetatzearen berri emateko. Artikulu hauk* ulerterrazak, arinak, mamitsuak izatea nahi genuke. Ez dakigu, lortuko ote dugun; baina hemen duzue lehena.

Egungo* Alfabetatzea, 1965-1967.ean, Rikardo Arregi eragile zela abiatu zen. Gaur egun, Euskal Herri guztian hedatua* dago. Baina gure asmoa, Bizkaiko Alfabetatze mugimenduaren berri ematea bakarrik izanen da.

Alfabetatze kanpaina zer den

Alfabetatze Kanpaina zer den jakiteko azterketa sakona, geroagoko artikuluetan agertuko da. Horregatik eta hasteko, esan dezagun, Alfabetatze Kanpaina, urtean zehar, bizpahiru hilabetetan, herri batzuetan eratzen den ikastaro bat dela. Alfabetatze ikastaroak, Euskaltzaindiaren gidaritza eta babesaz, herrietako gazteriak antolatzen ditu, bertako giroa, lagunen gogoa, tokia eta abar kontuan edukirik. Hau dela eta, herri bakoitzeko Alfabetatze Kanpaina berezia izaten dela esan dezakegu, zeren* eta lehen aipatutako giro, lagun, toki eta abar ezberdinak izaten baitira. Baina, hala eta guztiz ere, Alfabetatze Kanpainek, zenbait arlotan bereziak izan arren, ba dute elkarrekin zer ikusirik.

Alfabetatze kanpaina zertarako den

Lehen lehenik esan behar duguna, zera da: Alfabetatzearen lehen helburua, euskaraz irakurtzen eta idazten irakastea da. Horretarako, euskal gramatikako gauzak ematen dira. Baina, gramatika gora eta gramatika behera ibiltzea aspergarri izaten denez gero, horrekin bateratsu euskara eta euskal kulturarekin lotuak dauden beste gai batzuk herriari irakasten saiatzen gara: euskal literatura, euskararen batasuna, euskararen geografia, dialektologia, eta abar. Gaurkoz, Euskal Alfabetatze izena honetarako erabiltzen dugu. Bestelako gaiak ez dira Euskaltzaindiaren Alfabetatze Batzordearenak. Beraz eta horregatik, egungo alfabetatzeari Alfabetatze Literarioa deitzen diogu.

Lana nola egiten den

Gorago aipatu bezala, bizpahiru hilabetetako ikastaroak antolatzen dira han hemengo herrietan. Ikastaro hauetan, herrietako arduradunek, Bilboko bulegoko* koordinatzaileek eta gai bakoitzean adituak direnek parte hartzen dute. Alfabetatze ikastaro hauetara, lantegietatik, baserrietatik nahiz Unibertsitatetik etortzen dira, zeren eta analfabetasunean, zoritxarrez, berdinak baitira.

Bizkaiko Alfabetatzea, sail ezberdin batzuetan bana daiteke:

1. Koordinatzaileak. Talde honetakoek Bilboko bulegoan dihardute lanean: testu liburuak prestatzen dituzte, zertifikatuak eta propaganda paperak egiten eta zabaltzen, herrietakoekin harremanak izaten, eta abar. Bulegotik kanpo, Alfabetatzearen eragileak dira.

2. Herrietako arduradunak. Hauen lana, lehen esan bezala, herrietan ikastaro arazoak konpontzea da. Hauen lepo doa Alfabetatzeko zeregin asko. Urtero informe xehe bat egiten dute eta Bilboko bulegora bidaltzen.

3. Diru laguntzaileak. Talde honen lana eta zeregina, diru arazoak konpontzea izaten da: dirua lor,* eta, beharrizanak ikusirik, irteera egokia aurki.*

Talde honen lanari esker, ihazko urtean hainbat ibilaldi, hitzaldi eta testu liburu eginak izan dira.

Eta bukatzeko, Bilboko bulegoko estatistiken arauera,* ihazko urtean, alde batetik zein bestetik Alfabetatze arloan ihardun dugunok 780 lagun izan gara. Ez gara, beharbada, askorik izan: baina, geroago ikusiko dugunez, Alfabetatze mugimendu honek ba du bere garrantzia.

Alfabetatze inguruko giro, laguntza eta ekonomi arloetan, duda gabeko erdiespenak* ditugu; baina beste baterako ere zerbait utzi beharko dugu.

Herriarengandik eta haren arazoetatik hurbil* ibili gura dugulako, irakurleen eritziak eta gure artikuluek sorteraz* litzaketen kritikak ezagutu nahi genituzke. Horregatik, zuen laguntza eskatzen dugu.

BILBOKO ALFABETATZEKOOK

daude, dagoz

dezagun, daigun

dezakegu, daikegu

diogu, deutsagu

genituzke, geunkez

litzakete, leikeez


Kritika

"Giza zirriborroa"ren kritika dela eta

Nire asmoa ez da eztabaida bat sortzea, beste eritzi batzuk liburu honi buruz azaltzea baizik. Ba ote daiteke, Haranburu-Altuna jauna?

Alegiako* idazleak esaten digu, «nire kritika gogorra bada, ez da inori harpa jotzearren, liburu honek kezkatu nauelako... baizik». Kritika, behar den bezalako kritika denean, nahiz eta gogorra izan, egin beharrezkoa da. Baina kritika objetibo bat egiten ahalegindu behar dugu. Problema ez da kritika gogorra den ala ez, ona ala txarra den baizik. Eta bildur naiz, Haranburu-Altunaren kritika ez ote den subjetiboegia.

Azkarra da gure «kritikoa». Ez dago dudarik. Ikus dezagun bestela nolako argitasunarekin ikusten dituen besteren asmoak, «gustatu egin nahi du» eta «listokeria» erabiltzen baititu Alkortak bere liburuan. Listokeriatik listokeriara, nor listoago? Duda gabe gure kritikoa, zeren* haren dogmatismoak ez baitu azkenik: Ni, ni eta ni; eta, nolabait, besteok ez gara ezer.

Ba daiteke, Don Quijoterekin konparatzea Kaxildo Alkorta, gehiegi izatea; baina, nahiz eta Haranburu-Altunak onhartu «konparazio guztiak gogaikarriak direla», bera ez da atzean gelditzen konparazioak egiten. Non dago beraren logika? Beste batzuok ez dugun «heldutasuna» erakuts dezala, mesedez!

Alkortak «errealitatearekin» ez omen* du «loturarik». Gizarteari, gizonari buruz hitz egitea ez bada behintzat errealitatearen zati bat, esan diezagula Haranburu-Altunak zer den «errealitatea».

«Zenbait idazle erdaldungan ba du zerikasirik». Bai ba.* Nola gure euskal literatura «apaiz literatura bat den, literatura erlijiosoa, burges klasearen eragile eta mendeko», erdal idazleengana jo beharko dugu. Hau dela eta, beste galdera bat egingo nioke Haranburu-Altunari: Zer da literatura burgesa? Zeren* ez baitakit nola bereiz* dezakeen hain garbi literatura burgesa eta literatura proletarioa. Marxek berak ez zuen hain garbi bereizten behintzat: «Oztopoa ez da, greziar arte eta Epos delakoa desarroilo forma batzuekin lotuta daudela ulertzea. Oztopoa hau da: atsegin estetikoa ematen digutela, eta, nolabait, iritxi* ezineko norma eta eredu* bezala direla...» (Marxek «Ekonomia Politikoaren Kritika»n). Nola izan daiteke, Marxek hainbeste maitatzea arte burges eta zapaltzailea? Zergatik irakurtzen zituen Marxek urtero Eskhiloren obrak? Arrazoia Leninek ematen digu: «Istudioa zientzi gaia da, eta, aspalditik printzipio orokorrei* buruz iharduten ez denez gero, esperientzia praktikoari buruz baizik, 'espezialista zientifiko eta tekniko bat', burgesa izan arren, baina bere gaia ezagutzen duena, askozaz beharrezkoagoa dugu, gaueko eta eguneko edozein ordutan 'tesiak' idazteko, 'lemak' botatzeko eta abstrakzio hutsak aurkezteko* prest legokeen hantustezko* komunista bat baino» (Leninek: Le Xe Congrès du P. C., 8-3-1921).

Alkortaren liburua ez omen da irixten «literatur mailara». Zergatik ote da, Alkortaren entseiua «pobrea» delako ala Haranburu-Altuna literatur kontzepzioa hodeietan dagoelako? «Zeren eta literaturak aske izan behar du, ezen* ez ideologia baten mende.* Benetako literaturak sortu egin behar du ideologia eta ez gauza jakinak errepikatu». Arrazoi berdinagatik Mogelen «Peru Abarka» ez omen da literatura, «enziklopedia» bat baizik. «Enziklopedia bat, jakintza ofizial bat errepikatzen* duena. Kasu honetan jakintza hori XVIII.eko euskal burgesia-oligarkiaren ideologia klerikal-txaubinista da».

Nor da, orduan, euskal literato bene benetakoa? Jakina, Haranburu-Altuna eta beste pribilegiatu gutti batzuk bakarrik. Baina aurrelari izan nahi duen kritikoa ez ote da atzean gelditzen? Nondik begiratzen zaion ikusi behar. Begira zer esaten digun Leninek: «Marxismoak, proletalgo iraultzailearen ideologia den neurrian, garrantzi historiko bat lortu du; eta hau, burges haroko konkistarik haundienak baztertu beharrean, bi mila urte baino gehiago duen giza pentsamenduan eta kulturan aurkitzen ziren edertasun bitxiak asimilatu eta birpentsatu dituelako da... Abiaburu hau kontuan harturik, Rusiako Proletkult delakoaren biltzarrak guztiz gaitzesten* ditu, teori mailan faltsu eta praktika mailan kaltegarri bezala, kultura partikular bat asmatzeko eta erakunde espezializatuetan hixtearen* aldeko ahalegin guztiak» (Leninek: De la Culture Proletarienne, 8-10-1920).

Azkenez, benetan euskaldunok behartuta gaude Haranburu-Altunari eskerrak ematera, haren arduragatik ETOR bezalako editorial bat gero eta gorago joan dadin. Dena dela, ea gure literatura «apala» maila hobe batera irixten den. Horrela izan dadila.

KOLDO ALTZIBAR

daude, dagoz

dezagun, daigun

dezake, daike

dezala, daiala

diezagula, deiskula, dezaigula

digu, deusku, derauku

digute, deuskue, deraukute

nioke, neuskio, neraukeo

zaio, jako


Zapaburua. Euskaldun Rh-dunen umore orria

Konfirmatu gabeko zurrumurruak

Gehienetan ongi informaturik egoten diren iturrietatik, azken orduan, gure idazkaritzara ondorengo berriok heldu dira:

• ETORen Iñaki Arrartek publikatu duen adiztegiak, egileak bestelakorik esan arren, ez omen du Euskaltzaindiaren ofizialtasunik ez baimenik; eta bertan agertzen diren forma gehienak, bestalde, ez omen dira aditz batzordekoek onharturikoak, egileak berak asmatuak baizik.

Ba genekien, noski, batzuek gipuzkoar aditz systema lehen bai lehen «eredu»tzat harturik ikusi nahi luketela; baina ez genuen pentsatzen, hura gainjartzeko, horrelako bideez baliatuko zirenik.

• Bizkaiko ikastola batetako umeak Santa Ageda kantatzera irten dira aurten ere; eta bidean topatu zituzten goardia zibil bik hogerleko bana eman zieten. Gertatua omen.


Zapaburua. Euskaldun Rh-dunen umore orria

[Komikia]


Denbora ematekoak

Gurutzegrama (14)


Denbora ematekoak

Hieroglyphikoa


Denbora ematekoak

Euskal salda


Ikas zeure hizkuntza

Hiztegia

IMANOL BERRIATUAK

Ale honetan izartxo batekin agertzen diren berbak

ABANTAIL, ventaja.

ADIN, edade.

AGIAN, beharbada, nonbait.

AHUL, makal.

AHULTZE, makaltze.

AISE, erraz.

AITEDER, aitabitxi.

AITZINATZE, aurreratze.

AITZINDARITZA, liderazgo.

AITZITIK, al contrario.

ALA, o qué?

ALDARRIKATZE, oihukatze, proclamar.

ALDIZ, berriz, ordea, ostera.

ALEGIA, a saber, es decir, esto es.

ALEGIA, Alegría de Oria.

ALOR, arlo.

ALTXOR, tesoro.

ANIZTASUN, askotasun, pluralismo.

ARAKATU, aztertu, ikertu.

ARAUERA, arabera, según, conforme.

ARBUIATU, despreciado.

ARBUIO, desprecio.

ARE, oraindik, aún, encore.

AREAGO, oraindik gehiago.

ARETO, sala, salón.

ARLO, alor, sail.

ARMADA, ejército.

ARRASATE, Mondragoe.

ARRETA, atención, cuidado.

ARRUNT, corriente, común, ordinario.

ASKI, nahiko.

ATSOTITZ, refrán.

ATXIKI, inclinado, aficionado, adicto, adherido.

AURKEZTE, presentatze.

AURKI, encontrar. (AURKITU, encontrado).

AUSART, intrépido, valiente, osado.

AXOLA, ardura.

BA, bada, pues.

BAHITU, secuestrado.

BATIK BAT, batez ere, bereziki, guztiz ere.

BATZUK, zenbait. (Batzuek aktibo, batzuk pasibo).

BEDEREN, gutienez, behintzat, behinik behin.

BEHINOLA, en otro tiempo, autrefois.

BEREIZ, separar, distinguir. (BEREIZI, separado, distinguido).

BERRIKI, berrikitan, arestian, oraindik oraintsu, aurtemein.

BIDE, agian, beharbada, nonbait.

BILAKAERA, evolución.

BILKURA, bilera, reunión.

BIRAO, blasfemia, maldición.

BORTITZ, sendo, indartsu. (Latinezko fortis berbatik dator).

BOZ, voto.

BULEGO, oficina, bureau.

DAKIKETE, dakite nonbait.

DAKUSAGU, ikusten dugu.

DARIE, les mana, leur coule.

DAUDEKE, dagokez, daude nonbait.

DERAUKU, deusku, digu.

DERAUZKIGUTE, deuskuez, dizkigute.

DATZA, consiste. (Etzan aditzaren forma).

DESIRA, desear. (DESIRATU, deseado).

DIOGUN, dinogun, esan dezagun (daigun).

DUKEGU, dugu nonbait.

EGUBERRIAK, Gabonak.

EGUN, gaur.

EKIALDE, eguzki alde, oriente.

ERA, abagadune, aukera, ereti, parada, ocasión.

ERAKUNDE, institución, organismo.

ERDIESPEN, logro.

ERDIETSI, lortu, conseguido. (ERDIETS, lor, conseguir).

EREDU, modelo.

EROAN, eraman.

ERORTZE, jauste.

ERRESUMA, erreinu.

ESKOMIKU, excomunión.

ESKRIBATZEKE, idatzi gabe.

ESKUALDE, comarca.

ESNARAZTE, iratzartze, despertar, éveiller.

ESNATZE, itzartze, despertarse, s'éveiller.

ETOR, venir. (ETORRI, venido).

ETSITZE, resignarse, desesperar.

EZEN EZ, que no, que non pas.

EZI EZ, ezen ez, que no, que non pas.

EZKUTU, oculto, escondido, caché.

FROGAGARRI, demostrativo.

FROGANTZA, prueba, demostración.

FROGATU, demostrado, probado.

FROGATZE, demostrar, probar.

FUNTS, fondo, sustancia.

FUNTSATZE, fundar, fundamentar.

GAITZESTE, kondenatze.

GERA, geldi, parar. (GERATU, gelditu, parado).

GISA, modu, era.

GIZONAK, Pio Barojak.

GORABEHERA, a pesar, malgré.

GUTUN, eskutitz.

HALTZ, aliso, aune.

HANTUSTEZKO, presuntuoso.

HAUK, honeek (Hauek aktibo, hauk pasibo).

HAUTA, escoger, elegir. (HAUTATU, escogido, elegido).

HAUTESKUNDE, elección.

HEDATU, zabaldu.

HERSTE, estrechar, serrer.

HIXTE, herste, heste, cerrar, fermer.

HORIK, hoik, horreek. (Horiek aktibo, horik pasibo).

HOTS, a saber, es decir, esto es.

HUNKITU, conmovido, emocionado. (HUNKI, conmover, emocionar).

HURA, ha.

HURBIL, hur.

IGERTOKI, piscina.

IHARDESPEN, erantzun, respuesta.

IHARDESTE, erantzute.

IHIZTARITZA, caza, chasse.

INKESTA, encuesta.

IRAGAN, igaro, pasatu.

IRATZARTZE, despertar, éveiller.

IRITXI, heldu.

IRLA, uharte, isla.

IRTEN, urten, atera, jalgi.

JADANIK, ya.

JARRERA, postura, actitud.

JASO, recibir.

JAZO, gertatu.

KEDAR, ollín, sule.

KONTRAKAR, oposición.

LANJEROS, arriskutsu.

LANTZEAN, noizean.

LEGEZ, lez, bezala.

LOR, erdiets, conseguir. (LORTU, erdietsi, conseguido).

MAIZ, sarri.

MALURUS, desdichado, desgraciado.

MENDE, siglo.

MENDE, menpeko.

MENDEBALDE, mendebal alde, occidente.

MUGI, mover. (MUGITU, movido).

OMEN, ei.

ONERATU, enmendado, corrigé.

OPOR, bakantza, bakazio.

OROKOR, universal, general.

OSTERANTZEAN, bestela.

OTSAIL, febrero.

OZEN, de sonido claro, agudo, penetrante.

PAIRAKOR, paciente, sufrido.

PARADA, abagadune, aukera, era, ereti, ocasión.

PETRAL, badulaque, lenguaraz, impertinente.

POZARREN, pozik.

SAR, entrar, meterse. (SARTU, entrado, metido).

SORTERAZ, crear, originar. (SORTERAZI, creado, originado).

SOS, diru.

SUKAR, fiebre.

SUNTSITU, hondatu.

UDALETXE, Herriko Etxe.

UKAN, izan. (Ukan aktibo, izan pasibo).

ULER, entender, comprender. (ULERTU, entendido, comprendido).

URDURITU, artegatu, kexatu, inquietado.

URTARRIL, enero, janvier.

UTZ, dejar, laisser. (UTZI, dejado, laissé).

VULNERANT OMNES, ULTIMA NECAT, ordu guztiek zauritzen dute, azkenak hiltzen.

XEDE, asmo, helburu.

ZAHI, salvado, son.

ZALANTZA, duda.

ZERAUKUN, euskun, zigun.

ZERAUZKIGUN, euskuzan, zizkigun.

ZEREN (ETA), ze, pues.

ZIKIN, ensuciar. (ZIKINDU, ensuciado).

ZILEGI, lícito.

ZUZENBIDE, derecho.


Historia

Kronstadt (2)

Aurreko artikuluan ikusi genuenez, Kronstadtarrek ez zuten esperantzarik Kerenkyren gobernuan, eta ez ziren batere harritu, hura herri iraultzailearen kontra jarri zenean. Kronstadtarrek ba zekiten lehendik, beren problemak ez zituela systema burjes batek konponduko; baina, taktika bezala, eutsi egin zioten Kerenskyren politikari, gobernu zarista iraultzeko oso indar handikoa zelako.

Gaur ere berdin gertatzen da. Benetako iraultzaile politikoek onhartu egiten dituzte burjesiarekiko elkarte taktiko batzuk, burjesia hau oligarkiaren kontra badoa behintzat. Indar hauk* kontuan ez hartzea, gaur egun «ezkertiar» batzuek egiten duten bezala, oligarkiari jokoa egitea da eta iraultzaren kontra joatea. «Iraultzaile» hauetaz mintzatzen naizelarik, Leninek arrazoi guztirekin esandako hitz batzuk* datozkit burura: «Iraultza garbi garbia —ama birjina bezalakoa— egin nahi dutenek, ez dute behin ere iraultzarik egingo, dagoen systema gehiago finkatuko baizik».

Kerensky, burjes gobernuaren buruzagi bezala, San Petersburgon egon zen bitartean, Kronstadtarrak Rusiara sartzen ziren, beren systemaren agiriak zabaltzera eta hango populuari kontzientzia iratzartzera,* Rusiako kontradikzioak agerteraziz eta lan horretan boltxebikeei laguntza haundia emanez.

Baina, behin boltxebikeak botereaz jabetu zirenean, berehala konturatu ziren Krostadtarrak, haiek beste eritzi batzuk zituztela eta aintzinako autoritarismoari jarraitu nahi ziotela. Horregatik, boltxebikeek beharrezkoa zuten Kronstadt hiriaz jabetzea, iraultza geldi erazteko eta beren agintea betiko finkatzeko, berek bakarrik baitzuten «egia» eta «eskubidea».

Boltxebikeen systema hau, aintzinakoak bezala, autoritarismoan funtsatzen* da; eta, horretarako, gizartearen hierarkizazioa behar da. Systema kapitalista batean, burjesia jartzen da gizarte osoaren gainetik, eta horretarako botereaz jabetzen da, eta hortik nahi duena egin dezake. Berdin gertatu zen Rusian eta beste erresumetan,* alderdi bat botereaz jabetu denean. Honekin ez dut esan nahi, Rusiako systema kapitalistena bezalakoa denik, politikagintzako oinharriak berdinak direla baizik.

Kronstadteko marinelen mintzabidea eta ekintza guztia hitz hauetan biltzen da: «Botere guztia Biltzarrentzat»; boltxebikeena, aldiz,* beste hauetan: «Botere guztia Alderdiarentzat», alderdi hau komunista izanik. Kronstadtarrek komunitate guztien federazio librea nahi zuten. Komunitate horien adierazpidea Biltzarra zen, eta Biltzar honen gainetik ezin zitekeen ezer egon. Boltxebikeek ez zuten horrela pentsatzen: Biltzar guztien buruzagitza nahi zuten; aginte hori goitik behera zetorren; eta denen gainean, dena zuzenduz, Alderdiaren burua, Zar berria, zegoen. Komunitateetako politika ondo gidatzeko, behar beharrezkoa zuten, Biltzar guztiak beren eskuetan —oposiziorik gabe, gainera— egon zitezen. Hots,* botereak piramide forma hartuko zuen, gainean aita infaliblea eta dena dakiena egonez.

Lehen aipatu dut, boltxebikeek iraultza geldi erazi egin zutela. Bai, eta hainbat aldiz gertatu den gauza bat da hau. Frantziako Burjes Iraultzarekin ere berdin jazo* zen. Behin burjes iraultzaileak botereaz jabetu zirenean, herrigintza (ideologia burjes batekin moldatutako herri guztien egintza) gelditu egin zen; eta burjesgintzak bakarrik iraun zuen, herriaren gainetik eta herria zapalduz.

Benetako iraultza batek herrigintza izan behar du; bestela, iraultzaren itxura bat besterik ez da izanen, mutazio bat, aldaketa bat, nahiz eta aurrerapen ekonomiko haundiak ekarri. Frantziako iraultzaren mutazioa ulergarriagoa da Rusiakoarena baino. Hango ideologia burjesa zen, baina Rusiakoa ez. Hemengo ideologia, zalantzarik* gabe, ez zen burjesa; baina burjesiak erabilitako istrumendu asko maneiatu zuen, batik* bat Alderdiaren kontzeptu jakobinista, zentralista.

Behin boltxebikeak Rusiako botereaz jabetu zirenean, herriak sortu zituen erakundeen* politika kontrolatuz, hari ez zioten uzten bere aldeko ekintzarik aurrera eramaten; eta egintzaren zuzendaritza, lehen burjesiak hartu zuen bezala, orain Alderdiak hartzen du, herrigintza partiduen politikapean utziz, «masen» egintza baztertuz («masa» hitza oso demagogikoa eta antipedagogikoa iruditzen zait; baina erabili beharra ikusten dut, irakurleak uler dezan) eta iraultza mutatuz. Behin herrigintza bukaturik, partidugintza hasten da; eta berau ez da saiatuko herria mugi* erazten, gera* erazten baizik, horrela errazago zuzenduko baitu Rusia guztiaren etorkizuna.

B. BAKAIKOA

dezake, daike

dezan, daian

dio, deutso

zait, jat

zekiten, ekien

zioten, eutsoen

zitekeen, eitekean