ANAITASUNA

290. zenb.

1975.eko urtarrilaren 31ekoa

Pelota, 4 - 1.º - Bilbao-5

Tel. 23 74 49 - Apart. 495


ANAITASUNA BIZKAIA

HAMABOSTEROKOA

JABEA:

San Frantziskoren Hirugarren Ordenako Batzarre Nazionala.

Batzarburu: Miguel Zapata (Goya, 25. Madrid-1).

ZUZENDARIA:

Joan Mari Torrealdai.

Urteko abonamendua:

Bertorako 300 pezeta

Latin Amerikarako 320 »

Europa eta Ipar Amerikarako 330 »

Ale bakoitza: 15 pezeta.

INPRIMATZAILE:

Imprenta AMADO - Mazarredo, 35 - Bilbao-10


Gipuzkoan urak haundi!

Urtarrilaren hamaikan Oria Garaiko herrietako ordezkariak eta herria Kontseilu Irekian bildu dira Segurako elizan. Bistan dago, gaurreguneko egoeran, herri xumea honelako taldean biltzen denean, lapikoa irakiten-edo dagoela. Zer gertatzen da, ba. Oria Garaian, honelako gertakaririk sor dadin? Urtegi (pantano) haundi bat egin nahi diote Gipuzkoako Oria Garaiari.

Oria Garaia urpera?

 Gipuzkoako Goiherrin dago Oria Garaia. «Goiherri Txiki» ere deitu izan zaio. Irundik Madrilerako kamino nagusian gatozela, Beasain iragan eta lau bat kilometrotara dago bailara honetarako bidegurutzea. Bost herrik osatzen dute bailara pitxi hau: Idiazabal-ek, herrikaskoa bailararen kanpotik duela; Segura-k, bailararen bihotz-bihotzean; Mutiloa-k, haranaren eskuineko txoko izkutu batean; Zerain-ek, ibar guztiaren begirale, mendi-kaxkoan, eta Zegama-k, Altsasuko bide zaharraren atezain bezala. Bost herri Aizkorriren babesean.

Bakoitza, bere nortasun apartekoarekin. Segurak ez du galdu oraindik kondairak eman dion halako jantzitasun hura; baina, joan den mendeaz geroztik, oso moteldu zaio garai bateko bizitza. Idiazabalek, ostera, gerratetik honakoan ezagutu du, bizilagunez eta lantegiz, bere goraldirik bizkorrena. Zerain eta Mutiloa, laguntza hobeagoen faltaz, nekazarien premiak ezin aserik dabiltza. Ibarraren barnean, Zegama-k izan du orain artean industri aurpegirik biziena.

Bost herriok berezko batasun bat osatzen dute. Geografiak eman dien batasun natural horrek, ordea, ez du aurkitu oraindik, instituzioen mailan (Partzoneria aparte uzten dugu hemen), zerbitzuetan eta Udalen arteko politikan premiazkoa zen batasunik. Zatikatua bizi da bailara hau.

Baina horra: gutiena uste zenean, sekula santan inork pentsatuko ez zuen amenazu eta mehatxua sortu zaio ibarrari. Urtegia egin nahi dute han Diputazioaren injinadoreek. Horra, ba, herrion gain Damokle-ren ezpata eroriko, ez eroriko! Segura-ko urtegia da ezpata hori. Herriko jendea galdezka jarri da: urtegian itoko ote dute bailara? Zein da hondamendiaren haundia?

Noren bizkarretik egingo da?

Herri-hauzoak asaldatu egin dira, urtegi plangintzaren albistea entzun dutenean. Pixkaka pixkaka gorputz hartzen ari da haserre hori. Lehenik, desjabetuak izateko direnek jakin nahi dute zergatik eta zertarako egin nahi den urtegi hori. Informazio faltaz, jendeak ez daki deus haundirik. Geroxeago eta berrikitan, herri osoak dira kezkatuak. Izan ere, hondamendia egundokoa izan liteke.

Segura-ko lur jabeek ageri bat zabaldu dute, urtegiak ekar ditzakeen kalteak ezagutzera emanez. Bailararen lurrik onenak urpean galduko dira: 800.000 metro koadratu. Segura-n bakarrik 40 etxe-bizitza galduko dira, 60 familiaren kaltetan. Lur eta etxe jabeon arazoa nahiko interesatua dela norbaitek pentsatu nahi balu ere, ageri berak beste zerbait astunagorik aipatzen du: herri osoak dira hondatuko direnak.

Mutiloa bailararen hegal batean dago, irtenbide natura! bakarra Segura-tik duela: baina urtegiak urez estaliko dio bidea. Mendiz eta urez inguratuta, Mutiloa isla bat gertatuko da laster. Hustuz doazen baserrietatik, zein geratuko da beterik desterru berri horretan? Galdera, egitekoa da gutienik.

 Zegama-ren kasua ez da gozoagoa gertatuko. Trenbidea, herri-kaskotik kilometrotara du eta herria bailararen azkeneko ertzean dago. Harremanak Segura-n zehar egin ohi ditu. Ibarra ur-estaltzen denean, urrunago eta deserrituago geratuko da. Dagoeneko, hainbat zegamar gazte kanpora ezkontzen baldin bada, urtegia tarteko dela, ilunago jartzen zaio oraindik Zegama-ri bere etorkizuna.

Urtegia bailararen biotz-bihotzean ezarriz gero, ibar osoa ardatzik gabe aurkituko da. Oria Garaia ez da, inola ere, mendi zoko bat. Ahalbiderik ederrenak dituen haran bat baizik. Gipuzkoak, ukitu ere egin gabe duen bailara aberasgarri horri eutsi egin beharko lioke. Edo, gutienik, argi eta garbi jakin beharko litzateke noren izenean eta probetxutan ito nahi den Oria Garaia. Lehenengo batean, errazena eta ekonomikoena dela uste izanik ere, gerta liteke erabaki hori luzarora galgarriena izatea ere. Herria iratzartzen ari da bere aspaldidaniko lozorrotik.

Urtegia noren ondran eta probetxutan?

 Aipatutako bileran galdera horixe egin da: «Diputazioak egin nahi digun urtegi hori noren probetxutan asmatua da?». Gipuzkoak ura behar du, eta are eta gehiago datozen urteetan. Konforme. Baina bailara horretan eta horrela kokatzea ahal da komenigarriena Gipuzkoarentzat? Ekonomi arrazoin hutsekin erabakitzat, eta zuzen erabakitzat, eman ahal liteke urtegiaren kokamena?

Herrietan susmo txarrak zabaldu dira. Oso fidagaitza bihurtu da jendea, izan ere ez baitzaie deus galdetu. Udaletxeek berek ere ez dute ezer ezagutu, urtegien plangintza ontzat eman den arte. Diputazioak, legez, ez daduka galdetu beharrik. Horrela, ba, goitik —bakartaterik bulegokratikorik haundienean— ezarritako erabakia da Segura-ko urtegiarena. Aurtengo Gabonetarako Ministruen Kontseiluak ere aproba omen dezake plangintza.

Bileran irakurritakoak esaten zuenez, «herriotako guztiok pantano psikosi batekin bizi gara». Sor litezkeen industriak, asmo hutsetan itoko dira. Ez dira jaio ere egingo. Espezializatzen ari den gazteriak ez du bailaran lanleku egokirik aurkituko. Lantegi garbi batzuk erakarri ordez, uxatu egin dira. Eta dena, Oria hibaiak geroz eta zaborreria eta zikinkeria gehiago eraman ahal dezan... Holatsu hitz egiten du jendeak Oria Garaiko herrietan.

Bost herrietatik Batzorde bat osatu da, Udaletxeek ere parte hartzen dutela. Oraindik erantzun gabe dagoen galdera bat egin du beronek: norentzat da urtegia? Gipuzkoaren onerako ala bizpahiru industria haundiren irabazietarako? Nortzuk dabiltza, isil-misilka, asmoa bultzatzen?

Segura-ko Udalak erabaki du urtegiaren kontra eginahaletan saiatzea. Ba liteke, laster, gainerako lau Udalek ere hori berori erabakitzea. Elkartasun bat sortzen ari da, bizi-nahiak akuilaturik. Izan ere, ez dago batere argi, zertarako nahi den urtegi hori. Industri ura izango omen da, Oria zikindua garbitzeko, nonbait. Baina industri uren garbiketarako eta Gipuzkoaren eko-sistemak salbatzeko premiazkoak diren makina garbitzaileak muntatzera industriak berak behartu ordez, oraindik ere garbi-garbi dadukagun bailara oso bat heriotzera kondenatu nahi da. Oria hibaiaren zikinketa metodurik kontrolatuenarekin segitu nahi da, nonbait...

Informazio premia

 Oria Garaiko jende kezkatuaren artean entzuten denez, urtegiaren planteamendua oinharrian da faltsua. Gipuzkoari bailara garbi eta txukun bat lapurtzen zaio, Oria Behereko industria zikinek oraindik zikin gehiago bota dezaten. Bailarako bizilagunentzat hondamendi osoa da urtegia. Plangintzak daraman prozeduraren aldetik, berriz, goiherritar hauei eta Gipuzkoa osoari premi-premiazkoa litzaiekeen informaziorik eman gabe egin da lan. Susmurru batek dioenez, guti batzuen probetxutan pentsatua da urtegi hori.

Plangintza hau elkarte onean eraman nahi baldin bada, beharrezkoa da herriari informazioa ematea. Legezko guztiak bete arren, ez da herriarekikoa, beste gabe, betetzen. Susmurruak desegiteko biderik egokiena, informazio egiati eta argi bat izango da beti. Betor, beraz, Diputaziotik; baina ez jendea isilerazteko, bakoitzari pentsatzen laguntzeko baizik. Goiherritarren elkarrizketa gogo horri Gipuzkoa guztiak lagundu behar dio, gipuzkoar denona baitugu Oria Garaiko urtegiaren arazoa.

Iñaki ITURRIOTZ MUXIKA


"Iberia Express"

Bi jokabide desberdin

 Europarren hiriburu izatera doan Bruselasen, garrantzizko bilkura* bat egin da, joan* egunetan. Hogei ta hamar lagun bildu dira, Europako Ekonomi Batasunaren batzar geletarik batetan, «Espainiako egoera ezagutzeko». Haietarik gehienak Estatu honen mugen barnean bizi dira. Haien artean Donostiako legegizon bat izan zen, Enrique Múgica Herzog, Euskal Herritik joan zen bakarra.

Bilkura hau dela eta, biltzarkideen aipamen batzuk irakurri ditugu zenbait aldizkaritan. Bi ekarriko ditugu hona, Bata donostiar horren elkar hizketa, eta bestea Estatuko Herriei buruz han esan zena.

 PSOEko «euskal ordezkariak» (hala deitzen du Cambio 16 astekariak) gogor ihardun omen zuen PE alderdiak darabilen jokoaren kontra, beronen demokrazi zintzotasuna dudatan jarriz.

 Ez gara gu alderdi hau bedeinkatzen hasiko. Baina, kontxo! «euskal ordezkari» horrek ez ote zuen beste gauzarik aipatzeko, Euskal Herria «errepresentatzen» zuelarik? Euskal Herriak ez ote du «ordezkari» horrentzat beste arazo beharrezkoagorik, PSOE delako hori, gainera, beste donostiar bat lehendakari den Gobernu baten partaide izanik?

Múgica hau, Enrique, halegia* —beste Muxikarik ere baitago—, alderdien arteko gorabeheretaz eztabaidatzen garraztu zen bitartean, Vincent Ventura valenciarrak Estatuko arazo gordinago eta garrantzitsuago bati heldu zion, egokiro gainera.

Hizlaria, Europako Ekonomi Batasunari begira herri eta herrialdeek dituzten gurariei* buruz mintzatu omen zen: bereiztu egin behar zirela Espainiako Estatu barruan dauden nazionalitateen arazoak, hango herrialdeen arazoetatik; beraz, herrialdeak eta nazionalitateak maila desberdinetan jarri behar zirela, eta, gainera, soluzio desberdinak eskatu. Erregimenaren barruko aldaketa nahi duten batzuek (kanpoko eta barruko aldakuntzaren alde dauden gehienek ere esango genuke guk) arazo hau asko sinplifikatzen dute, kultur aterabide soil batzurekin konponduz, gaineratu zuen valenciarrak. Baina, haren ustez, legetik kanpoko politik taldeek ez dute horrela ikusten. Arazo hau garrantzitsuago («prioritario» esan zuen hizlariak) eta korapilotsuagotzat jotzen dute, derrigorrezko* baldintza bat baita, Espainian demokrazia jartzeko.

Bestalde, valenciar honek artikulu polit bat idatzi du bere herrialdeari buruz, «Dossier Mundo» aldizkariak lurralde antolaketari eskaini dion zenbaki berezian. Euskal Herriari buruz idatzi duenak, ordea, askoz eskasago ihardun du. Betikoa!

Guk dakigularik, Vincent Ventura izan zen, zoritxarrez, Bruselasen Herrien alde jaiki zen boz bakarra. Euskaldunak ez zuen beste horrenbeste egin, ez hurrik eman ere! Ezagutzen ditugu, euskal politikarien artean, Múgica Herzog baino prestuagoak; baina ez zuten nonbait deirik ukan,* edo ez ziren adi egon. Hitz batez, Europako Herririk zaharrena ez zen Europako Batasunean azaldu.

J. L. LIZUNDIA


"Iberia Express"

Banco Condal eta Rumasa

 Aspalditik zetorren premia bati erantzunez jaio eta hazi dira azken hamar urteotan katalan bankuak. Arazo honek —Kataluniako bankuen ahuleziak,* halegia*— gau-beila luze eta lo gaiztoak ezarri dizkio katalan burgesiari. Kataluniak ez zedukan, orain guti arte, bere ekonomiak eskatzen zion banku sare autonomorik.

Finantzen filosofia jakin batekin egin dute aurrera 1960.etik honakoan hain boteretsu agertu diren bankuok Atlantico eta Bankunión daude talde batean, Banca Catalana eta Banco Industrial de Cataluña bigarren batean Banco de Madrid eta Banco Catalán de Desarrollo hiru garren taldean. Hauen atzetik datoz Banco de Sabadell lekuko bankua, baina bortizki datorrena, Comercial Trasatlántico eta Banco Condal. Banku eta talde hauetan garrantzi handia izan du bakoitzaren «irudiak». Pentsamendu eta ekintza modu bereziak baititu bakoitzak.

Finantzetan Kataluniako ekonomia inoren eskutan zegoelako, oinharrizko industrigintza zabal eta ongi finkatu bat sortzerik ez zegoen. Hala zioten katalanismo berriaren ekonomiazko teorikoek. Arrazoin beragatik, teknologia aurreratu bat ere ezinezkoa zen. Madrilen, Bilbon eta beste nonnahi erabakiak hartzen ziren bitartean, bistan zegoen ez zela Katalunia bere ekonomiaz funtsean jabetuko. Alde honetatik Banca Catalana-ren taldea izan da, Jordi Pujol aurrelari dela, su honen hauspoa. Katalan ekonomiaren izatea eta modernotasuna zabaltzeko tresna izan da bankuon goraldia. Izerdi handiren ondoren lortu du Kataluniak bere banku sarea. Etxe hauen pasiboa honela dago, milioi pezetatan:

 Atlántico - Bankunión 81.000

Banca Catalana - Banco Industrial de Cataluña 62.000

 Banco de Madrid - Banco Catalán de Desarrollo 41.000

Banco de Sabadell 25.000

 Comercial Trasatlántico 24.900

Banco Condal, beste handion atzetik geratzen da. Baina Kataluniako edozein banku taldetara hurbildu balitz, hango banku sarea indartu egingo zatekeen. Gauzak, ordea, ez dira bide horretatik joan. Ikus dezagun zer gertatu den.

1974.ean, beste zenbait bezala, Banco Condal diru* isurkirik gabe aurkitu da, joan den hazilaren* azkenetan; eta, hestualdian, besteren baten beharrean zen. Premia hauen zurrumurrua zabaldu orduko, jendea dirua erretiratzen hasi zen. Irtenbide bakar bezala, azioak saldu beharko dizkio beste bankuren bati, beronek premiazko diru isurkia jar dezan? Nor izanen da azio hauen eroslea? Banca Catalana-ren Aministrazio Kontseiluan eztabaidatzen da erosketa: Pujol alde da; beste zenbait, diru bila etor litezkeenen beldur. Banco de España-ri eskatzen zaio laguntza, jendearen bapateko diru bilaketarik gerta baledi, erantzunik segurta dezan. Mozoloarena* egiten du honek.

Une horretan Rumasa (Madrile, Andaluzia) sartzen da tarteko. Rumasa prest dago Banco Condal-en erantzunkizunei aurpegi emateko. Azioetatik 25%a erosi du eta lau urtetan ordainduko (2.250 milioi izango dira). Horrezaz gain, beste 26 % hartzeko eskubidea aitortzen zaio Rumasa-ri.

Horrelaxe hil da, Banco de España-ren eta zenbait politikariren bedeinkazio guztiekin, Kataluniako banku bat. Agintea eskuz aldatu da: Madrileko Paseo de la Castellana-tik egingo da gaurgero Banco Condal-en finantzen politika.

Katalan hizkuntzako azken Lore Jokoak

1974. urtean bi urteburu aipagarri ospatu dira Katalunian. Bata katalanezko lehen liburuarena, Les trobes en lahors de la Verge Maria, orain 500 urte Valencian argitara emana. Hori dela eta, joan den urtean liburu azoka eta erakusketa ugari egin izan dira bertan, katalanezko oraino kulturak sendo dirauela agertuz.

Beste ospaketa bat Lore Jokoena izan da. Dakikegunez, Lore Jokoak (Els Joes Florals) 1859. urtean birjarri ziren Renaixençaren garaian. Baina hain ezaguna ez dena, ordea, beste hau da: Lore Jokoak askoz ere zaharragoak direla, haien etorkia Ponventzako eraginez* 1324. urtean egonik, garai hartan Roselló-n lehenbiziko aldiz egin baitziren. Ba dira, beraz, 650 urte ordutik hona iraganak.

 Lore Jokoen helburua, «Maitasuna, Aberria eta Fedea» ongienik kantatzen zuten poetei urtero sari bana ematea zen; eta asmo horrekin birpiztu ziren joan den mendean. Azken urteotan, ordea, osterantzeko* sariak ere ematen dira horien aitzakiaz, hala nola Prat de la Riba, Pompeu Fabra, President Companys, Pau Casals eta beste, literatura saio eta antzeko lanetarako eskainiak.

1974.eko Lore Jokoak, Holandako unibertsitate eta agintari askoren laguntzari esker, Amsterdamen egin ziren; eta, aspaldion hemengo erdal egunkarietan euskal arazoez maiz* nabari* izan denez, hoztasun eta boikot berbera gertatu da Kataluniako literatur sari nagusiekin hango aldizkari erdaldunetan, albiste inportante hura* aipatu ere ez baitzuten egin.

 Canigó katalan aldizkarian irakurri dugunez, ihazko Lore Jokoen saridunak hauxek izan dira:

Maitasunezko gaia: «Flor natural», Miquel Palol-entzat, Amoris poemagatik.

Abertzaletasunezko gaia: «Englantina* d'or», Josep Colet i Giralt-entzat, La meva terra canviant poemagatik.

Erligiozko gaia: «Viola* d'or i argent», Josep M. Murià-rentzat, Decisió poemagatik.

Berandutxo bada ere, bihoazkie* gure zorionak, beren hizkuntzaren defentsan hain adoretsu ari diren poeta katalan guztiei.

Kazetariak:

 Joanes GOIA

 Patxi URTIAGA


Hementxe denok

Ipar Aldea. Bizkaia. Nafarroa. Euskal Herria

Ipar Aldea

Iparraldekoak ere euskara batuaren alde

 Aspaldiko leloa dugula esanen digute batzuek. Eta arrazoin izanen dute. Aspaldikoa da, eta oraindik zenbait urte luzeren iraupena izanen duen leloa dukegu* zorigaitzez. Zeren* eta gure mintzaira ahotik belarrira ikasi baitugu, aitamen, etxekoen eta herritarrengandik. Ez, ordea, eskoletan, hizkuntza bat normalki ikasten den bezala. Horra zergatik Euskal Herrian mintzo dugun euskara, hiruzpalau euskalkitan zatikaturik aurkitzen den.

Egun* eskoletan irakatsiak diren mintzaira mota guztiak, atzo kasu berdintsuan aurkitzen ziren. Haien batasuna ere ez da egun batez egin, ez eta denen nahitara eta, oraino gutiago, denen gustutara. Gauza bat da segura, ordea, mintzaira horien batasuna batasunzaleen lanari esker egin dela.

Euskal Herrian, ba dakigu, osoki jende bereziak garela. Eta geure egungo problemen araberako* aterabideak aurkitu behar ditugula. Baina, bala ere, ez da dudarik, gure mintzairaren kasuan, euskara idatziaren batasuna egin beharko dugula, egunean eguneko urratsa* aitzinera eramanez, baldin Euskal Herriko mintzaira zaharra gure berriko eskoletan irakatsia izan dadin nahi badugu, ipar eta bego aldeko euskaldunek osoki elkar konprenitzeko gisan.*

Iparraldeko berriak hegoaldean

Atseginekin ikusi dugu, Donostian argitaratzen den ZERUKO ARGIA astekarian, iparraldeko berriez osaturik datorren sail berria.

Sail hau joan den hazilaren* erditsutan hasi du, «Urzola» izenordez sinatzen* duen idazle trebeak.

Aspaldi bonetan, Bilbon argitaratzen den ANAITASUNA hamabostekari honek ere toki ederra eskaintzen die iparraldeko berriei. ZERUKO ARGIA bide berari lotu zaigu. Goresmenak biei, ezen,* kazeten bitartez, inork uste baino gehiago, iparraldeko eta hegoaldeko euskaldunak harremanetan ezartzen ahal baitira.

Eta zer da bide hoberik, sail mota guztietan hainbeste behar dugun batasunari buruz joateko?

Ekonomi eta merkatal harremanak hegoaldekoekin

Jendeak ez du beharbada biziki ezagutzen; baina, azken urte hauetan ilunpetik jalgitzen* ari zaigun batasuna* dugunez gain, hemen doi* bat bederen* nahi genuke aipatu.

Baionako Merkatal* Ganbara ezagunaz bestalde, ba dugu Baionan beste Merkatal Ganbara bat, mugaz bestaldekoa. 1913.ean eraikia izan zen, eta 1936.a arte sekulako lana izan zuen egiteko, mugaz bi aldeetako industrilari eta merkatarien arteko harremanen kudeatzeko.*

Luzaz ixilik eta ezageri egon ondoren, oraingo buruzagia den Araluze jaunari esker, berriz abiada eder baten jabe egiten ari zaigu. Mugaz bi aldeak elkarren osagarri daduzka, eta horrengatik bere ahalak oro egiten ditu, hango eta hemengo ekonomilari, industrilari eta merkatari aitzinatuenei* elkar ezaguterazteko, harreman emankorrenei buruz bultzatzeko esperantzarekin.

Sail ederra, eta iparralde honentzat baitezpadakoa.* Dezagun esan ere, Baionako Merkatal Ganbarak, mugaz bestaldeko euskal herrialdeetako industrilari eta ekonomilarien bisitatzeko, gizon bat hartu duela. Gizon hori, Euskadiko Lehendakari zenaren semea da. Joseba Agirre du izen-deitura. Berrogei bat urte, bost mintzairaren jabe eta orain arte Barcelonako merkatal elkarte haundi baten zuzendaria izana.

Urtarrilaren* 2an hasi zaigu lanean Baionan. Agian, hasiko duen lansailak izanen du ondorio onik gure eskualde* honetako bizibidearentzat.

«Sud-Ouest» egunkaria

«Sud-Ouest» egunkariak leku bat eskaintzen die bere horrialdeetan, zerbait berri agertu nahi luketen taldeei.

Ber* denboran, egunkari berak, duela zenbait egun hasia, artikulu bat agertzen du egunero, egungo* egoerako Euskal Herria ezaguterazteko.

Sail interesgarria hain segur, baina bakoitzak berak gero bere ikusteko moldea azaltzekotan.

Lantegi berri zenbait, galdu diren anitzen* ordaintzeko

 Azken urte hauetan, lantegi berri zenbait eraiki da Baionako, Angeluko* eta Donibane Lohitzuneko industri eremuetan.* Eta Baionako Merkatal Ganbararen buruzagi den Saint-Martin jaunaren arabera, joan den urtean, 1.700 lanbide edo enplegu berri muntatu omen dira Baionako eskualdean.

Egia, dudarik gabe. Ez dugu, ordea, ahantzi behar, lanbide berri horik* egin diren denboran, beste lanbide asko galdu dela, lanetxe eta ofizialetxe parrasta* batek beren ateak hetsi* behar izan baitituzte.

«Euskaldunak» hilabetekariak dioenez, ihaz, ehun bat lanetxe edo enpresa gelditu dira.

Hemen agertzen ditugun zifra hauk,* berak mintzo dira. Ikus: joan den urriaren 30etik hazilaren 30era bitartean, Baionako inguruan, langaldeak* 3.154etarik 3.554etara iragan dira.

 Gisa horretan goratuz baldin badoaz, langaldeak beharbada bost milatara helduko dira urtarrila bururatu orduko.

 Hala gerta baledi, orduan hamar langiletarik bat lanik gabe litzateke, 50.000 bat langile dituen Baionako eskualdean.

 Dezagun esan ere, Donibane Lohitzuneko eskualdean, aspaldi honetan, langaldeak 662tarik 738tara iragan direla.

Herriko zergak* goiti ari

 Aurten, jendeak, eta bereziki jende langileak, xeheak, ez du bakarrik negua izanen jasateko. Alde batetik, lana eskasten ari da, harritzeko gisan. Eta hestetik, zerga paperak, urte hondar* guztiez bezala, hor izan ditu ordaintzeko. Estatukoetaz bestalde, herrikoak ere azkarki* goratu dira, herri eta hiri batzutan bestetan baino gehiago. Janari, edari eta soineko, oro garestituz doala esan gabe doa.

Baionan jende multzo bat hildu zen herriko etxera, joan den hilabetean, hiriko alkate jaunarekin mintzatu beharrez, eta bi orenez egon ziren etxe barnean. Alkateak biharamun arratsean errezibitu zituen hamabi ordezkari, eta, solasaldi bat egin ondoren, erabakia hartu zuen, herriko zergen pagatzeko eguna hilabete batez gibelatuz.* Dezagun esan, hamabi ordezkarion lagunak, poliziak ez zituela sartzera utzi.

Agerkari zahar eta berri

Hendaiako «Haize Garbia»

Hamar bat urte honetan Hendaian lan eta lan ari zaigun batasuna dugu «Haize Garbia». Bizpahiru hilabetetarik behin argitaratzen duen agerkariak ere izan bera dakar. Orain jalgi* berria da bederatzigarren zenbakia.

Eta argitaratu ere, haunditurik, ederturik, apainduraz aberasturik eta moldiztegian eginik. Berrogei bat hostoalde daduzka oraingoan.

Batasunak euskal kulturaren sailean daraman lan ederraren herri ematen digu. Ba du non zer ikus eta irakur. Agian izanen bide* du laguntzaile.

Mauleko «Jeiki»

Zuberoko interesen zaindari bipil* agertzen zaigu «Jeiki» izeneko kazeta. Hiruzpalau edo lauzpabost hilabetetarik behin argitaratzen da. Kudeatzen* duen taldeak maizago* nahiko luke jalgi; baina betiko eta orotako buruhaustearekin dabiltza: dirurik ez dute. Dena den, ez dira oraino ixiltzekotan.

Hona 8. zenbakiak zer irakurgai ematen digun. Mauleko klinika, egin ez dena. Non dira hobendunak*? Zer egin behar litzatekeen, Zuberoako mendialdearen salbatzeko. Iratiko etxolen* gorabeherak. Telefono automatikoa noizko?

Baionako «Hitz»

Abenduaren 26an, arratseko seietan, Baionako Euskal Erakustokian,* «Hitz» batasun* berriak bere xede* eta helburuak jakin erazi ditu, lerro honetan biltzera entseiatuko garenak: euskarazko aldizkari herrikoi eta molde berriko baten argitaratzea.

Kudeatzaileek, Peio Bellecave eta Lucien Etxezaharreta gazte suharrek, bi baizik ez aipatzeko, nahiko lukete, aldizkari berri hau izan ledin, oraingoz biharko Euskal Herri batua egiten ari diren kultur, ekonomi eta politik saileko indar guztien agerbide.

Xede eta helburu zinez ederra. Agian «Hitz» aldizkariak beteko duena, bere inguruan, dudarik gabe, bilduko duen gazteria zintzo eta langile jarraikiari* esker.

Lehen zenbakia jadanik emana da salgai. Ba du non zer irakur. Foto edo argazki anitz ere ba dakar idazlanen luze eta zenbait aldiz nekearen* airosgarri.

Bi hilabeteren buruan eskuratzen ahalko dugu bigarren zenbakia. Dudarik ez da, oraino deigarriagoa* eta ederragoa izanen dela.

Kantari herrien bilkura Hazparnen

Hazparnen —Lapurdin— kantari berri batzuk* elkarretaratu dira, ipar eta hegoaldekoak, ez kantuz aritzeko, beren artean kantuaz hitz egiteko baizik.

Egunkariak, dirudienez, ez dira bilkura* horren izariaz* ohartu, HERRIA astekaria salbu. Jendearen artean ere ez da biziki aipatu; doi* doi jakin da, zenbait kantari bildu direla. Menturaz* hobe izan da honela, arrabots haundirik gabe, baina segurki, egiten diren lanen arabera egin baita bilkura hau.

Baina holakorik ez da izan noski orain arte, gure aldean bederen;* eta uste dut, biltzarre hau urrats* baliosa izanen dela euskal kantuaren aitzinamenduaren* alde.

Lehenik puntu bat argitu nahi dut. Kantari «berriak» aipatzean, plaza edo zinema saletan presenteon* gehienik entzuten diren kantari guztiez mintzo naiz, besteak bezala. Ez du esan nahi horrek, agertzen ez diren kantariak —eta kantu zaharrak errotik* ezagutzen eta kantatzen dituztenak ba dira uste baino gehiago, gure herrietan— gutiesten direla Horretaz mintzatu dira preseski Hazparnen bildu direnak. Lehengo kantuen eta bertsolaritzaren sartzea aipatu dute, ikusgarri berean bi izan molde horien agertzea hain errax ez bada ere: Eta nik, behatzaile* gisa iruditzen zaidan bezala eginen dut galde hau: ez litzatekea* on, lehengo kantuak tresnarik gabe kantatzen dituztenetarik bat edo beste ekar eraztea? Zeren publikoan adin* eta gustu guztietarik izaten ohi baita.

Biltzarre horretan, beraz, kantaldien hobetzeari jarraikitzeko erabaki zenbait hartu dute. Orain arte, gehienetan, noiznahi eta nonnahi edonork muntatzen zituen kantaldiak. Bestalde, ikusgarri horien muntatzeko arrazoinak miatzerakoan,* ez zen kilika izan behar, eta ba ziren hain segur azeriak hor ere.

Gainera, hiru-lau hilabetez, udan, ez da kantaldirik egiten; eta gero, hasian* hasi, burrustan* heltzen dira, eta berdin 8 kilometro barne, bi aldiz segidan kasik.

Kantaldien behar bezala programatzea erabaki da, geografi eta denbora aldetik. Honen helburua publikoaren berritzea litzateke.

Kantaldi baten muntatzeak orain ez bezalakoa behar luke izan. Zeren erraxegi baita kantarien hitzartzea,* programa batzuen hedatzea, sala baten aurkitzea, gero sos* pilika* bat sakeleratzeko, eta Jainkoak daki zertarako. Kantaldia, muntatzaileen aldetik, izerdi gutiz diru egiteko tresna bat da. Beraz, gauzak haxean* ezarri nahiz, bi puntu ikertu dituzte kantariek.

1. Euskaltzale edo abertzale direlakotz, ibil daitezkea* kantariak oraino ere beti urrurik* honen edo haren zerbitzuko?

Euskal kulturaren alde fermuki lan egiten duten batasunak abantailatu behar dira. Hala nola Seaska: aurten, 300.000 franko (berri) behar ditu atera nolazpait. Kantari berriek primantza ematen diote, gastu haundiak baititu, eta ikastolen eraikitzea eta zutik atxekitzea* gure nortasunaren aldeko lanik beharbada beharrezkoena dela iruditzen baitzaie.

Bestalde, kantaldi moldatzaileei eskatua zaie gisa* guztiez, kantariei eta kanta egileei ikustate* gehiago egitea. Orain arte, erdi urrurik edo arras* urrurik ari izan dira, gauak galduz, lana utziz, anitz* bide eginez, haurrak norbaiti begiratzera* utziz, eta holako. Beste arrazoin bat ere, pisuagoa, agertzen dute: kantaldiak industria ttipi bat bilakatzen ari direnez gero, langile lehenak kantariak dira. Beraz, printzipioz ere, doi* bat pagatuak izatea eskatzen dute. Bestalde, pagatuak izanez, ez dira inoren peko agertzen, eta bakoitza juje* gelditzen da hari edo honi bere irabaziaren edo irabazitik zerbaiten emateko.

Hemendik aitzina, gutien bat eskatua da, beraz: ehun libera herri, bideko gastuak kontutan har

 2. Kantaldiek gero eta hobeak izan behar dute. Bigarren puntu honek garrantzi haundiagoa ba zuen, eta kantariek horren arabera hartu dituzte erabakiak:

Mikroek onak behar dute izan eta behar bezala ezarriak. Alegia* deus ere ez, kantaldiaren kausitzean* ba dute beren garrantzia.

Ahalaz,* argi jokoak ere muntatzekoak dira. Kantaldiak ikusgarri oso bat behar du izan, eta balia daitezkeen tresna eta joko guztiak erabili behar dira.

Presentatzailearen lana umila da, baina arras inportantea. Publikoaren eta kantarien arartekoa* dela oharturik, bien artean lotura bat behar du sortu, giroa pitz erazi, jendea bildu* eta kantuaren ulertzera ekarri. Ezin dezake, beraz, lan hori nornahik egin.

Kantariek elkarretaratu behar lukete oren bat lehenago, beren artean kantuen programatzeko, gaiak hobekienik partekatuz. Alabaina,* publikoarekin lokarriak berehala sortzeko, jakin behar da, behatzaileak ez direla bat beren gustuetan: batzuk sozial gaietaz dira minbera, beste batzuk politikakoetaz; zenbait, gauza berria ikusi nahiz datoz, beste zenbait, irria maite dutelakotz, eta abar.

Horrek ez du esan gura nahitaez, kantua eta kantariak publikoaren meneko daudela. Kantariek, bakarka edo taldeka, ba dute beren nortasuna, molde berezi batez beren kantuari esannahi bat emanez; eta jendeak hortaz behar du ohartu, hori behar du ulertu. Horrengatik, kantaldi bakarrean, bizpalau kantari aski lirateke, koral batekin, kantu zaharrak eta bertsolaritza ere sartuz. Orain arte, kantari gehiegi lerrokatzen da aldi bakoitzean, eta publikoak ez du beharbada hartzen kantuaren izari guztia, denbora eskasez.

Horretarako, garrantzizkoa da mikro eta argi jokoen lana, bai eta denbora eta programatzea ere.

 Baitezpadakoa da kantaldi bakarrean hegoaldeko kantariak izatea, eta ez beti berak, ahalaz. Kantaldia Euskal Herri osoaren kantua da, eskualdeek* problema diferenteak ukanik* ere, edo, hobeki, ukateari esker.

Xede* hori obratuz, kantaldiak anitz irabaz lezake mamiz eta formaz, bildu diren kantarien arabera. Bestalde, kondizio horietan, gastu gehiago izanez, muntatzaileek zazpi eginahalak eginen dituzte, publizitateaz artatuz, publiko berri baten biltzeko. Esan daiteke, orain arte hamar milaren bat datorrela kantura. Gisa horretan, kantua zabalduko dela pentsa daiteke. Ber denboran, arauez/beste kantari batzuk agertuko dira.

Kantari berriak beharrezkoak dira. Zeren euskal kantuak, hobetzekotan, atzerrian barna ere behar bailuke hedatu,* gure Herriaren deia herritik kanpo adierazi. Bretoin kantariak, noski, aspaldian ohartuak dira puntu honetaz. Berrikitan, hemen gaindi pasatu dira lau, eta toki guztietan jende asko bildu dute. Eta ba dute, bestalde, kantari bat Frantziako hoberenen mailan.

Baina kantariak eskas ditugu. Eskabideak, altabada,* ez zirela eskas esaten zidan Mañex Pagolak: «Nonnahi ba genikek kantuz aritzekoa, eta nahikoa. Baina mugatuak gaituk: denborarik ez; geure lana ba diagu, bestalde, eta ez duk kantaririk aski».

 Horra, beraz, biltzarre horretan erabili diren pentsaketa larrienak kantaldien hobetzeari buruz eta kantuaz. hirugarren puntu bat oso funtsezkoa aipatu dute, baina beste aldi batez ikertuko: euskal kulturgintzan kantuak ea lekurik duenentz, eta zein. Berriz bilduko direnean, horretaz esanen dugu hitz bat. (Leon HAIZAGER.)

Bizkaia

Beste euskal aldizkari berri bat

Deustuko «Zubibarri» taldeak «Zubikoak» izeneko aldizkari berri bati eman dio hasera. Euskaraz eta erdaraz agertzen da. Aipaturiko taldea 200 bat gaztek osatzen dute. Aldizkarian erabiltzen dituzten gaiak, zabalak dira, baina batez ere kulturari atxekiak. ANAITASUNA sarritan aipatzen dute. Geure esker onarekin batean, geure laguntza ere eskaintzen diegu gazte kementsu hauei.

Euskal jaialdia Trapagan*

Bizkaiko mealangintza* eskualdeko herri honetan ez da euskaraz mintzatzen gaur, alboko beste guztietan bezala. Hala ere, Trapagatarrek ba dute euskal kezka, beste euskaldunen aldetik laguntza pittin bat behar duena. Ikastola bat dute, euskarazko gau eskola bat, eta zenbait txistulari eta dantzari gazteren talde bi ere. Herri honen barrutian daude Bizkaiko lantegi nagusienetariko batzuk, hala nola Babcock Wilcox eta General Eléctrica Española.

 Urtarrilaren* 12an, igandekari,* euskal jaialdi bat eman zuten, herriko Casa Social-eko gazteek antolatua. Bilboko San Anton korala, Jon Enbeita kantaria eta Arrola trikitilaria etorri ziren, parte hartzera. Sarrera dohainik* zelarik, aretoa* jendez bete zen, eta txaloak ugari entzun ziren. Azkenez, elkarte antolatzaileak herrian obratu gura lituzkeen xedeei* buruz, elkar hizketa bat sortu zen.

«Altos Hornos» entrepresako langileak greban

Barakaldo eta Sestaoko «Altos Hornos de Vizcaya» Euskal Herriko entrepresen artean nagusienetarikoa denez gero, hango langileak istilutan* dabiltzanean, alboko lantegietakoak zuhur egoten dira, hango gertakizunen zain.

Urtarrilaren 9an «Altos Hornos»ko langileen hitzarmena sinatua izan da; baina langile xehe gehienak ez datoz bat soldaten gorapenaren portzentzaia desberdinarekin; eta grebaldi laburrak egiten hasi dira, eta Barakaldo eta Sestaoko kaleetan zehar sugea* egiten ere. Soldaten goraldia ez omen da urria, baina goi mailako langileen abantaila* desegokia ei* dela, langile arrunten* kaltetan.

Euskal egutegietako anarkia

Ezaguna da, talde interesatu batzuen, Euskaltzaindiari eta euskara batuari oztopoak ipintzeko joera. Hona hemen joera zital* horren ondorio tamalgarri* bat: euskal egutegietan agertzen den anarkia.

Aurten hainbat entrepresak argitaratu du bere egutegia euskaraz. Baina nolako euskaraz! Hilabeteen izenak, nork bere erara jarri ditu, nahaste izugarria sortuz; eta, nola ikastola gehienetan euskara batua erabiltzen den; irakasleek egutegi hauei paper zati batzuk ezarri behar izan dizkiete, oker dauden izenen gainean ikasleak nahas ez daitezen.

Eta, egutegiez ari garelarik, JAKINek argitaratu duen Ormaiztegiko Imeguisa etxearena txalotu behar dugu. Euskaltzaindiari jarraitzen zaio, eta, gainera, Jose Luis Lizundiak eginikako Euskal Herriko mapa eder bat dakar, euskal lurren eskualdekatzearekin.*

Xabier Mendigurenen 150. hitzaldia

Urtarrilaren 10ean hitzaldi bat eman zuen Xabier Mendigurenek Deustuko La Salletarren ikastetxean, «Zubibarri» kultur taldeak eratua. Ehun bat gazte izan zituen entzule, gaia euskal literatura zelarik.

Presentatzaileak esan zigunez, Mendigurenek 150 bat berbaldi eman ditu Euskal Herrian zehar; eta zifra honek nabarmenki erakusten du, hizlari eta idazle honek duen arrakasta.*

Jakin dugunez, eta beste zenbait lanen artean, inprimategian du «Heidi» nobela famatuaren euskal itzulpena, eta orain Salgari italiar idazlearen liburu bat euskaratzen ari da, biak euskaldun gazteñoei eskainiak.

Xabier Kintana, aita

Urtarrilaren 13an jaio zen Bilbon Jurgi Kintana Goiriena, Xabier Kintana euskal langile ekinaren lehen semea. Zorionak Xabierri eta Lejoako ikastolako andereño eta haurraren ama den Mari Karmen Goirienari.

Lapurrak Lejoako ikastolan

 Urtarrilaren 10 eta 11 bitarteko gauean, ohostua izan da Lejoako ikastolan, oraintsu erositako multikopista berri bat. Ez dakigu nor edo nortzuk izan diren lapurrak; baina, segur aski,* ez dira euskaltzaleak izan, ez baitagoke* euskaldunik, ikastola bati horrelako kalterik egin diezaiokeenik.

Multikopista horrekin irakasleek fitxategia eta gainerako materiala prestatzen zuten, eta ikasleak aldizkari bat argitaratzeko asmoz zebiltzan. Orain, ezina izango zaie lan hauk aurrera eramatea.

Ikastoletako haurrentzako sariak

Abenduaren 22an Bilboko «Santiago Apóstol» ikastetxeko teatroan Lejoako ikastolak antolaturiko jaialdian, hara joan ziren haurren izenak bildu ziren, gero haien artean jostailu zozketa* bat egiteko. Zozketa hori Lan Kide Aurrezkian (Caja Laboral-en) egina da, eta, nahiz jostailurik gehienak emanak izan diren, oraino bi geratzen dira banatu gabe.

Bi ume sarituon izenak hauk dira: Ainhoa Bastida Saez eta Mirentxu Agirre Azkuenaga. Beraz, joan bitez Bilboko Lan Kide Aurrezkira (Alameda de Urquijo, 46), jostailuok eskuratzera.

Euskara egunkarietan

Gutti bada ere, erabiltzen da euskara Iruineko eta Donostiako egunkarietan; baina deus* ere ez Gasteiz eta Bilbokoetan.

Iruineko egunkarietan lan handia egiten ari da Aingeru Irigarai jauna. Bilbon ere hasi zen talde bat horrelakorik egiten; baina, zoritxarrez, oso denbora laburretan, zeren* behingoan* debekatu baitzioten euskaraz idazten.

Euskararen loratze honetan, hauk dira —egunkari, irrati, telebista— gure hizkuntzari lepoa ematen segitzen dutenak

Otsailaren 16an txistu jaialdia Bilbon

Euskal Herriko Txistularien Elkarteak eraturik, Bilboko «Santiago Apóstol» ikastetxeko teatroan, txistu folklore jaialdi bat izanen da, otsailaren* 16an (igandez), goizeko 11,30 orenetan.*

Parte hartuko dutenak, hauk izanen dira: Bilboko Txistulari Banda Munizipala eta Lejoako ikastolako «Txikiak» dantza taldea. Jaialdi honetan jokizun* berri batzuk presentatuko dira eta txistulari hoberenak.entzuleen botuen arabera* sariztatuak izanen. Sariok Txistularien Elkarteak eskainiak dira.

Bide batez esan dezagun, Euskal Herriko Txistularien Elkarteak Bilbon eginen duela bere urteroko biltzarre nagusia, Liburutegi Munizipalean, Bidebarrieta kalean, martxoaren 9an, igandekari,* goizeko hamaiketan.

Haurren Egunak antolatzen dituzten elkarte guztiei, Ondarroako KRESALA elkartearen eskutitz irekia

Hainbat eta hainbat Haurren Eguna deritzan euskal jaitan parte hartu izan dugu, elkarte honetako kantari, txistulari eta dantzariekin.

Toki guztietan, eguneko egitarauean,* haurrentzako gertaturiko meza berezi batekin aurkitu izan gara. Bai eta meza horretara talde guztiak komitiban joaten ikusi ere.

 Askok eta askok ikusi dituzue, elizara hurreratzean, gure dantzari eta txistulari taldeak komitiba horretatik irteten.* Bai eta harritu eta... eskandalizatu ere, jokabide horren arrazoina jakin arte, noski.

KRESALA elkartearen pentsaera eta jokabidea

 Gaurko eta geroko Euskal Herriari begira gure haurrak hezten* saiatzen den elkarte bat duzue KRESALA elkartea. Dantza, txistu, kantu eta gainerantzekoak bide horretan erabiltzen ahalegintzen gara.

Geure Euskal Herria gaur egun pentsaera askotako jendez osaturik dugu. Erlijioari buruz ere, nabarmen agertzen zaigu desberdintasun hori. Eta, geroari buruz, desberdintasun hori sakonagoa eta zabalagoa izango dela, ez dugu zalantzarik.

Hau honela izanik, euskal kultura ezin dezakegu inondik ere pentsamolde batekin lot. Bestalde, gure haurrek eskatu eta esijitu egiten digute, Herri pluralista batetan bizi eta lan egiteko gerta ditzagun.

Problematika honi erantzun nahirik antolatzen dira Haurren Egunak, edo eta antolatu behar lirateke, noski.

Eta, orain, nahitaezko galde batzuk aurrez aurre datozkigu.

Haurren Egunetako meza ofizial horik,* Herri pluralista ala pentsaera bateko Herri baten ezagugarri direa*? Geroko ala lehengo Euskal Herri bati erantzuten diotea*?

Ez al dira asko eta asko.eliz girotik kanpora Euskal Herriaren alde lanean dihardutenak? Zergatik hauk,* euskal kultur arloan antolaturiko Haurren Egunen batetan, nahitaez, Eliza batekin topo egitera behartzen ditugu? Beste erlijio pentsaera batetako euskaldun horiek, Euskal Herriari begira, ez al dituzte eginkizun eta eskubide berdinak?

Problematika honen aurrean, Herri pluralista bati erantzun nahirik, KRESALA elkarteak jokabide hauk hartu ditu:

1. Elkarte honetako edozein taldek, talde bezala, ez du parterik hartzen, ezelako* meza, elizkizun, edo beste edozein erlijio arazotan.

Bakoitzari, nahiz haur nahiz guraso, bere askatasun osoa errespetatzen zaio.

2. Talde batek irteeraren bat duenean, taldeko arduradunek onhartu egiten dute gurasoen eritzia eta eskabidea.

Halaber,* gurasoen eskabide hori betetzen, arduradunek berek laguntzen dituzte haurrak.

Beste elkarte batzuri deia

Une honetan, hauxe dugu, geure Herriarentzat guk aurkitu dugun erantzunik jatorrena. Beste eritzi batzuk ere ba dirateke, noski. Prest gaude, geure eritzi eta jokabideei buruz kritika aberasgarri gutiak entzun eta aztertzeko.

Ageri hau egitean, argibide bat eman izan diegu, gure jokabideaz nahasturik gelditu direnei. Halaber, haurren hezkuntzari* loturik gauden hainbat eta hainbat elkarteren artean «mahai biribil» bat sorterazi nahi izan dugu, honetaz eta beste arazotaz guztiok geure eritzi eta jokabideak aberats ditzagun.

Azkenez, gure pentsaera onhartzen duzuen elkarte guztioi, dei bat egiten dizuegu: pentsaera hori ekintzetan ere gorputz egin eta ager dezagula, batez ere Haurren Egunak antola ditzagunean.

Haurrentzako liburuak

Tomas Elortzak kudeatzen* duen taldeak, urte bitan, 12 liburuxka kaleratu ditu, orotara 46.000 ale, hiru mailatan sailkaturik: Kukurruku sorta 6-7 urtetakoentzat, Txantxangorri sorta 7-8-9 urtetakoentzat eta Gaiak sorta 7-8-9 urtetakoentzat.

Aurten beste 15 liburuxka berri egingo dituzte, beti bezala euskara errazean idatziak, eta artista handi eta ttikiren marrazkiz* hornituak.

Liburu hauk oso egokiak dira ikastoletarako alfabetatze ikastaldietarako, erdal kolegioetan euskaraz irakasten dutenentzako, eta haurrei, euskaraz irakur dezaten, euskal liburuak erregalatu gura dizkietenentzako.

 Eska daitezke helbide* hauetara: Donostian, Gordailu (Vergara, 21. Tel. 429779) eta Iñaki Beobide (Ferrerías. 1 Tel. 420982). Bilbon, Librería Verdes (Correo, 7. Tel. 212903).

Patatak patatazaleentzat eta euskal kultura euskaldunontzat

Norbait goiko izenburu hori irakurtzean, ANAITASUNAn argitaratutako beste artikulu batez oroituko da beharbada Ez da ttikia, izan ere, artikulu hauen artean dagoen zerikusia, oraingo hau bestearen erantzuna baita.

Lehenik, Josu Cepeda jaunarekin saiatuko naiz.

Puntuz puntu xeheki joanik, ez diat ezer esango, kantari talde famatu batetakoez kritikatu duanagatik, berok baitira gai nire salakuntzei erantzun egoki bat emateko. horretarako beharrizanik egotekotan. Egotekotan zioat, jokaera hura* aski justifikaturik dagoela uste baitut.

Bestalde, neure «doluminik» zintzoena, presentatzaile bezala pasatu behar izan hituen une hestu-larriengatik.

Baina segi dezagun. Gero ideologiak aipatu dituanez gero, zail egiten ziaidak, ideologia konkretu —niretzat abstraktu— eta ezagun —niretzat ezezagun— hura* zein zen igartzea.* Horregatik, jakin nahi nikek, hireak bezalako «espiak» non «saltzen» dituzten, merkeak izango baitira. Eta dioana susmoa baldin bada, kontuz! gaurko munduan arrazoin zientifikoak erabiltzea komeni baita. Ba diaitekek, noski, ideologia «konkretu eta ezagun» hori aipatzea, zemai* bat izatea ere; kontuz! holakoei egindako mehatxua arriskugarria baita beti, eta areago,* adierazpide desegoki batez egiten denean, hik egin duan bezala.

Gainera, ez dieritzaat desegoki «askatasuna, askatasuna» oihukatzeari, areto* hartan gure herriaren askatasun «osoa» ukatzen duen zenbait jende zegoenez, hauek baino askatasun gehiago nahi izango baitzuketen besteek.

Hurrengo puntuan aipatzen denaz, hirekin ados niagok, euskara ez dakien batek dakien bati «maketo» deitzea ez baita guztiz normala; baina ez diakiat, afirmazio hau egiazkoa den. Sozial zentzua, ordea, beste era batez agerterazi behar zuan sasoin hartan, eta ez musikaz.

Pausaldian erabaki zena ez diat guztiz argi ikusten, eta erabakiaren arrazoina ez diat uste «taldearen jarrera* zatikatzailea gorabehera*» izan zenik ere. Arrazoina ez ote zen. aipatu* egoerari beste kantariek behar aina* garrantzi eman ez ziotela, eta lehenbizikoen ez kantatzeko jarrerak erabaki hori hartzera bultzatu zituela?

Noren aurrean agertu behar zen guztion batasuna? Argi dagoena, zera duk: guri komeni izan zaigunean, ez dugula oztopo askorik aipatu, inoren aurrean «batasuna» apurtzeko.

Arrazoina ez ote zen nork bere belarria ez agertzea, hango jarrerak ikusirik, eta beldurrak edo komenientziak bultzaturik? Kantari bakoitzak —eta are* gehiago sozial kantariak— bere nortasuna badu, zergatik ez zuen nork bere jarrera mantendu, egokia zela pentsatu bazuen lehenago?

Ala nork bere jarrera sakrifikatu ote zuen, besteena onhartuz? Ala ez ote zuten pentsatu ere egin, jarrera bat hartu behar zela sasoin hartan? Ez pentsatze horri axolagabekeria haundiegia dieritzaat «sozial kantari» batengan.

Ez dituk, horregatio,* istiluak hemen bukatzen. Egia esan, pataten eta elektrapilen jokaera ez diat nik ere bidezko* ikusten, ez baitira hauk pertsona zibilizatuen arteko harremanak argitzeko tresna egokiak, naiz eta espainolzaleren bati zuzenduak izan.

Eta bukatzeko, zertzelada* gisa,* borondate oneko batek esan lezakeenez: «Hazilaren* 30ean beste urrats* bat eman zen. egunero bezala, gure arazoen konponketarako bidean».

Ni ez nioak, ezagutzen ez dudan Vladimir Ilych Ulyanoven esaldiño biribilik botatzera, nahiz eta gero, nola ez, aitormen honegatik «kulturgabe» deituko nauten!

Eta hire espainolezko esaldiari buruz, lasai egon, ez baita hori hi «espainolzale» kontsideratzeko arrazoinik egokiena.

Cepeda jaunarekin saiatu ondoren, aspalditik ezagutzen dudan, nahiz eta berak ni ez hain ondo, Xabier Gereñori erantzun nahi nioke:

Tamalgarria* benetan, zuk artikulu hura idaztea, Xabier, informazio falta izugarriz jokatu baituzu. Argi gera* bedi, hauxe dela nire ustea.

Subnormalen alde dirua batzean txalogarri deritzat. Baina hori izan ote zen antolatzaileen helburua? Nire ustez, hobeto informaturik egon behar dugu. Euskal kantarien laguntza ez dut zalantzatan jartzen, baina bai, «euskal kantari» izanik, sasoin hartan era hartako laguntzaren egokitasuna.

Bestalde, euskaldunok agerterazi egin behar dugu geure kultura, bai kantuen, bai bertsoen, bai dantzen bidez... Baina ez dezagun pentsa, geure egoera horrela bakarrik aldatuko dugunik; eta horretara dedikatu behar badugu, beste ekintza batzuetara ere dedikatu beharko dugu; eta urteak 365 egun baditu, ba dago era batean eta bestean dedikatzeko egunik nahiko.

Familia batetan, poza familia osoak agertzen du era berdinean, eta samintasuna beste batean. Guk euskaldunok, ostera,* bakoitzak gura duen bezala joka genezake, antza.* Jokaera polita eta elkartasunaren agerpide egokia benetan!

Aipatu* oihukari hauk* erdal jaietara joan ez badira, ez da izan, noski, joan nahi izan ez zutelako; ez da, beraz, bidezko, horregatik inor «erdaltzale» izendatzea. Oihukari horik, bestalde, ba liteke mila euskal jairen antolatzaile eta eustaile* izatea. Jai horren antolatzaileak lur jota ikusteak, otsoa* saminez ikusteak beste* mintzen nau; jendea «penaz» ikusteak, hori egia bada, bai penatzen nau, gure inorantziaren agerpena baita.

Euskal kantua euskal kulturaren zati bat da; eta geure egoera aldatu nahi badugu, kanta saioez aparte, beste gauza batzuk ere aitzinerazi* behar ditugu. Oihukari horiengatik, ordea, ez zaitez ardura, berok ardurarik aski* omen baitute, euskal kultura indartzeko eta lantzeko.

Bestalde, deuseztatzaile* eta eraikitzaile nor den ikusiko dugu noizbait. (Antton SOLAGUREN.)

Nafarroa

Haurrentzako agerkari berria

 Iruinean, Jose Maria Satrustegiren zuzendaritzapean, komiki bat argitaratzen da euskaraz. Azken alea jaso berri dugu. «Gudu garratza» du titulua. Irakurtzeko oso erraza da, eta irudi apainez horniturik dator. Ale hau Donostiako «Santo Tomás» lizeoko ikasleek egin dute; eta gure txalorik beroenak bidaltzen dizkiegu, egin duten lan baliotsuagatik. Eskariak egiteko, hau da helbidea: «Etorkizuna» - Gorriti, 27 - Pamplona.

Bi kontseilari legearen eta euskararen alde

Iruinean, Caballero eta Astrain, udaleko* kontseilariek, euskararen ezagutzak irakaslegaien artean puntuazio bat ukan dezan eskatu dute. (Euskaltzaindiak eman ohi duen diplomaz ari direla uste dugu.)

Caballerok zehatzago adierazi du bere pentsaera: «Nahi dutenek oro* hizkuntza hau ikas ahal dezaten medioak jartzea, gure eginkizuna da; eta 1970.eko agorrileko* Hezkuntza* Lege Orokorrak* horixe ematen du aditzera. Egia da, lege hori orain lau urte argitaratu zela, eta ez direla haren ondorioak ikusi. Baina guk, bete dadin saiatu behar dugu. Ez dirudi serioa, ez betetzekotan, talde politiko batzuek, izatez herri osoaren patrimonio diren kultur balioak berentzat hartzea. Nire proposamenduak nahi lukeena, zera da: halegia,* ikastetxe nazional guztiek gutienez euskararen irakasle bana ukan dezatela»

Euskal Herria

Unibertsitari talde berria

 Martin Arrizubieta apezaren inguruan (haren helbidea: Imágenes, 23 - Córdoba) hango Unibertsitatean ikasten ari den euskal ikasle talde handi bat elkartzen da, zientzi gaiak euskaraz lantzeko. Unibertsitari hauek Matematika eta Biologia aztertzen dute bereziki, eta antzeko beste talde batzuekin nahi lukete harremanak eduki. Beren tesinak euskaraz idatzi nahiz, hiztegi teknikoen falta nabaritzen* dute.

JAKIN argitaletxearen arrazoinak eta programak

JAKIN argitaletxeak bere abonatuei, ohitura duenez, bere martxaren berri eman die.

1974. urtean moteldu egin dela aitortuz hasten da. Eta horren arrazoinak ere ematen ditu (estrukturazkoak ez baina kojunturazkoak esango genuke), hala nola, bulego etxean gertatu* erreketa, berebila* lapurtua, inprimategi aldakuntzak eta ekonomi alderdiaren garestitzea.

Joan den urteko gauza onen aldetik, talde zuzentzailearen osapena da bat, eta gero hiru liburuk ukan duten arrakasta. Hiru liburuok, ezagutzen ditu publiko irakurleak: «Axularren Hiztegia», Gerediaga Sariaren irabazle, «Euskara batua zertan den», bost hilabetetan agortua, «Lur eta Gizon», geroago aterea* eta agor zorian dagoena.

1975.erako liburu zerrenda eskaintzen du, gero, JAKINek. Hona:

1. BEGIARMEN: «Sei idazle plazara.» (II). Inprimategian.

2. ELKAR LANEAN: «Marx eta Jesus Europan». Inprimategirako.

3. AXULAR: «Gero». Villasanteren oharrak. Inprimategian.

4. LARRAMENDI, J. M.: «Euskal artistak».

5. LAZKANO MENDIZABAL: «Gizona abere hutsa da». Inprimategirako.

6. ETXARREN, J. B.: «Donibaneko Huarte»

7. INTXAUSTI, J.: «Euskara batua. Gramatika laburra».

8. LEKUONA, J M: «Bertsolaritza».

9. ZABALA, E.: «Euskal Herriaren Historia» (II).

10. TARTAS, J.: «Onsa hiltzeko bidia» (zuberotarrez). Inprimategian.

11. NIMEGAKO KATEKESI ETXEA: «Kristau Bidea» (Holandako Ikasbidea).

Euskal liburugintza 1975.ean

1975. urtea euskal liburuarentzat zernolakoa izango den ez dakigu. Azken urteotan liburugintzak behera egin du pitin bat, zenbaki soilak kontutan harturik. Gaiaren aldetik hobetuz doa, bestalde, kritikariek diotenez. Aurten ere zer atera egongo da, segur.

Gaitza beste nonbaitetik dator. Ekonomi aldetik. Horretan, ihazko joera gaiztotu egingo da. JAKINi, adibidez, abonatuei egindako oharrean esaten denez, liburuen salneurrietatik datozkio buruko minak. Ba dakigu, paperaren eta inprimaketaren gastuak doblatu egin direla, eta postalgoak* ere gora egin duela preziotan.

Publikazioa posible egiteko, gaurko euskal argitaletxeek abonatuen bidez jokatzen dute. Biderik hoberena ez bada ere (irakurleak ez baitu hitz osoa), gure kasuan beharrezkoa da, mezena handi eta ugariak sortzen ez diren bitartean (eta hau ere ez da biderik aproposena).

Abonatuen eta irakurleen laguntza sekula baino premiazkoagoa dute euskal argitaletxeek. Gure herriaren egoera halakoa delako (irakurtzeko ohiturarik eza, kulturari buruzko zailtasunak, etab.), euskal argitaletxeek liburuak merke saltzera jo beharra dute. Izan ere, liburuak merke saltzen dira Euskal Herrian (euskarazkoak esan nahi dut). «Paperback» edo «livre de poche» direlakoen preziotan dabiltza gure liburuak. Eta, ongi dakigunez, poltsiko liburuen erreboluzioa posible izan bazen, erosleen ugaltasunez izan zen. Erosle gehiago eta liburua merkeago. Eta gurean, erosle guti eta liburua merke. Kontradizio horretantxe gaude, irten* ezinik.

Gainerako beste arrazoin guztiak aparte utzita ere, eta ekonomiazkoari bakarrik helduta,* euskal liburuak argitaletxeari dirurik uzten ez dion bitartean, profesionaltasunik lortzea gaitz izango da. Ezinezko, hobeto esanez. Liburugintzaren aparatuak amateurismoan segitu beharko du.

Euskal irakurleak, liburu bat erosten duenean, irakurtzearren ezezik, aurkitzen oso zaila ez den beste arrazoin batengatik ere egiten du, ene ustez.

Langilea, lantegia, kalea

Lanuzteak, grebak, lantegi hitxiak ugalduz doaz 1975, urte honetan. Inflazioa eta bizitzaren garestitzea ez dira hurrengo bihurgunean galtzekoak. Europa osoko arazoa da. Espainiakoa ere bai. Gure artekoa ere bai, nola ez.

Non ez dira grebak ezagutu edo ezagutzen Euskal Herrian? Manifestazioak ere «eguneroko ogia» bihurtzen ari zaizkigu. Egunkarietan ere —bazter galduetan, besterik ez bada— zerbait irakur genezake. Dirudienez, istilurik* gogortxoenak Bilbo, Iruine eta Tolosa aldekoak dira azken aldi honetan

Tolosan, esaterako, egoera oso latza da. Abenduaren 2an eta 3an grebak ez. zuen indarrik izan. 11n eta 12an, bai. Eta harez gero, lantegi batzutan, gaur arte diraute. 11koan, gainera, hitxirik egon ziren denda guztiak. Oraintsu, urtarrilaren 20an, beste horrenbeste. Manifestazio, kaleko ibilaldi isil eta gainerakoak, kontaezinak. 15 bat lantegi daude geldirik, edo hitxirik. 800 bat langile greban. Jendea beldurrez. Lantegi buru zenbait, zer egin ez dakiela.

Tolosako egoeran bereziki oinharturik, hor zehar dabiltzan susmo, entzundako beldur, eta egin bide* diren pausoen berri pentsagarri batzuk eman nahi nituzke ANAITASUNAn, aldizkariaren baldintzengatik gehiago egiterik ez dago eta.

Grebak direla eta, informazio guti eta mesfidagarria dugu. Noiz behinka kale bazterrean harrapatu ohi diren horrietatik aparte, ahoz aho jakiten dira berriak. Klandestinitate honekin, batek ez daki zer den egia eta zer egin. Ez dago jakiterik, zeintzuk diren, atzetik, azpitik eragile dabiltzan indarrak, joerak, mugimenduak. Herri xumea, informazio eta politik formazio gutikoa denez, mesfidatu egiten da. Eta, beharbada, fidagaitz* bihurtuko da gerorako. Bestalde, talde eragileen izenak-eta kaleko horrien bidez ezaguturik ere, nola neur talde horien indarra? Nola jakin, horiek duten benetako burruka ahalmena eta dadukaten langileekiko erakar indarra? Goazen galdetuz. Dendariek-eta hola erantzun baldin badute, zergatik ote da? Laguntzeagatik? Ala beldurragatik eta mehatxuengatik*? Baina nola nahi da informazioa ematea ere, informazio hori emateko bide egokirik ez dagoenean? Burruka «a tope» eta beharturik eramanez, zer lortuko da? Iraultzaren lehertzapena ala behin betirako jendea higuin eraztea? Nola joka liteke bestetara, langileriaren mugimendua eta sindikatuak elkar hartu gabe doazenean? Europako herrialdeetan, sindikatuak dira langileen errepresentatzaileak, hauen berauen hautapenez.

Ba dira, greba dela eta, biziki axolaturik dauden ugazabak. Edo lantegi tipiak daduzkatelako; edo entrepresa handi batzuen menpeko eta zerbitzari direlako; edo, entrepresa multinazionala izanik eta beraz erabakigunea* urruti egonik, ahalbide guti dutelako hemen; edo, bailara* bakar batetan egindako grebengatik lantegiak hixtera behartuak izanik, merkatua eta bezeroak irabazteko konkurrentzi ahalbidea gal ditzaketelako. Eskualde honetatik industriak uxatu egingo direla diotenak ere ba dira, leku baketsuagoetara joango direlako edo eraman nahi dituztelako. Honekin, zera adierazi nahi dugu, greba noiz, non eta nola eraman biziki aztergarria dela, ekiteke eta gelditzeko orduan.

Greba hastea bukatzea baino erraxago gertatzen ari delako inpresioa. Ka du batek baino gehiagok. Kanpoko, kaleko giroa beroturik dagoenean, lanera sartu behar dela edo lanean segitu behar dela erabakitzea baino errazagoa da irtetea. (Alderantziz gertatzen da beste kasutan). Amore ematea, edo eskabide batzuk gerorako uztea, gaitz da («que den ellos el brazo a torcer» esan ohi da). Europako sindikatuek sarri egin ohi dute amore emate hori. Horretarako, agian, holatsuko antolamendua behar, ordea! Hala ere, gudutxo bat galtzea, gerrate bat irabazteko bide bakarra gerta daiteke estrategia militarrean. Berdin gizarte arazoetan, eta bestelakoetan. Gainera, greba bat, luzarokoa denean, arretaz eta ongi zainduz eramaten ez bada, usteldu egin daiteke. Arriskugarria da hori, burruka ahalmena galtzen baitu jendeak orduan!

Demokraziarik ez dugu geure herrian sekula orain arte ezagutu. Ez gaude horretan ohiturik, ez hezirik, ez formaturik. Nahitaez, egingo dugun guztia kondizionatuko du horrek. Baina dantzan ere dantzatuz ikasten den bezalaxe, demokrazia ere demokrazi bideekin ikasiko da. Lantegietan-eta, ba dakigu, bilkurak sarri egin ohi direla azken aldi honetan: jendea mintzatzen da, erabakiak botutara jartzen dira. Kontrako esperientziak ere askotxo dira, diotenez; mehatxuen bidez jendea behartuz, mendekuak ere hartuz... Baina hau guztiau nola kontrola? Holatsuko ekintzak deskalifikatzeko erakunde* errepresentatzaile nagusi bat ez dagoen bitartean, langileen mugimendua bera gelditzen da galtzaile.

Jendearen eskabideetan ikusten denez, kantitatiboa dateke greba hau, gehienbat bederen.* Bizimoduaren garestitzeari lotua. Beste ezeri askoz gutiago lotua, langileen ordizkaritzari, lantegi barneko aginte moduari eta jabegoari, lan kondizioei, esaterako.*

Politizatua ote da greba hau? Baietz uste dut. Lan organizazioa bera baitago politizatua, eta egoera zer esanik ez. Politizatua dago, paperetan behintzat. Beste kontu bat da, hala ote den langile xumearen eskabideetan. Antolatzaileek, agian, gauzak diren bezala aurkezteko beldur direlako, edo ulerterazteko eta jarraituak ez izateko beldur direlako, lantegien barruan kantitatibo aldetik jo dute. «Agian» diot Hala ere, politizatua dagoela uste dut, zentzu honetan behintzat: sistema kapitalistari eusten dion sistema politikoaren kontra geina dela. Baina euskal politika espezifikorik ez dago. Kontu egin dezagun. abenduaren 2 eta 3ko grebak ez zuela hemen jarraitzailerik izan. Ba da zer azterturik.

Lehen ere aipatu dugu, nagusi zenbait nola joka asmatu ezinik dabilela. Borondaterik hoberenarekin ibilita era, irtenbide egokia ez da erraz aurkitzen, arazoa, azken finean, lan arazoa baino sakonagoa delako, nire ustetan. Baina ba da susmorik, nagusi zenbait, amore ez emateagatik, edo langabezia ba datorkeela ikusirik, soluziorik bilatzeko presa gehiegirik ez dadukala. Beharbada, langileen batasuna hautsiko den zain, greba ustelduko delako esperotan. Lock-out delakora edo entrepresak hixtera errazegi joatea, horixe da arriskua. Lantegian lantegiko problemak osorik ez direlarik, langile denek onhartuko luketen organizazio errepresentatzaile bat falta da. Bailara osorako soluzioak bilatzeko alkar hizketa, horrela, ez da erraz aurkitzen.

(J. LARRINAGA.)

Liburu berriak

1. SANTAMARIA ANSA, Carlos:

«La Iglesia hace política».

Euramérica, Madrid, 1974.

Egiaztapen* batekin hasten da liburua: Gaurko Elizari kontrazko bi salaketa leporatzen zaizkio. Batetik, Eliza politikan gehiegi sartzen dela, iraultzazale eta progresista dela esan ohi da. Alderantziz, beste batzuentzat, Elizak ez du politikan, giza eskubideen aldeko burrukan parte hartzen; oportunista da, eta sarri zapaltzaileen jokoa egiten du.

Honelako salakuntzak ez dira berriak. Baina, Santamariaren eritziz, gaur Elizaren eta politikarien artean istilu berri batzuk sortzen ari dira. Kondaira aztertuz gero, eta bereziki XIX. mendea, Elizak bere eskubideak eta bere burua salbatzeko burrukatu zela jabetzen gara. Egun,* ordea, gizonaren nortasuna eta beronen eskubideak, eta bereak tarteko, aldarrikatzen du Elizak. Eta, honela, zenbait egoeraren zuzentasun ezaren kritikari gorrotatua bilakatzen* da. Egungo politikari profesionalek, eta bereziki beren buruak teknokratatzat daduzkatenek, ezin dute jasan,* Elizak predikatzen duen politik etikaren meneko izatea. Edozein helburu ez baita gizonari eta beronen nortasunari dagokiona.

Hau guztiau, Brasil, Paraguay, Txekoslovakia, Italia, Frantzia etab. aipatuz azaltzen du egileak.

Santamariak Elizaren politikarekiko harremanen teoria sei printzipiotan biltzen du. Hauk* honelatsu labur daitezke: Gizonaren munduak (ekonomiak, zientziak, arteak, politikak, etab.) bere izate eta helburuetan ba du nortasun bat, autonomia bat. Beraz, Elizak ez du mundu horretan sarbiderik. Baina, bestalde, Elizak gogor defendatzen du, politikagintzak etika bati lotua behar duela egon. Eta, honekin, eskua sartzeko eskubidea ezagutzen dio bere buruari; Eliza mundu honetakoa baita, eta beronen arazoetan haragitua. Horregatik, alde batetik, konkretuki agintedunenganako menpekotasuna eta begirunea* irakasten du; baina, bestetik, Jainkoari gizonei baino lehenago obedientzia zor zaiola esaten du, agintedunenganako desobedientzia zuzenetsiz.* Elizaren jokabide praktikoa, teoriazko bai baina ez delako honi lotua dago.

 Mota askotariko politikagintza dago, nork egiten duen eta nola egiten duen arabera. Baina, Santamariaren ustez, Elizak politika egiteko eskubidea du. Politikan eta politikari buruz, ez ordea politika barruan, ba du eginkizun bat («la Iglesia actúa en la política y sobre la política, aunque no dentro de la política». Ikus 161. hor.). «Modu batetan eta berari dagokion eran, Elizak politika egiten du. Eta behar du egin» (185. hor). Hitz hauekin amaitzen da liburua.

 Liburu hau interesgarria da. Nahiz eta Txekoslovakiako eta Brasilgo bazterrak maizago* aipatu hemengoa baino, begien bistan dago, gure egoera duela egileak gogoan. Metodo hau eta beronen arrazoinak, batez ere gure artean, oso ezagunak izan arren, egileak gure egoera gehixeago aipa zezakeela iruditzen zait.

Elizaren eta politikarien arteko harremanak ez direla gaur eta hemen oso goxoak, jakina da. Hauzi hau apropos nahaspilatzen duen informazio manipulatuan ordenu apur bat jartzeko eta problemaren kakoa zertan datzan argitzeko, oso egokia deritzagu liburu honi. Ez zen noski Santamariaren asmoa, alor honetan dagoen problema korapilotsua eta praxian ezezik* teorian ere hain eztabaidatua erabakitzea. Ezinezkoa bailitzateke liburuxka batetan.

Liburua Eliza barnetiko begiekin egina da. Karlos Santamaria kristau fededun azaltzen zaigu. Liburuaren egituran* azkeneko Aita Sainduen pasarteek duten garrantzia, honen adierazle. Eta, honegatixek, Eliza onhartzen duten kristauentzat deIa idatzia esango nuke. Ez haientzat bakarrik, noski. Egilea sinetsirik* dago, egungo Elizak «moralezko indar» ikaragarria duela, eta indar horren politikazko eragipena onuragarria* eta beharrezkoa duela gaurko munduak.

Puntu batzutan neutralegia agertzen zaigu egilea, beharbada Elizaren irakaspenari gehiegi lotzen zaiolako. Norbaitek, Eliza ondoegi jartzen duela ere esango du. Baina segur nago, liburuxka hau eskutan hartzen duen irakurleak ez duela amaitu gabe baztertuko. (M. PAGOLA.)

2. ERZIBENGOA J., EZKIAGA P.:

«Euskal Literatura (III).»

Gero, Bilbo, 1974.

«Kimu» saileko liburu berri hau XIX. mendearen lehen erdiko euskal idazleen lanaz arduratzen da.

Epe horretako idazleei toki berezi bana ematen die; eta eskaintzen digun bakoitzaren informazioa honela banatzen du:

- bizitza (idazlearen biografia).

- idazlana (idatzi zituen liburuen zerrenda).

- literatur textuak (liburuetako pasarte batzuk, irakurleak idazlearen tankera* ezagut dezan).

- eritzi kritikoa (idazleari buruz).

- ezagugarriak (idazlearen biografia eta lana aztertu ondoren, zeintzu* ezagugarri nabarmentzen diren).

- bibliografia.

Ikus dezakezuenez, idazle bakoitzaz informazio oso bat ematen du, euskara errazean eta labur (ez du hitzik debaldetan esaten).

«Euskal Literatura»ren hirugarren liburuki hau lehenaren eta bigarrenaren atzetik dator; eta laugarren bat argitaratuko da, azken urteotako idazleei buruz.

Norentzat dira liburu hauk? Gazteentzat eginak dira, idatzi eta argitara dutenek berek dioskutenez. Beraz, oso interesgarriak, ikastoletako azken mailetako ikasleentzat, erdal kolegioetan euskal literatura irakasten dutenentzat, alfabetakuntza bukatu dutenentzat, eta, zergatik ez? presaka bizi eta liburu sakonagoak irakurtzeko astirik ez duten adinetakoentzat. (Xabier GEREÑO.)

Albistariak:

Xabier GEREÑO

Leon HAIZAGER

Gexan LANTZIRI

Joanes LEKERIKA

Joan Mari MENDIZABAL


Herrialde guztietan

Breznev gaixorik ote?

 Zer gertatzen da Kremlinen? Leonid Breznev gaixorik ote dago? Edo beste zerbait gertatzen ahal da?

Zorionez edo zoritxarrez, bi begi daduzkagu. Batarekin Ipar Amerikara begiratzen dugu. Bestearekin, Sobiet. Batasunera. Bihotza ere hala erdibanatu zaigu, gainera. Zorionez edo zoritxarrez.

Frantziako Le Monde arratsaldeko egunkari famatuak zurrumurruaren berri eman zuenez, gauza serioski hartzekoa dela pentsatzen dut. Aldakuntzaren batzuk gertatuko ote zirela zioen egunkariak, dena soseguz ez zegoela eta.

Lehendabizikoz zabaldu zena, Breznev gaixorik zegoela izan zen. Hain zuzen, Egiptora, Siriara eta Iraqera egin behar zuen itzulia atzeratu egin baitzuen. Eritasunak oro bota dizkiote Breznevi bizkarrera: neumonia, biriketako gaitza, gripe, hortzetako mina, odoleko gaitza, «eta abar» luze bat. Ipar Amerikako ospital batetan dagoela ere zabaldu da.

Breznev jaunaren eritasunaren berria, Egiptoko ministruak Moskura joan zirelarik hasi zen burrundada hartzen. Baina orduan bertan esan zenez (74-XXII-29), eritasun politikoa zen hura, eta ez besterik. Halegia, Egiptorekin ez zela politikaz bat etorri. Diotenez, Sobiet Batasuna ez dago Egiptorekin batere pozik. Izan ere, Nasseren garaitik du Egiptok Sobiet Batasunarekin ekonomiazko zorra. Eta politikazko zorrak ere ba ditu, alde batetik kontseilari eta gerla teknikari sobietikoak etxera bidaliz, eta bestetik Estatu Batuetara begi keinu baino gehiago ere eginez. Gisa denez, garantiak eskatu dizkio Kremlinek Sadati.

Eritasun politikoa hala interpretatu zen egun haietan, eta denak pozik. Baina ba da besterik ere. Zeren eta Breznevek, Jugoslaviara egin behar zuen ibilaldia ere utzi egin baitu. Horrela baldin bada, eritasun hori ez dago arabiar politikari soilki lotua. Bietatik bat, edo Breznev gaixorik dago benetan edo Gobernuko hauziak daduzka barnean.

Informazio ofizialen faltaz, segurtasunik ez badugu ere, eta, lerro hauk idazten ari garelarik, kanpora begira deus berririk gertatu ez bada ere, ba dirudi Politburo delakoan Breznev hauzitan jarria dela. Ez duela lehengo laguntzarik. Urte Berriko mezurik ez zuen Breznevek irakurri (eta berak sartua zen ohitura hori). Gobernuko beste inork ere ez. Telebistako arduradun batek irakurri zuen.

«Tass» berri emale ofizialak aldarrikatu duenez, «Alderdia eta Sobiet Herria baturik daude, eta herri sobietikoak bere zuzendaritzari, bere Alderdiari eta bere Batzorde Nagusiari laguntza osoa eskaintzen die eta haiengan uste osoa du».

Susmoak sortu ditu deklarapen honek. Hor dagoke enigmaren gakoa. Debaldetan ez baitira egiten holako deklarazioak.

Lehendik ere ba genekien, Breznev Kremlinen bertan oso kritikatua zela. Egiptorekin eraman duen politikaren frakasua, Estatu Batuei juduen emigrazio arazoan amore ematea eta Mendebaldeari eta Estatu Batuei horrenbeste hurbiltzea bota zaizkio aurpegira. Alderdiko gogor zenbaitek ez diote hori barkatzen. Breznevek, ekonomi eta merkatalgo aldetik bederen, Sobiet Batasuna ireki nahi izan du.

Sakharov zientzigizon eta oposiziokoak deklaratu du, halegia, Breznev kentzearekin barneko eta kanpoko politika gogortu eginen dela Sobiet Batasunean.

Breznev behera joateak Europako Alderdi Komunisten estrategiarako ere ba du garrantzirik. Europako sistema demokratikoetan parte hartzea erabaki zuten oraindik oraintsu Alderdi Komunistek. Arazo horretan buru eta bihotz jokatu duen bat, Frantziako AK-ren buru den Marchais izan da. Hau ere gaixorik dago. Benetan. Baina gaixorik jarri aurretik, azken Kongresuaren ondoren, edo politika aldatu beharrean edo postua utzi beharrean aurkituko zela irakurri izan dut behin baino gehiagotan. Gertatuko denaren zain gaude.

Europa Espainiarekin?

Europako 60 jaun ospetsu eta Espainiako 30 oposizioko jaun bildu dira hilabete honen 10 eta 11n, hamar ordutako elkar hizketa egiteko, Bruselasen. «Gaurko Europako Errealitateen Klub» delakoak deiturik.

Klub honetakoak dira nonbait gizon ospetsuok. Estatu desberdinetakoak. Europarrak eta Europazaleak. Europa aberriaren aldekoak eta egileak.

Hogei ta amar espainol horik eskualde guztietakoak eta oposizioko tendentzia guztietakoak ziren. Donostiako Múgica ere han zen.

 Espainiaren egoera ezagutzeko, eta bederatzien Europa eta Espainiaren arteko harremanak nolakoak diren eta izan behar luketen eztabaidatzeko, Espainia ezofizialari dei egitea, hori da harritzekoa.

 Europa politikoa nola egin? Hor dago gakoa. Nola egin Espainiarekin? Horixe zen hango arazorik funtsezkoena.

Garbi ikusi zenez, Espainia, «reserva espiritual» eta «destino eterno y universal» duen herria delarik, Europak ez du Pirinioak iragan nahi. Europak bere irudi eta antzeko nahi du Espainia, hau da, politikazko sistema berdintsukoa. Eta, esan dutenez, aldakuntza bat eskatzen du horrek.

Azken finean, Europaren aldetik, han esan zenez, oztopoa ez da ekonomiazkoa, ez eta ez dakit nongo gorrotoarena, gutiago inbidiarena. Politika da behaztoparria. Hemengo sistema politikoak demokrazi modu horrekin zerikusirik izan nahi ez dueino, Europak ere ez Espainiarekin.

Politikazko sistema biren desegokitasuna, han ziren espainolen aldetik, garbi agertu zuen Luis González Seara, Madrileko soziologoak. Hark esan zuenez, maila askotan Espainia herri modernoa da, Europar Komunitatetik aski hurbil dagoena, hazkunde maila kaxkarragoarekin bada ere; baina haren politikazko sistema europar era demokratikoekin ez dator bat.

Europako inbitatzaileen artean ere eritzi asko eman zen horretaz. Jean Rey, Merkatu Batuko ohorezko lehendakariak, Komunitatean sartzeko bi baldintza ezartzen dizkio Espainiari. Bata erlijiozko askatasuna, eta horretan urrats handiak egin direla dio; eta bestea politikazko eta sindikatuetako askatasuna.

Sindikatuen Europar Konfederazioaren idazkari nagusi den Theo Rasschaers jauna ere ezin argiagoa da, zera dioenean: «Sindikari bezala, esan dezaket, merkatal harremanetatik hara ez garela joan eta ez garela joango».

Merkatu Batuko gizarte arazoetarako lehendakari laguntzaileak azpimarkatu duenez, orain arte ekonomiaren aldetik Espainiari eskaini zaion laguntza, modernizazioaren bidez aldakuntza politiko eta sozialak gerta zitezen emana da.

Altiero Spinelli jaunak esan duenez, honen azpian dagoena zera da, zernolako Europa nahi den. «Guk ez dugu nahi merkatarien Europa kapitalista bat. Herrien Europa bat behar da. Ekonomiarentzat bakarrik mugak irekiz, amesten dugun eta behar dugun Europarik ez da eginen».

Ba du eskubiderik Europak, hara sartu nahi duten herriei politikazko baldintzarik ezartzeko. Espainiak sartzeko ala ez duen bezalaxe. Eta ikusten ari garenez, Europa egiteko, gutienez demokraziazko sistema politikoaren jabe izatea eskatzen da.

 Pueblo egunkari ezaguneko Salvador López de la Torre jaunak ez du begi onez ikusten holakorik. Haserrea dario leku guztietatik: «...'europar pertsonaia' direlakoen talde batek (ofiziorik gabe, baina benefizio askorekin), bilkuratik zera ondorioztatzea, halegia, Espainiak, bere politikazko egiturak aldatzen ez dituen bitartean, Merkatu Batuko ateak hitxirik dituela, hori burujabetasunaren kontrako atentatu jasan ezina da» (geuk azpimarkaturik).

Minoritateei buruzko nazioarteko konferentzia Triesten

 Ondoren emanen dugun albistea, egia esan, ez da erabat «berria»; baina, gure artean aipatua denez gero, uste ukan dugu komenigarri zatekeela hemen agertzea.

 Triesteko eta Goriziako administrazio probintzialek, Friuli-Venezia Giuliako eskualde autonomoaren babespean, eraturik, 1974.eko uztailaren 10etik 14era artean, nazional minoritateei buruzko batzarre oso garrantzitsu bat egin zen Triesteko hirian. Haren erakuntzan parte hartu zuten 40 zientzigizonen artean, Paulo Freire pedagogo ezaguna, Jean Marie Domenach, «Esprit» aldizkariaren zuzendaria, J. W. Brügel, Txekoslovakiako ministru izandakoa, Arduino Agnelli, Triesteko Unibertsitateko Historiako irakaslea, eta Vladimir Dedijer, Russell tribunalekoa, Tito mariskalaren biographo ofiziala zeuden. Edonolakoak ez ziren, halajaina!

Hauez gainera, beste 835 lagunek hartu zuten parte, eta euskaldunon errepresentazioan Federiko Krutwig euskaltzaina egon zen, Euskal Herriko hizkuntz, kultur, histori, soziologi eta ekonomi egoera bertan azalduz. Esan zituen gauzen artean, ondoko hauk seinala ditzakegu:

«Euskaldunek ez dute minoritate izateko konplexurik: ez daude Estatuko hiriburuari aho zabalik begira. Euskaldunok ba dakigu, herri bakoitza berez den bezala hartu behar dela, dituen bizilagun ugari edo urriak kontuan eduki gabe. Beren Estatuen barruan daduzkaten minoritateez burlatzen direnek, pentsatu egin behar lukete, Europako herri guztiak, beraik barne, Txinarekin konparatuz gero, minoritate barregarri batzuk baino ez liratekeela, horretara joanki. Euskaldunak kultur eta politik ekintzetan aurrerazale eta ekintzaile agertzen dira, beren egiazko giza eskubideak ongi ezaguturik».

«Ba daude, ordea —segitzen zuen Krutwigek—, inoren azpian daudelako lotsa edo konplexua duten minoritate batzuk, hala nola okzitaniarrak edo eta irlandesak berak, berauek Estatu propio bat ukan arren. Ez da, zinez esanik, euskaldunon kasua hau».

Gure euskaltzaina, kultura, eskola eta mass-medien batzordeko presidentkide izendatu zuten bertan; eta, Corriere della Sera (74-7-12), Fränkischer Tag (74-7-20) eta L'Unità (74-7-15) egunkarietan irakur daitekeenez, ohi ez bezalako arrakasta lortu zuen beste batzarkideen artean. Bere txanda bukatu ondoren, Jugoslaviako telebistak eritzi trukaketa bat filmatu zion, eta Suitzako irratiak elkar hizketa bat egin ere bai.

Autoen ibilerazteko ekai berri bat

H.R. hizki* horik* biok petroliorik gabeko erregai* mota berri baten asmatzailearen izen-deituretarik jalgiak* dira. Autoen motorrentzako ekai* berri horren asmatzailea inginadore bat da: Henri Rothlisberger, Beaulieu-sur-Mer deitu* herrian, Niza ondoan bizi dena.

Autoen ibilerazteko moldatu duen erregai berria, egur, artalasto edo beste edozein landare hondakin, bai eta plastikozko hondakinetarik ere jalgia du. Orain baliatzen den erregaia baino aberatsagoa omen da.

Oraingoz 30.000 kilometro ba omen ditu eginik asmatzaileak bere erregai berriarekin. Indartsuago izanik, H.R.ak ez du kerik ez berunik* ez eta urik botatzen kanpora. Eta orain autoek airea 4,5ez gutienez pozoindatzen badute, erregai berri honek 1,5ez baizik ez du egiten. Beste abantail bat ez ttipia, asmatzailearen ustez: H.R.a 45 zentimo baizik ez omen litzateke kostatuko litroko.

Ekai berri hau eter ura baino anitzez* baliosagoa omen da, zeren* eta eter urak luza gabe herdoil erazten baititu motorreko piezak. Inginadore honek beronek eter urarekin kurri erazi omen zuen auto baten motorra 1939.ean; baina, aipatu dugun arrazoinengatik bazterrera utzi gero.

Ea, bada, noiz petrolio konpainia haundi horiek ekai berri hau utziko duten saltzera! Dudarik ez da, ba lukeela erosle.

Berri laburrak

• Mitterrand, ezkerraren buru ezofizialak eta Alderdi Sozialistaren buru ofizialak, Frantziako Alderdi Sozialista ezkerreko lehen alderdia dela esan du.

• Palmer lehendakari sozialistak deklaratu duenez, Europan Alderdi Komunistek agintera jo nahi badute, erreformista bihurtu beharra dadukate. Marchais bera ere erreformista dela esan du, gainera.

Bihotzeko gaitzarekin ospitalean dagoen Marchais jaunak nola hartuko ote du hori? Ez dio grazia handirik egingo, oker ez banago. Orain arte, mespretxu olinpikoarekin iraultzaren nobizio bezala tratatzen zituen «gauchiste» direlako ezkertiarrek esaten baitzioten holakorik.

• Bizi dugun, eta batez ere biziko dugun, krisia ez da olgetan ibiltzekoa. Arriskutan dagoena ez da ekonomia bakarrik; berdin daude gizartearen eta politikaren estrukturak oro ere.

Saihets askotatik ikusi behar da krisi hau. Krisi honek hauzitan jartzen du gure abundantziaren, kontsumoaren eta superproduzioaren zibilizazioa. Petroliodun herrien aurrerakadak kanbiatu egiten ditu Hirugarren Munduarekiko harremanak. Leku eta herrialde askotan, gose eta miseria gorriaren egoera biziagotzen ari da.

• Merkatu Batuko Batzorde Erabakitzaileak berrikitan aditzera eman duenez, Europaren bizi maila beheraka joango da, eta langabezia goraka.

Diotenez, behi argalen egoera honek hamar bat urte iraungo omen du, inflazioagatik eta energiaren eskasiagatik batez ere.

Krisi honek ez omen du, gainera, Europaren batasuna fitsik ere lagunduko. Herrialde bakoitza, izan ere, problema desberdinekin dago eta. Esaterako, Alemaniari komeni zaiona, Italiaren kaltetan izan daiteke. Nekazaritzaz arduratzen diren ministruak bildu direlarik, argi eta garbi ikusi dugu esandakoa.

Idazleak:

Joan ALTZIBAR

Gexan LANTZIRI

Joanes LEKERIKA

Patxi URTIAGA


Ikas zeure hizkuntza

Hiztegia

IMANOL BERRIATUAK

Ale honetan izartto batekin agertzen diren berbak

A

 ABANTAIL, ventaja.

ABANTAILATU, azkartu, sendotu.

ABELGORRI, ganado vacuno.

ABONATU, suscritor, abonado.

ADIN, edade.

ADINAKO, ainako, besteko, bezainbateko.

AGIAN, beharbada, nonbait.

AGORRIL, abuztu.

AHALAZ, ahal dela.

AHULEZIA, makaltasun.

AINA, adina, beste, bezainbat, bezainbeste.

AIPATU, aipatutako, aipaturikako, aipaturiko.

AITZINA, aurrera.

AITZINAMENDU, aurreramendu, aurrerapen.

AITZINATU, aurreratu.

AITZINERAZI, aurrera arazi.

ALABAINA, izan ere, en efecto.

ALDARRIKATZE, proclamar.

ALDIZ, berriz, ordea, ostera.

ALEGIA DEUS ERE EZ, antza ezer ere ez. (HALEGIA, a saber, es decir, esto es.)

ALTABADA, hala ere.

ANGELU, Lapurdiko Anglet.

ANITZ, asko.

ANTZA, dirudienez.

ARABERA, arauera, según, conforme.

AHARTEKO, intermediario.

ARAUERA, arabera, según, conforme.

ARAUEZ, proporcionalmente.

ARAUEZ KANPOKO, anormal.

ARE, oraindik, aún, encore.

AREAGO, oraindik gehiago.

ARETO, sala, salón.

ARRABOTS, zarata, ruido.

ARRAKASTA, éxito, succès.

ARRAS, guztiz, osoki.

ARRETA, cuidado, detenimiento.

ARRUNT, común, corriente, ordinario.

ARTATU, arduratu.

ASKI, nahiko.

ATEREA, ateraia, ateratakoa.

ATXEKI, adherido, apegado.

ATXEKITZE, conservar, mantener.

AZKARKI, fuertemente.

B

 BAILARA, bailada, eskualde, comarca, cuenca. 

BAITAN, -gan.

BAILIREN, baliro bezala, como si fuesen.

BAITEZPADAKO, beharbeharrezko.

BAPATEKO (bat + bateko), repentino, súbito.

BARAZKI, ortuari, hortaliza.

BARIK, gabe, en vez de, au lieu de.

BATASUN, elkarte, elkargo.

BATZUK, zenbait. (Batzuek aktibo, batzuk pasibo.)

BEDEREN, behinik behin, behintzat, gutienez.

BEGIRATZE, zaintze, jagote, gordetze.

BEGIRUNE, consideración, respeto, miramiento.

BEHATZAILE, behari, espectador.

BEHINGOAN, berehala.

BER DENBORAN, denbora berean.

BEREBIL, automóvil.

BERRIKITAN, berriki, recientemente.

BERUN, plomo, plomb.

BESTE, bezainbeste, aina.

BEZERO, cliente.

BIDE, beharbada, nonbait.

BIDEZKO, gisako, legítimo, justo.

BIHOAZKIE, joan bekizkie (bekioez).

BILAKATU, birurtu.

BILAKATU, bihurtu.

BILDU, recogido, reconcentrado.

BILKURA, bilera, reunión.

BIPIL, resuelto, decidido.

BITZUK, dos grupos.

BULEGO, oficina, bureau.

BURKIDE (buru + kide), camarada.

BURRUSTAN, a mares, en abundancia.

D

 DAGOKE, dago nonbait, debe de haber, habrá, debe de estar.

 DAITEKEA, al daiteke?

 DAITEZKEA, al daitezke (daitekez).

 DAKIKEGU, dakigu nonbait.

 DAKUSAGU, ikusten dugu.

 DARAMA, daroa, eramaten du.

 DATEKE, da nonbait.

 DEA (da + a), al da?

 DEIGARRI, llamativo, atrayente.

 DEITU, deitutako, deiturikako, deituriko.

 DEITURA, apellido, nom de famille.

 DERRIGORREZKO, beharbeharrezko, baitezpadako.

 DEUS, ezer.

 DEUSEZTATZAILE, destructor, aniquilador.

 DIOTEA, al diote (deutsoe)?

 DIRATEKE, dira nonbait. (Izango dira erdarakada bat da.)

 DIREA (dira + a), al dira?

 DIRU ISURKI, liquidez numeraria.

 DOHAINIK, dohan, doharik, urrurik, gratis.

 DOI, poco, apenas.

 DUKEGU, dugu nonbait.

E

EGIAZTAPEN, aseveración.

 EGIN, igarri.

 EGITARAU, programa.

 EGITURA, estructura.

 EGUN, gaur.

 EGURATS, atmósfera.

 EKAI, gai, materia.

 EKIN, jarraiki, tenaz, insistentemente aplicado.

 ENGLANTINA D'OR, urrezko astalarrosa, rosa silvestre de oro.

 ERABAKIGUNE, centro de decisión.

 ERABAT, guztiz, osoki.

 ERAGIN, eragipen, influencia, acción.

 ERAGIPEN, eragin, influencia, acción.

 ERAKUNDE, organismo, entidad.

 ERAKUSTOKI, museo.

 EREMU, terreno, dominio.

 ERITASUN, gaixotasun.

 ERORTZE, jauste.

 ERRAIAK, entrañas.

 ERREGAI, combustible.

 ERROTIK, radicalmente, a fondo.

 ERRU, hoben, culpa.

 ERTZ, hegi.

 ESATERAKO, esate baterako, por ejemplo.

 ESKUALDE, comarca.

 ESKUALDEKATZE, distribución comarcal.

 ETXOLA, txabola.

 EUSTAILE, sostengatzaile.

 EZELAKO, inolako.

 EZEN, ze, pues.

 EZEZIK, no solamente.

F

FIDAGAITZ, desconfiado.

FLEITE, buena disposición, buena forma.

 FREOGATU, probado, demostrado.

 FUNTS, fondo, fundamento, sustancia, esencia.

G

 GAINDI, zehar.

 GAUBEILA, gaubela, vigilia nocturna.

 GERA, geldi, quedar, rester. (GERATU, gelditu, quedado, resté.)

 GERATZE, gelditze.

 GERTATU, gertatutako, gertaturikako, gertaturiko.

 GIBELATU, atzeratu.

 GISA (1), era, modu.

 GISA (2), bezala.

 GISA (3), gisako, bidezko, justo normal.

 GORABEHERA, a pesar de, malgré.

 GURARI, nahikari, deseo.

 GUTIESTE, menospreciar, subestimar.

H

 HALABER, así mismo, también.

 HALEGIA (hala + egia), a saber, es decir, esto es. (ALEGIA, ficción.)

 HASERA, haste, hastapen, comienzo.

 HASIAN HASI, ya que hay que empezar, puis qu'il faut commencer.

 HASIERA, hasera, haste, hastapen, comienzo.

 HAUK, honeek. (Hauek aktibo, hauk pasibo.)

 HAXEAN EZARRI, puesto a punto.

 HAZIL, noviembre.

HAZKUNDE, desarrollo, développement.

 HEDATU, zabaldu.

 HEDATZE, zabaltze.

 HELBIDE, dirección, adresse. (ZUZENBIDE, justicia, derecho.)

 HELDU, agarrado, asido, saisi.

 HETSI, hitxi, cerrado, fermé.

 HEZIKETA, hezkuntza, hezkunde, educación.

 HEZKUNTZA, hezkunde, educación.

 HEZTE, educar.

 HITZARMEN, convenio.

 HITZARTZE, contratar.

 HIZKI, letra.

 HOBENDUN, hobendun, errudun, culpable.

 HONDAR, azken.

 HORIK, hoik, horreek. (Horiek aktibo, horik pasibo.)

 HORREGATIO, horrela ere.

 HORRETAZ, por consiguiente.

 HOSTOALDE, horrialde.

 HOTS, a saber, es decir, esto es.

 HUNKIPEN, emoción.

 HURA, ha.

I

 IA, kasik.

 IGANDEKARI, en domingo.

 IGARRI, acertado, adivinado, deviné.

 IGARTZE, acertar, adivinar, deviner.

 IKUSGARRI, espectáculo.

 IKUSTATE, consideración, gratificación.

 IRAGAITZAZ, incidentalmente, de paso.

 IRATXO, duende, petit fantôme.

 IRTEN, urten, atera, jalgi.

 ISTILU, conflicto.

 IZANKI, izanik.

 IZARI, neurri.

J

 JADANIK, ya.

 JALGI, irten, atera.

 JALGITZE, irtete, ateratze.

 JARRAIKI, okin, asiduo, aplicado.

 JARRERA, actitud, postura.

 JASAN, soportado, sufrido.

 JASATE, soportar, sufrir.

 JAUSI, erori.

 JOKIZUN, pieza para tocar.

 JOAN, joandako, joanikako, joaniko.

 JUJE, juez.

K

 KAUSITZE, éxito, réussite.

 KILIKA, kilikor, quisquilloso, aprensivo.

 KUDEATZE, dirigir.

 KUDEATZAILE, director.

L

 LANGALDE, demanda de trabajo.

 LAPRASTADA, resbalón, resbaladura, glissade.

 LELO, cantinela.

 LIBERA, franco.

 LIBURUKI, tomo, volumen.

 LITZATEKEA, al litzateke?

M

 MAIZ, sarri.

 MARRAZKI, dibujo, dessin.

 MEALAGINTZA, industria minero-fabril.

 MEHATXU, zemai, amenaza.

 MENDEKU, venganza.

 MENTURAZ, beharbada.

 MERKATAL, comercial.

 MIATZE, aztertze, ikertze.

 MILIAR, mila milioi.

 MOZOLO, mochuelo, hibou.

N

 NABARI (1), advertir, notar. (NABARITU, advertido, notado.)

 NABARI (2), evidente, notorio, patente.

 NABARITZE, sentir, advertir, notar.

 NEKE, neketsu.

Ñ

 ÑEURRI, medidita, pequeña medida.

O

 ONURAGARRI, provechoso.

 OREN, ordu.

 ORO, guzti.

 OROBAT, igual, igualmente.

 OROKOR, general.

 OSTERA, aldiz, berriz, ordea.

 OSTERANTZEKO, diferente, diverso.

 OTSAIL, febrero.

 OTSO, lobo, loup.

P

 PARRASTA, cantidad considerable.

 PILIKA, gran cantidad.

 PRESENTEON, en el momento presente. (Ikus «Axularren Hiztegia»).

 PRIMANTZA, lehentasun, primacía, prioridad.

 POSTALGO, correos, postes.

S

 SINATZE, firmar.

 SINATU, firmado.

 SINETSI, convencido, convaincu.

 SOS, diru.

 SUGEA EGITE, salir todos en fila, arrastrando a los demás.

 SUHAR, fogoso, ardoroso, entusiasta.

T

 TANKERA, estilo.

 TAMALGARRI, penagarri, lastimagarri.

 TRAPAGA, San Salvador del Valle.

U

 UDAL, municipio.

 UKAN, izan. (Ukan aktibo, izan pasibo.)

 UKITU, tocado. (HUNKITU, emocionado, conmovido.)

 UKITZE, tocar. (HUNKITZE, emocionar, conmover.)

 URRATS, pauso. (PAUSU, descanso, reposo.)

 URRURIK, dohainik, dohan, doharik, gratis.

 URTARRIL, enero, janvier.

V

 VIOLA D'OR I ARGENT, urrezko eta zilarrezko bioleta.

X

 XEDE, fin, objetivo, propósito.

 XUME, xehe, sencillo, humilde.

Z

 ZEINTZU, cuáles. (ZEIN, cuál.)

 ZEMAI, mehatxu, amenaza.

 ZEREN (ETA), ze, pues.

 ZERGA, impuesto, contribución.

 ZERTZELADA, detalle.

 ZINEZ, benetan.

 ZITAL, terco, têtu.

 ZOZKETA, sorteo, tirage au sort.

 ZUZENETSI, aprobado, considerado, justo.