ANAITASUNA

258. zenb.

1973.eko uztailaren 31koa

Pelota, 4 - 1.º - Bilbao-5

Tel. 23 74 49 - Apart. 495


ANAITASUNA Bizkaia

Hamabosterokoa.

Zuzendari ordezko: Imanol Berriatua.

Bulegoa: Pelota, 4-1.º - Bilbao-5.

Imprimatzaile: AMADO, Mazarredo 35 - Bilbao-10.

Moldatzaile: RALI, Particular de Costa 12-14, 3.º - Bilbao-10.

XXI. urtea.

D.L.: BI-1.753 - 1967.


Idiak ere uztarriz loturik dabiltza

Txit modan dago gure herri minduan nazioarteko zaletasunaren eta abertzaletasunaren arteko egokiezina. Dialektikaren metodoak dioenez, nahitanahiezkoa omen* da, gauzak zernolakoak diren jakin ahal izateko, beroien alderdi orokor edo jeneralak batez, eta alderdi berezi edo partikularrak bestez, azterbidean ipintzea.

Goazen, esate baterako, euskal langileriaren bi alderdi hoietaz ihardutera.

Alderdi orokor delakoa mundu osoko langile guztiei berdintsu datorkie, batez beste. Izan ere, sistema kapitalistaren pean daude gehienbat, eta, gainera, zenbait herri sozialistako politika* kapitalistenaren kideko da; beraz, langile guztiei joera komun bat ezar dakieke. Joera komun bat diot, zeren* eta zapaltzaileek herri bakoitzean erabiltzen dituzten gobernakerak, zuhaitz bat izan daitekeen sistema baten adarrak baitira. Erroz gobernakera oro* berdina dela adierazi nahi nuen, arbola bereko adar denez; adarren arteko kidetasuna erabatekoa* ez izan arren.

Beste herrietako langileekin ados datorren zer hori da, beraz, euskal langileriaren alderdi orokorra. Bidenabar* aipa dezadan, lotura horri sozialista askok eta askok nazioarteko zaletasuna deritzatela. Baina honetaz geroxeago mintzatuko baikara, utz dezagun oraingoz.

Ikus daitekeenez, orokor den alderdia, zuhaitz sistemaren adar orotan bila dezakegu, etorki berdinekoak direnez gero. Hoietariko adar sistema, Euskal Herrian dugun gobernakera berezia litzateke. Eta, nola oraino zuhaitz sistema besterik ez den ikusmiratu, azter dezagun orain, Euskal Herrian dugun adar sistema; beste alderdia, alderdi berezia alegia, bilatua izan dadin.

Zein ote da, bada, alderdi berezi hori, euskal langileria beste herrietako langileetarik bereizten eta diferentziatzen duenori? Neure eritzi apalean uste dut, horretaz jabetzeko, ez dagoela bide hoberik jasaten dugun adar sistema bere hartan analizatzea baino. Bere hartan diot, zeren* eta soil soilik Euskal Herrira mugaturik, herri kontextu konkretuan murgildurik egin behar den lana baita.

Goian aipatu* sozialista hoiei gertatzen zaiena, dudarik gabe, zera da: zuhaitz sistema analizatzearekin aski* dutela, nonnahiko herritan dauden sozial. kulturak eta ekonomi egiturak zeintzuk diren jakiteko. Hau, ordea, zehazkabetasun izugarri bat baino ez da; zilegi ere ez, horretaz*; argiaren itxurarekin iluna baitakar.

Ahantzi egin zaie beharbada, orokor edo unibertsal den aldetik bakarrik ez dela inoiz sistemarik analizatu behar, abstraktu denez. Bestalde, kapitalist sistema herri batean nahiz bestean funtsez* berbera dela esateari alfer deritzat;* funtsa bera ere aldakor delako, hain zuzen. Ez ote dakigu, bada, adar bat moztearekin zainak usteltzera hel daitezkeela. Gainera, adar sistema hoik* funtsez bat bera izanen balira ere, garbiegi dakigu, herri guztietan ez dituztela modu bereko kontradizioak sorterazten. Gure kasuan hain nabarmen den fenomeno hau, nola ezin daiteke kontutan har? Baldin eta iheskeriaren hildotik* ez bagara ari behintzat.

Kontradizio orokor eta bereziaz inguraturik datza* herri oro. Eta, hau dela eta, honela zioen Sartrek unibertsalista hauei buruz: «No entienden la importancia de estudiar el carácter particular de la contradicción en la situación particular de cada pueblo concreto, para guiarnos en la práctica revolucionaria interior». Handik berehala beste hauxe dio: «Tampoco comprenden que la Universalidad de la contradicción reside precisamente en la Particularidad de la contradicción».

Rikardo ederki mintzatu zaigu bere idazlanetan, Euskal Herriaren historian gertatu zen etenduraz. Geroztik hemen gabiltza, ez buru eta ez hanka, noragabe. Eten zenaren mutur bat joan zitzaigun pikotara* eta beste muturra biluzik dakusagu.* Eta, jakina, honela ezin bilintzi-balantzan ibil, zaharrari esku batez eta berriari bestez heldurik; etenaren hutsunean amildurik* gaudeino.

Argi dagoela dirudi, beraz, klase interesez gainera, eten ondoren galdu zen historia baten lorketa ere ba dela euskal langilearena. Halabeharrez, klase interesak erdietsi* nahi badira, jakin egin beharko da halaber,* nongo eta nolako baldintzetan lortu behar diren. Horra hor, langile orori dagozkion klase interesez gainera, nola historia jakin batekin topa gintezkeen langileriaren askatasun bidean. Herritasunean datzan* historia batekin, hain zuzen. Honez gero, delako alderdi berezia azken zehaztasun hauek eskainiko digutelakoan nago, besterik gabe.

Azken hitzez esan dezadan, unibertsal alderdia bere hartan soilik deus* ere ez dela, berezia den alderdia ere era berean deus ez den bezalaxe. Haatik,* ez dute baliotasunik. harik eta uztarri batez lotu arte, edo eta bata bestean eta alderantziz murgiltzen ez direino.* Hala ere honek ez du adierazi nahi, betidanik bereizgarri direnez gero, bereizi behar ez direnik. Idiak ere uztarri batean doaz indar eragin batean, eta agian* bat zuri eta bestea beltz; ahaleginean, ordea, elkarren osagarri, zein bere bereiztasunekin.

Klasetasuna eta herritasuna bat bera direla aitortzen dutenak ere ba dira; bata bestearen ondorio eta kausa bezala. Elkarren albotik dabiltzanik ezin uka, idiak dabiltzan bezala. Baina nola aitor, bat bera direla? Baserritarra naiz, eta, idiak uztarriz loturik ibili arren, biek aho batetik jaten ez ditut sekula ere ikusi.

JOSE M. ODRIOZOLA

dakieke, daitekioe

daude, dagoz

dezadan, daidan

dezakegu, daikegu

digute, deuskue

zaie, jake

zaigu, jaku

zioen, inoan, esaten zuen

zitzaigun, jakun


Ikastola

Askotan ezin izaten dut!

Gazteok ameslari izan ohi gara, eta pentsatu ohi dugu, gainera, beste jende oro* gu bezain ameslari dela.

Ikasle haroan, gehienok, titulu baten jabe egin ondoren, herriari izugarrizko zerbitzuak egiteko asmoak ditugu.

Guk ikastolari gagozkiolarik, beste hainbeste pentsatu dugu noski Amets asko eginik dugu (eta eginen ditugunak oraindik) gero ikastolan lanean hastean umeekin eginen ditugun lanetaz, berauei eman diezaiekegun hezketa* sakon eta aurrerakoiaz, gurasoen ikastolarekiko arduratzeaz, honek Euskal Herriari eman diezaiokeen laguntzaz, eta abar. Anitz* amets eder.

Uste izan dugu, gainera, haurrak oso eder eta maitagarriak direla eta irakasle-andereñoak pertsona miragarri, langile, jator eta abar direla, beti herriaren zerbitzuan daudenak. Hau gehiegi bada ere, antzeko zertxobait ibili da zenbait aldiz gure burutik.

Alderdi gogorraz ere pentsatu dugu zerbait, hots,* ikastolan lan asko egin beharko dela; baina hori... gero, ikastolara joandakoan. Betiko leloa. «Orain nire eginkizuna titulua ateratzea da, tituluak behar baitira ikastoletan» esan dugu guztiok ikasle haroan. Preparatu, gero egingo gara: ikastolara sartu aurretik, hori bai, baina titulua eskuratu ondoren. Ondo preparatuko gara, bai Pedagogi eta Psikologi gaiak sakonduz, eta bai ikastoletako martxa orokorraz* jabetuz.

Hala ere, saiatu ginen zerbait egiten, genuen denbora apurra probetxatu guraz, baina batez ere herriarekiko ikusten genuen betebeharra justifikatu nahiz. Horregatik ez genuen lan askorik egin, ez baikenuen aski* denbora eta gero ikastolara joatean izanen baikenuen nahiko eta gehiegi.

Honela ibili gara bi, hiru urte luzez, amets zoragarri hauk* eginez, baina ezer guti arduratuz, ikastoletako egoera eta premiaz jabetzeko.

Eta orain hau da, nahi eta ez datorkigun galdera: Nola da benetan ikastolako errealitate hori?

Hau oso zaila da esaten. Batetik, buruan pentsatutako guztia adieraztea nekeza delako; eta bestetik, neure ikastolarekiko harremanean ez dudalako aski denbora, gauza horretaz sakon eta osoki jabetzeko. Gainera, beharbada, nire ikuspegia nahiko sujetiboa dateke.*

Hala oro, zerbait esaten ausart* naiteke, eta ausartuko naiz: Ikastolako errealitatea ez dela inondik ere guk amestu dugun bezain eder eta gozoa, oso bestelakoa baizik, gogor eta aspergarria askotan, une alairik izaten badu ere.

Bati, ikastolara sartzean, ez bakarrik bere gelan, bai eta ikastola inguruko gauzetan ere, dena egin gabe dagoela iruditzen zaio (hau egia ez bada ere). Ez du ezer eginik ikusten, dena falta zaio, esku hutsik dago, ez daki nora jo, eta laguntzera ez datorkio inor.

Beste batek, preparazio eta esperientzia gehiago gabe ikastolara sartzean, gauzak beste era batetara aurkitu behar zituela uste du. Elkar lan gehiago, gauzak —mailaz maila— hobeto estrukturatuak, eta abar. Dena eginik egotea nahi du. Oso besterik da, ordea, oraindik egungo* errealitatea. Era honetan, une larriak iragan* behar izaten ditu, maiz* asko, andereño edo irakasle berriak. Bakarrik ezin du; onenean, bati eta besteri galdezka hasiko da, zer nahi duen ez dakiela gehienetan. Noski, nork bere gelan egiten duena —apur bat hobeagotua— esanen dio, bide horretaz laguntza gehiegirik eskaini gabe bestalde.

Besterik ezean, bera ere bide bat eta beste entseiatzen hasiko da, bakartatean babesturik. Bere esperientziak agertzearen nahiko beldur izanen da, besterenak jakiteko zaletasun amorratua badu ere. Honela bera ere besteren zulo berdinean eroriko* da, edo bestela arrisku ederrean dabil.

Gelako gauzez kanpo beste gai askotaz hitz egingo du bero lankideekin: gurasoez, haurrez, junten jokabideez, eta abarrez Baina oso nekez planteatuko dira gauzok ekintza mailan; gehienetan hitzetan geldituko dira.

Zerbait ogiteko egunik izendatzen bada, ez du inork egun horretararte ezer pentsatuko, eritzia freskoa izan dadin edo. Gainera, egun horretan hitz egiteko gogo gutti izanen du jendeak, beste egunetan asko badu ere, gehienak ustegabeko zereginetan katigatzen* ez badira hala ere.

Irakasleen aldetik arazoa honela badago, zer esanik ere ez gurasoen aldetik

Gauzak honela direlarik, oraindik geure artean burrukan gabiltza, beste zereginik ez bagenu bezala. Dirudienez, nork bere akatsak ikusten eta konpontzen saiatzea baino nahiago dugu besteari bereak aurpegira botatzea. Kanpotik dugu nahiko eragozpen, geure artean sortzen hasteko. Hauxe falta genuen, denok itotzeko.

Kontradizio teorikoetan hainbeste denbora galdu gabe, zergatik ez gara guraso eta irakasle denok lanean hasten, ba dugu zereginik eta. Pedagogia dela, materiala dela, lanen koordinatzea dela. ba da zereginik; eta honetarako jendea behar da, zenbat eta gehiago hobe.

Hau da, bozpasei hilabeteren buruan ikastolaz nik hartu dudan eritzia. Inori zerbait esatekotan, ikastoletarako gertatzen ari den jendeari esanen nioke, batzuren batzuk lanean aurrez ikusi gabe eta gauzak ondo aztertu gabe, mesedez ez dadila inor ikastolan lanean has, niri gertatutakorik jazo* ez dakion. Oso erraza baita, halako aukera egonik.

L. AZKUNE


Ikastola

«Goizaldi» taldearen eskaintza

Euskal Herriko ikastolok, agur!

Eskutitz hau hartu duzuelarik, harritu bide* zarete noski, baina ez zaitezte ikara.

GOIZALDI dantza taldea sortu zenetik, 25 urte iragan* dira. Urte muga hori aurten haundikiro ospatu nahiz, geure baitan* dugun asmo baten berri eman nahi dizuegu.

Garrantzi haundiko asmoa dela uste dugu, bai guretzat bai zuentzat, eta azken finean zuen eta gure den ikastolarentzat. Euskal Herri osoarentzat, alegia.*

Hona hemen gure asmoa:

«Ikastolen alde dirua biltzeko egiten diren jaialdietara joateko prest dago GOIZALDI».

Egiteko hori ahal denik ondoen betetzen saiatuko gara, euskaldun garen aldetik eta Euskal Herriaren alde.

Aldez aurretik ondotxo dakigu, ikastolaren diru problema ez dugula erabat* erabakiko; baina, dena dela, geure dantza, txistu, kantu eta euskal giroaz ahal duguntxoa egiteko prest gaude. Gure laguntza* txikia daiteke; baina, txiki eta guzti, ikastolaren alde borondate guztiz emana izango da.

Nahi duzuen arte. Zuek noiz deituko zain gaude.

Agur, eta ikus arte.

GOIZALDI

Víctor Pradera, 39

Tel. 426600

Donostia

daude, dagoz

diezaiekegu, deiskioegu

diczaioko, deiskio

dio, deutso

dizuegu, deutsuegu

gaude, gagoz

nioke, neuskio

zaio, jako


Edozer gauza kultural

1. Gatu beltza da Euskal Herriko gaturik pollitena. Lepapean* xingola* txuri eta guzti.

2. Etor zen eta gero denak, eta Gotzon Miren GARATE jesuitak, aspaldi agindu zizkiguten bi liburu: Marxez gerozko Marxismoa zen bat, pentsamendu marxistaren historia, eta bestea Marx eta Nazioaren 2. liburukia.

Jendea zain eta zain egon arren, nonbait ez dute eta ez dute inolaz agertu nahi. Ez dakigu, «jesuiten oportunismoari» buruzko hauzi harek bere hatzamarrak* honeraino luzatzen ote dituen... Edo eta, Azken Judizioko errebelazio harrigarrien artean erakusteko, gorderik gelditu ote diren. Publikoari esplikazioren bat zor zaio. Edo liburuak, bestela.

3. Ala erbi jantzitako gatu bat zen hori ere?

4. Txomin PEILLEN Xubero-Paristarraren Gatu Beltza, basamortu errean ur freskoa bezain gozagarri etorri zaigu geure lehorte literarioan. (Gatu hau erbia da!) Bai GEROk liburu azalean eta bai PEILLENek barruan, beste Xubero-Paristar bat oroiterazi digute: Jon MIRANDE.

Noiz agertuko da pioniero eta idazle orijinal honen prosa eta poesiaren bilduma* bat? Jon Miranderi bere lanen edizio bat zor zaio, hitzaurre on batekin. Txomin Peillen proposatzen dugu, bilduma eta hitzaurre egiteko. Zeren* eta, azken finean, irakurleriari Mirande zor baitzaio.

5. OSKORRIk hiltzea erabaki du. Eta, erabaki publiko inportante guztiekin egin behar den moduan, ondo egin du erabaki hori guztioi jakin eraztea. Inork gaizki pentsa ez dezan.

Ondo pentsatzekotan, zer pentsatu beharko litzateke?

6. Aurten sorpresa haundiak eman dizkigu literaturak. Arantxa URRETAVIZCAYAren poesiak: biziki onak. Mikel AZURMENDI INTXAUSTIren poesiak: biziki onak. (Eta azkeneko honengatik benetan pozten gaitu hori aitortzeak: zeren eta beste gauza askotan «gusto» arras* diferentetakoak baikara). Joan Mari LEKUONAren poesiak: izugarri biziki onak.

Eta Bernardo ATXAGAren teatroa: irudimena oraindik ez dela hil demostratzen diguna. PEILLENen gatomaquia: pentsamendu indibidualista oraindik ez dela hil demostratzen diguna. Martin UGALDE: egiazko literatura egiten dakien euskaldun bat oraindik gelditzen dela demostratzeko.

Eta gainera: euskaraz oraindik posible da, Luis HARANBURU-ALTUNA hil antzertia bezalako gauza bat publikatzea. (Hori ez da edozer gauzatxo, gero!).

7. Baina hori ez da dena: laster, eta euskaraz, inoiz egindako poesiaren lehen lehenengo antologia dialektikoa agertuko ei* da.

Oraindik ez dakigu gatu honen kolorea.

8. Hala ere, Federiko ENGELS erdaraz baino gaiztoagoa da euskaraz. Biba Federiko Engels prusianoaren euskara!

BALDATIKA

dezan, daian

digu, deusku

digute, deuskue

dizkigu, deuskuz

zaigu, jaku

zaio, jako

zizkiguten, euskuezan


Neure lantokitik

Mitologia

Modan dago Euskal Herria desmitologizatzea, eta beldur naiz, desmitologizatze hori berori ez ote dugun mito bihurtu, zeren* gauzen egiazko sustraia bilatzea ona bada, neurritik kanpora egitea astakeria bat besterik ez baita.

Zer garen

Nik ondo dakit, Euskal Herria ez dela beste munduko zerbait, «über alles» horietako bat. Baina, mitologo jaunok, ez dezagun zimaurraren pareko egin.

Euskal Herria ez da besteak baino gehiago, BAINA GUTIAGO ERE EZ.

Unibertsalismoa

Ba dirudi, euskaldunok unibertsalismorako zaletasun zoro bat dugula.

Lehen, eskuinetatik zetorren, eta orain ezkerretatik. Emakumeek modak aldatzen dituzten bezala, euskaldunok modako unibertsalismoa hartzen dugu, eta ez gara konturatzen, jaioterriaren maitasunean oinharritzen ez den unibertsalismoa ez dela benetakoa, sasi-unibertsalismoa baizik.

Bada,* nola maita daiteke urrunekoa, geurea arbuiatzen* badugu?

Jaungoikoa eta herria

Ezker eta eskuin muturrekoek mito bihurtu dituzte kontzeptu bi hauk: Jaungoikoa eta Herria.

Beharbada, ez dira konturatzen, Kristok esan zuela, Jaungoikoa lagun hurkoarengan bilatu behar genuela; eta lagun hurkoa ez da ilargian bizi den norbait, ikastolako andereño hau edo guraso hori baizik, hots,* inguruan dugun pertsona konkretu bat.

HERRIA kontzeptuarekin berdin gertatzen da. HERRIA ez da hitz abstraktu soil bat. HERRIA ikastola batetako gurasoak dira. HERRIA kontzeptu abstraktu soilaren izenean, HERRI konkretu hori kontutan ez hartzea, HERRIA kontzeptua mito bat bihurtzea da.

Aipaturiko kasu bietan, Jaungoikoa eta Herria mito bihurtu ditugu, eta sasi-unibertsalismo bat egiten dihardugu.

Ikastolak

Kate bat egin dut lan honen hasieratik bertatik, eta azkenera noa: ikastoletara.

Gurasoekin kontatu gabe, ezker eta eskuin muturrekoek beren ideologiak inposatu nahi dituzte, sasi-unibertsalismo baten izenean.

Zergatik bidaltzen dituzte gurasoek beren semeak ikastolara? Hauen heziera euskaraz egiteko.

Guraso horien ideologiak oso desberdinak dira, eta euskararen nahia da multzo horren lotura bakarra.

Beraz, ikastola batetan inoiz inork ideologi mailan zerbait egin nahi izatekotan, gurasoen ideologi desberdintasun hori kontutan hartu behar du, eta guraso horien nahietara makurtu.

Ideologia bakoitzekoek «geure» ikastola berezia edukitzeko posibilitaterik ez dugun bitartean, ikastolak zabala izan behar du ideologian, pertsona guztiak errespetatuz.

Eta esan duguna: euskaragatik bidaltzen ditugu geure semeak ikastolara. Honetan guraso guztiak gatoz bat. Beraz, irakasleek, oroz* gainetik, euskara ondo menperatzen eta pedagogia egoki baten bidez haurrei ondo irakasten. eginahala egin behar dute.

Eta, azkenik, ikastolen ekonomia ukitu* gura dut.

Diru kontuan, oso larri dabiltza hainbat ikastola. Beraz, bere burua euskaldun sentitzen duen edonork, ahal duen neurrian, bere diru laguntza eskaini behar lieke ikastolei. Gela egokiak lortzeko, material on bat erabiltzeko, irakasleei justiziazko soldatak ordaintzeko, dirua behar da.

Beraz, dei sutsu bat guztioi ikastolen alde. Zeuen dirua ez duzue ikastoletan baino leku hobeagotan erabili ahal izango.

Utz itzazue bigarren mailako eztabaidak. Utz teoria hutsezko abstrakzioak. Lan konkretu bat dugu aurrean, ikastolarena, eta goazen ekintzara.

Dirua behar dute ikastolek, diru asko. Eta diru hori geuk eman behar dugu, geuk euskaldunok, zuk eta nik.

XABIER GEREÑO

dezagun, daigun

itzazue, eizuez

lieke, leuskioe


Gure Munduko Albisteak

«Jentilen sukaldea» aztertzen ari

Orain guti dela, Cuadernos de etnología y etnografía de Navarra-ren azken alea etorri zaigu, 13. zenbakia hain zuzen ere, eta bertan Jose Mari Satrustegi jaunaren eraginez azterturiko «jentilen sukaldea» izeneko haitzuloaren azterketa sakon bat agertzen da. «Jentilen sukaldea» Urdiain-en, Satrustegi parroko dagoen nafar herri jatorrean datza;* eta ikertze* lan honetan, numismatikan Felipe Mateu Llopis, Topographian Fermin de Leizaola, hezur ikertze arloan Jesús Altuna eta Arkheologian Ignacio Barandiaran jaunek eskaini diote laguntasun baliotsua nork bere sailean, «Jentilen sukaldea», honela, ikusmira askotatik aztertuz. Zenbaki berean, bukatzeko, Francisco F. García eta Ramón María de Urrutia jaunek Sorakoitz deritzon herritxoan aurkitu duten hilherriaren aztertze interesgarria azaltzen da.

Lan bikaina, egiatan, Príncipe de Viana nafar erakundearen kultur ekarria,* eta ekintza txalogarria benetan azterlari guztiona.

Bibliographiarako: Cuadernos de etnología y etnografía de Navarra, XIII, Consejo de Cultura de Navarra, Pamplona, 1973, 115 h.

Biblia Saindua salgai

Duvoisin kapitainaren obra nagusia, Bonaparte printzearen babesean 1859-1865 artean agerturiko Biblia osoaren itzulpena alegia,* faksimilez argitaratu berri digu José María Martín de Retana jaunak, ohi bezala, luxozko edizioz, Doré-ren marrazkiez apaindurik eta hiru ale larruz- eta urreztatutan, bakoitzaren prezioa ia mila pezetakoa delarik.

Euskal Herrian salgai dagoen Biblia irakurgarri bakarra (cum censura ecclesiastica ez dagoen arren) aberatsen pribilejioa da, beraz, eta ebangelioaren kontu hura* aldrebestuko zaigu: alegia, zerura joanen direnak, Biblia erosteko dirua duten aberatsak izanen direla.

 Bible Sainduaren edizio honek, bestetik, ez daduka Euskaltzaindiaren babesik; baina hurrengoak ba dirudi Akademiaren patroziniopean agertuko direla, gainera. Agian laster Maoren liburuska gorria ere Euskaltzaindiaren babespean argitaratuko duke* Krutwig jaunak, zeren,* Euskaltzaindiaren kontra ari den aldizkari baten zuzendari eta luxozko edizioak egiten dituen jaun bati babesa ematen baldin bazaio, ez dakusagu* arrazoirik, Euskaltzaindiko den eta proletarien poltsikoetarako aterako lukeen bati uka dakion.

Militar estudioen irakastegi bat Bilbon

Bilboko alkatesa, «Liberazio»ko jaiak zirela eta, Don Diegoren hirian militar estudio oso espezializatuetarako irakastegi bat ezartzeko komenientziaz mintzatu zen, joan den hilabetean.

Philosophia eta Letretako Fakultaterik ez dugu oraindik Bilbon, ez eta Biologia, Zientzia Zehatzak, Arkhitektura, Arte Eskola, Baserritar eta Arrantzale Eskolarik ere; baina, beharbada, Dña. Pilar Careaga andreak aipatu zigun irakastegi hori, laster ikusiko dugu geure artean.

Iruineko gertakarien inguruan

Arazoa, honez gero, berri zahar horietakoa den arren, gogora dezagun, guttienez, langile grebalarien* eritzi eta eskubideei bide eman zien El Diario de Navarra kazetaren portaera jatorra. Horri esker (ala ezker?) alde batetik ugazabaren* egia ofiziala eta bestetik langileen ikusmira estalia argiro kontrastatu ahal izan dira. Eta diferentzia ez zen makala.

Udako sugeak

Udako sugeak izaten dira albisterik ez dagoenerako atxakiak. La Gaceta del Norte hasi zaigu honetan. Kazetalaritzan oso zaharra da joko hori. Baina, honez gero Rodríguez de la Fuente jo eta ke hortik ari delarik, barka ezinezkoa da, Bizkaiko Enkartazioetan metro bat baino gehiagoko suge «gaizto, kaltegarri eta pozoitsu» guztiak hiltzeko kargu ezofiziala hartu duten aita-seme ezjakin huts biren deklarazioak ozartzea, eskolara doan edozein umek ondoegi baitaki, Euskal Herrian bizi den suge kaltegarri bakarra sugegorria dela, eta beronek ez duela inoiz 60 zentimetro baino gehiago izaten luzeran. Zenbat eta haundiagoak, beraz, sugeak, kalte gutiagokoak izaten dira.

Herri aurreratuen kultur maila animalienganako errespetu eta begiramenagatik neurtzen baldin bada, ez dago dudarik, honetan Euskal Herrian ez gabiltzala oso puntarengo, edozein ezjakinen aurreritzia* publikatzen dugularik.

Sondikako aireportua dela eta ez dela

Hauxe da Bilboko egunkariek aspaldion jo eta ke darabilkiguten arazoa. Irakurleak dakikeenez,* Estatuak jadanik,* Bizkairako aireportu berri eta nazioartekoa Sondikan egin dadin ontzat eman du oraingo aireportu zaharra dagoen toki berean, hain zuzen ere. Leku honen egokitasuna Bilboko alkatesak eta beronen tekhnikal taldeak defendatzen dute.

Sondika, ordea, Asuko haranean dago, «Bilbo Haundia»k bere hirigintza zabaltzeko duen lekuan; eta aireportua hor egiteak, beraz Bilboren hazkundeari bidea erabat* moztuko dio. Bestetik, Asuan bertan dago Bilboko Unibertsitatea, eritegi asko; eta asmoa omen* dago, Unibertsitatearen ondoan, Mendikuntzako Fakultatearen arrimuan, Ospitale Haundi berria egiteko. Hegazkinen zarata ez da, segur aski,* batere egoki izanen, ez inguruko bizilagunentzat, ez estudianteentzat, ez eta Ospitaleko gaixoentzat ere. Beraz, kalteak haundiak izateko dira.

Sondikan egitearen kontra daudenek, aldiz,* Araban egitea nahiago lukete —Gasteiz ondoan edo—, modu horretara aireportu horrek Euskal Herri osoko industri etorkizuna azkar dezan. Araba, egon ere, bai Bilbotik, bai Gipuzkoako Deba arrotik,* eta bai Nafarroatik oso hurbil dago; eta bertan aireportua egiteak, ondoan autobide on batzuk ogitea eskatuko luke, eskualde* osoaren komunikabide oinestruktura bereziki hobetuz. Ba dirudi, gainera, Araban egitea merkeago litzatekeela, horretarako hartu beharko liratekeen lur gehienak Diputazioarenak izanki.

Baina Bilboko alkatesak, behin eta berriro bere tekhnikarien arrazoiak aipatuz, «Sondikan egokiago da», ez du amorerik eman nahi. Aldizkariek, berriz, beste tekhnikari askoren eta jende gehienaren eritziak agertu dituzte, zeharo kontrakoak. Nabari* denez, goikoen eta behekoen aldetik ekonomi interes ezberdinen burruka ari zaigu arazo honen barrenean.

Aita Kerexetaren hitzaldia Arrasaten

Ekainaren* 21ean Euskaltzaindiak jendaurreko bilera bat egin zuen Arrasaten, Karlos Gerra eta Sebero Altube jaunen omenez. Bigarrenaz Arana abokatuak egin zuen meritu aipamen interesgarria alde batera utzita, diogun, aita Jaime Kerexetaren hitzaldia euskal arrazismorik amorratuenaren erakusle zintzo zintzoa izan zela. Haren eritziz, euskaldunok odol garbiko gara (besteak, berak, odol zikineko), eta gutariko bakoitzak bere genealogi zuhaitza eta harmarriak ongi gordetzean ezarri zuen gure eginkizuna.

Harmarririk ez omen* zuen euskaltzain bati entzun genionez, laster «arrazaren eguna» ipini beharko dugu guk ere, Kerexeta apaiza poz dakigun. Dakusakezunez,* irakurle, Ukronia idatzi zuenak ez zuen askorik asmatu, kontatu baizik.

Athletic-en garaipena dela eta

Bai, garaitia* ekarri da Bilbora, eta euskaldunon ohore galdua etorri omen da horrekin Madriletik. Diogun, beraz: Aupa Athletic!

Madrilera partidua ikustearren 50.000 «basko» joan baziren —eta hemengo aldizkariek zifra horik* dakartzate—, eta joan-etorrian bakoitzak batez beste eta behetik jota, 2.000na pezeta gastatu bazuen neuri kontuak irteten zaizkidanez, ehun milioi pezeta irazi* ziren Gaztelako lurretan euskaldunen aldetik.

Euskaltzaindia, ikastolak, euskal aldizkariak, alfabetatze kanpaina eta eguneroko euskal kulturaren aldeko ekintzak nolako diru premiaz dauden kontuan hartuz gero, ba dakusagu* dirua, egon, ba dagoela.

Euskal titulu berriak

Eta Nafarroaz ari garenez gero, ezin dezakegu isilpean gorde, oraintsu irakurri dugun programma bat. Udako irakasle ikastaro batzuetarako da; eta hartan euskal hizkuntza eta kultura dira irakasteko ikastaroaren bukaeran «titulu ofizial» bat emanez (Nafarroan euskara irakasteko nahiz eta nahiz ezkoa izanen dena). Eratzailea Diputazioa bera da, arduraduna Marcelino Garde apaiz jauna, eta, antza denez, era honetako ikastaroetan maiz entzun eta ikusia den jaun Oiartzundar bat ere ba dabil tartean.

Ikastaroari oso ederki deritzogu, euskararen eta euskal kulturaren aldeko ekintza guztiak txalogarri baitira. Baina... nor dira jaun horik» «titulu ofizialak» ematen hasteko? Biak, maiz* dudatan jarri arren, Euskaltzaindikoak dira, eta ba dakite —jakin behar lukete behintzat, hilabetero bidaltzen zaien akta ofiziala irakurri balute— Euskaltzaindiak berak behin baino gehiagotan ezarri dituela (Bilbon, Donostian, Eibarren eta Arrasaten) euskal irakasle titulu ofiziala lortzeko examinak, ongi irtendakoei Euskaltzaindiaren irakasle diploma ofizial bana emanez. Zeregin-lapurreta egin nahi diote, bada, jaun horiek, beroiek ere osatzen duten erakundeari, ala*? Lau diputazioek (Nafarroakoa haien tartean) Euskaltzaindia sortu zuten, berau euskarari dagokionez ardura zedin. Ikastaroak eratzea, noski, beste edozeinena bezalaxe, Diputazioaren kontua ere ba da; baina examinatzea, Diputazioaren ordezkari berezia den Euskaltzaindiarena besterik ez.

Era berean, guztiz txartzat hartzekoa litzateke, entzun dugunez egia balitz, Derioko apaizgaitegian egin nahi dena. Hemen ere udako ikastaro batzuk* eratu nahi dira, «euskal irakasleak» sortzeko, baina sarrera eta matrikula pertsonaz pertsona modu diskriminatorio batez ezarririk. Honen ondoren ere, «diploma» bat emanen omen zaie bertan parte hartutakoei.

Orain urte batzuk direla, Bilboko Euskerazaleak taldekoak ere holako titulu partikular batzuk ematen hasi ziren; baina, juntako jaun zuhur batzuen kontseiluz, erakundea* «nor»tasunik gabekoa zela eta, kontu hori berehalaxe bukatu zen. Honetan Martin Ugalderekin gaude gu ere. Euskaltzaindia geure erakunderik printzipalena baldin badugu, beroni eman behar diokegu* indarra eta laguntza, taldekeri jokoetan ibili gabe. Ala partikular horiekin «Nafarroarako bakarrik edo eta Elizaren babespeko ikastoletarako soilki balioko luketen titulu batzuk» sortu nahi ditugu?

Ez litzateke harrigarri, bide honetaz, bihar-etzi El Corte Inglés-en ere euskal irakasle titulu eta diplomak salgai ikustea.

Bediako alkatea

Agian* oso alkate ona izango da, baina euskara kontuan... Orain dela ehun urtetik honako dokumentuetan Bedia v-az agertzen dela dio. Eta zer? Ez ote du inoiz irakurri jaun jakintsu horrek, lehenagoko eskribuetan, Vilbao, cavallo, benir, bascongado eta horrelakorik? Ala ez du horrenbeste irakurri? Eta ez da konturatu, lehengo dokumentuetan gaztelaniaz ez zegoela b eta v kontuan nahasketa bat besterik? Ez, ez bide* du horrenbeste jakin, hemen alkate izateko Baigorrin adina* ez da eskatzen eta.

 Bedia zein Vedia idatz, dudarik gabekoa da, euskaldunek beti b soinuaz ebaki dutela hitz hori, soinu oklusibo bilabial ozen* batez, eta ez, El Correo Español-eko Pello Kirten hark idatzi bezala, fonema frikatibo labiodental ozenaz, gaztelaniaz ere holakorik inoiz ez baita egon orthographiaz kanpo.

Ba dakusagu,* Madrilen herri izenak jatorrizko hizkuntzaren arauera* idazteko batzorde bat lanean ari den artean, hemengo alkate jaun batek bestelako bidea daramala. Nik galdera bat eginen nioke: Bedia euskal ala erdal izen bat da? Eta euskarazkoa bada, zergatik idatzi behar da euskal orthographia arruntean* ez dagoen letra batez? Ez dut uste, alkate horrek, kasu batez, erdal alfabetoari kasu larregi egitearren, Washington gabe Guasinton idatziko duenik. Ala bai?

Euskal izenak baztertzeko joera honetatik abiatuz gero, egon daiteke, horregatik, beste horrelako letraturen bat, Bilbotik pasatzen den hibaiaren «betidaniko» izena Hibaizabal gabe Nervión (v eta guzti) dela esatera etorriko zaiguna.

Gorka Knörr-i erantzunez

Ekainaren* 24eko ZERUKO ARGIAn, G. Knörrek Armendaritzi kritika bat egin zion. Horregatik, neronek baino hobeki Trebiñoko aireak ezagutzen dituen idazle eta kantari trebeari, kontsidero batzuk egin nahi nizkioke: 1. Inor kritikatzen hasten denean, kritikatuak esan edo idatzi duenaz egin dezala bere kritika, berak besteak idatz zezan nahiko zukeenaz gabe. 2. Euskal kantak mundukoekiko* gaur egun zer mailatan dauden jakiteko, ozar dezala mesedez irratia egunero bost minutuz edo. 3. Musikak eta rythmoak garrantzirik ez baldin balute, orduan esan diezaiela gure kantariei, musika gabeko mintzaldiak emateko; bestetik, garrantzirik balute, orduan kontsekuente izan dadila eta oraingo korronte modernoetatik ibiltzeko erregut diezaiela. 4. Kantatzea zerbaiterako bada, entzuleak ulertzeko da; eta nekez uler dezake beronek, kantariak (bozari dagokionez bederen*) argi eta garbi esaten ez diona, are* gutiago, kantariak berak «zer» dioen ez baldin badaki. 5. Garbitasuna eta birjintasuna nahi badugu, kritikaren hondoan dagoen manikeismoaren funtsa* horixe baita, eska biezaio lehenik horixe beretarrei ere, ez baitirudi oso zilegi* birjintasunaz aritzea, persona non grata omen duten poeta baten olerkiak bereak balitu bezala kantatzen dituena adoratzen duen artean. Nik neuk, neure partetik, ez dut inoiz birjintasuna larregi gurtu, ez eta gurtuko ere, beti antzua* iruditu baitzait. 6. Zentsuraren lehen etsaia, noski, ni ere ba naiz; baina hara... batzuentzat ez ote da maiz* izaten delako zentsura hori, beren «antzutasuna, alferkeria eta lan ogiteko gogorik eza» estaltzeko atxakia eroso* bat? Zaharren «gerra denboran asko pasatu genuen», «ez digute ezer egiten uzten» gisakoak gazte batzuen artean ere entzuten hasiak gara aspaldion. 7. Geure mythoak behar ditugu; baina mytho izaten segi dezaten kritikatzen ez baldin baditugu, hobetuz joan dakizkigun, idolo bihurtzen ditugu, guztiok haien idolatra fanatikoen sailean jarriz. Besterik ez.

ARMENDARITZ

biezaio, beio

dakizkigun, dakiguzan

darama, daroa

daude, dagoz

dezagun, daigun

dezake, daike

dezakegu, daikegu

dezala, daiala

dezan, daian

dezaten, daien

diezaiela, deioela

digu, deusku

digute, deuskue

dio, deutso

diogun, esan dezagun (daigun)

diote, deutsoe

lukete, leukee

nioke, neuskio

nizkioke, neuskioz

zaie, jake

zaigu, jaku

zaio, jako

zait, jat

zaizkit, jataz

zezan, eian

zigun, euskun

zion, eutson


Soziologia

Gizarte eta lantegi zuzendaritza moduak

Geure bizitza osoan, konpartimendu hitxiak* balira bezala azaldu dizkigute gertaera guztiak: ikusmira metafisiko batetatik, alegia. Gertaera hoien arteko egiazko harremanak ahantziak* izan ohi dira. Jarrera* dialektikorik aipatu ere ez digute egin. Baina norberaren ausartziaz metodo dialektikoa ezagutzera norbait irixten* bada, oso zaila zaio hartaz ahanztea; gertaera edo arazo bat aztertzeko garaian, tresna hoberenetako bat duela baitaki.

Adibide bat azter dezagun: lantoki bateko zuzendaritzak eta gizarteak duten antza. Adibide hau estudio baten ondorioa dela esan beharrean gaude, egun* enpresa gizonen artean oso modan dagoen «consulting» delakoaz baliatzen den enpresa batek egindako estudio baten ondorioa, alegia. Estudioaren gaia: Lantegi zuzendaritza moduak. Hiru molde edo modu agertu ziren:

- bakarrikako nagusikeria: goitik beheranzkoa.

- nagusikeria biguna, edo sozial harremanak onhartzen dituena.

- zuzendaritza demokratikoa. Azter ditzagun banan banan:

A) Bakarrikako nagusikeria

Honen bereiztasunak hauk dira:

• aginduak nagusiak ematen ditu.

• nagusiak bezainbeste dakienik ez da.

• erabakiak haren esku daude.

• lantokiaren helburuak nagusiak berak jartzen ditu, menpekoei ezer adierazi gabe.

• menpekoen buruhausteez ez da zuzendaritza jabetzen. Ez dio axolarik.*

• langilea alferra da izatez; horregatik, gogorrak izan behar omen* dute nagusiek. Agintzeko molde honen ondorenak aipa ditzagun:

• iniziatiba guti lanean.

• ezinegona eta agresibitatea dakartza.

• produktibitate gutiago dute langileek, ohiturazko lana ez bada.

Faxista Estatu baten antz handia du molde honek. Jainkoaren pareko da nagusia. Herriak, Estatuaren helburuak jartzeko ez du hitzik. Herria burua makurtzeko da, edo, bestela, errepresioaren hortz* latzek makurteraziko diote. Baina, lantokian bezala, ezinegona sortzen da herrian ere.

Molde honen ondorio zitalak ikusirik, lantegi zuzendariak beste molde batetara pasatu zaizkigu:

B) Nagusikeria biguna

Edo sozial harremanak onhartzen dituena. Garrantzizko bereiztasunak:

• lantegi zuzendaritzako arazoetan sar erazi nahi du langilea.

• menpekoei projektuak azaltzen dizkie, ez ideia batzuk azal* edo alda diezazkioten, dauden daudenean onhar* ditzaten baizik.

• aginduak ez dira jartzen, ideiak sartzen dira.

• nagusia, noski, gehien dakiena da.

• gizonari buruz, lehen moldekoen eritzia baino «hobea» dute: langileak limur* ditzaketela uste dute.

• beraz, itxura aldatzen da, ez barrua.

Molde honen ondorioak hauxek izan litezke:

• lehen molde hartatik bigarren honetarako aldaketa hau, hasieran onhartua izaten da; baina, aldean faltsukeria dakarrela oharturik, fidagaitz bihurtzen da langilea.

• molde honek aurren aurrenetik jendearen konfidantza lortzen ez badu, lehenbiziko molde hartan erortzen* da.

Burjes demokraziaren antzekoa dugu molde hau. Hauteskundeen bidez Estatuaren zuzendaritzan sartu nahi dute herritarra, baina hauteskunde hoik* itxura besterik ez dira. Azken mementoan oligarkiak, nahi duena egiten du. Ezin argiagoa dugu Vietnamgo adibidea: Ipar Amerikako herriak gaitzetsi* arren, hilketek iraun egin zuten. Gizonari buruz dadukaten eritzia hauxe da: oso alienagarria dela. Jendeak, pentsatzen duena esan dezake; baina horrekin ez du aldaketarik lortzen. Kontraesanak gorde ezinezkoak direnean eta herriaren indarra zapaldu ezin dutenean, faxismora jotzen dute. Fenomeno hau parlamental Estatu guztietan onhartua da. Ipar Amerikan behintzat, Vietnam dela eta ez dela.

C) Zuzendaritza demokratikoa

• nagusia ez da gehien dakiena. Desberdintasun hori ez da nabaritzen.* Zuzendaria koordinatore bat da.

• ekipo lana oinharri bat da.

• langileak ba ditu hitza eta eginkizuna lantegiko azken helburuetan. Bai eta hauk* erabakitzean ere.

«Consulting» enpresa horrek zioenez, oso zaila omen* da azken modu hau muntatzea. Interes desberdinak jokoan omen daude eta. Baina desberdintasun hauk gaindi* daitezkeela esaten zuten. (Ez dugu esan beharrik ere, enpresa horrek ez duela klase arteko burrukarik ezagutzen). Beraz, kapitalista gizarte batetan demokrazia hori lortzerik ez dagoela argi dago. Lantoki mailan berdin esan genezake. Baina talde eta organizazio batzuk* ba dira, bide horretatik joan direnak. Denak, oraingoz, «consulting» enpresa horrek esan zuenez, arrisku batekin topatu omen dira: taldeen zatiketarekin.

ARATZ

daude, dagoz

dezagun, daigun

dezake, daike

diezazkioten, deioezan

digute, deuskue

diote, deutsoe

ditzagun, daiguzan

ditzaten, daiezan

dizkie, deutsez

dizkigute, deuskuez

gaude, gagoz

genezake, geinke

litezke, leitekez

zaio, jako

zaizkigu, jakuz

zioen, inoan, esaten zuen


Agur, Jean Bosc!

Jean Bosc, cartoonist edo karikaturista, hil egin da. Dibujo* bat bezala dibujatu du bere azkena: bere burua hil du. Jakina, Jean Bosc «humore beltzekoa» omen zen, haren eztenak ziztaturik sentitzen zirenek ziotenez. Eta nor ez zen nolabait dibujo itxurabage haietan harrapaturik aurkitzen?

Baina ez dakit, karikatura haietan ez humore beltzik eta ez horirik zegoen: tristuraren eta burlaren arteko irribarre bat zegoen, nahigabea eta mina. Samina. Mundu zoro honetan indibidualista bati gelditzen zaion nahigabe garratza.

Jean Boscen egun haundiak Algeriako gerlak* ekarri zituen. Garraztasunez dibujatzen zuen gerlaren absurdua: hilabeteko gartzela eman zioten, bere dibujoak «sudversiboak» zirelako. Boscek ba zekien, gerla zer den. 19 urtetako mutil bat zen Jean Bosc, Nimes ondoko mahastietatik atera eta, «aberriak» harmaz kargaturik Indotxinara bidali zuenean. Barrutik apurturik utzi zuen Jean Bosc gerla honek. Etxeraturik, Jean Bosc autodidakta dibujatzen hasi zen. Beste batzuek idatzi edo hitz egiten duten bezala, Jean Boscek dibujatu egiten zituen bere inpresioak eta gogoetak.

Egun batetan, hartu bere dibujoak kanpazoan,* eta Paris Match-en erredazioan presentatu zen. Egun hartan hasi zen Jean Boscen arrakasta* bidea. Batez ere Chaval-en influentzia zekarren. Eta heriotzean ere Chavali jarraitu* zaio, harek bezalaxe bere burua hiltzean.

Habila zen militarrari, gerlari, de Gaulleri adarra jotzen. Eta egungo bizimodu guztiari tankera* paramilitar bat ematen dionari ere: dela trafikoa, udatiarren masa turismoa, ehorzketak,* desfile ofizialak eta zernahi antzeko.

Jean Bosc indibidualista amorratua zen. Hor, karikatura batetan, jendea, ilaran,* bata bestearen gainean pilatzen da, desfile bat ikusteko, hanka punttetan eta lepoa* luzaturik. Atzean, guztiz demonstratibo aulkian eserita,* gizon bat gelditzen da. Baina indibidualistarentzat ez dago mundu honetan lekurik: anormal bat bezala ikusita dago, eta, Jean Boscen dibujoetan behin eta berriro ikus daitekeenez, azkenean jendeak desprezioz akabatzen du. Jean Boscen dibujoetan jendearen erdian agertzen den indibiduo bakarrak beti absurdua adierazten du: bere burua esekitzera* doan bat duzu, edo gerlak mutilaturiko soldadu galdu bat, edo militar autoritario bat soldaduen buruen gainean martxatzen.

Jean Boscek bizitzako situazio jeneralak dibujatzen zituen. Ez, Konkek bezala, gertaerak desfiguratzen. Ez zen Sempé bezalakorik ere: modari, edo ahopeko esamesari erantzuten dion gizarte-ilustradorea. Ez zituen karakteroak ager erazten, eta bai situazioak. Hortik zihoan, bai karikaturetan eta bai dibujo bizitako filmeetan. Keramikan ez zuen arrakastarik izan.

Jean Boscen arrakastarik haundieneko urteak 50 eta 60.enak izan ziren, eta nolabait urte haiei loturik zegoen Jean Bosc. Gerla ondoko Pariseri, Tardieu eta Ionescoren fantasia beltzak eta teatro absurdua sorterazten zituen* Pariseri. Une batez absurdua ezagutu zuen Pariseri. Eta Jean Boscek, absurdua berriro ahaztu* duen Parise ahaztu nahi izan du: bere burua hilez. Agur, ba,* Jean Bosc: eta izan beza bizi hobe!

M. L.


Albanera Literario Batua (I)

Neure eskuetan Lazar Dodic-en informe bat dut: albanera literario batua egunotantxe nola sortzen ari diren esplikatzen du.

Albaniarrak, Europako indo-germaniko herrietan, zaharrenetakoak dira. Guztiz interesgarria zientifikoentzat. Haien ohiturak, ohiturazko legeak, folklorea, eta haien hizkuntza batez ere, guztiz jakingarriak dira, indo-germanikoen historia zaharra argitzeko. Balkan herrien prehistoria ezagutzeko ere, laguntasun haundia ematen dute hizkuntzan eta ohituretan gordetako datuek.

Gaurko albaniarrak Ilirioen eta Thrakioen ondorengo bezala har daitezke. Eta bi herriok, historian zehar, grekoen, erromatarren, turkoen eta geroago eslaboen menpean egonak dira. Eta guztiok nolabait asimilatuak. Hala ere, albaniarrek ez dute beren nortasuna galdu. Ilirioak eta Thrakioak, bestalde, herri indo-germanikoak ziren. Bi mila urte inguru K.a. okupatu zuten Balkan lurraldea.

Beraz, albaniarrek aintzina aintzinako kultura indo-germanikoa gorde ahal izan dute, Albaniako mendiarteari esker, aislatuta bizi izan dira eta. Ez da harritzekoa, ba,* zientzian Albanologia diziplina edo adaska* bezala desarroilatu baldin bada.

Albanologian kapitulurik inportanteena hizkuntzaren azterketak betetzen du. Hizkuntza indo-germanikoen ezagupenerako biziki interesgarriak diren fenomenoak aurki daitezke albaneran. Hizkuntza honetan garbi hauteman* daitezke prozeso historiko ezberdinen aztarrenak:* greko, erromatar, turko eta eslabo haroen aztarrenak, alegia.* Eta egungo azterketetan zientziek bitxitasun eta orientazio asko susma dezakete albaneran: beste hizkuntzetan bakan* agertzen den zenbait fenomeno, albaneran arruntki* gertatzen baita. Albanera hizkuntza propio bat da, hitz greko, eslabiko eta turko askorekin. Albaniarrek berek skipetaro izendatzen dituzte beren buruak (Vasco-ek euskaldun bezala).

Hiru milioi eta erdik hitz egiten duen hizkuntza honek (2,2 milioi Albanian, besteak Jugoslabian) ba du bere literatura herritarra. Baina 1972.eko hazilerarte* ez du hizkuntza literario baturik eduki. Orain arteko literatura dialektutan egin izan da, batez ere Iparraldeko eta Hegoaldeko bi moduetan: Toskikoan (hegoaldekoa) eta Gegikoan (iparraldekoa) alegia.* Oraingo gobernuak 1972.eko hazilaren 20tik 25era Biltzarre orokor* bat antolatu zuen, Tiranan, albaneraren idazkera finkatzeko eta albanera literario batua erabakitzeko. Biltzarre honek erabaki zituen arauek aginduko dute hemendik aurrera idazkera kontuan. Ondorengo urteetan erabakiko dira, banan banan, oraindik falta diren puntuak.

LAZKANO MENDIZABAL


Albanera literario batua (2)

Albanera literario batuaren arazoa burubidatzea, ortografiarena baino zailagoa izanen da. Eta erabaki ere, astiro ibiltzea erabaki zuen Batasunaren Biltzarreak. Problema hau orain arte ezin erabaki izan da, bi dialektuek —iparraldeko gegikoak eta hegoaldeko toskikoak— indar berdintsua baitzuten. Eta bien alde zegoen arrazoirik franko. Bi dialektuen arteko etsaitasuna,* aldiz,* zaharra da, eta, hizkuntzazko berezitasunaz aparte, maiz* erlijio diferentziek eta bestelakoek ere suztatua. Bi dialektuen arteko etsaitasun hau XIX. mendearen azken aldean eta XX.aren hasieran burruka bizi bizitaraino ailegatu zen. Garai honetan indartu zen albaniar literatura, hain zuzen bi dialektutan hautsita, eta elkarren etsai biziren moduan ziharduten bi dialektutan. Alfer alferrikakoak izan ziren, albanera literario batu bat sortzeko entseiu* guztiak. Akordiorik ezin lortu izan zen: hegoaldekoek toskikoan eta iparraldekoek gegikoan idazten jarraitzen zuten.

Desarroiloak, hala ere, toskikoaren alde erabaki du, dirudienez. Ez, noski, literaturaren berezko desarroiloak, gobernuaren laguntzarekin egin ahal izan denak baizik. Dinamika soziologikoak erabaki du. Problemarik gaitzena, beti ere, Jugoslabian bizi diren 1,3 milioi albaniarrek jartzen zuten: hauek dialektu gegikoa hitz egiten, idazten eta eskoletan erabiltzen dute. Baina 1968.ean, Tiranako gobernuaren eta honek sortutako errealitateen kontsiderazioz toskikoa erabiltzea erabaki zuten Jugoslabiako albaniarrek ere. Eta, horrekin, ia erabaki* samarturik gelditzen zen aspaldiko burruka. Toskikoa Albaniako administrazio zentralaren hizkuntza da; eta horrek sortu du dialektu honen aldeko erabakia. Dena den, Tiranak darabilen toskikoa ez da toskiko hutsa, gegikoari harturiko osagarri askoz hornitua baizik: toskiko osatua dei geniezaioke, justu hitz egitekotan.

Hizkuntza literario baturik sortzeko, lehen lehenengo problema* ortografia bateratzea da. Ihazko Biltzarreak ezin erabat* bateratu izan zuen ortografia: diferentzia gehiegi zegoen, eta amor emateko borondate gutiegi. Orduan, jakitunen batzorde bat izendatu zen, eta honi enkargatu zaio punturik zailenak erabakitzea. Aurten egin behar du hori. Gero, batzorde honek erabakiko duen ortografiarekin, hiztegi oso bat egin eta argitaratuko da, 1975. urterarte. Lan hauk* guztiok gobernuaren laguntzarekin egiten dira.

Oraino ez dago jakiterik, literatur hizkuntza batuan dialektuen ezberdintasuna nola superatuko den. Makina bat hautsi-mautsi* egin beharko da, guztiak —edo inor ere ez— kontentatzeko. Hala ere, honez gero garbi ikusten da, albanera literario batuak enbor legez* toskikoa hartuko duela, eta, funtsean,* toskiko osatuaren antza edukiko duela. Mailaz maila eta epez epe joanez, 1975.erako, albanera literario batua sortuta egongo da.

Ez da batere harritzekoa, batasun asmo honi egin zaion no dexente gehiago dira gegikoa hitz egiten dutenak. Gegikoak literatura zaharragoa eta aberatsagoa du, besteak baino. Zientifikoentzat ere gegikoa interesgarriagoa da toskikoa baino, forma arkaikoagoak gorde baititu (eta egon ere, albanologo atzerritarrak beti gegikoaren alde egon dira, albanera batuaren hauzietan). Herbesteon oraindik aurki daitezkeen hiztegi eta gramatika albaniarrek beti gegikoan oin hartu dute, eta abar. Hala eta guztiz ere, toskikoa nagusitu da, Estatuaren indar politikoa tradizio literario eta interes zientifiko guztiak baino dezisiboagoa da eta.

Albanera batua ere «penaz eta dolorez» egindako operazio batez bakarrik sor daiteke. Dialektutan hautsita esistitzea guztiz sanotzat dadukanak batez ere, ez du batasun horretan pozik izango. Baina dialektutan hautsita segitzerik ez dagoela konprenitu duenarentzat, gauza ttipiak izango dira galduko diren edertasunak, batasunaz irabaziko denaren aldean. Gainera, albanera literario batua indartutakoan,* «galdutako» edertasun asko atzera errekupera liteke astiro astiro. Lehenengo asko sinplifikatu beharko baita (ahalik gehiena); baina geroago albanera literarioa aberastu ere egin ahal izango da, horretarako adina* bete* dezanean. Sasoitzen denean. Bi epeok berezi beharra dago. Albanera literarioa indartzen denean, berez errekuperatuko ditu, behar dituen eder-* eta aberastasunak!

Arrazoi literario eta linguistiko guztien kontra, toskikoaren alde erabakitzeko arrazoia (eta linguistak nahiz literatoak GAUR ados dira erabaki horrekin) hauxe izan da: egungo* informazio medioetan eta administrazioan toskikoa nagusiturik dagoela. Beraz, «literaturan» pobreagoa bada ere, «basian» jadanik* toskikoa nagusitu dela. Eta literatoek eta linguistek ondo dakite, azkenean «basiari» jarraitu beharra dagoela gauza hauetan. Hizkuntza han «egiten» baita. Beharbada, «basiaren» horrelakoxe konfigurazioan, politikoek burubide nahiko aldrebesak erabili badituzte ere. «Un hecho vale más que un alcalde» esan ohi baita.

LAZKANO MENDIZABAL

geniezaioke, geinskio

zaio, jako


Euskal Herriko piztiak

Satorra (12)

Aitona aspaldian asperturik egoan, soloan* ibiltzen jakon satorra zala eta. Horregatik, gaur goizean, hamar eta erdiak aldean, haitzurra hartu eta lur pila batean jotzen ziharduanean, dzapa! haitzur kolpe batez kanpora atera dau ileguri* beltzaz jantzitako mealaria,* bizi bizirik gainera. Eskuan hartu, satorrek haginkarik* ez dabe egiten eta, eta bere iloba* Enekori daroatso, beroni piztiattoak asko gustatzen jakozela ondo daki eta. Osaba Martin berarekin dago, eta satorra aska huts batetan sartu dabe, zer egiten dauan ikusteko. Piztiattoa, ikaraz, alde batetik bestera ari da korrika, handik irten* ezinik.

— Hil egingo da hor, osaba?

— Bai, berriro lurrera sartzen ez bada.

— Baina ezin geinke berriz ere lurrera bota; aitonaren solora ostera* ere joango litzateke, eta sustrai guztiak jango leukez bertan.

— Horretan oker zagoz, Eneko. Satorrak kaltea egiten dau, bai, lurrean zuloak egitean landareen sustraiak apurtzen ditualako, baina ez jaten ditualako, satorra lurpeko kokoetatik bizi da eta: harrak, kakarraldoak,* bareak, larbak eta honetarikoak jan egiten ditu.

— Eta zelan* topatzen ditu, ba*? Begiez?

— Ez, satorrak ez dau bere begi ttikittoez ezer ikusten; eta bista ona baleuka ere, berau alferrekoa izango litzakio lurraren barruko iluntasunean. Janaria lurpean topatzeko, sudurraz, usaimenaz baliatzen da satorra. Lurraren barrenean ari diren koko guztien usaina hartzen dau, eta, hareen bila joateko, zuloak egiten ditu, barruko lurra, tarteka, kanpora pilaka ateraz. Lur pila honeek kalte handia egiten dabe soloetan, segak* eta kodainak horreekin laster amusten* direlako, bai eta, zuloak egitean, landare gazteen sustraiak apurtu ere. Baina lur barruko zulo horreek mesede bat egiten dabe, horregatio,* eta ez ttikia: eurien ur gehiegia lur barrura sartzeko bide egokiak egiten dituela.

— Orduan ez dira guztiz kaltegarriak satorrak?

— Ez. Lur barruko kokoak jatean mesede handia egiten deutsee landareei, har horreek, bestela, sustraiak jango leukeez eta. Bestetik, lurra haizeztatu eta harrotzeko onak dira, bai eta ura barrura sar* dadin ere. Txarrena, baina, hauxe da: satorrak ez dauala ezertan kontuan hartzen ez baratzerik, ez orturik, ez solorik, ez mintegirik ez eta belar zelairik ere, eta holakoetan, bere lur piloez, kalte handiagoa egiten dauala mesedea baino. Horregatik aitonak ondo egin dau solotik kentzean.

— Eta beti lurpean bizi izaten da satorra, osaba?

— Bai. Habia bera ere lurpean dauka, zuhaitz edo haitz haundiren baten azpian, metro batetara edo. Bertan, maiatzean edo ekainean,* satorremeak urtero lau edo bost kumetxo egiten ditu, ile* gabe eta itsu. Han, horbelezko* eta belar sikuzko epeltasuntxoan hazi egiten ditu.

— Eta satorrak, askako hau baino haundiagoak ez dira izaten?

— Ez. Satorrak 14 zentimetro izaten dau luzeran eta 2,5 zentimetrotako buztantxo bat. Dakusazunez,* aurreko hankak ttikiak, zapalak eta indartsuak dira, hatzazal gogorrez hornituak, horreekin zuloak egin ahal izateko.

— Zelako* beltza dan, e osaba?

— Bai! Baina ez pentsa, sator guzti guztiak beltzak direnik. Gehientsuak bai, beltzak dira. Baina ba dira, gaztaina kolorekoak, zuriskak eta albinoak, guztiz zuriak direnak ere, azkenok oso bakanak* izan arren

— Eta zer egingo dogu honekin, hil?

— Ez. Goazen basora eta bertan utziko dogu, bakean eta inori kalterik egin gabe bizi dadin. Gainera, bidetik goazela, ipuin bat kontatuko deutsut, satorra dala eta ez dala.

— Bai, bai, goazen!

Satorra pote batean sartu, lurreko har batzuk barrura bota, bidean jan daizan, eta loba-osabak basora abiatzen dira, inor bizi ez dan leku batetara, satorra askatzeko.

— Hara —dinotso osabak—. Baserritarrek dioenez, aintzina aintzinan satorrak ba ei* eukazan begi eder batzuk,* eta lurraren gainean bizi ei zan; zapoa, berriz, itsua zan eta zuloetan sartuta egoten zan beti. Egun batean satorrak zapoari esan ei eutson: «Aizak,* zelako buztantxo ederra doan atzean, txo. Nik neuk ez joat* holakorik». Eta egia; zapoak, zapaburuen modura edo, halako buztantxo bat ei eukan atzean. Orduan zapoak esan egin ei eutson satorrari: «Hire begien truke emango neuskik pozik, ba,* neure buztana». Satorrak begiak eman ei eutsozan zapoari eta zapoak satorrari buztana; eta harez gero satorra lurpean bizi da lotsatuta eta zapoa lur gainetik.

— Bai truke txarra egin ebala satorrak! Ez da, osaba?

— Bai, eta horregatik lagun bat salerosketan galtzen irteten danean, satorraren tratua egin dauala esaten da oraindik.

— Bai istorio politta, osaba. Eta erdaraz nola esaten jako satorrari, ba?

— Frantsesez taupe (= top) eta gaztelaniaz topo. Zientzi izena Talpa europaea da.

TRAUKO

dabe, dute

daizan, ditzan

daroatso, eroaten (eramaten) dio

dau, du

deutsee, diete

deutsut, dizut

dinoe, diote

dinotso, diotsa, esaten dio

dok, duk

eban, zuen

eukan, zedukan (zeukan)

eukazan, zeduzkan (zeuzkan)

eutson, zion

eutsozan, zizkion

geinke, genezake

jako, zaio

jakon, zitzaion

jakoz, zaizkio

leukeez, lituzkete

leukez, lituzke

litzakio, litzaioke

neuskik, niake


Italiako Kristau Demokrazia

Kristau Demokrazia, Italiako talde politikorik nagusiena dela eta 27 urte agintzen daroala* esaten badugu, oso gutti esaten dugu. Haren indarraren zergatikoak argitzeko, Bigarren Gudua eta Elizaren jokabidea gogoan izan behar ditugu.

Bigarren Gudua faxismoaren heriotzea izan zen. Beraz, haritik kanpora zegoen, nahi eta nahi ez, faxismoa defendatzea.

Italiako jende xeheak («katoliko ohituraz), Elizarekin batera, komunismoaren «fantasma» baztertu gura izan zuen. aldi hartan batez ere.

Egoera honetan, Kristau Demokrazia Mesias bezala agertu zen: antikomunista eta antifaxista. Horretan datza* (erraxegi esanez) Kristau Demokraziaren onhartzea herriaren aldetik.

Italiako jaun eta jabe, Kristau Demokraziak zeregin haundia zedukan: gudu ostean* hautsirik zegoen herria altxatzea, eta horretarako behar ziren aldaketa guztiak aurrera bultzatzea. Baina Kristau Demokraziaren zer guztia, edo nagusienetariko bat behintzat, boterea indartzea zen, hots,* geroago eta sendoago egotea Italiako egoera barruan.

Gaur egun Italian jazotzen* diren gauzak. denboraldi hartako politik* ondorenak baino ez dira.

1962. urtean, Kristau Demokrazia eta sozialist* taldea elkartu egiten dira. Baina orain, hamairu urte geroago, argi eta garbi ikusten da, ezinezkoa zela elkartze hori. 1962.ean, talde politiko bi elkartu ziren; baina, haien ideologiak elkarren kontrakoak zirelarik, elkartze hau guztiz azalezkoa zen. Izan oro, nola elkar zitekeen Kristau Demokrazia (beheko eta erdiko burjesiaren lapikokoa* defendatzen duena) langile talde politiko eta herrikoi batekin? Txakur ametsa!

Erdiko ezkertiar taldearen gaurko larrialdia eta, hitz batez, Italiako egoera osoaren larrialdia, horretan datza.

Kristau Demokraziaren ideologia, ezkertiarra ala eskuindarra ote da? Teoriaz, ez bata ez bestea. Zuzendarien eritziz, Kristau Demokrazia erdiko partidu bat da; baina asko ikasiak ez dugu izan behar, «erdiko politikarik» ez dagoela ikusteko. Ekintza baten aurrean, edozein partidu erabaki konkretu bat hartu beharrean dago; orduan ezker edo eskuin aldera jo beharko du. «Erdian» ez da geldituko, noski.

Interklasista ere dela diote; baina hori gezurrezkoa da. Sasikristau eritzi batek eraginik, herriko behe mailakoek, komunismo eta faxismotik alde egitearren, Kristau Demokraziara jo dute beti. Horrela, hauteskundeen* orduan. Kristau Demokraziari emango diote botoa itsu itsuan, haren jokabidea beren eskubideekin ados dauden aia ez aztertu gabe.

Kristau demokrata gazteek, beharbada, pixka bat aldatuko dute Italiako egoera. Geroa testigu.

BITTOR EGURROLA

daude, dagoz

diote, dinoe; deutsoe

zedukan (zeukan), eukan

zitekeen, eitekean


Zapaburua. Euskaldun Rh-dunen umore orria

[Binetak]


Zapaburua. Euskaldun Rh-dunen umore orria

Hau duk umorea!

Igarkizun bat. Greziar mythologian ba omen zegoen jainko bat, Lurraren azpian hogei metrotara sartuta bizi zena, harriak jaten zituena. Ba ote dakizu, irakurle, haren izena?

Erantzuna:

Harrijalea

***

Einstein-i asmatzea hainbeste kostatu zitzaion theoria zertsu den ulertzeko, hona hemen exenplu bat. Nik dazagudan* pertsona bati esanen banio, kasu batez:

— Aizak, ba al dakik bi eta bi lau direla?

Berak berehalaxe galdetuko lidake:

— Nork esan du hori?

Orduan, nik erantzun biok eman diezazkioket:*

a) — Aita Sainduak esan zik.*

— Egia duk orduan —esanen luke berak.

b) — Leninek esan zian.*

— Orduan gezur hutsa duk —erantzunen luke oso osorik.

Hona hemen, irakurle, erlatibitatearen theoriaren funtsa* zertan datzan.*

***

Beste galdera bat orain. Lurraren parte batetik bestera, Euskal Herritik Zelanda Berriraino, kasu, zulo bat eginen bagenu, Lurraren erditik pasatuz, eta goitik harri bat botako bagenu, noraino helduko litzateke harri hori?

Erantzuna:

Hogei metrotaraino bakarrik, bertara heltzean harrijaleak janen lukeelako.


Denbora ematekoak

Gurutzegrama (23)


Denbora ematekoak

Hieroglyphykoa


Denbora ematekoak

Euskal salda


Ikas zeure hizkuntza

Hiztegia

IMANOL BERRIATUAK

Ale honetan izartto batekin agertzen diren berbak

ABOTS, voz.

ADIN, edade.

ADINA, aina, beste, bezainbat.

ADORE, kemen.

AGIAN, beharbada, nonbait, eiki, aurki, hurrean.

AHANTZI, ahanztu, ahaztu.

AINA, adina, beste, bezainbat. (Hitz honek ez darama H-rik).

AIPATU, aipatutako, aipaturikako, aipaturiko.

AITZINEAN, aurrean.

AIZAK, adi ezak, adi eik.

ALA, o qué?

ALDIZ, berriz.

ALEGIA, a saber, es decir, esto es; parábola.

AMILDU, precipitado, hundido.

AMUSTE, kamuste, desafilar, émmousser.

ANITZ, asko.

ANTZU, estéril.

ARAUERA, arabera, según, conforme.

ARBUIATZE, despreciar.

ARE, oraindik, aún, encore.

AREAGO, oraindik gehiago.

ARETO, sala, salón.

ARRANGOITZE, Arcangues.

ARRAS, guztiz, zeharo.

ARRO, cuenca, bassin.

ARRUNT, común, corriente, ordinario.

ASKI, nahiko.

ATMOSPHERALDE, zona de atmósfera.

ATXIKIMENDU, adhesión.

AURRERITZI, prejuicio.

AUSART, atreverse. (AUSARTU, atrevido).

AXOLA, ardura.

AZAL, exponer. (AZALDU, expuesto).

AZTARREN, aztarna, vestigio.

BA, bada, pues, donc.

BADA, ba, pues.

BADAEZPADAN, por si acaso.

BAITAN, -gan.

BAKAN, raro.

BANAZKATZE, banatze.

BARREIATZE, esparcir, difundir.

BATZUK, zenbait. (Batzuek aktibo, batzuk pasibo).

BEDEREN, behintzat, behinik behin, gutienez.

BEHINBEHINEKO, provisional.

BEREZTE, bereizte, distinguir.

BETE DEZANEAN, (bete daianean), betetzen duenean.

BIDE, agian, beharbada, nonbait.

BIDENABAR, bide batez.

BILAKATU, bihurtu.

BILDUMA, colección.

BOLARA, bolada, unada, época, período.

DAKIKE, daki nonbait.

DAKUSAGU, ikusten dugu.

DAKUSAKEZU, ikusten duzu nonbait.

DAKUSAZU, ikusten duzu.

DARDARA, vibración.

DAROA, darama. (Eroan aditzaren forma).

DASTATU, gustado, degustado, probado.

DATEKE, da nonbait.

DATZA, yace, está, consiste. (Etzan aditzaren forma).

DAZAGUT, ezagutzen dut.

DENBORÁ, denborea, el tiempo. (Zuzentzaileak jarritako azentu honek, hitza mugatua dela adierazten du).

DERITZAT, erizten diot.

DERITZATE, deritzaiote, erizten (deitzen) diote.

DEUS, ezer.

DEUSEZTU, deuseztatu, ezereztu.

DIEZAZKIOKET, deiskiodaz.

DIREINO, diren bitartean.

DUKE, du nonbait.

DUZUA, duzu + a. (Azken bokal hau, galdeetan ezartzen zaio aditzari).

EDER, edertasunak.

EGITURA, estructura.

EGOTZI, bota, jaurtiki.

EGUN, gaur.

EGUNBIRA, rotación diaria.

EI, omen.

EKAIN, junio.

EKARRI, aportado, aportación.

ENGAIAMENDU, compromiso, engagement.

ENTSEIU, esfuerzo, empeño.

ERABAKI SAMARTU, kasik erabaki.

ERABAT, guztiz, zeharo.

ERABATEKO, absoluto, completo, definitivo.

ERDIETSI, lortu.

EROAN, eraman.

ERORI, jausi.

ERORTZE, jauste.

EROSO, cómodo.

ESKUALDE, comarca, región.

ETORRI, inspiración, facundia.

ETSAITASUN, etsaigo, areriotasun.

ETZAN, horizontal.

EZABATU, borrado, desaparecido, effacé.

FIDA IZAN fidatu.

FUNTS, fondo, sustancia.

GAINDI, superar. (GAINDITU superado).

GAITZETSI, desaprobado, condenado.

GAUDEINO, gauden (gagozen) bitartean.

GARAITIA, garaipen, victoria.

GREBA, huelga.

GREBALARI, grebari, huelguista.

GUTIESTE, menospreciar, subestimar.

GUZTI, oro. Hitz hau demostratiboen atzean jartzen da, eta haien graduko atzizkiak hartzen ditu. Adibidez: Hau guztiau (haur guztior klasikoetan), hauk guztiok, hauen guztion, herri haietan guztietan, haur horiei guztioi. (Ikus Lafitteren «Grammaire Basque», 83. horrialdea).

HAATIK, hala ere.

HAGINKA EGIN, morder, mordre.

HAIK, hareek. Haiek (heiek) aktibo, haik (hek) pasibo. (Ikus Lafitteren «Grammaire Basque», 82. horrialdea).

HALABER, así mismo, igualmente, por ejemplo.

HASTAPEN, hasiera.

HATZAMAR, erhi, dedo, doigt.

HAUK, honeek. (Hauek aktibo, hauk pasibo).

HAUTESKUNDE, bozketa, elección.

HAUTSI-MAUTSI, compromiso.

HERABE, irresoluto, renuente.

HEZITZAILE, hezle, heztaile. Hiru hitzatarik zein geratuko da garaile euskara batuan? Ene ustez, azken biotarik bat gelditu behar litzateke, hausle edo haustaile —eta ez hautsitzaile— geldituko den bezala. (Ikus Altuberen «Observaciones a la Morfología de Azkue», 15 eta 19. horrialdeak).

HEZKETA, hezkuntza, heziera, educación.

HILDO, surco, sillon.

HITXI, hetsi, hertsi.

HOIK, horik, horreek. (Hoiek aktibo, hoik pasibo).

HORREGATIO, horrela ere.

HORRETAZ, beraz, por consiguiente.

HORTZ, hagin.

HOSTOTZE, horriztatze, cubrirse de hojas.

HOTS, a saber es decir, esto es.

HUNKITU, conmovido, impresionado. (UKITU, tocado).

HURA, ha.

IGURIKAMEN, igurikimen, expectativa.

ILE, ule.

ILEGURI, terciopelo, velours.

ILOBA, nieto, petit-fils.

INDARTUTAKOAN, indartu ondoren, indartu eta gero.

IRAGAN, igaro, pasatu.

IRAGATE, igaratze, pasatze. Han barrena sortu dire, / gaua iragateko; / ezen bertze estaturik / ez zuten gelditzeko (Joanes Etxeberri Ziburukoa, Noelak, 50). Berdin: igate, jasate, ukate, eta abar.

IRAZI, eralgi, xahutu, gastado.

IRENTSI, absorbido.

IRIXTE, heltze.

IRTEN, urten, atera, jalgi.

IRTETEKO (ez irtetzeko), urteteko, jalgitzeko.

IZARBEL, planeta.

JADANIK, ya.

JARRERA, actitud, postura, posición.

JASATE, soportar.

JAZO, gerta.

JAZOTZE, gertatze.

JOAT (ziat, diot), dut.

KAKARRALDO, escarabajo, scarabée.

KATIGATZE, encadenar, aprisionar.

KAUSITZE, aurkitze.

KISA, gisara, pentzura.

KURAIATU, adoretu, animado.

LAGUNTZÁ, laguntzea, la ayuda. (Hitz hau mugatua dela adierazten du azentuak).

LAPIKOKO, eltzeko, eguneroko egi.

LEGEZ, lez, bezala.

LEPAPE, samape.

LIMUR, engatusar, persuadir. (LIMURTU, engatusado, persuadido).

LUZERÁ, luzerea, la longitud. (Hitz hau mugatua dela adierazten du azentuak).

MAILEGU, préstamo.

MAIZ, sarri.

MEALARI, minero.

MENDEBALDE, mendebal alde, occidente, Oeste.

MUNDUKOEKIKO, en relación con los del mundo.

NABARI, evidente, patente.

NABARITZE, advertir, notar, percibir.

NEHONDIK, inondik.

NON, que.

OMEN, ei.

ONHAR, aceptar. (ONHARTU, aceptado).

ORO, guzti.

OROKOR, general.

OSTARKU, arco iris, arc-en-ciel.

OSTEAN, ondoan, ondoren.

OSTEKO, ondoko, ondorengo.

OSTERA, berriro.

OZEN, sonoro.

PIKOTA, picota (antiguo instrumento de suplicio). Joan pikotara — irse a la nada, irse al traste.

POLITIKA, politikea, la política.

POLITIK, politika. (Hitz honek, kasa honetan, galdu egiten du bere A organikoa, hurrengo berbarekin hitz elkartu bat egiten duelako. Halaxe idazten dute zenbait idazlek. Politik ondorenak = politikondorenak, sozialist taldea = sozialistaldea, eta abar.

POZARREN, pozik.

PROBLEMÁ, problemea, el problema. (Zuzentzaileak jarritako azentu honek, hitza mugatua dela adierazten du).

SEGA, guadaña, dail.

SEGUR, seguru.

SOLIPSISMO, (solus ipse), norbera bakarrik.

SOLO, soro.

SOZIALIST, sozialista. (Ikus goian POLITIK).

TAULA, tablado.

TENORE, memento, ordu, goroi.

UGAZABA, nagusi, jabe.

UKAN, izan. (Ukan aktibo, izan pasibo).

UKITU, ukutu, tocado. (HUNKITU, conmovido, impresionado).

URDIN, azul.

XINGOLA, cinta.

ZALANTZA, duda.

ZAPUTZ EGIN, desamparar, abandonar.

ZEINEN, zein.

ZELAKO, nolako.

ZELAN, zela, nola.

ZÈN, que se había. (Zuzentzaileak jarritako azentu honek, aditzaren erlatibotasuna adierazten du).

ZEREN (ETA), ze, pues.

ZEUNDÈN, en que estabas. (Zuzentzaileak jarritako azentu honek, aditzaren erlatibotasuna adierazten du. Ene ustez, aurreritzirik* ez duen edonork ikus dezake azentu honen komenientzia. Marka horren faltaz, nik neuk —eta segur nago, irakurle gehienei ere berdin gertatzen zaiela— sarritan berriro irakurri behar izaten ditut honelako esaldiak, idazlearen esannahia ondo ulertzeko. Azentuak, latin idazkerak eskaintzen dizkigun lagungarri batzuk dira. Beste markak —komak, puntuak, eta abar— onhartu baditugu, zergatik ez azentua? Zergatik gara hain herabe,* kasu honetarako eta bestetarako hain baliotsu izan litekeen argigarri hori erabiltzeko? Idazleek, aurreritzi gabeko idazleek, dute erantzuna).

ZIAN (joan), zuen.

ZIHARDUTEN, que obraban, que se desenvolvían.

ZIK (jok, dik), du.

ZILEGI, lícito.

ZINEZ, benetan.

ZORTE, destino.


Psikologia

Zu bai zarela ona!

Agur, Izaskun!

Jaso dut zure eskutitza. Zain zain egon naiz aspalditto honetan. Ez zinen lehengo ohiturak galtzen hasiko! Lehen sarriagotan idazten zenuen. Zer kontatu handirik ez duzula diozu. Nire ustez, zer kontaturik beti izaten da. Nori kontatu edukitzea da garrantzizkoa.

Zure azken eskutitzetik atera daitekeenez, ez duzu oraindik pertsona edo talde irekirik ezagutu. Beldurrez jokatzen duzu. Bai eta Xabierrekin zabiltzanean ere. Eta, nire eritziz, hortik hasi behar zenuke. Guztiok behar dugu, geure orijinalitate pertsonala aurkitzen lagunduko digun pertsona eta talde bat. Ez duzua* uste, Izaskun?

Xipi xipitatik beren erara eta komenientziara taxutu nahi izan zaituzte ingurukoek, gurasoek, hezitzaileek.* Pertsona guztiek bezala zenuen zuk ere onhartua izatearen premia, afektibitate eta babesaren premia. Baina, nonbait, gure kulturan afektibitatea ere irabazi egin behar da, dirua bezala edo beste edozein merkantzia bezala. Eta horrela, horrelako inguru baten azpikerietatik oraindik inmunizatu gabe zeunden* garai haietan, zeure burua saldu beharrean aurkitu zinen.

Gurasoen eta beste hezitzaileen esana egiten zenuenean —eta zuk, neskatila xintxoa izanki, bete betean egiten zenuen—, «ona zara» esaten zitzaizun, edo, okerrago dena, «zu bai zarela ona!». Besteak, zure neba-ahizpak edo zure lagunak, zu bezain onak ez zirela esan nahiz bezala.

«Xintxoa, ona zoro» esatean, ez ote zizuten, Izaskun, gero ere horrelakoa izaten jarraitzeko, etiketa bat jartzen? Psikologia esperimentalak ere ba dio, izakeran zerikusi nabarmena duela besteen gurekiko igurikamenak. Hau da, besteek gugandik zer espero duten, hura* edo antzeko zerbait izaten gara. Eta arrazoi handiagoz, besteok geure gainetik ditugunean. Hots,* gu haien dependentzian bizi garenean. Haurren kasuan bezala, Euskal Herriaren kasuan bezala. Langile edo baserritar ezjakinaren kasuan bezala. Etxekoandrearen kasuan bezala.

Honetaraz gero, aspaldion buruan darabiladan kezka bat agertu gura nizuke. Ez dakit, zuk zer pentsatuko duzun. Geure asabetatik dakargu noski, gaiari eta situazioari dagokien kritika zientifikoaren ordez, erabateko* den geure igurikameneko epai moral positiboak eta negatiboak emateko ohitura. Eta hau perilosa izan daiteke. Eta benetan perilosa da, epai hoietan jartzen den karga emozional guztia kontuan hartuz gero. Honetara,* beste pertsonak, haien «behinbehineko* jarrera*» bati dagokion baino askoz areago etiketatzen ditugu. Zer deritzazu, Izaskun?

Gugandik «ontasuna» itxarotean, mailegu* bat bezala egin ziguten ingurukoek, halamoduzko gratifikazio bat ematen zigutelarik. Dirua, lantoki segura, segurtasun afektiboa, babesa. Jakina, horren guztiorren* ordainez, prestijio eta izen onaren ordainez, geure nortasuna saldu beharrean aurkitu ginen.

Oker ez banago, Izaskun, zure hezitzaileen moral sistema gauza nahiko akabatua izan da. Zer egin behar zenuen pentsatzen eta erabakitzen, burua nekatu beharrik ez duzu ukan.* Zure eginkizuna, erabakiak betetzean zegoen, nonbait. Horrek, ekintzen zergatikoari eta zertarakoari begiratu gabe, agindutakoa egitera eroan* zintuen. Zerbait egitean ere, zure begiak ondorengo sari edo zigorrean zeuden. Ez ekintzan bertan. Pelotaka, irabazteagatik jokatuko zenuen; eskolan, lehenengoa izateagatik ikasiko zenuen. Gratifikazioa, ekintzaren ondoren eta besteengandik zetorkizun. Ekintzan bertan ez zegoen gratifikaziorik, lagunartean ez zegoen atseginik...

«Zu bai zarela ona!». Agindutakoa xintxo egiten duenari eta hartaz arduratzen ez denari gratifikazio berdina emanez gero, ona izaten jarraitzeko dauden arrazoiek ez dute balio. Eta edozein hezitzailek dakike* hau.

Ez zaizu iruditzen, Izaskun, xintxo direnek, hain xintxo ez direnei ere afektibitate berdina eskaintzen zaiela ikusiz gero, xintxoak izaten jarraitzeko arrazoi gehiegirik ez luketela? Harako alegia* hark dioen bezala, seme leialaren eritziz, aitaren berarekiko jokabidea ezin daiteke izan seme galduarekikoa bezalakoa.

«Onak» eta «xarrak», «xintxoak» eta «gaiztoak» legearen, afektibitatearen, ekonomiaren aldetik tratu berdinekoak direnean, «ona izaten jarraitzeko» arrazoiak ezabatu* dira. Azpiko motibapenak interesatuak baitziren, eta konpetitiboak bide batez.

Uste dut, Izaskun, heldu dela zuregan ere balore gehienak zalantzan* jarri dituzun eguna; eta ikusi duzu, gainera, ez dela aski,* «pentsakeraz» aldatzea. Nahiz eta hitzez besterik esan, zeure eta gure nortasuna lehengoa dela esaten duzu. Lehengo lepotik dugula burua, lehengo erreakzio eta konplejuak ditugula.

Hala ere, lehendik hona ba dago alde bat, eta hau da: orain garbiago ikusten dugu, maskara hau zergatik jarri dugun eta zertarako. Behartu gaituztelako, beste irtenbiderik ez genuelako.

Hitzetaz ez zara fida.* Eta arrazoiz. Puntu nagusi eta fundamentalenetan, lehengoan jarraitzen baitute, gu egin gintuen gizarteak eta gure nortasunaren bereizgarri nagusienek (bai eta kulturaz lortu ditugunetarikoek ere).

Gaurkoz gai hau utzi egin beharko dugu. Emango didazu zuk zeure eritzia. Aurrekoan baino lasterrago izan dadila. Udan zer egin behar duzu?

Alfabetatzeaz beste batetan berba egingo dugu. Nahiko problema sortu zaigu aurten honen inguruan.

Beste gabe, goraintziak horkoei, eta laster arte. Zure lagun.

KOLDOK

daude, dagoz

didazu, deustazu

digu, deusku

nizuke, neuskizu

zaie, jake

zaigu, jaku

zaizu, jatzu

zeuden, egozen

ziguten, euskuen

zitzaizun, jatzun

zizuten, eutsuen