ANAITASUNA

295. zenb.

1975.eko apirilaren 15ekoa

Pelota, 4 - 1.º - Bilbao-5

Tel. 23 74 49 - Apart. 495


ANAITASUNA BIZKAIA

HAMABOSTEROKOA

JABEA:

San Frantziskoren Hirugarren Ordenako Batzarre Nazionala.

Batzarburu: Miguel Zapata (Goya, 25. Madrid-1).

ZUZENDARIA:

Joan Mari Torrealdai.

Urteko abonamendua:

Bertorako 300 pezeta

Latin Amerikarako 320 »

Europa eta Ipar Amerikarako 330 »

Ale bakoitza: 15 pezeta.

INPRIMATZAILE:

Imprenta AMADO - Mazarredo, 35 - Bilbao-10


Ameriketako beltzak eta Euskal Herriko zuriok

 1619.ean heldu ziren USAko Virginiara, Afrikan harrapaturiko lehen esklabu beltzak. Luzea da, Ameriketako beltzek ordutik hona bete duten historia. Ba dute beren kondaira idatzia ere: BENNETT, L.: Before the Mayflower. A History of the Negro in America, 1619-1964. Ia bi mendez legezkoa izan zen esklabutza; baina, legez kontra ere, XIX. mendearen azkena arte iraun zuen esklabu beltzen salmentak.

Gaurregun hogei milioi dira beltzak USAn: bizilagun guztietarik 11 %. Herri handi bat lurralderik gabe. Beltzek ez dakite nondik diren etorriak. Bere arbasoak Afrika zabalean sortuak eta biziak zirela badakite. Baina ez Afrikan eta ez Amerikan ez dute bere lurralderik. Esklabu bezala etorri ziren Amerikara, eta ez emigrante bezala, horregatik, sorterririk gabe utzi ditu historiak. USAn. berriz, eskubiderik eta aberririk gabeko langile emigrantetzat hartzen du beltzak bere burua. Ba daki, Amerika ez dela inoiz bere aberria izango; baina ez du beste aberririk ere.

 Alde honetatik ez gaude egoera berdinean Ameriketako beltzak eta Euskal Herriko zuriok. Esperantza objektiborik gabeko herria dira beltzak; esperantza objektiborik ba dugu euskaldunok. Baina zuriek nahiz beltzek burruka berdintsua eraman behar izan dute historian, beren nortasunari eusteko. Militanteen burruka, artisten burruka, pentsatzaileen burruka. Lau mende luzetako burruka eraman dute Ameriketako beltzek, beren hezgaitza* etengabe agertuz.

Militanteen burruka

 Ameriketako beltzek ez dute ixilik eraman beren esklabu historia. Ugazaba eta zapaltzaileen eskuetatik ihes egiteek, gose grebek, beren eskubideak lortzeko ekinaldiek eta burrukek osatzen duten lau mendetako historia. Horietaz gainera, matxinadak ditugu. Herbert Aptheker historilariak esklabu beltzen berrehun eta berrogei ta hamar matxinadaz gora kontatu ditu.

Historia honen bidetik sortu nahi izan zuen, mende honen haseran, beltzen ekonomi indar berezi bat Marcus Garvey gidariak. Honela, Ameriketako eta mundu osoko beltzen arteko elkartasun sendoa sortu nahi izan zuen.

Eta bide bertsutik* jo du azken urteotan Amerikako beltzen nazionalismoak, musulman beltzen burrukak batez ere. 1966.ean bereziki nabarmentzen da beltzen indarraren kontzientzia eta batasuna, «black power» (indar beltza) izenez. 1968.ean sortu zen, ordea, «Black Panthers» izeneko partidua. Ezaguna da azken urteotan militanteek eta jendetzek* egin duten burruka, USAko hirietako kaleak eta Unibertsitateak astinduz, beren eskubideak lortzeko. Burruka honetan erori dira Malcolm X (1965) eta Martin Luther King (1968), beltzen gidariak, zuri arrazisten eskuz.

Militante eta gidari hauek eta aurretik joan direnek, beren burrukaren, beren ekintzaren eta beren heriotzaren bidez eman diote «herri beltzari» herri kontzientzia eta batasuna.

Artisten burruka

 Aurrez aurre militanteek eta jendetzek eramaten duten burrukari etengabe eustea ezinezkoa da. Baina herriek ba dute beste indar bikainik,* bere burrukari eusteko: herri kultura, eta bereziki kantua.

 Kantuaren bidez adierazi du USAko beltzak bere protesta. «Negro Spirituals» kantuak mundu osora zabaldu dira; eta horien bidez agertu diote beltzek munduari herri baten larria. Kantu hori ez da izan beltzentzat ihespidea, ez loeragilea, ez nigar hutsa. Erresistentzi bidetzat hartu dute beren kantuaren garrasia.

Baina horretaz gainera, «Negro Spirituals» kantuak izan dira USAko herri beltzaren sormen* artistikoaren neurria, Ameriketako zuriek berek ere eman ez dutena. Horien bidez agertu dute beren berezitasuna, nortasuna; eta horien bidez aurkitu dute beren bizitzako autonomi alorra.

 «Negro Spirituals» izan dira, beltzek beren esklabutza salatzeko eta beren askapena oihukatzeko erabili duten bidea. «Let my people go» (utz zazu nire herria alde egiten) kantatzen duenean, Israel herriak Egiptoko Faraoiagandik askatzeko zuen egarria eta ematen zuen oihua bera bizi du herri beltzak.

 Herri baten askabidean,* kantua eta artea ez da guztia; baina bere eginkizun handia du herriaren kontzientzia sortzeko, haserrea adierazteko, zapaltzailearen aurpegian garrasi egiteko. Protesta kantuak eta arteak, herriaren estetika nortasuna adierazteko ezezik,* herriaren giza nortasuna eta politika nortasuna adierazteko balioa izan dute.

 Gure artean ba da, protesta kantuaz aspertu denik eta euskal jaialdi eta herri kultur agerpen guztiak kendu nahi lituzkeenik, militanteen burrukari itzala egiten diotelakoan edo. Jakingarria izango litzateke nolako bizitasuna eman dioten herriari azken urteetako protesta kantuek eta bertsoek eta beste edozelako* kultur agerpenek. Ez dago dudarik, horrelakorik antolatzea eta egitea, besterik gabe, herriaren nortasun agerpena eta protestazko garrasia dela Euskal Herrian.

Pentsatzaileen burruka

 Militanteen aurrez aurreko burrukak eta herriaren kantuzko burrukak pentsatzaileen premia dadukate, aurrena* itsu eta bidez gal ez dadin, eta bigarrena folklorekeria bitxia bihur ez dadin. Idazleen eta politikarien, literatuen eta entseiularien* lana izan da. USAko beltzen historia burrukalaria argitu duena.

 Ralph Ellison, Richard Wright, Baldwin eta batez ere W. E. B. DuBois dira, beste askoren artean, USAko beltzen askapen bidea pentsatzen eta adierazten saiatu direnak. Robert Allen-ek idatzi du pentsatzaile eta idazle beltzen historia.

 Herri zapalduen burruka aurrera daramaten eta interpretatzen duten gehienak bezala, bi bide hauen aurrean aurkitu izan dira USAko interpretatzaile beltzak: Beltzen kulturari, ohiturei eta herritasunari eutsiz, herri txiki bezala USAko gizartean eta nazioan integratzea, batetik; edo, integrazio horren ezina ikusiz, iraultzabidea aukeratzea, bestetik. Lehen hautapenak arraza eta herri mailako arazoa erreformismo bidetik konpondu nahi du. Bigarrenak, ordea usteltzat jotzen du erreformismo hori, benetako askatasuna lortzeko; eta, munduko herri zapaldu guztiekin batera, herri barnean bertan dauden sustrai eta harreman kapitalistak puskatu nahi ditu, iraultzaren bidetik. Aurrenak, kultur eta arraza mailan jartzen du bereziki bere burruka; bigarrenak, klase mailan jartzen du batez ere.

DuBois-ek nazionalismoa eta sozialismoa batean bildu nahi izan ditu. Beltzen zapalkuntzaren barneko oinharria ez da USAko zuriek berenez luketen arrazakeriarena. Politikazko demokrazia ekonomiazko harremanetara zabaldu ez delako daude zapalduta beltzak arraza aldetik. Ekonomi aldetik ustiatzeko* aberastasuna direlako, halegia.* Kapitalismoan ikusten du, bada, DuBois-ek USAko beltzen zapalkuntzaren lehen sustraia. Kapitalismoa, berriz, nazioartekoa delarik beltzen burrukak ere herriartekoa izan behar du.

1963.ean hil zen DuBois. Bere idazkirik nagusiena bere autobiografia du: The Autobiography of W. E. B. DuBois, New York, International Publishers, 1968. Marxismoa eta kultur nazionalismoa batu nahian ihardun du bere bizitza osoan. Marxista izanik ere, ez du inoiz arrazazko, kulturazko eta erlijiozko burruka, ekonomiazko harremanetako burruka mailan suntsitu. Arraza eta herri arazoak bere autonomia du ekonomiazko harremanei buruz.

 Panafrikanista izan zen DuBois. USAko beltzen burruka, Hirugarren Munduko Herri guztiek kolonialismoaren kontra daramaten burrukarekin batera doa. USAko beltzak daude, hain zuzen ere, munduko ustiapen sistemak duen erdiunean bertan. Horrela, Ameriketako beltzek daramaten burruka ez da etnia, herri edo talde batena bezala hartu behar. Herri zapalduen burruka zelaia mundu osoa da; eta, horregatik, kapitalismoak, kolonialismoak eta inperialismoak zapalduta daduzkan gizon eta herri guztiekin batera doa USAko beltzen burruka.

Black Theology (Teologia Beltza)

 Jainkoa beltza da. Jesukristo beltza da. Zurien teologia ustela da, teologiaren mamia askapena baita. Arrazakeriaren teologia dela emango* luke horrek. Baina Teologia Beltza, USAko beltzek beren askapen teologiari eman dioten izena da. Eta berentzat askatasun hori koloretik pasatzen da. «Beltza» hitzak, ordea, ez du hemen gorputz azalaren edo larruaren esannahi biologiko hutsa. Teologiazko esannahia du «beltza» hitzak. Jesukristo askatzailearen kolorea beltza da. Askatasunaren kolorea beltza da.

 1960-1970. urteen bitarteko burrukaldietan eta astinaldietan sortzen da Teologia Beltza. J. H. Cone da teologiazko gogoeta hau hasten duena, Black Theology and Black Power izeneko liburuaz. Honela definitzen du berak teologiazko pentsabide berri hau: «Zu rien mundu etsaiaren barruan beltzek duten esannahia eta eginkizuna adierazi beharrak sortu du teologia hau (...) Iraultzailea da Teologia Beltza, beronen ikusmoduan. Beltzak zapalkuntzatik libratuko direla uste du teologia honek». Kristau teologia askapen teologia da, dio Cone-k.

«Zaila gertatuko zaie zuriei Kristo beltza zapaldua onhartzea, zuri izateari uzten ez baldin badiote»... Arrazakeriaren teologia, beraz? Arrazista da beste arrazatakoak zapaltzen dituena, eta ez, zapalduta egonik, bere nortasuna eta askatasuna lortzeko eta adierazteko, askapen sinbolo bezala arraza hartzen duena. Zein ote da separatista: herri bat banatuta dadukana, ala, herria batzearren, zapaltzaile eta banatzaileagandik libratu nahi duena? Zein ote da klasista: azpiko klasea xurgatzen* eta ustiatzen duena, ala, klase azpiratzailearen kontra burrukatzeko, klase bezala biltzen den jendea? Zein ote nazionalista: nazioaren handitasunaren izenean beste nazioren bat irensten duena, ala, bere askapen burruka aurrera eramateko, nazio kontzientzia eta indarra finkatzen saiatzen den herria? Horregatik, teologo beltzak ez dira, zuriek arrazistatzat hartuko dituztelakoaren beldur.

Euskal pentsatzaileek azken urteotan hasia dute, eta ondo hasia ere, herriaren bidearen interpretatze eta argitze lana. Euskal teologoek beren teologiazko gogoeta hasteko ordua dute.

Paulo AGIRREBALTZATEGI


Irakurleak idazle

Euskararen "museo berria"

 Alemanian ba da Kloppenburg izeneko herri bat, turistentzat oso ezaguna. Bertan antolatu dute «Dorf Museum» (museo herri) berezi berezia eta ikusgarria, aspaldiko nekazalerri* oso bat museo eran erakusten duena. Gure baserriak eta haiekin batera nekazal kultura bat ezkutatzera* doazkigula, oso ona izango genuke euskaldunok ere, horrelako herri edo hauzo bat antolatuko bagenu.

Xabier Kintanaren «Euskara Ikusia» artikulua irakurri eta gero, horren pentsabideari helduz,* luzatu egin nahi dut. Zurekin bat nator, Xabier, euskara ez dugula «ikastola barruko hizkuntza faltsu eta irreal bat» bihurtu behar diozunean. Horregatik bat natorkizu zure artikuluaren mamian. Baina neure kezka beste hau dut: Ez ditugula geure kaleak euskararen museo bihurtu behar.

Dendak, produktuen markak, taldeak etab. euskal izenez bataiatzeko modatxoa dugula uste dut. Eta horrek sarritan pozez zoratzen gaituela dirudi, gaztelaniazko, ingelesezko eta frantsesezko izenen zurrumiloan* argi izpitxo bat ematen digulakoan. Niri nigargura eta haserrealdia ere ematen dit, sarritan, holakorik ikusteak.

 Hizkuntza moda bihurtzen denean, galbidean goazela esan nahi du, ene ustez, bitxikeriatzat hartzen baitugu orduan hizkuntza, Aspaldion euskarazko hitz arruntak* izen propio bihurtzen dizkigute gure inguruko erdal nahiz euskal taldeek, lantegiek, dendek. «Gruas JASO», «Pastelería GOZONA», «Foto ARGIZTI» eta horrelako tituluak ehundaka ikusiko dituzu Euskal Herriko bazterretan. Erdaldunek jartzen badituzte, haserretu egingo naiz; baina, salmentarentzat modaren arrazoina handia denez, ulertu egingo dut. Euskaldunek, eta beren euskalduntasuna agertzeko, jartzen badituzte, nigargura ematen dit. Euskaldunok ere euskararen sena* galdua dugula esan nahi du horrek. Erdararen deituratarako* baliatzen ari gara euskararen hondarretaz.*

Etimologi zaleak gara euskaldunok, eta, euskal deiturok entzutean, zer esan nahi duten galdetzen digute beti kanpotarrek. Izan ere, ba dakigu, euskal abizen* asko eta asko euskarazko hitz arruntetatik datozela. Baina bide hontatik bagoaz, laster etimologi lan hutsa izango da euskara ikasi nahi dutenena. Euskal hitz arrunt guztiak erdararen deitura bihurtuko ditugunean, ez baita orduan euskara bizirik izango. Eta Etxebarria edo Arratibel nondik datozen eta zer esan nahi duten galdetzen dugun bezala, gero geure kaleetan eta herrian, erdal lantegien, erdal denden, erdal taldeen deitura bitxi horik nondik datozen eta zer esan gura ote duten itaunduko* dugu erdaraz.

Ba dago nabarmenagorik ere. Behin baino gehiagotan entzun izan dugu Valle de Haran errepikatze* hutsa dela, haran hitzak «valle» esan nahi duenez gero. Eta ba dakigu non dagoen haran hori: aspaldi batetan euskara egiten omen zen lurralde batetan, eta gaur euskal hitz batzu* erdal hitz arrunten deituratzat daduzkan lurralde batetan. Bide hortatixek doazela iruditzen zait Bergara edo Eibar edo Urretxua, «Almacenes BILTOKI» edo «Tintorería MARGOLA» eta beste holakorik ikusten dudanean.

Euskara arrunta, egunerokoa, bizia, erdararen deitura huts bihurtzean, euskararen museo herri bat egiten ari gara. Fosilizatu egiten ditugu euskal hitzak, erdara biziaren modazko laguntzaile izan daitezen. Bide hontatik goazela iruditzen zait, sarritan, euskaldunok, geu re poz eta atseginez.

Horregatik, zurekin nago erabat,* geure kaleetako hitz edo izen arruntak euskaraz jarri behar ditugula diozunean, euskara arrunt hori baita euskara bizia. Baina euskal deitura edo izen propio horik,* letra handiz idatzita eta argitsu eta kolorezko eta modazko agertzen zaizkigulako hain zuzen ere, euskaldunok liluratzeko* eta itsutzekoak direla uste dut.

Ez dut turistentzat euskararen museo herri bitxi eta ikusgarririk nahi. Holakorik gehiegi ere ba dute Iparralden, hango etxetxo ederrekin, berauen euskal izen pollit eta guzti. Euskara arruntaren herri bizia nahi dut: honela ikusi nahi dut euskara, ez museo batetan.

Paulo AGIRREBALTZATEGI

dizkigute, deuskuez

zait, jat

zaizkigu, jakuz

digu, deusku

digute, deuskue

dit, deust


"Iberia Express"

Pradako manifestua eta katalan medikuak

 Prada Frantzialdeko Kataluniako herri bat da. Bertan, 1973 ean. «Universitat Catalana d'Estiu» delakoaren barruan, manifestu bat eratu zen, katalan hizkuntzaren erabilera* zientifikoaren alde. Manifestu horretan, katalanaren aldeko aurrekontsidero batzuren ondoan, hiru erabaki nagusiok datoz.

a) Katalunia, Valencia eta Balear Irlen barrutirako egiten diren zientzi artikulu eta dibulgazioko lan guztiak katalan hutsez publikatzea.

b) Zientzi eta aztertze artikulu eta lan zabalak ere katalanez argitaratzea, beste hizkuntza unibertsal batez —ingelesa da beraien ustez aproposena— laburpen bat eginez.

c) Munduko zientzi aldizkarietan artikuluak egiazko hizkuntza unibertsaletan agerteraztea, horietan, baina, ondoan katalanezko laburpen bat ezarriz.

(Parenthesi artean bada ere, derragun,* geure artean ere, Linguistikaz den* bezainbatean, gauza berbera egiten hasiak garela praktikan, J. Oregi euskaltzainak Fontes Linguae Vasconum aldizkarian argitaratu duen euskal lan bikaina* —ingelesezko laburpen batez— lekuko.*

Honetaz, gainera, 1975.eko otsailaren* 28ko Tribuna Médica astekarian irakurri dugunez, katalan medikuek, philologoen eta estudianteen laguntasunaz, Vocabulari médic deritzon hiztegi bat eratu dute oraintsu (3.000 hitz), katalanez medikuntzari buruz idaztean zeintzu hitz eta nola idatzirik erabili behar dituzten jakiteko. Vocabulari hori hiru urtetako lana izan da. Eta hitzak hautatzeko erizpidea,* berriz, ingeles, frantses eta alemanari segituz, unibertsala izan da; baina, logikoa denez, zenbait arlotan berba berriak moldatuz.

 Katalanek, berriz ere, guri bidea erakusten. Dena den, hortik entzun dugun zurrumurrutxo bat egia bada behintzat, euskal medikuak ez daude hain lo, Bilbokoak behintzat. Horretaz, beharbada, zerbait esanen digu laster Jose Luis Goti jaunak. Ea, bada! (Xabier Kintana).

Prentsa Lege berria?

Noizbehinka —eta ez orain gutienik— gure egunkari eta aldizkariek halako eraso* gaiztoak jasan behar dituzte. Ezaguna da kazetarien gain mehatxuz* dagoen ezpata: Prentsa Legearen bigarren artikulua. Hor dena sartzen da. Ezin jakin sekula aldez aurretik, artikulu horren aterpean etor litezkeen salakuntzek norainoko astuntasuna izan lezaketen.

Gobernuan sartu berria den Justiziako Ministru berria, Sánchez Ventura jauna, kazetari izana da. Ministeriora iritsi* orduko azalpen jakingarri zenbait eman du. Demokrazi bidean Prentsak eman duen bultzada gogoratu du. Ministruaren ustez, Prentsa Legea zaharkiturik geratu da honez gero. «Beste inguramen* batetarako pentsatua izan zen Lege hori» esan du.

 Itxaropena guztion pozgarri denez gero, aldaketa zapalagorik etorriko dela sinetsi nahi genuke. Zain gaude. (Joanes Goia)

Gerorako alderdigai bat?

Don José María Gil Robles jaunak eman du bere izena eta taldearena, elkarte berri bat sortzeko. Ez genuen horrelakorik espero. Gil Robles Errepublika garaiko politikaririk bizkorrenetakoa izan zen, eta eskuinaren gidaria.

CEDA (Confederación Española de Derechas Autónomas) zeritzan alderdia gidatu zuen orduan, eta orain «Federación Popular Democrática» delakoa sortzen du.

 Kristau demokraziaren kutsuko zerbait izan nahi luke talde berriak. «Federación Popular Democrática» hau ez da, ihaz onhartutako «Asoziazio Legearen» barnean eratzen; ez du, beraz, oraingo politik elkarteen jokoan parte hartuko. Ez da izango Mugimenduaren barruko asoziazio bat; baina bai zenbait ideia politiko zabaltzeko elkarte bat. Politik ekintzan ez da arituko; izan ere, abenduan legeztatutako asoziaziook —Gil Roblesen ustetan— Alderdi Bakarraren taldeak baizik ez baitira. (Joanes Goia)

Sendabelarren euskal izendegia

Donostiako «EI Diario Vasco» egunkarian irakurri ahal izan dugunez, Kataluniako Hospitalet de Llobregat hiriko EMIFAR laborategia neurri handitako postal txartel sorta bat ari da argitaratzen, koloretan, sendatzeko dohain berezia duten landare eta loreen argazkiekin.

Dagozkien izenak bost hizkuntzatan ematen dira: latinez noski, eta gaztelaniaz, katalanez, galegoz eta euskaraz ere bai. Belarren berezitasunak, gaitasunak, nola balia* eta beste jakingarri batzu* ere ematen dira. Honez gero hogeiren bat argitara omen dituzte. (Joan Joxe Iturriotz)

Grebak legeztatuko ote?

 Egun* ditugun grebarekiko legeak gogorrak direla, nekez uka daiteke. Greben arduradunek 12 urtetako gartzela eta 250.000 pezetatako multa* har ditzakete zigortzat. Enpresak, langileren bat jaurtikitzen duenean, legearen aginduz behintzat ez du langile hori hartu beharrik, arrazoina berorrek eduki arren. Eta kontutan hartu behar da, enpresari «infiel» zaion langilea jaurtikitzea onhartu egiten duela legeak.

 Aurten, greba eskubidearen legeztatzea sekula baino gogorrago eskatu dute langileek; eta, batzuk* diotenez, lehen urratsak* ematen ari dira.

 Greba legalitatearen pean jarriko ote duten aditu dugunean, harritu egin gara zinez,* orain dela guti Gobernuko ministru batek zera esan baitzuen, grebak giza basakeriak zirela.

 Baina jokabide berri honen arrazoinik ba dago eta, azter dezagun pixka bat jarrera* berri hau:

- Grebaren onhartzeak Europako ate asko irekiko luke, eta aurpegi hobea emanen lioke Espainiako Gobernuari.

- Hemengo sindikatu modu hori langileen artean desprestigiaturik dagoenez gero, greba askotan, biltzarreak zuzentzen eta ugazabekin elkarrizketak zertzen dituztenak ez dira izaten «enlaces sindicales» direlakoak, langileek berek hautaturiko batzordeak* baizik.

- Greba gehienetan, bi alde egon ohi dira: batean, ugazabak, Sindikatua, Gobernua eta beronen indarrak ditugu; beste aldean, langileria, ezkutuko* indar politikoak eta arlo honetara etorri berri den Eliza. Polarizatze honekin langileak Gobernutik urrun ez daitezen eta greben politizatzerik izan ez dezaten, beste antolaketa bat eskatzen dutenak ere ba dira, eta, legalitatearen pean jarriz, grebak menperatzeko («hezteko») bidea hor ikusten dutenak ere.

Baina grebaren legeztatzeak ondorio asko dakar berekin: biltzarreak egiteko eskubidea, grebari eusteko* dirua bilatu ahal izatea, eta abar.

Gai hau, gure ustez, zabalkunde edo irekitasun delakoaren adar bat da, eta horrekin batera ibiliko da: alde batetik, langileek gero eta gehiago eskatzen, eta, bestetik, Estatua iraultzaren beldurrez. (ARATZ.)


Hementxe denok

Ipar Aldea

Iparraldeko industrializatzea

 Breguet eta Turbo-Meca lantegietan izaten bagara, langileei euskaraz adituko diegu. Ez dugu ahanztu behar, haik* ere euskal langileak direla. Lantegi hauk* bestaldeko haundienak dira (2.200 eta 1.800 langile). Langile hauen kezkak ez dira txantxetakoak. Bi mila lagun eta gehiagoko «armée de réserve» izanik, beldur dira beren lanpostuak galtzeko. Pariserantz urtero pila haundi batek joan behar izaten du.

 Azken urte hauetan jendea bere lozorrotik irteten hasia da. Gazteak beren herrian bizi nahi dute; eta manifestazioetan txartel asko ageri izan da industri eske, Pariseko Gobernuak turismoaren alde dituen asmoen kontra. Denok dakigunez, turismoak bi hilabetetan lana eta hamarretan langabezia dakar.

 Bertako jaunskilek* industriarik ez izatea nahiago lukete. Gaur egun herriko boterea dute, eta soldatak oso ttipiak dira. Haiek, beraz, industrializatzearekin oso gutti irabaziko lukete. Hala eta guztiz ere, industria ekartzeko hitza eman dute hauteskundeetan,* horrela herriaren faborea lortzeko.

Emigrazioa geldierazteko, urtero 1.800 lanpostu berri beharko lirateke; baina nork sortuko ditu? Hiru bide aipatu dira: bertako eta Frantziako kapitala, hegoaldeko kapitala, lankide* elkarteak.

Frantziako kapitalentzat urrun gelditzen da Ipar Euskal Herria, Paris-Lyon ardatzetik baitoa Frantziako ekonomiaren hazkundea.* Euskal iparraldera doan industria, bi gauzagatik batez ere doa: muntatzeko ematen diren abantailakatik* eta soldata merkeakatik. Horrela etorri dira Forum eta SAT, lana gehienbat emakumeei emanez; baina hazkunde erritmoa, agindu zutena baino ttipiagoa da.

Hau nahiko ez dela ikusi eta gero, hegoaldeko kapitalistengan pentsatu dute, Rossellon-en egin den antzera. Lurralde hartan (katalana etniaz) hegoaldeko entrepresa asko ezarri da, emandako abantailak probetxatuz. Ospetsuena «Punto Blanco» izan da; baina beste batzu* ere aipa ditzakegu: Cervezas San Miguel, Skol, Moritz, Dam, Gallina Blanca, Solís, Bimbo, Frigo, Nutrexpa...

Bide honi jarraituz, euskal iparraldekoek propaganda egiten dihardute hegoaldeko kapitalisten artean; baina baldintza asko jartzen dute. Benetako industria bat sortuz gero, langileria indartsu bat sortuko litzateke; eta industriak zikinak balira, turismoarentzat oso kaltegarriak izango lirateke. Hau denau oso garbi ikusi genuen, Hendaian izan zen batzarrean. Jauntxoek industri mota bat nahi dute, hots,* hegoaldeko entrepresek jar ditzatela iparraldean, Merkatu Komunerako behar dituzten bulego* eta biltokiak. Gaztelaniaz «rampa de lanzamiento» deritzan industri mota bat nahi dute, Orbegozo eta Fagorek egin duten bezalaxe.

Espainiako agintariei ez zaie oso atsegingarri gure hemengo industriaren ihesbide hori; eta abantailen aldetik, Gaztelan ematen direnak baino hobeak lortzea zaila izanen zaigu bestaldean.

Frantziako ezkertiarrek ere ez gaituzte lagunduko. Dakigunez, Rossellon-en alderdi komunistak hegoaldeko industrien muntatzearen kontra jokatu zuen.

Bitartean, Ipar Euskal Herriak deskapitalizatze gogor bat jasan* du, urtero 700 milioi franko berri irteten baitira kanpora. Honek kolonialismoaren itxura guztiak ditu.

Iparraldekoek, Europako Ekonomi Elkartean sartzeko bidea ireki nahi duen industria bakarrik lortuko dute; baina benetako industria bat lortzeko, herriak gogor burrukatu beharko du oraingoz. (Aratz)

Ikastola berri bat Biarnoan?

 Baionatik ehun bat kilometrotan, Pauetik ez urrun, Biarnoko* mugan, ba da herri tarro* bat: Oloron. Zuberoatik jalgi,* urrats* bat egin, eta hor dago. Hamabost mila bizilagun inguru ba daduka, eta oraingo arabera* urte batzu barne zenbait milaz emendatuko* da. Langile anitz,* lantegi edo administrazioan.

 Herri hori euskalduna zen noski lehen. Orain erdaldundua da. Baina oraino ere toki izen edo famili izen asko euskaldunak dira. Eta, egun* oraino, ba dago han euskaldun multzo pollit bat.

 Duela zenbait aste, kantaldi bat muntatu dute, eta 150 bat jende bildu da. Hiri horretan ikastola berri bat sortzea pentsatu dute, eta karia* horretara egina zen kantaldia.

 «Seaska» batasunaren* babesean hamalaugarren ikastola sortu beharra da, beraz. Orain arte, 350 bat haur ttipi ari dira ikastoletan euskara ikasten. (Leon Haizager)

Eta pasatu zen...

 Gipuzkoan euskara goiti* omen doa. Kukusoen* zimikoek* ez gaituzte hola kitzikatzen* nola berri horrek.

Gure hiru probintzietan, ordea, iragan 50 urte honetan euskara ahantzi dutenak ehuneko 6tatik 55etara igan dira. Eta, gauzak horrela joanez, datozen bi gizaldiek* euskara behin betikotz errautsiko* omen dute. Inkesta batetako zifrek hori diote. Baina zer ez da esaten!

 Dena den, ihazko azken hilabeteetan, Hendaiako «Haize Garbia» batasun suharrak* bazterrei harroaldi bat eman zien. «Euskara ez dadin hil!» Lau hitz zorrotz horiekin kanpaina bat bultzatu zuen eta sinadura* asko eta asko bildu. Diputatu, alkate, irakasle, apez, apezpiku, kontseilari, senatore, bakoitzak bere xokotik baina denek, dei bakar batekin Hezkuntzako* Ministruari gutun* bat igorri* zioten.

 Ministrua arrenkuratu* egin zen noski. Parisetik haren ordezkari bat jalgi zen eta Frantzian barna abiatu, tokian tokiko mintzairen berri jakin beharrez. «Hemen gaindi»* ere pasatu zen. «Hemen gaindi» horrekin, Biarnoko herri nagusian, Pauen, izan zela esan nahi dut. Hiri horretan euskaldun irakasle zenbaitekin mintzatu zen.

Bere mintzaldian puntu hauk agertu zituen: a) Euskara, salbatzekotan, familian bakarrik salba daiteke. b) Ikastetxeetan euskarari emanak zaizkion orenak* denak osoki balia erazi behar dira.

Familietako eta ikastetxeetako moldeak aski* ezagutuak baitira, berriz ere horretaz ez aritzeko, bakarrik esanen dugu, beste arrazoinik ere aipa litekeela.

Dena den, ez dugu etsitu* nahi. Haize berri batek zerbait berri ekarri beharra digu. Omen.* (Leon Haizager)

Hendaiako trengeltokia eta autoportua

Sekulako obralanak egiten ari dira aspaldi hontan Hendaiako eta Irungo tren geltokian. Urtetik urtera, hor gaindi* dabilan jende eta merkantzi mugimendua goiti* ari da; eta, ondorioz, gero eta leku eta muntadura gehiago behar da apailatu.* 1973.eko irailean* hasi* obralanek 2000. urteraino iraunen omen dute.

Agian, anartean,* Iruinetik Alduden gaindi Baionara eginen bide* da trenbide edo autobide bat, itsas hegi oraingoz sobera* kargatu honen arintzeko, eta, bide berez, iparraldeko mendialdeari, duen baino bizitasun gehiagoren emateko.

Dena den, oraingoz obra-lanen lehen zatia bukatuxea* da. Aterbe haundi bat altxatu dute. Egunero 900 bagoi hartzen ditu, eta, muntadurak osoki bukatuak izanen dituelarik, beste hainbeste* hartzen ahalko ditu.

 Bestalde, trenbideko trafikoarekin batera, autobidekoa ere goiti ari da. 1971.ean 82.625 kamioi iragan dira Pausu Hendaiako* mugatik. 1974.ean, 157.000. Eta 1976.ean 238.000 iraganen direla uste dute. (Gexan Lantziri)


Hementxe denok

Bizkaia

Ermuko ikastolaren asmoak

Ermuko ikastolan arazo asko dugula esaten badugu, gauza berririk ez dugu esaten. Euskal Herriko ikastoletan, gaur eta lehen, arazoen faltaz ez da inor larritu. Ermukoari dagokionez, legearena izan da gehien kezkatu gaituena. Zergatik?

 Nahiz eta urte batzu* diren ikastola sortu zela, oraindik ehun ta hirurogei bat ume ditugu. Hau dela eta ezin izan dugu ikastola legepean ipini. Arazo hau nolabait konpondu ahal izateko, erdal ikastetxe batean elkartu gara; eta irauten utzi gaituztenean, pozik.

Gaur, ordea, beste zerbait ere pentsatzen hasiak gara: geu geure buruaren jabe egin, halegia.* Baina, horretarako, ikasleak ugaritu egin behar ditugu: irakasle bakoitzak, legez behar dituen 35-40 ume izan ditzala. Une honetan nahiko urrun gabiltza. Hala ere, han eta hemen —batez ere Eibarko ikastolan— argibideak bilatu ondoren, gurasoen, herriko gazteen eta irakasleen talde jator eta sendo bat moldatzea erabaki dugu. Taldeari «Zabalkundea» izena ipini diogu. Beronen zeregina hauxe izango litzateke:

a) Herrian hainbat eritzi zabaldurik dago ikastolari buruz. Eritzi okerrak, gehienak. Esate baterako, «ikastolan euskara besterik ez dutela umeek ikasten», edo eta «txikien mailan dantza eta jolasa baino ez dutela egiten», eta abar eta abar. Gure asmoa, ikastolaren benetako aurpegia herriari aditzera ematea da. Horretarako, lehenik, horri batetan garbi agertuko dugu zer den ikastola, zer egiten den bertan, zertzu asmo dituen, ikastolako orduetatik kanpo zer ekintzatan ihardun nahi duen (euskal folklorean, euskal kulturan...). Beraz, hezkuntza* lan bat planteatzen dugu lehenik. Herriak konprenitu egin behar du ikastolaren betebeharra; eta, hau eginez gero, haren asmoak bereganatu eta bultzatu, eta haren ekintzetan parte hartu.

b) Bigarrenik, herriari nolabait dei zabal bat egin nahirik, talde honek kartel baten beharra agertu zuen; eta bai ederki erantzun ere irudigile trebe eta zintzo batek. (Eskerrak Igartua jaun agurgarriari.) Bertan, ikastolak une honetan duen ume eskasia agertzen da; eta guraso eta umeei dei egiten zaie, esaldi honen bitartez: GU IKASTOLARA, ZU ZERGATIK EZ? Honen bidez lortu nahi duguna zera da, denek —zaharrek, gazteek, umeek, berton sortuek nahiz kanpotik etorriek— jakin dezatela, Ermuan ikastola bat dagoela. Zabalkunde honi jarraikiz, beste asmo hau ere egokia dela iruditu zaigu: gaur hain modatan dauden txartel horien antzeko bat egin. Bertan hau idatziko dugu: EUSKARA IKASTERA! Autoetan nahiz jantzietan, gura duten guztiek eraman dezaten.

c) Eta, azkenik, irrati eta agerkariez* ere baliatzeko asmoa dugu. Horretarako, Loiolako herri irratira joan eta halako programa bat egin nahi dugu. Han esango digute, zertaz ihardun eta zer jakin eraz genezakeen Ermuko ikastolaren alde. Eta guk geure asmoak agertuko dizkiegu: umeen lanak, kantuak, elkar hizketak, etab.

Berdin pentsatzen dugu aldizkariei buruz. Eibarko ikastolakoek egiten dutena ikusi ostean,* asko animatu gara. Hau guztiau egiteko, guraso, irakasle eta beste elkartuko gara, eta danon bultzadaz lan batzu urrera eramango ditugu. Orain arte erantzun ona izan dugu; aurrerantzean ere hala izango dela uste dugu.

 Hurrengo kronikan beste taldeetaz mintzatuko gara: kulturaz, folkloreaz eta ekonomiaz arduratzen direnetaz, halegia. (Irakasleak)

Euskal jaialdia Basaurin

Martxoaren 22an, Basauriko Pozokoetxeko elizan, euskal jai bat izan zen, bertsolariek eta kantariek parte hartzen zutelarik. Jendetza —gehienbat gaztea— ez zen haundia izan, nahiz eta toki gehiagorik ere ez izan, eliza txikia baita.

Jaialditik ateratako diru guztia, greban* zeuden Firestoneko langileak laguntzeko. Presentazioa euskaraz egin zen, euskara ez dakitenak ikastera inbitatuz.

Inbitazio hau entzutean, aldi honetan asko aipatzen den bilinguismo arazoa etorri zitzaidan burura; eta pentsatzen nuen, bilinguismo hitza ilun gertatzen ari zaigula Euskal Herrian, eta beharrezkoa dela hitz honen benetako esannahia argi jartzea. Bilinguismoa ez delako gure herriak lortu behar duen azken helburua, pauso bat baizik. Gaurko egoeran ondo dago bilinguismoa eskatzea, baina helburua ahanztu eta nahastu gabe. Hizkuntza arazoa dela eta, Euskal Herriak lortu behar duen helburua hau da: euskaldunok, denok, euskaraz ikasi eta hitz egitea, euskarak izan behar duelako Euskal Herriko hizkuntza ofiziala, euskaldunon hizkuntza.

Jaialdian, Garmendia eta Lazkano Txiki bertsolariek, beren bertsoen bitartez, euskal langileen egoera zapaldua eta. Euskal Herrian sufritzen ari garen ilunune luzea salatu zituzten. Baina, neguaren ondoan, udaberria etortzen omen da.

Benetan Euskal Herriak udaberria ikus dezan, denok lan egin behar dugu geure herriaren alde. Joxe Azurmendik bere poesia batetan esaten duen bezala, «libertadea ez merezi, irabazi egin behar da».

 Bertsolarien ostean,* kantariak. Gontzal Mendibil, Mikel Laboa, Xeberri eta Oihartzunak taldeak kantasaio atsegingarri bat eskaini ziguten. Nork bere saioa egin ondoren, azkenean, denek batera —Laboa izan ezik, egun hartan eztarria ondo ez zuelako nonbait— kantatu zuten, eta ederki kantatu ere.

Ba dakigu, han batu zen dirua ez zela laguntza haundia izanen Firestoneko langileentzat. Garrantzi haundiagoa du, hara bildu zen jendea haiekin zegoela azaltzeak. Noski, hara joan ondoren, oso lasai geldi gintezke; eta, noski, jaialdi hura* errealitatetik ihes egite bat izan liteke. Baina hori ez litzateke jaialdiaren errua, gurea baizik. Egia da, Euskal Herriaren eta gure herriko langileen aldeko asmo onak eguneroko burrukan frogatu* behar direla; baina honelako jaialdi baten bidez gure herriaren egoera bati erantzutea ere ez da gutti. Hobe bi gauzak eginen bagenitu, bata eta bestea ez baitaude bereiz.* (Koldo Altzibar)

Euskara aurrera erazi nahian

Hainbat euskaldun burrukatzen ari da, euskara aitzina* erazi guraz; baina, zoritxarrez, euskaldun gehienak lotan daude oraindik. Adibide bat nahi izanez gero, hor duzue Caja Rural de Vizcayaren kasua. Hainbat baserritar euskaldunek eramaten du hara bere dirua; eta zer egiten du Caja Rural horrek diru horrekin? Asko ez bada ere, besteek laguntzaren bat ematen dute euskara eta euskal kulturaren alde; baina delako Caja Rural horrek txanponik ere ez. Baserritar euskaldunek kontuan hartu beharko lukete Caja Rural horren portaera.

 Baina dena ez da hain iluna. Iruineko Udaletxeak* maisuak hautatzean, lau puntu gehiago emango dizkie Euskaltzaindiaren titulua duten irakasleei. Bestalde laguntza gisa,* urtero 150.000 pezeta Euskaltzaindiari ematea erabaki du Donostiako Udaletxeak. Egia esan berri bi hauk ez dira gauza handirik, batez ere Kataluniako Udaletxeek hango hizkuntzaren alde hainbeste milioi pezeta ematen ari direnean. Baina lehen urratsak* dira; eta hurrengoak eman ditzaten, geuk bultzatu beharko. (Xabier Gereño)


Hementxe denok

Gipuzkoa

Euskal ikastaroa eta irakasle etsaminak Arrasaten

Euskaltzaindiak egindako deiari erantzunik, laurogeitaz* irakasle bildu ginen Arrasatera,* ostegun,* ostirale* eta larunbat* sainduz. Gehienak hegoaldekoak ginen. Iparraldetik etorritakoak oso guti izan ziren; baina ezin daiteke esan motel egon zirenik, aktiboki hartu baitzuten parte. Dena dela, ba dirudi, oraindik ere zorioneko muga hori pasatzea larregi* kostatzen zaigula.

 Triunfalismoan erori* gabe, hainbeste jende ikustean, benetan poztu nintzela esan behar dut; egia esan, ez nuen horrenbesterik espero. Partaideen adinaren* arabera,* gehienak gazteak ginen, hogei-hogeitamar urte bitartekoak. Hain gazte ez zirenak ere ba ziren, baina ez askorik. Neskak ere urri (zer gertatzen zaizue, emakumearen nazioarteko urteon?), mutilekin konparatuz behintzat.

Ostegun eta ostiralean era bitako mintzaldiak izan ziren.

 Hitzaldi batzu,* 2. mailako irakasle titulua lortzeko etsaminari begira prestaturik zeuden. Gaia: dialektologia, estilistika eta euskararen historia. Hizlariak: X. Kintana, A. Arrieta eta A. Irigoyen.

 Beste hitzaldi batzu, euskal irakasleak prestatzeko eta hobetzeko pentsaturik zeuden. Gaia: metodologia. Hizlariak: J. M. Erzibengoa eta Murgiarte senar-emazteak Murgiarte jaunak, esate baterako, euskara irakasteko entzun-ikus metodo bat nola molda litekeen azaldu zigun. Bestalde, euskararen irakaskuntzari eta euskal alfabetatzeari buruzko mahai ingurukoak ere antolatu ziren. Ba zen han zer ikastekorik, zinez!*

Larunbat goizean (martxoaren 29an), kezka hau nerabilen neure buruan: Asko ala guti batuko ote gara etsaminetarako? Gero, hamarrak aldean, nire goganbehar* guztiak haizatu egin ziren zeharo: Berrogeitaz irakasle bildu ginen. Ene ustez, irakasle biltze honek esangura garrantzitsua du. Gutienez bi arrazoin hauengatik

 - Euskal irakasleen artean, ikasteko eta hobeki prestatzeko nahia ikusten da.

 - Irakasleek haintzat hartzen dute Euskaltzaindia. Ene ustez, irakasleok indartu egin beharko genuke Euskal Akademia, bera baita euskal titulurik emateko gai den erakunde* bakarra, nahiz eta batzuk haren esanak onhartzen ez dituzten.

 Lehen ikastaro honek, irakasle etsaminekin batera, jarraipena merezi duelakoan nago. Ea, guztion artean, oraino kimutan baino ez dagoena, loreztatzera laguntzen dugun! (Jose Ramon Etxebarria)


Hementxe denok

Nafarroa

Berrehun mila emakume alkoholizaturik?

 «El indiscreto semanal» aldizkariak zioenez, Nafarroan ba omen dira 200.000 emakume alkoholizatuak.

 Ba genekien, Nafarroa ardo lurra dugula. Ba genekien, hemengo ardoari zaletasun handia diotela bai nafar, bai gipuzkoar eta bai bizkaitarrek; baina honenbesteraino...

 Bada,* astekari honek dioenari heltzen badiogu, ia ia Nafarroa guztiko emakumeak alkoholizatuak ditugu. Ez dago Nafarroako azken estatistikari begiratu besterik —1970.ekoari, halegia*—, eta han agertzen denez, orain bost urte 234.674 emakume omen ziren Nafarroan. Bota dezagun gaur egunerako pixka bat gehiago. Baina, hala ere, Nafarroan 200.000 emakume alkoholizatuak egotea, soberaxko* dela uste dut, soberaxko. (German Agirre)


Hementxe denok

Euskal Herria

Herri musikaren ikerketa

 Aspalditik hedatu* zen euskaldunon artean geure hizkuntza zaindu beharraren ustea. Euskararekiko ardurak sorterazi zuen, hain zuzen, Euskaltzaindia, orain 56 urte, Oinatin. Erakunde* horren ekintza, sarritan ahula* geratu arren, hagitz* ohargarria eta nabaria* izan da urteetan zehar.

 Euskal soinu eta kantu bereziekiko ardurak, ostera,* ez du erakunde baten babesik ezagutu. Euskaltzaindiaren sortzaile eta urte askotan euskaltzainburu izan zen Azkue jauna, herriz herri ibili zen euskal soinu eta kantuak biltzen, eta hala egin ahal ukan* zuen bere euskal kantutegi handia. Baina haren musikarekiko ardurak ez zuen ukan, hizkuntzarekikoak ukan zuen babesa eta geriza.

Egia esan, Txistularien Elkartea aipatu behar dugu, hala ere. 1927.ean sortu zen, euskal herrialde guztietako zenbait txistulari Arratera bildu zelarik. Gure plazetako herri kantuak eta dantzak zaintzea eta zabaltzea: horixe zen elkartearen xede* nagusia. Horretarako, aldizkari bat sortu zuten, TXISTULARI izenekoa, bi hilabetetarik behin ateratzen zena, txistu partiturak argitaratuz eta albisteak emanez. 1936.ean hil zen, baina berriro 1956.ean piztu, gaur arte irauten duelarik.

 Ordutik hona eta elkarte horri esker, txistulari berriak agertu dira, eta haien jokizun* bildumak* hagitz aberastu. Txistularien eraginez* dantza talde berriak sortu dira, euskal folklorearekiko zaletasuna zabaldu, eta, gehien balio duena, Euskal Herri guztiko txistulari eta dantzarien arteko harremanak ugaritu eta haien ekintzak elkartu.

Baina ba dakigu, hori ez dela nahikoa. Alde batetik, ardura hori hirietako txistularien alde izan delako batez ere. Baserrietako txistulari zaharrak, ostera, solfeorik ez dakitenak baina herriaren eskolakoak, kanpoan gelditu dira gehienetan, beren baserrietan zahartu eta ahantzirik. Berdintsu gelditu dira, dultzaina, alboka eta trikiti jole zahar asko, koblariak eta aintzinako kantu zaharrak dakitzaten atso-agureak.

Eta beste aldetik, euskal herriaren jakintz arloa askoz zabalagoa delako ere. Herri literatura landuagoa izan da, baina herri kantua gaur ez hainbeste. Esate baterako, gaur egun bertsolarien lanetarako ba dago liburu sorta berezi bat: Auspoa. Haien teknika ezagutzeko ere, ba dira liburu batzu:* Lafitte, Lekuona, Oteitza, Leizaola, Onaindiaren lanak, adibidez. Baina herri musikaren arloan ez dago horrenbestekorik: ez aldizkari egokirik, ez erakunderik, ez lan talderik. Herri musikak umezurtza ematen* du.

Herri musikaren ikerketan zenbaitzu ari dira, bai; baina askotan edo gehienetan nor bere bidetik, elkartu gabe. Honela, haien uzta ttipia izanen da halabeharrez, eta arlo honek ez du behar duen indarra hartuko. Bitartean, gure arbasoen heredentzia bitxi hori galdu egin liteke betiko.

 Lehenago, lan horretarako aro* bikain* bat loratu zen. Beti ditugu geure belarri eta ahotan Iztueta, Sallaberry, Jaurgain, Bordes, Altube, eta batez ere Azkue eta aita Donostiaren izenak. Baina horik* guztiok hilak dira aspaldidanik. Hurbilena, aita Donostia, orain dela 18 urte hil zen. Aro horren eta gurearen artean eten bat gertatu da lanean, baina pentsamoldean ez hainbeste, zeren* oraindio haien izerdien lepotik bizi baikara. Haiek, jakin zutena eta ahal ukan zutena egin zuten, baina ez guztia ez eta erdia ere.

 Garai hartan ez zuten magnetofonoa erabili, esate baterako; eta hori akats handia da. Soinu asko galdu egin ziren, beste batzu gaizki pentagramaturik heldu zaizkigu, eta abar. Ozena* eta entonazioaren xehetasun baliotsu asko ere ezin dezakegu orain hauteman* haien kantutegietan. Bestalde, bildumak kantakizunetan* eskasak badira, are* eskasagoak dira jokizunetan: lehen esan dugunez, alboka, dultzaina, trikitia eta txirulaz jotzeko soinu gehienak oraindio jaso gabe dautza,* bai eta baserrietako txistularienak ere.

Eta beste gauza bat ere falta da: zer egin soinu zahar horiekin, teknika eta zabalkundearen aldetik.

 Teknikaren aldetik eskerga* da egitekoa, eta, jakintsuen arazoa denez gero, hauxe da zailena, eta perilosena* ere bai. Zeren gaurko musikan soinuegitura* klasikoaren eragina guztiz haundia baita eta hezurretaraino sarturik baitugu. Herri soinu zaharrek, ostera, beste azpiegitura bat azaltzen dute: llaburrak izan arren, ederki erakusten digute, nola, alferrikako ezer gaberik, zerbait xit* eder eta oso atera daitekeen. Horrexegatik dira hain maitagarriak euskaldun xeharentzat. Baina guk, eskolan ikasi ez ditugunez gero, geure aldetik aztertu behar ditugu, korapiloan barnatuz.

Zabalkundearen aldetik, hor daude, esate baterako, ikastoletako haurrak. Soinu horik gure herri xeharengandik sortu dira, eta herri horrengana itzuli behar dute, museorako nahi ez baditugu. Guk guztiok ikasi behar ditugu eta zabaldu, bizitzen iraun dezaten.

Euskal herri musikaren ikertzaile prestuak* behar ditugu. Umezurtzaren irudi hura* kentzeko bederen,* eta, urrunago begira, geure nortasunaren aldeko hazia ereiteko. (Joan Mari MENDIZABAL.)

Euskaldunok eta telephonoa

Entzun nahi ez duen gorra baino gorragorik ez dela esan ohi da, eta arrazoia; baina, borondatezkoak alde batera utzirik, ba daude oraindik, ezjakinez, arazo hau ondo ulertu ez dutenak. Halakoentzat, beharbada, argigarri dirateke* ondoko kontsideroak.

Telephono hitzaren etorkia

Mesedegarri bezain aspergarri izaten den tresna hori —zoritxarrez edo zorionez; nondik ikusten den—, Bilboko, Leitzako edo Bergarako euskaldun batek barik,* Alexander Graham Bell izeneko ingeles batek asmatu zuen 1876. urtean; eta izena, ia ia marka erregistratua balitz bezala, telephone ezarri zion bere hizkuntzan, grekozko hitz bitaz baliatuz (tele 'urrun' eta phone 'boza').

Frantsesez berehalaxe téléphone bataiatu zuten, alemanez Telephon, italieraz telefono, errusieraz tieliefón, georgieraz telephoni, arabez telefón eta txinoz te-léi-fung. Dakusagunez,* mundu guztiak hartu du internazionaltzat hitz hau, euskaldunon antzera —modu guztia «ez bezalako» garela eta— urrutizkin-murrutizkinik asmatzen ibili gabe. Bestalde, edonori burura dakioke, asmatzailea euskalduna izan ez delarik, inoren asmakaria urrutizkin hitzaz bataiatu duenak bezainbateko eskubidea duela urrutibozkin, urrutiberbagailu, urrutimintzatzaile, urrunezgailu edo beste batez izendatu nahi duenak; eta hortik, noski, ez ginateke inora joanen. Izenak asmatu barik,* izanak dira asmatu behar ditugunak; eta, orduan, geuk nahi dugun modura bataiatuko ditugu geure burutiko umeak.

Telephon zenbakiak nola esan

Baina izen-mizen kontuok alde batera utzirik, nakion* oraingoan beste puntu bati. Euskaraz, telephonoaren zenbakia esaterakoan, ahaleginik ezaren legeari kasu eginez euskaldun gehienek hura* erdaraz ematen dute; baina ba dira, zorionez, zenbakiok euskaraz esaten dituztenak ere. Hauek, ordea, erdaraz bezala egiten dute: esaterako 237591 zenbakia emateko, hogei ta hiru, hirurogei ta hamabost, laurogei ta hamaika esaten dute. Ondorio komuna, baina, hauxe izaten da: entzuleak ondo ulertu ez eta mesedez erdaraz esateko erregutzea.*

 Zergatik hori? Alde batetik, euskaraz zenbakiak entzuteko ohiturarik eza dago, noski; baina bestetik, hogeika kontatzeak dakarren beste nahaste hori ere ba da. Hirurogei ta... esaten hastean, entzuleak 6... idazten du, bil garren zifraren zain; baina hamabost gehitzerakoan, ordea, hasierako 6 hura borratu eta 75 idatzi beharrez aurkitzen da. Ez da hor dudarik, eragozpen seriotxo bat dagoenik arintasunaren eta denboraren kontra. Nola konpon daiteke berau?

Munduon, besteak beste, ez gara euskaldunok ale bakarrak; eta zenbakiekin beste batzuk* ere ba dituzte antzeko problemak beren hizkuntzan. Ez beza inork pentsa, Unamunok egin lezakeen bezala, horretan euskararen ezintasunaren froga* pitxi bat aurki dezakeenik, ez horixe! Zeren* eragozpen berberaz ingelesak berak egoten baitira, telephonoz sixteen (16) eta sixty (60), seventeen (17) eta seventy (70), nineteen (19) eta ninety (90) ia modu berberaz adi daitezkeelako. Hori konpontzeko, ingelesek zenbakiak banan banan esaten dituzte beti, eta horrela ez dute nahasterik ez bi bider esan beharrik. Bide beretik abiatuz, euskaraz goiko zenbakia bi-hiru-zazpi-bost-bederatzi-bat emanez gero, gure problema konpondurik ikus dezakegu. Aplika dezagun, bada, erregela erran hori.

Telephonoan nola erantzun

 Bigarren kontu bat hauxe da: nola erantzun, telephonoa hartzean. Lizardik zioenez, bere denboran etxeko neskameek telephonoz erdaraz bakarrik mintzo zitekeela uste bide* zuten. Zoritxarrez, gure egunotako euskaldun askok, eta ez neskameek bakarrik, gauza berbera pentsatzen dukete* oraindik, haien etxera deituz gero, diga bana entzun baitaiteke maiz.* Zergatik hori?

Baina norberak zer daki, deitzen duenak euskara dakien ala ez? —erantzun diezadake norbaitek. Egia da; baina, normalean, norberari dei egiten dionak ba daki norbera euskalduna dela eta ez da horregatik harrituko euskarazko erantzun bategatik. Nik behintzat telephonoari beti euskaraz erantzuten diot; eta deitzen nauenak, euskara ez badaki, berehalaxe diost: oye..., esto..., mira..., soy yo..., erdi lotsaturik gainera. Erdara egiteko astia beti dago; baina Euskal Herrion aldez aurretiko amore* ematerik ez dirudi bidezko.* Katalanek, esaterako, beti diguim erantzuten dute Katalunian.

Kontua da, ordea, guk euskaraz nola erantzun behar dugun, zein formula standard erabili behar dugun, telephonoari erantzuteko. Honetan ez dago nazioarteko batasunik, gaztelaniaz diga, dígame, ¿quién es?, frantsesez allo, ingelesez hello, eta abar esaten baita. Zenbait euskaldunek, gaztelaniazko esaldiak hitzez hitz itzuliz, esan, edo nor da? esaten dute, bai eta, telephonoa baserriko tresna, tam-tam edo txalapartatzat harturik, bota! ere bai. Hitz guztiok, ene irudiko, itzulpen merke batzu* izateaz gainera, ez dute euskaraz zentzu haundirik; gogorregiak dira, latzegiak.

Aspaldion, baina, beste formula bat zabalduz doa Bilboko euskaldunon artean, ene ustez askoz ere jatorrago eta egokiago dena: telephonoa hartu eta, bai?! erantzutea, «bai, esan, entzuten ari naiz» esan nahi duen tonu berezi batez ebakirik.* Bai hori, edo bai, esan, oso leunak dira, aditzeko erraxak eta edozeini etxekoaren euskaltasuna ederki adierazteko egokiak. Horixe da, nik uste, beti erabiliz aupatu* beharko genukeena.

Norbaitek arazo ttikiok huskeriatzat har ditzake; baina ba dute beren garrantzia, eta ez ttikia. Ondo begiratzen hasiz gero, eguneroko bizitzaren zati luze batzu honelako huskeriez betetzen ditugu (egun on, kaixo, zer moduz, gero arte, goraintziak, bai eta zuri ere, agur...); eta gizarteko egoera jakin batzuri erantzun labur eta automatiko bat ematea, azkenean, ekonomiaren onerako ere ba da, ingelesek, beren time is money (denbora dirua da) horrekin maiz esaten dutenez. (Xabier KINTANA.)

Bi idazle bakarrik plazara

 Non idatz ez duela eta, artega* dabil zenbait. Plaza falta bakarrik bailitzen* hauzia. ANAITASUNAk, bi liburukitan* atera den «Sei idazle plazara» liburuan aztertuak izan diren idazleei, nork bere buruaren defentsa egiteko lekua eskaini izan die. Bi bakarrik jalgi* dira plazara.

 Lehen liburukian, oroituko da irakurlea, Mitxelena eta Larresoro atera ziren. Aresti jaunak ez zuen nahi izan. Oraingo honetan, G. Garate eta G. Ansola jaunek nahiago izan dute deus* ez erantzutea. Jose Azurmendik ezin izan du, kanpotik da eta.

Dena den, gauzak nola diren ikusi eta, atera ziren bi haik* ausart* edo oharkabe batzu zirela pentsatzeko modukoa da. Nik, hala ere, bidezkoa* zela uste nuen. Parisetik ez baina hilargitik etorri naizela pentsatzen hasia naiz. Gure kulturgintza ideologiaren mailan aztertua zelarik, geure herrigintzan ere agian* heldutasun bidean gindoazelakoan idazten nuen. Barka, irakurle! Ez dago uste nuen heldutasunik. (Joan Mari Torrealday)

LUR eta KRISELU argitaletxeak

 Bat zirelakoan geunden, edo, gutienez, bata bestearen jarraipen. Baina, antza* denez, ez da hola.

LURren iraupenaren izenean, Enrique Villar eta Arantxa Urretavizcayak egin* dei bat jaso dugu, beraiek eta LUR editorialak ez dutela KRISELU berriarekin zerikusirik jakin erazteko eskatuz. KRISELUren jokabidearekin ados ez egotetik aparte, elkarren artean ez dagoela inongo zerikusirik argi eta garbi utzi nahi dute.

Etxe barneko haserreak bost axola zaizkigu guri. Baina abonatuei eta adiskideei eta ZERUKO ARGIA eta ANAITASUNA aldizkariei paper bana bidaltzen zaienez gero, LUR eta KRISELUren arteko banakuntzaren arrazoina ezagutu nahi genuen guk. Eta hori ez zaigu esaten. Esaten dena, dakienak ulertzeko moduan esana dateke;* baina guk ez genuen zergatik jakinaren gainean egon.

Etorkizunari begiratu bat eman diezaiogun. Zertan da eta zer egin behar du LUR editorialak aurrerantzean? Hona zer dioskuten:

«Sei urtetako esperientziak ez digu editorial herrikoi* bat sortzen irakatsi (ez baita hori gaur egun argian egin daitekeen zerbait), baina bai lan egiten eta baita ere edizioaren alorra guk uste baino zabalagoa dela pentsatzen.

Hedadura* berri honek eskatzen dituen indarrak eta besoak ez dira goizetik gauera aurkitzen, baina uste dugu LURek ba duela zereginik gure kulturaren alde, eta horrexegatik ez dugu LUR itotzen utzi nahi. (...).

Ez dakigu noiz eta nola eginen dugun aurrera. Bitartean, ba dugu berri on pare bat: Onaindiaren laguntza guztiz baliotsua, eta Aresti laster hiztegia bukatzera zeharo emanen delako agindua; ea azkenik osatzen dugun aspaldian hasitako hiztegi hura».

LURrek, beraz, lehengo lekuan segitzen du.

Liburu berriak

 1. SARASOLA, Ibon:

 Txillardegi eta Saizarbitoriaren Nobelagintza.

 Kriselu, Donostia, 1975.

«Lur» argitaletxea, aspaldion isilik egon ondoren, berriztatu egin da, zuzendaritzan aldaketa batzu eginik eta izena ere kanbiatuz (orain «Kriselu» deituko da).

Abonatuei* bidali zaien gutun batetan, liburuen aurtengo programazioa agertzen da. Gaiei bagagozkie, honela banatzen dira liburuak: bost elaberri,* lau saiaera* eta hiru poesi bilduma. Guztitara, hamabi titulu. Abonatuentzako prezioa 150 pezeta izango da liburu bakoitzeko. Bulego berriaren helbidea:* Calvo Sotelo, 26 - Donostia.

 Lehen liburua —«Txillardegi eta Saizarbitoriaren Nobelagintza»— jaso berria dugu. Egilea, Ibon Sarasola. Azalean, euskal lauburuaren* inguruan egindako saiaera piktoriko bat dator. Irudi berbera eramango dute liburu guztiek, eta azalaren kolore desberdinek bereiziko dituzte gaiak. Dirudienez, beltza izango da saiaeraren kolorea.

 Maiz* entzun dugu, euskal literatura kritika zorrotz baten premian dagoela, laudoriozkoak gehiegi ei* dira eta. Hazkunde* eskaseko literaturak, eta tamalez* gurea horrelakoxea da, laguntza behar du, aurrera joan dadin; eta kritikariak zirkunstantzia hori kontutan hartu behar du. Bista.n da, hazkunde gotorreko* erdal literatura eta geurea ezin ditzakegula erregela berberaz juja.* Baina, zorionez, euskal liburuen zerrenda ugarituz doa; eta beharbada zilegi* da pentsatzea, urtean ehun bat titulu argitaratzen dituen gure hizkuntza honi ere heldu zaiola kalitatea demandatzeko* garaia.

Ibon Sarasolak Txillardegiren hiru elaberri eta Saizarbitoriaren bat aztertzen ditu. Liburu on baten aurrean gaude, on baina eztabaidagarri baten aurrean; eta hau esaterakoan, kritikariak «Elsa Scheelen» elaberriari eskaintzen dizkion horrialdeak ditut gogoan.

Sarasolaren ustetan, Txillardegiren «Leturiaren egunkari ezkutua»k markatzen du euskal elaberrigintza tradizional eta modernoaren arteko lehen etendura. Aurreko giro baserritar eta arrantzalea baztertzen da, eta lehenbizikoz erabiltzen da euskaraz kaleko giroa. Baina iraultza hau ez da soilik pertsonaien inguruan gertatzen, zeren* elaberrian erabiltzen diren gaiak, eta hauen aurrean ematen diren eritziak, ordurarte ezezagunak baitziren gure artean.

Txillardegik bere lehenbiziko elaberri horretan bide berri bat zabaldu zien euskal idazleei, eta hauetarik asko eta asko bide horretatik abiatu dira. Baina, Sarasolaren eritziz, Txillardegiren hurrengo bi elaberriek ez dute urrats* berririk eman. Arrazoin horregatik «Peru Leartzako» eta «Elsa Scheelen»ek ez dute, «Leturiaren egunkari ezkutua»k eduki zuen arrakasta* lortu.

Huts hori betetzera, hau da, urrats berri bat ematera omen dator Ramon Saizarbitoriaren «Egunetik hasten delako» elaberria, batez ere formaren aldetik, tema nahasketak trebeki erabiliz.

Sarasolak, bere saiaera honetan, bi autoreen hainbat pasarte kopiatu eta analizatzen ditu eredu* bezela, azterketa hori irakurlearentzat gidari izan dadin, elaberri bat kritikatzerakoan. (Xabier Gereño)

 2. SADA, Xabier Maria, URRUJULEGI, Jon:

 «Goizaldi» dantza taldea.

 Donostia. 1975.

 «Goizaldi» dantza taldea sortu zanetik 25 urte iragan dira; eta urtemuga hau gogora erazteko, liburu bat idaztea gomendatu zaie Xabier Maria Sada eta Jon Urrujulegiri. Donostiako Aurrezki Kutxari esker, liburuaren presentazioa oso ona da, zernahi argazkiz hornitua; eta beraren 174 horrialdeetan zehar, gaztelaniaz eta euskaraz, «Goizaldi» dantza taldearen kondaira azaltzen da.

 Liburu interesgarria, oso ongi dokumentatua, eta beraz, beharrezkoa euskal folklorearen inguruan lan egiten dutenentzat. (Xabier Gereño)

 3. BEGIARMEN:

 Sei idazle plazara: Azurmendi, Garate, Ansola.

 Jakin, Oinati, 1974.

 Obra honen lehen liburukiak* zalaparta sortu badu, ez du zarata gutiago ekarriko bigarren honek, batez ere Gotzon Garateren liburuaren kritikagatik.

 Gogora dezagun, Begiarmen izenordearen atzean dauden idazle bien asmoa ez dela lanen literatur balioak aztertzea, idazleen ideologia ikertzea baizik. Begiarmenak bide hau hartu badu, Sarasola bere azken liburuan bestetik joan da. Baina, bide biak ongi bereiztea ezina denez, kritikari biak ere hainbat aldiz elkartu egiten dira; eta aski da, hau frogatzeko, bata eta bestearen liburuak irakurtzea. Nahitaez, idazleak bere liburuetan ezartzen du bere ideologia; eta beronen eragina* nabari gertatzen da bai forman eta bai mamian.

 Presentatzen ari garen liburuan, filosofo bi eta ekonomilari bat aztertzen dira. Hasteko, Juan San Martinek idazle bakoitzaren biografia labur bat egiten du, eta gero Begiarmenek haien liburuen hainbat pasarte kopiatu eta haietatik ideologi problematika ikertzen du. Joxe Azurmendiren kasuan, «Hizkuntza, etnia eta marxismoa» hartu da gidaritzat, eta saiaera honen horrialde erdiak berari eskaintzen zaizkio. Luze joango litzaiguke guztia aztertzea, baina Azurmendiren pasarte bat kopiatu beharrean gaude: «Hasierako gizonaren dohaina da hizkuntza, alegia,* zientziazki zehatz mintzatzeko, gizartearen azterketarako erabiltzen den giza-eredu funtzionalaren dohaina. Gaurko 'egoeran' Klasetasuna den bezalaxe da gizartearen 'izaeran' hizkuntza ere diferentzial bat...»

 Eta Begiarmenek honela komentatzen du: «Klasetasuna gizarteen egoera bada eta hizkuntza gizartearen izaera, zentzu hontan objetuak sujetua suposatzen duen bezalaxe, klasetasunak herritasuna suposatuko luke... Hizkuntzen hauzia klasetasunarena baino lehenagokoa dugu, beraz, hedatuagoa, errotuagoa gizartearen beraren barne-egituran. Hau honela izanik, eta hizkuntzen elementu 'diferentzialetik' abiatuz gero, herri arazoa batez ere hizkuntzaren inguruan kokatuko* da».

 Begiarmenek gero Gotzon M. Garate aztertzen du, eta hemen dator saltsa. Hasteko, Garatek Marxez dituen aurreritziak* aztertzen dira, eta jarraian haren liburuetako hainbat pasarte. Guk, lehen bezala, bat kopiatuko dugu. Garatek hau idatzi zuen: «Errusian, esate baterako, 'ofizialki' proletalgoak burgesia menderatu duelarik, Baltiko-herriak, Ukrania-herria, e. a., herri zapalduak ditugu, eta nazio kapitalistetako baino goxoago ez diren zapalbide izugarriz zapalduak». Eta Begiarmenek komentario hau egiten du: «Halere, Gotzon M. Garateren baiezkuntza hau, egiaren ohoretan, gezurtatu beharrean gaude. Zeren gure aburua* da, nazionalidade menpekotuei 'burujabetasun politikoa' ematen ez zaien bitartean, nazionalidadeen berdintasunera ez garela ailegatuko,* eta, ondorioz, Errusian eman den soluzioa ez dela erabatekoa.* Hala eta guztiz, Errusian, herritasunari eta sozial sistimari dagokionean, nazionalidade menpekotuei eman zaizkien soluzioak inongo kapitalista herritan eman direnak baino askoz hobeak dira, noski. Eta hori kostatatzeko, hango eta hemengo praktika ez dago gehiegi ezagutu beharrik».

 Liburu honen azken partean, Gurutz Ansolaren «Euskal Herriko ekonomiaz» aztertzen da, eta sozial ikuspegitik batez ere hainbat huts aurkitzen dizkio Begiarmenek. Adibidez, Ansolak hau idatzi zuen: «Euskal Herriak mende honetan daukan kontradiziorik gogorrenetakoa hau da, zalantzarik gabe: alde batetik geure herritasunaren eta euskaldungoaren alde, ekintza programaturik ezin gorpuztu; eta bestetik egunetik egunera gure nortasuna arrotz-etorreraren ugaldepean* itotzen». Begiarmenek honela komentatzen du: «Kontradizio gogorrenak zer esan nahi du? Funtsezkoena? Begira, euskaldungoa galtzen hasi bada, ez da arrotz-etorriengatik izan. Aspaldi lehenago ere euskaldungoa galtzen hasirik zegoen... Eta ondo dakigu jakin, feudal jauntxo haien eta komertziante burges hauen arteko borroka zertan amaitu zen. Finean, Bergarako besarkada!... Eta zertarako elkar entenitu? Bistan dago: menpeko popular klase guztiei beren legeak ezartzeko. Orduan, euskaldungoaren kontradizio funtsezkoa hontan datza.* Hori garaitu gabe, euskaldungoa ez bait* da salbatuko». (Xabier Gereño)

 4. SIADECO:

 Goiherri bailara* industriagintza bidean.

 Gero, Bilbo, 1974.

 350 horrialdetako liburu mardula, estatistika eta zenbakiz betea. Beraz, liburu tekniko baten aurrean gaude, goi mailako teknikari talde batek egin baitu; baina, hizkuntzari bagagozkio, euskara erraz batez idatzia da.

Hemen ez dugu aipatu baino egingo liburu hau; baina biziki gomendatzen diegu batez ere ekonomilari eta soziologoei, zeren,* liburua Goiherri bailarara mugaturik egon arren, konklusioak beste eskualdeetara ere heda* baitaitezke. Lan seriosa, ongi egina eta presentatua, eta, dudarik gabe, sail honetan euskaraz orain arte idatzi direnen artean gorena. (Xabier Gereño)

 5. ALTUNA, Jesus:

 Lehen Euskal Herria (Guía ilustrada de prehistoria vasca. Guide illustré de préhistoire basque).

 Gero, Mensajero. Bilbao, 1975.

 Ikustekoa da, benetan, Jesus Altunak prestaturik, Gero argitaldariak hain apainki kalera atera duen liburu hau. Inoiz gutitan ikusi ahal izan dugu euskal liburuetan honelako ikusgozagarririk. Zer du, bada, liburu honek?

 255 horrialdetan jasotzen da euskal prehistoriaren mamia, gaia hain ederki ezagutzen duen Altuna jaunaren eskutik. Joxe Migel Barandiaranen sarreratxo batekin hasten da liburua, ondotik autoreak berak hitzaurre llabur bat ematen diola. Ondoren dator begien gozamena: marrazki* eta argazkiak.*

Prehistoriako gure aztarnategiak* non dauden adierazi nahirik, bederatzi mapa ematen ditu autoreak, eta beste marrazkien bidez ematen zaigu albiste onik ere. Baina apaingarrietan atseginenak argazkiak ditugu. Argazkiok gaiaren harian datoz, prehistoria zaharrenetik erromatarren garairarte: berrehun bat argazki eder, kolore guztiekin.

Mota desberdinetako argazkiak aurkitzen ditugu liburuan, denak elkarren osagarri, eta —autoreak ongi ezagutzen duen pedagogia goxo batekin— irakurlearentzat lagungarri aproposak. Aztarnategietara kanpotik goazela, lehendabizi aztarnategion inguruak ematen zaizkigu. Eta hurbilagotik, haitzuloen sarrerak: argazkietan ikus ditzakegu euskal bizitoki zaharrenen atariak (Lezetxiki, Aizpitarte, Ekain, etab.). Eta haitzuloen margazkiak* ere hor daude: zaldiak, oreinak,* basidiak*..., garai haietako gizonaren kezken agergarri. Gure pintura zaharrak beren edertasun osoan jaso dira liburuan.

 Eta liburu hau museo antologiko bat da. Geure erakustokiak hirietan banatuta daduzkagu; joateko ere betarik* ez. Museo horietan baino erosoago* eta txukunago topatuko ditugu liburu honetan aintzinako gizonaren tresnak (harlanduak, geziak*...) eta garai haietako animali eta giza hondar-mondarrak (hezur, buruhezur, eta abar).

Zer esan liburuaren balioaz? Euskarak aspaldidanik espero dituen liburu bikain* horietako bat dela. Autoreak, argitaldariak eta babesemale izan den Lan Kideen Aurrezkiak, guztion txaloak merezi dituzte. Apaingarriak ezin hobeak gertatu dira; inprimaketa la.na, biribila. Noiz ikasiko ote dute gainerako Aurrezki Kutxa dirudunek, euskarari eta euskal kulturari holamoduzko lanak eskaintzen? Zorionak lan honetan parte hartu duten guztiei. (Joanes Goia)


Herrialde guztietan

Italia. «Beste Europa hori»

 Emigranteak dira «beste Europa hori». Egundaino gertatu ez dena agitu* da azken urteotan Europan: historian ez du Europak horrelako uholderik edo giza «inbasiorik» ezagutu. Europaren batasuna egitean, emigranteak dira noski arazorik nagusienetako bat.

 6.000.000 lagun ditu Italiak munduan barrena kanporatuak, lan bila. Gehienak Europan: Frantzian, Suitzan eta Alemanian batez ere, azken hogei ta bost urteotan kanporatuak. 350.000 milioi lira sartu zituzten langile horiek Italiara 1973.ean. Orain, berriz, lana Europan ere eskastu da, eta langile asko etxerako bidetan jarri da. Problema ikaragarriak, etxeratze honek Italiari (eta Mediterraneo aldeko beste herrialdeei ere bai) dakarzkionak. Halabeharrez joandako langileak, halabeharrez etxeratzen ari dira. Eta kanporatzean oso gogoan izan ez zituzten Estatuak, etxeratzen diren honetan oso kezkatzen hasiak dira.

Joan den otsailaren* 24etik 30era antolatu zuen Italiako Gobernuak lehen aldiz Emigrazioaren Konferentzia Nazionala. Kanporatuen ordezkari bezala 300 bat lagun etorri dira. Horietaz gainera, beste 300 bat politikari eta sindikarik hartu dute parte. Azkenik, atzerritik etorri diren ikusle eta ordezkariak kontuan edukiz, mila bat lagun izan dira konferentzian parte hartu dutenak.

Hitz ugari isuri da. Europako Ekonomi Elkartea salatu da. Protesta latzak eta mingarriak entzun dira atzerriratuen aldetik. Agintzari* onak ere bai Italiako gobernarien aldetik. Baina Europaren larrialdi honetan, atzerriraturiko langileak larrien. Ba dira zazpi bat urte, EEEn (Europako Ekonomi Elkartean), atzeratuta dauden eta pobreen diren eskualdeei* laguntza berezia emateko, diru kutxa bat sortzea asmotan dagoela. Baina oso motel gelditu dira asmo horik.*

 Sarritan ekonomi mailan bakarrik neurtu ohi da emigrazioaren arazoa. Estatu batek, kontuak ateratzean, hona hemen zeintzu alderdi ikusten dituen: zenbat eman behar izan duen, atzerriratu diren langile horik hezteko;* zenbat diru uzten duten emigranteek, lana ematen dien herrialdean; zenbat dibisa dakarren nork bere herrialdera. Salmentarako gaia bezala hartzen da orduan langilea eta emigrantea.

 Emigrazioaren arazoa, ordea, ez da ekonomi aldetik neurtzekoa bakarrik. Giza eta gizarte alderdiak, politikazko eta kulturazko alderdiak dira, emigrazioak daramatzan* alderdi ilunenak. Erroman bildu den konferentziak, alderdi hauetatik batez ere aztertu du emigrazioaren arazoa. (Patxi Kortabarria)


Herrialde guztietan

Kurdistan. Herri bat izan nahi zuen

 Azkeneko berriek diotenez, erresistentzia harmatua bukatzera doa Kurdistanen. Beharbada, lerro hauk* argitaratzen direneko, zeharo deseginik izango da.

 Barzani jeneralak aitortu duenez, «amaitua da gerla». Zergatik? Erantzuna ere berak eman du: «Bakarrik gaude, adiskiderik gabe». Izan ere, azkeneko urteotan Iranen laguntza izan badu ere, Algeren martxoaren 6an Iraneko xahak eta Iraqeko Sadam Husseinek egin* hitzarmenaren* ondoren, euskarri* konkreturik gabe gelditu dira kurdu burrukalariak. Iraq eta Iran, elkarren arteko lur jabego kontuagatik, haserre nola zebiltzan, iraniarrek Irakeko kurduak laguntzen zituzten, harmak eta dirua emanez. Aurrerantzean ez.

 Iparraldeko mendietan kokaturik,* ba da hamabost urte, kurduak beren burujabegoaren alde burrukan ari direla. Harmak eskuetan, 40.000 gizon, 76 urtetako Barzani buruzagiaren atzetik.

Gizon horiek aberri bat, nazio bat, Estatu bat egin nahi izan dute. Berena, kurduena: 10 milioi bizilagun, 500.000 kilometro koadratu. Baina kurduek, beren lurralde hori Itsas Beltzaren eta Persiar Golkoaren artean egotearen zoritxarra besterik ez dute, hots, bost nazioaren artean sakabanaturik daudela (Sobietar Batasuna, Turkia, Iran, Iraq eta Syria). Gaur egun burrukan ari diren bakarrak, Iraqekoak dira.

Bost nazioren artean egoteak ez dio on handirik ekarri Kurdistani. Muga gehiegi eta interes desberdin sobera,* gauza onerako.

 Gero eta bakarrago geldituz joan dira kurduak. Beti atakatuak eta persegituak, eta gero eta bakarrago. Martxa txarra. 1972.eko apirilean, Sobietar Batasunak eta Iraqek hitzarmen bat egin zuten. Euskarri politiko bat galtzen zuten horrela kurduek. 1974.eko udan, Turkiak eta Iraqek beste hitzarmen bat egin zuten. Turkiako muga hestearekin,* irtenbide bat galtzen dute kurduek. 1975.eko martxoan beste hitzarmen bat egiten dute Iranek eta Iraqek. Harmarik gabe gelditzen dira aurrerantzean kurduak. Beti herri tipi hau galtzaile.

Munduaren eskualde* honetan, «realpolitik» ezaguna nagusitu da. Horrela, bi nazioak ongi konpontzen direlarik, Iraq sozialistan sobietar eragina* txapeldun egingo da, eta Iranen amerikarren influentzia gutitu eginen. Hori lortzeko, aski izan da «mugako joan-etorri subertsiboak» geleraztea.

Iranen laguntzarik gabe, gaitz da burruka harmatua aurrera eramatea. Harma bidez ez dela hauzi hau konponduko pentsatzen dute Kurdu Mugimenduko moderatuek. (Moderatu hauen ordua etorri ote da orain?). Iraqek ere berdintsu pentsatzen zuen. Eta, hain zuzen, autonomi gisako* zerbaiten eskaintza ere egina zuen. (Egia esan, ez Turkiak ez Iranek eskaintzen ez dutena). Autonomia bai, baina aberastasunak kenduz. Beren lurraldean —Kirkuk eta Mosul-en— dagoen petrolioaren jabegoa eskatzen zuten kurduek. Probokaziotzat eta ezin onhartuzkotzat jo zen Barzaniren eskari hori Bagdad-en. (Aberastokirik gabeko autonomia hori onhartuko ote lukete moderatuek?).

 Libération, Frantziako ezker muturreko egunkariak dioenez, «bere bekatu bakarra autonomo gelditu nahi izatea duen gutiengo* hau arras* deuseztatzeko* deliberoa hartua du lraqek». Problema horretaz ostera* ere jabetzen ari da Europa. Europako ezkerra, hobeki esan. (Ez ezker osoa, hala ere). Hor gertatua genozidiotzat jotzen da.

 Frantziako pertsonaia ezagun eta sonatu batzuk* dei bat egin dute, nazio zanpatu horren autodeterminazioaren aldeko burrukaren faboretan.

 Dei hori egin dutenen ustetan, hona, hirutan banandurik, kurduak zeren kontra ari diren: a) Iraqeko Gobernuaren arabizazio politikaren kontra; b) Kurdistaneko lurralde aberatsenak galtzearen kontra; c) Bagdadeko aginte politikoaren menpean bizitzearen kontra.

 Zergatik dei hori? Kurdu herriak autodeterminatzeko eskubidea duelako, eta herri horretako Mugimendu Nazionalaren bizitza arriskutan dagoelako. Baina, halaber,* printzipiozko arrazoin bategatik: «Etnia bat zanpatzea betiere kriminala da, nahiz eta holako politika baten arduradunek sozialistak direla esan».

Dei hori izenpetu duten beste askoren artean, hauk ikus ditzakegu: Simone de Beauvoir, J. M. Domenach, R. Garaudy, G. Halimi, G. Héraud, R. Lafont, E. Morin, Y. Person, C. Roy, J. P. Sartre... (Joan Mari Torrealday)


Herrialde guztietan

Frantzia. Zentralismoa eta eskualdekatzea

 Denok dakigu, oso zentralista dela Frantzia. Zentralista izan zen 1789.eko Iraultza, zentralista Napoleon; eta geroztik exenplu on honek zernahi jarraitzaile izan du. Ezkerreko nahiz eskuineko Gobernua izan, beti «frantsesa eta paristarra».

 Azken urte hauetan, eskualdekatzearen* benetako problematika ezker puntak erabili du: PSUk, eta hortik ezkerretara. Alderdi sozialista zerbaitetaz enteratu* da, baina ez gehiegi. Alderdi komunistak ez daki deus* horretaz, haren azterketa kategorietan ez baita holakorik kabitzen.* Gainerako alderdiek ere ez dute programa jarraigarririk, esateko.

 Urte eta gehixeago da, «eskualde kontseiluak» egiten direla Frantzian. Ez dute indar handirik. Ez dute aginterik. Pentsatzen denez, «eskualde agintea», «eskualdeko Parlamentua» ez dira biharko.

 Poliki poliki joan nahi du Gobernuak. Parisetik agintebideak aldentzeko* gogorik ez du Poniatowski jaunak. Eta berak agintzen du.

Pierre Mauroy sozialista jaunak eta Lilleko eskualdeko lehendakariak deiturik, berrikitan* Frantzia osoko eskualdeetako buruak oro bildu dira Lillen. Politikazko joera guztietakoak ziren han. Eta, dirudienez, politikazko diferentzia guztien gainetik, eskualdekatzearen nondiknorakoari buruz ados zetozen denak. Batzu* hotzago, beste batzu beroago. Batipat* bi puntutan zeuden akort: aginte indar gehiago behar duela eskualdeak, eta aginte zentralari presioa egin behar zaiola. Beste ideia interesgarri bat ere agertu zen: zuzenean eta ez bitartekoen bidez hautatu beharko liratekeela kontseilariak. Jendea benetan hartara jartzeko bide bakarra litzateke hori, diote ideia horren aldekoek.

 Hori edo hura, baina zerbait egin beharretan aurkitzen dira eskualdekatzearen defendatzaileak. Jendeak ez baitu eskualdekatze hori serioski hartu. «Notableen», jauntxoen eskualdekatzea zela salatu zen haseratik. (Joanes Lekerika)


Herrialde guztietan

Errusia. Satira bat Moskun

«Jar zeuen gerrikoak» (attachez vos ceintures) du izena Iuri Liubimov eta Georgi Blakanov idazleen teatro berriak.

Nazismoaren kontrako garaitzapenaren 20. urtea ospatzen da aurten. Artezko antolamenduek oro* garaitzapenaren omenez zerbait egin beharra dadukate. Gisa* denez, teatro hau ere garaipenaren oroitzapenetan* agertzen da.

«Jar zeuen gerrikoak», bai. Aireko* batetan gaude: erdian ibilbidea,* eta jendea ezker-eskuin. Erdiko ibilbide honek bi giza mota eta bi garai bereizten ditu: halegia,* gerla garaia eta gaurkoa batetik, eta bestetik karrera egin nahi dutenak eta gizonki beti jokatu gura dutenak. Eremu* arriskutsuan gaude, beraz.

Flash moduan, lehengoa eta oraingoa agertzen dira: gerlateko gertakariak, «kultu» garaiko gehiegikeriak... eta oraingo bizileku problemak, oraingo ezkontz eta dibortzio arazoak... Giroa sortzeko edo dator hori guztiori.

 Eta sobietar gizartearen mikrokosmo honetan, arazo zentral bat. Hona: Moskutik urrun dagoen lantegi batetan ez dira Plangintzaren xehetasunak* haintzat hartzen. Moskuko inkestatzaileari* lantegiko arduradunak esplikatuko dio, Plangintzaren arabera* lan egitea garestiegi ateratzen dela, geldiegia dela. Eta helburu bertara zuzenago iristeko,* beste helbide bat hautatu dutela, bide modernoagoa.

 Lantegiko arduraduna, benetako gizona da, herriarekin bat eginik bizi dena, intelektual zintzoa. Moskutik etorri denak ez du ulertzen, agindutakotik kanpora nola ibil daitekeen. Karrera maite du honek, oroz gainetik. Hona, arestiko* bi sobietar giza mota.

 Nork irabaziko du? Moskura joan behar du arduradunak, esplikazioak ematera. Irabaziko ote dio burokraziari? Baztertua izanen ote da? Ez dugu sekula jakingo. Moskura doala, biderditan gelditzen da hegazkina.

 Irudimena agintera! 1968.eko maiatzean Parisek eman zuen garrasiaren oihartzuna* dirudi teatro honek. Garrasi atzeratua. Kritika oso gogorra da, zorrotza. Lanerako gogo eskasa, karrerazaletasuna, formalismoa etab. kritikatzen ditu. Horren ohiturarik ez dago Moskun. Beharbada gerrikoa jarri beharra izango dute bi autoreok. Teatroak jarraitzerik balu, Sobietar Batasunean zerbait baino gehiago aldatu delako seinalea. Seinale ona. (Joan Mari Torrealday)


Fedea eta ekintza

Karismatikoak Erroman

 1968.ean sortu zen USAn katoliko karismatikoen oldea.* Pittsburgeko «Duquesne» Unibertsitateko ikasle eta irakasleen artean, hain zuzen ere. Gaur egun milioi erditik gora dira mugimenduko lagunak, eta ehun bat herrialdetan banaturik daude.

Kristauen lehen garaietako elkarteetan gertatu ohi ziren karisma edo dohain harrigarriak berriztu nahi dituzte gaurko kristauen artean. Gaur ere gertatzen direla aitortzen dute, eta beren bileretan* bizi dituztela.

 Beren nazioarteko batzarrea Erroman egingo dute aurten. Hamar mila lagun edo bilduko omen dira batzarre horretara. Zuzendaria, Ralph Martin. Batzarrean parte hartuko du Belgiako Suenens kardinaleak ere. Erromako «Urte Sainduan» Erroma bera aukeratu dute batzarre hau egiteko, honela Aita Sainduari beren atxekimendua* adierazteko, eta Erromako pelegrinazioarekin lotu nahian.

Datorren maiatzaren 16tik 19rarte ospatuko da batzarrea, Mendekoste eguna 18an dela gogoan edukiz. (Patxi Kortabarria).

Espainiako Eliza eta Estatua tirabiraka

Azken aldi honetan, Madrileko Bikalgo* batetan jarriak geneduzkan geure begiak, han eratzen ari zen kristau batzarre baten berritasunak erakarririk.* Bikalgo horrek Vallecas du izena, eta, Tarancón artzapezpikuaren esanez, mende erdi honetan Madrileko leku behartsu eta premiazkoenetako bat da, han egin diren konponketak kontuan izanik ere:

Azken hilabeteotan, laiko eta erlijioso eta apezak, elkar harturik eta apezpiku ordezkoa buru dutela, eliz azterketa lanean ari izan dira. Elizak mundu honetan duen egitekoa ikertu* nahi izan dute, eta Vallecas aldeko gizarte problematika ugariari erantzun bat eman, edo argi egin gutienez. Gero, lan sakon eta serios hau, martxoaren 15etik 23ra bitartean egiteko zen «Vallecasko Kristauen Lehen Batzarrean» aurkeztuko zuten, hara bilduko ziren 1.500 lagunen pentsabiderako eta azterketarako. Batzarre honek izpiritu berritzea eta gizatasun berritzea zuen helburu, eta, hain zuzen, Madrileko artzapezpiku Tarancón beraren itzala eta babesa zuen.

Hala ere, pastoral esperientzia honen berritasunak batetik, eta hortik etor zitezkeen ondorioek bestetik, zenbait susmo eta uste oker piztu zuten, Tarancón beraren eta Vallecasko apezpiku ordezko Iniesta jaunaren pastoral joerak salatzeraino, Elizaren dotrina aitzakitzat harturik. «Iglesia-Mundo» kristau eskuindar aldizkariak zabaldu zituen kritika hauk.* Madrileko eliz prentsa bulegoak* ohar bat zabaldu zuen orduan, informazio alderdikoia ematen zutenen kontra: eta zuzenean eskuindar aldizkari horren jokabide gaiztoa gaitzesten* zuen, Iniestaren pastoral joera ontzat emanez. Bilera honen etsaiek, ordea, ez dute amore* eman, eta —ospatu behar zen bezperan, hain zuzen— Gobernuak berak debekatu du, hortik Gobernuaren kontrako jokabide batzu* sor litezkeelako, ordenu publikoaren kaltetan.

Elizaren protesta ez da berandu etorri. Iniesta jaunak ohar bat zabaldu zuen berehala, Gobernuaren erabakiari gogor eginez, eta legezko arauen aldatu beharraren premia agertuz, giza eskubideak eta libertate premiazkoenak erabat* haintzakotzat hartuak izan daitezen.

Hogei ta bi parrokiatan, bestalde, ez zen mezarik eman martxoaren 16an, igandez. Tarancón-ek berak ere, «gertakari larriok» zirela eta, idazki bat zabaldu zuen, diosesiko elizetan irakurria izan zedin. Bertan, Kristoren ordezko denez, apezpikuaren erantzunkizunaz* mintzatzen da; eta ez dutela eskubiderik aitortzen du, ez apezi beren eskuz kristau herriari mezak ukatzeko, ez eta Gobernuak ere kristau batzarre bat debekatzeko, «Debeku hau —dio artzapezpikuak— nigargarria da, eta ezin sinestekoa, bere burua katolikotzat eduki ezezik,* horretaz harrotu ere egiten den Estatu batengan». Kementsu ukatzen du gero, bilera honekin herria nahasi nahi izan dela diotenen ustea, eta arazo hau Elizaren egitekoaz kanpo dagoela diotenena ere.

 «Betebehar bat da guretzat —dio Tarancón-ek— gizarte burrukak sofritzen dituztenei entzutea eta Ebanjelioaren argiaz argitzea». Segidan, gizon guztiei eta batez ere behartsunenei zor zaien errespetua eskatzen dio Gobernuari. Azkenik, gauzak bide zuzenetik konponduko direlako ustea eta itxaropena agertzen du, eta «Vallecasko Kristauen Lehen Batzarre» hau bere bideari jarraikiko zaiola.

Ezin uka, Vallecasko gertakari hauek Elizaren eta Estatuaren artean dagoen tirabira gogorra agertzen dutela, eta beharbada etenaren arriskua ere. (Jose Goiria).

Italiako kristauen eta komunisten arteko harremanak

 L'Osservatore Romano egunkaria gogor ekin zaio Ernesto Pisoni Milaneko elizbarrutiko* ordezkariari,* Vatikanoko kazetaren haserrea, Pisoni jaunak alderdi komunistaren probintzi mailako batzarre batetan parte hartu duelako izan da. Batzarre horretan bere izenean mintzatu zen. Halaxe aitortu du berak ere. Ideologia aldetik katolikoak eta komunistak oso bereiz* daudela esan zuen. Baina pobreenganako maitasun berak eta langileria laguntzeko gogo bizi berberak biltzen dituela batak eta besteak.

Horrelakoetan honez gero ohiturazko eta topiko bihurtu diren esaldi hauk, Italiako zenbait tokitan zentzu politiko konkretu batez ulertu dira: halegia, komunistek duela bi urte Kristau Demokraziari eskaini zioten eta oraintsu berriro ere eskaini dioten «Compromesso storico» delakoaren defentsa bezala.

Kristau eta komunisten arteko elkarrizketarik ez da posible, politikazko interes jakin batzuk «kutsatu» gabekorik behintzat. Baina politika «kutsurik» gabeko elkarrizketaren atzetik dabilenak hobe luke, elkarrizketarik ez duela benetan nahi argi eta garbi esatea. Bestalde, inozo* izatea ez da permititua honez gero. Politikak ere ba du sarbiderik kontrako ideologien elkarrizketa horretan. Hori ere kontutan hartu beharrekoa da, batzuek edo besteek erabil ez gaitzaten. (Manu Pagola).

Jesuitak Unibertsitateetatik ihesi?

 Buenos Airesko «El Salvador» Unibertsitatea utzi eta sekularren eskutara pasa erazi dute jesuitek. Unibertsitate hau, duela hogei ta bost urte eraiki zuten. Eta orain Unibertsitate mailako lana uztea erabaki dute, pastoral eginkizunei hurbilagotik heltzeko, eta hain zuzen Buenos Airesko hauzunerik pobreenetan.

Azken urte hauetan behin eta berriro gertatu da hau jesuiten artean. Eta ez da azkeneko izango, noski. Ba dirudi, haize berri hauek Konpainiaren aurpegia aldatuko dutela; eta jesuitak ez direla Eliza boteretsu eta aberatsaren sinbolo izango. (Manu Pagola).

daude, dagoz

dio, deutso

gaitzaten, gaiezan

geneduzkan (geneuzkan), geunkazan

zaie, jake

zaio, jako

zioten, eutsoen

zitezkeen, eitekezan


Ikas zeure hizkuntza

Hiztegia

IMANOL BERRIATUAK

Ale honetan izartto batekin agertzen diren berbak

A

 ABANTAIL, ventaja.

 ABIZEN, apellido, nom de famille.

 ABONATU, abonado, suscritor.

 ABURU, eritzi, gardi, uste.

 ADIN, edade.

 AGERKARI, publicación.

 AGIAN, beharbada, nonbait.

 AGINTZARI, promesa.

 AGITU, gertatu, jazo.

 AHUL, makal.

 AIREKO, hegazkin, avión.

 AITZINA, aurrera.

 ALEGIA, halegia (hala + egia), a saber, es decir, esto es. (ALEGIA, ficción, simulación.)

ALDARRIKATZE, proclamar.

 ALDENTZE, aldaratze, alejar, éloigner.

 AMORE EMAN, ceder. (Ikus «Axularren Hiztegia».)

 ANARTEAN, hanartean, bitartean.

 ANITZ, asko.

 ANTZ, irudi.

 APAILATU, muntatu, prestatu.

 ARABERA, arauera, según, conforme.

 ARAUERA, arabera, según, conforme.

 ARE, oraindik, aún, encore.

 ARESTI, tiempo recientemente pasado.

 ARGAZKI, fotografía.

 ARO, tiempo, época, período. (HARO, zarata, ruido, bruit.)

 ARRAKASTA, éxito, succès.

 ARRAS, guztiz, osoki.

 ARRASATE, Mondragoe.

 ARRENKURATU, preocupado.

 ARRUNT, común, corriente, ordinario.

 ARTEGA, urduri, inquieto.

 ASKABIDE, proceso de liberación.

 ASKAPEN, liberación.

 ASKI, nahiko.

 ATXEKIMENDU, adhesión.

 AUPATU, promocionado.

 AURREN, lehen, lehenbiziko, primero.

 AURRERITZI, prejuicio.

 AUSART, valiente, intrépido.

 AZTARNATEGI, haztarnategi, yacimiento prehistórico.

B

 BADA, ba, pues.

 BAILARA, bailada, eskualde, comarca.

 BAILITZEN, balitz bezala, como si fuese.

 BAIT DA, baita, da eta. (Idazle gehienek baita idazten dute, eta ez bait da.)

 BALIA, valerse, utilizar, emplear.

 BARIK, gabe, en vez de, au lieu de.

 BASIDI (baso + idi), bisonte.

 BATASUN, elkarte.

 BATIPAT, batez ere, guztiz ere, bereziki.

 BATZORDE, comisión, comité.

 BATZU, unos. (Batzuk aktibo, batzu pasibo.)

 BEDEREN, behinik behin, behintzat, gutienez.

 BEREIZ, separadamente.

 BERRIKITAN, berriki, recientemente.

 BERTSU, beretsu, casi idéntico.

BETA, asti.

 BIARNOA, El Bearne.

 BIDE, beharbada, nonbait.

 BIDEZKO, justo, normal.

 BIKAIN, excelente. BIKALGO (bikari + go), vicariato, vicaría. (Ikus Pierre Lhanderen hiztegia.)

 BILDUMA, colección.

 BILERA, bilkura, reunión.

 BUKATUXE, casi terminado.

 BULEGO, oficina, bureau.

D

 DAKUSAGU, ikusten dugu.

 DARAMATZA, daroaz, eramaten (eroaten) ditu.

 DATEKE, da nonbait.

DATZA, yace, consiste. (Etzan aditzaren forma.)

 DAUTZA, yacen, gisent. (Etzan aditzaren forma.)

 DEITURA, apellido. (Deituratarako, para apellidos; deituretarako, para los apellidos.)

 DEMANDATZE, exigir.

 DEN BEZAINBATEAN, denez bezainbatean, en lo que respecta a. (Ikus «Axularren Hiztegia».)

 DERRAGUN, esan dezagun (daigun).

 DEUS, ezer.

 DEUSEZTATZE, ezereztatze, destruir, aniquilar.

 DIRATEKE, dira nonbait.

 DUKETE, dute nonbait.

E

 EBAKI, pronunciado.

 EDOZELAKO, edonolako, nolanahiko.

 EGIN, egindako, eginikako, eginiko.

 EGUN, gaur.

 EI, omen.

 ELABERRI, novela, roman.

 ELIZBARRUTI, diócesis.

 EMAN, parecer, dar la impresión.

 EMANGAILU, aparato emisor.

 EMENDATU, aumentado.

 ENTERATU, jabetu, enterarse.

 ENTSEIULARI, entseiari, ensayista.

 ERABAT, guztiz, osoki.

 ERABATEKO, completo.

 ERAGIN, eragipen, influencia, acción.

 ERANTZUNKIZUN, responsabilidad.

 ERAKARRI, atraído.

 ERAKUNDE, institución, organismo, entidad.

 ERASO, esetsi, ataque.

 EREDU, modelo.

 EREMU, terreno, territorio.

 ERITASUN, gaixotasun.

 ERIZPIDE, criterio.

 ERORI, jausi.

 EROSO, cómodo.

 ERRAUTSI, erraustu, pulverizado, destruido.

 ERREGUTZE, otoizte.

 ERREPIKATZE, repetir, repetición.

 ESKERGA, enorme.

 ESKUALDE, comarca, región.

 ESKUALDEKATZE, regionalización.

 ETSITU, desesperanzado, resignado.

 EUSKARRI, apoyo, agarradero.

 EUSTE, apoyar, sostener.

 EZEZIK, no solamente.

 EZKUTATZE, ocultar.

 EZKUTU, lugar oculto.

F

 FROGA, prueba, demostración.

 FROGATU, probado, demostrado.

G

 GAINDI, zehar.

 GEZI, dardo.

 GISA (1), era, modu.

 GISA (2), bezala, legez.

 GISA (3), gisako, bidezko, justo, normal. (Ikus Lafitteren «Grammaire Basque», 125. horrialdea.)

 GIZALDI, generación.

 GOGANBEHAR, recelo, inquietud. (Ikus «Axularren Hiztegia».)

 GOITI, gora.

 GOTOR, vigoroso.

 GREBA, huelga.

 GUTIENGO, minoría.

 GUTIZIA, codicia, cupidité.

 GUTUN, eskutitz.

H

 HAGITZ, fuertemente, reciamente, muy.

 HAIK, hareek. (Haiek aktibo, haik pasibo.)

 HAINTZAKOTZAT, en consideración.

 HALABER, así mismo, también.

 HALEGIA (hala + egia), a saber, es decir, esto es. (ALEGIA, ficción, simulación.)

 HASI, hasitako, hasirikako, hasiriko.

 HAUK, honeek. (Hauek aktibo, hauk pasibo.)

 HAUTEMAN, percibir, notar, captar.

 HAUTESKUNDE, elección por votación.

 HAZKUNDE, desarrollo, développement.

 HEDA, extender. (HEDATU, extendido.)

 HEDADURA, extensión.

 HEDATU, zabaldu.

 HEDATZE, zabaltze.

 HELBIDE, dirección, adresse. (ZUZENBIDE, justicia, derecho.)

 HELDU, agarrado, asido, saisi.

 HERRIKOI, herrizale, amante del pueblo, patriota. (Herrikoi ez da popular o amado por el pueblo.)

 HESTE, hixte, cerrar, fermer.

 HEZGAITZ, indomable, indomabilidad.

 HEZKUNTZA, hezkunde, educación.

 HEZTE, educar.

 HITZARMEN, convenio.

 HOINBESTE, horrenbeste.

 HONDAR, resto.

 HORIK, hoik, horreek. (Horiek aktibo, horik pasibo.)

 HOTS, a saber, es decir, esto es.

 HURA, ha.

I

 IA, kasik.

 IBILBIDE, pasillo.

 IGORRI, bidali, bidaldu.

 IKERTU, aztertu.

 INGURAMEN, contorno, ambiente, circunstancia. (Men atzizkiak sustrai infinitiboa eskatzen du.)

 INKESTA, encuesta.

 INKESTATZAILE, encuestador.

 INOZO, cándido, bobo, tonto.

 IRAIL, septiembre.

 IRISTE, heltze.

 IRITSI, heldu.

 ITAUNDU, galdetu.

J

 JALGI, atera, irten, urten.

 JARRERA, postura, posición, actitud.

 JASAN, aguantar, soportar.

 JAUNSKILA, jauntxo.

 JENDETZA, masa popular.

 JOKIZUN, tocable, interpretable.

 JUJA, juzgar. (JUJATU, juzgado.)

K

 KABITZE, kokatze, caber, tenir.

 KANTAKIZUN, cantable.

 KARIA, motivo.

 KITZIKATZE, zirikatze.

 KOKATU, situado.

 KUKUSO, arkukuso, ardi.

L

LANKIDE ELKARTE, cooperativa de producción, cooperative society. (Konpara ikaskide elkarte, eroskide elkarte, salkide elkarte...)

LARREGI, gehiegi, sobera.

 LARUNBAT, zapatu.

 LAUBURU, lábaro, cruz.

 LAUROGEITAZ, ochenta y pico, ochenta y tantos.

 LEKUKO, testigu.

 LIBURUKI, tomo, volumen.

 LILURAMEN, encanto, hechizo, fascinación.

 LILURATZE, encantar, hechizar, fascinar.

M

 MAIZ, sarri.

 MARGAZKI, pintura.

 MARRAZKI, dibujo, diseño.

 MATXINADA, levantamiento, rebelión, motín.

 MEHATXU, zemai, amenaza.

 MENTURAZALE, aventurero.

 MULTA, amanda.

N

 NABARI, público, evidente, notorio, patente.

 NAKIO, ekiten natzaio (subjunktiboan).

 NEKAZALERRI (nekazari + herri), pueblo de labradores.

O

 OIHARTZUN, eco.

 OLDE, mugimendu.

 OMEN, ei, se dice.

 ORDEZKARI, delegado.

 ORO, guzti.

 OROITZAPENETAN, en memoria, en recuerdo.

 OSTEAN, ondoan, ondoren.

 OSTEGUN, eguen.

 OSTERA, ordea, aldiz, berriz.

 OSTERA ERE, berriz ere.

 OSTIRALE, bariku.

 OTSAIL, febrero.

 OZEN, sonoro, sonoridad, timbre.

P

 PAUSU-HENDAIA, Behobia-Hendaia.

 PERILOS, peligroso.

 PRESTU, estudioso, aplicado, honesto, diligente.

S

 SAIAERA, entseiu, ensayo, essai.

 SEN, sentido, genio. (Konpara alemanezko Sinne.)

 SINADURA, firma.

 SINATU, firmado.

 SOBERA, gehiegi, lar, larregi.

 SOBERAXKO, gehiegitto.

 SOINUEGITURA, estructura musical.

 SORMEN, creatividad.

 SUHAR, fogoso, entusiasta.

T

 TAMAL, aflicción, sentimiento profundo, pena.

 TARRO, haundi.

U

 UDALETXE, Herriko Etxe.

 UGALDE, uholde.

 UGAZABA, amo, dueño, maître.

 UKAN, izan. (Ukan aktibo, izan pasibo.)

 URRATS, pauso. (PAUSU, descanso, reposo.)

 USTIATZE, explotar.

X

 XEDE, propósito, objetivo.

 XEHETASUN, detalle.

 XIT, eminentemente, sobrepasadamente, muy. (XITU, sobrepasado.)

 XURGATZE, chupar, sucer.

Z

 ZAGITA, saeta, flecha.

 ZEREN, ze, pues.

 ZILEGI, lícito.

 ZIMIKO, pellizco, picadura. punzada.

 ZINEZ, benetan.

 ZURRUMILO, torbellino, tourbillon.