ANAITASUNA

294. zenb.

1975.eko martxoaren 31koa

Pelota, 4 - 1.º - Bilbao-5

Tel. 23 74 49 - Apart. 495


ANAITASUNA BIZKAIA

HAMABOSTEROKOA

JABEA:

San Frantziskoren Hirugarren Ordenako Batzarre Nazionala.

Batzarburu: Miguel Zapata (Goya, 25. Madrid-1).

ZUZENDARIA:

Joan Mari Torrealdai.

Urteko abonamendua:

Bertorako 300 pezeta

Latin Amerikarako 320 »

Europa eta Ipar Amerikarako 330 »

Ale bakoitza: 15 pezeta.

INPRIMATZAILE:

Imprenta AMADO - Mazarredo, 35 - Bilbao-10


Euskal Komikia

 Agur, irakurle!

 Hona, komikiekin batean, komikiari buruzko ale berezi bat.

 Ba dugu zer pozturik. Ale berezion berririk ba du, beharbada, irakurleak. ANAITASUNAren ale bereziok, edo memento interesgarri batek eskaturik, edo problema garrantzizko bat tratatzeko agertuko dira. Bietan, irakurlearen probetxurako, tratamendu sakonago bat hartuko du gaiak.

Ale berezi hauetan, orain komikia aztertzen dugun bezala, beste arazo eta gai batzu erabiliko ditugu gerora. Hiruzpalau ari gara prestatzen presenteon.

 Komikiaren zenbaki hontan, mementoa eta gaia, biak dira bereziki garrantzizkoak. Uste dugunez, orain arte izan ez duen halako kategoriako komikia eskaintzen diogu euskal kulturari. Une gogoangarri bat, beraz. Bestalde, komikiak duen kultur eginkizuna ezaguturik, euskal kulturari ezin hobeago etorriko zaio honako hau.

Hain zuzen, komiki hauen berri emateko eta komikiaren kultur funtzioa adierazteko pentsatua izan da zenbaki hau. Idatziaren eta irudiaren kulturen arteko ezkontza hontan (hori da komikia), euskal kultura, komiki honekin, lotsarik gabe eta harro presenta daitekeela pentsatzen dugu.

Zure harrera onaren eta laguntzeren zain, ez adiorik.

Joan Mari TORREALDAY

ANAITASUNAren Zuzendari


Irakurleak idazle

"Bortxakeria saindua"

 Ahoberokeria* edonon agertu ohi da. Baina bere habia kuttuna jakintsuen baitan* egiten duenean, asaldagarria* izaten da.

 Rafael Lapesa jaunaren «Historia de la Lengua Española»ko 207. horrialdean irakurria:

«El castellano... en Vasconia, Galicia y Valencia es la lengua habitual de las gentes cultas y medias, muchas de las cuales ignoran el idioma regional. No es de estrañar, por tanto, que el área del vascuence sufra constante reducción y que en sesenta años haya perdido 70.000 hablantes. La vitalidad de la lengua española se revela no sólo en su creciente difusión, sino también en la fundamental unidad que ofrece...»

 Bai, jauna! Euskara atzera doala bistan dago. Ez baina gaztelania baino ahulagoa* delako, aipatzen duzun erdararen «creciente difusión» hori bortxakeria hutsa besterik ez delako baizik. Delako «creciente difusión» hori zeri zor zaion jakiteko, aski* da, zerorrek aurreko horrialdean idatzi duzuna irakurtzea:

«Felipe V lo hizo (erdara) obligatorio en la enseñanza pública y en la vida jurídica y administrativa».

 Gauzak horrela izanik, hain gogorki oldartua* den hizkuntza baten iraupen hutsa, beronen bizitasunaren frogarik* garbiena dugu. Bai, jauna: Euskarak bizitasuna du, indarra du, azkartasuna* du (batzuren desgogara,* erantsiko nuke nik).

Baina, kasu! Lapesaren azalpena ukatzen dugularik, ez dezagun gutiets,* besterik gabe, berak gogoratzen digun egia: Euskarak, hirurogei urtetan, 70.000 hiztun galdu dituela.

 Segidan, askori begikoa ez zaion liburu batetako pasarte bat aipatuko dut. Barkatuko didazulakoan nago, irakurle:

«Jaunak eskatzen digun saindutasun maila, hiru gauza hauek osatzen dute: Egosgogortasun saindua, indarrean inorbehartze saindua eta lotsagabetasun saindua» (Bidea, 387).

Baten batek galde egingo lioke Escrivá jaunari, nola bihur daitekeen saindu bortxakeria edo «indarrean inorbehartzea». Neure aldetik esan beharrean nago, esaera honi oso mamitsua deritzadala. Zergatik? Euskara, gure «bortxakeria sainduaren» ezagatik ahulduz doalako. Eskolan, lantegian, etxean, indarkeria sainduz, euskara erabiltzera inor behartzen ez dugulako. Edozein tokitan euskara erabiltzera bortxatuko gintuzkeen indarkeria, saindutzat joko nuke nik, saindutasuna zuzenbidean oinharritzen delako, eta euskaldunon lehen eskubidea elkarrekin euskaraz hitz egitea delako.

Borja BARANDIARAN


"Iberia Express"

Portugaleko talde politikoak

Koalizioa osatzen duten alderdiak

 PCP (Portugaldar Alderdi Komunista): Alvaro Cunhal (portafolio gabeko ministru). Octavio Pato, Jaime Serra, Dias Lourenço, Pires Jorge, José Magro, Aldo Nogueira, Blanqui Teixeira...

Faxismoaren aurkako burrukan zailduriko* alderdia, eta langilerian sustrai* sakonak dituena. Elkar bizitza baketsuan oinharrituriko nazioarteko politika, Moskurekiko harreman herstuak, pixkanaka elkarri hurbiltzea, demokraziaren aldeko burruka... aldarrikatzen* ditu. Elkargoetara zabalik dago.

 PPD (Herriaren Alderdi Demokratikoa): Magalhaes Mota (portafolio gabeko ministru), Sa Carneiro, Pinto Balsemao.

Alderdi sozial-demokratikoa. Klase burruka onhartzen ez badu ere, ezkerraren lengoaiaz* baliatzen da. Bere jokabide antikomunistari esker, eta sozialismoaz eta demokraziaz sarri egiten dituen aipamenengatik, erakargarri* gertatzen da zenbait klasetakoentzat. Negozio gizon eta «idun* zurien» artean arrakasta* du.

 PS (Portugaldar Alderdi Sozialista): Mario Soares (atzerri ministru), Salgado Zenha (justizi ministru), Pedro Coelho (emigraziorako Estatu idazkari*), Jorge Campinos (atzerri arazotako Estatu sailekoa), Tito de Morais, Marcelo Curto.

 Sozial-demokrazia bidetik doa (II. Internazionala), klase burrukara hurbilduz. Alderdi honetako gidariak oso ezagunak dira, faxismoaren aurka egin duten burruka gogorrarengatik. Mendebal Europako sozial-demokraten babesa du. Caetano aroaren* haseran, «oposiziotiko elkar hizketa» bat ireki nahi izan zuen erregimenarekin; baina huts egin zuenez gero, 1969.eko «bozketan»* atzerakada bat egin zuen. Batasun politika batetarako eta komunistekin aliatzeko gai izan da. Etendura eta tupusteko* asko gertatzen da beronen barnean; baina komunisten artean ageri den «askatasun ezaren» ondoan, egoera hau erakargarri gerta daiteke askorentzat bozketa orduan.

Koalizioan ez dauden alderdiak

 CDS (Zentru Sozial-Demokratikoa): Freitas do Amaral, Amaro da Costa, Xavier Pintado.

 Kapitalist sistemari argi eta garbi eusten* dion alderdia. Indar Harmatuen Mugimenduak ezarritako legeen barruan jokatzeko prest dagoela adierazten du. Faxist erregimenaren inguruan ibilitako jendea da alderdi honetan gidari. «Salazarren teknokrata» gisakoak* dira; eta berauetariko zenbait, ministru eta lankide izanak dira. Eskuinaren eta beheko apezeriaren* babesa eta sostengua du. Beste alderdi guztien kontra, komunista edo prokomunista omen direlakoaren mamuaz* balia daiteke.

 MDP (Portugaldar Mugimendu Demokratikoa): Pereira de Moura, José Tengarrinha, Macedo Varela, Felicidade Alves, P. Remos de Almeida.

 Oposizioko batasun mugimendua. 1969.eko bozketa garaian eta erregimenari gogor egiteko sortua; komunistak, sozialistak, ezkerraldeko katolikoak eta ekintzaile demokratiko independenteak bateratu ditu. Apirilaren 25az geroztik, Indar Harmatuen Mugimenduari herriak euts diezaion lan handia egin du. Hazilean* alderdi politiko bihurtu zen. Era guztietako herri ekintzari bultz egitea du helburu.

 MES (Ezker Sozialisten Mugimendua): Augusto Mateus, Victor Vengerovius, Alfonso de Barros.

 Frantses PSU (Alderdi Sozialista Bateratua) delakoaren antzeko jarraibidea darama. Autogestioa eta aldakuntza iraultzailea aldarrikatzen ditu. Komunist Alderdiarekin harreman herstuak ditu, eta sindikatu bakarraren aldeko agertu da.

 FSP (Herriaren Fronte Sozialista): Manuel Serra.

 PS-ren azken Kongresuaren ondoren aldendutako adarra. Langile eta sindikatu mailan erro sakonenak dituen taldea. Mario Soaresek PS langile klaseko alderditzat aldarrikatu nahi izan zuenetik sortu zen etena. FSP ere sindikatu bakarraren aldeko agertu da, eta ezker negaleko aliantza batetan partaide izanen dateke.

Ezker ertzeko* alderdi eta taldeak

 MRPP, LUAR, PC de P, LCI, AOC.

 Jarrera* politiko desberdin eta ugaritako talde eta taldeskak. Komunist Alderdiarekin hasi eta berau etsai nagusitzat salatzen dutenetaraino. Zaila da berauen eragina* eta ekintza aurrez adieraztea eta kontrolatzea; baina ukan lezakete garrantzirik politik eskenan.* (Xabier Mendiguren)


"Iberia Express"

Mendès France Portugalen

 Mendès France, Frantziako ekonomilari famatua, Portugalen izan da berrikitan.* Hango agintariek deituta joan da hara. Ez turismoa egitera, baizik eta kontseilari bezala. Ekonomi arazoetan Mendès Franceren aholkuak* benetan baliagarriak eta jakingarriak dira, ezkertiarren ustetan.

 Mendès France, Frantziako Kontseiluko lehendakaria izana da, ministru ohia,* eta gaur alderdi sozialistan dagoena. Ekonomi arazoetan alderdi sozialistaren bulegokoa* da, eta Mitterranden kontseilari. Diotenez, Mendèsen eritziek markatzen dute gehienbat AS-ren ekonomiazko politika. Haren jakitatea, bestalde, AS-n eta ezkerrean bakarrik ez baina eskuinean ere onhartua da jadanik.*

Handik etorritakoan, Portugali buruz eritzi zenbait azaldu du, eta Portugaleko egoeraren soluzioak Europarentzat ukan dezakeen garrantzia azpimarkatu.

 Portugaleko inflazioa oso arriskutsua dela esan du. Handia delako. Beti da arriskutsua inflazioa. Mendès Franceren tesia da, inflazioa diktadur bidea dela. Portugaleko inflazioa ez da erregimen berriak ekarria, heredatua baizik.

 Portugaleko harmadaren* eginkizunaz eta jokabideaz ere mintzatu da. Eta puntu horretan eman dituen aholkuak ere garbi asko agertu ditu. Mendèsen ustez, harmada herrira ekarri behar da. Herriaren laguntzaile bilakatu* behar da. Sozialismoaren eraikitzaile, maoismoan bezala. Horretarako, oroz* gainetik lehen eginkizun bat ba duke* harmadak Portugalen: «reforma agraria» delakoarena, halegia.* Soldaduen gaztetasuna eta borondate ona horretara zuzendu behar litzateke, Mendès Franceren gardiz.*

 Zergatik Portugalez axola? galdetzen diote kazetariek. Mendès Franceren eritziz, Portugalekoak uste baino inportantzia handiagoa du Europa osoarentzat. Hangoaren eboluzioak, sozialismoaren etorkizun europarra kondiziona dezake. Zalantzarik gabe, eragin psikologiko handia ukan du eta ukanen du Espainian (interesgarria litzatekeela esan du, zenbat espainiar politikari —paisano eta militar— Portugalera harremanak lotzera joan den jakitea). Espainiaren ondoren, Italiara, Greziara, Jugoslaviara eta Errumaniara ere begiratzera gonbidatzen gaitu Mendès Francek. Herri horik* denok, urte guti barru, arras* desberdinki gobernatuak izan daitezke. Eta zeharka, edo ez horren* zeharka, Europa osoa. Portugalek du, agian,* Europa sozialistaren lastargia.* (Joan Mari Torrealday)


Hementxe denok

Ipar Aldea

Kataluniako lantegi bat Baionan

 Noizbait bada noizbait, jendea hegoaldera so* egiten hasia dela esaten ahal dugu. Duela hamar bat urte, kuraia* behar zen esateko, iparralde honen geroa hegoaldeari lotua zela. Egun,* aldiz,* erakunde* ofizialek berek hala diote, hala nola Baionako Merkatalgo* Ganbarak.

Gure eskualdeak,* hemengo bizibidea doi* bat azkartzeko* eta lekuko lanketariei* lan baten emateko, hegoaldetikako lantegi andana* pollit bat behar luke. Nahiz ba litekeen mugaren haraindian industrilari bat baino gehiago hona etortzeko prest, bat baizik ez dugu ezagutzen, iparraldean finkatu denik, eta bakar hori, Bernat izeneko katalan lantegia dugu.

Duela zenbait aste izan gara bisitatzen. Oñoñak* eta holakoak egiten ditu. Orotara,* ehun ta lau langile, gehienak emakumeak, enplegatzen ditu. Hauetarik berrogei, joan den urtarrilean* hasiak lanean. Eta beste berrogei ta hamar bat langile hartuko omen ditu aurten.

 Ideia baten ukateko, hona zifra batzu:* lantegi hori 1972.ean hasi zen lanean. 1973.ekotz hirurehun tonelada azukre behar zituen. Aurten 1.584 tonelada, oraingo ustez. Eta lantegiko buruzagiak, lehena katalana, bigarrena euskalduna, doi bat beldur dira, ez dutela aski* azukre hartzen ahalko.

Agian* mementoko ezontsa* hori laster iraganen bide* zaie, eta langileak aitzinetik* pentsatu bezala emendatuz* joanen dira.

Berriz ere «Enbata» hor dugu

 Berriz ere hor dugu «Enbata» astekaria. Otsailaren* 13an argitaratu da 338. zenbakia.

 Lehen hostoan,* mugaren honaindira ixilka iragaten diren afrikanoetaz mintzo da.

 Kazetari buruz dio, Euskal Herriko ekintza osoaren agerbide bihurtu nahi duela, abertzale guztien arteko elkarte bati buruz ari delarik.

 Bestalde aipatzen dituen gaiak: Euskal Herriko emakumeak, Bankako* bide eskandalagarria, Christian Rudel-ekin erabili* zenbait solas,* eta mugaz bestaldeko berri labur batzu.

SAT lantegi berria Mugerren

 Telekomunikabideentzat lanean ari den SAT elkarteak, 1973.eko hazilean* muntatu zuen Angeluko* lantegia langile multzo batekin. Bost hilabeteren buruko* ba zituen ehun ta laurogei bat langile, eta egun ba ditu berrehun ta hirurogei.

Joan den ekainean* hasi zituen obralanak Mugerreko industrial eremuan,* eta martxoaren erditsutan estrenatu dute lantegi eder bat.

 Duela zenbait aste bisitatu dugu lantegi berri hori, eta Castillon jaun zuzendariak eman dizkigu guk gogoan har ahala baino xehetasun* gehiago, lehenik plano eder baten aitzinean, eta ondotik lantegiko barne harrigarriak ikus eraziz.

 Orotara, bederatzi hektarea eremu hartuak ditu lantegi horrek Mugerren. Hauetarik bi, autolekuentzat apailatuak izanen dira; eta beste bat, bide eta soropil* bihurtua.

Gelditzen diren sei hektareak estaliak izanen dira, lan leku, bulego,* eritegi,* garbitasun leku, jateko sala eta beste barneen muntatzeko.

 Joan den urtean oraino uste zuten zuzendariek, aurtengo urte honen bururapeneko,* laurehun bat langile izanen zirela orotara.

 Denok dakigun bezala, bizibide edo ekonomiaren gaurko egoerak ez die asmo hori betetzera utziko. Ez dute, ordea, xedea* baztertzen; eta helburua 600 langiletara heltzea da beti. Agian* bizpahiru urte barne helduko bide* dira.

Angeluko itsas hegiaren zaintzeko

 Otsailaren 21ean, Angeluko Herriko Etxean egina izan da bilkura* bat, garrantzia* edo inportantzia haundikoa, itsas hegiaren* geroari buruz. Jendalde pollita ere bildua zen karia* hortara.

 Itsasoaren kolpe gaizto eta desegileetarik nola begira* itsas bazterra? Horra zer buruhauste behar zuten eztabaidatu.

«Maisons-Alfort» deitu* elkarteari hel* egina izan zitzaion, duela zenbait urte, ea zer egin behar zen jakin nahiz, itsasoaren lan kaltegarriaren ezeztatzeko. Etxe honek egin dituen ikertzeen* arabera,* itsasoko urkorronteak azkartu* egin dira 1965.az geroztik. Urte hartan egina izan zen, bizpahiru ehun metro luze dituen eta Aturri* ibai bazterretik abiatzen den itsas harresia.

Itsasuntziak, Aturri ibaira sartzean, uhin* haundietarik begiratzeko egin zen delako harresi hori. Baina gertatu dena da, alde onarekin txarra ere ekarri duela.

 Beraz, harresi hori dela kausa, Angeluko hondartza bazterretako harea emeki* emeki itsasoak eraman du, gibelera* ekarri gabe, aitzinean egiten zuen bezala; eta urkorronteek hare hori Aturri ibaiaren sarreran metatu dute, itsasuntzien sartzea trabatzen duelarik. Hainbestetaraino metatu ere, non 1963.ean hirurehun mila tonelada hare kendu behar izan baitzituzten, eta 1971.ean berriz milioi bat toneladaz goiti.*

Joan udazkeneko denbora txarretan, itsasoak desmasia haundiak egin dizkio itsas bazterrari. Zer egin behar da orain, berriz ere ez dadin horrelakorik gerta?

Lehen lehenik eta ahal bezain laster, itsas hegiaren parrez par, laurehun ta berrogei ta hamar metro luzeko harresi bat egin. Bestalde, beste bi harresi haundi egin beharko lirateke, lurretik itsasoari buruz.

 Hiru harresien egitea hogei ta bost milioi libera* berri kostako litzateke oraingo prezioen arabera. Nork pagatuko du, ordea? Angeluko herriak ba ditu jadanik* hirurehun milioi libera zahar gastaturik; eta alkateak, behin eta berriz esan duenez, ez du gehiago deus* egiten ahal. Beraz, Estatuari dagokio obralan baitezpadako* horien egitea.

Beldurtzeko da, ordea, horik* egin aitzin, itsasoko uhin kolpeek bidea libre izanen dutela oraino luzaz.

Gisa* guztiz, gero ikusiko.

Pasaporteak udako* kenduko ote?

Otsailaren 27an, Poniatowski jauna Baionara etorri zitzaigun. Ez da lehen aldia, Pariseko ministru bat gure artera datorrela.

 Kazetariek galdeturik, ministru jaunak zera jakin erazi zuen, Pariseko espainol enbaxadaria oraino berriki* ikusia zuela, eta uste duela frantses paperdunentzat luza gabe ez dela pasaporteen beharrik izanen, mugaren iragateko.

Baionako industrial eremuak

 Ipar Euskal Herri guztian, Baiona izan da industrial eremuen alde jokatu den lehena, 1961.az geroztik ari izan baita lantegi berrientzat eremu berezien muntatzen.

 Lehen industrial eremua, «Pontots» deitu* eskualdean egin zuen. Hogei hektarea lur prestatu zituen, eta bi urte hontan denak harturik daude. Orotara, hogei bat etxe, lantegi eta abar sartu dira hor.

 Bigarren eremua, Mugerreko eskualdean aurkitzen da. Oraingoz ba ditu hamabost hektarea apailaturik, eta denak erosiak dira. Eremu hortan azkenik sartu den lantegia, SAT izenekoa dugu, gorago aipatu duguna. Hor diren lantegi berriak, oraingo usteen arabera haunditzen badira, orotara 750 lanbide aurkituko dira hor.

Mugerreko eremu hortan bereon, beste hamahiru hektarea muntatu beharrak dituzte. Eta geroago, beharraren arabera muntatzeko, beste ehun bat hektarea lurreremu ba dira zelaiturik.

 Dezagun esan ere, Mugerreko industrial eremu horrek oraingoz trenbidea ba duela. Eta, geroago, bide handiei eta autobide berriari bide ederrez juntatua izanen dela.

 Hirugarren eremua, Saint-Etienne deitu hauzoan aurkitzen da. Hau bi zatitan emana dute. Lehen hogei ta lau hektareak lantegi garbientzat dira. Beste hogei ta hamabost, berriz, edozein lantegi motarentzat.

 Lehen zatia muntatzen ari dira. Eta datorren hilabetean, lantegi berri bat, EXA izenekoa, altxatu beharra dute. Mekanikalan fineko lantegia, berrogei bat langile izanen dituena.

Aipa dezagun, Baionari hurbil delakotz, Bokale-Tarnoseko* industrial eremua, Aturiko Haroztegiak* 1964.ean hetsi* zituztelarik, lanik gabe zeuden bi mila pertsonek leku berean lan berri bat ukan dezaten muntatua. Hirurogei bat hektareatako eremua da. Egun* betexea* dena. Han altxatu diren lantegi berrietan haundiena Turbomeka izenekoa dugu, mila laurehun langilerekin dena.

 Lantegi berriak, egun inoiz ez bezainbat behar ditu gure iparraldeak. Hortarako, industrial eremuak ere behar.

Industriplan baten muntatzeko ordua etorria dela iruditzen zaigu, Ipar Euskal Herri osoarentzat kolpez sobera* baldin bada ere, Lapurdiko eskualdearentzat bederen.* Lapurdiko alkateek ba lukete hor lan eder baten egiteko parada.* Ea, bada, izanen duten kuraiarik,* lan baitezpadako* horri berandu gabe lotzeko!

Gexan LANTZIRI


Hementxe denok

Bizkaia

Jon Juaristi eta Arene Garamendi ezkondu

 Martxoaren 21ean, Jon Juaristi eta Arene Garamendi ezkondu egin dira Deustuan. Irakurleak dakikeenez,* Jon Jauristi euskaldun berria da, eta diglossiari buruzko artikulu interesgarri batzu egin ditu ANAITASUNAren horrialdeetan, bai eta gai berberaz hitzaldi sonatu asko ere. Arene Garamendi, berriz, Erandioko ikastolan andereño izandakoa da. Biok, gainera, Philosophi-Letretan lizentziatuak ditugu.

Gure zorionik beroenak senar-emazte berrioi, eta... ea euskal demographia laster gehitzen diguten! (Armendaritz)

Deustuko jaiak gero eta hobeto

Bilbo deritzan munstro haundi horrek irentsi zuenetik, Deustuak hainbat gauza maitagarri utzi behar izan ditu, herri nortasun berezi bat ematen ziotenak. Aurreramenduaren izenean egin duela esan beharko, progresuak bere prezioa eskatzen baitu.

Lehen, Deustuko Sanjoseak oso famatuak ziren gure inguru guztian. Jendea milaka etortzen zen, programaturik zeuden jaiak ikustera eta bota duten pelotaleku ederrean dantzatzera. Azken urteotan jaiak ezerezean geratu dira; baina sortu berria den «Zubibarri» euskal kultur taldeak arnasa* berri bat eman nahi die.

 Gazte suhar* hauei esker, eta La Salle ikastetxearen laguntza baliotsuarekin, urtean zehar hainbat hitzaldi eta saio izan ditugu; eta aurtengo Sanjoseak askoz hobeto ospatu badira, haiei zor zaie. Zerbait aipatzekotan, Iñaki Irigoienen hitzaldia eta euskal kantarien saioa egingo genituzke. Irigoien jauna euskal dantzaz mintzatu zitzaigun, bere berbaldia ehun bat diapositibaz lagunduz. Eta kantaldia, La Salle ikastetxeko aretoa* tipiegia izanik, bertako elizan egin zen, bildu jendalde izugarriarentzat lekua izan zedin. Mikel Laboa, Oskarbi, Xabier Lete eta Lurdes Iriondo aritu ziren, entzuleriaren bihotzak hunkituz* eta beren goi maila artistikoa ongi frogatuz.*

Bilboko Aurrezki Kutxaren Narrazio Sariketa

Hainbeste urtetan euskarari eta euskal kulturari lepoa emanik egon ondoren, Bilboko Aurrezki Kutxa Munizipalak, euskaraz idatzitako narrazioak sariztatzeko, 125.000 pezetatako sari bat ezarri du. Oraino ez dugu araudia* ezagutzen. Hala ere, eman gura izan dugu berri hau, euskal idazleak lanerako presta daitezen.

 Orain Bilbon, «Guria» Saria dugu, gaztelaniaz egiten den bakarra. Noiz arte, jaunak!

«Orria 778» pastorala Bilboko Santutxun

Oiartzungo «Intxixu» taldeak eskainia, Santutxuko areto batetan ikusi ahal izan dugu lehen aldiz Bilbon pastoral bat.

Nik ez dakit, saio honek nolako arrakasta* eduki duen beste tokitan. Bilbon behintzat, pastorala hasi eta 16 ekitaldiak aurrera zihoazen bitartean, jendea ixilik zegoen, adi. Ez zen txalorik entzuten. Eskenarioan, txirula eta akordeoi baten soinuaz mugitzen ziren pertsonaiak. Noizbehinka lau neska jator agertzen ziren dantzaka eta saltoka, eta pastoralaren narrazioa egiten ziguten, elkar hizketak beste pertsonaiei utzirik.

Nola hartu zuen Bilboko publikoak, ikusten zuen lehen pastorala? Zer adierazten zuen jendearen ixiltasun harek, txalorik ez entzute harek? Jendeak ez zuela pastorala ulertzen? Txunditurik* zegoela? Edo eta pastorala ez zela publikoaren gustukoa? Erantzuna azkenean etorri zen: txalo zartadak, biziak, beroak, luzeak.

Baina ez nuke kronika hau bukatu nahi, Euskal Herri osoan barreiaturik* dauden jai antolatzaileei dei bizi bat egin gabe. Zeuen jaialdiei arnasa berri bat eman nahi badiezue, jendeari euskal historia ezaguterazi gura badiozue, eraman ezazue beldurrik gabe Intxixu taldea, Orreagako* gudaketa azaltzen duen pastoral hau eman dezan. Ez zarete inolaz ere damutuko.

 Inork Intxixu taldearekin harremanetan hasi nahi badu, hau da haren helbidea:* Eugenio Arozena, Barrio Alzibar, Oyarzun, Guipúzcoa. Tel. 356395. (Xabier Gereño)

Arrantzale Kantuen I. Lehiaketa Ondarroan

Aurten, Arrantzale Kantuen Lehen Lehiaketa egingo da Ondarroan, hango «Kresala» elkarteak antolaturik. Hona hemen lehiaketa horren oinharriak:

1. Lehiaketa honetara kantu berriak soil soilik bidal daitezke. Bakarka kantatzeko izango dira, noski.

2. Kantuen hitzek euskarazkoak beharko dute izan. Gaiak, nahitaez, itsasoko bizikera eta arazoei lotua beharko du izan. Hitzak aurretiaz argitaratuak izan daitezke.

3. Kantuen musikak, bai melodiaren eta bai laguntzaren aldetik euskal kutsu berezia beharko du izan.

4. Hiru minutu baino gehiago ez du iraun behar kantu bakoitzak,

5. Kantu berri horik bidaltzeko epea, aurtengo apirilaren 30ean bukatuko da.

6. Kantuak, piano edo kitarrarako bezala atonduta bidaliko ditu egileak.

7. Lehiaketa honetan parte hartu nahi dutenek, beste baldintza hauk ere bete beharko dituzte:

 - kantu bakoitzaren hiru ale bidaliko dituzte, izenpetu gabe, noski.

- partiturak lema batekin bidaliko dira, eta beste estalki hitxi batetan lema eta egilearen izen-deiturak eta helbidea.*

8. Bidalitako kantuen artetik, hamabi aukeratuko ditu epaimahai batek, agerian egingo diren saioetan herriari eskaintzeko.

9. Kantuak aukeratzean, musikaren balioa ezezik,* idazlanaren esannahia eta balore artistikoa ere haintzat hartuko dira.

10. Ageriko saioak honela egingo dira:

 - hamabi kantu hautatuak, ekitaldi bitan, herriaren aurrean, Ondarroan, emango dira.

- hamabi kantu hauen artetik, sei hautatuko dira, azken saioan parte har dezaten.

- aurreko ekitaldietan kantu bakoitzak lorturiko puntu edo botuak, azken saio honetan ez dira kontuan edukiko. Kantu guztiak, azken saioan, egoera berdinean aurkituko dira.

11. Saio hauetako kantariak, egileak berak ere izan daitezke, edo haiek aukeratu dituztenak. Bestela, antolatzaileek hautatuko dute, kantu bakoitzari dagokion kantaririk egokiena.

12. Bai lehen ekitaldietan eta bai azken saioan, aukeratzea edo botazioa honela egingo da:

50% herritar entzuleak.

 50% horretarako aukeratutako epaimahaikoak.

 13. Hiru sari izango dira:

- lehena, 15.000 pezeta.

- bigarrena, 10.000 pezeta.

- hirugarrena, 5.000 pezeta.

14. Aukeratutako hamabi kantuen egileek —beraiek nahiz beste batzuk kantatuz— saririk jasotzen ez badute, 1.000 pezetatako diru laguntza hartuko dute lehen ekitaldietan, eta 1.500 pezetatakoa azken saioan.

15. Kantuen partiturak, aurreko arauetan esaten denez, helbide honetara bidali behar dira:

«Kresala» elkartea

Primo de Rivera, 23-1.º

Ondarroa, Bizkaia

16. Hemen ematen direnez gainerako edozein arazo, antolatzaileek erabakiko dute, eta haien erabakia behin eta betikoa izango da.

17. Lehiaketan parte hartzeak, araudi honen ezagutzea eta onhartzea esan nahi du, noski.


Hementxe denok

Nafarroa

Kasales pilotari zenari omenaldiak

Pilotari zenari diot, minbiziaz* hil baitzitzaigun joan den otsailaren* 14ean. Ba zeramatzan hilabete batzu hiltzera etsiturik, eta horregatik ez gaitu ezjakinean harrapatu berri txar honek.

Ba zekiten Iruine aldeko pilotazaleek gure pilotariaren erremedio gabeko gaitza; eta ba dira hilabete batzu (Gabon inguruan guti gorabehera) hasi zirela, pilotari herrikoi honentzat eta beronen familiarentzat diru laguntza bila. Honela antolatu ziren omenaldi batzu Huarten, Aoitzen eta Tafallan. Eta beste bat antolatu nahi izan zuten haren lagunek Errotazar-Arrotxapean, otsailaren 16an, pilotaria jaio zen hauzoan eta hainbestetan jokatu zuen pilotalekuan; baina bi egun lehenago hil zen gizaixoa.

 Batek baino gehiagok galde eginen duzue ea nor zen pilotari hau. Ez zen ezagunenetakoa, ez zen lehenetarikoa, ez. Trebetasun neurriekin neurturik, ez zen izan afizionatu bat besterik. Baina jendeak ondo somatu du gure Kasalesen balioa, herrikoia zelako, inongo jaitan pilota partidurik antolatu behar bazen han egoten zelako, herri xehearen nahia egiteko prest, lehen mailako pilotariren bat ekartzeko erarik ez zegoenean. Horrexegatik, Kasales gaixotu zenean, inguruko herrietan harentzat eta haren familiarentzat diru laguntza bila hasi ziren. Herri xeheak ez ditu bereak ahanzten.

38 urte zituela joan zaigu. Alarguna eta bi alaba utzi ditu, eta beste ume bat jaiokidin.* Goian bego!

Krisi giroa Iruinean

Lehengoan esan genuenez, aurten ez dadukagu geure artean politika eta gizartezko giro itxurazkorik. Lehenago langileak izan ziren, problema izugarriak zituztenak; orain, hauk* isildu ondoren (isildu esan beharko, baina ez etsitu*), ikasleak ditugu artega* eta urduri.* Ez bertoko problema bereziengatik, Valladolideko arazoagatik baizik, eta hango gertakariek hemengo ikasleen artean izan duten eraginagatik.* Ez dira izan oraingo gorabeherak, urtarrilean* izan genituenak bezain luze eta hedatuak; baina egun pare batez bederen* izan dugu protestarik eta tirandurarik* Iruineko karriketan.*

German AGIRRE


Komiki honetaz zerbait

Ale honetan, ZERUKO ARGIArekin batera, eta Lankideen Aurrezki Kutxaren laguntasunari esker, euskal komiki baten lehenbiziko alea presentatzen zaio euskaldun haurreria, gazteria eta, oro* har, irakurlego osoari. Hori dela eta, jadanik* kaleratua den ixtoriopaper horretaz presentazio gisa* zerbait esanen dugu, jende askori interesgarri gerta dakiokeelakoan.

Komikiaren sorrera

 Esku artera etorri zaizun komiki hau, irakurle, orain urte bi hasi zen sortzen. Lehenbiziko asmoak, oker ez banago, 1973.eko udazkenean bururatu zitzaizkidan, Imanol Laspiurren semearen irudi batzu* ikustean. Honetaz, Jabi Zuluagarekin, IKERreko gerentearekin, mintzatu nintzen; eta, zenbait profesionalekin kontsulta egin ondoren, Laspiur gaztea «ohi ez bezalako promes bat» zela esan ziguten, baina gazteegia oraindik, komiki oso bat bere ardurapean egiteko. Horrexegatik, eta beharbada mutilari zor genizkion esplikazioak eman gabe, beste irudigile profesional batzurengana jo genuen.

Ez noa hemen kondatzera, zeintzu eta zenbatengana joan ginen. Pasadizo ugari bezain barregarriak gertatu zitzaizkigun, komikia zela eta ez zela; baina azkenean, guk topatu genituenekin eta gugana bolondreski* etorri zirenekin, talde egoki xamar bat osatu genuen. Irudigileek egindako lehen aproba eta marrazkiekin Lankideen Aurrezki Kutxakoengana joan ginen, komikiaren proposamendua egitera, beraiek, onetsiz gero, publizitate eta ikastolen aldeko sozial zerbitzu gisa babes* zezaten.

Honelako gauzetan egoten diren luzapen logikoak gertatu ondoren, azkenean komikia kalera irten da, irakurle. Orain arte, egia esan, euskal haurrek euskarazko komiki batzu erabili dituzte, zenbaitzu oso onak gainera; baina, salbuespenen* bat kenduta, ia guztiak kanpoan egindako erdal komikien itzulpenak ziren. Bistakoa zen, horiez gainera, berton, bertoko pertsonaia, gai eta hizkuntzaz burutuak* beharrezkoak genituela. Hutsune hori nolabait betetzera dator, beraz, komiki hau. Mendien erditze* xelebre haren antzeko bat ala aurrerapauso bat izan den, denborak eta, ezerk baino hobeki, haurren artean lortuko duen harrerak esanen digute.

Eta aurrekontsiderook eginik, sar nadin orain mamira, hots,* ixtorioen gidonista eta irudigileen presentazioa egitera.

«Krisket» eta «Popolo»

 Egileen famari bagagozkio, dudarik ez, komikirik sonatuena berau izanen dela espero daiteke: Krisket eta Popolo. Irudigilea Juan Karlos Egillor Uribarri da, Donostian jaioa, 27 urtetakoa, kazetaritza estudiorik duena, eta bizi erdizka Bilbon eta erdizka Madrilen egiten dena.

Juan Karlosek esperientzia luze bat du honez gero komikiaren munduan. Beraren irudiak penintsulako komikigileen anthologietan agertzen dira, Forges, Perich, Mingote, Chumy Chumez eta Summersenen parean. Orain arte bere ixtorioak Triunfon, Hermano Lobo, Mundo Joven eta Fotogramasen agertuak ditu, eta hauez gainera, noski, Bilboko El Correo Españolen, Aventuras de Mari Aguirre superezagunak.

 Ez dira hemen amaitzen, inola ere, Egillorren ekintza artistikoak. TVErako irudi animatuez filme bat egin zuen orain urte batzu, «automobilaren historia» zeritzona, halegia.* Horrez gainera, Bilbon irudi erakusketa ugariak egin ditu, beti arrakasta* nabariaz.* Haurrentzako giñolez oso kezkaturik dago, eta bere ixtorioetako pertsonaiak similiki* gisa moldaturik ditu, haurrei giñol egiteko prest.

Gidonista, berriz, Borja Barandiaran Prado dugu, 28 urtetako bilbotar gazte bat, euskaldun berria eta euskaltzale porrokatua bera. Philosophi-Letretan lizentziatua da, eta Bilboko nesken Institutuan ingeles eta euskal irakaslea. Juan Karlosen ttikitako adiskidea eta komikiaz biziki arduratua izanik, bera etorri zitzaigun, egia esan, umorezko ixtorio batzu proposatzera. Ez da zertan esan, noski, irudigile bila genbiltzan garai hartan beronen lankidetza ezin baliosagoa izan dela.

 Bioi doazkie orain gure galderak.

 — Borja, nola bururatu* zitzaian komiki hau egitea?

 — Begira, gauza nabaria da, euskaldun haurrek euskarazko komiki bat falta zutela. Horri erantzun bat eman behar geniola uste nuen; eta, neure adiskide Juan Karlosekin mintzatuz, esperientzia gisa, ixtorio bat egitea pentsatu genuen bion artean.

— Nondik atera dituk pertsonaiak?

 — Egia esateko, Krisket egiazko haur batengan oinharriturik dago, Jon Erramon Elua-rengan, hain zuzen, Bilboko Txoko Eder jatetxekoen lobatxoa* bera. Mutiko hori, bere bizitasun eta izaera interesanteagatik, eredua* izan dugu. Popolo, berriz, kontrastasunaz sortua da. Hik ondo dakianez, lodia eta argala beti elkarrekin egoten dira eta.

 — Juan Karlos, zail gertatzen al zaik Borjaren gidoiak irudiztatzea?

 — Ez, inondikan ere. Borja eta biok ttikitako adiskideak gara, kolegio berean estudiatutakoak eta ia beti elkarrekin ibiliak. Horregatik, ondo konpontzen gara eta elkar ulertzen. Berak gidoietan jartzen dituen pasadizo eta eskena* batzu, gehienak, errealitatean oinharriturik daude, eta errealitate hori neuk ere berarekin bizi ukan dut. Aski* du, esate baterako, esatea «gogoratzen haiz filme hartako andre lodi hartaz? Holako bat ezarri nahi nuke»; eta filmea neuk ere ikusi nuenez gero, haren asmoa ongi hartzea erraza zait osorik.

— Orduan, zuen ixtorioak errealitatean oinharriturik al daude?

 Borjak: — Bai, Krisket eta Popolo Euskal Herriko mutiko batzu dira, kaletar girokoak batez ere, eta eguneroko egoera posibleetan aritzen zaizkigu ia beti.

 Juan Karlosek: — Bai, ene ustez hori oso inportantea da: giro normala, egunerokoa, gure ingurukoa ondo hartzen jakitea, horrela haurra pertsonaiekin nolabait identifika dadin.

— Juan Karlos, zer izan behar du hiretzat umorezko komiki batek?

 — Errealitateari egindako mendeku* bat, artistikoki bihurturiko burla bat, irakurlea hartaz kontura dadin.

 — Onomatopeiekin joko politak egiten dituzue. Zergatik?

 Juan Karlosek: — Onomatopeiek ixtorio baten barruan izugarrizko indar eta adierazpenik dadukatelako. Kolpeak, poza, higidura,* susmoak... den dena begietatik sar daiteke modu graphiko batez. Onomatopeiak adierazteko hitzak eta letrak berak, gainera, graphismo egokiz materializa daitezke, eragin* plastiko bortitz batez.

 Borjak: — Euskarak, gainera, ikaragarrizko aberastasuna du onomatopeiatan. Tentazio haundiegia da hauetaz ez baliatzea. Azkueren hiztegi osoa aztertu dut horien bila, erreserban material ugari bat edukitzeko.

 — Beste asmorik ba al duzue?

 Juan Karlosek: — Asmo ugari. Esate baterako, giñolekin saio batzu egitea, ikastolaz ikastola ibiltzeko. Filme bat ere egin liteke giñolezko panpinekin*... Ikusiko dugu, hala ere.

«Aimar» eta lagunak

 Hau da, luzetasunean, tokirik gehien hartuko duen ixtorioa: horrialde bi ale bakoitzean. Gidonista, egia esan, nerau naiz, Xabier Kintana Urtiaga, Bilbon orain 29 urte jaioa, aspaldixko euskaldun berria, euskaltzain laguntzailea eta Philosophi-Letretan lizentziatua. Ez nuke ixildu nahi, ordea, Natxo Arregiri lan honetan pedagogi jarraipideetan* zor diodana, beronek pertsonaien psykhologi komenientziaz emandako kontseiluak oso mesedegarriak izan zaizkit eta.

Irudigilea ni baino gazteagoa da: Juan Mikel Gómez de Umaran, Bilbokoa, 23 urte, Bellas Arteseko estudiantea. Partikularki irudi asko eginak ukan arren, ez du orain arte ixtoriorik publikatu, baina komikiaren mundua oso ongi dazagu.*

Ixtorio honen argudioa,* bistan dagoenez, historikoa da: Bianako Printzearen garaia, Nafarroa, Agramondar eta Beumondarren taldekeriaren kausaz, erdibiturik zegoen denbora. Sei neska-mutil gazte, Nafarroako errege legezkoaren* zerbitzuan, beti elkarrekin eta taldeko solidaritateaz —pertsonalkeriengatik beti lortuko ez dena— misio arriskugarri bat betetzen saiatuko dira, bentura eta gorabehera asko pasatuz.

 Irudiak, karikaturazkoak barik,* errealistak dira, garaiko jantzi, etxe, irudi eta bizimodua erakusteko moldatuak. Horretarako, sasoi hartako Nafarroa eta Euskal Herri osoaz ahalik eta dokumentazio haundien bildu dugu, anakhronismorik gerta ez dadin. Ixtorioen bidez, orduko historia ere ematen ahalegindu gara nolabait.

 Utz diezaiodan hitza, baina, irudigileari.

 — Juan Mikel, zer tankeratako irudiak dira hireak? Non oinharritzen haiz?

 — Gidoien izaera historikoak, jakina, berekin irudien tratamendu errealista dakar, are* gehiago, hik nahi duanez, garaiko bizimodu eta arkhitektur ingurua adierazi nahi bada. Nire gustuko irudigilea Harold Foster da, El Príncipe Valiente-ren aita eta Tarzán-en errealizatzailerik bikainena.* Horren pausoetatik nabilela esanen niake. Kasu konkretu honetan, dena dela, dokumentazio eta gidoiei segitzen diet ahalik eta gehien.

— Ba dirudi, nire gidoiek askatasun guti ematen diatela. Holaxe al da?

 — Bai, nolabait holaxe da. Nik ulertzen dut, hik pedagogia, hizkuntza eta argudio original bat komikian sartu nahi izatea; baina guzti horrek niri lana asko mugatzen dit. Ez dit aukera haundiegirik uzten. Neronek irudi konposaketa askatuagorik egitea nahiago nuke, koadroen hertsikeriatik* irten...

 (Egia esateko, Juan Mikelek dioskuna esan arren, egia besterik ere ba da: berak, batzutan, ene gidoien gainetik pasa eta zenbait eskena bere gustura ezartzen ditu, eta nik neuk, haserreegi ez dakidan, egiten uzten.)

— Eskatzen duan hori, hasieratik dena batera sartu barik, apurka apurka tartekatuko da.

 — Behar ere bai. Enetzat, ixtorioaren oinharria ez da koadro tiki normala, horrialde osoa baizik. Horregatik horren posibletasun osoez jokatu nahi nuke.

 — Zer balio ikusten diok komiki honi?

 — Zer nahi duk, esan diezaadan? Alde batetik hizkuntzaren eta gaiaren arazoa dago. Honako, Euskal Herrirako pentsatu eta bertoko pertsonaiekin osatua da. Hori, hasteko, gauza berri bat da. Bestetik, neronen irudiez nik zer esan dezaket? Neure zeregina ahalik eta ongien betetzen ahalegintzen naiz; baina kalitateaz, nik barik publikoak esan beharko du zerbait.

— Bai eta gidoiez ere.

Haur graphia

Nork ez du gure artean Jon Zabaletaren berririk? Hernanin orain 24 urte jaioa, Debako arte eskolakoa, Euskal Herri osoan ezagunak dira beraren poster, gabontxartel eta liburu apaingarriak.

Jonek, haurren mundu fantasiatsua artista gutik bezalaxe ezagutzen eta adierazten du. Gauzarik xinpleena, haren irudimenaz beste itxura batez agertzen zaigu. Barraskiloa,* kasu,* Zabaletaren piztitxo zoragarri hori, giro eta toki ezberdinen lekuko* eta symbolo bihurtzen zaigu miragarriro.

 Zer esan, duen irudimenaz, erdi naïf, erdi dadaista, haurtzaroko mundu erdiahantzi hori bururatzen digunaz? Tamala da, lerrook idazten dihardudaneon, Jon gure artean ez izatea. Bere irudiak utzi eta datorren hilabeterarte, Afrikara joana da espedizio batetan. Ez dugu erarik ukan, horrela, berarekin pertsonalki elkarrizketan aritzeko. Baina, Axularrek esan bezala, obrak berak dira beren buruz asko gora mintzo; hauxek dirateke,* beraz, artistaren lekukorik onenak.

Xabier KINTANA


Komikien historia

 Komikien historia egiteko orduan, ezin daiteke memento bat jar, jaiotegun bakarra eta dudarik gabea bailuten.* Baina, nolanahi ere, XIX. mendean beharko ditugu ikusi lehen urratsak.*

 Historigileek Ipar Amerikan ikusten dute komikiaren jaiotza, New Yorkeko «World» eta «Morning Journal» egunkarien arteko burrukan gertatua, hain zuzen ere.

 1893. urtean, «World» egunkaria ale berezi bat ateratzen hasi zen igandero. Irudigileek humorez hornitzen zuten horria.

 1894.ean, irudigile berri bat dator egunkari hontara: R.F. Outcault, Parisen ikasia, marrazkien* bidez zientzia herriratu nahi duena. Lan hontan urte bete irauten du.

1895.ean, zientzi alor hori alde batera utzirik, New Yorkeko Hogan Alley proletal hauzune ezaguneko arazoak aztertzen hasi zen Outcault, hango gertakari barregarriak iruditan emanez. Honela pertsonaia bat sortuz zihoan: Yellow Kid (haur horia), belarri haundi, kaskasoil, kolore horizko ohe atorra luze handi batez jantzia.

 Baina W.R. Hearst-ek 1896.ean «Morning Journal» erosi zuenean, egunkari hau ere igandeko ale berezia kaleratzen hasi zen: The American Humorist.

 Outcault, Yellow Kid-en sortzailea, «Morning Journal»era pasatzen da, eta han ere bere pertsonaiarekin segitzen du. «World», ordea, ez zegoen komiki horik* uzteko prest, eta G.B. Luks irudigileari ematen dio Yellow Kid sailean lan egiteko agindua. Honela bi egunkarietan aurkitzen dugu pertsonaia bera, bi irudigileek egina.

 Urte hauetako komiki guztiak, barreragileak ziren. Pertsonaiak, haurrak; gaia, haien bihurrikeriak. Garai hontan (1897), R. Dirks-en The Katzenjammer Kids komikia nabarmentzen da.

Mendearen bukaerarako. beste era batetako pertsonaiak agertzen dira: antiheroiak. Tankera* berri hau, F.B. Opper irudigileak 1900.ean sortutako Alphonse and Gaston sailarekin hasten da, eta B. Fisher-en Mutt and Jeff komikiarekin bere gailurrera heltzen.

 Mutt and Jeff izan da, egunero agertzen den lehen komikia. Ordurarte, komiki guztiak igandeko ale berezietan argitaratzen ziren soilik.

 1915. urterarte, komikigintzan, askatasun osoa zegoen. Urte hontan sindikatuak agertzen dira, nolabait komikien eginkizuna gidatzeko eta sailkatzeko. Harez gero, ideia standard batzuren bidez kontrolatzen dira komiki guztiak. Sindikatuek jarritako arauen kontra doana galerazi egiten ja. eta irakurleak sailkatu, sail bakoitzari dagokiona argiraratuz: Haur komikiak, neska komikiak, famili komikiak.

Aipagarria da, halaber,* 1917.ean Espainian sortzen den TBO aldizkaria, gero deitura hau emanen baitzaie hango komiki guztiei.

 Sindikatuek hartu zuten indarrari esker, 1929.az geroztikako hamar urteak ditugu komikigintzako jorienak.*

 Urte hauetako irudigile guztiak eskolatik pasatu dira; eta haien komikiek, elaberriek* bezala, ixtorio luzeak azaltzen dituzte, kapituluka ematen direnak.

 Hiru motatako komikiak ditugu: Urrutiko ixtorioak (Tarzan), zientzi alegiazko* ixtorioak (Superman) eta kriminal ixtorioak (Secret Agent X-9).

 Garai hartan Europan argitaratzen ziren komiki gehienak, Ipar Amerikatik ekarriak ziren. Hala ere, aipagarriak dira: Belgiako Tintin et Milou; Italiako Kit Karson, geroko «spaghetti-western» filmeen aitzindaria*; eta Donostiako Chicos, Cuto mutikoaren menturak* kontatzen zituena.

1950.ean, komikien kontrako propaganda gogorra egiten hasi zen Ipar Amerikan, moralaren izenean. Kritika hauen aurrean, «Comics Association of America» delakoak autozentsurarako arau batzu atera zituen.

Urte hauetan aipagarria da Pogo deitu* komikia, egoera politikoa eta soziala kritikatzen zuena. Haren irudietan zehar pasatu ziren McCarthy senatorea, Fidel Castro, Nikita Kruchov eta abar.

1960. urte inguruan, berriro ere askatasun handiz hasten dira mugitzen komikiak, bai gaiaren aldetik (sexual askatasuna, kontrakultura...) eta bai irudigintzan bertan ere (underground comix).

Bukatzeko, gure artean dabiltzan komiki batzu aipatuko ditugu: Frantziako Astérix et Obélix eta Espainiako Capitán Trueno, DDT, Can Can, Mortadelo y Filemón.

Antton INURRITEGI


Eskerronez

Orain urtebetetsu, ANAITASUNAren Idatz Kontseiluak aldizkariaren horrialdeak komiki egoki batekin aberastea erabaki zuen. Eta bertatik* hasi ginen asmoa bultzatzen.

IKER taldeari eskatu zitzaion amestutako komikia sortzea. Horretarako lankidetzak bilatu ondoren, burutu* du lana.

Zoritxarrez, honelako lanak ez dira diru eta sosik gabe kaleratzen, eta ANAITASUNAk Arrasateko LAN KIDE AURREZKIAri eskatu zion babesa. Esan gabe doa, izan dugun harrera onagatik eskerrik beroenak zor dizkiogula.

 Euskal Herriaren onerako, lanak zabalkunde haundiago bat izan zezan, ZERUKO ARGIArekin batean hedatzea eskatu zigun AURREZKIAk.

 Orain, bada, eskerrak zor dizkiegu denei: IKER taldeari, egin duen lanagatik; LAN KIDE AURREZKIAri, eman duen txanpon laguntzagatik; ZERUKO ARGIAri, bere gain hartu duen zabalkundeagatik. Eskerrik asko!

ANAITASUNAk


Zaborreriaren balioa

Aurreko artikuluan ikusi genuen bezala, etxeetan egiten diren zaborretan, zernahi aberastasun dago. Baina oraintsu arte, piltzarketariak* salbu, ez da inor haietaz arduratu. Piltzarketariok eskuz egiten izan dute hondakinen sailkapena, interesgarri izan lekizkien materialak aukeratuz (ehunak,* paperak, metalak eta beirazko* botilak batez ere). Oraintsu arte, beraz, artisanal modura erabiliak izan dira zaramak.* Egun* ba daude zenbait industrial metodo, zaramen ondasunak errekuperatzeko. Hauetariko batzu* aipatuko ditugu.

Zaramen errauspena

 Herrialde batzutan erre egiten dituzte zaborrak, horretarako bereziki prestaturik dauden labe batzutan. Gure zaborrek bero botere handia dute: batez* beste, 1800 kcal/kg (mila zortziehun kilo kaloria kilo bat zaborrek). Ez litzateke bidezko* izanen, bero energia hori guztiori alferrik galtzea. Horregatik, bero energia horretaz baliatzeko, errauskailu* berezi batzu eraikiak izan dira. Errauskailu horietan, batetik elektrizitatea eta bestetik hirietako etxeak berotzeko lurruna sortzen da, zaborren bero boterea probetxatuz.

Abantail* horietaz gainera, beste hauk* ere lortzen dira errauspen metodoaz. Zaborrak erre ondoren, errekinen* bolumena, aurretik zaborrek zutenaren 10 %a baino ez da. Honela askoz ere erabilkorrago bihurtzen dira zaramak. Zaramak errez gero, gutitu egiten da biologi kutsaduraren* arriskua. Errauspenaren* ondoren, nahiko ondo errekupera daitezke metalak. Eta, metalak kendurik, azkenean geratzen diren materialak, oso egokiak dira bideak egiteko. Ikusten den legez,* honela ia* oso osorik probetxatzen dira zaramak.

 Errauspen fabrikak gehituz doaz. Hala ere, traba gogor bat dute gehiagotzeko: oso garestiak direla, hain zuzen. Gaur egun, zabor kantitatea handia denean baino ez dira errentagarriak. Horregatik, hiri haundien inguruetan baino ez dira muntatzen. Paris ondoan dagoen Ivry-sur-Seine herriko errauskailuan, 623.000 tonelada zabor erre ziren 1972. urtean. Guztitara, 200 milioi kWh (kilowatt ordu) elektrizitate eta 2.800.000 tonelada lurrun sortuak izan dira Parisen 1973. urtean, zaramen bero boterea probetxatuz. Herri tipietan, ostera,* galdu egiten dira gehienetan zaborretan dauden ondasunak, ez baita zaramen bero boterea probetxatzen, errauskailu egokirik gabez.*

Pirolisia

 Metalik ez duten materialak probetxatzeko, pirolisi izeneko metodo bar indar hartzen ari da aspaldion. Metodo horren oinharria ondoko hau da. Oxigenorik gabeko atmosfera batetan, zaborren berotasuna ohizko* inflamatze puntuaz goragoko tenperatura batetaraino hel erazten da. Honela, ekai* lurrunkorrak* destilatuz, hiru gorputz mota lortzen dira: gas erregarriak (metanoa eta antzekoak), zenbait likidu (fuelolioa eta antzekoak) eta karbonoa duten hondakin solidu batzu (karbonodun hondakinak).

Metodo honen bidez, Los Angeles ondoko fabrika batetan, tonelada bat zaramatatik 160 kg petrolio sintetiko, 60 kg erregai, 60 kg beira eta 70 kg metal lortu dute. Bestalde, American Petroleum Company delakoak, pirolisiaz, sufre guti duen fuelolioa lortu du, bilakabide* oso merke batez; tonelada bat fuelolio 1000 ÷ 1700 pezeta kostatzen zaio. Petrolio eskasia pairatzen* ari garen garaion, ez da hau ahuntzaren gauerdiko estula!

Zaborrak bereizteko eta sailkatzeko fabrikak

 Lehen esan bezala, orain arte piltzarketariek baino ez zituzten zaborrak bereizten* eta sailkatzen.* Gaur egun, piltzarketarien jokabideari jarraikiz, makina berezi batzu prestatu dira, zaramak kantitate handitan bereizteko eta sailkatzeko. Makina hauk oraino, esperimentuak egiteko muntaturik daude; baina ez dirudi, industrialki erabili aurretik denbora luze pasatuko denik.

 Aipatu* makinotan, lehenik birrindu egiten dira zaborrak. Gero, metodo berezi batzuren bidez, bereizi egiten dira zaborretan dauden elementu desberdinak: burdina magnetismoz, osterantzeko* metalak dentsitatez, beirakiak* ziklonapenez,* eta zelulosa zuntzak* horretarako den metodo berezi batez. USAko Ohion, esperimentuak egiteko eraiki den fabrika batetan, 150 tonelada zabor lantzen dira egunero. Leku batzutan, zaborrak erraustu ondoren egin nahi dute materialen sailkapena, hots,* zaborrak barik* haien errauskinak erabiliz.

Ongarrien fabrikapena

 Zarametan dauden ekai organikoak, ongarriak* fabrikatzeko erabil daitezke; eta leku askotan erabili ere egiten dira. Frantzian, adibidez, berrogeitaz* instalapen daude horretarako; Euskal Herrian bat ere ez, nik dakidala behintzat.

Metodo hau aski* sinplea da. Zaborren fermentatze biologikoa bizkortuz, laborantzan erabil daitekeen ongarria sortzen da. Honela, behin kendu zitzaion bizitz iturria itzultzen zaio naturari.

Bestelako erabilmoduak

Ba dira bestelako modu batzu ere, zaramen ondasunez baliatzeko. Pneumatiko zaharrek, kasu,* zenbait baliatze bitxi ukan dezakete. Batetik, pirolisiaz, 900º C-tako (bederatziehun Celsius gradutako) tenperaturatan karbonizaturik, kautxua deskonposatu egiten da, gasak (metanoa, etanoa eta beste), olio astunak eta arinak (neptanoa, bentzenoa eta beste), eta hondakin solidu karbonosoak emanik.

Portuetan, itsasuntzien kaien* kontrako kolpeak biguntzeko usatzen dira pneumatikoak. Afrikan eta Asian, oinetakoak egiteko. Eta, hain urrun joan gabe, «Nafarroako lau urtaroak» deitu* filmea ikusi duenak ba daki, Euskal Herriko abarkagile batek behintzat horretarako usatzen dituela.

Zenbait lurraldetan, urpean jartzen dituzte pneumatikoak, itsas adar haretsuetan. Toki horietan lehen ez zebilen ia batere arrainik. Orain, aldiz,* arrainek habiatzat hartu dituzte pneumatikook, eta han geratzen dira bizitzera.

Virginiako Estatuan (USAn), soil soilik hondakinez egindako etxe bat dago. Etxaurrea eta leihoen bornuak,* birtziklaturiko aluminioz eginak dira. Garajerako bidea, beirazko zatiz eta birrindutako pneumatikoz. Hormigoia,* errauskinez. Teilak, papera birtziklatuz lortutako alkaternaz.* Leihoak, birtziklaturiko beiraz. Oholak eta zurezko gauza guztiak, zerratokietako txirlorez.* Eta honela.

Ondorioak

Esandako guztiak entzunik, argi dago, aurrerantzean ez zaigula komeni ondasun guztiok alferrik galtzea. Lurralde askotan, horretaz konturaturik, zaramak probetxatzeko plangintzan ari dira. Euskal Herrian oso gibelaturik* gaude arlo honetan. Oraindik piltzarketarien mailan gaude. Noiz arte?

J. R. ETXEBARRIA

daude, dagoz

dezakete, daikee

lekizkie, leitekioez

zaigu, jaku

zaio, jako

zitzaion, jakon


Herrialde guztietan

Giscard eta ezkerra: katua xaguekin

 Otsailaren* 27an, denen harriduraz, Marseillan presentatzen da Giscard, Frantziako lehendakaria. Inmigranteak bisitatzera joan da. Kasualitatez bezala, Marseillako alkatea Gaston Defferre jauna da, alderdi sozialistako buruzagietarik bat. Bistakoa denez, hau jakinaren gainean zegoen. Jantziak urratzen dituzte, okasio horretan, komunistek. Hauen eritziz, alderdi sozialistaren erreformista tentazioen froga* bat besterik ez zen hau, berauek aspalditik salatzen zutena.

Handik egun gutitara, martxoaren 5ean, Giscardek baietza eman dio, Fiszbin Pariseko diputatu komunistak otsailaren 17an eginikako eskabideari. Baietz, joateko lehendakaria ikustera, baina ez Fiszbinen taldea bakarrik, baizik eta alderdi komunistako zuzendaritza osoa, Marchais buru delarik. Fiszbinek ez zuen holakorik espero. Ordurako, bi egun lehentxeago, Marchais jaunak aldarrikatu* zuen ez zela bera Eliseora joango. Martxoaren 6an gauza bera berresan du, Fiszbinen jokabidea deskalifikaturik. Hori ikustean, Gaston Defferre eta François Mitterrand jaunek esan dutena da, beraiek ez dutela sekula Eliseora joaterik eskatu, eta inbitatuak ez izateko biderik egokiena ez eskatzea dela.

Dena den, bai batak* eta bai besteak arratoin tranpan bezala harrapatu ditu oraingoan Giscardek. Sozialistak, biguñ biguñ eta goxo goxo igurtziz, beren burua defendatu beharrean utzi ditu. Eta komunistak, espero ez zuten baietza emanez, barregarri utzi. Barregarri batipat* barneko dibisio moduko zeredozer agerterazi duelako.

Etendurarik AKren barnean? Harritzekoa litzateke. Komunistek zerbait defendatzen badute, barneko batasun hautsezin hori da. Baina, kasu honetan, agertu denak lehendik genekiena indartu besterik ez du egiten, gure ustetan. Denok dakigu, urriko XXI. Biltzarrean AK bidez aldatu dela. Eta gehien sofritu duena Marchais bera da, Giscardekin elkarrizketara joateko gertu* zegoela agorrilean* deklaratu zuen bera. Joeren arteko burruka latza izan zela ba dakigu, eta bidezkoa* da.

 Hain zuzen, Biltzarre horretan gogortu da AK. Arestiko* ate eta bihotz irekiak orduantxe hetsi* ziren berriz. Bai hauteskundeen* aurretik eta bai geroztik, jendea erakartzeko, ikaragarrizko irekitasun kanpaina egin zuen alderdiak. Bereziki Parisen. Eta Pariseko diputatu komunistak dira, hain zuzen, Giscard ikustea eskatu dutenak. Lehengo bide zaharretik segituko ote dute hauek? (Joan Mari Torrealday)


Herrialde guztietan

Intelektualak UNESCOren kontra

 Nahiko harriturik gelditu naiz, UNESCOren kontrako zenbait intelektualen deia ikusi dudanean. Baina harrituago oraindik, kondizio eta politika guztietako intelektualek izenpetzen dutela ikustean.

Dei inportante bat da, intelektual horiek egiten dutena. Garrantzizkoa, printzipio batzuren izenean eta printzipio batzu salbatzeko egiten delako.

Dei inportante bat da. Garrantzizkoa, sinatzen* dutenengatik.

 Zer da, bada, gertatu dena? Oso erraza. UNESCO delako antolamendu horrek Israel «ahantzi» egin duela. Ez du haintzat hartzen, ez bailitzen.* Hori hola deino,* izenPetzen dutenek ez dute UNESCOrekin gehiago kolaboratuko, eta gainerakoek ere berdintsu egin dezaten dei egiten dute.

Dei honek, uste dudanez, ez du arabiar eta juduen arteko burruka honetan eskuhartzen, ez eta derrigorrez* Israelen alde ateratzen. Bi gauza dira, nik uste, azpimarkatu nahi direnak: bata, jokabide hori indartsuaren aurrean makurtzea besterik ez dela, logika horrekin noraino joan gaitezkeen jakin gabe; eta bestea, ez dela hori UNESCOren eginkizuna, baizik eta hezkuntza,* zientzia eta kultura hedatzea.*

Dei hau jadanik* bi mila pertsonak izenpetu dute. Horien arteko intelektual zenbaiten zerrenda dut esku artean. Arestian aipatu bezala, gehien harritu nauena, politikazko etorki* eta joera desberdinetakoak elkarrekin topatzea izan da. Kondizio eta joera guztietakoak, bai, eskuin eta ezker intelektualak, komunistak, maoistak, juduak, artistak, kazetariak, Nobel saridunak, legegizonak, erlijio pertsonaiak..., denetarik. Hala nola, zuk eta nik ezagutzen ditugun batzu bakarrik aipatzearren, Raymond Aron, Robert Aron, Louis Le-Prince-Ringuet, François Perroux, Jean-Louis Barrault, Guy Béart, Simone de Beauvoir, Georges Brassens, Maurice Clavel, Pierre Daix, Jean-Paul Sartre, Jean-Jacques Servan-Schreiber, Simon Signoret, Jacques Attali, Bruno Bettelheim, Michel Crozier, Léo Hamon, Annie Kriegel..., eta abar luze bat.

UNESCO bere oinharrizko printzipioen kontra doalako eta UNESCO hori unibertsalizatu egin behar delako bildu dira izen hauk denok. Helburu berarekin, eta jarraipen gisa,* «Comité pour l'Universalité de l'UNESCO» izendatu da, zuzendaritzan gizon ospetsu batzuk parte hartzen dutelarik. (Joanes Lekerika)


Herrialde guztietan

Zinema, zentsura eta dirua

Frantziako Gobernuak filmeetan kontrol politikorik ez du aurrerantzean edukiko. Filmeak libre izango dira alde horretatik. Erabat* libre ez, hala ere. «Oinharrizko eskubide eta giza duintasunaren* kontrakoak bakarrik izango dira galeraziak»: hola definitzen du Gobernuak bere jokabidea.

Nazismoa eta honen politikabidea defendatzen duen filme bat, zer da: politika ala oinharrizko eskubideen kontrakoa? Galde soil bat da. Baina honekin adierazi nahi duguna, zera da, halegia,* definizio hori zabalegia dela, zaku handi bat dela, eta, hor, gobernariek nahi duten guztia sar litekeela. Erabat libre ezin.

Zinema pornografikoari, eman ohi zaion diru laguntza kendu egingo omen zaio. Erabaki hau ez da moralaren izenean hartzen, gainerako zinema laguntzeko baizik. Izan ere, filme pornografikoak egitea ez da garesti, eta ikusle asko dituzte. Guti kosta eta asko irabaz. Esaterako,* «Emmanuelle» famatua egitea 2.500.000 libera* bakarrik kostatu da. Eta beste filme batzu, 500.000 libera bakarrik kostaturik, aste baten buruan eta apartamentu batetan egin daitezke. Ihaz Frantzian atera ziren 606 filmeetarik, 128 erotikoak izan dira, eta Pariseko 16 % izan dute ikusle.

 Baina zinema pornografikoaren puntu hau ere ez doa trabarik gabe. Izan ere, nola bereiz, esaterako, erotismoa eta pornografia? Esana denez, «Contes immoraux» eta «Le dernier tango à Paris» ezagunak ez dira pornografikoen artean sartzen. Gobernuko Kultur Ministruak adierazi duenez, pornografia merkea da gaitzesten* dena, hots,* «artearen eta teknikaren aldetik eskasa» dena. Subjektibismo hutsean erortzen gara atzera.* Eta, gainera, bereizketa hau kultur mailaren araberakoa* da, hau da, klasista. (Joanes Lekerika)


Fedea eta ekintza

Tarancón, berriz ere lehendakari

 Martxoaren 3tik 7ra bitarteko astean, bere batzarrea egin du Madrilen Espainiako Apezpiku Kontseiluak Chamartingo bilkuretxean.

 Batzarre honen lehen egitekoa hauteskundeak* ziren. Bai lehendakariari, bai honen ordezkoari eta bai batzordeetako* buru ziren gehientsuei hiru urtetako epea betetzen zitzaien, eta legezkoa zen karguberritzea. Baina, espero zen bezala, ez da aldaketarik izan. Lehengoek segitzen dute Espainiako Elizaren buru, Tarancón beraren gidaritzapean. Esan nahi da, beraz, Elizaren eraberritzeari dagokion alorrean, azken hiru urte hauetan eraman den bidetik joango direla apezpikuak, eta Elizaren eta Estatuaren arteko harremanetan ere berdin, hau da, hausterik eta haserrerik gabe, bakoitzak bere alorrean askatasun osoz jokatuz.

Azken urte hauetan serioski jokatu dute apezpikuek, gure gaurko mundu honi kristau ihardespen* bat eman nahiz, eta Ebanjelioaren gizartearekiko erantzunkizunaz* oharteraziz. Ageri inportanteak eskaini dizkigute geure azterketarako, eta bidean dira beste bi guztiz inportanteak eta agian* —adiskidetzeari buruzko ageria batez ere— historiara pasatuko direnak.

Bide urratze bat izan da hiru urte hauetako lana. Lan gogorra batetik, eta kritikatua bestetik. Horregatik, beharrezkoa zen Apezpiku Kontseiluaren berronespena.* Eta, zorionez, berronespen hori lortua izan da erabat,* apezpiku gehienek jarraipenaren aldeko botua eman baitute (52 botu, hain zuzen), kontrako 22 botuak, bide kontserbakorrago baten izenean, Toledoko artzapezpiku Gonzalez Martin jaunari eman dizkiotelarik.

«Kontrako eritzirik eta jarrera* ezberdinik ba dago apezpikuen artean —esan du Tarancón jaunak. Baina hori, gu gizonak garelarik, guztiz normala da; eta ez du esan nahi, gure artean batasun eta adiskidetasunik ez dagoenik». Hala uste dugu guk ere, eta hala nahi genuke, datozen hiru urte hauei begira. Haste ona eman diote oraingoz behintzat, «Adiskidetzearen Ageria» botutara jartzean, bizpahiruz besteek aldeko botua emanez.

«Adiskidetzea Elizan eta gizartean»

Izenburu honekin argitara emango den ageri bat ari dira prestatzen Espainiako apezpikuak, Urte Sainduari begira.

Hortarako, bosteko batzorde bat izendatu zuten, agergai* bat molda zezan. Izen hauek osatzen zuten bosteko hori: Gonzalez Martin, Gonzalez Moralejo, Yanes, Montero eta Setien.

Agergai hori egina da jadanik,* eta azken batzarrean sekulako arrakasta* izan du apezpikuen artean. Gehienak eritzi bateko agertu ziren, dokumentuaren balioa argi eta garbi aitortuz: 65 botuemaletatik, 60 alde guti gorabehera. Komentatzaile batzuren ustez, botazioetako batasun hau Toledoko artzapezpiku González Martín jaunaren eraginari* zor omen zaio.

Hala ere, ageria ez da apirilaren erdialderarte argitara emango. Bien bitartean astia dute apezpikuek, nahi dituzketen zuzenketak proposatzeko.

Azken ageria orain artekoa baina laburragoa izango dela diote (32 horrialde), zehatzagoa, zorrotzagoa, ausartagoa,* gaurko giroari begira egina. Bost parte izango ditu: a) Sarrera: Urte Sainduari erantzuna. b) Jainkoaren asmoa: Gizarte anaikor eta baketsu bat. c) Egungo* errealitatea. d) Adiskidetzearen bideak. e) Apezpikuen jarrera.

 Ondorio pozgarriak opa dizkiogu, benetan historikoa gerta daitekeen ageri honi, Espainiako gizarte eta Elizari aparteko zerbitzua eskain diezaiekeela uste baitugu, egiazko bakeratze baten bidean.

«Iglesia-Mundo» aldizkariaren ofizialtasunik eza

 Madrileko artzapezpikutegiko prentsa bulegoak* ohar bat argitara eman du, «Iglesia-Mundo» eskuindar aldizkariaren jokabidea gaitzetsiz.*

 Fedearen batasuna eta eliz elkartasuna oinharri bezala jarri ondoren, aipatu* aldizkariak Tarancón kardinalearen eta Alberto Iniesta apezpiku laguntzailearen aurka egiten dituen salaketak gogoratzen ditu batez ere, zenbait argitasun emanez.

 Ohar honek delako aldizkari horren ofizialtasun eza salatzen digu. «Delako aldizkariak —dio oharrak— ez du elizbarrutiko* baimenik; eta agertzen duen hitzezko oldarkortasuna* eta ematen duen informazioaren joera aski* dira, maiz* askotan elizbarrutiko jokabidearekin bat ez datorrela ikusteko. Ez dute, beraz, batasunaren alde lan egiten, aldizkari hori defendatzen eta zabaltzen dutenek». (Joan Joxe Iturriotz).

Helder Cámara Sorbonan

Pariseko Unibertsitateko «doctor honoris causa» egin dute Helder Cámara, Recifeko apezpikua.

Honekin batean, beste bost irakasle sonatu izan dira doktoratuak. Halegia,* Ernst Bloch, Tübingengo Unibertsitatekoa; Robert Braidwood, Chicagoko Unibertsitatekoa, Adam Schaff, Poloniako Zientzi Akademiakoa; Robert Solow, MITekoa (Massachusetts Institute of Technology), eta Leonid Kantorovich, Moskuko Unibertsitatekoa.

Gizon ospetsu hauk,* denak batean biltzea beti ere gertaera interesgarria da. Baina are* interesgarriago, Adam Schaff marxista poloniarraren eta MITeko Robert Solow teknikari amerikarraren artean gure «apezpiku gorria» ikustea.

Sariztatuen izenean, Helder Cámara mintzatu da. Oso gogor mintzatu ere. Ezker eskuin atakatu du, harmen arazoagatik eta sozietate multinazionalengatik Estatu Batuak eta Sobietar Batasuna salatuz.

 Hirugarren Munduaren aldeko garrasi handi bat izan da mintzaldi osoa. Gure «jakintsuen» analisietan ere ez da Helder Cámara fidatzen, Hirugarren Mundua aztertzean, nahi izan ez arren ere, gure mundu aberatsaren faboretan egin ohi direlako, Erromako Klub famatuak egin zuen bezala.

Zientzia errugaberik* ez dago. Ordinatoreak ez dira jatorrizko bekatu gabeak: mundu aberatsekoak dira. Has gaitezen hastapenetik.* Unibertsitateak Bake Eskola Nagusi bilakatu* behar ditugu. Ametsari leku gehiago egin diezaiogun! «Zoriontsuak amets egin ohi dutenak». «Jakintsu» horien artean, «beste mundu batetatik» etorritako mintzoa zirudien Helder Cámararenak. Gutienez, Hirugarren Mundutik urregorrizko sala haietara etorritako boza! (Joanes Lekerika).

diezaieke, deiskioe

diezaiogun, deiogun

digu, deusku

diote, deutsoe

dizkigute, deuskuez

dizkiogu, deutsaguz

dizkiote, deutsoez

zaio, jako

zezan, eian

zitzaien, jaken


Ikas zeure hizkuntza

Hiztegia

IMANOL BERRIATUAK

Ale honetan izartto batekin agertzen diren berbak

 ABANTAIL, ventaja.

 AGERGAI, proyecto de documento.

 AGIAN, beharbada, nonbait.

 AGORRIL, agosto, août.

 AHALBIDE, posibilidad.

 AHOBEROKERIA, exageración jactanciosa.

 AHOLKU, kontseilu.

 AHUL, makal.

 AIPATU, aipatutako, aipaturikako, aipaturiko.

 AITZINETIK, aurretik.

 AITZINDARI, precursor.

 ALDARRIKATU, proclamado.

 ALDIZ, berriz, ordea, ostera.

 ALEGIA, halegia (hala + egia), a saber, es decir, esto es. (ALEGIA, ficción, simulación.)

 ALKATERNA, alquitrán, goudron.

 ANARTEAN, hanartean, bitartean.

 ANDANA, talde, multzo.

 ANGELU, Lapurdiko Anglet.

 APAILATU, muntatu, prestatu.

 APEZERIA, clerecía.

 ARABERA, arauera, según conforme.

 ARAUDI, conjunto de normas, reglamento.

 ARE, oraindik, aún, encore.

 ARESTI, tiempo reciente.

 ARETO, sala, salón.

 ARGUDIO, argumento.

 ARNASA, hats, aliento, haleine.

 ARO, tiempo, época, período. (HARO, zarata, arrabots.)

 ARRAKASTA, éxito, succès.

 ARRAS, guztiz, osoki.

 ARRASATE, Mondragoe.

 ARTEGA, inquieto.

 ASALDAGARRI, alarmante, irritante, enojoso.

 ASKI, nahiko.

 ATURRI, Adour.

 ATZERA, berriro.

 AUSART, valiente.

 AZKARTASUN, sendotasun.

 AZKARTZE, sendotze, indartze.

 BABES, patrocinar, respaldar. (BABESTU, patrocinado, respaldado.)

 BADA, ba, pues.

 BAILITZEN, balitz bezala, como si fuese (existiese).

 BAILUTEN, balute bezala, como si tuviesen.

 BAITAN, -gan.

 BAIT DA, baita, da eta. (Idazle gehienek baita idazten dute, eta ez bait da.)

 BAITEZPADAKO, beharbeharrezko.

 BANKA, Nafarroa Behereko herrixka.

 BARIK, gabe, en lugar de, au lieu de.

 BARRASKILO, marraskilo, caracol, escargot.

 BARREIATU esparcido, desperdigado.

 BATAK ETA BESTEAK, los unos y los otros. (Batzu eta beste = unos y otros.)

 BATEZ BESTE, bana beste, por término medio.

 BATIPAT, batez ere, guztiz ere, bereziki.

 BATZORDE, comisión, comité.

 BATZU, unos. (Batzuk aktibo, batzu pasibo.)

 BEDEREN. behinik behin, behintzat, gutienez.

 BEGIRA, librar, salvar. (BEGIRATU, librado, salvado.) Ikus «Axularren Hiztegia».

 BEIRA vidrio. (Ikus «Axularren Hiztegia».)

 BEIRAKI, objeto de vidrio. (Ikus «Axularren Hiztegia».)

 BEREHALAKO, inmediato.

BEREIZI, separado. (BEREZI, especial.)

BERREKIN, ekin berriro, aplicarse de nuevo.

BERRIKI, berrikitan, recientemente.

BERRIKITAN, berriki, recientemente.

BERROGEITAZ, cuarenta y pico.

BERRONESPEN, ratificación.

 BERTATIK, inmediatamente.

 BETEXE, casi lleno, casi ocupado.

 BEZERO, cliente.

 BIDE, beharbada, nonbait.

 BIDEZKO, justo, normal.

 BIKAIN, excelente.

 BILAKABIDE, proceso.

 BILAKATU, bihurtu.

 BILBATU, tramado.

 BILKURA, bilera, reunión.

 BIRTZIKLATU, reciclado, recyclé.

 BITARTEKO, medio.

 BOKALE-TARNOSE, Boucau-Tarnos.

 BOLONDRESKI, voluntariamente. (Ikus «Axularren Hiztegia».)

 BORNU, marco.

 BOZKETA, elección por votación.

 BULEGO, oficina, bureau.

 BURU EGIN, resistir, oponerse.

 BURUKO, bururako, azkenerako.

 BURURAPENEKO, bururapenerako, azkenerako.

 BURURATU, gogoratu.

 BURUTU, obratu, realizado, llevado a cabo.

 DAKIKE, daki nonbait.

 DATZA, consiste. (Etzan aditzaren forma.)

 DAZAGU, ezagutzen du.

 DEINO, den artean.

 DEITU, deitutako, deiturikako, deituriko.

 DERRIGORREZ, baitezpada.

 DESGOGARA, contra el gusto.

 DEUS, ezer.

 DIRATEKE, dira nonbait.

 DOI, apur.

 DUINTASUN, dignidad.

 DUKE, du nonbait.

 DUKETE, dute nonbait.

 EGOSGOGORTASUN, entereza, tenacidad, inflexibilidad.

 EGUN, gaur.

 EHUN, lienzo, tissu.

 EKAI, gai, materia.

 EKAIN (eki, sol + gain), junio.

 ELABERRI, novela, roman.

 ELIZBARRUTI, diócesis.

 EMEKI, geldiro.

 EMENDATU, aumentado.

 ERABAT, guztiz, osoki.

 ERABATEKO, completo.

 ERABILI, erabilitako, erabilirikako, erabiliko.

 ERAGIN, eragipen, influencia, acción.

 ERAKARGARRI, erakarkor, atrayente.

 ERAKUNDE, organismo, entidad, institución.

 ERANTZUNKIZUN, responsabilidad.

 ERDITZE, parto, alumbramiento, enfantement.

 EREDU, modelo.

 EREMU, terreno, polígono.

 ERITEGI, centro sanitario.

 ERRAUSKAILU, incinerador.

 ERRAUSPEN, incineración.

 ERREHUS, marginado.

 ERREKIN, residuo de combustión.

 ERRUGABE, hobengabe, inocente, sin culpa.

 ERTZ, hegi.

 ESATERAKO, por ejemplo.

 ESKENA, escena.

 ESKUALDE, comarca, región.

 ETORKI, origen. (Ikus «Axularren Hiztegia».)

 ETSITU, resignado.

 EURREZ, nasaiki, abundantemente.

 EUSTE, apoyar.

 EZEZIK, no solamente.

 EZONTSA, ondoez, malestar, aprieto.

 FROGA, prueba, demostración.

 FROGATU, probado, demostrado.

 GABEZ, por falta. (Ikus «Axularren Hiztegia».)

 GAILEN, prominente, sobresaliente.

 GAINDI, zehar.

 GAITZESTE, condenar, reprobar, desaprobar.

 GAITZETSI, condenado, reprobado.

 GARDI, eritzi, aburu.

 GARRANTZIA, importancia. (Baionako ZABAL aldizkariak garrantzia hautatu du, eta ez garrantzi, euskara baturako.)

 GERTU, prest.

 GIBELATU, atzeratu.

 GIBELERA, atzera, berriro.

 GISA (1), modu, era.

 GISA (2), bezala, legez.

 GOITI, gora.

 GUTIETS, menospreciar, subestimar.

 HAINTZAKOTZAT, en consideración.

 HALABER, así mismo, también.

 HALEGIA (hala + egia), a saber, es decir, esto es. (ALEGIA, ficción, simulación.)

 HARMADA, ejército.

 HAROZTEGI, burdin ola, forja.

 HASKIN, primicia.

 HASTAPEN, haste, hasera, comienzo, principio.

 HAUK, honeek. (Hauek aktibo, hauk pasibo.)

 HAUTESKUNDE, elección por votación.

 HAZIL, noviembre.

 HAZKUNDE, desarrollo, développement.

 HEDATU, extendido.

 HEGI, ertz.

 HELBIDE, dirección, adresse. (ZUZENBIDE, justicia, derecho.)

 HEL EGIN, recurrir.

 HERTSIKERIA, estrechez desventajosa.

 HETSI, cerrado, fermé. (Baionako ZABAL aldizkariak hitz hau hautatu du euskara baturako.)

 HEZKUNTZA, hezkunde, educación.

 HIGIDURA, movimiento.

 HORIK, hoik, horreek. (Horiek aktibo, horik pasibo.)

 HORMIGOI, hormigón, béton.

 HORREN, hoin, tan.

 HOSTO, horri, hoja, página.

 HOTS, a saber, es decir, esto es.

 HUNKITU, conmovido. (UKITU, tocado.)

 HURA, ha.

 IA, kasik.

 IDAZKARI, sekretari.

 IDUN ZURI, cuello blanco (white collar), esku lanaz beste egiten duena.

 IHARDESPEN, erantzun.

 IKERTZE, ikertzapen, investigación.

 IRADOKITZE, sugerir, inspirar.

 IRAIL, septiembre.

 ITXAROTE, igurikatze.

 JADANIK, ya.

 JAIOKIDIN, jaiokizun, para nacer, à naître.

 JARRAIPIDE, orientación.

 JARRERA, posición, postura.

 JORI, abundante, rico, fecundo.

 KAI, muelle, quai.

 KARIA, motivo.

 KARRIKA, kale.

 KASU, por ejemplo.

 KOKATU, situado.

 KURAIA, coraje, valor.

 KUTSADURA, contaminación. (SATSUDURA, polución.)

 LANKETARI, lan bilatzaile.

 LASTARGI (lasto + argi), zuzi, antorcha.

 LEGEZ, bezala.

 LEGEZKO, legítimo.

 LEKUKO, testigu.

 LENGOAIA, lenguaje.

 LIBERA, franco.

 LOBA, sobrino, neveu.

 LURRUNKOR, volátil.

 MAIZ, sarri.

 MAMU, espantajo, fantasma.

 MARGAZKI, pintura.

 MARRAZKI, dibujo, diseño.

 MENDEKU, venganza.

 MENTURA, aventura.

 MERKATALGO, comercio.

 MINBIZI, cáncer.

 MINTZO, voz.

 NABARI, evidente, notorio, patente.

 OHI, ex-.

 OHIZKO, habitual.

 OLDARKORTASUN, agresividad.

 OLDARTU, atacado.

 ONGARRI, abono, engrais.

 OÑOÑ, confite, golosina.

 ORO, guzti.

 ORO HAR, en conjunto.

 OROKOR, general.

 ORREAGA, Orria, Roncesvalles, Roncevaux.

 OSTERA, ordea, berriz, aldiz.

 OSTERANTZEKO, diverso, distinto.

 OTSAIL, febrero.

 PAIRATZE, padecer, sufrir.

 PANPINA, muñeco, poupée.

 PARADA, era, aukera, abagadune, ocasión.

 PAUSU-HENDAIA, Behobia-Hendaia.

 PILTZARKETARI, trapero, chiffonnier.

 SAILKATZE, clasificar.

 SALBUESPEN, excepción.

 SIMILIKI, muñeco, poupée. (Bizkaian erabiltzen da.)

 SINATZE, firmar.

 SOBERA, gehiegi, lar, larregi.

 SOBERAXKO, gehiegitxo.

 SO EGITE, begiratze.

 SOLAS, conversación.

 SORKARI, producto, creación.

 SORMEN, facultad creativa.

 SOROPIL, tierra cubierta de césped, terrain gazonné.

 SOS, diru, txanpon.

 SUHAR, fogoso, entusiasta.

 SUSTRAI, erro.

 TAMAL, aflicción, sentimiento profundo, pena.

 TANKERA, estilo.

 TIRANDURA, tensión.

 TUPUSTEKO, cosa repentina.

 TXIRLORE, viruta, copeau.

 TXUNDITU, estupefacto.

 UDAKO, udarako, para el verano.

 UHIN, olatu.

 UKAN, izan. (Ukan aktibo, izan pasibo.)

 UKITZE, tocar. (HUNKITZE, conmover, emocionar.)

 URDURI, inquieto.

 URRATS, pauso. (PAUSU, descanso, reposo.)

 URTARRIL, enero, janvier.

 XEDE, propósito, objetivo.

 XEHETASUN, detalle.

 ZAILDU, endurecido, hecho fuerte.

 ZALU, ágil, flexible.

 ZARAMA, zabor, basura, desperdicio, déchets.

 ZEREN, ze, pues.

 ZIKLONAPEN, ciclonamiento.

 ZUNTZ, fibra.


Komikia gurean

 Komikiak luzaro aritu behar izan du ate joka, kulturaren aitabitxiek ongi etorria egin eta haintzakotzat* hartu arte. Sorkari* errehusa* bailitzen, subkulturaren hauzune ilunetan moldatu behar ukan* du bizilekua urte luzeetan. Baina, azkenean, ate nagusitik sartu da, eta milioika haur eta helduren kontsumagai, ikusirakurgai jostagarri eta janari estetiko bati dagokionez sartu ere. Oro* har, komigikintzaren balantze bat egiteari zail baderitzogu ere, beronen eragina* kontuan harturik, garrantzi eta ahalbide* handitako arte mota dela ukatzerik ez dago; eta, bestalde, gaurko gizarte psikologia urduri* eta telebistakoiarekin ongi baino hobeki bat datorrela ere aitortu behar.

Hau honela izanki, eta inolako gogoeta sakoni bide eman gabe, gurean ere lehenbailehen eta ate nagusitik sar erazteko agerkaria dela uste dut. Gaurko gizartean honenbesteko zabalera eta eragina duen bitarteko* bat geuretzeko, ez genuke bestelako justifikabideren beharrik.

Komikigintzaren lehen eginkizuna

Nik neuk, besteak beste, berehalako* bi eginkizun garrantzitsu ikusten dizkiot komikigintzari geurean. Komunikabideen jabe erdizka eta oso neurri mugatu batetan baizik ez garen une honetan, eta inguruko gizartearen aurpegia ia erabat* erdaldundurik ageri zaiguneon, egunen batez lortzea espero dugun gizarte euskaldun baten haskinak* haur eta helduoi eskaintzea lehenik.

ANAITASUNAren 291. zenbakian «Euskara Ikusia» izenburupean X. Kintanak urratzen zuen hildoari* berrekinez,* gure gaurko euskalgintzari nabari* zaion irrealitate zentzu horri buru* egiten hasteko bitartekoetarik bat izan litekeela uste dut. Ideia berri asko sortu eta gizarteratzeko tresna ezezik,* gizarte imajina eta irudi ezezagun ugariak eta azkenik hiri euskara bizi eta zalu* bat landu eta jendarteratzeko bide egoki ere gerta litekeelakoan nago.

Aspaldi honetan hor ari gara «literatura entretenigarri» baten alde ere deihadarka, eta geure irakurlego mugatu honen hesi herstuak nola hauts eta euskararentzat merkatu zabalagoak nola ireki. Euskaldunok —hots, «euskaradunok»— milioi erdi pasa bagara, eta gaurreguneko irakurlegoa 20.000 baino askoz gehiagokoa ez baldin bada, nabari dago, ahalmenean irakurlego zabala dadukagula itxaroten.* Komikiak —komikia ez baita haurrentzat bakarrik— ez ote lirateke, bezero* berri horik* euskal kulturaren barrutira erakartzeko bitarteko egokiak?

Ikastola munduari bagagozkio, berriz, denok dakigu, euskal zinema eta telebista baten hutsunea zein astunkiro nabarmentzen dugun. Entzun-ikusgailuak eskuetaratzea oraindik ezina zaigun ordu honetan, komikiek ezinutzizko laguntza bat eskain liezagukete, egoki eta eurrez* argitara emanez gero.

Zera esan lezake norbaitek, hala ere, honek ez duela arazoaren erroa ukitzen,* alderantziz gabiltzala, gizartegintzatik gizarte agerkarietara joan beharrean, aurkako ibilia proposatzen dugula. Egia da. Baina, batak bestea ukatzen ez duelarik, gaur ez den baina bihar izan daitekeen agerkarien aurpegia aurrez emate honek, elkar eragingarritasunik ukan lezakeelakoan gaude; eta, gainera murgildurik gaudeneko gizarte bat oraindik euskaraz bataiatu beharrean gaude hein* handi batetan.

Komikigintzaren bigarren helburua

 Bigarren eginkizun edo helburu nagusia honetan legoke: gure historia eta geografiara hurbil eraztean. Esan beharrik ez, geure sormen* hutsez baliatu beharko ginateke alor honetan. Lehen eginkizunean gehienbat euskalduntze lan bati lotu beharko bagintzaizkio, bigarren honetan, gure historiako pertsonaia gailen* eta gertakari nagusiak gaurko euskaldunari ulergarri gerta dakizkion, moldatze eta hurbiltze lan bat burutu* beharko genuke. Betoz gero liburu sakon eta kritikoak, betoz zorionean ikuspegi orokor* eta ongi bilbatuak*; baina inork ez du zalantzan jarriko lehen hurbiltze erdimitiko honen indar eta garrantzia. Onerako nahiz txarrerako, hauxe da, nazio eta Estatu guztiek —zeinek bere historiari buruz— darabilten jokaera; eta azkarregiak edo eta puristegiak izango ginateke gu, besterik nahi bageneza.

Gure historia eta hizkuntza lur bati —geografia bati— herstuki loturik daude. Gure lur, mendi, ibai eta itsasoak izan dira batipat* euskaldunaren ekintza leku; eta bien artean dagoen lotura etengaitz horren zentzua aditzera ematea, eta etorkizuneko euskaldunen ekintzak iradokitzea* ere, komikigintza batek bete betean obra lezakeen eginkizuna da.

Honetaz aparte, komikigintzak gurean ukan lezakeen betekizun estetikoaz, kritikoaz etab. ere mintza gintezkeen; baina beste bioi eman nahi izan diegu lehentasuna, oinharrizkoenak eta nagusienak direlakoan. Nire ustez, komikigintzak ate haunditik sartu beharko luke euskalgintzan, aipaturiko bi eginkizun horietarako bakarrik sar baledi ere.

Xabier MENDIGUREN

bageneza, bagengi

bagintzaizkio, bagintxakoz

dakizkion, dakiozan

diegu, deutsegu

dizkiot, deutsadaz

gintezkeen, geintekezan

lezake, leike

liezagukete, leiskigue

zaigu, jaku

zaio, jako