ANAITASUNA

300-301. zenb.

1975.eko agorrilaren 15ekoa

Pelota, 4 - 1.º - Bilbao-5

Tel. 23 74 49 - Apart. 495


ANAITASUNA BIZKAIA

HAMABOSTEROKOA

ZUZENDARIA:

Joan Mari Torrealdai

Urteko abonamendua:

Bertorako 300 pezeta

Latin Amerikarako 320 »

Europa eta Ipar Amerikarako 450 »

Ale bakoitza: 15 pezeta.

HELBIDEA:

Pelota, 4 - 1.º Bilbao-5.

Posta kaxa 495. Tel. 237449.

INPRIMATZAILEA:

Imprenta AMADO - Mazarredo, 35 - Bilbao-10

D. L.: BI. 1753-67.


Hirurehun

ANAITASUNAren urtemuga* bat edo ospatzen dugu zenbaki honekin. ANAITASUNAren partaide diren edo izan diren zenbait burkide* bildu ditugu, hori bestatzeko, geure horrialdeetan. Eta ba dugu arrazoinik hortarako, geure aldizkariaren 300. zenbakia ateratzen dugularik. 300 zenbaki. Gazte, beraz. Gazte? Bai, gazte. Geuretzat artzen dugu kalifikatze hori. Gazte, urteen arabera.* Gazte, adoreagatik. Gazte, gazteek egina. Gazte, gazteentzat egina.

Gaztea izan arren, edo izateagatik, historia luzea du, ANAITASUNAK. Hamar urtetatik gora irautea ez da guti. Iraupenak, euskal kazetaritzaren baldintza gogorretan, ba du, besterik gabe, zer miretsirik* eta merezimendurik. Euskal kazetagintza, ANAITASUNArenaren antzera, kinka* gaiztoan dago oraindik, eta batez ere egona da. Ekonomiazko egoera argala, larria, horixe da lehen baldintza kondizionatzailea, eta nolakoa. Amateurismoa da gure ezagugarririk bereizgarriena. Ideologiazko deabru zaharrek, «fuite en avant» egitera zirikatzen gaituzte. Kazetagintza argi, arin, garden, irakurterraz eta irakurgarri bat nola lor?

ANAITASUNAren bizitza aldazgora bat dela pentsatuko du norbaitek. Eta ez zaio arrazoinik faltako. Baina begira! Aldazgoran zoazela, biratzea aski* duzu, aldazgora hori aldazbehera bilaka* dakizun. Gure poza doblea da: goitutako* aldaparena eta egunen batez iritsi* nahi dugun gailurrarena. Ikus ditzagun biak

Historia, historiak

Zenbaki berezi hontan irakurleak ikus dezakeenez, historia ugariak. historia desberdinak ditu ANAITASUNAk. Barea ezik beste dena izan da ANAITASUNAren bizitza. Batzuk uste, bestek opa.* mila aldiz aldarrikatu* izan da ANAITASUNAren azkena. Talde desberdinak, joera diferenteak. zuzendari berriak. Eta, aldakuntza bakoitzarekin. ANAITASUNArenak egin zuela pentsatzen zen. Baina ANAITASUNA beti piztu da bere errautsetatik. Susmo bat: Euskal Herriaren —talde ekintzaileen— memento berezi bakoitza, azken urteotan. ez ote da gero ANAITASUNAren aldakuntzekin parekaturik bezala ikusten ahal? Euskal Herriaren burrukaren ispilu ona da agian* ANAITASUNA. Testigu eta akuilari.

Azken urteotako ANAITASUNAren historian konstante bat agerian jarri behar da: burruka non, ANAITASUNA han. Aise froga daiteke gure hamabostekariaren lekukotasun, bertakotasun hori. Sozialismoaren eta euskaltzaletasunaren gorabeheretan, han dago ANAITASUNA. Ikastolaren hauzian, han dago ANAITASUNA. Alfabetatzearen ekinaldietan. partaide da ANAITASUNA. Euskara batuaren arazoan, aitzindari da ANAITASUNA.

Burrukalari fama du ANAITASUNAk. Beti asmatu* eta asmatuko duelako pretentsiorik gabe, ausarta* izan behar dela pentsatzen du, ixilpeko kontradizioak argitara ekartzeko: kritika zorrotza, agian mingarria, premiazko dela sarritan, Euskal Herri berri baten alde bada. Leku, burruka, hauzi guztietan, etorkizuneko joera eta indar aitzindariak defendatzen, babesten, bultzatzen, sendoagotzen ikusten dugu ANAITASUNA. Ez da orain ANAITASUNAren historia errekuperatzeko edo eta berriz idazteko ordua, oraingoan geure gustura egingo bagenu ere. Hor dago ANAITASUNAren bidea. Bide hori linea zuzen batek baino lerro hautsiak agian hobeto adieraz lezake, nahi bada. Baina nekez uka daiteke, izpiritu berritzaile eta piztaile baten histona ez denik.

Gizon bati eskerrak

Historia guztian, kinka larri guztietan, irakurle ohartuak gizon baten presentzia azpimarkatzen du. Haren eta ANAITASUNAren historiak batera doaz luzaro. ANAITASUNA sortu, gidatu, indartu, zabaldu, zuzendu, txukundu... egin duena, gizon hori berori da. 60 urtetako gazte bat. Nor? Erraza da asmatzea: Imanol Berriatua. ANAITASUNA horren txukun eta egoki agertzen bada, Imanoli zor diogu. Honen lanik bereziena, hizkuntzazkoa da orain. Hizkuntzaren aldetik ANAITASUNA osoa zuzentzea, dena bateratzea, ahalik gehien erraztea. Lan isila, baina zein eraginkorra! Gure zorionak eta eskerrak Imanoli!

Bila eta bila

ANAITASUNA ez da geldi egoteko jaioa. Azken aldion —urtebete pasatuxe— berrikuntza premiazko bat izan zuen. Hildo berri baten atzetik ari gara harez gero. Irakurlea, dagoeneko, ohartu da nonbait, formula egoki eta finkatu baten bila gabiltzala. Ez dugu oraindik aurkitu.

Baina ANAITASUNAren oraingo —eta orainarterainoko— ahuleziarik* arriskutsuena ez dator hortik. Beste nonbaitetik dator: ekonomiatik, diru aldetik. Zergatik uka? Irakurleak, gure buztinezko zangoak ezagut ditzan komeni da. Legezkoekin batera, ekonomiazko mugak dira guretzat larrienak. Dirurik ez dugulako, ez dugu infrastruktura egokirik, ez dugu lankide liberaturik, ez idazle profesionalik. Dirurik ez dugulako gelditzen dira erdi abortaturik Zuzendaritzaren ahalak eta ANAITASUNAren asmoak eta eginkizunak. Ekonomiazko egoeraren larritasuna ez luke sekula ahantzi behar ANAITASUNAzaleak, bai aldizkaria balioztatzerakoan bai laguntza eskaintzerakoan.

Euskal «newsmagazine» bat?

Euskal «newsmagazine» bat bilakatuko ote da ANAITASUNA? Aldizkari mota horik dira, gaur egun Europan arrakastarik handiena dutenak.

Bitan adarka gaitezke. Eritzien aldizkari bat egingo dugu, ala berri soilena? Gure pretentsioa bietarik egitea da. Euskal mundua gure inguruko prentsatik kanpora dagoenez, lekuz batipat* Euskal Herriari atxekiko gatzaizkioke, ghettorik egin gabe. Problematikaz nola situatzen garen, gure irakurleak ba daki; baina ez goaz deus zehatzagorik esatera, inongo Inkisidoreri geure kontrako harmarik eskain ez diezaiogun. Problematika hortan euskaldunok ez gaude bakarrik. Munduko berriak beharrezko ditugu. ANAITASUNAk ba du munduko gertakariak eta korronteak baloratzeko biderik eta modurik.

ANAITASUNAk, bada, gertakariaren ondoan egon nahi du, batez ere inguruko prentsaren eremutik* kanpoko gertakarien ondoan. Kazetagintza bizi bat behar dugu.

Gero, gertakariaren ihes azkarraren azpitik —jazoerari loturik bai, baina barnago sarturik—, azpiko mugimendu hori, aldakuntza sakon hori, ideien olde* ezkutu* eta esangabe hori plazaratu nahi luke ANAITASUNAk. zenbaki berezi eta «dossier» batzuren bidez. Hontan, euskal irakurlearentzat erreferentzi puntu bat eta beharkizun* bat izan gura luke ANAITASUNAk.

ANAITASUNA —aldizkari bat mugimenduan—, lan talde eta idazle ekipo on batekin, euskal gizarte baten piztaile izango da. Nahi luke izan. Izango da, irakurle, zure laguntzarekin.

Joan Mari TORREALDAY


300. alearen gailurretik

Erromesak* gaituzu, bidegile euskalgintzaren aurrerabide luze eta neketsuan. Hilabetez hilabete eta urtez urte, Euskal Herri zaharberritu baten mezulari* izaten ahalegindu gara. Iragana ez dugu erabat* ahantzi, baina gaurkoari lotu izan gatzaizkio batipat,* gaurko euskaldunari eta biharko egunaren jabe izango denari.

Muino* hontatik begiratzean, gailurra urrun dakusagu,* gure bide ertzetan loreak baino harria eta arantza ugariago ageri da, izarrak baino ilunpea maizago.*

Keratxo* hau egin eta atzera begiratzean, zenbaiten hutsuneak ere min ematen digu bihotz ondoan. Izan garen guztiok ere ez gaude jadanik* hemen. Bidegurutzerik ere izan da gure ibilian.

Sarri ibili gara arnasestuka, axatu* dizkiguten txakurren ihesi, urruneko eta hurbileko txakurren ihesi: aurrerakada bizitan eta atzerakada beldurtitan. Ilunabarreko ibilketa da gehienbat gure hau; eta noiz edo noiz suertatu izan zaigu ezker-eskuin zabuka* eta alderaka ibiltzea ere. Ez da harritzekoa! Pausoak beti zuzen ematea ez da erraza. Erromesak gaituzu, eta ez jet bizkorretan eta norabide urratutan zehar erosoki* goazen bidariak. Norantz goazen ba dakigu; baina paisajearen ñabardurei* luzaz begira egoteko, gehiegi lanpetzen gaitu bidegintzak.

Gazi-geza askok oretu* du gure erromes ogi hau, euskaldun anaiei zintzoki banatu izan diegun gure ogi hau. Gure irina ez da beti ondo galbahetua izan, zahia* ere izan du tarteka. Baina ez ahantz, erromes ogia presakako ogia denik. Noizbehinka gogorra izan bada ere, ogia ematen ahalegindu gara beti, norbaitek besterik uste izan badu ere. Guk geuk giharreak* eta bihotza janaritzen dituen ogia eman nahi dugu beti, ez harririk.

Guk, muino hontatik agurra bidaltzean, ezer guti eskatuko dizugu: zure diosala* eta borondatea gailurrerantz darraigun.* Gaua luzatu egingo da, agian;* baina ba datorke* egunsentia. Arren, ez egin gure ogiari musin.*

Xabier MENDIGUREN


Atzo eta gaur. Lehen unada

ANAITASUNA aldizkari honek, bere 300. alea ateratzera heltzeko, zenbat bide urratze eta zenbat gorabehera iragan behar ukan* duen jakitea denontzat interesgarri bada, are* gehiago, gazte garelako, oraingoa baino ezagutzen ez dugunontzat. Argi dakusagu,* gaurko euskal kulturan gertatzen ari diren zenbait istilu,* aspaldian agertu zirela ANAITASUNAren historian.

Historia hau, gehienbat hizkuntz aldetik egina bada ere, ezin genezake esan, hein* hortan bakarrik gelditzen denik. Ba dugu beste zenbait eratako ikuspunturik ere.

Agian* bati baino gehiagori irudituko zaio harrigarri, gazte batek ANAITASUNAren historiaren lehen unada* aztertzea. Egia esan, lehen iturrietara jo beharra ukan dut: ANAITASUNA bertara eta batez ere Aita Imanol Berriatuarengana, bera baita aldizkariaren historia bizia, bera sortzailea, bera iraun erazle aspergabea, bera testigurik fidagarriena.

ANAITASUNAren lehen unada hau 1953.eko ekainean* hasten da eta 1969.eko agorrilean* bukatzen. 171 zenbaki agertzen dira. Aldizkariaren bilakabidean,* urrats* berezi batzu* ikusten ditugu; eta, haien arabera,* lau epetan zatikatzen dugu unada hau.

Lehen epea (1953.eko ekainetik 1955.eko ekainerarte)

1953.eko ekainean agertzen da ANAITASUNAren lehen zenbakia. Hilabeterokoa da. Lau horrialde ditu. Horrialde ttipiak: oraingoen erdia. Prezioa, 6 pezeta urteko. Gernikako inprimategi ttipi batetan moldatzen da.

Zuzendaria Aita Imanol Berriatua da. Foruko frantziskotarren komentuan bizi da, Gernikatik hurbil. Hango fraidegaien erretore egin dute. Hizkuntzak irakasten ditu. Euskara bereziki. Ikasleen artean, Joseba Intxausti eta Fernando Mendizabal aurkitzen dira, gero Jakin aldizkariaren fundatzaile eta zuzendari izanen direnak. Juan Azurmendi ere aurkitzen da, unada honen azken epean ANAITASUNAren zuzendaria izango dena.

Garai hartan ez zen Bizkaiko euskaraz ezein* aldizkaririk publikatzen. Tolosako fraideek «Anaitasuna» izeneko aldizkariño bat ateratzen zuten Euskal Herriko San Frantziskoren Hirugarren Ordenakoentzat. Baina Gipuzkoako euskaraz agertzen zen. Egoera hortan, beharrezko iruditu zitzaion Aita Berriatuari, mendebaldeko* euskalkian hilabetekari bat argitaratzea. Eta hala egin zuen.

Hilabetekariaren hastapenak* ez ziren errazak izan. Garai hartan oso zaila zen —ia ezina— Madrileko agintariengandik euskarazko aldizkari bat ateratzeko baimena lortzea. Hori kontutan harturik, Bizkaiko ANAITASUNA Gipuzkoakoaren gehigarri bezala agertu zen, legearen aurrean aldizkari biek Tolosan zuzendari berbera zutelarik, gero egintzetan oso desberdinki eta elkarrekiko loturarik gabe jokatu arren. Bizkaiko ANAITASUNAk 1967.ean lortuko du beregaintasun osoa, hamabosteroko bihurtuko denean. Bestalde, aldizkaria ateratzeko dirua behar zen. Lehen mementoko diru hori Bilboko Jon Arrozpide eta Sabin Zubiri jaunek eman zuten.

Lehen epe hontan, ia artikulu guztiak Aita Berriatuarenak ziren. Noizik noizera, Baletin Enbeitak eta Aurraitzek ere idazten zuten.

Gaiari baino inportantzia askoz haundiagoa ematen dio Aita Imanolek euskarari berari. Horrexetarako hain zuzen ere sorterazi zuen aldizkaria. Oroz* gain, euskara lantzeko, euskara zabaltzeko, euskara irakur erazteko. Batez ere euskaldun kaletarren artean. Aita Imanolek euskara erraza erabiltzen du, herrikoa, joskeraren* aldetik oso jatorra, Bizkaiko euskara hutsa, beste euskalkiekin nahasi gabea, bizkaitar klasikoena. Hitz «garbiak» ezagutu arren, berariaz* erabiltzen ditu sarritan «mantxatuak», euskara idatzia memento hartako euskara mintzatuari egokituz. Egokitasuna nahiago du, garbitasuna baino. Jaiotzatik bertatik hasten da ANAITASUNArentzat garbizaleen eta egokizaleen arteko burruka, burruka latza, haren historia guztian barrutik eta kanpotik ixilean eta agerian iraunen duena, baina azkenean beti egokizaleek irabaziko dutena, hastapeneko hildoari* jarraikiz.

Bigarren epea (1955.eko uztailetik 1957.eko apirilerarte)

Epe hontan, izenez Aita Berriatua, baina izanez Alfontso Irigoien da ANAITASUNAren egiazko zuzendaria.

Aldizkaria Bilbon inprimatzen da, Verdes Atxirikarenean. Zortzi horrialde ditu, horrialde ttipiak. Prezioa, 12 pezeta urteko.

Ribera kalean Euskal Akademiaren etxean egiten da. Idazleak, batez ere gazteak, ugaritu egin dira. Haien artean, Gabriel Aresti aurkitzen da. Irakurleak ere asko gehitu dira, Bilbon bereziki.

Mamiz eta itxuraz asko hobetu da aldizkaria. Gazteek beste arnasa berri bat eman diote. Kendu egin diote apurtxo bat lehengo eliz usain larregia. Komiki bat ere agertzen da. Aldizkariak kaletartasun gehiago du, laikotasun gehiago.

Garai hontakoak dira, garbizale batzuren haserrez Manuel Lekuonak Egan aldizkarian idatzi zituen lerroak: «Izan diteken inpresiorik ederrena egin digu ANAITASUNAren numero onek. Ederra benetan. Au da orri bat ondo egitea. 'Orria', baina ariña, aizeak eramatekoa, txairua,* egalaria. Ez baitakigu orria ala txoria esan. Esku ona bear da lan ortarako. Eta oraingoan esku ori azaldu digute ANAITASUNAren egilleak» (Egan, 3-4, 1956). «Euskera jakintsua nai dutenek, or daukate Eusko Gogoa, ta orain baita Jakin sortu berria ere. Elizakoia nai dutenek, or dauzkate Arantzazu ta. Era guztietakoa nai dutenek, Egan. Baserritarrak, berriz, naiz Gipuzkoako Anaitasuna naiz Iruñeko Zeruko Argia. Eta kalekumeak, Bizkaiko Anaitasuna» (Egan, 5-6, 1956).

Izan ere, garbizaleak ez zeuden geldi. «Orren* euskera zatarra darabilen aldizkari bati ez ziokela olako arrera onik egin bear» Lekuonari esan ziotenek, beste horrenbeste esan zieten nonbait Ribera kaleko gazteei ere. Ondorioz, idazle guztiek sinatuko dituzte beren artikuluak, nor bere euskararen errespontsable izan dadin. Gogora dezagun, garai hartan «sekretu» hitza, esate baterako, ezin zitekeela erabil, garbizaleen haserrea piztu gabe.

Bilboko bigarren epe inportante honek bi urte iraun zuen. Aldizkarien jabeek, beronen kontrola galtzearen beldur, beren gain hartu zuten Zuzendaritza.

Hirugarren epea (1957.eko maiatzetik 1966.eko abendurarte)

Eperik luzeena. Bederatzi ta erdi urtetakoa. Aldizkaria lehenbizi Zarauzko «Itxaropena» inprimategian eta gero Arantzazuko fraideenean moldatzen da. Orain ere zortzi horrialde ditu. Prezioa, 12-15 pezeta urteko.

Epe honen azken aldian —1965.eko irailean*— horrialdeen luze-zabala doblatu egiten da, hortan gaurko ANAITASUNAren itxura hartuz. Prezioa ere gehitu egiten da: 25 pezeta urteko.

Zuzendaritza Arantzazuko Jakin taldeko teologoek daramate, edo talde hortakoa izan den fraide gazte batek edo bestek.

Idazleak ere fraidegaiak dira gehienbat. Hogei inguru. Haien artean ezagunenak, Joxe Azurmendi eta Joan Mari Torrealdai. Osterantzeko* idazleen artean, hurrengoak aipa daitezke: lehen aldian Villasante, Erkiaga, Felix Bilbao, Aurraitz, Balentin Enbeita; azken aldian Xabier Kintana, Kamiñazpi, Gotzon Garitaonandia.

Epe hontan, Aita Berriatua Dakar aldera joaten izan da Bermeoko arrantzaleekin. Zortzi negu luze iragan ditu Mendebal Afrikako itsaso eta kostaldean. Handik bidaltzen izan ditu hilabetero bere kronika famatuak. Garbizaleek jakin dezaten, hona hemen 1961.eko abenduaren 4ean Gipuzkoako Diputaziotik egileari idatzi ziotena: «Zorionak! Askotan esan izandu det, baita artikuluetan ere, zu zerala euskal periodista aurrenaurrena. Ori da benetako euskera. Itz egiten dana. Zurea da bide zuzena, ez izan dudarik. Zorionak berriz ere besarkada batez» (Jose Artetxe). «Artetxek esandakoak den-denak ontzat artzen ditut» (Fausto Arozena). «Poz aundirekin irakurri dut zure artikulua. Baita beste guziak ere. Zorionak!» (A. Valverde). Hala ere, bere herrian ANAITASUNAren ehun ale inguru banatzen zituen Bizkaiko apez batek, euskara hori ezin irentsiz edo, aurrerantzean ale bat ere ez bidaltzeko jakin erazi zion Zuzendaritzari. Eta ANAITASUNAn bertan idazten zuen garbizale batek —gaur ere jarrera hortan dirau— bere amorrua agertzen zuen, «kontra» hitza eta halakoak irakurtzen zituenean.

Gaiaren aldetik, oro har, intelektualago bihurtuz doa aldizkaria. Kontutan eduki, Arantzazuko teologoek idazten dutela. Artikulu sakonagoak agertzen dira, luzeagoak. Eliz kutsukoak, sarritan. Erromako Kontzilio hasi berriak erabiltzen dituenak. Hautsi egin du aldizkariak herri xehearekiko lehengo lotura hertsia,* nahiz eta orain «Erriz Erri» sail berria agertzen den. Beste irakurlego ikasiago batenganako joera nabaritzen* da.

Hizkuntzaren aldetik, oro har hemen ere, zerbait galdu du aldizkariak, gure ustez. Orain erabiltzen den euskarak ez ditu lehengoaren batasuna eta joskera jatorra. Idazle gehienak gazteak dira; ez dute behar den moeta menperatzen hizkuntza idatzia. Batzu, gainera, giputzak dira, eta ondo ezagutzen ez duten euskalkian idatzi behar dute. Eta arrazoin nagusiena: idazlanak ez dira pasatzen zuzentzaile on baten eskuetatik. Gogora dezagun ANAITASUNAren historia luzean inportantzia haundia izan duela zuzentzaileak. Zuzentzaile hori —epe batetan gehiago, beste batzutan gutiago— Aita Berriatua izan da. Azken zazpi urteotan berak zuzentzen du aldizkari osoa, eta garbitara pasatzen ditu makinaz artikulu guztiak. Euskara lantzen ari garenoi zein mesedegarri zaigun Aita Imanolen lana, ez dago bi hitzetan esaterik. Gutienez «eskerrik asko», irakasten ari zaigunagatik.

Laugarren epea (1967.eko urtarriletik 1969.eko agorrilerarte)

Urte bi ta erdiko epea. Laburra, baina gorabehera haunditakoa.

Aztertzen ari garen lehen unada hontan, izan dira, bai, istiluak eta tirandurak.* Baina ez dira inoiz ideologi mailan agertu, linguistik arloan baizik, gehienetan behintzat. Ideologiazko istiluak hurrengo unadetan azalduko dira. Euskara bera izan da orain arte ANAITASUNAren kezkarik behinena.*

Azken epe hontan gordindu egin da kezka hori. Aldizkariak bi mila abonatu bakarrik ditu. Bultzada bortitz* bat behar du. Hortarako ez dira egokienak Arantzazuko fraidegaiak. Zuzendaritza, Arantzazutik Bermeoko komentura aldatzen da. Hantxe elkartu dira gazte batzu, Aita Juan Azurmendi zuzendariaren inguruan.

Orain aldizkaria hamabostero agertzen da. Inprimategia Bilbon. Prezioa, 75 pezeta urteko. Izena «ANAITASUNA Bizkaia», Gipuzkoako «Anaitasuna»tik bereiztearren, aurrerantzean ez baita haren gehigarri izanen, bereburuko baizik.

Aita Azurmendi Bermeon egon zen bitartean, egiazko Zuzendaritza Gotzon Garitaonandia Muñuko apezak eramaten du. Bera da aldizkariaren arima eta idazleetarik gehien idazten duena. Hauk,* bi taldetan bil daitezke: Bereziki hizkuntzaren arazoaz kezkatuak (Garitaonandia bera, Josu Arenaza, Kamiñazpi, Aurraitz, Zeleta, Basajaun, Balentin Enbeita, Sabin Alonso Ariño, Lander Gallastegi, Deunoro Sardui, Paulino Solozabal, Jose Antonio Oar-Arteta, Xabier Gereño, Xabier Kintana, Imanol Berriatua, eta beste. Azken hirurok salbu, gainerakoak garbizaleak dira); beste hauk, bereziki euskal problematika osoari atxekiak* (Otsolarre, Artza, Jose Antonio Arana, Angel Ugarteburu, Joseba Andoni Aranburu, Bittor Egurrola, Karmen Ibarra, Antonio Zubizarreta, Joan Mari Torrealdai, Joxe Azurmendi, Felipe Izagirre, Julen Kalzada, Xabier Amuriza, Jesus Naberan. Azken zazpiok elizgizonak dira; besteetarik gutiz* gehienak, «Herri Gaztedi»koak. Hizkuntz arazoan ez dira garbizaleak, egokizaleak baizik).

ANAITASUNAren historia hizkuntzaren aldetik batez ere aztertzen dihardugularik, esan dezagun, aldizkariko idazle garbizaleak gero eta indar gehiago hartuz zihoazela, eta, Baionako Batzarreaz geroztik Euskal Herriko idazle gazte gehienek —beste inork baino lehenago Jakin aldizkarikoek— H onhartzen zuten bitartean, ANAITASUNAko zenbait idazle letra horren —beraz, euskara batuaren— kontra jarri zirela.

Aita Imanol, sasoin hartan, Alemanian zegoen, eta ez zuen begi onez ikusten, ANAITASUNAk bere tradizio egokizale eta aurrerazalearen kontra hartzen zuen joera. Izan ere, aldizkariaren helburuetariko bat euskara batua zen, ordurarte idazlan guztiak Bizkaiko euskalkian agertzen ziren arren. Bestalde, Aita Imanol, asmoz eta egitez, euskara batuaren aldekoa zen aspalditik, «Zeruko Argia»ra Dakar aldetik bidali zituen eta astekari hortan 1965.eko otsailean* agertu ziren bi kronikek frogatzen dutenez. Beraz, zuzendari ordezko zelarik, Aita Imanolek eskutitz bat bidali zion Aita Azurmendiri, bere eritzia garbiki azalduz: «Besterik ezean —esaten zion zuzendariari— balia zaitez garbizale horietaz; baina lehenbiziko abagadunean* has gaitezen, denok polliki polliki ANAITASUNAtik kanpora joan erazten, oso kaltegarriak baitira». Abagadune hori laster etorri zen. Ordurako ba zegoen Bermeon Aita Imanol.

Garai artan, Bilboko EDILI erakundea* lan ederra egiten ari zen euskal kulturaren alde. Hainbat talde ekintzaile biltzen zen haren inguruan. Aipa dezagun hemen, Jose Luis Etxegarai jaunaren babespean Algortako ikastolaz arduratzen zen guraso talde bat. Talde hortako batzu, ANAITASUNA ekonomi aldetik gaizki zebilela jakin zutenean, Bermeora joan ziren, eta beren laguntza eskaini zioten aldizkariaren Zuzendaritzari. Eskaintza horren pozaz eta aldizkaria inprimatzen zen lekutik hurbil egotearren, Bilboko komentura bizitzera joan ziren Aita Azurmendi eta Aita Imanol 1967.eko abenduaren 21ean, eta «Máximo Aguirre» kaleko 21.ean jarri zuten ANAITASUNAren bulegoa, Etxegarairen amaren bizitoki batetan.

Bi hilabete bakarrik iraun zuten leku hartan. Behingoan* hurbildu zitzaizkien beste talde batetakoak, toki hura* uzteko presioa eginez, boikotaren beldurra sar eraziz, toki hartako jendea mesfidagarria zela esanez, diru laguntza eskainiz, beraiekin joanez geroko etorkizun eder bat prometatuz.

Presio horien eta ele* eder horien eraginez, eta «Aguirre» kalekoen onespen osoaz —haik* ere diru aldetik gaizki baitzebiltzan—, Torre kaleko hirugarrenera aldatu zen ANAITASUNAren Zuzendaritza, 1968.eko martxoan.

Leku hortan lan egiten dute goizetik gauera Aita Juan Azurmendik eta Aita Imanolek, aldizkariaren kontrol linguistiko osoa beren eskuetan dutelarik. Idazleak, guti gorabehera, lehengoak dira: Gotzon Garitaonadia, Josu Arenaza, Kamiñazpi, Basajaun, Deunoro Sardui, Otsolarre, Xabier Gereño, Xabier Kintana, Artza, Imanol Berriatua, Antonio Zubizarreta, Joan Mari Torrealdai, Joxe Azurmendi, Julen Kalzada. Beste idazle berri batzu ere agertzen dira: Beiztegi, Landajuela, Hernandorena, Eusebio Erkiaga (ostera ere), Rikardo Arregi, Juan San Martin, Amatiño, Angel Zelaieta.

Artikulu guztiak Bizkaiko euskaraz agertzen dira, eta bestela idatziak euskara hartara itzultzen. Puntu hortan, aldizkaria zintzoki datxekio* hastapenetako xedeari;* eta horrela iraunen du hurrengo unada hasi arte. Hala ere, Zuzendaritza eta idazle gehienak euskara batuaren aldekoak direlarik, idazlan asko agertzen dira, hizkuntzaren batasuna azaltzen, laudatzen, defendatzen eta onesten dutenak. Ermuko Batzarrean, 1968.eko ekainean, Zuzendaritzak hitz ematen du, ahalik lasterren aldizkariaren horrialde bat euskara batuan agertuko dela.

Euskara «garbiari», ordea, sekulako egurra ematen zaio, tankera hortako artikuluak gupidagabeki* zuzenduz, euskara egokiari gero eta indar gehiago emanez, hitz internazionalen erabili beharra azalduz, eta, irakurlegoaren probetxurako, Aita Imanolek 1958.eko apiriletik argitaratzen zuen hiztegiko hitzei izartto bat ezarriz. Izarttoen arazo hau Eusebio Erkiagari bururatu zitzaion. Hau guztiau dela eta, laudoriozko eskutitzak heltzen dira ANAITASUNAren bulegora. «Azken aldi onetan —dio irakurle batek—, ain gogoko dodan aldizkari orretan egiten ari zarien erreformak, ainbat poz emoten deuste. Batez be alegratzen naz, euskera ulerkor, errikoi ta prejuiziobakoa erabilten dozuelako eta erabiltera atrebidu zarielako».

Jokabide hau ez zen, inola ere, aldizkaria Torre kalera eraman erazi zutenen gogokoa. Ekonomi aldetik ANAITASUNAren laguntzaileak zirenez gero, uste izan zuten nonbait, aldizkariaren bizitza osoan ere esku sartzeko deretxoa zutela, eta horrela Zuzendaritzaren jokabidea beren moldera alda zezaketela. Idazle kontseilu bat antolatu nahi izan zuten hortarako. Kontseilari guztiak garbizaleak ziren, H letraren eta euskara batuaren kontrakoak. Baina Aita Imanolek ez zuen amore eman.

Harez gero, talde hortakoek ez zuten ANAITASUNAn etorkizunik ikusten. Zertarako, orduan, aldizkariari laguntzarik eman? Bertan idazten zutenak, banan banan hasi ziren idazteari uzten. Agindutako abonamenduak ez ziren inondik inora agertzen. Bilbo Zaharreko merkatarien anuntzioak laster eskastu ziren. Ekonomi kontseilukoak ez ziren biltzen. Aldizkariaren zorrak geroago eta haundiagoak ziren. Talde hortako gizon batek bakarrik iraun zuen zintzo azkenerarte, emandako hitzean: Sabin Zubirik, hamabost urte lehenago aldizkariaren lehen zenbakia ateratzen lagundu zuenak. ANAITASUNAk ez du inoiz haren izena ahantziko.

Egoera hortan —idazleak gutiago, zorrak gero eta gehiago— ezin zitekeen jarraiki. Orduan erabaki zuten Aita Juan Azurmendik eta Aita Imanolek, aldizkaria Bilboko diosesiko apez ekintzaileei eskaintzea, ANAITASUNAri arnasa berri bat emateko, fraideak baino egokiagoak izanen zirelakoan. Adierazi zieten asmoa apezei. Batu ziren hauk behin eta berriz, onhartu zuten eskaintza, eta Angel Zelaieta aukeratu zuten zuzendaritzat. Eskatu zen Madrilera haren izendapena. Hasi ziren apezak hazileko* lehen zenbakia prestatzen; baina aldizkaria ez zen argitaratu, apez guztiok Derioko seminariora joan baitziren protestazko egonaldi bat egitera. Orduan, etorkizuna alde guztietarik oso ilun ikusirik, aldizkaria beste garai hobeago bat arte ez argitaratzea erabaki zuten Aita Azurmendik eta Aita Imanolek, eta erabaki hori bai apezei eta bai Bizkaiko «Información y Turismo»ko delegatuari jakin erazi zieten. Sabin Zubirik, Bilbon egindako zor guztiak leporatu zituen. Aita Azurmendik, Bermeokoak ordaintzeko, Alemaniarako bidea hartu zuen, apez langile bezala lan egiteko asmoz. Eta Aita Imanol, aldizkariarentzako egun hobeak itxaroten, Bilbon geratu zen.

Bien bitartean, zuzendari izendapena heltzen zaio Madriletik Angel Zelaietari. 1969.eko martxoan gaude. Baina aldizkaria ez da agertzen. Aurrera doaz egunak, hilabeteak. Aita Imanol, hizkuntz irakasle titulua lortzeko, «Sombrerería» kaleko «English Institute» eskolara dabil. Halako batez, handik irtetean, Angel Zelaieta aurkitzen du, eta ANAITASUNA berriro argitartu behar litzatekeela adierazten dio. Zelaieta prest dago.

Honelaxe bukatzen da ANAITASUNAren lehen una da, hamasei urte —1953.eko ekainetik 1969.eko agorrilerarte— iraun duena.

Antton INURRITEGl


Atzo eta gaur. Bigarren unada

1969.eko irailetik 1973.eko martxorarteko hau, agian,* ANAITASUNAren arorik aberatsenetako eta garrantzizkoenetako bat da. Zalantzarik gabe, ANAITASUNAren eta Euskal Herri osoaren memento inportante batetan gaude. Urte horietan dena da hauzigai: ezkerra, euskaltzaletasuna, hezkuntza,* eliztartasuna, dena. Urte horietantxe egiten du ANAITASUNAren kazetagintzak ere leku bat Euskal Herriko problematikan. ANAITASUNAren kazetamodua bizia da, arraia,* biperduna eta burrukazalea.

Garai interesgarri hortako ANAITASUNAren barne bizitzaren berri jakiteko, parte batean zuzendari izan zen Angel Zelaietaren eritzia eta tonuak haien hartan irakurleari ematea baino nahiago izan dugu orduko Idazle Batzordekoei* dei egitea. Denei hots egiterik ez dugu izan, uda parte hontan batzu* etxetik urrun eta beste batzu lanean ari direlako. Gure interes nagusia, zalantzarik gabe, aro oso hartako aldizkariaren Idazle Kontseilukoekin mintzatzea zen. Hauekin, beraz: Imanol Berriatua, Xabier Gereño, Jose Luis Lizundia, Joseba Arrieta, Xabier Kintana. Eta hauekin egoterik izan dugu. Hona, bada, hauen eritziak.

ANAITASUNA.— Has gaitezen, aro hura epez nolabait mugatuz. Orduko ANAITASUNAren barne bizitza ezagutzeko, datu eta fetxa batzu eman itzazue, mesedez.

IDAZLE KONTSEILUA.— Aski mugimendu izan du ANAITASUNAk urte hauetan.

• 1969.eko irailetik 1970.eko irailera Galdakaon dago aldizkaria, hango apez delako Angel Zelaieta zuzendaria.

• 1970.eko irailetik 1972.eko apirila arte, Bilboko Jardin Txikerra kalean aurkitzen dugu ANAITASUNA. Hemen hasten da lanean Josu Torre, 1970.eko urrian; eto gero, Idazkola eta Banakola buru gisa,* 1971.eko irailean.

• 1972.eko apirilean Encarnación kalera pasatzen gara.

• Eta 1973.eko otsailean,* gaur dagoen lekura gatoz, Pelota kalera.

A.— Zer giro eta gorabehera zegoen aldizkariaren Zuzendaritzan?

I.K.— Haseran,* giroa oso ona zen. Zuzendaria eta Kontseilua bat zetozen. Galdakaoko aroa, urre aroa izan zela esan genezake. Zelaieta, Galdakaoko apez orduan, oso-osorik edo ANAITASUNArako zegoen. Bai zuzendaritza mailan, eta bai herriz herri ANAITASUNA hedatzen,* lan gaitza* egin zuen orduan Zelaietak.

Baina Galdakaotik gerora, ANAITASUNA beherantza hasten dela baiezta* daiteke. Kultur-politik giroa nahastu egiten da, eta ANAITASUNAren jokabideak ez dira beharbada beti hoberenak. Eztabaidarik sortzen da barruan. Zuzendaria, Idazkola eta Banakola buruarekin Kontseilukoekin baino gehiago kontatzen hasten da orain. Gainera, arazo pertsonalengatik edo, Zelaietak ANAITASUNAn lehen baino lan gutiago egiten du. Eta 1971.eko irailetik, esan dezakegu de facto errebista eramaten duena Josu Torre dela. Azkenik, 1972.eko urriaren 5ean, Zelaietak bere dimisioa presentatzen du. Gure ustez, ez politikazko arrazoinengatik, ekonomiazkoengatik baizik. Harez gero, ANAITASUNAren benetako zuzendaria Josu Torre da, nahiz eta legearen aurrean ANAITASUNA Imanol Berriatuaren kargu egon.

A.— Giro eta mundu kultur-politikoa irakitan zegoen egun haietan, zein izan zen, llabur esanda, zuen jarrera*?

I.K.— Deliberatuki jokatu genuen guk euskaltzaletasun berri baten alde, inongo zalantzarik gabe. Eta hori burrukagai zen krisialdi hartan. Gure jokabideak, gauzak zehazten eta garbitzen lagundu zuela sinetsi nahi dugu. Euskararen batasunean ere, gure jokabidea ezaguna da. Kultur tresna bat finkatu eta bide bat markatu nahi izan genuen.

Tirabirarik ere izan genuen. Bat Apezpikutegiko Kuriarekin. Ez noski erlijiozko dogmak ukitzen dituzten gaiekin, baizik eta politika eta eklesiologiaren ingurukoekin. Gure aldizkariak ere ba ditu erruak, arinki eta txantxetan ibiltzeagatik; baina esan beharra dago, garai hartako Kuria ez zela ez euskaltzale ez aurrerazale amorraturik.

Ikastola arazoan ere, izan genituen istiluak. Jokabide eta ikastola jakin eta ezagun batzuren alde edo kontra goizegi atera zen ANAITASUNA, uste dugunez.

Geure meritu eta akats hauetaz guztiotaz ez gara orain bakarrik konturatzen; garai hartan ere jabetu ginen. Eta ondo jabetu ere, barneko iskanbila* bat baino gehiago hortixek etorri zitzaigun eta.

Irakurlea, segur aski, oroitzen da, Jardin Txikerran ginelarik, nola atera genuen Manifestu bat, 1972.eko otsailaren 29an. Bi xede* zituen Manifestu honek: batetik, ANAITASUNAren linea finkatzea, eta bestetik, deklarapen horren arabera* artikuluak eta joerak epaitzea. Redakzioko batek egina eta denek onhartua izan zen, nahiz eta zuzendariak jaramon* gehiegirik ez egin batzutan.

«Anaitasunaren oharra» izeneko eranskintxo bat ere jarri beharra izan genuen artikulu batzuren ondoan, hain zuzen aldizkariaren izen ona eta jokabidea salbatzeagatik. Ohar hortan esan ohi zen gauza bakarra, hauxe zen: artikulu hartan agertzen zen ideologiaren eta hartutako jarreraren erantzule ez zela aldizkaria egiten.

A.— Aldizkari bakoitzak ba ditu bere norabideak, bere zentsura mota bat. Ba ahal zen zentsurarik ANAITASUNAn?

I.K.— Esan dugu Manifestua zela gure gidargia. Haren arabera hartzen genituen erabakiak Redakzioan.

Esan beharra dago ere, guk geuk artikuluak juzgatzen genituela, ez gizonak. Esate baterako, eta kasurik ezagunena jartzearren, Gabriel Arestiren zenbait artikulu ez genituen pasatu, gure kondiziotan publikagarriak ez zirelako. Kasu batetan bakarrik zentsuratu da gizon bat, Jose Azurmendiren kasuan; eta hori Zelaietak bere kontura egin zuen, hari egindako eskutitza, bidali eta gero, Redakzioan irakurtuz.

A.— ANAITASUNAK salakuntza asko izan zituen urte horietan: ez-dakit-zein-ezkerretakoa zela, ez zela benetako euskaltzalea, eta abar. Ez ahantz, «etiketismoaren» garaian gaudela.

I.K.— Gauza asko dago hemen esateko, eta bakoitza beraren lekuan uztea komeniko litzateke.

ANAITASUNAri buruz zer esan? Haseran, ANAITASUNA aldizkari zabala zen, irekia. Neurri handi batetan, denek idatz zezaketen. Taldeen arteko ekilibrio baten axolarik izan zuen Zelaietak. Egia da, ekilibrioa galdu egin zela gerora. Baina zergatik galdu zen, hori arreta* handiz aztertu behar litzateke. Gure ustez, talde eta joera bat bakarrekoei artikuluak eskatzen zitzaizkielako baino gehiago da, etortzen ziren artikuluak batzurenak bakarrik zirelako. ANAITASUNAren desekilibrioa eta idazle batzuren inflazioa, kanpoko giroak sorterazia da.

Desekilibrio honek susmoak sorterazten ditu, eta noski desekilibrioa handiagotzen. Ba dakigu, talde jakin eta pertsona ezagun batzuk, edo aldizkarian idazteari uko egin ziotela edo boikota agindu zutela, aldizkariaren euskaltzaletasuna ez zela behar adina* agertzen eta. Boikotista horiek ezer guti lagundu dute bai ANAITASUNA eta bai euskaltzaletasuna. Bai ELAko batzu eta bai iparraldean bizi ziren kultur mailako batzu, erretiratu edo boikota agindu beharrean, parte hartuz idazteari ekin balitzaizkio, ANAITASUNA ez zatekeen desekilibratuko, ez.

Beste gauza bat. Boikot honek —boikota egon zen eta— desabonamenduak ugaldu egin zituen. Behera zihoan dena. Eta ekonomiazko egoera larrituz. Joseba Intxaustiri Redakziotik dei egin zitzaionean —hau jadanik ezaguna da—, ANAITASUNAk ekonomiazko zulo ikaragarria zuen.


Atzo eta gaur. Hirugarren unada

Nire zuzendaritzaren kondaira oso laburra da. 1973.eko martxotik 1974.eko hazilerarte* izan nintzen ANAITASUNAren zuzendari. Ikus daitekeenez, iragaitzazko* zuzendaritza izan da, hau da, Zelaieta jaunaren eta Joan Mari Torrealdairen arteko zubi. Tartean, Aita Imanol Berriatuaren behinbehineko* zuzendari ordekotza ere gogoan hartu beharko da.

Angel Zelaietak, 1972.eko urriaren 5ean, aldizkariaren zuzendaritza utzi zuenetik, ANAITASUNA zuzendaririk gabe zegoen. 1973.eko udaberrian bi arazo nagusi zituen hamabosterokoak: zuzendari berriaren izendapenarena, eta geroz eta larriago agertzen zen ekonomiarena. Bi arazook elkarrekin ongi lotuta zetozen, izan ere ekonomiari ere zuzendari berriak eman beharko baitzion aurpegi.

Zuzendariaren izendapenak xuxen xuxen zuen aldizkariaren barne bizitzarekin zerikusirik franko, hain zuzen aldizkaria ez baitzen orduan jaiotzen zen zerbait. Historia bat zekarren berekin. Zelaieta jaunaren ardurapean aurreko urteetan lan egin zuen redakzio taldea gogoan genuen denok, eta, orobat,* aministrazioa zeraman eta redakzioan idazkaria zen Josu Torre.

Legearen arabera,* aldizkariaren jabeari zegokion izendapen hura.* Baina, hau salbatuz ere, legez albotik eman behar zitzaion irtenbidea ANAITASUNAri. Hala ulertu zuten aldizkariaren redakzio lagunek. Une hartan ikusi zenez, posible izan zitekeen «Jakin»ekoek zuzendaritzan parte hartzea. «Jakin»en barnean, ostera, hartuta geneduzkan eginkizunengatik-eta, ez geunden berehalakoan hortarako gertu.* Izan ere, orduan eta geroztik ere beharrezkoa baita, ANAITASUNA eta «Jakin»ek, elkarrekin bat egin eta integratu gabe, bakoitzak beretik jotzea.

ANAITASUNAren redakzio lagun zenbait etorri zitzaizkigun, eta beren argibide eta gogoak agertu zizkiguten (1973.eko otsaila*). Ikusi zenez, zerbait egin genezakeen, redakzio taldeari batasun bat emanez, eta ekonomia ere, beharbada, bideratuz. «Jakin»ekoek, zuzendarigai bat aurkeztea erabaki zuten. Eskaintza hau baiezko kondizionatu bat zen, hau da, ANAITASUNAren beraren redakzio lagunen baiezkoari baldintzapetua. Neure zuzendari izendapena ez nuen inolaz ere onhartu behar haien gogoaren kontra.

Horren arabera, nonbramendurako kontratu proposamena izenpetu aurretik, elkarrekin biltzea eskatu nien ANAITASUNAren redakziokoei, hartzeko zeuden deliberamenduak elkarrekin har genitzan. Isilpeko bozketaz* onhartu zuten redakziokoek izendapena eta honekin batera ekonomi berrikuntzarako plangintza bat ere. Ordurarteko redakzio talde berak segituko zuen aldizkarian. Horrela garbitu zen lehen arazoa.

Ezaguna denez, euskal aldizkariak zor hutsetan ibili ohi dira. ANAITASUNA ere ez da izan salbuespen* bat. 1973.eko udaberri hartan, ordea, larriagoa agertzen zen oraindik aldizkariaren egoera. Ekonomi gaixotasun harekin ez zitzaion hamabostekoari jarraibiderik ikusten. Ahal bezain lasterren konponketarik ukan zezan, batzordetxo bat eratu zuten redakzio taldekoek: Xabier Gereño, Imanol Berriatua eta hirurok arduratuko ginen ekonomi arazoaz.

Bi adabaki* eman genizkion geure zor lehergarriaren poltsa astunari: gastu jeneralak mugatu genituen lehenik, eta ekonomi arazoetarako kontseilari berriak bilatu. Hilabete batzutan hauxe izan zen gure buruhausterik larriena. Nola salba, halegia,* aldizkaria itomen hartatik. Hilabete batzutan gogor lan egin zuen Pedro Mari Ezeizak gure fitxategietan, goitik behera arakatuz,* zuzenduz, hobetuz... Nire zuzendaritza laburrean, Pedro Marik hartu zuen bere gain ANAITASUNAko lanik elkorrena,* astunena. Lehenbiziko hestualdiok gainditu ondoren, beste eginkizun batekin hasi ginen.

Handik eta hemendik entzuten genuenez, ANAITASUNA aski* astuna gertatzen zen zenbait irakurlerentzat. Beharbada, irakaskizunez oso betea ateratzen genuen, beteegia; baina albistaritasun guttikoa. Horrexek eraman gintuen aldizkariaren horrialdeak eraberritzera. 1974.eko maiatzean burutu zen berriztapen hori. Albiste hautatuak eta euskal egoerari argigarri eta osagarri gertatuko zitzaizkionak izan ziren orduan, hamabosterokoaren horrialdeak beteko zituztenak. Berrikuntzak, zirudienez, herritasun handiagoa ukanen zukeen. Uste dudanez, Torrealdairen eskuetan lortu du lan modu harek, ezarri dizkion aldaketen ondoren, premiazko zuen albistearen eta komentarioaren arteko denduna.*

Bukatzeko, gogora dezagun komikia. Xabier Gereñoren asmo honek egile onak aurkitu ditu. 1974.ean eratu zen, komikia aterako zuen taldea. Eskerrak, gerora hortan parte hartu duten guztiei. 1975.ean kalera irten den haurrentzako horri horrek ukanen ahal du jarraipenik!

Joseba INTXAUSTI


Hamabostero biltzen dira

Eginkizunak ugari dira aldizkari batetan. Eta mila moduz parte har daiteke. Sailtxo hontan, hamabostero hamabostero ANAITASUNAren zenbakiak nolabait asmatzeko eta eratzeko bildu ohi diren zenbait gizon aurkezten ditugu. Denak aipatzekotan, beste asko ere hementxe sartu beharko genituzke. ANAITASUNAn ugari dira bai bulego lanetan dihardutenak eta bai berriak bidaltzen saiatzen direnak. Ezin hala ere, aipatzeke utzi, idazle gisa, ANAITASUNAren horrialdeak horren leialki eta egoki betetzen dituzten batzu, hala nola, Paulo Agirrebaltzategi, Gexan Lantziri, Joseba Intxausti, Erramun Gerrikagoitia, Antton Inurritegi, Joan Mari Mendizabal, eta abar.

Joan Mari Torrealday Nabea

Bizkaiko Foruan sortua. 1942.eko hazilaren 24ean. Frantziskotarra. Teologian Lizentziatua Okzitaniako Tolosan. Soziologian Lizentziatua Parisen. Frantses hizkuntzan diplomatua Parisen. JAKIN aldizkari zenaren zuzendaria E.I.E. (Euskal Idazleen Elkartea) delakoaren Idazkari Nagusia. 1975.eko ekainaren 27an euskaltzain laguntzaile.

Rikardo Arregirekin herriz herri Alfabetatze inguruan hitzaldiak eta ikastaldiak ematen ibilia. JAKIN, ANAITASUNA, ZERUKO ARGIA eta beste zenbait aldizkaritan kolaboratu du.

Rikardo Arregiren lanak. haren heriotza ondoren, bildu, prestatu eta argitaratu egin zituen.

Idazle bezala saiakera nagusiak: IRAULTZAZ (Jakin, 1974), Mitxelenaren argitaratu gabeko lanak in SALBATORE MITXELENA (Jakin sorta 2, 1970), Kulturagintza eta Rikardo Arregi in RIKARDO ARREGI (Jakin sorta 3, 1971), Fedea, erlijioa, gizartea in KULTURA ETA FEDEA (Jakin sorta 4, 1971). Marx eta Jesus Frantzian in MARX ETA JESUS EUROPAN (Jakin sorta 10, 1975).

Xabier Mendiguren Bereziartu

Ezkiogan (Gipuzkoan) jaioa. 1945.eko uztailaren* 13an. Algortan (Bizkaian) bizi da. Euskaltzaina.

Filosofiako ikaskuntzak ditu. «Laiaketan», «Redención», «Zeruko Argia» eta «Anaitasuna» aldizkarietan artikulu ugari idatzi du.

IKER taldearen sortzaileetarikoa. Ikastolarako textugintzan ari da lanean. Argitara emandako zenbait lan: Europako Ezker Berria, Euskara III, Euskara IV, Euskara V, Ikus-Ikas. Argitara emandako zenbait itzulpen: Eguneroko Gauzak I, Eguneroko Gauzak II, Sindbaden Ibilerak, Zaldi Hegalaria, Hiru anaien Larrialdiak, Heidi.

Hizlari bezala 110 hitzaldi inguru eman ditu, euskaraz eta erdaraz, Euskal Herri osoan zehar. Hamar urtez euskara irakasten aritu da, eta ikastaldi asko antolatu du.

Xabier Gereño Arrarte

Bilbon jaioa, 1924.eko agorrilaren 12an. Hiri berean bizi da. Begoña Bilbao Galarzarekin ezkondua. Seme bi ditu: Iñaki (8 urte) eta Jon (7 urte).

1965.eko irailaren 24ean euskaltzain laguntzaile izendatzen dute.

Zazpi liburu idatzi ditu Argitaratuak: «Arantza artean» (Itxaropena, Zarautz, 1969), «Argi bat iluntasunean» (Lur, Donostia. 1970), «Nora naramazuen» (Lur, Donostia, 1972), «Andereño» (Kriselu, Donostia, 1975). Argitaratu gabeak: «Pelota» (elaberri laburra), eta beste bi elaberri (polizi gertaerak eta bidaiak). Hirurak bukatu berriak.

Euskal aldizkarietan idatzitako artikuluak, 600 bat, bereziki, «Anaitasuna», «Zeruko Argia» eta «Txistulari»n.

Jose Ramon Etxebarria Bilbao

Gernikan jaioa, 1948.eko maiatzaren 27an. Industri Inginadorea, Teknika Energetikoetan berezitua. Lejoako Unibertsitateko Fisika Departamentuan ari da lanean. Azken urteotan «Mekanika eta Uhinak» eta «Fisika Jenerala» esplikatzen aritu izan da. Idazle bezala, bi arlotan dihurdu lanean: artikulugintzan eta textugintzan. Bere artikuluetan zientzi gaiak erabiltzen ditu. Idazlan gehienak ANAITASUNAn agertu ditu. Haien helburua, euskara zientzi gaietarako egokitzea izan da.

Textugintzan, euskal metodoak eta ikastoletarako textu liburuak prestatzeaz arduratu izan da. Honela ondoko liburuskak idatzi eta argitaratu ditu: «Haizeak, euria eta klima», Donostiako EKTkoekin batera; «Uraren indarra», «Materia aztertzen» (I. eta II.), Iñaki Zarraoarekin prestaturik baina argitaratu gabe, beste hauk* ditu: «Beroa aztertzen», «Elektrizitatea aztertzen» eta «Argia aztertzen». Lanik gehienak, ordea, taldean egin ditu, hala nola, Bizkaiko Alfabetatze taldekoekin «Euskalduntzen» (I., II. eta III.), eta IKER taldearekin prestatzen ari den «Saioka» (I., II. eta III.). Azkenik, atera berria den «Gizartean» izeneko liburuan, berak Udako Euskal Unibertsitatea emanikako hitzaldi bat agertzen da.

Xabier Kintana Urtiaga

Bilbon jaioa, 1946.eko urriaren 13an. Filosofi-Letretan lizentziatua. Euskaltzain laguntzailea. Ezkondua. Semeto bat du: Jurgi. «Zeruko Argia», «Anaitasuna», «Jakin», «Herria», «Fontes Linguae Vasconum», «Cambio 16» eta beste zenbait aldizkaritan argitaratu ukan* ditu bere artikuluak. Gabriel Arestirekin batera «Batasunaren Kutxa» hiztegia egin zuen. Kafka, Marx, Engels eta Leninen zenbait lan euskaratu ditu. Haren lan orijinalen artean, «Linguistika orain arte», «Behin batean» (ipuin sorta), «Beste izakia» (elaberria) eta beste zenbait ipuin aipa daitezke. Haurrentzat, «Gure piztitxoen artean», zenbait ipuin klasikoren itzulpenak, eta Aimarren komikiaren haria moldatu ditu. Honez gainera, Joanes Etxeberri Sarakoaren lan hautatuen edizioren moldatzailea izan da.

Joseba Tobarrekin batera, «Euskaldun berriekin euskaraz» izeneko liburu lekukoa* prestatu du (moldiztegian dago), eta Bizkaiko Alfabetatze Taldearekin «Euskalduntzen» metodoa gertatu. Talde berberarekin batera, egunotan, euskal hiztegi moderno bati (euskara batuaz: euskara-espainola / espainola-euskara) bukaera ematen saiatzen da.

Holako lanez gainera, argitara eman gabe, «Noizbait nonbait» eta «...arrats euri» izeneko elaberriak* ditu.

Euskal kulturaren alde, Xabier hainbat tokitan aritua da euskara irakasten, bai eta alfabetatze ikastaro eta ikastaldietan ere. Euskal Herrian zehar honez gero 90 bat hitzaldi eginak ditu.

Juan Jose Zearreta Urgoiti-Aldekozea

Zornotzan jaioa, 1947.eko ekainaren* 10ean. Herri hortan bizi da, baina Bilbon lan egiten du.

Loiolan eta Deustuan Filosofia eta Letrak ikasia. Euskal Akademiaren irakasle titulua du. Bizkaiko Alfabetatze Batzordekoa da, eta erakunde* hontan aspalditik ari da lanean, antolatzaile eta irakasle bezala. «Euskalduntzen» eta «Alfabetatzen» metodoen egileetarikoa da. «Laiaketan» aldizkarian idazten zuen, eta ANAITASUNAn ere bai. Azken hontan, Idazle Kontseiluko idazkaria da.

1973.eko abenduaren 28an, Euskal Akademiaren administrazio arazoen arduradun izendatu zuten, eta 1975.eko ekainaren 27an euskaltzain laguntzaile.


Elkar hizketak

Aita Imanolekin

ANAITASUNAn ba da gizon bat, erizten* zaio Imanol. Hola has genezake guk ere elkarrizketa honen presentapena. Imanol Berriatua Ibieta, Elantxoben 1914. urtean jaioa, «etorkizunaren aldizkaria»ren arima izan da, berau sortu zenetik. Hasiera batetako garbizalekeriaren bide galgarrietatik atera ondoren, Imanol ANAITASUNAren euskararen jagole* eta zuzentzailea izan da.

Batasunaren arazoa planteiatu zenetik, gainera, Imanolek hartan parte inportante bat hartu zuen, eta bere aldizkarian, erabakitzen zen guztia pittinka pittinka praktikaratzen saiatu ere bai. Edonork aitortzen du euskararen batasunean ANAITASUNAk ukan duen garrantzia; baina askok ez dakiten kontua da, ordea, hori, neurri haundi batez, Imanol Berriatuari zor zaiola.

Zernolako lan ixila eta neketsua izan den eta den berarena! Inoren eskribuak zuzentzen inoiz aritu ez denak, ez dakike* hori zenbaterainoko lana den. Eta Imanol, Asiskoarena bezalako eroapen* batez, urte luzez aritu izan da lan nekagarri hortan, orthographi eta joskera* okerrak zuzentzen, esaldi ilunak argitzen, hitz egokiak hautatzen eta finka erazten. Eta beti erizpide* eta helburu berberaz: euskara standard eta zehatz lortzea.

— Hara Imanol! Zer dioskuzu zeure lan hortaz? Gauza asko zuzendu behar izan duzu?

— Bai, askotxo. Kontutan hartu behar duzu, Euskal idazleak, ezinbestean,* amateur batzu baino ez direla, ez baitute orain arte euskal estudiorik eskolan egin. Horregatik, hizkuntza ondo menperatzeko, urte askotako esperientzia behar izaten da, eta autodidakta gisa* ibili, gainera. Zoritxarrez, denbora luzea behar izaten da hortarako, eta ezin eska dakioke horrenbeste edozein gazteri; eta ANAITASUNAn gehienik idazten dutenak gazte xamarrak dira, izan.

— Inork ez du zalantzan ipintzen zure lana, Imanol. ANAITASUNA literatur euskararen eredu bihurtu da, euskara zinez* ikasten ari direnentzat, beti berdin idatzita agertzen den aldizkari bakarra delako. Baina zuk aurrerabiderik aurkitzen al diozu zeure lanari? Esan nahi dut, idazleak ikasiz al doaz? Gero eta hobeki idazten al dute, ala lehen bezain gaizki moldatzen dira orain ere?

— Nik neuk, oro* har, aurrerakada haundia egin dugula esango nuke. Idazle gehienek lehen baino hobeto bidaltzen dizkidate orain beren lanak. Nire zuzenketak eta oharrak —eskutitzak eta telefonozko deiak maiz* egiten dizkiet eta— kontutan hartzen dituztela dirudi. Nekez egiten dute orain oker berbera.

Baina, hauetaz kanpora, ba daude osterantzekoak* ere. Hizkuntzari kasu handirik egin gabe, mamiaz baino arduratzen ez direnak, eta, nire kontseiluei jaramonik* egiteke,* lehen bezain ganoregabeki* idazten dutenak. Ene ustez, oso oker daude beren uste hortan. Idazten dutena, hizkuntzaren urritasun eta lantzerik ezaz, oso iluna eta nahasia izaten da. Mamia ez da hor garbi ikusten.

— Aresti defuntuak maiz esaten zuen hori, Imanol. Ezina zela ongi idaztea, alde aurrez ondo eskribatzen jakin ezik; eta azala eta mamia beti elkarrekin landu beharra zegoela.

— Eta arrazoin osoa zuen, nik uste. Zorionez, gero eta gutiago dira, euskaraz edonola* idatz daitekeela pentsatzen dutenak. Baina oraino zenbaitzu gelditzen dira, bai horixe. Beharbada uste dute, artikuluen presentazioa neronen lana edo dela. berek sekula inolako ardurarik eta ikasteko gogorik hartu gabe.

— Zuk, Imanol, hizkuntza pilo bat dakizu: espainola, portugesa frantsesa, latina, grekoa, ingelesa, italiera, alemana, hebreoa, arabiera... Horrek laguntasunik ematen al dizu, euskararen lege eta bideak topatzeko?

— Kalterik behintzat ez dit egiten. Hara, nire aspaldiko kezka hauxe da: oinharrizko euskara minimum eta standard bat lortzea. Beste hizkuntzotan, aldizkarietan batez ere, zernolako prosa erabiltzen den kontutan harturik, euskarako ere antzeko bideak asmatzen saiatzen naiz.

— Eta ez dago hor erdal kutsua hartzeko arriskurik, ordea?

 — Ez dut uste. Erdal kutsua zeri* esaten zaion. Nik antzeko bideak esan dizut, eta ez bide berdinak. Euskarak ba du bere nortasun berezia, eta hori ezin uka diezaiokegu euskaldunok. Hala ere, bide unibertsalago batetatik joan gaitezkeela iruditzen zait, euskarak berak uzten digun neurrian eta hizkuntzaren kontrako bide berririk asmatu gabe.

— Idazleok, oro har, erraz ala zail idazten dugu?

Ene ustez, eta barka, zail xamar egiten duzue. Honek ez du esan gura, noski, txarto idazten duzuenik, ez. Idatzi ondo xamar egiten duzue. Sintaxia eta lexikoa ongi menperatzen dituzue; baina —eta hementxe datza* zailtasuna— irakurlegoa ez da oraingoz zuen maila hortara heldu. Gainera, gai batzu beste batzu baino zailagoak dira idazteko; eta hor nahitaez hizkuntza bera ere gaitzago egiten da. Erdaraz ere ez da berdin eguraldiaz edo eta Marcuseren filosofiaz mintzatzea, eman dezagun.

Baina gai zailotatik aparte, nik uste, idazleok zeuen maila hori, herria oraingo egoeran duguino,* beheragotu beharko zenukete, edozeinek uler zaitzaten; bestela alferrik arituko ginateke. Nire kezka, hain zuzen, horixe da: euskara sinpletzeko erregela batzu aurkitzea. Aspaldion ari naiz hortan, ez pentsa; eta honez gero hainbat gauza dadukat gai horri buruz idatzita. Kontseilu batzu dira, urte hauetako nire zuzentzaile esperientziatik ateratakoak, idazleen artean zabaltzeko, beren prosa errazago dagiten.*

— Norbaitek esana du Imanol dela Euskal Herrian dagoen fraide ezagunena, «Euskalduntzen» liburuaren azalean agertzen delarik, hortik zehar mila eta mila aletan barreiatua dabilelako. Hori dela eta, inoiz pasadizorik gertatu al zaizu?

 — Bai. Kaletik nabilenean, behin baino gehiagotan suertatu zait, ikasleren bat, besapean «Euskalduntzen. daramala, adi adi begira gelditzea, «aurpegi hau non ikusi ote dut?» pentsatzen bezala. Holako bati, lehengo batez, irribarrez honela esan nion: «Bai, txo, liburukoa naiz ni».

— Zuk, Imanol, honez gero 60 urte dituzu. Harrigarria da nolabait, zure adineko pertsona bat gazteokin hain ongi konpontzea. Eta ez soilki hizkuntz arloan. Norbaiti entzuna diot, zutaz «aita sozialista» esatea. Zer diozu hontaz?

Gazteok edozer gauza esaten duzue. Urtez ez naiz, bistan da. oso gaztea; baina uste dut, jo eta ke dabilen pertsona ez dela zahartzen, izpirituz behintzat. Hara, euskara batuaren premia lehen unetik ikusi nuen, neroni agertzen zitzaidan behar gorri bat zelako Nik tresna egoki eta finkatu bat behar nuen, eta euskara batuak tresna hori eskaintzen zidala laster konturatu nintzen.

Politikari dagokionez..., hara, nik ez dut hortaz askorik ulertzen. Baina munduan zehar aski ibilia naiz: Kuban, Kanadan, Frantzian, Irlandan, Ingalaterran, Alemanian, Afrikan...; eta gizonari miseria eta zapalketa ondoen ken diezaiokeen politika modua, sozialismoa dela esango nuke. Sozialismo gizatiarra,* ordea, ez zapaltzailea. Elizaren pentsalari moderno gehienak, gainera, hortik ari dira.

Xabier KINTANA


Elkar hizketak

Xabier Gereñorekin

Gaur ANAITASUNAn idazten dutenen artean, Xabier Gereño dugu zaharrenetarikoa; eta, honekin, aspaldiko lankide dugula adierazi nahi dugu. Beraz, interesgarri iruditu zaigu, geure aldizkariaren kondairari gagozkiola, harekin elkar hizketa bat edukitzea.

— Noiz sartu zinen, Xabier, ANAITASUNAn?

— Ezin diezazuket nohizko zehatzik eman. Beharbada, orain dela hamabi urte edo gehiago.

— Beti egon zara ANAITASUNAn presente. Zergatik iraun duzu horrenbeste? Eta, bestetik, esaguzu zerbait, ANAITASUNAk izan dituen gorabehera famatu haiei buruz.

— Oraindik euskararen batasuna egin gabe zegoen garaian sartu nintzen ANAITASUNAn. ZERUKO ARGIA bizkaitarrontzat zailegi zela ikusten nuen, eta oso komenigarri genuela bizkaierazko aldizkari bat indartzea. Horrexegatik sartu nintzen ANAITASUNAn. Gero euskararen batasuna etorri zen, eta berehala ikusi nuen hizkuntza batuaren garrantzia eta beharra. Haste hastetik, leial eta zintzoki atxiki* nintzaion batasunari; eta, nola ANAITASUNAk bide bera hartu baitzuen, hemen segitu dut euskararen alde lan egiten.

— Eta gorabehera famatu haiei buruz?

— Hara! ANAITASUNAren kondaira oso mugitua izan da. Batasuna etorri aurretik, eta diru kontuak zirela eta, utzi egin behar izan genion aldizkariaren publikatzeari. Hamar hilabeteren buruan, talde batek berriz argitaratzea erabaki zuen, eta Angel Zelaietaren zuzendaritzapean berriz ekin nintzaion lanari. Talde hura* oso dinamikoa izan zen, eta ANAITASUNAk izugarrizko gorakada egin zuen, 7.000 abonatu edukitzera heltzen ginelarik. Garai hura euskara batuaren haserakoa* izan zen, eta orduan gure aldizkariak batasunaren ikurrina jaso zuen. Dudarik gabe, lehen memento haietan, gure aldizkariaren lana guztiz erabakikorra* izan zen batasunaren aurrerapenerako.

— Zer lortu nahi zenuke ANAITASUNArekin?

— Euskal Herriko gaurko egoera gogoan harturik, ene ustez, ANAITASUNAk euskal aurrerazaleen aldizkaria izan behar luke, zentzu zabal batez harturik. Hots,* euskal idazle aurrerazale guztiek eduki behar lukete tokia haren horrialdeetan, muga batzuren barnean noski. Mugak, hauk izan litezke: lehenbizi, etika bat gordetzea, hau da, besteak begirunez tratatzea, batez ere pertsonak. Gero, aldizkaria eliztarra delarik, erlijioa errespetatzea. Horrez gainera, Euskal Akademia onhartzea. Eta, azkenik, aurrerazale izatea, aipatu ditugun mugen barnean edozein joeratakoa izan arren.

— Non sartu beharko litzateke ANAITASUNA?

— Batez ere ikastoletan, ikastetxeetan, Unibertsitateetan. Gogoan har, ANAITASUNA, euskararen aldetik, aldizkari didaktiko bat dela, euskara batua ikasteko oso egokia. Hizkuntzaren aldetik duen koherentzia, balio haunditakoa da; eta arlo hontan Imanol Berriatuaren lana oso mesedegarria zaigu.

— Euskaldun berria zara. Nola ikasi duzu euskara, eta zergatik? Zer esango zenieke, euskara ikasi gura luketenei?

— Ni ez naiz euskaldun berria. Bilbon jaioa naiz, eta beti bizi izan naiz hemen, Kanariar Irletan egondako hiru urte ta erdi izan ezik. Baina Bilbon ez da euskara askorik egiten, garai haietan bereziki; eta horregatik nire euskara oso motela izan da. Orduko ikastetxeetan ez nuen aukerarik izan, umetako euskara eskasa lantzeko eta aberasteko. Beraz, analfabetua nintzen; eta «Euskaltzaleen Bazkuna»ren gramatikarekin egin nituen neure lehen ikasketak. Lan nekeza benetan. Gero, bizkaiera ikasi nuenean, euskara horrek ez zidala askorik balio ikusi nuen, liburu gehienak gipuzkeraz baitzeuden; eta orduan giputz aditza ikasten hasi nintzen. Gero ANAITASUNA etorri zen, eta garai hartako bizkaitar aditza ikasten saiatu nintzen. Eta, azkenik, euskara batua etorri da. Gorabehera hauek guztiok nahaste haundia sortu dute nire buruan; eta, sarri askotan, hitz egiteko orduan, ez naiz ausartegia* izaten. Horregatik, nire semeek horrelakorik jasan* behar ez dezaten, lehen mementotik euskara batuari lotu natzaio, eta ordu asko ematen dut aditz batua eta gainerako erregelak ikasten. Ongi menperatu nahi nituzke, lasaiki hitz egiteko eta idazteko.

— Zure euskara erraza da. Zergatik eta nola idazten duzu horren* erraz?

— Ene ustez, euskara ikasi gura dutenentzat lagungarri izateko, eta gaurko munduko pragmatismoari begira, euskara basiko bat erabili behar genuke. Adizkera xinpleenak eta oinharrizko hiztegia. Hontan, erabat* ados nator Aita Imanolekin. Hau, elkar lanean lortu behar genukeen helburua iruditzen zait.

— Zuk elaberriak* idazten dituzu. Zergatik?

— Euskal irakurleek saiakera asko dute. Baina halakoetan hirugarren pertsonan idazten dira aditzak; eta, ene ustez, euskara indartzeko, beste aditz formak ere erabili behar genituzke. Hortarako, elaberria da egokiena.

— Nola idazten dituzu elaberriok? Hots, zeintzu* epetan banatzen duzu lana?

— Hasteko, egingai* baten antzeko zerbait asmatzen dut eskema bat, eta gero hura osatzen saiatzen naiz. Lapitzez idazten dut, aldakizunak errazago egin ahal ditzadan. Lan hontan eskemari jarraitzen natzaio. Baina maiz* gertatzen zait, ideia berriren bat sortzen zaidala; eta, orduan, aurretiaz* erabakitako bidea aldatu egiten dut. Lana amaitu ondoren, makinaz berridazten dut, kopia bitan. Bata adiskide bati —normalki Joseba Arrietari— ematen diot, haren eritzia ezagutzeko, eta irakurlegoak nire elaberria nola har lezakeen jakiteko. Beste kopia, nik baino euskara gehiago dakien bati ematen diot, egoki iruditzen zitzaizkion zuzenketak egin ditzan. Eusebio Erkiaga Juan San Martin, Xabier Kintana nahiz Xabier Mendigureni Aipaturiko adiskideok asko lagundu naute, nire elaberriak ahalik egokien argitaratuak izan daitezen; eta neure esker beroenak bidali nahi dizkiet publikoki.

— Elaberri gehiago behar genuke euskaraz?

— Bai, dudarik gabe. Esan dut nola idazten dudan; eta, ene ustez, hauxe berberau egin lezakete beste askok ere. Beraz, dei bat egin nahi diet ANAITASUNAren irakurleei, elabergintzan has daitezen, eta, nik egiten dudan bezala, besteren laguntza eskatzeko lotsarik ukan ez dezaten. Ez gaitezen egon, Madriletik kontzertu ekonomikoa-edo noiz emango ote diguten zain. Horrek baino mila aldiz gehiago balio du euskararen hedatzeak, gure kultur arloaren jorratzeak, gure lanak eta ez bestek emango baitio gure Herriari bere nortasuna, orain eta beti.

Patxi ZABALTZA


Testigu eta zirikatzaile

ANAITASUNAk lekuko izan nahi izan du. Ez testigu soil, hala ere. Akuilari ere ba da. Eta errealitate egile, bizigiro eta kulturgiro xelebre hauetan izan daitekeen neurritan. Beti zuzen asmatzeko uste harroarekin ez bada ere, beti aurrera egin nahi izan du ANAlTASUNAk, gure herriaren onerako. Zezenari adarretatik oratu* nahi izan dio beti ANAITASUNAk. Nork uka? Zein ideologiazko hauzietan, zein euskaltzaletasunarenean. Erlijiozko arazoetan bezala, hizkuntzaren modernogintzan. Euskal Herrian azken urte hauetan bizi bizian zeuden problema guztietan, ANAITASUNAk zeresanik franko izan duelakoan gaude. Hauzi eta arazo horietako batzu azaltzen ditugu hemen. Batzutan, zer egin den aditzera emanez; eta beste batzutan, nahi genukeen jokabidea nolabait iradokiz. (Tokirik ezagatik bi artikulu utzi ditugu argitaratu gabe. Hurrengo zenbakian agertuko dira.)

ANAITASUNA eta ideologia

Euskal mugimendu modernoaren barruan ANAITASUNAk nortasunik eta berezitasunik erakutsi badu, ez da ideologia bereziren batengatik izan. Haren nortasuna mugimendu honen ezagugarriekin, alde on eta txarrekintxe, ageri da. ANAITASUNAren "ideologiazko berezitasuna", aldiz,* ez zen ANAITASUNAren beraren eta haren etsaien gurari eta ilusio komuna besterik.

Bere jokabideak berezitu eta ezaguerazi du. ANAITASUNA gogorra izan da. Kritikan nahiz uste berrien zabalkundean, beti punta puntan ibili da. Egun,* moderno eta progresista izan behar da. Eta ANAITASUNAk denetan modernoena eta progresistena izan nahi zuen. Mugimendu modernoaren akatsik haundientxoak, baina bai eta meriturik haundienak ere, bere gain dituzke* agian.

Nahasketa: baina, hemen, gauzak berak eta denok gaude nahastuta. Kritika gogorregiak: bere historiak ez du ANAITASUNA gutiago kastigatu. Inon baino haserre biziagoak: labea ere beroago zuen. Sarri, tono panfletarioaren eta sermoi tono astunaren artean balantzatu da; baina hori denok egin dugu, ideia eta pentsaera berriak ekarri nahiz, ideiak huts hutsean, gordin gordin, barreiatuz,* liburuetan edo panfletuetan ikasi bezalaxe. Eta abar.

Baina, oro* har, eta hutsak huts, ANAITASUNAk bide zuzena hartu du eta zintzo jokatu du. Irristada* batzuk ez dute inporta. Azken urteotan ANAITASUNA interesez eta merezimenduz bete duena, bere izpiritu kritiko eta burrukaria izan da. Zirikalari, zorrotz, probokatibo, mutxurdin* samar,* batzutan zerbait apostoliko. Bazterrak astindu ditu. Zenbait kezka eta ezinegoni espresabide eskaini. Hamaika kezka piztu du eta hamaika bultzada eman. Makina bat txispa eta txinpart atera. Bixigarri zen.

ANAITASUNA ez da "gauzak garbi egon arte" zain egon. Ez da beldur izan, handik eta hemendik usteak eta ideiak etxeratzeko, oso segurak ez zirenean ere. Jarrerak* hartzen jakin du. Soluzio jakinik ez duen problema badugu ere, ANAITASUNA euskal eta sozial zaletasunak elkartzen saiatu zaigu.

Azkeneko hauxe dugu problema nagusia. ANAITASUNAk bide zuzenik asmatu ez badu, beste inork ere ez du egin. Eta horixe da ANAITASUNAren eginkizuna hemendik aurrera ere: bilatzen segitzea. Batez ere, ANAITASUNAk orain arteko mugikortasuna, bizitasuna, adorea, kemena inolaz ere ez ditu galdu behar.

Jakina, ANAITASUNAk mugimendu baten barruan ikusi behar du bere burua. Horixe opa diogu: kritiko izan dadila, baina inoiz ere mugimendu horren kontra gertatu gabe. Progresista, baina errealitatearen kontu eginez. Errazegia bailitzateke errealitateon aldean progresistago izatea, eta haien aldean, gainean edo bazterrean talde pribilegiatu bat bilakatzea,* kanpotik maixeoan* aritzeko. Herri honi ezin ahantzi zaizkio, iragan dituen joandako ehun urteak.

Jose AZURMENDI


Testigu eta zirikatzaile

Euskal Elizari begira

Euskal Elizarik ba ote? Atzera begiratuz, ez da ikusten, benetan "Euskal Eliza" izena eman dakiokeen instituziorik edo elkarterik. Hala ere, elizgizonek eta hauen ingurukoek euskaldun eta fededun ideologiazko batasuna zabaltzen saiatu izan dira. Dena dela, Euskal Herri berri bat sortzen ari den hontan, Euskal Eliza baten ametsa ere bidezkoa dela esan daiteke. Etorkizun honi begiratzen diogu ANAITASUNAtik.

Azken urteotan oso ugaritu dira Euskal Herrian, beren burua fededuntzat aitortu nahi ez dutenak; areago,* gizartean beren jokabide hori nabarmendu nahi dutenak. Hala ere, antiklerikalismo klasiko baten bidetik ulertu beharrean, gaurko euskal "fedegabe" askora jokabideak libertate baten aldeko burruka izan nahi duela dirudi, eta, libertatearekin batera, euskal gizarte ugari baten aldeko burruka.

Euskal Elizaren tradizionalismoa

Euskaldunon azken mendeei azaletik begiratzen badiegu behintzat, gure erlijiozko egarria kristautasunak bete duela esan daiteke, bestelako erlijioek ez baitute arrakastarik* ukan* lurralde hontan. Sakonagotik begiratuz, ordea, kristautasunaren bizikeraren barnean, kanpotikako elementuak ere aurkituko genituzke. Berbera esan genezake kristautasunaren konfesio desberdinei buruz ere. Europako zenbait herrialdek erlijiozko burruken ondorioen aztarna* badarama, Euskal Herrian ia* ia ez dugu horrelako burrukarik ukan. Eta ez dirudi, hau gure besteen jokaera eta pentsakeren eramankortasunagatik* izan denik; bai, ordea, euskaldunon erlijiozko tradizionalismoagatik eta beharbada erlijiozko axolagabetasunagatik. Horregatik, bada, erlijio alorreko berrikuntzek ez dute gure artean bizitasun eta arrakasta handirik ukan, herri mailan bederen.*

Sorginen fenomenoa herrikoa zen; eta, erlijiozko gertaera zen neurritan, euskal kristautasunak barnean daraman paganismoaren azalpen bat besterik ez zen; eta ez kristautasunetik berriz ere Euskal Herria paganismora eramateko burruka. Protestantismoaren agerpena, berriz, burgesiaren eta aristokraziaren mailan gelditu zen, gehienbat, Euskal Herrian. Jansenismoak sakonago kutsatu zuen euskal kristautasuna herri mailan ere, eta apezen bidez; baina ez zen kristautasun ofizialaren kontrako olde* gertatu Euskal Herrian, ez eta horren barneko teoriazko berrikuntza, kristautasunaren barneko joera baten nabarmentzea baizik.

Kristautasunaz kanpoko erlijioren bat Euskal Herriaganatzeko ahaleginik handiena, eta herri mailan hain zuzen ere, Jehovaren testiguek azken urteotan daramatena da, beharbada. Hala ere, oraindik behintzat, ez dute horiek gizartezko eraginik* lortu; eta ez dirudi, alde hortatik erlijiozko iraultzarik etorriko denik Euskal Herrira.

Euskaldunon historian, erlijiozko tradizionalismoa izan da burrukalariena, kristautasuna gure Herrian finkatu zenetik bederen. Erlijiozko eraberritzaile edo iraultzaileek, urriak izateaz gainera, ez dute herriarengandik harrera onik merezi izan nonbait.

Euskal Elizaren krisia

Euskal katolikoen giro geldi eta tradizionalista hontan astindu handia gertatu da azken urteotan. Eliz barneko gertaerek beren eragina ukan badute ere —azken Kontzilioak bereziki—, euskal Elizaren krisialdia ez dago alde hortatik bakarrik argitzerik. Euskal Herriko kultur, politik eta gizarte aldakuntzek tradizionalismo hura eten egin dute eta bizitasun berri bat sortu euskal katolikoen artean.

Euskal Herri nekazariaren mundua mehartuz* doan neurrian, euskal Herri hiritar eta lantegiztatuarena hedatuz* eta finkatuz doa: honek, ordea, kulturazko aldaketa oso bat dakarkio. Kanpotik etorri diren langile oldeek, kultura bitako gizarte bihurtu dute Euskal Herria. Kapitalismoaren sareak hartua du euskal ekonomia osoa; eta horrekin batera langileriaren burujabetasunak eta burrukak indar bizia lortu dute. Azken urteotan oso piztu da euskal indarren politikazko burruka; eta katolikoak eta eliztarrak oso nahasiak ibili dira piztuera hontan.

Euskal katoliko eta elizgizon gehienak nolabaiteko irekitasunez jokatu dute astinaldi hontan; eta horiekin batera azken apezpiku gehienek ere bai. Baina, gehienbat, "erreformismo" batetan gelditu da euskal Eliza "ofizial" hau. Eta Kontzilioa bihurtu du bere jokabide horren "ikurrin".

Hala ere, zenbait apez eta laikok iraultzazko egoera bat somatu* du euskal gizartean eta kulturan. Lehengo apostolutzako zenbait elkartek eta Kontzilioaren ondoren sortu diren zenbait kristau talde oinharrikok eta apez eta laikoen mugimenduk, egoera hau somatua dutela dirudi, oraindik azterketa sakonik eta jokabide finkaturik agertzen ez bada ere. Beren kristau fedearen etorkizuna Euskal Herriaren politikazko eta gizartezko iraultzabidetik somatzen dute, ondo ikusi ikusten ez badute ere. Eliza ofizialaren "erreformismoa" ukatzen dutelarik, horrek baztertuta daduzka, oraingoz behintzat haintzakotzat* ere hartu gabe. Izatez, olde honek ez du oraindik indar berezirik herri mailan. Baina euskal Eliza tradizionalarentzat esperantza berri baten iturria izan daiteke.

Eliza osoaren krisialdi hontan, eta segurtasun itxura eman nahiz, indar tradizionalisten eta integristenak* gogorragotu eta eratuagotu egin dira, euskal Eliza ofizialaren kontra ere. Beren azpiko eta ageriko jokabideetan, politikazko indar ofizialen babesa eta laguntza dute. bestalde.

Euskal Eliza etorkizunean

ANAITASUNA bera, azken urteotan. Euskal Herriaren eta euskal Elizaren krisialdiaren lekuko edo testigu txiki bat izan da; lekuko ezezik,* tarteko ere bai,. Etorkizunean ere lekuko eta tarteko izan nahi du. Hirutan parti daitezke etorkizunerako gogo eta asmoak:

 Eliza "baserritar" batetatik, Eliza "hiritar" batetara. Euskal Herriaren hiritartzeak eta lantegiztatzeak dakartzan kulturazko eta gizartezko aldakuntzak berekotzat hartzea esan nahi du asmo honek. Emigrazioaren eta Euskal Herri zatikatuaren arazo garratza; euskal langileriaren askapen* burruka zorrotza; Euskal Herri osoaren kulturazko. politikazko eta gizartezko nortasunaren bide latza. Euskal Elizak, minetan ernetzen ari den Euskal Herri berri honi, barnetik heldu beharra daduka. Erreformismoa garbikeria eta erosokeria* izan ohi da gehienetan; Euskal Elizak kutsatu eta zikindu egin behar du bere burua.

 Eliza integralista batetatik, Eliza pluralista edo askotariko batetara. Harako "euskaldun-fededun" asmo harek adierazi eta finkatu nahi zuen monolitismoa ez da pentsakera eta joera askotakoa den gizarte bati dagokiona. Eta honelakoa da eta izango da etorkizuneko Euskal Herria. Euskal gizarte askotariko batetan bizitzen ikasi beharra daduka euskal Elizak.

 Eliza banatu batetatik, Euskal Eliza batu batetara. Euskal Herriko elizbarrutiek* ez dute Euskal Herriari dagokion egiturarik* eta batasunik: sakabanatuta dabiltza. Euskal Herriaren batasun dinamika hau gogotan hartuko ez lukeen Elizak ez lioke gaurko eta biharko Euskal Herriari erantzungo. Euskal Elizaren batasuna behar dugu herri mailan, apezpikuen eta egituren mailan. Euskal Eliza batua da Euskal Herri batuak eskatzen duena.

Paulo AGIRREBALTZATEGI


Testigu eta zirikatzaile

Bertso bi paratzeko artu det ordena

Eta bertsotan aritzeko gauza ez banaiz, gauza ez naizen bezala, «prosan edo hitz lanoetan», Etxeberri Ziburukoak zioen moduan. Puntuak ere jarri dizkidate. Euskarari buruz, euskaraz ez ezik, mintzatu behar omen nuke, harako ANAITASUNA-ren lehen zenbaki haren oroikarri. Ez dakit behin batez ezagutu genuen ANAITASUNA xume harena den lehendabiziko hori ala geroko ANAITASUNA hazi honena. Berdin du, noski.

Elkarri loturik dabiltza azken aldian aldizkari honen izena eta euskara batuarena, batasun bidean abiatua dugun hizkuntzarena. Batu edo baturako horrek, izan ere, ez du aurkitu ANAITASUNA baino aldeko sutsuagorik, eta ez dut inoren epelkeria (neuronena aurren doala) salatzeko asmorik, oinak bero bezain burua hotz eduki nahia ez baita inoiz epelkeria izan. Mendizale azkarrak gogoko ditu lasterbideak. Kezkatiagoak, berriz, zeharkakoak hautatu ohi ditu, indarrek uko egingo ez ote dioten beldurrez, gailurrera gabe.* Pentsa ere dezake biderik zuzenena ez dela beti, orduz eta minutuz, laburrena izaten. Argia ere bestela mugitzen omen da eta, bakanagotik trinkoagora eta alderantziz igarotzekoan. Nolanahi ere den, eta helburu berbera dugularik, nork berari dagokion bidea jo dezake begiz. Horrela, bizkorrak akuila ditzake berankorrak, eta begiratuak (galendua* omen dabil uberen* bila) zentzaraz presakaegi dabiltzanak.

Batera behar horren nondik-norakoa ez da neke neurtzen. Premiazko dituen zenbait erabilbide hertsiak eta are* giltzatuak aurkitu ditu hizkuntzak, eta ez zaigu orain ardura zeren eta noren erruz gertatu den hori. Traba-debekuak baztertzen hasiak dira euskaldunak: batzuek, egia esan, aspaldidanik. Gero eta lasterrago joan nahi genuke abiatu garen bideetan barrena eta, zabaldu direnez gainera, zabaldu behar diren eta (nahi eta ez, handik edo hemendik) zabalduko direnez ere baliatu nahi dugu. Bideak zabaltzen ari garen bitartean, beraz, eta zabaldu gabe daudenak gogoan ditugularik, hizkuntza hezten, zabaltzen eta zorrozten ihardun behar dugu, biharamunerako beti, bizi garen egunerako ez ezik. Hizkuntza, berez, prest daukagu, mila bider esan den bezala, baina ez du euskaldunen aho-ezpainak beste mintzabiderik. Bestela esan, geurok gara aho-ezpainak —eta, hegaztien gisa,* lumak— dantzatu behar ditugunak, hura mintzatuko baldin bada.

Askok uste dugu, eta ez dirudi uste honek alderdia ustel duenik, landua bezain batua beharko duela izan inguru hauetan (eta hemen hazia da, hemen jaioa ez bada ere) bizilekurik aurkituko baldin badu. Aldez aurreko ondalanaren* premia edonon nabari daiteke, bizirik irauten duten hizkuntzetan; ez horrenbeste gogoaren ahuleria* dela medio hilik edo hil zorian daudenen artean. Badirudi, esate baterako, oraingo hebreoa ezerezetik sortua dela, aspaldiko lainoetan izkutatu ziren erroez kanpo. Egia da, bai, Jesukristoren garaian eta are lehenago ere ez zela inoren «amaren hizkuntza». Palestinan bertan. Egia ere da badirela Israelen arrazoi bereziak hebreo berriaren jaiotzea edo bizkundea esplika dezaketenak. Dena den, maizegi* saihestu ohi da gure artean hizkuntza «hil» hori lantzeko, sortzelan eta itzulpenen bitartez, mendez mende atertu* ez den lan ikaragarria Eta, hizkuntza zaharberritu hori ofizial bihur zedin, jende ugarik bihotzez maite zituen hizkerak (eta ez ziren han-hemengo euskalkiak) baztertu eta nolazpait gutietsi* behar izan zituzten. Eguzki aldeko literatura aberatsaren jabe den «yiddisch» hori dialektua da, baina ez hebreoarena, alemanarena baizik. Mendebaleko sefardim batzuena ere, gaztelania da, bere gisakoa baina gaztelania, ez hebreoa.

Ez da sekula batasunik ez hizkuntza eraberritzerik agertu gataska* eta galerarik gabe, eta besterik dioena ez da egiaz ari. Gurean eginbide horretan parte hartu dutenak ez ditu borrokarako gogoak magitu, agindurik daukatena betetzeko asmoak baizik. Goragotik (ez dakit nondik) datorkien deiari erantzun nahi liokete, indarren neurrian, eta barrenik muinenean somatzen duten deiaren oihartzunari.* Bakezko jendea ere ez dago, ordu larrietan batez ere, agintaririk gabe.

Baso zabalen —eta giro berrien— aitzindari izan dugun ANAITASUNAz mintzatu naizenez gero, ez nuke aipamen berezi eta ohorezkorik gabe utzi nahi horko anaia ixilkari den Imanol Berriatua, horrek hartu baitzuen —frogatua bezala ari naiz— martiritarako aurki daitekeen biderik erosoenetakoren* bat. Ezta ere hor hainbeste lerro bizi, eder eta garratz, argitara zituen Gabriel Aresti. Beterik zeukan eremu zabala huts ageri zaigu orain.

MITXELENA

N.B. Badirudi zenbait jatorzalek ez dituela bertsolariak behar adina* ezagutzen, haien hizkera besteri eskaini arren eredu gisa.* Horrelakoren batek burua behar baino gehiago neka ez dezan, bada, aditzera eman nahi nioke artikulu honen burukoak Xenpelarrenak omen direla. Aita Zavalaren bildumatik* mailebatuak.* 286gn. plaman aurki ditzake gogoak ematen dionak.


Testigu eta zirikatzaile

ANAITASUNA lekuko

Denbora joan ala,* arazoen irtenbideak ezezik,* arazoak berak ere aldatzen dira. Herri bakoitzaren Kondairan, mende bakoitzari, belaun* bakoitzari, bere arazo multzo berezia, bere "problematika" dagokio.

"Urteak joan eta urteak jin*" horretan, aisa* galdu ohi dugu ondokook arazo multzo horren aldakuntzaren funtsa.* Konturatu ere gabe, "geure modura", geure pentsakeraren arabera,* geure ustez "azalpena" duten eragile izkutuen* arabera, argitu nahi izaten dugu bestetango* edo urrungo problematika. Berek ez zekitena, guk ba dakigu! Birpentsatu egiten ditugu gertakariak, hitz batez; geure logikaren eta geure kezken arabera "ulertuz" eta "ulerteraziz". Txit aurreraino eraman zuten mistifikazio sakon hau XIX. mendeko filosofia ezagun batzuk.

Hori horrela izanik, balio aparta dute bere mendeko lekuko* izan diren idazleek. Beren garaikideen kezkak eta esperantzak bizituz eta "nortuz", lekuko bikain gertatzen zaizkigu; ezen,* Kondaira egiten duten gizonen subjetibismo edo "ni-keria" zalantzarik gabea baldin bada ere, Kondaira gero, "a posteriori", azaldu uste dutenena, ez baita txikiagoa. Kondaira azalpen guztiak dira apriori baten eskemaren araberako birpentsaketa soil; eta errelatibismo horretan, bertako lekukoei dagokie baliorik funtsatuena.

Lekukoek laguntza gaitza* eman dezakete, gureak ez diren munduez pentsatzeko. Arestik, Rikardo Arregik, Krutwigek, Joxe Azurmendik, Josu Arenazak berak beste muturrean, nork bere mailan eta lekuko gisa,* interes handia izango dute ondoko urteetan, gaurko Euskal Herria ulertzeko.

ANAITASUNA, hildo* beretik. lekuko bikaina da. Euskal ezkerrak urte hauetan ezagutu eta pairatu* duen kinkaldi* gaiztoa, ANAITASUNAko lerroetan agertu da agian* nabarmenenik. Ondoko urteetan beharbada bitxi eta funsgabe gertatuko zaizkien idei* burruka eta "sasi problema" batzuren kakoa, hor agertuko da, anitz* artikulutan mamiturik, bere horretan, tinko, geroko belaunen eta urrungo ikertzaileen argibide.

Hein* batez, ANAITASUNAk ezagutu duen krisialdia, etsaiak berak azkartua izan ez den neurrian, Europa guztiko ezkerrak ere ezagutua du; eta Marxen inguruan gertatu da. Lehen aldian, hurbilketa bat ikusi da; eta gaur, urrunketa jarraitu zaio.

Alderdi honetatik, ezkertar intelektualen bilakabidea,* Europan eta Euskal Herrian, antzekoak dira; nahiz gurean, eta tradizioari eutsiz, esperantzak eta zalantzak beste lekutan baino aisa beranduago mamitu badira ere. Hain zuzen ere, antzekoegi gertatu dira gureak, eta berantegi; pentsatu baino kopiatu egin bagenu bezala. Lekukotasun horretan, dena dela, lan ona egin du ANAITASUNAk: kezkak zituztenei agerpide bat eskaini die.

Besterik ere egin nahi ote luke ANAITASUNAk? Ezkertarren gidatzaile, edo laguntzaile bederen,* izan nahi ote luke? Zuzendaritzak eta idazleek dute azken hitza honi buruz. Baina, baiezkoan, eta argitzaile ere izan nahi izatekotan, aholku* bakar bat emango nizueke nik: gure problematika ez duten herriek eta guk, nahitaez, erantzun DESBERDINAK behar ditugula. Beste mendetan, beste gizarte motatan, bestelako egoeratan, egoki izan diren pentsakerak, horregatik berorregatik eta besterik gabe, desegoki gertatzen eta gertatuko direla derrigor. Maoismoa eta foruzaletasun itsua zorakeriak dira gaurko Euskal Herrian. Bilatu egin behar dugu geure bidea, geure buruan ikertuz, geure kabuz* asmatuz, dogmakeriak alde batera utziz, gure antzeko diren herrietan deskalabro nabarmen gertatu diren filosofiak eta politikabideak, otoi, ez gurean 1975.ean xeru-xeru proposatuz!

Izan zaitezte, beraz, ausart.* Ez zaitezte izan modaren morroin. Nantereko edo Shanghaiko joerak, gonbarazio baterako, ezin daitezke gaurko Euskal Herri ukatu honetan egoki izan. Oihenartek zioen "herrik bere aztura*" hura* birmoldatuz, "herrik bere ezkerbidea" esango genuke. Inora begiratu nahi izatekotan, guk Okzitaniara begiratu behar dugu, Galesera, Kataluniara, Québec-era. Inon izatekotan, hor ditugu "anaia bizkiak". Ez Txinan, Zambian edo Albanian.

Hots, eginkizun honetan, ANAITASUNAk ba leukake zer esanik eta zer argiturik.

LARRESORO


ANAITASUNA eta idazleak

Euskal idazleen artean (150 inguru) inkesta* luze bat egina dut. Galdera askoren artean, aldizkariei buruz ere egin nituen bi. Bata, zeintzu ziren jasotzen zituzten errebistak. Eta bigarrena, haien gustuko aldizkarien zerrenda. Hemen darabiltzadan zifrak, jasotako erantzunen behinbehineko* elaboraziotxo bat besterik ez dira. (Osorik, eta textuinguruarekin, liburu gisa* agertuko ditut galde-erantzunak.)

Jasotako erantzunen arabera,* euskal idazleen artean, proportzio hontan hartzen dira euskal aldizkari hauk*:

 Anaitasuna 67 %

 Zeruko Argia 65,5 %

 Agur 29,5 %

 Herria 26 %

 Goiz Argi 23 %

 Príncipe de Viana 21 %

Ohar zenbait merezi dute portzentaia hauek.

Euskal idazlerik gehienek interesgarri ikusten dute Anaitasuna eta Zeruko Argia hartzea, eta hartu egiten dute; agian,* erreferentzi puntu premiazko direlako.

 Anaitasuna eta Zeruko Argia errebisten arteko diferentzia hori ez da esannahitsua. Biak dira berdintsu hartuak. Baina bi hauen eta gainerakoen artean dagoen zuloa, benetan azpimarratzekoa da. Ikustea besterik ez dago, idazle askoz ere gutiagok jasotzen dituztela beste lau aldizkari horik.* (Herriaren kasuan, errebistaren balioa eta joera ez baina muga da, agian, esplikatzaile. Ba dakigu, aldizkari honek ezin duela sarritan muga pasatu.)

Errebista bat hartzeak, nolabait, aldizkari horrekiko irakurlearen eritzia agertzen baldin badu, preferentzia hori askoz ere garbiagoa da, lehenetik azkeneraino elkarrekin konparatuz, errebistok ordenuan jarri behar direnean. Horixe egiteko eskatu nien idazleei. Zalantzarik gabe, erresultaduak biziki interesdunak dira, zifra horien atzekoa irakurtzen dakienarentzat.

Zein aldizkari jartzen dute lehen lekuan idazleek! Anaitasuna dator lehen postuan (46%). Zeruko Argia ondoren (40%). Eta gero, urruti, oso urruti, Herria (5%), Agur (5%), Goiz Argi (2%). Eta Príncipe de Vianak ez du puntu bat ere. Anaitasunaren lehen postuak harritu baino gehiago poztu egiten gaitu.

Bigarren lekuan zein dator, idazleen preferentziaren arabera? Zeruko Argiak hartzen ditu hor boturik gehienak (48%). Anaitasuna jarraitzen zaio urrutitik (25%). Eta oso distantziaturik datoz besteak: Herria (10%), Goiz Argi (8%), Príncipe de Viana (4%) eta Agur (2%).

Hirugarren lekuan agertzen den aldizkaria Herria da (61,5%). Laugarrenean Príncipe de Viana (52%). Boskarrenean Goiz Argi (46%). Eta, azkenik, seigarrenean Agur (48%).

Zifra hauk aski argiak dira. Osatzeko asmorekin, esan dezagun gauzatxo bat edo beste. Anaitasunaren eta Zeruko Argiaren aldeko botuak lehenengo bi postuetan konzentratzen dira, gerorako banaka batzu besterik gelditzen ez direlarik. Beraz, bistan dago dudagabeko aukera bat dela idazleen aldetik. Lehenengo euskal aldizkariak Anaitasuna eta Zeruko Argia dira.

Lehen lekurako boturik gehien Anaitasunak dituela esan dugu. Denbora berean, Zeruko Argiak azken postuetarako boturik ez duen bitartean, Anaitasunak bai ba ditu hortarako ere botu galdu batzu. Zeruko Argia bareago bezala ikusia dela esango nuke. Anaitasunak, ostera, errazago jartzen du jendea alde edo kontra. Guk orain ikusten duguna zera da, idazleek maitasunez eta sinpatiaz balioztatzen* dutela Anaitasuna.

Joan Mari TORREALDAY


ANAITASUNAren kazetaritza

Ez da ANAITASUNA aldizkari berri bat, ez behintzat Euskal Kazetaritzan barrena daudenak kontutan hartuz gero. Edozein modutan, hasi berri bailitzen* ari da oraindik ere, hainbat eta hainbat alderditatik aztertuko badugu. Ez nuke, hala ere, sail edo atal konkreturik aipatu nahi, are* gutiago idazle konkreturik, ideia edota izpiritu orokor* bat azaldu baino.

Zernolako aldizkatasuna* (tiradarena baino, mami eta ikuspegi motarena) behar ote duen praktikatan jarri zer gai eta periodistik tankerari* behar dion batez eutsi, zein proporziotan informazio soila eta artikulu sakonak behar ote dituen parekatu, eta zer "habitat", kontestu, maila eta pentsamodutako irakurleari zor zaion horra, agian,* hasteko behinik behin, ANAITASUNA aldizkariari somatzen ez zaizkion lau planteamolde.

Noski, planteamolde hauk* eta beste edozenbat* behar dituela edozein kazetak sortzerakoan aztertu, Eta sortzerakoan ezezik,* baita bere etengabeko abiadan ere, kazeta bat ez baita egun bateko fruitu, ezta bolada batekoa ere; eta, beste aldetik, irakurleak haretaz ukan dezakeen eritzia ez datza* eta* ale solte batetan amaigabeko errezkadan, hainbat aletako jokabidean baino.

Dena den, periodistik arau hutsez ezin gaitezke, gaurkoz, geure Euskal Kazetaritza (eta kasu honetan ANAITASUNA) aztertzerakoan balia, azken batez, nahi eta nahi ez, galbahe horretatik burua pasatu beharko badugu ere, luzaro iraungo badugu behintzat, Baina puntu hau laga* dezagun azkenerako.

Hamabosteroko izatea

ANAITASUNA hamabosteroko da, bai. Eta, nik neuk dudan "kaleko" informazioagatik, urruti samar zaio inoizko batez astekari bilakatu* ahal izatea. Dena dela, hobe da. bai, "arratoi burua, lehoi buztana baino"; eta askoz hobe da bertanbehera jarraitzea (serioago behintzat), astean behin "hamabosteroko" bat argitaratzea baino, idazleen lumak eta irakurleen sakelak hutsaren truke erre gabe, Euskal Herrian hainbatek egiten diharduen bezalaxe.

ANAITASUNA, lehen eta behingoz, bere posibilitateak aztertu beharrean dago, hamabosterokoa den aldetik zelako produktua atera behar duen ikusiz. Hego Euskal Herrian behintzat, ezein* aldizkari talde elkartu baten lana bezala kontsideratzekotan, aldizkari hori ANAITASUNA da eta ez beste. Baina, horrez gainera, interesgarri dakioke gainerako aldizkariekin ere harremanetan hastea, ekintza bideak ahal den neurrian planifikatuz.

Gaiak eta periodistik tankera

Euskal hamabosteroko batek zer behar duen izan, beste kontu bat da; eta erantzuna ez da erraza,

Azken urteotan hiru aldiz gutienik aldatu da ANAITASUNAren zuzendaritza, eta zuzendariak bezainbat izan dira ikuspegiak ere. Beraz, antza denez, bakoitzak bere eritzia izan du, euskal hamabosteroko batek zer izan beharko lukeenez.

Dudarik gabe, hamabosteroko izate honek markatzen ditu —edota markatu beharko lituzke— beronen gai eta kazeta tankera. Erreportajeak (euskal aldizkarietan batere lantzen ez dugun kazetaritza mota interesgarria), hemeroteka saila, erreflesio artikuluak, umore atala eta elkarrizketak aukerakoak* lirateke. Eta elkarrizketak, informaziozkoak baino, "pertsonal" eta ekintza zehatzei buruz, ritmo konkretu batez.

ANAITASUNA, bestalde, Hego Euskal Herriko aldizkari grafikoa izan zitekeen, Eta, grafismoa aipatzean, ez dezala inork arinkeriarik ikus, grafismoa eta sakontasuna, nahi eta komeni den neurrian elkar daitezke eta.

Arintasuna somatu dugu, bestalde; eta era borretako kimu berri bat ez litzaioke arbola trinkoari gaizki etorriko, Kazetaritzaz, gainera, arintasuna ez da sakontasunaren etsai, iluntasun eta aspergarriarena baino,

Honetaz, azkenik, euskal aldizkariek, eta ANAITASUNA tarteko, euskal kultur mugimenduaren berri ematen dute (baita, gutitan, ahal den gutietan baino gutiagoetan, sozial eta politik gertaerak ere). Egiazko euskal kazetaritza batek. ordea. Euskal Herriko hazkunde* orokor baten berri eman behar luke, Euskal Herrian gertatzen den oro* euskaldunoi dagokigularik.

Proporzioa

Ideial bezala, albistea gertatu-ala* berri ematea da kazetaritzaren jokera. Bapatean berri emate hau irratiz posible den bezalaxe, kazetaritza idatzian, ostera, ez da sekula gertatzen.

Gertatu-ala berri emate hori lortzen ez bada ere, lortu nahi eta ezin horrek ematen dio kazetaritzari bere bizitasun berezia; eta notizia lehen bai lehen eman nahi horrek bizkortzen eta zorrozten ditu kazetariaren irudimen eta trebetasuna baita irakurlearen interesa sortu eta eragin ere.

Hala ere, hainbat kazetari teorikok inolazko kasutan onhartzen ez badute ere. edozein kazetatan dira gaurkotasunik ez duten sail eta atalak; eta arazoa, gaurkotasunezko gai eta "denbora gabeko" direlakoen arteko proporzioa asmatzean datza.

Hamabosteroko izateak sortzez baldintzapetzen* du proporzio hori; eta, honelakoetan. kritika azterketa eta ikuspegi xeheagoez beharko du kazetariak irakurlearen interesa sorterazi.

ANAITASUNA beronetan esana dut aldizkari honek —hamabosteroko izan arren— Euskal Herriko beste zenbait astekarik baino berri gehiago eman ohi duela, eta hau "miresgarri zein penagarri izan daitekeela. zer alderditatik ikusten den arabera". Miresgarri, bai, argitara baino hogei egun lehenago burutzen* den aldizkariak "hori" ere egin ahal izatea; eta penagarri, "horri" ere oratu* beharra. Goraxeago aipatu dugun planifikazioa asmatuko bagenu, hamabosteroko eta astekarien zereginak errazago bereiziko genituzke.

Diogun, bestalde, Hementxe Denok saila, euskal kazetaritzan eta informaziogintzan agian elkar lanean sekula agertu gabeko dinamika bat azalduz sortu zela. Luzeegi eta desproporzionatua sortu zen, beharbada. Sail hedatuegia,* edota aldizkari txikiegia, agian. Horrez gainera, Iparraldeko berri mordoxka ez da inolaz ere arbuiagarri*; baina, gehienbat Bizkaian barreiatzen* den aldizkari batetan, behar luke arlo honek azterketa hotz bat.

Irakurlegoa

Orain dela hiruzpalau urte, ZERUKO ARGIAko irakurleen artean, % 33 baserritarrak omen ziren. Hau datu bat da, datu bat baino ez, baina datu esankor bat aldizkari horretan idatzi behar duen edonorentzat.

Ez da hau, segurutik, ANAITASUNAren kasua. Kaletarrek, euskaldun berriek, alfabetatze taldeetan arituek, ikasleek, unibertsitariek eta bestek kopuru* handi bat osatzen dute aldizkari honen irakurleen artean. Horrez gainera, ANAITASUNAk krisialdi, aldaketa eta tirabira askotxo ezagutu ditu; eta ba dirudi, oraindik darraikion irakurle multzoa nahiko atxikia* zaiola.

Edozein modutan, irakurleek aldizkaria baldintzapetzen dute, eta baita, alderantziz, aldizkariak irakurlea mugatu ere. Hala eta guztiz ere, aldizkari batek mugatu baino zabaldu egin behar du; eta, zabalkunde horren arabera,* kazeta baten ezagugarririk berezienetako bat ez da zenbatek irakurriko duen, zenbatek irakur dezakeen baizik. Kazeta bat talde batentzat egiten bada (eta Euskal Herrian, egiten da), talde horrek bakarrik irakurriko du; baina, jakina, orduan ez da kazeta bat, boletin edo halako zerbait baino. Espainiako kazetari ospetsu batek esana duenez: "Escribir para tertulias y amigos es, en el mejor de los casos, antiperiodístico".

Izan ere, arrisku guztien gainetik, kazeta batek unibertsal zentzua behar du gorde. Zenbaitek esan dezake, kazeta batzuk ba dutela errurik gizonen batasun ezaz —eta honetaz euskaldunok ba dugu zer esanik, zoritxarrez—; baina, hala ere, hoiei erantzun behar genieke, kazetaritzarik gabe ez dela posible giza eta herri harremanik elkartu eta bateratzea.

Azken hitza

Oinharrizko eta elkarren nahas- eta lokarri diren lau planteamendu hauez gainera, funtzio eta lekukotasun ezak, interes popular faltak, Elizaren eragin soberak,* egunkaririk ez izateak, "kazetari" ez denak idazteak eta beste hainbat eta hainbat ajek* mugatzen dute gure kazetaritza; eta hoietako bat ere ez zaio ANAITASUNAri arrotz.

Hala ere, akats guztien gainetik, bat nahi nuke batez ere amaitzeko gogorarazi, hots,* legalizazio kontua. Eta, edozeinentzat ulergarri izan dadin, ikastola mugimenduarekin gonbara dezakegu.

Periodismo mailan, euskal kazetaritza parbulariotan ari da, eta gutienik E.G.B. eman behar luke.

Ikastolak andereñoak eta irakasle tituludunak sorterazi dituen bezalaxe, kazetaritzak periodista eta redaktoreak erakarri behar ditu.

Ikastetxeak eraiki behar izan diren bezalaxe, teletipoak eta gainerako ekipoak behar ditugu; eta ikastolak legetu direnez gero, euskal kazetaritzak beste horrenbeste egin behar du, bost edo hamar urte barru iraun nahi badugu behintzat.

Gaur egun, irakurlego eskasak eta diru ezak ekipo profesional bat mantentzen ez dutela esateak ez du ezertarako balio. Planteamendua alderantziz egin behar da. Bere autofinantziazioa teknika eta profesionalismo hutsez posible egingo duen periodismo bat sortu behar dugu. Ez. ezertan hasteko, noiz irakurlegoa gehituko den zain egon; zerbait egin, irakurlea gehitu eta interesarazteko baizik. Hau litzateke, Euskal Herria sortu zeneko kultur iraultzarik positiboenetako bat. Bestela, gureak egin du!

ANAITASUNA dateke,* agerian behintzat, Hego Euskal Herriko aldizkaririk pragmatiko eta antisentikeratsuena. Fruitua eman diezagula!

Luis A. ARANBERRI


ANAITASUNAren irakurleak

ANAITASUNAren abonatua nor den, zer egiten duen, zein adinetakoa* den, zein joeratakoa den jakitea, benetan interesgarri litekeela uste dugu. ANAITASUNAren irakurlea gaztea da, esan ohi da; irakurle hori abertzale eta aurrerazale dela esan ohi da. Eta, daduzkagun datuekin, hala dela pentsatzeko eskubiderik ba dugu.

Oraingoz segurtasun osorekin esan dezakeguna da, ANAITASUNAren irakurle hori geografikoki non aurkitzen den. Normala denez, ANAITASUNA Bizkaiko eta Gipuzkoan hartzen da ia osorik. Muga pasatzen duten aleak ehun inguru dira bakarrik; eta Nafarroa eta Arabara doazenak, bakoitzeko ehun baino gutiago.

Irakurle gehienak Bizkaian eta Gipuzkoan izatea fenomeno normala da oso, eta erraz esplika daitekeena. Bestalde, gainerako aldizkari eta liburu guztiekin ere berdintsu gertatzen da. Hala ere, ANAITASUNAren irakurleak hirutik bi bizkaitarrak dira. Euskal irakurleak Gipuzkoan Bizkaian baino errazago aurkitzen direla jakinik, bistan da geografikoki Bizkaiari Gipuzkoari baino lotuagorik dagoela ANAITASUNA. Azpimarkatzekoa da puntu hau. Problematika ez da bereziki bizkaitarra. Euskara ez da bizkaitarra. Eta, hala ere, Bizkaian saltzen da gehienbat ANAITASUNA. Agian,* esplikapen bakarra abonatuen bilaketa batipat* Bizkaian egin dela da. Ba dirudi, bestalde, azken abonatuen artean gipuzkoarrak direla nagusi.

ANAITASUNA hiri handietan eurrez* hedatzen* da. Bilbon, esate baterako. Bizkaikoen artean, Bilbon daude 30% abonatu. Hurrengo, baina askoz urrunago, Algorta, Ondarroa, Durango, Gernika, Bermeo datoz (denek ehunetik gora dituztela).

Gipuzkoan ere Donostia da nagusi, eta askogatik izan ere. Gipuzkoako abonatuen artean 33% edo hartzen du Donostiak (baina zifra absolutuetan Bilboren erdi inguru). Donostiaren atzetik Eibar dator, abonatu askorekin hau ere. Gainerako herriek ez dute gehiegirik, Zarautz batek esaterako.*

Baserrietan baino kalean ANAITASUNA gehiago irakurtzen dela esaten badugu, gure aldizkariaren joera ezagutzen duen inor ez da harrituko. Baserriko problematikari eta horren giroari baino askoz ere egokiago erantzuten dio ANAITASUNAk hiri giroan euskaldun moderno izan nahi duen gizonari eta gizon horrek gura lukeen gizarte moduari. Bai hizkuntzaren aldetik eta bai gaiarenetik.

Joan ALTZIBAR


Euskal herrietatik

Euskal Herrira begira

«ANAITASUNA Bizkaia» aldizkariak (hau baita haren egiazko izen osoa, gehienok dakikezuen* bezala), bere txoko-tasunetik aterata, Euskal Herrira begira nola lan egin duen. Gai hau eskatu zidatenean, pixka bat harriturik gelditu nintzen. «Bere txokotasunetik?» galdetu nuen neure kabutan.* «ANAITASUNA noiz izan da, ba, txokotasunean murgildua? Zuzendariak aspalditik diakik* euskal probintziakerien kontrario amorratua naizela, eta beharbada horrexegatik eskatu zidak*» asmatu nuen.

Bizkaitarrez idazten zenean

Garai batetan ANAITASUNA bizkaitarrez agertzen zen, eta gehienbat herrialde hortako arazoetan ziharduen. 1969.eko irailaren* 15ean, ostera, aro berri bat hasi zenean, beste bide bat hartu zuen.

Hala eta guztiz ere, ez zuen Bizkaiko trena utzi. Zati handi batzu* bizkaitarrez argitaratzen segitu zuen, baina euskara baturantz begira. Esperientzia interesgarria izan zen, eta eredu* bat dela uste dut, zenbait aldizkarirentzat.

Ene ustez, gaurkoz behintzat, Euskal Herrian aldizkari gehienek euskara batuan egon behar lukete; baina horrek ez du kentzen aldizkari batzu herrialde edo eskualde* bateko berbetan* agertzea. Agertze horrek bere zerbitzua egin lezake. Baina orain ditugun horrelako aldizkariek planteatu ote dute euskara batuaren eta txoko bateko euskararen arteko hurbiltze biderik? Ezetzean nago. Gehiago oraindik, Bizkaian «alperkeria» esango da A organikoarekin, eta aldizkari horiek «alperkeri» emango dute «herri bidekotzat», eta horrela beste gauza asko. Euskara batuak ba ditu H zorioneko edo zoritxarreko hortaz gainera beste ehun arau, herri bateko euskaratik hurbilago batzu, beste batekotik beste batzu; baina aldizkari horietan ez da hurbiltze politikarik egiten. Hurbiltze politika hori izan zen, ordea, aro hartako ANAITASUNAk hartu zuen bidea, lehen etapa batetik gero «Herri bidera» pasatzeko. Egunen batez —ba dut horren esperantza— aldizkari gehienek hartuko dute «Herri bidea», Euskal Herri osoarena beraz, euskara batuarena beraz; eta konbibentzia on batetan biziko dira denak, herri eta herrixka bideko euskara erabiltzen dutenak ere bai, gero eta gehiago elkarri hurbilduz.

«Herriz herri» saileko berriak

Sail honek ene ustez, garai interesgarri bat bete zuen, gero zoritxarrez bapatean* kendu bazuten ere. Orduko ANAITASUNAren zenbakietan begirada bat eman dut, eta hara zeintzu* herri edo eskualde agertzen ziren, parentesi artean idazleen izena edo izenordea jarriz.

Gasteiz (Ezkibel, Osa), Otxandio (Bittor Kapanaga, Aldai), Karrantza, Santurtze (Andolin Eguzkitza), Barakaldo (Joan Mari Mendizabal), Bilbo (Xabier Gereño), Santutxu (Joseba Arrieta), Galdakao (Egireun, Kortederra, Urbieta, Marian, Hergoien), Basauri (Iñaki Ziarsolo), Etxebarri, Lamiako, Derio, Sondika (Rosi Ibarrondo), Larrabetzua (Totxi, Barrenetxea), Berango (Agarramendi), Algorta, Txorierri (Elaia, Lekue) Urduliz, Plentzia, Larrauri, Mungia, Mungialdea (Atxuriko Aitor, Josu), Bakio (Arrieta), Bermeo (Gotzon Azpeitia, Perez Bilbao), Gernika (Deunoro, Lur Gorri, Abel) Muxika (Deunoro), Ajuria, Mendata (Okerka), Areatza, Ibarruri, Markina (Irukote), Natxitua (Jose Antonio Aranburu), Lekeitio (Zorrozua), Amoroto (Gazte), Gizaburuaga, Aulestia (Jaio, Gontzolai), Munitibar (Erramun Gerrikagoitia), Bolibar (Bolibarko neska-mutilak), Barinaga, Etxebarri (Gadu), Nabarniz (Nabarniztar), Ondarroa (Imanol), Bedia (Julen), Arratia (Lau gaztek, Zamakolatarra, Sebas, Angoitia), Zornotza (Espinosa, Leungane), Durangaldea (Aroma), Iorreta (Artza, Joaldi), Oromiño, Durango (Zapoerri), Berriz, Mallabia (Tatana, Justo Azagirre), Ermua (Aranberria), Eibar (Portale, S. Basauri), Elgoibar (Taldeko Marixabel, Arakistain), Deba (Idiakez), Mondragoe, Zumaia, Azpeitia, Azkoitia (Laurok), Beasain (Andoni Sarriegi), Ataun, Idiazabal (Maria Jesus Iparragirre), Isasondo, Lazkano (Usabiaga), Tolosa (Iraeta), Donostia, Goizueta (Sebiño), Leitza, Elizondo, Larraun, Erriberri (Jon), Angelu* (Lekubaso), Baiona, Larzabale,* eta abar.

Gure esker ona merezi dutela uste dut. Baina galdetu behar genuke, ea ganorez* eratu zen berriemale hauen lana, edo eta ea erarik zegoen. 1969.eko agorrilaren* 6an, plan bat aurkeztu genuen bederatzi puntutakoa, sail hau pixka bat eratzeko. Ez zen onhartua izan.

Konbergentzia baten beharra

Bide hontan abiatu eta gero, ANAITASUNAk bere txokotasun guztiak kendu zituen; eta aspalditik gutien nabari* zaiona, bilbotarra dela uste dut. Bai, egia da, Euskal Herriko eskualde guztiak ez dituela aipatzen; baina zein aldizkarik egiten ditu?

Ene ustez, euskal aldizkariek ez dute behar den moduan jokatzen, euskaraz mintzatzen den lurraldeei eta hiri nagusiei bakarrik begiratuz. Oso guti ikutzen dira Enkartazioetako gorabeherak, Arabako eskualdeetakoak, Iruinetik beherakoak, Nafarroa Behere eta Zuberoakoak. Bilbotik Baiona tartekoak bai asko. Baina besteak? ANAITASUNAn ere hori gertatu da. Ez da nire gaia, ANAITASUNAren politik bideak jorratzea. Baina, Euskal Herriari begira, euskal konbergentzia baten politikarik eraman ote du ANAITASUNAk? Hementxe dugu, ene ustez, euskal aldizkarien helburuetariko bat, zuzendaritzaren eta idazle bakoitzaren aldetik erantzunkizun* handia eskatzen duena. Ageriko eta legezko euskal prentsan, agortu egin ote dira konbergentzia hortarako iturri guztiak? Konbergentzia horren falta beste norbaitzuren errua ere izan daiteke, euskal politikariena halegia,* hauek —antza denez— euskarazko prentsa irakurtzeko asti guti izaten baitute; eta hau bai dela barka ezina. Etxekarteko nahasteak, kultur munduko gorabeherak (ikastoletakoak, idazleen artekoak, zenbait erakundetakoak*), politik burrukak, non agertzen dira hobeto gure aldizkarietan baino? Gure politikariek, ordea, izan ote dute begirik, hortaz konturatzeko, problematika hori guztiori bideratzeko? Garrantzirik eman ote diote? Bestalde, euskal prentsak beharbada gehitu egin ditu gure liskarrak.* Hor dugu euskara batuaren arazoa. Hizkuntzalariek eta idazleek izan ote dute eztabaiden errua, ala gure alderdi eta taldeen gidariek? Ez dut uste, gure politik gidariak Euskal Herriari begira, euskaldun guztion konbergentzia bati begira egon direnik. Bestela, galerazi eta geldieraziko zuketen zenbait anaiarteko eztabaida, bideratuko zuketen beste gauza asko.

Euskal prentsa

ANAITASUNAk garrantzi haundia du euskal prentsan, beste aldizkari batzuk duten bezala. Hontaz ongi jabetu dira katalanak, batez ere herri gizon batzu, Jordi Pujol eta beste.

ANAITASUNAk, gaurko egoerak eskatzen duen neurrian lan egingo duela uste dut. Ba du hortarako gizon kapazik. Bere toki berezia eta tinkoa aurki dezala euskal prentsan, gaur eta historian!

J. L. LIZUNDIA


Euskal herrietatik

Gaztea zen

Duela zazpi urte ezagutu nuen ANAITASUNA. Hizbide* askotarako izango zen Euskaltzaindiaren Arantzazuko bileran jaso nuen lehenbiziko aldiz. Mahai txiki baten gainean zenbaki mordoa, ordain saria adierazten zuen marrazki baten ondoan. Ez zuen horrialde asko. Bizi bizia izateko asmoa nolabait agertzera eman nahi zuen. Diru problematxoren bat ere izango zuen, noski.

1968. urtea atzean gelditu zaigu. Neure garai hartako zirtada* berritu nahian ibili naiz. Axola gutxiko gauza esango dut: zuri-beltz saminaren antza hartu nion ANAITASUNAri. Ez zuen aldizkari gehienen paper mota merke iluna; paper zuri zurian egina zen. Tinta ere ez zen erdipurdiko* begiak sartuz ikusi ezin den zirrimurru apala. Jauzi* egiten zuen begietara; hizkiak* zetozen begien bidera. Zuri-beltz samina.

Gaztea zen, hori bai, eta bizitzen hasi nahi zuen. Zazpi urteren buruan atzera begiratuta, burrukalari izateko jaio zela esango nuke nik. Bizi nahi zuelako, bide urratzen joan da. Biziko bazen, askotan berritu da; berritzen ez denarentzat egina da heriotza. Aldaketa haundiak ikusi ditu. Idazlan bitxi eta burruka sortzaileak eman izan dizkigu askotan, haundiminen* sukarra* pasatu behar izan balu bezala. Noren esku zebilen gauza, galdetzen zuten, erremindurik, Katon zorrotzaren betaurrekoekin ikus-miatu* nahi zutenek. Gaztea da esaten genuen beste batzuk.

Hilabetean bi aldiz etortzen zitzaigun gero. Txintxoa* zen, bidean istripurik ez zuen garaian. Ez bazetorren, alferkeriaz abaro* geldituta izango zenik pentsatzerik ez zegoen, eta barkatu egiten genion. Ixilune haundiagoa sortu zitzaiolarik, saihetsetik ikasi genituen bere zorabiozko buruhausteak.

Egia esateko, besteren teilatuko harriak bezala hartzen genituen ANAITASUNAren muturrekoak. Nafarroan ez du harrera ugaria izan. Lotsaz gorriturik aitortu beharko genuke, nolako muga mehar hestutan itxi* garen euskaldunok. Taldekeria nagusitu zaigu, eta egoera honen salatzaile ikusten dut ANAITASUNArekin gertatua Alderdi on bat da, bere ezezkoan.

Haunditu da; hazi da. Esperientzia luze baten zenbaki mordoa ospatzea gertakizun aberatsa da Euskal Herriaren kultur mailan. Eta izan ditu bere jokabidean ezagugarri bereziak. Bide erdirik ez du hankaztatu;* aurreralari jaio zen eta bide hortatik jarraitu du. Bide urratzeko lana ez da beti ongi ikusia izaten, eta norbaitek egin behar. Ez da erraza beti neurrian gelditzen ere; baina, bidea ibiliaz egiten da.

ANAITASUNA, bestalde, batasunaren gudari zorrotza bezala agertu da. Erabaki gogorrez bete du gehienetan bere eginkizuna. Hortik ere sortu zaizkio salatari kupidagabekoak.* Bide ona izan den ala txarra, denborak esango du. Ezin dena ukatu, bide baten helburua beretzat hartu eta bertan jarraitu duela. Ez da zeharka ibili. Erdipurdiko jokorik gabe, zuri-beltz samina gertatu da bere jokabidea, duela zazpi urtetako aldizkariak sortu zidan lehenbiziko zirtada bezala.

Jokabide honen ondoreak ateratzeko, goizegi izango da oraindik. Oztopo eta trabak neurtzea, irabaziak zenbatzea, diru aldekoak jasotzea erraza liteke noski. Garbi dago, hala ere, gure denborak daraman egosketaren lekuko* dela Bizkaiko anaien aldizkaria. Egosketa larri hontan ezinegona da lehenik nabari. Burubide asko, bestalde; eta elkar ezin irentsiz gabiltza. Gogorkeria da talde gehienen joko neurria. Hori horrela izanik, era guztitako aldizkariak behar genituen, inoren burubiderik ez zedin haize eta eguzki faltan sortu gabe geldi. Irekitasuna gerta liteke, egoera hontan, kondairak ontzat eman lezakeen aberastasunik hoberenetakoa. Bere zuri-beltz saminean ANAITASUNA izan ez bagenu, non edo han beste halakoren bat beharko genuen sortu.

J. M. SATRUSTEGI


Ikas zeure hizkuntza

Hiztegia

IMANOL BERRIATUAK

Ale hontan izartto batekin agertzen diren berbak

ABAGADUNE, coyuntura.

ABARO, abaroan, sesteando.

ADABAKI, remiendo, morceau à rapiécer.

ADARKA, ramificar. (ADARKATU, ramificado.)

ADIN, edade.

ADINA, aina, beste, bezainbat.

ADORE, kemen, entusiasmo.

AGIAN, beharbada, nonbait.

AGORRIL, abuztu.

AHOLKU, kontseilu.

AHULERIA, makaltasun.

AHULEZIA, makaltasun.

AIPATZEKE, aipatu gabe.

AISA, aise, erraz.

AISE, aisa, erraz.

AITZINDARI, pionero, corifeo.

AJE, dolencia.

ALA, ara, arau, según, a medida que.

ALDARRIKATU, proclamado.

ALDIZ, berriz, ordea, ostera.

ALDIZKATASUN, periodicidad.

ANGELU, Lapurdiko Anglet.

ANITZ, asko.

ARABERA, arauera, según, conforme.

ARAKATU, aztertu, ikertu.

ARBUIAGARRI, despreciable.

ARE, oraindik, aún, hasta, incluso.

AREAGO, oraindik gehiago.

ARRAI, alegre. (Ikus «Axularren Hiztegia»)

ARRAKASTA, éxito, succès.

ARRETA, cuidado, detenimiento.

ASKAPEN, liberación.

ASKI, nahiko.

ASMATU, kausitu, acertado.

ASMATZE, kausitze, acertar, dar en el blanco.

ATERAIA, ateratua. (Ikus Lafitteren «Grammaire Basque», 224. horrialdea.)

ATERTU, cesado.

ATXEKI, atxiki, adherido, entregado. (DATXEKIO, está adherido a ello.)

ATXIKI, atxeki, adherido, entregado, afecto.

AUKERAKO, oportuno, apropiado, idóneo, adecuado.

AURRETIA, antelación.

AUSART, osado, intrépido, valiente.

AXATU, azuzado, excité (les chiens).

AZTARNA, aztarren, vestigio.

AZTURA, ohitura.

BAIEZTA, afirmar. (BAIEZTATU, afirmado.)

BAILITZEN, balitz bezala, como si fuese.

BALDINTZAPETZE, condicionar.

BAPATEAN (bat + batean), de repente, súbitamente.

BARIK, gabe, en vez de, au lieu de.

BARREIATU, esparcido.

BARREIATZE, esparcir, divulgar.

BATIPAT, batez ere, guztiz ere, bereziki.

BATZORDE, comisión, comité.

BATZU, unos. (Batzuk aktibo, batzu pasibo.)

BEDEREN, behinik behin, behintzat, gutienez.

BEGIRUNE, miramiento, respeto.

BEHARKIZUN, necesidad.

BEHINBEHINEKO, provisional.

BEHINEN, principal, primario.

BEHINGOAN, berehala.

BELAUN, belaunaldi, generación.

BERARIAZ, conscientemente, deliberadamente. (Ikus «Axularren Hiztegia».)

BERBETA, hizketa.

BESTETANGO, beste lekutako.

BILAKA, bihur, convertir. (BILAKATU, bihurtu, convertido.)

BILAKABIDE, evolución, proceso.

BILAKATU, bihurtu.

BILAKATZE, bihurtze.

BILDUMA, colección.

BORTITZ, fuerte. (Hitz hau latinezko fortis berbatik dator.)

BOZKETA, elección por votación.

BULEGO, oficina, bureau.

BURKIDE (buru + kide), camarada.

BURUTZE, realizar.

DAGITEN, egin dezaten.

DAGOENEKO, honez gero, para ahora.

DAKIKE, daki nonbait, puede que sepa.

DAKIKEZUE, dakizue nonbait.

DAKUSAGU, ikusten dugu.

DARRAIGUN, darraikigun, jarrai dakigun, que nos siga.

DATEKE, da nonbait.

DATORKE, dator nonbait.

DATXEKIO, atxekitzen zaio, se le adhiere. (Atxeki aditzaren forma.)

DATZA, yace, está, consiste. (Etzan aditzaren forma.)

DENDUN, equilibrio.

DEUS, ezer.

DIAKIK, daki.

DIOSALA, saludo.

DITUZKE, ditu nonbait.

DUGUINO, dugun bitartean.

EDONOLA, edozela, nolanahi.

EDOZELA, edonola, nolanahi.

EDOZENBAT, zenbatgura, zenbatnahi.

EGINGAI, boceto, esquisse.

EGITEKE, egin gabe.

EGITURA, estructura.

EGUN, gaur.

EKAIN (eki, sol + gain), junio.

ELABERRI, novela, roman.

ELE, hitz, berba.

ELIZBARRUTI, diócesis.

ELKOR, árido.

ERABAKIKOR, decisivo.

ERABAT, guztiz, osoki.

ERAGIN, eragipen, influencia, acción.

ERAKUNDE, institución, organismo, entidad.

ERAMANKORTASUN, tolerancia.

ERANTZUNKIZUN, responsabilidad.

ERDIPURDIKO, informal, ligero, inconstante.

EREDU, modelo.

EREMU, terreno, dominio, jurisdicción.

ERIZPIDE, criterio.

ERIZTEN ZAIO, deitzen da.

EROAPEN, pazientzia.

EROSO, cómodo.

EROSOKERIA, comodismo.

EROSOKI, cómodamente.

ERROMES, peregrino.

ESATERAKO, esate baterako, por ejemplo.

ESKUALDE, comarca.

ETA, pues.

EURREZ, abundantemente, profusamente. (ERRUZ, por culpa.)

EZEIN, alguno. (Ezezko esaldietan, ninguno.)

EZEN, ze, pues.

EZEZIK, no solamente.

EZINBESTEAN, por necesidad, por no poder otra cosa.

EZKUTU, oculto.

FROGA, probar, demostrar. (FROGATU, probado, demostrado.)

FROGATU, probado, demostrado, experimentado.

FUNTS, fondo, sustancia, esencia.

GABE, antes de.

GAITZ, eskerga, enorme.

GALENDU, escarmentado.

GANORE. kanore, fundamento, forma debida, sustancialidad.

GANOREGABEKI, torpemente, insustancialmente.

GARDEN, puro, claro, transparente.

GATASKA, gatazka, debate, disputa, lucha.

GEHIENGO, mayoría.

GERTU, preparado.

GIHARRE, carne viva, lo magro de la carne.

GISA (1), era, modu.

GISA (2), gisara, modura, bezala.

GIZATIAR, humano, humanista.

GOITU, superado, remontado.

GUPIDAGABEKI, sin compasión, sin contemplaciones.

GUTIETSI, subestimado, menospreciado.

GUTIZ GEHIENAK, kasik guztiak.

HAIK, hareek. (Haiek aktibo, haik pasibo.)

HAINTZAKOTZAT, en consideración.

HALEGIA (hala + egia), a saber, es decir, esto es. (ALEGIA, ficción, simulación.)

HANKAZTATU, ankaztatu, zankaztatu, hollado, foulé.

HASERA, haste, hastapen, comienzo.

HASTAPEN, haste, comienzo.

HAUK, honeek. (Hauek aktibo, hauk pasibo.)

HANDIMIN, padecimiento debido al crecimiento.

HAZIL, noviembre.

HAZKUNDE, desarrollo, développement.

HEDATU, extendido.

HEDATZE, zabaltze.

HEIN, nivel, grado, medida.

HERRIBERRI. Nafarroako Olite.

HERTSI, hestu.

HEZKUNTZA, educación.

HILDO, surco, sillon.

HIZBIDE, hizpide, berbabide, discusión, asunto de conversación.

HIZKI, letra.

HORIK, hoik, horreek. (Horiek aktibo, horik pasibo.)

HORREN, hoin, tan.

HOTS, a saber, es decir, esto es.

HURA, ha.

IA, kasik.

IDEI, ideia (hitz elkarteetan).

IGORTZE, bidaltze.

IKUS-MIATU, ikus-miratu, ikus-aztertu.

INKESTA, encuesta.

INTEGRISTENAK, los más integristas.

IRADOKI, insinuado, revelado.

IRAGAITZAZKO, transitorio. (Ikus «Axularren Hiztegia».)

IRAIL, septiembre.

IRITSI, lortu, conseguido, alcanzado.

IRRISTADA, laprastada, resbalón, faux pas.

ISKANBILA, gataska, liskar, eskatima, disputa ruidosa.

ISTILU, conflicto.

ISTRIPU, accidente.

ITXI, hitxi, hetsi, cerrado, fermé.

IZKUTU, ezkutu, oculto.

JADANIK, ya.

JAGOLE, guardián.

JARAMON, kasu.

JARRERA, postura, posición.

JASAN, soportado.

JAUZI EGITE, saltar.

JIN, etorri.

JOSKERA, sintaxis.

KABU, buru. (Berba hau latinezko caput hitzetik dator.)

KERA, alto, detención, parada, arrêt, halte.

KINKA, punto crítico.

KINKALDI, krisialdi.

KOPURU, suma, cantidad. (Kopuru eta mukuru hitzak latinezko cumulus berbatik datoz.)

KUPIDAGABEKO, gupidagabeko, inmisericorde.

LAGA, hutz, dejar, laisser.

LARZABALE, Nafarroa Behereko Larceveau.

LEKUKO, testigu.

LISKAR, lucha, pelea, altercado, disputa.

MAILEBATU, mailegatu, tomado en préstamo, copiado.

MAIXEO, maiseo, crítica, censura.

MAIZ, sarri.

MEHAR, medar, hestu.

MEHARTU, estrechado, reducido en anchura.

MENDEBALDE (mendebal, viento del oeste + alde), occidente, Oeste.

MERKATAL, merkatari (hitz elkarteetan), comercial.

MEZULARI, mandatari, mensajero.

MIRETSI, admirado.

MUINO, colina.

MUSIN EGIN, despreciar.

MUTXURDIN, solterona, vielle fille.

NABARI, evidente, notorio, patente.

NABARITZE, advertir, notar, percibir.

ÑABARDURA, matiz, nuance.

OIHARTZUN, eco.

OLDE, movimiento, empuje, invasión.

ONDALAN, hondalan, trabajo profundo.

ONESPEN, aprobación, asentimiento.

OPA, opa izan, desear.

ORATU, heldu, agarrado, asido, salsi.

ORETU, amasado, petri. (ORATU, agarrado, saisi.)

ORO, guzti.

OROBAT, igualmente.

ORO HAR, en conjunto.

OROKOR, general, global.

ORREN, horren, hoin, tan.

OSTERA ERE, berriz ere.

OSTERANTZEKO, distinto, diverso.

OTSAIL, febrero.

OTSO, lobo, loup.

PAIRATU, padecido, sufrido.

SALBUESPEN, excepción, salvedad.

SAMAR, zerbait.

SINATU, firmado.

SOBERA, gehiegi, lar, larregi.

SOMATU, vislumbrado, barruntado, entrevu.

SUKAR, fiebre, calentura.

TANKERA, estilo, modo.

TIRANDURA, tensión.

TXAIRU, txairo, ágil, airoso.

TXINTXO, zintzo, puntual.

UBERA, ibi, ubi, vado, gué.

UKAN, izan. (Ukan aktibo, izan pasibo.)

UNADA (une + ada), período. (Oso erabilia Bizkaian.)

URRATS, pauso. (PAUSU, descanso reposo.)

URTARRIL, enero, janvier.

URTEMUGA, aniversario.

USTE, uste izan.

UZTAIL, julio.

XEDE, propósito.

ZABU, balanceo, balancement.

ZAHI, salvado, son.

ZEIN, ya, sea.

ZEINTZU, cuáles. (ZEIN, cuál.)

ZERI ESATEN ZAION, según a que se diga.

ZIDAK, dit.

ZINEZ zinetan, benetan.

ZIRTADA, impresión.