ANAITASUNA
297. zenb.
1975.eko maiatzaren 15ekoa
Pelota, 4 - 1.º - Bilbao-5
Tel. 23 74 49 - Apart. 495
ANAITASUNA BIZKAIA
HAMABOSTEROKOA
ZUZENDARIA:
Joan Mari Torrealdai
Urteko abonamendua:
Bertorako 300 pezeta
Latin Amerikarako 320 »
Europa eta Ipar Amerikarako 450 »
Ale bakoitza: 15 pezeta.
HELBIDEA:
Pelota, 4 - 1.º Bilbao-5.
Posta kaxa 495. Tel. 237449.
INPRIMATZAILEA:
Imprenta AMADO - Mazarredo, 35 - Bilbao-10
D. L.: BI. 1753-67.
Maiatzaren lehenak ba du urtemuga antzik langileriarentzat. Galera eta irabazien balantzea egiteko aukera egokia ematen dio datu honek. la bateratsu, bi gertakari gailen etorri zaizkigu, itxaropenaren zuziari indar berria ematera: Portugaleko sozialisten garaitzapena eta Vietnameko gudate luzearen bukaera.
Hainbeste urtez mututurik egon den Portugaleko herriak hitz egin du, eta, zurrumurru, hondamendi beldur eta mehatxu ezkutu guztiak gorabehera, sozialismoaren alde egin du oihu, Kissinger kezkatan jarri duen urrats nau, itxaropen iturri bihurtu da gehienontzat.
Eta, ia hainbeste urtez, egunero odoletan blai eginik jaikitzen zen herri erdibituak, azkenean bakearen ostadarra ikusi ahal izan du.
Herrien eta langileriaren gau ilunean, beste bi izar berri piztu dira. Bi herri hauen gaua luzea izan da, gogorra, neketsua, odoltsua; baina, azkenean, askapenaren artizarrak argi egin du.
Gaua bukatu bada ere, egunak dakarren lana dago aurrez aurre. Herrigintza, gizartegintza izugarri batetarako sirena hotsak jo du Mendebal eta Ekialdeko bi egunsenti hauetan. Beste egunsenti asko dago ernaminetan, lehertzer. Palestindarrena ote hurrengoa?
Gasteiz, 1975, apirilak 22
ANAITASUNAren Zuzendaria.
Bilbo.
Agur t'erdi!
Euskara euskaratzeko beharrak eraginik bidaltzen dizuet gutun* hau. Baldin ahal eta nahi baduk, argitara zak. Bestela, irakur eta pentsa zazue behintzat, nik diodana egia denentz.
D mailako irakasle tituluaren bila Lekeitiora joan nintzenean, «Aditz Laguntzaile Batua» liburua erosi nian. Hura ene lehen harrialdia! Euskaltzaindiak berak aditzik urriena gipuzkerazkoa, onhartu zuela ikusi bainuen.
Euskal aditzaren mamirik mamitsuena den hiketazko jokaerari lotuko niatzaiok. Euskaltzaindiak erabaki zuen jokabideak ez ditik Nor-Nork eta Nor-Nori-Nork ondo bereizten. Adibidez, nik hiri hura esan diat / nik hura esan diat. Nahiz eta beste euskalkietan joko egokiak izan. Adibidez nik hiri hura esan dauat (deuat, derauat) / nik hura esan diat.
Galtzer* dagoen zuketari buruz ere horixe berori esanen nikek.
Hala ere, nafar-lapurterazko aditzaren alde banago ere Euskaltzaindiak aldatu arte, haren «Aditz Laguntzaile Batuaz» idatziko diat. Eta hau ez duk zurikeria, batasuna bai zik.
Joan gaitezen orain harira. Har zak 294. zenbakiaren 9-10. horrialdeetako X. Kintanaren «Komiki honetaz zerbait» idazlanaren elkar hizketa. Artikulu honetan, hiketazko jokabidea (eta honela aditz osoa) ukatzen dela uste diat. Harri turik geratu nauk, batez ere elkar hizketaren egilea edo biltzailea X. Kintana, euskaltzaina eta B mailako titulurako etsaminatu berri gaituena dela ikusirik. Nola idatz liteke, hor idazten den bezalako gauzarik? Hika ari direla ikusteko, ez diagok batere zalantzarik. Hika ari direnez gero, euskal gramatikaren, euskal literaturaren eta herriaren hizkeraren arabera,* ezin onhar litezkek idazlan horretan oker dauden 37 adizkerak.*
Argi erakusteko, zatitto bat hartuko diat:
«Zer nahi duk, (komiki honen balioaz) nik esan diezaadan? Alde batetik hizkuntzaren eta gaiaren arazoa dago. Honako, Euskal Herrirako pentsatu eta bertoko pertsonaiekin osatua da. Hori, hasteko, gauza berri bat da. Bestetik, neronen irudiez nik zer esan dezaket? Neure zeregina ahalik eta ongien betetzen ahalegintzen naiz; baina kalitateaz, nik barik* publikoak esan beharko du zerbait».
Kontuz ibil hizkuntzaz! Holakoa baino erdalkeria haundiagorik ez diagok! Hika ari bagara, hika segi! Baina euskal hiketa erabiliz, bestelakorik asmatu gabe. Euskara batuaren hiketaz Euskaltzaindiak ezer esan ez badu ere.
«Zer nahi duk, nik esan diezaadan? Alde batetik hizkuntzaren eta gaiaren arazoa diagok. Honako, Euskal Herrirako pentsatu eta bertoko pertsonaiez osatua duk. Hori, hasteko, gauza berria duk. Bestetik, neronen irudiez nik zer esan dezaket? Neure zeregina ahalik eta ongien betetzen ahalegintzen nauk; baina kalitateaz, nik barik publikoak esan beharko dik zerbait».
Holaxe esan behar zitekean. Eta hika hitz egiten ez badakite, jokaera arruntaz* egin dezatela!
Erdalkeria franko erabiltzen diagu euskaldunok: hitzetan, joskeran,* aditzean, etab. Baina hiketaren barruan ere sartuko dea* erdalkeria?!
Gonzalo FONTANEDA
dezaket, daiket
dezatela, daiela
diagok, dago
diagu, dugu
diat, dut
diezaadan, deiadan
dik, du
ditik, ditu
dizuet, deutsuet
duk, da
litezkek, litezke (leitekez)
nauk, naiz
nian, nuen (neban)
niatzaiok, natzaio (natxako)
nikek, nuke
zak (ezak), eik
zazue (ezazue), eizue
zitekean, zitekeen
"Iberia Express"
Demokraziaren krabelina harmatuak
Apirilaren 25a 1974.ean, apirilaren 25a 1975.ean. Urtebete eta bi egun jakin. Portugalen iraultza jaio zen ihaz, eta aurten ere aurrera doa hasitako iraultza. Europa eta Amerika osoan zain zain egon gara apirilaren 25ean, zain zain Portugali begira. Menderdi oso bat isilik egon den herriak zer esango zuen? Apirilaren 25ean hauteskundeak* Portugalen.
Alderdiak
Labur eta argi eman zen, orain hilabete, ANAITASUNAn, Portugaleko politik taldeen zerrenda. Esan dezagun orain, laburrago oraindik, orduan agertua. Hauteskunde egunean, lau alderdi ziren Gobernuaren barnean zeudenak: PCP (Portugaleko Alderdi Komunista), PPD (Herriaren Alderdi Demokratikoa), PSP (Portugaleko Alderdi Sozialista) eta MDP (Portugaleko Mugimendu Demokratikoa). Lau hauetaz kanpo, beste zortzi ziren hauteskundeetara zihoazenak. Batzu* eskuinetik zetozen (PPM monarkikoa, CDS demokratikoa), gehienak ezkerretik (MES, FSP, LCI, FEC).
Ikus dezagun, Gobernuan zeuden alderdien politik programaren mamia. Azter dezagun lehenik Alderdi Sozialista. Programaren oinharrietan dago askatasun demokratikoen gorde beharra. Onhartzen da, bai, Indar Harmatuen Mugimendua, baina iragaitzazko* instituzio bat bezala. Azkenean, aginte harmatuak zibilaren morroin izan behar du. Askatasun eta diziplina baten barnean eratu nahi du PSPk gizarte sozialista (kapitalist inperialismoaren desegiteak beste inperialismo modurik sortu gabe). Alderdien aniztasunean,* pluralismoan, indartu behar da langileriaren indar demokratikoa. Hontarako, ekonomi demokrazia sortu behar da, langileari produzio medioen aginpidea emanez eta aginpide hau demokraziaren arabera* erabiliz. Lur erreforma ere bultzatu egin behar du iraultzak. Herbestearekiko politikaren aldetik neutraltasunean jokatuko du Portugalek.
PPD delakoak, hau da, Herriaren Alderdi Demokratikoak ere, dioenez, sozialismoa nahi du, sozialismo demokratikoa. Lehendabizi, legezko askatasunak aipatzen ditu: Politikan, ekonomian, kulturan. Mendebaldeko* libertate klasikoak osorik gorde gura ditu; baina ekonomian desjabekuntza edo «kontrola» eskatzen du monopolioentzat eta oinharrizko ekonomi sailentzat. Gainerakoan, onhartzen du jabetasun pribatua. Produzioaren munduan kogestioa artakidegoa* nahi du, langileriak, ez lanean bakarrik, plangintzan, erabakietan, irabazpidean eta kapitalean ere parte har dezan.
PCP edo Portugaleko Alderdi Komunistak sozialismo komunista nahi du; eta, hartara eramango duen iraultza bidean, hauteskundeak mugarri seinalatuak dira. PCPk, ordenamendu demokratikoa errespeta erazi egingo duela prometatzen* du, demokrazi legetasunaren barnean aurkitzen baititu proletalgoak aldaketabide jatorrak. Entrepresa haundien nazionalizazioa eskatzen du, erdikoak eta ttipiak utziz. Gaurko lur banaketa latifundistari gogor ekiten zaio PCP. Lanaren bidez irabazitako ondasunen jabetasun pribatua errespetatu egingo da; baina ez da onhartzen ondasun horik* esplotazio tresna bezala erabiltzea. Jabetasunaren, irabazien eta herentzien gain zerga* progresibo gogorrak ezarriko dira. Eskulanean ari direnentzat eskola berritu bat sortuko da, soldatarik galdu gabe eta irakaskuntza apropos baten bidez, langileak eskola daitezen.
Gobernuan zegoen laugarren alderdiak —garbi dago— hauteskundeak osorik galdu ditu: MDPk edo Portugaleko Mugimendu Demokratikoak bost diputatu atera ditu bakarrik. Alderdi Komunistaren luzagarria* eta esku ezkutua* omen den honek, ba dirudi, oraingoz, etorkizun hurbilerako, indarrik nahiko galdu duela. Baina Gobernutik kanpora zegoen beste alderdi baten programa gogoratu beharko genuke hemen, izan ere hauteskundeetan laugarren alderdi bezala agertu baita: CDS edo Zentru Sozial Demokratikoa. CDSk hamasei diputatu irabazi ditu; eta, nolabait bada ere, Portugaleko eskuinaren alderdia izan da, ez noski eskuin harek nahi izango zukeena (Kristau Demokrazia lehiaketa hortan legez kanpora utzia baitzen, eta faxista nagusi zaharrak aldez aurretik isildurik baitzeuden), baina bai une hortako posible bakarra. CDSk onhartzen du kapitalist sistema, eta harmarik bortitzena* bere antikomunismoa izan du. Bestelako eskuinaren eskasiak eta antikomunismo horrek eman dizkiote hamasei diputatu horik.
Hauteskundeak
Hainbat urtetan hauteskunde eta bozketarik* gabe bizi izan den Portugaleko herriak eman du bere botua* apirilaren 25ean. Ikusmin egon gara denok, irakurmin, hauteskundearen biharamunean. Zer esango ote zuen herriak? Soares ala Cunhal? Sozialistak ala komunistak? Guztiok genituen ahantzixeak PPDko gizonak: Magalhaes Mota, Sa Carneiro, Pinto Balsemao... Bozketaren ondoren ikusi da, PPD hori oso haintzakotzat hartzekoa dela; Indar Harmatuen baimenarekin joko demokratiko klasikorik sor baledi, berau izanen bailitzateke, Soaresen alderdiarekin batean, elkarkidego baten ardatza. Baina, ondorioen aurretik, goazen bozketak eman dituen zifrak ikustera:
Alderdiak Botuak % Diputatuak
Portugaleko Alderdi Sozialista (PSP) 2.145.392 37,87 115
Herriaren Alderdi Demokratikoa (PPD) 1.494.575 26,38 80
Portugaleko Alderdi Komunista (PCP) 709.639 12,53 30
Zentru Sozial Demokratikoa (CDS) 433.153 7,65 16
Portugaleko Mugimendu Demokratikoa (MDP) 233.362 4,12 5
Esan dezagun lehenik, Alderdi Sozialistaren garaitzapena oso argia izan dela, ia inork espero ez zuen bezainbatekoa. Soaresek esana zuen, baina ez genion gehiegi sinesten: «Portugaleko geografian hobekien landaturik dagoen partidua, Alderdi Sozialista da». Bigarren geratu denari, alde handia atera dio: diputatutan 35 aulkiren aldea. Askok ematen zuten Alderdi Komunista bigarren partidu haunditzat (eta susmorik ere ba zuen zenbaitek, lehena ere izango ote zen); baina PPDren atzetik geratu da, eta, botutan, haren erdia ere ez du bildu (30 diputatu: bigarrenak baino 50 gutiago, eta sozialistek baino 85 gutiago).
Ba dago beste datu jakingarririk ere. Gobernuan zegoen MDP, oso atzera geratu da. Atera dituen bost diputatuak deus* guti dira, Gobernutik kanpo zegoen CDS berak ere aurrea hartzen diolarik (16 diputatu). Gainerako alderdiek indar eskasa agertu dute. Bozketan parte hartu duten hamabi alderdietatik azkeneko zazpiek jasotako botuak 4,34 % baizik ez dira, guztitara. Ba dirudi, beraz, Portugalek egin duela, urte batzutarako, bere alderdi haundien aukera. Lehen hiru alderdien artean (PSP, PPD eta PCPren artean, halegia*), botuetatik 76,78 % eraman dituzte oraingoan. Diputatuen hainbestekoaren arabera,* Ganbarak ukanen dituen 247tatik, PSP eta PPDk, elkarturik, aise* dadukate gehiengoa:* 195 aulki, hain zuzen. PPDko Pinto Balsemaok 50 % diputatu espero zituen bi alderdiontzat, hau da, 123 aulki. Hauteskundeek ondu egin dute uste hura.*
Zer pentsa, nola ikus hauteskundeak?
Askoren ustetan, Soares izan da irabazle. Alderdiaren barnean irabazi egin du (Manuel Serraren sozialista talde bereizleak, FSPk, ez baitu diputaturik lortu) eta berdin gainerako alderdi guztiekiko lehiaketan. «Hauteskundeok —esan du Soaresek— Alderdi Sozialistaren eta Indar Harmatuen Mugimenduaren garaitzapen haundi bat izan dira». Eta gehiago esan du oraindik: «Alderdi Komunista izan da bentzutua,* bozketa haundiago bat bereganatuko zuela uste baitzen».
Alderdi Komunistak eta beronen gidariek, ostera, ez dute horrelakorik uste. Hauen eritziz, hauteskunde hauek inportantzia erlatiboa dute eta ezin lezakete Portugalen gaurko aginte estruktura alda. Beraz, Gobernuaren moldaketak lehen bezala segituko du.
Bestalde, Indar Harmatuen Mugimenduko «pentsalariek» —nahiz eta berak izan azken uneraino hauteskundeen eragilerik sutsuenak— ez bide* dute begi onez ikusi haien ondorioa (galtzaile irten ote diren somatuz ote?). «Libertatean eman da botua, baina hauteskundeak ez dira libreak izan», esan du Mugimenduko Correia jaunak. Eta polizia berriaren buru eta Lisboako Gobernari Militar denak, Saraiva de Carvalhok, holatsu hitz egin du: «Herriaren gehiengoak ez du botua kontzientki eman».
Ikusten denez, irabazleak ados dira gertatu denaren jatortasunaz; galtzaileek, ostera, ba dirudi nahiago zutela ikusi dena ez ikusi. Soares prest omen dago «Herritar Fronte» bat eratzeko, komunistekin batuz. Baina ez dut uste, abagadune* hontan horrelako elkartasuna posible denik. Alderdi Komunistak nahiago du, noski, indar Harmatuen adiskidantza; eta, jakina denez, Indar Harmatuen programaren aurrean Alderdi Sozialista izan da solaskide* zailena. Bestalde, Alderdi Komunistari ez zaio komeni, gaurko egoeratik «Herritar Fronte» baten barnean minoria ttipi bat izatera jaisterik.
Nola interpreta une berria?
Soaresek gogoratu duenez, PSP eta PCPk 51 % diputatu berenak dituzte; eta beste alderdi ttipi batzurekin fronte marxista zabal bat posible litzateke, Indar Harmatuek horrelakorik ontzat emango balute. Demokraziaren zenbakiekin jokatuz, posible da fronte marxista bat sortzea (sozialistak marxistatzat ematen baldin baditugu behintzat). Hain zuzen, ikuspuntu hontantxe oinharritzen da, hauteskundeen ondorenei eman nahi zaien interpretapen bat.
Batzuren eritziz, bozketa hauetako irabazlea ezker marxista litzateke. Eskuin zaharra hiltzer* legoke. Eta kontserbakorrek (erdi-eskuinekoek) PPD lukete aterpea; baina gutiengo,* minoria, bezala geratuz. Baina ba da kontrako beste interpretapen bat ere: benetako irabazlea politik neurritasuna izan da (PCP eta ezker muturreko alderdiñoen kontra), sozial demokrazia batetan finkatzen den politik neurritasuna. Ikuspegi hontatik, ondorio bidez, zera pentsa liteke: marxismo dogmatiko eta ortodoxoari bidea hersten zaiola.
Bistan da, bi interpretazio hauk erabat* kontrakoak ditugula. Zer esan, bada, Portugalen etorkizunaz? Segur aski errealitate politikoa eta soziala ideologien eskema hauetan nekez mugatuko da. Marxismoak bideak irekiak izanen ditu; baina bere abiadan neurritasun bat beharko du, iraultza egiteko. Eta neurritasun honekin batera bidexka berriak asmatu beharko, ñabardura* osagarriak* bilatu eta denboraren ekinean aspergabe lan egin, eta agian* gogorkeriarik gabe. Beharbada, kontserbakorrei arrazoina eman zaie nolabait, eta marxismo klasikoak galdu egin du. Aldez aurretik hauteskundeak arbuiatu dituzten marxist alderdiei ere, iraultza harmaturako arrazoina eman ote diete hauteskundeok? Hor dago gakoa: Portugalen harmak Indar Harmatuen (MFAkoen) eskutan daude, eta berauek ere iraultzailetzat jotzen dute beren burua.
Alderdien programa, amets, prediku, promesa eta ekintza guztiek, eta hauteskundeek ere, deus guti alda lezakete MFA delakoaren borondate boteretsuaren kontra. Geroak esan beza norena den egia, arrazoina, iraultza, indarra eta etorkizuna.
Joanes GOIA
Elizaren etorkizunaz
Gaur hainbeste kezkatzen gaituen gai zorionekoa. Zer irtenbide ote du Elizak? Batzu* oraintxe hasi berriak dira Kontzilioari begira. Beste batzuk, berriz, pasatutzat jotzen dute Batzarre famatu hura.* Gaurko problematikak ez du
ikusirik —diote— Kontzilioa posible egin zuen problematikarekin. Eta honek aurrera begiratzen duen bitartean, besteak atzera behatzen* du, biak kezka berberak eraginik.
Duela zenbait aste, hain zuzen, Yves Congar, Frantziako teologo ospatsua, arazo hontaz mintzatu da Madrilen. Ezin uka, gai hontaz haren hitzek eduki dezaketen indarra, bera izan baitzen Kontzilioaren eragilerik handienetako bat. Haren berbaldiaren laburpen bat ematen dugu hemen.
«Elizaren etorkizuna —aitortu du hizkariak— munduaren etorkizunean presente egoten jakitean datza*».
Kontzilioak eragindako aggiornamendua ez da nahikoa gaur egun. Ezin gaitezke atzera begira egon, orain artekoa luzatu nahirik. Aro* berri baten atarian erabat* murgildurik gaude. Pasatu da «Kultura Katolikoaren Aroa». Kultura modernoek jantzi dute orain txapela, eta ez dira preseski katolikoak. Geure Eliza, kultura moderno hauen barnean bizitzeko gai egin behar dugu. Eta hau ez da, erraz konpon daitekeen arazoa. Gaur, Kontzilioak ezagutu ez zituen problema berriak presentatzen zaizkigu. Oso kontutan eduki behar dugu problematika berria, ezer onik egin nahi badugu. Horra gazteriaren problema: bere balioaz ohartu da, eta ez dago konforme orain arte emandako erantzunekin. Horra, halaber,* emakumearen problema: etxeko sukaldetik ateratzen ari den emakume horrek, zer erantzunkizun izango du Elizan? Bestalde, ez dakigu zer ondorio ekarriko digun ekumenismoak; eta berdin, zer emango digun Hirugarren Munduko, hau da, Afrika, Asia eta Hego Amerikako Elizaren sorketa lanak.
Giro berri hau aurrean dugularik, ez zaigu inola ere erraz egiten Elizaren etorkizunaz mintzatzea. Zailtasun hau aitortuz, hiruzpalau puntutara mugatu du hizlariak bere berbaldia.
Elizaren instituzioen kritikari heldu dio lehenik. Gaur askok eta askok ez dituzte maite Elizaren instituzioak. Elizan parte hartzeko molde berriak eskatzen dituzte. Kristau elkarte txikiak sortzen hasi dira edonon. Eliza, guk geuk egin behar dugula esaten da, eta ez, besterik gabe, inork emandakoa onhartu. Gero eta gehiago, tokian tokiko eliza bereziak sortuko dira, azken Sinodoan esan denez.
Fedea eta politikari buruz, orain arte bion artean egon den dualismoa gutituz joanen da. Eliza, gizartearen salbaziorako jarria da. Kristau salbazioak liberazioa darama berekin. Hala ere, ez dira nahasi behar salbazioa eta liberazioa, baina bereizi ere ez. Elizak bere egitekoen artean hartu behar du liberazioa.
Bere misiolaritzan ere beste jokabide bat eskatzen zaio Elizari. Mendebaldeko* kulturak ezarri dizkion moldeetatik libre, Herrien eta Herrialdeen Eliza izatera saiatu behar du. Eta ekumenismoa bultzatu, humilki eta eroapen* handiz.
Elizaren ministergoari testigantza* jator bat eskatuko zaio, eta ez hainbeste erabakirik. Ezer esan aurretik, orain arte ez bezala, Elizak ikasi eta informatu beharko du. Eta azken hitza esan ordez, norabide* zabalak eta aski* argiak eskaintzera joko du.
Etorkizun nahiko larria benetan, Elizari presentatzen zaiona. Etorkizun zaila. Hala ere, gaur egun Ebanjelioaren aldetik Elizaren historiako unadarik* ederrena bizi dugula aitortu du Congarek. Gaur egun ahoz aho dabiltzan asmo eta ideia asko eta asko Ebanjelioaren muinean daude. Horregatik fede gehiago ukan behar genuke munduaren etorkizunean. Eta fede hau bizitzen dugun neurrian preparatuko dugu Elizaren etorkizuna ere.
Eliza Vietnamen
Oraindik orain, Saigoneko artzapezpiku Nguyen Van Binh jaunak, Hego Vietnamen gertatzen ari den herritarren iheskuntzaren kontra hitz egin du ageri batetan, eta apezpikuen ondoan beren herrietan geratzeko eskatu die eliztarrei. «Eliza edozein ideologia eta politikaren gainetik dago. Erregimen politiko baten barnean bizi izan gara orain arte. Hemendik aurrera, Herriak beste bide batetatik jotzen badu, hartara moldatzera eta hartan bizitzera bermatuko* gara», esan du artzapezpikuak.
Bestalde, Caritas Internazionalak aitortu duenez, Estatu Batuen eraginez gertatzen ari den haurren herbesteratzea, Vietnamgo Herriaren eta Elizaren usteen kontra doa.
Vietnamgo Elizaren jarrera* hau, hamar urte hauetan Vatikanoak eraman duen politikaren ondorio garbia da. Eliza katolikoa beti saiatu da, komunistek eta katolikoek elkar har dezaten Vietnamgo Herriaren onerako.
Pignedoli kardinaleak ireki zuen bidea 1966.ean, budistak eta katolikoak akordio batetara hel zitezen lortu zuenean.
1973.ean, Pierre Gheddo apez gazteak, Vietnamgo giroa hurbildik ezagutu ondoren, argi eta garbi aitortu zuen, Eliza ezin zitekeela itsuki antikomunismoaren bidetik joan, eta, bakea erdiesteko,* katolikoen eta komunisten batasuna baitezpadakoa zela. Beraz, aukerabideren bat eskaini behar zitzaiokeela Van Thieu-ren erregimenari.
Garai bertsuan,* hitz berdintsuz mintzatu ziren Vietnamgo apezpikuak, iraultzaileekin elkartu beharraren alde agertuz.
Oraindik orain, apirilaren 3an, Thieu-ren dimisioari buruz, Herriaren asmoak eta helburuak arrazoinezkoak zirela aitortu zuen Saigoneko artzapezpikuak.
Aniztasun* politikoaren aldeko Elizaren jokabide honek ez du oihartzun* handirik izan. Dudarik gabe, Vietnamgo erregimen berria ez da demokratikoa izango. Eta ez daki inork, giza eta erlijio eskubideak errespetatuak izango ote diren. Hala ere, katolikoak, giro berriari ongietorria emanez, ez dira beren herrietatik mugituko, vietnamiarren artean ba kea eta adiskidegoa nagusi daitezen.
Joan Jose ITURRIOTZ
Hementxe denok
Paris gutaz axolatzen hasi ote?
Bata bestearen ondotik, bi ministru jin zaizkigu Parisetik. Bata Poniatowski jauna, Estatuko poliziaz eta inguramenaren antolamenduaz arta hartzen duena. Bestea, Soisson jauna, Estatuko idazkaria,* Unibertsitateen gorabeheretaz okupatzen dena.
Lehenak ibilaldi laburra egin zuen hemen gaindi.* Goizeko bederatzietan airekoz etorri eta eguerdiko* berriz airekoz joan! Esan behar dugu, hala ere, bere egonaldi laburñoaren oroikarri gisa,* dirulaguntza zenbait hitzeman* zituela, Angeluko* itsas hegiko* harresiarentzat, Biarritzeko urzikinen garbiolarentzat* eta Baionako industrial eremuentzat.*
Bigarrenak ere, bere aldetik, erabaki bat hartu zuen, Baionako Herriko Etxean egin zuen bilkuran,* gure eskualdearentzat garrantzia* haundia izanen duena geroari buruz, batez ere bizibidearen mailan.
IUT delako teknologiako eskola goi mailako baten eraikitzea deliberatu zuen. Lur eremua Baiona-Angelu-Biarritz hiriek eman behar izanen dute. Eskolaren altxatzea eta gero korri eraztea Estatuaren gain.
Eskola hortan emanen den irakaskuntza, hastapenean* osoki lantegi mota guztietako gidaritzari eta salgintzako teknikei buruz irekia izanen da.
Baionako bilkura hortan, ba zen jaun multzo bat hegoaldeko lau euskal hiriburuetarik jinik, eta haien artean nafarrak agertu ziren elakaririk* pizkorrenak. Iruineko merkataldegiko* lehendakariak gogotik ikusiko luke delako IUT hortan biologia aplikatuaren ikas sail bat. Donostiakoak, aldiz,* elektronikako ikas sail bat. Ororen* buru, bi sail berezi hauk,* nahiz Baionako alkatea bera ere bigarren sailaren alde agertu zen, ez dira berehala muntatuko.
Dena den, heldu* den urriko,* lehen saila ireki beharra dute. Agian* izanen bide du arrakasta* onik. Eta ondorio onik ere guretzat, ondorio on hori hegoaldetik iparraldera lantegi berrien ekar eraztea delarik. Gisa* guztiz, ondorio hori urte pare baten buruan ikusiko dugu. (Gexan Lantziri)
Bi berri on Baionarentzat
Duela zenbait aste, Baionako garan edo tren geltokian ofizialki bataiatua izan da tren motor berri bat: CC 40.107. Ehun ta bederatzi tonelada haztatzen* eta hogei ta bi metro luze ditu. 240 kilometro orenean* egitera heltzen ahal da. Europako burdinbide guztietan ibiltzen ahalko da, elektrik indarraren baliatzeko lau sistema bereziren jabe baita.
Baionako harmarriak iratxekirik* emanak dizkiote bi saihetsaldeetan, pentsatuz, ibiliko den hirietan gaindi jendea Baionaz oroiteraziko duela eta bakantza egunetan ipar euskal itsas hegi hontara ekar eraziko.
Tren motorraren izendatzeko ohitura hori ez da oraingoa. Egiten hasi ziren denborakoa da. Eta, nola lehenak Ingalaterran egin baitziren, ohitura edo usaia hori ingelesa dugu.
Frantziako Estatuan hogeigarren mende honen hastapenean bazterrera utzia izan zen. Eta duela hiru urte doi doi izan da berriz abiatua, Metz hirian.
Baina ez da ohitura hori, egun* hemen aipatu nahi genuen gauzarik garrantziazkoena. Zeren,* karia* hortara, trenbideetako buruzagiak, Arramon jaunak, bi berri jakin erazi baitzituen, Baiona hiriarentzat inportantzia haundia dutenak. Eta hona zein.
Lehena hauxe dugu: heldu den udatik aitzina, «Étendard» deitu* tren lasterra egun guztiez ibiliko da Parisetik Baionara eta Hendaiara. Orain arte udan eta Bazkotako bakantzetan baitzebilan bakarrik.
Uste dugunez, lehen klaseko trena dugu. Eta Akizetik* Baionarako burdinbidea 1855.ean —beraz, duela 120 urte— egin zelarik, hogei ta bost oren behar baldin bazituen trenak Parisetik Baionara heltzeko, oraingo tresna berri honek bost ordu eta hiru ordulaurden aski* ditu.
Bigarren berria ere ez da txarragoa. Eta hauxe da, hiruzpalau urte barne Baionako trengara osoki berritua izanen dela. Obralanak heldu den urtean hasiko omen dira. Beraz, hiri haundi batek behar duen tren geltoki berriaren jabe eginen zaigu luza gabe Ipar Euskal Herriko hiriburua. (Gexan Lantziri)
Hementxe denok
Atentatuak Bilbon
Maiatzaren 7 eta 8an, gauerdi aldean edo, atentatu sonatu batzu gertatu ziren Bilbon. Haietan IKER euskal liburu egile eta zabaltzaileari, HERRIAK liburudendari. Zubiri jaunaren modadendari eta CHEKIA izeneko portzelana eta bitxidendari, izugarrizko kalteak egin dizkiete, harrika eta tiroz erakustegiko kristalak hautsi ondoren.
Ibarra abokatu gazteari, gainera, ezezagun batek gauez haren etxera joanik, izugarrizko jipoia* eman zuten.
Egitada horien egileak nortzu* izan diren ez da jakin Dena dela, IKERreko bulegoetan —atentatua bulegoetxe batetako 8. estaian* izan baita— «Viva Cristo Rey» bat idatzi dute atentatzaileek.
IKER taldekoek, horrialde hauetatik, dei bat egin nahi liekete beren abonatu guztiei, atentatuan fitxa, bizileku eta eskari asko apurtu eta hondatu baitiete. Horregatik, mesedez, beren harpidea berriz bidaltzeko erregutzen diete guztiei, aldez aurretik eskerrak emanez.
Bi polizia tiroz hilak
Maiatzaren 6an, Gernikan, goardia zibil bat tiroz hila izan zen. Biharamunean, Bilbon, polizia bat, tiroz halaber, erhan* egin zuten ezezagun batzuk. Bidegabekeria lazgarri bi horien egileak, beraiek Baionan publikoki adierazi zutenez, ETAkoak izan ziren. Noiz arte hau guztiau? Noraino helduko gara?
Ondarroako «Kresala» elkartearen erantzuna P.Z. Legarreta jaunari
Gure eskutitz irekia ez duzula osorik irakurri iruditzen zaigu. Edo eta kolorezko betaurrekoekin irakurri duzula.
Erlijioa baztertzea erabaki ote dugun galdetzen diguzu, ezta? Zure azken galdeak hori esan nahi duela dirudi, gure ustez behintzat.
Geure erabakia puntu bitan jartzen genuen. Eta bigarren puntuan hau esaten genuen —hain zuzen, zeure eskutitz horretan aipatu ere egiten ez duzuna—: «Taldeko arduradunek onhartu egiten dute gurasoen eritzi eta eskabidea. Halaber,* gurasoen eskabide hori betetzen, arduradunek berek laguntzen dituzte haurrak» (ANAITASUNA, 290. zenb., 8. horrialdea).
Jokabide hau erlijioa baztertzea ote da? Honela jokatuz, nork bere erlijioari buruz libreki duen jokabide pertsonala onhartzen eta zaintzen dugulakoan gaude.
Eta jokabide hau ez da, zuk esan erazten diguzun bezala, «geure Herriarentzat guk aurkitu dugun erantzunik jatorrena». Hau ere ez duzu ondo eta osorik irakurri (zergatik, lagun, miopia hori?), edo...
Guk hori baino neurtuago idatzi genuen: «Une honetan (oraingoan [azpimarra gurea da]), geure Herriarentzat...
Bai, P.Z. Legarreta jauna! Une honetan, «Kresala» elkarte honetan erlijioari buruz pentsakera asko daude. Une honetan, Haurren Egunetara joaten diren hainbat eta hainbat haurren gurasoek ere erlijio arazoa ez dute berdin ikusten eta ez dute hartan berdin jokatzen. Une honetan, Haurren Egunak antolatzen direnean, ez dugu inon ere aurkitu beste erlijio ekintzarik, Kristau Meza izan ezik. Eta une honetan, haur guztiak multzoan Meza horietara eroaten* dira.
Une honetan zer erabaki dugun? Une honetan, Haurren Egunetan aurkitzen dugun inposizio hori baztertzea eta hankaz gora botatzea. Inposizioek bai nortasuna eta bai herritasuna mozten dizkigutelako. Pertsona bakoitzaren eta «talde txikien» nortasun eta giza eskubideetan oinharritzen den Herri bila gabiltza. Eta Haurren Egunak ere bide horretan abiatzea nahi genuke... eta eskatzen dugu.
Eta, amaitzeko, «tabula rasa» eta horrelakoak gorde, arren, elizgizonen batzarreetarako. Edo eta elizgizonok, latina alde batera utzi duzuenean, herritar gizaixook hizkuntza horrekin muturjoka ibiltzera behartuko ote gaituzue? Geure amagandik jaso genuen geure hizkuntzan analfabetuak ez izateak ere nahiko lan ematen digu, guri behintzat. (Ondarroako «Kresala» elkartea)
Hementxe denok
Banco de Bilbaoren zuzendaritza
«Situación», Banco de Bilbaoren aldizkariak, bere azken zenbakian, banku horren zuzendaritzaren berri ematen digu. Uste dugu interesgarria dela, ekonomiaren aldetik nortzuk* agintzen diguten jakitea, eta, halaber,* horietarik nortzu dauden zuzen eta agerian politikazko agintaritza gorenean. Horien izen-deiturek aski* adierazten baitigute Euskal Herriko ekonomi hiri nagusiaren nondiknorakoa, eta ez bakarrik Bizkaian, bai eta beste euskal herrialde guztietan eta Estatuko lurralde askotan ere.
Ohorezko lehendakaria, Gervasio Collar Luis. Lehendakaria, José Angel Sánchez Asiarin. Lehendakari ordea, Manuel de Lezama-Legizamon Zuatzola. Kontseilariak, Juan María Agirre Atxutegi, Jaime Agirre Olabarri, Ignacio Altzola Sota (lurreta-Ganboako markesa), Pedro Ampuero Gandarias, José Aresti Ortiz, Javier Artetxe Chalbaud, Pedro Artiatx Pérez, Juan Blanco Santos, Gabriel Txabarri Poveda (Trianoko markesa), José Manuel Delclaux Barrenetxea, Arturo Etxebarria Uribe, Miguel Maria Esparta Fz. de Larrinoa, Faustino García-Moncó Fernández (Merkatalgoko* Ministru ohia*), Fernando Gondra Lazurtegi, José Ignacio Gz. de Etxebarri Oz. de Urbina, Enrique Guzmán Martínez, Lorenzo Hurtado de Saratxo Arregi, Ramón Ikatza Zabalburu, Gabriel Laiseca Allende, Antonio Nabarrete Silva, José Orbegozo Gangoiti, Juan Ríos Carmona, Ceferino Urien Goirizelaia, Andrés Vilariño Alonso, Emilio Ibarra Txurruka, Ignacio Zubiria MacMahon. Zuzendari nagusia, Rafael Acosta España. (D. Amaitermin)
Unibertsitateko irakasleak eta euskara
Geroago eta atzerago geratzen* ari da, euskara* basatien hizkuntza kontsideratzen zeneko garaia.
Lehen, goi mailako ikasketak egiten zituzten euskaldunez, ez zuten gehiago euskara erabiltzen; baztertu eta ukatu egiten zuten gehienek hein handi batetan. Euskararen egoera geroago eta makaltzenago ari zen. Makaltze horren kausa gisa askotakoa zen (eta da). Kausa horien arteko bat, lehen aipatu duguna zen; horrela, hetsi* egiten baitzitzaion euskarari, teknikara, zientziara, ekonomiara, medikuntzara eta beste hainbat arlotara heltzeko bidea.
Gaur egun, ba dirudi, jokabide lotsagarri hori gainditzeko bidean barna abiatzen hasiak garela. Frogatzat, hor dugu Lejoako* Unibertsitateko irakasle ordezkoek* atera berri duten txostena. Txosten horretan beren egoeraren berri ematen dute. Txosten bat ez dela beste munduko gauza esanen bide du batek baino gehiagok. Baina txosten horrek berezitasun aipagarri bat du: euskaraz eta gaztelaniaz eginik dagoela, halegia.
Entzuna dugunez, Katalunian aspaldi hasiak dira honelako egintzak obratzen; baina Euskal Herrion, nik dakidala behintzat, honako hauxe da lehena. Ez ailitz* azkena! (J.R. Etxebarria)
«Resurreccion Maria de Azkue» I. Literatur Lehiaketa
Bilboko Aurrezki Kutxa Hirikoak, bere gizarte eta kultur saila hedatu* nahiz, «Resurreccion Maria de Azkue» izeneko I. Literatur Lehiaketarako dei egiten du. Urterokoa izango da, eta hona hemen
Oinharriak
1. Euskal kontakizunen «Resurreccion Maria de Azkue» Literatur Lehiaketa honek 125.000 (ehun ta hogei ta bost mila) pezetatako saria izango du: sari zatiezina, eta saridun gabe ezin lot* daitekeena.
2. Lehiaketa hontara edozein kontakizun (elaberri* labur, ipuin, ixtorio, azalketa*) ager daiteke; baina hurrengo arauok bete beharko ditu:
a) Euskaraz idatzia izatea, egilea edonongoa izan arren.
b) Edozein euskalkitan idatziak izan daitezke. Epaimahaikoek lanaren balioa aztertuko dute, haren mamia eta erabilitako hizkera eta ulerterraztasuna haintzat harturik.
c) Lanak, berekiak* eta argitaragabeak izatea.
d) Epaia emateke legokeen beste literatur sariketaren batera, izen berberaz edo bestez, bidalia ez izatea; horrela balitz, idazlea bertatik* izango litzateke baztertua sariketa hontatik.
e) Gaia, bakoitzak gura duena.
f) Idazleak lan bat edo gehiago bidal dezake lehiaketara, bere izenaz edo izenordeaz sinaturik.* Izenordearen ezagugarria azal txiki batetan gordeta bidal bedi.
g) Lehiaketa hontara lanen bat ekarriz gero, egileak ezin lezake ez bere lanik eska, ez eta sariketatik alde egin ere.
3. Taxuari* dagokionez, sariketako lanen baldintzak:
a) Makinaz idatziak edo makinaz berreginak, lerrobitarte birekin eta horrialde batez soilik.
b) Lan bereki bakoitzeko hiru aldaki* bidal bitez, liburu antzean josiak.
c) Horriek folio neurria izango dute, eta idazlerroak 29 inguru izango dira horrialde bakoitzeko.
d) Egilearen izena edo izenordea (beronen argibidea azal txiki batetan) eta bizitokia edo helbidea* (zerbait argitu behar balitz edo egileari zerbait adierazi).
4. Lanek ez dute 100 (ehun) horrialde baino gutiago izango, esandako neurri eta taxuan.
5. 1975. urte hontako uztailaren* 31 baino lehen izango dira bidaliak.
6. Lanak helbide hontara bidal bitez: Caja de Ahorros Municipal de Bilbao, Gran Vía, 23, Bilbao-1; eta, gainera, hauxe idatzirik: «Para el I Concurso Literario 'Resurrección María de Azkue' de Narraciones en Vascuence».
7. Literaturan, linguistikan eta erizkintzan* gai direnak izango dira epailariak. Lehiaketa hontako epaia ematerakoan (urriaren 31 n, Aurrezki Egunean) adieraziko da nortzu* izan diren. Epai honen aurka ezin daiteke inora jo.
8. Lehiaketa hontako lanetarik, diruz saritua bat bakarra izango den arren, epaimahaikoek, egoki baderitzate,* deduzko* aipamen bat edo gehiago egin dezakete, saririk gabe loti diren kontakizun batzuren balioa agerian jartzeko.
9. Lan sarituaren idazjabe asuna* eta lan hori argitaratzeko eskubidea egilearengan lotuko da osoro. Hala ere, saria eman eta handik urtebetegarrenera Bilboko Aurrezki Kutxa Hirikoak eskubidea izango du, bere bezeroentzat* lanaren argitaraldi arrunta egiteko.
10. Sarituak izan ez diren lanak bihurtu egingo zaizkie egileei, eta hauek edo berauen ordezkariek eskuratu ahal izango dituzte.
11. Hartutako lanetaz ez da idatzizko harremanik izango.
12. Sariketa hontara datozenak, beste* edozein lege barruti* utzirik, Bilboko Hauzitegien eskupe lotuko dira.
Liburu berriak
ESTORNES LASA, Bernardo:
Mundua Euskal Erriaren gogoan.
Auñamendi, Donostia, 1975.
Liburuaren lehen partean, euskaraz eta gaztelaniaz, Estornes Lasa jaunak Metal Garaiko bizieraz idazten du lehen 60 horrialdeetan, eta hurrengo 15 horrialdeetan hainbat ipuin zahar eskaintzen digu, basajaunak, jentilak eta horrelakoak agertzen direlarik. Liburuak bigarren parte bat du osorik gaztelaniaz, izenburu honekin: «Complemento. Sobre el pasado del euskera». Euskararen sortzeaz ari da, urteetan zehar eduki dituen aldaketak, inguruko hizkuntza nagusiekin ukan dituen harremanak eta azkenik gaur duen egoera azalduz. Liburu benetan interesgarria, batez ere euskara ikergaitzat hartzen dutenentzat. (Xabier Gereño)
SPYRI, Juana:
Heidi.
Cinsa, Bilbo, 1975.
Geure bizitzaren bide erdia egin dugunok, hau da, gerla garaian gaztetxo izan ginenok, itzulminez* gogoratzen ditugu orduko irakurgaiak: «Robinson Crusoe», «Heidi», «Morgan Kapitaina», etab. Elaberri hauk Europako hizkuntza guztietara itzuliak izan dira, eta mundu osoan ospe handia ukan dute. Guk orduan erdaraz irakurri genituen; baina orain gure semeek euskaraz irakurtzeko aukera izango dute. «Robinson Crusoe» ihaz agertu zen, eta haren 2.000 aleak ia agorturik daude. Orain «Heidi» agertu da, eta antzeko arrakasta* lortuko duela uste dugu, eren Xabier Mendigurenek egin duen itzulpenak oso euskara erraza eta dotorea baitu. Liburuaren azala kolorezkoa da, eta barruko irudiak Joseba Txarterina Gereñok nortasun handiz egin ditu. (Xabier Gereño)
ZULAIKA, Joseba:
Adanen poema amaigabea.
Kriselu, Donostia, 1975.
Liburu honen lehen horrialdeak irakurtzen hasi eta berehala konturatu naiz poema bilduma* honen maila garaiaz. Hor duzu, irakurle, euskal literaturaren obra gorenetariko bat. Liburuaren azken aldean Joxe Azurmendik Zulaikaren poema hauen azterketa bat egiten du, «Adanen poema amaigabea» Arestiren «Harri eta Herri» famatuarekin konparatuz. Azurmendik, bien garrantzia berdin antzekoa dela somatzen du. Hontan ados nago berarekin.
Arestiren lanean gizon soziala agertzen bazaigu, Zulaikarenean gizon bakartia ikusten dugu, gizon primitiboa, lehen gizona, munduko gauza eta sentsazio guztiak berriak zaizkiona. Paradisutik jalgitzen* denean, Adanek lehen aldiz sentitzen du askatasuna zer den. Ura, lurra, haizea ditu aurrean, bere bakartate hartan. Eta bakartate hori ez hausteko, Eba bera ere ez da poema hauetan agertzen.
Aspaldi aspalditik lo edukitako
gogo primitibo hartan etzan zen Adan
bilutsik
eder-eder
izate osoaren betegarri.
Geure zibilizazio honen zurrumilo* madarikatu hontan murgildurik, gutariko nork ez du sentitu gaur desirkunde hori? Gizona numero soil bat izatera behartu nahi duen gizarteari egindako garrasi bat bezala da hau:
Eta ni
Adan
hemen nago
bizitza jartzeko
bizitzak ihes nahi duen tokian...
Adanek ingurura eta bere barrura begiratzen du, inguruko gauzak zer diren eta bera zer den jakin nahiz. Eta zer aurkitzen du? Fatalismorik ez. Adanek itxaropena du, burrukatzeko nahia du:
Kasikan kontura gabe
Adanen gogoa promesa luze bat zen:
Eguzkia maiteko dut
eguzkia izango naiz
ilunak eguzki egingo ditut.
Alegera gaitezen euskaldunok, gure literatura bitxi balios batez aberastu delako. Irakur ezazu poema. Gero, Joxe Azurmendik esango dizu: «Irakurri duzu, irakurle. Liburua bukatu da. Hau ez da liburuaren jarraipena. Jarraipena zu zara. Liburua bukatu da, eta berriro hasten da». Eta horrela da, zeren* Adan hori zu eta ni baikara. Edo izan behar genuke. (Xabier Gereño)
Aspaldiko urteotan, hainbat eta hainbat horri bete izan dira aldizkarietan, oraintsu bukatu den Vietnamgo gerlari buruz. Heriotzeak milioika kontatu izan dira bertan. Lurrak, oihanak* eta uztak* errukigabeki deuseztaturik* geratu izan dira gerlaren kausaz. Amerikarren botere izugarria ez da gai izan, herri baten kemen neurrigabea menperatzeko. Gerla hontan teknikarik aurreratuenak beren zerbitzutan eduki, harmarik beldurgarrienak erabili, eta dirutza ikaragarria eralgi* arren, amerikarrek ezin galerazi ukan* dute ipar vietnamiarren oldarra.* Baina artikulu hontan ez gara gerla hori aztertzen hasiko, bertan moldatu, egokitu eta erabili den harma mota bat baizik: meteorologi harma.
Historikoki, meteorologiak garrantzi handia ukan du zenbait gerlatan. Adibide bezala, Errusiaren kasua aipatuko dugu. Azken berrehun urte hontan, erresuma* hau bi aldiz salbatu da hango meteorologia bihurriari* esker. Behin, Napoleonen garaian; eta beste behin, Hitleren denboretan. Kasu biotan, hobeto prestaturik zegoen eta indarrik gehien zuen harmadak,* atzerantz egin behar izan zuen Errusiako negute gogorraren erruz. Errusiarrak, eguraldia lagun, garaile atera ziren.
Ez da harritzekoa, beraz, gizonak, eguraldiaren inportantziaz oharturik, meteorologi faktoreak kontrolatzeko nahia agertzea. Horrela, amerikarrek euria egiten ikasi dute, eta bai harma bezala erabiltzen ere. Ikus dezagun, bada, zertan finkatzen den eta nola erabiltzen den harma modu hori.
Hodeiak eta euria
Euriaren kontrola lortzeko, hainbat ikerkuntza* egin behar izan dira aurretik. Lehenbizi, euriaren zergatikoa eta nolakoa ezagutu behar ziren. Hauk* ezagutu eta gero, euri bilakabidean* noiz eta nola joka jakin behar zen. Eta, azkenik, teoria hauk guztiok praktikara eraman behar ziren.
Hodeietan dagoen ura, oreka* ezegonkoian* dago. Elkarren aurka diharduten indar mota bik eragiten diote urari. Batetik, beherantz egiten duen grabitate indarra (hots,* pisua) ari da obratzen. Eta bestetik, gorantz egiten duten indar aerodinamikoak. Aski* da tenperatur aldaketa ttipi bat nahiz presio aldaketa ttipi bat, surfusio egoeran dagoen ura kristal* dadin, izotz* kristalak kondentsa daitezen, eta honela euria egiten has dadin, lehengo oreka egoera etenik.
Euri artifiziala
Euria artifizialki lortzeko, lagundu egin behar da orekaren etendura. Hortarako, kondentsapen gunak* ereiten dira hodeiaren erdian. Gun horietan inguruko ura kondentsatzean, ur tantak sortzen dira, eta, grabitate indarra indar aerodinamikoak baino neurri handiagoz hazten delarik, ur tantok beherantz jausten* hasten dira.
Aipaturiko kondentsapen gunak, hodeiaren barnean milioika barreiatzen* diren hauts partikula mikroskopikoak dira. Gehien erabiltzen direnak, zilar* iodurozkoak (Ag I delakozkoak) dira. Kimik konposatu honen bitartez 1010 ~ 1014 partikula inguru sor daitezke gramoko. Zilar iodurozko partikulen ereintza hegazkinen bidez egiten da. Hegazkina hodei erdian sartzen da, eta bertatik barreiatu egiten du zilar ioduroa hodeian barna.
Hodeian suspentsioan dagoen ura, kristaldu egiten da zilar ioduroaren eraginez, hots, izotz bihurtzen da. Kristaltze hontan bero kantitate handia askatzen da: eta, bero askatze horren kausaz, hodeia zabaldu eta handitu egiten da. Handitzean, hodei barneko presioa gutitu egiten da; eta horren kausaz, hodeiak, bere inguruan duen aire hezea* erakartzen du. Honela, kate erreakzio antzeko bat gertatzen da: hodeia geroago eta gehiago puzten eta handitzen da, eta berriro ere irensten du inguruko aire hezea. Inguruko haize heze hortan dagoen ura ere kondentsatu egiten da, eta kondentsapen honek indartu egiten du euria.
Modu hontan, hodeiak normalki botako lukeena baino askoz ere euri gehiago lortzen da. Hodei isolatu* batek, esate baterako, hiruzpalau bider ur gehiago bota dezake. Eta elkar fusionatu diren hodei bik, hodei batek baino hogei ta hamar aldiz euri gehiago.
Hodei guztiak ez dira egokiak, euri bilakabide hau aurrera eramateko. Esperientziak frogatu* duenez, tropiko aldeko kumulu motako hodeiak dira egokienak. Berauen euri ahala indartuz, eurialdi ikaragarriak —uholdeak— sorteraz daitezke.
Eurialdiok zein haundiak diren jakiteko, anekdota bitxi bat aipatuko dugu. Oraindik euri artifizialaren kontrol osoa ez zutelarik, amerikarrek honelako eurialdi bat sorterazi zuten. Baina, gaizki kalkulaturik, bi ordutan, metro koadratuko, 180 litro jausi ziren haien kanpamentu batetara, etsaien gainera jausi beharrean.
Euria harma bihurturik
CIA delakoa izan zen, euria harma bezala erabili zuen lehena. 1963.eko agorrilean,* budistek manifestazio handiak antolatu zituzten Vietnamgo Hue hirian. Manifestazioak deuseztatzeko, amerikar soldaduek bonba nigarreragileak jaurtiki zituzten, baina alferrik: budistek eutsi egiten zieten manifestazioei. CIAk, orduan, zilar iodurozko kristalen laguntzaz euria sortu zuen; eta euriaren eta bonben eragin bikoitz eta bateratuak zeharo desegin zituen manifestazioak.
Harez gero, amerikarrek sarritan erabili ukan dute harma hau Vietnamgo gerlatean. Asko ziren, euriaren bidez lortzen ziren militar helburuak. Batetik, uholdeak sortuz, kaminoak hondatu eta komunikabideak ebaki egiten ziren, eta, horrela ipar vietnamiarren abantzua* galerazten zen. Bestetik, traba handiak jartzen zitzaizkion etsaiaren erradar eta antiaireko tresneriari. Gainera, batzutan, ekai* azidoak gaineratuz, euri azidoa sorterazten zuten; eta honela hondatu eta alferrikaldu egiten zen lehen aipatu dugun tresneria.
Ondorioak
Teknologiako beste hainbat aurreramendu bezala, euriaren kontrola ere, bakerako pentsatua izan zen lehenbizi (lurralde lehorretan euria sortzeko, etab.). Baina, bakerako barik,* gerlarako erabilia izan da. Benetan lotsagarria!
Ba dira bestelako kezkak ere, harma hauen erabiltzeari buruz. Hain zuzen, ekologi orekan ukan lezaketen eraginari buruz. Egia esan, oraino ez daude batere argi, epe laburretan eta epe luzetan harma horien kausaz gerta litezkeen klimatologi aldaketak. Eta hau, dudarik gabe, kezkagarria da. Edonola* ere, meteorologi kontrolaren efektuak hobeki aztertu behar lirateke; eta, horrez gain, estatuarteko hitzarmen* bat egin behar litzateke, kontrol horren gerlarako erabiltzea galeraziz.
J. R. ETXEBARRIA
dezagun, daigun
dezake, daike
diote, deutsoe
lezakete, leikee
zieten, eutseen
zitzaizkion, jakozan
Herrialde guztietan
Kurdistan. Herri bat ixildua da
530.000 km2. Hamar milioitik gora herritar. Bost Estatutan banaturik. Kurdiarrak ixiltasunean gelditu dira. Gure mundu «zibilizatu» honek, Herri bat nola garbitzen den ikusi du. Aldika, hil zorian botatzen zituen garrasiak entzun ditugu. Berehala ixiltasuna. Martxoaren azkenaldian eta apirilaren lehen egunetan, Europa aldeko egunkari gehienek eman dizkigute Kurdistaneko dramaren albisteak. Orain ez dugu ezer entzuten. Eta gure mundu «zibilizatu» hau lasai geldituko da, eta laster ahantziko du Iraqeko gobernariek kurdiarren arnasa* nola ito duten.
Kurdiar gehienak musulmanak dira; baina ez arabiarrak. Eta arabiarrek ez dute kurdiarren herri burruka begi onez ikusten. Bost Estatutan banaturik dago Herri osoa. SESBen edo Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunean 150 bat mila bizi dira; Syrian milioi erdi bat; 5 bat milioi Turkian; 4 milioi inguru Iranen; eta 2 milioi Iraqen. Azken aldian beren askatasunaren aldeko burruka Iraqen eraman dute batez ere. Baina kurdiarren burruka* etengabea izan da XX. mende hontan guztion. Kurdistan ez da inoiz Estatu bereizia* izan; baina XIX. mendeko azken urteetatik honantz bere nazionalismoa sendotuz eta indartuz etorri da. Baina behin eta berriro Estatuek ezarri dioten zapalkuntza gogorra izan da; eta ba dirudi, kurdiarren askatasunaren aldeko burruka luzarorako ixildu dela.
Munduko lehen gudate nagusiaren ondoren, kurdiarrek autonomia on bat lortu zuten. Baina, handik hiru urtetara eta Ingalaterrak eta Turkiak egiten duten akordioaren ondoren, autonomia hura* suntsituta* gelditzen da, Turkian bereziki. Eta, hain zuzen ere, lehen eta bigarren gudate nagusien artean ezarriko dio Turkiak Kurdistani zapalkuntzarik makurrena, hango herritarrak milaka eta milaka garbituz. Eta Herri osoa herri bezala suntsitu nahiz, kurdiar hizkuntza, ohiturak eta kultura osoa kondenatzen dituzte turkoek: kanpoan kurdieraz argitaraturiko libururik ere ez dago sartzerik Turkiara.
SESBeko kurdiarrek, Sobietar Batasunean beste herri txikiek duten autonomia bera dute. Iranen, izan dituzte beren tirabirak kurdiarrek Estatuarekin. Baina hemengo Gobernua bigunagoa izan da haiekin eta laguntza handia ere eman die azken urteotan, Iraqen burruka gogorra zeramatelarik. Syrian, berriz, kurdiera ez da ofiziala, baina gainerakoan beren hizkuntza erabiltzeko askatasuna dute kurdiarrek; hala ere, erne dago Syriako Gobernua, kurdiar nazionalisten ekinaldiak itotzeko.
Azken urteotako burrukarik biziena Iraqen eraman dute kurdiarrek. Iraqen, petrolio iturrietan hirutarik bi Kurdistanen daude. Eta azken hamairu urteotan kurdiarrek jasan duten zapalkuntzaren arrazoin nagusiena hortxe dago; baina kurdiarrek Iraqen daramaten burruka aurretikoa da. 1930.ean eta 1933.ean sortu ziren matxinadetan nabarmendu zen, gaur arte kurdiarren buruzagi izan den Mustafa EI Barzani. Munduko bigarren gudate nagusian berriz asaldatu dira kurdiarrak, El Barzani bera buru duela; baina Ingalaterrako airekoek zapalduko dute kurdiarren ekinaldia. 1961.ean ekin zitzaizkion kurdiarrak benetako gudu harmatuari, eta urte batzuren buruan lurralde on bat kontrolatu ere egin zuten. Garai hontan Sobietar Batasunaren laguntza zuten kurdiarrek, bai diplomaziaren eta bai harmen aldetik ere. Eta 1966.ean, hain zuzen ere, kurdiarrek autonomi moduko bat lortu zuten Bagdadeko Gobernuagandik. Baina, lau hilabete geroago eta Sobietar Batasunaren laguntzarik gabe —honek Bagdadeko Gobernuarekin akordioa egin berri baitzuen—, berriz ekin zitzaizkion kurdiarrak burruka harmatuari.
Azkenik, 1970.ean konpondua zela zirudien kurdiarren eta Bagdaden arteko istiluak, Kurdistanek autonomia lortzen zuelarik Estatuaren barnean. Baina, polliki polliki eta urte gutitan, hutsean gelditzen da autonomia hura, Bagdadeko Gobernuak hautsi egin baitzuen akordioa, Kurdistaneko hiru probintzia —bata petrolio iturri handia— bereganatzen zituelarik. Horregatik, berriz ere, Mustafa El Barzani eta beronen Herria gudate latzari ekin zitzaizkion 1974.ean.
Iranen, Amerika zalea da Gobernua; Iraqen, berriz, sozialista eta SESBen aldekoa. Horregatik, Iraneko Gobernuak laguntza handia eman die kurdiarrei, harmatan* batez ere; eta horrela eutsi* ahal izan diote kurdiarrek beren burrukari, Iraqeko hegazkinen eta harmada* organizatuaren kontra. Baina aurtengo martxoaren lehen egunetan Iran eta Iraq akordio batetara heldu dira, beren muga arazoak konpontzeko. Eta hementxe etorri da kurdiarren zoritxarra, Iranen laguntzarik gabe eta beren mendietan inguratuta gelditzen zirelarik.
250.000 mila bat kurdiar ziren Iranera ihes eginak, honek apirilaren lehenean mugak hetsi* dizkien arte. Iraqek amnistia eskaini die kurdiar horiei, berriz ere beren lurraldeetara itzultzekotan. Baina Iraqek kurdiarren arazoa behin eta betiko garbitu nahi du; eta horregatik kurdiarrak beldur dira beren etxera itzultzeko, Bagdadek ez baitu bere amnisti agintzaria* bete eta bai Iranetik etorri diren kurdiar asko garbitu. Bitartean, beste aldetik, Turkiak ere hetsi egin die muga, iheska zihoazen kurdiarrei. Turkia beldur da, Iraqetik datozkion kurdiarrek, bere lurraldean zapalduta eta itota dadukan kurdiar herrialdea asaldatuko ote duten. Horregatik, biderik «egokiena» eta errazena aukeratu du Ankarako Gobernuak. Honela, ez batera eta ez bestera, Iraqeko Gobernuaren hatzaparretan gelditu da Kurdiar Herria; eta ez dago zalantzarik, Iraqek bere neurri zapaltzaileak hartuko dituela, Kurdistanen arazoa betiko ehorzteko,* eta hain berezia den Herria irensteko.
Estatu gehienen axolagabekeriaren «babesean» eta beste Estatu batzuren adiskidego edo etsaigoen* «sareetan» egin da Kurdistanen mende hontako historia larria, beronen bizkarretik egin baitute beren politika eta burutu* baituzte beren akordioak. Baina Estatu haundien harmadek, gobernariek eta interesak orainokoan lortu duten bakarra zera da: Herri bat beren artean banatzea eta ixileraztea; baina ez Herri baten bizinahia eta indarra suntsitzea.
«Herri bat dagoenean, ez du inork nazionalismo oldea* geldieraziko», esan du Mustafa El Barzani buruzagiak. lraqeko, Iraneko, Syriako, Turkiako eta Sobietar Batasuneko gobernamoldeak oso diferenteak dira: ezkerrekoak, erdikoak eta eskuinekoak. Baina, nola edo hala, denak bat etorri dira, Kurdiar Herriaren suntsipena «erabakitzekoan». Hala ere, Mustafa El Barzanik ez du galdu bere esperantza; eta ez du uste, «bosten» artean ere kurdiarren askatasun arnasa itoko dutenik. (Patxi Kortabarria)
Herrialde guztietan
Txile. Askatasun osoa Pinochet jeneralarentzat
Txileko Gobernuko 17 ministruek (14 militar eta 3 herrigizon) dimisioa presentatu diote Pinochet jeneralari. Eta hori, «askatasun osoa» honi emateko, ekonomiazko krisia konpon dezan.
Hankaz gora dabil ekonomia Txilen. Ihaz 37 % garestitu zen bizimodua, eta aurtengo lau hilabeteotan 61 %. Pinochet jaunak ekonomiazko estrategia nahitaez aldatu behar du. Politikazko diktadura aski* ez delarik, ekonomiazkoa ere ezarriko du oraingoan. Eta gero zer?
Kobrearekin Pinochet jaunak ez du zorte onik izan, merketu egin baita ihaztik hona ere. Bestalde, ez du kanpoko laguntzarik. Pariseko Club delakoaren bilkura, esaterako, sine die gerorako utzi da. Eta arazo hori ez da bihar konponduko. Ez da konponduko, Txilen giza askatasunak eta eskubideak onhartzen ez diren arteino.
Herrigizonak sartuko omen ditu oraingoan Pinochet jeneralak Gobernuan. «Herrigizon apolitikoak» izango dira. «Normal» itxura eman nahi dio Txileri, antza.* Zer ez doa, bada, horren ondo Txilen, Pinochet jauna? (Joanes Lekerika)
Herrialde guztietan
Frantzia. Bide guztiak Lisboara
Bide guztiek Erromara eramaten omen dute. Frantzian, gaur behintzat, denek Lisboara eramaten dutela hortaz ez dago dudarik. Hemen modan dago Portugal, Portugal berria.
Portugalen etorkizuna, batipat* bilakabide* iraultzailea azkartu denetik, horrek interesatzen ditu gizarte aztertzaileak. Higidura* hortan, bi arazo dira nagusi: militarren eginkizuna eta alderdi politikoen jokoa.
Batzuk, militarrak gero eta indar eta aginteremu* gehiago hartzen ari direla azpimarkatzen dute. «Harmadak* sakelean sartzen du iraultza» idazten du Michel Colomes kazetariak. Le Point astekarian. L'Humanité Rouge ezker puntakoen aldizkariak dioenez, militar horiek sozial faxismoaren botak janzteko aldatu dituzte faxismoarenak. Rouge trotskisten aldizkaria ere ez da militarretaz gehiegi fidatzen; nahiago du langileen ekintza.
Eztabaidarik gehienak, alderdi politikoek zer egiten duten eta zer egin behar luketen eta nola jokatu behar luketen aztertzerakoan datoz. Ez dakit Portugalen hala denentz.* Frantzian bai behintzat. (Sarritan, gainera, Portugal ahotan erabili arren, Frantziaz mintzo dira.) Frantziako AK Portugaleko Alderdi Komunistarekin ados dago, honen kontrako kritika guztietan eskuindarren jokoa salatuz. Frantziako Alderdi Sozialista Portugaleko Alderdi Sozialistaren jokabidearen alde dago, eta demokraziaren garantia AS dela deklaratu du Mitterrandek.
Politikari asko joaten da Portugalera. Politik eta gizarte gaietaz diharduen asko ere han ikusi da: Althusser, esaterako. Baina, Bazkotan, batez ere ezkertiar pila handi bat joan zen hara Frantziatik. Portugaleko burkide* «ezikasiei», hauteskunde garaian, Frantziako taldeek duten esperientziaren berri emateko. Han ikusi dira maoistak, etab. Espontaneismoa defendatu arren, politikan eta iraultzan deus* ez baita inprobisatzen.
Lisboak Europako pizti arraroa dirudi, Europako Kuba. Publizitateak aldarrikatzen* duen Portugaleko «haize sanoa», dirudienez, turistek ez baina (beldur dira hauk*) politikariek arnastuko* dute. Parisen jadanik* «udaberri berorik» ez dagoenez gero, ea, bada, Lisboan beroago egiten duen! (Joanes Lekerika)
Herrialde guztietan
Errusia. «Hogeigarren Mendea» Moskun
Argitaratu berria da Moskun aldizkari bat, ezkutuko agerkari bat, baimenik gabe ateraia* eta ixilean banatua.
«Hogeigarren Mendea» du titulutzat aldizkari honek, Bizpahiru hilabetero argitaratuko da. Asmo gidaria ere ezaguna da, hots,* «Sobietar Batasunean gizarte sozialistaren hazkundea, sozialismoaren eta demokraziaren elkar hartzeari esker». Idazleak zein marxistak zein ez marxistak izan daitezke: ez dago puntu horretan lege jakinik
Lehen zenbakia, esan dugunez, argitaratu berria da: daktilografiaturiko hirurehun bat horri. Ba dago hor zer irakur: kontzentrazio zelaietatik itzulitako baten oroitzapenak, Soljenitsynek Sobietar Batasuneko agintariei egindako eskutitzaren aurkako erantzun bat, literatur ikertzapen bat, Stalin eta stalinismoari buruzko estudio bat, etab.
Aldizkari honen zuzendaria Roy Medvedev da. Historilari marxista hau oso ezaguna da. Alderdi Komunistatik jaurtikia izan zen. Marxista segitzen du. Eta demokraziarentzat leku uzten duen sozialismoaren alde burrukatzen sobietar Batasunean bertan. Berak bezala aldizkariak ere gauza bera nahi du: sozialismoaren eta demokraziaren ezkontze. (Joanes Lekerika).
Herrialde guztietan
Errusia. Mosku Mitterranden aurka
Mitterrandek, Frantziako ezkerraren buruak, Moskun eta Brezneven alboan ikusten zuen bere burua. Eta horra, Moskuko agintariek atzeratu egin dute, Sobietar Batasunera Frantziako Alderdi Sozialistaren joatea. Ez esan, atzerakuntza hori apropos eta intentzio handiren batekin egina izan ez denik.
Jokabide diplomatiko guztien aurka, airekoa hartzeko bost egun falta zirelarik, eta laugarren aldiz, oraingoz ez joateko esan diote sobietarrek Mitterrandi. Esannahi handiko gertaera, zalantzarik gabe; Moskuk, diplomaziaren folklorea horren* maitekiro zaintzen duen Moskuk, ez baitu holakorik debalde egiten. Laugarren aldiz gertatu da, gainera, hori. Lehenbizikoan, Mitterrandek berak atzeratu zuen, orduko Frantziako sobietar enbasadorearekin SESBeko* juduei eta Txekoslovakiari buruz izan zuen eztabaida tarteko zela. 1972.ean zen hori. Geroztik, bitan —lehenik Pompidouren heriotzagatik eta gero Brezneven eritasunagatik*— atzeratu dute bidaia* hori.
Ia ia segur nago, irakurleak lerro hauk* irakurtzen ditueneko,* berriro ere joateko egun bat jarria izango dela. Dena den, bostgarrena izanen da. Eta orduan Mitterranden bisitak ez du zentzu bera izango. Mosku biziki harriturik gelditu da, berri honek Frantzian izan duen oihartzunaz.* Ez dela hor inolako intentziorik ikusi behar, eta hori guztiori ulertzapen oker bat izan dela esan du ofizialki Moskuk. Arrazoina oso sinplea omen da, hots,* bost urtetako plangintza prestatzen eta nazismoaren kontrako gerla ospatzeko bestakizunak* antolatzen lanpetuegiak daudela memento hontan sobietar zuzendariak. Aitzakia horrek enganiatuko duen tontorik oraindik ez da jaio. Zer, bada? Orain konturatzen direa* sobietarrak okupaturik daudela, orain, Mitterrand Moskura joateko bost egun falta direlarik? Aitzakiak aparte, Moskuren jokabide honek ba du zentzu politiko sakonik.
Politik aldetik, zer adierazten du Moskuren jokoak? Gai hauetan adituak ez datoz bat puntu hontan.
Frantziako Alderdi Komunistaren azpi jokoren bat ote dago hor? Batzuk hala uste dute. Chirac Frantziako lehen ministrua egon berria da Moskun. Eta han Frantziako Alderdi Komunistaren kontra mintzatu zen. Bidaia berean, Breznev biziki mintzatu zen Giscar Frantziako lehendakariaren alde. Bi arrazoin hauengatik, ba dakigu, Marchais jaunak, bere haserrea agerturik, gutun* bat egin diola Breznev burkideari.* Mitterranden hauzia ere aipatu izan balio, zer? Kasu hortan, egiazko komedia egiten ariko litzateke Alderdi Komunista, zeren* eta, Moskuren erabakia jakin duenean, bera ez dela akort jakin erazi baitu, Mitterranden alde aterarik.*
Beste batzuk, Mitterranden pertsona bera ezin duela begi onez Moskuk ikusi esango dute. Izan ere, Mitterrandek Moskuren aginte moduari kritikak maiz* egin dizkio. Moskuren barneko eta kanpoko politika salatu du behin baino gehiagotan Mitterrandek. Ezagunak dira, oraindik berrikitan,* Internazional Sozialistaren Bilkuran* (otsailaren* 22an), Frantziako AS-ren sekretari* nagusiak egin zuen sobietarren kanpoko politikaren kritika gogorra.
Baina, dirudienez, Moskuk hori egiteko izan dituen arrazoinak askoz ere sakonagoak izan dira. Moskuk ez du sekula, Europan ezkerrak agintea har dezan gogo handiegirik izan. Mitterrandek berak, Internazional Sozialistaren bilkuran esan zuenez, «Estatu Batuak bezala, Sobietar Batasuna ere Europan statu quo politikoaren aldekoa da. Gobernu kontserbakorrak sozialistak baino nahiago ditu beti». Frantziako kasuan, aginte gaullistarekin honen jarraitzailearekin ikaragarri ongi konpondu da beti. Horrela, bada, Mitterrand baliogabeztatuz,* ez ote du Moskuk Giscarden alde borondate oneko jestu bat egin nahi izan? Ez dezagun ahantz, hauteskundeen* bezperan, Pariseko sobietar enbasadoreak Giscardi egin ziola ikustaldia eta ez Mitterrandi, horrekin lehena bigarrena baino maiteago zuela adieraziz.
Moskuk ez du oraingoz nahi, inork nazioarteko ekilibrioa hauzitan edo kili-kolo jar dezan. Bestalde, europar segurtasunaren konferentzia sonatu hura* lortu arte, ez dago trankil Mosku. Eta hori erdiesteko,* gobernu burgesekin harremanak hersten* ari dira sobietarrak.
Ba da beste arrazoin bat ere. Niretzat esan nahitsuena. Moskuk ez du gura sozialismoaren esperientzia berririk Europan. Pragako udaberria datorkio gogora. Europan sozialismoak eta komunismoak, bat eginik, bide berri bat irekiko balute, horrek agian udaberri bat ekarriko luke Pragan eta Budapesten eta Pankowen... Ezaguna da, Italiako «Hautsi-mautsi* Historikoak», Frantziako «Programa Bateratuak», Espainiako «Aliantza eta Hitzarmenak*» ez diotela Moskuri inongo graziarik egiten. Bide berri bat litzateke hori, dudarik gabe, Europar Sozialismo izenaz bataiatua izango eta beraz Moskutik distantziaturik biziko litzatekeena.
Giscarden Frantzia nahiago du Moskuk Mitterrandena baino, Europa burgesa maiteago Europa ezkertiarra baino. (Joan Mari Torrealday)
Herrialde guztietan
Hor, han, hemen. Berri laburrak
• Frantziako alderdi sozialista irrati emangailu* bat beretzat prestatzen ari da, frantses Estatuaren barrutik irratsaioak eman ahal izateko. Gobernuaren arauerako* irrati eta telebistaren monopolioak hedatzen* dituen berriei aurpegi ematea du helburu. Haseran, Paris eremuari* lotuko omen zaio.
• Russel Tribunalak bere bigarren epaia eman du argitara. Lelio Basso buru duela, eta García Márquez, Bosch, Cortázar, Girardi, Rigaux, Kastler eta hauen gisako* beste zenbait gizon nabari* hauzimahaiko direla, Latin Amerikari buruzko ageri bat sinatu* dute Brusselan. Brasil, Txile, Uruguay, Bolivia, Guatemala, Haiti, Dominikar Errepublika eta Argentinan agintariek buruturiko giza eskubideen zapalketak eta indarkeriak salatzen dituzte, bai eta, Estatu Batuak ere egoera horien suemale direlako, Nixon, Ford eta Kissingeri erruak bereziki leporatuz.
Hitz madarikaturik baldin badago, euskaraz behintzat, horietako bat kafe hitza dateke. Nork ez daki Euskal Herrion, edo jakin uste du behintzat, euskaraz kafeari akeita esaten —esan behar— zaiola? Guti dira, ordea, hitz horien historia dakitenak, halabaina.*
Irakasle eskandinaviar batek, kuriositatez, euskaldun bati ea euskaraz kafeak zer izen zuen galdetu omen zion behin; eta, gure herkideak «akeita» erantzutean, «orduan euskara dateke* kafeari kafe izena ematen ez dion Europako hizkuntza bakarra» erantzun omen zion irakasle hark, erabat* harriturik.
Eta arrazoia ez zuen falta. Hona hemen exenpluak: espainolez, portugesez eta frantsesez café, katalanez cafè, italieraz caffè, ingelesez coffee, alemanez Kaffee, errusieraz kofye, bretoieraz kafe, hungarieraz kávé, eslovakieraz kava, georgieraz k'ava, turkieraz kahve eta arabieraz qahwa (= kaua). Dakusagunez,* bariante ttiki batzu* alde batera utzirik, begi bistan dago hizkuntza guztiok hitz berbera darabilatela. Zergatik hau, ordea?
Ba dira ekoizpen edo produktu batzu, sortzen, biltzen edo moldatzen direneko tokiaren izena daramatenak, esate baterako cognac eta champagne deritzen edariak, Frantziako Cognac eta Champagne izeneko lurraldeetan sorturikoak. Espainian ere, holakoxeak dira jerez izena daramaten ardoak. Izen guztiok sorterriko marka batzu dira, eta horregatik toki guztietan izen horrexekin ezagutuak dira. Cognaceko lurraldekoa ez denak, legez ezin har dezake cognac izena, brandy baizik.
Hauez gainera, noski, ba daude beste izen batzu, toki bakarrekoak direla edo leku konkretu batetan jatorria dutelako, antzeko hitz internazionaltzat dabiltzanak: paella (Valencia), whiskia (Eskozia), pizza (Italia), vodka (Errusia), Euskal Herriko txakolina (eta ez chacolí ez txakoli inozo* horik*!).
Ederki! Eta kafeaz zer? Nondik dator hitz hori? Kafea, egunotan zoritxarrez hain modan dagoen Ethiopiatik dator. Bertan Kaffa izeneko lurralde bat dago, sasi antzera kafea berez hazten zaiona. Ardiak, haren fruitua jatean, oso bizkor zebiltzala ikustean, fraide batzu Coffea arabica zientzi izena duen landarearen fruituak biltzen eta dastatzen* hasi omen ziren; eta, dirudienez, hortixek zabaldu zen edari horren usadioa.
Arabieraz qahura aditzak «garaitu» edo «nagusitu» esan nahi du; eta azterlari batzuk kafearen etymologia hortxe zegokeela uste dute, edariaren pizgarritasuna kontuan harturik. Kaffa izena, gainera, kafetik datorrela diote, eta herrialde horrexen izenetik, halaber,* europar hizkuntzetako f-dun barianteak.
Erdi Haroan arabiarrak kafearen merkatalgoan* ibili ziren; baina mendebaldeko* Europara berandu xamar ailegatu zen produktu hori. Frantziara, dakigunez, XVIII. mendean heldu zen kafearen usadioa; eta 1654. urtean —Axular jadanik* hamar urte hila zelarik— lehenbiziko kafetxea irekitzen zen Marseillan. Edari hau, urrundik ekarria zela eta, oso garestia zen hasieran, eta aberatsek ez bestek dasta zezaketen.
Datu guztiotatik, irakurleak jadanik ulertua duke* ez dela posible jatorriz bertokoa ez den eta hain denbora modemotan etorririko produktu horrek euskal izen jator bat izatea. Bai, noski; baina akeita izena zer da, orduan? Hara! Herri xehearen artean kafea edatea gizonezkoen bizio esklusiboa zen —gure gazte denboran tabakoa erretzea zen bezalaxe—, eta oso gaizki ikusten zen emakumezkoek hura edatea. Andreek, baina, behialako* sagar galerazia legez,* kafea gustatu eta gizonezkoek jakin gabe edan ahal izateko, Nafarroa Behereko herritxo batzutan aketta (eta ez akeita!) ezizena ematen zioten; eta aitzakia horrekin beren senarrek susmatu gabe ezkutuan* edaten omen zuten. Batzuk diotenetik, gainera, aketta mendiko belar baten izena omen zen, tripako minetarako, kamamilaren* antzera edo, erabilia.
Dirudienez, euskal puristaren batek, hitz hori entzun bezain agudo,* akettatik, erraxago esateko, akeita egin eta Euskal Herri osotik aldarrikatu* zuen, harri philosophala aurkitu bailuen,* hitzaren txantxetako zentzuaz konturatu barik.* Eta hargatik, hortik dabiltza oraino morroi asko, Mediterranioa berraurkiturik, kafea diogunoi akeita moduko hitz «jatorra» erakutsi guran.
Norbaitek esan dezake —eta dio— behin herriak ikasiz gero aski* dela, beste gabe, akeita euskal hitz-tzat hartzeko. Holakoak, lehenik eta behin, «antierdara» inozo baten izenean, herriari enganio bat sartzea onhartzen du; eta aitzakia horrekin, bestalde, kafe euskal hitz jator eta nazioartekoa erabat baztertu nahi digu, kafesne hitz paregabearen lekuan, beharbada, akeitesne (?!) pitxi eta iratxo* bat ezarri nahirik.
Hi heu, irakurle, nahiago du(n)ana aukeratzeko libre haiz; baina neronek, kafea nahi dudanean, kafea eskatuko di(n)at beti, Brasilgoa ahal bada, eta ez Nafarroa Behereko edo Matxinbentako akeita edo akeita ondoko belar zikinik.
Xabier KINTANA
dezake, daike
digu, deusku
zaio, jako
zezaketen, eikeen
zion, eutson
zioten, eutsoen
IMANOL BERRIATUAK
Ale honetan izartto batekin agertzen diren berbak
ABAGADUNE, coyuntura.
ABANTZU, avance. (Ikus Pierre Lhanderen hiztegia.)
ADIZKERA, flexión verbal.
AGIAN, probablemente, seguramente.
AGINTEREMU, terreno de mando.
AGINTZARI, promesa.
AGORRIL, abuztu.
AGUDO, laster.
AIHERKUNDE, aversión.
AILITZ, ojalá fuese. (Ikus Lafitteren «Grammaire Basque», 382. horrialdea.)
AISE, erraz.
AKIZE, Frantziako Dax.
ALDAKI, copia.
ALDARRIKATU, proclamado, vociferado.
ALDARRIKATZE, proclamar.
ALDIZ, berriz, ordea, ostera.
ANGELU, Lapurdiko Anglet.
ANIZTASUN, askotasun, pluralismo.
ANTZ, irudi.
ARABERA, arauera, según, conforme.
ARAUERA, arabera, según, conforme.
ARBUIATU, despreciado.
ARNASA, hats, aliento, haleine.
ARNASTU, arnasa (hatsa) eman.
ARO, época, tiempo. (HARO, ruido, bruit.)
ARRAKASTA, éxito, succès.
ARRUNT, común, ordinario, popular.
ARTA, ardura, axola.
ARTAKIDEGO (arta, ardura + kidego), cogestión. (KUDEANTZA, gestión. AUTOKUDEANTZA, autogestión.)
ASALDATU, alborotado, alarmado, amotinado, rebelado.
ASKI, nahiko.
ATERAIA, ateratua. (Ikus Lafitteren «Grammaire Basque», 224. horrialdea.)
ATERARIK, ateraz. (Ikus «Axularren Hiztegia, eta Lafitteren «Grammaire Basque», 224. horrialdea.)
AUSART, valiente, intrépido.
AXOLAGABEKERIA, ardurabagekeria.
AXOLATZE, arduratze.
AZALKETA, relato.
BADERITZATE, baderizkiote.
BAILUEN, balu bezala, como si hubiese.
BAITEZPADAKO, beharrezko, derrigorrezko.
BALIOGABEZTATU, desvalorizado.
BARIK (1), gabe, sin, sans.
BARIK (2), gabe, en vez de, au lieu de.
BARREIATZE, esparcir.
BARRUTI, jurisdicción.
BATIPAT, batez ere, guztiz ere, bereziki.
BATZORDE, comisión, comité.
BATZU, zenbait. (Batzuk aktibo, batzu pasibo.)
BAZKOTAN, Pazkotan.
BEHAR, obligar. (BEHARTU, obligado.)
BEHATZE, begiratze.
BEHIALA, behinola, en otro tiempo, autrefois.
BENTZUTU, vencido. (Ikus «Axularren Hiztegia».)
BEREIZI, separado. (BEREZI, especial.)
BEREKI, propio, original.
BERMATU, salatu.
BERREGIN, multicopiado.
BERRIKITAN, berriki, recientemente.
BERTATIK, automáticamente, inmediatamente, ipso facto.
BERTSU (beretsu), casi idéntico.
BESTAKIZUN, festakizun.
BEZERO, cliente.
BIDAIA, viaje, voyage.
BIDE, beharbada, nonbait.
BIHURRI, enrevesado.
BILAKABIDE, proceso.
BILDUMA, colección.
BILKETA, recogida, cueillette.
BILKURA, bilera, reunión.
BORTITZ, fuerte. (Hitz hau latinezko fortis berbatik dator.)
BOTU, boz, voto, voix. (BOTARI, votante. Ikus Toribio Etxebarriaren «Léxicon del euskara dialectal de Eibar».)
BOZKETA, votación.
BULEGO, oficina, bureau.
BURKIDE, camarada.
BURUTU, realizado, llevado a cabo.
BURRUKÁ, burrukea, la lucha. (Azentuak artikulua adierazten du.)
DAKUSAGU, ikusten dugu.
DASTATZE, gustar, degustar.
DATEKE, da nonbait.
DATZA, yace, está. (Etzan aditzaren forma.)
DEA (da + a), ahal da?
DEDU, ohore.
DEITU, deitutako, deiturikako, deituriko.
DENENTZ, dentz, denez, den ala ez.
DEUS, ezer.
DEUSEZTATU, destruido, aniquilado.
DIREA (dira + a), ahal dira?
DITUENEKO, dituenerako, para cuando los haya.
DOI, juxtu.
DUKE, du nonbait.
EDONOLA, nolanahi.
EGUERDIKO, eguerdirako.
EGUN, gaur.
EHORZTE, enterrar.
EKAI, materia.
ELABERRI, novela, roman.
ELAKARI, hablador.
EMANGAILU, aparato emisor.
EMATEKE, eman gabe.
ERABAT, guztiz, osoki.
ERALGI, gastatu.
ERDIESTE, lortze.
EREMU, terreno, territorio.
ERHAN, matado, tué.
ERITASUN, gaixotasun.
ERIZKINTZA, crítica.
EROAPEN, pazientzia.
EROATE, eramate.
ERRESUMA, erreinu.
ESATERAKO, esate baterako, por ejemplo.
ESTAIA, piso, étage.
ETSAIGO, enemistad.
EUSKARÁ, euskerea, el euskera. (Azentuak artikulua adierazten du.)
EUSTE, apoyar, sostener.
EUTSI, apoyado, mantenido, sostenido.
EZEGONKOI, inestable.
EZKUTU (1), lugar oculto, escondrijo.
EZKUTU (2), ezkutatu, oculto.
FROGA, prueba, demostración.
FROGATU, probado, demostrado.
GAINDI, zehar.
GALTZER, galzorian, ia galdua.
GARBIOLA, instalación depuradora.
GARRANTZIA, inportantzia. (Iparraldekoentzat azken bokala organikoa da.)
GEHIENGO, mayoría.
GERATZE, gelditze.
GISA (1), mudu, era.
GISA (2), bezala, legez.
GUN, hun, núcleo.
GUTIENGO, minoría.
GUTUN, eskutitz.
HALABAINA, sin embargo, cependant.
HALABER, así mismo, también. Ene ustez, arrazoin du Altubek, baita ere (bai eta ere) gaitzesten duenean. (Ikus haren «Erderismos», 195-206 horrialdeak.)
HALEGIA (hala + egia), a saber, es decir, esto es. (ALEGIA, ficción, simulación.)
HARMADA, ejército.
HARMATAN, en armas. (HARMETAN, en las armas.)
HASTAPEN, haste, hasera, comienzo.
HAUK, honeek. (Hauek aktibo, hauk pasibo.)
HAUTESKUNDE, elección por votación.
HAUTSI-MAUTSI, arreglo, componenda, compromiso. (ENGAIAMENDU, compromiso, engagement.)
HAZKUNDE, desarrollo, développement.
HAZTATZE, pisatze.
HEDATU, zabaldu.
HEDATZE, zabaltze.
HEGI, ertz.
HEIN, medida, grado, proporción.
HELBIDE, dirección, adresse. (ZUZENBIDE, justicia, derecho.)
HELDU, próximo.
HERRA, odio.
HERSTE, apretar, estrechar.
HETSI, hitxi, cerrado, fermé. (Baionako ZABAL aldizkariak hitz hau aukeratu du euskara baturako.)
HEZE, húmedo.
HEZKUNTZA, hezkunde, educación.
HIGIDURA, mugimendu.
HILTZER, a punto de morir, casi muerto.
HIRIKO, municipal.
HITZARMEN, convenio, pacto.
HITZEMAN, prometatu.
HORIK, hoik, horreek. (Horiek aktibo, horik pasibo.)
HORREN, hoin, tan.
HOTS, a saber, es decir, esto es.
HURA, ha.
IDAZJABETASUN, propiedad intelectual.
IDAZKARI, sekretari.
IKERKUNTZA, ikertzapen, investigación.
INOZO, bobo, cándido, tonto.
IRAGAITZAZKO, transitorio. (Ikus «Axularren Hiztegia».)
IRATXEKI, atxeki erazi, pegado, soldado, adhéré, soudé. (IRAZEKI, izeki erazi, encendido, allumé.) Ikus «Axularren Hiztegia».
IRATXO, duende, petit fantôme.
ISOLATU, aislado.
ISTILU, conflicto.
ITZULMIN, nostalgia.
IZOTZ, hielo, glace.
JADANIK, ya.
JALGITZE, ateratze, irtete, urtete.
JARRERA, actitud, postura, posición.
JASAN, soportado, sufrido.
JAUSTE, erortze.
JIN, etorri.
JIPOI, astinaldi, somanta, tunda.
JOSKERA, sintaxis.
KAMAMILA, manzanilla.
KARIA, motivo.
KRISTAL, cristalizar. (KRISTALDU, cristalizado.)
LARUNBAT, zapatu.
LEGEZ, bezala.
LEJOA, Lejona, Bilboko hauzotegia.
LILURAMEN, encanto, hechizo, fascinación.
LOT, quedar, rester. (LOTU, quedado, resté.)
LUZAGARRI, continuación, apéndice.
MAIZ, sarri.
MENDEBALDE (mendebal + alde), occidente, Oeste.
MENTS, déficit.
MENTURAZALE, aventurero.
MENTURAZKO, aventurado, arriesgado.
MERKATALDEGI, cámara de comercio.
MERKATALGO, comercio.
NABARI, público.
NORABIDE, orientación.
NORTZU, quiénes. (NOR, quién.)
NORTZUK, quiénes. (Nortzuk aktibo, nortzu pasibo.)
ÑABARDURA, matiz, nuance.
OHI, ex-.
OIHAN, baso.
OIHARTZUN, eco.
OLDAR, empuje.
OLDE, movimiento, corriente, ímpetu.
ORDEZKO, auxiliar, suplente, no numerario.
OREKA, equilibrio.
OREN, ordu.
ORO, guzti.
OSAGARRI, complementario.
OSOTZE, completar, componer. (OSATZE, bizkaitarrentzat, curar da.)
OTSAIL, febrero.
PROMETATZE, prometer. (Ikus «Axularren Hiztegia».)
SEKRETARI, idazkari. (Ikus «Axularren Hiztegia».)
SESB, Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna.
SINATU, firmado.
SOLASKIDE, interlocutor.
SUNTSITU, destruido, desaparecido.
TAXU, traza, porte, presentación.
TESTIGANTZA, testimonio, témoignage.
TXOSTEN, escrito (generalmente corto).
UKAN, izan. (Ukan aktibo, izan pasibo.)
UNADA (une + ada), período.
URRIKO, urrirako.
UZTA, cosecha, récolte.
UZTAIL, julio.
XEDE, límite.
ZAGITA, saeta, flecha.
ZAHAR, envejecer. (ZAHARTU, envejecido.)
ZEREN (ETA), ze, pues.
ZERGA, impuesto, contribución.
ZILAR, zidar, plata, argent.
ZOZKETA, sorteo.
ZURRUMILO, zurrunbilo, torbellino, tourbillon.
Aditz infinitiboa Axularrengan
Ez nazazula dei neure egunen erdian. Utz nazazu zahartzera, umotzera, urdintzera eta azken adinera heltzera (127: 258-16).
Konpli ezazu, bada, zuk ere zeure hitza eta promesa, zahar zintezeneko eman zenduena (130: 266-9).
Bigarren erremedioa, juramentu egiteko usantzaren uzteko, da erraitea, juramentuaren orde, juramentuaren lekuan, «bai segur», «ez segur», «hala da», «ez da hala», «egia erraiten derautzut», «sinets nazazu», «ez nazazula gehiagotara behar» (180: 357-9).
Haserre zaitezte, eta ez dagizuela bekaturik. Haserre bai, ordea neurriz, pazientziaren xedea* eta marra iragan gabe; faltari bai, baina faltaren jabeari herrarik* eta aiherkunderik* eduki gabe (186: 367-18).
Ezaguna dugu espezializazioaren funtzio ideologikoa. Espezializazioak, mundu objektiboaren batasuna mila puskatan zatituz, errealitatearen nolakotasuna aldatzeko beharrezkoa den pentsaera orokorra galerazten du. Gehiago oraindik, Ivan Illich-ek maiz salatu zuen monopolio profesional baten bidez, espezializazioak lan zatiketa eta sistemaren razionaltasun faltsua mantentzen ditu. Espezializazio honen ondorioak gainditzeko, zientzi maila guztietan ikusmira orokor baten premian gaude, sozial zientzietan bereziki.
Soziolinguistika espezializazio konkretu baten muga hestuak desegiteko jaio zen. Zientzia desberdin askoren azterpideak onhartuz, oso sintesi interesgarri bat osatu du. Azken urte hauetan makina bat problema konprenitzeko giltzak eskaini dizkigu: adibidez, hizkuntzetako kontaktuaren problema.
Zoritxarrez, soziohizkuntzalariek sorterazitako kontzeptuak mixtifikazio ugariren iturria izan dra. Baieztapen honekin ez dut ortodoxiarik defendatu nahi, manipulazio ideologiko bat seinalatu baizik. Har dezagun, esaterako, «diglosia» delakoaren kontzeptua. Diglosia, dakikezuenez, lurralde berean hizkuntza biren bizikidetasuna da, bata bestearen menpeko delarik. Diglosia modan dago gaur egun. Euskal Herrian, Rafael Lluis Ninyoles jaunaren obra baliotsu baten bidez ezagutu genuen («Idioma y poder social». Ed. Tecnos. Madrid. 1972.). Gero Aratzen eta neronen artikuluak etorri ziren («Anaitasuna», 253, 257 eta 261. zenb.). Luis Haranburu-Altunak («Ikastolak 1973». Aurtengo zenbait berri. Ed. Lur. Donostia. 1974.) guk esandakoari zenbait oztopo ezarri zion, baina azkenez gure ikuspuntua onhartu bide du («Las ikastolas». Triunfo, 655. zenb.). Egun, askok hitz egiten du diglosiari buruz. Hala ere, sozial kontaktu bati erreferentziarik egiten ez bazaio, kontzeptuaren etorkizko balore guztia desagertzen da.
Apirilaren 24etik 26a arte, Hizkuntzbitasuna eta Irakaskuntzari buruzko II. Mintegia ospatu zen Palma de Mallorcan, Barcelonako Unibertsitate Zentraleko ICEk antolaturik. Bilkura hortan diglosiaz mintzatu zen, baina ez ikuspegi soziolinguistiko batetatik, kasu gutitan izan ezik. Presentatu ziren lan gehienak psikologismo susmogarri batez kutsaturik zeuden. Hizkuntzbitasuna problematika indibidual bat bezala agertzen zen, haren sozial baldintza guztiak ahantziz.
Planteamendu honen asmo asimilatzailea argiro nabaritu zen, Erromako Unibertsitateko Renzo Titone irakaslearen mintzaldian. Titone jaunak, aski ezaguna den hastapen psikologista eta mistiko bat oinharritzat hartuz (Ikus Philip Lersch-en «La Estructura de la Personalidad»), hizkuntzbitasunaren laudorioak kantatu zizkigun. Geroxeago jakin genuenez, Titoneren taldeko ikertzapenen ondorioak Alto Adigion hasi dira praktikan ipintzen, hango nazional arazoa konpondu nahiz. Alto Adigio, jakina denez, etnikoki germaniar den Italiako eskualde bat dugu.
Asmo asimilatzaile honen beste froga bat: Miquel Clot jaunak, Andorrako «Casa de la Vall» delakoak egindako txosten bat irakurri zuen. Andorratarren hizkuntzarekiko jokabide ofiziala, haseratik, diglosiaren menpean mugitu da. Ez dute diglosia horren kontra burrukarik egin, zeren, andorratarrek berek argi eta garbi diotenez, burruka hortan ez baitute interesik. Ontzat hartu dute, Espainia eta Frantziarekiko lotura ekonomikoek ezartzen dieten egoera. Clot jaunak zioenez, katalan hizkuntzaren irakaskuntza eta eski kirolaren irakaskuntza maila ber berean daude..., «andorrizazio» kultural baten programan.
Aitzitik, eta diglosiazko egoeraren benetako gainditze bati behatzen badiogu, Galiziako ordezkariek eta zenbait katalanek azaldu zituzten ideiak, xit interesgarriak iruditu zitzaizkigun.
Vigoko Valentín Arias jaunak galegozko irakaskuntzaren egoerari buruz laburpen bat egin zigun. Ez zuen soziolinguistikaren hiztegia erabili, baina hizkuntzaren problematikari egiazko hurbiltasun soziologiko bat egin zion.
Lehendabizi, Galiziako herri nekazariaren autogorroto linguistikoa aipatu zuen. Gorroto edo higuin hau, burges galegoen errealismo ezaren eta herri urguilu faltaren ondorio bat besterik ez da. Eta ez da gauza berria! Ene ustez, euskaldunok galegoegandik ikastekorik asko dugu zentzu hontan. 1971.ean idazle talde batek egindako liburuxka batetan («Plan pedagóxico galego». Ed. Galaxia. Vigo. 1971) irakur dezakegunez:
«Azken mende hauetan, galego herriak ez du galegoz hitz egitea hautatu. Beste aukerarik ez zuelako mintzatu da galegoz, hots, gaztelaniaz hitz egiten ez zekielako. Hona hemen nola elkartu diren galegoa eta pobretasuna».
Geroago, Arias jaunak oso bereizkuntza garrantzitsu bat egin zuen. «Desgalegizazioa», Galiziaren bilakabide diglosikoa, inkontziente xamarra da. Aitzitik, «galegizazioa», galego hizkuntzaren normalizaziozko bilakabidea, kontzientea dugu. Beraz, ezin daitezke biak maila berean konparatuak izan. Historiaren zentzuari so eginik, normalizaziozko bilakabide oro, «elite» batzuk sortzen badute ere, populuaren ekintzari loturik dago, eta beronen kontzientzia sendotzen den neurrian indartzen da hura ere.
Katalanen aldetik, aipagarriak dira Rosa-Sensat taldeko ordezkariak. Barcelonako Unibertsitate Zentraleko Jordi Vives soziologoak Katalunian egiten diren estudio soziolinguistikoei buruz txosten bat irakurri eta gero, Lluis López del Castillo jauna, irakaskuntz mailan gertatzen diren, hizkuntza normalizatuen eta sozial hizkeren arteko harremanez mintzatu zen. Euskal Herriko andre «agurgarri» batek ez zituen Lopez del Castillo jaunaren argudio ulergarriak konprenitu, eta euskara batuaren kontra euskalkien defentsa egiten hasi zen. Lopez del Castillok oroiterazi zionez, duela hirurogei urte egin zen Katalunian batasun linguistikoa; eta batasunaren kontra euskalkiak defendatzea, nahitaez jarrera erreakzionario bat da.
Laburtuz: Mintegia, diglosiaren alde eta kontrako jarrera batzuren nahasketa bat izan da. Zorigaitzez, ez zegoen tesi desberdin guztiak eztabaidatzeko astirik. Bestela, hizkuntza bitasunaz mintzatzea eta hizkuntza zapalduak zinez defendatzea gauza bera ez direla argiturik geldituko zatekeen.
Ganix JUARISTI