ANAITASUNA

262. zenb.

1973.eko urriaren 15ekoa

Pelota, 4 - 1.º - Bilbao-5

Tel. 23 74 49 - Apart. 495


ANAITASUNA Bizkaia

Hamabosterokoa.

Zuzendari ordezko: Imanol Berriatua.

Bulegoa: Pelota, 4-1.º - Bilbao-5.

Imprimatzaile: AMADO, Mazarredo 35 - Bilbao-10.

Moldatzaile: RALI, Particular de Costa 12-14, 3.º - Bilbao-10.

XXI. urtea.

D.L.: BI-1.753 - 1967.


Lexonako ikastola berria

Lege berriek jartzen dituzten baldintzak betetzeko eta ikasle multzo gero eta handiagoei lekua emateko, gure ikastolak handituz eta edertuz doaz.

Gaur, Lexonako ikastola berriaz hitz egitera gatoz. Aukeratze hau egokia dela uste dugu, ikastola honek hainbat puntu nabarmen dituelako.

Lexonarako bidea hartu dugu, Hibaizabalen eskuin aldetik. Asteguna da, eta fabrikaz jositako lur haietan dena da mugimendua, zarata eta kea, biziaren seinale. UNQUINESA pasaturik, eskuin aldeko bidea hartzen dugu eta Ondiz mendixkara igaten gara. Ezker aldean Hibaizabalen ertzeko fabrikak eta etxeak ikus daitezke, aurrean itsasoa, eta eskuin aldean Unibertsitatea. Han goian, paradisu bat dirudien toki zoragarri hartan, Lexonako ikastola berria eraikitzen ari dira.

Hango norbaitekin berba egin nahi dugu, eta Jose Luis Aurrekoetxea dator. Elkar hizketa bat proposatzen diogu, eta hona hemen nolakoa izan den.

— Noiz sortu zen hemen lehenbiziko ikastola?

— Erandiokoa 1969. urtean sortu zen hamar bat umerekin, eta Lexonakoa urte berean. Laster, lokalak txiki bihurtu ziren. Horregatik, Erandio eta Lexona —eta hauekin Deustuko hainbat guraso— elkartu egin dira, ikastola berri hau egiteko.

— Zenbat ikasle duzue aurtengo ikastarorako?

— 120 «preescolar» deitutako irakaskintzarako eta 100 EGBrako.

— Eta zenbatentzako duzue lekua?

— Ditugun lurrak kontuan harturik eta legeek agintzen dutenari jarraituz, aitzineskolarako hiru unitate (120 ikasle) har daitezke, eta EGBrako zortzi unitate (320 ikasle). Guztitara, 440 ikaslerentzat ba dago lekurik. Baina, lehen esan dudan bezala, aurten 120 ikasle ditugu aitzineskolarako (pena handiz, hainbati ezetza eman behar izan diogu); eta, beraz, maila honetan ikastola berria ere txikiegi geratu zaigu.

— Zenbat balio du ikastola berriak?

— Bederatzi milioi pezeta, eta guztia gurasoek ordainduko dute. Askorentzat nekezkoa izango da, Erandio eta Lexona herri langileak direlarik; baina «Caja Laboral Popular»ek errazpideak eman dizkigu. Dena den, dirua falta zaigu; eta dei bat egin nahi diegu euskaltzaleei, batez ere Deustu, Erandio, Astrabudu eta Lexonakoei, geure eskola berria eraikitzeko laguntza eman diezaguten.

— Eta nola eman dezakete laguntza hori?

— Dirua leku honetara bidaliz: Cooperativa Alzaga - calle Obieta, 11 - Erandio (Vizcaya).

— Nolakoa izango da ikastola berria?

— 6.000 m.2 erosi dugu, eta honekin batean 300 m.2 lur duen hiru pisuko baserri etxe bat. Etxe hau goitik behera berriztatu dugu, eta hor ipiniko ditugu biblioteka, sukaldea, batzarreetarako gelak, eta abar.

Lurretan, ikastetxe berria eraikitzen ari gara. Planta batekoa da, eta ez du dibisiorik edukiko. Beraz, 1.350 metro koadratuko gela handi bat da. Etxearen goiak ez du teilarik, eta han joango dira umeentzako igertokia,* jokalekuak, eta abar. Horretaz gainera, 200 m2.ko gela bat, «expresión plástica y dinámica»rako; eta gela hau gimnasio bezala ere erabiliko da, eta antzerkia, zinea eta horrelakoak emateko.

— Zenbat ordaintzen dute ikasleek?

— 800 pezetako kuota jarri dugu hilabeteko* (eskola autobusak Deustutik Lexonara egingo duen bidaiaren ordaina barne), gurasoen ekonomia kontuan harturik. Baina kuota hau orientazio bezala da. Ahal duenak gehiago ordaintzen du, eta ezin duenak guttiago. Hemen deficit bat sortuko zaigu; eta, diru iturri bezala lagungarri izan dakigun, beste igertoki bat egiteko asmoa dugu, kanpoko jendearentzat. Jaialdien antolatzaileei, kantari taldeei eta euskaltzale guztiei esan nahi diegu, ba dutela hemen nori laguntza eman.

— Norentzat da zuen Kooperatiba?

— Ez da, ikastolan semeak dituzten gurasoentzat bakarrik. Edonor, nahiz ikastolan semerik ez eduki, nahiz ezkongabe izan, guztiak izan daitezke gure Kooperatibakoak. Sartzean 1.000 pezeta ordaintzen da, eta gero ez dago gehiago pagatzerik. Honetaz aparte eta zenbait guraso laguntzeko, nahi duenak bere gain har dezake «Caja Laboral»en kreditu bat, 30.000 pezetakoa, 10 urtetan ordaintzeko. Kaxa honek behingoan* ematen digu diru hori, eta 10 urteren buruan berriro bihurtzen zaio laguntzaile horri. Laguntzeko modu hau oso mesedegarria zaigu, ikastola berria ahalik lasterren amaitzeko.

— Zerbait gehiago?

— Bai. Nire eskerrik beroenak, ikastola berria eraikitzera langile bezala etorri diren guraso eta lagunei. Nekezko lana egin dute, baina oso baliotsua; eta horrela ezin hobeto frogatu dute noraino maite duten, gure umeak haziko diren Lexonako ikastola.

XABIER DEUSTUA

dezake, daike

dezakete, daikee

diegu, deutsegu

diezaguten, deiskuen

digu, deusku

diogu, deutsagu

dizkigu, deuskuz

zaigu, jaku

zaio, jako


Urteburuak ospatzen

Urteburuak* ospatzean, arrazoi berdintsuekin ere, batzuek beste batzuek baino suerte hobea izaten dute: norbait oroitu delako, inor oroitu ez delako, edo bitartekoren bat oroitza lokarri izan delako. Une politikoak ere bere aldia jokatzen du, noski. Eta mundu zabalean horrela delarik, gure txikiagoan ere bestetara ezinezkoa dirudi.

Eusebio Azkuek merezimendurik ba zuen, Parnasorako Bidea-ren egilea zen aldetik (1896). Baina, egia esan, haren seme Resurrekzioni esker argitaratu zen olerki bilduma hura*, egilearen heriotzetik hogeitahiru urte iragan eta gero. Izan ere, hiztegi, morfologia eta beste lan askoren egile, herri kanta, ipuin, jolas eta abarren biltzaile aipagarriaren aita izateak ba du bere itzala; eta ahantzi* ezinezkoa genuen bere izen-deituraz luzeagoa zen hura: Eusebio Maria Dolores Azkue eta Barrundia (1813-1873).

Haren aina* merezimendu —baina ez hainbeste ohore— izan duten batzuk ere gogoratu nahi ditugu.

Oker ez banago, Luis Eleizalde bergararraren sortzea 1873.ean izan zen. Lehen Morfologia labur baten egilea (1913), toki izenen bilduma jakingarri batena ere bai, eta Euskaltzaindiaren sortzaileetako bat. Egia esan, Donostian, 1969.eko irailaren* 21ean, Euskaltzaindiaren urre ezteiak ospatzeko egin ziren hitzaldietako bat hari buruz izan zen, Luis Mitxelena hizlari zelarik (Euskera, XVI).

Jose Bizente Etxagaray donostiarraren jaiotzako berrehun urteak ere aurten betetzen dira (1773-1855). Haren kanta batek hau aitortzen digu:

Festarik behar bada,

bego Donostia.

Betikoa du fama

ondo merezia.

Bestetan ez bezala,

hemen gazteria

amaren sabeletik

dator ikasia.

Baina donostiarrok ez digute iaiotasun* hori erakutsi; edo ba dirudi, hainbeste Eguberri kanta eta Ihauteri* kantaren egileaz ahantzirik daudela. Haren nortasunaz jabetzeko, «Auspoa» argitaldariak argitaratu zuen 35-36. zenbakia eskuratu beharra dugu.

Azkenik, nire ustez guztietan ahantziena, Fr. Jose Kruz Etxeberria oihartzuarra da (1773-1853). Haren garaian, ez dakigu zergatik, Fr. Juan Mateo Zabalari bere bibliografian (Noticia de las obras bascongadas) sarrera emateko gogoko ez bazitzaion ere, guk ez genioke muxinik* egingo. Etxeberriak, Salesko Frantziskoren Deboziozko bizitzarako sarrera argitaratu zuen (1821), eta beste zenbait elizliburu: Ongi bizitzeko ta ongi iltzeko laguntza (1824), Kristau Dotriña Euskaraz (1822), Kempisen Jesusen Imitazioa (1829). Horietako batzuek zenbait argitaraldi ezagutu zituzten (lehendabizikoak sei guttienez, aita Villasantek bere Historia de la Literatura Vasca-n dioenez). Euskara arruntean idazten zuen, eta horregatik nonbait ez zuen beste batzuen ospea izan; baina, hala ere, harrigarria da nain ahantzia izatea. Herriz herri hainbeste euskal jai antolatu da, merezimendu guttiago dutenen izenean.

J. SAN MARTIN

daude, dagoz

digu, deusku

digute, deuskue

genioke, geunskio

zitzaion, jakon


Euskal alfabetatzea zertarako?

Maiz* entzuten da holakorik: «Alfabetatzea! Baina merezi ote du? Beno, ez legoke gaizki; baina... ba dago oraingoz zeregin premiazkoagorik noski».

Beharbada merezi duke*; baina, hala ere, ez da arazo larriegia, zenbaiten eritziz. Jakina, eta klase burruka noizko? Ez gaitezen ortodoxo izan! Aski* dugu, errealitate deseuskaldunari, erdal herri bilakatu* denari begiratzea.

Gera* bitez gauzak, diren bezala; izan ere, ez baita justifikazio merkerik baizik nonnahi aditzen. Eta aitor dezagun behin betikoz, euskara kultur hizkuntza bihurtzen ez deino,* halaber euskal kulturarik burutzen* ez deino, eztabaida alferretan gabiltzala, egiazki eta serioski aritu* ordez.

Zertarako alfabeta? Galde hau egin ere ez litzateke egin behar, geure egoera tamalgarriaz zertxobait ohartuko bagina. Begien bistan baitago, zure eta ene euskara ez dela egungo* munduari dagokion hizkuntza. Eta zergatik ez? Bada,* mundu horren adierazpide ez delako, hizkuntza osabehar batek ezin dezakeelako mundu hori adieraz.

Eta euskal kulturaz zer arraio gertatzen da? Beno, hau ere esan beharrik ba ote dago? Tira! Eta hasi garenez gero, bihoa ohar bat. Kultura hizkuntzaren bitartez burutzen delarik, nekez obra daiteke euskal kultura, harik eta euskara landu arte. Eta areago*: konta daitezke, gure artean euskara landurik dutenak; eta hori deus* gutti da, herri kultura herri gisan* eraiki nahi bada. Egun, lehen urratsetan* dihardugu, maila sakonetako gai eta hauziak tratatuz, gisa horretan biharko euskal kulturari zutabeak* finka diezazkiogun.

Politikaren mundura sartuko bagina, aldiz,* berriro ere galdeka hasiko ginateke. Zer dea euskal politika? Bego honetan erantzuna (xinplea izanik, arras* egiazkoa): gizaseme orok*, nolabaiteko kultur moldez, gizabehar oro gizonki asetzea. Kultura obratzekotan, hizkuntza landu baten premia aipatzen genuen arestion.* Orobat,* politikarako ere, baitezpadakoa da kulturaren argia. Ba dirudi, zatiak bata besteari loturik daudela, hots,* hizkuntzak, kulturak eta azkenik politikak, eten ezinezko atxikiduraz,* gorputz bat osatzen dutela. Hau ez da batere harritzekoa, ezin baitzitekeen bestela izan zati berorien izakera munduan.

Euskararik gabeko kultura ez da euskal kultura; eta euskal kulturarik gabeko politika ere ez da euskal politika.

Alfabetatze lana, ezpairik* gabe, zeregin gorriena da gure kasuan. Herriaren alde eginiko lana benetan probetxagarri gerta dadin, erantzunak benetako erantzun izan daitezen, eta egunen batetan Euskal Herria zinez Euskal Herri bilaka dadin.

JOXE M. ODRIOZOLA

bihoa, beioa, joan bedi

daude, dagoz

dezagun, daigun

dezake, daike

diezazkiogun, deioguzan


Neure lantokitik

Txomin Peillen

GERO algitaldarira joan naiz, eta, harpidetza egin ondoren, orain arte publikaturiko liburuetarik mordo bat erosi dut. (Hango liburuak nahi izatekotan, hau da norabidea: GERO —Apartado 73— Bilbao).

Etxeraturik, zeinetatik has irakurtzen erabaki behar nuen. Azalak aztertu ditut, eta izen batekin topo egin dut: Txomin Peillen. Behingoan etorri zait gogora, zuberotar idazle honen nobela bat aspaldi irakurri nuela eta asko gustatu zitzaidala. Eta pozarren* hautatu dut, irakurtzeko, berorren azken nobela: «Gatu Beltza».

Irakurtuz nindoala, nota batzuk hartu ditut, eta, interesgarriak diratekeelakoan,* hemen jarraian eskainiko dizkizuet.

Zuhaitzak eta animaliak

Animaliak mugitu egiten dira; zuhaitzak, ostera,* geldirik daude. Progresismoa eta inmobilismoa. Gaur egun Euskal Herrian burrukatzen duten indar biak.

Ikurrez, sinboloz ari zaigu Peillen «Gatu Beltza» nobelaren 30. horrialdean:

«Euskaldunok zer dugu? Bizkaia zaharrean otsoa* zen, frantsestu* herrietan ingelesen denborak haien lehoina utzi du; bainan geroztik Vaskoen seme flakoek, ahulek,indargeek, animaliak zuhaitz batekin trukatu dituzte: mugitzetik landa zoko batean landatzea. Arbola malatua asmatu duen gizakentea*, txikikerientzat on da».

Ikusten duzuenez, hemen Peillenek ez digu Gernikako Arbolaz hitz egiten, Malato zuhaitzaz baizik. Eta honela segitzen du:

«Zer da arbola hori? Euskal Herriko mugan den zuhaitz bat, gure jendeek pasatu behar ez zutena. Ahulezia,* flakezia handia da, zeren* munduan besteak jaten entseiatzen* ez dena, janik izango da. Euskaldunen indarra malatua da, aspaldian».

Anaien arteko burrukak

Gauzarik negargarriena, anaien arteko burrukak dira. Horretan, gure herriak madarikazio baten antzekoa du: burruka politikan, erlijioan, hizkuntzan, ikastoletan, aldizkarietan, eta abarretan. Abar luze luzea. Geure gazteluaren ateak barrutik zabaltzen dizkiegu asaldatzaileei.

«Gatu Beltza»ren 43. horrialdean hau irakur daiteke: «Gauden bakean, Inspektore, zu burdinekin, ni hezurrekin. Setiatzen* ziren hiriak, gazteluak, barrenetik egin* erdio* batetarik erortzen* ziren, ez kanpokoen kanoinekin.»

Ikastoletako irakasleentzat

Jarraian doan pasarte hau, ikastoletako irakasleentzat da bereziki. Guztiok ikusi ditugu, ikastolatik irteten direnean, haurrak erdaraz egiten; eta batek baino gehiagok pentsatu dugu, ea nola demontre irakasten dieten euskaraz, ea zein sistema erabiltzen duten irakaskintzan. Urteak aurrera doaz, eta ordua da galde hau egiteko: Aztertu eta hautatu dituztea,* ikastoletan euskara irakasteko sistemarik hoberenak? Ba ote dago, ikastoletarako, kurtsurik kurtsu segitu behar den programaziorik? Erabaki ote dute, kurtsu bakoitzean (ikasgela bakoitzean esan nahi dut) zein hiztegi erabili behar duten ikasleek, zeintzu aditz joko, zeintzu liburu? Eta egin ote da hau, osotasun bati behatuz,* hots,* ikastolatik jalgitzean,* gaztea euskararen erabateko* jabe izan dadin? Eta, hori erabakitzen ez den bitartean, zergatik hainbeste garrantzi eman gai sozio-ekonomikoei? Ene ustez, ikastolek ez dute izan behar ez ELIZ ikastolak, ez KLASE ikastolak, EUSKAL ikastolak baizik. Eta irakasleek, ez haurzain, haur hezle* baizik. Euskal hezle.

«Luis XVI.eraino, euskaldunak, mezulari,* geznari,* posta* gizon, lakaio eta zaldizko* arinenak ziren: 'courir comme un basque' zioten frantsesez. Ez da gisa* horretan herri baten dinitatea irabazten. Arbola malatuaren seme indargeak, hutsak, gara. Ez da gure hizkuntza zahar dena; geu gara zahar, atso zintzo batzuk, bertutez anoa beterik. Artzain eta ez otso,* haurzain eta ez haur hezle». (58. horrialdea).

Oteiza eroa?

Inmobilistentzat, progresistak eroak* dira.

«Oteiza eskultorea, kulturzale amorratua, mundu guztian bildu* sariengatik,* ohore guztiengatik, gure eusko arruntentzat* eroa da. Halaxe mintzo dira deus* ere ez daukatenak, zerbait daukatenez* ari direnean». (58. horrialdea)

Sasi-unibertsalistentzat

Ezker eta eskuineko muturrean, zenbatgura sasi-unibertsalista dugu bazterretan. Baina alferrik dabiltza, guk geure nortasuna gorde nahi dugulako; eta inork frogantzarik* gura badu, horra hor nola sortu diren ikastolak, herritik, behetik gora.

«Salbatzaile horrek baino hobeto daki Barandiaranek, zein mehe den Europarren larruan azken bi mila urteek ezarri* koipea, eta zein zahar mamia. Mendien bi aldeetako jendeei kanpotarrek usain desberdinak eman dizkigute, bainan loreak ez du usainetik jarraibiderik. hazitik baino». (61. horrialdea).

Folklorekeria

Oraingo pasarte hau, euskaraz «agur» esaten besterik ez dakitenentzat doa, ukroniarrentzat.

«Amerikako indiano zokoak* gisa* geuk ere behar genituzte. Txapel, gapelu, bonet gorriekin, abarkak oinetan eta guzti, egunak iragan genitzake, deus* ere egin gabe, salbu* eta, ikusliarrak etortzen direnean, pilota, mus eta jauzi. Entzuleen aurrean 'hartzeraz'* mintzatzeko. Hartzak, ordea, hirian, kalean, debekatu behar lirateke, salbu eta zirkotarrak. Hala, Herri guztia Hernani, Herrera eta Irun bezala litzateke, Salvadoren herrikideak karrikan bakean ibil daitezen, hartzik ikusi gabe. Elbira Donostiakoak esan zidan legez,* latinkeriak kutsatu gabe, urte guztiko Meza-Bezperak eta Euskaldunak liburu jatorrak, garbiak, irakurriz». (83. horrialdea).

Jon Mirande

Noizko Jon Miranderen lanen bilduma*? Haren heriotzea baino sei urte lehenago eskatu zuen Peillenek lan horien argitaratzea:

«Nolaz ez ahaztu zein neke* zen gazteagotan, euskarazko irakurlan bat topatzea, eta aurkitua lo eragingarri zenean...? Beti idazle handi bat itxaroten egoteko ordez, gure tabuak ahaztuta, zertako* ez dira Miranderen olerki guztiak argitaratzen?» (87. horrialdea).

Betor zentzua!

Eta, amaitzeko, guztiontzat kezka sakon bat izan behar lukeena: geure arteko burrukak behin betirako baztertzea!

«Ikusten dudanean, etxe batengatik nolako guduka izan den anaiarteko burruka, zentzua ez ote den animalien aldetik gogoan hartu dut». (90. horrialdea).

Peilleni eskaria

«Gatu Beltza» irakurri dugu. Noizko hurrengo nobela?

XABIER GEREÑO

daude, dagoz

diete, deutsee

digu, deusku

dizkiegu, deutseguz

dizkigute, deuskuez

dizkizuet, deutsuedaz

gauden, gagozen

genituzke, geunkez

genitzake, geinkez

nindoan, ninoian, joaten nintzen

zait, jat

zidan, eustan

zioten, inoen, esaten zuten

zitzaidan, jatan


Gure Munduko Albisteak

Liburu berriak

Gerraondoko Euskal Poesiaren Antologia (1945-1964), Ibon Sarasolak, LURen

Aurtengo otsailaren* data badakar ere —Lau teatro arestiar delakoak bezalaxe—, irailaren bukaeran banatu du LUR editorial gazteak Ibon Sarasolaren obra hau.

Izenak berak argiro aski* derakuskigunez*, gerraondoko euskal poeten lanen bilduma* bat da, orain arte Eusko-Gogoa, Gernika, Gure Herria, Olerti eta Euskera aldizkarietan sakabanaturik zeudenak. Ez du antolatzaileak, segur aski, lan ttikia eduki, honelako anthologia hau burutzeko*; eta, bestetik, ez dago esan beharrik, gaurko gazteontzat orduko aldizkari horik* zeharo eskuragaitzak izaten direla: hortik atera genezake Ibon Sarasolaren liburu honen meritu eta mesedea. Honi esker, geure Historiaren aldi ilunenetako baten poesi emaria* ezagut dezakegu, urtez jadanik zaharra izan arren, orain arte ikusi ez eta, askorentzat berri, mezudun* eta harrigarri gerta daitekeena. Obra bikain bat, beraz, LUR editorialak honetan eskaintzen diguna. Gure zorionak guztiei.

Bibliographiarako: SARASOLA, Ibon: Gerraondoko Euskal Poesiaren Antologia (1945-1964), Lur ed., Bilbo, 1973.

Ekaitza, J. M. Satrustegik, JAKINen

Shakespeare-n lan baten izen berberaz argitaratu berri digu JAKIN liburu sortak, bere gizarte sailean, J. M. Satrustegi nafar euskaltzainaren lehen elaberri* hau, Iruineko Aurrezki Kutxa Munizipalak 100.000 pezetako sariaz hornitua.

Mamia ez du gaitza. Udargiko herriaren bizimodu tradizional eta modernoaren arteko burruka, obrako lagun batzuengan nabarerazia.* Satrustegik ba du begi erne eta belarri zolia, Herri xeheen sentimendu eta erizpideak* hartu eta paperean agertzeko; eta hau guztiau euskara jator, herritar eta atsegin batez, nafar kutsu paregabeaz, gainera. Hizkuntzaren aldetik behintzat, hiritar erdaldunduon euskara gaixoari zuzperraldi* bat emateko oso liburu egokia dugu hau, hala fede!

Ba liteke, irakurlea idazlearen zenbait usterekin, noski, batera ez egotea, bai eta zeharo kontra etortzea ere; baina holakoetan ere liburuak beti ematen digu zer pentsa orain arteko gauza askotaz. Theoriatik praxiserako bidea, izan ere, ez baita batzuek uste eta nahi luketen bezain labur, leun eta aisea.*

Akasño batzuk aipatzekotan, orthographian, agian* inprimatzaileen erruz, maiz* samar isuri diren okerrak salatuko genituzke. Azala, X. Egañak moldatua, trixte iruditu zaigu, artista horrena izateko.

Zorionak, beraz, Satrustegi jaunari eta JAKIN editorialari, eskaini diguten elaberri honekin aspaldiko «sortze hutsune» hori, nolabait, betetzen baita gure literaturan.

Bibliographiarako: SATRUSTEGI, Jose Maria: Ekaitza, Ed. Franciscana de Aránzazu, Donostia, 1973.

Iraultzaz, Joan Mari Torrealdayk, JAKINen

Berau ere, oraingoan gogoeta sailari dagokiolarik, JAKIN liburu sortaren obra bat dugu, egunotan zabaldua. Egilea Joan Mari Torrealday dugu, Joseba Intxausti baino lehen JAKINen zuzendaria izan zena. Dakikegunez,* frantziskotar gazte hau Frantzian luzaro egona da bere estudioak egiten, eta oraintsurarte ez zaigu Herrira etorri, haren artikuluen hutsa gure aldizkarietan nabari* utzirik.

Baina orain berriz ere geure artean dugu, eta jadanik* bere fruitu zorhia* agertu digu liburu honetan. Lan honen funtsa* hauxe da: XVII. mendeko ingeles iraultzan hasita, XVIII.eko Ipar Amerikar iraultza (1775), Frantziakoa (1789), Errusiakoa (1917) eta Txinakoa (1966) aztertzea, bakoitza bere baldintza, helburu eta textuinguru berezian, bai eta, askenik, Pariseko 1968.eko maiatzean hasi zena eta Ezker Berri baten hildotik* ari direnak ere. Estudio hau, zenbait ikusmolde argitzeko ezin hobeki datorkigukeela* uste dugu zin zinez.*

Azala, Fernandok egina —Amezketarrak ote, ez dakiguna— egoki egokia.

Bibliographiarako: TORREALDAY, Joan Mari: Iraultzaz, Ed. Franciscana de Aránzazu, Donostia, 1973.

«Eusebio Maria Azkue» Poesi Saria

Aurten, Eusebio Maria Azkueren omenez Lekeitioko Herriak hospatzen duen Poesi Txapelketako saria Bitoriano Gandiaga frantziskotar poeta ezagunari eman zaio. Sari hau 25.000 pezetakoa izan da.

Mahaikoek, Telesforo Monzon, Jose Azurmendi eta Mikel Lasa jaunek, horrez gainera, Arantxa Urretavizcayari eta Xabier Leteri ohorezko aipamen bana egitea erabaki zuten, sariketa horretara presentatu zituzten poema bikainengatik. Bihoazkie* gure zorionak guztiei.

Getxo: Ikastola hondatuta

 Itxas Argia getxotar elkarteak bere etxean dadukan Egunsentia ikastola, hondaturik gelditu da irailaren* 30 eta urriaren 1ean egondako euri uholdeengatik. Jadanik* 43 haur dituen ikastola hau etxeko soto* batetan zegoen, kalea baino beherago; eta ura ia metro bat eta erdiraino sartu izan da barrura, bertako fitxak (andereñoen 5 urtetako lana), jostailu eta pedagogi material guztia (aurten erosia gehiena) zeharo hondatuz. Kalteak, dirutan, 200.000 pezeta ingurukoak omen* dira; eta 3 hilabetetako lana egin beharko da ikastola hori konpontzeko, gurasoen ahaleginez.

Getxoko ikastola hau Herriko jende erdimailako eta langileena zen erabat,* eta oraingo egoera honetan bere larritasunak pasatzen ditu. Inork diru laguntasunik eman nahi ukanez gero, ANAITASUNAra bidal dezake.

Aipagarria dateke,* bestalde, Txoko elkarte gastronomiko getxotarraren portaera jatorra, beronek, kalteak erremediatu arte, bere aretoak* ikastolari utzi dizkio eta.

Sondikako aireportuaren kontrakoak

Orain hilabete batzuk,* Barakaldoko Márgenes aldizkariak horrialde bat zabaldu zuen bere irakurleen artean. Bizkaiko aireportu berria Sondikan egitearen kontra zeudenek Gobernuaren aurrean protesta egin zezaten. Azken zenbakian ikusi dugunez, 6.000 horri bidali izan dira honez gero aireportuaren projektu horren kontra. Dakusagunez,* jende asko ez da Dña. Pilar Careagaren eritzi berekoa.

Gibraltar edo leninismoaren aplikazioa

Gibraltar, Gibraltar! entzuten genuen eten gabe gure ttikitan irratiz; baina «ya tocan, adelante, por el peñón de Gibraltar» hura orain arte ez da egia bihurtu. Harmen mehatxuz gabe*, ordea, oraingoan diplomaziaz ari dira. Lortuko al du López Rodó jaunak ingelesengandik? Nik halaxe nahi nuke behintzat, ea, postaseiluak garestitzeko ukan* zuten arrazoia kendu ondoren, Postaren* prezioak berriz ere merkatzen zaizkigun. (Horretan egon, Xabier koitadua!).

Dena dela, duda gabea da, arazo honetan espainolek aipatzen duten argudioa* zeharo leninista dela: Gibraltarreko populazioaren nahia edo nahirik eza gabe,* hauzi honetan balio duena lurraldearen osotasuna besterik ez da. Dakikegunez,* Leninek gauza berbera zioen: «Ez dago nazional eskubiderik nazioaren mugaz landa*». Eta arrazoizkoa dirudi, hala fede! Agian* horixe berberori, noizbait, norbaitzuei oroiterazi beharko zaie, nik uste.

Itxura guttiago eta mamia gehixeago

Bilboko Radio Popular entzuten ari garelarik, maiz* adi dezakegu honelakorik: Herri irratia zuekin! Noski, baten bati «eta zure izpirituarekin» ihardesteko gogoa badatorkio ere, esan dezagun ez legokeela gaizki Elizaren irrati horren agurkera hori, ondorengo «sermoi» osoa ere euskaraz baletorkigu. Baina, bai zera! Ondoko programma eta irratsaio guztiak gaztelania hutsean. Noiz artean, gero ere. Catilina...?

Gernikako taberna askotan, bestetik, gisa* honetako jai kartelak irakurriak gara: «Mikel Deuna de Iurreta». Hemen ere itxurakeria hutsa: deuna eta ez dakit nik zer gehiago, baina erdarazko de eder eta barregarri batekin. Ai, Aita San Migel Idurretako gaixoak ez luke horien aurrean, ez, barre askorik egingo. Edo egitekotan, galantak.

Roman Basurtok: Euskal tesina berri bat

Orain zenbait hilabete, ZERUKO ARGIAk, Donostiako aldizkari anaiak, Gipuzkoako gazte batzuen lizentziatur lanen berri ematen zigun, euskal gaiei buruzkoak berak. Bilbon ere antzekoak izan dira Histori sailean. Gaur holako bat aipatuko dugu, Roman Basurto bilbotar euskaldun berriarena: La evolución de los modos de vida de una anteiglesia vizcaína: Guecho (estudio histórico-etnográfico).

Julio Caro Baroja jaunak zuzenduriko tesina honek, Bizkaiko elizalde* honen bizimodua mugatu duten baldintzak aztertzen ditu (porturik eza, Bilbo eta Portugaleterekiko konkurrentzia...); eta ondoren argiro erakusten du nola Getxoren gainbehera XIX. mendeko lurren desamortizaziotik etorria den, haietan, industriak gabe,* bizitokiak eraiki baitziren.

R. Basurto, ikertze lan honetan, orain arte argitaratu gabeko dokumentu batzuez baliatu da, hots, Villariasko markesaren artxibo eta Getxoko binkuluarenaz (Bizkaiko Diputazioan daudenak, biak), sasoi hartako getxotar bizimoduaz, bai ekonomiaz eta bai lege sasoi oso xehetasun* interesgarri batzuk* ematen dituztenak.

Azkenik, J. M. Barandiaranek moldaturiko Etniker inkestari* jarraiki, etxea eta etxekoei buruzko ethnographi azterketa bat egin du historilari honek.

 Egileak dakigunez, pozik argitaratuko luke bere obra hau euskaraz. Honetan, ordea, gure editorial gazteek dute. ukan, hitza.

Euskal editorial gazteen tiradak

AGUReko zenbait jaunek bestela baderitzo ere, Euskal editorial gazteen liburuen tiradak, batez beste, 1.000-1.500 aletakoak izaten omen* dira. Noski, obra horien erosleetatik zenbatek irakurtzen dituzten inork ere ez daki, AGURek «omen» dituen 2.000 harpidedunetatik zenbatek irakurtzen duten inork ez dakien bezalaxe.

Berri laburrak

Durangoko VIII. liburu azoka

Hazilaren* 1ean, Herriko Etxean eginen den bilera baten ondoren, Durangon Euskal Liburu eta Diskoen VIII. Azokari emanen zaio hastapena. Feria hau, aurreko urteetan bezalaxe, Andre Dona Mariaren elizaren aterpean eratuko da, eta bertara 20 stand baino gehiago presentatuko omen dira. Horiez gainera, euskal folklore erakusketa alaigarri batzuk egonen dira.

Martín de Ugalde, «GURIA» kontu sariaren irabazkide

Genaro Pildáin jaunaren eraginez, aurten «Guria» kontu saria bigarrenez eman da. Sari honen 50.000 pezetak Martin de Ugalde (Los gitanos), Antonio Petit Caro (La espera de los sustos) eta Francisco Blanco (La gaviota) jaunen artean erdibanatu izan dira.

Bilboko erdal sariketa honen mahaikoak Angel María Ortiz Alfau, Alfonso Ventura, Antonio Guerrero, José Sánchez Tirado eta Luis de Castresana izan dira.

Aita Angel Goenaga hil da

Irailaren* 29an, aita Angel Goenaga jesuita, Donostian zebilalarik, buruko atake batez hil zen kalean. Dokumentu gabe egonik, hilherriko gordelekura eraman zuten, haren lagun eta ahaideek, handik 3 egun arte, ezer jakin gabe.

Angel Goenaga Zegaman jaioa zen, eta 58 urte zituen. Euskaltzain laguntzaile, hainbat obra egina zen euskaraz eta euskarari buruz, haien artean Hemingway-en «Agurea ta itxasoa»ren itzulpena. Bere Philosophi-Letretako thesis doktorala ere euskal kategoria semantikoez egin zuen, eta aspaldion Fontes Linguae Vasconum linguistik* aldizkarian artikulu asko publikatuak zituen. Azken urteotan Donostiako E.U.T.G.eko irakaslea zen.

Gure doluminak haren ahaide eta ordenakide guztiei.

Ipuin berriak euskaraz

Bilboko FHER, S.A.k egunotan argitara eman berri ditu, oso edizio ederrez, haurrentzako lau ipuin euskara batuaz: Xano Gorritxo, Edurtxu eta zazpi gizonttoak, Berunzko gudarittoa (sic) eta Katu botaduna.

Itzultzaileak Bizkaiko Alfabetatze Kanpainako irakasle talde bat izan da.

ARMENDARITZ

daude, dagoz

dezagun, daigun

dezake, daike

dezakegu, daikegu

digu, deusku

digute, deuskue

dizkio, deutsoz

genezake, geinke

lukete, leukee

zaie, jake

zaigu, jaku

zaio, jako

zaizkigu, jakuz

zebilan, ebilen

zeuden, egozen

zezaten, eien

zigun, euskun

zioen, inoan, esaten zuen


Ekuazio baten ondorenak

Argiro dago, kapitalisten helburua, irabazien bidez kapitala pilatzea besterik ez dela. Baina irabaziak ekuazio baten ordorenak direla esan dezakegu; eta ekuazio hori hauxe da: irabaziak = salmentak - ekoizkostuak.*

Orduan, irabaziak gehitzeko, bide bi ditu kapitalistak: bata, salmentak gehitzearren, prezioak altxatzea; bestea, ekoizkostuak guttitzearren, produktibitate hobea lortzen saiatzea eta alokairuei eustea, ugazabek maiteago duten modua azken hau delarik.

Langileak beste modu batera ikusten du arazoa. Prezioak altxatzean, bizikostua ere altxatu egiten da; baina alokairuak, jasoak izan arren, ez dira neurri bereari igoten. Langileak, beraz, bere erosahalmena guttitua ikusten du.

Azken urte honetan batez ere, izugarrizko inflazioa jabetu da ekonomiaz. Bizikostua % 12 igon da urtebetean; baina gehienik igon direnak, premia biziko gaiak izan dira. Janariak % 14,6; jantziak eta oinetakoak % 13,8. Denok entzun ditugu, Gobernuak, Aieten, prezio igotearen aurka hartu zituen erabakiak. Berripaperetan oihartzun* haundia ukan* dute, bai, propaganda galanta. Baina han hartutako erabakiok aski* izango direa,* langileriaren kexak isil erazteko?

Alde batetik, eutsiko zaien prezioak, lehendik igonda zeuden (olioa, gasolina, esnea...); eta artikulu asko—garrantzi haundikoak berak— aske* dira erabaki horietatik (arraultzeak, barazkiak...). Prezioen kontrol hau urtarrilerarte bakarrik izateak, eta orain arteko kontrolen porrotak ez digute segurtasun haundirik ematen, neurri hauk* langileriaren eskaerak betetzeko nahiko izanen direla pentsatzeko.

Laster, langileriak, bizikostuaren igote honen parrera heltzeko, alokairuen jasotzea eskatuko duke,* eta ez zaioke arrazoirik faltako. Jadanik entzuna dugu, 3.000 pezeta guttienez eta zerga* guztiak entrepresaren gain ezartzea eskatuko dutela. Ugazabak datorren krisiaren beldurrez daude; eta, guztiok dakikegunez,* honelako kasuetan lehenik egiten dutena, alokairuak jelatzea» izaten da.

Beraz, ugazaba eta langileen arteko elkar hizketak latzak izanen dira; eta, segur asko, grebak* ukanen ditugu. Gainera, estatistikek diotenez, lehen eta laugarren hiruhilabeteetan izaten dira greba gehienak. Ihaz, aurrekoan baino greba gehiago izan ziren, eta haietatik % 63 sasoi horietakoak.

Ez dezagun ahantz,* bestalde, aurten Gobernuak jasan* behar ukan dituen sei langile greba haundienetatik, hiru Euskal Herrian izan direla. Urtarrilean* Bilboko Astilleros Españoles-en, maiatzean Beasaingo CAF-en, eta ekainean* Iruineko lantegi guztietan.

Kapitalismoan zabalkuntzak* beti dakar inflazioa, eta beronek klaseen arteko desberdintasunak haunditzen ditu. Ez da, ba,* hain arraroa, urtean zehar hain burrukatsu agertu den langileriak egoera honi erantzun bat ematea.

ARATZ

daude, dagoz

dezakegu, daikegu

digute, deuskue

zaie, jake

zeuden, egozen


John Lewis eta Louis Althusser eztabaidan

«John Lewisi Arrapostu» izenburuaz, Louis Althusser frantses philosopho ezagunak liburuxka bat argitara berri du oraindik orain. Isilik zegoen aspaldion, marxismoak gaur egun duen pentsalaririk haundiena. Hobeto esan, isilik ez, zeren* Pariseko Ecole Normale Supérieure-an irakasle baita berau azken hogei urteotan; baina ba da bizpahiru urte, ez zuela maisuak lan berririk publikatzen.

 Marxentzat (1965) eta «Kapitala» irakurriz (1968) bere bi liburu sendoak direla medio, Althusserek marxist intelligentsian duen eragina, puntakoa da. Horregatik, harrerarik beroena biltzen dute haren idazlanek marxisten artean. Honako hau —Althusserek egin duen texturik onena, beharbada— arrakasta* haundikoa izanen dela, ez da esan beharrik.

Liburuxka honetan, bi saiakera dakartza Althusserek. Bata, «John Lewisi Arrapostu» bera da: 1972.eko udaberrian, J. Lewis ingeles philosopho komunistak Bretainia Haundiko Alderdi Komunistaren «Marxism Today» aldizkarian azaldu zuen artikulu bati Althusserek frantses itzulpenean gaineratu zion erantzuna, hain zuzen. Eta bestea, liburuxkaren bigarren partea, egileak erantsi dion Ohar politiko bat ia, Stalinismoaren desbiderazioa gai duelarik.

Jakina, humanismoa da eztabaidaren kakoa. J. Lewisentzat garbi dago; philosophia marxista humanista da funtsean. Ikus haren thesiak:

1) Historia GIZONAK du egiten.

2) Historia TRANTZENDATUZ («en transcendant») egiten du gizonak historia.

3) Gizonak ez du. EGITEN duena besterik ezagutzen.

«Hausketa epistemologikoa»ri buruzko Althusseren thesia asmazio hutsa iruditzen zaio Lewisi. Marxek, haseratik* akaberararte, humanista eta hegeldar irauten du. Beti sinetsi zuen Gizonagan, Alienazioan eta Ukoaren* Ukoan (= trantzendentzian), dio Lewisek.

Lewisen idealismoari marxismo-leninismoaren beste hainbeste thesi materialista kontrajartzen dizkio Althusserek arrapostuz:

1) MASAK dira historia egiten dutenak.

2) KLASE ARTEKO BURRUKA da historiaren eragilea (Manifestu Komunistaren thesia, 847).

3) DENAZ besterik ez da ezer ezagutzen («on ne connaît que ce qui est»).

Althusseren eritziz, «kontinente berri bat» aurkitu du Marxek Zientziaren mailan: materialismo historikoa, alegia.* Horretan datza* Marxen aurkikunde nagusia edo Zientzi ekarria.* Marx gaztea eta Marx zaharra bereizten ditu Althusserek. «1844.eko Eskuzkribu»etako philosophi kontzeptuak (subjektu-objektu, ukoaren ukoa eta abar) baztertu egiten ditu Marxek geroago. «Aleman Ideologia»n (1845) eta «Kapitala»n batik* bat, erabat* bestelako kontzeptuak aurkitzen ditugu: adibidez, produkzio indar, produkzio harreman eta klase kontzeptuak.

Ba dago Marxengan etendura edo pusketa bat (coupure, rupture), dio Althusserek behin eta berriz.

Lewis sasi-marxista da, ez du marxismoaren fitsik* ere ulertu, pentsatzen du Althusserek. Jakina, honek ez luke inportantziarik batere, baldin joera hori hor zehar hedatuegia* ez balego. Baina, nain zuzen, hau gertatzen da: Althusseren ustez, Alderdi Komunista «ortodoxoetan» eta philosopho marxisten multzo handi batetan, ideologia sasi-marxista hau aurkitzen dugula (hor sartu behar da. ene ustez, gure arteko zenbait intelektual, hala nola J. Azurmendi eta G. Garate)

Eraso* bortitz* horik* direla eta, zenbait jendek uste zuen, Frantziako Alderdi Komunistak Althusserekin hautsiko zuela, edo alderantziz. (Ez da inongo sekretua, P.C.F.koa dela berau). Baina ez da horrelakorik gertatu, oraingoz behintzat.

«John Lewisi Arrapostu» hau, Althusseren azalpenik apartena ezezik, marxist literaturan aurki daitekeen texturik bikainenetakoa da, nik uste. Gainera, frantses sinple, arin eta erraxez hitz egiten digu oraingo honetan Louis Althusserek.

PERUGORRIA

dagartza, dakaz

digu, deusku

dio, deutso; dino

dizkio, deutsoz

zaio, jako

zion, eutson


Sariketak

«Eusebio Maria Azkue» olerki saria

Aurten, Eusebio Maria Azkue, Euskaltzaindiaren sortzaile eta buru izan zen Resurrekzionen aita zenaren heriotza ehunurteburua dela eta, Euskaltzaindiak olerki* sariketa berezi bat antolatu zuen, Lekeition haren omenez egingo den gorazarrerako, Bizkaiko Aurrezki Kutxak lehen saritzat 25.000 jarri zuelarik.

Lehen saria Bitoriano Gandiagak eraman du, Txakolinaren 2. ospatze izeneko olerkiagatik. Presentatu diren lanetan, sarituaz gainera, aipamen berezia jaso dute Xabier Letek eta Arantxa Urretavizcayak.

Telesforo Montzon, Joxe Azurmendi eta Mikel Lasa jaunek osatu dute epaimahaia.

«Xenpelar» bertsopaper saria

Aurtengo «Xenpelar» bertsopaper saria honela banatu da: Lehen saria, 12.000 pezetakoa. Fernando Aire «Xalbador»i, Gure Artzain etxolari eta Mendian galdu direnei izeneko bertso lanengatik.

Bigarren saria, 4.500 pezetakoa, hiru zati berdinetan: Segundo Kalonjeri Ondartzara joan nintzan lanagatik, Manuel Matxaini Azken Berdiñagatik, eta Inozentzio Oleari Gazteentzat delakoagatik.

Antonio Zabala, Alfonso Irigoien, Juan Lekuona, Mikel Itzaina eta Fernando Artola jaunek osatu dute epaimahaia.

Euskaltzaindiak antolatua, Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probinzialaren diru laguntzarekin.


Iraultza eta pertsona

Mitoa orokorra* izan da, absolutua: gauza guztien alpha eta omega bihurtzen da. Mitoak dogmakeria du araubide. Horregatik mitoak salatzen eta desegiten saiatu behar dugu.

Honelako zertxobait gertatzen zaigu iraultzarekin ere. Egungo* mitologiaren jainkotxoetarik bat dugu. Papadopoulos iraultzaren izenean izendatu da lehendakari. Peron eta Mao, Garrastazu eta Castro, denok iraultzagile bezala jotzen dute bere burua. Sozialismoa eta demokrazia bezala, iraultza ere oso modan baitugu egun.

Beharrezkoa dugu, beraz, iraultzaren desmitifikatzea: haren egiazko funtsa* eta mamia azter, haren iturburuak aurki, eta, nola ez, haren benetako xedeetara* hei. Ez da nire lantxo honen asmoa problema hauen guztion muina zehazki ikertzea, zenbait oinharrizko gogoeta agertzea baizik.

Iraultzaren problematikan barrena abiatzeko, honako galdera hau planteatu beharko genuke: Iraultza berez gizartearen helburu nagusia dugu, ala nolabait beste helburu nagusiagoak lortzeko bidea? Xehetasun* konkretuagorik alde batean utzirik, erantzun basiko hau emanen genuke: Iraultza gizartearen eta gizabanakoaren* zerbitzuan dago, pertsonak eta gizarteak duten zenbait kondizionamendu eta lotura desegin nahi ditu, gizonaren askamina* osatu, eta, azken finean, gizakiak dituen xede* nagusiak lortu. Hauxe da, ene eritziz, iraultzaren helburua.

Dirudienez, iraultzagile askok klase arteko burrukan eta, agian,* sistema ekonomikoaren transformazioan finkatzen dute soil soilik beren ekintza osoa. Hauen eritziz, beste aldaketa guztiak bigarren mailakoak dira, hots,* goiegituren transformazioa egitura ekonomikoarenaren ondorio besterik ez da.

Ene ustez, planteamentu hau sinplista da, problema osoaren alde soil bat besterik ez baitu ikusten. Iraultza, gizarteak planteaturik duen zenbait beharri erantzuteko sortzen da, lehen esan dugunez. Baina gizona izaki konplexua dugu, mota anitzetako* premia eta eskubideak ditu, eta iraultzak premia eta eskubide hauei guztioi erantzun behar die; bestela, ez litzateke osoa izango.

Historiaren zenbait unetan, behar batzuk hunkigarriagoak,* larriagoak agertzen dira besteak baino. Orduan erantzuna ere gogorragoa, zabalagoa izaten da: gizateria opresioaren gogorkeriaz jabetzen da. XVIIIgarren mendean burgesiak desegin zuen nobleteriaren agintea, honen opresioari erantzun gogorra emanez. Egungo* mende honetan, langileria da burgesiaren agintea desegin nahi duena. Une honetan iraultzaren helburu nagusienetakoa hauxe izango da, baina ez helburu bakarra. Langileriaren garaipena lortuz, beste opresio motak berez deuseztatuko* lirateke, ala*? Egungo munduaren egoerak ezezkoa ematen digu.

Beharrezkoa da langileriaren garaipena. Baina ez ditugu ahantzi behar, gizarteak dituen beste problema guztiak: gizon bakoitzak bere pertsonaren jabe izatea, herri bakoitzak bere nortasuna aurkitzea, nork bere pentsaera agertzeko libertate osoa edukitzea, besteekin elkartzeko eta erakundeak sortzeko eskubideaz baliatzea, hezketa* askatzaile baten aukera edukitzea, eta abar.

Honegatik, egiazko iraultzak alderdi hauk guztiok kontuan ukanen ditu. Sinplekerian erortzea izanen litzateke, ekonomi mailan egitura sakonik lortzea, gero gizabanako edo herri bakoitzak bere nortasuna mantendu ezin badu. Halaber, iraultza pobrea edo, hobeki esan, sasi-iraultza izanen litzateke, egitura ekonomikoaren transformazioa lortzen eta produkzio sistema kapitalista desegiten saiatzen ez dena.

G. JAUREGI

die, deutse

digu, deusku

zaigu, jaku


Euskal herriko piztiak

Muxarra (16)

Euria eta euria izan da, Udazken andreak bere etorreran eskaini deuskun oparia. Haize hotz ziztularia, ekaitz zaratatsuak eta uholde bildurgarriak edonon. Gure lurrak euritan blai* gelditu dira, bai horixe. Zuhaitzei euren* lehen hosto hori gorrixkak lurreratu jakez; eta oraindino geratzen jakezanak ikaraz dagoz, haizeak hurrengo ekinaldian ez ote dituan eroango.*

Baina udazken sorgin honek, azkenean behintzat, eguzkiaren argi urreztatua ere erakutsi dau. Sagastietan sagar gorri dirdiratsuak heldu heldurik nabari* dira nonnahi, eta soroetan* artaburu mardul ederrak, txorien tentagarri. Errekak bere urak nahasi eta uher daroaz, eta goian hodei grisen artean dan zeru urdinari ez deutso bere koloretik ia ezer hartzen, urak presa larregi baleu legez.*

Eguraldi epel eta eguzkitsu honek, baina, menditik ibiltzeko gonbita egiten dauala dirudi; eta Eneko, betidaniko osaba Martinekin, Aralar aldera joan dira igande honetan. Osabak perretxiko batzuk batzen diharduan artean, mutikoa, bere makilaz lagundurik, enbor zahar eta erdi ustelei buelta ematen ari da, hareen azpiko zapo, ziraun eta arrubioak* ikusteko. Biek, oihaneko aire garbiaz bularrak beteaz gainera, astia ederto ematen dabe mendian.

Enekok, baina, pago zahar baten ondora heltzean, adar lodi baten hasieran, zulotxo biribil baten ondoan, piztiatxo gris zuriska guritxo bat ikusi dau. Berau geldi geldi dago, beherantz, mutikoaganantz adi adi. Eneko Poz pozik geratu jako begira. Haxe bai gauza politta! Muturtxoan bibotetxo luze batzuk ere ba ditu, eta buztan luxe bat, oso iletsua, puntan handiagoa. Gainetik kolore grisa dau, eta sabelean zuri.

Astiro, horbelak* zapaltzean ahalik eta hotsik ttikiena eginez, osabagana joan eta oihaneko pago hartako bizilagun ttiki hartaz galde egin deutso. Osabak, bertara joan eta ha ikusi ondoren, honetara dinotso mutikoari:

— Ba dakizu, hori zer dan? Muxar bat. Habia, segurenetik, alboko zulo horretan dauka.

— Eta zer egiten dau kanpoan, ba*?

— Batek ba daki hori! Guri begira egotearren edo barruan dagokeen* besteren batekin burrukan ibili dalako edo... Muxarrek, udazkena datorrenean, pago eta haritz zuloetan ahalik eta basafruitu gehien biltzen ditue: ezkurrak,* pagaziak,* urrak, intzaurrak, galaleak,* mazuztak... Gero, neguan, guztiotatik jaten dabe. Honeez gainera, topatzen dituenean, intsektuak eta txori arraultzeak ere jaten ditue.

— Eta asko egon daitekez habia horretan?

— Bai. Muxarra oso hozpera da; eta, negua emateko, nahiago izaten dau bere habian lagun batzuen konpainia izatea, elkarri berotasuna emateko. Oso lotia da, eta sasoi honetatik apirilerarte lotan ematen dau denbora, bere habiatxoan. Hortik dator, beraz, erdarazko esaera hori: «Muxar bat bezain lotia» alegia.* Berez gauean ibiltzen dira; eta, ez pentsa, oso arraroa da holako bat eguargiz ikustea.

— Kume asko egiten ditue muxarrek?

— Bai, nahikoak. Urtero 3tik 7 arte. Kumeok, gainera, ekainaren hasieran jaiotzen omen* dira.

— Beste izenik ba al dau muxarrak?

— Euskaraz gehienok muxarra deitzen dogu; baina ba dira, mixarra esaten deutsoen bizkaitar batzuk ere. Bidasoaz bestaldeko euskaldunek basakua deitzen dabe; baina, ene eritziz, beste izenau hobeto letorkioke, muxar itxurakoa baina grisa barik gorriska dan beste piztiatxo bati.

Espainolez muxarrari lirón esaten jako, eta frantsesez loir (= luar); basakuak, berriz, frantsesez lérot (= leró) izena dau, espainolez lirón delakotik bereizten ez bada ere.

Muxarraren zientzi izena Glis glis da, eta basakuarena, aldiz, Eliomys quercinus.

TRAUKO

baleu, balu

dabe, dute

dau, du

deutsoe, diote

deusku, digu

dinotso, diotsa (esaten dio)

ditue, dituzte

jakez, zaizkie

jako, zaio


Oinatiko uda ikastaroa

Uztailaren* 15etik abuztuaren 15era ospatu zen, Oinatiko Unibertsitatean, unibertsitarien Uda Ikastaroa.

Programan lau sail agertzen ziren: Kazetaritza, Zuzenbidea, Artea eta Filosofia eta Letrak. Lauretarik bi izan ziren emanak: Kazetaritza eta Artea. Beste biak —Zuzenbidea eta Filosofia eta Letrak— ezin izan ziren eman, ikaslegoaren urritasunagatik.

Aurten gauza oso interesgarri bat gertatu da: ikastaroa dohainik* izan dela. Hor zehar sarritan entzuten dira honelako ele* ederrak: «Jakintza sozializatuz, boterea* demokratizatu egiten da». Dirudienez, unibertsital* ikastaro honek honelako zerbait lortu nahi izan zukeen.

Kazetaritzan, Martin Ugalde eta Xabier Aranburu izan ziren irakasleak. Artamendik eta Arzallus-ek Europako pentsamoldea aztertu zuten.

Lehen txandan, ikasleak zerbait herabe* zeuden, kazetari onenak etorriko zirela itxaroten baitzuten; baina herabetasun hori berehala joan zitzaien, irakasleek zedukaten maila ikusirik.

Hogeitaka* ikasle bildu ziren Askok ez zedukaten euskara ongi menperaturik, eta ikastaldien maila asko jaitsi zen. Beste asko, COU delakoa amaitu berria zutenak izan ziren.

Beraz, euskal kazetari bat ere ez zen ikusi, eta kazetal* gairik ere ez zen aztertu, larregi* behintzat. Ez ote gabiltza euskal kazetaritza kazetari gabe osatzen?

Bigarren txandan, Arteari buruzkoan, hamar bat ikasle bildu ziren. Maila eta giro hobea, baina etsipen* ikaragarria: hamar ikasle bakarrik, astia ugari eta planifikazio gutti.

Arratsetan, programaturik zeuden gauza erdiak ere ez ziren eman. Dena, giro falta izugarriagatik. Hala ere, izan ziren zenbait hitzaldi (Martin Ugalde, Adrian Zelaia), antzerki (Aralar) eta kontzertu (organoa eta Erdi Haroko musika). Hauk guztiok, programaturik zeudenak baino guttiago.

Adibidez. huts egin zuten ekonomi, histori eta filologi saioek. Filmeak are ez ziren ikusi. Eta zenbait ikastaldi herriko ikuskizun batzuen ordu berean izan ziren.

Ikaslegoaren urritasuna ezin sinetsizkoa izan zen: alde batetik jendea beti justizia eta giza berdintasuna eskatzen, eta bestetik —irakasleak aski* onak eta ikastaroa dohakoa* izanik— honelako ihardunaldietara hain gutti etortzen!

Antolatzaileak ere, azkenerako, higuindurik geratu ziren, beren lan guztiak izan duen ondorio eskasa ikusirik. Ikasleak ilusimendurik gabe eta irakasleak norabiderik gabe ikusi genituen sarritan.

Kronika honek kritika dirudi; baina ez da kritika, egia osoaren kronika labur bat baizik.

IÑAKI

zedukaten (zeukaten), euken

zeuden, egozen

zitzaien, jaken

zukeen, eukean


Zapaburua. Euskaldun Rh-dunen umore orria

[Binetak]


Zapaburua. Euskaldun Rh-dunen umore orria

Nazioarteko umorea

• — Hara! —esan zion ingeles batek bere lagun bati—. Buruan ilerik ez izateak eragozpenik al dakarkizu?

— Noski, eragozpen larriak batzuetan.

— Pentsatzen dut. Hotz sentituko duzu buruan, ez da?

— Hori ez da ezer. Txarrena, aurpegia garbitzen dudanean izaten da. Orduan ez dut kapela jantzita, eta ez dut inoiz jakiten aurpegia noraino heltzen zaidan.

• Errusiar pintatzaile batek estepako etxe bat pintatzen dihardu; eta halako batean etxeko andrea agertzen da handik, eskutik behi lotu bat dakarrela. Behia oso ederra da, eta gizonak ba diotso:

— Andrea, ipiniko al didazu behi hori aurrean, bera ere pinta dezadan?

Andreak, harriduraz, honela erantzuten dio:

— Ez horixe, burkide,* orain dadukan koloreaz gehiago gustatzen zait eta.

• Behin, aleman gazte bat medikuagana joan eta honela galdetu omen zion:

— Hara, doktor! Egia ote da, gizon ezkonduak luzaroago bizi direla ezkongabeak baino?

— Bai zera! —erantzun zion doktorrak—. Hori iruditu egiten zaie beraiei.

• Erromako merkatu batetan gizon batek txakur bat erosi nahi zuen, eta saltzaileari haren galdera egin zion:

— Aizu, txakur hori zintzoa dea*?

— Bai horixe! Honez gero lau bider saldu dut, eta guztietan etxera etorri zait berriro.

• Ezkongai ginenean —deitoratzen* du emazteak, paristar erromantiko bat bera— arratsalde osoan edukitzen ninduzun eskutik helduta, hitz goxoak esanez.

— O, bai! —gizonak erantzunez—. Baina hura pianoa jo ez zenezan besterik ez zen.

• Mundu guztiak ba daki zein puritanoak izaten diren gaztelau zaharrak moral kontuan. Burgosko herrixka batetan, ama batek bere alaba ikusten du berekin dabilan mutilari musu ematen, eta haserre bizitan ba diotso:

— Zer, ba,* Maria? Musu bat eman dion gazte horri?

— Bai, ama! Baina bera hasi da lehenago.

dezadan, daidan

didazu, deustazu

dio, deutso

dion, deutsan

zaie, jake

zait, jat

zenezan, zengian

zion, eutson


Denbora ematekoak

Gurutzegrama (27)


Denbora ematekoak

Hieroglyphikoa


Denbora ematekoak

Euskal salda


Ikas zeure hizkuntza

Hiztegia

IMANOL BERRIATUAK

Ale honetan izartto batekin agertzen diren berbak

A

AGIAN, beharbada, nonbait.

AHANTZ, olvidar. (AHANTZI, ahanztu, ahaztu, olvidado).

AHANTZI, ahanztu, ahaztu.

AHUL, makal.

AHULEZIA, makaltasun.

AINA, adina, beste, bezainbeste.

AISE, erraz.

ALA, o qué?

ALDIZ, berriz, ordea, ostera.

ALEGIA, a saber, es decir, esto es.

ALOKAIRU, aloger, soldata, jornal.

ANITZ, asko.

ARABERA, arauera, conforme.

ARAUERA, arabera, según.

ARE, oraindik, aún, encore.

AREAGO, oraindik gehiago.

ARESTION, oraintsu.

ARETO, sala, salón.

ARGUDIO, argumento, argumentación.

ARITU, ari izan, ihardun.

ARRAS, guztiz, oso, zeharo.

ARRAKASTA, éxito, succès.

ARRUBIO, salamandra.

ARRUNT, común, corriente, ordinario.

ASKAMIN, ansia de liberación.

ASKE, libre.

ASKI, nahiko.

ATXIKIDURA, lotura.

B

BA, bada, pues.

BADA, ba, pues.

BAITEZPADAKO, beharrezko.

BATIK BAT, batez ere, bereziki, guztiz.

BATZUK, zenbait. (Batzuek aktibo, batzuk pasibo).

BEHATU, begiratu.

BEHINGOAN, berehala.

BEREKIKO, en relación a él.

BESTEAREKIKO, con relación al otro.

BILAKATU, bihurtu.

BILDU, bildutako, bildurikako, bilduriko.

BILDUMA, colección.

BIHOAZKIE, joan bekizkie (bekioez).

BIRITXI, gemelo, jumeau.

BLAI, calado, completamente mojado (mouillé).

BORTITZ, sendo.

BOTERE, poder.

BURKIDE, compañero, camarada.

BURUTZE, obratze, realizar, llevar a término.

D

DAGOKE, dago nonbait, debe de estar.

DAKIKEGU, dakigu nonbait.

DAKUSAGU, ikusten dugu.

DAROAZ, daramatza.

DATEKE, da nonbait.

DATORKIGUKE, datorkigu nonbait.

DATZA, consiste (Etzan aditzaren forma).

DAUKATENEZ, dadukatenentz, dadukaten ala ez.

DEA, da + a. (Galdeetan, A bokala eransten zaio aditzari).

DEINO, den bitartean.

DEITORATZE, lamentar.

DENBORAREKIKO, con relación al tiempo.

DERAKUSKIGU, darakuskigu, erakusten digu (deusku).

DEUS, ezer.

DEUSEZTATU, ezereztu, ezereztatu.

DIRATEKE, dira nonbait.

DIREA, dira + a. (Galdeetan. A bokala eransten zaio aditzari).

DITUZTEA, dituzte + a (Galdeetan. A bokala eransten zaio aditzari).

DOHAINIK, dohan, doharik, gratis.

DOHAKO, gratuito.

DUKE, du nonbait.

E

EGIN, egindako, eginikako, eginiko.

EGUN, gaur

EKAIN, junio.

EKARRI, aportado, aportación.

EKIALDE, eguzki alde, oriente, Este.

EKOIZKOSTU, costo de producción.

ELABERRI, novela.

ELE, hitz, berba.

ELIZALDE, anteiglesia.

EMARI, emaitza.

ENTSEIATZE, saiatze, bermatze, zailtze.

ERABAT, guztiz, zeharo.

ARABATEKO, completo.

ERASO, ataque.

ERIZPIDE, criterio.

ERO, zoro.

EROAN, eraman.

ERORTZE, jauste.

ETSIPEN, desaliento, desánimo, découragement.

EUREN, beren.

EZARRI, ezarritako, ezarririko.

EZKUR, bellota, glande.

EZPAI, ezbai, duda.

F

FITS, apur, minucia.

FRANTSESTU, frantsestutako, frantsesturiko.

FROGANTZA, froga, prueba, demostración.

FROGATU, probado, demostrado.

FROGATZE, probar, demostrar.

FUNTS, fondo, sustancia.

G

GABE, en vez de, en lugar de.

GALALE, gari ale, galgarau.

GERA, geldi.

GEZNARI, mezulari, mandatari, mensajero.

GISA, era, modu; bezala.

GIZABANAKO, individuo.

GIZAKENTE, gizamota.

GORRI, apremiante.

GREBA, huelga.

H

HALABER, así mismo, igualmente.

HARTZERA, lenguaje de oso.

HASERA, haste, hastapen. (Ene eta beste zenbaiten ustez, hasiera hitza baztertu egin behar litzateke euskara batuan).

HAUK, honeek. (Hauek aktibo, hauk pasibo).

HAZIL, noviembre.

HEDATU, zabaldu.

HERABE, tímido.

HERTSI, hetsi, hitxi. (Aditz hau Bizkaian bertan ere erabiltzen da. Adibidez: Atea hertsedegita dago, la puerta está entreabierta).

HEZLE, educador. (Iparraldekoek erabiltzen duten hezle hitza jatorragoa da hizkuntzaren aldetik, hegoaldekoek aspaldion erabiltzen duten hezitzaile baino. Beraz, dudarik gabe, hezle esan behar genuke euskara batuan).

HEZKETA, hezkuntza, educación.

HIGITZE, mugitze.

HILABETEKO, por mes.

HILDO, surco, sillon.

HOGEITAKA, hogeitaz, hogeitazak, hogeitak, hogeitakaz, veinte y pico.

HORBEL, hoja seca, feuille sèche.

HORIK, hoik, horreek. (Horiek aktibo, horik pasibo).

HOTS, a saber, es decir, esto es.

HUNKIGARRI, impresionante.

HURA, ha.

I

IAIOTASUN, excelencia.

 IGERTOKI, piscina.

IHARDETSI, erantzun.

IHAUTERI, carnaval.

IKERTZAILE, investigador.

INKESTA, encuesta.

IRAGAN, igaro, pasatu.

IRAIL, septiembre.

J

JADANIK, ya.

JALGI, atera, irten.

JASAN, soportado, aguantado.

JAUZI, salto.

K

KAZETAL, periodístico. (Kazetari hitzak eta beronen antzekoek, hurrengo berbarekin hitz elkartu bat egiten dutenean, galdu egiten dute azken bokala, eta R kontsonantea L bihurtzen da).

L

LAGUNTZE, ayudar. (Aditz honek klasikoetan eta Iparraldean akusatiboa eskatzen du).

LANDA, kanpo, lekora, at, fuera.

LARREGI, gehiegi, sobera.

LEGEZ, lez, bezala.

LINGUISTIK, lingüístico. (Linguistika hitzak eta beronen antzekoek azken bokala galtzen dute, hurrengo berbarekin hitz elkartu bat egiten dutenean. Hala idazten du Armendaritzek).

M

MAIZ, sarri.

MENDEBALDE, mendebal alde, occidente, Oeste.

MEZUDUN, portador de mensaje.

MEZULARI, mandatari, mensajero.

MUXIN EGIN, refunfuñar, hacer un mal gesto.

N

NABARERAZI, nabari erazi, hacer ver.

NABARI, notorio, patente.

NABARI IZAN, aparecer, ofrecerse a la vista.

NEKE, nekagarri.

O

OIHAN, baso.

OIHARTZUN, eco.

OLERKI, poesía.

OMEN, ei.

ORAINOKOAN, orain arte.

ORO, guzti.

OROBAT, berdin.

OROKOR, total, general.

OSABEHAR, incompleto, necesitado de ser perfeccionado.

OSTERA, aldiz, ordea, berriz.

OTSAIL, febrero.

OTSO, lobo, loup.

P

PAGAZI, pago hazi, fabuco, faîne.

PAIRATZE, sufritze.

POSTA, correo.

POZARREN, pozik.

S

SALBU ETA, excepto.

SARIENGATIK, sariak gorabehera, a pesar de los premios.

SETIATZE, sitiar.

SISTEMATAN, en sistema. (SISTEMETAN, en los sistemas).

SORO, solo.

SOTO, sótano, planta baja.

T

TAMALGARRI, lastimagarri.

U

UKAN, izan. (Ukan aktibo, izan pasibo).

UKO, negación.

UNIBERTSITAL, universitario. (Ikus goian KAZETAL).

URRATS, pauso.

URTARRIL, enero, janvier.

URTEBURU, aniversario.

UZTAIL, julio.

X

XEDE, fin, propósito.

XEHETASUN, detalle.

Z

ZABALKUNTZA, expansión.

ZALDIZKO, hombre de a pie.

ZEREN, ze, pues.

ZERGA, impuesto, contribución.

ZERTAKO, zergatik.

ZINEZ, benetan.

ZOKO, reserva.

ZORHI, heldu, maduro. (ZORI, suerte, fortuna).

ZUTABE, columna, puntal.

ZUZPERRALDI, zuzpertze, revitalización.


Zientzia

Atomo erlojuen erantzuna

Aurreko artikulu batetan ere, denboraren ideia aztertu nuen. Zehazkiago esanik, denbora absolutuaren irrealtasuna aipatzen nuen; eta, horretarako, oinharri teoriko batetan finkatzen nituen neure azalpenak, Einsteinen teorian alegia. Baina ez nuen esperimenturik aipatu, denboraren erlatibotasuna frogatzeko.

Oraingo artikulu honetan, esperimentu bat aipatuko dut. Artikulu hau idazteko erabili ditudan lanak, beronen bukaeran agertzen dira.

ANAITASUNAren 260. zenbakian ikusten genuenez, denboraren martxa obserbatzailearen araberakoa da. Izan ere, inertzi sistema batetan dagoen obserbatzaileak, astiroago higitzen* ikusten ditu, berekiko* geldirik ez dauden erlojuen orratzak.

Biritxien paradoxa

Demagun biritxi* bi. Bata, kosmonauta izanik, kosmoan zehar bidaia luze bat egitera doa, abiada handi batez (argi abiadarekin konpara litekeen abiada batez).

Urte batzuk iragan* ondoren, kosmonauta lurrera bihurtzen da, eta, bere anaia biritxia ikustean, zeharo harriturik gelditzen da. Bere anaia baino askoz ere gazteago dela ikusten du. Nola izan daiteke hau, ama ber batengandik eta egun berberean jaio baitziren mundura? Hona hemen paradoxa.

Azter dezagun, orain, paradoxa honen arrazoia.

Bidaian kosmonauta abiada konstantez doan bitartean, guztiz ekibalenteak dira bi anaiak, Einsteinen teoriaren arauera biak inertzi sistematan baitaude. Beraz, batak bestearen erlojua atzeratzen ikusiko du, eta alderantziz. Bai abiada konstantez doanak eta bai besteak, biek pentsatuko dute, bestea gaztetzenago ari dela, edo, hobeto esan, astiroago zahartzen ari dela. Desberdintasuna erlatiboa da.

Baina hori horrela izanik, biak ekibalenteak izan badira, nola izan daiteke bata bestea baino gazteago, lurrera heltzean?

Asimetria bat

Problema aztertzean, asimetria bat dagoela ikusten dugu. Anaia biak ez dira guztiz ekibalenteak. Kosmonautak azelerazio bat pairatzen du, abiada handi hori lortu arte; eta; eta haren gorputz guztia konturatzen da honetaz. Guk ere, automobilean goazanean, gorputz osoan sentitzen dugu azelerazioa, nahiz eta begiak hertsirik* ukan.

Honela, bada, asimetria honetan dago paradoxa honen kakoa. Azelerazio horren kausaz, kosmoan zehar ibili dena, gazteturik egonen da bestearekiko.

Teoria eta esperimentuak

Ba dira teoria honen kontra dauden fisikalariak, guti badira ere. Batzuen eritziz, erlojuen paradoxa Einsteinen teoria txarto interpretatzearen ondorioa baino ez da (1). Eta ez dago denbora desberdintasunik.

Paradoxaren azalpenari buruz akort egon ez arren hala ere gauza bat onhartu ukan dute beti fisikalariek, eta hauxe da: Edozein fisika legeren azken epailaria esperimentua dela.

Orainokoan ez dugu esperimenturik aipatu, denborarekiko eritziak eta erlojuen paradoxa egiaztatzeko. Izan ere, oraintsu arte ez da esperimentu direkturik egon, teoria hori frogatzeko.* Ba zeuden, teoriaren egiatasuna frogatzen zuten zenbait esperimentu indirektu; baina ez zegoen oraino, erlojuen paradoxa argiro azaltzen zuenik. Egun,* aldiz,* behar zen esperimentu hori, egina da.

J. C. Hafele eta R. E. Keating amerikar ikertzaileek* ondoko esperimentu hau egin zuten (2).

Atomo erloju ama lurrean utzirik eta lau atomo erloju seme harturik, lurraren bira osoa egin zuten hegazkinez, ea erlojuak aurreratzen zein atzeratzen ziren ikusteko.

Aldez aurretik eginiko kalkuluetan, 100 ns-ko aurrerapena lortzen zuten, guti gorabehera, erlojuetan (1 ns = 10-9 s); eta hori erraz neur daiteke atomoerlojuetan.

Kalkuluak egitean, bi problema sortu zitzaizkien. Batetik, lurra biraka ari denez gero, ez da berdin mendebalderantz* edo ekialderantz* joatea. Bestetik, Einsteinen erlatibitate jeneralaren teoriari jarraituz, grabitatea ere kontutan hartu behar da; beraz, bidaia egitean, hegazkinak eraman duen altura ere kontutan hartu behar da kalkuluetarako.

Hegazkinetako gidariek bidaiako xehetasun guztiak apuntatu eta batu zituzten.

Kalkulu hauk* modu guztiz teoriko batez egin ordoren, + 275 ± 21 ns-ko aurrerapena lortu zuten mendebalderantz egindako bidaiarako, eta - 40 ± 23 ns-koa ekialderanzkorako.

Atomoerlojuetan neurtu ziren diferentziak, ondoko hauk izan ziren: + 273 ± 7 ns mendebalderanzko bidaian eta - 59 ± 10 ns ekialderanzkoan.

Ondorioak

Esperimentu honek, argi ikusten den bezala, ondoko puntu hauk frogatzen ditu:

a) Einsteinen teoriaren zuzentasuna, nahiz eta hau lehen ere demostraturik zegoen.

b) Biritxien paradoxari gagozkiolarik, argi dago, bata bestea baino gazteago dela, bidaia egin ondoren. Beraz, fisika aldetik posible da, nor bere semea baino gazteago bihurtzea.

(1) M. Sachs, «Physics Today», vol. 24, num. 9. 1971.

(2) M. Cherki, «La Recherche», vol. 3, num. 28. 1972.

J. R. ETXEBARRIA

daude, dagoz

dezagun, daigun

zeuden, egozen

zitzaizkien, jakezan