ANAITASUNA

305. zenb.

1975.eko urriaren 31koa

Pelota, 4 - 1.º - Bilbao-5

Tel. 423 74 49 - Apart. 495


ANAITASUNA BIZKAIA

HAMABOSTEROKOA

ZUZENDARIA:

Joan Mari Torrealdai

Urteko abonamendua:

Bertorako 300 pezeta

Latin Amerikarako 320 »

Europa eta Ipar Amerikarako 450 »

Ale bakoitza: 15 pezeta.

HELBIDEA:

Pelota, 4 - 1.º Bilbao-5.

Posta kaxa 495. Tel. 237449.

INPRIMATZAILEA:

Imprenta AMADO - Mazarredo, 35 - Bilbao-10

D. L.: BI. 1753-67.


[AZALA]

1965 1975

DURANGO

AZOKAK HAMAR URTE


Metodologiazko ikastaroa Santutxun

Santutxu Bilboko hauzotegi bat da. Bilboko ekialdean* dago. Donostiatik Bilbora bide zaharretik gatozela, berori da lehen aurkitzen dugun hauzotegia. Orain, autopista berriarekin urruntxoago geratzen da. Baina Begoñarantz doazenek, bertara heldu orduko, etxebloke izugarriak ikusiko dituzte, akerretara begiraturik. Horixe duzue Santutxu.

Hainbat mila pertsona bizi da bertan. Bilbo barruko herri haundi bat dela esan genezake. Lehen, landa, soro eta ortuz beterik zegoen hauzotegi hau. Orain, etxez mukuruturik* dago. Lehengo eremu* berdeez, oroitmena geratzen da soilik,

Santutxu eta euskara

Hauzotegi hontako bizilagunak leku askotatik etorriak dira. Euskaldunen kopurua* handi samarra da. Kontutan hartu behar de gainera, oraintsu arte Santutxu inguruko baserritarrak euskaraz mintzatzen zirela. Ez da harritzekoa, beraz, hauzotegi hontan bi ikastola egotea, bertako euskaldunek eraikiak, bakoitza seiehun bat haurrekin. Bi ikastola, «Karmelo» eta «Begoñazpi» izenekoak. Ikastolen aipatze honekin, hauzotegi hontan euskara indar hartzen ari dela adierazi nahi dut.

Batetik, haurrak ari dira euskara ikasten, Eta bestetik, haurren gurasoek ere ikasten dute, eta hauzotegiko gazteek ere bai. Hauek batez ere. Santutxun aspalditik hasi ziren euskara irakasteko ikastaldiak antolatzen. Eta berorietatik, hainbat pertsona —zahar eta gazte— atera da euskaldundurik.

Irakasleak eta metodologia

Denok dakigunez, ikasleek irakasleen premia haundia dute Euskal Herri osoan. Irakasleek, ordea, irakasle on izateko, ongi jantziak izan behar dute euskararen irakaskuntzan. Eta hortarako eskola berezirik ez dagoenez gero, Santutxuko irakasleek metodologiari buruzko ikastaro bat antolatu dute.

Urriko lehen aste bietan eta modu esperimentalez egin dute. Eta, hurrengorako, hobetzeko asmoa duten arren, nahiko pozik geratu dira.

Ikastaroan, metodoen gorabeherak aztertu dira. Halaber,* ariketak,* elkar hizketak, diktatuak eta abar prestatzeko eta gidatzeko bideak. Teoriarekin batera, ikastaldi praktiko llabur* batzu* ere eman dira. Metodoen aldetiko gorabeherak aztertzeko, «Euskalduntzen» liburua hartu da, eta beronen lira mailak aztertu dira goitik behera.

Ikastaroa modu esperimentalez egin dela esan dugu, eta horrela izan da. Baina, esperimentua bukatu ondoren, berriro ere esperimentu hori errepikatzeko* asmoa eta gogoa sortu da. Eta ez Santutxun soilik; Euskal Herri osoan barrena ere bai.

 Euskal Herrian zehar, ba daude sakabanaturik hainbat eta hainbat euskal irakasle. Hauetariko gehienak autodidaktak izan dira, euskararen irakaskuntzari dagokion arloan behintzat. Bestalde, euskal irakasleek gero eta hobeto prestaturik egon beharko dute, euskal kulturak aurrerantz egin ahal dezan. Horregatik, euskararen irakaskuntzari buruzko ikastaroak egitea, guztiz interesgarri litzateke. Bide hontatik, toki klabe batzu aukeraturik (Bilbo, Donostia, Arrasate,* Iruinea...), ikastaroak antola litezke, inguruetako irakasleak joan litezen.

Harria jaurtikia da. Ea, berori altxatzeko eta ikastaroak muntatzeko antolatzailerik sortzen den!

Ikastaroa estatistikaren arabera

Bitartean, eginikako ikstaroaren datuak emanen ditut, estatistika baten bidez.

Denetara, 53 euskal irakasle aritu izan dira ikastaroan: 30 gizonezko eta 23 emakume. Irakasle hauetarik 17 ezkonduak dira.

Bestelako datu batzuren* artean, oso interesgarri dateke, ikastaroko partaideen adina* ezagutzea. Horregatik, adinaren arabera sailkatuko ditugu. Gertatua,* alboan agertzen diren kuadru eta irudiak azaltzen da. Batezbesteko* adina 26,6 urte izan da. Irakaslerik gazteena 16 urtetakoa izan da, eta zaharrena 57 urtetakoa. Irudian argiro ikusten den bezala, adinen banaketak gazteen alderantz jotzen du.

Horrekin batera, interesgarri dateke era berean, irakasleen jatorria ezagutzea. Dakigunez, Bilbon euskal herri guztietatikoak daude; eta, horrela, euskalki guztietakoak biltzen dira bertora. Hori dela eta, bizikiago sentitzen da euskara batuaren beharra. Alboko koadruan, ikastaroko partaideen jatorria adierazten da. Koadrua jatorrizko probintzien arabera egina da, eta ez euskalkien arabera.

Ogibide* askotakoak izan dira, ikastarora bildu diren euskal irakasleak. Ondoko datuak irakurtzean, argi baino argiago ikusten da, euskal irakaskuntza oraino profesionaldu gabe dagoela. Dakikegunez,* ez da erraza, euskal irakasle izanik, bizitza aurrera ateratzea. Eta hori ezin garbiroago ikusten da, ogibidetan agertzen den aniztasunean.* 20 estudiante, 9 irakasle (maisu, maistra, etab.), 8 bulegari,* 4 behargin,* 2 sekretari, 2 etxekoandre, 2 erligioso, kimikari bat, kimik analista bat, elektronikari bat, dendari bat, erlojari bat eta haurtzain* bat.

Pozgarria izan da benetan, horrenbeste jende lanean eta arduraturik ikustea. Euskal Herria arnasa berria hartzen ari dela somatzen dut, aipatu* ikastaroa egintza isolatua ez dela ba dakit eta. Euskara kultur bidetan sartzen ari da. Euskal irakasleak sortuz doaz. Zarata guti eta egintza askoren premian gaudela esatean, ez dut beste munduko gauzarik adierari gura. Aitzitik,* mundu hontako gauza delarik, horixe berori aldarrikatzen* dut, hots, egintzatan hastea.

J. R. ETXEBARRIA


Euskal azoka

Gerediaga Elkartea

Ez dugu gaur goizeon sortua Durango eskualdeko* elkarte hau. Hamar urte bete ditu bere zereginetan; eta, behin adoretsu eta hurrengoan makalki, aurrera doa bere bidean. Sortze zorian tinkoki hartu zuen bidean.

Hala ere, asko dira (eta bai gure eskualdean bertan ere) GEREDIAGA elkarte hau zer den ez dakitenak, edo eta, areago,* izate horrekiko uste oker bat dutenak.

Zer dugu, zinez* eta benetan, GEREDIAGA elkartea? Batzurentzat, kultur talde bat gehiago. Beste batzurentzat, erizpide* berdina duten zenbait adiskideren elkarte bat. Eta susmati doilor* batzurentzat, halako politika usain berezi bat duen zerbait. Baina guretzat, elkartearen ardura oso osoan bizi dugunotzat, GEREDIAGAren izatea argi dago. Eta argi eta garbi ager dezakegu: Euskal izaerak taxutu* duen herri erakunde* bat, Euskal Herriaren aintzinako erakundeez jakitun direnek ulertzen duten eta geroko egunetan zerbait garrantzitsuren oinarri izan daitekeen erakunde berri bat.

Elkarte hau, kultur talde bat gehiago ez delarik, ez da aginte lorratzik* duen ezer ere. Elkarte honen oinarri sendo eta bakarra, herriarekiko ardura da. Hortik sortzen zaizkio, dituen helburuak: «Eskualdeko kondaira lorratzak jagotea* eta galdutakoak bilatzea. Gogo eta kultur ondasunen zaintzea eta ugaritzea. Herritarren bizibidea hobeagotzen laguntzea. Herri lanez, eskualdean batasun giro bat sorteraztea eta gizarte egoera hobetzea». Ez da gutti. Ametsetan egindako gehiegizko nahikundea* dirudi. Baina ez da hala, ez. GEREDIAGAk lan asko egin du bide hortatik: gehienetan lan isil eta apaletan, inoiz dizdiratsuetan arituz; sarritan arantzez beteriko bidezidorretan* gora iganez;* eta lantzean* behin besta* giroan ibiliz. Hor dugu euskararekiko lana, Liburu Azoka buru. Hor udal* gizonen elkarreraztea, zerbitzu komunak sorterazteko. Hor jakintza arloa bultzatzea. Hor herrixketako eskualde giroa eta kontzientzia berpiztea, eta abar.

Elkartearen eragina ez da berdina eskualdeko herri guztietan. Ez, ez da gauza bera, Otxandion duen eragin sakon eta itzala,* edo eta Elorrion, Ermuan edo Garain duen ahultasuna.* Baina hori herritarrengan dago. GEREDIAGA ez da zaharren gauza, ez eta gazteena ere; ez da, gizonezkoek edo emakumeek bultzatu behar duten zerbait. Guztiak onartzen dituen eta guztien indarra behar duen elkarte bat da. Beraz, eskualdeko herriren batetan GEREDIAGA ahul aurkitzen bada, herritar horien hauzo ardura lotan da, edo eta ez dakite zer den gure elkarte hau. Beste erizpenik* latzago litzateke.

Eta, amaitzeko, amets egiten dut: Bizkaiak holako zortzi elkarte balitu, eta Arabak zazpi, eta Nafarroak sei, eta Gipuzkoak, eta..., eta...

KAPANAGA


Euskal azoka

Tontorra Saria Aita Luis Villasanteri

Antolatzaileek esan digutenez, aurtendik hasita, sari berri bat bananduko du Gerediaga elkarteak urtero: TONTORRA SARIA.

«Tontorra» zer den? «Tontorra», Nikolas Alzola Gerediaga jaunaren baserriaren izena da. Eta nor da Nikolas Alzola? Itxaron:* Bitaño, Unai Anai, Markue, Bidaurreta, N.A.G., H.V.B., N. de Cortazar... horik* denok gizon bat bera da: Anai Berriotxoa, Izurtzakoa. Eta, orain jakin dugunez, idazle ezaguna ezezik* artista ere ba da, pintatzailea. Lan artistiko ugari hori Gerediaga elkartearen eskuetan utzi nahi izan du, horrela Euskal Herriari eskainiz. Fundazio bat egin du, beraz. Eta Gerediaga elkarteak bere gain hartu du, hain zuzen, urtero ohorezko sari bat emateko obligazioa.

TONTORRA SARI honek helburu bat du: zein* gizon baten zein erakunde* baten obra eta ekintza sariztatzea. Oraingo hontan —lehenengo aldiz, beraz— Luis Villasante izango da saritua.

Udaletxean eta Azokaren haserako ospakizun bezala emango zaio Villasanteri saria.

Villasanteren lana haintzakotzat* hartzen dugunok, asko pozten gaitu sari honek. Aipa dezagun, laburki bederen, Villasanteren obra. Aita Luis Villasante Kortabitarte Gernikan jaio zen, 1920.eko martxoaren 28an. Frantziskotaira da, Teologian doktoratua. Euskaltzainburua. Euskaraz argitaratutako idazlanik garrantzitsuenak: Goi Argi. Nere izena zen Plorentxi. Aitonaren uzta. Jainkoa. Jesukristo. Axular. Axularren hiztegia. Eta abar, eta abar.

Milesker Nikolas Alzolari, eta zorionak Luis Villasanteri.


Euskal azoka

Hamar urtetako kronika

1965. urtearen hasera zen. San Bixenti eguna, Astolako ermita eta hauzuneko zaindariaren eguna. Hauzune hortako geure etxean, taldetxo bat bildu ginen, afaltzeko. Helburua: Astolan dagoen Durangoko Merinaldeko* Hauzitegi ohia,* bidezain etxe edo eta turistetxe bihurtzen ez uztea, uste horik* baitzeuden. Hori zen lehenbizi konpondu behar zen arazoa, ondoren eskualdeko* elkarte bat sortzea, kulturgintzari batez ere lotua. Hainbeste aldiz bildu ginen, paperak hara eta hona bidali genituen, Bigarren* Bazkoetan elkartea sortu genuen, lehen ekintzak egituratu* genituen, eta hauen artean Liburu Azoka.

Azoka hau egitea, elkartearen sortzaileetariko baten ideia izan zen. Leopoldo Zugazarena. Gerla aurretik euskal liburu azoka bat Gasteizen izan zela entzuna zuen nonbait. Behin egindako feria horrek jarraipena behar zuen, egun jakin batetan egina, eraberritua, gaurkotua. Domusainduetarako* prestakizunak egiten hasi ginen. Beldur ere ba ginen. Argitaldariak gauza ezezagun baten aurrean aurkituko ziren. Agintarien erantzuna ere ez zen segurua. Hemen emakume bi aipatu behar ditugu: Conchita Astola, elkartearen lehen presidentea eta beronen ahizpa Charines, Durangoko Udaletxeko* bulegaria,* mugitu behar ziren hari batzu mugitzen saiatu zirelako.

I. Liburu eta Diskoen Azoka

1965.eko urriaren 30a zen, arratsaldeko 4rak, larunbata. Egun hortan ireki zen Lehen Euskal Liburu eta Diskoen Azoka. Hogei ta bost argitaletxe etorri ziren, eta katalogoak 28 horrialde izan zituen.

Lau Diputazioentzat, lau stand berezi jarri ziren. Alde batetik, Azoka martxan jartzeko, beharrezkoa genuen Diputazioen itzala, Diputazioen izena. Bestetik, haien izanak ere holako arazoetan gaur ere zerbait izan behar zukeela uste genuen, beste garai batzutan izan zen bezalaxe. Gure herrialdeetako administralgoan* Diputazioek dute agintaritza, eta neurri batez kultur argitalpenetan ere bai. Hala eta guztiz ere, oroitzen gara nola bergarar batek galdetu zigun: «Hau ahal da gure Gipuzkoako Diputazioak argitaratu duen guztia, 25 bake urte hauetan?» Behinolako* «Junta de Cultura Vasca» gogoratuz, Elgetatik honanzkoak ere ez zuela gehiago egin erantzun genion. Nafarroa eta Arabakoak askotaz gehiago egin dute, nahiz eta, egia esan, herrialdekerietan, «navarrismo» eta «alavesismo» txotxoetan* erortzen diren anitzetan.* Lau stand horietan zeuden eta orain ere irauten dute, Euskal Akademia eta «Amigos del País» elkartearekin batera.

Sari gisa* aipamen berezi bat eman zitzaion libururik interesgarrienari, «Sociología y Pastoral de una Diócesis: Vitoria» delakoari. Sari sinboliko hau ez da urtero eman.

Lehen Azoka honek Euskal Herriko kultur mundua harriturik utzi zuen. Gauza berri baten aurrean jarri zuen. «Jai su ez da izan, gure errietan antolatuten direan beste Euskal Jaien antzekoa. Euskal Jaia esaten danean, folkloreko gauzetan geldituten gara beti: dantza, bertso, kantu... Beti azaleko gauzak. Azoka onek sakonago jokatu gura izan dau. Folklore gauzak ezetsi* gura barik, euskal kultura adierazo, indartu ta zabaldu gura izan dau» Hau zioen ANAITASUNAk, 1965.eko hazileko* zenbakian. Beste euskal aldizkari eta erdal egunkarietan ere holako zerbait agertu zen, Durangoko Azokak ordurarteko jaialdien eraketaren muina gainditzen zuelako, hain zuzen ere.

II. Azoka: «Kirikiño», bertsolariak, «Ez dok Amairu»

1966.ean egin zen, garai berean, Bigarren Azoka. Lehenbizi, alboko herrian, Mañarian, euskal idazle famatu baten mendeurrena* ospatu zen: Ebaristo Bustintza «Kirikiño»rena, Euskal Akademia bertako Udaletxean bilduz.

Aurreko urtean bezala, Andre Mariako elizpean antolatu zen Azoka. Eta bertan egin zen, halaber,* azkenengoz egin den Bizkaiko bertsolarien txapelketa. Harez gero ez dute hortarako baimenik eman. Lau bertsolari hauk geratu ziren lehenengo: Lopategi, Mugartegi, Arregi eta Muniategi. Orduantxe kantatu zuen lehen aldiz Bizkaian «Ez dok Amairu» taldeak.

680 liburu eta 179 disko azaldu ziren Azoka hortara.

ANAITASUNAtik, 1966.eko hazil eta abenduko zenbakietatik, zatitxo bi hartuko ditugu. «Gerediaga alkartearekin zorretan gagoz euskaldunok. (...) Euskal liburuen azoka bat ikustean, batzuk adurretan geratzen dira: 'Len ezin eitekean olakorik egin!' Ta pozik. Niri, ostera, aldrebes pasetan jat. Anketara etorri jat arima azoka batzutan. (...) Liburu orreetatik 300era ez dira allegetan euskerazkoak». Hau Joan Mari Torrealdairena zen. Beste hau, Gotzon Garitaonandiarena: «Durangoko Azoka, izar bat gabean! Poztasuna galdu barik, beste oneik zirikatu bearra dogu: (lotsatu gaitezan) gure alderkikeriak eta organizaziñorik eza».

III. Azoka: 1968.ean, Euskaltzaindia

1967. urtean ez zen Azokarik egin. Andre Mariako elizpea eta beronen teilatua konpontzen zeuden. Hurrengo urtean, 1968.ean egin zen. Hogei ta zortzi editorial etorri ziren. Katalogoak 42 horrialde zituen.

Urte hontan, Gerediagak Euskaltzaindiari gomit* egin zion, batzarre bat bertan egiteko, bere Urre Ezteiak ospatzen baitzituen. Kontuan izan behar da, Euskal Akademia sortzeko asmoa Durangon agertu zela, 1886.eko «Euskerazko Jaialdietan». Gerediagaren deiari erantzunik, Euskaltzaindia Astolan bildu zen, Durangoko Merinaldeko Hauzitegian.

IV. Azoka: 1969.ean, berriz sariketa

Betiko egunetan eta lekuan. 870 liburu eta 138 disko desberdin agertu ziren. Bost mila liburu eta mila diskotik gora saldu zirela kalkulatu zen.

Libururik interesgarrienei saria eman zitzaien. Euskarazkoetan, «Etxahunen bertsoak gipuzkeraz», Jon Etxaiderenari; eta erdarazkoetan, «Catálogo monumental de la diócesis de Vitoria», Micaela Portillarenari. Baina saria bide hortatik joan bazen ere, Azokan bertan agortu zen liburua, Rikardo Arregiren «Politikaren Atarian» izan zen.

V. Azoka: 1970.ean, sariketarik ez

31 stand jarri dira, 980 liburu eta 115 disko. Euskal prentsak ez dio jaramon* gehiegirik egiten urte hontan Azokari. Zergatik ote?

Euskarazko liburu bat eta erdarazko bi bakarrik aurkeztu ziren sariketarako, eta antolatzaileek saria hutsik uztea erabaki zuten.

VI. Azoka: 1971.ean, jende asko

33 editorial, 1.050 liburu eta 280 disko azaldu ziren. 60.000 lagun pasatu ei* ziren Andre Mariako elizpetik, Azoka ikustera, kazetari batek zioenez.

Hara zer zioen Xabier Gereñok ANAITASUNAn: «Jendeak, ikaragarrizko proportziotan, euskaraz egiten zituen galdeak. Lehenengo egunean, stand batzuek erdaldun saltzaileak bakarrik zituzten. Baina, giroak eraginik, azken egunerako guztiek zuten euskaldunen bat. Ai, egunero hori eginen bagenu!».

VII. Azoka: 1972.ean, Nazioarteko Liburu Urtea, bilkurak, sariak berriz

Hiru urtetan Gerediagako taldeño batek antolatu ondoren, berriz elkartearen zuzendaritzak hartzen du eraketa osoa. 43 editorial, 11 diskoetxe agertu ziren. Guztitara, 1.186 liburu eta 264 disko saldu zirela kalkulatzen da.

Sariak berriz ematen dira. Euskarazko liburu saritua, Mitxelenaren «Lan hautatuak», «Etor» etxearena, izan zen; eta erdarazkoa, Jon Bilbaoren «Eusko Bibliografia», Auñamendi argitaldariarena. Aipatu egin behar da, halaber, «Euskal Izendegia Nomenclator Onomástico Vasco», orain arte egin den argitalpen ugariena, 50.000 aletakoa, Azokan agertu zela.

Urte hontan, UNESCOren Nazioarteko Liburu Urtea ospatzen zen; eta gertakari hori Azokako karteletan ere aipatu zen, euskaraz, gaztelaniaz. frantsesez eta ingelesez. Argitaldariekin bilkura* bat egin zen, eta, denen arteko koordinaketa baten bidez, katalogo bat egin behar zela erabaki zen. Euskal Herriko bibliotekazainekin ere beste bilkura bat egin zen, gure biblioteka nagusien arteko batzorde bat eta nolabaiteko bateratze bat sortzeko asmotan. Hitzaldi bi ere eman ziren: bata Juan San Martinek, euskarazko liburuen produzioa eta sailkaketa ukituz;* eta bestea Dorao Lanzagorta jaunak, Bizkaiko gizarte, eskualde eta ekonomiazko estudioen berri emanez. Lehenbizikoz, Udaletxean eman zitzaion Azokari hasera hitzaldi gisako* sarrera bat eginez.

VIII. Azoka: 1973.ean, hestualdiak

Amatiño adiskideak tratamendu berezi eta oso bat eskaini zion Azokari ZERUKO ARGIAn, aurretik euskal argitaletxeei buruz lan bana eginez, eta ondoren beste berri batzu emanez. Azoka Udaletxean ireki zen, Nikolas Alzola Gerediaga (Anai Berriotxoa) izurtzarrak Durangaldeko euskal idazleei buruzko hitzaldi bat eginez

Orain arte bezala eta luzatzerik ez dugulako, «accessit» delakorik ez dugu aipatuko. Baina lehen sariak irabazi zituzten liburuak, hauk izan ziren: Euskarazkoetan, «Axular, Mendea, Gizona Liburua», Luis Villasanterena, «Jakin»ek argitaratua. Erdarazkoetan «Estudio socio-económico de la comarca del Duranguesado», Cámara de Comercio, Industria y Navegación de Bilbao-k prestatua eta argitaratua.

Ikastola liburuek toki berezi bat izan zuten, eta urte hontan ere argitaldarien bilkura egin zen. Zoritxarrez, batzuk nahi izan arren, ez zen lortu elkarbiderik.

Baina Azoka honek izan zuen zerbait. Bere hestualdiak iragan zituen, baimenak lortzeko; eta Azokan bertan egiteko zen Bizkaiko Bertsolari Txapelketa —gero Lekeition azken ekinaldia izango zuena— ezin egin izan zen.

IX. Azoka: 1974.ean, elizpetik Merkatu Plazara, beste sariketa batzu

Ahal denik eta laburren arituko naiz. Baina tokirik gabe gelditu orduko, amaitzera noa. Ihazko gauza gehiegirik ez dut esan beharrik, askoren gogotan baitago.

Azokak toki aldaketa izan behar izan zuen, Uribarriko Andre Maria elizpetik Merkatu Plazara. Tradizio apur bat hartua zuen tokitik, azken batez leku egokiagora. Goiko norbaiten nahikeriak* kalterik baino mesederik gehiago egin zigun; eta, elizpetik ateratzeko baldintza hori bete ondoren, Azoka aurrera irten zen.

Gregorio Monreal jaunak Udal Batzartegian* egin zuen hitzaldi batekin hasi zen Azoka hau. Bi mila liburu desberdin azaldu ziren Durangoko Merkatura.

Lehen sariak irabazi zituzten liburuak, hauk izan ziren: «Jakin»ek argitaratutako Aita Luis Villasanteren «Axularren Hiztegia», eta «Las Instituciones Públicas del Señorío de Vizcaya», Gregorio Monrealen doktorego* tesia hain zuzen, Bizkaiko Diputazioak argitaratua. Beste sari bi ere izan ziren: bata, kazetaritzakoa, «Kirikiño» izenekoa, Luis Alberto Aranberri «Amatiño»rentzat; eta bestea, alfabetatzekoa, Jose Antonio Azkorbebeitia «Saibiko Artzaina»rentzat.

... eta aurten X. Azoka

Aurtengoarekin hamar urte eta Hamargarren Azoka. Durangok lortu du —hala uste dugu— Euskal Herri guztirako zabalkunde eta maila duen Liburu eta Disko Feria.

Beste sail batzutan ere, Bilbok ekonomian eta industria astunetan, Tuterak* kontserbagintzan, Iruineak...?, Donostiak...?, Gasteizek...?, Baionak...?, Arrasatek...?, Gernikak...?, Eibarrek...? beren Feria Nagusi batzu hartuz joan behar lukete. Kultur munduan, lantegietan, baserrian eta abarretan ba dago zeri heldu eta zer agertu behar. Elorrioko jaiak «Ferixa Nausixetakoak» deitzen diren bezala, Durangoko Azokak ere, beste hirietako azokei bidea libre utzirik, «Euskal Liburu eta Disko Azoka Nagusia» izena merezi duela uste dut, euskaldunontzat HAMAR asko baita. Ea izen hori ematen diogun datorren urteko Azokari. Zuok duzue hitza, beste euskal eskualdetakook.

J. L. LIZUNDIA


Euskal azoka

Gazteria eta langileria Azokan

Gazte asko aritzen da lanean, Azoka prestatzen. Edo, behintzat, standetik standera pasatzen da, Azokak dirauen bitartean. Baina, egia aitor, besterik ezean edo pasiboki dator.

Gazte gehienok oso urri gabiltza euskal kulturari buruz.

Liburu berriak etab., gutti batzurentzat ezik, besterentzat aldamenetik iragaiten* dira.

Agian,* euskal gazteriak, Plaza & James edo Salvat-ekoen berri, Kriselu edo Auspoakoen baino gehiago du, Ulsterko politikaz Euskal Herrikoaz baino gehiago duen bezala.

Norena da errua?* Edo —galde hau erreakzionario bihur ez dadin— nola konpon genezake arazo hau? Nabari* denez, egoera sozio-politikoa, kulturala, eta sozio-linguistikoa bera, aldatu egin beharko litzateke. Baina, topiko hauetatik irtenik, hurbilagoko jokabide batzu* ere hartu beharko lirateke.

Gazteek ba dute kulturari Herriko luze-zabalera osoan bezala, Durangon ere askok dihardu «Gerediaga» elkartearen inguruan. Eta euskal kulturgintzak erantzun bat eman behar die gazte horiei, idazleetatik hasi eta argitaldarietaraino. Alde batetik liburuen gaiak, eta bestetik prezioa. Gazte gehienen paltrikera* hestuak ez du zenbait liburu erosteko posibilitaterik. «La Gran Enciclopedia Vasca» galantaz ba legoke zertaz eztabaida. Eta zabalkundearen politika programazio herrikoi batez lortu beharko litzateke.

Dudarik gabe, gazte askok atseginez hartzen du Azoka, zeren* liburu berriak ikusi ahal izatea, argitaldariak ezagutzea eta giroa bera esperimentatzea suposatzen baitu. Kontutan izan behar dugu, gazte horrek euskal kultur gizartearen dinamikan, gaurkoz eta gerorantz, indar haundi bat osatzen dutela, eta bideak egiteke* daudela. norbaitek harro harro besterik erakutsi arren.

Jose A. Sarrionandia

Durangoko Azoka hainbat bider aipatu dugu. Hainbat bider esan dugu, Euskal Herriko onena dela, ondo antolatzen dela, jende asko hara biltzen dela, eta abar. Baina guttitan aztertu dugu zelako* jendea biltzen den. Edo eta, hortaz aritu garenean, jendearen adina* edo euskal munduan mugitzen diren pertsonaia batzuren* izenak aipatzera mugatu gara. Beharrezko ikusten dut, ordea, Azokara zelako jendea joaten den kontutan izatea.

Zenbat langile hurbiltzen ote da Azokara? Nire eritziz, gutti, oso gutti: langile bulegariak* bai beharbada, baina langile xeheak gutti.

Non dago gakoa*? Antolatzaileei ezin bota errurik.* Azoka, argitaratzen diren liburuen erakustoki bat baino ez delako. Beraz, argitaldari eta idazleak izan daitezke neurri batetan errudun, langile arazoak aztertzen larregi* ahalegintzen ez direlako, liburu bat edo beste kenduz gero, ez baitago aukeratzeko ezer haundirik. Baina ez dago hemen guztia.

Euskal kultur munduan zerbaitetan ari garenok erraz konturatzen gara, beharginak* ez direla gure mugimenduetan larregi sartzen. Durangoko alfabetatze taldean, adibidez, gutti batzuk bakarrik parte hartzen dute. Eta beste kultur ekintza batzutan ere, gauza berdin xamarra gertatzen da. Beraz, konponbidea ez dago Azokan, kultur ekintzak programatu, muntatu eta aurrera eramaten ahalegintzen diren antolamenduetan baizik. Planteatzen ote dute arazo hau kultur taldeetako eratzaileek?

Langile mugimendu bat dagoenik ezin uka, eta herrigintza baten barnean —euskalduna izan behar badu behintzat— ezin diezaiokegu horri leporik eman. Nahitaez saiatu behar dugu, tokian* tokiko berezitasunak kontutan hartuz, elkarrekin aurrera egiten. Beraz, euskal langile mugimendu ahul* baten aurrean, ez da harritzekoa, Azokara beharginik ez agertzea; eta kultur arloan gabiltzan guztioi dagokigu, arazo horri aurpegi ematea.

Isabel


Euskal azoka

Alfabetatzea eta Azoka

Alfabetatzean ari garenez geroztik, maiz* entzun dizkiegu holako salakuntzak, euskaldun derizkien* talde batzutakoei: «Oraindik ere hortaz ari zarete?» «Gure herrian ez bailegoen* aurreragokorik egiteko ere!».

Beste hainbat problema biziagotan bizi den populu honek —haien eritziz— ba du beste arazotan aritzerik;* eta horietatik hasi behar dela diote. Bai, jaunak! Ederto esana, eta ados* nago zuekin neurri batez. Baina hasi eta egin eta iraun egin behar dugu, arazoari ebazpena* eman nahi badiogu. Eta nork egin behar du? Nire eritziz, jaun horiek esaten dutena zurikeria* hutsa da, zeren* ez baititugu ikusten ez bata eta ez bestea egiten. Hor gelditu ohi dira horien ekintzak: gisa* hortako esaldietan.

Hola izanik, maiz gertatzen da, gure ekintzetan lan guztiak pertsona batzurengan jaustea. Adibidez, Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokan, antolatzaile izatea, editorial baten standeko arduradun eta saltzaile, Azokako atrakzioren batetan parte hartzaile, eta sari irabazle, eta abar.

Beste ekintza batzutan ere neurri beretsuko zereginekin aurkitzen dira, zerbait antolatzeko kezka duten banakatxoak: leporaino lanez eta nekez. Non daude, bada teknikoak?

Durangoko Azokaren antolatzaileek ez dute ahantzia Alfabetatze alorra, GEREDIAGAkoak berak baitira, Durangon hain ongi irauten duen alfabetatze taldearen babesleak. Hortarako, alfabetatze talde horren eraginez edo, ihaz sari berezi bat antolatu zuten Azokan bertan: «Alfabetatze Saria». Eta Durangokoek ondo erantzun ere.

Liburu azoka batetan «Alfabetatze Saria» edo gisa hortako zerbait antolatzeak bere garrantzia du, zeren, euskal kulturgintzan liburuak maila gorena duelarik, irakurtzeko alfabetatua izan behar baita lehenik. Orduan, Alfabetatzeak oinarrizko ekintza bat betetzen du noski, euskal liburuak zabaltzeko, eta era berean euskal kultura lantzeko eta sendotzeko.

Horregatik, beharrezko ikusten dut, urtero Azokan sariketa bat edo horrelako zerbait egitea, jendea alfabetatzeaz eta beronen garrantziaz kezka dadin eta beste herrietan ere alfabetatze taldeak sortzen eta promozionatzen has daitezen.

Asko dira, Azokara hurbildu eta hainbeste euskal liburu ikustean, harriturik gelditzen direnak. Ez zuten uste horrenbestekorik. Orduan gogo berri bat sortzen da haiengan, irakurri gura dute; baina, hortarako, alfabetatzearen bidez, euskara ikasi behar. Giro horrek eraginik, urtero etortzen zaigu zenbait jende, euskal ikastaroen berri jakitera.

Arestion* esan zidan adiskide batek, Durangoko alfabetatze taldea dela beharbada, euskararen irakaskuntzan hain luzaro —sei urte gutienez— irauten duen bakarra. Eta hori, ekintza nagusi hortaz gain beste zenbait duelarik. Egun hauetan irakasle eta batez ere toki faltaz aurkitzen da. Haundia da benetan talde honen arrakasta!*

Alfabetatzekook Azokari buruz gehien nahi, genukeena zera da, halegia,* Alfabetatzeak jendea eraman lezala Azokara. eta Azokak alfabetatuak izateko gogoa sorteraz liezaiela.

AZKORBE


Euskal azoka

Durango hiru egunetan euskal kulturaren hiriburu

Kultura idatzi bakoitzak ba du bere Feria. Entzunenak aipatzekotan, Liburuaren Frankfurteko Azoka, Nicekoa eta Barcelonakoa aipa nitzake.

Guk ere ba dugu geurea: Durangoko AZOKA. Eskertzekoa da, Gerediaga Elkarteak, hau antolatzearekin, euskal kulturari egiten dion mesedea. Euskal kulturak —liburuak eta diskoak— merezi zuen holako eskaparate edo erakustoki bat. Ba du orain. Eta lehena izatearen, asmatzearen eta irautearen meritua Gerediagari dagokio.

"Jalgi hadi plazara!"

Hazilean* urtero egiten den Azokak bere izena egina du. Azoka batetan euskal liburua jartzea, bidezko* eta normaltzat jotzen dugu. Orain bai; baina duela zenbait urte, ez zen holakorik. Jendeak —betiko jende xeheak, eta beste askok— ez zekien ia,* euskal libururik zegoenik ere. Oraintxe berton ere, Durangon bat baino gehiago ikusi dugu harriturik, hainbeste liburu euskaraz ikusita. Azokarekin, Etxepareren garrasia seriotan hartzen dugu: «Euskara. jalgi* hadi plazara!».

Plazan dago orain euskara. Horixe da beharbada Azokaren lehen kultur eginkizuna: liburua eta diskoa erakustokian ipintzea, horrela euskaldun ohartugabeari zer dagoen azalduz. Ez eskolak ez telebistak euskal kulturaren berririk eman ez dion euskaldunari, Azokak emango dio agian.* Hona, euskal nortasunaren kontzientziaz jabetzeko beste bide bat.

Liburua, merkantzia?

Kapitalismoak liburua merkantzia bihurtu du, merkantzia kulturala, noski. Salakuntza hau sarritan entzun ohi dugu. Baina honen soluzioa ez dago liburua saltzeko orduan, baizik eta egitekoan, produzioan. Liburuak beharkizun* objetiboei, herriaren premiei ez baina produzio aparatuaren interesei eta errentabilitateari erantzuten badie, hor dago gaitza. Halegia,* industria kultural bat, kulturaren legeetara baino industriaren logikara errazago lerratzean* dago arriskua.

Eta euskal liburua arazo hortan zer? Euskal liburugintza dela eta, nor mintza daiteke euskal industriaz. Bai kaskarra! Gehienez ere, euskal liburuaren artisautzaz* mintza gaitezke, ez industriaz. Bestalde, helburuetatik epaituta, oker dabil, Durangoko Azoka Frankfurteko Liburu Azokaren logikan ikusi nahi duena.

Gure artean, euskal kulturaren kondizioengatik, Durangoko Azokaren lehen eginkizuna salmenta ez baina aurkezpena* dela esango nuke. Baina, zorionez, salerosketan ere ikusten da jendea Azokan, eta gero eta gehiago. Euskal kulturarentzat datu positibo bat da hori. Hor ikusi bide* dugu, euskal liburua kategoria batetara iritsi* dela, ez duela lotsarik zertan ukan,* presentagarri eta irakurgarri dela.

Euskal liburua salgai dago. Erosgarria delako dago salgai.

Euskal kulturaren ispilu

Liburuen eta diskoen erakustokia izanez, gure liburu produzioaren ispilua da Azoka. Ispilu ona, gure kulturgintzaren kontraesan batzu begien bistan jartzen dituena: hala* nola, erdal liburuen kopuru* nagusitasuna, euskal liburuen presentapen eskasagoa, eta euskarazko eta erdarazko liburuen arteko gaien desberdintasuna. Goazen banan banan aztertzera, gaiak merezi du eta.

Azokan, erdal liburuak euskarazkoak baino ugariago dira. Sartzearekin batera ikusten da aldea,* standen numeroari begiratuz. Zergatik alde hori? Lekurik balego, gure herri egoera osoa aztertu behar litzateke, esplikazio bila: publiko irakurle zabalagoa du erdal liburuak, eta ezin daiteke ahantz gure arteko analfabetismoa.

Bestalde, euskal eta erdal liburuak elkarren ondoan ikusirik, itxuraz euskal liburuak apalago direla konturatzen gara. Ekonomi arazo bat dago denaren azpian; eta, gainera, erdal liburuak helburu desberdinekin eginda daude, eta salmenta modu diferentea dute. Euskal liburua plazan orain arte gutiago agertu da, liburudendetan gutiago ikusten da, batez ere abonamenduen bidez eskuratzen duelako irakurleak. Baina nork uka, euskal liburuak geroz eta apainago datozela? Salto ikaragarria egin dute azken urte hauetan.

Eta azaletik mamira sartzen bagara, zer? Diferentziak oraindik ere markatuago agertzen zaizkigu. Euskal liburuak gaiari ematen dio lehentasuna, eta kulturaren gaiak oro* euskaraz ematea du helburutzat. Erdarazkoak, ostera,* gai berezi bezala Euskal Herria, euskal gizona, euskal ohiturak, euskal folklorea ukan ohi ditu.

Guretzat, euskal kultura euskaraz egiten da.

Ohitura berriak

Okasio paregabea da Durangoko Azoka, edozein kulturak behar duen feedback* delakoa lortzeko, erosleari entzunez, irakurleari jaramon* eginez, nolabait herriaren boza —gutienez haren oihartzuna*— jasoz. Hurbil egote horren eta harreman hauen premia, beste edozein kulturak baino handiagoa du gureak. Beharrezkoa dugu, hain zuzen, saiatzen zaigun eta benetako arriskua den herriaren bizitzaren eta kultura idatziaren tarte hori zulo bilaka* ez dakigun.

Herriari, Azokan, nola mintzabide gehiago eman, hartzaile hutsa izan ez dadin? Euskal kulturari (liburu, disko, aldizkari, kantu, eta abarri) buruzko sugerentziak, kexak, proposamenduak, haserreak standen batetan uzteko posibilitatea eskainiz? Beharbada.

Ohitura bat jadanik* sortzea lortu du Durangoko Azokak. Kultur munduan dabiltzanak, denak horra bil eraztea. Liburugintzakoak, aldizkarietakoak, kantariak, ikastoletako irakasleak, alfabetatze antolatzaileak... denak datoz bizpahiru egun horietan Durangora. Azokari esker, behingoz bederen,* euskaltzalea norbere taldetik ateratzen da, ghettoa uzten du, plazara jalgitzen da, kidekoekin edo ezaupenen bat edo hitzasperturen* bat edo egitasmoren* bat egiteko.

Etortzeko joera hortaz gehiago baliatu behar litzateke Gerediaga. Egia esan, behin baino gehiagotan saiatu da, eta gauza batzu egin ere bai. Jendearen sakabanatzeak eta taldekeriak du, agian, jarraipenik ezaren errua.* Dena den, aurrera jo behar da. Denok ikusten dugu egun horietan, Azokaren inguruan, funtsezko* eta ongi antolatutako Bilkura* batzu eratzeko premia: kultur arazoak aztertzeko, erakunde* batzu sortzeko, elkarlanak programatzeko. Gerediagak, hori eta gehiago egiteko, ba du adorerik eta gu guztion konfiantzarik.

Bizpahiru egunetarako bederen, Euskal Kulturak ba du Hiriburu onartu bat: Durango.

Joan Mari TORREALDAY


Euskal azoka

Aurpegi zahar eta berri Azokan

Durangorako bidea

— «Nora joango garen? Nora joango gara, ba, gaur? Durangora, Liburu Azoka ikustera. Atsegin zaigu euskal liburu zahar eta berri ikustea, hango giroan ordu batzu botatzea, euskal gauzetan ari diren lagunak agurtzea».

Herri ez handi eta txiki batetako gazteak dira, hori dioskutenak: Alfabetatze taldekoak, Kili-Kiliren laguntzaileak, ikastetxean euskaraz gogotsuen ikasten ari diren bi edo hiru.

— «Beraz, herriko gazteriak Durangorako bidea hartu du gaur» —zirikatzen ditut.

— «Gazteriak..., gu eta bestetxoren batzu izan ezik, iganderoko bideak».

Elkar ikustera

Haserako galdera bera egiten diot herri hortako euskal irakurle porrokatu eta noizean behingo idazle bati.

— «Nora gaur, Durangoko Azokara izan ezik? Egia esan, liburutan ez da berri askorik eta euskara larregirik* izaten, urtean zehar hartzen ditugunetatik at.* Baina hara biltzen dira bateko eta besteko irakurle, idazle, lagun zahar eta beste. Azokako erakustokietan, harantz honantz, liburu eta diskoak ikusten eta aztertzen zeintzu* eta zenbat eta zer arduraz ari diren ikustea ere guztiz zait atsegin.*

Kaixoka eta agurka

Azokan nago. Ikusleentzat eta erakustokientzat, azken urteko lekua erosoagoa* da, Andre Mariako elizpea baino. Han non diren lehengo gazteak. Bat edo besterekin taldea gehitu egin zaie. Batzuren* besapean liburu berriak ageri dira, elkarrizketa bizi eta alai batetan dihardutelarik.

Ez dira berak bakarrik Azokan. Zahar, adin oneko eta beste gazte asko, harantz eta honantz. Batzu, liburuak aztertzen, erakustokiei itsatsita.* Beste batzu, ezezagunak. Ordurik* ordura aurpegi berriak: gehienak ezagunak, eta betikoak beste asko.

Han non den lehengo irakurle-idazlea ere Kaixoka* eta bostekoa ematen eten gabe. Aurreko urtean Azokan bertan ikusitako euskaltzale adiskide asko agurtu behar du. Han dira, izan ere, Akesolo, Juan San Martin, Intxausti, Kerexeta, Berriotxoa, Xabier Gereño (nau Azokako ordu guztietan aurki daiteke), Mikel Zarate, Amatiño (hara orduko, Andre Mariako elizpean begiak igurzten egon ondoren, ea egunaz oker ote den edo Durangora gabe beste nonbaitera joan ote den), Goikoetxea, Laspiur, eta abar luze bat. Durango eta ingurukoak, zer esanik ere ez. Eta euskaltzaleetarik nor ez? Aldizkarietan-eta izenez nahiz ezizenez agertzen direnak aurpegiz ezagutzeko ere, era* egokia izaten du gure ezagunak Durangoko Azokan.

Manolo Escobar?

Disko erakustokira heldu naiz. Halako batez, boz mehe bat entzuten dut. Erdaraz dihardu:

— «Aizu,* ez ahal duzu Manolo Escobar kantariaren diskorik? Nola izan daiteke hori?» Irribarre batzu somatu ditut.

— «Azoka hontan —dio batek—, liburu eta diskoak ezezik,* martzianoak ere ba dituk». Gertaturikoa.

Gazte bizardun bat

Haurrentzako kolorezko liburuxka polit batzu diren tokian gelditu naiz. Nire alboan, gazte bizardun batek:

— «Euskaraz txatxukeriak* baino ez dituk* idazten. Umeentzat eta burgeskumeentzat idatzi ere».

— «Ezagutzen ahal duk, ba, idazten dena?»

— «Ezagutu... ezagutu ez, baina hemen aurrean duk esan dudanaren froga».* Ez zekien «Irakur sail», «Etor», «Gero», «Jakin», «Kriselu» eta beste zirenik ere. Gertaturikoa, aurrekoa bezala.

Bultzada bat!

Liburu erakustokirik liburu erakustokira ari naiz. Urtean zehar euskal liburu berrien agertzearen jakitun ez denak, urterik urtera euskal liburuen gehitze bat nabaritzen* du. Baina Azokan, oro* har, urtero erdal liburu gehiago gure hizkuntzan baino, bai eta erdal stand gehiago euskarazkoak baino. Kezkatuta geratu behar euskaldunok, eta amets batekin: Noiz gure kultura euskaraz, noiz bukatuko oraingo kontraesan hori? Ezer egin ote dezake Azoka honek, asmo horri bultzada bat emateko?

Libururik egokienak

Zein da gramatikarik onena? Liburu hau edo beste hori erosiko ote dut? Umeentzat, zeintzu liburu egokienak? Eta gazteentzat?

Ez ditut galde hauk* asmatu, Azokan batetik bestera nabilela entzun baizik. Eta kezka gogorra sortu zait. Ez ote da kaltegarri, urlia* gramatika hortatik ikasten hastea, eta berendia* liburu hori irakurtzen hastea? Ez baitago gramatika hori haur horrentzat egokituta; ez baitago gazte hori, urlia edo berendia liburu horren euskara ulertzeko gerturik.* Eta ondorioa, euskara ikastea eta euskaraz irakurtzea bertan behera uztea izaten da gehienetan. Hamaikatxo horrelako ezagutzen dugu. Erosle bakoitza alfabetatua balitz! Edo eta alfabetatua ez den erosle eta eroslegai bakoitzak (gehienak, tamalez*) argi emaile bat balu!

Durangoko Azoka: liburuak, diskoak, aurpegi zahar eta berriak, agurrak, giroa, kezkak...

GADU


Euskal azoka

Azokako erakarpenak

Azokak irauten duen egunetan, Durango Euskal Herriaren ardatz bihurtzen zaigu urtero. Eta Durangon, gauza guztien gainetik, Azoka bera dugu ardatz.

Azokak sorreratik izan du barnean zenbait ekintza, jendearentzat deigarri edo entretenigarri. Lehen egunetik gaur arte, hainbat erakarpen edo atrakzio izan du bere osotasunaren hornigarri. Eta hemen datza,* Gerediagatarrek sortu eta aurrera ateratako Azoka honek duen berezitasunik nabarmenena. Hemen, Durangon, Azoka da ekintza nagusia, beste guztiak ardatz horren inguruko betekizunak direlarik.

Euskal Herrian barna egiten diren gehienetan, beste ekintza multzo baten zurrumiloan* galduta ikusi dut azoka: kantaldi, Haurren Egun, hitzaldi, folklore taldeen ateraldi eta horrelakoekin Euskal Aste edo Hamabostaldi bat osatzen. Durangon ez.

Hala ere, erakarpenek ba zuten eta ba dute beren garrantzia. Lehenbizian,* Azoka ezezaguna zen garaian, erakarpenak dei bat ziratekeen.* Baina, izena eta izana hartuz joan den neurrian, gaur egun eskualdeko folklorea ezaguterazteko toki aproposa dugu Azoka.

Sorreratik izan dituen erakarpenei begiratuz, eskualdekoak* eskualdetik kanpokoak baino askoz ugariagoak izan direla ateratzen da.

Besteak beste, lau urtetan egon dira bertsolariak (lehenengo hiruretan eta ihaz). Urtero, ez da falta izan kantari zenbait, taldeka zein* bakarka. Ugarien dantzari taldeak izan dira, alferrekoa ez baita eskualdean duten hedadura* eta oinarri irmoa.* Eta tarteka izan dira albokari, dultzainari, trikitilari eta txalapartariak. Txistulariak, berriz, urtero urtero izan dira.

Eta, amaitzeko, neuri behinik* behin jazotakoa.* Bat edo beste beti agertzen da informazio standera, erakarpenen berri jakin nahian. Ez dute nahi izaten liburuen katalogorik. «Zertarako? Libururik ez baitut irakurtzen» esanez, poz pozik joaten dira erakarpenen egitarau* horrixkarekin. Zorionez, bat edo beste baino ez dira izaten.

JOAN A. AROMA

Dantzari taldeak

Eskualdekoak

Abadiño

Arrazola

Arri Aundiko Azkorbe

Berrizko Iremiñe

Berrizko Izarrak

Durangaldeko Erregelak

 Abasolo eta Albizuri

 Bittor Bernas eta Patxi Uriarte

Durangoko Tronperri

Durangoko Txoritxu Alai

Elorrioko Betsaide

Garai

Iorreta

Izurtzako Mendigain Txiki

Kanpokoak

Erketz

Galdakaoko Andra Mari

Ondarroako Kresala bikotea

Filmeak

Avignon

Ereagatik Matxitxakoraino

Erria

Nafarroa, Lau Urtaroak

Musikariak

Eskualdekoak

Dultzainaria

Juan Bilbao

Soinujoleak

Eusebio Bilbao Luis Angel Sarobe

Trikitilariak

Serafin eta Juanita

Txistulariak

Alejandro Aldekoa

Durangaldeko txistulariak

Kanpokoak

Albokariak

Arratiako albokariak

Leon Bilbao

Txilibrin

Txalapartariak

Arza anaiak

Dultzainariak

Sodupe anaiak

Kantariak

Eskualdekoak

Bastida

Xeberri

Ametsak taldea

Arin Arin taldea

Astarloa zortzikotea

Gau Txoriak taldea

Kanpokoak

Bittor Egurrola

Idoia

Jose A. Villar

Maite Idirin

Biotz Alai taldea

Beti Alai taldea

Erkoleta taldea

Erlak taldea

Ez dok Amaitu taldea

Bertsolariak

Amuriza

Areitio

Arregi

Azpillaga

Enbeita A. (zuzentzen)

Gurtubai

Intxaurraga

Larrañaga

Lopategi

Martitegi

Mugartegi

Muniategi

Olarra

Sardui

Oharra: Bi urtetako erakarpenen datuak falta dira.


Fedea eta ekintza

Donostiako egunkari baietan irakurri berria dut, Alemanian egindako estatistikek adierazten dutenez, Estatu hartan katoliko praktikatzaileen kopurua* portzentaia handi batetan jaitsi egin dela azken urteotan.

Nik ez dakit, gure artean horren antzeko estatistikarik egin denik. Baina begien bistan dago, gure herriko gehiengoak* Elizatik alde egin duela, eta barnean geratzen garenotatik asko, hartu behar dugun erabakiaren aurrean. zalantza bizitan gaudela.

Ez dakit Alemaniako Hierarkiak eta hemengoak problema hau aztertu ote duten. Baina, portzentaia horren larritasuna ikusita, baietz pentsatzen dut, ez baitut uste, horren* itsu izan daitezkeenik. Eman dezagun baietz, aztertu dutela. Orduan, egoerak zergatik irauten du hain oker? Zergatik segitzen du jendeak Elizatik alde egiten? Zergatik ez dira gure zalantzak uxatzen?

Ez dut teologiarik ikasi, eta ez naiz orain eta hemen teoria konplikatuak azaltzen hasteko gauza. Eta, gainera, ez dut horren beharrik, zeren* gizonen Jainkoarekiko loturak hori baino sinpleagoa izan behar baitu, eta erligioa ez baita jakintsuen monopolioa, gizon guztien zeregina baizik. Beraz, katoliko praktikatzaile soil bezala idatzi nahi dut; herriko gizon normal bezala, neure kezkak azaldu gura ditut, aitorpen hauekin Eliza eta neure Herria lagunduko ditudalakoan.

Katolikoak politikan

Katolikoek, politikan sartzen direnean eta batez ere buruzagi bezala ari direnean, katoliko izena konprometatzen dute, maiz* katoliko legez* agertzen baitituzte beren buruak. Horrela gertatzen denean eta Eliz Hierarkia isilik geratzen denean, ba dirudi, erligio katolikoaren izpiritua politikara era zuzen batez eramaten dela, hau da, buruzagi politiko eta katoliko haien esanak eta eginak ortodoxoak direla.

Honek ez luke zalantzarik sortuko, katoliko bezala agertzen diren buruzagi politikoek bide berdintsuak eramango balituzte. Baina ez da horrela gertatzen. Desberdintasun bat toleratu behar dela? Bai, noski! Pluralismo batekin ados* nentorke. Baina nire kezkak, buruzagi katolikoen artean bide oso desberdinak ikusten ditudanean sortzen dira. Ba dirudi, katoliko izatea anarkia hutsa dela. Esadazue, adibidez, ea nor den katoliko, Pinochet ala Europako edozein alderdi kristau demokrata? Biak direla erantzungo lidakeenari, eroturik dagoela ihardetsiko* nioke, zeren Txilekoak sagar ustelak, onak direnak honda ez daitezen, kakartera bota behar direla uste baitu; Europako kristau demokratek, berriz, beste eritzi bat dute sagarrekiko, eta zuhaitzean bizitzeko esKubidea denei ematen diete.

Guregandik hurbilago dugun beste adibide bat ipiniko dut. Kristoren alde ari ei* diren eta haren izena daramaten Sánchez Covisa jaunaren taldekoak, zuzen dabiltza? Elizak ez ditu ez bedeinkatu ez gaitzetsi. Baina, erdal esaera batek dioenez, «el que calla, otorga»; eta onesten dituela pentsa liteke. Orduan, hemen, haiengandik urrun dauden joera politikoak dituzten katolikoak, oker ote daude?

Laburpen gisa,* jakin nahi nukeena zera da: Izan daitezke hain desberdinak, katoliko batek har ditzakeen joerak? Katoliko batentzat, edo izen hori daramanarentzat, ba dago mugarik politikan?

Bizitzako beste arlo batzutan ere gertatzen da horrelakorik. Adibidez, maiz entzuten dugu, negozioek ez dutela bihotzik, dendari batek zilegi* duela edozein gauza, galdurik duela lapurretaren zentzua. Negozioetan permititzen (edo toleratzen) dena, politikan ere bai? Orduan, katoliko izatea norako? Tenpluetarako soilik? Galde hauen guztion aurrean sortzen zaizkidan zalantzak uxatzeko, beharrezkotzat jotzen dut zera jakitea: bai politikan eta bai bizitzako beste arloetan, ea zeintzu* diren katoliko batek dituen mugak, eta ea permiti daitekeen, mugetatik irteten denak katoliko izena eramatea.

Eliza eta Euskal Herria

«Andereño» izeneko nire elaberri* bat irten berria da, eta 91. horrialdean inprimeriako huts bat du. Probak eman zizkidatenean, zuzendu egin nuen; baina ez zidaten kontutan hartu. Originalean, pertsonaiak, Elizaz kexatzen denean, honela dio: «Eta ez bakarrik euskara batuaren arloan, lurren zatiketan ere berdin jokatzen du. Noiztik ari gara eskatzen Bizkaia eta Araba Burgosko artzapezpikutegitik askatzea eta Iruinekoari lotzea, horrela Euskal Herriari osotasun bat emanez? Eskatu zaio, bai; baina gorrarena egiten du».

Ikus dezakegunez, Eliza Katolikoak ez du onhartzen Euskal Herria. Orduan, katoliko bat izan daiteke euskalzale? Euskalzale bada, Elizatik at* ote dago? Elizak gizonen ispilu eta gidari izan behar badu, zilegi zaio katoliko bati Euskal Herria onhartzea, Elizak berak egiten ez badu? Problema hau gehiago iluntzeko, Gasteizko apezpikuaren kasua dugu. Herri bereko kleroa eskatzen du Elizak; baina Araban euskaldun ez den apezpiku bat dago katolikoen buru bezala. Gertakari honek baieztu egiten du aipatutako zalantza, hau da, Eliza Katolikoarentzat Euskal Herririk ez dagoela. Eta orduan, guri, katolikooi, zein jokabide hartzea permititzen zaigu? Honek ere Hierarkiarengandik argitasun bat mereziko luke.

Hitz batez, jakin nahi nuke, katoliko naizen aldetik euskaltzale izan naitekeen. Ba dirudi ezetz, Elizaren bidea ikusita. Baina segur jakitea zait beharrezko, zeren nik Bizkaia eta Araba Euskal Herria direla sinesten baitut. Elizarentzat, berriz, Gaztela dira. Nik, Euskal Herriko apezpikuak euskaldunak izatea nahi dut; baina Elizak Peralta jauna bidali zuen Gasteizera. Eta honela «etabar» luze bat aipa nezake, euskalzaleok geure euskalzaletasunean oker gaudela frogatzen duena.

Gaur egun nabarmen diren adibide batzu* ipini ditugu; baina maila apalagoetan beste hainbat dago erantzun baten zain. Ba dirudi, Elizak ez duela bere burua konprometatu nahi, luzapenak ematea atsegin zaiola. Eta orduan zera gertatzen da, Eliza elizkizunetara mugatzen dela. Baina elizkizun hauei gatza falta zaie, jende askori motelak iruditzen zaizkie, Elizari salatzen dioten konformismoaz kutsaturik ikusten dituztelako.

Jainkoagan sinesten dut. Eta niretzat Elizak, Jainkoagana naraman bidea izan behar du. Eta horrela ez balitz, Elizak ez lidake balio izango. Hainbati, erantzun gabeko galdeok lainotu egin diote bide hori, guztiz galdu arteraino. Beste hainbati lainotzen ari zaio, eta neuri ere bai. Horregatik, lainotan bizi garen guztion izenean, bidea argi diezagun eskatu nahi diot eta behar diot Elizari. Gaur, bihar beranduegi gerta liteke eta.

Xabier GEREÑO


Ikas zeure hizkuntza

Hiztegia

IMANOL BERRIATUAK

Ale hontan izartto batekin agertzen diren berbak

ADIN, edade.

ADMINISTRALGO (administrari + go), administración.

ADOS, de acuerdo, d'accord.

AGIAN, beharbada, nonbait.

AGI DENEZ, según parece, al parecer.

AHUL, makal.

AHULTASUN, makaltasun.

AIPATU, aipatutako, aipaturikako, aipaturiko.

AITZITIK, al contrario.

AIZU (adi + ezazu), oiga, écoutez.

ALDARRIKATZE, proclamar.

ALDE, diferencia.

ANITZ, asko.

ANIZTASUN, askotasun, pluralismo, variedad.

ANTZ, irudi.

ARABERA, arauera, según, conforme.

ARAUDI, reglamento.

AREAGO, oraindik gehiago.

ARESTI, momento recién pasado.

ARGITAN, en luz. (ARGIAN, en la luz.)

ARIKETA, ejercicio.

ARITZE, ari izate, ihardute.

ARRAKASTA, éxito, succès.

ARRASATE, Mondragón.

ARRETA, detenimiento, atención.

ARTAZI, tijeras, ciseaux.

ARTISAUTZA, artesanía.

AT, kanpo, landa, fuera.

AURKEZPEN, presentación.

AUPATZE, promocionar.

BAILEGOEN, balego bezala.

BAILITZEN, balitz bezala.

BATEZBESTEKO, promedial.

BATZARTEGI, sala de sesiones.

BATZORDE, comisión, comité.

BATZU, unos. (Batzuk aktibo, batzu pasibo.)

BATZUREN, de unos. (BATZUEN, de los unos.)

BEDEREN, behinik behin, behintzat, gutienez.

BEHARGIN, langile.

BEHARKIZUN, necesidad.

BEHINIK BEHIN, behintzat, gutienez, bederen.

BEHINOLA, behiala, en otro tiempo, jadis.

BERENDIA, un cual.

BESTA, festa.

BESTE, inor.

BETA, asti.

BIDE, beharbada, nonbait.

BIDEZIDOR, atajo, sentier.

BIDEZKO, obvio.

BIGARREN BAZKO, Mendekoste.

BILAKA, bihur. (BILAKATU, bihurtu.)

BILKURA, bilera, reunión.

BULEGARI, oficinista.

DAKIKE, daki nonbait

DAKIKEGU, dakigu nonbait.

DANIMARKA, Dinamarca. (DANIAR, danés.)

DATEKE, da nonbait.

DATZA, yace, está, consiste. (Etzan aditzaren forma.)

DEFENDATZERAKOAN, al ir a defender. (DEFENDATZEAN, al defender.)

DERITZA, deritzo, derizkio, deitzen da.

DERIZKIE, deritze, deitzen dira.

DEUS, ezer.

DITUK, dira.

DOILOR, ruin, vilain.

DOKTOREGO, doctorado.

DOMUSAINDU, Todos los Santos.

EBAZPEN, solución.

EGITARAU, programa.

EGITASMO, proyecto

EGITEKE, egin gabe.

EGITURATU, estructurado.

EI, omen.

EKIALDE (eki, sol + alde), oriente, Este.

ELABERRI, novela, roman.

ERA, ocasión.

ERAKUNDE, organismo, institución, entidad.

EREMU, extensión de terreno, solar.

ERIZPEN, juicio, opinión.

ERIZPIDE, criterio.

EROSO, cómodo.

ERREPIKATZE, repetir.

ERRU, hoben, culpa.

ESKUALDE, comarca, distrito.

EURREZ, abundantemente. (ERRUZ, hobenez, por culpa.)

EZETSI, negado, desechado, nié, rejeté.

EZEZIK, no solamente.

FEEDBACK, comunicación en doble sentido, siendo cada uno de ellos emisor y receptor.

FROGA, prueba, demostración.

FUNTS, fondo, sustancia, esencia.

GAKO, kako, clave, busilis, punto esencial, clef.

GEHIENGO, mayoría.

GERTATU, resultado.

GERTU, prestatu.

GESALDU, derretido, fondu.

GISA (1), bezala.

GISA (2), conveniente. (Ikus Lafitteren «Grammaire Basque», 124. horrialdea.)

GISA (3), era, modu.

GOMIT EGIN, convidar, invitar.

GREBA, huelga.

HAINTZAKOTZAT, en consideración.

HALABER, así mismo, igualmente.

HALA NOLA, por ejemplo.

HALEGIA (hala + egia), a saber, es decir, esto es. (ALEGIA, ficción, simulación.)

HAUK, honeek. (Hauek aktibo, hauk pasibo.)

HAURTZAIN, puericultor, puericultora.

HAUTESKUNDE, elección por votación.

HAZIL, noviembre.

HEDADURA, extensión.

HEDATU, zabaldu.

HIRIGINTZA, planificación urbana.

HITZARMEN, convenio.

HITZASPERTU, conversación ligera.

HORIK, hoik, horreek. (Horiek aktibo, horik pasibo.)

HORREN, hoin, tan.

HOTS, a saber, es decir, esto es.

IA, kasik.

IDAZKARI, sekretari.

IGAN, igon, igo.

IHARDETSI, erantzun.

IRAGAITE, iragate, pasatze.

IRITSI, heldu.

IRMO, irme, errime, fermu, sólido, firme.

ISTILU, conflicto.

ITSATSI, pegado, adherido.

ITXARON, iguriki, igurikatu.

ITZAL, enorme.

JADANIK, ya.

JAGOTE, zaintze.

JAKIN, determinado.

JALGI, atera, irten, urten.

JARAMON, kasu.

JAZO, gertatu.

KAIXO, agurtzeko berba.

KOPURU, suma, cantidad, número.

KUTSATZAILE, contaminador, contaminante.

LANTZEAN, noizean.

LARREGI, lar, gehiegi, sobera.

LEGEZ, bezala.

LEHENBIZIAN, al principio, al comienzo. (Ikus «Axularren Hiztegia».)

LERRATZE, deslizar, glisser.

LLABUR, laburtxo.

LORRATZ, rastro, huella, trace.

MAIZ, sarri.

MENDEURREN, centenario.

MENTS, déficit.

MERINALDE, merindad.

MUKURUTU, colmado, comblé. (Ikus «Axularren Hiztegia».)

NABARI, evidente, manifiesto, notorio, patente.

NABARITZE, advertir, notar.

NAHIKERIA, capricho.

NAHIKUNDE, mero deseo. (Ikus «Axularren Hiztegia».)

OGIBIDE, profesión.

OHI, ex., antiguo.

OIHARTZUN, eco.

ORDURIK, ordutik. (Oso erabilia Bizkaian.)

ORO, guzti.

ORO HAR, en conjunto.

OSTERA, aldiz, berriz, ordea.

PALTRIKERA, sakel, bolsillo, poche.

SUEDIA, Suecia.

TAMAL, lástima.

TAXUTU, moldatu, atondu, antolatu.

TOKIAN TOKIAN, en cada lugar.

TUTERA, Tudela.

TXATXUKERIA, zozokeria, inozokeria.

TXIKIRATZAILE, castrador, châteur.

TXOTXO, zozo, ridículo, estúpido.

UDAL, municipio.

UDALETXE, Herriko Etxe.

UKAN, izan. (Ukan aktibo, izan pasibo.)

UKITU, tocado, touché. (HUNKITU, conmovido, emocionado.)

URLIA, un tal.

ZEIN, dela, sea.

ZEINTZU, cuáles. (ZEIN, cuál.)

ZELAKO, nolako.

ZEREN (ETA), ze, pues.

ZILEGI, lícito.

ZINEZ, zinetan, benetan.

ZIRATEKEEN, ziren nonbait.

ZURIKERIA, justificación, excusa, disculpa.

ZURRUMILO, torbellino.


Azokaren antolatzaileekin

Durangoko Azokaren antolatzaileak nahiko ezagunak dira jadanik.* Nork ez daki Gerediaga dela antolatzaile? Urtero urtero, aspaldiko hamar urte hauetan, hortaz jabetzeko betarik* izan dugu euskaltzaleok.

Berriro hurbildu gatzaizkie. Oraingoan, barrutik bertatik Azokaren berri jakiteko asmotan. Lehendakariarekin eta idazkariarekin* egon gara, hortarako. Azken lau urteotan Jose Inazio Alberdi da lehendakaria, 34 urtetako gaztea. Gazteagoa da oraindik Jose Inazio Bilbao idazkaria. Jende gaztea, jatorra eta dinamikoa da, ikusi dugunez, Gerediaga elkartearen ardura daramana.

Ekintzak, helburuak

— Ekintza modu asko duzuela ba dakigu. Sozialak, ekonomikoak eta kulturalak dira zuen ekintza nagusiak, ezta? Horien artean, zein da Azokaren lekua?

— Lan inportantea da guretzat Azokarena. Gerediaga bera arduratzen da hortaz, elkartea bera, eta ez batzordeñoren* bat. Urtero antolatzen ditugun ekintzen artean garrantzitsuena da Euskal Liburu eta Diskoen Azoka.

ANAITASUNAren irakurleak ba dakikeenez,* hortik aparte beste zenbait ekintza ere eratu ditugu: Batasunarekiko Idazleen Ermuko Batzarrea, Antzerki Taldeen Batzarrea, Euskal Artisten Batzarrea Garaiko Zubiaurretarren etxean, Hirigintzaz* bi aldiz, eta abar.

— Azokarekin zer nahi zenukete lortu?

— Normalean, gure ekintzak oro* gure geure eskualdea —Gerediaga merinaldea*— aupatzeko* izaten dira.

Euskal Herri osoari begira urtero egiten dugun ekintza bakarra, Azoka hauxe dela esan dezakegu. Honekin zer nahi dugun? Euskal Herriari zerbitzu bat eskaini, liburua eta diskoa promozionatu eta hedatu.* Ez goaz gu diru bila.

Lanak ditu Azokak

— Dirua aipatu duzu. Ba ahal duzue diru problemarik?

— Bai horixe! Buruhausterik nagusiena hortixek datorkigu, diru faltatik. Eta gauzak hobeto eramaten ez baditugu, horrexegatik da hain zuzen. Profesionalismo minimo bat nahi genuke, hilabete batzutarako liberatu ordaindu bat. Orduan bai, hamar urtetako esperientziarekin, Azoka askoz ere osoagoa izango litzateke.

Antolatzaileok hestu gabiltza diru aldetik. Urtero deficit edo ments* jakin bat uzten du Azokak. Baina, hala ere, jarraitzeko prest gaude.

— Beste eragozpenik ba ahal duzue?

— Laguntzarik eza da beharbada eragozpenik handiena. Instituzioen portaeraz ari naiz hemen. Lege aldetik, eragozpentxo batzu izan ditugu, programak moztuz eta hola. Istilurik* handiena ihazkoa izan zen. Gobernaria kontra zegoen, eta Informazioko Delegatua alde. Honengandik subentzio bat ere izan genuen. Lopez jauna zen orduan Delegatua, eta Orejaren ekipokoa nonbait.

— Laguntzarik izan duzue?

— Azoka prestatzeko orduan, eta urtean zehar, bakarrik aurkitzen gara. Gero, Azoka ospatzeko orduan bai: hor merinaldeko gazteen laguntasuna izaten dugu, eta eskertzekoa da. Merinaldeko herri bakoitzak ekintza jakin baten ardura izan ohi du.

Euskal Herriarena da Azoka

— Izaten ahal duzue Azokaren oihartzunik? Zer esaten dizue jendeak, Azoka dela eta?

— Jende asko urreratzen zaigu, bostekoa emateko. Eurrez* hartzen ditugu zorionak. Eskerrak emateko ere, asko hurbiltzen zaigu.

Azoka interes handienarekin hartzen dutenak, editorialak dira, agi* denez, Premiazkotzat jotzen dute hauek Azoka. Urtean zehar ere, argitaldariek deitu egiten gaituzte. Arduratu egin ohi dira. Eskaparate bat da haientzat, salmenta leku bat.

Euskal kulturgizonentzat ere Azoka beharrezkoa da, dioskutenez. Beti etortzen dira, huts egin gabe. Hontaz eta hartaz sugerentziak ere egiten dizkigute. Jendearen ustetan nahiz eta Gerediagak antolatu, Azoka ez baita Gerediagarena, Euskal Herri osoarena baizik.

Gero, jende eta publico arruntak ere arretaz* hartzen du Azoka. Urtero urtero hara urreratzen dira, liburuak ikustera eta erostera, giroa ezagutzera... Urtero jartzen dugun informazio standera ere, hainbeste agertzen dira, hau eta hori galdetuz.

 Prentsak ere bere interesa erakusten duela ez da ahanztu behar. Euskal eta erdal prentsak beti ematen du Azokaren berri.

Etorkizuna

— Etorkizunari buruzko asmoak zertan dira?

— Azokarekin jarraitzekotan gara, noski. Ahal bagenu (eta hori ez dago gure eskuetan bakarrik), Azokaren inguruan kultur ekintza sendo eta inportante batzu eratuko genituzke.

Sariekin ere segitu nahi dugu. Ihaz Kirikiño Saria kazetaritzari eskaini genion bezala, datozen urteetan beste holako sari batzu ere izango dira. Ba da zeri eman.

Bestalde, Tontorra Saria antolatzen dugu aurrerantzean. Sari interesgarri bat delakoan gaude. Aurten Villasanterentzat izango da.

Gure ustez, aurrerantzean, bi gauza azpimarkatu behar lituzke Azokak. Alde batetik kazetaritza: jendeak errebista, liburua baino errazago irakurtzen du eta. Bestetik, haur liburugintza: aurten haurrentzako diren liburu guztiekin stand edo erakuspostu berezi bat jarri dugu.

Joan ALTZIBAR