ANAITASUNA
307. zenb.
1975.eko hazilaren 30ekoa
Pelota, 4 - 1.º - Bilbao-5
Tel. 423 74 49 - Apart. 495
ANAITASUNA BIZKAIA
HAMABOSTEROKOA
ZUZENDARIA:
Joan Mari Torrealdai
Urteko abonamendua:
Bertorako 300 pezeta
Latin Amerikarako 320 »
Europa eta Ipar Amerikarako 450 »
Ale bakoitza: 15 pezeta.
HELBIDEA:
Pelota, 4 - 1.º Bilbao-5.
Posta kaxa 495. Tel. 237449.
INPRIMATZAILEA:
Imprenta AMADO - Mazarredo, 35 - Bilbao-10
D. L.: BI. 1753-67.
Ez dago euskara ikasi beharrik!
Hazilaren* 15ean argitaratu zen Boletín Oficial del Estado delakoan Dekretu bat, «Espainiako eskualdeetako hizkuntzen erabilbidea* arautzen* duena. Horien artean dago euskara ere, uste dugunez, galego eta katalanarekin batera. Hemen euskarari dagokionez bakarrik ukituko dut legea.
Ni ez naiz legegizona, eta nekez harro nitzake Dekretu horrek ere izan ditzakeen katramilak* eta ondorioak. Baina berehalakoan eta edozeini burura datorkiona zera da: Dekretu hori ez dagoela irakurtzerik eta ez betetzerik, oraintsu hitxi* den berrogei urtetako epe luze honek Euskal Herrian sortu duen ingurua eta utzi duen ondorioa gogotan eduki gabe. Eskualdeetako* hizkuntzen irakaskuntzari buruz aurtengo maiatzean eman zen Dekretuarekin batera, beste honek ere euskaldunontzat eta gu bezalatsu dauden besteentzat leihatilaren* bat irekitzen eta argi izpiren bat ematen duela dirudi itxuraz. Baina hori datorren inguruari begiratzen badiogu, Dekretuak ilunguneak handiagoak dituela ikusten dugu, euskarari dagokionez behintzat.
Ezer berririk baldin badu Dekretu honek, bi puntu hauxek iruditzen zaizkit benetan nabarmenak:
- Euskara hizkuntza nazionala da, baina ez ofiziala.
- Inor ez da bereiziko edo diskriminatuko, euskara jakin ez arren.
Euskara «dialektu» bat besterik ez zenean
Orain dela hogei ta hamazazpi, hogei ta hamar, hogei ta bost urte, beldurrez izututa omen zegoen euskara, eta euskararekin batera euskaldunak. Ni ez nintzen hortaz jabetzen, txikiegia bainintzen; eta nik neuk ez dut gogoan, Araozko* elizan inoiz erdarazko sermoirik garai hartan entzuna dudanik. Baina 1947.ean, bost urte nituela, Araozko eskolan dena erdaraz egin behar izaten nuen, eta nik ez nekien tutik ere erdaraz; gure maisuak, berriz, ez zekien euskaraz.
Garai hartan gudu garaileen legea zen lege. Eta horrek erabakia zuen nonbait, euskara subertsiboa zela, eta debekatu ere egin zuen. Giro hortan, baserritarren edo zenbait buruberoren* «patois» bat, erdi-hizkera bat bihurtu zen euskara. Izan ere, propaganda garaile batek zabaltzen zuen, euskara ez zela dialektu itxusi bat besterik*; eta espainiarren buruetan eta euskaldunenetan ere sartua zuen, euskaraz egitea lotsagarria zela. Horregatik, nik neuk, euskaraz besterik ez zekiten baserri-baserrietako neskatoei erdaraz parra-parra (!) egiten entzuten nien bazterretan.
Garai hartan, garaileen «kristau» hizkuntza erdara zen. Eta kristaua izan beharrik ez zeukan euskara maitatu, bizi eta landu nahi zutenek, alde egin behar izan zuten, edo ezkutatu, edo beldurrez nolabait eutsi beren hizkuntzari. Euskara maitatzen eta erabiltzen zutenentzat, diskriminazioa edo bereizkeria zen lege gizartean.
Euskara ameslarien hizkuntza zenean
Garai hartan euskarari nolabait eutsi izan ziotenek, ohorea merezi dute; eta ondoren amets egiten hasi zirenek, berriz, oroikarri* handi bat.
Nik ez dakit zenbat urte diren. Beharbada orain dela hogei, edo hogei ta bost urte edo lehentxeago, euskaldun ausarten* arraza berri bat sortzen hasi zen. Eta... egutegiak, liburuak, aldizkariak idazten eta zabaltzen hasi ziren; eta... ikastolak, alfabetatze saioak, euskara ikastaroak, eskoletako euskara ikastorduak hedatzen* eta indartzen hasi ziren.
Bitartean, erdararen legea izan da lege. Eta Estatuak ez du onartu ez babestu ez indartu euskara ausart hori. Beharbada galduta ibili dira gobernariak eta agintariak, zer egin ez zekitela, herrian indar hain handia hartuz baitzihoan euskara ausarta. Eta legea ez da ausartu horren kontra ez horren alde aurrez aurre egiten; baina bai behin eta berriro trabak jartzen, eragozpenak ezartzen, oztopoak ipintzen. Arriskutsua ikusten zuen nonbait euskararen ausartzia.*
Dialektu eta «patois» hutsa zen hura,* ameslari eta burrukalari batzuren* benetako hizkuntza bihurtua zen: hori ez zeukan inork ukatzerik. Eta legeak eta agintariek ere azkenik nolabait etsitu* egin behar izan dute euskara ausartaren aurrean, besterik ezean.
Euskaraz dakien euskaldun asko harrotu egiten da orain, jakiteagatik; eta ez dakien asko, berriz, lotsatu, ez jakiteagatik. Hala ere, orain arte Estatuaren bazter batetako jende batzuren bazterreko hizkuntza pobretzat eta arriskuzkotzat hartu izan da, ez besterik. Horregatik baztertua egon da euskara, eta, beraz, euskaldunok. Diskriminazioak oso-osorik iraun du, euskarak Euskal Herriaren hizkuntza izateko bideak urratzen eta eskubidea eskatzen zuen bitartean.
Urte luzeotako diskriminazio legeak, diskriminazio egoera sortu, indartu eta finkatu du Euskal Herrian, euskara Herriarena ez, baina ameslarien hizkuntzatzat joz, eta haintzakotzat* ez hartuz.
Euskara eskualde batetako hizkuntza denean
Azkenean, euskara ausartaren indarrak eskutatik ihes egin ez diezaion, legeak bere eskua sartu nahi izan du, euskararen erabilbidea arautzeko. Eta «dialektu» hura, «bazterreko hizkuntza» hori, Espainiako eskualde batetako hizkuntza dela deklaratu du.
Hemendik aurrera hizkuntza nazionala da euskara, baina ez ofiziala. Espainiako kulturazko altxortzat* hartzen da euskara; eta horregatik Estatuaren estalpea eta babesa ukango du euskara ikasteak eta erabiltzeak (1. art.). Oso gaizki ulertzen ez baldin badut, ez artikulu honek eta ez bestek ez du «laguntzaz» hitzerdirik esaten. Eta, gaizki ez banabil, euskara ikasi eta erabili gura dutenek eragozpenik ez dutela ukango, besterik ez du esan nahi artikulu horrek. Alde hortatik, mendeetan zehar eta batez ere azken berrogei urteotan sortu eta ezarri den egoera bat finkatu besterik ez du egiten Dekretu horrek. Eta, euskaldunok ondo dakigunez, bide hori, erdarak euskara itotzeko besterik ez da.
Dekretuak kultur tresnatzat hartzen du euskara, eta ez folklorezkotzat bakarrik. Gizarte komunikabideetarako erabil daiteke euskara (2. art.). (Maiatzeko irakaskuntzari buruzko Dekretuak eskolan ere irakats daitekeela esaten zuen.) Berriz ere «daiteke» hortan gelditzen gara, berrogei urteotan ezarritako dinamikaren kontrako beste dinamikarik sortzeko asmorik gabe. Alde hontatik, jakingarria da, Escudero Rueda jaun Prokuradoreak egindako deklarazio batetan esana: «En este tema no soy partidario de la voluntariedad, sino del carácter obligatorio» (irakaskuntzaz ari zen Escudero jauna).
Baina, hortaz gainera, kultur alorrean hesitu nahi da euskara. Izan ere, kultur tresna hutsa bezala hartuz, euskarak hartu duen eta ukan dezakeen bestelako indar guztia kendu nahi zaio. Hau da, gizarte komunikabide bezala hartu nahi da, eta ez herribide, Herri baten nortasun bide bezala.
Euskara ez da, legearen arabera,* Euskal Herrian ere hizkuntza ofiziala. Hemendik aurrera ere, erdara bakarrik izango dugu geure hizkuntza ofiziala. Baten batek pentsa lezake, euskara hizkuntza nazionaltzat hartzen delako, eta eskolan irakasteko bidea ematen delako, nahiz herrietako kontseilarien arteko elkarrizketetan erabiltzeko bidea ematen delako edo, hizkuntzabitasun batetik abiatuak garela. Dekretuak ez du hortarako inolaz ere biderik ematen. Izan ere, erdaldunak euskara ikastera behartuak ez dauden bitartean, euskaldunak erdara ikastera behartuak dauden bezala, ez dugu benetako edo inolako hizkuntzabitasunik ezagutuko.
Baina lege honek ilungune handienak eta kezka eta galdera gehienak, «diskriminazioaz» mintzatzen denean sortzen ditu. Honela dio laugarren artikuluak: «Ningún español podrá ser objeto de discriminación por no conocer o no utilizar una lengua regional». Iruditzen zaidanez, orain arteko diskriminazioa (euskaldunen kontrakoa, halegia*) iraun erazteko, eta berriak sortzeko eta legeztatzeko egokia da artikulu hau. Izan ere, ezarri zaigun egoera hontan, euskaraz ez dakitenak ez direla diskriminatuak izango esatea, euskaldunak diskriminatzea besterik ez da.
Batak* erdara jakitera behartuak daudelarik eta besteak euskara jakitera ez, ez ahal da berehalakoan diskriminaziorik sortuko euskara dakitenen kontra, kalean nahiz bileretan naiz Udaletxeetan* etab erdaraz egitera behartuak egongo baitira elkar ulertuko badute? Zer esan nahi du euskara ez jakitea ez dela inola ere diskriminazio arrazoia izango? Berez euskara beharko litzatekeenean ere, ez ote da bereizkeriarik egongo, euskara dakitenen eta ez dakitenen artean?
Dekretu honek areagotu* egiten du lehengo egoera okerra. Ikastetxe batek edo denda batek ba zeukan lehen, euskaraz zekiten irakasle eta langileei puntu berezi bat ematea, lehiaketaren bat antolatzean. Hemendik aurrera, eta 5. artikuluaren arabera, ez ote du horrelakorik egiterik izango? Euskara ez dakitenen kontrako diskriminazioa ote da hori ere? Oraindik entzun behar genukeena hauxe litzateke: ikastoletako irakasle izateko ere, euskara ez jakitea ezin daitekeela diskriminazio bide izan!
Itxuraz bide irekiago batetatik abiatuz goazela ematen* du Dekretu honek. Eta, beharbada, nolabait legegileen asmotan irekitasun muturtxo bat adierazi nahia ere ba dago. Baina, benetan, guretzat hitzetan bakarrik gelditzen ote den nago. Hizkuntza nazionala, kulturazko hizkuntza etab. izango omen da euskara. Baina hitz hutsak dira horik* berez.
Euskara Euskal Herriaren hizkuntza izango denean
Dekretuak euskara hizkuntza nazional deklaratu duenean, espainiar batzuren hizkuntza deklaratu du nonbait, ez Herrialde baten hizkuntza, ez eta Herri baten hizkuntza. Horregatik ez du inolako neurririk ematen, euskara Euskal Herriaren hizkuntza bihur dadin; erdararekin batera bada ere. Ez du kontutan hartu, hizkuntza Herri baten adierazlea, egilea eta eragilea dela. Horrexegatik ere, ez du kontutan hartu, Euskal Iparraldea ere ba dela Euskal Herriaren zati bat, eta hangoak ba direla euskaldunak.
Euskararen arazoa ez da konpontzen, hizkuntzarekiko aparteko Dekretu modu batzu emanez. Herri baten arazoa da, eta Herriari dagokion politikazko arazo osoaren muinean dago bizi-bizi hizkuntzarena. Hizkuntzaren arazoa politikazkoa da, eta ez administrazio hutsarena, ez eta gizarte komunikabideena bakarrik edo eta irakaskuntzarena bakarrik ere.
Horregatik, Euskal Herriaren etorkizuna aztertzen, antolatzen eta bideratzen denean, Herri mailan aztertu, antolatu eta bideratu beharko da euskararen eta beste hizkuntzen arazoa, euskal gizarte bateratu eta integratu bat lortuko baldin bada.
Paulo AGIRREBALTZATEGI
Euskal Komikia
ANAITASUNAren 303. zenbakian irakurleari dei bat egin genion, hain zuzen Komikiari buruz bere eritzia adieraz ziezagun. Ondoko egunetan erantzunak jasoz joan gara. Denak ez argitaratzearren hautapen bat egin dugu. ANAITASUNAren zenbakietan zehar, erantzunik interesgarritxoenak agertuz joango gara, irakurlea bera idazle bezala ikusi nahi genukeen leku hontantxe.
Milesker, erantzuna bidali diguzuen guztioi.
Bermeotik, 1975eko urriaren 18an.
Agur jauna:
Komikia dela eta nire eritzia eta baita ere nire bi semerena, 10 eta 11 urtekoena, hau da:
Poxpolu Kutxaz egiten dena ia ezer ez dugu ulertzen eta horregatik alferreko lana hauxe.
Krisket eta Popolo nahiko ongi dago.
Aimar. Hau atseginago irakurtzen da, eta hiruretatik hoberena.
Beti da ona hitzak argi eta garbi idaztea, ulerterrezago izan daitezen, zeren jendeak euskaraz irakurtzeko ohitura guti baitauka.
Ale bakoitzak bere zenbakia eduki behar lukeela uste dugu.
Kontuan hartzekoa da ANAITASUNA eta ZERUKO ARGIA hartzen dutenak bi bider zenbaki bat hartzen dutela.
Beharbada komeniko litzateke ale bakoitza eta osorik eta denbora batetan, kasurako AIMAR bera, bakarrik ematea horrialde guztietan eta tema hontaz nekatu arte, gero beste bat hartzeko, zeren hiru tema hain horri gutitan eta gero sakabanaturik ez dago jarraipenik gordetzerik.
Bestetara eta zenbakiak jarriz bildumak egiteko egoki izango litzateke, batzu AIMARenak, beste bilduma bat KRISKET ETA POPOLO, eta abar...
Urren arte,
A. M.
Kaixo lagunak!
Hitz batzuk besterik ez KOMIKIA dela ta.
Ez dago esan beharrik KOMIK orri hauk argitaratzea, lan interesgarri baten hasiera dela.
Baina dena dela nere iritzi batzuk azaltzea nahi nizuekenez eskutitz honi hasiera emango diot.
Ez noa esatera euskal KOMIKEK helburu konkretu bat bete beharko duenik edo ez, baina KOMIKEK zertxobat lagunduko digula euskaraz ikasten ari garenoi, beharbada bai. Beste tankera bateko gaiak erabiltzeko eskubidea eskainiko digulako alegia.
Eta pixka bat hontaz oinarriturik iritzi batzuk ematea nahi nizueke.
Adibidez: KOMIKIAREN lehenengo orrian, mutil mutu bat agertzen zaigu. Mutil honek ez du inoiz hitz egiten. Bete esan nahiak mimika bitartez azaltzen ditu.
Eta ez ote zen lagungarriago izango, hau da euskaraz ikasten ari direnentzako, hitz bat edo beste ikasteko eskubide bat eskaini?
Zoritxarrez, irudiak huts hutsean ikusten ditugunean errezago egiten zaigu gaztelaniaz pentsatzea zer esan nahi duen edo zertan ari den.
Eta bestalde, euskaraz idatzita ikusten bagenun errez konturatuko ginen behintzat EUSKAL KOMIKI bat dela.
Esan nahi dizuet honekin, lehenengo orriak baduela bere garrantzia zerbait idatzita edukitzeaz edo ez.
Eta bestalde, euskaraz zerbait dakigunentzako, ez ahal zen interesgarriago izango irudien azpian ohar bat idaztea esan nahi honekin adibidez: IDATZI ZAZU IRUDIAN. ZER EGITEN DU MUTILAK?, e.a.
Hau nere iritzi bat da eta, dena dela, zuek ere baduzue hitza. Azken finean zuek ikusiko duzue esandakoak aipamenik merezi duen edo ez.
Eta besterik gabe GOGOR jarraitzeko nere desioak ere badirenez, agur eta beste bat arte,
Leniz Bailerako L.
Franco hil da
Nahiz eta Francoren eritasuna* urriaren 12an hasi zen, haren egoeraren lehen adierazpenak urriaren 21 eta 22an eman ziren. Bihotzeko zain nagusia gaixorik zuela adierazten zuten. Hurrengo hiru egunetako adierazpen guztiek bihotzeko eritasuna baino ez zuten aipatzen. 26an urdaileko hemorragia agertu zen, eta 28an heste paralisia eta askitia.
Hazilaren* 3an egin zitzaion lehen operazioa, urdaileko ultzerengatik. Baina operazioa egin ondoren, odol jarioak amaitzen ez zirelarik, giltzurrunak huts egiten hasi ziren, eta hurrengo egunean dialisia egin behar izan zitzaion. 7an bigarren operazioa: hamar ultzera aurkitu zitzaizkion. 11n, dialisia alferrikakoa izan zela eta, hemodialisiaren bidez giltzurrun artifiziala jarri zioten.
14ean berriro ere operatu beharra izan zuten, 7an egindako operazioko suturak askatu egin zitzaizkion eta. Operazio ostea* ongi zihoala zioten lehen egunetan. Baina 17an krisitan sartu zen. Azken adierazpenak agertu zuenez, heriotz orduan, hazilaren 20an, goizaldian, bederatzi eritasun zituen.
Juan Carlos Espainiako Errege
«Ley de Sucesión» delakoaren arabera,* Gorteetan, Juan Carlos Printzeak Erregetza hartu berria du, hazilaren 22an, Juan Carlos I.a izenarekin.
Errege berriak ez du bide errazik. Ba du zereginik: Espainiako inflazio ekonomia zuzen, Europako Komunitatean sartzeko bideak aukera, oposizioko alderdiak onar, erregionalismoa onets eta bultza, errege orok* egin ohi duen bezala amnistia eman. (Antton Inurritegi)
Estatuaren presupostua, 1976
Haziendako Ministruak, aurkeztu du datorren urterako presupostugaia. Eman dituen zenbakiak, milioitan, ondoko hauk izan dira:
Gastuak
Estatuaren Buruzagitza 60,8
Printzearen Etxea 24,3
Erreinuko Kontseilua 13,1
Gorteak 568,9
Kontseilu Nazionala eta
Mugimenduaren Sekretari Nagusia 4.450,7
Zor Publikoa 20.512,4
Klase Pasiboak 60.300,4
Kontuen Tribunala 88,1
Ondasun Nazionalak 24.647,5
Gobernu Lehendakaritza 10.148,0
Herbesteetako Harremanak 5.651,8
Justizia 13.854,5
Lur Harmada* 66.977,4
Itsas Harmada 26.485,8
Aire Harmada 31.071,4
Gobernazioa 101.425,2
Obra Publikoak 69.207,6
Hezkuntza* eta Zientzia 132.003,4
Lana 33.858,2
Industria 18.813,6
Lurgintza 40.135,7
Merkatalgoa 13.680,8
Informabidea eta Turismoa 7.243,7
Etxagintza 16.060,8
Hazkunde* Plangintza 4.598,3
Hazienda 11.678,9
Zenbait Ministergotakoak 71.437,3
Hauk izan dira, 1976. urterako Estatuak aurrizendatu dituen gastuak. 785.000 milioi pezeta beharko dira, dena ordaintzeko. Diru hori guztiori nondik eta nola atera? Hona, zer esaten den sarbideen pasartean, hemen ere milioitan:
Sarbideak
Zuzeneko zergak* 287.500
Zeharkako* zergak 394.700
Beste sarbideak 47.000
Transferentzia arruntak* 19.600
Patrimonio sarbideak 33.600
Inbertsioen desjabetzeak 1.000
Finantz aktiboen gorabeherak 1.100
Finantz pasiboen gorabeherak 500
Zer esan sarbide eta gastu hauetaz? Konpara ditzagun zenbait datu jakingarri. Hezkuntza eta Zientzia da lehena: 132 mila milioi. Ondoren (gauza hauetatik urrun gabiltzanontzat, beharbada aski* harrigarri gertatuko* dena), Gobernazioko Ministergoa. Hala ere, normala da hori, Goardia Zibila eta Polizia Harmatua Ministergo horri atxekiak* baitaude. Indar Harmatuen hiru taldeak elkartuta ikusi nahi baldin baditugu (hau da, Lur, Itsas eta Aireko gudalozteak* batera), hiruron presupostua ere oso gora doa: 124.534 milioi. Azkenik, han hemen beste zenbait Ministergotan doazenak ere ez dira guti: 71 mila milioi pezeta.
Nik, egia esan, ez dut gauza hauetaz deus* haundirik ulertzen, eta bukatzera noa. Beti ere, irakurle jakitunari eta besteari ere, ongi etorriko zaizkio eman* hauk, ikus eta azter ditzan. (Joanes Goia)
Hementxe denok
ORTZIKEN kantaldi berria Donibane Lohitzunen
Iparraldeon kantari multzo batek ORTZIKEN deitu kantaldi bizi bizi bat moldatu du, dena gure herriko hezurrez eta gogoz hornitua. Eta herriz herri hasiko dira beren lanaren agertzen, eta lehenik Donibane Lohitzunen, abenduaren 5ean, Rex zinetokian.
Hor ari zaizkigunak, guti edo aski* ezagunak ditugu, hala nola, Peio eta Pantxoa, Iker Robles, Eneko Labéguerie, Manex Pagola, Maite Idirin, Maider Etxezaharreta, Iñaki Urtizberea, Patxika Aldudarra, eta Xanpun itsas aldeko bertsolari trebea.
Azken larunbatean ikusgarri hortarik zati bat zabaldu zigun telebistak; eta, dirudienez, jendeari anitz* gustatu zitzaion. Segurik ere hegoaldeko askok nahiko dute ikusi iparraldekoen saio berri hau. Hor sartzen baita bai antzerki puska, bai kanta, bai bertso, dantza eta argazki. Gure kultura doala hortik pizkortuz eta zabalduz.
ORTZIKEN Donibane Lohitzunen, Rex zinetokian, abenduaren 5ean, gaueko 9etan. (Manex Pagola)
Euskaldun bat Frantziako apezpikuen buru
Etchegaray jauna, Marseillako apezpikua, Frantziako Konferentzia Episkopalaren buru hautatu dute. Pariseko Marty kardinalearen ordez.
Etchegaray euskalduna da. Ezpeletan jaio zen, 1922. urtean. Erroman egin zituen bere apez ikasketak, eta 1947.ean apez egin zen. Baionako apezpikuaren idazkaria* eta gero elizbarrutiko* bikari* jenerala izan zen 1960.erarte. 1966.ean Frantziako Konferentzia Episkopalaren idazkari izendatu zuten. Hiru urte geroago, Pariseko apezpiku laguntzaile. Baina denbora gutirako. Hurrengo urtean Marseillako apezpiku egin baitzuten. Oso buru argiaren fama du. Europako Konferentzia Episkopal guztien batzordearen* buru da.
Euskal departamendu baten ondotik
Ametsa, baldin ametsik bada, ez da oraingoa. Ez atzokoa ere, funtsean.* Aspaldikoa baizik. Euskal departamendu baten xedea* frantses iraultzaren arokoa* dugu. Orduko euskal diputatuek nahi baitzituzten, iraultzak Ipar Euskal Herriari kendu zizkion lege zahar eta biltzarreen berezitasunak, aro berri harek sortu zuen administrazio berriaren barnean nolabait kontserbatu. Gehien gehienik Uztaritzeko Garat diputatu anaiak bermatu* ziren xede horren alde. Haien eginahal guztiak, ordea, ondoriorik gabekoak gertatu* ziren, zeren* 1790.ean Pirinio Apaletako* departamendua ofizialki moldatu baitzuten orduko paristar gobernariek. Biarnesek ere berentzat biarnes departamendu bat eskatu zuten, berdin debaldetan.* Euskaldunak eta biarnesak elkarrekin zaku berean sartu zituzten, errazkiago kontrolatzeko eta, ororen* buru, zapaltzeko.
1836.ean, Mauleko,* Baionako eta Akizeko* jaun multzo batek xede bertsua* berriz piztu zuen, Adour edo Aturri* izeneko departamendu bat muntatu nahiz. Orduan ere urrats* guztiak, egin ez balira bezalatsu gelditu ziren.
Gerlaundiaren bukaeran, 1945.ean, xede berdinari buruz Jean Etxeberri-Aintxart Baigorriko diputatuak legegai bat presentatu zuen, Frantses Herri Legedia edo Konstituzio berria antolatu beharra zuen biltzarrean. Xede honen oinarri bezala «Aintzina» izeneko oldea* agertu zen, Marc Legasse buru. Beste behin gehiago, xedea xede gelditu zen.
Duela hamar bat urte, iparralde hontan sortu zen «Enbata» oldeak, euskal departamenduaren ideia bere politik programan agertu zuen. Olde abertzalea ondoko urteetan ahulduz joan zen heinean,* xedea ere galduz joan zen.
Eta horra non egun,* aspaldiko asmo horren oihartzuna* berriz entzuten dugun Baionako hirian. Iparraldeko hiru herrialdeetan agertu dira, dela* ekonomilari eta lantegi zuzendari, dela kontseilari jeneral eta alkate.xede horren alde. Batasun berri bat ere muntatu dute karia* hortara, Gobernuari eskatuz Baiona prefetura eta Maule suprefetura bihur ditzan, zeren Biarnoa eta Ipar Euskal Herria, egun ere oraino, bakoitza gorputz berezi baten jabe baitira.
Esan gabe doa, ustez hilik zegoen sugar* horren berriz pizteak, ideien mailan alde-kontrakoen artean eztabaida bizirik sortu duela. Bestalde, ez dugu dudatzen, egungo paristar gobernariak atzokoen bideari hurbildik jarraikiko zaizkiola, eta zenbaitentzat amets eder dirudien hori, berriz ere ametsen munduan geldituko dela.
Gisa* guztiz, biharko Euskal Herriari buruz, xede horrek ondorio on bat ekar lezakeela iruditzen zaigu. Egungo gure gobernariek, euskal autonomiari buruz lehen urrats bezala hartzen duten asmo horren obratzeari eza emanez, xede horren alde diren erdiko eskuindarretarik zati bat bederen* hozka* batez aitzinago bultza lezakete, Euskal Herriak bere nortasunaren alde daraman burrukabidean. Eta ondorio hori baizik ez balekar ere, esan dezakegu, asmo horren berriz kanporatzeak bere balioa ukanen lukeela. Dena den, ideia horren alde agertzen direnek, lanerako gogo haundia erakusten dute egun; eta, beraz, geroak jakin eraziko digu lan horren berri.
Iparraldeko ikastolak
Egun hogei bat dira, SEASKA batasunaren inguruan bizi diren ikastolak. Ez da anitz.* Baina ikusi egin behar da, duela bost urte ikastola bat bakarrik zegoela. Eta, egia esan, aurten SEASKA batasunak geroari buruz urrats guztiz garrantzitsu bat eman du: lehen mailako bi ikastola ireki ditu, bata Baiona ondoan, Blancpignon hauzoan, eta bestea Donibane Lohitzunen.
Gauza horik* hola, dirubehar haundiak gertatzen zaizkio SEASKAri eta ikastola bakoitzari. Euskal gauzetan betiko eta orotako* buruhaustea!
PARTZUER eta COPELEC
Ez du urte bat muntatu zela Baionan PARTZUER batasuna,* Arrasateko* kooperatiben hildoan abiatua dena, iparralde hontan kooperatiba gisako ofizialetxe eta lantegi batzuren eraikitzen laguntzeko xedetan. Duela lauzpabost hilabete berak sortzen lagundu zuen lehen ofizialetxea, COPELEC izenekoa, egun bide onetik doala jakin dugu, bere dotzena bat langilerekin, Ramuntxo Kanblonen zuzendaritzaren inguruan.
PARTZUER taldeak uste du, iparralde hontako bizibidearen hazkundeak, lekuan berean ditugun balioekin hasi behar duela, eta Arrasaten egin den eta aitzina doan esperientziak bide hortan laguntzen ahal gaituela. Atseginekin ikusten dugunez, ideiaren ederki obratzen hasi zaizkigu, talde hortan barne direnak. Goresmenak guztiei, eta jo beti aitzina.*
Erretiroa 60 urtetan
Ba du bost urte bederen, Frantziako langileak eta haien sindikatuak burrukan ari direla nagusiteriaren* eta Gobernuaren ordezkariekin,* erretiroa edo lanetik gelditzea* hirurogei urtetan erdiesteko.* Eta esan gabe doa, ideia premiatsu horrek indar berri bat hartu duela, lanketarien* kopurua* milioi batez goiti* iragan delarik. Zeren, sindikatuen ordezkariek dioten bezala, gauza ageria baita, adin* hortan lanaren uzteak berehala ehun mila lanbide inguru libre utz litzakeela lanketa* dabiltzanentzat. Eta lanketarien kopurua are* gehiago apalduko litzateke, sindikatuen beste eskakizun* premiatsu hau ere —berrogei ordutako astea, halegia*— bete baledi.
Azkenean, oraingo lanketarien egoera dela eta, Gobernuak onartu egin du nagusien eta sindikatuen ordezkariekin solastatzea.* Eta harreman hauen bururatzean,* botere osoa eskutan* duen nagusi baten gisara,* Gobernuko lehen ministruak jakin erazi digu, 1976.etik harat* eskulan dorpeenetan ari diren langileek beren lana hirurogei urtetan utziko dutela. Neurri honek berrehun ta berrogei mila langile ukituko* omen ditu. Besteak, berriz, mailaka mailaka, 1980.a barne, eskubide beraz jabetuko dira. Ez da agian* eman duen hitza hitzuts geldituko!
Dena den, sail berean ba da beste eskakizunik, ahal bezain laster beterik ikusi behar genukeenik. Lehenik, beren lana utzia dutenei zaharpagaren* goratzearen eskakizuna. Zeren paga hori zinez* apala baita. Egun gobernariak maiz* ari zaizkigu predikatzen, gure inguruko zaharrek gure adiskidantzaren beharra dutela, bereziki, gertatzen* diren bakartasunetik doi* bat jalgitzeko.* Baina ez dezatela ahantz ere, berek guk baino segurago lagun litzaketela zahartzaro gozoago baten iragaiten, zaharpaga zuzenago bat emanez. Sindikatuek ba dute, beraz, sail hontan zer egin langile zaharren alde.
Beste puntu bat ere ba dago, sindikatuek oraino jorratu ez dutena, eta lanketarien abantailetan* gerta litekeena. Hau da, administrazioaren zerbitzutan lan eginez goizik* erretiro on bat eskuratu eta berriz lanean ari direnen kasua. Kasu hontan direnen kopurua zer heinetakoa den jakitea, arras* neke* daiteke; baina, hala ere, ez da dudarik, gazte eta adinetako lanketari andana* eder bati bere irabazpidea kentzen diotela. Sail hontan ere ba liteke, segur, zerbait zuzentzeko, lanketarien interes zuzenen faboretan.
Gexan LANTZIRI
Hementxe denok
Deustuko unibertsitarien bilkurak
Deustuko Unibertsitatea hasi da pixka bat mugitzen. Asken asteetan, grebak,* eskola uzteak eta bilkurak* izan dira.
Orain arteko mugimendua Unibertsitate barruko arazoengatik izan da. Aurten kanpoko giroak ez du oraingoz eraginik,* kanpoa bera ere geldi dagoelako beharbada. Barrua eta kanpoa zain daude, zer gertatuko zain, nor mugitzen hasiko den zain.
Estudianteek behartu nahi izan dute Unibertsitateko Zuzendaritza, ihaz Informatikatik bidaliak izan zirenak onartzera. Horixe izan da bilkuren eta greben arrazoirik biziena. Dou jaunak, Erretore berriak, haserako hitzaldian esan zuen, elkarrizketa eta elkarrekin hauziak konpontzea izango zirela nagusi. Bere promesa bete zezala eskatzen zioten orain estudianteek, espultsatu horik oraingo Erretoreak ez baina irtendakoak kanpoan utzi zituen arren.
Hazilaren* 10ean, Bilkura Nagusiaren ondoren, horri bat atera zuten estudianteek, arrazoiak emanez eta jomugak* agertuz. Uneko gorabeherak aparte, zazpigarren puntua iruditzen zaigu garrantzizkoena. Deustuko ikasleek euskal estudiantetzat daukate bere burua. Herri eta kultura konkretu batetan bizi direla ba dakite. Kokaturik* dagoen lekuko herriari ez diola Unibertsitateak erantzuten salatzen dute. Prest omen daude, gure herriko herri eta kultur interesak aurrera eramango dituen Unibertsitate baten alde jokatzeko.
Euskal Unibertsitate baten nahia agertu dute unibertsitariek. Euskal Unibertsitate baten premia aldarrikatu* zuen Udako Euskal Unibertsitateak (ikus ANAITASUNA, 302. zenbakia). UEUko Manifestu hau biziki irakurgarria da.
Bizkaiko nekazaritzaz
Hazilaren* 14ean, Bilbon, «Desván» kultur taldeak antolaturik, Euskal Herriko nekazaritzari buruz hitzaldi bat eman zuen gaztelaniaz J. Mantzisidor jaunak.
Jende talde ttikia bildu ginen bertara. Hogei bat lagun edo.
Bere hitzaldian Bizkaiko nekazaritzari mugatu zitzaion; eta bertan esandako guztia azaltzea luzeegi gertatuko delakoan, zenbait jakingarri bakarrik emango ditut hemen.
Berak zioenez, Bizkaian 7-8 mila baserri daude. 65 % baserritar beren etxaldearen jabe dira. Gainerakoak maizterrak* dira, aspaldiko maizterrak, eta errenta apalak dituzte.
Baserri produzioaren 60%a hazkuntzatik* dator. 23%a laborantzatik eta 17%a bakarrik baso langintzatik, batez ere pinuarenetik.
Batez beste, baserritar bakoitzak 10-12 abelburu* ditu eta 5-6 hektarea lur. Zalantzarik gabe, ttikiegia da gure baserria.
Baserriko irabazia industriakoa baino askoz ttikiagoa da. Horregatik uzten dute gazte askok baserria, lurra lantzeko adinetakoak eta agureak bakarrik geratzen direlarik.
Baserriak dituen beste eragozpen batzu ere aipatu zituen hizlariak:
- emakumeen lan gogor eta gehiegizkoa.
- mutil zahar asko bizi dela baserrietan.
- gizarte harremanak kalean baino mugatuagoak direla.
Martxa hontan jarraituz eta konponbiderik ez badator, deseginda ikusiko dugu gaurko baserria 20 urte barru.
Azkenik, egoera hontatik irteteko gaurrarte eman diren pausoak azaldu zituen hizlariak. Haren ustez, produzio kooperatibak, industri-baserri langintza, hazkuntzaren aurrerabide kapitalista, barazkien* produzio berezia ez dira konponbide osoa gaurko baserriarentzat. Plangintza oso eta egoki batetan ikusten du berak soluzio bakarra, estruktur aldaketa bat eginez.
Honaino hitzaldia. Gaurkoz hontan geratuko naiz, han agertutako puntuen azaltze hutsean. Beharbada hurrengo batez saiatuko natzaizue, gai hontaz zerbait zabalago agertzen. (J. M. Zeberio)
Hementxe denok
Abokatuak tribunaletara
Abokatuak tribunaletan ibiltzea gauza normala da. Hor dabiltza beti. Bai, baina ez beti berdin. Inor defendatzen ez baina bere burua zuritzen* dabiltza oraingo hontan.
Hamasei abokatu dira militarren legediak inkulpatuak. Oso ezagunak hamaseiak: Azkarragorta, Aurora Elosegi, Iparragirre, Iriakez, Magallon, Maturana, Fernando Mujika, Jose Rekalde, Jose Ramon Rekalde, Reizabal, Ruiz Balerdi, Ruiz Zeberio, Yarza, Zarko.
Behin baino gehiagotan joan behar izan dute deklaratzera. Zergatik? Jadanik* urtebete Añorgako kontrol batetan hil zuten Mikel Salegiren heriotzaz argi gehiago eskatuz idazki bat egin zutelako.
Jendea harriturik dago Donostia alde hontan. Ez dute ulertzen zer salatzen zaien, abokatuen lana, hain zuzen, egoera ilunak salatzea delarik. Abokatu lana egiten saiatu direlako, nola izan daitezke, bada, epaituak? Gauza handiak ikusteko jaio gara, zioen besteak.
Irakasleak greban
P.N.N. (profesor no numerario) izen xelebre honekin ezagutzen diren irakasleek greba* egin dute Gipuzkoako zortzi Institutu Nazionaletan. Ez dute eskolarik eman. Bitan banatzen den arrazoi batengatik. Lehenengo, aurtengo ikasturtean* haietako batek ez duelako eskolarik ematerik izan; eta debeku hori irakaskuntzatik kanpoko arrazoiengatik etorri zaio nonbait. Eta bigarren, lanaren segurantzarik ezagatik. Edozein mementotan lanik gabe gelditzeko arriskutan* daude profesore horik* gaurko legedian. Horixe da gaurko egoeraren flakeziarik handiena: legeak babes eskasa eskaintzen die.
Brinkola hauzunea alfabetatze bidetan
Haizkorri peko hauzune hontako gazteriak, euskaraz mintzatzea ez dela aski* eta, beste zenbaitek bezala, euskara lantzeko gau eskolak eratu ditu.
Ahal duten gazte guztiak ari dira ekintza hontan. Baina gazteria ezezik* hauzune osoa ere alfabetatzen ari dela esan genezake.
Bati baino gehiagori «guk ja* dakigunakin gelditu beharko diagu, ba» entzuten bazaio ere, eskolako gaiak, ai kalean, bai tabernan eta bai etxean erabiliak direnez gero, denentzat dira azken batez ikasbide.
Oraingoz, hasera bezala, euskara zuzentzen eta lantzen ari dira. Ba dago zer ikastekorik, batez ere euskal bizitzako eta kulturako zenbait gaitara ireki beharra dagoelarik.
Euskara kaleratzea gutti ez bada ere, horra hor euskara ikasketak kaleratuak.
Donostiako katedralean...
Hazilaren* 21ean, arratsaldeko zazpietan, Penintsulako beste leku askotan bezala, Donostiako eliza katedralean ere besteetan ez bezalako meza bat eman zen Estatu Buru zenaren alde. Gipuzkoako gobernaria eta harekin agintari zibil eta militarrak hantxe zeuden. Elizgizonen buru bezala, Jose Mari Setien apezpiku laguntzailea. Eguraldi txarragatik airekorik hartzerik ez zuelarik, Argaia apezpikuak ez zuen Madriletik etortzerik izan. Egunkariek diotenez, hiruzpalau mila pertsona bildu ziren katedralera.
Ez nintzen han izan. Baina, egunkariek idatzi dutenetik eta han egondakoegandik jakin izan dudanez, une batean otoizleku ez beste dena izan zen eliza hura.*
Setienek egin zuen homilia. Erlijiozkoa, teologikoa, heriotzaren inguruan. Sermoi hotza, apropos aseptikoa, dio Donostiako «La Voz de España» egunkariak. Baina beti ere begirune* eta arreta* handiz egina, aitortzen dute denek.
Sermoia amaitutakoan, entzuleen artean bat baino gehiago haserretu egin zen nonbait. Zergatik? Setienek esan zuenagatik ez behintzat, sermoian ez baitzegoen inor mintzeko hitzik. Seguru seguru, esan ez zuenagatik izan zen, esan gabe utzi zituen laudorio eta izenengatik. Hura iskanbila,* hura zarata, hura merkatu plaza!
Ordenu pitin bat jartzeko asmotan edo, Emilio Rodríguez Román gobernari jauna aldareraino igan zen. Baretasuna eta ixiltasuna eskatu zuen behin eta berriz gobernariak. Eta hori, Caudilloaren testamentuaren izenean. Eta jendeari, han entzuterik izan ez zuena meditatzeko erregutuz bukatu zuen berea. Hamar minutu luzetan iraun zuen istiluak.*
Mezak normalki segitu zuen. Azkenean, babes indar ugarik zainduta irten zen apezpiku jauna elizatik. Eta, esan digutenez, haren etxea, eskuindarren beldur, poliziak zainduta dago geroztik.
Meza bukatzearekin batera, han egondako talde bat edo Donostiako apezpikutegira joan zen zuzenean. Zer egingo eta, bata bestearen gainean jarriz, dorre bezalako bat egin zuten eta apezpikutegiko balkoian nazio bandera jarri. (J. M.)
Hementxe denok
«Nafarroako euskaldun bat»?
Manuel Aznar Zubigaray hil da, 80 urterekin. Etxalarreko seme ospetsu hau, idazle, kazetari eta diplomatiko oso ezaguna zen Espainian. Atzerrian oso ezagutua zen.
Haren borondateari jaramon* eginez, beraren sorterrira, Etxalarrera ekarri dute enterratzera. Hiletak direla eta, haren bihotz ona eta tituluak bakarrik ez baina haren euskaltzaletasuna ere aldarrikatu* nahi izan dira.
Gauza guztien gainetik bere «Bidasoako errepublika tipia» maite zuela irakurtzen nuen bitartean, beste zerbait pentsatzen nuen nik. Halegia,* ba direla kanpoan oso ospetsu diren euskal gizon batzu,* Euskal Herria tipitzat-edo jotzen duten batzu, gure gizarteak goimailako lanik eskaintzen ez dielako edo handikerietan amets eginez bizi direlako. Esanak esan, Manuel Aznar jauna ez da bizirik bere herrira itzuli. Hilda ekarri dute. Euskal Herriak, ordea, gizon biziak behar ditu.
Bera «Nafarroako euskaldun bat» zela esaten omen zuen Aznar jaunak. Non jartzen da euskalduntasuna? Ba da joera oso hedatu* bat. Batzuren* ustez, inguruan, geografian, paisajean, ohitura zenbaitetan edo folklorean hasi behar da euskalduntasunaren bila. Euskal pertsonaiak deskribatzen dituelako da bat euskal idazlea, hauen eritzian. Azpimarkatzekoa da, hauengan somatzen den hizkuntzaren falta. Hizkuntza folklorearen zati bat bailitzen,* ez besterik.
Aznar jaunak bere buruaz zioena ikusita, benetan euskaldun bat ahal zen Aznar? Zernolako garrantzia eman ohi zion hizkuntzari? Mintzatzen ahal zen euskaraz? Ez dakit deus* ere. «Huntaz eta Hartaz»eko Txilardegik euskalduntzat hartuko ahal zukeen? «Gure mintzaira ez dakiena, ez da euskalduna» idatzi zuen han. Eta areago:* «Euskeraz ez dakitenak, ordea, euskera mintzabidetzat ez dutenak zehatzago azaltzeko (mintzaira bera lekuko*), Euskal Herriak ez ditu sekulan euskalduntzat hartu, atzerritartzat baizik...»
Hementxe denok
Aldizkarien munduan
• GOIZ-ARGI, 267. zenbakian, arras* berriturik datorkigu. Itxuraz, luze-zabalez. Lehengoaren aldean oso dotore. Neurriak tipitu egin dituzte, eta horriak gehitu. Hamasei horrialdetakoa da orain, horietarik zortzi koloretan direlarik.
Ezagutzen ditugun izenetatik soma daitekeenez, GOIZ-ARGI egiten ari dena lehengo talde bera da, osoagoturik badago ere. AGURekoak ere horra etortzekotan dira nonbait. Ez du ematen,* joeraz aldatu denik.
Gauza batek utzi gaitu benetan harriturik. Urtea amaitu aurretik aldizkariaren neurriak aldatzea ez da batere normala. Oker ez banago, aldizkarien aldakuntzak urte berriarekin batera egin ohi dira, bestelako arazo nagusirik tartean ez dagoenean noski.
• ANAITASUNA ere eraberritze asmotan dabil, azken aldi hontan. Baina egon lasai, irakurle bildumatzaile,egin behar duguna urtearen hasera baino lehen ez dugu egingo eta.
• AGUR hildakotzat eman daiteke. Oraingoz eta apur baterako bakarrik ixiltzen dela esanez, birpiztearen esperantzaren argiak irakurlearengan itzali gabe iraun dezan nahi dute AGURtarrek nonbait. Hala ere, heriotza horrek hiru egun baino gehiago iraungo ote duen gaude, idazleari bezala irakurleari ere GOIZ-ARGIra joateko deia AGURek berak egiten diela ikusirik.
Diru aldetik nahiko urri dabilelako hartu omen dute gehiago ez argitaratzeko erabakia. Horregatik, eta indar guztiak bat eginda irtenbide hobeago bat lortzekotan.
• Euskal egunkariak, entzun dugunez, pot* egin du, jaio orduko egin ere. Han eta hemen esan zigutenaz baliaturik, ba genekien oso aurrera zihoala asmo eta projektu hori. Baina, nonbait, haseran uste zen baino diru gehiago behar edo... Ez dakigu. Horren berri ematean jartzen genituen hiru baldintzetatik lehenengoan pot egin ote dute, bada, antolatzaileek? (ikus ANAITASUNA, 304. zenbakia). Astekari batekin konformatzen bide* dira gaurkoz. (Joan Altzibar)
Liburu berriak
USURBIL, 1375-1971
Usurbilgo Udaletxearen* babespean eginiko liburu mardul eta dotore bat dugu aurrean, zerbait gaztelaniaz eta gehiena euskaraz idatzia. Argazki asko dakartza, batzu* zuri eta beltzez, eta gainerakoak koloretan, lehengo eta gaurko Usurbil erakusten digutenak. Idazlanen egileak, usurbildarrak dira gehienak.
URKIZU, Patri:
Sekulorun sekulotan.
Kriselu, Donostia, 1975.
egiten zitzaidan ba niri ba zitekeela halako joyceren kutsu bat halako sollersen eragin bat aurkitzea orain patri urkizuk paratu digun nobelan & ez nenbilen gaizky hau ez baita nobela klasiku baten gisa egina agian norbaity tripako min & novelty egingo zaio izan ere hainbeste gauza deseroky & ulergaitzik idazty batetan ez da normala hau ez da literaturohitursario garby & jatorzaleentzat egiten inyola ere ukronia igelandyan ez da joyce ulises & finnegans wake rik ezagun sollers telqueloish rik ere ez & munduko literatur abangoardigintzan deusezer ez balitz gertatu bezala gure betiko garousaikeryazko zzokokery itzelak stylu stereotypatuan izkribatzen dihardugu moteilak non bizi gara hemen modan modatik pasa direnean bakarrik jartzen dira hemen modako gauzak & oroit parisarantzazu 68 hhhhatxetua non anarteko kontu askorekin hautsi baitzen & saltu kualitatyvu galanta emanaz etapa berry batetan sartuak ginen & halaber orain delako sekulorun sekulotan honek izkriturazko haustura linea dezisyvua markatuko du euskal prosagintzan & etapa berry bat errepresentatuko & irakutzazue bada hitzerrenda freelibro etaaske akabagaitz & hizkario inetengable desendelegable hori hazarez edozein paiatan irekirik & abiada handian hitz frase & horry osoak saltatuz arnasik hartzeko astirik gabe edo & hitz batetan frase batetan pasarte batetan atsegin hartzen baduzue stop buelta hitzfrase pasarte ber horietara behin & berryz edo handik orduegun batzutara ez direla ulertzen hilara osoak tanpi kontua textuan atsegin hartzea baita halako batetan fazaradiako pariseko hopitalzuloan akatu zitzaigun mirande faxista hura xapelduneuskaldunfededunen lasaitasunerako & tranquilityrako lizun & zikin & lotsagabe hura berryz ere ba dioete orain sekulorun sekulotanengatik zer da gootzteratura likits & kirats bat besterik ezjandalo horko pisakakaipurdizakilpotrotsa ezjandalozatuko dira ahhh gure izketa garbija oroitzen naiz patri urkizutaz nola peillenenean ezagutu nuen nola atmosphera itogarry honetatik ihes igelen bila zebilen hura & harez gero zihur naiz beti eramanen dituela berarekin & nork idatziko luke joyceren ulisesa agirreren euskaraz inor ez da gauza gaurkoz holako bide batetik abiatzeko abiatu gara edo patri urkizu abiatu da. (Perugorria)
SARASOLA, Ibon:
Euskal Literatura Numerotan.
Kriselu, Donostia, 1975.
Saiakera honek alor berri bat urratzen du euskal liburugintzan, eta oso interesgarria gainera, liburuaren tituluak berak aditzera ematen duenez.
Sarasolak lan bikain bat burutu* du, eta liburuaren horrialdeetan zehar hainbat estatistika aurkezten* digu, bi urtetako hiru epe gonbaraturik. Epeok 1934-1935, 1962-1963 eta 1972-1973 urtebitarteak dira, lehena gerla aurrekoa delarik, bigarrena gerla ondokoa eta batasunaren aurrekoa, eta hirugarrena batasunaren ostekoa,* hau da, egungoa.
Baina gonbaraketak ez dira soilik euskal liburugintzara mugatzen, zeren* Espainia, Katalunia, Mendebal Europa eta Estatu Sozialistetako liburugintza gurearekin parekatzen* baita. Gonbaraketa hauen ondorioz, euskal liburugintzak bere goimuga jo duela uste du Sarasolak, izugarria izan baita azken urteotako gorakada, batez ere inguratzen gaituzten liburugintzekin gonbaratuz.
Liburu osoa interesgarria bada, are* gehiago azken epeari eskaintzen zaizkion horrialdeak. 1972-1973 urtebitartean 101 liburu argitaratu ziren euskaraz, hauetarik 34 literaturan eta 37 saiakeran. Literatur barnean 12 liburu elaberriak* ziren. Liburu hauk guztiok idatzi dituzten idazleetarik, 28 apez eta 34 sekular. Euskal literaturaren historia osoan, hauxe da lehen aldia, sekularrak gailen* agertzen direla. Euskararen batasunari bagagozkio, 63 idazleetarik 46 aldekoak dira eta 17 kontrakoak, hauen artean 12 apez.
Ezina zaigu liburuko zifra guztiak jasotzea. Biziki gomendatzen dizuegu irakurtzea. Numeroek, beren hoztasun eta indarraz, guztiz argi erakusten digute euskal liburugintzaren gorakada eta etorkizun pozgarria. (Xabier Gereño)
ZARATE, Mikel:
Ipui antzeko.
Gero, Bilbo, 1975.
Itzaurre batek eta hogei ta hamabi alegiak* osatzen dute, Gero argitaletxeak eskaini digun Mikel Zarateren liburu hau.
Animaliekin gehienbat osaturiko alegia hauek, abereek darabiltzaten kontu hauek, gure egoeraren ispilu izan nahi bide* dute. Horrela, salakuntzak bigundu eta ezinesanak esan egiten dira.
Literatur aldetik ba du baliorik. «Iturri bi bihurtu zitzaizkion bere begi ederrak astamari» (69. horrialdea). Baina batez ere, «Ileta» izeneko alegian, hibaiari egindako olerkiaren azken bertsoak aipatu nahi nituzke:
Herri eroria,*
herri ezereza,
herri ahuldua,
arraza eta kuraia galdu zituen
herri tristea:
hor dituk,
hor doazik
hik merezi ditukan ur ilunak,
hik sortutako
lokaztegi lirdinga hoiek...
Begira itzak,
eta egin zak kontu
hire animaren ispilu direla.
Hitz jokoak ere maiz* egiten ditu. Adibidez: «Gorriak ikusten ditugu lur gorri honen agortasunean».
Gustura eta erraz irakurtzen den liburua. Akatsik atera nahi izatekotan, zera bakarrik esango nuke, ortografian ez zaiola euskara batuari beronen osotasunean jarraitzen; eta penagarria da, akats hori geroari begira eragozpen bat izan lekioke eta. Aditza bai, aditz batua erabiltzen du osorik. (Xabier Gereño)
Natura guztiona delarik, guztiok egon behar genuke hartaz arduraturik, eta haren zaintze eta irauteaz kezkaturik. Ene ustez, jende guztiak ezagutu behar lituzke ekologi problemak, eta irakaskuntzan garrantzi handia eman behar litzaioke ekologiari. Arlo hontan ia guztiz analfabetuak garelakoan nago, egunero ikusten ditudan zenbait jokabidek horixe frogatzen baitidate.
Adibidez. Aldapa handitan* dauden basoen ebaketa* osoa arriskugarria dela, ekologiaz ari den edozein liburutan irakur daiteke. Erosioaren ondorioez jabeturik dagoen edonorentzat, hori ekologiaren abecea dela esanen nuke. Hala ere, ba dirudi, euskaldunon lurrak oso bereziak direla, eta berauetan salbuespena* gertatzen dela, eta mundu osoko erosio legeak Euskal Herrian desberdinak direla, zeren* gure artean egiten diren gauza batzu,* lege haietaz ezer arduratu gabe egiten baitira. Zergatik diodan hori? Hara! Bilbotik Pausura* autobidean zehar doan edozeinek ikus ditzake, aldapa oso handietan ere, zuhaitzez guztiz gabeturiko mendialde batzu. Ermura eta Altzolara heltzean, aurrez aurre ikus daitezke horrelako batzu. Eta, nahiz eta zuhaitz ebaketa horik oraintsu eginak izan diren, jadanik* agertuak dira erosioaren ondorioak. Hau Ermuan argi ikus daiteke, eurietako uren kausaz lurreten* bat jazo baita.
Basoak eta lurra
Azter dezagun, gaingiroki* eta arinka bada ere, basoek lurren izakeran duten garrantzia. Honela, beharbada, gizonaren egintzek ukan dezaketen garrantziaz jabetuko gara.
Basoak lur sortzaile dira. Duchaufour jakintsuak dioenez, lurra jaio eta aitzinatu* egiten den multzo* dinamiko bat da. Eta gizonaren eraginaren kausaz, edo bestela, lurra hil egin daiteke. Gizonaren eragina azpimarkatu nahi ukan dut hemen, zeren garai historikoetan gehienik gertatu izan den kasua, hauxe izan baita.
Ikus dezagun laburki, nolakoa den lurren sortzea. Bi eratako materialak aurki daitezke lurrean, ura eta airea kontatu gabe.
Batetik, haitz* amaren desegitetik sortzen diren elementu mineralak daude lurrean. Desegite hortan bi faktore mota aurkitzen ditugu: klimatikoak (haizea, ura, izotza...) eta bizidunen eraginaren kausazkoak. Bizidunen eraginen artean, basoetako zuhaitzena da nagusi (sustraien bidezkoa).
Bestetik, lurraren gainean bizi diren bizidunek materia organikoa sortzen dute, eta lurrera inkorporatzen; eta lurrean, lehen aipatu* mineralekin nahasten da materia organiko hori. Materia guztiok transformatu egiten dira eta modu hortan propietate desberdinetako estratu edo lur geruzak* sortzen dira. Baina zenbat eta sakonago, materia organiko gutiago dago estratuotan.
Dena dela, soma daitekeenez, lurraren sortze prozesua oso luzea da. Urteetako, mendeetako fruitua da lurra. Eta bilakabide* hortan barrena, lurra haziz doa, lur geruzak sortuz doaz, oreka* batetara heldu arte.
Basoak lur zaintzaile dira. Haizea eta ura, lurrean dauden materialak higitzeko* gai dira. Lur gainean landareak ondo finkaturik ez badaude, uraren eta haizearen eragina oso bortitza* da, eta lurra desegin egiten da. Basoak, landareak ongi finka daitezen ingurua prestatzen dutelarik, lur zaintzailerik egokienak dira.
Zuhaitzen sustraiek eutsi* egiten diete gogorki lur partikulei. Euritan eroritako ur tantak ez dira zuzenki lurrera jausten,* eta ez dute, beraz, zuzeneko eraginik lurraren azalean. Zuhaitzen hosto* eta abarrek gera erazi egiten dituzte lehenbizi ur tantok; eta gero zuhaizpeko zuhaixkak eta belarrak daude, ur emetze* funtzio hori hobeto betetzeko. Bestalde, zuhaitzek haizearen aurkako babesa ematen diote lurrari, eta modu hontan lurrak ez ditu haizearen erosioaren efektuak pairatzen.* Eta, beste babeste modu fisiko bat aipatzearren, zuhaitzek eta basoko beste landareek lurra eguzki kolpeetatik ere babesten dutela esanen dugu.
Horrez gainera, basoak lurreko humua* sortzen du. Eta humu horrek erraztu egingo du lurraren permeabilitatea. Eta permeabilitate honen bidez heldu ahal izango da sustraietara, hain beharrezkoa duten ura.
Basoak urbiltegi dira. Permeabilitateari esker, basoetako lurrak irentsi eta gorde egiten du ura, belaki* baten antzera.* Honela, uren biltegi eta uholdeen indargetzaile* bezala jokatzen du basoak. Lurpean hainbeste ur gordeta geratzen delarik, gero landareen premietarako erabili ahal izango da denborada batetan. Eta, bestalde, eurite handiak gertatu arren, eroritako ur guztia hibaietara berehala joaten ez denez gero —basoko lurpean geratzen baita—, ez da uholde arriskugarririk sortzen hibaietan.
Basorik ez dagoen lekuetan, erosioaren kausaz lurra galduz doa. Eta geratzen den lurra permeabilitate txikikoa delarik, ura ez da urpean bildurik gelditzen. Orduan, euria egiten duenean, ia berehala hainbat eta hainbat erreka sortzen dira lur gainean Erreka horik guztiok inguruko hibai zaharrekin bat egiten direnean, berriz, uholdeak sortzen dira sarritan. Modu hortan uholdeek lur asko daramate harrastaka berekin, eta lurgaltze prozesua gero eta gaizkiagotuz doa. Honela, lehengo eskualde* heze* eta landaretsuak idor* eta basamortu bihurtzen dira, lurrik ez baita geratzen, eta ura, jaustearekin batera, joan baitoa.
Euskal Herria basamortu bihur ote liteke?
Esan bezala, lurraren sortzeak bilakabide luzea du. Bere oreka egoerara heltzeko, hainbat urte behar ditu basoak. Gizona oso boteretsua da, bestalde; eta bere eragin bortitzaz, naturari hainbeste urte kostatu izan zaiona, begien hertsireki batetan desegin dezake. Eta lehen oihan* joria* izan dena, ia* ia bapatean, eta gizonaren esker txarragatik, basamortu bihur liteke. Eherlich-en arabera,* 1882. urtean basamortuek munduan zuten hedadura,* kontinenteen 9,4%a zen, eta 1952, urtean, 23,3%a. Ez ahal da hori beldurtzeko? Horrez gainera, gauza ezaguna da, basamortu handi gehienak handituz doazela; eta haietan iraganeko zibilizazioen haztarrenak* agertzen direlarik, ba dirudi, ordukoek gaurko basamortuok osterantzeko* modu batez ezagutu zituztela.
Urrunera joan gabe, hor dugu nafar hegoaldeko Bardeak* deituriko lurraldea. Lehen baso ederrez beterik zegoen eskualde hau, egun ia basamortu bilakaturik* dago gizonen burugabekeriagatik. Eta, orain, hutsegite horren konpontzeak denbora eta dirua eramanen duke.*
Ardurarik gabe jokatzean, heze eta berde diren Bizkaia eta Gipuzkoan ere, laster agertzen da erosioaren eragina. Basoak zeharo ebakitzean eta landarez garbitzean, lur gaineko erreka asko sortzen dira azken urteotan; eta horrela, hainbat lekutan, lokatz* errekak sortu dira. Diodanaren lekuko,* hor ditugu Galdakao eta Etxebarri aldean, autobide zaharraren parean, euri pixka bat egiten duen bakoitzean sortzen diren lokatz errekak. Edo eta Ermu aldean, lehen aipatutako leku berean sortu den lurretena. Eta abar, eta abar.
Ekologoei aintzinako profeten jokoa jokatzea suertatu zaie gure egunotan. Gaur eguneko jokabide arrunten* ondorioak estrapolatuz, hondamendi izugarriak gertatuko direla gogora erazten digute. Ba dugu hemen zertaz pentsa!
J. R. ETXEBARRIA
Fedea eta Ekintza
Frantziako apezpikuak katekesiaz mintzo
Amaitu berria da Frantziako Apezpikuen Batzarrea. Frantziako apezpikuez gain, hamar bat naziotako ordezkarik* ere hartu dute parte Batzarrean. Laguntzaile bezala, katekesian jakitun diren zortzi apez eta laiko ere izan dira.
Frantziako apezpikuek beti eman diote baren Batzarre Nagusietan garrantzi haundia katekesiari, batez ere 1968. urteaz geroztik. Orain erabili den gai asko, orduan ere eztabaidatua izan zen. Guztiz gogoangarria* da gaur ere, 1968.eko Batzarreak emaniko fruitu ospetsua: «Jesukristo salbatzailea, gaurko gizonen itxaropen».
1975.eko Batzarre hau gertatzeko,* orain dela zortzi hilabete, apezpiku guztiei txosten* bana bidali zitzaien, guztiek gai beraren gainean egin zezaten lan. Txosten honek hiru zati zituen, Batzarrean aztertu direnak, halegia:* Gaurko katekesiaren egoera, pentsabide batzu,* ekintzabide batzu.
Gaurko katekesiaren egoera
Lehenik, datu batzu ematen dira:
- Katekesiak, haurrak fedean hezi* ezezik,* gurasoak ere nolabait Elizara zuzentzen ditu. Kristau heldu* askok gaur Elizarekin daukaten loturarik eta erlaziorik hestuena, haien seme-alaben katekesiarena da.
- Bestalde, gero eta haur guttiago doa katekesira.
- Apezen artean, efikazia gehiagoko lanetara jotzeko joera nabaritzen* da.
- Katekesia bera asko aldatu da azken urte hauetan. Pedagogia berriaren hildotik* abiaturik, gaurko gizonen bizikera onartzen saiatu da serioski.
Aipatu dugun aldakuntza hontan alderdi negatiboak eta positiboak aztertzen eta bereizten dira:
a) Aldeldi negatiboak:
Katekesia azaltzeko berri hauk* direla eta, nahasketa sortu da zenbait gurasoren artean, ez baitituzte egoki aurkitzen katekisten eta apezen azalpenak. Nahasketa bera sortzen da, lehen komunioa eta sendotzako sakramentua zein adinetan* hartzea komeni den eztabaidatzen denean. Ba da apezik, arriskugarri liratekeen metodo hauetatik ihes egin nahirik, lehengoetara jotzen duenik. Erreazio hau, zalantzarik gabe, inguruan aurkitzen ez duen segurtasun hori nolabait eskuratzeko da.
b) Alderdi positiboak:
Aldakuntza berri hauek, okerrak eta beldurrak sortu ezezik, alderdi mesedegarririk ere ekarri dute. Guraso asko lehen ez bezala arduratzen dira orain beren semeen fedeaz, eta, ondorioz, beren buruenaz. Horrela, beren fedean heldu egiten dira; eta hau batez ere otoitzaren balioaz jabetzean nabari* da.
Herri xehearen erlijiositateari dagokionez, bere-bere dituen eta uka ezin dakizkion balioak onartu dira. Era berean, erlijiositate horren zikin eta oker kutsuak garbitzeko ahalegina egin da. Beste fruitu bat zera dugu: kristau elkarteak katekesian duen erantzunkizunaz* kontzientzia helduago bat sorteraztea.
Pentsabide batzu
Haserako txostenak, katekesia zer den definitu ondoren, hontaz dihardu: katekesiaren helburuak gaur Frantziako katekesi ekintzarekin duen harremanaz. Gaur zernolako mintzairaz katekizatzen da? Nola jakin, fedearen agertzaile diren mintzairak baliozkoak direnentz?*
Ondoren, katekesiaren oraingo krisia nolabait ulertu ahal izateko, antropologiazko argitasun batzu ematen dira. Katekesia, gizarteak gizonari buruz eduki duen osotasun irudiaren gainean eraiki da. Izan ere, gizon mota zehatz hau eduki du gizarteak bere hezkuntzarako* eredu* bezala, eta hauxe berau ahalegintzen da gazteriari ezartzen. Irudi honen arabera* landu eta zuzendu dira bai pedagogia eta bai hezlaria.* Zein bidetatik jarraiki? Aldaezinezko diren gauza hauk errespetatzetik eta esigentzia berriak onartzetik.
Neurri batez erantzunbide ere ba diren galdera interesgarri batzu azaltzen dira:
- Nola sorteraz, bizitza kontutan edukiko lukeen eta era berean fedearen iturriei zintzoki atxekiko* litzaiekeen katekesia?
- Aldara* liteke fedea gaurko kulturatik? Kulturak eta fedearen espresabideek dituzten harremanak.
- Katekesiak sakramentuekin dituen harremanak.
- Zenbateraino merezi du haurtzaroko katekesian honenbeste indar eta ahalegin gastatzeak?
- Katekesia eliz zerbitzu berezi bat bezala kontsideratzen eta sostengatzen jarraitu behar dugu?
Beste gai batzu ere erabili ziren: katekesiaren gorabeherak, Kontzilioa amaituz geroztik; hartu behar den bidea, eta baztertu behar diren arriskuak; katekesia, Eliza osoaren eginkizun; Eliz barneko batasuna eta fedean hezteko dagoen bide ugaritasuna; eta, azkenik, beharrezkoa izango ote den gerokoan katekesi erakunde berezirik.
Ekintzabide batzu
Jarraibide batzu nabari badira ere, Batzarreak ez du oraingoz hartu nahi izan katekesi ekintzarako politika zehatzik. Bai, ordea, mugatu eta erabaki dira, elizbarrutietako* erakundeetan, apostolutza eskualdeetan* eta arduradunen hezkuntza mailan eztabaidatuko diren gaiak. Batzarreak erabaki zehatzik hartu ez arren, hartu dute erabakirik Apezpikuen Batzordeak* eta Katekesiaren Batzorde Nazionalak. Erabaki hauk ez dira argitaratzen oraingoz.
Bukatzeko, esan dezagun, batasun hestu bat egon dela guztien artean, bai plangintzan eta bai soluzio mailan ere. Batasun hau batez ere egoera desberdinetako Elizen ordezkari direnen artean nabaritu da.
URBIZU
Herrialde guztietan
Aspalditik genekien, Kissinger eta Schlesinger, izen antzekoa eduki arren, ez zirela elkarrekin ongi konpontzen. Ba dirudi, bien arteko haserrerik handiena atzerriko politikarekiko eritzietatik zetorrela. Batez ere puntu hontan izan dute burrukarik nagusiena, halegia,* Sobietar Batasuna zer da: etsaia ala partaidea?
Schlesinger jaunak, gerla hotzaren garaian bezalaxe, Sobietar Batasuna areriotzat* zeukan. Desarmakuntza ikaragarri arriskutsua ikusten zuen honek. Sobietar Batasunaz ez dagoela fidatzerik esan ohi zuen, eta horregatixek ez dela deusetan* ere amore eman behar.
Kissingerek, bere aldetik, beste politika modu bat zeraman. Kissingerek Sobietar Batasuna ekonomiazko partaidetzat hartzen du, eta merkatu on eta zabal bezala. Munduko nagusi biek (Sobietar Batasunak eta Ipar Amerikak) duten agintea eta eragina ere, elkarrizketaren bidez, erdi konpon litezkeela uste izan du Kissingerek.
Eztabaida hontan Kissinger atera dela garaile ematen* du. Hala ere, ez dago gauza segururik. Nazio Segurtasunaren buruzagitza utzi beharra du Kissingerek. Eta, oraindik gehiago, William Colby haren laguna ere CIAren zuzendaritzatik bota egin dute. Aurrerantzean, Kissingerekin jokatzea errazago izanen da agian.* Nork ez daki, bestalde, Kongresuaren parte handi bat aspaldidanik Kissingeren aurka dagoenik? (J. Larrinaga)
Herrialde guztietan
Atzerritar langile gaixoak
Kapitalismoa krisitan dagoela entzutera ohitu ere egin gara. Berriz entzuteak ez ditu gaitzik egingo. Dirudienez, inflazioaren gorakadari mukak jartzea, uste zen baino nekezago gertatzen ari zaie Gobernuei.
Frantzian, jendeak inflazioari baino beldur gehiago dio lan gabeziari. Hori aipatzean, sorgin guztiak hasten dira dantzan. Beldur honexek esplikatzen du hobekien, arazo hau eztabaidaren plazara ekartzean, lanik gabe zenbat jende dagoen adieraztean, zergatik Gobernuak beti ere multzoa gutitzera, inportantzia kentzera jotzen duen. Zenbat jende dago, beraz, lanik gabe? Ba ahal dago jakiterik? Ia urtebete dela aldarrikatzen* zuten sindikatuek milioiaren zifra. Erdira edo eraisten* zuen Gobernuak kopuru* hori. Orain hilabete batzu* hasi zen Gobernua, bere aldetik, urte honen azkenerako «gelditu» horik* milioira iritsiko* zirela aditzera ematen.
Dena den, krisi hortan galtzailerik seguruenak langile arrotzak dira. Frantziak ez du orain kanpoko beharginik* onartzen. Hartzen dituen bakarrak, behinbehineko* horik dira, mahats biltzera-eta datozen horixek. Lehendik sarturik, Frantzian bertan dauden 600.000 espainol langile horietarik, dagoeneko* 7.203 omen daude lanik gabe. Kopuru horrek gora egingo du, sistemari berari loturiko kinka* hontan. Hemendik urtebetera zenbat izango dira? Orduan, espainol emigrante horiek aberrira itzuli beharko dute, lan bila. Galdetzekoa da, kasu hortan, ea Espainiako egiturak hortarako prestaturik ba ote daudekeen.* (Joanes Lekerika)
Mitterrand hiru urte barru
Frantziako hauteskundeetarako* bi urte ta erdi falta direlarik, eztabaidak eta eritzi emateak hasi dira. Behin eta berriz —ezkerrean eta eskuinean— planteatu izan da hauzia. Hauteskundeetan ezkerrak maioria hartuko balu, zer? Zer egin? Onartu egingo luke Giscard? Onartuko luke Giscardek? Hortantxe dago zioa.*
Oraingo hontan arazoa eztabaidara atera duena, Mitterrand izan da. Programa bateratua egiteko, Gobernua hartu egin beharko dela, eta Giscardek amore eman beharko duela deklaratu du Mitterrandek.
Eritzi hau horren* garbiki emanez, gauza askoren argitzea lortu nahi izan du Sozialisten lehendakariak. Gauzak horrela esanik, Giscardi berari jarrera* garbi bat eskatzen dio orain Mitterrandek. Orain arte hauziari ihes egin izan dio beti Giscardek. Zer erantzun behar du orain? Ezkerrak irabazten badu, zer egin behar du berak?
Komunistei ere orain eritzi garbi bat eskatzen die, garaia etorri orduko erabaki beharko baita arazoa, batera jokatzekotan bederen.* Roland Leroy Alderdi Komunistaren Batzordekoak* nolabait erantzun dio Mitterrandi, zera esanez: «Ilusiokeria litzateke, ezkerrak Giscardekin batean goberna lezakeela pentsatzea».
Zalantzarik gabe, ba zuen beste asmorik ere Mitterrandek. Bat, gure ustez, botariak* bereganatzea izan zitekeen. Izan ere, legedia haintzat hartuz, ikaragarrizko suntsiketarik* gabe Gobernua hartzea proposatuz gero, errazago emango dio botua gizon arruntak,* eta beldurtiak ere. (Joanes Lekerika)
Herrialde guztietan
Portugalek, deskolonikuntza egiterakoan, ezin izan dio Alderdi edo Gobernu eraiki konkretu bati agintea eskaini. Agintea honi edo hari ematea ez da kolonitzailearen lana, bistan da. Baina kasu hontan ez zegoen holakorik egiterik ere, herria bera baitago zatikaturik. Gainera, Alderdi edo Mugimendu bat baino gehiago presentatzen da herriaren benetako, egiazko ordezkari* eta eritzi hartzaile bezala: MPLA, UNITA, FLANA...
Azter dezagun fenomeno hau. Ez, noski, eztabaiden eta burruken eta dibisioena, baizik eta horien oinarriena. Bat baino gehiago ikusi dugu hemengo egunkari eta aldizkarietan, egoera hori dela eta, ondorio presatiak ateratzen.
Askatasuna eskuratzeko orduan ez dutela bat egin? Ezin izan dute, eta penagarria da. Baina ez dezagun ahantz, Sobietar Batasuna, Estatu Batuak eta beste zenbait tartean dabiltzala, honi edo hari eutsiz,* hau edo bestea ofizialki haintzat hartuz, eta abar. Angola zatikaturik badago, ez da derrigorrez* angolarren erruz.
Bat egin ezinik dabiltzala eta, zur* eta lur—fariseuen gisara*— gelditu beharrean, zera aztertu behar genuke, halegia,* kolonizatzaileak zer egin duen orain arte batasun bide hortan. Askatasunik ezean ohituta egon den herria, ezin da askabide konkretuetaz behingoan* jabetu, emeki* emeki baizik. Bost mendetan kolonizaturik egon den herriari zer salatu behar diogu guk?
Angolako egoera ikusita, lehen kolpetik erabaki du batek baino gehiagok, herri «horik» ez daudela libre izateko gertu,* dimisioa edo koldarkeria dela horiei askatasuna, autonomia, independentzia eskaintzea. Angola eta Angola bezalako herri kolonizatu horien egoera berezkotzat eta betidanikotzat jotzen da, geuk nahita sortua dela konturatu gabe. Geure probetxutan geuk eraman ditugu hortara: horra egia. Eta geu esatean, Mendebalde* osoa aipatzen dut.
Deskolonikuntzaren lehen mementoan eta lehen mailan dago Angola. Politikazko deskolonikuntza lortu berria du. Eta hori berori osorik lortzeko, gure ustez, zeregin premiatsuena zera du, leinu* eta etnietan oinarriturik bai baina horien gainetik, nazio kontzientzia bat sortzea eta finkatzea. Lanak ditu askatasunak. Eta ez gutiago, askatasun ekonomiko eta kulturala deskolonikuntzaren bidez lortu behar denean. (Joan Mari Torrealday)
Herrialde guztietan
Italia. Gurutzada berri baten aurrean?
Datorren udaberrian dagokio Erromako hiriari alkatea aldatzea. Eta oso posible da alkate komunista bat hautatzea. Ez dago ahanzterik, ekainaren* 15eko hauteskunde* administratiboetan komunistek irabazi zutela ehuneko 34,8rekin, Kristau Demokrazia (28,6%rekin) aspaldiko urteetan lehen aldiz bigarren tokira zokoratuz. Geroztik egin diren galdeketa batzuk garbi utzi dute, ezker joera horrek oraindik bizirik dirauela. Beraz, indar politikoen jokotik (nahiko litzateke komunistak sozialistekin eta errepublikano edo sozialdemokrata batzurekin elkartzea) alkate gorria ateratzen bada, ez da harritzekoa izango. «Roma è rossa» (Erroma gorria da) oihukatzen zuen hainbeste «a hainbeste milakada eztarrik S. Giovanni plazan, hauteskundeetan izan zuten garaipena ospatzeko, Alderdi Komunistak antolatu zuen jaialdian. Beste gauza bat da, Alderdi Komunistak gaurkoz horixe nahi duen ala ez. Erromako udaletxea* zorrez josita baitago eta izugarrizko arazoz beterik.
Dena den, Elizaren hierarkiak posibilitate honi arrisku bizia derizkio.* Hala dirudi, komunisten aurka azken asteotan esandakoari begiratuz gero.
Aldizkari batzuk bota zituzten lehen tiroak (ikus urriaren 15eko ANAITASUNA, Fedea eta Ekintza sail hontan). Baina tiroetatik bonbetara ere pasatu da kanpaina hontan. Bonba bat izan baita, Erromako Aita Sainduaren bikarioak, Poletti kardinaleak, azken hilabete hontan, behin eta berriz zuzenean eta disimulurik gabe komunistak gupidagabeki* atakatzea.
Polettiren ustez, «Kapitolioan, Erromako udaletxean komunisten sartzeak, Jainkoaren hiriaren (hau da, Elizaren) eta Jainkorik gabeko hiriaren arteko derrigorrezko elkarjotze bat ekar lezake... Komunismoa, beti izan eta izango den bezala, gaur ere materialismo marxista da. Taktikaz tolerantzi itxura har dezake; baina izatez, bere muinean, materialista eta ateo da, eta izango da. Beharbada arrazoi oportunista batzukatik ez die bapatean Jainkoari aurpegi emango, baina beti Jainko gabeko hiri bat nahiko du. Eta hemen tartean fedea eta arimak jokatzen dira».
Esaldi hauk ez dira harrigarri, berriak direlako (honez gero edonork daki, marxismoak bere burua ateotzat aurkezten duela), baizik eta esan diren tokitik eta unean esan direlako.
«Progre» fama zuen Poletti kardinaleak. Marxista, sozialista, komunista eta ezkertiar jende klase guztiekin elkarrizketa egiteko prest dagoen gizon irekiaren fama. Fama gorabehera, Erromako bikarioa da, hierarkia honek duen garrantzi eta eragin* guztiarekin.
Bestetik, kardinalearen hitzek ez dute kondenamendu teoriko soilaren hoztasunik. «Fedearen eta arimen izenean» eta bere artzain kezkak eraginik mintzatu zen nonbait, baina gertakizun eta interes politiko jakin eta konkretu bati begira.
Urriaren 9an Erromako parrokoen aurrean esan zituen hitz hauk. Aste ta erdi geroago, eta esandakoak ongi orraztu eta gero bakarrik, ordea, argitara eman ziren.
Alderdi Komunistaren gidarien erreakzioa, harridura eta sorpresazkoa izan da. «Gurutzada berri eta absurdu baten hasera» nabaritzen* dute hor.
Baina eliztar jende asko ere harritu du hitzaldi honek. Izan ere ez baita ulerterraza, hainbeste urtetan Kristau Demokraziaren esku egon den Erroma honek zergatik eta zertan duen «Jainkoaren Hiriarekin» antz* gehiago, komunistek administratutako Erromak baino. Ez dirudi, Kristau Demokraziaren Erroma, komunisten eskuetan dauden hiriak baino —Florentzia, Bolonia, Napoli eta abar baino— Jainkoaren erreinutik hurbilago dagoenik. Eta hobeto administratuta dagoenik ere ez. Vatikanoak azken urteotan egin duen Ostpolitik horren izpirituak ez ote du, bada, Italiarako balio?
Eta gutti batzuk hori ezin irentsirik, Erromako bikarioa gehiegi pentsatu gabe mintzatu zela edo eta bere kabuz* bakarrik eta Aita Sainduaren babesik gabe aritu zela pentsatu zuten. Oker zebiltzan. Kardinaleak, urriaren 30ean Kontseilu Pastoralaren aurrean eta hiru egun geroago Vatikanoko irratiko mikrofonoetatik, marxismo eta komunismoaren eta Ebanjelioaren arteko erabateko* elkarrezina aldarrikatzen* baitzuen.
Gehienek zuzen uste zuten bezala, Poletti ez zen bere kabuz ari. Halaxe erakutsi du Aita Sainduak berak, hazilaren* 9an.
Letrango S. Giovanni Basilika ondoko enparantzan,* komunistek beren manifestazioetarako erabiltzen duten enparantza berean hain zuzen (xehetasun honi desapio kutsua hartzen zaio), hainbeste milakada kristauen aurrean, euri zaparrada artean, bere bikarioaren defentsan atera da.
«Zergatik, kristautasunaren iturriek oraindik ematen diguten ur beti fresko eta garbia beste iturri arriskutsuetatik atera behar dugu?» esan zuen marxismoaren kontra. Eta bere bikarioa biziki goraipatu du, bere kristauak «onartezinezko formulen aurka ernai*» jarri dituelako.
Jende asko galdetzen hasi da —komunistak bakarrik ez, kristauak ere bai— ez ote gauden gurutzada antikomunista berri baten haseran. (Manolo Pagola)
Azken bolada honetako intelektual horiez
Aspaldion Euskal Herri zoragarri bezain aldrebes honetan, jakintsu, pentsalari eta idazle moeta* berri bat sortu zaigula dirudi, orain arte, hola bederen,* ikusi gabea.
Lehen, ba dakigu, euskara symbolo bat zen, erdaltasunaren kontrako seinale negatibo huts bat, politika jakin* batez erabili beharrekoa, baina ez besterik. Euskara antierdara bat-tzat hartzen zen, eta ez euskal hizkuntza propiotzat. Gogoratu behar ote dugu norbaitek behiala* esandakoa? Hots, «erdaldunek euskara ikasiz gero, euzkotarrek erruso edo norvegieraz* mintzatu beharko luketela»? Tristea benetan, gure Herriarentzat nahi zuten nortasun negatibo eta beti-iheskor hori.
Ez da harritzeko, hortaz,* giro horrek zirauen* artean, euskarari kultur eta komunikabide hizkuntza normal baten baliapideak* ez ematea. Gerra ondoko belaunaldi* gazteek, ordea, euskara zerbait positibotzat eduki dute, eta erdaldunek esan dezaketenari barik,* euskaldunok diogun eta esan behar dugunari egin diote kasu, horrela gure hizkuntzari normalizapen bide bat eskainiz.
Eritzi aldaketa honen ondorioz, bistakoa denez, euskara ez da gehiago zerbait symbolikotzat jotzen, herritarren arteko lehen mailako komunikabide seriotzat baizik; eta, horren kariaz,* euskal kultura lehen eta mundutarra gero euskaraz adierazi beharra dago.
Esan eta izan. Belaunaldi gazteei inork ukatuko ez dien meritua, ene ustez, horixe izan da, hain zuzen: asmo eta praxisaren arteko bateratasuna. Antzeko gauzak, egia da, lehenago ere esaten ziren, baina inork guttik egiten zituen. Orain, aldiz, ez da hori gertatzen. Nola esan, holaxe egin.
Eskola zaharrekoak, gazteen euskalgintza ausartaren* aurrean, hasieran pozik, harriturik gero, txunditurik* geratu ziren pixkatxo batez; baina kontrakarra* laster egin diete. Gero eta euskal liburu gehiago agertzen ari diren garai honetan, ez zirudien itxuroso* erdara hutsezko edizioak agertzen segitzea; eta horrela, itxura hobe baten bila, bi hizkuntzatako liburuak hasi dira publikatzen, horretarako itzultzaileei lan berria emanez. Gauza jakina da, euskarara egindako itzulpen horik, alboan erdal textu jatorra dutenean, ez dituela inork irakurtzen; eta erraztasunaren kontuan, nik uste, aipatzekoa dateke* zenbait itzultzaileren eskua, areago* gainera euskara batua behar ez duten horietarikoena denean. Beste maila batez, bai; baina gisa honetako obretan, gerra aurrean bezala, euskarari leku symboliko bat eskaintzen zaio, eta ez besterik.
Euskal literatura —eta «Euskal» diot— jadanik* euskaraz, eta ez bestela, ezin egin daitekeela esaten dugunon aurrean, ba diraute oraindik bestelako eritzi tinkoa duten lagunek, horretarako sorjinkeriaz baliatu beharra badute ere. Eta, dakusagunez, ez dira barojatarrak soilki, Donostian eskola zaharrari aspaldion sortu zaizkion ikasle gazte azkarrak lekuko.*
Ekinaren ekinaz, hala ere, ba dirudi, azkenean eskola berriko gaiztook gero eta gehiago aurreratzen dugula arlo honetan, eta «abertzale» batzuren* kontraesan praktikoak salatzean, berauk gero* eta lotsatzenago direla. Azken bolada honetan, kasu,* egileek jatorriz erdaraz egindako lanak euskarara itzuli eta lehen edizioan behintzat horrela argitaratzen hasi dira. Hortxe ditugu, gogoak* lagun, F. Zabala, M. Ugalde, Agirre'tar I. eta Irala'tar A.ren lanak, neronek hemendik neure ikuspuntutik astindu nahi nituzkeenak.
Gaurko Euskal Herrion, ni oso oker ez banago, kultura pixka bat eduki eta erakutsi nahi duen edozein lagun burutsuk ba daki, edo jakin behar luke, euskara jakitea nahi/ eta ezko baldintza duela. Hortik hasi behar duela. Eta zer esanik ez noski, intelektual izen ponpoxoaz* burua hornitu nahi badu Dena den —eta Zabalaz ari naiz—, ikasi arte, edo eta ikasten aritzen den artean, logiko dirudi bere erdal lanak inori, euskara* ditzan, emateak, Herriari bere hizkuntza jatorrean eskaini nahiz edo. Ez dago hor gugatik zer esanik.
Baina egilea euskalduna denean, aldiz,* berak bere lan orijinalak euskaraz egin beharrean, erdaraz moldatu eta gero beste bati euskaratzeko ematea ez da zilegi.* Hor faltsukeria bat datza;* areago, gainera, obra batzuren mamiak, haik* erabiltzen direneko hizkuntzarekin zerikusi hertsia duenean. Honelatan,* nik ez dakit nola den posible, euskaldun geographo batek, Zuberoaz ari delarik, herrialde hori Goizuberoa eta Beezuberoa direlakoetan banatua dela esatea, zuberotarrek esaten duten Basabüria eta Pettarra zertzu diren, antza,* ez dakielarik, Orobat,* ez da errax ulertzen nola arraio mintzo daitekeen euskaldun bat geographiaz, zientzia horretaz J. L. Lizundiak euskaraz idatzitakoak eta erabiliriko hitzak ezertan kontuan hartu gabe. Erdaraz eskolako haur batek bere hizkuntzaz dakiena, irudiz,* ez du euskaraz jakin behar goi mailako obretan aritzen den euskaldun helduak.
Eta, azkenik, politikari etorri zaio bere txanda. Irala'tar Andoni, Euzkadiko lehen lendakariaren idazkari izan omen zena, maoismoa eta kontraesanak zertzu diren azaltzera etorri zaigu. Nik ez dut ulertzen, ezin dezaket uler, nola gerta daitekeen Agirreren idazkariak euskara idazten ez jakitea. Agian* —dena baita posible Derioko plazan— mintzatzen ere ez daki, eta Euzkadiko behialako buruarekin espainolez konponduko zatekeen. Auskalo!*
Dena den, liburu bat eskaini digu, eta daukan asmoa, M.Pagolak 303. ANAITASUNAn ongi susmatu zuenez, oso argia da. Maoismoaz egindako liburu bati eskuindar-eskuindarrek txaloak jotzea aski* argigarri dela uste ez dutenentzat, derragun,* entzun ditugunak entzunik, egilearen asmo ezkutua —jadanik haren jarraitzaile guztiek hortik parra-parra barreiatua*— mi& dela, maoismoa, sukalde usaineko euskara pitxi horretan agertua, euskal ezkertiarrok zatikatzeko eta «ezbai»ez birrintzeko* harmatzat erabiltzea. Hala bitzaio*!
Horretarako, jakina, Irala jaunak ez zuen ezagutu beharrik beste euskal autoreek euskaraz idatzitako lanak ez eta haien terminologia ere. Bera izan da, antza, arlo honetan saiatu zaigun lehenbizikoa; eta, noski, inorekin zorrik ez.
Niri logogriphoak ez zaizkit inoiz larregi gustatu; eta, horrexegatik, eusko, lurra, lutelesti, ezbaiak eta gisa* bereko txibiritak* txitean-pitean* interpretatzea nekagarri zait. Bestetik, ura, ahal denean, iturritik edatea nahiago dut; eta horrexegatik, beranduxeago bada ere, erdal lan orijinalak irakurriko ditut, egileek zer demontre esan nahi zuten antzemateko.*
Irakurleak ulertuko duke* segurki, honelako idazleoi zergatik ez diedan, besteak beste, «euskal» kalifikapena sekula ematen. Sasoia dute beraiek ere, horretaz konturatzeko.
Xabier KINTANA
ABANTAIL, ventaja.
ABELBURU, cabeza de ganado.
AGIAN (1), beharbada, nonbait.
AGIAN (2), ojalá.
AHULDU, makaldu.
AIPATU, aipatutako, aipaturikako, aipaturiko.
AITZINA, aurrera.
AITZINATU, desarrollado, developpé.
AKIZ, Frantziako Landes deitu eskualdeko Dax.
ALDARA, alejar, éloigner. (ALDARATU, alejado, éloigné.) Ikus «Axularren Hiztegia».
ALDARRIKATU, proclamado.
ALDIZ, berriz, ordea, ostera.
ALEGIA, ficción, fábula. (HALEGIA, a saber, es decir, esto es.)
ALTXOR, tesoro.
ANDANA, talde.
ANITZ, asko.
ANTZ, irudi, parecido. (ANTZA, dirudienez, al parecer, según parece.)
ANTZEMATE, conjeturar.
APAL, bajo.
ARAOTZ, Oinatiko hauzune.
ARAUTZE, reglamentar.
ARE, oraindik, aún, encore.
AREAGO, oraindik gehiago.
ARERIO, etsai.
ARO, época. (HARO, ruido, bruit.)
ARRAS, guztiz, osoki.
ARRASATE, Mondragón.
ARRETA, detenimiento, cuidado.
ARRISKUTAN, en peligro. (ARRISKUAN, en el peligro.)
ARRUNT, corriente, ordinario.
ASANBLADA, asamblea.
ATURRI, Adour hibaiaren euskarazko izena.
ATXEKI, dependiente, adherido.
AURKEZTE, presentar.
AUSART, valiente, intrépido, osado.
AUSARTZIA, valentía, osadía. (Ikus «Axularren Hiztegia».)
AUSKALO, búscalo, vete a saber.
BAILITZEN, balitz bezala.
BALIAPIDE, recurso, medio, útil, instrumento. (BALIAGARRI, utilizable.)
BARAZKI, ortuari, hortaliza, légume.
BARDEAK, Bárdenas.
BARIK, gabe, en vez de, au lieu de.
BARREIATU, esparcido, divulgado.
BATAK, los unos. (Ikus horrialde hontako koadrua.)
BATASUN, elkargo, elkarte, sociedad.
BATZUREN, de unos. (BATZUEN, de los unos.)
BEDEREN, behinik behin, behintzat, gutienez.
BEGIRUNE, respeto, miramiento.
BEHARGIN, langile.
BEHIALA, behinola, en otro tiempo, autrefois.
BEHINBEHINEKO, provisional.
BEHINGOAN, berehala.
BELAKI, esponja.
BELAUNALDI, generación.
BERMATU, esforzado.
BERTSU, baretsu, parecido, casi idéntico.
BESTERIK, baino.
BIDE, beharbada, nonbait, aurki, hurrean.
BIKARI, bikario. (BIKALGO, vicaría, vicariato.)
BILAKABIDE, proceso, evolución.
BILAKATU, bihurtu.
BILDUMATZAILE, coleccionista. (Ikus Pierre Lhanderen hiztegia.)
BILKURA, bilera, reunión.
BIRRINTZE, pulverizar, destrozar.
BITZAIO, izan bekio, izan bedi harentzat.
BORTITZ, indartsu.
BOTARI, votante. (Ikus Toribio Etxebarriaren «Lexicón del euskera dialectal de Eibar».)
BURUBERO, exaltado, fanático.
BURUTU, realizado.
DAGOENEKO (dagoen orduko), honez gero, engoitik, para ahora.
DAKUSAGU, ikusten dugu.
DATEKE, da nonbait.
DATZA, yace, hay. (Etzan aditzaren forma).
DAUDEKE, daude (dagoz) nonbait.
DEBALDETAN, alferrik, en vano.
DELA, sea, ya.
DERIZKIO, deritzo, deritza, erizten dio (deutso).
DERRAGUN, esan dezagun.
DERRIGORREZ, baitezpada.
DEUS, ezer.
DIRENENTZ, diren ala ez.
DOI, apur.
DUKE, du nonbait.
EBAKETA, corte, tala. (Aintzinako eban aditzetik dator.)
EGUN, gaur.
EKAIN, junio.
ELABERRI, novela, roman.
ELIZBARRUTI, diócesis.
EMAN, dato.
EMATEN DU, dirudi, parece, da la impresión.
EMEKI, geldiro.
EMETZE, suavizar.
ENPARANTZA, plaza.
ERABATEKO, total, completo.
ERABILBIDE, empleo, uso.
ERAGIN, eragipen, influencia, acción.
ERAISTE, rebajar. (JAISTE, bajar.)
ERAKUNDE, organismo, institución, entidad.
ERANTZUNKIZUN, responsabilidad.
ERASO, ataque.
ERDIESTE, lortze. (Ikus «Axularren Hiztegia».)
EREDU, modelo.
ERITASUN, enfermedad.
ERNAI, alerta.
ERORI, jausi.
ESKAKIZUN, exigencia.
ESKUALDE, comarca, región.
ESKUTAN, en mano. (ESKUETAN, en las manos.)
ETSITU, resignado, desesperanzado. (Ikus «Axularren Hiztegia».) Noiz ikasiko dugu, etsi sustrai infinitiboa dela?
EUSKARA, traducir al euskera. (EUSKARATU, traducido al euskera.)
EUTSI, apoyado, sostenido, agarrado, asido.
EZEZIK, no solamente.
FROGATU, probado, demostrado.
FUNTS, fondo, sustancia, esencia.
GAILEN, triunfante, triunfador.
GAINGIROKI, superficialmente. (Ikus «Axularren Hiztegia».)
GELDITZE, cesar. (Ikus «Axularren Hiztegia».)
GERO ETA LOTSATZENAGO, gero eta gehiago lotsatzen.
GERTATU, resultado.
GERTATZE (1), prestatze.
GERTATZE (2), aurkitze.
GERTU, preparado.
GERUZA, capa.
GISA, era, modu.
GOGO, memoria.
GOGOANGARRI, digno de tener en cuenta.
GOITI, gora.
GOIZIK, temprano.
GREBA, huelga.
GUDALOZTE (gudari + ozte, multitud), ejército. (OSTE, atze, gibel.)
GUPIDAGABEKI, sin compasión, sin miramiento.
HAIK, hareek. (Haiek aktibo, haik pasibo.)
HAITZ AMA, roca madre.
HAINTZAKOTZAT, en consideración.
HALEGIA (hala + egia), a saber, es decir, esto es. (ALEGIA, ficción, fábula, simulación.)
HANDITAN, en grande. (HANDIAN, en el grande.)
HARAT, harantz.
HARMADA, ejército.
HARRO, airear, ventilar. (HARROTU, aireado, ventilado.)
HAUK, honeek. (Hauek aktibo, hauk pasibo.)
HAUTESKUNDE, elección por votación.
HAZIL, noviembre.
HAZKUNDE, desarrollo, développement.
HAZKUNTZA, cría de ganado, élevage.
HAZTARREN, haztarna, vestigio.
HEDADURA, extensión.
HEDATU, zabaldu, extendido.
HEIN, neurri, medida, proporción.
HELDU, maduro, adulto.
HEZE, húmedo.
HEZI, educado.
HEZKUNTZA, hezkunde, educación.
HEZLARI, hezle, educador.
HIGITZE, mugitze.
HILDO, surco, sillon.
HITXI, hetsi, cerrado, fermé.
HONELATAN, honela.
HORIK, hoik, horreek. (Horiek aktibo, horik pasibo.)
HORREN, hoin, tan.
HORTAZ, beraz, por consiguiente.
HOSTO, horri.
HOZKA, grado.
HUMU, humus.
HURA, ha.
IA, kasik.
IDAZKARI, sekretari.
IDOR, seco, árido.
IHAUTERI, carnaval.
IKASTURTE, año escolar, curso.
INDARGETZAILE, amortiguador.
IRITSI, heldu.
IRUDIZ, dirudienez, al parecer, según parece.
ISKANBILA, alboroto, bulla.
ISTILU, conflicto.
ITXUROSO, moduzko, decoroso, correcto, elegante.
JA, jada, jadanik.
JADANIK, jada, ja, ya.
JAKIN, determinado, concreto.
JALGITZE, ateratze, irtete.
JARAMON, kasu.
JARRERA, postura.
JAUSTE, erortze.
JOMUGA, xede, propósito, objetivo.
JORI, fecundo, fértil.
KABUZ, buruz. (Berba hau latinezko caput hitzetik dator.)
KARIA, motivo.
KASU, por ejemplo.
KINKA, momento, situación.
KOKATU, situado, ubicado.
KONTRAKAR, oposición. (Ikus «Axularren Hiztegia».)
KOPURU, suma, cantidad, número.
KURAIA, coraje.
LANKETA, lan bila.
LANKETARI, lan bila dabilen norbait.
LEIHATILA, leihotxo, ventanilla, petite fenêtre.
LEINU, tribu.
LEKUKO, testigu.
LIRDINGA, lingirda (euskara batuan), mancha que deja el caracol, el limaco.
LOKATZ, lodo, boue.
LURRETEN, corrimiento de tierra.
MAIZ, sarri.
MAIZTER, arrendatario.
MAULE. Zuberoako Mauléon.
MENDEBALDE, occidente, Oeste.
MOETA, mota.
MULTZO, conjunto.
NABARI, evidente, notorio, manifiesto.
NABARITZE, advertir, notar, percibir.
NAGUSITERIA, ugazaberia, clase patronal.
NEKE, neketsu, difícil, fatigoso.
NORVEGIERA, idioma noruego. (NORVEGIA, Noruega.)
OIHAN, baso.
OIHARTZUN, eco.
OLDE, movimiento.
ORDEZKARI, delegado, representante.
OREKA, equilibrio.
ORO, guzti.
OROBAT, igualmente.
OROIKARRI, oroitgarri, recordatorio, memorial.
OROREN BURU, al cabo de todo, al fin de cuentas.
OSTE, atze, gibel. (OZTE, multitud.) Ikus Pierre Lhanderen hiztegia.
OSTERANTZEKO, distinto, diverso.
PAIRATZE, padecer, sufrir.
PAREKATZE, comparar.
PAUSU, Behobia.
PONPOXO, ponpox, elegante.
POT EGIN, detenerse en el trabajo por no poder seguir a falta de fuerza.
SALBUESPEN, excepción.
SOLASTATZE, conversar.
SUGAR, llama, flamme.
SUNTSIKETA, suntsitze, hondamendi.
TXIBIRITA, margarita (flor).
TXITEAN-PITEAN, a cada momento.
TXOSTEN, informe, dossier.
TXUNDITU, asombrado, estupefacto.
UDALETXE, Herriko Etxe.
UKITU, tocado, touché.
URRATS, pauso.
XEDE, asmo, propósito.
ZAHARPAGA, paga de vejez, pensión de vejez.
ZEHARKAKO, indirecto.
ZEREN, ze, pues.
ZERGA, contribución, impuesto.
ZILEGI, lícito.
ZINEZ, zinetan, benetan.
ZIO, karia, motivo.
ZIRAUEN, duraba. (Iraun aditzaren forma.)
ZUR ETA LUR (madera y tierra) GELDITU, quedado estupefacto.
ZURITZE, justificar, disculpar.
BATAK / BATZU hitzaren deklinabidea
Villasantek «La declinación del vasco literario común» deituriko liburua argitaratu zuenean, erabakitzat jo genuen BATZU(K) hitzaren deklinabidea. Aurrera joatean eta deklinabide hura praktikara eramatean, ordea, hitz hori bi modu diferentetan deklina daitekeela ikusi dugu: hitz mugatu bezala eta hitz mugagabe bezala, esaldiaren barnean eman nahi zaion esanguraren arabera.
Beraz, Villasantek aurkezten duen deklinabidea, hitz mugatuari soilik aplika dakiokeela uste dugu. Horregatik, oraingo hontan, pluraleko mugatuaren deklinabidearen parean, mugagabearena ere jarriko dugu. Eta, hobeto ikusteko, BESTEAK / BESTE BATZU hitzaren deklinabidea ere ipiniko dugu alboan.
KASUA MUGATUA MUGAGABEA
Nominatiboa batak besteak batzu beste batzu
Ergatiboa batzuek besteek batzuk beste batzuk
Genitiboa batzuen besteen batzuren beste batzuren
Datiboa batzuei besteei batzuri beste batzuri
Inesiboa batzuetan besteetan batzutan beste batzutan
Direktiboa batzuetara besteetara batzutara beste batzutara
Deklinabideko kasu batzu ipini ditugu soilik. Hauetan finkaturik, erraz bila daitezke beste guztiak.
J. R. ETXEBARRIA