ANAITASUNA

260. zenb.

1973.eko irailaren 15ekoa

Pelota, 4 - 1.º - Bilbao-5

Tel. 23 74 49 - Apart. 495


ANAITASUNA Bizkaia

Hamabosterokoa.

Zuzendari ordezko: Imanol Berriatua.

Bulegoa: Pelota, 4-1.º - Bilbao-5.

Imprimatzaile: AMADO, Mazarredo 35 - Bilbao-10.

Moldatzaile: RALI, Particular de Costa 12-14, 3.º - Bilbao-10.

XXI. urtea.

D.L.: BI-1.753 - 1967.


Mitoak direla eta

Neure zenbait lanen ondorean, ez nuke esan beharrik, ez naizela mitozale eta bai mitologizale. Baina ez dakienak jakin beza.

Omenaldi zale ere ez naiz, eta gaur ugari eta edonori egiten zaizkion omenaldiena are* gutiago. Omenaldiak, gai edo espezialitate batean lan bereziak egin dituztenek merezi dituzte, batez ere urte askoren ondorean hildoz* hildo zintzoki jarraitu dutenek. Holakoa izan da, aurten J. M. Barandiarani Ataunen egin zaiona. Lehenago, berak erabili dituen gaietan jakitun diren intelektualek egin zioten, 1971.eko «Munibe» agerkaria bereziki eskaintzazko lanez horniturik; eta orain herria bera izan da, bere herrian omenaldia eskaini diona.

Euskal Herriko kultur zaleek zorrik asko bazioten ere, herriak ere, bere literatura jaso eta baliatzeaz, ez zion guti zor. Baina nik pertsonalki nuen berarekin holako zorra, hainbeste irakaspen eman zidalako. Gainera, irakaspen guztiok ez ziren etnologiaren ingurukoak; giza jokabide mailakorik ere jaso nuen. Guztiongatik pertsonalki bera agurtzera agertu beharrezkoa nuen; eta inoiz haurren mailan aurkitzea ere ona dela usterik, han nintzen haurren egun hartan, euskal mitologiako ipuinak hain gogotsu irensten dituzten geure Unai eta Oier mutikoekin.

Beraren etxean, aspaldiko jaun adiskide bat ere aurkitu nuen, eguerdi hartan. Bi senar-emazteok Barandiaranekin elkar hizketa labur bat izan genuen; eta honetan ere ba zen ikastekorik. Don Jose Migel harriturik zegoen, beragatik hainbeste jendetza etorri zelako eta hainbeste «alferrikako» zeregin hartu zutelako. Berak ez zuela holakorik merezi. Beste jaunak, baietz, ongi merezia zuela, bizitzan zehar egin duen lanagatik eta duen adinagatik.* Baina berak:

— Nik? Nik zer egin dut, ba*? Nire lanbidea hau denez gero, lan eta lan egin. Gizon guztiek edo gehienek bezala, lan egin. Hargina edo mekanikoa izan banintz ere, berdin.

Hala ere, bestea ez zegoen horretan.

— Baina, baina zure lana —esaten zion— hain izan da berezia eta hain jakituriazkoa!

— Baina, lana. Eta, hori bai, ahalik eta ondoen egiten zaildu* naiz. Eta hori beste lanbide batean ere berdin egingo nukeen. Ni, beste edozein gizon bezalakoa naiz, ez gehiago eta ez gutiago.

Bitarteko sartu nintzen, besteari adierazteko, Don Jose Migel mitologoa zela, baina ez mitogilea, eta bere buruarekin ez zuela mitorik sortu nahi. Eta berberak tinkatu* zuen esanez uste hori zuela.

Lehendik ere ba genekien, eritzi horretakoa zela. Baina gehiago oraindik. Besteak, «zuk hori, zeure izate apalagatik egiten duzu, noski» esan zionean, Don Jose Migelek erantzun: «Ez, ez! Ni ere ez naiz zuk uste bezain humila; nik ere neure harrotasunak ditut. Harroa naiz, gizakiak, bere izatetik edo, hori berarekin duelako. Baina egiaz aitortu nahi dut, ez naizela beste inor baino gehiago».

Mitoak jendeak egiten ditu; baina gizon jakitunak nekez sortuko ditu. Ikerketa lanetan ari direnak, ase ezinezko jakin nahiak bultzatzen ditu gehienbat, eta ez dituzte beren lanak egiten, bihar edo etzi norbaitzuek eskertzeko, ez. Holakorik uste duenak, lehendabizi bere burua argitu behar du, edo bere buruan duen nahasmendua garbitu behar du, argiago ikusteko.

Ihazko urtean, F. Ruiz de Arkauteren elizkizunak zirela eta, espeleologian ari direnak edo inoiz ari ginenak bildu ginen Larraitzen. Ez, gero, akelarrea antolatzeko, espeleologigintzaren alde erabaki batzuk hartzeko baizik. Han bertan gertatu zen egun hartan Luis Haranburu-Altuna ere. J. M. Barandiaran presentatzea eskatu zidan, eta hala egin nuen. ZERUKO ARGIAn artikuluak idazten zituena zela esan nion. Ez nion esan, Larraizko akelarrean, zuzendari gisa* edo, parte hartu zutenetako zenik.

Haranburu-Altunak, mitologizalea zela esan zion Don Jose Migeli (gaur edonork daki hori ongi). «Ni ere bai —erantzun zion hark—, baina ez zuek zuzpertu* nahi dituzuen mito horien zale». Haranburu-Altunak zirikada hura ulertuko zuela uste nuen. Baina geroztik irakurri ditugunetatik, nik neronek zalantzak* ditut, holakorik ulertu ote zuen. Nork esan du, berak ezik, L. Mitxelenaren mitoa? Gero, AGUR eta GOIZ-ARGIkoek argi eta garbi agertu nahi izan digute, ez mitoa ez dela, baizik «maisurik» ez dugula ere bai.

Hasieran agertu dudan bezala, mito-sortzaileengandik neure burua apartatu nahi nuke (beharbada mitologizaleei komeni ez zaigulako, nahi duenak har beza nahi duen bezala). Baina puntu honetan gauza bat bakarrik argi laga* nahi nuke: Itsurik ez dugula behar itsumutiltzat. Eta Mitxelena, oraingoz, mito ez baina maisu dugula linguistikan, eta euskal linguistikan bereziki. Eta ez dagoela eskubiderik, zenbait buruberorengandik entzun dituenak entzuteko. Gutiago, jaso dituen irainak* jasotzeko; batez ere, mitoa zer den bereizten ez dakitenengandik.

Mitxelenak ez du izan gure agerpenik, maisu bezala azaltzeko. Berak, bere ahalmenez, bere buru lanez irabazi du maila hori; eta herbestekoek (gure arteko hizkuntzalari gutti batzuk izan ezik) aitortzen dute haren jakinduria eta ahalmena.

Linguista ez banaiz ere, neure karguagatik oso hurbildik* bizi izan ditut azken urte hauetako aurrerapen eta batasun nahizko problemak. Ikusi dut, biltzarreetan zer itzal duen Mitxelenak, linguistikaz dakitenen artean. Ikusi dut, bizkaiera ere guk bestean ba dakiela (eta aditzari buruz ezer badakit, honetaz ezer esango nuke; baina nik esan beharrak Orixek berak nire ohoretan agertu zituen «Karmel» aldizkarian); eta Erronkarikoan ere ezer galdetu beharrik izan nuenean, berari jaramon* egin nion eta ez beste batzuei. Ikusi dut, Euskaltzaindira agertzen diren galdera korapilotsuak askatzeko (nahiz linguistikaz, dialektologiaz, bibliografiaz...), beste inork ezinean, beragana jotea aski* izan dugula. Ikusi dut, bere «marfilezko torre» horretatik ere, eskatu zaion bakoitzean, zelan* «jaitsi» den gure herri maila honetara. Ikusi dut, zenbat eta zenbat lan, zenbat ordu doharik* eman duen gure eskariz. Ikusi dut, gizon langilea, euskarak duen premia larrienaren garaian, bizibeharragatik doluminez herbesteratzen (hau ere, inork badaki, nik ondo dakit, erabakia hartzeko orduan eta partitzeko tenorean* egin nizkion bisitengatik). Eta abar eta abar.

Mitologigintza arinetan ari direnek, arinkeriak bilduko dituzte beren liburuetan, emaitza fruitukorrik eta anaien elkartasunik guti baino guttiago eskainiz. Eta Banestoko edo papelgintzako akzioen kontura bizi direnak, arin jolastuko dira, nahiz Errosarioko Amari kandelak jartzen edo nahiz Marxi erreberentziak eskaintzen eta beren gisara bizarrak apain erabiltzen. Sakela txanponez beterik duten artean, ondo jolastuko dira, besteen semeen ogiaz gehiegi larritu gabe.

«Fuga de cerebros» delakoaz ardura? Hobe, jakitun guztiak joango balira. Itsuen herrian, betokerra nagusi.

JUAN SAN MARTIN

beza, bei

digute, deuskue

dio, deutso

nion, neutsan

nizkion, neutsazan

zaigu, jaku

zaio, jako

zaizkin, jakoz

zidan, eustan

zion, eutson

zioten, eutsoen


Ekonomia

"Bretton Woods" (1945) edo USAko diru krisiaren iturria

Esan genezake, kapitalismoaren historian ba direla zenbait konstante, beti edo ia beti gertatu direnak. Esate baterako, enpresak sakabanaturik zeuden ekonomia batetik. monopolizaturik dauden beste batera iragarri* da: Estatu eta erakunde ekonomikoen arteko harreman ezatik, lotura haunditzar batera (monopolio estatal fasera); erresuma* bakarti eta erdi autarkiko batzuetatik, elkar katigatu* eta uzkaldutako* batzuetara, eta abar.

Gerrate ostean. higidura* hau oso bizia izan zen, eta USAren inguruan egindakoa. hain zuzen ere.

Urte hoietan, USAren nagusigoa jadanik* gauza nabarmena zen; eta datuak gura izanez gero. nahi adina* daude. Adibidez:

a) USAko industriaren eginkortasuna edo produzio gaitasuna honela mugitu zen, indizetan jarririk: 1939.ean 100, 1945.ean 131.

b) Zifra hoiek berez asko esan nahi badute ere, USAren aurreratze ikaragarria ezin daiteke adieraz, Europaren beherakada kontuan hartzen ez badugu. Ikus:

Europaren pasiboa edo zorra (1945) $ 260.000 milioi

USAren aktiboa edo hartzekoa (1945) $ 42.000 milioi

c) Bestalde, honela hazi zen industri produzioa garai horretan (1937-1948):

USA + 72

Europa - 1

Munduko besteak - 1

USAk, neurri gabeko botere hau dela medio, Europa eta beste erresumak zeharo kikildurik eta menpeko eduki ahal izanen du, eta ekonomian ezezik* politikoki ere nagusi azalduko da. Hitz batean esateko, botere honek sistemaren bizkar hezur integratzaile bat bezala jokatzea permititu dio USAri.

Boro inperialismoa aurrera eramateko, era guztietako gainerre:,uma erakundeak* sortzen ditu: militar aldetik eta jabegoa zaintzeko, NATO, SEATO eta beste; ekonomi aldetik, berriz, Banku Mundiala, GATT eta, nola ez, diru sistema berria (Bretton Woods-en ezarritako Urre Ganbio Patroia edo «Gold Exchange Standard» sistema).

Konturatzen bagara, USAk 1944. urtean dadukan nagusigoarekin. Bretainia Haundiaren kasuan aipatzen genuen super-erresuma baten arazo hura berriztatzen zaigula dakusagu.* Eta, lehen, erakunde gehienak Londresko City-ren zerbitzuan bazeuden, orain Wall Street-en onerako egonen dira, New Yorkeko banku handien zerbitzurako, hain zuzen.

New Hampshire-ko Bretton Woods herrixka horretan bi soluziobide irakurri ziren: bata Keynes ekonomilari inglesak aurkeztutakoa. eta bestea USAko White-k proposatu zuena. Espero zen bezala, azkeneko hau izan zen onhartua, ez noski hobea zelako (Keynes-ek sistema egokiago bat defendatu zuen, urrea baztertuko zuena, «bankor» izeneko txanpon berria sortu nahiz, eta abar). baizik eta amerikanoek beren nagusigo horri etekina* atera nahi izan ziotelako.

White-ren arauekin antolatutako Nazioarteko Diru Erakundeak abantail hauk ematen zizkion USAri:

a) Erakunde honen barrenean eta erabakiak hartzeko garaian, botoak Estatu bakoitzaren errentaren arabera* ematen dira (hobeto esanik, kuotaren arabera, baina hau haren proporzio bat dela). Honela. USAri botoen % 30 tokatzen zaio.

b) Urre Ganbio Patroia hartzen da diru sistematzat. Hemendik aurrera, likidatasuna, harreman ekonomikoak errazteko beharrezko diren paper eta banku diruak bi oinharritan finkatzen dira, hots,* dolarrean eta urrean (askoz ere neurri tipiagoan libran ere bai). Horretaz gainera, nazioarteko merkatalgoa* bai urrearekin eta bai dolarrarekin egin daiteke. Jendeari berdin zitzaion sakelean dolarra nahiz urrea edukitzea. Erresumetako erreserbekin ere halaxe gertatzen da, zeren* eragozpenik ez baitzegoen batere USAko txanpon hori urrearekin trukatzeko. Bakarrik USA eta Bretainia Haundikoek ezin zezaketen joko honetan parterik har; galerazia zedukaten trukea.

c) Trukatze hau, urre ontza bakoitzeko hogeita hamabost dolar emanez egingo zela erabaki zen Bretton Woods-en, hots, gerra aurreko prezio berean. Hau, edozein aldetatik begiraturik, bidegabekeria handi bat da, zeren ez baitzuten kontuan izan garrarekin sortu zen inflazio ikaragarria (% 200 baino gehiagokoa).

Bigarren gerrate ondoan, Europa txirtxillatua* zegoen eta beharrezkoak zituen hainbat eta hainbat produktu eta ondasun, bere eraikitzea lortzeko. Eta, jakina, munduan bat zen, eskain zezakeena: USA. Baina lehen aipatu dugun trukatze horren «berezitasun» hori dela medio (gerra aurreko neurrian egitea, noski), produktu hoik* Europak garestituta erosten zituen. Adibidez, Italia makina baten premian dago. Nora joanen da bila? Bada, inora joatekotan, USAra, hau baita gerratik tente irten den erresuma bakarra.

USAn 3.500 dolar balio duen makina bat erosten du. Baina, nola Italiak dolarrik ez dadukan, urrez ordaindu beharra daduka derrigorrez, eta, lehengo arau horri jarraituz, 3.500/35 100 ontza urre emango dizkio.

Eta hau Italiarentzat alukeria* bat dela dudarik ez, zeren, inflazioa kontatu izan balitz, ehun ontzen ordez 50 bakarrik bidali beharko baitzituen (% 200-eko inflazio batekin, urre ontza batek 70 dolar eta ez 35 balio du eta).

Ez da harritzekoa, beraz, urre guztia Fort Knox-era ziztuan* joatea: 1948.ean munduko erreserben % 71 USAn zegoen.

d) Europa dirurik gabe gelditu zen, eta hazkuntza baten gurarian.* Bestalde, USAk Europan zedukan merkaturik onena. Marshall laguntza etorri zen orduan, baina bi baldintza nagusiren pean:

- nahitaez, laguntza horrekin erosiko ziren produktuek Ipar Amerikarrak izan behar zuten.

- Europak amerikanoen inbertsioei ateak zabaldu behar zizkien. Egoera honek 1958. urterarte iraungo du.

JOSETXO EZPELETA

daude, dagoz

dio, deutso

genezake, geinke

zaigu, jaku

zaio, jako

zeuden, egozen

zezakeen, eikean

zezaketen, eikeen

zioten, eutsoen

zitzaion, jakon

zizkien, eutsezan

zizkion, eutsozan


Arratiatik Lapurdira

Maiatzaren 31n, Baionako feria zabaldu zen Euskal Kultur Egunarekin; eta Arrangoitzen,* egun berean, Ikastolen Eguna ospatzen zen. Aukera zegoen, eta nik bietarakoa hautatu nuen. Leku bi horietan ikusi nuena kontatuko dut. Lehen aldia zen horrelako festaldi bat ikusten nuela.

Lapurdi ere Euskal Herri da

Norbaitek idatzi zuen, Bilbaoko gorria maiteago zuela Iparraldeko berdea baino, maiteago zituela lantegiak kostaldeko turismakeriak baino. Esan nahi zuen, euskaldungoaren abiadura errotuago zela lantegien arteko arazo bizietan, industriarik gabeko lorategietan baino. Harentzat, burdin labeek gorriz pozoitzen duten zerupe hartan dago nonbait Euskal Herriaren zortea.* Nik, aldiz,* nahiago nuke hemengo partean burdina gehiago eta hango partean ximinietako ke jario gutiago balitz. Gauzak beren neurrian, hobekiago.

Nork ez daki, Hegoaldea (eta hemen Bilbao bereziki) eta Iparraldea biziki diferenteak direla gizarte egitura aldetik? Mundu guztiak daki, errekako urak, Bidasoakoak halaber,* ez direla alfer gaiztotan pasatzen erdi erditik eta urterik urte. Ipar Euskal Herria, hala ere, zutik dago bere ttipian, eta zutik nahi dugu. Gorriago edo berdeago edo zuriago, nahi dena, bai (horretarako aukera denean); baina lehenik zutik nahi dugu. Dena den, Bilbao edo beste edozein herri bezain Euskal Herri dugu hau ere. Ohar hau badaezpadan* egiten dut.

Baionan

Baionan urtero bezala, feria bat muntatzen da. gauzen erakusteko: makinak, etxe tresnak, ganaduak... Feria honek maiatzaren 31tik ekainaren 11rarte irauten du. Hamaika egun doi* doia. Lehen eguna —frantses agintaritzak hastapenetik* herrialde honi ohore egin nahirik, noski— euskal kulturaren eguna izan da. Han ikusi genituen zenbait kantari talde, dantzari talde eta beste, ofizialtasun honi beren arteak plegatzen. Ez zen han nehondik* ere euskal girorik sentitzen. Jendea, mahaiaren gainean jan-edanean, irri eta barreka ari zen. Artistak kabaretetan ari ohi diren giroan ari izan ziren kantariak taularen* gainean. Jauntto batzuen entretenigarri eta gehienen aspergarri. Egia esan, Baionako feria hau, euskal kulturari gagozkiola bederen,* egiazko engainamendu bat iruditu zitzaigun, euskal arazoetatik urrutiratuek goinagusientzat apropos erositako jaialdi bat funtsean.* Itxurak behar ziren egin, herrialde hau Frantziako euskal «erregio» bat dela adierazteko. Eta kito. Horretan dago, ofizialtasunak euskaldungoari egiten dion ohorea. Hau behintzat nahiko garbi ikusi genuen.

Eta Arrangoitzen...

Eta Arrangoitzen Ikastolen Eguna. Egun handia euskalzaleontzat. Hemen giroa euskaldunagoa zen, Baionakoa ez bezalakoa, halafede! Hain zuzen, Iparraldeko Ikastoletaz arduratzen diren gehienak han ziren, han haurren gurasoak, han andereñoak, han euskalzale anitz.* Areto* paregabe hura* beterik zen.

Ikastolen festa honek bihotzean hunkitu* gintuen. Zergatik? Herri deuseztu* eta erori baten zutitzeak zer sufrikario eta zer neke dakarren, orduan ikusi genuelako; eguneroko ekintza kulturalean ari direnen izerdiak zenbat urre balio duen, orduan dastatu* ahal izan genuelako. Ikastolak, oraino atzo amets huts zirenak, egun* indartzen ari dira. Urtero hostotzen* den landare gazte bat bezala dira ikastolak. Pozarren* entzun dugu, aurten ere ikastola berri batzuk* zabaldu direla. Zer hobekiago! Ikastolen lana arras* isila da, luzea. nekeza; baina, gerora begira. hortik etorriko zaizkigu fruiturik iraunkorrenak. Horregatik, lan horretan dihardutenak oro,* esker onez behar genituzke kuraiatu.*

Ikastolen eguna baitzen, haurren eguna zen bereziki. Zeinen* ederki kantatzen zuten, zeinen prestuki lan egiten! Eta hau esatean, Baiona eta Hendaiako ikastoletako haurrek eman ziguten ikuskaria dut gogoan. Norbaitek lan egin zuen serioski, haur haik* egoki eta hain buru zorrotzez prestatzen. Andereñoak. pedagogian laureatuak. zuentzat dira gure goresmenak.

«Oihartzunak» kantari taldea dela eta...

Arrangoitzen ezagutu genuen kantari talde hau. Egun berean, Baionan ere egin zuten beren saioa. Guztitara, sei ziren: hiru mutil eta hiru neska; baina, esku seguretik* jakin genuenez, bidean taldeko lagun bi galdu zituzten. Soinez lur onean eginak, eztarrian hari itsusirik ez, eta traturako finak. Gorbea mendiaren oinetan dagoen ibarretik, Ikastolen Eguna alaitzera etorri zirela esan zigun mutil bizardun batek, mikroaren ahotik. Batere espanturik gabe mintzatu zen euskara ederrean eta bertsolarien etorrian.* Lau kanta eman zizkiguten; horietarik bi Etxepare poeta zaharraren bertsoak. Esanen nuke, jendea gehiagoren gosez gelditu zela. Segur!

«Oskorri» hil dela, eta «Ez dok Amairu» desegin dela irakurri eta entzun dugun tenore* honetan, «Oihartzunak» bezalako talde batek itxaropenez betetzen ditu gure bihotzak. Talde honek ba du pisua, ba daki ondo kantatzen, saiatzen da publikoaren desirak eta premiak betetzen. Segi dezala zintzo bere lanean. Guk hemendik, Iparraldetik, «berriz arte» esaten diogu.

«Oihartzunak», ez dut dudarik egiten, ate handitik sartu da kantaren munduan. «Aita» hil duen semearen gaztaroan bezain gaude, hots,* bere nortasuna duen talde baten aitzinean* aurkitzen gara.

P. UBILLOS

dezala, daiala

dio, deutso

diogu, deutsagu

gaude, gagoz

genituen, genduzan

genituzke, geunkez

gintuen, ginduzan

zaizkigu, jakuz

zigun, euskun

ziguten, euskuen

zitzaigun, jakun

zizkiguten, euskuezan


Irakurleak idazle

Euskal irakasleen premia Ondarroan

Geure aldizkari horretan, ahal bada behintzat, ohar edo dei hau ipintzea nahi genuke:

Ondarroako Herri Ikastolan, E.G.B.rako irakasleak behar dira.

Deitzekotan, egin liteke, goizetan, bertoko 24. zenbakira.

Idaztekotan, zuzenbide honetara: Cooperativa de enseñanza «Egunsentia». Gruceño, 9. Ondarroa.

Mila esker. Zuen lagun,

E. Z.

Herri Ikastolako idazkaria

Urnietako «Egi-Billa» antzerki taldearen deia

Lerro hauen bitartez dei bat egiten diegu euskal teatro idazle guztiei, batez ere beren lanak argitaratu ez dituztenei («Agora» Sariketan sarituak izan ez direnei eta abar).

Mila kausagatik, Euskal Herrian obra asko daude ilunpean. Hutsune hau bete nahiz, euskal teatroari bultzada bat eman guraz, eta geure taldearen ihardunkizunari begiratuz. pozik ezagutu eta ikertuko genituzke haien obrak, haien lanak.

Harreman hestuagoak nahi badituzue, edo obrak bidaltzeko prest bazaudete, hemen doa gure zuzenbidea: Maria Arizmendi Isasa. Easa Arizmendi. Urnieta (Guipúzcoa).

Mila esker aurretik.

M. A.

Taldearen zuzendaria


Neure lantokitik

Ikastolentzat

Erdaraz liburu bat argitaratu da titulu honekin: «Catálogo General de Libros de Enseñanza». Oso interesgarria deritzogu ikastolentzat, eta, eskatu nahi izatekotan, leku honetara egin daiteke: Alcalá, 45. Madrid (14). Haren prezioa, 50 pezeta.

Euskal liburuekin ere honelako zerbait egin behar genuke; baina, oraindik ezer ez dugularik, inork ikastoletarako textu liburuen berri jakin nahi badu, dei nahiz idatz dezake ANAITASUNAra, han baitago horretarako bulego* berezi bat muntatua.

Berri bitxi bat

Hitzez hitz kopiatzen dut, eta idatzita dagoen bezalaxe, erdaraz, irakurleak berri mamitsu hau osorik jaso dezan:

Barcelona. Don Juan Echevarría, secretario general de «Motor Ibérica, S. A.», comentó muy galanamente, y con gran fluidez de palabra, la reciente situación conflictiva de la factoría de Pamplona, diciendo que la Empresa no había sufrido ningún daño, añadiendo que «la Empresa nunca será enemiga de los obreros», y que los obreros de Pamplona habían pedido «la expulsión de los causantes de la huelga». «Ni leemos homilías —dijo— ni leemos panfletos», al referirse a ciertas informaciones exageradas de ciertas publicaciones, no sin cierta ironía...

Norbaitek pentsa lezake, hau «Jaimito»tik jaso dudala; baina ez, astekari oso serio batetatik kopiatu dut, «El Economista»tik, alegia* (4.365. alea, 1900. horrialdea).

Gasteizko ikastola

Ikastola honek, irudiz beteriko liburuxka oso apain bat argitaratu du; eta bertatik estatistika hau kopiatuko dut, ikus dezazuen nola lan egiten duten Gasteiztarrek beren ikastola handitzeko:

 Ikastaroa Ikasleak

1963-64 14

1964-65 22

1965-66 29

1966-67 34

1967-68 85

1968-69 171

1969-70 245

1970-71 334

1971-72 426

1972-73 496

1973-74 576

Gasteiz inguruan 19.000 m.2 lur erosi dute, ikastola berria egiteko.

Ikastolak Ipar Euskal Herrian

Lapurdiko Arrangoitzen* 300 guraso elkartu ziren, «Ikastolen Eguna» ospatzeko. Eman ziren informazioetan agertzen da, ihazko presupostua 22 milioikoa izan zela, eta ia* dena gurasoen sakeletatik irten* zela. Kontseilu Jeneralak zerbait laguntzen du, eta Udaletxe* batzuek ere bai; baina Parisetik ez dator inolako laguntzarik. Datorren ikastaroan lau ikastola hasiko dira lanean, eta presupostua 30 milioira iganen* da.

Mirari ekonomikoak

Ekonomian ez dago miraririk. Gauzak ondo egiten badira, ondoKoak onak dira, eta gaizki eginez gero, txarrak. Jokatzen den arabera.*

Ikus ditzagun Mendebaldeko* Alemania eta Japon. Azken urteotan Estatu bi hauek aurreramendu handi bat lortu dute, eta gaurko moneden artean markoa eta yena dira indartsuenak.

Alemaniak eta Japonek galdu egin zuten gerra 1945. urtean eta hondaturik geratu ziren. Hori kalte handia izan zen. Baina gerraren irabazleek debekatu egin zieten soldaduak eta harmak edukitzea, eta hau mesedegarri izan zitzaien. Hortxe, debeku horretantxe dago, hain zuzen, Estatu bi hauek eduki duten aurreramenduaren oinharria, zeren* dirua, harma eta soldadutan eralgi* beharrean, infrastruktura egoki bat sortzen enplegatu baitzuten; eta honek ekarri du, ondorio bezala, ekonomiaren iganaldia.

Aitzitik,* Amerikako Estatu Batuak Vietnamen hondatu dira. eta 1945.ean gerra irabazi zutenek —Rusiak, Bretainia Haundiak eta besteek— ez dute behar besteko* aurreramendurik egin, harmatan eta alferrikako gastutan gehiegi xahutzen* dutelako.

Euskara irakasteko tituluak

Guztiok dakikegunez,* Euskaltzaindiak ematen ditu euskara irakasteko tituluak. azterketa batzuen ondoren. Baina. oraintsu irakurri dugunez, titulu horik* Nafarroako Diputazioak ere emango ei* ditu, eta beharrezkoak izango omen* dira Nafarroan euskara irakasteko Derioko Seminarioan ere gauza berbera egitera omen doaz. eta tituluok baitezpadakoak* izango ei dira Bizkaian Elizaren ikastoletan Oso ondo ikusten dut, Eliza eta Diputazioa euskarari buruz kezkatzea. Baina zertarako titulurik eman, Euskaltzaindiak hori egiten badu? Ez ote dago Euskaltzaindia horretarako, euskara arloan maisu izateko?

Gauzak honela aldrebestuz badoaz, laster ikusiko dukegu* Euskaltzaindia umeak bataiatzen eta zergak* kobratzen; eta, halafede, azken hau ez litzaioke gaizki etorriko.

Extra orduak

Gaur erakutsi didate, kuriositate bezala, langile baten soldataren likidazioa. Uztaileko likidazioa, konkretuki. Ba dakizue zenbat extra ordu egin duen langile horrek uztailean, hau da, hilabete baten barruan? 140 extra ordu. Honek, zerbait esatea merezi duela uste dut.

Ene ustez, konbenioak egiterakoan, langileek ordu normalakatik soldata handiagoak eskatu behar lituzkete, eta extra orduen kentzea, zeren* hauek kalte hauk* sortzen baitituzte:

- osasunak ezin du hainbeste extra ordu ondo hartu.

- extra orduekin postu berriak sortzeko bidea hersten* da. eta, beraz, langile asko lanik gabe gelditzen da.

- familiari, kulturari eta deskantsuari denbora kentzen zaie. Langileek gehiago irabazi behar dute, hori bai. Baina ordu normaletan. Besterik egitea, gizona neurritik kanpora explotatzea da, goian aipaturiko kasuan legez.*

Altsasua

Uztailak* 30. Turisten berebilak* eten gabe pasatzen dira, erreskada luzean. Frantzia, Bretainia Haundia, Belgika, Alemania... hainbat lurraldetako matrikulak. Batzuk han geratzen dira, zerbait jateko nahiz edateko, eta berebiletatik gaztelaniaz berba egiten jaisten dira: emigranteak, Europan zehar sakabanaturik dauden espainol langileak.

Iluntzean, musika taldea jotzen hasi da kioskoan. Bederatzi dira musikariak, eta zuzendariak berak ere jotzen du, neurria buruarekin markatzen duen bitartean. Soinua arina da, eta umeak (umeak dira, dauden dantzari bakarrak) saltoka dabiltza, arrapaladan,* kioskoari jirabiraka.

Ziri-miria hasi da jausten. Nire alboan andre talde bat dago Altsasuan bizi, baina imigranteak dira, Espainiako hegoaldetik etorriak. Deitzen dio andre batek mutiko bati. janzten dio borlazko euskal txamarra bat, eta ba diotsa: «Póntelo, qu'ezte zirimí moja». Eta nik errespetuz eta emozioz begiratzen diot.

Urdiain

Iruinerako bidean eta Altsasutik hiru kilometrotara, herri zoragarri hau aurkitzen dugu. Bidearen eskuin aldean, etxeak eta eliza. Ba dirudi, Urdiaindarren artean norgehiagoketa bat dagoela, ea nork etxea txukunago ager. Plazan bar bat dago. eta komuneko atean ez ea irakurtzen ez «WC», ez «Caballeros» eta ez beste honelakorik. Plaka bat dago euskaraz, eta hau dio: «Egintzak* lasai».

Herritik ezkerretarantz, eta bidexka bat harturik, igertokietara* joan zaitezke. Handik, mendialderantz, toki liluragarriak daude: zelai berdeak, pagoak, haritzak, mendi loreak, perretxikoak... eta. zoritxarrez, sardin lata hutsak eta boteila apurtuak.

Hauetariko tokirik politenean, mendixka baten gainean, elizatto bat. Atearen goialdean. eta harrian idatzirik, itxura zaharreko irakurgai bat ikusten do, leku hartantxe VIII. mendean Nafarroako lehen erregea aukeratua eta izendatua izan zela adierazten duena. Baino euskaldunon tristurarako eta gure ezker eta eskuin aldeko sasi-unibertsalisten pozerako, hitzak gaztelaniaz idatzita daude.

XABIER GEREÑO

daude, dagoz

dezake, daike

dezan, daian

dezazuen, daizuen

didate, deuste

dio, deutso

diot, deutsat

diotsa. dinotso, esaten dio

ditzagun, daiguzan

lezake, leike

lituzkete, leukeez

litzaioke, litzakio

zaie, jake

zieten, eutseen

zitzaien, jaken


Gure Munduko Albisteak

Liburu berriak

«Lanaren antropologia». Roman Garatek, GEROn

Bilboko Ediciones Mensajerok aterata, uda honetan argia ikusi du Roman Garate jaunaren lehen euskal liburuak, Lanaren antropologia deritzonak. 317 horrialdetako obra mardul honek GERO sortako 25. eta 26. zenbakiak betetzen ditu, eta Pedro Osés-en azal puntillista dotore batez horniturik dator.

Mamiari gagozkiolarik, gainbegiratu bat besterik eman ez diogun arren, seriotasun kutsu aparta eman digu lan honek, methodologia bikainez taxuturik baitago, bibliographi aipu* ugariez lagunduta. R. Garatek, bere liburuaren horrialdeetan zehar, kontsidero jeneral batzuen ondoren, berak darabilan gaiaz, beste batzuen artean, Marx, Althusser, Marcuse, Freud eta Fromm zer eritzitakoak izan diren adierazten digu. Ekonomia, Philosophia eta Psykhologia artean syntesi bat egiten ahalegintzen zaigu autore hau, azkenean, gaur egunean gizonak, bere askatasun egiazkorako, zeintzuk baldintza behar dituen aztertuz.

Oso mesedegarria, liburuak azkenaldean dakarren hiztegitxoa, obraren barrenean aipatzen dituen kontzeptuetarako hitz zerrenda egokiz, nahiz eta, zergatik ez dakigularik, bere aurretik jadanik* erabilitako hitz batzuei, halako kasuren batetan, jaramon* handirik egin ez. Hizkuntza standard bat lortzeko, nik uste, idazleok ardura gehitxoago erabili beharko genuke honetan, nor bere bidetik ibili gabe.

Bibliographiarako: GARATE, Roman: Lanaren antropologia, Ed. Mensajero, Bilbo, 1973.

«Euskaldunen ipuin harrigarriak». Martin Etxeberriak, JAKINen

M. Etxeberria jaunak, 1972.ean, Nanterre-ko Unibertsitatean presentatu zuen aztertze lana argitaratu digu JAKIN editorialak, 208 horrialdetako liburu apain gisa.

Egileak, Mme. Ramnoux-en gidaritzapean, hamabi euskal ipuin jator gaitzat harturik, Vladimir Propp errusiarrak bere Morfologija Skazky-n [= «Ipuinaren morphologia») azalduriko methodo estrukturalistaz baliatzen da, euskal herri ipuinetan azaltzen diren kontaera egiturak azaltzeko.

Azterketa hau, hasierako ideia orokor* interesgarri batzuen ondoan egina, oso ongi burututa dago, holako unibertsitari bati dagokionez, eta ez du guregandik txalorik beroenak besterik jasoko.

Akasño* bat topatzekotan, ordea, guk geuk hauxe aipatuko genuke: obraren izen benetan «harrigarria». Izan ere, egileak aukeratu dituen ipuinak ez dira, gure eritzi apaleon, batere harrigarri. Esplika gaitezen: antz ematen du, ipuin horik* indoeuropar tradizio komunekoak direla hots,* Euskal Herrian gabe, beste edozein tokitan ere jaso zitezkeela. Izan ere, Alaba eta alabaordea, Txerrenen adina, Tartalo edo eta Eiherazainaren ipuinak, halako ukitu ttipitto ezberdin batzuekin, ia ia Txano gorritxorena bezain unibertsalak ditugu Europan, beste gabe «euskal» ipuin «harrigarri»tzat jotzeko.

Gauza jakina da, Afrikako ipuinen barreneko lotura eta logika ez direla inondik ere indoeuropar Herriena. Afrikar ipuin batetan zeharo logikoa dateke,* armiarmak* elefanteari izugarrizko jipoi* bat ematea, indoeuropar tradizioan ezinezkoa dena; eta «beste» logika honetan datza,* hain zuzen ere, Afrikar Herrien kultur tradizio bereziaren sustraia. Euskaldunok, noski, indoeuropar Herrien artean bizi garelarik, ba ditugu, hobe* ez, europar tradizio zabal horretatiko ipuinak, bai eta, ordea, tradizio zaharragoren batekoak ere. Ene eritziz, geure euskal sustrai zaharragoen bila abiatzeko, horixek* ongienik aztertzen saiatu beharko genuke.

Azkuek eta Barandiaranek, alderdi honetan, ordainezinezko altxor* bat utzi digute bildurik ipuinetan, aztergaitzat. M. Etxeberriak, gainera, europar tradizio komunekoetarako, Propp-en methodoa bikainki aplikatu digu; ez dugu dudarik egiten, beronen atzetik bestelako ipuinei ere, Propp-en eskhemetan hain ongi sartzen ez direnei, apika*, bai bera eta bai beste unibertsitari batzuk ere gogoz ekinen* zaizkiela hurrengoan. Hitz batez, gerolan baterako, lan oinharrizkoa eta interesgarria Etxeberriarena.

Bibliographiarako: ETXEBERRIA, Martin: Euskaldunen ipuin harrigarriak, Ed. JAKIN, Donostia, 1973.

Aditz batua

Uztaileko* bileran, euskaltzain osoek aho batez (15 boto baiezko eta 0 ezezko) berrespena* eman zioten, Euskaltzaindiak orain dela urte bi izendatu zuen batzordeak proposatu berri zuen aditz laguntzaile systemari.

Ontzat harturiko aditzak, beraz, ukan, izan, ezan eta edin dira indikatibo, subjunktibo eta potentzial era guztiekin, hikakoak salbu. Aditz laguntzailearen zerrendak Euskaltzaindiak argitaratuko ditu edizio ofizial batez. Berau prestatzeko kargua, gainera, aditz batzordearen idazkari den aita Patxi Altunari eman zaio, beronek lan bikain bat eginez.

Aditz batuaren lehen edizio ofizial hau aurten publikatuko da; eta JAKIN editorialak jadanik tratu bat egin du Euskaltzaindiarekin, berak 1.000 ale zabaltzeko.

Hemendik aurrera, beraz, euskal idazleek, irakasleek eta Herri osoak ba dukete,* aditzaz, eredu ofizial bat, Euskal Akademiak berak emana. Beharra, nork uka, ba genuen guztiok.

Gelditzen dena, beraz, hikako formak eta aditz syntetikoak dira; baina, antza denez, aditz batzordea Gabonetan berriro bilduko da, puntu horietan ere lehen bai lehen akordio batetara heltzeko. Hala biz.*

Jon Etxaiderekin bat gatoz

Bai, ba gatozela esan behar, ZERUKO ARGIAn euskal orthographiaz idatzi zuen artikulu hartako puntu gehienetan behintzat. Guk geuk ere orain arte ez dugu ongi ulertu zergatik, ez beti bereiz idatzi behar den artean, baiezko ba ere ez ote den, modu berean, aparte idatzi behar, baldintzazko ba- elkartutik bereizteko. Bizkaian, eztabaidetan maiz* entzuten da honelakorik: —Ez da! —Bai da!, azkeneko bai hori ba forma laburtuaren era zaharragoa delarik.

 Bait-en kasuan ere, honetan bitara idazteko askatasuna dagoen arren, gure eritziz, hobea dateke* beti loturik ezartzea, irakurtzeko erraztasunagatik besterik ez bada ere, bait da gisakoak ez baitira inola ere irakurgarri.

Dena dela, ba dakigu. Euskaltzaindiaren erabakiak, puntu askotan, alda daitezkeenetarikoak direla; eta idazleek eta herriak dukete, honetan, azken hitza beti. Hala ere, duda gabekoa da, nola edo hala, orthographiaren anarkhiarekin bukatzeko, Euskaltzaindiak halako erabaki batzuk eman behar izan zituela: kausitu* zuen ala ez, denborak esanen, ordea.

El Correo Españoleko «Euskal gehigarria»

Ihaz bezala, aurten ere El Correo Español izeneko bilbotar egunkariak gehigarri bat eskaini digu udan, XX. mendeko euskal literaturari buruz.

Hartan, Erkiaga jaunaren lan burutsua eta zentzuduna ezik, beste guztiak izugarrizko alderdikeriaren ispilu garbiak ziren, euskara eta euskal literatura osoa talde erlijioso konkretu baten jabego pribatua balira bezalako itxura eman nahirik. ITXAROPENA, JAKIN, LUR edo GERO editorialak, kasu,* ez ziren bertan ezertarako ere aipatzen, berauek urtero euskal liburuen % 90 atera arren. Eta hori gaurko euskal literaturaren panoramika objektibo bat ematea baldin bada...

Are* txarragoa zen, eta kaltegarriagoa, noski, Euskaltzaindiren kontra, dugun euskal erakunde* printzipalenaren kontra, hain zuzen, halako erdal plataforma publiko batez baliatu direnen kasua; eta honelakorik ere egon da, hemen izenik aipatzea soberan dagoelarik.

 La Gaceta del Nortek, guti bada ere, astero zertxobait ematen digu argitara euskaraz. El Correo Españolek, ordea, euskarazkorik ezer publikatu ez arren, krokodilo nigarrak isurtzen dizkigu urtean behin, «gure euskera maitea» ba doakigula eta. Phariseu guztiak ez ziren, noski, Kristoren denborakide.

Bilbo Zaharreko kaleak euskaraz?

Nik neuk ez dakit zertan dabiltzan Bilbo Zaharreko merkatariak; baina, Euskaltzaindiaren aktetan ikus daitekeenez, ezezkoa eman diote Euskaltzaindiari, beronek, deferentzia gisa,* laster argitaratuko duen denda eta ofizioen izendegiaren patrozinioa eskatu dienean. Agian* El Corte Inglésera jo beharko du Euskaltzaindiak diru bila, berauk, Bilbo Zaharreko dendarien eritziz, Madriletiko deabru birpiztuak eta antieuskaldunak badira ere.

Euskaldunoi eta euskarari jaramonik* ez digute egiten, ez horixe; baina gero, El Corte Inglésera erostera goazenean, ez dakit zer eta ba dakit nor entzun behar izaten diegu. Zer mesede egiten digute, ba,* haiengana joan gaitezen, El Corte Inglésen euskal eskolak ofizialki jarri direnean, beraiek beste horrenbeste egiteko gauza izan ez badira? Gauzak argiro, kontxo!

Orain, Bilbo Zaharreko merkatari «bertoko», «bilbotar» eta «baskoak» (Txillardegik beste izen batzuk* ere aipatuko lituzke) heren hauzotegiari merkatal* indarra eman nahirik, kaleen apaintzeari ekin* zaizkio, azpietan baldosa* dotoreak eta ezarririk. Ez zaie burutik iragan,* ordea, hain bertokoak diren arren, Bilbo Zaharreko kaleei beren jatorrizko euskal izenak ipintzea, Somera gabe, kasu* Goienkale, Tendería-ren ordez Dendari kale, Arenal gabe, kasu* Areatza, Barrencalle-ren lekuan Barrenkale, eta abar... Zamarriparen hiztegiak holaxe dakartza, oso ongi.

Mozambikeko hilketen inguruan

Wiriyamu-ko gertaerak izugarriak izan dira. Portugaleko soldaduek herri oso bat garbitu dute. Gizon, emakume, haur, zahar eta gazte: guztiak hilak eta bortxatuak izan dira Mendebaldeko* zibilizazio kristauaren izenean. Egia esan, ez da oraingoa, zoritxarrez, portugaldarren lehenbiziko masakrea; baina, misiolari zintzo batzuen lekukotasunaz,* krimen horien oihartzuna* mundu osoan zabaldu izan da aurten.

Bretainia Haundian eta munduko beste herrialde askotan manifestazioak eta protestak egon dira Portugaldar gobernu genozida eta inperialistaren kontra. Ba daude, ordea, askok ikusi ez dituzten puntutxo batzuk: Laurenço Marques hirian, Mozambiken bertan, portugaldar zuriek beste manifestazio bat egin zuten, Portugal batu eta sakratuaren alde, «Guztiok portugesak gara» deihadarka.

 Der Spiegel (= «Ispilua») aleman aldizkariak (73-VIII-13an) argazki ikaragarri batzuk dakartza, soldadu zuriek beltz baten buru ebaki bat, tropheo gisa,* esku artean dutelarik. Antzekorik ere ikusiak gara Vietnameko gerraz.

Nik neuk, holako manifestazio faxistetan beti egoten diren poliziez eta funtzionariez landa,* gobernuaren alde eta kolonizatuen lepotik bizitzeko gogoa duten jendeak zer gizarte mailatakoak diren galdetuko nuke. Eta goikoen aginduak holako sadismo kriminalaz betetzen dituzten soldadu portuges horik* burjesen semeak ote direlako itauna* egitera ausartzen naiz.

Non zegoen Wiriyamu-n proletal* nazioartekotasun dontsua*? Non dago portuges Herriaren laguntza, kolonizatu eta zapaldu horien alde? Non agertu ditu FRELIMOk (Mozambikeren Askatasunerako Fronteak) bere lotura adiskidetsuak portugaldar ezkertiarrekin? Inon ere ez.

Ba dakigu, gauzak ez direla hain sinpleak. Ba dakigu, beheko Herria, kontzientzia politiko argirik ezaz, gobernuaren ideologia eta mythologia ofizialen irensle eta betetzaile inkontzientea izaten dela: baina, maiz* agertzen duen sadismo horrez gain, Mozambikeko beltz bati bost axola* dio. bera hiltzen, portuges soldaduak kontzienteki ala inkontzienteki egiten duen. Horregatik, portugesak, oro* har, etsaitzat hartzen dituzte, eta hilkizunak* izaten dira FRELIMOko gerrilleroentzat, guztiak gobernuaren morroitzat hartuz. Zeren,* Raimonek kantatu zuenez, ba dira, bai, hiltzen agintzen duten esku finak, baina bai eta agindu horik betetzen dituzten esku latzak ere; eta hilketan biak dira partaide.

Galdakanoko elizetxea erre

Cervantes espainol idazlearen izen ezaguna daraman liburu denda bati ezezagun batzuek sua eman ondoren, Galdakanon bertan, gauaren iluntasunean ezkutaturik, beste morroi* batzuek Andra Mariko elizetxeari sua eman zioten, bertan parrokiako artxiboak eta dokumentuak errez.

Egindako kalteagatik, noski, bataio eta ezkontze partida asko galduak izan dira; eta Galdakaotar askorentzat egitada zatar horrek ustegabeko eragozpenak ekar ditzake.

Bartzelonan ere suemaileak ugaltzen hasi dira, eta, Fahrenheit zeritzon* filmean bezalaxe. liburuen kontra; han, berriz, polizia zen ofizialki erretzen zituena. Prentsa guztiak deitoratzen* duenez, ba dirudi, ordena publikoaren indarrek ezin dutela deus* egin halako eskuindar bortxaren kontra, orain arte bederen.

Euskaltzaletasunaren gainbehera

Biziki iharrosi* gaitu, zertarako uka, Imanol Laspiurrek ZERUKO ARGIAn publikatu duen artikuluak. Egia salatzea mingarria izaten da; eta halako «burjesen gauzei» jaramonik egiten ez dietenen artean, segur aski,* artikulu hori ironiaz eta burlaz maiseaturik* iraganen zen, irakurri (?) bazuten behintzat.

Dena dela, egiak egia; eta Laspiurren ustea, funtsean,* egiazkoa da. Errealitatea horixe da: herritar kontzientziaren jaitsapen* bat nabari* da aspaldion; ba dago egia eta izate ofizialetarako ekantze* bat, moldatze eroso* bat, alienazioaren azken puntutik oso hurbil.* Erdalduntze systematiko honetan komunikabide eta kulturbide ofizialek ukan duten eragina, begi bistan dugu; baina ez da ttikiagoa izan, talde batzuen artean bederen,* ezker izenpean agertzen diren taldexka erdaltzale batzuen jokabide zitala.

Euskaldunok jasaten* dugun moduko egoeren kharakteristikarik latzena, hain zuzen, hauxe da: erosotasuna. Korronte ofizial eta deseuskalduntzaileari egunero fronte egiten dionak, bere burua irabazten du eta nortasun sendo bat lortzen, baina eguneroko kontraesan eta jazargo* guztiak bere lepoan bizi bizitan eramatearen truke, ipuineko Sisyphok bezala. Erosokeriara moldatua eta amore emana, herritasuna galdu arren, hurrupatu* bat izan arren. ez du jadanik* sufritzen, aise* bizi daiteke; eta hauxe da askoren gaurko tentazio larria, kontzientzia argi batek ezik beste ezerk konponduko ez diguna.

Gizontasuna nabari denean ere

GOIZ-ARGI aldizkariak, abuztuaren 15eko zenbakian artikulu interesgarri bat eskaini digu, Peruk izenpeturik; noski, Berreun'en batzarra? deritzonaz ari gara.

Guk geuk, joaten ez garen batzarreetan zer gertatzen den jakiteko txibatorik* ez dugunez gero, Loiolako bilera horren berri alde batetik bakarrik genuen; eta, gure eritziz, hura* triunfalista xamarra zen.

Egia da, ordea, ba genedukala susmoa, hainbeste «idazle»ren bilkuretan gertatzen denez, gehiena bluff gisako* zerbait ez ote zen, Hondarrabiako behinolako* batzarre famatuan bezala. Hartaz Azkuek hauxe esaten zuen: «Bertara nolako «idazleak» joateko ziren, aurretik jakin izan banu, neronek neure etxeko atezaintsa* ere: eramango nukeen».

GOIZ-ARGIn, lehengo zenbaki batzuetan, alderdi bateko eritziak agertuak ziren. Oraingoan, aldiz,* beste alderdi batekoak Irakurleak. bitzuk irakurri eta, bileraren uste objektiboago bat eduki dezake orain. Horri esaten zaio, hain zuzen ere, gizontasuna eta demokrazia. Exenplu ona benetan, aniztasunaz,* GOIZ-ARGIk eman diguna.

ARMENDARITZ

balute, balebe

daude, dagoz

dezake, daike

die deutse

diegu, deutsegu

diete, deutsee

digu, deusku

digute, deuskue

dio, deutso

diogu, deutsagu

diote, deutsoe

ditzake, daikez

dizkigu, deuskuz

genedukan (geneukan), geunkan

zaie, jake

zaigu, jaku

zaio, jako

zaizkio, jakoz

zaizkie, jakez

zioten, eutsoen

zitezkeen, eitekezan


Teatroa Frantzian

Teatro sasoina

Uda heldu da, eta Parisen teatro sasoina azkenetara doa: «la sazón», «la saison». Gauza berri guti eskaini izan da teatroaren supermerkatu honetan, zer ikusirik aski* eskaini bazaigu ere.

Teatro anglo-saxoinaren modak indarra galtzen duela ikusten da. Problematika sakonetako teatroa urritu egin da, eta hiri bazterretara aldatu da, foburgoetara,* hauzoetara. Ez dago gehiago modan, eta zentrotik aldoe egin behar izan du. Dama finek eta sozietateko jaun gorenek ez dute gehiago nekatu nahi, intelektual itxurak egitearren teatro problematikoa bisitatuz. Eta orain berriro ere «artea» dastatu* dute arte garbia. Bake bakean, kontzientziak larritu gabe

Hiritar arruntak* ez zion lehen ere gusturik hartzen teatro problematikoari: moda anglo-saxoin eta amerikano ezkertiar itsusi horri. Paristar arruntak, kultur manera egoki batetan dibertitzea besterik ez zuen teatroan bilatzen. Sorkura* oneko paristarrari dagokion moduan: ohore pixka bateko paristarrak noizean behin teatroan agertu behar baitu, munduko naziorik kulturalena Frantzia dela ahantz* ez dadin.

Beraz, teatro problematikoa bazterreratu egin da, eta «kultura» ostera* ere indartu. Teatro arinak eta kabaretak indarra hartu dute, eta Poiret-Serrault komedienteentzat sasoin on bat izan da. Parise berriz ere ederki dibertitzen da teatroan.

Comédie Française-an, Molière-ren urtea pena guti eta gloria gutiagorekin iragan* da. J. P. Roussillon-ek. «Emazteen eskola»ren eskenifikazioaz. hautsak harrotu ditu zerbait. urtea sentsaziorik batere gabe akaba ez dadin. Eta emazte emantzipatuak nahiz emazte emantzipatuen maitaleak edo maitale nahiak* kontentatuz, publiko ugaria aseguratzen jakin du, aire moderno snob pittin bat «kritika sozial» pixka batez nahasiz. Arrakasta* handia, teatroak erdi hutsik gelditzen ziren sasoin honetan.

Horixe izan da teatro sasoinaren gatza eta piperra, moda berriak eskatzen zuenez: sexu apur bat, kritika sozial tanta batzuk, literatura klasiko zertxobait, sorpresaren batzuk dosi egokitan, ezerezetan nahasturik, eta maina askoz salduta. Kultura guztiz neofrantsesa.

Palais de Chaillot-en, Jack Lang kudeatzaileak* Haurren Teatroa esperimentatu du: Haurren Teatro Nazionala, bestelako teatroek gustura hartuko lituzketen subentzio galantekin. Vincennes-eko Jauregiaren larrainean* zabaldutako zirko toldoetan —sarrera dohainik,* pagatu gabe— haurrak berebiziko* artista agertu dira: jolasetan. Mikael Mesehke sueziarraren marioneta teatroan, harrera ona kausitu* du Saint-Exupéry-ren «Printze Tipia»k. Beti atsegina Printze Tipia, haundi nahiz tipientzat. Adinekoentzat* batez ere, haurtzaro amiñi* bat gorde dugula sinesterazteko geure buruoi.

Baina arrakasta haundiena «Atelier»ek eduki du: haurrek beren gogara* eta gustura beren buruak pintatu, kostumatu* eta jokatzen baitute hemen. Zer dea* artea, haurren pozkarioa* arte ez bada? Gainera, haurrak izan dira. Parisen sasoin honetan inspirazio librorik agertu duten ia* bakarrak.

Entzuten denez, Vincennes-eko larrainean gerorako programa pedagogikoak probatzeri ei* dira. Geroago haurrek eskoletan hainbeste libertaterik edukiko ote dute?

Teatro pribatuak

Amaitzera doan sasoin honetan ere, garbi agertu da teatro pribatuen betiko miseria ekonomikoa. Batzuen agonia luzea, bukatu da: Mathurins. Variétés, Edouard VII eta La Potinière-k beren ateak betiko hertsiko* dituzte sasoin honekin batera, hurrengoan zine edo bulego* etxe bezala irekitzeko. Goian beude. Eta Marigny, Athénéo de Paris eta Théâtre Moderne ORTFeren eskuetara pasatuko dira: odola eta bizitza aldatzen dituen bihotz xertaketa* dugu hauxe, zinez.* Beude behean, eta ez zeruetako erreinu gaullistan.

Teatro pribatuari ez zaio etorkizunik ikusten, eta teatro ofizialaren etorkizuna aspaldi ikusita dago.

Teatroa, diru asko kostatzen den kultur saila da. Zaletasunik ez badago, subentzioak behar dira. Eta subentziorik ez badago, zaila da bizitzea. Kultura ere diruak jasotzen du: kreazioa ez bada, kontsumoa bai. Eta kontsumoak erraz kondizionatzen du kreazioa: ez erabat,* eta ez zuzen zuzen, baina bai zeharka eta bai neurri haunditan ere. Zeinentzakorik gabeko arte-kreazioa gaitza* da: «kontsumi» dezan norbaitik gabekoa, alegia* (Zergatik ematen zaio kontsumo hitzari beti esannahi txarra?). Gizarteak artea eskatzen eta ugari kontsumitzen duenean, aldiz,* kreazioa ere biziki indartzen da.

(Artearen eta ekonomiaren arteko zerikusiak zientzia haundiekin eztabaidatzerakoan, honelako perogruiladak* ez lirateke ahanztu behar).

Arte-sailen batzuk subentzioei eskerrak bakarrik bizi litezke: orkestak, eta abar. Eta berdin teatroa ere.

Estatistikek erakusten dutenez, Parisen teatrora doazenetatik ehuneko 35 (% 35) bakarrik joaten dira teatro pribatuetara. Hainbeste ikusliarrekin ez dago aberasterik, noski. Eta bizi ere, zorretan bakarrik bizi liteke. Teatro pribatuak, oro* har, Frantzian dadukan zorra, zazpi milioi franko edo libera berritara igotzen da. Kritikoek zuzen juzgatzen badute, aurrerantzean ere goitik behera joango da teatro pribatuen ekonomia, teatroak, Estatuaren teatro eta teatro pribatutan bereizita segitzen duen artean: ia subentzio guztiak Estatuaren teatroak eskuratzen ditu, eta teatro pribatuak bere gain hartu behar ditu arrisku eta gastu guztiak. Pobreari zertarako lagun? Hil dadila, eta pobrerik ez da geldituko: orduan denak aberats.

Astiro astiro, eta berezko prozeso guztiz naturalez, teatroak nazionalizatzen ari da Frantzia: «sozializatzen». Teatro pribatuaren bizi ezinez.

Ehun milioi franko edo liberatako presupostua daduka Frantziak teatroaren alde jarrita urteko.* Hoietako 900 mila libera bakarrik tokatu zaie sasoin honetan teatro pribatuei (ehuneko bat baino gutiago): ia dena première edo estreinuen laguntasunetarako. Diru asko da, Estatu frantsesak hori dena Lapurdin edo Zuberoan ikastolak sortzeko eman izan balu. Baina diru guti da, teatro pribatu frantsesa bizi ahal izateko. (Kultura frantsesa —munduko kulturarik ederrena, noski!— garestia da). Hala ere, autore dramatiko frantses gehienek beren obrak teatro pribatuetan estreinatzen dituzte. Garbi dago, Estatu frantsesak espektakulua subentzionatzen duela, eta ez kreazio dramatikoa. Itxura eta agiria pagatzen dituela. Frantziak Frantzia pagatzen du.

Kultur elkarte edo «Centres Dramatiques» direlakoen ofizialtasunik ez duten teatro pribatuei, burokrata ezezagun eta alditsu* batek erabakitzen du zenbat laguntza eman. Burokrataren gustukoa ez bada, zorretan ito dadila, eta kitto. Horrela dabil Ariane Mnousehkine-ren «Théâtre du Soleil» izenekoa, inspirazio handia erakutsi duen teatroa. kooperatiba moduan antolatua, lankide guztientzat irabazi berdinekin (1.500 libera bakoitzak), eta herriarentzako teatro bizia egiten zuena, herriarentzako moduko sar-prezioekin: zorrak kitatzeko laguntzen ez bazaie, sasoin honen azkenean taldeak sakabanatu egin beharko du. «Théâtre du Soleil» gaixoarentzat hilbehera da.

Estatistiketan ikusten denez, ehun paristarretatik 39 gutienez hilabetean behin zinemara joaten da: baina ehuneko 5 bakarrik teatrora. Eta ehuneko 3 paristar ez da bere bizi guztian sekula teatrora joaten.

Areago,* nor doa Parisen teatrora? Ondo kokatuak.* Ez jende tipia Boulevard teatroetan itzuli bat ematen duenak eta jendeari begiratzen dionak, berehalaxe ikusiko du, ikusliar gehienak enplegatuen eta merkatarien maila sozialetakoak direla. Janzkeran antzematen zaie. Eta beren kortesia afektatuan: beren modu onak «luzitzen» ari direla nabari* zaie. Hauk* dira, izan ere, teatroen inguruan bizi den jendea.

Goreneko jende aristokratikoen teatroaz ez dago ezer esan beharrik: moda erakusketa hauetan ikusliarrek egiten dute teatroa, eta kostumatu* ere ikusliarrak egiten dira.

Ikusliarrak hauk badira, hauen gustuak gobernatzen du teatroa. Zirkulo bizioso batetan kateatuta gelditzen da teatroa. Zirkulo horretatik atera ahal izango luketen subentzioak, ordea,* ez dira inondik ailegatzen. Bizi ezin den teatroa Estatuen eskuetara pasatzen da: Estatuak kultura zaindu behar baitu...! Eta Estatuarentzat gastu eta arrisku gutiago du Corneille edo Molière-ren eskenifikazio bat subentzionatzeak, esperimentu berriren bat subentzionatzeak baino. Beraz, Estatua politika zeharo kontserbakor bati atxikitzen* zaio teatro kontuan: ikusliarren gustuaren zerbitzari leial bihurtzen da.

Denok dakigu, paristarrak teatrozale biziak omen* direla. Izan omen zirela, hobeto esateko. Bere burua ezertzat dadukan paristarrak, firmoki sinestu behar du. kulturaren burua Frantzia dela eta Frantziarena Parise; eta, beraz, Parisen, teatroa ere, bere burua ezertzat dadukan kristau ororen* obligazio bat da.

Zergatik ez da, ba,* jadanik* teatroan herri xeherik ikusten? Egiten den teatroa interesatzen ez zaiolako. lehenik. Eta, gero, espezialki oro teatroa eta herria erdibituta, apartatuta daudelako. Pariseko teatroak, XIX. mendeko erlikia antzekoak bihurtzen uri dira. Orduan teatroak, jende tipia, herria, bizi zen hauzoetan zeuden. Jendearen erdian, eta, nolabait, lehenago elizak izandakoa ziren: jendea biltzen zuten. Baina zentroa husten ari da: bizitokiak kanpo aldera, hiri bazterretara botatzen dituzten bulego,* supermerkatu, banku eta dendak ari dira zentroa okupatzen. Aberatsenak eta pobreenak zentrotik kanpora doaz: erdiko mailakoak gelditzen dira. Horretara,* ba, aspaldiko teatroak ez daude jendearen erdian, herriak inguratuta. Lehenago teatroak betetzen zituen jende tipia, telebistaren aurrean esertzen* da gaur: merkeago eta atseginago da. Eta hori da, teatro pribatuen ezezik, erabat* teatroaren krisiaren beste arrazoi bat.

LAZKANO MENDIZABAL

beude, begoz

daude, dagoz

dezan, daian

dio, deutso

lukete, leukee

zaie, jake

zaigu, jaku

zaio, jako

zion, eutson


Irakaskintza

Deustuko euskal ikastaroa

Jesuiten Unibertsitateko Euskal Kultur Mintegiak* antolaturik, eta Euskaltzaindiaren Bizkaiko Alfabetatze Batzordekoak* irakasle direla, Deustuko euskal ikastaroak eman du aurtengo fruitua.

Ikastaro honi buruz, ene ustez aipagarriena dena azaltzera noa.

Nolako jendea

Udako ikastaro honetan, hilabeteko ihardunaldi bi eman dira: bata uztailean* eta bestea abuztuan.

a) Uztaila. Hilabete honetan, egun osoan ari izan gara. Goizean, 9etatik 12,30 arte. Arratsaldean, 4etatik 7ak arte.

Goizeko ikastaldian talde bi izan dira: lehen eta bigarren mailakoak. Guztitara 21 ikasle eta irakasle bi. Ikasleen adina 14 urtetatik 33 urtetararte. Haien bizibideak: hamahiru estudiante. hiru maisu, bi langile, hiru erlijioso eta apaiz bat. Matrikula, 4.000 pezeta.

Arratsaldean bost talde izan ditugu. Lehen eta bigarren mailakoak hiru, bat hirugarrenekoa, eta bestea Alfabetatze taldea. Guztitara 48 ikasle. 18 urtetatik 50 artekoak. Haien bizibideak: hamahiru estudiante, zazpi maisu, bi serora, eta beste zenbait (peritu, inginadore...) Matrikula, 3.000 pezeta.

Metodoari dagokionez, lehen eta bigarren mailan «Euskalduntzen» erabili dugu eta liburuxka horretatik ateratako magnetofono zintak. Horretaz gainera. hirugarren mailan. Bizkaiko Alfabetatze Batzordeak prestaturiko eskuizkribuak, ariketak*... Alfabetatzeko mailan, irakasleek egindako ikasgaiak, euskal aldizkariak, liburuak eta beste zenbait irakurgai. Noizean behin euskal jakintsu batzuen hitzaldiak.

b) Abuztua. Hilabete honetan, arratsaldean bakarrik eman dugu: 4etatik 8rak arte. Irakasleak bost izan dira.

Lehen mailan: 14 ikasle, 19 urtetatik 47 artekoak. Haietarik bi langile, zortzi estudiante, serora bat eta hiru maisu.

Bigarren mailan: bi taldetan, 25 ikasle, 19 urtetatik 37 artekoak. Haietarik 11 langile, 9 estudiante eta 5 maisu.

Hirugarren mailan: talde bakarra, 8 ikasle, 17 urtetatik 42 artekoak. Haietarik 4 maisu, 3 estudiante eta langile bat.

Alfabetatze mailan: talde bakarra, 13 ikasle, 13 urtetatik 37 artekoak. Haietarik 6 langile, 3 estudiante eta 4 maisu.

Matrikula, 3.000 pezeta.

Eritziak

 Ikasleenak:

- honelako ikastaro batetan, urte osoan baino probetxu gehiago ateratzen dugu.

- ordu asko izanik, gogor eta aldatz gora egiten zaigu, azkenean pozik geratu arren.

- premiazkoa ikusten dugu, ikastaroak bere inguruan sortzen duen euskal giroa.

- adoretsu eta helburu finkatu batez etorri ezik, pot egin dezakegu ikastaroan zehar edo amaitzerakoan.

 Irakasleenak:

- ikasleek eskolatik kanpora egiten duten lana edo egin ahal dutena, llabur geratzen zaigu, honetariko ikastaroen eskarietarako.

- ordu berdinak eman arren, ikasleek fruitu desberdinak eskuratzen dituzte. Ikasleen sasi-eskolek eta ahalegin ezak zalantzan* jartzen dute irakaslea bera ere, eta ikasleak atzeraturik geratzen dira.

- gainera, eskola emailea, hau ikusi ondoren, zeharo desanimatua gerta daiteke; baina, askotan, ez da harritzeko gauza.

- material aldetik, hau da, pedagogi tresnen arloan. gauza asko falta dira irakasleentzat: gramatika, liburu berezi eta textu aukeratuak. Honela, irakasleak bi eginkizun bete behar ditu: irakaslearena eta liburu egilearena. Bestalde, hiztegi arloan, ez dugu lan pedagogikorik aurkitzen, eta euskara batuaz guttiago oraindik.

- premia hauen aurrean, Alfabetatze Batzordeak zerean dihardu: orain arte argitaratu diren «Euskalduntzen» metodoaren bi mailak eta beste gai batzuk erabiliz, magnetofono zintak atontzen,* «Euskalduntzen» hirugarrena eta Alfabetatze mailarako eskuizkribu berriak prestatzen, eta beste zenbait irakasle berri lantzen.

Ikastaro ondoren zer?

Ikastaro ondoren, euskara batua, euskalkiak non erabil, nola praktika? Euskara Ikasi eta gero, erdaraz mintza? Nola lor, gure ikastaroko lan guztiak erdarazko itsasoan ez itotzea?

Nork bere pentsakizunak azaltzeko aina* eta euskara landua ulertzeko beste* ikasten da ikastaro hauetan. Guk, berriz, bizitzarako tresna bezala nahi dugu euskara. Honen aurrean zer egin? Problema politikoa den bezalakoa den artean, ikastaroak nekez izan litezke oso eta biribil.

Dena dela, nola uka, hemen ditugula idazle eta irakurle berriak, euskaldun askoren zuzpertzaileak,* eta gure artean dagoen beti erdaraz berba egiteko tirria* berengandik botako dutenak?

RIKARDO BELAKO


Euskal Herriko piztiak

Kirikinoa (14)

Irailaren* lehen egunak dira. Enekok bere oporretako azken egunak Orozkon ematen ditu, aitonarenean. Zerua gris dago, irrikitu* urdin batzuekin. Uda hau, izan ere, ez da izan oso atsegina, aurten euria, ekaitzak eta sargoria jaun eta jabe izan dira eta. Dana dala, ba dirudi, udazkena, bere urre kolore gorrixka epelaz, egun hobe batzuen aierua* ematen hasia dala. Hala biz*.

Mutikoa etxeko txakurtxoagaz inguruetatik osteratxo* bat egitera joan da. Jandalo, txakurra, oso bizkorra da, izenak besterik dinoan arren; eta, bidean zehar, muturra lurreko zuloetan sarri* sartzen dau, sagu, sator eta honelakoen usainera. Enekok ez deutso inoiz kasurik egiten, eta beti agirika* ibiltzen da beragaz, oso atzeraturik gelditzen jako eta. Gaur, berriz, Jandalo jo eta ke ibili da muna* baten ondoan, muturra sasiarte batetan sartuz, erpeka ekinez,* noizik behin txilio* batzuk jaurtikitzen zituala. Txakurra temoso egoela eta, Enekok makila batez sasiak alderatu ditu eta bertan zulo bat aurkitu dau, nahiko haundia gainera. Txakurrak, mutikoaren interesa ikusita, ekin eta ekin ihardun dau, eta azkenean, zuloa handiturik, horbel* artean gordeta zera atera dau handixek: kirikino bat.

Pozaren pozez, arantze bola ha* bedar batzuen gainera ezarriz, Enekok piztiattoa esku artean hartu eta arineketan* etxera eroan* dau, osaba Martini erakusteko. Berau, kirikinoa aska lehor batetan utzierazi ondoren, mutikoaren ondoan jezarri da eta haren bizitza esplikatzen hasi jako.

— Kirikinoa, satorra eta satitsuaren* antzera, intsektujale bat da; baina fruitu ondo helduak ere jaten ditu, topatuz gero behintzat. Harrak, bareak eta barraskiloak* oso gogoko ditu

— Txominek, hauzokoak, sagardietara joan eta lurrean datzazan* sagarren gainean buelta eginik, bere habiara eroaten dituala kontatzen dau, ba.*

— Ez da hori egia baina, baserritar askok holan uste izan arren. Kirikinoaren arantzeak bizkarreko ile gogor batzuk besterik ez dira, piztiak bere burua otso,* azeri, lepahori* eta txakurrengandik jagoteko* erabiltzen dituanak, burua hanka artean gordeaz eta bola bat eginaz. Ez dira, beraz, egokiak, fruituak bertan eroateko. Sagarrak, gainera, ez jakoz asko gustatzen; madariak, okaranak,* muxikak* eta pikuak atseginago ditu. Dana dala, Nafarroa aldean eta ipar euskaldunek, sagarzalea dalakoan edo, sagarroia deitzen dabe, berau izen egokia ez bada ere.

— Zer beste izenik dauka euskaraz?

— Bizkaian kirikinoa, kirikolatza eta kirikiolatza, Gipuzkoan, berriz, trikua, eta ekialdeko* euskaldunen artean sagarroia. Nik neuk, batasunerako egokia dalakoan, kirikino hobetsiko* neuke, Mañariko idazle famatuaren omenez.

— Eta non bizi da kirikinoa?

— Euskal Herri osoan, baso eta oihanetan,* bai eta baserri inguruetan ere.

— Eta itsasoan ere ez al dago beste holako kirikinorik, osaba?

— Ez, horreek ez dira klase berekoak. Zuk dinozuzanak haitzei eutsita bizi izaten dira, eta euskaraz itsaslakatzak deitzen dira, gaztainenak lakoxeak dira eta.

— Zenbat kume egiten ditu kirikinoak?

— Bost edo sei, eta udaren amaieran jaiotzen dira, arantze zuri bigun batzuekin.

— Guztiak honelako ttikiak izaten dira?

— Ba dira handiagoak, 28 zentimetro ingurukoak. Gizon batzuek, jateko harrapatzen ditue; baina, baserrian koko kaltegarriak janaz egiten dituen mesedeengatik, errespetatu beharko geunkez.

— Zelan deitzen dira erdaraz?

— Espainolez erizo eta frantsesez hérisson; eta zientzi izena, berriz, Erinaceus europaeus dauka.

— Basora eroango al dogu berriro, osaba?

— Bai, goazen. Bizi dadila bertan.

TRAUKO

dabe, dute

dau, du

deutso, dio

dino, dio

dinozuz, esaten dituzu

egoen, zegoen

geunkez, genituzke

jako, zaio

jakoz, zaizkio


Zinema

«Mattei afera»

1962.eko urriaren 27an, Enrico Matteik heriotzea aurkitu zuen giro guztiz berezi batetan. Milaneko aireportuan pausatu baino minutu bat lehenago, haren erreaktorea Bascapé-n leherturik erortzen* da. Ofizialki, heriotzearen arrazoina «ezbehar» bat izanen da. Baina nehork* ez du orobat* baztertzen atentatu baten hipotesia.

Enrico Mattei gerra ondoko pertsonaia nagusienetarik bat zen Italian.

Familia pobre baten seme, Matteik berak aitortuko du, «self-made man» bat dela, hau da, lan propioaz gailurrera iritxi* den gizon bat. Gerra denboran partisano buruzagi bezala dabil, eta gero A.E.I.P.ren zuzendari izendatuko dute (A.E.I.P. hau petrolio monopolio bat da, E.N.I.ren aitzindari* eta ama).

Garai honetan Afrikak iratzartze prozeso bat darama,* eta Ipar Amerikaren zapalketaz ohartzen da, batez ere petrolio arazoan. Mattei Iran, Egipto, Arabia, Tunisia, Libia... eta besterekin harremanetan jarriko da. Matteiren eskaintzez, «zazpi ahizpek» ezarritako joko baldintzak zeharo apurturik gertatzen dira. Inperialist* interesen aurka jasoko du burua, Kongresuan eginiko mintzaldiaz garbi erakusten duenez.

Hau guztiaugatik, zenbaitek atentatua ikusten du «ezbeharraren» itzalean. De Mauro kazetariak* bere kasa* hasiko ditu azterketak, eta halako batez bahitua* izanen da.

Hauxe dugu, hitz laburrez, «Mattei afera» filmean Francesco Rossik ikus erazten digun istorioa.* Zinema berri baten urratzaile —errealismo dialektikoarena, hain zuzen— Rossi egiaren atzetik dabil etengabean, «Salvatore Giuliano» filmean eta «Mattei afera» beronetan nabaritzen* denez. («Le mani sulla città» eta «Uomini contra» oraindik ez dute gure muga iragan*). Rossik, inkesta-zinema baten bidez. mitoan («Salvatore Giuliano») edo eta misterioan («Mattei afera*») bildurik eta ezkutaturik* dagoen egia soziologikoan barna garamatza.* Rossik ez du ondoriorik ateratzen. Haren lana, mafia berri bati buruzko ausnarketa bat da: petrolio monopolioari buruzkoa, alegia.*

Italiar zinema berriaren hildo* berean dator Rossiren hau ere: engaiamendu*-zinema bat, gizartearen barnean irakiten dagoen hainbat arazoren kritika zorrotza egiten duena. Rossik berak dio: «zinegile batek bere giro eta zirkunstantzia ororen* lekuko* izan behar du, eta hari buruzko eztabaidarako bide batzuen urratzaile. Zerbait adierazi behar du, bai; baina, bide batez, neuri eta besteri lagungarri bihur dakigukeen zerbait —bizitze konkretuaren inguruak— konpreni erazi».

Zinema berri honen adierazgarri bezala: «Encuesta sobre un ciudadano fuera de toda sospecha» eta «La classe operaia va in paradiso», Elio Petri-renak; «Roma», Fellini-rena; «El jardín de los Finzi-Contini», V. de Sicca-rena; «Confesiones de un comisario», Damiani-rena; «Hay que quemar un hombre», Orsini-rena; Bertolucci-renak, e.a.

Eskerrak muga aldean bizi garela, eta halako filmeak ikusteko paradarik* ba dugula. Noizko, filme hauk,* egiazko zinema, hemen?

Azkenik, filme hau ezin hobeto taxutua dugu, teknika hutsari dagokionez. Elkar hizketa tesi politiko-sozial batetan finkatua dugu, haren giza alderdia ahantzi* gabe. Gian-Maria Volonte-ren lana ere aipagarria da benetan, bere pertsonaia bizi duelako, eta ez interpretatu bakarrik.

Interes handiko filmea benetan ikusgarria.

XABIER PORTU

dakiguke, daitekigu

digu, deusku


Zapaburua. Euskaldun Rh-dunen umore orria

[Binetak]


Zapaburua. Euskaldun Rh-dunen umore orria

Hau duk umorea!

Axola baserriko ugazabak* anuntzio hauxe jarri zuen egunkari batetan:

— Geure ukuiluan* abere larregi* dadukagu, eta hauxek salduko genituzke: Mando bat, txerri bi eta bizikleta bat.

Eta nik diot: Bizikleta zer ganadu klase ote da?

***

Txotxo Kirten gureak behi bi eta gurdia daduzka. Eta uztartu eta azpigarri bila joan da basora. Baina, lanerako berotto ere ba zegoela eta, oraino goiz xamar ere ba zela eta, pago tantaipean etzan eta lo gozotan ordu bi inguru iragan* ditu. Itzarri denean, bere aurrean gurdia baino ez daduka. Larregi kezkatu ez nahigabetu barik,* pentsatzen jarri eta bere kabutan* zera dio:

— «Ni, Txotxo Kirten nauk edo ez nauk. Txotxo Kirten banaiz, behi bi ohostu* zizkidaate, eta galdu zitiat; baina Txotxo Kirten ez banaiz, gurdi bat irabazi ziat».

Txotxo, kirten eta erdi ere ba haiz hi, ikusten dugunez.

***

Ordurik hona, urte batzuk iragan dira; baina, zertzelada* polita da eta, ipin dezagun:

Bilboko aldizkari batetan argazki polit bat ikusi nuen. Bertan elizmutil bi, monakillo bi agertzen ziren, organoan eserita*: eta bietarik nagusittoenak esaten zion txikienari:

— Hara, tekla zuriok bataioetarako dituk; eta beltzok, aldiz, enterruetarako.

BELU


Denbora ematekoak

Gurutzegrama (25)


Denbora ematekoak

Hieroglyphikoa


Denbora ematekoak

Euskal salda


Ikas zeure hizkuntza

Hiztegia

IMANOL BERRIATUAK

Ale honetan izartto batekin agertzen diren berbak

ABIADA, abiadea, la velocidad.

ADIN, edade.

ADINA, aina, beste, bezainbat.

ADOS, conforme, de acuerdo.

AFERA, caso, asunto, affaire.

AGIAN, beharbada, nonbait.

AGIRIKA, reprendiendo, réprimandeur.

AHANTZ, olvidar. (AHANTZI, ahanztu, ahaztu, olvidado).

AHANTZI, ahanztu, ahaztu.

AIERU, señal, presagio.

AINA, adina, beste, bezainbat.

AIPATU, aipatutako, aipaturikako, aipaturiko.

AIPU, cita, citation.

AISE, cómodamente, a sus anchas.

AITZINDARI, precursor.

AITZINEAN, aurrean.

AITZITIK, al contrario.

AKASÑO, akats ttipia, faltita.

ALDITSU, caprichoso.

ALDIZ, berriz.

ALEGIA, a saber, es decir, esto es.

ALUKERIA, bidegabekeria.

ALTXOR, tesoro.

AMIÑI, poquitín.

ANITZ, asko.

ANIZTASUN, pluralidad, pluralismo.

APIKA, acaso, peut-être.

ARABERA, arauera, según, conforme.

ARAUERA, arabera, según, conforme.

ARE, oraindik, aún, encore.

AREAGO, oraindik gehiago.

ARETO, sala, salón.

ARIKETA, ejercicio.

ARINEKETAN, azkar, laster, fite.

ARMIARMA, araña.

ARRAKASTA, éxito, succès.

ARRANGOITZE, Lapurdiko Arcangues.

ARRAPALADAN, arineketan, korrika.

ARRAS, guztiz, zeharo.

ARRUNT, común, corriente, ordinario.

ASKI, nahiko.

ATEZAINTSA, portera.

ATONTZE, disponer, arreglar.

ATXIKITZE, atenerse, adherirse.

AURRERITZI, prejuicio.

AXOLA, ardura.

BA, bada, pues.

BADAEZPADAN, por si acaso.

BAHITU, secuestrado.

BAITEZPADAKO, beharbeharrezko.

BALDOSA, dalle.

BARIK, gabe.

BARRASKILO, marraskilo, caracol, escargot.

BATZORDE, comisión.

BATZUK, zenbait. (Batzuek aktibo, batzuk pasibo).

BEDEREN, behintzat, behinik behin, gutienez.

BEHINOLA, behiala, en otro tiempo, jadis.

BEREBIL, automóvil.

BEREBIZIKO, apropiado, escogido, de primera.

BERRESPEN, ratificación.

BESTE, aina, bezainbat.

BESTEKO, ainako, bezainbateko.

BIZ, izan bedi. (Izan aditzaren forma).

BULEGO, oficina, bureau.

DAKIKEGU, dakigu nonbait

DAKUSAGU, ikusten dugu.

DARAMA, daroa.

DASTATU, gustado, degustado, probado, saboreado.

DATEKE, da nonbait.

DATZA, yace, está, consiste. (Etzan aditzaren forma).

DATZAZ, dautza, yacen. (Etzan aditzaren forma)

DEA, da + a. (A bokala, galdeetan eransten zaio aditzari)

DEITORATZE, lamentar.

DEMAGUN, eman dezagun (daigun).

DENBORA, denborea, el tiempo.

DEUS, ezer

DEUSEZTU, deuseztatu, ezereztu.

DOHAINIK, dohan, doharik, urrurik, gratis.

DOHARIK, dohan, dohainik, urrurik, gratis.

DOI DOIA, justo justo, ni más ni menos.

DONTSU, santo, dichoso, virtuoso. (Honelako kasuetan, ironi kutsua izaten du).

DUKEGU, dugu nonbait.

EGINTZAK, egin ezak, egin zak, egin eik.

EGUN, gaur.

EI, omen.

EKANTZE, acostumbrarse, habituarse, integrarse.

EKIALDE, eguzki alde, Este.

EKIN, entregarse con ahinco o insistencia. (Aditz hau intrantsitiboa da).

ENGAIAMENDU, compromiso, engagement.

ERABAT, guztiz, zeharo.

ERAKUNDE, organismo, institución.

ERALGI, gastatu.

EROAN, eraman.

ERORI, jausi.

ERORTZE, jauste.

EROSO, cómodo.

ERRESUMA, reino, royaume. (ERREINU, reinado, règne. Beraz, Frantzia, adibidez, ez da gaur egunean ez erresuma eta ez erreinu, Estatu bat baizik).

ESERI, jezarri, jarri.

ESERTZE, jezartze, jartze.

ETEKIN, provecho, producto.

ETORRI, facundia, inspiración.

EZEZIK, no solamente.

EZKUTATU, ocultado.

FOBURGO, arrabal, faubourg.

FROGATU, probado, demostrado.

FUNTS, fondo, sustancia.

GAITZ, zail.

GARAMATZA, garoaz, eramaten (eroaten) gaitu.

GISA, bezala.

GOGARA, gustura.

GURARI, desira.

HA, hura.

HAIK, hareek. Haiek (heiek) aktibo, haik (hek) pasibo. (Ikus Lafitteren «Grammaire Basque», 82. horrialdea).

HALABER, así mismo, igualmente.

HASTAPEN, hasiera.

HAUK, honeek. (Hauek aktibo, hauk pasibo).

HERSTE, heste, hixte.

HERTSI, hetsi, hitxi.

HIGIDURA, mugimendu.

HILDO, surco, sillon.

HILKIZUN, destinado a ser muerto.

HOBE EZ, claro está, sin duda.

HOBETSI, preferido.

HOIK, horik, horreek. (Hoiek aktibo, hoik pasibo).

HORBEL, hoja caída, feuille sèche.

HORIK, hoik, horreek. (Horiek aktibo, horik pasibo).

HORRETARA, horrela.

HORRETAZ, beraz, por consiguiente.

HOSTOTZE, horriztatze, cubrirse de hojas.

HOTS, a saber, es decir, esto es.

HUNKITU, conmovido, impresionado. (UKITU, tocado).

HURA, ha.

HURBIL, hur.

HURRUPATU, absorbido.

IA, kasik.

IGAN, igon, igo.

IGERTOKI, piscina.

IHARROSI, sacudido.

INPERIALIST, imperialista. (Hitz honek, kasu honetan, galdu egiten du A organikoa, hurrengo berbarekin hitz elkartu bat egiten duelako. Hala idazten du zenbait idazlek).

IRAGAN, igaro, pasatu.

IRAIL, septiembre.

IRAIN, injuria.

IRITXI, heldu.

IRRIKITU, hendiduda, fente.

IRTEN, urten, atera, jalgi.

ISTORIO, hecho narrado, ingelesez story. (HISTORIA, kondaira, ingelesez history).

ITAUN, galdo, galdera.

JADANIK, ya.

JAGON, zaindu, gordo.

JAITSAPEN, jaiste, descenso.

JARAMON, kasu.

JARRERA, actitud, postura, posición.

JASATE, aguantar, soportar.

JAZARGO, contradicción.

JAZOTZE, gertatze.

JIPOI, zurra, tunda, volée de coups.

KABU, buru.

KASA, pentzu, cuenta. (Bere kasa = por su cuenta).

KASU, adibidez.

KATIGATU, encadenado.

KAUSITU, encontrado; acertado.

KAZETARI, periodista, journaliste.

KOKATU, situado.

KOSTUMATU, vestido a estilo teatral.

KUDEATZAILE, gerente.

KURAIATU, adoretu, animado.

LAGA, utzi.

LANDA, kanpo, lekora, fuera.

LARRAIN, zelai.

LARREGI, gehiegi, sobera.

LEGEZ, lez, bezala.

LEKUKO, testigu.

LEKUKOTASUN, testigantza.

LEPAHORI, marta.

MAISEATU, criticado.

MAIZ, sarri.

MENDEBALDE, mendebal alde, occidente, Oeste.

MERKATAL, mercantil, comercial. (Merkatari hitzak eta beronen antzekoek, hurrengoarekin berba elkartu bat egiten dutenean, galdu egiten dute azken bezala eta R kontsonantea L bihurtzen da).

MERKATALGO, comercio.

MINTEGI, seminario.

MORROI, morroin, individuo.

MUNA, ribazo, porción elevada de un terreno, talus.

MUXIKA, melocotón, pêche.

NABARI, manifiesto, notorio, evidente.

NABARITZE, percibir, patentizar.

NAHI, pretendiente a.

NEHONDIK, inondik.

NEHOR, inor.

OHOSTU, ebatsi.

OIHAN, baso.

OIHARTZUN, eco.

OKARAN, ciruela, prune.

OMEN, ei.

ORDEA, en cambio.

ORO, guzti.

ORO HAR, en conjunto, habida cuenta de todo.

OROKOR, general.

OSTERA, berriro.

OSTERATXO, ostera laburra, itzuliño, vueltecita.

OTSO, lobo, loup.

PARADA, abagadune, aukera, era, ereti, ocasión.

PEROGRUILADA, aspaldiko egia.

POZARREN, pozik.

POZKARIO, bozkario, alegrantzia, alaitasun.

PRESESKI, precisamente.

PROLETAL, proletario. (Proletari hitzak eta beronen antzekoek, hurrengoarekin berba elkartu bat egiten dutenean, galdu egiten dute azken bokala eta R kontsonantea L bihurtzen da).

SARRI, maiz.

SASI-ESKOLA, inasistencia a la clase.

SATITSU, musaraña.

SEGUR, seguru.

SOBERA, gehiegi, larregi.

SORKURA, origen, nacimiento.

TAULA, tablado.

TENORE, garai, ordu, sasoi.

TINKATU, recalcado.

TIRRIA, inclinación, querencia, anhelo, prurito.

TXIBATO, salatari.

TXILIO, oihu, chillido.

TXIRTXILLATU, completamente deshilachado. (ZIRTZILATU, deshilachado, effilé).

UDALETXE, Herriko Etxe.

UGAZABA, amo, dueño, maître.

UKUILU, establo, étable.

URTEKO, por año.

UZKALDU, atado, ligado.

UZTAIL, julio.

XAHUTZE, derrochar.

XERTAKETA, injerto, transplante.

ZAILDU, saiatu, bermatu.

ZALANTZA, vacilación.

ZEINEN, zein.

ZELAN, zela, nola.

ZEREN, ze, pues.

ZERGA, contribución, impuesto.

ZERTZELADÁ, zertzeladea, el detalle. (Berba hau mugatua dela adierazten du azentuak. Honelako kasuetan, ez dea* komenigarri azentua jartzea?).

ZINEZ, benetan.

ZIZTU, gran velocidad, grande vitesse.

ZORTE, destino.

ZUZPERTU, revivido, reavivado.

ZUZPERTZAILE, reavivador.


Zientzia

Erlatibitatearen theoria eta philosophia

Esku artean dudan liburu batek, gai honi buruzko artikulu batzuk idaztera bultzatu nau. Liburuaren egilea, Koloniako Unibertsitatean irakasle den P. Mittelstadt dugu. Liburuan, 1905. urteaz geroztik, physikaren adar biren desarroilatzeak philosophi kontzeptuetan ukan dituen ondorioak aztertzen dira. Physikaren arlo bi hauk,* erlatibitatearen theoria eta mekhanika kuantikoa dira. Theoria hauek, philosophia klasikoak a priori egiatzat ukan dituen oritzi batzuk oker zeudela frogatu* dute.

Oraingo honetan, erlatibitatearen theoriaren ondorio bat aztertuko dugu, preseski* denborari buruzko kontzeptua. Honetarako, lehenik philosophian (edo zentzu komunean) izan den denborarekiko kontzepzioa aztertuko dut, gero erlatibitatearen theorian hartzen duenarekin konparatzeko.

Denbora absolutuaren ideia

Philosophia klasikoan beti pentsatu izan da, a priori. denbora absolutuaren ideia. Aurreritzi* hau nolabait logikari lotzeko, jarraiko arrazoinamendua egiten izan da:

Kontsidera ditzagun espazioko puntu bi, A eta B. Bi puntu hauk geldirik daude. A puntuan gertaera bat jazotzen* da tA mementoan, eta B puntuan beste gertaera bat tB mementoan. Instante berean gertatzen badira, gertaera simultaneoak direla esanen dugu: (tA = tB).

Nola neurtu dugu simultaneitatea? Demagun,* gu garela, simultaneitatea neurtzen ari direnak. Espazioko edozein puntu batetan gaude. A puntuko gertaera jazotzen denean, seinale bat bidaltzen da, abiada infinitu batez, A puntutik gureganantz. Abiada infinitua duenez, seinale horrek ez du denborarik behar guregana heltzeko, eta tA instantean bertan helduko da. B puntuko gertaerarekin ere berdin egiten dugu; beraz, B puntutik datorren seinalea tB denboran helduko da guregana. tA eta tB berdinak badira, gertaera bi horik simultaneoak direla esanen dugu. Eta berdin esan lezake beste edozein obserbatzailek, seinale-abiada infinitua delako. Beraz, espazioan dauden guztiek, era berean neurtzen dute DENBORA hori. Obserbatzaile batentzat simultaneoak diren gertaera bi, beste edonorentzat ere simultaneoak izanen dira.

Era honetan, edonongo erlojuk ordu bera agertuko du, eta denbora* berdin jazoko da erloju guztientzat. Beraz, erlojuek neurtzen dutena, kantitate absolutu bat da: denbora ABSOLUTUA da.

Kontuan ukan dezagun, horretaz,* philosophia klasikoaren puntu bi:

- oinharritzat, seinale-abiada infinitua dela kontsideratu dugu.

- era honetan finkatutako denbora absolutua da, hots,* errealitate OBJEKTIBO bat; eta inongo experimentuk ezin dezake denbora horren martxa alda. Denbora. aurrera doan errealitate objektibo bat da.

Einsteinen jarrera

Einsteinek, argi abiadaren konstantetasuna ulertu ahal izateko, jarrera* berri bat hartu zuen, naturako gertaeren aurrean.

Batetik, termino subjektibo bat sartzen du arrazoinamenduan: obserbatzailea. Bestetik, physikaren lege nagusi bezala, naturaren eta obserbatzailearen arteko harremana hartzen du: experimentua. Azken batetan, experimentuak adieraziko du lege baten egiatasuna.

Jarrera hau hartuz gero, kontzeptu bat finkatzekotan, naturako legeekin ados* dagoen experimenturen batetan onharritu behar da; eta ez dute balio aurreritziek, hau da, a priori hartutako eritziek.

Baina experimentuak egiteko tresnak, naturakoak direnez, naturako legeen pean aurkitzen dira; beraz, ez dira perfektuak, LIMITAZIO batzuk dituzte eta.

Philosophia klasikoan, seinale-abiada infinituez mintzatu gara; baina naturan ez dago seinale-abiada infiniturik. Experimentuek, abiadarik handiena argiarena dela agertu dute (300.000 km/s). Gainera, argiaren propietate berezi bat ere agertu dute: Argi abiada* berdina dela edozein obserbatzailerentzat. Beraz, naturaren limitazio hauk kontuan ukan behar ditugu edozein arrazoimendutan.

Einsteinek, honetaz konturaturik, simultaneitatea neurtzeko methodoa berriro aztertu behar zela esan zuen, naturaren limitazioen arauera.* Methodoaren birpentsatze honek, denboraren kontzeptu absolutuaren birplanteatze batera eroan zuen.

Erlatibitate theoriaren zenbait ondorio

Lehen aipatu puntuetan oinharriturik, kalkuluak eginez gero, jarraiko ondorioak sortzen dira:

- ezin daiteke simultaneitateaz mintza, obserbatzailea kontuan hartu gabe.

- simultaneitate absoluturik ez dagoenez gero, ez dago denbora absoluturik.

Ikusten denez, philosophia zaharraren pentsamoldea hankaz gora jartzen dute ondorio hauek. Gu ere aho zabalik geratzen gara ondorio hauen aurrean. Gehiago harritzeko oraindik, denbora absolutu ezaren subondorio bat aipatuko dugu.

Philosophia klasikoan, gertaera bi, haien denborarekiko ordenamenduan kontsideraturik, hiru eratan klasifikatzen dira, bata bestearekiko: iraganekoa,* presentekoa edo etorkizunekoa; eta hau guztiau era absolutu batetan, hots,* edozein obserbatzailerentzat.

Erlatibitatearen theorian hiru kategoria egon arren, kontzeptuz ez dira berdinak. Kasu honetan, iragan absolutua, presentea eta etorkizun absolutua daude.

Ikusten denez, presentea ez da absolutua, simultaneitate absoluturik ez dagoelako; eta iragana, presentea edo etorkizuna izan daiteke, gertaera bi horik experimentatzen ari den obserbatzailearen arauera.

Erraz uler daiteke orain, pentsamolde klasikodunen artean theoria honen aurka egon diren kontrajartzeak.

Hala ere, Einsteinen theoria kritikatzeko bide bakarra, hark hartu zuena da. Experimentua izanen da azken epailea. Eta experimentuek sobera* frogatu digute Einsteinen theoriaren egiatasuna.

J. R. ETXEBARRIA

daude, dagoz

dezagun, daigun

digute, deuskue

ditzagun, daiguzan

lezake, leike

zeuden, egozen