ANAITASUNA

265. zenb.

1973.eko abenduaren 15ekoa

Pelota, 4 - 1.º - Bilbao-5

Tel. 23 74 49 - Apart. 495


ANAITASUNA Bizkaia

Hamabosterokoa.

Zuzendari ordezko: Imanol Berriatua.

Bulegoa: Pelota, 4-1.º - Bilbao-5.

Imprimatzaile: AMADO, Mazarredo 35 - Bilbao-10.

Moldatzaile: RALI, Particular de Costa 12-14, 3.º - Bilbao-10.

XXI. urtea.

D.L.: BI-1.753 - 1967.


Euskaldunak eta erlijioa

Ez omen dago argi, euskaldunak noizdanik kristau diren. Euskal Herri osoaren kristautzea batzuek lehentxoago nahi lukete, besteek beranduxeago. Baina euskaldunak, kristautu aurretik ere, gizon erlijiosoak edo erlijiodunak izango ziren, noski. Geroztik indar haundia izan du erlijioak Euskal Herrian. «Euskaldun fededun» esaerak ba zuen, gutti arte, indarrik gure artean. Eta erlijioaren eragina Euskal Herrian oraindik bizirik dagoela esango nuke nik.

Aspaldiko kontua da, erlijioari egun gutti gelditzen zaizkiola aldarrikatzea.* Hala ere, erlijioa oraindik bizi da, gizonen onerako edo txarrerako. Bestaldetik, berriz, gaurko gizartea ez dela orain artekoak bezain erlijiosoa dioten abotsak ere ugaritu dira. Batzuek hori zoritxartzat hartzen dute; besteek, berriz, pozgarri aurkitzen dute bilakaera* hori. Bilakaera hori benetako gertaera den ala ez, besterik da: erlijioaren desagertzea, frogatu* gabeko teoria bezala baztertzen duten eritziak ere ez dira falta gaur egun.

Euskal Herrian ere ez dira falta, erlijioaren akabera aldarrikatzen duten abotsak. Aldarrikatzen ezezik, erlijioaren akabera beharrezkotzat jotzen dutenak ere ba dira, gizona bere buruaren jabe bilaka dadin. Bestaldetik. berriz. ba da Euskal Herrian erlijioaren eraginari buruzko teoria ezagun bat.

Teoria honek dioenez, euskal gazteriaren dogmatismoaren errudun,* psikologiaren arabera* dogmatiko izatera beharturik zeuden gazte batzuk* dira. Eta gazte hauk* dogmatiko izatera beharturik zeuden, fede batek sortutako hutsunea beste fede batekin bete zutelako. Gazte hauk apezgai izanak ziren. Beren apezgaitegiko hezkuntza* dogmatikoa, sinesmenezkoa eta apostolutzara eta misiolaritzara zuzendua, haren inplikazioa psikologikoekin, zuzenean politikara aldatu nahi izan zuten. Hortik dator, marxismoaren —eta marxismo dogmatiko eta mesianista baten— modan egotea.

Tesi hau, ordea, herrena* iruditzen zait niri; edo, hobeki esateko, hanka* bakarrekoa. Egiazkoa izateko, beste hanka falta du. Alderdi askotatik osatu beharra dago.

Apezgaiak ez dira zerutik zuzenean seminariora joaten, familietatik eta herrietatik etorrita baizik. Apezgaitegiak ez dira beterik egoten, herria erlijiosoa ez denean («erlijioso» modu oso konkretu, ageriko eta bizi batetan). Sinesmen krisiak eta sinesmen aldaketak ez dira apezgaitegietan besterik gabe sortzen. Horretarako, determinanteak ez baldin badira ere. baldintza soziologiko batzuk beharrezkoak dira.

Horrelako sinesmen krisiek aukera* bat behar dute, egiazko bihurtzeko. Aukera hori, baldintza soziologiko hori, Euskal Herrian, kristau sinesmen ohizkoaren atzerakuntzak sortutako hutsunea zen. Horrek posibilitatu zuen apezgaien sinesmen krisia eta aldaketa. Euskal marxismoaren dogmatismoa apezgai batzuen dogmatismo aldaketan oinharritzea, aldapeko sagarraren adarraren puntaren puntan txistuka ihardutea dela uste dut. Sinesmen aldaketa herrian gertatu da. Kristau sinesmen ohizkoaren galtzeak herrian sortu du betebeharreko hutsunea. Kristau sinesmen ohizkoaren dogmatismoa ez zen apezgaitegietan bizi, herrian baizik, herriko kaleetan, familia bakoitzean.

Horrelako prozeso zabal batek ez du gizartearen maila guztietan desarroilo* berdina izaten. Prozeso guztiek bezala, honek ere bere kristalizazio puntuak izan ditu, eta horietako bat apezgaitegietako sinesmen krisia izan zitekeen. Baina ez gehiago. Besterik pentsatzea, historia minoriek egiten dutela aitortzea litzateke. Gizarte baten barman eta historian minoriek eraginik ba dutela, ukatzerik ez dago. Baina minoriak gizarte baten barruan sortzen dira, tradizio baten ixurian* sartzen dira; eta lehenak, orainak eta gizarteak jarritako mugen barruan dute beren jokalekua.

Bestetik, erlijioaren akabera aldarrikatzea, ezinbestekotzat jotzea eta irrikatzea* joko arriskugarria gerta daiteke. Hori Euskal Herrian gertatu ote den edo gertatzen ari den galdetzea. utzi dezagun gaurkoz alde batera. Beste alderdi batzuei hel diezaiegun.

Gaurko zenbait euskal gazteren dogmatismoa, ohizko kristau sinesmenaren galerak* sortutako hutsunean kokatzen* baldin bada, Elizak bere buruari galde egin behar lioke, gertaera horretan bera zenbateraino errudun den; kristau sinesmena behar zen garaian behar zen bezala eta behar zen neurrian berritu eta gaurkotu ez zuelako.

Eliza horretan errudun baldin bada —eta nik hala uste—, bere errua aitortu eta pagatzen saiatu beharko luke. Iruditzen zaidanez, ordea, hori egiteko asmorik duen aztarnarik* ez dago. Ohizko sinesmenaren galtzea sekularizazio bezala ulertzen du: kristau balore zenbait. Jainkoarekiko lotura galdurik, gizarte autonomo baten balore bilakatu* dira. eta Elizak ez daduka balore horiekin zuzenean zerikusirik. Lehen, sinesmena ez berritzeagatik galdu zituen baloreak, bereziki kristauak ez direla aitortzen du orain; eta, horrela, bigarren aldiz bere eginkizunari ihes egiten dio. Egiazko egoeratik ihes egiten du, arazoari kanpotik erantzun bat ematen saiatuz. Alferrikako eginahala, ordea: lokarriak hautsiz gero, Eliza gizartearen bilakaeratik kanpora gelditu delako.

Erlijioa akabatzen ari delako teoriaren arriskua, ordea, ez da Elizarentzat bakarrik arrisku bat, guztiontzat baizik. Erlijioak gure burua, bihotza eta barrenak —agian,* nahi baino gehiago; guttienean behintzat, uste baino gehiago— eratu dizkigu. «Erlijioa akabatu da» esanez, horrekin bakarrik ez da erlijioa hausten. Kanpoko lokarriekin hausteak ez du esan nahi, barrukoekin ere hautsi denik. Euskal Herrian gaur egun hatzeman* daitezkeen jokabide nagusienek, erlijio eraketa eta erlijio kutsua daramate* oraindik. Besterik uste izateak, erlijioa gugan oraindik bizirik dagoela besterik ez du adierazten: preso dagoela dakiena, ez da, preso egonik, aske* dela uste duena bezain preso.

JOSEBA ARREGI


Unibertsitate "jator" bat

Aix-Marseille III, Unibertsitate berria da, aurten jaioa. Ikastaro honetan behar zuen hasi. Eta horra, eskolak ez baina istiluak hasi dira. Ezkerreko alderdi eta mugimenduak haserreturik dabiltza. Irakasleak ere ez datoz bat; kontrako zenbaitek eskola lekuak okupatu dituzte, haserrea agertzeko. Estudianteak manifestazioka dabiltza Marseillako kaleetan; Parisen ere hasiak dira. Eta Debbasch jaunari, Unibertsitate berriaren kreatzaile eta bertako nagusiari, autoa erre egin diote berrikitan.*

Zer da gertatzen dena?

Ez dea bidezko, 40.000 unibertsitari dituen eskualde* batek hiru Unibertsitate ukan* ditzan, Frantziako beste hiri nagusiek dituzten bezalaxe, bestalde?

Eta, gainera, 68.eko Maiatzak berak ez ote zuen, demokraziaren izenean, Unibertsitateen ugaltzea eta eskualdekatzea* eskatzen?

Zer da, orduan, gertatzen dena?

Unibertsitate berri hau sortzeko asmoa aspaldikoa eta ezaguna zen. Nola eta zertarako egin, hori zen eztabaidagai, mahai gainean zegoena. Ministerioak berak ere ez omen zion halako presarik ikusten. Baina hona, denbora gutitan lan asko egina. Jendea bakaziotan* dagoelarik, Unibertsitatea sortua dela jakin da. Udako lana, lan beroa.

Comiti jauna sartu da tartean. Comiti hau Marseillako deputatua da, eta U.D.R.koa (Gobernuko talde nagusiko, alegia*). Eta honek ez ditu bere eritziak kolkoan gorde. Esan duenez,

«...jendeak ikusiko du zer hobets*: ala zalapartaka dabilen Unibertsitate bat, ala lan egiten duen Unibertsitate bat. Maoismoa baino fisika maiteago dutenak, Saint-Jérôme-ra joango dira (Unibertsitate berrikoa da hau). Besteekin, lan egin nahi ez eta politika gurago* dutenekin, horiekin ez dago zer eginik. Behar dena hau da, alegia, hirugarren Unibertsitatea ongi bizi dadila, egin dezala lan eta Unibertsitatea nahasteko eginahal guztiak galeraz ditzala... Honetara, bai, honetara iritxi* behar du».

Bistan dago asmoa. Eta ongi eramana izan da. Alde batetik, Unibertsitate bare eta ongi doan bat egin da, estudiante gutirekin eta laguntza oparorekin*; eta bestetik, ezkerrari utzitako Unibertsitate bat, hain zuzen ikasle askorekin eta laguntza gutirekin. Ondo baino hobeto dakite, horrela borroka eta haserrea non sortuko den atzera.* Eta konparaketa eginen dute orduan.

Lehengo Unibertsitateari gauza asko salatzen zaio: gestio arazoa gaizki eramatea, erantzunkizunik eza, aginte nahasmenduak, eta abar. Eta ba dirudi, egiarik ez dela hor falta.

Baina Unibertsitate horren zuzendaritzari barkatzen ez zaiona ez da batik* bat hori, baizik eta haien politika joera. Zuzendaritza hori ezkerrekoa da, Alderdi Komunistaren ingurukoak gehienak 1968.az geroztik hori.

Debbasch jaunak berak ez bide* du maila horretan borroka jarri nahi. Dioenez, «ba dira, komunistek eduki eta ongi doazen Unibertsitateak». Salatzen duena, «anarkia» eta «gainbehera» delako hori da. Eta honela dio: «Unibertsitatea horren politizaturik eta zatarturik dagoen eskualde bakarra, Aix-Marseilla da».

Debbasch-en asmoa hirutan adarkatzen da: ordenua ezartzea, despolitizatzea, eta Unibertsitate moderno eta egoki bat egitea. Eredu* bat, Unibertsitate eredugarri bat.

Aix-Marseilla III sortzea politikazko erabaki bat izan da. Eta nolakoa! Alderdi Sozialistak legearen kontrakotzat jo du.

Maurice Duverger ezagunak «kulturazko politika kontserbakor baten seinalea» ikusi du hor.

Dena dela, Duverger berak dioenez, «bien-pensants» guztien poza da Marseillako Unibertsitate berri hori.

JOAN TORREALDAI

diote, deutsoe

ditzala, daizala

ditzan, daizan

zaio, jako

zion, eutson


Nihilon

Ideologietan utopiek, eta elaberrietan* «antiutopiek» edo utopia negatiboek, ez gaituzte baketan uzten.

Makina bat kritika egin zaio, Wells eta Shaw-ez geroztik lehia* guztiarekin bere hondamendia obratzen ari omen den mundu honi. Hor daude Orwell-en «1984» eta Huxley-ren «Mundu Zoragarria». Alan Sillitoe ere, «langile literaturako» ia* klasiko bat, bide beretik sartu zaigu. Orain arte langileekin enplegatzen zen, eta beharbada dibertituagoa iruditu zaio Nihilon-en analisi bat asmatzea, «Travels in Nihilon» elaberrian.

Sillitoek bost berriketari* bidaltzen ditu Nihilon ikertzera Nihilon bost ikuskera desberdinetatik azaltzeko.

Nihilon, «errepublika herritar kapitalista» bat da. Nihilonek sistema orijinal bat du: «faxista gorriek» agintzen dute, «diktadura nihilist-kapitalist-sozialist-demokratiko» batekin.

Nihilonen dena gertatzen da aldrebes:

Etxeek zurezko zimentuak dituzte, eta zementuzko ormak.*

Lujozko trenak, herri trenak baino astiroago dabiltza.

Hegazkina lurreratzekoan, azafatak (larru bixian «jantzita») zigarroa erretzen hasteko agintzen du, eta segurtasun uhala askatzeko.

Txoferrek kafea debekaturik dadukate, baina «nihilitz» (bertako agoardientea) edateko gomendatzen zaie.

Nihilonen auto istripuen* alde propaganda egiten da.

Gazteren bat neurotikoa bada, haren gurasoek joan behar dute tratamendu psikiatrikoa hartzera.

Bi tresna austronautiko barik,* espazioan bi andre-gizon kopulatzen dira. Dena telebisatuta.

Seksoen berdintasun osoa dago. Estazioan zure maletak garraiatu dizkizun neska mardulak, hotelera ailegatu orduko, heldu* eta hertsatu egingo zaitu.

Nihilon oraindik Damaskon zenean, arrazionalistak zeuden gobernuan. Gero nihilistak nagusitu ziren, eta herriaren izena aldatu zuten. Baina Kronakiatik kazetari* bat ailegatu delarik —bizikletan ailegatzen da Sillitoek bidalitako berriketaria—, ustegabean etxe gudua sortzen da, eta berriro arrazionalistek irabazten dute. Arrazionalisten lehenengo* gobernua txarra bazen, nihilistena okerragoa, eta arrazionalisten bigarrena okerren okerrena.

Dena batera: zozokeria galanta eta antiutopia eskasa, balio kritikorik batere gabekoa.

P. MENDIONDO

daude, dagoz

dizkizu, deutsuz

zaie, jake

zaigu, jaku

zaio, jako

zeuden, egozen


Neure lantokitik

Batasuna apurtzen

Entrepresa batetako zuzendaria etorri zaigu gaur geure bulegora,* han dadukagun IBM ordinatorea ikustera. Ordu bete eman du gure artean, eta, oso berritsua zenez, zernahi gaitaz berba egin digu.

Berria da entrepresa horretan, eta, sartu eta laster, jende garbiketa bat egin du. Entrepresan urte asko zeramatenek,* pribilejioak zituzten (adibidez, egunean zazpi ordutako lana egiten zuten). Zuzendari berriak gehitu nahi zizkien orduok zortzi arte; baina, nahiz eta soldata handiagoa eskain, ez zuen lortu bere proposamendua onhartua izatea. Orduan, edozein atxakiaz, enplegatu batzuk kanpora bota zituen, berriak hartuz. Enplegatu berrioi zortzi ordutako lana ezarri zien, eta zaharrei baino soldata handiagoa eman. Zinikoki esan zigun, bere helburua lortzeko erabili duen bidea, hau izan dela: jar enplegatuak bata bestearen kontra, berriak zaharren aurka. Eta orain zaharrak zatikatzen dihardu, morroinen agertzen direnak sariztatuz.

Kontatu dudana egia da, ez da nik asmatua. Berri hau ANAITASUNAra ekarri badut, ez da izan, berriak berak duen garrantziagatik, batasunaren beharra azaltzeagatik baino.

Gu euskaldunok, elkarren kontra gabiltzan artean, ahulak* izanen gara, geure indarrak alferrik galtzen ditugulako. Denbora asko ez dela, esate baterako, euskal aldizkari batetatik gupidagabeki* atakatzen zituzten, gaur egun euskal linguistikan eta literaturan gorengo mailan ditugun gizonak, hala nola Mitxelena, Larresoro eta Joxe Azurmendi. Jokabide horrek min haundia eman zidan.

Itsuak

Txikitan, Begoñan bizi ginelarik, familia bat tratatzen genuen. Etxeko alaba bat, ni baino zertxobait zaharragoa. itsua zen. Akordeoia oso ongi jotzen zuen; eta asko gustatzen zitzaigun harenera joatea, hain musika ederra entzutera.

Hainbat urte dira, haren berri jakin ez dudala. Baina hara non ikusten dudan herenegun, Sindikatoetako ate inguruan, kalean, zero gradutako hotzarekin, itsuen loteria saltzen. Bihotza erdibitu egin zitzaidan.

Barka, Ana Mari! Baina ez nuen zugana joateko adorerik ukan.

Zer merezi du, bere itsuak horrela zigortzen dituen gizarteak?

Eta Larraunek «Hil ala Bizi» liburuan dioenaz oroitu naiz: «Bizitzen adina* hiltzen laguntzen zik* lanak».

Euskaltzaindia eta gu

Aurten ere, Durangon, Euskal Liburu eta Diskoen Azoka egin zen; eta, beti bezala, milaka ikusle eta erosle bildu ziren Andre Mari elizaren aterpean.

Editorial etxeetako ordezkariak garenok, batzarre bat eduki genuen «Gerediaga» elkartekoekin. Liburuen sariketa egiterakoan, ordezkari batek, Euskaltzaindia aipatu zenean, «instituzio diskutitu bat» zela esan zuen. Eta hitz haiek min eman zidaten. Nortzuek eta zergatik diskutitzen dute Euskaltzaindia? Hizkuntzaren batasunagatik?

Esku artean dut «Euskera» aldizkariaren separata bat, aditz laguntzaile batuarekin. Hona zer dioen Mitxelenak, liburuxkaren hitzaurrean:

«Batasuna ez da erdietsiko,* idazleek lehenbizi, hiztunek gero, forma berdinak eta berberak onhartu eta erabiliko dituztenean baizik. Euskaltzaindiak batasun bide bat eskaintzen die euskaldunei. Euskaldunok dugu orain hitza».

Euskaltzaindia, «instituzio diskutitua»! Euskaldunon artean bihotzik eta kemenik badago, jaiki eta elkarretara gaitezen geure gorengo erakunde* horren inguruan, euskararen batasuna aurrera eramateko.

Lexonako kantari taldea

Hazilean,* Bilbon, Lexonako kantari taldeak euskal kanta saio bat eskaini zigun.

Jende asko, txaloak ugari: musikalarien eritziz, Bilbon entzun den hoberenetarikoa izan da.

Kantari talde honek bere medioekin lortu du goi maila hau. Honelako elkarte kulturalak noraino helduko lirateke, goikoek gehiago lagunduko balituzte?

Euskal disko berriak

«Gaskuña» etxeak zabaldurik, Xeberri gazteak disko handi bat grabatu du, hamar kanturekin. Hauen artean, Iparragirreren zortziko ezagunenak: «Agur Euskal Herriari» eta «Gernikako Arbola».

«Columbia» etxeak beste disko handi bat argitaratu du, Alonsotegiko ume kantarien abestiekin. Diskoak hamabi kantu ditu, eta hauen artean «Agur, Donibane», «Geuria da» eta «Pello Joxepe».

«GBS» etxeak Lexonako kantari taldeari disko handi bat egin dio, hamabi abestirekin: «Euskal Herri polita, gora», «Anton Aizkorri», «Goiko Mendian», «Maitia, nun zira», eta abar.

Azkenik, «Columbia» berak disko txiki bat egin dio «Elaiak» hirukoteari, «Kantore» eta «Maitasuna» kantuekin.

Gabon jaialdia Bilbon

Baimen guztiak lorturik daude, Bilboko «Santiago Apóstol» teatroan emango den Gabon jaialdirako.

Umeentzat izango da bereziki eskainia, eta lehenengoz presentatuko dira Bilbon euskaldun pailasoak:* Donostiako Kixki, Mixki eta Kaxkamelon.

Jaialdi hau abenduaren 23an izango da, igandez, goizeko hamaika eta erdietan.

Sarrera txartelak nahi izatekotan, Lexonako ikastolan eskura daitezke, Deustuko Nobel liburutegian, eta Bilboko Herriak, Izarra, Xabier, Galería del Libro eta Verdes-enean.

XABIER GEREÑO

daude, dagoz

die, deutse

digu, deusku

dio, deutso

zaigu, jaku

zidan, eustan

zidaten, eusten

zien, eutsen

zigun, euskun

zitzaidan, jatan

zitzaigun, jakun

zizkien, eutsezan


Gure Munduko Albisteak

Liburu berriak

«Goiko kale», Anjel Lertxundik, GEROn

Elaberri* bikaina, —tamalez,* bikain bezain labur esanen genuke—, Anjel Lertxundi maisu gazteak eskaini diguna. Proust-en «Denbora galduaren bilaketa»ren gisa,* egileak bere haurtzaroaren oroitpenak birpizten ditu (dizkigu), haietako bakoitza birbizituz; egiazkoak diren gertaeren antzera, gainera, gugan halako lilura* dardarazko bat uzten dute.

Tankera* aldetik, zertarako uka, alde makala dago Ajea du Urturik hartatik hona. Bide handia egin du, halafede, hain denbora laburrean. Hau, irakurleak ikusiko duenez, elaberri askoz landuago bat da.

Literatur sortze lanak eskas omen diren une honetan, ezin hobeki datorkigu, beraz, Anjelen lana. Ea noiz hurrengoa.

Bibliographiarako: LERTXUNDI, Anjel: Goiko kale, Ed. Mensajero, Bilbo, 1973.

«Los Pueblos del Norte», Julio Caro Barojak, TXERTOAn

Orain dela gutti, TXERTOA Donostiar editorialak J. Caro Baroja jaunaren Los Pueblos del Norte izeneko liburua bidali zigun, horrialdeotan aipamen bat egin geniezaion.

Oso esateko gutti dukegu, noski, Julio Caro Baroja bezalako azterlari baten lanari buruz, kasu honetan laudorioak, bidezkoak izan arren, ezagunak bezain alferrekoak liratekeelako.

Obra hau lehenbizikoz 1943.ean eman zen argitara, bai eta handik lasterrera agortu ere. Oraingo hau, beraz, bigarren edizio zuzendu eta gehitu horietako bat dugu, egileak harez gero bilduriko datuekin osatua. Liburuaren gaia, izenak berak dioenez, Penintsularen iparraldeko herrien ethnologi azterketa bat da, erromatarren garaietatik hona, beti textu idatzietan oinharriturik, moldatua. Irakurleak pentsa dezakeenez, obra hau ez doakio soilki Euskal Herriari, kantauriar herri guztiei baizik; baina, horregatik ere, zinez* esan daiteke, zatirik mamitsuena gure Herriari dagokiona dela, eta beste tokietako ohiturekiko konparaketa ezin interesgarriagoa zaigula.

Obra benetan gomendagarri bat, beraz.

 Bibliographiarako: CARO BAROJA, Julio: Los Pueblos del Norte de la Península Ibérica,2 Ed. Txertoa, S. Sebastián, 1973.

«Pedagogia Gaur», Joshe Erzibengoak, GEROn

Egunokin jaso dugu GERO editorialaren azken liburu hau. Pozik dakusagu* nola konkurrentziak eta eritzi aniztasunak* gero eta fruitu ugariagoak dakarzkiguten. Izan ere, ez da besterik, Joshe (noizko Joxe?) Erzibengoaren pedagogi liburu berri honek darakuskiguna.

Oso Itsuak ez bagara, ba dirudi, obra hau —azken azalaren eskribua lekuko*— orain arte gure artean ibili diren beste irakasle eta ideologia batzuen aurka (edo kontra) datorrela. Izan ere, nik neuk ez nuke kasualitatezkotzat joko, ez eta guttiagorik ere, liburuak dakarren bibliographian Eusebio Osaren Pedagogia eta gizartea edo eta Irakasleen Liburutegiko obrarik bat ere ez aipatzea, erdarazko liburu ugari azaltzen diren artean. Euskal bibliographia, honetan ere, aberastuz baldin badoa, ez dadila, otoi!, alferrik gerta; eta jakin dezagun, guttienez, besteen eritzi eta lanez baliatzen.

Liburu honek, dena dela, Platonen gogoko munduan gabe,* eguneroko arazo konkretuetan finkatzen ditu bere erroak, eta zin zinez euskal haurren irakaskintza ari da aztertzen, horretarako programmaketa bat ahalik eta zehatzenik eskainiz, egilearen esperientzian oinharritua bera.

Gure ikastola eta kolegioetako irakasle guztientzat. bai halaber* guraso arduratsu direnentzat, lan oso interesgarria gerta daitekeelakoan nago, beraz.

 Bibliographiarako: ERZIBENGOA, Joshe: Pedagogia gaur, Ed. Mensajero, Bilbao. 1973.

«Iparragirre»: Patxi Andionen disko berria

«Philips» diskoetxeak Long Play dotore bat bidali digu ANAITASUNAra Patxi Andionen azken kantekin. Disko hau Iparragirreren kanta ezagunekin osatua da, doinu eta interpretazio aldetik Patxi Andionek bere erara moldatuz.

Patxi Andion, euskalduna jatorriz baina bizilekuz madrildarra egia aitortuz, ez da oraintsu arte oso begi onez ikusia izan gure artean, Patxi tx-dun pitxi hori gorabehera,* bere kanta guztiak erdaraz egiten zituelako. Ez, ez genuen begiko. Beharbada, aurreritzi* txar hau ken dakigun edo, disko berri honekin datorkigu orain; eta honekin bertoko jendearen egiazko gogoa eta gustua zein den ondo baino hobeto ikasi duela darakuskigu guztioi. Artista baten helburua jendea erakartzea baldin bada, ezin uka diezaiokegu. honetan behintzat zuhurki jokatu duenik.

Saio bezala, ezin interesgarriago deritzogu P. Andionen lan honi. Gauza guztietan bezalaxe, gerta daiteke, batzuek diskoaren zenbait kantari gaizki eriztea, edo eta jatorrizko modua hobetzat ematea. Ez gara gu horretan sartzen, buru bezainbat aburu* delakoagatik; baina ezin uka daitekeena zera da, Patxi Andionek eginahal bortitz bat egin duela, kanta klasiko horik* gaurko tankeran* emateko. Lizardiren «...soina zahar, berri gogoa» hura* ere nabari* ikusi dugu hemen, nolabait. Pare bat aipatzekotan, guztietan zeresanik franko egon arren, Gernikako arbolarena eta Nere amak baleki nabarieraziko* genituzke, gure eritziz zinez* ongi emanak baitaude.

Zorionak ematen dizkiogu, dudatzeke,* kantari latz eta garratz honi; eskaini digun ahaleginak, guttienez, horrenbeste merezi du.

Aditz batua agortu da

Euskaltzaindiak, bere aldizkariaren gehigarri gisa,* atera duen aditz batuaren lehen edizioa agortu egin da, eta bigarrena sartu da egunokin moldiztegira. Arrakasta* ona, dudarik gabe: jendeak egin dion harrera ona lekuko.*

Ea Gabonetan Euskaltzaindiak hurrengo* pausoa egiten digun, aditz synthetikoa batuz. Hala biz.*

Zamorako apezak berriz ere gose greban

Dakigunez, Zamorako apez euskaldunak, gobernuaren kontrako eta E.T.A.ren aldeko eritziak ematearren gartzeleratuak, Carabanchel-era eramanak izan ziren osasun kontuagatik, egiten ari ziren gose grebaren ondoren zeharo ahul gelditu ziren eta. Orain dela aste bat, ordea, berriz ere Zamorara ekarri zituzten, eta, bertara heldu bezain laster, gose greban hasi dira berriro. Apez euskaldun horien protesta hori Espainia-Vatikano arteko konkordatuaren arauerako* presondegiagatik da, preso politiko komunen artean egon nahi dute eta.

Azken orduan jakin dugunez, Bilboko apezpikutegiko bulegoetan, Zamorako apez grebalarien alde, bilduta zeuden apez mordo bat. polizia bertara sartuta, komisaritzara eramanak izan dira.

Bilboko Herri Irratia dela eta

Bide ongi informatu batetatik jakin dugunez, Bilboko Herri Irratiak egunero ordu beteko irratsaio bat eskainiko omen digu, euskaldunok pozik egon gakizkion. Antza denez, honekin apezpikuaren erabakiak betetzera prestatu dira. Ba zen ordua.

Irratiko programmok, Ordea, herrietako berriemaileen bidez eratuko omen dira, erdarazko batzuk bezalaxe. baina diferentzia pitxi birekin: a) euskal berriemaileak herriko parrokuaren ardurapean egonen dira, beronek nahi duenean parrokiari buruzko eliz kontuak (euskaraz zein erdaraz) eman eraziz, eta b) euskal berriemaileok beren lana dohainik* eta txakur* ttikirik kobratu gabe egin beharko diote irratiari, beronek haientzat dirurik ez omen du eta.

Hau iraintzat* hartu behar ez bada, ni neuk, neure itsutasunean, ez dakit, egia esan, nola har. Alde batetik erdal berriemaileei ezartzen ez zaien parrokupeko morrontza paternalista bat jasan* beharko dute euskal berrilariek, eta, hau gutti delarik, gratis et amore lan eginez. herri irratiak bere diru eskasia (?) euskaldunen lepotik konpondu nahi baitu, dirudienez. Apezpikuaren ardurapeko irrati bat denez gero, ez dugu ulertzen, bestalde, euskararako dirurik ez egotea, orain arte, orain eta hemendik aurrera erdararako diru franko egon dela, ba dagoela eta egonen dela begi bistan dagoenean.

Elizaren misioetarako, urtero hainbeste diru ematen duen Herri batek, antza, ez du E/izarengandik bere hizkuntzaren aldeko dirurik itxaroteko* eskubiderik. Gauzak honela, paper errea da, ez besterik, apezpikuaren helburu euskaltzaleak. Euskaldunok ez gara ume batzuk, ez eta enganioz eta azpibidez trata gaitezkeen kokolo batzuk; geure eskubideez ari gara, eta ez mesedeez. Zor zaiguna eskatzen dugu. ez besterik; eta gehiegikeria bat ote da, gurean euskarari Elizak erdarari besteko* tratu bat (guttienez!!) ematea? Horren ardura dutenek, pentsa bezate.

Deustuan: euskal tesina gehiegi omen

Deustuko Unibertsitateko estudianteen artean dantzugunez,* ba dirudi, irakasleen bilera batetan haietako batek, ihazko ikastaroan «euskal gaiei buruzko tesina gehiegi» egon zela aipatu zuela kexaz.* Argiro dago: irakasle horrentzat ez da egoki, ez zuzen, ez osasungarri, Euskal Herriko unibertsitariek euskal gaiei buruzko estudioak egitea.

Bilboko Unibertsitateko I. Kultur Astea

Aurten, hazilaren* 26tik 30era, Bilboko Unibertsitateko Medikuntzako Fakultatean, Euskal Kultur Aste bat eratu da lehenbizikoz. Hau dela eta. bertako unibertsitariek programma bana atera dute euskaraz eta erdaraz, hitzaldiak agerteraziz. Hona hemen:

Hazilaren 26an, «Medikuntzaren gorabeherak Bizkaian XIX. mendean» (erdaraz), Dr. M. Vitoria, Anatomiako departamentuko irakaslea.

Hazilaren 27an. «Bizkaiko kardiakoen aldeko elkartearen laguntza, kardiologiaren desarroilatzean» (erdaraz), Dr. M. Iriarte, Kardiologiako departamentuko nagusia.

Hazilaren 28an, «Euskara tekhnikoa» (euskaraz), J. R. Etxebarria, Physika irakaslea Zientzietako fakultatean.

Hazilaren 29an, «Euskal Herriko ahaidetasuna eta gizartea» (erdaraz), Dr. J. Arpal, soziologoa. «Euskal familiaren kultur balioen eboluzioak sortutako psykhiatri problemak» (erdaraz), Dr. J. Guimon, Psykhiatria eta Psykhologiako departamentuko nagusia.

Hazilaren 30ean, «Bilinguismoa» (erdaraz), Dra. K. Atutxa, Psykhologia eta Psykhiatriako departamentuko irakaslea.

Hala ere, honelakoetan gertatzen denez, azken orduan aldaketa batzuk* egon dira hitzaldi hauetan, eta gauzak ez dira programman bezalaxe gertatu. Dena dela, ibiltzen ibiliz ikasten da, eta ez bestela; eta bere lehenbiziko saio hau, lehena izanik, barkagarri zaioke* Unibertsitateko Euskal Kultur Taldeari, dudarik gabe. Askotxo egin dute medikugaiek, bestalde. egin dutenaz; dantzuguna* egia bada, erretoregoaren aldetik erraztasunik gutti ukan* baitute horretarako. Segur gaude, ordea, datorren urtean are* gehiago eta hobeki eginen dutela.

Abenduaren 23an: Olentzaro haurren artean

Bai, holaxe da. Azken orduan albiste hau etorri zaigu: Olentzaro jauna, azken modara jantzita, abenduaren 23an «Santiago Apóstol» zinema aretoan,* Bilbon, eginen den jaialdira etorriko omen da pertsonalki, umeen artean gozoak banatzeko.

Espainiako erregionalizazioa

Hazilaren* erdialdean, gobernuak bere erregio banaketa berria eman digu argitara, diotenez, asmo erabat* ekonomikoei begira moldatua.

Izanez, noski, horrela da, oraingo legeetan Diputazioen arteko elkartasunik egiterik ez baitago. Baina, Galizia eta Kataluniaren kasuan, bistan dago ez dela ekonomia, lurralde horik* eratzerakoan, kontuan hartu den arrazoi bakarra, bertako ekonomista eta erregionalisten eragin sendo eta jatorra baizik.

Euskal Herriari dagokionez. ordea, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa eta Errioxarekin batera, Santander eta Burgos ere ezarri dira; eta, egia esan, ez dugu ulertzen —Ibarra jaunari kazetan* hori galdetu zion albistariak ulertzen ez zuen bezalaxe— zeintzu «arrazoi ekonomiko» izan diren, Burgos eta Santanderko probintzia osoak geureekin batzeko egon direnak. Agian* arrazoiok ez dirateke, ekonomiarekin zerikusi handirik dutenak.

Gauza bat dago argiro, dena dela: Katalunian eta Galizian bertako ethnia eta kultura berezien ardura dadukaten ekonomistak dauden artean, Euskal Herrion halakoak ez direla mantxuaren* hatzamarra* baino ugariago.

Honek ekarriko digun eragozpena, ordea, gaur gabe,* bihar etzi izanen da nabari,* Gobernuak Diputazioen arteko erakundeei* kultur arazoetarako bidea libre utziko diekeenean.* Nola batera eraman orduan, kontrast direnen kultur interesak? Galizian eta Katalunian, ordea, gauzak errazago dirateke.

Usoak beleari ipurdi beltz

Eta barka biezagu esaera zahar klasikoak, baina ez du beste izenik merezi ZERUKO ARGIAn (73-XI-24ean) Gurutz Ansolak egindako artikulu bikainak. Tamames jaunak Espainiara datozen afrikarrengatik gertatzen (edo gertatzeko) omen diren kultur arazoak, guk Euskal Herrira modu desekilibratu batez datozkigun erdaldunengatik aipatuko bagenitu, noski —eta noski baino noskiago— Mein Kampf-en egilearen jarraitzailerik porrokatuenak garela entzun beharko genuke, guttiagogatik maiz* gertatu denez.

 Le Monde-n ere, antzeko artikulu alarmistak irakurri ditugu oraintsu, Frantziara doazen eta doazkeen langile kanpotarren frantsestu behar gorriaz. Eta gu, bitartean, isilik, lotsaz eta konplexupean. Ausarta* benetan G. Ansolaren jarrera,* bai horixe!

ARMENDARITZ

bezate, beie

biezagu, beisku

daude, dagoz

dezagun, daigun

dezake, daike

diezaiokegu, deiskiogu

digu, deusku

dio, deutso

diote, deutsoe

dizkiogu, deutsaguz

gaude, gagoz

geniezaion, gengion

zaie, jake

zaigu, jaku

zigun, euskun

zion, eutson


Euskal kanta jaialdia Gasteizen

Hazilaren* 10ean, Gasteizko Guridi teatroan eta Iradier elkarteak antolaturik, euskal kanta saio bat entzun ahal izan genuen. Betiko kantariak etorri ziren, noski. (Monopolioren bat ote dute, ala onenak direa*?

Egia esan, frango ongi egon zen jaialdia, luzeegia izan bazen ere (hiru ordu luze iraun zuen). Guttitan egin ohi dira Gasteizen honelako jaialdiak; eta, ene ustez, gehiagotan egin behar genituzte, hemengo euskal giroa zerbait zuzpertzeko.*

Harez geroztik, zenbait adiskiderekin hitz egin dut jaialdi honetaz; eta pentsabide batzuk emango ditut hemen, euskal kantuaren (haren zati baten) egoera zein den jakiteko interesgarri izan litezkeenak.

Lete eta Iriondo senar-emazteek eman zioten hasera* jaialdi luze honi. Ordu bete eta gehiago aritu ziren —noizean bakarka, noizean elkarrekin— eta hainbat kanta eta olerki bikain eskaini ziguten. Ezagun dute txori zaharrak direla euskal kanta alorrean.* Urte asko daramate* lan honetan, eta bizitzak zerbait desengainatu dituela esan behar. Itxuraz, euskal mezu* bat eman nahi dute beren kantuen bidez; baina ozta ozta ikusten da mezu hori (ulergarria da nonbait nahi eta ezin hori). Honetarako, euskal kanta zaharrak erabiltzen dituzte, alegiazkoak* hain zuzen: «Izotz ondoko iguzki», «Errota zaharra»... («Tangoa» bera ere, alegiazkoa). Eta beste olerki sakon eta eder baina ilun samar batzuk: «Izarren hautsa», eta abar, lanaren esannahiaz.

Hau guztiau entzun ondoren, honelatsu pentsatu du jendeak: Dudarik gabe, Lete eta Iriondo euskal kantariak dira. Euskal kezka bat ager erazi nahi dute. Baina ilun mintzo dira, esan nahi dutena erdizka adieraziz. Langileriaz ere mintzo dira, baino oso gutti (nonbait ez dago hainbeste hitz egin beharrik; hitz guttiago eta ekintza gehiago hobe).

Arte aldetik lorpen* ederrik ba dute, benetan.

Kontraste bizia eskaini zigun Lupe neskatilaren saioak: kontraste bitxia,* ene ustez behintzat. Hamalau urte dituelarik, bizitzaren garratzak ez bide* du oraindik jo. Eta hau garbi ikus dezakegu haren kantuetan, hitzetan bereziki. Hitz usatuenak hauk* dira: txoria, justizia, lorea, mendia, ura, askatasuna, ikastola...

Euskal kezkak ba ditu, baina kezka orokorregiak, jeneralegiak: kezka baino sentimendua gehiago. Hau guztiau normala da hamalau urtetan. Euskal arazoaren nahasmenduan ez bide* da oraindik sartu.

Ideia sinple hauei esker eta ahots* miresgarriak lagundurik, Gasteizko entzuleriarentzat atsegingarriena Lupe izan zela uste dut.

Bigarren ekinaldian, Gorka Knörr etorri zitzaigun, Arabaren errepresentatzaile, kantari trebe, ahots sendo. Behin eta berriz esan zigun. bere kantuekin Arabako egoera islatu* nahi zuela; eta islada bitxia* eman zigula uste dut.

Arabaren euskal sustrai bila abiatu zen kantu zahar baten bidez. Ondoren, Zuberoa eta Lapurditik ibilaldi bat egin zuen, hango doinu zaharrak kantatuz. Eta bere herrialdera itzuli zen azkenik, «Araba oi Araba! Zu ote zara aitaren zazpigarren alaba?» kantu ikaragarriaz Arabaren euskal egoera larria bortizki agertuz. Arabarrok euskaldunak ote?

Eta, azkenik, Benito Lertxundi agertu zen. Baina, ordurako, jendea aspertzen hasia zen, eta ez dakit haren gustura kantatu zuenentz.

Benitok arte miresgarria du, xarmanta: gustuz entzun dakioke.

Artean guztiz murgildurik dagoela dirudi, eta horretan trebe agertu zen. Eta euskal kezka? Euskal Herriaren egoerak melankoniaz bete duela esan behar: izugarrizko etsipena* nabari* zen haren kantuetan. Nahasmendu gehiegi ikusten duke* Euskal Herrian, eta, Lizardirengana hurbilduz, deihadar bat oihukatzen du: «Ez ezazue itzal* euskal sua», «ez da hil eta ez da hilko, guk ez badugu nahi», «bila eta gorde itzazue asaben* loreak». Arrisku gorrian ikusten ote du euskal kontzientzia? Hainbeste sasi ezkertiarrek bultzatu ote du horretara? Pentsagarria da arazoa.

Azkenik, gogor, zakar eta haserre, «Herriaren keinu hori» kantatu zuen. Behin eta berriz entzun ahal izan genuen, kitarra ikaratu hartatik, «herriaren keinu hori». Nork jaso zuen Herriaren keinua?

Ahoko soinuaren notek dena estali zuten Gasteizko gauerdian, eta behe lainoak «herriaren keinua» jantzi.

GASTEIZTAR

dakioke, daitekio

dezakegu, daikegu

ezazue, eizue

itzazue, eizuez

zigun, euskun

ziguten, euskuen

zioten, eutsoen

zitzaigun, jakun


Bat ala zazpi Eliza?

Gure herriak oraindik merezi izan ez duen albiste bat eman zaio Galiziari. Han eta hemen ezagutzen ditugu noski kristau fededunak. Herriaren talde on bat dira, eta ba daduzkate beren kultur beharrizanak. Eta batak esango luke, Galiziako kristauek ez ote duten euskaldunek baino zorte hobea izango.

«Sept» editorialak deituta, Santiago de Compostelan bilkura* bat egin da, Bibliaren itzulpena bultzatzeko. Galiziako biblilari, filologo eta idazleak bildu dira batzarre hartan. Haien asmoa, elkarrekin kristau herriarentzat lan egitea. Galiziako lau probintzietakoak omen dira, hor bildu direnak. Ikusten da, oraindik Euskal Herrian baino atzeratuago dabiltzala han. Lehenik Testamendu Berria itzuliko omen dute, gero Biblia osoa emateko asmotan.

Hemen ba ditugu hiruzpalau Testamendu Berri euskaratuak. Eta, jakin dugunez, ba da hortik batzorde bat, Euskal Herri osorako Bibliaren itzulpen bakar eta irakurgarri bat egin nahi zuena. Izan ere, Olabiderenak ez baitu deus* konpondu gure Bibli pobrezia. Eta Duvoisinen beste hori erosteko, pobreok ez baitugu sosik*... Jainkoaren hitza benetan garesti saldu nahi digute Euskal Herrian... Eta, okerrena dena, segur gaude politto salduko dutela, gainera.

Eta bienbitartean lehengoan iraungo dugu, fedearen tresna hauk* fededun xumeari* erdi ukatuz. Nik ez dakit, elizgizonek gure aldizkari hau gehiegi maiteko duten. Beharbada bai, beharbada ez. Baina menturaz norbaitek lerrotxo hauk irakurriko balitu, bizpahiru galdera egin gura nizkioke hementxe, jendaurrean.

Diotenez, Euskal Herria herri bakarra omen da. Halaxe aitortu* ohi dute kristau abertzaleek Euskal Herrian. Ni ere baietzean nago. Noizpait entzuna dugunez, Erromak ere —hizkuntzaren aldetik behintzat; gainerakoaz zerbait esatekorik ba legoke, baina utz dezagun oraingoz— horixe berori nahi izan zuen: elizetako euskara, batua-edo (ahal zen neurrian horretaraxe joz, alegia*) izan zedila. Horretarakoxe sortu ziren Euskal Herri osorako Batzordeak: liturgiarako, Bibliaren itzulpenerako.

Baina elizetako euskara batuaz ba dago zer esanik, noski. Azterketa bitxia egin liteke —eta lan handirik gabe egin ere— hizkuntza batu hartaz. Txundigarririk* franko idoroko* genuke, bai!, inoren lan gaitzaren balio jatorrak ukatu gabe. Baina lan guztiek dute beren muga, eta eliz batzorde haiena oso nabarmena izan da. Ez dute, inolaz ere, benetako batasun oinharririk eman: ez hiztegian, ez ortografian. ez deklinabidean, ez aditzean. Ezingo zuten nonbait, eta hori dena barkagarri dute. Ez noa ni, batasun gabezia hori salatzera.

Baina hemen argitara ekarri nahi nukeena, beste zerbait da: Zenbateraino hartu ote du haintzakotzat* Elizak Euskal Herriaren nortasun osoa, bere bileretarako behar zituen lagungarriok sortzean? Eta, larriagoa oraindik, Euskal Herriaren osotasuna (eta batasuna, beraz) barru barruan sentitzen dugunoi zer-nolako zerbitzuak eskaintzen dizkigu Elizak? Ba dakigu, ez dela Elizaren zuzeneko eginkizuna euskararen batasuna lortzea (hori gidatzeko dago Euskaltzaindia); baina ba dakigu ere, Elizak ezin dezakeela uka eta behaztopa gure herriaren osotasun hura.*

Eta, bukatzeko, beste galderatxo bat. Euskal eliztarrek merezi ote dute Biblia bat, Euskal Herri osorako izango den Biblia bat, nonnahi eta nornahirekin irakur genezakeen Biblia bat? Noizko geratu zaigu lan hori? Entzun denez, horretarako sortu zen komisioa ez dator bat; eta batzorde hori egon ba dagoelako, ez da inortxo ere lan horretara ausartzen. Edo ausartzen denak, ez du euskalki baterako baizik egiten. Bildur naiz ez ote garen geratuko sekula sekulatan, ez Biblia eta ez erlijio kultura taxuzkorik gabe. Hau da: orain artean bezalatsu. Atze tik datorren Galiziak, orain goazen bidetik, aurrea hartu behar digu laster. Eta inon esperantza hoberik balitz, esan.

J. ERREKALDE

daduzkate (dauzkate), daukez

dezagun, daigun

dezake, daike

digu, deusku

digute, deuskue

dizkigu, deuskuz

gaude, gagoz

genezake, geinke

nizkioke, neuskioz

zaigu, jaku

zaio, jako


Krisi kontserbadorea

Neomarxismoa 60. urteetan irten da agerira, baina lehenago formatua da. 20garren urteetan hasi zen burutzen, krisi kontserbadorearen erdian hain zuzen ere. Neomarxismoa ulertzekotan, orduan hasi eta oraindik dirauen krisi kontserbadore honetan barrendu beharko litzateke. Historiaren fase kontserbadore batetan gaudela konprenitu beharko litzateke. (Baina nola? Izugarri progresista garelako ilusioak engainatzen gaitu eta...).

20garren urte aldera izugarrizko ekaitzak harrapatu zuen, «mendebaldeko* izpiritua» izendatu ohi dena. (Krisia lehenagotik zetorren, noski). Baina hemen, bat batean, irteerarik gabe aurkitzen zen. Lehenengo Gerra Mundialak ordurarteko tradizio politikoak hankaz gora bota zituen: idealismo alemana eta historismoa (ordurarteko pentsamolde nagusiak) birrindu zituen. Frantziako Iraultzaz gerozko Ilustrazioaren tradizio kritikoak lur jo zuen. Politikabide berriak bilatzen ziren (Fronte Herritarrak probatu ziren,. faxismoa esperimentatu zen, eta abar), pentsamentu berri bat sortu nahi zen, arte berria, etc. Bide berriak bilatzen ziren nonnahi.

Krisialdi guztietan ohi den bezala, gauza guztien kritika latza egiten zen. Eta Ilustrazioaz gerozko pentsamentua kritikoa izan zenez gero, kritika hura* kritikatzen zen: sinesmena galdu zen Ilustrazio kritikoan, demokrazian, arrazoimenean (hain zuzen ere, Eclipse of Reason da Horkheimeren liburu baten izenburua, eta Lukácsek ere ba ditu gai honen azterketak). Ilustrazioaren umeak berak izan ziren, Ilustrazioaren baikortasuna* eta demokraziango sinesmena azkenerako hondatu zutenak: Marxek eta Nietzschek gizarte modernoari egindako kritikak, optimismo arrazionalista hura gezurtatzen zuen, nolabait optimismo huraxe bera inplikatzen bazuen ere.

Pentsamentu mailan Ilustrazioaren kritika eginda zegoen. Politikaren mailan, Lehenengo Mundu Guduaren ostean Ilustrazioa lur jota ageri zen. Monarkiak (Austria, Prusia, Errusia tsarista) erauzi* bazituzten ere, «demokraziak» orain gauzaez ageri ziren, gerra osteko problemak burubidatzeko. Geroxeago, politikabideetan «de facto» aukera bakarra gelditzen zen: demokraziak (Ilustrazioaren ondarea*) ala erreakzio faxista.

Egoera honen anbiguitatea garbi ikusi behar da: demokraziak defentsiban daude; baina demokrazia defendatzen denean, instituzioak defendatzen dira, Estatu demokratikoak defendatzen dira, eta ez demokrazia bera. Jadanik* ez dira hartzen Estatu demokratikoak demokraziarako bide bezala, demokrazia bera bezala baizik.

Bi aldetarako indarrak nabari* dira. Batetik, «mendebaldeko gizartea» (mekanizista, utilitarista, eta abar) zeharo txikitu* nahi luketenak: erreakzionariok batzuk,* eta iraultza absolutua egin nahi luketenak, besteak. Honelakoak anarkisten eta artisten artean aurkitzen dira batez ere (surrealista, dadaista eta gainerako). Bestetik. demokrazia (hots, «mendebaldeko gizartea») salbatzearren, ahalegin guztietan enpeinatuak*: honelako enpeinu* bat izan ziren Fronte Herritarrak.

«Mendebaldeko kulturaren» esamesak* inportantzia haundia hartu zuen garai honetan. Faxistek mendebaldeko kultura salbatu nahi zuten: Erdi Haroko tradizioetara itzuliz, ordea. Demokratek mendebaldeko kultura modernoa salbatu nahi zuten: demokrazia salbatuz. Eta zenbait radikalek, mendebaldeko kulturarekin zer eginik ez zegoela eta, kultura hau xahutu* egin nahi zuen (demokraziak ere barnean zirela), bizitza sozial eta politiko zeharo berriak eraikitzeko. Denek «salbatzaile» izan nahi zuten.

Tirandura* hauek, lehenengotik, kontserbadore izateaz beste guztia dirudite, gizarteak beren baitako* dinamikari begira juzgatu behar baldin badira. Baina faxistek eta radikalek ez dute Ilustrazioaz gerozko desarroiloa* ontzat ematen. Eta, hau ontzat emanik, «salbatu» egin nahi luketen demokratek ere, ikusiko dugunez, Ilustrazioaren emaitza (iraultza) kanonizatzen zuten, kritikaren emaitza kanonizatzen zuten; baina ez zuten kritika sakontzen, hedatzen, luzatzen, xehatzen. Ilustrazioaren emaria zaintzen zuten, ez zitzaizkion Ilustrazio kritikoari aurrerago jarraitzen.

Parabola batekin adieraz liteke. Aitak lan egin zuen, dirua egin zuen. Semeak ez zuen, diru gehiago egiteko, lanik egin: aitaren irabaziak zaindu besterik ez zuen egiten. Baina, inflazio garaia nola zen, dirua krisian nola zegoen, semea —dirua zaindu bakarrik nahi zuena— pixkana pixkana atzera arruinatuz joan zen. Demokrazia nola krisian zegoen, demokrazia zaindu bakarrik nahi zuten gizarteak, gero eta gutiago demokrata bihurtzen ziren.

JOXE AZURMENDI

daude, dagoz

gaude, gagoz

zitzaizkion, jakozan


Euskal Herriko ipuinak

Olentzaro

— Osaba, osaba! —sartu da Eneko egongelara deihadarka.

— Zer pasatzen jatzu, ba,* txo? —osabak begiak kazetatik* aldenduta.

— Begira zer poster politta dakarren azken ANAITASUNAk. Olentzarorena da. Zer deritzozu?

— Ekarzu, ba! Kontxo, egia dinozu; bene benetan ederra da eta oso ondo pintatua gainera. Egiazko artista baten lana, bai horixe!

— Baina, osaba, ez dozu uste, lar* dotore* egin dauanik? Guri ikastolan Olentzaro beti gizon tripaundi eta arlote baten antzera erakutsi deuskue; eta hau, berriz, oso begiko* eta dotorea da.

— Bai, arrazoia dozu, Eneko. Orain arte, zuk dinozunez pintatu da beti Olentzaro; baina... hara, nik neuk behintzat ez deritzot txarto ANAITASUNAk dakarskun* honi.

— Zergatik ez, ba?

— Olentzaro, dakizunez, aintzinako euskaldun jentilen jaialdi bat zan. Gero, kristautasunaz, jentilen jai hau, urteko egunik laburrena ospatzeko zana, kristautu egin zan eta Jesus jaio berriaren izenean gelditu.

Gure Olentzaro zaharra, lehen, paganoen jaiaren alegoria edo irudi bat zan; baina gero Jesusen jaiotzaren berriemailea bihurtu zan, eta modu honetan iraun dau orain arte euskal herritxoetan.

Dakusazunez,* beraz, Olentzaro bera oso zaharra da; baina daroazan* jantzi eta ezagugarriak, berriz, ez. Oraingo Olentzaro arlote hau, esaterako, prakaduna dogu; baina aintzinako euskaldunen artean, prakak barik,* gona moduko batzuk erabiltzen ziren. Ahoan, gainera, pipa bat dau, eta tabakoa Ameriketatik ekarri zan orain hirurehun urte inguru; beraz, hau ere gauza berri bat da Olentzarorengan. Askok, gainera, makailo bat ipintzen deutsoe, eta hau ere ez da zaharra. Txapela bera, horretara bagoaz, azken berrehun urteotatik honakoa da, lehenagoko euskaldunek txapelik ez euken eta.

— Horrekin, denbora bakoitzak Olentzarori sasoi horretako jantziak ipini deutsozala esan gura dozu, osaba?

— Horixe berberori, Eneko. Ohitura hori, gainera, ez da gurea bakarrik. Greko eta erromatarren jainkoak, esate baterako, hasieran nekazari eta artzain batzuen jainkotxo arloteak ziren; baina geroago, herriok kulturaz eta arte kontuan gora joan zirenean, bertako artistek lehen baino dotoreago agertu zituen euren* aintzinako jainkoak, hareen bizitza apaingarri askorekin hornituz. Papa Noel, Santa Klaus, Done Nikolas eta antzeko pertsonaiak ere modu berean joan dira dotoretuz, aintzinan arlote xamarrak ziren eta.

— Euskal Herrian, berriz, errege magoak egon dira, ez da?

— Bai zera! Errege magoak, Gaztelatik azken urteotan heldu jakuzan pertsonaia batzuk dira. Gure gazte eta ume denboran ez jaken umeei jostailurik emoten egun horretan. Frantzia aldeko euskaldun umeek, bestalde, Papa Noelen aitzakiaz hartzen ditue euren jostailuak, ez erregeengandik.

— Hori hobeto dago. Papa Noelek Gabonetan ekartzen ditu jostailuak, eta gero denbora asko egoten da oporretan hareekin jolasteko. Erregeek dakarskuezenerako,* berriz, ikastola hasten jaku ostera* ere, eta ez dogu ezertarako astirik.

— Orduan hobe, Olentzaroren izenean, Gabonetan ekarriko balira erregaluak Euskal Herri osoan, ez deritzozu?

— Bai, oso ideia ona da, osaba. Holan euskaldun guztiok batasun bat eukiko geunke horretan ere, ez da?

— Horixe. Baina, Olentzaro Gabonetako euskal pertsonaia izan dadin, beharrezkoa da apaina eta dotorea izatea; bestela, denden erakustegietan ez dau inork ipiniko.

— Baina jantzi hori, jatorra ote da?

— Nik baietz uste dot. Begira! Txapela gorria, Zuberoako dantzariena lakoxea; baina goiko izarra elurrezko kristal bat da, zuria, eta borlatxo dotore bi ditu, gainera. Zamarra zuria, haritz hostoaren* moduko hegal berdeekin. Ba ditu, bestetik, gorostiaren* hosto politak, Eguberriaren seinale. Prakak, gainera, beltzak. Erronkariko herri jantzia, egia esan, oso antzekoa da, jaka zuria eta praka beltzak.

— Arrazoia dozu, osaba. Oso jatorra da jantzia bera ere.

— Dendariek ontzat hartzen badabe, ba leiteke laster erakustegi guztietan agertzea gure Olentzaro zahar berritu hau.

— Nik baietz uste dot, osaba.

TRAUKO

dabe, dute

dau, du

deuskue, digute

deutsoe, diote

deutsoz, dizkio

euken, zedukaten (zeukaten)

jaken, zitzaien

jaku, zaigu

jakuz, zaizkigu

jatzu, zaizu

zituen, zituzten


Hastapenean "aditza" zen

Etxaunen kanten samurtasunez eta tristuraz entzuniko zurrumurrua egia bilakatu* zaigu: agerian dugu, aditz batuan gipuzkera nagusi gelditu dela. Min hartu nuen, eta ez dut orduz geroztik oraino neure burua guztiz sendatu. Durangoko azokan adizki berriak ikusi nituen, Euskaltzaindiak argitara emandako liburuxkan. Gipuzkera irten da garaile. Gora desarrazoina! Bego! Lepoan har, eta segi aurrera!

Mundua, nonbait, dialektikaren legeaz ari da; eta euskaldunok, bai errealitateari eta bai lurrari atxikiak* omen garelarik, ez dugu besterik merezi, ez eta, antza,* bestela egin ahal. Zer dugu, bestela, desarrazoinezko erregulartasun hori? Beharbada, kontsolamendurik falta ez dakigun lorturiko bitxia; euskaldunok holakoxeak gara eta. Zeren digu eta dizu-rekin batera zaigu eta zaizu agertzen baitira; eta, Bizkaiko burutik hasi eta ia Euskal Herri osoan erabiltzen diren formak (jatzu, zatzu, zaitzu eta abar) bazterturik, Gipuzkoako partean ere larregi* esaten ez direnak aukeratu baitira. Hurrean,* Larramendiri jarraikiz —jesuita bera— arestion* aipatu dugun burruka dialektikoaren sintesia.

Hala eta guztiz ere, aurrera goaz. Askotan izan ez arren, ba ditugu horregatik geure pozaldiak: egoki deritzagu, kasu,* azkenean, jarririko gehigarriari. Guk geuk, Iturengo Ramuntxo Joakinek bezala, andreari hauxe esanen genioke:

«Ez zionagu erranen sekula nihori,*

ez giaitzaion inork apezari sala».

Lana haundia izan da, eta, antza, emankorra, aditz baturako batzorde horrena. Ez zaio, haatik,* oraindik hiketari ekin. Eta begira gaduzkate, joera, gutienez, ezagutzen dugulako: diat famatua lekuko.* Giputzaindia behin betiko Euskaltzaindia bilaka dadin —ezen* ez giputzen handia—, beste euskaldunon pentsabideok, geureok, edo eta bizkaitarronak bederen, errespeta diezazkigun eskatzera ausartzen naiz, beste askok maiz* egin duten legez.* Batasuna bai —amore eman dezagun—; baina. mutilok, geure buruak antzutu gabe.

ANAITASUNAn, behintzat, konponbide bat proposatu da, besterik ezean, egoki xamarra ematen duena, ziat/diat eta zitiak/dizkiat bikotearena, alegia:* hor zehar —Gipuzkoan, gainera— erabiltzen omen den bikotearena; egokitua beharbada, baina ez orain arte egin den adiztegia baino egokituagoa! Modu berean, bestetik. ikusi ahal ukan* dugunez, zuketaren arazoa konpon liteke, hots,* zizut/dizut eta zitizut/dizkizut. Hala biz*! Eta hala ez balitz, Jainkoak lagun* gaitzala, arazo hau ez baita kalabaza batetan sar eta Derioko plazan ager daitezkeenetakoa.

Azkenez, hariaren muturrak aditz sintetikoen problemara garamatza* zuzen zuzenik. Fortunari eskerrak, honetan batuago gaude, «batzen» hasi aurretik behintzat; eta «batzen» diot, Bizkaiko jagok-aren ondoan diagok eta niagok kasik Euskal Herri osoan ditugulako, zegok eta natxegok Gipuzkoako leku batzuetakoak bakarrik izanez. Batek jakin, ordea, zer aterako! Baina aukera, betiko legez,* argi dago, orain arteko eginak egin arren.

Zuberotar batzuen aurrean ba zuen gure Etxaun zaharrak ederki kantatu:

Jauna, zure gradua düzü abokatü,

zure izpiritia nahiz oküpatü;

zü ziren jüstiziak bethi nahi dizü

zure abisen arau prozesak jüjatü.

(Jauna, zure gradua duzu abokatu,

zure izpiritua nahiz okupatu;

zu zaren* justiziak* beti nahi zitizu

zure aburuen* arabera* prozesuak jujatu.*)

Phartitziarekila deiziet erraiten,

ünione hunian bethi bizi ziten;

ene errespetiak deiziet eskentzen,

jin nintzan bidetik nüzu abiatzen.

(Partitzearekin dizuet esaten,

unione onean beti bizi zaitezten;

neure errespetuak dizkizuet eskaintzen,

jin* nintzen bidetik nauzu abiatzen.)

Ba goaz gu ere batasun onaren faborez.

ALTZÜRÜKÜ

dezagun, daigun

diezazkigun, deiskuzan

dizuet, deutsuet

dizkizuet, deutsuedaz

duzu, da

gaitzala, gaizala

gaude, gagoz

genioke, geunskio

nauzu, naiz

zaigu, jaku

zaio, jako

zionagu, deutsagu, diogu

zitizu, ditu


Zapaburua. Euskaldun Rh-dunen umore orria

[Binetak]


Zapaburua. Euskaldun Rh-dunen umore orria

Irrisolasak

• Lekeitioko taberna batetan gertatu omen zen. Behin ingeles marinel bat hauxe kontatzen hasi zen:

— Behin nire aitak, itsasoan kolpe bat hartuta, begi bat galdu zuen. Baina balenbarku* hartako medikuak, balea* bati berea kendu eta nire aitari ipini zion, eta orduz gero oso ondo dakusa* begi harekin.

Amorotoko baserritar batek, egun hartan Lekeitiora etorriak, ahoberokada hura* entzunik, hauxe esan omen zion ingelesari:

— Ez dago txarto; baina gure herriko albaitariak* behin handiagoa egin zuen. Behinola gure aitak haitzur* kolpe batez behatz lodia ebaki zuen konturatu gabe, eta albaitariak behi bati erro* punta bat moztu eta aitari oinean josi zion.

— Ez da posible! —esan zuen ingelesak.

— Bai, eta hori ez da dena. Harez gero gure aitak, tabernara joaten denean, kafe hutsa eskatzen du, zapata eta galtzerdia erantzita, berak bere behatz loditik esnea botatzen dio eta.

— Hori ikusi egin beharko litzateke —oihu egin zuen ingelesak.

— Bai jauna! —erantzun zion baserritar maltzurrak—. Zure aitaren begiaz.

• — Hara! —diotso bezeroak* jostunari—. Aldez aurretik esan nahi dizut, traje hau hemendik hiru hilabete baino lehenago ezin dizudala ordaindu.

— Horrek ez du ardura. Trankil horregatik.

— Ederki! Noiz etorriko natzaizu trajearen bila?

— Hemendik hiru hilabetetara —jostunak irribarrez.

• Behin emakume itsusi bat gaixorik plantatu zen. Medikua etorri eta haren senarrari ba diotso:

— Egia esateko, zure andrearen aurpegi hori ez zait batere gustatzen.

— Horretan batera gatoz, jauna. Niri ere ez, baina besterik ez du.

dio, deutso

diotso, dinotso, esaten dio

dizut, deutsut

natzaizu, natxatzu

zion, eutson


Denbora ematekoak

Gurutzegrama (30)


Denbora ematekoak

Hieroglyphikoa


Denbora ematekoak

Euskal salda


Ikas zeure hizkuntza

Hiztegia

IMANOL BERRIATUAK

Ale honetan izartto batekin agertzen diren berbak

ABANTAILETAN, en ventaja. (ABANTAILEAN, en la ventaja).

ABURU, eritzi.

ADINA, aina, beste, bezainbeste, bezainbat.

AGIAN, beharbada, nonbait.

AHANTZI, ahanztu, ahaztu.

AHOTS, abots, voz.

AHUL, makal.

AITORTU, Ipar Euskal Herrian AITORTZEN.

AITZINAMENDU, desarrollo, adelanto.

ALBAITARI, veterinario.

ALDARRIKATZE, proclamar, vociferar.

ALEGIA, halegia, a saber, es decir, esto es.

ALEGIAZKO, alegórico.

ALOR, arlo.

ANITZ, asko.

ANIZTASUN, askotasun, pluralismo.

ANTZA, dirudienez.

ARABERA, arauera, según, conforme.

ARAUERA, arabera, según, conforme.

ARE, oraindik, aún, encore.

ARESTION, oxtion, oraintsu, hace poco.

ARETO, sala, salón.

ARRAKASTA, éxito, succès.

ASABA, arbaso, antepasado.

ASKE, libre, libre.

ATXIKI, apegado, leal.

ATZERA, berriro.

AUKERA, hautu, hautapen.

AURRERITZI, prejuicio.

AUSART, valiente, atrevido, osado.

AZTARNA, aztarren, vestigio, rastro.

BA, bada, pues.

BAIKORTASUN, optimismo.

BAITAKO, -gango, barneko.

BAITEZPADAKO, beharrezko.

BAKAZIOTAN, bakazioz, en vacación. (BAKAZIOETAN, en las vacaciones).

BALEA, ballena.

BALENBARKU, barco ballenero.

BARIK, gabe, en vez de, au lieu de.

BATIK BAT, batez ere, bereziki, guztiz ere.

BATZU, batzuk.

BATZUK, zenbait. (Batzuek aktibo, batzuk pasibo).

BEGIKO, simpático.

BEHAKO, begirada.

BEHARREZ, con designio, con intento.

BER DENBORAN, denbora berean.

BER GISAN, gisa berean, modu berean.

BERRIKETARI, berriemaile, albistari, reportero.

BERRIKITAN, oraindik oraintsu, recientemente.

BERTSU, casi el mismo.

BESTEKO, bezainbesteko.

BEZERO, cliente.

BIDE, beharbada, nonbait. (Bide du = duke).

BIKOIZTE, duplicar, duplicación.

BILAKAERA, evolución.

BILAKATU, bihurtu.

BILKURA, bilera, reunión.

BITXI, singular, original.

BIZ, izan bedi.

BULEGO, oficina, bureau.

DAKARSKU, ekartzen digu (deusku).

DAKARSKUEZ, ekartzen dizkigute (deuskuez).

DAKUSA, ikusten du.

DAKUSAGU, ikusten dugu.

DAKUSAZU, ikusten duzu.

DANTZUGU, entzuten dugu.

DARAMATE, deramate, daroe.

DAROAZ, daramatza, eramaten (eroaten) ditu.

DIREA, dira + a. (A bokala, galdeetan eransten zaio aditzari).

DESARROILO, aitzinamendu, desarrollo, développement.

DEUS, ezer.

DIEKE, die (deutse) nonbait.

DIREA, dira + a. (A bokala, galdeetan eransten zaio aditzari).

DOHAINIK, dohan, doharik, gratis.

DOTORE, elegante.

DUDATZEKE, dudatu gabe.

DUKE, du nonbait, bide du.

EBATZI, resuelto. (EBATSI, robado).

ELABERRI, novela, roman.

EMARI, emaitza.

ENGAIATU, comprometido, engagé.

ENPEINATU, lehiatu, empeñado.

ENPEINU, lehiadura, empeño.

ENTZUNDAKOAN, entzun eta gero.

ERABAT, guztiz, zeharo.

ERAKUNDE, institución, organismo, entidad.

ERAUZI, jauz erazi, hondatu, funditu.

ERDIETSI, lortu.

EREDU, modelo.

ERRO, pezón de la ubre, pis de la mamelle.

ERRUDUN, hobendun, hobenduri.

ESAMESA, erran-merran.

ESEKI, esegi, eskegi, colgado, pendu.

ESKUALDE, comarca, región; lado, dirección.

ESKUALDEKATZE, regionalizar.

ETSIPEN, desesperanza.

EZEN EZ, que no, y no.

EUREN, beren.

FABORETAN, en favor. (FABOREAN, en el favor).

FITS, zipitz, izpi, miko, pizca.

FROGATU, probado, demostrado.

FROGATZE, probar, demostrar.

GABE, en vez de, en lugar de, au lieu de.

GALERA, galtze.

GARAMATZA, garoaz, eramaten (eroaten) gaitu.

GIAITZAION, ez giaitzaion inork apezari sala, para que nadie nos denuncie al cura.

GISA, bezala, modura.

GORABEHERA, a pesar, malgré.

GOROSTI, acebo, houx.

GUPIDAGABEKI, sin consideración.

GURAGO, nahiago.

HAATIK, hala ere.

HAINTZAKOTZAT, en consideración.

HAITZUR, azada, pioche.

HALABER, igualmente, así mismo.

HANKA, zango.

HARMADA, ejército.

HASERA, haste, hastapen.

HATZAMAR, erhi, dedo, doigt.

HATZEMAN, encontrar, captar.

HAUK, honeek. (Hauek aktibo, hauk pasibo).

HAZIL, noviembre.

HEDATZE, zabaltze.

HEL, ora, agarrar, saisir. (HELDU, oratu, agarrado, saisi).

HELDU, oratu, agarrado, saisi.

HERREN, cojo, boiteux.

HEZKUNTZA, hezketa, educación.

HOBETS, preferir. (HOBETSI, preferido).

HORIK. hoik, horreek. (Horiek aktibo, horik pasibo).

HOSTO, horri.

HOTS, a saber, es decir, esto es.

HURA, ha.

HURRAN, hurren, hurrengo.

HURREAN, beharbada, nonbait, agian.

HURRENGO, hurren, hurran.

IA, kasik.

IDEIALARI, idealista.

IDORO, ediren, aurkitu.

IKERTZAILE, investigador.

IRAGAN, igaro, pasatu.

IRAGARTZE, anunciar, predecir.

IRAIN, injuria, ofensa.

IRATO, ito erazi.

IRITXI, heldu.

IRRIKATZE, desear vivamente.

ISLATU, reflejado.

ISTRIPU, accidente.

ITXAROTE, igurikatze.

ITZAL, amata, iraungi, apagar.

IXURI, vertiente, versant.

IZURRI, peste.

IZURRITE, temporada de peste.

JADANIK, ya.

JARRERA, actitud, postura.

JASAN, soportado, aguantado.

JAZO, gertatu.

JAZOERA, gertaera, gertakari.

JIN, etorri.

JUJATU, juzgatu.

JUSTIZIA, tribunal de justicia.

KASU, esate baterako, adibidez.

KAZETA, periódico, journal.

KAZETARI, periodista, journaliste.

KEXAZ, con queja, quejándose.

KOKATZE, situar.

LAGUN, ayudar. (LAGUNDU, ayudado). Aditz honek akusatiboa eskatzen du.

LAR, larregi, sobera, gehiegi.

LARREGI, gehiegi, sobera.

LEGEZ, lez, bezala.

LEHEN, lehenbiziko, lehenengo.

LEHENENGO, lehen, lehenbiziko, lehendabiziko.

LEHIA, afán, empeño.

LEKUKO, testigu.

LILURA, encanto, fascinación.

LORPEN, erdiespen, logro, réussite.

MAIZ, sarri.

MANTXU, maingu, manco.

MENDEBALDE, mendebal alde, occidente.

MEZU, mensaje.

NABARI, evidente, notorio, patente.

NABARI ERAZI, destacado.

NABARI IZAN, advertirse, notarse, percibirse.

NAHIKARI, gurari, deseo.

NIHOR, inor.

OHATZE, cauce, lit.

OHIZKO, habitual, tradicional.

ONDARE, herencia, héritage.

OPARO, naharo, abundante.

ORMA, paret. (HORMA, hielo, glace).

OSTEAN, ondoan, ondoren.

OSTEKO, ondoko.

OSTERA ERE, berriro.

PAILASO, zanpantzar, payaso, clown, bouffon. (Ikus Tournier-Lafitteren «Lexique Français-Basque»).

SOBERA, lar, larregi, gehiegi.

SOS, diru.

TAMAL, pena, sentimiento.

TANKERA, estilo.

TIRANDURA, atezamendu, tensión.

TXAKUR TTIKI, céntimo.

TXIKITU, destrozado, desmenuzado, destruido.

TXUNDIGARRI, harrigarri, estonagarri.

UKAN, izan. (Ukan aktibo, izan pasibo).

XAHUTU, hondatu, funditu.

XARMANT, zoragarri, encantador.

XUME, sencillo, humilde.

ZAIOKE, zaio (jako) nonbait.

ZAREN, zauden, zagozan.

ZERAMATEN, eramaten (eroaten) zuten.

ZIK, jok, dik, du.

ZINEZ, benetan.

ZUR, egur.

ZUZPERTZE, reavivar.


Ikas zeure hizkuntza

Hitzak eta esaldiak. Beste aldizkarietan ageriak

Baitezpadakoa* izanen da euskara batu bat erabiltzea gure idazlanetan. ZABAL.

Behin baino gehiagotan entzun duguna da, euskaldungo berri bat sortu eta eraiki beharrez* lan eta lan ari direnak, ideialari huts eta burubero batzu* baizik ez direla. ZABAL.

Bi inperialismo, erdi etsai erdi anaia, hor ba dabiltza, nor bere eskualdetik,* beste herriak menperatu beharrez.* ZABAL.

Lehen* behako* batean berean ikusiko dugu, katalanak gure bide bertsutik* doazela. ZABAL.

Hastetik,* horien borroka ber* denboran sozialista da eta abertzalea. ZABAL.

Baldin, jende xehearen zuhurtziak dioen bezala, jaten ez duenak ez badu pentsatzen, ber* gisan erran daiteke, pentsatzen ez duenak ez duela jaten. ZABAL.

Gisa honetako Unibertsitatea lehen aldiz egiten zelarik, ez dugu dudatzen, inportantzia handiko urrats bat emana izan dela euskal kulturaren faboretan.* Lehen fitsik* ez baitzen, orain ba da zerbait. ZABAL.

Oligarkiak demokrazia onhartzen du, bere abantailetan* delarik. ZABAL.

Jende anitz* bildu da Unibertsitate honen okasioz. Ez edozein jende, euskal kulturgintzan biziki interesatua den jendea baino: nolabait erraiteko, jende «bustia», engaiatua.* ZABAL.

Iduritzen zaigu, jokabide hau dela demokratikoena hurran* Unibertsitaterako. ZABAL.

Sobera* ez luzatu nahiz, honetan utziko dugu sail hau, hurran* zenbakian xeheki aipatuko dugula erranez. ZABAL.

Unibertsitate honetan ikusi dugu, gure herriaren historia eta ohiturak ez dizkigutela erakatsi, nahikaririk ez zelakotz. ZABAL.


Grezia zaharra, beti harrigarri

Dakigunez, Mendebaldeko* zientzia Egipto eta Babilonian sortu zen. Han eman zituzten Geometriak eta Astronomiak beren lehen pausoak; baina, egia esan, pauso hauk ez ziren zientifikoegiak izan. Bai Egipton eta bai Babilonian, jakintza apezen eskuetan zegoen: ez zen hartzen gizonen eginbeharra legez,* Jainkoen errebelazioa bezala baizik.

Grezian indar berri bat hartu zuen zientziak, eta hau zenbait arrazoinengatik. Batetik, zientziak tresna egokiak behar zituen lanerako, eta tresna hauk* Egiptotarrek eta Babiloniarrek prestaturik zeuden. Beste arrazoin bat ere ba zen, eta, beharbada, aurrekoa baino garrantzitsuagoa: Jakintza apezen eskuetatik laikoenetara iragan* zen, eta gertaera honek zientzi metodoaren desarroilatzea bultzatu zuen. Ordurarte Jainkoen errebelazioaren ondorioa baino ez zena, orain gizonen kreatze lan eta propietate bihurtu zen.

Miletoko Tales

Lehen zientzigizonen artean, Talesen izena ezin dezakegu utz aipatu gabe. Injinadore, astronomo, matematikalari eta abar izanik, haren jakintza zientzi arlo guztietara heltzen zen.

Ondoko jazoera* entzundakoan,* ez du inork ukatuko, gaitasun handiko injinadorea izan zenik. Kresoren harmadak* Halys hibaia, busti gabe, iragan zezan, haren korrontea desbidatu egin zuen Talesek, eta, harmada osoak ohatze* zaharra iragan ondoren, berriro eraman zuen hibaia lehengo bidera.

Astronomo ona ere izan zen, beste jazoera honetan ikusiko dugunez. Babiloniara egin zituen bidaietan, eklipseak iragartzen* ikasi zuen. Gero bere sorterrian fama handia lortu zuen, eklipse bat iragarri zuelako. Ikus dezagun nola gertatu zen. Medoak eta Lidioak burrukatzen ari zirelarik, arratsalde goizean eguzkia goibeltzen hasi zen eta eguna gaua baizen ilun bihurtu zen, Talesek iragarri zuen legez.* Orduan burrukalariek gudua geldierazi egin behar ukan* zuten, eta, Jainkoen nahia zelakoan, beren artean bakea izenpetu zuten.

Matematika arloan ere Tales oso trebea izan zen. Hori frogatzeko,* beste gauza askoren artean hor dugu haren teorema famatua, geometriaren aitzinamendurako* hain oinharri trinkoa izan dena.

Pitagorasen eskola

Talesen ondotik Pitagoras aipatu behar dugu. Pitagorasek Matematika landu zuen, eta eskola berezi bat sortu zuen arlo horretan. Gainera, Mendebalderantz zabaldu zuen zientzia, bere eskola Italiako hegoaldean finkatu baitzuen.

Eskola hori aipagarria da mila gauzagatik. Gaur eguneko fraide komunitate baten antzeko zerbait zen. Gauza guztiak denenak ziren: jakintza, filosofia, dirua... Eskolakoak heriotze osteko* bizitza baten esperantzan bizi ziren. Arautegi moral bateko erregelak betetzen zituzten. Eta abar. Baina orain guri axola zaizkigun ideiak, ez dira erlijioari buruzkoak, zientziazkoak baizik. Goazen, bada aurrerantz.

Eskolaren eginkizuna, taldearen jakintza zabaltzea zen Baina jakintza hau eskolakoen artean baino ezin zitekeen zabal. Eskolatik kanpokoen artean asmakuntza berriak zabaltzen zituenak, hiltzea merezi zuen. Eta ez pentsa, hau gezurra denik. Begira! Pitagorasen eskolako bi gizon itsasoan iratoak* izan ziren, taldearen aurkikuntza batzuk* salatu zituztelako: bata, Hipaso izenekoa, solido erregular baten aurkikuntza salatu zuelako, eta bestea (ez dakigu honen izena), √2 numeroaren neurtezintasuna salatu zuelako. Eta, bi kasuotan, hiltzea merezia zutela esan omen zen.

Egungo ikertzaileen* eritziz, talde honek aurkitu zuen Pitagorasen teorema famatua —gehienen ustez, Pitagorasek berak—. Hala ere, dirudienez, 1700 urte Kristo aurretik Babiloniarrek ba zuten teorema honen berri. Baina aurkikuntza hori guztiz ahantzirik* eta galdurik zegoen, eta teoremaren berraurkitzea eta zientzian sartzea Pitagorasen eskolakoei zor diegu.

Arkitas eta kuboaren bikoiztea

Azkenik, beste jazoera bat aipatu nahi dut, hau ere Pitagorasen eskolaren barnekoa.

Arkitas izeneko batek, kuboaren bikoiztea* ebatzi* zuen. «Delos-eko problema» edo kuboaren bikoiztea, problema famatu bat zen, eta ordurarte ebatzi gabea. Ikus dezagun zein zen problema eta beronen famaren zergatikoa.

Kristo aurreko 430. urtean guti gorabehera, izurrite* haundi bat jazo* zen Atenasen. Atenastarrek, Delosen zegoen Apoloren tenplura zenbait mezulari bidali zituzten, kontseilu bila. Orakulu emaileak, Apoloren aldarearen tamaina bikoizteko agindu zien. Aldarea kubikoa zen, eta Atenastarrek bikoiztu egin zuten bai luzeera, bai zabalera eta bai altura. Hala ere, izurria* gero eta gogortzenago ari zen. Berriro joan ziren orakulu emaileagana, eta honek zera esan zien, aldarea, bi bider handiago gabe,* zortzi bider handiago egina zutela.

Problema hau orduko metodoez ebaztea ez zen batere erraza; baina Arkitasek, hirurogei bat urte geroago, ebatzi egin zuen, horrela bere eskolakoen trebetasuna erakutsirik.

Oharpen bat egin nahi nuke Apoloren tenpluko apezen zuhurtasunari buruz. Haiek ba zekiten problema hura zaila zela, bai eta, ebatzi baino lehenago, izurria gainditua izanen zela ere.

J. R. ETXEBARRIA

dezagun, daigun

dezakegu, daikegu

diegu, deutsegu

zaizkigu, jakuz

zezan, eian

zeuden, egozen

zien, eutsen

zitekeen, eitekean