ANAITASUNA
259. zenb.
1973.eko abuztuaren 31koa
Pelota, 4 - 1.º - Bilbao-5
Tel. 23 74 49 - Apart. 495
ANAITASUNA Bizkaia
Hamabosterokoa.
Zuzendari ordezko: Imanol Berriatua.
Bulegoa: Pelota, 4-1.º - Bilbao-5.
Imprimatzaile: AMADO, Mazarredo 35 - Bilbao-10.
Moldatzaile: RALI, Particular de Costa 12-14, 3.º - Bilbao-10.
XXI. urtea.
D.L.: BI-1.753 - 1967.
Ethnia ttikien hizkuntzak eta Esperantoa
Esperantotik euskarara Nikolas Apaolazak itzulia. Europako Ethni Ttikien Elkarte Federatuko Gazteen aurtengo Pazko Batzarrean, Munduko Esperantista Gazteen Elkarteak aurkeztu zuen idazlana.
Ethnia zapalduen alde burrukatzen ari direnen artean batik* bat, berehalaxe kezka sortzen da, Esperanto nazioarteko hizkuntzaren eta Europan eta munduan beste ohitura hizkuntza ñabar* ugariak daduzkaten ethnien artean bidetasunezko harremanik egon daitekeen, alegia.*
Eta berehala galdera hauk* egiten dituzte. Ez ote da izango Esperanto hori, ethnia ttikien kontra haserrea sortzen duen symbolo bat, frisoia, katalana, bretoia, kymrera eta beste askoren kontrakoa? Ez ote da Esperantoa pixkanaka pixkanaka ahalegintzen, beste hizkuntza guztiak galtzen (bai eta frantsesa, errusoa, ingelesa eta abar), bera nagusi gelditzeko? Esperanto hau ez dea* jostailu* berezi bat, mundu honetako izate guztia berdindu nahian dabilena?
Horrelako eritziak ba dira ugari; eta ez litzateke harrigarri izango, sarritan,* ethnien aldeko lanetan ahalegintzen direnen artean horrelako eritzikoak aurkitzea.
Italian piamontesa, alemana, sloveniera, edo eta Frantzian okzitaniera, holandesa edo euskara irakasten ari diren eskoletako irakasleek, berehala ikusten dute esperantistetan konpetentzia, Esperantoaren gainean ikastaldia exigitzen dutenean.
Oraingo nazio mugek dirauten artean, galego burrukalariak, Galiziako lau probintzietan gaztelania ikastea beharrezkoa dela ezagutuko du, nahiz eta berak behin eta berriro esan, gazteek ikastaroak galegoz egin behar dituztela. Modu berean galego horrek berdin onhartzen du Pontevedran edo A Cruñan ingelesa edo frantsesa irakastea; baina zergatik, Esperantoa dela eta, umeei buruan neke hori sar?
Horra, bada,* non gauden problemaren erdian sarturik. (Alde batera utziko ditugu Esperantoaren hizkuntz,* pedagogi eta ekonomi arazoak; hemen kultura eta politikaren arloan ahaleginduko gara bakarrik). Uste dugu, arazo honen gainean oinharri batzuk behar direla, hasiera edo hastapen gisa:*
1. Nazioarteko eta ethnia desberdinetako hizkuntza sakabanatuek gero eta zerikusi haundiagoa eta hestuagoa dute elkarrekin (turismoa dela, mota askotako jakintza, ekonomia eta abar).
2. Elkar ulertzeko egiten diren propaganda horik,* esate baterako «Italiera 30 ordutan» e.a., ez dira gai gaurko gizateriaren harremanetarako.
3. Propaganda utopiko bat besterik ez da, gaurko gizateriak ardurarik* gehieneko (gainera, zeintzuk dira?) hizkuntzak ikas ditzala esatea.
4. Europan (beronen geographiaren zentzuan) 50 aparteko ethnia bizi dira, bakoitza bere hizkuntza eta kulturarekin.
5. Ethnien arteko harremanetarako ere, demokraziaren hastapenek* balio dute: mundu guztiak eskubide berdinak, minoriei babesa eman, maioriaren kontra.
Guztiok ondo dakigu, politikalari askok, bai eta intelektualen artean ere, gertaerak ezkutatu* eta aldatu ondoren, beren buruak demokratak bezala azaltzen dituztela. Ethnia ttikietako burrukalariek garbiago ikusten dute zein errespetu gutti eta oztopo haundiak jartzen zaizkien. Horregatik burrukatzen dute, horregatik ahalegintzen dira, adibidez, Leeuwarden-go «Frisoi Akademia» eta beste.
Ethnia bakoitzak bere desberdintasunak dituela gogoan edukirik, ez dugu uste oker gaudenik, eskabideak hauk* liratekeela esatean:
1. Gurasoen hizkuntzan lehenbiziko klasetik irakastea.
2. Haurrei Unibertsitateraino gurasoen hizkuntzan irakastea.
3. Irrati, telebista, egunkari eta aldizkarietan, hezieraz,* ekonomiaz eta tekhnikaz, ahal den guztia, bakoitzari bere hizkuntzan ematea.
4. Zinema eta antzerkiak sail bakoitzari bere hizkuntzan eskaintzea.
5. Gizarte erakundeetan,* bertako hizkuntzari legezko sarrera ematea.
6. Ethnia ttiki horietan erabateko* kultur aldaketa bat gerta dadin, egoki diren diru laguntzak erabiltzea.
Ez gehiegi begira, mesedez, esperantistok esaten baldin badizuegu, hau guztiau lehendik ere eskatzen genuela, ez beragatik, ethnia guztiengatik baizik. Zeren* guk, egunero mugaz gain —nor bere nazioan— begiratzeko ohitura dugunok, guztiz ongi baitakigu zein arrisku gogorretan dauden sarturik ethni kulturak, kanpotik trinkatuak.* Sarritan* gure filmeak herbesteko hizkuntzetan izaten dira, eta haien mamia ulertzeko behar gorri hutsak nekatzen gaitu. Gure jakintsuek maiz* beren artikuluak eta liburuak hizkuntza «haundi» horietan idazten dituzte; eta guk nazioarteko harremanetan erabat* ergel* izan behar dugu haien gisara maneiatuak izateko, berek eskubide guztiez agin* diezaguten. Ez dugu guk zuhur eta diplomatikoren izenik lortzen; guk aparte burrukatzen dugu.
Hizkuntz eta kultur nagusitasunaren aurka
Guk ezagutzen dugu, gudaketa hau gizon guztien artean dadukagun aginte ukatze honetako alderdi bat besterik ez dela, tankera* askotako nagusitasun honen aurkakoa, alegia.* Ezaguera honek gero eta esperantista gehiago ernatzen ditu, gazteak batez ere; eta berauek azken sei urteotan problema honetaz asko hitz egin dute, mintegi,* batzarre eta aldizkarietako artikuluetan, horri soiletan eta beste hainbat bidetan. (Esperantoz hitz egiten duten guztiek ez dute garbi ikusten egoera hau, alegia, ethnien kultur eskubideak sendotuz eta gizateria osoarentzat. Esperantoa bigarren hizkuntzatzat proposatuz, bide berbera daramagula*).
Eta zer eritzi dugu guk, ba,* etorkizunaz? Guztiz zentzudun bat, berauxe: Gizateriak helburutzat elkarrekin bakean bizi eta harreman eginkorrak behar ditu. Beren ethniaz etsitu* ez dutenek, gure ustez, beharrezkoa izango lukete, beren gurasoen hizkuntzan eta Esperanto nazioarteko hizkuntzan —asko edo guti, edo eta bietatik berdin— umeei eskoletan irakastea. Honela, behar aina* urtetara, gizon guztiak bi hizkuntzen jabe izango dira: bata, ethni hizkuntza, beren arteko harremanetarako egokia, eta bestea, Esperantoa, nazioarteko ethnien arazoetarako. Orduan ez da izanen nazioen indarraren atxakiarik, ez eta entzute txarreko kultur nagusikeriarik, ethnia bakoitzak bere arazoetan eskubide osoak izango dituelako.
Orain, hain gaizki egindako agerketa hau bukatzeko, zuen baimena eskatzen dugu, aipamen labur bat idazteko, oso ezaguna den Strasburgoko Unibertsitatean irakasle den Guy Héraud-ek idatzitako artikulu sakonean dioena, hain zuzen ere «Pour une solution du problème ethnique» (Ethni problema erabakitzeko) izenekoa, «Monda Lingvo Problemo», Mouton, Den Haag, 5. zenbakian, 1970, 103-113. horrialdeetan agertua:
«...ethni hizkuntza bat Europan —ofizial*- edo sinpleki— sartzeak, kultura bati nagusi gelditzeko bidea zabalduko lioke, horren bidez nazio bat besteen gainean geratuz. Horregatik hizkuntza neutral bat hobestekoa* da, eta hizkuntza horrek, gainera, ikasteko erraza beharko luke izan. Sarritan kontsideratu da Esperantoa —batere arrazoirik gabe— kosmopolita batzuei lotua balego bezala, eta ez da halakorik; Esperantoa, bere akats guztiekin, ethni doktrinaren zerbitzaririk onenetakoa agertzen zaigu. Ezin daiteke sustrai bila ibil, sustraiok toki guztietan komunak eta jende guztiek erraz ulertzekoak izan ezik; horregatik, Esperantoa gizon guztien elkarren arteko konprenigarri gertatzen* da, eta nazio bakoitzaren barrenean gelditzen, askatzaile gisa.* Esperantoak kymrera ingelesetik askatu egiten du, euskara frantsesetik, soraviarra alemanetik; eta honela ethnia ttikienak era* dezake, Esperantoari esker, mundurako bide berri bat, eta bide horretan ez dagoke desleialtasunik ez eta gezurrik ere.
***
Bada,* Esperantoak ethni federalismoa lortzeko baldintzak jartzen dituen eran, federalismo honek elkarrenganako baldintzaz dakar Esperantoaren osoko eta betiko garaipena».
daduzkate (dauzkate), daukez
daude, dagoz
dezake, daike
diezaguten, deiskuen
ditzala, daizala
dizuegu, deutsuegu
gaude, gagoz
lioke, leuskio
zaigu, jaku
Ekonomia
Ekonomiaz ideia pixka bat duen guztia, ados* egongo da, ekonomia monopolista batetan murgildurik gaudela. Langile soilek populazioaren % 80-a osatzen dutela irakurri ahal izan genuen ANAITASUNAren ale batetan. Langile hauetarik gehienek konpetentzia oso osoan sinesten dute, hots,* kapitalak inbersioetan arrisku bat sufritzen duela; eta, horregatik, kapitalari ia irabazi guztien jabetza justifikatzen diote. Baina errealitatea oso desberdina da: estudio bat egin ondoren, argi eta garbi ikusten da, inbertitutako kapitalak ez duela arriskurik, eta sektore monopolista barruan porrot egiteko posibilitateak ia hutsak direla.
Ekonomi monopolizazioaren intentsitatea erakutsi nahirik, Frantzian 1960.ean kapitalista frantses batek egindako ekonomiaren zatiketa aztertuko dugu; orduko egoera gure oraingoaren antzekoa baita. Hark dioenez, bost sektore dira:
1. Dispersio estatikoa deritzana. Sektore honetan nekazaritza, arrantza, okintza,* saltokiak, ikuskizunak,* jatetxeak e.a. sartzen dira. Konpetentzia* oso osoa denez gero, sektore honen irabaziak oso txikiak dira.
2. Dispersio satelizatua. Lehen sektoreko zati batzuen batasunek osatzen dute bigarren sektore hau: merkatal* kateek, garajeek, gasolindegiek e.a. Hemen ere konpetentzia handia da; beraz, irabaziak txikiak.
3. Trantsiziozko sektorea. Dispersio handiko sektore barnean ematen dena dugu hau. Mota honetako enpresa batzuk, bata bestearekin elkartuz, merkatuaren jaun eta jabe bihurtzen zaizkigu. Hor dadukagu Bilboko «El Corte Inglés», adibidez. Emankortasuna galanta da.
4. Kontzentrazio dinamikoa. Hau monopolioaren mota bat da. Errealitatean, «oligopolio» bat da (eskaintzaile guti eta erosle asko). Oligopolistek, negozio-afari marduletan gehienbat, prezioak jartzen dituzte, eta, horrela, beren artean banatzen dute merkatua. Beraz, praktikan, benetako monopolio bat besterik ez da. Haren emankortasuna ikaragarria da. Sektore honetan hauk* sartzen dira: Banka, berebila,* elektrizitatea, gasa, zementua e. a. Oligopolio hauen pean enpresa laguntzaile txikiak milaka daude, oso emankortasun ttikia dutelarik.
5. Kontzentrazio estatikoa. Sektore honetan ikatz industria, trenbideak, bundingintza, untzigintza e.a. sartzen dira. Sektore honek, monopolista izan arren, irabazi handirik ez du, askotan produktuaren zahartasunagatik. Estatuak, nazionalizazioaren bidez, parte hartzen du enpresa hauetan. Irabazi handiak lehen irabazi ondoren, gero, produktua errentagarri ez denean, nagusiek Estatuari utziko dizkiote enpresak; emankortasuna jeistean, ez zaizkie interesgarri.
Sektore zatiketa hau ikusita, 3, 4 edo 5, sektorean bere lana saltzen duen langilea oso erraz konturatuko da, sektore monopolizatuak emankorrak direla, eta industria handien pean dauden lantegi txikiak eta saltokiak ez direla emankorrak.
Frantzian, 1960.ean, populaziotik % 50-ek monopolizatu gabeko lehen eta bigarren sektorean lan egiten zuten.
Betiko zatiketa aztertzen badugu —lehenbiziko sektorea (nekazaritza eta arrantza), bigarrena (industria) eta hirugarrena (zerbitzuak)—, bigarren sektorean lan egiten dutenak ez dira % 50-era heltzen.
Ikusten dugunez, langile gehienak sektore monopolistapean dauden enpresetan aurkitzen dira.
Proletalgoari buruz mintzatzen garenean, normalean monopolio edo oligopolioetan zuzenki lan egiten ez dutenen zati handi horretaz ahanzten gara. Horregatik, euskaldun langilea defendatzen dutela esaten duten guztiek, sektore monopolizatu gabeko enpresetan lan egiten duten langile hoik* ere beren programan sartu behar lituzketela uste dugu. Hori egiten ez badute, gure eritziz oker handi bat eginen lukete.
ARATZ
daude, dagoz
diote, deutsoe
dizkiote, deutsoez
gaude, gagoz
zaizkie, jakez
Ordre Nouveau mugimendu eskuindar eta erreakzionarioak meeting bat egin du «Mutualité» biltokian, Parisen, ekainaren* 21ean.
Gaia zuen atzerritik etorri* langileria, behar diren baimenik gabe ahal nolaka Frantzian sartua. Aitzaki hobeagorik ezin zezakeen aurki mugimendu honek, bere ideiak, xedeak* eta jokaera agertzeko.
1968.eko maiatzean gogor ibili zen asko tokitan, batez ere Parisen eta Tolosan, kontestazio indarrak hautsi nahiz. Baina gaizki ateratu ere bere helburuetan.
Geroztik, bere komandoak emendatu* eta berritu egin ditu, jende informatu askok diotenez, Estatuaren itzalean. Nola problema korapilotsua dakarkion Estatuari kanpotik etorri* langileriak, Ordre Nouveau-k uste izan du, bere omena* goratzeko eta jende xehea biltzeko parada* ona zukeela, imigrazioa aitzaki, nazio batasuna arriskuan zela salatuz. Populuari sala, eta populua dei,* bazterrak ordrean* ezartzera, behar balitz indarraz baliatuz!
Eskuindarrak salbu, beste alderdi politikoak, batez ere ezkertiarrak, ados* dira aitortzeko, probokazio bat nahi izan diela Ordre Nouveau-k botatu sozial indar berriei. Meetinga egin zen bezperan hain zuzen, kazeten* bidez, desafio hau bota zien ezker iraultzaileei: «Merezi duten joa izanen dute beren espantuek.* 1971.ean bezala, Kirol Palazioan, ezkertiarrak heziak* izanen dira eta tinkatuak.* Aholkatzen* ditugu, hitzen mailan egon daitezen.»
Probokazio honi ihardukitzeko, La Ligue Communiste mugimendua da bakarrik sartu burrukan. Bere printzipioei jarraikitzeko, ezin zezakeen bestela egin: holako meeting bat uzten bazen egitera, Ordre Nouveau-k dakarren faxismoa, arrazakeria onhartzea zatekeen.* Denek ba dakite zer gertatu den gero, bi alderdi etsaien artean; batez ere nola poliziak gogor jokatu duen ezkertiarren kontra, bere baitan* gaur dadukan krisia ezin duela gorde. Gobernamendua gertakari hauetaz baliatu da, bi mugimenduak debekatzeko. Bizkitartean,* askoren ustekeria* da, ea Barneko Ministruak ez ote duen berak gertakaria bere xedeen* arabera* akulatu, azpitik baina ongi kalkulatuz, La Ligue Communiste ofizialki suntsitzeko.*
Dena den, kanpotik behatuz,* errax da ohartzea zein aldetara jotzen duen Frantziako gaurko Gobernamenduak: Ordre Nouveau debekatuz, ez du deus* galtzen; aldiz,* «anti-casseurs» legea estakuru,* Komunist Liga suntsituz, ezkertiarrei nahi ukan die ukaldi* gaitza* eman. Ez da dudarik, ezkertiar alderdiek bortizki* senditu dute. Orain, haatik,* ezkertiar guztiek hobeki dakikete,* ukaldiak ez direla eskuin alde emanak izanen, eta beren bereizkuntzak gainditurik,* hobeki elkar tinkatu* beharko dutela, beren helburuak lortzeko.
MANEX ERDOZAINCY-ETCHART
die, deutse
zezakeen, eikean
zukeen, eukean
Euskal analfabetismoa
Behin baino gehiagotan, ikastolaren bat bisitatzean, harbelean* irakasleek euskaraz idatzitako hitzak irakurtzeko aukera izan dut; eta sarri askotan ortografiazko hutsekin agertzen ziren hitzok. Adibidez: Asteaskena.
Joan den igandean, Igorreko* garagardotegi batetan, kontua ordaintzerakoan, txartel bat eman zidaten, eta hitz hauk* zituen: Ezkerrik azko.
Euskaldun karreradun gehienek ez dakite euskaraz ondo idazten, eta euskaraz berba egitean, pobretasun handi bat nabari* zaie, bai hiztegiaren eta bai aditzaren aldetik.
Honek konklusio edo ondoren batera eramaten gaitu: euskal intelektualgoa deseuskaldunduta dagoela, euskaran analfabetua dela; eta hau huts oso larria da. Baina bereziki irakasleen aldetik. Izan ere, nola irakatsiko dute euskara, berek menperatzen ez badute?
Irakasleak, medikuak, ekonomistak...! Noiz ikasiko duzue euskara, zuen intelektual mailak eskatzen duen neurrian?
Euskal Idazleen Elkartea
Lan bikaina egin zuen elkarte honek euskararen batasunaren lehen mementoetan; baina gero moteldurik ibili da.
Xabier Kintanak haren indartzea eskatzen zuen ANAITASUNAren aurreko zenbakian, eta ni ere horren alde nago. Ba dira oraindik, Kintanak aipaturiko arazoak aparte, beste asko konpondu beharrekoak. Adibidez, idazle bakoitzak jakin egin behar luke, besteak zeintzuk liburu idazten ari diren. Behin baino gehiagotan gertatu da, idazle bik itzulpen berbera egitea. CINSAk «Robinson Crusoe» euskaratzeko enkargua eman zion idazle bati; eta lana amaitu eta hilabete batzuk* geroago enteratu ginen, lan hori beste idazle batek egina zuela, eta, argitaratzeko, editorial baten zain zegoela.
Euskara batua finkatzeko, informazioak trukatzeko eta abar, elkarte hori berriztatu egin behar litzateke.
Errealismoa
Zoritxarrez, gaurko munduak gehiago begiratzen dio errealitateari, zuzentasunari baino. Adibidez, Estatu batek beste batekin —honen gobernua haren gogokoa izan ez arren— harremanak izaten ditu, bigarren Estatu honek errealitatean boterea eta agintea duelako. Berdin jazotzen* da gizarteko beste maila guztietan ere. Honek, goian aipatu bezala, zera esan nahi du, errealitateak balio handia duela gaurko munduan.
Hori horrela izanik, ene ustez, euskaldunok ba dugu gaur egun zeregin handi bat: euskalzaletasuna errealitate handi eta zoragarri bihurtzea. Hemen bizi diren guztiak edo gehienak euskalzaleak izatea lortuko bagenu; euskara zabaltzen, geure folklorea nonnahi erabiltzen, euskal kultura maila guztietara eramaten, hitz batez, geure ingurua euskal nortasunaz kutsatzen saiatuko bagina, orduan errealitatezko zerbait gure alde legoke, eta hori gure gizarteko gizon ZUHUR guztiek kontuan hartuko lukete, orain mesprezatzen gaituzten taldeek errespetuz begiratuko ligukete, eta euskaldungoa, errealitate bat izango litzatekeenez, hauek ere onhartuko lukete eta —komenientziaz bederen*— hartaz baliatuko.
Ondoren bezala, hau esan nahi dut: ene ustez, gaur hemen egin genitzakeen gauzen artean, lehen mailan dago gure herria euskalduntzea. Honen alde egin litekeen guztia, ez litzateke inola ere alferrik izango. Segur egon zaitezte: ekintza honetan ez dago denbora alferrik emateko beldurrik. Edozein pauso, aurreranzko urrats* bat da, dudarik gabe.
Hainbeste teoria abstrakturen artean, eskuin eta ezker muturrekoen erasoen* artean, sasi-unibertsalismoaren gainetik, goazen ekintza konkretu batera: geure herria euskalduntzera.
Disko berriak
Columbia etxeak, Bilboko Boni txistulari famatuari «long play» bat egin dio hainbat doinurekin. Hauen artean, Bizkaiko Aurresku osoa, Hiru Damatxo, Aita San Migel, Laskurainen Minuetoa, eta abar.
Txistulari berari, CBS etxeak beste «long play» bat egin dio; eta, beste doinu batzuen artean, hauk aipatuko ditugu: «Gure Tala, Agur», «Erandio Goikoa» eta «Ana Mari».
Aita Hilario Olazaran hil da
Aita Hilario Olazaran hil da Nafarroan. Mende honen hasieran eta Lekarozko ikastetxetik, txistua Nafarroa guztian zehar zabaltzen saiatu zen Aita Hilario. Zalantzarik* gabe esan genezake, Nafarroan txistuak eduki duen berpiztea hari zor zaiola. Berak idatzi zuen txistua ikasteko lehen metodoa. Bestalde, hainbat doinu asmatu zituen, hauen artean «Gora» biribilketa famatua.
Txistu sariketak
Egun hauetan atera da TXISTULARI aldizkariaren azken zenbakia, eta bertan sariketa batzuk agertzen dira. Hauetariko batek, eta «Kirikiño Saria» izenarekin, euskaraz idatziriko ipuin laburrak, euskal folklorean oinharrituak, sariztatzen ditu.
Gaur berton jakin berri dut, Nafarroako Altsasuan sariketa handi bat antolatuko dela, txistu jotzaile hoberenak sariztatzeko. Taldeentzat, lehen saria 50.000 pezatakoa izango da, eta txistulari soilentzat, 30.000 pezetakoa.
XABIER GEREÑO
dio, deutso
genezake, geinke
genitzake, geinkez
ligukete, leuskigue
zaio, jako
zidaten, eusten
zion, eutson
Udako euskal ikastaroa Deustuan
Uztailaren* 2tik 31rarte udako ikastaro bat eratu izan da Deustuan, euskara ikasi edo hobatu nahi zutenentzat. Abuztu honen 7an beste bat hasi da, hilabetearen 31rarte iraunen duena. Demagun,* ordea, joan den hilabetekoaren zenbait berri.
Ikastaroa lau mailatan banaturik egon da: a) ezer ez zekitenentzat, b) zertxobait zekitenentzat, c) hitz egiteko erraztasuna lortu nahi zutenentzat, eta d) euskal alfabetatzea. Guztitara, 80 ikasle matrikulatu ziren lehen ikastaldiotan, 7 taldetan banturik. Talde bi (25 lagun) egun osoan aritu dira euskara ikasten (6 ordu egunero), eta beste 5 taldeak (55 lagun) arratsaldean, egunero 4 ordu emanez. Ikasleen eta irakasleen eritziz, ikastaroaren helburuak lortuak izan dira, hau da, euskaraz mintzatzen hastea batzuentzat eta erraztasuna eskuratzea besteentzat.
Dakikegunez,* eratzaileak Deustuko Euskal Kultur Mintegikoak* eta Euskaltzaindiko Alfabetatze Kanpainako gazteak izan dira, ikastaroan ari izan diren irakasle guztiak, ikasleen garantiarako, Euskaltzaindiko tituludunak izanki.
Euskal irakasle titulurako examinak Arrasaten
Uztailaren 7an, arratsaldeko 4etan, euskal irakasle titulua atera nahi zutenentzako examinak egon ziren Arrasaten,* aita Patxi Altuna, Alfontso Irigoien eta Xabier Kintana euskaltzainen ardurapean. Guztitara, 12 lagun presentatu ziren, neskak eta emakumezkoak gehienak; baina examinak amaitzeko orduan, zazpirak aldean, beste ikasle mordo bat agertu zen hara, examinatzeko asmoz, ordua, laurak gabe, zazpirak zela uste ukanik.* Beranduegi zela eta, hauen azterketa hurrengo batetarako utzi zen.
Arrasatekoarekin lau dira, Euskaltzaindiaren irakasle titulu ofizialak lortzeko egin diren examinak. Aurrekoetan, Bilbon, Donostian eta Eibarren egindakoetan, 100 titulu baino gehiago banatu ziren. Ea Arrasaten ere zorte* ona ote duten!
Aita Frantziskotarren kapitulua Arantzazun
Aurten, apirilaren 24etik maiatzaren 2rarte, aita frantziskotarrek Euskal Herriko probintziaren kapitulua ukan dute Arantzazuko Saindutegian; eta Ordenaren barreneko erlijio arazoei bereziki dagozkien gauza askoren artean, euskarari buruz ondoko proposamenduok onhartu ziren ia aho batez.
1. Euskal Herriko Probintziako dokumentu ofizial guztiak gaztelaniaz eta euskaraz idaztea.
2. Bere barreneko elizkizun eta ekintzetan zein hizkuntza aukeratu behar den, komentu bakoitzak erabakitzea.
3. Euskal Herriaren barrenean jaiotakoentzat, euskara ulertu, irakurri, hitz egin eta idatzi ahal izatea hezieraren* helburu bat-tzat hartzea.
4. Kasuotarako, Euskal Herriko Probintzian euskara ere hizkuntza ofizialtzat (azpimarkatua gurea da) ematea.
Beraz, euskara ere aita frantziskotarrentzat Euskal Herriko hizkuntza ofiziala da. Pauso ona, benetan, aipatzeke* ezin utz dezakeguna.
Era berean entzuna dugu, oraino xehetasun gehiegirik ez dakigun arren, jesuitek ere antzeko bilera jeneral bat egin dutela oraintsu Euskal Herrian, eta erabaki interesgarri batzuk* ateratzeko dituztela handixek,* euskarari eta Euskal Herriari dagokionez. Konpainiaren fundatzailea Loiolakoa izanik eta oraingo jenerala Arrupe delarik, ez zen, noski, besterik itxaroteko, halafede*!
Erlijio Ordena eta erakunde* batzuek Herri hizkuntza eta kulturari buruz hartuz doazen jarrera* hauek, zertarako uka, poztu egiten gaituzte; baina ez dugu uste, gizonki esateko, horregatik loxintxa* asko merezi dutenik.
Esplika gaitezen: Euskaldunoi geure hizkuntza eta kultura, berez, pertsonak garen aldetik, onhartu, errespetatu eta lantzera lagundu behar zaizkigun ondasun batzuk dira, eta are* gehiago Jainkoaren izenean datozenengandik. Zoritxarrez, ez dugu hori orain arte maizegi* ikusi; aitzitik,* sarritan, frantziskotar gazteek beren kapituluan adoretsuki salatu dutenez, eliz erakundeak eta kolegioak izan dira tresna deseuskalduntzailerik amorratuenak. Kasu askotan agintarien kolaboratzaile zirela esan liteke. Orain gauzak aldatu dira. Herria bere eskubideez konturatu da, eta giroa ez da berdina. Kontzientzi aldaketa hau Ordenen barrenean ere sentitu da, eta gazte kezkatuen poderioa sentierazi da bertan. Ondorioak onak izan dira euskararentzat, dakusagunez.*
Hala ere, nik neuk bederen,* halako zerbaiten hutsa nabari* dut. Ongi dago zor zitzaiguna orain ematea noski, are* gehiago beste askok oraindik ere ezer eman ez eta geurea ukatzen diguten arteon; baina... orainartekoagatik zer? Honetaz, bai erlijio erakundeek eta bai Elizak berak oraindik gure Herriari egindako kalteagatik mea culpa publiko bat zor diotelakoan nago.
Aireportua, Madril, agintariak eta...
Sondikako aireportua, esanak esan arren, aurrera omen* doa, Madrilen onhartu ondoren. La Gaceta del Norte-k, ordea, seinalatu egin du bereziki, aireportua Sondikan hain itxuragabeki eta desegokiro egiteko erabakia, Madrilekoek gabe, lehenik Bizkaiko agintariek hartua zutela eta, Probintziaren protestak gorabehera,* indarrik asko ukan dutela, Madrilen bertan beren erabaki hori onharterazteko.
La Gaceta-k, era berean, gomitatu egiten zituen «holako erabaki bortitzak» hartzeko hainbeste indar duten agintariak, Burtzeñako bidegurutzea, Bizkaiko kaminoak, eskolarik eza, inguruaren kontaminazioa eta hauen gisako* problemetan ere indar berberaz jokatzera. Ez litzateke, ez, batere txarrik izanen, ez horixe, hola eginen balute,
Euskal masokhismoa
Herriko jaiak. Pilota partidak, erdal theatro saioak, era askotako txapelketak, filme bereziak, baltzingoak, dantzatoki berriak... dena ondo, jendez eta gazteriaz bete bete eginda: jan, edan, barre, dantza egin, aupa eta gora batzuk* bota. Halako batean, programmak euskal egun bat dakar, eta orduan... boikota. Orduraino ez zegoen ez klase arteko burrukarik, ez inolako zapalkuntzarik, ez ezer; baina euskal kutsuko zerbait azaldu bezain agudo,* zdast! harexen kontra jo behar.
Alde batetik ezagunak genituen, euskal jaiak antolatzerakoan, euskal kantariek, bertsolariek, dantzariek eta abar agintarien aldetik ukaten* zituzten eragozpenak; baina orain, antza* horiei gutti eritzirik, beste puntakoen aldetik ere hasi zaizkigu etortzen bainak eta baiñak. Sarritan, gainera, boikot horien eratzaileak herrietako apaiz «progre» horietakoak izaten dira. Beldur gara, ordea, sotanaz jantzirik egon ez arren, barrenean Fray Bartolome Santa Teresaren garaiko masokhismo kutsua ez ote zaien erabat* galdu. Erdal jaiak bai, baina euskal festarik ez. Hau bai dela pentsamodu argia!
Euskera ala Euskara?
Gure artean aspaldion, (honetan ere batzuek esanen zuketenez) batasuna gabe bitasuna sortu da. Lehen guztiek idazten omen zuten euskera, eta orain, Mitxelena jaun gaizto, nahastekari, endredamakila eta sasijakintsuaren exenplu galgarriari jarraikiz, euskara hasi gara idazten asko.
Diogun,* ez dela egia lehen guztiek euskera idazten zutenik, iparraldekoek oraintsu arte nork euskara eta nork eskuara idatzi baitute, eta nafarrek, Kanpionek haien artean, beti euskara. Idazle zaharren artean Etxaparek eta Leizarragak heuskara zekarten beren liburuetan, eta XVII. mendeko lapurtarrek euskara, eskara eta eskuara (beti a-z). XVIII. mendeko gipuzkoar idazleek bitara zerabilaten hitz hori: euskara eta euskera.
Ba dantzut* baten baten galdera: eta zein da, ba, jatorrena? Duda gabe euskara, hortik sortzen baita Euskal Herria, euskaldun eta abar (Euskelerri, euskeldun eta honelakoak txokokeriak izanki). S. Aranaren ustez, euskera hitzaren etymologia euzko-ele-era zen; baina horretan oker zegoen, euzko delakoaz landa* ere, azkeneko atzizkia -era gabe -ara delako, gogara eta erdara-n bezalaxe. Beraz, egiazko forma jatorra euskara dugu.
Dakigunez, Luis de Castresana erdal akademikoari esker, orain urte pare bat Espainiako Hizkuntzaren Erret* Akademiak euskera hitza ontzat hartu zuen «vascuence» esateko; agian horregatik batzuek Kastresana'tar Koldobika idazten dute haren izena. horrekin euskaldunon artean Kafkak bere Itxura-aldaketa idatzi zuenean behar ukan zuen fantasia ez dela falta erakutsiz. Guztira euskaldunon artean euskara idazten hasi gareneon, Erdal Akademiak euskera onesten digu.
Eta Euskaltzaindiak zer? Noiz aldatuko du, jakin gainean oker harturik dagoen izen hori? Noizko euskara? Edo eta... noizko Euskeltzaindia? Dagiela* zerbait, euskal hiztegian castellano hitza hartzea besterik ez bada ere, kontxo!
Aita Joxemiel Barandiaran Axlor-en
Gaztetasuna ez dela urtez bakarrik neurtzen kontuan harturik, Euskal Herriko lagunik gazteena zein den galdetuko baligute, guk geuk berehalaxe Ataungo Joxemiel Barandiaran erantzunen genuke, beronen moduko lan egiteko adore eta kemena nekez aurki baitaitezke bazterretan.
Lehen Santimamiñen, gero Altxerrin eta Ekainen, eta orain Axlorren, Dimako hauzotegi batetan, Baltzolako koba ederraren ondoan. Bertan bisita bat egiteko parada ukan dugu uztailean. Hura* toki ikusgarria eta aparta, benetan. Ba dago, egon, herensugearen* haitzulo haundiaz gainera, agian* Euskal Herri osoan parerik ez duen zubi natural bat mendi biren artean moldaturik. Harexen ondoan, haitz batek ematen duen aterpetxoan, aztarnategi* bat dago, aintzinako lagunen tresnak eta janari hondakinak franko gordetzen dituena. Hantxe ari da, ba,* aita Joxemiel gurea, neska mutil gazte batzuk lagun hartuta, bertako lurraren azpian gure Herriaren sustrai zaharrak argitzen. Lan ixila eta ezkutua, baina egin beharrekoa; eta hemen ere... langile gutti.
ARMENDARITZ
baligute, baleuskue
balute, balebe
dezakegu, daikegu
digu, deusku
digute, deuskue
diote, deutsoe
zaie, jake
zaizkigu, jakuz
zekarten, ekarren
zerabilaten, erabilen
zitzaigun, jakun
Ekainak* 12. Andreotti-ren gobernua, urte bete eskas iraun ondoren, ba doa. Gobernu krisia irekitzen da.
Ekainak 14. Liraren «ostegun* beltza». Espekulazio izugarri baten menpean, lira komertzialak bere balioaren lau puntu galtzen ditu. Gaur, abuztuak 4, marko batek 250 lira balio du; orain dela lau urte, 150 liratan eskura zitekeen marko bat. Ba dago alderik!
Argi dago. Italiak, politika krisia ezezik,* ekonomi krisi latza darama.*
Ihazko hauteskundeak* centro-sinistrak porrot egin zuelako aurreatu ziren. Krisialdi hartan, sozialisten jokabidea erabakitzaile izan zen. Ezkertiarren kontra, sozialisten aurka batez ere, sekulakoak jo zituen DC (Democrazia Cristiana) delakoak. Polemika horren asmoa garbi zegoen: DC-ren sozialistekiko onginahiagatik eta politika forma honen azken gaiztoagatik eskuin alderantz joan zitezkeen hautesleak* erdi aldera biltzea eta bereganatzea. Ongi joan zitzaion DC-ri. Diputatu pare bat gehiago lortu zuen. Haren idazkari* Frolani-ren garaipen pertsonala izan zen.
Hauteskunde ondoko gobernurako ez zegoen sozialistekin kontatzerik. Eta parlamentuan gehiengoa* kristau demokratek lortuko bazuten, liberalekin lotu beharra zegoen. Horrela, orain artio iraun duen gobernua erdi-eskuinekoa izan da. Eskuinari darion kiratsagatik edo, bere burua erdikoa deklaratzen bazuen ere.
Hilabeteak iragan* dira. Prezioak goraka doaz. IVA-ren aitzakiz esaten zen lehenengotan (IVA, Merkatu Batukoek onhartu duten inpostu sistema da); baina liraren desbaliotzeak, gaitza sakonagoa dela nabarmen erazi du. Sindikatu eta ugazaben* arteko burruka ere gogorra izan da. Metal mekanikoek, ia sei hilabetetan, lan uzte frango egin dute («scioperi articolati» deitzen zaio, lana erabat* utzi gabe, produzioa eragozten duen greba* sistema honi). Azkenean ugazabek amor eman behar izan zuten. Ez, segur aski, lira derrigorrezko gainbeheran zihoala kontu egin gabe, eta sindikatuekiko kontuak lehen bai lehen garbitzea komeni zitzaiela ikusi zuten arte. Ezaguna da ere, postariek* hilabete eta gehiagoko greba egin zutela, Erroman eta beste hiri handi batzuetan behintzat.
Bitartean, CD-ren Batzarre Nagusiaren ordua zetorrela eta, Aldo Moro (DC-ren barnean, ezkerrera jotzen dutenetako buruzagi bat) eta Fanfani-k berriro centro-sinistrara jo behar zela erabaki zuten. Erabaki esaten dut, zeren* Batzarrea egin aurretik elkar hartu baitzuten Moro-k eta Fanfani-k, Rumor, Taviani eta Piccoli-ren taldeak ere ados* zeudelarik. CD-ko buruzagi gehienak konforme ziren, beraz..
Batzarreak aterako zituen ondorioak, aurrez jakinak ziren. Fanfani, DC-ren idazkaritzara (horretarako senatuko buruzagitza utzi behar bazuen ere). Rumor, gobernu berriaren buru. Liberalak kanpora bota, eta sozialistekin bat egin.
Lau alderdik osatuko dute gobernu berri hau. DC, PSDI (Partito Socialista Democratico Italiano, Saragat-en inguruan daudenak, PRI (Partito Repubblicano Italiano) eta PSI (Partito Socialista Italiano). PSI-ko batzuek (Mancini-ren taldekoek) ez dute gobernuan sartu nahi; nahiago lukete, kanpotik, parlamentuan eta senatuan bakarrik gehiengo berriaren parte izan. Errepublikanoek Andreotti-ren azken gobernuan egin duten bezala, alegia.* Hala ere, lauren artean osatuko dute noski gobernu hau.
Formula berritu honek problema zaharrak konponduko ote ditu? Prezioak geldi eraz, produzioa bizkor, inflazioa guti: horra hor gobernuaren lehenengo zeregina. Gainera, eskolak, etxegintza, hegoaldeko atzerakuntza: beste hainbeste arazo bizi bizi eta presazko.
Europako beste gobernuekiko loturak ere gozatzen saiatu beharko du. Merkatu Batuko adiskideak aspaldi honetan kexu dira, Italiako istilu eta gorabeherak direla eta. Haserre horik* uxatzeko, hitzak baino gehiago den zerbait egin beharko du.
Arrazoirik ba da, oraingo gobernu hau, lehen kale* egin zuen centro-sinistra baino sendoagoa eta eginkorragoa izango dela itxaroteko. Laster ikusi ahal izanen dugu.
MANOLO PAGOLA
daude, dagoz
zaio, jako
zihoan, joian, joaten zen
zitekeen, eitekean
zitezkeen, eitekezan
zitzaien, jaken
zitzaion, jakon
Zientzia
Jende arruntak,* esaera zaharren bat entzutean, era askotako jarrerak* hartzen ditu. Esaera zaharraren esannahia zeharo onhartzen dutenen jarreratik, erabat gutiesten* dutenenera, kolore guztietako jarrerak daude.
Hala ere, esaera zaharrak, herriaren «zentzu komun» delakoaren fruitu direnez, esperientzia luze batetan oinharriturik daude. Izan ere, hainbat eta hainbat gizaldiren esperientziak hiruzpalau hitzetan batzen dituzte: horixe baino ez baitira esaera zaharrak. Beraz, nahiz eta haietan aipatzen diren gertakarien esangura eta kausa ezagutu ez, kontuan hartzeko dira.
Maiz* konturatu izan gara, gauez zerua oskorri denean, biharamunean eguzki gozo batek iratzartzen gaituela. Herriak gertakari hau lau hitzez mamitu du: «Arrats gorri, goiz argi». Oraingo artikulu honetan, esaera honen azalpen zientifikoago bat ematen saiatuko gara.
Eguzkitiko argi zuria eta atmosphera
Bizi garen lur hau izarbela* izanik, eguzkitik datorkigun argiak argitzen gaitu. Argi hau zuria dela esaten dugu. Argi zuria kolore guztien nahaste bat da; eta hau garbi ikus daiteke ostarku* bat sortzen denean, orduan eguzkitiko argia beste koloreetan banazkatzen* baita.
Argi izpiek, eguzkitik irtenik* lurrera heltzeko, atmospheran barrena pasatu behar dute, eta pasatze horretan gauza bi gertatzen zaizkie. Batetik, atmospheran dauden molekulek irentsi* egiten dituzte izpiok, hauek molekulekin topo egitean; eta bestetik, molekula horik,* berei dagokien baino energia gehiagorekin geratzen dira, eta, orduan, gainez dadukaten energia hori, argi izpi bilakaturi* jaurtikitzen dute.
Hodeirik ez dagoenean, atmospherako molekulek bereganatzen duten kolorea urdina* da. Hala ere, bereganatze hau txikia da, eta horregatik ez da kasik igartzen. Atmosphera luzera handi batetan iragaten* dutenean, eguzkitiko argi izpiek kolore urdina galtzen dute; eta argia, zuri ikusi beharrean, gorrixka ikusten dugu. Hau honela gertatzen da, gorria eta urdina elkarren osagarri direlako, zuria sortzeko.
Hodeiak daudenean, berriz, ez da honela jazotzen,* kasu honetan ur tantattoak sortzen direlako. Hauek izpiak irensten dituzte, eta ez diete guregana zuzenki heltzen uzten.
Zeruaren koloreak
Orain oso erraz uler genitzake zeruak hartzen dituen koloreak.
Egunez, zerua oskarbi denean, argi izpiak zuzenki heltzen zaizkigu. Iragaten duten atmospheraren luzera* txikia denez (ikus irudia), urdintasun guti galtzen dute, eta zuri agertzen zaizkigu. Bestalde, molekulek beren dardaraz* argi urdina ematen dutenez, urdin ikusten dugu zerua.
Zerua goibel denean, ez zaizkigu argi izpiak heltzen, hodeiek guztiz irensten dituztelako, eta horregatik zuri ikusten dira.
Atmosphera gabeko lekuetan ez dago molekularik, ez izpi irensketarik eta ez molekulen dardaratzerik. Beraz, argi izpiak zuriak dira eta zerua BELTZ. Astronautek, beren begiz gertaera hau egiaztatzeko aukera eduki ukan dute, eta bai guk ere, haiek egin dituzten photographiak ikusirik.
Arratseko oskorria eta biharamuneko goizargia
Baina zein da, hauk* biok duten harremana?
Inoiz (telebistan, adibidez) eguraldi maparen bat ikusi dugunean, beti ikusi dugu, bai zykloiak eta bai antizykloiak mendebaldetik* datozela. Eguraldi ona zein txarra mendebaldetik dator, gu bizi garen lurreon; eta hau, lurraren egunbiraren* kausaz.
Bestalde, eguzkia mendebaldetik sartzen da. Beraz, arratsean oskorri denean, seinale mendebaldetik zerua garbi dagoela. Eta, biharamunerako gureganantz etorriko den atmospheraldea* zeru garbi hori denez gero, goizean oskarbi ukanen* dugu.
J. R. ETXEBARRIA
daude, dagoz
diete, deutsee
genitzake, geinkez
zaizkie, jakez
Agur, jauna!
Zure «Kantagintza eta kritikaz zerbait» artikuluaz (ikus ZERUKO ARGIA, 538. zenbakia) guztiz harriturik utzi nauzu. Izan ere, hain era arinean erabiltzen dituzu hartan aipaturiko kontzeptuak, non euskal musikaren ikuspegi xinpleena ere itotzera baitator.
Puntuz puntu joan gaitezen:
Jadanik* aski ezagunak ditugun kantak berriro kantatzeari ongi deritzazu. Eta aurrerago hau diozu hitzez hitz: «Badirudi zenbait jende 'hitz majikoak' entzun nahiez badoala kantaldietara. Betiko topikoak eta gauza xinpleak entzun nahiz». Nik neuk kontraesan bat somatzen dut horretan. Zeren* Zuberoako oihan* eta baso liluragarriak ere nahiko topiko bihurtu baititu norbaitek. Zer esanik ez, «gau iluna», «irteerarik gabeko bidea», kaiolako xoria»... eta beste zenbait irudi sasi-poetikoz. «Langileria» bezain hitz majikoa bilakatu zaigu «Aberria».
Bestaldetik, ba da Lertxundirengan halamoduzko jarrera berri bat. «Maitasun hitzak nahi nituzke esan, bainan gaur ezin dut»: holakoak pikotara* joanak bide* dira. Lertxundiren ihardunaldietan kanta zaharrek (hala egoeraz, nola mamiaz) gehientasun bat osatzen dute. Eta hau ezin inork uka. Zenbaiten ustetan, haren «divo» itxuraz, jarraitzaile batzuk sortzen ari dira...
Geroago, «Deustun euskeraz kantatu zuen erdal kantari» diozu Nacho de Feliperi buruz. Beraz, ez da aski* euskaraz kantatzea, euskal kantari izateko. (Honetan, beste gauza batzuetan bezala, ados* nago zurekin). Baina beharrezkoa litzateke, euskal izatearen funtsa* zertan edo non datzan* argitzea. Zein da zure kriterio bereizlea? Nondik norakoa da zu eta Nachoren artean dagoen aldea?
Hildo* berean natorkizu oraingo honetan ere. «Euskalerri osoari zuzendutako atakeak» omen* Nachoren kontsiderazioak. Aitzinago* jo duzu: erdal kantari ezezik,* euskaldunon etsai dugu Nacho. «Ez dok amairu»koak, berriz, Euskal Herriaren defendatzaile sutsuak noski...
Haren hitzak Euskal Herri osoaren kontra doaz. Baina Euskal Herria osotasun nahiz zatitasun huts-tzat jotzea abstrakzio bat duzu. Zer zentzutan diozu «Euskalerri osoa»? Geographiari dagokionez? Euskaraz hitz egiten duen oro* —zuk esana da— ez da euskaldun. Orduan ezin inola ere Herri bat hizkuntza hutsaren arauera* kalifika. Bihotzez eskertuko nizuke, hau guztiau argituko bazenu, ahal duzun neurrian bederen* (zentsura zorroztu egin baita).
«Edozertaz idazteko, zerbait jabetua izan behar, idazten den gaiaz». Nork bere burua maisutzat hartzeak ere ez omen* du ondorio onik. «Ez dut Gobernuren betarik» esatea, astakeria bat duzu (gogora, Donostiako jesuiten ikastetxe batetan, eguerdi eguzkitsu batez...). Batasunaren Kutxa-ren 120. horriari begiraldi bat ematea gomendatzen dizut, edo eta —tripako minik sortuko balitzaizu— Azkueren Diccionario Vasco-Español-Francés-en lehen parteko 160.ari.
Ni ere ez nauzu musika arloan hain trebe. Baina publikoa arras asperturik dago zenbait kanta eta kantariz. Musika tresnen eraberritzea ere oso nekez egiten ari da (?).
«Txano Gorritxo» ez dut uste haur ipuin bat denik. Gogoratzen naiz nola, ttipitan irakurtzen nuen bakoitzean, dardarka jartzen ninduen. Geroztik oso beldur nauzu. Horregatik ausartu nauzu gutun* hau idaztera.
Zure argi eta babesaren zain.
KOLDO IZAGIRRE
dizut, deutsut
nituzke, neukez
nizuke, neuskizu
zaigu, jaku
Euskal Herriko piztiak
Enekok bidean sator ttiki bat ikusi dau, grisa eta mutur luzeduna. Osabari daroatso, beronek, bidean, lur gainean, zergatik egoen hilda azaldu deion. Osabak, piztiattoa ikusi eta, ba dinotso:
— Ez, Eneko, hori ez da satorra, satitsua baino.
— Satitsua? Ni neu, sator ttiki bat zalakoan nengoen, ba.* Lehengo egunean, sator grisak ere ba zirela esan zeunstan eta.
— Bai, baina begira ondo: honek ez ditu, satorrak dituan aurreko hanka sendo eta hatzapar luzeak. Buztana ere luzeagoa dau; eta ondo begiratzen badeutsozu, begiak erraz aurkituko deutsozuz.
— Egia, ez nintzen horretaz konturatu. Eta non bizi da, ba?
— Satitsua, satorraren eta kirikinoaren* antzera, intsektujaleen familiakoa da, eta guztiak intsektuetatik bizi dira. Satitsua, daukan taxurako, munduko piztiarik adoretsuena ei* da, bera baino bi eta hiru bider haundiagoak diren animaliak jaten ditu eta. Egunero bi bider jan behar izaten dau bere pisua intsektuen eta animalien haragitan; bestela, hil egiten da ahuleriaz.*
— Eta guztiak honen ttikiak izaten dira?
— Bai, satitsuak 7 zentimetrotakoak izaten dira, 4 zentimetrotako buztantxo batez. Gehienak lur gainekoak dira, baina uretan bizi dan mota bat ere ba dago. Lurrekoak belar artean ibiltzen dira ehizan,* eta txi txi txi zorrotz batzuk* jaurtikitzen ditue, ezer topatzen dabenean. Habiatxoa ormetan* egiten dabe, barrura belar siku eta horbelak* sartuz. Satitsuaren habiak topatzea oso gauza erraza izaten da, zuloaren kanpoko aldean gorotz ttiki beltz luzangaz* beteta egoten da eta.
— Eta ez ditue beste animaliek hiltzen? Oso ttikia da, ba!
— Bai, hontzek,* azeriek, erbinudeek,* basakatuek eta abar hil egiten dabe satitsua; baina gehienetan ez dabe jaten, hilda gero darion musket* usain gogorragatik. Etxeko katuek ere sarritan harrapatzen ditue, eurekin* jolasean ibiltzeko; baina, beharbada, zerorrek bidean topatu dozunaren antzera, gosea da gehienik hiltzen dituana.
— Eta satitsuak mantsotu egin daitekez, norberarekin eukitzeko? Oso politak dira!
— Bai, mantso mantsoak izaten dira, eta alkondarako Poltsikoan sarturik egoten ohitzen dira. Gose eta kaka larri direnean, handik muturra ateratzen dabe, jaten emateko edo kaka egin daien lurrean ipintzeko. Jaten emateko, ordea, okela zatitxoak, matxinsaltoak,* harrak eta era guztietako zomorroak eman behar izaten jakez; eta, horregatik, norbera baserrian bizi ezik, ez da erraz gordetzen. Onena, oporraldietan, basoan bizi garenean edo, norberaren ondoan eukitzea da, udazkenean berriz ere basora, bere kontura bizi dadin, botatzeko. Satitsua, bestalde, bizitza laburrekoa da, urtebetegarrenean hil egiten baita berez. Emeak maiatzean 6 edo 8 kumetxo egiten ditu, eta honegatik ugari samar ikusten da bazterretan. Kumetxoak, jaiotzean ilegabeak* dira; baina laster iletxo grixa hazten jake, amari legez.* Haunditxoak direnean, sarritan amarekin joaten dira ehizan,* bata bestearen ondoren elkarren buztanari ahoaz helduz, bidean ez galtzeko.
— Eta zelan* dau izena erdaraz?
— Espainolez musaraña, eta frantsesez musaraigne (= musareñ). Euskaraz satitsu deritzo leku batzuetan, eta beste batzuetan sateroa. Gure arteko satitsurik ezagunenaren zientzi izena hauxe da: Sorex araneus.
TRAUKO
dabe, dute
daien, dezaten
daitekez. daitezke
daroatso, eroaten (eramaten) dio
dau, du
deion, diezaion
deutsozu, diozu
deutsozuz, dizkiozu
dinotso, diotsa, esaten dio
ditue, dituzte
egoen, zegoen
jake, zaie
jakez, zaizkie
zeunstan, zenidan
Bilbon,
Euskal Herriko hiri nagusian,
erabat* gazteleratu den hiri handi honetan,
kalean zehar gorantz noa.
Aldamenean jendea ugari,
ezezagunak noski.
Begiak eta burua garai daramatzat.*
ez harrokeriaz,
jendearekin topo ez egiteko baizik;
esku bata poltsan,
bestea,
txorien hegoak bezala,
haizearekin burrukan;
mila zereginetan.
mila gauzatan,
zerean pentsatzen.
Jende mordoa geldi, argi gorri baten aurrean;
neronek ere itxaron beharra,
horlegia* noiz agertuko zain.
Une llabur hau
aprobetxatzen dut,
burua makurturik,
beherantz, lurrera begiratzeko;
ez aldameneko neskatilari
bere izter liluragarriak
kontenplatzeko bakarrik,
bai eta neure pentsamendua
pixka bat sakontzeko ere.
Behilegia,*
berehalaxe horlegia;
azkar mugitzen gara guztiok,
bakoitzak bere zereginak izanen baititu.
Baina, honela,
adiskide batekin topo egiten dut.
Lehen agurra ondoren,
galderak,
erantzun iluneko galderak.
Zer ikasten ari haiz?
Medizina?
Zertarako osagile,
gure gaitza ez baita sendakizun?
Hizkuntzak?
Zertarako, ezin bagara mintzatu?
Abokatu?
Zertarako, ezin baitugu inor defendatu?
Euskaldun bako Euskal Herri honetan,
euskara bako Euskal Herri honetan,
euskal bako Herri honetan...
Herria,
nork hil nahi zaitu?
Neronek!
Baina
anaia bat bidean erortzen bazaik,
lepoan har eta segi aurrera.
EROSKI
Zapaburua. Euskaldun Rh-dunen umore orria
[Binetak]
Zapaburua. Euskaldun Rh-dunen umore orria
— Hegazti bat mahaira ekartzen didatenean, laster ezagutzen diat nik, gaztea ala zaharra den.
— Non ezagutzen duk, ba?
— Haginetan.
— Hago isilik. Hegaztiek ez diadukaate haginik.
— Hegaztiek ez, baina nik bai, zorrotzak gainera!
***
— Neskak, gogaiturik nadukazue. Beti entzuten zaituztet jantzien gainean berba egiten. Beste gauza altuagorik erabili behar duzue zeuen artean.
— Bai, aita! Horixe gaude egiten. Sonbreruen gainean hitz egiten dihardugu.
***
— Nire mutilak bost urte bakarrik ditu, eta hamar kiloko egurrak altxatzen ditu.
— Ba... nireak askoz gehiago egiten du.
— Benetan?
— Bai, gizon! Bost hilabete bakarrik ditu, eta gauez etxeko guztiok altxatzen gaitu.
***
Ezkongai bik telephonoz:
Neskatilak (haserreturik): Ez haut sekula gehiago ikusiko.
Mutilak: Zergatik?
Neskatilak: Esango diat arratsaldean.
Denbora ematekoak
Gurutzegrama (24)
Denbora ematekoak
Hieroglyphykoa
Denbora ematekoak
Euskal salda
Ikas zeure hizkuntza
IMANOL BERRIATUAK
Ale honetan izartto batekin agertzen diren berbak
ABOTS, voz.
ADORE, kemen.
ADOS, conforme, de acuerdo.
AFERA, hauzi, caso, asunto, affaire.
AGIAN, beharbada, nonbait.
AGIN, mana, mandar, ordenar. (AGINDU, manatu, mandado, ordenado).
AGUDO, laster.
AHANTZI, ahanztu, ahaztu.
AHOLKATZE, aconsejar.
AHULERIA, makaltasun.
AINA, adina, beste, bezainbat. (Hitz honek ez daduka H-rik).
AIPATU, aipatutako, aipaturikako, aipaturiko.
AIPATZEKE, aipatu gabe.
AITZINAGO, aurrerago.
AITZINDARI, precursor.
AITZITIK, al contrario.
ALDIZ, berriz, ordea, ostera.
ALEGIA, a saber, es decir, esto es.
ANTZA, dirudienez.
ARABERA, arauera, según, conforme.
ARAUERA, arabera, según, conforme.
ARDURA, axola.
ARE, oraindik, aún, encore.
ARRAS, guztiz, zeharo.
ARRASATE, Mondragoe.
ARRUNT, común, corriente, ordinario.
ASKI, nahiko.
ATMOSPHERALDE, zona de atmósfera.
ATXIKIMENDU, adhesión.
AURRERITZI, prejuicio.
AZTARNATEGI, yacimiento arqueológico.
AZTARREN, aztarna, vestigio.
BA, bada, pues.
BADA, ba, pues.
BAHITU, secuestrado.
BAITAN, -gan.
BANAZKATZE, banatze.
BARREIATZE, esparcir, difundir. behin.
BATIK BAT, batez ere, bereziki, guztiz ere.
BATZUK, zenbait. (Batzuek aktibo, batzuk pasibo).
BEDEREN, gutienez, behintzat, behinik.
BEHATU, begiratu.
BEHILEGI, amarillo muy vivo (color vaca), jaune très vif (couleur vache).
BEREBIL, automóvil.
BEREZTE, bereizte, distinguir.
BIDE, agian, beharbada, nonbait.
BILAKATU, bihurtu.
BILDUMA, colección.
BIZKITARTEAN, bienbitartean.
BOLARA, bolada, unada, época, período.
BORTITZ, sendo.
BORTIZKI, fuertemente.
DAGIELA, egin dezala (daiala).
DAKIKEGU, dakigu nonbait.
DAKIKETE, dakite nonbait.
DAKUSAGU, ikusten dugu.
DANTZUT, entzuten dut.
DARAMA, daroa, eramaten (eroaten) du.
DARAMAGU, daroagu, eramaten (eroaten) dugu.
DARAMATZAT, daroadaz, eramaten (eroaten) ditut.
DARDARA, vibración.
DATZA, yace, está, consiste. (Etzan aditzaren forma).
DEA, da + a. (Azken bokal hau galdeetan eransten zaio aditzari).
DEI, llamar. (DEITU, llamado). Iparraldekoek akusatiborekin erabiltzen dute aditz hau. Beharbada, holaxe izan behar luke euskara batuan. (Ez nazazula dei neure egunen erdian. Axular, 127).
DEMAGUN, eman dezagun (daigun).
DENBORA, denborea, el tiempo.
DEUS, ezer.
DIOGUN, dinogun, esan dezagun (daigun).
EGOTZI, bota, jaurtiki.
EGUNBIRA, rotación diaria.
EHIZA, caza, chasse.
EI, omen.
EKAIN, junio.
EMENDATU, gehitu.
ENGAIAMENDU, compromiso, engagementt.
ERA, proporcionar. (ERATU, proporcionado).
ERABAT, guztiz, zeharo.
ERABATEKO, guztizko, completo, total.
ERAKUNDE, institución, organismo.
ERASO, ataque.
ERBINUDE, comadreja, belette.
ERGEL, bobo, tonto, imbécil.
EROAN, eraman.
ERORTZE, jauste.
ERRET, regio, real. (Berba honek, hurrengoarekin hitz elkartu bat egiten duenean, galdu egiten du azken bokala, eta G kontsonantea T bihurtzen da. Hala idazten du Armendaritzek, klasikoei jarraituz. Kasu honen antzekoak ba ditugu beste asko ere: Artizar = argi + izar, betilun = begi + ilun, satitsu = sagu itsu, abeletxe = abere + etxe, eta abar).
ESPANTU, valentía, jactancia.
ESTAKURU, aitzaki, atxakia.
ETORRI, etorritako, etorririkako, etorririko.
ETSITU, desesperado, desistido. (Baina gero, biziak etsitu duzunean, egin gogo dituzu liberaltasun handiak. Axular, 157).
ETZAN, horizontal.
EUREKIN, haiekin.
EZEN, ze, pues.
EZEZIK, no solamente.
EZKUTATU, ocultado.
EZKUTU, oculto.
FROGATU, probado, demostrado.
FUNTS, esencia, sustancia.
GAINDITU, superado.
GAITZ, eskerga, enorme, atroz.
GARAMATZA, garoaz, eramaten (eroaten) gaitu.
GEHIENGO, mayoría.
GERTATZE, resultar.
GISA, modu; bezala.
GORABEHERA, a pesar, malgré.
GREBA, huelga.
GUTIESTE, menospreciar, subestimar.
GUTUN, eskutitz.
HAATIK, hala ere.
HAIK, hareek. Haiek (heiek) aktibo, haik (hek) pasibo. (Ikus Lafitteren «Grammaire Basque», 82. horrialdea).
HALABER, así misma, igualmente, por ejemplo.
HALAFEDE, a fe mía!
HANDIXEK, handik + xe.
HARBEL, pizarra.
HASTAPEN, principio.
HAUK, honeek. (Hauek aktibo, hauk pasibo).
HAUTESKUNDE, bozketa, elección, votación.
HAUTESLE, votante, elector.
HERENSUGE, dragón.
HEZI, domado.
HEZIERA, hezkuntza, educación.
HILDO, surco, sillon.
HIZKUNTZ, lingüístico. (Hitz honek eta hurrengo biek, kasu honetan, galdu egiten dute A organikoa, arazo berbarekin hitz elkartu bat egiten dutelako).
HOBESTE, preferir.
HOIK, horik, horreek. (Hoiek aktibo, hoik pasibo).
HONTZ, lechuza, chouette.
HORBEL, hoja seca, feuille seche.
HORIK, hoik, horreek. (Horiek aktibo, horik pasibo).
HORLEGI, verde (color hoja), vert (couleur feuille).
HOTS, a saber, es decir, esto es.
HURA, ha.
IDAZKARI, sekretari.
IGORRE, Yurre.
IKUSKIZUN, espectáculo.
ILEGABE, ulebako.
INPERIALIST, imperialista. (Hitz honek, kasu honetan, galdu egiten du bere A organikoa, hurrengo berbarekin hitz elkartu bat egiten duelako. Hala idazten du zenbait idazlek).
IRAGAN, igaro, pasatu.
IRAGATE, igarotze, pasatze. Han barrena sartu dire, / gaua iragateko; / ezen* bertze ostaturik / ez zuten gelditzeko (Joanes Etxeberri Ziburukoa, Noelak, 50). Berdin: igate, jasate, ukate, eta abar.
IRENTSI, absorbido.
IRITXI, heldu.
IRTEN, urten, atera, jalgi.
IRTETE (ez irtetze), ateratze, jalgitze.
ISTORIO, hecho narrado, ingelesez story. (HISTORIA, kondaira, ingelesez history).
IZARBEL, planeta.
JADANIK, ya.
JARRERA, actitud, postura, posición.
JAZOTZE, gertatze.
JOSTAILU, jostagailu, juguete, jouet.
KALE EGIN, fracasar, fallar. (Kasu honetan, kale hitzaren azentua lehen silaban doa).
KASA, pentzu, cuenta. (Bere kasa = por su cuenta).
KAUSITZE, aurkitze.
KAZETA, periódico, journal.
KAZETARI, periodista, journaliste.
KIRIKINO, erizo, herisson.
KISA, gisara, pentzura.
KONPETENTZIÁ, la competencia. (Azentuak, hitza mugatua dela adierazten du).
LANDA, kanpo, lekora, at, fuera.
LEGEZ, lez, bezala.
LEKUKO, testigu.
LOXINTXA, lausengu, lisonja, flatterie.
LUZANGA, luzetto.
LUZERÁ, luzerea, la longitud. (Hitz hau mugatua dela adierazten du azentuak).
MAIZ, sarri.
MATXINSALTO, saltamontes, sauterelle.
MENDEBALDE, mendebal alde, occidente, Oeste.
MERKATAL, comercial, mercantil.
MINTEGI, seminario.
MUSKET, musketa, almizcla, musc. (Ikus INPERIALIST).
NABARI, evidente, notorio, perceptible.
NABARITZE, percibir, patentizar.
NEHOR, inor.
NON, que.
ÑABAR, variado, diferenciado, matizado.
OFIZIAL-, ofizialki.
OIHAN, baso.
OKINTZA, ogi + gintza.
OMEN, ei; prestigio, reputación.
ORDRE, orden.
ORMA, paret. (HORMA, hielo, glace).
ORO, guzti.
OSTARKU, arco iris, arc-en-ciel.
OSTEGUN, eguen.
OSTEKO, ondoko, ondorengo.
PARADA, abagadune, aukera, era, ereti, ocasión.
PIKOTA, picota (antiguo instrumento de suplicio). Joan pikotara = irse a la nada, irse al traste.
POSTARI, cartero, facteur.
SARRITAN, maiz.
SOLIPSISMO, solus ipse, norbera bakarrik.
SUNTSITZE, hondatze.
TANKERA, taxu, estilo.
TINKATU, frenado, aplastado, apretado, completamente unido.
TRINKATU, oprimido.
UGAZABA, amo, dueño, maître.
UKALDI, golpe.
UKAN, izan. (Ukan aktibo, izan pasibo).
URDIN, azul.
URRATS, pauso.
USTEKERIA, sospecha, creencia vaga.
UZTAIL, julio.
XEDE, asmo.
ZAPUTZ EGIN, desamparar, abandonar.
ZALANTZA, vacilación.
ZATEKEEN, izango zen.
ZELAN, zela, nola.
ZÈN, que se había. (Zuzentzaileak jarritako azentu honek, aditzaren erlatibotasuna adierazten du).
ZEREN (ETA), ze, pues.
ZINEZ, benetan.
ZORTE, fortuna, suerte.
F. Bondy: "Gainerakoa, idaztea da"
François Bondy kritikoak berrogei urte luze eta haunditako esperientzia du kritiko literario bezala. Pariseko bere torre literariotik, Frantziako eta mundu guztiko mugimendu literarioak segitzen zituen. Begi zorrotzez. Eta ezagumenduz. «Gainerakoa, idaztea da «liburuak, urtez urte idazle sozial-politikoaren inguruan idatzitako artikulu bilduma* bat dakarkigu.
Idazle «konprometatuaren» gaia, moda luze bat izan da. Orain ba dirudi, denbora* nekatu dela moda astun horrekin, eta gainbehera doala. François Bondy kritikoak, «littérature engagée» dogma zeneko bolara* erakusten digu. Eta nola impasse batetan, irtenbiderik gabeko kalean, bukatu duen. Ederki erakusten dizkigu, azkeneko urteotako idazlerik ospetsuenek erabili dituzten burutapide eta eginkizun politikoak. Eta nolako nahasmendutan ibili behar izan duten, ez zirena izan nahiz: politikoak.
Politikotara sartzen den idazlea, mila kontradizio eta bihurgunetako laberintuan kausitzen* zen. Brecht-ek bitxiki adierazten zuen moduan, «zer lanetan ari zara?» galdeturik, erantzuten du Keuner jaunak: «Hurrengo ekibokazioa prestatzen ari naiz». Situazio horrexetan kausitzen baita idazle konprometatua. Alde batetik duda eta kritika, bestetik helburu garbiak eta ekintza predikatu beharrik. Halarik ere, ez dago biak bateratzerik; eta «littérature engagée» guztiak kontzientzia erdibitu bat agiri du. Kritiko eta eskeptikoa da batetik, sinestun eta dogmakoi bestetik (aktibista den neurrian). Eragin eta irakatsi egin nahi duen neurrian, jakitun moduan agiri da; baina, egunetik egunera nahasiagoa bihurtzen den ideologien nahasmahasian eta kaos informatiboan, ezjakin hutsa da. Horregatik, eguneroko gorabehera politikoetan sartzen delarik, apelazio moraletan errefujiatzen da berehalaxe, gehiago ezinik. Idazle konprometatuek prediku sutsuak egin dituzte: baina azterketa politiko franko sinplistak ere bai, gehienetan.
Hitzaurrean Herbert Lüthy-ren hitzok irakurtzen dira: «Munduaren kontzientzia bezala konstituitu zen* intelektuala, hain problematiko bihurtu zitzaion bere buruari, non* azkenerako beste problema denetan berarekiko zerikusiak bakarrik ikusten baitzituen. 'Littérature engagée' delakoaren gai bakarra bere burua bihurtu zen; eta engaiamenduak,* atxikimenduak,* solipsismotan* bukatu zuen. Batez ere Jean-Paul Sartrek, bere polemika eta drametan ere, ez zedukan funtsean* bere buruaz beste solaskiderik. Eta honen atzetik, intelektualari buruz intelektualek intelektualentzat idatzitako literatura ugaria sortu da».
Nork ez du ikusten, izan ere, literatura konprometatuaren horririk konprometatuenak, kartsuenak, eta ederrenak ere bai, literaturak konprometatua izan behar duela esateko idatziak direla? Literatura konprometatuak ia berc buruaz bakarrik dihardu. Ez da, ba,* gehiegi harritzekoa, makina bat entseiu egin izan ondoren, literatura konprometatuari buruz azkenean eskeptizismoa eta, dagoeneko, nekea eta aspertua sortu badira. François Bondy kritiko xeheak horrelako entseiu mordoska bat azaltzen digu: Gido, Mauriac, Sartre, Camus, Senghor, Fanon, Mailer, Foucault, Walser, Bertrand Russell, Orwell, Gombrowicz.
Literatura konprometatuaren krisialdia, inon baino nabarmenago, Sartrek azkeneko bolaran hartu dituen jokabideetan nabari da: ba dirudi, Sartrek aktibismo hutsetara pasa nahi duela (nahiz eta, beharbada, pauso literario batekin egin nahi hori!). Bere liburu guztiak baino inportanteago dela, Renault-en greba* bat antolatzea, deklaratzen du behintzat. Lastimagarria zera da: Sartrek esanda gauza inportantea dirudien hori, beste edozeinek esanda astakeria hutsa izango litzatekeela. Nolakoa den justizia...
Aspaldiko arrazoia du hori Sartrek, «Nouveau Roman» zenaren kontra egotzia,* alegia*: ez zuela Hirugarren Munduko gosea erremediatzeko balio. Sartre ondoko literatura konprometatuak (eta Bigarren Mundu Gerra osteko* literatura konprometatua ez du inork Sartrek aina* markatu eta moldatu) ilusio horixe zuen agian.* Bistan dago, hori berak ere «Nouveau Roman»ek bezain guti lortu duela.
François Bondyren lumak ongi erakusten duenez, literatura konprometatuaren saioak, adorez* beterik hasi ondoren, ia beti noragabezian eta bero buruaz teorizatzen galtzen dira. Udaberri oso labur baten ondoren, laster zimeltzen diren saioak.
Batetik, Sartre bezalakoak daude: literaturari zaputz* egin eta konpromisoarekin bakarrik gelditzen direnak. Flaubert-en gisakoak, bestetik: politika arazoetatik erretiratu eta literatura egiten dutenak. Pirandelloren aitortza batetan ere ikus daitekeenez: «Nire uste politikoen aztarren* izpirik ere ez duzu somatuko nire izkribuetan. Bero oritzi politikorik edukitzeko edo Alderdi politikoren batetan egoteko eskubide osoa du idazleak, nik uste; baina ez, eritziok bere idazlanetan adieraztekoa».
Ohargarria, halaber,* Camusekin gertatzen dena ere: konprometatua zen, noski; baina periodista bezala adierazi zuen bere engaiamendu* politikoa. Literatura eta periodismoa berezten* zituen bere lanean. Literatura egiterakoan ere «konprometatua» zenean, arrazonamendu politiko-humanistak egiten hasten denean, orduantxe gertatzen da literarioki eskasena, La Peste-ko zenbait zatitan adibidez.
Zer? Idazleak ez duela eskurik politikan sartu behar, erabaki beharko ote da? François Bondyk ez luke horrelakorik esango. Bai, ordea, konpromisoaren problemari jadanik* beste planteamenduren bat bilatu beharra dagoela. Orain artean planteatu izan den bezala, izan ere, ez da inora ailegatzen.
Planteamendu berri honek ez lituzke idazlearen eginkizun edo funtzio literarioak eta politikoak nahasi behar. Eta bai garbi berezi. Literato haundi askok eritzi politiko guztiz eskasak izan dituzte, gaiztoak ez zirenean ere. Orduan literatoa ere arriskuan gelditzen da. Eritzi politikoak, holakoxe bezala —eritzi politiko moduan— neurtu behar dira, eta «gainerakoa, idaztea da».
Hori osatuz, beste sujerentzia jakingarri hau egiten du Bondyk: idazleek, lehenik, ideologiak alde batetara utzi behar lituzkete, beren kisa* aritzeko, eta, gero, «historia inofizialaren kronista» izan behar lukete, hots,* arrain mutuen abotsa.* Hau da, mende honetako literaturaren gaia Nitasun oinazetua da. Jende sufritua, «jende tipia». Nolanahiko enpresarioen mundu honetan enpresarioetakoak ez; baina «enpresatuetakoak» diren jendeen boza, beraz, Brechtekin esateko.
Literatura konprometatuaren hauzia, gaurko bere gaitzalditik irteteko,* Bondyk sujeritzen dituen bideetatik desarroilatzen bada, atzera XIX. mendeko errealismo aldera joko dela dirudi. Ideologia erantz, lehen lehenik literatura egin, eta «jende tipiaren» abotsa izan. Literatoak aurkeztu egin behar du, presentatu eta adierazi. Ispilu errealista izan behar du. Ez aitzindari edo buruzagi, ez «caudillo» bihurtu.
Beharbada, Hego Amerikako nobelak zenbait premiazko zuzenketa ekarriko dio literatura konprometatuaren hauziari. Nobela haik* zinez* konprometatuak dira; baina ez dira, Europako —eta Euskal Herriko— zenbait literatura bezala, idazleak bere eritziak parra-parra barreiatzeko* tribuna huts. Izan oro, hemengo zenbait obra literariotan gaiak ez du bizitza propiorik batere. Autorearen monologoak dirudite, edo maisu baten lezioak, pixka bat diximulatuta.
M. L.
daude, dagoz
digu, deusku
dio, deutso
dizkigu, deuskuz
zedukan (zeukan), eukan
zitzaion, jakon