ANAITASUNA

292. zenb.

1975.eko otsailaren 28koa

Pelota, 4 - 1.º - Bilbao-5

Tel. 23 74 49 - Apart. 495


ANAITASUNA BIZKAIA

HAMABOSTEROKOA

JABEA:

San Frantziskoren Hirugarren Ordenako Batzarre Nazionala.

Batzarburu: Miguel Zapata (Goya, 25. Madrid-1).

ZUZENDARIA:

Joan Mari Torrealdai.

Urteko abonamendua:

Bertorako 300 pezeta

Latin Amerikarako 320 »

Europa eta Ipar Amerikarako 330 »

Ale bakoitza: 15 pezeta.

INPRIMATZAILE:

Imprenta AMADO - Mazarredo, 35 - Bilbao-10


Zer ari da gertatzen Katalunian?

 Zer ari da jazotzen Katalunian? Azken hilabete ta erdian indar baztertu batzuk eupada berri bat entzun erazi dute. Pujol jauna dela, «Omnium Cultural»ek hau edo bestea esan duela, honelako nahiz bestelako Kolejioren bat mintzatu dela..., Katalunia eta beronen nortasuna goraldi eta gaurkotasun bizian datoz. Espainian egunkari zabalduena den Barcelonako «La Vanguardia»k ere, dituen kondizionamendu guztien gainetik eta azpitik, Kataluniaren nortasun arazoari heldu nahi izan dio. Hango lantegi haundi batzutan izan diren lanuzteen ondoan, katalantasunak ez du galdu bere boza.

 Ater gabeko idazlan jasa* da azken asteotakoa. Aipatutako egunkariak bakarrik, hiru aste eskasetan, ondoko lanok eman ditu argitara: Katalanak sofritzen duen disglosiari buruz Vallverdú jaunarekin elkarrizketa bat, katalanez kondairan argitara eman diren 50.000 liburuez artikulua (A. Manent), «Omnium Cultural»ek Hezkuntz* Ministruari zuzendutako telegrama, Barcelonako Udaletxe* eta Diputazioan Kataluniako ikurrina jasotzearen albistea, katalana eta eskolaren arteko harremanak (Marta Mata andrearekin elkarrizketa), egunkariaren beraren editorial bat («La enseñanza del catalán» tituluarekin), Soler i Padró kontseilukidearen proposamenak, katalanaren irakaskuntzarako batzorde* ofizial baten berria, hauzolagunen elkarteetan katalana onartzea, katalana eta irakaskuntza zientifikoari dagokion arazoa... Gai hauk guztiok ukitu* dira, bada, egun gutitan. Zer diote? Zer eskatzen dute?

Hezkuntz legearen aplikapenak

Sortu berria den eztabaidaren sua, Hezkuntz Legearen herri hizkuntzekiko aplikapenetan piztu da. Legearen arabera, herri hizkuntza bereziak daduzkaten eskualdeetan, hizkuntza hauen irakaskuntza oinarrizko egiteko bat da. Legeak ez dio besterik. Baina aplikapenaren ordua heldu denean, arautegi eta azken erabakietan, herri hizkuntzen eskubideak «aukeragarritasun» hutsetara mugatu dira. Vallverdú jaunak hola dio: «Aukeragarri bakarrik bihurtzea, ez dakit nondik atera duten. Legearen betepena saihesteko asmatu da aitzaki hori».

El Prat, Cornellá eta beste zenbait hiri haunditan, eta azkenean Katalunia osoan, lege horren aplikapenak asaldatu* du jendea. Ba zirudien, legeak bide ireki eta zabal bat eman ziezaiokeela katalanaren irakaskuntza ofizialari. Baina, zorioneko «aukeragarritasun» horren mugen barnean, desofizialdu egiten da, ostera* ere, hizkuntzaren irakaskuntza. Lehengoan geratu edo geldierazi nahi dute batzuk. Azpilan horren aurka hasi da eztabaida. Izan ere, gehigarri* apain bat bezala ikusten dute inspektore batzuk herri hizkuntzen aberastasuna: eman eta ken litekeen zerbait. Betiko disglosian jarraitu nahi da, nonbait. Hauxe da, askoren eritziz, legea egin eta ihespideak asma ibiltzea.

Eskabideak eta protestariak

Elkarren jarraian Kataluniako kultur elkargo ezagunenak hitz egiten hasi dira, legeak katalanari eskaintzen dion aterpeari eusteko. Urtarrilaren* 23an «Omnium Cultural» delakoa mintzatu da: Hezkuntz Ministergora telegrama luze bat zuzendu du. Elkargo hau da katalan kulturaren gidaritza daramana; berak biltzen du dirua, berak partitzen, berak mugierazten ditu hainbat lanbide. Benetan, «Omnium Cultural» hori da kultur ekintzaren eragile nagusia, ikerketa mailan «Institut d'Etudis Catalans» den bezala.

 Ministruari bidali dion telegrama horrek hau zioen: «Esta asociación expresa V. E. profunda preocupación de todos ante posible postergación lengua catalana a simples enseñanzas experimentales y optativas (...), grave retroceso respecto lo señalado propia Ley Educación y la práctica seguida por más cuarenta mil alumnos presente curso». Salakuntza gogorra zen, eta berehala entzun dira beste boz batzu* ere.

 Cornellá hirian, Hezkuntz Ordezkaritzako inspektore bat tarteko zela, bertako Udaletxeak eta elkarteek haren arbitrariotasuna salatu zuten, debekatu egin baitzuen katalana eskol orduetan ematea. EGBko ikastetxeetan ez zegoen, beraz, ordu horietan katalanik ematerik. Udaletxeak Ministergora jo zuen, eta, otsailaren* 13an jakin denez, Ministergoak baiezkoa eman du orain: Udalaren bizkar joango da ikastorduetan eman beharko diren katalanaren ikastaldiak ordaintzea.

Otsailean bertan Balearetako* Doktore eta Lizentziatuen Kolejioak gauza bera eskatu dio Hezkuntz Ministruari: Eskoletako ikastordu ofizialen barnean sar dadila katalana ere, eta ez dadila horietaz kanpoko orduetarako «aukeragarri» bezala bakarrik laga.* Kolejioak bidalitako telegramak zera dio: «Las lenguas no oficiales sean incluídas en todos los niveles de la enseñanza, a tener en cuenta para el proximo decreto, para satisfactorio enfoque pedagógico de los problemas lingüísticos».

 Katalunia eta Balearetako Arkitektuen Kolejioak ere hartu ditu, eta aho batez hartu ere, deliberamendu batzu. Jakingarriak dira, batez ere uneko arazo honen gainetik beste zabalago batzu ere ukitu* dituztelako: a) Kolejio honen laguntza eta lankidetza eskaintzea, Barcelonako Abokatu Kolejioak eragin nahi duen katalan kulturaren aldeko kongresua egin dadin. b) Hezkuntz Ministergoari zera eskatzea: eskolako ikastorduen barnean katalana emateko sortu diren eragozpenak ken daitezela Kataluniarako, eta, horretarako, legeari interpretamen zabala eta ez hestua eman dakiola. c) Eskoletako katalan irakaskuntzaren alde Soler i Padró jaunak egindako proposamenaren alde eskribu bat bidaltzea Barcelonako alkate jaunari. Honela, bada, Barcelonako bi Kolejio nagusi eta indartsuenak elkartu dira, Abokatuena eta Arkitektuena, katalanaren legezko eta bidezko* tokia eskoletan salbatzeko.

Soler i Padró jaunaren proposamena

 Soler i Padró Barcelonako Udalean kontseilukide da, eta gutun* bat zuzendu dio hiri hartako alkate den Massó jaunari. Gaurko katalan irakaskuntzaz dihardu proposamenak. Prentsa eta beste komunikabideek zabalkunderik haundiena eman diote eskabide honi. Nolabait ere, gaurko katalanismo berrituaren eskakizunik* funtsezkoenetakoa* da hemen datorrena.

 Soler i Padró jaunak, katalanaren alde egin dentxoa gogoratzen du lehenik, «Omnium Cultural» guztien aurretik jarriz. Ekintza guztien ondorio bezala, hala ere, nahiko fruitu eskasak jasotzen* direia dio proposamenaren egileak. Barcelonako hirian, eskoletako ikasleetatlk ehuneko zazpi-zortzik bakarrik ikasten omen du katalana. Eta hori zergatik gertatzen den galdetzen du.

Hitzez hitz hauxe da Soler i Padró jaunak ematen duen erantzuna: Hainbeste ekinbideren borondate on eta esku zabaltasuna eduki arren, etekin* eskasok hiru arrazoin dituzte: a) Irakasleria hezteko eta lanean mantentzeko ekonomi laguntzen pobrezia. b) Arrazoin horren ondorio bezala, irakaskuntza honetarako maisuen falta. c) Hezkuntz Legeak alor honetaz erabaki duena egiaztatzeko, Hezkuntz Ministergoak sortu beharko lukeen plangintza sistematiko baten eza». Beste era batetara esanik, legea diru bidez egintzetara pasa erazteko gogo eskasa da, hor salatzen dena.

 Konstatazio horien ondotik, eskabideen azpiko arrazoinak agertzen ditu proposamen honek. «Ez dudarik ez erantzunik ez duen gertakari batekin egiten dugu topo arazo honetan: katalanari iraun erazi beharraren premia. Eta nahitaez iraupen hori eskolaren bidez lortu behar da, izan ere berau baita horretarako berezko tresna aproposa. Arazo hau oso argi dago; eta ez dut uste, diskuti litekeen gauza denik». Eskabide hau Udaletxeari zuzendu zaio; hain zuzen, Ministergoak, beharrezko direnak oraindik prestatu ez dituelako.

Eta proposamena berehala pasatzen da presupostuaz hitz egitera Dirua behar du ekintza honek. Diru eman behar dio Barcelonako Udaletxeak, goragoko instituzio ofizialek egiten ez duten bitartean. Ehun milioi pezeta eskatzen ditu Soler i Padró jaunak 1975.eko presupostutik, Barcelona hiriko eskoletan katalana eman dadin. Plangintza bat aurkeztu nahi du kontseilukide honek. Dagoeneko* ba dauden irakasleentzat eta prestatu beharko diren berrientzat izango litzateke diru hori, bost urteren buruan hiriko ikasle guztiei katalana irakasteko. Bukatzeko, Ministergoari egiten zaio deia, legeak dituen eskakizunok betetzera presta dadila esanez.

Katalanaren eskolagintza

 Elkarrekin loturik dauden bi mailatan aurkitzen da, bada, herri hizkuntzen arazo hau: Legearenean (dirudienez, ez baitute denek lege hori berorren soiltasunean ulertu nahi) eta lege hori betetzeko aldez aurretik sortu behar diren premiazko lanabesetan (irakasleria prestatzean, bereziki). Honegatik, legearena erabat* goitik erabaki ohi denez, Kataluniako kultur mugimendu batzuk irakasleen presta. ketari heldu diote, horretarako komeni diren erakundeak* sortuz,

Marta Mata andrea pedagogo ezaguna da, bai eta Euskal Herrian ere. «Rosa Sensat» instituzioaren gidarietako bat da, eta uda guztiez irakasleentzako «Escola d'Estiu» ikastaroa gidatzen du. Marta Matak garbi esan zion kazetariari: «Laga gaitzatela lan egiten, katalanaren eskolagintza aurrera ateratzen. Laga gaitzatela esatean, zera adierazi nahi dut: maisuak falta zaizkigu eta prestatu egin behar ditugu; materiala eskas dugu eta sortu egin behar da, eta presupostuak egin behar dira...»

Batzurentzat, herri hizkuntzei dagokien eskolagintza legeaz kanpo dabil, edo eta legearen aurretik. Errealitate sozialaren eta legezko arautegiaren artean sokatira bat somatzen zuen «La Vanguardia»k, otsailaren 1ean argitara emandako editorialean. Legeak, lege argiak falta dira; eta hortik sortzen dira, inspektore hau zein bestea tarteko dela, nahaspilak eta haserreak. Bizitzan nahiko egoki konpondu ohi diren gizarte bizierako arazoak, holakoen eskuetan ozpindu* egiten dira, odolberotu.

Kataluniako hiri batzutan sortu diren liskarrak* konpontzeko, talde bat sortu da Hezkuntz Ministergoko eta «Omnium Cultural»eko ordezkariekin. Barcelonako gobernariaren lehendakaritzapean lehenbiziko akordio batzutara heldu da talde hau. Lehen pauso bezala, «Omnium Cultural» eta Hezkuntz Ordezkaritzaren artean batzorde bat sortu da, irakasleei premiazkoak diren garantiak eta askitasuna eskatzeko.

Eta hemen zer?

 Bistan dago, geure artean ez dugula haiek adinbat* burrundada aterako: gutiago gara, pobreagoak ere bai. Eta erakundeak falta zaizkigu. Geure inguruko kultur erakundeak hamaika aldiz erdaldunduagoak ditugu. Elizak, noizbehinka bada ere, zerbait esan du euskal kulturaren eskubideei buruz. Baina Elizarena bezain guztiona da euskara eta euskaraz eman nahiko genukeen euskal kultura osoa, Zer egin?

 Noiz mintzatuko zaizkigu geure medikuak? Noiz abokatuak? Zer diote gure arkitektuek? Eta Euskal Herriko Udaletxeetako gizonak nora begira daude? Une honetan jakin beharko lukete hitz egiten, eta plangintzak pentsatzen, eta dirua ematen. Hitz eta erabaki ederrek deus* handirik ez dute lagunduko, behar beharrezkoak diren txanponak luzatzen ez baldin badira.

Eta diruarekin zer egin jakin behar da. Plangintza egoki bat. mailaz maila osatuz joango dena. Ez da aski,* egizue! esatea: jendea da prestatu behar dena. Eta, noski, aldez aurretik legearen (zuzenbidezko* lege baten) babes segura. Etorkizuna segurtatu behar lioke legeak gure ikastolari: jaiotako landareari euria eta eguzki gozoa zor zaizkio.

Gaurko egoeran, ba dugu Katalunian zer ikas. Ondoko hilabeteetan jakingo da zerbait. Gauden erne, bada, han ikas dezakegun politik zuhurtziak ere lagun gaitzan.

Joanes GOIA

dezakegu, daikegu

dio, deutso

diote, deutsoe

gaitzan, gaizan

gaitzatela, gaiezala

lioke, leuskio

zaio, jako 

zaizkigu, jakuz 

zaizkio, jakoz

ziezaiokeen, eiskion

zioen, inoan, esaten zuen

zion, eutson


"Iberia Express"

Marcelino Oreja euskara ikasten

 Marcelino Oreja jauna, Informazio eta Turismoko ministruaren idazkari* izandakoa, euskara ikasten ari omen da. Dakikegunez,* Oreja jauna «Tácito»etariko bat zen eta irekitasunaren aldeko porrokatua.

Xirinachs jaunari Nobel Bake Saria?

 Kataluniar eskolapio hau ezaguna da oso. Goseari emana. Gose grebatan berezitua* dela esango genuke. Gizon zapalduek eta herri zanpatuek ba dute harengan defendatzaile bat.

 Barcelonako irakasle talde batek haren izena aurkeztu du, Nobel Bake Saria eman diezaioten. Oraingoz ba dakigu behinik* behin, jaso* dutela eskea Oslon.

Sari hori jaun honi emango baliote, harritu egingo nintzateke. Sariztatze horrek, ezarritako egoera gehiegitxo hauzitan jartzea esan nahiko luke eta. Eta Norvegiako* Parlamentua, ez dut uste horren* gogo bizirekin dagokeenik.* Ez dezagun ahantz, Luis Mari Xirinachs oso engaiaturik* dagoela, zapalduen eta herri tipien alde. (Joanes LEKERIKA.)

Politik Elkargoak eta eskualdeak

Politik molde berrien trena galdu nahi ez duten politikari jaioberriek —orain jakin dugu hori ere!— denek onartzen dute nonbait, Espainiako eskualdeei* berezko nortasuna aitortzea eta politik egintzetan ere haintzakotzat* hartzea.* Denek dituzte hitz ederrak; orain artean sortu-edo egin diren Elkargo Politiko guztiek aipatzen dute eskualdeen arazoa; baina horietatik batek batez ere nahi du problema hauxe bereziki ukitu.*

Gipuzkoako prokuratore den Manuel Escudero jaunak, Nafarroako Goñi eta Zubiaur tartean direla, eskualdeen alde lan egiteko Elkargo Politiko bat eratu nahi du, «Social-Regionalismo» izena eramango lukeena. Taldearen norabidea, gizarte arazoaz eta eskualdeen nortasun politikoaz arduratzea izango litzateke. Dagoeneko,* bai omen dituzte laguntza zabalak hainbat probintziatan. (Joseba ERREKALDE.)

baliote, baleutsoe

dezagun, daigun

dezakegu, daikegu

dezan, daian

diezaiogun, deiogun

diezaioten, deioen

digute, deuskue

zaie, jake

zaizkigu, jakuz

zigun, euskun

zioten, inoen

zitzaigun, jakun

Aliantza Sainduaren erregionalismoa

 Detergenteen eragina* politikan ere nabari* dezakegu aspaldion. Oraindik asoziaziorik bat ere egon ez arren, Manuel Fraga, José María de Areilza eta Federico Silva jaunen inguruan sortzen ari dena, jaio aurretik ere, superasoziazio izenez dago bataiaturik. Ez da hor dudarik, hiru gurasoren artean sorturikako haur horrek superdotatu horietako bat izan behar duenik. Holaxe espero dukete* behintzat hiru jaun aitaideek,* nahiz eta, gaixtoak beti gaixto. zenbaitzuk mendien erditzeaz* konparatu.

Hiru superizarrok,* ordea, politikan arituak zaizkigu jadanik;* eta, horregatik, nor nondik nora dabilen eguargia bezain klar dago. Zenbait aldizkaritan agertu den —duten— aurreprogramman, erregionalismo delako bat proposatzen dute eskualdeen* deserdiratze* ekonomiko batez, hots, sanus regionalismus horietako bat.

Zalantzarik gabe jaun gogoangarri* horiek beren erregionalismoan ez dute inolako gehiegikeriarik eginen. Hori argi gera* bedi. Behin baino gehiagotan Espainiako lur eta gizonen arteko batasun sakratua noraino sinesten duten garbi erakutsi digute.

 Nonbaiteko separatista okerrek ahantzi badu ere, ilusio bekatuzkorik egin ez dezan, gogora diezaiogun Areilza jaunaren behialako* hitzaldi sutsu eta famatu hura,* Bilboko noizbaiteko «liberazioa»gatik egina, eta, orain guti dela, Joseba Elosegi gaixtoak —gartzelatik oraintsu irtenak— bere liburuan birgogoratua.

 Fraga jaunak, bestalde, Informazio eta Turismoko ministru zenean Gernikara egin zuen etorri batetan, «Historiak ez duela bueltarik» oroiterazi zigun; eta berak erregionalismotzat zer ulertzen duen, orain dela guti argitaratu duen liburuan errax ikus dezakegu (ikus Manuel Fragaren azken liburuaz, 74-VI-15.eko ANAITASUNAn), hartan erregio «vasco-castellana» bat eratzeko komenientziaz mintzo delarik.

 Trankil egon gaitezke, beraz; ez dagoke* erregionalismo horretan inolako arriskurik. (Patxi URTIAGA.)

Madrildarrak eta deserdiratzea

 Gentleman aldizkariak, bere urtarrileko* azken zenbakian, inkesta* interesgarri bat eman du argitara, hartan madrildarrek deserdiratzeaz zer uste duten erakusteko.

Horren arauera,* % 63 deserdiratzearen aldekoak dira, % 37 kontrakoak diren bitartean. Zifra horik* xeharo aztertuz, ordea, % 66k politik erabakiak Madrilen hartu behar zirela zioten; eta irakaskuntza eta zergekiko* erabakiak Madrilen hartzekoaren aldekoak, berriz, % 41 ziren.

Oso interesgarria da, bestalde, erdiratzearen aldeko porrokatuenak pertsona zaharrak eta jende arruntak* (irakur bedi proletariak) izatea; ez baitzuen alferrik esan norbaitek —Karlek, oker ez banago— behe mailakoen ideologia, eskuharki,* goi mailakoen oihartzuna* izaten dela. Eta gaur egun, goi mailakoak deserdiratze ekonomikoaren aldeko agertzen badira ere, behe mailara ez da oraindik «moda berria»ren zantzurik* heldu; eta horregatik oraino lehenagoko ideiologi errentetatik bizi dira berauk. (Patxi URTIAGA.)

Eskualdeetako hizkuntzak

Asturiasko Printzerrian* mugimendu berri bat sortu da berrikitan,* hango hizkuntza berezia, bable deritzana, bere betiko txokoetatik atera eta modernotasun baten barnean bultzatu nahiz. Oviedoko Unibertsitateko irakasle gazte talde bat da pizkunde horren zirikatzaile, Alarcos Llorach guztion gidari dela.

Jakina denez, Asturiasko nekazari jendeak ez du gaztelaniaz hitz egiten, nahiz eta berek ere hala uste, hau da, beren hizkera gaztelania txar bat besterik ez deia. Orain artean, laborantza giroko herri eta hauzuneetan gorde izan da bablea; orain, gazteak dira hizkera honetaz gehien arduratu direnak.

 Berrikitan ikastaro batzu* eratu dira Oviedon, bablea irakasteko. Lehen ikastaroan, izena emandako erdiek ez zuten tokirik izan; eta bigarren bat eratu behar izan da. Kazetari, idazle eta maila guztietako irakasleek hartu dute parte ikastaro hauetan.

 Gaur egun bablea ez da kultura modernoaren beharrizanetara iritsi;* baina, hainbat jenderen mintzabide arrunta* izanik, horretarako ere gaitu beharra dagoela pentsatzen da orain. Unibertsitateko irakasleok horixe nahi dute: belaunaldi* baten buruan, bableari modernotasunerako gaitasun berri bat eman. Hori gabe, berehala hilko litzatekeela esaten da orain.

Hizkuntzaren balioaren kontzientzia aldatu behar zaie, lehenik, bablea darabilatenei. Alarcos Llorach erdal akademikoak ongi ulertu du, dirudienez, egiteko hau. Alde batetik, Unibertsitate lana premiazkoa da; baina, bestetik, baitezpadakoa* da herrigintza bat bultzatzea. (Joseba ERREKALDE.)


Hementxe denok

Ipar Aldea

Ikastolen alde

 «Seaska» batasuna,* bere lanean anitz* arrabots* egiten ez badu ere, bere bidean beti aitzina* doa oztopo edo zuloengatik.* Mementoan ba du, haatik,* zulo eder bat: diru kutxa uste baino gehiago arindu zaio, eta diru berri xurruta* agortu. Pentsatzeko zen, egungo sos* galtzeak sortzen duen sos beharrak noizbait ukituko* zuela «Seaska», beste anitz batasun bezala.

Egunkarien bidez agerterazi du bere mina, eta dei bat igorri* die laguntzaile guztiei. Frantzia barneko hirietan diren euskaldun batasunek ere ukana* dute deia.

Dei berau agertzen dugu kazeta honetan ere. Beharbada hego haizeak berekin ekarriko du, atseginez errezibituko genukeen diru laguntza zerbait. Tel. 256426-Baiona.

Lan eskasa gure eskualdean

 Mendebaldeko* Estatuak memento honetan bortizki* jotzen dituen krisia, aski* aipatua da. Krisi honen ondorioetarik bat, latza zinetan,* lan eskasia da. Gure eskualdean,* jadanik* lanbide haundirik ez eta, lanketa* dabiltzanak asko eta asko dira.

«Pyrénées Atlantiques» departamenduan eginikako inkesta* batek hona zer agertzen duen:

 2.456 neska gazte eta 1.329 mutil lanketa ari dira, eta hauetarik 601 sei hilabetez geroz.

 549 dira, lan gabeziagatik diru laguntza ukateko, izena emana dutenak.

 Eta zifra ofizialak dira.

 Frantziako hego mendebaldeak 10 departamendu ditu. Gurea laugarren jalgitzen* da lanketarietan.

 Zifrak berak mintzo dira.

Ikusgarri berri?

 Euskal kantu berriak indar gaitza* hartua duela gure artean, engoitik* gauza jakina da. Kantaldiek arrakasta* gaitza bildu dute. Zergatik? Ba da arrazoin asko.

Oraingoan larriki* esan dezagun, euskal kantuak bide berri batzu* ireki dituela kreazioaren eremuan.* Hala* nola, duela bizpahiru urte «Zazpiribai» ikusgarria* agertu zen. Ihaz GUK taldeak «Aita-Seme laborari» asmatu zuen, eta hirian xoko-mokoetan* bezala ematen du bere ikusgarria.

 Bi ikusgarri ikusi ditugu, beraz, denbora laburrez: ikusgarri diferenteak mamiz, jokamoldez eta formaz; baina biak aberatsak.

 Entzuna dugunez, zenbait kantari hirugarren ikusgarri mota bat apailatzen* ari omen da. Heldu* den apiril-maiatzerako, agian.* Ikusgarri honek ere ukanen du, diotenez, bere berezitasuna.

Ikastaldi ttipiak

 «Mendeberri» taldea beti bereari ari zaio. Eskola denbora arteetan,* ikastaldi ttipiak muntatu ditu, eta muntatuko ere.

Eguberriz,* Uztaritzeko kolegioan, hiru egunez, 50 bat lagun —gehienak gazteak— euskararen ikasteari edo hobetzeari lotu zitzaizkion. Mintzaldi batzu izan ziren arratsetan.

Ihauteriz,* bost egunez, multzo on bat bildu da Zuberoan, Mauleko CET edo Teknik Ikastetxean. Hemen, usaiakoaz* bestalde, irakaspenak emanak izan zaizkie langileei, arratsalde apalean,* lanetik landa.* Ez da holakorik egin orain arte. Arratsetan, mintzaldiak hemen ere:

- Eugene Goyenetxek Matalas famatuaren berri eman du.

- Memento honetan arazo zenbaitengatik bere ideia suharrak* ezaguterazten dituen «Gazteak eta Naturaleza» taldearen izenean, buruzagi bat mintzatu da.

- Mañex Goyenetxe lehenik euskara gure mintzairaz mintzatu da, haren etorkia* agertzeko sortu diren aieruak* eta egun* ezagutzen dituen harat-honatak* azalduz. Bigarren batez, zer pentsa daitekeen erakutsi du, «Miaca» taldeak Euskal Herriaren antolatzeaz dituen xedeetaz.*

Bazkoz ere gisa* bereko ikastaldi bat eginen da leku berean.

Leon HAIZAGER


Hementxe denok

Bizkaia

Bilboko alkatesak dimisiorik ez

 Doña Pilar Careaga dc Lequericak ez omen du bere dimisioa presentatzeko asmorik, Bilboko Herriko Etxeko iturri batzuk jakin erazi dutenez. Orain dela hilabete pare bat, Posible astekariak, Bilboko alkatesak dimisioa presentatuko ote zueneko susmoa zabaldu zuen. Hura* zela eta, alkatesak aldizkari hori hauzitara eraman du.

Pilar Careaga andreak 1969.etik daduka Bilboko Herriko Etxeko manua, eta ezin uka daiteke euskaltzalea denik: niru txakur omen ditu, Bat, Bi eta Iru (ala Hiru?) izenekoak. Agian horregatik, beste meritu askoren artean, bera kontseilari den Fuerza Nueva aldizkarian «vasca de pura raza» zela ipini zuten ihazko artikulu batetan. (ARMENDARITZ.)

Jose Erramon Etxebarriak bigarren alaba

 Euskal demographia, zorionez, ez dirudi behera doanik, ez horixe. Otsailaren* 6an, hain zuzen, Lore Akaiturrik, gure idazkide «atomikoaren» andreak, bere bigarren umea egin du. Jaio berriari Maider izena ipini diote. Zorionak Jose Erramoni, Loreri eta Alaitzi beren alaba eta ahizpatxo berriagatik. Hori bai dela aberrigintza, lagunok! (ARMENDARITZ.)

Xabier Leteren hitzaldia Deustuan

Deustuko «Zubibarri» euskal kultur elkarteak antolaturik, La Salletarren ikastetxean, eta 400 bat lagunen aurrean, hitzaldi bat eman zuen Xabier Letek urtarrilaren* 29an.

Gaia euskal kantua izan zen. Esandakoen adibide bezala disko batzu* entzun erazi zizkigun, eta bere kitarrarekin lagundurik kantu batzu eskaini.

Entzuleak oso pozik irten* ziren, eta orain elkarte honek hurrengo hitzaldiaren berria zabaldu nahi du: otsailaren 21ean, Jose Luis Lizundiak ihardunen du euskal geografiaz. (Xabier GEREÑO.)

Euskaldun berrien afaria Bilbon

Otsailaren* 15ean, Bilboko euskaldun berri mordo batek afari bat egin zuen Txoko Eder jatetxean. Asmo hori Borja Barandiaranen eta Lozano jaunaren ideia izan zen, eta bertara berrogei ta hamar lagun inguru bildu ginen. Euskaldun berriak ezeze,* bai eta zahar batzu ere hantxe zeuden; eta ezer falta ez genezan, Oinatiko euskaldun amerikanoen errepresentazio bat agertu zen handik. CIAkoak ziren ala ez galdetuz, Eiguren lekeitiar jatorrak, irribarrez, baietz, guztiak CIAkoak zirela erantzun zigun, eta Loyola txokolateen formula ezeze, bai eta Zahor eta Maiztegikoena ere jadanik* eskuratua zutela ixilpean.

Lagun batzuk hitz egin ondoren, afalburukoa etorri zen: Euskaldun berrien hymnoa. Letra Borja Barandiaranena da eta soinua Zorion Egileorena. Biok bertan egon ziren, eta haiekin guztiok kantatu genuen: «Egunsentiaren* argia / begietan daramagu. / Sukar* baten indar berria / gara gu...»

Afari alai haren erabakitzat, urtero euskaldun berriaren eguna ospatzea erabaki zen, euskaldun berriei buruz liburu bat atera eta euskaldun berrientzako intsigniak (Iruineko Euskal Herriaren adiskideek lehen ateratakoak) berregin eta zabaltzea. (ARMENDARITZ.)

Txistulari Elkartearen Biltzarre Nagusia

ANAITASUNAren 290. zenbakian, Euskal Herriko Txistularien Elkarteak egingo duen Biltzarre Nagusiaren albistea agertu zen; baina eguna gaizki eman zen. Oker hori zuzendu gura dugu orain.

Azken orduko zenbait arazorengatik, biltzarrea martxoaren 23an egingo da, igandekari, Bilbon, Udalaren* bibliotekan, Bidebarrieta kalean, goizeko 11 orenetan.* Elkartearen kondairako biltzarre garrantzitsuenetariko bat izango da agian, etorkizunari begira hartuko diren erabakiengatik. (Joan Mari MENDIZABAL.)

Ermuko ikastolakoak ez daude geldirik

Otsailaren* 14ean, ikastolako batzordeak antolaturik, gurasoek beren batzarrea egin zuten. Hainbat gauzaz berba egin zuten. Gauza hauen artean garrantzitsuena, ikastolara datozen haurren urritasuna.

 Ermuko ikastolako, arazorik haundiena hauxe denez gero, kanpaina bat egitea pentsatu zen. Zer asmorekin? Folklore alorrean kantaldien eta umeen jaialdien bitartez, kultur alorrean hitzaldi, erakusketa, liburu azoka eta holakoen bidez, jendea euskal errealitateaz kontura dadin. Jakin dezatela denek, kultura bat ba dugula, ikastola bat ere bai, eta ikastola hori denon artean gero eta indartsuagoa egin behar dugula, geure kulturaren zerbitzutan.

Gure asmoak oso onak dira, noski; baina jendearen partizipazioa behar dugu, errealitate bihur daitezen. Horretarako, talde bi osatzea pentsatu zen: informazio taldea, eta folklore eta kultur taldea. Hauetan parte hartu nahi dutenek, eman biezaiote ahalik lasterren beren izena andereño edo juntakoren bati. Ea denon artean lan bikain* bat egiten dugun. (Ander IKAZTEGIETA.)

Santa Ageda eguneko erromeria Kastrejanan

 Santa Agedaren omenez, Barakaldon aintzinatik erromeria famatu bat egiten da, otsailaren* 5ean eta hurrengo igandean, Kastrejana hauzunean.

 Tradizio handitako erromeria hau zintzo zintzo ospatzen dute Barakaldo, Alontsotegi eta Gueñizko neska-mutil jatorrek. Baina aspaldion arrotz kutsu nabarmena hartu du. Azken urte hauetan, zoritxarrez, erromeria horren aintzinako euskal giroaren aurka jokatzen ari dira kanpotik etorri diren gazteak.

Gazte horik* Bilbo, Barakaldo, Sestao, Trapaga* eta Portugaletetik etortzen dira. Kontutan har dezagun. haietarik gehienak urte osoan euskal girotik at* bizi direla. Horregatik, oso garrantzizkoa da erromeria horren euskaltasuna gordetzea. Han azaltzen da argiro eskualde* horren barruko aurpegia, gazte horien euskaltasunik eza, eta herria euskalduntzeko premia gorria. Dena dela, aurten ez omen da txarra izan giroa. Ea, hurrengo urteetarako, guztion laguntza bizkortzen den. (Joan Mari MENDIZABAL.)


Hementxe denok

Gipuzkoa

Harma tipiak ugaltzen ari

 Harma tipien fabrikatzea gora eta gora joan omen da 1974.ean. Eta halaxe iraungo omen du, Banco Guipuzcoanok azaldu duenez.

 Non saltzen diren harma horik?*

 Espainian saltzen dira gehienak, hango Harmada, OTANekoen heinean* egoteko, bere harmak berritzen dabil eta. Horrekin, diotenez, harmagintza segurtaturik dago hiru urtetan.

Bereziki Espainiarako egin ohi direlako, eske oso interesgarriak ezabatu* edo baztertu beharrean aurkitu dira harmaginak. Eske biziki inportanteak etorri dira Hego Amerikatik eta arabiar lurraldeetatik. Estatu Batuek lehengo martxan iraungo dute harmak erosten.

Batzuren txarra besteren ona nola den, Astra enpresak eta bestek ez dute oraingoan zorte txarrik. Agian,* jendea hiltzeko tresnen fabrikatzeak ez du halako poz ikaragarririk emango! Barka, bi gauza ahanzten* ditut: entzuten denez, harmak ez dira hiltzeko, baizik eta autodefentsarako edo gibelerazteko;* eta bigarrenik, diruak ez du usainik. (Joanes LEKERIKA.)

Jendaurreko elkarrizketa Eibarren

Martxoaren 4ean, asteartean,* arratseko 7 ta erdietan, Eibarko S.C.R. Arraten, jendaurreko elkarrizketa bat izanen da kazetaritzaz. Moderatzailea Luis Alberto Aranberri «Amatiño» izanen da, eta partaideak Mikel Atxaga, Xabier Kintana eta Jose Luis Lizundia. (ARMENDARITZ.)


Hementxe denok

Nafarroa

Euskal pinturaren erakusketa Iruinean

 Iruineko Aurrezki Kutxari esker, behinola* Donostiako «Centro de Atracción y Turismo» delakoak antolatu zuen VII. Euskal Pintura Sarirako presentatu ziren koadroak ikusi ahal izan ditugu hiriko gazteluko areto* bikainetan,* orain dela aste bete.

 Txalogarriak benetan, gure hiriko Aurrezki Kutxak ia hilabetero muntatzen dituen erakusketak. Eta txalogarria, batez ere, azken hau, pintoreen zerrenda luzeagatik, eta, bereziki, sari honek Euskal Herrian duen garrantziagatik.

 Hirurogei ta hamasei koadro izan dira, beste 482ren artean aukeratuak, eta, gainera, hauetarik hamasei saria irabazi dutenak. Tankera* eta gisa* guztietakoak: paisajeak, erretratuak, pintura abstraktuak eta hiperrealistak.

Istiluak ugari

 Zakarra irten zaigu aurtengo urtearen hastapena.* Zakarra eta petrala.* Oraintsu izan ditugun istiluak* —egunkarien bidez ondo jakinean zaratekete, nik uste— ia ia ixildu dira. Baina beldur naiz, laster ez ote diren bizkortuko, gaitzak lehen bezala irauten baitu, apezek oraintxe berton darabiltzaten problemak lekuko.*

Zenbat garen Iruinean

Oraindik egun guti dela ikusi genuen geure egunkarietan zenbat garen. Segur segur, iragan urtekoa baita berri hau, 143.679 bizilagun. Eta euskaldunok, euskaraz egiten dugunok, zenbat gara? Beste nonbaiten agertzen denez, 12.000 guti gorabehera: oso guti Nafarroaren hiribururako. Ea, hemendik urte batzutara, hemen daduzkagun ikastolen fruitu mardulak ikusten ditugun! Hala biz,* eta lehen bai lehen.

Esteban AGIRRE


Hementxe denok

Euskal Herria

Disko berri bi

 Columbia etxeak disko handi bat argitaratu du, «El Carnaval de San Sebastian» tituluarekin. Orotara* 14 soinu eskaintzen dizkigu disko honek, Donostiako Fanfarre Gaztelubidek joak.

Beste diskoa CBS etxearena da, eta ihaz Bilbon egin zen Euskal Abesbatzen* I. Asteko kantuak dakartza. Hamar kantu, beste horrenbeste koralek Begoñako Basilikan emanak* eta kantatzen ziren memento berean grabatuak. Beraz, ba du balio historikorik ere. (Xabier GEREÑO.)

Mendizaleen Federazioaren kezkak

 Euskal Herriko Mendizaleen ihazko bileran, urriaren 20an Donostiako Herriko Etxean egindakoan, beste gauza interesgarri askoren artean, Federación Vasco-Navarra de Montañismo izenaren lekuan Federación Vasca de Montañismo izena ezartzeko komenientzia aipatu zen, nafar mendizaleek berek eskaturik, beraien ustez, orain arteko izenak nafarrei beren euskaltasuna ukatzen baitie.

 Juan San Martinek, Federazioaren euskal kontseilariak, erdarazko vasco eta euskarazko euskaldun hitzen ezberdintasuna adierazi ondoren, izena euskaraz balego, problemarik ez litzatekeela sortuko esan zuen. Gauza jakina denez, nafarrek beren buruari, lingua navarrorum-ez ari direnean, euskaldun esaten diote; eta gisa* honetan, Euskal Herriko Mendizaleen Federazioa deitu beharko litzateke. Katalanek beren erakundeei* beti katalanezko izena ezartzen dieten artean, euskaldunok, honetan ere apartak izan eta, erdaraz jartzen diegu geureei.

Oso txalogarri deritzogu nafar mendizaleen proposamenduari, eta are hobeki San Martinenari. Hemen ere, dakusagunez,* erdarak banatzen gaituen lekuan, euskarak, aldiz, elkartzen. Ea, bada, noiz agertzen den Euskal Herriko Mendizaleen Federazioa delakoa, bere izena behar eta merezi bezala ipinita. (ARMENDARITZ.)

Zergatik ez dakigularik?

Hemengo egunkarietan letra molde handiz idatzita ikusi ahal izan dugunez, Ipar Euskal Herriko enpresei kontrol gogorrak egin zaizkie berrikitan. Hamar bat enpresa izan dira horren* gogor hartuak. Ekonomia eta Finantzazko Azterketarako Brigada Nazionala enkargatu da lan horretaz.

 Harritzekorik ez dago deus,* orain arte idatzi dugun horretan. Kontrola? Bidezko* da hori, hemen eta edonon. Baina zeintzu* izan dira kontrolatuak? Normaltasuna hementxe galtzen da, ez baitira erizpide* oso ekonomikoak, hor ibili direnak. Kontrolatuak izan direnak, merkatal* harremanak hegoaldekoekin batipat* daduzkatenak eta hegoaldetik ihesi joandakoak langile bezala hartzen dituztenak izan dira.

Zer adierazten du kontrol modu honek? Guk ez dakigu. Iparraldetik argirik etorriko ahal zaigu? (Joanes LEKERIKA.)

Kontrol berriak

 Goardia Zibilak kontrol berriak jarri behar omen ditu (edo jarri omen ditu) kaminoetan. Madrileko ABC egunkariak eman zuen horren berri.

 Efikaziaren bila doa Goardia Zibila. Sistema horrekin ez omen dago ihes egiterik. STOP delakora ~ eginez iristen* da norbait, hots,* abiada tipian. Eta, ihes egiteko tentazioa etorrita ere, aurreraxeago gurpilak* zulatzeko beste sistema bat nola dagoen, gurpilen.haizearekin batera husten dira tentazioak ere. Egunkarietan, fotografia eta guzti agertu da sistema iraultzaile hori.

 Barcelonako «La Vanguardia» egunkariak dakarrenez, Euskal Herrian hasiko dira sistema aurreratu honekin. Behe aldera geroago eramango dute. (Joanes LEKERIKA.)

Muga legeak eta «El Diario Vasco»

 Editorial interesgarri bat irakurri dut berrikitan (75-2-13) Donostiako «El Diario Vasco» deitu egunkarian. Muga arazoa aipatzen du.

 Informazio eta Turismoko Ministergoak emandako datuen arabera,* azken hazilean,* ihazleheneko* hilabete berean baino 40 % frantses gutiago etorri da mugaren honaindira. Ekonomiazko eta osterantzeko* arrazoin guztien gainetik, Madrileko Gobernuak hartutako erabakia dago, hots, frantsesek ere aurrerantzean pasaportea beharko zutela, muga pasatzeko. Frantziak bi euskaldunen estradizioa eman ez zuelako, Madrileko Gobernua haserretu egin zen.

Baina haserre hori gure buru eta etxearen kaltetan izan da. Hori dio «El Diario Vasco»k. Gure ekonomiaren aurka joan da. Frantses asko pasatzen da pasatu ere, edo dendetan erosteko, edo bazkaltzeko, edo astia emateko. Gure saltokiek eta Donostiako Parte Zaharrak batez ere hauteman* omen dute beherakada hori. Muga ondoko herri zenbait ofizialki kexatu da Gobernuaren aurrean.

 Gertatu dena, zera da, pasaportearekin pasatzera behartzean, jende asko iragan ezinik gelditu dela, pasaporterik gabez.* Frantses batek ez du horren premiarik Europar Batasuneko mugetan barrena ibiltzeko. Lehen, Espainiarekin ere ba zen holako akordiorik.

Bost axola zait niri, pasaportea erabiltzera frantsesak behartzea. Baina honek beste arazo bat planteatzen du. «El Diario Vasco»k dioenez, identitate txartela edukitzea ez ahal da aski?* Eta berori mugan erakustea zergatik ez da nahiko?

Beldur naiz, pasaportea ba ote den, portaera on ala txarraren arabera eman edo ken daitekeen zerbait, eta ez, herri batetako seme izateagatik, norbaiti berez dagokion zerbait. Pasaportea ez da saria, eskubidea baizik. (Joanes LEKERIKA.)

Homologazio beharra

Euskal kulturak duen eragozpen haundienetako bat homologazio zentzurik eza dela esanen nuke. Honekin esan nahi dut, etxeko arazoak epaitzerakoan, inguruan gertatzen direnekin eta erabiltzen diren neurriekin parekatu beharra dugula, eta ez, maiz* egiten dugunez, etxerako (eta ez inorako) balio duten badaezpadako* patroiekin. Mitxelenak berak ere, oraintsu, etxe inguruko diru faltsuaz zerbait esan du eta arrazoi osoaz.

Zer den normala eta zer den ona erabakitzeko, ondo kontuan hartu beharko genuke, munduko beste herriek «normaltzat eta «on»tzat zer hartzen duten, beti Mediterranioa topatzen ibil ez gaitezen.

Nonbaitetik behar eta has gaitezen politikaz. Espainian edo Frantzian pertsona edo alderdi oso batek bere burua katholiko, apostolutar eta erromatartzat baldin badaduka, ez du inork horretaz dudarik egiten: hori alderdi eskuindar bat da; eta ezkerraldeko lagun edo alderdi guztiak, bere alderdikoak ez direlako, «kanpoko kontsignen pean» eta «eznazional»tzat jotzen baditu, holakoak edozeinek faxistatzat hartzen ditu. Euskal Herrion, ordea, nik ez dakit zergatik, Europako beste edozein herritarako balio duen logikaz baliatuz, horrela egiten duena, «espainolista»tzat jotzen da (= jotzen dute atakatuek).

Espainiako legeen barruan gobernuko jaun batzu* publikoki eta neurri batetaraino atakatzea zilegi* baldin bada, neronek ez dakusat* zergatik euskal barrution are* zentsura hertsiago batez baliatu behar dugunik euskaldunok, geure arteko kontuak esateko.

Oi baina! erantzunen dit norbaitek, Euskal Herriaren egoera besterik da. Basque Country is different, noski, that is the question! Baina horrek, azken batez, gure kultur eta zibilizazio egoera mesetakoena baino exkaxagoa dela adieraziko luke, hots,* normalki gutariko inork onhartuko ez lukeen zerbait. Gainera, ahanzkor ez bagara, antzeko leloak* entzun ditugu —eta orain askotxo ez dela— Espainiako eskuin mutturrekoengandik, alderdi politiko legezkorik eza diferentzitasun horregatik justifikatzeko. Ezberdintasun hori aipatzen den bakoitzean, Euskal Herria, jasaten* dituen baldintzen kontzientziaz egon arren, ez dela herri normal bat, euskaldunok lagun anormal batzu garela esan nahi dela iruditzen zait. Horretaz, jakina, ez dagoke hor inolako homologaziorik.

Kultur alorrean ere berdin. Inori ez zaio bururatzen, kasu,* Burgosko artzain bat, amaren bularretik erdara oso ongi dakiela eta, osterantzeko* estudiorik gabe, haurrei eskolak emateko kondizioan dagoenik. Guadalajarako apez jaun errespetagarri bat, igandero sermoiak.egiten dituelako, erdal liturgi textugintzan aritzeko egoeran dagoenik ere ez, eta, oraindik gutiago, Real Academia Españolako linguistekin hizkuntz polemikatan ihardukitzeko gaitasuna duenik. Eta hori guztiori, Espainian, Frantzian, Alemanian edo Egypton zentzu komunak dioen gauza izan arren, Euskal Herri different honetan ez da egiatzat hartzen, eta bizikletasaltzaileek pedagogiaz, apezek linguistikaz, eta baserritarrek literaturaz parra parra hitz egiten ikustea eguneroko ogia bezain komuna da. Mao burkideak* oraindik lortu ez duen kultur iraultza ametsezko bat dateke,* segur aski,* gurea.

Ez zekien euskara ikasi ondoren, bere eguneroko bizitzan, etxean eta lagunekin, euskara hutsean ari den bat, artikuluak, liburuak, poemak, hitzaldiak eta abar egiten dituena, ikastolaren alde su eta ke dabilena, zenbaitzuren idolo edo eta hastapen* sakratuen adoratzaile ez bada, automatikoki ez dute «euskaldun»tzat jotzen. Aitortezinezko asmu* zital eta ezkutuen peko* morroia dateke halakoa, euskara «despistatzeko» ikasi duke, eta bere bizitza osoa fariseukeria hutsa dateke. Urlia* jauna, ordea, euskara ikasten sekula saiatu ez arren, ikastoletarako edo euskal kulturarako inoiz pelat* bat eman ez badu ere, kopa batzu edan ondoren errituzko* deihadarrak botatzen omen dituelako eta bere bihotz gartsuaren sakonaren sakonean halako izen batzu sentitzen omen dituelako, aldiz,* publikoki euskaltzale porrokatutzat hartua da.

 Pertsona batek inoiz oker bat egiten badu, saindu eta idolo sakratuen kontrakoa baldin bada, aurretik egindako zortzi mila milioi merituak batera galtzen ditu, behialako* doktrinan bekatu mortalekin gertatzen zela irakasten zitzaigunez. Inoiz deus* egin ez duenak, ordea, ez duke sekula bere izen on tradizionala galtzeko perilik.*

Eskuineko abertzale klasikoak, Madrilera gaztelau eskuin zein ezkerraz mintzatzera baldin badoa, ez digu harreman horiez ezer esan behar; baina, hala ere, ez duke horregatik batere laidorik* hartuko bere zintzotasunean. Ai, baina, euskaldun ezkertiar bat, kalean gaztelau ezkertiar bat topa eta horrekin mintzatu dela ikusiz gero!, zer ez dugu orduan asmatuko hartaz? Zernolako harreman susmagarririk erabiliko ez ote zuten elkarren artean?

Espainolez norbaitek taverna, ze bende, parlalejos, pescadoria, revajaz, edo arriba Ezpañoleda sueltamente esan edo eskribuz ezarriko balitu, edozeinek esanen luke, horik* eskribatu dituena, biotarik bat, ezjakin bat edo kopetatik ez dabilela oso sano. Euskaraz, urrutizkiñ, atxa alai (uler bedi «la peña alegre», «klub alaia», halegia*), ikusgarri (r pikordunaz), beratzeak (uler bedi «beherapenak»), ikastola'ko adizkideak (u. b. «ikastolaren adiskideak»), ikastaro unibertsitariak (u. b. «unibertsital ikastaroak»), euzko lutelestia, ozo ondo eroztenda (sic), euzkera eta gisa* honetako perla preziatuak maiz ikusten ditugun arren, ofizial ez den hizkuntza batetan oker horik —jendeak zuzentzeko kriteriorik ezaz— erdaraz baino mila bider haundiagoak direla uste izan arren, jende askok, aldiz, «gizaixoek euskaraz egitean erakusten duten borondate ona» aski eta sobera* dela uste dute.

Itsua ez denak, jakina, ba dakusa,* demokrazi eta elkarren errespeturako hastapenek,* leku guztietan berdinak izan arren, denboraldi batez egoera berezi batzutan aplikazio ezberdina eduki dezaketela. Horretan guztiok akort gaude; baina herriaren anormaltasuna beti atxakiatzat hartu eta erabateko* aplikazio osoa etengabeki luza edo eta demokrazi eta errespetu hastapenak berak ukatzea, aldiz, oso gauza ezberdina da.

Gu ere beste herrien normaltasunera iritsiko* ez garen bitartean, noski, ez dagoke dudarik: gure Herriak guztiz aparta izaten segituko du. (Xabier KINTANA.)

«Kriselu» editoriala

LUReko abonatuek jasoa* dute eskutitz bat, non eta adierazten zaien, aurrerantzean KRISELU izenarekin agertuko direla aintzinako LUR ekipokoek eginik eskuratzen zituzten liburuak. Pentsaturik, ordea, abonatuak ez direnei ere interesgarri izanen zaiela gure berri jakitea, eta ANAITASUNAko zuzendariaren gonbite* eskergarriari erantzunez, gogoz ihardesten* diet Torrealdai jaunak eginikako galderei. Abisu eman behar dut, ordea, erantzun pertsonal bat dela, eta nire esanaldiek ez dituztela KRISELUko ene lagunak engaia* erazten.

KRISELU, LURen jarraipen soila ahal* da? Bai eta ez. Zeren LUR ekipoko bi lagunek ez baitute editorial berrian parterik hartzen. LUReko beste guztiok eginahal berri honetan jarraitzen dugu, eta zenbait lagun berri ere ba dugu. Gure artean gertatu dena, zera da: halegia,* joan den urtean LUR editoriala gelditzeko bidean egon zela, eta hango guztiek ez zutela garbi ikusten editorialaren jarraipena. Egun* KRISELU osatzen dugunok, ordea, garbi ikusi genuen jarraitu beharra, nahiz eta horretarako beste izen batez baliatu beharra izan: KRISELU izenaz, hain zuzen. Oroituko zarete, noski, euskal editorial berrien bolada* KRISELU izenarekin hasi zela 1968. urtean, eta Gabriel Arestiren eskutik, hain zuzen. Ez da izen berria, beraz.

 Bestalde, geure eskutitzean, aurreko zenbait erru* aipatzen dugu: presa eta herstura, halegia. Ihazko denborarik gehiena aurreko hamar urte hauen azterketa kritiko bat egiten iragan dugu (geure lanaren ondorioak liburu batetan ateratzeko asmoa ba dugu). Azterketa horrek animatu gaitu, gehienbat, geure eginahaletan jarraitzera; eta horretarako premiazko izan zaigu zenbait zehaztasun kritiko egitea. Euskaldunok presaka erabili ditugu azken hamar urte hauk,* lar* presaka agian.* Euskara batuaren habeak lehiatuki jaso* beharrezkoak ziren; euskara moderno baten lehen urratsak* berehala eman beharrezkoak ziten: presaren presa genuen eta laster ibili beharra. Presa horren ondorioz, hainbat idazle popular eta autodidakta jator ikusten dugu gaur, bide ertzean* gelditurik. Une honetan, hainbat jende marginaturik gelditu da; eta bidegabea litzateke inori plaza ukatzea. Zentzu honetan, pauso bat atzera eman beharra ikusi dugu, ondorengo bi pausoak ondo emateko.

Hersturaren kontua ere aipatzen genuen geure gutunean. Dakidanez, ez zaio inori LUReko aterik hertsi;* baina agian norbait uxatu dugu geure jarrerarekin.* Eta hemen marginazio kontua ere aipatu behar dut. Inoiz, marginaturik sentitu izan gara geure lanean, eta ez gara hemen galdezka hasiko lehenengo harria nork bota zuen. Marginaturik sentitu gara, bai, eta bakarrik, inoiz (gaitza da idazlearen bakartatea). Ez da harritzekoa, beraz, geure marginazioaren ondorioz (ate asko hertsi izan zaigu, publizitate kontuan bertan) agresiboki ere jokatu izan badugu. Eta ez dut hemen geure burua xuritu* nahi —oso gauza guttiz damutzen gara—; baina esan behar dut nola guk idazten jarraitu dugun eta jarraituko dugun, euskara odolean dugulako eta Euskal Herria salborik* nahi dugulako..., zenbaitetan abertzale izateko ohorea eta eskubidea ere ukatu zaigun arren esamesa* eta etiketa gaiztoen izenean. Gure lana hor dago, eta juzga gaitzatela geure lanaren arabera.*

 Bestalde, esan nahi dut, editorial berezi bat izan dela LUR editoriala, eta berezia izateko asmoa duela KRISELUk ere. Gazteak gara, ezkerreko, abertzale, kritiko; eta oso kezkaturik gaude biharko eta gaurko geure Euskal Herriaren egoera sozialaz; hor ikusten dugu geure berezitasuna eta batasuna. Bestalde, gure eginahalak literaturaren indartzearen atzetik joanen dira, zeren* oso garrantzizkoa ikusten baitugu geure literaturaren azkartzea,* datozen belaunaldiek* ukan ez dezaten gureak ukan duen eskasia eta pobrezia. Euskal editorialen espezializazio behar bat ere ikusten da. Entseiuak argitaratuko ditugu, baina batipat* literaturari ekinen gatzaizkio, eta literatur prosaren hedaketari* batez ere.

Gure irakurlegoa ezkerrean dago, eta hangoentzat idazten dugu guk. Geure liburuetan erabili ditugun eta erabiliko ditugun gai eta formek eraberritze bat suposa lezaten nahi genuke, euskal kulturaren arloan. Bestalde, zabala eta etenduraz betea agertzen zaigu delako ezker hori. Batasunaren hazia erein nahi genuke, eta ez ghetto eta kapera* ttipiena.

 Aipaturiko eskutitzean, «boletin» bat argitaratzeko asmoa ere aipatzen genuen. Euskal kazetaritzaren mugak eta mugaketak ezagunak zaizkigu; eta horren errepatatzeko nahi genuke zerbait egin, literatur kritikaren aldetik bederen.* Ez dakigu oraingoz, delako gure «boletin» hori zenbateraino gazeta formal bat bilaka* erazi ahal izanen dugun. Guri ez zaigu gogorik falta ez eta borondaterik; baina horren lortzea gure abonatuen* ugaritzean eta berauek emanen diguten babesean egonen da. Lege arazoak ba dira, asmo hori aurrera eramateko; baina bai diru arazoak ere. Eta, diru kontua aipatu dudanez, esan nahi dut nola KRISELU bere abonatuen gain bakarrik sostengatzen den. Beraz, geure lan eta asmoekin aurrera jarraitzeko, abonatuak behar ditugu, beren abonamendu eta babesarekin lagunduko gaituzten abonatuak.

 Horra, bada, zertan garen, hain jaio berri eta hain zahar den KRISELU editorialarekin. (Luis HARANBURU ALTUNA.)

 KRISELU editorialak aurten argitaratuko dituen liburuen zerrenda:

1. I. SARASOLA: Txillardegi eta Saizarbitoriaren nobelagintza.

2. P. URKIZU: Sekulorum sekulotan (nobela).

3. J. ZULAIKA: Adamen poema amaigabea (poema).

4. X. GEREÑO: Andereño (nobela).

5. DEBAKO KOMISIOAK: Kosta nuklearra.

6. R. SAIZARBITORIA: Ai Jesus edo Jesus, Mari eta Jose (nobela).

7. L. HARANBURU-ALTUNA: Zera eta beste (nobela ttipiak).

8. G. ARESTI: Ipuinak.

9. M. ARREGI: Bizitzaren persianak (poemak).

10. I. SARASOLA: Euskara urbanoa (entseiua).

11. J. MIRANDE: Poemak (A. Eguzkitzak gertaturikoa, beronen hitzaurrearekin).

12. EKIPOAN: Bilinguismoaz (diglosiaren pean).

Helbidea: Editorial KRISELU. Alameda Calvo Sotelo. Apartado 550. Tel. 413885. San Sebastián.

Zer gertatzen da «Andima Ibinagabeitia Saria»rekin?

 «Andima Ibinagabeitia Saria», USAko 1.000 dolarretakoa halegia,* aski ezaguna izan zen, duela zenbait urte, euskaldunen artean. Gaur, «Uriturri» delakoak dioskunez, nahi baino motelago dago. Gaia aldatu beharra izan du, inkesta* baten bidez idazleek berek erabakia izan arren. Emandako hitzari, behar zen leialtasunarekin eusten ez dugu jakin agian.* Ea bizi berri bat, arnasa* berri bat ematen zaion; hori da behintzat antolatzaileen nahikundea.

Hona zer idatzi digun «Ur-iturri» horrek:

 Sari hori, euskaldun talde batek antolatua izan zen Venezuelan Andima Ibinagabeitia zenaren ohorez, eta beronek euskarari zion maitasunak bizirik iraun zezan guregan. Horretarako, Sariaren gaia, euskal idazleen artean egin zen inkesta baten bidez aukeratua izan zen, eta hain zuzen euskal irakaskuntzarako textuak hautetsi ziren.

Harez gero, zenbait aldakuntza gertatu da gure artean, eta batez ere euskal ikastolei buruz, jadanik* talde batzu textu horik* preparatzen ari zirelarik. Horregatik, ihazko «Andima Ibinagabeitia Saria»ren gaia aldatua izan zen, saiakera librea aukeratuz. Egia da izan, aldaketa horren berria azken orduan emana izan zela, eta nahi izan zen indar eta berezitasunik gabe nonbait. Horregatik ez du erantzun handirik eduki.

Sari antolatzaileak kezkatsu aurkitzen dira, beraz, erantzun hain makal eta indargabe honegatik, eta ez dakite zer egin edo nola joka, behar zaion garra eta berotasuna emateko.

USAko 1.000 dolarrek ez ote dute deikortasunik, Sari hau gogortzeko? Edo eta berrehun bat horrialdetako lana, gehiegizkoa ote?

 Antolatzaileen ustez, ez dago zalantzarik horretaz. Saria ez da txarra, ez eta neurriz gainekoa ere. Zabalkundearen falta da nonbait Sari horren akats bakarra.

Zabalkunderik eza edo publizitate faltagatik baldin bada, honekin eta holako beste agerpen batzurekin erabakita legoke akatsa. Ez dadila sakonagoko gaitzik izan. Sendagaitzik ez dago, hala ere.

 Antolatzaileak erabat* dira entzunkorrak: irekirik daude, ideia eta azterkuntza berrien zain. Venezuela urrun dago eta, hona hemen, haiek eman diguten hemengo helbidea:

 Jon M. Urresti

 Avda. Madariaga, 5 bis, 6.º C

 Bilbao-14

Liburu berriak

 1. KORTADI, Edorta:

«Artegintza, artista, gizartea».

Gero, Bilbo, 1974.

Begi bistan dago, azken urte hauetan nola hedatu* den entseiugintza euskal literaturan; eta, horri esker, euskara teknifikatu bat moldatzen ari gara. Bere entseiu honekin Edorta Kortadik gai berri bat ukitzen* du euskaraz; eta nahiz eta liburua irakurle arruntarentzat astuna izan, ba dagoke* gogoz irakurriko duenik.

Artista batek, zerbait sortzen duenean, nola egin behar du? «Hortxe berean hasten da artelanaren eta ikuslearen arteko solas, mintzo edo elkarrizketa isil hori. Hortxe hasten da artegintzaren misteriorik sakonena: bere komunikabidea; artelana zenbat eta urrunago, hainbat eta zailago gertatzen da komunikabidea» (22. hor.). Kontsidera daitekea* idazlea artista bezala? Horrela baldin bada, idazleak irakurlearengandik hurbil egon behar luke, hark eskaintzen dion artelana, hots* liburua, honek uler dezan. Zorigaitzez, idazle askori ahanztu egiten zaio egia hori.

Aurrerago, Kortadik beste berezitasun bat eskatzen dio artelanari: «Artea gure kulturaren agerpen argia da, etniko, politiko, ekonomiazko, erlijiozko... faktoretan finkatzen den nazionalitatearena» (74. hor.). Beraz, erdaraz idazten duen euskal idazleak ez du euskal kultura egiten, sasi euskal kultura baizik.

 Askok nagikeriagatik ukatzen dute euskara batua. «Geure adinean* hasi behar ote dugu euskara batua ikasten» galdetzen digute. «Desafioa jaurtirik da. Agian,* heziketa* betikorraren beharra dugu, gezurraren baitan eta faltsian ez erortzeko*; eta, maiz* askotan, artearen bidez hartzen ahal da hori, baldin eta egiazkoa bada eta bizitzatik aski* hurbil badabil» (80. hor.). Beraz, hezkuntza iraunkorra proposatzen digu Kortadik, beti fleitean* egoteko.

Beste pasarte hau ere oso garrantzizkoa da: «Ez da, beraz, mintzaira beheititu beharrik, herriak adi dezan. Herria da lagundu behar dena, artearen mailara hel dadin. Eta guztion egitekoa da, behar den medioz borroka egitea, herriaren jasokuntza gerta dadin» (92. hor.).

Artearen kalitateaz hau dio: «Ikus lekuko egungo artegintzaren eremuan* komunista herriak. Erdizkako kalitatea du... Ez daiteke iraultza merkeak eginaz ibil. Edozein eremutan delarik ere, serioski behar da iraultza egin» (93. hor.).

Oso interesgarria da «Ez da jokabide neutralik» tituludun atala, berba hauekin amaitzen dena: «Horregatik esaten genuen hasieran: ez dela jokabide neutralik, artistak, bere obra dela medio, joko bat egiten duela beti, egiaren ala gezurraren aldeko jokoa» (95. hor.).

«Asmamenaren premia»z esaten duena ere oso interesgarria da. Nor da poeta? Aski dea* poesiak egitea, poeta izena ezartzeko? Hona hemen zer dioen honetaz Edorta Kortadik, Rilkeri jarraikiz: «Poema baten kalitateak ez du deus* esan nahi. Poeta da, lan koxkorragoak egin arren, poesiarik egin gabean ezin bizi daitekeena. Eta, bestalde, ba dela artistarik, bere obra sakon eta miresgarri izan arren, inoiz poeta izango ez dena, ez hitzez, ez eta pintzelez» (109. hor.).

Artelan batzu* beste batzu baino gehiago heltzen dira gugana. Zergatik? «Adigarri izateko moduan, guk bizi ditugun sentimenduak espresatzen dituenean, berehala sintonizatzen du gure izpirituak artistarenarekin. Artelana hunkipena* da, irudi bilakaturik*» (126. hor.).

Amaitzeko, esan dezagun, liburua hainbat irudiz apaindurik datorrela, eta haietarik asko Kortadik berak eginak direla. (Xabier GEREÑO.)

 2. GARATE, Gotzon:

 «Marx y los nacionalismos separatistas».

Distribuidora San Miguel, Bilbao, 1974.

 Gotzon Garatek bere lehenbiziko erdal liburua eskaini digu. Obra hau, orain.dela bi urte euskaraz argitaratu zuen «Marx eta Nazioa»ren itzulpena da, zenbait gauzatan —askotan— gehitua eta alemanezko textu jatorretatik erdaratutako aipamen ugariz osatua.

 Erdaraz argitaratze honek, jakina, dibulgazio kutsu nabari* bat du, euskaraz ez dakiten herritarrengana ere, marxismoaren gurasoek nazioez zer pentsatzen zuten helerazteko.

 Gotzonek —aleman ongi daki eta— Marx eta Engelsen obrak lehen eskuz ezagutzen ditu, eta datu oso argigarriak dakartza bere lan honetan, serioski eginik. Pentsalari aleman biok nazioaz zuten eritzia zein zen eta berorien oportunismoa zernolakoa zen ezagutu nahi dutenek —eta berau guztiok ezagutu behar genuke—, ba dute (ba dugu) hor liburu estimagarri bat.

Beldur gara, ordea, obra hori nolabaiteko alderdikeriaz egina ez ote den. Tituluak dioenetik, liburuaren funtsa,* Marxek nazioaz zituen eritziak ematea da. Horrez gainera, baina, Engelsenak ere ematen zaizkigu, puntu batetaraino Marxenak bezalakoxeak zirenak. Logikoa, beraz. Hain logiko ez dakusaguna,* ordea, beste hau da, Marxen garaiko marxismoa eta gaurko marxismoa, besterik gabe, gauza berbera bailiren* presentatzea, hitzaurrean nola edo hala egin nahi denez.

Marx eta Engelsen jarrera* horik,* garaiko giroan hartuak, erabat* aldatu zituzten marxismo bizi eta historikoari iraupena eman zioten Lenin eta Stalin burkideek.* Berauek nazioez esandakoak, iragaitzaz* aipatuak izan arren, ez dira inondik ere azaltzen; eta, ondorioz, ba dirudi liburu horren azken helburua hauxe dela, euskaldunok, geure herria maite badugu behintzat, ezin dezakegula gu ukatzen gaituen marxismoa onhar. Ez da esaten, ordea, Marxen beraren ideia partikular hori dela onhartezinezkoa, baizik eta marxismoa bera, egungo Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunean (SESBen) eta Txinan dagoena aipatzen baita.

Horretaz, puntutxo pare bat ukitu* nahi genuke. Aho zabalik utzi gaitu Garatek —eta zinez* beragan ez genuen gisa* horretako laprastadarik espero—, 242 milioi bizilagun omen dituen Errusia eta 760 milioi omen dituen Txina «bi nazio handi» (sic) direla esatean. Harrigarria da, noski, nazio eta nazionalitateez liburu bat egin duena ez konturatzea, Errusia, SESBen dauden nazio eta errepublika ugarietako bat dela, eta haren populazioa, oker ez banago, osoaren % 50era heltzen ez dela. Errusia (Rossia) tsarren garaiko izen inperial bat zen, eta egungoa, aldiz, Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna (Sojúz Sovjétskikh Sotsialítitxeskikh Respúblik). Eta orobat esan genezake Txinaz.

Ez dezala inork pentsa, horregatik, SESBeko gaurko gobernu agintari eta burokratiko horren aldeko defendatzaile itsuak garenik. Ez eta guttiagorik ere! Ondoegi dakigu zernolako abusuak gertatu eta gertatzen diren Moldavian, Baltikoko errepubliketan eta beste lurralde askotan. Baina egia aitortzeak ezertara behartzen bagaitu, alde bietara egiten gaitu; eta gaurko errepublika sozialistetan nazioek dituzten eskubideak «guk nahi adinakoak*» ez baldin badira ere, aitortu behar dugu, halaber,* UNESCOren nazional eskubideak, hala ere, ondoenik betetzen diren tokiak, hain zuzen, marxismo-leninismoaren ideia galgarrien azpian dauden Estatuok direla.

Horretaz,* Garatek frogatu* beharko lukeena zera da, Estatu kapitalistetan dauden nazional minoritateak Estatu sozialistetakoak baino hobeki trataturik daudela, bitzuotatik* onena —edo hain txarra ez dena— aukeratzen jakin genezan.

Diogun, azkenez, hitz bi argitaratzaileez. Interes ezberdinak maiz* gurutza daitezke munduon; eta marxismoa batzurentzat erlijio ukatzaile bada, beste batzurentzat eskuindar politika jakin baten kontra doakien zerbait dateke.* Gisa* da, beraz, gogaidetasunaren arauera* lagunak elkarrekin biltzea, eta hori Espainiako Gobernuak berak, nolabaiteko ñeurrian* behintzat, legez ere onhartu berri digu. Noski, nork bere eritzien aldeko lana egiteko eskubidea du; eta ez dirudi, inondikan ere, ideologia batzutakoei marxismoaren apologia egitea eska dakiekeenik. (Xabier KINTANA.)


Herrialde guztietan

Baina zer gertatzen zaio Frantziako alderdi komunistari?

 Ba da jadanik* lau hilabete, AK burrukan ari dela AS-ren kontra. Eta jo eta ke ari izan da, Mitterrand jaunak bere prentsa konferentzia ospatu arte bederen.* Harez gero, ixilduko delako susmoa (edo nahia) ba dago.

Polemika mingarri honen une bat hartuko dut nik orain gogotan (Marchais jaunak, eritegitik* atera berri, egin duen esetsia* beste noizbaiterako utziz). Paul Laurent, alderdi komunistako batzorde* nagusiko burkidearen* hitzak erabiliko ditut ardatz bezala.

Irakurle jarraikiak* ba daki nonbait, hilabete honen haseran (otsailean) alderdi sozialistak bilkura bat ospatu zuela Pauen. (Bilkura hauk* betiere arretaz* aztertzekoak dira, iraganaren azterketa kritikoa, etorkizunerako politik modua, eta barneko joera desberdinak ezagutzeko abagadune* ezin hobeak dira eta.)

Paueko AS-ren bilkura horretan, AK-ko Paul Laurent ere izan zen. Begirale bezala egon ere.

 Bilkuratik, emandako eritzien arabera* neurtzen badugu behintzat, ez zuen deus* onik atera Paul Laurent jaun horrek. Egin dituen salakuntzak mingarriak dira AS-rentzat, intentzioari buruz duda izpi handirik uzten ez duten horietakoak. Bilkuran ez omen da eboluzio positiborik. Esan nahi baita (eta esan ere egin du), AS eskuinera lerratzen* dela. Hauxe da, hain zuzen, azken hilabete hauetan, modu batera eta bestera, disimuluz edo disimulurik batere gabe, alderdi komunistak sozialistei aurpegira botatzen diena. (Aurpegira hautsa botatzea iruditzen zait niri, itsuturik bereganatzeko asmoz. Baina AS ez da tranpan erori.*)

Baieztapen salatari hori egiteko bi arrazoin ekarri ditu frogatzat* Paul Laurentek. Bata, CERES zuzendaritzatik baztertu nahi dutela (CERES talde hau AS-ren ezkerra da, eta AK-rekin ekintza bateratu zenbait eskatzen duena). Bestea, Mitterrandek ez diola aspaldi honetan Giscardi garrazki esetsi. Laurentek esan duenez, IV. Errepublikako René Coty-ren parean edo jarriko bide* luke Miterrandek Giscard.

Azkenik, AS-ren tentazioa klase kolaborazioa dela salatu du. Erreformista da AS, haren gardiz.*

 Salakuntza gogor hauen arrazoinak AS-n ikusten ditu Paul Laurent jaunak. Nik, beste ohargile askorekin, AK-n bertan ikusiko nituzke. Esplika nadin. Konstatazio oso sinple batetatik hasiko naiz. Alderdi sozialista lehengo bera da, hots,* Programa Bateratua sinatu* duena. Hari jarraitu nahi dio. Eta, gero, ba dira esplikatzaile izan daitezkeen gainerako arrazoinak ere. Batzu* aipatzea aski* izanen dugu.

 Diotenez, AK haserre dago, partidu bezala alderdi sozialistak gaina hartu diolako. Izan ere, entzun dudanez, frantsesen botu intentzioetatik 34 % sozialistengana joango lirateke, eta 18 % komunistengana. Frantziako partidurik nagusiena alderdi sozialista dela aitortzera eta onartzera ohitu beharra dadukate komunistek. Horrek denbora eskatzen du. Paul Laurenti ere ea AK ezkerreko alderdirik handiena zenentz galdetu diotenean, «hoberena bai behintzat» erantzun du, horixe soilik.

Diotenez, AK-ren jokabide gogor berri honen zergatikoa alderditik eta Frantziatik kanpo legoke. Ate zabalduen eta leiho irekien jarrera* aldatu egin da. Moskun bezala Mendebaldean* ere AK gehienek taktika aldatu egin omen dute. Konturatu baitira, zabalduz zabalduz bigundu eta urtu egiten zirela. Atea zabaldurik, jendea sartu ez baina atera egiten zela. Dena den, ateka* gorri batetan aurkitzen dira, bai, agintera joan nahi badute. Bietatik bat: edo beste alderdiekin plataforma bat eginez erreformismoan erortzen dira, edo dotrina eta teoria arretaz zainduz, gerora ere oposizioan gelditzen dira, garai hoberen zain. (Joan ALTZIBAR.)


Herrialde guztietan

Mitterrand, denen eta denaren gainetik

Ostegunaren* (otsailaren 13aren) zain zegoen ezker jendea Frantzian. Prentsa konferentzia bat egin behar zuen Mitterrandek, sozialisten buruzagiak.

Jendearen zainegote hau komunista eta sozialisten artean dagoen burruka girotik dator, eta, zehatzago, Marchais jaunak Mitterrandengatik beragatik esan zuenetik.

Mitterrandek, bestalde, polemista oso ezaguna eta bizia eta beldurgarria da. Baina politikari hobea.

Zer egin du? Marchais atakatu beharrean, Giscard lehendakaria atakatu du, honen politika ekonomikoa atakatu du, bere etsai politikoa non dagoen garbi utziz, eta ez dela bera kapitalismoaren kudeatzaile* izango adieraziz. Oposizioko gobernu bailitzen* eraiki da oraingoan alderdi sozialista. Hain zuzen, rugbyan eta futbolean egin ohi den bezalaxe, Gobernuko ministru bakoitzari alderdi sozialistak bere gizon zaintzaile eta kontrolatzaile bat jarri dio aurrean.

Kazetariek, hala ere, Gobernua;i buruz esan zezakeena baino maiteago zuten alderdi komunistaren gain esango zuena. Bereziki Marchais jaunaren kontra ea zer esaten zuen. Honek azpikolpe bat eman baitzion, klinikatik atera bezain laster. Pertsonalki atakatu zuen Mitterrand, «sûr de lui et dominateur» (bere buruaz segur eta besteren dominatzaile) dela esanez. Frantsesarentzat, esakuntza hau beste zerbaiten oihartzuna* da. De Gaullek Israeli buruz esandakoa da. Eta garai hartan irain* bezala joan izan zen. Intentzio horrekin, eta zirikatzearren ere, egina da hori orain ere, textuinguruak ez baitu hor inolako zalantzarentzat lekurik uzten.

Zer egingo du, bada, Mitterrandek?

 Alderdi komunistaren arduradunei jazarpen* pertsonalik egingo ez diela esanez hasten da. Eta, segidan, Marchais jaunak berari buruz egin duen erretratuan, ez duela berak bere burua han ikusten ez ezagutzen aitortzen du.

Hala ere, bereak esan gabe ez da geldituko. Gauzak garbi utzi nahi ditu. Ez da zilegi* —esan du— Programa Bateratua izenpetu duten hiru partiduetatik bat beste biak epaitzeko etengabeko tribunala bilaka dadin. Areago,* kontradikzio bat ikusten du Mitterrandek, komunistek alderdi sozialistari egiten dioten salakuntza doblean: batetik, alderdi sozialista eskuinarekin geroz eta adiskideago dagoela; eta bestetik, alderdi komunistari bezeroak* eta botuak lapurtzen dizkiola. Zertan gara? esaten die Mitterrandek. Kontradikzio moduko hori egon ba dagoela uste dut. Baina ez da hori inportanteena. Garrantzizkoena ez baita zer dioten, zergatik dioten baizik.

Mitterranden jokaldi hau nola epaitu dute komentaristek?

René Andrieu jaunak «L'Humanité» egunkari komunistan zera idatzi du, Marchais jaunari ez diola deusetan* ere Mitterrandek erantzun. Baina, Giscard atakatu duenez, ba daitekeela eboluzio gisako* zerbaiten hastapenean* egotea.

Gainerako ohargile gehienek, eskuindarrak aparte, aho batez aitortzen dute, Mitterrandek ez duela oliorik sutara bota nahi izan, hain zuzen etorkizuna prestatu edo salbatu gura duelako. Segurtasunez, baretasunez agertu da Mitterrand. Alderdi sozialistaren Idazkari* bezala ezezik,* ezker antolatu osoaren Buru bezala ere agertu nahi du. Bere «image de marque» hori arretaz* jagoten* du. Beraz, altura hartzen du, burruka eta tiki-miki guztien gainetik gelditzen da. Borondate politiko argia da hori. Taktika abila. (Joan Mari TORREALDAY.)


Herrialde guztietan

Eritrea: askatasunerako burruka

Haile Selassieren enperadoregoa hiltzer* dago. Negus ahalguztidunaren boterepeko nazioek beren askatasuna aldarrikatzen* dute. Ethiopiako junta militarrak, demokrazi oinharriak ezarri nahi ukan* arren, ez ditu galdu nahi aurreko inperialismoak lortutako etekinak.*

Eritrea, bere hizkuntza, ohitura, historia eta erlijio ezberdinak gorabehera,* iparraldeko «probintzia» huts bat besterik ez da ethiopiar nagusi berrientzat. «Lehengo lepotik burua» diote haietaz eritrearrek, demokrazien nazioartekotasunaz mesfidatuz.

Baina Osman Saleh Sabbik, Eritreako nazional askatasunerako fronteko buruzagiak, Addis Abebako junta militarrak Eritrearen askatasuna onhartzen ez badu, «Itsas Gorriak bere izena izanaz frogatuko* duela» esan du. Eta esan ezezik,* egin ere bai, zeren* eritrear gerrillek, Ghadaffi koronelaren militar laguntzaz, gorriak ikuserazi dizkiote ethiopiar armadari* leku guztietan; honez gero 3.000 pertsona hil dira gerra honetan, eta Asmara, Eritreako hiriburua, 14.000 gerrillerok setiaturik dago.

Balantza, orain arte, eritrearren alde dago argiro; eta edozein egunetan munduak beste Estatu nazional bat ezagutuko du, honez gero zenbait Estatuk onhartua: Eritrea. (Patxi URTIAGA.)


Herrialde guztietan

Berri laburrak

• Enpresak berritu nahiz dabiltza Frantzian. Proposamendu batzu* egin berriak dira. Lantegia kommunitate bihurtu nahi lukete. Artakidegoraino* iristen* dira. Baina mihi gaiztoek diotenez, agintea ez da hauzitan memento batez ere jarri.

• Peru asaldaturik* ibili da. Liman matxinada* edo. Erre eta honda* ibili dira talde batzu hiriburuko hauzune zenbaitetan. Erreboltatu batzu, eta haien babesean lapur zenbait ere bai.

Gobernu militar iraultzaile autodefinituaren ustez, eskuindar indarrak ziren hor mugierazle. Banzer eta Pinochet jaunek gidaturiko Bolivia eta Chileren ondoan, Peru zaldar bat bezala da nonbait.

Egunkari batek CIA famatu hori tartean ibili dela ere idatzi du. Eta Washingtonen Peruko enbaxadan norbaitek esan duenez, «ez da ezinekoa».

Londreseko alderdi komunistaren bulegoetan mikrofonoak hatzeman dituzte. Noiz ezkutaturik? Berrikuntzan ari zirelarik, ohol tartean aurkitu dituzte. Egin dezagun kontu, 1948.ean egin zela azken dekorazioa. Harez gero funtzionatzen egon ote dira? Eta nork jarriak? Jakin inork ez daki. Baina G. Mathews jaunak, alderdiko ohargileak esan du, britainiar poliziaren maliobra bat datekeela.* CIA ere aipatu du, noski.

• Margaret Thatcher anderea, kontserbatzaileen Pasionaria deitzen dute. Margaret hori kontserbatzaileen buru da orain. Alderdi kontserbatzailea garaile aterako balitz, hurrengo auteskundeaz gero bi andere izanen lirateke Britainia Handiaren gidari: Elizabeth erregina eta Margaret lehen ministrua.

Zer gauza gertatzen diren (barka, gerta litezkeen) Emakumearen Nazioarteko Urte honetan! (Joanes LEKERIKA.)


Fedea eta ekintza

Espainian gaur amnistia bat etorriko balitz, espetxean dauden zenbait euskaldunek, tribunal militarrak epaituek, ez lukete batere probetxurik aterako. Aste hauetan amnistia eta indultuaren inguruan haizatu den eztabaida ez da, beraz, alferrikako haserreak sor ditzakeen huskeria bat.

CEEren («Conferencia Episcopal Española» delakoaren) batzorde* iraunkorrak* argitara duen ageri bat izan da, polemika piztu duena. Tarancón jaunaren bitartez, gartzelatuen alde Estatu buruari egiteko den eskabidearen berri ematen duen ageria. «Amnistia» hitza ez da erabiltzen. Amnistiaren alde egin den kanpainaren ondoren kalean askoz ere ezagunagoa den hitz horren ordez, «indultu» sartu dute, apropos eta deliberatasun guztiz nonbait ere.

Espainiako apezpikuek «indultu grazia zabal bat» (amplia gracia de indulto) eskatzen dute. Eta zehazkiago, bi gauza: «Gero eta era osoago batetan gaur ezagutzen diren eskubide batzuren mugaketagatik espetxeraturik daudenen zigor egoeraren berrikustea, eta askatasunik gabe dauden guztienganako erruki froga* nabari* bat ematea».

Beren barkamen eskabidea honela formulatu badute, ez omen da «zentrismo» koldar* bategatik egina izan, batzuk* salatu duten bezala. Vida Nueva astekariak (967. zenb.), apezpikuen ageriarekin erabateko* adostasuna agertuz, «amnistia» hitza anbiguitate objektibo batez kutsatua ikusten du. Delitu politikoaren kontzeptuak berak zaku haundiegia omen duelako, eta eskatzen den barkamen hau delitu komunengatik gartzelatuei aski* zabaltzen ez zaielako. Tarancón kardinaleak egin berri dituen deklarazioetan ere, amnistiaren politizazioa aipatzen da. «Amnistia» hitza kristaua da, eta Elizaren tradizioan tinko finkaturik dago. «Baina esannahi ezberdin eta kontrakoetan ulertua ezezik,* Elizarenak ez diren helburuetarako eta honen baitatik* kanpo daudenek ere erabilia izan da azken aldi honetan».

Ez dakit, apezpikuen jokabidea, Vida Nueva astekariak dioenez, «askok uste duten baino argiagoa ezezik zabalagoa eta radikalagoa ere denik». Baina politik jokoetatik kanpo gelditzeko jokaerari nahiko irreala derizkiot. Nahiz eta, bere identitatea salbatzeko, bere kristau motibazioak (Urte Sainduko «bakegintza» sloganaren izpiritua gehienbat) azpimarkatzeko eskubide osoa duen. Hori zen bidea, nire ustez: beste taldeetatik sortutako kanpaina bultzatzea, horretarako zituen arrazoin bereziak emanez, eta ez beste ekintza bat egitea.

Edo eta, «Justitia et Pax» batzordeak egin duen sinadur* bilketa kanpainatik nolabait apartatu nahi izan dute apezpikuek. Ez baitago oso argi, zernolako harremanak daduzkaten CEEk eta beste batzorde honek. Amnisti hauzian ez dirudi bat datozenik.

Apezpikuek, CEEri zuzendu zaizkion elkarte eta taldeen izenean eginen zutela aditzera eman zuten. Bereziki «Justitia et Pax» batzordeak bildutako 160.000 sinaduren izenean. Horretarako, eskabide guztiak formulazio bateratu bakarrean bildu zituzten.

Baina hauxe da, hain zuen, «Justitia et Pax»ekoek nahi ez zutena. Beren kanpaina erraldoia* apezpikuen eta beste taldeen ekintzarekin nahastea eta ezkutatzea.* Gainera, Ruiz Giménez batzordearen lehendakariak deklaratu duenez, ihazko abenduaren 21 eta 22an erabakitakoaren kontra egin dute apezpikuek hori. Formulazio zaharra, ezertan aldatu gabe, beraren hartan errespetatzea erabaki omen zen eta. Bestetik, CEEren buruari (Tarancón jaunari) Estatu buruaren aurrean arartekaritza*. bat eskatzen zitzaion soilik, amnistia eskatuz sinatu zuten milaka horiekin ezertan lotu beharrik gabe.

Horregatik, «Justitia et Pax»ek, bere batzorde buru eta idazkari Joaquín Ruiz Giménez eta José Rodríguez Ugarte jaunen bidez, lehendik eskatzen zitzaion arartekaritza hori soilik betetzeko adierazi dio kardinaleari; edo eta, bestela, zuzenean batzordekoek Estatu buruarengana joko zutela.

Proposamen hau onartu egin du Tarancón-ek. Beraz,bi ekintza eramango ditu aurrera. Bata, apezpikuen eta beste talde batzuren izenean. Bestea, «Justitia eta Pax»en bitarteko bezala.

 Amnistia eta indultuaren arteko burruka honetan eman diren «politizazio» arrazoinen eta besteren ondoan, Ruiz Gimenez jaunak esan duena ez da ahanztekoa. Halegia, sinadur bilketaren kontra, haseran* eskuindar amorratuek zerabilaten arrazonamendu berbera darabilatela orain, apezpikuek beren eskabidea egiteko asmoa azaldu ondoren, indultuaren aldekoen artean dauden talde «moderatu» batzuk* ere, batzuen* eta besteen argudioak* funtsean* berdinak baitira.

Ba da, ordea, eztabaidan aipatu ez den arazo bat, eta, «amnistia-indultu» bikotearen artean aukera bat egiterakoan, kontutan hartzekoa. Ez gaude lege gauzetan batere jantziak, Ya egunkariak otsailaren* 8ko editorialean azaldu dituen kontsiderazioen balioari buruz eritzi bat emateko. Baina garrantzizkoa eta interesgarria da, harek dioena jakitea.

 Ez da inolaz ere berdin, eskatzen den barkamendu hori, amnistia edo indultu bezala ematea. Ezberdintasun handitxoak dira bien artean, ez politikazko asmu ilun batzuren zerbitzutan erabiltzetik sortuak, Espainiako legedian oinarrituak baizik.

Amnistiak, indultuak baino zabalera haundiagoa du. Amnistiak, zigorra kentzeaz gain, delituaren ondorio guztiak deuseztatzen* ditu, sekula deliturik izan ez balitz bezala. Indultuak, ordea, amnistiak ez daramatzan aplikazio mailak eta ñabardurak* haintzat hartzen ditu. Horregatik, amnistia nazioko gertakari oso bakan* eta garrantzizkoetan eman ohi da. Indultua, aldiz,* beti ere erabaki apartekoa izanik, maizago* eman ohi da.

 Adibidez, azken hogei ta hamar urteotan, Espainian hamar indultu orokor* eman diren bitartean, ez da amnistia bat bakarrik ere izan.

 Honela uler daiteke, zenbait taldek, nahiz politiko nahiz bestelako, amnistia eskatzea, barkamen hau osoa baita, eta apezpikuen jokabidea ausartziarik* gabeko bezala salatzea. Baina ba da kontutan jaso* beharreko zerbait.

 Esandakoetatik ezin daiteke atera, gaur eta hemen amnistiak zabalera haundiagoa izango lukeenik. Izan ere, Zigor Legediak («Código Penal» delakoak) 112. artikuluan, delitu baten erantzunkizuna amnisti eta indultu bidez ezaba* daitekeela esaten du. Zuzenbide* militarraren Legediak, ostera, 248. artikuluan, indultua eskaintzen du delitu baten errutik* libratzeko bide bakartzat.

Ondorioetara etorriz, honek zera esan nahi du: hainbeste aldetatik hain sutsu eskatzen den barkamena amnisti forman bakarrik etorriko balitz, Zigor Legediaren arabera* epaitutako delituentzat bakarrik mugatuko litzatekeela. Baina barkamen horrek, Militar Legediak epaitzen dituen delituentzat ez luke balioko. Preso dauden euskaldun askoren kasua, hain zuzen.

M. PAGOLA

daude, dagoz

dio, deutso

ditzake, daikez

zaie, jake

zaizkio, jakoz

zitzaion, jakon


Ikas zeure hizkuntza

Hiztegia

IMANOL BERRIATUAK

Ale honetan izartto batekin agertzen diren berbak

A

 ABAGADUNE, ocasión, coyuntura.

 ABESBATZA, coral, orfeón.

 ABONATU, abonado, suscritor.

 ADIN, edade.

 ADINAKO, ainako, besteko, bezainbateko.

 ADINBAT, ainbat, tanto como. (Ikus Mitxelena, ANAITASUNA, 289. zenb.).

 AFALBURUKO, postre de cena.

 AGIAN, beharbada, nonbait.

 AHAL, galde egiteko partikula.

 AHANZTER DITUT, casi los he olvidado, he estado a punto de olvidarlos.

 AIERU, conjetura, hipótesis.

 AITAIDE, compadre.

 AITZINA, aurrera.

 ALDARRIKATZE, proclamar.

 ALDIZ, berriz, ordea, ostera.

 ANITZ, asko.

 APAILATZE, prestatze, preparar.

 APAL, caído, avanzado.

 ARABERA, arauera, según, conforme.

 ARARTEKARITZA, oficio de mediador.

 ARAUERA, arabera, según, conforme.

 ARAUTEGI, reglamento.

 ARE, oraindik, aún, encore.

 AREAGO, oraindik gehiago.

 ARETO, sala, salón.

 ARGUDIO, argumento.

 ARMADA, harmada, ejército.

 ARNASA, hats, aliento, haleine.

 ARRABOTS, zarata, ruido, bruit.

 ARRAKASTA, éxito, succès.

 ARRETA, detenimiento, cuidado.

 ARRUNT, común, corriente, ordinario.

 ARTAKIDEGO (arta, ardura + kidego), cogestión. (KUDEANTZA, gestión. AUTOKUDEANTZA, autogestión.)

 ARTE, tarte, bitarte.

 ASALDATU, alborotado, perturbado, agitado.

 ASKI, nahiko.

 ASKITASUN, suficiencia.

 ASMU, maquinación. (ASMO, xede, propósito).

 ASTEARTE, martitzen.

 AT, kanpo, landa, fuera.

 ATEKA, situación espinosa.

 AUKERAGARRITASUN, opcionalidad.

 AUSARTZIA, valentía. (Ikus «Axularren Hiztegia».)

 AZKARTZE, sendotze.

B

 BADAEZPADAKO, de dudoso valor.

 BAILIREN, balira bezala, como si fuesen.

 BAILITZEN, balitz bezala, como si fuese.

 BAITATIK, baitarik, -gandik.

 BAITEZPADAKO, beharbeharrezko.

 BAKAN, raro.

 BALEARAK, Baleares. (BALEAR IRLAK, Islas Baleares.)

 BATASUN, elkarte, elkargo.

 BATIPAT, batez ere, bereziki, guztiz ere.

 BATZORDE, comisión, comité.

 BATZUK, unos. (BATZUEK, los unos.)

 BATZUEN, de los unos. (BATZUREN, de unos.)

 BEDEREN, behinik behin, behintzat, gutienez.

 BEHIALA, behinola, en otro tiempo, autrefois.

 BEHINIK BEHIN, behintzat.

 BEHINOLA, behiala, en otro tiempo, autrefois.

 BELAUNALDI, generación.

 BEREZITU, especializado.

 BEZERO, cliente.

 BIDE, beharbada, nonbait, agian.

 BIDEZKO, justo, normal.

 BIKAIN, excelente.

 BILAKA, bihur, transformar.

 BILAKATU, bihurtu.

 BITZUEK, los dos grupos.

BIZ, izan bedi. (Izan aditzaren forma.)

BOLADA, unada, temporada.

 BORTIZKI, fuertemente.

 BURKIDE (buru + kide), camarada.

D

 DAGOENEKO, honez gero, engoitik, para ahora.

 DAGOKE, dago nonbait.

 DAITEKEA, ahal daiteke?

 DAKIKEGU, dakigu nonbait.

 DAKUSA, ikusten du.

 DAKUSAGU, ikusten dugu.

 DAKUSAT, ikusten dut.

 DATEKE, da nonbait.

 DEA (da + a), ahal da?

 DESERDIRATZE, descentralizar, descentralización.

 DEUS, ezer.

 DEUSEZTATZE, ezereztatze, destruir.

 DUKE, du nonbait.

 DUKETE, dute nonbait.

E

 EGUBERRIZ, Gabonetan.

 EGUN, gaur.

 EGUNSENTI, aurora.

 EMAN, ejecutado.

 ENGAIA, comprometer, engager.

 ENGAIATU, comprometido, engagé.

 ENGOITIK, honez gero, para ahora.

 ERABAT, guztiz, osoki.

 ERABATEKO, completo, total.

 ERAGIN, eragipen, influencia, acción.

 ERAKUNDE, organismo, entidad, institución.

 ERDITZE, parir, parto, enfantement.

 EREMU, terreno, dominio.

 ERITEGI, centro sanitario, maison de santé.

 ERIZPIDE, criterio.

 ERORI, jausi.

 ERORTZE, jauste.

 ERRALDOI, gigante, géant.

 ERRITU, rito.

 ERRU, hoben, culpa.

 ERTZ, hegi.

 ESAMESA, erran-merran, habladuría.

 ESETSI, ataque.

 ESKUHARKI, generalmente.

 ESKUALDE, comarca, región.

 ETEKIN, provecho, producto.

 ETORKI, origen. (Ikus «Axularren Hiztegia».)

 EUSTE, sostener, apoyar, agarrar, asir.

 EZABA, borrar, effacer. (EZABATU, borrado, effacé.)

 EZABATU, borrado, effacé.

 EZEZE, ezezik, no solamente.

 EZEZIK, ezeze, no solamente.

 EZKUTATZE, ocultar. (Hitz hau ezkutu [escudo] berbatik dator.)

 EZKUTU, lugar oculto.

F

 FLEITE, buena disposición, buena forma.

 FROGA, prueba, demostración.

 FROGATU, probado, demostrado.

 FUNTS, fondo, sustancia, esencia.

G

 GABEZ, a falta de. (Ikus «Axularren Hiztegia».)

 GAITZ, eskerga, enorme.

 GARDI, uste, eritzi, aburu.

 GATIK, a pesar de, malgré.

 GEHIGARRI, apéndice, añadidura, accesorio.

 GERA, geldi. (GERATU, gelditu.)

 GIBILERAZTE, disuadir.

 GISA (1), era, modu.

 GISA (2), gisako, bidezko, justo, normal.

 GOGOANGARRI, memorable.

 GONBITE, invitación.

 GORABEHERA, a pesar de, malgré.

 GURPIL, rueda, roue.

 GUTUN, eskutitz.

H

HAATIK, hala ere.

HAINTZAKOTZAT, haintzat, en consideración.

HALABER, así mismo, también.

 HALA NOLA, por ejemplo.

 HALEGIA (hala + egia), a saber, es decir esto es. (ALEGIA, ficción.)

 HARAT-HONAT, vaivén.

 HASERA, haste, hastapen, comienzo.

 HASTAPEN, principio.

 HAUK, honeek. (Hauek aktibo, hauk pasibo.)

 HAUTEMAN, advertido, notado.

 HAZIL, noviembre.

 HEDAKETA, hedakuntza, zabalketa, zabalkuntza.

 HEDATU, zabaldu.

 HEIN, nivel, grado.

 HELDU (1), próximo.

 HELDU (2), agarrado, asido, saisi.

 HERTSI, hetsi, cerrado, fermé.

 HEZIKETA, hezkuntza, hezkunde, educación.

 HILTZER, a punto de morir.

 HONDA, suntsi, destruir. (HONDATU, suntsitu, destruido.)

 HORIK, hoik, horreek. (Horiek aktibo, horik pasibo.)

 HORREN, hoin, tan.

 HORRETAZ, por consiguiente.

 HOTS, a saber, es decir, esto es.

 HUNKIPEN, emoción.

 HURA, ha.

I

 IDAZKARI, sekretari.

 IGANDEKARI, en domingo.

 IGORRI, bidali, bidaldu.

 IHARDESTE, erantzute.

 IHAUTERI, carnaval.

 IHAZLEHEN, año antespasado.

 IKUSGARRI, espectáculo.

 INKESTA, encuesta.

 IRAGAITZAZ, incidentalmente, de paso. (Ikus «Axularren Hiztegia».)

 IRAIN, injuria.

 IRAUNKOR, permanente.

 IRISTE, heltze.

 IRITSI, heldu.

 IRTEN, urten, atera, jalgi.

J

 JADANIK, ya.

 JAGOTE, zaintze.

 JALGITZE, ateratze, irtete.

 JARRAIKI, asiduo.

 JARRERA, postura, posición, actitud.

 JASA, lluvia fuerte, forte pluie.

 JASATE, soportar.

 JASO (1), altxatu.

 JASO (2), recibido.

 JASOTZE, biltze.

 JAZARPEN, esetsi, ataque.

 JAZOTZE, gertatze.

K

 KAPERA, capilla.

 KASU, por ejemplo.

 KOLDAR, cobarde.

 KUDEATZAILE, gerente.

L

 LAGA, utz, dejar, laisser.

 LAIDO, baldón, afrenta, ultraje.

 LANDA, at, kanpo, fuera.

 LANKETA, lan bila.

 LAPRASTADA, resbalón, resbaladura, glissade.

 LAR, larregi, gehiegi, sobera.

 LARRIKI, a grandes rasgos, a grands traits.

 LEKUKO, testigu.

 LELO, cantinela.

 LERRATZE, deslizarse, glisser.

 LISKAR, disputa, altercado.

M

 MAIZ, sarri.

 MANU, poder, autoridad.

 MATXINADA, levantamiento, rebelión, motín.

 MENDEBALDE (mendebal + alde), occidente, Oeste.

 MERKATAL, comercial.

 MULTA, amanda.

N

 NABARI (1), evidente, notorio, patente.

 NABARI (2), advertir, notar, percibir, sentir.

 NORVEGIA, Noruega.

Ñ

 ÑABARDURA, matiz, nuance.

 ÑEURRI, medidita, pequeña medida.

O

 OIHARTZUN, eco.

 ORDEZKARITZA, delegación.

 OREN, ordu.

 ORO, guzti.

 OROBAT, igual, igualmente.

 OROKOR, general.

 OSTEGUN, eguen.

 OSTERA ERE, berriz ere.

 OSTERANTZEKO, bestelako, diferente, diverso.

 OTSAIL, febrero.

 OZPINDU, avinagrado.

P

 PEKO, menpeko.

 PELAT, ochavo, liard.

 PERIL, peligro, danger.

 PETRAL, revoltoso, travieso.

 PRINTZERRI, principado.

S

 SALBORIK, salvo, en estado de sano y salvo. (Ikus «Axularren Hiztegia»)

 SINADURA, firma. (Azken bokala galtzen du hitz elkarteetan.)

 SINATU, firmado.

 SOBERA, gehiegi, larregi.

 SOS, diru.

 SUHAR, ardoroso, fogoso, entusiasta.

 SUKAR, fiebre.

 SUPERRIZAR, superstar, superestrella.

T

 TANKERA, estilo.

 TRAPAGA, San Salvador del Valle.

U

 UDAL, municipio.

 UDALETXE, Herriko Etxe.

 UKAN, izan. (Ukan aktibo, izan pasibo.)

 UKITU, tocado. (HUNKITU, emocionado, conmovido.)

 UKITZE, tocar. (HUNKITZE, emocionar, conmover.)

 URLIA, fulano, un tel.

 URRATS, pauso. (PAUSU, descanso, reposo.)

 URTARRIL, enero, janvier.

 USAIA, costumbre.

X

 XEDE, propósito.

 XOKO-MOKO, lugarejo, pueblacho.

 XURITU, zuritu, justificado, disculpado.

 XURRUTA, chorro.

Z

 ZANTZU, barrunto, señal, indicio.

 ZARATEKETE, zarete nonbait.

 ZEINTZU, cuáles. (ZEIN, cuál.)

 ZEREN, ze, pues.

 ZERGA, impuesto, contribución.

 ZILEGI, lícito.

 ZINETAN, benetan.

 ZINEZ, benetan.

 ZUZENBIDE, justicia. (HELBIDE, dirección, adresse.)