ANAITASUNA

III URTEA — N. 25-26

Suplemento a la Hoja ANAITASUNA de Guipúzcoa

Garagarrilla-agustua (7-8) 1955


Kristiñaua ta ziñea

 Gizon ospetsu bat bizi da Erroman. Gaixoa ta zarra izanarren, mundu osoa dauko berari begira. Argia gura dabenak, adorea ta kontsolamentua nai dituenak, beragana joaten dira. Eta danentzako dauko argi izpi beroa, berbaldi sutsua, abegi txeratsua. Aspaldion Aita Santu gitxi izan dogu, oraingoa baizen leber ta jakintsu izan danik.

Orain aste batzuk direala, Italiako film-industriaren errepresentatzailleeri berba egin deutse. Ereti ona Aita Santuarentzako, ain inportantzia aundiko arloan gizonen adimenak argituteko. Igazko urtean, mundu guztian 12.000 milloi persona joan ei dira ziñera. Ziñe zaletasuna, guztiz aundia da gaurko egunean. Euskalerrian-bere ez da makala. Ezin eiteken ixilik egon Aita Santua gizarteko fenomeno onen aurrean. Eta berba egin dau. Ondo ta sakon egin-bere. Bere boza, Jesukristoren ordezkoaren boza da; bere eritxia, Eleizearen eritxia.

Aita Santuak arritasunez beterik ikusten dau ziñearen indar miragarria. Aurrerapide guztiak batu dira ziñean, distraiziñoa, atsedena, irakaspena, alaitasuna ta emoziñoa gizonen arimetara oroateko. Ziñegilleak dana euki dau kontuan, alde artistikoa, teknikoa ta psikologikoa, gizonen biotz-adimenak ikututeko. Pelikulea nora joan, ikuslea araxe joango da. Sakona da benetan, gure barruan ziñeak egiten daben erasona. Orregaitik, zelakoa dan ziñegillearen asmoa, probetxugarria izan daiteke ziñea, edo kaltegarria.

Ori dala-ta, danak euki bear dabe ardurea, pelikulak beti onak izan daitezan. Danak dauke sail onetan erantzun-bearra: zentsuratzailleak, filmegilleak eta ziñe-ikusleak; bear bearrekoa da irurok batera ziñe onaren alde lan egitea, benetako probetxurik atara gura bada.

Ziñegilleak, batez-bere, alegin guztiak egin bear ditue, film ideala egiteko. Orretarako, ziñe-ikusleen izakerea ondo ezagutu bear dabe, edade bakotxeko ardurak eta kezkak begien aurrean euki, gero anaia nagusi baten antzera euren bizitzako problemak ebazten lagunduteko eta adorea emoteko.

Distraiziñoa, atsedena, irakaspena, alaitasuna ta emoziñoa: orixe gura izaten dabe ziñera joaten direanak. Film idealak orixe emongo deutse, baiña griña txarreri eragin barik, eta espirituaren legeak gordetan dituala.

Ziñe onak, ia konturatu barik irakatsi egiten deusku, poztu eta ondu egiten gaitu, atsegin jatorra ta benetakoa emoten deuskun bitartean. Film ideala sakona ta ariña da batera, irudimenezkoa ta benetakoa. Polito polito, bultzada aundi barik, mundu artistikoko zelai garbi ta gozoetara eroaten gaitu; eta pelikulea ikusita gero, ziñetokitik sartu giñean baiño pozago, libreago eta onago urtetan dogu. Momentu orretan, ziñegillea gure aurrean ikusiko bagendu, artez artez joango gintzakioz zorionak eta eskerrak emoten, ain ziñe ederra egin deuskulako.

Orixe egingo al dogu beti ¡Osterantzeko ziñera uxala eguno joango ez bagiña, eta gure ziñezaletasun zuzenagaz film idealari bizia erreztuko bageuntso!


Or, an, emen

 Mediku espaiñol bat Indian.—Cuttack, Indiako eleizbarrutian, urte bitik ona mediku dago Ramon Miquel Jauna. Madrillekoa da bera, eta familia aberatseko semea. Antxe dago 25 misiñolariren laguntzaille. Misiñoko hospitalean lan egiten dau, eta orrezaz gaiñera erririk erri gaixoak bisitetan ibilten da. Bertako medikuen artean entzute aundia dauko, osagille ona dalako eta dana doarik egiten dabelako. Bere bizimodua, misiñolarien antzekoa da.

 "Urregorrizko miña bat Espaiñian".—Inglaterrako periodiku batek dakar titulu au, eta jarraian auxe diño: "Sekulako meritua dauko Abarzuza, Naparroako erri txikiak, bertako bizilagunen artean irutarik bat baiño geiago, abade, fraille edo monja sartu dalako. 999 bizilagun daukoz, eta 337 erriko seme Jainkoaren serbitzuan bizi dira. Familia batzuk, sei ta zazpi seme-alaba emon ditue fraille ta monja izateko. Bertako Parroku Jaunak, oraintsu bere abadegintzako urrezko ezteguak ospatu dituanak, 220 mutil baiño geiago eroan dauz seminariora. Abarzuzan jaioriko erreligioso asko, munduaren bost alderdietako misiño lurraldeetan bizi dira".

 Frantziako katolikoak.—Berrogetairu milloi frantzesen artean, zortzi milloi (euneko emeretzi) ei dira katoliko zintzoak. Auxe diñoe bertako estadistika ofizialak. Ori esateko, domeketan mezatara zenbat katoliko joaten direan kontuan euki dabe.

 Eleiza katolikoa Iparramerikan.—Norteamerikako Estadu Alkartuetako katolikoak, 32.575.702 dira gaurko egunean. 927.278 katoliko igaz baiño geiago. Orain amar urte, ango katolikoak 23.963.621 zirean. Zortzi milloi ta erdi orain baiño gitxiago. Azkenengo bederatzi urteetan legez, aurten eun milla persona baiño geiago sartu dira Eleiza katolikoan. Ain zuzen, igaz 137.310 persona nagusi bateatu zirean: 10.733 geiago, aurreko urteetan baiño. Amar urterik ona, 1.160.054 persona konbertidu dira.

 Holandako ume katolikoak.—Eskola katolikoetako umeak gero ta geiago geituaz doaz. Gaurko egunean, Holanda-ko ia gaztedi erdia katolikoa da, katolikoen familiak protestanteenak baiño ugariagoak direalako. Lau urte barru Holandako gaztedia, erdia baiño geiago, katoliko izango da. Ori dala-ta, maixuen premiña aundia dago. Amar urte barru, gitxienez 3.500 maixu geiago bear izango dira urrean. Orain 16.000 maixu katoliko dagoz Holandan, eta 2.599 eskola 600.000 ikaslentzako.

 Erlegiñoa Ingalaterran.—Azkenengo estadistikak diñoenez, Ingalaterran euneko ogeiek ez dauke bapere erlegiñorik. Beste euneko larogeien artean, ia erdiak, izenezko kristiñauak dira; eta euretarik euneko amaseiek betetan dabe eleizara joateko obligaziñoa. Geienak, protestanteak dira. Katolikoak, euneko zortzi bakarrik dira, eta zintzo kunplietan dabe euren erlegiñoa.

 Ziñezaleak.—Igazko urtean 12.030 milloi persona joan ei dira ziñera. Euretarik 2.500 Amerikako Estadu Alkartuetakoak dira, 1.300 milloi Ingalaterrakoak, 800 milloi Italiakoak.


Illeko Santua

Santa Klara (Bere eguna, agustuaren 12)

Milia eun ta larogetamairuan jaio zan Klara Italian, Asis urian. Bere gurasoak, kristiñau zintzoak zirean; eta bere familia, Asisko ospetsuenetarikoa.

Amazortzi urteko neskatilla liraiña zan Klara, Frantzisko ezagutu ebanean. Beronegaz itunduta, Erramu Domeka gau baten, iges egin eban etxetik Porziunkulara, Frantziskoren eskuetan pobretasunezko profesiñoa egiteko. Frantziskok, bere eskuz ebagi eutsan buruko ule matasea; jantzi leun eta argitsuen ordez, lanazko tunika latza emon eutsan soiñerako; belo lodi, ta baltzagaz estali eutsan burua; eta Asis bertako Monja Benediktinen monasterioan egoteko agindu eutsan, arik-eta beste leku bat topau artean.

Klararen aitak —zetan esan-be ez— txarto eritxi eutsan alabeak modu aretan etxetik iges egiteari, eta asarre aundia erakutsi eban. Alperrik baiña. Egun batzuen buruan, Ines bigarren alabeak, beste ainbeste egin eutsan; eta gerotxuago Beatrizek, alaba txikiak. Eta azkenik, aita ilda gero, bere alargun Hortulana, alabakana joan zan, eta ukaraz igaro zituan, santutasunean, bere azkenengo urteak.

San Frantziskok, Klarari ta bere monja guztieri San Damiango komentua emon eutsen bizilekutzat; eta antxe, Klara Ama Nagusi ebela, Asisko ta Italiako gazterik asko batu zirean, pobretasunik estuenean biziteko. Frantziskok, frailleentzako idatzi eban-Erreglea berbera emon eutsen monjeri, egoki zirean-aldakuntzak eginda beste barik: ortozik ibilliko zirean, eguzkia sartzean ogeratu, gaberdian Maitiñetarako jagi; eta euren bizitza espiritualaren zimendutzat pobretasuna ipiñita, lurreko ondasunetarik biotzak askaturik, Jainkoarentzako bakar bakarrik biziko zirean.

Klara, Frantziskoren aginduz, Ordena barriaren Abadesa ta Buru Nagusi egiñik geratu zan. Orrexegaitik, besteentzako ispillu izan bear ebala-ta, penitentzia gogorrak egiten zituan. Monjak sarri askotan esaten eben euren artean: "Bizi-be zelan bizi leiteke gure Ama Nagusia?" —ain aundiak zirean Klararen barau ta bigiliak. Gaixotu baiño lenago, garizuma bi egiten zituan urtean, bata baiño bestea latzagoa, ura ta ogiagaz beste barik. Gaixoagaitik ogetik jagi ezin zanean, alperrerian ez egoteko, ogean bertan lan egiten eban.

Erregla santuak ez eutsan ixten mundu onetan ezetariko ondasunen jaube izaten. Aita Santuak, bein baiño sarriago gura izan eben Erreglea gauza onetan pitin bat bigundu; baiña Klarak ez eutsen iñoiz olako biguntasunik ontzat artu.

Mirari asko egin zituan, batez-bere komentuan estualdiren bat zanean. Beiñola baten, Italia garren egoia, Moruak Asisera etorri zirean, eta San Damiango komentua inguratu eben, barrura sartzeko asmoz. Klarak, gaixorikegon arren, kopoi santua eskuetan artu eban, eta gure Jaunari otoitzik beroena egiñik, atean agertu jaken, komentuan noiz sartuko egozan Morueri; eta beste barik, Klara gure Jaunagaz ikusita, Moruak igesari emon eutsen arrapaladan; eta orma gaiñetara igonda egon zireanak, itsututa legez atzerantza jausi zirean.

Klara, agustuaren 11'an il zan, 1.253'garren urtean. Aita Santua bera etorri zan bere funeraletara, illetearen buru egiteko.


Antontxo [Komikia]


Ba dakizu...?

- Rio Janeiro'ko Kongresu Eukaristikoan erabilli dan kustodia egiteko, 150 kilo urregorri bear izan dira.

- Kongresu orretan omenaldi aundi bat egin deutse Jose Antxieta, Jesusen Lagundiko misiñolari ospetsu eta Brasil'eko Apostoluari. Euskalerrian jaioa izan ezarren, bere apellidua euskalduna da, eta bere gurasoak Azpeitikoak zirean.

- Rio Janeiron irurogetamilla personak emon izan dabez euren izenak, Kongresu Eukaristikoko gastuak pagetako.

- Brasil'ek, 50 milloi inguru katoliko daukoz; beste edozein naziñok baiño geiago.

- Brasil, Sudamerikako naziñorik aundiena da: amazazpi bidar Espaiñia baiño aundiago.

- Brasil'eko basoetan oraindiño indio asko bizi dira, kristiñau ez direanak eta gizo zuria ozta ozta ikusi dabenak.

- Brasil'en, iru arrazatako personak bizi dira: indioak, zuriak eta baltzak. Indioak, bertakoak dira; zuriak, Europatik eldurikoak; eta baltzak, atxiña Afrikatik ara joandakoak.

- Brasil'en, protestantismoa ta espiritismoa dira erlegiño katolikoaren areriorik aundienak. Azkenengo gerra bitartean, eta ostean, misiñolari protestante asko sartu dira, Ipar-Amerikatik etorriak. Espiritismoa, persona baltzen artean, batez-bere, gero ta geiago zabaltzen da.


Esaidazu

Jauna, atara naizu mesedez duda onetatik: Matrimonioa ausieziña bada, Aita Santuak zegaitik askatu dauz ezkontza batzuk?

Bai, egia da. Ezkondu batzuk, Eleizearen baimenagaz, bata besteagandik banandu egin dira, eta gero beste norbaitegaz ezkondu.

Eleizeak, orraitiño, ez dau ezelan-bere iñoren ezkontzarik askatu, orretarako eskubidarik ez dauko-ta. Zer egin dau orduan? Auxe bakar bakarrik: Sententzia baten bitartez ebatzi an ez dala iñoiz egon ezkontzarik; andra-gizonen alkartasun ori ez dala izan benetako matrimonioa: itxuraz bakarrik ezkonduta egozala.

Olako ezkontzak —baliorik ez daukenak— bein baiño sarriago jazoten dira. Esate baterako: gizonaren naiz andrearen naiz bien aldetik, euren kontzentzian ezkontzeko baietza falta danean, matrimonioko zerimonia guztiak ondo eginda-bere, matrimonio orrek ez dau balio.

Batzutan bildurra, beste batzutan jakiñeza edo malizia direala, bein baiño geiagotan falta izaten jake ezkongeien ezkontzeko konsentimentua.

Kasu baterako, seme bat, bere aitaren ikaragarrizko zemaien bildur aundiagaitik, berak gura ez daben emakume bategaz ezkonduko balitz, matrimonio ori balio bakoa izango litzake, benetako konsentimentua falta izan dalako.

Eleizeak orduan, deklaratu egiten dau olan alkartu direanak ezkondu barik dagozala, eta beste iñogaz ezkontzeko-libre direala.


Billa joan, uts etorri

Erri txiki bateko azeri bi, anka bikoak eurak, periodikua leiduten daoz. Batek leidu eta besteak entzun.

Leiduten daoenak olango baten:

— ¡Au da barria! Entzuizu: Estados Unidos'en idiak egaz.

— ¡Oindiño andiagoak entzunguz!

— Orixe diño ba, idiak egaz eroan dituezala leku batetik bestera bitarte urrunean.

— Zerean eroan izango ditue, aeroplanuan.

— Bai ba, jakiña.

— Orregaiti barri ori oin berrogei urte esan balitz iñok be ezeban siñistuko.

— Oin berrogei urte diñozu? ¡Ezta ointxe be!

— Izan be, askok eztau siñistu gurako.

— Zu, asmo bat etorri jat burura.

— Ia esaizu ba.

— Barri onexegaz merienda bat irabaziko geunskiola gaur Astokillo'ri ta Madokillo'ri.

— Ezta asmo txarra.

— Arrastian tabernan arrapaukuz eta esango dautsagu idiak egaz ein dabela. Eurak ezetz esango dabe segurutik...

— ¡Ez ba! Mutil onak dira orretan Astokillo ta Mandokillo, kontra eiten.

— Orduan guk posture merienda bat laurontzat, eurak postureari eutsin, guk irabazi ta betekada bat eingu euren lepotik. ¿Zer deritxozu?

— Sekulako ederto deritxot.

— Orduan orretan geldituten gara.

— Bai, arrastirarte ba.

— Bai gero arte.

Arrastian, alkarregaz tabernan Astokillo ta Mandokillo azeri biakaz batu diraneko onik airi esaten dautsie, ba, idien egazkadea, ta esan ordukoxe.

— ¡Barriketea ta barriketea! —diño Astokillok.

— ¿Eskolako mutikoen batzuk gareala uste dozue ala? —generatzen dau Mandokillok.

— ¡Ze mutiko ta ze mutikoste! Guk diñoguna egia da, ementxe periodiku pormal onetantxe dao, diñoe azeriak.

— ¡Ezta egia! —gogor Astokillok eta Mandokillok.

— ¡Bai da! Posture gorozue ala?

— Bai, guru.

— ¿Laurontzat merienda on bat?

— Bai.

— Iruna pesetako meriendea?

— Bai einda.

— Galdu dozue ba; zu, leiduizu or.

IDIAK EGAZ

"New York.—Asshead and Company deritxon soziedadeak amabi idi gizen bialdu ditu, Nord Dakota'ko Cando uritik Chicago'ra, aeroplanu andi baten, eta amalau orduan bete ditu uri bien arteko 1.500 kilometruak.

Trenez baño ariñago ta merkeago egin ei da eroate ori, ta Asshead Soziedadeak beste amar aeroplanu eskatu ditu Pittsburg'eko aeroplanu fabrika baten".

— Orra ba, diñoe azeriak, zelan dan egia idiak egaz joan direala.

— Ez, eztabe egaz ein, aeroplanuan eroan ditue.

— Baña, dana dala, eurak goitik, aizez joan dira.

— Eurak eztira joan, eroan ein ditue, diño gogor, Astokillok; ori izango liteke, Ameriketara itxasoz joan dana, uger joan dala esatea lez; Bilbotik Durangora ordu betean trenez datorrena ariñeketan bide ori ein dauela esatea lez. Trenean eroaten dabenak eztau ariñeketarik eiten eta aeroplanuan daroenak eztau egaz eiten.

Tabernan egozan guztiak arrazoia emon Astokillo ta Mandokillo'ri ta azeriak lotsatuta, ordaindu ein bear izan eben meriendea ta anka ein andik, atzetik barre ta burle eiten eutsiela.


Perutxu. Jo ta bota! [Komikia]