ANAITASUNA

255. zenb.

1973.eko maiatzaren 15ekoa

Pelota, 4 - 1.º - Bilbao-5

Tel. 23 74 49 - Apart. 495


ANAITASUNA Bizkaia

Hamabosterokoa.

Zuzendari ordezko: Imanol Berriatua.

Idazkari: Josu Torre.

Bulegoa: Pelota, 4-1.º - Bilbao-5.

Imprimatzaile: AMADO, Mazarredo 35 - Bilbao-10.

Moldatzaile: RALI, Particular de Costa 12-14, 3.º - Bilbao-10.

XX. urtea.

D.L.: BI-1.753 - 1967.


Donostiako Euskal Kultur Talde bat

Batzuetan, euskal aldizkarietan, E.K.T. izena azaldu da. E.K.T. zer den adierazteko bidaltzen dizuegu gutun* hau.

Duela lau urte, Donostiako Industri Injenieroen Eskolan, «Euskal Kultura Taldea» egin zen. Gure asmoa: batxileratuan euskal kulturarik erakutsi ez zigutela buruan harturik, karreran zehar euskarazko klaseak, alfabetatze kanpainak, mintzaldiak eta abar antolatzea. Ikus dezagun joan den ikastaroan egindakoa:

- 1971.eko urrian «Euskal Herriko Historiaren Laburpena» izeneko liburua argitaratu genuen.

- urtero bezalaxe, euskarazko klaseak izan ziren.

- 1972.eko martxoan, alfabetatze kanpaina bat izan zen.

- mintzaldi sail edo ziklo batzuk* ere eratuak izan ziren:

• ekonomi sailean, bi mintzaldi:

«Economía de Guipúzcoa» (Juan José Rodríguez).

«Ipar Euskal Herriko ekonomiaz» (Ramuntxo Kanblong).

• olerki sailean, bi mintzaldi-errezital:

«Euskararen batasuna» (Joseba Intxausti).

«Aditzaren batasunaz» (Patxi Altuna).

«Euskara teknikoa» (Jose Ramon Etxebarria).

- bi jaialdi egin ziren:

«Ipar Euskal Herriko kantarien jaialdia».

«Euskal soinugailu zaharrak» (ARGIA taldekoek emana).

- Euskal Unibertsitate baten premia ikusirik, hauxe ere egin genuen: talde batean hogei bat ikasle elkarturik, geure herriari buruzko lan labur batzuk idatzi. Gero, lantxo hoik* taldekoen artean eskuz esku pasatu, bakoitzak kritika bat egin zezan bi aldetatik:

• lantxoan erabilitako hitz teknikoen aldetik, ea egokiak diren jakiteko.

• gramatika aldetik.

Horrela, bi helburu lortzen dira: hiztegi tekniko bat sortzea, eta Injenieritzari buruz euskaraz mintzatzeko erraztasun eta ohitura bat erdiestea.* Ihaz lau lantxoegin ziren. Hona hemen haien tituluak:

«Berezko erregulatzea» (edo erregulazio automatikoa): orri bat.

«Informatika»: lau orri.

«Fisikaren oinharriak»: bi orri.

«Hidroelektrikolak» (edo hidroelektrik zentralak): hiru orri.

- Eta, amaitzeko, goi mailako gipuzkoar ikasleen artean euskal kulturari indar eman nahirik, Euskal Kultura Taldeak SAIAKERA LEHIAKETA bat eratu zuen. Lanak bidaltzeko epea maiatzaren 15ean bukatu zen. Hamar mila pezetako saria. Lanak, hamar folio guttienez, euskaraz, Euskaltzaindiak 1968.ean gomendatutako idazkera arauen barnean. Epai mahaikoak, Joseba Intxausti, Karlos Santamaria eta Ibon Sarasola izan ziren. Saria honela banatu zen:

• lehen saria: «Zenbait mitoren desegitea» (Patxi Urkizu eta Mikel Elorza); 36 orri, 4.000 pezetako saria.

• bigarren saria: «Berezkoitasuna» (Andoni Sarriegi Eskisabel); 12 orri, 2.667 pezetako saria.

• bi hirugarren sari: «Palestinako herria okupazioaren aurrez aurre» (Lurdes Soria); 12 orri, 1.667 pezetako saria. «Eboluzioaz saiakera» (Jon Urrujulegi Agirre); 19 orri, 1.667 pezetako saria.

Lan guztiak benetan aipagarriak, bai gaiaren erabiltzearen moldeagatik, bai tankeraren aldetik.

E.K.T.

Escuela Ingenieros Industriales

Urdaneta, 7

SAN SEBASTIAN

E. E.

dezagun, daigun

dizuegu, deutsuegu

zezan, eian

ziguten, euskuen


Baionako etorkizunaz

Martxoaren 15eko ANAITASUNAn «Euskal Herria eta Europa» artikulua irakurturik, ongi iduritu zait, «Le Monde» egunkariak dakartzan berri hauk argitaratzea:

Dudarik gabe, datozen hamar urteak premiazkoak izanen dira Baionako portuarentzat eta inguruetako herrientzat. Lan postuen egoera hobekitu beharra (Ternoseko «Sciaky» fabrika hersteagatik, 106 langile lanik gabe aurki daitezke. Angeluko* «Compagnie Française des Charbons» deritzan fabrika, Senlis-en ezarri du Pariseko gobernuak) eta 1983. urte ondoren Lacq-eko gasaren ekoizpena jaitsiko delako problema askatu beharra. Hauk dira, gaur egun, Baionako kezkarik larrienak. Aldiz,* Baionako alkateak eta bertako ekonomilariek beren argumentu onak aurkezten dizkigute:

- Baiona-Angelu-Miarritze herriak elkarturik, 120.000 bizilagun dituen etxe multzo bat dadukagu, hots,* maila erdiko herri bat.

- Baiona Euskal Herrirako autobidean dago, eta geroago, Toulouse-tik Baionarainokoa amaituz gero,

Aturriko eskualdean* porturik inportanteena izanen da.

Bere aldetik, Baionako Merkatalgo* Ganbarak, industri gizonak etor daitezen, portu inguruetako lurrak erosteko diru kutxa bat ipini nahi luke. Etxe multzoan industri lekuetarako 120 Ha. prest dira, 34 erabilkorrak direlarik.

Gauza segura da, 1983. urtean sufre ekoizpenaren guttiagotzeak irabazien % 20ko beherapen bat ekarriko diola Merkatalgo Ganbarari. Zorionez, urte berean, Bokaleko* kaia egiteko jaso zuen dirua itzuliko du. Beharbada, gaurko kaiaren hegoaldean beste kai bat eginen da. Zehazkiago, bi kai eginen dira: bata erreka hondarrez bete ez dadin, bestea aldameneko hondartzetara ur gehiegi hel ez dadin.

Orain, aurtengo neguan, karramarro bat erabiliko omen da, portuko sarbideak egokitzeko. Estatuak 10 milioi liberako* diru laguntza bat eskainia du horretarako.

Gobernuaren eritziz, Aturriko portuarentzat diru laguntza hau aski* da, 1973. urterako behintzat. Horrengatik, beste projektuak (arraintza portua, izozkutxak,* geltoki berria) datorren urtean aztertuko omen dira.

XANTI LAFITTE

dio, deutso

dizkigute, deuskuez

zait, jat


Ikastola

Irakasle eta guraso

Aspaldi konturatu ginen, ikastolako lanak loturik daramala eguneroko preparazio sakon bat. Eta ez dela nahiko, urteetan zehar berritze sakon bat egin gabe, pedagogi lan bat aurrera eramatea.

Hezierak berekin dakar, guraso eta irakasleen artean etengabeko harremanak atxikitzea* eta jendearen sentipena xurgatzea*.

Hau dela eta, urtero egiten da programa bat irakasleen artean: hots*, zenbait ikasketa antolatzen ditugu ikastaroan barna, eta, horretaz gainera, elkarrekin bideak bilatzen ditugu, geure eguneroko lanak sortzen dizkigun problemak soluzionatzeko.

Aurtengo ikastaroan zehar, gure ikasketa edo bilkuren* programa honela dago eraturik Goiherriko eskualdean*:

Irakasleak beren aldetik

Maila berdineko haurrak dituzten irakasleak, hamabostean behin biltzen dira. Adin* honek dituen arazoak aztertzeko, eta pedagogi eta psikologi aldetik dugun ikasi edo sakondu beharra zuzentzeko; dagoen materiala aztertu eta bereizteko. eta, aurrera begira, eskola molde berriak dituen behar guztietan sakontzeko.

Aurten psikologiazko ikastaldi batzuk* antolatu genituen (hauk* ere hamabostean behin), haurra bere xehetasun guztietan ezagun ahal izateko.

Euskara, astean bi egunetan. Euskaltzaindiak eratu duen azterketara presentatzeko asmoz.

Herri bakoitzak arduradun bat hautatu ondoren, ordezkari arduradunak astean behin biltzen dira, lan eta klase guztien koordinatze edo lotze bat egiteko.

Hauetatik arduradun nagusia (eskualdeko arduraduna) Donostian biltzen da beste eskualdeetako arduradunekin.

Gurasoekin

Goiherriko eskualdea hamabi herrik osatzen dute. Herri bakoitzeko gurasoak edo juntako arduradunak biltzen dira, irakasleen aldetik dauden arduradunekin.

Hauen artean «lan sailak» daude eraturik. Guraso nahiz irakasleek elkarrekin osatzen dituzten talde batzuk, honela daude eraturik:

- gurasoen aldizkaria zuzendu eta argitaratzeko (honek eskualdeko arazoen berri ematen du, eta gaiak edo esperientziak agertzen ditu).

- pedagogi taldea.

- erlijio taldea.

- lege taldea.

- irakasleekiko taldea.

- araudi* berriaren taldea (guraso eta irakasleen arteko bideak mailatzeko).

Hauetaz aparte, ekonomiaren arazoa: diru iturriak bilatzea, eta honek sortzen dituen zenbait eginkizunez arduratzea. Memento honetan, esate baterako, Lizeo berriaz dugu xantxetako ez den buruhaustea. Gaurkoz, ordea. ez dut arazo hori aipatuko. Bai hurrengo batetan.

Amaitzeko, ez dugu beste munduko organizaziorik, hemen Goiherriko eskualde honetan. Baina egiten den apurrak bere fruitua dakar, gauza gutti eta ez behar hainbat izan arren.

Guztiz xinpleki eta gaingiroki* emaniko ikuspegia azaldu dut, ta beste eskualderen batek zerbait osagarri, argigarri (edo maiseagarri) ematen duen. Pozik hartuko diogu.

GOIHERRITARRA


Ikastola

Ikastolako berriak

• Ikusi berria dugu irakasle-andereñoen aldizkaria. hainbat hilabetetako stop luzearen ondotik. Ez da lehen bezain xukun eta egoki moldaturik azaldu; baina eman du argitara berriro bere burua. Iduri* du, xutik ibiltzen ahanztu dela, eta, oinak lurrean, bilintzi-balantza abiatzen denaren antzera abiatu dela. Alabaina*, alde on bat da du: gaztea dela; eta gazteak beti ere errazkiago moldatzen ditu bere urratsak*. Gure nahiaren baitan balego —edo dagoen heinean*— entseiatuko* gara bide berrietan zehar ibil dadin laguntzen.

• Udaberrian sartu baino ez gara egin, eta ba dabil jendea udalekuei buruz pentsatzen.

Jakin dugunez, ikastoletako arduradunak, gipuzkoarrak bederen*, hara eta hona mugitzen hasirik dira, udalekuak edo koloniak ahal denik eta ongien organizatzeko asmoz, dudarik gabe. Beste zertxobait ere entzun dugu: Beire eta Saturraranez aparte, beste hirugarren etxe baten bila dabiltzala. Bejondizuela*! Hain apalki hasi zen obra, ba doa nonbait azkartuz eta indartuz.

Lan isila eta neketsua dela ikusten dugu, begiak hertsirik* ere; baina lan ederra ere bai.

• Nahiz Santurtze mintzairaz erdalduna izan, ba da han gizon euskaldun jatorrik. Rikardo Ajeo Artazak hilabetero 100 pezeta ematen izan ditu ikastolarentzat. Ikastola sortu zen mementotik, heriotza etorri zaion arte, hutsik egin gabe.

Rikardo hil egin zaigu; eta testamentuan, zuen guztia utzi dio ikastolari: 2.000 pezeta. Horrez gain, ilobari hitz hartu dio, hark orain arte pagatzen zituen 100 pezetak, honek pagatuko dituela haren partez. Ikastolak, ordainez, euskarazko meza bat atera du haren arimaren alde. Goian bego!

• Algortako ikastola berriko obrak hasi berriak ditugu. Diruaren biltzeko ahalak nahiaren bestekoak ez badira ere, saiatu beharko dute, 10 milioi pezeta nonbaitetik biltzeko. Hori da, entzun dugunez, obrak kostatuko diren diruaren kopurua*.

• Denok dakikegu* Gernikako ikastolako arazo larriaren berri. Dagoen anormaltasun hori konpondu guraz, mila sinatura* bildu dira, ikastolaren jarraipenaren alde eta anormaltasuna sortu duenaren kontra.

Irakasleen gertakari batzuez zenbait zurrumurru zabaldu dira. Nork zabaltzen ote ditu zurrumurru hauk*? Zertarako zabaltzen dituzte? Ikastola hondatzeko? Guk zer egin behar dugu? Jaramonik* egin behar ote diegu?

• Ikastolak, tokien handitzearekin eta legearen esigentziekin, bere arazoak ekartzen ditu. Hori dela eta. Lexonan*, datorren ikastarorako, toki berri bat zabalduko dute. Oraingoz, Lexonatarrak eta Erandiotarrak bilduko dira ikastola berrira. Ez da xantxetako gauza, honelako beharretan sartzea.

• Arabako Laudion,* bi egunetako berbaldiak antolatu ditu bertako ikastolak. Berbaldi hauk, bereziki gurasoentzat izan dira, «pedagogia liberatzailea» gaitzat harturik.

X. X.

daude, dagoz

diegu, deutsegu

diogu, deutsagu

dio, deutso

dizkigu, deuskuz

zaigu, jaku

zaio, jako


Irakurleak idazle

Eritzi oker bat zuzendu nahiz

Zuzendari jauna:

ANAITASUNAren 252. zenbakian ARMENDARITZek argitaratu zuen «Ez Dok Amairu Deustuan» izeneko aipamenak, zenbait burutapen sorrerazi dit. Hala ere, bai textu hori eta bai textuingurua aski* adierazgarri direnez gero, diren horretan uzten ditut, «parte interesdun» bezala ari naizela nehork* esan ez dezan. Bakoitzak bere ondorenak atera bitza.

Bakar bakarrik, eta mesedez eskatuz, eritzi oker bat zuzendu nahi nuke. «Otsoak eta Txanogorritxo» deitzen den kanta horretan, nik ez dut, inondik ere, giltzapeturik isekatu* nahi izan. Ez isekatu, ez eta aipatu ere. Nahiko errespetagarri direla uste dut, inor eszenario batetik haietaz trufaz* iharduten hasteko.

Nire kanta horren zentzua beste bat da, eta tiroak beste alde batetik doaz. Hori garbi gera* bedi. Eman zaion interpretazio horretan, beraz, bai unibertsitari batzuk* eta bai Armendaritz okertu egin dira. Kanta, agian,* lehen entzute batean despistagarri gerta liteke; baina, sakonago begiratuz gero, haren zentzuaz jabetzea nahiko erraza iruditzen zait. Guk, halabeharrez, gauzak askotan hitzerdika esan behar izaten ditugu... eta nahikoa lanekin gainera. Geure ideologia agertu eta adierazteko ez dadukagu beste zenbaiten «inpunidaderik». Zergatik ote? Ez da, ez, kasualitatez.

Besterik gabe, eskerrak, erantzun hau argitaratzearren. Zure

XABIER LETE

Omenaldi bat merezi duten anaia bi

Zuzendari jauna:

Idazlantto hau zeuen aldizkarian argitara zenezaten gura nuke.

Bizitzan gauza guztiak ez dira guk nahi bezala gertatzen. Baina nik ez dut konprenitzen, nola ezbeharrik gehienak lanean jator dabiltzanen artera jausten* diren, eta, bitartean, lasai bizi direnek lasaiago bizitzeko era duten.

Gaur gizon jator biren ezbeharra agertzera natorkizue. Bata bertsolaria eta dantzaria bestea.

Bertsolaria ABEL ENBEITA da. Oso ezaguna euskaldunen artean. Hamaika bertso sakon kantatu duena. Bere herrizaletasuna eta bertsoetarako garra barruraino sartuta dadukana. Eta orain, edaderik onenean, kantatu ezinik gelditu zaigu, eztarriko mina dela kausa. Ezin izango duela gehiago kantatu esan dio medikuak, eta sendatzerik ez duela.

Dantzaria SABIN EGIGUREN dugu. Hau ere denok ezagutzen dukezue. Hainbat xapelketa irabazi du: Bizkaikoa, Euskal Herri osokoa, erregelena, eta abar. Dantzari talde askoren irakasle eta buru. Euskal Dantzarien Biltzarrean Bizkaiko buru izana. Eta azken urteotan, gure dantza zaharrak, ziren bezala, sustrai sustraitik ateratzen, jo hara eta jo hona, gelditu gabe dabilana. Eta guzti hori, egun osoan lan egin ondoren. Baina hezurra gastatu egin zaio iztai* alderdian (artrosia du), eta ezin izango du gehiago dantzarik egin. Horri ere, ez dela osatuko* esan dio medikuak. Hala eta guztiz ere, irakasten irauten du.

Gizon bi herriaren alde lanean, gure herri kultura, gure izakera, ohiturak... jasotzen atsedenik gabe, eta biak ezbehar batek bidea hitxita.* Zergatik baina? Ezbeharren bat behar bazuten ere, zergatik ez zitzaion bertsolariari hankako mina etorri eta dantzariari eztarrikoa?

Horra, geure esker ona zor diegun anaia bi. Omenaldi bat merezi duten anaia bi.

Biekin egon nintzen lehengoan, koinatuak dira izan ere, eta biei nigarra irteten zitzaien. Egiaz, ezbehar honek bihotz muinean zauritu ditu.

Bitartean, hamaika txikitolari izango da gure tabernetan barreka, eztarri eta hankako minik gabe.

ARANTZA

Oinatitik eskari bat

Zuzendari jauna:

Oinatiko euskal alfabetatze talde bat gara.

Irakurgaietarako, ANAITASUNA sarritan erabili ohi dugu.

Uste dugu, alfabetatzea ez dela gramatika soilik ikastea. Horregatik, irakurgaiak behinik behin, guk bizi ditugun problemekin zerikusia dutenak nahi ditugu.

Nabari* dugu, azken aldi honetan ANAITASUNA moteldu egin dela, Osa eta abarren artikuluak oso urri ikusten baitira.

Gure eskari hau, aldizkari horretako «Irakurleak idazle» sailean argitaratzea nahi genuke.

ALFABETATZEKO TALDE BAT


Neure lantokitik

Ukrainia

Piotr Chelest, Ukrainiako Alderdi Komunistaren zuzendaritzakoa, baztertua izan zen ihazko maiatzean. "Kommunist Oukrain" aldizkariak haren kontrako salakuntzak zabaltzen ditu, oraintsu argitaraturiko alean. "Piotr Chelestek ez ditu Ukrainiako historiako gertakariak* komunist ikuspegitik juzgatu".

Nik uste nuen, historiako gertakariak (eta historiakoak ez direnak, hau da, gaurkoak ere) objetiboki, inolako baldintzarik gabe epaitu behar zirela. Baina, dirudienez, ezkerreko eta eskuineko fanatikoentzat egiak ez du balio handirik, "beren egia" ez baldin bada.

Eta Chelesten kontrako beste akusazio honek —"nazio harrokeria" (vanidad nacional, vanité nationale) zuela— zer esan nahi du? Zein da "nazio harrokeria"ren definizioa? Non ez dago nazio harrokeriarik? Eta nonnahi badago nazio harrokeriarik (eta ba* dago), zergatik kondena Ukraniakoa... eta Euskal Herrikoa?

Gure hiriak

Ehun mila bizilagunez gorako bost hiri ditugu gaur Hego Euskal Herrian:

Bilbo 410.490

Donostia 165.829

Iruinea 147.168

Gasteiz 136.873

Barakaldo 112.128

Gure ehun mila bizilagunez goitiko hiriok honelakoak izango dirateke* 1980. urtean:

Bilbo 557.494

Gasteiz 250.570

Iruinea 218.122

Donostia 200.574

Barakaldo 150.000

Datu hauk* Espainiako "Instituto Nacional de Estadística"k zabaldu ditu.

Eustakio Mendizabal

Ostegun* Santuz, apirilaren 19an, Algortako kaleetan, Eustakio Mendizabal tiroz hil zuen poliziak. Hogeitabi urtetako emazte alarguna eta haur txiki bi (Ekaitz eta Matalas) utzi ditu.

Lourdesen

Bazko igandean Lourdesen egon nintzen, eta Irlandatik etorritako pelegrinazioaren meza entzun nuen. Hiru mila lagun ziratekeen,* beren ikurrin eta estandanteekin. Gazte eta zahar, hauetarik batzuk aintzinako jantzi koloredunekin. Folklorekeria: meza osoa inglesez, eta tutik ere ez gaelikoz.

Grezia

1967.eko apirilaren 21ean hartu zuten koronelek Greziako agintaritza.

Zazpigarren urtebetetzean —beraz, aurtengo apirilaren 21ean—, lehen ministro den Papadopoulos jaunak esan du, Grezia "ez dagoela oraindik demokrazian bizitzeko gertu".

Nik onhartzen dut, Papadopoulos jaunak hori esateko duen eskubidea, hau da, Greziak oraindik ez duela demokrazian bizitzeko gaitasunik. Baina segur nago, beste greziar batzuk ere egongo direla, gaitasun hori ba duela esaten dutenak, eta hauen eskubidea ere onhartzen dut. Baina ez dut onhartzen eta ez onhartuko, Papadopoulos jaunak bere eritziak praktikara eramateko duen esklusibismoa.

Honek esan nahi du, ba daudela munduan bi klasetako pertsonak dituzten nazioak: eskubide guztiak dituztenak, eta eskubide urriak dituztenak. Eta lehenbizikoek erabakitzen dute zeintzuk diren bigarrenon eskubide eskasak.

Norenak dira semeak

Norenak dira semeak, gurasoenak ala gizartearenak? Galdera hau hainbat ikastolatan planteatu da, eta eztabaida gogorrak sortu dira.

Gurasoek ekarri dituzte semeak mundura. Eta, mundura gizaki berriak ekarri dituztenez, gaurko memento historikoan eta hemen Euskal Herrian haiena da hazteko eta hezteko* erantzunkizuna. Baina norentzat hazi eta hezi behar dituzte, berentzat ala gizartearentzat? Gurasoen probetxurako ala gizartean bizitzeko gai izan daitezen?

Arazo honetan nahasturik daude Historia, Filosofia, Soziologia, eta bai Teologia ere; eta, beraz, ez da hau erantzun oso bat emateko tokia.

Baina, zerbait esatekotan, hauxe esango nuke: Lehen urteetan, gurasoek hazi eta hezi behar dituzte semeak, gizartean bizitzeko gai izan daitezen. Urte hauetan semeek menpetasuna zor diete. Gero semeek askatasuna lortzen dute, eta menpetasun hura* errespetu bihurtzen da. Eta maitasuna? Erantzunkizuna, menpetasuna, errespetua aipatu ditugu; eta hauk guztiok elkar maitasunean oinharritzen badira, orduan gurasoen eta semeen arteko loturak ezin apurtuzko indar berezi bat lortuko du.

Hementxe egingo nuke puntu; baina fededunontzat gizonaren bizitza ez da gizartean amaitzen. Gure azken muga Jainkoagan dago, eta sineste honek kontzeptu sakonago bat ematen die gure erantzunkizunei.

XABIER GEREÑO

die, deutse

diete, deutsee


Gure Munduko Albisteak

Liburu berriak

«Kultura proletarioaz», Joxe Azurmendik, JAKINen

Atseginez jaso dugu, apirilaren hasieran JAKIN editorialak bidali digun Azurmendiren obra lodi (ia 300 horrialde) eta mamitsu hau. Ez dugu oraindik, egia aitortuz, astirik asko ukan,* liburu osoa zehatz-mehatz irakurtzeko; baina gainetik egin diogun begirada aski* izan da, obraren balioaz konturatzeko.

Egileak, Sobietar Batasunean Urriko Iraultzaren ondotik proletal kulturari buruz egondako eritzi, joera eta eskola ezberdinak estudiatzen ditu bere liburu honetan, maiz,* askorentzat biziki ezezagunak zitzaizkigun jokabideak erakusteko.

Darabilan gaiagatik, liburu hau ezin egokiago etorri zaigu euskaldunoi une honetan. Gaur egun edonork edonon aipatzen du proletalgoaren zerbitzurako kultura, eta nornahik darabiltza burjes eta proletal kultura hitzak, batere oinharririk gabe. Hitzok, egia esan, beren eduki* semantiko osoa galdu dute aspaldion, askorentzat burjes «nola konbatitu ez dakidan gauza gorrotagarria» eta proletari «haren alde jartzea ongi ikusia dena» besterik ez direlarik. Jose Azurmendik, horretaz, hortik zehar sarriegitan gaizki trataturik dakuskigun* kultur arazo batzuk dakarzkigu, baina sakonki eta zientziazki ukiturik. Bai andereñoek, bai maisuek eta bai gaur eguneko herri kultur problematikaz arduratzen den edozeinek irakurri beharreko lana, beraz.

Euskarari dagokionez, ba ditu zenbait erdarakada alferreko (titulua bera, gure ustez); baina berau ez dateke* harrigarri, darabilana orain arte gure artean hain guti jorraturik dagoen arlo bat izaki.* Euskararen terminologia zehatz bat lortzeko, jadanik* Axularrek bere hitzaurrean zioenez, alor horietan behin eta berriro saiatu beharra dugu. Egileak, bestalde, hitz berri interesgarri asko ere ba dakartza (eskurapen «logro, conquista», helpide «medio», jendeteria «masa...), baten bati eman dion esangura orain arteko beste idazleena ez bezalakoa izan arren. Gizateria, gure ustez, egokiagoa da «humanidad» zentzuan «masa» zentzuan baino, bigarren honetarako jendeteria utzirik. Urrats* bikain bat, dena dela, euskara «standard» baten bila, zinez esanik.

Azalez, diogun bidenabar,* askoz ere hobeki presentatua agertu zaigu liburu hau aurrekoak baino.

Bibliographiarako: AZURMENDI, Joxe: Kultura proletarioaz, JAKIN, Ed. Franciscana Aránzazu, Donostia, 1973.

Irigoyendar senar emazteek seme bat

Alfonso Irigoyen jaun euskaltzainaren emazteak, Libe Alkortak, bere lehen haurra ukan du aurtengo apirilaren 15ean. Semeto* honi Eneko izena ipini nahi ukan diote bere gurasoek; baina, Hauzitegian ezezkoa jaso ondoren, Madrilera jotzea erabaki dute. A. Irigoyen euskaltzainak hainbat froga* eta dokumentu zahar bilduak ditu (batzuk Menéndez Pidal jaunarenak) Eneko izenaren jatortasun eta aintzinakotasunaren alde, eta haurraren aita den aldetik ez du nahi erabaki oker baten azpian bere arrazoia geldi dadin. Egoera berean daude, dazagugunez,* beste guraso euskaldun asko ere.

Gure zorionak Irigoyendarrei eta Eneko jaio berriari. Ea izen askatasuna noiz etorriko zaigun!

Nafarroako apaizen euskal kezka

Bai, honela da. Nafarroako euskal eskualdeetako* apaizei euskal kulturazko formazio bat emateko asmoz, Iruineko Artzapezpikutegiak lau egunetako ikastaro bat eratu ukan* du Aralarko Jaun Done Mikelen ostatuan.

Ikastaro honen egunak apirilaren 24, 25 eta 30, eta maiatzaren lehena izan dira. Bertan euskaraz arituriko hizlariak hauk izan dira: Joxemiel Barandiaran jauna (Historiaurreko Euskal Herriko sinesteak), Pierre Lafitte kalonjea* (Pirinio aldeko sineste zaharrak), Jose Mari Satrustegi jauna (Nekazaritzatik industriarako aldaketan, gizonaren jokaera) eta Juan Maria Lekuona (Kristautasuna Euskal Herrian XVI-XIX. mendeetan). Hauez gainera, erdaraz, D. José Goñi, Victor Manuel Arbeola, Carlos Abaitua, Iñaki Goikuria eta José María Setién jaun apezpikua azaldu ziren.

Nafarroako apaiz euskaldunek oso ongi erantzun zioten ikastaro honi eta eurrez* bildu ziren Aralarrera. Nafarrak ezeze, bai eta ipar euskaldun batzuk ere bertan ziren. Pozgarria da, izan, Eliza aspaldion euskal gauzen alde Nafarroan hartzen hasia den ardura beroa. Dena dela, euskal eskualdeko apaizei bakarrik gabe, hobe litzateke Nafarroa osoko apaizentzat ere honelako ikastaro batzuk eratuko balitu, gizalegez horixe ere zor baitigu. Dena den, bide imitagarri bat beste euskal eskualdeetako apaiz eta eliz agintarientzat.

Albaitari baten oharra

Aurreko ANAITASUNA batetan idatzi genuenez, baserritar asko kexatzen dira abereen nafarraria edo apatxartekoaren kontrako xertoa* dela eta ez dela, beronek behiei xahalgaltzeak eragiten dizkiela pentsatuz.

Algortako albaitari* euskaldun jator batek, ordea, eskutitz begiko* eta zintzo bat bidali digu, honetaz informazio zehatzago bat emanez. Dirudienez, ez da apatxarteko edo glossopeda delakoaren kontrako xertoa behiei umegaltzeak eragiten dizkiena, baizik eta gaixo horrekin batera —eta oraingoz oso gaizki kontrolaturik— dagoen bruzelosi izeneko gaixo zatarra.

Ba omen dira, gainera, xahalgaltzeak obratzen dituzten beste kausa batzuk. esate baterako. janari ezegokiak. Algortako jaun honek dioskunez, apatxartekoaren kontrako xertoek dakartzaten ondorio segur bakarrak —beste edozein xertok bezalaxe— sukarra, handitzea eta esne gutiagotzea izaten da, baina ez luzaro. Azkenez, ba dio, xertoak baserritarrei mesede handiagoak dakarzkiela kalteak baino, ondorio hauk gorabehera.*

Guk geuk, bere eskutitzagatik eskerrak ematen dizkiogularik, hortxe ezartzen ditugu horren azalpenak, horretan guk baino gehiago dakien batenak baitira.

Literatur Sariak

Arlo honetan interesaturik daudenei argitasun gehiagoren bila antolatzaileengana zuzenik jotzeko gomendaturik, hona hemen, laburki bederen,* guregana heldu diren literatur sari biren oinharriak:

USURBE nobela laburraren lehen sariketa

1. Edozein euskaldunek har dezake parte.

2. Saria 25.000 pezetakoa izanen da, bakarra eta bana ezina. Emateke* geldi daiteke, ordea.

3. Euskara eta orthographia, Euskaltzaindiak Arantzazun eta geroago gomendatua.

4. Gaia libre da, baina lanak gutienez 15 eta gehienez 30 horrialde ukanen ditu, DIN-A4, eta bi lerrotatik bat idatzirik.

5. Lanak (hiru kopiatan) hona bidali behar dira ekainaren* 1erako: JAKINTZA ASTEA, apartado 13, BEASAIN.

6. Elkartekoek beren gain hartzen dute lan sarituaren argitaratzea.

GOIZALDI dantzari taldearen txapelketa

Donostiako Herri dantza talde honen Zilarrezko Eztaiak ospatzeko eta EUSKAL DANTZA gaitzat harturik, ttiki, gazte eta nagusientzako sariketa bat eratzen da, nor bere mailan.

Ttikiak 14 urtetatik beherakoak dira, gaztettoak 14-19 urte artekoak eta nagusiak 18tik gorakoak.

Idazlanen luzera: Ttikientzat: gutienik 3 horrialde.

Gaztettoentzat: gutienik 6 horrialde.

Nagusientzat: gutienik 12 horrialde.

Ttikiek eta gaztettoek beren lanak eskuz idatzirik bidal ditzakete eta nagusiek makinaz bi lerrotatik bat idatzirik. Guztiek, ordea, lanaren titulua azalean ezarrita, sobre baten barrenean egilearen izen-deiturak jarriko dituzte, bai eta bizilekua ere.

Lanok, hiru kopiatan, 1973.eko uztailaren* 31 baino lehen «Goizaldi» Conservatorio Municipal de Música, Víctor Pradera 39, Donostiara igorriko* dira, azalean «Literatur sariketarako» ezarrita.

Sariak euskaraz eta gaztelaniaz berdinak izanen dira:

Nagusientzat: 1. saria 10.000 pezeta eta oroigailua

2. saria 5.000 pezeta

3. saria 2.500 pezeta

Gaztettoentzat: 1. saria 5.000 pezeta

2. saria 3.000 pezeta

3. saria 2.000 pezeta

Ttikientzat: 1. saria 2.000 pezeta

2. saria 3.000 pezeta

3. saria 500 pezeta

Sariok ezin daitezke erdibana; baina taxuzko lanik agertuko ez balitz, emateke* geldi daitezke.

Tolosako Euskal Kultur Hamabostaldia

Gipuzkoako herri jator honetako kultur aste bien programma garaiz etorri ez arren, hona hemen maiatzaren 15etik aurrerantzean bederen,* ospatuko direnak.

Maiatzaren 15ean. Asteartea:* Arratsaldeko 7,15 eta gaueko 10,30etan: Navarra, sus cuatro estaciones filmea Leidor zineman.

Maiatzaren 16an. Asteazkena: Arratseko 8,30etan, Aurrezki Kutxa Munizipalaren aretoan,* Xabier Unzurrunzaga arkhitektu jaunaren hitzaldia: Hirigintza* Gipuzkoan delako gaiaz.

Maiatzaren 17an. Osteguna: Arratseko 8etan, Igarondo aretoan, Nestor Basterretxearen zuzendaritzapean, Euskal artistak gure artean izeneko diapositiba eta magnetophon erakusketa.

Maiatzaren 18an. Ostiralea: Arratsaldeko 8,30etan, Aurrezki Kutxa Munizipalaren aretoan, Xabier Kintanaren hitzaldia, Euskararen batasuna Bizkaitik begiraturik delako gaiaz.

Maiatzaren 19an. Larunbata: Gaueko 9,30etan, Urdiña Txiki-ren Biltokian, I. Tolosa Sariaren banaketa.

Maiatzaren 20an. Igandea: Goizean txistularien goizkalejira eta Euskal Herri Meza (11etan Santa Mariako elizan).

Arratsaldean: 2,30etan Zikiro jatea Zumardi Txikian. 4etan, leku berean, Mutil dantza, eta 5.30etan, zezen plazan, dantzari jaialdia, beronen erdian Haurren literatur sariak banatuz. Ondoan, kalejira bat eginen da,

Euskaraz idazten ikas dezagun!!

Apirilaren 30eko ANAITASUNAn, arrazoi osoaz, gure idazkide Natxik, euskaldun batzuek euskaraz idaztean duten zabarkeria salatzen zuen. Hark aipatzen zituenak, gehienbat, herriko jende arruntak* egindako eskribuak ziren. Zoritxarrez, ez dira ez hor gelditzen gure kezkak. Egia da holakoak txarto idaztea beti gaizki egonen dela, eskolan bere hizkuntzaz idazten irakatsi ez dioten herri batek, horrenbeste jakiteko obligaziorik eduki ez arren, idazteko orduan gutienez, idazten duena «nola» idatzi behar duen ikasi edo eta laguntasuna eskatu beharko lukeelako. Baina, gehiago edo gutiago, herriko jende xehea, azken batez, barkakizun da (alfabetatze kanPaina aurrera joan heinean,* ez dira horrenbeste izanen, horregatik).

inola ere barkagarri ez direnak, ene eritziz, duten kargu bereziagatik euskaraz «ondo baino hobeto» idazten jakitera obligaturik dauden batzuen okerrak dira, halafede. Hauk* bai direla arazo larriak! Nola irakats diezaiekete besteei beraiek ez dakitena? Eta honetaz, zenbat ikastolatan ez dugu «bezte, ezan, idatsi, ahu, euzkera» e. a. ikusi? Noiz arte segi gaitezke honela, ordea?

Ez da tikiagoa, berriz, zenbait kultur eta arte taldek beren txarteletan maiz* erakusten dizkiguten idazkera bitxiak: talde herrikoia, herrikoi dantzak, e.a. Nabari nabariro* dago hor, euskara askorik ez dakitela eta erdaratik itzultzen (gaizki itzultzen, ordea) saiatzen direla. Zertarako aipa, kasu batez, Bilbon euskararen alde ari den erakunde* baten izen xelebrea? Nola sinets dezakegu euskaltzaleak direla beren buruari horixe esaten ere ez dakitenak?

Euskaraz talde herrikoi (eta herrikoi musika-z ez dezagun deus* esan, berau eder neska bezalako astakeria baita) gaizki dago. «Grupo popular» esateko, herri taldea edo talde herritarra, herritar taldea erabili behar baita. Herrikoi «Herria maitatzen duena» da, eta ez «Herriak maitatzen duena». Baten batek ez badaki ere, «euskera popular» ez da euskara herrikoia (euskarak herria nekez maita baitezake!) herri euskara edo eta herriko euskara baizik.

Nahi duguna esateko, maiz borondate hutsa ez da aski* izaten, estudioak ere behar baitira; eta herri xeheari gaur egun oraino ezin eska diezaiokeguna, idazleei, andereñoei eta maisuei gutienez, eskatu ez, baina exijitu behar diegu: euskaraz behar den seriotasunaz ikas dezatela.

Euskal antzerkia Deustuko Unibertsitatean

Maiatzaren 19an, larunbatez,* Donostiako Xaribari theatro talde berriak, Pilar Enciso eta Lauro Olmoren Batzar Nagusia deritzon obra presentatuko du Deustuko Unibertsitatean.

Obra honek, animali symbologia baten bitartez, injustizi giro bat agertzen digu, eta denontzat, haurrentzat ere bai, oso egokia dateke.*

Unibertsitateko Paranimphoan izanen da, hasiera arratsaldeko 7,30etan ematen zaiolarik. Ekintza hau Euskal Kultur Mintegiari zor diogu.

Iparraldetiko oihartzunak

ZABAL: euskal elkartasun eta aldizkari berri bat

Apirilaren 25ean Baionako Euskal Museoan bilera bat egin zen, euskal kulturaren aldeko elkartasun berri baten presentazio publikoa egiteko, era berean beronen aldizkariarena eginez.

Bertara joateko garaiz egin ziguten gonbita gorabehera,* ez genuen, zoritxarrez, haratzeko erarik ukan; baina bihotzez eskertzen diegu beren jentiltasuna.

Elkartasun honek ZABAL izena darama, eta bere asmoak bi hilabeterik behin, izen berberaz, argitaratuko duen aldizkariaren bidez adieraziko ditu. ZABAL aldizkaria ipar Euskal Herriko euskaran oinharrituz, batasunaren alde agertuko da, eta ideietan izena bezalakoxea izanen omen da: zabal.

Gure Bilboko zoko honetatik bihoazkie ZABALeko gure anaiei gure goresmenak.

ARMENDARITZ

bihoazkie, joan bekioez

daude, dagoz

dezagun, daigun

dezake, daike

dezakegu, daikegu

dezatela, daiela

diegu, deutsegu

diezaiekete, deiskioee

diezaiokegu, deiskiogu

digu, deusku

dio, deutso

diogu, deutsagu

diote, deutsoe

ditzakete, daikeez

dizkie, deutsez

dizkigute, deuskuez

dizkiogu, deutsaguz

zaigu, jaku

zaio, jako

ziguten, euskuen

zioen, inoan, esaten zuen

zioten, eutsoen

zitzaizkigun, jakuzan


Politika

Connolly-ren oroimenez

Daitekeena da, askok izen hau orain lehen aldiz entzutea; baina, hala ere, gizon honek Historian merezi ukan* duen leku berezia hemen aipatzea komenigarria iruditzen zaigu.

Maiz* esaten denez, Leninek bere teorian nazional eta sozial arazoak elkartu egin zituen. Gai hau biribiltzeko, ordea, zerbait falta zaigu: puntu batzuetan behintzat, Connolly aurretik ibili zitzaiola esatea. Hori dela eta, honetaz zertxobait aipatzeari ongi deritzogu, eta, argibide gisa,* haren ideiak agertu nahi dizkizuegu.

Connollyk, sasoi hartarako, oso pentsamolde arraroa zedukan. Noski, pentsakera hori, joan den mendearen bukaerako Irlanda hartan ezarri beharrean gaude. Kontuan eduki, herrialde hau Ingalaterraren azpian zegoela. XIX. mende osoan, arrakasta* haundirik gabe ordea, nazional askatasunerako mugimendu batzuk izan ziren. Marxen eritzi aldaketa mugimendu hauetan nabari* dezakegu. Hasieran, irlandar langileriari zera ziotson: Ingalaterrakoekin elkartzea, iraultza batera egin zezaten eskatuz. Gero, inolako mugarik gabe, irlandar nazional askatasunerako mugimenduari lagunduz, hasierako eritzia aldatu zuen.

Connolly, gaztetandik abertzalea izan zen. Aberriaz uste hau zuen: «Ingalaterrak Irlandan eginiko zapalketa latzaren ondoan, egungo* egoera ikusirik, berau bultzada iraultzaile batez bakarrik astin* daiteke».

1889. urtean Connolly alderdi sozialistan sartzen zen, eta 1896.eko maiatzean, Irlandako errepublikar alderdi sozialista sortu zuen. Beti abertzale agertu zen; baina abertzaletasunaz batera, barnean, klase berdintasuna zeraman.

Egiazko abertzaletasunak hauxe eskatzen du, zioen Connollyk: «Gizartearen atseginaz batera, gizon bakoitzaren zoriona. Munduko gosea eta, zapalduak zokoratuz, bakar batzuk (zapaltzaileak) ongi bizi izatea deuseztatu* behar ditu». Langileriaren helburutzat, berriz, beste hau zedukan: «Abertzaletasunari azken helburu ospetsuago hori ematea».

Honekin Connollyk abertzaletasun iraultzailea zehaztu zuen. Ez zen hemen gelditu, ordea; politikazko askatasuna ez zelanahikoa zioen. Aberriaren ondasunak Herriaren eskuetan gelditzen ez baziren, atzerritar kapitalaren pean geldituko zirela adierazi zien bere aberkideei, honela berriro zapaldurik geratuz. Connolly ekonomiazko inperialismoaren aurka zihoan, ez politikoaren kontra bakarrik. Honi buruz hauxe zioen: «Errepublika sozialistaren sustraiak sendotzen ez baditugu —nahiz eta, ingeles armada* hemendik jaurtikiz, aberriaren ikurrina Dublinen jarri— gure indarrak alferrekoak izanen dira. Ingalaterrako kapitalistek, merkatariek, bankuek eta abarrek diruaren botereaz zapalduko gaituzte. Zapalketa hau, ezberdina izan arren, gure asabena* baino motelagoa ez da izango».

Langile klaseak Irlanda askatuko zuela zeharo sinetsita* zegoen bera, burjes ttikiak Ingalaterrakoekin gehiegi loturik zeudelako. Horregatik, ekonomi loturetatik askatzea zail zitzaien. Nazional askatasunerako burrukaren jarraitzaile jatorra, hori dela eta, langileria agertzen zen.

Connollyren abertzaletasunak ez zituen nazioarteko harremanak ukatzen. 1916. urte aurretik Estatu Batuetan egon zen, eta bertan «Munduko industri langileen sindikatua»ren eratzaileetariko bat bezala agertu zitzaigun. 1913.ean langilez osaturiko gudutaldeak sortu zituen; berauk sindikatuak burjesiaren eta kapitalisten indarkeriatik zaintzeko jarriak ziren: langileriaren zerbitzuko armada bat.

Lehen Mundu Gerra gertatzean, irlandar langileriari eskabide bat egin zion: gerra deuseztatzeko. Honela arrazonatzen zuen: «Eskubideak eskatuz eta zor zaiona lortzearren, Herri baten burruka harmatua egin beharrezkoa dugu, askatasun bila. Era berean, sozial maila zapaldu baten burruka, zapaltzaileen aurka, askatasun ekonomiko eta politikoaren bila doana. Biok derrigorrezkoak ditugu, gizonak bagara behintzat. Baina, batzuen ekonomi eta politik interesagatik egiten den nazioarteko burruka bat txartzat dadukagu».

Leninek, ezaguna dugun esaera («inperialisten gudua, herri barrukoa bihur*») esan aurretik, Connollyk hauxe esana zuen: «Gerra honen seinaleak matxinadarena* izan beharko zukeen; lehen tiro eta hilketek, sozial iraultzarenak».

Irlandako sozialist mugimenduak, erruso eta serbioekin batera, honela definitu zuen Lehen Mundu Gerra: «Kapitalisten aurrerabiderako gudua».

Herria harmetan altxatzea, herria askatzeko bide egokiena zela ikusi zuen. Langileriak bakarrik ezin zuela burrukatu ikusirik, ikurrin bakar baten azpian bildu nahi ukan* zituen inperialisten aurkako indar guztiak: nazional fronte baten sustraien bila abiatu zitzaigun. Fronte horretan hauxek sartuko ziren: «Atzerritar zapalketaren aurka burrukatzeko prest zeuden klase guztiak». Fronte horren garaipenak gobernu abertzale iraultzaile bat zekarkeen.

1916.ean matxinada gertu zedukan, baina, SINN FEIN eskuindar taldeak azken orduan atzera jo zuelako, iraultza lur jota gelditu zen, eta Connolly hil egin zuten. Irlandar iraultzaileen porrota, hursegitea, goizegi altxatu zirelako etorri zitzaien. Leninek, ordea, ez zuen Connolly epaitu nahi ukan, Marxek Parisko «communard»ak epaitu ez zituen bezalaxe.

ARATZ

dizkizuegu, deutsueguz

gaude, gagoz

zaigu, jaku

zaio, jako

zedukan, eukan, zeukan

zeraman, eroian, eramaten

zeuden, egozen

zezaten, eien

zien, eutsen

zihoan, joian, joaten zen

zioen, inoan, esaten zuen

zion, eutson

ziotson (ziotsan), inotson, esaten zion

zuen zitzaien, jaken

zitzaigun, jakun

zitzaion, jakon


Ekonomia

Txinatarren miraria

Txinatarrak modan daude azken bolada* honetan. Egunean* baino egunean sor* eta lorrago* eginik uzten gaituzte, politika bidean ematen ari diren urrats* ameskaitzak direla eta: Nixonen itxulia,* UNOn sartzea, Espainiarekiko harremanak, eta abar.

Baina txinatarren mugaz barruko bizitza interesgarri bezain ezezagun zaigula aitortu beharrean gaude. Zuzen zebilen Michaux, honako hau bota zuenean: «Txinatar herriak hobekien ezagutzen duen artea, iskintxo* egitearena da».

Egia esan, aski* lan zaila da Txinako bizimoduaz datu zehatzak eskuratu ahal izatea: ofizialki ezer gutti argitaratzen delako, batetik; eta noizbehinka bertaratu diren bisitalarien albiste gehienak axaleko* eta kontraesankor* direlako, bestetik.

Estatistika gabeziaren hutsune hau, egunerokoek eta irratiak diotenaz betetzea beste biderik ez dugu. Baina nork jakin zehatz-mehatz, banbuzko hesiaren atzekaldean zer gertatzen den?

Zenbait herrialdetako ekonomiaz ihardukitzean,* maiz* erabili izan da «mirari» hitza. Txinakoari buruz mintzatzean ere, zilegi* bekigu «txinatar mirari» esamoldeaz* baliatzea.

Jan Deleyne, frantses ekonomilari eta kazetariari* bagagozkio, gaurregun txinatar ekonomia, oro* har, erdi maila itxuroso* batetan aurkitzen da. Kondairazko atzerapenean, lurraren berezko pobretasunean eta instalapenen* erdipurdizkoan daude egoera honen sustraiak. Errentaren ugaltze hutsean ez* baina, beste zerbaitetan datza* txinatarren «miraria»: urte guttiren buruan ekonomia bere eskuko bihurtzean, hain zuzen.

Azken hamabost urte honetan, Txinako «per capita» errentak irabazi handiegirik egin ez duelako, teknika eremuan* egin duen aurrerakada guttiestea,* eta bere burua gobernatzeko lortu duen ahalmenaz ez jabetzea,* ezin barkatuzko litzateke.

Gaurgero,* elektronika eta informatika bezalako sailetan ekiporik aurreratuenak eratzeko moduan daude txinatarrak. Eta maila honetara heltzeko, bi ahalegin handi egin behar ukan* dituzte: teknikalari arrotzek alde egitean utzi zuten zuloa bertakoez bete eta jendearen kontsumikizunak behar beharrezkoenetara mugatu.

Hamar urtez herrialde sozialisten gerizpean egon ondoren, dena bertakoek aurrera eraman beharrean aurkitu ziren.

Txinatarrek bakarrean burutu* duten ahalegin izugarri hau ez ote da, gero, burugogorkeria hutsa besterik? —galde lezake norbaitek. Geroaren azterketan sartzeke,* nik neuk, setakeria* antzua* ez baina, bide berriak bilatu nahia areago* dela esango nuke.

Elustondok ZERUKO ARGIAn esan digunez, «ekonomia baten etorkizuna jakintzaren indartzean eta kualitatezko gauzen indartzean gehiago datza, kapitalaren ugaritzean baino». Ba dakite honen berri txinatarrek.

Sobietar Batasuna «USAren muga berri» bihurtu den ordu honetan, txinatarren ahalegin itzel* honek ba du profetismo kutsurik. Hala ere, ba dira, «ideologiaz-handiko lantegiak» bihar edo etzi Txinako murrailaz barrutik ere sortuko diren eritzikoak...

X. MENDIGUREN

bekigu, izan bedi guri

daude, dagoz

digu, deusku

diote, dinoe

gaude, gagoz

lezake, leike

zaigu, jaku


Mendigoizale baten gogoetak

Igandea etorri zaigu. Goizetik jaiki gara ohetik, eta mendira abiatu gara.

Trapagara* heldu ondoren, bertako funikularra hartzen dugu, eta Larrainetara igotzen gara. Handik bai ikuskizuna!

Eskuin aldean, Bilbo, ketan, ixilik, Bilbotik Santurtzeraino, Nerbion hibaiaren ezkerralde osoa agertzen zaigu, fabrikaz beterik. Han, urrunean, etxeetako teilatuetan zehar, gruba baten punta agertzen da. Gero beste bat eta beste bat, zigoina* buruak bailiren*.

Aurrez aurre Algorta. Ederra. Teilatu gorri gorriz koloreztatua. Pixka bat gure ezkerretarantz, Serantes mendia: alde batetik Campsa, Iberduero, Butano, eta bestetik Somorrostroko iragaztegia* dituen mendi hura*.

Gure azpian Trapaga. Eta Barakaldo ere bai. Lotan daudela ematen dute biok. Bihar-etziko sozial aldaketa ausnartzen nonbait. Hortxe daude biok, pentsatzen. Beude, ba*!

Atzean, urruneko mendiak baino hurbilago*, Arboleda deritzan herrixka.

Goazen aurrera!

Zeruan, Bilbo aldetik, eguzkia gorantz doa, Larrainetako etxe ttipi eta bereziak bistatik galtzen ditugun bitartean.

Orain, bai eskuinetara eta bai ezkerretara, Bizkaiko lehen meatzak* ikus daitezke. Abandonaturik. Hilik.

Aurrean Arboleda ikusten da. Enparantza* bat, etxe ttipi eta bereziez inguraturik. Erdian musika kiosko bat. Hau ere berezia da. Halako zerbait daduka.

Hemen eta inguruko herrietan, Bizkaiko lehen sozialistak sortu ziren. Gure aitak behin baino gehiagotan azaldu izan zigunaz oroitzen gara.

Berak esaten zuenez, 1848.ean egin zen lehen Labe Handia Bizkaian. Boluetan, hain zuzen. Hala ere, ezin esan daiteke industri iraultza* hasia zegoenik une hartan.

Industri iraultza XIX. mendearen azken laurdenean agertu zen. Denbora hartan, kondizio berezi batzuk aurki daitezke. Guk hemen zenbait besterik ez ditugu aipatuko.

Lehen mementotik, industriaren hasiera hartan, finantziatzeko erakunde* bat jaso zen: Bankua.

«Banco de Bilbao» 1857.ean eraiki zen. «Banco de Vizcaya», berriz, 1901. urtean. Banku hauetan kapital batzuk* bildu ziren. Kapital horik*, merkatalgoaren* bidez, Ameriketan edo Bizkaian bertan eginiko kapitalak ziren. Kapital hauk,* Bizkaira eurrez* etortzen ziren atzerriko kapitalekin batu ziren.

Bizkaian zeuden meatzak zirela kausa, industrializazioa agudo* aurreratu zen. Gertaera honek, noski, zenbait ondorio ekarri zituen:

- Aberats klase beri bat Estatuaren buruzagitzan sartu zen laster. Aberats klase berri hori burjes handiek osatzen zuten.

- Imigranteak Nafarroa, Aragoe, Leon eta Gaztelatik etorri ziren. (Nafarroak 1860. urtean 299.654 bizilagun zituen; 1920. urtean 329.875. Bizkaia, epe berean, 168.705 bizilagunetatik 409.550 bizilagunetara heldu zen).

XIX. mendearen amaieran, burjes handi horik Estatuaren buruzagitzan finkatu egiten dira laster. Ez dira inoiz, beren historia guztian, demokraziaren aldekoak izan. Lehen Errepublikan, esate baterako, monarkiarekin eta lurjabe handiekin lotu ziren.

Bizkaian jaiotako klase hura osatzen zutenak ez ziren herrikoiak. Zertarako? Lan gogor eta neketsuetarako langileak lortzeko, merkatu handia eta merkea zuten. Produktuen esportazioa, beren gogarako* kondizioetan egiten zuten. Eta behar zuten beste. Klase hura zentralista besterik ez zen. Ekonomiaren aldetik abantail asko eduki zuen.

Gauzak honela izanik, Euskal Herrian ideologia berri bat sortu zen, burjes klase horren kontra.

Gero gerokoak.

Arboledako meatzak ikusi ditugunean, gure pentsamendua atzerantz joan da historian barrena.

Orain ere pentsatzen gaude. Gure azpian dauden fabriken artean, zenbat kapital dagokio, aipatu dugun klase horri? Zenbat USAri, zenbat langileari berari?

Bai, Bizkaia aberatsa dela esan daiteke. Baina aberastasun hori noren eskuetan dago?

Bizkaiko lehen meatzak hilik daude. Haien artetik pasatu gara, Ganeran mendirantz abiatzerakoan. Eguraldi ederra. Nerbion hibaiaren ezkerraldea ixilik datza*. Bihar-etzi, itzarri* eginen da. Gaurkoz, bego dagoen moduan. Bihar, bere oihua ematerakoan, adi eta prest egon behar.

AIERT

beude, begoz

daude, dagoz

gaude, gagoz

zaigu, jaku

zeuden, egozen

zigun, euskun


Peru Abarka-ren alienazioa

Euskal-Herrian inoiz gauza ez bururik ez zangorik gabekorik inork ikusi baldin badu, horixe, euskarak bizirik diraueino* eta mila urte geroago ere, Eztabaida izanen da (honela, inizial handiarekin). Eta Eztabaidak, beharbada, ez du bukaerarik ukanen, fin gaizto bat egiten baldin ez badu, behintzat, Errenteriako bisita batekin.

Mitxelena eta Haranburu-Altuna ezagutzen ditut biak, eta burua eginen* nuke, haien artean ez dela egon, eta ez dagoela oraindik ere, Eztabaida baino lehenagoko gorrotorik. Beraz, Eztabaidaren funtsa* ez datza* arrazoi pertsonaletan; bere giltza-harriak sakonago ditu, barrenago, ezkutuanago*, endelegu*-langitearen* sustraietan, motibazio intelektualetan. Zein diren eta zein ez diren, konprentsio normal batetatik kanpoan dago, adimendu ohituaren harandikoan.

Batarekin eta bestearekin mintzatu naiz (eskribuz nahiz hitzez), eta ez didate ezer argitu. Ondorio bezala, honetara etorria naiz, hau konkludi ahal ukan* dut (honela erranen* zuen hugonoteak*: konkluditu), euskaldun guztiak zororik gaudela (izan bedi ene bozgarria,* niri familiatik datorkidala).

Baina Eztabaidan punturik zelebreena, Peru Abarka-ren klase soziala izan da. Zeren, sozietatean, Jainkoak erremediatzen baldin ez badu, klase sozialak izan dira, dira eta izanen dira (batez ere, iragartzen* zaigun etorkizunean). Gaur egunean, bat edo beste izanen gara: burjes ala proletario. Edozein kristauren begien bistaren aurrean dagoen gauza da hau; hemendik ez dago bihurrerarik, eta bestela baldin badiost inork, ba dakit enganatu nahi nauela, eta beste gabe goardian jarriko naiz, ez nazan ezpatarekin kolpa. «Gure eguneroko ogia» eskatu behar dugunok klase batekoak gara, eta horren beharrik ez dutenak bestekoak; nik orain enplegu bat dadukat, eta kasualitate bategatik edo ene erruagatik handik despatxatzen banaute, nola pagatuko dut etsetoa* eta kotxetoa? Gure fabrikak malkarrota egiten baldin badu, ene ugazabaren umeek ez dute goserik sufrituko, ez.

Ezeri edo inori burjes dela baldin badiozu, ba dirudi munduko bekaturik handiena kometitu duzula. Hala ere, zu proletario zarela baldin badiozu, akabo!, berehala hartuko dizkizute kontuan ihazko eguberrietan jan zenituen langostino konjelatuak edo Arenillas-en hartu dituzun itsas-bainu dominikalak. Baina zuk doble edo lau doble pagatu dituzu langostino hoik* eta bainu hoik zeure bekokiko izerdiaz.

Hauk* errealitateak dira. Burjesek ez dute nahi klase sozialen izenik ere, eta proletariook ez ditugu nahi klase sozialak berak.

Errenteriakoa dena errenteriar erraten diotenean, alegratu egiten da, eta berdin Alegiakoa alegiar deitzen diotenean. Baina burjesari burjes deitzen baldin badiozu, ba duzu aurrean etsai* bat. Zergatik hau? Etsaia delako aldez aurretik, edo?

Moguel eibartarra, zein klase sozialetakoa izan zen? Azter ditzagun pizka batean egitekoak. Erreboluzio frantzesa* lehertu* baino lehen, hiru klase sozial agintari zegoen, eta obedient bat. Agintariak hiru estatuak ziren, eta obedienta komuna. Hala irakur ahal dezakegu Axular-en eta Oihenarte-ren eskribuetan, besterik ez badago ere. Erreboluzio frantzesean hiru estatuetatik bat atera zen garaile, hirugarren estatua, burjesia. Eta beste biak asimilatu zituen. Hau mundu guztiak ahaztu nahi duen gauza da. Orduan gertatu zen ezklabotzatik etorritako klase sozialaren aurrean aurkez aurk, populuaren aurrean, kumunaren aurrean, proletarioon aurrean.

Orain kontua da: Moguel-en denboretan zer organizazio sozialek ordenatzen zituen Bizkai-Gipuzkoak? Zabarrak ala berriak? Berdin digu. Leheneko kasuan, bigarren estatuko obra bat da Peru Abarka, Gero eta Leizarragaren tradukzioak bezala-bezalaxe. Bigarrenean, burjes huts.

Hainbeste urtetan argitaratu gabe egon baldin bazen, hori beste kontu bat da. Gehiagotan egon zen Etxeberri Sarakoaren obra; eta inork ez du dudarik egin behar, hirugarren estatuko obra bat dela.

Honek guzti honek zentzu-gabekeriarik eroena* dirudi, eta hala iruditzen zait niri ere. Baina, beti bezala, pentsamenduaren ostean sentimendua dago, eta asunto* guztiak tristuraz betatzen nau. Zeren*, Mitxelena jaun, adiskide eta hainbeste gauzatan maisutzat aitortu dudanari (ba daki berak gezurrik ez diodala), beraren lan egiteko kapazitatea gutitzen baldin bazaio, errate baterako, eritasun* psikopatiko bat kutsatzen baldin bazaio (inor ez dago libre, eta are* ni gutiago), zer etorkizunek igurikitzen* dio, beraren familiaren ahaleginek erremedioren bat bilatzen ez badiote (kapazitate bati beste batek bilatutako ordaina), ezpada Charenton-sur-Saonako etse* baten miserabletasunak?

Ai ene, Santa-Agedako, Zaldibar-eko eta Bermeo-ko talaiako* gaineko etseen miserabletasuna! Nik hainbestetan eta beti hain hurbildik* ezagutuak! Neure odolaren adolaren gainean ezagutuak!

Haranburu-Altuna batek, eta ez inoiz beste ezein* burjes-kumek ezagutua!

Jean-Jacques Rousseau! Moguel! Salbaia* ona!

Basa-herritar zintzoa!

Peru Abarka eta Garoa-ko Joanes-en alienazioa!

Ene! Ene!

GABRIEL ARESTI

dezakegu, daikegu

didate, deuste

digu, deusku

dio, deutso

diost, dinost, esaten

diot, dinot

diote, deutsoe

diozu, dinozu; deutsazu

ditzagun, daiguzan

dizkizute, deutsuez

gaude, gagoz

nazan, naian

dit zaigu, jaku

zaio, jako

zenituen, zenduzan


Euskal Herriko piztiak

Erbinudea eta Xontonxuria (9)

Maiatzeko igande goiz batetan, Eneko eta osaba Martin menditik ebiltzala, bide ertzeko sasi artetik arratoi haundi bat irten eta bidetik aurrera abiatu zan korrika. Une bat geroago, leku beretik piztiatto gorri luzexka bat agertu eta lau saltotan arratoitzarraren gainera igon zan, beronekin izugarrizko burruka ba hasiz. Ikusle biak adi egon iakezan, eta ondo baino hobeto ikusi ahal izan eben zelan piztiattoak hiltzen eban arratoia, bai eta haren ikarazko txilikoak entzun ere Arratoia tripaz gora gelditu zan, burua odolez gorriturik; eta hiltzaileak, hain animalia ttikiagan nekez igarri eitekean indar batez, tiraka eroan* eban handik, sasi artean patxadaz jan ahal izateko.

Enekok ha* guztia ametsetan legez* ekusan. Halakorik ere! Nork pentsa eikean, holako burruka bat ikusi beharko ebanik igande hartan? Piztia biak sasietan desagertu* zirenean, osabari zertzuk ziren itaundu* eutson berehalaxe.

— Hara! Bata zeuk ikusi dozu: arratoi bat.

— Bai, hori ba dazagut;* baina nik bestearen izena jakin nahi neban. Zer zan?

— Ogigaztai bat, edo, beste euskaldun askok deitzen dabenez, erbinude bat.

— Bai izen arraroa daukala, osaba. Ogigaztai izen horrekin edo zeinek pentsatuko leuke jatekoa dala.

— Ba, ikusi dozunez, ez da, ez, horrela. Berak bai jaten dituala besteak, berriz.

— Arratoiak bakarrik jaten ditu?

— Erbinudeak arratoiak eta saguak ditu bere janaririk maiteenak; nozik behinean, baina, lurrean egoten diren habietako arraultzeak edo txorikumeak ere jaten ei* ditu. Ausartenak* baserri ondoetaraino joaten dira, oilo lokei* txitaren bat harrapatzeko, ahal izanez gero. Hau. ostera,* oso guttitan jazotzen da, erbinudea, gehienbat, basoko janez bizi izaten dalako; eta horregatik oso animalia onuragarritzat* hartu behar dogu.

— Eta zelan hil leike bera baino animalia haundiago bat, osaba? Hortxe garbitu dauan arratoi hori, guttienez hiru bider handiagoa izan da.

— Erbinudeek arratoiei samako* zainak ebakitzen deutseez haginekin, eta burura odolik joaten ez jakela eta, heriotzea behingoan etortzen jake. Honetan oso bizkorrak dira. Horregatik, ba dira, joko hori ez dakiela. erbinudeak pozoia daukala esaten daben ezjakin batzuk.

— Eta osorik jango ote dau?

— Ez dot uste. Odola zurrupatu, buruko garaunak eta begiak jan besterik ez deutso egingo. Baina, beharbada... sasoi honetan kumeak egiten ditue eta ba leiteke hareei zertxobait eroatea.*

— Zenbat kume egiten ditue?

— Hirutik seiraino. Jaiotzean itsu dira, begiak estalirik daukezalako.

— Eta erbinude guztiak horren ttikiak izaten dira beti?

— Hara! Erbinudea, haundien dala, 18 zm.takoa izaten da, eta buztantxoak 4 zentimetro gehiago ditu. Arrak, ordea, emeak baino askoz ere haundiagoak izaten dira. Batzuetan, handitasunezko diferentziagatik, arrak eta emeak ez dirudie animalia bera direnik.

— Eta kolorez guztiak dira berdinak?

— Bai, erbinudea gainetik gorriska da eta sabelean zuria. Buztantxoaren punta beti da gorria, bizkarraldea lakoxea.

Eskandinabiako erbinudeak, xontonxurien antzera, neguan ilez* aldatu egiten dira, gorputz osoa zuri zuria geldituz. Horretara,* elurretan etsaiek* ikusi gabe ibil daitekez lasai lasai.

— Eta zertzuk dira xontonxuriak, osaba?

— Xontonxuria erbinudearen lehengusu nagusia da, itxuraz eta bizimoduz oso antzekoa, handittoagoa baina. Luzeraz 27 zentimetro ditu, 10 zm.tako buztan batez. Beronen buztanaren punta, erbinudearena ez bezala, beltza da beti. Europako iparraldeko xontonxuriak neguan ilez aldatzen dira, orduan, buztanaren punta beltza izan ezik, zuri geldituz. Xontonxuriaren larru zuri finaz eta buztantxo beltzez Erdi Haroko erregeen paparreko dotoreak egiten ziren; eta gaur egun ere, euren larrua hartzeko, hainbat hiltzen ditue tranpaz.

— Eta ba dira holakoak Euskal Herrian?

— Xontonxuriak Nafarroako eta Zuberoako Pirinoetan aurki daitekez, Iratiko oihanean* eta Belagoako ibarrean, batez ere. Erbinudea, aldiz,* Euskal Herri osoan bizi da, eta ugari xamarra oraino.

— Zelan deitzen dira erdaraz erbinudea eta xontonxuria?

Lehen esan deutsudanez, euskaraz erbinudeak izen bat baino gehiago dauka: ogigaztaia, anderedderra, satanderea; baina zabalduena erbinudea dala esango neuke. Espainolez ere bat baino gehiago dau: comadreja, paniquesa, paniquesilla..., eta frantsesez belette (= belet); zientzi izena Mustela nivalis da.

Xontonxuriari gaztelaniaz armiño eta frantsesez hermine (= ermin) esaten jako, nazioarteko izena Mustela erminea dalarik. Dantzuzunez,* latinez mustela izena eban, oraindik Bizkaiko toki batzuetan, erbinudeari esateko, erabiltzen dan berbera.

TRAUKO

dabe, dute

daitekez, daitezke

deutseez, dizkiete

deutso, dio

deutsut, dizut

eban, zuen

eben, zuten

ebiltzan, zebiltzan

eikean, zezakeen

eitekean, zitekeen

ekusan, ikusten zuen

eutson, zion

jake, zaie

jakezan, zitzaizkien

jako, zaio

leike, lezake

neban, nuen


Zapaburua. Euskaldun Rh-dunen umore orria

[Binetak]


Zapaburua. Euskaldun Rh-dunen umore orria

Eguneroko gezurrak

• Azkenean ezkondu egin haiz, ez da? Ez dakik asko nolako inbidia diadan.

• Berrogeitamar urte dituzula? Inork ez luke sinetsiko!

• Ez, zure semea ez da tontoa; baina, ba dakizu, eskolan ez da inoiz adi egoten eta...

• Asko pozten naiz zu ezagutzeaz.

• Aparkatzea ez da problema, gizona, Ez zaitez artega,* hor aurretxoan topatuko duzu lekurik.

• Ez, argalik ez dago, baina lodi esateko moduan ere ez.

• Itsusi edo polit izateak ez du ardura; nortasuna edukiz gero...

• Bai, zure artikulua irakurri nuen. Oso interesgarria, benetan.

• Gaur atzo baino gehiago maite zaitut, baina bihar baino gutiago.


Denbora ematekoak

Gurutzegrama (20)


Denbora ematekoak

Hieroglyphikoa


Denbora ematekoak

Euskal salda


Ikas zeure hizkuntza

Hiztegia

IMANOL BERRIATUAK

Ale honetan izartto batekin agertzen diren berbak

ADIN, edade.

AGIAN, beharbada, nonbait.

AGIN, mana, mandar. (AGINDU, manatu, mandado).

AGUDO, arin, laster.

ALABAINA, hala ere.

ALBAITARI, veterinario.

ALDARRIKA, proclamar, vocear. (ALDARRIKATU, proclamado, voceado).

ALDIZ, berriz, ordea, ostera.

ANGELU, Anglet.

ANTZU, estéril.

ARAUDI, reglamento.

ARAUERA, según.

ARE, oraindik, aún, encore.

AREAGO, oraindik gehiago.

ARETO, sala, salón.

ARRUNT, corriente, común, ordinario.

ARTEGA, inquietarse, preocuparse. (ARTEGATU, inquietado, preocupado).

ASKI, nahiko.

ASTEARTE, martitzen.

ASUNTO, asuntu, gai, materia, sujet.

ATURRI, Adur.

ATXIKITZE, mantener, guardar.

AUSART, atrevido, osado.

AXALEKO, superficialito. (AZALEKO, superficial).

AXOLA, ardura.

BA, bada, pues.

BA, si, ya. (Ene ustez, BA partikula beti aditzari loturik idatzi behar dela esaten dutenek. errazki ikus dezakete, esaldi askotan eta bereziki Gereñoren honetan, erregela horren akatsa eta bestearen abantaila).

BAILIREN, balira bezala.

BATZUK, zenbait. (Batzuek aktibo, batzuk pasibo).

BEDEREN, gutienez, behintzat. behinik behin.

BEGIKO, simpático.

BEJONDIZUELA, enhorabuena. Bide on (Jainkoak) dizuela.

BESTEK, inork, otro. (BESTEEK, los otros).

BIDENABAR, bide batez, de paso.

BILKURA, bilera, reunión.

BOKALE, Boucau.

BOLADA, unada, temporada.

BOZGARRI, pozgarri.

BURUTU, realizado, terminado.

DAKIKEGU, dakigu nonbait.

DAKUSAT, ikusten dut.

DAKUSKIGU, ikusten ditugu.

DANTZUGU, entzuten dugu.

DAROA, darama.

DATEKE, da nonbait.

DATXIKIE, atxikitzen zaie, les está adherido.

DATZA, yace, está, consiste. (Etzan aditzaren forma).

DAZAGUGU, ezagutzen dugu.

DAZAGUT, ezagutzen dut.

DEUS, ezer.

DIRATEKE. dira nonbait.

DIRAUEINO, dirauen bitartean.

DUKEZUE, duzue nonbait.

EDUKI, contenido.

EGIN, apostar, parier.

EGUNEAN BAINO EGUNEAN SORRAGO, cada día más absorto.

EI, omen.

EKAIN, junio.

EKOIZPEN, producción.

EMATEKE, eman gabe.

ENDELEGU, intelecto.

ENPARANTZA, plaza.

ENTSEIATU, salatu, bermatu.

ERAGOTZI, evitado, impedido.

ERAKUNDE, organismo, institución.

ERDIESTE, lortze.

ERDIETSI, lortu.

EREMU, terreno, campo.

ERO, zoro.

ERITASUN, gaixotasun.

EROAN, eraman.

ERORI, jausi.

ERRAN, esan.

ESAMOLDE, expresión, dicho.

ESKUALDE, comarca.

ESKUTAN, en manos. (ESKUETAN, en las manos).

ETSAI, arerio, enemigo.

ETSE, casa. (Ba dago berba hau, baina Euskal Herriko idazle guztiek etxe idazten dute)

ETSETO, etxeto, etxetto, etxetxo.

EURREZ, erruz, abundantemente. (Gure ustez, euskara batuan Bizkaiko eurrez erabili behar litzateke, eta ez erruz, azken berba honek beste esangura bat ere ba du eta).

EUSTE, sostengatze.

EZ BAINA, barik, gabe.

EZEIN, ninguno.

EZEN EZ, que no.

EZKUTUANAGO, ezkutuagoan.

FRANTZES, francés. (Etxaparek eta Leizarragak hala idazten zuten. Baina. oker ez banago, oraingo idazle guztiek frantses idazten dute, usadioari eta euskal fonetika jatorrari jarraituz (ikus Mitxelenaren «Fonética histórica vasca»).

FROGA, prueba, demostración.

FUNTS, fondo, sustancia.

GABEZIA, falta.

GAINGIROKI, superficialmente.

GAURGERO, ya, desde ahora en lo sucesivo.

GERA, geldi, quedar. (GERATU, gelditu, quedado).

GERTAKARI, gertaera, gertatu den zerbait. (GERTAKIZUN, gertatzeko den zerbait).

GOGARAKO, gogoko, gustuko.

GORABEHERA, a pesar, malgré.

GORPU, cadáver, carroña.

GUTTIESTE, subestimar.

GUTUN, carta, todo escrito corto.

HA, hura.

HALTZARI, mueble.

HAUK, honeek. (Hauek aktibo, hauk pasibo).

HEIN, medida, proporción, grado.

HERABE, irresoluto, inseguro.

HERSTE, hixte.

HERTSI, hetsi, hitxi.

HEZTE, educar, domar. Diren gauzarik gogorrenak, moldagaitzenak eta hezgaitzenak ere, hezten, beratzen, moldatzen eta eskuetaratzen ditu amorioak (Axular, 316).

HIRIGINTZA, urbanización, planificación urbana.

HITXI, hetsi, hertsi.

HOIK, horik, horreek. (Hoiek aktibo, hoik pasibo).

HORIK, hoik, horreek. (Horiek aktibo, horik pasibo).

HORRETARA, horrela.

HOTS, a saber, es decir, esto es.

HUGONOTE. Leizarraga.

HURA, ha.

HURBIL, hur.

IDURI DU, ba dirudi.

IGORRI, bidali, bidaldu.

IGURIKITZE, igurikatze, itxarote.

IHARDUKI, ihardun.

ILE, ule.

INSTALAPEN, instalamendu, instalación.

IRAGARTZE, anunciar.

IRAGAZTEGI, refinería.

IRAULTZÁ, revolución. (Hitz hau mugatua dela adierazten du azentuak. Bizkaieraz iraultzea esango genuke).

ISEKATU, trufatu, burlado.

ISKINTXO, inflexión de cintura.

ITAUNDU, galdetu.

ITXULI, visitita, visita corta. (ITZULI, visita).

ITXUROSO, decoroso.

ITZARRI, despertado, éveillé. (IRATZARRI, hecho despertar, fait éveiller).

ITZEL, eskerga, enorme.

IZAKI, izanki, izanik. (Ene ustez, euskara batuan hobe litzateke, azken N galtzen ez duten beste formak erabiltzea: izanki, egonki, emanki, eramanki, iraganki, jakinki, joanki, eta ez izaki, egoki, emaki, eramaki, iragaki, jakiki, joaki, eta abar).

IZKUTARAZTE, hacer que se oculte, faire qu'il se cache.

IZOZKUTXA, depósito frigorífico.

IZTAI, iztondo, ingle, aine.

JABETZE, konturatze, percatarse.

JADANIK, ya.

JAISTERAKOAN, al ir a bajar. (JAISTEAN, al bajar).

JARAMON, kasu.

JAUSTE, erortze.

KALONJE, canónigo.

KAZETARI, periodista, journaliste.

KONPROMETITU, engaiatu.

KONTRAESANKOR, contradictorio.

KOPURU, suma, número total.

LANGITE, lan egite.

LARUNBAT, zapatu.

LAUDIO, Llodio.

LEGEZ, lez, bezala.

LEHERTU, estallado.

LEXONA, Lejona. (Euskaltzaindiak besterik erabakitzen ez duen bitartean. Lexona eta ez Leioa idatziko dugu, Arrona, Lemona eta abar idazten dugun bezala).

LIBERA, franco.

LOKA, kloka, koloka, kolka, clueca, poule qui glousse.

LOR, buruhauste.

MAISEAGARRI, kritikagarri.

MAIZ, sarri.

MEATZA, mina.

MERKATALGO, comercio.

MINTZO IZAN, mintza, berba egin.

NABARI, evidente, notorio, patente.

NABARIRO, nabariki, evidentemente, patentemente.

NEHOR, inor.

OIHAN, baso.

OIHUKA, proclamar, vocear. (OIHUKATU, proclamado, voceado).

OLA, fabrika.

ONDDO, hongo, champignon.

ONURAGARRI, probetxagarri.

ORDUTAN, en tiempo, en horas. (ORDUETAN, en las horas).

ORO HAR, en conjunto.

OSATU, sendatu.

OSTEGUN, eguen.

OSTERA, aldiz, berriz, ordea.

SALBAIA, salvaje.

SAMA, lepo, cuello, cou.

SARTZEKE, sartu gabe.

SEMETO, seme nagusi, primogénito.

SETAKERIA, obstinación, terquedad.

SINATURA, firma, signature.

SOR, absorto.

TALAIA, atalaya.

TERNOSE, Tarnos.

TRAPAGA, San Salvador del Valle.

TRUFA, burla.

UKAN, izan. (Ukan aktibo, izan pasibo).

URRATS, pauso.

UZTAIL, julio.

XARMA, encanto.

XERTO, vacuna, vaccin.

XURGATZE, mamar, absorber.

ZELAN, nola.

ZEREN, ze, pues.

ZIGOINA, cigüeña.

ZILEGI, lícito.

ZIRATEKEEN, ziren nonbait, izango ziren.


Ikastola

Ikastolak direla eta

1. Nahi ez dudan ikastola

a) Zenbait ikastolatan, Junta Zuzendaria, pedagogi arloan ezer ez dakien jendez osaturik dago. Hau da, pedagogian analfabeto den jendeak zuzentzen du ikastola. Lantegi batean agintari eta zuzendari denak, uste du ikastolan ere agin* eta zuzen dezakeela.

Horrelako eskutan* dagoen ikastola, horixe izango da, ikasteko ola* bat, ikastegi bat. Lantegian agintzen duenak, uste du berdin egin dezakeela ikastegian ere. Lehenean, lan egin eraziz. Bigarrenean, ikas eraziz. Horrelako ikastegi batetan, haurrak ikasi bai, ikasiko du; baina hezi ez da egingo haurra, nahiz eta euskaraz ikasi.

Horrelako ikastolarik ez dut nahi.

b) Irakasle funtzionarioen eskutan dagoen ikastola ere ez dut nahi. Bi modutan izan daiteke funtzionario: norberak hala nahi duelako eta bestek* hala agintzen diolako. Bietarik ematen da praktikan. Irakasle batzuentzat, dirua irabazteko toki bat besterik ez da ikastola. Lantegia baino toki hobea. Bestalde, pedagogiaz jantzia egon beharrean agintez jantzia dagoen. zuzendaritzapean, funtzionario izatera behartzen da irakaslea. Ikastola enpresa bat da, eta irakasleak hango langileak. Ikastola-enpresa hori ez dut nahi.

c) Pedagogia ordenazaleaz jokatzen duen ikastola. Hau da, haurren nortasuna lantzen baino haurren buruak betetzen gehiago saiatzen den ikastola. Ikas ordutan,* jolas ordutan, hitz ordutan, eskailerak jaisterakoan* eta igotzerakoan, autobusean sartzerakoan, ordena, ordena, ordena (isilik! zuzen! bata bestearen atzetik! eskuak atzean! burua tente! eta abar eta abar): ordena, balore nagusi duen ikastola. Haurrari, libreki espresatzen, sortzen, kritika egiten, mugitzen uzten ez dion ikastola. Ordena ez dut baztertzen; baina gainetik eta azpitik ordenaz jantziriko ikastola hori ez dut nahi.

d) «Ikastola neutrala nahi dugu, ez eskuinekoa eta ez ezkerrekoa. Euskalduna izan dadila, eta kito», horrela pentsatzen duen jende eskuindar eta burgesaren ikastola. Gizarte finkatu eta konkretu baten barnean (eta ez ilargian) dagoen eskola bat neutrala izan dadin saiatzen dena, gizarte burgesaren alde ari da, derrigorrez. Oraingo ordena finkatua ez da neutrala. Hori itsuak ere ba daki. Guraso neutralzaleen eskola neutralik ez dut nahi.

e) Euskararik eta euskara baturik ez dakiten eta ikasi nahi ez duten irakasleen eskutan dagoen ikastola. Euskara jakin ez, eta, hala ere, egunean bost minutu ere ikasten ahalegintzen ez diren irakasleen ikastola. Esaldi bat euskaraz okerrik gabe idazteko gauza ez diren irakasleen ikastola. Ikastola hori ez dut nahi.

f) Ikastola batzuetako agintedunek, Erdi Haroko garaietara itzuliz edo, sorginak eta herejeak besterik ez dute ikusten irakasleen artean eta hauen inguruan. Sorgin eta hereje horik* salatu, urrutiratu eta erre artean, ez dute bakerik.

Gurutzada santu bat organizatu nahi dute, euskal eta katoliko ortodoxiaren alde. Talde horien eskutan dagoen ikastolarik ez dut nahi.

g) Langile soila Junta Zuzendarikoa ezin daitekeela izan uste duen ikastolarik ez dut nahi. Pedagogi problema zuzendariaren eskutan utzi eta, bileretan diru problema besterik erabiltzen ez duen ikastola ez dut nahi. Laguntzaileari (herriari) dirua besterik eskatzen ez dion ikastola ere ez.

Ikastola guzti hauk* ez ditut nahi, ez pertsonarik eta ez herririk egiten ez dutelako. Desegileak direlako, eta ez egileak. Talde zapaltzailearen indarrari eusteko* direlako. Langile zapalketaren harma bat direlako.

2. Nik nahi dudan ikastola

Junta Zuzendaria, heziketaz, pedagogiaz eta abarrez zerbait irakurri duen edo guttienez horretaz zerbait baino gehiago arduratzen den jendeaz eraturik dagoen ikastola.

Irakasleek nortasunez joka dezaketen ikastola.

E.G.B.k eskatzen duenaz gainera, haurra sortzaile, kritikagile, responsable, libre egiten saiatuko den ikastola. Ordena guztia baztertuko ez duena, baina ordenaren menpe eroriko* ez dena.

Gizarteko ordena zapaltzailea irauli nahi duen ikastola. Haurrari, gaurko gizarteak erakusten dizkion interes egoista, materialista eta zapaltzaileen ordez, interes justizigileak, anaiartegileak eta askatzaileak presentatuz. Haurrari oraingo eta hemengo egoera erreala begien bistan ipiniko dion ikastola.

Euskaraz analfabeto ez diren irakasleen eskutan dagoen ikastola.

Hitz batez, ez dut nahi ikastola diktadore, ordenazale, neutral, funtzionario, burges eta erdaldunik.

Nahi dut ikastola demokratikoa, transformaziozalea, konprometitua,* herriarena, euskalduna.

Eta ez dut perfekziorik eskatzen. Ba dakit non eta noiz bizi garen eta zein diren gure posibilitateak. Linea bat eskatzen dut, hari bat, bide bat, direkzio bat. Eta horretarako, nahi ez ditudan ikastolak ez ditut erre eta kizkali nahi, baina bai kritikatu, egiten duten zapalketa salatu eta beste bide batetik eramaten saiatu.

(Aurtitz delako batek ZERUKO ARGIAn idatzi du —nik ere bai erantzun hari, baina alferrik, ZERUKO ARGIAko ateak hitxita* aurkitu baititut—, ikastolak erlatiboak direla esan dudalako, niretzat dena berdin dela, bai erdal eskolak eta bai ikastolak. Eta niri bost axola* zaidala euskara, euskal gauzak eta Euskal Herria. Jakin nahi nuke non ikasi duen Aurtitz delako horrek hain logika harrigarria, eta non eskuratu duen Euskaltasun Definitzaile Haundiaren karneta).

EUSEBIO OSA

dezake, daike

dezakete, daikee

dio, deutso

zait, jat