ANAITASUNA

279. zenb.

1974.eko uztailaren 15ekoa

Pelota, 4 - 1.º - Bilbao-5

Tel. 23 74 49 - Apart. 495


ANAITASUNA BIZKAIA

HAMABOSTEROKOA

JABEA:

San Frantziskoren Hirugarren Ordenako Biltzarre Nagusia.

Batzarburu: Miguel Zapata (Goya, 25. Madrid-1)

ZUZENDARIA:

Joseba Intxausti, O.F.M.

HELBIDEA:

Bulegoa: Pelota, 4-1.º Bilbao-5

Posta kaxa: 495

INPRIMATZAILE:

Imprenta AMADO - Mazarredo, 35. Bilbao-10

D. L.: BI-1.753 - 1967


Pedagogia sustraitua

Azken urteotan sarri* mintzatu izan gara pedagogiaz. Sarriegi, agian.* Eta, ondorioz, eztabaida antzuak ugari sortu ditugu, ikastoletako pedagogia dela eta ez dela.

Orain arteko pedagogiarekin ez gaude konforme, eta ba dugu arrazoirik aski* horretarako. Asmorik onenaz bide berriak urratzeari ekin* gatzaizkio, eta bide berriak beti dira zail eta neketsu.

Beraz, neurri batetaraino, bakarkizun dira ahalegin honetan gerta daitezkeen gehiegikeria eta makurrak.

Hala ere, geure pedagogiaren berriztatze honetan ba da oso kontuan eduki beharreko zenbait puntu. Besteak beste, nik neuk «Gaur-Geuk-Hemen-Elkarrekin» lemapean bilduko nituzkeenak lehenik.

GAUR: Biharko gizona lantzen eta prestatzen ari bagara ere, gaurko haurrekin ari gara. Gaurko herri eta familietako gurasoen haurrekin ari gara. Haurrok ez dira ez atzokoak, ez eta biharkoak ere. Haurron zilbor hestea gaurkoari loturik dago.

Beraz, geure pedagogia honi gorputz emateko orduan, nahitaez kontuan eduki behar dugu, gure haurrek gaurkoan dutela beren bizi lurra eta arnas giroa. Gure pedagogia honek ezin ditzake zakarki beren ingurune naturaletik deserrozta* eta erauz.* Bestela, pedagogia ez baina, utopiak egiten hasiko ginateke.

GEUK: Geure haurrentzako pedagogia geuk egin behar dugu. Betoz zorionean Freinet, Freire, Piaget, Summerhill, Montessori, Decroly, Makarenko eta beste guztiak, beren teoria eta sistemekin. Baina ikastoletarako pedagogia geuk bildu, ondu eta mamitu beharko dugu, ongien datorkiguna hartuz, sistemak bata bestearekin osatuz, eta geure egoera eta zirkunstantzia berezietara egokituz. Ez dezagun pentsa, teoria edo sistema bakar batek arazo guztiak argi eta konpon diezazkigukeenik, ez eta pedagogia biribil eta asegarri bat emango digunik ere.

Pedagogia ororen azpian antropologia jakin bat dago; eta, antropologiaz azken hitza esateke* dagoen heinean,* pedagogia ere etengabe osotuz eta zuzenduz joango da. Beraz, beti baliatu beharko gara «zentzu komunaz», zientziak dituzkeen* hutsuneak betetzeko... eta politik ekintza birzuzentzeko. Atzoko irakasle eta hezlariek* egin zuten modura, eta biharkoek ere egin beharko duten bezala.

HEMEN: Gure pedagogiak Euskal Herrirako izan behar du. Kultur, politik eta ekonomi egoera berezi batzuetan bizi diren haurrentzat eta haurrengan mamitu behar dugu. Kondairazko heredentzia eta kultur balio eta usadio jakin batzuen harian datozen haurrentzat moldatu behar dugu. Inola ere ez, haur koloregabe eta ukroniko batentzat.

Gure pedagogiak, benetako pedagogia izan nahi badu, geure lehenean eta orainean ditugun egiazko giza balioetan errotua izan behar du. Herri baten baitan,* gauza on eta txar, denetarik dago. Bere sena* galdu ez duen pedagogiak, iragazketa* eta xertaketa* lan arduratsu bat egin behar du, geroari buruzko projekzio oinharrigabea gerta ez dadin. Ez du inola ere etendura traumagarririk sortu behar. Kondaira erroak haintzakotzat hartzen ez dituen pedagogia, bizi zain* eta muztiorik* ez duen hori, aurrerakoitasunez jantzirik badator ere, hil eta zurruna* da, ez da benetako pedagogia.

ELKARREKIN: Aitor dezagun, pedagogia eta hezkuntzaren* «profesionalak» irakasleok garela; baina haurraren hezkuntza ez da ikastola orduetan bakarrik burutzen* den zerbait. Familiak, herri giroak, irakurgaiek, textuek, komunikabideek eta bestek ere zeregin handia dute hauzi honetan, zenbaitek uste duen baino handiagoa. Beraz, ikastola ezin daiteke «getto» bihur, ikastolaz kanpoko hezkuntza horren «bihotz eta birika»* baizik. Nolabait esateko, ikastolako pedagogiak harreman hestu bat behar du ingurunearekin eta ingurune horretan protagonista nagusi diren gurasoekin, koordinatze eta komunztadura hertsi batetaraino heldu arte.

Pedagogia errealista bat burutzeko,* gurasoekiko elkar hizketa nahitaezko baldin bada, are* gehiago bultzatu behar dugu elkar hizketa hori, gurasoek duten landu beharra kontuan edukiz gero. Kondairarekiko lotura etetea bezain trauma sortzaile —edo gehiago— gerta daiteke beste hau ahanztea.

Ukitu ditudan puntuoz gainera, ba da aipamena merezi duen besterik. Baina hemengo hauei oinharri oinharrizko deritzet,* geure pedagogiaren norabidea zedarritzen* hasteko eta arazo larri honetaz lankide zaituztedanoi eritzi batzuk* eskaintzeko.

X. MENDIGUREN

dezagun, daigun

diezazkiguke, deiskiguz

ditzake, daikez

gatzaizkio, gatxakoz

gaude, gagoz

zaituztet, zaituet


"Iberia Express"

Folklorea eta meteorologia politikoa

Carlos Iniesta Cano teniente jenerala, 66 urte betetzean, B egoerara pasatu da. Hamabost urte zituenetik harmadan* egon da, eta azkeneko bi urte eta erditan Goardia Zibilen zuzendari izan da.

Oraintsu, Arriba egunkarian, Espainiaren etorkizunari buruzko eritzi batzuk* eskaini dizkigu. Hauxe esan digu etorkizun horretaz:

«Espainiaren etorkizuna orain Caudilloaren eskuetan dago, eta gero Printzearen eskuetan egonen da gizaldi* gazteen laguntzarekin. Beraz, ez dugu inongo beldurrik izan behar. Espainia polita da, eguraldia* ezin hobea, eguzkia ere bai, flamenkoa paregabea. Urrunean ez dago hodeirik, eta azal litezkeen hodeittoak haizeak deseginen ditu».

Demokraziaren oinharriak TVEn

Maiatzaren 19an, «Todo es posible en Domingo» programaren barnean, Patachou frantses kantariari Tico Medinak egin zion galderak zera adierazten digu: TVEn ez direla demokraziaren oinharriak ezagutzen.

«Gaur Frantzian hauteskundeak* izan dira. Nori eman diozu botua?» galdetu zion Ticok, eta Patachouk, harriturik, honela erantzun: «Frantzian botua isilekoa da; beraz, ez dizut erantzunik emanen».

Alde batetik ez gaitu Tico Medinaren galderak batere harritzen, demokrazi arazorik arruntenetan* ere ezjakin hutsak baikara.

Egutegi politiko baten premia

Santa Rita eguna heldu dela jakiteko, Arantzazuko Amaren Egutegia dugun bezala, halaxe, politikazko esannahi haundia duten egunak jakiteko ere, egutegi politiko bat behar genuke. Egunetik egunera ugaritzen baitira honelako esaldiak:

«Otsailaren* 12ko izpiritua uztailaren* 18koa berbera da, egungo* baldintzetara* gaurkotua. Abenduaren 20ak ez du eten orainarteko bide zuzena, ez du inolaz ere apirilaren leheneko garaipena alferrik galdu. Berriro ere, urriaren lehenean hainbeste urtetan lemazain izan dugunari, esker ona azaldu behar diogu».

Irekitasun zaleen batzarrea Barcelonan

 Cambio 16 aldizkariak antolaturik, Barcelonako Ritz Hotelean hamahiru jaun katalanek batzarre bat izan dute. Joera askotako batzarrea: kapitalista indartsuak, aspaldiko sozialistak, eta abar.

Denak gauza batetan azaldu ziren ados:* Orain «irekitasuna» deritzan hori ez dek egiazkoa izanen, demokraziazko aldaketa bat berarekin ez badakar.

Dena den, ez dira edozein, han bildu zirenak. Denen artean 15 mila milioi pezetatako kapitala errepresentatzen zutela esan omen liteke:

SANTIAGO NADAL: Barcelonako Prentsa Elkartearen lehendakari. La Vanguardia egunkariaren zuzendari. Munduko Bigarren Gerraren azken aldean hiru aste egon zen gartzelan, aliatuen alde azaltzeagatik. Don Juanen kontseilukoa izan da, eta haren jarraitzaile da.

SALVADOR MILLET I BEL: Ekonomista. Errepublika garaian Lliga alderdian Cambó jaunaren laguntzaile. Entrepresa haundi baten zuzendari eta beste askoren kontseilari. Europan integratzearen zale porrokatua.

MARQUES DE LA VEGA INCLAN: Boltsa eta Kanbioko agenterik nagusienetako bat. Europazalea hau ere.

LLUIS CARULLA: Kataluniako 21 entrepresatako lehendakari eta eskualde* hartako gizonik aberatsenetako bat. Kataluniako kulturari diru laguntza haundia ematen diona.

RAMON TRIAS: Barcelonako Unibertsitatean katedratiko, eta bankarekin lotura haundia duena.

ANTONI MORAGAS: Arkitektu. Banca Catalana-ren kontseilari, eta katalan liburugintzan parte hartzen duena.

MANUEL JIMENEZ DE PARGA: Katedratiko famatua.

JOSEP ANDREU: Errepublika garaian diputatu. Herbesteraturik bizi izan da 1963.erarte.

ANTON CAÑELLAS: Abokatu eta bitxitegi* haundi baten jabe. Kristau demokrata.

JOAN RAVENTOS: Abokatu eta entrepresari. Unibertsitatean irakasle izana eta handik egotzia. Sozialismoaren zale.

AGUSTI DE SEMIR: Abokatu. Legezko sindikatuetan karguak izan dituena. 1953.ean ideiaz aldatzen hasten da, eta bere karguak kendu egiten dizkiote. Ihazko uztailaren* 28an detenitu egin zuten.

JOSEP SOLE: Abokatu, «Bloc Obrer Camperol»ekoa izana, gero «Partit Socialista Unificat de Catalunya»ren sortzaileetako bat. Gartzelan egon zen 1939.etik 1944.era bitartean, eta sei hilabetetan heriotzera kondenatua. 1950.erarte herbesteratua. Katalunian preso politikoak gehienetan defendatu dituen abokatua. Burgosko hauzian ETAkoen defentsan ihardun zuen.

Gizon hauek honelako gauzak esan dituzte:

«Irekitasunean ez dut sinetsiko, politika ekintzarako elkarteak sortzeko eskubidea zeharo ematen ez den bitartean» (S. Millet).

«Barregarria litzateke Europan sar gintezkeenik pentsatzea, aldatzen ez bagara. Mendebaldeko* nazio bat izateko* ordez, Afrikako bat izan nahi badugu, Pirinioak benetako hesi bat izan daitezen, orduan bai bazter dezakegu irekitasuna» (Marqués de la Vega Inclán).

«Hizkuntzaren (katalanaren) erabiltze normalak eskolatik Unibertsitateraino joan behar du, bidegurutzeetako xarteletatik hitzaldi eta kantuetaraino» (Lluis Carulla).

«Oraindik ezin dezakegu esan irekitasunik dugunik. Duguna, zirritu* bat besterik ez da. Atea aspaldiko urteetatik hertsirik* dago. Politika elkarteak sortzeko eskubiderik ez dagoen bitartean, ez dago irekitasunik» (Jiménez de Parga).

Jendeak elkartzeko eskubidea behar du, bai; baina denok pentsatzen ari garen izena eman diezaiegun elkarteoi: alderdi politikoak. Europan dauden bezalakoxeak. (...). Kataluniak problema haundiak ditu. Problema hauetatik dator katalan gehienek duten, lehen izan genuenaren antzeko autonomia bat lortzeko egarria. (...). Krisi baten garaian gaude. 'Otsailaren 12ko izpiritua' deritzana, irekitasuna eta autoritatea elkartuz, krisi hau konpondu nahi duen pentsamolde baten azalpena da. Aurrera ateratzeko ahalbiderik* ba ote du? Nire ustetan, oso eskasa» (Josep Andreu).

Hezkuntza eta Zientziako Delegatuen bilera

Ekainaren* lehen hamabostekoan bildu dira Madrilen, Hezkuntza* eta Zientziako Ministerioak Euskal Herrian, Katalunian eta Galizian dituen delegatuak. Istudiatu duten arazoa, eskualdeetako* hizkuntza eta kulturen superbizitza eta hazkundea* izan da. Delegatuok zera ikusi dute, eskualdeotan hizkuntzaren kontzientzia berri bat piztu dela, alegia.* Horretarako, Educación General Básica (E.G.B.) edo Oinharrizko Hezkuntza Orokorrari buruzko legearen 14 eta 17. artikuluak osatu beharko lirateke. Hamalaugarren artikuluak onhartu egiten du herri mintzaira eskolaurreko hezkuntzan.

Delegatuok diotenez, hizkuntzabidun lurraldeetan 400.000 haur daude lau-zortzi urtetakoak. Haurtxo hauentzat 10.000 maisu eta maistra beharko dira, hizkuntzabitasunak dituen arazo pedagogikoetarako ongi trebatuak. Hezlariok* prestatzeko, bi mailatan egin beharko litzateke lan: lehenik, eskola aurrelari batzuk* sortuz, eta, bigarrenik, nonnahi hizkuntzabidun eskolak muntatuz.

Planteamendu hau, esan bezala, ku-zortzi urtetako haurrentzat izanen litzateke bakarrik. Behin zortzi urtetaraz gero, hizkuntza ofiziala izango litzateke nagusi, herri hizkuntzari ere ikasgai bezala toki bat utzirik. Egia esan, herri hizkuntzari ezarriko zaion mugaketa honek benetan kezkatzen gaitu gerorako.

Kazetariak:

Joseba INTXAUSTI

Andoni SAGARNA


Hementxe denok

Errioxa. Ipar Aldea. Bizkaia. Euskal Herria

Errioxa

Errioxa, euskalduntzeko bidean

Zer bultzatzen gaitu euskaldunok Errioxarantz? Ardoak eta eguzkiak? Ardoaren gozotasunari eta eguzkiaren argitasunari uko egin gabe, ene ustez Errioxak barrenagotik deitzen gaitu.

Donemiliaga* Kukulara bildu zen Euskaltzaindia ekainaren* 15ean, eta han egin zuen bilkura* berezi bat, Instituto de Estudios Riojanos erakundearekin* batean. Monasterio hartan, orain dela mila urte, errioxar fraide batek euskaraz idatzi zuen:

IZIOQUI DUGU

GUEK AJUTU EZ DUGU

Toponimia, hango herritarren euskal deiturak* eta beste mila froga* ditugu, Errioxaren euskal jatorria egiaztatzeko.

Gure herriaren deseuskalduntzea hegoaldetik hasi zen, Errioxatik. Hango euskaldunak erdaldundu egin ziren, eta guk ahanztu egin genituen. Orain Euskaltzaindiak gogoratu nahi izan digu Errioxaren euskalduntasun hura,* eta bide bat zabaldu digu Errioxarantz: kulturaren bidea.

Donemiliagan egin ziren hitzaldien artean, batek hunkitu* gintuen bereziki, beharbada hizlaria «Zazpi Probintzietakoa» ez zelako, edo beharbada Marka horretakoa zelako. Dena den, Alberto Escudero jaunaren esaldiak ez ziren sentimentalismo hutsa. Zientifiko batek hitz egin zigun, neurologo ospetsu batek. «Neurologook —esan zuen bere berbaldian—, zahartzarora hurbiltzen direnei, hizkuntzak ikastea gomendatzen diegu, erne eta buru argi iraun dezaten. Errioxarren maila intelektuala hobeagotu eginen litzateke, euskara-gaztelaniazko bilinguismo baten bidez». Hau guztiau entzun ondoren, nola ez Escudero jaunagana jo? Jo egin genuen, bai, eta hona hemen harekin egindako elkar hizketa.

— Donemiliaga Kukulako bileran egin zenuen hitzaldia oso interesgarria izan zen, hara bildu zirenen eritziz. Alde batetik, esan zenuena berez interesgarria zelako, eta, bestetik, zu zerori euskalduna ez zarelako. Egin zenezakea* orain zeure autobiografia laburño bat, ANAITASUNAren irakurleentzat?

— Ni Valenciarra naiz. Madrilen ikasi nuen medikuntza. López Ibor profesorearen lehen ikasleetariko bat izan nintzen, eta haren laguntzaz neuro-psikiatrian espezializatu nintzen. Gero doktoregoa lortu nuen Madrileko Unibertsitatean, barneko nahasmenduen historiari buruzko tesi batekin. Mediku bezala, erotegietan lan egin dut, eta orain Errioxako manikomio nagusia kudeatzen* dut. Hogei urte baino gehiago eginak ditut berton. Ene semeak Errioxan jaio dira, eta herrialde honekin erabat* eta betiko loturik nagoela uste dut.

Instituto de Estudios Riojanos erakundearen ordezkari bezala ihardun zenuen Euskaltzaindiaren bileran. Esan zenezakea zerbait erakunde horretaz?

— Institutuko zaharrenetarikoa naiz, eta aspaldion presidentorde kargua dut. Erakunde honek helburu nagusi bat du: gorde eta emenda* herrialde honetako kultur balore guztiak, bai lehengoak eta bai oraingoak. Hauen artean sartzen dira: historia, linguistika, artea, zientziak, turismoa, teatroa, musika, folklorea, eta abar. Azken urteotan haundia izan da Institutuaren lana, eta pozik gaude ondorioez.

— Donemiliagan bilinguismoaren aldeko agertu zinen, eta horretaz neurologo baten ikuspuntutik berba egin zenuen. Esaguzu zerbait gai horri buruz, bilinguismoa praktikatzen dugunok, sentimentuzko arrazoinez gain, zientifikoak ere ukan ditzagun.

— Ene ustez, bilinguismoa baliozko zerbait da. Zenbat eta hizkuntza gehiago jakin, hainbat hobe. Eta hizkuntzak ikastea ez da gauza zaila, batez ere umetatik hasiz gero. Umeak du horretarako gaitasunik handiena. Haurraren adimena oso zalua* da edozein gauza berritarako, eta erraz ikas ditzake bi eta hiru hizkuntza batere nekerik gabe. Haurraren ahala puntu honetan mugagabea dela esan genezake. Bilinguismoaren bidez, beste hedadura* berezi bat lortzen du gizonak, ez bakarrik bere intelektual alderdian, bai eta bere nortasun osoan ere. Eta, horrela, bide berriak irekitzen zaizkio, beste gauza asko ikasteko. Zerebruaren fisiologiak erakusten digunez, estimulagarrien eragipena gehitu egiten da, haien sarritasuna emendatzen den arabera.* Beraz, hirugarren hizkuntza errazago ikasten da bigarrena baino. Eta laugarrena, hirugarrena baino. Egia hauk* ez dira gutietsi* behar, edukaziozko planteamendu orokor* bat egiterakoan.

— Donemiliagako mintzaldietan behin baino gehiagotan esan zen, orain zenbait mende arte Errioxan euskaraz egiten zela. Zure ustez, errioxarrek ukan lezakete laster, beren herrialdean euskara ikasteko ahalbiderik?

— Arazo hau entrepresari zentzu moderno batez erabaki behar da, ene ustez. Gauzak ongi atera daitezen, lehenik informazio asko bildu behar da, eta haren gainean planteamendu bat egin. Aintzina hitz egiten zen lekuetan euskara birpiztea: horixe litzateke lehen xedea.* Honetan lan egin gura lukeenari, zera esanen nioke, ez ledila adineko* jendeez kezka, haien sentsibilitatea zuzpertzeko* eta laguntasuna lortzeko izan ezik. Umeengan lan egitea: horixe da behinena.* Asko dira Errioxako umeak, euskal izeneko herrietan bizi direnak, eta euskal deitura dutenak. Horik* behar dira irabazi, barnean daramaten euskal hazia erna eraziz. Horretarako, molda ume horien izpiritua, beharbeharrezko balore bat bezala eskura dezaten beren arbasoen* hizkuntza. Udalekuak antola, jostagarriak munta (ibilketak, mendiratzeak, joko lehiaketak,* kantuak, dantzak, eta abar), haien bitartez umearengan sar dadin euskara baitezpadako* elementu bat legez,* eta ez batxileratuko ikasgai bat bezala. Hots,* irakats euskara, haur batek bere inguruko bizitza bereganatzen duen modura: emeki,* arian arian,* ohargabean. Gero, aurrerago joanez, euskara ikasteko eta zabaltzeko erakunde batzuk ere eraiki litezke, Errioxako hizkuntza zaharra geldiro geldiro leku guztietan ezagunago eta maiteago izan ledin. Helburu zoragarria benetan! Baina hartara irixteko,* borondate ona behar da, eta batez ere entrepresari mentalitate moderno bat, lehen esan dudan bezala. Beste bi faktore ere kontutan eduki behar dira: dirua eta astia. Dirurik egonez gero, berak topa erazten du astia. Eta dirua biltzen, biziki lagun gintzakete herrialde honetako kultur elkarteek, aurrezki kutxek, pertsona partikularrek eta Diputazioak berak ere.

— Azaldu dituzun asmook aurrera eroateko,* zer balio dute, Donemiliagan egin dugun bilera akademikoaren antzeko ihardunaldiek?

— Halako bilkurak balio haundikoak dira, dudarik ez. Baina haietan esaten diren gauzek ez dute eskolatu batzuentzat bakarrik izan. Kanpora jalgi* behar dute, plazara, herriak ere ezagut ditzan, eta, ezagutu ondoan, geldi geldika asimila eta beregana.

— Beste zerbait euskarari buruz?

— Neure lau deituretarik bi euskaldunak ditut. Donemiliagako bilkuran entzun nituen berbak, neure euskaldun arbasoen deiaren oihartzuna* bezala heldu zitzaizkidan bihotzera. Penintsulan zehar oraino bizi diren hizkerak kulturaren zutabe* gotorrak* dira. Horregatik, eginahala egin behar dugu, hil ez daitezen. Hilgo balira, edo hiltzera utziko bagenitu, gure kulturaren eta gure izpirituaren zati bat hilgo litzateke. Eta denok ginateke hobendun.* Ailetsa* Jainkoak, hori inoiz gerta ez ledin, eta errioxarrok lehen bai lehen ahal genezan geure arbasoen hizkuntza zaharrean pentsa eta hitz egin.

Ipar Aldea

Hego Euskal Herria hobeki ezagutzeko

Emeki* emeki, ipar- eta hegoaldeko euskaldunen artean, harremanak ugaltzen ari zaizkigu. Kultur mailako harremanak ditugu hemen gogoan. Eta hainbat hobe! Agian,* ez bide* dio inork, berriki abiatu den sail eder horri trabarik ezarriko!

Lehenik aipa dezagun, Euskal Dantzarien Biltzarreak Baionan eta Donibane Garazin eman erazi zuen filme ederra: «Nafarroako lau sasoinak». Komenigarri litzateke, berriz ere filme horren ekar eraztea eta iparraldeko zinemageletan ematea.

Beste filme bat, hegoaldean zer industri mota den ikusteko paregabea dena, eta Baionan emana izan dena: Bizkaia, aurrerakuntza eta errealitatea». Bizkaiko industriaren alderdirik ederrena bakarrik erakusten badu ere, beti Pariseri so* dauden ipartarrentzat ba duke* zerbait onik.

Beste filme bat, sekulako arrakasta* ukan duena, Arrasateko industrial kooperatiben oldea* erakusten duena izan da. Filme hau Donibane Lohitzunen, Hazparnen eta Baionan emana izan da, solasaldi* batekin ondotik. Iparraldean ez zekitenei, ederki erakusten die nola bost gizonetarik abiatu* obra zer heinetaraino* haunditu den, eta nola langileriak parte hartzen duen errealki bere lantegiaren kurridan* eta geroan.

Ba da beste filme bat, harrera ona ukan* lezakeena, «Ama Lur», behin ere iparraldean agertua izan ez dena.

Filmeetaz aparte, Baionako Herriko Etxean hilabete batez iraun du zazpi euskal probintzietako margolari eta zizelkarien* —orotara, berrogei bat artistaren— lanen erakusketak. Berriz muntatzea balio duena, beste artista batzuen lanekin.

Erakusketa honetaz erran dezagun, anitz ikusle etorri dela. Ba zen han zer ikus: 78 artelan erakutsiak izan dira. Erakusketa honen helburua hau izan da: mugaren bi aldeetan sortzen diren zizel- eta margolariak elkarretaratzea eta konparatzea. Hor ikusi dugunez, artea sanoki bizi da Gipuzkoan, Araban, Nafarroan eta partikularzki Bizkaian. Gure eskualdetik* ere hogei. bat artista bildu dira. Erakusketa hori lehen urrats* bat da, zinez* baliosa, geroari buruz, artearen alorrean* euskal artistak gurutza daitezen, elkarrekin harreman tinkoak sor ditzaten, euskal artearen onerako, Euskal Herriaren kultur hazkunderako.*

Musikarien eta dantzarien egunak Mendekostekari*

Joan den Mendekoste egunez, eta bezperatik ere, ba zen mugimendu bai Angelun* eta bai Donibane Lohitzunen. Zer zen, bada, hiri horietan horrelako jendaldearen biltzeko? Angelun Frantzia guztiko musika banden eguna zen: zeingehiagokako eguna. Ba ziren orotara mik musikari baino gehiago, eta haien ikusleak milaka.

Donibane Lohitzunen, berriz, dantzarien eguna. Mila bostehun bat dantzari, hauetarik multzo bat hegoaldetik etorria. Aurreko urtean bezalatsu bildu zen jendea. Hiru milaz goiti, arratsaldeko ikusgarrian,* herriko pilotalekuan.

Gazteek Unibertsitate bat nahi dute

Iragan urtean sortu zen Baionan gazteen laguntzarako batasun* bat. Batasun horrek, apirilaren 17tik maiatzaren 5a arte, inkesta* bat egin du eskualde honetako 3.137 gazteren artean. Hirutarik batek erantzun du: 775 neskak eta 528 mutilek.

Hona galde-erantzunetarik zenbait:

• Baionan eta inguruan ba dea* jostaleku eta denborapasalekurik aski?* Bai, 28,5 %. Ez, 70,1 %. Deusik,* 1,4 %.

• Beharrezkoa dea ala ez Unibertsitate bat Baionan? Bai, 72,1 %. Ez, 25,9 %. Deusik, 2 %.

• Baiona udatiar hiri bat dea? Bai, 55 %. Ez, 42,1 %. Deusik, 2,9 %.

Euskaltzain berri bat

Euskaltzainek lagun berri bat hautatu dute, Lafon zenaren ordaintzeko. Gure eskualde honetakoa izan behar zuelarik, euskaltzain oso ezarri dute Emil Larre, Aiherrako erretorea.

Ez da ustegabeko hautua.* «Sokorri» izenordeaz, «Gazte» hilabetekarian artikulu pisuak* idatzi zituen. Geroxeago, haren predikuek arrakasta* haundia ukan zuten gure herrietan. Orain HERRIA astekariaren zuzendaria da. Azken bost urte hauetan Emile Larrek herrikotu egin du astekaria, oraingotu, euskara errax bat erabiliz.

Eta bertsolaritzaren alde egiten dituen indarrez azken hitz bat. Hilabetekari batek zioen berrikitan,* bertsolaritzak erro sanoak hartzen ari dituela Aiherran, eta hori herriko erretoreari esker.

Emile Larre, haro* haundirik gabeko lana egiten duen gizon suharra,* Euskaltzaindiak behar duen langile hauta.*

Eta euskarazko lanak aipatu ditugunez gero, erran dezagun, bururatzeko, gai honekin zerikusia duen berri bat.

Beharbada ez dakizue, hemengo ikastetxeetan, euskara mintzaira gisa* presenta daitekeela batxileratuan, beste edozein mintzaira bezala. Aurten 150 ikaslek presentatu dute. Nahiz ez ziren anitz,* aurtengo ikasleen lanak eta erranak hain* onekoak omen ziren. Eta, zuzentzaileek diotenez, hain hori urtetik urterat hobetzen ari da.

Baionako Ofizialdegiaren ikastetxea

Baionako Ofizialdegiak edo, bestela erran, ofizioen ganbarak, duela bi urte ba du muntaturik ikastetxe berri bat, non ere gero eta ikasle gehiago baitabila ofizio bat ikasi beharrez. Ez da, egia erran, gauetik biharamunera horretaratu. Oroit gaitezen nola 1950.ean hasi zen ikastaldien ematen, ofiziale gazteen ondotik herriz herri ibiliz. Geroztik egin du bide. 1968.ean deliberatu edo erabaki zuen ikastaldien Baionan ematea. Baionako herri kontseiluari esker, leku bat eta aterbe berri bat aurkitu zuen Santandreseko hauzoan. Eta 1971.ean, oraino Baionako herri kontseiluari esker, Santizpirituko hauzoan, ordu arte jendarmeriak baliatzen* zuen etxea erosi zuen. Eta geroztik, etxe zahar berritu hartan eta haren inguruan altxatu dituen aterbe berrietan muntatu ditu bere bulegoak* eta bere ikastetxe berria.

Egun,* beraz, iparraldeko ofizialgai gehienak, eta bereziki teknika eskolak ezin jarraikiz utzi behar izan dituztenak, Baionako Ofizialdegiaren ikastetxera biltzen dira, ofizio baten ikasteko nahiarekin. Gazte hauek hor aurkitzen baitute beren adimenari doakion irakaskintza, elezkoa* eta eskuzkoa.

Ofizialgai gazteak bi taldetan banaturik daude. Lehen taldean, hamabost eta hamasei urtetakoak. Bigarrenean, hamasei urtetakoak. Orotara,* 550ez goiti dira aurten..

Erran dezagun, ikastetxe honi esker, ikasle hauek guztiok ofizio baten ikasteko emana zaien azken aukera dutela. Eta gehienek, urte hondarrean* iragaten* dituzten etsaminetan, hautatu duten ofizioko diploma eskuratzen dutela. Eskuzko lanetan, % 70-75 ongi ateratzen dira. Izkiriozko edo idatzitako lanetan, aldiz, % 50-60! Dezagun erran oraino, ikastetxe horretako zuzendariak berrikitan* egin duen inkesta* batek jakin erazi duenez, ofizio bat ikasi dutenetarik % 80k, hautatu duten ofizio hartan lan egiten dutela. Eta zifra hori, Frantzia guztiko ofizio ikastetxeetan egina izan den inkesta batek ere berdin finkatzen du. Ez dute, beraz, behar gabeko lana betetzen ikastetxe borren muntatzaile eta gidariek.

Ofizialgai horietaz bestalde —horiek egunez segitzen dituzte beren ikastaldiak—, ikastetxe horretan arratseko ikastaldiak ere ematen dira. Jadanik* ofiziale direnak joaten dira ikastaldi hauetara. Ba dira 280 bat orotara. Hauek beren ofizioa barnagotik ikasten dute ikastaldi horiei esker.

Erran dezagun, bururatzeko,* lan paregabea eta behar beharrezkoa betetzen duela Baionako Ofizialdegiak, ofizialgai eta ofizialeen ikastetxe berri horretan.

Baionako komertzial eremu berria

Duela hiru urte, 1971.eko urtarrilaren* 13ko biltzarrean, Baionako herri kontseiluak ongietorri egin zion salerosle edo merkatari multzo baten deiari, eta, laguntza gisa,* zazpi hektareako eremu* bat eskaini zion, metro karratua bost liberatan* utziz. Ez zen laguntza ttipia!

Geroztik urak bide egin du. Eta merkatari multzo haren xedeak* ere bai. Zeren* eta orduko ideia osoki obraturik ikus baitezakegu egun,* Pontots deitu* industrial eremuan. Hona bi hitzez errana, zer den obralan eder hori, hemezortzi komertziantek elkarrekin egin dutena, eta laster ofizialki irekiko, estrenatuko edo inauguratuko dena.

Erosi zuten lur eremua, basatza* eta putzu leku bat zen. Behar izan dute, beraz, lehenik zola* ongi finkatu. Harri eta legarrez* bete. Zola berritu eta berdinduan altxatu dituzten etxe ederrak, pilare edo zutoin sendo batzuen gainean finkatu behar izan dituzte. Erran nahi baita, ez dela nolanahiko lana izan komertzial zentro berri horren egitea. Elkarkide ziren komertzianteek berek anitz* lan eginez ere, erran behar da, orotara miliar* bat libera zahar inguru kosta zaiela obralan eder hori.

Komertzial zentro horrek ez ditu banazka* egiten saltzeak, andanaka* baizik, gero komertzial etxeek banazka egin ditzaten.

Oraingoz kasik denak sartuak dira nor bere etxe berrian; eta denak kontentu daude, abiatu duten esperientzia bide onetik eraman dutelakotz eta gero eder bat igurikatzen* ere dutelakotz. Hainbat hobe haientzat eta Baionako eskualdearentzat, zeren eta, hiru urte barne, orotara 300 bat langile izanen baita komertzial zentro berri horretan, eta hauetarik erdiak berriak. Ez da, segur, gutiestekoa,* hain lanbide guti duen eskualde batentzat!

Itsas hegiko kanpinetan nor dabilan

Baionako Komertzialdegiak* hilabetero argitaratzen duen «Activités en Pays Basque» deitu* agerkariak, bere azkeneko zenbakian, itsas hegi* honetako kanpinetaz inkesta* labur bat dakar. Inkesta hori joan den urtean eta aurrekoetan egina izan da. Eta erakustera demaigu* nor eta zenbat udatiar dabilan delako pausaleku* horietan.

Inkesta horri esker, lehenik jakiten duguna da, ba direla orotara berrogeitahiru kanpin gure itsas hegi honetan, Arrangoitze, Uztaritze, Azkaine eta Senpere barne* emanez. Denen artean, hogeitabat mila eta zazpiehun bat udatiar errezibitzen abal dute. Pausaleku horietarik hamaika, lau izarretakoak dira. Hamabost, hirukoak. Hamahiru bikoak, eta lau batekoak. Lehen kategoriakoek 5.900 jende kokatzen* ahal dute. Bigarrenekoek, 10.400. Hirugarrenekoek, 4.850. Eta laugarren mailakoek, berriz, 550 baizik ez.

Bestalde, berrogeitahiru kanpin horietarik bost urte guztian irekirik daude, hemeretzi Pazkotako irekitzen dira, eta gainerakoak ekainaren* lehenetik hasita. Pazko eta Mendekoste festaburuetan* arras* jende guti ibiltzen da. Gehien gehienik uztailaren* hamarretik agorrilaren* hogeitalaua bitartean ibiltzen da, baliagunerik* gorena agorrileko lehen hamabi egunetan aurkitzen delarik.

Nongoak eta nor dira pausaleku horietan dabiltzanak? Hona inkestak ematen digun erantzuna edo arrapostua: % 17 Frantzia hegoaldekoak, % 13,2 Pariseko eskualdekoak, % 62,9 Frantziako beste eskualdeetakoak, eta % 6,9 bakarrik beste nazioetakoak. Bi oharpen egin ditzagun hemen. Lehena, joan den urtean aurrekoan baino jende gehiago etorri zaigula Pariseko eskualdetik. Bigarrena, berriz, nola beste nazioetarik ere jende gehiago ibili den pausaleku horietan joan den urtean aurrekoan baino.

Kanpin horietan ibiltzen direnetarik, % 77 jende familiaduna da. Bestalde, % 52,8 jende hilabete-sariduna da (industrian, merkatalgoan* lan dagiena*), eta % 26 administrazioko langile dena. % 73,6k erran dute zenbatekoa den hilabetero irabazten dutena. Irabazi horiek ederki salatzen digute, langile xeheak lanarte edo bakantza guti hartzen duela bere eskualdetik urrun.

Parisko euskaldunak irakasle titulu bila

Ekainaren* 22an, Parisko Euskal Etxean, hamaika euskaldun ikasle gaztek beren examina egin zuten Euskaltzaindiko ordezkari batzuen aurrean, irakasle titulua lortzeko. Tribunala A. Irigoien euskaltzain osoak, eta Tx. Peillen eta X. Kintana euskaltzain laguntzaileek osatu zuten.

Ikasleok oso interesaturik omen daude Euskaltzaindiaren titulu hori lortzeko, frantses gobernuak, hain zuzen ere, Frantziako Unibertsitateetan euskara irakasteko eskatu egiten baitie. Horra non, bada, Frantzia gure Euskaltzaindiari erabateko* nortasuna ezagutzen!

Bizkaia

Bilboko Herri Irratia eta euskara

Irrati hau, euskara indartzera saiatuko dela entzun dugu sarritan. Sinetsi egin beharko, ikusten (edo entzuten) ez diren gauzak, sinetsi egin behar izaten dira eta.

«Herri Irratia zuekin» entzun ostean,* euskaraz zerbait entzuteko zain egoten da jendea. Baina, egia esan, gogaitu* egiten da itxaroten,* gogoa benetan betetzen duenik ez da inoiz etortzen eta.

Baina ba dago oraino hori baino gauza bitxiagorik. Ekainaren* 3an eta «Egunon, Bizkaia» emankizunean, hizkuntzak ikasteko komenientziaz mintzatu zen hizlaria: oso komenigarria zela, geure hizkuntzaz gainera (hots, gaztelaniaz gainera) frantsesa, ingelesa eta alemana ikastea.

Noiz arte hola?

J. M. Barandiaranentzako omenaldirik ez

Ekainaren* 23rako Bermeon aita Barandiarani omenaldi bat egiteko asmoa zegoen, bertako gazte kulturazaleen artean. Bizkaiko gobernadore jaunak, ordea, Cambio 16 aldizkariak dioenez, inolako arrazoirik eman gabe, galerazi egin zuen hura.

«Mikeldi» kafetegia berriro zabalik

Ihazko abenduan Mikeldi deritzon kafetegia sei hilabetetarako hertsirik* egotera kondenatu zuten Bilbon, diruzko multa haundi bat jartzeaz gainera. Arrazoia politikazkoa izan zen.

Orain, berriz, kafetegi hori zabalik dago. Baina Bilboko La Gaceta del Norte egunkarian zabaltze horren berria euskaraz ipintzea ez diote onhartu, Mikeldi berriro ere zuekin delako sloganari, antza* denez, usain txarreko eritzirik. Nork esanen!

Galdakaoko lantegi batean 21 pertsona hil

Uztailaren* 2an, hogeitabat pertsona hil eta beste asko zauritu ziren Galdakaoko lantegi batean, han erabiltzen diren lehergaiek iztanda* egin zutelarik.

Gertakari ikaragarri honek mindurik utzi du Euskal Herri osoa.

Lantegi hori Galdakao herritik oso hurbil dago. Azken urteotan ere zenbait leherketa* gertatu izan dira bertan. Honek benetako arrisku baten aurrean jartzen gaitu. Kutsaduraz* kezkatzen hasi garen orduon, ez ote ditugu arrisku hauk* aztertu behar, eta, berriro ere gerta ez daitezen, zerbait egin? Zertzu neurri hartuko ote dituzte agintariek holako gertakariak galerazteko?

Deustuko hitzaldiak galerazirik

Ekainaren azken astean, Deustuan, Done Petriren elizan egiteko zeuden euskal kulturazko hitzaldiak galerazi egin ziren, lehena —«Euskara hezkuntzan*— Xabier Mendigurenek egin ondoren. Berau entzuteko, jende pila haundi bat —200 inguru— bildu zen, ondoren elkar hizketa interesgarri bat sortuz, inolako istilu* eta ordena hausterik gabe. Ez dugu ulertzen, beraz, zer dela eta ez zen egon beste hitzaldietarako baimenik.

Biharamunerako, Imanol Berriatuaren berbaldia zegoen programaturik. Honen gaia, «Euskara Batua». Ordu batzuk lehenago heldu zen gobernadorearen debekua. Ez zen egon jende guztiari jakin erazteko astirik. Hala ere, 500 pertsona edo, gehienak gazteak, bildu ziren aretoaren* inguruan, alferrik baina.

Euskara Lejoako Unibertsitatean

Emeki* emeki, Lejoako* Unibertsitatean euskarak aurreranzko pausoak ematen dihardu. Lotsagarria litzateke, bestalde, Lejoa Euskal Herria izanik, bertako Unibertsitatean erdaraz baino eginen ez balitz.

Joandako ikasturtean alfabetatze ikastaro bat ukan zuten unibertsitariek Medikuntza Fakultatean, eta geurzko* kurtsuan beste horrenbeste egiteko asmoa dute.

Aurtengo uztailaren 3an, kimika kuantikoaz tesina bat irakurri izan da euskaraz. Tesinaren izenburua, «Hartree-Fock-en methodoaren hurbilketa erdienpirikoak». Egilea, Jazinto Iturbe Barrenetxea. Zorionak berari, eta aurrerantzean ea beste asko jarraitzen zaizkion.

Oskorri taldearen kantaldia Bilbon

Ekainaren 26an, kantu saio bat eman zuen Oskorri taldeak, Santiago Apóstol ikastetxeko teatroan.

Jendalde* haundia bildu zen bertara, eta txalo beroak entzun zituzten Oskorrikoek. Entzule askoren eritziz, talde hau bere mementorik hoberenean dago, batez ere Natxo de Felipe kantaria.

Umeen jaialdia Lejoako ikastolan

Lejoako* ikastolan, ekainaren 21ean, umeek jaialdi bikain bat eskaini zieten beren gurasoei. Umeak denak: pailazoak, txistulariak, kitarlariak, dantzariak, bertsolariak, ipuinlariak, eta abar. Aretoko* apaingarriak ere umeek egin zituzten.

Gernikako euskal jaia debekatua

Gernikako Jai Alai pilotalekuan ekainaren 23an egiteko zen euskal jaialdia, debekatua izan da. Parte hartzeko zirenak, hauk ziren: Fermin Valencia eta Miren Aranburu kantariak, Iruineko gaitariak* eta Oskorri taldea.

Jendaurreko elkar hizketa hezkuntzari buruz

Ekainaren 26an, Lejoako ikastola berrian, irakasleek jendaurreko elkar hizketa bat eratu zuten ikasleen gurasoentzat. Gaia: Autoritatea eta Askatasuna hezkuntzan.*

Gai honi buruz Europa eta Amerikan egindako esperientziak azaldu zizkiguten. Gero Lejoako ikastolaz hitz egin zuten, eta honen ondoren gurasoekin elkar hizketa bat sortu. Hiru ordu luze iraun zuen elkar hizketak, eta, lortutako arrakasta* ikusirik, datorren ikastaroan irakasle eta gurasoen arteko honelako elkar berbetak ugariago egin behar zirela esan zen, umeen hezkuntzan partaide diren guraso eta irakasleek elkarrekin geroago eta hobeto lan egin dezaten.

Bizkaiko ikastoletako haurren ibilaldiak

Ekainaren 19an (egun horretan jaiak dira Bilbon eta inguruetan), Bizkaiko hainbat ikastolatako haurrek urteroko ibilaldia egin zuten.

Batzuk Gamarrara, Gasteiz ondoko herri polit horretara, joan ziren. Han ikusi genituenak, ikastola hauetakoak ziren: Sopelana, Olabeaga, Portugalete, Trapaga,* Sestao, Lejoa, eta beste zenbaitetakoak. Zoragarri zegoen egun hartan Gamarra, ikastoletako haurrek eman zioten euskal kutsuari esker.

Santutxuko haurrentzat, ordea, Zarautz izan zen aurten toki aukeratua, eta hara joan ziren 300 bat ume beren guraso eta irakasleekin: orotara,* 700 lagun inguru. Ikastolako «Kirikiño» dantzari taldeak saio bikain bat eskaini zuen. Bestalde, hurrengo egunean, ekainaren 20an, guraso guztien Batzarre Nagusia egin zen. Bertan, Juntak proposaturik, araudiaren berriztatzea onhartu zen, eta Patxi Goenaga jauna zuzendari berri izendatu zuten.

Indarkeri zaleak hor eta hemen

Bai eskuineko muturra eta bai ezkerrekoa, biak izaten dira sarritan indarkeri zaleak. Zoritxarrez, guk ere ba dugu honelakorik Euskal Herrian.

Iragan ekainean, ikastola bitan (Lauron eta Beasainen), eskuin aldekoak eginahalean ibili dira, beren eritziak besteri bortizkeriaren* bidez ezarri nahiz. Lehen Deustuan lortu zutena, orain Lauron eta Beasainen erdietsi* nahi izan dute, taktika berbera erabiliz. Beren asmoak lortuko dituzten ala ez, hori gurasoen elkartasunean eta zentzu onean datza;* baina ba dela ordua uste dugu, kolore guztietako indarkeriei NAHIKO DA! esateko.

Blas Piñar jaunak, Espainiako predikari mutiriak,* Logroñon hitzik gogorrenak esaten zituen memento berean, Bilboko Lauron eta Gipuzkoako Beasainen sistema berbera erabiltzen zuten, «Fuerza Nueva» oldearen* euskal infrentzua* diren eskuin muturrekoek, eta, lotsagarriena dena, beti kristautasunaren izenean. Kristautasuna, ordea, Jainkoaren maitasunean eta lagun hurkoaren errespetuan funtsatzen* da, eta ez metodu horietan.

Espainia guztiko dantzariak Barakaldon

Aurten ere, Espainiako zenbait eskualdetatik* etorritako dantzari taldeak bildu dira Barakaldora, hango «Fiestas de la Liberación» direla eta. Jaialdi hau egiteko ohitura aspalditik dator: orain duela 37 urte, Francoren harmada* herrira sartu zenez geroztik. José María Llaneza alkateak asmatu zuen ohitura hori, gaurko Barakaldo moldatu zuen gizon ospetsu hark.

Aurten, ekainaren 22an, gaueko hamaiketan, herriko plazan, talde hauk izan ziren parte hartu zutenak: Agrupación Aragonesa, Centro Gallego, Centro Cultural Manchego, Casa Palentina, Centro Zamorano eta Coral de Cáceres. Eta, bukatzeko, Barakaldoko «Sección Femenina del Movimiento» taldeak euskal dantzak dantzatu zituen.

Dakikezuenez,* Barakaldok 130 mila bizilagun inguru ditu, eta haietariko erdia baino gehiago Espainiako eskualde askotatik etorritakoek osatzen dute. Horregatik, jendalde* handia bildu zen jaialdia ikustera, beren espainoltasuna eta herrimina azaltzeko eta asetzeko.

Nik dakidala, Barakaldon bakarrik egin ohi da holako jaialdirik. Euskal Herriko jolas egokiak, ordea, guttitan antolatzen dira. Zergatik? Hara! Aurten, Lutxana hauzoko jaietan, txistua jotzeagatik, gorabehera latzak gertatu dira: hertzainak* pistola eta guzti atera ziren kalera, euskal kantaldia debekatu egin zuten, apez bat jo, eta abar.

Zorionez, aurten, Barakaldon bertan, uztailaren* 13an, Euskal Herriko I. Dantza Agerketa egin da, Zuberoa, Nafarroa eta Bizkaiko talde jator batzuek parte hartzen zutelarik, aurreko zenbakian jakin erazi genuen bezala.

Joseba Intxaustiren ama hil da

Ekainaren 21ean hil zen Dolorex Rekondo, Joseba Intxaustiren ama. ANAITASUNAko lankide eta lagun guztiok parte hartzen dugu geure zuzendariaren atsekabean.

Amezuatarrei omenaldia Berrizen

Uztailaren* 7an, igande egunez, Berrizko Ereña hauzoan, omenaldi eder bat eskaini zaie eta oroitarri bat eraiki, herriko seme Serafin Amezua txistulariari eta haren familian aintzinatik izan diren txistulari guztiei. Amezuatarren familian beti izan dira txistulariak XVIII. mendetik hona. Azkena, Serafin, orain zortzi hilabete hil zen. Beronen aitari —Hipolitori— esker, Durango aldeko «Dantzari Dantza» eta «Erregelak» dantza bereziak zainduak eta euskaldunen artean zabalduak izan dira. Baina Serafin izan da benetan, aintzinako dantza eta soinuen alde lan gehien egin duena. Hala ere, gaurko gazteen artean gaizki ezagutua izan da. Jose Luis Lizundiari esker lehenik, eta «Txistulari» aldizkariari geroago, Serafin Amezua eta haren musika hobeto ezagutuak dira orain, eta Euskal Herri osoan hedatuak.*

Euskal Herria

«Robinson Crusoe» euskaraz

CINSA editorialak argitara emanik, oraintsu irten berria dugu «Robinson Crusoe» liburua, Daniel Defoe-ren elaberri* ezaguna, euskaldun gaztetxo guztien pozgarria eginen duena.

Egiari zor zaion errespetuagatik, ordea, esan behar dugu, ez dela egia liburu horrek azalean dioena, hots,* ez duela Xabier Kintanak euskaratu, gure idazkide Bernardo Atxagak baizik, nahiz eta Xabierrek korrejitua izan. Nori berea da zuzenbidea.

Dena dela, udako oporrotan ikastoletako haurrek gure hizkuntzan zer irakurri ukanen* dukete.*

«Síntesis de la Historia del País Vasco», Martín de Ugaldek, Hora H-n

Martín de Ugalde jauna —dakikegunez, Euzkadiko Gobernuko lehendakariordea bera— gero eta murgilduagorik dabilkigu argitaratze lanetan. Oraingoan, Síntesis de la Historia del País Vasco deritzon obratto bat eskaini digu, Seminarios y Ediciones editorialean. Honela segituz gero, M. de Ugalde gero eta ezagunago izanen da euskal eta erdal publikoaren aurrean.

Liburua, Euskal Herriaren hastapenetatik* 1936.eko gerraterarte doa, euskaldun batek bere Herriaren Historiaz zer pentsatzen duen erakutsiz. Ez dugu dudarik egiten, bestetik, liburu hau ere arrakasta* haundikoa izanen dela, egilearen nortasun, jakituria eta kazetari tankera* apartak ezaguturik.

Albistariak:

Paulo AGIRREBALTZATEGI

Jose Ramon ETXEBARRIA

Xabier GEREÑO

Leon HAIZAGERRE

Xabier KINTANA

Gexan LANTZIRI

Joan Mari MENDIZABAL

dezakegu, daikegu

dezaten, daien

die, deutse

diegu, deutsegu

digu, deusku

digute, deuskue

dio, deutso

diote, deutsoe

ditzagun, daiguzan

ditzake, daikez

ditzan, daizan

ditzaten, daiezan

genezake, geinke

genezan, gengian

gintzakete, gindeikeez

lezake, leike

lezakete, leikee

nioke, neuskio

zaie, jake

zaigu, jaku

zaio, jako

zaizkigu, jakuz

zaizkio, jakoz

zeuden, egozan

zieten, eutseen

zigun, euskun

zion, eutson

zioten, eutsoen

zitzaizkidan, jatazan

zizkiguten, euskuezan


Herrialde guztietan

Mundu zabalean 50 milioi langile harma egiten ari dira

Herri Bateratuen Erakundeak* edo Onu delakoak, egin berria duen inkesta* baten bitartez jakin erazi duenez, ba omen da gure mundu zabal honetan, orotara* berrogeitamar milioi langile harma egiten ari denik. Jakin erazten ere digu, azken hamar urte hauetan gerlarako gastatua izan den dirualdea, 1.870 miliar* dolarrez goitikoa dela.

Horrek erakustera demaigu,* harmada* bat duten munduko herri guztiek, zer dirualde xahutzen* duten gerlarako. Urtero berrehun miliar dolar xahutzen dira, beraz, harmagastuetarako, medikuntzarako ikertokietan* urtean lau miliar dolar baizik gastatzen ez direlarik, mundu guztirako.

Gure adimendua ahulegia* da, zifra horien garrantzia edo inportantzia osoki gogoan hartzeko. Hala ere, erakustera ematen digute, munduan zer dirualde ikaragarria xahutzen den gerlarako tresna gero eta aitzinatuago* eta suntsigarriagoetan.*

Bestalde, geroari begira, ez dirudi, gastu horik* ttipitzeko bidean direla, zeren* eta, oraingo behari* edo soegile ikasienen arabera, azken bi urte hauetan harmetarako lehia* haunditu baita, bereziki Ipar Amerikan eta Errusian. Bi otso* haundi hauetako gobernuak berak aspalditik ohartuak dira lehia arriskugarri horretaz. Eta, horrengatik, 1972.eko maiatzaren azken egunetan, anitz* eta anitz solasaldiren*ondorio bezala, elkarrekilako* hitzarmen edo akordio bat sinatu zuten, harma suntsigarrienen kopurua* mugatzeko. «Salt» izenez deitu zuten hitzarmen hori, ingeles hitzen lehen letrak edo hizkiak hartuz.

Hitzarmen hori 1977.a arte bali* da ontsalaz.* Bata zein bestea, ordea, ohartu egin dira, akordio horrek oraingoz efektua ttipitua duela, eta hortakotz* hasiak ditugu berriz elkarrekin solastatzen,* bigarren hitzarmen bat sinatu* beharrez.

Zerbaitetaratuko ote direnentz, hori geroak erranen.

Frantziako hauteskundeak eta kristauak

Giscard d'Estaing eta Mitterranden arteko lehiaketan,* ezker sozialistaren eta eskuin betikoaren artean Frantziako katolikoek sakabanaturik jokatu dute. Kristauak, sekular nahiz apez (apezpikuak isilik egon dira, bozemale* bakoitzaren kontzientzia errespetatuz), alderdi batean zein bestean agertu dira.

Apezpikuetatik Arras-ekoa mintzatu da bakarrik, baina ez inoren alde agertzeko, hauteskunde* aurreko ekinaldietan ahantzi ohi diren balio batzuetaz zenbait ohar egiteko baizik. Bozketa* aurreko norgehiagoka hori ez dadila gurutzada bat bihur eskatu du berak. Oposizioarentzat (hauteskunde aurretik eskatua da hau) status bat eskatu du, botoak eman ondoren ere bere egitekoa libreki bete dezan: hau da, edozein oposiziorentzat hizpide* eta ekinbide egoki batzuk eskatzen zituen Arras-eko apezpikuak. Bide* batez, herbesteko langileei bozketarako eskubiderik ez emateaz kezkatzen da, eta erregu* bat egiten du: bozemaleek gogoan har ditzatela Ekialde* Hurbileko* arazoak, Asiako Hegoekialdea, eta bai Hirugarren Mundua ere.

Mugimendu katolikoen artean, JOC agertu da bakarrik argi eta garbi ezkerraren alde. Mitterrand aipatu ez arren, JOCek hola zioen: «Langileriarentzat gertakari historikoa da, guztien lehendakarigai bakarra lortu izana. Frantses langileriak nola ez ikus lehendakarigai honengan bere burua?» JICek, berriz, erdiko klaseetatik, burgesiatik eta aristokraziatik irtenak* dituen bere ekintzaleei, inkesta batean, holako galderak egiten zizkien: «Zertara goaz? Geure abantailak* eta boterea gordetzera, ala, zuzenbideari dagokionez, besterekin banatzera? (...). Itoerazi egingo ote dugu, jaiominetan datorren gizaurpegiko gizarte hori?».

 La Croix egunkarian alde guztietakoek hitz egin dute, komunist alderdia baztertu gabe. La France Catholique-k berdintsu jokatu du, nahiz eta bigarren haitadan* Gircarden alde agertu den. Témoignage Chrétien-ek, aldiz,* Mitterranden alde lan egin du, bestelako eritziak zituztenei ere toki emanez. Asko izan dira, laiko, apez eta erlijiosoen artean, Mitterranden aldeko ageriak izenpetu dituztenak. Ba dirudi, elizkizon gazteek eta ekintzale katolikoek ezkertiar lehendakarigaia maite zutela bereziki; baina ez da beste hainbeste gertatu katoliko praktikatzaile arruntekin.* Fededunen artean ba da, beraz, desakordio bat.

Suizan kantonamendu berria: Jura

Jura eskualdeko* bozemaleek* kantonamendu berri bat sortzea erabaki dute Suizan. Ezaguna denez, 22 kantonamendutan eraturik dago Suiza, hango Konstituzioaren arabera.* Kantonamendu horiek historia ezberdinak dituzte, eta 1291.etik 1815.eraino joan dira sortzen. Azkeneko kantonamenduaren sorkundea 1974.eko ekainaren* 23an onhartu da hauteskunde* baten bitartez Jurako herrialdean. Hauteskunde hori Juran bertan egin da, eta Konfederazio osoan egingo den referendum batean onhartu beharko da oraindik erabakia.

Suizak lau hizkuntza onhartzen ditu bere Konstituzioan: alemana, frantsesa, italiera eta erromatxea. Eta hizkuntza bezainbat kultura ditu Suizak, noski. Guztiok legezko eskubide berdinekin. Ginebran frantsesez egiten da, Zürichen alemanez, Luganon italieraz. Baina Bernako kantonamenduan (alemana berau) ez dira, nonbait, orain artean gauzak xuxen eraman.

Jura, frantsesa da hizkuntzaz eta kulturaz; baina orain arte Bernako kantonamenduan aurkitzen zen. Bernako kantonamenduak alemanez egiten du, baina Jurako eskualdeak frantsesez. Jurak 130.000 bizilagun ditu eta 1.470 km2. Ez da lurralde handia, baina ba du bere nortasunaren zentzua. Horregatik, Jurak ez du Bernaren erdirakoitasuna* jasan* nahi izan.

1929.ean jaiotzen da Jurako herriaren aldeko mugimendua, Xavier Stockmar-ek eragina. Harez gero, etengabea izan da hango abertzaleen burruka. Olde* honen eskabideak zaldar* politiko bat izan dira Suizako Konfederazioaren barnean. 1947.ean sortzen da, gerora «Rassemblement Jurassien» deituko zen erakunde* politikoa. Beronen helburua, Jura kantonamendu bihurtzea izan da. Egia da, 1950.az geroztik Bernako Konstituzioak ontzat ematen zuela Juraren nortasuna; baina aipatutako alderdi abertzaleak besterik eskatzen zuen, eta ihaz «aurrezaurreko gobernu» bat sortu zuen. Azkenik, Jurako herriak kantonamendu izatea aukeratu du ekainaren 3an.

Ipar Atlantikaldeko ageri berria

«Satorkeria» da, beharbada, USAren azken hilabete hauetako politika jokoa adierazten duen hitzik egokiena. Eta satorbide horrek Ekialde* Hurbiletik Europara jo du, hemengo lurrak astintzeko eta Europa Batuaren etxean azpiak jateko.

Nabarmenak eta ageriak izan dira politikabide horren une eta gertaera nagusienak (satorrak egindako lurpiloak ere nabarmenak eta ageriak izaten diren bezalaxe, bestalde). Eman dezagun, azken urriko Israeldarren eta Arabiarren arteko guduan hasi zela satorlan hori, eta uztail* honetako Nixonen eta Brezneven arteko besarkada zaratatsuan bururatu dela. Bitartean gertaera handiak jazo* dira benetan, Mendebaldeko* politika, ekonomia eta diplomaziazko mundu honetan: Arabiarren petrolio bahiketa* eta Europaren energi krisi latza; EEEko Estatu gehienen politika krisia eta gobernu aldaketak (Alemanian, Ingalaterran, Italian, Belgikan, Frantzian); Nixonen eta Kissingeren Europaren kontrako «hitzezko» mehatxuak;* Pompidouren heriotza; Kissingerek Errusian ukan «omen» zuen ostikoa; NATOren Atlantikaldeko Ageri Berria, eta abar.

Satorbidea nondik nora doan asmatzea, zaila izan ohi da. Haren joan-etorriak atzemateko,* lurpiloen aztarnei* jarraitu behar. Azken bederatzi hilabete hauetako politikabide horien nondik-norakoak argitzea ere, zaila da. Baina gertaera nagusi horien guztion lotu beharra dago, eta, galtzeko arrisku eta guzti, argibide bat ematen* saiatu behar.

Ustegabean eta ageriko arrazoinik gabe piztu zen Arabiarren eta Israeldarren urriko gudu* hura. Errusiak eta USAk eginahal guztiak egin zituzten, gudua amaitzeko eta istilua konpontzeko. Berehala etorri ziren ondorioek zerbait argiagotu zuten gudu haren azpiko nahaspila; eta geroko hilabeteek eta egun hauetako azken gertakariek, ba dirudi, satorbide bihurri hori benetan argitu dutela.

Ez Arabiarrek eta ez Israeldarrek ez zuten itxurazko arrazoinik, gudu hura pizteko. Ez batak eta ez besteak ez zuten ezer irabazi, eta bai asko galdu. Kanpotik piztu, kontrolatu eta azkenik itzalitako sua zirudien. USA eta Errusia «handiek» beharrezkoa zuten agian* —edo egokia behintzat— Arabiar eta Israeldar «ttipien» burruka, beren elkarrekiko asmo zabalagoetarako.

Petrolioaren bahiketa eta Europaren larrialdia

USAk eta URSSek, beren arteko «bakezko» bizimoldearen inguruan, hirugarren indar nagusi bat (edo laugarren bat) Txinarekin batera indartzen eta finkatzen ikusi dute, munduaren agintaritza harrapatzera lehia zitekeen beste indar bat: Europa Batua. Arrisku hori baztertzeko, banatu eta makaldu egin behar zen Europa. Horretantxe datza* Kissingeren jokabidea, 1973.eko apirilaren 23an, ironia eta azpikeriaz beterikako hitzaldi famatu hartan, «Europaren Urtea» aldarrikatu* zuenez geroztik. Ordurik hona, aurrera jo du, Europaren interesak Atlantikalde osoaren (edo USAren?) interes zabalagoen alderdi bat baino ez direla predikatuz, eta interes haik* beste interes zabalago hauen heinean* neurtu behar direla esanez.

Ikusten denez, Europa indartsurik ez du nahi ez Errusiak eta ez USAk. Hori dela eta, Europak ez zuen ia* inolako parte berezirik hartu Ekialde Hurbileko gudu hartan; hala ere, ondorio latzenak Europari etorri zitzaizkion, eta ez Errusiari eta ez USAri. Petrolioaren bahiketaz eta garestitzeaz, Europako ekonomi eta politika egoera osoa nahasi da, barneko batasuna eta indarra ahulduz* eta ia puskatuz.

USA, ordea, Europaren ezbeharrez kezkatu gabe, bere diplomazia ausartaren* bidez, oso ongi baliatu da gudu hartaz, ez petrolioaren ondorioak biguntzeko bakarrik, bai eta Arabiarrekin adiskidetasunezko harremanak sakontzeko ere. Europaren kalte osotan gertatu zen guduaz, bere onerako probetxatu da USA. Ez ote zen, gero, Europaren kaltetarako sortua izan Arabiarren eta Israeldarren arteko gudu itxuragabeko hura? Ondorioek bide bakar horixe eraman dute behintzat. USAk, bere aliatuekin hitz egin gabe, gudu hartan hartu zuen jokabidea eta ondoren Errusiarekin indartu duen diplomazi bidea eta «adiskidetasuna» kontutan hartzen baditugu, ba dirudi, bi haundi horiek Europaren gainetik (edo azpitik) elkarrekin jokatu nahi dutela, beren nagusigoa atxikitzeko* eta sendotzeko.

Gero Pompidouren heriotza gertatu zen Europaren unerik larrienean; eta USAri buru egin nahi zion Estatu bakarra ere —Frantzia— biluzik bezala gelditu zen Amerikaren aurrean. Nixonen diplomazi lotsagabekeria Pompidouren hiletetakoan* nabarmendu zen batez ere, Frantziaren samin eta hutsune hartaz baliatu baitzen, hildakoaren asmoen kontrako diplomazi eta politika bideak urratzeko. Honela, Europa osoaren gaixo- eta larrialdia aukerakoa gertatu zitzaion USAri, bere nagusitasuna agertzeko eta oroz* gainean ezartzeko.

Atlantikaldeko ageria: Europaren itotzea?

Ekainaren* 27an NATOko Estatuek izenpetu duten Ageri berri hau, defentsa elkartasun horren indarberritze bat bezala agertu nahi izan du USAk. Jakina da, NATOren kontrako defentsa elkartasun nagusiena Europako Estatu Sozialista gehienen «Varsoviako Paktu» izenekoa dela. Hala ere, Atlantikaldeko Ageriak eta NATOren indarberritze horrek, USA aparte, gehien poztu duena, Errusia bera da nonbait. Izenpetu eta hurrengo egunean hain zuzen ere, beso zabalez eta adiskiderik handiena bezala hartu baitute Kremlingo agintariek Nixon, NATOren indarberritzaile eta gidari agertu den eta, beraz, Varsoviako Paktukoen etsairik handiena izan beharko zukeenori.

Atlantikaldeko Ageri berriak Europaren sendotzea eragotzi* nahi izan du, «hirugarren» indar bat bihur ez dadin. Eta horretarako oso ondo elkartu dira USA eta Errusia, eta, NATOren Ageri berri hau aurrera eramateko eta guztiei sina* erazteko, Errusiak USA poliki lagundu duela esan genezake.

Honela, USAren eta Errusiaren artean, gorantz hazten ari zen Europaren batasunari (ez ekonomi batasunari bakarrik, bai eta politikazko batasunari ere, eta honi bereziki) lepoa moztu ote diote? Dena dela, Atlantikaldeko Ageriak lepoa hestutu behintzat egin dio Europari, arnasa oso eskasa hartzen* uzten diolarik; eta USAk eta Errusiak, aspalditik hasitako satorlana bururatu* dute, eta bien artean Europaren eskuak ondo kateaturik daduzkate. Orain, bada, munduaren agintaritza eta nagusigoa bake eta lasaitasunean erdibana lezakete edo elkarrekin molda.

Idazleak:

Paulo AGIRREBALTZATEGI

Joseba INTXAUSTI

Gexan LANTZIRI

dezan, daian

digu, deusku

digute, deuskue

dio, deutso

diote, deutsoe

ditzatela, daiezala

genezake, geinke

lezakete, leikee

zioen, inoan, esaten zuen

zion, eutson

zitekeen, eitekean

zitzaion, jakon

zitzaizkion, jakozan

zizkien, eutsezan


Gramsci, jalgi hadi plazara

Kondaira aurrera doa. Ez du pausarik. Eta, pausarik gabeko bilakaera* honetan, zenbaitek parte gehiago hartzen du bestek baino, bere izena kondairaren sorbaldan betiko xertatua* utzirik. Ordea, beste zenbaitek, bere bizitzan hain ekintzaile izan arren, ba dirudi, arrazoin ezberdinengatik baztertua gelditu dela, ahanztua. Hauetako bat dugu Antonio Gramsci.

Gramscirekiko isiltasuna ez da kasualitatez gertatu, edo haren lana balio guttikoa zelako edo. Aitzitik,* bere garaiko (eta egungo*) Europako Alderdi Komunisten ideia sozialisten arloan, kritika gogorrak egin zituelako baizik. Bizitza guztia, II. Internazionalaren eta batez ere stalinismoaren marxismo ortodoxoa salatuz iragan zuen, nola idazlanetan hala praktikan ere.

Ausartzia* handia. behar zen, stalinismoaren eta Europako Alderdi Komunisten «ekonomizismoa» salatzeko, holako gizon ausartok* bortxaz azpiratuak eta mehatxatuak* baitziren. Baina Gramsci ez zen guztiz isil eta ahozpez gelditu; aitzitik, fermuki iraun zuen bere hartan. Eskudantzia* hau ez zen mendekurik* gabe geldituko.

Frantzian, duela bizpahiru urte hasi dira haren ideiak ezagutzen; eta egun* mugimendu hau —M. A. Macciocchi buru dela— handiagotuz doa, eta Pariseko hiruzpalau Unibertsitatetan Gramsciren gogoetak ikasgai bezala hartuak izan dira aurten.

Ordea, Frantziako Alderdi Komunistak —stalinismoaren jarraitzaile— Gramsciren gogoetak gaitzetsiak* ukan ditu; eta egun ere herabe* du, haren ideiak zabaltzeko. Hala ere, esan beharra dut, Alderdi Komunistak 1959.ean Gramsciren «lan hautatuak» argitaratu zituela, baina haren literaturazko balioak soilik agertuz, eta funtsezko* balioak —giharra ukitzen zutenak— kontraispilatu* gabe utziz. Eta handik* harat, ez du egundaino* beste deusik* kanpatu,* «lan hautatuak» aspaldidanik agortuak egon arren. Frantziako «intelligentsia» eta ideia sozialisten monopolioa Alderdi Komunistak ukanik, Gramsciren lanak ezezagutza osoan egon dira gaur arteino. Egun* Alderdi Komunistaren saihetsean agertu diren indar politikoei esker, Gramsciren lan osoak udazken honetan emanen dira argitara.

Beraz, Frantzian gertatua ikusirik, ez da batere harritzekoa, Euskal Herrian Gramsciren lanak ezezagunak izatea. Hala ere, ba dira haren hiruzpalau liburu gaztelaniaz argitaratuak. Zoritxarrez, ordea, euskal liburu eta aldizkarietan Gramscik ez du argirik ukan, Joxe Azurmendiren artikuluetan noiz behinkako oharpen bat salbu.

Artikulu baten neurria oso xedatua* izanik, ez dut Gramsciren zenbait ideia hemen ezaguterazten ahal. Bakarrik esanen dut, haren gogoetak gaurgaurkoak direla. Ene irudiko. egun, Euskal Herriko giroan ba du zeresanik Gramscik, haren aportazio ohargarriena ideologiaren politizazioa baita, hots,* burruka ideologikoaren mailakoa, eta, beraz, kulturaren arlokoa. (Honetaz, guk, kultura menperatuan gabe, kultura ukatuan bizi garenok, ba dugu zerikasirik).

Noizko ukanen ote dugu Gramsci Euskal Herrian? Artikulu honek haren hobi gaineko harria higitu* besterik ez baitu egin, orain plazara dezagun!

Karmelo ARROIABE


Aurtengo Lizardi Saria

Zarauzko Euskalzaleek, Lizardi zenari omenaldi bat eskaini nahiz haren lanari eta bizitzari buruzko Sariketa bat antolatu dute.

Oinharriak

1. Lizardi Saria: Zarauzko Euskalzaleek eratua, Lizardiren omenez egingo diren saiakera bikainenak sariztatzeko.

2. Gaia: Lizardiren idazlanaren azterketa, saiakera erara.

3. Luzea: 15etik 30era foliotan idatzia bidaliko da (DIN A-4 paper neurrian), lerroune bat zuri utzirik.

4. Euskara: Lanak, euskara batuan idatzia izan behar du. Euskaltzaindiak erabakitakoari jarraituz (ikus Larresororen «Euskara Batua zertan den»),

5. Epeak: 1974.eko abuztuaren 15erako jasoko dira lanak. Saria, urte bereko Euskal Astearen barnean emango da.

6. Diru saria: Lehen irabazleari 25.000 pezeta emango zaio; bigarrenari, berriz, 15.000 pezeta.

7. Lanak aurkeztean, presentatzean, ondoko baldintza hauk bete beharko dira:

- argitara gabea izan behar du lanak, sariztatuta izatean.

- izenorde batekin bidaliko da lana, egilearen egiazko izen-zuzenbideak beste eskutitz azal batean datozela.

- hiru kopiatan bidaliko da lana.

8. Eratzaileek izendatuko dute epai mahainburua, eta mahainburukoen erabakia behinbetirakoa eta aldaezina izanen da. Hemen ematen diren arauen interpretapena ere mahainburu honi bakarrik dagokio.

9. Sariztatuak izan diren lanen lehen argitalpenerako legezko eskubidea, sari antolatzaileen esku gelditzen da.

10. Lanak zuzenbide honetara bidaliko dira:

«EUSKALZALEAK» - Juventud Parroquial

Amezti, 1

ZARAUZ (Guipúzcoa)


Fedea eta ekintza

Danielou Kardinalearen heriotzaz

Hil berria den Danielou Kardinaleak, dantzazale edo emagaldu baten etxean eman du bere azken arnasa. Le Canard Enchainé aldizkariak zabaldu du albistea. Geroztik, Le Monde bezalako egunkari seriosek ere esan dute horretaz zerbait, eta Frantziako Apezpikuen Kontseilu Arruntak* ere heldu* dio gaiari.

Arazo hau dela eta, berriro ikusi da, aspaldi handitako antiklerikalismoak ez dituela ahantzi bere betiko leloak. Oso poztu dira «halako» gertakaria tarteko dela. Eta eskuindar elizkoiak, zer? Hauk* oraindik ere txundituta* daude. Hauxe da, bada, gaizki pentsatu beharraren indarra!

Guztioi erantzuteko, Frantziako apezpikuek beren eritzia eman dute. Danielou apez langile bat zela gogoratu dute, beharrizanean zegoenaren laguntzera emana. Danielouk lan gaitza egin zuen Elizaren alde, intelektual alorrean eta gizarteko maila oso ezberdinetan ere, zedukan gaitasun apartaz baliatuz. Bizitza oso bat bete du horretan, eta batzuen susmur* eta ustekeriek ezingo dute itzali* bizitza osoaren distira. Eta guk beste zerbait esango genuke oraindik: apezari lanerako askatasuna kendu nahi dioten itxurakerien gainetik egon beharko du beti elizgizonak eta kristauak. Izan bedi beharrean dagoenaren (eta emagalduen ere) bidelagun on. Ebanjelioko zenbait atalñok ez luke guti argituko hau guztiau.

Albert Bonet i Marrugat hil da

Ekainaren* 23an hil da Barcelona ondoko Cornellà hirian Albert Bonet i Marrugat apeza. 80 urte zituen hiltzean, eta bizitza handi bat bete du, Kataluniako kristau gazteriaren alde lan egiten.

Berak sortu zuen «Federació de Joves Cristians de Catalunya» (Kataluniako Kristau Gazteen Batasuna). Garai batean Barcelonako Unibertsitatean irakasle ere izan zen. 1932.ean bidaia luze bat egiten du Europan zehar, eta, itzuli ondoren, liburu bat idazten: «Viatge de cara als joves». Cardijn-en ideiak jasoz, aipatu* batasuna sortzen du. Urte haietan, kristau mugimendu honen barnean ediro* zuten gazte askok Kataluniaren eta kristau ekintzaren bidea. Garaiko kristau gazteriaren gidaria bilakatu* zen Bonet apeza. 1945-1965.etan Madriletik egingo zuen lana, hara deitu baitzuen Pla i Deniel artzapezpikuak. Urte horietan, Espainiako Ekintza Katolikoaren idazkaritzatik* ihardungo du lanean. Baina bere herriaren antsiak eta lanak ere haintzakotzat hartu zituen apez gidari bezala gogoratzen da oraindik ere, Katalunian hil zaigun Bonet kalonjea.*

Alemanian intelektualak eta apezpikuak eztabaidan

Alemanian, pentsalari katoliko talde bat ez dator»bat hango apezpikuekin. Sortu den eztabaidan, aspaldidanik datorren salakuntza bat agertzen da: Alemaniako Elizak oso motel eta geldo* daramala bere «gaurkotzea». Münster-eko artzapezpikuaren eta Norbert Greinacher-en artean gurutzatu diren eskutitzen ondoren sortu da eztabaida.

Greinacher-ek Saxonia Beherean sozial-demokraten alde lan egin du azken hauteskundeetarako,* eta ez zaio jokabide hau onhargarri gertatu Münster-eko artzapezpikuari. Berehala jaso du honek erantzuna, zenbait katoliko intelektualek bidalitako gutun* batean. Hartan esaten denez, apezpikuek kristau-demokraten alde hitz egiten duten bitartean, apez xumeei* ez zaie aitortu nahi politikan sartzeko eskubide bera, jokabide honekin apez arruntei* «pasibotasun politiko» bat ezarriz. Teologoak izan dira gehienbat, artzapezpikuari zuzendutako eskutitz hau izenpetu dutenak: H. Hermann, H. Misalla, G. Erb, eta abar. Orain aurrerago jo dute teologo hauek beren erasoan:* apez, erretore eta eliztar xumeak, politikan ari direnean, beren kabuz* ari dira, eta ez (apezpikuek egin ohi duten bezala) Elizaren beraren izenean. Batzuetan (gizarte arazo larrienetan: esate baterako, hilortze* arazoan eta holakoetan), apezpikuak politikara hurbiltzea bidezko izan arren —diote eskutitzaren sinatzaileek—, haiek gehiegitan jokatu dute kristau-demokraten alderdiaren alde. Eta ba da beste arrisku bat ere: nola salba liteke hierarkiaren «zentzu demokratikoa», beti eta noiznahi politika jokabideak goitik ezarriz bagabiltza? Premiazkoa da «zentzu demokratiko» hori zirikatzea eta bizkortzea, edozein politika egoeratan Elizaren jokaera jator bat gorde nahi bada. Hola diote gutun horren egileek.

Katoliko demokratikoak Italian

Dibortzioari buruzko referenduma uholde bat bezala pasatu da Italian gaindi.* Asko dira itoak, anitz* etsiak.* Erroman, Katoliko Demokratikoen Bilkura* Nazional bat egin da, 300 ordezkarirekin. Hiru egun iraun du bilkura honek.

Alderdi Kristau-Demokrata atzerakoi bezala salatu dute ordezkariok. Hauen artean ba zeuden sindikariak, zenbait diputatu kristau-demokrata eta apezak. Soegile* bezala egon dira sozialista eta komunistak ere.

Ezkertiar katolikook beren leialtasuna aitortu zioten Elizari, baina bai eta beren kritika egin ere hierarkia kontserbakorrari. Lehenagoko batean esan zenez, bilkura honetan elkartuek alderdi politiko berri bat sortu nahi zuten, benetan ezkertiar zentzu bizkor bat izango zuen partidu bat. Bileraren ondoren adierazi denez, ordea, nahiago dute, lehendik dauden politika eta gizarte erakundeetan* parte hartuz lan egin. Ez dute, beraz, beste alderdi katolikorik sortuko.

Telebista berriz ere

Bai, telebista berriz ere. Behin aipatu genuen bezala, Espainiako telebistak batzorde* bat eratu du, erlijiozko saioaldietarako zuzentzaile izango dena. Batzordekideen artean ba dago, «Fuerza Nueva» eskuindar aldizkariaren taldean parte hartzen duenik ere. Espainiako Apezpikuen Elkargoarekin* kontatu gabe osatu da batzorde hori. Hau dela eta, apezpikuek eskari bat egin dute ekaineko* beren bilkuraren ostean:* hots,* elizbarrutietako* gizarte komunikabideez apezak eta elizgizonak baliatzen direnean, tokian tokiko apezpikuek arazo horretarako dagoen Apezpiku Batzordearekin bat eginik joka dezatela. Puntu honek ba du, noski, zerikusirik Cuencako apezpikuarekin. Apezpikuen Elkargoak Batzorde hari ematen dio, berriz ere, gizarte komunikabideen ardura. Eta Batzorde horrek arautegi bat egin beharko du orain eliz barnerako, elizgizon libretiratzaileek ere muga batzuk* ukan ditzaten.

Joanes GOIA

dezatela, daiela

dio, deutso

diote, deutsoe

zaie, jake

zaigu, jaku

zaio, jako

zeuden, egozan

zioten, eutsoen


Zapaburua. Euskaldun Rh-dunen umore orria

[Binetak]


Gurutzegrama (44)


Ikas zeure hizkuntza

Hiztegia

IMANOL BERRIATUAK

Ale honetan izartto batekin agertzen diren berbak

ABANTAIL, ventaja.

ABIATU, abiatutako, abiaturikako, abiaturiko.

ADIN, edade.

ADOS, akort, konforme.

AGIAN (1), es de desear.

AGIAN (2), beharbada, nonbait.

AGORRIL, abuztu. (Euskara baturako, idazle askok —bereziki iparraldekoek— nahiago dute agorril hitza, abuztu baino).

AHALBIDE, posibilidad.

AHUL, makal.

AHULDU, makaldu.

AILETSA (al + lets[a]), ojalá viese con agrado. Jainkoak baletsa, si pluguiera a Dios (Etsi aditzaren forma).

AIPATU, aipatutako, aipaturikako, aipaturiko.

AITZINA, aurrera.

AITZINAMENDU, aurreramendu. aurrerapen.

AITZINATU, aurreratu.

AITZITIK, al contrario.

ALDARRIKATU, oihukatu, proclamado.

ALDIZ, berriz, ordea, ostera.

ALEGIA, halegia (hala + egia), a saber, es decir, esto es.

ALOR, arlo.

ANARTEAN, bitartean.

ANDANAKA, al pormayor.

ANGELU, Lapurdiko Anglet.

ANITZ, asko.

ANTZ, parecido, ressemblance. (Antza denez = dirudienez).

ARABERA, arauera, según, conforme.

ARBASO, antepasado, ancestro.

ARBUIAGARRI, despreciable.

ARE, oraindik, aún, encore.

ARETO, sala, salón.

ARIAN ARIAN, obrando, ocupándose.

ARRAKASTA, éxito, succès.

ARRAS, guztiz, osoki, zeharo.

ARRUNT, común, corriente, ordinario.

ASKI, nahiko.

ATXIKITZE, gordetze, conservar.

ATZEMATE, captar, sorprender. (Beste zenbaitek hatzemate).

AUSART, atrevido, osado.

AUSARTZIA, osadía, atrevimiento. (Ikus «Axularren Hiztegia»).

AZTARNA, aztarren, rastro, vestigio.

BAHIKETA, secuestro, embargo.

BAITAN, -gan.

BAITEZPADAKO, beharbeharrezko, esencial.

BALDINTZA, condición.

BALI, válido, vigente.

BALIAGUNE, intervalo de utilización.

BALIATZE, utilizar.

BANAZKA, al pormenor.

BARNE EMAN, incluir.

BASATZA, lodazal, bourbier.

BATZORDE, comisión, comité.

BATASUN, elkarte.

BATZUK, zenbait. (Batzuek aktibo, batzuk pasibo).

BEHARI, soegile, observador.

BEHINEN, primordial.

BERRIKITAN berriki, recientemente.

BIDE, probablemente, es de creer.

BIDE BATEZ, bide nabar, de paso.

BILAKAERA, bilakabide, evolución, proceso.

BILAKATU, bihurtu.

BILAKATZE, bihurtze.

BILKURA, bilera, reunión, convención.

BIRIKA, pulmón.

BITXITEGI, joyería, bisutería. (Ikus «Merkatalgo Izendegia»).

BIZKITARTEAN, bienbitartean.

BORTIZKERIA, indarkeria.

BOZEMALE, elector, votante.

BOZKETA, hauteskunde, elección.

BULEGARITZA, profesión de oficinista.

BULEGO, oficina, bureau.

BURURATU, bukatu, amaitu.

BURURATZE, bukatze, amaitze.

BURUTZE, obratze, realizar.

DAGI, egiten du.

DAKIKEZUE, dakizue nonbait.

DARIO, le mana, le fluye. (Erion aditzaren forma).

DATEKE, da nonbait.

DATZA, yace, descansa, está, consiste. (Etzan aditzaren forma).

DEA (da + a), al da?

DEITU, deitutako deiturikako, deituriko.

DEITURA, apellido, nom de famille.

DEMAIGU, ematen digu (deusku).

DERITZET, erizten diet (deutset).

DESERROZTA, desarraigar. (DESERROZTATU, desarraigado).

DEUSIK, ezer, algo. (Batzuetan, deusik = deusik ez, ezer ez, nada).

DITUZKE, ditu nonbait.

DONEMILIAGA KUKULA, San Millán de la Cogolla.

DUKE, du nonbait.

DUKETE, dute nonbait.

EDIREN, ediro, encontrar.

EDIRO, ediren, aurkitu. (Ikus P. I. Barrutiaren «Gabonetako Ikuskizuna»).

EGUN, gaur.

EGUNDAINO, inoiz.

EGURALDI, estado atmosférico.

EKAIN, junio.

EKIALDE, eguzki alde, oriente, Este.

EKIN, insistentemente aplicado, insistentemente entregado.

ELABERRI, novela, roman.

ELEZKO, hitzezko, berbazko, verbal.

ELIZBARRUTI, diócesis.

ELKARGO, asociación, conferencia.

ELKARREKILAKO, elkarrekiko, elkarregazko.

EMATE, dar. (Ematera saiatu esanen lukete iparraldekoek, Axularrek eta bestek esaten zuten bezala).

EMEKI, geldiro, astiro.

EMENDA, aumentar. (EMENDATU, aumentado).

ERABAT, guztiz, osoki.

ERABATEKO, completo, total, definitivo.

ERAGOTZI, impedido, evitado.

ERAKUNDE, organismo, organización, entidad.

ERASO, ataque.

ERAUZ, arrancar. (ERAUZI, arrancado).

ERDIETS, conseguido, logrado.

ERDIRAKOITASUN, centralismo.

EREIN, ereindako, ereinikako, ereiniko.

EREMU, extensión de terreno.

EROATE, eramate.

EROR, caer, tomber. (ERORI, caído, tombé).

ERREGU, ruego, petición.

ERRENDATU, rendido, agotado, exhausto.

ESATEKE, esan gabe.

ESKU, eskubide.

ESKUALDE, comarca, región.

ESKUDANTZIA, atrevimiento, osadía. (Ikus «Axularren Hiztegia»).

ETSI, resignado.

ETXALDE, etxaguntza, caserío, hacienda.

FESTABURU, gran fiesta principal.

FITE, laster, pronto, vite.

FROGA, prueba, demostración.

FUNTS, fundamento, sustancia.

FUNTSATZE, fundar, basar.

GAINDI, zehar.

GAITARI, gaitero.

GAITZETSI, condenado, reprobado.

GARRANTZIA, importancia. (Iparraldekoek A organikoarekin idazten dute).

GELDO, poco enérgico, indolente.

GEURTZ, datorren urtean.

GISA, modu, era.

GIZALDI, generación.

GOGAITU, aspertu. (Berba hau asko erabiltzen da Bizkaian).

GOTOR, vigoroso.

GUTIETSI, menospreciado, subestimado.

GUTUN, misiva, escrito, carta.

HAITADA, txanda, turno.

HAIN, banabesteko, batezbesteko, media, promedio.

HANDIK HARAT, aurrerantzean.

HARMADA, ejército.

HARO, zarata. (Ene ustez, denbora adierazteko, aro erabili behar genuke euskara batuan).

HARTZE, tomar. (Hartzera utzi esanen lukete iparraldekoek, Axularren eta bestek esaten zuten bezala).

HASTAPEN, haste, hasera, comienzo.

HAUK, honeek. (Hauek aktibo, hauk pasibo).

HAUTA, excelente, a propósito.

HAUTESKUNDE, bozketa, elección.

HAUTU, elección.

HAZKUNDE, desarrollo (Bazter dezagun euskaratik desarroilo hitz itsusia).

HAZKUNTZA, cría de ganado.

HEDADURA, extensión, dimensión.

HEDATU, zabaldu.

HEGI, ertz.

HEIN, grado, medida, proporción, estado.

HELDU, agarrado, asido, saisi.

HERABE UKAN (IZAN), sentir repugnancia o aversión. (Ikus «Axularren Hiztegia»).

HEREN, tercio, tercera parte.

HERTSI, hetsi, hitxi, cerrado, fermé.

HERTZAIN (herri + zain), hirizain, policía municipal.

HEZKUNTZA, hezkunde, educación.

HEZLARI, hezle, educador.

HIGATU, gastado, consumido.

HIGITU, movido.

HILETA, honra fúnebre, funeral.

HILORTZE, aborto.

HIZPIDE, medio de comunicación verbal.

HOBENDUN, hobenduri, errudun.

HONDAR, azken.

HORIK, hoik, horreek. (Horiek aktibo, horik pasibo).

HORTAKOTZ, beraz, por consiguiente, en consecuencia.

HOTS, a saber, es decir, esto es.

HUNKITU, afectado, tocado, conmovido.

HURA, ha.

HURBIL, próximo.

IA, kasik.

IDAZKARITZA, sekretaritza, sekretalgo, secretariado.

IGURIKATZE, itxarote.

IHARDESPEN, erantzun, respuesta.

IKERTOKI, centro de investigación.

IKERTZE, investigar, investigación.

IKUSGARRI, espectáculo.

INFRENTZU, reverso. (Berba hau latinezko inversus hitzetik dator).

INKESTA, encuesta.

IRAGATE, pasatze.

IRAGAZKETA, purificación por medio de filtro.

IRIXTE, heltze, llegar, arriver.

IRTEN, urten, atera, jalgi.

ISTILU, conflicto.

ITXAROTE, igurikatze.

ITZALI, amatatu, iraungi.

IZANAGATIK, izan arren.

IZATEKO ORDEZ, izan ordez.

IZTANDA, eztanda, explosión.

JADANIK, ya.

JALGI, irten, atera.

JARAMON, kasu.

JASAN, aguantar, soportar.

JAZO, gertatu.

JENDALDE, multitud de gente, gentío.

KABUZ, buruz. (Berba hau latinezko caput hitzetik dator).

KANPATU, publicado, divulgado.

KALONJE, canónigo.

KOKATZE, acomodar, dar cabida.

KOMERTZIALDEGI, merkatalgo ganbara, cámara de comercio.

KONTRAISPILATU, reflejado.

KOPURU, número, cantidad, suma. (Hitz hau latinezko cumulus berbatik dator).

KUDEATZE, dirigir.

KURRIDA, marcha, gestión.

KUTSADURA, contaminación.

LABORANTZA, lurgintza, agricultura.

LABORARI, lurgin, labrador.

LEGAR, grava, gravier.

LEGEZ, lez, bezala.

LEHERKETA, explosión.

LEHIA, porfía, afán, prisa.

LEHIAKETA, competición, concurso.

LEJOA, Lejona.

LIBERA, franko.

LIKISTE, ensuciar, salir.

MAIZ, sarri, sarritan.

MEHATXATU, zemaitu, amenazado.

MEHATXU, zemai, amenaza.

MENDEBALDE (mendebal + alde), occidente, Oeste.

MENDEKOSTEKARI, Mendekoste egunez.

MENDEKU, venganza.

MERKATALGO, comercio.

MILIAR, mila milioi.

MUTIRI, violento, impetuoso, vehemente.

MUZTIO, mosto, moût.

NEKE, nekagarri, neketsu.

OIHARTZUN, eco.

OLDE, movimiento, empuje.

ONTSALAZ, normalmente, en principio.

ORO, guzti.

OROKOR, general.

OSTEAN, ondoan. (OZTE, multitud, tropa).

OTSAIL, febrero.

OTSO, lobo, loup.

PAUSALEKU, atsedenleku, deskantsaleku.

PERIL, peligro, danger.

PISU, ponderado.

SARRI, maiz, usu.

SEN, juicio, estado normal.

SINA, firmar. (SINATU, firmado.)

SINATU, firmado.

SO, begira.

SOEGILE, behari, observador.

SOLASALDI, coloquio, conversación.

SOLASTATZE, conversar, discutir.

SUHAR, ardoroso, fogoso.

SUNTSIGARRI, hondagarri, galgari.

SUSMUR, noticia confidencial.

TANKERA, estilo.

TRAPAGA, San Salvador del Valle.

TXUNDITU, durditu, turditu, estupefacto.

UKAN, izan. (Ukan aktibo, izan pasibo).

URRATS, pauso.

URTARRIL, enero, janvier.

UZTAIL, julio.

XAHUTZE, gastatze, eragiltze.

XEDATU, limitado.

XEDE, propósito, proyecto.

XERTAKETA, injertación, greffement.

XERTATU, injertado, greffé.

XUME, de humilde condición, sencillo.

ZAIN, zan, nervio.

ZALDAR, forúnculo.

ZALU, flexible, dócil, ágil.

ZEDARRITZE, limitar, amojonar.

ZENEZAKEA, al zenezake (zeinke)?

ZEREN ETA, ze, pues.

ZINEZ, benetan.

ZIOTSAN (ziotson), inotsan (inotson), esaten zion (eutson).

ZIRRITU, zirrikitu, rendija, fente.

ZIZELKARI, escultor.

ZOLA, suelo.

ZURRUN, tieso, rígido, seco.


Ikas zeure hizkuntza

Aditz infinitiboa Axularrengan

Behin eror* eta berriz jaiki ibiltzea seinale gaixtoa da, eta gure galgarria (302: 595-8).

Eta hala batean eror eta bertzean jaiki dabilanak, peril* badu ere galtzeko, ez ordea hanbat nola betiere eroririk datzanak* (346: 685-9).


Argia eta itzala

Euskal dantza zaharrak birpizten ari

Euskal folklorearen zaletasuna gero eta aurrerago doa jendearen artean. Hau egia hutsa da, edonork ikus dezakeena. Gure euskal kulturgintzan urrats* haundia eman du aspaldion euskal folkloreak.

Dudarik gabe, gure dantza zaharrak politak dira benetan, ederrak benetan, bai dantzan ari direnentzat eta bai ikusten daudenetzat. Gure euskal dantzek hil egiten dute gazteen egarria: alai eta bizkor ibiltzeko egarria.

Hala ere, euskal dantzak baztertuak ikusi ditugu gero eta gehiago geure plazetatik. Eskualde* askotan, erdaldunkeriak bultzaturiko aldakuntza gogor bat salatua izan da, deseuskalgintza darion* aldakuntza, jendearen ohitura eta asmoetan, gazteen pentsamoldean eta psikologian.

Horren aurka, euskal gazteriaren sail mardul bat sartu da burrukan, arlo horretan euskal nortasuna zaintzeko eta indartzeko. Gazte horiei esker, gure dantza, kantu eta jolasteko ohitura asko birpizten ari dira. Ezin uka, txistulariak, dantzariak eta kantariak gehitu egin direla.

Zergatik baztertu dira orain arte euskal dantza eta jolasak? Egia esan, ez dugu konprenitzen zergatik izan behar duten arbuiagarriak.* Itsusiak eta baldarrak direlako? Gaurkotasunik ez dutelako? Ez dugu konprenitzen.

Euskal dantza zaharrak dantza modernoek bultzatu omen dituzte plazatik kanpora. Hemen ondo letorke, geure buruari galde batzuk egitea. Dantza modernoek benetan asebetetzen dute jendea? Zer modutan asetzen? Zergatik jo ohi da haietara: modan daudelako, ala benetan hobeak direlako? (Oso zaila iruditzen zaigu dantza modernoen erabateko* goi mailaduran sinestea. Bai, ordea, haien modatasunean, haien seksu harremanetarako egokitasunean).

Hala ere, zergatik pizten ari dira berriro gure euskal dantza zaharrak gero eta gartsuago? Zergatik atsegin zaizkie gazte berriei? Zergatik ari da gorputz eta arimaz euskal gazteriaren sail mardul bat, euskal folkloreari ekin eta ekin?

Zergatik euskal dantza zaharrak gero eta biziago? Funtsezko* arrazoinen batengatik? Euskal xobinismoagatik? Euskal erromantizismoagatik? (Maiz,* aski izan da «erromantiko» etiketa edo beste antzekoren bat jartzea, egia bilatzen ez ibiltzeko. Askok ihes egiten diote erantzuna emateari. Galdeak, ordea, hor daude gure ihardespenaren* zain).

Ikus dezagun, orain, zergatik iraun ahal izan duen gaur arte eskualde askotan gure folklore autoktonoak. Gure ustez, hiru dira arrazoinak:

- eskualdearen bakartasuna (= inertziaren indarra).

- folklorearen berezitasunaz eskualdeko jendeak izan duen kontzientzia (= tradizioaren indarra).

- dantza, soinu eta ohitura bakoitzaren estetika (= estimazioaren indarra).

Hiru elementuok bata bestearekin loturik daude, eta elkar laguntzen dute.

Esan dezagun, askenik, gure dantza zaharrak bizirik irauten dutela euskaldun gazteen artean. Horregatik, gezurrezko etiketa guztiei jaramon* egin gabe, ahal dugun guztia egin behar dugu, euskal kulturaren alor* hau lantzen eta edertzen.

Laborantzaren kinka larria

Lan jakingarri bat agertu digu martxo-apirileko ZABAL aldizkarian M. U. adiskideak. Gaia: Iparraldeko laborantza.* Lan horren laburpen bat azaltzen dugu hemen.

Iparraldeko etxalde* gehienak (75 %) hamar edo berrogeitamar hektareatakoak dira. Itsas hegian,* etxalde ttipienak hirigintzak jaten ari ditu. Lurrak, gero eta gehiago, kanpoko zahar eta aberatsek erosten dituzte, bigarren etxea edo «villa» eraikitzeko. Horrek zera dakar ondorioz: lanlurra etxelurraren preziora igaten dela. Beraz, lanlurra ezin erosia bilakatzen* da laborariarentzat.* Horregatik dizkigute gaur kanpotarrek, laborarien lurra eskuratuz, ogibiderik gabe ezarri baserritarrak.

Beste problema zail bat: emigrazioa. Hamabost urtez, 1955.etik 1970.era, 3.529 etxalde hustu dira, eta gaur oraino beti aitzina* husten ari. Honetan agertzen zaigu geure hemengo kezkarik nagusiena: herri bizitasun eta dinamika, lana harrapatu beharrez, kanpora doala (bi mila gazte urte guztiez, diote ikertzeek*). Gainera, gutienez ehun etxetarik hamabost hustuko dira oraino hamar urte barne. Bistan da, etxe hauk* galduak izanen direla laborantzarako. Hona zertsutan den gaur etxaldeetako nagusien adina: 7,90% 35 urtez petikoak, 35,42% 35 eta 49 urte bitartekoak, 19,08 % 65 urtez gotikoak.

Etxalde gehienek ongi erantzun diote teknikaren problemari. Gaurko kezka ez da gehiago puntu horretan, teknikaren neurrigabekerian baizik. Argi eta garbi ageri da, teknikak, prest ez zegoen mentalitate bat topatu duela eta atxakia beraz laborarien arteko humanismoa hil. Gainera, kapitalismoaren eta dirukeriaren idealak ongi oinharritu dira. Ondorioz, laboraria bera da lanaren eta tresnaren menpeko bilakatu. Horretan, baserriaren aurrerapenari buruz eta aitzinamendu* molde bati buruz, ba dateke* zenbait gogoeta egiteko gairik.

Bizkitartean,* bizia neke* izanagatik,* lurlanean ari denak janbidea eta beztibidea zerbaitetarik egin behar du. Neronek ikusten dudanez eta M. U. adiskideak ere agertzen duenez, eremurik* gehiena (70 %) bazkaleku da. Garrantzia* haundia daduka, beraz, hazkuntzak.* Ardia da iparraldeko ingurumenari hobekienik jartzen zaiona. Arrazoin horregatik, departamenduko abeldi edo ganadu erdia Euskal Herriko lur eta mendietan aurkitzen da. Eremuz departamenduaren herena* bakarrik dugularik, ba dugu hor zer pentsa geure lur eta mendien ahalari buruz. Horregatik ezin daiteke uka, gaur iparraldeak emaitzabide eta kapital estimagarria dadukala eskutan.

Oraino beste akats suntsigarri* batek jotzen du gaur laborari gaztea: hirikeriak. Egia da, laborari gazte asko bizi direla zorionaren ideia faltsu eta ezezkor batetan sartuak. Zoritxarrez, hiriko bizimoduari paradisuari bezala begiratzen diote. Adibidez, ez hain aspaldi, neska gazte batek hauxe ziotsan* kazetari bati: «Laborantza esklabutasun bat zait. Ez dut nahi neure bizi osoa esklabu gisa* higatu*». Anartean,* hogei, hogeitamar, berrogei urtetako laborariek, kontsumogizarteak erein* idealaren ondorio latzak jasan* behar dituzte: emaztegairik ezin aurki, familiarik ezin altxa, bizian desgustua. Laborari gazteak ukanen* ote du egunen batez zorionerako eskurik?*

Egileak:

Mañex LANATUA

Joan Mari MENDIZABAL

dezake, daike

digu, deusku

diote, deutsoe

dizkigute, deuskuez

zaigu, jaku

zaio, jako

zait, jat

zaizkie, jakez