ANAITASUNA

1977.EKO OTSAILAREN 1EKOA

333. ZENBAKIA

25 PTA.


ANAITASUNA

Bizkaia

hamabosterokoa

ZUZENDARIA:

Joan Mari Torrealday

Urteko abonamendua:

Bertorako 500 pezeta

Latin Amerikarako 550 pezeta

Europa eta Ipar Amerikarako 700 pezeta

Ale bakoitza: 25 pezeta.

HELBIDEA:

Zabalbide, 68., Bilbo - 6

Posta kaxa: 495, Tfnoak: 433 58 00 - 09 - 08 - 07


[AZALA]

yeu: euskaldunak bi aldiz preso


AURKIBIDEA

3: Editoriala

4-5: Tantaka

6-7: Ondarroako greba

8: Gartzelatiko oihua.

10-11: PNN.ak: osaturiko zauria.

12-15: Yeu-n, bi aldiz preso

16: Bankoak eta euskara

18: Kaierori hiru galdera Zornotza: burruka astea.

19: Euskal Ezkerraren garrantzia

20: Euskal Herriko normalizatzerantz.

21: Deriok plazan...

22: Santutxu: aldizkari berri bat

24: Udak Unibertsitateaz

25: Osasun arloko zapalkuntza.

26-27: Israeleko judu berriak.

28-30: Zinea eta kritika

31: Irudimenaren txokoa.

32-33: Postaz etorriak

34: Kaleko

Maketapena: Fernando eta Zumalabe.

Marrazkiak: A. Olariaga

Argazkiak: Arkoila eta X.A.

Moldategia:

Gráficas Sampedro

Part. Alzola, 2

BILBAO.

Dep.Legal: BI-1753-1967

GURE AZALA

Euskaldun gazte talde batek zenbait hilabete dirau urruneko Yeu irlan, "bi aldiz preso", beraiek dioten bezala, herbesteratuak eta presoak bezala bizi baitira. Euskaldunok Yeu-ra joaten hasiak gara eta jakina, Poniatowsky-k bere aldetik bisita hauei oztopoak jartzen ere hasia da. Barruko horrialdeetan ikusiko duzue mugatik 700 kilometrotara dagoen irla honetara egindako bisita baten historia.


Editoriala

Eskuindarren arrakasta

Eskuin muturreko erhaileek beren azken arrakasta hospatzen egongo dira une hauetan. Eta ez da guttiagorako. Suarezen gobernua beren menpean edukitzea ez da txantxetako gauza.

Amnistiari buruz zerbait esango zutelako itxaropen ttikiz, euskaldun askok 26an egindako Ministral Batzarrearen berriak espero zituzten egun horretako gauean. Eskuin muturraren egintzak zapuztutzeko, zer amnistiari buruz eskua piska bat zabaltzea baino hoberik? Behin eta berriro baieztatzen duten bezala, gaurko gobernariak herriaren boza entzuteko prest baldin da daude, zer erantzun bat ematea baino hobe?

Horrela ez da gertatu, tamalez. "Muturretako" indarrak direla eta, indar horien aurka jo beharrean, Suarezen gobernuak egin duena herriaren bozaren kontra ekitea izan da. Manifestaldiak zaintzen hasi beharrean debekatu egin ditu, hots, eskuindarrek nahi zutena, ezkertiarrak baitira kaleetan —Suarez berberaren aurka askotan— beren bozak entzun erazten dituztenek. Eskuin muturreko indarkeriak atxakiaz hartuz, Suarezek beretzat kritikalari diren manifestaldi horik debekatu ditu oraingoan.

Atxaki berbera erabiliz, "ordena publikoaren" indarrak sendatu nahi izan dituzte Suarezen gobernuko ministrariek, lau mila milioi pezetaz indar hauk lagunduz. Ordenako indarrek orain arte izan duten jokabidea ikusiz, nork sinets laguntza hori herriarentzat ongarri izango denik? Ala indar horik apolitikoak direla sinetsi behar al dugu? Sinesgaitza zaigu, eta hara zergatik. Azken egunotako adibide soil bat aipatuko dugu. Ezker indarkeriaren bat jazotzen denean, ezker antolamendu horren buruak jazarriak, atxilotuak eta probarik gabe askotan hauzitara eramanak izaten dira. Telebistan, une berean, buru horien argazki, historiak eta abar agertzen dituzte, erhaile arriskugarriak izan daitezkeela esanez. Zer jazo da, berriz, Madrileko ikasle eta abokatuen hilketen ondoren? Eskuin muturreko buruak direnen etxetara joan —ez baitute, noski, ihes egiteko beharrik eta, gizabide osoz esplikazio batzu eskatu dizkie.

Eskuin muturreko indarrak Suarez zintzoki eta "behar den" bezala portatzen ari dela esatea ez da arraroa. Nork ez luke gauza berbera esango, eskuindarra izanez gero?


Tantaka

PNNren eskeak

Institutoetako PNNok berriz ere notizia gara Gipuzkoan. Baina ez Gipuzkoan bakarrik, baita beste probintzi askotan ere. Gure arazoa oso sinplea da: lan kontratorik eta lan estabilitate minimo bat garantizatzen digun ezer, ez dugu. Egoera honen injustizia bere kontura lan egiten ez duen edozeinek konpreni dezakeela iruditzen zaigu.

Gure inestabilitate honen soluzio bezala Heziketa Ministerioak oposizioen sistema klasikoa eskaintzen du baina hau irakaskintza maila guztietako irakasle gehienek gaitzesten dute.

Ikastaro honetan behin eta berriz eskatu zaio Ministerioari Estatu mailan dugun Koordinadoraren bidez elkarrizketak hastea arazo honen soluziobide bat aurkitze arren. Hala ere Ministerioak ez du erantzunik eman orain arte. Gehiago oraindik, oposizio konbokatoria bat laister azalduko duenaren notizia iritxi zaigu. Oposiziok ez dute deusik konpontzen, zeren eta memoriz gai batzu ikastea, gero klasetan esplikatuko ez direnak ikasteak denbora kentzen du ikastetxean lana hobeto prestatzeko. Beren partetik bakarrik onhartutako sasi erreformaren bidez metodu zaharrak disfrazatzeko modu bat dela iruditzen zaigu eta logikoki Estatuak dominatzen dituen komunikabideen bidez baliatuko dela jende aurrean presentatze arren.

Lerro hauen bitartez gure erabakien berri herri osoari zabaldu nahi diogu: ikasleei egiten diegun kalteaz oharturik, eta metodu honetara beharturik egotea asko sentitu arren, metodu hau azkenekoa baita, ondorengo eskabide hauk eskatuz epe zehatzarik gabeko huelga bat hastera goaz:

1.- Lan estabilitatea

2.- Sindikatzeko eskubidea

3.- Seguritate sozial osoa eta lan gabezian aseguroa.

4.- Trienioen eta antzinatasunaren pagua

5.- Bizitzaren igoeraren

arabera sei hilabetero soldatak berrikustea.

6.- Irakaslegoaren kontratazio eta kontrola demokrazia kontestu batean, bertan zer ikusirik duten guztiek parte harturik.

7.- Oraingo oposizioak segituan deuseztatzea, lanik gabe daudenak irakaslegora sar daitezen beste erreglamendu bat prestatu bitartean, irakaslego bakar bat sortzeko lehen pauso bezala.

8.- Klase bakoitzeko ikasleak gutiagotzea.

9.- Denen eskolatzea eta debaldezkoa izatea, eta irakaskintza pribatuari diru laguntzarik ez ematea.

10.- Estadu mailako egoera plurinazionala eta Beste herrialde berezik osaturik dagoenez gero PNNok herri guztiek irakaskintzaren maila guztietan beren hizkuntzan kulturan hezitzeko eta ikasteko duten eskubidea eskatzen dugu.

GIPUZKOAKO INBKO PNNEN KOORDINADORA PROBINTZIALA

Txoko Eder-en: ikurrin lapurtua

Txoko Eder Bilbo Zaharreko Jatetxe jator bat dugu, bertan egiten diren menestra izugarriengatik mundu osoan, eta estranjeriaren zenbait tokitan ere, ongi ezaguna.

Bertako ugazabandreek, gobernuak horretarako argi berdea eman bezain aguro, balkoian ikurrin eder bat ipini zuten, baina hurrengo larunbatean, Urtarrilaren 22an, gauean, guztiok ezagutzen ditugun betiko ezezagunak etorrita, balkoira igon eta hura, masta eta guzti, eraman zuten. Demokraziaren izenean, noski.

Jestorien konbenioa

Inkesta bat egin ondoren Jestorietako langileok bi asanblada izan ditugu, bata Abenduaren 19an eta Urtarrilaren 11an bestea puntu minimu batzuk jarriaz, patronalarekin elkar hizketan hasteko.

PUNTURIK GARRANTZITSUENAK HAUK DIRA

- Konbenioa probintziala izango da.

- Soldatak 8.000 pt. gehitzea eskatzen dugu argi eta garbi.

- 40 orduko lanaldia asten, larunbatak jai izanez eta 3 hilabetetan "Jornada Intensiva" delakoa aplikatuko da.

- 30 eguneko oporraldiak denontzat.

- Emakume eta gizonezkoen arteko kategorien bardintasuna, lan bardina Soldata bardina.

- Asanbladak egiteko eskubideak.

Bizkaiko eta Gipuzkoako Diputazioek ikurrinari ezetz

Bizkaiko Diputazioburuaren proposamenduz, Jaurerriaren etxean, ez dela inoiz ikurrina ezarriko (sic) erabaki dute diputatuek. Bizkaiko Herriak sekula izendatu ez arren, horregatik beronen sentimenduak hain zintzoki interpretatzen dakiten jaunok erabaki benetan ausart horrekin, beren burua gloriaz koroatu dute betiko.

Augusto Uncetak, dena den, ongi koroaturik zeukan berea, 1966.ean, Gernikako alkatea zenean, Franco jeneral jaunari, Gernikako hiri eta jendeari egindako kondaezinezko mesedeen oroipenez, hiriaren diamantezko domina erregalatu zionetik.

Gipuzkoan, halaber, agertze publiko eta erdipirata baten ondoren, Diputazioko balkoitik bandera euskalduna kendu dute. Mugimenduaren printzipio oinharriz aldaezinen arauera jokatzen dakitenik, behintzat, ezin uka. Bapo jaunok!

Pasárgada irten da

 Pasárgada kultur aldizkariaren lehen alea, 1976.eko negukoa, hain zuzen, jadanik kalean dago. Manuel de Seabra eta Carlos Fonseca e Silva-ren zuzendaritzapean egindako literatur aldizkari hau Lisboan argitaratzen da, urtean laur ale agertuz. Bertako lanak, gainera, Iberiar Penintsulako hizkuntza guztietan azaltzen dira. Oraingoan, Gabriel Aresti, Luis Haranburu-Altuna, Juan San Martin eta Xabier Kintanaren artikulu eta obra batzu dakartzea.

Alea: 150 pezeta. Urteko abonamendua: 550 pezeta. Eskatzeko: Pasárgada, Rua da Rocha, 95-3 dto., Lisboa - 3, Portugal.

Soziologiako ikastaldia U.E.U.n

Aurtengo urtarrilaren 7an bildu zen Sail hontaz arduratzen den Irakasle taldea. Ikastaroaren prestaera nolabait martxan jartzeko, gai batzu aipatu ziren. Hauxek dira interesgarritzat jo zirenak:

1.- Hirigintza eta industriaren eragina Euskal Herrian.

2.- Muestragintzarako jakin beharrekoak.

3.- Estadua eta klaseak.

4.- Aberriaz teoriak.

5.- Euskararen egoera gaur.

Gai zerrenda hau ez da proposatzen erabatekoa bezala. Zuzeneko interesatuak ikasleak izanez gero, hauen esku dago proposamendu berrien egitea. Hutsune hori betetzeko zabaltzen dira ondorengo galdekizunak:

1- Goizeko emankizunak

Aipaturiko zerrendarekin ados ez egotekotan, esan:

- zein gai kendu behar den.

- zer gehiagotu.

- beste oharren bat.

2- Arratsaldeko mintegiak

Orobat, arratsaldeko mintegiei buruz, esan:

- zerrendako gai horietatik zeintzu hautatzen diren.

- zerrendan ez datozen beste batzu (Izendatu).

- lanerako metodoa: mintegiak nola muntatu.

- beste oharren bat.

Otsailaren buruan itxiko da erantzunak jasotzeko epea. Proposamenduak U.E.U.ko Idazkaritzara bidali. Alda. de Recalde, 46-1 dcha. BILBAO-11, Paulo Iztuetaren izenean.

Barrabas-en egiak

 Barrabas-ek, Bartzelonako humorezko kirol aldizkaria, oraingoan azal ezin ikusgarriago bat agertzen du Bilboko Athletic-ek Real Madriden kontra lorturiko garaipena dela eta. Zenbaki berean, Real Sociedad-i buruzko informe eder eta objektibo bat dator, eta horri esker euskal ekipo horrek Gipuzkoa Foot-Ball taldea delako izena izateko gestioak egiten diharduela jakin dugu.

Gure Zorionak Barrabasekoei eta Gipuzkoa Foot-Ball taldeari. A, eta Foot-ball izena, eta ez futbol, da, hain zuzen euskarazkoa. Bestela Eibartarrei galde!


Ondarroa greban

Ondarroara heldu ginenean bere kaletako giroan alaitasuna eta tristura nahasten ziren. Alde batetatik, hainbat ikurrinek ondarrutarren aurpegiak alaitzen zituzten. Bestalde, hala ere, marinelen eta makinisten greba luzeak eta armadoreen joera ulergaitzak herriaren bihotza gel zorian jartzen ari zen.

Zertan da arazo handi hau? Hara hemen guk hartu ditugun zenbait zehaztasun. Marinelen botza entzun nahi izan genuen baina berauen ordezkariek ez zuten prentsarekin hitz egiten nahi, beraientzat hitz egitea arriskugarria baita.

Marinelen eskeak

Urrun-arrantza edo "pesca de altura"n 1.500 lagun lan egiten dute Ondarroako portuan. "Bajura"koan zortzirehunen bat. Berezitasun hau garrantzi haundikoa dugu, oraingo arazoak lehen taldea, hots, "altura" edo arrastrekoa jotzen baitu, "bajura"koek normalki lan egiten duten artean.

Mila eta bostehun "altura"ko marinelek Euskal Herritik kanpotik etorrikoak dira gehienak, Andalusiatik eta Extremaduratik, batez ere. Langile zintzoak ditugu hauk baina, kanpotarrak direnez gero Ondarroan oso gutti "herriratuak" edo integratuak. Ez gera hemen arazo honen sustraiak ikertzen hasiko, lan horrek bere sakontasun berezia exigitzen baitu. Integraziorik ez hau aipatzen badugu marinel hauek duten "peontza" lan maila hobe ulertzeko da,

"Peoi" hauek armadoreen entrepresetan urte luzez ez dute ahotsik izan. Armadoreek emandako aginduak obeditu dituzte, beren biziera gogorrari isiltasunean ekiten. Arrantza aldetik urte onak izan dira joandakoak eta itsas-peoi hauen zurrumurruak armadoreek eta patroiek diru bidez ixildu dituzte. Baina urte onak amaitu dira eta arrain ezak entrepresa hauen urrezko iturriak ia osorik hertsi ditu eta une honetan hasi dira eztabaidak. Lehen marinelek alokairu minimoen hestutasunak orduak sartuz eta beste era batzuz zabaltzen bazituzten, orain minimo hori gora jaso nahi dute.

Marinelek zer nahi duten

Hona hemen marinelek egindako eskakizunak, beraiek egindako idazki batetan agertzen diren bezala, eta armadoreen aldetik hartu zuten erantzuna.

"Ondarroako Alamedan —ez baitugu beste toki egokiagorik— bildu garen Ondarroako "arrastre" arrantza-erako marinel guztiok puntu hauk erabaki ditugu:

1.- 35.000 pezetako alokairu minimo bat, beste gehigarririk gabe emana, eskatzen dugu.

2.- Lan-egutegi bat beharrezkoa dugu eta bertan gabonetako eta gabonzaharretako jaietan untziak portuan nola egongo diren seinalatua izango da.

Exigitzen ditugun puntuak

1.- Ofizial diren bi alokairu extrak exigitzen ditugu. Extra bakoitza lehenago garantizatutako alokairuaren balorea izango du.

2.- Alokairu bakoitza ordaintzean, entrepresak bere agin berezia eman beharko du.

3.- Armadore entrepresak Seguritate Sozialaren Erregimenak eskatzen dituen zehaztasunak bete beharko ditu, bai Seguritate Sozial arloan eta bai Istripu kontzeptuan.

4.- Behar-beharrezkoak ditugu hilero sei atseden egun eta egun hauk ez dira diruaren truke aldatuko.

5.- Igande eta jai egunetan ez da untzirik itsasoratuko eta Marina barruko agintariei itsasoratze horik debekatzeko eskatuko genieke.

6.- 30 eguneko oporraldi ordainduak —alokairu errealez— eskatzen ditugu.

Honaino 1.500 marinelek eskatutakoa. Hemen duzue orain "Unión de Armadores del Puerto de Ondarroa"k idatziz emandako erantzuna.

Urtarrilaren 3an gure Elkarteak "Comisión Negociadora de Marineros del Puerto de Ondarroa" denek izenpetutako agiri bat ezagutu du. Idazki honetan eskakizun batzu agertzen dira.

Komisio hau atzo, Urtarrilak 3, hartua izan zen eta batzarre nagusi bat armadoreek izan ondoren berton erabakitakoa jakin eraziko zitzaiela esan genien komisiokoei. Hona armadoreek hartutako erabakia:

Ondarroako Alturako Armadoreek ez dute greba inoiz onhartuko.

Idazki honen berri izan bezain aguro eta arazo honi konponketa bat bilatzen hasteko, marinel guztiei ordu egokian bere Entrepresetako untzitara joatea gonbidatzen diegu, untziratzeko eta han emandako aginduak segitzeko.

Untziak itsasoratu bezain laster portuan geldituko den Harremanetako Komisio bat, arazo hauei irtenbide bat aurkitzeko, Armadoreekin bilduko da. Harreman hauen oinharritzat gure arrantza-era erregulatzen duen Lan Arautegia hartuko da. Ondarroan, Urtarrilak 4".

Honaino marinelek eskatutakoa eta orain arte hartutako erantzun bakarra, "kontraproposamendu" bakarra. Ikus dezakegunez, elkarrizketa oso laburra izan da.

Makinisten eskakizunak

Armadoreen aurrean bi talde sortu dira: bata marinelena, makinistena bestea. Nahiz eta puntu berdin batzu izan, bi taldeen exigentziak oso desberdinak dira gehienetan. Marinelek, beren ekonomia hobetzea nahi badute, makinistek batez ere, jai-egunak, oporraldiak, kai-egunak gehiago begiratzen dituzte. Talde bakoitzak bere burruka berezia darama. Zatiketa honek noski, lan-burruka honetan ez du ondorio handirik burruka berberaren indarrerako, untzi lanetan bai marinelak eta bai makinistak behar-beharrezkoak direlako. Besterik gabe, pasa gaitezen makinisten eskeak zerrendatzera:

- Ordenantzetan aipatzen den oporraldi-hilabetetik aparte, beste hilabete bat eskatzen dute makinistek, untzian egindako lan-ordutatik aparte beste aisa edo atseden orduak "lan-lekuan" egiten direlako. (Gure irakurleek ez al zuten eske berbera egingo beren lantokietan egunean 24 orduak egon beharrez gero?)

- Diru aldetik, mekanikariek hiru sailetan dituzten soldatak gehiagotu nahi dituzte, Nagusi eta Agintari den Mekanikariak 70.000 pezeta kobratuz, Mekanikari Nagusi eta Agintari ez denak 50.000 pezeta eta Bigarren Mailako Mekanikariak 40.000 pzt. irabaziz.

- Herriko jaietan portuan egotea eskatzen dute ("no negociable"tzat hartzen dute eske hau). Gabon eta Gabonzahar jaietan ere herrian egon nahi dute.

Makinisten eskeek hartu duten erantzun bakarra hauxe da: untziak itsasoratu ondoren beren komisio bat portuan utz dezatela, armadoreekin eskakizunak negoziatzeko. Edonork ikusi lezake, marinelen kasuan bezala, "itsasoratze" horrek izango lituzkeen ondorioak: greba amaitzea, alde batetik, eta lehorrean gelditutako "komisioek" langile-itsasoratuen babesa eta indarra ez izatea. Gran Soleko uretatik laguntza bidaltzea ez litzateke gauza makala izango...

Irtenbideak

Ez da gure lana irtenbideak non dauden esatea. Irakurleak berak sortu beharko du bere eritzia. Marinelek beren entrepresekin gaur arte izan dituzten harremanak "informalitate" handi baten kutsua dute, paternalismo baten fruitu bezala. Soldata bat kobratzean agiri bat hartzea ez al da gauza normala, edozer lantegian gertatzen dan gauza bat? Alokairu minimo handiago bat kobratzea ez al da normala ez jairik eta ez atsedenik duen lan batetan? Bi marea hilean eginez gero, atseden egunek sei izan beharko lukete —bi hirukotan zatituak— eta hiru marea eginez gero, sei egun horiek hiru bikotan banatu. Egun hauek, gainera gaurkoz, "lehorrean" jaiegun direnekin ez dute zer ikusirik, astegunetan tokatzen baitira gehienetan.

Lerro hauk argitaratu orduko irtenbideren bat aurkitua izango da honezkero. Itsas-langileentzat irtenbide on bat izatea nahi genuke, 1.500 marinelok eta 140 makinistok Ondarroa, Lekeitio eta Bermeoko herri berberak baitira eta, galtzeko orduan, 54 armadoreek baino kapital guttiago baitute.

X. A.


Euskal Herrian

Gartzelatiko oihuak

ZAMORAKO PRESONDEGIAN SENITARTEAK DITUGUNOK HURRENGO HAU AZALTZEN DUGU:

Zamorako presondegiko egoera aldatu eta biguntzeko eginikako promesak egin ondoren, arazoak berdin edo txarrago dirauela ikusirik, hurrengo puntu hauk kontutan hartzea pentsatu dugu. Puntuok ezgizakorrak ikusten baititugu:

1.- Hygienea

a) Egunero erabiltzen diren komunek ez dute sifoirik. Honengatik, edozein zoltasun-gaixo harrapatzeko arrisku iraunkorrean aurkitzen dira.

b) Pentsa ezinezkoa deritzogu, astean behin dutxatzeko, beraiek galdara berotu behar izateari.

c) Beste aldetik, negu gorrian edo negu bizian arropa eta beste garbitasun guztiak ur hotzez egitea, sinesgaitza egiten da.

2.- Komunikapenak

a) Nahiz eta presondegietako arautegiak, komunikapena edozein hizkuntzatan egitea onhartu, ikustaldietan gaztelaniaz mintzatzera behartzen gaituzte. Gauza berdina gertatzen zaigu asteroko gutunaz.

 b) Bestalde, 800 kilometro egin ondoren, hilean 2 ordu izatea onhartezinezkotzat dakusagu. Gainera, banan banan, senitarte hurbilenekin eta hango funtzionari batek lagundurik.

Logikoena inolako trabarik gabe komunikatzea izango litzateke, baina honek guztionek ez digu uzten besarkada bat ematen ere.

3.- Janariak

a) Janaria nahiko ez izanik, ez dute ematen uzten etxean prestaturiko janaririk, okela xerra eta albardaturiko legatza izan ezik, ez eta beste janari produktu berezirik ere. Ohartxo bat egingo, etxetik eramaten dugun janaria gehienetan lehenagoko egunean prestaturik hotzik heltzen da eta batzutan ezina da jatea."

b) Haien elikatura hobe batetarako, beraiek, janaria prestatzea komeniko litzateke.

4.- Zentsura

a) Espainiako Estatu barruan agertzen diren egunkari, aldizkari eta liburuak —senitartekoek eramanak— irakurtzeko eskubidea lor dezatela eskatzen dugu. Guzti hauk —denak legalak— ez dira haien eskuetara iristen, Gehiago esanez, hezikuntzazko liburuak, euskaraz idatzirik daudenak ez dira onhartuak edo ez zaizkie heltzen zentsuran luzaro dirautelako.

Puntu hauei pertsonaren mantenu fisiko eta moraleko behar diren beste zenbaitzu gehitzera goaz.

5.- Hezetasuna

Nahiz eta geletan berogailua jarririk ukan, liburutegian bakarrik funtzionatzen du.

Geletan luzaro izatea kaltegarri izan daiteke eta benetan kaltegarria da gure presoen osasunerako (erreuma, giltzurrun, biriki eta abarrerako...)

Presondegiko medikuak beste funtzionari bat bezala jokatzen du, bere bizibidearen gizaki betebeharrak alde batetara utziz.

Patioa

Konponketa batzu egiten ari direnez, ez dute solasaldirako tokirik; ibiltzeko metro eskas batzu soilki, gymnasia eta bestelako ariketarik egin gabe.

Bestalde konponketa hauengatik, ezina da ikastea, irakurtzea etab. Arrazoia? zarata handi eta beldurgarriengatik.

Telebista

Ba dakigu aukera gutti dutela telebista ikus dezaten eta aukerok egitarau edo era batetako programa batzutara mugatzen direla. Horregatik hauxe eskatzen dugu:

Informazio programa guztiak ikusi ahal izatea (telediario lehen, 2. eta 3. edizioa); baita kultur eta solas programak ere (filmeak, txapelketak etab).

Arazo sail hau ikertu ondoren, uste dugu, Demokrazi Estatu batetan —Espainiakoa definitu den bezala— Estatutu bat sortzea beharrezkoa ikusten dugu. Estatutu hau presoaren babesa izan dadin eta orain dela 30 urte gisara iraun ez dezan.

Zamoran, 1976.eko Abenduaren 19an.

ZAMORAKO PRESO-POLITIKOEN SENITARTEAK


Euskal Herrian

PNN-ak: osatu gabeko zauria

Irakasle ez-numerariak (erdarazko laburpenean, PNN-ak). Azken asteotan hainbat aldiz entzun dugu izen hau komunikabideetan eta kalean. Urtarrilaren 18az gero, Lizeotako irakasle ez-numerariak greban diraute. Unibertsitatekoek ere 24etik 29rako astean grebara joatea erabaki dute. Erabakiok eta grebok Espainiako Estatu mailan egin dira, modu honetan bertako Heziketa eta Zientziaren Ministergoari presioa egiteko.

Baina, zer dira irakasle ez-numerariak? Zer eskatzen dute?

Izatez, kualitatiboki, antzerakoa da arazoa Lizeoetan eta Unibertsitatean. Eta hobeki ezagutzen ditudanez, artikulu honetan erabiliko ditudan eman gehienak, Unibertsitateko irakasleei buruzkoak izanen dira. Dena den, eman bertsuak kontsidera daitezke Lizeotakoei buruz.

Historia pixka bat

Irakasle ez-numerariak, irakasleen arteko zatiketa nagusian beheko aldean daudenak dira. Goian, aginte, ohore eta segurtasuna eskuan, irakasle numerariak daude. Behean, aginterik ez, ohore gutti eta segurtasunik gabe, irakasle ez-numerariak. Numerarien nagusiagoa irabazitako oposizio batetan finkatzen da soil-soilik. Hala ere, hain gauza ttiki, soil eta ezer ez honek muga izugarria ezartzen du irakasle-estamentuen artean, seguritate, soldata, botere eta beste arlo batzutan ere. Lana —seguritate gabeko lana—, ordea, gogorrago gerta daiteke eta gertatzen da irakasle ez-numerarien artean.

Urteak dira, jasaten ari diren injustizia konturaturik, irakasle ez-numerariak burrukan hasi direla. Espainia mailan antolatu, eta horrela zenbait asanblada estatal egiten dute. Horretaz gainera, Unibertsitate guztietako ordezkariez talde koordinatzaile bat antolatu dute.

Talde koordinatzaile honen bidez, elkar hizketan eta negoziaketan aritu izan dira Ministergoarekin. Negoziaketaren maila gorenera ihazko ikasturtean heldu ziren, subsekretariarekin hainbat elkar ikusketa ukanez. Baina, hitz polit eta goxoak gorabehera, ez zuten ganorazko ezer lortu, eta aurten Ministergokoek adarra jo dietelako sentsazioa dute,

Zerua eskatzen dute, ala? galdetuko bide du inork. Hala ere, egian esan, haien eskari-taula ikusiz, ez dirudi zentzuzko ez den ezer eskatzen dutenik, eta are guttiago, etorkizunari begira haien lanak ukan dezakeen eta duen garrantzia kontutan harturik. Hauxek dira prezeski eskariok:

- Kontratu laborala.

- Segurtasuna eta egonkoitasuna lanean.

- Hilean 40.000 pezetatako soldata minimoa.

- Oposizio sistemaren desegitea. Eta bitartean egiteko diren oposizioen jelatzea.

- Unibertsital erakundeen autonomia.

- Gestio demokratikoa.

Hainbeste eskatzea ote da, Ministergoaren belarriak sistematikoki hain entzungor izateko? Dena den, eskarion artean lehena da gehien txunditzen gaituena. Irakasle ez-numerariek ez dute kontratu laboralik. Nahiz eta iraunkorki lan egin, urtean behin edo urte birik behin kontratu berria egin behar dute. Honela, ez dute segurtasunik lanean eta bestalde, aintzinatasun eskubideak eta abar galtzen dituzte. Estatuak, bere boterean finkatuz, ez du legea betetzen, lege berberori entrepresa pribatuei bete erazten dien arren. Hori bai dela exenpluarekin predikatzea!

Aurtengo ikasturtea

Aurtengo ikasturtearen hasieran, izorraturik zeuden arren, nahiko motel zeuden irakasle ez-numerariak, ezintasunaren ezintasunez etsiturik. Baina animoak berotuko zituen diru altxaketa baten berri heldu zen haien belarrietara, eta —berorrek estamentuen arteko desberdintasunen handiagotzea ekarriko baitu— osatu gabe zegoen zauria birzabaldu eta zornatu egin da.

Arazoaren larritasuna eta desegokitasuna adierazteko, hona hemen Ministergoan onhartu diren soldata altxaketen adierazpena:

 Dedikazio Hileko 1976.eko Hileko

 esklusiboz, astean soldata netoa Urtarrilean soldata netoa

 eman behar diren 1976. urtean egonen den 1977. urtean

 ikastaldi orduak  diru altxaketa

IRAKASLE

NUMERARIAK

Katedratikoa 9 82.000 11.000 93.000

Agregatua 9 66.000 8.000 74.000

Adjunktua 9 48.000 5.800 53.000

IRAKASLE

EZ-NUMERARIAK

Katedratikoa 9 55.000 11.000 66.000

Agregatua 9 51.000 8.000 59.000

Adjunktua 9 34.200 5.700 39.900

Enkargatua 12 27.700 0 0

Laguntzailea — 20.200 0 20.200

Titulazioari gagozkiolarik, enkargatu eta laguntzaileak kenduz beste guztiek doktore titulua dutela esan behar da; eta enkargatu eta laguntzaileak, lizentziatu edo goi mailako titulatuak (arkitekto, ingeniari,...) dira. Ikastaldien gaiari buruz, diskriminapenik gabe lan egiten dutela esan behar da, hots, lan berdina egiten dutela.

Goiko koadroko zenbakiek nahiko argi adierazten dute arazoa. Ikus daitekeenez, gehien duenari, gehien altxatu zaio; alderantziz, guttien irabazten duenari —eta bide batez, lan gehien egitera behartua denari—, ez zaio ezer altxatzen. Hori bai justizibidea!

Oposizio sistemaren aurka

Arazo honen muinean, numerari / ez-numerari (beste hitz batzuez, funtzionari / ez-funtzionari) bereiztasuna eta azken batetan, bereiztasun hori sorterazten duen oposizio sistema dago. Zeren eta oposizio bat gaindituz (eta sufrituz) heltzen baita numerari (funtzionari) izatera.

Irakasle ez-numerariak (eta numerari asko ere bai) oposizio sistemaren aurka daude, eta hau —beste gauza batzuren artean— ondoko arrazoiengatik:

- Praktikan oposizio sistema desegokia dela, aski frogaturik dagoen gauza bat delako.

- Oposizioa gainditzeko irakasleak elkarrekin enfrentatu behar direlako, eta honek ezinikusiak sortzen dituelako.

- Oposizioa prestatzeko, hainbat denbora (urteak) eman behar delako eta neurri handi batetan denbora hori galdu egiten dela esan daitekeelako.

- Oposizioetan pasatzen duten tentsioaren kausaz eta garaipenak ematen dieten segurtasunaz, irakasle asko traumatizaturik geratzen direlako.

- Eta abarrengatik.

Bestalde, ba dirudi Ministergoak, irakasle ez-numerarien mugimendua moteltzeko, harma bezala erabiltzen dituela oposizioak. PNNen arazoaren ebazpide bakarra bezala, eta irakasleak tentatzeko baita bezala, oposizioa —eta beronek ematen duen segurtasuna— aurkezten da. Hala ere, dirudienez, Ministergoak itxura egiteko baino ez dituzke erabiltzen oposizioak. Komunikabideen aurrean propaganda eginez, hainbat plaza atera direla esaten da, zifra globalak adieraziz; esaten ez dena, plaza horik betetzeko zenbat jende dagoen da. Honela, adibidez, Espainiako Zientzi Fakultate guztietarako 165 adjunktu-plaza atera dira, eta 1182 irakaslek firmatu dituzte oposizioak (eta beste asko firmatu gabe geratu dira). Zenbait asignaturaren kasuan harrigarriago dira datuak. Esate batetarako, Kimika Generaleko 8 plazetarako 151 opositore daude, Biokimikako 6 plazetarako, 88, Biologiako 6-etarako, 54,...

Eskariak erdiesteko egintzak

Baina, zer plangintza antolatu dute Unibertsitateko PNNek beren eskariak lortzeko? Elkar hizketa bidea uxatu gabe, baina horrekin irteerarik gabeko bide batetara heldu direla konturatuz, talde koordinatzailearen gomendioei jarraikiz, greba egitea erabaki dute 24tik 29ra doan astean. Honekin batera, Unibertsitateetako Errektoreen Kontseiluaren batzarregunaren bezperan, eta kontseilu horretakoak presionatzeko, herstaldi bat eginen dute, gau osoa Unibertsitatean pasatuz.

Arazoa larria da; injustizia nabaria; irakasleen arteko diskriminapena agerikoa. Unibertsitatea etor kizuneko gizartearen hazia lantzeko toki garrantzizkoenetarikoa delarik, eta bertako irakasleen lanaren kalitateak guztion ardura izan behar duelarik, harritzekoa da irakasle batzu —numeratu, gehienak— hain gaizki kontsideraturik daudela ikustea. Konponketa egoki eta justua opa diegu.

J.R. Bilbao

1977-1-24


Euskal Herrian

Yeu-n bi aldiz preso

"Allo! Nous sommes içi, pres de la Gendarmerie. Les basques dissent quelque chose sur Ponia..." Irratitelefono batez jarraikitzen zitzaigun polizia —ehunetik gora dabiltza gaur egun Yeu-ko irlan— hala zioten Urtarrilaren 23an, hara joandako 150 euskaldunek, gure hamaika presoek Gendarmerie-ra egunero bezala izenpetzera zihoazela, manifestaldi bat egin genuenean. Euskaldunak irla galdu hartara helduko zirenik ez zuen pentsatzen Poniatowskyk. Eta, oraingoan guk ikusi dugunez, hemendik aurrera Yeu-ra joango diren euskal taldeek Ponia berberak jarritako oztopoak gainditu beharko dituzte. Noiz ikusi da, ba herri batek bere "preso arruntak hiltzaile eta bortxatzaileak" bisitatzea?

Hamaika preso

Hamaika dira gaur egun Yeu-n dauden herbesteratu-presoak. Hona hemen preso hauen zerrenda: Uriarte, Ereño, Beñaran, Sagardia, Garitaonaindia, Makazaga (bi), Xabier Aya, Roberto Etxeberria, Perez Revilla eta Lazaro Arandia. Hamaikek Yeu-ko kaietan gure zain aurkitu genituen gure untzia goizeko zortzietan irla jo zuenean. Gero "Trepa"k esango zigun bezala, euskaldun taldeek egindako bisita hauek herbesteratuak eta presoak daudenen izpirituei gorakada handi bat egiten diete "bi aldiz preso" egoteari (herbesteratu-preso baitira) astuntasun piska bat kenduz.

Gu San Anton Abesbatzak antolatutako taldearekin batean joan ginen. Hau dugu orain arte bizkaitar talde batek egindako lehen bidaia, astebete lehenago 50 giputzek beste bat egin baitzuten. Ehun eta berrogeitamar lagunek izan genuen bidaia ez zen txantxetakoa izan, Poniak jarritako lehen oztopoak aurkitu baikenituen, hastean, eta itsaso hasarre batek jarritakoak, amaitzean.

Hiru ordu mugan

Yeu-ra joatekoan ez dago egunean behin irlara joaten den untzia galtzerik. Untzia galduz gero, zazpirehun kilometro barrurantz egindako ibilaldiak ez du ezertarako balio. Fromentine herriko portura untzia hartzeko garaiz nahi eta nahi ez heldu behar da, untzik marea gora heltzean alde egiten baitu, inori itxaron gabe. Euskaldunek untzi hau galtzea...hara hemen orain Poniak duen helburu nagusia... Hau argi ikusi genuen gure ibilaldia mugara heldu zenean.

Arratsaldeko seiak hamar guttitan gure hiru autobusek muga jo zuten eta, hogei minutuz espainiar poliziek pasaporteak ikertu ondoren, polizia frantsesera heldu ginen. Une honetan hasi zen gure ibilaldiko oztopo nagusiena, hiru orduz frantsesek mugan egon erazi baikintuzten arrazoirik eman gabe. Hiru autobusek apartatu ondoren, txoferrei autobus bakoitzeko giltzak kendu zizkieten eta denon pasaporteak bildu. Zergatik? Hiru ordutan ez zuten arrazoirik adierazi. Pasaporteak ondo ikertzeko ez zen izan, guretako batek bere pasaportea ez baitzuen eman eta, halere, inork ez zion ezer esan ez eta pasaporte eskatu. Han geunden bi kazetari, presio moduz, frantses poliziei esplikazio bat eskatzera joan ginen, ordu bat han 150 lagunek itxaroten egon ondoren. Poliziek "funtzionari" hutsak zirela esan ziguten eta ez frantses eta ez espainiar politika aldetik ez zutela presiorik sufritzen behin eta berriro esanez. Zortzietarako ibilaldia segitzen utziko zigutela promes egin ziguten. Ez zen horrela izan, zortziretan txoferrei "hoja de ruta" deritzon horria eskatu ondoren "fotokopia bat" ateratzeko automobil bat hartu eta polizia bik alde egin baitzuten. Mugan fotokopia hori egitea ez da gauza normala, bakoitzean ez baitute automobil bat hartu eta kilometro batzu egingo...

Yeu-ko untzia ez genuela hartuko bildur ginen. Gaueko zortzi t'erdiak ziren eta ez genekien muga noiz pasatuko genuen. Azkenean eta inork esplikaziorik eman gabe gaueko bederatzietan ibilaldia segitzen utzi ziguten. Untzia galduko genuelako esperantzaz beterik egongo ziren frantses poliziek, baina ez zen horrela jazo, bidean ez baikinen ia gelditu. Zazpirehun kilometroak garaiz egin genituen. Goizeko zazpiretan "President Roland" untzi zaharrean geunden, Fromentineko portuan, Poniaren oztopoa gainditu ondoren. Untzian egindako bidea ez zen txantxetakoa izan, 150 lagunetarik ia guztiok, itsasoa hasarre zegoela eta, mareatu egin baikinen. Itsasoan pasatutako ordu eta laurdena oso txarra izan zen. Azkenean, halere, Yeuko kaietan gure hamaika presoak ikustean, denok alaitu ginen, eta pasatutakoa, pasatuta...

Yeu-ko biziera

Gure hamaika gazteek, bisitalari-taldeak errezibitzeko, Yeu herriko dantza-leku edo "boite" antzekoa alokatzen dute eta han beraiek gertutako eta zerbitzatutako gosari eta, behar bada, bazkariak ematen dituzte. "Trepa", "Argala" eta besteek oso ederki errezibitu gintuzten eta sukaldari trebeak direla agertu ere. Yeu-ko kaietan agurtu gintuzten baina gure inguruan, oso hurbil, une bakoitzean poliziak erne zeuden, beren irratitelefonoz eta harmaz prest. "Benetan presoak garela esan dezakezue lasai-lasai" esan zigun Trepak, "polizia hauen hurbiltasuna oso nabarmena baitugu". Horrela da. Egun osoan, bai oinez, bai autoaz eta bai motorraz C.R.S. edo polizia bereziak gure atzetik ibili baitziren, bai paisanoz eta bai uniformez, disimulurik gabe.

Yeu-ko irla pobre eta tristea dugu. Bertako bost mila bizilagunak arrain bidez bizi dira. Bizilagun hauekin harremanak izatea ez da gauza erraza gure gazteentzat. Alde batetatik, polizien hurbiltasunak ez du harremanak izateko bidea errazten eta, bestetik, ofizialki euskaldun gazteei buruz egin den informaketa gure gazteak eraile eta preso arriskugarri gisa agertu ditu bai Frantziako eta bai Yeu-ko bizilagunen aurrean. Euskal taldeen bisitekin, hala ere, giro hau aldatzen hasi da eta irlako bizilagunak hamaika gazteak ez direla eraileak ikusten hasi dira. Nola, bestela, hainbeste bisita izan?

 "Oraingoan Gobernua "pasatu" egin dela pentsatzen dugu", esan zigun Yeuko bizilagun batek. "Gazte hauk oso ederki portatzen dira gurekin, oso atseginak dira", segitu zuen. "Zuen herriaren arazoaz zerbait jakiten ari gara piskanaka, bai gazteen bidez eta bai zuen bidez. Zerbait ulertzen hasi gara... Gure irlan ba dira bretoi batzuk eta Bretainiako burrukaren bidez zuen burruka ere piska bat ulertzen dugu..."

Ereñok esan zigunez, irlan ba dira euskal presoen laguntzaile bezala sortu diren talde batzu. "Orain arte katoliko progresista talde bat izan da bere laguntza eskaini diguna", dio Ereñok. "Talde honen bidez kantari bretoi bat etorri zen behin eta orain dela egun batzu alemanen aurka frantses erresistentziak egin zuen burrukaz filme bat ere ekarri zuten. Filme honek gutaz hemen zuten kontzeptua hobetu egin du, filme horren barruan alemanek, frantses erresistentzian zeudenei buruz bortxatzaile, eraile eta gisa horretako juizioak agertzen baitzituzten... Orain guri antifaxista burrukalari bezala begiratzen hasi dira herrikoak eta, geure giroaren hobetze honek "kontraofentsiba" batetara pasatzera bultzatuko gaitu gaurtik aurrera. Ofizialki Poniak egin duen gure kontrako propaganda desegin behar dugu. Euskaldun taldeen bisitak oso mesedegarriak ditugu arlo hontan..."

Manifestaldia

"Les Ballereuses" dantza-lekuan —gure presoek alokaturiko aretoan— gosaldu ondoren (gosaldu ahal izan zutenek, noski, besteek erdi-lo, erdi-maretuak baikeuden) presoek Gendarmerie-ra izenpetzera joatean beren atzetik manifestaldi bat egin genuen, txistulariek geure kanta ezagunenak jotzen zituzten artean. Ia bi kilometrotako bide hartan gure manifestaldietako oihu guztiak bota genituen, beste herri batzu "Ponia" madarikatuari opatuaz. Gure atzetik eta aurretik hogeiren bat polizia genituen, manifestaldian gertatzen zenen berri irratiz une bakoitzean berri emanaz. Herriko etxe txiki eta zurien lehioetan herrikoek manifestaldia begira zeuden, guztiz harriturik. Taldeen aurretik gure presoak zihoazkigun, "Argala"k bere neska lagun zuela, "Trepak" bere amarena zuen artean. Ikurrinak ere han zirela zer esanik ez dago. Presoek izenpetzen ari ziren artean kanpoan gelditu ginen 150 lagunek "Eusko Gudariak", "Batasuna" eta beste kanta mordoska bati ekin gintzaizkion. Itzultzeko bidean berdin, herriko elizaren aurrean gelditu arte. Meza emango zela eta guk han egotea ondo ikusia izango zela Yeu-ko herriaren aldetik, mezan egon ginen guztiok, hamaika presoekin batetan. Meza bai Yeuko apezak eta bai gurekin joandako bi abadek egin zuten. Frantses abadeak bere homilian benetako amnistiaz eta benetako askatasunaz hitz egin zuen, euskaldunei ongi etorri bero bat eman ondoren.

San Anton Abesbatzak, beren kanta-jantziz eta guzti, meza barruan kantatu ondoren, meza amaitzean elizan bertan kanta-saio bat opatu zuen. Gu kanta-saio hau entzutean bere kalitate handiz harriturik gelditu baginen, pentsa ezazue nola gelditu ziren Yeukoak... Bitartean, eliz aurrean, poliziak erne zeuden.

Presoekin hizketan

Meza eta kanta-saioa amaitzean, elizaurrean, dantzari talde batek gure dantzei ekin zitzaien. Une hartan irlako bi komunistearekin hitz egin genuen eta irlako politik egoeraz berri izan genuen. Bost mila bizilagunak "apolitikoak" direla esan dezakegu, hogei komunista eta hogei ta hamarren bat sozialista kenduz. Bi komunistek bere alderdiaren aurka zenbait kexa zituzten, alderdi komunistak ez baitzuen euskal presoei buruz erabaki bat hartu nahi. "Yeu-ko euskaldunei buruz behin eta berriro idatzi diegu Nanteseko gure alderdiko lagunoi baina ez digute erantzunik bidali. Ez dute hemengo arazoa ikusi nahi..."

"Giza Eskubideen Aldeko Elkarte"ko andre bat ere aurkitu genuen, Yeura bere elkartearentzat berri-emaile bezala joandakoa. Andre honek esan zigunez, Nantes-eko huriburuan Yeu-ko arazoaz interesa sortzen ari da, nahiz eta Frantziako komunikabideek arazo hau alde batetara sistematikoki utzi. "Ixiltasun kanpaina bat dagoela argi da", esan zigun andreak. "Ixiltasun ofizial honen aurka gu manifestaldi handi bat egiteko asmoa dugu Nantesen eta baita ere Teodorakis grekoa Yeu-ra ekartzeko asmoa. Teodorakis Yeura etortzen bada, komunikabideek euskaldun presoen arazoaz nahi eta nahi ez hitz egin beharko dute".

Arratsaldean eta bostetan untzia hartu baino lehen gure presoekin hitz egiten egon ginen. Hara hemen Trepak eta Argalak bere lagunen izenean esandakoak.

 "Gure egoerari ez diogu irtenbide argirik ikusten", esan zigun Argalak. "Batzuk diotenez Frantziak Hego-Amerikako herrialdetara bidali nahi gaitu. Beste batzuk Frantziak Hendaiako mugan jarriko gaituela diote, amnistia zabaltzen bada... Guk uste duguna zera da: gure herriak aterako gaituela hemendik, beti bezala, burruka bidez. Hemendik ez dugu ihes egiterik, poliziek gure urratsak segitzen baitituzte".

Hola zioen, bere aldetik, Trepak: "Frantziak nahi duena zera da: guk beste herri batetara bidaliak izatea eskatzea. Baina guk ez dugu nahi ez Suediara eta ez beste leku batetara bidaliak izatea. Guk Euskal Herrira joan nahi dugu eta, Argalak esan duen bezala, gure herriaren bidez lortuko dugu helburu hau".

Argalak, bere aldetik, "Ponia"rentzat arantze bat bihurtzen ari zaiola Yeu-ko arazoa dio eta, gainera, arantze hau ezin duela kendu. Ponia, berberak antolatutako tranpan erori da.

Beste gai garrantzitsu batzutaz ere hitz egin genuen bi presoekin. Ikurrinaren ofizial "baimenaz", biok ados daude: Espainiako gobernuak egin duen gauza bakarra zera da, herriaren burrukak lortu duen ikurrinaren inposatzea onhartzea bakarrik. "Euskal Herriari buruz gaurko Espainiaren gobernuaren dinamika guztiz aldatu da, herria gobernu berberaren dinamika aurretik baitoa". Trepak dioenez, gaur egun Suarezek eman dituen urratsak P.C.eren eta PSOEren klaudikaziogatik izan da. Oriol arazoari buruz, Trepak lehen Grapok iraultzaile talde bezala egindako gauza bat zela uste zuen, baina orain ez ditu gauzak argi ikusten. Argalak, bere aldetik, talde txiki batek gauza haundiak egin ditzakeela onhartzen du eta, Oriol-en arazoan, Grapok hori egitea posible ikusten du. Abaituaren arazoaz, biek gobernuaren antolaketa bat bezala ikusten dute, Euskal Herriak amnistiari buruz duen batasuna hausteko saio bat bezala.

Yeuko arazoaz, Trepak Frantziako gobernuak ezin dituela Frantziatik kanpo bidali dio. Argalak, berriz, posibilitate hau ez du alde batetara uzten: "Frantzian dauden indar politikoen oreka aldatzen bada, guk arazo politiko bat garenez gero, gu kanpora bidaliak izatea posible ikusten dut". ETAri buruz, nahiz eta taldea talde politikoa bihurtu, beti antolamendu defentsibo baten papera izan beharko duela etorkizunean diote biek. Euskaldunen aurka noizbait guztiek beren indarrak batzen badute, talde honen beharra argi ikusiko da. Etorkizunean ez dute nahi taldea polizia politiko bat bihurtzea, armada baten hasiera izatea baizik.

Arratsaldeko bostak dira. Untziak tutuari ekin dio eta porturantz joan behar dugu. Presoak bizi diren hotelen aurrean "jeep" bat eta polizi talde bat daude, aterantz begira. Kaian azken aldiz dantza taldeek dantza egin ondoren, besarkada bidez presoak agurtzen ditugu. "Etortzen segi ezazue" diote presoak. "Hurrengoan Hego-Euskal Herrian ikusiko diagu elkar". "Goraintziak hango jendeei. Ekin burrukan", "Aska gatzaizue".

Untzia itsasorantz doa. Yeu-ko herri osoa portuan dago. Presoek "V" bat hatzamarrez eginik agurtzen gaituzte. Guk berdin erantzuten dugu. Gure taldeko emakume batzuk malkoak dituzte begietan...

X.A.


Euskal Herrian

Bankuak eta euskara

Aurten, Euskal Herriko Bankulariek, "Plataforma Nacional de Euskadi" delakoaren barnean eskakizun hauxek egin dituzte.

1.- Elebitasuna Bankuetako inpresuetan, batez ere beren langile eta bere bezeroen arteko harremanerako egiten dituzten paperetan.

2.- Ikastolei laguntzea.

3.- Euskal kultur erakundeei ekonomi laguntza ematea.

4.- Euskara eta euskal gaiak estudiatzen dituzten langileei eta berauen seme alabei gai hauk estudiatzen baldin ba dituzte ehuneko ehuna ordaindu.

5.- Euskal Herrian dauden bankuetan berauen lehiatiletan ahalik eta gehien euskara dakiten langileak agon daitezela.

6.- Ekonomi estudioak Euskal Herri mailan egin daitezela.

Tira, ba dirudi bankuetan ere gai hauetaz arduratzen ari direla. Zorionak eta lehenbailehen beste profesioetan ere imitatuak gerta daitezela.


Euskal Herrian

Kaierori hiru galdera

K.A.S.en SOZIALISMOA DOGMATIKOA DA. K.A.S. MARXISTA-LENINISTA DA (Andoni Kaierok Larrabetzun).

1977.eko urtarrilak 22 gaueko 8,30ak eta E.S.B.ren aurkezpena Larrabetzun. Hizlaria Andoni Kaiero.

Amaiera ematen dio Kaierok mintzaldiari eta elkarrizketa zabaltzen da. Galderak: hauteskundeak, etorkinak, euskal kultura, euskara, Ipar Euskal Herria, amnistia eta betiko galdera. "Ados al zaudete K.A.S.en puntuekin"? Kaieroren erantzuna: "K.A.S.; O.R.T.; P.T.; M.C.E. (movimiento comunista de España. Hau ondo errepikatuz) eta ez dakit nolako O.I.C.E. edo "Izquierda comunista"rekin batu da.

Jende artean Larrabetzukoa ez den beste batek, Kaierok esandakoari honela gehitzen dio: "Ni marxista eta E.S.B.ko militantea naiz. Mao, Chian Kai-shek, eta japoniarren gerrako historia bat argumentatuz honela bukatzen du: "Kontraesan nagusia hemen nazional arazoa da. Fronte abertzale bat egin behar dugu. Nik ez dakit nolako "pot-pourri" muntatzen nahi duen E.H.A.S.ek Herri Asanbladekin, asanblada horietan espanolistak ere barruan egongo baitira.

Berriz galdera egin zuenak: "Barkatu baina ez didazue ondo ulertu. Nire galdera hau izan da: Nola ikusten dituzue K.A.S.en puntuak?". Berriz Kaierok: "Gu ez gara marxista dogmatikoak, K.A.S. aldiz bai, K.A.S.en sozialismoa dogmatikoa da. Gurea ez, gure sozialismoa librea da. K.A.S. marxista-leninista da eta bera bezalako taldeekin batu da.

K.A.S. ez dela marxista-leninista erantzuten zaio, baina berak lehen esandakoa era honetara azpimarkatzen du: "L.A.I.A. marxista-leninista da. E.TA.(p-m) marxista-leninista da. E.H.A.S. marxista-leninista da. Eta berriz ere P.T.; O.R.T.; M.C.E.; eta O.I.C.E. izendatzen dira. Kaierok: "E.S.B. autogestionarioa da. Ez du proletalgoaren diktadura onhartzen, ez eta centralismo de estado".

Eztabaida hartatik Larrabetzuko herriak sozialismoaz gauza onuragarririk ez zuela aterako ohartuaz ixiltzea erabaki genuen.

Nazkagarria izan zen gure eritziz Kaieroren jokabidea.

- K.A.S. eta barruko taldeak, firmeki, marxista-leninistatzat bota zituen.

- K.A.S. siglak, O.R.T.; P.T.; O.I.C.E.; eta M.C.E.rekin nahasten saiatu zen. Ez zituen behin ere, E.K.A.(karlistak) Eusko Sozialistak eta E.S.E.I. aipatu.

Zaila egiten zaigu pentsatzea, ez zegoela Kaieroren aldetik, taktika ondo pentsatu bat Larrabetzu bezelako herri ttikietan aplikatzeko. Hau da:

K.A.S. komunistatzat edo guttienez extremistatzat presentatzea.

K.A.S.en abertzaletasuna zalantzan jarri.

Lur landua dute helburu horik lortzeko, ez baita alferrekoa izan 40 urteotako zapalkuntza.

Hiru galdera Andoni Kaierori:

1.- Zertaz oinharritzen zara K.A.S. marxista-leninista dela esateko?

2.- Non oinharritzen zara E.H.A.S. marxista-leninista dela esateko?

3.- Non oinharritzen zara K.A.S.en sozialismoa dogmatikoa dela esateko?

Erantzunaren zain gelditzen gara.

Larrabetzuko 20 abertzalek


Euskal Herrian

Zornotzan burruka astea

Euskal Herri osoan zehar AMNISTIAren alde nabari den giroa gure herrian ere ez da guttiagorako, neska eta mutil, zahar eta gazte, haurrak berak ere kaleratu zaizkigu, gure herriak burruka egunak bizi izan ditu, hona hemen laburpen bat.

 Urtarrilak 15.- Andra Mari eliz dorrean gartzelan eta atzerrian egondako 11 herritarrek gose greba bat hasten dute, eta agiri bat egiten dute AMNISTIA eta Tarabusiko langileen egoera aldarrikatuz.

 Urtarrilak 16.- Goizean goiz eliz dorretik pankarta handi bat agiri da zintzilik: AMNISTIA OROKORRA, EMILIO ETA LUKEN ASKATU eta baita era ikurrin bat.

Eguerdiko ordu batak aldera 500 pertsonak osaturiko manifestaldi bat abiatzen da grebalarienganantz, bertan AMNISTIA OROKORRA, eta EMILIO eta LUKENen etxeratzea eskatzen da eta baita ere atzerrian dauden gure herritarrena.

Arratsaldeko 7ak inguruan, goizean bezala, jendea eliz dorrerantz doa, 600 pertsona, hainbat oihu entzuten dira eta amaitzeko EUSKO GUDARIAK GARA abesten da.

Grebalariak han gelditzen dira, oraindik beraien egoera oso ona, baina kanpandorreko hotza negargarria zen.

 Urtarrilak, 18.- Asanblada bat egiten da eta erabaki hauk hartzen:

1.- Bilboko Tarabusiren aldeko manifestaldia potentziatu.

2.- Urtarrilaren 20 Greba Orokor bat egitea Zornotzan.

 Urtarrilak, 19.- Zornotzatik jende asko joaten da Bilbora.

Grebalariak ahultzen hasten dira.

 Urtarrilak, 20.- Herriko lantegi nagusienak geldi; Izar, Aluminios de Galicia, Calibrados Vascongados, Papelera del Carmen, e.a. guztira 8.000 bat langile. Eguerdian asanblada bat egiten eta manifestaldi bat antolatzea erabakitzen da. Arratsaldeko 7etan Herria kalean zen, lehenengo grebalarien bila abiatzen dira 2.000 bat pertsona, hauk irtetzen dira dorretik eta taldearen aurrean jartzen, pankartak agertzen dira SOLIDARIDAD CON TARABUSI, AMNISTIA OROKORRA, eta hainbat eta hainbat ikurrin, oihuak denen ahoetatik ateratzen dira. Amaitzeko udaletxera jotzen du jendeak IKURRINA BALKOIRA esanez baina alkateak atzeko atetik ihes egiten du, hori ikusiz han bertan komisio bat aukeratzen da hurrengo egunean alkatearengana joan dadin Ikurrina eskatzen eta larunbat eguerdirako jendea udaletxe aurrera deitzen.

 Urtarrilak, 22.- Eguerdian berriz ere jendea kalean alkatearen erantzunaren zain, baina, poza putzura, alkateak hurrengo astean egingo zuela plenoa eta bertan erabakiak hartuko direla erantzuten du. Noiz arte honela Alkate jauna?

ISABEL


Euskal Herrian

Euskal ezkerraren garrantzia

Espainia demokraziarantz abiatzen ari da post-frankismoaren Gobernuak kontrolatuta, eta azken egun pre-demokratiko hauetan eskuineko alderdi politikoei tolerantzia bat eman zaie beren erakundeak eraikitzen has daitezen. Honela, Suarez-ek eskaintzen die eskuindar taldeei ezkertiarrek ez duten oportunitate bat. Beraz, ezkertiarrek lan egiteko baimena lortuko dutenean, eskuindarrek aurrea harturik edukiko dute. Puntu hau garrantzi handiko gauza da, kontutan hartzen badugu hauteskundeak apirilean izango direla, 40 urtetako gau ilun eta huts baten ondoren.

Euskal Herri mailan, Gobernuak jokabide berbera hartu du. PNV-ek bere mitinak eta bilerak egiten ditu, batzutan baimenaz eta besteetan toleratuta. Alderdi honek ba du bere antolamendua eratuta, bere militanteak kontrolatu eta enkoadratuta. PNV-ek makineria martxan dago abiada handiz. Ba dirudi Gobernuak alderdi moderatuen arten indartsuen bezala kontsideratzen duela PNV, eta euskal ezkerreko alderdien gainetik aurrera har dezala nahi duela.

PNV-ren ezkerrerantz ESB dugu. Honi, zerbait uzten diote, baina PNV-ri baino guttiago. Eta ezkerrerago EHAS. Behar bada Gobernuak EHAS-ek lor dezakeen indarra ezagutu duelako, ez dio oraindik lanean hasteko baimenik ez tolerantziarik eman.

Gobernuaren jokua argi dago, puntu bi hauk adierazten digutenez:

1.- PNV-ri denboraren abantaila ematean, beronen erakundea eta militantzia osotuta egongo dira hauteskundeak heltzen direnerako.

2.- ESB eta EHAS, alderdi berriak eta beraz tradizio gabeak izanik, eta PNV zaharra eta historia on batekin, bi haiei eragozpenak ezarriz eta legaltasunean iharduteko epea laburtuz, PNV-ren alde joango lirateke hauteskundeetako boturik gehienak.

Mendabal Europako Estatuetan eskuin indartsuak daude eta Euskal Herrian ere euskal eskuin indartsu bat egoteak, hau da, PNV indartsu bat, ez du inor harritu behar. Baina Estatu haietan ba daude ere ezkertiar talde indartsuak, eta Euskal Herrian ere euskal ezker indartsu bat behar genuke, baina orain arte ez dugu eduki ahal izan. Betidanik, hemengo talde ezkertiar indartsuak PSOE eta PCE izan dira, baina hauk ezin kontsidera ditzakegu euskal ezkertzat. Eta euskal ezker indartsu bat behar dugu. Zertarako?

1.- Ezkertiar sentitzen diren euskaldunek bere alderdia eduki dezaten.

2.- PSOE, PCE eta horien tankerako alderdiei konkurrentzia egiteko, eta euskalzaleago izatera bihur erazteko.

3.- PNV-ren kontrabalantza izatera hel dadin.

Gobernuaren jokua zein den ikusirik, euskal ezkerrak oso denbora gutti eduki ahal izango du bere erakundeak eraiki eta militanteak bildu eta antolatzeko. Beraz, epe oso labur baten barruan egin beharko du lan. Dena den, eta nola langileria, gazteria eta intelektualgoa, hau da, Euskal Herriko parterik dinamikoena ezker honetan sartuko den, ba dugu itxaropenik urrats handiak eman ditzakeela hauteskundeen aurretik, batez ere taldekeriak utzi eta alderdi bakar eta handi bat eraikitzeko gauza bagina. Honetarako, baseari utzi behar zaio hitz egiten. Herriak, ezkertiar herriak, batasuna eskatzen du. Basearen ahotsa jaso eta programara eraman besterik ez dago. Denbora gutti badago ere, zerbait egin dezakegu hauteskundeen aurretik, eta zuhur jokatuko bagenu bati baino gehiagori eman geniezaioke sustorik.

Xabier Gereño


Euskal Herrian

Hego Euskal Herriko bizitze sozial eta politiko normalerantz

Francoren diktadurak iraun duen 40 urteotan, Euskal Herriaren historia burrukez, gogorkeriaz eta samintasunaz betea izan da. Masen eta herri gurarien zapalketa systematikoan oinharrituriko erregimen autoritari honen aurka —kapital handiaren interesen zerbitzu soilean nabarmenki egon den erregimena berau—, gure herria izan da aurrez aurre eta zuzenkienik burrukatu duena.

Francok herriari gainjarri dion monarkhiaz hasten da politik erreforma izeneko prozesua, boterearen tapotza beste atal burjes batzuri ere zabaltzen diona (baina, horregatik, kapital handiaren hegemonia zalantzan jarri gabe) eta bere zapalmoldeak aldatzen dituena, irekitasunezko prozesu kontrolatu, mugatu eta barregarri baten joanean. Hala ere, aski izan da Euskal Herri Langilea kaleratzeko eta urte osoa boterearen eta gorputz zapaltzaileen probokatze etengabeez zipriztineztaturiko langile eta herri mugipenez josteko. Aski izan da, bai.

Haziz doa herriaren oihua, zapalkuntzaren gauetik irteteko gogo bizia eta, demokrazia eta nortasun politikoa konkistatzeko erabakia. Horren parean, herri oihuari entzungor egiten dion botere zentral intrantsigentearen kontzesio ttikiak. Herria eta boterearen arteko zuloak lehen bezain sakon eta gaindigaitz dirau, eta orain, gainera, erreformarako urtea betetzean, are nabariago dago. Gutienez, erreforma horrek —hori bai— abantail bat du esan dugunaz, hots, botere zentrala eta Euskal Herri Langilearen arteko burruka gehiago nabarmendu duela, eta hauxe da bera gainditzeko lehen baldintza.

Sei dira, funtsean, gure herriaren politik eta sozial normaleztapena egiazki eta benetan garantiza dezaketen baldintzak. Horietako hiruk, diktadura eta faxismoarekin, berauk maskaraturik egon arren, ez dagoela demokrazia egiterik erakusten dute, hau da, diktadura frankistarekiko haustearen beharra adierazten digute. Eta hauk dira: amnistia osoa, mugarik gabeko askatasun demokratikoak ematea eta gorputz zapaltzaile eta banda faxista guztiak ezereztea. Hortik hasita, beste hirur baldintzek zentzu eraikitzaileagoa dute normaleztapenerako bidean, herri nahiei erantzun egoki bat ematea, halegia: gure nazional soberania eta geure etorkizun politiko eta nazionala libreki erabakitzeko dugun eskubidea onestea, autonomi estatutu berri baten formulaz, gure herriak bere askapenerako burrukan lorturiko aurrerakadak kontutan harturik, autogobernu-maila handi bat lortzea, eta hartan, hiritarrek euskal gizartean zuzenki esku hartuz benetako herri demokrazia erdiestea.

Normaleztapen honetarako, ordea, bide bat ibili beharra dago aurretik.

Gobernuak, bere aldetik, oraingo hertsikeria alde batera utzi eta normaleztapen honetarako dukeen borondate ona erakutsi beharko du. Hori egiteko, aski litzateke amnistia osoa oraintxe ematea, oposizioko eta masen indar guztiak libreki aritzen utziz, eta Estatuaren aparatuan, gorputz zapaltzaileetan bereziki, neurri demokratizatzaileak berehala jarriaz, bertako elementu faxista nabariak kenduz. Gobernuak, bistan dago, ba du aski indar, ultren aurkako neurriok berehala hartzeko, horretara bere demokrazi nahi egiazkoa agertuz. Referendum-aren ondorioak ikusita, ultraeskuindarrak bakarturik geratu dira, eta armadak eta gobernuak elkarren artean duten ongi konpontzeaz, ez dago bat ere arrazoirik bakeak egiteko lehen erakutsi horren kontra aipa daitekeenik.

Berehalako neurriok Euskal Herri Langileari eta beronen hautakizun demokratiko eta nazionalari zenbait bide zabalduko lizkiekete, eta horren kariaz, oposizioa herri indar guztien erakunde bateratzaile bat sortzera bultzatuko lukete, hortik, gorago esandako sei puntuen gainean normaleztapenerako prozesu bati hasiera emateko.

Behin botere zentralak onhartuz gero, aipaturiko erakunde bateratzaile horrek, behinbehineko gobernu autonomo baten oinharrian, euskal prozesu eratzaile bat zabalduko luke, horren bidez demokrazi eta nazional berreraikuntza moldatu eta Biltzarre Nagusi Eratzailerako hauteskunde deiak egiteko, Hego Euskal Herrirako autonomi estatutu berri bat sendatuz.

Bitartean, oraingo politik erreformak Ganbara eta Senatu zentralak antolatzeko irekitako hauteskunde prozesuak ez du bide egokirik eskaintzen euskaldunon problema berezietarako, ez eta egiazko demokraziarako ere.

Ba dirudi, azkenik, ikurrina ez dela gehiago jazarria izanen. Gure nazioaren symbolo horren inguruan euskaldun askok burrukatu dute, eta beraietako asko gaizki kolpaturik geratu ere bai. Honez gero, dena den, kalean dago. Arrakasta eskasa, halafedea, egindako ahalegin haundien ondoan. Dardara ematen du hain gauza funtsezko eta gutienezko hori orain arte debekatu dutenen hertsikeriak. Azkenean amore eman dute, bai, baina agerraldi ofizialetarako oraindik galerazten irauteak azken ostikoak emateko eskubideaz baliatu nahi izatea besterik ez dateke. Ikurrina, beraz, jadanik legezkoa da, ofiziala izan ez arren. Berdin da; laster izanen da.

Santi BROUARD

E.H.A.S.eko erkidea


Euskal Herrian

Derioko plazan

"Hegelek nonbait zioen, Historia Unibertsaleko gertakari eta pertsonaia nagusiak birritan jazotzen omen direla. Baina zera eranstea ahantzi zitzaion: batean tragedia bezala eta bestean farsa bezala".

Karl Marx, Louis Bonaparteren "Brumaire"ren 18an

Duela urte asko, ia ia ahantzirik dago, Zumalakarregi izeneko jeneral mythiko baten ondoan, foruak direla eta, euskaldunek beren askatasunaren alde burrukatu zuten. Karlista izena omen zuten.

Gerra haren ondoan, karlista baten seme batek, Bilboko arranoak, lehengo doktrinari bide berria jarri eta alderdi nazionalista bat eratu omen zuen, PNV izenaz bataiatua. Karlismotik sorturiko alderdi gazte hark nazional arloan euskaldunak erne, bizkortu eta eragin zituen, guraso karlistek seme-alaba nazionalistak edukiz. Eta indar gaztea berauengan zegoen.

Errepublika izeneko zerbait ere etorri omen zen, baina, dirudienez, eskuina ez zegoen konforme eta Estatu kolpe bat egitea erabaki zuen.

Euskal Herrian madrildar indar eskuindarrak, lehenago foruzale jator izan, baina gero, PNVkoengatik, erregezale soil geldituak ziren karlista haiez baliatu ziren, eta horien bidez, tragediaz, tragedia haundiz, gure Herria odoleztaturik utzi zuten luzaro.

Geroago negu beltza etorri omen zen, elur ezin hotzagoak estalia. Madrildarrek, karlistei zenbait itxurazko botere eman ondoren, berauk politikatik baztertu zituzten. Erromak ere ez omen zien traidoreei ordainik eman nahi.

Alderdi nazionalista, agian hotzagatik, geldi, oso geldi geratu zen, eta berarengandik talde berri bat, dynamikoagoa sortu zen. Guraso nazionalistek mundura seme-alaba ezkertiarrak zekartzaten eta berauekin negu beltza esperantzaz udaberritzen hasi zen pittinka. Gazteok lehenagoko ideia zaharrei asmo berriak gehitu zizkieten eta gazteria osoa, bai eta adineko asko ere, berekin eraman zituzten. Gerra galdu zuen Herri zapalduaren arnasa berriro hasi zen entzuten,

Aitona eternalak agur egin zigunean, o pena!, Madrilek, espantuz, Euskal Herriko egoera larria, gazte bihurriek eragina, ikusi zuen, eta euskaldunen haserrea estaltzeko, nolabaiteko konponketak egin behar zirela erabaki.

Eta jelatuei, berrogei urtetan, noizbaiteko gerra urrun bat galtzean agian, beren indar guztiak galdu zituztelako, gartzeletan zeuden gazteen gainetik pasatuz, Madrilek, gauzak konpontzeko asmotan, dei egin omen zien. Izan, berauk omen ziren, gobernukoen ustez, PCE eta PSOEkoekin batera, Euskal Herriko ordezkari eta solaskide egoki bakarrak. Eta Madrilera joan ziren, Suarez jaunarekin, komediaz edo, mintzatzera. Eta pozik geratu omen ziren guztiak. Eta gureko problemak, horrela, konpondu ziren.

Duela urte asko, ia ia ahantzirik dago, Gobierno de Euzkadi mythiko baten ondoan, Estatutua zela eta, euskaldunek beren askatasunaren alde burrukatu zuten. Gudari izena omen zuten...

Eta hau hola bazan, sar dadila kalabazan, —ez kalabozan— eta irten dadila Derioko plazan.

Eta Derion, lehen ez, baina gaur ba da plazarik.

Xabier KINTANA


Euskal Herrian

"Santutxu" aldizkaria kalera

Hamabostaldi kulturalak potentziaturik, eta hauzategiko Elkarte guztiek parte harturik, aurrera joan dira hauzategirako aldizkari bat sortzearren egin diren bilerak eta jadanik kalean dago "SANTUTXU" aldizkari honen lehen alea.

Heren bat euskaraz dakar eta beste bi herenak gaztelaniaz. Bere atalak, editoriala, kultura (euskara, irakaskintza...), Gazteria, hirigintza eta sanitatea, kirolak, kontsultorioa, haurren horria eta gutunak. Gainera noizbehinka, gai monografikoak agertuko dira.

Bi hilerik behin argitaratuko da. Finanziazioa, publizitateak eta harpidedunek eutsiko diote.

Izan bedi hauzakideen arteko konektagailu eta expresabide.


Euskal Herrian

V Udako Euskal Unibertsitatea prestatzen

Direla bizpahiru hilabete, V UDAKO EUSKAL UNIBERTSITATEAREN AURREPROJEKTUA argitara eman genuen. Aldi berean, argi aitortzen genuen aurreprojektu hura probisionala zela. Beharrezko jotzen genuen, beraz, probisionaltasunez egindako Programaketa aldatzen, osatzen eta konkretatzen joan beharra.

Joan zen abenduaren 30ean, Idazkaritza eta Sailburuen arteko batzarre bat egin zen Bilbon horretarako, eta bertan erabakitako zenbait puntu, euskal kulturaren inguruan mugitzen den jendeari interesgarri dakizkiokelakoan, argitaratzea komenigarri iruditu zaigu.

Programaketaren aldakuntzak

Lehen Aurreprojektuaren eskema hauxe zen, llabur esanda: GOIZEZ, ikastaldiak, Ikastoletako Irakasleentzat eta unibertsitarientzat berezituak; ARRATSALDEZ, Euskal Historiaz eta Zientzia politikoaz Ikastaroak, ikasle guztiei irekiak; eta GAUEZ, Tribuna.

Sailburu gehienen iritziz, Programaketa honetan halako desproporzio bat nabaria zen goiz eta arratsaldeko ekitaldien artean. Mintegien hutsunea ere nabarmena zela esan zuten gehientsuek. Akats hauk aztertu ondoren, Programa honela osatzea erabaki zen: Goizez, IKASTALDIAK emango dira lehen programan proposatu bezala, baina beste sail batzu ere sartuaz hala nola, Euskal Historia, Zientzia politikoa, Psikologia... Arratsaldez, ikastaldietako lana erabat personalizatzeko, MINTEGIAK egingo dira sail guztietan. Sailburuen iritziz, hitzaldi orokorrak Euskal Kultur Asteen antza gehiago dute Unibertsitatearena baino, eta lan serio batetarako plangintza egin beharra dago. Programaketa berriztatu honen xedea hauxe izango litzateke: Sail bakoitzean Ikastaro serio bat ematea, ikastaldiz eta mintegiz ornitua.

Ikastoletako Irakasleen Ikastaroari dagokionez, Irakasleen Elkartea arduratu zen beraien Ikastaroa prestatzeko. Dena den, bildutakoen ustez, Ikastaro hau ere Udako Euskal Unibertsitatearen barnean ematea interesgarri litzatekela pentsatu zen, elkar ezagutzeak eta elkar bizitzak —egun batzuetakoa bederen— duten emankortasuna probetxatzeko. Bestalde, Ikastaro hau, nahiz eta mailaketaren arazo batzu konpongaitzak izan, egoki gerta daiteke Maisutza Eskoletako ikasleentzat ere.

Beste sail batzu ere baziren aipatu Aurreprojektuan, B eta D mailako Irakasle titulurako Ikastaroak, Langile mugimenduena eta Nekazaritzarena, hain zuzen. Sail hauk errespetatzea pentsatu zen. Baita ere, Langile mugimendu eta Nekazaritzarenaren kasuan, alor horietan mugitzen diren jende eta erakundeengan emankizun hauen ardura uztea onhartu zen.

TRIBUNA erabat onhartua izan zen eta proposamen bat edo beste bertarako aipatu ere bai.

Presupuestoa

V Udako Euskal Unibertsitatearen PRESUPUESTOA ere aurkeztu zen batzarre honetara, aintzin kontu gisa baino ez bazen izan ere. Presupuesto honen zenbait puntu zehaztu beharra dago oraindik eta Programaketan egindako aldakuntzei egokitu beharra ere bai. Ez dago, beraz, oraindik argitaratzerik. Dena dela, esan genezake seitik multiplikatuko dela gutxi gora behera ihazkoa. Honek esan nahi du Euskal Herriko zenbait jende, entrepresa, bankuetxe eta erakundeen diru laguntza oparoa beharrezko izanen ditugula osatzen dihardugun Programaketa aurrera atera nahi baldin badugu.

Non eta noiz V Udako Euskal Unibertsitatea?

Irakurleak ondo dakien bezala, Iparraldean sortu eta koxkortu da Udako Euskal Unibertsitatea. Ez dugu uste honen arrazoiak azaldu beharrik dagoenik. Bestalde, Udako Euskal Unibertsitatearen inguruan ibili den ikasle eta irakasleen kopurua gehienbat Hegoaldekoa izan dela ere, argi dago. Gauzak horrela, aspalditxotik problema planteiatua zegoen: non jarraitu behar du aurrerantzean? Egia esateko, Idazkaritzak bazituen zalantzak eta orain arte ez da ausartu hautapena egitera. Zalantza hauen nondik norakoak ere ikusiko ditu, nonbait, irakurleak. Dena den, beharrezkoa zen erabaki bat hartzea ez baitzegoen beti duda mudetan luzatzerik. Bildutakoen iritziak entzun ondoren —bazen Iparraldeko bat ere— eta batez ere, efektibitatea kontutan harturik, aurtengoz Udako Euskal Unibertsitatea Hegoaldera pasatzeak merezi zuela erabaki zen.

Azpimarratu beharra dago ez duela honek esan nahi Iparraldearekin erabat mozketa egin nahi dugunik. Aurten Nafarroan egitea erabaki zen eta daitekena da hemendik aurrera halako rotazio gisako bat edo hastea Euskal Herriko zazpi probintzietatik.

Aldiari dagokionez, Uztaileko azken hamabostaldia abuztua baino egokiago bezala aipatu zen.

Udako Unibertsitatea... Euskal Unibertsitatea

Honetan dago bada, gaurkoz, V UDAKO EUSKAL UNIBERTSITATEAREN kontua. Bilboko batzarre hau, oro har, oso interesgarri izan zela esan genezake, Sailburuen elkar lanerako gogo eta ideiak ezagutuz gero. Gure ustez, V UDAKO EUSKAL UNIBERTSITATEAK urrats handi bat izan beharko luke gure azken helbururako: EUSKAL UNIBERTSITATEA.

Idazkaritzak


Euskal Herrian

Osasun arloko zapalkuntza

Aurreko artikulu batetan esan genuen bezala, osasuna herriaren eskubide bat da. Baina, denok dakigunez, errealitatean, eskubide hau lapurtu eta ukatu egiten zaio herriari. Nahiz eta osasuna urrearen prezioan duenaren arauera.

Nork kentzen digu, osasunarekiko dugun eskubide hau? Nik neuk hiru mailatan jarriko nituzke gure osasun arloko zapaltzaileak:

1.- Lehen mailan: Sanitariak

2.- Bigarren mailan: Medikuntz eta Sanitate Erakundeak

3.- Hirugarrenean: Bizi gareneko sistema bera

Sanitariak

Izen honen barnean, sanitate arloan ari diren pertsonak adierazi nahi ditut, hau da, medikuak, erizainak, praktikanteak, farmaziariak eta abar.

Denik ezagutzen duzue, giza multzo honetan gaudenon mentalitatea. Salbuespenak kenduz, gehienak, klasistak eta elitistak gara eta geure interes hutsalei begira bizi gara. Hona heltzean, zera adierazi nahi dut, halegia, estatistiken arauera Espainiako estatuko medikuak Europa osoko mediku aberatsenetarikoak direla eta, horretaz gainera, gehien irabazten duten klaseen artean daudela.

Bestalde, salbuespen ohoragarriak kenduz, hemengo medikuok medikuntza liberalaren defendatzaile amorratuak gara, plurienplegatuak gehienetan, eta goitik behera ezarri diguten medikuntz antolamendua onhartzen dugu. Medikuntza kaxkar, desegoki, arrotz eta sarritan arriskugarria egiten dugu, eta iraultzeko ahalmenik ez dugun sekta antzeko bat gara.

Eta abar luze batez luzatu behar litzatekeen zerrenda honekin bukatzeko, egunero ikusten dugun asistentzia desegoki eta euskaldunontzat zapaltzaile eta genozida salhatzeko, bularrik eta indarrik ez dugula esan behar dut.

Medikuntz eta sanitate erakundeak

Hauekin ere gauza harrigarriak gertatzen dira. Gaur egun hirurehunez gora dira, Espainiako estatuan osasun arloan ari diren erakundeak.

Hauetariko batzu, estatalak dira. Honela, Lanaren Ministergoaren aginte pean INP delakoa dago. Gobernazioaren Ministergo pean, sanitate erakunde guztiak. Herrietako Udalek beren sokorro postuak prestatzen eta finantziatzen dituzte. Gerraren Ministergoak bere ospitale eta zerbitzuak ditu. Eta abar.

Beste batzu, pribatuak dira. Denok ezagutzen dituzue Igualatorioak eta horrelako beste mila mutualitate eta aseguru pribatuak. Orain dela urte gutti, harrituta gelditu nintzen, horrelako aseguru batek ospitalera deitu ninduenean, beraientzat lan egiteko eskaria eginez. Berek ipintzen zituzten bai kontsultagela eta bai eriak ere. Pribatuen artean erakunde erlijioso asko ere sartu behar dira, karitatezko bulego asko eta antzerakoak adibidez.

Polierakundeketa honek, dudarik ez, kaltea baino ez dakarkio herriaren osasunari. Erakunde asko egoteak berak, bat onik ez dagoela esan nahi du. Eta, benetan esan behar dugu, gauzek honela iraun dezaten interes handiak daudela (maila desberdinetan). Leku berean esku asko batera sartzen direnean, zer gertatzen den guztiok dakigu:

a) Zerbitzuak eta medioak premiarik gabe ugaltzen dira.

b) Burokrazia ageri da nonnahi.

c) Osasunaren kontrolik ez dago.

d) Kontrolaren faltan, inork ez du erantzunkizunik hartzen.

e) Diruarekin zer gertatzen den dakien amaren semerik ez da aurkitzen.

f) Eta abar.

Hau guztiau dela eta, esate batetarako, jende arruntak ez ohi daki zeintzu bakuna hartu dituen, ez eta prezeski nolako operazioak jasan dituen ere. Eta medikuek berek ere ez dakite, zeren eta azterketa batzu aseguru sozialaren bidez egiten baitira, beste batzu pribatuki, eta horrela, ez da informazio osoa biltzen duen fitxategirik.

Bizi gareneko sistema

Hirugarren mailan, bizi gareneko sistema kapitalista bera ipini dut. Honen barruan, Gobernua eta Farmazia eta bestelako trust handiak, mundu osoa erosteko gai direnak. Azken batetan, horik dirateke errudun handienak. Sistematikoki, bi ideia nagusi sartzen saiatu dira herriagan: a) Ezjakintasuna, berek nahi dutena egiten iraun ahal dezaten b) Inpotentzi edo ahulezi konplexu bat. Horien kausaz, herria ez da gai sentitzen medikuntz antolamendua kritikatzen hasteko; medikuntza urrun dagoen gauza handitzat hartzen du herriak, kontuak eskatzeko eskubiderik ez balu bezala. Eta, zer esanik ez, hainbat interesek ez diote utzi nahi herriari, problematika honetaz jabetzen eta beraren barnean dagoen zikinkeria eta gezurra azaleratzen.

P. Letamendi


Munduan barrena

Israeleko judu berriak

Gure artean ez dira gutxi, euskara nagusitan ikasi dutenak. Euskaldun horik, "euskaldun berriak" deitzen ditugu. Ni neu ez nago guztiz konforme izen horrekin; baina eman dezagun, deitura hori egokia dela.

Zentzu hortan, Israelgo judu gehienak "judu berriak" dira, erdiek baino gehiagok nagusitan ikasi baitute hebraiera. Eta gertakari hau ez da gaurkoa bakarrik. Israel berria joan den mendearen erdian sortzen hasi zenetik hona, holaxe izan da: judu gehienak atzerrian jaioak ziren, eta nagusitan ikasi zuten herriko hizkuntza. Teodoro Herzl-ek berak ere ez zekien hebraieraz mintzatzen, Juduen Mugimendu Nazionala sortu zuenean.

Beste behin esan nizuenez, mila bederatzi ehun eta berrogei ta zortzigarrenean —orain hogei ta bederatzi urte— Israelgo Estatua jaio zenean, seiehun eta berrogei ta hamar mila judu bakarrik bizi ziren lurraldean, eta ez zekiten denek hebraieraz berba egiten. Ordutik hona bi milioi judu etorri dira Israelera, eta guztiak integratu dira hebraitar kulturan. Niretzat, hauxe izan da Israelgo miraririk haundiena.

Hizkuntzaren aldetik, gaur egun ez dago alderik judu zaharren eta judu berrien artean. Israelen ez da igartzen nor den judu zahar eta nor judu berri. Bai batzuek eta bai besteek berdin xamar menperatzen dute hizkuntza. Ez zaio inori burura etortzen, judu berriek bigarren mailako hiztunak nahi idazleak izan behar dutenik. Aurtengo "Jerusalem Saria" irabazi duena, Polonian jaioa da. Samuel Joseph Agnon, mila bederatziehun eta hirurogei ta seigarrenean "Nobel Saria" irabazi zuena ere, Poloniatik etorri zen Israelera. Ephraim Kishon gaur egun Israelgo idazlerik famatuena, Hungariarra da. Israelen ez dauka inork hebraiera jatorraren monopolioa. Mito hori ez da hangoa. Israelen asko estudiatzen da hizkuntza; eta gehien estudiatzen dutenak, horixek dira, hobetoen hitz egiten eta idazten dutenak, judu zahar izan nahiz ez izan. Hala ere, ez da inor harritzen eta gutxiago kexatzen, hizkuntzaren zabalkunde izugarri hontan, judu berri askok ez hain ondo hitz egiten ez badute, eta Gobernuko lehen ministruari berari ere noizean behin hutsen bat edo beste eskapatzen bazaio, telebistaz mintzatzen denean. Israelek hizkuntza sendo bat du, eta alde hortatik segurtasun osoz ikusten du etorkizuna.

Dakizuenez, ni Israelgo ikastetxe batetara joan nintzen, hebraiera nola irakasten zen ikustera. Sei aste egon nintzen bertan. Beste lagun askoren artean, holako judu berri bat ezagutu nuen. Meir zuen izena. Berak ba zekien hebraieraz hitz egiten. Baina beraren emazteak —Korneliak— ez zekien, eta harexekin etorri zen ikastetxera, laguntzaile bezala. Adinetakoak ziren biak. Hirurogei ta hamar urtez gorakoak.

Ikasgela berean ihardun genuen bi astetan, eta ikasgelatik kanpo ere sarritan berba egiten genuen elkarrekin. Irakastaldiak goizean ematen ziren, eta arratsaldean hurrengo egunerako lana gertatzen genuen. Meir entzuten entzuten egoten zen ikasgelan —irakasleak ez zion ezer galdetzen—, eta gero arratsaldean lagundu egiten zuen bere emaztea, maisuak emandako ariketak prestatzen. Lagun haundiak egin ginen hirurok. Nik baino lehenago utzi zuten ikastetxea, eta beraien etxera joateko konbidatu ninduten, Euskal Herrira bihurtu orduko. Meir Serbian jaio zen, Hungariaren albo alboan, orain hirurogei ta hamabi urte. Edukazio on bat eman zioten gurasoek. Jaioterrian, Jesuiten eskolara ibili zen; eta gero Italia eta Alemaniako Unibertsitateetan ihardun zuen. Koloniako Unibertsitatean Kornelia ezagutu zuen eta berarekin ezkondu zen. Azken gerrate haundian bere burua ozta ozta salbatu ondoren, bere emaztearekin eta hamalau urtetako alaba bakarrarekin Israelera etorri zen, mila bederatziehun eta berrogei ta zortzigarrenean, Israelek bere independentzia lortu zuen urtean bertan. Beraren emaztea alemana izanik, judu alemanek fundaturiko herrixka bat aukeratu zuen, bertan bizitzeko. Herrixka horrek Naharia zuen izena.

Urte hartan Nahariak bederatziehun bizilagun bakarrik zeuzkan, denak Alemaniatik etorriak. Alemania baino ez zen entzuten etxe eta kaleetan. Alkateak berak ere ez zekien hebraieraz mintzatzen. Gizarte giroak ez zuen oraindio laguntzen eta behartzen, Israelgo hizkuntza berria ikastera. Baina laster aldatu zen ordurarteko egoera.

Hurrengo urtetik aurrera, lurralde askotako juduak etortzen hasi ziren herrira, milaka eta milaka, beren sorterriko hizkuntza bakarrik zekitenak: Yemeniarrak, Marrokiarrak, Poloniarrak, Hungariarrak, Txekoslovakiarrak, Georgiarrak, Tunisiarrak, Egyptiarrak, Iraqiarrak, Errusiarrak, Errumaniarrak. Batez ere Errumaniarrak. Sei urte geroago, mila bederatziehun eta berrogei ta hamaboskarrenean, Nahariak sei mila bizilagun zeuzkan. Gaur egun, hogei ta hamabost mila dauzka.

Kanpotarren lehen uholdea etorri zenean, Naharia Babel Dorrearen antzeko bihurtu zen, kaleetan gutxienez hamaika hizkuntza diferente nahastean erabiltzen ziren eta: alemana, arabiera, hungariera, polskera, errusiera, txekiera, georgiera, sefardiera edo juduen gaztelania zaharra, frantsesa, ingelesa eta errumaniera. Batez ere errumaniera. Horregatik, bertako alemanek erdi barreka esaten zuten, herriaren izena aldatu egin behar zela, Naharia izena kendu eta haren ordez Nahariesku jarri, ErrUmaniatik etorritakoen hizkuntza bazter guztietan entzuten zen eta.

Hizkuntz nahaste hortan, jendea ezin zen bizi luzaroan. Hizkuntza bakar bat eskatzen zuen aldarrika gizarte bizitzak. Eta hizkuntza bakar horrek —hebraierak— laster menperatu zituen beste guztiak. Gobernuak —eta Sindikatu bakarrak ere bai— lagungarri guztiak eskaini zituen hortarako: mota askotako eskolak, irratia, telebista, liburuak, liburuxkak, egunkari eta astekariak, irakasleak eta abar. Urte batzu geroago —eman dezagun, zortzi edo hamar urte—, Nahariako kale, lantegi eta bulegoetan hebraiera zen nagusi.

Baina horrek ez du esan nahi, beste hizkuntzak zeharo desagertu direnik. Oraino ez zaie heldu hortarako ordua. Haurrek eta gazteek, bai: horiek hebraieraz bakarrik berba egiten dute, edonon eta edonoiz. Adinetakoak, berriz, etxean daudenean, beren sorterriko hizkuntzaz ere baliatzen dira. Judu berri horientzat, egunkari eta astekari asko argitaratzen dira herbesteko hizkuntzetan; eta irratian, hebraieraz gainera, beste zazpi hizkuntza erabiltzen dira; errusiera, frantsesa, ingelesa, errumaniera, hungariera, sefardien gaztelania zaharra eta hebraiera kutsuzko alemana (yiddish deitzen dena). Judu batzuk, gainera, ez dute ikasi oraindio herriko hizkuntza, batez ere ia beti etxean sarturik bizi diren emakumeek. Ezin esan dizuet zenbat diren horrelakoak. Ez dut uste asko direnik. Nik bat ezagutu nuen: Kornelia. Baina, azkenean, birlobatxoarekin hebraieraz berba egitearren, eskolara joan zen ikastera, bere hirurogei ta hamar urterekin. Hirurogei ta hamar urterekin! Holakoxeak dira Israelgo judu berriak.

Imanol Berriatua


Zinea eta kritika

Euskal Kulturaren munduan nabari den hutsune handienetariko bat, kritika serioaren falta da. Eta hau, bai literaturaren, bai zinearen eta bai beste arte moeten arloan. Kritika gabezia hau oso kaltegarri gerta daiteke euskal kulturaren hazkunderako, kritika baita, artean aurreranzko pauso finkoak emateko laguntzailerik onena. Honela, bada, hutsune hau betetzen hasteko eta laguntzeko asmoz, I. Zuazo idazleak zine-kritikaren oinharrizko lehen urratsak eman nahi ditu, prestatzen ari den artikulu serie batetan. Artikulu honekin hasera ematen diogu serie horri.

Azken hilabeteotan Europan ikusten ohi den zinema moetaren parte bat ikusteko parada ukan dugu, zentsuaren nolabaiteko irekitasuna dela eta. Horrela, denbora luzetan guretzat ikusteko ezinezkoak ziren filmeak, saldoka etorri zaizkigu batbatean, zinefiloak poztuz eta erreprimituak, hein batetan behintzat, asez.

Baina, berarekin batera, fenomeno horrek beste ondorio bat ekarri du: Gure artean dagoen kultura zinematografikoaren gabeziaren agerpen argia. Ez dugu ikasi filmeak kritikatzen, inork ez baitugu irakatsi; arte eta saio zinegelek komertzialtasuna bilatu nahi dute, zine-forumak elkar hizketa eta eztabaida orduan hustu egiten dira; kasurik gehienetan, zine-kritikariek ez dute izen hori merezi. Egoera honek autodidaktismo batetara eraman gaitu. Izatez, ni neu ere autodidaktismoan higitu naiz. Horregatik, nire autodidaktismoaren hildoa —zeharo subjektiboa bestalde— beste batzurentzat baliagarri izanen delakoan, zenbait artikulutan laburtzera eta azaltzera saiatuko naiz.

Filmea zergatik egin den

Filme bat ikustean —filme hori kritikoki ikusi nahi badugu— hainbat galdera egin beharko ditugu etengabe. Galdera hauen arteko lehena, hauxe izan daiteke: Zergatik egin da filme hau? Zeren eta erantzunaren arauera, eginen baita ondorengo kritika. Erantzuna era askotakoa izan daiteke komertzialtasuna lortzeagatik, propagandagatik, dokumentatzeagatik, espresiobide artistiko berriren bat lantzeko asmoz,...

Komertzialtasuna ohi da, maizen agertzen den filmegintzaren kausa: zinea espresiobide garestia da; bere inguruan industria oso bat du, eta honek baldintzak jartzen dizkio. Beraz, lehen puntu bezala, filmearen komertzialtasuna edo, obeki esateko, filmean komertzialtasuna lortu nahiz sartu diren elementuak kritika daitezke (dirua ateratzea filmearen kausa bakarra ez denean, noski). Kritika hau bideratzeko galdera hauk egin daitezke: Filmearen harirako eta akzioa arintzeko beharrezko ez den pertsonaiarik agertzen al da? (hala nola, barre-eragilerik, sekretari ederrik, edo bestelakorik,...). Akziorako beharrezko ez diren planuak agertzen al dira? (publikoaren morboa edo sasi-satisfakzioa betetzeko, adibidez). Edo eta, akzioa tentsioaren bidez azaltzen al da? (hala nola, pelikula poliziakoetan edo menturazkoetan).

Filmea propaganda egiteko moldatu izan bada, galderak beste era batetakoak izan beharko dira. Adibidez: Zerbaiten aldeko propaganda egin da? (hau, filme politikoetan egiteko galdera bat da) Propaganda ala informazioa izan da? Filme propagandistiko hau egitean, azpijoko psikologikorik nabaritu izan al da? (azken hau, korto publizitarioetan egiteko galdera da; berorietan salgai den produktua eta mundu ideal bat nahasten baitira sarri).

Filmea dokumentatzeko izan bada, galderak bide honetatik joan daitezke: Argitasuna eta zehaztasuna lortu al da? Laguntza teknikoak gehiegi, nahiko ala urri gelditu dira? Didaktismoa lortu al da?

Espresiobide artistiko berria lortu nahi ukan bada, galderak asko korapilatzen zaizkigu, zinea arte bezala kontsideratu behar baitugu orain. Zineak, espresiobide bezala, artistak behar ditu, eta bere bilakaeran espresio-elementu berri askoren sorrera ikusi du: lehen planuak, travelling direlakoak, argi berezien erabilkera eta abar. Horregatik, filme baten zergatikoaz galdetzean espresiobide artistikoa dela erantzuten zaigunean, hurrengo galderak bide honetatik joan beharko dira: Ezer berririk ikusi al dugu? (Teknikaren aldetik —argiak, planuak,...—, gaia erabiltzeko moduaren aldetik —akzioaren aldakuntzak, denborarekiko jauziak,...—, gidoiaren aldetik —problema psikologiko bereziak, pertsonaiek dituzten erreakzioak...—, eta abar).

Filmean zer esaten den

Hauxe izanen da, beharbada, galderarik eztabaidatuena. Zenbat eta zenbat aldiz ez ote ditugun entzun honelako galderak: Zuzendariak —edo gidoiak— pelikula honetan, zer esan nahi du? Ez dut tutik ere ulertu. Edo eta, zer arraio egiten ote du eskena horrek? Ezertara ere ez dator. Galderok oso normalak dira, eta baldin eta filmea ikustearekin batera ulertzen ez badugu, ez dugu zertan geure burua tontotzat eduki behar. Pelikularen esangurak —baldin eta badu— ez du zertan berehala antzemateko modukoa izan behar; eta sarri azterketa sakonak egin behar izaten dira, filmearen benetako esangura ulertzeko.

Galdera honi ulertzeko, lehenik eta behin filmearen egitura ezagutu behar da, hots, akzioa non gertatzen den eta, batez ere, noiz gertatzen den. Noiz honek ez du esan nahi, akzioa zein denboratan gertatzen den, filmean barrena denbora nola bilakatzen den baizik. Sarri ikusten da, nola filmeko pertsonaiak, ametsetan edo pentsaketan, denboran atzerantz doazen, eta ez behin, askotan baizik. Flashback hauek filmearen muina ezkuta dezakete. Beste batzutan, filme barruan, akzio bat baino gehiago gertatzen da, akzio nagusiaren paraleloan. Hauk ere desberdindu egin behar dira, filmearen hari nagusiari lotu nahi bazaio.

Filmearen ordenamendua —denboran eta espazioan— ikusirik, filme bakoitza bereziki aztertu behar da, ezin eman baitaiteke guztientzako balio duen biderik. Edozein modutan, kontutan hartu behar duguna zera da, askotan filmeak espezialistentzat eginik daudela, eta publiko arruntak ez dituela ulertzen edo eta ez garela gaira heltzen, zeren eta gure kultura, gai horretaz behintzat, oso motza baita. Izatez, gauza bertsua gertatzen zaigu beste zenbait artean, hala nola literatura, pintura edo teatroan.

Filmean gauzak nola esaten diren

Nahiz eta filmearen muin ideologikoa arrunta ez izan, edo gure kultur maila filmearenera heldu ez arren, hala ere, filmearen estiloa kritika dezakegu. Zer da estiloa? Nolabait esateko, ideiak adierazteko forma eta modua. Estiloa da, prezeski, filmearen kalitatea adierazten diguna, filmea "ona" ala "txarra" den esateko bidea ematen diguna, eta, azken batez, zinea arte bezala kontsideratzeko kriterioa. Filmeak aztertzean, puntu honetan zuzendariaren zeregin garrantzizkora heltzen gara. Zuzendaria da, prezeski, filmearen erantzunkizuna duena, bai filmea komertziala denean, bai propagandarako egina denean eta bai beste edozelako motibapenez egina denean. Arrazoi honegatik, hainbat zuzendarik gidoiaren prestakuntzan ere parte hartzen dute.

Zuzendariaren lana juzkatzea ez da gauza erraza. Filmegintza asko aldatzen da urterik urtera, eta horregatik, filmea egin deneko urtea eduki behar dugu kontutan, eta ez hura ikusi dugunekoa. Honekin batera, aurrerapenak eskaintzen dituen bideak baliatzearen kritika doa: koloretan edo zuri-beltzetan, pantaila handi edo ttikitan, musika, ahotsak,... Dena hautapen baten ondoren egin da, eta hautapen horren arrazoiak ikustera saiatzen bagara, zuzendariaren eritziaren —eta filmearen— muinean sartzeko bidea ia irekita aurkituko dugu.

Filmeak kritikatzerako bide honen laburpenarekin bukatzeko, niretzat garrantzizkoena den ezagugarria aipatzera noa: filmearen batasuna halegia. Filme bat ikustean eta kritikatzean, ezin ahantzizkoa dugu haren batasuna. Eta zuzendariek ba dakite hori. Baina askotan —filmearen muntaia txarragatik, edo gaiaren zailtasunagatik, edo gidoiaren kalitate gabeziagatik edo bestegatik— ez gara filmean "sartzen", ez dugu haria topatzen, edo memento batetan gauza bat adierazi nahi dela pentsatzen dugu eta hurrengoan, beste gauza bat. Hau gertatzen bada, gehienetan filmea txarra izanen da, memento hilak egonen bide dira eta segur asko aspertu eginen gara. Baina azken gai hau —filmearen aspergarritasuna halegia— hurrengo artikulurako utziko dut.

I. Zuazo


Irudimenaren txokoa

Bilbon, 1976.eko Abenduak 28

Irudimen txokorako:

Euskara zabaltzeko eta indartzeko, Euskal Estatu Sozialista bat litzateke onena. Hala ere, nik uste dut, irudimenaren txokotik epe laburrerako praktikaren eremura jo behar dugula.

Euskara ikasteko eta bertan alfabetatzeko BEHARRIZANA sentitzeko, euskara hori kanporatu, plazaratu, kaleratu behar da. Baina kaleratze hori goikoek nahi ez dutenez gero, geuk egin beharko dugu kaleratze hori.

Plazaratze horrek bi alderdi ditu: bata gizonaren entzumenari eta bestea ikusmenari dagokiona.

Entzumenari buruz hauxe proposatzen dut: EDOZEIN pertsonekin hitz egin nahi badugu, telefonoz nahiz normalki gure lehen hitzak BETI izan daitezela euskaraz. Eta ageriko egintzetan: hitzaldi, asanblada, biltzarre, mitinetan... interprete edo itzultzaileak exijitu.

Eta ikusmenari buruz zera, irakurle bakoitzak bere sakeletan eraman dezala pintura edo errotulatzaile bana (punta lodidunakoak, noski) eta erdaraz aurkitzen diren txartel, iragarri, planfeto eta abarretan "Euskara noiz?", "Euskaraz zergatik ez?" edo euskarazko klaseak non ematen diren argiro argiro ipini. Aldiz, euskaraz dauden baina gaizki idatzita dauden iragarki eta abarretan "Eta alfabetatu noiz?" edo astabelarriak eman edo alfabetatzeko klasean non dauden ipini, faltak zuzenduz. Honez gainera, nik uste, leku guztietan: orma, poste, seinaletan eta beste mila lekutan euskarazko itzak edo esaldiak (itzulpenik gabe) jarri beharko ditugula.

Beraz, nire proposamena hau da, euskara ahoan beti prest eduki, eta eskuetan pintura eta errotulatzaileak trebeki erabili.

Horren arrazoia hau da: jendeari kuriositatea sartuz, ekinean, bere buruari galderak egingo ditu, euskarari balio bat aurkituko dio eta euskara ikasteko eta bertan alfabetatzeko beharrizana sumatuko du.

Eta inor trufatzen edo burlatzen bada gure euskara-kaleratze honetaz, pentsatzen dut BOIKOTA eta publizitate txarra eman behar diogula.

Pentsatzen dut mintzaira eta izkribua izugarrizko harmak direla herri bat altxatzeko.

Iñaki Garzia de Kortazar


Postaz etorriak

J. Oregi Aranburu

BERGARA.

1977.gneko Urtarrillak 15.

ANAITASUNAren Zuzendariari BILBAO-ra.

Jauna:

Irakurri-berria dut Zelaietak Gabriel Aresti zenaz KRISELLU-n argitaratu duena. Ahal dela gertakari bakoitzari buruz ordun idatzitako zatiez baliatzen delarik, bakoitzari dagozkion giro eta inguruaz jabetzeko biderik hoberena hautatu duelakotan nago.

Liburu hortan ba dira, noraezeko denez, joan zitzaigun poeta aundiaren alderdi eta jokabideak hobeki ezagutzeko osakizun direnak, eta hoitako batez jardutera natorkizu. Hona hemen liburuaren zati batek diona:

"(Fetxa hauetan edo, Julita Berrojalbizekin ere egon zen Gabriel, beronen haurrak hark zuzentzen zuen ikastolan sartzeko. "BAINA EZIN DUT HAINBESTE DIRU ORDAINDU... ETA GAINERA PNV-AREN ESKOLA BATETAN ENE HAURRAK EDUKITZEKO!" esaten omen zion.

Julita honek, diruagatik bazen, konponduko zutela esaten omen zion... Baina, kuestioa ez zituela eraman da. Karmele Rotaetxek esaten digunez, Gabriel "HARROEGIA" zen inoren diruakin bere alaben estudioak pagatzeko...).

Hor dionez, Gabrielek diru-ordaiñari buruz Julitarekin hitz egin zuen; areago, alde hortatik zetozken oztopoak nolabait gainditu bide zituzten, egun Daten Aresti bera joan bait-zen AZKUE ikastolara bere alaben paperak betetzera.

Garai hartan, AZKUE ikastola Elkano kalean zegoen, eta hura sortarazten eskuhartu zuten zenbait emakumek astekako txandan hartu ohi zuten bere gain egunean eguneango arazoez arduratzea. Aresti joan zenean, Karmele Goñi egokitu zen lan hortan.

Gabriel entzutez ezagutzen zuen, noski, eta nor zen eta zertara zijoan esan zionean berehala bete zituzten bi nexkei zegozkien fitxak. Oztopoa, halabeharrez, uste ez zuten alde batetik sortu zen, Gabriel zegoeneko alde egitera zijoala, hain xuxen, Karmelek "Neskak euskeraz jakingo dute, ez al da? itauna egin eta ezetz erantzun zionean.

AZKUE ikastolako araudiak, ordea, sei urtetik gorako haurrek sartzeko euskeraz jakin beharko zutela zion; nexka txikienak sar zezaken, beraz, baiñan ez zeukaten nagusiena hartzerik. Gabrielek, orduan, bat ere ez bidaltzea erabaki zuen.

Horra beraz Zelaietak dion "kuestioa" zertan zetzan: nahi izanez gero ba dago gertakari horren lekurorik, eta agian ba dagoke honen eta harrezkeroko Gabrielen idazlan batzuen mamiaren arteko zerikusirik; horregaitik derizkiot jakingarri.

Josu Oregi

Bergara

***

Zuzendari jauna, agur:

Azken urte hauetan Olentzaroren ohiturazko jaiaren aurrerakuntza ikasi dugu. Komunikabideek ere, pertsonaia horren historia azaldu eta zabaldu dute.

Leku desberdinetako emanak bilduz, orain arte jai hau Nafarroan eta Gipuzkoan batez ere hospatu dela ikus daiteke. Ongi da, hala ere, ohitura hori Euskal Herri osora hedatzea.

Jatorriz, Olentzarok itxura izugarria bide zuen, gero pertsonaia barregarri, tripahandi eta mozkortia izatera pasatuz. Urteko egunik laburrenean, udazkenetik negurako pausoa adierazten zuen. Euskal Herrira kristianismoa sartzean, egun horietan Natibitatea hospatzen zelarik, interpretamodu berri bat eman zitzaion Olentzarori, Jesusen jaiotzearen berri emale izatearena halegia.

Hala ere, euskal ohiturak eta ekanduak birbizteko lanetan ari garen uneon, eta gure ohituren despertsonalizatzea helburu bezala zuten gauzak gainditzeko asmotan gabiltzan momentuon, herri interesen alde ez dauden Olentzaroren interpretamoduak sortzeari ez deritzogu egoki, zeren eta ez baitute baliorik Olentzaro herri jaia bihurtzeko, alaitasunaren eta herriaren parte hartzearen jaia bihurtzeko; aldiz Olentzaroren komertzializaziora daramate, Olentzaroren eboluzioan inoiz ere gertatu ez diren konparaketak eginez. Prezeski, Olentzaro euskaldunen Papa Noel bezala erabiltzeari buruz ari naiz hitz egiten. Penagarria da benetan, herriaren sentimentu eta baloreak modu horretan erabiltzea.

Harrigarriago da oraindik, zenbait kasutan gertatu den bezala, Olentzaroren interpretamodu hau, orain arte euskal kulturaren hazkundea inola ere lagundu ez duten eta, alderantziz, herri erakundeei era guztietako trabak jarri dizkieten zenbait Udalek bultzatua izan dela jakitea. Hori dela eta, galdera bat datorkit burura —beharbada zuei ere bai— zeren eta hori ez baita herri Olentzarok duen esangura: Bat bateko laguntza hori ematean, zeintzu izan dira Udal horien benetako interesak?

Besterik ez. Har ezazu agur bero bat eta segi gogor lanean:

B.G. (Sestao)

***

AINTZINA ETA BESTE BERRIRO ERE

Agur!

Nire (eta Txillardegiren) izena aipatzen da "ANAITASUNA"ren 329. zenbakian, PNV, EGI-BATASUNA, AINTZINA, ETA eta ESB-a direla eta. Nire izena aipatzea gainera, nire iritzia argigarri izan daitekela esaten dute izenpetzaileek. Zilegi bekit, badi, zenbait lerro idaztea, oraingoan bederen neure izenaz izenpeturik.

AINTZINAren kondaira pitin bat ageri da artikuluaren aurreko partean. Horretaz neronek idatzia dut (ikus "GARAIA", 3. alea, 3. orr.) eta ados nago. Geroxeago, ordea, hauxe irakurtzen dugu:

"AINTZINAn bi joera zeuden: Zenbait ETArekin batzeko aldekoak, gainontzekoak AINTZINA bezala jarraitzeko aldekoak. Elkarrizketen ondoren eta ondorioz, ETArekin batzea akordatu genuen eta zazpi puntu oinharri bezala ezarriaz elkartu ginen".

Hona egia: ETArekin batzeko nahia gure militar adarretik etorri zen, arren eta arren eskatu eta. Gutunean aipatzen diren borrokakideak (Muxika, Abaitua, Elkoro) eta beste zenbait dira lekuko. Beste bat, beti gogoan dudan Jose Antonio Aranguren "Iharra" Urdazubin hil zen tiroz.

"Zazpi puntu" horiei dagokienez, jakina, ETArekin batzeko baldintzak ziren, baina berriki arte ez dut haien berri izan. Nik, noski, zenbait garantia eskatu nuen eta hala sinetsi ere itsu-itsuan.

"AINTZINA" berez, AINTZINA bezala, ostendu zen, ETArekin biltzean". Egia da hori: AINTZINA izena eta izana desagertu ziren (Pz. Behotegik ez zuen nire proposamena onhartu nahi, hots, ETA-AINTZINA" ezartzea). Baina bizpahiaru hilabeteren buruan, 1972.eko udan, "ZUTIK" bat argitaratu zen ondoko ezagugarriokin:

- ETA eta AINTZINAren batzeaz ezertxo ere ez zen esaten (ez ongi ez gaizki etorri).

- Marxismo-leninismoa zela bide bakarra, errepikatzen zen.

- Ordurarteko gure sozialismo autokudeatzailea (autogestiozalea) gaitzesten zen.

- Txillardegi bera laidotu egiten zen.

Zer esanik ez, hura ez ziteken inola ere lagun baten iritzia izan, "ZUTIK" ETA erakundearen aldizkaria bati zen. Horrexegatik, batzuek alde egin genuen, AINTZINA izenaz gazte berriak gureganatuz, ESBa sortu zen arte. AINTZINA izena berriz erabiltzeko eskubide osoa genuen, uste dut, ez bait ginen GU pentsakeraz aldatu ETAn gelditu zirenak baizik. (Konpara itzazu, bestela, edozein "BRANKA", "Izarreko-ren sozialismoa" izeneko Txillardegiren artikulua (1) eta egun bereon defendatzen duguna.)

"Pallach-en ikasleak ez dirateke gure maisu hoberenak", irakurtzen dugu, azkenik, "ANAITASUNA"ren gutunean. Baina nor ote dira Pallach-en ikasleak? Pallach-en berri lehendabizikoz duela zortzi hilabete izan nuen: orduko iruditzen zait ez ginela politikan haur ditikoak.

Otoi, guzion onerako argitara ezazue gutun hau.

Ongi izan,

Endrike Knörr

(1) "ZABAL" aldizkaria, 19. zenbakia, 1976.eko Uztaila-Agorrila.


Liburuak

ZEHATZ

Fermín Calbetón, 30

DONOSTIA

ZEHATZ izenez aldizkari berri bat plazaratzen dugula eta, gertakari honen berri ematera gatozkizue.

Hasteko, nondik sortzen den kazeta hau adieraztea dugu onena. Eta hitz batez azal dezakegu. Hona: Baionako ZABALetik gatoz, funtsean ZABALek hegoaldean duen idazle talde nagusikoak gara. Baionan urratu dugun bidetik segi nahi dugu orain eta aurrerantzean Donostian. Berriztatzera goaz bide hori, bai; baina, bide bera hegoaldeko egungo egoerara egokitzeko asmoz.

ZEHATZ kazeta zientifiko bat da. "Gizarte Zientzien Aldizkari" izan nahi du. Kazeta berezitua, formazio sozialaren azterketan berezitua, hain zuzen. ZEHATZek, bestalde, inongo eta inolako talde politikotatik libro ateratzen du bere burua. Inoren dependentzian ez, eta talde politiko orotarik at dago. Guztiz modan dagoen esaldia! Guretzat, ordea, moda baino zerbait gehiago dena. Independentzia honetan dugulako finkatzen kudeatzailon lan eta plangintza. Bistan da, ez duela honek oinarrizko koordenatu teoriko-politiko batzuen gabezia adierazi nahi. Alderantziz, ZEHATZek ba ditu bere koordenatuak. Oraingoz, aski dugu zerau ozenki aldarrikatzearekin, halegia ZEHATZek, eskura ditzakeen harma guztiez, ekinen diola euskal —abertzaletasun eta— sozialismuaren aldeko burrukari.

Euskara hutsean eta bi hilabetero agertzera doan aldizkari hau maila bat baino gehiagotan arituko da, lau atal ezberdinek osatuko baitute zenbaki bakoitzaren mamia. Haatik, unibertsitate maila bati helduko dio bereziki. Baina, kasu!, ez irakurleak eta idazleak egun unibertsitaritzat hartzen diren horietara mugatuz, eta bai, euskal —kulturgintzan eta— politikagintzan sarturik, teori lanez arduratzen diren orori kazeta luzatuz. Unibertsitate maila diogunean, unibertsitate gaien ikerketa eta zabalketa eman nahi dugu aditzera. Hala ere, guztia hemen agortu gabe, bestelako gaien tratamenduari bere lakua emanez.

Urtarrilaren barruan ehun bat horrialdeko lehen zenbakia plazan ukanen dugunez, orduan jakineraziko dugu Erredakzio Kontseiluaren eta Batzorde Argitaratzailearen konposamendua. Gaurkoz, zuzendariaren izena dakargu argitara: Antton IBARGUREN, abokatu eta irakaslea. Eta, halaber, Erredakzio Kontseiluko idazkariarena: Karmelo ARROIABE, soziologoa.

Honenbestez, laster arte. Mila esker zuen laguntzarengatik. Donostian, 1976ko Abenduan.


Zapaburu birbiztua

Kaleko [Komikia]

OLARIAGAKO


Urrezko astabelarriak

Nazio baten normaleztapena usarioak eta gizamoldeak finkatuz lortzen da. Euskararen salbazioa gizartean euskara egitea premiazko, nahitaezko eta normala izanen denean erdietsiko dugu. Eta, horretarako, normaltasunezko giro bat sortzea beharrezkoa da. Giro hori, bestalde, geuk, euskaldunok egin behar dugu, horrela, geure dynamikaren poderioz, beste taldeak ere horretara bultzatuz.

Politik agirien mailan, honez gero, pauso haundi batzu egin ditugu. Gaur egun geure "setakeriari esker", ez dago Euskal Herrian, jendartean ongi ikusia izan nahi duen alderdirik, bere horriak, erdaraz gainera, euskaraz ere, nola edo hala, egiten ez dituenik. Hori zerbait da. Politikan euskararen premia sartua dugu jadanik.

Baina hori ez da nahikoa. Maiz, maizegi, euskara "itxura gordetzeko zerbait" besterik ez da izaten zenbaitentzat Eta hori salhatu beharra dago. Euskara hizkuntza bat da, euskaldunen arteko komunikabiderako tresna bat, eta ez, "erdara ez diren zenbait hitz arraro". Kontutan har bezate hau, hurrengorako, COS, UGT, CCOO eta USOkoek. Euskarari emandako garrantzi eta tratuan nabari baita, hain zuzen, Euskal Herriaganako egiazko ardura.

¡¡LANGILLE!!

DESPIDORIK ASKATU AURKA

BATZARREA ETA ANTOLATASUN

ESKUBIDEAK ALDE

LANGILLE KAL EAN, BERE

POZTULANERA

AMNISTIA OSOA ALDE

TARABUSIREKIN ALKARTASUNA

ZASPUAK T'ERDIETAN BILBOKO LORATEGIAN

MANIFESTACIÑOA IZANGO DA

ETORRI ZAITEZ!

C. O. S.

U.G.T. U.S.O. C.C.O.O.


Nafarroan eskribu zahar bat aurkitu

Nafarroa Behereko irakurle batek, bertako ermita batetako ormak konpontzean, eskueskribu zahar hau aurkitu berri du, eduki dezakeen garrantziagatik, ANAITASUNAra, argitara dezagun, bidalia. Hona hemen, jatorrizko idazkeraz emana:

"Aldi hartan sar cedin Propheta ardandegui batetara bere discipuluequin. Han kas bat (sic) edaten ari celaric, phariseuac hurbil cequizquion, eta honela galde eguin cioten: Maissu oná, erraguc, cein da hobe, bethi euscaraz eguiten duen espaignolistá, ala erdara berceric ez daquien abertçalea?

Prophetác bere beguiac cerurat altchatu eta edan eta gero, honela diotse: Hypocritoc, vipera castá, cergatic ciricatcen nauçue? Bethi euscaraz eguiten duena, berac uste ez badu ere, herriaren alde ari da, eta euscaldun guisa portatcen. Euscara iqhassi nahi ez duelaco, erdara berceric eguiten ez duenác, aldiz, abertçale icenaz estali nahi baduçue ere, eguiaz espaignolista legez dihardu, ceren nor bere mintçairaren arauera baita eçagun nongoa den. Ez dira iauná, iauná dioten eta icurrigna daramaten guztiac salvaturen, herriaren vorondatea eguiten dutenac baicic. Eguinetan behar baita guiçona juzcatu, eta ez botilei eratchequitcen zaizquien etiquetaco hitç vanoetan.

Eta phariseuec, maissuaren argudioaz nahassiric, beren penen consolatceco, coca cola bana edan çuten".