ANAITASUNA

291. zenb.

1975.eko otsailaren 15ekoa

Pelota, 4 - 1.º - Bilbao-5

Tel. 23 74 49 - Apart. 495


ANAITASUNA BIZKAIA

HAMABOSTEROKOA

JABEA:

San Frantziskoren Hirugarren Ordenako Batzarre Nazionala.

Batzarburu: Miguel Zapata (Goya, 25. Madrid-1).

ZUZENDARIA:

Joan Mari Torrealdai.

Urteko abonamendua:

Bertorako 300 pezeta

Latin Amerikarako 320 »

Europa eta Ipar Amerikarako 330 »

Ale bakoitza: 15 pezeta.

INPRIMATZAILE:

Imprenta AMADO - Mazarredo, 35 - Bilbao-10


Euskara ikusia

 Inork igarri* bazuen, Etxaparek egin* zuen, bere euskara jalgi* hadi plazara esatean; eta kontua ez da atzo goizekoa.

 Orain arte, euskararen egokitasuna, batasuna eta literatur ahalmenak defendatzen aritu bagara, hemendik aurrera beste zerbaiten alde ere ibili behar dugula uste dut: euskararen kanporatzearen alde, euskara publikoki agertzearen alde, hitz batez, euskara ikusiaren alde.

 Hizkuntza batek, mintzatzen den aldetik, bere hiztunen ahoan eta usadioan darama* bizia. Gaur egun, ordea, hizkuntza bat ez da mintzatzeko tresna huts bat. Ba du, honez gainera, begi bidezko komunikabide izateko funtzioa ere; eta hau, euskararen kontuan, ez da betetzen behar bezala.

Bizitza publikoan beti erdaraz agertzen diren gauzak euskaraz esatean, edozein euskaldunengan, hizkuntz zentzua baldin badu bederen,* berehalaxe sortzen da halako harridura bat, neronek irrealitatearen zentzua deituko nukeena.

Aipa dezagun kasu bat: Kosmos 3 delako textuan, 107. horrialdean azaltzen diren «erritarren Ertzaiñak» (sic), «Ertzain iskilludunak» (sic) edo eta «Bidetzaiñak» (resic), eusxara normalean goardia zibil eta polizia harmatu deitzen direnak. Errepublika denboran, ordea, ba zeuden, egon, ertzaiñak izenekoak; baina haiek, orduko gudarien antzera, ez dute gaurkoekin homologaziorik. Noski, kasu honetan harridura eta irrealitatea hemendik dator, beren izen ofiziala erdaraz (eta erdaraz bakarrik!) duten izaki batzu* euskaraturik ikustetik, agian* euskarazko «zerbait» balira bezala agertu nahirik.

Bide berekoa dugu, noski, nonbait hain sarri irakurri dugun Oinharri Irakaskuntza Orokor iratxo hori, errealitatean existitzen dena Educación General Básica delako gauza bat izanki.* Honetaz, gure hizkuntzan formulaturik ez dauden izen propioak ezin ditzakegu euskaraz ezar, irrealitatearen mundura iragan gabe bederen. Gisa honetan, Institut d'Estudis Catalans, Institución «Príncipe de Viana», Bank of London, Galerías Preciados, Instituto Vascongado de Cultura Hispánica, Banco de Vizcaya, Real Sociedad (Vascongada de Amigos del País) eta bestea, Östpolitik, Athletic de Bilbao, Consejo Nacional del Movimiento eta Distribuidora San Miguel ez dira euskaraz ezer; erdarazko marka batzu dira, Coca-Cola, Gallina Blanca edo Fagor diren bezalaxe.

Ba daude, ordea, izen propio batzu, hizkuntza nazionaletan itzulpen edo eta adaptazio bana dutenak, hala nola Amerikako Estatu Batuak (United States of America), Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna (Sojúz Sovjétskikh Sotsialistítxeskikh Respúblik), Txina (Txun kue), Britainia Haundia (Great Britain), Suedia (Sverige), etab. Hauetan, noski, euskarak, munduko beste hizkuntzek bezala, hitzak bere erara moldatzeko eskubidea du. Hitzok, ordea, ia beti erdaraz entzuten ditugulako, arraro xamar gerta dakizkiguke euskaraz hasiera* batetan; baina, hizkuntz kolonialismo baten kontra burrukatuko badugu, holaxe erabiltzen ohitu behar dugu, geure herri izen eta deiturak, San Sebastián, Saint-Jean-de-Luz, Pamplona, Soule, Basse-Navarre, Recalde, Lasa, Garay, Haramboure, Lizarrague edo Harriet barik,* Donostia, Donibane Lohitzune, Iruinea, Zuberoa, Nafarroa Beherea, Errekalde, Latsa, Garai, Haranburu, Leizarraga eta Harrieta idatzi eta esan behar ditugunez.

Baina ba dago beste izen mordo bat, erabat* komun eta arrunt* izan arren, erabilera ofizialik ezaz, gero eta arraroago gertatzen ari zaiguna: dendak eta izen publikoak.

Ingelesez ikasten ari garenean, eman dezagun, barazkiak* saltzen diren dendari greengrocery esaten zaiola baldin badioskute, guk ba dakigu hori holaxe dela, Ingalaterran edo Estatu Batuetan ba daudela greengrocery izena erakusten duten denda batzu. Izen horik,* hara joanez gero, edonon ikus ditzakegu, eta aldizkarietan, postaletan eta telesaioetan holaxe agertzen dira. Pertsonalki ikusi ez arren ere, berdin sinetsiko genituzke izenok, hizkuntza ofizial batek horrenbesteko segurtasunik berez ematen baitu.

Euskaraz, ordea, ez zaigu gauza bera gertatzen. Gutariko batek, ikastolan edo hiztegian, «okela saltzen deneko denda» harategia dela ikasten duenean, aldiz,* izen hori zerbait irreal da, zeren* Euskal Herrian okela saltzeko dauden denda guztiek (edo ia* guztiek), harategi izena barik, Carnicería edo Boucherie delako izen galant bana baitaramate, bai Bilbon, bai Elgoibarren eta bai Maulen ere. Honetaz, desegokitasun ageri bat nabari* dezakegu, bizitza publikoan gure hizkuntzari dagokionez. Kaleko bizitza ofiziala erdarazkoa da, eta honek, gura zein gura ez, bere egiazkotasuna erraien* barruraino sartzen digu egunero.

Horregatik, ez du deus* balio ikastolan haurrari euskaraz harategi, okindegi, liburudenda eta abar irakasteak, haur horrek kalean ikusiko dituenak beti carnicería-boucherie, panadería-boulangerie eta librería-librairie diren artean. Euskara, horrela, ikastola barruko hizkuntza faltsu eta irreal bat bilakatzen* da, inguruko errealitatearekin bat ez datorrena.

Alde horretatik, ezin premiazkoagoa dugu geure kaleen izenak eta dendak euskaraz ezartzea, baina kontuz! Ongi dago, noski —zertxobait beti hobe, ezereza baino—, Cafetería DENOK BAT ipintzea; baina horrek, azken batez, ez digu ezer konpontzen. DENOK BAT Kafetegia edo Cafetería DENOK BAT Kafetegia dirateke egiazko soluzioak. Euskarazko izen propioak ongi daude, baina deitura arruntak dira hemen premiazkoenak.

Ez da hau, bestalde, ezin lortuzko arazo bat. Legearen barruko kontu bat da hori, euskal zentzu apur bat duen dendari orok* praktikara eraman beharko lukeena; are* gehiago, beren haurrak ikastolara bidaltzen dituzten gurasoek eta euskaltzale direnek.

Erosle garenok, bestalde, merkatal* erantzun egokia emateko aukera dugu, euskaraz eta erdara hutsean dauden denden arteko bereizketa eginez; batzuetara* erostera goazen artean, besteei —gure hizkuntza, gu, kontutan hartzen ez dutenei— guk ere kasu egin gabe.

Alto Adigioko alemanek eta Quebeceko frantsesek,beren nazional eskabideen artean, beren hizkuntza, kaleetan, bidetxarteletan, dendetan eta toki publiko guztietan agertzekoa ere egin dute. Hasiko ote gara euskaldunok inoiz konturatzen, XX. mende honetan euskarak,bizi dadin, Etxaparek esan zuenez, beharrezkoa duela plazara irtetea? Eta konturatuko ote gara azkenean, euskara, gure eskutik ez bada, ez dela sekula berez plazaratuko? Ea, bada!

Xabier KINTANA


"Iberia Express"

Politik taldeak

 Urtarrilaren* hamaikaz gero, legezkoak dira, Mugimenduaren barnean sor litezkeen politik taldeak. Ez dira alderdiak; baina horretara iristeko* ere izan litezkeela pentsatzen du zenbaitek. Dena dela, taldeak hasiak dira beren legezko nortasunaren bila. Horregatik, interes berezia du, Apostua jaunak Madrilen eman berria duen mintzaldiak.

 Apostua jauna «Ya» egunkariaren kazetari politikoa da, eta Espainian ibili dabiltzan talde politiko nagusitxoen berri eman du «Club Siglo XXI» delakoan. Hitzaldiaren muina holatsu labur liteke: Zer diote beren buruaz talde horiek? Nola kokatzen* dira politik burrukaren barnean? Nola ikusten dute gaurko egoera?

Aztertu dituen taldeok ez dira oraino legeztatu; baina laster izan daitezke, batzu* behintzat.

Apostuak eskuinean ikusten dituenak, hauk dira: Eskuin kontserbakorra, eskuin eboluziozalea, eskuin «silvatarra», eskuin «fragatarra», eskuin zibilizatua eta «tacitotarrak». Eman dugun errosarioaren arabera,* hauk lirateke konkretuki: Fuerza Nueva, Anepa, Silva Muñozen taldea, Fraga Iribarnerena, Areiltzarena eta Tácitos deituak. Apostuaren ustez, hemen ezarri behar da Espainiako legetasunaren muga: hauk pasatuko dira, Mugimenduaren barnean lan egitera. Holamoduzko taldeok daramate Espainiako politik agintea; eta berak dira, gertatzen direnen arduradun eta protagonista. Denak eskuindarrak.

Oraindik ere legetasunaren kanpotik daudenak, beste hauk lirateke: kristau demokrazia, sozial demokrazia, alderdi sozialista, komunistak eta karlistak. Talde bakoitzak izen ezagunak lituzke: kristau demokrazian Gil Robles, Ruiz Giménez eta Carrascal; sozial demokrazian Unión Social Demócrata Española; sozialisten ikurriduna PSOE delakoa litzateke, bere bi taldeekin; eta komunistak Santiago Carrilloren Partido Comunista Españolean bilduko lirateke. Azken aldaketa eta albiste bezala, Karlos Hugoren alderdi karlista birdefinitua aipatu zuen Apostuak; izan ere, sozialistatzat aitortu baitzuen printzeak karlismoa.

Jakitekoa da, bestalde, hitzaldi honetan nortzu* egon ziren ere. Han zeuden Aita Sainduaren Nuntzioa, Nieto Antúnez, Garikano Goñi eta Cabanillas ministru ohiak,* eta Fernández Sordo ministrua. Urtebeteren buruan, izango dugu talde hauen albisterik. Hemen, Apostuaren arabera, aipatu baizik ez ditugu egiten.

Portugaleko Alderdi Komunista eta ezkertarrak

 Portugaleko marxismoa ezin da Alderdi Sozialista eta Alderdi Komunistaren mugetara ekarri. Esker-eskuin, buruhauste gordinak dituzte Soares eta Cunhal-ek. Harek galdu egin ditu ezker-eskuinetako hegalak; eta honek geroz eta bilduago topatzen du, orain Alderdi Komunistari iraultzailetasuna ukatu nahi dion marxismo-leninismo iraultzailea.

Han hemenka sakabanaturik zebiltzan zenbait talde bilduz, partidu berri bat jaio da ezker muturrean: UDP edo Herritar Batasun Demokratikoa. Partidu berri honek ez du nahasi nahi, Portugalen lanean ari diren beste alderdi komunistekin. «Fronte Iraultzaile Marxista-leninista», «Batzorde Iraultzaile Marxista-leninista», «Batasun Iraultzaile Marxista-leninista» eta beste taldek osatzen dute alderdi berria.

 «Ondasun guztiak Estatuarenak izango diren gizarte bat sortu nahi dugu. eta Estatu horrek langile klasearena izan beharko du... Klase burruka da zapalduen askapenerako* bide bakarra... Ogiaren, bakearen, lurraren, independentziaren eta askatasunaren aldeko herritar burrukan du UDP-k bere programaren ardatza» esaten da alderdiaren lehen manifestuan.

Portugaleko Partidu Sozialista larri

 Mario Soaresek gidatzen duen alderdia, une hestu batetan aurkitzen da orain. Eskuin aldea galdua zuen Herritar Alderdi Demokratikoak, berrikitan* beste zatiketa bat ukan* du: ezkerreko hegaletik partidu berri bat jaio da, Herritar Fronte Sozialista. Beronen buruzagi Manuel Serra da.

 Zatiketa honek ba du atzetik historia. Abenduan Alderdi Sozialistak eduki zuen kongresuan, talde autonomoak osorik alderdiratzea erabaki zen; eta baterakuntza hau izan zen, hain zuzen, kongresuaren egitekorik nagusiena. Orduan Serraren taldeak gogor eman zion aurpegi Soaresen kandidaturari, Batzorde Politikorako beste kandidatu bat proposatuz. Alderdi Sozialistako buruzagi «historikoen» kontra zegoen Serraren orduko Herritar Mugimendu Sozialista. Serrak galdu egin zuen Alderdi Sozialistaren kongresuan; baina menpekotasunez hartu zuen Soaresen garaitzapena, nahiz eta hitzez aitortutakoa orain ez bete.

Serraren lehenagoko mugimenduak kristau-marxista bezala jotzen zuen bere burua, eta Alderdi Sozialistan ez zen inoiz ere arrunt* integratu. Herritar Fronte Sozialista jaio berriak ez du hauteskunde biderik onhartzen, ez eta Alderdi Sozialistaren sozial demokraziarik; iraultzaile eta marxista aitortzen da, eta gizarte sozialista bat nahi du Portugalentzat. Eskuindarkeriaz eta «egokiera-zalekeriaz»* salatzen du Serrak Alderdi Sozialista.

Soaresen alderdiarentzat benetan da kaltegarri zatiketa hau. Beharreko duen batasuna egiteko, oso osorik ekin* beharko litzaioke alderdiaren ekintzari; baina, ministergoari loturik dagoenez, ez zaio hori batere erraza gertatuko. Geroak esango du, Alderdi Sozialistak, Portugalen ukan dezakeen egitekoa nola salba lezakeen.

Joanes GOIA


Hementxe denok

Ipar Aldea

Beti diru eskasa

 Egia da, ez dela langile eta laguntzaile soberakinik* ikastolen alorrean. Baina egia larriagoa da oraindik, ikastola guztiek duten diru eskasa.

 Diru behar horri buru egiteko, ezker eta eskuin muntatzen dira kantaldi, besta eta gainerako agerraldiak. Batzuren* arabera,* ez omen dute asmamendu haundirik, ikastoletaz arta* hartzen dutenek, betiko bide beretan egoten baitira, dirua bildu behar delarik; eta, ororen* buru, beti pertsona bertsuak* baitira diru emale.

Ba daitekeen gauza da. Ordea, oharpen hori egiten dutenek, ez dute deus* hobeagorik muntatzen. Oharpena egin eta aski* zaie.

Zuzenez, zuri-gorriak eta beltzak ikus erazten dizkigun diru behar hori, Estatuko Irakaskuntzako* Ministergoak behar luke ase. Baina ez gara lehenak izanen esaten, Estatuaren baitan* hizkuntza bakar bat baizik ez dela zuzenetsia,* besteak, dakigun bezala estimatuak eta artatuak* direlarik.

Zenbat denboraz egoera berean iraun beharko dugun oraino, ezin esan aitzinetik.* Dena den, ez dugu ametsik egiten, Gobernutik ikastoletara egun batez... isur litekeen dirulaguntzaz!

Anartean* zer egin, bihar ere gure herrietan ikastolak izan daitezen; eta bi hizkuntzetako lehen mailako eskola zenbait ere, zergatik ez?

Herriko Etxeei, Kontseilu Jeneralari eta ofizialetxe, merkataletxe eta lantegi haundiei eskatu zerga* berezi bat?

 Iturri ona liteke; baina nork du iturri horren gakoa edo giltza eskutan?

 Anartean zer egin, beraz? Ikastolen alderako batasun* berri haundi bat moldatu, gisa* batetara edo bestetara euskal kulturaren alorrean ari diren batasun eta talde guztien artean? Zergaitik ez entseia? Bide berri bat ba genuke hor, beharbada, gehiago irauteko!

Gure hiriek itsuki haunditu behar ote dute?

 Gure hiriak diogularik, Baiona-Angelu eta Biarritze ditugu gogoan. Den tenorean,* Baiona hiriak berrogei ta hamar mila bizilagun ditu. Eta Baionako ingurua ehun ta hogei milataraino iristen edo heltzen da.

 Orain egiten ari diren planen eta kalkuluen arabera, 1985. urterako B.A.B.ko hiriek 175.000 bizilagun kokatuko* dituzkete.* Eta 2010. urterako, zifra hori 273.000-tara iganen da.

Hiriko teknikariek egiten ari dituzten kalkulu horietaz fidatzen baldin bagara, Baiona-Angelu eta Biarritze, hogei ta hamar urteren buruko, jendaldez doblatuko zaizkigu.

Eta galde hau gogoratzen zaigu. Bide horretatik ote doa egiazko hazkundea?* Ez zaigu hola iruditzen, nahiz diruak darabilen gaurko gizarteak gero eta hiri haundiagoetara garamatzan.*

Berriz ere esan behar dugu, iparralde honek plangintza orokor* bat, gure bizibideari ongi doakion planifikatze bat, baitezpadakoa* duela, baldin ez badugu geure eskualde hau gorputz mehar* bateko buru haundi eta orojale batekin ikusi nahi.

Eta nork moldatzen ahal ote du delako planifikatze hori? Ez dugu uste, batasun edo erakunde berri bat sortu behar denik horretarako. Baionan ba dugu Merkatalgo* Ganbara delakoa. Honen egitekoetarik bat dela iruditzen zaigu.

 Lantegi eta lanbide berriak, ez ditu bakarrik Baionako eta itsas hegiko* eskualdeak* behar. Maulek, Donapaleuk, Bidaxunek,* Garazi-Baigorrik eta beste herri gotor* zenbaitek ere beharrordu* berberak dituzte alde horretarik.

Ez lirateke, beraz, bihar gure eskualdean eginen diren lantegi berri guztiak, Baionako inguruan altxatu edo eraiki behar. Lantegi berriak, mendialdeko herri gotorrenetara ere beharko dira helerazi, gure herriak duen mendialde zoragarri hori ez dadin gero eta gehiago huts, eta, ondorioz, mendialdeko etxalde edo baserriak, beren bizilagunez hustuz bezala, ez daitezen hiritar dirudunen atsedenleku edo pausaleku antzu* bihur.

Biarritzeko aeroportuak haunditu behar ote duia* ala ez?

 Lekuko ekonomizale eta herrigizon batzuk* eginahal oro egin nahi dituzte, Parmeko aeroportuaren haunditzeko. Sekulako ametsak ere eginak izan dira, oraingo aerodromoaren bostehun bat metroz luzatzeko. Obralanen kostamena hiru eta bost miliar* liberaren* artean finkatua ere izan da. Anitz,* beraz, lurberdintze edo lurzelaitze haundia egin behar delakotz, horretara heltzeko.

Duela zenbait denbora, beren ideiari oinharri edo finkarri berri bat emateko, dei egin dute Parise eta Madrileri buruz, Parmeko aeroportua mugaz bi aldeetako aeroportu bihur dadin eskatuz, eta, ondorioz, duen baino anitzez trafiko haundiagoa izan dezan.

 Asmo eta ideia horik* oro, ez dira oraino obratuak izateko bidean.

 Aeroportu horren kudeantza* Baionako Merkatalgo Ganbararen gain da. Hona, erakunde edo batasun honek eginerazi gogo* dituen obralan berehalakoak: airekoen egonlekuaren haunditzea, berrogei bat aireko kokatzeko gisan. Obralan hau berrogei ta hamar milioi libera zahar kostako da. Aerodromoaren haunditzea, beste ehun ta berrogei ta hamar milioi. Eta baratzain* bati baratz eremuaren* erostea, beste hamabost milioi libera. Horra, mementoan zer gasturen egiteko erabakia hartua den.

 Ez dira, ordea, denak haunditze horrekin ados. Eta batez ere edo bereziki, aeroportu horren inguruan bizi direnak. Oroit gaitezen, aeroportu hori Baiona, Angelu eta Biarritzeren artean aurkitzen dela. Eta aeroportu batek dituen desabantail guztiak, hala nola azantzaren* eta arriskuen aldetik, haren inguruan bizi direnen bizkar izaten dira.

Beraz, Parmeko aeroportuaren haunditzearen kontra direnek, 1901.eko legearen araberako* batasun bat egin dute. Duela zenbait aste egin zuten beren urteko biltzarrea. Zortzi ehun pertsonak izena emana zutelarik, hemezortzi baizik ez ziren bildu, bulegokoak* barne. Ez da anitz. Baina eskatzen dutena, ez da funtsik* gabekoa, hala ere: hots,* aeroportua haunditzekotz, beste leku egokiago batetan egin dadin eta ez oraingo lekuan, ehun ta hamar bat mila jende bizi den inguruaren erdian.

Kontseilu Jeneralean, tximist zirriztak airean

 Kontseilari jeneralak bizi bizi mintzatu direla azken biltzarrean, denok jakin dukegu.* Tximist zirriztak joan-jinka* ibili omen dira biarnes eta euskaldun kontseilari batzuren artean. Eta, memento batez, batzarkideen buruzagiak batak eta besteak kanpora jalgi* erazi behar izan omen ditu, airea berritzera.

Zer zuten, bada, horrelako kalapitaren pizgailu? Paueko gobernuetxe edo prefetura berria. Duela urte bat, 48 kontseilarietarik hogei ta hamabik erabaki zuten etxe berri horren egitea. Zaharra ttipiegi delakotz.

Xede* horrekin ados ez direnak, Euskal Herriko kontseilariak ditugu, bistan da. Zergatik ote? Haiek diotenez, gobernuetxe berri hori zernahi kostako da (oraingo ustez, zazpi miliar libera zahar). Herri-hirietako diru-kutxak azkarki arinduko ditu, eta ondorioz herriko obra-lan beharbeharrezko batzu* ere egiten gibileraziko. Eta, ororen buru, Ipar Euskal Herriak ez du abantailik* batere aterako.

Dezagun esan, bestalde, biarnes kontseilariak ez ditugula batere lorietan,* Euskal Herrikoek Baiona prefetura bihurtu nahi dutela ikusirik.

 Dena den, ez da arazoa berehala gelditzekoa. Eta ez da dudarik, heldu* den martxoko biltzarrea ere bizi bizi joanen dela.

Baionako Merkatalgo Ganbara berria

 Urte bat eta erdiren buruko, segur, Baionak bere Industri eta Merkatalgo Ganbara berria izanen du. Zortziehun milioi kostako dena, oraingo ustez.

 Lau estaiatako* etxe eder bat izanen da. Lau estaien eta etxezolaren artean, orotara, 7.700 metro koadratu eremu* izanen du, inguruko lur eremuak 10.200 metro koadratu izanen dituelarik.

 Zergatik horrelako etxe haundi eta azken modakoa?

 Lehen lehenik, joan den laurogei urte honetan Baionako Merkatalgo Ganbara dagoen etxea, oraingo beharrorduei buru egiteko aise* ttipiegia delakotz. Eta bigarrenik, erakunde* horretako buruzagiek nahi baitzuten, gisa batetara edo bestetara, ekonomiaz edo bizibideaz arta* hartzen duten erakunde guztiak biletxe berean aurki zitezen, horrela elkarrekin lanean gehiago eta errazkiago aritzeko.

Gexan LANTZIRI


Hementxe denok

Euskal Herria

Mea culpa

 Ez da dudarik, euskal dynamika gero eta indartsuago doanik. Herriak bere egiazko nortasunari eutsi* dio; eta denborak, hori, irauteko bide segur eta egoki bakarra dela erakutsi digu. Lehen, lauzpabost zororen amets beroak zirenak, gaur milakada askoren helburuak dira. Euskara, bide horretatik, gero eta kaletarrago doakigu, beti aurrera. Lehengo burjeseriaren Euzkadi hark, euzkotarrengan oinharritua eta bere denboran betekizun historiko bat ukan zuenak, lehenagoko Euskal Herri jatorrago eta euskaldunari uzten dio lekua pixkanaka.

Burjeseria euzkotar hark herri hizkuntzari behar bezalako garrantzia eman ez bazion ere, gaurko gazteek, ezker zabal bat osatzen dutenek, euskara gabeko Euskal Herririk ez dagokeela ongi ulertu dute, eta herrigintzaren oinharria euskalgintza dela argi dakusate. Arrazaz —zenbait arazo ulergarrirengatik— lehen egon zen aldentze eta desbideratze hura,* gaur zuzendua da, herri zentzu jatorrenaren arauera. Euskal Herria, helburuz, horixe besterik ez da, euskaraz eginen duen Herria, aintzinakoa bezala, euskaldun zaharrek inolako arrazismorik ez baitzuten.

Hizkuntza, kultura eta euskal sentimendua gero eta tinkoagorik doaz, bai. Hau ukaezinezko egin* bat da. Baina nortzuk bultzatu dute hori guztiori? Hortxe daude, aipatuaren aipatuz gaur erdi ahantzirik, giroa gaur bezalakoa ez zenean euskaldungoaren alde gizonki agertutako gizonak: Xaho, Zumalakarregi, Kanpion, Arana, Azkue, Urkixo, Arrese-Beitia, Lizardi, Enbeita... Eskuindar, ezkertiar, karlista, jelkide, independiente..., berdin da; euskaltzaletasunean bat zetozen guztiak.

Haien izenak urrezko letrekin geldituko dirateke* Euskal Herriaren historian, erromantizismoak beti ematen duen gaztetasun eta iraultz giro lainotsu batez inguraturik. Beren akats eta desbideratzeak gorabehera,* helburua ederki markatu ziguten. Gerokook, noski, haiexen ideitatik mamia hartu eta azala baztertu dugu; baina haiekiko zorra guztiok aitortu behar dugula uste dut.

Bidea ez da guztiz leuna izan. Oztopoak ere egon dira, eta hau ez da ahanzteko arazoa. Bidezko* da, euskalgintzaren barruan norabide bati desegoki deritzogulako, beste joera bat hautatzea, hala nola: jelkidismoa barik* ezkerrismoa, arrazaren esentzialismoaren lekuan hizkuntzarena, euzkera garbijaren orde herri euskara, eta beste. Kasu guztiotan, talde kontrasten artean beti iraun du denominadore komun batek: Euskal Herria bera guztientzat izan da helburu, Euskal Herri horren nolakotasunean eztabaidak egon arren.

Egon da, ordea, euskaltasuna bera ukatu duenik ere, Euskal Herria onhartu ez duten herritar batzu. Honetan ez da egon holako edo halako euskaltasunaren kontrako gogorik; Euskal Herria bera ukan dute batzuk etsai. Halakoen ustez, Euskal Herria erdaldundu beharra zegoen; bere burua bestelakatu* behar zuten euskaldunek, halako edo holako balioen izenean.

Herriak, ordea, bereari eutsi eta, euskal nortasuna gero eta sendoago joan da. Jadanik ez dago hori ukatzerik. Eta horra hor miraria: atzo arte gu sekula kontuan hartu ez, edo eta nabariro* mespreziatzen gintuztenak, hasiak dira orain gu goraipatzen eta euskaltzale aurpegiz azaltzen. Beharbada, maliziatiek horri oportunismus vulgaris eritziko diokete,* eta horretarako arrazoiak eurrez* dituzkete, gainera. Baina oportunismoa, azken batez, aurreko okerrez konturatzea ere izaten da; eta interesetan oinharrituriko amodio hori, herria erakartzeko beste erremediorik ez dagoela ikustean, maiz* iraunkor eta fruitukor izan daiteke.

Euskalgintzaren alde egitea da, azken finean, guztioi interesatzen zaiguna, batzuk maitasunagatik eta bestek aitortezinezko interesen bategatik egin arren. Maitale zintzoen laguntza soila onhartzea —eta ez osterantzekoena— garbitasun onaren seinale dateke,* baina ez oso ekintza burutsua. Horrela uste zuten behintzat 1936.eko euskaldunek, halako tratuak egiterakoan; eta horrela uste ukan du noski Ajuriagerra jaunak, Madrilera joaterakoan.

Baina —eta hemen datza* kakoa— edozeinek bere lehengo bide okerretik zuzentzeko eskubidea baldin badu ere, era berean obligazioa ere ba du, lehenagoko bidean egindako kalteen eta ez egindako mesedeen aitortze publikoa egiteko, bai eta, oraingo bide berrion egindako onak, berez meritagarri* barik,* nolabait aurrekoen ordaingarritzat* erakusteko umiltasuna. Zeren,* aspaldion, espainiar ezkertiarren artean, partidu eta alderdi jakin batzutan* eta ordena eta konpainia ezagun zenbaitetan agertzen den jokaera bestelakoa baita, hots,* beren oraingo euskaltzaletasuna betikoa eta betidanikoa balitz bezala erakustekoa, bai eta, zenbait kasutan, nigatik edo gugatik izan ez balitz delako harrotasuna ere. Hori, oportunismo nazkagarria ezezik,* faltsukeriarik ustelena ere ba da, haien borondateaz deus* onik ez dioena.

 Horregatik, euskaldunon giza eskubideen alde —maiz aho soilez— aldarrikatzera jarri aurretik, atzo, gaur laudatzen diren eskubide berberok zapaltzen ibili zirenean egindako kalteengatik mea culpa esan behar da, ordukoen aitortze biluzia egin, eta gero gerokoak. Eta Mediterraneo aurkitzaile bezala etorri gabe, aspaldidanik jo eta ke ekintza luze eta ixilean ibilitakoen atzean iladan* jarri, zeren beterania, euskal gauzetan ere, diruz bada ere, ez baitu edozein umegorrik (edo agurebeltzek) inprobisatzen.

 Mea culpa, beraz, sentitzen dut, oker nengoela aitortzen dut; eta ondoren bai,...lepoan hartu eta segi aurrera. (Patxi URTIAGA.)

Ez ahantz oraingoa!

Geure artean sarritan ikusten ditugu eskola handirik ez dutenak, gazte denboran gaizki eta guti ikasi dutenak, gai korapilotsurik aztertu ezin dutenak. Eta, zer esanik ez, hauk* dira gaur egun gure artean gehien direnak.

 Eskoladunek eta estudiatzeko ohitura dutenek, gauza berriak asmatzeko eta ulertzeko erraztasun haundiagoa dute. Eskolara joateko beta haundirik ukan ez dutenek, ordea, nola pentsatzen ohi dute? Nola moldatzen beren arrazonamenduak, beren asmo eta esaldiak? Zerk bultzatzen ditu pentsatzeko abiaduran?

 Ondo eskolaturik direnen baitan, logikazko bideetatik sartzen dira eguneroko esperientziak eta liburuetan ikasi* gaiak. Abstrakzioa egiteko ohiturik daudenez gero, gogoetazko gauza berriak sortzeko erraztasun haundiagoa dute. Ezjakinen logika apurra, ostera, gauza konkretuen gainean eraikitzen da. Hizkuntz arloan, ahoz aho ikasitako hizketaz moldatzen ohi dituzte beren esaldiak eta burutapenak. Abstrakziozko hizkuntza ez dute egokiro ezagutzen. Ezezegunak zaizkie, esaldi korapilotsuagoak asmatu ahal izateko lanabesak: gramatikaren legeak, literatura, eta abar.

Euskaldunon egoera txarragoa da oraindik, zeren euskaldun —euskaradun— gehienak analfabetuak baitira euskaraz, ez irakurtzen ez idazten ez dakitelarik. Beren eskualdeko hizkera baino ez dakitenak, ugari dira. Batzutan,* egoera larri hau ikusirik, ea Euskal Herri euskaldunago baten ametsa utopia huts bat baino ez ote den pentsatzen ibili gara guztiok. Batez ere logika hutsezko bideetan ari izan garenean. Baina kultura eskasekoek nahiago dute sentimendua, logika baino; eta bide horretatik zuzena eta okerra hobeto bereizten dakite, ametsa legetzat harturik.

Aspaldion euskal kulturak abiada haundia hartu du; batez ere gai berriak urratzen: soziologia, ekonomia, linguistika, politika, pedagogia, matematika, fisika, eta abar. Hala ere, gai hauk guztiok eskoladunentzat zuzendu dira zeharo, ikasketa haundikoentzat, unibertsitari eta antzekoentzat. Arlo hauetan euskal kulturaren urritasuna bete egin behar da, bai, gero eta gehiago lanean arituz. Baina eskola eskasekoen mailan zer?

Oso guti sortzen da gaur, euskal kulturaren alorrean, eskola eskasekoentzat. Liburu azoketan, aldizkarietan nahiz diskoetan agertzen denari so egitea aski da, horretaz konturatzeko. Intelektualen gorakada denbora laburrez gertatu da. Herri xehea, ordea, eskola guti dutenak, beherean gelditzen dira: intelektualen lanak ez dituzte maiz ulertzen, ez eta haien berririk jasotzen ere.

Baina Euskal Herria batok eta besteok osatzen dugu. Lehenago, euskaltasuna herri xehearen mailan jasotzen genuen, eskola urri edo gabekoengandik. Orain, ostera, horien mundua erdi itzalirik* dagoela eta etorkizuna haurrengan erein behar dela entzuten ohi dugu. Halaber, arazoa luzarorako dugula, eta, haurrak euskaraz eta euskal kulturaz ondo eskolatu arte, ez dagoela oinharri sendorik.

Haurrengan dugun esperantza egiaztuko da noizbait, biharko egunen batetan. Baina egun hori etorri artean, zer jazotzen* da eta zer jazoko? Oraingo herriaz ahantzirik bizi bagara, nola molda genezake geroa, hori lortzeko baitezpadakoa* baita oraingoan barna pasatzea?

Ederto gomutatzen*; naiz, behinola ANAITASUNAn agertu zen artikulu batez. «Herri zentsura» zuen izenburua. Artikulu hartan herri batetako buruzagi bat aipatzen zen. Buruzagi hark, herriarentzat zerbait idatzi behar zuenean, egin eta gero, aldameneko gizon arrunt* bat deitzen zuen, eta, gizon honek ondo ulertu artean, ez zuen bere eskribua argitaratzen. Gure kasuan ere, euskaldun xehearekiko harremanek hestuagoak eta errazagoak behar lukete izan. Baina nola helduko gara euskaldun analfabetuarengana, guk idazten duguna zehazki uler dezan?

 Herriaren aldetik, geure intelektualentzat, gauza berriak sortzeko askatasun gehiago eskatuko genuke. Herri xeheak baketan utzi behar lituzke, beren lana egin dezaten. Premiazkoa dugu hau. Zeren, benetako intelektualak ukan* nahi baditugu, haiek giro egoki bat ukan behar baitute beren lanerako. Eta guk eginahala egin behar dugu, giro hori sortzeko.

Eta, intelektualen aldetik, askatasun eta laguntza gehiago eskatuko genuke hain eskolaturik ez direnentzat. Intelektualek errespetatu behar lituzkete, mespretxurik gabe babesa emanez. Herri xehea —ez bakarrik gizarte mailan, hezkuntz* eta kultur mailan ere— intelektualez a priori mesfidatzen da. Geure oraingo herriari errotarriak irents eraziko dizkiogu, eta, irensten ez baditu —eta ez ditu egingo—, arbuia* eta kito? Ala geure oraingo herria maitatu egingo dugu, bere akatsetatik libratzera lagunduz?

 Nork bere bidea hautatzen du. Euskaldungoaren alde geure asmo zintzoenak jarririk ditugunok, bigarren hautapena egingo dugu, euskaldun guztien arteko adiskidetasunezko harremanak ugaltzera saiatuz. Adiskidetasuna baita hazirik ederrena, etorkizuneko loreen eta fruituen eskuratzeko. (Joan Mari MENDIZABAL.)

«Mugalde» saria eta literatur sariketak

«Mugalde» saria

 Euskal literaturaren munduan ba da zenbait sariketa.

 Azkenekoan, han izan ginen: hain zuzen, Mugalde delakoak antolaturikoan. Askari* baten aurretik eman zitzaizkigun erabakiak, eritzia eta irabazleak.

ANAITASUNAn berri eman zenez, hiru sail ziren sariztatzekoak: saioa, poesia, elaberria.* Sarion irabazleak eta lanak aipatu besterik ez ditugu eginen hemen:

- Saioa: «1833.eko euskaldunen asaldura». Egile: Gartzelako bi.

 - Poesia: Lehen saria, emateke. Accessit: «Bizitzaren persianak». Egile: Mikel Arregi.

 - Elaberria: Lehen saria, emateke. Bigarrena: «Ehun metro». Egile: Samuel. Hirugarrena: «Andereño». Egile: Xabier Gereño. Accessit: «Kandado gorriak». Egile: Joan Lissagaray.

Hona, bada, Mugalde barnekoak ez ziren epaimahainekoek emandako erabakia. Eta epaimahaineko hauen eritzia agertuz, Mugaldeko ordezkariak berak esan duenez, kantitatibo aldetik lanak ugari etorri dira (hiru saio, hiru poesia, zazpi elaberri). Baina lanok kalitate eskasekoak izan omen dira. Frogarik* bistakoena, poesian bezala elaberrian emateke gelditu diren lehen sari horik* dira.

Geroari buruz, erabaki gabe du oraindik Mugaldek sarion antolaketa. Oraindik ez dakigu segur, urtero hiru sail horik, edo horietakoren bat, izango diren sarituak, edo berriren bat sortuko ote den. Eritzien zain gelditzen dira antolatzaileak.

Sari kritikatuak

Mugalderen sariketa hau aitzakitzat harturik, guk euskal literatur sariketen azterketarako lehen pauso batzu eskaini nahi genituzke hemen.

Idazlea, pertsona minbera da, ba dakigu. Batzurentzat* horregatixek, baina funtsean, nik uste, okerrik ba delako ere, kexa asko entzuten da bazterretan, literatur sariak direla eta.

Batzutan, epaimahainekoak dira hauzitan jarriak, dela taldekerian erortzen* direlako, dela erizpide* atzerakoiak dituztelako. Literatura engaiaturik* ez omen da sariztatzen.

 Gero, antolatzaileak ere oso kritikatuak dira. Intentzioetatik hasita (kultur zaletasuna zuritzeko bidea besterik ez zaizkiela sariak), antolaketa moduraino (informazio urria edo berandua, sarion inguruko bizitasun eskasa, sarien merketasuna, idazlanak guti saritzeaz kanpo gutiago argitara ematea, etc). Etabar luze bat ezarri genezake hemen, baina oraingo honetan aipatu besterik ez ditugu egin nahi. Egin ohi den azkeneko kritika bat ere ba da, kritika doblea: bateko, saio sarien falta handia, eta besteko, 15-20 urtetakoentzat izan daitekeen literatur motaren hutsune ezin handiagoa.

1974.erako Euskaltzaindiak argitara eman zuen euskal sariketen bildumari begiratu bat ematen badiogu, gauza bat edo beste nabarmenki agertzen da: hamaika sari dira hor agertzen direnak, eta denen artean ez dute milioi erdi pezeta osatzen. Sari gehien antolatzen duena, Gipuzkoako Aurrezki Kutxa da, lau saritarako dirua jartzen duelarik. Gainerako antolatzaileak, hauk dira: Bizkaiko Aurrezki Kutxa, C.A.T., Donostiako Aurrezki Kutxa, E.K.A., Bilboko Ateneoa, Gerediaga. Ba dakigu, hortik aparte, zenbait sari, edo erakunde* batzuren* eraginez, edo talde batzuren bidez ere atontzen* dela, hala nola, Lizardi saria, Iradier, Ibinagabeitia, Karmel.

Sariaren helburuak

 Gure literatur sarien azterketa egiteari interesgarri deitzat. Premiazkoa da, nire ustez, literatur sarien kultur funtzioa aztertzea. Zernolakoak dira, bada, literatur sariaren helburuak? Ene eritziz, hirukoitza izan liteke literatur sariaren kultur eginkizuna:

- Idazleari begira: Artistaren janaria txaloa delako, idazleak ere ospea eta ohorea maite ditu, pizgarri zaizkio. Sari bat, idazlea lanean jar dadin bide izan daiteke. Sariak, ongi eramanez, idazle berriak sorterazteko edo plazaratzeko bide ezin egokiagoak izan daitezke. Saria, bestalde, idazleak berak bere lanaren balioa neurtzeko erizpide ere ba da. Eta gure kulturan ezin ahantz dezakegu, ekonomiazko laguntza ere ba dela.

 - Irakurleari begira: Sariaren inguruan animatze bat sor daiteke, horrela irakurleak ugalduz. Obra sarituak ezaguteraziz ere, mesede egiten zaio irakurleari.

Baliorik nagusiena, irakurleari begira, sariak irakurleari eskain diezaiokeen informazioan eta orientazioan ikusiko nuke nik.

- Literaturari begira: Arestian esan bezala, hori guztiori kulturaren alde joan daiteke, saria literatur sorkuntza indartzeko medio bilakatuz, balore berriak laguntzeko eta lanak promozionatzeko bezainbat, profesionaltasunaren hutsunea betetzeko erabiliz.

Dena den, literatur sariketaren planteamenduak gure kultur egoeraren azterketa sakon bat eta, geroari begira, kultur beharkizunen planifikatze egiazko eta oso bat eskatzen du. (Joan Mari TORREALDAY.)

«Panpina Ustela» edo literaturaren aldeko garrasi bat

 Guti barru kalera dator, legez aldizkari ez izan arren, Euskal Kulturan aldizkari gisa* funtzionatu nahi lukeen PANPINA USTELA-ren lehen zenbakia. 21 x 28,5, hots, astekari standard baten tamainakoa eta 32 horrialdetakoa izanen da.

 Joseba Irazu da editorea. Eta lehen zenbaki honen idazle, Bernardo Atxaga eta Koldo Izagirre.

 Literatur liburuxka (aldizkari) bat da. Osatasun ederzalean eramana barnea, argazki eta grabatuekin, forma eta letrekin jokatuz. Literatur mota desberdinez horniturik dator, hala nola. antzerki llaburrak, poemak, ipuinak, etc.

 Udaberri gertu eta loratsu baten zain, lurrean sartzen den landarea da PANPINA USTELA. Luma literario berri eta gazteak plazara ateratzen direnean, orduan helduko da haren udaberria. Oraingo PANPINA USTELAren bi egileok gazte dira, oso gazte, 21 eta 23 urtetakoak. Gaztetasuna eta goi maila eman nahi dio PANPINA USTELAk euskal literaturari.

 Bidea ibiliz egiteko asmoarekin, eta, garai berean, bidea markaturik, literatura onaren aldeko garrasi bat izan nahi luke honek Hona Manifestua. Laster aterako den zenbaki horretatik jasorik eskaintzen diogu ANAITASUNAren irakurleari:

Ez dezagula konposturarik gal, halare

 Literatura bait da herriaren boza: gizartealdaketan lagungarri denez, beste Euskal Herri baten lorketa lagundu behar du euskaldunon literaturak.

 Laguntza hau exkaxa ta ahula izanen da noski, literaturak. zerbait aldatzekotz sentsibilitatea aldatzen bait du, ta ez besterik.

 Bere zeregina betetzearren, lehen lehenik, literaturak plazara dezaten eskatzen du: ezkutu ta isileko poemek poemak izaten diraute, bainan aiderik gabe, arnasarik gabe, panpina ustelak bilakatzen dira.

 Bozarik gabeko herriak, hots, beren kutiziak, ametsak, heriotza, amodioa ta hainbat eta hainbat eta hainbat gauza adierazten ez dutenak, aiderik gabe, arnasarik gabe, panpina ustelak bilakatzen dira.

 Boza hau isilerazten duten guztien aurka aurka aurka gaude:

Sariketa literarioen aurka, beren zentzugabekeriaz idazleak zapuztu ta ito egiten dituztelakotz. Non ditugu presentatutako lanak? Noraino daude epaimahaikoak jantziak lanak juzgatzearren?

Sariketa literarioen aurka, liburuak, aldizkariak, poema-bertso-teatro saioak proposatzen ditugu.

Zenbait erakunderen fama ez da euskal literatoen hauzia, beraiena baino. Geurea, eusk,al literaturari astinaldi bortitzak ematea da.

Bainan, halare egungo argitaraetxe, aldizkari ta saioekin ez gatoz bat; hertsiak eta literaturaz kanpoko (extraliterarioak, beraz) xederen morroi direlarik, marrantatu ta baztertu (nazkatu ere bai) egiten dituzte eztarri berriak.

Zeren literaturak bai bait du bere dinamika propioa, berezia. Gure poemagintza Europan egiten direnen parekoa omen da: guk ez dakigu zer esan nahi duen honek, eta oraindik ez digu inork erakutsi (agian geu gara egun-egungo poesia europearra ezagutzen ez dugun bi tonto bakarrak).

Literatura ez da, ez, deporte bat. Ez du klasifikaziorik onartzen. Literatura espresabide da lehen lehenik, eta ondorioz komunikabide.

 Nobelagintza urria da, ez bide du girorik.

 Ezin liteke teatrorik sor; aberrazio batzuetatik (Alzagaren kaiku ta pellokerietatik) beste batzuetara etorri gara (tesi-teatrora...). Alferrikako lana da teatro-lanak izkribatzea, teatroa taldearen emaitza bait da, ez idazle bakartiarena.

 Azkenik, agur dezagun geure gizon jator eta moderno hori: bertsolaria. Bertsolaritzak dukeen garrantziaz ez gara jabetu. Gu hartan sinestaturik gaude, hartan eta bere etorkizunean.

 Eta inork besterik badio, gurekin behintzat, adio!

Bernardo Atxaga

Koldo Izagirre Urreaga

1975, Urtarrila.

Liburu berriak

X. LETE, A. ZELAIETA, A. LERTXUNDI:

 Xabier Lizardi, olerkari eta prosista.

 JAKIN, Oinati, 1974.

(1)

Xabier Lizardi (1896-1933), bataio izenez Joxe Maria Agirre, zarauztarra zen, eta beronen omenez Zarauzko «Euskalzaleak» elkarteak sariketa bat eratu zuen, 1974.-eko irailean*.

JAKINen liburu honetan, sariketa horretara aurkeztutako hiru saiaera bildu dira. Xabier Letek eta Anjel Lertxundik, nork bere idazlanean, Lizardiren poemagintza aztertzen dute, eta biok datoz bat haren balioa aitortzean.

Xabier Leteren eritziz, Lizardik, euskal poesia goi maila batetara igan eraziz, gutik bezain ongi erantzun zion Unamunori («zer nolako pizti arraroa Unamuno hura» dio Letek, eta bat nator ni berarekin), harako probintziano-salmantinista eta euskararen kritikari gupidagabe* hari. Bestalde, Letek pintura inpresionistaren eragina* ikusten du Lizardirengan. Adibidez, hau kantatzen duenean:

Anitz* egunez, ez gero alaitu

lurtarrok. Goien sar egin baitu

Eurik Eguzki giltzapean;

yaun orail* eder, legorteen aita,

katez loturik egona baita

odei bustien sabelean.

Anjel Lertxundik Lizardiren emaitza poetikoa aztertzen du, eta Parisera egin zuen bidaiak aldaketa bat markatzen duela dio. Orduz geroztik, zarauztarraren poemagintzak goreneko maila lortzen du. Lertxundik poema bat hautatu du.bereziki, bere saiaeraren aztergai bezala: «Bultzi* leiotik». Verlaine izan zen, trenez egindako ibilaldi batetaz lehen poema egin zuena. Geroago Antonio Machado eta Juan Ramón Jiménez espainiarrek ere berdin egin zuten. Baina Lizardi izan omen da, gai hau hobekien ukitu* duena, Lizardiren trenak eta poemak ritmo berdina dutelako, parean doazelako:

Oi, lur, oi, lur!

Oi, ene lur nerea!

Oi, goiz eme,

parre gozoz ernea!

 Lertxundiren eritziz, Lizardi, poetikoki, belaunaldi* poetiko gaztearena da, zeren* belaunaldi gazteak zabaldu baitu haren obra aire guztietara: Xabier Lete, Benito Lertxundi eta Mikel Lasa Lekuko.

 JAKINen liburu honetako saiaeretarik eztabaidagarriena Anjel Zelaietarena izango da, segur aski,* zeren Lizardiren prosa gaurko ikuspegiz aztertzen baitu. ANAITASUNA aldizkariaren zuzendari izan zen Zelaietak, lan interesgarri bat egin du, eztabaidagarri izango bada ere, esan bezala. Lizardi entrepresa baten kudeatzailea* izan zen, eta «lanaren programatu beharraz jabeturik dago». «Posibilidade guztiak, ttikienak ere, aprobetxatu bear dira». «Zilegi da amets egitea, baina oinak harri sendotan jarririk».

 Gure artean ere ba dago honelakorik. Estatuak hau eta bestea egin behar lukeela. Baina hori diotenek, zer egiten dute? Lizardiren garaian ere, «abertzale» deitzen ziren batzuk, hau eta bestea eskatzen zieten Madrilekoei; baina Euskal Herriko kolegioetan erdara hutsean irakasten zen. «Badituzute —esaten zien hauei Lizardik—, zuen eskuko, zenbait eskubide... Ezin galazi dizaizuteke inork Estadoa'renak eztiran ikastoletan euskera, ala edozein gai euskeraz, irakastea. Ori egin ez, ta eskeka ta karraxika zatozkigu? Parregarri alenak!».* Eta Lizardik «ikastolak» idazten duenean, guk «kolegioak» irakurri behar dugu, hauetaz mintzo baita. Zer egin dute kolegioek, ikastolak sortu ez diren arte? Herriak nekearen nekez eraiki behar izan ditu ikastolak, kolegioetan euskara apur bat sartu ahal izateko. Eta ez denetan oraino: lekuko, azken egun hauetan Aretako* «Irlandesas» deitu serorei* egin zaien mehatxua* (serorek, bonba bat botako zitzaiela entzun zutenean, arin bai arin atera zituzten kolegiotik hango neska guztiak, mila inguru).

Lizardik artearen gaurkotasuna demandatzen* zuen. Horrela, «Ayanbe»ren teatro lana aztertu ondoan, hau esan zion egileari: «Gure Erria gero ta ernaiago ziak bere mendian gora. Leengo egoitzari zegokion antzerkia egin dek: egin* berriei dagokiena egin zak». Eta, egia esan, «Ayanbe»ren obra mugitzen zen giroa, modaz kanpokoa zen: palankariak, mutil zaharrak, alkate tripasai* alahenak..., leengo egoitzari zegokiona. «Kirikiño» saria eratzeko, hau proposatzen du: «Artikuluaren muin eta ariak gaurkotasun-usai (actualidad) behar du... Epai-batzarra Euskaltzaindiak urtero autuko* du; 'bakoitzari berea, Jainkoaren legea' dioen errefraua bete dezagun». Gaur egunean Euskaltzaindiari lotsa galdu diotenentzat ere irakaspen ederra!

Zelaietak egia biribil bat dio, euskararen erabiltzeari buruz hau idazten duenean: «Gaur arazo honetan zerbait aurreratu dugulakoan gaude: Euskaltzaindian, Elizaren Liturji Batzordean, ikastoletako maisu-maistren biltzarretan, edonolako euskal ekintzaileen bileretan... euskaraz egiten bait da. Halere, bada oraindik zenbait dantzari, txistulari, politikalari, euskaltzale eta abar, bide erdian geraturik...». Eta aurrerago: «Euskararen trebetasuna lortzeko —oraindik egin gabe bait dago ez dago bide bat baino: erabili; honetxek ekarriko digu haren trebetasuna, 'ibiliaz asko ikasten baita'».

 Amaitzeko, beste puntu garrantzizko bat. Zelaietak Lizardiren pasarte bat kopiatzen du: «Ontan, nik uste, gauz guzien gañetik alkar-lagundu bearra yarri bear degu: iritzitxoen gañetik IRITZIA, euskeraren ona». Eta Zelaietak galde hau egiten du: «Zergatik ukatzen zaio gure artean zenbaiti bere lanak gaur diren kazetetan agertzeko eskubidea?». ANAITASUNAren 288. alean, gure zuzendari berriak eskaturik, bere eritzia eman zuen Haranburu-Altunak ihazko euskal kultura idatziari buruz. Zenbaitzuk ez dute ongi ikusi gure zuzendariaren jokabide hau; baina nik, Lizardik aipaturiko «euskeraren ona» delako horren izenean, biziki txalotzen dut, zeren gaurko egoeran denok ikasi behar baitugu, bai aldizkarietan eta bai ikastoletan, euskararen ona lortzeko, elkar laguntzen, eta, gizarte bizitza egoki bat moldatzeko, gizon bezala jokatzen eta elkar errespetatzen. Gogotan har dezagun, besteren libertatea hasten den mugan, hantxe bukatzen dela gurea. Hori horrela ulertzen ez duenak, hobe luke, tributan zatikaturiko lurralde batetan bizitzea, gizarte zibilizatu batetan baino.

Liburu oso interesgarria JAKINena, irakurleak gogoz irakurriko dukeena. (Xabier GEREÑO.)

(2)

 Galdari nator. Eta ez dakit, lehenik, zuzena den galdera, ezta ere, bigarrenik, leku onera natorren galdezka, zeharbidez bainabil. Lekuaren egokitasunaz, behintzat, ez dut kezka handirik, hori Anaitasuna-koek erabakiko baitute. Ni esanera nagokie.

Bi liburu irakurri ditut, ia elkarren gainka eskura zaizkidanak: Xabier Lizardi, olerkari eta prosista, eta Lauaxetaren Olerkiak. Bai batean eta bai bestean, idazle horien prosalanak ez dira ahazturik gelditu, gure artean gertatu ohi den bezala. Zelaietari eskerrak, lehenbizikoan, eta honen eskuetara etorri den bilduma (Itz-lauz, alegia) argitara zutenei eta dutenei. Bestean, berriz, artikulurik bildu ez badute ere, Aita Onaindiak eman duen hitza jaso dugu: «bizkaitar idazle leun onek itz-lauz be ugari be ugari idatzi euskun, eta itz-lauzko osto sakabanatu orreik be jaso ta esku maitekorrez liburu mardul bat eratzea egoki litzakigukela otu yat. Beraz, osasunak laguntzen ba'daust, lar luzatu barik burutu nai neuke lan ori.» Eta ez du hitza jango, oker ez banabil, izan zezakeen kritikorik gogorrenak ere ez baitio langile denik ukatu. Hitz dotoreagoz, hobeki esan, «prolifikotasuna» aitortu dio.

Abiadan bagara ere, ezin hobeki deritzat joera honi, arras komeni bailitzateke garai batean euskaraz azaldu ziren gogo, uste eta eztabaiden berri jakitea. Ea, bada, ez garen lehen urratsetan gelditzen.

 Delako Zelaietaren hortan, bada, aurkitu dut duda-mudatan utzi nauen pasarte bat. Harako 77gn. plaman eta hurrengoan aipatzen duen parabolaz ari naiz, larra-gizon basati eta euskaraz ari den zaldun apainaren hartaz. Ez nator inori esesteko asmoz, are gutiago Zelaietari, gaiaren itzulinguruak aztertzearren baizik.

Beraz, euskara batzaile da, alde batetik, eta bereizgarri, bestetik. Nik ez dut uste, egia esan, Lizardik hor, hitzak bortxatu gabe, Zelaietak dioena bete-betean esan nahi duenik, honena («euskara berak lotzen du euskal gizarteko unidade bakoitza») zuzen hartu badut: «unidade bakoitz» horrek, alegia, «bat izateko duten lotura bakarra» edo adierazten baldin badu. Segur naiz, esate baterako, abertzaletasuna ere lokarri eta bereizgarri zela Lizardirentzat euskal gizartean. Ez zukeen, bestela, erdara ere inoiz erabiliko artikuluetan, gogoan dudanez, gizarte horretan euskaraz ez zekitenentzat aritu ez balitz.

 Horrelako zerbait aitortu dute, dakidanez, diren eta izan diren guztiek, herrian eta atzerrian. Sabinek, adibidez, Jaungoikoa lehen buruko ipini zuenean: argi ageri da katolikoen arteko batasuna gailen eta nagusi zegoela harentzat, gainerakoak ondotik zetozelarik. Egia da, bai, «euskaldun, fededun» (euskaldun = fededun) esan izan dela, baina, euskaldun guztiak fededun balira ere, ez lirateke, inolaz ere, fededun guztiak euskaldun.

Hori, gainera, ez zuen, dakidanez, hark asmatu. Are gehiago, esaldi horren asmatzaileek ez zuten alde onera irauli baizik egin gure antzinako liberalek gaiztoz esan ohi zutena: «fuerista, carlista». Hots, «hi, foruzale agertzen haizen hori, alferrik ari haiz bistan dagoena ukatzen: karlista haiz, ezinbestean.»

Hizkuntzari bagagozkio, aski da Sabinen beste hura gogoan edukitzea: kaltegarriago dela arrotz batek euskaraz ikastea ez dakit zenbat euskotarrek euskaraz ez jakitea baino. Hor ere, «euskotartasuna», dakigun oinarrietan finkaturikako zera, nagusi zen «euskalduntasunaren» aldean. Eta barka geure arteko abertzaleez mintzatu baldin banaiz, soil-soilik. Lekerika, Prieto nahiz Ibarnegarayrentzat, ez zen hor daukagun muga baino bereizgarri larriagorik. Espainolak nahiz frantsesak gara aurren-aurrenik: gero, beha bada eta gehienez ere, euskaldun izan gaitezke, hizkuntzaz nahiz bestelako izatez. Orainago ere, 1914ez geroz, ez ote dugu ikusi eta ikusten «nazio»arteko klase borroka nonbait eta noizpait —eta ez langileriaren eragitez— landatu ziren mugarriez mugaturik dagoela? Aho betean aitortuko dizute, bestela bezala egiten baduzu galdera.

 Nolanahi ere, bestetara nentorren. Zelaietak, esan dudanez, Lizardiren apostu hura (ez oraingo Aduna) aipatzen du: baserritarrik basatienak ere ez lukeela arroztzat joko Azkoitiko, Bergarako nahiz Tolosako zalduntxoa, hau euskaraz mintzatzen balitzaio. Eta honela darrai bere baitarik: «Arazo hau, gaur egun, ikaragarri eztabaidatua da. Badakigu, langile batek, eta haren ugazabak, elkarrekin euskaraz mintzatu arren, bi kultura desberdin, elkar borrokatzen diren bi helburu desberdin dituztela... Lizardi, hontan, bere garaiko semea izango da [ez horrenbeste, ikusi berria dugunez, sabindar purrukatua baldin bazen, behintzat]; eta linguistikari kasu eginaz, esan dezagun, baita ere, eta Lizardirekin batean, nekazari-yazteak baino euskaraz mintzatzeak gehiagotan elkartzen gaituela euskaldunok.»

Pluralista, nolabait esan, ageri da hor Zelaieta, eta ongi deritzat: gizarteko lokarriak, era askotako direlarik, zein sendoago zein ahulago izan daitezke. Poztu nau, gainera, gure nekazaria langile bihurturik ikusteak, hori ere ukatuko bailioke zenbait lumaluzek. Hizkuntzaren eta jazkeraren kontuan, ordea, ez dut hain argiro somatzen zertarako sartzen den linguistika. Hizkuntzak nola hurbil eta urrun gaitzakeen ikusteko, aski da, eta hobe, linguistika ez ezik, hizkuntzak ez jakitea. Hizkuntza noraino den lokarri eta bereizgarri, izan ere, inork baino hobeki daki bere bizilekuan egiten denaz baliatzeko gauza ez den ezjakinak.

 Hemen dator ene galdera, beldurraren beldurrez egiten dudana. Badakit, Euskal herritik aski urruti bizi banaiz ere, arazo hori «ikaragarri eztabaidatua» dela. Hona, berriz, zer jakin nahi nukeen: ea arazo hori non izan den eztabaidatua. Zehazkiago, ea noiz eta non izan den horrelako eztabaidarik Euskal herritik eta Espainiatik kanpora. Aspaldidanik bizi gara zenbait euskaldun Espainiaren kultur barrutian eta errazegi darabiltzagu agian, azken urteotan batez ere, kanpoan inork hartuko ez lizkigukeen sosak, hala nola «organikotasuna». Aldasoro, adibidez (90gnean, hemen), ez zen sekula, Jainkoak goarda, «prokuradore» izan.

 Barrenen daramadan beldurra nondik datorren azaldu nahi nuke. Behin batean —eta, ahazturik baldin baneukan ere, Zelaietak oroiterazten dit okasioa— garrazki ekin omen nion idazle gazte bati. Nik, bakuntasun osoz ari naiz, ez nuen inor mintzeko gogorik. Harridura izan zen orduko gaizki nahiz ongi esanen iturburua, filosofia ororen sortzaile omen den harridura. Han eta hemen, iturririk garbienetan, entzun eta irakurria nuenaren arabera, hagitz bestelakoa da «burges» hitzaren muina. Oker zeuden guztiok, behar bada, ia oraintsu arte, baina ni multzo horren iritziari nagokio, Arestirenak gorabehera, besterik erakusten ez didaten bitartean.

Beste horrenbeste gertatzen zait orain, eta gogoz baino gogozago irakurriko nituzke —Zelaietak, dirudienez, erabat ontzat hartzen ez duen— «beste» iritzi horren alde mintzatu diren Elizako Gurasoen izenak eta hitzak. Ez, berriz ere diot, Espainiakoak. Bai baitut halako susmo bat hemen kontrabandoan dabilen dirua bera ere, faltsoa izateaz gainera, etxe inguruan egina dugula.

Elizgizonek batipat sudurra aski zorroztu digute eta, nik «beste» iritzi horri halako heresi-kiratsa edo hartzen diot. Pentsamolde horren erro bila hasiz gero, Marren izena datorkit gogora, ez Marxena: Lysenkoren kide, Orixe bezala Mikolas zeritzan Marr ospatsu harena. Ezinezko dirudi, ordea, Josepe Stalinek aspaldi ehortzi baitzuen haren oroitzapena ere eskumiku gogorraren azpian. Arbuiatua dagoen «hizkuntzarekiko dotrina berria» sortzen nahiz ikasten hasi behar ote dugu orain hemen?

Bada ezpada ere, Moskun, 1968-an, Ja. V. Lojak argitara zuen Linguistikaren historiatik hartu dudan pasartea eskaintzen diot irakurleari, gai horietan nola pentsatu behar duen jakin dezan, Marx, Engels eta Leninen ondorengo zuzen izan nahi badu. Hizkuntza, besteak beste, «herriak eta nazioak dituen ezaugarririk nagusienetakoa» omen da, eta «kultura batek bere burua adierazteko eta mamitzeko duen bidea», bestetik. Beste zenbaitek ere ez genuke gehiagorik esango.

 Ahalik eta laburren, bukatzeko. Erantzun eske etorri banaiz ere, ez naiz inolaz Zelaietagana etorri. Deia, gehienez ere, irakurtzen ez duen irakurle sonatu horri dihoakio. Harentzat kezka bat gelditu zait golkoan. Ez zait zuzenegi iruditzen egiazko nekazari edo langile jakin baten kultura, alde batetik, eta alegiazko nekazariak edo langileak izan behar lituzkeen —eta maizegi ez dituen— helburuak berdintzea. «¡...! ¡Cómo tiran los Hijos del Pueblo!», gehiegitan entzuna dut azken gerratean. (K. MITXELENA.)


Hementxe denok

Gipuzkoa

«II. Sebero Altube Idazlan Sariketa» Arrasaten

 Arrasateko «Danok» kultur taldeak antolaturik, aurten «II. Sebero Altube Sariketa» eginen da. Bertan parte har dezakete, segidan agertzen diren baldintzak betetzen dituzten guztiek:

1. Idazlan sariketa hau Lenizko ibar mailan izanen da: eta Eskoriatza, Aretxabaleta, Arrasate, Aramaio eta Oinatiko edonork parte har dezake.

2. Idazlanak euskaraz egin beharko dira.

3. Sariketa honela banatuko da, idazlen adinaren arabera:

Lehen maila 10 urte arte.

 Bigarren maila 10 urtetatik 16 urte arte.

 Hirugarren maila 16 urtetatik aurrera.

4. Gaia: Hiru mailetan libre.

5. Lanen zabalera: Lehen eta bigarren mailan, bi horri gutienez eta lau gehienez, alde batetatik eta eskuz idatzirik. Hirugarren mailan, hiru horri gutienez eta zortzi gehienez, alde batetatik Idatzirik, eta lerro tartean huts bat utziz.

6. Idazlanak bidaltzeko epea martxoaren 19an amaituko da.

7. Lanarekin batera eta eskutitz azal txiki batetan, ezagugarri hauk bidaliko dira: Egilearen izen-deiturak eta adina, eta lanaren izenburua.

8. Apirilaren 19a baino lehen, antolatzaileek aukeratutako epaimahaiak bere eritziak emanen ditu; eta hauk behin eta betikoak izanen dira.

9. Nahiz eta, aipatu den bezala, gaia libre izan, maila bakoitzean sari berezi bat jarririk dago, antzerki lan onenari eskaintzeko.

10. Sariak hiru mailetarako izanen dira: Lehen saria, bigarren saria, hirugarren saria, antzerki sari berezia.

11. Idazlanak helbide honetara bidali beharko dira: DANOK Resusta, 33 Mondragón, Guipúzcoa.

12. Araudi honetan aipatzen ez denik gertatuko balitz. antolatzaileek erabakiko lukete.


Fluor satsudura eta fluorosia

Bizkaiko zenbait eskualdetako baserritarrak guztiz kezkaturik daude, abelgorriaren* eritasun* baten aurrean. Fluorosi izena entzun eta atzerantz egiten dute, ikaraturik. Fluorosiaren sortzean parterik handiena egurats* satsudur* mota* batek duelarik, problema hau pixka bat aztertzea pentsatu izan dut.

Nondik datozen satsukari* fluoratuak

Fluoroa oso hedaturik* dago lurraren azalean. Gehienetan, fosfor* mearekin* batera aurkitzen da. Hori dela eta, fosfor mea erabiltzen duten industrietan, fluor satsudura sortzeko arriskua dago.

 Kasu honetan daude, ongarriak* prestatzen duten lantegiak, zeren* fosfatoak eta bestelako fosfor konposatu batzu* fabrikatzen baitira bertan. Lantegi hauetan egiten diren kaltzinapen eta azido sulfurikozko atakapenetan, beti askatzen dira zenbait gorputz fluoratu. Kanpora bota baino lehen, gorputz fluoratu hauk* iragazki* batzutatik pasa erazten dira, eta honela garbitzen da guti gorabehera satsukarien 99%a. Hala ere, beti egoten dira itzurpenak,* eta honela satsutu egiten da inguruko eguratsa. Estatu Batuetan, adibidez, 500 tona* fosfor mea kaltzinatzean, kanpora 50 kilogramo gorputz fluoratu jaurtikitzen dela kalkulatzen da.

 Fluor satsudura sortzen duten industrien artean, aluminioaren industria ere aipatu behar dugu. Aluminioa lortzeko, barnean fluoroa dadukan mea bat erabiltzen da: kriolita. Izatez, beronen kimik izena sodio hexafluoraluminato da, Na3 (Al Fl6). Mea horren erabiltzean ere, beti gertatzen dira gorputz fluoratuen itzurpenak.

Bestalde, esan beharrik ez dago, fluor konposatuak fabrikatzen dituzten lantegietan ere, fluor satsudura sortzeko arrisku bizia dagoela.

Gorputz fluoratuek landareetan duten eragina

Landareetan kalte handia egiteko, ez da behar gorputz fluoratuen kantitate handirik. Landare batzutan, azido fluorhidrikoa eta silizio fluoruroa, 0,1 miliarren* proportziotik gora, pozoingarri gertatzen dira. Hala ere, landare guztien sentsibilitatea ez da berdina.

Basapinuak oso gaizki jasaten* ditu gorputz fluoratuak: Lehenik, ilundu egiten dira pinu horrien ertzak;* hau, horrien ertzetan nekrosia gertatu delako da. Gero, nekrosi horrek, aileraino* heldu ondoren, horrien azalaren herena* edo erdia hartzen duenean, jausi* egiten dira horriak. Horri sistemaren gutitzeak zuhaitzaren deselikatzea* dakar; eta, honela, pinua ihartu egiten da eta askotan hil.

 Aipatzekoa da, halaber,* fruitarbolen eta zuhaixken* kasua. Fluoroaren eragina hazkunde* hormonen aurka zuzentzen da, ausina izenekoaren aurka bereziki. Hormonen jokabidea galeraziz, horriak arauez* kanpoko modu batez hazten dira. Zauridura,* lore eta fruituetara ere hedatzen da; eta batzutan fruituaren esklerosia gertatzen da. Dena dela, zauridura horren erruz,* fruituak ez dira ondo hazten eta umotzen, eta azkenik ez dira jateko modukoak geratzen.*

 Belarraren kasua osterantzekoa* da. Zenbait satsukari fluoratu bertan biltzen delarik, bertatik jaten duten abelgorriak kutsatu egiten dira. Kutsadura horren kausaz, fluorosia sortzen da.

Animaliengan sortzen diren ondorioak

Aurreko lerroetan esan dugunez, gorputz fluoratuek eritasun konkretu bat sorterazten dute: fluorosia. Ikus dezagun nolakoa den eritasun hau.

 Fluorosiaren efektuak hortzetan, hezurretan eta ixiritze* sisteman gertatzen dira gehienbat. Hortzetan orbain* batzu agertzen dira, eta mastekazioa* oso mingarri bihurtzen da. Hezurretan, lehenik dentsifikatze bat gertatzen da, kaltzio fluoroaren kausaz; gero, hezurrak desformatu egiten dira. Ixiritze sistemaren funtzionamendua desarautu* egiten da. Abere erituek higuindu egiten dituzte janariak, mastekazio mingarriaren eta ixirimendu desarautuaren kausaz. Azkenean, elikaduraren* eskasiaz, kakhexia bat agertzen da.

 Gauza bitxi bezala, esan dezagun, fluorosia har* zetagileen eta erleen baitan* ere agertzen dela. Eta, abereen okela eta esnearen bidez, gizonarengan ere bai.

Fluorosia Euskal Herrian

 Duela zenbait hilabete, eta egunkarietan irakurririk, Santander aldean, Ontón herrixkan preseski, hainbat fluorosi kasu agertu zirela jakin genuen. Hobendun,* fluoroa erabiltzen zuen (eta duen) lantegi bat.

 Berrikitan, Mungia aldean agertu da eritasun bera. Egia esan, Mungiako Udalak,* duela bi urte salatu zuen arazo hau; baina oraino konpondu gabe dago. Hemen ere, erruduna lantegi bat izan da.

 Lantegi horrek sortzen duen fluor satsudura nolakoa den ikusteko, datu batzu emanen ditugu. Bizkaiko Industri Ordezkaritzak edo «Delegación de Industria» delakoak inginadore bat bidali zuen, Ferro-Enamel lantegira (hauxe baita beronen izena), azterketa batzu egitera. Inginadorearen kalkuluen arauera,* lantegi horrek 170 tona satsukari egozten* ditu kanpora urtero. Hauetarik, 42 tona gorputz fluoratuenak izan ohi dira.

Bitartean, inguruko baserritarrak fluorosiaren ondorioak pairatzen* ari dira. Abereek ez diete ez okelarik ez esne onik ematen; eta, ezertarako ez direlarik, hil egin behar dituzte. Bildu eta gordetako belarrak ere, kutsaturik egonik, ez die deusetarako* balio. Jendearen artean, eskualde horretako lur ekoizpenen* aurkako psikosia sortu da. Ikusten denez, eskualde horretan, aipatu* lantegiak abeltzaintzaren eta laborantzaren hazkundea galerazten du.

 Hemendik, zenbait ondorio ateratzera saiatuko naiz. Lantegiak eraikitzean, kontutan hartu behar da zenbat eta zer motatako satsukariak jaurtikiko diren; eta jaurtikitzeari berari ere muga batzu jarri behar zaizkio, inguruko naturan kalte gogorrak sor ez daitezen. Honekin batera, eskualdearen azterketa soziologiko-ekonomikoa egin behar da. Eta azterketa honetan, beste gauza askoren artean, lantegiek laborantzari eta abeltzaintzari ekar liezazkieketen kalteak hartu behar dira kontutan. Bestalde, baimenak ematerakoan, azterketa hauetaz baliatuz, Udalak asko pentsatu beharko du bere erabakia, herritarren interesen aurka jokatu nahi ez badu.

Dena dela, fluorosiaren arazo honetan argi dagoen gauza bakarra zera da, problema hau konpondu egin behar dela, eta honi eta bestelako satsudur arazo guztiei garrantzi handia eman behar zaiela.

J. R. ETXEBARRIA

dezagun, daigun

die, deutse

diete, deutsee

liezazkiekete, leiskioeez

zaie, jake

zaizkio, jakoz


Herrialde guztietan

Marchais bi aldiz gaixorik

 Frantziako Alderdi Komunistaren Idazkari* Nagusi izatea, nekagarri da oso. Alderdia oso zentralista izanik, erabakigunea* betiere goian baitago, dossier guztiek idazkariaren eskuetatik iragan behar baitute, eta honen presentzia, militanteen artean, beharrezko baita. Are* nekagarriago da, Marchais jaunari egokitu* zaizkion egunetan, hots, hauteskunde* garaian.

Alderdi Komunistak higatu* egin du gizona. Gazterik, 54 urterekin, bihotzeko gaitzak joa, oheratu beharra izan du Marchais jaunak, gizon sendo eta langile porrokatuaren ospea zuen honek. Mugimendu haunditako bizimodu gotor* eta nekagarri horretarako egina zirudien Marchaisek, 1970.etik idazkari laguntzaile eta 1972.etik idazkari nagusi izan den honek.

Ez omen du lehengo martxari* jarraitzerik Marchaisek. Honen ondoan, laguntzaile gisa, beste norbait jarri beharko dute. Azkenengo bi idazkariekin berdintsu jokatu behar izan du Alderdiak. Waldeck Rochet, Maurice Thorezen laguntzaile izan zen; eta Marchais bera, Waldeck Rochet jaunarena. Nor, orain, Marchais jaunaren laguntzaile? Etienne Fajon? Leroy? Gogorrak dira hauk.* P. Laurent? Bigunegia ez ote? René Piquet? Ez ote gazteegia? Eta zergatik ez Seguy, CGT sindikatuaren burua? Dena den, hautatzen dan laguntzaileak garbi adieraziko du Alderdiaren linea berria.

 Linea berria —hobe, berritua— aipatzerakoan, Marchais jaunaren bigarren gaitza aipatzen dugu. Zerk gaixotu du Marchais? Lan gehiegiak ala bere jokabidearen aldatu beharrak? Ez ote, hartua zuen bidearen frakasuak? Alderdiaren buruzagitzan minorian gelditzeak? Bi urtetako predikuek zertarako balio izan diote?

 Drama ikaragarri bat bizi izan du Marchais jaunak bere barnean. Salakuntza gogorrak izan ditu barnean. Alderdi Sozialista bide ertzetik* berak atera duela salatzen diote, Alderdi Komunista gehiegi zabaldu duela, kontzesio gehiegi egin duela, dotrina bazterregi utzi duela. Eta hori dena ez AKren onerako, baizik ASren eta Mitterranden faboretan, azken finean. Alderdia, komunismotik sozialismora, sozialismotik demokrazia aurreratura, demokrazia aurreratutik demokraziara, eta demokraziatik Frantziako herriaren batasuna eskatzera ekartzearekin, ez duela deus onik* lortu salatzen zaio. Kontzesio gehiegi hauekin erdietsi* duen gauza bakarra, militanteen eta Alderdiaren nortasun eta identitate krisia besterik ez da.

Vitry-n, XXI. Kongresuan, linea aldatzera, jokabidea gogortzera behartu zuen Marchais Partiduak. Leroy izan da horretan gogorrena. Marchais, militante zintzo eta leial denez, Alderdiaren gehiengoaren* jokabidera makurtu zen.

 Eta Alderdi Sozialistarekin polemika hasten da. Ez, noski, AS-ren jokabidea fitsik* aldatu edo gaiztotu delako, baizik eta intransigente izateko erabakia Alderdi Komunistak berak hartu zuelako.

AS eta AK-ren batasuna, Mitterrand eta Marchais jaunek pertsonifikaturik egon da. Ezkerraren batasunak Marchais jaunari asko zor diola deklaratu du Mitterrandek.

IRAren legea

 Ingelesek ezin dute entzun ere egin IRAren izena. Entzun orduko haserretzen zaizkizu. Eta irlandar katolikoen artean ere, 25 egunetako bakealdia ezagutu ondoren, halatsu gertatuko zela pentsatzen zuen Britainia Haundiko Gobernuak. Izan ere, azken bost urte hauetako bakealdirik luzeena Gabon garai honetan ezagutu da Belfasten. Lasaitasun hori ezaguturik, herria IRAren kontra jarriko zelako esperantzan zegoen Britainia Haundiko Gobernua. Huts egin du Irlandarekin berriz ere.

Abenduaren 21ean hasita, urte bururako, bake garaia dekretatu zuen IRAk. Eta Gobernua, kontzesio batzurekin, bake hori luzatzea lortuko zuelakoan zegoen. Gertu* zegoen Gobernua, «probisional» detenitu zenbait (20) libratzeko, britainiar soldaduak koarteleratzeko, eta, geroago batetan, soldaduak beren etxeetara bidaltzeko.

Urtarrilaren 16an, hala ere, IRAk hautsi egiten du bakea, ezarritako kondizioak britanikoek errespetatu ez dituztela eta.

 Izan ere, IRAkoek eskatzen dutena, Wilsonen Gobernuak eman nahi duena baino gehiago da. Haien eskariak: britainiar soldaduak erretiratzea; Ipar Irlandako presondegietakoak libratzea; eta laster barru-edo hauteskundeak egitea, Westminstereko Gobernutik aske gelditzeko moduan, Asanblada Legegile bat probintzia horretan sortuz.

Hori lortu arte, IRAk ez omen du amore emango. Bonba eta guzti, Ingalaterrara joango omen dira, azken aldi honetan jadanik* joan diren bezalaxe. Eta, hain zuen, IRAk bere gudua Londresera eta Birminghamera eta Guidfordera eramaten hasi zenean, orduantxe hasi zen jendea beldurtzen. Bonba bat edozein lekutan eta edozein mementotan leher daitekeela aurrez jakinik, ikara eta artegatasuna* eguneroko bizitzaren parte bilakatzen* dira.

Egoera larri hori jasan ezina delako, Rees ministrua Belfastera ere joan da. Eta «probisionalekin» harremanetan zuzenki sartzeko prest omen zegoen. Londreseko jokabide honekin Ian Paisley protestantearen jarraitzaileak ez daude batere pozik, Gobernuak IRArekin eztikiegi jokatzen duela eta. Harremanetan hastea bera, saldukeriatzat dute haiek.

Faxismoaren Internazionala

Ez du ezkerrak internazionalismoaren monopoliorik, ikusten denez. Eta komunistek bakarrik ez dute beren Internazionala. Neofaxismoak ere ba du berea.

Ultra-eskuindarrek Frantziako Lyon hirian egin berri duten bilkura nagusian, Kontinenteko hamaika lurraldetako ordezkariak bildu dira.

Bilkura honek Europaren politikazko aurpegia aldatzea izan du jomugatzat. Horretarako, gobernu autoritario bakar bat sortu nahi lukete, gure lur zikin, nahastu eta usteldu hauetan ordenua ezartzeko. (Iraultza, ezarritako ordenuaren aurka egina den bitartean; kontrairaultza, ordenua ezartzeko egina da.)

Jomuga horretara iristeko,* biolentzia eta terrorismoa erabili beharko direla pentsatzen dute. Eta prest daude horretarako. (Eskuina, agintean dagoenean, biolentzia zuriaren —errepresioaren— defendatzaile da. Agintera iritsi nahi duenean, eskuin hori berori biolentzia gorriak ez du beldurtzen.)

Espainiarrak ere ba ziren aipatu* bilkura horretan. Espainian ospatzekoa omen zen delako bilkura hori, gainera; baina Falangea horren kontra jarri omen zen.

 Neofaxismoaren Internazionalak ba du Barcelonan bere bulegoa,* eta bere gizona. Gizon honek falangistatzat jotzen du bere burua, eta ados dagoela dio, nazional-iraultzaile eta nazional-sozialista mugimendu eta dotrina guztiekin.

Tito bere geroa prestatzen ari?

 Gertakariak hor daude. Harmadaren* gastuetarako 50 % gehitu du diru laguntza Tito jaunak. Hazilaren* 4ean hor gaindi* ibilia zen Kissinger. Bestalde, betidanik ba dakigu, desberdintasun ugariz beteriko herria dela Jugoslavia, bai ideologian, bai nazional arazoetan...

Sorpresa izan da. Independentzia galtzearen beldur? Hots, presupostu gehitze horrek, kanpoko politikarekin ba ahal du zerikusirik? Ba dakigu, Txekoslovakia errusiar tankeek hartu zutenean, Sobiet Batasunaren kontra haserre bizian zegoela Tito. Haserre, eta beldurrez ere. Gero, Belgradon adiskidetu zen Breznevekin. Harez gero, Sobiet Batasunaren eta Jugoslaviaren artean haserre jakin eta ezagun handirik ez da izan.

 Baina Breznev «gaixorik» dago. Eta Kissinger ere Belgradon izan berri da. Hau handik iragan eta egun gutitara erabakia izan da, hain zuzen, diru laguntzaren gorakada hori. Ford ere etortzekoa da.

 Ezin da, besterik gabe, ahantzita utzi, Jugoslavia dela sobietarrentzat Mediterraneorako bideetarik bat. Dena dela, kanpoko politik egoerari ez dagoela erabaki hori loturik, behin eta berriz esan dute gobernariek. Hori ukatzeko interes gehiegi erakusten dutela diotenak ere ba dira.

 Kanpoko politikarekin zerikusi gabekoa bada, barrukoarekin ba ahal* du orduan? Jugoslavia ez da oso barea, hori ba dakigu. Ezagunak dira kroaziar abertzaleen Zadareko prozesua, Albania aldekoen Pristinako prozesua, oposizioko Mihailov idazlearen prozesua, etab. Hots, sokatira askotxo dagoelako susmoa baino gehiago dugu.

 Eta Tito jaunak 83 urte ditu. Hau ere ez da betikoa izango. Beharbada, Tito bere geroa prestatzen ari da. Desagertuko denerako, beti leial izan zaion Harmadari agintea pasatzea dela hoberena pentsatu du agian.* Harmada izango litzateke, hipotesi honetan, herriaren bizkar hezur politikoa.

Saudi Arabia eta petrolioa

 Saudi Arabia munduko botere nagusi berrietako bat da; haren boterea ekonomiazkoa da, petrolioan oinharritzen dena. Hala ere, herri honen berri oso guti jakiten da. Lehenago pentsatzen zen, Saudi Arabia basamortuz eta zelaiz beterik zegoen lurralde zabal bat baizik ez zela, han eta hemen petrolio iturriak zituena. Bai, egia da; baina besterik ere ba da Saudi Arabia. Eta beste hau, orain, gero eta gehiago etorriko da agerira, Saudi Arabia bere petrolio aberastasunagatik mundurantz irekitzen hasi denean.

Saudi Arabiak oso lurralde zabala daduka: 2,18 milioi m2. Bizilagunen kopuruz* ez dago informazio zehatzik. 1974.ean egin zen lehen kontaketa; eta «Business Week» amerikar astekariak esan zuenez, lau milioi baizik ez dira han bizi. «Financial Times» ingeles aldizkariak, ordea, beste zifra bat eman zuen: 7,7 milioi, halegia.*

 Politikaren aldetik, feudal mailan bizi da herria. Boterea Feisal erregearen eskutan dago osoki. Feisalen ondoren, herriko boteretsuenak haren lau anaiak dira. Hauen hurren, erregearen ahaideak: bi mila, guti gorabehera. Hauetaz aparte, ba dira Gobernuan teknokratak, herbestean eskolatuak, azken urteotan gero eta gehiago airenak. Hauetarik ahaltsuena oraingo olio ministrua dateke: Ahmed Zaki Jamani.

 Ez dago botu eskubide orokorrik.* Leku batzutan* bizirik dago oraino esklabutasuna, eta zuzenbide* legeak Koranekoak dira.

 Feisal enigmatikoak zera nahi du orain: arabiar Estatu guztien artean, bere herria izan dadin nagusi, erlijiotik aparte ere. Erlijio arloan ba da orain ere nagusi, hantxe baitaude musulmanen toki sainduenak: Mekka eta Medina. Alor horretan ez dago ahalbiderik,* nagusitasuna haundiagotzeko.

Erdi Aroko* jaurpide* ereduari* darraion* errege bat izanik ere, gidari indartsu eta zentzudun bezala agertu da Feisal kanpoko politikan eta batez ere petrolio politikan.

Ekialde* Hurbileko krisialdian, Saudi Arabia partaide azkarra* izan da. Zuzenean ez du gerlan parte hartu; baina haren olio ondasunak pisu haunditakoak izan dira, guduan ibili direnentzat.

 Palestinarrek eta haien eustaileek,* herriaren liberatzeaz eta Palestinan sozialismoaren eraikitzeaz hitz egiten dute. Feisalek, ostera, juduen ez den Jerusalemera otoitz egitera joan ahal izatea gutiziatzen* du.

 Olio prezioaren lau aldiz goragotzea ez zatekeen posible izanen, Feisal erregeak nahi izan ez balu; eta horrexek egin du lau aldiz haundiagoa Saudi Arabiako ondo bizitzea. Feisalek eskutan daduka Mendebalde* guztiko inflazioaren eta munduko diru sistemaren giltza. Diruaren zati bat harma modernoak erosteko erabili du: misilek, gurdi harmatuek eta guztiz* ere airekoek haunditzen dute Saudi Arabiako indar militarra.

Hala ere, ba ditu Saudi Arabiak problema batzu,* benetan zailak direnak. Alde batetik, hango populazioa eskasa da; eta bestetik, jendea ez dago preparaturik, industrigintzara pasatzeko.

 Nomada harro horientzat, oso zaila izanen da industri gizartera pasatzea. Gamelu arotik motor arora aldatzea zail iruditzen bazaie ere, beharbada apurtxo bat lasaituko dira, Gobernuak berriki* egin duen motor gasolinaren prezio beheratzearekin. Orain, gasolin litroaren balioa ez da pezeta batetara ere iristen.*

 68 urtetako Feisal erregeak, bestalde, oso interes haundia du, eta nola ez, petrolioaz* beste energi iturriak ere ezagutzeko.

Idazleak:

Joan ALTZIBAR

Joanes LEKERIKA

Kirsti PEKKANEN

dio, deutso

diote, deutsoe

zaie, jake

zaio, jako

zaizkigu, jakuz

zaizkio, jakoz


Ikas zeure hizkuntza

Hiztegia

IMANOL BERRIATUAK

Ale honetan izartto batekin agertzen diren berbak

A

 ABANTAIL, ventaja.

 ABELGORRI, ganado vacuno.

 ADIN, edade.

 ADINAKO, ainako, besteko, bezainbesteko.

 AGIAN, beharbada, nonbait.

 AHAL, galde egiteko partikula, optatibo zentzuzkoa. (Ikus Lafitteren «Grammaire Basque». 99. horrialdea.)

 AHALBIDE, posibilidad.

 AILE, pedúnculo.

 AIPATU, aipatutako, aipaturikako, aipaturiko.

 AISE, errazki.

 AITZINETIK, aurretik.

 ALDARRIKATZE, proclamar.

 ALDIZ, berriz, ordea, ostera.

 ALEN, alahen, balako (calificativo agravante, que no es traducible sino repitiendo el adjetivo que precede).

 ANARTEAN, hanartean, bitartean.

 ANITZ, asko.

 ANTZU, estéril.

 ARABERA, arauera, según, conforme.

 ARAUERA, arabera, según, conforme.

 ARAUEZ KANPOKO, anormal.

 ARBUIA, despreciar. (ARBUIATU, despreciado.)

 ARE, oraindik, aún, encore.

 ARESTIAN, arestion, hace poco.

 ARETA, Bizkaiko Las Arenas.

 ARO, época, edad. (HARO, ruido, bruit.)

 ARRUNT (1), común, corriente, ordinario.

 ARRUNT (2), guztiz, osoki.

 ARTA, ardura.

 ARTATU, cuidado, soigné.

 ARTEGATASUN, inquietud.

 ASKAPEN, liberación.

 ASKARI, merienda.

 ASKI, nahiko.

 ATONTZE, antolatze.

 AURRENIK, lehenik.

 AUTU, hautatu.

 AZANTZ, zarata, ruido.

 AZKAR, indartsu.

B

 BAILIREN, balira bezala, como si fuesen.

 BAITAN, -gan.

 BAITEZPADAKO, beharbeharrezko.

 BARATZAIN, baratzezain, jardinero.

 BARAZKI, ortuari, hortaliza.

 BARIK, gabe, en vez de, au lieu de.

 BATASUN, elkarte, elkargo.

 BAT BEDERA, cada uno.

 BATZORDE, comisión, comité.

 BATZU, unos. (Batzuk aktibo, batzu pasibo.)

 BATZUEK, los unos. (BATZUK, unos.)

 BATZUETARA, a los unos. (BATZUTARA, a unos.)

 BATZUK, unos. (BATZUEK, los unos.)

 BATZUREN, de unos. (BATZUEN, de los unos.)

 BATZURENTZAT, para unos. (BATZUENTZAT, para los unos.)

 BATZUTAN, en unos. (BATZUETAN, en los unos.)

 BEDEREN, behinik behin, behintzat, gutienez.

 BEHARRORDU, beharrizan, necesidad.

 BEHERE, parte inferior.

 BELAUNALDI, generación.

 BERRIKI, berrikitan, recientemente.

 BERRIKITAN, berriki, recientemente.

 BERTSU, casi idéntico.

 BESTELAKATU, alienado.

 BETA, asti.

 BIDAXUNE, Bidache.

 BIDEZKO, justo, normal.

 BIKAIN, excelente.

 BILAKATU, bihurtu.

 BILAKATZE, bihurtze.

 BILDUMA, colección.

 BITZUEK, los dos grupos.

 BULEGO, oficina, bureau.

 BULTZI, tren.

 BURKIDE (buru + kide), camarada.

D

DAGOKE, dago nonbait.

DAITEKEA, ahal daiteke?

DAKUSAGU, ikusten dugu.

DAKUSATE, ikusten dute.

 DARAMA, daroa, eramaten (eroaten) du.

 DARAMATE, daroe, eramaten (eroaten) dute.

 DARRAIO, jarraikitzen zaio (jako).

 DATEKE, da nonbait.

 DATZA, yace, está. (Etzan aditzaren forma.)

 DEA (da + a), ahal da?

 DEITU, deitutako, deiturikako, deituriko.

 DEITURA, apellido, nom de famille.

 DEMANDATZE, exigir.

 DESARAUTU, desarreglado.

 DESELIKATZE, desnutrir, desnutrición.

 DEUS, ezer.

 DIOKETE, diote (deutsoe) nonbait.

 DIRATEKE, dira nonbait.

 DITUZKETE, dituzte nonbait.

 DUIA (du + a), ahal du?

 DUKEGU, dugu nonbait.

E

 EGIN (1), igarri.

 EGIN (2) hecho, realidad, fait, realité.

 EGOKIERAZALEKERIA, oportunismo.

 EGOKITU, correspondido, tocado.

 EGOZTE, jaurtikitze, botatze.

 EGURATS, atmósfera.

 EKIALDE (eki, sol + alde), oriente, Este.

 EKIN, aplicado activa e intensamente. (Aditz hau, ene ustez, intrantsitiboa da.)

 EKOIZPEN, producto.

 ELABERRI, novela, roman.

 ELIKADURA, alimentación.

 EMATE, parecer, dar la impresión.

 EMATEKE, eman gabe.

 ENGAIATU, comprometido, engagé.

 ERABAKIGUNE, centro de decisión.

 ERABAT, guztiz, osoki.

 ERAGIN, eragipen, influencia, acción.

 ERAKUNDE, organismo, entidad.

 ERDIETSI, lortu.

 EREDU, modelo.

 EREMU, terreno, superficie.

 ERITASUN, gaixotasun.

 ERIZPIDE, criterio.

 ERORTZE, jauste.

 EROSO, cómodo.

 ERRAIAK, entrañas.

 ERRU, hoben, culpa.

 ERTZ, hegi.

 ESKUALDE, comarca, distrito.

 ESTAIA, piso, étage.

 EURREZ, abundantemente. (ERRUZ, hobenez, por culpa.)

 EUSTAILE, sostengatzaile.

 EUTSI, agarrado, asido, saisi.

 EZEZIK, no solamente.

 EZKUTU, oculto.

F

 FITS, apur, deus, ezer.

 FLEITE, buena disposición, buena forma.

 FOSFORO, fósforo. (Azken bokala galtzen du hitz elkarteetan.)

 FROGA, prueba, demostración.

 FROGATU, demostrado, probado.

 FUNTS, fondo, sustancia, importancia.

G

 GAINDI, zehar.

 GARAMATZA, garoaz, eramaten (eroaten) gaitu.

 GEHIENGO, mayoría.

 GERATZE, gelditze.

 GERTU (1), prest.

 GERTU (2), cercano, próximo.

 GISA (1), era, modu.

 GISA (2), bezala.

 GISA (3), gisako, bidezko, justo, normal.

 GOGO, nahi, gura.

 GOMUTATZE, oroitze.

 GORABEHERA, a pesar de, malgré.

 GOTOR, vigoroso, populoso, firme, fiel, constante.

 GUPIDAGABE, inmisericorde, inconsiderado, cruel.

 GUTIZIATZE, ansiar, desear ardientemente.

 GUZTIZ ERE, batez ere, bereziki. (Ikus «Axularren Hiztegia».)

H

 HALABER, así mismo, también.

 HALEGIA (hala + egia), a saber, es decir, esto es. (ALEGIA, ficción.)

 HARMADA, ejército.

 HAR ZETAGILE, gusano de seda.

 HASIERA, hasera, haste, hastapen, comienzo.

 HAUK, honeek. (Hauek aktibo, hauk pasibo.)

 HAUTESKUNDE, elección por votación.

 HAZIL, noviembre.

 HAZKUNDE, desarrollo, développement.

 HEDATU, zabaldu.

 HEDATZE, zabaltze.

 HEGI, ertz.

 HELDU (1), próximo.

 HELDU (2), agarrado, asido, saisi.

 HEREN, tercio, tercera parte.

 HEZIKETA, hezkuntza, hezkunde, educación.

 HEZKUNTZA, hezkunde, educación. (Azken bokala galtzen du hitz elkarteetan.)

 HIGATU, ajado, gastado.

 HOBENDUN, hobenduri, errudun, culpable.

 HOLGETAKO, txantxetako.

 HORIK, hoik, horreek. (Horiek aktibo, horik pasibo.)

 HORRETAZ, por consiguiente.

 HOTS, a saber, es decir, esto es.

 HUNKIPEN, emoción.

 HURA, ha.

I

IA, kasik.

IDAZKARI, sekretari.

IKASI, ikasitako, ikasirikako, ikasiriko.

ILADA, hilera, fila.

 IRAGAITZAZ, incidentalmente, de paso. (Ikus «Axularren Hiztegia».)

 IRAGAZKI, filtro.

 IRAIL, septiembre.

 IRAKASKUNTZA, enseñanza.

 IRATXO, duende, petit fantôme.

 IRAUNKOR, permanente.

 IRISTE, heltze.

 ISTILU, conflicto.

 ITZALI, iraungi, amatatu, apagado, éteint.

 ITZURPEN, escape.

 IXIRITZE, liseritze, digerir, digestión. (Ikus «Axularren Hiztegia».)

 IZANKI, izanik.

J

 JADANIK, ya.

 JALGI, irten, atera.

 JARRERA, actitud, posición, postura.

 JASAN, aguantar, soportar.

 JASATE, aguantar, soportar.

 JAURPIDE, sistema dc gobierno.

 JAUSI, erori.

 JASOTZE, gertatze.

 JOAN-JINKA, joan-etorka.

K

 KALAPITA, alboroto, tumulto.

 KOKATU, tenido, contenido.

 KOKATZE, colocar, situar. (LEKUTZE, ausentarse, alejarse).

 KONTRATS, contrario, adversario. (Ikus «Axularren Hiztegia».)

 KOPURU, cantidad, suma. (Kopuru eta mukuru latinezko cumulus berbatik datoz.)

 KUDEANTZA, dirección, gerencia.

 KUDEATZAILE, director, gerente.

L

 LAPRASTADA, resbalón, resbaladura, glissade.

 LEKUKO, testigu.

 LIBERA, franco.

 LORIA, gloria. (Ikus «Axularren Hiztegia».)

M

 MAIZ, sarri.

 MARTXA, alha, marcha.

 MASTEKAZIO, masticación.

 MEA, mineral.

 MEHAR, medar, angosto, estrecho.

 MEHATXU, zemai, amenaza.

 MENDEBALDE (mendebal + alde), occidente, Oeste.

 MERITAGARRI, meritorio.

 MERKATAL, comercial.

 MERKATALGO GANBARA, cámara de comercio.

 MILIAR, mila milioi.

 MULTA, amanda.

N

 NABARI (1), evidente, notorio, patente.

 NABARI (2), advertir, notar. (NABARITU, advertido, notado.)

 NABARIRO, modu nabariz.

Ñ

 ÑEURRI, medidita, pequeña medida.

O

 OHI, ex-.

 ONGARRI, abono, engrais.

 ORAIL, horail, blondo, rubio.

 ORBAIN, orban, mancha.

 ORDAINGARRI, compensatorio.

 ORO, guzti.

 OROBAT, igual, igualmente.

 OROKOR, general, universal.

 OSTERANTZEKO, distinto, diverso.

P

 PAIRATZE, padecer, sufrir.

 PETROLIOAZ BESTE, distinto del petroleo. (Ikus Axularren «Gero», 21, 38, 86, 93, 267; eta Villasanteren «La declinación del vasco literario común», 89-90.)

S

 SATSUDURA, polución. (Azken bokala galtzen du hitz elkarteetan).

 KUTSADURA, contaminación.

 SATSUKARI, sustancia polutiva.

 SOBERAKIN, resto, excedente, sobra.

 SO EGITE, begiratze.

 SERORA, sor, monja.

 SUSTRAI, erro.

T

 TENORE, garai, ordu.

 TONA, tonelada.

 TRIPASAI (tripa + sai, buitre, voraz, insaciable), glotón.

U

 UDAL, municipio, ayuntamiento.

 UGAZABA, nagusi, amo, maître.

 UKAN, izan. (Ukan aktibo, izan pasibo.)

 UKITU, tocado. (HUNKITU, emocionado, conmovido.)

 UKITZE, tocar. (HUNKITZE, emocionar, conmover.)

 URTARRIL, enero, janvier.

X

 XEDE, fin, objetivo, propósito.

Z

 ZAURIDURA, lesión.

 ZEREN, ze, pues.

 ZERGA, contribución.

 ZIAK, doa.

 ZINEZ, benetan.

 ZUHAIXKA, arbusto.

 ZURITZE, justificar.

 ZUZENBIDE, justicia. (HELBIDE, dirección, adresse.)

 ZUZENETSI, onetsi, aprobado.


Sindikatua langileen eta nazionalisten artean. Grebak Euskal Herrian

 Ipar Euskal Herrian legezkoa da «greba»; baina han greba guti egin zen joan den urtean. Nork egin? Hego Euskal Herrian, ordea, legearen kontrakoa de «huelga»; baina ihaz 554 egin ziren Gipuzkoan, 323 Bizkaian, 155 Nafarroan, gutiago Araban, Sindikatuen Azterketa Institutuak agertu duenez. Aurtengoak ugariagotzen, luzeagotzen eta biziagotzen ari dira. Hauek barnean daramaten dinamika, J. Larrinagak aztertua du ANAITASUNAren aurreko zenbakian. Gertatuak gertatu eta ikustekoak somatu, «huelgaren» legeztapena eskatu du berriki* Sindikatu Kongresuaren Batzorde Iraunkorrak.

Iparraldean ba dute «greba» izenik eta eskubiderik, baina horretarako ez dute lar tegirik ez langile indarrik. Hegoaldean ba dugu izan «huelgarik» franko, baina ez dugu «huelga» eskubiderik ez izenik. (Horregatik, agintariek, egunerokoek eta aldizkariek, «huelgen» izana ukatu eta haien garratza goxatu nahian edo, izena ere aldatu nahi izan dute, «lan-uzte», «lan-nahaste» edo beste horrelakorik erabiliz.) Orain «huelga» izena onhartzen hasiak dira, eta izana eta izateko eskubidea ere onhartuko dela dirudi.

Baina hona hemen euskaldunak berriz ere banatuta eta burugalduta! Onharturiko «grebak» iparraldean, debekaturiko «huelgak» hegoaldean... Eskubidez ezezik,* hitzez ere banatuta dabiltza euskal langileak. Eta haientzat gezurrezko «greba» den hori, hauentzat benetako «huelga» da ez «holgetakoa*», hain zuzen ere). Euskal langileok, batera zaitezte, hitzetan bederen*!

«Greba» nahiz «huelga» hitzek ba dute mami bizirik eta burruka indarrik. Euskararen batasunerako «lanuzte» izena aukeratu nahi du zenbaitek; baina hitz hotz eta triste honek ez luke langileen batasunerako indarrik. Horregatik, euskal langileek, beren batasuna lortzearren eta «huelga» «holgetakoa» ez delako, GREBA izena eta eskubidea onhartu dute.

Sindikatua baztertzen

 Sindikatu bakarra dago Espainian, eta berori baztertu nahi izan da joan den urteko grebetan. Lehen aipaturiko Batzorde Iraunkorrak berak aitortu du hori. Izan ere, lehengo urteko greben sustraiak bilatzean, hona hemen aurkitu dituzten horietako bat: Antizentralismoa nabarmendu eta nagusitu dela, hau da, Sindikatuaren erakundetik* aparte egiten dituztela ugazabek eta langileek beren akordioak.

Honetan diagnosia zuzen dabilela ikusteko, urruti joan beharrik ez dago. Ugazabek edo enpresa kudeatzaileek nahiz langileek, isilean bada ere, sarritan agertu ohi dute ez dutela Sindikatu erakundean uste onik. Nahi izanik edo hartara beharturik, ugazabek berek ere nahiago dute, legez kanpora langileek hautaturiko batzordeekin elkarrizketatu, legezko «juraduekin» baino. Izatez, ugazabek ez dute batzorde haiekin elkarrizketa ofizialik edukitzerik, legezkoak ez direnez gero. Inoiz multa gogorrik ere hartu izan dute; baina, arrisku eta guzti, sarritan ez dute beste biderik, langileekin benetako akordiotara helduko badira. Bestalde, lantegi batzutan* egon ere ez dago legezko juradurik, eta bai legez kanpoko batzorderik.

Sindikatuaren beraren aurka izan direla greba batzu konturatu da Batzorde Iraunkorra. Eta ez dabil oker hemen ere. Esate baterako, urtarrilaren* azken aldean Basauriko Firestone lantegian eginiko greba ez da izan soldata igan eraztearren, ez eta kanpora botatakoren batzu lantegiak onhar zitzan; Sindikatuaren eta lantegiko «juraduen» kontrako greba izan zen.

Enpresen (ugazaben, nahiz langileen) eta Sindikatuaren arteko etena nabarmena delako, ihazko istilu* guztietatik garbi balego bezala hitz egin du Batzorde Iraunkorrak; tarteko ez balitz eta gainetik balebil bezala mintzatu da. Goitik, gainetik eta aparte dabilen Sindikatu hori ez dute langileek onhartzen.

Langileak bateratzen

Sindikatu bakarra baztertu dutelarik, langileek ez dute beren batasuna lortu. «Juraduak» ukatzen badituzte ere, legez kanpora sortzen dituzten batzordeek ezin dituzte sarritan langile guztiak bildu, politik talderen batek «sorturiko» eta eraginiko batzordeak direlako, edo eta, ofizialtasunik ezean, batzorde horik oso aldakorrak gertatzen direlako.

Sindikatu bakarra berez ez da txarra; horrexek batzen baitu langile guztien indarra. Baina goitik ezarritako sindikatu bakarra ukatzen denean, besterik oinharritik sortzea zaila gertatzen da. Italian aspalditik ari dira hiru sindikatu nagusiak, erakunde bakarra egin nahiz; eta, legez oraindik lortu ez baldin badute ere, jokabidez elkarrekin jokatzen dute azken urteotan. Azken aldian, Portugalen ihardun dute, sindikatu bakarra bai ala ez, eta oraingoz baiezkoak irabazi. Ez dago dudarik, Portugaleko sozialistek ere sindikatu bakarra nahiago luketela, Italian nahi duten bezalaxe; baina ez alderdi komunistak ezarritako batasuna, eta bai oinharritik demokrazia eta askatasun osoz lorturiko langileen benetako batasuna. Bai Italian eta bai Portugalen beldur dira sozialistak, nolabait lorturiko batasun horretan alderdi komunista garaile izanen ote.

 Langileen batasuna bai, baina ez Estatuak ezarritako batasuna. Batasuna bai, baina ez alderdi batek ezarritako batasuna... Horra hor zer dioten langileek Portugalen, Italian eta... Euskal Herrian.

 Euskal Herriko langileak banatuta dabiltzala, gauza nabarmena da. Sindikatu bakarra baztertzean, oinharritik batasun hori egitea zaila izaten da, legez kanpora eta ezkutuan eratzen ibili behar izanez gero batez ere

Greba politikoak

 Ihazko greben toki nagusienak, eta oso goitik gainera, Katalunia eta Euskal Herria izan dira. Aurten ere bide beretik joango direla dirudi.

Besterik gabe honi begiratuz gero, zera agertzen da nabarmen: kanpotarrak bildu diren tokietan izan direla grebarik handienak eta ugarienak. Honixe heldu dio, hain zuzen ere, Sindikatuak egin duen azterketak, ihazko greben interpretazio politikoa emateko. Sindikatuari erosoago eta egokiago gertatzen zaio politikazko arrazoinak ematea, bere burua baztertuta ikusi duelarik, honela bere burua zuritzeko bidea baitu.

Ageria da, Espainiako herrialdeetatik etorritako langile uholdeek Katalunian eta Euskal Herrian sortu duten gizartezko, kulturazko eta hizkuntzazko arazo ikaragarria. Latza, nahasia eta mingarria dute benetan arazo hori bi herrialdeok. Esan beharrik ez litzateke izan behar —hain nabarmena baita—; baina, hala ere, esan egin behar, gaurko Euskal Herrian eta biharko Euskal Herrirako euskal politik, kultur eta erlijio indar eta taldeek duten aztergairik galantena, kanpotarrena dela, eta beren egin. kizunik bikainena,* bi gizarteen elkarbidearena. Oso gogotan eta bizkor hartzeko arazoa dute, Euskal Herriari inolako irtenbiderik eskainiko baldin badiote.

Bi aldetatik agertu nahi du Sindikatuak greben politik sustraia: bertakoen eta kanpotarren arteko burruka bezala, batetik; nazionalismoaren arazo bezala, bestetik

Kanpokoak eta bertakoak burrukan

Kanpotik etorritako langileen «zokoratzeak» sortu du alde batetik greba giroa eta fenomenoa, Sindikatuaren ustez. Hona hemen ematen dituen bi gertaera: a) «Kanpoko langile askok behe mailako lanbideak hartu behar izaten dituzte». Eman dezagun, honela gertatzen dela Euskal Herrian; eman ezin daitekeena da, ordea, ihazko grebak horregatik izan zirenik. b) «Sarritan zokoratuta daude kanpoko langileak, hizkuntz, gizarte, kultur eta ekonomi mailan». Benetan harritzekoa —haserretzekoa ez balitz— arrazoin hau! Zinikoa ematen baitu. Politik aldetik ere baztertuta daudela esatea falta zitzaion! Baina hizkuntz eta kultur aldetik erdal langileek Euskal Herrian zokoratuta daudela esatea, ironia mingarrienetakoa da.

Dena dela, erraza eta joko gaiztoa ere izan daiteke, eta ba da, kanpoko eta bertoko langileak elkarjoka jarri nahia, horrela langileen batasuna eteteko asmoz. Argi dagoena zera da, ostera: Euskal Herriko greben sustraia ez dagoela inola ere hortik aurkitzerik.

Nazionalistak garaile

 Herrialdeetako txokokeriak eta norberekeriak izan dira, bestetik, greba fenomenoaren arrazoina, Sindikatuaren ustez. Honela bere indargaltzea aitortzen duen neurritan, talde abertzaleen garaipena aitortzen du, beren asmoak aurrera eraman beharrez, hainbeste greba pizteko eta indartzeko gauza izan direnez gero.

Hona hemen ematen dituen bi puntu:

a) «Aintzinako etni zaletasunari eta 'erregionalismo' joerari eutsiz,* inbertsio eta kontsumozko ondasunak bat* bederaren herrialdean aurrenik eta batez ere banatu nahi dira». Euskal Herriari ala Madrili ote dagokio hau? ANAITASUNAn ere agertu izan dira datuak, Euskal Herritik zenbat ateratzen eta zenbat itzultzen den agertuz. Datu horik irakurtzea aski* dela uste dut, Sindikatuaren baieztapen hori nahi izate hutsean gelditzen dela agertzeko.

b) «Ixilpeko talde marxistekin batera, ba dira, tartean dabiltzan beste talde berezi bereziak, grebak zuritzen, zirikatzen eta horiei eusten dihardutenak, honela aintzinako txokokerien txingarrak piztuz». Nik ez dut ulertzen esaldi hau, ez eta erdaraz ere. Eta ez dut uste, Sábado Gráfico aldizkariko Titus Livius Aemilianus-ek latinez jarriko balit ere, ulertuko nukeenik. Baina somatu bai, somatzen dut nondik nora dabilen.

Euskal politik indar nazionalistak ez dira oso bizi ibili azken aldiko grebetan, abenduaren 2koan eta 3koan ez baldin bada. Eta beren artean banatuta dabiltzalarik, langile arazoetan are* banatuagoak dabiltzala dirudi, gainera. Dena dela, Sindikatuak garailetzat jotzen ditu, beren asmoak aurrera eraman beharrez, grebak sortzeko eta bultzatzeko gauza izan baitira nonbait.

Paulo AGIRREBALTZATEGI

balit, baleust

dio, deutso

diote, deutsoe

zaio, jako

zitzan, eizan

zitzaion, jakon