ANAITASUNA

1977.EKO URTARRILAREN 1EKOA

331. ZENBAKIA

25 PTA.


ANAITASUNA

Bizkaia

hamabosterokoa

ZUZENDARIA:

Joan Mari Torrealday

Urteko abonamendua:

Bertorako 500 pezeta

Latin Amerikarako 550 pezeta

Europa eta Ipar Amerikarako 700 pezeta

Ale bakoitza: 25 pezeta.

HELBIDEA:

Pelota, 4-1.º, Bilbao-5

Posta kaxa 495. tel. 4167449


[AZALA]

197(4+3)

AUTONOMI URTE ZORIONTSUA


AURKIBIDEA

3. Editoriala

4. Tantaka

5-9. Gose greba, amnistia gosea

10-11. Santutxuko indarkeriak

12. "Jauregikoa" etxearen alde

14-15. Zigor gela

16-18. Lemoiz geldi eraz!

19-20. Eta bakea lurrean...

22-23. Herri zapalduen agiria

24. 15en greba dela eta

25. I.A.M. plazaratzen

26. Iberian zer: euskara Madrilen

28-29. Medikuntza prebentiborantz

30. Erlijioaz

32. Postaz Etorria

33. Lopintania

34. Kaleko

Maketapena: Fernando

Marrazkiak: Olariaga eta Fernando

Argazkiak: Arkoila

Moldiztegia:

Egiluz.

E. Mala, 22

BILBAO.

Dep. Legal: 1753-1967.


Editoriala

1977. urtearen baldintzak

Lan honetan ez dugu ez igarle ezta ere aztirik izan. Euskal Herriak bere nortasuna berrartzeko behar dituen oinharriak agertu nahi ditugu lerro hauen bidez. Euskal Herriaren asmo sakonak ezagutzea ez da zaila eta kaleetan gure herriak oihukatzen dituenak hemen idaztea da gure nahia.

Euskal Herriari urte berri on bat opatzea amnistia lor dezala gura izatea da. Amnistia ez da alderdi edo talde politikoen asmakeria bat eta garbi ikus dezakete hauek amnistia baten asmo sakona beraien gainetik dagoela, herriaren bihotzean dagoela. Auteskundeak hurbil daudela eta, talde politikoek beren interes haundiena elekzio hauetara zuzenduko dute baina, herritar talde bezala onhartuak izan nahi baldin badute, amnistiaren arazoa ezingo dute alde batetara utzi eta, nahi eta nahi ez, bere programaketaren buruan ipiniko behar dute. Herriaren asmo honen zerbitzari izatera behartuak daude, herriaren bizkarra ez ikusteko.

Nahiz eta "amnistia" kontzeptuak "orokor" izan beharra bere barman eduki, "orokorra" izan behar duela behin eta berriro Madrili errepikatzea beharrezkoa da. Espainiako Gobernariek Euskal Herria amnistia partzial bat emanaz baketu nahiko du, preso talde bat gartzeletan utziz. Hemen Telesforo de Monzonek behin eta berriro esan dituen hitzak idatziko ditugu: "Euskal preso bat gartzelan egon artean Euskal Herria ez da salbo izango".

Autonomi Estatutua lortzea opatu nahi diote Euskal Herriaren lagunek gure herriari. Estatutu hau behar dugu gure herriaren funtsezko antolamenduak birbizten hasi behar baldin badira. "Askatasuna" den kontzeptu abstraktuak eginkizunetan oinharritu beharko du eta Autonomi Estatutua gure libertatearen lehen tresna izan behar luke urte berri honetan.

Bi oinharrizko asmo hauk aurrera eramateko, noski, euskaldunen batasuna behar-beharrezkoa da. Hau lortzeko, berriz, talde bakoitzak egia osoaren jabe ez dela pentsatu beharko du mila aldiz eta, bai talde berriek eta bai gure artean urte luzeak daramatzatenek umilki beren hutsuneak herriaren aurrean aitortu eta herriak agertzen dituen kritikak entzun beharko dituzte. Lerro hauetan agertutakoa 1977. urtean lortzen bada, gure herriarentzat urte on bat izango da.


Tantaka

J. Zaitegiren omenaldia

Hilaren 19an Jokin Zaitegi, Arrasateko semearen omenaldia hospatu zen. Herriak euskaragatik hainbeste egindako Jokini eskerrak ematen zizkion. Meza eman zen bederatzi apezek kontzelebraturik eta ondoren, dantzariek lagundurik, Udal Etxera joan zen komitiba guztia.

Alkateak Herriko ohorezko seme izendatu zuen, eta egunaren oroigarri zilarrezko plaka eskaini, Ondoren bere hurrengo liburuari 100.000 pezetarekin lagunduko ziola agindu eta Euskaltzaindiari urteko bizilagun bakoitzetik bost pezeta eskainiko ziola esan zuen.

Geroago San Martin jaunak, Zaitegiren bizitzaz zerbait esanez, bere lanaren azterketa luze bat egin zuen. Villasante, Euskaltzaindiko buruak Jokin Euskaltzain ohorezko izendatzea proposatuko zuela esan zuen, orain laguntzaile baita Azkuek izendatu zuenetik. Gero berak Jokinek, hitz egin zuen, ikurrina zela berak gehien maite zuen sinboloa esanez, ikurrinak euskal Estatu soberanoa adierazten zuenez. Orduan herriko gazteriak ikurrina eskaini zion.

Eskertuz "Ikurrina, aita eta semea" izeneko larogei bertso luzeko olerkia irakurri zuen. Euskal Herriarekiko dituen ideiak olerkian garbi esplikatzen direlako.

Kazetari bat gartzelatua

Mirentxu Purroy "Punto y Hora" aldizkariko zuzendaria, lerro hauk idazten ditugun unetan Iruineako gartzelan dago, militarrek Hazilako numeru batetan "El truco de la bandera" izenburuakin irakurle batek bidalitako gutun batetan "injuria"k ikusi bait dituzte. Zazpi sumario ireki zaizkio Mirentxuri eta hau bere aldizkarian aspaldi agertutako beste idazki batzugatik. Hara hemen "kazetaritzaren askatasuna"... Hara "demokraziaren" fruituak. Mirentxu kazetari trebeari lerro hauen bidez gure aldizkariaren amitu guztiak bidaltzen dizkiegu, zailtasun hauek menperatu ondoren bere kazetaritza librean berriro ekin diezaiola desiatzen.

Goardia zibilak: personae non gratae

Arrasaten Santo Tomas garaian euskal aste bat muntatzeko ohitura dago, eta aurten ere beti bezala antolatua izan da. Lehen saioa Errobi Ipar aldeko bikoteak eta Patxi Villamorrek hospatu zuten. Errobikoek kantatzen zihardutenean eta gora batzu entzuten zirenean, zibilak kantaldi aretoan agertu ziren.

Tenienteak minutu bateko epea eman zuen aretoa husteko, orduan entzuleek uluka hasi ziren eta 23 urte inguruko tenientearen ahotsak "fuego" ahozkatu zuen.

Kepoteak eta gomazko balak ugari bota zituzten bere zanpaketarikeek, jendeak hankak arin, kalea ikustea nahi zuen bitartean. Kanpoan ere zibil batzu zeuden eta jipoi ederrak eman zituzten hainbat zaurtu utziz.

Hurrengo egunean larunbata 18, Udal Etxeak plenoan bildurik eta hainbat bizilagunen aurrean, erabaki hauk hartu zituen: 1.) tenientea destituitzea; 2.) Ordena zaintzeko gorputz egokiena ez denez, gorputz hori, beste egokiago batez aldatzeko eskatzea. 3.) Eskaera Erregeari eta Gobernuari bidaltzea, Gobernadoreari bezala. Gaur oraindik tenienteak bertan dirau eta zibilak ere han daude, herritarren artean surkatxa eta amorrua sartzen arituz.

Aldaketa bat

Gure azken numeruan Firestonek euskarari emandako ezetza salatu genuen. Gaur, berriz, berri on bat eman behar dugu, entrepresa honek bere joera garaiz aldatu baitu, lantegi barruan euskara ikasi nahi dutenei erraztasunak nahi emanaz. Gaurkoz berreunen bat langilek lantegi barman euskarari nahi dio te ekin eta entrepresak ikasgela egokienak aukeratzeko baimena eman die. Ba dira, noski, gainditu beharko diren beste oztopo batzu, zein ordu diren langile hauentzat egokienak erabakitzea bezala, lan txandak langile astero-astero aldatzen batzaizkie. Irakasle aldetik, ordea, arazo ez da izango, irakasle talde bat antolatua dagoenez gero. Urtarrilaren 10ean ikastaroari hasiera emango zaio, seguru aski. Hurrengo batetan gai honi jarraipena egingo diogu.

Nuklear zentraleen inguruan

Abenduaren 21ean, Bizkaiko Ingeniarien Kolegioan, arratsaldeko zazpi t'erdietan, Nuklear Kutsadurari buruz jendaurreko elkarrizketa bat egin zen. Hizlariak Etxebarria eta Albisu ingeniariak, Allende ekonomista eta Recalde abokatua izan ziren. J.R. Etxebarriak, Anaitasunako idazkideak, nuklear satsuduraren arriskuak aztertu zituen. Albisu jaunak, Lemoizeko zentralean lan egiten duenak, nuklear zentraleen abantail ekonomikoen alde egin zuen. Allendek, datu ugari azalduz, zentraleek Euskal Herriaren ekonomi eta demographi hazkundeari egin diezaioketen kalte haundia adierazi zigun. Recaldek, azkenik, Lemoizeko zentralea egitean Iberduerok egin dituen azpikeria eta lege hausteak salhatu zituen. Ondoren, elkarrizketa bat sortu zen hizlari eta entzuleen artean. Albisu jaunaren jarrera ekonomizista gogorki astindua izan zen.


Euskal Herrian

Gose greba: amnistia gosea

Amnistia gose batek sortu du azken egun hauetan Bilbon egin den gose greba. Lerro hauk idazten ditugun artean gazte talde bat gose grebaren hirugarren eguna betetzen ari da Ez dakigu noiz arte iraungo duen greba honek. Grebalari berberek ez dakite baina, erdi txantxetan erdi serioz grebalari batek "hil arte" greba egiteko prest daudela esan digu. Lehen unetatik greba oso hurbildik segitu dugu. Hona hemen greba honetan, gaur arte, jasotakoak.

Abenduaren 19a, igandea

Arratsaldeko sei t'erdiak dira. San Antoneko bilbotar elizan, alde batetako aldare baten ingurutan gazte multzo bat batu da. Mendizaleak ote dira? Gazte batzuren itxurak hori pentsa erazien du, beraien kaikuak eta lo-egiteko sakuak ikustean. Baina ez. Mezak hasi eta mezak amaitu... eta gazte multzoak bertan irauten du. Elizako ateak hersteko ordua heldu da eta hamasei gazteak ez dira aldare ondotik mugitzen. San Antongo don Klaudio abade jaunak, gazte hauek gose greba bati hasiera emango diotela jakitean, bere baimen osoa ematen die. Gazte taldea hiru neskak, apez batek, "erdi-apez" batek (seminarista), abokatu batek (apeza denak) eta ikasle multzo batek osatzen dute. Langileak ere ba dira.

Beren lehen gaua pasatzeko prestatzen dira. Ur botilak eta azukrea alde batetan, kitarra bat txokoan, kasetea eta irratia. Lehen afitxak egiten dira: "Amnistia orokorra", dio done ezezagun batek bere besoen artean agertzen duen afitxa batek; "Askatasuna", dio San Antoniok; ikurrinak ere ba dira, zer esanik ez. Elizaren ateak hertsi dira. Gose greba bat Bilbo erdian hasi dela oraindik ez da zabaldu. Norbaitek etxera deitzen digu berria emanaz. Gaueko hamaika t'erdiak dira.

Abenduaren 20, astelehena

Nahiz eta lo-egiteko zakuak onak izan, lehen gaua hotz samarra izan da grebalarientzat. Gose mailan gauza normalki doa. Gero izango dira gogorrak. Goizean bi pertsona gehiago taldeari batzen zaizkie. Hamazortzi lagun dira orain. Eurovisioko kamara batek pelikula bat egin du. Kazetariak ere etorri dira. Bilboko egunkarietakoak ez, noski, ez eta falta behar, Bi paisanozko polizia ere grebalariak "ikertzera" etorri dira. Gero don Klaudiogana jo dute eta, poliziak "erreibindikazio" garaietan daudenez gero, abadeak poliziak bere elizan beste greba bat egitera gonbidatzen ditu. Poliziek ez dute abadearen umorea onhartzen eta elizatik kanpora. Beste bi pertsona arrarok ere grebalariak ikus ondoren alde egiten dute "Gerrilleroak" ote?

Eguna aurrera doa. Egun osoan asko izan dira grebalariak bisitatu dituztenak eta beren joera bultzatu dutenak. Hala diote grebalariek bere lehen agirian: "Batu gaituen arrazoia politik eta syndikal preso eta atzerriratu guztien amnistia orokorra exigitzea da, bai gure herrian eta espainol Estatuan". Estatu frantsesean dauden euskaldunen libertate osoa ere exigitzen dugu. Gobernuak "Giza Eskubideen Agiria" izenpetu ondoren nola praktikan behin eta berriro ukatzen dituen salatzen dute grebalariek. Hauen artean, astelehen honetako goizetik, preso baten arreba dago.

Gaueko bederatziak laurden guttiago dira don Klaudiok grebalariei polizia kanpoan dagoelako berria ematen dienean. Eliza uzteko bost minutu eman du poliziak. Grebalarien erantzuna "ez direla nahiz aterako" da. Bost minutu pasatu dira. Grebalariek gauza guztiak bildu dituzte. Sozial brigadako bi polizia eta fusilaz eta metrailetaz inoren baimenik gabe elizan sartu diren polizia harmatuek grebalariak kaleratzen dituzte. Gazte bat "Batasuna" kantatzen hasi ondoren talde osoa kantuari ekiten dio. Poliziek ez dituzte atxilotzen eta grebalariak bakoitza bere aldetik joaten da... Bederatzi t'erdietan Bilboko Apezpikutegi aurrean berriro batu behar direla jakinaz.

Bederatzi t'erdiak dira hamazortzi gazteak Apezpikutegiko hirugarren bizitzan, 51 gelan, bere greba aurrera eramateko sartzen direnean. Toki berri honetan, behintzat, ez da hainbeste hotzik. Gaueko hamaiketan Ubieta jaunak, Pastoralerako Bizkaiko bikari jauna den apezak, bere hasarrea grebalariei agertzen die, apezpikutegia egoera larri batetan jartzen dutelako. Apeza den grebalariak berbera eliza dela eta gose greban eliza partaide dela erantzuten dio.

Grebaren bigarren gaua pasatzeko prestatzen dira hamazortzi lagunak. Gose haundirik oraindik ez da sentitzen, nahiz eta batzuk ura bakarrik hartu eta besteek ura glukosakin.

Abenduaren 21ea, asteartea

Apezpikutegiaren korridore batetan Ubieta bikariakin hitz egiten dugu. "Humanitariar" arrazoi hutsagatik grebalariak onhartzen dituela esaten digu. "Hemendik joateko eskatu diegu", dio bikariak, "baina hor irauten dute". Polizia etortzen bada zer egingo duen galdetzen diogu: "Ez sartzeko eskatuko diogu, noski, baina "Caso urgente" batetara bezala badatoz ezingo diegu sarrera ukatu".

Grebalariek beste agiri bat idazten dute eguerdian. Osasun onean daudela eta bere eskakizunei eusten dietela diote, San Anton elizan egindako indarkeriei buruz errespontsabilitateak eskatuz. Eguna aurrera doa. Umorea ona da. Kartetan jokatzen da, beste batzuk irakurtzen duten artean. Norbaitek harbelean hauxe idatzi du: "Gosea prejuizio burges ttiki bat besterik ez da.

Egun osoan pertsona askok grebalariak bisitatzen dituzte, nahiz eta berauek greban non irauten duten esan ez. Preso batzuren familikoak ere batu egin zaizkie grebalariei. Iñaki Biaren ama, Oruberen ama eta arreba, Sabin Aranaren lehengusina etab. hantxe daude. Polizia ez da ezertako agertu. Pariseko irratiak grebaren berri eman zuen asteleheneko gauean.

Abenduaren 22, asteazkena

Goizeko bederatzi t'erdietan gauza xelebre bat gertatu da. Grebalari guztiak erdi-lo zeudenean, andre bat grebagelara sartu eta han grebalari bezala zegoen alaban zirt-zart zaplateko bat eman eta greba utz erazi dio, beste grebalarien protesta gogorraren artean.

Añoveros apezpikuak grebalariak bisitatu ditu. "Bere situazio larria" agertu die, Polizia sartzen bada disgustu ederra emango baitio. Iñaki Biaren amak, Euskal Herri guztia urte luzeak daramatzala "situazio larri" batetan esaten dio apezpikuari eta beste semeak zortzi urte gartzelan daramala gehitzen. Añoveros isilik gelditu ondoren arazoa ulertzen duela dio eta azkenean alde egin baino lehen ere onetsia ematen die grebalariei, "arazoa birpentsatzeko" gazteei eskatu ondoan.

Bere hirugarren agirian, grebalariek gose greban daudenak 35 direla jakin erazten dute eta osasun onean daudela diote. Indarrak, hala ere, guttituz doaz hirugarren egun honetan eta grebalari askok zakutan etzanda daude. Egun gogorrak hasi dira. Noiz arte? Inork ez daki.

Abenduaren 23an, osteguna

Gose grebalarien gaua lasaia izan da. San Anton elizan lehen gauean hamasei lagunek osatu zuten taldea asko haunditu da.

Gaur gauean 57 izan dira gose grebalariak. Beraien artean presoen familiar hauexek egon dira; Andoni Bedialaunetaren ama; Luis Ignazio Cuevasen ama; Juanjo Mendiolaren ama; Andoni Arrizabalagaren aita; arreba eta izeba; Andoni Bedialaunetaren arreba; Iñigo Alkainen lengusua; Fernandez Trincadoren arreba; Iñaki Biaren ama; Iñaki Orbetaren emaztea; Juan Antonio Mendizabalen aita; Luken Solagurenen ama; Juan Angel Otxoantesanaren ama eta R. Espillaren anaia.

Goizean, Bilboko egunkariek gose grebari buruz emandako berriak ikustean —oso laburrak eta gaizki eginak— grebalariek oso gaizki hartu dituzte. Osasunez ongi baldin badaude, gosearen ondorio batzu nabari dira. Berriketan egoteko gogoak berantza doaz eta igandean gose greban hasi zirenek beren laugarren eguna lasaitasunaz hartzea erabaki dute. Aurpegi batzuen koloreak ere alde egin dute. Gorputzak, bestalde, lau gauetan lurrean lo egin ondoren, makaldu dira. Grebalariek oilasko erre bati gusto haundiz ekingo liratekete gaur goizean.

Atzo Puerto de Santa Mariatik eta Zamoratik heldutako presoen agiri bi eskuz-esku dabiltza, Baiona, Donostia eta beste herri batzutan gose greban hasiko direnik ez dakite Bilbon daudenak. Bart Pariseko irratia ezin entzun izan zen eta grebalariek ez dakite gose greba Bilbotik kanpo izan duen zabalkuntza. "Pueblo" egunkarian asteartean ageritako berri baten aurka "derecho de réplica"n oinharritutako gutun bat bidali dute gose grebalariek.

Arratsaldean, ihasko egunean bezala, Apezpikutegiko areto batetan filme bat ikusi zuten gose grebalariek, jateko gogoak une batzutan ahantziz. Zortziak izango ziren bi sozial polizia Apezpikutegiko hirugarren bizitzara igon eta han zeuden ehun bat lagunei handik irteteko Gobernariaren "inbitazioa" jakin arazi zienean. Hamar minutu eman zien Apezpikutegitik irteteko. Grebalarien ezetza hartu zuten. Poliziak alde egin zutenean Ubieta bikariak grebalariei polizien "caso urgente" legezko paper batzuren kontra Apezpikutegiak ezin zezakeela ezer egin polizien birsarrera ukatzeko esan zien. Horrela izan zen, gaueko hamarrak hogei gutxiagoetan polizia harmatuak Apezpikutegian paper horien bidez sartu eta grebalariak erazi zituen. Hala ere barruan hemeretzi lagunek gelditu nahi izan zuten, "legezko" paper horietan hogei lagunen bilera bat baimendua zelakoan. Apezpikutegi aurrean polizi automobilak gainezka ageri ziren. Azkenean hemeretzi gelditutakoak ere kaleratuak izan ziren. Talde hau presoen familiarrak osatzen zuten.

Abenduaren 24a, ostiralea

Grebalariek Bilboko lagunen etxeetan gaua pasa ondoren —preso politikoen ahaide gehienak Bilbotik kanpokoak baitira— ostiraleko goizean berriro Indautxuko Karmengo elizan biltzen dira. Nahiz eta etxean gaua pasa, gose grebalari gehienek ez dute ezer jan, gose grebari osoki eutsiz. Hirugarren greba toki honetan Olentzaro taldeei eta Euskal Herriari dei bat egiten dien agiri bat idazten da. Agiri honetan 25ean Bilbon manifestaldi bat egingo dela agertzen da.

Gose grebalarien gabona

Gose grebalariekin egon ginen Gabona pasatzen. Karmengo elizaren kriptan berrogei ta zazpi lagun bildu ginen. Gose greba bat zenez gero ura, glykosa eta karameluak izan ziren edari eta janari bakarrak. Aldare baten gainean zegoen karamelu mordoska Gabon afaria genuen. Irrati bidez Juan Karlosek egindako Gabon-hitzaldia presoen senideek batez ere arreta haundiz entzun zuten, amnistian buruz zerbait esango zuelako esperantzan. Erregeak egindako hitzaldiaren huskeria eta ezer ez esatea entzutean presoen amen aurpegitan tristura —urte luzetan bildutako tristura— indignazio sentimenduarekin batu zen. "Noiz arte horrela, jauna, noiz arte horrela?" zioen Iñaki Biaren ama trebeak. Zortzi urtetan Gabonetako semearen faltak egindako tristura zuen bere bozak. Beste preso baten ahaideak horrela esaten zigun nola diren bere gabonak: "Lagunen besarkada sendo batzu... Gero malko batzu eta, une batzutan, desesperantza sakon bat..."

Gaueko hamaiketan Pariseko irratiak euskaldunen gose grebari buruz ez zuen ezer esan, Carrillo baitzen gai bakar eta garrantzitsuena Parisekoentzat. Amnistiaren alde Bilbon egindako manifestaldi, bat, gainera, Carrilloren alde egindakoa bezala presentatu zuten Parisekoek. Euskal Herriari buruz irrati honek ematen dituen berriak gero eta guttiago eta ahulagoak ditugu, benetan.

Gauerdiko hamabitan gurekin zegoen apez batez Eukaristia egin zuen. Gazte gehienak ez ziren partaide izan baina presoen ahaide gehienak bai. Gero norbaitek akordeoi bati ekin zion eta "baita ere ahaide batzu dantza piska bat egin. Gauean eta tristurak piska bat alde batetara uzteko Ondarroako Kresalako Edurnek bere umore onez egindako bertso eta kantaz geure bihotzak altxatu zituen. Bost egunez jan gabe zeudenek, nahiz eta kolore txarrezko aurpegiak izan, beren barreak ere egin zituzten. Beren pultsoak, bestalde, medikuak esan zigunez, oso ahulak ziren eta gose Greba amaitu ondoren elikadura normal batetara poliki pasako behar dira.

Gose-greba amaitzeko, 25eko eguerdian Bilbon egin zen manifestaldira joan ziren denok. Manifestaldi honi buruz Xabier Gereñok beste horrialde batetan egindako lan bat aurkituko duzue. Bost eguneko gose greba gogor honek egurraren izenpetasuna izan zuen.


Euskal Herrian

Santutxuko indarkeriei buruz

Olentzaro Santutxun

Abenduaren 23, arratsa, Bilbon, Santutxuko hauzategian zehatzago esanda. Zortzi t'erdiak jota zeuden eta "Olentzaro joan zaigu" kantatu ondoren, bostehun bat lagun ba gindoazen aurrera, Olentzaro sorbalda gainetan generamala. Pankarta bat ere ba generaman, AMNISTIA, "HATOR, HATOR... eta honelako Eguberri-slogan aproposez betea.

"Agur Zuberoa" izan zen txistulariek eskaini ziguten laguntza hurren geldiunerarte. Baina, gelditu ginenerako, sirenots batzu entzun ziren eta dizdiz urdinak ikusi; berehala agertu ziren berrogeitamar bat gris. Haietariko batek, megafonoa hartu zuen eta beste batek, geure pankarta geurea kendu zigun, hiru makiladuna kendu ere. Megafonodunak: "Gobernariaren manuz, kalea hustu behar duzue hiru minuturen buruan" —esan zuen erdara batuan. Espaloira joan ginen, berau ez baita kalea. Berehala turutots bat entzun zen. Geroxeago beste bat, eta minutu erdi bat baino lehenago, ostia pila bat genuen bizkarrean. Porrak, berunezko porrak, pistolak, pelotak. Tiroak entzun ziren. Amen oihuak ere bai, beren umeak babestu nahian. Hauxe izan zen demokraziaren gauean entzun zen guztia. Gu, betiko Santutxuko jendea ginen, gauza hauetara gehiegi ohitua. Zer gertatu ote da?: Ba, Olentzaro bera, iraultzaile bihurtu zaigula.

Goiko berriarekin batera beste arazo berezi baten albistea ere heldu zaigu Santutxutik bertatik.

Amnistiaren alde Gabon arbola bat jarri zen. Eta hor ere, polizia agertu, arbola desegin eta pertsona bat detenitua izan zen.

Bi gertakari hauk kontutan harturik, Santutxuko elkarte eta erakunde batzuk ondoko ohar hau prestatu zuten informabideetan agertzeko:

Behean sinatzen dugun Santutxuko elkarte eta erakundeak bildurik, atzo, 1976.eko Abenduaren 23an, geure hauzategian jazoriko bi gertakari negargarri salhatu eta kritikatu nahi ditugu.

Herri ohiturari jarraikiz eta aurreko urteetan egin den bezala, euskarazko gau ikastaldietakoek antolaturik, Santutxuko era guztietako lagun pila bat (mila bat inguru) Olentzaroren jaia hospatzen ari ginen. Lehen unetik polizia harmatuaren bi jeep begiratzen ari zitzaizkigun. Bat batean, eta guttien uste genuenean, beste hiru jeep eta autobus bat agertu zitzaizkigun, eta arduradunen eskari eta kontu emateei kasurik egiteke eta urruntzeko denbora materialik eman gabe, izugarrizko makilakada txanda banatu zuten jendearen artean, atso, agure eta haurrak ere ba zeudela ezertarako kontutan hartu gabe. Jotzeko, porrak eta gomazko balak erabili zituzten, eta hainbat pertsona gertatu ziren kolpatuak eta neurri desberdinetan zaurituak, zeren eta gainera pertsona batzu babesterako sartu ziren lokale publikoetan ere sartu baitziren poliziak.

Egun berean, Gabonetako jaiak zirela eta arbola bat jarri zuten hauzategian, eta alboan kutxa bat, bertan hauzoei gartzelatu eta lanetik bidalitakoentzat diru laguntza ematera gonbidatuz eta Amnistia eskatuz. Handik guttira, poliziak desegin egin zituen han zeuden gauzak eta bai hiritar bat detenitu ere.

Demokrazia hitza nonnahi erabiltzen ari den mementuon, hitz hori gehien baliatzen dutenek, Herriaren aurka jokabide zital hori lasai erabiltzen dute. Hori ikusiz, galdera hauk egiten dizkiogu geure buruari:

- Euskaldunok ez ote dugu geure ohiturei eusteko eskubiderik?

- Olentzarorentzat ere amnistia eskatzen hasi beharko ote dugu?

- Kalean euskara eta euskal kantak entzuteak min ematen ote die batzuri.

- Gabonetako arbolak ere subertsiboak izaten hasi ote dira.

- Zer dela eta ari da aurten hain jarraituki errepresioa Santutxuko hauzategian?

Eskribu honen bidez, gaitzetsi egiten ditugu honelako jokabideak hauzategi, Euskal Herri eta mundu osoaren aurrean, eta behin betiko Euskal Herriarentzako eskubide osoak onhar daitezela exijitzen dugu.

Bilbon, 1976.eko Abenduaren 24ean

Santutxuko Famili Elkartea

" Mendizale Taldea

" Gazteen Interkluba

" Ikastola

" Klub Ziklista

" Euskarazko Ikastaldietakoak

Olentzarorentzat ere amnistia eskatu beharko ote dugu?

Santutxun gero eta indar handiagoa hartzen ari da Olentzaroren ohitura. Hauzategiko jende asko Gabon gaua iragatera kanpora joaten dela kontutan harturik, euskarazko gau eskoletakoek egun batez aurreratu zuten Olentzaro jaiaren hospaketa.

Honela, bada, abenduaren 23an, iluntzeko zortziak aldean, hirurehun bat pertsona bildu ziren Karmelo partean, Olentzaroren izenean kanta eder eta esanguratsuz hauzategi osoa alaitzeko. Eta bide bazterra harturik, espaloian zehar, eta mementu bakar batetan ere zirkulapena moztu gabe, Santutxuko itzulingurua egiten hasi ziren. Olentzaro panpina patxadatsu eta barregarri batez adierazirik zegoen, lau gaztek zeramaten anda gaineko otzarean lasaiki jarririk. Harekin batera pankarta eder bat prestatu zen, Amnistia eskatuz.

Santutxu izeneko kalearen haseran, polizia harmatuaren bi jeep hasi zitzaizkien jarraikitzen, bata aurretik eta bestea atzetik, jendearen egintza guztiak begiraka.

Ondoko kantak kantatu ziren: "Olentzaro", "Hator, hator mutil etxera", "Kalera borrokalari", "Agure zahar batek zion". Gero eta jende gehiago biltzen ari zen eta dena ordenarik ordenean gertatzen ari zen guztion alaigarri. Bederatziak laurden guttiago zirelarik, mila bat pertsona edo ari ziren Olentzaroren inguruan, guztiak kantari.

Juan de la Cosa kalearen gurutzera heltzean, bat batean, polizia harmatuaren bost bat jeep eta autobus handi bat agertu ziren. Inolako arrazoirik eman gabe, polizia haien buruzagia ordenak ematen hasi zen. Olentzaroren jaialdiaren arduradunak hurbildu egin zitzaizkion buruzagiari, arrazoitzeko asmoz eta baimenak erakutsi nahirik. Eta erakutsi nahirik diot, ¿eren eta ez baitzien arrazoitzen utzi. "Es en balde que presenten nada". "Por orden gubernativa dejamos tres minutos para que se disuelvan". Horixek izan ziren, gutti goiti-behiti, haren hitzak. Baina esanak eta eginak ez dira beti berdin. Eta arduradurak buruzagiarekin eztabaidan ari zirela ia berehala kornetina jo eta betiko seguruak joka hasi ziren. Buruzagiaren hitzetatik minutu erdi pasatu ote zen?

Gomazko balak eta porrak —ez porruak— Santutxuko airea "alaitzen" hasi ziren, eta haien oihartzuna —irakur, balen erreboteak— kaleen hestutasunean durundi ozen bihurtu zen.

Haurrak beren gurasoen babesa lortu nahirik; agure eta atsoak korrikan egin ezinik; gazteak iheska edo lurrean etzanik balen zarata entzutean. Ez sexu eta ez adin diskriminapenik ez zen sentitu egur banaketan. Dakidanez, hirurogei urtez gorako gizon eta emakumeak porraz astinduak izan ziren; eta, zer esanik ez, gazteak, neska zein mutil. Pairaturiko izuak ez ote die traumarik utziko haurrei?

Zortzi egun eskas Espainiako Estatura Demokrazia izeneko pertsonalitate handia etorri omen zenetik. Beste asko bezala, Gabonak direla eta Eguzki Kostaldera joan ote da oporrak iragatera?

J. R. Bilbao


Euskal Herrian

Jauregikoa etxearen alde

Nahiz eta gai hau kaleratu izanik behin baino gehiagotan, ezer ez da lortu izan. Ez da deus ere egin izan. Arazo honen arriskua plazaratu nahi izan zen lehen aldia, etxe aurreko "esgrafiado" delakoaren zati bat lur jotzeko zorian zegoenean, izan zen. Garai hartan zati hori jausi egin zen eta lanari ekin zitzaion, idazten eta arazo hau agerterazten. Baina ezer ez. Etxeak berdin dirau eta, gainera, berriz erortzeko mehatxupean. Entzuna dugu aipatutako etxean berrizte batzu edo hasi egin behar dituztela eta ez dakigu ze kontu ukan behar duten etxeko aurre horrekin, zeren etxe barruko edo kolpe bakoitzak eragingo baitu kanpoan, igeltsukoa edo antzerako zerbaiteko materiala izanik. Hala bada, berrizteak hasi baino lehen, dagozkion neurriak hartzen ez baldin badira, erabat galduko da geurea dugun monumentu eder hau, zeren eta monumentuak herriarenak baitira; nahiz eta oraingoan jabeak ukan, berauek ezin ditzakete erabili berek nahi duten eran.

Etxe hau partikular batena balitz konpreni izan zitekeen bere egoera hau, berriztea garestia litzatekelako, Baina ez. Etxe hau "Banco Gipuzcoano" delakoarena da. Eta egoera hau, egia esanda, lotsagarria da Banketxe honentzat eta iraingarri guretzat, Bergarako herriarentzat, gu geu baikara Bergarako herria. Eta ez dute izan behar Udaletxeak eta bizpahiru jaunek arazo hau eraman behar dutenak, herriak berak baizik.

Bergaran ba dugu honelako hutsune zerrenda bat. Lehenbizikoan, "Txarriduna" baserriaren jauspena, puntu erdiko arku bi eta harmarri bat zituelarik. Gero, "Sardautixa", Yarza-Ozaeta familiaren etxea, harrizko etxaurre, Erdi Haroko arku bat eta harmarria zituela. Mugimendu bat sortu zen honen aurkakoa, baina erauzi zuten azkenean. Hirugarrenik, "Karloskua" baserria, leiho eta ateria Erdi Harokoak ukanik. Non egonen ote dira esandako etxe-zahar guztien harriak?

Dirudienez, erauzi egin behar dute "Txurruka" etxea ere, harrizko etxaurrez, teilatu landua eta eguzki erloju bat dituela. Bestetik, ikusten baldin baditugu "Solariegas" deitutako gainerezko etxe horik...

Tamalgarria da, bene benetan, gauden egoera hau. Esate baterako, "Goen-Kale" karrikaren egoera hibai-harrizko pabimenturekin, Bergarako bakarra, mila aldiz marrazkiturik penagarria da. Azkenik, nola ahantzi "Agarre" baserriko garaia, Gipuzkoako ale bakarra, eta egoera triste batetan dirauena...

Asko egin beharko dugu horretaz.

Beste herrietan, Baketxe edo Aurreztiko zenbait erakundek zerbait egin dute lan honetaz; Bergaran aldiz, bat ere ez, hainbeste dagoelarik.

Dena dela, ezin dezakegu, inola ere, Banco Gipuzcoano delakoaren jokabidea eredutzat har. Ez da bakarrik "Jauregikoa" berrizteko lanak behar dituela, baita ere Banketxe berorrena den beste etxe bat eta ondoan dagoena, "Txantxiku" izenez deitua eta bere egoera hain txarra ez bada ere, harrizko etxaurre bat duelako omen da, eta horrexegatik ez da oraindik jausi.

Banco Guipuzcoano hori, eta bere hitzak erabiliaz, "zenbaki-gorritan" dago Bergarako herriarekin. Ea noiz geratzen den "parra" zor zaigun kontuarekin, eta noiz berrizten dituen "Jauregi" eta "Txantxiku" etxeak, berauek merezi duten bezela.

Eta ez baldin badaki ze utilitate eman, galde diezagula geuri, mila aurkituko dizkiegu eta.

Berrizte hori egingo balitz, komeniko litzaioke orain ez duen bere arku dobelatua ezarri, edertasun eta nortasun galdu erazten dizkioten leihoak kentzen direlarik.


Elkar ikuska

Zigor gela

Maiz entzun izan dugu gure presoak, edozein lelokeria gatik, zigor geletan 40, 60, 90 eta noizbait 110 egunez sartuak izan direla. la, ia horrelako zigorrak egiten direla entzutera ohituak gaude eta, preso bat botoi bat askatua eramateagatik edo euskara egiteagatik 40 egunez zigor —gela batetan sartua izan dela jakitean, 40 egun horik 110 eguneko "record"etik urrun dabilela pentsatzen dugu, Olimpiadetako probetan bageunde bezala.

Nola bizitzen ditu presoak zigor-gela egun horik? Zeintzu dira zigor horien ondorio psikologiko eta gorputzekoak? Nortzu dira zigor hauk defentsa haundiagoekin hartzeko prest daudenak? Hara gai honetaz bildu ditugun eritziak.

Preso baten hitzak

"Carne apaleada" liburuan horrela agertzen digu Ines Palou presoak zigor-gelan berberak bizi izandako egunak.

"...Ezkutuki gartzelatik kanpora gutun bat bidali nahi izan nuen... Hogei egunerako zigor-gelan sartu ninduten. Hogei egunerako, egun bakoitza bere gauarekin. Inorekin hitz egin gabe. Inor ikusi gabe. Ezin nuen ez eta zigarro bat erre ere. Jateko nuen gauza bakarra gartzelako txerrijan zikina zen. Baina bizirik irten behar nintzen handik eta bizirik atera nintzen. Egunaz zigorgela barruan batera eta gainera garraisika kantatzen nuen. Nire barruko itotasuna zapaltzeko. Leherrenak eginda gauean ondo lo egiteko. Zigor-gelak ez zuen ezer. Zigor-gelak egunaz ez dute ez oherik, ez estalkirik, ez eta esertoki edo kaxarik. Zigor gela batek duen gauza bakarra lur gogor eta hotza da. Komuna zigor-gelan bertan dago. Komunak ez zuen ura eror-arazteko katearik. Nire burua hilko nuelako bildurrez katea kendu zuten, urka ez nendin. Beste batzutan, ikusten zenez, horrelakoak gertatu ziren. Komuna erabiltzen nuenean egindako kakak eta txixa hantxen gelditzen ziren, bere usaiaz dena beterik. Nazka ematen zidan.

Gauez koltxoi zahar, zikin eta usain txarreko bat sartzen zidaten. Maindirerik gabe. Hala ere niretzat sofa on bat bezala zen. Etzanda nire hezur guztiak minberatuak nabaitzen nituen, egun osoan ene gorputzaren pisua eramateagatik. Egunero sei metro aldeko gelari mila itzuli egiten nizkion. Ba nekien ordu batetan zenbat urrats egiten nituen. Gela haren baldosak banaka-banaka ezagutzen nituen eta baita ere tximitxak egunez betetzen zituzten txulotxoak. Une bakoitzeko ordua kaletik heltzen zitzaizkidan zarata bidez asmatzen ikasi nuen. Bi ordu t'erdiro aldatzen zen goardiak ordua asmatzen laguntzen zidan..."

Isolamendu garratza

"Begiagatik begia, haginagatik hagina" zioten juduek justizia zabaltzeko unetan eta "justizia-zigor" kontzeptuak bata bestearen ondotik zihoakien. Gaur egun "justizia" kontzeptu hau arruntagoa dugu geure munduan eta, nahiz eta orain egoera honen aurka boz batzu entzun, gartzela-joera hau, "justizia" hau, gogortasunaren goi mailetara eramana izaten den etxea da. Ikus dezakegun bezala, gainera, "justizia-mendeku" joera hau ideietan kontrakoak direnen aurka gogortzen da eta, hurrengo lerroetan irakurriko duzuenez preso politikoak izaten dira zigortuenak.

Velasco psikologo gazte bat dugu, Derioko Magisterio Eskolan irakasle da eta Lovainatik etorberria. Psikologi aldetik "egoera larrienetan" ikaskizun bereziak egin ditu eta gartzelan egiten den bizitza era honetako bizitza bat dugu.

— Inorentzat ezer ez bagara, gure bizitza ezinezkoa bihurtzen da—, esan zigun psikologo honek gartzelan egiten den bizitzaren muina agertu nahian —Gartzelatuen zigor-lana daramatenek zigortuen isolamendua indartzeko ahaleginak egiten dituzte.

— Gartzeletan presoak zigortzeko dauden pertsonak "isolamenduaren hauzilariak" direla esan dezakegu?

— Bai. Pertsona hauek ba dakite isolamendua zigor haundiena dela eta isolamendu bidez edozein pertsona deusezta dezaketela. Isolamenduak pertsona bat hil erazi dezake. Umeen artean hau maiz ikusi izan da. Ume askok, nahiz eta konfort giro batetan bizi, hil egin izan dira inorekin harremanik ez izatean. "Tristuraz hiltzea" ez da esaldi huts bat baina hobe izango litzateke "isolamenduz hiltzea" esatea.

— Zer bide darabilte "isolatzaileek" bere lan tristea aurrera eramateko?

— Bere lan guztia presoak bere inguruko giroarekin dituen loturak moztera doa. Gutunen kontrolak, aldizkari eta egunkarien kontrolak, liburuena, egunero 22 edo 23 ordu bakartatean egon erazteak ez du beste helbururik. Lan zigortzaile honek ba du, gainera, bere berezitasun edo espezialitateak. Bakartatea eta isolamendua sakontzeko presoari AHANTZITASUNA guztien aldetik zeharo ahantzita dagoela jakin erazten zaio...

— Puntu hau oso interesgarria da. Zabal ezazu, mesedez.

— Isolamendu bide hau preso politikoarentzat, batez ere, oso garratza da eta, honengatik, gure presoen kontra oso erabilia. Preso politikoa burrukalari bat da, funtsean eta bere burrukaideek burruka aurrera daramatela jakiteak indar haundia ematen dio. Burrukaideek ahantzia eta ukatua dagoela ikusterazi nahi diote gartzelariek presoari eta helburu hau lortzeko mila eratako psikologi bideak erabiltzen dituzte.

— Zein da helburu hau lortzeak duen ondorioa?

— Preso politikoak, bere burruka okerra izan dela eta bere lagunek ukatua izan dela jakitean, bere mundua erori dela ikusten du eta bizitzea ezinezkoa bihurtzen. Psikologia aldetik gertaera honek betiko ondorioak ditu eta baita ere alde fisikotik ere. Isolamendu sakon honek fakultateak ahultzen dizkio pertsona osoan.

— Isolamendu psikiko honek, gainera, baditu isolamendu tisikoaren lagungoa...

— Isolamendu fisikoak psikikoa lortzea du helburutzat. Erreferentzia guztiak galtzen dira eta denboraren iragatez neurtzeko biderik ez izatean denboraren zentzua galtzen da, batez ere. Zigor gelek, gehienetan, argi artifiziala izaten dute eta presoak ez daki gaua ala eguna den, goiza ala arratsaldea den zer egun den, ez eta zenbat egun falta diren bere isolamendu sakon honen amaiera ikusteko ere. Hau tortura hutsa da. Tortura ez da fisikoa bakarrik, baizik eta psikikoa. Psikikoen ondorioak luzeago eta sakonagoak dira.

— Zigor-gela batetan egunetan eta egunetan egotea zigor galanta da, nahiz eta gartzeletan "normala" izatea. Zein pertsona moetak sufritzen du gehienik horrelako egoera batetan?

— Juzkatua ez dagoenari horrelako egoera bat larriago egiten zaio, ez baitaki oraindaino judizioaren ondorioak nolakoak izango diren, nola izango den judizio berbera eta zeren errudun egingo duten. Gogorrena falta dela jakiteak etsitasun handi batetara bultzatzen du. "Preventivo" hauei gartzela latzagoa egiten zaie. Juzkatuak izan direnek, behintzat, ba dakite bere zigor-epearen luzetasuna. Europa osoan "prisión preventiva"ren aurkako saioak gero eta haundiagoak dira.

— Eta zein presok du zigor-gela batetan defentsa gehiago?

— Kultur handia dueni errazago egiten zaio egun luze eta gogor horietan burua zerbaitetan erabiltzea. Irakurle trebe bat izan baldin bada, bere irakurgaiak bururatu eta "ikus" litzake; musikalaria izanez gero musika behin eta berriro "entzuten" du bere buruan; bertsolari edo poeta baldin bada bertsoak eta poesiak bururatu edo egingo ditu... Erligiotarra izateak ere ba ditu bere abantailak egoera hauetan, gaitzak erlatibizatzean eta otoitzak behin eta berriro bururatzean. Hau Gandhi eta era hauetako gizonengan nabaria izan da.

— ERREFERENTZIA PUNTUAK galtze horren kontra zer egiten du presoak?

— Beste puntu batzu bilatzea. Presoek asko dakite gai konetaz. Eva Forestek idatzitako gutunetan berak aurkitu zituen puntu batzu ageri dira: kandela batek urtzeko zer denbora behar duen taiutu zuen, ordu batetan zenbat urrats gela barman ematen zituen, etab.

— Zeintzu izaten dira ondorio psikiko haundienak?

— Zigor-gelaren isiltasuna izaten da ondorioen iturri haundiena. Isiltasunak amesgaitzak, beldurrak eta irudipenak sortzen ditu eta zigor-gela kaxa bat bezain hestugarri eta itotzaile bihurtzen da. Eskizofrenia oso posible da pertsona hauengan eta, gartzela uztean preso askok bildotsak bezain baketsuak izaten dira. Frustrazioa eta erasotzailekeria ondorio arruntak izaten dira zigor-geletan.

Ikuspegi ilun honetan oraindik, zoritxarrez, beste faktore garrantziko bat aipatzea: lo egiten ez uztea zigor gogorrenetako bat da, lo ez egite honek pertsona osorik deuseztatu egiten baitu. Portugaleko P. I. D. E. k eta bere lagunek bide hau asko erabili ukan dute komisaldegietan batez ere.

— Lo ez egiteak pertsona bat hil dezake—, esaten digu psikologoak —eta bere defentsa guztiak pikutara bidaltzen ditu. Lo piska bat egitegaitik horrela zigortutako batek edozein gauza esan, egin edo idazteko prest dago.

Baina ez dezagun pentsa presoek kalde psikologikoak sufritzen dituztela bakarrik. Edozein estruktura politiko totalitaristak frustrazio eta agresibitateak indartzen ditu bere buruaren jabe izan nahi duten pertsonengan.

— Totalitariek denok era berean bizi eraztea nahi dute eta hau noski, indarkeriaz lortzen da. Indarkeri antolamendu honen aurrean batzuk burua makurtzen dute eta beste batzuk burrukara ekiten diote, burruka honek dakartzan inseguritate guztiak onhartuz. Bai lehengoek eta bai burrukalariek beren psikologi sistemetan ondorio haundiak sufritzen dituzte, nahiz eta burrukalariak beti "pertsona" mailan sendoagoak izan. Pertsona askorentzat komisaldegira eramana izateak, nahiz eta denbora guttirako izan, garrantzi haundia du, bere giroan mugitzen diren pertsona askok "pertsona" arraro eta mesfidagarri bat bezala begiratzen hasten direlako.

Hemen amaitzen da gure gaurko lana. Hurrengo batetan gartzelak presoen osasunaren aurka ondorio fisikoez beste lantxo bat egingo dugu.

X. A.


Euskal Herrian

Lemoiz geldi eraz!

Azken sasoi honetan ezer gutti idazten da zentral nuklearrez, eta ba dirudi, arazo hori alde batetara utzi dugula eta horretaz ahantzi egin garela. Garai batetan hainbat artikulu idatzi ziren gai hori ukituz, jendea oso kezkaturik geratu zen eta nonahi antolatu ziren hitzaldiak eta bai zentral nuklearren aurkako batzordeak ere. Kezkatze horren fruitu gisa eta arduraren puntu gorenaren adierazpen modura, 1976.eko agorrilaren 29an manifestazio munstro bat eratu eta burutu zen Plentzian 20.000 bat pertsonaren parte hartzearekin. Bertan partaide izaniko elkarteek gutun luze bat bidali zioten Bizkaiko Diputazioari, beste gauza batzuren artean Lemoizeko projektua gel erazteko eskatuz. Ordutik hona hainbat denbora iragan da, baina Iberduerok aurrera darama Lemoizerako zuen plangintza jendearen kexei kasurik egiteke, eta lehengo arazoak zutik dirau, lehen baino gorputz eta indar handiago beharbada. Horregatik, problema hau berriro plazaratzea pentsatu ukan dut, Administrazioa populuaren ardurei erantzun ematera behartzeko edo bultzatzeko asmoz.

Zeintzu arrisku dituzte nuklear zentralek? konponketarik ba ote dute? Zeintzu alderditatik aztertu behar dira?... Hauk eta beste galdera asko egin daitezke. Nik neuk, serie batetan alderdi desberdinetatik aztertu nahi nuke arazoa, eta nolabait hasteko, lehen artikulu honetan zentral nuklearrek sortzen dituzten arriskuen zerrenda eskematikoa agertu nahi nizueke.

Dossier gisa eginik dagoen txosten honetan, aipatu eginen ditut soil-soilik arriskuak zeintzu diren, haik sortzen dituzten kausetan sakondu gabe. Hiru multzo nagusitan sailkatuko ditut arriskuak:

I. Zentralaren funtzionamendu arruntean sortzen diren arriskuak.

II. Funtzionatu ondorengo arriskuak.

III. Istripuen arriskua.

I. Zentralaren funtzionamendu arruntean sortzen diren arriskuak

I.a. Ingurura elementu erradioaktiboak jaurtikitzen dira. Elementu hauen artean bi dira batez ere kezkagarri, tritio eta Kripton-85, hauen bizitz periodoak 12,3 eta 11 urtetakoak baitira. Eta kezkagarri direla diot, zeren eta zentralen kopurua gorantz joatean, elementu hauk gero eta gehiago agertuko baitira atmosferan, eta ez baitakigu gertakari horren biosferan ukanen duen eragina zein izanen den.

Hain kezkagarri ez badira ere, iodo-131, iodo-133 eta estrontzio-90 ere aipa daitezke, berauen periodoak 8 egun, 20 egun eta 28 urte direlarik errespektiboki.

I.b. Bero satsudura. Nahitaez sortzen da, zentralean baliatzen den ziklo termodinamikoaren erruz. Itsasoko ura berotu egin behar da erreaktorearen hozterako eta horrela, uretan bero satsudura sortzen da. Euskal Herriko kostaldearen kasuan, satsudur moeta hau uretan aurretik dagoenarekin batzen da, problema hau Bilbo inguruan areago sentituz.

I.c. Erregaiaren ziklo barneko hondakin erradioaktiboak. Zentral nuklearretako erregaiek ziklo berezia segitzen dute erabiliak izatean, eta ziklo horren barnean, puntu desberdinetan, hondakin erradioaktiboen kantitate handiak jaurtikitzen dira ingurura, hurrengo taulan (ikus I. taula) argi ikus daitekeenez:

I. Taula

1000 mw-etako zentralaren funtzionamenduari loturik doazen hondakin erradioktiboak

Jatorria Isotopoa Emititze maila (Curieak/urteko)

Uranioaren Radon-222 90

tratamendua Uranioa eta deribatuak 1.300

Aberaste Uranioa 0,02

prozesua Kripton-85 315

 Xenon-133 28.000

 Tritioa 6.000

 Iodo-131 1

Birtziklapen Kripton-85 440.999

fabrika Tritioa (uretara) 7.000

 Tritioa (airetara) 3.500

Arazo hau mundu milan konpondu beharko da, nolabait aberaste eta birtziklapen lantegietan zentraldurik dagoela esan baitaiteke.

II. Funtzionatu ondorengo arriskuak

II.a. Zentrala betirako gelditu ondoren. Demagun zentralaren bizitzea hogei ta hamar urtetakoa dela (hori da hor zehar esaten dena). Edozein modutan, egunen batetan zentralak zahartu eginen dira eta, arrisku handiagoren eraginetik babesteko, geldi erazi egin beharko dira, eta ordudanik zentralok ez dute ezertarako balioko. Hala ere, zaindu egin beharko dira hainbeste urtetan, zeren eta, gelditu ondoren ere, erradioaktibitate handiko gorputzak geratuko baitira barruan. Honelako gorputz batzuren kantitateak hurrengo taulan agertzen dira (ikus II. taula), zein bere periodoarekin eta 1000 MW elektrikotako zentral bati gagozkiolarik (ur presionatuzko zentralari prezeski). Kontutan har ezen Lemoizeko zentralak horrelako bi talde ukanen dituela, hots, denetara 2000 MW-etakoa izanen dela:

II. Taula

Geldi erazia izan ondoren, 1000 Mw-etako zentralean geratzen diren produktuen erradioaktibitatea

Isotopoa Periodoa Erreaktorea geldi erazi ondorengo erradioaktibitatea Curie-tan

 (urteak) 10 urte 100 urte 1.000 urte

  geroago geroago geroago

Estrontzio-90 28 3.600.000 400.000 104

Cesio-137 30 5.000.000 630.000 5 x 104

Teknezioa 210.999 450 450 450

Zirkonioa 900.000 110 110 110

Neptunioa 2.100.000 18 18 18

Plutonio-239 24.400 51 55 60

 OHARRA: Plutonio-239 delakoaren kasuan, isotopo hau hasera batetan gehituz doa, bera baino astunago diren isotopoen desintegrapenez sortzen baita.

Arazo hau zentral bakoitza kokatzen deneko eskualdearen arazoa da, erdi lotan dagoena, baina iraunkorra; eta etortzeko diren belaunaldiak ukituko ditu.

II.b. Hondakin erradioaktiboak.

Hau ere mundu mailako arazoa da eta konpondu gabe dago oraindik Dakigunez, erreaktoreetan erabiltzen den erregaia gastatuz doa, eta aldika atera egin behar izaten da eta haren ordez erregai berria jarri behar izaten da. Ateratzen den erregai "erre" eta gastatua—erradiazio maila gogorraren eraginpean egon baita—oso erradioaktiboa da. Birtziklapenean sartu ondoren, ezertarako balio ez duten eta baztertu egin behar diren materiale oso erradioaktibo batzu geratzen dira: hondakin erradioaktiboak.

1000 MW-etako ur presionatuzko zentralak, 30 bat tonelada erregai aldatu behar ditu urtero, erabilitako erregaia zentralaren inguruko biltegi berezi batetan uzten da lauzpabost hilabetez, periodo laburreko isotopoen erradioaktibitatea beheratzeko. Hala ere, lau hilabete iragan ondoren, hogei ta hamar tonelada horien erradioaktibitatea 12x107 Curietakoa da. Eta hori guztiori garraiatzen da birtziklapen zentruetara.

III. Istripuen arriskua

III.a. Zentralaren barnean dagoen arrisku potentziala. Erreaktorearen barnean hainbat eratako elementu erradioaktibo dago iraunkorki gorderik. Edozein arrazoi berezirengatik horien parte bat kanpora irten baledi, arrisku handiak sor litezke. Arriskuaren ideia bat egiteko, hurrengo taulan (ikus III. taula) 1000 MWetako zentral batetan dauden zenbait isotoporen aipamena egiten da.

III. taula

1000 Mw-etako zentraletan iraunkorki dauden isotopo erradioaktiboen kopurua

Isotopoa Periodoa Kopurua

Iodo-131 8 egun 7,2 x 107

Iodo-133 20 ordu 1,0 x 108

Estrontzio-90 28 urte 5,2 x 106

Estrontzio-89 53 egun 7,2 x 107

Cesio-137 30 egun 6,6 x 106

Xenon-133 5 egun 1,4 x 108

Kripton-85 11 urte 6,0 x 105

Kripton-85m 4 ordu 1,7 x 107

Fisio produktuen kopurua  1,2 x 1010

Aktinidoen kopurua  3,1 x 109

III.b. Dislokazioak eta materialeen hauskortasuna. Gauza ezaguna denez, irradiapen gogorrek dislokazio izeneko defektuak sortzen dituzte materialeen sare kristalinoetan, eta horien kausaz materialeak hauskortu egiten dira, arrakalak agertzeko arriskua handituz eta gai erradioaktiboen ihesteak errazagotuz. Bestalde, arazo hau areagotu egiten da materialeen zahartzearekin.

Honetaz zera esan behar da, halegia, hainbat zentraletan arrakalen kausaz iheste arriskugarriak gertatu direla jadanik, eta hori dela eta, hainbat zentral geldi erazi egin direla, kalte handiagoak ebitatzearren.

III.c. Seguritate sistemen hutsaldien arriskua. Prezeski esanik, hainbat hutsalde gertatuak dira errefrigeratze sistemen funtzionamenduan. Kontutan har ezen erreaktorean dauden isotopo erradioaktiboen desintegrapenez bero asko sortzen dela, potentzia termiko osoaren 6 %-a gutti gorabehera, hots, 1000 MW elektriko bakoitzeko 180 MW termiko sortzen direla. Honelako kasuetan, eta nahiz eta erreaktorea geldi erazi, errefrigeratze sisteman hutsaldi osoa gertatuz, nukleoaren fusioa 30 60 segundutan jazo daiteke.

III.d. Atentatuen arriskua. Gaur egun oso kontutan hartzekoa dateke atentatuen arriskua. Izan ore, era askotako atentatuak egin daitezke sistema nuklearren aurka, prozesuaren une eta punta desberdinetan. Atentatu posibleen artean hiru moetatakoak aipatuko ditugu:

III.d.1. Garraio bitartean. Zentraletatik birtziklapen fabriketara eta alderantziz bidaltzen den materiale erradioaktiboa garraiatu egin behar da bideetan zehar. Ontzi bereziki blindatuetan garraiatu ohi da, ontzi bakoitzean 2 x 106 Curie baino gehiago eramaten delarik. Blindaia edozein kausaz apurtuko edo apur eraziko balitz,...

III.d.2. Zentralean. bertan ere egon daitezke atentatuak, lehergailu edo bestelako teknika sofistikatuagoren bidez.

III.d.3. Plutonioaren lapurketak. Jadanik gertatu izan dira eta ez dira azkenak izanen nonbait. Baina zer interes ote du plutonioak? Garestia izateaz gainera (gramo batek 50 libera berri balio baititu, hots, zazpiehun bat pezeta), oso baliagarri izan daiteke atentatu zitalak egiteko. Adibide gisa bi ohar eginen ditut:

- Lehergailu atomikoren fabrikapena edozeinen eskuetan dagoke, amerikar ikasle batek frogatu duenez, zeren eta, berorrek, lizentziaturarako egin duen lanean, horrelako lehergailu bat projektatu baitu zuzenki, liburuetan dauden datuez soilik baliatuz.

- Plutonioak toxikotasun erradiologiko izugarria du. Plutonio-239 delakoaren mikrocurie bat biriketan sarturik hilgarri gertatzen da (eta hori 16,3 mikrogramoren aktibitatea baino ez da). Esandakoarekin, bukatu eginen dut arriskuen zerrenda hau. Zerrenda erabat osoa ez dela eta arriskuak maila desberdinetakoak direla esan behar dut. Koadroetan agerturiko datuei buruz eta ohar gisa, John P. Holden izeneko fisikariak Bulletin of the Atomic Scientist delakoan argitaraturikoak direla aipatzea komeni da.

Eta, oraingoz, besterik ez. Hurrengoan zentralen beste alderdiren bat aipatuko dut, arazo honek arlo asko ukitzen baititu.

J. R. Etxebarria


Euskal Herrian

... eta bakea lurrean...

Hori da, edo hori izan behar luke, Gabonetako mezua. Baina ez da. Askorentzat, Gabonak zerbait huts bihurtu dira. Automatikoki, tarjetak, "Zorionak" bidaltzen ditugu, eta kitto. Baina zer dira tarjeta horik, "Felicidades" daramaten tarjeta horik, Gabonetako mezua kunplitzen ez bada?

Euskal Herrian zehar, abenduaren 24.eko arratsaldean, Juan Carlos Erregeak amnistia handiago baten berri emango zuela gauean zabaldu egin zen. Haugatik, bederatzi eta laurdenetan, telebistaren aurrean geunden. Hitz politak esan zituen, baina hitzak. Eta amnistia, aipatu ere ez. Beraz, 25 goizean, jendea kalera irten zen. Eta Euskal Herri osoan gertatu zen bezala, ni ere bai, nire familiarekin.

Ordubatak inguruan, Bilboko Gran Viaren hasieran, jendea txaloka hasi zen. "Amnistia! Presoak kalera" oihukatzen zuen. Eta ikurrinak agertu ziren, eta "Hator, hator mutil etxera" kantatzen, Gran Vian gora zihoan jendetza. Guk ere haiekin bat egin genuen. Zebiltzan autoak geratzen ziren, eta barrutik txalotzen gintuzten. Gobernu Zibilaren aurretik igarotzean, "Amnistia!" oihuek indar berezi bat hartu zuten. Jendetza aurrera zihoan, eta Gregorio de la Revilla kaletik abiatu zen. Han, hirugarren atarian, bigarren pisu exterior zentrokoan, Petra Ruiz Cuevas andrea, 50 bat urte, bere ama Petrarekin bizi da. Burgoseko Villarcayokoa da, neskazaharra. Leihoratu egin zen, botila bat eskuan zuela, eta jendearen kontra jaurtiki zuen. Eta gero beste bat, eta beste bat, sei denetara. Eta botilak bukatu zitzaizkionean, espainol bandera handi batekin agertu zen.

Botilak bota zituen. Batek, gazte bati, besoan zauri egin zizkion. Beste batek, bederatzi urteko nire seme Iñaki jo zuen. Odola zerion burutik gure Iñakiri. Kotxe bat geratu nuen. Bozina joaz eta esku zapi bat atereaz, Hospitalera joan ginen. Han, medikuek eraman zuten gure Iñaki eta polizia munizipal bat hurbildu zitzaidan deklarapena egin niezaion porque ha sido un atentado. Umearen izena galdetu zidanean, Iñaki zela erantzun nion. Ese nombre no existe, erantzun zidan. Nik baietz, eta izen hori jartzen ez bazuen, ez niola inolako deklarapenik egingo. "Iñaki" ezarri zuen. Bost puntu eman zizkioten Iñakiri buruan eta etxeratu ginen.

Etxera sartu eta telefonoa deika zegoen, eta horrela egun osoan. Hainbat, Petra Ruiz Cuevas bizi den atari berberakoek, haren zehaztasunak ematen. Fuerza Nueva-koa da. "Blas Piñar Bilbora etorri zenean, espainol bandera batekin joan zen harengana". "Koinatua, Polizi Harmadako Teniente Koronela izan zuen". "Ihaz, Agate Deunako Koru Bati Viva Españaka ekin zion"... Eta Juzkadura eramateko eskatzen zidaten, beren izenak lekuko bezala eskainiz. Honelako zerbait esan zidan Hospitalean polizi munizipalak. Ahora debe ir Ud. a la Comisaría de Policía. Nik bromaz hartu nion. "Zertarako? Ba daiteke ni barrura sartzea eta delako Petra horri domina bat ematea". Baina bai, Juzgadura eramateko asmoa dut.

Esan didatenez, gu Hospitalera joan ondoren, andrea botilak eta letxugak eta zuen guztia botatzen aritu zen, eta jendea behetik harrika erantzuten. Leihoetako kristalak apurtu zizkioten. Jeep bi agertu omen ziren eta poliziak jendearen kontra ekin zuen. Andrea, Petra, bataz jantzirik, pozik leihoan, "separatistak" nola kolpatzen zituzten ikusten.

Bakea lurrean borondate oneko gizonei...

Lortu nuen Petraren telefonoa, bere atarikoek emana. Hitz egin nuen berarekin. Son unos gamberros, esan zidan. Si hubiese tenido una bomba la tiro.

Bakea lurrean borondate oneko gizonei...

José Antonio Zarzalejos, Bizkaiko Gobernadore Zibila, aspaldiko ezaguna dut. Injustiziarik ikusten dudanean, idazten diot. Hitz goxokin erantzuten dit baina gauzak berdin diraute. Abenduaren 23an, Bilboko Santutxu hauzoan, Olentzaro inguruan zihoazen haur eta adinekoei, BAIMEN GUZTIEKIN, polizia harmatuek gogor eraso zieten. Gaur ere, nire semearena azalduz, idatziko diot Gobernadoreari. Ez ezer lortuko dudalakoaren esperantzaz. Baina egin behar diot, gero yo no sabía esateko atxakirik eduki ez dezan. Esana diot eta berriz ere esan diot eskuin muturrekoei lotzen ez badiete, buruan pixa egingo dietela, Torcuato Fernández Miranda jaunari egin dioten bezala. Baina legeak ez dira denei berdin aplikatzen. Eskerrekoei egurra eta eskuindarrei...

Gabon aurrean Juan Carlosi eskutitz bat bidali nion amnistia eske. Karta hartu egin du, zeren Mondejar Markesaren bitartez horrela adierazten baitit. Baina amnistiarik ez da etorri. Gutunari erantzun egin dit. Zerbait ba da, zeren beste batzuk ez dute erantzunik ematen ere. Adibidez, Euskal Herriko apezpiku guztiei karta bat bidali nienean Euskal Herriko Artzapezpikutegia eskatzen, batek ere ez zidan erantzun.

Bakea lurrean borondate oneko gizonei...

Baina, nola arraio egon daiteke bakerik honela?

Xabier Gereño


Munduan barrena

Herri zapalduen agiria

Sarrera hitza

Esperantza handitako denboraldiak ari gara bizitzen; orobat, ordea, kezka sakonetakoak ere:

- Tirabira eta kontradikzioz beteriko denboraldiak;

- Inperialismoaren nazional eta internazional egituren aurka munduko herriak jaikierazi eta koloni sistemei lur joarazi dieten askapen burruken denboraldiak;

- Burruka eta garaipen denboraldiak, zeinetan Nazio Batuen Batzarre Nagusiaren (ONUren erabakiek, Giza Eskubideen Deklarapen Nagusitik hasi eta Estatuen Eskubide eta Eginbehar ekonomikoen Kartaraino), internazional ordenu politiko eta ekonomiko berri baten bilakuntza marrazten baitute.

Denboraldiok, haatik, orobat dira pottegite eta hondapenezkoak, zeinetan inperialismo molde berriak nabari baitira, herriak zapaldu eta esplotatzeko.

Inperialismoak, mila mekanismo eta basakeriazko eskuhartze maltzurrez, eta askotan berak ezarririko gobernuen laguntzaz, mundu zati baten jaun eta jabe dirau.

Zuzenean edo eta zeharka parte hartuz, sozietate multinazionalaz baliaturik, tokian tokiko poliziaren saldukerian tinkatuz, polizi errepresioan, etsaiekiko tortura eta hondamen fisikoan oinharrituriko erregimen militarrei lagunduz, neokolonialismo izenaz bataiatu diren egitura eta ekintzez baliatuz, herri askotara hedatzen du bere kontrola inperialismoak.

Geure sasoi honetako amets-irrikak interpretatu ustez, Algeren bildu gara, munduko herri guztiek askatasunerako eskubide bera dutela aldarrikatzeko: atzerritar esku-sartze guztitik askatzeko eskubidea eta herri bakoitzak hautatu gobernua hartzekoa, herri bakoitzak bere askapenaren alde burrukatzeko eskubidea, menpetasunean izanez gero herri bakoitzak bere burrukan beste herrien laguntza hartzeko eskubidea

Giza eskubideen benetako errespetuak herrien eskubideen errespetua esan nahi duela etsirik, HERRIEN ESKUBIDEEZ DEKLARAPEN NAGUSI hau onartu dugu.

Munduan, inoizka harmak eskuan, herri guztien askatasunaren aldeko burruka handia aurrera daramatenek topa bezate Deklarapen honetan beren burrukaren zilegitasunaren baiespena.

Sekzio I: Izateko eskubidea

Artikulu I: Herri guztiek dute izateko eskubidea.

Artikulu 2: Herri guztiei zor zaie errespetua nori bere nazio eta kultur identitateari buruz.

Artikulu 3: Herri guztiek dute nork bere lurraldeari baketan eusteko eskubidea, eta erauzia izanez gero, hartara itzultzekoa.

Artikulu 4: Ez da eskubiderik, nazio eta kultur identitateagatik, inor ere, ez masakratzeko, ez torturatzeko, ez pertsegitzeko, ez lurraldarazteko, ez atzerrirazteko, ez eta herri baten identitatea edo izakera arriskuan ipin lezakeen biziera inori ezartzeko.

Sekzio II: Autodeterminazio politikorako eskubidea

Artikulu 5: Herri orok du preskribitu eta besteratu ezineko eskubidea autodeterminaziorako. Bakoitzaren estatutu politiko propiorako eskubidea dakar horrek, askatasun osokoa eta inoren esku-sartzerik gabekoa.

Artikulu 6: Herri orok du zuzeneko nahiz zeharkako koloni edo atzerritar menperatasunetik eta edonolako erregimen arrazakeriazkorenetik askatzeko eskubidea.

Artikulu 7: Herri orok du, arraza, sexu, erlijio edo kolore bereizketarik gabe, herritar guztien ordezkari litzatekeen eta guztien giza eskubideak eta oinharrizko askatasunak defendatzeko gauza litzatekeen gobernu demokratiko bat ukaiteko eskubidea.

Sekzio III: Herrien eskubide ekonomikoak

Artikulu 8: Herri orok du eskubide exklusiboa bere aberastasunei eta berezko ondasunei buruz. Eta erauziak izan balitzaizkio, eskubidea luke haietaz birjabetzeko eta zuzengabeki jasandako kalteen ordaina eskatzeko.

Artikulu 9: Aurrerapen zientifiko eta teknikoa gizateria osoaren ondare izanik, herri orok du hartan partaide izateko eskubidea.

Artikulu 10: Herri orok du eskubidea bere lana zuzen balioztua dakion, eta kanbio internazionalak pareko kondiziotan eta zuzenki burutuak dakizkion.

Artikulu 11: Herri orok du berak hautatu sistema ekonomiko eta soziala ukaiteko eskubidea, eta bere ekonomi aurrerapen bide bereziari askatasun osoz eta kanpoko esku-sartzerik gabe irautekoa.

Artikulu 12: Goian aipatu eskubide ekonomikoak munduko herri guztien elkartasun izpirituz bete behar dira, eta bakoitzaren interesak kontutan hartuz.

Sekzio IV: Kulturako eskubidea

Artikulu 13: Herri orok du bere hizkuntzan mintzatzeko eskubidea, bere kulturari eutsi eta hura haztekoa, horrela gizateriaren kulturaren aberastasunaren alde ihardunez.

Artikulu 14: Herri orok du bere aberastasun artistiko, historiko eta kulturazkoetarako eskubidea.

Artikulu 15: Herri orok du atzerritar kulturarik ezar ez dakion eskubidea.

Sekzio V: Ingurugiro eta ondare komunarekiko eskubidea

Artikulu 16: Herri orok du bere ingurugiroari eutsi, hura zaindu eta hobeagotzeko eskubidea.

Artikulu 17: Herri orok du gizateriaren ondare komunaz baliatzeko eskubidea; halanola: itsaso zabalaz, itsas hondoaz, atmosferaz kanpoko espazioaz.

Artikulu 18: Goian aipatu eskubideez baliatzean, herri orok du begiratu behar nola uztartu alde biok: batetik, bere aurrerapen ekonomikoen beharrak, eta bestetik, munduko herri guztien arteko elkartasun beharrak.

Sekzio VI: Guttiengoen eskubideak

Artikulu 19: Herri batek, Estatu baten barman guttiengoa bat denean, bere identitatea, bere tradizioak, bere hizkuntza, bere kultur ondarea errespeta dakizkioneko eskubidea du.

Artikulu 20: Guttiengoaren partaideei, inolako diskriminaziorik gabe, gaineratiko hiritarrei bezalako eskubideak dagozkie, eta neurri berdinan eskuhartu behar dute bizitze publikoan.

Artikulu 21: Eskubide horien ihardunpidea, bere osotasunean harturiko komunitatearen interesak errespetatuz burutu behar da, eta ezin justifika liteke lurralde osotasuna eta estatuaren batasun politikoa haustea, estatuak bere aldetik eskuarteko Deklarapen honetan aipatu printzipioak errespetatzen balitu.

Sekzio VII: Garantiak eta zigorrak

Artikulu 22: Eskuarteko Deklarapen honetako erabakiren bat ez betetzea, komunitate internazional oso-osoarekiko eginbeharrak ez betetzea litzateke.

Artikulu 23: Eskuarteko Deklarapen hau ez betetzetik letorkeen kalte oro, oso-osoan ordaindu beharko du kaltea burutu lezanak berak.

Artikulu 24: Eskuarteko Deklarapen honen erabakiak hautsiz, herri baten lepotik lortu aberastasun orok, jasoriko abantailen itzultzea eskatzen du. Gauza bera esan behar da atzerriko inbertsioen bidez lorturiko gehiegizko irabaziez.

Artikulu 25: Herrian oinharrizko eskubideen kaltetan onharturiko tratu, akordio eta tratu ez-parekoak indarrik gabekoak dira.

Artikulu 26: Herrientzat gehiegizko eta jasangaitz bilaka liratekeen kanpoko finantz betebeharrak indargabe bilakatzen dira.

Artikulu 27: Herrien oinharrizko eskubideen hausketa larrienak, izateko eskubideari buruzkoarenak batipat, krimen internazionaltzat hartu behar dira, eta egileen errespontzabilitate penal indibiduala daramate beren baitan.

Artikulu 28: Bere oinharrizko eskubideak neurri handitan haintzat hartzen ez zaizkion herriak, eskubide osoa du haik aurrera ateratzeko, batik bat burruka politikoaz edo sindikalaz; azken finean indarrez ere bai.

Artikulu 29: Askapen mugimenduek erakunde internazionaletarako bidea irekirik behar dute izan, eta haietako burrukariek gerrateko lege gizakoiaren babes eskubidea dute.

Artikulu 30: Herri baten oinharrizko eskubideak berreraikitzea, larregi betegabe direnean, komunitate internazionaleko partaide guztiei dagokien eginbeharra da.


Euskal Herrian

15eko greba dela eta. KAS eri gutun erdi-irekia

Abenduaren 15, gezurraren ezina

Eme eta biotza penaz beterik jarraitu genituan 15 eko gertakizunak eta honen aurreko gertaerak. Larritasun aundiaz ikusi genuan nola KAS-a Euskadiko Indar Saltzailea? gauchismo estatalista guztiakin elkartzen zan, indar abertzaleak naiz ezkerrezko naiz ezkerrezko ez diranak E.S.B. da P.N.V., alde batera utzirik; ez gera alperrik burrukatu estatalista hoiekin bai ikastola, bai kooperatiban da bai beste arazo askotan.

Egin zituzten indarrak egin, batzuk beste batzuk baino geiago, da azkenean agertu behar zana agertzeko, gezurraren ezina; da hori baino okerragoa dana KAS-en adineko umetasunari, umetasun politikoa batzen zaiola, ba genuan bildurra da oraingoan garbi ikusi degu. Bestela nola ulertu liteke frakasu ondoren barruko kritika egin beharrean, aurrez inor ez ziranen aurka bere birau da esnetxar guztia zabaltzea, ez du sentidorik, ainbat gutxiago gure Herrian "Nerekin ez dagona Herriaren aurka ari da" esateak; horrela gaizki zabiltzate da obe izango dezute gazte zeraten bitartean ikastea, zeuen da Euskadiren onerako.

Zuen gogozko

E.S.B.ko Abertzale bat

Oharra:

Nahi izango neuke izenpetzea baina ez noa egiten, frontoietan txistu da tanborilaz agertu izan arren, oraindik badira ezinezkoak.


Euskal Herrian

15eko greba dela eta. K.A.S.-aren Iragarria

Iragan 15 egunean, Euskal Herriak berriz frogatu zituen oposizioko alderdian erizpide desberdinak. Gaur egun Euskal Herriarentzat AMNISTIA da benetako dei herritar eta iderekigarri bat, eta beronek ere ez gaitu ekintzan bildu alderkide desberdin guztiok.

Halaxe, KASaren alderdi osokideoi aski zaigu gartzela frankistetan 200 euskal iraultzailez gehi egotea. Euskal Herri Langileak edozein ahalegin "demokratizatzaile"ren errepika gisa, aurrez-aurre greba general bat antolatzeko, Gobernu espainolak gure aurren exigentziak jakin ditzan.

Greba-dei hau, ezkerreko talde askok apuiatu egin zuten, bestek behale gisa zirautela. Euskal burjeseriaren ordezko alderdiok, arrazoi ekonomizistak argudiatuz, beren apuiua ukatu zioten amnistiaren aldezko deiari; eta hori, oso grabea eta larria da, beren ezkutupeko onespen solidarioa eman diote eta, oraingoan beren konpromezu abertzalea Suárez-en lehen promezu erreformistaren truke saltzeko.

Denetara, 200 burrukalariz gehi gartzaletan dirauteino —askoz gehiago herbesteraturik, eta beste langile asko langabeturik— danbolin-txistudun "abertzaleok", hainbeste odolek gorriztatu duen ikurrinaz apainduriko frontoietan agertzen dira bitxi.

Gure euskal sozialiston ikuspegi honetatik, gure Herriaren askapen sozial eta nazionalean konprometaturik gaudelako, klase teknokrata hori salhatu egiten dugu,fabriketan duten domeinatzaile paper hori esker, langile klasea Hamelingo xaguak bezala mugierazi nahi dutelako txirularen hotsean.

Hau, kapital lodiaz duten pakto baten ondorioa da, besterik ez: klaserik gabeko Euskal Herri baten aldezko gure burrukari eten une bat ezartzeko, gezurrezko eta gutienezko "erreforma sozializatzaile"aren itxuraz beren interes ekonomikoak mantenituz.

Langile guztiak, oinharritik hasita antolatzera animatzen ditugu, beren arazoak eztabaidatzen diren asanbleetan parte hartuz eta goitik diktaturiko deiei ez-entzun eginez.

Euskal Herri sozialista eta libreranzko bidean, guk eskaintzen duguna pertsonen eta taldeen batasunerako, geure alternatibaren eztabaidatzea, berorri baiteritzogu edonolako hezkunde demokratizatzaileren aurreko.

Hego Euskal Herriarentzako KASaren Alternatiba.

1. Eskubide demokratikoek ezartzea.

2. Amnistia osoa, zein laborala zein politikoa.

3. Korpu zanpatzaileak deseratzea (egunotan, Donestabako erhaketa bikoitzak eta Arrasateko zine "Gurea"n jaraniko zapalkuntza basatiak gogorarazi digun exigentzia).

4. Masa herritarren bizimodua eta lan-moldea hobetzeko behar diren aurrezko neurriak hartzea.

5. Euskal Herria nazio soberano bat dela onhartzea.

6. Hego Euskal Herriarentzako autonomiazko erregimen bat ezartzea berehala.

7. Euskal Gobernu Probisional bat ezartzea.

KASaren Leniz bailarako mahaia (EHAS, ETApm, LAIA, eta LAB eta LAK langile erakundeak)


Euskal Herrian

I.A.M. plazaratzen

Gipuzkoako I. A. M. eko kordinadorakoek prentsaurreko bat antolatu digute. Oraindik orain egin dute Gipuzkoako ikasleen Batzarra eta berehala Hego Euskal Herriaren lau probintzietako Batzar Nagusia eratzekotan dira. I. A. M. indartzen doa eta ahal den neurrian plazaratzeko, masa mugimendu bezala abiatuak dira.

I. A. M.eko batzuek erori izan direnean, bai poliziek ta bai prentsa gehienek horaindik halako Alderdi berezien bati lotuak bailiran agertzen dituzte. Eta hau da lehenik zuzendu behar den gauza. 1976 asterako eten zuten I. A. S.ekin ekintzaileegi edo bide hestutzat jotzen zuelakoz, euskaldun ikasleen masa erakunde bezala bilakatuz.

Beraz, I. A. M. ez da ia erakunde hestu edo klandestinidadeko talde abertzale huts bat. I. A. M. egiten ari da. Eta bertako ikasleek osatzen dute, eta masa erakunde denez ikasle gazte guztieri irekia dago.

Hareago da, egun Euskalherrian mugitzen den ikasle erakunderik indartsuena bilakatzen da eta etorkizun bikaina dagokiola dirudi.

I. A. M. euskal ikasleen sindikato bat bihurtzera doa, eta bere estrukturaketa mugimendu abertzale ta herrikoiaz eratzen da.

Euskadi mailan behetik gora mugitzen den ikasle erakundea denez, asanbladan, ikastetxe edo fakultate bakoitzeko batzarretanik antolatzen da batibat I. A. M., beren artean Gipuzkoa mailan kordinaketa bat egiten delarik. I. A. M. alderdieri lotu gabe, erakunde autonomo bat da. Halere baditu bere abiadapuntu eta helburu garbiak ere. Independentziaz ez bainan, Euskadiren burujabe asunaz mintzo dira alde batetik, momentuan daiteken autogobernurik helduena proposatuz eta, bestalde, irakaskintza klasista ta deseuskaldunduaren aurka burrukatzen dira, langile klase ta nazional askatasunaren arabera jarraikiz.

Halere, ezin daiteke I. A. M. ez de la zertzen edo garbi definitzen esan, aipa bezala, abertzale izan behar bai da mogimenduan sartzeko, nahikoa izanen litzateke, ordea, abertzale praxia edo jokabidea agertu izatea, hau da, ikaslegoaren nazional eta sozial zapalketaren aurka jokatzea.

Programa bat lantzen ari dira irakaskintza ta euskal unibertsitate inguruan, hiru ikuspegietatik erasoaz, hau da, SINDIKAL ARLOAN, KULTUR ARLOAN eta POLITIK arloan. Politik arloan Gipuzkoako Batzarrean onhartu dute KAS-en alternatiba taktikoa bere 8 punduek jasoaz.

Dudarik gabe, indartzen doa I. A. M. Euskadiko ikasle mailan, eta gauregun estatalista alderdieri lotuta dauden ikasle taldeek baino indar handigoa dute alde batetik eta gezurra badirudi ere hauek baino autonomoago da I. A. M. Irakasle abertzaleekin eta interes berezi batez Euskalherritik kanpo dauden ikasleekin Koordinaketa batera doaz, eta erakunde bezala I. A. M. en nortasuna zainduz beste ikasle erakunde estatalisteekiko EKINTZARAKO BATASUNA proposatzen dute.

Alex


Euskal Herrian

Kalitatearen Nazioarteko Saria, Elgoibarreko JARBE, S. A. entrepresari

Zenbait firmari, beren irudi konfidantza eta prestigiogatik eman ohi zaion kalitatearen Nazioarteko Saria, Elgoibarreko JARBE, S. A.-ri eskaini zaio bere mahai fixatuko FM-1 fresagailuaren egile gisa.

Mahai fixatuko FM-1 fresagailu honek, bere onuretan orain arteko fresagailuak gaindituz, aurrerapen handiak dakartza fresatzearen alorrean, bai nazional eta bai atzerri mailan ere. Zenbait merkatu garrantzitsutan hala nola aleman, frantses, ingeles, kanadar edo australiarrean, egiten zaion harrera ona izan daiteke esandakoaren frogarik argiena.

Sari honen irabazle izan den etxeari, gure zorionik anaikorrena emateaz batera, hautaturiko ikerkuntza eta lantze bidetan aurrera segitzea opa diogu, nazioarte osoan oraindanik laudatua den erraminta-makinaren ohoretan.


Iberian zer

Euskara Madrilen

Aspaldi honetan, dirudienez, aldatzen ari zaigu espainiar kultur giroa. Frankismoaren denborako agintarien jokabide oskurantista hura eta bere hondarrak, deuseztu nahi omen dituzte oraingo Madrileko Unibertsitate arduradunek, beste itxura berri bat eman nahian. Askotan —gehienetan ez bada— aldatze edo bihurtze hori ez da erran merranetan besterik geratzen eta konturatzen gara, zoritxarrez, funtsezko asmoak eta azken berrogei urteetako kultur edifizioa sostengatzen zuten habeek tinko dirautela. Berritze hau ez omen da dagoena —lau hitzaldi— gehiago indartzeko baizik.

Pixkat konkretatzeko hori da, gutti gora behera, Madrilen izan diren hitzaldi batzuetatik ateratzen zen asmo garrantzitsuena. "Instituto de Ciencias de Hombre" delakoak, "Situación regional de España"-ri buruz antolatu zituen hitzaldiak. Ia bi hilebetez iraun behar dute eta arlo guztietako gaietan zatiturik omen daude. Egoera historiko, ekonomiko eta politikoa aztertzen dira arloetan, baina hizkuntza arloarenak kritikatzen finkatuko naiz bereziki. Lau hitzaldi egon omen ziren: Lapesa jaunak gaztelaniaz mintzo zen, Constantino Garcíak galegoaz, Antonio Tovarrek euskaraz eta Sánchez Guarnerrek katalanaz. Gehiegi ez baitzitzaidan gaztelaniaren egoera, azkenengo hiruretara joan nintzen, eta horietatik atera ahal ukan nituen asmoez mintzatuko natzaizue.

Galego eta katalanezko hitzaldiak, euskarazkoarekin konparatuz, oso modu diferente batez izan ziren emanak. Garbiki azaldu zuen García jaunak oraingo galegoaren egoera. Aspaldi izan zuen egoera analfabetoa salatu, eta beti beheko klase sozialen hizketa moeta izan zela esan zigun. Orain bertan daukaten lan izugarri eta bere ekintza modua adierazi zuen nahiko inpartzialki bera galegoa ez baita, Asturiasen jaiorikoa baizik. Ikusten zenez orain bertan planteiatzen ari diren arazoen arteko bat, ia garrantzitsuena, hizkuntzaren normalizatzea da. Gaztelaniar bat baino gehiagori gaitz ulertzekoa iruditu bazitzaion ere, egoera diglosiko bateko hizkuntza "B" izatetik, "A" mailara pasatzeko herri guztiaren nahi ezin geratzekoa klarki aztertu zuen, bai eta beste postura radikal batzu agertu ere.

Gure "agresibitatez"

Katalanari buruzko hitzaldian zer esanik ez dago alde horretaz. Guztiok dakigunez, galego eta euskara egoeraren baino askoz hobeto daude hizkuntza eta beste kultura medioak katalanen artean. Gainera hitzaldian globalki izan zen presentatua haien problematika. Nazionalitate zapaldu batetan arazo kultural, sozial eta politikoek daukaten batasunaz mintzo zen Sánchez Guarner jauna. Orain Europa mendebaleko herri zapaldu batzuren burruka aipatu eta batzu poliki aztertu zituen. Kultur arloan atzeratuen zihoazenak agresiboki azaltzen omen zituzten beren kezka eta egoera larriak. Irlandak eta Euskal Herriak beren nortasunari eusteko joera "agresibotzat" jo zituen. Gero pixkat sakonago "valenciáren" eta "cataláren" arteko istiluetan sartu zen, bereiztasunak eta dialekto desberdinak aipatzen. Azkenekoz, ez zen bakoitzaren bere herriaren nortasuna defendatzeko behar gorria berriz azpimarkatu gaberik geratu.

Ikus dezakegunez, bi hitzaldiok planteiamendu berdineetatik antolatuak izan ziren; bi egoera oso diferente baina aldakorren aurrerakuntza azalduaz. Euskarari buruzkoa oso era desberdinetakoa eman izan zitzaigun.

Tovar-en hitzaldia

Antonio Tovar linguistika mailan figura oso inportante denez gero, gai horretan zeharo finkatu zen hitzaldia ematerakoan. Hasteko bakarrik euskara hizketa-moeta dadukatenen kopurua —ia seiehun mila bat, Pedro Irizarren estatistikatik datua aterarik— aipatu ukan zuen. Euskara idatziaren historia sei edo zazpi autore zaharrak osatzen zuten, eta hitzaldiaren gehien zatia hizkuntzaren asmo orokor bat azalduz iragan zen.

Ez dut inola ere Tovaren objektibotasun zientifikoa duda mudatan jartzen. Dena dela, oso interesgarria iruditu zitzaidan hitzaldia, bereber hizkuntza batekin euskara konparatu zuenean bereziki; baina askotan —eta euskaldunok ba daukagu horretaz zer esanik— objektibotasun zientifiko hura ez da gauzak diren moduan uzteko besterik izaten. Hitzaldia eman zen textuinguruan hori oso garbi ikusten zen.

Erreforma politiko batek, herri baten kultur egoera zeharo kondizionatzen du. Dirudienez, azkenengo espainiar erreforma honek estatu espainolean dauden minoritateen kultureei bultzakadatto bat eman nahi die. Hitzaldi horietan galego eta katalanen asmoak —orain ahal daiteken neurrian noski— espainolek onhartuak edo behintzat, nahiz eta alde subjektibo batzutatik emana izan, jakinak ukan zituzten.

Galdera batzu

Zergatik ez zen hori gure hizkuntzarekin gertatu?, zergatik ez zen han gure kultur izaera eta hizkuntza eusteko daramagun burruka gorria azaldu? Ez da erantzuna arrazoi xinpleegietan bilatu behar, "hizlaria ez zen euskalduna" eta beste gisakoetan. Nire ustez, —eta ez dut artikulu honekin gauza berririk esan nahi, baizik eta aspaldian jakin dugun gauza bat gogorarazi ia gainean daukagun publizitatearekin norbaiti ahantzi zaion— zentralistaren gurekiko dauzkan funtsezko joerak ez dira inola aldatu, eta hola irauten badu, ez eta aldatuko ere. Haien eritziz, erromanizatuak ez zirenak izan omen gara gu. Hizkuntza harrigarriren bat daukatenak eta politika aldetik zarata asko ateratzen dutenak, baina ia kulturagatik mugitzen ez direnak. Ez dute Madrileko paradisuko kultur irla honetatik hango egiazko egoera garbi ikusten. Ez omen dute kultura herri baten adierazbidea dela eta harekin aurreratu behar duela bat ere konprenitzen. Unibertsitatean, nola euskara dauden estudioen artean sartzen ez den, ez digute euskal kulturari buruz lanik onhartzen.

Horren barnean dauden arrazoi eta motibazio —joera horik zuzentzen dituztenak— era askotakoak izan daitezke. Aspaldian boterean jarrita dagoen jende multzo baten ezin-mugitzea da nik behintzat, garbien ikusten dudan gauza haien artean.

Bestalde, arazo hori konpondu behar dutenak gu gara noski; gure herriak beste joera "agresibo" batzuk har ez ditzan metodoak, haien eskuetan gelditzen direlarik.

Iñaki Mozos


Medikuntza prebentiborantz

Medikuntza prebentiboa egin behar dugu

Osasuna, guztiok dakigunez, aurrerapenaren oinharri eta funtsa da. Bizitzeari fruitua atera nahi badiogu, osasun ona eduki beharko dugu, dudarik gabe. Azken urteotan, medikuntza sendatzaileak ukan duen aurrerapenaz batetik eta antolakunde sanitariak gehituz bestetik, gizonen osasuna zerbait hobetu egin da, haurren heriotz-maila beheratu eta bizitzea bera ere zertxobait luzatu.

Orain arte, bada, sanitate arlokook bi arlo hauetan ihardun dugu: a) Medikuntz teknologia aitzinatzen eta b) Laguntza sanitaria ugaltzen eta zabaltzen. Dudarik ez, on da horretan saiatzea, baina ba dira beste medio eta arlo batzu, osasunaren babeste kontuan garrantzi berdina edo handiagoa ukanik oso kontutan hartu behar genituzkeenak, hala nola bizimoduaren maila, birsorkuntzaren kontrola eta salubritateko neurriak. Hala ere, sarri ahantzixe ditugu puntu horik.

Bizi garen garai honetan, osasun maila zerbait hobetu dugu, bai; baina beste alde batetatik, osasunaren aurkako indarrak ere sortu ditugu. Aurrerapenak, progresuak halegia, gauza onak eta txarrak ekarri dizkigu. Azken hauen artean, satsudura, jendearen pilamendua, ariketa fisikoen falta, alkohola, tabakoa, drogak eta jateko ohitura txarrak aipa ditzakegu. Indar berri hauek frenatu, balaztatu egiten dute osasun hobetzearen abiada eta gure bizia arriskutan jartzen.

Sendatzeko medikuntza eta ez gaisotzeko medikuntza

Orain arte egin dugun medikuntza, sendatzailea izan da gehienbat, hau da, geure esfortzu eta ahalegin guztia eritasunak sendatzean ipini dugu, eta ezer gutti egin dugu eritasunen aurreikuspenean eta hezkunde sanitariaren arloan. Medikuntza sendatzailea beharrezkoa da dudarik gabe, baina, garestia eta, neurri batetan behintzat, zentzurik gabea, hobe baita eritasunik ez harrapatzen irakastea, hauk harrapatu ondoren sendatzen denbora pasatzea baino. Atzetik ibiltzea baino hobe da —ahal den neurrian behintzat— aurretik ibiltzea.

Mentalitate aldaketa bat eskatzen dut, beraz, eta hori ez da erraz lortzen den zerbait; hala eta guztiz ere, premiazko ikusten dudan gauza bat da. Denok aldatu behar dugu geure burua, bai herriak eta bai sanitariok. Unibertsitatea bera ere asko aldatu beharko dugu, dudarik ez, zeren eta bertan orain arte honela definitu izan baita Medikuntza: Sendatzeko artea eta zientzia. Sendatzeko, sendatzea, sendatu... hori jartzen dugu aurrenik. Medikuntza, jaunok, osasunaren zientzia da, osasuna zaintzera saiatzen den artea eta zientzia, eta ez eritasuna sendatzeaz soilik ari dena.

Azken batez, planteamolde negatibista batetatik, planteamendu positibista batetara pasatu behar dugu; eta hainbat eta gehiago, eritasunen sendaketan ditugun mugak eta limitazioak ikusirik. Zeren eta, zenbat gaiso osatzen dugu, bada?

Euskal Herrian, medikuok kontsultategi eta ospitaletan sarturik bizi gara, jendea noiz gaisotuko zain, gero eritasunaren biktima horiei tratamendu bat jartzeko edo eskaintzeko. Gehiago hurbildu beharko ginateke osasuna duten pertsonengana, osasuna zaintzen laguntzeko.

Medikuntza prebentiboa bultzatzean, hauxek izan beharko lirateke, sanitarien ikuspegi berriak kontutan eduki beharko lituzkeen bi puntu:

1.- Bizitz inguruari eta beronen ondorioei garrantzia ematea.

2.- Gizarteareko ohiturak aztertzea eta osasunarentzat kaltegarri direnak aldatzea.

Azken batez, beraz, mentalitatearen aldaketa eta plangintza berri baten beharrean aurkitzen gara, medikuntza prebentiboa, hots, ez-gaisotzeko medikuntza lehen mailan jarriz.

Hala ere, gehienetan herrien sanitate maila eta medikuntza sendatzailearen kalitatea pareko edo gauza bertzat hartzen dira. Hau da, eritasunak osatzera saiatzen den medikuntzari ematen zaio garrantzia eta horretarako erabiltzen da presupostuaren parterik handiena.

Medikuntza prebentiboaren garrantzia

Esandako puntuez gainera, estatistikek erakusten digute, herriko jendearen 50 %-a 70 urte bete ondoren hiltzen dela. Hau asko bada ere, ez dugu inola ere ahantzi behar, beste 50 %-a, hots, beste erdia, 70 urtetara heldu aurretik hiltzen dela.

70 urtez gora hiltzea normaltzat hartzen dugu, hori baita batezbeste gure sistema biologikoaren erresistentzia. 70 urtez behera hiltzea, ordea, ez da normaltzat hartzen, edo hobeto esateko, gaur egun neurri handitan zuzen daitekeen zerbait-tzat jotzen da. Honelatan, bada, multzo honetan daudenen bizitzea salbatzea eta luzatzea izan behar duke gure helburua. Gainera, multzo honetakoen heriotz-maila edo mortalitatea gure hezkunde sanitariaren termometroa izanen da; multzo honetariko asko hiltzen bada, geure hezkunde sanitaria eskasa dela aitortu beharko dugu eta alderantziz.

Gazte hiltzen direnen multzo honetan, bi zati handi egin ditzakegu:

a) Umetan hiltzen direnak (5 urte bete aurretik): jaiotzen deneko 10 %-a.

b) Gaztetan edo helduaroan hiltzen direnak: 40 %-a.

Lehen multzokoak alde batetara utziz, eta bigarren multzokoak estatistiken arauera aztertuz, honako eritasun hauetaz hiltzen direla ikusiko dugu (garrantziaren arauera): 1.- Bihotz eritasunak, 2.- kantzerra, 3.- istripuak, 4.- kutsaketak, 5.- kirio istripuak, 6.- kirrosia, 7.- diabetesa, 8.- toxikomania. Hauk dira, bada, gazterik hiltzen gaituzten zortzi eritasun arruntenak.

Bestalde, eritasun hauk edukitzera nola heltzen garen aztertzen badugu, neurri handitan geuk sorterazten ditugula ikusiko dugu, eta hori, giroa satsutuz eta ohitura txarrak sortuz. Dudarik gabe, geure erruz hiltzen gara gazte, geure borondatez hartzen dugun bizikeraren erruz.

Adibide gisa, bihotz eritasunen kasua aipatuko dut. Gehienetan ondoko modu hauetaz sortzen dira eritasunok: Pisu handiegia edukiz, lipido eta gatz gehiegi janez, ariketa fisikorik ez-eginagatik, tentsio emozionalaz, tabakismoaren erruz, tentsio arterial altua ez-zainduz eta abarrez.

Hiltzen eta gaisotzen gaituzten faktore asko ezagutzen baditugu, zertan gabiltza medikuok, herriari errealitatea adierazi gabe?

P. Letamendi


Erlijioaz

Euskal apezek Penintsulako apezpikuei deia

Jakina denez, "Euskal Diozesietako apezen Pastoral Ekintzaren bateratzea" delako euskal apez mugimenduak bere bigarren Batzarre Nagusia Bilbon egin zuen joan den Irailean.

Hartu ziren erabakietarik bat, Penintsulako apezpikuei gutun bat bidaltzea izan zen; susmoa baita zenbait eliz gizon talde politiko eta sindikatu bereziren baten atzetik ote dabilen.

Batzorde bat arduratu zen gutun hori burutzeaz, eta jadanik zabaldua du gutun hori apezpikuen artean. Hona segidan dokumendua bera.

Euskal Herriko apez eta kristau talde handi bat gara; esperantzaz eta, orobat, istiluz beterik ageri zaigun sozial aldaketazko mementu honetan gure jarrerak zein izan behar duen aztertzeko bilduak. Bistan da, demokrazia formal batetarantz goazela; gutxi-asko murriztua bada ere; dena den, alderdi politiko eta talde sindikalei askatasun gehiago emango dion demokrazia formal batetarantz. Azken berrogei urteotan ezagutu ez ditugun bezalako konfrontazio ideologikoak izanen ditugu geure artean; ba ditugu jadanik. Eta itxuraz gainean dugun bozketaldian biziagotu eginen da hori guztia. Elizaren jarrera giro horretan, uste dugu, arazo arrunt delikatua dela. Ez dugu problematika hori bere osotasunean aztertuko. Honetara gatoz: geure baitan dugun kezka bizi baten berri ematera.

Labur-labur, hona: Elizak, gure ustez, ez du inongo alderdi edo sindikatu jakinen babesle izan behar. Halabaina, ba dugu alde horretatik kezkarako arrazoirik: bada, izan ere, hortik zehar zantzorik, zenbait jendek alderdi politiko konfesional kristau bat —konfesionalitate erdi izkutu erdi agerikoz— eta, batik bat, molde bereko sindikatu bat sortu nahi lukeela adierazten duenik. Konkretu hona: berrikitan "MAS" aldizkarian, Hermandades de Trabajo delakoaren berriemailean, azaldu den artikulu batek larritu gaitu; orobat, erakunde horrek berak publikatu duen inkestak: "Kristau joerako sindikatu bat sortu behar ahal dugu?" tituluaz publikatu duenak. Ba da beste zurrumurru eta daturik ere hari beretik; eta horietarik zenbaitek egi itxurarik ba du. Horrek, jakina, areagotu egin du gure larridura. Bestalde, eskuharki sinestekoa izan ohi den hainbat berriemailek gauza bera ukitu izan du.

Halabaina, Kontzilioak eta beste hainbat eliz dokumentuk garbi asko utzi izan du puntu hau: ez dela aurrerantzean politika konfesional batez mintzatzerik, ez eta alderdi edo sindikatu kristau izenekoz. Honetan gaude: arrisku hori are indar handiagoz baztertu behar dela; honetarako izan ohi bazen aipatu jokabide hori kondairen: guztiz kontserbatzaile ziren hautapen sozio-politikoak moralki legeztatzeko eta langileriaren eta herri kapen interesen aurka haiei eusteko.

Hor daukagu Europako —Espainol Estatua barne— kondaira: kristautasuna politika konfesional bezala hartzeak egundoko zatiketak sortu izan ditu langileria baitan; horrela langileria ahulago bihurtu eta berari kapital esplotazioa gogorkiago jasan eraziz. Gure herriko egungo egoeraren aurrean, horrela, ikuspegi historiko bat, heldutasun teologiko bat eta, orobat, indar politikoen heldutasun bat dauzkagu. Horrela, herria erdibanatzen, zapalduen begitan Eliza itsusten duten eta klase sozial garaienen alde gertatzen diren erru zaharretan ez erortzeko bidea ematen digu. Baina gera bedi argi eta garbi: politika konfesionalari uko egitean, kristautasuna zernahi moldetako estrategia alderdikoiren justifikaziotzat hartzearen aurka gaude.

Elizak alderdi konfesional bat sortu, justifikatu edo legeztatu ezin badu, berdin esan behar da beste hau ere: ezin eman diola babesik —izkutuan ere ez— alderdi jakin bati besteen kaltetan. Eta arrisku hau haseratik baztertu behar dugu. Horra zergatik eskatu zuen —eta aho batez— gure batzarreak gure aipatu kezka hori zuri jakin eraztea. Jakina, ez goaz horrela izpiritualista moldeko eta sozial intzidentziarik gabeko kristau fede baten alde ateratzera. Hauxe da ukatu nahi duguna: Eliza sozio-politiko hautapen jakin baten babesle ateratzea.

Bestalde, hau ere agertu nahi dugu: ezin ukatu ahal zaiola kristau bati ezker alderdiei izena ematea hautapen jatorra izan daitekeenik. Izatez, kristau batek baino gehiagok egin du hori jadanik. Uste dugu, martxan dagoela prozesu hau: kristau fedea eta sozial kontserbadurismoa gauza bat beratzat hartzearen haustea, eta esan beharrik ez, teologi aldetik guztiz zuzena dela hori, pastoral aldetik guztiz emankorra, eta sozial aldetik guztiz premiazkoa. Esperientzia hau, gehienetan, buruz eta erantzukizunez da burutzen. Erru larria eta makurra litzateke horrelako hautapenerako eskubidea kristauei ukatzea.

Har ezazu gutun hau gure elkar lanerako gogoaren seinaletzat; hasi den sozial egoera berrian ebangeliozko bideak topatzeko guztiok behar izango bait dugu elkarren laguntza.

EUSKAL APEZEN BATZARREA eta EUSKAL HERRIKO KRISTAU ELKARTEAK


Unibertsitateko filmeak

75-76 ikastaroaren bukaeran "SARRIKO" Ekonomi Fakultateko Euskal Ikaskuntz Taldea (EIT) eta "SARRIKO" Zine Klub artean harreman batzu egon ziren. Guztiz honek, pasadan Urriaren 28an EIT-ko Batzarre Nagusiaren bitartez, EKT barman Zine Klub-en sarrera bortxatu zuen. Jakina, harriturik ez zen faltatu. Honi buruz, bere gorabeherak azaldu zituen kide bat, bat bakarra, agertu zen. Aski ezaguna dela eta haren ponentzia pikutara joan zen, Zuzendari Batzordeak arrazoiak esaterakoan.

Baina urratsez urrats joan gaitezen.

Zer diren EITa eta "SARRIKO" Zine Klub-a.

73-74 ikastaro barruan, Fakultateko ikasle multzo batek, Euskal Unibertsitate baten premia eta Euskal Herriarengana zuzendurik unibertsital hezierarik eza ikusirik, nahiz eta Euskal Herriko Estatar, Ekonomi Fakultate bakarra izan, fakultateko zulo nauk bereziki bete zitzaten Unibertsital Elkarte bat sortzeko gestioak egin zituen. Deustuko Unibertsitateko adibideari segituz, Estatar Unibertsitateko EKT-en sortzea izaten zen.

Baina, zoritxarrez, arazoak hasieratik azaldu ziren, Estatutuak egiterakoan hain zuzen. Ikastaroaren bukaeran legezko baimena etorri zitzaigun eta beronekin Estatutuen aldakuntza. EIT-ko lehenengo Batzarre Nagusiaren barman taldekide multzo batek, lehenengo Estatutuak hestu eta antidemokratikoak izaten baitziren aldakuntza bat proposatu zuen. Proposamendu hau, guztiz onhartua izan zen. Baina, hala eta guztiz, ez zen gerrarik irabazi, bataila ttiki bat baizik. Arazoa honela zegoen... Herri Euskal Kultur berria multzo ttipi batentzat ala guztientzat.

74-75 ikastaroan zehar, barruko egitura bat hartzeko, mintegiak indartu ziren. 75-76 ikastaroan, mintegietatik landa, unibertsitateko ikuspegi berri bat edukiez gero, EIT-ko besoak fakultaterantz zabaldu ziren. Baina bidea gogorra zen, leku guztietatik etxeko oztopoak agertzen baitzitzaizkigun. Baina zabalkundea egin eta gero, fruituak aurtengo ikastaroan agertu dira.

Bestaldetik, ikasle talde bat beste zuloa estaltzeko etorri zen fakultatera: Filmezko kulturarena: Honela "SARRIKO" Zine Kluba jaio zen. Mutil hauen asmoak berain ikaskideei filma hurbiltzea, geure lantegira eramatea, etab, izan ziren.

Mementu horretan talde berri bat sortzen zen. Gauetik goizera "Cultura General"-ezko Ikasleen Elkarte bat agertu zen. Hitzak ez dira beharrezkoak. Ulertzaile onari, hitz gutti. Elkarte berri honek, nahiz eta asmo ugari eduki, ez zuen ikasleen laguntasunarik lortu, eta EIT-ekin harremanetan egon nahi zuen, baina ez zegoen batasunik helburuak oso ezberdinak izanki.

Alderantziz, EIT-ko eta "SARRIKO" Zine Klubeko helburuak puntu batetan batzen ziren: EUSKAL KULTURaren inguruan. Bistaz, hitz demagogikoak irudi daitezke, baina egia zen eta froga gaur egunean daukagu. Zine Kluba EIT barruan dago beste arlo gisa eta helburuak hurrengoak dira: Euskal Herriko gaurkotasuna erakuts dezan euskal filme bat eta, jakina, herri filmezko kultur bat sortzea.

Gaur egunean, hau guztiau oso aberatsa dela eta, gure ekintzak oso ttipiak irudi daitezke, baina ahal duguna egiten ari gara. Filme batzuk euskaratzen ari gara, adibidez POTEMKIN, eta, ez baititugu dirurik, azpidatziak erdaraz agertuko dira, baina zinta batez, ahotsa euskaraz entzunen da. Beste aldetik, sarrera guztientzat da, herriarentzat herriaren kultur berri bat nahi dugulako. Bide honetan, joan den urriaren 26ari batu zen dirua,... Dalton Trumboren filme bat zen, etxegintzako langileentzat izan zen, hola izan behar baita. Besteetan, ateratzen den dirua filme berriak egiteko, EIT-ko ekintzak finantziatzeko, Udako Euskal Unibertsitaterako, etab, izanen da.

Ikusten denez, helburuak ugari eta aberatsak dira baina bidea hestua da eta gogor eta indarrez burrukatu behar dugu egiazko herri euskal kultur bat lortzeko.

TXINGARRAK


Postaz etorria

"Anaitasuna"-ren "Postaz Etorriak" izeneko sailarentzat.

Nire osasun makalarengatik nekez idazten ari naizen arren, hala ere, ez dut aurtengo urtea igarotzen utzi nahi, hain gogo-gogotik irakurtzen dudan "Anaitasuna" izeneko hamabosterokoari euskarazko eskutitz txiki bat bidali gabe. Beste zerbait idatzi baino lehenago "Anaitasuna"-ren Zuzendari jaunari, baita ere lankide ta irakurle guztiei Gabon baketsua ta Urte berri on bat eta gure euskararentzat txit zoriontsua opa dizkiet. Zenbaki bakoitzean irakurtzen dut orain euskarazko liburu ugariak eta txit jakingarriak agertzen direla ta honexek asko poztutzen nau. Tamalez niretzat ezinago garestiak dira eta hemendik ezin dezaket ezer erosi. Hala ere, nire adiskideei eskerrak, euskarazko liburu agertu berri batzu niregana heltzen dira ta honela euskararen estudioan irauten dut. Nire adiskide guztiei lerro hauen bidez nire eskerrik gartsuenak ematen dizkiet.

"Herria" izeneko astekariaren azkeneko zenbakian irakurtzen dut Jainkoak nire adiskide maitea ta euskaltzale sutsua zen Arrue Andoni jauna bereganatu duela. Berri ilun-ilun honek asko atsekabeztatu du nire bihotza. Euskaltzain famatu honen heriotzea galtze haundi bat da euskararentzat. Bere euskarazko artikulu guzti guztiak, batez ere "Egan"-en "Jan-Edanak" izenekoak, beti pozik irakurri ditut. Nire doluminik bizienak bere etxeko guztiei. (G. B.)

Nire gaurko lerro hauk "Gora Euskara Batua" deiarekin bukatzen ditut.

Agur eta hurrengorarte.

Norberto Tauer

***

Algortako Hauzo Elkarteko Komisio Eragileak elkartearen ordezkari bezala, honako ohar hau publikoki zabaldu nahi du, gure inguru geografikoko zenbait pertsona eta establezimenduri gertatu zaizkien atentatu eta heriotz amenazuen gainean:

1.- Ezin onhartuzat jotzen dugu honako gertakarien esistentzia eta bergetaketa, zaintzuen bidez gure herriak bere burua inseguritatean eta desanparuan ikusten duelako sarri egin diren denuntziak alferrikoak direla.

2.- Gure uste osoz, errakuntzarako beldurrik gabe, atentatu hauk ez doaz zenbait komertzio edo pertsona bakar batzuren kontra ezpabe Algortako herri osoaren aurka, euskal kulturaren aurka eta azken baten Euskal Herriaren izate, pentsu eta bizimodu osoaren aurka, guzti horrekin "argiegi" dauden errebantxak sortzeko.

3.- Oraingoan, "Jakintza" liburudendako nagusiak bigarrenez heriotz amenazua jaso ondoren gehiegizko neurri batzutara heldu gara.

4.- Guzti hau ikusirik, Algortako Hauzo Elkarteak gertakariok publikoki kondenatzen ditu eta dagokien agintariei honako exigentzien eskabidea egiten die:

1.- Azken gertakarien azalpen publiko bat eta egileen detentzioa.

2.- Amenazatuei babes konkretua eta kalte materialen indemnizazio ekonomikoa.

3.- Algortako herri guztiarentzat bigilantzia afektibo general bat, horretara egiaz geure buruak babestuak ikus ditzagun eta gauaz ohera trankil joan gaitezen.

***

Jaunak,

Mesedez argitaraziko al didazute zeuenean "Cambio 16" aldezkariari bialtzen diodan eskutitz hau.

Milesker bihotzez,

Muy señor mío:

En su revista "Cambio 16", n.° 263, del 20 al 26 de diciembre, página 11, leo la siguiente noticia que me ha llenado de asombro:

"Incluso a mediodía del día anterior, en el despacho de Oriol se había recibido una extraña visita: nada menos que la de un sobrino de Telesforo Monzón, que fuera ministro en Euzkadi con el gobierno de Aguirre. Monzón, según ha podido saber esta revista, se ofreció de intermediario para establecer un cauce de negociación con ETA. El visitante recibió la cortés respuesta del hijo de Antonio M. Oriol: "Muchas gracias por su ofrecimiento. Mi padre es un hombre de Estado. Como tal, este asunto sólo puede estar en manos del Rey o del Presidente de Gobierno".

Por ello, exijo de Vd. la siguiente rectificación:

a) Quiero que conste de modo tajante que no me he acercado jamás para nada, a la familia Oriol ni directamente ni por intermediario alguno. Me extraña en una revista como la suya, que se tiene por seria, tales errores en momentos graves.

b) Mi supuesto ofrecimiento para gestionar la liberación del Sr. Oriol es, pues, absolutamente contrario a la verdad.

c) Independientemente de esta rectificación, resulta de toda evidencia que no habrá paz en la Península mientras no se resuelva el problema de sus Nacionalidades, comenzando por la Amnistía inmediata y total.

Envío copias de esta misma nota a todas las publicaciones nacionales vascas.

Atentamente,

Telesforo de MONZON


Arestiren poemak kalean

Abenduaren 22an, Bilboko Hotel Ercillan, Gabriel Aresti Segurolaren poema osoen presentapen ofiziala egin zuen Kriseilu argitaratzaileak Bilboko liburudenda batzuren laguntasunaz. Aretoan, Luis Haranburu-Altunak, Anjel Zelaietak eta Juan San Martinek, euskaraz, Arestiren biographi eta literatur datu interesgarri eta gutti ezagutu batzu agertu zituzten, poetaren merituak azalduz. Vidal de Nicolás jaunak, erdaraz, Arestiren laguna zen aldetik, beronen ideologiaren zenbait punturen berri eman zuen. Vidal de Nicolásen ustez, Aresti ez zen erori Bilboko beste euskal poeten tentazio erraxean, hots, euskaraz baserri eta arrantzaleak ez beste kantatzea. ("Ez eta, adiskide, eta hau guk diogu, beste poeta vasco batzuren tentazio nabariagoan ere, hots, sozial gaiak erdaraz kantatzekoan"). Jon Juaristik, Arestiren poemen erdaratzaileak, erdaraz, Aresti, bere ustez, sozial gaiak ukitu arren, ez zela sozial poeta exklusibo bat esan zuen, gure Herriaren eta gizonen beste alderdi asko ere ugari tratatu baitzituen. Arrantzale eta baserritar bizimodua, bestalde, fabriketakoa bezain egokitzat jo zuen Juaristik.

Jende asko joan zen presentapenera, gazteak bereziki, eta horrek asko esan nahi du Arestiren alde.

Argitaraturiko liburuak, bi tomo eder eta dotore, euskaraz eta erdaraz datoz, baina, zoritxarrez, erdarazko partea eskuinean dago, irakurtzeko errazagoa izanez. Axularren Geroren azken edizioa, oso bestela argitaratu digu JAKINek, euskararen fabore. Poema osoak bai, baina guztiak, aldiz, ez daude hor, editoreek ongi azaltzen dutenez, lau edo falta baitira, eta ez, noski, gaizki neurtuak zirelako, oraindik bizirik dirauen zentsura izeneko horregatik baizik.

Ibon Sarasolaren hitzaurre luze eta mamitsu bat dakarte, liburuek hasieran, Euskal poesia modernoaren textuinguruan G. Arestiren bide eta lekua azalduz. Poemak, ahalik eta khronologikoen ordenaturik datoz, irakurleari egilearen ideologi eta tankera bilakabidea eskainiz.

Kritika sakonago bat geroko utziz, derragun, ordea, liburu hauen akatsik larriena prezioan dagoela, poeta sozial obrak, erosterakoan, ez baitira hain sozial gertatzen. Liburuengatiko irabaziak, dena den, alargunaren fabore izango direla entzun dugu. Geroago, hala ere, edizio merkeago bat egiteko asmoa dago. Hala biz.

Zorionak, egin duten lan eskergagatik, Kriselu editorialari eta, bereziki, I. Sarasola eta J. Juaristi langile porrokatuei. Ea noizko prosako lanak!

Xabier KINTANAk


Zapaburu birbiztua

Kaleko [Komikia]

OLARIAGAKO


Urrezko astabelarriak

PSOEk oso jokabide abila darabilenik ezin uka. Felipe Gonzálezek abstentzioa publikoki predikatu arren, gero, praktikan, alderdi estatalista horrek ez du Euskal Herrian propaganda aktiborik batere egin. Bilbon behintzat ez dugu ormetan ezer ikusi. Barkatu, bai, orain bai, referendumaren ondorioak jakin eta gero, PSOEkoek, oso trebeki, ormetan beren paperak ezarri dituzte, beraietan abstentzioa gomendatuz. Honela, jakina, gure Herriaren abstentzioan beraiek eragin haundi bat izan dutela esan ahalko dute harroki.

Gure eskuetara heldu den paper bat, astabelarrietarako aski merezient, hemen azaltzen dugu, zein hizkuntzatan dagoen, egia esan, ongi ez dakigun arren. Ulertu uste dugunez, hor autarkia gordetzea proposatzen da, eta ez dugu ondo aditzen, hain xenophobo azaltzen den alderdi horrek nola esan duen, besteengatik, racistas nazis direla. Múgica Herzogen lagunek, dena den, hobe lukete euskara —ez gehiago, baizik euskara bera— ikastea, horrelako dei hori adarjotze hutsa da eta.

Ez Zure Autarkia Eman

Aizu jaun-andrea:

Erreformaren legeak (referenduz pasatu behar duna), demokraziaren bidean sentxurik ez dauka.

Juan Karlosek 100 dik 20 bat sartu dezake Senadoan.

Beste aldetikan Estadoko lurralde guztiak ordezkariak berdinak dituzte; nahiz eta lurralde batzuk beste baino gehiago biztanleak dituzte.

Gobernuak bere baitan elekziojak nola izango dira, eta zein alderdiak agertu daiteke eta zein ez, aukera egin du.

Alderdi batzuk (erreferenduren aurkan jarri direnak) bere propaganda eta bere jokaera komunikabideaz (TVE.z, irratiaz) zabaldu ezin ikusten duten.

Preso politikoak oraindik kartzelan dagozela!

Leheno bezala herriko zapalketak jarraitzen dira.

Hau bezala Europan besterik ez dago.

Adoz ez ba gaudelako gobiernoarekin mingaina lotzen diguten.

Horregatik pensetsen dugun erreformaren legeak demokraziaren bidean sentxurik ez dauka.

Iru aukera egin dezakezu:

 BAI: Aukera hau egiten ba duzu, gobiernoren manejismo-elektoralarekin adoz zaudela esan nahi duzu.

EZ: Aukera hau egiten ba duzu. zure botoa eskuin indarraren ganatuko da.

 EZ ZURE AUTARKIA EMAN BOTA!

Ez ba dugu botatzen, askatasuna lortzeko bidean beste pausoa eman egingo dugu.

EUSKADIKO KOMITE ZENTRAL SOZIALISTA (P.S.O.E.)

EZ ZURE AUTARKIA EMAN