ANAITASUNA
306. zenb.
1975.eko hazilaren 15ekoa
Pelota, 4 - 1.º - Bilbao-5
Tel. 423 74 49 - Apart. 495
ANAITASUNA BIZKAIA
HAMABOSTEROKOA
ZUZENDARIA:
Joan Mari Torrealdai
Urteko abonamendua:
Bertorako 300 pezeta
Latin Amerikarako 320 »
Europa eta Ipar Amerikarako 450 »
Ale bakoitza: 15 pezeta.
HELBIDEA:
Pelota, 4 - 1.º Bilbao-5.
Posta kaxa 495. Tel. 237449.
INPRIMATZAILEA:
Imprenta AMADO - Mazarredo, 35 - Bilbao-10
D. L.: BI. 1753-67.
Durangoko Azokan gehien saldu diren liburuen zerrendarik eskuratzerik ez dugu izan.
Hala ere, honekin eta harekin hitz eginez, erakuspostu batean eta bestean egonez, ba dugu hortaz susmorik eta eritzi erdi eginik. Ba dirudi, uste genuen egoera, are* nagusiago agertu dela oraingo Azoka hontan. Euskara ikasteko bide diren liburuak saltzen dira gehienbat. Liburu salduenen artean daudeke «Alfabetatzen», «Euskalduntzen» eta «Euskara batua zertan den» (beronen bigarren edizioen). Ehundik gora saldu zen bakoitza.
Jendearen ahotik maiz entzun genuen holakorik: «Euskara ikasteko ba ahal duzue ezer?» Edo «euskara batuaren gramatikarik ba ahal daukazue?» Horren egarri da jendea, nork uka?
Jendearen joera honek agian gauza asko ager diezazkiguke. Bereziki bi daitezke aipagarrienak. Bata, etxea zimentarritik hasi behar dela. Hizkuntzaz jabetu artean, hein* handi batetan alferrikako da saiakera sakonetan soilik aritzea. Eta euskaldunak ez daki euskaraz irakurtzen, edo nekez egin ohi du. Eskolak ez dio holako ohiturarik sortu.
Azpimarkatzeko bigarren puntua hau da, halegia,* euskaltzaletasuna ez da aurrerantzean euskararik gabe ulertzen. Kontzientzia honek euskara batuaren premiarekin batean egin du bidea. Euskara de euskaltzaletasunaren muina. Euskara batua da Euskal Herriaren hizkuntza. Durangoko Azokan ikusitakoak gauza bat jartzen du mahiaren gainean: euskara ikasteko arrazoinak eta motibazioak ba ditu jendeak. Eskain diezazkiogun orain bideak.
Euskal komikia
ANAITASUNAren 303. zenbakian irakurleari dei bat egin genion hain zuzen komikiari buruz bere eritzia adieraz ziezagun. Ondok egunetan erantzunak jasoz joan gara. Denak ez argitaratzearren hautapen bat egin dugu. ANAITASUNAren zenbakietan zehar, erantzunik interesgarritxoenak agertuz joango gara, irakurlea bera idazle bezala ikusi nahi genukeen leku hontantxe.
Milesker, erantzuna bidali diguzuen guztioi.
Ondarroan, 75-10-14.
ANAITASUNAko irakurle bat naiz. Yosu dut izena eta 11 urte ditut.Beti irakurtzen dut komikia eta batez ere Aimar. Ahal baduzue, komikia margoztu margoekin. Eta luzeagoa egin.
Gure etxean denok irakurtzen dugu ANAITASUNA osoa (komikiarekin). Komikia ondo ulertzen dugu. Baina artikulu batzuk euskera zaila dute, eta nahi genuke artikuluetan euskera ezertxo bat errezago egitea eta batez ere ipintzea. Gure herrian, Ondarroan, gure lagun artean komentarioak entzuten dituguz, ANAITASUNA irakurtzea oso zaila dela.
Gure ustez, komikiak jarraitu egin behar du (margoztuta); eta Aimar amaitzen denean, beste personaje bat egin.
Urrengorarte,
Y. G.
Azpeitian, 75-10-16.
Kaixo:
Oso ondo iruditu zait euskal irakurleari eskeini diozuen «libre iritzia» ematea komikiari buruz.
Ez det komikiataz asko ulertzen, bainan neure iritzia azalduko dut. Egia esan, asko gustatzen zait euskal komikia, eta asko gustatzen zaitalako ipinia naiz zerbait idaztera.
Batibat eta gutxienez aurrera jarraitzeko esango dizuet nik.
Baina nere ustez ez da aski bi asten behin bakarrik eta bera lau orriko alea argitaratzea. Uste dut bulego bat egon behar lukela, astero, amabostero edo hilabetero errebista bat argitaratzeko euskal komikia. Konturatu gaitezan, gaur egun umeei asko gustatzen zaiela komikia. Eta, ia orain arte, erdaraz bakarrik aurkitu dituzte komikiazko errebistak. Usten dut badela ordua umeek txikitatik beren hizkuntzan aurkitzea gauzak, bere gustozko irakurgaiak.
Eta bukatzeko, nere azken hitza auxen da: jarrai danean orain arte bezela, zuen izardiak ez dira ta alperrikazkoak izango. Zuen adiskide, Azpeitiako gazte bat,
Y. A., 17 urte.
Alkatearen lanak
Aurreko ale batean aipatu zen hemen Barcelonako alkate berria. Berritasun guztiek bezala, alkatearen izendapen berriak ere itxaropen berriak piztu ditu. Zer eginen ote du gizon berriak?
Hasi da lanean. Eta hasi zaizkio zirika, ondoan edo inguruan urduri dabiltzanak. Berriro ere, katalana nahi omen dute Barcelonako Udaletxean.* Alkateak, Viola jaunak, ez du ezetzik eman, gauza hauk* aztertzeko prest baitago beti. Halatsu aitortu du berak.
Gogoratzen ahal duzue, martxoan halako zarata eta tarrapata* atera zuen. Soler Padrós kontseilari jauna? Ba,* oraindik ere bizirik dabil, eta katalan hizkuntza erabili nahi omen du Udaletxeko bilkuretan.*
Dagoeneko,* Viola jauna eta Soler kontseilaria elkarrekin behaztopatu* dira, katalanaren arazoa tarteko dutela. Eta hizpide* gogor samarrak gurutzatu ere bai, Barcelonako egunkarietan. Alkate jaunak «formalitate» falta eta «oportunismo pertsonal» direlakoak aipatu dizkio kontseilari jaunari. Dirudienez, jan hauek ez daramate, adiskidetasun on bat oinarritzeko bide onik. Ba dator, bai, laster, lasai ikusi nahi genukeen zezenketa.*
Zezenak Udaletxean
Eta zezenketa etorri da. Oraingoan nor zezen? Nor zezenketari? Ezagunak ditu gure irakurleak bi gizonak: Viola alkate jauna alde batetik, Tarragona udal* kontseilaria bestetik. Elkarren koinatu dira biok, eta, jakina denez, ez dira elkarrekin ongi konpontzen. Baina Udaletxean politika egiten dute, eta horixe da orain hemen axola zaiguna. Katalan hizkuntzaren arazoa dabil tarteko, eztabaida hortan.
Viola alkateak laudorioz bete du Gobernuak emandako amahizkuntzekiko Dekretua: «Katalan hizkuntza, mintzaira espainol bat da; eta holaxe ulertu du, behar zuenak». Hau eta beste honelakoak entzun zizkionean, Tarragona jauna katalanez hitz egiten hasi zen. Gorabeheratxo batzuren* ondoren, elkarrizketa jakingarri hau suertatu* da Udaletxeko biltoki nagusian. Horra nola jaso duten kazetariek:
Tarragonak: Amb el permis. He escoltat amb molta atenció les vostres paraules... (zure baimenarekin. Arreta* haundiz entzun ditut zure hitzak...).
Violak (zintzarria joz): Tarragona jauna, gauza bat bakarra esan behar duzu orain: akta onartzen dugun ala ez. Ez dago besterik (...). Ez da balorazio arazoa, traskribazio arazoa baizik.
Tarragonak: Horixe nahi nuke jakin. Esan biezat idazkariak,* traskribazio horrek «en llengua catalana o en lengua espanyola» izan behar duen.
Violak (berriz ere zintzarria joz): Idazkari jauna ez da nor, horri erantzuteko. Lehendakariak erantzuten du. Bibli Pasarte batekin erantzungo dizut. San Joanen Ebanjeliotik: «Quod scripsi, scripsi» (idatzia, idatzirik dago). Kontseilari jaunak eskakizunen* bat baldin badu, eska beza izkribuz. (Zintzarria hirugarrenez ere.) Onartzen ahal da akta?
(Ba dirudi, aho batez onartzen dela. Tarragona jaunak berriro ere hitza eskatzen du. Viola jaunak ezin ulertuzko hitzak esaten ditu.)
Idazkariak: Ofiziozko despatxua. Bat, hogei ta bosteko Alkatego dekretuen berri jakin...
Violak (boz sendoz eta Tarragona jaunari hitz eginez): Ez dago hitzik! (Zintzarria laugarrenez.) Ez dago hitzik!! (Zintzarria jo eta ke.) Ez dago hitzik!!! (Mahaian ukabilka alkate jauna.) Jaunak, jaunak, atera ezazue Tarragona jauna biltokitik..., bere hortan segitzen badu... (hitzen bat ez da ulertzen). Arautegiak dioena, bete egin behar du Tarragona jaunak!!!! (Ostera* ere zintzarria.)
Tarragona jaunak hizketan dihardu oraindik ere. Baina, mikrofonotik urrundu denez, ez zaio ulertzen. Viola jauna ere garrasika ari da, mahaian ukabilkadak emanez. Giroa baretu denean, idazkariak irakurtzen segitzen du. Gero, eguneko ordenabidean sartzen dira. Eta alkatearen galdera: Ontzat ematen ahal da 1974.eko presupostu arruntaren* kontu orokorra*?
Tarragonak: Jo estic disposat a seguir les indicacions del senyor alcalde, de que es parles en llengua espanyola. Però jo crec que si... (ni prest nago, alkate jaunak esandakoari jarraikiz, hizkuntza espainol batean mintzatzeko. Baina, ene ustez,...).
Violak (zintzarria orain ere joz): Tarragona jauna, ez da hori oraingo gaia. Eguneko ordenabidean gaude...!
Tarragonak (gaztelaniaz): Presupostu bereziaren kontu orokorrean...
Violak: Ez da presupostu berezia, arrunta baino...
Horrela konponduko ote dute Udaletxe hartan hizkuntzaren arazoa? Nork daki...! Viola jauna lege eta arautegi problemetan oso iaioa* omen da eta...
Joanes GOIA
Zenbaki hau inprimategian dagoela jaso dugu GOIZ ARGIren 266. zenbakia. Harriturik gelditu gara. GOIZ ARGIk, aldizkariaren beraren izenean, dei bat egiten dio ANAITASUNAri, «Egundaiñoko arazoa 'Anaitasuna'k sortua» delako idazlanean. Manolo Pagolak ANAITASUNAren 303. zenbakian atera zuen «Bat bitan banatzen da liburuaren tesi politikoa» delako artikuluaz ari da GOIZ ARGI.
GOIZ ARGIk dei bat egiten digu, eta argibide bat eskatzen. Ez argibidearen ez deiaren premiarik ez dut ikusten nik neuk; baina tira!
Benetan harritzen nau, gainera, GOIZ ARGIk nola horren* berekotzat hartzen duen liburu hori. ANAITASUNAk liburu horri buruz edo liburu hortako tesiei buruz ez du espreski eritzirik orain arte agertu. Aurrerantzean egingo duen ez dakit, Idazle Kontseilua bildu barik,* ez baitut nik neuk besteen izenean eritzirik ematerik. Bestalde, M. Pagolaren zain egon beharra dugu. Laster barru espetxetik aterako denean mintzatuko gara harekin, eta erabakiko dugu zer egin.
Joan Mari TORREALDAI
Sahararen naziotasunaz zertxobait
Gure artean ba dira zenbaitzu, beren lurraldearen naziotasunaz segurantza handirik izan ez arren —naziotasun hortaz eta berorren ondorioetaz geroko autodeliberamendu batek erabaki beharko duela esaten baitute—, beste lurralde batzuri buruz ideiak argiago dituztenak.
Horik*, orain, Sahararen independentzia aldarrikatzen* hasteko dira, esan didatenez. Ez gaude horren kontra ez eta gutiagorik ere. Baina Saharak, harezko basamortu handi bat izatetik aparte, zer herri izate eta zer naziotasun ote du, bada? Hori aztertu behar lukete lehendabizi.
Herbesteko potentzien morroi
Marokok Sahara nahi baldin badu, lehenik eta behin haren fosfato aberastasunakatik da. Eta Marokoren atzetik nortzu* dabiltza? Amerikarrak. Madrileko ABC eskuineko egunkaria izan zen, hain zuzen, lehen aldiz aipatu zuena, bere interesak zaindu ondoren, Marokorekin elkar konpontzea, Espainiarentzat hoberena zela. Alcarriako eztisaltzaileek ez dute nonbait interes handirik Saharako hare artean, ez baitute han ez erlauntzarik* ez gainerakorik. ABCko abonatu batzuk ba liteke interesik izatea: Hassani bere tokamena* eman, eta enparadua* amerikarrekin erdibana.
Baina Mauritaniak, Frantziako kolonialismoak asmaturiko Estatu horrek ere —beharbada Pariseko bere aitapontekoarekin* batean— zerbait nahi du, berea gura du. Algeria ere ez dago lo. Eta beronen atzetik ez ote dabil, Estatu hortan baseren bat duen Kaspio ertzeko norbait?
Beraz, azken batez, fosfatoen, geopolitikaren eta abarren interesak dira arrazoi nagusi, eta ez sahariarren eskubideak.
Lurralde zabala
300.000 km2 zituen lehen Espainiar Saharak. 1958.ean Marokori eman zitzaion «Zona del Sur del Protectorado» deitzen zena, hots,* Sahararen iparraldea, Cabo Juby (gaur Tarfaya) hiriburu zuena. Horrela, 32.875 km2 galdu zituen Espainiak. Lehen, Draa hibai lehorra zen muga; harez gero, 27º 40' paraleloa.
Gaurko Saharak bi zati nagusi ditu. Bata, As-Sakia Al-Hamra, Aaiun hiriburu duena, eta Marokoren mugatik 26º paraleloraino hedatzen* dena. As-Sakia AI-Hamra, erdaraz inoiz entzun dukezuen «Acequia Roja» da. 82.000 km2 inguru ditu.
Beste zatia, Río de Oro da. Mauritaniarekin mugatzen da denean, eta 184.000 km2 ditu, Villa Cisneros hiriburu delarik. Konturatzen bazarete, POLISARIO siglaren azken silaba biek, herrialde bi horien izena dute: Sakia Hamra eta Río de Oro.
1946.eko Gobernuaren dekretuz, Sakia Hamra «zona» zen, eta Río de Oro «kolonia». Beraz, legez ere bereiztu egiten ziren.
Tribu lurraldea
Mendebal Saharan tribu ibiltari edo nomadak bizi dira gehienbat. Lehen aipatu* dekretuaren arabera,* Mael Ainin, Reguibat Guasem, Arosien eta Ulad Bu Seba tribuak Sakiako barrutikoak* dira, Aaiuni lotuak. Eta Ulad Delin, Ulad Tidrabin eta Reguibat Sahel tribuak Río de Oroko barrutikoak dira, Villa Cisnerosi lotuak. Tribu horietaz gainera, beste asko ere nahasian bizi dira, gaur hemen, bihar Marokon eta etzi Mauritanian edo Algerian beren bizilekua dutenak. Ez da ahantzi behar nomadak direla.
Etni aldetik, Sahara osoko tribu gehienak berberiar naziokoak dira. Arabiarrak edo aspalditik arabizatuak ere ba daude, eta Sudan edo Senegal aldetik ekarritako esklabu beltzen semeak ere bai. Musulman erligioak estaltzen du gainegitura* batez tribu hauen azalezko batasuna Baina, gure ustez; kultur nortasun bat eta herri kontzientzia bat hartzen duten garaian, izugarrizko arazoa sortuko diete Marokori, Mauritaniari eta Algeriari, hauk azken batez Estatu artifizial batzu baitira.
Mendebal Sahararen naziotasuna
Azken batez, Afrikako Estatu gehienak kolonialismoaren ondorio hutsak dira, haren «penetrazioko» sasi* mugak eta guzti. Herriak, nazioak ez dira kontutan izan. Gainera, iparraldean beste fenomeno bat gertatzen da: islamizazioarena, erligioarena. Izan ere, erligioaren izenean, arabiarrek menperatu egin dituzte iragan mendeetan bertako aborigenak, berberiarrak.
Gu behintzat Sahara osoaren independentziaren alde gaude. Gogora dezagun, Sahariar Herriak mendebaldea* baino gehiago hartzen duela, Sahara osoa duela berea, Espainiaren eskuetan dagoena eta beste alboko Estatuen eskuetan dagoena ere bai. Baina independentzia hau onartuko lukete atzetik dabiltzan potentziek? Gertakizun honek ez ote luke gehiegi transtornatuko gaurko egoera geopolitiko eta geostrategikoa? Gaurko «status» horren mugitzea interesatzen ahal zaie gehienei? Beren alienazio kulturala eta erligiosoa gainditzeko gauza ote dira Sakia Hamran eta Río de Oron bizi diren berberiarrak?
Anekdota gisa,* eta gugaz* zerikusia dutelako, interesgarriak diran lan bi, berberiar herriari buruzkoak. Bata, Georg von del Gabelentz jaunak egindakoa: «Parentesco del vascuence con los idiomas bereberes del Africa del Norte» (alemanez aspaldian agertua dela uste dut, eta gaur oso zaila da bilatzen). Eta bestea, «El vascuence y el bereber», Hans G. Mukarovsky hizkuntzalariak egina, «Euskera» aldizkarian, 1972.ekoan, erraz aurki daitekeena.
D. AMAITERMIN
Hementxe denok
Gabriel Arestiren omenez
Hazilaren* 3tik 7ra, Deustuko Unibertsitateko Euskal Kultur Mintegiak Gabriel Arestiren omenezko aste bat eratu du. Baina aurrerago hainbat oztopo gainditu behar izan ditu, Aresti euskaldun prestutzat* ez zeukatenen aldetik jarriak.
Hitzaldiak
3an, Luis Haranburu Altunak ihardun zuen euskaraz Arestiren poesi lanetaz. Bereziki interesgarriak izan ziren, irakurri zizkigun Arestiren poesia argitaratu gabeak.
4ean, Juan San Martin izan genuen hizlari —honek ere euskaraz— eta Arestiren pertsonalitateari atxiki* zitzaion bereziki. Ondoko.elkar hizketan norbaitek esan zuen, Aresti «La Casera» gasedari fabrikaren sariketa batetara presentatu zela eta izen hori zeraman jersey bat jantzi zuela, sariak emateko antolatu zen jaialdian. Meli alarguna han zegoen, eta hori ez zela egia adierazi zigun. Besteak, berriz, baietz, iturri onetatik zekiela eta. Eta, egia balitz ere, zer axola du horrek, galdetzen dut nik.
5ean, Bernardo Atxagak, euskaraz, Arestiren teatro lana aztertu zuen, eta berbaldian zehar ironia fin batez mintzatu zitzaigun.
7an, Jon Juaristi euskaldun berriak erdaraz eman zuen bere hitzaldia, horrela programaturik zegoelako; eta Arestiren poesiaren alde herritarra aztertu zuen. Herritarra, baina ez ohizko* erromantiko zentzuan, baizik eta herriaren eguneroko problemei eta kezkei atxikitzen zitzaielarik.
Aipaturiko lau berbaldiak oso interesgarriak izan ziren, eta hizlariak biziki txalotuak. Lauetan entzuleriak oso osorik bete zuen aretoa.*
Kantaldia
6an, Oskorri taldearen kantaldia, Arestik hitzak ezarri zizkien kantuekin. Unibertsitateko paraninfoan, 2.000 unibertsitari inguru bildu ziren. Ateak, kantaldia hasi baino ordu laurden bat lehenago hitxi ziren, jende gehiagorik hartu ezinean. Eserleku guztiak beterik. Hainbeste jende zutik, edonon, zokondo guztietan, eskenarioan bertan ere.
Natxo de Felipe kantatzen, kitarra eta guzti. Haren alboan bi gazte laguntzen: batak biolina eta besteak klarinetea jotzen zutelarik. Natxok berak presentatu zituen kantuak, euskaraz eta erdaraz. Ordu biten barna giroa geroago eta beroagotuz joan zen. Segur nago, han egon ginen guztiok ez dugula luzaroan gau zoragarri hura* ahanztuko.
Astearen inguruan
Baina hizlari eta kantariez aparte, izan du aste honek zer komentatzekorik. Egia esan, Aresti pertsonaia eztabaidatua izanik, oso interesgarria izan. da, hara bildu zen jendeak esaten zuena entzutea eta jasotzea.
Nire adineko* adiskide batek —eta, beraz, ez gaztea— Natxoren kantaldiko giroa komentatu zidan, irteterakoan. Giroa ezkertiarra zen, baina euskaltzalea. «Giro ezkertiar honek ez dit batere beldurrik ematen» esan zidan aipaturiko adiskideak. Eta berarekin guztiz ados* nengoela erantzun nion nik. Are* gehiago, neure burua ezkerralde euskaldun batetan sentitzen nuela.
Asko komentatu zen Arestiren pseudo-espainolzaletasuna ere. Jendeak, maiz,* konparaketak egiten zituen: Arestiren poemagintzaren euskaltasuna, eta Martin de Ugalderen liburuen erdaltasuna. Arestik —esaten zuen jendeak— bere produzioaren zatirik handien eta garrantzitsuena euskaraz egin zuen, eta Martin de Ugaldek erdaraz egin du. Nik ere horrela pentsatzen dut, eta Aresti, bere hutsak eta guzti, euskal literaturaren historiara ate haundiaren erdi erditik sartu dela. Beraz, ongi merezia zuen Arestik omenaldi hau, gure gazteria euskal kultur lanera bultzatua izan dadin. (Xabier Gereño)
Josu Loroñoren orkesta
Josu Loroñok eratu eta zuzentzen duen akordeoi orkestak, hasera eman dio 1975-1976.eko ikastaroari, Bilboko «Santiago Apóstol» ikastetxeko teatroan urriaren 19an eskainitako saio batekin. Programak euskaraz eta erdaraz idatzirik zeuden. Francisco Javier García jaunak egindako presentazioa ere hizkuntza bietan izan zen. Eta, aipaturiko orkestarekin batean, Bilboko «Oskorri» euskal kantari taldeak parte hartu zuen.
Jendetza haundia bildu zen, saio hau entzutera. Josu Loroño gidari kontsakratu bat bezala aritu zen, bere orkesta zuzentzen; eta orkesta osoak hainbat obra eskaini zizkigun, era egoki eta ongi taxutuan* joak. Orkestaren barnean zeuden Asier Loroño, Edurne Zorrozua (honek, solista bezala, bi obra eskaini zizkigun) eta beste zenbait akordeoi jotzaile, hor han hemen egindako txapelketetan sarituak izan direnak.
«Oskorri» taldeak aipamen berezi bat merezi du. Aspaldi hontan ez dugu euskal kantariak entzuteko aukerarik izan hemen Bizkaian, guztiok dakitzagun arrazoinengatik. Natxo de Felipek eta beronen laguntzaileek gogoan izan zuten egoera hau, eta kantu. egokiak hautatu zituzten. Entzuleria gogoz aritu zen, kantuen zenbait pasarte errepikatzen. Kantari taldea oso txalotua izan zen.
Euskal Herriaren aldeko lana hainbat eratara egin dezakegu; eta kulturaren arloan egiten denak ba du meriturik, batez ere lan hori etengabeko urtetan egiten bada. Hauxe da, noski, Josu Loroñoren kasua. Bere inguruan goi mailako talde artistiko bat sortu du, euskal musikari bereziki emana; eta bere saioetan aukera ederra ematen digu, euskal musikaren alor zabalean lan egiten dutenen kantuak ere entzuteko.
Hibaiaren ezker aldeko berriak
• Eskualde* hontako ikastolak —Barakaldo, Sestao, Trapaga,* Portugalete eta Santurtzekoak— elkarturik dabiltza aspaldion, beren ikastaroetarako, eta beste zenbait ekintzatarako ere.
Aitzin* ikaskuntza ikastola bakoitzak ematen du bere tokian. Eta EGB delakoa Sestaoko «Patronato» deritzan* ikastetxean, ematen da ikastola guztietako umeentzat.
Gurasoen borondatez, bizkaieraz ematen zaizkie ikastaldiak, 12 urte bete arte,,uda denboran Bizkaiko baserrietara joaten baitira, euskara praktikatzera. Adin* hortatik aurrerantz, euskara batua irakasten zaie.
• Euskal Herriko Txistularien Elkarteak Bizkaian izan du bere egoitza, 1973.etik 1975.erarte. Hemen, gure artean, lan polita egin du, bai eta ekintza berriak asmatu eta hasi ere. Baina, araudiak* egintzen duen bezala, aurten Gasteizera joan behar izan du elkartearen zuzendaritzak, beste bi urtetarako. Handik Iruinera joango da gero Donostiara, eta berriro ere Bilbora.
Gasteizko txistulariek ez dute erantzunik ez oihurik bota orain arte. Elkartearen ekintzak gelditurik daude Bilbon. «Txistulari» aldizkaria ez da kalera irten urte osoan. Arabarrek dute legezko eskubidea, zuzendaritza beren eskuetan edukitzeko; eta bizkaitarrek errespetatu nahi izan diete eskubide hori. Noiz arte?
• Bilboko «Hierro» arratsaldekarian,* Barakaldoko udal* arkitektu jaunak adierazpen interesgarri batzu* egin ditu, urriaren 14ean. Barakaldok beste industri mota berri bat behar duela esan du. Bai eta «toki berde» gehiago ere, eta abar, eta abar.
Benetan behar du Barakaldok horrelakorik. Hemeretzigarren mendetik honantz, Barakaldo herriaz egin dutena ez da makala! Behinola* euskal baserri polit bat zena, landa eta baratzez inguraturik zegoena, gaur egun hiritzar* zikin bat bihurtu dute. Burdingintzako Labe Garaiak eta lantegiak, kimikategi kutsatzaileak,* atzerritarrez beteriko hauzune osasungaitzak:* horixe da gaurko Barakaldo.
Ea, bada, plangintza berri horrekin, hainbat lasterren konpontzen den gaurko egoera tristea! (Joan Mari Mendizabal)
Herrialdeko beste zenbait berri
• San Fausto jaietan, urtero eratzen da Basaurin, Euskal Herri osoan egiten den folklore asterik garrantzitsuena.
Urriaren 19an, Basozelai futbol zelaian, hainbat dantza talde biltzeko ziren. Baina tamalez,* jaialdia debekatua izan zen, guztiok dakitzagun arrazoinengatik.
• Columbia Etxeak disko handi bat argitaratu du berrikitan.* Oraingo hau, Sestaoko Orfeoiari hartutako hamaika kantuk osatzen dute. Honen ostean* Orfeoi berari bigarren disko bat grabatuko diote, eliz kantuekin,
Oraingo hontan, oso kantu ezagunak daude: «Aldapeko», «Ator, mutil», eta abar; eta beste batzu ez hain ezagunak: «Zu, udabarria» eta «Kitolis», adibidez.
• Bizkaiko Aurrezki Kutxak argitaratu zuen Txistu Metodoa (10.000 aletakoa) agortu egin da, eta orain bigarren inprimaldia prestatzen ari dira. Bigarren argitalpen hau ere 10.000 aletakoa izango da, eta hilabete honen amaierarako kaleratuko dute. Lehen bezala, ale berriok Bizkaiko Aurrezki Kutxaren 107 bulegoetan* zabalduko dira dohainik,* hau da, ezer ordaindu gabe.
• ZERUKO ARGIAn irakurri dugunez, Michelin enpresak Gidaliburu Berdea argitaratu du. Liburu hontan Andaluzia, Galizia, Aragoi eta Katalunia eskualde batu bezala azaltzen dira; baina Euskal Herririk ez da agertzen: alde batetik Nafarroa, eta bestetik gainerako euskal lurrak, Santander eta Asturiasi loturik.
Entzun dugunez, Michelin delakoaren zuzendaritzan (Avenida de Castilla, 12 - Bilbao-4) hainbeste karta jaso dute, protesta gogorrak eginez.
• Aurten ere Gabon inguruan egingo da Bilbon ohizko* Haurrentzako Eguberri* Jaialdia. Garaiz jakin eraziko zaie umeei jaialdiaren programa.
1975.eko Gerediaga elkartearen sariak
Durangoko Udaletxean, 1975.eko hazilaren 1ean, epaimahaia osatzen zuten Abel Muniategi, Endrike Knör eta Mikel Lasa jaunen aho bateko erabakiz, hauk izan ziren aurtengo Gerediaga elkartearen sariak irabazi zituzten liburuak:
Euskarazko liburuak
Sari nagusiaren irabazle: Saioka 2 eta 3. Iker.
Accessit izan zutenak:
Literaturan: Aien garaia, Jose Ramon Erauzkin. Auspoa.
Poesian: Adanen poema amaigabea, Zulaika. Kriselu.
Ikerlanean: Goiherri industriagintza bidean. Siadeco. Gero.
Saiakeran: Bat bitan banatzen da, Andoni Irala. Etor.
Pedagogian: Alfabetatzen, irakasle talde batena. Cinsa.
Erdarazko liburuak
Sari nagusiaren irabazle: Le matin basque, Pierre Narbaitz.
Accessit izan zutenak:
Literaturan: Las brujas de Sorjin, Martín de Ugalde.
Ikerlanean: La hermandad de Iruraiz, Diego Pérez de Arrilucea. Publicaciones de la Caja de Ahorros Municipal de Vitoria.
Saiakeran: Introducción a la vida social y económica del Pueblo Vasco, Caro Baroja. Txertoa.
Ezkuizkribuen argitaratzeari dagokion sari bereziaren irabazle: Gutunliburua, Jose Paulo Ulibarri. Arabako Diputazioaren Kultur Biltzarreak argitaratua.
Don Euskera - On Euzkera - Euskara jauna. Tituluen gudu zelaitik
Ikastolek beren bide luzetxoa urratu dute euskarazko irakaskuntzan. «Alfabetatzea» kementsu dabil, euskara eta euskal kultura zabaltzen. Erligiosoen ikastetxe batzu* hasiak dira, azken urteotan, euskarazko ordu bat edo beste ematen. Orain eskola publikoak ere prest (!) daude, eskatzen dutenei euskara irakasteko.
Euskararen irakaskuntza horrek balio garantia behar zuen. Horregatik, euskal irakasle tituluen premia zegoen. Beste bide eta instituzio ofizialik ezean, Euskal Akademiak hartu zuen bere gain eginkizun hau.
Euskaltzaindiaren batzorde* esaminatzailearengana 600 lagun hurbildu dira orain arte, euskal irakasle titulua ateratzeko. Horietatik 400 lagunek lortu dute.
Eta ondoren tituluen gudu zelaia ireki da.
Euskaltzaindia eta Herria
Orain dela lau bat. urte eskatu zioten Ikastolek Euskaltzaindiari, euskal irakasle titulu «ofizialak» eman zitzan. Euskaltzaindiak ez zeukan ukatzerik, premia gorria baitzegoen. Hortarako, batzorde bat eratu zuen.
Batzordeak hiru mailatan banatu zuen euskal irakasle titulua, eta maila bakoitzerako programa egin zuen. Programa hauen arabera* egin dira orain arteko esaminak, lehen eta bigarren mailan. Han eta hemen antolatu ditu batzordeak esamin saioak;* eta aurrerantzerako ere, egokien izango den edozein lekutan antolatzeko prest dago. Bereziki Arrasaten* urtero bi aldiz antolatuko ditu, geografiaren aldetik lekurik egokiena bezala ikusi duelako.
Euskaltzaindiaren beraren tituluak dira hauk.* Orain arte, Gipuzkoako Ikastolen Elkarteak onartua du titulu hori; halaber* Iruineko Udalak.* Eta, horietaz gainera, bizkaitar, arabar eta nafar asko hurbildu da, Euskaltzaindiaren titulua lortzera. Nafarroako Diputazioaren «Euskal Yakintza» batzordeak, berriz, ez du Euskaltzaindiaren titulua onartu, eta bere aldetik antolatu du beste titulu modu bat, Diputazioren izenean, Nafarroako ikastola eta eskoletarako. Bitartean, Diputazioa bera Euskaltzaindiaren babesle bezala agertzen da.
Noren izenean ematen ditu Euskaltzaindiak titulu horik*? Ezer herri herritik sortu baldin bada Euskal Herrian, Hori Ikastolak izan dira. Eta hauk izan dira, izan ere, Euskaltzaindiari tituluak eskatu dizkiotenak. Horregatik Herria bera izan da, Euskaltzaindiari, tituluak; emateko itzala, eskubidea eta «agintea» eman dizkiona. Herriak berak eman die «ofizialtasuna» titulu horiei.
Euskal Herriak ez du «bere» instituzio publikorik; eta baten bat baldin badauka, hori Euskaltzaindia da. Hezkuntz* Ministergoak ez du, oraintxe arte, euskal irakaskuntzaren arazoa haintzakotzat* hartu; eta lehentxo arte, Nafarroako eta Arabako Diputazioek ere ez, irakaskuntzaren arloa beren eskuetan edukirik ere. Iparraldean berdintsua izan da egoera. Horregatik, Euskal Herriak Euskaltzaindiari eman zion «bere ofizialtasuna», publikotasuna eta euskal irakasle tituluak emateko baimena eta eskubidea. Ez dago hemen legearen ofizialtasunik, baina bai Herriarenik.
Hala ere, Herriaren ofizialtasun horrek izan du bere legezko oinarririk ere. Lizarrako* Estatutuak Euskaltzaindiari emateri zion, eman ere, horrelako eginkizuna eta eskubidea. Halaber, Bizkaiko Diputazioaren «Auzo Ikastoletan» irakasteko, euskara jakiteak bere puntua du; eta puntu hori hartzeko, euskararen ezagutza egiaztatuko duen ageria behar da: Euskaltzaindiarena, hain zuzen ere!
Nor dago Euskaltzaindiaren kontra?
Estatuari aurrea hartu dio Herriak, eta Ministergoari Euskaltzaindiak. Orain, berriz, Ministergoa ere euskal irakasle tituluen bila hasi da, eskoletan euskara irakatsiko dutenentzat: ez ordea, Euskaltzaindiarekin edo Euskaltzaindiaren atzetik, haren saihetsetik baino. Nondik atera, bada, titulu horik?
Gipuzkoan eta Bizkaian Hezkuntz Ministergoaren Delegazioen eskuetan dago irakaskuntzaren arloa, eta ez Diputazioen eskuetan. Eta Delegaziook bidegalduta* gertatu dira, Herriak urraturiko bideetatik urrun ibili gura izan dutelako. Ministergoak berak ez du, orain arte, euskal irakasleak prestatzeko instituturik sortu eta eratu. Ba dira «Departamentos de Estudios Vascos» edo antzekoak hor nonbaiteko Unibertsitateetan: Salamancan, Bordelen,* Barcelonan... (?). Denak Euskal Herritik kanpora. Euskal kultura kanporako da nonbait, eta ez Euskal Herrirako. Hemengo Unibertsitateetan ez da sortu horrelako instituturik, euskal irakasle tituluak eman litzakeenik.
Hala ere, ikasleen aldetik eta Unibertsitateen oinarritik sortu dira Mintegiak* edo kultur taldeak, Unibertsitateek onartu dituztenak. Hauek antolatu izan dituzte euskara ikasteko ikastaroak, Euskaltzaindiaren babesean sarritan, eta haren* irakasle tituluak lorterazteko asmoz.
Ba zuten, beraz, Delegazioek nora jo, Baina, beste horrelako instituzio publiko zenbaitek bezala, nahiago izan dute Euskaltzaindia baztertzea eta Euskal Herriko Unibertsitateetan zeuden Mintegiak haintzakotzat ez hartzea, hauk institutu ofizial bihurtu beharrean eta Euskaltzaindiaren titulua legeztatu beharrean. Jakin ez, orain arte Euskaltzaindiak eman dituen tituluek ere, ikastoletarako eta beste eskoletarako balio ofizialik izango duten Ministergoarentzat.
Zenbait zalantza eta galenen* ondoren, Gipuzkoako Delegazioak Euskaltzaindiari nolabaiteko laguntzatxoren bat eskatu dio, Baina Bizkaikoak nahiago ote du Euskerazaleak elkartera jo? Ala elkarteak Delegaziora?
«Euskerazaleen» ofizialtasuna
Euskara zabaltzeko elkartea da Euskerazaleak izenekoa. Ba dira tartean euskaltzain laguntzaile batzu* ere.
Bilboko egunkari batek honela zioen aurreko batetan: «Para poder dar clases en euskera es necesario tener profesorado capacitado; y hasta que vayan saliendo con título oficial, para esta primera fase, la Asociación para el Fomento del Vascuence Euskerazaleak tiene capacidad para otorgar el título de monitores» (El Correo Español - El Pueblo Vasco, urriak 22). Uste dudanez, «para dar clases de euskera» esan nahi zuen hurrean,* eta ez «en euskera», oraingoz behintzat ez baitugu entzun eskola guztiak ikastola bihurtuko dizkigutelako berrionik.
Dena dela, noiz eta nork emango ditu titulu «ofizial» horik? Ministergoak berak beharbada. Baina nork eman dio Euskerazaleak elkarteari, «monitore» titulu horik emateko eskubidea? Eta ba ote dago alderik* «monitore» titulu hauen eta Euskaltzaindiaren «irakasle» tituluen artean?
Saltsa mota hontan biper klase bat baino gehiago dagoela uste dut. Alde batetik, euskaltzain laguntzaileak ba dira tartean. Hauek Euskaltzaindiaren tituluak ukatzen dituzte, eta horien kontra beste batzu ematen eta hala ere euskaltzain irauten dute. Bestetik, Ministergoak (Delegazioak oraingo hontan) ez ditu legeztatu (onartu bai?) Euskaltzaindiaren tituluak, eta (nolabait behintzat) ofiziala den Akademia baten kontra dabilen elkarte pribatu bati, tituluak emateko eskubidea eskaintzen dio. Horrelakorik ez da munduko inongo bazterretan jazotzen.*
Baina aspalditik ohituak gauzkate, Herria alde batera utzirik, beren erabakiak eta neurriak hartzen dituztela ikusten. Ohituak, halaber, Euskal Herriaren nortasuna adierazten eta finkatzen duten instituzioen gainetik eta horien kontra, Herri hau zatikatzen duten neurriak hartzen dituztela ikusten. Baina gu Euskal Herriarekin gelditzen gara.
Eliza eta jainkozaleen euskal titulua
Herrialde guztietan, hizkuntzaren Akademia «ofiziala» dagoenetan halegia,* Estatuak berak eta Elizak ere Akademia hori onartzen dute gidaririk eta autoritaterik garaiena bezala, hizkuntzari dagokionez. Baina Herri hau diferentea dugu oraindik ere.
Azken udan Iruineko, Bilboko, Donostiako eta Baionako apezpikuek batzorde bat sortzeko erabakia hartu zuten, Elizaren ageri* eta idazki ofizialetan erabili beharko zen euskara modua deliberatzeko.* Honela dio pasarte batetan apezpikuen ageriak: «Gaiñera, Euskaltzaindiaren erabakiak eta zuzenbideak ezagutu eta aintzakotzat artuko ditu (batzordeak), eta beroiei zor zaien begirunea* izango die; era berean (erdaraz: así como) beste zenbait taldek euskera lantzen ari duen saiaketa aintzakotzat hartuko du, batez ere erligio-saillean ari diren taldeen lana» (Boletín oficial del Obispado de Bilbao, agosto-septiembre, 1975).
Nik ez dut esango, Elizaren idazkietan Euskaltzaindiaren arauak erabat* eta berehalakoan sartu behar direnik une hontan. Baina Elizak ez pentsatu ez adierazi behar ez duena zera da: Euskaltzaindiak markatzen duen batasun bidearen parean edo, batzordeak markatuko duena jartzea. Ondo iruditzen zait, batzordeak «beste taldeak» haintzakotzat hartzea eta kontutan edukitzea. Baina onartu ezinezkoa da Euskaltzaindia eta beste taldeok parean jartzea. Elizak behin eta betiko eta argi eta garbi aitortu behar duena zera da: euskarari dagokionez, Euskaltzaindia duela bere gidari nagusi eta garaiena.
Baina benetan Elizak euskararen kontrola eskuratu nahi ote du?
Gipuzkoan Ikastolen Elkarteak (Elizaren elkarte ofiziala berau) Euskaltzaindiaren euskal irakasle titulua onartzen du. Bizkaian (Bizkaian behintzat) Elizak bere euskal tituluak eman gura ote ditu?
Bizkaiko Elizbarrutiak Hezkuntz Ministergotik hartu du, maisuentzako erligio ikastaroak antolatzeko eta horiei tituluak emateko eskubidea. Eta egoki dirudi. Baina gauza berbera egin nahi ote da euskal irakasleekin ere? Ondo dago —inork ez lieke hortarako eskubiderik ukatu behar— Seminarioak edo Elizako edozein talde edo elkarte ofizialek nahiz ez ofizialek euskarazko irakaskuntza ema.ea, Durangon, Derion, Bilbon edo beste edozein lekutan. Gaurregun Euskal Herriak beharrezkoa du Elizaren lana, bere nortasunari eta hizkuntzari eusteko.*
Baina zer titulu lortuko dute irakasle horiek? Ikastaroan parte hartu dutela agertzen duen ageri hutsa emango ote zaie irakasleei? Ala benetako titulu «ofiziala» eman nahi da? Noren izenean: Euskerazaleak elkartearenean? Ala Elizaren beraren izenean? Hainbeste galderak erantzuna eskatuko luke.
Bi puntu argitu beharra dago berehalakoan:
1. Jesukristok ez dio Elizari euskararekiko aginte berezirik eman, ez eta euskal tituluak emateko eskubiderik. Eta berak eskolatu dituen maisu edo irakaslegaientzako tituluak nahi baditu, ez dauka inolaz ere bere itzalpean Euskaltzaindiari azpiak jaterik ez eta honen ordez eta honen kontra bere burua euskararen arduradun egiterik.
2. Euskaltzaindiaren euskal irakasle titulua ez da jainkozale ez jainkogabe. Euskaltzaindiaren batzorde esaminatzaileak ez dio inori bere fedeari buruz galdetzen, eta ez du inor behartzen jainkogabeena omen den —zozokeria haundiagorik izango ote da munduan?— H dontsu* hori onartzera, baina bai letra hori non erabili beharko litzatekeen jakitera, bidezkoa denez, Euskaltzaindia euskal Akademia baldin bada.
Herriak du hitza
Hitz handia da Herria. Horregatik berak du azken Hitza.
Beren lana Herriaren alde ematen duten Herriko langile guztiek osatzen dute Herria. Eta Euskal Herria, berriz, euskal lurralde guztietako lagunek osatzen dute. Eta Herriaren herribide bakarra herri osoaren demokrazibidea da. Herriak berak hautatuko du zein izango den herri osoaren ordezkari.* Orain arte, berriz, euskal Herri osoaren instituzio ordezkari bakarra, euskarari dagokionez, Euskaltzaindia izan da.
Euskaltzaindia berez ez da euskara irakasteko instituzioa, ez eta euskal tituluak ematekoa ere. Baina une hontan, Herriak berak eskatuta, Euskaltzaindia da titulu «ofizialak» emateko instituzioa. Euskararen irakaskuntza eta euskal irakasleen prestatzea, hortarako gauza den edonork edo edozein instituziok egin dezake; baina titulu «ofizialak» ematea Euskaltzaindiari dagokio. Honen eta haien elkartasuna eta elkarlana beharrezkoa da Euskal Herriaren oraingo egoera hontan. Euskal Herria bera eta euskara ofizialki inondik onartu gabe dagoen hontan, Euskaltzaindia da euskararen ordezkari «ofiziala» herriarentzat.
Behinbehinekoa* da, ordea, egoera hori, eta berdin Euskaltzaindiaren eginkizun hori ere. Egoera horrek berehalakoan aldatu beharko luke, Euskal Herriaren eta euskararen ofizialtasuna onartuz, eta beharrezko instituzio ofizialak sortuz. ANAITASUNA hontatik, egoera hori gainditzeko eta aldatzeko eskatzen dugu.
Ezaguna da, euskal Diputazioek, bakarka eta nolabait, Euskaltzaindia onartzen eta laguntzen dutela. Baina, Diputazio guztiek elkartasun ofizialik ez daukatenez, Euskaltzaindia —eta beste edozer ere— ezin izan euskal Diputazioek batean eta ofizialki onarturiko instituzio ofiziala. Eta, zenbait gauzatarako, Iparraldeko prefeturarekin ere akordio ofiziala beharrezkoa da.
Orduan, horrelako euskal organismo ofizialak, ofizialki Euskaltzaindia onartzea eta laguntzea izango luke bere eginkizuna, eta harekin batera beste hainbeste instituzio ere bai.
Organismo ofizial horrek zuzenduko luke Euskal Herriko irakaskuntza, eta bereziki euskararena. Eta horrexek emango lituzke euskal irakasle tituluak ere; edo ofizialki onartuko lituzke, Unibertsitateak edo beste edozein eskola berezituk* eman litzakeen euskal tituluak.
Horixe litzateke benetako bide jatorra berehalako egoeran, Euskaltzaindiari bere berea ez duen eginkizun bat kentzeko eta euskararen irakaskuntzaren eta tituluen egoera normalizatzeko.
Dena dela, ANAITASUNA hontatik orain eskatzerik ez dagoena ere eska lezake laster Herriak. Eta, orduan, orain arteko eta orain bertoko egoera hau eta azken paragrafo horietan adierazi duguna ere gaindituta geldituko lirateke. Orduan Euskaltzaindiaren eginkizuna argiago geldituko da, uste dugunez; eta artikulu hontan aztertu dugun hauzia ere garbitua eta erabakia izango da.
Orduan Herriak, Herriak berak esana izango luke etorkizunaren Hitza.
Paulo AGIRREBALTZATEGI
Hementxe denok
Eskola berrien alde
Baionako hiriak, azken hamar urte hontan, gaitzeko* edo sekulako indarra egin du eskola berrien altxatzeko, eraikitzeko. Azkenik ireki duen eskola berria, hogei bat klasetakoa, ZUP izeneko hauzo berriko haurrentzat egin duena da. Arras* molde berrikoa, gainera. Karia* hortara hiriko alkateak jakin erazi duenez, den tenorean,* irakaskuntzaren sailean, eginbehar guztiak beteak ditu Herriko Etxeak.
Dudarik ez da, berri hori hartzean, Baionako euskaldunak, are* gehiago euskaltzaleak, biziki poztu garela, zeren geure haurrak ikastoletara eramaten ditugunok pentsatzen ahal baitugu, orain bederen ikastolen alde indar berezi bat egiten ahalko duela Baionako Herriko Etxeak, hala nola, lehen epe batetan, berrien betetzeko hustu diren eskola zaharrak guretzat utziz. Ez bailitzateke,* segur, laguntza ttipia! Hasteko!
Hegoaldeko erosleen garrantzia
«Iparraldeak ez dik* hegoaldearekin kasik deus* ikustekorik». Horra zer entzun zitekeen, duela zenbait urte doi* doi, itsas hegi* hontako komertziolari batzuren* ahotik. Pariseri sobera* loturik zeuden ekonomilari batzuren arrazoinamendua ere berdintsua zen orduan. Haiek zioskutenez,* hegoaldeko jendeak ez zuen garrantzia haundirik iparraldeko bizibidean.
Egun, egoera sozio-politikoa azkarki* aldatu da mugaren bi aldeetan. Eta zer entzuten dugu? «Espainol bezereria* ez zaigu guti baizik etorri aurtengo udazken hontan. Gure saltzeak azkarki apaldu dira. Oraingo egoerak horrela segitzen badu. laster enplegu kentzeak gertatuko dira gure komertzioan». Egungo gorabeherak direla eta, beraz, atzo ukatzen zuten pertsonek berek aitortzen dute egun, Bilboko, Iruineko, Donostiako, hitz batez hegoaldeko dirudunek zer garrantzia duten itsas hegi hontako komertzioarentzat.
Zenbait urte hontan garbi ageri den gauza da, iparraldea hegoaldearekin gero eta lotura gehiago hartzen ari dela, bai ekonomi sailean eta bai kultur sailean ere Iparraldeko bizibidearen hazkundea* gehienbat hegoaldeko gainditik* edo soberakinetik* etorriko da. Hor ez da gehiago dudatzerik. Iparraldeko burgesiaren zati bat ohartua zaio gauza horri, eta zentzu hortara ari da bide berrien urratzen. Ikusi egiten du, ordea, oraingo egoera politikoak ez diola bide hori trabarik gabe uzten. Baina dena den, ez dugu uste, batzuk dioten bezala, bide hori bazter utziko duenik, zeren bide berri hortan aurkitzen baitira haren egungo eta biharko interesak.
Hendaiako kultur astea
Hendaia euskal kulturari ederki irekitzen ari zaio azken urte hauetan. Ez du hain aspaldi, Akelarre izeneko kultur batasun bat muntatua izan dela hiri hortan. Eta joan den irailaren* azken astean muntatu dute Hendaiako lehen kultur astea. Moldatu dituzten erakusketa, mintzaldi eta kantaldietara, ikusle-entzulea hein bat ederki bildu da, jendea kultur aste baten beharretan* dagoela erakustera emanez.
ZAZPIRIBAItik ORTZIKENera
Duela bi urte, mugaren bi aldeetako kantari berri multzo batek moldatu zuen ZAZPIRIBAI izeneko kantaldi ikusgarria, iparralde hontan zazpi-zortzi lekutan agertu zena eta aldi oro biziki harrera ona bildu zuena.
Aurten, gisa hortako kantaldi landuen hildoari segida bat emanen zaio ORTZIKEN izeneko kantu-ikusgarri berriarekin. Honen muntatzaile-moldatzaile Baiona inguruko kantari multzo bat dugu. Aurten ez dute zorigaitzez hegoaldeko kantaririk barne ezartzen ahal izan, nornahik errazki ulertuko duen arrazoinagatik.
Kantaldi eder baten ikusteko parada* izanen dugu, beraz.
ZABAL 15.a hor dugu
Bi urteren buruan, doi bat akituta ote dabil ZABAL aldizkaria? Hala pentsa dezakegu, hamabosgarren zenbakia hilabete bat baino gehiagoren berantarekin* jalgi* baitigute plazara.
Baina, zenbaki berria eskutan hartu ondoan* ohartu gara ez dela hala, zeren lehendik zen baino askoz ere ederkiago apaindurik baitator aldi hontan eta irakurgaien aldetik beti bezain interesgarri. Hona, hor agertzen diren artikuluen tituluak: Likidazionistak eta gu. Udako Euskal Unibertsitatearen Ageria. Althusseren segida. Donaixtiko* ikastaldia. Euskal ezkerraz. 1975.eko abuztuaren 22ko dekretu legea. Euskal artista iraultzalerik ez ote dago? Orixeren kulturgintza konprenitzeko. Neskatxen aldetik. Espainol Estatuaren egoera larria. Eta bi olerki.
ZABALen kantaldia
ZABAL batasunak aurten ere moldatu du bere urteko kantaldia, bere aldizkariaren gastuei buru egiteko. Aurten Lauga deitu* kiroldegian iragan da kantaldi hori, bostehun bat entzuleren aurrean. Hor ari izan direnak hauxek ditugu: Ospital-Carrere, Maite Idirin, Sabin Harrixuri, Erramuzpe-Berterretxe eta Ande Duhalde-Mixel Ducau, azken bikote hau pop musikaren gisara. Jende anitzen ustez, joan den urtetik orain arte, urrats haundi bat egin dute kantari hauek, bai kantatzeko moldearen bai eta soinu tresnen baliatzeko gisaren aldetik. Bide onean ditugu, beraz. Segi bezate aitzina!
Etxe goraien* afera* hirietan
Gure gobernariek jalgi berri diguten arazoa, hirietako etxe goraiena dugu. Arrazoinekin ez dira ados,* beti eta gorago eraikitzen ari diren etxeekin. Hortakotz dute legegai berri bat prestatua, etxe goraien mugatzeko.
Legegai honek, ordea, Gobernuak ezarri* neurritik gorago joateko ahala uzten die etxegileei, lekuan* lekuko Herriko Etxeari zerga* bat ordainduz. Beraz, gure gobernariak itxuraz baizik ez zaizkigu orainarteko etxegileen kontra ari, eta, afera horrekin, beste behin gehiago gordetzen eta estaltzen dute egiazko eta funtsezko problema: aspaldiko urteetan gizartearen kaltetan daramaten politika erdirakoia,* beren sorleku ederretarik jendea hirietan beldurgarriki metatuz, eta zainetarik* aldaratuz* eta alde askotatik pozoindatuz.*
Hiri haundien haunditzea ez da oraino bihar gelditzekoa!
Gexan LANTZIRI
Hementxe denok
GOIZ ARGI bahiturik
GOIZ ARGI astekariaren 265. zenbakia, urriaren 29koa, bahitu* egin dute Donostiako Informazioko Delegazioan. Zergatik? Lehen horrialdean Illaunek izenpeturik agertu den artikuluagatik: Ildakoak bizirik dituan erria EZ DA ILKO. Artikuluaren tituluak aditzera eman arren, Illaunen lanak hemengo egoera ez du hitzerdi batez ere aipatzen.
Azken aldi hontan bigarren aldiz erori* da GOIZ ARGI.
Herrialde guztietan
Hiztegien lehen eginkizuna, nire ustetan, zalantzak kentzea da. Hitz baten nondik-norakoa, edo hitz horren esangura osoa, edo hitz hori nola idazten den, edo kontzeptu bat zehazki zertzen* edo situatzen ez dakizunean, hiztegira begiratzen duzu, eta han jasotakoaz baliatzen zara, zalantzak uxatzeko.
Izenak berak ere —aleman hizkuntza gaizki ezagutzen dutenen ustetan— hala dioenez, hortarakoxe da Aleman Errepublika Demokratikoko Der grosse Duden hiztegia: «Zalantza handietarako». Frantziako Le Monde arratsaldeko egunkari sonatuak ezagutzera eman duenez, zentsuraren artaziak* eta Inkisizioaren lapitz gorria pasatu dira liburu horren barnetik.
Norbaitek Estatu kolpea zer den jakin nahi balu, ez luke hor aurkituko, holakorik inoiz gertatuko ez bailitzen.* Beste norbait, hauteskunde* kontutan axolaturik, joko elektorala, edo kanpaina elektorala, edo sekretu elektorala zer diren eta nola egiten diren (holakorik dagoen lekuan, noski) jakin minez balego, jakin gose berarekin segitu beharko luke. Demokrazia burgesaren jakintzarik ez da zabaldu nahi, antza. Oraindik ere gutiago emango da sistema kapitalistaren «urteburuko* sariaren» berririk.
Baina komunismoaren barneko munduan ere hautapen bat baino gehiago eginik du Hiztegi honek. Eman dezagun, idazlan bat egin beharrean aurkitzen dela norbait, eta Maori buruz hitz bat edo beste jarri nahi lukeela. Ba doa Hiztegira, eta zer aurkituko? «Mao: txinatar gizon politikoa». Egia esan, zehazpen horrek ez du Mao asko askorik definitzen. Dudak kentzeko ez du askorik balio, Chiang-Kai-chek eta Chu En-Lai ere «txinatar gizon politikoak» baitira.
Maorena irakurriz, ba dakigu behintzat Mao hori ba dela, bizi dela. Baina Stalin eta stalinismoa? Stalinik ez dago Hiztegiarentzat, eta, gisa* denez, stalinismorik ere ez. Horixe bai dela desestalinizazioa seriotan hartzea!
Joera hau —ixiltze txikiratzaile,* omisiozko gezur, intolerantzia— aspaldiko ohitura da munduan. Nahikundeak* hartu nahi lirateke errealitatetzat. Izena kenduz, izana desegiten dela uste izaten du zentsurak. Umekeria da hori eta ez besterik. «Huelga»ren ordez «paro obrero» esanez, ez da grebarik* desegin, gutiago grebaren arrazoinik.
Gizonak —batez ere agintedunak, eta oraindik gehiago agintezaleak— erizpide* bat bakarraren izenean gauza guztiak epaitzeko eta neurtzeko joera beldurgarria du. Erizpide hori berdin da edo erligiozkoa, edo ideologiazkoa, edo politikazkoa, edo gustuaren araberakoa* izatea. Hitlerek sei milioi judu garbitu zituen, atsegin ez zitzaizkiola eta. Koronelen Grezian, debekatu egin zen «Troiatarrak» musikal obra, doinua Theodorakisena zelako. Aspaldi bateko «Prometeo kateatua» delakoaren zenbait bertso kendu egin ziren, koronelei ez zitzaizkielako atsegin. Joan Manuel Serrat katalan kantariaren diskoak ez dira gehiago telebistaz eta irratiz entzungo, kantari honek politikazko zenbait eritzi agertu duelako. Futbol zelaiak ere presondegi bihurtu zituen Pinochet jaunak, debekatu egin zituen Gorki, Conrad, Cortázar, J. London...
Tolerantziarik eza eta egia ezkutatu nahia, horixek dira agian* munduan hobekien hedaturiko* joerak, zeren* eta, bestek zioenez, «los extremos no se tocan; los extremistas sí». (Joan Mari Torrealday)
Herrialde guztietan
Europa, gaurkoz, Merkatu bat da, Merkatu (ez hain) Bateratua: CEE (Europar Ekonomiazko Komunitatea). Europaren batasuna, beraz, ezer izatekotan, ekonomiazkoa da.
Eta, hala ere, haseran, ideia izpiritual bat zen Europa. Europa Batuaren gurasoen asmotan, demokraziaren aberria izan nahi zuen Europak. Munduko herrien mosaikoan, kultura desberdinen plazan, Europak berezitasunik baldin badu, hori demokrazia omen da, edo izan behar luke, Gaurko hitzekin esateko, autogestiozko sozialismoa, hots,* sozialismoa eta askatasuna maila guztietan egiaztuko duen sistema.
Gaurko eguneroko Europaren bizitza ikusita, besterik pentsatu behar da. Gobernari askorentzat, ekonomiazko elkartetik at,* Europa ez da deus.* Frantziaren jokabidea aztertzea nahiko da. Antza,* Frantziarentzat (bai Pompidouren Frantziarentzat, bai Giscardenarentzat), Europa ekonomikoak du garrantzia. Europa politikoa ere egin behar dela inoiz Giscardek esan badu ere, egin besterik egin du. Espainia, dagoen bezala, Merkatu Bateratuan hartzeko, Giscard beti egon da prest.
Europaren ideia defendatzerakoan,* bi Europa daudela esan daiteke: Iparraldekoa eta Hegoaldekoa. Goikoek Europa demokratikoaren defentsa handiagoa egiten dute. Askatasunarekiko sentikortasun handiagoa dute. Libertatezaleago bezala agertzen zaizkigu. Holanda, Suedia,* Danimarka* etab. aipatu besterik ez dago. Esaiozu Covisa jaunari. Gobernarien mailan hitz egiten ari naiz orain. Espainiako gertakariei buruz hartu duten jokabidearen aztertze soilak hori eta gehiago jartzen du argitan.* Europan partaide izan gure duenari hitzarmen* ekonomikoak bakarrik ez zaizkio eskatzen, baizik eta politikazko joko erregelak onartzea ere. Bigarren puntu hau azpimarkatzen dute ipartarrek.
Europako herriek izan duten erreakzio hontan, ekonomiari politika nagusitu zaio. Gizonari eta gizarteari buruzko eritzi batzuren* izenean eta hauk* finkatzeko asmotan atera da kalera hainbeste jende Europan zehar. Europaren gurasoen ideia ez da gesaldu.* (Joanes Lekerika)
Herrialde guztietan
Jende asko eta asko beldur da. Geroz eta beldurrago, gainera. Askaturik dabiltzan eskuindar horien beldur.
Orma* zikintzetik hasi ziren. Mehatxuekin* segitu zuten. Eta orain, kasu askotan, ekintzetara jo dute. Gorabide bat somatzen da. Biolentzia horren aurrean babesik gabe sentitzen da jendea. Ahul eta umezurtz.
Azken aldi hontan indarkerian dabiltzan bakarrak, eskuindarrak dira. Nik dakidala, ez dute oraino inor harrapatu. Martxa hontan, segur nago, beldurraren psikosi bat sor baietz.
Jartzen dituzten letreroengatik, telefonoz egiten dituzten deiengatik, lehergailuak botatzen dituzten lekuengatik, zeren kontra dauden beharbada jakin daiteke.
Ezkutuko indar hauek ez dute politikazko kontrakarrik* onartzen. Sozialki eta politikalki gure egoera pentsatzeko eskubidea ukatu egin nahi dute. Esate baterako, «Comando de la Muerte» delako horrek Katalunian politikariei egindako mehatxuetan garbi agertzen da, eskuindarra ez denaz beste soluziorik pentsatzea ere galerazita dagoela.
Justiziak gaurko legedian dituen bideak erabiltzea ere ez dute onartzen. Abokatuak —politikarien defentsan ibili diren abokatuak— beldur dira. Bandrés eta Mendaza, esaterako, zemaipean* daude.
Apez eta fraide jendea ere ez dabil segur. Jainkoaren Hitzaren argitan gaurko egoera argitzea ez dute maite. Sermoi baten ondoren, edo etxetik kanpora edo beldurrak eraginda bizi den apezik ezagutzen dugu.
Baina, nire ustez, azken aldi hontan, beste zertxobait da bereziki jasan* ezin dutena: Informazioa. Informazioaren beldur dira nonbait. Informatzea propaganda bezala hartzen dute hauek. Zer adierazten du horrek? Informatze hutsa propaganda bilakatzen denean, errua ez da informatzearena, egoeraren hertsikeriarena* baizik. Informatzearen kontra hola egoteak zera ere adierazten du, halegia,* gizon informatuak biren balioa duela. Ixilduz, ezkutatuz, gordez, argitara ez emanez... nahi izango lukete eskuindar horiek gizartea konpondu. Horrela, konpondu ez baina zapaldu egiten da.
Azken hilabeteotan, periodisten lana arriskutsu bihurtzen ari da. Hemen mehatxu bat, hor bonba bat, han egurraldi bat, ikararen eta indarkeriaren bidez gura lukete kazetaria ixil erazi. Eta txarrena: kazetariak babes gehiagorik ez badu, lortu egingo dute. (J. Larrinaga)
Frantziskotar sozialistak direla eta. Illauni beste eztultxo bat
Kortabarriak «Prantziskotarrak sozialista» gaiari buruz idatzi omen zuen Frantziskotarren aldizkari batetan. Nik neuk zehaztuko dizkizuet puntu hauk:* «Frantziskotarrak ere sozialismo bidetik» zuen titulua idazlantxo harek. ANAITASUNA aldizkarian agertu zen (302. zenbakian). Eta aldizkari honen jabea «Junta nacional de la Tercera Orden Franciscana» da.
Illaunek «Auntzaren gauerdiko eztula!» bezala hartu du han esaten zena (ikus Goiz-Argi, 264. zenbakia). Beste eztultxo bat botatzeko baimena emango ahal* dit! Sarreratxo eta amaieratxo biren tartean, sei zatitan edo ekinalditan ematen dio bere astindua idazleak artikulutxo hari. Gauerdi hartan sei eztul bota nituen nonbait.
Lehen eztula: Frantziskotarrak komunistatzat eta sozialistatzat jotzea. Autoreak nire «komunistak» hitzari komatxoak kendu egin dizkio. Lehentxeago zegoen «esan ohi da» ahanztu egin zaio Eta azkenean jartzen zen «Nola ez, ba?» hura* galdu egin zaio. Eta horrela ez du paragrafotik tutik ere ulertu, ez baitu ironiatxorik somatu ere egin. Gainera, «komunistak, beraz, sozialistak» esaldian ez dira inola ere batak* eta besteak berdintzen; eta bai komunismoa sozialismoaren azken helburua dela adierazten, eta, horregatik, komunista dena sozialista ere ba dela. Komunismoaren teoriatik nabilela uste dut.
Bigarren eztula: Sozialismoa fedearen argi eta bidetzat hartzea. Illaun adiskide, Kontzilioa onartzen duzula iruditzen zait. Hor dituzu bi aipamentxo, zeure alderako askotaz gehiago aurkituko badituzu ere. Kontzilioak bere dialektika du; eta fedearen eta gizakulturaren artean ere dialektika bat dago (sozialismoa ere gizakulturaren fruitu bat da). Hona hemen Kontzilioaren aipamenak nire euskaraz: «Era berean, historian zehar inguru* ezberdinetan bizi izan den Eliza, kultura diferenteen ekarriez* baliatu da, Kristoren mezua* herri guztiei zabaltzeko eta adierazteko, aztertzeko eta sakonkiago ulertzeko, liturgikizunetan eta fededunen elkarteetan egokiago agerterazteko» (Gaudium et Spes, 58). «Adierazteko», «aztertzeko», «ulertzeko» eta «agerterazteko», argia behar da. Bigarren aipamena: «Herrien ohitura eta tradizioetatik, jakinduria eta irakatsietatik, artelanetatik eta instituzioetatik hartzen dute Elizek, Jainkoaren gloria aitortzeko, Salbatzailearen grazia adierazteko eta kristau bizitza egoki eratzeko baliagarri izan daitekeen guztia» (Ad Gentes, 22). Kristau bizitza bideratzeko, Herri baten kulturbidea hartu behar baldin bada, zergatik ez haintzakotzat* har sozialismoaren bidea ere?
Hirugarren eztula: Kristoren bidea politikazko bidea izan zela esatea. «Politikazko» hitzaren atzizkiaren* berririk ba dudala uste dut.
Jesukristoren bidea zer adieratan* izan zen politikazkoa, hortaz neure eritzitxoa ba dudala uste dut. Bai zurea eta bai nirea argitzeko, horrialdetxo bat baino gehiago beharko genuke. Eta ba liteke, azkenean ere biok oso ados* ez etortzea. Dena dela, neure artikulutxoan ez nuen nik neure eritzia ematen ez eta zurea eskatzen. Ez nuen ezer «babesten», Akitaniako hogei ta bost fraidek pentsatzen zutenaren berri ematen baizik. Hori argi xamar zegoela uste dut, idazlantxo osoan.
Laugarren eztula: Kristoren mesianismoaren esannahi politikoa nabarmentzea. «Politikista» hitzik ez nuen entzun, eta horregatik ez nuen horren aipamenik ere egin. Mesianismoaren politikazko alderdia oso osorik ukatu nahi dutenen pentsaerari ematen zioten, hain zuzen ere, «izpiritualista» izena; eta zuk ba dakizu, izpiritualista oso sarritan izpiritualaren etsaia dela.
Uste dudanez, zuk ba dakizu, halaber,* Ebanjelioa «berri ona» dela, eta berorren mezurik nagusiena poza eta alaitasuna dela. Ez zaitez, bada, harri, Biblia neure pozerako irakurtzen eta ulertzen baldin badut.
Bosgarren eztula: Marxismoaren analisi zientifikoa onartzea. Ekinaldi hontan galdera oso sakonak jaulki* dituzu. Baina, zoritxarrez, oso erabiliak eta zaharrak dituzu galdera horik. Ez duzu galdera berri bat bakarrik ere egin. Sozialismoaren bidetik jo duten frantziskotar haiek, berriz, oso gogotan hartuak dituzte, uste dudanez, galdera zaharberri horik;* eta, hala ere, aukera horixe egin dute. Neure artikuluxkan aipatu nuen bilera hartan, galdera horiei eta beste askori buruz gogoetak, elkarrizketak eta eguneroko bizitzan daramatzaten* azterketak bildu eta sakondu nahi izan zituzten hogei ta bost frantziskotar haiek.
Seigarren eztula: Iraultzabidea egokitzat ematea. Seigarren eztul hau zeuri atera ote zaizulako susmoa dut, eta ez niri. Ez baitakit nori egiten dizkiozun galdera horik; nire artikuluari behintzat ez. Sozialismorako iraultzaz ari da artikulua, eta askatasunean mamitu behar litzatekeen sozialismoaz, hain zuzen ere.
Dirudienez, betiko integrismoaren begiez ikusten duzu besteren* pentsaera eta jokabidea: hau da, Kristoren aitzakiz politika konkretuzko erabakiak eta jokabideak zuritu* nahi lituzkeenaren begiez. Sozialismoaren aldeko kristauek integrismo horixe ukatu nahi dute, ukatu ere, politikazko hautapenak bere balioa eta autonomia duela aitortuz. Iraultzabide jator, egoki, bidezko* eta beharrezko (?) batek ez du Kristoren bedeinkapenaren premiarik, baliozkoa izateko.
***
Azkenik, adiskide, eztulka dabilenak ere begirunea* merezi duela uste dut, alde batetik; eta, bestetik, kritika zentzuzko batek ere seriotasuna merezi du. Horregatik, inoren textuak aipatzen. direnean, eta komatxoen artean jasotzen badira bereziki, jatorriz dauden bezala aipatu behar dira. Ez da inola ere serioa inoren textuari hizkiak (h) kentzea, edo aldatzea (f-p, i-e, z-s etab.), adizkerak* aldatzea eta beste horrelako trakeskeriak egitea.
Nahi duzun arte, adiskide.
P. KORTABARRIA
Ikas zeure hizkuntza
IMANOL BERRIATUAK
Ale hontan izartto batekin agertzen diren berbak
ADIERA, sentido.
ADIN, edade.
ADIZKERA, flexión verbal.
ADOS, de acuerdo, d'accord.
AFERA, arazo.
AGERI, documento público.
AGIAN (1), beharbada, nonbait.
AGIAN (2), ojalá.
AHAL, ojalá.
AHUL, makal.
AIPATU, aipatutako, aipaturikako, aipaturiko.
AITAPONTEKO, padrino, parrain.
AITZIN, pre-.
ALDARATU, removido, transplantado.
ALDARRIKATZE, proclamar.
ALDE, diferencia.
ANITZ, asko.
ANTZ, irudi.
ARABERA, arauera, según, conforme.
ARAUDI, reglamento.
ARE, oraindik, aún, encore.
ARETO, sala, salón.
ARGITAN, en luz. (ARGIAN, en la luz.)
ARRAS, erabat, guztiz, osoki.
ARRASATE, Mondragón.
ARRATSALDEKARI, diario vespertino.
ARRETA, detenimiento, atención.
ARRUNT, ordinario.
ARTAZIAK, tijeras, ciseuax.
AT, kanpo, landa, fuera.
ATXIKI, atxeki, atenido, entregado.
ATZIZKI, sufijo.
AURKEZTE, presentar.
AZKARKI, sendoki.
BA, bada, pues.
BAHITU, secuestrado.
BAILITZATEKE, lo cual sería.
BAILITZEN, balitz bezala.
BARIK, gabe.
BARRUTI, jurisdicción territorial.
BATAK, los unos. (Batzuek aktibo, batak pasibo.)
BATASUN, elkargo, elkarte, sociedad.
BATIPAT, batez ere, guztiz ere, bereziki.
BATZORDE, comisión, comité.
BATZU, unos. (Batzuk aktibo, batzu pasibo.)
BATZUREN, de unos. (BATZUEN, de los unos.)
BATZURI, a unos. (BATZUEI, a los unos.)
BATZUTAN, en unos. (BATZUETAN, en los unos.)
BEDEREN, behinik behin, behintzat, gutienez.
BEGIRUNE, respeto.
BEHARRETAN, en necesidad.
BEHAZTOPATU, tropezado, trebuché.
BEHINBEHINEKO, provisional.
BEHINOLA, behiala, en otro tiempo, autrefois.
BERANT, belumendu, retraso.
BEREZITU, especializado. (BEREIZTU, separado.)
BERRIKITAN, berriki, recientemente.
BERTSU, beretsu, parecido, casi idéntico.
BESTE, inor.
BESTEREN, de otro. (BESTEAREN, del otro.)
BEZERERIA, clientela.
BIDEGALDU, extraviado.
BIDEZKO, obvio.
BILAKATZE, bihurtze.
BILKURA, bilera, reunión.
BORDELE, Burdeos.
BULEGO, oficina, bureau.
BURURATZE, bukatze, llevar a cabo.
BURUTU, realizado.
DAGOENEKO (dagoen orduko), honez gero, para ahora.
DANIMARKA, Dinamarca. (DANIAR, danés.)
DARAMATZATE, daroez, eramaten (eroaten) dituzte.
DAUDEKE, daude (dagoz) nonbait.
DEFENDATZERAKOAN, al ir a defender. (DEFENDATZEAN, al defender.)
DEITU, deitutako, deiturikako, deituriko.
DELIBERATZE, erabakitze. (Ikus «Axularren Hiztegia».)
DERITZA, deritzo, derizkio, deitzen da.
DEUS, ezer.
DIK, jok, du.
DOHAINIK, dohan, doharik, gratis.
DOI (1), justu, juxtu.
DOI (2), apur.
DONAIXTI, Nafarroa Behereko Saint-Just.
DONTSU, zorioneko.
EGUBERRI, Navidad.
EGUN, gaur.
EKARRI, aportado, aportación. (EDUKI, contenido. GERTATU, resultado.)
EKIN, insistentemente dedicado.
ELABARRI, novela, roman.
ENPARADU, restante.
ERABAT, osoki.
ERASO, ataque, embestida.
ERDIRAKOI, centralista.
ERIZPIDE, criterio.
ERLAUNTZ, colmena, ruche.
ERORI, jausi.
ESKAKIZUN, exigencia, petición por hacer.
ESKUALDE, comarca, distrito.
ESKUTAN, en mano. (ESKUETAN, en las manos.)
EUSTE, apoyar.
EZARRI, ezarritako, ezarririkako, ezarririko.
GAILEN, triunfante, triunfador.
GAINDI, excedente, desbordante.
GAINEGITURA, superestructura.
GAITZEKO, enorme.
GALEN, escarmiento, désillusion.
GELDITZE, cesar. (Ikus «Axularren Hiztegia».)
GERTATU, resultado. (EDUKI, contenido. EKARRI, aportado, aportación.)
GESALDU, derretido, fondu.
GISA (1), era, modu.
GISA (2), bezala, legez.
GISA (3), conveniente, lógico. (Ikus Lafitteren «Grammaire Basque», 124. horrialdea.)
GISA GUZTIZ, de todos modos.
GORA, alto. (Goraiak = gorak. Goraietan = goretan. Ikusi Lafitteren «Grammaire Basque», 118. horrialdea.)
GUGAZ, gurekin. (Mendebaldeko euskalkian hain erabilia den -gaz atzizkia, onhartu egin behar litzateke duda barik euskara batuan.)
HAINTZAKOTZAT, en consideración.
HALABER, así mismo, igualmente.
HALEGIA (hala + egia), a saber, es decir, esto es. (ALEGIA, ficción, simulación.)
HANDIREKIN, handiz, con grande. (HANDIAREKIN, con el grande.)
HASTAPEN, haste, hasera, comienzo.
HAUK, honeek. (Hauek aktibo, hauk pasibo.)
HAUTESKUNDE, elección por votación.
HAZIL, noviembre.
HAZKUNDE, desarrollo, développement.
HEDATZE, extenderse.
HEGI, ertz.
HEIN, neurri, medida, proporción.
HERTSIKERIA, cerrazón.
HEZKUNTZA, educación. (Hitz elkarteetan hezkuntz.)
HILDO, surco, sillon.
HIRITZAR, pueblón.
HITZARMEN, convenio.
HIZKI, letra.
HIZKIRIMIRI, chascarrillo, donaire, chiste, plaisanterie.
HIZPIDE, conversación, altercado.
HORIK, hoik, horreek. (Horiek aktibo, horik pasibo.)
HORREN, hoin, tan.
HOTS, a saber, es decir, esto es.
HURA, ha.
HURREAN, aurki, nonbait, agian.
IAIO, bikain, excelente.
IDAZKARI, sekretari.
IHAUTERI, carnaval.
INGURU, circunstancia.
IRAIL, septiembre.
IRITSI, heldu.
JALGI, atera, sacado.
JALGITZE, ateratze, irtete.
JASAN, soportado.
JAULKI, soltado, desgranado.
JAZOTZE, gertatze.
KARIA, motivo.
KEXU, enfadado, quejoso, descontento.
KONTRAKAR, oposición. (Ikus «Axularren Hiztegia».)
KOPURU, suma, cantidad, número.
KUTSATZAILE, contaminante, contaminador.
LEKUAN LEKUAN, en cada lugar.
LIZARRA, Nafarroako Estella.
MAIZ, sarri.
MEHATXU, zemai, amenaza.
MENDEBAL (mendebal, viento del Oeste + alde), occidente, Oeste.
MEZU, mensaje.
MINTEGI, seminario.
NAGUSITERIA, ugazaberia, clase patronal.
NAHIKUNDE, mero deseo. (Ikus «Axularren Hiztegia».)
NOR, quién. (NORTZU, quiénes.)
OHIZKO, ohiko, habitual.
OIHARTZUN, eco.
OLDE, movimiento,
ONDOAN, ostean, ondoren.
ORDEZKARI, delegado, representante.
ORMA, pared, mur. (HORMA, hielo, glace.)
ORO, guzti.
OROKOR, general.
OSASUNGAITZ, insalubre.
OSTE, atze, gibel. (HOZTE, multitud. Ikus Pierre Lhanderen hiztegia.)
OSTERA ERE, berriz ere.
PARADA, abagadune, aukera, era, ereti, ocasión.
PAREKATZE, comparar.
PRESTU, cabal, legítimo.
POZOINDATU, envenenado.
SASI, pseudo-.
SOBERA, gehiegi, lar, larregi.
SOBERAKIN, excedente.
SO EGIN, mirar.
SUEDIA, Suecia.
SUERTATU, gertatu, jazo, agitu.
TAMAL, pena, lástima.
TARRAPATA, alboroto, tapage.
TAXUTU, arreglado, ordenado.
TENORE, garai, ordu.
TOKAMEN, parte correspondiente.
TRAPAGA, San Salvador del Valle.
TXIKIRATZAILE, zikiratzaile, castrador, châtreur.
UDAL, municipio.
UDALETXE, Herriko Etxe.
UKITU, tocado, touché. (HUNKITU, conmovido, emocionado.)
URRATS, pauso. (PAUSU, descanso, reposo.)
URTEBURU, fin de año.
XEDE, asmo, propósito.
ZAIN, zan, erro, sustrai.
ZEMAI, mehatxu, amenaza.
ZERGA, impuesto, contribución.
ZEREN (ETA), ze, pues.
ZERTZE, efectuar, llevar a cabo. (Aditz egokia asmatu ezin denean edo erabili nahi ez denean, orduan usatzen da aditz hau. Ikus Azkueren hiztegian ZER eta ZERTU.)
ZEZENKETA, corrida de toros.
ZINEZ, zinetan, benetan.
ZIOSKUTEN, inoskuen, esaten ziguten (euskuen).
ZURITU, justificado, disculpado.
Urtero bezala, hamargarren aldiz, hazilaren* lehen egunetan ospatu da aurten ere Liburu eta Diskoen Azoka Durangon.
Geroz eta jende gehiago biltzen da Feria hortan. Egun horietan Euskal Herri osotik dator jendea Durangora. Esana dugu, euskal kultura idatziaren hiriburua dela Durango egun batzutan.* Gure kultura sakabanatu eta babesik gabekoarentzat ez da guti. Aurten, iparraldekorik ez dut inor ikusi. Mugak ba du oraindik ere erdibitze indarrik.
Gazteak ugari
Jende asko ibili da standetik standera. Ez dakit, beste urteetan baino gehiago ala gutiago. Baina, nire ustez eta honi eta hari entzunez, gauza segura da, beste urteetan baino gazte gehiago egon dela. Askorekin erabili dut komentario horixe. Edozein mementotan merkatura so* egin, eta gazteak ikusten ziren. Oroitzen naiz oraindik, nola, lehenengo urte haietan, hango jendea «betiko euskaltzale ezagun» horik* izan ohi ziren, eta, hortik aparte, Durango bertako eta inguruko gizataldea. Gaur egun, Azokara hurbiltzen den jendearen gaztetasunak harriturik eta pozturik uzten du edonor. Triunfalismorik gabe pozturik.
Gainerako urteetan baino segurkiago esan dezakegu aurten, etorri den jendea, Azokara bertara etorri dela, liburuak eta diskoak ikustera eta erostera. Izan ere, beste urteetan izan ohi zen dantzaririk edo filmerik edo musikaririk edo kantaririk edo bertsolaririk ez da oraingo hontan agertu, aurretik harturiko erabakiz. Ez dugu inor ere kexu* ikusi, zergatikoa berehalakoan ulertu baitute.
Erakuspostu batetik bestera
Jendea geroz eta interesatuago ikusi izan dugu standen aurrean. Erakuspostuak beti zeuden beterik, bete beterik. Ni neu ere hiruzpalau aldiz saiatu nintzen ikustera joaten, beti ere zailtasun handirekin.* Uste dudanez, bi gauza adierazten du horrek: bateko, jende asko zegoela; eta besteko, erakuspostuetan gauzak aztertzen gelditzen zela jendea. Ohitura berria da hori, eta kulturarentzat biziki interesgarria. Hara joan eta itzuliño arin bat egin beharrean, dagoenaz askoz ere gehiago interesaturik, behar den asti guztia hartzen dute orain erosleek edo irakurleek. Erosi aurretik, liburua aztertu eta balioztatu egin nahi dute: euskal irakurlea kultur maila gorago batetara iritsi* delako seinalea.
Erakusleku batetik bestera nenbilelarik, han eta hemen liburu zerrendak edo katalogoak eskatzen nituen. Editorial askok ez du katalogorik ekarri. Ezin daiteke holako konportamendurik konpreni. Zer gertatzen da hor? Zer kostatzen da, bada, dauzkaten liburu guztien zerrenda oso bat egitea? Hori ulergaitza delarik, ulergaitzagoa da editorial guztien artean Azokarako katalogo orokor* bat ez egitea. Zer interes dago hortan? Alferkeria hutsez ahal da?
Erakuspostuetan, saltzaileen artean, erdaraz egin ohi duen gehiegi dago. Ahanztu egin ahal dute, euskal liburu eta diskoen Azoka dela? «Gran Enciclopedia Vasca» ikustera joan nintzen, eta liburuen zerrenda bat eskatu nuen; euskaraz noski. «Euskeraz bapez» erantzun zidan postukoak, premia guztietarako irtenbidea ikasia duen baten azentuarekin.
Beste erakusle askok, han jarrita dauzkaten liburuen berririk ere ez dute. Liburuen izena bai, baina haien gaiari edo kalitateari buruz tutik ere ez. Liburuen gaia, erdaldun saltzaileek baino hobeto ezagutzen dute euskaldunek, emakume batek oharterazi zidanez.
Liburu argitaratzaileekin
Merkatua non, hara doaz editoreak. Argitaratzaileek profesionalismo aldetik jo nahi dute. Liburuari emanik bizitzeko, liburutik bizi. Osozko dedikatze horrek, liburugintzaren hobekuntza aparte utzita, alde txarrak ere ba ditu. Bat, entseiu libururik ez duela inork argitaratu gura.
Tesizko esku liburuaren urre garaia joana da. Gaiak euskaraz eman behar direla eta, LUR, GERO eta JAKIN batipat* horri ekin* zitzaizkion, duela zenbait urte. Euskara tresna baliagarria dela erakutsi nahi zen. Afirmazio bat egin nahi genuen: «Ba gara! Ba dugu zer esan eta nola esan!» Liburua mota horrek, herri bezala egiten genuen kontzientzi hartzeari erantzuten zion. (Ez ahantz, poesiatik eta baserri tradiziotik gentozela.)
Entseiu liburuak, une hartako eta oraingo kontzientzi hartzeari erantzuten bazioten ere, orain ikusten denez, kultur egoerarekin ezin zitezkeen ezkon. Liburu mota horrentzat euskal merkatua oso urria da. Urriegia, editorial batek zuzenki hortara jo dezan. Nork egin behar du hori? JAKINeko Intxaustirekin egon nintzen; GEROko Lizundiarekin eta ETOReko Aierberekin ere bai. KRISELUk literaturara jo du. JAKINek bereziki hiztegietan lan egin nahi du. GERO eta ETOR, erosleak dauden lekura joan gura dute, hots,* irakaskuntzarako eta ikastolarako liburugintzara. IKER hastapenetik* hor dabil, GORDAILU bezala.
Azokaren azken orduetan, editore zenbait haserre zegoen. Garestiegi gertatzen zaie Azoka. Eta hortan galtzaile, euskal liburugintza hutsean dabiltzanak ateratzen dira. Datorren urtean etorri ere ez dela egingo entzun nion bati. Etor edo ez etor, euskal editore horiekin ni ere ados* nago: euskarazko liburuak aurkezten dituzten batzuri* eta erdal editore aberatsei berdin kobratzeko deretxorik ez dago. Gure gizarte eta kultur egoera haintzat ez hartzea litzateke: beraz, horren* maiz* salatzen dugun justiziarik-ez bat gehiagotzea.
Joan ALTZIBAR