ANAITASUNA
299. zenb.
1975.eko uztailaren 15ekoa
Pelota, 4 - 1.º - Bilbao-5
Tel. 23 74 49 - Apart. 495
ANAITASUNA BIZKAIA
HAMABOSTEROKOA
ZUZENDARIA:
Joan Mari Torrealdai
Urteko abonamendua:
Bertorako 300 pezeta
Latin Amerikarako 320 »
Europa eta Ipar Amerikarako 450 »
Ale bakoitza: 15 pezeta.
HELBIDEA:
Pelota, 4 - 1.º Bilbao-5.
Posta kaxa 495. Tel. 237449.
INPRIMATZAILEA:
Imprenta AMADO - Mazarredo, 35 - Bilbao-10
D. L.: BI. 1753-67.
Gabriel Aresti Segurola (in memoriam)
Ekainaren 5ean, Bilbon, Basurtuko hospitalean Gabriel Aresti hiltzen zen, ahaide eta adiskidez inguraturik. Egun batzu lehenago, gibeleko operazio bat egin ziezaioten, bertara joana zen. Hil zitekeelako posibletasuna ongi kontuan hartu zuen Arestik; eta horregatik argiro utzi zituen bere azken nahiak, bere gorpu eta literatur obrez.
Jadanik bizi zelarik, Arestik toki inportante bat lortua zuen Euskal Literaturaren historian; eta hemendik aurrera inork ez dio hori ukatuko, orain arte egin diotenek berek ere ez. Bere obra hor utzi digu, dastagai eta aztergai, jaiotzeko diren berrien begi-buruetarako.
Itxuraz, kontraesan handien arteko gizona genuen Gabriel, Treveriskoaren eta euskalduntasunaren bideak elkartu nahirik ibili zena. Horrexegatik, bizi zenean, helburu biok bete ziezazkiokeen alderdirik ezaz, ez zegoen inorekin, independentzia arrabiatu batetan baizik. Euskaldunei beren eskuindarkeria aurpegiratzen bazien, ezkertiarrei beren euskaltzaletasunik eza erakusten zien lazki.* Gizona —abstraktua eta konkretua— defendatu nahi zuen zapalkuntza guztietatik. Eta bere aitaren etxea —guztiona— ere bai.
Hain burruka latzean Arestiri etsaiak sortu zitzaizkion, edo berak sorterazi zituen. Kasurako berdin da. («Esanen dizut egia, / hau ezta usategia. / Erroi artean izan nintzaden / benetan ausartegia»). Baina izterbegien hirak biltzean, haien amorru arrabiatua jasotzean, Gabriel barrutik poztu egiten zen, bere kritika ongi zuzendua zuela igarriz.
Bilbotar poetaren pentsamendua ulertzeko, nik uste, haren kontrast izateko gogoa ondo kontuan hartu behar da. Izan ere, Arestiren jarrera batzu berariaz* ziren extremista, balantza nolabait ekilibratzeko eta bere portaera horrekin beste puntakoena nabari gera zedin. «Ez dago erdibide bakar bat —esan zidan behin—. Hor dabiltza batzu, purismo eta mordoilokeria artean bide bat egin nahirik. Meza Saindua eta Jaupa Deuna artean Meza Deuna aukeratu dute, berau erdibidea delakoan. Nik beste aukera bat egiteko eskubide berbera duket*: Jaupa Saindua, halajaina».
Zerabilan mordoilokeria hura,* hortaz,* beste bandakoen kontrako arrapostu zirikatzailetzat ulertu behar da zati haundi batez, bere etsaiak senetik ateratzeko modu bat-tzat, ez bestela. Ez da gaitz ikustea, Arestiren poemen euskara eta haren artikulu polemikoena erabat ezberdin direla, literatur hizkuntza eta mintzaira probokagarria ongi banatuz.
Eta gauza guztietan arazoen okertasuna ab absurdo frogatzeko sistima horrek —sarritan pertsonak eta idoloak barregarri uztera bultzatzen zuenak— behin baino gehiagotan ekarri zion ezbeharrik.
Hori dela eta, Gabriel Aresti, gure herrian dauden «gaizto ofizial» honetako bat zen, askoren ustez sekula arrazoia ezin ukan zuena. Baina Malgizon Arestiar, funtsean* Bongizon bat genuen, euskal alorran bere kritikaz kalte baino mesede gehiago egin ziona. Argitasunaren, sinpletasunaren eta birjintasun ideologikoen aldekoek, Portaera nahasi eta susmagarri hori kritikatzen ziotenean, ez zuten aitortu nahi, parterik haundienean beraiek egiten zutela Aresti susmagarri beren azpijan eta etiketismoaz. Harritzekoa da, bestalde, nola halakoen artean Arestiren poemak erabili eta plagiatu izan diren, autorearen izenik sekula aitortu gabe.
Euskal poesiari hizkuntza eta gai berriak eskaini zizkion Arestik, mintzaira askatu, aberats eta solte bat, garbizaleen antzutasun thematiko eta linguistikoak ezin eman zitzakeen gauzak berauk. Theatro zaharra ezaguterazi eta modernoari jarraipide berriztaturik eskaini zion. Nola ahantz, bestalde, euskararen batasunak Arestiri zor diona?
Berak proposatu zuen, besteak beste, 1968.ean Arantzazuko batzarre famatua egitea; eta harez gero aditz batzordean parte harturikoa dugu. Urrunera ginderamatzake,* hemen haren lexik eta aditz azterketa guztiak aipatzeak, Fontes Linguae Vasconum aldizkarian argitaratuak.
Arestik ttikitan euskara ez zekiela eta hil zenean 41 urte beste/ik ez zuela jakiteak, perspektiba bat emanen diguke, haren bizitzaren emankortasunaz jabetzeko.
Gabrielen heriotza, Haranburu Altunak haren hilhobi ondoan esan zuenez, ez da ezein* alderdiren galtze bat, Euskal Herri osoaren galtze bat baizik. Eta beste adiskide batek, nonbait egin zaion omenaldian esandakoa errepikatuz amai dezadan nik ere: «Aresti hil da. Biba Aresti!»
Xabier KINTANA
Arrazaren ekipoaren hizkuntza
Behin baino gehiagotan entzun dugu —gurean Forofogoitia jaunak oso ugariak izaten dira eta— Athletic de Bilbao «euskal arrazaren ekipoa» dela. Ni neu, egia esan «bizitza guztiko» bilbotar horietakoa naiz, Begoñan bataiatua eta, meritu gehiagorako, Traukoko estratakoa; orain hamazazpi urte inguru Larrazabaleko txakolindegi famatua zegoen kalekoa, halegia.* Baina —zer nahi duzu irakurle!— foot-ball zalea ez naizen arren, ekipo bat aukeratzekotan, Real Sociedad-en alde eginen nuke.
Horren arrazoiak erraxak dira. Donostiar ekipoak bere agerpen publikoetan «euskal» hizkuntzaren eta herriaren alde diharduelako —zenbait gauzatxotan behintzat—, Bilboko Athletic-ek, aldiz, «arraza»ren hizkuntza jatorrizkoa zein den oraindik ez dakien artean. Eta maitasuna eginez frogatzen* da, eta ez hitz hutsez.
Seinale bat —fina denean, ttikia izan arren— askitxo dateke, egilearen norabidea eta nondiknorakoa ikusteko. Hortxe dago, kasu,* Real Sociedad-ek bere txartelak ateratzeko modua: sarrera-entrada. Bilbokoek «arraza»ren hizkuntzan entrada ezartzen digute soil soilki. Donostiakoei bururatu zaiena ezin burura zekiekeen bilbotarrei berei ere?
Beldur naiz, ordea, herri xelebre hontan ia beti gertatzen ohi denez, Donostiarren ideia bikain* hori Bilboratzean modu «sui generis» batez itxuraldaturik ez ote zaigun etorriko, inoiz etortzekotan: kasu, sarera (r pikordunaz) edo holako pitxikeriaren batez. Haundiagorik ere ikusiak gaituzu, irakurle!
Iruineko Osasunak ez bezala, «euskal» ekipo indartsuenek erdal izenak dituzte. Kasualitate hau jadanik* susmagarritxoa dateke; baina, hala ere, ba dago ezberdintasunik franko ekipo bien artean. Partidu eta goletan ez dakit, baina euskara kontuan behinik behin Athletic de Bilbao-k 0, Real Sociedad de San Sebastián-ek 4 jarri beharko diet.
Are txartoago oraindik!
Aspaldion esaka ari gara, penagarrizko egoeran agertzen direla euskal eskribu eta txartel asko inguruetan. Horrela, K behar litzatekeen lekuan C edo Q jartzen da, eta S barik Z: hola idatzitakoak maiz* ikusten ditugu. Dena den, gauza guztietan egoten da, aurrekoek baino gaizkiago egiten duen norbait; eta arazo hontan ere bai, noski.
Euskaldun aberats edo aberats gisakoek* —irudimen azkarraren* froga* ageria berau— beren txaletei sarritan «Gure Ametsa» izena ezartzen diete. Izen hori, hala ere, «Gure Ametza» bihurturik ikusi dugu toki askotan, irudimen eskasaz gainera orthographi oker nabari* batez, ametza haritzaren antzeko zuhaitz bat baita.
Lehengo egunean, ordea, are* txarragorik ikusi genuen. Txalet hark ez zekarren ez ametsik ez ametzik, ez. hura* «Gure Loa» zen!
Xabier KINTANA
Nolako monarkitasuna?
Espainiak ez omen du lehengo Monarkia berreraiki,* Monarkia berri bat eraiki baizik. Etorkizunerako Espainiar Monarkiaren legebidetasuna* ez omen dago Borbondarren tradizioan, uztailaren* 18ko Erregimenaren oinharrietan baizik. Garbi utzi nahi izan du hori Estatuko Buruzagiak. Eta kondizionamendu hortan babestu du Juan Carlos Printzeak bere erregegaitasuna.
Erregimenaren Gorteek, kondizio modu horiekin noski, Monarkia onhartu zutenean (eta Gorteekin batera Juan Carlosek berak), ikustekoak eta entzutekoak izan ziren, Espainian orain arte izan diren monarkizale bakarrek (borbondarrek, halegia.* Karlistak aparte daude arazo hontan) esandakoak. Ez zeuden batere ados Erregimenak hartutako erabakiarekin. Ez zen bidezko eta itxurazko —hala zioten— Monarkiari iraungarritasun aparta ematen dion dinasti legea horrela haustea. Izan ere, Barcelonako Kontea erabat* baztertua geratzen baitzen, Juan Carlos erregegaitzat aitortzean. Don Juanen borondatea ez zen haintzakotzat* hartzen.
Ba dirudi orain, Monarkiaren dinasti ardatzari eutsi egin diotela monarkizale «klasikoek». Estorilen esandakoak ez ditu Don Juanek kasualitatez esan. Erabaki dinastiko bat izan da, gerorako oihartzun* luze eta zabala izan dezakeen deliberamendu politiko bat. Don Juanek, hain zuzen, politikariz inguratuta hitz egin du, alde batetik; eta bestetik, azken urteko Espainiako Erregimenari (Ariasen «irekitasunari» itxaropideak murriztu* zaizkiolako ote?) demokrazia orokor* bat eskaini nahi izan dio. Don Juanek, dirudienez, Erregimenaz kanpoko indar demokratikoak indartu gura izan ditu; baina, sor litekeen Monarkiari «monarkizaletasun hutsaren» hesparrua* irekiz, hau da, sozialista, sozialdemokrata, eskualdezale* eta beste talde demokratikoei Borbondar Monarkiaren aterpera dei eginez.
Honela, legebidetasun dinastikoa duen Monarkiak, Erregimenaren kanpotik jokatu nahi luke, Don Juan burutzat duela. Juan Carlos Printzea, ostera, hau da, uztailaren 18an oinharriturik legebidetasun politikoa duen Monarkia, Erregimenaren barnean geratuko litzateke.
Cunhalen demokrazia
Argitara eman berria da, Oriana Fallaci kazetariak Alvaro Cunhal Portugaleko Alderdi Komunistaren buruzagiari egindako elkar ikusketa. Demokraziari buruz eta politikari haren ustez Portugalek beharko lukeenaren inguruan doa elkar hizketa. Hauk dira Cunhalen ideiak:
«Guk, Portugaleko komunistok, beharrezkoak ditugu indar harmatuak. Eta gizon harmatuekin gaude. Guretzat ez du balio sozialismoarekin egin dezakegun herritar fronteak, hau da, Nennik eta Togliattik 1948.ean elkarrekin egin zuten antzeko akordioak. Indar Harmatuen Mugimenduarekin egin dugu akordio hori. (...). Hauteskundeen* jokorik ez dugu onhartzen komunistok. (...). Ez, ez, ez; bost axola zaizkit niri elekzioak. Deus* ere ez. Arazo hau, alderdiek jaso dituzten botoen portzentaiaren arazoa dela uste baduzu —diotso Fallaciri—, oker zaude bete betean. Alderdi Sozialistak, bere 40%arekin, eta Herriaren Alderdi Demokratikoak (PPDk), bere 27%arekin, gehiengoa* osatzen dutela uste baduzu, okerkuntza haundi batetan zaude. Ez dute maioriarik... (...). Elekzioek ez dute erreboluzioarekin zerikusirik, edo ezer guti behintzat. (...). Portugalen ez dago gaur, zuek amesten duzuen demokrazia batetarako ahalbiderik, hau da, Mendebaldeko* herrietako demokrazia batetarako posibilitaterik. (...). Egia da, Txekoslovakian sobietarrek 1968.ean izan zuten eskusartzea onetsi eta lagundu egin nuela. Eta ez da lotsakizun, hori onhartzea. Okerrenean, eta batzutan, desegoki izan liteke bakarrik».
Cunhalek honelakoak esan ondoren, buruhauste galantak izango ditu berriro ere Alderdi Komunistak, bere demokrazi zaletasunaren egia frogatzeko.* Beti ere hain sinesgaitzak izan diren alderdi komunistak, Frantzian, Italian eta Espainian bertan ere eginahal guztiak egiten ari zaizkigu (oraintsu Italian batez ere), beren fidagarritasun demokratikoa erakutsi nahiz; eta hona, behin eta berriz, Cunhal jauna, agi denez, asmo on guztiak gezurtatzen. Berriz ere, stalinismo zakarraren bidetik ote? Geroak esan biezaio komunismoari, etorkizunerako biderik jatorrena zein duen, Italiako Berlinguerena ala Portugaleko Cunhalena.
«República» eta «Radio Renascença»
Portugaleko Indar Harmatuen Kontseiluak demokrazia pluralista aukeratu du, Portugalen etorkizun berria eratzeko. Ez dakigu, pluralismo hori nola hautatua izan den: tresna egoki bezala (une hontan ezinbestekoa) ala Portugaleko gizartearentzat helburu politiko eta sozial bezala. Izan ere bistan dago, arazo hontan (demokrazia pluralista, tresna ala helburu?) denak ez direla eritzi berekoak Indar Harmatuen Mugimenduan. Gizon harmatuek ez dute guztiek berdin pentsatzen; eta, dirudienez, oso Mugimenduaren barnetik dabilen Alderdi Komunistak ba du hor eraginik.
Plurismoaren gorabehera hortan daude zintzilik «República» egunkari sozialista eta Elizaren «Radio Renascença». Arestian* jakin da, Cunhalek demokrazia pluralistaz zer dioen. Soaresen alderdi sozialistak ez du hori sekula santan onhartuko. Baina Alderdi Komunista da hor kontrakarga. Egunkarietan, aspertzeraino luzatzen ari den Portugaleko eztabaidaren muina hortxe dago: Cunhalen joerazko stalinismoak aginduko duen, ala demokrazia pluralistaren barnean (Portugaleko Alderdi Sozialista bezalako bat duen herrian) iraultza egin litekeen.
Ekainaren 22an Kontseiluak zabaldu duen agerian, Indar Harmatuek demokrazia pluralista hautatzen dute bide bezala. Diktadura baztertu egin da; baina —esan beharra dago— Alderdi Komunistak ez du berdin pentsatzen han, eta partidu hau Estatuaren eta Indar Harmatuen barnean oso sarturik dago. Pluralismorako baimenik emango ote du, gero, Alderdi Komunista horrek? Demokrazia pluralistari bidea hesteko beste* izango ote da alderdi politiko hori? Zenbateraino trabatuko ote du bide hori, bototan ehuneko minoria ttipi bat duen Cunhalen alderdiak?
Arazo gordin hontan, bai «República» eta berdin «Radio Renascença» test argigarri baten galdera zorrotzak dira. Begira, beraz, nola diren zuzentzen edo okertzen egunkariaren eta irrati horren inguruko legezko eztabaidak.
Politikaren zorabioetan
• Apezak, kazetariak, abokatuak... denak dabiltza, nonbait, politikan sartuta. Jendeak hitz egin nahi du, mugitu nahi du. Ezinegonak ba ditu bere prezioak. Eta gaizki jendea.
• Aurreko batean, Maurice Duverger jaunari mintzaldi bat debekatu zitzaion Madrilen. Lycée Françaisen hitz egin behar zuen Sorbonako irakasle honek. Duverger, politikologo ezaguna da. Konstituzio Deretxoa irakasten du. Idatzi ere ez du guti idatzi, eta Pariseko Le Monde egunkariaren editorialista da. Jakin ba daki gizonak zerbait. Nahiko filosofiarekin hartu du hizlariak debeku hori.
«Nire irakasle bizitza luzean, hauxe da hitzaldi bat debekatzen zaidan lehen aldia». Ez omen du zorte onik. Hala dio berak: «1966.ean Madrilen izan nintzenean, hitz egin, egin nuen; baina biharamunean Eskola hertsi* egin zuten». Duverger Parisera itzuli da berriro.
• Valencia aldean eztabaida izan da. Hizkuntzaren nortasunaz izan da eztabaida. Valenciera hizkuntza katalana da ala ez? Ombuena jaun batek Sanchís Guarderekin izan du horko gorabeheratxo hori. Garai batetik giroa ongi aldatua dela jakiteko egoki etorri da eztabaida hori. Instituzio akademiko guztiak eta idazle eta hizkuntzalari denak bat etorri dira, valencieraren katalantasuna aitortzean. Katalanarekiko batasun kontzientzia eginez doa, beraz, erabili den zentzu hortan ere. Dialektuei nortasuna ukatu gabe, valenciarrentzat argi ageri da gaur, beren hizkuntzaren sustraia katalan familiaren barnean dagoela, eta ez dute hizkuntz kantonalismo batera jo nahi. Eta hau guztiau, noski, idazkera batasunetik harago doan kontzientzia da.
• OIT elkarteak (Lanaren Nazioarteko Erakundeak) Txileri buruz txosten bat prestatu du. Hango erregimenari salakuntza gogor bat egiten zaio «dossier» hortan: sindikal* gidariak torturatu eta zigortuak izan direla, eta zenbait kasutan bai eta hiltzeraino makilakatuak ere.
ONUren alkarte berezi honek zera salatzen du: sindikari* anitz* hila izan dela, Allende jausi* zenetik. Sindikari hauk* judizio ondoren nahiz judiziorik gabe izan dira hilak; eta zenbait, tormentuen ondotik ere. Txostena egin duten batzordeko* lagunek lau aste iragan dituzte Txilen, gertatukoaren albisteak biltzen. Haien ustez, Gobernuak ezin garbitu izan du bere justizi jokabidea. Bustamante (Peru), Kirkaldy (Britainia Haundia) eta Ducoux (Frantzia) izan dira batzordeko lagunak. Berauen eritziz, sindikari hauk beren sindikal lanengatik hain zuzen izan dira hilak.
• Merkatalgoko Ministruari egin zaizkion galdera batzutan, Espainiako Konstituzio politikoari buruzko bat agertzen da. Etorkizuna segurtatzeko zein litzateke biderik onena: oraingo politik egiturei* oso osoan eustea, ala segida baten barnean aldaketa bultzatzea, ala goitik beherako iraulpen bat egitea?
Ministruaren erantzuna hola laburtzen da: Erabateko aldaketarik ez da komeni. Espainian behin baino gehiagotan egin da horrelakorik, eta beti ere ondorio nahiko kaltegarriak ekarri ditu horrek. Segida bati eutsiz egin behar da estruktur aldaketa. Ez da maiuskuladun Erreformarik behar (hau da, kasik erabateko iraulketa izango litzatekeen Erreforma bat). Egunean egunean eta etengabe, dadukaguna hobetuz egiten den minuskuladun erreforma behar da. Etengabeko eboluzioa behar da. Bestalde, Konstituzio erreforma batek zer esan nahi duen jakitea, oso zaila da une hontan (La Vanguardia 1975-VI-1).
• Agi* denez, «apertura» hitza gainditua dago. Hori esan du Londreseko Fraga Iribarnek.
• Nik ez dakit, euskal irakurleek zenbateraino ezagutzen duten Destino astekaria. Barcelonan agertu izan da; eta urte askotan, erdaraz izanik ere, Kataluniako arazo eta kezka bereziei heldu dien aldizkari bakarra izan da.
Azken asteotan anitz gorabehera eta aldaketa izan da Destinoren idazle kontseiluan. Jordi Pujol da, noski aldaketa hauen azken zirikatzailea.
Jordi Pujol, orain zenbait urte, preso sonatua izana da Barcelonan. Gero —buru azkarra bera eta langile porrokatua— «Banca Catalana»ren gidari nagusia gertatu da; eta oraintsu katalan politika argi baten eragile bilakatu da.
Dirudienez, Destinoren azpiko gorabeheretan katalantasunaren ikusmolde bat aurkitzen da. Destino berrituak eta Pujol jaunak Kataluniako politik ekintzari ezarri nahi dioten jite eta norabidea ongi begiratzekoak izanen dira ondoko hilabeteetan.
• Espainiako gizarteak zer nahi duen jakiteko, inkestak* egiten dira orain. «Metra-seis»ek egin duen inkestatik jakin dugunez, erantzuleetatik 80 %k mendebaldeko* gobernabideen antzeko demokrazia bat nahi du Espainiarako. Demokrazi modu hortara iristeko* irtenbide ezberdinak proposatzen dituzte. 30 %ek oraingo konstituzio eraren aldaketa eskatzen du; beste 30 %ek konstituzioa osorik aldatzea nahi du; eta 20 %k aldaketa hori eboluzio bidez egitea gura du. Oso guti dira delako «irekitasunaren» kontrakoak: 4 % dira xuxen xuxen.
Inkesta hau Madrilen, Barcelonan, Valencian, Granadan, Sevillan, Zaragozan eta Bilbon egin da. Hirietan egindakoa da, beraz. Politik libertateen artean, etorkizunerako garrantzirik haundiena ematen zaienak, hauk dira: hitz egitekoa (50,9 %), prentsakoa (40,7 %), biltzekoa (30,7 %), elkartekoa (25,9 %). Herrietako kontseilariak* herriak berak zuzenean hautatzea eskatzen du gehiengo* haundienak: 89 %k, halegia.*
Joanes GOIA
Fedea eta ekintza
Mespretxuz mintzo ohi gara beti emakume horietaz. Emagalduak? Haien izenak ba du hauzirik. Eta frantsesez ba du barrokismorik ere: «péripatéticiennes», «belles de nuit», «filles de joie», «prostituées». Denek ulertzeko moduan esanez, «putak».
Poniatowski jaunaren poliziak handik atera arte, horietako batzu,* kale bazterra utzi eta elizetara sartu izan dira Frantzian: Lyonen, Marseillan, Grenoblen eta Parisen. Eliza ez baita gaur otoitz leku bakarrik. Babes leku eta protesta leku ere ba da: ikus, bestela, gose grebak eta eskubide eskakizun zenbait non egin ohi diren.
Frantziako emagaldu (zergatik emagaldu?) hauk* ere, berentzako eskubideak eskatzeko sartu dira elizetara. «Status» bat, sozial egoera bidezko bat eskatzen dute. Eta gizartearen gezurrezko jokabidea, hipokrisia, salatzen. Baina oraindik ere biziago salatzen dutena, poliziaren zanpaketa da. Diotenez, gizarteak ez ditu haintzat hartu nahi: eta, hala ere, haien beharra du. Poliziak edozein atxakiagatik (batipat ageriko probokazioagatik) zigortzen ditu, multen bidez eta espetxera eramanez.
Profesioa bera onhartzen ez delarik, profesio liberaletako inpostua ordaindu beharretan aurkitzen dira. Lan hauzi normal bat bezala presentatzen dute arazoa, eta, begi estalpen guztien gainetik, «status» bat eskatzen, demandatzen.*
Hauzia aurrera eraman nahiz, elizak aukeratu dituzte. Lekurik hoberenak? Eliz agintariekin elkar hizketarik ukan dute. Eta hauen bidez gobernu agintariekin ere bai. Eliza* ez du esan, emagalduen egoera onhartu beharrekoa denik. Egin duena, egin zezakeena da. Gogoratu egin du Pertsonaren duintasuna, Ebanjelioak dioena berresan (zeruetako erreinuan gure aurretik izanen direla emagalduak) eta arazo hori sozialki aztertu beharrekoa dela aldarrikatu.*
Politikazko ezkerra hotz gelditu da emagalduen jokabide honekin. Bat etorri da haiekin, poliziaren errepresioa kondenatzeko orduan. Baina hortik aurrera pauso guti eman du. Izan ere, gizarte sozialista batetan, prostituzioak ez du lekurik, ezin dezake eduki, ez baitago merkantzia eta trukagai bezala inor hartzerik. Nola nahi da, bada, kondizio hauetan ezkerra emagalduen alde ateratzea, emakume hauek beren egoera normaltzea eta haintzat hartzea eskatzen dutenean? Prostituzioa emakumearen degradazio bat dela gogoratzen du Alderdi Komunistak. Baina batez ere markatu nahi izan duena, hau da: diru iturri handia dela (aurten mila milioi franko berri, Barneko Ministru Poniatowskik berak agertu duenez). Ezkerrarentzat, Frantziako emagalduek planteatu dutena ez da lan hauzi arrunt* bat, gizarte kontzeptzio bat ere atzetik dagoelako. Emakumearen urte hontan, emagalduek ere burua altxatu nahi dute. Baina nola? Frantzian behintzat, egin duten moduan, ez dago liberazio mugimendurik, izpiritu korporatista baitabil nagusiki tartean. Emakume hauek egin dituzten deklarapen guztietan, behin ere ez da ageri «chulo» edo «souteneur» delakorik, atzetik eta gordean dabilen «tratanterik». Zergatik uka guztiok dakigun egia hori? Libre bezala agertu dira beti emagalduak. Nork ez daki, ordea, azpitik dagoen itxuragabeko esplotazio hori? Atzetik dabiltzan gizon horientzat, Frantziako 30.000 emakume hauk merkantzi haragia besterik ez dira.
Problematika hontaz gehienbat jabetu den jendea, partiduetatik kanpora bizi den jendea izan da, «gauchiste» tankerakoak* batipat. Ez noski, prostituzioa onhartzen dutelako. Prostituzioa ez, baina protesta bai. Zer salatzeko? Denek aho batez salatzen dutena, zera da: zigortuak, denetarik ahulenak* direla, hots, emagalduak. Hauek ez dute inongo babesik. Bezeroari,* klienteari, ez zaio sekula deus* egiten. Sostengatzaileari nekez egiten zaio minik. Eta, dirudienez, poliziak ez du interes gehiegirik, gauzak alda daitezen. Zergatik? Pentsa dezakezu: informazio iturri agortezina zaio giro hori. Txakur batzu tartean direlarik, txantaje batzuri* esker, droga trafikoari, lapurretei eta hilketei buruz berri asko beregana ditzake poliziak, jendemodu hori giro hortan bizi da eta. (Eta —berriz ere, dirudienez— politikazko informazioen iturri ere ba da; baina hori, prostituzio modu eleganteago batzutan. Madame Claude-ren etxea ezaguna omen da Parisen).
Maitasuna ogibide denean, maitasunetik barik,* gainerako edozertatik bizi da gizona. Eta emakumea.
Joanes LEKERIKA
Hementxe denok
Antzerki eta kantari
Aurten ere, zorionez ikusten dugu, euskal antzerkiak ba duela oraino arrakasta* onik. Hor ditugu lekuko,* Donibane Garazin, Alduden, Urepelen, Itsasun, Hazparnen eta bestetan eman diren agerraldiak. Bai eta emanen direnak, sasoina ez baita oraino bukatua edo bururatua.
Antzerkilariak ba ditugu iparraldean ere, inork uste duen baino gehiago. Zorigaitzez, ordea, euskaltzainak baldin baditugu, antzerkizainik ez dugu. Lekuan lekuko borondate edo nahikari ona ikusi eta, nolaz ez pentsa uzta* dobla eta erredobla litekeela, baldin antzerkizain bat balitz, hortarako izendatua eta ordaindua?
Nornahik ikusi duke,* IKAS batasuna birpiztu bezala zaigula, langile bat hartuz geroztik.
Ez da dudarik edo zalantzarik, antzerkien sailean berdin gertatuko litzatekeela, baldin norbait hartua balitz lan hortarako.
Bistan dugu betiko galdea. Nork ordainduko du langile hori? Gure irudiko,* Euskaltzaleen Biltzarreak behar luke egintza hori bere gain hartu, harek behar duen dirua biltzen ahal baitu hortarako. Eta IKAS batasunak bere langilea duen bezala, Euskaltzaleen Biltzarreak ere balu berea, asmatzea erraz da zer lan ederra egin litekeen, eman dezagun, antzerki eta bertsolari sailetan. Ez dugu ahantzi behar, bi kultur sail hauek ba dutela egun oraino sartze haundia gure herritarren baitan.*
Eta zer esan kantari berriez? Kultur sail honi jarraitzen zaionak ikusten bide* du, nola urtetik urtera beti berrituz doan.
Aurten agertu diren bi talde berri hor ditugu lekuko. Bata Lapurdi aldean sortua, A. Duhalderen inguruan. Bestea Altzürükün piztua, Odol Berria izenarekin.
Dezagun esan, A. Duhaldek bere lehen diskoa argitara eman berria duela. Eta honen kantu berriek sekulako arrakasta ezagutzen ari dutela.
Bestalde, jakin dugunez, Ospital-Carrèrek bi disko haundi jalgi* beharrak dizkigute. Eta lehen entseiuak entzun dituztenen arabera,* biziki gustatuko omen dira.
Dezagun esan oraino, molde berriko kantaldi baten apailatzen* hasiak ere direla zenbait kantari, Baiona alde hontan. Baina berri hontaz ez dakigu xehetasun gehiegirik.
Lurra, lantzen duenarentzat
Maiatzeko arratsalde hartan, ba zen ele, oihu eta kantu Baionako hauzitegian. Zer zen, bada, ohituki* hain ixil egoten den barne* hortan.
Garazi-Baigorri aldetik, ehun bat laborari gazte eta haien adiskide zenbait hauzitegian sartuak ziren, Lasako etxalde bat inkantan* saldu beharra baitzen.
Hamazazpi hektarea lurreko etxaldea zazpi milioi libera zaharretan saldua izan zaio Jean-Baptiste Goikoetxeari.
Dezagun esan. hau agertu zela etxalde horren lehen erostun eta gero beste norbait, Biarritzen bizi den markesa bat, de Moratalla anderea.
Bigarren erosle honen berri jakitean, lehenaren adiskideek elkarrekin erabaki zuten haren alde zerbaiten egitea, eta hortarako muntatu ere batzorde berezi bat
Hauzitegian inkantak ez du luzaz* iraun, zeren markesak ez baitio segidarik eman, etxalde horren erosteko agertua zuen nahiari. Eta, beraz, etxaldea lehen eroslegaiari joan zaio, beronen lagunek, beren barneko pozkarioaren kanporatzeko, «Gurea da Euskal Herria» kantatzen zutelarik, hauzitegiko juje eta abokatuak doi bat harriturik utziz.
Horrelako gertakari batek argi eta garbi erakusten digu, gure laborari edo nekazari gazteak gero eta gehiago deliberatuak* ditugula, husten eta galtzen ari diren etxaldeak, aberatsen eskutara erortzera* ez uzteko. Halabaina,* zer da, bada, zuzenagorik, lurra, lantzen duenari joan dakion baino?
Zorigaitzez, oraingoz sobera laborantza lurreremu ba da aberatsen eskutara joanik, hiritar dirudunen pausa eta jostaleku bilakatzen direlarik, eta ondorioz, prezio goratzeengatik, eskuratu nahiko luketen laborari seme-alabek ezin erosia izaten dutelarik.
Laborantzako gazteria berriak jakinen bide* du bere zuzenen zaintzen.
Bistan da, esatea erraz eta egitea neke dela. Sail eta lan mota guztietan hola dela ba dakigu. Horrengatik diogu, gure diren gauza eta ondasun oro* ekintzen bitartez behar dugula zaindu. Egungo* egunean ez baita beste biderik.
Lantegitik teknika eskolara
Lantegi ugazaben* batasunak* aitzina darama, zenbait urte hontan hasia duen saila. Orain arte, itsas hegiko* lantegiak zituen bisita erazten, eta bisitatu* lantegi horik, kazetetan zuten oihartzunari esker, jendeari ezaguterazten.
Aurten muntatu edo eratu duen lehen ikusaldia Hazparneri eskaini dio. Duela zenbait aste, «Ona» deitu* zapata lantegia bisita erazi dio lekuko jauneriari. Ehun ta hogei ta hamar langile daduzka lantegi horrek.
Hazparneko zapatagintzak gorabehera franko* ezagutu du, bereziki azken hamar urte hontan. Eta oraino ere ez da gorapenean sartua, ekonomi aro* txarrean baitira lantegi gutiz* gehienak.
Teknika eskola ere bisitatua izan da. Mekanika, elektrika eta elektronika lanak ikasten dira eskola hortan. Bestalde, aurtendanik, lantegi batetan lanean ari diren hogei ta hamar bat langile gazteren jakitatea berritzen eta hobetzen ari dute horko irakasleek.
Eskolak eta lantegiak gero eta gehiago elkarri josirik agertuko dira. Eta behar ere. Zeren* langileak, eskolatuago izanik, bere nortasuna gehiago finkatuko baitu, eta bere interesak hurbilagotik eta errazkiago zainduko.
Orainokoan,* ordea, zorigaitzez, gure herriko eskoletarik gisa bateko edo besteko langile ikasi jalgitzen diren gazteek ez dute denek, bizi diren eskualdean lanbiderik aurkitzen. Eta egun* ere oraino gertatzen dena da, gazterik ikasienak urruntzen direla beren sorterritik, eta bide berez sorterri honek asko galtzen duela, buru argienak galduz gero.
Zenbat bizilagun Baiona-Angelu-Biarritzen
Berriki* eginak izan dira herritarren kontatzeak. Eta itsas hegiko hiri nagusienak hartzen baldin baditugu, azken kontalditik Baionak mila bat jende galdu duela ikusten dugu. Angeluk,* aldiz, lau mila eta Biarritzek milako bat irabazi.
Hona agertu diren zifrak:
Baiona: aurten, 44.432; 1968.ean, 45.175.
Angelu: aurten, 25.974; 1968.ean, 21.962.
Biarritze: aurten, 27.607; 1968.ean, 26.985.
Baigorriko Kantari Eguna
Nafarroa Behereko eta Lapurdiko elizkantariek, Baigorriko Kantari Egunean, ederki erakutsi dute zer heinetara* helduak diren doinu askotako talde kantuan. Aurten urrats* haundi bat aitzinera egin dutela nornahi ohartu bide da. Eta meza nagusian parte hartu dutenek, gure irudiko* bederen,* sentitu dukete,* elizkantuaren ederra zein gora heltzen ahal den, elkarrekin lan egiten delarik.
Goizeko mezan eliza tanpez betea baldin bazen, ez zen gutiago egina arratsaldean. «Koro Ametsa», Irungo kantari taldeak ezinago ederki bururatu zuen bere emanaldia. Entzuleek luzaz txalorik beroenak eskaini zizkioten.
Damugarri izan da, hala ere, bereziki eliz zolan ziren batzuren* arabera, ez zutela irundar kantariek herri kantu airos gehiago eman, zeren, zeuden tokitik, kontzertu moldeko kantuak ez baitziren ongi entzuten.
Jai-Alai bat Donibane Garazin
Duela zenbait hilabete, Donibane Garaziko Herriko Etxeak erabakia hartu du, Jai-Alai baten egiteko.
Ideia ez da oraingoa. 1920.ekotz airean zebilan. Eta 1967.ean Herriko Etxeak xedea* finkatua bezala zuen.
Herriko kontseiluan, kontseilari gutiz* gehienak ados baziren ere, herritarren artean ba da anitz* kontra denik, zeren baitadukate, herriari gaurko egunean sobera* zaiola.
Oraingo ustez, kasik hiru milioi libera berri kostako omen da pilota leku berri hori. Ez da dudarik, ordea, bururatua* izanen delarik, anitzez gehiago kostako dela.
Dirualde hortarik 75 milioiren diru laguntza emanen omen dute Gazteriaren eta Kirolen Ministergoak, MIACA deitu batasunak eta Kontseilu Jeneralak.
Alde direnek ere, oso kario edo garesti aurkitzen dute; baina diote, gaurko egunean ez dela deusik,* kostatzen ez denik. Kontra edo aurka direnek, aldiz,* diote, eta gure ustez arrazoinekin, ba dela gaurko egunean egiteko beharragorik eta prisatuagorik Donibane Garazi bezalako herri batetan, eta bereziki lanaren sailean.
Zergatik egin herriaren bizkar horrelako gastua, gauza jakina delarik udatiarrentzat egina dela gehienik, hauei pilota eta besta eder batzuren eskaintzeko? Zergatik ez egin indar bera, lanbide berri batzuren muntatzeko, lantegi berri baten altxatzeko?
Gexan LANTZIRI
Hementxe denok
Txistu ikasbidea
Txistua jotzen ikasteko ikasbide bat zabaldu berri da. Liburu honen egileak Boni Fernandez eta Xabier Gereño dira. Boni Fernandez, Bilboko Txistu Eskola Munizipalaren zuzendaria da, eta Lauroko ikastolan irakasle. Guztitara, 10.000 ale egin dira Bizkaiko Aurrezki Kutxaren laguntzarekin, eta tirada osoa dohainik* zabaltzen da.
Bizkaitarrek Kutxa hortara jo dezakete, probintzian dituen 107 bulegoetara;* eta behar adinbat ale emanen zaizkie. Gipuzkoakoek, berriz, «Gordailu» liburutegira eska ditzakete (Vergara, 21 - San Sebastián), eta gainerakoek helbide* hontara: Xabier Gereño - Avenida del Ejército, 18, 3.º - Bilbao-14.
Liburu hau ikastolei gomendatzen diegu bereziki, bai eta euskaraz egiten den herri eta hirietako txistu eskolei.
Hementxe denok
Euskal Unibertsitari arteko II. Literatur Sariketa
Sariketa hau Donostiako EUTGko Euskal Kultur Taldeak antolatzen du.
Oinharriak
1. Goi mailako edonongo ikastetxetan matrikulaturik dagoen edonork har dezake parte.
2. Lanak euskaraz izanen dira, Euskal Akademiaren azken erregelen arabera. Gaia idazlearen aukeran uzten da.
3. Hiru sail:
- Saiaera: gutienez 20 horri, bi lerrobitarterekin.
- Poesia: gutienez 100 lerro eta gehienez 300, bi lerrobitarterekin.
- Ipuina: gutienez 3 horri eta gehienez 10, hemen ere bi lerrobitarte utzirik. Horriak folioak izanen dira.
4. Lanak orijinalak, argitara gabeak eta beste inongo sariketatara presentatu gabeak izanen dira.
5. Nola igor: Hiru kopiatan, lema batez izenpeturik. Honekin batera, beste sobre ttipi bat bidaliko da, azalean lema duelarik, eta barnean izen-deiturak, helbidea, fakultatea, karrera eta kurtsua aditzera emanez.
6. Nora: Euskal Kultur Taldea, EUTG, Paseo Mundaiz. San Sebastián.
7. Noizko: Epea abuztuaren 31n bukatuko da.
8. Sariak: Ipuin eta poesian 10.000 pezeta; saiaeran 15.000.
9. Sariak hutsik gerta litezke, epaimahaikoek hala delibera balezate.
10. Epaimahaikoen izenak irailean jakin eraziko dira. Antolatzaileek aukeratuak izanen dira.
11. Sari banaketa datorren ikasturtearen hastean izanen da. Aldez aurretik jakin eraziko dira eguna, ordua eta lekua.
12. Baldintza hauk betetzen ez dituzten lanak ez dira onhartuak izanen.
13. Hala ere, dudarik edo sortuko balitz, epaimahaikoek lukete azken hitza.
Hementxe denok
«Erderismos» liburuaren bigarren argitarapena
Euskaltzaleen artean gutti izan dira, euskararen bizitzeaz, egoeraz eta formaz Altube zena bezainbeste arduratu zirenik.
Eta jakinmin berberak eraginik, are guttiago dira, Altube jaunaz —beronen esan eta idatziaz, halegia*— Villasante euskaltzainburuak beste* aztertu eta idatzi dutenik. Izan ere, aski* litzateke Euskal Akademiak argitaratzen duen «Euskera» aldizkari sailari begirada bat ematea, horrela dela jabe gintezen.
Hori dela eta, agian,* bigarren argitarapen hau, fac simil denau, Aita Villasantek egindako «Hitzaurre Gisa» mamitsu batekin dator.
Liburuaren baloreaz ez gatzaizkizue mintzatuko, bera irakur dezazuen gomendatuko baino. Dena dela, diogun,* esaldiak edo fraseak muntatzeko tankeraz* arduratu zela Altube liburu hontan. Zilegi* bekigu, hala ere, euskaltzainburuarenak diren bi aipamen hona ekartzea.
Lehenean holaxe dio: «...hitz egitean erabiltzen den hizkera eta liburuetakoa ez dira berdinak izaten».
Bat gatoz gu ere. Eta oraingoz —noiz arte baina?!— euskara batuaren kontra ari direnei, primeran letorkieke aipamen hau. Zeren* eta gaurko munduon baserritar hizkera hartu nahi izatea, historikoki egin litezkeen astakeriarik haundi eta gorrienetako bat bailitzateke. «Herria» nonnahi aipatuz batera, «txadona», «bultzia», «urrutizkiña», «akeita» eta abar luze bat aurkezten zaizkigu. Benetan ez dugu konprenitzen, «herri» hitza zein zentzutan erabili nahi luketen.
Geure aldetik argi ikusten duguna, zera da: herri hizkera, baserritarren mintzaira, iturri bat, agortu gabeko sorburu bat dela, non hortarako jantzita dauden hizkuntzalariek beren azterketa eta ikerketak egin baititzakete etengabe. Baina euskal baserritar zein* arrantzale baten hizkeraz ekonomi liburu bat, kasu,* idatzi nahi izatea, ameskeria hutsa litzateke. Eta, egia esan, ez dugu ametsetan egoteko batere gogorik, ez eta denborarik ere.
Bigarrenean, berriz, honelaxe: «Bada prosa egiteko era internazional bat, behintzat sartaldeko* herri eta kultura denek onartua (zenbait xehetasunetan hizkuntza bakoitzak bere erara etxekotuz)».
Izan ere, ba da prosa antolatzeko tankera bat, Europako hizkuntza landu guztiek onhartu dutena eta gutti gorabehera denetan berdintsua. Berau, euskal idazle zaharrek egokitu zigutena eta geroko gramatikalariek arbuiatu eta gaitzetsi* dutena dela esan daiteke. Berari eustean* lor dezake euskarak —eta euskaldunok noski— egunotan bizi ahal izateko edozein hizkuntzak behar lukeen arintasuna eta modernotasuna.
Bukatzeko, esan dezagun, bizi garen diglossia* hontan, euskarak jasan* behar duen morrontasun hontan, «Erderismos» liburua primeran datorkigula. Eta Altubek emandako erregelek, lehen begiradaz herstuegi badirudite ere, zenbait euskal irakasleri eta are gehiago ikasleri— on egingo dietelakoan gaude. Zeren eta, Goethek esan omen zuenez, ongi idazteko, gramatika ahantzi behar baita, eta ahanzteko den zerbaitetaz aldez aurretik jakitun izan behar.
Liburua eskatzeko: «Erderismos». Orain Sorta. Iker-Cinsa editoriala. Bilbo. (Joseba Gazteluberri)
Petrolioa, lehengaiak...* Ba ote da inor, aspaldion arazo horietaz arduratu ez denik? Joan den urtetik gaur arte, denetarik entzun dugu ekonomi krisiari buruz: ba dela, ez dela, tokian tokikoa dela, orokorra* dela, kapitalismoaren abagadune* konkretu bati dagokiola, estruktura berari datxekiola...* Denetarik.
Bistan da, arazo honek inportantzia handia duela. Zeren,* nolakoa den krisia, halakoak izanen baitira haren ondorioak. Beraz, gaingiroki* bada ere, azter dezagun krisi hau eta demagun zenbait xehetasun.
Ekonomi egoera berria
Ekonomi arloan, beharbada, Zero hazkundera* iritsi* gara.
Espainian Tamames ekonomilaria izan zen, egoera berri hontaz konturatu zen lehenetariko bat. USAn askoz lehenago ohartu ziren, eta krisiari konponbiderik bilatzen aspalditik hasiak dira.
Munduko bigarren gerra nagusiaren ondoren, Keynes ekonomilariari esker, kapitalist sistema aurrera joan zen: baina azken aldi hontan ba dirudi gelditu egin dela. Eta lehen mementoan, 1971. urte inguruan, krisi hori dolarrarena zela aipatu bazitzaigun ere, gaurko hontan sistema osoarena dela esan genezake.
Sobietarrek berek ere, kapitalist sistema hil zorian dagoela diote. Hala ere, ez dugu konprenitzen, krisia hain sakona izanik, nola eta zergatik diren geroago eta finkoago* eta hestuago, sobietarrek eta txinatarrek kapitalismoarekin dituzten harremanak. Non gelditzen da, orduan, haiek aldarrikatzen* duten proletalgoaren batasuna? Antza* denez, hain burrukalari izan diren bi Estatu horiek arnasa* ematen dihardute kapitalist sistemari, bizirik iraun dezan.
«Stagflation» delakoa
Ekonomi arloan, lehen, ezagunak genituen deflazio eta inflazio izenak. Orain, beste izen bat datorkigu Amerikatik, egoera ekonomikoa definitu nahi lukeena: «Stagflation».
Izen honek zera esan nahi du: diruaren inflazioa eta produkzioaren gerakuntza* (edo «stagnation» delakoa) batera daudela.
Bateratasun hori nolakoa den jakin nahi duenak, aski* luke ondoko koadruari begirada bat ematea. Bertan ikus daiteke zer portzentaiatan handitu eta gutitu den batez* beste OCDEko Estatuetako nazional ekoizpen osoa (gaztelaniaz «producto nacional bruto» deitzen dena).
1952-1972 1974 1975?
USA 4,1 -2,2 -4,5
Japonia 11,0 -3,7 1,2
Frantzia 5,8 4,5 2,7
Alemania Federatua 4,9 0,4 1,2
Italia 5,5 3,8 -1,7
Britainia Haundia 3,1 -0,2 1,2
Beste hemezortziak (oro* har) 5,4 -0,3 -1
Batzurentzat,* Mendebaldeko* nagusia USA dela uste dutenentzat batipat,* sinesgaitza bada ere, Estatu hortan gertatzen da nazional ekoizpen osoaren beherapen handiena. Ez hori bakarrik. Langabeziak ere bertan du portzentaiarik gorena: 10 %, halegia.* Dirudienez, kapitalismoan dagoen konkurrentziak ondorio txarrak dakarzkie* Estatu handienei ere.
Beste zenbait datu
Goiko koadruan ikusi daitekeenez, -1 % (ehuneko minus bat) da OCDEko 24 Estatuetako ekoizpen beherapena. Hots,* lurralde horietako egoera Zero hazkundea baino txarragoa da.
Sektoreei dagokienez, siderurgia, ekipamendu ondasunak, papergintza eta kimik arloaren zati bat, joan den udazkenerarte krisian erori ez baziren ere, oraingoan bai, oraingoan krisian daude. Gainera, automobil, eraikikuntz* eta textil arloa gero eta gaizkiago aurkitzen dira.
Langabezia, langile arrunta* gehien beldurtzen duena, 3 % baino handiagoa da OCDEko Estatu guztietan.
Prezioei begiratuz, USAn, Alemanian eta Japonian batez ere, beherapen bat nabaritzen* da. Italian, Ingalaterran eta Espainian prezioen gorapenak ez du besterik adierazten, Estatu horietan ordain balantza gaizkitu eginen dela baizik.
Inflazioa beheratzearren eta ordain balantzaren mentsa* gutitzearren, bakoitzak bere aldetik hartu dituen deflaziozko neurriengatik heldu dira OCDEko Estatuak egoera hortara.
Eta hori ez diogu guk bakarrik. Italiako banku indartsu batetako lehendakariak esan duenez, «baldin Estatu bakoitzean inportazioak gutitu eta exportazioak gehitu nahi badira, produkzioaren gerakuntza guztien gain eroriko* da. Lehenik Estatu ahulenek* jasan* beharko dute egoera hori, baina geroxeago nahitaez munduko Estatu guztiek».
Mundu mailan programaketarik ez izatea eta nork bere aldetik jokatzea: faktore biok dira kaos honen iraupenaren eragilerik handienak.
Espainiako egoera
Tamames ekonomilariak alde batetik eta Muñoz Alonso jaunak bestetik behin eta berriz jakin erazi dutenez, hiru dira, trabailarien* lana aparte, «espainol mirakuilu»aren egileak: turismoa, atzerritarren inbertsioak eta emigranteen irabaziak. Hau aspalditik genekien.
Gauza berria —eta, hortarako, joan den martxoko «Triunfo» aldizkariaz baliatuko gara— zera da:
- Turismoari dagokionez, joan den otsailean* 13 % turista gutiago etorri dira aurreko otsailean baino.
- Inbertsio sailean, Industri Ministergoak dioenez, kapital partaidetasunean 50 % baino gehiago duten inbertsioak 11.620 milioi pezetatara iritsi ziren joan den urtean. Hots, dirutan 1973.ean baino 53% gutiago.
- Emigrazioari dagokionez, apezpikuen batzordearen* aburuz,* 200.000 inguru izango dira Europatik itzuliko diren langileak.
Datu hauk* nahiko fidagarriak dira. Datu ofizialak baino fidagarriagoak. Zeren, Enpresarien Nazional Kontseiluak aitortu duenez, datu ofizial horietan produktibitatearen erritmoa, den baino gorago agertzen baita, eta langabeziarena beherago.
Banco Urquijo-k emandako datuen arabera,* 1975.eko lehen eta bigarren hiruhilabeteetan Espainiako ekonomi hazkundea Zero izanen da segur aski.
INE (edo «Instituto Nacional de Estadística» delakoak) ere frogatu* egiten du hemen esaten duguna. Erakunde horrek emandako datuen arabera, 1974.eko urtarriletik* hazilerarte* 621 enpresak geldierazi behar izan dute soldaten pagatzea, eta 50ek porrot egin dute. Gainera, honez gero ba dago Frantzian, atzerritar langileak itzul erazteko legegai* bat.
Azkenik, hor dugu Banco de Bilbao-k aurtengo egoerari buruz dioena: «Nazional ekoizpen osoaren neurri aldaketa, positiboa izan liteke 1975.ean; baina, horrela izatekotan, zifra positiboa ezin liteke 2 % eta 3 % baino handiagoa izan. Zifra horren eta -1 % zifraren artean edozer gerta liteke, Espainiako ekonomiak presentatzen duen zalantzazko* egoera hontan» (azpimarkak bankuarenak dira).
Norbaitek esan omen zuen —Treveriskoak uste dut— kapitalismoak barnean zeduzkala bere burua deuseztatzeko* eragilerik handienak. Geroak esanen du, arrazoina zuenentz.
Peru AGIRRE
Herrialde guztietan
Gobernua bretoin izenen kontra
Euskaldun abertzaleek ba dakite, ez zaiola nolanahi euskaldun izen bat haur jaio berri bati ematen ahal.
Bretoinek ba dute kasu berezi bat. Le Goarnic deiturako* familiak, frantses administralgoak onhartzen ez zituen izenak eman dizkie bere haurrei. Eta, ondorioz, ez familiako alokairurik* ez segurantza sozialik ez eta frantses herritar ageririk ez zuten ukan.
Garrantzia haundiko gertakari bat ekarri du familia kuraios* horren egiteak. Herri* Batuen bulegoak,* Giza Eskubideen Europar Batzordeak* eta La Hayako Hauzitegi Herriartekoak, denek batean ezagutu dituzte Le Goarnic haurrak Europako herritar eta bretoin aberritar bezala. Ondorio haundiak ekarriko ditu erabaki horrek.
Frantses Gobernuak ez duke,* bistan da, begi onekin ikusi; eta hainbestetaraino haserretu ere dateke,* non* Le Goarnic familiako bi pertsona presondegiratu baititu. Ez dakigu xuxen zergatik. (Gexan Lantziri)
Autogestiozko sozialismoa
Demokrazia sozialismoan: hauxe da gaurko sozialismogintzaren eztabaidarik nagusienetakoa. Duela urte pare bat baino zarata gutiago ateratzen du, baina eztabaida guztietan agertzen da. Sozialismoa kapitalismoaren kontra? Bai, dudarik gabe. Baina zein sozialismo? Edozein sozialismo ez da berdin. Zentralismoa, burokrazia, agintarismoa, sozialismoan ere agertzen dira. Nork uka?
Aipaturiko arrisku guztietarik libratzeko, demokrazia zuzena, sozialismo askatasunzalea, autogestiozko sozialismoa, autogestioa proposatzen dute batzuk. Ideia honek gero eta jende gehiago bereganatzen du. Hortan segur dago CFDT sindikatuko Idazkari Nagusi den Edmond Maire jauna. Huts eta putz zela ziotenak ere (CGT, AK), nahiz eta beraiek beste formulatze bat gurago, horren abantailak* onhartzera ez bada ere, haintzat hartzera etorri dira behintzat. Sinesgarritasuna irabaziz doa autogestioaren tankerako* sozialismoa.
Oraintsu oraindik agertu diren bi liburu, laguntzaile on dira, hortaz gehixeago jakin nahi duenarentzat. CFDT sindikatuko bi buruzagi (Edmond Maire eta Jacques Julliard) hortaz mintzatzen dira beren «CFDT aujourd'hui» liburuan. Autogestioak eskatzen duen parte hartze zuzenaz mintzo dira. Gizabanakoek* eta taldeek beren bizimoldearen erabakigunetan* parte hartu behar dute. Egiturazko* aldakuntza dakar jokabide honek, bai Alderdien bai Sindikatuen barruan, aginte moduaren itzulipurdikatzea askotan. Gizabanakoaren, talde tipien iniziatiba eta kreatzailetasuna salbatu nahi da, era berean planifikatze demokratiko bat eginez. Iraultz mota hau ez da minoria batzurena,* herri osoarena baizik.
Bigarren liburua Yvon Bourdet eta Alain Guillerm jaunen «Clefs pour l'autogestion» da. Unibertsitariak dira egileak, eta liburua teori mailan egindakoa. Esperientzia batzu* ere presentatzen dira, hala ere, hala nola Jugoslaviakoa, Algeriakoa eta Txekoslovakiakoa. Autoreek zera erakutsi nahi dute, autogestioaren esperientzia horien gainetik eta aurretik, autogestioak historia zaharra duela, nahiz eta hitza Jugoslaviako sozialismo tankeratik etorri Autogestiorako gogoa, autoreen ustez, betidanik ukandu gizonak: gizarte hierarkizaleen menpekuntzaren kontrako burruka guztietan, egarri horixe agertzen da. Gaur dena den, hedatuz* eta politikaz jantziz doa, gero eta gehiago joan ere.
Autoreok diotenez, autogestioa posible da, autogestioa beharrezko da, autogestioa berton dago, ikusten ez bada ere. (Joan Mari Torrealday)
Portugaleko gertakarien eragina
Portugaleko sozialisten «República» egunkariaren debekazioak hautsak astindu zituen Frantziako politikan. Oraindik ere eztabaidek bizirik diraute.
Okasio ezin hobea izan da Frantziako Gobernuarentzat eta eskuin osoarentzat. Komunistak larru gorritan jarri nahi izan dituzte. Bigarren intentzio batekin: komunistek sozialistengandik alde egin dezaten. Horixe da, hain zuzen, gaurko Gobernuaren ezkerrarekiko jokabidea: Programa Bateratua egina duten hiru Alderdiak banantzea, AK bakarrik utzirik. Ageriegia da zuloa, bertan erortzeko.*
Garrantzia gehiago ematen diot, ezkerraren barnean atzera* sortu den polemikari. Frantziako AK Portugaleko AKren alde agertzen da beti. Frantziako Alderdi Sozialista Portugaleko ASren alde. Horra, bada, Portugalekoaren arabera,* Frantzian ere burruka.
«República» egunkariaren hauzia, lan istilu* arrunt* bat besterik ez dela izan defendatzen du Frantziako AKk, CGT sindikatu komunistako Seguy jaunak Portugaletik etorritakoan esan zuenaren arabera. Frantziako AKk pentsatzen duenez, Mario Soaresek antikomunismoaren jokoa egin nahi du, eta egiten du.
Frantziako AS, Mario Soaresen partiduaren alde agertzen da. «República»ren arazoan, Portugaleko komunisten hanka sartzea eta joera estalinista salatzen ditu. Berdin Militarren jokabidean demokraziaren arrisku bat, Libertaterik gabeko sozialismorik ez du onhartzen Frantziako ASk.
Libertatea sozialismoan, demokrazia sozialismoan: hauxe da, hain zuzen, gaurko problema bizienetariko bat. Ezkerrak, eskuinaren salaketaren arabera, hor du bere ahulezia.* Libertatearen kontrako joerak ez dira txantxetakoak, diote batzuek eta besteek. Frantzian, gaurko Gobernuak, sozialistek eta komunistek, denek ia bateratsu libertatearen aldeko deklarapen eta kodigoak egiten hasi dira. Libertatearen alde egartzen dira denak.
Esan dugunez, ezkerrean ere berdin, lehen ere inoiz aipatu dugunez, demokrazia eta sozialismoa, nola biak batera aurrera eraman, hori da ezkerraren egungo* buruhaustea. AK estalinista baten jokabideak beste Alderdi Komunisten fede aitorpen eta deklarapenak oro* hauts bihurtzen ditu. Horregatik da, Frantziako sozialistek diotenez, horren inportantea Portugalen gertatzen ari dena. Hango komunistek eta sozialistek elkar konpontzerik lortzen ez badute, geroko zenbait elkartze eta gaurko zenbait programaketa hankaz gora joango dira. Zalantzarik gabe. Horren beldur dira sozialistak, esan dugunez; baina bai Carrillo eta Berlinguer komunistak ere.
Komunisten artean bi linea ari dira nagusitzen, ea azken bolada* hontan elkarrengandik urrunagotzen: bata, Moskun hasi, Parisetik iragan eta Portugalera doana; eta bestea, Erroma eta Madrilen artekoa, noizean behin Belgradotik eta Bucarestetik pasatzen dena. Bietatik zein eta nola nagusituko den jakiteko, Portugaleko egoeraren bilakaeraren* zain egon beharko dugu. (Joan Mari Torrealday)
Herrialde guztietan
Erreferendumetan hautatzen dena, hitz soil hauetara biltzen da gehienetan: Bai ala ez? Baina hitz motz horien atzetik arazo handiak ezkutatu* ohi dira. Gogoeta hauk* irakurleak irakurri orduko, ingelesek erabakia dukete* zernahi duten: EEEn (Europako Ekonomi Elkartean) iraun, bai ala ez. Azken egunotan baiezkoak nabarmenki irabazi duela dirudi. Baina ezaguna da, Ingalaterrako hauteskundeetan sarritan nabarmenki kale* egin dutela aurretik egin ohi dituzten azterketek.
Dena dela, dagoeneko* beren jokabidea hartua dute indarrik handienek. Alderdi Kontserbakorra baiezkoaren alde dago. Alderdi Laborista, berriz, erdibituta ikusten dugu: ezker aldekoak ezezkoaren, eskuin aldekoak baiezkoaren alde. Sindikatuek gogorki jo dute ezezkoaren alde. Finantzako eta merkatalgoko* jaunak, berriz, oso osorik eta bero bero EEEren alde agertu dira.
Banaketa honek zera dakar begitara, besterik gabe: Lanaren mundua Europarekin elkartzearen kontrakoa dela. kapitalaren mundua, ordea, Europarekin bat egitearen aldekoa. Batek baino gehiagok banaketa horren sustraian nazionalismoa aztertu nahi luke. Beraz, nazionalismoaren izenean langileak Europaren kontra leudeke; internazionalismoaren izenean, berriz, kapitalistak Europaren alde. Non geldituko litzateke langileriaren nazioartekotasuna?
Egia da, alde batekoek eta bestekoek egiten duten propagandan ez dela ideologiazko arrazoinik erabiltzen, eta bai ekonomiazko datu ugari, bi urtetan Europarekin elkartuta egoteak Ingalaterrari zer on eta zer oker ekarri dion agertzeko.
EEEren kontrakoentzat, Ingalaterrak jasaten* duen ekonomiaren eta lanaren egoera larria, Europarekin elkartuta egotearen ondorioa litzateke; aldekoentzat, ostera, EEErekin elkartuta egon ez balitz, larriagoa litzateke orain Ingalaterraren egoera. Sakonago zulatuz oraindik, EEEren kontra daudenentzat Ingalaterra eta Europako beste Herrialdeak elkar ezinezkoak lirateke, haren eta hauen ekonomiazko egiturak* hain ezberdinak direlarik.
Izan ere, Europako Ekonomi Elkartea, nekazaritza aldetik atzeratuak eta industri aldetik aurreratuak ziren eta diren Herrialdeen artean sorturiko elkartea litzateke. Ingalaterra, ostera, nekazaritzan oso aurreratuta dago (langileetatik 3 % bakarrik lan egiten du nekazaritzan); baina industriak laguntza handia behar du, atzeratuta gelditu delako, Europako beste Herrialdeetakoaren aldean. Beraz, nekazaritza laguntzeko sortua den EEE ez zaio Ingalaterrari egokitzen. Hau da EEEren kontrakoen barneko arrazoinketa.
Eztabaida hauen guztion barnean Europako Ekonomi Elkartearen —hobeto esan, Europako batasunaren— kontzeptua bera da eztabaidatzen dena: zeintzuren* batasuna nahi da, finantza eta kapitalaren Europarena, ala langileen Europarena? Orain arteko Europaren ekonomiazko elkarte hau kapitalaren Europa batua izan da, eta ez lanaren Europa batua.
Horregatik Ingalaterrako oligarkia Europa zalea eta nazioartekotasunaren oso aldekoa agertzen da, dirua nazioartekoa baita benetan, eta nazioarteko finantz gizonentzat eta nazioaskotako elkargoentzat Estatuen arteko mugak kaltegarri baitira. Horregatixek Ingalaterrako ezker aldeko indarrak eta sindikatuak horrelako Europaren kontra daude. Eta hauek galduko badute ere, Europako batasun bideari ezten berri bat sartuko zaio, finantzaren eta kapitalaren Europa batua gertatu denau langileriaren batasun bidera abia dadin zirikatuz. (Patxi Kortabarria)
Herrialde guztietan
Alemania. Egyptoko piramideen sekretua azaltzen
Berrogei ta bost mende zahar diren piramideen inguruan, ibili da solasik* eta idatzi libururik. Azken berrehun urte hauetan, hogei mila liburuz goiti* idatzi omen dira gai hortaz. Egyptoko harrimendi miresgarri horien ikusten, ehunka ibili dira jakintsuak, horien inguruan oraindik bizirik dagoen misterio zabala eta konplikatua zulatu beharrez.
Guk ezagutzen dugun mundu zaharrean eginak izan diren harrizko eraikidura haundi horien esplikabideak ere nasaiki* asmatuak izan dira. Eta denak, batak besteak baino espantagarriagoak.*
Oraingo hontan, aleman fisikari baten esplikabidea aipatuko dugu. Denetan berriena da, eta orduko Faraon erregeek horrelako harrimendi harrigarriak zergatik egin erazi zituzten adierazten digu. Piramide gorenak ehun ta berrogei ta hamar metro gora ditu, berrehun ta berrogei metro zabal alde bakoitzeko eta sei milioi ta bostehun mila tonelada harri.
Fisikari horrek dioenez, eta ba du aparentziarik,* Egyptoko lurretan bizi ziren leinu* edo jendalde guztien elkartzeko hasi ziren Faraon erregeak horrelako eraikiduren egin erazten, Egyptoko lurretan Estatu bakar eta azkar* baten larderia* eta administralgoaren* finkatzeko.
Zoser erregeak, harmen indarrez, Egyptoko goi eta behere aldea elkartu zituen; eta honen seme Imhotep erregeak zuen piramideen egitea asmatu, bere erresumaren* batasuna osatzeko.
Halabaina,* urtean hiru hilabetez, Nilo hibaiak Egyptoko eremu zelaiak urpean estaltzen zituen; eta hiru hilabete horietan, orduko laborariak, denbora zertan iragan ez jakinez, elkarren arteko arazoen zuritzen aritzen ziren, guduxka batzu* han hemenka piztuz. Gehiago horrelakorik gerta ez zedin, eta leinu mota guztiak elkarrekin nahas zitezen, Estatu bakar eta beraren zerbitzuko lan egitera deitzen zituen erregek. Delako hiru hilabete horietan, beraz, egyptiarrak milaka eta milaka joaten ziren piramideen egitera. Bistan da, ez beren baitarik,* baina bai —atzo eta oraino orain harmadako* zerbitzura joaten den bezalatsu— bortxaz eta beldurrak eraginik, denak ez baziren ere, gehienak bederen.*
Dena den, piramide bakoitzeko, urteko hiru hilabete horietan, hirurogei ta hamar mila langile enplegatzen omen ziren. Eta horrelako lan batek urte luzez irauten zuen.
Duela lauzpabost mila urte —beraz, egungo* Txinako Mao baino askoz lehenago— hasi ziren Faraon erregeak, Estatu azkar baten finkatzeko, teknik aldetik eta gizarteko harremanen aldetik iraulgarri ziren obralan harrigarri batzuren* egiten, beren menean zituzten leinu guztietako jendalde desberdinak langile bezala baliatuz.* (Gexan Lantziri)
Herrialde guztietan
USA. Orain dela 2.600 urte, euskaldunak Ameriketan
Euskaldunek Amerika alderako ukan duten joera adierazteko sustraia* izan daiteke hauxe. Geure aspaldiko arbasoen* bila joan ote dira euskaldunak Ameriketara, eta ez «txintxinaren» bila?
Azken urteotan teoria ugari ibili da, Kristobal Colombo baino oso lehenago hainbat herritako jende haraino joan zela esaten duena. Besteren artean, vikingoek eta irlandarrek jarri zituzketen beren oinak Ipar Amerikan, Kristo ondoko 600-1000. urteen artean. Galestarrak ere pixka bat geroxeago iritsi* ziratekeen haraino. Turkoek, japoniarrek, txinatarrek... guztiok utzi zuketen beren arrastoren bat Ameriketan, Kristobal Colombo hara baino lehenago. Kartagotarrak, berriz, 480 bat urte Kristoren jaiotza baino lehenago heldu ziratekeen Ameriketara.
Baina, oraingoz bederen,* euskaldunok irabazi diegu guztioi lasterketa.
Duela zenbait urte, Filadelfiatik hurbil, 400 bat harri —letra antzeko marrazkiez horniturik— aurkitu zituzten USAko arkeologoek. Orain, berriz, Harvard Unibertsitate ospetsuko irakasle batek, Barry Fell filologoak, harri horiei buruz deklarazio interesgarri batzu* egin ditu.
Jakintsu honen ustez, harrietan agertzen dena alfabetu iberikoaren letrak dira, hots,* Iberian edo Espainian, erromatarrak etorri baino lehenago erabiltzen zirenak Orain arte —eta bere lanean aurrera joateko asmoa omen du— zenbait harri irakurri ahal izan ditu eta hogei bat hitz ulertu. Eta —txundi* zaitezte!— hitz horik,* orain bereon mintzatzen dugun euskararen antz handitako berbak direla dio.
Orain arteko teoria gehienak —vikingoena salbu— ez dituzte oso benetan hartu izan jakintsuek. Azken hau finkatuko ote? Oraingoz bederen, zenbait ikertzailek haintzakotzat* hartu du Barry Fellena. Dena dela, kontrateoriarik behintzat ez diote ezarri oraingoz.
K. Mitxelenak, Ipar Amerikara laster joatekoa denez, hau guztiau aztertzeko aukera ukanen du agian.* Orduan jakin ahal izango dugu zehatzagorik eta argiagorik. (Patxi Kortabarria)
Herrialde guztietan
Italia. Oteitza eta Txilida Vatikanoan
Orain dela hiru bat urte eratu zuten Vatikanoko Museoan Erlijiozko Arte Modernoaren sail handi bat. Berrogei ta hamabost gela ditu; eta agertzen diren artistak, berrehun eta berrogei ta hamarren bat dira: Cantù, Dalí, Lara, Le Corbusier, Manzù, Messina, Picasso, Rodin oso ezagunak, beste artista ezagunen eta ez hain ezagunen artean.
Oteitza eta Txilidak ere beren lekua ukan dute Museo hontan.
Oteitzak hiru artelan eskaini ditu: Arantzazuko «Apostoluetako» buru bat; «Apostoluetako» taldetxo bat, Arantzazun bertan jarria dadukan Ama Birjina samindua.
Txilidak, berriz, oraindik inorako obratu gabeko aldare baten egingaia* eman du Vatikanoko Museorako. Hiru zati ditu aldareak, bana nahiz bil daitezkeenak. Kristau bereizien* batasun bidea adierazteko, Elizen Kontseilu Ekumenikoak antolaturiko sariketa batetarako asmatu zuen Txilidak aldare hori; bai eta saria irabazi ere Baina gero ez zen oroikarri hori mamitu; eta oraino behintzat asmotan eta egingaitan gelditzen da Vatikanoan. Uste dugunez, laster Euskal Herriko bazterren haietan jarriko da, artistak berak nahi lukeenez.
Bi artista euskaldunon obra hauk* ikusi nahi dituenak erne ibili behar du Museoaren bihurgunetatik. Izan ere obrak, neurri ttipitakoak izateaz gainera, baztertuxeak daude oraingoz. Baina, dirudienez, Erlijiozko Arte Modernoaren Museo osoak —eta, beraz, Oteitzaren eta Txilidaren obra horiek ere— agerleku egokiagorik ukanen dute. (Patxi Kortabarria)
Herrialde guztietan
Peru. Ketxua hizkuntzaren ofizialtasuna
Ketxua hizkuntza —edo runa-simi, bertakoek deitzen dutenez— Peruko hizkuntza ofizialtzat deklaratu du Juan Velasco Alvarado presidenteak. Orain arte Peruko hizkuntza ofizial bakarra espainola zen, konkistatzaileek bertara eramandakoa; baina ez zen horregatik gehienik mintzatua, populazioaren gehiengoak* runa-simi edo «herri hizkuntza» baitzerabilan.
Ketxua hizkuntzaz zazpi milioi ta erdi pertsona mintzatzen dira Hego Amerikan: Ekuadoren, Bolivian, Perun eta Argentina eta Txileko iparraldean. Espainolez gainera indiar mintzaira bat onhartua zuen Estatu bakarra, Paraguay izan da orain arte, bertako bigarren hizkuntza guaraniera izanki.* Oraingoan Peruko Gobernuak egin du bigarren pausoa, Inken ondorengoen hizkuntza ofizialtasunaren mailara jasotzean. Izan ere, ba zen garaia, aspaldidanik bertako intelektualek —Vargas Llosa eta gisa bereko Unamunokideen salbuespenaz— ketxuaren aldeko kanpaina gogor bat egiten ziharduten eta.
Irakurleen argitasunerako diodan,* runa-simi hizkuntzak egituraz euskararen antz* haundia duela, jatorri berekoak izan ez arren. Hura* ere itsaskor edo aglutinantea da, deklinazio eta aditz systema aberats batez hornitua. Herri xehearen eskubideen aldeko garen guztiok, zinez* eman behar genizkioke* geure zorionak Peruko Gobernuari hain erabaki jatorragatik. (Patxi Urtiaga)
Herrialde guztietan
Lurtiarrak ugaltzen, aberatsak aberasten eta pobreak pobretzen ari
Lur hontako jendaldea* harrigarrizko gisan* ugaltzen edo emendatzen* ari da urtetik urtera, herri aberatsak aberasten eta herri behartsuak behartsuagotzen ari diren bitartean.
Azken hamar urte hauetan, kalkulari adituek* diotenez, lurreko jendaldea laurogei milioi bizilagunez emendatuz joan da urte guztiez. Haien oraingo kalkuluen arabera,* hogei ta hamar urte gabe,* sei miliar* bizilagun izanen omen gara lur deitu* planetaren gainean; eta oraingo ugaltzeak hein* berean irauten baldin badu, hamabost miliar bizilagun jasan* beharko ditu gure lurrak 2050. urtean.
Bestalde, gizakien ugaltze harrigarri honekin batera, indar iturriak, lehen ekaiak,* politikazko eta gizonen arteko egiturak,* hala* nola zuzenbidea,* gero eta kinka* txarragoan sartzen ari dira. Areago* oraindik, zenbaitzuren arabera, izugarrizko goseteari eta mota askotako kutsadurei* buruz lasterka doa gure mundu burugabe hau.
Jendea herri aitzinatu edo aurreratuetan, herri atzeratu edo gibelatuetan baino gehiago urtez bizi da. Ipar Amerika eta Europan, pertsona bat, bana* beste, 71 urtez bizitzen ahal da. Hego Amerikan, 63 urtez. Asian, 57 urtez. Afrikan, aldiz,* 46 urtez. Eta zenbait lekutan 40 urtetara ere ez dira heltzen.
Beraz, jaio berriek bizitzeko xantxa* gehiago dute herri aitzinatuetan, herri gibelatuetan baino. Herri aurreratuetan 40 haurretarik bat hiltzen da, bana beste, urte bat aitzin.* Herri atzeratuetan, aldiz, zazpitarik bat, eta zenbait lekutan lauetarik bat.
Zorigaitzez, ordea, zera gertatzen da: herri aurreratuak edo aberatsak gero eta aberatsago bilakatzen* ari dira, herri pobre edo behartsuak gero eta pobretzenago ari direlarik. Eta, gainera, aberatsak behartsuen bizkar aberasten ari dira, herri gibelatuetako lehen ekaiak zenbait dolarretan ebatsiz,* haien ikastetxeetarik atera* jakintsuak irabazpide eder batzurekin* bereganatuz, haien Gobernu ahulak* herriarteko elkarteen edo konpainia multinazionalen meneko utziz, eta zenbait holako zuzengabekeria suztatuz.*
Egia da, herri aberats horietan ba dela erakunde edo batasun bat baino gehiago, herri gibelatuetako jende behartsuenen laguntzeari ari zaionik. Haien ahalak, ordea, guztiz ahulak dira beharrordu ikaragarrien aurrean. Eta zorigaitzez maiz* gertatzen da, deus* hartze* ez dutenak haien laguntzaz ederki baliatzen direla.
Baldin herri aberatsetako Gobernuek herri gibelatuen bizibidearen alde erabaki sendoren bat hartzen ez badute, eta elkarte multinazional bihotz gabeko horik* diruaren arrazoinetik giza arrazoinera erakartzen ez badituzte, gero ere eginen diren indar guztiak ahalgabetuak* geratuko dira, orain arte bezala, eta herri aberatsen eta herri gibelatuen arteko leizea oraino haundiagotuz joanen da. zorigaitzez.
Lur hontako gizarteak noiz arte iraun dezake horrela? Iraultza ikaragarri batek, uholde baten gisa,* jendea milioika lurpera bota arte? Nola asma, orain arte iraultzatik iraultzara joan den lurreko gizartea, bihar beste bide batetik joan dadin? (Gexan Lantziri)
Burdinbideen geroa
Hemeretzigarren gizaldi edo mendeko bigarren zatian agertzen hasi ziren trenbideak orduko herri industrializatuetan, eta, geroztik, emeki* emeki hedatu* dira herri aitzinatu guztietara. Autoak eta airekoak edo hegazkinak bezala, trenak ere gero eta lasterrago ibiliz joan dira, materiala bera gero eta hobeago baliatzen* zutelarik. Eta gaurko egunean nornahik daki zer tren azkarrak egiten dituzten.
Lasterraren aldetik, Frantziako Estatuan, 331 kilometro oreneko* egitera, 1955.ekotz helduak ziren. Laster hori, ordea, entseiuetarako egina izan zen tren berezi batek bete zuen burdinbide berezi batetan.
Hala ere, helburua hori da: gero eta lasterrago, gero eta segurago, bai eta gero eta gozokiago ibiltzea. Trenbideetan beste ibilbideetan bezalaxe. Eta 1955.az geroztik. egin da ikertokietan* motor entseiu andana* ederrik. Hirurehun ta hogei ta hamahiru km/h hein* hori erraxki iragaten dute orain. Joan den urteko martxoan. Ipar Amerikan, Puebloko entseiu zelaian, Garett deitu* autotren berezia, 376,5 km/h egitera heldu zen.
Japonian dira aitzinatuenak edo aurreratuenak lasterraren sailean, eta oraingoz burdinbideen berritzen ari dira.
Airetrenaren aldetik ere, entseiuak 1955.az geroztik aitzina* eraman dira. Orleans hiriko lurretan muntatua duten airebide bakarrean egin dituzten laster entseiuetan, 428 km/h egitera heldu dira. Entseiu hauk,* ordea, mementoko* geldi eraziak izan dira, sobera* kostatzen zirelakotz.
Hiri haundietako joan-etorrietarako ere ibilbide berrien iker- eta entseiatzen ari dira. Metro delako lurpeko tren bideak gero eta ederragoak egiten ari dituzte. Hala nola Parisen. Esan gabe doa, berritze hauk zergarien* bizkar egiten direla. Baina hori beste kapitulu bat da.
Asmatu ere dituzte hirietarako taxi bereziak, bere; eta elektronik bidez ibiliko direnak eta aitzinetik esk tuko zaien geltokietan bakarrik geldituko direnak.
Burdinbide zaharren berritzen ari dira herri zenbaitetan. Frantzian, burdinbide zaharretan beretan, 200 km/h ibiltzen ahal dira; baina lasterrago ibiltzekotz, berritu egin behar dituzte. Orain artean, 1.800 km burdinbide bakarrik apailatuak dituzte, laster hortan ibiltzeko: Parisetik Tolosara* eta Parisetik Bordelera.*
Italian eta Alemanian, hasiak dira 300 km/h ibiliko diren trenentzako burdinbide berrien egiten. 1985.erako laster hortan ibiliko diren trenentzat, Europak 2.700 km izanen ditu, eta hauetarik 900 Alemanian. Ipar Amerikan ere bide beretik ari dira.
Japonian dira aitzinatuenak sail hontan ere. Oraingoz ba dituzte 676 km burdinbide berri eginik. Tokyo eta Akaya hirien artean, 1.170 km berritzen ari dituzte. Eta 1979.erako, beste 1.715 km burdinbideren berritzeko asmoa dute. Eta ez dira hein hortan geratzekoak. 1985.erako, 7.101 kilometrotara heltzea uste dute, oraingo kalkuluen arabera.*
Ez da, beraz, trenbideen geroa, beheiti* abiatzeko bezperan. (Gexan Lantziri)
Harma saltzaileak
Ixilpean harmak saltzen ari direnak, bat baino gehiago dira. Legez ari direnak, berriz, gehiago. Dakitenen ustez, gaurko egunean ba dira berrogei ta hamar Herri edo Estatu, harma beharretan diren Herriei harmak saltzen ari direnak. Horietarik lau lehenak hauk* dira: Ipar Amerika, Errusia, Ingalaterra eta Frantzia. Bide beretik ari dira Txekoslovakia, Suitza, Suedia, Algeria eta India.
Harma erosleen artean aurkitzen dira Malaysia, Bangla-Desh, Israel, Hego Afrika, Arabiar Herriak, Hego Amerikako Herriak, Ipar Irlanda, Afrika barneko Herriak eta beste.
Harma saltzeak arartekoekin* egiten dira gehienik. Hauek milioiak eta miliarrak* irabazten dituzte harma trafiko horri esker.
Orotara,* Frantzian, 270.000 langile ari dira harmagintzan. Duela lau urte, miliar bat libera berri eskuratu zuen Frantziako Estatuak harma saltzeetarik, eta joan den urtean zazpi miliar. (Gexan Lantziri)
Ikas zeure hizkuntza
IMANOL BERRIATUAK
Ale hontan izartto batekin agertzen diren berbak
ABAGADUNE, coyuntura.
ABANTAIL, ventaja.
ABURU, eritzi.
ADITU, entendido, experto.
ADMINISTRALGO, administración.
AGIAN, beharbada, nonbait.
AGI DENEZ, dirudienez.
AHALGABETU, anulado, desvirtuado.
AHUL, makal.
AHULEZIA, makaltasun.
AITZIN, antes.
AITZINA, aurrera.
ALBISTE, berri, noticia.
ALDARRIKATU, proclamado.
ALDARRIKATZE, proclamar.
ALDIZ, berriz, ordea, ostera.
ALOKAIRU, subsidio, pensión.
ANDANA, cantidad.
ANGELU, Anglet.
ANITZ, asko.
ANTZ, irudi.
ANTZEMATE, conjeturar.
ANTZUTASUN, esterilidad.
APAILATZE, prestatze.
APARENTZIA, verosimilitud, probabilidad.
ARABERA, arauera, según, conforme.
ARARTEKO, intermediario. (Ikus «Axularren Hiztegia».)
ARBASO, antepasado, ancestro.
ARBUIATU, despreciado.
ARE, oraindik, aún, encore.
AREAGO, aún más, plus encore.
ARESTIAN, berriki, berrikitan, recientemente.
ARNASA, hats, aliento, haleine.
ARO, tiempo, período. (HARO, ruido, bruit.)
ARRAKASTA, éxito, succès.
ARRUNT, común, ordinario, corriente.
ASKI, nahiko.
ATERA, ateratako, aterariko.
ATZERA, berriro.
ATZIZKI, sufijo.
AUSKALO, búscalo, vete a saber.
AZKAR, indartsu.
BAILITZEN, balitz bezala, como si fuese.
BAITAN, -gan.
BAITARIK, -gandik, kabuz.
BALIATU, erabili.
BALIATZE, erabiltze.
BANA BESTE, batez beste, por término medio.
BARIK, gabe, en vez de, au lieu de.
BARNE, sala.
BATASUN, elkarte, elkartasun.
BATEZ BESTE, bana beste, por término medio.
BATIPAT (batik + bat), batez ere, guztiz ere, bereziki.
BATZORDE, comisión, comité.
BATZU, unos. (Batzuk aktibo, batzu pasibo.)
BATZUREKIN, con unos. (BATZUEKIN, con los unos.)
BATZUREN, de unos. (BATZUEN, de los unos.)
BATZURENTZAT, para unos. (BATZUENTZAT, para los unos).
BATZURI, a unos. (BATZUEI, a los unos).
BEDEREN, behinik behin, behintzat, gutienez.
BEHEITI, behera.
BERARIAZ, intencionadamente. (Ikus «Axularren Hiztegia».)
BEREIZI, separado. (BEREZI, especial.)
BERRERAIKI, restaurado.
BERRIKI, berrikitan, recientemente.
BESTE, bezainbeste.
BEZERO, cliente.
BIDE, beharbada, nonbait.
BIDEZKO, justo, normal.
BIKAIN, excelente, magnífico. (Ikus PIKAIN «Axularren Hiztegia»n)
BILAKAERA, evolución.
BILAKATZE, bihurtze.
BISITATU, bisitatutako, bisitaturikako, bisitaturiko.
BOLADA, unada, temporada.
BORDELE, Burdeos.
BULEGO, oficina, bureau.
BURURATU, bukatu, llevado a cabo.
DADUKATE, sostienen, afirman.
DAGOENEKO, para ahora.
DAKARZKIE, dakartsez, ekartzen dizkie (deutsez).
DAKIKEGU, dakigu nonbait.
DASTAGAI, gustagai, gustagarri. (DASTA, gustar, degustar.)
DATEKE, da nonbait, debe de ser, puede que sea, será.
DATXEKIO, está adherido a ello, le es inherente. (Atxeki aditzaren forma.)
DEITU, deitutako, deiturikako, deituriko.
DEITURA, apellido, nom de famille.
DELIBERATU, decidido.
DEMANDATZE, exigir.
DEUS, ezer.
DEUSEZTATZE, destruir.
DIGLOSSIA, diglosia (lurralde berean hizkuntza biren bizikidetasuna, bata bestearen menpeko delarik).
DIGUKE, digu (deusku) nonbait.
DIODAN, dinodan, esan dezadan (daidan).
DIOGUN, dinogun, esan dezagun (daigun).
DOHAINIK, dohan, doharik, urrurik, gratis.
DOI, apur.
DUINTASUN, dignidad.
DUKE, du nonbait.
DUKEGU, dugu nonbait.
DUKET, dut nonbait.
DUKETE, dute nonbait.
EBATSI, lapurtu, robado. (EBATZI, resuelto, résolu.)
EGINGAI, boceto, maqueta.
EGITURA, estructura.
EGOZTE, imputar.
EGUN, gaur.
EKAI, materia.
EKAIN (eki, sol + gain), junio.
ELE, hitz, berba.
EMEKI, geldiro.
EMENDATU, aumentado.
EMENDATZE, aumentar.
ERABAKIGUNE, centro de decisión.
ERABAT, guztiz, osoki, completamente.
ERABATEKO, completo, total.
ERAGIN, eragipen, influencia, acción.
ERAIKIKUNTZA, construcción. (Hitz elkarteetan azken bokala galtzen du.)
ERAKUNDE, organismo, institución, entidad.
ERORI, jausi.
ERORTZE, jauste.
ERRAUSPETAN, bajo ceniza.
ERRESUMA, reino, royaume, kingdom. (ERREINU, reinado, règne, reign.)
ESKAKIZUN, exigencia, exigible.
ESKUALDE, comarca, región.
ESKUALDEZALE, regionalista.
ESKUTARA, a manos. (ESKUETARA, a las manos.)
ESPANTAGARRI, harrigarri.
ESTRATA, estratza, camino estrecho.
EUSTE, sostener, apoyar, agarrar, asir, saisir.
EZEIN, ninguno.
EZKUTATU, ocultado, escudado. (Ezkutatu eta escudado sustrai bereko berbak dira.)
FRANKO, asko.
FINKO, firme, estable. (Ikus «Axularren Hiztegia».)
FROGA, prueba, demostración.
FROGATU, probado, demostrado.
FROGATZE, probar, demostrar.
FUNTS, fondo, sustancia.
FUNTSATZE, fundar, basar.
GABE (1), barik, en vez de, au lieu de.
GABE (2), barik, antes.
GAINGIROKI, superficialmente, someramente. (Ikus «Axularren Hiztegia».)
GAITZETSI, condenado, reprobado.
GARBITU, zuritu, justificado.
GEHIENGO, mayoría.
GENIZKIOKE, geunskioz.
GERAKUNTZA, estancamiento.
GINDERAMATZAKE, ginderoiakez, eramango (eroango) gintuzke (gindukez).
GISA (1), era, modu.
GISA (2), gisara, modura.
GIZABANAKO, individuo.
GOGO, memoria.
GOITI, gora.
GORDEAN, ezkutuan, ocultamente, secretamente.
GORPU, cadáver. (GORPUTZ, cuerpo.)
GUTIZ GEHIENAK, kasik denak.
HAIK, hareek. (Haiek aktibo, haik pasibo.)
HAINTZAKOTZAT, en consideración.
HALABAINA, alabaina, en efecto.
HALA NOLA, por ejemplo.
HALEGIA (hala + egia), a saber, es decir, esto es. (ALEGIA, ficción, simulación.)
HARMADA, ejército.
HARTZE IZAN, ser acreedor.
HAUK, honeek. (Hauek aktibo, hauk pasibo.)
HAUTESKUNDE, elección por votación.
HAZIL, noviembre.
HAZKUNDE, desarrollo, développement.
HEDATU, zabaldu.
HEGI, ertz.
HEIN, grado, nivel, medida.
HELBIDE, dirección, adresse. (ZUZENBIDE, justicia, derecho.)
HERRI BATUAK, Naciones Unidas.
HERTSI, hetsi, hitxi.
HESPARRU, recinto acotado.
HORIK, hoik, horreek. (Horiek aktibo, horik pasibo.)
HORTAZ, beraz, por consiguiente.
HOTS, a saber, es decir, esto es.
HURA, ha.
HUSTIRAKETA, hustiro, explotación. (Ikus ÜXTÜRATU, ÜXTÜRO Pierre Lhanderen hiztegian.)
IDAZKARI, sekretari.
IKERTOKI, centro de investigación.
INKANTA, subasta.
INKESTA, encuesta.
IRAGATE, pasatze.
IRISTE, heltze.
IRITSI, heldu.
IRUDIKO, ustez.
ISTILU, conflicto.
IXTI, recular. (HIXTITU, reculado. Ikus «Axularren Hiztegia».)
IZAKI, ser, ente.
IZANKI, izanik.
IZTERBEGI, enemigo interno.
IZURRITE, epidemia.
JADANIK, ya.
JALGI, atera.
JALGITZE, irtete, ateratze.
JARRERA, actitud, postura.
JASAN, soportado.
JASATE, soportar, sufrir.
JENDALDE, población.
JITE, índole, naturaleza.
JAUSI, erori.
JUJE, juez.
KALE EGITE, fallar. (Kale hitzak lehen silaban du azentu prosodikoa.)
KASU, por ejemplo.
KINKA, situación crítica.
KONTRAST, contrapuesto, contradictor.
KURAIOS, corajudo.
KONTSEILARI, concejal.
KUTSADURA, contaminación. (SATSUDURA, polución.)
LARDERIA, autoridad.
LAZKI, ásperamente.
LEGEBIDETASUN, legitimidad.
LEGEGAI, proyecto de ley.
LEHENGAI, materia prima.
LEINU, tribu, raza, linaje.
LEKUKO, testigu.
LURREREMU, extensión de terreno.
LUZAZ, luzaro.
MAIZ, sarri.
MEMENTOKO, de momento, por el momento, por ahora.
MENDEBALDE (mendebal, viento del oeste + alde), occidente, Oeste.
MENTS, déficit.
MERKATALGO, comercio.
MILIAR, mila milioi.
MULTA, amanda.
MURRIZTU, moztu, recortado, podado.
NABARI, evidente, notorio, patente.
NABARITZE, advertir, notar, percibir.
NASAIKI, abundantemente.
NEKE, neketsu.
NINTZADEN, nintzen.
NON, que.
OHITUKI, habitualmente.
OIHARTZUN, eco.
ORAINOKOAN, orainartekoan.
OREN, ordu.
ORO, guzti.
OROKOR, general, universal.
OTSAIL, febrero.
SALBUESPEN, excepción.
SARTALDE, mendebalde, occidente.
SEN, juicio, estado normal.
SINDIKAL, sindikari (hitz elkarteetan).
SINDIKARI, miembro de un sindicato. (SINDIKALDU, hecho miembro de un sindicato. SINDIKALGO, sindicalismo. SINDIKATU, sindicato. SINDIKO, síndico.)
SISTIMA, xistima, xixtima, medio hábil. (SISTEMA, sistema.)
SOBERA, gehiegi, lar, larregi.
SOLAS, discurso, conversación.
SUSTRAI, erro.
SUZTATU, reavivado, provocado.
TANKERA, estilo, modo.
TANPEZ, súbitamente.
TOKIAN TOKIAN, en cada lugar.
TOLOSA, Toulouse.
TRABAILARI, langile. (Ikus «Axularren Hiztegia».)
TXITZE, xitze, sobrepasar. (Ikus XITU «Axularren Hiztegia».)
TXOSTEN, escrito, informe, dossier.
TXUNDI, quedar estupefacto.
UGAZABA, amo, dueño, maître.
UKAN, izan. (Ukan aktibo, izan pasibo.)
URRATS, pauso. (PAUSU, descanso, reposo.)
URTARRIL, enero, janvier.
UZTA, cosecha, récolte.
UZTAIL, julio.
XANTZA, chance, probabilidad.
XEDE, propósito.
ZALANTZA, vacilación, duda.
ZEIN, edo.
ZEINTZUREN, de quiénes. (ZEINEN, de quién.)
ZEREN (ETA), ze, pues.
ZERGARI, contribuyente.
ZILEGI, lícito.
ZINEZ, benetan.
ZUZEN, derecho.
ZUZENBIDE, derecho. (HELBIDE, dirección, adresse.)
Russell Hauzitegia, Herriaren zuzenbidea
Munduko azken gudu nagusiaren ondoren, Nuremberg-eko hauzitegia famatua egin zen. Russell Hauzitegiak ez du benetan beste horren antz handirik. Gudua irabazi zuten Estatuek sortu eta antolatu zuten Nuremberg-ekoa, gudua galdu zutenak epaitzeko eta zigortzeko. Russell ez zen estatu gizona izan, filosofo eta idazle baizik, eta batez ere gizazale. Eta indarrezko aulki batetik edo garaipenaren izenean ez zuen nahi inor epaitu, bere gizazaletasun horren izenean baizik.
Literaturazko Nobel Saria irabazi zuen Russellek; baina horrek ere ez zion itzal berezirik ematen, inolako estatu gizon handirik epaitzeko. Herriagan aurkitu zuen eskubidea, indarra eta itzala; eta herriaren zuzenbidearen* izenean antolatu zuen, bere izena hartu duen herriarteko hauzitegia.
Vietnamgo guduaren kontra sortu zen
Vietnamgo gudu luzea amaitua da; eta, horregatik edo, Bakearen Nobel Saria eman zioten Kissinger jaunari. Baina sari horrek, Ameriketan edo Ingalaterran edo munduko beste edozein bazterretan «gudu zikinaren» kontra jokatu zutenena izan behar zukeen. Horien artean zegoen Bertrand Russell ere. 1970. urtean hil zen hau.
Londresen, kaleko manifestazioak antolatu zituen Russell jaunak, USAk Vietnamen zeraman guduaren kontra. Eta hori epaitzeko eta kondenatzeko sortu zuen, hain zuzen ere, gero Russell beraren izena hartu duen hauzitegia. 1967. urtean gertatu zen hau. Russell bera hil ondoren, berriz, herriarteko hauzitegi hori iraunkor bihurtzeko asmoa errauspetan* gelditu zen; baina ez zen itzali.
Handik urte gutitara, Lelio Basso Italiako diputatu sozialistak birpiztu zuen erakunde* iraunkor bezala. Hauzitegia osatzen dutenen artean, herrialde askotako legegizon, filosofo, apez eta beste daude. Giulio Girardi ere tartekoa da. Urte hauetan finkatuz joan da Russellen asmo hura, eta bere historiatxoa ere betea du, II. Russell Hauzitegia izenaz.
Erroman ukan zuen, 1973.ean, lehen hauzia. Brasilgo, Txileko eta Boliviako Gobernuak kondenatu zituen, giza eskubideak zapaltzen dituztelako. Bigarren hauzia, berriz, aurtengo urtarrilean* gertatu da Brusselan. Hontan, Guatemalako, Haitiko, Uruguayko, Paraguayko eta Dominikar Errepublikako Gobernuak epaituak izan dira eta kondenatuak. Era berean Kissinger eta Ford jaunak, Hego Amerikan daramaten politikagatik.
Herria da zuzenbidearen iturria
Herria du Russell Hauzitegiak bere itzalaren oinharria, eta bai bere diru laguntzailerik handiena ere sarritan. Estatuen zuzenbide «okerraren» kontra sortu da Russell Hauzitegia, herriagan beragan oinharrituz.
Estatuak ez dira sarritan, herriaren eskubideak zaintzeko gauza; eta eskubide hauk* beraiek urratzen dituzte askotan, beraiek ezarritako legepean edo legearen kontra. Estatuen artean sorturiko hauzitegiak, berriz, ez dira sarrienetan, inongo Estatuk zapalduta dadukan Herriari zuzentasuna egiteko gauza, diplomazi jokoetan galtzen baitira Estatuak eta hauek sorturiko eta indarturiko hauzitegiak.
Estatuek, legez edo legearen kontra, Herriaren eskubideak —giza eskubideak— urratzen dituztenean, herriarteko alkartasuna izan ohi da gehienetan indarrik handiena, Estatuok atzera jo erazteko, eta ez Estatuen politika eta diplomazia ustela. Herrien elkartasunaren indar eta itzal horik* bildu nahi ditu, hain zuzen ere, Russell Hauzitegiak. Beregaintasun osoa edo soberania hain sutsuki zaintzen duten Estatuak epaituak izan daitezkeela uste du Hauzitegi horrek, Herriarteko elkartasunaren izenean eta Herria delako zuzenbidearen iturria, eta ez Estatua
Russell Hauzitegiaren itzala eta indarra ez daude, bada legean edo poliziagan edo harmadan.* Hauzitegi horrek ez du oinharri horietan funtsatzen* den indarrik, bere epaiak bete erazteko. Bere seriotasunak emango dio, azkenik, itzala eta indar benetakoa Russell Hauzitegiari. Aurretiko ezein* legetan oinharritzen ez delarik, gero Herriarengandik etorriko zaion legeztapena izango da Hauzitegiaren benetako oinharri. Horregatik, epai horien eginkizuna ez da, besterik gabe, inolako Gobernurik botatzea, herriarteko kontzientzia iratzartzea baizik Herriaren indarra, laguntza eta itzala lortuko ez baditu, idealista talde zoro baten amets huts geldituko da Russell Hauzitegia eta horrek emango dituen epai guztiak.
Nola jokatzen du Russell Hauzitegiak?
Edozein hauzitegik bezala epaitzen du Hauzitegi honek. Lehenik, epaigai bakoitza aztertzeko batzorde* bana eratzen du, epaitu nahi den Estatu edo Gobernu edo nornahiri buruz dokumentazioa bil dezan, eta salakuntza presta. Salakuntzazko txostenak* irakurri ondoren, lekukoek* diotena entzuten du, salatuari egozten* zaizkionak ondo egiaztatzeko.
Aztertu egiten dira, gero, salatuak (Estatu, Gobernu, erakunde edo bestek) onhartzen dituen legeak, lege horien arabera* epaitzeko, hain zuzen ere; edo eta, legeok giza eskubideen kontrakoak badira, eskubide horien arabera epaitzeko. Horregatik Russell Hauzitegiak, Estatu gehienek onhartua duten UNOren Giza Eskubide Oinharrizkoen Ageria du bere lege nagusia eta epai oinharririk sendoena.
Hauzibidea zuzen eramaten baldin bada, orduantxe bakarrik lortuko du itzala Russell Hauzitegiak, eta Herriaren giza eskubideak zapaltzen dituen edozein Estatu edo erakunde edo gizon ixti* erazteko eragina* edukiko du haren epaiak.
Russell Hauzitegiaren etorkizuna
Garrantziazkoa da Russell Hauzitegiaren etorkizunari begiratzea, etorkizunekoa baita bereziki haren indarra. Herrien eta gizonen itzala eta oneritzia irabaziko duenean, eta haien laguntza osoa ukanen duenean, orduan bihurtuko da Russell Hauzitegia munduko jendalde osoaren kontzientzia eta herri zapalduen babeslea.
Orain arte Ameriketako Gobernuak kondenatu ditu Hauzitegi horrek; eta hango giza eskubideen zapalkuntza zein handia eta zabala den esan nahi du horrek. Baina laster Europa aldera ere itzuliko delakoan nago.
Torturak, gizonaren hustiraketak,* herri ttipien zapalkuntzak eta abar ez dira, zoritxarrez, Amerika aldean bakarrik gertatzen diren izurriteak:* Mendebaldeko* lurraldeetan ere sarritan gertatzen diren delituak dira. Orain arte, nolabaiteko atseginez edo, Amerika urruneko Gobernu maltzurrak kondenatzen ikusi dugu Russell Hauzitegia. Europakoak hauzitara eramango dituenean, orduan beharbada jakingo dugu, Russel Hauzitegia ez dela talde zoro eta ameslari baten kontua. Urduan Europako Herriok ere oso geuretzat hartuko dugu Russell Hauzitegia, mina ere geurea dugulako eta gure kontzientzia nagiak iratzarriko dituelako.
Paulo AGIRREBALTZATEGI
dezan, daian
dio, deutso
zaio, jak
zaizkio, jakoz
zion, eutson
zioten, eutsoen