ANAITASUNA
251. zenb.
1973.eko martxoaren 15ekoa
Pelota, 4 - 1.º - Bilbao-5
Tel. 23 74 49 - Apart. 495
ANAITASUNA Bizkaia
Hamabosterokoa.
Zuzendari ordezko: Imanol Berriatua.
Idazkari: Josu Torre.
Bulegoa: Pelota, 4-1.º - Bilbao-5.
Imprimatzaile: AMADO, Mazarredo 35 - Bilbao-10.
Moldatzaile: RALI, Particular de Costa 12-14, 3.º - Bilbao-10.
XX. urtea.
D.L.: BI-1.753 - 1967.
Urte honen hasieratik Europako Ekonomi Elkartea (M.E.C.) hiru Estatu berrirekin osatzen da —Bretainia Handia, Irlanda eta Dinamarka—, lehengo seirekin bederatzien Europako Elkartea moldatuz.
Bai eta Espainiako Gobernuak Europako Elkarte horrekin dituen harremanak ere, egunkariek dioskutenez, oso aurrera eta bide onetik omen* doaz, Europarekin batzeko gero eta pauso gehiago emanez.
Ekonomi arrazoiakatik gabe, eragozpen gogorrenak politika aldetik eta sozial aldetik omen ditu, zeren* Elkarte honek Erroman antolatutako Egiunean* (Elkarteko Estatutuetan) kondizio bereziak ipini baitzituen, nazio berriak bere barrenean onhartzeko; eta horretan datza* egungo* Espainiaren problema.
Hala eta guztiz ere, ezin dezakegu uka,* bideak garbituz doazela, eta biharko egunean Espainiako kapital interesak Europarekin batuko direla.
Orduan, eta pauso hori egiatzat emanik, ikus dezagun zenbaterainoko gorabeherak ekarriko dizkion Euskal Herriari Espainia Merkatu Komunean sartzeak, ekonomiaren zerrenda, politikaren aldakuntza eta eman beharrean gertatuko diren askatasun neurriak aztertuz.
Esan beharrezkoa dugu, ez garela arlo honetan arduratu diren lehenak. Izan ere, Europako Ekonomi Elkarteak Espainiarekin «Acuerdo Preferencial» delakoa 1968.ean firmatu ostean,* Gobernutik hurbil* dauden gizon asko izan dira, Euskal Herriaren berezitasunak aipatu dituztenak, Europara sartze hau landuz joateko bide bezala.
Honela agertzen digute, ekonomi mailan hegoaldeko Euskal Herriak bere industri indarra iparraldekora eta Akitania aldera zabal* dezakeela; eta, bestalde, hango teknika berriak (alde honetakoak baino aurreratuagoak) oso baliotsuak izan daitezkeela hemen, eta elkar harremanak zabalagoak eta sendoagoak.
Alde honetatik saiatu dira Gipuzkoa eta Bizkaiko Komertzio Delegazioak; eta ICE aldizkarian zenbait lan agertzen digute gai honetaz.
Aldizkari honek, Europako Elkartean sartu aurretik gerta daitezkeen harreman ekonomikoak ikutzen ditu.
Hegoaldeko Euskal Herrian probintzia hauk* aipatzen ditu: Gipuzkoa, Bizkaia, Nafarroa, Araba eta Errioxa. («Región vasco-navarro-riojana» deitzen dio).
«Región» edo herrialde hau Espainiako ekonomia eta bizilagunekin konparatzen digute, eta haren 1970.eko egoera honela agertzen:
- Estatu egituretatik* («producción nacional» deitzen dio) % 10,3 omen du Euskal Herriak.
- Bizilagunak % 7,55 besterik ez omen gara.
- Lur zabalera % 4,8 Estatu osoan.
Erakutsia garbia da: Industri eta komertzio egiturak, haziagoak ditugula; gure produktibitatea Estatu osoko erdi-mailakoa baino hobea dela; gure industria, bildua (kontzentratua) dagoela.
Frantses Estatuko eskualde* hauk dira, aipatzen den Akitaniako herrialde zabal hori osatzen dutenak: Ipar Euskal Herria (Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa) eta Akitania (Gironde, Dordogne, Lot et Garonne, Landak eta Biarnoa).
Herrialde honen berezitasunak hauk dira:
- Frantziako Estatu osoaren % 7,6 lur ditu, edo Hego Euskal Herria bezalako bi.
- Bizilagunak % 4,9 ditu, edo Hego Euskal Herriak aina.*
Orain, ekonomi zati bi hauk hartuz, sektore bakoitzean dituzten alderdiak ikusiko ditugu:
Lehen sektorean (lurlangintzan eta arraintzan): Hego Euskal Herrian, lurrak ematen dituen produktuen defizita dago. Lur produktuok kanpotik (Gaztela eta Canariastik) ekarri behar izaten ditu. Haragia beretzako lain* ateratzen du, eta esnea sobratu egiten da gainera. Arraintzaleek, ordea, ateratako zati bat Madrilera bidaltzen dute, aurrez hemengo eskeak asetu ondoren.
Akitaniak lehen sektorea du indartsuena, eta gainera janarien industrializazioa askoz aurreratuagoa du, eta kanpora asko ateratzen du.
Bigarren sektorean Hego Euskal Herriak produkzio handiagoa du, Bizkaiak eta Gipuzkoak batez ere. Honetan Akitania atzeratua dago zeharo, eta oso industria ttipiak ditu. Zituen untzi* lantegiak, 1970.etik hitxiak* ditu, nahiz eta petrokimika-, aeroplano- eta elektronika industriak indartzen ari, Frantziako Gobernuak bultzaturik.
Hirugarren sektoreak premia handiak ditu Hego Euskal Herrian: hor daude, sekula bukatzen ez dituzten bideak. Akitaniak askoz hobeto zabalduak ditu zerbitzuak.
Hau dena kontuan hartuz eta Bilbotik Behobiara eginen den autopista Baionaraino luzatuko delakoan (asmo hauk ditu «Europistas» enpresak), ekonomiazko bi neurri hauek laster sorteraz* ditzaketen harremanak honela izan daitezke:
Akitaniak, lurlangintzako janari asko salduko luke Hego Euskal Herrian. Bai eta zenbait medikamendu eta prezisiozko artikulu ere.
Hego Euskal Herritik burdin eta pisuzko industriaren produktuak joango lirateke iparraldeko eta Akitaniako prezisiozko industrietara. Untzigintzan elkar lagun* dezakete.
Kontuak honela, argiro dakusagu,* ekonomiaren desarroiloa berdintsu eta elkarturik eraman dezaketela herrialde bi hauek; eta gaur egunean Baiona eta Donostiako Komertzio Delegazioek harreman handiak dituzte, bai eta mugaren alde bietako zenbait industrialek ere.
Instituzio hauek, bide honi jarraitzeko ematen duten arrazoia (hegoaldeko Euskal Herria iparraldekoarekin eta Akitaniarekin analizatuz) hau da: orain politiko- eta ekonomikoki apartatuak dauden talde edo grupo hauek histori eta kultur mailan berdintasun handiak dituztela.
Beste arrazoi bat ere aipatzen da ICE aldizkarian.
Europa osoan hasi omen dira orain, bi herrialde eredutzat harturik, ekonomia eta desarroilozko estudioak egiten. Batak —«giro-base» deritzanak— inguruko ekonomia eta egiturak batzen ditu Estatu mailan; eta besteak horixe berori egiten du Europa mailan, beronen ekonomi eta politika batasuna lortzeko neurri bezala.
Zalantzarik* ez dago, aipatzen dituzten herrialde bi hauei (Euskal Herriari eta Okzitaniaren zati bati) askatasun gisa* bat eman nahi dietela, beste arlo batean eta Gobernuko zenbait gizonek sozial mailan asoziazio eta Partidu estruktura batzuk eskaintzen dituzten bezala.
Baina hau dena zer preziotan izanen da? Goitik behera etor daiteke benetako askatasuna?
Gure ustez, ondo dakite, Euskal Herriak zenbaterainoko problemak dituen, bai eta zer eratako jende asetuko duten ere, ematen dituzten askatasun erantzunekin.
Baina herri osoak bereganatu gura dituen askatasuna eta esku-indarren jabetza ez dute eman nahi izango; eta hau guztia (Europara sartzea eta Euskal Herriarentzako soluzioa) hitzezko aldaketa besterik ez da izango.
J. ARRIZABALAGA
daude, dagoz
dezagun, daigun
dezake, daike
dezakegu, daikegu
dezakete, daikee
diete, deutsee
digute, deuskue, deraukute
dio, deutso
dioskute, dinoskue, esaten digute
ditzakete, daikeez
dizkio, deutsoz
Irakaskintza
Artikulu honekin hasiera eman nahi diot, euskal hiztegi tekhnikoaz arduratuko* den sail bati. Bereziki, Physika arloan aurkitu ditudan problema batzuk* aztertuko ditut, hauei eman dizkiedan erantzunak adieraziz.
Arlo honetan, kasik landu gabea agertzen zaiku euskara. Gerra aurretik, «Pisia» izeneko liburu bat argitaratu zen, Gabirel Jauregik egina. Hurrengo artikuluren batetan, astiro aztertuko dut liburu hau, eta beronek seinalatzen duen bidea. Bitartean, problema jeneralean azaltzen saiatuko naiz, eta, horretarako, eritziak neure eguneroko esperientzian oinharrituko ditut.
Kontsidera dezagun ikastoletako irakaskintza. Ikastoletan, haien bereiztasuna dela eta, euskaraz azaldu nahi ditugu gai guztiak. Baina, honetarako, lantresna egokiak behar ditugu, eta hemen dago koska.
Gaur egun, umeak Oinharrizko Heziketa Jeneralaren («Enseñanza General Básica» delakoaren) barnean aurkitzen dira. Urterik urtera ikasmailak gehituz doaz; jadanik,* ikastola batzuetan seigarren mailara heldu gara. Baina irakaskintza honi jarraitzeko, zer material dugu? Erantzuna latza da: erdal editorialek eskaintzen deraukutena baino ez dugu. Honela, ikastolek ezin dezakete osorik beren helburua bete, lantresnen faltaz, euskal hutsune hori bete ezin dezaketelako.
Bitartean, guti batzuk, eta borondaterik onenarekin, euskara tekhnikoaz arduratzen hasi gara. Baina (eta hemen dago problemaren kakoa), gurdia idien aurrean jarri ukan* dugu, eta era honetan ez dugu oraindik pauso firmerik eman, oinharri makalak ukan ditugulako.
Ni ere, neure kontura, Mekhanikazko hiztegia prestatzen hasia nintzen. Horretarako biderik onena, Mekhanikazko apunteak euskaraz egitea izanen zela pentsatu ukan nuen. Eta horrela egin nuen. Ni neu, polito konpontzen naiz Mekhanikazko apunte hauekin, han erabiltzen ditudan hitzak eta egiturak,* neuk sortuak izanik, ezagunak ditudalako. Baina era honetan eginiko hiztegia, ene esperientzian oinharritua egon arren, ez dago Herriaren esperientzian funtsatua;* beraz, hiztegi hil bat da, edo, bestela esateko, bizirik ez du. Hizkuntza Herriaren bizia da; eta hiztegiak, bizia ukan dezan, Herriaren esperientzian oinharritua egon behar du.
Hala ere, honen antzeko saioak egiteari interesgarri deritzot, eta hau arrazoi pare bategatik. Lehenik, gerora begira, saio hauek lana arintzen dutelako, eta, bigarrenik, jendea lan horietarako prestatzen dutelako.
Nola egoki* genezake geure lana, euskararen egoera kontuan harturik? Geure aurrean gurpil* zoro bat dugu. Batetik, beharrezkoa dugu hiztegi tekhnikoa, eta, bestetik, Herriaren esperientzian oinharritzen ez den hiztegiak ez du askorik balio. Nolabait, deserotu egin beharko dugu gurpil zoro hau.
Honetarako, bideak ez du zertan bakarra izan behar. Etxe bat egiteko, oinharritik hasi behar den bezala, hiztegi teknikoa ere era berean hasi beharko da. Nik bide bi aipatuko ditut, eta hauei lotuko natzaie, besterik aurkitzen ez dudan bitartean.
Esan dugun legez,* ikastolak euskal liburu eta lantresnen faltan aurkitzen dira. Lehen aipatu* gurpil zoroa nolabait deserotzeko, hemendik deserotu beharko genukeela uste dut: ikastola liburugintzan hasiz, Oinharrizko Heziketa Jeneraleko liburuak presta. Era honetan, Euskal Herri osoan liburu horik* erabiliko bagenitu, hauetan agertzen den hiztegia, Herri osoarentzat erabilgai bihurtuko litzateke, eta benetako hiztegi tekhniko bat egin ahal ukanen genuke.
Talde batzuk hasiak gara lan hau egiten; baina, hala ere, hainbat kausa direla (jende guti dagoela, amateurismoan ari garela, eta abar), hutsune itzelak* nabari dira.
Bigarren bidea, artikulugintzan dakusat.* Astiro astiro, Zientzi dibulgaziozko artikuluak idazten hasi beharko genuke. Honetaz ere, pauso batzuk emanak dira. Pozarren* irakurri ukan dut, azken ANAITASUNAn agertu den «Robotak» izeneko artikulua. Artikuluak, hiztegi aldetik, lehen saio bat dira, hitz berrien egokitasuna ikusteko. Gainera, Herriaren aurrean zabaltzen direnez gero, interes handikoak dira, eta, batera, ikastoletarako liburuak egiteko, prestatu egiten dute bidea.
Euskal Hiztegi Tekhniko bat behar dugunik, ez du inork zalantzan jartzen. Baina, gure eskuetan dagoenez gero, erantzunkizun handia eskatzen du guregandik. Beraz, artikulu hauetatik dei bat doakie, horretaz arta* litezkeenei. Nik, neure aldetik, aurkitu ditudan oztopoak azalduko ditut, bai eta horik* gainditzeko planifikatze bat ere.
J. R. ETXEBARRIA
deraukute, deuskue, digute
dezagun, daigun
dezakete, daikee
dezan, daian
diot, deutsat
dizkiet, deutsedaz
natzaie, natxake
zaiku, jaku, zaigu
Irakaskintza
Garrantzitsuenak direlakoan, euskal Alfabetatzearen hiru muga bakarrik aipatuko ditugu hemen.
Eguneko lanaren osagarria
Alfabetatzea, bai ikasleentzat eta bai irakasleentzat, eguneko lan orduetatik kanpora dagoen ekintza bat da. Ilunabarreko euskalduntzea.
Alfabetatzeak, arratseko lan bat izanik, arrisku bat du gure klaseetarako, hots,* Alfabetatze klaseak, bai giroz eta bai gaiz, egunez erabili ditugun giro eta arazoen erantzuna ez izatea. Esan nahi duguna, zera da: gramatika huts batez ezin daitekeela persona bat alfabeta, zeren* eta, honela egiten badugu, euskara bera ere pertsona horrentzat gauza artifizial bat besterik ez baita izanen. Hainbeste ordu fabriketan eta lantegietan eman ondoren, ikasgela baten barruan sarturik, methodo eta pedagogia egoki bati lotzen ez bagatzaizkio, Alfabetatzea bera aspergarri eta nekagarri izanen zaigu denoi. Beraz, eguneroko bizitzan eta Alfabetatzean agertzen diren arloek berdintsuak izan beharko dute edo guttienez errealitate baten bi zati osatzaile, baina inola ere ez bi errealitate ezberdin eta elkarrekin zerikusirik ez dutenik.
Alfabetatzera etortzen direnak, beren borondatez etortzen dira, edo, gehienbat, zerbaitek kezkaturik eta kultura eta problematika konkretu batean murgilduta. Horregatik, Alfabetatzera joaten garenean, kultura eta problematika konkretu hauk* ezin ditzakegu ahantz.* Hori dela eta, geure bidea eta methodoa moldatzerakoan, hau guztia kontuan edukitzekoa dela uste dugu; eta, beharbada, bide berri batzuk aurkitzen ahalegina egin beharko dugu.
Jende horiek Alfabetatze arloan iraun dezaten, gogo handia, borondate handia behar dela iruditzen zaigu. Eta ez hori bakarrik, bai eta kontzientzi pizka bat ere; bestela, lehen snobismo eta sentimentalismo hori joaten denean, Alfabetatzea utzi egiten da. Honen arrazoiak ikustea, nahiko erraza da. Askotan, guregana etortzen direnen artean, estudiante pila bat egoten da; eta hauek, konturatu gabe, klaseetan eta elkar hizketan beren methodo eta hiztegia erabiltzera behartzen gaituzte. Beste batzuetan, irakasleen partetik pedagogia desegoki bat erabiltzen da.
Hemen ikusten da, inon baino hobeto, borondatearen zeregina. Alfabetatzeko ekintzaile guztiok osterantzeko* lanean ari gara egunean zehar. Gure lana zortzi ordukoa da. Baina gure lana ez da, askorengan, euskal herriaren aldekoa, nahiz eta Euskal Herrian egina izan. Alfabetatzean gabiltzanontzat, arazo horretan egiten dugun lana ez da gure bizibidea, geure lan orduetatik kanpo egiten dugun lana baizik. Horregatik, arlo honetan guztiz garrantzitsua da borondatearen beharrizana.
Kontzientziatu gutti batzuen lana
Garrantzi ezin handiagoa baitu Alfabetatzea nori zuzendua dagoen jakiteak, praktikan gure Alfabetatzea herri bakoitzeko minoria kontzientziatu batetara baino ez dago hedatua.*
Euskal herrian, analfabetasuna oso hedatua dago (% 95, analfabetuak ei* gara). Base zabal horretara hurbiltzerakoan,* mediorik ez dugulako, lankideak gutti garelako edo, gura* genukeena baino guttiago lortzen dugu.
Herriz herriko informe eta datuak ikusi eta azterturik, guttiegi garela erraz ikusten da. Eta horrexegatik batez ere, xede* eta helburuak, methodo eta pedagogia berrikusi beharrean aurkitzen gara; bestela, multzo ttiki baten inguruan ibiltzeko arriskuan gaude.
Baina talde ttiki hauk dira gure koadroak. Nola uka,* koadro hauk direla masaren punta? Arrazoi berberagatik, hauek kalitate gehiago eskatzen digute, denik hoberena eta aurreratuena behar dute, masak gauza elementalak behar dituen bezala.
Koadroentzat egiten dena, herri zabalarentzat egina da. Azken batean, hauen bitartez bakarrik aurkituko dugu masaren norabidea. Beraz, koadroei ematen diegunak, masak hezitzen eta orientatzen lagundu behar die; bestela, ez gara masara helduko.
Azken finean, gure helburua masara heltzea eta hura* zerbitzea da. Zertarako dugu gutti batzuen esku bizi den euskara «preziosoa», herriaren hizkera ez baldin bada?
Medio material guttiko ekintza
Alfabetatzearen larritasuna, haren premia nagusiak eta beste zenbait puntu aipa daitezke hemen; baina, luzeegi eginen zaigulakoan gaudenez gero, beste baterako utz dezagun.
Aurreko artikuluan esan bezala, irakurlearen kritika eta eritziak jaso gura genituzke, Alfabetatzea denon lana baita.
ALFABETATZEKOOK
dezagun, daigun
dezaten, daien
die, deutse
diegu, deutsegu
digute, deuskue, deraukute
gatzaizkio, gatxakoz
gaude, gagoz
zaigu, jaku, zaiku
Pastorala Zuberoan
Aurtengo apirilaren 29an, Zuberoko Altzai herrixkan, «Santxo Azkarra» izeneko pastorala emango dute.
Pastoralak muntatzea oso gauza zaila denez gero, ez dira urtero egiten. Beraz, pastorala zer den ikusteko aukera* berezia dugu aurten.
Bestalde jakin dugu, aurten ez dutela maskaradarik egingo Zuberoan.
Nobelak
Gogoz irakurri ditut euskaraz argitaraturiko azken nobelak: Xabier Kintanaren «Itsasoari begira» eta Luis Haranburu-Altunaren «Itsasoak ez du esperantzarik». Nobela bi hauk* onak iruditu zaizkit; eta, ene ustez, euskal nobelagintzak pauso bat aurrera eman du.
Eta, gai hau hartu dudalarik. esan behar dut, euskaran nobelaren falta nabaritzen* dela. Nobelagintza da literatura baten hedatzearen* oinharria. Eta har dezagun kontuan, ikastola alde batetik eta literatura aberats bat bestetik hizkuntzaren etorkizunerako euskarririk* sendoenak direla.
Ogibidearen segurantza
Deustuko ikastolan lau irakasle geratu dira lanik gabe. Gaur egunean, Euskal Herrian zehar, beste 37 irakasle ere egoera horretan aurkitzen dira.
Egun hauetan Bizkaian gorabeherak egon dira eta daude fabriketan; eta ondorioz hainbat langile geratu dira kalean. Hau dela eta, Bilboko Gotzain den Añoveros jaunak nota bat zabaldu du. ANAITASUNAren irakurleek Gotzainaren hitzak zehazki uler ditzaten, berak idatzi duen bezala, gaztelaniaz, kopiatuko dut parrafo bat:
«Deben valorarse con delicadísima ponderación, dentro de la más ecuánime justicia y respeto a los derechos de la persona humana, las posibles causas de despido, teniendo muy en cuenta el gravísimo perjuicio que se produce al hombre por un despido, sobre todo definitivo, que puede condenar a él y a su familia a una situación presente y futura de difícil supervivencia».
Eta kontuan har dezagun, langile baten despeditzea era bitara egin litekeela:
Bata zakarra,* arrunta,* «zoaz kalera» esanez, Bestea finagoa, langilea zirikatuz eta haren inguruan jasan* ezinezko egoera bat sortuz.
Ezkontza
Martxoaren 3an ezkondu da Gasteizen Eusebio Osa Arantza Uribarrirekin. Gasteizen bertan biziko dira. Zorionak bioi.
Hitzak eta egintzak
Larunbat gehienetan, Iralabarriko parrokiara joaten naiz, hango aita frantziskanoek euskaraz ematen duten meza santua entzutera.
Iragan* larunbatean, homiliaren ostean,* hurrengo hau irakurri zeraukun meza emaileak:
Geure parrokia honetan gutun* hau jaso dugu, Bilboko Gotzain jaunak idatzia.
Parroko jaun agurgarria:
Jakin dudanez, Bilbo eta inguruetako eliztarren familia asko krisialdi ekonomiko bat pasatzen ari dira, oraintsuko eztabaida laboralen ondorioz zigorturik edo lanik gabe geratu direlako.
Bihotz bihotzez eskatzen derautzut, datorren igandean, martxoaren 4ean, meza denboran eginen den diru batzea, hainbeste familia eta anaia behartsuren alderako izan dadila. Eta egizu ahalegina, mezatara datozenek diru batze horretan ardura haundia jar dezaten. Beste arrazoirik kontuan hartu gabe, Kristok manatu* zeraukun elkar maitasunak behartzen gaituela uste dut.
Biltzen den dirua, hainbat arinen bidal zenezake diosesiko «Caritas» delakora.
Kolekta hau zergatik egiten den jakin dezaten, irakur zienezeke gutun hau eliztarrei.
Mila esker. Neure bedeinkazio bihotzetikoaz.
Bilbo, 1973.eko otsailaren* 28an.
Antonio
Bilboko Gotzaina
Ikastoletarako liburu berriak
Hainbat dira, ikastoletarako oraintsu argitaratu diren liburuak, edo argitaratzeko gertu daudenak. Hona hemen haien zerrenda:
CINSA etxeak 12 liburu ditu inprimerian, eta datorren apirilerako zabalduko dira. Sei urtetatik bederatzi urtetarainoko ikasleentzat dira.
Bestalde, Donostiako talde batek algebra eta matematikazko metodoak argitaratu ditu, multikopiaz eginak.
Bilbon, beste talde batek fisika liburuak zabaltzen dihardu, lehen eta bigarren koadernoak. Liburuxka hauen egilea, Bilboko Unibertsitateko irakasle eta ANAITASUNA honetako idazle den Jose Ramon Etxebarria da.
Irakasleen Liburutegiak hiru liburu argitaratu berri ditu: 4, 5 eta 6. tomoak:
«Zenbait aholku* gazteentzako», egilea C. Freinet, euskaratzailea Larresoro. 149 orrialde.
«Gizartearen eskola». Luis Haranburu-Altunarena. 199 orrialde.
«Zientzien erakaskuntza», C. Freineten zuzendaritzapean prestatua. 168 orrialde.
Liburu guzti hauen prezioa 20 pezetatatik 60ra doa. Eskatzekotan, ikastolen bitartez lor daitezke.
Guztiak euskara batuan daude.
Zapalketa
Zapalketa baten aurrean zapalduak protestatzen badu, zapaltzaileak protesta horretan aurkitzen du zapalkuntza justifikatzeko atxakia.
Ikusten duzu? —dio. Nola konpon daiteke ezer horrelako istilutan? Ez duzue elkar hizketarako balio. Beraz, autoritarismoa beharrezkoa da.
Baina zapaltzaileak ez daki, edo ba daki —zeren berak apropos zirikatzen baitu zapaldua, asalda* dadin— okerrak konpontzea gauza oso erraza dela: aski* da zuzen eta garbi jokatzea. Orduan, inork ez daduka zergatik asaldatu beharrik, eta elkar hizketa posible izanen da. Baina hori ez zaio komeni zapaltzaileari.
Autoritarismoa eta anarkia
Edozein motatako elkarte (dela kiroletakoa,* dela ikastola, dela industria bat, dela nazioa bera) era bitara antola daiteke:
- hierarkikoki, hau da, elkartearen zuzendaritza pertsonalismo batetan finkatuz. Kasu honetan, pertsonalismo hau azken muturreraino eramaten bada, autoritarismoan eta tiranian eror* gaitezke.
- demokratikoki, hau da, elkartea kogestio baten bidez gidatzen delarik. Baina kogestioa azken muturreraino eroaten* badugu, anarkian jausteko* arriskua dago.
Beraz, hautakizun* bien ondorio okerretatik ihes egiteko, eta bien alde onak lortzeko, hirugarren soluzio bat bilatu behar genuke, hots,* erdibide bat. Eta erdibide honen exenplurik onena, ene ustez, Euskaltzaindia bera da. Euskaltzaindiak Mahai bat du, eta honek gidatzen du elkartea; baina hilabetero kontu ematen die euskaltzain guztiei. Hauek hautatzen dute Mahaia, eta hauek kontrolatzen haren lana. Kontrolatu egiten dute, baina ez zuzendu. Zuzendaritza Mahaian dago.
Euskal Herriko gidaliburua
CINSA etxeak laster argitaratuko du «Guía del País Vasco» delakoaren bigarren edizioa. 180 orrialde ditu eta hainbat argazki. Hauetarik asko kolorezkoak.
Edizio hau 3.000 aletakoa izanen da, gaztelaniaz. Prezioa 200 pezeta.
XABIER GEREÑO
daude, dagoz
derautzut, deutsut, dizut
dezagun, daigun
dezaten, daien
die, deutse
ditzaten, daiezan
zaizkit, jataz
zenezake, zeinke
zeraukun, euskun, zigun
zienezeke, zeinskioe, zenezaieke
Liburu berriak
1. «USAren agintaritza eta dolarraren ahulezia», G. Ansolak, GEROn
Ediciones El Mensajero-ko GERO liburu sortak liburu berri hau agertu berri derauku, Gurutz Ansola ekonomista ezagunak moldatua.
Jadanik dakitzagun istiluengatik, liburu hau atzeraturik etorri zaiku programmazioan; baina ezin parada* egokiagoan irten da, dolarraren bigarren krisia, hain zuzen, azaldu berri duguneon.
Liburuaren mamia, G. Ansolak, Gipuzkoako hiri bateko langile batzuen eskarira erantzunez, emandako hitzaldi batzuen bilduma* biribildua da; ikusten dituen problemak, diru systemaren historia laburra, USAko ekonomiaren krisia eta USAko agintearen enperadoregoa* dira; bukatzeko, mendebaldeko inflazioaren zergatiak xeheki esplikatuz.
Dibulgazio gisako* liburu honek oso klarki erakusten du gaurko munduko diru problemen iturburuak eta bilakaera;* laburtasunak, bestalde, ez dio obrari bat ere baliorik kentzen sakontasunean eta zehaztasunean. Euskara, oro* har, landua eta apaina, standartasun baten bila dabilana, hiztegian aurrekoen lana kontuan hartzen dakiena. Azala, oso atsegin eta egokia, Iñaki Larrañagarri zor zaio.
Eskatzeko: Ansola, Gurutz: USAren agintaritza eta dolarraren ahulezia, Ed. Mensajero (Gero), Bilbo, 1972.
2. «Euskera básico común», José Antonio de Montianok, Academia Montiano-n
Izen honekin, eta «sin erderismos innecesarios en el léxico y en la sintaxis» delako gerriko batez inguraturik, argitara eman berri da egunokin José Antonio de Montiano jaunaren euskal irakasbidea.
Sistima tradizionalean oinhartua da; eta guti gorabehera Coca-Cola etxeak orain urte batzuk propagandarako atera zuen liburuxkaren jarraipena dela esan daiteke, funtsean* Bizkaiko euskara (Gipuzkoako aipamen batzuekin) dakarrelarik.
Beti uste ukan* dugu, Euskal Herria zerbait harrigarri dela; baina ez genuen uste, horrenbesterainokoa zatekeenik. Izan ere, guk dakigularik, Montiano jaunak ez daki euskaraz mintzatzen; baina, dirudienez, ba dira, norberak dakiena baino gehiago irakastera ausartzen direnak, karramarroek beren kumeei nahi bezala. Zorionak berei!
3. «Pintores y escultores vascos de ayer, hoy y mañana», Martín de Retanak, LA G.E. VASCAn
Aspaldidanik ohiturik gaduzka AGUReko zuzendari den Retana jaun abokatuak, euskal kutsuko liburu eder, larruz- eta urreztatuak ikustera, jakineko herri prezioetan publikatuak; baina azkenok orain arteko marka guztiak gainditzen* dituzte, oso oker ez bagaude.
Izan ere, astero faszikulu gisa* euskal artisten koaderno monographiko polit batzuk* ateratzen hasi da, bakoitzaren prezioa hirurehun pezeta ingurukoa delarik. Faszikulu hauek, hamarnan josita, 12 liburutatik gorako sorta polit bat osatuko omen dute. Liburu bakoitza, larruzko azalaren prezioa kontuan hartuz, hiru mila pezetakoa izanen da, sorta osoa 36.000 pezetatik gorakoa izanez.
Ba daude, bai, dakusagunez,* euskal kultura bere jabeei (Herriari, noski) ahalik eta erosoen* zerbitzatzen ahalegintzen direnak. Berau baino kultur eta sozial diskriminazio argiagorik presenta al daiteke?
Harrigarria, bestetik, A. Ibarrola moduko pintatzaile batek, honelako faszikulu merke hauetako batetan, «en efecto, soy pintor social» esatea. Proletari gutik erosiko diote prezio horretan bere obra, halafede!
Diogun, bukatzeko, euskal kultura aberatsen patrimonio berezi bihurtu nahi duten preziook gorabehera,* faszikuluok oso ongi presentaturik datozela, zuri beltzezko eta kolorezko irudi ugariez hornituak.
Nafarroa gidari
Aurtengo otsaileko* alean, Nafarroako Foru Diputazioak euskararen alde argitaratzen duen Príncipe de Viana (Bianako Printzea) aldizkarian, oso informazio on bat dator, bertako Diputazioak 1972.eko abenduaren 15ean harturiko eta 1973.eko urtarrilaren* 10ean publikaturiko akordioari buruz, hartan euskararen irakaskintzaren aldeko pauso irmo* batzuk agertuz.
Honen berri zehatza nahi duenari, aipatu* aldizkaria irakurtzea gomendatzen diogularik hona hemen, hitz gutitan, zertan den Nafarroako Diputazioaren erabaki ofizial hori.
1. Nafarroako ume euskaldunei Eskolaurreko Heziera eta Oinharrizko Irakaskintza Jenerala euskaraz ematea.
2. Nafarroako irakastegi guztietan (bereziki euskaraz egiten den eskualdeetan*) euskara irakastea, eta erraztasunak ematea, euskara orain egiten ez den lekuetan irakastea boluntario utziz.
3. Diputazioak horretarako behar diren erakundeak* eta arduradunak jarriko ditu, bai eta laguntasunak ere.
Geure xaloak eta eskuzartak Nafarroako agintarientzat. Hori duk hori Herri nortasunari egiaz eustea, eta ez hitz alferrak esatea. Nafarren arraza, dakusagunez,* ez dago ez hilik ez lo, eta bai beste batzuentzat eredu* imitagarri galanta.
E.K.M.ko hitzaldiak
Otsailaren 20an J. Ruiz de Olabuenaga jaunak, gaztelaniaz, Euskal soziologoak Azkoitiko zalduntxoengandik gaur arte delako gaiari buruz, hitzaldi interesgarri bat egin zuen, gure Herriak arlo honetan ukan* dituen gizonen bizitza eta lana azalduz.
Otsailaren 22an, hizlari berbera, Hirigintza* Euskal Herrian delakoaz aritu zitzaikun, erdaraz berau ere; eta oso kontsiderazio interesgarri batzuk* egin zituen gure hirigintzaren etorkizunari buruz. Bilboko hiria Euskal Herriko haundiena bihurtzeak ekar ditzakeen eragozpenak aipatu zituen, giza hirigintza eta kapitalaren premiak gehienetan ados* ez datozelako.
Deustuko hitzaldi aretoa,* unibertsitari gaztez eta osterantzeko* jendez eurrez* beterik egon zen hitzaldi biotan. Zorionak hizlariari eta eratzaileei.
«Artzainak haserre, gaztak ageri»
Honela dio esaera zaharrak; eta, dakusagunez,* egia biribila da. Aurreko ANAITASUNA batetan agertu genuen nolako hauzia egon den ETOR-GERO artean; eta oraingoan, Enrike Aierbek, ETOR bere izenean jarri duenak, zabaldu duen eskutitz interesgarriaren berri dakargu. Hartan esaten denez, jesuitek ETOR kontrolatu nahi zuten, eta batasun bide galgarritik eramateko gogoa zutelako egin zuen berak delako maliobra hori.
Ez dugu uste, inorentzat inoiz sekretu bat izan denik, ETOR (eta orain GERO) liburu sorta Ediciones El Mensajero del Corazón de Jesús-en babesean egon dela; eta editorial hori, bestalde, jesuitena dela gauza oso ezaguna da. Honetan dudarik egon balitz, LUR editoriala oso klarki mintzo* zen noizbait arazo horretaz. Beraz, ez dut uste, inor eskandaliza daitekeenik Aierberen aitorpen horiekin. Dena dela, egiaren amorearren diogun, ETOR eta GEROk ez duela inoiz esan (ez eta ukatu ere) jesuiten babesean dagoenik.
Bestalde, jesuiten oportunismoa, esaten denez, komunistena bezain ezaguna da; eta honek, euskara batuaren arlo honetan, gauza bat frogatzen* du soil soilik; jesuitek, beste kideek bezala, batasunaren alde jartzean, etorkizuneko bideari, beraiek asmatu ez arren, igarri egin diotela, eta zuhurki jokatzen ba dakitela, atzerazale agertu gabe.
Ba dago Aierberen eskutitz horretan, hala ere, oso gauza kurioso bat. Julen Lizundiaren hitzak (erdaraz eta kako artean, aipu* gisa) ezartzen dituenean, ba dirudi, hitz horik* Aierbek berak, dadukan eskutitzen batetik jasoak dituela, hots,* frogak eskuan daduzkala; baina hori itxura besterik ez da, kontuz irakurriz gero, inorengatik dioen guztia bere memoriatik eta bat ere froga* idatzirik gabe esaten duela kontura gaitezke eta. Ez darabila, ba,* joko makala! Noski, Aierbe jauna, jesuita ez bada ere, apaiz bat denez gero, ez dugu uste gezurtia izanen denik, eta are* gutiago difamatzaile, baina gutienez maltzur xamarra bai.
Guztira, Gipuzkoako apaiz talde ezagun batetik jesuitei jaurtikiriko harrikada bat. Nork nori, hontzak* birigarroari... buru handi.
Katalan abokatuen eskaria
Herri nortasunaren aldeko mugimenduak gero eta bortitzagoak* ditugu Espainiako Estatuan. Aurreko ANAITASUNAn genioenez, aita Urrutiak Deustuko Unibertsitateko hitzaldian esandako hitzak genekartzalarik, Irakaskintzako lege berriak bide bat eskaintzen du, gaztelania ez diren beste herri hizkuntzak ere —gurasoen gogoa hori izanez gero— irakatsiak izan daitezen.
Honegatik, Vich-eko Abokatuen Kolegioak, Irakaskintzako Legearen 14. artikuluak dioenaz baliaturik eta «el sentido regionalista exaltador de la unidad en la variedad»en alde egiten zuen Tribunal Nagusiko sententzia batetan oinhartuz, hauxe adierazi du, oraintsu publikatu duten diktamen juridiko batetan: lege hori «ez da maisuek katalanera irakasteko duten ahalmenaz ari, duten obligazioaz baizik».
Kolegio horretako erabaki hau, Artur Martorell fundazioak eraturiko estudio ongi xehetu* batetan agertua eta Kataluniako eskola guztietara bidalia izan da.
Nafarreriaren kontrako xertoa dela eta
Bizkaiko baserritar asko oso kezkaturik daude, urtero behiei nafarreriaren* kontra eman behar zaien xertoa edo eztitua dela eta ez dela. Izan ere —eta ba dira zenbait herri albaitari,* hori egia biribila dela aitortzen dutenik— behi askok, xertatu ondoren, xahala bota egiten dute hilik, ume galtze asko egonez horregatik. Baserriko irabazpiderik handienetako bat —haundiena ez denean— ganadua izanez, erraz uler dezakegu gure nekazarien kezka eta samina.
Egon dira, bai xertorik emateari uko egin dioten baserritar adoretsu batzuk; baina albaitariek legeetara jo dute, baserritarrak ganadua indarrez xertatzera bortxatzeko. ondorioz xahal galtzeak etorriz.
Baserritarrek ez dute ukatzen, hygienea eta osasuna beharrezkoak direnik; baina behiei jartzen zaizkien xertoetan garantia batzuk nahi dituzte, xahalik gal ez dakien. Izan ere, garbitasuna nekazariei bai, baina labortegietako albaitariei ez zaie eskatzen, ondorio xarreko xertorik egin ez dezaten.
Kasu honetan laborariek* dute, duda gabe, arrazoia; eta komeniko litzateke albaitarien aldetiko bidegabekeria hori lehen bai lehen amaitzea. Ala hygienearen atxakiaz baserriak lurra jotzea nahi ote da, ba*?
ARMENDARITZ
dakitzagu, dakiguz, dakizkigu
daude, dagoz
darabila, darabil
derauku, deusku, digu
dezakegu, daikegu
dezaten, daien
dio, deutso
diogu, deutsagu
diote, deutsoe
ditzake, daikez
gaduzka (gauzka), gaukaz
gaude, gagoz
genekartzan, ekartzen genituen
genioen, esaten genuen
zaie, jake
zaio, jako
zaiku, jaku, zaigu
zaizkie, jakez
zitzaikun, jakun, zitzaigun
Iparragirre abilla dala askori diot aditzen...
Bertso pare bat para ezinean, hitz bi paratu* nizkion hitzaurre «sonatu» bati. Sonatua, ez beste edozein bezalakoa. Horixe izango dugu Hitzaurrea, euskarak irauten dueino.* Edota egileak, daraman abiadura daramalarik, are* hoberik eskaintzen ez diguino.
Erantzuna ere jaso dut, mardula eta trinkoa. Mardulegia, agian.* Nahiz kritiko zorrotza den, ez bide* du ikusi bistan zeukan zerbait: zorioneko artikulu hartan ez nuela egin ez kritikarik ez sasi-kritikarik. Edozein irakurlek duen eskuaz baliaturik, erabateko iritzia azaldu nuen bidenabar.* Hots,* aspergarri bezain gogaikarri iruditu zitzaidala, besteak beste, Hitzaurrea.
Izena ere —herri kantak gehiegi niri, eta zenbaiti gutiegi, gustatzen— ez nuen ongi hautatu. Besterik behar zuen goi aldean. Haranburu-Altunak goraipatu izan duen idazle baten gerra aurreko liburuxkak zeramana, esate baterako: Una inquietud y cuatro preguntas.
Kezkaz gero mintzatuko naiz. Galderak, lau ziren. Egin dezagun kontu, bi txantxetan, adarra jotzearren, aipatu nituela. Pare bat gelditzen da, halaz guztiz, zinetan* eta bentan egina: non datzan Peru Abarka-ren burgestasuna edo burgeskeria, eta nondik datorren, ezjakinetik ez bada, «meta-hizkuntza»k oraintsu hartu duen adiera harrigarria. Hodei guztien gainetik eta sasi guztien azpitik ibilaldi nekagarria egin ondoren, Parisko kaleak ere berrikusten nituela, erantzunaren begira naukazue oraindik.
Lehengoez gainera, duda-muda berririk gelditu zait kontrako eztarrian. Nondik atera du, ni filologo naizenik? Subauditur: mintza zaitez filologiaz (nekez mintza naiteke, badaezpadako jakitea baitut alor horretan), eta bestetaz zaude ixilik. Gainerakoak, arestian* erabaki denez, badute jabea.
Egungo* zenbait gaztetxo (ez dut «umegorri» ahotan hartu nahi, arroxa kolorekoa aurkitzen baitut aukeran Haranburu-Altuna, belea bezain beltz ez bada) aski kontentagaitz ditugu. Ez omen* dute nahi, guk, agureok, guraso gisa tratatzerik. Bestela ere ez, dirudienez. Dagokien trataera begiz jo dezaten bitartean, beraz, ahal bezala tratatu beharko, ez nahi bezala.
Hona kezka. Esana dut, Galileo aurreko gizona genuela «Orixe»; eta «Orixe»k, hori aitortu ez bazuen ere, ez zuen sekula ukatu. Oraindik orain agertu zaigun gizon berria, Barthes ondokoa dugu; Galileo aurrekoa, halaz guztiz. Eta «iraultzaren hildotik»* bagabiltza, iraultza bat zor diogu Euskal Herriari: lehenbizikoa, Mendebal aldeko herriek XVII. mendean ezagutu zutena.
Badaki, noski, Haranburu-Altunak zertaz ari naizen. Jakintza neutrorik ez da, beharbada; bai, ordea, jakintzarik. Eta jakite bidean abiatu nahi badugu (literatura besterik da, zentzu apurren bat duenarentzat), hitzak darabiltzagun baino begiramen gehixeagorekin erabili beharko ditugu, ez baitugu bide zuzenagorik, gogoetak adierazteko: hitzak, lekukoak* eta dokumentuak. Hitz nahasteka eta gogoeta nahaspila ez dabiltza urruti elkarrengandik. Etika kontua dugu azken finean, Haranburu-Altunak ederki dioenez. Eta oficio bakoitzak, bai gureak ere (gurea «gurea» baldin bada), badu bere etika, seriotasun pittin bat, langile zintzoaren seriotasuna, ez poseur liluratzailearen distira, eskatzen diguna.
Badabil nahastekarik gure artean: badirudi, taldetxo batek Euskal Herri osoa ergeltzat* eta inozotzat* jo duela. Hor dabiltza elkar. harturik Arenaza eta Haranburu-Altuna, «sinboloak» (kuttunak eta dominak) gora eta «sinboloak» behera, paleolitiko garaian bageunde bezalaxe. Hor azaldu digu euskaltzale sutsu batek, erdaraz (eta euskaraz, norentzat?, ia hilabete baten buruan), bihotzean josia daraman susmo larria, «bi jainkogabe garbik» idatzi duten hiztegia darabilgunok ez ote dugun fin gaizto egingo. Nori izan zaio inoiz axola,* gurean izan ezik, hiztegigileak «jainkodun» diren ala «jainkogabe»? Euskaltzale horrek berak galdatu ote du sekula, Iberduero-n, Banesto-n edo bestetan eduki ditzakeen ondasunak jainkozaleen ala jainko-ukatzaileen eskuetan ote dabiltzan, etekin* ederrik dakarteino* bederen*?
Larresororen izena aipatu du Haranburu-Altunak, lotsagarri delakoan edo, enearekin batean. Maizago* mintzatu naiz haren iritzien kontra, alde baino. Halaz ere, bereiz gaitzaketen aldeak egunoro eta orduoro sortzen dira Mendebaldeko zibilizazio honetan. Funtsean* ados* gaude, eta hauxe da funtsa: iritzien ezberdintasuna ez dela, Haranburu-Altunarenean gertatzen den gisan,* eskumiku* kolpeka desegiten. Eta eskumikuen aldamenean ibili ohi da Inkisizioa.
Galileok gurean izan duen oihartzunik* ozenena harako* Larresororen lege hura* dugu (nik zertxobait ukitua):
A + B + D + ... = C.
itzulia eta iraulia: edozein lekutan, baita Euskal Herrian ere, nahastekari, dogmatiko buruberotzaile, saltsa eragile eta gisa horretakoen zenbatekoak, herri osoaren kontuari bagagozkio, beti batean dirauela. Eta kontu hori ez dela, gainera, hutsa edo hutsaren hurrena baizik herri osoaren aldean.
Bat natorkio, sarri entzun diodan beste argudio* batetan ere. Ez dugu hemen Eskolastika triste bat horrenbeste urtez nozitu,* orain —horren truk— beste Eskolastika ilun baten menpean erortzeko.* Eskolastika hau behar bezala ikasi ez duten aztigaien* agintepean, gainera.
Zuk, Haranburu-Altuna, eta zuretarrek (ondotik darraizun* segizio luze hori, egia esan, ez dut nik inon ikusten) ez nauzue deus* bihurtu. Mitoa baldin banaiz, mitoak berez, inoren bultzadarik gabe, erori ohi dira. Zoazte zeuen bidetik, lasaiago ibiliko bainaiz neuretik. Eta nik ez diot inori eskatu bere etxean sar dadin. Ba ote duzu zeurerik?
Badut, esango dudanaren lekukorik* ehunka, Parisen eta bestetan; paperetan datza,* gainera. Nik ez dut sekula «txartelik» apurtu, ez jazkerarik aldatu: ez ote zara hagitz* hurkoago duzun beste norbaitetaz ari? Are* gutiago egin diot uko neure historiari.
Agur, Inkisidore-gai jauna, egun handira arte. Hauzia bestela, «baserritar legera», garbitu nahi baduzu, batzuetan behintzat «Errenterian bizi naiz eta egin zadazu bixita».
MITXELENA
P. S. Haranburu-Altunari ez omen* zion erantzuna ZERUKO ARGIAk argitara. Hangoek jakingo dute zergatik. ZERUKO ARGIAkoek, kristau demokratek eta liberalek ere bai, agian.* Horrexegatik nator ANAITASUNAra aterbe eske, onhartu nahi banaute. Ez dezaket besterik.
Aurkitzen dituen trabez, debekuez eta zigorrez mintzatu nahi badu, 2 Cor. 11, 23 eta hurrengoak oroitaraziko dizkiot, Max Aub-en arabera.* Honek ez zuen noski San Paulo gehiegi irakurri; Haranburu-Altunak, ordea, ezaguna du, ezin bestean. Nik ere bai, leku berean ezagutu ez badut ere.
bageunde, bagengoz
dezagun, daigun
dezaket, daiket
dezaten, daien
digu, deusku, derauku
diogu, deutsagu
diot, deutsat
ditzake, daikez
dizkiot, deutsadaz
gaitzakete, gaikeez
zadazu, iezadazu, eidazu
zaigu, jaku, zaiku
zaio, jako
zait, jat
zeraman, eroian, eramaten (eroaten) zuen
zeukan, eukan, zedukan
zion, eutson
zitzaidan, jatan, zitzaitan
Iparraldean. Gaurko gertakarien poetak
Isiltasun luze ondotik, Michel Labeguerie bere semearen abotsaren bidez berriz etorri zaiku. Enekok su eta kar kantatzen du. Labeguerie jaunaren poesia eta mezua* estimatzen dituztenentzat, ustegabeko hau ongi etorria da bihotzez. Azkenean, ba dugu haren disko berria: «Nafarra». Disko horren beha* izan gara aspaldidanik. Kantu hunkigarriak* eskaintzen dauzkigu: «Nafarra», «Gau iluna», «Parisen eta Madrilen». Lehenean, Nafarroaren misterioa eta trajedia agertzen zaizkigu. Bigarrenean, esperantza sortzen da. Hirugarrenean, gertakariak zart egiten du. Olerki zoragarria gose grebaz,* goxo eta indartsu.
Egun hauetan ere Etxamendik bere hirugarren diskoa agerterazi du: «Zutik». Jadanik* «Joseba Elosegiri» diskoak arrakasta* izigarria du Euskal Herri guztian. Geroztik, joan den abuztuan, «Tiki-Taka» atera da. Honek ere ondorio haundia du. «Zutik»en Etxamendi eta Larraldek kantatzen daukute beren arima eta bihotzaren indarrarekin. «Zutik, mutil» kantuan arimaren indarra sentitzen dugu, geure herriko egoera mingarrian. «Lekeitioko otoitza» entzutean, haren aire zoragarriarekin liluraturik gelditzen gara, bai eta haren amodiozko mezuarekin. «Iraultzaria»n, ihardukitzaile* idealista ikusten dugu, bere amodioaren eta aberriaren hitzekoa.
Bi disko hauk* izigarri ederrak dira, eta plazer haundirekin entzuten ditugu bai airea eta bai mezua. Mila esker, Labeguerie aita eta semea. Mila esker, Etxamendi eta Larralde. Segi aintzina!*
BERRIZALEAK
Oraintsu egin da A Cruña-n (La Coruña-n) «I Congreso de Derecho Gallego» delakoa. Handik lasterrera, galiziar batek Cuadernos para el diálogo aldizkarian kritika bat egin dio kongresu horri, «liberal-burjesa» izan dela esanez, «galegista erromantikoena», Galiziako ikurrina erabili zela eta abar.
Barregarria da, Galiziako legeberrigintzan diharduenean; eta kasu berezi bat hartuz, «montes vecinales de mano común» direlakoa lege «burjes-liberal»tzat jotzen du. Lege hau ezagutzen dugu, hain zuzen ere euskal hauzo baso batzuetarako zerbait baliozko delako; eta harrituta utzi gaitu Espainiako beste lege batzuekin ez sartzea, kritikatzailea Estatuaren abokatua izanez, gainera. «Código Civil»etik hasita, ez ote dira burjes edo liberal kutsu gehiagokoak? Kritikaren kontrako erantzun polit batean esaten da, Galiziako Herriak bere aginpide izango balu, lege hobeak proposatuko lituzkeela; baina legeak non egosten eta onhartzen diren jakinez gero...
Hemen ere gure legeak, Historia, Literatura eta ikastolak burjesenak direla esaten dutenak, Castro Somoza horren bide berekoak direla esango nuke. Makal eta nortasun gabe dauden erakundeak* kritikatzen ari direla, gogor eta bedeinkazio guztiekin daudenekin sartu gabe.
Ezkerretik ibiltzea ez dirudi horrek, ezkerkeriekin norbaiti laguntzea baizik; eta hori oso eskuinean egotea delakoan gaude.
D. AMAITERMIN
Dogmak, usteak eta erabakiak. Eusebio Osari erantzuna
Erbiak eta katuak azaltzen hasi omen da Joseba Arregi, eta «beste batzuk katuaren bostgarren hankaren bila». Aurrera doa, benetan, bide horietatik gure aspaldiko ehizazaletasuna, bai! Nik, ehiztaria* ez izan arren, Eusebio Osak eman dion erantzunari zerbait erantsi nahi nioke, ez baitut argi ikusten.
Gauza askotan Osarekin bat natorrela, sarreratik diot. Absolutuak, pentsamolde faszistak, dogmak zabaltzeko dadukagun ohitura, jaun eta jaungoikoz jokatzea dela aurkitzen dut. Hori ez genuke izan nahi, ez eta entzun ere; baina, egia esan, barne barnean, dogmetatik urrutiratzen, egiaren jabez ez jokatzen ba dugu lan ederra. Hori kontuan hartzea, Eusebiok egiten duen bezala (ikus ANAITASUNA, 248. zenb.), ez da gutti egun hauetan. Ez zara bakarra, ez. Aspalditik, gure aldizkarietan, euskaldun luma zorrotzenetakoetan, horixe berori ikusten ohitua nago. Eskerrik asko, Osa; eskerrik asko, Larresoro; eskerrik asko, Ugalde eta abar. Hala jokatu behar dugu: azpijorran ibili gabe, erroetan sar* haizkora! Dena dela, zenbait esaeratan, ezjakintsua naizelako edo, ez dut azkeneko helburua ikusten. Barka, Eusebio. Gizonak garenez gero, frankotan eskatzen dizuegu «strip-tease»* idazleak zaretenoi. Batere lotsarik gabe. Ahaleginean zabiltzate. Baina zoazte azkeneko estalgarria kendu arte; eta begiak lausoturik badaduzkat, zuk esan.
Pentsakera abstraktua, irudi ezik, ez da ezer, zerbait konkretuari heltzen ez badio. Horrexegatik, ideologia konkreturik gabe ezin gaitezke mintza. Edozein ideologiatatik geure burua askatuz joan behar badugu —Joseba Arregik zure ustez dioenez—, zaunka asko ez da aterako gure eztarrietatik, ez. Baina absoluturik gabe bizi ahal gaitezke?
«Ikastola eta Euskal Herria geuk egiten ditugun bezalakoak dira»lako horrek zer esan nahi du, mesedez? «Ikastolak NAHI ditugula» aitortzea —beti zure eritziz— «dogma batetik edo absolutu batetik abiatzea dela» esateak zer estaltzen du? Ikastolak EZ NAHI izatea —ez holakorik ez eta halakorik— ez ote da Euskal Herria EZ MAITATZEA, arrotz eskuetan uztea, haren hestez eta odolez bazka daitezen, zeharo zapuztea?
Hari horri beti heldurik, «ikastola NAHI izatea» —heziketaren hauzi-mauzietan— gauza garrantzitsuena dela EZ ESATEAK zer adierazi nahi duen ez nuke pentsatu nahi ere. Xehetasuna ote? Bai, noski. Nahi izate horri ideologia konkretu bat erantsi behar zaiola? Bai, jauna, konforme. Baina gizona libre, aske dela —esate baterako, pertsona ezin dezakegula inoiz ere uki*—: hori zer da? Astakeria? Gizonak geure eskubideak —hauk* eta hauk, konkretuak— ba ditugula, herri bakoitzak bere eskubide bereziak —kolkotik kanpo ozenki* bota behar ditugunak, alegia*— ba dituela esatea zer ote da? Beste astakeriaren bat edo?
Euskal Herria erdalduntzea, hori ere NAHI izate BAT da. «Gizon jokatzea» ez da izango, noski; «euskaldun jokatzea» ere ez; baina euskaldun-gizon konkretu bat bezala jokatzea ere ez. Dogma izan arren, euskaldun gizonak bere Euskal Herria euskalduna NAHI BEHAR DUELA diot nik behinik behin. Gizonok dogma beharrezkoak ba ditugu, horregatio;* gizon euskaldunok ere bai, eta ez nolanahikoak, halajaina!*
Gehiegi luza ez nadin, hara zer diodan:
Alde batetik:
- Dogmak ba direla: «gizonak arrazionalki jokatu behar duela», adibidez. (Zuk haintzakotzat hartu duzun esaera da hori).
- Dogmak behar ditugula, geure pentsakerari sendotasun pittin bat emateko. Dogmarik gabe ezin gaitezke jarrai. Gizonari ez dagokiola dogmarik esatea, dogma hutsa besterik ez baita...
Bestetik, ordea:
- Dogmak eta usteak argiro bereizi behar ditugula, zuk ideologia konkretua eta sinesmenkeria ongi bereizten duzun bezala. «Gizona libre da» ala «gizona ez da libre», bi dogma dira: lehena zuzena, bigarrena, berriz, okerra. Horretaz,* beldur gabe esan dezagun, ba dakigula batzuetan egia ala okerra non datzan.* Gizona berez libre dela pentsatzea ez baita eritzia, ustea. Gizon zapalketan ibiltzea, berriz, erabakia de...
- Dogmak eta eritzi hutsak direnak, ezin dietzokegula inori bultzaka sabelera sar eraz.
Eta hasi naizenez gero, ez dut ezertxo ere izkutuan gorde nahi:
- Ikastola NAHI izatea ala ez, ikus beza bakoitzak. Baina heziketa zerbait beharrezkoa denez gero, ikastetxeak edo ikastolak ere beharrezkoak azaltzen dira. (Kasu! Ez dut «kolegioak» esan —horik* azalez eta mamiz arrotzak baitira— «ikastetxeak» baizik.
- Euskal Herriak iraun behar duela esateari buruz, horixe berori iruditzen zait.
- Hortik aurrera, bakoitzak bere eritzi konkretuaz, bere ideologiaz, bere indarrez, bere askatasun biziaz saia dadila, zorionez, bai ikastola eta bai Euskal Herria moldatzen.
Hau esan eta gero, Joseba Arregiren erbiak eta katuak bakean uztea nahiago dut,... ez bainaiz ehiztari.
JESUS MARI ZALAKAIN
beza, bei
dezagun, daigun
dietzokegu, deiskiogu, ditzaiokegu
dio, deutso
dizuegu, deutsuegu, derautzuegu
nioke, neuskio
zait, jat
zaio, jako
Zoologia
Euskal Herriko piztiak: azeria (5)
Eguraldiak uzten deutsen guztietan, mendietara igoten dira Eneko eta osaba Martin, horrela Euskal Herriko inguruak ezagutzeko. Gaur Gorbeira joan dira, motxila* lepoan; eta, etxetik eroan* dabena jateko, artzain baten txabola ondoan jezarri* dira. Osaba Martinek artzainari zahatoa eskaini deutso, ardoa edan daian; eta beronek, eskerronez, esne gatzatua atera deutse: «putxa», Gorbeialdean esaten jakonez.
Enekori gatzatua asko gustatu jako; eta bazkalondoan Jandalorekin, artzainaren txakurrarekin, ibili da jolasean. Mutikoak txorizo zati bat eman deutso, eta behingoan* lagun haundiak egin dira. Olgeta egiteaz aspertu danean, artzainagana joan eta bertan hizketan ibili da.
— Zu, zertarako behar dozu hemen txakur hau? —dinotso Enekok gizonari. Orain ez dago hemen otsorik, ez da?
— Ez, otsorik ez dago, txotxo. Baina txakur bat eukitzea beti komeni da, ardiak leku batetik bestera eroan daizan, norbera arinka ibili barik. Gainera, azeriak ugari dabiltza hemendik, eta kontuz ibili behar dogu guk ere eurekin.
— Azeriak?! —Enekok harriturik. Baina azeriek ez dabe ardirik jaten!
— Ez gutxi ere! Zer uste dozu jaten dabela, ba,* baso honeetan, oilorik ez badago?
— Ez dot jakin.
— Bai, ardietara ere etortzen dira. Ez sarri,* zorionean. Baina sasoi honetan, udaberrian, azeriek kumeak egiten dituenean, batzuetan ardi galduetara joaten jakuz; eta, horregatik, txakurrak beharrezkoak ditugu artaldean.
Bazkalondoan, artzainari eskerrak eman ondoren, bidetik segitu dabe Enekok eta osabak. Mutikoak azerien berri gehiago jakin gura* eta, osaba Martin kontatzen hasi jako azerien bizitza.
— Azeria Euskal Herri osoan bizi da; eta aspaldion, pinadiei esker, asko ugaldu dala dirudi, lehen baino gehiago ikusten dira eta. Itxuraz, txakur baten antzekoa da; baina txikiagoa eta finagoa gorputzez. Pisuz, handienak hamabi kilotara besterik ez dira heltzen. Muturraren hegalak, belarriak eta hankak beltzak ditu, eta sabela zuriska edo grisa. Gaineko kolorea gorriska izaten da, eta batzuetan bizkargaina iluna. Buztana, dakizunez, zabal zabala dau eta puntan zuria. Azeribuztana esaten jako, hain zuzen ere, erreka ondoetan hazten dan landare latz bati, halakoxe itxura daukalako.
— Eta egia al da, ardiak jaten dituela?
— Bai, mendiotako azeriak ardietara ere joaten dira. baina ez askotan. Artzainak esan deustanez, kumeak egiten dituenean, besterik ez.
— Eta zer jaten dabe, bestela?
Azeria, oilo eta ardiei egiten deutsezan erasoengatik* ez balitz, mesedegarritzat hartu beharko geunke, mendiko piztia eta patari* kaltegarri asko hiltzen ditualako. Bere janaririk gogozkoenak honeexek izaten dira: arratoiak, basasaguak, kirikinoak,* txoriak, habietako arraultzak eta txorikumeak, eperrak, erbiak, igelak,* muskerrak,* kakarraldoak,* matxinsaltoak* eta honelakoak. Oilategietan sartzen danean, itzelezko* triskantza haundiak egiten ditu, azkenean bat bakarrik eroateko, oilo gehienak hiltzen ditualako. Udazkenean, gainera, basafruituak ere jaten ei ditu: mazuztak, basaranak eta abar.
— Zenbat ume egiten ditu?
— Ba... bostetik zortzira. Amak zulo batetan bere habia egiten dau, ondo ezkutuan;* eta, apirilaren hasieran, bertan ekartzen ditu mundura. Udaberri eta uda osoan amarekin ibiltzen dira, ehizan* ikasteko; baina, udazkenerako, bakoitzak bere kontura ibiltzen ikasten dau.
— Azeriak ba al dauka beste izenik, osaba?
— Euskaraz luki ere esaten jako; eta aintzinan pertsona izena izan zan Euskal Herrian, paper zaharretan Azenari izena asko agertzen da eta. Hortik ei* dator, gainera, Aznar deitura.*
Frantsesez renard esaten deutsoe, eta gaztelaniaz zorro edo raposo; zientzi izena, baina, latinez ematen jakon berbera da, bi bider esanik: Vulpes vulpes.
— Egia ote da, oso maltzurrak eta azkarrak direla azeriak?
— Bai, azeria oso bizkorra eta maltzurra da. Ez da batere erraza izaten harrapatzea. Horregatik, pertsona maltzurrei azeriak esaten jake.
TRAUKO
dabe, dute
daian, dezan
daizan, ditzan
dau, du
deust, deraut, dit
deutse, die
deutsez, dizkie
deutso, dio
deutsoe, diote
dinotso, diotso, diotsa
ditue, dituzte
jake, zaie
jako, zaio
jakuz, zaizkigu
Usurbilen ba dugu ikastetxe bat, Udarregi deritzana. Ikastetxe hau bitan zatitua dago: bata mutilak dabiltzan tokia eta neskak dabiltzana bestea.
Mutilak dabiltzan sailean, lehen Lasalletarrek ematen zuten irakaskintza; eta orain zorionez (edo zoritxarrez) gazte talde batek du haren moldaketa.
Nesken sailaz, berriz, serora* batzuk arduratzen dira. Noski, sail bien artean ez dago lotura ttipienik ere, ez eta pedagogiaren barruan ere.
Ikastetxe guztiaren arduradun, herriko junta bat da: bertako status quo guztiaren jabe.
Orain dela gutti, mutilen saileko haur talde batek jaialditto bat gertatu zigun, eta honako bertso hauk bota zizkiguten, zertxobait hango egoera azaltzen dituztenak:
1
Lagun guztiok hemen bildurik,
zerbait esan nahi dugu.
Gaztetasuna denen gainetik
eskainiko dizuegu.
Ikasketa, jaialdi eta jolas:
nahiko lana daukagu;
horiek denak ondo lotutzen
ezina pranko ba dugu.
2
Gure eskolan ez dakit nola
dauden mutilak bakarrik;
ikusten denez, biharko mutilok
ez dugu neska beharrik.
Neskak monjetan mutilak hemen
gaude sakabanaturik:
elkar bizitza lortzeko, jaunak,
ez dut ikusten biderik.
3
Ikasketak erdaraz
ditugu eskolan.
Horregatik, mutilok
ba dugu nahiko lan.
Lehen ez bageunden e*
sarturik kaiolan,
hori dela eta orain
beti ikasgelan.
4
Ezin entenditurik
fitxak egitean,
horregatik ez goaz
bestekin batean.
Bestek jostatzen, eta
gu berriz lanean:
Ai zer erremedio
aurtengo urtean!
5
Euskaldunentzat ez da
euskaraz fitxarik;
horrela ezin dugu
egin kulturarik.
Erdaraz egitean
ezin ulerturik,
guk asko jakiteko
ez da arriskurik.
Labean gaztainak erretzen aspaldidanik jarri omen zituzten; baina gaurgeroan haurrak zain daude, nork labetik gaztainak aterako, elkarren artean gozatuz jan ditzaten.
M. USABIAGA
Zapaburua. Euskaldun Rh-dunen umore orria
[Binetak]
Zapaburua. Euskaldun Rh-dunen umore orria
Bizkaiko herri batera heltzean, gizon batek kalean umeteria izugarria ikusi zuen. Toki guztietan ez zegoen ume besterik. Pixka bat harriturik, bertako lagun bategana joan eta honela itaundu* zion:
— Aizu, nola dago, ba,* herri honetan honenbeste ume?
— Trenagatik? Nola izan daiteke, baina, trenagatik?
— Trenagatik, jauna, trenagatik —erantzun zion besteak.
— Bai, trenagatik da —berresan zion herritarrak. Herritik goizero tren bat pasatzen da bostetan, eta mundu guztia iratzartzen du bere txistuez. Eta ba dakizu: goizeko bostetan oraino goizegi da lanera joateko eta beranduegi berriz ere loak hartzeko.
***
Philosophian «gutiegi» atera duen mutiko bati, bere aitak zer gertatu zaion examinan galdetzen dio.
— Bidegabekeria hutsa izan da, aita —erantzuten dio. Neronek examinan esan dudana esateagatik, guztiek dute Sokrates philosopho haunditzat.
— Zer ipini duk, ba, examinan?
— Ba dakit ezer ez dakidala.
Denbora ematekoak
Gurutzegrama (16)
Denbora ematekoak
Hieroglyphikoa
Denbora ematekoak
Euskal salda
Ikas zeure hizkuntza
IMANOL BERRIATUAK
Ale honetan izartto batekin agertzen diren berbak
ABURU, eritzi, uste.
ADIN, edade.
ADOS, konforme.
AGI. itxura, antz.
AGIAN, agi denez, beharbada, nonbait.
AHANTZ, olvidar. (AHANTZI, ahanztu, ahaztu, olvidado).
AHOLKU, kontseilu.
AINA, adina, beste, bezainbat.
AINTZINA, aitzina, aurrera.
AIPATU, aipatutako, aipaturiko, aipaturikako.
AIPU, aipamen, cita, citation.
ALBAITARI, albaitero, veterinario.
ALEGIA, a saber, es decir, esto es.
AISA, aise, erraz.
ANITZ, asko.
ARABERA, arauera, según, conforme.
ARAUERA, arabera, según, conforme.
ARBUIA, despreciar. (ARBUIATU, despreciado).
ARDURATU, artatu, axolatu.
ARGUDIO, argumento, argumentación.
ARE, oraindik, aún, encore.
ARESTIAN, oraintsu.
ARETO, sala, salón.
ARRAKASTA, éxito, succès.
ARRUNT, ordinario, corriente, común.
ARTA, cuidarse, preocuparse.
ASALDA, rebelarse.
ASKI, nahiko.
ATXEKITU, atxiki, adherido, pegado.
AUKERA, abagadune, era, ereti, parada, ocasión.
AXOLA, ardura.
AZTARREN, aztarna, arrasto, rastro, vestigio.
AZTIGAI, aspirante a adivino.
BA, bada, pues.
BARIK, gabe.
BATZUK, zenbait. (Batzuek aktibo, batzuk pasibo).
BEDEREN, gutienez, behinik behin.
BEHA, begira. zain.
BEHINGOAN, berehala.
BEREIZ, separar. (BEREIZI, separado).
BIDE, nonbait, beharbada.
BIDENABAR, bide batez.
BILAKAERA, evolución.
BILAKATZE, bihurtze.
BILDUMA, resumen.
BORTITZ, indartsu. (Berba hau latinezko fortis hitzetik dator).
DAKARTEINO, dakarten bitartean,
DAKUSAGU, ikusten dugu.
DAKUSAT, ikusten dut.
DARRAIZU, jarraitzen zaizu (jatzu).
DASTATU, saboreado, degustado.
DASTATZE, probar, saborear, degustar.
DATZA, consiste, yace, está. (Etzan aditzaren forma).
DEITURA, apellido, nom de famille.
DEUS, ezer.
DEUSEZTATZE, destruir, aniquilar.
DUEINO, duen bitartean.
E, ere, bere, be.
EDOZELAN, nolanahi.
EGITURA, estructura.
EGIUNE, tratado, convenio.
EGOKI, adaptar, acomodar. (EGOKITU, adaptado, acomodado).
EGUN, gaur.
EHIZA, ihizi, caza, chasse.
EHIZTARI, ihiztari, cazador, chasseur.
EI, omen.
ENPERADOREGO, imperio.
ERAKUNDE, organismo.
ERASO, ataque.
EREDU, modelo, ejemplar.
ERGEL, fatuo, imbécil.
ERITASUN, gaixotasun.
EROAN, eraman.
EROATE, eramate.
EROR, caer, tomber. (ERORI, caído, tombé).
ERORI, jausi.
ERORTZE, jauste.
EROSO, cómodo.
ESKUALDE, comarca.
ESKUMIKU, excomunión.
ETEKIN, provecho, producto.
EURREZ, erruz, abundantemente. (Gure ustez, euskara batuan Bizkaiko eurrez erabili behar litzateke, eta ez erruz, azken berba honek beste esangura bat ere ba du eta).
EUSKARRI, habe, sostengu.
EZKUTU, escondido, oculto, caché.
FROGA, prueba, demostración.
FROGATZE, probar, demostrar.
FUNTS, fondo, sustancia.
FUNTSATU, fundado, fundamentado.
GAINDITZE, superar.
GAINGIROKI, superficialmente.
GANGAR, cresta de las aves, crête des volatiles.
GISA, era, modu.
GREBA, huelga.
GORABEHERA, a pesar, malgré.
GURA, nahi, gogo.
GURPIL, burpil, rueda, roue. (GURPIL ZORO, círculo vicioso).
GUTUN, eskutitz.
HAGITZ, askoz.
HALAJAINA, pardiez, pardieu.
HARAKO, aquél de marras.
HARMADA, armada, ejército.
HARTZEKE, hartu gabe.
HAUK, honeek. (Hauek aktibo, hauk pasibo).
HAUTAKIZUN, alternativa.
HEDATU, zabaldu.
HEDATZE, zabaltze.
HILDO, surco, sillon.
HIRIGINTZA, urbanismo.
HITXI, hetsi, hertsi.
HONANTZA, honerantza, honuntza, honat.
HONTZ, lechuza, chouette.
HORIK, hoik, horreek. (Horiek aktibo, horik pasibo).
HORREGATIO, hala ere.
HORRETAZ, hortaz, beraz.
HOTS, a saber, es decir, esto es.
HUNKIGARRI, conmovedor.
HURA, ha.
HURBIL, hur.
HURBILTZE, hurreratze.
IGEL, rana, grenouille.
IHARDUKITZAILE, contestatario.
INOZO, apocado, pusilánime.
IRAGAN, igaro, pasatu.
IRITXI, heldu, ailegatu.
IRMO, fermu, firme, irme, errime.
IRTEN, urten, atera, jalgi.
ITAUNDU, galdetu.
ITZEL, eskerga, gaitz, enorme (ITZAL, sombra, ombre).
ITZELEZKO, eskerga, enorme.
JADANIK, ya.
JASAN, soportar, aguantar.
JAUSTE, erortze.
JEZARRI, eseri, jarri.
KAKARRALDO, escarabajo, scarabée.
KIRIKINO, erizo, hérisson.
KIROLA, deporte.
KOLKA, clueca, couveuse.
KOPURU, suma, número total, cantidad.
LABORARI, nekazari, labrador
LAGUN, ayudar. (LAGUNDU, ayudado).
LAIN, aina, beste, bezainbat.
LANTURU, lamento.
LARUNBAT, zapatu.
LEGEZ, lez, bezala.
LEKUKO, testigu.
LOR, erdiets, lograr, conseguir. (LORTU, erdietsi, logrado, conseguido).
MAIZ, sarri.
MANATU, agindu.
MATXINSALTO, saltamontes, sauterelle.
MENDEBALDE, mendebal alde, occidente.
MEZU, mensaje.
MINTZO IZAN, mintzatu, hitz egin.
MOTXILA, zakuto, zorro.
MUSKARIA, Tudela.
MUSKER, lagarto, lézard.
NABARI, evidente, notorio, patente.
NABARITZE sentir, notar, percibir.
NAFARRERI, apatxarteko, glosopeda.
NOZITU, sufrido, padecido.
OHIZKO, habitual.
OIHARTZUN, eco.
OIHUZTATU, dicho con voz fuerte.
OLGETA, jolas.
OMEN, ei.
ORO HAR, en conjunto.
OSA, completar, perfeccionar. (OSATU, completado, perfeccionado).
OSTEAN, ondoren, ondoan.
OSTERANTZEKO, diferente, distinto, diverso.
OTSAIL, febrero.
OZEN, sonoro.
OZENKI, sonoramente, en voz alta, con ruido, con fuerza.
PARADA, abagadune, aukera, era, ereti, ocasión.
PARATU, jarri.
PATARI, alimaña, petite bête nuisible.
POZARREN, pozik.
SAR, meter. (SARTU, metido).
SARRI, maíz.
SERORA, monja, sor, soeur.
SORTERAZ, crear, originar. (SORTERAZI, creado, originado).
STRIP-TEASE, teatro show batetan, jendearen aurrean eranzten dena.
SUNTSIKETA, hondaketa.
TANKERA, estilo.
TXATXUKERIA, frivolidad, fatuidad.
UKA, negar. (UKATU, negado).
UKI, tocar. (UKITU, ikutu, tocado).
UNTZI, barco. (ONTZI, vaso).
URTARRIL, enero, janvier.
XEDE, asmo, helburu.
XEHETU, xehetutako, xeheturiko, xeheturikako.
ZABAL, extender. (ZABALDU, extendido).
ZAKAR, torpe, tosco, rudo.
ZALANTZA, duda.
ZEREN (ETA), ze, pues.
ZINETAN, benetan.
Soziologia
Vietnameko gudu luzea bukatu dela sinesterazi nahi daukute egunerokoek. Azkenean sinetsi ere sinetsiko dugu. Eta ba liteke, USAren aurpegia, eta beronen gidaritza esku artean dutenak hemendik aurrerakoan gehienontzat hain gorrotagarri ez azaltzea.
Itxuraz bederen* gudate bati amaiera eman zaiola eta besterik gabe, itzaliko ote dira gerra hori biztu zuten xinpartak?
On da, noizean behin numeroek hitz egin dezaten beren hotzean.
Gudu lotsagarri horren azpian egon den eta dagoen hori zerbait argitzeko, hona hemen zenbait portzentaia eta kopuru.*
Noiz esan daukute egunerokoek, esate baterako, 1960. urteaz geroztik USAn sortu diren lanleku berrietarik % 35 gobernuaren tresneriak hartu dituenik? Beste era batera esanda, lanerako adinean* gertatzen diren 100 pertsonatarik 10,3 —ekineko soldaduak barne— harmadari* loturik daudela.
«Harrotzea merezi duen zerbait bezala ematen zen aditzera, asko ez dela, Vietnameko guduak USAn milioi bat lanleku berri sorterazi duelakoa» (Fullbright senatorearen hitzak).
Izan ere, USAk harmadari urtero izendatzen dion tokamendua eten gabe goraka baitoa. Eta, horrela, bertako industriazko elkarkuntza handienek irensten dituzte Babeskuntza saileko tratu-akordioetarik % 67,4.
Gaur egun, militarrak, industria sendoak eta Unibertsitateak ia erabat bat eginik daude, eta hiruren artean aisa* menderatzen dute Estatu Batuetako gizartearen norabidea.
Columbia Unibertsitatean irakasle den Melman bezalakoen datuak esanguratsuak dira: 100.000 bizilagunez gorako sobietar hiri guztietan berrogeina bonba atomiko bota dezake USAk. Melmanek emandako kopuruaren arauera,* hiri horietako bizilagun bakoitza mila bider hilko omen* litzateke.
Sobietarrek jokabide berdina hartuko balute, berriz, hamasei bider besterik ez omen lirateke hilko amerikarrak. Beraz, lasai egon daitezke amerikarrak! Horra, hainbeste indar irensten duen harmamentismoaren logika beldurgarria!
Gauzak maila honetan planteaturik, ez da batere harrigarri amerikarrek Vietnamen egin dutena ere. Westing eta Pfeiffer amerikar zientzigizonek diotenez, Vietnamen 25 milioi bonba zulo daude. Landare-bizia galtzeko eta abar erabili dituzten akzidoek, berriz, landaren bostetik lau zati hondatu eta alferrik galdu dituzte. Dow Chemical firmak sorterazi duen gai batez kutsaturiko ura edan eta janaria hartu duten emakumeen gandik haur itxuragabetuak jaiotzen dira, talidomida bera baino ere makurragoa baita sorkari hau.
Zerrenda hau aspergarriro luza daiteke; baina, bere horretan utzirik, deseginketa zentzugabe honek amerikarra nola ukitu duen ikus dezagun. Ia seirehun mila amerikar soldadu egon ziren Vietnamen une batetan. Agiri ofizialek diotenez, berauetarik erdiak marihuana, heroina nahiz beste antzeko drogaren destatzera* heldu ziren. Soldaduok Amerikara itzultzean, sei familiatarik bat seme drogakoiren batekin aurkitu bide* dela esan nahi du honek.
Zer egin zezaketen, izan ere, batez beste hogei eta erdi urtetako gazte hauek, gerra itsu eta arrazoigabe honetan murgilduz gero?
Fortune aldizkariak gudu honen errentabilitateaz ematen zituen numeroak irakurri ondoren, mendebaldeko* zibilizazioaren alde burrukatzen ari zirela sinets genezake?
Hauk* honela direlarik, giza biziaren balioa ordinatzaileen baitako zifra hotz bihurtu duen gizarte horretan, ez da batere harrigarri, azken hamar urte honetan serious crimes direlakoak —giza hilketak, harrapaketak, bortxaketak, lapurretak eta erasoak*— % 170 ugaltzea. FBI delakoaren azalpenei bagagozkie, era horretako 5.568.200 egintza zertzen dira urtearen buruan.
Bestalde, Unibertsitate haroan dauden % 40ri goi mailako heziketa eskuratzen dien gizarte honetan —beste industri gizarteetan, erdira ozta ozta heltzen da kopuru hau—, lehendakaritzarako bozketak direla eta, % 60k bakarrik ematen du bere eritzia. Agi* denez, ez du gauza handirik balio, nork bere eritzia emateak.
Amerikarrek hain gogoko duten portzentaia joko honetan jarraituz, gizarte sistema honi darion usteldura gero eta nabarmenagotzea besterik ez genuke lortuko. Desarroiloaren paradisu eta eredutzat* eskaintzen daukuten gizarte honetan, kontraesan ikaragarri bat somatzen dugu. Giza pertsonaren balioa ordinagailuz neurtu nahi lukeen gizarte hau, pixkanaka, suntsiketarako* tresneria infernutar bilakatzen* ari da.
Euskal Herriaren geroak batere arduratzen bagaitu, ba dugu zertaz pentsa ikuskari honen aurrez aurre. Gauzak halabeharrez gertatzen direla sinesten ez dugunok, pentsa dezakegu zer hauta eta zer arbuia.*
X. MENDIGUREN
balute, balebe
daude, dagoz
daukute, deuskue
dezagun, daigun
dezakegu, daikegu
dezaten, daien
die, deutse
dio, deutso
genezake, geinke
zaio, jako
zezaketen, eikeen