ANAITASUNA

266. zenb.

1973.eko abenduaren 31koa

Pelota, 4 - 1.º - Bilbao-5

Tel. 23 74 49 - Apart. 495


ANAITASUNA Bizkaia

HAMABOSTEROKOA

JABEA:

San Frantziskoren Hirugarren Ordenako Batzarre Nazionala.

Batzarburu: Miguel Zapata (Goya, 25. Madrid-1).

Batzarre honek ez du kapitalik.

BEHIN BEHINEKO ZUZENDARIA:

Imanol Berriatua, O.F.M.

IDAZLE KONTSEILUKOAK:

Xabier Gereño, Xabier Kintana, Jose Luis Lizundia, Joseba Arrieta, Aitor Pinedo.

URTEKO EKONOMI XEHETASUNAK:

Inprimatze lana 422.354,80

Gastu orokorrak 96.347,20

Sartua 498.246,—

Zorra 20.456,—

INPRIMATZAILE:

Imprenta AMADO - Mazarredo, 35 - Bilbao-10


Euskaldunen psikologia

Euskaldunen psikologiari buruzko gauza batzuk* oso ezagunak dira gure artean. Euskalduna hitz guttiko gizona dela, edozeinek ba daki. Mahai ona maite duela ere bai, marinel ona dela, buru gogorra edo egosgaitza dela, indar neurketak gogozko dituela. Mendi zaletasuna ageriko gauza da Euskal Herrian. Euskaldunak gogozko omen du kantatzea, eta ondo kantatzen omen du. Euskaldun bakoitzak ba omen du gizon menturazalearen* zerbait, atzerri ezezagunetarako bidea hartzeko, edo mendi eta ibar zuloetan zehar kontrabanduan iharduteko.*

Ezaguna da ere, euskaldunak jokoa, apostua eta dema* maite dituela. Garai batetako fraideek eta apezek ez zuten hitz gutti alferrik galdu, akats hori euskaldunen bihotz kristauetatik behin betirako kentzeko! Berriki,* berriz, euskaldunaren joko grina hori, akats bezala ez baina bere politikarako beharrezko duen alderdi on bat bezala ikusi eta onhartu beharra dagoela zioen norbaitek!

Euskaldunen azken mendeetako adierazgarri psikologiko horien ondoan, ba dirudi, beste bi elementu berri sortu direla. Orain dela zenbait urte, euskal kulturaren kritika egin nahiz, kultura honen akatsetako bat bezala, adoleszentismoa aipatu zuen M. Lasak (Jakin, 34). Kritika honek bere kritikalariak aurkitu zituen: K. Santamaria eta R. Arregi (Jakin, 35). Kritikalari hauek ez zuten euskal kulturaren adoleszentismorik ukatzen; baina kritika honen osatzea eskatzen zuten, adoleszentismo horren arrazoiak bilatzea eta kritikalarien eginkizuna argitzea. Euskal kulturaren adoleszentismoa geroztik ere aztertua izan da (J. Azurmendi), eta ukatzerik ez dagoen gauza dela uste dut. Adoleszentismo horren arrazoiak zenbateraino arakatuak* eta ikertuak izan diren, bego gaurkoz aztertu gabe.

Euskal kulturaren adoleszentismoa: gauzak absolutizatu nahi gabe ere, gazteen eta gazte taldeen gauza bihurtu da euskal kultura. Gazteen —esan ohi den bezala— kontzientzi hartzeak posibilitatu du euskal kulturaren azken urteetako berritze koskorra. Gazteriak euskal kulturari bere alderdi onak eta bere alderdi txarrak erantsi dizkio. Izan ere, euskal kulturaren adoleszentismoak ez du kultura gehienbat gazteriaren eskuetan dagoela bakarrik adierazten. Adoleszentismoak, nire eritziz, euskal kultura eta euskal egoera guztia, maila guztietan, adoleszentzi garaiko adierazgarri psikologikoez josirik dagoela adierazten du. Eta adierazgarri horietako zenbait ez dira oso pozgarriak, batez ere diren horretan luzarorako finkatzen baldin badira.

Adoleszentziaren adierazgarria da, batetik, nork bere burua destakatu nahia, besterengandik zeharo bereizi bezala aurkeztu* beharra. Bestetik, adoleszenteari berezkoa zaio bere iraganarekin* hautsi nahia, hautsi beharra, bere haurtzaroko menpetasuna superatu nahia, antiautoritarismoa, gurasoengandik instituzioetara itzultzen dena. Adoleszentea, neurri haundi batetan, narzisista da: bere burua begiratzea eta errespetatzea gogozko zaio. Adoleszenteari berezkoa zaio, halaber,* sentimenduen inestabilitate haundi bat. Kanpo aldera oso ausarta* azalduta ere, adoleszentearen barne mundua segurtasunik ezak osatzen du gehienbat, batez ere sentimendu mailan: gainez egiten diote sentimenduek, ezin ditu menperatu. Memento honetan, sentimenduen segurtasuna falta delarik, amaren irudiak garrantzi haundia hartzen du: amak babesa eta sentimenduen lasaipena irudikatzen ditu.

Adoleszentziaren adierazgarri hauk* kulturara, besterik gabe, aldatzerik ez dagoela gauza argia da. Gure egoera ulertzeko laguntza bat izan daitezkeela ere bai. Euskal egoeran, adierazgarri horien zenbait arrasto aurki daiteke: geure burua beste herrietatik ahalik eta zorrotzen bereizi beharra; euskal egoeran, narzisismorik ez da falta (hizkuntzara begiratu besterik ez dago). Baina beste adibide bat aipatu nahi nuke gaur bereziki hemen: ama euskara.

Hizkuntza propioa goraipatzea, herri guztietan gertatzen den zerbait da. Berez, garrantzirik gabeko gauza. Herri batek, ezinean dagoenean, herri bezala bereizten duen gauzari eusteak,* ebidentziaren kutsua du berekin. Halaxe egin zuen Detxeparek, berdin F. Arrese Beitiak. Geroago, euskarari euste hori ama irudiaren bitartez egiten da. Ama irudia, euskara eta Euskal Herria adierazteko irudirik garrantzitsuenetakoa bihurtzen da: «ama gaixo dago». Horretaz gainera, sentimenduz jositako irudi hori politikan erabiltzen da: hiltzear* dagoen amaren aurrean, umeen elkarren arteko haserreak alde batera utzi behar dira; ama hil hurren baldin badago, kritika guztiak bazterrera utzi eta indar guztiak amaren bizitza salbatzeko batu behar dira.

Argumentazio politiko-sentimental honek ba du hutsunerik eta arriskurik. Ez dago, argumentazio horrek pentsatzen duen gauza ukatu beharrik, argumentazioaren modua eta haren ondorenak kritikatu ahal izateko. Argumentazioaren hutsuneak alde batera utzirik, dituen arrisku batzuk* azal ditzagun. Arriskurik nagusiena honetan datza:* euskara eta Euskal Herria amarekin identifikatzean. Identifikazio horrek arazo guztia sentimentalizatu egiten du, politika sentimenduarekin nahasten du, behar baino neurri haundiagotan; eta horrek euskal kulturaren adoleszentismoa finkatu bide* du.

Adoleszentismoa berez ez da ez on, ez txar; pertsonaren bilakaeran* iragan beharreko garai bat baizik. Gizon helduetan da adoleszentismoa gaitz bat. Horregatik kontu eduki behar litzateke, adoleszentismo hori finka dezakeen edozein argumentazio edo irudirekin. Gaur eguneko euskal sentimenduen segurtasunik eza, ama irudiaren bitartez superatu ez baina ixilerazi egiten da. Adoleszentismoa, urte asko ez dela, ohizko* irudi erlijiosoek finkatzen zuten, neurri haundi batetan: Arantzazuko martxa, Arantzazuko amarengana. Erlijioak eratutako estruktura psikologikoak ez dira, irudiak aldatuz, garaitzen. Horregatik, oraindik ere, erlijioak osatutako estruktura psikologikoetan bizi gara maila askotan, eta estruktura horiek beren alderdi txarrak ere ba dituzte.

Dudarik ez dago, gure adoleszentismoak sustrai asko dituela. Horietan garrantzitsuenetakoa, kanpotikako presioa izan daiteke. Horrek, ordea, ez du eskubiderik ematen, adoleszentismoaren arriskuak baztertzen ez saiatzeko, eta, are* guttiago, kanpoko etsaia etxe barruan sartzeko: kanpotik guri ezarritako zerbait, geuk Euskal Herri barruan oraindik geure irudi, argumentazio eta jokabideekin sendotzeko.

JOSEBA ARREGI

dezake, daike

diote, deutsoe

ditzagun, daiguzan

dizkio, deutsoz

zaio, jako

zioen, inoan, esaten zuen


Frantziako azken zapalduak

Jean Paul Sartre intelektual iraultzagilearen «Les Temps Modernes» agerkariak zenbaki gotor* bat osatu berria du Frantziako nazional minorien arazoari buruz (ikus 324-325. zenb., août-septembre, 1973).

Zenbaki osoa arras* interesgarria da gu euskaldunontzat. Garrantzitsua bereziki, nire ustez, nazionalitateei buruzko marxist pentsakera theori mailan ikuspide berri batez aberasten duelako. (Ethnia kontzeptu zientifikoa delarik ere, Ives Person profesoreak hobe dela uste du nazionalitateez mintzatzea, «gizonak banakatzen dituzten kulturazko multzoak izendatzeko»).

Aspaldisko honetan, Frantziako herri zanpatuak (Bretainia, Okzitania, Katalunia, Euskal Herria, Altsazia, Korsika...) gero eta dynamika handiagoa ari dira hartzen, 555 horrialdetako liburu horretan ikus daitekeenez. Gaurko artikulu honetan, Sorbonan irakasle den Ives Person bretoinak antolatu duen hitzaurrearen hariari lotuko natzaio.

Personek dioenez, URSS salbu, frantses Estatua da ethnikoki desberdinena Europan. 1968.az geroztik, indar berri batez itzarri bide* dira nazionalitateok, nekazal eta proletal mugimenduekin batera. Segidan, nazionalitate arazoari buruzko marxist ikuspidearen analizatzeari ekiten zaio zuzenean bretoin ezkertiarra.

Marxek ez zuen bere bizitzan nazionalitate theoria egoki bat bururatu, ez eta nazional errealitatearen eredu* koherenterik ere funtsatu.* 1848.ean, ingeles iraultzarentzat kaltegarri zitzaiolakoan, Irlandaren askatasunaren kontra bazegoen ere, hogei urte geroago askatasun hori behar beharrezkotzat jotzen zuen, ingeles iraultza hura* bera gerta zedin. Engelsek, 1848.ean, eslabo herrien germanizazioa defendatzen zuen, eta hala iraun zuen hil zen arte, aleman xobinista amorratu.

Marxek ez zukeen* Estatu-Nazioaren eta nazionalitatearen arteko bereizkuntza zehatz-mehatzik egin. Horregatik, Marxengan dute iturburu, sozialist pentsakeraren historian eman diren nazionalitateei buruzko theoria errebesek: unibertsalismo, milenarismo, ekonomismo eta gainerako «ismo» guztiek.

Leninen eta Stalinen izkribuek aurrerapen izugarria ekarri zuten problema honen askabiderako, baina ez erabateko* soluziobiderik. Lenin, oso bereziki, bizitzako azken aldian ohartu bide* zen bere ingurukoen rusiar xobinismoaz, Krutwigek azpimarkatu digun bezala. Baina haren sorkariak* izan ziren Alderdi bakarrak eta delako zentralismo demokratikoak —hortik sortu zen, ondorio bezala, stalinismoa— ez dute benetako nazionalitategintzarik permititu, nik uste. Maotsetungek, erdirakoitasun* demokratiko horren izenean, Tibeten txinar inperialismoa defendatu izan duela bistan da.

Zentralismo demokratikoaren izenean inperialist politikabidea praktikatu izan dute Kommunist Alderdiek mendebaldean* eta ekialdean.* Marxismoaren izenean obraturiko linguistik eta nazional zanpaketa oro* salatu behar da, zer deabru! Ezen,* behin Maotsetungek zioen legez, marxismoa ez da kritikaren beldur.

Hala ere, marxisten jarrerok,* realpolitikok eta osterantzeko* «gorotzok» ez lirateke marxist epistemologiaren maila berean ezarri behar, Personen ustez. Marxentzat, nazional eta kultur errealitatearen funtsa* eta muina den hizkuntza, ez da bigarren mailako gauza. «Aleman Ideologia»n dioenez, hizkuntza ez da kontzientziaren adierazpidea (hori idealismoa bailitzateke), kontzientzia bera baizik. Marxengan, hizkuntza eta zientzia (material ez diren kultur aspektuok) infrastrukturan kakotzen* dira. Mintza gintezke Estatu burjesez, baina ez hizkuntza burjesez edo eta zientzia burjesez, trenbide burjesez hitz egin ezin daitekeen bezala. Kultura ororen* muina da hizkuntza, eta nazionalitatearen hezurrean dago. Nazionalitatea, berriz, mintzaira bezain errealitate zaharra izanik, «ez da burjesiaren gorapenari loturik dagoen agerpen iragankor bat», dio Personek.

Estatu-Nazio barreneko nazionalitate iraultza, beraz, oraindik eginkizun dago, nola theorian hala obretan. Ez Marxek, ez Leninek, ez Maok ez baitute nazionalitate horiekiko politikabide egokirik antolatu. Eta ez da antolatuko, «bizpahiru liburu sakratutako pasarte gorri gorri batzuk etengabe irakurriz», hori segur. Larresorok arrazoina horretan.

PERUGORRIA

digu, deusku

gintezke, geintekez

natzaio, natxako

zaio, jako

zitzaion, jakon


Albistearen miztoa

Jakina denez, Espainiako Probintzien zatiketa XIX. mendeko asmazio bat dugu. Politikalariek ere edukitzen baitituzte noizbehinka amets gaiztoak. Eta amets gaizto horietako bat praktikara eramatean (horren bila ibili ohi dira politikalariak), sortzen da kalapita.*

Aldizkariek esan dituztenetatik jakin dugu hau: Nafarroa eta Logroñoren arteko muga ez dago, nonbait, ongi kokatua.* Ez da ongi ikusten muga marra. Ez naiz sobera* harritzen: Javier de Burgos hark (Probintzia berriak ere asmatu zituenak, esan nahi da) hantxe, Errioxa aldean alegia,* izan baitzuen irudimen jariorik emankorrena (1833). Geroak esan beza asmazio haien ondorena... Geroak edo, muga bilatzeko, eratu den batzordeak.

***

Ikusten denez, mugaz betea dago mundua. Beste mutur batean ere muga bila edo muga kontra omen dabiltza, behintzat. Zuek ba dakizue, azken Gerrate Handiaren hondarretan,* Sobiet Batasunak hiruzpalau isla* harrapatu zizkiola Japoni. Izan* ere, bakoitzak ahal duena egin ohi du... Harez gero, Sobiet Batasunak ez du aitortu nahi izan, eskuratutako isla haik* lapurtuak zituenik. 1956 garrenetik honakoan Kurile Islen esketan ihardun* du Japonek, japonesek duten eroapen* luzea inoiz isilerazi gabe. Sobiet Batasunaren bihotza bigundu da orain, eta prest omen dago hitz egiteko. Gure ustez, lapurra nor den, egun argitan aitortzeko prest. Nori berea, hori da legea.

***

Zuek ba dakizue noski, Xabier Zubiri nor den. Euskalduna eta donostiarra da Zubiri, eta filosofi lanetara emana. Haren hitzaldi eta idazlanek halako burrunba bat ekarri ohi dute beren ondotik. Ez dut sekula horren zergatikoa jakin. Hau da, izan ere, gure artean oraindik ere eskolastiko izateko «eskubidea» aitortu zaion bakarra. Dena dela, Zubiri beti izan da oso famatua eta laudorioz betea. Apezgoa utzi zuenean, zenbaitek eduki zuen zalantza-malantzarik; baina harez gero Elizak jasan* izan dituen uholdeek, ez diote haren izen onari batere kalterik egin.

Xabier Zubiri oraingoan Erromara eraman dute. «Gregorianum» delako Unibertsitate hartara dei egin diote, ikastarotto bat eman dezan. O tempora, o mores! Eta, ezker-eskuin, lagun beneragarririk franko izan du: Tabera Araotz Kardinalea, Aita Arrupe, enbaxadariak, eta abar. Egia esan, hogeitabost urte itxaron* gabe, beste hainbeste nahi genuke ikusi, Eliza Katolikoan, Girardi, Díez de Alegría eta antzekoentzat ere. Hori bai litzatekeela liberalismo benetakoa!

JOANES GOIA


Neure lantokitik

Bertsolaritza arriskutan

Zortzi urte dira, Bizkaian bertsolari txapelketarik egin ez dela. Eta hori ez da gertatu, txapelketarik antolatu nahi ez delako, baimena ezin lortu delako baizik. Azken zortzi urte hauetan, ez txapelketarik eta ez saio garrantzizkorik ez dugu eduki ahal izan Bizkaian.

Bertsolaritza dugu euskal folklorearen baliorik nagusiena, bera baita intelektualena. Dohain bereziak eskatzen ditu: hizkuntzaren jabetasuna, ideiak azaltzeko erraztasuna, gaia barregarria deneko gatza, sakona eta hunkigarria* deneko sentimendua. Zaila dateke,* mundu osoan bertsolaritzaren parekorik bilatzea.

Eta balore handi hau gal zorian dugu. Dirudienez, baimena eman behar dutenek, bertsolariek zer kantatuko duten jakin nahi dute aldez aurretik; baina hori eskatzen dutenek, ez dakite beharbada, bertsolaritzaren oinharri bat tipust-tapast* kantatzea dela, hor neurtzen baita bertsolari baten trebetasuna.

Nola jalgi* bidegurutze honetatik? Agintariei gaiak aldez aurretik jakin eraziz? Ene ustez, hori nahiko litzaieke, saioaren kontrola edukitzeko.

Deustuko Unibertsitatean

Dena dela, zerbait egiten da, famili barnean bada ere. Eta familia hau ehundaka unibertsitarik osatu zuten abenduko egun zoragarri hartan. Nik ez dut inoiz horrelako girotan bertsolari saiorik entzun; eta, ene ustez, bertsolariek berek ere ez zuketen* sekula horrelako entzuleen aurrean kantatu.

Unibertsitateko paraninfoa ikaslez gainezka zegoen. Hango txaloek trumoi hotsa ziruditen. Eta irteeran galde berbera aho guztietan: «Nola debeka liteke honelakorik?»

Ba dirudi, Lazkao Txikik aipaturikako astoak ba dabiltzala nonbait.

Antolatzaileen nekeak

Egun hauetan Abrako V. Sariketa egin da, euskal kantarientzat. Nekeza da berez jaialdi bat antolatzea; baina nekezago oraino, behar diren «paperak» ondo atondurik* edukitzea.

Nahiz eta denboraz paperok betetzen hasi, ez da zaila izaten azken orduan zerbait faltatzea.

Adibidez, ba ote dakizue, Abrako Sariketaren antolatzaileei noiz eman zitzaien jaialdia egiteko baimena? Bezperan, juxtu juxtuan. Eta ordurarte sarrerak ezin sal.

Esperientziaz ezagutzen ditut neke hauk,* eta sinets iezadazue: urrikalgarriak* dira benetan jaialdien antolatzaileak. Euskal jaialdienak, alegia.*

Euskal liburuen banaketa

Aspalditik nahi nuen eskuratu Mikel Zarate adiskidearen «Haurgintza minetan» elaberria.* Baina, Bilboko liburutegietan zehar ibili arren, ez nuen aurkitu inon. Durangorako utzi nuen, eta hango Azokan erosi.

Beti pentsatu dut, euskal liburuen banaketa on bat falta zaigula. Ba daude banatzaileak, baina ez dira toki guztietara heltzen. Ene ustez, euskal liburuen irakurlegoa ugarituz doan heinean* hobetuko da liburuen zabalketa; baina oraindik ba dago zerbitzu horretan hutsik eta akatsik franko.

Eta, Zarateren elaberria aipatu dudanez gero, aldez aurretik entzun nituen laudorioak oso mereziak dituela aitortu behar dut.

Euskal pailazoak

Aurkitu ditugu, azkenik, euskaldun pailazo zorionekoak. Artikulu hau zuengana helduko deneko, egonak izanen dira Bilbon barreragileok, hemengo euskaldun umeen pozerako.

Gauza asko falta zaigu, gero, euskal arloan! Gaur arte, 1973. urterarte, euskaldunek ez zuten, edozein hizkuntzatzako umeek zutena: pailazoak.

Honek serioki pentsa erazi behar gaitu: Hainbeste eta hainbeste gauza falta zaigunean, bekatu mortala da hainbeste denbora eta hainbeste tinta elkarri jazartzen* alferrik galtzea.

Eta barka, gaur labur idazten badut, pailazoen jaialdiaren antolatzeak denbora luzea eramaten dit eta: teatroa mukurruraino* umez beterik ikusi nahi dut.

XABIER GEREÑO

daude, dagoz

iezadazue, eidazue

litzaieke, litzakioe

zaigu, jaku

zitzaien, jaken


Gure Munduko Albisteak

Liburu berriak

Nafarroaren Historia, Artea eta Ethnographia

Hazilaren* 30ean, Nafarroako Aurrezki* Kutxak bere bibliotheka berriaren lehen 11 liburuak agerterazi zituen jendartera: hiru Pirinioetako erresuma* zaharrari buruz, hiru ethnographiazkoak eta beste bostak Nafarroako artearen inguruan. Egileak José María Lacarra, Julio Caro Baroja, Francisco Iñiguez Almech eta José Esteban Uranga izan dira, irakurleak dazagukeenez,* nor bere sailean ezin adituagoak berak.

Urte askotako lana da berau, eta bai presentazioz, mamiz eta photographiez, benetako maisulan bat kontsidera daiteke. Liburu mardul hauekin oinharri sendo batzuk* ezarri dira Euskal Herriko eskualde* nagusi horren ezagupidean; eta eskertzekoa dugu, bai horixe.

Obra erraldoi* honen prezioa 9.625 pezetakoa da; baina, Aurrezki Kutxak sozial arlorako duen laguntzaz, hilabetero 200 pezeta ordainduz eskura ahal omen daitezke liburuok. Ez da, halafede, erraztasun makala!

Caja de Ahorros de Navarra-k erakutsi eta eskaini digu bidea. Ea Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan beste banku eta aurrezki kutxak noizko animatzen zaizkigun, beste horrenbeste egitera eskualde bakoitzean. Ez dut uste, Nafarroakoak baino diru guttiago dadukatelako aitzakia jarriko digutenik! Eta, Deustuko zenbait irakasle xelebre gorabehera,* Euskal Herriaren Historia, Arte eta Ethnographia aztertu behar haundian daude oraino.

Eskatzeko: Sección social de la Caja de Ahorros de Navarra, Pamplona.

Juan Carrasco Pérez, «La población navarra en el s. XIV»

Eta berriz ere Nafarroa burua jasotzen ari.* Goiko izen horrekin argitara berri du Nafarroako Unibertsitatearen Histori Sortak Juan Carrasco Pérez jaunaren thesi doktorala, Nafarroan nafar gaiak, Deustuan Bizkaikoak ez bezala, interesgarri direla argiro agertuz.

Obra sendo hau ikaragarrizko bibliographia eta dokumentazio batetan oinharriturik dago, eta hurren* gaiok aztertzen dizkigu: Demographia historikoa, Iturriak, Geographi eta Instituzio textuingurua, Populazioa eta beronen gorabeherak, Merinaldeak, Sozial estruktura, Merinaldeen gehigarri estatistiko bat, Textuak, Mapak.

Historian arduratuek ba dukete* honetan lan balios bat.

Bibliographiarako: CARRASCO PEREZ, Juan: La población navarra en el s. XIV, Colección de Historia de la Universidad de Navarra, Pamplona, 1973.

Luis Villasantek, «Axular-en Hiztegia», JAKINen

Iruinean Diputazioaren jauregian bertan egun batzuk lehenago egin zen presentazio ofizialari segida emanez, aita Luis Villasante Kortabitarteren obra berria —Axular-en Hiztegia— Bilbon, Verdes-Iker liburudendan, publikoari agertua izan da abenduaren 18an.

Honetarako eratu zen mintzaldian JAKIN Sortako arduradunek eta aita Villasantek obra honen helburua eta funtsa* azaldu ziguten, gerolan* batzuen berri ere emanez.

Liburu honek merezi duen kritika luzeago bat egiteko astia ukan arte, diotsogun* irakurleari, hamar urtetako lan isilaren ondorio bikaina dela, eta Axularren eta klasikoen obrak hobeki ulertzeko laguntasun ederra emanen digula, bai eta gure literatur hizkuntza batuaren oinharriak firmoagorik* ezartzeko ere.

Bibliographiarako: VILLASANTE, Luis: Axular-en Hiztegia, Jakin Sorta, Donostia, 1973.

Olentzaro zaharberrituaren arrakasta*

Caja Laboral Popular-ek (Langileen Herri Kutxak, hobeki), Zorionak eskaintzeko atera digun Olentzaro zaharberrituak, ezin pentsatuzko harrera ona lortu du jendeagandik.

Jadanik* hainbat dendatan ezarri dute aurten apaingarri gisa;* eta ikastoletako haurrek eredutzat* hartu dute, beren irudiak egiterakoan.

Geurtz,* datorren urtean alegia,* iraunen ote du horren aurtengo arrakastak? Guztiok, baina merkatariek bereziki, dukegu* azken hitza.

«Euskalduntzen» atera da

Egunotan entzun dugunez, «Euskalduntzen» hirugarrena argitara eman da. Horren premian daudekeen* ikasle-irakasleek, beraz, ba dakite eska dezaketela.

Eneko izena galerazirik

Duela* zenbait egun jakin genuenez, Madrileko Sección de Registros delakoak Alfonso Irigoien euskaltzain osoari ukatu egin dio, bere semetoari* Eneko euskal izena ipintzeko eskubidea. Horrez gainera, haren lekuan Iñigo jartzera obligatu dute, apelatzeko eperik emateke.*

Dazagugunetik,* Alfonso Irigoien jaunak errekurtsu bat bidalia zuen Madrilera, Eneko izenaren jatorria, eboluzioa eta dokumentuak azalduz, beti linguistika eta historia hutsean oinharriturik; baina, antza denez, arrazoi guztiok alferrekoak gertatu dira. Argiro dago, beraz, Estatuko jaunek, eta ez Euskaltzaindiak, dutela azken hitza euskal izenen hauzian.

Honek ezin hobeki darakuskigu, euskaldunok, holako lege eta eritzi* arbitrarioek dirauten artean, ez dukegula* geu izateko eskubiderik, gaztelauen gogoko* «itzulpen batzuk» baizik. Halakoen aurrean ez garela ezer, hitz guttitan.

Bertsolariak Deustuan

Euskal Kultur Mintegiak eratuta, abenduaren 14ean bertsolari saio bat eskaini zen Deustuko Unibertsitateko Paranymphoan. Hartan, beste zenbaiten artean, Arregi, Lazkao Txiki, Mugartegi eta Xalbador aritu zitzaizkigun kantuz.

Jendea piloka etorri zen, aspaldion ez baita honelako saiorik egin Bizkaian, eta aretoa* ongi bete zen. Gehienak, bestalde, unibertsitariak ziren, gazte jendea beraz. Bertsolari guztiak ondo portatu ziren, bigarren ekitaldian batez ere, ordurako, giroa beroago egonik. Txalo asko jaso zuten guztiek.

Gure zorionak Euskal Kultur Mintegikoei.

Goti jauna Medikuntz Akademiako buru

Jose Luis Goti jauna, mediku, euskaltzale eta euskalduntzat Bilbon eta Euskal Herri osoan ondo ezaguna, Academia de Ciencias Médicas-eko buru izendatu berri dute, medikuntz arloan orain arte egindako merituengatik.

Gure zorionak bihotzez, eta...segi aurrera!

Euskaltzaindiaren bilera bat Errioxan

Entzun dugunez, datorren urte honetarako, Euskaltzaindiak, euskarazko lehen eskuskribuak San Milian-en aurkitu zirela eta, Errioxan bilera bat egiteko asmoa du, eta horretarako pausoak ematen hasia omen da honez gero.

Carrero Blanco hil egin dute

Abenduaren 20an, goizeko 9,30etan, Madrilen, Luis Carrero Blanco almirantea, Gobernuko presidentea, eta berarekin zihoazen txofer eta polizia, hil egin ziren, haien automobila iragaten zen kalearen azpian zetzan indar haundiko bonba baten eraginez. Automobila 20 metro ingurutaraino igan zen, eta teilatu baten gainetik hegaz eginez, etxe baten barneko patiora amildu,* erabat* puskaturik.

Carrero Blanco jaunaren heriotzeaz espainol gobernuak bere lankiderik zintzoenetako bat galtzen du. Goian bego!

«Prozeso 1.001» Madrilen

Abenduaren 20an, T.O.P.ean, «Prozeso 1.001» deritzona hasi zen Madrilen. Horretan, langile komisioen koordinatzaile omen direla eta, hamar pertsona, haien artean Francisco García Salve apeza, oraintsu arte Zamorako presondegian gose greban egona, jujatzeko dira.

Lehen eguneko sesioa, herbesteko kazetalari, legegizon eta syndikalari batzuen aurrean egina, normalki pasatu zen. Artikulu hau idazten duguneon ez da oraindik sententziarik eman, judizioa amaitu gabe dago eta.

ARMENDARITZ

daude, dagoz

dezakete, daikee

digu, deusku

digute, deuskue

dio, deutso

dizkigu, deuskuz

zaizkigu, jakuz

ziguten, euskuen

zihoazen, joiazan

zitzaizkigun, jakuzan


Udazkeneko balleta Pariseko Operan

Merce Cunningham-en ballet taldea 1966.ean Parisera etorri zenean, eskandalu bizian amaitu zen haren lehenengo saioa «Champs-Elysées» teatroan. Paristarrok ballet ordinatua maite dute. Ballet klasikoa. Zetazko* extasi transparenteak, gorputzaren espresio estudiatua. Garbitasuna, edo garbitasunaren ilusio bat. Forma garbiak.

Baina Parisek ez daduka, modak edo berritasunak puntta punttan darabiltzan abangoardistak bazterrera uzterik. Gustatzen ez bazaio ere, eta bere disgustua erakusteko bakarrik bada ere, enfants terribles guztiak bereganatu behar izaten ditu. Atzeraturik ez agertzeko. Parisek moderno agertu behar baitu, modernotasuna ulertzen ez duen- eta gustatzen ez zaionean ere. Parisen gustu onak snob piper pixka bat behar du beti. Hori chic da, in dago.

Zazpi urte duela* bataila galdu zuenari, garaitzapenaren koroa eskaini zaio aurten: «Festival d'Automne à Paris» delakora, aunen, Merce Cunningham-en ballet anarkista berriro ekarri dute. Nora ekarri, eta Pariseko Opera ohoragarrira ekarri ere. Zeren* eta Merce Cunningham, duela zazpi urte Parisek muzin* eta zaputz* egin ziona, abangoardiako balletaren korifeo bilakatu* baita. Europa eta Amerikako hiriburu nagusietan sentsazio bezala dabiltzan horiek, ez dadukate Parisen faltatzerik. Zer gero? Paris oraindik ere hiriburuen erregina da: erreginen erregina. Etor daitezela, ba:* hori da inportanteena. Gero, haserreturik, pikotara* bidaliko baditu ere, ez zaio axola,* etorri badira. Parisek bere buruari permiti diezaioke, besteek txaloka hartzen dutena berak xistuka desdespeditzea. Baina ezin permiti diezaioke, beste hiriburuetan ba diren abangoardismoak Parisen ez izaterik, iluntze batetan besterik ez izan arren.

Merce Cunningham-en balletari berriro jazo* zaiona, aldez aurretik esaten ari naiz. Halaxe izan baita. Cunningham zinez* ahalegindu da, paristarrei, bere balleta konprenitzeko, laguntza ematen. Entreinamenduak ikusten utzi die. Ikusliarrekin mintzo* izan da, bere ideiak eta asmoak esplikatuz. Pazientziaz balletaren bere bururapena* azaldu du, Joseph Lazzini eta gainerako balletista paristarrak baretzeko. Konbentzitu, ezin konbentzitu izan du. Haren «Egun bat edo bi» balleta bukatu denean, berriz ere xistuka eta oihuka despeditu dute.

Alferrik saiatu da Cunningham lehenagoko anarkismoa uzten, ballet konprenigarri bat muntatzen eta eramaten. John Cager-en musikak ia* ia konbentzionala zirudien, ohituta gaduzkanarekin alderatzen* bada batik* bat: aireplanoen burrundada batzuk, motorren zurrungaren bat edo beste, txaloren bat inoiz, xorien kanta beste noizbait, eta beste hotsik eta zarata zentsugaberik ez. Bateria guztiz moderatua. Batzuetan, orkestaren zurrumurruaren erdian, kasik melodiaren baten hasera* puntta bat ere errekonozi zitekeen, gainera. Paristarrak kontentatzeko, Cunningham-ek alde batera utzi ditu bestetako zarata triskatuak eta hots farrastak, bibolinen haiztokada* eta ziztadak, bateriaren atakeak eta bonbardamenduak eta garrasi histerikoen kontratakeak: denak utzi ditu. Esagerazio gabeko musika guztiz «arrazoizko» bat eskaini du. Eta dena alferrik.

Zer egingo da! Paristarrentzat egiazko balleta, Viganok, Marie Taglionik, Jules Perrot-ek XIX. mendean sortu zutena da. Klitxe haietatik kanpora dabilana, paristarrentzat inzibilizatu bat besterik* ez da. Zibilizazioaren neurria paristarren gustu klasiko eta kontserbadoreek ezartzen baitute. Eta amerikano horik* inzibilizatu hutsak direla, edozeinek daki Parisen. Cunningham-en Modern Dance malapartatua* ere, bere joera psikodelikoaz, bere tradizioaren ignorantziaz, izpiriturik eta kulturarik gabeko Amerikaren sorginkeria besterik* ez da. Paristarren eskemetan kabitzen* ez den fantasma bat.

Cunningham-en balletarentzat ia klasikoa den moduan, «Egun bat edo bi» ere hiru maila edo apaletan* eraikita zegoen. Musika, John Cager-ena, lehenengo maila. Jasper Johns-en koreografia, bigarren maila. Musikak eta koreografiak ez dute elkarrekin zerikusirik batere. Balleta bera edo dantza, hirugarren maila. Musika eta dantza ere elkarrekin zerikusirik gabekoak dira. Edo, behintzat, argiek eta koloreek duten zerikusi bera du musikak dantzarekin. Ez gehiago. Elkarren parean daude, baina elkarrengandik aparte.

Ekintzarik edo temarik ere ez du, noski. Cunningham-ek adierazten duen moduan, ikusliarra guztiz libre da, ikusten dituen mugimenduekin eta dantzekin berak nahi dituen irudipenak edo sentimenduak asoziatzeko. «Pas de deux» batekin amodio ipuin bat, esate baterako. Baina dantzan bertan ez dago halako intentzio imaginatiborik. Estruktura abstraktu hutsez bururatua* da balleta bera, inolako tematikaren espresio izan nahi gabe. Han gehiago ikustea, lainoetan zaldiak eta gizonak ikustea bezalaxe da. Eszenarioan dena batera ikus daiteke: bakarkakoak, binakakoak, taldezkako dantzak. Eta guztiok, batera izan arren, ez dute elkarrekin batere zerikusirik, estruktura bat osatzea ez bada.

Cunningham-en kontzesio guztiak eta ahalegin guztiak alferrik izan dira: paristarrek XIX. mendeko balleta maite dute. Alfer alferrik izan da, ohiturazko niki beltzaren ordez, Cunningham-ek première-rako smoking urdin dizdiratsu bat jantzi izana ere, paristarren aurrean pertsona zibilizatu baten moduan agertzeko... Kultura mundialaren hiriburua ez da modernokeria basati horien aurrean berehalaxe makurtuko. La culture c'est moi!

LAZKANO MENDIZABAL

daude, dagoz

die, deutse

diezaioke, deiskio

gaduzka (gauzka), gaukaz

zaio, jako

zion, eutson

zitekeen, eitekean


Demokraziak kontserbatzen

Demokraziak Ilustrazioaren umeak dira: kritikaren umeak. Bai mendebaldeko* demokraziak eta bai sozialistak (herritarrak).

Faxisten eta «ezkertiar» radikalen aurka, demokratek demokraziak salbatu nahi zituzten. Demokrazia kritikatzeko interesa galdu zen, defendatu egin behar baitzen.

Baina demokratak berak ere beren artean erdibituta zeuden, demokraziaren bururapen* bitan; eta honek are* gaiztoagotzen zuen krisialdi kontserbadorea. Kontzeptzio biak dira Ilustrazioaren ondorio, baina elkarren etsai gertatu dira: mendebaldeko demokrazia esan ohi dena (edo liberala) eta demokrazia herritarra (edo komunista). Demokraziaren bi bururapenok, elkarren lehian,* fase gogorki kontserbakor batetan lotu* ziren. Ilustrazio kritikoaren tradizioak planto* egin zuen.

Faxismoaren aurka, demokrazia salbatzeko, elkar hartu bazuten ere, bistan zegoen, faxismoa garaitu orduko, elkarren aurrez aurre aurkituko zirela. Ez da besterik gertatu, gertatu ere. Eta demokrazia salbatzea eta kontserbatzea izan da burutapide politiko guztien helburua. Demokraziak «salbatzearren», errealitaterik antidemokratikoenak ere ontzat eman izan dira, edo bazterrean zabartu dira, edo isilpean pasatu dira. Eta, jakina, norberarena bakarrik onhartzen zen egiazko demokraziatzat.

Demokrazia liberalen interesen menpean, Ilustraziotik zetorren korronte liberal demokratikoa kontserbakor bihurtu zen. Tradizio kritikoak kritikatzen eta errebatitzen ziren, tradizio demokratiko radikalak behinik behin (horien artean marxismoa). Nolabait ere, zegoena baino demokrazia hoberik ez zela posible sinesten zen edo sinesterazi nahi zen, eta status quo politiko eta sozialari eusten* zitzaion. Demokrazia amerikanoa (edo berdin Suizakoa nahiz Suediakoa) sarritan ikusi dugu, demokrazia idealarekin identifikatuta bezala.

Bestetik, Sobiet Batasunaren interesen menpean, orobat* Ilustrazio kritikotik zetorren tradizio marxista ere kontserbakor eta dogmakoi bihurtu zen. Hemen ere kritiko radikalak isilerazten eta errebatitzen ziren. Eta demokrazia herritarra edo sobietarra ere askotan aurkeztu* nahi izan da demokrazia ideal bezala. Batean zein bestean, zegoena kanonizatzen zen: ez zegoen norberarenaren kritikarik.

Horra hor demokraziak zeharo kontserbadore bihurtuta: kanpo aldera bakarrik kritiko. Demokrazia* kritikaren ume da, eta kritikak daduka demokrazia bizirik. Okerrak, hutsuneak eta failoak kritikatuz, demokrazia perfekzionatuz doa, aurrera doa. Baina, orain, kritikarik egiten duena demokraziaren etsaitzat hartzen da. Inork ez daduka demokraziari faltak ateratzerik. Bestela, antidemokratikoa zara.

Beraz, a) faxismoaren aurka, demokrazia Estatu batzuekin identifikatzen da, eta b) kritika eragozten* da, tradizio kritikoa zeharo ahultzen da.

Alegia,* perspektiba edo ikusmira diferentez begiratuz, demokraziok, faxismoarekin edo garai hartako monarkia absolutuekin konparatuz gero, aurrerakoi ageri dira: azkeneko hauk* Ilustrazioa baino lehenago, Erdi Haro aldera, situatu beharko bailirateke, inon situatzekotan. Ilustrazioaren ideiak ez dira haien barruraino sartu, hauk barrutik moldatzeko heinean* behintzat (Ilustrazioaren ukituren* bat beti dute). Demokraziek, gutienez, tradizio kritikoaren eta Ilustrazioaren emaitza defendatzen dute. Baina ez dute tradizio hura* aurrerago desarroilatzen.

Demokrazia haik* sortu eta barrutik animatzen dituen (animatu behar lituzkeen) tradizio kritikoari begiratzen bazaio, kritiko izateari utzi egin diola ikusten da. «Beste» demokrazia bakarrik kritikatzen du (demokrazia herritarra). Eta Errusian marxismoaren bidez hedatu* zen Ilustraziozko tradizio kritikoak ere, tsarismoa porrokatu eta iraultza egindakoan,* kritiko izateari utzi egiten dio. «Beste» demokrazia bakarrik kritikatzen du: jadanik ez da saiatzen bere gizarteko faltak salatzen. Lorturikoa kanonizatzen du. Tradizio kritikoaren ume da, baina kontserbakor eta legitimista.

Demokrazia franko eskas batzuk* demokrazia idealarekin identifikatzea ez zen zailegi gertatzen: funtsean* fedea galduta baitzegoen demokrazietan. Lehen lehenik bilatzen zena, ez zen jadanik demokrazia. Horregatik, efikazia zela eta, edo demokraziaren defentsarako omen zela eta, bata bestearen ondoren, demokrazia murrizten zuten neurririk antidemokratikoenak hartzen ziren. Inork zirkinik edo protestarik egin gabe. Stalinismoa bera ere demokratikotzat har zitekeen, horrela; gaullismoa edo pompidouismoa demokratikotzat pasa daitezkeen bezalaxe. Jadanik nekez ulertzen baita demokrazia kontzepturik. Izan* ere, demokrazia, iraultza ondoren sortutako erakunde* tipo batzuekin identifikatzen da lehenik; eta, gero, erakunde horiei eskatzen zaiena, efikazia da, funtzionamendu ona. Funtzionamendu oneko makina batekin nahasten da demokrazia.

Fase kontserbakor hau Lehenengo Mundu Gerratik «gerra hotzaren» ondoreneraino hedatzen da. Desizoztearekin* batera, kritikak berriz animatzen dira: horietako bat neomarxismoa da.

JOXE AZURMENDI

daduka, dauka

dio, deutso

lituzke, leukez

zaie, jake

zaio, jako

zeuden, egozen

zitekeen, eitekean

zitzaion, jakon


Zezenak Nafarroan

Berriz ere nafarrak. Udazkenean «piperzaleak» izan genituen; orain ganaduzaleak* dira. Abenduaren lehen astean egin zuten bilera handi bat Iruinean. Okelaren salneurriak behera omen datoz, haziendarentzako* pentsuak, lurrongarriak eta bizitza gora doazen bitartean. Ez omen dago gaur ganaduzalearentzat pozbiderik. Hala diote nafarrok.

Ehundaka ganaduzale bildu ziren Iruinean, eta eupada garbi bat zuzendu zioten Gobernuari. Pentsuak eta gainerakoak gorakada bizkorrean doazen heinean,* ez omen da posible lehengo salneurrietan jarraitzea. Izan ere, okerragorik ere gertatu omen da azken aste hauetan. Zerriaren okela merketu egin omen diete, eta ez etxekoandreen onetan, bitartekoen mesedetan baizik.

Nafar ganaduzaleok eman dituzte beste datu jakingarriak ere. Litro esnea ematea 13,20 pezeta kostatzen zaie. Oilasko kiloa, berriz, 44-46 pezeta. Zerria 68-72 pezeta kiloko, eta 34-36 pezeta arraultze dozena. Hori dena, ganaduzalearen eskuetatik kalera ateratzea kostatzen zaiena, eta —jakina denez— berei inork ordaintzen ez diena. Beraz, hemen ere dirua galtzeko egiten omen dute lan. Datuok —dakigunez— ez dira ezeztatu. Eta hortik dator ganaduzaleen mehatxua:* jateko ere ematen ez dienez, utzi egin beharko dute abeltzaingoa.*

Bortizki* mintzatu ziren gizonak Iruineko Sindikatu Etxean. Ikusten da, ez zituztela arrazoin denak «piper gerratean» erre. Norbaitek hala omen zioen: «Gauzak aldatzen ez baldin badira, Madrileko Puerta del Sol-en ikusiko nauzue. Beste tokitan taxuzko salmentarik ez badut, hara joanen naiz kamioikada zerrirekin; eta hantxe askatuko ditut denak, jendeak zer-nola gabiltzan jakin dezan».

Seriokiago zetorren proposamenik ere izan da: salneurriak aldatzen ez baldin badira, salmenta guztiak moztea proposatua zen. Merkatua okelarik gabe gera liteke Nafarroan, asmo hau egintzetara pasatuko balitz. Nafar ganaduzaleen bileran hartutako erabaki eta oharpenak hauk* dira:

1. Ganadu-produzio gastuen eta ganaduzaleari ordaintzen zaionaren artean, sekulako aldea dago gaur. Ezinezkoa da egoera horretan jarraitzea.

2. Zuzenbide ororen* kontra dago, produziogailuak gora eta gora doazen bitartean, okelaren prezioak Gobernuak —egiten duen bezala— dauden hartan atxiki* nahi izatea.

3. Gobernuaren ekonomi politikak salmentari prezio goren batzuk* ezarri behar baldin badizkio, premiazkoa eta bidezkoa da politikabide horren galerak gizarte osoak eramatea, ez ganaduzaleek bakarrik.

4. «Berriz ere garbi esan nahi dugu —diote ganaduzaleek—: gure eskabideak bidezko den neurrian entzuten ez badira, lortu nahi duguna erdiesteko,* eskutan ditugun bide guztiez baliatuko gara».

Nafarroan geroz eta kontzientziatuagoak aurkitzen ditugu nekazari eta ganaduzaleak. Laborantzari gure gizarteak bizkarreratu dizkion zama* apartekoez ohartu dira, nonbait. Jaso dugun laugarren puntu horretan, ba dirudi mehatxu serio bat dagoela, bitarteko egiten dabiltzan merkatari askorentzat. Ganaduzaleok, izerdia ematen duenarentzat eskatzen dute irabazia ere, ez besterentzat. Piper eta okela: gizarte akelarre honetan izanen dugu afari ederrik.

ANTSO AMAIUR

daude, dagoz

dezan, daian

die, deutse

diete, deutsee

diote, dinoe

dizkio, deutsoz

zaie, jake

zaio, jako

zioen, inoan, esaten zuen

zioten, eutsoen


Barneko etsaia Frantzian

Frantziaren etsaiak nor diren eta zer egiten duten jakin nahi baduzu, galde egiozu poliziari eta harmadari.* Ongi informatuak direla jakin da. Gerrarik non egin ez dutela eta, ez pentsa gero, Harmada lanik gabe dagoenik. Militar batentzako, alferkeria da nonbait bekaturik gaitzena! Jadanik* kolonietan ez dute lanik. Barruan bilatu dute zertan ihardun. Kasu barneko etsaiari!

Berrikitan,* Harmadaren «barne erabilkizunetarako» egindako informe bat kanpora atera da, eta prentsaren eskutan* erori. Boletin bat da, ixilpean gordetzekoa. Eta, ikusten denez, barneko norbaitek ezagutzera eman du. Argitaratzearekin, gauza asko argitu (eta aurkitu) da.

Barneko etsaiaz 80 bat horrialde daude, sei kapitulutan banandurik. Izan ere, barneko etsaia ugari bilatzen da gaur Frantzian. Batez ere, dokumentu horren erizpidearen* arabera.* Labur esanik, horientzako, ezkerreko sindikatoak eta ezkerreko alderdiak, denak dira etsai, batik* bat Alderdi Komunista eta «gauchiste» mota guztiak.

Zatirik nagusiena «Alderdi Komunistaren eta haren kidekoen» azterketak hartzen du. Militante komunisten izenak, bizilekuak, lanbidea, arraza, bilkura* lekuak... dena dago hor.

Gero, «marxista-leninista edo trotskista alderdi eta taldeak» agertzen dira, zehaztasun berarekin.

Hirugarrenez, «antimilitarista edo alderdi eta mugimendu iraultzaileak». Zehaztasuna lege da hemen ere. Zati honetan agertzen direnak, PSU alderdia, CFDT sindikatoa, anarkistak eta bakezaleak dira.

Bukatzeko, «itsasoz bestaldeko taldeak eta atzerritar minoriak» datoz. Hauen adina,* lana, joan-etorriak, etnia, beste gauza askoren artean, ezagunak dira.

Hona nola ikusten duen Harmadak ezkerra. Eta honekin arriskua. Etsaia. Galley, Harmadako Ministrua, eta Marcellin, Barneko Ministrua, pozik egon daitezke: haien mutilek biziki lan serioa egin dute, eta batasun eder bat erakutsi ere bai. Hauxe da. hain zuzen, dokumentu honek garbien erakutsi duena: harmadaren eta poliziaren harreman hestuak.

Jokabide honek, etorkizunari buruz, arazo garrantzizko eta bizi bat planteatzen du. Ezkerra eta barneko etsaia nahasten eta bateratzen direlarik, nolakoa liteke bai poliziaren eta bai harmadaren portaera, egunen batez ezkerra agintera baletor? Europako Chile bilakatuko* ote da Frantzia?

Galdera hor dago, askok egin ohi duena agian.* Erantzunak ez dira falta. Esaterako, «Fédération autonome des Syndicats de Police» delakoak —hots,* poliziaren barneko sindikatorik nagusienak— esan du, ezkerra Gobernura igoten* bada, poliziak berdin onhartuko duela. Sindikato berak, bide* batez, sindikato faxistak (izenez «independenteak») sortzeko joera salatu du. Harmadaren aldetik, demokrata bezala ezagutuak diren ofizial batzuek idatzi dute, «Chileko ofizialei jokarazitako eginkizuna ukatu egingo luketela». Hala ere, susmoak erne dirau, gaurko jokabidea jakitean.

JOAN MARI TORREALDAI


Oroitzapenik beltzenez

Olerki* hau heurea duk, Jesus Mari. Atzo goizez, Bilabonako ikastetxean erdaraz idatzi huen, beste berrogei lagunen artean.

Honela justifikatu hion gizarte deserriratuaren kontratazko maisu kolaboratzaileari —niri— heure eskolako matrikula: «Jesús María Loitegui, curso tercero de Bachiller».

Eta nik esan: «Es una bonita redacción».

Oroitzapenik beltzenez, euskaraz eskaintzen diat, erdaraz iskribatzera behartu hindudan lana. Aitonak ezezik,* nik ere hiregan zitiat begiak, neu ere hi bezala bortxatu nindutela gogoratuz. Haiek ni, nik hi, eta hik...

Etengabe elurra ari duk. Hire modura, Euskal Herriko milaka ume elurrezko panpinak* egiten —idazten— ari dituk.

Kanpoa txuri dago lur berdearen gainean.

Txoriak zorabioz kantari ezin bestean.

AUUUU oihukatzen* basazakurrek,

haragiaren usainean.

Nekazaria, janzkeraz txuri, sudurrez txuri...

Haurtxoak sutondoan so* dagio

bere

elurrezko

panpinari.

Aiton betilun* nekatuak,

haren antzeko zela

iduri,

haurrari

begiratzen dio.

Heldu da udaberri.

Ba doa elurra ihesi.

Haurrak,

negarrez,

joan beharra duenik

ezin dezake konpreni.

I. U.


Zapaburua. Euskaldun Rh-dunen umore orria

[Binetak]


Zapaburua. Euskaldun Rh-dunen umore orria

Irrisolasak

 • Trankil horregatik! Gizon batek beste bati:

— Aizu,* zeure zapia utziko al didazu? Besteak, pixka bat harriturik, ez daki zer egin; eta orduan lehengo gizonak ba diotso:

— Trankil horregatik, gizona! Ez dut mukiak kentzeko nahi, zapatak garbitzeko baizik.

Orduan dudarik ez. Neska batek beste bati: —Zer iruditzen zain Josetxo?

— Josetxo? Ene eritziz* mutil hori erdi tontoa dun.

— Ba*... atzo berarekin ezkontzeko eskatu zidanan, ba*

—A bai? Orduan tonto osoa dun.

Bistan dago. Gizon artean:

— Zerorrek ene andrea ezagutzen al duzu?

— Ez, ez dut horrelako ohorerik ukan* orain arte.

— Ohorerik? Ondo bistan dago bai, ez duzula ezagutzen.

Bazeneki! Kalean gizon batek beste bati:

— Aizu lagun, ba dirudi, ahantzi* egin zaizula mila pezeta zor dizkidazula.

— Ahantzi? Ez zenuke segur aski holakorik esango, zurekin ez topatzeko egiten dudan ahalegina bazeneki!

Halabeharra. Lagun artean:

— Egun on, Patxi! Ehun pezetako apostua egiten diat, igerri ezetz zertara natorkian gaur.

— Hara! Segurenetik, berriz ere dirua eskatzera.

— Ez horixe! Egun onak ematera nentorren; baina apostua galdu duanez, ekarzkidak ehun pezetok hona.

Kitto! Behin apez batek pintatzaile bati elizarako koadro bat egiteko agindu zion. Aste batzuk geroago, artistak bere lana amaitu zuen. Ezin politagoa omen zen. Apezak ikusi zuenean, benetan laudatu zuen hura.* Halako batez, baina, ertz* batetara begira eta...

— Baina...! zer egin duzu hor? —diotso pintatzaileari.

— Zer, ba?

— Ez dakusazu,* ba? Aingeru hark zapatak ditu!

— Bai, ba! —erantzun zion pintatzaileak—. Zergatik ez?

— Nola, ba? —apeza harriturik—. Inoiz ikusi duzu aingeru zapatadun bat, ala*?

— Eta zuk inoiz ikusi duzu aingeru zapatagabe bat, ala?

diat, deuat

dizkidazu, deustazuz

dun (don), da

ekarzkidak (ekar iezazkidak), ekar eistazak

zain, jan

zaizu, jatzu

zidanan (eustanan), zidan (eustan)

zion, eutson


Denbora ematekoak

Gurutzegrama (31)


Denbora ematekoak

Hieroglyphikoa


Denbora ematekoak

Euskal salda


Ikas zeure hizkuntza

Hiztegia

IMANOL BERRIATUAK

Ale honetan izartto batekin agertzen diren berbak

ABELTZAINGO, ganadería, profesión de ganadero.

ADIN, edade.

AGIAN, beharbada, nonbait.

AHANTZI, ahanztu, ahaztu.

AINTZIRA, laguna, pantano.

AIZU, adi ezazu, adi eizu.

ALA, o qué?

ALDERATZE, comparar.

ALEGIA, a saber, es decir, esto es. (Zergatik ez halegia [hala + egia], aspaldion halafede eta halajaina idazten dugun bezala? Utz dezagun alegia, erdarazko «simulación» adierazteko: adibidez, mintza zaitez alegiarik gabe; egiaz ala alegiaz diozu?)

AMILDU, precipitado.

ANDANA, multzo, talde.

APAL, anaquel, alacena, tablette d'armoire.

ARABERA, arauera, según, conforme.

ARAKATU, ikertu, aztertu.

ARE, oraindik, aún, encore.

ARETO, sala, salón.

ARI, activo.

ARRAKASTA, éxito, succès.

ARRAS, guztiz, oso.

ARRUNT, común, corriente, ordinario.

ASKI, nahiko.

ATONDU, arreglado.

ATXIKI, mantenido, conservado.

AURKEZTU, presentado.

AURREZKI, ahorro, épargne.

AUSART, valiente, osado.

AXOLA, ardura.

BA, bada, pues.

BAITEZPADA, derrigorrez.

BAIZIK, baino, besterik.

BATIK BAT, batez ere, bereziki, guztiz ere.

BATZUK, zenbait. (Batzuek aktibo, batzuk pasibo).

BEHEREAN, en la parte inferior, abajo.

BERMATZE, saiatze, ahalegintze.

BERRIKI, berrikitan, recientemente.

BERRIKITAN, berriki, recientemente.

BESTERIK, baino, baizik.

BETILUN (begi + ilun), triste.

BIDE, beharbada, nonbait, agian. (Bide du = duke, bide dira = dirateke, bide zen = zatekeen).

BIDE BATEZ, bide nabar, de paso.

BILAKAERA, evolución.

BILAKATU, bihurtu.

BILKURA, reunión.

BORTIZKI, fuertemente.

BURURAPEN, concepción.

BURURATU, concebido, conçu.

DAKUSAZU, ikusten duzu.

DATEKE, da nonbait.

DATZA, consiste. (Etzan aditzaren forma).

DAUDEKE, daude nonbait, deben de estar, estarán.

DAZAGUKE, ezagutzen du nonbait, debe de conocer, conocerán.

DEITU, llamado. (Aditz honek akusatiboa eskatzen du).

DEMA, prueba, apuesta, preuve.

DEMOKRAZIA, la democracia.

DESIZOZTE, deshielo, descongelación.

DIOTSOGUN (diotsagun), dinotsagun, esan diezaiogun (deiogun).

DUELA, dela, direla.

DUKEGU, dugu nonbait.

DUKETE, dute nonbait.

EGINDAKOAN, egin ondoan.

EGUN, gaur.

EGURATS, atmósfera.

EIKI, ciertamente.

EKIALDE, eguzki alde, oriente, Este.

EKITE, aplicarse. (Aditz hau intrantsitiboa da).

ELABERRI, novela, roman.

EMATEKE, eman gabe

ENTZUNDAKOAN, entzun eta gero.

ERABAT, guztiz, zeharo.

ERABATEKO, completo.

ERAGOZTE, impedir, prohibir.

ERAKUNDE, entidad, organismo.

ERDIRAKOITASUN, centralismo.

ERDIESTE, lortze, conseguir, obtener.

EREDU, modelo.

ERITZI, uste, aburu. (Klasikoek eritzi erabiltzen dute, eta ez iritzi. Bizkai osoan eritxi esaten da. Ene ustez, euskara batuan eritzi erabili behar litzateke).

ERIZPIDE, criterio.

EROAPEN, pazientzia.

ERRALDOI, gigante, géant.

ERRESUMA, reino, royaume. (ERREINU, reinado, règne).

ERTZ, hegi.

ESKUALDE, alderdi; comarca.

ESKUTAN, en mano. (ESKUETAN, en las manos).

EUSTE, asir, agarrar, saisir.

EZEN, ze, pues.

EZEZIK, no solamente.

FIRMOAGORIK, firmokiago.

FUNTS, fondo, sustancia.

FUNTSATU, fundamentado.

GAINDI, zehar.

GANADUZALE, kabala hazle, ganadero.

GEHIENGO, mayoría.

GEROLAN, trabajo posterior.

GEURTZ, datorren urtean.

GISA, bezala.

GOGOKO, gustuko.

GORABEHERA, a pesar, malgré.

GOTOR, sólido, voluminoso.

HAIK, hareek. Haiek (heiek) aktibo, haik (hek) pasibo. (Ikus Lafitteren «Grammaire Basque», 82. horrialdea).

HAIZTOKADA, cuchillada, coup de couteau.

HALABER, igualmente, así mismo.

HARMADA, ejército.

HASERA, haste, hastapen, comienzo.

HAUK, honeek. (Hauek aktibo, hauk pasibo).

HAZIENDA, ganado, bétail.

HAZIL, noviembre.

HEDATU, zabaldu.

HEIN, proporción, medida, grado.

HERTSI, hetsi, hitxi, cerrado, fermé.

HILTZEAR, hil hurren, hil zorian.

HONDAR, azken.

HORIK, hoik, horreek. (Horiek aktibo, horik pasibo).

HOTS, a saber, es decir, esto es.

HUNKIGARRI, conmovedor.

HURA, ha.

HURREN, hurrengo, hurran. (Euskara batuan hurren —eta ez hurran— idatzi behar genuke).

IA, kasik.

IGOTE, igate, igotze. (Hirurotarik zela euskara batuan? Nik neuk bigarrena hautatuko nuke).

IHARDUN, ari izan. (IHARDUKI, contestar, replicar, disputar, resistir).

IKERTZE, aztertze, arakatze.

IKUSKARI, espectáculo.

IRAGAN, igaro, pasatu.

IRAGATE, igarotze, pasatze. (Han barrena sartu dira / gaua iragateko, / ezen* bertze ostaturik / ez zuten gelditzeko. Joanes Etxeberri Ziburukoa, Noelak, 50).

ISLA, irla, uharte.

ITAUNKA, galdeka, galdetuz.

ITXARON, iguriki, igurikatu.

IZAN ERE, en efecto.

JADANIK, ya.

JALGI, irten, urten, atera.

JARRERA, actitud, postura.

JASAN, soportado, aguantado, sufrido.

JAZARTZE, oldartze, erasotze, atacar.

JAZO, gertatu

JIN, etorri.

KABITZE, kokatze, caber, tenir.

KAKOTZE, incluir.

KALAPITA, zalaparta.

KEZKATZENAGO, gehiago kezkatzen.

KOKATU, jarri, situado.

KUI, conejillo de Indias.

KUTSADURA, contaminación.

LEHIA, competencia, porfía.

LOTU, gelditu, geratu.

MALAPARTATU, endemoniado, enrevesado.

MEHATXU, amenaza.

MENDEBALDE, mendebal alde, occidente.

MENEKO, menpeko.

MENTURAZALE, aventurero.

MIKO, fits, zipitz, izpi.

MINTZO IZAN, berba egin, hitz egin.

MIZTO, ezten, aguijón, dard.

MUKURRU, colmo.

MUZIN, mueca de disgusto, grimage de dégoût.

OHARTU, konturatu. (Gehienetan datiboaz erabiltzen dute aditz hau iparraldekoek).

OHIZKO, habitual, tradicional.

OIHUKATZE, gemir, aullar.

OLERKI, poesia.

ONETAN, en bien (HONEAN, en el bien).

ONTSA, ondo, ongi.

ORAINDIK, oraino, oraindino.

ORO, guzti.

OROBAT, igualmente, así mismo.

OROREN BURU, después de todo.

OSTERANTZEKO, distinto, diverso.

PANPINA, muñeco, poupée.

PIKOR, garau, bihi, miko, fits, zipitz, izpi.

PIKOTA, picota (antiguo instrumento de suplicio).

PLANTO EGIN, detenerse, s'arrêter.

POPULU, pueblo, público, gente.

SEMETO, hijo mayor, primogénito.

SOBERA, lar, larregi, gehiegi.

SO DAGIO, so egiten dio (deutso), begiratzen dio.

SORKARI, creación, cosa creada.

TIPUST-TAPAST, improvisadamente.

UKAN, izan. (Ukan aktibo, izan pasibo).

UKITU, tocamiento, influencia.

URRIKALGARRI, errukarri.

ZAMA, karga.

ZAPUTZ EGIN, mostrar retraimiento, montrer un air revêche.

ZEREN ETA, ze, pues.

ZETA, seda, soie.

ZINEZ, benetan.

ZUKEEN, zuen nonbait, bide zuen.

ZUKETEN, zuten nonbait.


Ikas zeure hizkuntza

Hitzak eta esaldiak. Beste aldizkarietan ageriak

Euskal Herria kanpotarrez mukurruraino* betetzen ari zaigu. Populurik gabeko eskualde hutsik aurkitzeak ba du halako xarma berezia. LARRESORO.

Beren buruaz bestez ere zinki* eta lehiaz arduratzeko gertu daudenak zaizkigu axola. LARRESORO.

Askoz ere kezkatzenago* naute ni, artikulu hau irakurriko duten gutxi horiek, irakurriko ez duten gehiengo* guztiek baino. LARRESORO.

Gethariako hondartzan ikuskari* arrunta* zen olatutxo nagi haien ibilera. LARRESORO.

Gauzak garbikiago esplikatzeko, alderdi batekoak Otoizlari deituko* ditugu, bestekoak Zerbitzari. HERRIA.

Bakoitzak egiaren eskualde* bat baizik ez du ikusten. HERRIA.

Elizan dabiltzan guziek, nik uste, ba dakite, gu baino goragoko norbait nonbait ba dela, nagusi baten meneko* garela, eta behar dugula, geure onetan,* hura nolabait ohoratu eta balakatu.* HERRIA.

Garbiki ageri da hor, katoliko andana* bat, ehunetarik hogei bederen, ez direla mikorik* fidatzen Jesukristoren hitzean. HERRIA.

Mezan ibiltzea ez da, batezpada,* kristau fedearen froga bat. HERRIA.

Nik bezain ontsa* ba dakizu, ba direla gizon batzu, herriaren alde zinez bermatzen* direnak, eta. hala ere, Jesukristo baitan sineste pikorrik* ez dutenak. HERRIA.

Ororen* buru, ez dut molde bat baizik* ezagutzen, gizon batek kristau fedea ba duenetz jakiteko: berari galdetzea. HERRIA.

Unibertsitateko ikasaldien antolaketari aire klasiko klasikoa zerion: goian irakaslea, beherean* ikaslea. ZABAL.

Adiskide frango ezagutzen dut, gertakari horri oharturik,* Unibertsitatera jin* ez direnak, uste baitzuten gauza berri guti aterako zela. ZABAL.

Eiki,* euskal populuaren* historia behar dugu ilunpetarik argitaratu, ahal bezain zientifikoki jokatuz. ZABAL.


Nuklear zentralak Euskal Herrian (I)

Azken egunotan hainbat eta hainbat lagun etorri zaizkit, nuklear zentralek sorteraz litzaketen problemez itaunka;* eta haien galdeek bortxatu naute horretaz zenbait eritzi* azaltzera, bai eta problema horik* astiroxeago aztertzera ere.

Artikulu bitan azalduko ditut neure eritziok, Lehen artikuluan —irakurtzen duzun honetan, alegia*— radioaktibitatearekin zerikusi handirik ez duten zenbait puntu aipatuko ditut eta, gero, bigarren artikuluan, radioaktibitateak berak sorterazten dituenak arakatuko* ditut.

Kutsadura

Azter dezagun lehenik nuklear zentralek sorteraz dezaketen kutsadura,* kutsadura radioaktiboa alde batera utzirik. Baldin «kutsadura» hitzaz eguratseko* eta inguruko zikinkeria adierazten badugu, zentral hauek ez dutela kutsadurarik sorterazten esan genezake.

Zentral hauen kebideetatik ez da kerik irteten. Kerik ez ikustean, baten batek ez duke kebide horien egitekoa ulertuko; baina, hala ere, kebideok ondo pentsaturik daude. Kebideotan gora reaktorean sortutako zenbait gaz doaz, oxigenoa eta nitrogenoa adibidez. Sortzean, gaz hauk* radioaktiboak dira; baina, bizitza radioaktibo oso laburra dutelarik, beren radioaktibitasuna galdu egiten dute, kebidea iragaten* duten bitartean. Honela, eguratsera gaz garbia botatzen dute nuklear zentralek.

Bestalde, reaktorearen zirkuitua hertsia* denez, ez da bestelako zikinkeriarik jaurtikitzen zentralaren inguruetara.

Hau honela dela ikusirik, nuklear zentralak oraingoz «garbiak» direla esan dezakegu.

Bero kutsadura

Ba dira beste kutsadura mota batzuk ere; hauen artean bero kutsadura aipatu nahi dut (ikus ANAITASUNA, 237. zenbakia). Uraren termodinamik izakeraren kausaz, reaktorean sortzen diren energiazko hiru watt-etatik, bi watt inguru galtzen dira bero energia bezala. Eta bero hau guztiau urezko errefrigeratzailera iragaten da, eta, azkenik, aintzira,* hibai edo itsasoetara.

Zentraletan sortzen den bero energia hori guztiori aintzira eta hibaietara iragaten denean, uraren tenperatura goratu, eta hango arrainen eta inguruko landare eta animalien bizitz erritmoa aldatu egiten da.

Baina, itsasoa oso zabala denez, ez dirudi, oraingoz behinik behin, honen antzeko problemarik sor daitekeenik. Hala ere, Euskal Herriko kostaldea ttikia da, eta problemaren bat sor daiteke zentralen kontzentratzeagatik. Ez dakit segur zer gerta litekeen.

Aipatzen ez diren problema batzuk

Ikus dezagun orain, begiratu batez kutsadurarekin zerikusirik ez duten zenbait puntu.

1. Arabe eta juduen arteko gerra dela eta, petrolio eskasiaren aurrean izutu egin gara. Europa osoa arabeen menpean dagoela ikusi izan da. Energi eskasia hau gainditzeko, petrolioa baztertuz, uranioaren erabiltzera jo nahi dugu. Baina ez da ahantzi* behar, uranioa amerikanoen eskuetan dagoela. Jadanik* ere Estatu Batuen morroinak izan arren, ba dirudi, morrontza hori handiagotzeko eginahalak egiten ari garela.

2. Askori gertakari horrek ezer ez badiotso ere, Estatu Batuen jokabidea argitu gura nuke.

Estatu Batuetako estatu batzuetan, jendearen kexak entzundakoan,* nuklear zentralen eraikitzea debekatua izan da bost urtetako epe batetan, harik eta zentral horiek sorteraz ditzaketen problemak hobekiago ezagutuak izan daitezen arte.

Hala ere, USAko entrepresak (General Electric, Westinghouse...) beren zentralak mundu osoan gaindi* zabaltzen ari dira. Haien esperimentuetako kuiak* ote gara?

3. Gure kostaldeko herrietan psikosi bat sor daiteke, zentral hauk eraikitzerakoan; eta lehen, udako denboran, herri horietara joaten zen jendeak, beste lekuren batera joatea pentsa lezake. Herri horietan etxagintzan dihardutenek ere, psikosi horren kausaz, kolpe handi bat hartuko bide* dute, berek eginikako etxeen prezioa beherantz doala susmatzean.

4. Euskal Herrian zentral hauen kontzentratzeak, zertzu ondorio ekar ditzake? Euskal Herria oso ttikia da, eta jendetza haundia dago bertan; baina, hala ere, jendearen eta industrien kontzentratze haundiago bat etorriko da nonbait. Honela, egunen batez, Euskal Herria hiri munstro bat izanen dateke,* haizea hartzeko tokirik gabe.

Ekonomia nagusi

Aurreko puntu guztiak arrazoin bakar batez uler daitezke: Gauden egoera honetan, ekonomia da nagusi. Dirua arin irabazi nahi dutenek, horretarako behar diren tresnak erabiltzen dituzte. Egun,* energia saltzen duten entrepresek, nuklear zentraletan ikusten dute irabazpide erraz bat, ekonomi ikuspuntutik behintzat; eta horik* dira erabiltzen dituzten tresnak.

Eguzkitiko energiaren erabiltzea

Energiaren eskasia gainditzeko, beste bideren bat ote dagoen galdetzen diote batzuek beren buruari. Energi iturririk garrantzitsuena aipatuko dut: Eguzkia. Energia hori guztiz garbia da. Ez du batere kutsadurarik sorterazten. Naturala da, eta ez gara hartaz baliatu oraindik.* Zergatik? Ikertzeko* dago oraindik eguzkitiko energiaren erabiltzea; baina ikertze hau aurreratzeko ez da. ekintzarik egiten, ekonomi indarrei interesatzen ez zaielako. John W. Gofman jakintsuaren eritziz,* bost urte aski lirateke, horrelako ikertze bat aurrera eramateko. Baina indar ekonomikoek ez diote laguntzarik ematen.

J. R. ETXEBARRIA

daude, dagoz

dezagun, daigun

dezakete, daikee

diote, deutsoe

diotso, dinotso, esaten dio

ditzake, daikez

ditzakete, daikeez

gaude, gagoz

genezake, geinke

lezake, leike

litzakete, leikeez

zaie, jake

zaizkit, jataz