ANAITASUNA
250. zenb.
1973.eko otsailaren 30ekoa
Pelota, 4 - 1.º - Bilbao-5
Tel. 23 74 49 - Apart. 495
ANAITASUNA Bizkaia
Hamabosterokoa.
Zuzendari ordezko: Imanol Berriatua.
Idazkari: Josu Torre.
Bulegoa: Pelota, 4-1.º - Bilbao-5.
Imprimatzaile: AMADO, Mazarredo 35 - Bilbao-10.
Moldatzaile: RALI, Particular de Costa 12-14, 3.º - Bilbao-10.
XX. urtea.
D.L.: BI-1.753 - 1967.
Italiako herrialdeen eskubideak
Italiako ikasle gazte batenak dira, hemen agertzen diren eritziak.
— Zenbat herrialde daude Italian?
— Hogei.
— Nolako askatasuna dute herrialdeok?
— Hogei herrialde horietarik hamabostek ezin erabaki izan dute ezer 1970. urterarte: goitik behera zentralizatuta eta menperatuta egon dira. Ba dira beste bost herrialde —Aosta, Hego Tyrol, Venezia Julia, Sizilia eta Sardinia— 1948.etik lege berezi batzuk* izan dituztenak. Lege berezi hauk,bigarren nazioarteko gudua amaitu eta gero sortu ziren.
— Herrialdeak direla eta, zer jazo* zen 1970. urtean?
— Urte horretan hauteskundeak* egon ziren, herrialdeetako ordezkariak aukeratzeko eta herrialdea instituzio bezala indarberritzeko.
— Jendearen erantzuna hauteskundeen aurrean?
— Lehenik, gehienek behintzat, onhartu egin zuten herrialdeen eraberritze hau. Alde batetik, burokraziaren oztopoak gaindituko zirelako ustetan; eta bestetik, bide demokratiko jator bat izango zelakoan. Bi arrazoi hauengatik batez ere, jendea pozarren* zegoen.
— Zure eritziz, Gobernuak bene benetan onhartzen du herrialdearen funtzioa eta askatasuna?
— Estatuak ez du onhartzen, ez eta urrunetik ere, herrialdearen funtzioa gizarte bizitza barruan. Jendea ere ez da kokoloa; eta, horregatik, lehen esan dugun poza behingoan lurperatu zen, arrazoi hauk kontutan hartuz:
- Legez, herrialdeak urte bi geroago hasi behar zuen bere eginbeharra, hots, 1972. urtean.
- Ez zegoen dirurik, herrialdearen eginbeharra aurrera eroateko.*
- Estatuaren egoera burokratikoa, ezer aldatu gabe, bere akats, oztopo eta eragozpen guztiekin herrialdera heldu zen.
- Herrialdearen eta Estatuaren mugak (ekintza arloan,* noski) ez ziren argi eta garbi banandu.
- Herrialdeetako ordezkariek menpetasun gogor bat sufritu behar zuten Estatuko diputatuen azpian.
— Nola ikusten duzu, beraz, herrialdeen etorkizuna Italian?
— Herrialdeak, ene eritziz, hil zorian daude. Batzuek diote, herrialdeek ez dakitela nola joka,oraino gazteegiak eta esperientzi gabeak direlako. Izan liteke; baina ez da hori egia osoa. Ezin genezake esan «gazte honek ez daki bizikletan ibiltzen», baldin beronen aitak bizikletan ibiltzea galerazten badio. Berdin jazotzen da Italian: Gaurko politika egoera barruan, herrialdeak oztopo asko daduka. Laster «erakunde artistiko» bat bihurtuko da, eta, azkenez, hil egingo da.
ALDO TONET-BITTOR EGURROLA
Erlatibotasun eta absolutasunaren arteko erlazio aldakorra
Erlatibotasun eta absolututasunaren arteko harreman dialektikoa, aldian aldiko giza egoera bereziak muga dezake. Giza egoera horretan gizonak proposa ditzakeen halako edo honelako eritzi eta ideiek, ba dute berez nahitanahiezko absolututasun usainik edo izakerarik. Gertaera hau, noski, erlatibotasunaren kontextuan taxuturik datza.* Eta, jakingarri denez, fenomeno honi erlatibotasunaren absolutizatzea dei* diezokegu.
Ulerterrazago gerta dadin, exenpluz adieraz daiteke. Adibidez, historia bere osotasunean hartuz gero, berorren haro berezi ezagun batekin gonbaraketa bat eginen bagenu, desberdintasunari dagokiola, oharterraz litzaiguke, bere osotasunean igar ezin daitekeen kidetasun edo homogeneitate bat nola haro berezian nabarmenki froga* dezakegun. Horixe da, hain zuzen, haro bakoitzak bere garaiko egiak eta ideologiak absolutizatzean gertatu ohi den fenomenoa. Une berezi horretan, herri berezi batek har* dezakeen jokabide berezi bat.
Hau ontzat emanik, euskal errealitateari heldu nahi nioke, aplikagarri izanen delakoan. Biziki nabari* da, egungo* zenbait jokabideren artean, kontraesan horrekiko ikuspegien desberdintasuna. Batzuk dena erlatibizatu nahirik, eta, aitzitik, besteak beste alderdiari bizirik iraun erazteko gogoz. Lehendabizikoek duten ikuspegiaz baliaturik, aitor dezaket, herriaren izkutu sakonak biluzik argitara nahi dituztela. Bigarrengoek, aldiz, garbitasunari edo nolakotasunari garrantzirik eman arren, ugaltzeari edo kantitateari so* egiten diote.
Jarrera hau sail edo maila desberdinetan soma daiteke, baina bereziki eta bizienik ikastolaren arloan. Pentsamolde batentzat, «ikastolak NAHI ditugu» da arrazoirik funtsezkoena.* Bestearentzat, aldiz,* «halakoak ez baina honelakoak nahi ditugu»; beraz, nolakotasunean datza* kakoa.
Batzuek, ez izatetik izateari so eginez, prozesuaren izakera nolabait absolutizatu ohi dute. Hots, bi errealitate desberdin baloratzen dute, ez duena eta duena. Eta horri, aldakuntza kuantitatiboa ezezik kualitatiboa deritzate. Honela, NAHI horretan ba dago erlatibotasunaren absolutizatze delako hori, iraunkortasunari begiratzen badiogu. Fenomeno hau ez da berez kaltegarri, onuragarri ere izan baitaiteke inoiz. Arazoaren kakoa zerean datza: errealitatearen aldaketari dagokion arauera,* denboraren baitan, arrazoinaren izakera bera ere aldatzean.
Besteek, nolakotasunari so egiten diotenek alegia,* erlatibotasunaren dimentsioa etengabeko aldakortasunean ikusten dute, eta inoiz ere ez aldakuntzaren kalitaterik gabeko kantitatean soilik. Kantitateak kalitatea berez ekar dezake; halaz ere, ezin daiteke onhar itsu itsuko prozesu hori. Ikastolen ugaltzea eta demokratizatzea hildo* bereko zeregin bakar bat da. Ezin zitezkeen demokratiza, izatera heldu gabe; baina ez eta herrikoi eta askatzaile izan ere, demokratizatu gabe. Beraz, sortuz gero obra dezaketen askatasungintza ez da soilik iraultza; aitzitik, sortzea bera ere iraultzaren hildoan zehar doa, hots,* berez da iraultzaile, ondorioa bezalaxe. Une konkretu batetan, ordea, gerta daiteke ere zapaltzaile izatea. Eta orduan, hala dela aitortu ahal izateko, euskal ikastola euskal errealitatearekin gonbaratuz, erlazionatuz eta arrazoinez ezarritako egiaz baliaturik, kondenatzera hel daiteke. Horretarako, ordea, azken finean esistitu egin behar du. Eta horregatik da berez ikastola eta herri baten esistitzea, halabeharrez, iraultzaile. Nik behintzat ezin dezaket nahas herrien eta gizonen arteko lotzea eta elkartzea.
JOXE M. ODRIOZOLA
diezokegu, deiskiogu, dezaiokegu
diogu, deutsagu
diote, deutsoe
ditzake, daikez
nioke, neuskio
zitezkeen, eitekezen
Azken ordua
Jose Antonio Etxebarrieta hil da
Atzo, 1973. eko Otsailaren 25 ean, Jose Antonio Etxebarrieta Ortiz, 32 urte zituela, hil zen Bilbon.
Dakigunez, bilbotar abokatu gazte hau Txabi Etxebarrietaren anaia zen eta politikagatiko presoen alde saiatzen zen letratu gisa, horregatik Burgosko prozesoan fama haundia lortuz.
Gaur, Otsailaren 26an, meza bat egon da S. Antongo elizan haren arimaren alde, eta kopururaino egon dela beteta esan dezakegu, jendeak harengana zedukan maitasunaren lekuko.
Gure doluminak haren ama eta anaia arrebei. Herriak seme argi bat galdu du. Diogun hargatik guk ere: ...hala ere ez lukek nik hiregatik nigar egitea lotsa.
Jon Mirande joan zaigu. Bai, «joan zaigu» esan behar, zeren,* sinestu ezin bagenuen ere, euskal literaturarentzat aspaldi galdua baikenuen. Hala ere, haren lanak bizirik iraunen du.
Herriminez ezin-minez
Erdiratzen zait bihotza
Egunetik egunera
Gau luzetik gau luzera.
Idatzi zuen poetak izakerazko pesimismo ikaragarria zuen barne-hezur muinetaraino sartua, eta, gure herriaz ezezik, bere buruaz ere etsiturik* bizi zen. Euskal Herriaz bere ideia bereziak zituen, 1953.ean «Gernika» aldizkariaren 23 eta 25. zenbakietan agertu ziren Euskaldungoaren etsaiak eta Abertzaletasunaren inguruan saio laburretan azaldu zituenak; eta batez ere hemendik sortu zitzaizkion gure barnetiko etsaiak. Berak Euskal Herriaren amoreagatik eman zituen ideia haiengatik, kalte asko lortu zuen bere buruarentzat. «Zainetako» gaitza zuen, nerbioetakoa, eta azken boladan psikiatrekin zebilan.
1972.eko abenduaren 28an hil zen Parisen. Hiri honetan sortua zen 1925.eko urriaren 10ean, guraso zuberotarrengandik.
Idazle ospetsu hau poeta handia zen. Pariseko Unibertsitatean estudiatu zituen Legetza eta Linguistika. Hizkuntza asko eta euskararen dialektuak ikasiak zituen. Aspalditik Euskaltzaindiko laguntzaile genuen.
Haren lanaren fruturik gehienak hor gelditzen zaizkigu euskal aldizkarietan sakabanaturik, poesiak, ipuinak eta saiakerak, «Gernika», «Euzko-Gogoa», «Elgar», «Egan» eta «Igela» aldizkarietan batez ere. Haur besoetakoa (Donostia, 1970) izeneko nobela laburra dugu, argitara eman zigun liburu bakarra.
Lan asko euskaratu zituen, batez ere frantsesetik eta inglesetik. Nietzsche, Allan Poe, H. H. Munro eta abar ditu, itzulikatu zituen autoreen arteko.
Idazle bakan honen lanek bizirik iraungo dute. Beste inori ez beste zor diogu gudate ondoreneko euskal literaturaren eragintzaren hastapena.* Orduan hasi ginenoi, Europako haize berriak zekarzkiguten haren poesiek, haren ipuinek. Gure egoera itsuan, diktadura gogor baten menpean, literatur molde zaharregien gurpilean,* aspaldi joanak ziren Lizardi eta Lauaxetaren imitatzaileen artean, ez zen hain erraza arnasa hartzea. Lizardi eta Lauaxeta gogoko bagenituen ere, hain landua utzi ziguten alor berean, ezer berririk sortzeke* jira-biraka zebiltzatenen erak hain ziren aspergarriak! Orduan, hain nekez eta isilka eskuratzen genituen euskal aldizkariak, egarriaren egarriz laster irensten genituen. Gogoak bere bideak dituenez, Jon Miranderen kezka eraginkorrak eskaintzen zigun zerbait. Inoiz, Iratzeder, Salbatore Mitxelena eta besteren batenak ziren pizgarri. Haik* bai urte latzak, euskaraz kulturazko gaietaz idaztea arriskugarria baitzen! Gizaldi berrikoen artean gogoz irakurtzen genuen idazlea zen Jon Mirande.
Era berrien hazi ereile izan genuen. Idazle bakan honek ipuin beltzak zituen gogoko, eta honetakoak lehen aldiz ekarri zituen euskal literaturaren alorrera*. Baina bereziki poesian izan genuen eraginik handiena. Berak erakutsi baitzigun, formak eta esateko erak zuten garrantzia. Gai biziak harturik eta era berriez baliatuz sortu zituen bere olerki atseginak. Egungo poesia berriaren iturriak hargan aurkitzen direla, lasai esan genezake. Honen berri ondo dakite Aresti, J. Azurmendi, J. M. Lekuona, Otsalar, M. Lasa eta gainerakoek, berok ekarri duten pizkunde berriaren iturburuetako bat Mirande zelako. Euskal literaturan toki berezi bat merezi du eta bertan bizirik iraungo du, euskara den arteraino, heriotzarekin baketu den gizonak.
JUAN SAN MARTIN
Zuzentzailearen oharra: Artikulu hau irakurri ondoren, pentsa beza irakurleak, ez ote den mesedegarri, iraganeko zenbait aditz formatan azentu grabea jartzea.
diogu, deutsagu
dizkiote, deutsoez
genezake, geinke
zaigu, jaku, zaiku
zait, jat
zaizkigu, jakuz
zekarzkiguten, ekartzen euskuezan (zizkiguten)
zigun, euskun, zeraukun
ziguten, euskuen, zeraukuten
zitzaizkion, jakozen
Ekonomia
Enpresa batetatik bota gaituztelako, edo «suspensión de pagos» delakoagatik enpresa hori geure kabuz* utzi dugulako, edo kanpotik etorri garelako..., «paper zuri» bat firmatu eta gero, edozein kontratatan egon gaitezke.
Sartzerakoan, geure jabeei firmari buruz zerbait esaten badiegu, «paper zuri» hori betetzeko astirik ez dutela esango daukute. Bai eta ez diola axola* ere, berek beteko dutela eta.
Ikus dezagun orain, kontrata horik* nolakoak diren. Kontratak, normalki, enpresa handi baten pean daude. Haien xedeak* —enpresa handiarenak bezalakoak— hauxek dira:
Fabrika handiko beharrak bete ondoren, hots,* bertako lana amaitzen denean, enpresa handiko «plantilla» delakoan egon behar zuketen langileak berriro kalean aurki daitezke. Honela Haziendari zerga* gutiago ordaintzen zaio, plantilla ez baita gehitu. Plantillan sartu balira, haiengatik gehiago ordaindu beharko zatekeen.
«Paper zuria» firmatu baitute, langileek ordu estraordinarioak ematen dituzte, hori egitera behartuak daudela uste dutelako eta bestela kanpora botako ote dituzten beldur direlako.
Gainera, edozein infrakziotan, fabriketako jabeek ez dute legearen aldetik zertaz kezkaturik, kontratetako nagusiek baizik. Hau, beste abantail* bat da fabrikako jabearentzat.
Alde batetik dugu, enpresa handiak bere langileei ordaindu behar liekeena; eta bestetik, kontratako nagusiak ordaintzen diena: bion arteko diferentzia, kontratako nagusiarentzako benefizio bat da.
***
Horrenbeste gauza ikusirik, eta langileek beren eskubideak zeintzuk diren jakin dezaten, hauxe esan behar dugu:
- Kontratek Registro Mercantil-en egon behar dute; bestela, kontratan lan egiten dutenak, fabrikako plantillan sar litezke.
- Enpresa handiaren eta kontrataren artean, denboraldi baterako, kontratu bat egon beharko da.
- «Paper zuria» firmatu arren, hori gezurrezko kontratu bat besterik ez da; egiazkoa izateko, kontratuak argia eta garbia izan behar du alde bietatik, bai kontrataren eta bai langileen aldetik.
- Benetako kontratua izan dadin, beste hau ere beharrezkoa da: kontratak, bere lana planifikatzeko, teknikazko koadroak ukan ditzala.
- Horretaz gainera, langile guztiek Seguridad Social-en egon behar dute. Horregatik, askotan kontratek plantilla txiki bat dute legearen arauera;* bestela, kontratetako nagusiak legearen kontra egongo lirateke eta.
- Azkenik, «Delegación de Trabajo» delakoak baimena eman behar du, ordu estraordinarioak egin ahal izateko; eta, hala ere, langileak libre dira, baimen hori onhartzeko edo ez onhartzeko,
Hauzi hau praktikan nolakoa den, ikus ezazu zeuk, irakurle:
Kontratakoek irabazten dituzten soldatak bereziak direla ikusiko dugu. Joan den urtean, hauxek izan dira kontrata bateko alokairuak,* egunero eta hilabetero:
Lehen mailako ofizialek 220 pezeta egunero x 30 6.600
Bigarren mailako ofizialek 197 x 30 5.910
Hirugarren mailako ofizialek 185 x 30 5.550
Aprendizek 165 x 30 4.800
Produktibitatearen prima 120 pezeta egunero
Puntualitatearen prima 20 pezeta egunero
Bidaiak 12 pezeta egunero
Gai toxikoak erabiltzeagatik 45 pezeta egunero
Prima osoa 197 pezeta egunero
Horretaz gainera, «tarea» delakoa (bi ordu estraordinario egunero) egiten duenak, 50 pezeta orduko irabaz dezake; igande goizean lanera doanak, 600 pezeta gehiago (zer esanik ere ez, denak joaten direla).
Kontuak eginik,
- oinharrizko alokairua 6.600 pezeta
- primatan 197 x 30 5.910 pezeta
- igandeetako orduengatik 600 x 4 2.400 pezeta
- «tarea» delakoagatik 2 x 30 X 50 3.000 pezeta
Hots,* hilabetero 17.910 pezeta irabaz dezake edozein langilek.
Oinharrizko (6.600 pezetatako) alokairua baino bi aldiz handiagoa da langile honen prima.
Oraingoz behintzat, langileek nahiago dute kontratetan diru pila bat irabaztea, edozein fabrikatan diru gutti baino. Horregatik, kontratetako nagusiek beren langileei soldata handi bat eman behar diete, lanean jarrai daitezen.
Hori horrela izanik, ikus dezagun, nagusiek nola jokatzen duten beren menpekoekin.
Edozein langileri oso erraz ken* diezokete prima hori. Mila modu daude horretarako! Hori dela eta, oinharrizko alokairua edo soldata gehitu behar da, eta ez prima eta holako «tranpak». Hementxe dago kontrataren gakoa!
Ikusi duguna, lehen mailako ofizial bati dagokio; baina aprendizek ere, fabrikako plantillan lan egiten dutenek baino gehiago irabazten dute. Horregatik, fabrikako nagusiek beren menpekoak, kontratetan lan egiten dutenen kontra jartzen dituzte: «Fabrikakoek hobeto lan egiten dutela»... «Haiek guk baino gehiago irabazten dutela», eta abar.
Kontrata batzuen artean ere, ezberdintasun handia egon daiteke; eta hau berau eta orain arte azaldu duguna, ezin hobea da, langile klasea apurtzeko.
Gainera, krisia datorrenean (langileriarentzat noski, beti bezala), langileak beste leku batera bidaliak izaten dira (nagusiei berdin zaie, leku hori urrun edo hurbil* egotea). Hori ere, lanetik kanpora botatzeko modu bat baino ez da, langile gehienek ez baitute lehengo lekutik alde egin nahi izaten, beren familiekin bertan finkaturik bizi dira eta.
Hauxe da —eta esan genezakeen beste zerbait gehiago— kontratetan jazotzen* zaikuna.
Zer deritzazu, irakurle, gertakari honi?
MIREN
Aldizkari ideologikoak
Nekeza izaten da aldizkari ideologikoen bizitza, batez ere idiologia hori progresista eta aurrezalea bada.
Iragan* urtarrilaren* 27ko "La Actualidad Económica" agerkarian, "Cuadernos para el Diálogo" aldizkariaren azterketa bat argitaratua izan da, zabal eta luze.
Datu nabarmenenak hauk* dira:
Zenbaki bahituak*: 4. Hauzitan egondako zenbakiak: ugari. Galtzeak: 1969. urtean 729.651 pezeta, 1970. urtean 546.623, eta 1971. urtean 333.842. Publizitatea: gutti (anuntziatzaileek ez dute buruhausterik nahi, arriskugarri baita aldizkari ideologiko batetan anuntziatzea).
Beraz, problema hauk dituen bakarra ez da gure ANAITASUNA.
Heziketarako teknika berriak
Eta erdal aldizkarietatik kopiatzen ari garenez gero, hona hemen heziketa molde berriez "El Economista" agerkariak dioena (1973.eko otsailaren 10ean):
"Hamar urte ingururen buruan, edozein eskolatako mutiko batek, gaurkoek baino lau aldiz gehiago jakingo du. Hurrengo belaunaldien* azkenaldian, jakintza hori 40 aldiz handiagoa izango da; eta jakintza horren % 90a, belaunaldi bi hauetan sortutako inbentu eta teknikez izango da. Hauxe dio Estatu Batuetako Kongresu Heziera Batzorde Federalak".
Eta jarraian: "Parrafo aspergarriz beterik dauden gaurko liburuak alde batera utzirik, ikasleak irudiz, soinuz eta informatika hobeago batez baliatuko dira; eta, honela, hain gutti balio duen memorismoari eta hartatik datozen alferrikako nekeei ez zaie lekurik emango".
Rumania
Madriletik New Yorkera salto eginik, orain "The Journal of Commerce" (1973.eko otsailaren* 5ekoa) hartzen dugu iturritzat.
Europan bizi garen arren, bertoko lurralde batzuk oso ezezagunak dira guretzat, eta munduaren beste puntakoak balira legez* agertzen zaizkigu. Hau dela eta, Rumaniari buruzko datu batzuk kopiatuko ditut, gaur gaurkoak baitira:
Bizilagunak (% 51 emakume): 20,5 milioi.
Hiri nagusiak: Bucarest 1.500.000 (hiriburua), Cluj 205.435 (oihalgintza), Timisoara 195.470 (trenbideak), Jassi 188.000 (metalurgia), Brasov 185.259 (traktoreak), Galati 184.000 (altzairua), Craiova 179.363 (kimika), Constanza 176.234 (itsasportua), Ploesti 165.721 (petrolioa).
Per capita errenta: 500-600 dolar.
Produkzioaren banaketa 1971. urtean: industria % 61,1; lurlangintza % 18,1; etxegintza % 9,8; transporte eta komunikabideak % 4,2.
Langileen banaketa 1971. urtean: lurlangintzan % 46,6; industrian % 24,7; zerbitzuetan % 11,6; etxegintzan % 8,1; transporte eta komunikabideetan % 4,3; merkatalgoan % 4,3.
Txistularien elkartea
Euskal Herriko Txistularien Elkarteak Donostian egin du urteroko batzar nagusia, otsailaren* 4ean. Mahaiburukoek eskaini derauzkiguten datu nabarmenenak, hauk izan dira:
- "Txistulari" aldizkarian, orain arte, 652 musika lan argitaratu izan dira, guztitara 2.000 orrialde osatuz.
- memento honetan aldizkari hau hartzen duten txistulariak, honenbeste dira:
Araban 157
Bizkaian 739
Gipuzkoan 509
Ipar Euskal Herrian 38
Nafarroan 261
Munduan zehar 30
Guztitara 1.734
Andereño baten heriotzea
Adela hil da. Arabako Aramaion jaio zen, orain urte askorik ez dela. Umeak eta euskara maite zituen, eta ikastolako andereño egin zen. Arrasatera* joan zen, eta han, hain maite zuen ikastolan, atseginak eta sufrimenduak bildu zituen, euskaldunen arteko gorrotoek handik bota zuten arte.
Adela hil egin da. Bere gaztetasunean, gizonen bihotzen eskerrona eta eskertxarra, maitasuna eta gorrotoa ezagutu ditu.
Nik ez dakit, Adela, zenbat ziratekeen poztu zintuztenak, eta zenbat min egin zerautzutenak. Orain, ez zaude gure artean; baina beharbada Jainkoak eman derautzu honez gero, gizonek zor eta eman ez zerautzuten eskerrona eta atsegina.
XABIER GEREÑO
daude, dagoz
derautzu, deutsu, dizu
derauzkigute, deuskuez, dizkigute
zaie, jake
zaude, zagoz
zerautzuten, eutsuen, zizuten
Liburu berriak
1. «Koperatibak», Elkar-lanean, JAKINen
Otsailaren* hasieran JAKIN editorialak liburu berri hau banatu zuen, ondoko lagun hauek elkar lanean moldatua: U. L., X. Zabala, Beñat Laxague, Harlouchet, Ibarrekoa, Imanol Laspiur, Angel Larrainaga, Koldo Gorostiaga, Gurutz Ansola eta Ramuntxo Kanblong. Guztira, kooperatibek gaur egun mundu zabalean eta Euskal Herrian duten egoera berezia aztertzen dute.
Espezialista hauen lanok benetan estudio sakon eta serioak iruditu zaizkigu, zinez* esanda. Egun hauetan Arrasateko* kooperatibak ingelesen aldetik hain goraipatuak ikusi ditugunez gero —eta ez dugu uste, The Observer-koak Arrasatekoekin inolako politikaidetasunik dutenik—, oso interesgarri deritzogu kooperatisbismoaz informazio on bat emateari.
Idazleen aldetik izen berri asko ikusi dugu, eta horrek poztu egiten gaitu, halafede. Dakusagunez*, JAKIN taldeak luma berriak sorterazi ditu; eta hori ez da gutti.
Liburu honi akats bat aurkitu behar bagenio*, itxuran topatuko genioke, halabeharrez. Osterantzeko* liburuetan JAKINek bere azal tankera* propioa lortu badu ere, sail honetan oraino huts egiten du. Baina, noski, estetikak ez du bat ere zer ikusirik mamiarekin, saltzearekin baizik.
Eskatzeko: Elkar-lanean: Koperatibak, Jakin, Ed. Franciscana de Aránzazu, 1973.
2. «Gizartearen eskola», L. Haranburu-Altunak, Irakasleen liburutegian
Izen honekin agertu berria da liburu bat, gure idazkide L. Haranburu-Altunak eratua. Obrak bi parte daduzka. Lehenbizikoan Pedagogiaren mugaketak, Eskolaren bilaketa, Burokrazia eta eskola, Systemaren pedagogia edo pedagogia menperatzailea eta Gizartearen eskola dakartza; eta bigarrenean, Pedagogiaren ideia nagusiak, Pedagogia berriaren methodoak: a) Haur bakanarekiko methodoak eta b) Haur sozialarekiko methodoa; Makarenkoren synthesia eta Pedagogia estrukturala. Liburuak, gainera, oso eranski* interesgarri bat daduka Summerhill-eko errepresiorik gabeko pedagogiari buruz, azkenik, bibliographia ugari batez bukatzeko, frantsesez gehiena.
Liburuari gainbegiratu bat emanik, histori alderdian ongi finkatua dagoela dirudi, eta gaur eguneko heziera problematikan informazio zehatz eta baliotsu bat ematen du, eskola ezberdinen joera eta methodoak ederki azaltzen dituelarik. Langile azkarra dugu, dakusagunez, Alegiako* idazle trebea.
Euskal Herriari buruzko eritzietan, eta barka biezagu* egileak, ez gaude hain konforme Haranburu-Altunarekin, zeren* ba dirudi, gure Herriaz ari denean, beste nonbait eta beste kondizio batzuetan gertatzen dena, hemen ere, nahiz eta nahi ez (batek jakin zein theoria sakratu goitik behera bete dadin edo) berdin kunplitu behar delako eritzi irmoa* duela.
Zeharo harritzen gara, zertarako uka*, «gure bilinguismorik sakonena ez da euskara eta erdararen arteko bilinguismoa, euskara zahar eta berriaren arteko bilinguismoa baizik» edo eta «euskara lotzaile eta menderatzaile izan daiteke» moduko baiezpenak* irakurtzean. Ba dirudi, beste inongo hizkuntzarekin ez dela horrelakorik gertatzen, hots, gaztelania eta frantsesa ez direla ideologia konkretu eta pentsamolde jakin batzuen adierazleak ere. Eta ba dirudi, Quebectarren problematika ez dela ingeles-frantses artekoa, frantses zahar eta moderno baten artekoa baizik.
Orobat* esan daiteke, euskal gurasoez esaten denaz. Ez noa ni esatera, berauen artean giza miseriarik ez dela falta. Baina zentzurik gabekoa iruditzen zait, Euskal Herrian eskola eta ikastola arteko banaketa argi eta garbi bat dagoenean, batzuk ofizialak —hitzaren esangura estatalean —eta goitik lagunduak, eta besteak ezofizialak eta behetik sostengatuak direlarik, bigarrenotara beren seme alabak bidaltzen dituztenengatik, deus* esaten ez den artean, ikastoletara bidaltzen dituztenengatik "systemaren aldeko" eta "burokraziazale" direla esatea.
Asko mintzatzen da, halaber,* gurasoek irakasleengana duten mesfidantzaz. Baina ez ote litzateke mintzatu behar, modu berean, irakasle askok beren jokabide desegokiaz eta buru gabeziaz gurasoengan eduki ez duten konfidantzaz eta haiengan sorterazi duten mesfidantzaz ere? Batzuek zu bekatari delakoa arinegi botatzen dute, ni bekatari esateaz hasi beharko luketenean.
Eritziak, noski, libreak dira, eta nork berea emateko eskubidea du; baina guztiok frogatzea* ez da beti hain errax izaten.
Eskatzeko: Haranburu-Altuna, Luis: Gizartearen eskola, Irakasleen liburutegia, Donostia, 1972.
3. «Haizeak, euria eta klima». «Uraren indarra», J. R. Etxebarriak, E.K.T.n
Donostiako E.K.T.ren babesean, liburu berri bi eskaini die* Jose Ramon Etxebarriak andereño eta ikastoletako haur guztiei.
Jadanik* oso ezaguna dukegu* guztiok Jose Ramon, Euskalduntzen methodoan parte handi bat hartzeaz gainera, ANAITASUNAn Physikaz eta hizkuntzaz artikulu asko egin duelako; bertoko gurutzegramak ere berari zor dizkiogu. Beharbada, hainbeste ez dakiketena, beste hau da: J. R. Etxebarria injinadore gazte bat dela —bere promozioko lehena—, eta Bilboko* Unibertsitatean Physika irakaslea dela.
Liburutto hauetan, euskara argi, errax eta jator batez, gure planetako eguraldi gorabeheren berri zehatza ematen du; eta, gure ustez, textu liburu bikaina da ikastola guztietarako. Irudiak, bestalde, Santutxuko* ikastolako umeek eginak dira lehenbiziko liburuxkan, pedagogia aktiboak eskatzen duenez. Bigarrena irudi eta argazki bikainez horniturik dator, eta oso ongi azaldua dena.
Dakigunez, ez da liburu honetan geldituko gure idazkidea, eta laster beste ikastol liburu batzuk aterako ditu Physikaz eta Mathematikaz. Zorionak, bada, egileari, eta aurrera!
Deustuko Unibertsitateko hitzaldiak
Deustuko Euskal Kultur Mintegiko unibertsitari gazteak ez daude aurten ere lo gure arazoei dagokienean. Daramagun ikastaro honetan zehar hitzaldi bikain asko eratuak dituzte, eta hilabete honetan, guk khronika hau egiten dugun egunerarte behintzat, ondoko hauk* antolatu dituzte, Philosophia-Letretako eta Zuzenbideko* Fakultateen laguntzaz.
• Otsailaren* 7an, Joseba Intxausti frantziskotar beti gazteak Bilinguismoaren arazoa eta giza psykhismoaz hitz egin zuen euskaraz, Freuden theorietan oinharriturik. Jende ugari bildu zen hura entzutera; eta azkenean elkar hizketa oso bizia sortu zen, gaia eta hizlaria interesatu zirelako seinale.
• Otsailaren 8an, J. Urrutia aita jesuita Bilinguismoarekiko lege oztopoez mintzatu zitzaikun gaztelaniaz, oso dokumentazio ederra erakutsiz. Izan ere, hizlari honek, munduko Estatu batzuetako bilinguismo arazoa (Italian, Suizan, Belgikan, Kanadan...) zertan dagoen azaldu ondoren, Espainiako legeez ihardun zuen, berauek azken urteotan ukan* dituzten aldakuntzak nabareraziz.* Aita Urrutiak adierazi zuenez, Espainiako Gobernuak, duela urte batzuk (1968.ean), Diskriminazio guztien kontrako Akordio bat firmatu zuen Parisen; eta nazioarteko dokumentu horren arauera* moldatuak izan dira azken Irakaskintza Legeak Espainian. Horien bidez, euskaraz mintzatzen den lekuetan gurasoek eskubidea dute gobernuari euskara ere eskola programmetan sar dezan eskatzeko. Baina, zoritxarrez, oraindik ba diraute hainbat tokitan lege berri horik* baino lehenagoko izpirituaz dauden funtzionari batzuek, eta berauk —eta ez legea— izaten dira bilinguismoari oraindik oztopoak ipintzen saiatzen direnak.
Gurasoek elkartu eta halakoei aurre eman ginoan" joanen dira konponduz arazo hauk. Beraz, dantzugunez,* lege aurrean ditugun eskubide horik balia erazten ikasi behar dugu euskaldunok.
Honetan ere elkar hizketa animatu bat sortu zen.
• Otsailaren* 13an, J. M. Apellaniz jauna gaztelaniaz Euskal Herriaren Historiaurreaz* ari izan zen, gureko arkheologi azterketen berri interesgarriak emanez. Methodologi alderdiak ere oso ederki azaldu zituen. Jendeak aretoa* zeharo bete zuen honetan ere.
Orthographiazko okerrak direla eta ez direla
Edozein erdaraz pertsona batek orthographiazko okerrez idazten duenean, oso kultura eskasa duela pentsatzen dugu. Izan ere, inori ez litzaioke bururatuko, vurro, onbre, uasó edo mesié idaztea egokia denik; baina euskaraz egunero, hor zehar agertzen diren paper askotan, ozo, horain, euzkera, gisona, artikuloak, liburoak, abendoa eta honelakoak ikusten ditugu, eta hori, euskaraz hobeto jakiteko obligazioa duten pertsona batzuen aldetik.
Iparraldeko kazetari* batzuek, gainera, oraino segitzen dute, batasunerako kontseiluak gorabehera,* zozialixta, soldado, aboztu, eskuara, eskualdun, orroitu, litaike, zitakeen, zauden eta honen gisako* tradizio gabeko hitzok erabiltzen. On lukete halakoek, Axularri eta bertako klasikoei begirada bat emanen baliete;* agian* orduan konturatuko lirateke, bertako idazle zaharrek soldadu, euskara, euskaldun, oroitu, liteke, zitekeen, zeuden eta honelakoak idazten zituztela. Ba dirudi, atzoko ohituraren izenean herenegungoa* guztiz ahanzten zaikula; eta, jaunak, idazkerako batasunean guztiok hartu behar dugu parte, berez ez da eginen eta!
Antza denez, ba dira batzuk, idazten hasi aurretik eskribatzen ikasi behar dela ez dakitenak. Guk uste dugunez, euskararekin beste edozein hizkuntzarekin erabiltzen den tratu bera ez darabilagun artean, Etxapare zaharraren gogoa ez da, ez, beteko; ez horixe! Arduragabetasunez, alferkeriaz eta kultura guttiz ez da euskaldunon lengoaia inongo florea* izanen, ez eta beste ororen* gainera igonen. Oteitzarekin batera, diogun guk ere: Quousque tandem?
III. Euskal Anthropologi Astea Bilbon
Hizlariei dagokienez oraino arazoa zeharo eraturik egon ez arren, eta azken orduko aldakuntzak gorabehera* hona hemen, bestelako argitasunak geroagorako utzirik, Bilbon, apirilaren 2tik 7rarte, Deustuko Unibertsitatearen babesean antolatuko den III. Euskal Anthropologi Astearen programma, gure informazioen arauera.
Gai jenerala: TEKHNIKAREN HISTORIA
1. Asteleheneko txostenak* eta astearteko* jendaurreko elkar hizketa.
- Gizona eta tekhnika.
- Harria lantzeko tekhnikak.
2. Astearteko txostenak eta asteazkeneko* jendaurreko elkar hizketa.
- Ateratzeko tekhnikak. Meatza* lanak.
- Ateratzeko tekhnikak. Oihan* lanak.
3. Asteazkeneko txostenak eta osteguneko* jendaurreko elkar hizketa.
- Olak.*
- Baserrieta industriarako tresnagintza.
4. Osteguneko txostenak eta ostiraleko* jendaurreko elkar hizketa.
- Harmak.
- Untzigintza arrantzari begira.
5. Ostiraleko txostenak eta larunbat* goizeko jendaurreko elkar hizketa.
- Erdi Haroko Untzieta portu Hirigintza.
- Industrieta portu Hirigintza.
6. Larunbateko txostenak eta larunbat arratsaldeko jendaurreko elkar hizketa.
- Tekhnikari buruzko lexikographia.
ZUZENDARITZA: Julio Caro Baroja jauna.
Lexikographian: Luis Mitxelena jauna.
Historiaurrean:* Joxemiel Barandiaran jauna.
Iparraldetiko oihartzunak*
Autobideez
HERRIA Baionako astekarian Ramuntxo Kanblong lagun eta idazkideari irakurri diogunez, Hendaiatik Donibane Lohitzuneraino heltzen den autobidea, orain dela lau urte Baionaraino laster helduko zela esan arren, oraino ez da egiten hasi,ez eta, besteak beste, egiteko kargua zuen entrepresarekin kontraturik firmatu ere. Udan, eta hau egia biribila da, Baionatik Behobiara joateko, bi edo hiru ordu egin behar izaten dira batzuetan, automobil guztiak lerro lerro, elkarren ondoan. Autobide honen premia ez da, beraz, txantxetakoa.
Orobat* esan daiteke, kostaldeko autobideaz landa,* lehor barreneko komunikabideez. Izan ere, nekez zabal daiteke inolako industriarik, oinestrukturan bide egoki batzuk falta direnean.
Konfirmatu gabeko zurrumurruak
Zenbaki berean, otsailaren 8ko HERRIAn, Gexan Lantzirik ba diosku, Urdazubiko* mugan, Axular jaio zen herritxoaren ondoan, hain zuzen, frantses poliziak hiru euskaldun gazte atxilotu* omen zituela. Dirudienez, Huarte jaunaren bahitzea* zela eta, frantses poliziak kontrol hertsiago* bat jarri zuen, mugari ertzak* ondo hartzeko.
Frantziako hauteskundeak direla eta
Frantzian hauteskunde legislatiboak laster datoz; eta ba dirudi, ezkerraldea (erradikalak, sozialistak eta komunistak) aurrea hartuz doakiela gaullista-erreformatzaileei.
Askok beste nonbaiteko ezkerrean jartzen dituzten itxaropenak, agian* ikusiko ditugu Frantziako kasuan, ezkertiarrak nagusi geldituz gero, egiaz betetzen diren ala ez. Berorien zintzotasuna eta nazioartekotasuna Bretainiak, Euskal Herriak, Kataluniak eta Altsaziak ikusiko ote dute? Gero laster batek esanen derauku.*
Noizko Miranderen lan osoak?
Lehengoan J. Miranderen heriotzaren berri ertuna* eman genuen. Haren obra hortik eta hemendik barreiaturik* dago hainbat euskal aldizkaritan. Aldizkari gehienak, bestalde, ez dira erraz topa daitezkeen horietarikoak.
Zergatik ez du editorial batek Miranderen lanak —denak ez badira ere, bai gutienez hoberenak— bildu eta liburu bat edo bitan argitaratzeko kargua hartzen? Horixe litzateke haren omenez egin litekeen gauzarik onena. Gazteriak, bestalde, bihotzez eskertuko luke idazle eta poeta bikain haren obra bildurik edukitzea.
ARMENDARITZ
Ezagutu geure herria (38)
Sarrera
Berriz goaz, geure aspaldian utzitako zereginari heltzera. Bizkaia eta Araba amaitu genduzan, eta orain Gipuzkoarekin hastera goaz. Baina, eskualdeekin* hasi baino lehen, sarrera gisa* Gipuzkoak historian zehar izan dituan zatiketen berri eman behar dogu, eta ondoren, Gipuzkoaren eskualde zatiketaren saiakera batean, geure ideiak emango ditugu. Probintziak ez dauka, Araba eta Bizkaiak ainako* eskualde erakundeen* historiarik. Baina, hala eta guztiz ere, ez dago dudarik, ba daukala beste euskal herrialdeek besteko berezko aberastasunik; eta gaurko herri aministrazgoari eta giza-ekonomi harremanei begiratzen badeutsegu, eskualdeak daukan garrantzia ikusi eta gero, ganorezko* eskualdekatze planteamendu bat merezi dauala uste dogu.
Geure saiakera honetan Gipuzkoatik laguntza izango dogula espero dogu. Laguntzaile horreen ideiak aztertuko ditugu eta hemen azalduko, danon artean osotasun gehiagoko saiakera bat egiteko.
1. Euskal leinuak
Erromatar eta aintzinako geografoei jaramon* egiten badeutsegu, eta ondorengo Bosch Gimpera, Campión, Caro Baroja eta abarren istudioak kontuan hartzen baditugu, gaurko Gipuzkoako probintziak, aintzina han bizi izan ziren leinuen arauera,* hiru zati berezi ditu: barduloena, karistioena eta baskoinena.
Barduloek, hasi Deba hibaiaren ahotik —beraz, gaurko Deba hiritik— eta Oiartzun hibai ahoraino —beraz, Pasai bien tarteraino— hartzen eben. Lehorrean barrena, Urola eta Oria arroak,* eta Urumearen behealdea (lehenagoko Hernani harana).
Karistioek, probintzia honi dagokionez, hasi Lenizko Gatzagatik eta Astigarribiaraino hartzen eben. Motrikuko berri ezin geinke eman, hain zuzen. Gure ustez, gaurko Motrikuren udal* barrutia* karistioa izango zan, nahiz eta gero, poblamenduren batean, barduloak portura joan, eta beraz herriburura.
Baskoinek lehengo Oiatzun harana hartzen eben: beraz, gaurko Gipuzkoan, Errenteria, Lezo, Pasai Donibane, Oiatzungo unibertsitatea, Irun eta Hondarrabia.
2. Euskalkiak
Hiru euskalki aski* ongi bereziak dagoz probintzian: giputza, nafarra —nik erdiko euskara deituko neuskio— eta bizkaitarra. Nire ustez, azken hau gaizki deitua dago. Hobe izango litzateke mendebal euskara deitzea. Euskalki hori, «grupo occidental» izenarekin ikusi dot Mitxelenaren lanetan; eta beharbada talde horretan euskalki bat baino gehiago izango ziren, Araba, Errioxa, Bureba, Okamendieta,* itsasaldeko autrigoinen lurraldea, Bizkaia, Deba arroa eta abar hartuz.
Ez da kasualitatea, euskalki mugak, oso osoan, lehen aipaturiko leinu barrutiekin bat etortzea, barduloen lurraldea giputzaren eremua* izanik, baskoinena nafar euskararena, eta karistioena mendebal euskararena.
Hemen ere, Motrikuren kasua berriz aipatu behar da. Motriku, zein euskalkitakoa da?
Nire ustez, portuan —herriburuan— gehiago giputza mendebaldekoa* baino, eta baserri hauzoetan gehiago mendebaldekoa giputza baino. Baina hau hobeto ikertu* behar litzateke. Ez ote dago inor, Motriku guztiko (kale eta baserriko) euskarari buruz dialektologi istudio edo tesi bat egiteko prest? Interesgarria litzateke.
3. Eliz barrutiak
Hemen ere, lehen eta bigarren puntuetako kidekotasun berbera aurkitzen dogu; eta honetaz Campion eta beste batzuk ohartu ziren aspaldi.
Mendeetan zehar, orain ehun urte baino gehitxoagorarte —Gasteizko diosesia sortu arte, alegia*—, probintzia hiru zatitan banatua egoen. Lehen zatia, «Arciprestazgo Mayor de Guipúzcoa» deitua, Iruineko apezpikuaren «Mayor» bi horreetariko bat zan. Haren barrutia, hasi Motrikutik eta Pasai Sanpedroraino zan, euskalkien eta leinuen arau berberean.
Bigarren zatia Hondarrabiako artziprestazgoa zan, Felipe II.aren erreinurarte Baionako apezpikutegikoa, Baztan, Lerin-Doneztebe eta Bortziriko* artziprestazgoak bezalaxe. Gero, errege horren bortxaz —ez baiteban ikusi nahi, apezpiku «frantses» batek bere menperrietan eliz agintaritzarik eukitzea—, Bidasoaz bestaldeko herrien antzera «dut» erabiltzen daben herrien muga berbera eukan. Gaur, nolabaiteko eliz liturgiginen probintzi batasunean, «dut»en ordez «det» sartu erazi deutsoe, nonbait Felipe II.aren mugak gogortuz.
Hirugarren zatia Kalagurriko* diosesikoa zan, hasi Motrikuko Astigarribiatik eta Lenizko Gatzagaraino. Bi alderditan egoen banaturik. Lehen alderdiak, Arrasate* buru zalarik, Lenizko Artziprestazgoa osatzen eban. Bertan sartzen ziren Lenitz haraneko parrokiak (Arrasate, Aretxabaleta, Eskoriatza eta Gatzagakoak), Oinatikoak, Bergarakoak, Antzuolakoa eta Elgetakoa. Bigarren alderdia Elgoibarko bikaritza zan, Elgoibar, Eibar, Aginaga, Soraluze, Altzola, Mendaro (parrokia bat) eta Astigarribia hartzen zitualarik.
J. L. LIZUNDIA
eban, zuen
eben, zuten
egoen, zegoen
eukan, zudukan, zeukan
deutsegu, diegu
deutsoe, diote
geinke, genezake
genduzan, genituen
neuskio, nioke
Soziologia
Talde bizitza ikastolako eraketaren barruan
Talde bizitza eramateak irakasleen bizimoldea eraberritzen du, eta, psikologi aldetik begiraturik, haien mundua hobeagotzen du eta irakaskintzarako prestatuagotzen. Baina, agian,* gehiago da oraindik talde bizitza eramateak bete lezakeen funtzioa. Eta zera da: ikastolako organizazioa erraztu eginen lukeela. Dudarik ez, berriz, haren dinamismoa handitu eginen litzatekeela.
Ikastolako eraketa taxuz eramateko, andereñoen banakuntza benetako oztopoa da. Egun,beharrezkoa da (nolabait esateko) ikastolako zereginaren kontrol bat, beronek kausatzen baititu dinamismoa eta segurantza. Beraz, nola gerta liteke esan duguna, irakasleen sakabanaketa ikusirik?
«Kontrolatze» hitza gaizki uler* daiteke; baina ez genuke horrekin besterik esan nahi, «bateratzea» baino. Ikastolako zeregin hori batasun mundu batean eraman behar dela esan behar; bestela, nola?
Irakasleak taldeka jarririk, ordea, eraketaren edo organizatzearen lana erraztu eginen litzatekeela, dudarik ez.
Koordinatze lana daramatenentzat, lan erdia egina izanen litzateke.
Norbaitek esan lezake orain ere, jende ameslariren faltarik ez duela nabaritzen.* Jende utopikoa! Ba liteke egia izatea. Baina, gure ustez, egun* urrutiratuz doan jende askoren formula bakarra hauxe da: «hori utopikoa da»; eta, hori esanik, agur egiten diogu arazoari.
Talde bizitza eramatea ez dugu gauza berri bat bezala proposatzen; aitzitik,* lehen ere bizimolde horretan eratu diren asko ezagutzen ditugu. Historian barrena aztertzera joanez gero, berriz, zer esanik ez.
Beraz, ikastolako irakasleok geure bizitza gisa* horretara eratzea beharrezko ikusten badugu, eta hori lortzeko ahaleginik egiten ez badugu, arrazoiz esan genezake, oraindik gure kontzientzia «ttotton salan» dagoela.
TELEIKOZULOKOEK
Ekonomia
Dolarren debaluazioa eta pezeta
Iragan* hamalau hilabete hauetan, bi aldiz izan da debaluatua dolarra.
Aurreko debaluazioan. nahiz eta merkatu librean hala ez izan, 35 dolarretatik 38ra garestitu zen ontza bat urreren prezioa (gramo bat inguru dateke*). Oraingoan, 42,22 dolarretara garestitua izan da: hots,* dolarra % 10 debaluatu dute.
USAko Gobernu Federalak urre erreserben balioa gehienik lau aldiz zabal dezake, paperezko dirutan korritzen jarririk; eta, aspaldian, neurri hori erraz pasatua du. Horregatik, urre premia ikaragarritan aurkitzen da (10.000 milioi dolarren balioa bakarrik du urretan); eta, esate baterako, Europan bertan, urre guzti hori erosteko aina* dolar ba omen da.
Orain urte bete, eta problema honetaz arduraturik*, lurralde kapitalistetako hamar Estatu nagusiek elkar hizketak izan zituzten, urre erreserbetan finkatua den sistema hau aldatu nahiz eta irtenbide berriak aurkitzeko asmoz. Ez alferrik. Guztia erabakia eta zuzendua gelditu zela zioten orduan. Orain, zer esan behar ote digute? Hona hemen kapitalist sistemak berak ezin kontrolatu duen problema.
Bestalde, eta dirua debaluatzeko funtsa* jakiteko, azken urteotan Amerikanoek ukan* dituzten ekonomi gorabeherak aztertu beharko genituzke. Izan ere, Vietnamgo gerraren ondorioz, han eduki dituzten galerak ikaragarriak izan dira.
Gerrako ekonomia bat desarroilatu izan dute, zientzian eta inbestigazioan finkatutako industria eta ekonomia sano bat hedatu* ordez. Agian,* diruaren interesagatik egin dute, gizon gutiren ontasunagatik, eta ez gizarte guztiaren ontasun eta berdintasunagatik.
Eta, azkenik, urteetan daramaten zor internazionala (balantza komertzialaren defizita) erabat* lotua utzi dute.
Debaluazioak zer ondorio ekarriko ditu Amerikanoentzat?
Haien esportazioak gehitu eginen dira, zeren* orain gutiago balioko baitute haien produktuek kanpoan.
Inportaziozko generuak garestiago jarriko zaizkie, barneko gauzen salketak erraztuz.
Honela, USAk bere dibisak etxeratu eginen ditu, eta beste Estatuekin dadukan defizita arintzeko moduan izanen da.
Debaluazioak Espainiarentzat alde bitako ondorioak izanen ditu.
Orain, Gobernuak bere poltsan dituen 6.000 milioi dolarrek % 10 gutiago balio dute. Baina USAri zor diona ere (inbertsioen amortizazioa eta beste ordaintzekoak) % 10 jaitsiko da.
USAri saldu baino askoz ere gehiago erosi egiten zaionez, diru gutiago beharko dute Espainiako industri gizonek, gauza berdinak erosteko.
Batez beste, Espainia berdintsu geldituko dela diogu, esportazioen gutitzeak ezjakineko kalte gogor batzuk* ekartzen ez baditu.
Baina dolarraren krisia kapitalist sistemaren beraren krisia da, eta zehazki Amerikano imperioaren hestualdi bat, Japon eta Europaren indarberritzearen kontra. Aldi honetan, ba dirudi, Europa ere bere adarrak eta ziriak munduan zehar gogor zabaltzen eta finkatzen ari dela; eta potentzi berri bi hauen inperialist nagusigorako pauso bat bezala har daiteke dolarraren debaluazio hau.
J. HARRI
dezake, daike
digute, deuskue, deraukute
dio, deutso
zaio, jako
zaizkie, jakez
zioten, inoen, esaten zuten
Zoologia
Euskal Herriko piztiak: basurdea (4)
Aurtengo neguak oso eguraldi ona eskaini deusku. Euria bai, eta halako elurteren bat ere bai, otsail* honetan, baina hotz haundiegirik ez, eta lantzean* behin, gainera, eguzki irribarretsu epel epela Basoa ernetzen ari da. Zelaietan garduberak,* euren urregorrizko distira alaiaz, hazten hasi dira. Zokoetan urritzak ere loretan dagoz, har moduko zintzilikario* luzetxoez. Toki ilunetan sahatsak* ari dira loratzen oraindik, zilarrezko kotoia daukela.
Oraindio ba dira, bai, gure Euskal Herrion, Naturaren kutsua gordetzen daben tokiak. Ez da harritzeko, horregatik, jaiegunek bide eman ginoan,* egunero kaleko ke zikinetan murgildurik bizi direnak mendira abiatzea, bertan, inguru eder bat ikusteaz gainera, kutsatu gabeko arnasa egiteko modua dabelako.
Otsaileko igande honetan, beraz, osaba Martinek Eneko berekin eroan* dau mendira. Autobusez Bilbotik Baranbioraino joan dira, Arabako lurraldeetara. Herri horretako iturriko ur* hatsa edan dabe gogoz, daukan «uzker usaina» gorabehera*, osasunerako ona da eta. Gero Altube inguruko mendietara abiatu dira, bertako oihan* ederren artetik. Urrunean Gorbeia ageri da, tontorra elurrez zurituta. Mutikoa poz pozik doa, eta inguruan dakusan* guztiaren berri itauntzen* deutso bere osabari. Beronek, ahal dauan eran, erantzuten ahalegintzen jako, oraingo mutiko batzuen galderak beti erantzuteko errazak izan ez arren. Halako batetan, bidean oinhatz sakon batzuk agertu dira, eta Enekok ea zein piztiarenak diren itaundu deutso.
— Segur ezin esan neiskizu, baina basurde batenak direla esango neuke.
— Ez ote dira orein batenak izango, osaba? Baso honetan ba. dagoz oreinak. Kamino hegalean ere ba egoen, eurekin kontuz ibiltzeko dinoan seinale bat.
— Bai, baina oreinen oinhatzak luzetxoagoak eta meheagoak izaten dira. Oker egon naiteke, baina nik neuk basurderen batenak direla uste dot.
— Basurde asko dago hemen, osaba?
— Bai, Altube inguruotan hainbat bizi dira.
— Eta Euskal Herrian ba ote dago beste inon basurderik?
— Egongo ez dira, ba! Gipuzkoako mendietan, Nafarroan, Zuberoan, Pirinoetan ugari bizi dira oraindio, eta ehiztariak* gorabehera, ba dirudi ugalduz doazela.
— Zelakoak izaten dira basurderik haundienak?
— Hara! Ba,* haundienak metro bat t'erdikoak izaten dira luzeran, eta ia berrehun kilotaraino heltzen dira pisutan.
— Egia ote da, txerriak eta basurdeak jatorri berekoak direla?
— Bai, horrela dirudi. Izan ere, gaurko jakintsuek uste dabenez, etxeko txerria basoko piztia horrengandik sortua da. Euskaldunok, gainera, holakotzat daukagu behintzat, basurde izena basoko urde edo basatxerria besterik ez da eta.
— Orduan, euskara zaharrean txerriari urde esaten jakon lehen, osaba Martin?
— Orain ere bai, leku batzuetan behintzat. Nafarroan, esate batez, urdea deitzen dabe askok, eta hortixek dator urdai hitza, guztiok erabilia. Txerri taldea esateko, gainera, urdalde hitza daukagu euskaraz; eta txerriak jagoten* dituanari urdain esaten jako, txerrizain esan gura dauana, ardiak zaintzen dituanari artzain eta behizainari unain esaten jaken legez.*
— Eta erdarazko izenak nondik datoz?
— Gaztelaniaz jabalí deitzen da, baina hitz hori jatorriz arabe huts hutsa da, eta «menditarra, basokoa» esan nahi dau. Frantsesez, berriz, sanglier (= sanglié) esaten deutsoe, eta latinetik ei* dator, erromatarrek txerri mota honi, beti basoan bakarrik ibiltzen zalako, singularis (porcus) esaten eutsoelako. Zientzi izena mundu osoan berdina da: Sus scrofa.
— Ho, osaba, nork esango eban, ba, basurdearen izenak hainbat gauza jakingarri eukanik? Eta zer jaten dabe basurdeek?
— Zer nahi dozu, ba, jan daien? Mendian topatzen dabena: belarrak, ezkurrak, pagaziak, perretxikoak, harrak, momorroak, gorpuak,* sustraiak eta honelakoak. Noizik behin patatadietara ere sartzen dira eta kalte galanta egin ere bai bertan, ez pentsa. Baina gehienetan euren basoetan gordeta bizi dira, inori kalterik egin barik.*
— Oso hagin zorrotzak ditue basurdeek, ez da, osaba?
— Bai, eta horixe da, hain zuzen ere, daben defentsa bakar bakarra. Horregatik, zuhaitz azalen kontra ba dakie zorrozten, behar dituenerako beti prest eukitzeko.
— Zenbat ume egiten ditue; asko?
— Ba... batez beste, seitik gora bai behintzat. Makera* batzuek hamabi ere egiten ei ditue gero! Kumeak gorriskak izaten dira, bizkarrean, luzetara, lerro zuri batzuk dituela.
— Ho, hamabi! Hori bai dala pila haundia. Horrela asko ugalduko dira, ez da?
— Bai, egiten dira; baina ehiztariek urtero asko hiltzen ditue euren eskupetekin. Beno, ehiztari guztiek ez ditue hiltzen. Hortxe dozu, urrunago joan gabe, gu orain goazen herria: Murgia. Horko ehiztariek ba dabe herrian basurde multzo bat, bizirik, guztiak barruti* batetan gordeta. Orein batzuk ere bai, gainera.
— Eta ikusi egingo ditugu, osaba?
— Bai, ba; zertara goazela uste dozu, ba? Ikus daizuzan.
— Goazen agudo, ba, goazen!
TRAUKO
dabe, dute
daien, dezaten
daizuzan, ditzazun
dauke, dadukate, daukate
deusku, digu, derauku
deutso, dio
deutsoe, diote
dino, dio
egoen, zegoen
eukan, zedukan, zeukan
eutsoen, zioten
jake, zaie
jako, zaio
jakon, zitzaion
neiskizu (neiskezu), niezazuke, nezaizuke
Gure Aita..., ez gaitezela ukronian eror
Euskal irakasle titulu hori dela eta, ba da zenbait eritzi hor hemenka. Nik ere neurea emanen dut.
Ezer baino lehen, onhartzen dudala iniziatiba hori aitortzen dut. Lehen mementoetako intentzio eta borondate onak hasieran egoten dira ondo. Boluntarismo eta sentimentalismoan oinharrituriko mugimenduek poto egiten dute arinago edo nekezago. Andereño eta maisu asko ongi gertuak geunden ofizialtasun baten aurrean, baina euskara arloan ez horren ongi; beharbada borondate hoberenarekin genbiltzan, baina ongi preparatu gabe. Egoera hau nolabait konpondu egin behar zen. Nor gaiagorik Euskaltzaindia bera baino, arazo honetan neurriak ipintzeko?
Baina —zorioneko «baina»— halako akats franko nabarmen batzuk* ikusten ditut.
Titulu hori eskuratzeko, Euskaltzaindiko idazkariak, Euskal Herriko aldizkari gehienetan argitaratu izan zen dei bat egin zuen, titulu hori lortu nahi zuten guztiei beren «curriculum vitae» bidaltzeko eskatuz. Nik ez dakit zehazki, zenbat halako «curriculum vitae» heldu ziren Euskaltzaindira, ez eta zer-nolakoak ziren haietan agertzen ziren lanak eta merezimenduak ere.
Dena den, Euskaltzaindiak horretarako izendatu zituen jaunen erabakiak irakurtzean, etsiturik* gelditu nintzen. Irakasle titulu hori lortu zutenen izenak 8 edo 10 bat bakarrik ziren.
Ez noa merezi zuten ala ez esatera, zeren* eta horretarako baitzeuden Euskaltzaindiak izendutako epaimahaikoak. Bakar bakarrik, esanaren esanez topiko bihurtu zaigun esaera datorkit burura: «Dauden guztiak dira, baina ez daude diren guztiak».
Ene eritziz, horrako* «curriculum vitae» hori eskatzea pentsatu zenean lortu nahi zutena eta gero egin zena oso edo guztiz desberdina agertzen zen. Ordurarte lanean aritu zirenentzat beren lanen eta merezimenduen ezagugarri bat izanen zen titulu hori, gutti batzuei bakarrik ematen zaie, «curriculum vitae» hori serioski aztertu ondoren. Begirune guztiaz esanik, epaimahaikoek esannahia aldatu zioten lehen asmo horri; eta gehienak esaminetara deituak izan ginen.
Gaur, titulu hori eskuratzeko, esamina bat pasatu behar da; eta hara ene buruhausteak. Aspalditik gabiltza kexu,* esaminen egituragatik*: bi edo hiru ordutan neurtzen dutela pertsona baten gaitasuna eta prestaera, ez direla onhartzen pertsonaren balioak eta lanak, memoristak direla, eta abar. Dena izan da alferrik. Deustuko jesuitetako esaminekin antz handia dutela esanen nuke.
Gaur egun, «Enseñanza General Básica»ko umeak «evaluación continua» delakoaz neurtuak dira edo izanen dira. Eman dezagun X.X. pertsona ezezagun bat. Euskara asko eta asko dakiena eta euskaraz asko idatzi duena. (Eta halakoak ba dira gure arten). Horrek ere azterketa iragan* behar du, edo bestela ez du izanen karnetik. Beraz, azterketa zer da: diziplina gauza bat? X.X. horrek ba dakiela, eurrez* erakutsi digu bere idazkietan.
Hau ikusirik, zergatik ez, lan gehixeago eginik, beste era batera neur* gure euskarakideen maila?
Bestalde, betidanik euskara dakitenak, euskara biziari iraun erazten lagundurik, azken lauzpabost urteotan alfabetatzean dihartutenak, karnet hau lortzeko gai ez badira, norentzat izanen ote da karnet hori? Ez dezagun esan, alfabetatzea beste gauza bat dela. Ba dakigu. Baina, gure herrian, alfabetatze inguruan ari diren beste* dabiltza euskara ikasten.
Kalifikazio modua ere zeharo xelebrea da. Ez dago 4erik, «guttiegi» baino; eta, gorantz joanik, «nahiko» aprobatuaren ordez, «ongi», «oso ongi» eta BIKAIN. Eta ni berriro ere buruhaustetan. Nora ote goaz bide honetatik? Ez ote ditugu izanen geure artean, gaur egun gure inguru honetan beste batzuek erabiltzen duten Pedagogia berri horren berri duten norbaitzuk? Nik dakidala, Pedagogia berri horretan ez da ikusten holakorik, ez eta antzekorik ere. Ez ote da hau, gaitzetsi* izan dugun zerbaiten itzulpena? BIKAIN horrek zera gogoratu dit, Txillardegiren «beti lehenak» eta haurtzaroan ezagutu nituen «mutil modeluak*; eta, gaiari loturik, hau pentsatu dut: Hoik* izanen dituk biharko euskaltzainak (eta ez dut BIKAIN atera duten pertsonen kontra ezertto ere; gainera, ez dut ezagutzen holako klasifikaziorik atera duten hoietakorik). Nazio ukroniko batetan bageunde, «nahiko» atera dutenak Otxarkoagan* egonen lirateke; «ongi» atera dutenak Zurbaranen, eta hola... Uxala* oker banengo!
Zergatik presentatzen garen, horren hutsune nabarmenak ikusirik? Ez dakit zer esan: beharbada, diziplina zentzu bategatik edo... Honegatik, bada, esamina egunean Eibarren izan ginen; eta, ondo ospatzeko, txanpaina edanen dugu, edo bestela ardoa gaseosa puntta batekin.
NATXI
bageunde, bagengoz
daude, dagoz
dezagun, daigun
digu, deusku, derauku
dit, deust, deraut
dituk, dira
geunden, gengozen
zaie, jake
zaigu, jaku, zaiku
zeuden, egozen
zioten, eutsoen
Zapaburua. Euskaldun Rh-dunen umore orria
[Komikia]
Zapaburua. Euskaldun Rh-dunen umore orria
Behin batean, Donostiako kalean topaturik, lagun batek honela esan omen zion Bilintxi:
— Aizak, motel*! Burua ikusten diadan bakoitzean, gazta* bat ikusten dudala pentsatzen ziat.
— Zergatik diostak hori? —galdetu zion Bilintxek.
— Bai, ba, —besteak irribarrez—, ile gabea eta bigun biguna delako.
***
— Hireak, aldiz —Bilintxek serioski— kanposantua zirudik.
— Kanposantua? Zergatik?
— Jakina, gizona, —ihardetsi* zion Donostiar poetak— ilez beteta dagoelako.
— Aizu, —diotso kalean gizon batek beste bati—, bostehun pezeta utziko zenidake?
— Bostehun pezeta zuri presta? Baina nik ez zaitut ezagutzen, jauna.
— Horrexegatik eskatzen dizut, hain zuzen ere.
Denbora ematekoak
Gurutzegrama (15)
Denbora ematekoak
Hieroglyphikoa
Denbora ematekoak
Euskal salda
Ikas zeure hizkuntza
IMANOL BERRIATUAK
Ale honetan izartto batekin agertzen diren berbak
ABANTAIL, ventaja.
AGIAN, beharbada, nonbait.
AHANTZ, olvidar. (AHANTZI, ahanztu, ahaztu, olvidado).
AINAKO, besteko, bezainbateko.
AITZITIK, al contrario.
ALA, o qué?
ALDIZ, berriz, ordea, ostera.
ALEGIA, a saber, es decir, esto es.
ALEGIA, Alegría de Oria.
ALOKAIRU, aloger, soldata, jornal, salario.
ALOR, arlo.
ARAUERA, arabera, según, conforme.
ARDURATU, artatu, axolatu.
ARDURATZE, artatze, axolatze.
AREAGO, oraindik gehiago.
ARETO, sala, salón.
ARLO, alor, sail.
ARMADA, ejército.
ARRASATE, Mondragoe.
ARRO, cuenca, bassin.
ARTA, cuidarse, preocuparse.
ARTATZE, arduratze.
ASKI, nahiko.
ASTEARTE, martitzen.
ASTEAZKEN, eguasten.
ATXILOTU, prendido, detenido.
AXOLA, ardura.
BA, bada, pues.
BAGENIO, bageuntso.
BAHITU, secuestrado.
BAHITZE, secuestro.
BAIEZPEN, afirmación.
BALIETE, baleutsee.
BARIK, gabe.
BARREIATU, sakabanatu.
BARRUTI, jurisdicción territorial; terreno acotado, terrain clos.
BATIK BAT, batez ere, bereziki, guztiz ere.
BATZUK, zenbait. (Batzuek aktiko, batzuk pasibo).
BELAUNALDI, generación.
BESTE, aina, bezainbat.
BIEZAGU, beisku, bezaigu.
BILBOKO UNIBERTSITATEA, Estatuarena, Lexonan dagoena.
BORTZIRI, Cinco Villas.
DAKUSA, ikusten du.
DAKUSAGU, ikusten dugu.
DAKUSAT, ikusten dut.
DANTZUGU, entzuten dugu.
DATEKE, da nonbait, debe de ser, será.
DATZA, consiste, yace, está. (Etzan aditzaren forma).
DEI, llamar. (DEITU, llamado).
DERAUKU, deusku, digu.
DEUS, ezer.
DEUSEZTATU, aniquilado, liquidado.
DIE, deutse.
DUKEGU, dugu nonbait.
EGITURA, estructura.
EGOKI, adaptar, acomodar. (EGOKITU, adaptado, acomodado).
EGUN, gaur.
EHIZTARI, ihiztari, cazador, chasseur.
EI, omen.
ENPARANTZA, plaza.
ERABAT, guztiz, zeharo.
ERAKUNDE, organismo, organización, estructura.
ERANSKI, apéndice.
EREDU, modelo.
EREMU, territorio.
EROAN, eraman.
EROATE, eramate.
ERORI, jausi.
ERTUN, desdichado, desagradable. (Barri ertuna, lelengo entzuna: la nueva desdichada es la primera que se oye. Refranes, 416).
ERTZ, hegi, hegal, extremo.
ESKUALDE, comarca.
ETSITU, desilusionado, desengañado, desesperanzado. (Gero, biziaz etsitu duzunean, egin gogo dituzu liberaltasun handiak. Axular, 27. kap., 157).
EURREZ, erruz, abundantemente. (Gure eritziz, euskara batuan Bizkaiko eurrez erabili behar litzateke, eta ez erruz, azken berba honek beste esangura bat ere ba du eta).
FLORE, preciosidad, cosa excelente.
FROGA, probar, demostrar. (FROGATU, probado, demostrado).
FROGATZE, probar, demostrar.
FUNTS, fondo, sustancia.
GAITZETSI, condenado, reprobado.
GANORE, ganora, kanore, fundamento, sustancialidad.
GARDUBERA, diente de león, cardo dulce.
GAZTA, gaztai, queso.
GINO, arau, hein, proporción, medida.
GISA, modu, era.
GORABEHERA, a pesar, malgré.
GORPU, cadáver.
GREBA, huelga.
GURA, nahi, gogo.
HAIK, hareek (Haiek aktibo, haik pasibo).
HALABER, igualmente, así mismo.
HAR, tomar. (HARTU, tomado).
HARAKO, aquél de marras.
HASTAPEN, hasiera.
HAUK, honeek. (Hauek aktibo, hauk pasibo).
HAUTESKUNDE, elección.
HEDATU, zabaldu.
HERENEGUN, harainegun.
HERRIALDE, región.
HERTSI, hestu.
HILDO, surco, sillon.
HISTORIAURRE, prehistoria.
HOIK, horik, horreek. (Hoiek aktibo, hoik pasibo).
HORIK, hoik, horreek. (Horiek aktibo, horik pasibo).
HORRAKO, ése de marras.
HOTS, a saber, es decir, esto es.
HURA, ha.
HURBIL, hur.
IHARDETSI, erantzun.
IKERTU, aztertu, arakatu, investigado.
IRAGAN, igaro, pasatu.
IRMO, irme, errime, firme, fermu.
ISTUDIA, estudiar. (ISTUDIATU, estudiado).
ITAUNTZE, galdetze.
IZKUTATZE, ocultar, esconder, cacher.
JADANIK, ya.
JAGON, begira, cuidar, vigilar.
JAGOTE, zaintze.
JARAMON, kasu.
JAZO, gertatu.
JAZOTZE, gertatze.
JOKA, obrar, proceder. (JOKATU, obrado, procedido).
KABUZ, buruz. (Berba hau latinezko caput hitzetik dator).
KALAGURRI, Calahorra.
KAZETARI, periodista, journaliste.
KEN, quitar. (KENDU, quitado).
KEXU, inquieto, descontento.
LANDA, kanpo, además de, aparte de.
LANTZEAN, noizean.
LARUNBAT, zapatu.
LEGEZ, lez, bezala.
LEINU, tribu.
MAKERA, txerrama, cerda madre, truie.
MEATZA, mina.
MENDEBALDE, mendebal alde, occidente.
MOTEL, mutil.
NABARERAZI, nabari jarri.
NABARI, evidente, notorio, patente.
NABARITZE, percibir, sentir.
NEUR, medir. (NEURTU, medido).
OIHAN, baso.
OIHARTZUN, eco.
OKAMENDIETA, Montes de Oca.
OLA, ferrería.
OMEN, ei.
OREIN, ciervo, cerf.
ORO, guzti.
OROBAT, berdin.
OSA, completar. (OSATU, completado).
OSTEGUN, eguen.
OSTERANTZEKO, distinto, diverso, diferente.
OSTIRALE, bariku.
OTSAIL, febrero.
OTXARKOAGA, Bilboko hauzotegi bat.
PAGAZI, pago hazi, hayuco, faine.
QUOSQUE TANDEM, noiz arte.
SAHATS, sauce, saule.
SANTUTXU, Bilboko hauzotegi bat.
SO EGITE, begiratze, behatze.
SORTZEKE, sortu gabe.
TANKERA, estilo.
TREBA, habilitar, entrenar. (TREBATU, habilitado, entrenado).
TXOSTEN, ponencia.
UDAL, municipio.
UHARTE, irla, isla.
UKA, negar. (UKATU, negado).
UKAN, izan. (Ukan aktibo, izan pasibo).
ULER, entender, comprender. (ULERTU, entendido, comprendido).
URDAZUBI, Urdax.
UR HATS, agua sulfurosa.
URTARRIL, enero, janvier.
UXALA, ojalá, plût à Dieu.
XEDE, asmo, helburu.
ZEREN (ETA), ze, pues.
ZERGA, impuesto, contribución.
ZIAT, diat, joat, dut. (Aditz forma hau onhartuko omen da euskara batuan).
ZINEZ, benetan.
ZINTZILIKARIO, colgante.
ZOTZ EGIN, echar a suertes, tirer au sort.
ZURBARAN, Bilboko hauzotegi bat.
ZUZENBIDE, derecho.
Historia
Mundu guztia bere burua justifikatu beharrean aurkitzen da, erabakiak hartzen dituenean; eta hainbat areago,* zeinbat eta erabaki horik garrantzitsuagoak izan. Justifikazio horien forman, eginahalak egingo dira, interes pribatuak izkutatzeko; eta interes orokorrak ipiniko dira beti gainean. Baina hau ez da forma besterik. Funtsa* beste gauza bat izaten da ia beti; eta benetako interesak ez dira agertuko, izkutuan geratuko dira. Interpretazio hori ematen duten pertsonak, ideologia batez horniturik egoten dira; eta hauek egiten dituzten justifikazioen forma, ideologia horrek influentziatua izanen da. Alderdi komunistak, esate baterako, langileriaren «interesak» defendatzearren, herri oso baten altxaketa menperatuko du, eta abar. Holako zerbait gertatu zen, Kronstadt zapaltzeko orduan.
Kronstadtarrek, botereaz jabetu zirenean, uharteko* lur guztiak erabiltzea erabaki zuten, eta horretarako baratze komunalak sortu zituzten. Hauzo bakoitzeko bizilagunak berrogeitamarreko taldeetan banatu ziren, eta talde bakoitzak lur sail bat hartzen zuen, zotz eginez, arloak berdintsuak izan zitezen. Produzio talde hauei lur-teknikoek laguntzen zieten.
Produzitzeko era honek bi ondorio garrantzitsu ekarri zituen. Alde batetik, ohiturazko produzio moldeak utziz eta lana arrazionalizatuz, komunitateko loturak sendoagoak egin ziren; eta bestetik, jabego pribatua deuseztatua* gelditu zen.
Lantegiak, berrik, langileek berek antolatzen eta zuzentzen zituzten. Ez zegoen nagusirik. Eta langintzan marinelak ere laguntzen zuten, batik* bat nekazarientzako lan tresnak egiten.
Hiriko zerbitzuak hiritarrek berek antolatzen zituzten hauzo bakoitzean, batzorde baten bidez.
Politika mailan, berriz, Biltzar Nagusia zen hiriko politika guztia eramaten zuena. Biltzar hau hiritar guztiek aukeratzen zuten, denek eskubide berdinak edukiz. Eta Biltzarreko edonork, herriaren interesen alde lan egiten ez bazuen, bere agintea berehalaxe galtzen zuen.
Jendearen heziketa publikoki egiten zen, hiriko Enparantza* Nagusian; eta gaiak alderdi guztietatik eta ideologia guztien argitan ikusiak eta eztabaidatuak izaten ziren. Era honetara zihoan herriaren heziketa eta haren etorkizunaren moldaketa.
Biltzar Nagusiak bi batzorde sortu zituen: bata tekniko-militarra eta propagandakoa bestea.
Lehenbizikoa gerrako zeregin guztiez eta produziorako behar ziren teknika guztiez arduratzen* zen: soldadu taldeak osa* eta treba,* makineria jagon, teknika berriak istudia* eta egoki.*
Bigarren batzordea propagandaz artatzen* zen. Irratiaz eta mota guztietako literaturaz (bai komunista, bai anarkista, bai sozialistaz) baliaturik, herria gai askotan eskolatzen zuen: ekonomian, nekazaritzan, politikan... Biltzarrak, bere aldetik, egunkari bat, Izvestia izenekoa, argitaratzen zuen.
Egintza hauen gastuak ordaintzeko, langileek kutxa bat zedukaten antolatua, aportazioak borondatezkoak izanez.
Politika mailan, nazioartekotasuna praktikara eramanez, joera garbia hartu zuten, 1921.eko otsailean* San Petersburgoko grebak* gertatu zirenean. Boltxebikeek ekonomiaren aurreramenduari oztopoak jartzen zizkiotelako eta langileriaren autogestioa onhartzen ez zutelako, hiri hartako langile guztiak kalera atera ziren. Orduan, Kronstadteko komunitate osoa boltxebikeen kontra eta langileriaren alde agertu zen; gainera, marinel asko joan ziren San Petersburgora, Kronstadteko esperientzien berri ematera. Kronstadtarrak akort zeuden San Petersburgoko langileekin, hauek, agiri batean, boltxebikeen gobernua deuseztatzea eta fabriketako zuzendaritza langileen eskuetara pasatzea eskatzen baitzuten.
Hala ere, paregabeko esperientzia izan zitekeen gizarte berri honi, Pariseko Komunari bezala gertatu zitzaion. Interes pribatuen alde doazen taldeek elkarrekin tope egiten dute; eta hemen ere, Kronstadten, berdin gertatu zen.
Boltxebikeek begi txarrez ikusten zuten, Rusiako herria Kronstadtarrekin zegoela eta haien hiria eredu* bat zela, benetan iraultzaile zelako. Orduan boltxebikeak Kronstadteko iraultza deuseztatu beharrean aurkitu ziren. Izan ere, hango iraultza menperatzen ez bazuten, berak, boltxebikeak, deuseztatuak izanen ziren, iraultzaren indarrez. Beren asmoak justifikatzeko, gezur eta maltzurkeri mota guztiak erabili zituzten, herriaren aurrean ondo geratzeko. Haien salakuntzarik handiena, hauxe zen: Kronstadteko iraultza Kozlovsky izeneko general zarista batek maneiatzen zuela. Honela, lehenago Enperadorearen etsairik handienak izan zirenak, orain haren laguntzaile bezala agertuko ziren.
Jakin beharra dago, Armada* Gorrian, Trotskik osatu zuen armadan, koadro gehienak Zaren militarrak zirela eta erreakzionarioak gehienak. Hemen ere, harako* kristau esaera hura* aplika genezake, boltxebikeek, pekatariak izanik, Kronstadtekoei bota baitzieten beren pekatuaren salakuntza.
Azkenez, 1921.eko martxoaren 7an, Armada Gorriak hiria asaltatu zuen; baina hangoek gogor egin zuten egun askotan, etsaiaren eskuetan erori* baino lehen. Martxoaren 17an, Kronstadteko indar guztiak deuseztatuak izan ziren, eta boltxebikeen boterea inposatua izan zen.
Hango batzuek Finlandiara ihes egin ahal izan zuten, eta besteak Armada Gorriak garbitu zituen, masakre ikaragarri bat eginez.
Hurrengo egunean, Leninek, Trotskik eta beste zenbait boltxebike buruzagik Pariseko Komunaren urtebetetzea ospatu zuten, bai eta haren berdina zen Komunaren hondamendia ere, Kronstadtena, alegia.
B. BAKAIKOA
genezake, geinke
zeuden, egozen
zieten, eutseen
zitzaion, jakon
zizkioten, eutsoezan