ANAITASUNA

307-308. zenb.

1975.eko abenduaren 31koa

Pelota, 4 - 1.º - Bilbao-5

Tel. 423 74 49 - Apart. 495


ANAITASUNA BIZKAIA

HAMABOSTEROKOA

ZUZENDARIA:

Joan Mari Torrealdai

Urteko abonamendua:

Bertorako 300 pezeta

Latin Amerikarako 320 »

Europa eta Ipar Amerikarako 450 »

Ale bakoitza: 15 pezeta.

HELBIDEA:

Pelota, 4 - 1.º Bilbao-5.

Posta kaxa 495. Tel. 237449.

INPRIMATZAILEA:

Imprenta AMADO - Mazarredo, 35 - Bilbao-10

D. L.: BI. 1753-67.


10 urte Euskal Elizan

Vatikano II. Kontzilioa bukatuz geroztik, hamar urte iragan dira abenduaren zortzian. Gogoan ditugu oraindik ere, Kontzilioak sortu zituen esperantza eta lan asmo ugariak. Urteak joan eta urteak etorri, han eta hemen, esperantza horietako batzu zimeldu egin dira. Lan asmo ugari horietako askok pot* egin dute. Hala ere, zerbait baino gehiago gelditu da.

Elizari gagozkiolarik, Kontzilio ondorengo denboraldiari galdezka hurreratu nahi gatzaizkio. Biziberritu ahal da Eliza, benetan biziberritu? Eliz barneko harremanak sakonki aldatu ahal dira gero? Elizak gizartearekiko duen jokabidea arras* desberdina ote?

Eskuetan duzun zenbaki honen asmoa, Euskal Herriko kontzilio osteko* Elizari begiratu bat ematea da. Herriaren eta Elizaren bizitza higitsu, kolpatu, burrukatsuarekin topo egingo dugu. Ez goaz balantze orokor* eta bare bat egitera.

Hamar urteotan asmo, xede,* bilabide, burrukagai eta behaztoparri* izan diren arazo nagusi batzu aztertu nahi izan ditugu lehenik. Eta, gero, jarrera desberdin batzu agertzeari ere ekin gatzaizkio, fedea bezala instituzioa epaitzeko ikuspegi desberdinak plazaratuz. Guk dakigularik, lehenengo aldiz gertatzen da hori euskal munduan.

Zenbaki honekin hala Euskal Elizari nola Euskal Herriari zor dion zerbitzu bat betetzearen satisfazioa du ANAITASUNAk.

ANAITASUNA


Euskal apezpikuak ixilik

Euskal Herrian Elizagintari eta Artzain diren zortzi apezpikuei (bi Donostian, bi Baionan, bi Iruinean, bat Bilbon, bat Gasteizen), ANAITASUNAk, zuzendariaren bidez eritzi bat eskatu nahi izan die. Euskal Konferentzia Episkopalari buruz zen galdera, hirutan banandua. Hona:

- Pastoral bateratu bat lortzeko, Euskal Konferentzia Episkopala egiteari zer garrantzi ematen diozu?

- Konferentzia hori sortzeko, zeintzu izan dira orain arte eman diren urratsak?

- Konferentzia hori izan ahal dezagun, zer bide edo posibilitate ikusten duzu aurrerantzean.

Eskutitzak euskaraz eta erdaraz egin arren, zertifikaturik eta bi aldiz bidali arren, apezpikuen hiru erantzun besterik ez ditugu jaso. Baionakoek ez dute erantzun, Iruinekoek ere ez, Donostiako Argaia jaunak ere ez.

Esan bezala, hiru erantzun jaso ditugu: lehena Bilboko Idazkaritzatik,* Gasteizko Ganbara Idazkaritzatik bigarrena, eta hirugarrena Jose Maria Setienek pertsonalki egina.

Jasotako hirurek eskutitzari erantzuten diote, ez galderari. Batek ere ez du gaia ukitzen. Astirik eta betarik* eza da Setienen atxakia, ikastaro batzu ematen ibili delako eta Donostiako gertakariengatik. Bilboko Jose Angel Ubietak, Añoverosekin pertsonalki arazo hontaz mintzatu dela dio, baina ez dagoela orain erantzuna eman ahal izateko kondiziotan. Gasteizko Idazkaritzatik esan digutenez, «excedentes declarativos» daude gaur; garai hobeen zain gelditzen dira hauk.

Pena da. Pena da guretzat, apezpikuek aurrez aurre arazoa aztertu nahi ez izatea. Hitzerdi bat ere ez diote gaiaz. Guretzat, apezpikuen batasun hori euskal Eliza batuaren parte bat da, ez gehiago ez gutiago. Areago,* bai kultur mailan, bai pastoraltza mailan, geroz eta premiazkoago ikusten dugu. Herri eta kultur batasun bat ba dagoelako eta batasun hori sortzeko eskatua izan da behin eta berriz apezen eta kristau taldeen aldetik Euskal Konferentzia Episkopala. ANAITASUNAtik ere behin baino gehiagotan eskatu izan da batasun hori.

Baina apezpikuek zer pentsatzen dute? Jakin minez gelditzen gara oraindik.


Euskal Herriko Elizaren hamar urteok

Biziak eta asaldatuak* izan ditu Euskal Herriko Elizak azken hamar urteok. Kontzilioak berak eman dio, alde batetik, astinaldi handia euskal Eliza tradizionalari; baina, bestetik, eta bereziki, Herriaren beraren azken urteotako historiaren larriak eta garratzak behartu dute hemengo Eliza edo zenbait eliztar behintzat, bide berriak urratzera.

Eliz agintarien aldetik begiratzen badugu, Euskal Herriko Elizaren azken hamar urteotako historiak ba ditu aldeak —eta etenak ere— eskualde* batetik bestera. Baina herriaren aldetik begiratuz gero, historia horren oinarriko batasun bat nabari* genezake, eta Euskal Herriko Elizaren historia «bakarraz» —ez historia ezberdinez— idatz dezakegu.

Eliz barneko astinaldi eta Euskal Herriaren burrukaldi hontan, Eliza tradizionalaren irudi nagusi eta bakar hura* zatitan puskatzen da. Apezpikutegi, Parrokia, Erlijiosoen Kongregazio, Ekintza Katoliko: hauek osatzen zuten Euskal Herriko Elizaren irudi ofizialaren —eta bakarraren?— irudia. Eta horren arabera,* Euskal, Herria katolikoa zen ofizialki, eta itxuraz ere bai. «Euskaldun, fededun» edo «espainol, katoliko» ez ziren eliz egitura* ofizial eta tinko (!) haren ideologiazko ispilua besterik.

Azken hamar urteotan, ostera,* Euskal Herriko Elizak aurpegi ugariago hartu du.

Oinarriko Eliza

Kontzilioaren ondorengo urteotan, eta katolikoen apostolutza erakunde ofizial handiak deseginez doazen neurrian, kristau herriaren oinarritik sortzen dira elkarte txiki berriak, kristau fedea eta bizitza jatorkiago bizi nahian. Oinarriko elkarteak, edo kristau elkarte txikiak, edo beste horrelako izenen bat ematen zaie; eta parrokietako eta diozesietako egituretatik aparte —inoiz kontra ere bai— sortzen dira.

Joera askotakoak dira elkarte horik;* eta bakoitza bere erara antolatzen da. Ba dira, liturgi bizitza eta otoitza barnekiago eta jatorkiago sakondu nahian, eta Kontzilioak ekarritako liturgiaren eraberrikuntza ere itxura hutsezkotzat jotzen dutelako, beren liturgi saioak (?) eta otoitzaldiak beren aldetik eta librekiago antolatzen dituztenak. Otoitz elkarteak dira hauk* gehienbat; baina sarritan gizarte arazoen kezka oso nabari agertzen da, gero elkartean ekintza berezirik eramango ez baldin badute ere.

Bigarren elkarte moduak, kezka sozial eta politikoak zuzenean biltzen dituenenak dira. Kristau fedearen argitan, gizartearen eta herriaren arazoak eta gertakariak aztertzeko biltzen dira bereziki; eta sarritan elkarteko ekintzaren bat antolatzeko eta aurrera eramateko ere bai.

Hirugarren elkarte modu bat, ezkonduen eta familien artean antolaturikoa izan ohi da. Familiako giro hestuak zabaltzearren elkartu ohi dira, familiako, laneko eta bai gizarteko arazo ugariak ere elkarrekin aztertzeko eta kristau bizitza jatorrago bat bizitzen laguntzeko.

Azkenik, Euskal Herrira ere etorri da, Ipar Amerikan sortu eta gero beste herrialde askotara zabaldu den karismatikoen oldea.* Gure Herrian oraindik ez dira oso hedatuak,* baina zenbait herritan ba dira horrelako elkarteak ere.

Oinarriko Eliza honen ezaugarririk nabarmenena, Euskal Herrian behintzat eta orain arte, erakunderik* eta batasunik eza izan da. Sarritan joera berdineko elkarteak ere beren aldetik dabiltza. Horregatik Euskal Herriko oinarriko elkarte asko dago sakabanaturik, baina ez dago oraingoz oinarriko Eliza eraturik.

Eliza ofiziala

Apezpikuek, parrokiek, elizek, erlijiosoen ikastetxeek, seminarioek, aministrazio edo pastoraltz kontseiluek, batzordeek, eta horietan dabiltzanek; meza eta sakramenduek... Hauek guztiok osatzen dute Kontzilio ondorengo hamar urteotako Eliza ofiziala.

Baionan eta Gasteizen ez da apezpikurik aldatu azken hamar urteotan. Biak dira atzerrikoak; eta Baionakoari, orain dela urte pare bat, apezpiku laguntzaile bat eman zioten; hau ere frantsesa eta euskaraz ez dakiena. Bizkaia eta Gipuzkoan urte berean —1968.ean— hil ziren Gurpide eta Bereziartua jaunak. Berehala izendatu zuten Zirarda jauna Bizkaiko aministrari apostoliko bezala. Eta 1971.ean oraingo Añoveros jauna izendatu zuten apezpiku bezala. Bi laguntzaile emango omen zizkioten, eta bat behintzat euskaraz zekiena —Añoveros nafarrak ez baitzekien euskaraz; eta horregatik eta luzaroan Euskal Herritik oso urruti ibilia zelako, kontrako eta protesta asko izan zen horren kontra—; baina oraindik ez dira laguntzaile horik etorri. Gipuzkoarako, berriz, oraingo Argaia jauna izendatu zuten, eta handik lau urtetara, Setien jauna, haren laguntzaile bezala. Iruinean ere izan da apezpiku aldaketarik Kontzilio ondoren. Tavera jauna Erromara eraman zutenean, José Méndez ekarri zuten, eta geroxeago J.M. Larrauri, laguntzaile bezala.

Apezpiku hauen inguruan ibili da azken hamar urteotan Euskal Herriko Eliza ofiziala. Kontzilioaren ondoren etorritakoak irekiagoak etorri dira, eta Kontzilioaren izenean bide berriak ere urratu nahian liturgiaren eta pastoraltzaren alorretan, eta gizartearen eta herriaren arazoak berenganatu guran. Alde hontatik, Kontzilioaren ondorengo gure apezpikuok —Kontzilio aurretikoak aparte, halegia*— irekitasunaren eta aurrerazaleen ikurrinaz agertu dira Apezpikuen Konferentzian, eta haietako batzuk ukan dituzte istilurik* handienak ere agintari zibilekin. Baina eliz barnean eta bai gizarteari eta herriari begira, erreformismo mailan geratu dira: hau da, pentsaeran eta jokabideetan aldakuntza sail bat ezarri dute, Kontzilioaren deiari helduz eta garai berriei egokituz; baina, oinarrian, Eliza ofizialaren barneko, gizartezko eta politikazko aukerak, pentsaerak eta jokabideak lehengotan irauten dute.

Liturgiaren eraberrikuntzatik sortu zituen aurrenik esperantzak Kontzilioak. Oso astiro bada ere, eraberrikuntza batzu etorri dira Euskal Herriko Elizara ere; baina, azkenik, azaleko aldakuntzak izan dira. Herritar askoren erantzuna ezezkoa izan da. Liturgia ofizialetik aldendu egin da lagun asko. Urte hauetan, Euskal Herri hontan ere, elizetako eta igandeetako mezak adinekoentzako eta haur batzurentzako bilerak* bihurtzen ari dira. Gero eta gehiago dira Euskal Herrian, beren haurrak bataiatzen ez dituzten gurasoak, eta Elizatik kanpora ezkontzen diren gazteak. Aitortzak goitik behera etorri dira. Eta ez dirudi, liturgiaren eraberrikuntza honek zenbait sakramenduren gizarteko «ohikeria» baztertu duenik.

Eliza ofizial hau, saiatu da azken urteotan, euskal arazoa —herri, gizarte eta kultur arazoa— bereganatzen eta bere-eskutaratzen ere, Gasteizko apezpikuaren kasu nabarmena aparte. Euskarazko liturgi eta katekesi batzordeak sortu dituzte; euskal pastoraltzako ordezkariak; euskal arazoari buruzko ageriak eta azterketak; grebariak* laguntzeko diru bilketa bereziak; beren bilerak edo gose grebak egiteko, elizak hartzen zituzten langile edo protestariei buruzko jokabide bigunagoak sarritan; zuzengabekerien, torturen eta zapalkuntza bereizgabearen* gaitzespenak;* espetxeratuen —batez ere apezen— aldeko ahaleginak agintarien aurrean... Hauk guztiok egiazkoak dira azken hamar urteotako Euskal Herriko Eliza ofizialaren historian. Baina hau guztiau diplomazi giro eta jokabide batetan eta paternalismoz kutsaturik agertu izan da. Gertakarien aurrean hartu izan diren jokabideek eta ageriek ez dute benetan egoera eta egitura sozial eta politikoen sustraietara jo. Egoera eta egitura hauk onartu egin dira, nolabaiteko eta behinbehineko* kritika azaleko batez. Azkenik, Euskal Herri eta gizartearen indarkeriazko gertakari larrien aurrean, gehienetan, indarkeri modu guztiak maila berberean jarriz, edozein indarkeria era berdinean kondenatu izan da, indarkeria horien guztion sustraiak salatu eta kondenatu gabe, edo oso zeharka bakarrik kondenatuz.

Euskal arazoari buruzko jokabide erreformista bat onartuz, Eliza ofizialak beldurrez eta susmo txarrez begiratu dio bestelako pentsaera, jokabide eta burruka iraultzaile edozeini. Alde hontatik, azken urteotako euskal herriaren eta langileen burruka biziena kanpotik gelditu zaio Euskal Herriko Eliza ofizialari.

Hamar urteotako Eliza ofizialaren historian, gertakaririk nabarmenenetakoa zera da: apez askok alde egin diotela. Asko sekulartu egin dira, batetik, eta, bestetik seminarioak erdi hustu, lehen, munduko seminariorik beteenetakoak eta apez jendetan portzentaia handienetakoak zituen Eliza hontan. 1966.ean 80 lagun ziren Arantzazun, apez izateko, teologia ikasten zutenak; 1975.ean 19 besterik ez dira. Eta euskal Eliza osoan, Arantzazukoak dira, oraindik ere beren teologi etxeari eutsi ahal izan dioten erlijioso bakarrak edo bakarretakoak. Baionak saldua du bere Seminario Handia, lehengo urtean beste txiki bat egiteko asmotan. Donostiako, Iruineko* eta Bilboko elizbarrutiek,* institutu bezala, edo maisu eskola eta bestelako ikastaroak antolatzeko erabili behar izan dituzte azken urteotan beren apezgai etxe handiak.

Aministrazio eta pastoraltz egiturak eraberritzen lehiatuak* ibili dira urte hauetan Euskal Herriko Eliza ofizialak. Batzorde eta ordezkaritza berri asko sortu dute. Honela, indarberritu eta gaurko gizartezko inguru berriari eta eliz jokabide berriei egokitu nahi izan dituzte egitura horik. Baina oraindik urrun daude, Kontzilioak berak irekitako dinamikak eskatuko lukeen eraberrikuntza sakonetik. Apez jendearena da Euskal Herriko Eliza ofiziala, zenbait laiko batzordeetan eta bulegoetan jarri baldin bada ere. Kristau herria bera urrun gelditzen da egitura eta erakunde horietatik.

Alboko Eliza hori

Kontzilio ondoren Eliza osoan izan da handia barneko protestaren mugimendua. Kontzilioak sorturiko esperantza ito nahi omen zuen Eliza ofizialaren kontrako protestak eta haserreak biltzen zituen mundu osoan zehar kristau talde diferenteak. Honela, Eliza katolikoaren barnean, ia* ia beste Eliza bat sortzen eta indartzen ari zen: alboko Eliza bat, Eliza ofizialaren ondoan, baina berorrengandik etenik sortu gabe irauten duena, halegia. Gero, Kontzilioaren izenean ezezik,* gizartezko, ekonomiazko, politikazko, kulturazko eta herriarteko harreman berri eta iraultzaileen izenean ere egin izan dute Eliza ofizialaren kontrako protesta «alboko» kristau talde protestari horiek.

Euskal Elizan bere tradiziotxoa ere ba zuen alboko Eliza protestariak. Gogoan eduki behar da gudu zibilean euskal apez eta kristau askok izan zuten jokabidea, Eliza ofizialaren kontra. Gogoan eduki behar da halaber* gudu ondorengo erresistentzia ixila. 1960.ean 339 apezek eta gero Bizkaiko 10.000 kristauek izenpetu edo onartu zuten gutuna,* apezek apezpikuen aldetik zigor gogorren arriskuan beren buruak jarriz, gainera. Azkenik, gogoan eduki behar da orobat,* Kontzilio garaian bertan, ia 500 apez euskaldunek munduko apezpiku guztiei bidalitako gutuna, Espainiako eta Euskal Herriko Eliza ofizialaren jokabide politikoak eta sozialak salatuz.

Baina protesta horik guztiok ez ziren nigar edo haserre hutsa, Eliza ofizialaren kontrako protesta erremindu hutsa halegia. Euskal Herri eta gizarteak bizi zuen egoera latzak eta larriak ukiturik eta kezkaturik zeudenen protesta izan nahi zuen. Herri horren aldeko burruka izan nahi zuen. kristau asmo sakonak eragindako burruka.

«Gogortasuna» lagunartea izan zen Euskal Herriko Elizan, Kontzilio ondoren aurrenik* bilduriko talde protestaria. Eliza osoko jokabideez eta Euskal Herriko egoeraz gainera, Bizkaiko diozesiko egoerak eta orduko apezpiku integrista zen Gurpide jaunaren agintearen giro sorterazi zuen apezen lagunarte hori. Honen ekintza gogorrenak, hauk izan ziren: 1968.ean, 60 apezen egun luzetako egonaldi bat antolatu zuen Derioko seminarioan, Gurpide apezpikuaren kontrakoa batez ere, eta ageri garrantzizko bat atera zuen apez talde horrek, Eliza pobrea, librea, eragilea (dinamikoa) eta herritarra (bertakoa) eskatuz. Gero ere gose greba bat egin zuten lagunartekoek Bilboko apezpikutegian, Euskal Herriaren egoera latza salatuz. Horietako asko espetxean egonak dira, edo oraino ere han daude.

 Sozialismoaren aldeko kristauak (SAK) berriagoak dira, eta berez ez dira Euskal Herriko fruitua. Ez dira, aurrenik behintzat, Eliza ofizialaren kontrako protesta bezala agertu, sozialismoaren bidetik kristau bizitzaren eta fedearen bide berriak urratzeko baizik. Bizkaian hedatuxeak dira azken bizpahiru urteotan; baina orain Gipuzkoan eta Nafarroan ere zabaltzen ari dira.

Ba dira beste bi elkarte, Eliza ofizialaren Ekintza Katoliko bezala agertzen zirenak, baina Kontzilio ondoren harengandik alboratu direnak! Herri Gaztedi eta JOC, Gipuzkoan behintzat eta neurri batetan Bizkaian ere, ezin daitezke Eliza ofizialaren erakundetzat hartu une hontan, eta bai alboko Eliza horren parte bezala.

Iparraldean, «Fededunak» elkartea sortu zen Kontzilio ondoren, euskarazko katekesia eta liturgia aurrera bultzatzeko. Inolaz ere iraultzaile ez baldin bada ere, gizarte arazoetan eta euskarari eta euskal kulturari buruz oso burrukalari agertu da Eliza ofizialaren aurrean.

Azkenik, aipatu beharra dago, hegoaldean bere indarra duen «Hermandad sacerdotal» delakoa. Kontziliotik jasotako dinamika neurritsua ere ezin irentsiz, atzerakoitasun eta integrismorik nabarmenenean finkatu dira de hortako apezak eta haien inguruko laikoak. Horrela, euskal Eliza ofizialaren erreformismoarekin topo egin dute, eta harengandik baztertuta gelditu. Zuzenean beraien boletina ez baldin bada ere, beren oso hurbilekoa dute, azken bi urteotan dohainik* eta eurrez* banatzen den SIR itxuragabeko panfletua.

Alboko Elizaren betiko galdea eta arazoa hauxe da: Nondik nora alboratu da edo nork alboratu ditu? Eta Eliza ofizialaz kanpotik lan egiteak onik ba ahal dakar? Ala barrutik bilatu behar da haren jatortasuna eta benetako aldakuntza? Horien akatsetako bat, Eliza ofizialaren aldakuntza sakona eta sustraikoa kanpotik bilatzea da.

Eliza ixil hori

Azken hamar urteotako Euskal Herrian ba dago Eliza ixil bat ere: Eliza ofizialaren inguruan oraindik ere zintzo irauten duena.

Kontzilioan ez zuen horrek hitzik egiteko aukerarik eduki. Baina handik entzun zituenak esperantzak sortu zizkion alde batetik, eta bestetik zalantzak ere bai. Kristau herriaz, laikoen edo sekularren erantzunkizunaz* etab. hitz asko entzun zuen Kontzilio garaian. Geroztik ez du alde hortatik berrikuntza berezirik ikusi Elizan, eta harrituta eta ixilik geratu da.

Beste aldakuntza asko ikusi du, ostera, apezen eta erlijiosoen aldetik. Hauen bizikera, liturgia eta irakatsiak ere aldaturik ikusi ditu sarritan, eta kristau herri horrek ez ditu ulertu. Eta horregatik harriturik eta ixilik gelditu da, bere zalantzak kendu ezinik, eta Eliza ofizialarekiko zintzotasunari nola hala eutsiz, eta Kontzilio hura elizgizonek egina eta elizgizonentzat batez ere moldatua izan zela pentsatuz.

Azken hamar urteotan erlijio ohitura asko erori dela ikusi du Eliza ixil horrek: herrietako mixioak, bederatziurrenak, prozesioak... Gauza hauen eta beste askoren kentzea jasan* du ixilean eta zalantzaz beterik. Homiliak eta hitzaldiak ugari eskaini zaizkio; baina Eliza herritar bat sortzeko parterik ez zaio eman.

Izenik gabeko Eliza

Azken hamar urteotan beste «kristau» motarik ere sortu da Euskal Herriko Eliza hontan: hau da, Eliza ofizialean erabat* «erre» egin dena, eta bere kristau bizitzan Eliza hori alde batetara utzi duena. Holako lagunen artean ba daude apez izanak, edo apezgai izanak, oinarriko elkarteetako kristau kezkati izandako zenbait lagun ere, edo Ekintza Katoliko erakundeetan gogotsu lan egin izan duenik.

Sarritan jakin ere ez dakite zer neurritan eta zer eratan dauden Kristoren Elizaren eta Eliza ofizialaren barnean. Batzuri ez zaie axola ere horrelakorik jakiterik. Herriarenganako zintzotasunez, berorren alde gogotsu lanean ari direlakoan, beren giza ametsa eta beren gizabidea betetzen eta —askok— Kristorenganako leialtasunez jokatzen ari direla uste dute.

Bakoitzaren barne arazoak aparte, herriaren eta gizarte zapalduaren ekintzan eta burrukan adierazi uste dute beren benetako fedea, maitasuna eta itxaropena. Horregatik, dogmazko formuletan formulaturik gabeko fedea bizi eta izenik gabeko «Eliza» osatzen ote dutelakoaren ustea du zenbaitek.

Beharbada hauxe da, azken hamar usteotako Euskal Herriko Elizaren historian jazo* den gertakaririk harrigarriena, aurreko historiari begiratzen bazaio behintzat.

Paulo AGIRREBALTZATEGI


Euskal teologia baten bila

Azken urteotan sarri entzun izan dugu, euskal teologia baten premia larria salatzen duen mintzo* garratzik. JAKINek Kristau Bidea izenaz argitaratu duen Holandako dotrinaren itzulpenak, horixe besterik ez die gogoratu batzuri. Honi buruz elkarrizketa eta eztabaida franko egina naiz. Hala eta guztiz ere, argibideak inori eskaintzeko baino hartzeko iaioago* dakusat* neure burua.

Teoriaz argi dago. Kristautasunak, kanaandar kulturan eta orain dela bi mila urte bizi izan zen gizona gizadi* osoaren behin eta betiko ardatza dela sinesten du. Atzoko eta biharko gizonak —hemengoak eta hangoak— Jesusen mezua* adituko badu, ulertzeko moduan eman behar zaio. Eta, gizon hau desberdina izanik, era desberdinetan eman. Tokiak, kondairak, kulturak, munduikuskerak, hizkuntzak, ohiturak eta abar luze batek sortu duten belarri berezi horrek ulertu ahal izateko era desberdinetan.

Eta hau argi dago. Eta halaxe uste izan da beti. Guti edo asko Kontzilioak kristau mezuaren kultur desberdintasunari egokitu beharra hainbeste azpimarkatu badu, neurri on batetan premia ikusi duelako izan da nonbait, eta, hain zuzen, egia hori ustez eta egitez ahanztuxea zegoelako noski.

Euskal Herririk esistitzen bada (eta hau ez dugu egiaztatuko; dakienarentzat alferrikako litzateke, eta ez dakienari alferrik eskainiko genioke liburu lodikote bat) eta Herri hontako gizonak belarri berezirik badu, belarri horrek jasotzeko tankeraz jantzi beharko du kristau mezuak. Beraz, euskal teologia batek ere horrelakoa behar luke izan. Hau da, kondaira, hizkuntza, pentsakera, ekonomi eta politik egoera eta abar berezi batzuk egin duten gizonari mintzatzen zaion teologia.

Eta hau ere argi dago. Baina teoria da soilik. Teoriazko printzipio sabelaundi izugarri bat. Eta ez dakit, haren errai barrunbea huts eta antzu ala izor dagoen. Horregatik, orain esan dugunari hutsaren parekoa derizkiot,* zerbait zehatzetan zertzen ez den artean. Eta hemendixek azaltzen zait argi ez dagoen mila arazo.

Euskal teologia, euskaldunari egokitutako teologia omen dela esan dugu. Baina «euskalduna» eta «teologia» izenek errealitate oso korapilotsu eta aberatsa estaltzen digute segurkienik. Nor da euskaldun? Zerk egiten du gizona euskaldun? Aspaldiko polemika metafisiko erabakiezineko honi askabiderik eman nahi gabe, zalantzarik ez dut egiten, hizkuntzaren berezitasuna, euskara (eta honek katetik dakarren ondoriotasuna) dela euskal gizonaren sortzailerik nagusienetakoa. Baina eta teologia? Oso oker legoke, errealitate monolitiko bat bezala ulertuko lukeena. Ezjakinak edo Ebanjelioa ulertzeko askatasuna ezpata- eta eskumiko* kolpeka besteri ukatzen dion teologi modu sasiko batek* bakarrik sinets dezake hori.

Euskal teologiak euskaraz behar luke izan. Baina euskal teologia ez da «teologia euskaraz». Itzulpen soilak teologia holandarra edo frantsesa (horik* esistitzen diren ikusi beharko litzateke) euskaldun bihurtuko balu euskara hutsa dela euskal gizonaren izatea osotu duen faktore bakarra onar eraziko litzaiguke eta.

Hizkuntzarena ez da arazo formal hutsa. Baina mamiaren aldetik sortzen dira, euskal teologia zer den mugatzeko eragozpen zailenak. Vallecas-eko apezeriaren teologia «euskaldunago» ikus dezake norbaitek, «Hermandad de San Ignacio»ko lagunek euskara ederrean eta herrikoian* eman lezaketena baino (euskaraz ezer atera dutelakoaren berririk ez dut; eta bide batez, nola du euskal izena talde klandestino honek?). Baina Cuencako zokotik zabaltzen den irakasgo oparoaz* Euskal Herria argitu nahi duenik ere ez da faltako. Eta ez dut uste izugarri konponduko genukeenik, euskal teologiak pluralista izan behar duela esanez.

«Euskal teologiaz» mintzo direnen (neu ere tarteko naizela, gaur behintzat) eta haseran aipatu ditugun asmo eta arrazoiak ezertan ukatu gabe, honako hau ere aitortu nahi nuke. Ez dut ikusten, mamiari gagozkiolarik, zerk bereiz litzakeen teologia katalana, andaluziarra, frantsesa, espainiarra edo euskalduna, izenaren desberdintasuna merezitzeko eta justifikatzeko. Horregatik ez nintzateke «euskal teologiaz» mintzatuko.

Izena gorabehera, ordea, euskal teologoak eginkizun larri bat dauka: Gaurko euskal gizona astintzen duten gizarte, politika* eta etika* arazoak bereganatuz, kristau mezua bizi eta birpentsatzea. Hortarako ez dauka hutsetik hasi beharrik. Taldeka edo bakarka kristau eta apez asko euskal gizon modernoaren arazoak Jesusen mezuaz argitzen saiatu da. Azken urteotan azaldu diren ageri,* gutun,* protesta eta dokumentuak dira testigu publiko, erdi isil edo isilak. Homili mailan egin den pentsaketa lana ere oso kontutan hartzeko litzateke. Goitik, ofizialki edo erdi ofizialtasun diplomatiko batez jantzirik azaldu diren dokumentuak ere ez da arinkeriaz gutiets* dezakegun materiala. Hau guztiau bildu eta gorputz bat egitea izango litzateke teologoaren eginkizuna.

Euskal teologia bai ala ez? Mataza katramilatu honek harimutur bila jira eta bira ibili naiz. Beste norbaitek aurki dezan, ez ahal* nion nahasiago utziko behintzat!

Manolo PAGOLA


Euskal erlijiosoen urteroko batzarra

 Euskal Herria fraide eta seroratan* oso aberatsa da. Esportaziorako ere hainbeste ditugu: munduan zehar sakabanaturik asko dago.

 Iruditzen zaigunez, Euskal Herriaren historia bera lekuko,* euskal erlijiosoek (serorek gutiago) herriarengandik hurbil egon nahi izan dute. Baina, oraintsu arte, elkarrekin biltzeko premiarik ez dute nabaritu* Orain lau urte hasi dira euskaldun bezala biltzen, bizpahiru egunez, Loiolan.

 Batzar horien nondik norakoa jakin nahian, han urtero egon ohi den batengana jo dugu, zenbait galdera eginez:

1. Noiz eta nola hasi ziren euskal erlijiosoen Loiolako bilkura* horik? Historia apur bat.

2. Zeintzu dira Batzarraren asmoak eta helburuak?

3. Nor joaten da? Partaideak nortzu dira?

4. Zein da horko problematika nagusia?

5. Zein da aurtengo Batzarraren gai nagusia?

6. Zer etorkizun du Batzarrak? Nondik jo behar luke?

***

1

1972.eko udaldean sortu zen zenbait lagunen artean —Eugenio Agirretxe, Joxe Luis Zinkunegi eta beste tarteko—, euskal erlijiosoen bilera bat egiteko asmoa. Euskal erlijiosoek Euskal Herriari buruz duten eginkizunaz gogoeta saio bat egiteko asmoz antolatu zen bilera hura.* Eguberritan* bi egunez egin zen batzar hartan, hirurogei bat fraide eta serora bildu ziren; eta nahiz denak batean, nahiz taldeka, azterketa bizi bat egin zen, euskal erlijiosoek egiten zutenaz eta egin beharrezko zutenaz Euskal Herriari begira. Hiru izan ziren taldeka azterturiko alorrak: Erlijiosoen etxebarneko jokabidea; irakaskuntzan duten eginkizuna; eta euskal apostolutzarena.

Lehen batzar hartan idazkaritza* bat sortu zen eta zenbait batzorde, urtean zehar han sorturiko asmoak aurrera eramateko.

Ondorengo urteotan, arazoak eta gaiak eta batzordeen eginkizunak zehaztuz etorri dira. Baina batez* beste tinko iraun duten gaiak, hauk izan dira: Etxebarneko bizitzarena, irakaskuntzarena (erlijiosoen ikastetxeak eta ikastolak), apostolutzarena eta argitalpenena. Alor hauetan zeresanik ba dutela uste dute euskal erlijiosoek, Euskal Herriari begira.

2

Batzar hauen asmoa, gogoeta eta azterketa mailan gelditu da orain arte. Inoiz pentsatu izan da benetako elkarte iraunkor bat sortzea ere, baina bide horri ez zaio oraingoz behintzat gogoz heldu. Horregatik, nolabait, urteroko batzarraren gogoeta eta azterketa mailan gelditzen da batzarraren beraren eginkizuna. Hala ere, esan beharra dago, gogoeta eta azterketa horiek, erlijioso bakoitza, urtean zehar bete beharreko erantzunkizunaren* jabe egin nahi dutela. Bakoitzak bere tokia du, bere lana eta bere egitaraua. Horregatik erlijiosoen batzarrak ez dauka beretzat egitarau handirik egiterik. Baina, batzarraren luzagarri eta horri nolabait eusteko eta horko asmoak bideratzeko, batzordeak sortu ohi dira.

3

Euskal arazoaz fededun eta erlijioso bezala kezkaturik dagoen jendea joan ohi da, gizonezko nahiz emakumezko. Hortik aparte, joera guztietako jendea joaten da, eta adinez* ere, maila guztietakoa. Horregatik ere, egitarau zehatzik egiteko eta aurrera eramateko baino areago* izan ohi dira bilera horik, elkarrekin gogoeta eta azterketa egiteko. Ba du horrek arriskurik: moteltasun batean erortzea, alde batetik; eta bestetik, Euskal Herriak dituen arazo bizienak eta beharbada geure artean banatzen gaituztenak, alde batera uztea. Eta hontan akatsik ba dute Loiolako Batzarrek.

4

 Loiolako euskal erlijiosoen batzarrek topikoetan, betiko leloetan* gelditzeko arriskua dute, batzar bakoitzerako gai konkretu bat ematen ez baldin bada, eta jendea prestatuta joaten ez baldin bada. Puntu nagusi batzu, beti edo ia beti agertu direnak, hauk izan dira: Nola jabe eraz Euskal Herrian dauden erlijioso guztiak, eta bereziki serorak, euskal arazoaz. Nola sar euskarazko eta euskal kulturazko orduak eta ikastaroak erlijiosoen ikastetxeetan. Nola sor eta ugari euskal katekesi eta pastoraltzarako tresnak: liburuak, aldizkariak...

5

Aurtengo batzarrerako gai konkretu bat edo ikuspegi konkretu bat hartu dela uste dut, aztergai bezala: hau da, Euskal Herriaren baterakuntza edo integrazioa. Gure herriaren arazorik nagusienetakoa dela uste dut aurtengo hau, eta euskal erlijiosoek ba dute zeresanik eta zereginik hortan. Hiru hitzaldi edo gai nagusi emango dira bilduko diren guztientzat, gaiaren alderdi nagusiak sakonduz. Soziologiaren eta antropologiaren aldetik aztertuko da aurrenik* Euskal Herriaren baterakuntzaren arazoa; hizkuntzaren aldetik aztertuko du beste hitzaldi nagusi batek; eta azkenik hirugarren batek, euskal politikan edo sindikalismoan diharduten taldeek Euskal Herriaren baterakuntza hortaz zer eritzi eta zer egitarau duten aurkeztuko du. Gero, berriz, talde bakoitzean (etxebarnekoan, irakaskuntzakoan, pastoraltzakoan eta argitalpenetakoan) konkretuago aztertuko dute euskal baterakuntzaren arazo berori, eta agian* hurrengo urterako eginbideak urratuko.

6

Etorkizunik ukan lezake euskal erlijiosoen «elkarteak». Baina aukera bat egin beharra dauka: edo euskal CONFER moduko bat bihurtzea, eta orduan zabalagoa, ofizialagoa eta bai amorfoagoa ere izango litzateke; edo eta talde bilduago eta pentsakera aldetik ere zehaztuago bihurtzea, euskal erlijioso, Eliza eta Herri osoari euskal arazo konkretu eta oraingoen azterketa eta argibideak emateko, eta horik konpontzeko bideak urratzeko. Talde hau ez litzateke izango erlijioso guztien erakundea,* eta bai legami* moduko bat; urte hauetan ezagutu dugun batzar eta batzorde horik baino biziagoa eta burrukalariagoa izango litzateke.

Bide biak, egokiak eta beharrezkoak ikusten ditut. Baina, gaurko Euskal Herriaren politikazko, gizartezko eta kulturazko eta erlijiozko dinamikari begiratuz, beharrezkoa ikusten dut aurren aurrenik, dinamika bizi, ezkertiar eta iraultzaile hortatik abiatuko den erlijioso talde eratu bat, Eliza osoaren eta erlijioso guztien bultzatzaile izan dadin, erlijiosoentzat biziera berriak asmatuz eta urratuz.


Eliz barruan? Elizatik kanpo?

Azken urteotako krisialdiaren eta burrukabideen testigutza zenbait presentatu nahi izan ditugu. Eritzi eta joera desberdinak plazaratzeari interesgarri derizkiogu.

Erlijiozko krisiaz ez baina Eliza instituzionalarekikoaz arduratu gara oraingoan. Krisiaren eta burrukaren neurriak nolabait hartzeko, apez eta laiko zenbaiti galdera bat bidali genien. Hauxe zen galdera:

«Gaur ezagutzen dugun Eliza instituzionala zergatik utzi (edo hartan jarraitzen) duzu? Bizpahiru arrazoi nagusiak».

Galdera jaso zuten apez eta laiko horik, Eliza ofizialaren egitura ofizialetatik edo lan modu tradizionaletatik kanpo daude, edo hortxe hortxe. Gainera, apostolutza mugimenduetan ibili dira edo dabiltza, edo politik, kultur eta langilego arazoetan oso sartuak daude.

Erantzun dutenen artean, laiko baino apez gehiago dago. Apezek ia denek erantzun dute. Ez hola laikoek. Erantzule batzu oso konprometituak edo oso ezagunak dira. Baina, ikusten denez, izenik gabe agertzea nahiago izan dute. Ikusten da: beldur da oraindik jendea, beren eritziak ozenki* ezaguterazko beldur. Inguruaren beldur gehiegi ez ahal dago bazterretan? Gure giro hitsiaren* saiakuntza bat irakur liteke hemen.

Kristautasun eta Herritasunaren erantzunkizunak* eraginda, aspaldiko egoera larriak sarri eta sarriago aztertu beharrean aurkitu gara, bakarrean, lagun artean. Eta hemen Eleiza instituzionalagaz topo egin dugu.

Teorian gehien batez ados* ginen, zigortuen, ezjakinen eta zapalduen alde egon behar zala eta abar. Baina, konkretuki, herri barruko, inguruko eta gizarte mailako arazoetan, ez zegoan aurrera joaterik.

Eleiza honek benetako kinkari* HUTS egiten dio! Orduan, zertarako egoera asko eta asko zehaztu, gero ezer ez egiteko?

Ez da nire asmoa inor kritikatzea. Eramankortasun zalea naiz, eta hor konpon bakoitzaren jarrerak.* Nire esperientzia, berba bitan esanda, hauxe da: Eleiza instituzionalarenganako konfiantza galdu nebala. Erremin barik baina tinko. Argi ta garbi.

M.A.

***

Eliz mogimendu eta baseko komunitateetan jokatu ondoren, ertz honetara heldu naiz: Ez, ez dut onartzen Eliza Ofiziala.

Vatikano Bigarrenaren mamia —ia dotrina guztien antzera— ederra da, zer esanik ere ez; baina Eliza hori ez da ausartu ageririk ematen. Zapaltzaile agertu da beste edozein indar bezala. Herri zehe, behartsu eta zapalduei jaramonik* egin gabe eta handikiekin bat eginda, nora heltzeko! Ez Herriari ez herritarrei ez zaie luzatu besoa benetako gogoz eta bidea batera egiteko asmoz. Orduan, ez!

B.

***

Eliza instituzionalaren mugetan nago, bainan alde barnetik. Zergatik ez dutan utzi?

Herri kontzientziarik ez klase kontzientziarik oraino ez duen iparralde hontan, bat eta bestea piztu beharrez borroka egiten dut. Bai, sail horietan, minoria batzu gara, abertzaleak, are* gehiago abertzale sozialistak. Beraz, kristau bezala familia zabalago batean egoiteko beharra senditu duket.

Baina Herri Ekintza da ene funtsezko* parropia.* Hona, Maidalenako mendian urriaren 26an egindako jaian, eliza mugimedu horrek eman zuen ikuspegiaren zati bat (ez daite guzia kazetan agertzeko gai):

«Herri Ekintza izeneko mugimendua ez da ez politikako alderdi bat, ez sindikat bat. Alderdiak eta sindikatak badira jadanik,* eta horietan parte hartzen dugu Herri Ekintzakoek; bainan Herri Ekintzan egiten duguna da gure urrats* guzietaz eta gertakarietaz girixtino bezala gogoetatzea.

Girixtino talde bat gira beraz, elizatiar multxo bat.

Euskal Herri barnean Elizaren zati bat gira, ez edozoin eliza, bainan populuaren edo Herriaren eliza, bereziki, laborari, langile, ofiziale ttipiena.

Gure arrangura da ttipien, behardunen, gaizki ibilien* aldean izaitea, bestek ez baitute gure laguntzaren beharrik.

Herritarra eta herrikoia izan nahi du Herri Ekintzak, eta hemen Euskal Herrian gira. Ukatua den Herri batean, zeren* populu eta herri hau ukatzen eta urkatzen dute eraikidura guziek, Estatu, Gobernu, partitu, jaun, diruzale, sozietate haundi, administrazione eta Elizaren parte handienak berak. Euskal Herriaren osotasuna nork onartzen du haundi-mandietan*? Kargudunetan?

Edozoin gizoni egina zaion edozoin injustizia eta bidegabekeria gudukatzen dugu. Bidegabekeria horik gure herrian eta auzo herrian gertatzen direlarik, handiago baizik ez da gure kexua.

Gisa berean gaitzesten ditugu, injustizia eta gertakari batzuez egin diren basa* kondenamenduak eta hautsimautsiak,* eta nolaz ez apezpiku batzuenak eta halaber* Aita Sainduarenak. Bortizkeria guziak hein* bereari ezarri dituzte, zapalduarena eta zapaltzailearena ados* igorriz,* axeria eta oilarra zaku berean emanez. Gisa hortan axeriak aintzina* ere irri eginen du...»

Jean-Louis DAVANT

***

Eleiza instituzionala utzi edo onhartu?

Une honetan kristau fedeak ene barnean sortzen duan kezka eta ardura beste bat dut.

Jainkoaren erreinua gaurko gizonon artean ari dala onhartzen dut. Behartsu, zapaldu ta sakabanatutako gizonok askatasun eta anaitasuneruntz darabilguzan bide latz, hestu eta erripatsuetan* Jauna bera gizonok askatzen ari dala, Kristoren Barri Onaren muina dala sinesten eta onhartzen dut.

Hau honela izanik, gaurko gizonok askatzen gaituzten burruken barnean aurkitzen ote naizen, neure buruari sarritan galdetzen diot. Burruka horrentzako indarra edo oztopoa ote naizen dut neure fededun ardura nagusia.

Kristau fedearen exigentzia hauei erantzun nahirik, Eleiza indartsu batekin aurkitzen naiz. Eleiza horretan, egia esan, herri burrukan murgiltzera bultzatu nauan esnea xurgatu dut. Baina burruka hoietan murgildu naizenean, Eleiza horrekin topo egin dut. Eleiza berberori gizonon askatasunerako bide burrukatsu hoietan oztopo eta arerioa agertu zait. Eta, tamalez,* baita zapaltzailea ere.

Neure aukeratzea egiteko ez dut izan zalantzarik.

Bada* Eleiza, fededunentzat noski, ez dugu absoluto bat. Bere tokian Eleiza jarri behar dugu. Jainkoaren erreinuaren morroi bat besterik ez dugu Eleiza. Eleiza bera eta Eleizako instituzio guztiak fede askatzaile eta burrukalari baten zerbitzuan ez badaude, gezitutako gatza besterik ez ditugu. Eta gatz gezitua...

Eleiza utzi ote dut?

Nire eztabaidatu eta ertzeko jokabide hauek, egiazko fededunen elkarte bat izatera Eleiza bultzatzen dutela usten dut. Eta itxaropen horrekin, gizonon burruken barren barrenean murgildurik, jo ta ke jarraitzen dut. Kristoren fedeak eta Eleizarenganako maitasunak eraginda.

APAIZ BAT

***

Ni ez nauk pertsona egokia Eliza instituzionala onartzen dudan ala ez esateko. Baduk zenbait urte ez naizela sinesdun, edo horrela uste diat behintzat, ez naizela. Hori horrela izanik, ezin Eliza instituzionalizatuaren aldeko izan edo barru egon, ez eta aurkako eta kanpoan egon ere. Bazter niagok, hori duk guztia.

Hala ere, eta kristau sentituko banitz, eliza beraren barrutik aldaketaren alde burrukatzen saiatuko nindukek. Nere iritziz gaurko gizartean kanpotik jardutzeak ez dik zentzurik; edo, hobeto esan, ez dik etorkizun aprobetxagarririk. Ezagutu izan dizkiat, orain bospasei urte, Madrid aldean, Elizaren instituzioa arbuiatzen zuten kristauak, eta instituzioaren kanpotik, eta behar izanik beraren aurka, kristautasun oinarrizko eta ebanjeliko bat bizi nahi zutenak: horien artean, Mariano Gamo apeza, eta beste Madrid-tar eta katalandar apez eta seglar batzuk. Nik dakidanez ez ditek aterabide berri eta ederrik sortu, eta gainera ordurako ere zeharo erreta zeudeken eta narzisismo nabarmen bati emanak... Pena dek esan beharra, baina hala huen nik ikusia. Gainera, eta hori «a priori», españolista fin eta amorratuak hituken; hortan doi-doian disimulatzen ziten, eta kontuan hartuz gainera nik ezagutu nituenean apez euskaldun abertzale batzukin harremanetan zeudela...

Nik, zerbait egitez gero, kristau eta gizon politizatu bezela, barrutik egingo nikek lan. Bazekiat zailago dela barrutik jardutzea, «zikinago», erregarriago, baina kanpoko opzioei ez ziet etorkizunik ikusten. Oso marjinalak izango dituk beti mogimendu hoiek, ezin bestean. Ikusten ari gaituk eliza uzten duten gehienek Euskal Herrian zer sortzen duten: ezer ez. Beren doi-doizko bizitza pertsonal bat, eta zerbait egitez gero politikari lotu (hori zerbait egiten dutenek).

Elizak asko kutsatu dik Euskal Herria, eta zordun dek. Nere iritziz responsabilidade haundia ditek orain arte Elizaren barruan egon direnek, eta gero kojoka jarraitzen dutenek... Jakiña, arazo hauetaz bazterretik jardutea, nere kasoa den bezela, errazegi duk; beraz, ez nikek nahi azken iritzi hauei kaso gehiegirik egitea. Krisis izugarri honen barruan nahikoa egiten dik gizarajo askok (apezetaz ari nauk, gehienbat) beren duintasun pertsonalari eutsiz; ez dek gutxi.

L.

***

Lehengoz eta behin, Eliza honen barruan jarraitu nahi nukeela esan nahi dizuet.

Egun* une askotan ez zait batere erraz egiten, oso neketsu eta gurutze zakar* baino. Hala ere, neure kasuan, ez dut beste egiazko Elizarik onartzen. Elizatik at* Jesukristoren eraginik eta salbaziorik onartzen ez dudanik ez dut esan gura; ez, oso besterik baizik. Aukera eder eta zabal bat ikusten dut. Nik, barrutik lan egitea onartzen dut.

Eliza hau itxurati, lege kutsuko, urre zale, agintearen gose-egarri nabaritzen* dut. Baina, une berean, Jesukristoren eta neure Eliza bakarra eta egiazkoa dut. Juduen Elizak Jesukristo eskumikatu* eta hil egin zuen. Jesukristok Eliza harekin ez zuen hautsi. Berria sortzerakoan, lehengoarekin ez zuen eten.

Neure garbizaletasunaren muina, sarritan, neure buruaren harrokerian ikusten dut. Besteren aurrean, ez dut bekatari, neure familiarekin kutsatua eta konbertsio mailan agertu nahi.

Beharbada, barruan jokatze honek, neure burua erre eta kiskailtzea eskatuko dit. Egun, gurutze honi zentzu osoa aurkituko nioke.

A.

***

Zergatik Elizaren barnean segitzen dudan? Ba dut arrazoirik barnean jarraitzeko, bai.

Nire ustez, edozein giza talde edo elkartek, izan nahi badu behintzat, instituzio batzu behar ditu, konplikatuak edo ez, garbiak edo ez hain garbiak. Zalantzarik gabe, Eliza katolikoa ere lege honen barruan dago. Gehiago oraindik: historian zehar (dela erromatar kulturaren asimilazioan, dela erresuma* modernoen jaiotzan, dela Frantziako Iraultzan...) ez zuen «iraungo», bere jarraipen historikoa segurtatuko zuten instituzio batzu izan ez balitu: dotrina sistema, barne organizazioa...

Bestalde, ez dut nik ukatzen ba dagokeela puntu batzutan Ebanjeliotik hurbilagoko talderik. Hala ere, uste dut, eta zintzoki uste ere, bere akats pertsonal eta instituziozko guztiekin ere, Eliza katolikoa dela gaur egun «bere osotasunean», Kristok sorturiko lehen komunitatearekin hobekien identifikatzen dena. Bere batasun sendoa du, hainbeste jende on barnean, munduarekiko ekintzarako bide berriak irekitzeko posibilitatea, nekerik gabeko ahalbidea* ez baina egiazkoa bai: eskolastikak, irakaskuntzara emanikako serorek horixe adierazten dute.

Barruan jarraitzeko beste arrazoi inportante bat niretzat. Sinesturik* nago, gaurko eliz estrukturek (aginte egiturek,* burokrazia eta guzti, alderdi baten estrukturen antza dutenek) eboluzionatu egin behar dutela, eta puntu askotan iraultza egin. Baina «taktikarik» bidezkoena,* barrutik egitea dela iruditzen zait.

Munduari begira, gaur Euskal Herrian, guztizko liberaziorako benetako balore bat da Eliza, berez eta bere instituzio sare hedatu* eta zabal hauekin: lokalak, irakaskuntza lekuak, informaziobideak, eta batez ere herriari dei egiteko eta biltzeko ahalbideak, igandeko elizkizunetan, esaterako.*

Eta azkenik, eta oro* har, denak Kristorengana eramatekotan, bost axola niri, San Paulori bezala, juduekin judu bilakatzea,* erromatarrekin erromatar, fraideekin fraide, apezekin apez, Elizak barnean gordeta dituen aberastasunak atera eta gizonei eskaintzekotan.

ILARREGI

***

Apez izaten segituz, parrokiako lanbidea zergatik utzi nuen, bi hitzetan adieraztea ez da erraza. Hogeitaka urtetan amestutako bizimodua ez da nolanahi uzten gogo onez, inork behartu gabe, inork eskatu gabe. Tamaina hontako erabakiak ez baitira gauetik goizera hartzen. Pentsakeran eta jokabidean aldaketa prozesu barrenean ikus daiteke. Ez bestela.

Kontzilioaren ondoren, Gipuzkoako apez eta fraide gazte talde batek Euskal Herriaren eta Elizaren azterketa egin genuen, ahal zen sakontasun osoz. Eliza berritu nahi genuen eta geure herriaren martxara moldatu. Bizkaian ere ari zen beste talde bat berdintsua. Izpirituak gogor bultzatzen gintuen garaiak ziren. Euskal Herri langilearen kaltetan Agintarien eta Elizaren sasi ezkontza hautsi eta, Eliza herriaren burrukan xerta* zedin, hil edo bizi jokatu genuen. Guk, geure aldetik, pauso hauk ematea erabaki genuen:

- Kristau elkarte biziak sortzen ahalegintzea.

- Estatuaren eskutik jaso ohi den «soldata», herriaren zerbitzutan erabiltzea.

- Parrokia bazter edo ez, nork bere bizibidea aukeratzea; ahal izanez gero, esku langile fabrika batetan.

Urteak pasa arau,* burruka baretu egin zen, halabeharrez. Kristau elkarte biziak gure artean oraindik sortzeko daude, guk nahi genuen tankerakoak behintzat. Eta hobe, beharbada. Apez kutsu gehiegikoak izango baitziren. Bestetik, Agintariek eta Elizak, ijitoen gisan* haserre itxura batzu erabili arren, biek ondo elkarturik segitzen dute. Biei komeni baitzaie elkarrekin konpontzea herriaren kontura «jan» ahal izateko.

Horrela bada, langile jendea eta batez ere gazteria zen eta da nire eginkizun nagusia. Hortarako laguntza zen heinean* segitu nuen parrokian; eta laguntza ez baina oztopo eta frenu zitzaidala konturatzean, utzi egin nuen orain dela hiru urte.

Juan DORRONSORO

***

Eliza instituzionalak kanpo xamarrean edo utzi banau, ba liteke arrazoi nagusi hauengatik izatea. Uste dudalako:

a) Kristau fedeak ez duela zerikusirik Eliza instituzionalaren eta honen alderdi progresistaren filosofiarekin eta moral burgesarekin.

b) Gizarte kapitalista batetan, egiazko maitasuna, klase zapalduaren alde eta zapaltzailearen kontra burrukatuz agertzen da.

c) Piztuera esperantzak klase zapalduaren iraultza esperantzan oinarritu behar duela.

Susmo txiki bat ba dut, Eliza instituzionalaren eta honen alderdi progresistaren anatema —edo, guttienik, mesfidantza— bete betean erortzen dela fede ikuspegi honen gainera, gaurregun.

Eusebio OSA

***

Lehenik esan behar dudana: ez dakidala zenbateraino edo zer heinetan* jarraitzen ez-eta utzi dudan Eliza Instituzionala delako muntadura* tzar hori. Ez nauk* sobera* arduratzen ere hortaz. Galde honek, beraz, ez dik* niretzat zentzurik.

Hala ere, nire jarrera* zernolakoa den adieraz dezadan nahi baduk, hauxe esango diat:

- Ahal den apalkien eta zintzoen fedea bizitzen nahiz indarberritzen, Jesus Nazaretekoaren Ebanjelioan oinharrituz naizela entseiatzen.

- Indibidualkeriazko erlijio mota eta beste erlijiokeria oro* biziki higuingarria zaizkidala.

- Kristau elkarte batetan, elkarren parean bilaketan ihardunez, eta gizartearen historiaren dinamikan xertaturik,* herriaren zerbitzuari ematen diodala garrantzirik handiena.

Jaxinto SETIEN


Azken hamar urteotan. Kristauak Euskal Herriaren burruketan

Euskal arazoaren biziagotzeak eta larriagotzeak markatu du hamar urteotako Euskal Herriaren historia. Arazo hori, ordea, ez da hizkuntzarena bakarrik, edo eta euskal kulturarena, edo eta euskal kulturarena, edo eta politikazkoa, edo eta gizartezkoa bakarrik. Hauen guztion batasuna eta osotasuna da euskal arazoa: Euskal Herri Langilearen arazoa, halegia.*

Burrukak sinaturiko* urteak dira hauk.* Burruka odolduna askotan, odolgabea etengabe. Ez da taldeño baten edo besteren burruka hitxia izan. Herri ixila bera ere burruka giroan girotua bizi izan da. Kristauak ere tarteko izan dira burruka bizi hortan.

 Pacem in terris Entziklikak (1963), Kontzilioak eta geroago Populorum progressio Entziklikak (1967) jabeagotu egin zituzten kristauak, gizonen eta herrien politikazko, ekonomiazko eta kulturazko eskubideei buruz. Horien argia eta eragina nabarmenak ziren Euskal Herriari eta honen arazoari begira. Ordurako ere bizia zen Euskal Herriko apezen eta kristauen kezka Herriaren egoerari buruz. Ondo nabaritu* zen hori, 1960.ean 339 apezek eliz agintariei bidalitako gutun* haren inguruan —alde eta kontra— sortu ziren istiluetan.* Handik hiru urtetara, ia* 500 euskal apezek beste ageri bat bidaltzen zieten Kontzilioan zeuden apezpiku guztiei, Espainian eta bereziki Euskal Herrian Estatuak eta Elizak zuten lotura eta hemengo giza eta herri eskubideen zapalkuntza salatuz.

Bide hontatik, Ekintza Katolikoaren taldeetan, seminarioetan eta apezen artean ere, joera berriak indartzen dira. Apostolutzaren «garbizaletasunetik» gizarteko kezka eta burruketan beren buruak benetan kutsatzera* jotzen dute, beste militanteekin eta ekintzaileekin bat eginik. Apostolutzazko ekintzatik politikazkora aldatzen da zenbait kristau talde. Oso nabarmena izan zen urte horietan, nola sartu zen euskal politik talde bizienetara seminarioetatik pasaturiko lagun piloa.

Hiru alderditatik ukituko dut hemen, Euskal Herriak azken urteotan bere arazoaren hildotik* eraman duen burruka: politikazko burruka, gizartezko burruka, kulturazko burruka. Hiruretan Herriarekin tarteko izan da nolabait Eliza ere, edo eliztarrak behintzat.

Espetxeratuen, heriotzara kondenatuen* eta hilen artean

1968.etik batez ere, eta ETAren eraginez bereziki, ikaragarriro pizten da politikazko burruka eta larritzen da egoera. Urte hortan hain zuzen ere ematen diote aurrenik ETAko bati, Arrizabalagari, heriotz sententzia, gero kendua. Uda «bero» hortan jazotzen* dira halaber* lehen hilketak tiroka, bai poliziaren eta bai ETAkoen aldetik. Pardines goardia zibila erori* ondoren, Etxebarrieta hiltzen dute. Eta handik aste gutitara «Manazas» Gipuzkoako polizi burua garbitzen du ETAk.

Uda «bero» horren ondotik gaur arte, ia etengabe, bata bestearen ondoren datoz bankuetako diru garbitzeak, poliziaren edo goardia zibilaren eta euskal gerrilleroen arteko tiroketak, hilketak, etxe miaketak,* komisarietako galdeketak eta ordu larriak, epaiak eta espetxe- eta heriotz sententziak. Ehundaka eta milaka dira, urte hauetan komisarietako larriak jasan* behar izan dituztenak, edo etxetik kanpora eta euskal iparraldera iheska ibili behar izan dutenak.

Giro horrek sorturiko herriaren ikara eta larria areagotu egin dira «estado de excepción» direlako horien menpean. 1967.ean ezarri zitzaion aurrenik Bizkaiari egoera hori. 1968-1969.ean Gipuzkoak bederatzi hilabetez egon behar izan zuen horrelako egoeraren azpian, Espainia osoari ere hiru hilabetekoa ezarri zitzaion bitartean. Aurten, berriz ere, Gipuzkoak eta Bizkaiak beste hiru hilabetekoa eraman behar izan dute... Eta ondoren «Terrorismoaren kontrako legea» etorri da!

Hiru gailur nagusi ukan ditu beharbada azken hamar urteotako burruka etengabe honek: 1970.ean, Burgosko epaikuntzakoa eta aleman kontsularen bahikuntzakoa*; 1973.ean, Carrero Blancoren garbiketakoa; 1975.ean, uda hontakoa, heriotz sententziak eman eta bete direnekoa.

Hegoaldean eraman den burruka honek bere jarraipena ukan du iparraldean ere. «Enbata»ren, HASen eta hegoaldetik hara ihesegindako burrukalarien eraginez, biziagotu egin da iparraldeko euskal politik giroa ere. Pariseko Gobernuak Euskal Herritik kanpora bota zituen ETAkoen aldeko manifestazioetan eta gose grebetan agertu da bereziki hango burruka biziena. Baina azken urte hauetan askotaz zabalagoa gertatu* da iparraldean euskal politikazko ekintza.

Burruka hauetan, bai iparraldean eta batez ere hegoaldean, nahasiak* ibili dira zenbait apez, komentu eta apezetxe. Eliza ez da ixilik geratu egoera hortan. Baina homiliez, ageriez* eta bilerez* gainera, burrukaren hildotik bertatik ere abiatuak ibili dira apez batzu, gerrilleroak lagunduz edo gerrillan bertan zuzenean parte hartuz. Burgosko epaitu famatuen artean bi apez ere ba zeuden. 1973.eko udazkenean, Gobernua eta Eliza bera ikaratu zituen Zamorako apez gartzelatuen ekintza gogorrak: beren gelei sua eman baitzieten, eta gero gose greba luze bati ekin eta eutsi. Hala ere, burruka hori begi onez ikus ala ez, gutti izan dira benetan tarteko izan diren elizgizonak.

Langileak elizetan

Hain nabarmena izan ez bada ere, ez da motelagoa izan azken hamar urteotan langileen burruka, sindikal* politika berri baten eta uneko zenbait eskabide konkreturen bila. Baina langileen «sindikal» burrukak politikazko eskabide zabalagoak eraman ditu barnean, azken urteotako Euskal Herrian gertatu diren greba luzeetan agertu denez.

Jakina da, urte hauetan, Euskal Herria izan dela langileen burruken alderdirik beroena Espainia osoan. «Bandas» lantegiko greba* handi hartatik eta beste harelakoetatik azken udazkeneko greba orokorra* arte, langileen burrukak Euskal Herriko bazter gehienak hartu ditu. Altos Hornos, Firestone, Authi, Lesakako Laminaciones, Potasas de Navarra, CAF, Michelin, Etxezarreta papelola, Irurako Emua, etabar luze bat dira euskal langileen burrukaren katea landu dutenak.

Iparraldean langileen burrukak beste aldetatik joan dira: Pariseko eta bertako gobernariek daramaten lanbide politikaren kontra, halegia. Ipar Euskal Herria turismoaren txoko polita bihurtzearen kontra, lantegiak egiteko eskabidea eraman nahi izan dute aurrera iparraldeko langileek.

Baina langile eta gizarte burrukak beste biderik ere urratu du azken hamar urteotan. Ezagunak dira esnezaleen grebak eta manifestazioak eta Nafarroako biperzaleen* burruka biziak. Halaber, azken urteotan oso bizitu da Euskal Herrian kutsaduraren* kalteen kontzientzia eta haren kontrako burruka. Erandioko manifestazio batetan bi lagun hil ziren, poliziaren tiroz. Debako eta Euskal Herri osoko indarretxe nuklearren kontrako burrukak arrakasta* handia ukan du azken bizpahiru urteotan.

Eliza bera ere tarteko izan da langileen greba eta burruketan, neurri batez behintzat. Alde batetik, elizetan eta parrokietako batzokietan* aukera eman zaie sarritan langileei, beren bilerak egiteko. Baina, behin baino gehiagotan, langileek berek hartu izan dituzte elizak, beren manifestazioak egiteko, elizgizonak eta Eliza bera beren burruka horietan nahasiz. Elizaren jokabidea ez da beti berdina izan; baina gehienetan babesmodukoren bat ukan izan dute langileek Elizaren aldetik. Hortaz gainera, parrokia askotan eta diosesi mailan ere diru bilketa batzu antolatu izan dira azken urteotan, greban ari ziren langileak laguntzeko. Gipuzkoan, azken bi urteez geroztik, elizbarrutiko* «Cáritas»ek ofizialki diru bilketa bat edo beste antolatu ohi du elizetan, «premia berezi» horietarako hain zuzen ere. Azken urteotako jokabide honegatik, agintari zibilekin tirabira franko ukan izan du Elizak.

Ikastolak, ideologia, euskara batua, erlijioa: dena nahasian

1966.erako, ikastolek indarra hartua zuten. Baina ordutik honantza hedatu* eta finkatu dira Euskal Herri osoan. Hedapen eta finkapen hontan, izan du bere partea Elizak ere, Gipuzkoan bereziki. 1964.ean, Donostiako elizbarrutiak bere babespean jarri zituen ikastolak, eta horien Elkarte ofiziala sortu zuen. Baina, babes horrekin batera, baldintza batzu ere izarri izan ditu Elizak, erlijioaren irakaspenari buruz batez ere. Eta hemen piztu da, hain zuzen ere, ikastoletako istilu asko.

Ideologiazkoak eta pedagogiazkoak izan dira burruka horik.* Ideologiazko burruka zabalago batetan, erlijioa irakasteko pedagogiaren arazoa izan da burrukaren erdigunea.* Baina hontan eliztarren artean ere eritzi desberdinak burrukatu izan dira, kontutan edukiz ikastoletan oso sartuak ibili direla apezak, apezgai izanak eta apezgaiak. Gainera, ikastola asko parrokietan edo erlijiosoen etxeetan eraiki izan dira. Horregatik, urte hauetan guztiotan Elizaren eragina oso indartsua izan da ikastoletan; eta eliz barneko jokabide eta pentsaera desberdinak nabarmendu dira horietan ere.

Ideologiazko eta pedagogiazkoarekin batera, hizkuntzaren edo euskara batuaren arazoak mindu du ikastoletako arazoa. 1968.ean egin zen Euskal Akademiaren Arantzazuko batzarre aipatua.* Laster eliztar batzuk, euskara batuaren kontrakoak zirenek, Euskaltzaindiaren barneko istiluak eta ideologiazko, pedagogiazko eta erlijiozko arazoak, dena nahasi nahi izan zuten euskara batuarekin. Honela, euskara batua bera gertatu da azken urteotan Elizan bertan elkarren kontrako burrukabide. Nabarmenago agertu da hau liturgi liburuetan. Euskal diosesiek euskarazko liturgi batzorde bat sortu zuten, Kontzilio ondoren. Baina gero Iparraldeak, Gipuzkoak eta Bizkaiak beren aldetik atera dituzte gehienbat eliz liburuak. Biblia euskaratzeko batzordea ere sortu zen; baina, euskara batuaren istiluak zirela eta, ez du aurrera jotzerik izan, eta azkenik deseginda dagoela dirudi batzorde hori.

Ikastoletako ideologi, hizkuntz eta erlijio burruka berbera nabarmendu da euskal aldizkarietan ere. Hauetako gehienak Elizaren edo Kongregazioren baten eskuetan zeuden, eta erlijiozko aldizkari bezala zeuden legeztuta. Hauetan ere, Euskal Herriko eta eliz barneko kontradizioak bizi bizi agertu dira azken hamar urteotan.

Azkenik, azken hamar urteok euskal kulturaren laikotze bat ekarri dute, zalantza handiren eta gorabehera ugariren artean izan baldin bada ere. Alde batetik, aldizkari eta argitaldari berriak sortu dira, laikotasunaren izenean hain zuzen ere, eta Elizaren babespetik alde egitearren. Bestetik, lehendik eta oraingoz ere Elizarenak edo Kongregazioren batenak diren aldizkari eta argitaldari zenbait ere erlijiozko gaietatik kanpora dabiltza gehienbat.

Horregatik, Ibon Sarasolaren «Euskal Literatura numerotan» azken liburuan agertzen den bezala, erlijiozko liburuak dira urte hauetan ia azken mailan daudenak, oraindik ere euskal idazleetatik asko eta asko apez jendea baldin bada ere.

P. KORTABARRIA


Kristau euskaldunak sozialismoaren alde

Euskal Herriko kristauen artean ez da behin ere sozialistarik falta izan. Asko ez dira izan nonbait, eta beharbada ez dira teoriaz ongi jantzita egon beti; baina, hola hala, beren burua sozialista ikusten zuten. Gero, 1960.etik aurrera batez ere, jarrera politiko berri baten eraginez, Euskal Herriko zenbait kristau gazte sozialismora etorri zen, haren hautaketa* teoriaz eta pentsalari marxisten dotrinaz nahiko ongi jabeturik. Hori argi ikus daiteke azken hamabost urteotan egindako zenbait dokumentutan.

Azken urte bi hauetan Euskal Herriko kristau batzuren sozialismoratzea berri bilakatu* bada, honengatik izan da:

a) sozialismoa marxista ikuspegiz ikusten delako.

b) hautaketa hau —sozialismoa eta kristau fedea, halegia— bakoitzaren erabakiz ez baina elkartuta agerian bizi nahi delako, gaurko kristauei egiazko hautakizun bat eskaini nahiz, kristianismoa kapitalismotik at* bizitzeko.

Asmo hau, Txileko iraultzan sartuta zebiltzan kristauen artean mamitu zen lehenbizi; eta haiengandik etorri dira erabaki hontara euskaldun kristauak. Ba da hortan arriskurik. Baina hemengo kristau sozialistek EUSKAL HERRIAN izan nahi dute kristau eta sozialista. Berauen sozialismoan ez da klasea bakarrik sartzen, herria ere ezagutzen da. Ez da seinale txarra, askok —egin duten bezala— herria mugimendu honen bitartez ezagutzea. Beren ageri oinarriko batetan honela diote: «Euskal Herria ba dela baiezten dugu, bere hizkuntza eta bere kulturarekin eta eskubide politiko bereziekin».

Hau guztiau serioski hartzen dutelako iruditzen zaie, Kontzilio ondoko kristauen eta Eliza ofizialaren eraberritzea Euskal Herrian ez dela aski izan. Elizaren hizkera berria askapen edo liberazioaz eta kristianismoaren sozial izariaz* hitz egiten duenean, oso ideologizatua da, profetismoa izan beharrean maniobra bilakatuz.

Gizonok klasetan bananduta gaudela ahanztuta, edo eta herriak inperialismoaren pean bizi direla gogotan hartu gabe oihukatzen du Elizak justizia eta maitasuna eta elkartasuna Hor dago Eliza ofizialaren hutsegiterik gogorrena: ez duela haintzat hartzen, zapalketa gaurgero ez dela nolanahikoa, sistema bilakatu dela baizik, eta bide zientifiko batzuri jarraitu behar zaiela, egoera hortatik ateratzeko.

Hona hemen zergatik sartu diren sozialismoaren bidetik Euskal Herriko kristauak: komentzitu egin dira, kristianismoa ezin dela kapitalismoaren barnean bizi, edozein ahalegin on huts bihurtuko baita hor.

Ez dute kristianismoa sozialismoarekin bat egiten. Baina onartu egiten dute, gizarteko zapalketa kentzeko gaur ezagutzen den analisi eta biderik egokiena, sozialismoak eskaintzen duela. Horregatik, interklasismo guztiak ukatuz, klase hautaketa bat egiten dute.

Ezin dugu esan, mugimendu hontan kristau asko dabilenik. Hasi berria da; eta, bestalde, Euskal Herriko gazteriak ba du gaur bere hautaketa non egin. Mugimendu hau politika mailan ez da gauza oso berria izango. Garrantzirik izango badu, kristauen artean zabaltzen den bide berri bat delako izango du. Bizkai aldean mugitzen du jendea gehienbat. Beste eskualdeetan oraindik ez da oso bizkor agertzen.

Beren jarrera asmo hauetan mamitu dute:

a) Elizaren apolitizismoaren pean dagoen ideologia kapitalista sala.

b) sozialista burrukan sartuta bizi kristianismoa.

c) kristauen artean kontrahezkuntza* bat egin.

d) langile herriaren interesak defendatuko dituen kristianismo bat egin posible.

Hau dela eta, mugimendu hau ez da begi onez ikusten Eliza ofizialaren barnean. Nahiz eta kondenamendurik ez egon —ez baitira hortarako garaiak—, Eliza ofizialak mila eta mila eragozpide jartzen dizkio, eta Bilboko apezpikuaren problemarik handiena —berak aitortu zuen— hauxe da.

Mikel ARGIÑARENA


Euskal arazoari buruz. Euskal Elizaren ageriak

Laster kaleratuko da liburu bat, euskal Elizak azken berrogei urteotan euskal arazoari buruz eman dituen ageriak* bilduko dituena.

Azken hamabost urteotako nagusienak besterik ez ditugu aipatuko hemen, urtez urte.

1960: 339 euskal apezek gutun* bat idatzi, beren apezpikuei, Espainiako apezpiku guztiei, Nuntzioari eta Vatikanoko Estatu idazkaritzari.* Euskal Herriaren zapalkuntza eta eskoletako haur euskaldunenganako bereizkeria* salatzen dituzte.

1963: Ia 500 apez euskaldunek, Kontzilioan bilduta dauden apezpikuei gutun bat idatzi. Espainiako eta bereziki Euskal Herriko politik, gizarte eta kultur eskubideen zapalkuntza, batetik, eta Estatuaren eta Elizaren arteko lotura, bestetik, salatzen dituzte.

1963: Kristau sekularren talde batek Kontzilioari gutuna, Euskal Herriaren egoerari buruz.

1968: Olano eta Larrañaga apezpikuek eta A. Mauro, Lazkaoko abadeak, «Carta notarial» bat Gipuzkoako gobernari militar eta zibilari eta goardia zibilaren buruari, komisarietan emandako torturak salatuz.

1968: Derioko seminarioa hartua duten 60 apezek Aita Sainduari gutun bat, Euskal Herriaren eta Elizaren egoera agertuz, eta beraiek nahi luketen eliz modua adieraziz.

1968: Bereziartua, Donostiako apezpikuaren gutun pastorala, probintziaren politikazko egoera larria salatuz.

1968: JOC eta Herri Gaztedi Gipuzkoakoek: «Análisis de la situación político-social actual. Doctrina sobre la situación político-social».

1970: Donostiako eta Bilboko apezpikuek elkarrekin eginiko gutuna, Burgosko epaikoan, heriotzara kondenatuen indultua eskatzen duena.

1973: Gipuzkoako eta Bizkaiko apezpikuek, Segoviakoarekin batera, ageri bat ateratzen dute, Zamorako apezen alde egin dituzten ahaleginen berri emanez.

1973: Iruineko bi apezpikuen homilia, greban* dauden langileei buruz hartu izan duten jokabidea azalduz.

1973: «Los sacerdotes vascos ante la situación de los presos políticos». Euskal Herriko apezpiku guztiei espetxeratuen egoeraren berri zehatza eta zabala ematen diete.

1974: Añoveros jaunaren homilia, Bizkaiko elizetan irakurria, euskal arazoari buruz.

1974: Iruineko apezpikuen oharra, diozesian euskarak ukan behar duen garrantziaz.

1974: «Conflictos en el movimiento cooperativo». Arrasateko grebei buruz dihardu Donostiako diozesiko idazkaritza sozialak.

1974: SAKen (Sozialismoaren aldeko kristauen) ageri nagusia: «C.P.S.ren oinarriak Bizkaian». Euskal arazoaren aurrean SAKek duen pentsaera eta jokabidea agertzen da.

1974: Baionako diozesiko boletinean, Apez Kontseiluak zenbait kristauekin ofizialki egindako euskal arazoaren azterketaren laburpena ematen da.

... eta Euskal Elizaren «Ezkutuak»

Baina ba dira ateratzeko ziren edo omen ziren ageri batzu, azkenik agertu gabe gelditu direnak.

- Bizkaiko eta Gipuzkoako apezpikuek eskaturik prestatu zen, orain dela laupabost urte, euskal arazoaren «Liburu zuria» edo Izan behar zuena. Gero ez zen kaleratu.

- Orain dela urte pare bat, Gipuzkoako apezpikuak, eta Setien bereziki, ba omen zebiltzan Ikastolari buruz ageri bat prestatzen. Oraino behintzat ez da kaleratu; eta orain ez da hartaz inor mintzatzen.

- 1975.eko udazkenean, bost heriotzara-kondenatuen eta garbituen giroan, Setien jaunak homilia bat prestatzen du apezentzat. Azken orduan, eta kanpotik datozkion eragozpenengatik, ez irakurtzea erabakitzen da.


Euskal Eliza batua gaur

Arazoa ez da gaur goizekoa.

Derioko Seminarioan 1968.eko hazilean* bildu ziren apezek, «gogor» eta ausartkiro* egin zuten eskabidea zentzu hortan.

Urte berean, maiatzaren 30ean, karta bat zuzendu zioten 68 bizkaitar apezek apezpikuari. Honela zioten tartean: «...ez da planteatu, Elizaren antolaketa herri honen (Euskal Herriaren) berezko kondizionamenduen arabera* egin daitekeenik».

Berrikitan,* ANAITASUNAn bereon (1975-10-31koan, 14. hor.), Xabier Gereñok harrotzen* du problema bera: «Eta ez bakarrik euskara batuaren arloan, lurren zatiketan ere berdin jokatzen da. Noiztik ari gara eskatzen Bizkaia eta Araba Burgosko artzapezpikutegitik askatzea eta Iruinekoari lotzea, honela Euskal Herriari osotasun bat emanez? Eskatu zaio, bai; baina gorrarena egin du».

Eta, puntu bera sakonduz, artikulu bi eman zizkigun «Iglesia Viva» aldizkariak (n.º 49, enero-febrero, 1974): «Papel del pueblo en el desarrollo integral de la persona» por Javier Basurko, eta «El pueblo de Dios y los diferentes pueblos» por Carlos Abaitua.

Abaituak heltzen dio gure puntuari zuzenenik. Bere ikuspuntua, bere azterketa lau hego euskal herrialdeetara, hau da, Nafarroa Garaia, Gipuzkoa, Araba eta Bizkaia probintzietara mugatzen duelarik, honela konkluditzen du: «Ba da, sentimendu hauei asmo politikorik egozten* dienik. Makurkeria ez datza* hortan. Eliza horrelako jokoetara makurtzean baizik, eta apezek eta sekularrek hainbat bider eskaturiko antolaketaren oinarriak geroko gerorako uztean».

Ez da bestalde eskabide hori, eliz mailan, ez hamar urtez honanzkoa, ez eta zenbait euskaldun buruberorena* ere. 1916.ean, Gales Herria eliz eskualde* bereizi eraikitzen zuelarik, arrazoin hau ematen zuen Benedictus XV. Aita Sainduak: «Gales Herria, bere hizkuntzaz, ohiturez eta tradizioz hartaraino da desberdin gaineratiko* Ingalaterrari buruz, elizaz ere erresuma* bereko gaineratiko eliz erakundeetarik* bereizia* behar duela izan ematen baitu, eta bere Hierarkia propioa eman behar zaiola».

Hona, beraz, axaletik harturik, zein den arazoa, EUSKAL ELIZA BATUA eskatzean. Euskal Herriko Elizak, Euskal Herriko denez, erakunde bateratzaile bat beharko lukeela. Galiziak eta Kataluniak eta Andaluziak eta, munduan barna, beste mila etnia eta herrik dutenaren harikoa. Euskal Herriak, gezurra badirudi ere, ez baitu horrelakorik, ez eta hurrik ere. Aitzitik* baizik. Batetik, diozesi elkarte moduko bat moldatuz, Iruinea eta Donostia dauzkagu, Kalagurri,* Jaka eta Tuterarekin* batera. Bestetik, Bilbo eta Gasteiz Burgosekin. Eta, hirugarrenik, Baionako diozesia dago, iparreko hiru herrialdeek, Biarnoak* eta Kaskoiniak* osotua, eta, jakina, diozesi elkartea moldatzeko orduan, Frantzia aldera jotzen duelarik.

Erakunde falta horixe dugu euskal Elizaren banaketaren* zinurik* nabarmenena. Ez da, eliz aldetik ere, gure artean inongo erakunde bateratzailerik.

Banaketaren zinua diot. Izan ere, banaketa maila sakonagoan datza. Maila garrantzizkoagoan.

Arazoa herrigintzaren eta Jainkoaren erreinugintzaren arteko erlazioan datza. Alde hontatik du euskal Elizak kontradiziorik biziena.

Euskal Eliza batuaren funtsa* eta muina euskal herrigintzak beharko luke izan Herrigintzaren eta Jainkoaren erreinugintzaren lokera* da arazoa, kristau euskaldunen batasunaz mintzo garelarik. Euskal Herriak ez dio euskal Elizari inolako erakunde formalik eskatuko. Praxiak lotzen duena da Eliza batua; praxiak eskatu bezala sor litekeen eliz erakundea.

Hortarako, Jainkoaren erreinugintza ezin hartzen ahal da, herrigintzaren aldamenetik letorkeen eranskin* bezala. Baina tamalez,* mundua argitzekotan mendi gainean kokaturiko kriseiluaren* alegia,* aldebateraegi hartu izan da gure artean. Horrela ez da harritzeko gauza, honelakorik entzun behar ukana: «Apezpikuok, apezok Ebanjeliotik argitu nahi dugu problema hori», eta abar.

Agian,* zuzenago litzateke esatea, Ebanjelioak problema argitu adinbat,* problemak argitzen duela Ebanjelioa. Dena den, Biblia, historian dakusanari,* hala agertzen zaio.

Hor datza, beraz, euskal Eliza batuaren problema. Herrigintza barrutik ala kanpotik jokatu nahi izatean. Hortxe ageri da korapiloa. Honi buruz, gure artean den zenbait fenomeno guztiz esannahitsu lerro hauetara ekarri gabe ezin etsi* dugu.

Bat. Apezpikuak, apezpiku izan behar duten herritik atera partez,* kanpotik ekartzen direlarik, ezin ikusi da nolaz jar litezkeen herrigintza hortara. Normalki bederen.* Eta gauza normala, gure artean, apezpikuak herritik ez,* baina kanpotik ekartzea da.

Ezin uka, gure artean zenbait apezpikuk ahaleginik egin duenik. Baina, aipatu artikuluan Gereñok dakarren apezpikuaren kasua konpontzeko ezer egin denik ere ezin esan. Eta herrigintzak, Euskal Herrian bederen, burruka ere esan nahi du. Besterik ezean, apezpikuaren ministeritza norberaren diozesi hesparrura* mugatzen ez delako printzipioaren eskakizunez.

Bi. Euskal Herriko apezeriak euskara batuarekiko jarrera* garbitzen* ez duen bitartean, ezin esan, herrigintza haintzat hartzen duenik. Besterik ezean, «garaiaren ezaugarriak*» kontutan hartu beharrak baitakar hori.

Hala ere, hamabost urtez honanztik euskal apezeriaren artean nabari den hautsiak* (gaur ez bailitzateke, 1960.ean bezala 339ko apez talderik bilduko, edozein ekintzatan jokatzeko) zerbait adierazi nahi du. Hau, esango nuke: talde bat herrigintzatik kanpo geratu den bitartean, beste bat buru-belarri eman zaiola lan horri.

Hiru. Euskal erlijiosoek hegazti pasakarien jokabideari uzten ez dioten bitartean (kanpokoak barrura eta barrukoak kanpora eta noiz han eta noiz hemen ibiltzea gauza normaltzat baitaukate), ezin izango dute herrigintzan parterik hartu.

Hala ere, ba da hor talde bat, lan hori serioski leporatu duenik (kontuan ukan, hiru urtez geroztik erlijioso talde bat elkartuz ari dela Loiola inguruan, eta aipatu* fenomeno hortaz eskabidea behin eta berriro egin duela).

Lau. Sekularren kasuaz azterketa sakonik egin gabe gara oraino. Baina, oro* har, erlijio eta herrigintza arteko loturaz talde masa handi bat jabetu gabe delakoan gaude. Begiratu besterik ez, ikastoletan erlijio arazoa planteatu denean, guraso askok hartu izan duen jarrera hitsi* eta geldoa.*

Ezin uka, horratio,* zenbait talderen bizitasuna. Baina hau, sozialismoaren aldeko taldeen eta oinarriko kristau taldeen arazoa aztertzekotan diren lankideek ukituko dute noski.

Amaitzeko. Kontzilioak utzi du hontaz zerbait esanik. Aipamentxo bat bakarrik, hainbaten artean: «... Elizak eta Jainkoaren Herriak, erreinu hori (Kristorena) sar eraziz, ez dio gutxitzen inongo herriri mundualdi hontako ondasunik; aitzitik baizik, eragin eta baitaratu* egiten du, eta baitaratuz, garbitu, indartu eta jaso egiten ditu, onak diren aldetik, herri guztien gaitasun,* aberastasun eta azturak*» (Lumen Gentium, 13).

Kontzilioa hor dago. Hamar urte dira, amaitu zela. Euskaldunok, puntaren punta ibilliz, dokumentu horik axaletik bederen ikusi ditugu. Herri bakoitzean Elizak erakunde berezia behar lukeela, herri hizkuntzan egin behar dela liturgia, eta abar. Sakonean, ordea, ezer gutxi egin dugu. Are* gutxiago jabetu gara, esan gabe eta isilpean dokumentu horiei darizkien* gaitasunez.

Haatik,* EUSKAL ELIZA BATUA maila hortan izanen dugu. Edo eta ez dugu izanen.

Dionisio AMUNDARAIN


Eliza zatikatua

Azkenean, Elizak ere sakabanaturik gauzka euskaldunok. Gai hau lehen ere ukitu dut ANAITASUNAn; eta zenbaki berezi hontan ere eliz administralgo aldetik zerbait idazteko agindu didate.

Hasteko, zera esan behar dut, Hegoaldeko diosesiak,* Tarancón lehendakari den Konferentziaren egitura* berberean murgiltzen direla, beraren kontextu osoan. Eta orain lau urte erdal aldizkari batetan aipatu genuen, nolako herrialdekatze aldrebesa zuen Elizak Estatu guztian. Euskaraz ere agertu genuen ANAITASUNAren 184. zenbakian. Oraino Konferentzia horrek ez du neurri txikienean ere eliz probintzien mugarik aldatu, ez Euskal Herrikorik ez beste inongorik. Eta mugetan legez,* eliz zerbitzu eta artzaingo lanetan ere antzera* gertatzen da. Beraz, kontextu hortatik ezin genezake aldakuntza handirik espero.

Iruineko artzapezpikutegia sortu zenean

Oviedo eta Iruineko artzapezpikutegiak bateratsu sortu ziren, eta ez aspaldi. Lehendabizikoari eliz probintzia oso egokia jarri zitzaion: Oviedo, Santander, Leon eta Astorga, hiru Asturiak (Oviedokoa, Santillanakoa eta «Asturia Cismontana») bilduz. Iruinekoarekin ez zen hori gertatu. Tutera,* Kalagurri,* Jaka eta Donostia bildu ziren harekin: eta Gasteiz eta Bilbo, lehen bezala, kanpoan gelditu ziren, Burgosen barrutian.*

Ez dugu dudarik egiten, euskal diosesien bereizketa hori apropos egin zela, orain hogei bat urte. Harez gero, oker hori zuzentzeko zenbat lan egin da?

Tartean Kontzilio bat izan da. Eta, hain zuzen ere, apezpikuen zereginei buruzko Dekretuan, 39 eta 40. artikuluetan hau agintzen du: «Arimen ongiak* ez bakarrik diosesien mugaketa egoki bat eskatzen du, bai eta eliz herrialdeena ere. (...) Hori lortzeko, Kontzilio Sainduak hauxe erabakitzen du: Azter bitez garaiz eliz herrialdeen barrutiak, eta defini bitez lege berri eta egokiekin Metropolitanoen eskubide eta abantailak*».

Agindu hori paper bustia bihurtu ote da gero, hain kasu guti egiteko?

Kontestatariak eta prozedurak

Derion behinola* bildu ziren apezek, «Euskal Eliz Konferentzia» eskatu zuten. Kontestatarion eskabidea «prozedurgabea» izan omen zen. Gure ustez, ba dagoke* prozeduraren bat, hori eskatzeko. Gainera, hor dago Kontzilioaren manua.* Beraz, kanonistek eta hortaz dakitenek aztertu egin behar lukete arazo hau.

Bilbo eta Gasteizko apezpikutegiek egin behar dute eskabide hori, eta, Konkordatua berriztatzen bada, ez diote okasioari pasatzen utzi behar. Gainera, zertan Konkordatuari begira egon beharrik ere ez dago. Lizarrako* Estatutuaren laugarren eskubidearekin gertatu zen bezala, ez dadila berriz ere nahasmendurik jazo.* Honekin hau adierazi nahi dugu, elizgizonek —apezpikuak aurrerengo direla— arazo hau bideratu behar dutela, herri gizonen katramila* eta eztabaida bihur ez dadin.

Prozedur kontuan beste gauza bat ere salbatu beharra dago, Baionakoa. Lehen epean, Baionako diosesia, juridikoki, osorik Iruineratu ezin bada ere, nolabaiteko lotura, nolabaiteko harremanak eta zerbitzu komunak sor daitezke. Hurrengo epean osoki bateratzeko. Ba dakigu, hemen estatuarteko arazo latza dagoela, eta beste gauza batzuren parera joan beharko lukeela. Baina Baionako arazo honek haseratik planteamendu bat behar du.

Ba liteke, gaur Gasteizen dagoen artzainak nahi ez izatea. Hori horrela balitz ere, Bilbok behintzat berea egiten hasi behar luke, eta Donostiak eta Iruineak lagundu.

Zeintzu* diosesi Iruineko artzapezpikutegian?

Hemen ere zenbait gauza konpondu beharra dago. Alde batetik, ipar euskaldunek ba dute biarnesengandik bereiztu beharra, hauek Leskarreko apezpikutegia birsortuz. Jakina da, egungo apezpikuak, Frantziako Iraultzatik aurrera, «Évêque de Bayonne, Lescar et Oloron» titulatzen direla. (Leskarre Biarnoko hiriburu zaharra da, eta Pabetik* 7 kilometrotara dago.)

Tutera Iruinearekin bat eginik dago. Oraintsu arte Iruineak ba zuen han apezpiku laguntzaile bat. Baina Tuterak ba zuen nortasunik, bere burujabe izateko, bere lehengo barrutiarekin eta Iruinearena zen Erribera izeneko artzapeztegiarekin.*

Donostia barnean dago; eta berehala sartzekoak dira Bilbo eta Gasteiz. Kalagurri eta Jakarekin zer egin? Hauzi hau ez da erraza. Gure ustez, historiagatik —hainbeste urtetan ia* Araba eta Bizkaia guztia eta Gipuzkoako bizkaierazko alderdi osoa Kalagurrikoak izan baitira— diosesi hau haiekin batean hesparru* berean egotekoa da. Gainera, Errioxaren euskaltasuna, ba dirudi, tantoak irabaziz doala.

Jaka oraingoz hobeto legoke Zaragozarekin, Aragoiko beste bost diosesiekin. Hori bai, Jaketaniaren euskal sustratua ahantzi gabe, eta, batez ere, 1785.erararte —beraz, ia atzo arte— Valdonsella guztia (48 herri) Iruineko elizbarrutikoa zela. Baina Jakaren inoizko Euskal-Herriratze horrek beste prozesu baten parean joan beharko luke. Bitartean, hobe joan dadila bere ekialdeko* diosesiekin.

Legeztatzea eta zerbitzuak

Iruineko artzapezpikutegi barrutian denon egoteak, lege nortasun bat, izate juridiko bat emango lioke euskal Elizari. Hortik hastea beharrezkoa da, apezpikuak ia erdi ezkutuka biltzen ibili barik. Beharrezkoa da, «Conferentia Episcopalis Tarraconensis» bezalakoa bederen* izatea, katalanek horrela oinarritzen baitute beren eliz nortasuna. «Conferentia Episcopalis Iruniensis» (Pampilonensis baino hobeto) izan dadila, hasteko behinik behin.

Hori legearen ardatza izango litzateke. Ondoren letozke zerbitzu elkartuak: teologi ikasgoak, seminario nagusi bakarra, sekular mugimendu bateratuak, eliz artxiboen sistematizazio berdina, euskal Elizaren histori ikerketen erakundeak,* eta abar. Pastoralgintza eta beronen ingurukoa zer esanik ere ez.

Garrantzi handirik ez badu ere, azken batez Konferentzia hori non biltzeak ere bere balioa izango luke. Beste herri batzutan horri ere begiratzen zaio. Gure kasuan bi leku ikusten ditut. Bata Aralar, Iruinearen barrutian, Nafarroa euskaldunean, bere histori aspaldikotasuna?, bere «Mikel gurea, zaizu* Euskal Herria»z. Eta bestea Arantzazu, zeren,* aita Lizarraldek esan zuen bezala, Arantzazuko Ama Gipuzkoako Zaindari egitea murrizte bat izan baitzen. Euskal Herri osokoa egin behar izan zuten (hemen ere euskaldunok batasun kontzientziarik eza agertu genuen). Bata zein bestea, biak toki apartak.*

D. AMAITERMIN


Hementxe denok

Ipar Aldea

Euskal Idazleen Elkartea berriro

• Idazleen interesak zaintzeko

• Eginkizunak banatzeko

• Euskara batua aurrera eramateko

• Intelektual gisa herrigintzan parte hartzeko

 Hazilaren* 29an, arratsaldeko seietan, iparraldeko idazle zenbait bildu zen Baionako Euskal Erakustokian,* Txilardegi eta Landart jaunek egin* deiari erantzunez. Iparraldean bizi diren idazle guztiei (23 denetara uste dut) deia bidalia izan arren, etorri guti batzu besterik ez ziren etorri. Anitz* deituak, guti etorriak.

Euskal Idazleen Elkartea (E.I.E.) berpiztea da asmoa. Han eta hemen entzuten denari jaramon* eginik, ba dirudi. idazle zenbaitek interesgarri ikusten duela erakunde* horren antolatzea. Biziberritze bat baino gehiago, pizte bat edo sortze bat da atzera* egin behar dena. Izan ere, lehengo Elkartea —hilik jaio zen Elkarte hura— duela zenbait urte hil egin zen, hil.

Berpizte hontan, oraingoz interes gehien erakutsi duena, Txilardegi bera da. Honek eraturiko proposamendu bat eduki zuten, aztergai bezala, mahain gainean, biltzarkideek. Asmoez ari da papera.

Asmoak

Lau helburu ikusten zaizkio, hasteko, Elkartean idazleak biltzeari: idazleen interesen zainketa, eginkizunen banaketa, euskara batua, intelektualen eginkizuna.

Euskal idazleak oso guti —edo deus* ere ez— kobratzen duela ezaguna da. Euskal editorialen errua ote? Nire gardiz,* euskal editorialek ordaintzen ez baldin badute, ez da argitaletxeen zekenkeriagatik, liburugintzaren eskasiagatik baizik. Behin baino gehiagotan mintzatu da gure aldizkaria puntu hortaz. Egungo kondizioetan iraun behar duteino,* ez editorialek ez idazleek ez dute inongo diru laguntzarik, subentzio ofizialik.

Euskal idazleen gaurko burruka ez da editorialen eta aldizkarien aurka. Burruka hori kontzientzi hartze baten aldekoa da. Idazleak profesionalizatzera jo behar du. Euskaraz idatziz dirua irabaztea ez da lotsagarri, kontrara baizik: euskal kultura idatzia gizontzeko bide bakarra. Kantariek kobratzen dute, irakasle eta andereñoek ere bai. Eta zergatik ez guk? diote harriturik eta haserreturik idazleek.

Euskaraz idaztea bihotzari dagokion lana dela eta, euskarazko lanak dohainik* egitearen alde dagoen euskaltzaleren bat edo beste ba dago oraindik nonbait herri bitxi honen bazterretan. Euskal Herriaren alde lan egiten duen jendea motibazioetatik bizi balitz bezala, gainerakoak ogitik bizi diren bitartean. Euskal gauzetan diru arazoa sartzea euskaldun txarraren seinale dateke* horientzat. Argudio* honek ez bururik ez buztanik ez du. Lan asko eta asko dohainik orain arte guk egin baditugu, geure kultura zapaldu eta baztertuaren kondizioak haintzat hartzen genituelako zen, ez inongo «garbizaletasunaren» eta «bihotzberatasun» burgeskoi horien izenean. Gure nahia, kultura idatzi oso bat posibletu, eratu finkatu eta gizarteratzea da. Eta sinesturik* gaude, hortarako, zati on batean bederen,* lumatik bizi behar duela idazleak.

Herrigintzan

Herrigintzan ere —talde bezala, gainera— ba dutela idazleek beren leku berezirik eta inorekin truka ezin daitekeen eginkizunik pentsatzen dute Baionan bildutako idazleek. Honela ulertzen ditugu, Elkarteari eman nahi zaizkion ondoko hiru xedeok:*

 Bat. Elkarteak, elkarren berri jakin eta eginkizunak bananduz, plangintza bat eratu nahi luke. Hortarako, beraren ustetan, koordinatze eta informazio sare batzu beharrezko bezala ikusten dira. Baionako bilkuran* idazkaritza* bat sortzeaz mintzatu ziren biltzarkideak.

 Bi. Euskara batua. Euskara batuaren suztatzailerik nagusienak idazleek izan behar dute. Idazleen esku dago euskara batua. Kontzientzia horrekin, eta Euskaltzaindiaren jarraitzaile izanik, aurrera jokatu behar dute idazleek, dio txostenak,* hala nola, aditz sintetikoaren arazoan, hiztegi lanetan eta fonetika buruzkoetan. Aipatutakotik ondoriozta* daitekeenez, pentsatzen nago, Euskaltzaindiak gomendatu edo moralki agindu zituen arauak onartzen dituztenak bakarrik izanen direla elkartekide.

 Hiru. Intelektualen mezu-eginkizuna* edo deituko genukeena. Intelektualek, Europan bezala, ba dute, barnera eta kanpora begira, halako agintaritza moral bat, autoritate bat. Idazleen hitzari testigutzaren baliotasuna zor zaio. Elkartea ez da alderdi politiko bat, bistan da; baina kinka* larrietan, agerien* bidez eta, ba duke* zeresanik. Euskal Herriko zenbait gorabeheratan, ikusmolde bat eduki eta goraki azal lezake eta egin behar du Elkarteak.

Hegoaldean ere

Puntu hauetaz eta beste anitzetaz ere mintzatu ziren Baionan bildutakoak. Elkartearen sortzea aho batez onuragarritzat* eman zen.

Luzaz mintzatu ziren, hauzia ez dagoela idazleen eta argitaletxeen artean. Ongi azpimarkaturik eta agerian gelditu zen, ba dutela biek etsai komun bat: zehatzago ez seinalatzearren, egoera bera dela esan dezagun. Euskal kultura idatzia artisautzan* dago, ez industrian. Hain zuzen, egoera hauxe gainditzeko ikusten da interesgarri Idazleen Elkartea: halegia,* hobeagorik ez datorren bitartean, kultur subentzioen sistemaren bat lortzen laguntzea, Elkarteak berak sor ditzakeen enbaten* bidez.

Esan bezala, Elkartea eratzearen aldeko agertu ziren denak. Legezko nortasuna eman nahi litzaioke, gainera, ipar- edo hegoaldean, errazen den lekuan. 1901.eko legearen babesa lortzea biziki erraza da iparraldean. Ikusteko gelditu zen puntu hau.

Baionako Biltzar honek ezin zezakeen deus erabaki, hauxe besterik: gauzak aurrera eramateko, orain hegoaldeko idazleek bildu behar dutela. Programa, lan asmo eta xedeak aztertu, xehetu eta pentsatu egin beharko lituzkete hegoaldean. Eta gero, denak —hangoak eta hemengoak— bilkura handi batetan elkarturik, orduan erabakiko lirateke jomugak, egiturak* eta egitarauak.

Joan ALTZIBAR

Iparraldeko salerospenaren beherapena

Euskal itsas hegiko* saltzaile eta turismozaleak goraki dira mintzatu denbora hontan, iparralde hontako merkatalgoa poxolatzen* duten politikazko ekintzen kontra.

Diotenez, Miarritzen eta Donibane Lohitzunen denda asko kinka* larrian dago, mugaz beste aldetik jiten* ohi zaion eroslegoa ez baita gehiago etortzen. Arrazoina, haien ustez: espainol Gobernuaren kontra eginak izan diren karrika* ibilketak. Holako ekintzak debeka daitezen eskatzen dute beraz, gure iparraldeak bere ohizko itxura ezti eta baketsua gorde ahal dezan.

Bistan dena, ez dituzte denek onartzen holako arrazoinamenduak. Demokrazia, Miarritzera jiten diren pornozaleengatik, edo eta, beren dirua non xahu* ez jakinez, «Casino» delakora biltzen den zenbait aberatsengatik saldu beharko ote da?

GERNIKA aldizkari berria

«Mende Berri» batasuna,* GERNIKA izeneko hamabostekari berri baten ateratzen hasia da. Dagoeneko,* bi zenbaki atera da; eta aldizkari berri hau zernolakoa izanen den oraindik beretik ikus dezakegu. Itxuraz atsegingarria eta ontsa* moldatua. Mamiz, aldiz,* arinegi beharbada oraingoz. Euskarazko artikulu batzu ba dakartza, ez izanik ere denak hein* berekoak.

Aldizkari honen merezimendu handiena: gazteek berek egiten dutela: hots,* anitzetan* 17-18 urte duten euskaldun gazte gartsu batzuk.

ZABAL 15.a atera da

Duela zenbait egun, ZABAL aldizkariaren azken zenbakia jaso ahal izan dute abonatuek. Zenbaki honek ez du, orain ontsa finkaturik dagoen ZABALen tradizioarekin hausten. Oraingoan ere, artikulu mamitsu eta sakon batzu aurki daitezke, beraz: hala nola, euskal ezkerraz J. L. Davant-en zenbait gogoeta, Espainiako Estatuko egoerari buruz lerro hausnagarri batzu, Althusser-en lanez azterketa bat, Orixeren kulturgintzaz ikertze bat, etab.

CAT lantegia hertsirik

Jadanik* langabeziak ongi joa den gure eskualdean,* horra beste lantegi batek hertsi behar duela, 250 langile kinka larritan utzirik.

CAT lantegia hiru tokitan ezarria zen: Tarnos-en, Ortez-en eta Lacq-en. Hazilaren 25ean, Tolosako Merkatalgo Tribunalak ez du onartu nahi ukan, zorren ordaintzeko ugazabak eskatzen zion hiru urtetako epea. Ondorioa: lantegiaren ondasunak salgai ezarri dituzte, salpenaren sosez* hartzedunak pagatuak ahal izateko.

Beharrik,* hala ere, langileak sindikatu batetan eraturik daudela: lehen hartzedunak baitira beraik.

Larzac... Hazparnen!?

Omenka ari izan behar, ez baita deus* ofizialik oraindik. Hala ere, ba dirudi, zerbait ba dela hor azpian. Hona, beraz, zer gertatzen omen den: «Entsenia Zaharra» Hazparneko 114 hektareatako etxalde ederra beretu nahi lukeela Frantses Harmadak.*

Handia litzateke: lurrak, lehertzen ari diren euskaldun laborariei ken, militar kanpamendu baten egiteko! Azkenaren azkena eta harrigarria zinez!* Larzac-ez ez direa* oroitzen Harmadako buruzagiak? Ausart* balitez, Hazpandarrek exenplu non har ba lukete bederen.*

BEÑAT


Errege, erregu, erregali

Hazilaren 29ko GOIZ-ARGI aldizkariak Espainiako Errege Juan Carlos jaunari dei bat egin dio. Errege ona izateko eskatuz, Foruak haintzat hartzeko erregutzen dio nonbait. Arretaz* eta begirunez* begiratzeko eskatzen dion puntuen artean, torturarena eta amnistiarena dira guretzat aipagarrienak:

«Lortu dedilla 'espiritu-tortura' deituko genieken guzti oien ezeztapena; zillegi dedilla giza-askatasun jator batean (buruban jaube) bizitzea; eta azke geldi ditezela barkapen zabalenaren magalpean, beren buru-erara pentsatu ta jardunaz 'politika-erruz kutsatu' diranak».

GOIZ-ARGI aldizkariak Errege jaunarengandik lortu nahi duenari, euskaldunontzat onuragarri* izan dakigukeela erizten diogu.

Oraingoz, guk ez dugu inolako erregurik ez deirik egiten. Ez baitakigu, gure deia nork entzun lezakeen; segur baikaude, gure eskubideak ez lukeela erantzunik izango. Adi gelditzen gara gu, zuhaitzaren fruituen zain. Zuhaitza fruituak ezagun.

Eta Herriari euskal aldizkari guztiok dei egingo bagenio? Agian, Euskal Herriari zor diogu jarrera* bateratu horixe.

ANAITASUNA


Hementxe denok

Araba

Euskal irakasle tituluak

Hezkuntz* Ministergoaren Delegazioak onhartuko ote Euskaltzaindiaren euskal irakasle tituluak? Bizkaia eta Gipuzkoan ezezik* Gasteizen ere kezkaturik gabiltza. Harritu ezezik larritu ere egiten gaitu, Arabako Hezkuntz Ministergoaren Delegazioak arazo hau konpontzeko hartu duen bideak.

Oraintsu, urriaren 31n, Delegazio honek halako zirkular bat bidali izan du Arabako eskoletara. Hauetan euskara irakasteko asmoa duen orori,* hontarako antolatuko den ikastaro batetara dei egiten zaio. Baina, eta hemen gure harridura, ikastaro hau ez da Euskaltzaindiaren bidez egingo, Diputazioaren bidez baizik; eta hemen bizi garenok ondotxo dakigu honek zer esan nahi duen.

Arazoa nondik nora doan argiago jakin nahi dezanari, entzun duguna esanen diogu: Juan Oñatibia jaunak zuzenduko omen duela ikastaro hau.

Hemen ere, bai Diputazioak (bere «euskararen zerbitzua» antolatu zuenean) eta bai Delegazioak ba zuten nora jo: Euskaltzaindira noski, edo beronek Gasteizen duen Ordezkaritzara.

Paulo Agirrebaltzategik azken ANAITASUNAn dioenaz guztiz bat nator, Gu ere, hemen Gasteizen, «Herriarekin gelditzen gara». Baina Euskaltzaindiak ez ote luke harantz honantz mugitu behar, arazo larri hau konpontzen saiatzeko? Ba liteke, Delegazioek ere egunen batez gure ateko aldaba jotzea; baina ez dut uste, honelako gauzarik inoiz ere gertatu denik.

VI. Euskal Liburu eta Diskoen Azoka Gasteizen

Edozein irakurlek dakike honez gero, Gasteizen Gabon jaietan ospatzen den Liburu eta Diskoen Azoka honen berri. Durango eta beste zenbait herritakoekin berdintzekoa ez bada ere, Gasteiz hontarako guztiz interesgarria izaten denik ezin uka.

Hauxe da beharbada «Manuel Iradier» elkarteak urtean zehar antolatzen duen kultur ekintzarik jatorren eta serioena. Aurten ere, eta urtero bezalaxe, abenduaren 23, 24 eta 25ean ospatuko da azoka hau.

ANAITASUNAren horrialde hauetatik dei sutsu bat egiten diet euskal argitaletxe guztiei, egun horietan, arren, Arabako hiriburura hurbil daitezen. Orain arteko gorabeherak alde batetara utzirik, ea editorial guztiak han ikusteko zoria izaten dugun!

JUANJO


Hementxe denok

Bizkaia

Umeen Gabon jaialdiak Bilbon

Ihaz bezala, Lejoako ikastolak Gabon jaialdi bat antolatuko du Bilbo eta inguruetako ume euskaldunentzat. Baina, ihaz sarrera txartel guztiak lau egun lehenago agortu zirela kontutan edukirik, aurten egun bitan emango da jaialdia, eta horrela 2.800 lagunek ikusi ahal izango dute.

Jaialdia Bilboko «Santiago Apóstol» teatroan eskainiko da, abenduaren 27an, larunbat arratsaldean, 7,30etan, eta abenduaren 28an igande goizez, 11,30etan, programa honekin:

1. Lejoako ikastolako ikasleen agurra.

2. Euskaldun pailazoak: Kixki, Mixki eta Kaxkamelon.

3. Euskal giñolak: Donostiako Txontxongillo taldea.

Sarrera txartelak aste bete aurretik salduko dira Bilboko liburudenda hauetan: Verdes, Galería del Libro, Izarra eta Nobel (Deustuan). Sarrera prezio bakarra: 50 pezeta.

Aurreko urteetan bezala, Lan Kide Aurrezkiak hainbat sari banatuko ditu ikusleen artean.

Euskaltzaindia eta Diputazioak

Lau Diputazioen diru laguntzaz sortu zen Euskaltzaindia; eta azken urteotan laguntza hori urritu egin bada ere, ba dirudi, berriz ere urak beren iturrira joateko bidean daudela.

Hazilaren* 30ean, Lemoan, Euskal Akademiak bilera* ireki bat egin zuen Joan Bautista Eguzkitzaren omenez. Bera izan zen, Azkue Urkixo eta Txomin Agirrerekin, Euskaltzaindiaren sortzaileetarik laugarren bizkaitarra; eta orain ospatzen da haren jaiotzaren ehungarren urteburua.

Goizean meza kontzelebratua, Euskaltzaindiaren bilkura* irekia eta berrehun bat euskal irakasleri tituluen ematea. Irakasle hauek aurretiaz* ikastaro bat egin behar izan dute eta esaminak ongi pasatu. Irakasle titulua hartu dutenen artean, gehienak gazteak izan dira; baina ba zegoen serora bat ere eta Lemoako parrokoa bera ere bai.

Baina lot nakion, lan honek daraman izenburuari: «Euskaltzaindia eta Diputazioak». Ba ziren Lemoan Bizkaiko eta Gipuzkoako Diputazioen ordezkariak, eta, gainera, ez edozelakoak.* Adibidez, Bizkaitik Augusto Untzeta jauna, Diputazioko lehendakari ordezkoa. Bilkura irekiari hasera eman zion hitzaldian esan zigun beronek, Bizkaiko Diputazioaren izenean Euskaltzaindiari eskatzen ziola, euskarak behar dituen laguntzen zerrenda presta zezala, eta Diputazioa saiatuko zela diru arazoa konpontzera. Beraz, ba dirudi, egun hauetan nabari* den niro berriak zerbait onik ekarriko digula, bereziki euskararen arloan. Gero, bazkarian, gai hau izan genuen nagusi, han izan genituen elkar hizketetan; eta, dirudienez, Gipuzkoako Diputazioa ere gertu dago, euskararen alde orain baino laguntza gehiago emateko.

Eta orain, euskararentzat bide zabalago bat aurrean dugularik, inoiz baino beharrezkoagoa dugu euskaldun guztion batasuna: batasuna euskaran, batasuna irakasle tituluak ematerakoan, batasuna Euskal Akademiari euskararekiko gidaritza aitortzean.

Baina, bukatu aurretik, beste zerbait azaldu nahi nizueke. Bazkalostean. Nikolas Altzolak (Anai Berriotxoa lasalletarrak) horrialde multikopiatu batzu banatu zizkigun, jaialdiari buruz berak idatziriko* bertso batzurekin, eta «Markesaren alaba»ren doinuarekin denok kantatu genituen. Ohitura berri bat sortu nahi du Anai Berriotxoak, hau da, bazkari eta jaialdi berezietarako bertsoak idatzi eta jendeak kanta ditzala. Lemoan lortu zuen arrakasta ikusirik, zabalduko dela uste dut ohitura berri hau. Adibide gisa* honelako bertsorik gura izanez gero, idatz helbide hontara: Anai Berriotxoa, Colegio de La Salle, Deusto-Bilbao. (Xabier Gereño)

Ermuko ikastola eta alfabetatze taldea

Nola Ermu aldean? Zertan dira, joan den ikastaroko asmo bikainak? Ikastolaren aldeko kanpaina? Euskal alfabetatzea? Euskal giroa Ermuan? Eta abar eta abar. Beti edo gehienetan bezala, lagun batzu aurrera doaz, gutti batzu gelditu egin dira —pentsatzen edo?— eta bat edo beste kale ertzetik* begira, dena kritikagarri ikusten duelarik.

Hasia da ikastolan ikasturtea. Ihaz egindakoa mesedegarri izan dela dirudi. Ume gehiago agertu dira, batez ere beheko mailetan. Lehen mailan 15 ume gehiago dira aurten. Bosgarrenean ere 8 gehiago.

Joan den urtean bosgarrena egin zutenak, Eibarko ikastolan ari dira; eta, dirudienez, oso pozik gainera, bai gurasoak, bai irakasleak eta bai umeak ere. Benetan eskertzen dugu Eibarko ikastolakoen ahalegina. Datorren urtean ere izango dira Eibarrera joan nahi dutenak, eta horrelaxe segitzeko eskatzen diegu eibartarrei. Ba dakigu, beste batzu ikastetxe ospetsuetara joanak direla. Hau dela eta, ipuin asko zabaldu izan da Ermu aldean.

Aurten haize soinu onak datoz, umeak ondo gertaturik joan direla eta. Horrela aditzera eman zuten gurasoek, urtero bezala haiekin egin zen batzar nagusian. Eta hau gurasoek berek esatea benetan interesgarria da. Itxura, irakasleak ere zintzo ari dira lanean.

Dirua dela eta, loteria bat antolatu dute ekonomi taldekoek. Oso harrera ona ukan du herrian. Gabonak aldera jaialdi bat antolatuko dute. Lau herritako orfeoi arituko dira.

Kultur taldekoek ere gogor dihardute lanean. Ikasturte guztirako, ikas-ibiltaldiak eta hitzaldiak antolatu dituzte. Helburua? Euskal Herria ezagutzea. Hasteko, 5.ekoak joanak dira, Bilbon eman duten «Transmet» erakusketara. Bizkai aldea, Gipuzkoa, Nafarroa eta Iparraldea ezagutzekotan dira.

Gau eskolan zazpi irakasle ari dira jo eta ke, eta oraindik beste baten beharrean gaude. Lehen mailan hogei ta hamabi ikasle dabiltza, Josune eta Joli andereño jatorrekin. Bigarren mailan hogei ta bi, Joseba eta Begoñarekin. Hirugarren mailan bederatzi, denak euskaraz berba egiten dutenak, Joxe irakasleagaz. Txikiagoen talde bat ere ba da, hamar edo hamabi urtetakoena, Maria Jesus andereñoak zuzendua.

Eta alfabetatze mailan —lehen mailan— hamar lagun jo eta ke ari gara, «Alfabetatzen» liburua hartuta. Hauetarik zazpi irakasten ari dira; besteak, datorren urterako prestatzen. Hemendik aurrera irakasle on bat izango dugulakoan gaude. Oraingoz denok adorez beterik gabiltza, eta beti aurrera egitekotan. (Ikas)

Bilboko "Bizkai" dantza taldearen asmoak

Ez da lehen aldia, euskal dantza talde hau ANAITASUNAko horrialdeetan agertzen dela. Dei bat egin duenez, ba du oraingoan ere lekurik.

Talde gisara* dituen asmoak edo ekintzak hiru alorretan mugitzen dira:

- ikaskuntzan, Euskal Herriko dantza, jantzi eta doinuen tradizioa jasoz.

- irakaskuntzan, dantza irakasleak sortuz, ikastoletan bereziki euskal dantzak zabaltzeko. Talde barnekoei ere, hitzaldi eta euskarazko irakastaldien bitartez, bideak irekitzen zaizkie, euskal kultura eta historia ezagutzeko.

- memento hontan, lanean dihardute sendo, bereziki 9-14 urtetako neska-mutikoekin haur dantzari talde bat eratzeko asmoz.

Hauetako ekintzaren batetan ekin nahi lukeenak, bere izena eman lezake Iralabarriko Frantziskotarren etxean, Vista Alegre kaleko 5.ean, ostegun eta ostiralez, arratseko 8,15 ordutatik 9,30 ordutara.


Hementxe denok

Nafarroa

Iruineko ikastolak

Hemen Iruinean, aitzineko* urteetan bezala, ikasturte hontan bi ikastola hasiak dira, lehen ikasketa eta hezketa* euskaraz emanez. Bi ikastola hauk, Xabier Gereñok bere asken elaberrian* —Andereño delakoan, halegia*— hain ongi eta klarki kontatzen digun bezala. holako liskar* nazkagarri baten medioz lehengo ikastola batetatik sortu ziren.

Benetan esan daiteke, lan dexente xamar bat egiten dutela, zeren,* gure mintzaira irakasteaz gainera, pedagogi eta ideologi aldetik irakaskuntza aurrerakoi bat eramaten baita, «San Fermin Txiki» deituan bereziki. San Fermin Txiki delakoa, Iruine aldamenean den Zizur Tipin kokaturik dago, hartara 840 neska-mutiko doalarik. Bestea —Maria Paz de Ziganda— Billaban aita dominikoen ikastetxean dago, 500 bat neska-mutikorekin. EGB delakoa osoki ematen da bi ikastoletan. Orain, BUP deitua ematen hasteko, holako Lizeo bat komeni litzateke beste lekutan bezala.

Entzuna dugu maiz,* diru arazoak langile anitzen* semeen hortaratzea behaztopatzen* duela. Eta, egia esan, hala da, zeren kostuak, Estatuaren laguntzarik jasotzen ez duten ikastetxeetan, biziki handi eta gaitzak* baitira.

Gau ikastolak

Azken urteotan, gau ikastolak hemen Iruinean handitu eta ugalduz gertatu dira, zeren urtez urte gero eta jende gehiagok nabaritzen* baitu euskara ikasteko nahia, batez ere mendi taldeen inguruetan dabiltzanen artean, holakoetan giroa hortarakotz ona eta bultzatzailea delakotz.

Aurten, gure hizkuntza zahar eta bidenabar* berri hau ikasi gogo duenak ba du noski nora jo, zeren esan baitezakegu, anitz ba direla euskara irakasten den elkarteak. Horien artean hurrengo hauk hautatuko ditugu, zeren jende gehienez eta hobekienik saiatzen direnak baitira: Campion akademia, Gaztedi taldea eta Euskal Herriaren adiskideak elkartea.

Campion delakoa euskara irakasteko asmoz sortu talde bat da, eta zenbait urte darama, hain zuzen, jokabide beharrezko hortan. Irakaskuntza, ikasleek euskara nola dakiten arabera, lau mailatan banaturik ematen da, 25 irakasle eta 500 bat ikaslerekin. Egiaz euskaldun berri saldo* ederra, hortik irten eta bilaka* daitekeena.

Nafarroan zenbat euskaldun?

Jakin berria dugunez, aita Aginaldek jesuita azkar eta langile zintzoak aztertu eta inkestaturik, Nafarroan 74 mila euskaldun gara batez* beste, ehunez hamabost bat arras* gutti bada ere. Kontuan hartzekoa da, gure mintzairak hemen atzerakada ikaragarri bat jasan beharra ukan duela, eta oraino herri koxkorretan galtzen ari dela. Ea, bada, denon artean, zinez* eta ahalik bizkorrenez eta gogorrenez bermatu* eta ahaleginduz, euskara atxeki* eta azkartzen* dugun.

Diputazioko euskararen aldeko elkargoa

Orain hamasei urte, euskararen egoera larri eta premiatsuak eraginik, euskaltzale batzuk moldatu zuten Diputazioaren barnean euskal elkargo* bat, heldu* ziren urteetan neurri handiko lan gaitza antolatu eta gainean eramanik.

Nafarroako ume euskaldunen artean euskaraz mintzatzeagatik sariak banatuz, eta herri eta bordetako* taberna zokoetan ezkutuan zeuden bertsolariak bilatu eta agerteraziz, euskara beste kontsiderapen handixeago batez begiratzen hasi zela irudi* zuen.

Ekintza honen ondorio gisa,* «Príncipe de Viana» euskal aldizkaria irten zen, Nafarroan gaindi* euskal idazle trebe eta berriak ausartki* azaldurik.

Orain hiru urte, aldiz,* kalapita* bat zela kausa, zuzendaritza aldatu eta laster, holako programa eta kanpainak amaitu eta geldituak suertatu ziren. Aldizkaria ozta* ozta argitara emana ateratzen da, eta azalez eta mamiz erabat* apaldurik. Ginerako aktibitateak ere geldi eta bazterturik daudela irudi du. Ea aurrerantzean problema eta arrenkurak* oro* nagusitu eta garaituta gelditzen diren gure euskara eta kulturaren onetan, hortarakotz, lehenik urratu ziren bideetarik abiatuz eta beste berri batzu landuz.

Nafarroako autopista

Tuteratik* Donostia aldera joanen den autopistaren lehenbiziko zatiaren obrak —Tafalla-Iruine tartekoak, halegia*— kasik bururaturik* daudenez gero, inaugurazio eguna hurbiltzen da, hortarakotz, aditu izan dugunez, Espainiako errege berria ekarri nahiz.

Baina dena ez dago behar bezain ongi lan hauetan. Langileek berek adierazten dutenez, jasan* behar diren lan egoera eta baldintzak ez dira nolanahikoak, arras gogor eta jasan ezinezkoak baizik. Esan* epean amaituta egon ahal daitezen, ezin gehiagoz ihardun behar dute, 32 ordutako lanaldiak segituki sartuz, bestela kaleratuak izanen bailirateke. Gainera, agitu* istripuak* ez dira gutti izan, lanaldiz lanaldi etxeratzeko, jan eta atseden hartzeko sei ordu besterik ez dutelarik. Egia esan, Nafarroak bere autopista ukan dezan, 800 bat langilek, erabat* zapaldurik eta lehertu arte, izerditan lan egin beharra du ezin bestez, lan gabezia ez baita tikia: eta, hain zuzen, hortaz baliatzen dira kapitalistak, herri langilea zapaltzeko.

Udaletxeko gorabeherak

Aste guztietan bezala, iragan ostiralean, hazilaren* 28an hain zuzen, Iruineko Udalak* bere batzarrea ospatu zuen. Arazo arrunt* interesgarria aztertu zuten, Nafarroako Unibertsitatearen ikasleen onhartzeari buruzko informe bat eztabaidatuz. Gauza jakingarria da, izan ere, Unibertsitateari igorritako* galde bilduma batek ez zuela Unibertsitatearen partez ihardespenik* ukan. jokabide ilun eta adigaitz hau ezin konpreni dezakegularik. Gainera, informe hartan adierazten zen nola Opus Dei delakoak ez duen garbi eta dexenteki jokatzen, bere ikasleen admisio probetan.

Bestalde, aipatu* batzarrean esplikatu eta ikusterazi zen nola Nafarroan, delako Unibertsitateaz landa,* besterik ere eraiki beharra dagoela, horrela nafar ikasle guztientzat tokirik aski* izan dadin Asmo hau oso komentatua izan da, eta harrera ona ezagutu du, zeren kontutan hartu behar baita hemen kokaturik* dagoen Unibertsitate hori ez dela Nafarroarena, Opus Deirena baizik.

Udal kontseilari gehienen nahia onharturik, aurtengo Gabon bestetan Iruineko karrikak* ez dira aurreko urteetan bezala diztiratsu eta argiz beterik azalduko. Hortan erabiliko liratekeen diruak, Lezkairu izeneko Iruineko barride* baten iluminazioan enplegatuko dira Berria ez den jokabide hau, gure irudiz, guztiz txalogarri eta jatorra da, gure hiriaren barrideak, gehien bat behintzat, arras* abandonatu eta bazterturik aurkitzen direnez gero, halafede.

"Telma" lantegia krisian

Iruinetik hurbil, Arren izeneko herri tiki batean kokaturik dagoen «Telma» lantegia, elektrotresnak fabrikatzen dituena, krisialdian omen da, zuzendaritzak aldarrikatu* duenez. Hori dela eta, han lan egiten duten 128 langileetarik 110 bat kalera bota nahi dituzte.

Langileek jakin erazi dutenez, ezin liteke esplika, duela urte beste hagitz* etorkizun garbi eta galanta zeukan lantegi batek, bost milioi pezeta garbirik pilatu zituenak hain zuzen, krisian nola egon litekeen.

Gauza susmagarria da, Iruineko Lan Ordezkaritzan delako krisiaren froga paperak presentatu ziren egunean bertan, sualdi bat gertatu zela lantegiko bulegoko dokumentu guztien gordelekuan. Benetan arazo larria, eta beste langile multzo bat gorriak ikusteko abian.*

Pedro DIEZ ULZURRUN


Ikas zeure hizkuntza

Hiztegia

IMANOL BERRIATUAK

Ale hontan izartto batekin agertzen diren berbak

ABADE, abad.

ABANTAIL, ventaja, privilegio, prerrogativa. (Ikus «Axularren Hiztegia».)

ABEGITSU, acogedor, accueillant.

ABIAN, zorian, a punto de.

ADIN, edade.

ADINBAT, beste, bezainbat, bezainbeste, tanto como. («Bizirik irauteko adinbat den luku opa diogu euskarari». Mitxelenak ANAITASUNAren 289. zenbakian.) Ene ustez, beti idatzi behar genuke adina, adinbat, eta ez aina, ainbat; horrela ez legoke arriskurik, hainbat (harenbat) hitzarekin nahasteko.

ADOS (1), de acuerdo, d'accord.

ADOS (2), berdin.

AGERI, escrito público.

AGIAN, beharbada, nonbait.

AGITU, agitutako, agiturikako, agituriko, sucedido, ocurrido.

AHAL, ojalá.

AHALBIDE, posibilidad.

AINTZINA, aitzina, aurrera.

AIPATU (1), aipatutako, aipaturikako, aipaturiko.

AIPATU (2), famoso.

AITZINEKO, aurreko.

AITZITIK, al contrario. (Ikus «Axularren Hiztegia».)

ALDARRIKATU, proclamado, hecho público de una manera ruidosa.

ALDIZ, berriz, ordea, ostera.

ALEGIA, ficción, parábola (HALEGIA [halo + egia], a saber, es decir, esto es.)

ANITZ, asko.

ANTZ, irudi.

APART, aparteko.

ARABERA, arauera, según conforme.

ARAU, aro, ala, alan, según, conforme, a medida que. (Ene ustez, euskara batuan, arau bariantea hautatu behar genuke, besteak baztertuz.)

ARE, oraindik, aún, encore.

AREAGO, oraindik gehiago.

AREAGOTU, oraindik gehiagotu.

ARGUDIO, argumento.

ARRAKASTA, éxito, succès.

ARRANGURA, arrenkura, preocupación.

ARRAS, erabat, guztiz, osoki.

ARRENKURA, descontento, queja. (Ikus «Axularren Hiztegia».)

ARRETA, detenimiento, atención.

ARRUNT, arras, oso, guztiz.

ARTISAUTZA, artesanía.

ARTZAPEZTEGI, arciprestazgo. (ARTZAPEZPIKUTEGI, obispado.)

ASALDATU, alborotado, alarmado, turbado, turbulento.

ASKI, nahiko.

AT, kanpo, landa, fuera. (Ikus «Axularren Hiztegia».)

ATXEKI, atxiki, gorde.

ATZERA, berriro.

AURRENIK, lehenik.

AURRETIA, antelación.

AUSART, atreverse.

AUSARTKI, abundantemente.

AUSARTKIRO, valientemente, osadamente.

AZKARTZE, sendotze, indartze.

AZTURA, ekandu, costumbre. (Ikus «Axularren Hiztegia».)

BADA, ba, pues.

BAHIKUNTZA, secuestro.

BAITARATU, asumido.

BANAKETA, disgregación.

BARIK, gabe.

BARRIDE, hauzune, hauzotegi.

BARRUTI, jurisdicción territorial.

BASA (baso-ren ordez, hitz elkarteetan), salvaje, inhumano.

BATASUN, elkarte, sociedad.

BATAZ BESTE, bana beste, promedialmente. (Hitz biak mugagabeak, uno con otro.)

BATZOKI, batzartoki.

BEDEREN, behinik behin, behintzat, gutienez.

BEGIRUNE, respeto.

BEHARRIK, gracias.

BEHAZTOPARRI, obstáculo. (Ikus «Axularren Hiztegia».)

BEHAZTOPATZE, obstaculizar, impedir.

BEHINBEHINEKO, provisional.

BEHINOLA, behiala, en tiempo pasado.

BEREIZGABE, indiscriminado.

BEREIZI, separado. (BEREZI, especial.)

BEREIZKERIA, discriminación.

BERMATU, saiatu.

BERRIKITAN, berriki, recientemente.

BETA, asti.

BIARNOA, el Bearne.

BIDENABAR, al mismo tiempo.

BIDEZKO, obvio.

BILAKATU, bihurtu. (BILAKA, bihur.)

BILDUMA, colección. (GALDE BILDUMA, cuestionario.)

BILERA, bilkura, reunión.

BILKURA, bilera, reunión.

BIPERZALE, piperzale.

BORDA, caserío.

BURUBERO, exaltado, fanático.

BURURATU, bukatu, llevado a cabo.

DAGOENEKO (dagoen orduko), honez gero, para ahora.

DAGOKE, dago nonbait.

DAITE, daiteke.

DAKIKE, daki nonbait.

DAKUSA, ikusten du.

DAKUSAT, ikusten dut.

DARIZKIE, les manan.

DATEKE, da nonbait.

DATZA, yace, está, consiste. (Etzan aditzaren forma.)

DERIZKIOT, deritzot, deritzat, erizten diot (deutsat).

DEUS, ezer.

DIK, jok, du.

DIOSESI, diócesis. (Iparraldean holaxe idazten dute, eta ez diozesi; beharbada, Z eta S elkarren ondoan egon ez daitezen.)

DIREA (dira + a), ahal dira?

DOHAINIK, dohan, doharik, gratis.

DUKE, du nonbait.

DUTEINO, duten bitartean.

EDOZELAKO, edonolako, nolanahiko.

EGIN, egindako, eginikako, eginiko.

EGITARAU, programa.

EGITURA, estructura.

EGOZTE, imputar.

EGUBERRITAN, Eguberriz, Gabonetan.

EGUN, gaur.

EKIALDE (eki, sol + alde), oriente, Este.

ELABERRI, novela, roman.

ELIZBARRUTI, territorio jurisdiccional eclesiástico, generalmente episcopal o diocesano.

ELKARGO, elkarte.

ENBATA, marejada, golpe de mar, sacudida.

ERABAT, guztiz, osoki.

ERAKUNDE, organismo, institución, entidad.

ERAKUSTOKI, museo.

ERANSKIN, apéndice.

ERANTZUNKIZUN, responsabilidad.

ERDIGUNE, erdiune, centro.

EREDU, modelo.

ERORI, jausi.

ERRESUMA, reino, royaume, kingdom. (ERREINU, reinado, règne, reign.)

ERRIPA, aldapa, cuesta, terreno en declive.

ERTZ, hegi.

ESAN, esandako, esanikako, esaniko.

ESATERAKO, esate baterako, por ejemplo.

ESKAKIZUN, exigencia.

ESKUALDE, comarca, región.

ESKUMIKO, excomunión.

ESKUMIKATU, excomulgado.

ETIKA, ética. (Zenbaitzuk kasu hontan etik idatziko lukete.)

ETSI, resignado. (Axularrek etsitu esanen luke, hetsi sustrai infinitiboa baita.) Ikus «Axularren Hiztegia».

EURREZ, abundantemente, profusamente. (ERRUZ, hobenez, por culpa.)

EZAGUGARRI, signo, característica. (Mitxelenaren ustez, ezaugarri esan behar genuke.)

EZ, BAINA, barik. («Herritik barik, kanpotik ekartzea». Ene ustez, Bizkaiko berbeta modu hau jatorragoa da.)

EZEZIK, no solamente.

FUNTS, fondo, base, esencia.

GAINDI, zehar.

GAINERATIKO, restante.

GAITASUN, capacidad.

GAITZ, eskerga, enorme.

GAITZESPEN, condenación.

GARBITZE, resolver.

GARDIZ, ustez, eritziz.

GELDO, pasivo, indolente.

GERTATU, resultado.

GISA (1), era, modu.

GISA (2), bezala, legez.

GIZADI, humanidad.

GREBA, huelga. (GREBARI, huelguista.)

GUTIETS, subestimar, menospreciar.

GUTUN, carta, misiva.

HAATIK, sin embargo.

HAGITZ, oso, guztiz, biziki, sendoki.

HALABER, así mismo, igualmente.

HALEGIA (hala + egia), a saber, es decir, esto es. (ALEGIA, ficción, fábula, simulación.)

HARMADA, ejército.

HARROTZE, airear, ventilar.

HAUK, honeek. (Hauek aktibo, hauk pasibo.)

HAUNDI-MANDI, haundiki.

HAUTAKETA, hautapen, opción.

HAUTAKIZUN, alternativa.

HAUTSI, rotura.

HAUTSI-MAUTSI, compromiso, componenda, arreglo. (ENGAIAMENDU, enganche, engagement.)

HAZIL, noviembre.

HEDATU, extendido.

HEGI, ertz.

HEIN, medida, grado, proporción.

HELDU, próximo.

HERRIKOI, herrizale. (Izan daiteke herrikoi, «popular» izan gabe.)

HESPARRU (hesi + barru), recinto, terreno delimitado.

HEZKETA, hezkuntza, hezkunde, educación.

HEZKUNTZA (hezkuntz hitz elkarteetan), educación.

HIGITSU, movimentoso, agitado.

HILDO, surco, sillon.

HITSI, hetsi, hitxi, cerrado, fermé.

HORIK, hoik, horreek (Horiek aktibu, horik pasibu.)

HORRATIO, horregatio, sin embargo.

HOTS, a saber, es decir, esto es.

HURA, ha.

IA, kasik.

IAIO, bikain, berebiziko.

IBIL, erabili.

IDAZKARITZA, sekretaritza, sekretalgo, secretaría, secretariado.

IGORRI, enviado, expedido, solventado.

IHARDESPEN, erantzun.

IRUDI ZUEN, ba zirudien.

ISTILU, conflicto.

ISTRIPU, accidente.

ITXURA, antza, dirudienez.

IZARI, dimensión. (IZARA, sábana, drap de lit.)

JADANIK, ja, jada, ya.

JARAMON, kasu.

JARRERA, postura, posición, actitud.

JASAN, soportar, sufrir.

JAZO, gerta, suceder.

JITE (jin), etortze (etor).

KALAGURRI, Errioxako Calahorra.

KALAPITA, discusión, altercado, conflicto.

KARRIKA, kale.

KASKOINIA, Gascuña. (KASKOIN, gascón.)

KATRAMILA, problema lioso, problema embrollante.

KINKA, momento, situación.

KOKATU, situado, ubicado.

KONDENATU, condenado. (ikus GARTZELE hitza «Axularren Hiztegia»n.)

KONTRAHEZKUNTZA, contraeducación.

KRISEILU, candil, lampe.

KUTSADURA, contaminación. (SATSUDURA, polución.)

KUTSATZE, contagiar, contaminar.

LANDA, gainera, además.

LEGAMI, levadura, levain.

LEGEZ, bezala.

LEHIATU, afanado.

LEKUKO, testigu.

LELO, cantinela.

LISKAR, disputa, lucha, altercado.

LIZARRA, Nafarroako Estella.

LOKERA (lot + kera), vinculación

MAIZ, sarri.

MANU, agindu. (Ikus «Axularren Hiztegia».)

MEZU, mensaje.

MIAKETA, miraketa, registro.

MINISTERITZA, ministergo, ministerio.

MINTZO, boz.

NABARI (1), evidente, notorio.

NABARI (2), advertir, notar, sentir. (NABARITU, advertido, notado, sentido.)

NABARITZE, advertir, notar, percibir, sentir.

NAHASI, nahastu.

NAUK, naiz.

OIHUKATZE, aldarrikatze, proclamar.

OLDE, mugimendu.

ONGI, bien. (ONGIA, el bien.) Ikus «Axularren Hiztegia».

ONDORIOZTA, deducir. (ONDORIOZTATU, deducido.)

ONTSA, ondo, ongi.

ONURAGARRI, provechoso.

OPA, agiantza, deseo, souhait.

OPARO, abundante, superabundante.

ORO, guzti.

OROBAT, igualmente.

ORO HAR, en conjunto.

OROKOR, general. (Orokorra arte edo orokorrerararte.)

OSTEKO, ondoko.

OSTERA, aldiz, berriz, ordea.

OZENKI, sonoramente, en alta voz.

OZTA, doi.

PABE, Paue, Pau.

PARROPIA, parrokia.

PARTEZ, ordez.

POLITIKA, política. (Zenbaitzuk kasu hontan politik idatziko lukete.)

POT EGIN, detenerse en el trabajo por no poder seguir a falta de fuerza.

POXOLATZE, obstaculizar.

SALDO, aldra, aralde, grupo, multitud.

SASIKO, bastardo, espúreo.

SERORA, sor, monja, religiosa.

SINATU, izenpetu, firmado.

SINDIKAL, sindikari, obrero sindicado (hitz elkarteetan). SINDIKAL POLITIKA, política sindical.

SINESTU, convencido, convaincu.

SOBERA, gehiegi, lar, larregi.

SOS, diru.

TAMALEZ, damurik, zoritxarrez.

TAXUKETA, taxutze, moldatze, formato.

TUTERA, Nafarroako Tudela.

TXOSTEN, informe, dossier.

UDAL, municipio.

URRATS, pauso. (PAUSU, descanso, reposo.)

XAHU, gastar. (XAHUTU, gastado.)

XEDE, propósito, objetivo.

XERTA, txerta, injertar, greffer. (XERTATU, injertado, greffé.)

ZAIZU, zai zazu, zain ezazu.

ZAKAR, torpe, tosco, rudo.

ZEINTZU, cuáles. (ZEIN, cuál.)

ZEREN, ze, pues.

ZERTZE, efectuar, llevar a cabo. (Ikus «Hiztegia» ANAITASUNAren 306. zenbakian.)

ZINEZ, zinetan, benetan.

ZINU, signo, señal.


Zorionak. Zori hobeak

Urte bat joan da. Bat gehiago?

Atzera begiratzen badugu, ez ote dugu, gero, poz baino negar gehiago ikusten?

Dena den, atzera ez baina aurrera begiratu nahi dugu guk. Heldu den urtea, onuragarri dakigula. Besoak zabalik, esperantzaz beterik emango diogu harrera abegitsua. Garrantzizko gertakariak ez dira faltako. Izan daitezela gure faboretan. Barea ez beste dena izanen da urte hori. Batasunean aurrera! da gure opa hitza.

ANAITASUNAk ere aurrera egiteko asmoa du. Itxuraz, taxuketaz eta ereduz* aldatzekotan gara. Atseginago, modernoago, erabilgarriago bilakatuko* da gure aldizkaria. Irakurle, zure laguntasunaren gain lan egin nahi dugu. Euskal kazetagintzan urrats* bat gehiago eman gura genuke urte berriarekin. URTE berri, ASMO berri, ANAITASUN berri!

Eguberri hauetan, irakurle, zori hobeen zain, zori onak zuri!