ANAITASUNA

293. zenb.

1975.eko martxoaren 15ekoa

Pelota, 4 - 1.º - Bilbao-5

Tel. 23 74 49 - Apart. 495


ANAITASUNA BIZKAIA

HAMABOSTEROKOA

JABEA:

San Frantziskoren Hirugarren Ordenako Batzarre Nazionala.

Batzarburu: Miguel Zapata (Goya, 25. Madrid-1).

ZUZENDARIA:

Joan Mari Torrealdai.

Urteko abonamendua:

Bertorako 300 pezeta

Latin Amerikarako 320 »

Europa eta Ipar Amerikarako 330 »

Ale bakoitza: 15 pezeta.

INPRIMATZAILE:

Imprenta AMADO - Mazarredo, 35 - Bilbao-10


Europa ba(na)tua 1975. EEE ez da EHE

 «Europaren Urtea» izendatu zuen aspaldi batetan Kissinger jaunak joana zaigun 1974. Baina urte eskasa izan da Europaren autonomiaren eta batasunaren bidean, Europako Batzordearen buru den Ortoli jaunak esan duenez. Otsailaren 19an, ihazkoari begiratuz eta aurten egitekoa aurkeztuz egin zuen hitzaldian, honela mintzatu zen Ortoli: «Bere independentzia eta batasuna lortzeko, urrats* handiagoren premian dago Europa. Funtsezko arazoetan atzeraka ari gara. Gure independentziak atzera jo du; gure asmoak kaxkartu egin dira; geure instituzionalizazio bidean ia* huts egin dugu».

Eta Europaren ekonomiazko, politikazko, gizartezko eta instituziozko batasunari aurrera eragiteko programa agertu du Europako Bederatzien ordezkariak. Horretarako batez ere, eta berehalako arazoak konpontzeko, Europako Ekonomi Elkarteko bederatzi Gobernuen buruak bilduko dira aurten.

Aurten bilduko dira, halaber, Europako Apezpiku Konferentzien buru eta ordezkariak. Urte Saindua Erroman ospatzen denez, beren bilera nagusi hau Erroman egingo dute, Europako «Elizen» elkarganatzea eta batasuna Aita Sainduaren inguruan finkatu nahian edo.

Hogei urte geroago

 Aurten betetzen dira hogei urte, 1955.ean Europako Ekonomi Elkartea (EEE) sortzea erabaki zenetik. Urte hartan Messinan bildu ziren ministruek, Europaren batasuna aurren aurrenik ekonomi mailan egin behar zela erabaki zuten, eta ez politik mailan. Politikazko batasuna gerorako utzi zuten. Izatez, aukerapen eta erabaki haren ondorioak ez ditu oraindik Europa «batuak» gainditu

Europaren une honetako egoerak, orduan agertu zen eta argitu gabe utzi zen zalantza bera nabarmentzen du: hau da. elkartasunaren eta batasunaren arteko eztabaida, ekonomiazko elkartasunaren eta politikazko batasunaren arteko eztabaida, halegia. Ekonomi mailako Europatik politik mailako Europara, maila aldatze bat dago, eta ez urrats bat ematea bakarrik, orduan eta geroztik ere uste izan den bezala. Bigarren mailara igan ez delarik, Europaren elkartasuna (ekonomiazkoa ere bai) oso makaldurik gertatzen da gaur, Europa batuaren ezina nabarmenduko balu bezala. Azken hilabeteetako energi astinaldiak eta ondorioek nabarmenago jarri dute oraindik ere Europaren politik batasunaren makala, Europa ekonomi aldetik ere besteren menpean delarik.

Europaren batasunak gorabehera handiak izan ditu azken urteotan: urrats bat aurrera eman ondoren, beste bat eta erdi atzera emanez. Hamar izatera heldu zirenak, berehala bederatzira jaitsi ziren. Oraindik ere Ingalaterrak zalantzan daduka, eta erreferendum baten zain, Europarekiko bere lotura. Bestalde, Europaratzenago zuen itsas azpiko tunelaren asmoak ere pikotara* bota ditu Ingalaterrak, Concorde hegazkinak Frantziarekin batera egiteko akordioa pikotara joan zen bezalaxe. Ekonomiazko interesak burrukan jartzen direnean, suntsiturik* gelditzen da ekonomian oinharritu nahi den Europaren batasuna. Horregatik, energiaren eta inguruko ekonomia osoaren krisiak, zalantzan eta larritasunean jarri du Europaren politikazko, gizartezko eta instituziozko batasun bide osoa. Hala ere, lehen eta oraindik, elkartasun eta batasun hitzak jaulkitzen* dira eta bilerak antolatzen.

 Makaldua agertu da, halaber, azken urteotan eta azken Sinodoan, Europako Elizaren indarra eta eragina. Orain dela hamar bat urte eta Kontzilioaren ondoren abiatu zen Europako Apezpiku Konferentzien Kontseilua. Latin Amerikako Apezpiku Konferentzia lehenagokoa da; hemen, ordea, ez zen Europako Konferentziarik sortu, Konferentzien Kontseilua baizik, Konferentzia bakoitzaren beregaintasuna ez urratzearren edo.

Estatuak, Elizak, Herriak

Europarrek, Europako herriak, Europako Herriek ba ote dakite, gero, ezer, Estatuek antolatu duten ekonomi elkarteaz edo Elizek eratu duten elkarteaz? Herriak, Herriek zer parte hartu dute elkarbide honetan? EEEk Europako Ekonomi Elkartea adierazten du; berdin adieraz dezake Europako Estatuen Elkartea eta Europako Elizen Elkartea ere. Baina ezin dezake Europako (H)errien Elkartea adieraz... Berriz ere H dontsu* horrek hondatu! Elizen eta Estatuen batasun bidea konparatzen badugu, elkarrekiko erreferentzia asko aurkitzen dugu.

1. Estatuen batasuna ala Herrian batasuna?

 EEE, haseratik eta oraingoz, Gobernariek eraturiko elkartea da, eta Estatuen mailan, hain zuzen ere. Politik mailako batasuna onhartzeak oraingo Estatuen beregaintasun osoa ukatzea esan nahiko luke, horien gainetiko Europa batu bat sortzeko. Baina Europako Estatuen («nazioen») elkartasunetik Europako Herrien batasunera maila handia dago. Izan ere, orduan Europaren batasunaren eragileak askozaz gehiago lirateke: Europan bizi diren Herri txiki eta handi guztiak, hain zuzen ere, eta ez oraingo Estatuak bakarrik.

Kapitalaren, merkatuaren eta turismoaren ekonomiazko nazioartekotasuna edo Estatuartekotasuna gauza bat da; besterik da, ordea, gizonen eta langileen «gizartekotasuna» eta Herrien «herriartekotasuna», hauk egiterik ez baitago diru eta ekonomi maila hutsean: kultur eta politik mailan lortzekoak dira batez ere. Zenbaitzuk «Europako Estatu Batuak» hartzen dute Europaren politikazko batasun tankera* eta formula bezala. Zeintzu Estatu izango diren jakin behar, ordea. Oraingo Estatuen batasuna izango bada, ekonomiazko elkartasunetik urrats txiki bat ematea besterik ez litzateke, eta ez ginateke 1955.etik urruti geratuko. Europako Herri guztien Federazio bat izango bada, berriz, orduan beste maila batetako batasunera iraganen gara.

 Europako Herriak zatituta daude, eta zatituta iraungo lukete, Estatuak elkartuko balira ere. Europa batuak ez, eta bai Europa banatuak iraungo luke; eta «batutako» Estatuak Europako Herriak «erdibanatuko» lituzkete.

 Kapitala da Estatuen bitartekoa, orain arte egin nahi izan den Estatuen Europarako. Ekonomiaren politika egiten dute Gobernariek Europa batua lortzeko. Langileek, ordea, zer joko eta zer esku dute batasun bide horretan? Europako emigrazioaren fenomenoa historian inoiz gertatu ez den ainakoa* da. Eta halabeharrezko emigrazioa ez da Herriak elkartzeko eta batzeko biderik egokiena. Aurten emigranteei ekonomi krisiak ekarri dien zoritxarrak, beste ezerk baino nabarmenago jartzen du zein makala, zein azalekoa, zein urrutikoa den Europaren batasuna. Izan ere, haseran ekonomiaren eta Estatuen batasuna bezala abiatu zenak, hogei urte geroago ekonomiaren eta Estatuen batasunaren ahula eta merkea nabarmentzen du.

2. Elizaren batasuna ala Herriaren batasuna?

 Kontzilioaren ondoren sortu diren Apezpikuen Konferentziak, Hierarkiaren mailakoak dira, Apezpikuen mailakoak hain zuzen ere. Era berean, Europako Konferentzien Kontseilua Eliz Hierarkiaren goi mailan gelditzen da, Jainkoaren Herria den Elizaren batasuna urruti gelditzen delarik.

 Baina ez da hori bakarrik, Europako Apezpikuen Kontseilua herriagandik urrutiratzen duena. Europako Apezpiku Konferentziak Europako Estatuen mailan eratuta daude, eta ez Europako Herrien mailan. Berriz ere, Eliz Hierarkiaren batasuna egin nahi den neurrian, Jainkoaren Herriaren zatikatzea nabarmentzen da eta sakontzen. Horregatik Hierarki mailako batasuna ere ustela gertatzen da. Apezpikuen eta Konferentzien elkartasuna lortuz ere, ez dugu artean Europako Elizen (Herriei dagozkien Elizen) batasuna eta elkartasuna lortu. Apezpikuak ez dira sarritan apezpiku beren Herrietan, beren Estatuetan badira ere. Roger Etchegaray jauna da, hain zuzen ere, Europako Apezpikuen Kontseiluaren burua: euskalduna berau, baina Marseillan artzapezpiku; Baionako bi apezpikuak, ordea, arrotzak dira, frantsesak, halegia.* Iruineko Méndez jauna eta Gasteizko Peralta ere ez ditugu euskaldunak. Egoera honek ez du Europako Herri Elizen batasuna laguntzen.

Elizaren aldetik ere, Europako Apezpiku Konferentzien Kontseiluak Europako Herrien zatiketa mantentzen du, Estatuen batasunari eutsi* nahi diolarik. Honela, Europako kristau herriak banatuta, zatikatuta irauten du. Eta «batutako» Apezpiku Konferentziek kristau herriak «erdibanatzen» dituzte. Azkenik, Estatuek eta Elizek Europako Herri zatikatuen eta banatuen fruitua bien artean erdibanatzen dute.

 Estatuek, kapitala bitarteko dutela, ekonomiaren politika egiten badute, Elizek, Estatuak bitarteko dituztela, politikaren ekonomia egiten dute. Eta kristau herria hor doa, Apezpikuen Konferentzien eta Konferentzien Kontseiluaren berririk ez duelarik, hori guztiori oso urrutiko gertatzen baitzaio.

3. Batzaile ala banatzaile?

 Batua ala banatua dago 1975.eko Europa? Batu ala banatu egiten dute Estatuek eta Elizek gaurko Europa? Estatuek nahiz Elizek ba dakite botere eta hierarki mailetan batasun bideak eratzen eta urratzen. Baina botere maila horretatik herria erdibanatzen dute.

Kultur mailan eta fede mailan, langileen mailan eta kristauen mailan: Herriaren eta Herrien mailan batasuna eta elkartasuna bilatzen ez den bitartean, botere jokoak egiten ari dira Estatuak eta Elizak, eta ez herri lanak.

Europako Estatuen eta Elizen Elkartea ez da Europako Herrien Elkartea (EEE ≠ EHE); ez eta Europako Ekonomi Elkartea ez da Europako Langileen Elkartea (EEE ≠ ELE).

 H mutua da gu gehienontzat eta hizkuntza askotan, langileak kapitalaren aurrean eta kristau herria Hierarkiaren aurrean mutu dauden bezalaxe.

Paulo AGIRREBALTZATEGI

daude, dagoz

die, deutse

dio, deutso

zaigu, jaku


Irakurleen eskutitzak

1975, otsailak 13

Anaitasunaren Zuzendaria

Pelota, 4-1.º - Bilbao-5

Posta kaxa: 495

 Zuzendari jauna. Eskutitz hau zure Anaitasunan argitaratzeko eskatuaz bidaltzen dizut.

Anaitasunaren 290 zenbakian, «BI JOKABIDE DESBERDIN» tituluarekin J. L. Lizundiaren lantxo bat azaltzen da, ni aitatuaz.

Lehenbizi, Euskal-Herriaren ordezkari izateko titulurik ez dut. Gainera, eta Lizundia nerekin ados etorriko da, ordezkaritza hau hauteskunde herritar baten bidez ematea, Demokraziaren A B C dela; edo ta nik behin ere konprenitu ez dedan, dohain edo karisma batekin, inork bere burua ordezkari egiten ez badu.

Bigarren, Lizundia jaunak argitaratutako lantxo honetaz gainera, «Diario Vascon» urtarrilaren 12-an Bruselasetik etorritako laburpena irakurri balu, jakingo zuan, Ramon de Sotak, Europa-elkarteko gizonen artean, gure Herriaren arazoa, Sotarena eta nerea alegia, agertu zuala; gainera hitz oso argiekin, bai nik onhartzeko, eta uste dut, bai Lizundia jaunak ere.

Onek esan nahi du, nik «JUNTA DEMOKRATIKATAZ» bakarrik hitz egin banun, Sota jaunak Euskal-Herriaren nortasuna gogor defenditu zualako izan zela, eta bakoitzak epe berezia gendukalako, gai berdinetan ez erortzeko.

Hirugarren, eta azkenik, onek ez du esan nahi Euskal-Herriaren, gure herriaren, nortasun politikoak, sozialak eta kulturalak, arazo guzti hauek kezkatzen ez nautela; bai, eta gainera Lizundia jaunari ukatzen diot, erderaz esaten den «Patente de corso» kontrakoa aurpegira botatzeko.

Orain dela hilabete batzuek, Madrileko ikastetxe nagusi batean emandako hitzaldian, arazo hau argi eta garbi aipatu nuen, han bildu ziren entzuleak Euskal-Herriaren eskubideak onhartu zitzaten. Gainera, zorionez, Euskal-Herriko eskubide hauek Peninsulako sektore sozial zabalak onhartzeko lana egiten ari den talde batean nago; eta ez bakarrik onhartu, baizik eta kontura arazteko, Herri arazo onen soluzioa, Estaduaren sorkunde demokratikoan, faktore garrantzizkoa eta ahaztu ezin dezaketena dela.

Biotzez agurtzen zaitu:

Enrique Múgica Herzog


"Iberia Express"

Portugal berriro ere

1974.eko apirilaren 25a: zurrumurruak zabaldu dira Portugaletik. «Dinamarkako ustelaren kiratsa», aspalditik Portugaletik hedatua,* egia zen. Berrogei urtetako agintarismoak lur jo du, Harmadaren* eskuetan. Erori* egin da Caetanoren Gobernua, Salazarrek eraikitako erregimena. «Krabelin iraultzaren» egunsentia* argitu da Lisboako karriketan.* «Biba askatasuna!».

 Kasik urtebete joan da, eta politik mugimendua berriro ere bizkortuko da Portugalen aurtengo apirilean. Hauteskundeak* datoz, eta Harmadak eta alderdi politikoek demokrazi eskaintza bat egin nahi omen diote herriari. Hori, bai: bakoitzak nahi duen demokrazi jatortasunaren arabera.* Harmadak bere boza jaso du, agertu du esateko zuena, ekonomi birmoldaketa bat eskainiz eta elekzio aurretik baldintza batzu ezarriz. Hortxe, bi puntu horietantxe baitago eztabaida politikoaren gakoa: Zer ekonomi moldaketa? Zernolako eta zertarako hauteskundeak?

Alderdi guztiak ez dira ados, erabaki behar diren arazo hauetan: Nolakoa izanen da etorkizunean Portugaleko ekonomiaren egitura?* Nola hartuko du parte Harmadak Estatuko politikan? Eta zer toki emango die Harmadak alderdi politikoei?

«Premiazko Ekonomi Plangintza»

 Otsailaren* 20an eman da ezagutzera, Harmadak moldatu duen «Premiazko Ekonomi Plangintza». Portugal oso gaixo da ekonomiaren aldetik. Mundu osoa krisialdi larrian aurkitu den unean bertan, galdu egin ditu Portugalek bere kolonia aberatsenak. Odol husturik aurkitzen da Estatua eta nazioa. Europak ere ez du orain sobera* lagundu nahi: herbesteraturiko langileria etxera itzuli beharrean aurkitzen da. Plangintza baten premiatan dago Portugal.

 Plangintza honek «Apirilaren 25aren» jarraipena izan nahi du: demokrazia bat egin, baina ekonomiaren gidaritza aginte politikoaren eskuetan dela. Ez da jabetasun pribatua ukatzen, baina jabetasun horren instituzionaketa monopolio gabeko moldaketa baten barnean ulertu behar da. «Harmadaren Mugimenduak sozialtzailea izan behar du». Ekintza honek bi fronteri erasoko* die gogor: estrategia antimonopolista honen aurka datozen talde ekonomikoei eta langileriaren barnean anarki bidetik jo nahi dutenei.

Plangintzaren helburuak holatsu labur litezke. Gizartezko kontsumoari emango zaio lehentasuna, eta ez bakoitzarenari. Izpiritu honekin doala, helburu jakin batzu izendatu zaizkio plangintzari: lantokien segurtapena inbertsio berrien bidez, inflazioa geldieraztea, irabazien banakuntza zuzenagoa behartsuenen faboretan bereziki.

Estatuak eskuharmen bizkor bat hartuko du ekonomiako sail nagusietan. Meagintzan,* siderurgian, harmagintzan eta elektrik etxeetan, 51 % akzio Estatuaren eskuetara pasatuko dira. Laborantzan, mugatu egingo da bakoitzak labora dezakeen lurra: erregadiodunetan 50 hektarea izanen dira gehienik. Arrantzan,* Estatuak berak sortuko ditu entrepresa berriak. Itsas konpainietan Estatuak hartuko du akzioen gehiengoa.* Etxegintzan ere, Estatuak sortuko ditu, lurraren espekulazioa ito nahirik, premiazkoak diren entrepresa publikoak.

 Hauk* dira luzarora bultzatu nahi diren egitekoak, orain dauden berehalako betekizunak ahantzi gabe. Ezker muturrekoek ez dute batere ausarta* aurkitu plangintza hau; eskuinekoek, berriz, estatukrazia iraultzaile baten maliobratzat hartu dute. Erdiak eta ezker demokratikoak begi onez ikusi dute, ordea.

Estatu berriaren instituziogintza

 Plangintzaren azpitik politik ideologia zenbait dabil, noski. Portugaleko Harmada, ideologiaren bat hautatuz ari da politika egiten. Egia da, Harmadaren profesiotasun hutsa ere gorde nahi duela Harmadaren hegal batek; baina Indar Harmatuen Mugimenduaren batzorde koordinatzailea geroz eta bide politikoagoa hartuz doa. Lehenik, ekonomi politika bat hautatu du; eta, hori guztiori alferrikakoa eta ustela gerta ez dadin, orain politika hutsaren instituzioak bereganatu gura lituzke.

Hauxe da, bada, bigarren puntua: Harmadaren egiteko politikoari instituzio moldaketa bat eskaintzea. Portugalek behinbehineko* Gobernua du orain; Parlamenturik ez du; harmagizonak dira benetako gobernari. Eta, bien bitartean, legez onhartuta dauden bost alderdi politikoak geroari beha* daude erne. Orainaldiaren eta etorkizunaren artean, guztion begirale eta zuzentzaile bezala Harmada dago.

 Indar Harmatuen Mugimenduak (IHMk) hiru instituzio modu eratu ditu orain arte: a) Salbabide Nazionalerako Batzarrea, b) Batzorde* Koordinatzailea, c) Harmagizonen Kontseilu Nagusia (edo 20en Kontseilua). Guztion kontsultagailu bezala, IHMren Kontseilu Osoa dago, «200en Kontseilua» deitu dutena, halegia.* Nolabait esateko, Gobernuaren parean Gobernuaren gaineko beste managailu bat daduka Portugalek orain. Alde batetik, nazioaren edo Estatuaren Konstituzioa egiteke* dago, jaio gabe. Baina, bestetik, herriaren ordezkari hautatuek deus* erabaki aurretik ere, Portugalen ba daude dagoeneko* zenbait konstituziogai deliberaturik. Edo horixe esan da behintzat.

Apirilean izan behar dute hauteskundeek, Parlamentu Konstituziogilea aukeratzeko, hain zuzen. Hala ere, IHMko Kontseilu Osoak onhartu du aldez aurretik, zernolako mugen barruan lan egin beharko duen Parlamentu horrek: «Portuges demokraziaren bultzatzaile eta babesemaile» Harmada izango da, esan du Vasco Gonçalves jaunak. Eta, egiteko hau betetzeko, eta ekonomi plangintza ere bete dadin, instituzionatu egin beharko da Harmadaren partaidetasun hori.

Harmadaren politik instituziogintzak, ostera, ba ditu bere gorabeheratxoak. Politik alderdiak ere hor daude; eta ba dirudi, hauk direla politika demokratiko baten tresna jatorrak. Nola ezkon elkarrekin alderdi hauen lana eta IHMk ezarri nahiko lukeen gerizpea?

Bistan dago, aipatutako IHMren hiru gobernagailu haik* instituzioen artean sartzeak, Parlamentu Konstituziogileari konstituziogai bat ezartzen diola. Beronek ez ditu libre izanen eskuak, inola ere. Eta hau ere aitortu du IHMk. Harmadaren partaidetasun hau bi epetan beteko litzateke, diotenez.

 Lehen epea, urte honen azkenerainokoa, Parlamentu Konstituziogilearen garaikoa izanen da, hau da, abendu aldean-edo Parlamentu Legegilea aukeratu arte. Hilabete hauetan, Ministruen Kontseiluak agintea ongi mugaturik izanen luke, eta benetako aginpidea Salbabide Nazionalerako Batzarrean eta Harmagizonen Kontseilu Nagusian egongo da. Holako zerbait da, bederen,* usnatzen* dena.

Parlamentu Legegilea hautatzean, «demokrazia babestu» bat hasiko litzateke, 1978.aren lehen hilabeteetaraino. 1976-1977.etan, beraz, Harmadaren betekizuna, «Apirilaren 25eko» izpiritua eta «programa» zaintzea izango da. Programa horren barnean, aurkeztu dugun Plangintza Ekonomikoa betetzea da eginkizunik nagusiena. Agintera igan litekeen alderdiak ez du hura* desegiteko eskubiderik. Horrelakorik gerta ez dadin, beharbada, «20en Kontseilua» nahiz «Kontseilu Osoa» Gobernuaren kontsultagailu bilakatuko* da.

Hitz batez esanik, azken hamar hilabeteetako politik ekintzen fruituak salbatu nahi dira, eta kalegizon eta harmagizonen artean egindako plangintzak aterpetu. Prest daude militarrak agintea uzteko, baina ez fruitu baik ongi segurtatu aurretik.

 Alderdi politikoek ez dituzte guztiek berdinki ikusten Harmadaren proposamenak; ondoko asteetan argituko dira asmo hauen xehetasunak. Bost alderdietatik bi (Alderdi Komunista eta Portuges Mugimendu Demokratikoa, halegia) oso osorik daude ados Harmadaren proposamenarekin; baina Alderdi Sozialistak eta Herritar Alderdi Demokratikoak ez dute berehala onhartuko. Boskarrena, berriz (Zentro Demokratiko Soziala), zain zain dago. Beste gauza askotan bezala, geroak erakutsiko du nora doan instituziogintza hau. (Joanes Goia)


"Iberia Express"

Otsailaren Hamabia

 Urtebete pasatu da, Arias Navarro Gobernuko lehendakari jaunak «irekitasun» asmoak azaldu zituela.

 Urtebete honetan, izan da gertakaririk* aski* Espainiako politikan, aro* bare eta epela ez dela izan esateko.

 Erregimenaren historian ez da izan beharbada bolada* bereagorik eta krisi sakonagorik. Aztertzen ari garen urtebetean izan diren burrukak, eztabaidak eta istiluak, ez dira izan. besteetan batez beste gertatu izan direnen tankera* berekoa. Egungo* egoerak bai baititu ezagugarri berezi batzu:*

a) Franco jenerala urtetan aurrera doa: eta bistan dago lehentxoago edo geroxeago, pertsona bakar baten eskutan* egon den boterea nolabait banatu beharra izanen dela. Udan pasatu zuen gaixoaldiak, are* gehiago nabarmendu du premia hau.

 Berez legean zehazturik dago botere txanda nola alda; baina errealitatea ez dago legearen letra bezain argi. Legeak berak ere ba ditu hutsuneak, ez baitago printzearen ordezkorik izendatuta; baina, hori alde batera utzita ere, indar jokorik ez da falta, legea bete ez dadin (erregimen barneko indarrez ari gara, noski).

b) Gerla ondorenetik gaur arte Espainiako politikak izan dituen muga hestuak, ekonomiaren mekanismoan eragin handia duten sozial indar batzuren*etorkizun asmoentzat lokarri bihurtu dira.

Gobernuak hau konpreniturik, politik elkarteen irtenbidea proposatu du; baina lehendakaria bera ere pozik utzi ez duen soluziobide honek nekez konpon ditzake gauzak.

Ba daude bai oraindik, hori ere gehiegikeria izugarri bat dela diotenak, eta orain hogei ta hamabost urteko garaira itzuli nahi dutenak; baina «gorri» ez den askorentzat ere, soluziobide hori ez da behar litzatekeen urrats* ausarta.* Batez ere Portugal hurbilegi dagoelako, eta Europa oraino urrunegi.

c) Langile burrukak inoiz baino istilu handiagoak ekarri ditu. Sindikatu ofizialaren bideak baino sistema egokiagorik behar litzatekeela azaldu dute langileek; eta ugazaba asko ere horretan ados dagoela dirudi. 1001 prozesuaren berrikustean gaztiguak biguntzea, ez ote da nolabait horixe ezagutzea?

 Ekonomi krisi batetan gaude. Eta, horrelakotan gertatu ohi den bezala, ondorioak langileek bereziki sufritzen dituztenez, burruka ere indartzea normala da; baina, gainera, oraingoan greba askok politikazko kutsu nabarmen bat izan du.

 Langile soilenak bakarrik izaten ziren grebak orain arte; orain, ordea, dendariak, funtzionariak, teatroko jendea aztoratuta* dabiltza.

 d) Unibertsitatea berriro ere istilutan dabil, eta ez nolanahiko istilutan ere. Bi Unibertsitate hitxita* edukitzea ez da txantxetakoa.

 Hauxe da aurtengo Otsailaren Hamabian azaldu den panorama. Urtebeteko balantzea egiterakoan, zerbait azaltzen da garbi: ihaz ikusten ziren premiei erantzun bat bilatzen, ez dakigu zerbait aurreratu den ala ez; baina premia horien larritasuna gero eta gardenago* ikusten da. (Andoni Sagarna)

dezake, daike

dezaten, daien

die, deutse

dio, deutso

diote, deutsoe

ditzake, daikez

ditzakete, daikeez

lioke, leuskio

zaio, jako

zaizkio, jakoz


Zer egin zaborreriarekin?

 Satsuduraren* arazoa aipatzean, sarri askotan lantegiei egozten* diegu erru* guztia. Baina guk ere ba dugu erruaren zati bat, eguneroko zereginetan agertzen dugun burugabekeriaren kausaz. Mendira txango* egitera goazelarik, axolagabeki uzten ditugu bertan janari hondakinak eta bestelako zaborreriak.* Horrela, ez da harritzekoa, edozein mendi bazterretan gure zibilizazioaren haztarrenak* aurkitzea: latontziak,* paperak, plastikozko zerak eta beste.

Hondartzetara hainbat eta hainbat tonelada zaborreria heltzen da urtero. Itsas korronteek edonora eramaten dute zaborreria. Lapurdiko itsas hegira,* adibidez, Espainiako iparraldeko herrietan jaurtikitako zikinkeria asko heltzen da. Hori bai dela inoren bekatua ordaindu beharra!

 Urtero, zabor* kopurua* 5 %etan gehitzen da guti goitibeheiti.* Ordua da, beraz, problema honen kontzientzia hartzeko; bestela, egunen batez, geure zaborrek ito eginen gaituzte eta.

Garaiak aldatuz doaz

 Duela berrogei ta hamar urte (eta oraintsuago ere) etxeetan ez zen ia zaborrik egiten ez jaurtikitzen. Papera, edo gauzak azaleztatzeko* gordetzen zen, edo sua izekitzeko* erabiltzen. Janari hondakinak, txerri, txakur, oilo edo antzeko animalientzat gordetzen ziren. Botilak ere gorde egiten ziren, gero sagardoa, tomatea eta horrelakoak edukitzeko. Jantziek edozenbat* urtetako bizitza zuten, ez baitzen modaren aldakuntza lasterregirik gertatzen. Plastikoa ez zen oraindio ezagutzen. Eta abar. Ezertarako ez ziren azken hondakinak, erre egiten ziren sutegian. Honela, ez zen ia ezer ere alferrik galtzen. Bestalde, geratzen zen zarama* apurra erraustu egiten zenez gero, ez zen zaramategi arazorik sortzen.

Bestelakoa da, gaur egun egiten duguna. Etxean ez dugu animaliarik; beraz, ezin ditzakegu janari hondakinak probetxa. Botilak, ontziak eta estalgarriak geroago eta gehiago plastikozkoak dira; eta, gainera, behin erabiliz gero, botatzekoak. Jantziak edozein aitzakiz baztertzen ditugu. Gasak eta elektrizitateak zokoratu egin dituzte lehengo ikatz sutegiak. Hori dela eta, ez ditugu zaramak erretzen.

 «Erabil eta bota, erabil eta bota». Slogan hau, pentsamolde eta jokabide hau Ipar Amerikatik etorri zaigu. Ekonomiari bultzada emateko asmatu izan zen, eta, egia esan, neurri batez behintzat, lortua du bere helburua. Baina, haren erruz, kontsumismo itsu batetan sarturik aurkitzen gara egun.* Eta kontsumismo hau gure aurka altxatzen ari da. Satsudur problema gogorra dugu. Ez dakigu zer egin zaramekin. Lehen ekaiak,* bestalde, eskasten ari dira. Ezin gaitezke honela bizi. Muga bat jarri behar diogu satsudurari. Zaramen arazoa konpondu egin behar dugu. Muga bat ezarri behar diogu lehen ekaien alferrik galtzeari.

Zenbat eta nolako zaborreria egiten dugun

Europako lurraldeetan, batez* beste, pertsona bakoitzak 250 kg zaborreria inguru egiten du urtean. Ipar Amerikarrek bi bider gehiago egiten dute: 500 kg inguru. Frantzian, adibidez, urtean 11 milioi tonelada zarama ateratzen dira, orotara,* etxeetatik.

 Ikus dezagun zerezkoak diren zaborrak. Lehenik eta behin, zaborren konposizioa aspaldion aldatu egin dela esan behar dugu. Hogei ta hamar urte dela, landare hondakinez eta materia ustelkorrez osaturik zeuden gehienbat. Gaur egun, horrelako zaborrak geroago eta gutiago agertzen dira. Haien tokia paperak hartu du, plastikoak, metalak eta beirak.*

Frantziako zaborreri kasuan, 24 %a ekai organikoa da, 29,6 %a papera, 24,3 %a errautsa,* 6 %a plastikoa, 4,2 %a metala, 3,9 %a beira, eta 8 %a osterantzeko* ekaiak. (Datu hauetako portzentaiak, pisua kontutan harturik emanak dira.) Beraz, Frantzian urtero 3.256.000 tonelada paper, 460.000 tonelada metal, 429.000 tonelada beira, eta 660.000 tonelada plastiko jaurtikitzen dira zarama artean. Ikusten denez, zernahi ondasun dago zabor artean ezkutaturik.*

Zer egiten izan den zaramekin

 Etxe isolatuetan* eta herri ttiki askotan, ez dago zaramak biltzeko zerbitzu berezirik: nork bere gisatara* desager erazten ditu zaramak. Hirietan, ostera, antolaturik egoten da zaborrak biltzeko zerbitzua. Egunero, zaramariek biltzen dituzte zaborrak, eta zaramategietara eramaten kamioiz.

Lehen, kasu batzutan,* besterik gabe uzten ziren zaborrak zaramategietan. Honela, zaramategiok arratoinen erresuma* bilakatzen* ziren, eta —txarrago dena— eritasun* iturri izateko bidean jartzen. Sistema horrekin, inguruak kutsatzeko arriskua zegoen; eta horregatik egun ez dago ia inon ere horrela funtzionatzen duen zaramategirik.

Beste kasu batzutan, estratifikatu egiten ziren zaborrak, zabor geruza* baten gainean lur geruza bat ihaurriz;* gero beste zabor geruza bat, eta horren gainean lurrezkoa; eta honela behin eta berriro. Honetara,* ez zegoen kutsatze arrisku handirik. Gainera, zaborrekin sakonuneak ordokituz, kirol zelaiak eta antzekoak egin izan dira leku horietan. Eibarren, adibidez, honela egin zen Ipuruako futbol zelaia; New Yorken honela egin izan da bertako aireporturik famatuena, Kennedy Airport delakoa.

Beste kasu batzutan, erre egiten izan dira zaborrak zaramategian bertan, baina ezelako* erregailu berezirik gabe. Jadanik* ez da metodo hau ia inon ere erabiltzen, inguruan egurats* satsudura handia sortzen baitu. Hala ere, Bilbon Artxandako zaramategian metodo hau erabiltzen da, eta ondorioak txoriherritarrek eta bilbotarrek jasaten* dituzte eta pairatzen.*

Dena den, aipatu* metodoekin ez dira probetxatzen zarametan dauden ondasunak. Eta, gaur egun, heldu da horietaz ere baliatzeko ordua.

Zaramen ondasunak errekuperatu behar ditugu

 Papera, metalak, beirakiak, plastikozko zerak eta abar fabrikatzeko, lehen ekai batzu* ohostu* behar dizkiogu naturari. Baina kontutan hartu behar dugu, lehen ekai horik* ez direla amaigabeak. Zaborretan dauden paper, metal, plastiko eta beste probetxa bagenitza, ez genioke ohostu beharko naturari horrenbeste lehen ekairik. Beraz, natura bera bizirik gorde gura badugu, zaramen probetxatze eta baliatzeari garrantzi handia eman behar diegu. Papera pilatuz eta birtziklatuz,* hainbat zuhaitzen bizitza salbatzen dugu. Tonelada bat paper zuntz* birtziklatuz, tonelada bat zur ekonomizatzen da. 1,4 milioi tonelada paper birtziklatu izan da Frantzian 1972. urtean. Atera kontuak, zenbat zuhaitz geratu den bizirik horri esker!

Duela zenbait urte, zaramen ondasunak biltzea ez zen begi onez ikusten. Piltzarketariak,* gizartearen piramidean, behe beheko aldean zeuden; baina, denborarekin, aberastuz joan dira. Egun, papera biltzea, txatarra* eta antzekoak biltzea, negozio galanta izaten da (galde, bestela, txatarrariei). Etorkizunean, garrantzi handia hartuko du ogibide honek; modernizaturik, noski. Hori dela eta, hurrengo artikuluan, zaramen ondasunak errekuperatzeko dauden sistemak aztertzea pentsatu ukan* dut.

J. R. ETXEBARRIA


Hementxe denok

Ipar Aldea

Donapaleu egun eta bihar

 Donapaleu,* Baionatik hirurogei eta Pauetik laurogei kilometrotan aurkitzen den herri gotorra* dugu. Azken hamar urte hontan izan du kanbiamendurik. Hango karrikei* behatzen* baldin badiezue, berehala ikusiko duzue azkarki* aldatu, berritu eta edertu direla hango merkataletxeen ate aitzinak. Merkataletxe zaharrik, barne ilun eta nahasirik, ez da gehiago bat ere ikusten.

Donapaleuko merkataritza itxuraz aberatsa agertzen bada ere, ezin dezakegu bide berez esan, merkatariak aberatsak direla. Zeren,* beren etxeen eta tresnen berritzapena egin duten beste ofizio guztiek bezala, diru asko maileguz* hartu behar izan baitute hein* hortaratzeko.

Donapaleuko merkataritza berritu, edertu eta azkartu baldin bada, bere inguruan duen baserri multzo ederrari esker da egin. Zeren, inguruko herri ttipi guztietan, merkataletxe gehienak hetsi* baitira, herriko jendea oraino gutiagotu ere, eta gelditzen dena, auto jauzi* batez Donapaleura, «hirira», baitoa, merkatu eguna izan zein ez izan, bere asteko erospenen egitera.

Eta ez dezagun ahantz esatea, Lurberri etxearen haunditzeak ere bultzada berri bat eman diola merkataritzari. Etxe horrek ehun ta hirurogei bat langile enplegatzen ditu, eta sei mila elkarkide ba ditu.

Donapaleuko merkataritzak, ordea, ez du bere geroa beste ofiziok baino gehiago segurtatua. Zeren, erosgailu guztien prezioa orain arte bezain laster edo lasterrago goiti* joaten bada —egia esan, oraingoz ageri edo nabari* da hala joanen dela—, orduan, merkataritza horren oinarri edo zimendu den jende laboraria gero eta gutiago gastatzeari ariko baitzaio nahitaez. Bizibeharrak hortaratzen badu, xuhurkiago* biziko baita.

Beraz, Donapaleuko merkataritza azken hamar urte hontan ederki muntatu da. Itxura guztien arabera,* ordea, merkatariek oraino indar haundia egin beharko dute, beren egoeraren segurtatzekotz.

 Non aurki dezakete Donapaleuko merkatariek, beren geroaren segurtatzeko egun* beharrezko eta baitezpadako* duten oinarri berria? Lantegintzan, industrian, dudarik edo zalantzarik gabe.

 Zertan da egun? Donapaleuk, bere bi mila bizilagunekin, lantegi bakar bat baizik ez du. Oinetako edo zapata egiten ari dena, eta berrogei ta hamar langileri lana ematen diena.

 Donapaleuk ez du industrial eremurik* muntatu orain arte. Laborantzari, merkatalgoari,* turismoari eta eskolei buruz ditu muntadura gehienak eraiki. Orain, bere biharko bizibidea segurtatzekotz, dudarik ez da, lantegiei buruz behar duela muntadura berrien altxatzen hasi.

 Hortaratzeko, Herriko Etxeak behar du deliberatuki industrial eremu baten apailatzen hasi. Agian,* sobera* berandu gabe hasiko bide* da!

Baionan prefetura?

 Baionako Merkatalgo Ganbarako buruzagi den Saint Martin jauna berriz ere puntu berari buruz ari zaigu, «Activités en Pays Basque» deitu* agerkariko* azken zenbakian egin duen aitzin* solasean.

 Duela hilabete bat jo zuen pilota horrek, Paueko prefeturan ere punpatu* duela dio oraingo hontan, eta oihartzun* on bat ere ukan* duela, zeren prefetuak jakin erazi baitu, alkateen eta bizibideaz arta* duten erakundeen* bilkura batzu,* Pauen egiteko orde, Baionan egin litezkeela.

 Saint Martini ongi iruditzen zaio hori; baina horrek ez du, haren irudiko,* Paue eta Baionaren arteko hauzia osoki xurituko,* zeren, harek dioenez, Baionak administrazio edo bulegaritza* aldetik osotasun bat behar baitu, mugaz haraindiarekin ukanen dituen harremanei bereziki baldintza hoberenekin buru* egiteko.

 Izanen da oraino tirabira franko euskaldunen eta biarnesen artean, Baionan prefetura bat behar dela eta ez dela.

ZABAL 12

 ZABAL aldizkariaren hamaikagarren zenbakia argitaratu berria zaigu. Ba du, oraingo hontan ere, euskaldun irakurle ikasiarentzat non zeri lot.* Eta partikularzki, euskal marxismoaz Jose Azurmendik egina duen idazlan luzea, hogei bat hostoaldetakoa,* «sujetu» eta «objetu» hitzak gai bezala hartuz moldatua. Bistan da, goi mailako lana dela. Hala ere, dudarik ez da, izanen duela irakurle.

 Beste artikuluen gaiak hauxek dira. Euskal departamenduaren gorabeherak, J. L. Davanten lan interesgarria. Gerla ondoko politikazko akordioen urratsak.* Abenduko greba jenerala. ETAko batzu autokritikatuz datozkigu. Legezkoa, justua eta zuzena. Emaztea eta hilortzea.*

 Dezagun esan, bestalde, nola numero honekin batera atera duen ZABALek seiehun bat hitzetako hiztegia, euskara batuan egina. Honek ere izanen bide du baliatzaile.*

Antzerkilariak lanean ari

Negua datorrenean, aspaldiko ohiturari jarraikiz, ezker eta eskuin, gure antzerkilariak lanean hasiak ditugu. Hala nola «Xuri Gorriak eta» izeneko antzerkia, gure adiskide Daniel Landartek ondua,* Hazparnen eman beharra dute. «Paper Mende», aldiz,* Piarres Larzabal Zokoko* erretore jaunak aspaldi egin* antzerkia, Urepele-Aldudeko gazteek eman gogo* dute. «Noiz» antzerkia ere, uste dugunez, beste nonbait ematekoa da. Eta, guk ez jakinean, han edo hemen ari bide da beste talderik ere, antzerki apailatzen, hala nola «Hiruak bat» taldea.

Baigorritik Urepelerako bidea

 Baigorritik Urepelera hemezortzi kilometro dira. Ez da, ordea, beharbada, Ipar Euskal Herri guztian, horrelako beste bide zatirik, jendea horrek bezainbat mintza eta kexa erazten duenik.

Baigorritik Banka, Aldude eta Urepelera doan bide hori ez da behin ere behar den bezala antolatua izan. Noiznahi agertzen diren zuloak noizean behin estal, lehertzen diren harresiak konpon, han hemenka zenbait itzulgune gaixto zabal, eta kitto! Bidea, oro* har, beti bezain txar geratzen edo gelditzen da.

 Urtean behin egiten da Urepelen behi markatzea, maiazkari behiak Sorogaineko bazkalekuetara bidaltzen diren egunean. Egun hortan, bistan da, Paueko prefetua edo Baionako haren ordaina joaten dira Urepeleraino. Eta behin baino gehiago joan dira bata edo bestea helikopteroz, bidea estatu txarregian izanez. Egunero bide hortan gaindi ibiltzen direnak, horrela ibiltzen ahal balira airebidez, ez lukete gehiago kexatzekorik, ez eta haien berebilek* iraupen laburra izateko segurtamenik!

Azken denbora hauetan, beraz, eskualde hortako jendea, eta bereziki jende gaztea, mugitzen hasi zaigu. Bilkura bat baino gehiago egina izan da, dela Urepelen, dela Aldude eta Baigorrin. Bilkura horietan eginak izan diren oharpenak, hiru izkiributan* bilduak izan dira eta hirurak bata bestearen ondotik Paueko prefeturara bidaliak, lekuko alkateen eta 120 bat gazteren sinadurekin.

Orainokoan ez dute ondoriorik izan. Bat baino gehiago gogoetaturik* dago, ez izanen duten ere. Mugaz bestaldean gure anaia nafarrak bide eder batzuren* jabe ikusirik, nolaz ez pentsa, eskualde hortako jendeek berdin bide ederrak izanen zituzketela, baldin, Pariseri lotuak izateko orde, lehenago bezala Iruineari lotuak izan balira egun ere.

Batek baino gehiagok amets egin dugu, Iruinetik Baionarako bide haundiaz. Ideia aspaldikoa da. Eta ez da, oraingo itxuren arabera, hamar dotzena bat urtez eginen. Altabada,* lekuko ekonomilari guztien arabera, Nafarroako bizidearentzat baitezpadakoa* da Baionako itsasportua.

Zorigaitzez, Pariseko jaunek ez dute begi onez ikusten, Iruineak Baionarekin muntatu nahi lukeen ekonomiazko lokarri berri hori. Madrilek bere aldetik berdin. Eta azken urte hauetan bide haundi horren egitea erabaki ez baldin bada, huts egiteko beldurrik gabe esan daiteke, Parisegatik izan dela.

Hala ere, bide haundi hori egun batez eginik ikusteko esperantza ez dugu galdu nahi.

Gexan LANTZIRI


Hementxe denok

Bizkaia

Kantari talde berri bat Barakaldon

 Bizkaiko herri haundi —130.000 bat bizilagun ditu— eta erdaldun honetan, euskal kantari talde berri bat sortu da iragan otsailean.* Hamabost urtetatik hogei ta bost urtetararteko zazpi neska-mutilek osatzen dute taldea: hiru jole eta lau kantari.

Taldearen izena, Sorginzubi; eta haren oraingo xedea,* euskal kantu zaharrak biltzea eta zabaltzea. Otsailaren 2an, igandekari,* atera ziren lehen aldiz jendearen aurrera Barakaldon, txalo eta goresmen ugari bilduz. Zorionak, eta iraupen luzea ukan! (Joan Mari Mendizabal)

Bilboko azpitrenaren asmoa aurrera doa

 Ihaz ezaguterazi zen, Bilbo eta inguruko herrietan zehar lur azpiko tren bat egiteko asmoa. Egia esan, beharrezkoa zuen eskualde* honek holako tren bat, oraingo komunikabideak guztiz eskasak baitira, bertan bizi dan milioi bat lagun ingururentzat.

Baina nola egin? Nork? Nondik atera dirua? Etxe eta Bidegintza Ministergoak dei bat egin zuen. Dei horri erantzuteko, iragan otsailean batzarre berezi bat egin du Bizkaiko Diputazioak. Batzarre horretan elkargo* berezi bat sortzea erabaki zen, Estatuaren, Diputazioaren eta tren horrek zeharkatuko dituen herrietako Udalen* artean. Baina gauza xelebre bat: Estatua Diputazioarekin sartu omen da harremanetan, Bilboko Udala alde batera utziz. Horregatik, Diputazioaren eta Bilboko Udalaren artean tirabira batzu* sortu omen dira. (Joan Mari Mendizabal)

Bilboko «Bizkai» taldearen deia

Bilboko «Bizkai» taldeak, bere eginkizunen berri emanez, horri batzu* banatu ditu hiriko zenbait alderditan.

Gure talde hau sortu berria duzu. Gure ardura bereziena Euskal Herriko folklorea jorratzea eta zabaltzea da, ahal dugun neurrian, gure herrietan galduz doan folklorea herriari azalduz.

Herriaren kultur maila jasotzeko* kezka honek, gehienoi hain ilun zaigun euskal folklorearen mundura sar erazten gaitu; eta hemen sarturik, geure axolagabekeriaren eta jakin nahi ezaren hautsi beharra ikusten dugu, batez ere beste herri askoren ondoan atzeraturik gaudela gogoan edukiz eta geure nortasunaren sendotzeko premia gorria ikusiz.

Kondaira, sineskeria eta erlijioaren aldetik begiratuz, geure dantzak aztertu nahi ditugu, janzkerak ikertu, kantuak eta soinu tresnak arakatu*, eta horrela fitxategi on bat moldatu. Irakaskuntz arloan ere lana egin gura dugu, eta, horretarako, gure asmoak betetzen saiatuko diren irakasle eta begiraleak sortu.

Diogunari ondo datorkiola ikusirik, Iruineko «La Verdad» aldizkariak esan zuena jarriko dugu ondoan:

 «Dantza hauk* Frantzian edo Ural mendien inguruan sortu balira, baratzain* batek baratzeko loreak zaintzen dituen bezala jagongo* zituzketen. Eta USAn sortu balira, dolarrez estalita gordeko zituzketen. Eta hemen zer? Hiltzen uzteko kapaz gara, bitartean edozein «hippy» taxutako* ohiturak onhartuz. Eta hilgo balira, hiltzen utzi ditugulako, aieneka hasiko ginateke, orduan gure nigarra, iragana birpizteko gauza izango balitz bezala».

Benetan lan ederra da, gure asaba zaharrengandik datorkigun altxor* beneragarria batzea, osatzea eta herriaren aurrean azaltzea. Baina geure baldarkeria eta arduragabekeriagatik, edo eta besteren laguntzarik ezagatik, altxor hori galduko bagenu, benetan lotsagarri izango litzateke.

Neska-mutilok, langile zein ikasle, 14 urtetarik gorakoak izateaz beste ezelako* muga ez baldintzarik gabe etor zaitezkete. Dei honekin geure adiskidetasuna eskaintzen dizuegu, eta bide batez zuen laguntza eskatzen. Gure «Bizkai» taldera etortzea nahi dugu. Talde honek egiten dituen ikertze lan, hitzaldi, ibilera eta mendiratzeetan parte hartu ahal izango duzue, eta bide batez zenbait euskal dantza ikasi. Euskal Herri osoan ibiliak gara, hegoaldean nahiz iparraldean. Gure herria ezagutzeko aukera ederra izango duzue.

Gurekin harremanetan hasi gura duzuenok, edo gure ekintza hobeto ezagutu nahi duzuenok, etor zaitezte, astearte* eta ostegunetan,* Iralabarriko Vista Alegre 5era, arratseko 8etarik 9 ta erdiak arte. Han gaituzue zuen zain. («Bizkai» taldekoak).

Ondarroako «Kresala» taldeari erantzuna

 ANAITASUNAren 290. zenbakian eta 8. horrialdean, Ondarroako «Kresala» elkarteak bere pentsaera eta jokabidearen berri ematen digu.

 Jokabide hau, «geure Herriarentzat guk aurkitu dugun erantzunik jatorrena» dela esan ondoren, berriemalea besteren* eritzien eske dator.

 Hona, beraz, nire ohar batzu.* «Gure haurrek eskatu eta esijitu egiten digute...» diozu. Objektiboki mintzatzen bazara, zorionak haur horien kontzientziagatik.

«Haurren Egunetako meza ofizial horik*... geroko ala lehengo Herri baten ezagugarri direa*?» galdetzen duzu. Ez lehengo eta ez geroko Herriaren ezagugarri, adiskide, oraingo Euskal Herriaren nortasunaren agerbide baizik.

 «Zergatik (eliz girotik kanpoan Euskal Herriaren alde lanean dihardutenak)... Eliza batekin topo egitera behartzen ditugu?» galdetzen duzu berriz ere. Horretan arrazoina ematen dizut. Ez litzateke inor behartu behar, ez talde bezala, ez pertsona bezala; baina ez eta galerazi ere.

 «Elkarte honetako edozein taldek, talde bezala, ez du parterik hartzen, ezelako meza, elizkizun, edo beste edozein erlijio arazotan». Erabaki honi itsu, hertsi* eta negatibo hutsa erizten diot. «Kresala» elkarteak, euskal kultura jomugatzat hartzen badu, euskal meza, euskal elizkizun edo beste edozein euskal erlijio arazotan parte hartu behar luke, baldin bere buruari euskal kultur adar bat kendu nahi ez badio. Edo eta pluralismoak nortasun eta herritasun mozketa horietara behartzen ote gaitu? Edo eta, pluralismoaren izenean, hauekin denokin «tabula rasa» egitea erabaki ahal duzue? (P. Z. Legarreta)

Jose Torrealday hil da

 Otsailaren 22an hil berria da Forua-Gernikan Jose Torrealday jauna, ANAITASUNA aldizkariaren zuzendari dugun Joan Mariren aita. ANAITASUNAko lankide eta irakurleok oro zeuekin gaituzue doluminean, Joan Mari adiskide eta zure etxeko guztiok. Goian bego!


Hementxe denok

Euskal Herria

«Domingo Agirre» Elaberri Saria, 1975

 Bizkaiko Aurrezki Kutxaren saria, Euskaltzaindiak eratua. Hona hemen oinharriak, Euskaltzaindiak 1975.eko urtarrilaren 28ko batzarrean onhartuak:

1. Euskaraz, Euskaltzaindiak Arantzazuko bileran (1968) erabaki zuenaren arabera (ikus «Euskera», XIII, 1968, 250. hor.), baina literatur balioak lehenago kontutan harturik.

2. Egileak bere kabuz egina izan behar du lanak. Ez da ontzat hartzen ez itzulpenik eta ez bestetatik egindako antolamenik.

3. Lanaren neurria 100 horri gutienez, alde batetik makinaz idatzia, lerroune bat zuri utzirik, folio edo DIN A-4 paper neurrian.

4. Sari bakarra, Bizkaiko Aurrezki Kutxak jarritako 50.000 pezetatakoa, zatiezina.

5. Saria eman gabe geldi daiteke, epaimahaikoei hala iruditzen bazaie.

6. Lanek argitara gabeak izan behar dute; eta lan bakoitzaren hiru kopia bidali behar dira Euskaltzaindiaren etxera (Academia de la Lengua Vasca, Ribera, 6 - Bilbao-5), 1975.eko uztailaren 24erako. Lan bakoitza lema batekin izenpetua, eta lemaren giltza estalia, egilearen izen-deiturekin.

7. Epaimahaia Euskaltzaindiak izendatuko du.

8. Saria, urriaren 31 n, Aurrezki Kutxen egunean emango da, Bizkaiko Aurrezki Kutxaren etxean egingo den jaialdian.

9. Arau hauen interpretatzean sor daitezkeen arazo guztiak, Euskaltzaindiak izendatutako epaimahaiak erabakiko ditu. Eta erabakiaren kontra ez dago inora joaterik.

Hizkuntz anarkia

 Bai, anarkia. Eta edozein lekutan, gainera.

 Linguistik arloan mugitzen ez garenok, «gaizki eta guti dakigunok» ere, zenbait eskari egin nahi genioke, hizkuntz mailan dugun Euskal Akademia erakundeari.*

 Beste edozein arlotan jokatzen den bezalaxe egin behar bailitzateke han. Gure uste apalean, jokabide hori hauxe litzateke: erregela batzu* onhar, beraiei euts,* eta geroxeago beraik finka. Zeren* eta «berez» ez baikara inoiz anarkia horretatik aterako. «Berez» ber lekuan segituko baitugu.

Eta ikusitakoa ikusi ondoren, erregelak finkatzeko epea gaur berton bete delakoan gaude. Ala zazpi urte (!!!), 1968.etik gaur arte, ez ote da ezer?

 Eta finkatze horri bagagozkio, zer esan gure hizkuntzaren izenaz? Izanaz ere asko eta luzaro behar litzateke mintzatu; baina ez gaur eta ez hemen. Noiz arte iraunen du, banatzen eta hiltzen gaituen hizkuntzaren «aberastasun» delako horrek?

 Euskara moderno batez baliatu nahi genukeenok («gazte hauen lotsarik eza!» esanen duke* norbaitek), ortografi arloan anarkia baino ez dugu ikusten.

 Egoera horretatik irteteko, bazter ditzagun erdikoikeria guztiak, ordua baita; eta, ausart* izanik, eman diezaiogun hizkuntzari,* bai sozial mailan bai eta ortografi mailan ere, behar duen bultzada ederra.

 Hona hemen, besteren artean, zenbait exenplu, batzurentzat bitxikeriak badira ere:

- euskara hitza, gure hizkuntzaren izen jatorra (euskara) estaltzen duena.

- euskararen «aberastasun» delako hori hain ongi erakusten duten demostratiboak, ho(r)i(e)k lekuko.*

- arboladi bat balitz bezala —eta zeharo gaizki— onhartutako Euskaltzaindia izena.

- nazioarteko telefono hitzaren ordez, asmakeria hura.

- H madarikatu gabeko orri, hosto hitzaren ondoan.

- azak jateko gogoa dakarkigun azaroa. Noizko hazila?

- matematik arloan erabiltzen diren zenbait hitz, gure ezjakintasuna ez erakusteko erabil ditzakegun plus, minus, inter, bider sinboloak onhartu beharrean.

- ingurrazti edo dena delakoa.

Goikoak anarkiaren erakusle batzu baino ez dira. Gehiegi ote litzateke «aberastasun» hau garbitzea?

 Boza eta botua dutenak mintza daitezela, eta, behin betiko ez bada ere (oxala balitz!), proposa dezatela irtenbide bat. Horretan mesede handia egin dezakezuenon erabakien zain gaituzue. (JOSEPE.)

Nori berea...

 Nonbaiteko norbaitzuk,* aspaldion, euskaldun askorentzat —zenbait arlotan bederen*— oso estimatua den lagun bat maiz* aipatzen dute, eta ez, prezezki,* erabat* asmo garbiz. Pertsona hori, bestalde, euskaltzaina da, eta, geroago ikusiko ditugun arrazoiengatik, ez du gaur egun bere buruaren alde egiteko era egokirik. Horregatik, nik uste, zuzenbidea* zer den kontuan harturik, hartaz zertxobait esatea erabaki dut. Federiko Krutwig bizkaitarraz ari naiz.

F. Krutwig Sagredo 1921. urtean jaio zen Getxon. Kimikazko estudioak egin ondoren, hizkuntzak ikasten saiatu zen. Neurri berean ez bada ere, hamasei hizkuntza ezagutzen omen ditu: euskara, alemana, nederlandera, ingelesa, gaztelania, frantsesa, italiera, errusiera, arabiera, grekoa, latina, pertsiera, georgiera, txinera, vietnamiera eta bengaliera.

Gogozkoena, ordea, euskara izan zaio beti. Horregatik, 1942.ean, oraindik 21 urte zituela, Azkuek berak euskaltzain laguntzaile —urgazle, orduan esaten zenez— izendatu zuen, eta handik urte batzutara, 1947.ean, euskaltzain osoa egin zuten Azkueren eskariz.*

Krutwigi zor zaio, Mitxelenak inoiz Euskaltzaindian aipatu duenez, gerra ondoan Akademia ilunpetatik argitara ateratzea. Hargatik, gainera, Euskal Akademiako bilerak, ordurarte erdara hutsean egiten zirenak, euskaraz egiten hasi ziren. Euskarari buruz, batez ere Kaukasoko hizkuntzekiko ahaidetasunaz* den bezainbatean, hainbat lan egin zuen, Euskaltzaindira presentatuak, eta, orduko agirietan* ikus daitekeenez, biziro txalotuak.

Lizardik gerra aurrean euskara «oro(tarako) mintzo»tzat nahi bazuen, Krutwig izan da gerra ondoan izpiritu hura* aurrera eramaten jakin zuen lehenbizikoa. Jadanik 1951. urtean euskaldunok euskara denetarako kulturbide bilakatu* eta erabili behar genukeela aldarrikatzen* zuen, bai eta bere exenplu propioaz bide hori erakutsi. Eskari hori gaur egun —sotanadun batek ezik— guztiok onhartzen dugun gauza da; baina orduan zorakeria bat, utopia bat, gazte txotxolo baten ausartkeria* inozo* bat-tzat hartzen zen.

Krutwigek, euskarari kultur tresna izatea galerazten zioten kausak aztertu eta salhatu* egin zituen: garbizalekeria eta populismoa. Horien kontra, berak beste bide hau proposatzen zuen: klasikotasun eta unibertsalismoarena. Horren kariaz,* XVI eta XVII. mendeetako euskal klasikoen obrak berraztertzea gomendatzen zuen, Leizarraga eta Axular bereziki, bai eta kulturan eta tekhnikan nazioarteko hitzak onesteko aldarrikatu, berauen jatorrizko idazkera eta guzti, hizkuntza unibertsalek (ingelesak, alemanak, frantsesak...) egiten duten bezalaxe, gaztelaniaren kultur uztarripean iraun barik.* Haren ustez, gaztelania ez da kultur hizkuntza inportante bat, eta ingeles eta alemanen eraginpean datza;* horregatik, haren orthographiari segitzea ganoragabekeriatzat* daduka.

Kriterio hori —batez ere grekotik datozen hitzei aplikatuz— onuragarria* dateke,* eta Mirandek eta Peillenek bide berbera hautatu zuten; baina geroago, espainol orthographiaren eraginpean, askok bide unibertsalago hura ahantzi dute.

Dena den, euskara kultur tresna moderno baten bilakatzean getxotarraren theori oinharriek ukaezinezko meritu bat ukan* dute; eta euskara batuaren premia —honez gero inork dudan jartzen ez duena— berak birplanteiatu zuen lehengoz* gerra ondoan. Azkueren «gipuzkera osotua» hura, Espainialdeko Euskal Herrirako pentsatua eta soilki hemengo euskalki mintzatuetan oinharritua, hilik jaioa zen. Krutwigek literatur hizkuntza batutzat lapurtar klasikoa ezarri zuen; baina hori nagustu* ez bada ere, gutienez literatur hizkuntzaren funtsean* ekialdeko* euskalkien garrantzia nabarerazteko* balio ukan du, egungo gipuzkoar-nafar-lapurtarra sort zekigun. Haren lanak irakurri nahi dituenak, Gernika, Euzko-Gogoa eta Egan aldizkarietara jo dezake. Zinez* esan daiteke, nik uste, gaurko belaunaldiak* Krutwigen hizkuntz planteiamenduei askotxo zor diela, zuzenik edo eta zeharretara, maiz aski* bizkaitarraren ideiak inoren ahoek eta lumek barreiatu* baitituzte, eta ez beti iturburua aitortuz.

Politikan, ordea, gustu kontrastagoak* daudeke* hari buruz. Luis Villasantek Akademiarako egin zuen sarrera hitzaldiari erantzunez, Federiko jaunak txosten* «ausartegi»* bat irakurri zuen euskararen alde, eta, hura zela eta, hemendik ihes egin behar ukan zuen.

Frantzian zegoela, Vasconia liburua eman zuen argitara, Gaztañaga jaun apezak bere irakurleek astiro aztertzea nahi ukan arren, hain errax lortuko ez dutena. Eskuratu eta etxean edukiz gero, gainera, Espainiako legeen kontra leudeke* halakoak, liburu hori bai Espainian eta bai Frantzian galerazirik dagoelako. Obra horretan Euskal Estatu separatista eta sozialista bat proposatzen du, eta noski, asmu* zital horretarako, Estatu bi horien nazional batasuna ukatzen du gaiztoki. Vasconia liburua El español aldizkariaren horrialdeetatik biziro konbatitu zen, eta, hura zela eta ez zela, Krutwig Frantziatik egotzi zuten.

Liburu horretan, bestalde, P.N.V.ren politika bakezalearen kontra agertzen zen egilea, eta haren ordez iraultza harmaturik gogorrena proposatzen. Euskal burjeseriaren ahozko abertzaletasun erdaltzalea gogorki salhatzen zuen, bai eta Eliza Katholikoaren hierarkhiek Euskal Herrian —haren ustez— edukiriko portaera txarra bera ere, moja* eta fraideen ikastetxeak barne. Erlijio kontuan, Pio Baroja eta Jon Miranderen antzera, kristautasunaren kontrako porrokatua izan da beti, sineskera horri judu etorki* kanpotarreko eritzirik.

ETAkoen kontseilari izan da luzaro, eta, ezker aldeko politikan sarturik, Europako ethnia ttikien alde jokatu du beti. Maoren liburu gorria txineratik euskarara itzulia du, eta bere politikazko pentsamendua azalduz, bai euskaraz eta bai erdaraz, artikulu eta lan asko ditu.

Jaun honen indarkeriazko jarrera* hauengatik, noski, edozeinek pentsa zezakeen pertsona gogor bat dela; baina egia, dirudienez, ez da inondikan holakoa. Getxotar horrekin izugarrizko adiskidetasuna zedukan Jose Etxebarrieta abokatu defuntuak —Txabiren anaia, bera— kondatzen* zuenez, Federiko bere harreman pertsonalez oso mantsoa izaten zen, lagun gizabidetsua eta euli bat hiltzeko gauza ez zena. Gauza pitxia benetan!

Sineskeraz buddhista, dibortziaturik dago; eta bigarren biderrez ezkondu zen, orain urte pare bat, belgikar andre irakasle batekin. Itzultzaile lanetatik bizi da. Aspaldion, diotenez, ez du bere burua marxistatzat jotzen. Marxismo-leninismoa, haren ustez, ukaezinezko emaitza batzu* gorabehera,* jadanik gainditurik dagoen philosophia bat da. Bera sozialista edo, bere hitzez, erkide (= erdi + kide) da, bere gogoko sozialismoa (erkidegoa) ethnokratikoa delarik, hots,* herri konkretuen ethni balio bereziei zuzendua eta egokitua,* dogmatismo eta gehiegizko orokortasun* abstrakturik gabekoa. Ez dirudi, horregatik, ismo horrek, oraingoz bederen, jarraitzaile askorik duenik.

Eta hauk* ditugu, oro* har, jaun horren meritu eta bekatu larriak. Batzuekin batera ez etortzeak ez du esan nahi, noski, besteak ere ukatu behar zaizkiola; zeren,* inork bestela baleritzo* ere, bi eta bi beti lau izanen baitira, gure gogoko ez den deabru jaunak berak esan arren. (Xabier Kintana)

Liburu berriak

 1. UGALDE, Martín:

 Tres relatos vascos.

 Txertoa, San Sebastian, 1974.

 Gazte gara, gazte, eta beharbada horregatik errealitatea gure nahia bezain agudo* alda daitekeela uste dugu maiz.* Euskal kultura, eta areago* literatura, euskaraz eta ez bestek egin behar dela, honez gero aurrerazale guztiek onharturiko legea zela uste genuen. Baina usteak alde erdia ustel, eta horra non geunden* erabat* okerturik. Horixe baita, azken batez, Martin de Ugalde jaunaren liburuak pentsaerazi diguna.

 Ez noa ni, andoaindar ohoretsu horren erdal konduok* literatur aldetik juzkatzera. Gaztela ama guztiahaldunak sobera* daduzka lan horretan muturra sar dezaketen umeak, guk egin gabe ere. Ez! Ene asmoa besterik da: lan horien erdaltasuna bera aztertzea.

 Beti uste ukan* dut, euskal gaiei buruzko erdal lanak, propaganda eta dibulgaziorako direnean, komenigarri eta defendagarri direla. Alde horretatik, Martín de Ugaldek berak, bere «Hablando con los vascos» eta «Síntesis de la Historia del País Vasco»rekin, bere buruaren promozio politiko bidezko* bat egiteaz batera, informazio eta erakartasun* estimagarri bat egin du euskal arloaren onerako. Ez da hor zer esanik.

 Besterik da, aldiz,* dibulgazio eta propagandaz gainera, erdaraz literatura egiten hasten zaigunean; are* gehiago, erdarazko literatura horrekin —gaia hemengoa dela eta— «euskal» literatura egiten duela dioskunean.

 Nolabait, Unamuno eta Barojaren garaian arazo hau erabat garbi zegoen ala ez eztabaida daiteke. Baina José de Arteche eta Pelay Orozkoren denboran problema hori erabakitzat emana izan da, eta, horretaz,* ez dakusagu* zergatik, inolako buldarik* onhartzen ez badugu, beroriengan bekatu larritzat hartzen duguna, Martin de Ugalderen kasuan, geroagokoa izan arren, barkagarri izan behar denik.

Ipuin horietako bat, «Los gitanos» halegia,* Bilboko «Premios Guría»ra presentatu zen, hots,* euskal lanik presentatzerik ez zegoen Euskal Herriko sariketa batera. Hor, hasteko, konkurrentzia desleial gisako* bat nabari* daiteke. Ez bekigu, beraz, egilea harri geldi, holako iturburuaz besteok erdal konduen txapelketan sariztaturiko lanei «relatos vascos» esateaz konforme ez bagaude.

Baina obrattoaren hitzaurrea irakurri bezain agudo, Ugalde bera tituluaren justifikazioa ematen saiatzen zaigula dakusakegu. Latinezko atsotitzetan* oso trebe ez garen arren, «recusatio non petita, accusatio manifesta» delako bat bururatu zaigu berehala: «eskatu gabeko defentsa, akusazio ageria» izaten dela, halegia. Ez da hor zer esanik. Bere buruaren edo eta obren euskalduntasuna defendatu behar duenak, burruka aldez aurretik galdua duela begien bistako kontua da. (Xabier Kintana)

 2. ARMAGUE-RIFA:

 Eguneroko gauzak (2).

 La Galera-Cinsa, Bilbo, 1975.

 Sail honetako lehen liburuak ukan* zuen arrakasta* handia ikusirik —agortu egin baita—, hura* berrargitaratzea ezezik,* bigarrena ere euskaratzea interesgarri dela pentsatu izan dute eragileek. Euskaratzailea Xabier Mendiguren izan da. Irudiez eta textuaz denaz* bezainbatean, lehen liburuaren berezitasun berberak ditu bigarrenak ere. Beste lau gai lantzen dira hemen: erosketak, animaliak, ikastola eta mendia. Azkenean eranskin bat dakar, textuak hobeki sakontzeko galde sail batzurekin. Lehen liburuaren arrakasta berdina opa diogu bigarren honi ere.

 3. ARZE, Joxe Anton:

 Laino guzien azpitik..., Donostia, 1973.

 ...eta sasi guztien gainetik, Donostia, 1973.

 Gutienik espero zenean, irekitasuna serioski doala erakutsi guran edo, T.O.P.eko juje* arduradunak hegan* utzi ditu Joxanton Arzeren poesi liburu eder biok. Aipatu obra biok ihaz bahituak izan ziren eta liburudendetan saltzen galeraziak.

 Poema liburuok, sorginek hegaz* egiteko erabiltzen omen zituzten hitz magikoen izenaz titulaturik, Zumetaren irudi ederrez horniturik daude —txoriz, zehazkiago—, eta poesiarenari lehen mailako pintatzaile horren kalitatea gehitzen zaio horrela.

 Liburu biotan Arzek, orain arteko inork ez bezala, euskal onomatopeien balio esthetikoa sentierazi digu, graphia, hitz konposaketa eta hutsarteen* erabileratik mami handi bat ateraz. Geure buruari poesi kritikari on ez baderitzogu ere, ez da konpromezuzko esan bat, Arzeren poemek zerbait berri erakutsi digutela. Eguneroko bizitzaren topiko eta «statu quo» asko birrintzen ahalegintzen da, eta maitasuna, bai sexual eta bai izpiritual den maitasun bat, kantatzen du, laudatzen, sentitzen, gazte gisa,* oraingo gisa, aldarrika,* lotsagabeki.

Zirrara* senti daiteke, beronen poema asko irakurtzean; eta hori, noski, ez du endelegu* hotz batek lortzen, sentimendu eta bihotzak baizik. (Xabier Kintana)

4. KINTANA, Xabier:

Gure piztitxoen artean.

 Cinsa, Bilbo, 1975.

«Cinsa-Iker» taldekoek liburuska berri bat ipini dute ikastoletako haurren eskuetan. Lan polit eta atsegina, Xabier Kintanak burutu* duena.

Sarritan gure haurrek ongi baino hobeki ezagutzen dituzte oihan* urrunetako animalia arraroenen izenak eta ohiturak; baina beren inguruan ia oinpean dituzten piztitxo arruntenenak* inondik ere ez. Gure haurrengan nabaria* den hutsune hau nolabait betetzeko asmoz egina da liburu hau. Euskal Herrian nonnahi aurki daitezkeen animalien ohituraz eta jakingarriz horniturik datoz horrialdeak: enarak,* usoak, karramarroak, barraskiloa* eta berea, urtxintxa,* eta basurdea, muskerra, erbinudea,* kukua, saguzaharra eta berauen antzeko beste zenbait piztitxo ageri da liburuskan zehar.

Pertsonaia batzurekin eta ipuin erara idatzirik dagoenez gero, guztiz atsegina eta entretenigarria gertatzen* da; eta euskara erraza duelarik, haurrek eztitan irakurriko dutelakoan gaude. Akats bat aipatzekotan, barneko irudiak motel samarrak direla esatera ausartuko nintzateke. Biziagoak izan balira, asko irabaziko zukeen liburuak.


Herrialde guztietan

Italiako «Democrazia Cristiana» etorkizunik gabe

 «Democrazia Cristiana» alderdiaren zuzendaritzak, gazteen mugimenduetako ordezkariak bota, eta beste batzu goitik izendatu ditu. Beste neurri gogor bat: gazteen mugimenduetan parte hartzeko adinaren* muga 27 urtetatik 21 urtetara eraitsi* du, gazte kontentagaitzenen, ikasle unibertsitarien protestak isilerazteko asmoz, haik* zaharragoekin batu eta integratuz.

Gazte polemiko hauek DCren berrikuntza eskatzen dute. Hirurehun mila ba dira; eta, eskuin muturrekoekin, komunistekin eta sozialistekin bizi duen burrukan, gaur egun DCk ez diola Italiari hautakizun* egoki eta errealista bat ematen ikusten dute. Eta hautakizun hori asmatzeko eta aurrera eramateko borondaterik eza salatzen. Berritu edo hil!: kristau demokrata gazteon garrasia.

Gazteek gogor kritikatu dituzte goiko koadruak. Fanfani idazkariaren* burua eskatzeraino ausartu dira batzu. Agian gehiegitxo, goiko jaunskila* eta haundikientzat. Gazteon ordezkariak bota eta protestarien indarrik bikainenak* helduagoen* artean nahasiz, hortxe ikusi dute DCko buruzagiek gazte ausart* eta berrizale hauen oihuak itotzeko bide bakarra.

Gertakari hauek DC barruko krisi sakonago bat adierazten dute. Ez da belaunaldi* ezberdinen berotasun kontua bakarrik.

Azken urteetako hauteskundeetan,* pixkanaka bada ere, beti galduz joan da DC. Kolperik handiena ihaz jasan* zuen, maiatzaren 12ko erreferendumean dibortzioaren aurka jokatu zuenean. Ez ziren hauteskunde politikoak; baina inolaz ere ez esannahi politikorik gabekoak, alderdi guztiek ondotxo ulertu zuten bezala. Hilabete geroago, ekainaren* 16-17an, Sardinia* eskualdeko* hauteskundeetan galera handiak izan zituen DCk. Gain behera zetorren; komunistek eta sozialistek, hauek batez ere, gorantz egiten zuten bitartean. Urriaren 17an, eskualde batzutako hauteskunde administratiboetan berdin. Beheranzko abiada bizkortu egin dela dirudi.

DC ez da alderdi bat, alderdi asko baino. Elkarrekin zerikusi gutti duten, edo, areago,* elkarren kontra dauden ideologi multzo nahastekatu bat kokatzen* da haren erraietan.* Talde politiko asko; bakoitza bere ideologiarekin; eta batez ere bere interesekin. Bakoitzak ditu bere jarraitzaileak, eta hauei egindako agintzariak.* Interes pertsonal hauk direla tarteko, alferrikako bulegoak,* kontseiluak eta batzordeak* minbizi* gaizto bat bezala joan dira haziz eta haziz ministergo guztien inguruan. Burokrazia izugarri hau ez da DCren arazoa bakarrik. Gobernutik pasatu diren guztiena baizik. Baina DCri, Gobernuan iragan dituen ia hogei ta hamar urteek izugarrizko astuntasuna ematen diote, eta erabaki ausartak hartzeko eskuak eta begiak lotzen. Bestalde, burokrata horien alferkeriak miliar* lira asko zurrupatzen dio Italiako presupostu ekonomikoari.

Jokabide politiko garbi bat behar du DCk. Otsailaren* lehen egunetan Kontseilu Nazionalak egin zuen batzarrean, Fanfanik proposatua onhartua izan zen, ia 80 % kontseilukide ados zeudelarik. Ihazko erreferenduma galtzearekin Fanfanik bere burua jokatzen zuela uste genuenok oker geundela argi geratu da. Fanfani oso bizirik dago. Beharbada beste gidari taxuzkoagorik* DCren barnean ez dagoelako. Hala ere, lehen aipatu* batzarrean DCren ezkerreko bi talde («Base» eta «Forze nuove» idazkariaren kontra azaldu ziren.

 Baina idazkariarekin bat egiteak ez du esan nahi DCk bere problemak konpondu dituenik. Alderdiko gidari nagusiek egin duten kontzientzi azterketa baino zerbait gehiago behar da horretarako. Ideologi batasun bat lortu behar luke DCk. Zer den eta zer gura duen erabaki. Identitate krisia gainditu. Eta, honekin batera, bere baitako* jauntxoen interes pribatuak Italiako arazo larrien aterabideari makurtu. Haserreak sortuko baditu ere.

Hau guztiau egiteko gogorik eta kemenik izango ahal du DCk? Ahulduz* doakio poliki poliki bere politik indarra. Italiaren une hestu honetan (ekonomi problema larria, kriminalitatea, terrorismo politikoa, lan gabezia...), erabaki oso mingarriak hartzea gertatu zaiola egia bada ere.

40 % inguru boturekin, DCk agintearen 80 % bere esku dadukala esaten da. Jarraitzaileak gutituz doazkiolarik, gorde ahal izango duia* bere agintea, ala ezkerrera, sozialista eta komunistengana zabaldu beharrean aurkituko ote da? Bien bitartean, alderdi komunistaren izenean Berlinguer idazkariak proposatzen zuen «compromesso storico»a (funtsean, komunistak Gobernuan sartzea) berriz ere biribilki gaitzetsi* du Fanfanik. Gaindi ezinezko ideologi diferentziagatik, eta une konkretu honen politik ikuskera desberdinagatik.

Datorren ekainean izango dira hauteskunde administratibo orokorrak* Italian. Ba dirudi, gazteekiko jokabidearekin, DCk leihoak hetsi* dizkiela ezkerreko haizeei. Berrikuntza handirik ez da gertatuko alde horretatik. Eskuinean bere jarraitzaileak biltzeko asmotan dabil nonbait. Baina, gazteria baztertuz, arnasestuka* bizi den alderdi zahar bat bilakatzeko* arriskua du. Eta etorkizuna ez da zaharrena, noski. (P. Pagola)


Herrialde guztietan

Eritrea: «terroristak» gudari bihurtu?

 Haile Selassieren inperioaren kontra burrukatzen ziren Eritreako burrukariak, «terrorista» deitzen zituzten Mendebaldeko* Estatu kapitalistetan. Orain, berriz, Etiopiak sozialismora jotzen duela ikusi dutenean, lehengo «terroristak» gudari edo burrukari bihurtu dira.

Eritrearrek lehen ez zuten arabiarren laguntzarik: Siriak, Iraqek eta Libiak bakarrik eskaintzen zizkieten harma apur batzu. Orain, ordea, harmak eta dirua eskaintzen dizkiete Saudi Arabiak eta Persiar Golko aldeko emiratuek. Orain nahiago dute nonbait Eritrea askatua, Etiopia sozialista batua baino.

 Hala ere, Etiopiak ez daduzka bere alde Estatu sozialistak; eta USAri eskatu dio laguntza, eritrearrak menperatzeko. Baina Estatu Batuen jokabidea zaila da, arabiarrak kontra jarriko baitzaizkio. Izan ere, arabiarrak Eritrearen alde jarri dira, Etiopiako militar taldearen kontra, berau petroliorik gabe gelditzeko arriskutan gelditzen delarik.

Bitartean aurrera doa eritrearren burruka, aspalditik inperialismoaren kontra dakarten ekinari* bultz eginez. Barnean, kulturazkoak, hizkuntzazkoak eta erlijiozkoak dira eritrear burrukaren arrazoinak: Eritrea musulmana da, Etiopia, berriz, koptoa gehienbat. Honek ere Eritrearen alde eragin die beste Estatu musulmanei.

Bi talde izan dira batez ere, oraingo gudu hau hasi aurretik, urte askotan Etiopiaren kontrako burruka aurrera eraman dutenak: Eritreako Askapen* Frontea eta Herriaren Askapen Frontea. Elkarren kontra ere jokatu dute, gerrillan ihardun duten bitartean. Baina, orain, ezkutuko* gerrilla hura* ageriko gudu bihurtu da. eta bi fronteak elkartu egin dira Etiopiako «diktadura militarraren» kontrako gudua aurrera eramateko, eta Eritrearen askatasuna lortzeko.

Askatasuna eta burugaintasuna edo independentzia da eritrearrek eskatzen dutena, orain arte eskatu duten bezala. Etiopiak, ordea, autonomia bakarrik eskaintzen die Izan ere, Etiopia kudeatzen* duen militar taldeak, sozialismoa nahi badu ere, nahiago du Etiopiaren batasuna, nazionalismoa baitu bere ideologiaren oinharrietako bat: Etiopiaren batasuna aurrenik! (Paulo Agirrebaltzategi)


Herrialde guztietan

Txipre: Europaren begietan

Otsailaren* 13an, Denktash jaunak, turko-txipriotarren gidariak, Estatu berri bat aldarrikatu* zuen. Txipren turko-txipriotarren eta greko-txipriotarren Estatu Federal berri bat sortzeko oinharriak ezarri nahi izan ditu, gidariak berak esan duenez. Honela Txipre erdibiturik geratu da, Turkiako harmadak* hartuta zedukan partea islaren 38% baitzen. Txipreko lehendakari den Makariosek eta greko-txipriotarren gidaria den Kleridesek ONUra eraman dute arazoa.

 Zer egin du USAk? Washingtongo Kongresuak kendu egin dio Turkiari laguntza militarra. Turkiak indarrez erantzun nahi izan dio USAri, Txipren hartu zuen partearen independentzia aldarrikatuz. Greziarekin adiskidetzearren kendu dio laguntza militarra Turkiari; eta orain ez daki zein izango den Turkiaren azken erantzuna. Estatu Batuek han dituzten 25 base militarrak botako ote dituzte? Aidean dago oraindik Amerikaren eta Turkiaren azken erantzuna.

 Zer egin du Sobiet Batasunak? Isla bi alderditan banatzea kondenatu egin du Errusiak. Eta Makarios zain dagoela dirudi; eta prest legoke, Errusiari laguntza militarra, politikoa eta diplomatikoa eskatzeko. Dena dela, ONUn izango den eztabaidan Sobiet Batasuna bere alde izango du Makariosek.

 Zer egin du Europak? Autonomia aldarrikatu zen egun hartan bertan, Europako Bederatziek ageri bat atera zuten Dublinen, Txipreko bi komunitateen arteko arazoa elkarrizketa bidez konpondu beharrekoa zela, eta horretarako bitartekoarena egiteko prest zeudela adieraziz. Ageri haren arabera,* Bederatziek garrantzi handia ematen diete Txipreren independentziari eta batasunari.

 Bederatzien elkartearekin loturik daude bai Grezia, bai Turkia eta bai Txipre. Horregatik kezkatzeko du benetan Europak, bere barnean sor litekeen horrelako istilurik.*

Kissingerek eginahalak egin ditu Greziaren eta Turkiaren artean elkarrizketa sortzeko, baina alferrik. Haik* biak Atlantik Aliantzako lagunkideak direlarik, bai USAk eta bai Mendebal Europak kezka berezia dute, Txipreko arazoa konpontzeko. Horregatik, eta Errusiak saltsan nahasteko gogo handia duelarik, Italiak eta Alemaniak orain beren bitartekotasuna eskaini dute, turko-txipriotarrek eta greko-txipriotarrek Txipren duten istilua argitzeko eta konpontzeko. (Paulo Agirrebaltzategi)


Herrialde guztietan

Frantziako zientzi gizonak nuklear zentralen kontra

 Jakina denez, Frantziako Estatuak, 1985. urterako, mila megawatetako 45 nuklear erreaktore alan* edo martxan eman beharrak ditu. Eta 2000. urterako, berriz, beste 145 gehiago. Zentral horik* oro* amerikarren kontrolpean eraikiak izanen dira, zeren* eta, delako nuklear erreaktore horien alagailu* den uranioa, haiek salduko baitiote frantses Estatuari, Mendebal Europako beste Estatuei eginen dieten bezala. Zentral horiek sortu edo sortuko dituzten arriskuak egiazkoak, errealak dira. Ordea, ez da orain arte arrisku horietaz sobera* berri zabaldu. CFDTean sindikatuak* direnek, jendea doi* bat argitu dute, kazeta batzutan gai horretaz ireki berria duten sailari esker. Hala ere, jendearen baitan eragin* handiena ukan* duena, Frantziako laurehun zientzi gizonek berrikitan* argitaratu duten manifestua izan da. Hona hemen ageri horren pasarte batzu:

Guk, aztertzaile, inginadore eta teknikariok, agintariek erabaki arin bat hartu dutela uste dugu, eta, era berean, erabaki borren arriskuak eta berauen ondorioak izugarrizkoak izan daitezkeela.

Arriskuak iturri askotarik sor daitezke. Hauk dira printzipalenak: a) Zentralen segurtamenik eza. (USAn, duela zenbait hilabete, nuklear segurtamenaren batzordeak* hala erabakirik, 21 erreaktore geldi erazi dituzte, haietarik hirutan zenbait hodi* zapartatu* zirelakotz, eta besteak segurtamenaren araudien* edo erregelen arabera* eraikiak izan ez zirelakotz.) b) Bero kutsadura,* eguraldia eta ekologia alda lezakeena. c) Ekai* erreaktiboen garraioa,* oso posible baita berauen lapurketa. d) Zentraletarik jaurtikitzen diren hondakin erreaktiboak.

 Hondakinen problema batipat* oso seriosa izan daiteke; eta Gobernuak ergelkeriaz* eta batere kezkarik gabe jokatu duela uste dugu, berehalako abantalei bakarrik behatuz* eta gerokoa alde batera utziz.

 Gobernuak egin dituen inkestak,* argibideak eta azalpenak, puntu garrantzitsuenak ukitu* gabe egin dira beti; eta batzutan, egiazko problemak baztertuz edo isilduz. Arriskuak sistematikoki gutietsi* dira, eta ondorioak ezkutatu,* zentzugabeko konfiantza eman nahiz.

Hala ere, Estatuko teknikari ofizialen ikertzapenek ez dute denek gauza bera adierazten. Batzuk hau diote, eta bestek hori: ezin ustezko eritzi desberdinak erakusten dituzte. Gainera, problema garrantzitsu honi buruz ez dadukagu gaur egun, ez legerik, ez aparteko kontrolik, ez ezer ere. Finantzari okituek** eta banku handi batzuk dute azken hitza. Diruak bakarrik agintzen duenean, hondamen izugarri bat baino ez da hortik aterako. Bestalde, horrelako politika batek ez du gure askatasun nazionala indartuko, Frantzian uraniorik asko ez dagoelako. Bilaketa guti egiten da osterantzeko energi iturriak aztertzeko eta ditugunak zabaltzeko. Arazo honetan Gobernuak ez ditu herriaren benetako interesak kontutan hartu, ez eta gero etorriko den gizartearenak ere; eta guztiz politikoa den aukera bat, zientifikoa balitz bezala aurkeztu du.

 Frantziako herri guztiari dei bat egiten diogu, zentral horik onhar ez ditzan, arriskuak eta berauen ondorioak ondo ezagutu arte.

 Laurehun zientzi gizonek sinatu* dute gutun* hau. Haien artean oso gizon famatuak aurkitzen dira, hala nola, Marcel Froissart, «College de France» delakoan irakasle eta fisika korpuskular laborategiaren zuzendari. Gainerakoak, fisikariak, biologoak, kimikariak, toxikologoak, matematikalariak dira, politik alderdi eta ideologia guztietarikoak.

Giscarden Gobernuari aupada larri bat bota diote, eta haren bitartez «erreformista» deritzen guztiei. Aupada hori ez dator edonorengandik. Frantziako zientzi gizonek hitz egin dute. Ez da guti. (Alberto Etxebeste)

die, deutse

diete, deutsee

dio, deutso

diogu, deutsagu

diote, deutsoe

ditzan, daizan

dizkie. deutsez

dizkiete, deutseez

geunden, gengozan

lezake, leike

zaio, jako

zaizkio, jakoz

zeuden, egozan

zizkieten, eutseezan


Fedea eta ekintza

Herriaren erlijioa eta teologiak

 Jakin berria dudanez, Andaluziako apezpikuek bilera bat egin dute urtarrilaren erdi aldera, bertoko pastoralgintzari elkarrekin bideren batzu ireki edo bultzatzeko asmoz. Gertakari honek berez eskaintzen digun ereduaz gainera, bereziki aipagarri iruditu zait aztergaien arteko bat: herriaren erlijiositatea, halegia. Azterketaren nolakoaz eta ondorioez deus ez dakidan arren —eta ez dakidalakoxe—, uste dut pentsabiderik eskain diezagukeela euskaldunoi gaiaren hautapenak berak. Esan dezadan aldez aurretik, horrenbestez ez dugula ezer berririk deskubritzen (kezka ezaguna baita). Hala ere, korapiloaren nolakoa hautemateko, haren kokamena behin eta berriro gogoratzeak kalterik ez duelakoan aipatzen dut.

• Aspaldidanikoa da euskal kultura bat eraikitzearen aldeko eskakizuna eta lehia; bai eta, beste maila batetan, euskal teologia nahiz Euskal Eliza bat lortu nahia ere. Horrek, jakina, bertoko egoera, asmo eta ekinbideekiko atxekimendua —ez derrigorrez menpekotasuna— eskatzen du, eta, hasteko, horik guztiok ezagutzea. Hastapen maila honetan kokatuko genuke guk Andaluziako apezpikuen aztergai hura eta gurean beste horrenbeste egitearen premia, pastoralgintza ororen oinharrietarik bat berau delarik.

Ezaguna da, ordea, «euskal kultura» bikotearen mugatze zailtasuna; berdin, «euskal teologia» edo «Euskal Eliza» kontzeptuekin. Hautapen kontua, azken batean: baina hautapen kondizionatua beti ere. Ad casum: teologiaren barnean sortu diren sistema eta metodo desberdin guztiak «a priori» batez epaitzea, zein guztiak berdin balioztatzea, itsukeria litzateke jadanik. Guztiok eta bakoitza ingurumari eta eskakizun desberdinen arabera jaioak dira, kultura desberdinen, eta desberdinei, erantzun bezala sortuak. Erantzunaren berezko eskakizunen artean, nork eta nori erantzuten dion hauzia tartekotzen zaio giza zientzi mota orori; teologiari ere bai, noski.

Zilegi da, horregatik, aldi nahiz egoera bakoitzak bere premia eta asmoak desberdinki klasifika ditzan, lehentasun mailaketa baten arabera. Kasurako: garai batetan, bere ate-leihoak Europako korronteetara zabaldu beharraren kontzientzia zen euskal kulturgintzaren zirikatzailerik bizienetakoa, zilborraren inguruan jira-biraka ibiltzeak itomenaren arriskua nabarmentzen baitzuen. Ezin dezakegu esan, urrats hori berorren luze-zabal osoan emana dugunik, eta, ondorioz, ahanztekoa denik. Hala ere, txerto berri eta berritzaileon derrigorrezkoarekin batera, non txertatuari ere so egin beharraz inoiz baino jabetuagoak gaude gaur egun.

Hori, hasteko. Eta beste puntutxo bat: herri mailan zehazten den ihardun batetan, sarri gertatu ohi da «herri» horren erabili nahia, eta manipulaketa bera ere (gure artean aski maiz zabaltzen diren salakuntzak lekuko). Gutiengo baten interes ezkutuen izenean, gidaritza asmorik zintzoenaz, iheskeriaz etab. egingo da hori; baina beti ere «erabiltze» bat izango da: faxismoaren eta jauntxokeriaren itzala, edo, onenean, dirijismo alfer bat.

Baina XX. mendeon eta deskoloniapen garaiotan ere, ukaezina da gidariaren eragina: zorionez ala zorigaiztoz, bestek esan beza; nolanahi ere, pentsa eraztekoa da. Deskoloniapen horren berorren aldi eta zati ezberdinak baitezpadako eredu ez bazaizkigu ere, zerbait eskain diezagukete. Jakina, gu europarrak gara eta izan nahi dugu, halakoren baten eritziaren eta «erabakiaren» kontra. Baina horrek apenas deus erabakitzen du, horretarako biderik erakusten badu ere. «Europaren zein Europatan bizi izan garen» eta bizi garen jakin beharraz aski oharturik gaude dagoeneko; Europaren batasuna bezain benetakoa baita haren ugaritasuna eta neurri berdinaz mugaezina. Eta, bestalde, «hirugarren —ala «laugarren»?— munduak bere arazoei ematen dien erantzuna —esaterako, «Askapenaren Teologia»— ez da itzulpenik gabe guretzat ere egokia, are gutiago egokiena.

Hautapen kontua izango da, zalantzarik gabe; baina ez bapateko txertaketarik. Gure herriak eta kulturak ba du hor zeresanik ugari. Bai eta hori «entzuteko» eta aztertzeko asmoz dabilenik eta diharduenik ere. Zain gaduzkate. (J. A. Aduriz)

Eliz ezkontzak gero eta gutiago Holandan

 Simonis Rotterdameko apezpikuak aitortu duenez, Holandan katoliko erdiak baino gehiagok ez du eliz ezkontzarik egiten.

 Gainerako sakramentuetan ere —aitortza, jaunartze, apezgoa— joera bera da nagusi Holandan: sakramentuetarik aldentzea, halegia.*

 Simonis jaunaren eritziz, aldentze horren arrazoina hauxe dateke:* maitasunaren egiazko zentzua eskastuz joanik, ezkontza, maitasun lokarri bezala, baliogabeztatu egin dela. Bigarren arrazoin bat ere ba dagoke, hots,* ezkontza bikotearen arazo huts bezala ulertzea, Jainkoaren eta gizartearen aurreko erantzunkizunaz konturatu gabe.

Sendabideak bilatzeko orduan, hiru puntu azpimarkatzen ditu Simonis jaunak: ezkontzaren balioa gorestea, sakramenturako prestaketa sakonago egitea eta ezkontzarako adina* atzeratzea.

Uste dugunez, zinez* harrituko ginateke, sendabide horik* krisia gainditzeko aski* izateaz. Ezkontzaren krisia, maitasunaren ulertzapen desberdin batetatik bakarrik ez baina gizarte eredu* zenbaiten itzulipurdikatzetik ere ba dator. Holakoa iruditzen zaigu Holandakoa. (Unai Navea)

Espainiako katolikoak eta heriotz zigorra

Espainiako katolikoak beti izan du bere kutsu aparteko bat. Ezin izan dugu irakurri harritzeke,* «Cambio 16» astekariak urtarrileko* 165. zenbakian dakarren inkesta* bat: «Pena de muerte, no».

 Inkestatu guztietarik —katoliko izan zein ez izan— 55 %ek eskatu dute heriotz zigorra kentzea.

 Baina benetan ulertezina, hori eskatu dutenak erligioaren arabera* bereizten direnean agertzen zaigu. Hiru sailetan daduzkagu banatuak: erligio gabeak, katolikoak, eta beste erligiorik dutenak. Erligio gabeen artean 71% dira kentzearen aldekoak, katolikoen artean 53 %, eta beste erligiodunen artean 74 %.

 Katoliko hauen artean ba dira oraino beste mota batzu:* praktikatzen ez dutenak 58 %, gutti praktikatzen dutenak 56%, praktikatzen dutenak 51 %, eta oso katoliko onak 48 %. Gogoan edukitzeko da, sailketa hau katoliko bakoitzaren ustearen arabera egina dela.

 Nola izan daiteke hau? Heriotz zigorraren kontra joatea, katoliko izatearen aurka joatea balitz bezala! Heriotz zigorra ez ahal* da «ley del talión» deritzanaren azken ondorioa?

 Inkestan ikus daitekeenez, katolikoen artean, zenbat eta nork bere burua katoliko hobea uste izan, hainbat gehiago onhartzen da heriotz zigorra. Espainiako katoliko hauen artean ez ote dago gizonaganako maitasunerako lekurik? «Oso onak» direla uste dutenok, agerian utzi digute, egiazko katoliko on izatetik oso urrun daudela (Antton Inurritegi)


Ikas zeure hizkuntza

Hiztegia

IMANOL BERRIATUAK

Ale honetan izartto batekin agertzen diren berbak

 ABANTAIL, ventaja.

 ADIN, edade.

 AGERKARI, aldizkari, publicación.

 AGIAN, oxala, quiera Dios.

 AGINTZARI, promesa.

 AHAIDETASUNAZ DEN BEZAINBATEAN, en lo que respecta al parentesco.

 AHAL, galde egiteko partikula.

 AHUL, makal.

 AHULDU, makaldu.

 AINAKO, adinako, besteko, bezainbesteko.

AIPATU, aipatutako, aipaturikako, aipaturiko.

 AITZIN SOLAS, hitzaurre, prefacio, prólogo.

 ALA, alha, idea de funcionamiento (alimentación, manducación, ruminación, dolor, remordimiento, roedura, lata, machaqueo, tormento, murmuración, marcha, movimiento). Hitz aberats hau eta beronen deribatuak gehiago erabili behar genituzke euskara batuan.

 ALAGAILU, alimentador, funcionador.

 ALDARRIKA, garrasika.

 ALDARRIKATU, proclamado.

 ALDARRIKATZE, proclamar.

 ALDIZ, berriz, ordea, ostera.

 ALTABADA, hala ere.

 ALTXOR, tesoro.

 APAILATZE, prestatze, preparar.

 ARABERA, arauera, según, conforme.

 ARAKATU, aztertu, ikertu.

 ARAUDI, reglamento, conjunto de normas.

 ARE, oraindik, aún, encore.

 AREAGO, oraindik gehiago.

 ARNASESTUKA (arnasa, aliento + hestuka), respirando con dificultad.

 ARRAKASTA, éxito, succès.

 ARRANTZA, pesca. (AHARRANTZA, rebuzno, braiment.)

 ARRUNT, común, corriente, ordinario.

 ARTA, ardura.

 ASKAPEN, liberación.

 ASKI, nahiko.

 ASMU, propósito malicioso. (Zentzu honetan erabiltzen du Kintanak.)

 ASTEARTE, martitzen.

 ATSOTITZ, proverbio.

 AUSARTKERIA, temeridad.

 AZALEZTATZE, envolver, envelopper.

 AZKARKI, fuertemente.

 AZTORATU, azorado, effaré.

 BAITAKO, barneko, -gango.

 BAITEZPADAKO, beharbeharrezko.

 BALERITZO, baleritza, balerizkio, eritziko balio (baleutsu).

 BALIATZAILE, utilizador.

 BARATZAIN (baratze + zain), jardinero.

 BARIK, gabe.

 BARRASKILO, marraskilo, caracol, escargot.

 BARREIATU, esparcido.

 BATEZ BESTE, bana beste, por término medio.

 BATIPAT, batez ere, guztiz ere, bereziki.

 BATZORDE, comisión, comité.

 BATZU, unos. (Batzuk aktibo, batzu pasibo.)

 BATZUREN, de unos. (BATZUEN, de los unos.)

 BATZUTAN, en unos. (BATZUETAN, en los unos.)

 BEDEREN, behinik behin, behintzat, gutienez.

 BEHA, begira.

 BEHATU, begiratu.

 BEHATZE, begiratze.

 BEHINBEHINEKO, provisional.

 BEIRA vidrio. (Ikus «Axularren Hiztegia».)

 BEIRAKI, objeto de vidrio. (Ikus «Axularren Hiztegia».)

 BELAUNALDI, generación.

BEREBIL, automóvil.

BERRIKITAN, berriki, recientemente.

 BESTE, inor.

BIDE, beharbada, nonbait.

 BIKAIN, excelente.

BILAKATU, bihurtu.

BUKATZE, bihurtze.

 BILDUMA, colección.

 BIRTZIKLATU, reciclado, recyclé.

 BOLADA, unada, temporada.

 BULDA, bula, bulle.

 BULEGO, oficina, bureau.

 BULEGARITZA, bulegalgo, burocracia.

 BURU EGITE, hacer frente.

 BURUTU, realizado.

 DAGOENEKO, honez gero, engoitik, para ahora.

 DAGOKE, dago nonbait.

 DAKUSAGU, ikusten dugu.

 DATEKE, da nonbait.

 DATZA, yace, git. (Etzan aditzaren forma.)

 DAUDEKE. daude (dagoz) nonbait.

 DEITU, deitutako, deiturikako, deituriko.

 DENAZ BEZAINBATEAN, en lo que respecta a. (Ikus «Axularren Hiztegia».)

 DEUS, ezer.

 DIREA, ahal dira?

 DOI, apur.

 DONAPALEU, Nafarroa Garaiko Saint-Palais.

 DONTSU, zorioneko.

 DUIA (du + a), ahal du?

 DUKE, du nonbait.

EDOZENBAT, zenbatnahi.

EGIN, egindako, eginikako, eginiko.

 EGITEKE, egin gabe.

 EGITURA, estructura.

 EGOKITU, acomodado.

 EGOTZI, bota, jaurtiki.

 EGOZTE, echar, imputar.

 EGUN, gaur.

 EGUNSENTI, aurora.

 EGURATS, atmósfera.

 EKAI, gai, materia.

 EKAIN (eki, sol + gain), junio.

 EKIALDE (eki, sol + alde), oriente, Este.

 EKIN, insistencia.

 ELKARGO, elkarte, consorcio.

 ENARA, golondrina, hirondelle.

 ENDELEGU, intelecto, entendimiento.

 ERABAT, guztiz, osoki.

 ERAGIN, eragipen, influencia, acción.

 ERAKARTASUN, atracción.

 ERAKUNDE, organismo, entidad, institución.

 ERASO, atacar.

 ERBINUDE, comadreja, belette.

 EREDU, modelo.

 EREMU, terreno.

 ERGELKERIA, ligereza, frivolidad.

 ERITASUN, gaixotasun.

 ERORI, jausi.

 ERRAI, errain, entraña.

 ERRAUTS, ceniza, cendre. (HAUTS, polvo, poussière.)

 ERRESUMA, reino, royaume, kingdom. (ERREINU, reinado, règne, reign.)

 ERRU, hoben, culpa.

 ESKARI, petición.

 ESKUALDE, comarca, región.

 ESKUTAN, en manos. (ESKUETAN, en las manos.)

 ETORKI, origen. (Ikus «Axularren Hiztegia».)

 EUSTE, sostener, apoyar.

 EUTS, sostener, apoyar.

 EUTSI, sostenido, apoyado.

 EZELAKO (ezer + lako), inolako.

 EZEZIK, no solamente.

 EZKUTATU, ocultado.

 EZKUTU, lugar oculto.

 FUNTS, fondo, esencia.

 GAINDI, zehar.

 GAINDITU, superado.

 GAITZETSI, reprobado, condenado.

 GANORAGABEKERIA, ganoregabekeria, kanoregabekeria, insustancialidad.

 GARDEN, diáfano, claro, transparente.

 GARRAIO, transporte.

 GEHIENGO, mayoría.

 GERTAKARI, gertatua den zerbait. (GERTAKIZUN, gertatzeko den zerbait.)

 GERTATZE, resultar.

 GERUZA, capa ligera, couche légère.

 GEUNDEN, genzozan.

 GISA (1), era, modu,

 GISA (2), bezala, legez.

 GOGO IZAN, nahi izan, gura izan.

 GOGOETATU, preocupado, vuelto pensativo, caviloso.

 GOITI, gora.

 GOITIBEHEITI, gorabehera.

 GORABEHERA, a pesar de, malgré.

 GOTOR, sólido, vigoroso, populoso.

 GUTIETSI, menospreciado, subestimado.

 GUTUN, misiva, carta.

 HAIK, hareek. (Haiek aktibo, haik pasibo.)

 HALABER, así mismo, también.

 HALEGIA (hala + egia), a saber, es decir, esto es. (ALEGEIA, ficción.)

 HARMADA, ejército.

 HARRITZEKE, harritu gabe.

 HASERA, haste, hastapen, comienzo.

 HAUK, honeek. (Hauek aktibo, hauk pasibo.)

 HAUTAKIZUN, alternativa.

 HAUTEMAN, percibir, notar, captar.

 HAUTESKUNDE, elección por votación.

 HAZTARREN, haztarna, vestigio, huella.

 HEDATU, zabaldu.

 HEGAN, hegaz, hegaldaka, volando.

 HEGAZ EGITE, hegaldatze, volar.

 HEGI, ertz.

 HEIN, nivel, grado.

 HELDU, maduro, mûr.

 HERTSI, hestu, estrecho. (HETSI, cerrado, fermé.)

 HETSI, cerrado, fermé.

 HILORTZE, aborto.

 HITXI, hetsi, cerrado, fermé. («Zabal» aldizkarikoek hetsi hautatu dute euskara baturako.)

 HODI, tubo, tuyau.

 HONETARA, honela.

 HORIK, hoik, horreek. (Horiek aktibo, horik pasibo.)

 HORRETAZ, por consiguiente.

 HOSTOALDE, horrialde.

 HOTS, a saber, es decir, esto es.

 HURA, ha.

 HUTSARTE, intervalo vacío.

 IA, kasik.

 IDAZKARI, sekretari.

 IHAURRI, extendido sobre el suelo. (Ikus Pierre Lhanderen hiztegia.)

 INKESTA, encuesta.

 INOZO, ingenuo.

 IRUDIKO, ustez.

 ISOLATU, aislado.

 ISTILU, conflicto.

 IZEKITZE, encender, allumer.

 IZKIRIBU, eskribu, escrito.

 JADANIK, ya.

 JAGON, zaindu.

 JARRERA, postura, actitud.

 JASAN, soportado.

 JASATE, soportar.

 JASO, bildu.

 JASOTZE, altxatze.

 JAULKITZE, salir de la boca, caer de la boca.

 JAUNSKILA, jauntxo.

 JAUZI, salto.

 JUJE, juez.

 KARIA, motivo.

 KARRIKA, kale.

 KOKATZE, situarse.

 KONDATZE, contar, narrar. (KONTATZE, contar, enumerar.) Hala erabiltzen ditu Kintanak.

 KONDU, ipuin, cuento. (KONTU, cuenta.) Hala erabiltzen ditu Kintanak.

 KONTRAST, contrario. (Ikus «Axularren Hiztegia».)

 KOPURU, cantidad, suma. (Kopuru eta mukuru latinezko cumulus berbatik datoz.)

 KUDEATZE, dirigir, regir.

 KUTSADURA, contaminación. (SATSUDURA, polución.)

 KUTSATZE, contaminar.

 LATONTZI (lata + ontzi), envase de lata.

 LEHENGOZ, lehenengoz.

 LEKUKO, testigu.

 LEUDEKE, legokez.

 LOT, aplicarse, entregarse. (LOTU, aplicado, entregado.)

 MAIAZKARI, en mayo.

 MAILEGU, préstamo.

 MAIZ, sarri.

 MANAGAILU, organismo de mando.

 MEAGINTZA, minería.

 MENDEBALDE (mendebal + alde), occidente, Oeste.

 MERKATALGO, comercio.

 MILIAR, mila milioi.

 MINBIZI, cáncer.

 MOJA, serora, sor, religiosa.

 MULTA, amanda.

 MUSKER, lagarto, lézard.

 NABARERAZTE, hacer advertir, hacer notar.

 NABARI (1), evidente, notorio, patente.

 NABARI (2), advertir, notar. (NABARITU, advertido, notado.)

 NAGUSTU, nagusitu.

 NORBAITZUK, algunos. (Norbaitzuk aktibo, norbaitzu pasibo.)

 OHOSTU, ebatsi, lapurtu.

 OIHAN, baso.

 OIHARTZUN, eco.

 OKITU, lleno, repleto.

 ONDU, compuesto.

 ONURAGARRI, provechoso.

 ORAINOKOAN, orainartekoan. (Ikus «Axularren Hiztegia».)

 ORDOKITU, zelaitu, allanado.

 ORO, guzti.

 ORO HAR, en conjunto.

 OROKOR, general.

 OROKORTASUN, generalidad.

 OSTEGUN, eguen.

 OSTERA, ordea, berriz, aldiz.

 OSTERANTZEKO, bestelako, distinto, diverso.

 OTSAIL, febrero.

 PAIRATZE, aguantar, padecer.

 PIKOTARA, a la picota, al traste. (Picota, antiguo instrumento de suplicio.)

 PILTZARKETARI, trapero, chiffonnier.

 PREZEZKI, preseski, precisamente.

 PUNPATU, botado.

 SALHATU, denunciado. (SALHO, denuncia. SALO, glotón.)

 SARDINIA, Cerdeña.

 SATSUDURA, polución. (KUTSADURA, contaminación.)

 SINADURA, firma.

 SINATU, firmado.

 SINDIKATU, sindicado.

 SOBERA, gehiegi, lar, larregi.

 SOIL, simple, mero.

 SUNTSITU, hondatu.

 TANKERA, estilo.

 TAXU, traza, porte, taila.

 TROXA, pañal, lange.

 TXANGO, excursión, expedición. (Txango egite = zango egite, footing?)

 TXATARRA, hierro viejo, ferraille.

 TXOSTEN, trabajo literario corto.

 UDAL, municipio.

 UGAZABA, amo, dueño, maître.

 UKAN, izan. (Ukan aktibo, izan pasibo.)

 UKITU, tocado. (Ikus «Axularren Hiztegia».)

 URRATS, pauso. (PAUSU, descanso, reposo.)

 URTARRIL, enero, janvier.

 URTXINTXA, ardilla, écureuil.

 USNATZE, olfatear. (Ikus «Axularren Hiztegia».)

 XEDE, propósito, objetivo. (Ikus «Axularren Hiztegia».)

 XUHURKI, económicamente.

 XURITU, zuritu, arreglado, resuelto.

 ZABOR, basura.

 ZABORRERIA, desperdicios, restos, déchets.

 ZAPARTATU, reventado, crevé.

 ZARAMA, basura.

 ZEREN (ETA), ze, pues.

 ZINEZ, benetan.

 ZIRRARA, emoción.

 ZOKOA, Lapurdiko Socoa.

 ZUNTZ, fibra.

 ZUZENBIDE, justicia. (HELBIDE, dirección, adresse.)