ANAITASUNA

1977.EKO URTARRILAREN 15EKOA

332. ZENBAKIA

25 PTA.


ANAITASUNA

Bizkaia

hamabosterokoa

ZUZENDARIA:

Joan Mari Torrealday

Urteko abonamendua:

Bertorako 500 pezeta

Latin Amerikarako 550 pezeta

Europa eta Ipar Amerikarako 700 pezeta

Ale bakoitza: 25 pezeta.

HELBIDEA:

Pelota, 4-1.º, Bilbao-5

Posta kaxa 495. tel. 4167449


[AZALA]

TARABUSI: denok (1.300) ala inor ez!


AURKIBIDEA

3: Editoriala

4: Tantaka

5-6: Tarabusiko greba

8-9: Bermeo burrukan

10: Etxarri Aranazekoaren arrakasta

11-12-13: Iberduero eta zentralak

14: Santutxu eta amnistia

16: Carabancheleko ospitalea

17-18: Israeleko miraria

19-20-21: Euskararen ofizialkidetasunaz

23: V Udako Unibertsitatea

24: Lopintania - 2

25: Postaz etorria

26: Kaleko

Maketapena: Fernando eta Zumalabe

Marrazkiak: Olariaga

Argazkiak: Arkoila

Moldiztegia:

Gráficas Sampedro

Part. Alzola, 2

BILBAO.

Dep.Legal: BI-1753-1967


Editoriala

Euskadin berri garestiak

Azken asteotan euskal aldizkariek jasan duten erasoaz Euskal Herria ohar dadin, "Anaitasuna", "Berriak", "Enbata", "Goiz Argi", "Herria", "Punto y Hora" eta "Zeruko Argia"k, denek batera, editorial hau egitea erabaki dute.

Euskadin gertatzen denaren ispilu izan nahi lukete aldizkariok. Gertatzen denaren berri ematea, beste asmorik ez dugu. Bakoitza, duen ikuspegiz eta dituen iturriez baliaturik noski, baina askatasunik ezaz Euskal Herria jasatera behartzen duten tirabirez oharturik denok ere. Bere lanari ez dagozkion eta haundiegiak diren arriskuak dituen erantzunkizuna eskatzen zaio kazetariari egoera honetan.

Jauntxoen eta agintarien erasoak, hauzitegien kontu-eskatzeak, eta eskuindar itsuen mehatxu eta triskantzak egunetik egunera gogortzen ari dira mugaren bi aldeetan.

Aldizkariaren ateak irakurleei zabaltzeagatik giltzapean sartu duten eta sei urtetako gartzela izan dezakeen Mirentxu Purroy-en egoerak larritzen gaitu bereziki, editorial hau egiten ari garen une honetan. Berriak-i su emateak, Enbata epaitzeak, Garaia militarren hauzitegira eramateak, Goiz Argi bahitzeak eta abarrek ere kezkatzen gaituzte.

Suarezen Gobernuaren erreforma hotsen kontra aldizkariek eta berorietan diharduten langileek, ezeren babesik gabe eta arrisku haundiz diraute: administrazioaren herriko hauzitegien eta militarren zigorpean gerta baitaitezke, noiznahi eta nolanahi.

Bakoitzak bere iritziak agertzea eta gertatutakoaren berri ematea gizonaren eta herrien oinarrizko eskubidea da. Askatasunik, bakerik, elkar-bizitzarik eta demokraziarik ez da Euskadin izango epaile askoren aginpide eta lege-muga garbirik gabeko hauziz; aldizkariei eta kazetariei egin erasoz; berri-emalei, aldizkarien etxeei, liburudendei eta saltokiei egin mehatxu eta triskantzez, eta gartzela-bideak eta "Consejo de Guerra"k gogortuz eskubide hori ukatzen den bitartean. Ez eta Euskal Herriak dituen eskubide eta askatasun moeta guztiak errespetatzen ez diren bitartean ere.

"ANAITASUNA", "BERRIAK", "ENBATA", "GARAIA", "GOIZ ARGI", "HERRIA", "PUNTO Y HORA" eta "ZERUKO ARGIA"


Tantaka

Lekeitioko egintzak

Lekeitioko gazteek gogor egin dute lan amnistiaren alde. Epe labur batetan Herriko Asanblada bat, herste bat eta manifestaldi bat antolatu dituzte. Hona hemen laburki eginkizun bakoitzaren berezitasun batzu.

Urtarrilaren 8an egin zen Herri Asanblada hau eta bertan aztertu ziren puntuak hauxek ditugu:

Preso politiko guztien zerrenda Asanbladan bildu ziren lagunen artean zabaldu zen, eta, era berean preso politiko batek egiten duen bizitza adierazten zen. Gero presoen familien zailtasunak ere ikertu ziren. Berdin egin zen preso gazteen arazoez, emakumeek gartzelan dituzten zailtasunez eta, amaitzerakoan, Ondarroako arrantzaleak dituzten arazo izugarriak lan-amnistia baten ikuspegipean aztertu ziren.

Asanblada honek sekulako arrakasta izan zuen eta zortziehun lagun bildu zituen. Asanblada amaitzean bertan bildutakoei herstean edo enzerronan gelditzera gonbidatua zieten antolatzaileek eta baita ere hurrengo egunean manifestaldi bat egiteko baimena eskatu.

Berrehunen bat lagun bildu ziren enzerronan. Talde honek, Udaletxera bidaltzeko, idazki bat egin zuen eskakizun hauk eginaz:

- Udaletxeak amnistia eta ikurrinaren legalizazioa eskatzeko beharra.

- Etxarri-Aranazera joateko Udaletxe honek duen beharra, Bergarako bilerara ez baitzen joan.

- Enzerronan egon ziren lagunek izenpetutako agiri hau, euskara hutsean idatzita egon arren, Udaletxeak onhartzea. Agiri berberau Lekeitioko herri osoari opa zioten enzerronan bildutakoek.

Urtarrilaren 9an egindako manifestaldiak 45 minutu iraun zuen. Hiru mila lagunek parte hartu zuten, ikurrin bi eta presoen alde egindako hiru pankarta aintzindari zirela. Egindako oihuen artean Lekeitioko herbesteratuak diren Jon, Julen eta Imanolen alde izan ziren asko. Mario eta Gabikaren askatasuna eskatzen zen une berean paketsuki amaitu zen, polizia ez baitzen inondik agertu.

Beste prentsa aurreko bat

Oraingoan Euskadiko P.C.k egina, bere Zentral Komiteak egindako agiria agertzeko. Bere zazpi puntutan hala dio agiriak: 1) Amnistia orokor bat eskatzen da. 2) Alderdi politiko eta indar sindikal guztien legalizazioa, Dolores Ibarruriri pasaporte ematea, Carrilloren eta beste komunisten prozesuak deuseztatzea. 3) Bizkaiarentzat eta Gipuzkoarentzat gobernuak prestatzen ari den administralgo erregimena ukatzea, "euskal gizartea"ren nortasunaren onhartzea exijituz eta hau politikoki autonomi estatutu batez baieztatuz. 4)Helburu hauk lortzeko P.C.E.k gaurko agintaritzarekin harremanetan jarraitzeko asmoak indartzen ditu, P.N.V.koa den Julio Jauregi Madrilen egiten ari den lana bultzatuz. 5) Hurbil dauden hauteskundeak Euskal Herriak bere eskubideei ekiteko okasio bat bezala agertzen zaie P.C.koei. 6) "Congreso de Diputados" mailarako euskal indar politikoek denok egindako hauteskunde-zerrendak egin beharko lituzkete, Euskadiren kongresuko lekuak (zizailuak) betetzeko. Bere kanpaina aurrera eramateko, P.C.E.k erritar harpidetzak gertuko ditu. 7) Alderdi honek, bere legalizazioa lortzeko, Otsailan aste batez publikoki egingo diren agerpenak antolatuko ditu.

Urkiolara, Urkiolara...

Etxarri-Aranazekoen berri beste horrialde batetan aurkituko duzuenez gero, hara hemen Urkiolan gertatukoen berezitasuna.Prentsa aurreko batez, P.N.V.k (E.A.J.ek) horrela agertu dizkigu gertaerak: Etxarri-Aranazera ezin joatekoa ikustean (goardiek Gasteiz ingurutan autobusak atzera botatzen zituelako) bideratuek Urkiolara zuzendu ziren bazkalordurako. Arratsaldeko lauetan autobus gehienak Bilborantza jaitsi ziren eta Urkiolan jende gutxi zegoenean goardiak agertu ziren, izugarrizko indarkeriz jendea harmaz astinduz —kulata asko puskatu ziren—, gomazko balak botataz, ikurrinak kenduz eta eranskailuak jan eraziz. Une berean autobusak jenderik gabe jaits erazi zituzten. Mañarian bildutakoak ere indarkeria berberaz kolpatu zituzten. "Lekuko batzuen arauera goardia batzuek ahotik aparra botatzen zuten" prentsa aurreko antolatzaileek dioetenez.

Indarkeria hauk ikusiz justizia eskatu zuten.

Euskal izenak zilegi

Urtarrilaren 10etik, Madrileko Gobernuaren erabaki, euskal izenak existentzia ofizialera pasatu dira. Legezkotasunera etorri garen une honetan, berrogei urteotako egoera erabat zapaltzaileaz gogoratu behar genuke, eta, eskerrak ematen hasi aurretik, denbora luze horretan pairaturikoengatik oraindik ez dugula inolako satisfakzio edo desenkusarik hartu pentsatu.

Nolabaiteko pauso bat da, hala ere, oraingo hau, kontrako abusurik gerta ez dadin, ordea, (Paz, Buen Rocío eta Pilar espainol izenak, zenbaitzuren ustez euskaraz Gentzane, Onintze eta, Abene dira eta!) Euskaltzaindiaren kontrola beharko duena, ez baitzaigu 40 urteotan gure kultura katakunbetan alferrik egon.

Asko falta da, dena den, euskaldunon eta euskararen onhartze osorako: euskararen ofizialtasuna eta, horrela, gure deiturak, kasu, oso osorik euskal idazkeraz jartzea: Etxeberria, Agirre, Arantzadi, Saratsola... Herrien eta kaleen izenak ere nor daude, oraindik zain.


Euskal Herrian

Tarabusi: greba aurrera doa

Lerro hauk idazten ditugun artean —Urtarrilaren 12an— Tarabusiko langileak bere grebaren 56.eguna bizitzen ari dira. Mila eta hirurehun langileen kemena, handia da oraindio "Gose bidez ez gaituzte zapalduko", esaten digu langile batek. Entrepresak, bere aldetik, milioi mordoska bat galdu du orain arte Hazilaren 16an langile bat kaleratzeko hartutako erabakiari eustegatik. Langileek, bestalde, "denok ala inor ez" joera hartu dute eta ez dute utzi nahi. Gaurkoz ez dugu greba honen amaierarik ikusten.

Greba honek ba ditu bere berezitasun harrigarriak. Beraien artean handiena hauxe da,: Tarabusi entrepresan indar politiko eta sindikalek indarrik ez izatean, greba honetaz ez dira kezkatu eta Tarabusiko langileek bere medioz egin behar izan dute, bidea ibiliz egitean eta bere batasunerako tresnak eta medioak burrukatzen sortuz."Gure entrepresa birjina dugu" dio langile batek, baina birjintasuna egun hauetan bortxatua izan da, bi hilabete ondoren alderdi politiko eta indar syndikalak Tarabusiko greba bereganatzen hasi baitira...

Tarabusiren pistoiak

Bere produkzio maila barruan Tarabusi buru-entrepresa bat dugu. Automobil eta motoreetarako pistoiak, buroiak, ardatzak, segmentuak eta kamixak egiten ditu eta Tarabusiren bezero handienak Chrisler, Pegaso, John Deere, Fasa-Renault, Perkins, Sava eta Seat ditu. Lehenengo biek erabiltzen dituzten pistoiak, % 100, Tarabusirenak dira. Segmentu arloan entrepresa honek kromatu garestienak egiten ditu % 80 proportzioan. Esportazio mailan Hegoamerikako eta Afrikako herrietara automobil eta motoreetarako beste tresnak ere bidaltzen ditu.

Tarabusi 1946ean hasi zen Bizkaian. Amadeo Tarabusi italiarrak Bilboko Errekalde hauzoan lantegi txiki bat prestatu eta "Borgo" izeneko italiar pistoi egiten hasi zen. Gero bere izena zeramatzaten pistoiak egiten iraun zuen, laster Zorrozaurre aldean lantegi bat jarriz. Urteak pasatzean 1967. urtean. Arratiako Igorre herrian beste lantegi bat jarri zuen. Greba hasi arte Zorrozaurren 350 langile eta Igorren 950ek lan egiten zuten.

Lehen burrukak

Amadeo Tarabusi eta beraren entrepresa autoritari hutsak izan dira beti. Amadeoren semea, Hugok, bide berdina hartu du. Merkatal harremanetan Tarabusik bere legeak inposatu ditu beti eta, langileekin izandako harremanek indar-kutsua izan dute. "Izutua gelditu nintzen Tarabusin lanean hastean —esan zigun langile batek— Tarabusi militar moduz antolatua dago, oso mailatua eta mando intermedio askokin. Tarabusin langile artean batasuna lortzea eta zerbait egitea ezinezkoa izan da denbora luzean".

Langile burrukak, ba ditu epe batzu Tarabusiko historian. 1964.urtean Zorrozaurreko langileek —urte hartan beste lantegirik ez zuen Tarabusik— ekonomi eta lan mailako eskakizun batzu egin zituzten. Entrepresak 40 langile kaleratu zituen. Langileek, beren artean batasunik gabe egotean, ez zuten burrukan iraun.

1967. Igorreko lantegia sortzen da. Arlo guztietan berriagoa eta hobeago izatean Igorreko lantegiak Zorrozaurrekoak egindako burrukaren atzetik joango dira normalki. Zorrozaurren lehen mailako ofizial batek 24.000 pezeta irabazten baditu, Igorren 29.000 hartuko ditu hilero. Burrukak, orduan, Tarabusin bi polo izango ditu 1967.urtetik aurrera. Zorrozaurre, esan dugun bezala, burrukaren aitzindari izango da gehienetan, Igorrekoek haren atzetik joanda.

Hala ere, 1974, urtean, Igorreko lantegian hogeitabi lagun kaleratuak izan ziren, arazo gogor baten ondoren. Aurrekoan entrepresak langileekin harremanetan jartzeko, juraduekin bakarrik hitz egiteko erabakia hartu zuen. Juradu hauk, ordea, ez ziren langileen benetako ordezkariak.

1976. urteko maiatza

Syndikal hauteskundeak izan zirela eta, 1976. urteko Maiatzetik aurrera entrepresa-langile artean izandako harremanak aldatzen hasi ziren, hauteskundetan aukeratuak izan ziren juraduak entrepresaren historiako lehen komenioa gertatzen hasiz. Entrepresak, bere autoritarismoaren hariari jarraitzeko, komenioa osorik ukatu zuen. Kolpea gelditzeko, halere, entrepresak ekonomi aldetik kontzesio batzu egin zituen eta langileei beste komenio bat aurtengo Urtarrilako gertatzea eskatu zien.

Une berean langileak barru antolamendu bati hasiera eman zioten, maila edo sail bakoitzean bere ordezkariak izendatuz. Lantegian ez dago politik eta syndikal taldeen indarrik, ez C.O.S. ez eta K.A.S. aldetik ere, nahiz eta, jakina, talde hauen partaide batzu bertan egon. Antolakizun honen bidez langileek entrepresaren zigor batzuen aurka jo, lan kondizioak hobetu eta atzeratutako alokairu batzu ordaintzea lortzen dute.

Solidaritatea

Solidaritatea izpiritu handi bat lortzen dute Tarabusikoek bere batasuna aurkitzean. Zabalaren hilketaren ondoren egindako greba, Irailaren 27koa eta konstrukzio arazoaz egindakoa zintzoki segitu zituzten langile hauek. Urrian Langileen Asanbladak konbenio berria gerta zezaten bederatzi ordezkari hautatu zituzten, juradu ez ziren batzu hauen artean.

Hazilaren 12a dela eta Tarabusikoek C.O.S.ek greba batera egindako oharra onhartu zuten. 16aren gauen oraingo grebaren oinharrizko arazoa sortu zen, langileek aukeratutako ordezkari batek lantegira heltzean entrepresak kaleratu duela jakitean. Hurrengo egunean, 17an inork ez zuen Tarabusin lan egin. Langileek aukeratuek entrepresari bere erabakia aldatzeko eskatu zioten baina alferrik.

Hazilaren 20an langileen ordezkariek hiru bide opa dioten entrepresari irtenbide bezala: denok lanean hastea, ala denok lanean hasi eta kaleratua, nahiz berrartua izan, zigortua izatea, ala, hirugarren irtenbide bezala, entrepresak langile kaleratua judizio batetara eroan, "despido libre" eskubide berria alde batetara utziz. Irtenbideak ez ziren oso gogorrak entrepresarentzat. Halere entrepresak kaleratua berriro ez hartzeko bere erabaki sendoa berragertu zuen. Langileek, hau jakitean, "denok ala inor ez" sloganak agertzen duen joerari ekiten diote.

Antolakunde ofizialek, une berean, entrepresak edonor kaleratzeko askatasun osoa duenez gero, ez dute ezer jakin nahi.

Hazilaren 29an langileek Tarabusiren bi lantegiak hartu zituzten, Zuzendaritzak bere erabakia eta joera aldatu zezan. Poliziak eta Goardia Zibilak langileak indarrez kaleratu zituen, bere ke-poteak, gomazko balak eta abar erabiliz.

Asanbladan, langile batzuk, (nahiz eta kaleratua kalean gelditu), lanera bihurtzea proposatu zuten, egoera larriago baten beldurrak jota, entrepresari inor gehiagori ez zigortzeko eskatuz. Asanbladak irtenbide lotsati hau ukatu zuen, % 80k "denok ala inor ez" joera sendotuz.

Entrepresa banatzailea

Langile batzuren eztabaidak eta zalantzak ikustean, entrepresak bere "irtenbideak" opa zituen, langileei hauetako bat aukeratzea eskatuz:

- 22 langile kaleratuko zituen, lehen kaleratua aparte.

- 42 langile zigortuko zituen, lan eta dirua Urtarrilaren 3. arte kenduz.

- 21 syndikal ordezkari espedientatuko zituen.

- Laugarren "irtenbidez", Abenduaren 13rako 888 langile beren lanera bihurtzen ez balira, entrepresak langile hauek beren kontratua libreki hautsi zutela pentsatuko zuen.

Nahiz eta ordezkari batzuk hauetako irtenbide bat onhartzeko prest ageri, langile gehienek ukatu egin zituzten lau "soluzio" hauk.

Erreferenduma

Erreferenduma zela eta, talde politiko eta syndikalak beste lan "garrantzitsuagotan" lanpeturik zeuden, eta Tarabusiko arazoari beren arreta eman ez. Informabideok, bestalde, Tarabusiko arazoari buruz berri gutxi eman genuen, sail hau langileek ez baitzuten zaindu.

Beste "zoritxarrezko" asanblada batetan (izen laguntzailea langileena da) entrepresari denok zigor gabe berrartzeko, lehen kaleratua izan zena ez ezik, proposatzen zaio, entrepresak irtenbide hau osorik ukatuz.

Manifestaldiak

Lerro hauk idazten ditugun artean Tarabusiko langileak beren arazoa kalean agertzen ari dira. Basaurin, Barakaldon, Bilbon, Santurtzin, Sestaon? langile hauek beste langile guztien, eta herriaren laguntza eska dabilzkigu 19rako dei bat egin dute. Gaur eskatzen dutena ez da beren alokairuak hobetutzea. Gaur Tarabusiko langileek eskatzen dutena zera da, "despido libre" deritzaion bidea langile denok ukatzea eta lan-amnisti oso bat. Helburu hauk lortuko al dira? Burrukak langileen egoera beti hobetu du.

X. A.


Euskal Herrian

Bermeo burrukan

Lerro hauetara dakartzagun gertakizunak, ez dira berriak gure herri bortxatu honetan, baina indarkeriak behin eta berriz jasotzean gero eta behartuak gaude geure horrialdetan agertzera.

Bermeo herri burrukalari bat izan da beti eta bide hau jarraitzea odolez ordaindu du askotan. Urtarrilaren 3an herria astindu zuen indarkeria izan da orain arteko azken ordainketa. Hona hemen bortxakeria honen berezitasunak.

Amnistia eske

Euskal Herri osoa Gabon hauetan amnistia eskeari sakon eta trebeki ekin baldin bazaio, Bermeo ez da atzera gelditu. "Amnistiaren Gabonak" izan dituztela diote Bermeotarrek. Proba bezala, hona hemen Bermeon Gabonetan amnistiaren alde egindako manifestaldiak: Abenduaren 14 eta 15ean amnistiaren alde eta erreferendumean abstentzioaren alde bi manifestaldi egin ziren Bermeoko Lamera alderdian eta bere inguruetan; 24ean ere beste manifestaldi batetan goardiek egurra astindu zuten gogorki; 25 eta 26an, euskal jaialdi bi egin ondoren, entzuleek beste bi manifestaldi egin zituzten, besteetan bezala amnistia eske; 31 n eta urtearen azken gauean beste hainbeste egin zen. Manifestaldi hauk guztiok hiru ordu laurden iraun zuten bakoitzak gutti gora behera, bakoitzean mila bat lagun parte hartuz. Sei manifestaldi hauek herriko amnistia asmoak argiki agertu zuten Bermeon eta herri osoa partaide izan zela esan dezakegu. Hala ere, Urtarrilaren 3an egindakoa izan zen garrantzi haundienekoa.

Urte hasiera beroa

Urtearen lehenengo eguneko gauean hirurogei lagun Frantziskotarren elizan hertsi ziren, Amnistiaren Aldeko Batzordeek egindako eskakizunak bereganatuz eta, talde honek egindako agiriak dioen bezala, "amnistiaz pentsatu eta hitz egiteko eta, bide batez, Bermeo eta Euskadi osoari amnistia orokor baten premia azaltzeko... Amnistia orokorra hauxe da, gure ustez:

1.- Preso politiko guztien askatasuna eta desherriratu guztien itzulera.

2.- Zigorra eman dien tribunal guztien desegitea.

3.- Gure gizartean pertsona normal bezala bizitzeko garantia".

Agiri honek Euskadirentzat benetako amnistia batek dituen baldintzak ere agertzen ditu: gure herriak "bere demokratiko, nazional eta klase saileko eskubideak libreki eta errealki aurrera eramateko behar dituen egitura politikoak sortzeko eskubidea izan behar du". Honez gainera espainiar estatuko beste nazionalitateetako preso politikoentzat ere amnistia eskatzen zuten Frantziskotarren elizan bildutakoek, Bermeoko herriari "burruka honetaz jabetu dadin" eskatuz.

Urtarrilaren 2an talde honetako hamabost lagun mugagabeko gose greba bat egiteko erabakia hartu zuten. "Gure gose greba gure herriarentzat eragile izango delakoan ere ba gaude, arazo honetaz kontzientzia har dezan eta amnistia orokorraren aldeko burruka beregan har dezan" talde honetakoek ziotenez.

Bermeoren erantzuna

Ekintza hauek laster erantzun oso aurkitu zuten Bermeoko herrian. Frantziskotarren elizan gertatzen ziren arreta handiz segitu zituzten herriko guztiek. Telegrama batez Madrileko 45 profesionalek ere beren solidaritatea bidali zieten. Zallan gose greba bati hasiera eman zion lagun bakar batek ere, telefonoz Bermeokoei ere solidaritatea agertu zien.

Bermeon gose greba eta amnistia ziren, elkar hizketa guztietan erabiltzen ziren gai bakarrak. Baina ez zen Bermeo izan, gose greba arretaz segitzen zuen bakarra. Poliziak ere interes handiz Bermeon gertatzen ziren gauzak segitu zituen. Horrela, urtarrilaren 3an, gaueko 9etan, gose grebalariek bi polizien bisita izan zuten. Elizatik kanpora taldea botatzeko Gobernariaren agindua agertu zieten, jendea eliz inguruetan kolpatzen zen artean. Gose grebalariek, alkateari alferrik bere laguntza eskatu ondoren, eliza uzteko erabakia hartu zuten.

Gaueko bederatzi t'erdietan, elizatik gose grebalariak irtetean, herri osoak amnistiaren alde manifestaldi galanta egin zuen. Bi mila lagun parte hartu zuten, Lamera plaza mutur batetatik bestera betez. Beste manifestaldietan bezala, 3an egindakoa mitin batez amaitu zen eta denok beren etxetara lasai joateko prest zirenean, alde guztietatik goardiaz inguraturik aurkitu ziren. Bermeon egunero hogeiren bat goardia badaude, une haietan berrehunen bat azaldu ziren, beste tokitatik ekarriak.

Han izan ziren lasterketak, kolpeak, ke-poteak, gomazko balak... Emakumeek, umeek, zahar eta gazteek ihes egin nahi izan zuten. Goardiek Goiko plazatik Lamerarantz jaisten ziren, hemendik ihes egiten zutenen aurka eginez. Zenbat ke-pote bota ote zituzten goardiek? Zaila da jakitea, baina une batzutan keak ez zuen ezer ikusten uzten. Gomazko balek "Caja de Ahorros Vizcaina"ren kristal lodia —zentimetru batekoa— hautsi egin zuten. Bai eta portal batetakoa ere. Goardiek tabernetan zeuden pertsonak irten erazten eta astintzen zituzten. Bermeotar batek kulataz emandako bost kolpe hartu zituen taberna batetatik irtetean. Beste batek bizkar erdian beste kolpe bat hartu zuen. Bost kolpe hartu zuenak, medikuarengana joan behar izan zuen, erradiografiak egitera eta oihal batez zauriak sendatzera. Hainbat bermeotarrek horrelako kolpeak hartu zituzten.

Gaueko hamarretan alkateak Gobernariarekin elkar hizketa bat izan zuen telefonoz eta une haietan —herriko kaleetan tiroak eta lasterketak entzuten ziren artean— Gobernariak, eskatuz gero gose grebalariek elizatik paketsuki hurrengo egunean (4ean) irteten uztera prest egon zitekeela esan zuen.

Ondorioak

Indarkeria honek bere ondorioak izan ditu. Bermeon inoiz ez ikusitako" indarkeria beldurgarri hau, Udaletxera bidalitako gutun batez salhatu dute bermeotarrek. Idatzi horretan "Txapela" izeneko goardia munizipalek emandako kolpeak eta euskaldunen aurka esandako mehatxuak salhatzen dira, beste gauza batzuren artean eta goardia hau Bermeotik kanpora bidali izan dadila eskatzen da.

Bermeon ikusitako indarkeria modu hau gure beste herri askotan ere ezagutu da egun hauetan. Noiz arte demokrazi teoriak alde batetatik eta egintzak bestetatik? Herria bakea nahi du eta amnistia bake honen oinharria izatea beharrezkoa bezala ikusten du. Noiz arte bakearen oinharria eskatzeagatik kolpeak hartzen?

X.A.


Euskal Herrian

Bermeo: honelakoetaz aski dugu

Herri eritziaren aurrean, Bermeoko eta Euskal Herrikoarenean har, azken hilabete hauetan eta egintza konkretu batzuri buruz, alderdi politiko bat hartzen ari den joera salhatu nahi genuke.

A) Pasatu diren Bermeoko jaietan eta bereziki Sukalki egunean, alderdi horren barruan dauden pertsona batzuren jarrera agerian ipini nahi dugu: Zabalaren hilketaren ondoko egunetan hilketa honi buruz mintzatzen ziren eta Euskal Herriari burrukara deitzen zioten planfeto banatzeari gogorki oposatu zitzaizkion, planfletoak abertzale talde batengatik sinaturik egonik.

Haien oposizioa hain izan zen gogora, ezer banatze horretan ziharduten pertsona batzu jo egin zituztela.

B) Lehen aipatutako erasotzaileek, Urtarrilaren 8an kantaldi bat antolatu zuten eta kantaldi honetan lehen bezalako egoerak birgertatu ziren. Kasu honetan Txilindro eta Landa iraultzailei buruz egindako eranskailuak eztabaidaren kausa izan ziren, eta horrelako eranskailuak saltzeari etsi ez bazioten goardia zibilei deituko luketeela moduko mehatxuak egin zituzten. Kantaldi bitartean "Presoak kalera", "Txakurrak barrura" oihu bezala eta "Eusko Gudariak" herri kanta bezala ukatuak eta txistuz hartuak izan ziren.

C) Hurrengo egunean, 9an, alderdi politiko horrek antolatutako mitinean, hau da P.N.V.k antolatutako mitinean, kasu harrigarri batzu gertatu ziren, hala nola Euskal Herriaren nazional eta sozial askatasunaren alde beti burruka egiteagatik herriak ondo ezagutzen dituen pertsona batzuren sarrera debekatzea, nahiz eta gonbite-txartelak eduki; beste batzu mitin horretatik irteteko behartuak izan ziren, antolatzaileen ideiekin ados ez egoteagatik. Gainera poltsa arakaketak eta karneta eskatzeak egin ziren.

Eskutitz honekin lortu nahi duguna zera da, herri eritziaren informatzeaz gainera, egoera honetan beren jarrera berrazter dezatela, benetan elkar bizitza demokratikora ailegatzea nahi badugu behintzat.

ABERTZALE BATZUK


Euskal Herrian

Etxarri-Aranazekoaren arrakasta

Joan zen 17an, Etxarri-Aranazeko bilera nagusian Euskal Herriko alkateek egon ez arren, igande horretan gure Herriak eta bilera hau indartu zuten alderdiek arrakasta handia lortu zuten.

Xabier Mauleonek, Etxarri-Aranazeko alkatearen ordezkari bezala bilera nagusian amnistia, euskara, ikurrina eta autonomia sutsuki eskatzen eta defendatzen zituen artean, Euskal Herriko bideetan hirurehun mila lagun, goardiek ipinitako kontroletan, pasa ezinik zeuden. Bakoitzak, hala ere, Etxarriko bilera nagusia hospatzeko aurkitu zuten era egokiena. Arrasaten, Estibalitzen, Bergaran, Urkiolan, eta beste toki askotan egindako jaialdi bidez, Euskal Herria Etxarri-Aranazeko batzar gela bihurtu zela esan dezakegu.

Herriak ez dituela aukeratu kontutan harturik, Euskal Herriko alkateek nahiko ongi portatu zaizkigula esan genezake, berrehunen batek Etxarrira beren bultzakada bidali baitzuten. Hurrengoan goardiek telegrafo hariak ebaki beharko dituzte, beren lana biribiltzeko. Etxarrin hartutako telegramen artean, ba dira mami handia duten Trebiñoko bi. Gure kantari batek Trebiñori egindako abesti ederrak, doinu alaiagoak izango ditu hemendik aurrera.

Euskal Herriarentzat egun haundia izan baldin bazen, betiko arerio eta etsaientzat benetan garratza izan zen. Telebista eta irrati ofiziala beren faltsukeriari ekin zitzaizkion berriro ere, Etxarri-Aranazen ez zirela alkateak bildu esanez, bideetan pasa ezinik zeudela inola ere ez esan gabe, milakada euskaldunekin batera. Bestalde, berriemate bakoitzean "las tres provincias vascongadas" eta "Navarra" ondo bereizten zituzten. Bereiztasun hau, noski, ez da "bunkertiarren" gauza soilik, beste "ezkertiar" alderdi batzu ere gai honetan beraiekin ados baitira...

Urtarrilaren 17ko eguna benetan interesgarria izan da, bere inguruan egon diren eztabaidak bezala. Suarezek Etxarrira joango zela esan ondoren, bilera hau hospatzeko debeku biribila heldu zen. Penagarri izan da, Suarez Etxarrira ez joatea, berarekin "ezkongaietan" dabiltzanen joerak ez baititugu argiago ikusi. Ea hurrengo batetan beste honelako egun eder batek erantzun hoberik ematen digun!


Euskal Herrian

Iberduero, Iberduero! Hori ez genuen espero

1976.eko Abenduaren 23an deituak izan ginen, Euskal Itsasalde ez nuklearraren defentsarako Batzordeak antolaturiko prentsaurreko elkar hizketa batetara. Bertan albiste harrigarri baten berri eman ziguten: Bizkaiko Diputazioak eta Bilbo Haundia erakundeak prestaturiko lurren planifikapenari kasurik egiteke, Iberduerok bere kontura planifikatu nahi duke bizkaitarren etorkizuna, Hibaizabalen eskuin ugaranetik Gernikara bitarteko eskualdeen hazkunde posibilitateak erabat mugatuz. Eta, harrigarriago dena, hori jakin arren ere, ez Diputazioak eta ez Bilbo Haundia erakundeak ez dute arazoa salhatu, ez eta Iberdueroren planifikapenaren aurkako pauso finkorik eman ere; gainera, isiltasun punigarri horretan, Lemoizeko eta Mungiako Udalak ere lagun dituzte.

Iberduero gezurretan ari dela dirudi. Edo eta bestela, goiko gertakariak adierazten duenez, Diputazioak eta besteek Iberduero beren gaineko antolakunde bezala kontsideratzen dutela ulertu behar dateke. Entrepresa baten interes pribatuak Bizkaiaren interesak baino garrantzi handiagoa ote du?

Iberduero, S.A. delakoak Lemoizeko zentral nuklearraren eraikuntzarako 1976.eko Irailaren 22an aurkeztu duen projektuak, datu harrigarri batzu aurkitzeko posibilitatea eskaini die Euskal Itsasalde ez-nuklearraren defentsarako Batzordekoei.

Projektu horretan esaten denez, zentrala eraikitzeko toki egoki gisa, Lemoizeko kokatzea aukeratzean Iberduerok ukan duen arrazoi nagusienetariko bat, toki hori "populazio guneetatik urrun dagoela" da. Horixe da Iberdueroren eritzia. Baina azter dezagun arazo hau astiro.

Dakigunez, Amerikako legeei jarraikiz, inguruko eskualdeetan populazio dentsitate handia dagoenean, traba gogorrak jartzen zaizkio zentral nuklearren eraikitzeari. Horrela, Amerikako A.E.C. antolakundeak (gaur egun N.C.R. —Nuclear Regulatory Comission— izenekoa) lurralde oso populatuetatik urrun baino ez ditu onhartzen zentral nuklearrak; eta zenbat eta erreaktorearen potentzia handiagoa izan, arau hori gogorragoa egiten da. Honetaz, Lemoizeko erreaktorea oso potentzia handitakoa izanen dela esan behar da, zeren eta lehen etapan 2.000 MW elektriko sortzeko (bi unitatean) erabiliko baita, eta gainera, projektuan dionez, 4.000 MW-etara handiagotzeko posibilitatea baitago.

Jende gehiegi inguruko eskualdeetan

Gipuzkoako Diputazioak ezeztatu eta baztertu egin du, Deba inguruan beste zentral nuklear bat eraikitzeko projektua, arrazoi demografikotan finkatuz. Izatez, erabaki hori hartu aurretik, ongi informaturik egon nahi zuen, eta, horretarako, "Dames and Moore" izeneko kontsultore-entrepresa kontratatu zuen, Debako kokatzeari buruzko txosten teknikoa presta ziezaion. Entrepresa horretakoen eritziz, Debako kokatzea ez da egokia arrazoi demografikoengatik batez ere. Beren txostenean esan zutenez, "inguruko eskualdeetan gehiegizko giza kontzentrapena dago gaur egun, eta areago egonen da etorkizunean". Modu berean, txosten horretan bertan, oso ttiki bezala kontsideratu zituzten, Iberduerok exklusio eta populazio baxuko alde modura aukeraturiko inguruak.

Zentral nuklearra lasaiki eraiki ahal izateko, beraz, Deba inguruan jende gehiegi bizi da, eta, horregatik, Gipuzkoako Diputazioak ezetzaz erantzun dio Iberdueroren eskariari.

Eta Bizkaiko Diputazioak? Honen ardura gabezia nabarmena da. Hasteko, ez da Gipuzkoakoa bezain zuhurra izan —beharbada listoago delako edo— eta ez bide du kontsultatu beharrik ukan. Eta kolore gorria gustatzen ez zaiokelarik, kolore berdea ageri ukan die Iberduerokoei, bidea libre utziz; edo eta, guttienez, ez-ikusiarena egin die. Hala ere, Lemoizeko zentralaren inguruko eskualdeetan Debakoarenetan baino jende gehiago bizi da:

- Deba inguruan, 30 Km-tako erradioan, 700.000 pertsona bizi dira.

- Lemoiz inguruan, 30 Km-tako erradioan 1.100.000 pertsona bizi dira. Datu soil hau ikusirik, Lemoizeko kokatzea Debakoa baino desegokiagoa dela dirudi. Debakoaren kasuan Gipuzkoako Diputazioak populazio horren kausaz ezetza eman badu, nola uler daiteke Bizkaikoaren jokabidea?

Edo gezurretan, edo tranpatan

Dena den, goian azalduriko datuak gaur eguneko egoerari dagozkio; baina etorkizunari begira, zer? Puntu honetaz, gauza harrigarriagoak aurkitu dira Iberdueroren projektuan. Zentralaren eraikuntzarako erabateko baimena lortzeko —zeren eta oraindik ez baitu lortua—, Iberduerok azken epailari bezala aukeratu du bere burua Bizkai Herriaren etorkizunaren planifikatzeko, eta populazio zifrekin jokatu du, berari komeni zaizkionak jarriz. Eta okerrago dena, hori egitean, Bilbo Haundia erakundeak eta Diputazioak aurretik prestaturik zeukaten plangintzaren aurka jokatu du, goitik behera, zeharo. Zertan dabil, bada, Iberduero: Gezurretan?... Tranpatan?... Eta Diputazioa?...

Zifren lekukotasuna

Esandakoa frogatzeko eta egiaztatzeko, zifren hoztasuna aukeratuko dut, eta, horrela, bi eratako zenbakiak konparatuko ditut: Batetik, Iberduero bere projektuan aurkeztu dituenak, eta bestetik, Diputazioak eta Bilbo Haundia erakundeak planifikaturikoak.

Ikus dezagun, adibidez, Lemoizen inguruko eskualdeetarako Iberduerok hurrengo urteetan aurrikusten —irakur bedi planifikatzen— duen jendetza.

POPULAZIO AURRIKUSPENA

Barasorda inguruko 1.980. 1.990. 2.000. 2.010.

erradioa urtean urtean urtean urtean

6 Km. 6.464 8.678 12.563 19.393

8 Km. 11.694 15.206 21.199 31.554

10 Km. 27.627 35.732 48.159 67.533

20 Km. 1.093.514 1.093.514 2.344.183 3.530.148

Oharra: Barasorda zentralaren kokatzearen lekuizena da.

6Km-tako erradioko zirkuluaren barnean Plentzia, Gorliz, Bakio, Lemoiz, Maruri eta beste daude.

8Km-tako erradioko zirkuluaren barnean, aurrekoez gain, Barrika, Butroe, Gatika, Garai, eta abar.

10Km-tako erradioko zirkuluaren barnean, aurrekoez gain, Mungia, Sopelana, Urduliz, eta abar

20Km-tako erradioan, Bilbo Haundia, Gernika eta beste.

Nola interpreta daitezke zifra horik?

Erraz ikus daitekeenez, 10 Km-tako erradio barneko lurretan dagoen jendetzaren hazkundea —eta bertara joan daitekeenarena— mugatu eta geldi erazi egiten da gogorki. Eta 10-20 Km bitarteko koroa zirkularrean —prezeskiago 15-20 Km bitartean— jendetza izugarria kontzentratzeko eta pilatzeko asmoa dago.

Hala ere, Bilbo Haundia erakundeak, bere talde teknikoaren eritziari jarraikiz, Bizkaiaren hazkundea Plentzia, Mungia, Asua eta Zornotza alderantz kanalizatzea gomendatu zuen, hau da, Iberduerok kontrolatu nahi dituen lekuetarantz. Eta, era berean, gaur egun duen kongestio eta itotze mailagatik, Hibaizabalen ezker ugaranaren hazkundea geldi eraztea gomendatu zuen. Hots, Iberduerok programatzen duen plangintzaren alderantzizko jokabidea. Diputazioak prestaturiko lurraldeen planifikapenean ere, Bilbo Haundiaren bide berbera hartzen da.

Arazoaren larritasunaz hobeki jabetzeko, azter ditzagun polikiago lehengo datuak, zenbait herriren kasua aipatuz. Hasteko, Plentzia eta Barrikaren kasua arakatuko dugu. Iberduerok honela planifikatzen da hauen hazkundea;

PLENTZIA ETA BARRIKA

Urtea Bizilagunak

1.980 2.557

1.990 2.918

2.000 3.325

2.010 3.820

Hala ere, gaur ere ba dute hori baino bizilagun gehiago —zer esanik ez, udan— eta Bilbo Haundia erakundeak programatzen duenez, 1990.urtean 155.000 bat bizilagun ukanen dituzkete. Modu berean, Diputazioaren plangintzan ere, 1990. urtean Plentzia-Gorliz multzoak 155.000 bizilagun ukanen dituela jotzen da.

Ezker ugaraneko herrien hazkundea planifikatzean, gauza izugarriak jartzen ditu Iberduerok. Hona, adibidez, Portugaleteri eta Santurtze Zaharrari buruzko plangintza:

PORTUGALETE  SANTURTZI ZAHARRA

Urtea Bizilagunak Urtea Bizilagunak

1.980 81.642 1.980 82.121

1.990 146.210 1.990 147.066

2.000 261.840 2.000 263.373

2.010 468.915 2.010 471.661

Milioi bat pertsonarentzat lekua Portugaleten eta Santurtzin. Non? Nola?

Gu —herri horik ezagutzen baititugu— txunditurik uzten gaituzte zifra horiek, eta Iberduerori, horrenbeste jende hain leku ttikitan sartzeko, ea nolako mirari berezia eginen duen galdetzeko gogoa sortzen zaigu.

Edozein kasutan, Bilbo Haundia eta Diputazioaren plangintzan, "ezker ugaranaren hazkundea geldi erazi egin behar dela" esaten da prezeski. Kasu honetan ere, Iberdueroren eritzia eta nahia alde batetik eta Diputazioaren eta Bilbo Haundiaren plangintza bestetik elkarren aurkakoak dira.

Arazoa nola juzka?

Iberdueroren planifikapenak ezaguna izan behar du bai Diputazioan, bai Bilbo Haundia erakundean eta bai Lemoiz eta Mungiako udaletan. Eta hala ere —eta horretaz gainera hainbeste gauza ilun, ezkutu eta dudagarri egon arren—, antolakunde ofizial horien aldetik ez da entzun Iberdueroren aurkako salhakuntza ttikienik ere, eta Lemoizeko projektua aurrerantz doa. Zur eta lur uzten nau, gu ordezkatu behar gintuzten antolakundeon jokabideak. Noiz helduko ote da, erantzunkizunak eskatzeko orduan?

Zer esanik ez, Lemoizeko projektu hau burutzen bada, Bizkai Herriaren hazkundean kaosa datorke. Zeren eta, daroagun abiadan, nori eginen zaio kasu, Iberduerori ala Diputazioari?

J.R. Etxebarria


Euskal Herrian

Santutxu amnistiaren alde

Hilabete honen 5erako, Amnistiaren aldeko Santutxuko Komite Abertzaleak, hertsaldi bat antolatu zuen gau horretarako, Karmeloko elizan.

Guztitara, 130 pertsona inguru batu ziren, gaueko hamarrak aldean. Aurkezpen baten eman zion hasiera. Ondoren, taldetan banatuz, gaien aukeratzea egin zen. Gero irakurri egin zen gaien zerrenda hori, Amnistiari buruz beti.

Atsedenaldi baten ondoren, taldekako eztabaida antolatu zen. Taldeen hiztun bakoitzak, ondoren, eztabaidatuaren laburpen bat adierazi zieten guztiei.

Azkenean ireki zen komentaldian, Komite Bateratzaile baten premia azaldu zen, baina komite abertzalekoak ez zeuden ados.

Urtarrilak 6.— Eguerdiko ordubiak laurden gutitan, Karmelon hertsitakoek hauzategiko kaleetara irten ziren aurrez programa: uriko manifestazio bat Santutxun zehar egitera. Mila pertsona inguru batu ziren pankarten atzean. Oihuak, ongi tinbratuak, "Presoak kalera" eta "Exilatuak etxera" izan ziren. "Eusko gudariak" ere kantatu zen.

Iturriaga kalean, polizigizonak agertu zirenean —ugari agertu ere—, "disolución de cuerpos represivos" oihukatu zen, eta jende taldea (milatik gorakoa orain) sakabanatu egin zen. Berriz elkartzea, ezina ezin zen, polizigizonak 6nako saldotan patruilatzen baitzuten kaletan zehar.


Euskal Herrian

Larrabetzu: "ekintza profanorik ez"

Larrabetzuko "Herri-Elkartasuna" Hauzo Elkartearen kultur batzordeak eratutako Euskal Kultur Astea-k publikoki azaldu nahi du zergatik ezin izango den burutu antolatutako aste hau. Hasierako programa hauxe zen:

Hiru hitzaldi

Larrabetzuri buruzko mahaingurua

Txirritaren bertso emankizuna (Lete eta Valverde)

Euskal musika-tresnen erakusketa

Umeen Eguna

Kultur Batzorde honek Apezpikutegira bidalitako eskutitzean azaltzen denez (Hazilaren 15ean bidalia), era guztietarako xehetasunak emanez: Egitaraua, Kanten hitzak eta kantarien izen deiturak; Eliz barruan egiteko ziren ekitaldi bi hauentzat baimena eskatu genuen, hau da: Lete eta Valverdek emango zituzten Txirritaren bertsoentzat eta Euskal tresnen ekitaldirako.

Hazilaren 19an hitzez jakin erazi ziguten, oraindik ez baitugu idatzirikako erantzunik jaso, arau berriak zirela eta, ezin zitekeela Elizarik erabili eginkizun profanoetarako. Geroago Apezpikutegiarekin telefonoz zuzenean hitz egin arren, ez genuen baiezkorik jaso ahal izan.

Batzorde honek publikoki zera jakin erazi nahi du:

1.- Apezpikutegiaren arau ofizialak ez direla toki guztietara berdin aplikatzen, zeren eta azkenaldi honetan behin baino gehiagotan jaialdiak eta gaineratiko beste eginkizun profanoak egin baitira Bizkaiko Elizetan. Esate baterako: Zamudio, Portugalete, Sta. Teresa (Baracaldo) Etxebarri, Aulestia, Laukiniz, Amoroto, Gerrikaitz, Gizaburuaga, Usansolo...

2.- Larrabetzun, kultur eta gainerontzeko ekintza profanoetarako lokal egokirik ez dagoenez gero, gure eritziz, Eliza liturgi alorretik kanpoko eginkizunetarako erabili daitekeela uste dugu, beti ere toki publiko eta askorentzat sakratu izatetik datorkion errespetua zainduaz.

3.- Benetan sentitzen dugu Larrabetzuko herriari guk hain arreta eta gogo biziz eta xehetasunik tipienean gertatu dugun Euskal Kultur aste hau moztuta eman beharra. Baita ere, garbi utzi nahi dugu, ez dugula ulertzen kultur kutsu hutsezko ekintzok nola galerazi daitezkeen.


Euskal Herrian

"Ospitale" baten historia

Gure presoak Carabancheleko Ospitalera eramanak izan direla irakurtzen edo jakiten dugu noizik behin. Eramate honen berri jakitean, askok ospitalean gartzelan egotea baino hobe izango dela pentsatzen dugu, Ideia hau, hala ere, alde batera utzi beharko dugu Carabanchel Preso-Ospitalean dauden euskal preso politikoen agiria irakurri ondoren. Lerro hauetara agiri honen laburpen bat dakargu, zentsura aldetik ez baitzaigu posible agiri oso agertzea. Laburpen honen bidez, nolabait, ospitale horretan geure presoen biziera larriaren berri izango duzue.

Gartzela bat

Carabancheleko Preso-Ospitalean presoentzat bereiztutako etxea nola den agertzen digute: etxe honen bigarren bizitzan gaixoentzat hamabost gela daude. Hauetatik bederatzi, nahiz eta bakoitza lau lagunentzat egina ezin, bost lagun hartzen dute gaur egun, eta beste bi gela ohi zaharrez, mantaz eta beste gauzez bete-beterik daude. Etxe honek hiru bizitza ditu. Bizitza bakoitzean lau dutxa eta esku-garbitzekoak daude, baina lehen bizitzakoak orain dela hiru urte hondatu ziren eta oraindik ez dira konpondu. Lagun askorentzat antolatutako eri-gelak txikiegiak dira eta haizea oso nekez berritzen da. "Indibidual" erako gelak influentziaren bat duten gaixoentzat edo erizainentzat gordeak izaten dira. Toki honetan ere "dedokrazia" edo "gomendiozko" joerak bere indarra du.

Janariak

Ohea utzi ezin duten gaixoei janaria beti hotzik heltzen zaie eta goilare bakarrarekin, nahiz eta jangelan goilare, sardeska eta ganibetaz baliatu. Nahiz eta ofizialki preso bakoitzarentzat, janari kontutan, 120 pezeta prestatu, gauero salda bat (?), arrain puskatto bat eta mortadela piska bat ematen zaie gaixoei.

Elikadura berezi bat behar duen gaixoari janari berberak ematen zaizkie...pure eran prestatuak, nahiz eta janari berezi hauetarako 150 pezeta ofizialki eman. Ospitalean egiten diren janariak gartzeletan egiten diren bezain txarrak dira, nahiz eta gartzeletan gai hauetan gastatutako dirua ospitalean gastatutako erdia izan.

Ospitalean dauden "sukaldariak" preso berberak dira eta gehienek ez dute sukalde gaietako ezaguerarik. Ospitale barruko elektrizitate eta beste eratako konponketak egiteko, berriz, kanpotik ekarritako "titularrak" hartzen dira. Sukaldean ez dago horrelako "titularrik", nahiz eta gaixo batentzat elikadura garrantzi haundikoa izan.

Medikuntza

Preso bat ospitalera eramaten denean operatua izan dadin izaten da gehienetan. Gaixotasunak, berez, ez dira sendatuak izaten ez eta sendabide batetan jarriak ere. Hamabost mila presorentzat ospitale bakar bat egotea ez du "sendakizun" hauen alde jokatzen. Operazioak irtenbide arinenak dira eta presoren batek operazio bat ukatzen du "acta disciplinaria" deritzaion bidea jartzen zaio. Bide honetaz presoa ez da inoiz ospitalera berriro eramana izango, nahiz eta hiltzeko zorian egon. Ospitalean lan egiten duten medikuek presoengan esperimentazioak egiten dituzte beren operazioetan. Behin preso batek goilare bat irentsi zuen eta ospitalean sendagile batek operazio bidez goilarea atera nahi izan zion. "Preventivo" eran zegoenez gero, presoak ospital arrunt batetara eramatea nahi izan zuen. eta bertan goilara operaziorik gabe ahotik erraz atera zioten.

Operazioen ondoren izaten dira ospitale honetan une gogorrenak, gaixoak bere burua zaindu behar baitu edo eta bestela "erizain" lanean jarriak izan diren presoen eskutan. Goardia txanda mediku batek egiten duenez gero, egunero ordu erdi bat ospitalean egonik, gaixoek ezin dute harengandik askorik espero.

Gaixoak "zaintzeko" ba dira moja batzu ere. Funzionari hutsak dira eta Teresa izena duen bat maltzurragoa da oraindaino. Garmendia, zauritua izan ondoren, bere ume-mentalitatearekin (bala batek muinak hondatu baitzizkion) moja honen menpean egon zen. Bi hilabete luze barru moja honek benetako "buru-huste" bat egin zion egunero, jujeari zer esan behar zion Garmendiari buruan sartuz, jujearen aurrean errudun bezala azaltzeko. Moja honek zioenez era honetan Garmendiak "bere arima salbatuko zuen".

Esterilizazio sistemarik ez dago kirofanoetan. Esterilizazioa "spray" batez egiten da. Operazioetan erabiltzen diren tresnak oso zaharrak dira eta noizbait kanpotik ekarritako mediku bat etortzen bada beronek bere tresnak ekartzen ditu. Kirofano baten lanpara ez da bere tokian gelditzen eta lagun batek operazio osoan esku batez heltzen egon behar du. Oxigenoaren giltza etxearen beheko aldean dago, kirofanotik urrun.

Garbitasun aldetik zer esanik ez. Maiz xomorro, arkakuso eta tximitxen gorakada handiak ezagutzen dira ospitalean eta, benerear gaixotasunak zaintzeko ez dago mediku berezirik, nahiz eta kasu gogorrenetan mediku bat noizpait etorri.

Agiri honen bidez ospitale honetan dauden preso politikoek hau jakin erazi nahi digute, hain zuzen: ospitalea gartzela baten jarraipena baizik ez dela.


Munduan barrena

Israeleko miraria

Israeleko ikastetxe hartan berrogei ta hamar lagun inguru ari ginen hebraiera ikasten. Nire asmo nagusia ez zen hebraiera ikastea, hebraiera nola irakasten baizik. Denok ginen pertsona nagusiak. Ez zegoen haurrik. Gure ikasgelan hamabi ginen: zortzi gizonezko eta lau emakume. Denok kanpotarrak: japoniar bat, bi aleman, italiar bat, frantses bat, daniar bat, bost iparramerikar eta euskaldun bat. Ni eta beste izan ezik, juduak ziren denak. Oso ongi konpontzen ginen. Irakaslea, Israelen bertan jaiotako neskatila bat zen. Adit zuen izena.

Goiz hartan, idazlantxo bat eman zigun irakasleak, irakurtzeko eta aztertzeko. Idazlantxoaren egilea Israelgo idazle famatu bat zen. Idazlantxoan, esaldi hau agertzen, zen: "Israelen, amak umeagandik ikasten du 'amagandiko' hizkuntza".

Esaldi hortan esaten dena, harrigarria izan arren, egia hutsa da. Munduko beste lurraldeetan, amagandik ikasten dute umeek herriko hizkuntza. Israelen, berriz, guraso askok ez dakite herriko berbeta, eta beren umeengandik ikasten dute hebraieraz hitz egiten. Beharbada, gaur egunean, gutxi dira horrelako gurasoak; baina, orain hogei urte, asko eta asko ziren.

Mila bederatziehun eta berrogei ta zortzian, Israelek bere independentzia lortu zuen urtean, seiehun eta berrogei ta hamar mila judu bakarrik bizi ziren lurraldean. Hurrengo hogei ta bost urteetan, bi milioi judu etorri ziren kanpotik, bertan bizitzera. Bi milioi judu! Bertan jaiotakoak baino hiru aldiz gehiago. Ez da gutxi, gero! Judu haiek —pertsona nagusiak gehienak— ez zekiten hebraieraz hitz egiten. Orain, berriz, denek —edo ia denek— dakite. Bai, holaxe da! Azken hogei ta bost urteotan, bi milioi juduk ikasi dute hebraieraz berba egiten. Nola gertatu da mirari hau, hain denbora laburrean?

Judu haiek benetan nahi zuten ikasi hizkuntza berria, beren lurralde berriko hizkuntza. Dudarik gabe, horixe izan da mirariaren egile nagusia: Nahi izatea, gure izatea! Benetan nahi duenak, dena egin ahal du. Esan zuen behin Teodoro Herzl-ek Juduen Mugimendu Nazionalaren sortzaileak: "Im tirtzú, en zo aggadáh" (nahi baduzue, hau ez da izango ametsa).

Judu haiek, hizkuntza ikasteko, ezin zuten eskola joan goizean eta arratsaldean, beraien umeek egiten zuten bezala. Lanera joan behar zuten, eguneroko ogia irabazteko. Baina lantokirako bidean eta handik etxera bihurtzean —kalean, autobusean, edonon— hebraieraz hitz egiten entzuten zuten. Kaleen izenak eta begietara agertzen ziren jakingarri guztiak hebraieraz idatzirik zeuden. Lantokian bertan ere, lankide zaharrak eta ugazabak hebraieraz mintzatzen ziren. Eta horrela, gizarteko bizitzak beharturik, gero eta hobeto hebraieraz berba egiten ikasten zuten. Gizarte giroa hebraieraren aldekoa zen zeharo. Horixe izan da mirariaren bigarren egilea.

Judu haiek egun osoan etxetik kanpo lan egiten zuten bitartean, beraien umeak eskolan zeuden. Hantxe pasatzen zuten ia egun osoa. Leku askotan, bazkaldu ere eskolan bertan egiten zuten. Ume haiek ondo ondo ikasten zuten hebraieraz hitz egiten, eskolan ez baitzen beste hizkuntzarik entzuten.

Lana amaitu eta gero, etxera bihurtzen zirenean, judu haiek beren sorterriko hizkuntzan berba egiten zieten beren umeei. Baina hauek hebraieraz erantzuten zieten, eskolako hizkuntza etxekoa baino hobeto zekiten eta. Horrela, geldi geldika, gurasoek beren umeengandik ere ikasten zuten hebraieraz mintzatzen. Umeak ziren gurasoen irakasleak. Horixe izan da mirariaren hirugarren egilea.

Baina oraindik beste egile bat falta da. Judu haiek, etxeko eta gizarteko bizitza hobeto eramateko eta beren bizimodua Herri berrian osoki integratzeko, beste pauso inportagarri bat eman zuten: Beraiek ere eskolara joan ziren.

Israelgo Gobernuak, hebraieraz ez zekiten pertsona nagusientzako ikastetxeak eraiki zituen Estatu berriko herri eta herrixka guztietan. Ikastetxe batzutan egun osoan irakasten zen hebraiera, eta gaur egunean ere holaxe egiten da. Ikastetxe hauk Ulpan deitzen dira. Beste ikastetxe batzutan, berriz, arratsean eta gauean bakarrik ematen ziren irakastaldiak, egunero, ordu pare batez gutxi gorabehera. Ikastetxe hauk Ulpanit deitzen dira. Eskola hauetan, oso irakaspide onak erabiltzen dira, hebraiera laster laster ikasteko. Irakasleak ere guztiz onak dira.

Judu haietariko batzu Ulpanetara joan ziren; beste batzu —gehienak— Ulpanitetara. Diru apur bat bakarrik ordaintzen zuten eskolagatik, irakasleei Gobernuak pagatzen zien eta. Eskolan, hitz egiten, irakurtzen eta idazten ikasten zuten.

Baina hebraiera errez erreza irakasten zitzaien: etxean, kalean, lantokian, eguneroko bizitzan erabiltzen dena. Eguneroko hebraiera hortan hainbeste liburuxka idazten ziren eta idazten dira orain ere. Gobernuaren babespean, egunkari bat eta bi astekari ere hebraiera errez hortan agertzen ziren, eta gaur ere argitaratzen dira, hizkuntza ikasten ari direnentzat edo ondo ondo menperatzen ez dutenentzat. Agerkari hauk oso merkeak dira, eta dohainik bidaltzen dira Ulpan eta Ulpanitetara. Irratian eta telebistan ere sarritan entzuten da hebraiera errez hau. Israelgo idazle eta irakasleek, Gobernuarekin batera, oso inportantzia haundia ematen diote hizkuntza errez honi. Asko eta asko dira, mintzamolde hortan saiatzen diren idazleak. Beraien ustez, hauxe da biderik egokiena, ez dakitenei hizkuntza irakasteko. Ni neu osoki komentziturik nago hortaz. Horrexegatik saiatu naiz, idazlantxo hau errez errez idazten, beharbada nire euskara urria eta pobrea batzuri iruditu arren.

Ulpanean bost hilabete edo Ulpanitean urte bete egon ondoren, judu haiek nahiko ondo hitz zuten hebraieraz. Pertsona nagusientzat sortu diren eskola hauk eta beraientzat erabiltzen den hizkuntza errez hau izan dira Israelgo mirariaren laugarren egilea.

Hau guztiau sinesgaitz egiten zaigu euskaldunoi; baina egia hutsa da. Entzun, orain, zer esan zidan Israelgo fraide frantziskotar batek. Bera mila bederatziehun eta berrogei ta hamarrean etorri zen Israelera. Ordutik hona Jerusalemen bizi da. Urte hartan, Jerusalemeko alderdi zaharrean ez zen hebraieraz hitz egiten, juduen hauzotegian izan ezik. Judu gehienak alderdi berrian bizi ziren; baina, hantxe ere, pertsona nagusien artean askoz gehiago entzuten ziren herbesteko hizkuntzak. Berdin gertatzen zen Tel Aviven. (Gaur egun, Jerusalemek milioi erdi bizilagun dauzka, eta Tel Avivek apur bat gutxiago). Baina Gobernua berehalaxe hasi zen hebraiera toki guztietan sartzen eta poliki poliki judu guztiei hebraieraz berba eragiten. Hortarako, beste gauza askoren artean, Estatu osoan milaka eraiki zituen Ulpanak eta Ulpanitak. Zortzi urte geroago —zortzi urte, bai, zortzi urte: halaxe esan zidan fraide harek— Jerusalemeko alderdi berrian hebraieraz besterik ez zen entzuten. Berdin jazo zen Tel Aviven eta Estatu osoan. Hauxe da Israelgo miraria.

Idazlantxo egin dudanean, Euskal Herrira kanpotik etorri diren pertsona nagusiak izan ditut gogoan. Talde hortan sartzen ditut, odolez eta deituraz euskaldunak izan arren, euskaraz berba egiten ez dakitenak ere. Gaur egun, bostehun mila gara, gutxi gorabehera, Euskal Herrian euskaraz hitz egiten dugunok. Israelen, beste horrenbestek berba egiten zuten hebraieraz, orain dela hogei ta bost urte. Ordutik hona, bi milioi baino gehiago etorri dira kanpotik Israelera; eta denek ikasi dute Herriko hizkuntza. Haiek egin ahal izan dutena, zergatik ez dute ahal izango, Euskal Herrian euskaraz ez dakitenek ere? Hortarako, nire ustez, guk ere juduen antzera jokatu behar genuke. Orduan, Israelgo mirari berbera gertatuko litzateke Euskal Herrian ere. Teodoro Herzl-en hitzak zerbait aldaturik, hauxe esango dizuet, amaitzeko: "Im nirtzéh en zo aggadáh" (nahi badugu, hau ez da izango ametsa).

Imanol Berriatua


Euskal Herrian

Gobernuari eta erakunde ofizialei euskararen ofizialkidetasunaz

Euskararen ofizialkidetasuna ezinbesteko exigentzia du bere askatasuna beregana nahi duen Euskal Herriak. Ofizialkidetasun hau, bide batez, ezin da txoko batera edo bestera muga. Gizartearen sail guztietan da, edo, bestela, ez da ezer. Horrela, bai irakaskuntzan, bai administralgoan eta bai komunikabideetan ere lehenbailehen ezar dadila exigitzen dugu izenpetzaileok.

Bide batez, ordea, mementutik bertatik ba ditugu ofizialkidetasunaren bidean jartzen garela frogatzeko minimotzat hartzen ditugun exigentzia partikularrak. Eta exigentzia partikular horik dira gaur Donostian egiten ari garen manifestazioaren agiri honen bitartez —berehala nahi adinako erantzuna izango dutelakoan— Gobernuko Presidente Jauna zarenari agerian jarri nahi dizkizugunak.

Irakaskuntza

- Irakaskuntzan ez da aski euskara irakastea: euskaraz irakasten hasi beharra dago, gaurdanik bertatik.

- Ez da aski, bestalde, Euskal Herriko eskualde batzutan hori egitea; Euskal Herri osoan egin behar da hori.

- Bide batez, ezin da hau eskolurte batzutara muga: haurtzaindegitik unibertsitatera, irakaskuntza osora hedatu behar da.

- Hau ez da aski, ordea: euskara eta euskaraz irakastea ez ezik, euskal kultura, bere zabalera osoan, ikasgai bihurtzea bazter ezinezko gaur eguneko exigentzia da.

Honek guztionek programaketa zehatz eta sakon bat exigitzen du, bai ikastetxe berriak eraikitzerakoan, bai ondoren ere. Programaketa hau zentzuz eta kabuz egina izan dadin, Euskal Herritik bertatik, autonomia eta bertako beharrei erantzuki, egina izan dadila exigitzen dugu.

Konkretuki, Gipuzkoako irakaskuntza nola eratua eta zertan dagoen aztertu ondoren, ondorengo exigentziok aurtendik bertatik uka ezinezkoak iduritzen zaizkigu:

Ikastolak

- beste edozein ikastetxerekin, besterik gabe, ekiparatuak izan daitezela.

- ikastolen prozesu propioa onhar dezala administralgoak.

- interes sozialeko deklara ditzala.

- subentzio osoak eman diezazkiela.

- gorago aipaturiko programaketan parte har dezatela.

Ikastetxe nazionalak (EGB, BUP, COU, Eskola Profesionalak)

- eguneroko ordu bat eman dezatela euskara eta euskal kultura irakatsiz.

- eguneroko ordu hau ikastorduen barruan izan dadila.

- ordu hauetan, oraingoz, euskara eta euskal kultura emateko, aski izan dadila Euskaltzaindiaren lehen mailako titulua.

- edozein ikasgai euskaraz irakatsi ahal izateko, euskaraz dakiten profesionari tituludunek (peritu, abogadu, mediku etabarrek) izan dezatela posibilitate irakaskuntzan iharduteko, nahiko irakasle euskaldun ez dugun bitartean.

Ikastetxe pribatuak

- Ikastetxe nazionaletarako exigitua, halabeharrezko minimo izan dadila hauentzat ere.

Maisu-maistren eskola ofiziala

- eskola honetatik aurrerantzean ateratzen diren maisu eta maistrak euskaldun alfabetatuak eta Euskaltzaindiaren bigarren mailako tituluarekin, gutienez, atera daitezela.

- honetarako, eskola hau, bertanberatik, beharrezko den diruz, tokiz, jendez eta gainerontzeko medioz hornitzea exigitzen dugu.

Ezin ditzakegu ahantz, ordea, lehendik gure artean euskara jakin gabe ditugun maisu eta maistrak. Hauek guztiok lau urteren buruan euskara ikas ahal dezaten, bertanbera, medio guztiak jartzea exigitzen dugu.

Gau eskolak

- Irakaskuntza garaitik ateratako asko eta asko dago Gipuzkoan euskaraz ez dakiena ta ikasi nahi duena. Gau eskolak horiei erantzuteko sortuak dira. Beraintzat, besteak beste, eskola nazionalek beren ateak irekitzea exigitzen dugu, beren lana egin ahal dezaten.

- Eta gaur egun, dagoenekoz, horretan Gipuzkoan dabilen 15.000tik gorako jende multzo horrek sortu dituen beharrei erantzuteko, Euskaltzaindiari dirua ematea exigitzen dugu.

Unibertsitatea

- Atzera ezinezko exigentzia bat dugu puntu honetan: Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroari urte honen barruan, "Unibertsital Barruti" bakarra eta propioa aitortu eta ezagutzea.

Euskaltzaindia

- Euskarari buruz ari garenez, ezin dugu ahantzi Euskaltzaindiak duen lehentasuna. Irakaskuntzan ere haren kriterioak izan daitezela euskarari buruzko bakarrak exigitzen dugu.

- Bere lana bete dezan, behar adinako diru laguntza ematea ere exigitzen dugu.

Komunikabideak

Komunikabideei buruz, exigentzia hauk ditugu:

- Lehenbailehen medioz ongi hornituriko "Centro Regional de RTV" bat eraiki dadila Euskal Herrian eta Euskal Herrirako, hots, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarrorako.

- "Centro Regional de RTV" honetan euskarari sarrera oso osoa eman ezin, serioski euskararen hedapen eta aurrerabidean lan egin dadila.

- "Centro Regional de RTV" hau egin bitartean, Estatuak gure artean dituen Irrati eta Telebistari hauxe berau exigitzen diegu gaurdanik.

- Euskal komunikabideei, ditugunei eta sortuko direnei, euskara erabiltzen duten heinean diru laguntza ematea exigitzen dugu.

Administralgoa

- Bai Udaletxeen eta bai Diputazioaren batzarreetan euskara ofizialki onhartzea exigitzen dugu.

- Eta bai Udaletxeei bai Diputazioari beren batzarretan eta agirietan euskara erabiltzen has daitezen exigitzen diegu.

- Toponimia eta onomastika (izen-deiturak) osoa, gaurtik bertatik, euskaraz jartzen hastea. Eta bai erakunde ofizial, bai herri, bai kale izenak eta bai trafiko indikadoreak ere euskaraz jartzen hastea exigitzen dugu.

- Bide batez, administralgoarekin izaniko harremanetan euskara erabiltzeko eskubidea dugunez, eta hau mailaka guztietan, bere despatxu guztietan euskaraz dakien norbait izan dezala exigitzen dugu.

- Euskaraz ez dakiten maila guztietako funtzionariek bost urteren barruan euskara ikas ahal dezaten, bertanbera, tresna guztiak jartzea exigitzen dugu.

Eritzi publikoari

Izenpetzaileok, Gobernuarekiko eta Ofizial Erakundeekiko exigentziak aldarrikatuaz ere, konbentzituak gaude herri osoaren ekintza etengabeak baizik ez duela aurrera aterako gure Herriaren problematika eta, beronen barrenean, euskararena eta euskal kulturarena.

Hau honela, ekintza honen aldeko konpromiso gogor bat hartu nahi dugu. Orain arte egin denaren harian iraun nahi dugu, etorkizunean ere zer eginik handiena gure esku dagoelako ustetan. Agiri honen bidez, geure buruekiko KONPROMISO ZEHATZ HAUK HARTZEN DITUGU:

- 1977.urtearen barruan, elkarte izenpetzaileok euskal izena jarriko diegu geure elkarteei, bakoitzak bereari.

- Euskal izen hau, aurrerantzean, gure eskribu ofizial guztietan agertuko da. Baita gure lokalen errotuluetan ere.

- Izena jarri ez ezik, gure eskribu, agiri eta kaleratuko ditugun horri eta txartel guztietan euskara erabiltzen saiatuko gara.

- Elkartearen barnebizitzan euskarari oztoporik ez diogu jarriko. Eta ez hori bakarrik: bere aurrerabiderako iniziatiba guztiak bultzatuko ditugu eta aurrera ateratzen saiatuko.

- Jokaera berdina erabiliko dugu hauzo, herri, bailara, probintzia edo Euskal Herri maila osoan sortzen diren iniziatibekin.

Bide batez DEI EGITEN DIEGU:

- Gure probintziako maila guztietako ikastetxe pribatuetako arduradunei, beren ikastetxeetako giroa euskaldun dezaten:

- euskara irakatsiz.

- euskaraz irakasten hasiz.

- euskal kultura beren ikasleentzat ikasgaitzat hartuz.

- eta euskal kulturaren aldeko iniziatibak onhartuz batera, berauk sortzen eta sendotzen lagunduaz.

- Gure probintziako egunkari, astekari, aldizkari oro, irrati pribatu eta gainerontzeko kultur erakunde guztiei, beren horri, irratsaio edo dena deneko bakoitzaren lanetan eta, batez ere, beren jendaurreko lanetan euskara sar dezaten.

Euskal kulturari gertutik jarrai dakizkion ere dei egiten diegu, beraien bidez denok haren berri izatera iritsi gaitezen. Horretarako, beharrezko duten euskaraz dakien jendez lehenbailehen horni daitezela eskatzen diegu.

- Gure probintziako lantegietako ugazaba eta zuzendariei dei egiten diegu euskara ikasi nahi duten langileei lokalak utz diezazkieten eta beharrezko duten eta zor zaien laguntza guztia eman diezaieten.

- Gure probintziako Banketxe, Aurrezki kutxa eta dirudun guztiei euskararen eta euskal kulturaren aldeko diru laguntza ematen has daitezen edo, hasiz gero, ugal dezaten dei egiten diegu.

- Gure arteko talde politiko eta sindikalei dei egiten diegu jendaurreko mitin, agerpen, agirietan eta kaleratzen dituzten horri edo aldizkarietan euskarari bere hedapen eta aurrerabiderako zor zaion lekua eta denbora eman diezaioten.

- Publikoarentzat bulego edo gisakoren bat (merkatal etxe etabar) irekia duten elkarte, erakunde edo nolanahiko taldeei dei egiten diegu jendaurrerako euskaraz dakien norbait beti izan dezaten.

- Azkenik, erakunde moeta guztiei dei egiten diegu agiri hau izenpetzen dugun elkarteok hartu ditugun konpromisook, beraiek ere berentzat har ditzaten.


Lopintania 2. Lopintaniaren historia laburra

Ezlopintanek gauza guztiei izena eman behar izaten diete. Guk ez, ostera, baina "izenik ez duenik ez dela existitzen" delako frase sakrosainduori entzun genuenetik guk ere Lopintan garela esaten dugu, eta gure Estatua, Lopintania. Hauxe da Lopintaniako mapa laburtua:

Eta hau gure mapa osoa:

Mundu osoa okupatzen dugu, beraz, baina "ez gara atzokoak". Lopintanaren historiak gizonarenaren hasieran du berea. Haitzuloetan, eta plastikoz eta potoz lohitu gabeko izotz-larre zuri-zurietan.

Aurrera segitu baino lehen, irakurleok atentzio berezi bat merezi duzuela dakigunez, argi jarri nahi dugu ez gaudela zuei adarra jotzeko, ongi ulertuko duzuenez Lopintan irakurle adiskideok. Gainera adarrak ez dira jotzeko ez eta bolbora eramateko, adarrak gure bekokietan luzitzeko dira. Gainera adarrak urrezkoak ere izan daitezke, mirrazkoak ere bai (zer ote da mirra?) baina inork inoiz ikusi ote du intzentzuzko adarrik? e?

Munduan, batzu lopintanak gara (eta amutxa ondratara), eta besteak ezlopintanak (izenen bat jarri behar zaie besteei ere existi daitezen). Lopintan orok ba daki lopintan dela, baina harrotu eta poztu egin beharko da lopintan izateaz, Lopintan (majuskulaz) izateko.

Historian aurrera egin dugu, ez garraizkio mamut jateari. Oso guti geratzen dira, eta bakarrik izozteratuak edo mamuteztatuak, guk jaten dugun legatza bezala. Orain, kasik egunero indaba gorriak jaten ditugu eta uzkerrak franko botatzen, ondoren. Kaka ere ugari egiten dugu. Eta komun guti dago munduan. Jaiotzean haur bakoitzak komun bat ekarri beharko luke besapean, tira gure ustez behintzat. Zuok ezlopintanok, esate baterako, zer egiten duzue uzker eta korroskadekin? Gure ustez, onena horik botatzea da, bestela, hortik datorke "inflazioa" Suitzara doazenek ez balekarte.

Aintzinatik hautatu ditugu gure Lopintan buruak, inoizko metodorik demokratikoenaz, hau da, zakilaren luzeraren arauera. Kontu handia eduki dugu beti astoak infiltra ez daitezen.

Lopintanon artean, emakumea, beti izan da ongi tratatua, erreproduktorea izan da beti —horretara behintzat ahalegindu izan da beti— lopintantxoak hazi eta hezi egiten ditu; eta aurrerantzean ere hola izan beharko du, zeren Lopintan asko hiltzen baita egunotan. Eta "a Lopintan muerto, Lopintan puesto".

Bandera ere ba dugu, asmatu berria bada ere: morea da, ardo kolorekoa. Denboran zehar, ez dakigu segur norantz egingo duen, baina gorrirantz uste dugu, gehiegi irakurri behar ez bada horretarako.

Luzaro egon gara ixilik, eta ahoa zabaldu duguneko, gure prentsa gabinete honetan, hainbat kritika jaso ditugu. Hasteko, gure presentazio ofiziala —eskerrik asko jaun direktore— "Anaitasuna 330.ean egin genuena, oso oportunista eta politizatua izan zela esan digute, bozketa egunean hain zuzen. Egia da, baina gu ez gara oportunistak ez politizatuak. Guk lurrera begiratzen dugu zer zapaltzen dugun jakiteko, ohola, terrazoa, asfaltoa ala zer. Eta horixe da gure lurra, geuk zapaltzen duguna, geurea zapaltzen duguino eta ez du frontera beharrik. Lopintan bat dagoen lekuan, hantxe dago Lopintania atal bat. Gainera, aldizkari batetan gure inguruko gertakizunei buruz hitz egin behar zela pentsatu genuen. Horregatik mintzatu ginen bozketei buruz.

Besteren batek, ea burutik ongi gauden esan digute. Nabari-nabaria da psikiatriaz edo holako zerbaitetako zaletasuna ezlopitanengan. Egia esan, asko pozten gaitu gure osasunaz duten ardurak eta kezkak, baina gu salbaturik gaude, funerala dugu eta: "... bai, alabatxo, gaur salbatuko haiz, 7 1/2ak dira eta funeral bat dut orain". Horregatik. salbaturik gaude. Gainera jendea ugari hiltzen da, eta bakoitzari bere funerala egiten zaionez, gu salbaturik gaude permanenteki.

Aurrerantzean zuen galderak eta kritikak pertsonalki erantzutea hobe izango ez ote den pentsatzen dugu.

Olentzaro ere Lopintan bat da. Eguberrietan baino ez zaio jaramonik egiten, baina urteko egun guztietan egin behar du lan, denentzako opariak erosteko. Puntu eta hurrengora arte, eta "Habla, pueblo, habla" diskoa erosi baduzu, bota ezazu.

Dilista


Postaz etorria

Ordizia, 1976 Abenduak 12

Kaixo:

Anaitasuna. 329. zenbakiak (76-12-1), 28 orrialdean dakarren oharra ikusirik, neronek ere ohar bat igortzea pentsatu dut neure burua zuritzeko edo... Badakit halako informe bat igorri zizuetela nire izenean eta erdara hutsean. Nire izenean joan bazen ere ez nintzen neu igorlea, beste bat baizik. Neronek ere beste horrenbeste esan nion niregana etorri zenean. Beti itzulpen bila datorren horietakoa denez, ez nion harrera onik egin eta itzulpen lanetaz asperturik geundela adierazi nion, bazela garaia beren agiriak euskaraz egiten hasteko. Hala ere ez zuen atzera egin itxura denez. Eta horrelakoak zenbat?...

Bestalde "EUSKALDUNOK BASKOEN INPERIALISMOPEAN" artikulutxoa irakurri dut, eta bat nator beste betean. Hala ere, bakar batzuen iritzia dela dirudi... Gure politikarien artean ere zenbat euskara egiten da? Salbuespen batzuk kendurik linea nagusia, parterik handiena, erdaldun agertzen zaigu bere lanik gehienetan. Bileratan, agirietan, panfletoetan... Ez da hemen Israelgorik gertatzen.

KASek ere dei bikaina azaldu zigun aurreko Z.Argian eta hala ere. Goiherrin, bere aurkezpenean, erdaraz ihardun zitzaizkigun, euskara ere zertxobait erabili batzuten ere. GARAIA eta horiena jeneralagoa ez ote den, nago ni. Askotan datorkit burura Euskara ez ote den guretzat ikurrin baten antzo, gurea izan arren, guregandik kanpo geratzen den zerbait... Karlisten xapel gorria edo...

Zer egin, nola euskara zabaltzeko, indartzeko? Ea Berriatuak eta Kintanak zer dioten. Ni liburu batetaz gogoratu naiz, eta ez titulu ez autore gogoratzen ez banaiz ere (hamar bat urte dira nire eskutatik igaro zela), mamiaz gogoratzen naiz. Israelen, lehen urte heroiko haietan hizkuntzak eraman zuen prozesoaren historia zen. Personaia nagusi bat zuen, protagonista edo, Simon Ben Juda edo? Liburu interesgarria zen, eta zabaltzekoa agian. Hizkuntzaren aldeko propaganda, esloganak, posterrak, irratia eta... abestiak hedatu behar ditugu. Aurten 24 ORDUAK berriztatzea komeni da, datorren urtean. Konpromiso gorriak eta larriak sortu beharra dago, berriz, alderdi, bilera, erakunde, organismu eta maila horietan.

Beno, presaka bada ere hortan zaituztet. Hurren arte.

I. Eskisabel

***

ANAITASUNA.

Bilbao.

Jaunak,

Abenduaren amabosteko ANAITASUNA irakurri ondoren onoko puntu auek argitu nai nituzke.

- ANAITASUNAk dio Arzaillusek PNV "ALDERDIA" ez "ALDERDI BAT" zela esan suela. Ori ez da ola izango zergatik ark ezantsuen PNV ez zala clasista, alderdian abertzale danak zar litezkela, aberatz, chiro edo erdi-maillakoak. Nere ustez puntu txikik arrapatzeko sai saudete PNV 'ri. Euzko Abendaren Ereserkia ere irri eginaz atakatzen du TANTAKA orrian idazten duan persona orrek. Eusko Abendaren Ereserkia guda aurretik gogoz abezten zan ta gaur ¿zergatik ez? Iltseko sorian dagon abenda defendizaleari irri ta despresio egitea da ori ta errespeto gutxi izatea ere bai. Euskaldunak: ez PNV 'ek eta ez inork ez du emen arrazakeririk egin. Ez gera Aleman fasciztak besela ta ori ongi jakingo du ANAITASUNA 'ko idazleak. PNV fascismoaren kontrarioa da ta baita komunismoarena ere, biak dictadura ta raziztak diralako, gu ez bezela.

- Orrialde oietan asaltzen danez PNV 'ek euskaldun guzien jabetza aitortzen du. Ez da ala nozki. Bañan ala izanda ere Abertzale berriak (KAS) ez du gutxiago eskatzen nere ustez. ¿Zer adierazten dute onoko itz oiekin? "IRAULTZA SOZIALISTAREN LORPENAK LANGILERIAREN BURUZAGITZAZ OSATURIKO EUSKAL ESTATU ORREK, HERRI ERREPUBLIKA SOZIALISTA ETA DEMOKRATIKO BATEN EZARPENA ADIERAZTEN DU, ETA BERTAKO FORMULA KONSTITUZIONALAK, EUSKAL GIZARTEAREN GESTIO OSOAN POPULUAREN PARTE ARTZE OSOA ETA ZUZENA GARANTIZATUKO DITU. Itxura danez Euzkadi azkatu ondoren danok Komunista partiduaren mende bizi bearko degu. Ez PNV ta ez beste alderdirik ez litzake izango ta espetxeak berriro iriki bearko luteke. Nik ala entenditzen det beintzat.

Ondo dago nork zer nai duan asaltzea baiñan pentsa auteskunde politiko gabeko gobernatseak espetxeak betetzen dituala, ara or eredutzat Españia, Chile ta Rusia. Populoa danok gera ta bakoitzak azke bear du berak alduan lagunak bildu ta Euskal Ereserkia edo "International" abeztutzeko.

P.N.V. errigintzara dijoa, anai bezala euskal biztanleak alkarri lagunduz guda aurretik bezela. Franko izan ez hasen, gaur Euzkadi PNV koa zan garai artan zamakin burrundara edo aurrerakada kontuan arturik. Abertzale berri oiek diktadurarik nai ez balute PNV kin adoz lirake, baiñan nor joka lezake olako sosiorekin jakiñik eurak naguzitsean seu espetxeratua edo umildua izan bearko duala, len Franko'kin gertatu zan bezela.

Nik ez dut zalantzarik Maoren dotriña emen Euskal Errian nagusitzeko odol asko itxuri bearko litzakela ta gero ondorenian berriro ere odol ixurtsea. Ori gertatu zan Txinan ta ori gertatzen da alde gusietan dictadura nagusitsean eta nagusitu ondoren.

Ez nitzake batere arrituko gaurko gazteentzat parragarri gertatsea nere iritziak bañan neretzako ez dira ala.

ANAITASUNA'N IRAKURLEA NAIZ AZPALDITIK ta uzte det txokoren bat izango desutela lerro auentzako. Eskarrikasko.

E. Garmendia


Zapaburu birbiztua

Kaleko [Komikia]

OLARIAGAKO


Urrezko astabelarriak

Bilboko arte areto batek izen xelebre bat darama: NEURIE. Jabego eta berekoikeri kutsuaz aparte, begien bistako kontuak berauk, idazkera horretan gutienez hirur oker ikus daitezke. Lehengoa, noski, bukaerako E hori, A beharko zuen eta. Bigarrena, azken aurreko I horren lekuan E hobe legokeela, eta hirurgarrena, zorrotzegi izanez gero, EUren tokian I ipintzea (NEUREA DUT edo holako zerbait izan ezik!).

Hortaz, NIREA edo ENEA izan behar litzateke, eta ez NEURIE populatxerismoa. Arte areto horretako jabe esteta bezain analfabetoari, dzast! aste honetako astabelarri urrezkoak doazkio erremediogabeki. Ikas dezan, zer arraio!


Etxarri Aranazeko arazoaz

Iruinea, 16 (Eurola Press) Gaur, Etxarri Aranazera ikurrin haundi birekin zetorrenean, Altsasuko kontrol batetan, Blas Piñar jauna goardia zibilek detenitua. izan da. Berri hau jakin bezain aguro Leizaolea lehendakariak Mattin Williams ministriari, protestaz, telegrama gogor bat bidali dio. EGIN egunkaria, arazo horretaz zekarren informazioagatik bahitua izan da. Etxarri Aranazen bildutako karlisten partez, udaletxeko balkotik, Haritscholhar jaunak, Baigorriko prefektuak, meeting sionista bat egin zuen, mikelete harmatuek txaloka hartu zutena. Etxarri Aranazera zorionak eta atxikimendua emateko heldutako telegramen artean, Bizkaiko Diputazioburuak eta Carrillo jaunak bidalitakoak bereziki aipatzeko dira. Egun berean, KASeko alderdiekin batera, Felipe Gonzalorenak, Logonion, eten demokratikorako agiri bat firmatu zuen euskaraz, hartan Iberiar Errepublika Sozialisten Batasunaren premia gorria azalduz.

Albiste hau telefonoz heldu zaigu azken orduan, eta ba liteke horregatik gaizki adituren bat agertzea. Datorren zenbakian 8 okerren jokoa agertuko dugu.