ANAITASUNA

256. zenb.

1973.eko maiatzaren 31koa

Pelota, 4 - 1.º - Bilbao-5

Tel. 23 74 49 - Apart. 495


ANAITASUNA Bizkaia

Hamabosterokoa.

Zuzendari ordezko: Imanol Berriatua.

Idazkari: Josu Torre.

Bulegoa: Pelota, 4-1.º - Bilbao-5.

Imprimatzaile: AMADO, Mazarredo 35 - Bilbao-10.

Moldatzaile: RALI, Particular de Costa 12-14, 3.º - Bilbao-10.

XX. urtea.

D.L.: BI-1.753 - 1967.


Paulo Freire. "Elkar hizketako gizona"

Bere bizi ingurutik ateratako gizona, uretatik ateratako arraina bezala da. Pentsalariaren bizitza eta beronen pentsamendua lotura etengaitzez elkarri itsatsirik* egon ohi dira. Egia honen lekuko* dugu kondaira osoa. Eta pertsona honen bizitzako gorabeherak ezagutzeke,* ezina da behar bezala beronen pentsaera sakontzea ere.

Aspaldi honetan maiztxo* darabilgu ahotan Paulo Freireren izena. Beronen theoria eta dotrinak —alderdi batzuk,* bai behintzat— lau haizetara barra-barra zabaldu diren bitartean, inor gutti ausartu da Paulo Freireren giza irudi bat eskaintzera. Ez ote dago zer ikasirik Freireren bizitzan?

Euskal Herrian zehar inkesta* bat egin bageneza,* bi irudi, arras* desberdin eta itxuragabetuak jasoko genituzkeela nik uste. Hauk honela izanki, utz diezaiogun Freireri bere buruaz mintza dakigun:

Haurtzaro baten gazi-gezak

«Brasilgo Recife-n jaioa naiz, 1921.eko irailaren* 19an, Casa Amarela deritzan hauzoan.

Aita Pernambucoko Militar Poliziako ofiziale zen; erlijio taldeetan sarturik ez zegoen arren, espiritista zen. Ona, argia, zintzoa.

Ama katoliko zen; samurra, ona, zuzena.

Aita hil zen, eta aztarna* ezabagaitza* utzi zidan. Amak oraino bizitzen eta sufritzen dirau, baina Jaungoikoagan eta beronen ontasunean bere uste ona beti ipinirik daduka.

Hauexekin ikasi nuen, munduarekin, gizonekin eta Jaungoikoarekin iraun erazten saiatu naizen elkar hizketa hori. Amaren erlijio sineskizunei aitak zien begiruneak* erakutsi dit ttikitandik inoren hautakizunak errespetatzen. Gogoan dut oraino zein maitekiro entzun zidan, lehen jaunartzea egin nahi nuela esan nionean. Amaren erlijioa hautatu nuen; eta berak lagundu zidan, hautapen hura egikor izan zedin. Nire aitaren eskuak ez ziren semeak zigortzeko eginak, gauzak nola egin irakasteko baizik.

1929.eko ekonomiazko krisialdian, Jaboataora lekuz aldatu beharrean aurkitu ginen. Jaboataon galdu nuen aita. Jaboataon jakin nuen gosea zer den, eta inoren gosea ulertzen. Oraino haur nintzelarik, oinazeari eta saminari esker, gizon bihurtu nintzen. Hala ere, ez nintzen ilunpean eta etsipenean* murgildu.

Jaboataon herriko haurrekin pelotan aritzen nintzen. Hibaian, igerian ere aritzen nintzen, eta hantxe ukan* nuen neure lehendabiziko argitasuna: egun batez nexka biluzi bat begiztatu nuen, eta hark barreari eman zion... Hamar urte nituela, ongi ez zebilen hamaikatxo gauza munduan ba zela pentsatzen hasi nintzen. Eta umegorri bat nintzen arren, gizonei laguntzeko zer egin nezakeen galdezka hasi nintzaion neure buruari».

Izerdia eta letrak

«Ongi kostata sartu ahal izan nintzen Secundarian. Hamabost urte, eta oraindik orthographiako hutsak egiten nituen idaztean.

Hogei urterekin Lege Fakultatean nenbilen, eta hizkuntzaren philosophia eta psykhologia ikasteari ere lotu nintzaion, Secundarian portugesa irakasten nuen bitartean.

Brasildar literaturaren oinharrizko obrak eta atzerritar batzuenak irakurtzen hasia nintzen, eta aldi berean anaia zaharrenei familia mantentzen laguntzen nien.

Haro honetan bizitza eta beronek eskatzen duen konpromisoaren eta apaizek iganderoko sermoietan diotenaren artean dagoen urruntasunarengatik (neure ingenuitatean uler ez nazakeen urruntasuna baitzen), Elizatik aldendu nintzen (baina ez Jaungoikoagandik) urte betez, amaren tristura handiz. Tristan de Atayderen irakurgaiei esker, Elizaratu nintzen atzera. Atayderekin batera, Maritain, Bernanos, Mounier eta abar irakurtzen nituen».

Norabide berriak

«Guraso izateko gogo bizia nuenez gero, 23 urte nituela, ezkondu egin nintzen, Recifeko eskola irakasle zen Elza Maia Costarekin. Hau ere, ni bezala, katoliko zen.

Neure gurasoekin ikasiriko elkar hizketari jarraiki nintzaion Elzarekin. Bost seme ukan* genituen: hiru neska eta bi mutil.

Asko zor diot Elzari; bere ausardia, ulermen eta maitasunarengatik, egiten dudan guztirako duen interesarengatik, sekula ukatu ez didan eta eskatzeke* ematen didan laguntzarengatik, egoerarik larrienetan berak sostengatu izan nau. Ezkontzaren ondorioz hasi nintzen heziketa* arazoez systematikoki arduratzen.

Laburki abokatutzan aritu ondoren, Pernambucoko SESIn, Heziketa eta Kulturarako Sailean sartu nintzen; 1946.etik 1954.era bitartean egin nituen entseiuek, hamar urte geroago hasiko nuen methodoa oinharritu zuten.

Herri Kultur Mugimenduaren sortzaileetarik bat izan nintzen eta geroxeago beronen zuzendari».

Arragoan*

«1964.eko estatu ukaldiak,* pertsona helduen heziketan eta herri kulturaren sailean burutu* genuen ahalegin guztia geldi erazi ezezik,* 70 egunetarako presondegira eraman ninduen, beste askorekin batera. Geroago Rio-ko IPM-n luzatu ziren interrogaketak jasan* behar ukan* nituen lau egunez. 1964.eko irailean* Boliviako Enbasadara ihes egin eta hantxe aurkitu nuen geriza.

Interrogaketa gehienetan, nire «ezjakintasun osoaz.. gainera adierazten nuen arriskua frogatu nahi zuten. «Asmozko azpilari», «Kristo eta brasildar herriarekiko traidoretzat» hartu ninduten.

Esperientzia honetatik guztitik, gorrotorik eta etsipenik* gabe atera nintzen. Hara zer ikusi nuen garbi garbi: irrazionalismozko uhin* zemaikor* batek menpean hartu gintuela: bizi erazten duen mistikarengatik, eta mantentzen duen maitasun gabeziarengatik oso arriskugarri den kontzientzia xaloaren* izan molde edo bihurritze* gaixozko batek». (M. Mereira Alves, Cristo del Pueblo, Ed. Ercilla, Sant. de Chile, 1970).

Zerbait laburtu baditugu ere, hona hemen soil soilean, P. Freireren aitorpen hauk. Benetan esanguratsu deritzegu.

Pentsalari eta ekintzaile sakon honen asmo-ideietan sorginak eta iratxoak* errazegi ikusten dituztenentzat, edo eta urak uberkatik* atera nahirik, duda-mudako erreboluziogintzen mythozko aitagoi* bihurtu nahi dutenentzat, ba dute giharrarik aitorkizun hauek. Nori berea da zuzenbidea.

J. BEREZIARTU

diezaiogun, deiogun

diot, deutsat

dit, deust

nezakeen, neikean

nien neutsen

nion, neutson

nintzaion, nintxakon

zidan, eustan

zien, eutsen

zion, eutson


Ikastola

Esperientzia berri bat

Duela urtebete, bi urtetako haurrentzat ireki zen ikastola gure herrian. Honen helburua, erdaldun haurrak benetan ikastolan integratzea zen. Izan ere, dakigunez, adin* horretan hasten da haurra bere hiztegia osatzen eta errazago zaio aldi berean euskal hiztegiaz jabetzea ere.

Hamalau haurrekin eman genion hasiera. Bat bakarra zen erdalduna. Maila honetako ikastolarik ez genuen inguruan; eta hiru urtetakoek egin ohi dituzten lanen antzekoak egiten genituen: kantuak, jostailuak, esku lanak, ipuinak, irteerak, eta abar. Baina beti ere haien adina kontuan izanik. Taldea hizkuntza (euskara) aldetik oso aurreratua zenez, haurrak aise* moldatzen ziren lan hauetarako.

Adin honetako haurraren izaera berekoia da: taldean sartzen delarik, dena beretzat nahi luke. Andereñoaren eginkizun nagusienetako bat, elkar errespeta zezaten erakustea izan zen. Ikastaroa oso ederki zihoan. Kantu batzuk ikas, hiztegia osa, sorginkeriak egin: honela, guztiz gogokoa zuten haurrek ikastolara joatea.

Aste Sainduko oporketa ondoan, beste hamabi haur hasi ziren. Hemen dator iskanbila! Talde berri hau, urte eta erdiko hiruk, lau erdaldun eta bost euskaldunek osatzen dute. Talde hau sartzearekin batera, andereño berri baten beharrean gertatu ginen. Normala den bezala, leku eta lagun berriekin topatzean, garrasi eta ostikoka egunak eta egunak iragan* zituzten batzuek ate ondoan. Ikastaroaren hasieran sartu zirenek, aingerutxoak ziruditen hauen aldean. Bi taldeok batera hartzeak, lehenago hasiak zirenei ez zien hain ondorio onik ekarri. Zergatik ote?

Dudarik gabe, andereño berriagatik, eta lagun berri eta ezezagunengatik. Beraz, bazterreraturik bezala sentitzen ziren. Andereñoak ba zuen lanik asko, besteak ezin isil eraziz. Jostailuak ere gehienik berrientzako. Iskanbila hartan ez zen posible kanturik; eta, azkenean, izutu edo egin ziren. Ikastolara etortzeko gogoa atzeratu zitzaien.

Egunak zihoazen heinean,* pixkanaka ohituz doaz berriro. Eguraldiak ere hobeagotzen direnez gero, mendira irteten hasi ginen. Berebil* bat dela medio, etorri ziren haur hoik* beren onera. Hain pozik ibili ohi ziren berebilean! Haur erdaldunek hitz batzuk* eta zenbait kantu ere ikasi zituzten euskaraz. Ikastaroa bukatu zeneko, oso ondo. Jaialdi bat ere antolatzen da orduan; eta hura* zen gurasoen zoramena, hura! Hain ttipi eta hain xoragarri, ezin sinestu ere zuten.

Ondorio bezala, garbiro ikusia dugu, ikastaroaren erdian haur berriak sartzeak zer-nolako kaltea dakarkion lehengo taldeari.

1972-1973 ikastaroa

Joan zen urteko 27 haur hoietarik, 16 beste andereño batengana pasatu dira, ikastaro berria hastean. Eta, hara, 3-4 urte bitartekoen taldea osatzen duten haurrok, orain bi zatitan bereizten dira: batean, ikastaroa ikastolan iragan zutenak; bestean, aurten hasi direnak.

Ihazko ikastaroan ibili ziren haurrek ba dute beren kutsua. Ez da ukatzerik. Garbiago esanik, haundia dute, eta aurten hasitakoei atzerapena nabari* zaie. Askok galdetuko du: «Baina zertan?». Hona erantzuna:

- hizkuntza ikasia dute gehienik.

- lagunarterako heziagoak dira. Aurten hasitakoa lotsati, beldurti eta zakar azaltzen dira, eta bazterrean gelditzen dira beren berekoitasunean.

- oharpen lanetan: buru lan, marrazki, xulaketa, kantu, eta abar.

- askatuagoak: nortasun gehiago dute elkar hizketan, jolasetan, materiala erabiltzeko moduan, eta abar.

Hala ere, gurasoek ez diote horri behar hainbateko garrantzirik ematen. Ttipiak direla eta, oso erraz uzten dituzte etxean, ikastolara faltatuz askorik galtzen ez dutelakoan. Baina gogoan izan behar dugu, haien mailako heziketa lana egiten ari garela beraiekin. Entzun ohi dugu zenbait alditan, kalean haur hoiekin pasatzean: «Hobe litzateke, haur hauk* amaren magalean baleude oraino».

Alabaina,* biharko gizonaren izaerak gurasoen maitasunean eta lagunarteko harremanetan oinharritua behar du izan. Hau gogoan izanik, beraz, galdera bat edo sortzen zaigu geure baitan:*

a) Guraso bezala, ezagutzen ote ditugu haur hoien beharrak?

b) Egia esanik, zergatik bidaltzen ditugu ikastolara: haurraren beraren onagatik ala geure erosokeriagatik?*

c) Ez ote genuke, denok ere, ardura gehiago hartu behar, gauzak beren bidetik eramateko?

M. KARMEN URDANGARIN


Ikastola

Ikastolako liburuak

Iruinetik heldu zaigu «Laminzulo» izeneko TBO delako bat. Aski* xukuna eta irakurterraza. Nolanahi ere, ongi taxutua, eta guztiz interesgarria bai irudien eta bai gaiaren aldetik.

Zenbait huts ttipi ba duela esan behar, ordea, ortografiari eta hitzen nahiz aditzaren forma batzuei dagokienez. Gainera, ez dugu kriterio jakinik ikusten beste zenbait hitzetan. Harritu egin gaitu. Zeren* hainbat euskara eta gehiago ba dakiela uste baitugu, euskal itzulpena edo testua moldatu duenak.

Zein arrazoin izan liteke gaur egun, gure aldizkari, liburu eta iskribu gehienetan aski onharturik diren zenbait erregela ez erabiltzeko? Hurrengoetarako, gisa* horretako erruak garbituko diren esperantza dugu.

Hutsak huts, onik asko ba du; eta ongi etor dadila gure artera hain premia handiko den irakurgai mota hau. Izan ere, TBO saila da, gure haurrek gehienik, nonnahi eta memento* oro* irakurtzen dutena. Arrazoina? Bakarra da: testua irudiz jantzia dela, eta irudiaren haroan (zinema, telebista...) ezin dezakegula ahantz* xehetasun* nagusi hau, geure haurrentzat irakurgaiak moldatzerakoan.

«Laminzulo» ez dela bakarra uste dugu, kate bat baizik. Hamabostean behin edo espero dugu ale berria. Gure aldetik hitz ematen dugu, saiatuko garela zabalkundeaz. Bestalde, ikastoletako zenbait irakasleren artean egin diogun kritikak, 10-12 urtetako haurren maila baino beherago ez du ipintzen.

Nor edo zein editorial, galde egiten dugu, arduratuko ote, adin* horretatik gorako nahiz beherako euskal haurrentzat gisa beretsuko eta, jakina, mailan mailako irakurgai hautatuak (hezgarri-jolasgarriak*) egiteaz? Ustegabeko erregalu hau Iruinetik heldu zaigula eta, haien bizkar bota behar ote dugu gaineratikoa ere?

X. X.

baleude, balegoz

dezakegu, daikegu

diogu, deutsagu

diote, deutsoe

genion, geuntson

zaie, jake

zaigu, jaku

zaio, jako

zezaten, eien

zien, eutsen

zihoan, joian

zitzaien, jaken


"Giza-Bizia" eta Armendaritz

ANAITASUNAren 252. alean, aspaldi gabe argitaratu den nire «Giza-Bizia»ri buruzko bere eritzia ematen digu Armendaritzek.

Armendaritz eta biok ez gatoz bat, ez gutxiagorik ere, hain beharrezko zaizkigun teknika eta jakintza gaiezko euskal hiztegiei buruzkoetan. Berak aipatzen dituen beste alderdi batzuez hurrengo batean ihardungo dudan arren, zilegi* bekit oraingo honetan hiztegiok nola moldatu behar genituzkeenaz zerbait esatea.

Armendaritzek dioenez, «euskara tekhnikoaren korapiloa ez» omen «da hiztegika konponduko, goitik behera, behetik gora baizik, irakaskintzarako (eta, beste zati batean dioenez, «ikastoletako EGIAZKO premiei begira») textu liburuak agertu arauez,* beharrak eskatu ginoan,* hitz horik* sorteraziz eta moldatuz baizik).

Nik, ordea, erabat* bestetara uste dut. Behe mailako hitzetatik hasita, gero beharko ditugunak gogora etorri ez, eta anabasa* bat sortzeko arrisku gorrian jar gintezke. Nola hauta,* adibidez, erdarazko «sumar» emateko erabilkizun datekeena (batu, gehitu, bildu, erantsi, e.a.), geroagokoan «adición, suma de fuerzas, reunión de conjuntos» e.a. beharko ditugula gogoan eukitzeke?* Eta jakintza arlo guztietan berdin.

Neure ustearen indargarri, Armendaritzek dioen eran moldatutako zenbait hiztegitan ikus daitezkeen adibide asko jar nitzake. Bat edo beste baizik ez dut emango, eta ez ikastola mailarako asmoz egindako hiztegi batetik jasoak, pertsona larrientzako asmotan gertatutako batetik baizik, eta, hain zuzen, ikastola-irakasleen artean zabalduxe dagoen batetik. Hona hemen.

«ANTXOBA - Itsasoko arrain mota bat».

Honela, milaka hitz leuzkakeen hiztegi bat amen batean eratzea, denik erraxena litzatekeela agerian dago: legatza, bixigua, arraingorria, e.a.e.a. adierazpen berdin berdinarekin jarri, eta hor berton zenbat eta zenbat hitz (!!).

«BAROMETRO - Eguraldiaren hezetasuna* neurtzeko tresna».

Tresna hori ezeren hezetasuna neurtzeko ez izatea bost axola,* horrelako zerbaitetarako zeharka bederen* erabiltzen denez gero. Adierazpen hori, honako beste honen hein* beretsukoa dugu: «ERLOJU Ehun metroko lasterketan zein korrikalari bizkorrago den jakiteko tresna». Egokia litzateke, ez al da?

Gutxi gora-beherakeria eta zehaztasunik eza, horra hor jokabide horren lehen-fruituak. Baina ba da oraindik larriagorik.

«ARKU - Pilare bi edo gehiago biltzeko habe biribila».

Beraz, arku gotikoa ez da arku, biribil ez denez gero...

«ALKOHOL - Ardotatik ateratako kimika gaia».

Ardotan ere ba dagoela balio gaitzerdi; baina, hala eta guztiz ere, alkohol etiliko horretaz gainera, metilikoa, propilikoa, butilikoa e.a. ez al dira alkohol?

«TRIANGULU - Hiru ertz edo zoko dituen geometriazko irudi zuzen eta laua».

Eta gero, ez zuzen eta ez lau diren triangulu esferikoentzako...

Hitz horik kultur maila apal apal bati dagozkiola ez digu nehork* ukatuko. Goraxeagoko batean gertatuko litzatekeela pentsa, beraz: Sasi-jakintza giro hutsal* batean ibiltzea. Eta hori bai litzatekeela ikastola-haurrei geroko kaltegarri.

Nire aburuz,* adibide hauek zera erakusten digute garbi: Jakintza arauez* eman nahi izatekotan, eta inozoen* engainagarri baino zerbait gehiago izango badira behintzat, gairik apalenak ere gaiok itxuran ezagutzen dituztenek eman behar dituztela; eta hori horrela izaki,* ez ote hobe ahalik eta osoenean hartuta hastea? Horrela egindakoetatik ikastolek egiatan behar dituztenak bertan leudeke, eta, igarle ez garenez gero, besteak ere hor geneuzkake, beharra sortu alan* erabiltzeko.

«Giza-Bizia» ez duzu, beraz, «kanpokoak euskara theoriko baten distiraz liluratzeko»* asmoz egina, egungo* beharrei eta agian* biharkoei ere (norainokoak izan daitezkeen nehork ez baitaki) jakintza arauezko erantzun bat eman nahiak eragina baizik. Asmatu dudan ala ez, geroak esango.

Nik ez diot Armendaritzi (Jainkoak libra!) nire liburuari nahiz beste edozeri buruzko bere eritzia emateko eskubiderik ukatuko. Hala ere, ez dut uste, orain aztertu dudan aldetikoa emateko egokiena bera litzatekeenik. Izan ere, eman ditudan adibideak, Armendaritz-Kintana egile duen «Batasunaren Kutxa»ko hiztegitik jasoak ditut... Ez da, beraz, harritzeko, horretan biok bat ez etortzea.

Haren kritikaren beste zatiez, hurrengoan. Eta esaera zaharrak dioenez: «Amuzko buztana duenak...

KARLOS GOENA

digu, deusku

digute, deuskue

diot, deutsat

geneuzkake, geunkakez

leudeke, legokez

leuzkake, leukekez (leukokez)

nitzake, neikez

zaizkigu, jakuz (geunkokez)


Neure lantokitik

Euskal liburu produzioa

Maiatzaren 5ean, J. J. Romano jaunaren lan bat irakurri nuen Bilboko «La Gaceta del Norte» egunkarian. Bertan esaten zen, 1972. urtean euskaraz argitaratu* liburuak 1.228.000 ale izan zirela. Harriturik geratu nintzen. Gehiegi zela iruditu zitzaidan. Imprimeriako huts bat izango ote zen? Eta iturrira joan naiz argi bila.

Iturriak zer dioen

Kasu honetan, hau duzue iturria: «Estadística de la Producción Editorial 1972» liburua, «Instituto Nacional de Estadística»k zabaldua. Zuentzat datu hauk kopiatzen ditut:

Hizkuntzei bagagozkie, Espainian 1972. urtean, hau izan zen liburu produzioa:

 Tituluak Aleak

Gaztelaniaz 19.129 148.129.000

Frantsesez 199 4.260.000

Inglesez 287 1.967.000

Euskaraz 70 1.228.000

Katalanez 525 1.060.000

Italianoz 39 740.000

Alemanez 43 157.000

Galegoz 50 84.000

Beraz, euskarak laugarren postu oso ohoragarri bat daduka.

Aurreko urteekin konparaketa

Delako «Instituto» horrek urtero argitaratzen du honelako liburu bat. Aurreko urteetakoak aztertu ditut, ea zenbait datu jaso.

Hauk dira, urterik urte euskaraz argitaratu diren liburuak eta haien tiradak:

 Tituluak Aleak

1966 39 67.800

1967 31 270.000

1968 50 94.000

1969 56 212.000

1970 58 395.000

1971 73 666.000

1972 70 1.228.000

Argi dago nola joan den gorantz, euskaraz argitaratu* liburuen produzioa. Eta gorakada hau, Arantzazuko biltzar famatua egin zenetik, hau da, euskara batua sortzen hasi zenetik nabarmentzen* da. Euskara batuarekin euskal liburuek tirada askoz haundiagoak lortu dituzte; eta hori ondo dakigu, editorial lanetan gabiltzanok.

Euskal demografia

«Anuario Estadístico de España 1972» iturri bezala harturik, hona hemen euskal demografiaz datu batzuk.

Hego Euskal Herriko probintzietan zenbat bizilagun dauden azaltzen digute, bai eta 1980. urtean zenbat biziko diren ere. Hona hemen datuok:

 1973 1980

Araba 223.876 286.154

Gipuzkoa 672.851 797.009

Nafarroa 479.630 518.063

Bizkaia 1.125.724 1.378.298

Probintzietako hiriburuei dagokienez, hauk dira datuak:

 1961 1973 1980

Gazteiz 76.044 159.424 243.190

Donostia 136.586 174.139 198.743

Iruinea 99.930 162.599 213.946

Bilbo 302.858 443.731 549.213

Ipar Euskal Herria

Bai demografiaz eta bai liburu produzioaz eman ditugun estatistikak ez daude osorik, mugaren erruz: Ipar Euskal Herrikoak falta zaizkigu.

Beraz, oso interesgarria litzateke, HERRIA zein ZABAL aldizkaritik norbaitek Ipar Euskal Herriko datuak ematea. Horrela zehazki jakingo genuke, zenbat liburu argitaratu den euskaraz azken arteotan Euskal Herri osoan.

Liburu eske

Donostiako «Colegio de los Angeles» ikastetxeak (San Juan, 6) euskal liburuak eskatzen ditu, bere liburutegia hornitzeko. 283 ikasle eta sei irakasle ei* daude gertu, euskara eta euskal kultura ikasteko, eta liburu horien beharrean daude. Gure laguntza eskatzen dute.

Bilinguismoa

Laster dator uda, eta udarekin ikastoletako irakasleentzat ikastaroak.

Egia da, hainbat gai interesgarri dutela ikasteko; baina, hauen artean, euskara ikastea beharrezkoa dela uste dut, irakasle askok ez baitute euskara behar den bezala menperatzen. Bestalde, euskara irakasteko pedagogia ikastea ere ondo legoke, hau da, ikastoletako aula bakoitzeko ikasleei nola eta zenbat euskara irakats, aurreko eta atzeko kursoekin lotura bat edukiz.

Eta bilinguismoaren gai hau ez dut bakarrik irakasleen ikastaroetarako proposatzen. Oso beharrezkoa iruditzen zait tema hau Bilborako, datorren urtean egingo den Antropologi Asterako. Goi mailako jakintsuen artean aste osoan gai honen erabiltzeak ondoren onak ekarriko lizkiguke.

XABIER GEREÑO

daude, dagoz

lizkiguke, leuskiguz

zait, jat

zaizkigu, jakuz

zitzaidan, jatan


Gure Munduko Albisteak

Liburu berriak

«Euskal-berdintasun»a I, Otazu'neko Alfonsok, LURen

Maiatzaren erdialdean jasoa dugu LUR editorialaren azken liburu hau, Alfonso Otazuk gaztelaniaz egina eta Arantxa Urretavizcayak euskarara emana.

Obraren tituluak daramatzan kakotxoak eta egileak berak bere hitzaurre bikainean darabilan tonua, aski* garbi mintzo zaizkigu liburuaren intentzioaz, hots,* euskal mythoak puskatzeaz

Jakina, aldez aurretik helburu ezarri bat duten liburuen objektibotasuna nolakoa izaten den, gauza ezaguna izaten da; eta, horregatik, inoren lanei «arrazakerian eta ez-zientifikotasunean oinharriturik» eriztea, harrigarri xamar egin zaigu.

Liburuan zehar Alfonso Otazu azterlari gaztea —24 urte omen ditu— frogatzen ahalegintzen den thesia, hauxe da: Euskal Herriko eskualde* asko historian zehar lortuz eta gehituz joan ziren eskubide berdintasuna eta nobletasun orokorra,* oinharrizko ethnia edo etorki* komun batetiko fruitu* gabe, geographi eta ekonomi kondizio latz batzuek ekarri zituztela nahiz eta nahi ez; hots, Euskal Herrian lurralde guti eta aberastasun eskasa egon zela, eta horregatik populazio gehiegiak Ameriketarako bidea hartu behar zuela. Jakina, berton gelditutakoei bizimodu erosoago* bat zegokien; baina, horretarako, Ameriketara joandakoek utziriko lekua ez zuten kanpotik etorritakoen eskuetan lagatu* behar. Beraz, euskaldunen «berdintasun eta noblezia xelebre» hori, bertokoen eskubidea Gaztelatiko etorkinetatik* gordetzeko atxakia bat besterik ez zela izan, diosku egileak.

Bestalde, gurean agotei eta ijitoei egindako apartheid zela eta, berdintasun hori usteltzat jotzen du; are* gehiago, noble haien artean dirudun eta pobre, jabe eta maisterrak* ere ba zirela kontuan hartuz gero. Honetarako guztirako, egilea, gure ustez, holako jeneralizaziorik egiteko eskubiderik ematen ez dioten dokumentu konkretu batzuez baliatzen da.

Ezin ixil genezake, gainera, autorearen aldebatekokeria nabaria,* sasoi bereko Gaztelako kontuak ez aipatzean; zeren, guk dazagugunez.* Historian ez dago absoluturik, eta, Euskal Herria sasoi hartan berez «demokraziaren paradisu garbi bat» zen ala ez aztertzen ibili gabe, egin beharko zukeena hauxe baitzen, alegia, ea sasoi hartako Euskal Herrian sasoi bereko Gaztelan edo eta Frantzian baino demokrazi eta berdintasun giro handiago bat zegoen ala ez. Honetaz, sasoi hartan Gaztelan baserritarrei, juduei eta mairuei ematen zitzaizkien izen eta tratuak, bai eta azken hauk Gaztela-Aragoitik egotziak izan zirela ixiltzen dugun bitartean, Euskal Herriko agotak aipatzen hasteak objetibotasunaren izena merezi badu... Bada,* gu geu ez gara asko argitzen.

Honen gisako* mythologi apurketen bitartez, ba dirudi, oraingo bizimoduaz hain konforme ez gauden euskaldunoi, geure asaben* garai hobe haietaz genukeen herri harrotasuna bera ere kendu behar zaigula, erabat* etsiturik* eta umilduta egon gaitezen. Honi masokismo berria dei lekioke.

Itzulpena, goian esan dugunez, A. Urretavizcayari zor zaio, eta, oro* har, bikainki egina dela esan dezakegu.

Bibliographiarako: OTAZU, Alfonso. «Euskal berdintasun»a I, Lur Ed., Donostia, 1973.

«Gatu Beltza», Txomin Peillenek, GEROn

Haren Zuberoako herritarrak urduri bazeuden, ba dakusagu* ez dagoela, zorionean, horretarako kezkarik, Txomin Peillenen obrak berriro ere argitaratzen hasiak baitira.

Oraingoan ere nobela bat dugu, Gatu Beltza, tekhnika nahiko berrituz moldatua. Argudio,* itxuraz bederen,* xinplea da: Mutxurdin* batek bere ondasun guztiak bere katuari uzten dizkio, haren loba guztien amorrurako. Katu honen bizitzan bide hartuz, Peillenek, nola edo hala, gure Herriaren ikuspegi interesgarri ugari erakusten dizkigu trebetasun nabari* batez.

Lan honetan, aurrekoetan Peilleni nabari ukan* diogun akatsa ez da hain larria,* hots,* erdialdeko literatur euskara komunago eta ezagunago batetan oinharritu gabe, Zuberoako xokokerietan barrena abiatzea. Obra hau, hiztegiari dagokionez, askoz ere ulerterraxagoa da, noski. orain artekoak baino. Baina aipaturiko akatsa ez du oraino gainditurik: liburuaren azkenean ezarri behar ukan duen hiztegittoa lekuko,* berau, nobela baterako, hain zilegi* ez da eta.

Peillen, hizkuntzaren posibletasunak ongi erabiltzean, egiazko maisu bat dugu; eta honetaz ba du —Mirandegandik gelditu bide* zaion tankeratik* landa*— Hego Amerikako idazleen kutsu nabaria. Honetaz, diogun bidenabar,* gaurko nobelistikaren ezagugarri argi horietako bat, hots, hizkuntz eta hitz jokoak —gai, giro. bilbe* eta argudio on bati egiazko literatur janzkera bat ematen diotenak— idazlearen hizkuntza propioan mamituak izan behar direla, zenbait balio edukitzeko, Amatiñok bestelakorik uste ukan arren; bestela, hizkuntz jokoen merituok itzultzaileari eman beharko genizkioke. Zer geldituko litzateke gaztelaniaz, kasu, Peillenek euskaraz hain ederki egindako hitz joko horiez? Salvador Aga Madarikatua, katastrophe, kataklismo, katarru, katea, gatazka, gatibatu... guztiok katu, gatu hitzez jolasturik.

Hitz gutiz, euskal nobelistika modernoa gehitzera datorkigun obra berri bat.

Bibliographiarako: PEILLEN, Txomin: Gatu Beltza; Gero, Ed. Mensajero, Bilbao, 1973.

«Haurgintza minetan», Mikel Zaratek, ETORen

Oraindik irakurtzeko astirik ukan ez dugun arren —denetara ezin hel— aipa dezagun gutienez, ETOR editorialak (jesuitena gabe, burhezurduna*) liburu berri bat argitaratu duela: Haurgintza minetan, Mikel Zarate apaiz gaztearena. Nobela hau 1972.eko Txomin Agirre Saria irabazirikoa da, eta, besterik ez balitz ere, literatur meriturik ez du, segur aski, faltako. Oker ez bagaude, hauxe da, bestalde, egileak nobelatan argitaratu duen lehen obra.

Bibliographiarako: ZARATE, Mikel: Haurgintza minetan, Etor ed. Donostia, 1973.

«La administración del Reino de Navarra en el siglo XIV», Javier Zabalo Zabalegui-k

Erdaraz egindako liburuei geure saileon kasu egiteko ohiturarik ez dugun arren, ez litzaiguke barkagarri izanen, gaur dakargun hau aipatzeke* uztea. Lana La administración del Reino de Navarra en el s. XIV izenekoa dugu, eta egilea Javier Zabalo Zabalegui jauna, Nafarroako Unibertsitateko Erdi Haroko histori irakaslea bera. Obra hau, jaun horrek 1966.ean, doktor maila erdiesteko,* Nafarroako Unibertsitatean irakurritako thesia da, hargatik Sobresaliente cum laude lortuz.

Gai horretan gu baino adituagoren baten aldetik kritika sakonago bat merezi duen arren, irakurle arruntaren* argibiderako, zerbait esanen dugu liburu honetaz. Obra hau burutzeko,* Javier Zabalo irakasleak bost urte inguru eman zuen lanean, Nafarroako kontuetxe eta artxiboetan 30.000 dokumentu baino gehiago aztertuz.

422 horrialdetako liburu honen parteak hauk dira; a) GOBERNUA, 1. Administrazio Zentrala, 2. Lurraldeen administrazioa. b) ERREGEREN AZIENDA, 1. Finantzen administrazioaren makhineria, 2. Erregeren aziendaren dirusartzeak, 3. Pagatzaileak, 4. Neurriak, 5. Kontaduriaren bereiztasunak, 6. Dirusartze eta gastuen koadroak. c) ERREGEREN JUSTIZIA, 1. Justiziaren administrazioaren makhineria, 2. Prozedura, 3. Foruak, 4. Ordena publikoa. d) INDAR HARMATUAK. e) ERREGEREN BOTEREAREN KONTROLA. GORTEAK. f) Mapa argigarriak. g) Dokumentuen gehigarria.

Obra exhaustibo bat izan arren, egileak ez du batere ondorio ez interpretaziorik ateratzen, honetan datu hotzen objektibotasuna utzirik. Jakina, lan hau beharrezkoa dateke,* gure historiaren alderdi inportante hau ezagutzeko; eta zin* zinez gomendatzen diegu historilari eta historizale guztiei.

Gauza bat gertatu zaigu harrigarri, zertarako uka, eta hauxe da: 1972.ean Registro de Comptos de Navarra de 1280 liburu ederra argitara eman zion Príncipe de Viana instituzioak berak, nola ez dion obra mardul hau ere publikatu. Izan ere, liburua Heziera-Zientzietako Ministerioaren «Plan de Iniciación a la Investigación en Universidades» delakoaren diru laguntzaz, Ediciones Universidad de Navarra S. A.k argitaratua baita. Gure ustez, Nafar Diputazioak babestu beharko zukeen inork baino lehen honelako obra bat.

Bibliographiarako: ZABALO ZABALEGUI, Javier: La administración del Reino de Navarra en el siglo XIV; Ed. Universidad de Navarra, Pamplona, 1973.

Euskal Herrirako banatzailea: Publiciter; Alameda de Mazarredo, 31-6, Bilbao-9.

Bilboko Unibertsitateko politik taldeak

Maiatzaren 14eko Hoja del Lunes de Bilbao-n, H. Muñoz jaunak egindako artikulu bat irakurri dugu, horren gisako* izenaz burutua.* Kazetari horrek —zifra horik* jakiteko erabili duen inkestasistima argitzen ez digun arren— ondoko taldeok aipatzen ditu, garrantziaren arauera:*

1. Liga Comunista Revolucionaria (L.C.R.), marxista-trotskista, eta, haren ustez, ezkerraldeko alderdirik inportanteena. 2. Komunistak (sic), maozaleak; dioenez, L.C.R.koen aurka gogorki burrukatu ondoren, gaur egun erdi hilik dagoena. 3. Frente de Estudiantes Sindicalistas (F.E.S.), falanjista «iraultzaile eta joseantoniotar zintzoa». 4. Acción Universitaria Nacional (A.U.N.); Bilbon nahiko gogorki ari den eskuineko talde bakarra da, H. Muñozen ustez, eta komunzki «Kristo erregeren gerrillero»en taldekotzat (G.C.R.) hartuak dira. 5. Grupos de Acción Carlista (G.A.C.); talde hau goitik behera amildua* omen da. Karlista hauk* errepublikar ezkertiar federalak dira, Carlos Hugoren aldekoak.

Azkenez, unibertsitarien artean gelditzen diren taldexka hyperttikitzat jotzen ditu kazetari honek E.T.A., E.G.I., Estudiante Tradizionalisten Elkartekoak, e.a.

Idazle baskoen jendaurreko elkarrizketa Portugaleten

Maiatzaren 4ean, Portugaleteko Sociedad Cultural-ek eta Bilboko Herriak liburudendak eraturik, Portugaleten, Xabiertarren hitzaldi aretoan* jendaurreko elkarrizketa bat egon zen, bertan hiru idazle baskok (Ramiro Pinilla, Juan María Aresti eta Julio Garcia Llopis) eta hiru galdetzailek (Angel María Ortiz Alfau, Gregorio San Juan eta José Manuel Alonso) parte hartuz. Hizketaldiok publikoak izan ziren. eta polemika gogorrak sorterazi zituzten.

Jakin dugunez, entzuleen artean Gabriel Aresti egon zen (Juan Mariaren anaia, hain zuzen), eta haientzat «escritor vasco» zer zen galdetu zien mahaikoei, ez baitzuen ulertzen, erdaraz besterik idazten ez duten pertsona batzuk* zergatik «euskal idazle»tzat hartu behar ziren. «Jatorria —esan omen zuen G. Arestik— ez da nahikoa. Ingelesez bakarrik idazten duen polako batek, segur aski,* ez du polakoen aldetik «idazle polako»ren izenik mereziko. Zergatik gurean bai, ordea?»

Eman zizkioten arrapostuen artean, bat «erdaraz ere Euskal Herriko eta euskaldunen izaera eta bereiztasunak adieraz zitezkeela» izan zen (Barojazaleek ere gauza berbera errepikatzen digute), eta beste bat «Euskal Herrian gaur egun gaztelania ere ba dagoela, ezin uka daitekeen gauza bat dela, bai eta berau dela gehien mintzatzen dena ere». Eztabaida oso bortitzak* egon omen ziren honetaz, G. Arestik arrazoiok erabat* ontzat hartu ez zizkielako.

Gure aldetik galdera bat jartzen dugu: Zergatik ez ziren bilera hartan «gaztelaniaz gainera, Bizkaian egiten omen den beste hizkuntza horretan» idazten dutenak errepresentaturik egon?

López Rodó jaunak Sibilian esana

Espainiko Aurreramendu Planaren ministroa den López Rodó jaunak, aurtengo maiatzean deklarazio batzuk egin zituen Sibilian* eskualdekatze* delakoari buruz. Ministroaren hitzek argiro utzi zuten eskualdeak ekonomiaren aldetik bakarrik eratuko direla, kultur, hizkuntz eta aparteko autonomiaren aldeko eskabideak oro,* separatismo kutsuko zerbaitzat harturik.

Caja Laboral Popular-en diru laguntasuna

Aurten, Arrasateko Caja Laboral Popular kooperatiba ezagunak 10.000 pezetako diru laguntza bat eman dio Euskaltzaindiari. Kooperatiba berberonek, dantzugunez,* 1970. urtean 100.000 pezeta eta 1971.ean, aldiz,* 50.000 pezeta eman zizkion gure Herriko erakunderik printzipalenari.

Joxemiel Barandiarani omenaldia

Ataungo Guraso Elkarteak horri bat bidali digu, argitara eman dezagun. Bertan esaten denez, Euskal Herriagatik hainbat egin duen eta guztion esker ona hain zinez merezi duen aita Joxemiel Barandiarani, Ataunen bertan, omenaldi bat egitea erabaki dute Elkarte horretakoek, ekainaren* 12an hasi eta 24ean bukatzeko.

Oraindik programma zehatz bat egon ez arren, ba dago eratzaileen pentsamenduan ondorengook muntatzea: Hitzaldiak, haurren eguna, bertsolariak, kantariak, dantzari taldeak, txistulariak, Euskal Pintura eta Eskulturen erakusketa, euskal disko eta liburuen azoka,* herri meza, trikitilariak e.a. Hauez gainera, «Joxemiel Barandiaran» saria sortzeko asmoa ere ba dute, «Euskal historiaren azterketa»z; baina honetaz bankuek dukete* azken hitza.

Hemendik, beraz, aita Joxemiel betigaztearen omenaldi honetan parte hartu nahi luketen kultur eta arte talde guztien arduradunei dei bat egiten diegu, Ataungo Guraso Elkartekoekin harremanetan jar daitezen, honetarako, jaun honengana zuzenduz: Joxe Antonio Dorronsoro, Banco Guipuzcoano, BEASAIN (tel. 891762). Mila esker guztioi.

La Gaceta del Norte-k Errioxan ere euskaraz

Iturri nahiko fidagarri batetatik jakin dugu, La Gaceta del Norte egunkariak astean bi aldiz publikatzen duen Egunon, Amigos sail hori, ekainetik aurrerantzean, uda osoan, Errioxako edizioan ere sartuko dela, bertara, uda ematera, doazen euskaldunenganako amorez. Dazagugunez,* sail hori asteazken-ostiraleetan agertzen da erdi euskaraz eta erdi erdaraz, eta Jose Luis Bengoa Zubizarretaren ardurapean dago. Jende askoren ustea da, ordea, aspaldidanik asko moteldu dela, euskara arloa, agian moldiztegikoen erruz, okerrez beteta agertzen baita. Ea hau hemendik aurrera zuzentzen den.

ARMENDARITZ

daramatza, eramaten ditu, daroaz

dezagun, daigun

dezakegu, daikegu

diegu, deutsegu

digu, deusku

digute, deuskue

dio, deutso

diogu, deutsagu

diote, deutsoe

dizkigu, deuskuz

dizkio, deutsoz

gaude, gagoz

genezake, geinke

genizkioke, geunskioz

lekioke, leitekio

litzaiguke, litzakigu

zaigu, jaku

zaio, jako

zaizkigu, jakuz

zien, eutsen

zion, eutson

zitezkeen, eitekezan

zitzaizkien, jakezan

zizkien, eutsezan

zizkion, eutsozan

zizkioten, eutsoezan


Euskal Herriko bertsolari hilezinen batzar harrigarriak (2)

Zeruaren ertzeko bost izar gorriak ostera* itzaldu zirenean, eta ura urago eta sua suago bihurtu zirela konturatu nintzenean, azkeneko lanak bukatu eta arin arinka abiatu nintzen batzarrera.

Bidean, Fernando Amezketarrarekin egin nuen topo, eta, honengatik, berandu nenbilela susmatu nuen. Zereri* bertsolari hau —orain urruneko kronikan adierazi nizuen bezala— ez baita behin ere behar den garaitako ailegatzen, desgaraian ibiltzen baita beti.

Gertatu ere, uste bezala gertatu zen. Batzarra hasia zegoen, eta Patxi Bakalloren aldamenean eseri nintzen. Txintik* ere atera gabe, zer gai genuen galdetu nion, zein bertsoz arituko ginen. «Matalasen hilketarenak zitiagu gai» erantzun zidan ixil ixilik.

Pentsatzen jarri nintzen. Bai, ongi gogoratzen nintzen euskal jendearen aldeko burrukalari honetaz, justizi eta askatasun egarriz osatutako bihotza zedukan iraultzaileaz!

Eta zer sentitu ote zuten bertsolariek, gizon hori herioaz jo zuten egunean? Nola kantatu zuten kontsolatzeko? Hori zen batzar hartan jakin behar nuena, eta zuei adierazi nahi nizuekeena. Ea, bada!

Piarres Topet «Etxahun» zuberotar bertsolariak kontatu zigunez, gauza arraro ugari sentitu eta ikusi omen zituen. Adibidez, haritz baten zazpi adarrak nigarrez, xaguxar baldarrak airoso kantatzen; eta, horretaz gainera, xorien xirulian kantore hau entzuten zuela iruditu zitzaion:

Urz'aphal bat ba dügü herrian trixterik,

Nigarrez ari düzü kaloian barnetik,

Bere lagün maitiaz beit'izan iitzirik:

Kuntsola ezazie, ziek* adizkidik.*

(Usapal* bat ba dugu herrian trixterik,

nigarrez ari zaigu kaiolan barnetik,

bere lagun maiteak baitu utzi bakarrik:

zuen kontsolapenaz ba dauka beharrik).

Matalas arras maitea zuen baten baten lanturuak* ote? Etxahunek hori dio.

Miarritz Ahamil andre bertsolaria, berriz, itsas inguruan paseatzen omen zebilen ezbeharraren egun goibelean, eta, adi adi jarriz, itsas haizeak zekarren kanta ilun baten notak aditu omen zituen. Eta hitz hauekin:

Sofrimendua ba du sarri Euskal Herriyak,

negarrez ari dira mendiko harriyak,

joan zaizkigu anai maitagarriyak,

pasaturikan mila mementu larriyak,

gorputzean sortuaz odol iturriyak.

Emakumeak hitz egin eta gero, Mikeltxo Apala Otxagiko bertsolariak hartu zuen hitza, eta hark ere zerbait bitxi ikusi zuela esan zigun. Kantatu zuenez, bi hilabete izanen ez zituen haurtxo batek (ordurarte hitzik ere esan gabekoa, noski) eta bere aita-amen harridurako, bertso bat kantatu omen zuen. Hemen bukaera bakarrik dakart, zeren gurasoak ez baitziren lehen estrofez oroitzen, eta umetxoak ez baitzuen atzera kantatu. Hona hemen amaiera hori:

...

jende pobreak edaten degu

zazpi ontzitan ozpiña,

euskaldunari gurutze askok

ematen diote miña.

Ba dirudi, lehengo bertsoarekin lotuta dagoela, eta bihotzeko min sakon batek eragindakoak direla, hain zuzen ere. Orain, nork bota zezakeen bertso hori lehenengoz? Jakin egin behar, jakin.

Etxahun mintzatu zitzaigun berriro, batzarraren bukaeran. Guretzat maitea den pertsona batek abandonatzen gaituenean —esan zuen—, nori eskainiko diogun harentzako gordea zegoen ardoa pentsatzen dugu, eta nori esanen dizkiogun harentzat ziren hitz goxoak; eta hori tristea da, halabeharrez. Eta horregatik tristeak izaten dira bertsoak holako okasioetan. Baina esperantza* zaila da kiskailtzen, eta Matalas hil denik ez beza inork pentsa, hark defendatu zuen jendea bizi deino* behintzat. Xoriek ere era honetan txiotzen omen zuten:

Üda lili eijerra, ez ezin nigarrik,

Bardin ez ahal düzü orain profeitürik;

Ene lagünak dira bortitan sarthurik,

Eta ni ezin pharti, maitia, züganik.

(Uda lore polita, ez egin nigarrik,

Ez baituzu izango hortik probetxurik;

Nire lagunak dira menditara joanik,

Eta nik ezin alde, maitea, zugandik).

Agian,* Matalas berberari ikasi zioten xoriek kantore hau. Eta arrazoi zuten: hark eramandako bizi berbera eramaten duen edozein gizon, beti ere biziko baita euskaldunen bihotzean.

BERNARDO ATXAGA

beza, bei

diogu, deutsagu

diote, deutsoe

dizkiogu, deutsaguz

düzü (duzu), da

ezazie (ezazue), eizue

nion, neutsan

nizuen, neutsuen

nizueke, neuskizue

zaigu, jaku

zaizkigu, jakuz

zezakeen, eikean

zidan, eustan

zigun, euskun

zioten, eutsoen

zitiagu, ditugu

zitzaigun, jakun

zitzaion, jakon


Aita Sabin Barruetabeñak bere tesia euskaraz

Joan den apirilaren 13an, Gasteizko Teologi Ikastetxe Nagusian, aita Sabin Barruetabeña pasiotarrak, Teologian lizenziatu izateko gertatu duen jakintza lana azaldu zuen. Bere lan horretarako aukeratu duen gaia «Ezkontzagabetza, Ezkontza eta Familia, Basilio santuaren arauera» izan da. Berrehun horrialdetako idazki sakon eta zehatzak (euskara errax eta aberats batean jarriak) kualifikaziorik gorena jaso zuen. Irakasle eta ikasle gazte sail ederra bildu zen, hizlariari entzuteko.

Lehenbiziko aldia izango da noski, Ikastetxe Nagusi batean honelako mailan euskara erabiltzen dela.


Mina hartu duen baten Kezkak

Gaueko hamaika eta erdiak dituk. Bart jakin nian. Euskaltzaindiaren aditz baturako batzordeak bere lana amaitu zik nonbait, edo parterik garrantzitsuena behinik behin. Esan didatenez, zatirik handiena giputz paradigmez osatu ziate; eta sabela larregi bete dudalako edo, ez niagok pozarren, egon ere. Antza, neure buruaren partetxo honetan zoritxarrak jo nauelako, ez diaduzkaat begiak erne, ez eta pentsamenduak ere argi. Gainera, oraintsu, «Euskal Herria diferentea da» delako artikulua, ZERUKO ARGIAn Azurmendik agerturikoa, irakurri ziat; eta beldur nauk, ez ote naizen Joxek salatzen duen amorrazio manikeista horrexetan jausten.* Ez diakiat. Benetan nahastuta niagok oso. Bestalde, hiri, giputzorri,* hiri berba egin gura diat bakarrik, euskaldun —eta giputz— jator hark zioenez, «Kantabriako deskalabruak lastimosuak» direlako. Zeredozer erran* behar diat. Edozein euskaldun nauk ni, eta, dakusaanez, batasunaz sinetsita* nagoelako, hire aditz moldeaz, batuaz mintzatzen natzaik.

Ea, bada! Gerrira heltzearren, gogoetak aton* ditzagun apur bat, adarrak utzita. Ez niagok argudioak* zorrozteko gogotan, ez; trankil egon. Mina hartu duen euskaldun baten kezkak eta sentimenak adieraziko dizkiat bakarrik, demokrazian sinesten duen pertsona baten arantzak, indartsu izatea eta gehiengoa* zer den jakin uste duen adardun baten deihadarrak, gure Txirrita maite harekin burua bat eginez, hauxe pentsatzen duen gizaki baten gogoetak:

Artzai gaiztuak dagozen tokian

pagatutzen du ardiak.

Ez duk, zoritxarrez, justizia gure eguneroko laguna. Ez da, gure Etxahun zaharrori? 1786.ean, Barkoxeko herrian, mundura jaio zintzaizkigun gizon malerusori*? «Adarren sorhaio»* izan erazi zituen, aitaren gogoko andrea hartzeko, zeure benetako maiteari entzun baitzenion:

...

ene flakü izanez zira prebalitzen;

hortarik ageri'zü* nunko seme ziren.

...

Ez da ere, pobre zinelakoan, zeure elizako apaiz txatxar hark jaunen jezarlekuetatik alde egitea agindu zizunean?

...

Meza zinian hasi.

praubia* zian ikhusi,

bi jaun handi hen artian, bere arropa txarreki,

hantik jalkierazlia igorri* sabre* bateki.

...

Alemanak beitira,*

españulak bezala,

bere pekuen mendekus* eta ürgüllüz gora,

zük erakasten deiküzü kasta hartarik zirela.

...

Barkoxeko aphezak

oro dira manexak*...

Esaera zaharrak ba zioskuk ere: «Aurreak erakutsi. atzeak nola dantzatu.» Egia ederra. Ez duk uste? Are,* Barkoxtar haren bizi eta pasadizuak orain gerta balitez. Izenak, denborak alda eta... Zeren* gizon guztiok eskubide berdinak eduki behar ditugula sinesten ere baitut. Mundu zapaltzaileak, indartsu, mardul eta ase denari eman egiten ziok; gose denari, berriz, kendu. Inork kontrakarrari eustekotan, indartsua dukek,* nik uste; ez ziguk horrek ardura behar gero, euskaldunak su eta gar unibertsalismoari lotu gatzaizkiolako. Modan dagoenari, baina! Ez dezan inork erran, Kantabria adoretsu honetan sudurluze eta rh-dun buruzuriak direla nagusi. Jabetza ere oso geurea bide* ziagu oraindinoko; eta gurea dena —batzuena, jakina— ondo zaintzeko, oztopo zaigun guztia dezagun izorra! Gora NI. Biba hi eta hi bezalakoak.

Berandutsu ziaidak. Agur, ikusi arte.

ALTZÜRÜKÜ

Hiketazko aditz formak

diaduzkaat, daduzkat, daukadaz

diakiat, dakit

dituk, dira

nauk, naiz

niagok, nago

nian, nuen

ziagu, dugu

ziaidak, zait, jat

ziat, dut

ziate, dute

ziguk, digu, deusku

zik, du

ziok, dio, deutso

zioskuk, diosku, dinosku

Eztabadazko aditz formak

dakusak, ikusten duk

deiküzü, diguzu, deuskuzu

dezagun, daigun

dezan, daian

diat, deuat

digute, deuskue

ditzagun, daiguzan

dizkiat, deuadaz

gatzaizkio, gatxakoz

natzaik, natxak

zaigu, jaku

zenion, zeuntsan

zian, zuen

zin(ian), zen(ean)

zintuen, zinduzan

zintzaizkigun, zintxakuzan

zioen, inoan, esaten zuen

zizun, eutsun


Euskaltzaindiaren ekintzak

Joan Bautista Gamiz arabar olerkariaren* berrehungarren urteburua gogoratuz, Euskaltzaindiak bere hilabeteroko batzarrea Gasteizen egin zuen, bere Ordezkaritzan, apirilaren 27an.

Batzarrean gai hauk erabili ziren (harremanetakoez gainera):

Denda Izendegiaren azterketari, buru eman zitzaion. Euskaltzaindiak onhartutako Izendegi hau lehen bai lehen argitaratzea erabaki zen.

Aia Goikoetxea-Maizak txosten bat irakurri zuen, Joan Bautista Gamizen bizitza eta idazlanei buruz.

H. Knörr jaunak beste lan bat irakurri zuen, J. Bta. Gamizen aditz formak aztertuz.

Alfonso Irigoyen euskaltzain jaunak, Zigoitiko euskaratik bide hartuz, azterpen bat egin zuen, honako puntu honi buruz: «Sintagma plurala deribatuetan».

Bukatzeko, Kepa Enbeita euskaltzain laguntzaileak aitzin-asmo bat irakurri zuen Urkabustaizko toki izenei buruz.

Hurrengo igandean, berriz, apirilaren 29an, Sabandoko herrixkan, J. Bta. Gamizi gorazarre bat eskaini zitzaion.

Eguerdiko hamabietan, Meza konzelebratua euskaraz, herriko elizan, Coro Araba-k parte hartuz. Ondoren, oroitarri bat agertu zen. Bertan zeuden Arabako Gobernadore, Diputazioko Lehendakari, zenbait euskaltzain, euskaltzale, Sabandoar, albo-herri eta Gasteiztik etorritako makina ba jende. Aita Goikoetxea-Maizak hitzaldi egoki bat egin zuen, arabar honen bizitza eta lanak aipatuz. Arabako Diputazioko txistulari eta dantzariek beren saioekin gorazarrezko jaialdi hura* bukatu zuten.


Irakaskintza

"Enseñanza básica y media en España" (Cuadernos para el Diálogo - Extra XXXIV)

Guztiz irakurgarria ikusten dut, aldizkari honek eskaintzen digun extra hau. Irakurgarria, irakasleentzat batez ere. Eta nola ez ikastoletako Junta Zuzendari, guraso, laguntzaile eta abarrentzat.

— Esango didazu, mesedez, hemendik norako bidea hartu behar dudan? —galdetu zuen Aliziak.

— Nora heldu nahi duzun jakin behar —erantzun zuen katuak («Alizia gauza harrigarrien munduan»).

Hitz horiekin eta, beraz, problemari oinharritik helduz hasten da.

 Zertarako hezi*? da L.G. Llorente-ren artikulua (13. hor.). Zer irakatsi,* nola irakatsi, zertarako irakatsi? Hiru galdera hauetarik, azkena da nagusiena et beste biak kondizionatzen dituena. Hirugarrenaz ongi jabetu gabe lehen bietaz hitz egitea, anekdota mailan edo azal azalean ibiltzea da.

E.G.B.k esaten digu, esan, zertarako hezi behar den. Ba da hor helburu bat. Baina helburu hori ez dute irakasleek, ikasleek, gurasoek, herriak ezarri. Teknokrata batzuek esan digute zertarako irakatsi behar den.

Zein dira helburu horik*? E.G.B.ren sarrera eta artikulu sail osoa irakurri ondoren, hau nabarmentzen* da: Helbururik nagusiena, Nazioko ekonomi eta gizarte eboluzioari dagokion jendea prestatzea dela. Kapitalismo atzeratuak, irakaskintza atzeratua eta minoritarioa. Kapitalismo teknifikatu eta espezializatuak, irakaskintza teknifikatua eta espezializatua.

E.G.B.k «igualdad de oportunidades» delakoa ere presentatzen du, helburu bezala. Baina posible al da hori gizarte klasista baten barnean —galdetzen du Llorente-k.

Posible al da heziketa* berri bat, estruktura sozioekonomikoak eta politikoak sustraitik aldatu gabe? —itauntzen* du J. Ruiz Giménez-ek (11. hor.). Jakina, ezezkoan dago autorea. Baina esaten du bai eta ere, heziketak bultza dezakeela aldaketa horietara.

 Las Regiones da extra honetako sail bat. Ikastolez ere ba da lan bat. Konstatazio bat gelditzen da oso bistan: Peninsulako zentrokoek oso miopia haundia dutela, bazterretako kultura ezberdinak apreziatzeko.

Nire gusturako, parterik onena azken partea da: Eskola eta Ideologia. Oso ona G.L. Díaz Plaja-ren Política económica y política educativa (66. hor.). L'Ecole Capitaliste en France liburuaz baliatzen da batik* bat. (Nik ere eskuartean izan nuen Charles Baudelot eta R. Estableten lan hau, Pedagogia eta Gizartea idazterakoan;* baina azaletik bakarrik ukitu nuen. Frantses apur bat dakien irakurleari, benetan kontseilatzen diot liburu hau).

Oso ona, bai eta ere, J. A. Durán-en La libertad, pasión inútil de la Pedagogía. «Gracias a los exámenes y a los profesores, el arrivismo comienza a los seis años» (De un muro de París, 1968). (73. hor.).

 La enseñanza en los años cuarenta da azken artikulua. Ona da, barre pixka bat egiteko. Eta... negar egiteko ere bai beharbada, pentsaturik, 1940. urtean bakarrik ezezik, orain ere bide horretatik doala eskola asko eta asko.

Extra hau irakurri ondoren eta ikastolei begira (hauetan zeregin haundiagoa eta zuzenagoa baitugu bestetan* baino), galdera hauk* egingo nituzke:

- Zein dira ikastolen helburuak? Norako bidea hartu nahi dute?

- Zein gizon mota eta gizarte mota sortu nahi dituzte?

- Zein neurritan identifikatzen dira agintarien interes sozio-ekonomiko eta politikoekin, edo zein neurritan doaz, teknokratek eta neo-kapitalistek markaturiko bidetik?

E.G.B.k eskatzen duena euskaraz eta erlijioz emanaz kanpo (eta horren alderdi positiboa kontuan izanik), zer egiten da, euskara eta erlijioa bera, markaturiko bide horietan integratuak geldi ez daitezen, heziketa berri eta libre baten alde?

EUSEBIO OSA

dezake, daike

didazu, deustazu

digu, deusku

digute, deuskue

diot, deutsat


Euskal Herriko piztiak

Ipurtatsa eta Hudoa (10)

Fuenmayor, Errioxako herri bat da. Bertako lagunak laborantzatik bizi dira, eta berau edonon nabari nabari* daiteke: traktoreak oso ugari dira. Euskal Herriko txoko urrunenak ezagutzeko asmoz, Enekoren etxekoak haraxe joan dira jai honeetan, bertan dituen adiskide batzuei bisita egitera. Errioxarrak oso jende alai eta jatorrak dira, nafarren gisakoak* gauza askotan, eta pozarren* hartu ditue bilbotarrok. Lagun honeek baserri eder bat dauke eta etorri berriei orain erakusten hasi dira.

Gortan* abere asko ikusi ditue; baina, guztien gainetik, Enekoren begiak kaiola haundi batzuetan dagozen piztiatto batzuengana abiatu dira.

— Begira, osaba —dinotso beroni—, zelako* erbinudetzar haundiak dituen hemen! Zuk ez zeunstan esan hain haundiak zirenik, ez eta etxeetan hazten zituenik ere.

— Ez, baina horreek ez dira erbinudeak, txo, ipurtatsak baino.

— Ipurtatsak? Bai izen bitxia, ez da?

— Ene ustez oso zuzena da, haserretzen direnean ipurditik jaurtikitzen daben sunda* eta usain zantarra kontuan hartzen badogu.

— Pu, bai zikinak! Zertarako hazten ditue orduan?

— Euren kiratsa usaintzeko ez, segur asko, ez deritzozu? Hara! Ipurtatsok etxekoak dira, otzan* otzanak, ezer egiten ez dabenak. Ba dira, horregatio,* mendian bizi direnak, eta horreek nahiko gaiztoak izaten dira. Ipurtatsak untxiak* harrapatzeko erabiltzen ditue hemen. Untxia gordeta dagoen zulora sartu eta sarreran zaku bat ipinirik, handik laster ateratzen dabe, zakura sartuz.

— Eta ez dau ipurtatsak untxia barruan hiltzen ala*?

— Ahoa libre baleuka bai; baina ehiztariek* ipurtatsa bozatu* egiten dabe mozal batez, untxi zulora sartu aurretik.

— Eta zer ematen deutsee jaten?

— Bazkari hondakinak, okela zatiak, e.a. Basokoek, aldiz,* erbiak, arratoiak, basasaguak, satorrak, satitsuak,* muskerrak,* igelak,* zapoak, sugeak, arrainak, txoriak eta basafruituak jaten ditue.

— Eta horrela ez dira handiagoak hazten?

— Ez, ipurtatsak beti izaten dira berdinak: berrogei zentimetro luzeran eta 15 zm.tako buztantxo bat. Hemen dakusazunez,* bi koloretakoak dagoz: batzuk gaztaina kolorekoak, ilun xamarrak, eta beste batzuk ile zuridunak, begigorriak. Azkenok albinoak dira.

— Arrazoia! Aitonaren etxeko untxien antzera.

— Ipurtats albinoei, eta jeneralean etxean hazten diren guztiei, euskaraz hudoak esaten jake. Mendikoei, aldiz, ipurtatsak eta pitotxak; baina bigarren hitz hau frantseskeria bat besterik ez da, frantsesez putois (= pütuá) esaten jakolako. Espainolez turón deitzen da.

— Eta hudoari zelan* esaten deutsoe?

— Gaztelaniaz hurón eta frantsesez furet (= furé). Zientzi izena, ordea, berdina da animalia bientzat: Mustela putorius.

— Hara, osaba! Horrek kumeak ditu!

— Bai, maiatzean bospasei kumetto egiten ditue urtero.

— Bai asko ere! Horrela laster ez da inguruotan untxi bat ere geldituko.

— Hara! Egia esan, legeak hudoarekin ehizan* ibiltzea galerazten dau, eta multa ederrak ipintzen dira urte guztietan horregatik. Hori dala eta, ez dira hainbeste ibiltzen, ez pentsa.

TRAUKO

dabe, dute

dauke, dadukate

deutsee, diete

deutsoe, diote

jake, zaie

jako, zaio

zeunstan, zenidan


Bordeleko Universitateko elkarrizketak

Bordeleko* Universitatean, maiatzaren 4, 5 eta 6an, «Colloque International d'Etudes Basques» tituluaren azpian batzarreak egin dira. Erabili diren gai guztiak Euskal Herriko XIX. mendeko lehen parteari zegozkion. Goiz eta arratsalde egin izan dira saiook; eta guztiz sei ponentzia aurkeztatu* izan dira egun bakoitzeko, hiru goizean eta hiru arratsaldean, azkeneko egunean izan ezik, goizean bakarrik bildu baikinen. Ponentzia bakoitzaren ondoren, beste parte hartzaile guztiek hitza eska zezaketen eta beste ordu erdi batean eztabaidan ihardun. Bide horri jarraituz, elkarrizketa biziak eta mamitsuak sortu ziren. Erabili diren hizkuntzak gaztelania eta frantsesa izan dira. Bai ponentziak eta bai elkarrizketa guztiak Baionako Euskal Museoak argitaratuko ditu, horrela batzarre hauetarako bere aldetikako emaitza eskainirik. Euskal Akademiaren babesa ere izan dute.

Bordeleko Universitatearen buruzagiak ongi etorria egin zien elkarrizketa horietara joandako guztiei; eta ponentziak irakurri zituztenak hurrengo hauk izan ziren:

Etienne Dravasa (Bordeleko Universitatekoa). Lapurdiko euskaldunak 1789. urteko Errevoluzioaren bezperan.

Alfonso Irigoyen (Deustuko Universitatekoa). Astarloa, Mogel eta Humboldt-en garaia.

Luis Mitxelena (Salamanca-ko Universitatekoa). Iztueta bere garaiko lekuko* bezala.

René Lafon (Bordeleko irakasle ohorezkoa). Oharrak Etxahun-en hizketaz. Bere eritasunagatik ez zen agertu, eta Lafitte-k irakurri zuen hark bidaldutako lana.

Piarres Lafitte (Euskal Akademiakoa). Martin Hiribarren, euskal poeta.

Jean Haritschelhar (Bordeleko Universitatekoa). Karlismoa herriko euskal kantetan.

Eugène Goyhenetche (Pabeko* Universitatekoa). Augustin Chaho eta lehen karlistada.

Vincent Garmendia (Bordeleko Universitatekoa). Victor Hugo eta karlismoaganako zuen ikuspegia.

Jose Maria Satrustegi (Euskal Akademiakoa). XIX. mendeko lehen partean zegoen nekazal-ekonomia.

Pablo Fernández-Albaladejo (Madrileko Universitate autonomokoa). Baiona eta Espainia parteko Euskal Herriaren arteko merkatal-harremanak (1789-1833).

Jesús Arpal-Poblador (Bilboko Universitatekoa. Zientzia Ekonomikoak). Familiak eta etxaguntzak XIX. mendearen lehen parteko burruken aurrean.

Gregorio Monreal (Donostiako Universitatekoa). Bizkaiko instituzio publikoen barruko problema batzuk azken garaietan.

Pierre Hourmat (Pabeko Universitatekoa). Le Pays Quint. XIX. mendearen hasieran ezin zatituzko problemak.

Jean-Claude Drouin (Bordeleko Universitatekoa). Euskal Herriko buruzagitza politikoak uztaileko monarkiaren azpian eta bigarren Errepublikan.

Azkenengo egunean elkarrizketak berak direla eta, ihardun zen. Halako batzarreak geroago eta gehiago egiten dira bazterretan. Alderdi hartan urte birik behin egin nahi dituzte; eta uste da etorriko dela garai egokia, mundu guztian euskal gaietan lan egiten dutenen arteko batzarre nagusi bat egiteko. Gerra aurrean egiten ziren eta geroago Euskal Herriaren iparreko partean bakarrik egin zirenen jarraia izango litzateke. Bibliografi-informazioa zabaltzearen beharrizana ere adierazi zen. Hain zuzen ere, Gerediagakoek hasiera emanik, batzarre bi eginak dira Durangon Euskal Herriko zenbait bibliotekazainen artean; eta Bibliografi-aldizkari bat egin nahi litzateke. Ba dirudi, hori ere aurrera ateratzeko gogoa dagoela.

Ez dago aipatu beharrik, Bordeleko Universitateak halako gaiak bere barrenean hartzeak duen balioa. Ea bide beretik jotzen duten besteek ere, eta Euskal Herrian bertan azkenean sortzen den egiazko Euskal Universitate baten izpiritu egokia.

ALFONSO IRIGOYEN


Udako euskal ikastaroa Deustuan

Hona hemen, bostgarrenez (Deustuko Unibertsitatean hirugarrenez), euskara ikasteko Udako Ikastaroa. Aurten, ahalmenak elkarturik eta era berri batez, Deustuko Euskal Kultur Mintegiak eta Euskaltzaindiaren Bizkaiko Alfabetatze Batzordeak antolaturik emango da.

Uztaila: 2 - 31

A. Sei ordu egunean

- goizean: 9,30-12,30

- arratsean: 4 - 7

Matrikula: 4.000 pezeta

B. Lau ordu egunean

- arratsean: 4 - 8

Matrikula: 3.000 pezeta

Abuztua: 7 - 31

Lau ordu egunean

- arratsean: 4 - 8

Matrikula: 3.000 pezeta

Mailak

- hasi nahi dutenentzat.

- hizkuntzaren lehen egiturez jabetu direnentzat.

- hitz egiteko erraztasuna lortu nahi dutenentzat.

- alfabetatzea.

Matrikula

- tokia: Deustuko Unibertsitatea (Secretaría General).

- epea: ekainaren* 20ra.

Oharra

Zehaztasun gehiagorako: Deustuko Euskal Kultur Mintegia eta Euskaltzaindia (tel. 212745).


Xaribari teatro taldearen «Batzar Nagusia»

Maiatzaren 19an, Deustuko Universitateko Paraninfoan Euskal Kultur Mintegiak eraturik, Donostiako Xaribari teatro taldeak «Batzar Nagusia» eman du. Larunbata zenez gero eta eguraldi ona, erdia baino ez zen bete jendez. Baina joan ginenok atsegin biziz ikusi genduen, ez baikenduen espero hain gauza fina eta sakona izango zenik zekartena. Egia esan, laburra da —ordu bete eta bost minutu baino ez du irauten— baina zentzu handikoa.

Hitzak eta musika grabatuak dituzte, eta agertokian daudenek mimikaz baliaturik jokatzen dute. Mamia fabularen iturrian edana du eta egungo* girora ekarria. Pertsona bakoitza basoan dagoen animalia klase bat da, Leonidas erregerengandik hasi eta herriko asto eta katemeenganaino. Otsoa eta azeria ere han dabiltza erregeren inguruan, aurretik hitz goxo, atzetik maltzur. Azkenean astoak, herriaren sinboloa bera, bere lepoarekin pagatzen ditu borrero* kankailuaren eskuetan guztien bekatuak, goseak hilik zegoen batean, ezinbestez, besteren soroan belarra miazkatu zuelako.

Zorionak ematen dizkiogu Pako Sagarzazu zuzendariari, hain gauza egokia prestatu duelako. Ikusgarri hau, La Fontaine-ren alegia* batetik hartuz, euskarara itzulia da, Pilar Encisok eta Lauro Olmok egindakotik.

A. I.


Udako ikastaldia Baionan

Atseginez argitaratzen dugu, Baionatik Mattin Larzabalek igorri digun gutuna*:

Datorren abuztuan, 6tik 34ra, Udako Ikastaldia izanen dugu aurten ere.

Iragan* urtean landatu zuten zenbait gaztek sail berri hori Ipar Euskal Herrian, ikusiz Hego aldean erroak barna sartuak zituela, duelako hamar urte honetan. Ohartu dira, hemen ere landare horrek lur ona kausitu* duela —ez da harritzekorik, lur bera baita— eta azkar litekeela, artatzen* baldin bada.

Berrogei gazte eta adinetako* bildu ziren Baudonne-n; kazetek aipatu zuten, horiek hor egin zuten lana. Lau astez, euskara batere ez zekitenek urrats baliosak egin zituzten: segur naiz, konpreni litzaketela berei buruz igorriak* diren pikoak.*

Aurten ere, beraz, beste ikastaldi bat antolatua da lau astez: irakasleak urte guztian elkartu dira, ikastaldi hori hobekienik apailatzeko.

Bi maila izanen dira: euskara ez dakitenentzat, eta beren euskara azkartu nahi dutenentzat.

Izena eman behar da ahalik lasterren (eta izenarekin 150 libera berri edo 1.800 pezeta) zuzenbide honetara:

Alfabetatzeko Batzordea

32, rue Bourgneuf

64100 BAYONNE

Ikastaldiaren prezioa 600 franko edo 7.200 pezeta.


Zapaburua. Euskaldun Rh-dunen umore orria

[Binetak]


Zapaburua. Euskaldun Rh-dunen umore orria

Hau duk umorea!

Arrats batetan, Iruineko kale batetik mozkorti bat zebilan zabuka.* Halako batez neska bat pasatu zen haren ondoan. Neska hura,* egia esateko, ez zen oso polita; eta mozkortiak, ikustean, honela esan zion:

— Itsusia!

Neskak, biziki minduta, buelta egin eta haserrez ihardetsi* zion:

— Mozkorti halakoa!

— A! —erantzun zion mozkortiak philosophia handiz— baina niri pasatu egingo zait, eta zuri ez!

***

Gauza jakina da, orain Espainiako pasaporteek Txinara joateko ere balio dutela. Horretaz baliaturik, maiatzaren hasieran gure lagun bat, bromista porrokatua bera, Maoren herrialdera buelta bat egitera joan zen.

Lehengo astean berriro etorri zen; eta kalean topatu zuen lagun ezkertiar bati, Karlos Goxdibineta bera, honela kontatu zion bertan ikusia:

— Ba dakik, Txinan iraultza giro eskasa aurkitu dudala?

Eta lagunak hauxe aitortu:

— Beno... hori ba niekian, baina, mesedez, ez inori esan, e?!

Geroago, Josutxu Buonalatte-rekin topo egin eta honela kontatu:

— Aizu, Josu jauna! Ba dakizu, Txinan iraultza giro bikain bat topatu dudala?

Eta Buonalattek honela erantzun:

— Bai, ba nekien, baina ez inori esan gero, e?!


Denbora ematekoak

Gurutzegrama (21)


Denbora ematekoak

Hieroglyphikoa


Denbora ematekoak

Euskal salda


Ikas zeure hizkuntza

Hiztegia

IMANOL BERRIATUAK

Ale honetan izartto batekin agertzen diren berbak

ABURU, eritzi, uste.

ADASKA, adarska, rama pequeña, sección.

ADIN, edade.

ADIXKIDIK, adixkidiak, adiskideak.

AGERI'ZÜ, ageri düzü, ageri da.

AGIAN, beharbada, nonbait.

AHANTZ, olvidar. (AHANTZI, ahanztu, ahaztu, olvidado).

AIPATZEKE, aipatu gabe.

AISE, aisa, erraz,

AITAGOI, patriarca.

ALA, o qué?

ALABAINA, hala ere.

ALAN, ala, ara (aran), arau (arauez), según, conforme, a medida que. ALA hau ez ote da iparraldeko ARA (= medida, proporción) hitzaren bariante bat? (Ikus Pierre Lhanderen hiztegia).

ALDARRIKA, proclamar, vocear. (ALDARRIKATU, proclamado, voceado)

ALDIZ, berriz, ordea, ostera.

ALEGIA, a saber, es decir, esto es.

ALEGIA, fábula, fable.

AMILDU, precipitado.

ANABASA, confusión.

ARAUERA, arabera, según, conforme.

ARE, aún, incluso.

ARETO, sala, salón.

ARGITARATU, argitaratutako, argitaraturiko, argitaraturikako.

ARGUDIO, argumento.

ARRAGO, fragua, crisol, forge, creuset.

ARRAS, guztiz, oso, erabat.

ARRUNT, común, corriente, ordinario.

ARRUNTKI, comúnmente, corrientemente.

ARTATZE, cuidar, soigner.

AZTARNA, aztarren, vestigio.

AZTARREN, aztarna, vestigio.

ASABA, antepasado, ancestro.

ASKI, nahiko.

ATON, antola. (ATONDU, antolatu).

AURREZTATU, presentatu.

AXOLA, ardura.

AZOKA, feria, merkatu.

BA, bada, pues.

BADA, ba, pues.

BAGENEZA, bagengi. Egin bageneza = egingo bagenu.

BAITAN, -gan.

BAKAN, raro, raramente.

BARDIN, berdin, bestalde, por lo demás, d'ailleurs.

BATIK BAT, batez ere, bereziki.

BATZUK, zenbait. (Batzuek aktibo, batzuk pasibo).

BEDEREN, gutienez, behinik behin.

BEGIRUNE, respeto.

BEITIRA, baitira, dira eta.

BEIT'IZAN, beita izan, baita izan, izan da eta.

BEREBIL, automóvil.

BESTETAN, en otra cosa. (BESTEETAN, en las otras cosas).

BIDE, dirudienez, agian, beharbada.

BIDENABAR, bide batez.

BIHURRITZE, perversión.

BILBE, trama.

BORDELE, Burdeos.

BORTITAN, bortietan, bortuetan, en las montañas.

BORRERO, verdugo, bourreau.

BORTITZ, fuerte, violento.

BOZATU, amordazado.

BURHEZUR, calavera, crâne.

BURUTU, realizado, terminado.

DAKUSAGU, ikusten dugu.

DAKUSAT, ikusten dut.

DAKUSAZU, ikusten duzu.

DANTZUGU, entzuten dugu.

DAROA, darama.

DATEKE, da nonbait.

DAZAGUGU, ezagutzen dugu.

DEINO, den bitartean.

DUKEK, da nonbait.

DUKETE, dute nonbait.

EGIATAN, en verdad. «Atera dadin egiatan Salomonek dioena» (Axular).

EGUN, gaur.

EHIZA, caza, chasse.

EHIZTARI, cazador, chasseur.

EI, omen.

EIJER, edder (eder hitzaren diminutiboa).

EKAIN, junio.

ERABAT, guztiz, oso, completamente.

ERAGOTZI, evitado, impedido.

ERDIESTE, lortze.

ERDIETSI, lortu.

EROSO, cómodo.

EROSOKERIA, comodidad viciosa.

ERRAN, esan.

ERREBIDE, erregebide, camino real, ruta nacional.

ESERI, jezarri, jarri.

ESKATZEKE, eskatu gabe.

ESKUALDE, comarca, región.

ESKUALDEKATZE, regionalización.

ESPERANTZÁ, la esperanza. (Hitz hau mugatua dela adierazten du azentuak. Ene ustez, azentu graphikoa oso komenigarri da kasu batzuetan).

ETORKI, origen, extracción.

ETORKIN, advenedizo, parvenu.

ETSIPEN, desesperación, desesperanza.

ETSITU, desesperanzado.

EUKITZEKE, euki (eduki) gabe.

EZABAGAITZ, difícil de ser borrado.

EZAGUTZEKE, ezagutu gabe.

EZEN EZ, que no.

EZEZIK, no solamente.

FRUITU, frutu.

FUNTS, fondo, sustancia.

GEHIENGO, mayoría.

GINO, arau, hein, proporción, medida.

GIPUTZORRI, giputz singularreko datiboan, bigarren graduko artikuluarekin. Holaxe idazten zuten klasikoek. Adibidez: Zertan pentsatzen ote duzu zuk, orainokoan ere, buruan ile duzun baino bekatu gehiago egiten duzunorrek? (Axular, 83). Hik, bada, bertzea irakasten duanorrek (Leizarraga, Rom. 2, 21). Beraz, pluralean egiten duguna, singularrean ere egin behar genuke: Hemen gaudenok, oso ondo konpontzen gara. Giputzoi hauxe esango nizueke.

GISA, era, modu.

GORTA, korta, ukuilu, establo.

GUTUN, eskutitz.

HAUK, honeek, (Hauek aktiko, hauk pasibo).

HAUTA, elegir. (HAUTATU, elegido).

HAUTARKI, voto.

HAUTEMAN, percibir.

HAZIL, noviembre.

HEIN, grado, medida, proporción.

HERABE, irresoluto, inseguro.

HEZETASUN, humedad, humidité.

HEZGARRI, educativo.

HEZI, domado, educado. Kasu honetan, aditz hau sustrai-infinitiboan jarri behar litzateke: Zertarako hez? Hona hemen, sustrai-infinitibo honen beste kasu bateko adibide bat: Ez da gauzarik, amorioak hez, hauts, balaka eta errenda ez dezakeenik — no hay cosa que el amor no pueda domar, quebrantar, conquistar con la dulzura y rendir (Axular 316).

HEZIKETA, educación. (Ene ustez, honelako hitzak sustrai-infinitiboaz moldatzen dira, eta ez partizipioaz. Adibidez: Ikasketa, erakusketa, hezgarri, hezgai, hezle, eta abar).

HOIK, horik, horreek. (Hoiek aktibo, hoik pasibo).

HORIK, hoik, horreek. (Horiek aktibo, horik pasibo).

HORREGATIO, hola ere.

HOTS, a saber, es decir, esto es.

HUTSAL, inconsistente.

IDAZTERAKOAN, al ir a escribir. (IDAZTEAN, al escribir).

IGEL, rana, grenouille.

IGORRI, enviado, dirigido.

IHARDETSI, erantzun.

IKASTOLÁK. Azentu graphikoak, hitza singularrean dagoela adierazten du.

INKESTA, encuesta.

INOZO, bobo, cándido.

IRAGAN, igaro, pasatu.

IRAIL, septiembre.

IRAKATSI, enseñado. Galderetan, laguntzaile gabeko aditza sustrai-infinitiboan erabiltzen da, eta ez partizipioan. Adibidez: Non ezar, nola joka, zer erakuts? (Ikus Lafitteren «Grammaire Basque», 440).

IRATXO, duende, petit fantôme.

IRITXI, heldu, ailegatu.

ITAUNTZE, galdetze.

ITSATSI, adherido, pegado.

IXTRIPU, accidente.

IZAKI, izanki. (Aurreko zenbakian esan nuenez, ene ustez hobe litzateke, euskara batuan, N galtzen ez duten beste formak erabiltzea. Hona hemen, Baionako HERRIA astekarian, maiatzaren hirukoan, aurkitu dudan adibide bat: «Errebidea* bustia izanki, autoa frango zaharra, sobera kargatua gainerat, eta zalutasun* handiegian joanki... Hola gertatzen dira ixtripu* handi batzu»).

IZKUTARAZTE, hacer que se oculte, faire qu'il cache.

JASAN, soportado, sufrido.

JAUSTE, erortze.

JOLASGARRI, recreativo.

KAIOLAN, kaiolaren.

KANTORE, canto, chant.

KAUSITU, aurkitu.

LAGATU, largatu, utzi.

LANDA, kanpo, lekora, fuera.

LANTURU, lamento.

LARRI, grave.

LEKUKO, testigu.

LILURATZE, deslumbrar, fascinar.

MAISTER, inquilino, locataire.

MAIZTXO, maiztxe, maixko, con bastante frecuencia.

MALERUS, desdichado, desgraciado.

MANEX, Zuberotar ez den euskaldun oro.*

MEMENTO, momentu.

MENDEKUS, vengativo.

MINTZO IZAN, mintza, berba egin.

MUSKER, lagarto, lézard.

MUTXURDIN, neskazahar, solterona.

NABARI, evidente, notorio, patente.

NABARI, advertir, notar. (NABARITU, advertido, notado).

NABARMENTZE, destacar, distinguir, sobresalir.

NEHOR, inor.

OIHUKA, proclamar, vocear. (OIHUKATU, proclamado, voceado).

OLERKARI, poeta.

ORO, guzti.

ORO HAR, en conjunto.

OROKOR, general, universal.

OSTERA, berriz, berriro.

OTZAN, manso, doux.

PABE, Pau.

PIKO, pulla, indirecta.

POZARREN, pozik.

PRAUBE, pobre.

SABRE, sable.

SATITSU, sagu itsu, musaraña.

SIBILIA, Sevilla.

SINETSI, convencido, convaincu.

SORHAIO, insensible.

SUNDA, kirats, hedor, puanteur.

TXINT, tut, taut.

UBERKA, lecho de río, madre.

UHIN, olatu, ola, vague.

UKALDI, golpe.

UKAN, izan. (Ukan aktibo, izan pasibo).

UNTXI, conejo, lapin.

ÜRGÜLLÜZ GORA, desmesuradamente orgulloso.

URRATS, pauso.

USAPAL, tórtola, tourterelle.

UZTAIL, julio.

XARMA, encanto.

XALO, sencillo.

XEHETASUN, detalle.

ZABALTZERAKOAN, al ir a abrir. (ZABALTZEAN, al abrir).

ZABUKA, dando tropiezos por efecto del vino.

ZALUTASUN, velocidad, vitesse.

ZELAKO, nolako.

ZELAN, zela, nola.

ZAMAIKOR, amenazador, menaçant.

ZEREN, ze, pues.

ZIEK, zuek.

ZILEGI, lícito.

ZIN ZINEZ, ben benetan.


Arrazoizko beldurra?

Agur, Koldo!

Goizeko bostak inguru dira, idazten hasi natzaizunean. Azkenaldi honetan, gauez ikasteko ohitura hartu dut, eta ongi doakit. Zure eskutitza, duela hilabete edo hartu nuen. Erantzunaren zain egon bazara, aspertuxea egonen zara honez gero. Ez da, niri luma hartzea kostatzen zaidalako. Hori ba dakizu. Baina, sarritan, arruntegia* iruditzen zait ene bizitza, paperera aldatzeko. Bizitza kontatzen ihardun beharrik ez dagoela esanen duzu; baina literaturarako ez dut inoiz arterik izan, eta interes guttiegi dut nire inguruan gertatzen diren gauzak adierazteko.

Xabierrekiko harremanez egiten didazu galde. Ba,* ez dakit zer esan. Xabier estimatzen dut, ia ia maitatzen ere bai; baina, elkarrekin gaudenean, ez gara ongi konpontzen. Ondoeza sentitzen dugu. Neure aldetik nahiko idealista izan naiz beti, eta esan behar dizut, harreman errealetara pasatzearekin, xarma* asko galdu dutela gure hasierako erlazio platoniko haiek.

Burruka asko darabilat barruan. Sufritzen nago sarritan, eta ez dakit egoera horretatik nola irten. Zoriontsuago izan behar nukeela bakarrik dakit. Besteekin eta neure buruarekin hobeki sentitu behar nintzatekeela.

Tentsio asko dut barnean. Barkatuko didazu, Koldo; baina nahiago dut hau guztia zuri esatea eta ez hortik dabilan psikanalista hoietako bati. Egia esan behar badizut, larrimindua eta beldurtua aurkitzen naiz. Ez dut segurtasunik, ez eta konfidantzarik ere, ez neuregan eta ez besteengan. Etsai dut neure burua, eta neurri berberean etsai ditut besteak.

Edozein situazioren aurrean, edozein harremanetan, argal eta segurtasun gabe dakusat* neure burua. Eta ahaleginak egiten ditut argaltasun hori neure begien bistatik izkutarazten,* horretarako mila razionalizazio, justifikazio eta ilusio eginez. Laudatzen nautenekin ibiliko naiz, ez kritika baten bidez «larru gorrian» uzten nautenekin.

Besteok ere argal eta herabe* somatzen zaituztet. Baina nahiago dut, presentatzen didazuen maskararekin harremanak edukitzea, ezen* ez zuen benetako nortasun problematikoarekin. Horrela jokatzeak ez bainau konprometatzen, lehengo egoera faltsuan uzten baizik.

Maskaren dantzaldi bat da, Koldo. Inork ez du inor ezagutzen. Aurpegi irripartsua dute denek: maskararena. Baina, atzetik ageri diren begietan, tristura, segurtasun eza, beldurra eta larrimina nabari* dira.

Zuk besterik diozun arren, bakoitzak bere burruka daroa* gure gizartean. Edozein tokitan ikus daiteke hau, eta ni nabilan eskola profesionalean ere bai. Ikastaro honetan bertan irakasle jatorrenetako bat bota digute, eta gure artean ez da hori eragotziko* zukeen batasunik agertu.

Bakoitzak daramagun burruka honetan, lagun baino gehiago etsai zaizkigu besteak. Gure gizartean bakoitzak ba du lortu beharreko helburu, jomuga eta proposamendu bat. Ba, kasualitatez edo kausalitatez, helburu hori elkarren aurka burruka eginez erdietsi* behar da. Horrela bakarrik lor daiteke.

Neure buruaren beldur naiz, eta arrazoiz guztiaz, nik uste. Besteoi ere beldurra dizuet; eta ez didazu esanen, beldurgarriak ez zaretenik. Zergatik uka? Zuek gizonok elkarren etsai zarete, guri ere etsai zatzaizkigute. Emakumeok emakumea ez dugu bidelagun. Orduan zer?

Ba, gauzak horrela badira —eta, beste gabe begiratuta, horrela dira—, elkarren beldur izatea da jokabide arrazoizkoena. Ez dago beste irtenbiderik. Zergatik oihuka* orduan maitasuna, zertarako aldarrika* solidaritatea eta elkartasuna? Zertarako erabiltzen dituzue, zeuok sinesten ez dituzuen hitzak? Erabiltzeaz bakarrik, ez dakit zer zaretela uste izan erazten dizueten hitzak, hitz huts eta fetitxizatuak, funtsik* eta mamirik gabeko hitzak!

Neure bizitza laburrean ikusi ahal izan dudanez, hitzek engaina gaitzakete; eta, sarritan, horretarako erabiltzen dira. Ba dira, ordea, hitzezko ez diren beste mintzabide batzuk ere, pertsonen eta taldeen errealitatea ezagutzeko, sarritan interesgarriago direnak: keinuak, isiltasunak, pozkario aldiak, beheraldiak, programatu gabeko jokabideak...

Bai, Koldo! Ez zaitezte engaina. Gure herria ez da hitzez bakarrik mintzo.* Edo, hitzez mintzo denean, sarritan ez da benetan mintzo. Azalean gelditzen da. Pertsonen eta herrien situazioak mila adierazpide ditu. Eta adi egon behar da.

Bakartuko didazu, Koldo; baina honetaz hitz egin beharra nuen. Gure herriko zenbait jendek erraz garbitzen ditu problemak; baina bizitza, nirea eta nire ingurukoa behintzat, oso problematikoa da. Norberekeriaz, handinahikeriaz, interesez, konplejoz eta antzeko zerez betea dago.

Uste dut, guzti honek irtenbideren bat izanen duela. Ez dizut erantzun jakinik eskatzen; baina ba dakit, argibideren bat emanen didazula.

Honenbestez agurtu egingo zaitut. Zer moduz doa alfabetatze hori? Beste herrietakoekin harremanik ba al duzue?

Beno, Koldo! Erantzunaren zain gelditzen naiz. Eskuratu dut, eskatu zenidan liburua; eta gaur erosi dudan «La fonction érotique» liburuarekin batera bidaliko dizut. Besarkada handi bat.

IZASKUNEK

dizuet, deutsuet

didazue, deustazue

dizut, deutsut

diozu, dinozu

gaitzakete, gaikeez

gaude, gagoz

naute, nabe

zenidan, zeunstan

zatzaizkigute, zatxakuze

zaizkigu, jakuz

zait, jat

didazu, deustazu

digute, deuskue

dizuete, deutsuee