ANAITASUNA

254. zenb.

1973.eko apirilaren 30ekoa

Pelota, 4 - 1.º - Bilbao-5

Tel. 23 74 49 - Apart. 495


ANAITASUNA Bizkaia

Hamabosterokoa.

Zuzendari ordezko: Imanol Berriatua.

Idazkari: Josu Torre.

Bulegoa: Pelota, 4-1.º - Bilbao-5.

Imprimatzaile: AMADO, Mazarredo 35 - Bilbao-10.

Moldatzaile: RALI, Particular de Costa 12-14, 3.º - Bilbao-10.

XX. urtea.

D.L.: BI-1.753 - 1967.


Ez zara hil, Picasso!

Irudi eta koloreen ehizari,* pintatzeari, utzi badiozu ere, ez zara hil, Picasso! Bizirik dirauzu eta iraunen duzu artegintzaren erresuma* argitsuan.

Erraldoi* antzera, 91 urteren gaindegi horretara heldu eta zeure begi zorrotz horik* hertsi* dituzun uneon, nork neur* dezake, zeure 200.000 lanetan zehar isuri duzun jeinutasun guzti hori?

Azken aldietako artegintzak, zurekiko duen zor kalkulagaitza doluminetan aitortzen dizun bitartean, Michelangelo eta Leonardorekin batera, margoen zeruan betirako sarrerazi nahi zaituzten bitartean, utz iezaguzu euskaldunoi ere geure zorra aitor diezazugun bederen.*

Gure kondairako egun beltz haietan, saminkide nola agertu zintzaizkigun, gure zorigaitza mundu osoaren aurrean nola oihukatu zenuen ez dugu inoiz ahanztuko.

Zure esku artegak* gogortu dira, zure begi zoliak itzali dira, baina zeure irudi oinazetuetatik deihadarka segitzen duzu, mundu zaharraren salatari eta berriaren profeta.

Hel bekizu gure euskaldun hitz laburra esker onaren agergarri; eta jakizu, ba duzula leku bat atseden hartzeko gure hildakoen ondoan.

Egun handira arte, Paulo!

X. MENDIGUREN


Errotariaren errotarria

«Illa onen 15-an jaia bat ospakogu...»

Nik eta Euskal Herriko jende gehienok makina bat honelako irakurri dugu, Eta nik eta Euskal Herriko jende gehienok hainbat umore txar bildu dugu; honelako edo antzerako fraseak ikusirik. Hemen gure artean, hain demokratikoak izanik, dena da libre, antza.

Bitartean, beste asko hor dabiltza diskutitzen: euskara batua honela egin behar dela, bestelako aditz forma batzuk onhartu behar direla, eta abar. Burrukak, eztabaidak, erabakiak (hartu eta bete ez) eta beste mila honelako darabilagu, jende askoren barregarri eta geure buruen kaltegarri. Hala ere, gaur ez naiz honetaz mintzatuko, euskaraz agertzen diren zenbait paperez eta abarrez baizik, esate baterako, herri jaietarako argitaratzen diren programez.

Gaiari loturik, hau esango nuke: dirudienez, euskal munduan, ortografiarik elementalena eta Euskaltzaindiaren arauak martzianoentzat eta haien jarraitzaileentzat direla.

Segur nago, oso lotsagarri izanen litzatekeela inprimeria batentzat, hurrengo hau inprimatzea: «Segidamente tendran okasion deber un hespektaqulo eszezional». Holakorik eginez gero, inprimeria gaixoa! Jende guztien barregarri eta enpresaren hondamendi, hegal guztietatik «anathema sit» franko jasan* beharrean aurkituko litzateke. Baina euskal letretan ez baita honela gertatzen, mundu espezial batetan bizi garela pentsatzen dut.

Gure artean, edozeinek munta dezake programa bat, edozelan.* «Aterako direz programak beren egunean», «haurren heuren leiaketan egiten duten pintxurak» eta honelakoak nonnahi irakur daitezke. (Adibide hauk,* nolabait batasunaren aztarrenak* erakusten dituen programa batetik jaso ditudala esan behar dut). Euskaltzaindiaren arauak bost axola* zaizkie, praktikan behintzat. Liburu eta aldizkari erreakzionarioenek betetzen dituzten arauak ere ez dira betetzen: «r» gangardunaz* idatzirik ere ikusi dugu.

Ez naiz honetaz luzatuko, gauza nabaria* baita.

Ez ote da beharrezko, egoera honi konponbide bat bilatzen hastea? Ez dakit, konponbiderik izango denentz; baina nik hau proposatuko nuke: Euskaltzaindiak idatz diezela inprimatzaileei, batez ere euskal programak, propaganda paperak eta antzerakoak ateratzen saiatzen direnei, bere erabakiak onhar ditzatela eskatuz («aginduz» idaztera joan nahiz, baina geure egoera barregarriaz oroitu naiz). Edo, bestela, inprimatzaileok, Euskaltzaindiaren irakasle titulua lortu duten edo euskaltzain diren zenbait jendegana jo dezatela. Posible balitz, bonek ere alfabetatze bidea jorratuko luke. Jende askok euskaraz irakurtzen duen bakarttoa, xehetasun hauk dira; eta berau ere oker eskaintzen badiegu...

NATXI

dezatela, daiela

diegu, deutsegu

diezela, deioela, dezaiela

ditzatela, daiezala

zaizkie, jakez


Haurrentzako irakurgaiak

Irakurgaien urritasuna ikusirik, eta ikastolako eta ikastolatik kanpoko haurren beharrei begira, irakasle talde batek lan horri heldu dio.

Irakurgai hauk* apiriletik hasi dira argia ikusten. Gai errazak eta haurrentzako interesgarriak erabiliko dituzte; gainera, haurren marrazkiz horniturik joango dira.

Oraingoz, hiru sorta aterako dira:

- KUKURRUKU sorta, 6-7 urteko haurrentzat.

- XANTXANGORRI sorta, 7-8-9 urtekoentzat.

- ABEREAK sorta, 7-8-9 urtekoentzat.

Honekin, haurren liburutegi bati eman nahi diogu hasiera. Horretarako, idazle eta gaien ugaritasuna behar da.

Nonbait irakurria dut, erdaraz 2.500 bat titulu argitaratu zirela ihaz edo orain bi urte. Oso urruti gabiltza. Gutti izateaz gainera, beste akats bat ere izaten dute, euskaraz argitaratzen diren apurrek: gehien gehienak erdaratik euskarara itzuliak direla. Ez ote dago gure artean hainbesterainoko imajinaziorik?

irakurgai hauk ateratzeko, CINSA Bilboko editorialaren laguntza izan dugu: 200.000 pezeta aurreratu dizkigu. Eskerrak bertotik.

TOMAS ELORTZA


Euskaltzaindiko Prensa Bulegoaren* Agiria

Apirilaren 6 eta 7an Euskaltzaindiak bilkura bereziak antolatu ditu, aditz batuaren lana aurrera eramateko. Aditz batzordeko jaunek eta euskaltzain osoek parte hartu dute bilkura hoietan. Ihazko uztailean* egindako jardunen segida izan dira oraingo hauek. Haiek Arantzazun, hauek berriz Bilbon, Euskaltzaindiaren etxean, egin dira.

Bilkura hauen ondorioa izan da, aditz laguntzaile guztiari, zuketako forman, buru eman zaiola. Beraz, urrats* handi bat egin da batasunerako bidean. Onarturik izan diren aditz formak, euskaltzain oso guztiei (Bilbora etorri direnei eta etortzerik izan ez dutenei) bidaliko zaizkie, oharrak egiteko epe bat emanez. Ohar hoiek jaso eta aztertu ondoren, aditz honen birrespena (ratifikazioa) eskatuko zaio Euskaltzaindiari.

Birrespen hori iritxi* bezain laster, Euskaltzaindiak berak egingo du aditz honen argitaratze ofiziala.


Ikastola

Ikastolako aldizkaria galbidean

«Ez da, ez, dena kaltezko izan» esan beharko litzateke guztiaren ondotik, edo, hobe, guztiaren gainetik. Segidan kontatuko dut gertatua.

Hara! Ikastoletako irakasleok ba dugu (ba genuen) aldizkari sastar bat bizpahiru urte honetan. Haur baten antzera, lehen urratsak* emanik zituen eta xutik bezain azkarki ibiltzen hasia zen. Hazbidean barna zihoan; baina egun doilor* batetan, ekaitz bolada zen egun horietako batetan, izaki* xumearen* ezinaz eta eguraldi itsusi hartaz baliaturik, galbidera bortxatu zuten gaiztagin baten hatzaparrek.

Kanpoko gaiztaginen beldurretan beti, eta etxe barnean izanki,* alafede!

Ba da zenbait istorio* triste, gisa* honetan gertaturik, bazterretan; eta horrelatsu izan da gure aldizkariarena ere. Zertarako jarrai? Gainera, atzera gehiegi begira egoteak ez du batere merezi, non eta gure aldetik izan zitekeen errua xuxentzeko ez izanik.

Gauzak horrela, leiho berri bat ireki zaigu ustekabean hiru hilabeteren ondotik; zeren* hazileko* hilabetean baitzen delako egin doilorra. Orain leiho berria ireki dugu, bai. ANAITASUNA kazeta honek bere orrialdeak eskaini dizkigu irakasleoi eta halaber* irakasleok onhartu, ikastolentzat sar litekeen aire sanoa guztiontzat osasungarri izanen delakoan. Esan gabe doa, oztopoak oztopo, lehengo leihoa ere ez dela arrunt* hertsirik.*

Horra, beste gabe, haurra ekaitzaren menpe gogorretik, oraingoz bederen,* salbatua! Ez dugu uste, gerora ere ekaitzik jasan* beharko ez duenik; biziaren legea da. Baina, tira! leiho irekitze honek arnasa berria dakarkioke,* eta beraz, bere historiaren bigarren parteko urratsak fermuki eman ahal izanen ditu.

Asmo eta xedeak

Nolanahi delarik ere, besterik dugu orain arazoa: zinez* interesgarri diren gaiak xehatuz, orrialde hau herriari eskaintzea. Egokiera on bat presentatu zaigu, eta horrexek bultzatu gaitu bereziki ANAITASUNArekiko harremanetara. Sei mila harpidedun ANAITASUNA kazetak; laurehun zituen gure aldizkariak. Hurbiltzekorik* ere, garbiro dago.

Baina ez da dena puntu horretan. Ba da diferentzia gehiagorik ere, baldin eta biak elkarrekin gonbaratzen jarrai* bagintez. Kazetak, edozer gai delarik ere, laburki eta bixiki erabiltzea eskatzen du, eta idazmolde aproposa du, aldizkariak (gure aldizkariak) berea duen bezalaxe.

Aldizkariak, aitzitik,* sakonkiago joka lezake eta jokatu behar du, irakasle arteko aldizkari bat izan nahi badu batik* bat: hots,* gauza teknikoagoa behar duela izan.

Hauxe da, xinpleki esanik, puntu honetan ukan* dugun gakoa,* eta irakasleok, geure artean erabakia hartu aurretik, behin eta berriro eztabaidatu duguna.

Gaiak, funtsean,* berdinak edo berdintsuak izan daitezke bietan: Euskara-Pedagogia-Psikologiak elkarrekin osatzen duten mundu horretan ibiliko garela, alegia.* Ba da hor, noski, gaur egun, non jorraturik, zer azterturik, zertan argi egin edo bilaturik. Hitz batetan, heziketaren arloa dadukagu begien aurrean; eta, zernolabait, aipaturiko hiru sail horietara besoak hedatzen* dituen arloa da izan.

Gaiak xehatzen direlarik, jakintza mailako artikuluak atera daitezke adibidez, edo eritzi eta kriterioak lantzen diren herrietako tirabira eta gertakarien informazio zehatza, edo eta han hemenka bilduriko berri labur eta albiste* jakingarriak.

Irakasleen aldetik, hamar-hamabiko multzo batek osatzen du «aldizkariaren talde arduraduna» delakoa; eta hau izango da ikastolei buruzko orrialde bakoitzaren antolatzaile ANAITASUNA kazetan ere.

Gisa honetan, bada, abiatzen gara; eta, bide eginez aurrera goazen heinean,* bide berriak aurkituko ditugula uste dugu.

BARKAIZTEGI


Ikastola

Ikastolako berriak

Ikastola liburuen banatzaile

Aspaldi honetan liburuen arazoa, hein* batetan bederen,* konpontzen hasia da gure ikastoletan. Garbiro ikusi dugu, ez dela aski* liburuak idaztea, inprimatzea edo argitaratzea, baldin eta gero saltzen ez badira, edo saltzeko bideak ez badira egiten.

Memento honetan, salketari buruz genuen gakorik* nagusiena. Salketari erritmo bat ezarri behar zitzaion, liburuak argitaratu arau* saltzeko. Bestela, ez zen aurrera jotzea posible.

Gure ustez, arazoa konponbidean ipini da. Jaka anaiek hartu dute beren gain gure liburuen salketaren zama.* Ez da dudarik, ikastolen konfidantza ongi irabazia duen jendea dela. Beraz, nonnahi dabiltzalarik ere, abegi on bat opa diegu presentatzen diren leku guztietan.

Lau liburuxka berri

Nork ez du ezagutzen «Lehen-irudi, Lehen-hitzak» delako sorta? Liburuxka egokiak benetan, haurrek irakurketa-idazketa hastapenak* egin ditzaten. Liburuxkekin batera, kaxa bat darama bakoitzak, hizki* eta irudizko fitxez beterik. Gainera, diapositibak.

Material ona, biziro egokia, nola irakasleentzat hala gurasoentzat. Metodo tradizional orotatik* at,* bide berrietan barna datorkigu. Are* gehiago esango genuke: euskaraz irakasteko ere aproposa dela, ez bakarrik ttipien mailarako, haur helduagoentzat ere bai. Adibidez, zortzi-hamar urte edo gehiago duten haurrak ezin daitezke gramatika hotzaren bidez euskara ikasten has.* Guztiz lan alferra edo halatsu dela ba daki honetan ari denak. Gisa* honetako metodoren bat behar litzateke. Ttipien mailan behinik behin ez dugu dudarik egiten. Behar genuen, eta... ba dugu.

Hamasei liburuxkak osatzen du sorta. Lehendabiziko laurak lehen eman ziren argitara: Pertsonak, Etxea, Janaria eta Jantzia. Beste lau orain: Lorategia, Dendak, Landa eta Ipuinak. Azken ukitu eta xuxenketak eginik dira jadanik,* eta egun asko baino lehen eskuetan izanen ditugu.

Batzordeko Lehendakari

Aspaldi batetan ikastola eta euskararen alde nafar lurretan hainbat lan eginiko gizona dugu J. Cortes Izal. Eta esan dezagun ere, aspaldidanik isilpean eta aski* erretiraturik zegoela. Orain, Iruineko San Fermin ikastolan Batzordeko Lehendakari egin dutela jakin berri dugu. Gure zorionik jatorrenak berari!

Lehen ba zuen gaztetasuna, lanerako grina eta eginkizun horretarako behar den irekitasuna. Gauzak asko aldatu dira urte guttitan nonnahi, eta... Iruinean ez gutiago. Argia eta zintzoa denez, jabetuko ahal da horretaz!

«Mikelar» ikastola berria

Urteotan mila gorabehera izan den herria, Lazkano.* Zer esanik ez ikastolaren arloan: goitik, behetik, ipar- nahiz hegoaldetik ukan* du oztopoa ugari. Baina azkenik, behinik behin, urratu du herriak bere bidea, eta nortasunaren ezagugarri on bat eman: erro errotik ikastola berria eraiki du. «Mikelar» du izena.

Ikastola dotorea eta bipila* dela diote ikusirik dutenek. Lazkanotarrek berek hala uste dute; baina ez hainbat, egituraz etxemolde egokia delako, baizik eta batez ere jendeak hauzo lanean parte hartuz altxatu duelako. Egun, albistea* soilki eman baino ez dugu egiten. Aipatuko dugu luzaro eta xehetasunez geroko batetan.

X. X.

darama, daroa

dezagun, daigun

diegu, deutsegu

diote, dinoe

ditzaten, daiezan

dizkigu, deuskuz

lezake, leike

zaigu, jaku

zihoan, joian, joaten zen

zitekeen, eitekean

zitzaion, jakon


Ateak nola?

ANAITASUNA errebistaren Zuzendari jauna:

Neure jaun ez-ezaguna:

Zure ordezko den (hala irakurtzen dut errebista horren ale bakoitzean) Aita Imanol Berriatuaren bitartez, karta hau bidaltzeko ohorea dadukat. Karta honen arrazoia, ene azken liburua den LAU TEATRO ARESTIAR delakoaren kontra-azalean erraten* dena da: errebista horretarako ateak hertsi* zaizkidala. Ohar hori ez dut nik egina, ene editorearen bizkar jar ahal bailiteke; baina, hala ere, nik ere suskribatzen dut bertan errandakoa, «Anaitasuna-ko ateak hertsi bide* zaizkidala», (eta kontura zaitez, hor bide guztiz egoki bat ezartzen dela).

Egia da inoiz ez zaidala erran, ezin eskriba dezakedala zuen orri-aldeetan. Baina, erretolika handiko andre baserritarraren antzean, eman egin zait aditzera: «Ez diotsut hemendik joan zaitezela, baina atea hor duzu».

Zeren zuen errebista horretan egin zaidana bezalako zentsura bezalakorik ez baitu orain artean egundo neure lumaren zorroztasunak ezagutu. Artikulu ongi landuak, poesia koadratuak, atzera bota zaizkit; eta, gainera, ez zait batere arrazoi funtsezkorik* eman, zergatik ez ziren argitaratzen. Ortografiaz eta morfolojiaz aldatu zaizkit neure eskribuak, neure gainean besteek sufritzen ez zuten diskriminazio izugarri bat eginez; hitzak ere aldatu zaizkit, neure solasaren erran-nahia horrela aldatuz.

Egoera horren aurrean kontuak eskatu nizkien Berriatua eta Quintana jaunei, eta erantzuna pronto etorri zitzaidan: Errebistaren ideolojiaren kontrako zer-erranik ez nuela erran behar. Orduan hau eskatu nuen: erran zekidala, ea zein gai ukitu behar ez nituen, eta zein uki ahal nitzakeen. Ez nengoela ni batere konforme zentsurarekin; eskritoreari mintzatzeko libertatea ukatzen baldin bazitzaion, hobe zuela eskritoreak, klasikoen hiztegiak taxutzea edo pinpilipausak* kolekzionatzea. Baina nola niri zorian* tokatu baitzait, eskritore izateaz gainera, euskal-eskritorea izatea, zentsuraren joko hura* ametitu behar nuela, euskararen amorez behintzat, baina aldez aurretik jakin behar nuela lehen errandakoa: joko horren erregelak zein diren. Eta ez zitzaizkidan eman; eskriba nezala, eta eskribuaren gainean, kasu konkretu bakoitzean, emanen zitzaidala ezetzpena nahiz baietzpena.

Honi deitzen ez bazaio ateak herstea, zeri deituko diozu? Atea zabalik egonen da; baina bertatik ene gorputz haragitsua iragan dadin, meharregia* da, ez naiz hortik kabitzen. Edo, bestela, atea zabalik utzi duzue, baina ata-aitzinean ata-zakur hortz-handi bat ezarri duzue, zentsura diskriminatorio baten zakur amorratua; eta, nik, jauna, neure ipur-mamiak entero gorde nahi ditut, ez dut nahi ezein* zakurren dostailu edo atxeki-gailu* izan daitezen.

Hau erran dut: Zuen ateak hertsi BIDE zaizkidala. Karta honen medioz, neure erran horretatik itzuli nahi naiz atzera. Beraz, karta hau argitara dezazuela eskatu nahi natzaizue zuen errebistan, eta beroni erantzun egoki bat eman diezadazuela, egiazki zentsura ofizialaren eta eklesiastikoaren gainetik zentsura gogorrago bat dagoen zuen errebistan, eta zentsura horren artaziek* zein diren ebakitzen dituzten materialak, nik honela neure eskribuak orientazio finko batetan gerta ahal ditzadan. Neure eskaria betatzen baldin badidazue, esker-onez kunpliturik aitortuko dizuet: ZUEN ATEAK ZABALIK DITUT. Bestela, neure errandakoari BIDE egoki hura kendu beharko diot.

Zure erranetara gelditzen naiz,

GABRIEL ARESTI

 ZUZENDARITZAREN ERANTZUNA: Harrigarri iruditu zaigu, zinez esanik, Arestik eskutitz honetan dioskuna, hots, beste inon ez duela eduki, ANAITASUNAk egin omen dion bezalako zentsura gogorrik.

Egia da, ANAITASUNAk zenbait artikulu ez dizkiola onhartu Arestiri, beste inori onhartuko ez zizkiokeen arrazoi berberagatik. Horietako batzuk, irakurlearen argibiderako, LUR editorialak argitaratu ditu aurten bere «Euskal Literatura 73» izeneko liburuan.

Ortografiaz eta idazteko moduaz aldatu zaiona, berari adierazi ondoren egin da, irakurleek hobeki uler zezaten.

ANAITASUNAren ideologiaz ari denez gero, hortxe ukan du Arestik, 1972.eko otsailaren* 29an ANAITASUNAk argitaratu zuen Manifestua.


Neure lantokitik

Unibertsitariak urduri

Bilboko Unibertsitatetik lau ikasle jaurtiki dituzte, eta, honen ondorioz, zuzendaritza eta ikasleen artean zegoen tirabira gogortu egin da.

Infrastrukturaren faltaz

Euskal Herria, batez ere Bizkaian eta Gipuzkoan, aitzinamenduaren* mugara heldu da. Dadukagun infrastruktura (komunikabideen aldetik bereziki) handitzen ez bada, aurreramenduaren itobeharra sortuko da. Egia esan, sortu da jadanik* Bilbo inguruko toki industrializatuetan. Adibide bezala, Burtzeina aipatuko dut.

Gizartearen sostengua ekonomia izanik, erraz ulertzen da nolako garrantzia duen infrastruktura egoki bat ahal den arinen antolatzeak.

Bartzelonako ganbara

Bartzelonako Merkatalgo* Ganbara liburuxka oso interesgarriak argitaratzen hasi da. Eskuartean dut Indonesiaz egin duena; eta laster zabalduko du beste bat Filipinas uharteetaz.*

Argitalpen hauk* nazioarteko merkatalgoa hedatzeko* eginak dira, eta, ene ustez, euskal esportatzaileentzat oso interesgarriak.

Eskatzekotan, hau da zuzenbidea: Cámara de Comercio. Primo de Rivera, 11. Barcelona-2. Prezioak: lndonesia 90 pezeta, eta Filipinas 75. Jasordainduz* bidaltzen dituzte.

Indonesia

Euskal esportatzaileak Indonesiako merkatuaren garrantziaz jabetu daitezen, hona hemen lurralde horri buruzko zehaztasun batzuk.

Indonesia gaur Estatu libre bat da. Hiru mila uharte ditu eta 1.650.000 kilometro koadratu. Hainbat urtetan holandesen menpean egon da; eta oraindik ere nabaritzen* da haien influentzia, nahiz eta indonesiarrek lehengo dominatzaileen aztarrenak* kendu nahi. Adibidez, Indonesiako kultura eta historia ezagutzeko, beharrezkoa da holandes hizkuntzan argitaraturiko milaka liburu aztertzea.

Baina luze-zabalean Indonesia handia bada, bizilagunen aldetik ez da txantxetakoa, 80 milioi ditu eta. Hiriburua Yakarta da, Java uhartean, bere hiru milioi bizilagunekin.

Ekonomia

Telegrama antzean emango ditugu jakingarri batzuk:

- Langileen soldatak oso behean daude. Adibidez, Hong Kong-eko langileek lau bider gehiago irabazten dute.

- Analfabetismoa handia da: % 53.

- Lanik gabe dauden langileak % 33 dira.

- Absentismoa lantegietan handia da.

- Bideak oso txarrak eta eskasak dira.

- Industria hastapenetan dago. Adibidez, zementugintzan, 1971. urtean, 543.700 tonelada atera ziren. Oihalgintzan, urte berean, 650 milioi metro.

- Goragoko maila batetan, hau da, lan sakonago bat eskatzen duten zeretan, tresna zatien muntaketa hutsa egiten da: josteko makinak 32.600 urtean, irrati aparatuak 311.900, telebista aparatuak 5.600.

Nazioarteko merkatalgoa

Esportazioak: Petrolioa (541 milioi dolar 1971. urtean), zura* (168 milioi), kautxoa (223), eztainua (60), kafea (55), palmondo olioa (51), tea (28), eta abar.

Inportazioak: Janariak (182 milioi), kimika produktuak (175), papera (29), oihalgaiak (154), makinaria (196), auto eta bizikletak (153), eta abar.

Japon eta Amerikako Estatu Batuak dira, Indonesiako merkatalgoa ia monopolizaturik dutenak. Indonesiak uxatu nahi du monopolio hori; eta hortik dator euskal esportatzaileentzat, merkatu honek duen garrantzia.

Beraz, ea Eibartarrok (eta Eibartar ez zaretenok) bide berriak zabaltzen dituzuen euskal produktuentzat!

Informazio hobeago bat gura izatekotan, hona hemen Indonesiako merkatalgoaz arduratzen direnen bulegoaren* zuzenbidea:

GINSI

Importers Association of Indonesia

1, Djalan Madjapahit

YAKARTA (Indonesia)

Kartak ingelesez idatz.

Picasso

Orain urtebete inguru, euskal artista eta idazleek omenaldi bat egin nahi genion Picassori, eta, bide batez, «Guernica» koadroa Euskal Herrira etor zedin eskatu. Baina gure asmo horiek ez zuten aurrera joateko posibilitaterik eduki, baimen ofizialen faltaz.

Orain, zenbait kazetalari haserre jarri dira, Picassok bere bildumako koadroak, El Prado-ko museoari eskaini beharrean, Louvre-koari ematea erabaki zuelako. Baina kazetalari horik,* ez dira konturatzen, Picassok egin duena, azken finean, justizia hutsa izan dela: babesa eta beroa eman zion nazioari, bere eskerrona erakustea.

XABIER GEREÑO

dadukagu, daukagu

genion, geuntson

zedin, eiten

zion, eutson


Gure Munduko Albisteak

Liburu berriak

Anuario del Seminario de Filología Vasca «Julio de Urquijo» V (1971)

Julio Urkijoren izeneko Euskal Philologi Mintegiko urtekaria azkenean argitara azaldu da, atzeraturik bada ere; ale honetan, hain zuzen ere, Don Julioren ehunurtebetetzea ospatzeko.

Beste artikulu askoren artean, L Villasante, L Michelena eta M. Lecuona jaunek egindakoek merezi dukete* aipamena, nork bere erara Urkijoren euskal nortasuna darabilala. Bai eta, P. Uzkizuri esker, liburu berean publikatzen da Tresora hirur lenguaietakua: frantzesa, española eta heskuara, lehen aldiz 1620. urtean agerturiko obraren euskal zatia, duen merkatal* hiztegiagatik zinez* interesgarria.

Noiz ukanen* ditugu era berean argitaraturik eta salgai XVII. mendeko autore guztien lanak? Gure «euskal» editorialek dute honetan hitza.

Eskatzeko: Anuario del Seminario de Filología Vasca «Julio de Urquijo» V (1971), Ed. Diput. Prov. S. Sebastián, 1973.

«Muga beroak», Juan Mari Lekuonak, GEROn

«Etor» editoriala, gutun* baten bidez E. Aierberen salakuntzak erabat* faltsuak zirela deklaratu ondoren, berriro ere argitaratze lanari ekin zaio, atzeraturik zeduzkan zenbait obra agerteraziz. Beraren programman dakusagunez,* liburu mordo ederra du publikagai; baina arazo interesgarri honetaz hurrengo batez mintzatuko gara.

Juan Mari Lekuonaren liburu hau (lehena, oker ez bagaude), idazleak bere bizitzan zehar edukiriko eragin ezberdinen ondorioa da, poema bakoitzak, egin zen garaiko tankera* eta euskara agertuz. Nolakotasunari bagakizkio,* zirarra* sortzen duten liburu horietako bat dela esan dezakegu, lirismo nabariaz.* Lehen mailako poeta baten aurrean gaude, noski.

Hitzaurrea, oso argigarria, Xabier Letek egin dio, eta azal eta barreneko irudi bortitzak* Edorta Kortadik.

Eskatzeko: LEKUONA, Juan Mari: Muga beroak; Gero, Ed. El Mensajero, Bilbo, 1973.

Nafarroa lau urtaroetan

Jadanik* William Shakespearek bere komedia batetan esana zigun: Navarre shall be the wonder of the world (= Nafarroa munduko miraria izanen da). Baina oraino inori dudarik gelditzen bazitzaion, hortxe dago Julio eta Pio Caro Baroja anaiek, Nafarroako Diputazioaren diru laguntasunaz, oraintsu agertu diguten filme ederra Nafarroa lau urtaroetan.

III. Euskal Anthropologi Astean, apirilaren 5 eta 6an, Bilboko Actualidades zineman obra hori ikusteko parada* ukan genuen, bai eta zeharo gustaturik gelditu ere. Filmeak, funtsean,* Nafarroako ethnographia erakusteko egina izan arren, ba ditu, horregatik, hainbat zati dokumentu hutsak ez direnak, konposatze eta arte ongi zaindu batez moldatuak.

Gaia, izenak berak dioenez, Nafarroako bizimodu tradizionala da, lau urtaroetan zehar filmatua. Gure begien aurrean hainbat lanketa modu —batzuk, oraindik egiten zekiten zahar batzuek birpiztuak—, ohitura, dantza, erromeria eta jai ezezagun agertu ziren, bai eta kolore zoragarrizko alderdi naturalak ere. Alde nabaria* dago, gure ustez, bere jatorrizko. euskal nortasuna gorde duen Ipar Nafarroatik, berea galduta, inoren jokamoldeez ari den Hegoaldeko Nafarroara. Hemen iraun duen ezagugarri nagusienetako bat, hots,* erlijioa, modu ia fanatiko eta irrazional batez azaltzen zitzaigun filmean. Benetan kontsideragarri.

Filme hau gaztelaniaz azaldua da, baina euskarazko elkarrizketa eta kanta ugariz hornituta dator. Agian* zati batzuetan euskara gutiegi, deritzogunez, zeren,* bere ofizioaren teknikak euskaraz ikasi dituen errementari bati, beraik* erdipurdiko erdara batez esaneraztea oso egoki ez baita, ez eta ethnologi alde soiletik ere. Dena dela, giza lan guztietan egoten diren akatsok gorabehera,* oso bikaina iruditu zitzaigun filmea.

Dakigunez, Nafarroako Diputazioak eragin duen filme hau, erresuma* zaharreko herri eta eskola guztietan erakutsiko da. Lan polita eta beharrezkoa, halafede, nafar agintariek herri nortasunaren alde egiten dihardutena. Filmearen kostua milioi erdikoa izan omen da. Hainbeste ote, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako beste diputazioek —milioi erdi bana gastaturik— beste horrenbeste egin ez diezaguten? Pirinio Atlantikoetako prefekturak ez, baina agian Errioxako Diputazioak aurrea hartuko die.

Besteak datozen artean, gure zorionak nafarrei eta Caro Baroja anaia biei.

Aditzaren batasuna

Bilbon, apirilaren 6 eta 7an, Euskaltzaindiko aditz batzordeko lankideek hiru bilera egin zituzten, euskal aditza batzeko. Bilera hauetan, estudio askoren ondorenez eta euskalkien izpiritu eta aberastasun guztiak ondo kontuan harturik, akordio anaikor batera heldu zen, ondorioz, guztiok itxaroten* genuen aditz laguntzaileen batasuna lortuz.

Dantzugunez,* izan, ukan, edin eta ezan aditz laguntzaileen formak azkenean batu izan dira, datibo ethikodun adizkiak (hitanozkoak) izan ezik. Pauso garrantzizko bat denik ezin uka, beraz. Euskaltzaindiak bere onespena eman zion proposamendu horri, eta bere gain hartu zuen aditz forma horik* ofizialki publikatzea. Berronespena,* berriz, maiatzaren azken egunetako bileran eginen omen zaie.

Hurrengo urratsak,* dakigunez, hitanozko formak eta aditz synthetikoak batzea izanen dira. Zain gaude, ba.

Bizkaian esne gehiegi omen dago

Lurlangintzarako ordezkari probintzialak esan duenez, esnegintza haundiegia dago Bizkaian; baina horregatik esnefabrikek litro bat ere utzi gabe bildu omen dute baserrietan.

Funtsik* gabekoa omen da, jaun berberak adierazi duenez, hygiene dela eta, Bizkaiko esnefabriken kontra ari den propaganda xarreko kanpaina. Hauk* ere konfirmatu gabeko zurrumurruak izan arren, marmarka ibili da aspaldion gure artean, esne nahasi eta kutsatua saltzeagatik multa eder bana jasoa zutela Bizkaiko esnezentral biek.

Zurrumurrua gabe,* egia biribila dena, aldiz, hauxe da; zentral horiek harakinei* koipe* eta gantz* pila ederrak erosten zizkietela; eta, dazagugunez,* ez dute hor xaboirik egiten. Esne xar gehiegi, nonbait.

Madrilen separatistak ote?

Apirilaren 7an Madrileko YA egunkariak bere lehen horrialdean* Aupa Euzkadi! bitxi bat zekarren. Irakurleak esaldi hori zertara zetorren ez dakielakoan, aipatu* artikulu hori, Eurovisión-era presentatzeko zegoen Mocedades bilbotar kantari taldeari animo ematekoa zela argituko dugu. Nork esanen zukeen: non eta Madrilen horrelako oihuak botatzen! T.O.P.koak hor atzetik ebiliko dira nonbait. Izan ere, ez da gutiagorako.

Federiko Krutwig jauna berriz ezkondu da

Federiko Krutwig Sagredo jaun euskaltzain osoa, aurtengo martxoaren 31 an, Agnes Caers andrearekin —Lovainako eta Parisko Unibertsitateko irakaslea berau— ezkondu egin da Lovainan.

Gauza ezaguna denez, Krutwig jauna bere lehen emazteagandik dibortziaturik zegoen aspaldian. Beren bizitze berri honetan zoriona opa* diegu.

Katalan hizkuntza eta literaturaren III. Batzarrea Cambridge-n

Londresko BBCek elkarrizketa harrigarri bat agertu zuen apirilaren erdian Cambridge-ko Unibertsitateak Katalan hizkuntza eta literaturaz eratu duen III. Batzarrea dela eta. Hartan ingeles gazte batzuk katalanez mintzatzen azaldu ziren, eta, irratilari katalanaren. eritziz, edozein bartzelonar bezain ongi gainera.

Ingalaterran apirilaren 9tik 14erarte egin zen III. Batzarre hau, Antoni Badia i Margarit jaunaren zuzendaritzapean zegoen. Cambridge, bestalde, ezaguna da katalan munduan, bertako katalan kathedra dela eta.

Gure ustez, 7 milioi pertsonak eguneroko bizitzan darabilaten hizkuntza batek are* harrera gehiago eduki beharko luke, honelako kultur saioei dagokien.ez, bertoko informabideetan, ez baita batere dotorea, bertoko prentsak eta irratiek mutu dirauten artean, BBCetik katalanez entzutea.

Vuelta al País Vasco-aren nortasunik eza

Aratz-ek aurreko ANAITASUNAn ba zioskun, Euskal Herrian, hizkuntz bitasuna gabe, diglossia genuela nagusi. Eta arrazoia zuen. Euskara ez da oraino kanpora irteten. Inork honetaz dudarik balu, hortxe dago, urrunago joan gabe, La Vuelta al País Vasco delako zyklismo norgehiagoketa. Espainiakoari Vuelta, Frantziakoari Tour, Italiakoari Giro, Kataluniakoari Volta esan arren, ba dirudi eratzaileen burutik ez dela pasatu Euskal Herrian ba dagoela gaztelaniaz beste hizkuntzarik.

 La Vuelta al País Vasco gabe, Euskal Herritiko Ingurua ezin jar zitekeen? «Vuelta» esateko ezin erabil zezaketen jaun eratzaile horiek Inguru, Inguratze edo horrelako zerbait, katalanen La Volta bezala, berez nongoa zen adieraz lezakeen izenen bat?

Noski, «El Inguru al País Vasco» lekarkete egunkariek; baina hori «Vuelta» baino hobea litzatekeelakoan nago, bertoko tankera emanen bailioke.

Udako unibertsital ikastaroa

Deustuko Unibertsitateko ikasle batzuek eraturik eta euskal unibertsitalgoari begira, uztailean* uda ikastaro bat egonen da euskaraz, Philosophia eta Letrak, Zuzenbidea, Ekonomia, Sozial Zientziak, Biologi zientziak, Musika eta Arte Ederrak gaitzat harturik. Udako unibertsital ikastaro hau hamabost egunetako bi txandatan banaturik egonen da, txanda bakoitzak hamar edo hamabi eskolegun* dituela. Eskolak goizean izanen dira, eta 50 minututako iraupena edukiko dute.

Ikastaro honen xedea* gure unibertsitariei euskararen bidez kultur formazio bat eskaintzea da, dugun euskal unibertsitaterik eza —nolabait, oso oso nolabait— arintzeko.

Argitasun gehiagorako: U.I.U. Deustuko Unibertsitatea, Ap.1, Bilbo.

Unamuno maisutzat

«Auñamendi» editorialak gutun* bat zabaldu berri du, propaganda gisa,* Euskaltzaindiak —J. M. Satrustegiren lanari esker— publikatu duen euskal izendegi ofiziala banatuz. Eskertzekoa, duda gabe, editorial horrek euskal izen jatorren alde egiten duen ahalegina.

Liburuxka horrekin batera, berriz, Unamunoren artikulu bat dator, editorial horrek prezezki* inprima erazia, eta gaztelaniaz H letra gaizki erabiltzen dutenen kontra moldatua. Gauza kuriosoa: Miguel de Unamunok, erdal aldizkarietan zehar nozik behin agertzen diren zenbait kazetalariren antzera, gaztelaniatik H letra kendu beharko litzatekeela dio; baina horietako inork ez du bere exenplu propioaz predikatu.

Gauza bitxiagoa, ordea, Gaztelara begira dauden euskaltzale horien kasua. Erdal Herrian H-ak kendu nahi dituztela?..... guk ere bai! Gaztelaniaz ph, th, kh ez dagoela?..... euskaraz ere ez orduan! Erdaraz hauxe edo horixe erabakitzen dutela?..... guk ere gauza berbera! Hauxe bai dela inoren burutik pentsatzea. Eta zer esanen dugu, azkenik, euskararen heriotza lehen bai lehen nahi zuen bilbotar horren eritzia hauzi honetan legetzat dakartenengatik?

Ez gaude —ezin egon gaitezke— konforme Don Miguelen kriterio gaztelanizale eta xobinistaz. Euskarak berez daduzkan hotsak gordetzen ahalegindu behar dugula uste dugu, T-ak, zein M-ak, zein H-ak izan, inguruko erdarei kasurik egiteke.* Kultur bidetik heltzen zaizkigun nazioarteko hitz grekoak direnean, berriz, aleman, frantses edo ingeles hizkuntzen bideari hobe deritzogu —internazionalagoa baita— gaztelaniarenari baino. Honetaz, azken bolada* honetan ba dakusagu,* hauxe dela, hain zuzen ere, gero eta euskal unibertsitari gazte gehiagok hautatzen dutena: hitzak grekotik zuzen hartzea. Agian hauxe dateke* euskal belaunaldi* ikasi gazteak hizkuntza idatziari ezarriko dion beste ezagugarri bat.

Ingelesez mythology, ethnology, psychology, physics, geography eta philosophy, frantsesez eta alemanez Mythologie, Ethnologie, Psychologie, physique (Physik), Geographie eta Philosophie darabiltzate. Eta gaztelaniaz mitología, etnología, sicología, física, geografía eta filosofía direlako, euskaraz, mythologia, ethnologia, psykhologia, physika, geographia eta philosophia gabe, erdaraz bezala (mitolojia, jeografia eta holakorik ez denean!) idatz dezagun nahi ote dute halakoek? Utikan* erdaltzaleok! Ba dugu euskaldunok geure bidea hautatzeko garaia.

Picasso, bizi zaitugu

Horixe da, euskaldunok zuregatik esan dezakegun bakarra. Zure obra —besterena ere dena— ikusteko, euskaldun begirik dagoen artean ezingo da esan Picasso hil denik.

Gernika hor dago, tragedia baten adierazpen iraunkorra. «Zeren* iruditzen zait ezen* oraino bizi zarela, begien aitzinean* zaitudala...»

ARMENDARITZ

daude, dagoz

dezagun, daigun

dezakegu, daikegu

die, deutse

diegu, deutsegu

diezaguten, deiskuen

digute, deliskue

gaude, gagoz

lezake, leike

lioke, leuskio

zaie, jake

zaio, jako

zait, jat

zaizkigu, jakuz

zeduzkan, eukazan, zeuzkan

zekiten, ekien

zigun, euskun

zioskun, inoskun, esaten zigun

zitzaigun, jakun

zitzaion, jakon

zizkieten, eutseezan


Bertsolaritza

Pedro Ortuzar "Iturri" bertsolaria

Orain urte batzuk hainbat urtetan Euskal Akademiak prestatu zituen bertsolari txapelketen berri duenak —eta ez dira guti kasu horretan daudenak— ba daki Iturri bertsolaria nor den. Mungian hiru aldiz hartu zuen parte txapelketetan; baina aurreneko mailara iritxi* ez arren, ezaguna zen Bizkaiko zenbait plazatan bere ateraldi zorrotz eta egokiengatik.

Geroztik txapelketak egiteari utzi egin zitzaion, aldez aurretik jantziak urratzen zituztenen eta berauen inguruko batzuen erruz; eta harez gero gauzak gaizki joan dira. Orain ez du inork jantzirik urratzen. Debekuak ere izan dira, Bizkaian ere bai; eta ezin kantatu izan da, nahi izan den moduan. Beste alderdi batetik, kantariak ere sortu dira; eta, gauza berdina ez baldin bada ere, bertsolariek zenbait kasutan aztarnarik* asko utzi dute hauen artean. Ez, ordoa, behar litzatekeen beste, zoritxarrez.

Orain ahalegin guztiak egin beharko dira, jarrai dadin lehen bultzatua. Orduan milaka asko eta asko mugitu zituen pertsonatan. Orain beste horrenbeste gertatuko al da? Ikusi egin behar. Ohiturak urtetik urtera aldatzen ari zaizkigu. Nola txerta* berriengan bertsolaritza? Horra hor galdera. Erantzun bat eman behar zaio datozen urteetan, eta erantzun euskalduna, gainera.

Iturriri lagunduz egin nahi den bertsolari saiorako baimenak eskuratuak ditu Euskal Akademiak, nahi genduen moduan zeharo izan ez baldin bada ere. Honek bide bat irekitzen digu; eta alferrik galtzea pena izango litzateke. Apurka apurka bidea zabalagoa egiten saiatu beharko dugu, gainera.

Saioa Gernikako frontoian izango da maiatzaren 13an, goizeko hamaika ta erdietan. Parte hartuko dutenak hauk dira: Arregi eta Mugartegi Berritukoak, Lizaso, Agirre, Lazkano eta Gorrotxategi gipuzkoarrak, eta Madariaga eta Arozamena nafarrak. Puntuak nik neuk jarriko dizkiet, artikulu hau firmatzen dudan honek.

Iturri, gehienok dakizuenez, elberritua gelditu zen, lanean ari zela; eta harez gero, medikuen artean ibili ondoren, bere bizitze osorako ezindua gelditu da, eta txirringadun aulki batean ibiltzen da.

Honen etxera agertu gara —Muxikan bizi da— ene emaztea eta biok, eta ikatzezko erretratu bat egiten hasi natzaio. Artikulu honekin batera ikus dezakezuna da. Bide batez galdera batzuk egin dizkiot.

— Ze izen dau zure baserriak?

— Iturriaga.

— Baiña zuok zelan deitzen deutsazue bertoko euskeran?

Iturrijja.

— Zelan esaten dozu «mano» euskeraz?

— Eskue.

— Ze urtetan jaio ziñan?

— 1933. urteko aprillaren 25ean.

— Noz asi ziñan bertsoak kantetan?

— Amabost urte baiño lentxoago Enbeitagaz eta.

— Nor? Balentin?

— Bai, bera. Gerekiz-en, Morgako partean egin neban lenengoz. San Esteban jaia zan. Geroago zuok egin zenduezan txapelketetan iru aldiz artu neban parte. Txapeldunak Ormaetxe, Lopategi eta Ajuria izan ziran orduan.

— Zeinbat seme-alaba dozuz?

— Neska bat eta mutil bi.

— Noz izan zan zure alde egin zan jaialdia?

— 1971. urteko urriaren 30ean, Gernikako frontoian. Arri jasotzailleak, dantzariak eta pultsolariak artu eben parte, baiña bertsolariak ezin izan eben.

— Ia ba oraingoan bertsolariak bakarrik egiten daben, legezkoa dan moduan.

Berriketaren ondoren, magnetofotik bertsoak entzun ditugu. Igaz urriaren 12an Markinan bazkalondoan bertsolari batzarrean botatakoak. Gureak ere han agertu dira.

Eta besterik gabe, agur egin diegu etxeko guztiei.

ALFONSO IRIGOYEN

dabe, dute

deutsazue, diozue

diegu, deutsegu

digu, deusku

dizkiet, deutsedaz

dizkiot, deutsadaz

eben, zuten

natzaio, natxako

neban, nuen

zaio, jako

zaizkigu, jakuz

zenduezan, zenituzten

zitzaion, jakon


Ezagut zeure herria (41)

Gipuzkoa. 4. Politika erakunde zaharrena (II)

Alkatetza nagusiak

Alkatetza nagusiak «distrito municipal» bezala jotzen ditu Gorosabelek. Haien jatorria ez dakigu noizkoa den. Dena dela, Probintziaren ordenantza nagusietan, alkatetza nagusiak 1375. urtean agertzen dira.

Saiatz

Saiatz izenarekin ezagutzen zen haietako batek, Bidania, Goiaz, Beizama, Errezil eta Aia herriak hartzen zituen hasiera batean, eta gero Albiztur ere bai.

Alkatetza nagusi honek ba du batasun bat. Probintziaren saihets bat dirudi. Hortik ote izena? Diogunez, ba du batasun bat, Aia bazterreragotxo badago ere. Honetaz besteek ba dute erdian herri eder bat: Bidania. Ez dakigu, Bidania eta Goiaz elkartu zirenean, nola ezarri zieten bi herrioi Bidagoian izen aldrebesa. Gaurko gizarte beharrizanek eraginik, Saiatz osatzen duten herriek —Aiak egiten ez badu ere, besteek— udal* alderdi berri bat egin beharko dute, jendez urritzen baitoaz eta gaurko burokrazi ugaritasun eta beharrizanek berritzapen hori eskatzen baitute.

Aiztondo

Asteasu buru zelarik, Larraul, Sorabilla eta Urnietaren Lasarteko alderdia hartzen zuen alkatetza nagusi honek.

Areria

Alkatetza nagusi hau hurrengo herri eta herrixkekin osatzen zen: Lazkano, Olaberria, Itxaso, Arriaran, Gabiria, Ezkioga, Zumarraga, Ormaiztegi, Astigarreta eta Gudugarreta.

Beraz, gaurko Goiherriaren zati handi bat hartzen zuen, nahiz eta batasun gehiegirik eduki ez. Beharbada, lehenago, Nafarroako erresumaren* garaietan, alkatetza hau handigoa zen, 1027. urtean Iruineko apezpikutegiak idatzitako antolakizun dokumentu batean agertzen denez. Gaurko Goiherri osoa guti gorabehera hartuko zukeen? Ez dakigu.

Batasunak

Probintziako Batzar Nagusietara elkartuta joateko, eskualde* txiki bateko herritxoek osatzen zituzten batasunei, «uniones» deitzen zitzaien. Gaurko eskualde neurrietara heltzen ez baziren ere, beharrezko da batasun hauk* aipatzea, Gipuzkoako geografia historikoa jakiteko komenigarri baita.

Batasun horik* ez ziren beti berdinak. Izan ere, herri bat gaur batasun batean bazegoen, bihar beste batean aurkitzen zen. Horregatik, herriak birritan aipatuta ikusiko dituzu behin baino gehiagotan.

Hauk ziren batasunak:

 Ainsuberreluz: Alkitza, Anoeta eta Hernialde.

 Aizpurua: Alegia, Ikaztegieta, Orendain eta Altzo. Alegia zen batasunaren hiriburua.

 Andatzabea: Zizurkil, Orio eta Usurbil.

 Artamalastegi: Idiazabal, Mutiloa eta Zerain.

 Bozue Nagusia: Amezketa, Abaltzisketa, Baliarrain eta Altzo.

 Olabide: Ibarra eta Belauntza.

 Oriau: Altzaga, Arama, Gaintza, Isasondo eta Zaldibia. Aramako elizpea zuten batzar leku.

 Argisano: Zumarraga, Ezkioga eta Gabiria.

 Atazalbea: Ataun, Zaldibia eta Beasain (ATAunZALdibiaBEAsain). Hemen ikusten den bezala, izen hau gaurko Benelux delakoaren antzera sortu zuten: moda zaharra, noski.

 Irimo: Antzuola eta Urretxua.

 Zegama: Zegama, Zerain, Mutiloa, Ormaiztegi, Astigarreta eta Gudugarreta.

 San Esteban: Ormaiztegi, Astigarreta, Gudugarreta, Zerain eta Mutiloa.

 Villafranca: Ordizia, Beasain, Zaldibia, Arama eta Ataun.

 Legazpia: Legazpia eta Zerain.

 Zubiberria: Amasa, Anoeta eta Zizurkil.

Partzuergoak

Araba eta Gipuzkoako herri batzuek ba zuten, eta oraindik ere batzuek ba dute partzuergoan basoen jabetasuna eta gozamena.* Ez goaz, hemen partzuergo guztiak aipatzera. Bat bakarrik aipatuko dugu, Bozuekoa, honek, eskualde jabetasun komun batez gainera, eskualde nortasun eta geografi batasun bat ere zuelako.

Bozueko partzuergoak herri hauk hartzen zituen: Amezketa, Abaltzisketa, Orendain, Ikaztegieta, Baliarrain, Ordizia, Altzaga, Arama, Ataun, Beasain, Gaintza, Isasondo, Lazkano, Legorreta eta Zaldibia.

J. L. LIZUNDIA

zieten, eutseen

zitzaien, jaken


Bertsolariak Gernikan

 Eguna: Maiatzaren 13an, goizeko 11 t'erdietan.

 Tokia: Gernikako frontoia.

 Parte hartzen dutenak: Arregi, Mugartegi, Lizaso, Agirre, Lazkano, Gorrotxategi, Madariaga eta Arozamena, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroakoak.

 Puntu jartzaile: Alfonso Irigoyen.

 Prezioa: 75 pezeta.

 Sarrerak non saltzen diren: Gernikako Bar Juanjo, telefonoa 851032; Euskaltzaindia, Ribera 6 (Bilbo), telefonoa 212745, eta Gernikako frontoian.

 Zergatik egiten den: Pedro Ortuzar «Iturri» bertsolari elberrituari diru laguntasuna eskaintzeko eta bide batez bertsolari saio gehiago egin ahal izan ditzagun bideak urratzeko asmoz.

AZKEN ORDUKO OHARRA: Oraintsu jakin dugunez, Gernikako frontoiko obrak, uste zen baino atzeratuago dabiltza; eta horregatik ez dakigu oraindik segur, egun horretan egin ahal izango den. Hala gertatuko balitz, garaiz jakin eraziko genizueke noiz egin daitekeen.


Ekonomia

Nazioarteko diru erakundea (1914-1939)

Aurrekoan esan genuenez, bai liberalismoa eta bai urre patroia, Bretainia Haundiak bere inperioa hedatzeko* erabili zituen tresna batzuk izan ziren. Lehen Gerrate ostean,* ordea, gauzek ez dute berean irauten.

Alde batetik, USA kapitalismoaren gidaritza hartzen hasi zen, eta haren inguruan sortutako polarizazioa areagotu* egin zen. Bretainia Haundia, aldiz,* motelduz zihoan. Ikus, bestela, manufaktur produkzioari dagozkion datuak (mundu guztikoarekin konparatuz):

 1870 1919

Bretainia Haundia % 31,8 % 12,5

USA % 23,3 % 39

Gainera, Londresko City ez zen aurrerantzean munduko finantza plaza bakarra izanen. New York etorriko zen laster, eta Paris geroxeago. Adio aintzinako finantza monopolioa, adio aintzinako super-erresuma baten zentralizazioa!

Beste alde batetik begiratuz ere, aipatutakoa dakusagu.* Inbertsioak honela mugitu ziren, eta bai mugitu ere!

 $ milioiak

 1974 1919

I. USAk kanpoan inbertitua 3.500 7.000

II. Kanpokoek USAn inbertitua 7.200 3.300

(I-II) Batez beste (USAren partetik) -3.700 +3.700

Baina nagusigo hau ez zen egun batean finkatu. Bretainia Haundiaren errenditzea prozeso luze bat izan zen; eta tartean ibili ziren, gainera, Alemania, Japon eta beste zenbait Estatu.

Tirabira ugari sortu zen. Baina ez zioten espezializazioari heldu (nazioarteko lan. banaketak eskatzen duen. legez*). Burruka ez zen «norgehiagoketa leial» batean oinharritu, baizik eta ia Estatu denek gero eta gehiago jo zuten protekzionismora. Mugak hertsi* egin ziren, edo, behinik behin, zaildu haien sarrerak. Salerosketak asko urritu ziren.

Eta pentsa dezagun: super-Estaturik ez bada, liberalismorik ez bada, (prezioen gorakada eta urrearen eskasia kontatzeke*) nola funtzionatuko urre patroiak?

USA izan zen, gerra denboran eta ondoren eskuratutako urre piloarekin, urre patroiarekin iraun ahal izan zuen Estatu bakarra.

Soluzio bat bilatzeko ahaleginik ez zen falta. Adibidez, 1922.ean Estatu gehienetako mandatariak Genovan bildu ziren. Hemendikan atera zen urre patroiaren ordezko sistema: Urre Ganbio Patroia. Honekin, paper eta banku dirua, urrearekin ezezik, dolar eta librarekin ere babestuko da; eta bi dibisa indartsu hoiekin salerosketak aurrera* eramateko behar den diru likidatasuna sortuko da. Baina, oraingoz, sistema honek ez du aurrerabiderik izapen. Oraingoz, Urre Ganbio Patroiaren kontua paper errea da.

Bretainia Haundia —lehengo inperioaren ametsa berpiztu nahirik edo— 1925.ean urre patroira itzuli zen, baina alferrik, zeren* bere ekonomiaren ahulezia* areagotu* besterik ez baitzuen egin (orain izan zen «greba* nagusia», alokairuak* anitz* jaitsi ziren eta).

Azkenik, 1929.eko Krakada ekonomikoak lur jota utzi zuen hain zutabe* kaskarretan oinharritutako etxea.

Krisiaz geroztik, nazioarteko elkar laguntzaren aztarrenik* ere ez zegoen. Krisia, lan gabezia (batez beste % 28!!) Estatu bakoitzak besteei esportatu nahi izan zuen.

Salerosketa eta beste ekonomi harremanik zegoenik ere esaterik ez dago. Orain eremu* ekonomikoak daude, eta bakoitzean diru klase bat da nagusi: honela libraren eremua, dolarrarena, aleman markoarena, eta abar.

Gerra bitarteko azken urteetan, Estatu boteretsuak bi talde edo multzotan banatzen dira. Alemania, Japon eta Italiak faxista taldea osatuko dute, eta ez kasualitatez, baizik eta beren egoera sozio-ekonomikoaren eraginez. (Beren industria teknika aurreratu batean finkatuta dadukate. Lur zabalera ttipikoak dira eta lehen gaietan txiroak.* Pagamenduen balantzea zorduna dute hirurek; eta batez ere urrea falta zaie, diru erakunde ezarekin zerbait erosteko derrigorrezkoa den sasoi honetan).

Beste taldea USA, Bretainia Haundia eta Frantziak osatzen dute. Hoiek dadukate urre guztia. Horregatik, bigarren gerrari «urrearena» deitu izan zaio. USA izanen da honen benetako garailea.

JOSETXO EZPELETA


Euskal Herriko piztiak

Katamuturluzea (8)

Eta gaur Arantzazura. Izan ere, leku guti dago Euskal Herrian Oinatiko bazter hori bezain zoragarririk. Bertan aita frantziskotarrek komentu ederra dabe, Oteitza eskultorearen irudi ikusgarriekin, arantze* moduko dorre luze apainez hornitua. Ha* bai toki egokia gorputz eta arimaren bakerako. Hara joan dira, bai, Enekoren etxeko guztiak; eta, bideari tipi-tapa jarraituz, Urbiaraino heldu dira, bertatik Haizkorriko harkaitz biluzi zuriak ikusteko. Hantxe bazkaldu eta, arratsaldean, hotzitu* baino lehen, berriro itzuli dira Arantzazurantz, automobila utzi eben lekura.

Komentu ondora heltzean baina, Bilborako bidea egiten hasi baino lehen, Goiko Bentara sartu dira, hango tabernan freskagarri batzuk edateko asmoz. Bertako ormetan* inguruko basapiztien larru asko agertzen dira, bai eta animalia disekatu ugari ere, eguzkilore* haundi biribilen artean. Piztia haietako batek, buztan luze zuri beltz eta larru* nabardunak, Enekoren begiradak erakarri ditu; eta, hobe* ez, ha zer pizti mota ote dan osabari galdetu deutso behingoan.*

— Honi katamuturluzea deritzo —dinotso Martinek. Hauxe da, Erdi Haroan, katua ezagutu baino lehenago, etxeetan egoten zan abere sagu-harrapatzailea. Orain, berriz, zeharo menditarra bihurtu jaku; baina ez da, hala eta guztiz ere, oso gaiztoa. Ikaraturik egoten danean, buztana kirimilatzen* dau, suge bat bailitzan,* eta xilioka hasten da; baina ez dau horregatik haginka egiten, eskua gainean ezarri ezik.

— Oso luzea izaten da, osaba?

— Metro erdikoa izaten da luzeran; eta buztanak ia ia beste horrenbeste dauka: gorputzak beste* ia. Kolorea, dakusazunez,* grisa edo gaztaina izaten da, puntu beltz askorekin. Buztana, beti beltza, erhaztun zuriz hornitua, basakatuarenaren gisakoa,* baina meheagoa eta luzeagoa.

— Eta zer jaten dau katamuturluzeak, ba*?

— Bere moduko piztiek jaten dabena: erbiak, arratoiak, saguak, xorikumeak, sugeak eta basafruitu ondo heldu eta gozoak. Gehienetan gauez ibiltzen da ehizan,* egunsenti eta arratsetan bizkor egonez. Egunean lo egiten dau, bere habian gordeta. Habia zuhaitzen zuloetan edo haitz artean egiten dabe. Katamuturluzeak ez dauka bista onegirik, baina bai usaimen zoli zolia; horregatik jatekoaren bila usnaz* joaten da atzetik, txakurren antzera, beti ixilka-mixilka ibiliz.

— Zer izen dau katamuturluzeak erdaraz, osaba?

— Espainolez gineta eta frantsesez genette (= jenet). Nazioarteko izena, aldiz, Genetta genetta.

— Kumeak zein sasoitan egiten ditue?

— Maiatzean edo ekainean,* eta hiruzpalau izaten dira gehienetan.

— Euskal Herrian ugariak ote dira katamuturluzeak, osaba?

— Hara! Bizkaian eta Gipuzkoan ez, baina Araban eta Nafarroan oraindik ugari xamar dira.

— Eta orain ez da inon erabiltzen katu gisa*?

— Hemen ez, baina Afrikako iparraldean bai; berbereek aberetzat darabile, etxeko saguak eta arratoiak jan daizan. Ba dago gainera beste gauza bat, oraindik kontatu ez deutsudana animalia honetaz. Katamuturluzeak, bere familiako beste animaliek bezala, ipurdi aldean, uzkiaren ondoan, poltsatto bat dauka, gurintxa* bat, usain handiko gai bat dariona. Gai horri euskaraz «musketa» esaten jako; eta hortik lurrin* karuak egiten ditue perfumistek, andreen apainketan erabiltzeko. Euskal Herriko katamuturluzeak musketa* gutti dauka. Baina ba dago Asian zibetha izeneko katamuturluze haundittoago bat, gai hori ugari ematen dauana; eta horregatik kaioletan hazten dabe bertan, musketa ateratzeko.

Era berean, katamuturluzearen familiakoa dozu mangosta, Indiako suge kobrak hiltzen dituan piztiatto adoretsua.

TRAUKO

dabe, dute

daizan, ditzan

darabile, darabilate, darabilte

deutso, dio

deutsut, dizut

dinotso, diotsa, esaten dio

eben, zuten

jako, zaio

jaku, zaigu


Euskal estudioei buruzko nazioarteko mintzaldiak

Bordeleko* Unibertsitatean, maiatzaren 3tik 5era, «Euskal estudioei buruzko nazioarteko mintzaldi» batzuk eginen dira, Etienne Dravasa, Jean Haritschelhar, Alfonso Irigoien, René Lafon eta Luis Mitxelena irakasleen zuzendaritzapean. Jaun hauez gainera, Pierre Lafitte, J. M. Satrustegi, Miguel Artola, Vincent Garmendia, Gregorio Monreal, Mr. Goihenetche, Pablo Fernández eta Jesús Arpal-Poblador-ek hartuko dute parte Bordeleko hitzaldi hauetan.


Unibertsitalgoa

Anthropologi eta arkheologi mintegi berri bat Deustuan

1971-1972.eko ikastaroan, Deustuko Philosophia eta Letretako Fakultateak eraturik, Historiako espezialitatearen barruan, lehen aldiz Arkheologia erakutsi izan zen, Juan Maria Apellaniz jauna irakasle zelarik.

Ikastaldien jarraipen praktiko bat legez,* joan zen uztailean* Galdamizko* Arenaza haitzuloan arkheologi azterketak hasi ziren, Dirección General de Bellas Artes delakoari esker eta J. M. Apellaniz eta J. Altuna paleontologo famatuaren zuzendaritzapean.

Deustuko, Bizkaiko «Seminario Diocesano» eta Madrileko ikasle talde bat, lan egin eta ikasteko, bertara joan zen. Ikasleen artean sortutako gogoaren fruitu bezala, Historiako azken urtea egiten ari diren lau gaztek arkheologi arloan aurkitu dituzte beren lizentziaturetako tesina gaiak.

Euskal Herriko historiaurrea* aztertzeko aukeratutako aztarnategiak* hauk izan dira: Bizkaian, Atxeta (Forua), Bolinkoba (Abadiño) eta Lumentxa (Lekeitio); Araban, «el montico de Txarratu». Aldiari dagokionez, Bizkaiko aztarnategietan Magdaleine aldia aztertuko dugu, eta Arabakoan, aldiz, Mesolithos delakoa. Erabili ditugun arkheologi gaiak Bizkaiko Histori Museoan eta Arabako Museo Probintzialean daude.

Beste aldetik, ikastaro honetan Historiako espezialitatean ematen den Anthropologia Kultural deritzan asignatura ere Apellaniz jaunak erakutsi ukan* du. Irakasle honek irakasten zuen, hain zuzen ere, asignatura berberau Zientzia Sozialetako eta Theologiako fakultateetan ere. Bi zientzi mota hauetan interes haundi bat sortu zela eta, Unibertsitateari Anthropologia eta Arkheologia ikasteko mintegi berezi bat eskatu zitzaion; eta, Historiako espezialitatearen zuzendariari eta Fakultateko dekanoari esker, ihazko abenduaz geroztik Mintegi berri bat dugu Deustuan.

Esan behar da, gainera, Anthropologian azterketak egiteko, beste talde bat ere sortu dela. Arlo honetan aukeraturiko tesina gaia zera da: Bizkaiko herri bateko famili egituren eboluzioaren aztertzea, anthropologi alderditik ikusita berau. III. Euskal Anthropologi Astea dela bide, Julio Caro Barojarekin elkarrizketa interesgarri bat izateko era* eduki genuen. Euskal Herriko eta Bizkaiko anthropologia ikasteko proposatu zituen azterketabideak, oso egokiak iruditu zitzaizkigun.

Esanen dugu, bai eta ere. gure Mintegiko arkheologi azterketak aurrera doazela, eta, hain zuzen, datorren Aste Sainduan Burgosko iparraldeko herrixka batean, Atapuerca-ko aztarnategi famatuan ekingo gatzaizkiola geure lanari. Uztailean,* berriz Galdamizen.

Amaitzeko, aipamen berezi bat egin nahi genuke, Bizkai aldean Ethniker deritzan beste talde baten lanari buruz. Talde honen helburua Bizkaiko ethnographi estudioa da. Astero elkartzen gara guztiok geure Anthropologi Mintegian, geure lanean sortzen zaizkigun mila arazoei buruz mintzatzeko.

Eta besterik ez. Gauza bakar bat gehitu beharko genuke: gure ateak zabalik daudela, horretan interesa duen edozein ikaslerentzat, eta gure aldetik, Euskal Herrian arlo hauetan lanean ari diren beste talde batzuekin ere harremanak eduki nahi genituzkeela. Honetarako, euskal aldizkarien bidez, geure dei hau bidaltzen dizuegu. Gure norabidea hauxe da:

Deustuko Unibertsitatea

Philosophia eta Letretako Fakultatea

(Seminario de Antropología)

Apartado 1. BILBAO

ROMAN BASURTO

daude, dagoz

dizuegu, deutsuegu

gatzaizkio, gatxakoz

zaizkigu, jakuz

zitzaion, jakon

zitzaizkigun, jakuzan


Zapaburua. Euskaldun Rh-dunen umore orria

[Binetak]


Zapaburua. Euskaldun Rh-dunen umore orria

Hau duk umorea!

Euskaldun batek beste bati:

— Zer irakurtzen duzu, txo? —Axularren liburua.

Besteak liburuari begirada bat egiten dio, eta ba diotso:

— H-z betea; gazteren bat izanen da Axular hori, ez da?

— Zer diozu, gizona? —laguna harriturik—. Ez al dakizu, Axular jadanik* hilda dagoela?

— A, barka! Nik ez ditut inoiz aldizkariak irakurtzen.

***

Erreka ondoan gizon bat arrainketan dago, kanabera bat eskuan. Beste batek, hura* ikusirik, honela galdetzen dio:

— Aizu,* zer harrapatzen ari zara?

— Dorbilindoak —erantzuten dio besteak.

— Dorbilindoak? Eta zertzuk dira horik*?

— A, horixe ez dakit —besteak serioski—, oraindik ez dut bat ere harrapatu eta.

***

Ama batek bere semetxoari:

— Josetxo, har txokolate hau eta bana ezak heure arrebarekin kristau legez.*

— Eta nola banatzen da txokolatea kristau legez, ama?

— Besteari zatirik haundiena emanez.

— Aizan,* Ainhoa! —diotso orduan Josetxok bere arrebari—. Bana ezan hik txokolatea, amak esan duenez.


Denbora ematekoak

Gurutzegrama (19)


Denbora ematekoak

Hieroglyphikoa


Denbora ematekoak

Euskal salda


Ikas zeure hizkuntza

Hiztegia

IMANOL BERRIATUAK

Ale honetan izartto batekin agertzen diren berbak

AGIAN, beharbada, nonbait.

AHULEZIA, makaltasun.

AIPATU, aipatutako, aipaturiko, aipaturikako.

AISA, aise, erraz

AITZINAMENDU, desarrollo.

AITZINEAN, aurrean.

AITZITIK, al contrario.

AIZAN, adi ezan, adi ein.

AIZU, adi ezazu, adi eizu.

ALBISTE, berri, noticia.

ALDIZ, berriz, ordea, ostera.

ALEGIA, a saber, es decir, esto es.

ALOKAIRU, aloger, soldata, jornal, salario.

ANITZ, asko.

ARABERA, arauera, según, conforme.

ARANTZE, arantza.

ARAU, según, conforme.

ARE, oraindik.

AREAGOTU, oraindik gehiagotu.

ARMADA, ejército.

ARRAKASTA, éxito, succès.

ARRAKESTA, arrakasta, éxito, succès.

ARRUNT, guztiz, zeharo.

ARTAZI, tijeras, ciseaux.

ARTEGA, inquieto.

ASABA, antepasado, ancestro.

ASKI, nahiko.

ASTIN, sacudir. (ASTINDU, sacudido).

AT, kanpo, landa, lekora, fuera.

ATXEKIGAILU, presa, proie.

ATXETER, mediku.

AURKIKUNDE, descubrimiento.

AXOLA, ardura.

AZTARNA, aztarren, arrasto, rastro, vestigio.

AZTARNATEGI, yacimiento, arqueológico.

AZTARREN, aztarna, arrasto, rastro, vestigio.

BA, bada, pues.

BAGAKIZKIO, ekiten bagatzaizkio, ekiten bagatxakoz. (Ekin aditzaren forma).

BAILITZAN, bailitzen, balitz bezala.

BATIK BAT, batez ere, bereziki.

BAZTER, arrinconar, evitar. (BAZTERTU, arrinconado, evitado).

BEDEREN, behintzat, behinik behin, gutienez.

BEHINGOAN, berehala.

BELAUN, generación.

BELAUNALDI, generación.

BERAIK, berak, eurak. (Beraiek aktibo, beraik pasibo).

BERRONESPEN, ratificación.

BESTE, aina, bezainbat.

BIDE, agian, dirudienez, nonbait.

BIHUR, bilaka, convertir. (BIHURTU, bilakatu, convertido).

BILAKATU, bihurtu.

BIPIL, airoso, sólido.

BOLADA, unada, temporada.

BORDELE, Burdeos.

BORTITZ, fuerte. (Berba hau latinezko fortis hitzetik dator).

BORTIZKI, fuertemente.

BULEGO, oficina, bureau.

DAKARKIOKE, dakarkio (dakartso) nonbait.

DAKUSAGU, ikusten dugu.

DAKUSAZU, ikusten duzu.

DAKUST, dakusat, ikusten dut.

DANTZUGU, entzuten dugu.

DATEKE, da nonbait, bide* da.

DAZAGUGU, ezagutzen dugu.

DEUS, ezer.

DEUSEZTATU, ezereztatu.

DOILOR, ruín, villano.

EDOZELAN, nolanahi.

EGITEKE, egin gabe.

EGUN, gaur.

EGUZKILORE, girasol, tournesol.

EHIZA, caza, chasse.

EKAIN, junio.

ERA, abagadune, aukera, ereti, parada, ocasión.

ERABAT, guztiz, zeharo.

ERANTZUNKIZUN, responsabilidad.

ERAUZ, arrancar, hacer desaparecer. (ERAUZI, arrancado, hecho desaparecer).

EREMU, territorio, zona.

ERITASUN, gaixotasun.

ERRALDOI, gigante, géant.

ERRAN, esan.

ERRESUMA, reino, royaume. (ERREINU, reinado, règne).

ESKOLEGUN, eskola egun, día de clase.

ESKUALDE, comarca.

ESKUARRA, fácil de tener.

EZEN, ze, pues, que.

EZEIN, ninguno.

FROGATU, probado, demostrado.

FUNTS, fondo, fundamento.

FUNTSATZE, fundamentar.

GABE, barik, en vez de, au lieu de.

GAKO, kako.

GALDAMIZ, Galdames.

GANGAR, cresta, crête.

GANTZ, grasa sólida, graisse solide.

GARRAZKIN, ácido.

GISA, era, modu; bezala, legez.

GORABEHERA, a pesar, malgré.

GOZAMEN, usufructo.

GREBA, huelga.

GURINTXA, glándula, glande.

GUTUN, eskutitz.

HA, hura.

HALABER, igualmente, así mismo.

HARAKIN, carnicero, boucher.

HAS, comenzar. (HASI, comenzado).

HASTAPEN, comienzo, principio.

HAUK, honeek. (Hauek aktibo, hauk pasibo).

HAZIL, noviembre.

HEDATZE, zabaltze.

HEIN, medida, proporción, grado.

HERTSI, hetsi, hitxi.

HISTORIAURRE, prehistoria.

HIZKI, letra.

HOBE EZ, claro está, cómo no?

HORIK, hoik, horreek. (Horiek aktibo, horik pasibo).

HORRIALDE, página, page. (Armendaritzek berba hau H-z idazten du, hosto hitzak H duelako. Hosto hitza —Oihenarteren horsto eta Kandido Izagirrek Oinati inguruan jasotako ostro lekuko— horri-ren diminutibotzat har daiteke,* horristo alegia, errekasto eta idisko bezala).

HOTS, a saber, es decir, esto es.

HOTZITU, hoztu.

HURA, ha.

HURBILTZE, hurreratze.

IKERGAI, objeto de investigación.

IKERTU, investigado. (AZTERTU, examinado).

IKERTZAILE, investigador.

IRITXI, heldu, ailegatu.

ISTORIO, ingelesezko story. (HISTORIA, ingelesezko history).

ITXAROTE, igurikatze.

IZAKI, ser, creatura.

IZANKI, izanik.

JADANIK, ya.

JALKI, jalgi, irten, atera.

JARRAI BAGINTEZ, jarraituko bagina. (Jarraitu aditza intrantsitiboa da).

JASAN, aguantar, soportar, sufrir.

JASORDAINDUZ, contra reembolso.

KOIPE, grasa derretida, graisse fondue.

KONTATZEKE, kontatu gabe.

KIRIMILATZE, enroscar, lover.

LARRI, grave, importante.

LARRU, narru.

LAZKANO, Lazkao. (Ba dakigu, bertako herriak Lazkao esaten duela. Hala ere, Euskaltzaindiak besterik erabakitzen ez duen bitartean, aldizkari honetan Lazkano idatziko dugu, Galdakano eta ez Galdakao idazten dugun legez*).

LEGEZ, lez, bezala.

LEKUKO, testigu.

LIKISTU, lohitu.

LURRIN, perfume.

MAIZ, sarri.

MATXINADA, revolución, levantamiento.

MEHAR, medar, hestu.

MERKATAL, mercantil.

MERKATALGO, comercio.

MUSKETA, almizcle, musc.

NABARI, evidente, notorio, patente.

NABARI, advertir, notar, percibir. (NABARITU, advertido, notado, percibido).

NABARITZE, advertir, notar, percibir, sentir.

NEUR, medir. (NEURTU, medido).

OPA IZAN, ofrecer, desear.

ORMA, paret. (HORMA, izotz, hielo, glace).

ORO, guzti.

OSTEAN, ondoan, ondoren.

OTSAIL, febrero.

PARADA, abagadune, aukera, era, ereti, ocasión.

PINPILIPAUSA, ximeleta, mariposa, papillon.

PREZEZKI, precisamente, a propósito.

SINETSI, convencido.

TANKERA, estilo.

TXERTA, injertar, greffer. (TXERTATU, injertado, greffé).

TXIRO, pobre.

UDAL, municipio.

UHARTE, irla, isla.

UHIN, olatu.

UKALDI, golpe.

UKAN, izan. (Ukan aktibo, izan pasibo).

URRATS, pauso.

USNA, olfato.

UTIKAN, a paseo, al traste.

UZTAIL, julio.

XEDE, asmo, helburu.

XUME, ttipi, txiki.

ZAMA, karga.

ZANTZU, barrunto, señal, índice, signe.

ZAPUZTU, abandonado, repudiado.

ZEREN (ETA), ze, pues.

ZINEZ, benetan.

ZIRARRA, emoción, impresión.

ZORI, suerte, fortuna.

ZUR, madera, bois.

ZUTABE, sostengu, pilar, puntal.


Zientzia

Depresinoen azterketaren ondorioak

Bi Psikologi-Biltzar izan dira munduan bateratsu joan den martxoan: bata Parisen eta bestea New-Yorken; eta biotako ikergai* nagusia hauxe izan da: depresinoa.

Depresinoa, beraz, lehen erdaraz «neurastenia» esan ohi zena, «modan» ote dago? Depresino nabarmen gertatzeri dira, estadistikek diotenez, psikiatren kontsultazioen erdiak; eta eritasun* organiko gisa* presentatzen diren beste anitz* ere, atxeterraren* azterketaren ondoren, depresino huts gertatzen dira.

Depresinoaren ifernua ezagutu ez dutenek (depresinoa ifernua baita) nekez uler dezakete gaiso-talde hau; eta depresinoa dutenekiko maiz* eta gaixtoki jalkitzen* dira irriak eta ujuak.

Gaitza, ordea, larria* da, eta ez fingaizto egitera eraman dezakeelako bakarrik. Bi Biltzar Nagusion bateratasuna aski* goraki mintzo da depresino eskuarraren* beraren garrantziaz.

Prentsak jakin arazi duenez, funtsezko* aurkikunde* baten bezperan gaude Psikologiaren mailan; eta depresinoen sustraiari dagokio, hain zuzen.

Alde batetik, jakin dugunez, Washington-go Unibertsitate ikertzaile* talde bat ari da lanean, Wino Kuz eta Reich-en zuzendaritzapean; eta bestetik Columbia-ko Unibertsitateko beste talde bat, Fieve eta Mendlewicz-enean. Biok,bide berberetik ari, eta famili-etorkien gorabeherak belaunez* belaun ikertuz, ia segurutzat Jotzen dute kakoa: depresino famatuok batetik, eta «X» kromosomaren «gene»ek bestetik, zenbait lotkia edo harreman sakon badutela. Kromosomaren mailan, beraz, depresinoen giltzarria «X»-aren geneen desegokitasunean edo makurreran datza.

Jakina denez, 23 kromosoma-bikote ditu giza-zelulak; eta setsuari dagokion 23. bikotean, hain zuzen, gizasemeari «XY» kromosomak dagozkio, eta emakumeari, berriz, «XX» bikotea.

***

Hots, itxura denez, X kromosoman dauden «gene»ei loturik agertzen dira bai daltonismoa (alegia,* berdea eta gorria ongi ezin bereztea), bai «Xg(a+)» deritzan odol-ezagugarria, eta bai depresinoa.

Xehetasunetan sartu gabe (ez baita jakintza-adar hori batere ene jakitatea, ezta artikulu honen muina ere), etorki-lege zehatzak aurkitu dira zenbait familiatan hiru fenomeno horien artean; eta bateratasun horren kakoa hauxe bide* da: depresinoak kromosoma horren geneetan duela jatorria. Hori dela-ta, hain zuzen, lithio-zko eta T.R.H.-zko sendabideak (biok farmakologia soil, alegia) arrakesta* bikainak lortzen dituzte psikosi-bide betean daudenengan.

Hitz batez: depresinoak, kanpotik ikusirik bederen,* guztiz izpiritu-eritasun agertuagatik ere, ADN garrazkinean* eta zelulen materiatasunean eta kimikan dauka funtsa eta... sendabidea. Borondate-ahuleziatzat* hartu ohi zena (eta erantzukizun* iturri ere bai! Non da, azken funtsean, erantzukizuna, eta non bekatua?) biologikontu huts agertzen zaigu azkenean!

Escoffier-Lambiottek xuxenki dioenez (Le Monde, 1973-IV-4): «(Hori frogaturik* agertuko den) egun hori —ezin dezake inork hau zalantzan jar— Kondaira-egun aparta bilakatuko* da: bai psikiatriaren sailean, bai gainerako zientzi-sail guztietan. Zeren,* lehenengo aldiz, umorearen, izpirituaren eta jokabide soilen eritasun bat, sortua duen oker biokimikarekin zehazki lotzeko aukera emango baitzaigu».

Larriak ez, beraz, baina larriegi ere izan daitezke biologi-aurkikunde honen ondorioak; zeren-eta,* ohi denez eta oso dialektikaren araberakoa* denez, orain beste muturreraino joateko arriskua agertzen baita. Alegia: «tira, tira, mutilak! Dena duk biologikoa! Dena duk molekulen mailakoa!»

Kolpea nondik datorren erraz somatzen da; eta bete-betean Freud-ek eta Psikanalisiak jasango* dutela gauza agiria zait. Batez ere filosofiaren eta politikaren mailan Freudek hautatu zituen jokabideak ezagututa. Inkontzientearen aita «idealista» bat izan zela entzungo da bazterretan; eta «idealista» hitza, jakina, oso sentidu berezi berezian hartuz esango da.

Eskuindarren txaloak ere, ordea, laster bilduko zaizkie lehenengoei; Freud ez baita oraindik, beroien ustez, garbitasuna likistu* eta pornografi-uhin* berriari zientzi-oinarria eman dion madarikatua baizik.

Aurkikunde horrek berak, era berean, «ezkertar» psikanalisia kolpatuko du bortizki*; ezen* iraultzaren beharra PERTSONA-GIZARTEA bikotearen barne-dialektikak azaltzen eta funtsatzen badu (gizona gizartearen zerbitzuko ez-baina gizartea gizonaren zerbitzuko jarri behar dela esango luke Cooper-ek, esate baterako), aurkikunde horrek, psikologi-drama baten kakoa BIOLOGIA HUTSAREN MAILAN, eta pertsona/gizarte bikotetik at* beraz, jartzen duenez geroztik, «eskuindar» oinarri bat eskaintzen dio politikari Psikologiaren mailan. Klase burrukatik eta gizarte-zapalketatik aparte eta berex legozke depresinoak... eta «gainerako Freud-keriak»!...

Aurkikunde horrek, horrela, bazterrak oso harrotzeko itxura dakar, ene ustez, eskuin aldean eta ezker aldean; eta laster erreparatuko ditugu hauen eta haien arteko tirabiraren lehenengo zantzuak.*

Berriz ere, halere, ukaldi* gehiegizko bat dator. Freud, DENA izatetik (guztia izatetik, alegia) EZER EZ izatera bihurtu nahi izateko arriskua dakust.* «Arriskua» diot, bai: hurrengo fanatikoen eta ikonoklasten uhinak dakarkeena.

Zeren-eta Freud ez baita Malachias ez Isaias izan; eta ez nahi ere horrelakorik gizonaren adimenaz (eta ideologiez, beraz) arrunt* mesfidatzen zen Vienatar zientzi-gizon apartak.

Batzuek, jarraitzailerik sutsuenek, jainko edo profeta bederen bihurtu nahi izan zuten Freud; Psikanalisia, Erlijio; eta Zientziaren mailatik, horrela, Mistikaren mailara pasarazi nahi izan zuten. Baita, hein* batez bederen, lortu ere. Orain, beraz, Zientziaren mailara bihurtu beharrak, sinestun horien soinekoen urraraztea ekarriko du. Eta, berriz ere, apostoluak krisialdian gertatuko!

Zientziaren mailatik ez irtetera, jakina, ERLIJIO-GUDUAK erauz* genitzake geure artetik; eta guruzadak eta guruzaden ondoko «purgak» bazter.* Egiarako bidetxior apal hori, ordea, gutxiegi zaio gizonari. Aitortzen dugun baino azkarrago da gure nortasuna funtsatzen* duen Absolutu-egarria. Euskal Herrian bereziki, ene ustez, Elizaren Kondairan behin eta berriz frogatu* dugunez.

Freud, horrela, depresinoen mailan eta bestetan jainkotzat balio izan ez digulako, orain behar eta merezi baino aisa* BEHERAGO, UKATUAGO eta ZAPUZTUAGO* ikusteko bezperan garela iruditzen zait.

Eta hala gerta ez dadin, deus* egiterik ez dagoela deritzat. Geroak erranen.

LARRESORO

daude, dagoz

dezake, daike

dezakete, daikee

digu, deusku

dio, deutso

gaude, gagoz

genitzake, geinkez

legozke, leudeke, legokez

zaigu, jaku

zaio, jako

zait, jat

zaizkie, jakez