ANAITASUNA

263. zenb.

1973.eko urriaren 31koa

Pelota, 4 - 1.º - Bilbao-5

Tel. 23 74 49 - Apart. 495


ANAITASUNA Bizkaia

Hamabosterokoa.

Zuzendari ordezko: Imanol Berriatua.

Bulegoa: Pelota, 4-1.º - Bilbao-5.

Imprimatzaile: AMADO, Mazarredo 35 - Bilbao-10.

Moldatzaile: RALI, Particular de Costa 12-14, 3.º - Bilbao-10.

XXI. urtea.

D.L.: BI-1.753 - 1967.


Ogibideak buruhauste direnean

Ikusia dago, langilearentzat ez dela batere gozo, ez lana ez eta lanak sostengatu behar duen bizitza. Oraindainokoan aski* zitala gertatu zaio gizonari ogia irabazi beharra. Eta hemen, Euskal Herrian, ere bai. Nafarroako eta Arabako bi albiste komentatu nahi nituzke orain, gaingiroki bada ere.

Arabaren etorkizuna

Arabak ez du berehala egin bere Industri Iraultza. Bakoitzak du bere ordu eta garaia; eta Bizkaiak XIX. mendearen barnean ongi finkatu zuen industrigintza, Araban azken hogei urteotan hedatu* eta zabaldu da. Baina, beranduago izanik ere, dagoeneko* ongi errotu da industria Araban. Eta, industrigintzarekin batean, bai eta olagintzak berekin dakarren langile arazoa ere. Jadanik oso osoan sartu zaigu mundu berri batean Araba. Eta Nafarroa ere bai.

Hauk* honela, Arabako Diputazioak, beste zenbait istituziorekin elkartuta, liburu jakingarri bat prestatu du, Gobernuari eskaintzeko eta Arabako langileriaren egoera zenbait puntutan argitzeko. 50 langiletatik gora duten 186 entrepresa aztertzen dira lan honetan. Aurrikuspen* batek agertzen duenez, Gasteiz eta Araba osoa gorantz doaz jendetzaz: 1980.ean, istudio horrek dioenez, hiriburuak 185.772 bizilagun ukanen ditu eta probintziak 300.000 bat.

Istudio horrek esaten duenez, Arabako industria horiek 4.500 langile berri behar dituzte, beren lantokiak betetzeko. Baina, aitzitik,* euskal industriaren gorabeharra ez da posible gertatuko oraingoz, 6.000 etxe merke falta direlako. Eskasia hauek sortuko digute berriz ere Euskal Herrian azpiproletalgo sufritu bat, eta ez noski gure gizarte zigortuaren onerako.

Makur horik* galerazi nahirik, elkargo berri bat sortu behar omen litzateke, probintzi erakunde* zenbaitek osatutako organismo bat, alegia.* Istudio horrek beste eskabide batzuk ere egiten ditu: egin dadila Agurainen* Profesio Eskola bat eta Laudion* beste bat; etxeak ugaritzeko, sor dadila behar den istituziorik; jaso daitezela urtero 2.272 bizitoki datozen hamar urteetan; ur ekartze eta janari premietarako, har daitezela komeni diren erabaki pizkorrak. Azken puntuak zera dio: «Prioridad absoluta a la concentración de trabajadores nacionales». Azken gogo hau ez dugu ongiegi ulertzeri, nahiko ilun ikusten baita eta ez baitakigu noren eta zeren zerbitzutan eskatzen den hori. Dena dela, esan dezagun, berriz ere Araba biziki interesgarri izanen dela ondoko urteetan. Eta etxekoon onerako izan dadila.

Nafar «piperzaleen» gudaketa

Aurten, sekula egokitu ez zaidan aukera aproposa izan dut. Gerratea ozta* ozta sehaskatik edo linbotik ezagutu dugunontzat, egokiera bikaina eskaini digute Nafar nekazariek. «La guerra del pimiento» delakoaz ari naizela ohartuko zen, noski, irakurle zolia. Gudaketa bitxia izan da hauxe! Izan ere, ikusten da, nafarrek ez dutela beren irudimena galdu. Gau hartantxe frontearen aurrez aurre aurkitu nintzen, eta ez oso pozik ere. Tuteran* galdutako denborak eta Soriatik Barcelonarakoan egindako itzuliak, hamabi orduko atzerapena ezarri zioten gure tren geldoari.* Nafar «piperzaleek» ba zuten nonbait zer esanik. Nekazarion haserreak ziztatu* ez banindu, ez nintzatekeen apika* larregi* arduratuko «piperren arazoaz»; eta Nafarroako Erriberan gau osoaren galtzeak on egin zidan. Trenbide eta kamino, dena, poxelatu* zuten Erriberako laborariek beren traktore eta enparaduekin.* 20 kilometrotakoa omen zen gau hartan berebil* herronka Zaragoza eta Iruine arteko kamino nagusian.

Gero jakin dugu hobeki, nondik zetorren gure nekazarion odol beroketa. Piperraren prezioa arras* hondatu omen da aurten. Uzta* onak, onegiak, salmenta txarra ekarri omen du atzetik: ihazko 14 pezetatako kiloa 2,50 pezetatara etorri omen da. Ezinezko salneurria, noski, nekazarientzat. Eta honek bere kontuak aspalditik eginak zeduzkan: batez beste, arrobada* bat lur behar da, 1.000 kilo piper jasotzeko. Eta begira zenbateraino heltzen zitzaion laborariari, 2.500 pezeta ordaindu nahi zizkioten 1.000 kilo haien kostua pezetatan:

Lurraren errenta 1.000

Erregadio eskubidea 140

Zortzi erregadialdi 250

Ongarriak 640

Landarea 750

Lur lantzea  350

Landaketa 250

Uzta bilketa 500

Zerga* eta asurantzak 210

Mila kiloren produzioa 4.090 pezeta

Eta nafar nekazariek, lana bai eta inolako, irabazpiderik ez zutela ikustean, edo lanaren gain galera* «sorgin» hori zutela susmatzean, ahal zutena egin zuten: kamino eta trenbideetara irten. Dirudienez, laborariok ez zeuden batere prest, inorentzat dirurik jartzeko. Esamesa* eta agindu-maginduei jaramon* gehiegirik egin gabe, beren ekinari heldu zioten. Geroztik jakin denez, zazpi bat pezetatan erosiko omen zaie kiloa nekazarioi, horretarako, bitartekoen irabaziak murriztuz. Aldez aurretik behar bezala erabili ez zen irudimenak, larrialdian eman du nonbait berea. Eta nafar nekazariok irten dira irabazle

ANTSO AMAIUR

dezagun, daigun

digute, deuskue

zaie, jake

zaigu, jaku

zaio, jako

zait, jat

zeduzkan (zeuzkan), eukazan

zeuden, egozen

zidan, eustan

zioten, eutsoen

zitzaion, jakon

zizkioten, eutsoezan


Ikastola irakasleen Loiolako lan ekinaldia

Ikastoletako irakasle talde batek eraturik, irailaren* 3tik 5era lan ekinaldi bat antolatu zen Loiolan. Gipuzkoako Eliz Barrutiak ikastoletarako izendatua duen delegazioak babesten zuelarik, Eugenio Arregi izan zen apezpikuaren ordezko. Bertan 120 bat andereño eta maisuk hartu zuten parte, eta, azkeneko egunean egin zen galdekizunaren* erantzunei bagagozkie, oso interesgarri eta praktikotzat jo zituzten egitaraueko* gai guztiak.

Antolamendua ere aski* ona izan zelarik, lanerako gogo aparta agertu zuen jendeak.

Ekinaldiaren zertarakoa

Ikastolak aurrera doazelarik, premiak gero eta larriago ari zaizkigu gertatzen. Euskararen irakaskintzari bagagozkio. programaketa baten beharrizana eta textu eskasia dira nabarmentzen ditugun hutsunerik handienak.

Beraz, ikastoletako euskararen arazoari eta textugintzari soluziobide batzuk* urratu nahirik, hona hemen bertan landu zen egitarauaren laburpen bat.

Lehendabiziko egunean, Xabier Mendigurenek, inprentaz argitaraturik dagoen zenbait materialen berri eman zuen; eta parte hartzaile guztiek, mailaz maila elkartu ondoren, urtean zehar jasoriko esperientziak agertu zituzten, talde-arduradunen ahoz.

Bigarren egunean, euskararen programaketa bati begira eman behar ziren lehen urratsei* buruz mintzatu zen X. Mendiguren, eta aditzaren mailaz mailako sailkatze bat proposatu zien andereño eta maisuei.

Ondoren, Anjel Lertxundik, hizkuntzak adierazpide bezala duen ahalmenaz eta berau lantzeko zenbait teknikaz ihardun zuen.

Arratsaldez, X. Mendigurenek proposaturiko programaketa eta eritziak aztertu ziren taldeka.

Azkeneko egunean, Errenterian talde heziketari* buruz egin den zenbait esperientzia agertu zuen Itziar Idiazabalek, eta Manolo Urbieta haur kantuei buruz aritu zen.

Lanerako taldeak

Bere horretan gelditu izan balitz, zerbait faltako zukeen, noski, lan ekinaldi honek. Baina ekintzari begira pentsaturik zegoenez gero, lanerako talde batzuk sortzeaz eman zitzaion bukaera.

Zazpi lan talde sortu ziren: hizkuntzari buruz, hiru; musika, euskal historia, matematika eta gizarte gaiei buruz, beste lau.

Guztitara, 31 dira oraingoz lan taldeotan sarturik daudenak, eta lan taldeon koordinazio edo komunztadura X. Mendigurenen eskutan* jarri da.

Esan beharrik ez dago, lan talde hauk* irekiak direla eta lankide gehiagoren zain daudela. Hilabete honetan batzarre bat izanen da, taldeetako behin* behineko arduradunak berresteko* eta ikasaro honetan zehar burutuko diren lanen programaketa zehazteko.

Noizko hurrengoa?

Galdera honi erantzun zehatzik eman ez zitzaion arren, euskara eta beronen metodologiazko ikasaldi bati jendeak zer zeritzakeen* itaundu* zen galdekizuneko puntu batetan. Erantzun zuten guztiek, aho batez ontzat eman ezezik,* honelako ikasaldi bat behar beharrezkotzat jo zuten eta bertan parte hartzeko prest zeudela esan.

Beraz, Gabonak alderako edo Aste Santurako, beranduen jota, litekeena da era honetako ikasaldiren bat antolatzea.

Lan ekinaldi honetan garbi ikusi genuena, hauxe izan zen: arazo konkretuei soluziobideak aurkitzen saiatzeko gogo bizia duela. jendeak eta gartsuki hartzen dutela parte honelako lan saioetan.

Azkenik, gure irakurleak jakinaren gainean egon daitezen, esan dezagun ere, lan ekinaldi honetan eman ziren hitzaldiak, egin ziren azterketa eta esperientzi biltze eta abar, polikopiaturiko liburuska batetan argitaratuko direla.

J. M. BEREZIARTUA

daude, dagoz

dezagun, daigun

zaizkigu, jakuz

zeuden, egozen

zien, eutsen

zitzaion, jakon

zukeen, eukean


Ontsa ez bizitzeko bidea

Euskaltzaletasuna gainbehera doa, diosku Laspiurrek. Horrela uste du Armendaritzek ere. Errealitateak berak ere horixe erakusten digu. Euskara, antza,* herriak gero eta guttiago erabiltzen baitu. Azurmendi bera ez dugu baikorrago*: oraindik ez dugu «gizarte projektu» bat baizik. Eta, Odriozolak zioenez, «idiak uztarriz loturik badabiltza ere», ez dugu euskaldunok —edo eta geure herri eta proletalgoaren alde jokatzeko prest omen gaudenok bederen*— dialektika zer den oraindik ikasi; ez dakigu oraino zelan* bat egin geure gizartearen subjektibotasun eta objektibotasuna; Azurmendiren berbak aipatuz, ez gara oraingoz hitzen mythologiaz baino bizi. Beraz, azken bolada* honetako artikulu batzuk irakurriz, neure aspaldiko kezka baten inguruan hasi nauzue murgiltzen berriro ere.

Lehengo egunean norbaitek itaundu* zidan, ea baikorra ala ezkorra nintzen euskararen etorkizunaz. Euskara ikasten hasi nintzenean, «zergatik ikas» galde egiten nion maiz* neure buruari. Beharbada erromantizismo huts bategatik, ala bestelako arrazoirik nedukalako?

Askotan, geure herriaren hizkuntz bitasuna gogoratuz, galdera berbera egiten dut. «Guk biok zertan gara euskaldun, orain ere erdaraz ari baikara?, ziostan Enkartazioetako lagun batek aurreko egun batetan.

Bestalde, gure «ezkertiar dibinalen» balio mailak direla medio, jende askok ez du euskara ikasten. Zoritxarrez, oraindino behintzat, halakoek ezin dezakete Tartasek proposaturiko erremedio miragarriaz baliatzeko aukerarik ukan,* ezin irakur baitezakete haren liburuan: «Ontsa* hiltzeko bidia dela herioaz orhitzia*». Beraz, heriotze arazo honetan, ezin dezakegu inondik ere geure textuingurua ahantz;* bestela, ez ginateke gizon izanen, eta ez genuke geure burua osatuko.*

Eta hementxe ikusten dut nik, hain zuzen ere, errealitatea osorik ez ikustearren haiek darabilaten jazargoa,* hots, euskarak eta euskaldun izateak jartzen diguten datu anthropologikoaren baldintza.

Geure izanahalak geure kontzientzia alienatuarekiko nagusigoa eskatzen badigu, hau da, geure norgaltzearen* kontzientzia edukitzea eskatzen badigu, ez dago, ene aburuz,* zalantzarik* —historia konkretu batetan murgildurik gaudenez gero, eta geure burua osatu* nahi badugu— kontuan hartu behar dugula, baldintza historiko, politiko, ekonomiko eta kultural mugatu batzuen barruan bizi garela.

Orain —hala uste dut— lehengo itaunari* erantzun diezaioket, gure hizkuntzaren etorkizunezkoari alegia:* Ezkorra naiz, bai, errealitate tristea ikusten dudalako, herriak askotan euskara erabiltzen ez baitu: baikorra, aldiz,* nahitanahiez neure izatea apostuan jartzen dudalako, ez bainago prest neure burua hiltzeko eginahalak egiten hasteko, neure pertsonaren borreroa* izan nahi ez dudan bezalaxe. Agian,* Protagorasek esandakoa zuzena dateke:* «Gizona da gauza guztien neurria».

Norbaitek idealista naizela pentsa lezake. Beharbada ba naiz; baina, neronek behintzat, ba dakit etorkizuna neure eskuetan dadukadala.

ANDOLIN EGUZKITZA

dezakegu, daikegu

dezakete, daikee

diezaioket, deiskiot

digu, deusku

digute, deuskue

gaude, gagoz

lezake, leike

nedukan, neukan

nion, neutsan

zidan, eustan

zioen, inoan, esaten zuen

ziostan, inostan, esaten zidan


Neure lantokitik

Turismoa

Aurtengo lehen zazpi hilabeteetan, asko gehitu da turismoa mundu zabalean.

Hona hemen zifra batzuk,* aurtengo urtarril-uztail epean turismoa nola igan den ikus dezazuen, ihazko epe berarekin konparatuz:

 %

Turkian 36

USAn 29

Eskandinabian 27

Dinamarkan 24

Jugoslabian 23

Grezian 22

Alemanian 10

Portugalen 8

Espainian 5

Garia

Espainiako gari uzta,* azken urteotako txikiena izan da aurten: 41 milioi kintalekoa. Gorderik dauden erreserbak 13 milioi dira. Horrela, aurtengo beharrizanak betetzeko beste* gari ukanen* dugula uste da.

Munduan gari eskasia handia dago; eta, badaezpadan, Espainiak debekatu egin du gariaren exportatzea.

Olioa

Aurtengo bost hilabetetan, Espainiak 49.748.000 litro oliba olio exportatu ditu.

Maiatzean bakarrik, 23.092.000 litro izan dira exportatuak.

Ingelesak eta euskara

Espainiako Gobernu berriak gogortu egin du Gibraltarekiko politika. Gibraltaren bizi direnek, orain arte eduki duten ingeles kultura eta hizkuntza gorde nahi dute; eta kultura eta hizkuntza hori galdu egingo dutela uste dute, baldin Espainian integratzen badira. Ez dira fidatzen, espainolek eskaintzen dietenaz.

Ez dakit, hau nabarmentzeagatik edo izango ote den; baina Bretainia Haundiak euskaran ipini ditu begiak. «GB» matrikuladun autoek euskarazko «poliki poliki» hitzak dakartzate* txartel batean idatzita; eta tenis pilotetan (Bilboko dendetan salgai) beste hau irakurtzen da: «Politak — Made in England».

Kontuz liburuekin

Liburuak betirako dira. Beraz, kontuz idatzi behar dira.

Santos Rekaldek, hizkuntzaren aldetik hutsez beterik dagoen liburu bat argitaratu du. Ez ditu betetzen, Euskaltzaindiak azken urteotan euskara bateratzeko eman dituen arauak. Hau kondenagarria bada, areago* da mende* honen hastapenetik euskal literaturan erabili den hainbat erregela aldrebestea. Adibidez: lehen horrialdean lastan, jatsuz, eta abar idazten du; bigarren horrialdean sapatua; hirugarrenean auldu-ta, jo-ta nago, eta abar. Honela liburu osoan.

Ba dakit, euskara behar bezala ez menperatzea gure errua bakarrik ez dela, orain arte kolegio eta eskoletan euskara bazterturik egon baita. Niri neuri, esate baterako, ez lehen mailako Eskolapioen ikastetxean, ez Estatuaren goi mailakoetan, ez zidaten euskara lantzen irakatsi. Horregatik, ikastetxe horietaz ez dut oroitzapen onik.

Baina liburu bat argitaratu baino lehen, zuzentzaile batengana jo behar genuke, irakurleei eta hizkuntzari berari zor diegun begirapenagatik.

Mozambike

Portugesek, Mozanbikeko Wiriyamu herrixkan, 400 gizon, andre eta haur hil dituzte. Honek ez nau sobera* harritzen, Portugesak, bai eskuinekoak eta bai ezkerrekoak, inperialista hutsak baitira.

Wiriyamuko hilketa horren berri, Mozanbikeko misiolariek zabaldu zuten mundu guztian, eta portaera horrekin goian ipini dute Elizaren izena. Baina Portugaleko gotzainak zergatik isiltzen dira? Eta Portugaleko marxistak? Ez dutea hauek jokatzen, Frantziako ezkertiarrek Algeriako gudu denboran egin zuten bezala?

Bizkaiko hiri nagusiak

1972.eko abenduaren 31n hauk* ziren Bizkaiko hiri nagusiek zituzten bizilagunak:

Bilbo 418.951

Barakaldo  112.128

Portugalete 48.151

Santurtze 48.124

Basauri 43.052

Getxo 42.792

Sestao 38.908

Durango 23.328

Galdakano 21.380

Bermeo 17.546

XABIER GEREÑO

daude, dagoz

dezazuen, daizuen

diegu, deutsegu

diete, deutsee

zidaten, eusten


Gure Munduko Albisteak

Arrasateko euskal tituluetarako examinak

Urriaren 6an, Arrasaten* 63 ikasle presentatu ziren Euskaltzaindiak dei egindako examinara. Aita Patxi Altuna eta Xalbador Garmendiaren ezin etorriaz, mahaikoak Alfonso Irigoien eta Xabier Kintana izan ziren, nahiz eta gero, bide den bezala, azterketen korrejitzea lauren artean egin.

Euskal Herrian omen dauden 600 andereño horiek bestelakorik pentsaeraz liezaguketen arren, 63 ikasle horien artean 49, mutilak izan ziren, eta neskak, aldiz, 14 bakarrik. Jatorriari begiratuz, 26 gipuzkoar ziren, 25 bizkaitar, 9 arabar eta 3 nafar.

Artikulu hau idazteko orduon kalifikazio guztiak agertu ez badira ere, aurrekoetan baino «gutiegi» gehitxoago egon dela esan dezakegu, jende asko, antza,* behar bezain ikasirik ez baitzen agertu. Ea hurrengoan!

«Andalan»: Aragoiko aldizkari bat

Nafar adiskide jator batek jakinerazi digunez, Zaragozako Unibertsitatearen inguruko jende batzuek, hamabostero, Andalan izeneko aldizkari bat ematen dute argitara, darabiltzaten gaiak aragoitar gizartearen problemak (ekonomiko, sozial, linguistikoak e.a.) direlarik. Artikulugileek, nabari* denetik, ezker alderako joera dute, baina beti zentzu on batekin, idazlanak, ideiologi sermoi abstraktuak gabe,* —berau, zoritxarrez, euskaldunon aspaldiko izurrite* zaharra—, errealitate konkretuari ongi eta artezki erantzuten diotenak baitira.

Aldizkari horrek, bestetik, aragoitar sentimendu eta kutsu jatorra indartzeko asmoa duela dirudi; eta izena bera ere euskal sustraikoa da, bertako erdaran andalan hitzak «lan sakona», «hondorainoko lana» esan nahi du eta: guti gora behera, Nafarroako herri deseuskaldundu askotan ondalan berbak esan nahi duen gauza berbera.

Gure Herriko hauzoen kultur bizimoduaz kezkaturik daudenentzat, ene ustez, ez datorke* gaizki aldizkari horri noizik behin begirada bat egitea. Hona hemen norabidea: ANDALAN. Coso. 71, Zaragoza.

Irakurle baten galderak

 Ushandi ezizenaz irakurle begiko batek ohar interesgarri batzuk bidali dizkigu ANAITASUNAra. Dioenez, aurtengo irailaren* 25eko Hierro egunkarian Satrústegui prokuradore jaunak, erdaraz, noski, «gure Hibaizabalek gaur egun 1935.ean zituen besteko zubiak ditu»ela deklaratu du, bai eta «hirigintza ganore gutirekin egiten ari dela, jolasleku eta berdeune eskasez». Azkenean, jaun berberak hauxe ere esan omen du aldizkari horretan: «Herrialde bakoitzak bere ordenazioa programmatu beharko luke, eta are* gehiago halako bereizitasun haundiak dituztenek».

Ushandi jaunak, harriduraz, hauxe galdetzen du, ea zer egiten duten gure agintariek, hain zuzen holako problemak konpontzeko dauden «gure prokuradoreok»; Bizkaiak sorterazten duen dirutza nora ote doan, Sollubeko kaminoa dagoen moduan dagoen artean. Eta beste zenbait galdera. Irakurleren batek erantzun nahi balio, ba*... egitea besterik ez du, galderok gure buru exkaxerako larriegiak baitira.

Bertsolariak Oiartzunen

LARTAUN kultur, jolas eta kirol Elkarteak bere egunean bidali zigun programmaren arauera, eragozpenik egon ez bada, urriaren 21ean, goizeko 11,30etan bertsolari jaialdi bat egon da Oiartzunen, erakunde* horrek antolaturik.

Berau dugu. Oiartzunen egiten den bostgarrena; eta «Bertsolarien etorkizuna» izenpean joan da.

Bertan bertsolari trebeak saiatu dira: Igarzabal, Gorrotxategi, Lizaso, Zabala, Garmendia, Goiburu, Ziolar, Muñoa, Zendoia eta beste batzuk.*

Jaialdi hau «Zurko» baserriko Joxe Joakin Urbieta (Kazkazuri) zenaren omenez egin da, aurten baita hura* jaio zen ehunurteburua.

Ezkerraren etsaiak

Ez da inongo sekretua euskal ezkerraren krisialdi larriau. Joan Mari Torrealdaik oso zuhurki hitz egin digu honetaz, bai bere liburuan eta bai ZERUKO ARGlAko azken elkarrizketa horretan. Hark arriskua eskuinean zekusan*; eta arrazoi haundia du. Eskuina, bai puntakoa eta bai burua ezker itxuraz estaltzen duena, beti ezkerraren kontrakoa izanen da. Txile hor dugu Hori politikaren legea besterik ez da.

Baina euskal ezkerrak ba du bestelako etsai bat, orain arte inork salatu ez duena. Guztiok dazagutzagu,* bai horixe! Eta aspaldi honetan ikastoletan egiten diharduten joko nigargarria argiro dago. Hauek, maskararik gabe gainera, beren burua euskaltzaletasunaren etsai amorratutzat derakuskigute.* Halakoentzat euskal kultura burjesa da; erdarazkoa, Estatuarena, ordea,* ez. Ikastoletan bilinguismoa ipini behar omen da, eta haurrei askotan erdara hutsez egin.

Noski, kultur arloan hainek* deus onik egiteko ahalik ez, eta inorena amorrurik bizienaz systematikoki kritika.* Beste puntako eskuindarren antzera, indar desegile bat dute, negatibo hutsa. Alferrik dugu hemen holakoen erdaltasuna eta euskal interesik eza salatzea, beraiek beren burua berez aski* klar salatzen digute eta. Baina salatu behar dena eta orain arte inor gutik egin duena, beste hau da: halakoak ez direla bakarrik euskaltasunaren etsai, baizik eta ezkerraren beraren etsai.

Halakoengatik, herri xeheak «ezkertiar» omen den talde horretan herri balioen uko* biribila dakusa,* eta, ondorioz, ezker osoaz mesfidatzen da. Eta hau bai dela, ez Euskal Herriko ezkertiarron aldetik, baizik eta mundu osoko ezkertiarrengandik, sekula sainduan barkakizun izanen ez zaiena.

Sozialismoaren etsairik txarrenak, ezkertiar izenaz herri zapalduen eskubideak ukatzen dituzten sasisozialistak berak direla esan zuena, ez zen, kasualitatez, euskalduna, Vladimir Ilitx Ulianov burkidea* baizik. Beharbada, batek jakin!, horregatik hura* ere burjestzat hartu beharko dukegu.*

Donostiako bilera eta urgentziazko plana

Aurreko ANAITASUNA batetan esan genuenez, Donostiako Herriko Etxean bilera bat egin zen, euskara Espainiako euskal probintzietako eskoletan ofizialki sartzeko. Nola uler, ordea, Bizkai eta Gipuzkoarako «plan de urgencia escolar» delako hori ikastola zuten berrietan hain presaka sartu ondoren, orain euskarari halako laguntasuna eman nahi izatea?

Honetaz, Cuadernos para el Diálogo aldizkariak, udaberrian irakaskintzaz atera zuen zenbaki berezian, ikastolari buruz zioena egia hutsa zen. Agian* asko ez dira oraindik konturatu zertara zetorren urgentziazko plan hori, eta hobe, bai horixe!, lehenbailehen konturatuko balira.

Judu-arabiar arteko gerra

Gerra berriro hasi da Ekialde* Hurbilean; baina oraingoan David ttikiak ez du Goliath erraldoia* harrikadaka hain erraz buruan jo. ANAITASUNA hau aterako denerako, ez dakit, baina orain arte behintzat arabiarrek Dayanen tropei hortzak ongisko* erakutsi dizkiete, bai burrukan, bai petrolio arazoan eta bai diplomaziari doakionean ere.

Izan ere, euskaldunon artean, juduen aldeko propaganda erromantiko eta merke bat zabalduegia da, geure buruarekin gehiegi konparatzen baititugu israeldarrak. Bai lurraldearen ttikitasunean, bai hizkuntzaren birpizkundean eta bai berjabetasun* nahian antzekoak omen gara. Puntu bat, ordea,* ahantzi zaigu, oso inportantea gainera. Israelek ba du, guk, agian* zoritxarrez, ez dugun aitabitxi boteretsu bat: Estatu Batuak.

Horrela, ba,* itxuraz hain ttiki eta indarge zirudien David gaixo hura,* egiaz, benetako koloso ongi harmatu bat da, eta Goliath, arabiar erraldoi gizaxoa, besomotz elbarritu bat. Ez da, beraz, hain harrigarri orain arte juduak nagusi agertzea.

Baina Sobietar Batasunaren laguntasunaz, ez segurki gratis et amore emana, tornua aldatu da, eta Israelek bere inperialismoa eta harrokeria apaldu beharko ditu; bere mugak ttikitu, bake iraunkor bat nahi badu bederen.* Agian gudu honetan establishment berri bat lortuko da, eta Egyptok bere aurreko umiliazioa garbitu, Syriak eta Jordaniak beren lur gehienak birlortu eta juduek, truke, muga iraunkor batzuk erdietsiko* dituzte.

Zer izanen da, ordea, fedayim-ez, zer palestindarrez? Hauk* dirateke,* segur aski, potentzia haundien inteses ezberdinen arteko gerra honetatik gaizkienik irtengo direnak. Denborak erakutsiko.

Bizkaiko diozesiaren helburuak

Gure eskuetara heldu den «Plan Diocesano de Pastoral»ean (octubre, 1973) irakurri dugunez, bertan aipatzen diren 23 objetivo prioritario pastoralen artean (artzan* helburu behinenak edo), laugarrena «Promover los valores peculiares del pueblo vasco» da, Pacem in Terris entzyklikaren arauera.* Horretarako, apezpikuak proposatzen duen programman, Elizak euskara, alfabetatze kanpainak, euskal kultura, irakaskintza eta ikastolak lagunduko omen ditu, Elizaren ardurapeko irakastegietan euskara apurka apurka sarteraziz. Euskal kulturaren alde, lehen aipaturikoez gainera, erdaraz ere Elizaren informabide guztietatik propaganda eginen omen da, hauetan, bidebatez, euskarari sarrera haundiago bat emanez.

Asmo txalogarriak, benetan, guztiok. Pozik dakusagu* nola Elizak, azkenez, ofizialki, Euskal Herri bat, euskara delako bat, euskal kultura bat eta euskal problema batzuk ere ba daudela aitortzen duen; oso konkretuki gainera. Dena dela, oraingo ohartze berantkor honek, nahiz eta nahi ez, orain arteko axolagabekeria gogora erazten du. Baina, tira!, txarragoa litzateke, noski, hilda gero, salda bero delakoa.

Hala ere, erabaki hori ezin hobeki iruditu arren, permiti biezagu irakurleak, egin litezkeen beste askoren artean, zenbait galdera jartzea.

1. Zer gertatu da diozesiaren Radio Popular de Bilbao-n, gutienez orain dela urtebete izendatu zen euskal komisio hartaz? Zergatik ez zuen bere eginkizuna burutu, eta euskara ez da orain arte Bizkaiko diozesiaren irrati programmetan sartu, «justiziak eskatzen duenez» (Pacem in terris)? Loiolako eta Donostiako Herri Irratiek ez dute ukan,* antza,* holako eragozpenik, euskararen alde argiago eta zintzoago jokatzeko.

2. Zergatik Elizak, euskarari dagokionez, ez du ezertarako ere kontatu, ez eta kontatzen, Euskaltzaindiarekin? Batasunaren hauzian Euskaltzaindiaren kontrarioekin bakarrik kolaboratzea ez da, ene uste apalez, inolako neutralitateren seinale.

3. Orain arte Bizkaian Elizak ikastoletan edukiriko partehartzean, noraino egon da presente euskal kulturaganako ardura, eliz interes berezien gainetik?

Jakina, ongi dago aurrera joatea, baina lehengo okerretan berriz ere erori gabe.

Berri laburrak

«Hil ala bizi», Larraunek

Gure belarrietara euskal liburu baten berri heldu da, urriaren erdialdean ipar Euskal Herriko liburudendetan banatzen hasia: Hil ala bizi, Larraun delako batek egina. Dirudienez, mamia zeharo politikoa da eta bortitz bortitza, orain arteko obretan ez bezalakoa. Idazkera aldetik berrikuntza franko omen dakartza euskal letretara, Hego Amerikako elaberrien* tankeraz.*

Euskal elaberri honek, elaberri bat omen baita, arrakasta* haundia ukanen* du segurenetik, eta biziro eztabaidatua izanen dela seguratu digute. Ea horrela den.

Bibliographiarako: LARRAUN: Hil ala bizi, Ed. Elkar, Angelu,* 1973.

«Márgenes» debekaturik

Azken orduon, urriaren 20an, jakin dugunez, Márgenes, Barakaldoko hamabosterokoa galerazia izan da, horretarako aipatu diren arrazoiak administrazio kontukoak direlarik. Irakurleak dakikeenez,* aldizkari hori sozial kutsukoa zen, eta jende xume* eta langileen egiazko problema konkretuez aritzen zen.

Pau Casals hil da

Pau Casals kataluniar musikalari hospetsua hil berria zaigu Amerikan urriaren 22an. Beronekin hiru dira aurten joan zaizkigun Paulo famatuak, Picasso, Neruda eta bera. Gure oroitzapena guztioi.

ARMENDARITZ

biezagu, beisku

dezakegu, daikegu

daude, dagoz

digute, deuskue

diote, deutsoe

dizkiete, deutseez

dizkigu, deuskuz

liezagukete, leiskigue

zaie, jake

zaigu, jaku

zaizkigu, jakuz

zigun, euskun

zioen, inoan, esaten zuen


Gernikako ikastola berria

Aurten, urriaren azken egunetan, Gernikan orain arte zegoen ikastola zatitu egin da, bat gabe,* bi geldituz.

Lehengo ikastola bakarrean, guztitara, 180 ume inguru ei* zeuden. Ume horien 120 gurasoekin batera, ikastolak 300 sozio inguru zituen. Sozio izateko, aski* zen 100 pezeta ordaintzea.

Batzarreetan sozioek gurasoek besteko eskubidea omen zuten, umeen irakaskintza, pedagogia eta hezierari buruz beren botoak emateko, nahiz eta, pentsatzekoa denez, guraso askok, eskubide berdintasun horri demokratiko eta egoki eritzi ez.

Ikastola, bestetik, ez zegoen legez onhartua; eta gurasoek juntakoei arazo honetaz behin eta berriz egindako eskabideek ez zuten, antza,* oihartzun* handiegirik lortu haiengan, ondorioz ikastolaren egiazko egoera zeharo kili-kolokoa izanik.

Ikastolako barne-arautegiari dagokionez, ba dirudi onhartezinezko puntu batzuk* zeudela bertan, esate baterako, «egingo zuketena egin arren, hango irakasle eta andereñoak ikastolatik inolako arrazoirengatik ezin kanpora bidaltzea».

Bestetik ere, kexa nabariak* entzuten ziren gurasoen artean aspalditxuon, ikastolan euskarari eta euskal kulturari zor zitzaiena ez zitzaiela ematen esaten zutenak, guraso gehienen gogoa horixe izan arren.

Gurasoek, behin eta berriro problemok konpontzeko ahaleginak eta bilerak egin ondoren, ez omen dute juntagandik satisfakziorik hartu, ez irakaskintza-hezierari dagokionez ez eta legalizazio kontuan ere.

Azkenean, lehengo gurasoetatik 90 inguruk beren kontutik beste ikastola bat, kooperatiba gisa,* eratzea erabaki dute, beren 110 umeak lehengo ikastolatik aterata. Andereño tituludun batzuk, gainera, lehengo ikastolan zeudenak, guraso horiekin batu dira asmo horretarako.

Lerrook idazten ditugun egunean, oraindik guraso berriak elkartzen ari dira ikastola berriaren inguruan, bai eta laguntasuna eman ere.

Lekuari dagokionez, ikastola honek, aurrekoak bezala, Gernikako gizarte etxean edukiko du bere tokia.

Guraso hauen asmoa ikastola lehenbailehen legalizatzea omen da, bai eta euskara, heziera eta euskal kultura seriotasun osoaz ematea, ikastolaren martxa eta jokabidea, elkarrizketa eta batzarreen bidez, irakasle eta gurasoen artean erabakiaz joateko, beti demokrazia onean.

Aitortzen denez, gurasoengan eta irakasleengan borondate ona ez da falta, nahiz eta, zoritxarrez, esperientzia eta formazioa, kasu askotan, behar adinakoa* izan ez; eragozpenak, horregatik, ez dira gutti izango.

Helburua, ostera,* honez gero argiro ezarria dute. Ba dakite ikastola norantz eraman nahi duten, eta horretarako bideak, segur asko, topatzen ahaleginduko dira. Denborak esango, lortzen duten ala ez.

Esandakoengatik, beraz, Gernikan, honez gero, baten lekuan ikastola ezberdin bi ditugu, bakoitzak bere jokabide bereziaz. Hau, duda gabe, gure Herriaren pluraltasun eta dynamikaren seinalea da, eta berez ez da txarra. Hemendik aurrera, beharbada, konkurrentzia bat sortuko da bien artean eta elkar osatuz joango dira, beti umeen heziera osoago eta hobe baten bila. Horrela nahi izatekoa litzateke. Dena dela, Herriaren aukerak erakutsiko digu une guztietan bietatik zein duen gogokoago eta zeinek betetzen dizkion ondoenik bere asmo eta helburuak.

Ea biek bizitze luze bana edukitzen duten!

P. URTIAGA

digu, deusku

dizkio, deutsoz

zeuden, egozen

zitzaien, jaken


Latinamerika nondik?

1945.ean demokraziak irabazi omen zuen gerra gizon guztientzat, eta, gerrarekin, bai eta historia bera ere. Aurrerakoan historia hori demokrata izanen zen. Uste amesgarri hura ustel gertatu zaigu geroztik. Herri demokraziaren irtenbideak Txekoslobakian eta Hungarian ito ziren. Demokrazia liberalek ez dute eboluzio pizkor batetan sartu nahi izan. Politikaren zinbili-zanbuluek* ez dute bide zuzenik aurkitu. Eta ba dirudi, alde askotatik, Munduko II. Gerrate haren ondotik, ia 30 urte pasaturik ere, munduak ez duela batere zorte* onik. Gizonen eta herrien libertate gosea gose izaten iraun beharko du. Mendebaldea* gaizki doa; eta Ekialde* sozialistak ere ez du aurkitu, batek baino gehiagok espero zuen etorkizun irekirik.

Latinamerika da, egoerarik tristeenetako bat eskaintzen diguna. Harmagizonen indarra da toki askotan gizartearen lege. Mapa bati begiratzen baldin badiogu, halako beltzune ilun bat zabaltzen ikusiko dugu Estatuz Estatu: Ecuador, Peru, Bolivia, Brasil, Paraguay, Uruguay, Chile... Diktadura guztiak ez dira, noski, berdinak: Cubakoa, esate baterako, ez da harmada klasiko batek ezarri duen diktadura, Batistarena baitzen harmada klasiko hura.*

Hegoamerikan bakarrik, Erdiamerika albora utzirik, 135.000.000 gizon eta emakume dira diktadurapean daudenak. Eta, hau esatean, ez ditut haintzakotzat hartzen Colombia eta holakoak; eta ba legoke horietaz ere zer esanik. Estatu bakoitzak, historiak eta ekonomi egoerak ezarri dion izaera desberdina du, aparteko aurpegia. Bizpahiru taldetan banatuko nituzke Estatuok.

Castroren Cuba da, marxismo-leninismoaren arabera* egindako iraultza seriotan hartu duen bakarra. Teoriaz, teoria ofizialez (eta egitez zenbateraino?), herriaren zerbitzurako eraiki da Estatu sozialista hau. Nola ikusiko du geroak, diktadura sozialista horrek egin duena? Ezin uka, dirudienez, eskolagintza serioki eraman nahi izan duela. Egintza hau oinharri objektibo baliozkoa izan liteke geroan ere. Baina herriaren beraren demokrazia noiz arte juzga liteke, Cuban bezala, kontrairaultzatzat? Hau da, teoria erne eta praxi jator batek egiten duten galdera; galdera horixe baita, azkenean, diktadura indartsu guztiek orain artean erantzun ahal izan ez dutena.

Beste era bateko esperantza da Perukoa. Velasco Alvarado lehendakariak, gizarte aldakuntza herrikoi baten alde lan egitera eraman du harmada klasikoa. Ondoko urteetan jakingo dugu zenbateraino zen gogo hau egingarri. Peruko egoerak eta Chile zenaren (!) azken aldiko gertakariek* azterketa berezi bat merezi dutenez, utz dezagun horiekikoa beste batetarako. Allenderen Chile hura* atzera geratu da, dirudienez, behin betirako; baina politika eredua* hor dago tinko ezkertiar guztientzat, erreferentzia bizi bat bezala.

Stroessner-en Paraguay eta Banzer-en Bolivia, Latinamerikak betidanik izan dituen jauntxoen historiaren luzagarriak dira. Horiengan aurki litezkeen asmo aurrerakoiek, ez dituzte gizarte haik* berrituko. Demokrazia formalaren jokotik at* irten dira: handik kanpoan daude, diktaduraren gogorra nola justifika ez dakitela. Agian* bost axola* zaie, gainera, justifikapen hori.

Uruguayko diktadura oraindik tristeago eta gogorragoa dela esango nuke, Bordaberriren gobernabidea beldurraren umea baita, zuzen zuzenean. Uruguaytarren politika tradizioari salkeria* lotsagarria egin diote lehendakariak eta beronen harmagizon lagunek.

Brasilgo diktadura bestelakoa da (ez bigunagoa). Hemen ere harmagizonek dute zuzenean beren eskuetan agintea. Eskuinaren eskuina da hemengo gobernabidea, gobernabide zitala, zipotza.* Politika osoaren erregela bakarra, herbesteko kapitalismoa erakartzea da, desarroilo edo hazkuntza bizi baten zerbitzuan. Brasilek, berek diotenez, ekonomia zindo* bat behar du; horretarako, nazioarteko kapitalaren laguntza behar du nahitanahiez.

Gizarte kezkati batek halako beldur zimiko* bat sortzen dio nazioarteko kapital horri: ukaezina da, kapitalismoak justizi kezka zenbaiti dion mesfidantza. Brasili ez zaio komeni, beraz, langileria pizkor bat. Ez da kapitalismoa izu erazi behar, ez da kapitala uxatu behar. Harmagizon hauen ezkontide, teknokratak izan ohi dira hemen eta beste tokitan. Ba dakite garbiki, zer nahi duten. Deskapitaltzearen beldurrak, edo diru bilaketarako errespetagarritasunik ezak oso urduri* jartzen ditu harmagizon eta teknokrata hauk.* Izan ere, ekonomia airoso ateratzen ez baldin badute, nolatan justifika, herriari kendu dioten askatasuna eta ezarri dioten zama* astuna? Dena dela, ez sobera* kezka: izanen du Brasilek hazkuntza mardulik. Baina nork jasan beharko du aitzinamendu horren pisua eta sufrimendua? Hori ere beste galdera bat da.

JOANES GOIA

daude, dagoz

dezagun, daigun

digu, deusku

dio, deutso

diogu, deutsagu

diote, deutsoe; dinoe

zaie, jake

zaigu, jaku

zaio, jako


Proletal kultura dela eta

J. Azurmendi gure intelektualak, «Kultura Proletarioaz» idazteko luma hartu zuenean, bere liburuak dudarik gabe izanen zuen «halako kritikoaz» bildur zela aditzera ematen digu hitzaurrean.

 Orain ba dirudi, Axularren hitzez esateko, alderantziz dela, halako kritikoa bildur dela, ahalke dela, ez dela jendartean ausart. Zeren,* nik dakidanez, hura* isilik baitago, Azurmendiren eta gu guztion lasaitasunerako.

Eta ez da harritzeko, alajaina! Batetik, gaia bera da izatez oso delikatua eta irristakorra* (eta Azurmendik ba daki); eta bestetik, ausartzia demasa behar da, egia esan, Zegamarrarekin eztabaidatan sartzeko.

Ez du izkutatzen* egileak, «proletkulturalismoaren» gisako* gai baten lantzeak duen arriskua: «Ba dakit, berriz ere jaso nezakeela txalorik galeria faltsotik: hemengo kritikak batere arrazoirik gabe poztuko dituenik ere ez dela faltako» (K. Proletarioaz, 36. horrialdean). Hori da arriskurik haundiena, izan ere: «eskuineko» kritika bat egitea, Stalinismoaren phenomenoa estudiatzerakoan Althusserek gogoratu duen bezala.

Horregatik, ni bildur naiz galeria faltsutik behar baino txalo gehiago jaso ez ote duen, eta, batere arrazoirik gabe, bat baino gehiago poztu ez ote den.

Dena deia, goazen geure puntura. Gaurkoan, liburuaren hutsunerik nagusiena, nire eritzirako, non datzan* aipatuko dut, eta ondoko zenbakietan hutsune hori betetzen saiatuko naiz.

Azurmendi zitatuz ekinen* natzaio: «Alemania Herritarreko hiztegi kultur-politiko batetan irakurtzen denez (Kultur-politisches Wörterbuch, 1970), proletkulturalismoaren zenbait tesi Maotsetung-en inguruko multzoaren teoria eta praksi antimarxistan superbizi da gaur. Sobietarren eta txinarren arteko hauzia literaturaraino ere ailegatu baita jadanik.* Hala ere, baieztapen* hori lasai samar duda-muda liteke, fede garbiaren kontrako bekaturik egiteko bildurrik gabe. Maoisten proletkulturalismoa, beharbada, haien antiburokratismoan aurkitu behar da, sobietarrekiko diferentzian» (K. Proletarioaz, 33. hor.).

Txinako Proletal Kultur Iraultza, besterik gabe, lasai samar duda mudatuz, alde batera uzten duelarik, Azurmendiren saioa kamuts* gelditzen da oso. Eta pena da benetan. Hain zuzen ere, Txinako experientziak erakusten baitigu, Errusiakoak ez bezala, proletal kultura jator batek zer behar lukeen izan.

Nire ustez, proletal kultura baten muina hatxeman* ahal izateko, Txinako Proletal Kultur Iraultzaren argitan aztertu beharko genuke Errusian eman zen phenomenoa.

Zeren,* aurrerakoitasun guztiak erlatiboak badira ere (eta hala dira, nik uste), Txinan zerbait «berria» gertatu dela aitortu beharra baitago. Han eman den dogmatismo-rebisionismo-burokratismoaren kontrako burruka latza, guztiok hartu behar genuke oso kontutan.

«Maotsetung-en inguruko multzoaren» aportazio theoriko-praktikoak asko lagun* gaitzake, nik uste, euskal kulturgintzan. Luxum eta Maorekin zenbait puntutan ados ez izanik ere, haien literatur ideiak zentzuzkoak aurkituko genituzke gehienok. Literaturgintzan haik* jarraitutako bidea oso kontutan hartzekoa iruditzen zait niri. Ba dakigu, Mao bera idazle burjestzat kritikatua izan dela.

Baina hori dena hurrengo zenbaki batetan ikusiko dugu.

PERUGORRIA

digu, deusku

gaitzake, gaikez

genituzke, geunkez


IV. Alfabetatze ikastaroa. Deustuko Unibertsitatean

Aurten ere, aurreko urteetan bezala, Deustuko Unibertsitateko Euskal Kultur Mintegiak beste Alfabetatze Ikastaro bat eratu du, Bizkaiko Aurrezki Kutxaren laguntzarekin.

Ikastaro honetako irakasleak Xabier Kintana eta Patxi Elgezabal izango dira: bata goiko mailakoentzat, eta bestea oraindik hastapenetan* direnentzat.

IV. Alfabetatze Ikastaro hau hazilaren* 5ean hasiko da, datorren urteko urtarrilaren* 20an amaitzeko. Eskolak astean hiru egunetan emango dira: astelehen, asteazken eta ostiraleetan. Ordua: arratsaldeko 7etatik 8etara. Matrikula saria 500 pezeta izango da.

Izena emateko eta berri gehiago izateko:

 Euskal Kultur Mintegia

 Deustuko Unibertsitatea

 Posta kaxa 1 - Tel. 212121


Euskal Herriko ipuinak

Ilargiko gizona

Gaua da. Osaba Martin etxeko egongelan elaberri* bat ari da irakurtzen, bere pipa zaharrari noizik behinean zurrupadaren bat emanez.

Enekori eskolak hasi jakoz, eta aurtengo textuliburuak aztertzen dihardu, bertako irudi koloreztatuak ikusiz. Halako batean argia joan egin da, eta egongelan ilunpean gelditu dira. Zorionean, leihotik ilargiaren argi zurbila* sartzen jake, eta zer edo zer ikusten dabe.

— Eskerrik asko, ilargitxo! —dinotso mutikoak leiho ondora joanez—. Ikusten dozu, osaba, zein ona dan ilargia? Ba dirudi, gainera, irribarre egiten deuskula bere aurpegi biribilaz.

Osaba, liburua egongelako mahaitxoan utzirik, leihoraino doakio, eta, kanpora begiratu ondoren, honela hitz egiten deutso lobari:

— Nik neuk ez dakusat* ilargian inolako aurpegirik. Hori satelite bat besterik ez da.

— Horra, ba! —Enekok zapuzturik*—. Hori nik ere ba nekian; baina, gainean dituan zuri-beltzuneen artean, aurpegi bat daukala esaten da, ez da?

— Ez pentsa, txotxo, hori mundu guztiak dinoanik. Espainian eta, beharbada, Frantzian, bai, aurpegi bat ageri dala esateko ohitura dago; baina Ingalaterran, berriz, untxi* bat agertzen dala esaten dabe, eta Alemanian, ostera,* neskatila polit bat.

— Nik ez dakusat, ordea,* ez bata ez bestea —Enekok ilargira begira—.

— Bai, adi adi geldituz gero. Untxia behintzat, Ingalaterrako maparen antzera, oso errax ikusi daiteke, beti gora begira. Belarriak eskuinean eta beherantza, eta burua eta hankak goiko partean.

— A, bai! Orain bai, ba dago untxi moduko zerbait. Eta zelan* ez dot nik orain arte holakorik ikusi, ba*?

— Orain arte, horrelakorik ikusi behar zenduanik inork esan ez deutsulako. Herri bakoitzak bere tradizioak ditu; eta horreexek izaten dira, gazteei ipuinetan kontatzen jakezanak.

— Eta euskaldunok ez ote dogu holakorik?

— Bai horixe! Oraintxe ninoian, gurea esplikatzera. Euskal ipuinetan, ilargian gizon bat agertzen da, lepoan zakua eta ondoan txakurra ditualarik. Begira eizu ondo. Lehen esan deutsudan untxi horren belarriak gizonaren hankak besterik ez dira; atzean txakurra dau, eta bizkar gainean zakua.

— Baita*! Eta zer egiten dau hor, ba?

— Gizon hori aintzinan lapur bat izan ei* zan. Behin batean, ilargirik ageri ez zan gau batean, hauzoaren basora sartu ei zan, eta hauzoari egurrak kentzen hasi eta zakura sartu, harek ikusi barik* gainera, zeruan ilargirik ez egoen eta.

Halako batean, baina, ilargiak bere begi haundia hodei artetik atera eta argitasunaz bete eban lapurra egoen basoa. Gizonak, argitasun haregaz* beharbada jabeak ikusiko ote ebalako bildurrez, madarikazio batzuk bota ei eutsozan ilargiari, bere lapurreta argitan ipintzen eutsolako.

Ilargiari, antza,* ez jakozan batere gustatu berba zantar hareek; eta halako batean, dzast! eskua lurreraino luzatu, gizon ha* hartu eta hara gora eroan* ei eban betiko, alboan eukan txakurra eta guzti. Harez gero hantxe ei dago, guztioi lapurretarik ez dala egin behar esanez.

— Kontxo, osaba! Bai gauza harrigarriak dituala ilargiak. Eta maisuak guri eskolan ez deusku holako batere kontatzen.

— Ez! Ez dakianak zer kontatuko deutsue, ba? Ikastoletako andereñoek, berriz, eskolamaisuek ez dakiezan euskal ipuinok ba dakiez, eta umeei kontatu ere bai.

— Eta hala bazan, sar dadila kalabazan eta irten dadila Derioko plazan.

— Baina Derion ez dago plazarik, osaba!

TRAUKO

dabe, dute

dakiez, dakitzate

dau, du

deusku, digu

deutso, dio

deutsu, dizu

deutsue, dizue

deutsut, dizut

dino, dio, esaten du

dinotso, diotso, esaten dio

eban, zuen

agoen, zegoen

eizu, ezazu

eukan, zedukan (zeukan)

eutson, zion

eutsozan, zizkion

jake, zaie

jakez, zaizkie

jakoz, zaizkio

jakozan, zitzaizkion

ninoian, nindoan


Esperientzia zaharra

Txileko kasua ez da izan gisa* honetan gertatu den lehenbizikoa, hots,* legalitatearen bidez eta lege barruan iraultza egin nahi izatea. Horrelako esperientziak lehenago Frantzian eta Europako beste zenbait lekutan eginak dira; baina beti irteera berdina ukan dute: Iraultza baztertua geratu dela edo erreakzioak hankaz gora bota duela, boterea zedukaten gobernari aurrerazaleak zerbait positibo egiten ari baitziren.

Orain ere hor dago Frantzian Herri Batasuna deritzon alderdien elkartea. Beste leku batzuetan Askatasunerako Paktuaren programma izango da, eta beste toki batetan halako beste izen batekin agertuko da. Baina, legalitatearen barruan egiten diren bitartean, iraultzarik ez da izanen; eta elkarte hauek hola egiten dute.

Behin eta berriz, Fidel Castroren bideak arrazoia ematen du, hots, boterea benetan hartu nahi bada, legalitatea kanpoan utzi behar dela eta hura* bortxaz hartu beharra dagoela; hau esperientziak erakusten du. Fidel Castro Sierra Maestrara joan zenean, hamar gizon ere ez ziren, eta praktikaren bitartez harmada haundi bat osatu zuen, eta hola sartu ahal izan zen Habanan.

Allenderen esperientzia ere oso polita izan da, baina erromantikoa. Allendek legearen indarrean sinesten zuen, eta ez harmen indarretan; eta berauek galdu dute, hauek kendu diote bizia. Herri Batasunaren estrategia legearen barruan sartuta zegoen, eta ezin zezakeen harmada ofiziala deusezta* eta Herri Milizia bat sor, berau Konstituzioaren aurka zegoelako. Legearen presoa zen Herri Batasuna; eta oligarkhiak ipinitako legeak, guti batzuen interesen zerbitzuan jarriak, behin ere ezin ditzakete iraultzaileek erabil, ez baitira berauentzat eginak izan.

Fidel Castrok, Allenderen aurrean eta Che Guevararen photographipean, herriak boterea hartzeko era asko zituela esan omen zuen. Baina benetan egia esaten ari ote zen? Chek hori pentsatzen ote zuen? Ez, ez dut uste.

Berriz ere irakaspen eder bat ukan* dugu: iraultzaileek boterea eskuratzeko bide bakar bat dutela, hots, indar harmatuen bidea, eta beste dena erreformismoa eta herria enganiatzea dela, errealitateak ederki derakuskigunez.*

Agian* baten batek esanen du ea, era honetan boterea hartzen denean, ez ote den beste diktadura baten pean sartzen? Bigarren puntu hau diskutigarria da, ez baita berdin iraultza mentalitate agintari batez egitea, Leninek egin zuen bezala, edo eta mentalitate antiagintari batez egitea, Makhnok Ukrainian egin zuen bezala, boterea «batzarreei» (sobietei) emanez eta ez alderantziz, haiei kenduz, Errusian gertatu zen legez.*

Txileko azken gobernuak eskuindarren eginkizunetan beti defentsiban jokatu du. Azken denbora hauetan, marinako soldaduek Alderdi Komunistako militanteak detenitu eta interrogatu dituzte. Haien zenbait lokal eta lantegi ere asaltatuak izan dira harmadaren aldetik. Eta, guztiokiko,* gobernuak beti jarrera* defentsibo bat hartu ukan* du, eta ez da saiatu langileak harmatzen ez eta Herri Milizia bat sortzen. Hirurehun eta hogei langileren entrepresa batetan aurkitzen ziren harmak, hauk* ziren: fusil zahar bat eta lau pistola, eta besteentzat... makila batzuk.

Herri Batasunak, Txilen, konfidantza osoa zedukan harmadarengan, eta berau beti hartzen zuen herritar eta demokratikotzat; eta Batasun horretako zenbait zuzendariren esaldiak froga* ederrak zaizkigu. Alderdi Komunistako idazkari* jeneralak, Luis Corvalán-ek, esate baterako, honela zioen: «Estatuaren kontrako kolpe emannahi bat egon da... Indar altxatze hori azkarki izan da zapaldua, eskerrak indar harmatuen komandanteen ekintza trebeari eta indar hauen eta beste ordenetako indarren leialtasunari...». Horrela nora joango ziren?

B. BAKAIKOA

diote, deutsoe

ditzakete, daikeez

zaizkigu, jakuz

zedukan (zeukan), eukan

zedukaten (zeukaten), euken

zezakeen, eikean

zioen, inoan, esaten zuen


Zapaburua. Euskaldun Rh-dunen umore orria

[Binetak]


Zapaburua. Euskaldun Rh-dunen umore orria

Irrisolasak

Belaunaldi* arteko burruka

Autobusean, adineko* gizon batek beste bati:

— Gaurko gazteek ez dute gizabiderik.

— Hara! —besteak pixka bat harriturik—. Hala ere, oraintsu gazte batek bere jezarlekua utzi dizu.

— Bai, baina ene emaztea oraino zutik doa hortxe.

***

Kontu berria

Baserritar batek oso haserre:

— Aizak, Txomin! Herenegun saldu hidan zaldia, gaur hil egin ziaidak.

— Hara! Horretaz hauxe esan diezaaket bakar bakarrik: gurean egon zen artean, holakorik sekula ez zuela egin.

***

Helburu ezberdinak

Hauzoa arrats osoan kitarra jotzen aritu* da. Halako batetan, atean jotzen diote. Ba doa, eta Martintxo, ondoko umea, dela dakusa.*

— Gabon! Zer nahi duzu, Martintxo?

— Amak esan dit, ea zerorren kitarra utziko ote diguzun.

— Zuek ere jo nahi duzue, ala*?

— Ez, jo ez; lo egin nahi dugu.

***

Ikuspuntuak

Ezkorrak:* — Botila hori jadanik* erdi hutsik dago.

Baikorrak:* — Botila hori oraindik erdi beteta dago.

***

Oraingo umeok!

— Oier! —diotso* izebak*—. Ikusi nahi duzu, zikoinak ekarri dizun anaiatxo berria?

— Ez! Nahiago dut zikoina bera ikusi.

diezaaket, deiskiat

diguzu, deuskuzu

diote, deutsoe

dit, deust

dizu, deutsu

hidan, heustan

ziaidak (zait), jatak (jat)


Denbora ematekoak

Gurutzegrama (28)


Denbora ematekoak

Hieroglyphikoa


Denbora ematekoak

Euskal salda


Ikas zeure hizkuntza

Hiztegia

IMANOL BERRIATUAK

Ale honetan izartto batekin agertzen diren berbak

A

ABURU, eritzi.

ADIN, edade.

ADINA, aina, beste, bezainbat, bezainbeste.

AGIAN, nonbait, beharbada.

AGURAIN, Salvatierra.

AHALKE IZAN, tener vergüenza.

AHANTZ, olvidar. (AHANTZI, ahanztu, ohaztu, olvidado).

AITZITIK, al contrario.

AIZAK, adi ezak, adi eik.

ALA, o qué?

ALDIZ, berriz, ordea, ostera.

ALEGIA, a saber, es decir, esto es.

ANGELU, Lapurdiko Anglet.

ANTZA, dirudienez.

APIKA, acaso, tal vez, peut-être.

ARABERA, arauera, según, conforme.

ARAUERA, arabera, según, conforme.

ARE, oraindik, aún, encore.

AREAGO, oraindik gehiago.

ARITU, ari izan, ihardun.

ARRAKASTA, éxito, succès.

ARRASATE, Mondragoe.

ARRAS, guztiz, zeharo.

ARROBADA, 8,98 area lur.

ARTZAN, pastoral.

ASKI, nahiko.

AURRIKUSPEN, prospectiva.

AUSART, atrevido, osado.

AXOLA, ardura.

AZTARREN, aztarna, vestigio.

AT, kanpo, landa, fuera.

B

BA, bada, pues.

BAIEZTAPEN, afirmación.

BAIKOR, optimista.

BAITA, bai eta.

BARIK, gabe.

BATZUK, zenbait. (Batzuek aktibo, batzuk pasibo).

BEDEREN, behinik behin, behintzat, gutienez.

BEHIN BEHINEKO, provisional.

BELAUNALDI, generación.

BEREBIL, automóvil.

BERJABETASUN, independencia.

BERRETSI, ratificado.

BESTE, adina, (aina), bezainbat.

BIDE, agian, nonbait.

BOLADA, unada, temporada.

BORRERO, verdugo, bourreau.

BURKIDE, camarada.

D

DAGOENEKO, dagoen orduko, para ahora, tan pronto.

DAKARTZATE, dakarrez, ekartzen dituzte.

DAKIKE, daki nonbait.

DAKUSA, ikusten du.

DAKUSAGU, ikusten dugu.

DAKUSAT, ikusten dut.

DATEKE, da nonbait.

DATORKE, dator nonbait.

DATZA, consiste, está. (Etzan aditzaren forma).

DAZAGUTZAGU, ezagutzen ditugu.

DERAKUSKIGU, darakuskigu, erakusten digu (deusku).

DERAKUSKIGUTE, darakuskigute, erakusten digute (deuskue).

DEUS, ezer.

DEUSEZTA, ezerezta, destruir.

DIOTSO, dinotso, esaten dio (deutso).

DIRATEKE, dira nonbait.

DUKEGU, dugu nonbait.

E

EGITARAU, programa.

EGUTEGI, calendario.

EI, omen.

EKIALDE, eguzki alde, Este.

EKIN, ocuparse, aplicarse. (Aditz hau intrantsitiboa da).

ELABERRI, novela, roman.

ENPARADU, restante, demás cosas.

ERAKUNDE, entidad, organismo.

ERDIETSI, lortu.

EREDU, modelo.

EROAN, eraman.

ERRALDOI, gigante, géant.

ESAMESA, erran-merran, habladuría.

ESKUTAN, en manos. (ESKUETAN, en las manos).

EZEZIK, no solamente.

EZKOR, pesimista.

F

FROGA, prueba, demostración.

G

GABE, en vez de, en lugar de.

GALDEKIZUN, inkesta, encuesta.

GALERA, galtze.

GANORE, ganora, kanore, seriedad, fundamento, formalidad.

GELDO, lento.

GERTAKARI, hecho ocurrido. (GERTAKIZUN, hecho por ocurrir).

GISA, modu, era; bezala.

GURPIL, rueda, roue.

GUZTIOKIKO, con relación a todas estas cosas.

H

HA, hura.

HAIK, hareek. Haiek (heiek) aktibo, haik (hek) pasibo. (Ikus Lafitteren «Grammaire Basque», 82. horrialdea).

HAINA, una persona tal.

HAREGAZ, harekin.

HASTAPEN, haste, comienzo.

HATXEMAN, hatzeman, encontrado, captado.

HAUK, honeek. (Hauek aktibo, hauk pasibo).

HAZIL, noviembre.

HEDATU, zabaldu.

HEZIKETA, hezketa, hezkuntza, educación.

HORIK, hoik, horreek. (Horiek aktibo, horik pasibo).

HOTS, a saber, es decir, esto es,

HURA, ha.

I

IDAZKARI, sekretari.

IRAIL, setiembre.

IRRISTAKOR, resbaladizo, glissant.

ITAUN, galde, galdera.

ITAUNDU, galdetu.

IZANAHAL, facultad de ser.

IZEBA izeko.

IZKUTATZE, ezkutatze, ocultar.

IZURRITE, epidemia.

J

JADANIK, ya.

JALGITZE, irtete, ateratze.

JARAMON, kasu.

JARRERA, postura, actitud.

JAZARGO, contradicción.

K

KAMUTS, amuts, romo.

KRITIKA, criticar. (KRITIKATU, criticado).

L

LAGUN, ayudar. (LAGUNDU, ayudado). Aditz honek akusatiboa eskatzen du.

LARREGI, gehiegi, sobera.

LAUDIO, Llodio.

LEGEZ, lez, bezala.

M

MAIZ, sarri.

MENDE, siglo.

MENDEBALDE, mendebal alde, occidente, Oeste.

N

NABARI, evidente, patente.

NABARI IZAN, aparecer, saltar a la vista.

NORGALTZE, pérdida de personalidad.

O

OIHARTZUN, eco.

OLAGINTZA, lantegigintza.

ONGISKO, ongi xamar, ondotto.

ONTSA, ongi, ondo.

ORDEA, aldiz, berriz, ostera.

ORHITZIA, oroitzea, gomutatzea.

OSATU, oso egin, completado, perfeccionado.

OSTERA, aldiz, berriz, ordea.

OZTA, doi.

P

POXELATU, obstruido, obstaculizado.

S

SALKERIA, traición. (SALKETA, venta).

SOBERA, gehiegi, lar, larregi.

SORO, solo.

T

TANKERA, estilo.

TUTERA, Nafarroako Tudela.

U

UKAN, izan. (Ukan aktibo, izan pasibo).

UKO, negación.

UNTXI, conejo, lapin.

URDURI, inquieto, preocupado.

URRATS, pauso.

URTARRIL, enero, janvier.

UZTA, cosecha, récolte.

X

XUME, humilde, sencillo.

Z

ZALANTZA, vacilación.

ZAMA, karga.

ZAPUZTU, incomodado.

ZEKUSAN, ikusten zuen.

ZELAN, nola.

ZEREN, ze, pues.

ZERGA, impuesto, contribución.

ZERITZAKEEN, erizten (eritziko) ziokeen.

ZIMIKO, pellizco, pinçure.

ZINBILI-ZANBULU, vaivén.

ZINDO, sano, firme.

ZIPOTZ, terco, testarudo, têtu, entêté.

ZIRATEKEEN, ziren nonbait.

ZITUZKETEN, zituzten nonbait.

ZIZTATU, punzado, piqué.

ZORTE, suerte, fortuna, destino.

ZURBIL, pálido, pâle.


Zientziaren hastapenak: Egipto

Ez dago batere argi, non eta nola sortu zen gizona. Baina ez da dudarik, nonbait eta nolabait sortua izan zela, eta, sortu zenez geroztik, haren adimena handituz joan dela.

Hastapenetan* gizonek ez zituzketen* Naturako gertakariak ulertzen, eta ulertzeko ere ez zuketen ahaleginik egiten. Baina inoizko batetan gertakarien zergatikoak bilatzen hasi ziratekeen.* Eta behin sua, eta beste behin gurpila* asmatu bide* zuten.

Ez dakigu —eta beharbada ez dugu inoiz jakinen— noiz eta nola hasi zen gizona, gertakarien zergatikoak bilatzen. Baina, hala ere, gu baino milurte batzuk lehenago bizi ziren gizonen lanak eta bizimodua aztertzeko, ba dugu zenbait aztergai, zenbait aztarren.* Haitz zuloetan utzitako harmak eta tresnak, ormetan eginiko irudiak, haiek eraikitako piramideak eta jauregiak, eta abar.

Non sortu zen zientzia

Aztarren hauk azterturik, mundualde biren inguruan susmatzen dugu zientziaren sortzea, lau edo bost mila urte Kristoren aurretik: Ekialde* Urrunean (Txina eta Indiako lurraldeetan) eta Ekialde Hurbilean (Eufrates eta Niloko hibaiondoetan). Ekialde Urruna oso urruti geratzen zaigu, eta beharbada horregatik ez du eragin gehiegirik ukan* Mendebaldeko* zibilizazioan. Txina eta Indian Ekialdeko zibilizazioaren sustraiak daudela esan dezakegu, Eufrates eta Niloko hibaiondoetan Mendebaldeko zibilizazioaren erroak daudela esan dezakegun bezala.

Guri gehiago interesatzen zaigulakoan, Mendebaldeko zibilizazioaren zientziaren sortzea aztertuko dugu artikulu honetan. Eta, nondik edo handik hasi behar dugunez, Egiptotik hasiko gara.

Astronomia Egipto zaharrean

Gezurra badirudi ere, duela bostpasei milurte, egiptotarrek hainbat aurrerapen lortu zuten astronomi arloan, zientzi metodoa erabiliz. Ikus dezagun, zerk bultzatu zituen egiptotarrak, astronomi ikerketak egitera.

Niloko hibaiondoan bizi ziren. Dakigunez, Nilo hibaiak uholdeak sortzen ditu urtero. Urteko sasoin berdintsu batetan gertatzen diren uholde hauek, garrantzi handia ukan dute beti egiptotarrentzat. Eta, horregatik, nola edo hala igarri nahi zuten uholdeon noiztasuna. Horretarako, astronomi ikerketak egiten hasi ziren. Eta, honela, urtearen luzeera neurtu zuten. Haien kalkuluen arauera,* urteak 365 egun zituen (hogei eta hamar eguneko hamabi hilabete, eta bost egun sakratu).

Baina, urte astronomikoa 365 egun baino luxeago denez, Niloren uholdea atzeratu egiten zen urtez urte. Bestalde, uholdeak ez ziren guztiz erregularrak; eta, horregatik, haien laguntzaz ezin zuten zehazki neurtu urtearen luzeera, oraindik Estatistika ez baitzuten ezagutzen. Beste erloju egokiago bat behar zuten.

Izarren irteeran aurkitu zuten, behar zuten erlojua: erloju astronomikoa.

Biharamunean, aurreko egunean baino lehentxeago jalgitzen* dira izarrak. Egunsentian, aurreko goizargian ikusi ezin ziren izar batzuk ikus daitezke. Egiptotarrek, honetaz konturaturik, erloju astronomikoaren orratz bezala, Niloko uholdeetan agertzen zen izar bat aukeratu zuten, SOTHIS izenekoa (gaurko Sirio).

Horrela, urte astronomikoaren luzeera 365 1/4 egun zela aurkitu zuten. Eta azkenik —kalkulu erraz bat eginik ikus daitekeenez— 1.461 urteren buruan izarrak berriro ere leku berberean agertuko zirela kalkulatu zuten. Mila laurehun eta hirurogei eta bat urteko denboraldi hau SOTHIS ZIKLOA deitu zuten.

Beste astronomo batzuen lanengatik, Kristoren ondoko 139. (ehun eta hogei eta hemeretzigarren) urtean, ziklo berri bat hasi zela dakigu. Ikertu diren aztarrenak kontutan harturik, Kristoren aurretiko 4244. (lau mila berrehun eta berrogei eta laugarren) urtean egiptotarrek beren egutegia* egina zutela pentsatzen dute ikertzaileek.

Geometria eta injinadoretza

Egiptoko geometria oso aurreraturik zegoen. Honen zergatikoa ere Nilo hibaiaren uholdeetan aurki dezakegu. Urteroko uholdeok soroetako* seinale guztiak desegiten zituzten, eta berriro soroen planoak egiten hasi behar zuten egiptotarrek. Hau zela eta, geometri problemak aztertzen hasi ziren.

Geometria eta injinadoretzaren fruitu, hor ditugu piramideak. Kristoren aurretiko 2900. urtean guti gorabehera egin zen Gizeh-ko Piramide Handia (Keops). Honen oinharria koadro perfektua da, eta aldeak ipar-hegora eta mendebalde-ekialdera zehazki zuzendurik aurkitzen dira. Piramidearen aurpegiek 51º50'-ko inklinazioa dute, denek berdina. Harriak bi tonelada eta erdikoak dira (edo ziren); eta hain ondo daude jarririk, non ezin baita ziri mehe bat ere harri biren artean sartu.

Medikuntza

Baina Egipton aurreratuen zegoen zientzia, Medikuntza zen. Kristoren aurretiko 2500. urteko haitz irudi batzuetan, kirurgi operazio bat agertzen da. Eta Ebersko papiro irudietan (1.600 urte K.a.) drogak eta osagarriak nola prestatzen zituzten ikusten da.

J. R. ETXEBARRIA