ANAITASUNA

253. zenb.

1973.eko apirilaren 15ekoa

Pelota, 4 - 1.º - Bilbao-5

Tel. 23 74 49 - Apart. 495


Diglosia

Berria dugu alor* hau. Oso gutti sakondua eta zabaldua dago. Izena: Soziolinguistika, orain arte arreta* handirik izan ez duena. Egun,* berriz, sakonduenetariko bat bihurtzen ari zaigu; eta, problematika honetan murgildurik gaudenez gero, aztertzeari beharrezkoa deritzot.

Soziolinguistika, begirakune* handiaz jartzen ari dena, zera da: Diglosia fenomenoa. Dakusagun* zer esangura duen hitz honek.

Aurrenez: Herrialde edo komunitate batetan hizkuntz bitasuna behar da horretarako; baina hau ez da aski.* Hizkuntza landua, kultur maila helduagokoa, «standard» dena, idazkeran eta hezieran* ibilia dena da bata. Familian, hizketan eta kultur maila ttipiagokoa bestea.

Hizkuntz bitasunak, komunitate batetan hizkuntza biak batera erabiltzea adierazten du. Diglosiak, berriz, bien arteko sozial maila ezberdinak.

Euskal Herrian gaudenez, hemengo egoera barruan azter dezagun. Eskualde* batzuetan hizkuntz bakartasuna dago: gaztelaniaz hegoaldekoetan, frantsesez iparraldekoetan. Beste eskualdeetan diglosiazko hizkuntz bitasun bat agertzen zaigu: hizkuntz bitasuna (euskara-frantsesa, euskara-gaztelania), mintzaira biak darabiltzagulako; diglosiazkoa, aldiz,* euskara etxeko giroan gelditua egoten delako. Ekonomi erakundeetan,* maila ofizialetan eta irakaskintzan ez da erabilia. Geuk ere, garrantzizko gaiak ukitu nahi ditugunean, ez dugu euskara erabiltzen.

Diglosiak, soziologi arlo bat izanik, sustraiak ateka* sozioekonomikoan daduzka; klase burrukan, beste hitzez esanda. Hizkuntza bat landu eta ofizialtzat aukeratzean, berori zapaltzaile klasearena delako izaten da. Hizkuntza landu hori atzerritarrena baldin bada, zapaltzaile klasea beste komunitate batetakoa delarik, beroni inperialismo deritzogu. Munduan zehar ba dugu adibide ugari.

Paraguayen, esate baterako, hizkuntza landua, ofiziala, gaztelania da; baina bertako Herriak guarani darabila. Zapaltzaile klaseak, era berean, hizkuntza ezberdin bat erabili ohi du, zapalduetatik bereizteko. Herriak beste hizkuntza bat egiten zuen bitartean, Errusiako handikiek frantsesa erabiltzen zuten. «Levante»ko handikiak, gaztelaniaz mintzatuz, herriagandik bereizten ziren, bai eta Espainiako zentralisten asmoen jarraitzaileak zirelako ere.

Inperialismoak aztertzerakoan eta «bereganatze* politiko» jokoan, haintzat hartzekoa doguna hauxe da: hizkuntza bien arteko kidetasuna. Hizkuntza biak erabat* ezberdinak baldin badira, «bereganatze politiko» joko horrek fenomeno hau dakar: batak bestea maila guztietan ordezkatzen* duela. Bretainiako egoera hauxe berbera da; bertako % 65ek ez baitakite bretoiera. Hizkuntza biek berdintasunak baldin badaduzkate edo berdin xamar baldin badira, «berenganatze politiko» joko hori hizkuntza zapaldua zatikatzera dator, atzerriko hizkuntza landutzat ezarriz. Hauxe da hizkuntz bitasun diglosikoa, hizkuntzen hierarkizazioa.

Katalunia eta Okzitaniako egoera, esan duguna da. Hizkuntza honek (Okzitaniakoak, esate baterako) ba daduzka frantsesarekin berdintasun asko; baina, hizkera askotan zatikatua aurkitzean, frantsesera jotzen dute bertakoek.

Horrexegatik, gure soziolinguistikalariek prozeso hauk* aztertu behar lituzkete, eta era berean galdera hauei erantzun bat eman:

- Hemengo goi mailako klaseek erdarara zergatik jo zuten.

- Hizkuntzen ordezkatzea.

- Azken sasoi hauetako euskalkien indartzea. (Hemen oinharriturik, euskara batuaren aurka doazen jarrerek* erdaraganatze politiko jokoa daramate berekin). Nahi dutena esango dute. Egia hauxe da.

Diglosia hitz hau oso ongi datorkigu, ezkerreko eta eskuineko espainol indarrez zerbait esateko. Hauek Euskal Herrian hizkuntz bitasuna, teorian, oso «poliki» onhartzen baitute; baina, praktikan, hemen hizkuntz bitasunak diglosiatik ez duela aurrera segitzen dakusagu.* Euskararen alde indar handi bat egin behar dela egia da, egoera larri hori gaindituko badugu behintzat. Pauso hau ematerakoan, ordea, oso atzerakoiak agertzen zaizkigu, euskara zapaltzaile izatera iritxiko dela eta esaten baitigute.

Gaztelani eta frantses mailara heldu arte, euskara lantzea eta zabaltzea gure helburuetako bat izango da.

ARATZ

daduzka, daukaz, dauzka

daduzkate, daukez, dauzkate

daramate, daroe, eramaten dute

dezagun, daigun

digute, deuskue, deraukute

gaude, gagoz

zaigu, jaku, zaiku

zaizkigu, jakuz


Editorial etxeen arazoa

Zenbait hilabetez gero, euskal editorialen arazoak bereak eta bost egiten dihardu. Hor dabiltza, elkarri piztiak botatzen. Beraz, koordinaziorik eza, beste hark zioenez.

Noski, jarrerak* ere pixkanaka sendotzen ari dira. Hura* bere jarraitzaileekin, hau bereekin. Eta jarraitzaileek burrukan zerikusi handia ukan* dute beti, edozein arlotan. Areago* arazo honetan: zenbatenaz jarraitzaile gehiago, hanbatenaz aintzinago* jo.

Euskal irakurleok, euskaraz idatziriko liburuak irakurtzen ditugunok, bakar batzuk besterik ez gara. Editorialen jokoa bada, elkarren arteko lapurketa bat dugu, nolabaitekoa bederen.* Irakurle lapurketa: prezioak merkatuz, gai aproposak hautatuz eta serioski ikertuz.*

Burruka honetan kalitatea gehitzen da. Eta publikoa garaile gertatzen ezpairik* gabe.

Baina, honen edo haren ideologia neurrira datorkielako, jarraitzaileek ez dute burrukatik at* geratu nahi.

Errenterian ospatu berria den Euskal Kultur Astean, nabarmen baino nabarmenago ikusi ahal ukan dugu hori. Aste honetaz ba dago zer esanik; baina oraingoan liburuei lotuko gatzaizkie, idazlan honen funtsak* hala eskatzen duelarik.

Hona hemen liburu eta disko azokan ikus zitekeena:

- dozenaren bat liburu euskara-erdaraz.

- 77 liburu erdara hutsean.

- 124 euskaraz. Hauetarik 44 bertsolaritzari buruzkoak.

Lehen konparaketa honetan, argi dakusagu* Euskal Aste honen euskaltasuna, kulturari dagokionez.

Baina ez gaitezen harri. Oraindik handiagoak ikusteko gaude eta! Zeren* ez baikenuen LUR editorialaren libururik inondik ere ikusi. Anitz* aldetara jo genuen, horren zergatikoa jakin nahirik; baina pikotara* igorri* gintuzten aire freskoan behin eta berriz.

Horrelako jokabideek nahaspilara garamatzate.* Edo eta argitasunera? Dena dela, laguntza merkea eskaintzen diete benetako Euskal Kultur Asteei.

Neure eritzia ematekotan, zera esanen nieke Errenteriako Astearen antolatzaileei: birpentsa dezatela, «Euskal Astea» izenaren funtsa zertan datzan,* eta, zintzo jokatuz, aurrerantzean izena alda* edo editorial guztiei atea zabal diezetela.

Halarik ere, ba da gauza onik Errenteria honetan; eta, Donostiako Herri Irratian antolatzaile bati entzun genion bezala, esan dezagun guk ere: «Errenterian gauza on bat ba dugu: gastronomi elkarte guztiek izen euskaldunak dituztela».

Zenbat Errenteria dugun hor barna!

ANTZAR

dezatela, daiela

diete, deutsee

diezetela, deioeela, dezaietela

gatzaizkie, gatxakez

genion, geuntsan (geuntson)

gintuzten, ginduezan

nieke, neuskioe

zioen, inoan, esaten zuen

zitekeen, eitekean


Frantziako hauteskundeak

Izan berriak dira Frantziako hauteskundeak, eta berriz ere lehen zegoen systemak iraungo du, gaullistek irabazi baitute. Fronte popularrekoek itxaron egin beharko dute, hemendik hiru urtetara egingo den lehendakari aukeraketararte. Beste hiru urte geratzen zaizkie, beren programa agertzeko eta orain geratzen den gobernua salatzeko, herriaren aurrean prometatu dituen puntuak betetzen ez baditu.

Frantziak nola aukeratu du lehengo agintaritza? Ikusten zenez, bi tendentzia zeuden; eta gainerakoek —erreformistek— bitarteko bezala jokatu zuten, baina eskuin aldera joteko posibilitate handirekin.

Tendentzia edo joera bat gaullistena eta eskuin indarrena zen. Joera hau, gehienbat, goi mailako burjesiak, erdi mailakoak, burjes boxkorrek eta zenbait langile kontserbadorek defendatu dute. Honek ez du esan nahi, burjes guztiak gaullisten alde joan direnik, gehienak joan badira ere. Tendentzia honen ardatza, orain lehendakari jarraitzen denaren alderdia —U.D.R.— zen.

Eskuin indar hauek beren programa. politikoa eta ekonomikoa zuten. Politika aldetik, orain egingo den gobernu berrian aldaketa batzuk proposatzen zituzten. Ekonomi aldetik, berriz, errentaren handitzea agertzen zuten punturik funtsezkoenetakoa bezala: kantitatean nazioko errenta handitzea eta haren zatiketa orain arte bezala jarrai eraztea. Erlatiboki mintzatuz, Frantziako Estatu barruan langilea orain dagoen situazio berdinean egongo da hemendik hamar urtetara, Frantziako burjes batekin gonbaraturik. Absolutuki, berriz, orain baino erosketarako kapazitate handiagoa edukiko du hemendik hamar urtetara. Nola? Alferrikako gastuak kenduz eta industrian inbertituz; edo langileria, epe laburrean behintzat, ahorratzen* bortxatuz, eta gero ahorro hoik* industrian inbertituz. Gobernuak azken joera hau hartzen badu, langileen aldetik nahiko haserre sortuko dela pentsatzen dut, eta hauk* ez direla beren kontsumoa guttitzeko prest egongo.

Beste aldetik, ezkertiarrek, politika arloan egituren* aldaketa batzuk* eskaintzen zizkioten herriari (systema presidentzialista kentzea, hauteskundeetako lege berria...) eta ekonomi arloan zenbait nazionalizazio (batik* bat bankarena) eta enpresa mailan langileen partizipazioaren handitzea. Hots,* bizitzaren kalitatea hobetzea nahi zuten ezkertiarrek.

Zenbait euskaldun esperantza pixka batekin egon gara, zer irtengo* ote zen hauteskunde hauetatik. Ezkertiarrek irabazten bazuten, uste genuen, haien garaipenak alderdi onak ukanen* zituela iparraldeko euskaldunentzat, eta han sortzen diren arazoak beti hobeto konponduko zirela. Baina nahiarekin bakarrik geratu gara. Gauzak lehen bezala jarraituko dira.

Ezkerraren sostengu langileak eta intelektualak izan dira. Langileriak aho batez bozkatu* du fronte popularraren alde. Daraman bizimoduaren aldaketa nahi zuen, dadukan alienazioaren kentzea gura zuen, eta «impasse» horretatik irteten saiatu da. Baina, berriz ere, bulgaritatea inposatu da. Boterea lortzeko, ez ote dira metodoak aldatu behar, eta ez egon beti zain, hauteskundeak noiz etorriko?

Gauza positibo bat ikusi da bozketa* hauetan: batasuna egin daitekeela ideologien gainetik. Denek dute gizartea antolatzeko eskubidea, ideologia desberdinekoak izan arren. Ideologia desberdinak onhartzen ez baditugu, dokmatismoan gabiltza, eta irtenbiderik ez zaio ikusten orain gauden egoera honi. Geure gizarterako aldaketa kualitatiboak nahi baditugu, alde batera utzi behar ditugu dogmakeriak eta zenbait «alderdikeria». Eta hola ez da gertatuko, historian zehar sarritan eta gure artean egunero jazotzen dena: iraultzaren izenean arituz,* faxismoari jokoa egiten diogula.

B. BAKAIKOA

gaude, gagoz

zaio, jako

zaizkie, jakez

zeuden, egozen

zizkioten, eutsoezan


Oharra

LUR editorialak, oraintsu argitaratu duen «Lau Teatro Arestiar» liburuan, ohar bat zabaltzen du textu honekin:

 «Gabriel Arestik itxiak zituen Zeruko Argia eta, nola ez, Agur-eko ateak. Orain Anaitasunakoak ere itxi bide zaizkio. Beraz, hitza debekatua du euskal aldizkarietan».

 ANAITASUNAk argitu egin behar du, ez dizkiola orain arte bere ateak hitxi ez Arestiri ez beste inori. Lan batzuk argitaratu ez badira, ez da izan idazlearen izenagatik, haren lan konkretu batengatik baizik, zerabilan gaia edo modua ez baitzitzaizkigun egokiak iruditzen.

ANAITASUNA


Euskal Herriko bertsolari hilezinen batzar nagusiak (I)

Zeruaren ertzeko bost izar gorriak itzaltzen direnean (Arkturo eta Betelgeuse lehendabizi, eta Aldebaran, Antares eta Pollux azkenik), ilundu egiten du zeharo, eta asko tristetzen da gaua. Orduan gehiago erretzen du suak, eta gehiago bustitzen urak. Denbora gelditu, eta ez da gehiago betetzen.

Gau horretan, gainera, ezkutuko* indar sakonak libratu egiten dira, eta, hauen poderioz, euskal bertsolari hilezinek hitz egiteko aukera edukitzen dute.

Batzar hauetako ohizko* sekretarioaren eritasun bat dela medio, oraingoz nik hartzen dut esaten direnak gordetzeko eginkizuna, eta munduari azaltzekoa, izan dadila denon onerako, eta gaiztoen txarrerako.

Arratsa iritxi* zenerako, ailegatuak izanen ziren guttienez bostehun bertsolari. Han ikusi nituen Neolitiko garaietako batzuk,* Erdi Harokoak (eta, hauen tartean, Santxo VII. Bortitzari* hainbeste gustatzen zitzaion Etxarriko Beltza), Errenteriako Xenpelar, Musarro, Saiburu eta abar, Asteasuko Pello Errota eta Zakarra, zazpigarren mendeko Motxondo eta Usurbilgo Udarregi; bai eta ere Etxahun, Bordel eta iparreko beste zenbait bertsolari. Ez zen falta Muskariako* Iruain, Fernando Katolikoak 1512. urte goibelean gartzelatu zuena, ez eta ere oraintsu joan zaizkigun Txirrita, Urretxindorra, Zepai eta beste anitz.*

Batzar hauetara beti azkena heltzen dena, Fernando Amezketarra omen* da. Besteetan ez dakit, baina oraingoan behintzat bera ailegatu zen atzeraturik.

Batzar honetarako aginduta zegoen gaia, hauxe zen: «Mundu honetako bizimodua». Eta horretaz kantatu behar zuena, Jose Manuel Lujanbio «Txirrita» bertsolari handia. Bere 150 kilo zutitu, eta honela eman zion ihardunaldiari hasiera:

Gure munduko bizimodua

guziyentzat da laburra

griña gaiztuak tiratzen gaitu

hortatik dator makurra

leku askotan ikusi ohi da

lapur guardiyan lapurra

animaliya ere igual

katua eta zakurra

berak asko nahi t'ezin sofritu

bestek daraman apurra

Pello Mari Otaño Zizurkildarraren hitza entzun zen orduan. «Kontuan izan —esan zuen— bertso batek, ona izateko, gauza bat duela derrigorrezkoa, hori da, fantasiaren arintasuna, irudi eta imajen poetikoen bizkortasuna, kontrasteen sendotasun eta indarra. Erlea lorez lore ibiltzen ohi den bezala ibiltzen da bertsolaria ere, inongo ederrarekin gelditu gabe, gozoa laburki dastatuz.* Alferrikako hitzak —hots,* bertsoa ulertzeko behar beharrezkoak ez direnak— ez dira maiz* aurkitzen bertso onetan. Joxe Manuelek botatakoa adibide da horretan».

Gero, Txirritak berak hitz egin zuen. Bere bizimodua diru ezari oso atxekitua* egon zela adierazi zigun, eta pobre izate horretatik etorri zitzaiola hargina bezala lan egin beharra, sagardo txarro baten eskean ibili beharra, eta beste zenbait gauza itsusi. Eta segidan bertso hau bota zuen, berak pasatako larritasunak pasatzen dituzten guztiei dedikatu eta gero:

Itsasuan zer gertatzen dan

ez al dezute ikusi

txardin berriya eta antxua

izurdiaren igesi

azpiyan ezin aguantatuta

gainera irten* arazi

an ere arrantzaliak pronto

beren sare eta guzi

anima salbo jende pobria

gaur olaxe gara bizi

Atsegin haundia hartu genuen entzule guztiok. Marmarrak isildu eta gero, Bilintxek hau aipatu zuen: «Bertsoak, ona behar badu izan, arrazoi sakona, zartadarik sendoena azkeneko estrofan gordeta etorri behar du. Gainera, aurreneko estrofek jendea talaian jar erazi behar dute, honetarako ahal den poesia guztia erabiliz. Begira, bestela, arestian* botatakoari».

Hirugarren bertsoa bota baino lehen, Txirrita Euskal Herriko gertaera gaitz batzuei buruz mintzatu zen, eta 1876 (foruak kendu zizkiguten urtea, noski) garren urtean (...) amaitutako prozesuaren berri eman zigun. «Handik honantza* gauzak ez dira asko aldatu» esan zuen triste. Besterik gabe, orain jartzen den lanturua* kantatu zuen:

Kolka* txarraren azpiyan dauden

txito urrikalgarriyak

amarretatik bost hiltzen dira

beste bostak elbarriyak

pizti gaiztuen beldurrez beti

gora begira jarriyak

indar gutxiko gorputzak eta

suspiriyuak berriyak

kastigu onen menpian bizi

gera gaur Euskal Herriyak

Oraingo honetan hitz egin zuena, Erdi Haroko Antton Kiskurra bertsolaria izan zen. Honen aburuz,* egungo bertsolari asko klitxe batzuez baliatzen omen dira, kantatzeko orduan. «Ene ustez, bi bertsok ez dute behin ere berdinak izan behar, beti ekarri behar dute berekin gauza berrien freskura. Puntu eta irudi bitxi eta bereziak ez badira bilatzen, hitzak gastatuz eta zimelduz joanen zaizkigu, bertsoak beren magia eta misterioa galduz, eta bertsolaritzak labana amustu baten antza hartuko du. 'Herria' eta horrelako hitzak ez non eta ez han erabiltzeak (hots, harira datozen ala ez kontuan hartzeke*) gaitz egiten dio bertsolaritzari», oihuztatu* zuen Elduaieneko bertsolariak.

Nola giroa asko seriotu zen, Txirritaren ingurukoek «bertso txar bat egiteko» esan zioten, «ea horretarako gauza zen», eta beste gauza barregarri asko. Lujanbiok honela kantatu zuen:

Bart arratsean Panplonan

giñaden feriyan

Etumetako artzaiak

sermoia debalde

ernari jarri omen dek

Aizarnan idiya

ai zer esne eratea

batere ez balu

nere txapela tellatuan

ala Jaungoikoa

Eta algara batean, batzarrari bukaera eman genion.

BERNARDO ATXAGA


Neure lantokitik

Ekonomi maila igotzean

"Per capita" errenta apalagoa genuenean, bilbotar erdaldunek "un chiquito" eskatzen zuten tabernetan.

Orain, errenta hori europar mailarantz abiatu denez finagoak egin dira gure ukroniarrak, eta "un vino" eskatzen dute, erdaraz, eta "agur" esaten dute euskaraz, irteterakoan.*

Euskara batua

Lehengo egunean, banku batera joan nintzen, arazo bat konpontzera.

Leihatilaren* atzean mahai handi bat zegoen. Haren inguruan jezarririk bulegolari* bi zeuden, hauetariko bat nire ezaguna.

Neraman arazoa garbitu ondoren, nire ezaguna zen bulegolariak zera esan zerautan:

"Xabier, zenbat euskara batu daude? Dakizunez, nik ez dakit euskaraz; baina ikasten ari naiz, eta nire kasu berberean dago aurrean dadukadan laguna. Ni "Euskalduntzen" metodoarekin ikasten nabil, eta nire laguna Altunarenarekin. Guk, euskara batua bat zela uste genuen; baina, zoritxarrez, hainbat desberdintasun aurkitzen dugu liburu bion artean".

Gai hau erabiltzearren, gertakari hau neuk asmatu dudala inork pentsatzen badu, oker dago. Martxoaren 15ean gertatu zitzaitan Bizkaiko Aurrezki* Kutxan, Bilbon duen Bulego Nagusian.

Bulegolari horrek arrazoia duela uste dudanez, galdera hori neurea egiten dut.

Zergatik ez dugu guztiok euskara batu BAKAR BAT erabiltzen?

Eman biezagu Euskaltzaindiak bide BAKAR BAT, eta jarraiki diezogun GUZTIOK.

Lurlangintza

Gure baserritarrek lurlangintzaren bidez hainbat janari lortzen dute guretzat. Baina irakurri dudana egia bada, laster Euskaltzaindiak beste izen bat sortu beharko du ("aidelangintza" ote) etorkizuneko baserritarrentzat.

Urte batzuen buruan, landareak ez lurrean aidean baizik erein eta haziko ei* dira, hezetasuna,* beroa, argia eta azido karbonikoa medio direla. Lagungarri hauekin prozeso biokimikoaren fotosintesia —hots,* fruituen sorketa— lortuko omen* da. Aurretiaz* plangintza zehatz bat eginik, gizonak berak zertuko du nau guztia, eta berak erabakiko du zenbat erein behar den eta nolako eta zenbaterainoko uzta* komeni den.

Beraz, etorkizuneko soroak* aidean esekita* egongo dira; eta emango dituzten fruituak, lurrekoak. baino askoz ugariagoak izango dira. Adibidez, orain arte egindako entseiuetan lorketa hauk egin dira, metro karratuko: 33,6 kilo aza, 30,5 kilo zanahoria, 26,6 kilo erremolatxa* eta 28,7 kilo tomate.

90 egunetan, 300 gramo barazki* lor* daitezke egunero metro karratuko: hots,* lurrik hoberenean eta teknika onenarekin erdiets* daitekeen baino hamar aldiz gehiago.

Euskal Herriko gidaliburua

Salgai dago liburutegietan Euskal Herriko gidaliburua. Haren prezioa 200 pezeta da, eta hona hemen azaleko irudia.

Ekonomiazko bi berri

• "Banco de Bilbao" diru etxeak "Normas del Impuesto General sobre la Renta" argitara berri du, eta dohainik* zabaltzen du bere bezeroen* artean.

• "Sociedad de Cartera" izeneko 160 elkarte daude Hazienda Ministroaren baimenaren zain. Honelako elkarte bakoitzaren domu* minimoa 200 milioi denez, honek esan nahi du, 32.000 milioi pezeta daudela Espainiako Boltsetan inbertitzeko prest.

XABIER GEREÑO

biezagu, beisku, bezaigu

dadukat, daukat

daude, dagoz

diezogun, deiogun, dezaiogun

neraman, eramaten nuen

zerautan, eustan, zidan

zeuden, egozen

zitzaitan, jatan, zitzaidan


Gure Munduko Albisteak

Liburu berriak

«Lau Teatro Arestiar», Gabriel Arestik, LURen

Joan den hilabetean izen horrekin eman du argitara Donostiako editorial ezagunak G. Arestiren lau theatro lan, denak EGANen orrialdeetan jadanik* agertuak. Hitzaurrea, oso euskara «pitxi» batez eta agian* aurreko bati fama kentzeko gogoz egina, R. Saizarbitoriari zor zaio.

Liburu honetako gauzarik harrigarriena, edo eta harrigarrienetako bat behintzat, azken azaleko oharra dateke.* Arestiri besteek ateak hertsi* (bide*) dizkiotela dioen editorial batek, ba dirudi autore horren gauza berririk eskaini beharko zukeela, zeren liburu horretako lanak jadanik publikatuak, baitziren.

Eskatzeko: Aresti, Gabriel; «Lau Teatro Arestiar»: LUR edit., Donostia, 1973.

«Itsasoa ur-bazter luzea da», Martin Ugaldek, GEROn

Apirilaren hasieran heldu zaiku, GERO editorialak bidalitako Martin Ugalderen lehen euskal nobela hau. Itxuraz apaina benetan, Karlos Bizkarrondoren azalaz. Guti esan behar dugu mamiaz, zeren,* agertzen denez, literatur obra egiazko batek behar duen gauzarik printzipalena falta baitu, hots, egileak berak moldatua izatea, euskal itzulpena Dionisio Amundarainek oso ederki egin baitio.

Martin Ugaldek, noski, hari eta bilbe* ederra topatu du, eta, ikusten denez, sakona. Inork euskaratua izateak, ordea, nobela eta osterantzeko ipuinez geure eritzia ematea galerazten derauku.

Uste dugunez, Ugalde jaunak ba daduzka meritu eta ahalmen aski* beragan, bere kabuz* euskarazko nobela bikain bat egiteko, zeregin hori besteri utzi gabe. Zain gaduzka, ba.

Eskatzeko: Ugalde, Martin: «Itsasoa ur-bazter luzea da»; Gero, Ed. El Mensajero, Bilbo, 1973.

«Laminzulo»: gaztetxoentzako errebista

JAIMES-LIBROS S.A.k haurrentzako mentura* errebista sorta bati eman dio hasiera Laminzulo izeneko liburutxoaz. Euskal itzulpena, oso ona eta euskara batuan, Joxe Mari Satrustegi jaunari zor diogu. Aspaldian sentitzen zen gure artean honelako obren beharra; eta ez dugu dudarik egiten, nafarren eskutik heldu zaikun lehen zenbaki honi ikastoletan harrera onik eginen dietela.

Okerrak zuzenduz

Aurtengo urtarrilaren* 30eko ANAITASUNAn, Euskaltzaindiak egiten diharduen Ikastol Hiztegiaren berri eman genuen. Hartako batzordearen gidaritzat Karlos Santamaria eta Xalbador Garmendia jaun langileak aipatzen genituen; baina ahantzi* egin zitzaikun —eta horregatik, bidezko denez, gaur hura zuzentzera gatoz— batzorde horretako euskaltzain oso eta zuzendaria Aingeru Irigarai jaun mediku jatorra dela adieraztea.

Barka biezagu, beraz, Irigarai jaunak, haren izenaz ahantzi baginen, ustekabean izan zen eta.

Herritiko oihartzunak: Ezkontzak

Atsotitz* batek ba dio «esaera zaharrak gezurrik ez dio»ela; baina ba dago bat gutienez, inork sinesten ez duena, eta arrazoiz. Maitasunak, hain zuzen ere, ez dio kasurik egiten atsoen esanari eta bide guztiak leuntzen ditu.

Ezkontzak direla eta, aipatu behar dugu hemen, hilabete honetan gertatuak.

Apirilaren 13an, Begoñazpin, Jose Ramon Etxebarria Bilbao injinadore eta idazkide gaztea eta Lorea Akaiturri Urrutia idazkari* eta euskal irakasle xarmanta* ezkondu egin dira Bilbon.

Era berean, atzo, apirilaren 14ean, Jose M. Castell Artetxe donostiar abokatu ezaguna eta Itziar Mitxelena M. de Ilarduia errenteriar neskatila polita ezkondu dira Oiartzunen. Dakigunez, Itziar, bere aita Luisen hildoari* jarraikiz, Philosophia-Letretan lizentziatua da.

Zorionak ezkonberri guztioi eta urte askotan!

Nafarroaren lege nortasun berria

Ohi ez bezalako albistea da berau. Oraintsu onhartu den erabaki baten bidez, Nafarroako Diputazioa Espainiako Gorteen* ez bezalako botere juridiko batez horniturik gelditu da; eta horren bidez, Diputazioaren baimenik gabe, ezin dagiekete Madrilgo Gorteek batere ukiturik nafar lege zibilei.

Beste pauso bat, ahizpa nagusiak emana. Jator eta zuhur agertzen zaizkigu nafarrak aspaldion beste euskaldunoi. Ongi merezia dute, dakusagunez,* Nauarra, caput Vasconiae delakoa.

Nafarrak tabako gehiago hazi nahirik

Nafarroako berrogei eta lau munizipiok interes berezi bat agertu dute 73-74. urteotako tabako hazkuntza honetan. Izan ere, tabako landarearen prezioa, agertzen denetik, %20 batez altxatuko omen da; eta, horregatik, Nafarroan orain tabakotan hartzen diren 600 toneladak, segur asko, gora joanen dira.

Iruineko Tabako Ontze Zentrutik ihaz 100.000 tabako bidali ziren Andorrara, berau azken hamabost urteotako uztarik xarrena izan arren.

X. Kintana LURetik irten da

Ongi konfirmatua da eta bide ezin zuzenago batetik dakigu, Xabier Kintana idazleak LUR editoriala utzi duela. Antza denez irteera honen kausa zenbait gaitan zedukan eritzi ezberdintasuna izan da.

Bilbotik... maitasunez

Agian,* Ian Fleming-en antzera, From Bilbao, with love delakoa ezarri beharko nukeen; baina beldur naiz ez ote dugun euskaldun gehienok —ni ere tartean— ingeles guti jakinen, halako batzuen unibertsalismo berezi hori gorabehera.*

Amatiño adiskideak «ohoratu» egin gaitu bizkaitarrok apirilaren lehen eguneko ZERUKO ARGIAtik, eta bereziki lerro hauen egilea, «hizkuntzalari» eta guzti deituz. Eskerrik asko.

Funtsean ados gaude berarekin: hots,* ez da ez aski,* herri baten izena zein den jakiteko, bertakoen nahia horrela edo hala dela esatea. Hala ere, Bilbo izenaren kasuan aipatzen genuen arrazoia ez zen bilbotarron gogo bakarrarena, baizik eta bizkaieraz mintzatzen den leku guztietan (Deba arroan* ere, noski) eta are* Gipuzkoako beste toki askotan ere horrela esaten delakoa. Bilbotik urrun eta hiri horrekin tratu zuzenik ez duten euskaldunen zeresanak balio eskasa du, zeren* berauek dakiten izena erdal izen ofiziala izaten baita. Beste horrenbeste gertatzen da, Donostia edo Iruinea izenekin, bizkaitar askorentzat, zorixarrez, San Sebastián eta Pamplona besterik ez direnak, bai eta euskaraz ere.

Phonetika aldetik, ardao hitza ardo bihurtu den bezalaxe, Bilbao zaharra gaurko Bilbo modernoa bilakatu* dela esanen genuke, nahiz eta ingelesentzat Bilboa izan (euskarazko Bilbo(r)a-tik ote?). Dena dela, eta honetan ere Amatiñorekin bat gatoz, Euskaltzaindiak izen hauzi hauk* konpontzeko duen batzordearen erabakiak onhartuko ditugu geuk ere, nahiz eta... guk Bilbo nahiago.

Eugenio Coseriu hizkuntzalaria Bilbon

Martxoaren azken astean Eugenio Coseriu errumaniar hizkuntzalari famatua Deustuko Unibertsitatera etorri izan zen, latinetiko hizkuntzen problema bereziez eta linguistik eskola ezberdinen inguruan mintzatzeko.

Entzule ugari bildu zen hura entzutera, zahar eta gazte; baina gehienak bertako unibertsitariak ziren. Eskaini zerauzkigun hitzaldi zoragarriak ez ziren gutiagorako izan, halafede. Hargatik jakin genuen, beste gauza askoren artean, gure arteon aspaldidanik gora eta behera erabili den puntu bat —hots, metalengoaiarena— jadanik S. Agustinek berak aipatzen zuela, latinez, jakina: Verbum et uerbum est et uerbum significat (= hitza hitz da eta «hitz» esan nahi du). Dirudienez, apaizgaitegietan ere Linguistika erakutsi izan da orain arte, inor konturatu ez arren.

Euskaltzain berriak

Euskaltzaindiko prentsa bulegoko* agirian dakusagunez,* Euskal Akademian laster euskaltzain laguntzaile berriak izendatuko dira. Memento honetan, oso oker ez bagaude, 24 euskaltzain oso eta ehun eta berrogei eta hamar euskaltzain laguntzaile inguru daude izendaturik; baina, hileroko bileretara zenbat lagun joaten diren ikustean, inork ez luke horrenbeste direnik pentsatuko. Lan egiteko batzordeetan, aldiz, oso euskaltzain guti azaltzen dira, Euskera (Euskara, noizko?) aldizkariaren organigramman ikus daitekeenez.

Ba dakigu Euskaltzaindiaren historia eta gorabeherak inguruak* eta giroak horretaraturik daudela, eta horregatik, «lehen hala behar zelako», hainbeste laguntzaile daudela Linguistikan eta Literaturan ondo jantzirik ez daudenak; zenbait, politikazko arrazoiengatik sartuak eta, halako kasuren batetan, gainera, ba dira euskara ez dakiten euskaltzain batzuk ere. Hala ere, jaun horietako askok —bai eta azkenetarikook ere— paper mesedegarri bat bete dute euskararen eta Euskaltzaindiaren onerako, eta zeharo justifikagarri izan da haien izendapena orduko zirkunstantzietan. Baina beste alde batetik ba daude beste zenbait lagun, Euskaltzaindiko lan batzordeetan sekula parte hartu ez arren, hortik zehar, jendaurrean Linguistikarekin (eta zentzuarekin) oso zerikusi guti duten gauzak esaten ibili eta ibiltzen direnak, beren hitzei pisu haundiagoa emateko, azkenean, «Euskaltzaindiko batek esanik» delakoa gehiturik. Duda gabe, ez diote berauek mesede handiegirik egin gure Herriko erakunderik* printzipalenari.

Gaitza, ordea, euskaltzain izateko «kultur baldintza objektibo» batzuk ez edukitzean datzala* uste dut; eta, denbora joan ginoan,* Linguistikaz eta Literaturaz kanpoko arrazoiez sarturiko euskaltzainek gero eta kalte handiago bat eginen diote Akademiari, beren jakituriarik ezaz publikoki lotsa eraziko baitute. Honetaz nahikoa ikusiak gara orain arte.

Bestetik, kanpoko linguista bat (txeko, polako, ingeles edo amerikarra) izendatzea ez deteke* harrigarri, hori ohore gisa* egiten baita; baina Euskal Herrian bizi ez den bat —nazioarteko harremanak eramateko izan ezik— edo bere eskualdeko errepresentatzailetzat, bertan bizi ez den euskaldun bat hautatzeak zentzurik gabekoa dirudi, efikaziari degokionez. Nahikoa esku geldi dago gaur egun ere Euskal Akademian, holako gehiago ere sartzeko. Barruan daudenak, noski, ezin kanpora daitezke, baina horrelako berri gehiago ez sartzea beharrezkoa dela uste dugu; aski* litzateke, horretarako, sartzen den berri bakoitzari zeregin edo betebehar bana ematea, benetan lan egitera sar daitezen.

Euskaltzaindiak pertsona karreradunak behar ditu, eta Linguistika eta Literatura inguruko estudioetan espezializatuak bereziki, edo bestela literatur lan aipagarri batzuen egileak. Artistak, kantariak, bertsolariak, pintatzaileak eta abar, nor bere sailean oso ona izan arren, ez dira, ene eritziz, batere pertsona aproposak euskaltzain izateko, flamenko kantariak edo mariatxiak Erdal Akademiarako egoki ez diren bezalaxe. Ba liteke, ordea, baten batek Euskaltzaindia is different aipatzea. Osterantzeko* akademikoak, pertsona eragileak edo erakunde lanetan trebatuak, bai eta letretan karreradun ez diren laguntzaileak ere, beharrezkoak dirateke,* baina beste maila batetan.

Euskaltzaindiak, euskaltzain berriak izendatzeko orduon, segur aski, pentsaturik eta ongi mamurturik* edukiko ditu hauk eta hauen gisako kontsidero* batzuk. Hala ere, nik neuk, osterantzeko jendearentzat ez dut uste gaizki dagokeenik holako puntuok hemen aipatzea.

Marlon Brandori zorionak

Marlon Brando ezaguna genuen, Estatu Batuetako beltzen eskubideen alde zeraman jokabide jatorragatik. Ez genekiena hauxe zen, Ipar Amerikako indiarren kasuan ere berdin aterako zela.

Dakigunez, The godfather (aitabitxia) izeneko filmean erabilitako paper bikainagatik Oscar bat eskaini diote oraintsu Hollywood-en; baina, Wounded Knee (Belaun zaurtua*) herrian burrukan dauden 300 siuxen alde egitearren, ez du sari hori hartu nahi ukan,* horrela Estatu Batuetako giza eskubide ezberdintasunagatik protesta eginez.

«Tango» jaunak ederki jo die askori adarra honetan, gurinik* erabili ez arren. Beldur gara, ordea, ez ote den berau horregatik izanen haren egiazko «Azken tangoa».

ARMENDARITZ

biezagu, beisku, bezaigu

dagiekete, egin diezaiekete, egin deiskioee

daduzka, daukaz, dauzka

daude, dagoz

derauku, deusku, digu

die, deutse

diete, deutsee

dio, deutso

diogu, deutsagu

diote, deutsoe

dizkiote, deutsoez

gaduzka, gaukaz, gauzka

gaude, gagoz

zaiku, jaku, zaigu

zaio, jako

zaizkigu, jakuz

zedukan, eukan, zeukan

zeraman, eramaten (eroaten) zuen

zerauzkigun, euskuzan, zizkigun

zitzaikun, jakun, zitzaigun

zizkieten, eutseezan


"Eusbel" dorrea

Aspaldiko mendeetan dorrez beteta omen zegoen Bolonia. Oraindik ere tente diraute banaka batzuek. Inork argitzen ez baldin badizu, nekez asmatuko duzu zertarako jaso zituzten dorre luze eta bakarti hoik.* Baina ba du bakoitzak bere izena. Boloniako familia nagusiak, zein baino zein haundiagoak zirela adierazteko, zein baino zeinek dorre luzeagoak jasotzen lehiatu* omen ziren. Horrela agertu nahi zuten beren nortasuna... Eta hantxe daude gaur oraindik haien haundi ustearen oroigarri* eta gorde nahi zuten ohorearen lekuko.*

Euskal Herrian, nik dakidanez, ez dugu horrelako megalomaniarik izan. Eta gure herrietan ez da dorre aipagarririk ageri, Zarauzko «Torre Luzea» ezik; baina honi, beronen izen eta edertasun eta guzti, ez diot nik inoiz dorre antzik hartu. Baten batek esango dit esan, kanpandorreak ugariak ditugula geure herrietan, elizei josita, eta hoiexetan azaltzen dutela hain zuzen gure elizek beren berezitasunaren eta apaintasunaren neurria. Bego! Eta beude dorre hoik,* nahi duenaren harrotasunaren asegarri baketsu. Boloniako dorreen eta gure eliz dorre hauen artean antzik aurkitu nahi duenari, neuk esango diot, horren lasaigarri eta pozgarri, Boloniak eta Baskoniak ba dutela, bai eta ere, nolabaiteko antzik, nire belarrietarako behintzat.

Nik neuk, Baskoniako eta Boloniako Harrizko dorre hauei baino kidetasun haundiagoa aurkitzen diet, euskaldunok geure kontzientzi pean daramazkigun «Euskonia» eta beronen dorre mitozkoei eta aintzina bateko Herri eta dorre mitozkoei. Ez dakit, euskaldunok inoiz dorre mitorik sortu dugunik; ez dut gure Barandiaranen liburuetan irakurri. Baina, beharbada,* inork asmatu gabeko dorre mitoren bat geure barne barnean daramagula esango nuke. Eta bidezkoa litzateke, gure «mito aztertzaileak» hori ere azalduko baligu... Agian* dorre mitoa baino areago* dela agertuko da: hau da, dorre mitozko baten konplejua, gaur oraindik bizi bizirik dugun konpleju trajiko bat, aintzinako Herriaren eta honen dorrearen mitoa trajikoa izan zen bezala.

Aintzina batean omen zen, bada. Asiako ibar zabaletan zehar giza talde bat zebilen... Ez bide* zuen ez sorbururik, ez historiarik, ez lurralderik. Baina hantxe zebilen Asiako ibar zabaletan. Halako batean jabetu omen ziren, taldeko guztiek hizkuntza bat bakarra mintzatzen zutela. Beraz, ba zuen nortasun eta batasun bat giza talde hark. Harritu ere egin ziren harritu. Eta kontzientzia berri hori betirako finkatzeko, eta aurkitu berri zuten batasuna gordetzeko, izen haundi bat eman nahi zioten taldeari eta oroigarri eta gordailu* bat eraiki. Zerurainoko dorre bat jasotzea asmatu zuten, bada, aurrerantzean Asiako ibarretan batetik bestera ibili gabe, dorrearen inguruan bizi zedin taldea.

Ekin* zitzaizkion dorrea jasotzeari: mitozkoa zen dorrea eta ez harrizkoa, historiak ez baitzion giza talde hari harririk eman. Eta, inork zergatik ez zekiela, hantxe gertatu zitzaien ezbeharra. Batek mito bat esaten zuen, eta besteak kontrakoa: mito pilo bat bildu zuten, baina ezin dorrea jaso. Bertan behera sakabanatu zen giza taldea... Eta ez izen, ez dorre, ez nortasun eta ez talde geratu zen. Eta bere hizkuntza ere galdu egin zuen giza taldeak!

Aintzinako dorrearen ezbeharra bizi dugu euskaldunok ere, geure dorre ametsak, mitoak eta konplejuak jota.

Behin batean jabetu ginen euskaldunok, hizkuntza bat genuela, geure kultura eta historia ere ba genuela, lurralde hau geure genuela: Herri bat ginela! Ba genuen, beraz, geure nortasuna eta batasuna. Pozgarria eta pizgarria izan zen gure kontzientzia berri hau.

Eta horra hor non hasten garen dorre bat asmatzen, geure kontzientzia hori sendotzeko. Lehen bai lehen monumentu haundi bat eraiki nahi izan genion geure Herri aurkitu berri honi: gure nortasunaren eta batasunaren sinbolo eta oroigarri izan zedin. Dorre-gaztelu bat jaso nahi genion geure Herriari..., horren bidez adieraziko baikenuen geure nortasun kontzientzia eta betirako finkatuko geure batasuna.

Mitozkoa zen egin nahi genuen dorrea. Geure hizkuntza erabili eta bizkortu beharrean, geure kultura indartu beharrean, geure lurraldea landu eta txukundu beharrean, mitozko bihurtu nahi genituen, historiaren hibaitik kanpora ateraz. Behin eta betikoa nahi genuen lortu berria genuen herritasuna, eta dorre luzearen puntan jarri geure batasuna, inork urra* ez zezan. Baina ez ginen ohartu, herri mitozkoa, histori barnera sartzen denean, txikitu egiten dela, meteorito bat bezala. Hala ere, guk dorre mitozko horixe nahi genuen geure ametsetako «Euskonia» mitozkoarentzat.

Gordailu bat nahi genuen, geure nortasuna gordetzeko. Geure Herri batasunari hesiak ezarri, inondik zula ez zedin. Baina irekitzen ez den nortasuna eta hedatzen* ez den batasuna, ito egiten dira. Hala ere, dorre batetara sartu nahi genuen guk geure Herria.

 Eusbel izena jarri genion geure ametsetako dorreari, hortxe eutsi nahi baikenion geure batasun kontzientziari: lotu eta kontrolatu egin behar genituen geure Herri kontzientziaren indarrak. Geldia nahi genuen geure Herri batasuna. Baina Herri batasun geldia usteldu, zatikatu egiten da; batasuna eta batasun kontzientzia ez baitira buruan asmatu eta gordetzekoak, eginean egitekoak baizik. Hala ere, guk Herri batasuna kontzientzia berri batez lortua genuela uste genuen; eta, horri eusteko eta begiratzeko, Eusbel dorre luzea jaso nahi genion geure Herriari.

Eta, Eusbel dorrea jasotzen ari ginela, gure ametsetako batasun mitozkoa Herri zatikatua gertatu zitzaigun. Porrokatu* egin zitzaigun gure dorrea, eta... ez nortasun, ez batasun, ez kontzientzia, eta ez Herri gelditu ginen.

Guzti hau, nik ez dakidan garai batetan gertatu zitzaigun, beharbada ez-garai mitozko batetan. Harez gero, mitozko dorre haren konplejuak jota edo, dorre mania sartu zaigu euskaldun guztioi. Eta nik dakidan garai batetan, Eusbel dorreak jaso eta jaso ari gara geure Herriari. Ez dira harrizkoak ez mitozkoak dorre hauk,* ideiazkoak baizik; guk harriak ideiak balira bezala eta ideiak harriak balira bezala erabiltzen ikasi baitugu. Eta ideiazko dorre hauk, mitozko Eusbel dorrearen trajediak jota, porrokatu egiten dira, gure Herri batasunaren zorigaiztorako.

Gure Herrian ba dira batzuk, besteak baino argiagoak; eta laster jabetzen dira, zoritxarreko Herri sakabanatu honek ba duela hizkuntza bat, kultura eta historia bat; batasun eta nortasun bat duela. Eta horra hor non hasten diren, bakoitza bere aldetik, lehiaka Herri honi sinbolo eta oroigarriak eraikitzen: dorre luzeak jasotzen; batasun kontzientzia berpiztu behar baitzaio Herri honi, eta eutsi. Geure ametsetako dorre honen ingurura bildu nahi dugu Herri osoa, honen batasunari eutsi eta begiratu ahal izateko. Bakoitzak Herri osoa bildu nahi du, hori bai, bere etorkizunerako dorrea jaso dezan, benetan Herriaren dorrea izan dadin.

Baina betikoa gertatzen zaio Herriari: harginak ideia bat eskatzen du, eta peoiak kontrakoa ekartzen; eta ideia pilo horretan burrukan hasten da gure Herria. Dorrearen ordez harri piloa! Eta euskaldunok ez hizkuntza, ez kultura, ez lurralde eta... ez Herri! Herriaren nortasuna ez baita mitifikatu eta ideiazko dorre batetan gordetzekoa, historian eta egunero egitekoa baizik; eta Herriaren batasuna ez baita ideiazko dorre luze baten inguruan hesitu eta lotzekoa, berorren dinamikaz indartzekoa baizik.

Bitartean, hor goaz, hor gaude, mitozko Eusbel dorrearen konplejuak eta zoritxarrak jota, harik eta Herri honen nortasunak eta batasunak ez dutela ideiazko Eusbel dorrearen beharrik, eta bai ibar zabal batena, gu konturatu arte.

PAULO AGIRREBALTZATEGI

baligu, baleusku, balerauku

beude, begoz

daramazkigu (daramatzagu), daroaguz

dezan, daian

diet, deutset

diot, deutsat

dit, deut, deraut

dizu, deutsu, derautzu

genion, geuntson

zaigu, jaku, zaiku

genituen, genduzan

zaio, jako

zezan, eian

genituen, genduzan

zaigu, jaku, zaiku

zaio, jako

zezan, eian

zion, eutson

zioten, eutsoen

zitzaien, jaken

zitzaigun, jakun, zitzaikun

zitzaizkion, jakozen


"Santxo Azkarra" Pastorala

Aurtengo apirileko azken igandean, 29an, ba dugu eusKaldunok eta euskaltzaleok berri on eta pozgarri bat. Altzai-Lakarriko herriek ikusgarri balios bat muntatu nahi izan daukute, usu* eta maiz* ikusten ez den horietako bat. Aspaldixko hasiak ditugu antolaketa eta entseiutan. Haiek luzaro lanean ihardun ondoren, lasaiki gozatu ahal izanen dugu Altzaiarren artistasunaz, dantzez, boz ederrez eta ikusle guztioi eginen daukuten ongi etorriaz.

Pentsatu beharko dugu, alabaina,* zer indar ezkutuk,* zer amodiok, herritasun eta herri kulturak bultzatzen dituen Zuberotarrak, hain lan haundi eta luzez, anitzetan* behar aina* publiko bil erazten ez duten ikusgarriok muntatzera.

Dagoeneko,* irakurle, ohartu zarateke* zertaz mintzo naizen, zer dudan pentsamenduan: Zuberoko pastorala.

Ba dituzu hiruzpalau urte, azken pastorala egin zenetik. Pastoral hura* Berterretx izenekoa zen eta Zuberotarrek arras* ongi jokatua. Pastorala ez da, maskarada bezala, hain erraz egiten den ikusgarri bat, entseiuz hiru bat hilabetez aritzea behar baitu, igande arratsaldeak barne direlarik. Hori ikusi ahal izan genuen, Altzain izan ginen azken igande arratsaldez.

Baina aurten jokagai duten pastoralak, ba du besteetarik zerbait berezirik: Nafarroako Santxo Azkarraren pastorala dela. Gure erregea gai harturik muntaturiko pastorala. Pastoral honek argiro erakusten dauku azken urteotako Zuberotarren sentimenduen norabidea. Pastoral hau, oro* har, abertzale dela esanen nizuke. Nafarroako erresuma edo erreinuaren guduak, arriskuak eta herri minak agertzen dauzkigulako. Atzerriko gauzez sobera* axolatuz,* Santxo Azkarrari etorri zitzaizkion zorigaitzak ikusten ahal ditugu.

Zuberotarrak gure zain daude. Gu, behintzat, dudarik gabe, saldo* haunditan joanen gara, pastoral horren ikustera.

ERRAMUN GERRIKAGOITIA

daude, dagoz

dauku (derauku), deusku, digu

daukute (deraukute), deuskue, digute

dauzkigu (derauzkigu), deuskuz, dizkigu

nizuke, neuskizu, neraukezu

zitzaizkion, jakozan


"Giza-Bizia": Karlos Goena

Liburu aipagarria, benetan, Karlos Goenak eman diguna! Euskal Herri osoak probetxu haundia aterako du horretatik, bai horixe!

Aurrerakoan sendagileek ba dute nora jo, medikuntzako gaiak euskaraz aztertu nahi badituzte. Eta medizinako ikasketak egiten ari direnek ere liburu horretan oinharri on bat aurkituko dute, beren euskal hiztegia osatzeko.

Goenaren «Giza-bizia»k sendakuntza alorrean* bidea ireki du. Denboraren denboraz beste sendagilek beren espezialitateaz bide horren zola sendotu eta galipotaztatu beharko dute.

Liburu honek ikastoletan ere aspaldiko zulo bat bete dezake. Arian* arian ohitu behar dute haurrek bizitzaren alderdin guztiak euskaraz adierazten.

Herri xumeak* ere ez du ezer galduko liburu hori irakurriaz. Baserrietan ibili naizenean, sarritan ohartu naiz, eritasun* gorabeherak aipatzean* euskaldun hutsek ere erdal hitz asko erabiltzen dutela.

Ez da harritzekoa: baserritarrek, gaixo direnean, kalera jaitsi behar dute, eta han medikua erdaraz mintzo* zaie. Eta sendagileak berak euskaraz badaki ere, ez da faltako gaixozainen bat, erdaraz bakarrik hitz egingo diena.

Gezurra badirudi ere, baserrietako emakumeek, euskaraz egitean,* noiznahi sartzen dituzte «partua», «enbarazua», «estaduan» eta horien antzeko hitzak. Animaliez ari direla, ordea, euskara garbian iharduten dute.

«Giza-bizia»k guztioi oroiteraziko digu, gauza horik* denok euskara jatorrez esan daitezkeela, eta bai eta lehenago ezagutzen ez genuen beste hitz asko ere.

Orain arte geure artean erdaraz egiteko izan dugun atxakia bat, hau izan da: ezin omen* zen goi mailako gauzarik euskaraz aztertu, beharrezko hitzen falta genuelako.

Poliki poliki eragozpen hori menderatzen ari gara. Aita Mugikak lan ederra egin zuen bere hiztegi mardulaz. Hemen datorkigu orain Goena. Jose Ramon Etxebarria teknikako hitzak antolatzen ari zaigu, Joseba Intxausti filosofiazko hiztegia egitegotan ari da, Arestik enziklopedi lanetan dihardu, Donostiako talde bat aspaldi dabil «Duden» alemana euskaratzen...

Berri pozgarriak, zinez.* Zientzi gaiak euskaraz ez baldin baditugu harrotzen, ez da euskararen errua izango, gurea baizik.

GOTZON GARATE

dezake, daike

die, deutse

digu, deusku, derauku

zaie, jake

zaigu, jaku, zaiku


«Oskorri» taldearen heriotzea

1971. urteko martxoan sortu zen «Oskorri» taldea, bertan parte hartzen zutenetatik batzuek lehenagotik lan egiten bazuten ere; 1972. urtean jende berriaz gehitzen da, eta formazio berri honekin, musikagintzaz gainera, teatro lan bati ematen dio hasiera.

Oraintsu, eta zenbait arrazoi desberdin direla kausa, taldeak bere desegitea erabaki du. Inondik ere ez dezan inork gaizki-enteniturik gertaera honetatik atera, «Oskorri» taldekook geure azken bileran ohar hau jendartera iragartzea erabaki dugu.

Gure arteko batzuk, hala ere, orain arteko bizkortasun berberarekin saiatuko gara geure euskal jendearen zerbitzuan.

OSKORRI


Soziologia

Emakumearen Askatasuna

Gaur egun, emakumearen askatasuna, bakoitzak bere ikuspegi pertsonaletik aztertzen dituen problemetarik bat dugu. Hori, noski, egiazko soluzio baten kontra doa, zeren eta orduan geure interesei kalte egiten ez dien soluzioa onhartzen baitugu bakarrik. Zera esan nahi dut, alegia,* gizonak berekoikeriaz eta emakumeak masokismoz (ez beti, Jainkoari esker) ez dutela benetako irtenbide bat nahi, errespontsabilitatearen karga beren gain ez hartzearren.

Soluzioetarik bat, gizona eta emakumea buruz buru ipintzean datza:* woman power-a man power-aren aurka, USAko burrukalari arrazistek egiten duten antzera (black power eta white power elkarren kontra).

Batzuek pentsatzen dute, egiazko soluzioa litzatekeela, gizonak gure sisteman duen situazio berezia emakumeak ere lortzea. Ene ustez, oker daude. Entzun dezagun emakume amerikar baten esana: «Ez dugu zuekin berdindu nahi, zuek ere libre ez zaretelako. Zer esan nahi du zuen mailara irixtea?* Emakumearen askatasunak liberazio oso bat eskatzen du, famili egitura* berri bat, haur heziketa benetako bat, emakume-gizon erlazio sendo bat, gizartea hankaz gora irauliz».

Liberazioak emakumea «bera» osa* dadin suposatzen du, haren nortasuna askatasunean molda dadin, gizon-emakume bikoteak, elkar osaturik, liberazio sozial eta pertsonal bat lor* dezan.

Emakumea, beraz, munduaren sortzaile bezala onhartu behar dugu. Ikuspegi honetatik, gizon-emakume erlazioa ez dugu sujetu-objetu bezala hartuko, sujetu-sujetu bezala baizik.

Ametsezko irudi honen aurrez aurre, gizonagan oinharrituriko biolentziazko ordena dakusagu.* Bizitzaren alderdi guztietan agertzen da biolentzia: sozial arloan, ekonomikoan, kulturalean, eta abar. Muldworf doktoreak «Sexualidad y Feminidad» deritzan liburuan honela dio: «Gizonak emakumea zapaltzea, gizona gizonaz zapaltzearen tankera bat da».

Bestalde, egun,* gizonen arteko harremanak kosifikaturik daude, materializaturik. Gizarte kapitalistak ez du giza zoriona bilatzen, ez eta giza osaketa ere, probetxua, merkatu jokoa baino.* Egoera honen ondorio bat, Muldworfen ustez, erotismoaren korapiloa da. «Mendebaldeko* munduaren erotismoak, emakumea merkantzia bezala hartzen du oinharritzat». «Prostituzioak —emakumeak sufritzen duen ekonomi zapalketaren ispilu— giza gorputza ukatzen du eta giza animalikeria goratzen». Eta guk, hori zergatik gertatzen den esan genezake: Gizona gizon bezala ukatua izan delako eta objetuen mundura jaurtikia.

Marxismo ortodoxoak biolentzia honen deuseztatzea* errealitate ekonomikoaren aldaketan espero du. Nik, ekonomi aldaketaren balioa eta garrantzia ahantzi* gabe, pertsonen arteko maitasunezko eta zerbitzuzko harreman berrien bitartez sinesten dut aldaketaren posibilitatean, nahiz eta ekonomiaren aldaketa beharrezkoa izan, baina pertsonaren aldaketarekin lotua.

Baina kontuz! Heziketa- eta kultur egitura bat, jo eta ke emakumea gizartean integratu nahiz (gaingiroki* bederen*) ari zaikun bitartean, emakumearen mitoak zutik dirau, haren lilurazko maitasunekin, haren txatxukeriarekin.* Emakumearen askatasuna ezin lor daiteke, hura* produkzio egituran sartuz edo eta haren soldata gehituz. Emakumeak pertsona bezala liberatu behar du bere burua, eta honela gizartea ere askatu.

XABIER PORTU

daude, dagoz

dezagun, daigun

dezan, daian

die, deutse

genezake, geinke

zaiku, jaku, zaigu


"Sasi-Batasuna" = Sasi-Zientzia

 «Sasi-batasuna». López-Mendizabal, Tolosa, 1972, 43 pages. Violent pamphlet contre la lettre H et les essais actuels d'unification du basque littéraire proposés par l'Académie de la langue basque: il risque même de faire tort à des arguments valables».

«Gure Herria» Uztaritzeko aldizkariak, 1972.eko abenduko alean, aipamen hau egiten dio Labaien jaunaren liburuari. Frantses pixka bat dakienak, erraz uler dezake lantxoaren muina: senetik* irtenda iharduten duenak, hanka sartzen duela berehala, eta zientziarekin bat ezin duela egin.

Euskal antzerkiari hainbeste lan eman dion gizona, nola eror* daiteke leize horretara? Hizkuntzalaritza sailean jakitun bat behar norbaitzuek, eta okerreko iturrira jo zuten nonbait buruzagi bila! Berak sinets, besteek «dopa», eta zientziaren aurrean euskaltzain bat honda.

AMAITERMIN

dezake, daike

dio, deutso


Euskal Herriko piztiak

Lepazuria eta lepahoria (7)

Orozkoko* aitonaren urteak direla eta, apirileko lehen igande honetan bertara joan da Eneko bere etxeko guztiekin. Aitonari zorionak eman deutsoez, eta berau ezin pozago egon da horregatik. Gerotxoago, amak eta izebak* amonari bazkaria prestatzen laguntzen deutsoen artean, Eneko aitonarekin eta osaba Martinekin joan da, baserri inguruak ikustera.

 Gauza bat dot zuri erakusteko, txotxo —dinotso aitonak irribarrez. Ba nekian, gaur etorriko zinela; eta horrexegatik bizirik gorde deutsut.

— Zer da, aitona?

— Oraintxe ikusiko dozu. Zatoz enekin.

Aitonak oilategi ondora daroaz biak, eta bertan dagoen patin* siku bat erakusten deutse.

— Horra hor! Dirudianez, azpiko iturria orain beste nonbaitetik doa; eta patin hau aspaldion agorturik dago. Herenegun goizean, oiloei pentsua jaten ematera nentorrela, zaratatxo bat entzun neban hor. Eta zer da kontua, eta hara! piztia hori ikusi neban. Antza danez, oiloen usainera honaino etorri eta ustekabean patinera erori* zan. Haren zorionerako, ez eukan urik; bestela, bertan itoko zan.

Enekok zerbait ikusi eban barruan, patin agorraren sakonean: begi dirdiratsu bi.

— Eta zer da hori, aitona?

— Ez dakusazu zuk, ba*?

— Bai, baina zelan* dau izena piztia horrek?

— Hara! —hasi zan aitona. Ez nago oso seguru, hemendik kolorea ondo ikusten ez jako eta; baina nik neuk lepazuri bat dala egingo* neuke.

— Bai, lepazuria da, aita —baieztu eban osaba Martinek. Lepahoriak ez dira etxe inguruetaraino inoiz etortzen; basoan ibiltzen dira.

— Ni horretan nengoen, ba —esan eban aitonak. Zer? Ausartuko zinateke hortik ateratzera? Nahi badozu, zaku bat emango deutsut, barruan sartuta kanpora atera daizun. Ba ditut hemen oilo kaiola huts batzuk; eta, gura badozu, holako batetara sartu daikezu.

Esan eta egin. Osaba Martin, soka bati oraturik,* patin barrura sartu zan, eta kontuz kontuz lepazuria zakuratzea lortu eban. Gero, handik irtenda,* aitonak ekarritako kaiola metalezko batetara sartu eban.

Lepazuria hantxe ibili zan, ihes egiteko ahaleginez; baina azkenean, ekanduta* edo, kantoi batetan gelditu jaken bere begi beltz dirdiratsuez adi adi.

— Ez da gose izango, osaba? —itaundu* eutson Enekok. Hor patinean hiru egunez baraurik egon bada, jateko gogo itzela* euki beharko dau, ez dozu uste?

— Bai, arrazoia dozu, Eneko —dinotso aitonak. Zoaz etxeko sukaldera eta ekarzuz handik oilo tripa batzuk*; gaur, jateko, oilo edo oilasko batzuk egongo dira eta.

Holaxe egin dau Enekok, eta lepazuriari oilo buru eta tripa batzuk pasatzen deutsoz kaiolaren alanbreetatik zehar. Bai arin jan ere piztiak!

— Ikusazu, osaba: bai gose zala, e!?

— Bai, eta ez da harritzekoa, hiru egunetan jan barik* egonez.

— Osaba, konta eidazu lepazuriaren bizitza.

— Bai, konta eiguzu, nik ere pozik entzungo deutsut eta —dinotso aitonak ere, poltsikotik bere pipa zaharra ateraz.

— Lepazuria mendietan bizi izaten da, baina baserri inguruetaraino ere etortzen da batzuetan. Honetan ez da lepahoria baizen bildurtia.

— Zelakoa da, ba, lepahoria, osaba?

— Lepazuria lakoa; baina ilea,* grisa barik, gorriska dau, eta askoz ere finagoa, dirdira polit batez. Paparra, izenak berak dinoanez, lepazuriak zuria dau eta lepahoriak, ostera,* horia. Handitasunean biak antzekoak dira; handittoagoa, beharbada, lepahoria. Etxeko katu bat baino txikiagoak biak, hala eta guztiz ere. Buztana, azeriaren antzera, iletsu iletsu dabe biek.

— Baina izena txarto dauka. Lepoa ez da paparra.

— Hara! Bizkaian lepoa sorbaldari* esaten deutsogu; baina beste euskal eskualdeetan,* berriz, oraino samari* esaten deutsoe horrela. Beraz, lepoa eta sama gauza bera dira.

Baina bihurtu gaitezen geure piztiatxoagana. Bai lepazuria eta bai lepahoria oihanetako* animalietatik bizi dira: erbiak, saguak, ur arratoiak, sugeak, xoriak, xorikumeak, habietako arraultzeak, igelak,* matxinsaltoak* kakarraldoak* eta basafruitu ondo helduak (mazuztak, marrubiak*, basaranak...). Ahal dabenean, gainera, eztia ere jaten dabe, mendiko pago zulatuetan dagozen erleei ohostuz.*

— Bai azkarrak direla! Erleei eztia kentzeko ere!

— Lepahoria eta lepazuria oso bizkorrak dira. Zuhaitzetatik, abarrik abar salto eginez, lurretik bezain arin ibiltzen dira; eta lepahoriak, hain zuzen ere, katagorri* asko harrapatzen ditu zuhaitz gainetan, bertan jateko.

— Eta ez dabe eurek batere areriorik*?

— Bai, bat bakarra: gizona. Lepahoriaren larrua oso fina da, eta, horregatik, andreentzako soingaineko dotoreak egiteko, oso estimatua. Hori dala eta, gure basoetan, Nafarroan batez ere, asko harrapatzen dira tranpaz.

Lepazuria ez da hain estimatua izaten; baina batzuetan oilategi eta usategietara egiten dituan bisita kaltegarriengatik, nabaritu* bezain agudo* hil egiten dabe. Egiten dauan kaltea, baina, ez da horrenbestekoa izaten.

— Ez! Horretan arrazoia dozu —dino halako batetan aitonak, pipa ezpainetatik kenduz. Hemendik ez dogu inoiz holakorik etxeraino etortzen ikusi. Arratoiek, esate batez, askoz ere kalte handiagoa egiten deuskue oilategian, horrek baino. Niri, egia esan, pena ematen deust berau hiltzeak, ez pentsa.

— Orduan, askatu geinke, aitona?

— Bai, hobeto! Doala basora. Gainera gaur, ene urteak izanez, ez dot gura inor triste egoterik; eta horrek ere, mendian, semeak eta eukiko ditu seguru asko. Bai, zabaldu eiozu atea, Martin.

— Hobe izango da arratsean askatzea, iluntzean, ingurutik ehiztaririk* ibiliko ez dan orduan. Gainera, etxeko andreei ere erakutsi behar deutsegu.

— Ederto, osaba. Amari asko gustatuko jako. Eta... zein sasoitan egiten ditue honeek kumeak?

— Sasoi honetan, apirilaren azkenean edo maiatzaren hasieran. Gehienez lauzpabost kume ekartzen ditue mundura; eta habia zuhaitz zulo batetan egiten dabe, basoan ondo gorderik.

— Eta zeintzuk izen ditue erdaraz?

— Lepazuria gaztelaniaz garduña edo fuina deitzen dabe, eta frantsesez, ordea, fouine (= fuin). Lepahoriari gaztelaniaz marta eta frantsesez martre (= martr) esaten deutsoe. Zientzi izenak, aldiz, Martes foina eta Martes martes dira.

— Ederto, oso ederto dago guzti hori, bai horixe! —dinotse aitonak. Baina orain goazen etxera bazkaltzera, ordua da eta.

— Goazen, ba!

TRAUKO

dabe, dute

daikezu, dezakezu

daizun, dezazun

dakusazu, ikusten duzu

daroaz, daroatza (daramatza)

deuskue, deraukute, digute

deust, deraut, dit

deutse, die

deutsegu, diegu

deutsoe, diote

deutsoez, dizkiote

deutsogu (deutsagu), diogu

deutsoz, dizkio

deutsut, derautzut, dizut

dinotse, diotse, esaten die

dinotso, diotsa, esaten dio

eban, zuen

eidazu, iezadazu, ezaidazu

eiguzu, iezaguzu, ezaiguzu

eiozu, iezozu, ezaiozu

eukan, zedudan, zeukan

geinke, genezake

jaken, zitzaien

jako, zaio

neban, nuen


Herrigintzarako bide bila

Maiz* hitz egiten da praxia dela eta ez dela. Askotan, ordea, ez dakit, hitz honekiko kontzeptu garbirik ote dugun. Eta honetaz mintzatzeak, halabeharrez, herrigintzari lotzen gaitio,* praxiak hor baitu bere bizilekua.

Gizonarengan datza,* zernolako praxia hautatzea. Ez dugu gizon guztiok eskuarki* eredu* soil bat—indar eraginkor berbereko bat— izaten gizagintzarako. Bat baino gehiago dira haintzat har daitezkeenak, hastapen* eta jomuga bereziekin guztiak; zeren* eta, errealitatea nork ikusmariatzen duen eta nondik begiratzen den, hala izanen baita ondorenez jokabidea ere.

Besterik gabe, eta laburki bederen,* aipa ditzadan topa daitezkeen hiru praxi mota:

- errepikatzailea

- imitatzailea

- berritzailea

a) Errepikatzaile den batek, denok dakigun bezala, joera kaltegarri batera garamatza. Zeren eta, egingo litzatekeen herrigintza, aspaldidanik obratu zenaren antzekoa izanen baita, hots,* iragan den ziklo batekoa, aldian aldikoari atxikiz* erantzun beharrean. Jadanik* egokitzen ez zaigun giza egoerari erro ustelduak bilatzea da seguruen.

Ba da joera honetarako ohiturarik, euskaldunok tartean garela. Eta jakingarri ere ba da zertxobait honi buruz esatea, kontuan baldin baditugu, egungo planteamoldeen artean aurki daitezkeen kontraesanak. Segur naiz, maizegi ez dugula elkar konprenitu gure modura pentsatzen ez dutenekin, gehienbatetan arrazoiak termino desberdinetan nahasirik kontrajarri bide* direlako.

b) Ezin daiteke aitor, Euskal Herrian, besteak beste, imitatzailearen arauera* jokatzen ez denik. Ezer gutti berririk eta interesgarririk sor lezake ibilbide horrek. Izan ere, bide horretan dabiltzanek beste herrietako giza mugimenduei zilegi* ez den heinean* so* egiten diete, urrats markatuetan berenak utzirik, aurrez urratu* bideari jarraikirik eta beste giza egoera berezi bat duen herria bortxaz eskutik erabiliz. Horrela, herri konkretu horri, zuen nortasun jatorra murrizten diote.

c) Berritzailea ez da berritzaile, berrikerian amiltzearren,* aitzitik* giza beharrek eraginik baizik. Ez da berritzaile arlo batzuen arauera, osorik baino: goi eta behe egiturak aldagai hartzen ditu, arazoetan funtsezko denari azkarrenik helduz. Praxi mota honetan, ideiak, hots, teoriak ekintza hertsiki* besarkatzen du. Gauzak ez doaz burutazio hutsez gidaturik, ez eta, halaber,* materialismoaren edo idealismoaren gurpil* bakarreko organ* sarturik. Aitzitik, gizartearen osagarri diren sail guztiak premia gorrienen arauera baldintzapetuz, baina inoiz ere ez bata bestearen gain jarriz.

JOSE M. ODRIOZOLA

diete, deutsee

diote, deutsoe

ditzadan, daidazan

garamatza, garoaz

lezake, leike

zaigu, jaku, zaiku


Zapaburua. Euskaldun Rh-dunen umore orria

[Binetak]


Zapaburua. Euskaldun Rh-dunen umore orria

Hau duk umorea!

Arabiar merkatari batek turista erosle bati:

— Hara, jauna! Begira nolako pitxar ederrak ditudan.

— Zenbat balio du horrek? —turistak, bat seinalatuz.

— Horrek? Hori oso fina da; kobrerik onenaz moldatutakoa duzu. Eskuz landua, gainera. Zuri, bi mila pezetan utziko nizuke.

— Bi mila pezeta horregatik nik ordain? Burutik zaude gizona. Ehun pezeta emanen nizuke, ez gehiago.

— Ehun pezeta kobrezko pitxar fin horregatik? —ihardetsi* zuen arabiarrak zerura begira. Ai Allah! Zer eginen diogu, ba? Ederki, jauna, zuretzat da.

Gogoetak

• Agure baten ilusioa, ilusiorik ba duela jakitea.

• Politika egiten jakiteko, beharrezko dira bi gauza; bata, hitz egiten badizute, ez entzutea; eta bestea, ixilean badaude, orduan bai, entzun dezakezu.

• Zakur bat ohartu zenean noren lagun hoberena izan behar zuen, bera otso* bihurtu zen.

• Gaur egun ez da gizona, galtzak daramatzan guztia.

• Bekatua odolki bat bezalakoa da: itxura xarrekoa, baina gozoa.

• Kapitalista batentzat kapitala zein da? ...dirua. Sozialista batentzat? ...Marxen liburu bat eta...

XOXOA


Denbora ematekoak

Gurutzegrama (18)


Denbora ematekoak

Hieroglyfikoa


Denbora ematekoak

Euskal salda


Ikas zure hizkuntza

Hiztegia

IMANOL BERRIATUAK

Ale honetan izartto batekin agertzen diren berbak

ABURU, eritzi, uste.

ADOS, konforme.

AGIAN, beharbada, nonbait, seguramente.

AGUDO, laster, arin.

AHANTZ, olvidar. (AHANTZI, ahanztu, ahaztu, olvidado).

AHORRATU, aurreztatu, épargné.

AINA, adina, beste, bezainbat.

AINTZINAGO, aurrerago.

AIPATZEAN, al mencionar. (AIPATZERAKOAN, al ir a mencionar).

AITZITIK, al contrario.

ALABAINA, hala ere.

ALDA, cambiar. (ALDATU, cambiado).

ALDIZ, berriz, ordea, ostera.

ALEGIA, a saber, es decir, esto es.

ALOR, ario, campo.

AMILTZE, precipitarse.

ANITZ, asko.

ARAUERA, arabera, según, conforme.

ARE, hasta, incluso, aún.

AREAGO, oraindik gehiago.

ARERIO, etsai, enemigo, contrario.

ARESTIAN, berriki, oraintsu, aurtemein.

ARIAN ARIAN, astiro astiro, emeki emeki.

ARITU, ari izan, ihardun.

ARKAKUSO, pulga, puce.

ARRAS, guztiz, oso.

ARRETA, ardura, atención, cuidado.

ARRO, cuenca, bassin.

ASKI, nahiko.

AT, kanpo, landa, lekora, fuera.

ATEKA, ate hestua, hestutasun.

ATSOTITZ, refrán.

ATXEKITU, atxiki, adherido, pegado, dependiente.

ATXIKI, atenerse, adherirse, depender.

AUKERA, abagadune, era, ereti, parada, ocasión.

AURRETIAZ, aldez aurretik.

AURREZKI, ahorro, épargné.

AXOLA, ardura.

AXOLATU, arduratu.

AZTARREN, aztarna, arrasto, rastro, vestigio.

BA, bada, pues.

BARAZKI, ortuari, hortaliza.

BARIK, gabe.

BATIK BAT, batez ere, bereziki.

BATZUK, zenbait. (Batzuek aktibo, batzuk pasibo).

BEDEREN, gutienez, behinik behin.

BEHINGOAN, berehala.

BEGIRAKUNE, atención.

BEREGANATZE POLITIKO, política asimilacionista.

BEZERO, cliente.

BIDE, agian, beharbada, nonbait.

BILAKATU, bihurtu.

BILBE, trama.

BORTITZ, azkar, indartsu. (Berba hau latinezko fortis hitzetik dator).

BOZKATU, votado. (BOZKA, votar).

BOZKETA, votación.

BULEGO, oficina, bureau.

BULEGOLARI, oficinista.

DAGOENEKO, honez gero.

DAKUSAGU, ikusten dugu.

DAKUSAGUN, ikus dezagun (daigun).

DASTATU, saboreado, degustado.

DATEKE, da nonbait.

DATZA, yace, está, consiste. (Etzan aditzaren forma).

DAZAGUGU, ezagutzen dugu.

DEUSEZTATZE, destruir, aniquilar.

DIRATEKE, dira nonbait.

DOHAINIK, dohan, doharik, urrurik, gratis.

DOMU, capital de dinero.

EDOZELAN, nolanahi.

EGIN, apostar, parier.

EGITEAN, al hacer. (EGITERAKOAN, al ir a hacer).

EGITURA, estructura.

EGUN, gaur.

EHIZTARI, cazador, chasseur.

EI, omen.

EKIN. Aditz hau intrantsitibo bezala erabiltzen zuten klasikoek. Gaur egun, maizago* usatzen da trantsitibo legez*: ekin zioten. Berdin gertatzen da jarraitu aditzarekin).

EKANDU, acostumbrado, hecho a. (Berba hau asko erabiltzen da Bizkaian. Kanpotar hau herrira ekandu da = este forastero se ha integrado al país).

ERABAT, guztiz, zeharo.

ERAKUNDE, organismo, institución.

ERDIETS, lor, conseguir. (ERDIETSI, lortu, conseguido).

EREDU, modelo.

ERITASUN, gaixotasun.

EROR, caer, tomber. (ERORI, caído, tombé).

ERREMOLATXA, betarraba.

ERRESUMA, reino, royaume. (ERREINU, reinado, règne).

ESEKI, eskegi, colgado, suspendu.

ESKUALDE, comarca.

ESKUARKI, generalmente.

EZKUTU, escondido, oculto, caché.

FUNTS, fondo, fundamento.

GABE, barik, en vez de, au lieu de.

GAINGIROKI, superficialmente.

GAITIO, gaitu norbaiti edo zerbaiti. (Honelako aditz formen kontra egon daiteke inor?).

GANGAR, cresta, crête.

GANTZ, grasa sólida.

GARAMATZATE, garamazkite, garoez, eramaten (eroaten) gaituzte.

GINO, hein, arau.

GISA, modu, era; bezala.

GORABEHERA, a pesar de, malgré.

GORDAILU, gordeleku.

GORTE, corte.

GOZAMEN, usufructo.

GURIN, mantequilla, beurre.

GURPIL, burpil, rueda, roue.

HALABER, igualmente, así mismo.

HABAKIN, carnicero, boucher.

HARTZEKE, hartu gabe.

HASTAPEN, principio.

HAUK, honeek. (Hauek aktibo, hauk pasibo).

HEDATZE, zabaltze.

HEIN, grado, medida.

HERTSI, hetsi, hitxi.

HERTSIKI, hestuki.

HEZETASUN, humedad, humidité.

HEZIERA, educación.

HILDO, surco, sillon.

HOIK, horik, horreek. (Hoiek aktibo, hoik pasibo).

HONANTZA, honantz, honuntz(a), honat, hunat.

HORIK, hoik, horreek. (Horiek aktibo, horik pasibo).

HOTS, a saber, es decir, esto es.

HURA, ha.

IDAZKARI, secretario.

IGEL, rana, grenouille.

IGORRI, bidali, bidaldu.

IHARDETSI, erantzun.

ILE, ule.

IKERTU, aztertu, arakatu.

INGURUÁK, Hitz honek azentua darama, singularrean dagoela adierazteko.

IRITXI, heldu, ailegatu.

IRIXTE, heltze, ailegatze.

IRTEN, urten, atera, jalgi.

ITAUNDU, galdetu.

ITZEL, enorme, espantoso. (ITZAL, sombra, ombre).

IZEBA, izeko.

JADANIK, ya.

JARRERA, postura, actitud.

JASAN, aguantar, soportar.

JAZOTZE, gertatze.

JITE, índole, genio.

KABUZ, buruz. (Berba hau latinezko caput hitzetik dator).

KAKARRALDO, escarabajo, scarabée.

KATAGORRI, ardilla, écureuil.

KOIPE, grasa derretida, graisse fondue.

KOLKA, clueca, couveuse.

KONTSIDERO, kontsiderazio.

LANTURU, lamento.

LAR, larregi, gehiegi, sobera.

LEGEZ, lez, bezala.

LEHIATU, afanado, empeñado, porfiado, zélé, appliqué.

LEIHATILA, ventanilla, guichet.

LEKUKO, testigu.

LOR, erdiets, lograr, conseguir (LORTU, erdietsi, logrado, conseguido).

MAIZ, sarri

MAMURTU, masticado, reflexionado, mâché, réfléchi.

MARIGORRI, coccinela.

MARRUBI, mailuki, fresa, fraise.

MATXINSALTO, saltamontes, sauterelle.

MENDEBALDE, mendebal alde, occidente.

MENTURA, aventura.

MINTZO IZAN, mintzatu, berba egin.

MOLDATU, moldatutako, moldaturiko, moldaturikako.

MUSKARIA, Tutera, Tudela.

NABARI, evidente, notorio, patente.

NABARITZE, notar, percibir, sentir.

OHIZKO, habitual.

OHOSTU, lapurtu, ebatsi.

OIHAN, baso.

OIHUZTATU, oihukatu, dicho con voz fuerte.

OMEN, ei.

ORATU, heldu, agarrado. (ORHATU, amasado, forjado).

ORDEZKATZE, sustituir, suplantar.

ORGA, gurdi, burdi, carro.

ORO HAR, en conjunto.

OROIGARRI, oroikarri. (Ene ustez, hobe litzateke euskara batuan oroikarri erabiltzea. Oroit + garri = oroikarri; gogait + gara = baikara; eta abar eta abar).

OROZKO, Bizkaiko herria.

OSA, completar, perfeccionar, (OSATU, completado, perfeccionado).

OSTERA, ordea, berriz, aldiz.

OSTERANTZEKO, distinto, diferente, diverso.

OTSO, lobo, loup.

PANPINA, muñeco, poupée.

PATIN, pozo artesiano, cisterna.

PIKOTA, picota (antiguo instrumento de suplicio).

PIKOTARA JOAN, ir al traste, ir a la nada.

PORROKATU, despedazado, desmenuzado, émietté.

SAMA, cuello, cou.

SEN, juicio, estado normal.

SOBERA, gehiegi, larregi.

SO DAGIO, so egiten dio, begiratzen dio (deutso).

SO EGITE, begiratze, behatze.

SORBALDA, hombro, épaule.

SORO, solo.

TANKERA, estilo.

TXATXUKERIA, frivolidad, fatuidad.

UDAL, municipio.

UKAN, izan (Ukan aktibo, izan pasibo).

URRA, rasgar, desgarrar, déchirer. (URRATU, rasgado, déchiré).

URRATU, urratutako, urraturiko, urraturikako.

URTARRIL, enero, janvier.

USU, maiz, sarri.

UZTA, cosecha, récolte.

XARMANT, zoragarri.

XIMELETA, mariposa, papillon.

XUME, humilde, sencillo.

ZARATEKE, zara nonbait.

ZAURTU, zauritu. (Hala erabiltzen dute klasikoek).

ZELAN, nola.

ZEREN (ETA), ze, pues.

ZILEGI, lícito.


Irakaskintza

Physikazko lehen euskal liburua

Artikulu honetan, physikazko lehen euskal liburua aztertu gura nuke. Ene eritziz, gure aurretik egin diren lanetan oinharritu behar ditugu geure pausoak; eta horregatik, ondo etorriko zaiku liburu hau aztertzea. Era honetara, liburuaren alderdi onak eta xarrak ikusiko ditugu, eta argiago ikusiko dugu nolako bideetatik abia gaitezkeen.

Liburuaren izenburua PISIA da, eta egilearen izena Gabirel Jauregi. Liburua 1935. urtean argitaratu zen, eta haren orrialdeetan zehar Physika Jenerala aztertzen da. Gainera, sarrera gisa,* egilearen hiztegi tekhnikoari buruzko eritziak azaltzen dira.

Sarrera elkar hizketaren tankeran* dago egina. Ikasle berria eta Pisia mintzatzen dira, eta zati batean honela diotsate elkarri:

— Orduan, euk asmau dok emen esaten doan guztia?

— Ez, gizona. Nire aurretik beste askok be gauza oneik esan joezak; baina euskeraz neu nok etorriko diranen anai nagusia.

 Ikusten dugunez, Jauregik, lehen euskal physika idazlea deneko kontzientzia du. Kontzientzia hau ukanik, bide berri bat urratu behar duela ikusten du, eta sarreran bertan hau diosku:

«Euskeldunei euskeraz idazteko gatxen etorten jakuna, auxe dok: gauza guztiak esateko itz zarrik ez eukitea, eta dagozan guztiak ez jakitea. Baña itxaron apur baten. Aldi gitxi barru, gure gaztediak erdera baño euskera obeto irakurri, idatzi ta itz egingo jok; eta orduan ikusiko dok, euskel itz barriak atonduten ibilli gareanon aintza norañokoa izango dan. Eta egun ori laster jatorkuk.

Gazteak nai izatea baño eztok bear; eta gaztediak gura jok:

Laster dator eguna;

sorkaldetik agiri da

argi gozo biguna:

bere aurrean bildurtuta,

igesi doa illuna.

Nire okerrak, nire ostean datorzenak zuzenduko joezak».

Jauregiren nahia ez da oraindik bete, baina haren izena behintzat aipatua izanen da gure denborotan.

Hala ere, hark esaten duen bezala, okerrak zuzentzen saiatuko gara. Euskal egiturak* ikusirik, asko ikasi beharko genuke Jauregirengan. Baina hiztegia ikusirik, ene eritziz, bestelakoa da kontua.

Azter dezagun, erabiltzen duen hiztegia. Ehuneko laurogei eta hamabost bat hitz, hark asmatuak. Baina hitz hauetan multzo bi egin genitzake:

a) hitz batzuek hizkuntzaren jite* eta bizitzarekin bat egiten dute, eta horregatik behingoan* ulertzeko modukoak dira, eta, beraz, erabilgarriak. Adibidez:

aldakaitz

aldakor

igurtzi

gogortasun

b) beste hitz batzuk, zoritxarrez gehienak, egilearen asmaketa hutsak dira, batere zehaztasun zientifikorik ez dutenak.

Beraz, baztergarriak. Adibidez:

igikunizti = mekhanika

izti = zientzia

beroki = kaloria

buzkin = motore

tximispide = elektrodo

tximist-salakin = elektroskopio

Honelako hitzak erabiltzen dituenez gero, ulergaitza da liburua. Beharbada, sasoi hartan liburu hori Euskal Herri osoan erabilia izan balitz, gaur egun Herriak bereganaturik ukanen zituzkeen hitz horik.* Hainbat kausarengatik, ordea, gaur egun ez ditugu hitz horik erabiltzen.

Gaurko egoera

Liburu honetan jarraitzen den bidea ikusirik, aurrera joan baino lehenago, gaur egungo egoera aztertuko dugu. Jauregi lar* optimista agertzen zaiku sarreran, zeren* oraindik euskal gazteriak hobeto erabiltzen baitu erdara euskara baino, eta oraino hura aurkitu zen puntuan aurkitzen garelako.

Ez ote da galdetu behar, gai garen ala ez, Jauregik egin nahi zuen hiztegia egiteko? Ene eritziz, ez gara gai horretarako. Eta gehiago esanen dut: Inongo hizkuntza ez da gai, berak bakarrik hiztegi tekhniko osoa sortzeko. Hizkuntzen arteko harremanak geroago eta handiagoak dira; eta harreman hauetan, elkarren kutsua hartzen dute hizkuntzek. Hizkuntza bateko zientzigizonek ezin ditzakete zientzia guztietan pauso aurreratuenak eman; eta zehaztasun zientifikoak beste hizkuntzetako berbak hartzera bortxatzen ditu.

Gaur egun, goi mailako bideetan abiatzeko, hiruzpalau hizkuntza erabili behar dituzte zientzigizonek. Hizkuntza hauen artean, desberdintasun bi nabaritzen* dira: batetik egitura desberdinak eta bestetik hitzen phonetika desberdina. Hala ere, berdintasun batera jotzen da: hitzen orthographiaren batasunera.

Joera hau ikusirik, bide berbera aipatuko dut, gure kasuan erabiltzeko: Sar gaitezen hizkuntza modernoen dynamikan. Gorde ditzagun geure egituratze eta hitzen phonetika bereziak; baina gorde dezagun ere hitz tekhnikoen orthographia ia unibertsala.

Ondorioak

Jauregik hartu zuen bidean, lehen eratara moldatu* hitzak erabiliko nituzke, baina bigarrenak baztertuko. Hauen ordez hitz tekhniko ia unibertsalak erabiliko nituzke, orthographia zainduz.

Era honetara eginez, ez dugu oztopo gehiegirik ukanen, edozein gai tekhniko euskaraz erabiltzeko. Eta hauxe da, ene ustez, jarraitu behar den bidea.

J. R. ETXEBARRIA

diosku, dinosku, esaten digu

diotsate, dinotsoe, esaten diote

ditzagun, daiguzan

ditzakete, daikeez

genitzake, geinkez

jaku, zaiku, zaigu

jatorkuk (diatorkiguk), datorkigu

joezak (zitiate), dituzte

jok (zik), du

zaiku, jaku, zaigu

zituzkeen, eukezan