ANAITASUNA

1977.EKO OTSAILAREN 15-EKOA

334. ZENBAKIA

35 PTA.


ANAITASUNA

Bizkaia

hamabosterokoa

ZUZENDARIA:

Joan Mari Torrealday

Urteko abonamendua:

Bertorako 500 pezeta

Latin Amerikarako 550 pezeta

Europa eta Ipar Amerikarako 700 pezeta

Ale bakoitza: 25 pezeta.

HELBIDEA:

Zabalbide, 68., Bilbo - 6

Posta kaxa: 495, Tfnoak: 433 58 00 - 09 - 08 - 07


[AZALA]

HATZ ALKATEAK NOIZ ARTE?


AURKIBIDEA

3. Editoriala

4-13. TELETIPOA

15. Oihu bat: KALERA!

19-20. Gora Euskadi ikasia

21-24. KOMIKIA

25-26. JAKIN berriro ere

27-28. Medikuntza sendatzailea.

30-31. Zinea, atsegingarria.

32-34. Herri mailako hizkuntza.

35-38. Erlijioa

39. Postaz etorriak

40-41. Aisiaren ordua

42. Kaleko

Maketapena eta

Marrazkiak: Erramon Zumalabe.

Argazkiak: Arkoila

Moldiztegia:

Gráficas Sampedro

Part. Alzola, 2

BILBAO.

Dep. Legal: BI-1753-1967


Editoriala

Euskal Herriak izan du bere lehen lorpena: ikurrina.

Ez da lehen urratsa besterik. Baina urratsa da, aurrerabide bat da, Herriak berak eskuratu duelako, hainbat burruka-urtetan eskuetatik kendu ez duen zuzia izan baita, kendu ahal izan ez diotena.

Orain arte izkututik argitu dio zuzi honek bidea Herriari. Herria bera ere izkutuan baitzebilen gehienbat. Eta argi baten beharra zuen. Euskal Herriak berak ez zuen hitzegiten. "Herriaren ordezkari" batzu mintzatzen ziren "País Vasco"ari buruz; hau zela, beste zela; hau nahi zuela, beste ez zuela nahi. Eta hala zen. Inork ukatzen ez zuenez... Baina nork uka zezakeen Herriak ahotsik ez bazuen...?

Baina egun batetan Herri hori ohartu da, agerian ibili ezinik ez duela. Eta poliki-poliki, oso poliki, kaleratzen hasi da: kaleak, herrietako enparantzak bete ditu: bereak baititu. Kaleetako nagusitze hau ezin jasan izan dute hainbat urtetako nagusiek; eta Herriaren odolak hainbat kale gorritu du.

Era berean Herriak ikusi nahi izan ditu "Herriaren ordezkarien" aurpegiak bere zuziaren argitan. Beraien ordezkaritza dorretan, udaletxeetan hain zuzen ere, behar ditu ikusi.

Zer nolako harridura hauena, hainbat bider eta edonon ordezkatu duten "País Vasco" hori, Euskal Herri bilakaturik ikustean. Hainbat burrukaren irudiaren argiak itsutu egin bide ditu.

Bestalde, "separatismo"aren irudiak ez zuen lekurik administralgoaren dorreetan. Eta arrazoi osoa dute. Ezin elkar daitezke hainbat urtetako hatza eta herriaren zuzia, hura nabarmenegi geratzen baita.

Beste irtenbiderik ez duela eta, zenbait alkate, eguneko portaerak eskatzen duen bezala, erabat demokrata bihurtu zaigu, Euskal Herria EUSKAL HERRIA dela ohartu ezinik, gehiengoa, errepresentatzen zuten "País Vasco"koa dela sinestuz. Beste zenbaitek alde egin du.

Baina jaun hatza, konturatzen zara Herriaren lehen urratsa bakarrik dela? Herriaren burrukak laster bereiztuko ditu bere lagun eta etsaiak. Hasiera bakarrik da.

Kaleak, udaletxeak, lantegiak, etab., Herriak eskura ditzaneko eguna gero eta gertuago dago.

Ikurrina gurea da. Ikurrinaz, besteen bila.


Euskal Herrian. Teletipoa

Urtarrila

22.- Lau gaztek gose greba bat hasten dute Basaurin.

23.- Laudioko udaletxean jendaurreko pleno bat egiten da.

25.- Aitor Argarate galerazten dute Berangon eta La Salvera eraman.

26.- Mungian I. Luke entrepesako greba. Asanbladan erabakia. 7.

28.- Gernikan, Sta. Maria elizan 13 pertsona hersten dira gose greban.

29.- Basauriko gose grebalariek, bukatzen dute hertsaldia. E.N.M.E.S.A. izeneko Laudioko entrepresan —350 emakumek eta 150 gizonek osatua berau— asanblada bat egiten da bertan emakumeek jasaten duten diskriminazioari ebazpide bat emateko.

Iruineako Teniente Alkateak dimisioa eskatzen du, ikurrina onhartu zelako. Euskaltzaindiak, ofizialki eskatzen die Espainia eta Frantziako estatuen gobernuei euskararen ofizialkidetasuna.

30.- Eneko Otegi galerazten dute bere etxean. Ikurrina tinkatzen da Zaratamo, Etxebarri, Harrigorriaga eta Morgako udaletxeetan.

Sondikan, amnistiaren aldezko manifestatze bat egiten da. Berrehun bat pertsonak osatua.

Basaurin, Baskoniaren football-zelaian, euskaraz egiten da lehen aldiz bertan gertatu zen kirol partiduaren presentatzean.

31.- Basauritik "ihes" egindako bost gatibuak, kartzelan bertan aurkituak dira 54 egun ezkutaturik pasatu ondoren.

Lanean hasten dira F.T.S.etako langileak (520), Eskuin Aldeko tren eta autobusen geraldia bukatuz.

Otsaila

1- Patxi Zabaleta galerazten dute Iruineko bere bulegoan.

2.- Gernikako gose greba bukatzen da.

Guipuzcoa Unida jaiotzen da.

Basoar oletan, Gasteizen hertsi egiten dira lantegi barruan bertako langileak. Gasteizen, Gairu entrepresan 230 langilek greban diraute.

3.- Bilboko alkateak, kazetari aurreko eta jendaurreko pleno batetan, diskurtso biribil batez, esku garbiketa bat egiten du, herriaren galdaketak Madrilera bidaliz. Ataunen, ikurrina masta erditan jartzen dute, bordoi beltz batekin eta guzti, dolua adieraziz, amnistia lortu arte holaxe irauteko asmoz.

Bertako Dorronsoro nebarrebak daude preso, hain zuzen.

Arabako Alegria herriko alkateak herriari ezer esan gabe ikurrina ipintzen du udaletxean: 10 dira honela Arabako ikurrindun herriak.

4.- Santa Agedari gomendaturiko egunaren aurrekoa. Koruak ugari aritu dira Euskal Herri osoan zehar. Aurtengo berriak, amnistiaren eskakizuna eta ikurrinen ugaritasuna izan dira.

5.- Larrabetzua eta Ondarroako udaletxeetan ikurrina ipintzeko erreferendumak egiten dira.

Barakaldon eta Errekaldeberrin hertsaldi bana egiten dira amnistiaren eskakizuna apuiatzeko.

6.- Basauriko hauzategietako elkarte guztien asanblada egiten da.

Larrabetzuan amnistiaren aldezko manifestatze bat egiten da eta aldi berean udaletxean ikurrina ipintzen da.

PNV-ek gutun ireki bat bidaltzen dio Bilboko alkateari, honen diskurtsuari erantzun nahiz.

7.- Bermeon Zentral nuklearrei buruzko hitzaldi bat. Transporte pribatuen greba hasten da.

"Eusko ikurrina bai, espanolako be bai".

8.- Laudioko LIPMESA-ko langileek urtarrilaren 5ean hasi zuten greban diraute: 330 bat langile dira.


Euskal Herrian

Gose grebak eta hertsaldiak

Gose grebetarako dei ugari egin izan da. Gipuzkoa aldean, haietarik batzu aurrera eraman ez badira ere —azken egoerak horrela eskatzen zuelako— Bizkai aldean, aldiz, hainbat gose greba eta hertsaldi burutu dira, beren helburuak oso-osorik bete ez diren arren.

Basaurin, Urtarrilaren 22an lau gazte hertsi ziren horrela, Basauriko herriari presoen oraingo trantzea jakinerazteko. Grebak iraun zuen 8 egunen barruan. Bi agiri eman zituzten, ondorengo puntuokin: Eskubide demokratikoak, amnistia osoa, gorputz zapaltzaileen ezereztea eta Euskal Herriaren ez-dependentzia.

Mungiako San Pedro elizan Urtarrilaren 15etik 18ra hertsi ziren gose greban, amnistia, euskararen ofizialkidetasuna eta foruen berrezarpenaren alde.

Gernikako Santa Maria elizan 13 pertsona hertsi dira gose greban Urtarrilaren 28an, eta horrela irauten dute iragan 2rarte, puntuotan finkaturik: Amnistia osoa Yeu-ko "presoen" egoeraren kontra, gorputz zapaltzaileen kontra eta erantzukizunen eske, Tarabusirekiko atxikimendua, despedituen berrartzea, ekintza parapolizialen salhatzea,... Hil honen 2an arratsaldeko 3,30etan apezen komisio batek jakinerazten die, Apezpikuak bidalitako ohar batetan azaltzen zenez, bortxa publikoa arratsaldeko 5etan sartuko zela elizara hertsitakoak kanporatzera. Bostak eta laurdenetan hain zuzen, goardia zibilen teniente bat eta beste 4 numero sartzen diran elizan, "nola edo hala" atera behar zituztela elizatik jakinerazteko. Hitzok entzutean, hamairu grebalariek beren oinez irtetea erabaki zuten. Koartelean, une horretan, 6 ibilgailu "Land Rover" izenekoak zeuden bildurik, ezer gertatzekoan ekinari emateko prest. Gose grebalarien taldean, ba ziren PNV-ko bat, LCR-ko bat eta MC-ko bat, baina beste enparauak KAS-aren helburuetatik hurbil ari direnak ziren. Grebalarien agiri batetan esaten denez, ekintza hau, gure Herriak lehen azalduriko helburuak lortzeko taiuturiko katearen "maila bat gehiago" da.

Hilabete honen 5ean, Barakaldoko Esperantzako parrokian 60 gazte hertsi ziren gauean amnistiaz "pentsatu eta otoi egiteko", beren agirian esaten dutenez. Gau berean, Errekaldeberriko elizan berrogeitamar bat pertsona hertsi ziren amnistiaren aldeko burruka bultzatzeko eta botatze librea eragozteko.

Urtarrilaren 21etik 23rarte, Bilboko, Castaños, Zurbaran eta Zurbaranbarri aldean ere 35 pertsona hertsi ziren amnistia osoaren alde. Atxikimenduzko telegrama bat bidali zieten Yeu-ko herbesteratuei. Eta hauek, honela erantzun zieten: "UR ARTEKO LAGUNAK, ESKERTZEN DIZUEGU ZUEN LAGUNTASUNA; AURRERA DENOK BATERA".


Euskal Herrian

Ikurrina eta erreferendumak

1977-urtarrila-23

 LAUDIO.— Urtarrilaren 23an, igandez, eta bertako alkatesa den Mari Josefa Otxoa-k haren hospakizuna atzeratu nahi zuen arren, Laudioko udala jendaurreko pleno batetan bildu zen, ondorengo eguneko ordenaz:

1.- Etxarri-Aranaz-eko udalak 77-1-16an sinatu zuen akordioarekiko atxikimendua.

2.- Arabako udalen agiria, 77-1-16.

3.- Laudioko udaletxeko balkoian ikurrina jartzea. Hiru puntuak onhartuak izan ziren gehiengo absolutuaz.

Udaletxean bilduriko 11 pertsonen bileraren gora-beherak, plaza bete jendek entzun ahal zituen. Etxarri-Aranazko akordioa irakurriz hasi zen: amnistia osoa, euskararen ofizialkidetasuna eta foruen berrezarpena. Teniente alkateak eta alkatesak gogorarazi zuten, irailean egin zuten amnistiarekiko atxikimendua, baina ezin dutela ezer esan euskararen ofizialkidetasuna eta foruen berrezarpenari buruz, herria erreferendum batez kontsultatu baino lehen. Udaleko batek hartu zuen hitza eta, askatasunik ez dagoenez, erreferendumak ez zukeela efikaziarik ukango esan zuen. Beste udaleko batek ere adierazi zuen erreferendumaren kontrako eritzia, aurrekoaren hitzak bereratuz.

Ondoren bozketa nominal bat egin zen. Onhartu egin zen Etxarri-Aranazeko akordioarekiko atxikimendua aldezko 9 bozez, 2 kontrakoak zirela.

Gero, Arabako udalen agiria irakurri zen: Etxarri-Aranazera heltzearen ezina, udaleko erabakiak betetzera zihoazen arren; gobernuarekiko jokabide arbitrari eta zapaltzaileen salhatzea; eta Etxarri-Aranazeko akordioan finkaturiko helburuak lortu arte burrukan ekiteko asmo sendoaren berrespena.

Agiria, onhartua izan zen aldezko 9 bozez, bi kontrakoak zirela.

Ondoren, 9 udalekok sinapeturik zetorren ikurrina jartzeko agiria: Euskal Herriak —azaltzen du agiriak— beretzat hartu du, edozein ideologiatik edo polikatik landa; ikurrinaren usarioa gehituz joan da bertako eta etorkin asimilatuen artean, guztion ahaleginek atera dutenez ikurrina klandestinitatetik, ez diogu uko egingo lorpen honi, denok dugun guraria, sinbolo hau Euskal Herria batzeko baliagarri izan dadin, eta etorkizunarantz zabalik dagoen herriaren nortasuna lortzeko ere bai.

Teniente alkateak eritzi partidista bat eman zuen ikurrinari buruz, eta erreferenduma egin behar zela proposatu zuen.

Alkatesak ere erreferenduma eskatu zuen, egiatan jakiteko ea ikurrina den herriak aukeraturiko bandera, eta, elkartzeko eta ez hausteko gain den.

Enparantzan bilduriko pertsonek, 6.000 inguru, oihu egiten zioten alkatesari: "Josefa dimite el pueblo no te admite"... Udaleko batek, erreferendumaren proposapenei erantzunez, esan zuen, erreferendumaren hauzipetan lehenbizi jarri behar dena kargu publikoak direla, Alkatetzatik hasita.

Egin zen bozketan, alkatesa izan zen kontrako boza eman zuen bakarra. Sinatu zuten 9 udalekoek, beraz, ikurrina jarri zuten, holaxe erabaki baitzen. Eta hantxe jarrita iraun beharko zuen hurrengo iganderarte —30 egunera arte— plenoak erabaki zuenez.

 IRUINEA.— Iruineko Teniente Alkateak, Xabier Rouzant dimisioa eskatzen du, ikurrina onhartua izan zelako Udalaren bileran. Urtarrilaren 29an, botazioak hasi zirenean, irten egin zen biltzar gelatik. Bihoa.

 PORTALDE.— Herri honetako kontzejal diren Karmelo Pariza, Pedro R. Murga, Marzelino Rubio eta Migel Cuestak ere dimisioa eskatzen dute Bizkaiko Gobernariaren aurrean, ikurrina udaletxean tinkatzea erabaki zelako, antza, hauxek izan baitziren "ezetz" bozkatu zuten laurak.

Urtarrilaren 30ean ikurrina ipintzen da ZARATAMO, ETXEBARRI, HARRIGORRIAGA eta MORGAKO udaletxeetan.

 BILBO.— Hilabete honen 3an, 300 pertsonen aurrean, Bilboko udaletxean egin zen plenoan erabaki zen, ikurrinaren onhartzea erreferendum bat egiteak baldintzatzen duela.

Bilboko alkateak, Jose Luis Berasategik, mozio hau irakurri zuen: "Justiziatan pentsatuz, ikurrinaren onharpena baliotzeko, bizilagunen gehiengoaren oneritzia behar da. Eta honela, Gobernaritzako Ministroa izan behar du —edo bestela Gobernua bera— herri kontsulta hau bideratzeko behar diren arauak diktatu behar dituena, gehiengoaren eritzia jasotzeko, huraxe izango baita guztiek errespetatu eta irmotuko dutena."

Irakurketaren ondoren egin zen bozketan, 19 kontzejaletatik, 18k erreferendumaren alde botatu zuten. Orain Madrileri itxarotea besterik ez da geratzen, erreferendum hori nola egin behar den dikta dezaten. Argi geratzen da beraz alkatearen jokoa, herriaren eskari nabariengandik ihesi doan gizon honena.

PNV-aren Bizkaiko udal ordezkari batzuk egindako gutun irekian, erreferendum hori egiterakoan kontutan hartu beharko liratekeen puntu batzu azaltzen dira: ikurrinaren alde daudenek, informabideetarako eta propagandarako eskubidea; 15 egunetako aurrerapena gutienez erreferendumaren konbokatorian; astegunez egitea, azkenekoa egin zen bezala, eta gainera, ikurrinaren alde edo kontra daudenez gain, ea udalekoen alde aia kontra dauden ere bai.

DCV-ek, ALV-ek, PSDE-k eta PDP-ek, ikurrinaren aldeko atxekimendua adierazi dute ondorengo slogan astabelarrigarriaz: "eusko ikurriña bai, españolako be bai".

 ATAUN.— Gipuzkoako herri honetako udalak, hilabete honen 3an, bere plenoan erabaki ondoren, ikurrina masta erditan jarri zuen, krespoi beltz batekin erdian, amnistia heltzearen zain. Ulertzekoa da 2.100 bizilagun baino ez dituen herritxo honetan hori gertatzea, zeren bertako bi seme-alaba —Jone eta Joxe Mari Dorronsoro— preso baitaude.

ALEGRIA.— Arabako herri honetan, alkateak inori ezer esan gabe, eta herriaren nahia konprenituz, ikurrina jarri zuen udaletxeko mastan hilabete honen 3an. Hamar dira honela ikurrindun herriak Araban: Legutiano, Aramaiona, Alegria, Araia, Agurain, Okendo, Laudio, Amurrio, Kanpetzu eta Maeztu.

 LARRABETZUA.— Iragan 5ean ikurrinari buruzko erreferenduma egin zen eta hurrengo egunean, igandez, ikurrina jarri zen eta amnistiaren aldezko manifestatze bat egin zen herrian zehar.

Urtarrilaren 31 n gertaturiko jendeaurreko plenoan, luzaro iraun zuten alkateak eta herriak "ikurrina bai eta ikurrina ez" eta "erreferenduma baietz eta ezetz". Azkenean alkateak erabakia hartu zuen, herriaren kontrakoa, halegia, hurrengo larunbatean, 5, erreferenduma egin behar zela.

2 egunean, herri asanblada bat egin zen erreferendumari buruz herriak erabakia har zezan. Boikota erabaki zen, "ikurrina bai, erreferenduma ez" lemapean. Bestalde, beste taldetxo batek, batzarre bat egin zuen, parte hartzea erabakiz, horretarako aurretiaz eta jende gehiagok erabakitakoa apurtuz. Larunbatean, beraz, halako giro nahastatutxoa nabari, jende askok zer egin ez zekielarik. Dena den, larunbatean, arratsaldez, 6ak ingurua Herri Asanblada bat egin zen, 200 bat lagunek parte hartzen zutelarik. Azken orduko eztabaidak garbitzeko izan zen, hau da, batzu botatzera joan zirenez gero, zer erabaki definitibo hartuko dugu, joan ala ez joan? Eta horretan geundela, bertan zeuden 8 bat goardia zibilek disolbitzeko eskatu ziguten. 5 bat minututako epea eskatu zitzaien erabakia hartzeko. Eta hala egin zen, ia jende guztia ez botatzearen alde deklaratu zelarik.

Dena den, botoa oso gutxik eman zuten: 90ek. Horietarik 85ek baietz, 4k ezetz, eta 1 nuloa.

1977-2-6: Hurrengo egunean, eguerdiko ordu batetan, amnistiari buruzko pankarta eta ikurrin pila baten laguntzarekin, txistulariak aurretik zirela kalejira egin ondoren, ikurrina jarria izan zen ofizialki Herriko Etxean Ikurrina jarri eta berehala, amnistiaren aldeko Batzorde abertzalek Euskal Herri osoari ateratako agiria irakurri ondoren, Gora Euskadi Askatuta eta Gora Euskadi Sozialista oihukatu zituzten.

Bukatzeko, Larrabetzuko 21 urtetatik beherakoak atera zuten manifestua irakurri zen. 16 urtetatik 21etara bitartekoek ba dutela gaitasunik botatzeko eta Udalaren bestean edo hobeto, ezagutzen dituztela herriko arazoak diote. 16 urtetik gorakoek botorako eskubidea dutela adieraziz. Eta hala segitzen du agiriak: "Herriak ikurrina, amnistia, euskararen ofizialtasuna, indarrepresiboak kentzea, Euskal Herriarentzako autogobernua eskatu zituen. Udalak ez du bere erantzuna eman. Hau ikusirik, udala, herriarentzat, kaltegarri izan dela salhatu eta 16 urtetatik gorakoentzat botoa eskatzen eta esijitzen dugu eta Udal guztiaren dimisioa".

Berriz ere, Gora Euskadi batzu bota ondoren, jendea banatu egin zen.

 ONDARROA.— Hemen ere alkateak inposaturiko erreferendumaren kontrako boikota masiboa izan zen, 6.084tatik 1499k baino ez zuten botatu larunbat 5ean. Hauetarik 1114ek baietza eman zuten eta 80k ezetza, baina inork ez zuen boto zuririk eman. Igandean, arratsaldeko lehen orduetan jarri zen ikurrina udaletxean, jende guztiaren pozez, batez ere "Txikia"ren amak masta besarkaturik bi hatzamarrak jaso zituenean.

 PLENTZIA.— Bestelakoa izan zen erreferendumarekiko Plentziaren erantzuna: 1896 pertsonatatik 1114ek eman zuten botoa, zeinetatik 1026ek baietza eman baitzuten, 68k ezetza eta 20k zuritan.

 DERIO.— Hamabost ordu iraun du ikurrinak udaletxeko balkoian zintzilik. Bilbotik 7 kilometrotara dagoen herritxo honek, ba du udaletxea, baina bere Ayuntamentua Bilbokoaren sukurtsal bat besterik ez da.

Hil honen 4ean, hiru zahar eta 2 gaztek, herriaren nahia jasorik, alkatearengana joanik, ikurrina eskatu zioten. Honek baietz esan zien.

Udalak hurren egunean egin zuen bileran, Bilboko alkatearengana bidali zuen ikurrinaren aldeko komisioa. Eta Bilboko alkateak, horrelako istiluetan ez sartzea gomendatu zien.

Halare, igande 6an, arratsaldeko ordubata aldean, ikurrina jarri zen udaletxean txistu eta kalejira giroan, baina goizaldean, norbaitek kendu egin zuen, 4etan ez baitzegoen. Errepublika aldian Derion ikurrina jarri zuen gizon bera izan zen oraingoan ere jarri zuena.

 MORGA.— Urtarrilaren 30ean, goizeko 12,30ak inguruan, Morgako Udaletxeak ofizialki, sesio baten ondoren ikurrina jarri zuen.

Ordu batak inguruan jendea batzen zihoan neurrian, ikurrin haundi bat atera zuten gazteek, eta beren inguruan, txistu eta guzti halako festatxo bat muntatu zuten.

Ordu biak inguruan Morgako Andra Mariara, joan ziren kotxe multzo haundi baten aurrean bertako ex-preso batek ikurrina zeramala eskutan.

Andra Marin manifestaziotxo bat egin ondoren, bazkari haundi bat egin zen. Horrela iraungo zuen giroak gaua etorri arte.


Euskal Herrian

Lantegiak

Laudio

 L.I.P.M.E.S.A.-ko langileek soldata oso baxuak hartzen dituztenez —16.000 pta. inguru— eta lan giroa ezin-txarragoa dutenez, syndikatu bertikalaren inoperantzia eta entrepresako juratuen eragin gutia ikusiz, asanblada bat egin zuten iragan urtearen hazilaren erdi aldian. Komeniorik ez egitea erabaki zuten, PAKTU bat baizik, asanbladak langileen ordezkari gisa hautatu zuen komisio baten bidez.

1976-hazila

24 eguna.

Entrepresako juratuk dimititu egiten dute.

Eskari bat egiten zaio zuzendaritzari:

- Barruko arautegia egitea eta jakineraztea.

- Komisioaren osokideen izenak jakineratzea.

- Entrepresa barruan asanbladak egiteko baimena.

- Abokatuak, asesoratzaile gisa etor zitezen baimena.

25 eguna.

Zuzendariak komisioarekin biltzen dira eta hau azaltzen dute:

- Egingo zatekeen edonolako arautegiak ez lukeela baliagarritasun handirik edukiko, oraingo Lege Laboral aldakorraren ispilu soila izango bailitzateke.

- Komisioa, benetan langileen ordekoa dela segurtatu nahi dutela, eta syndikatuen aurrean berau legeztatzearren ahaleginduko direla.

- Asanbladak hospatzeko, baimen ofizialez gain, beste baldintza batzu jartzen dituzte, maiztasun eskasa eta langileek haietariko ondorioen erantzukizun osoa hartu behar dutela.

- Asanbladetara ezin daitekeela abokaturik joan, ez eta besterik ere, plantiletan barru ez balego.

1976-abendua

3 eguna.

Iragarkien taulan agertzen dira Komisioko 8 osokideen izenak eta haien ordezkoenak era bai. Beren funtzioak azaltzen dira eta lista hori boza eman behar zaiola BAI edo EZ esanez.

6 eguna.

BAIETZ irteten da. 252 dira aldezko bozak; ezezkorik ez zen egon eta 49k ez dute bozkatu.

14 eguna.

Syndikatuak onhartu duela juratuen dimisioa jakinerazi egiten da.

29 eguna.

Baimenez asanblada bat egiten da bertan soldatez eta lan egutegiaz mintzatzeko. Langileek egiten duten proposamendu ekonomiako zehazten da: I.R.T.P. entrepresaren kontura; denekiko 6.000 pezetako atxazia, nominan jarria; PAKTU hau seihilabetero errebisatzea; 100 % gaixoaldietan; 30 egunetako oporrak; 40 ordu astero, 35 gauekoek; 30 egunetako frogaldia; bizitz segurua, etab...

1977-urtarrila

4 eguna.

Zuzendaritzak egiten du bere opakizuna: 5.000 pezetatako altxatzea Abenduaren 28koaz gain; Mutua Vizcaya-ri informe bat eskatzea, laneko arriskugarritasuna eta txozitatea gibeleratzeko; ekonomatu bat lortzeko gestioak arintzea; bidaien kostuak entrepresaren kontura, lanerako direnean; Babes entrepresa batekin ari direla harremanetan. Berau, ahalik eta opakizunik handiena dela esaten du entrepresak. Hau da, ez duela dirurik. Egun berean, arratsaldeko 6,30 etan, baimenez asanblada bat egiten da. Ez da onhartzen entrepresaren opakizuna. Greba bati hasiera ematea erabakitzen da.

5 eguna.

Greba hasten da.

Entrepresak komisioari ohar bat bidaltzen dio, greba hau ezlegala dela esanez eta Urtarrilaren 4ean eginiko opakizunak ezereztu egiten dituela jakineraziz.

7 eguna.

Baimenez beste asanblada bat, lehengo eguneko gauza berak tratatzeko; greba aurrera doa. Entrepresak, Ford etxearekin kontratu bat duela esaten du eta eskari berezi bat duela, erantzun ezinekoa. Egoera hau arintzeko, 2 ordu extra opatzen ditu altxatzeaz eta guzti, horrela, dirua ba duela adieraziz.

10 eguna.

Langileek agiri bat zabaltzen dute lantegian eta Laudion, daramaten burrukaren zergatikoak azaltzeko. Agiri honetan agertzen diren puntu batzu trata ezinak direla aipatzen bertan:

- Lan astea 44 ordutara gutitzea.

- Babes soziala eta IRTP entrepresaren kontura.

- 15 eskalafoiak 5etara gutitzea. Horretara, soldaten altxatzea bat gertatuko litzateke. Eta gainera, denekiko 6.000 pezetatako altxatzea, oinharri-soldatan bertan jarria.

- Eta PAKTU hau seihilabetero errebisatuko dela.

13 eguna.

Syndikatuak, LIPMESA.-ko zuzendaritzaren eskariz, Istilu Kolektiboa formaltzen du, eta astelehen 17rako alde biak deitzen ditu elkartzeratze batetarako. Astean zehar, entrepresak, botatze gutunak bidaltzen ditu, eta oraindik zigortu gabeko langileei esaten die, ez duela bere opakizuna aldatzen. Gainera, mehatxuz esaten die langileei 24ean lanean hasteko.

28 eguna.

Gasteizen elkarrizketak daude zuzendaritzarekin. Komisioak, plataforma errebindikatzaile berean tinkatzen da, eta botatakoen berrartzea eskatzen du. Entrepresak, Otsailaren 1ean lanean hasteko esaten du, horrela berrartuko dituela eta, baina ebentualak kalean geratuko direla hala ere. Tratutan hasteko geroagoko errendimendu handiago bat egon beharko dela lanean.

31 eguna.

Syndikatuei baimena eskatzen zaie, eta entrepresari ere bai, gaur asanblada bat egiteko Billosa-n, baina baimen hau ukate egiten du gobernadorearen ordena batek.

1977-otsaila

1 eguna.

Hauxe da botarikoak lanean hasi daitezen, entrepresak jartzen duen azken eguna. Langileak ez dira lanean hasi. Alkatesaren bidez, elkarrikuste bat eskatu dute gobernadorearekin. Gaur entrepresak beste opakizun bat egiten du eta postaz bidaltzen die langileei atzoko fetxaz. Bertako puntuak, hauk dira: Botariko guztien berrartzea, lana normaleztatzen denean; lan mailak, 15etik 9tara gutitzea; lehengo lan mailatik beste berri batetara igotean, gutienez 4.800 pezetatako altxazia gertatzen da, eta gehienez 6.700, 5.200ekoa izanik batez bestekoa; erretiratzekoan edo istripuren bat gertatzerakoan, soldataren 100%a jasoko da, lana gehitzen denean (5%eko absentismoa). Ondoren bildu egin zen Lipmesako langileria asanblada batetan eta ez zituen onhartu aurreko proposapenak, soldata handiagoak nahi dituzte batez ere.

5 eguna.

Gaur, larunbatez, elkartzen da Lipmesako komisioa Arabako gobernariarekin. Bileraren doinua latza izan zen. Gobernariak protestaz hartu zuen, berandu heltzeagatik; tardantzaren karia burokrazia izan bazen ere. Gobernariak ez zion utzi komisioari hitz egiten, eta piketeak egingo balira, indar publikoaz mehatxatu zuen. Laster bukatu zen, ordu bat, geroago bilera zuelako Lipmesako zuzendaritzarekin. Gainera, esan zuen, hil baten barruan lortu ez zutena ez dutela lortuko oraindik aitzina. Komisioak erantzun zion, hobetze sozialak lortu dituztenez, segitzen badute burrukan soldaten hobetzea lortuko zuketela. Gobernariak esan zuen, hori lor zezaketela, edo entrepresa herstea, bestela. Ondoren, bozketak egiterakoan eskua jasoz egitearen sistima kritikatu zuen gobernariak. Gaur ere, komisio eta entrepresaren ordezkoek negozial une bat ukan dute, 5 minututakoa, eta ez da irtenbiderik ikusten, zeren langileek, entrepresak opaturikoa baino soldata handiagoa eskatzen baitute, eta entrepresak ez du ezer jakin nahi horretaz.

8 eguna.

Manifestatze bat egiten da herrian zehar 5,45tan hasita, 300 edo 400 lagun. Gehienak Lipmesakoak dira. Besteak Ardau-koak.

Eskuin aldeko trenak eta autobusak

F.T.S. izeneko entrepresa, Hibaizabalen Eskuin Aldeko transporteak zuzentzen dituena normaleztatu egiten da Urtarrilaren 31n. Bertan lan egiten duten 520 langileek bukaera ematen diote honela iragan 21ean hasi zuten grebari.

Bizkaiko garraioen greba

Bizkaiko garraioen koordinatzaileak, hil honen 7rako guztiekiko greba bat hastea erabaki zuen herrialde honetan. Azken Ekainaren 6an sinaturiko konbenioan dago honen iturburua, langileak ez baitaude berorrekin akort. Beren birbindikagailuaren puntuak hauk dira: Botarikoen berrartzea, 40 ordutako lan-astea, 30.000 pezetatako soldata hilean.

Greba honek, atal honen langilegoaren 80 % a besarkatzen du, hau da, 3.000 langile inguru. Entrepresa txikiak izan dira lehenak greban hasten, eta esan daiteke, ikastetxe, fabrika etabarretako entrepresetako bidaiak egiteko kontrataturik zeudenak izan direla erantzunik ugaritsuena eman diotenak grebari. Ahatik, merkatal garraioetan, normalitatea nabarmendu da.

Garraioen Guztiekiko Greba hau, urtarrilaren 21etik TUGBSAkoek daramaten grebari gehitzen zaion kate-begi bat da.

Tarabusi

Hiruilabetetako greba daramatenez, ebazpideren bat berehala bilatu nahiez, arbitraiazko sistema onhartu dute iragan zortzian. Sistima honek alde biak behartzen ditu erabaki bat hartzera.

Baina astearte 9an entrepresak ez du onhartzen arbitraia "ez-prozedentzea" dela esanez.

Esan beharra dago, egun berean, Basauriko Echevarria entrepresak greba egin zuela, eta bere babes kaxako dirua 100.000 pzta, Tarabusiko langileei eman ziela. Era berean, Echevarriako komisioa zuzendaritzarengana joan zen Tarabusiko arazoan presioa egin dezan eskatzera. Eta honela gertatuko ez balitz, grebara aterako direla, Tarabusikoekin solidarizaturik. Basauri aldean, Echevarria-z gain beste entrepresa hauk ere greba egin dute: Formica, Firestone, Bandas, Guinea, eta Ceplastica-k.

Laudio E.N.M.E.S.A.

Enbasegintzan ari den entrepresa honetan —zeinaren xantilioia 350 emakumek eta 150 gizonek osatzen baitute— 1977.eko Otsailaren 29 larunbatean, asanblada bat hospatu zen ekoizpen primez eta kobratu gabeko gratifikazio batez hitz egiteko.

Helburua, emakume langileek jasatzen duten diskriminazio nabaria eta guztiekiko informaziorik eza ebazpidetan jartzea zen. Erabakiak, Entrepresako juraduaren dimisioa, eta langileen asanbladaren ordezko komisio negoziatzaile bat izendatzea izan ziren. Hileroko ekoizpen primak banatzeko juratuen erizpideak, hau dira:

- Gizonentzat 100 pta.

- Ofizial Administrarientzat 875 pta.

- Emakumeentzat 500 pta.

4.779.181 ptatako urteko gratifikazio bat dago kobratu gabe. Juraduak honela egiten du haren banaketa:

- Gizonei 25.000 pta.

- Emakumei 12.519 pta.

Ofizial administrariei 22.122 pta.

Lan ikasleei 10.400 pta.

Juratuek ez dute dimititzen. Horregatik zuzendaritzak juratuekin heltzeari darraio. Hori ikusirik, komisioak —hau da asanbladaren, eta langileen aldeko ordezkariek— gutun bat eman die langileei. Hauxe da haren laburpena: Sinatzaileek, ENMESA entrepresako langileek, juratuaren dimisioa eskatzen dute, ez baitira baliagarri, ez giza moldez ez eta sindikal moldez; dimititzen ez badute, ez dute (sinatzaileek) onhartuko juratuen negoziabiderik, ez direlako langileen ordezkariak, komisioa baizik. Gutun hau, 230 pertsonak sinatzen dute lantegiko xantilioiaren osokideen artean.

4ean, ostiralez, zuzendariak, bigunago dihardu.

Hurren egunean, larunbatean, baimenik ez zuten arren, asanblada informatzaile bat hospatu zuten. Bertan 85 %ek parte hartzen dute. Aurreko erabakiei birrespena ematen die, eta negoziatzearen gutiengo puntuak eztabaidatzeari ematen diote hasiera: igoera linealean eta emakumea ez diskriminatzean oinharriturik. Lan berdinari soldata berdina. Enmesa, Laudion, entrepresa garrantzitsua da, gehienak emakumeak direlako eta bertako burruka ordenaz doalako.

ELAk harreman pertsonalak ukan ditu Markotegirekin, Aretako fabrikako nagusiarekin, eta entrepresako langileekin ere bai, hauei lanera joateko eta nahikoa lortu dela belarrira esanez. Hau guztiau, jakina pertsona mailan, eta ez gehiagorik.

Vulcano Española

Mungiako entrepresa honetan, 24 langile izan dira despedituak, 2.000 pezetatako altxazia eta soldata extrak egiazko soldataren berdinak defendatzearren.

Ezker aldean, Astilleros Españoles Olabeaga-koa, General Electrica eta Petronor izan ziren geratu zirenak.

Eskuin aldean, Westinghouse, Laurak, Alconza, Redusa Astilleros Celaya, Astilleros Ruiz de Velasco eta Astilleros de Asua-k geratu zuten.

Guztitara, 30.000 pertsona izan ziren iragan 8an greba egin zutenak Tarabusikoekin bat eginda.

LAB izan da greban honen deia egin duena, CNT-ek ere apuiatu du.

Luke

Mungiako Zabalondon dagoen entrepresa honetan, —Artetxe sailekoa berau— bertako langileek asanbladan erabakiari jarraikiz, Urtarrilaren 26an greba egin zuten. Entrepresak, horregatik, bertako 7 juratuei espedientea ireki diete syndikatoetan. Horri erantzuteko, Mungiako Langile Koordinatzaileak horri bat atera dute, sinaturak jasotzeko, juratuen zigorra kentzea eta greba-eskubidea ezartzea eskatuz. Aipagarria da PNVko jendeak ez duela ekintza hau apuiatzen.


Euskal Herrian

Politika

"Gipuzkoa unida" jaio da Otsailaren 1ean. Bederatzi alderdi politikoko jendea bildu da "españolismo"aren inguruan.

Sozialisten birbiltzea

Euskal ezkerreko talde abertzale batzu, konbergentzia-bidetan jarri dira Otsailaren hasieran. Partaideen artean, dagoeneko ezker nabaria osotzen duten talde hauk daude: EHAS (KAS-aren osokidea), Eusko Sozialistak (orain arte FPS-aren osokidea) EKB (euskal komunisten batasuna) eta beste zenbait independente. Birbiltze honeztako interes bizi bat du, ETA-PM-aren bikoiztetik sortu berria den EIA alderdiak ere.

Konbergentzia hau, Sozial-demokraziak plazaratzen duen gauza hori baino ezkerrerago geratuko litzateke, eta bere ezkerrean, talde troskista eta maoista erradikalak geratuko lirateke.

Gobernu baskoaren bilera

Iragan 8an, Baionan bildu zen, kontseilari guztiak bertan zirela, Gobernu Baskoa, bederatzi ordu luzez: Jesus Maria Leizaola (Lehendakaria), Mikel Isasi (PNV), Jesus Ausin (Izquierda Republicanakoa), Gonzalo Nardiz (ANV) eta Juan Iglesias (PSOE-ren Euzkadiko zentral sozialistako komitekoa).

Arreta handia ematen diote preso politikoen egoerari eta benetako amnistia osoari, bide demokratikoa zabal dadin, azken Abenduaren 31 ko agirian azaldu zutenez.


Euskal Herrian

Euskara eta kultura

EUSKALTZAINDIAK... Euskararen Ofizialkidetasuna eskatzen du. Urtarrilaren 29an, Espainia eta Frantziako estatuen gobernuarengana zuzentzea erabaki zuen Euskaltzaindiak, euskararen ofizialkidetasuna eskatzeko ofizialki.

Bazozelai-n euskaraz

Baskonia football ekipoaren zelaian euskaraz egiten da presentazioa, lehen aldiz. Imitagarria benetan, Baskoniaren jokabidea.

Bermeo

Otsailaren 6an igandez, hitzaldi bat egon zen Artza frontoian Euskal Herriko kostaldeko zentral nuklearrei buruz. J.R.Etxebarria lagunak eman zuen euskaraz eta Allendek erdaraz. Azkenean Jon Enbeita eta Sardui bertsolariek parte hartu zuten. Bostehun pertsona bildu ziren, eta azkenean elkarrizketa mamitsu bat egon zen, gehiena euskaraz.

Hitzaldian, Lemoizko zentralaren eraikuntzan gertaturiko ez-legezkoak salhatu ziren, eta Allendek, Iberduero gonbidatu zuen, Euskal kosta nuklearraren babes komiteak antolatzen dituenetariko hitzaldiren batetara etor zedin. Bigarren aldiz egiten du Bermeoko komisioak honelako aktu bat, inondiko laguntzarik hartzen ez duen arren.

Esan egin behar da, gainera, alkateak 10.000 pezetatako segurantza bat uztera behartu zituztela antolatzaileak, desordenen bat apurketen bat gerta baledi... Bermeoko komisio honek agiri dokumentatu bat egin du, zentral nuklearrei buruz, eta azkenean firmak bildu dira Mungiako Udalari aurkezteko, Lemoiz gelerazi dezan.

Dima

Herri honetan ikasgelak behar dira euskara irakasteko. Alkatea da oztopoak ipintzen dituena eskolako gelak horretarako uzterakoan. Legeak, ostera, erraztasun handiak ematen ditu horretarako. Zergatik alkatearen legetik kanpoako jokabide hori?

Bilboko Uribarri hauzategian

Otsailaren 1rako, Uribarriko Amnistiaren Aldeko Komisioak hitzaldi bat iragarri du arratsaldeko 8etan. Horri bat zabaldu da horretarako eta amnistia eskatzeko, hauzategi honek 5 herbesteratu ditu eta.

Alderdi politikoen euskara

Zoritxarrez, aspaldion eskribu gehitxo ikusten dugu euskararen ofizialkidetasunari buruz, gehienak erdara hutsean edota hizkuntza bitan.

Zorionezko harriduraz jaso dugu Komunisten Batasunak argitaratu "manifiestotik", "Euskadin zapalketa: Langileriaren eta Herriaren Autodeterminazioaren alde" boletina, 88 horrialde dituela eta oso-osorik euskaraz. Beste zenbait artikuluren artean, "Euskararen eta gaztelaniaren berdintasunaren alde" deituriko bat, 17 horrialdetakoa. Exenpluaz irakastea bezalakorik ez dago.

"Agerki" sortu da

Euskal kultura ukaezinezko zerbait da, eta eragozpen guztien gainetik bere arte erakustaldietan nabari da.

Herriaren barrutik irtendako arte erakustaldiok, ordea, ez dira oraindik euskal mundu osora heldu.

Jendearentzako agerraldietan azaldu izan den profesionaltasunik eza eta gure jaialdi eta ikusgarrien antolatzaileen koordinatze falta, maiz, artisten, ikuskizunen eta herriaren partaidetasunaren kalterako gertatu izan dira, orain arte.

Arlo honen garrantziaz jabeturik, AGERKI sortu da, zure zerbitzutan jartzeko:

1.- KANTARIAK

2.- JOIKI JATORRAK

3.- BERTSOLARIAK

4.- TALDEAK ETA ORKHESTRAK

5.- FOLKLOREA, DANTZAK

6.- THEATROA

7.- KORUAK

8.- HAURRENTZAKO ARIKETAK

9.- PUBLIZITATE ETA ZABALKUNDEA.

Eskaintzen dituen Abantailak:

1.- Zerbitzuan jarritako profesionaltasuna. Gu ikusgarritan profesionariak gara; Euskal Herri osorako ari gara eta zure ondoan gaituzu.

2.- Tramite arintasuna Artistak bilatu, eratzeko paper nahasteak konpondu, baimenak lortzea etab. ez zaizkizu jadanik buruhauste izanen. Gestio arin eta erosoa eskaintzen dizugu.

3.- Gestio osoa.

4.- Kostuen egokitzea. Aldez aurretik jakinen duzu zeure jai eta ikusgarrien prezioa.

5.- Zuretzako tekhnik zerbitzua.

6.- Ugaritasuna. Kultur sel-service bat eskaintzen dizugu, tokian tokiko ezaugarriak eta gustuak kontutan harturik.

7.- Bulego bat zure telephonoaren aldamenean. Deitu eta pertsonalki zuregana joanen gara.

 BILBO.— 1977.eko Otsailaren 5ean. "COMICOS DE LA LEGUA" S. VICENTEN.

Joandako larunbatean ere, Cómicos de la Legua antzerti taldea azaldu zitzaigun S. Vicente zinetokian, "Vivir por Bilbao" antzerkiarekin.

Nahiz eta agerraldi batzu egin lehen, honetan ere ikusleek erraz bete zuten zinetokiko jezarlekuteria.

Antzerki honi, ikusgarri deritzogu, bi aldetako hutsunea betetzeko asmoduna: bata Bilboko (Euskal Herrikoa ote?) antzerkirik eza, eta bestea bilbotasunari buruzkoa.

Antzerkiak Bilboko historia ttipi bat izan nahi du, joan den menditik honaino, eta azkenen urteotako udal-kudeatzeari kritika zorrotzak ugaritu ziren eta, ikusleen txaloak eta poza aipagarriak ziren, Doña Pilar-en joera eta Oruen eta etxemaileen espekulazioa aurrean ipiniz.

Historia ttipi hauen pertsonaiak, aipatutakoak landa, denetarikoak genituen eta gehienen izen bat ematerakoan, langileria bera zela esango dugu: Triano aldeko meatza langileria eta ugazabak, Barakaldoko etxekoandreak, kanpotar langileak, Bilbo Zaharreko etxe zaharrak, etab. Euskal baserritarra ez zen agertu, baina, behar bada, Cómicos de la Legua-ren ustean, geure baserritarrak ez dakigun nungo zeruan bizi ziren edo, edo marxistak onak izanik, langileriaren barruan egoteko merezimendua ez zuten egin baserritarrek.

Atzeagoko aipamenak, barre eragitekoak ziren, ordea: Bilbora etorri zen inglesa, etab., nahiz eta sozial arazoko mamia erne nunnahi (burnidun mendiko jabea etab.).

Kritikalaria sartuz gero, hutsune nabaria izan zaigu euskararen ahazmena: edonork uste izan zuen orduko Bilbotik hogei mila kilometrotara zegoela. Benetan ohargarria, antzerkiaren iragarkiak euskaraz-erdaraz ziren, bai.

Eta non euskal arazoa? Abertzaletasunaren aipamen bakarrak (untzigilea eta Bilbo Zaharreko dendaria, burjes apalak berauk) nahiko urri deritzogu, orduko Bilbon abertzaleek (PNV eta) politik indar nagusienetariko bat izanik. Elizari irri bat edo ere ageri zen.

Historia alboan utzirik, antzerkia arinegia zen alde batzutan, lasaiago besteetan; barregarria hasieran, garratza azkenean (Tarabusiko agiri bat irakurtzea eta guzti amaiean): ba dagoz beraz, etentoki batzu antzerkian zehar. Tresna igikuntza, bikaina, azkarra: eskena arront batetik, irudimenezko eskena batera iragan zen esate batetan), gaurko antzerki erakoa benetan. Mimika ona, lar ugari gutxitan.


Euskal Herrian

Manifestaldiak etabar

 SONDIKA.— Igande 30ean manifestazio bat egin zen Sondikan, Amnistiaren eskakizuna apuiatuz. Herriak honelako kontsignak oihukatu zituen: PRESOAK KALERA, ZAKURRAK BARRURA... ASKATASUNA.

BILBO.— Basauriko industri eskolako 500 ikasletik gora manifestatu ziren hile honen 8an, Carmelo Arteta bertako eskola industrialeko zuzendariaren dimisioa eskatuz. Arrazoiak bi ikaslerengan dauden espedienteak altxatzea eta irakaskuntzaren hobetzea dira.

 ATENTATU BAT MUNGIAN.— Otsailaren 5ean Mungiako ALKARTASUNA klubari su eman zioten, bertako liburu, aulki eta mahai guztiak errez. Esannahi asko duen puntu bat esan behar da, aldizkari baten horri bat ez zela erre, eta bertan hau irakur zitekeela: DERECHA SALVAJE.

SANTUTXUKO IKASTOLAN.— Hil honen zortzian, EGB-ko azken mailetako 60 haurrek greba egin zuten, "ongi pentsatu ondoren" —beren hitzak dira—, Tarabusiko langileekin bat egin nahiz.


Euskal Herrian

Galerazpenak

 ESKORIATZA.— Eneko Otegi, Eskoriatzako bere etxean zegoela, detenitua izan da urtarrilaren 30ean gaueko 10etan. Donostian bide dago.

Hiru urte dela, Hondarribiako tiroteo baten ondoren, Iparraldean babespetu zen eta hantxe egon da orain bost hilabetetara arte. Galerazpenaren arrazoia, Enekok Eguberrietan Eskoriatzako meeting batetan parte hartzea dateke.

 IRUINEAN, PATXI ZABALETA.— Otsailaren 1ean goizeko 11'30etan, Patxi Zabaleta detenitu dute Iruineako bere bulegoan. Astelehen gauean, bere bila joan zen polizia, baina etxean aurkitu ez zuenez, gaur gertatu da haren galerazpena.

Gaur arratsaldean irten da —hau da, egun berean— komisaldegitik. Itaunketa, galdeotan oinharritu da: Talde militarrekiko harremanak; KAS-ek dituen harremanak ezkerreko talde estatalistekin; eta EHAS-en egitura.

 AITOR ARGARATE.— Urtarrilaren 25ean Berangon detenitu zuten, beste batekin zihoala. Besteak, antza, ihes egin ahal izan zuen.

Elgoibarko 20 urtetako mutil hau Bilboko Zientzi Fakultateko euskararen arduraduna da.

Lege berriaren erretroaktibitateaz, ez dute askatuko oraingoz, antza, ikasleek horretarako presioa egiten ari diren arren.

 BASAURI.— Pedro Maria Martinez, Jose Ignazio Aramaio, Patxi Arana, Santiago Marco eta Jose Bizente Daroca, 54 egun egon ondoren "ihes eginik" kartzelan bertan aurkitu dituzte inspekzio arrunt bat egitean, Urtarrilaren 31 n, eta orain zigor geletan daude.

Beren gogoa, antza denez, amnistiaren zain bertan geratzea izan da.

 LAS CARRERAS.— Abanto-Zierbana-ko hauzategi honetan, eta manifestaldi baten ondoren, bertako langile diren Karlos Alfontso Abaskal eta Milagros Pereira, eta Rolando Gonzalez ikaslea galerazi zituzten, eta beren etxeak ongi arakatu. Ez dakitzagu oraindik galerazpenen arrazoiak.

Manifestaldian 300 bat pertsonak hartu zuten parte, eta azken egunotako galerazpenei protesta egiteko egin zen.


Euskal Herrian

Oihu bat: kalera

Gabonak iragan dira. Itxaropena susmatzen zen. Gabonak joan dira.

Gabon hauetan gure herria bezala, preso segitu dugu. Hamazortzi euskaldun abertzalek hemen iragan ditugu egun horik. Festa hauek ikasbide sakona eskaini digutelakoan gaude. Erakutsi digute ez luzarotan egotea, alderantziz etengabeko burruka egitea baino. Franco zenaren diktadura zapaltzaileak berrogei urte iraun du, baina ez du irteera errazik. Herriarekin aurrez aurre topo egin du, Euskal Herria bereziki, bere langileria aurren duelarik.

Herriaren gain ezartzen zen bortxaketa odoleztatu eta instituzionalizatuari, herriak halaber bortxaz hainbat alditan erantzun dio faxismoari; eskubide osoz, bere eskubide minimoak, langileen eskakizun minimoak, apurtuak eta lur jota aurkitzen baitziren.

Diktadurak alor batzutan amore ematea, herriaren ekintza bateratuak lortzen ditu. Oligarkiaren zaintzaile direnak egoera irtengaitz hori ikusiz eta halaber Europa aurrean aurpegi xurikatu bat agertu nahirik, hauxe bururatu zaie: "Guk nahi duguna iraunkorra bilaka dadin, alda dezagun larrua (itxuraz bederen)". Beraiek asmaturiko eta proposaturiko demokrazia baterantz bultzatu nahi gaituzte, beraien erritmo eta arauera garraiaraziz, herria kanpoan geratzen delarik, partaide ez izanik. Euskal Herrian une honetan ezartzen den errepresio latza lekuko, Euskal Herriak jasaten dituen nazio eta sozial eskubideen zapalketak gauza berbera adierazten digu.

Herriak eta Euskal Herria bereziki, antolaketa hau onhartzen ez duela garbi nabari da.

Demokraziaren haizeak ez ditu gartzelak ere ukitu. Egoera hoberik ez da inondik agertzen, alderantziz, azken urte hauetan gartzeletako egoera erabat gaizkoagoturik dago: kontaketak ugaritu, inferniloak debekatu, zentsura gogortu (Garaia, P.H. de Euskal Herria, Berriak... debekatu) hygienerik eza (arratoiak patioetan, jantokietan...), gure familiekin euskara debekatu (bai eskutitz, bai elkar hizketan), "trasladuez" ez gaituzte abisatzen... gure buruak deshumanizatzen ahalegintzen dira.

Hemen barruan beste mundu batetan bizi garela ("kanpoa" da gure hitza kaleaz mintzatzean, "han goia" Euskal Herriaz mintzatzean...) familietatik urrun aurkitzen garela, gurasoak sartzen ari zaizkigula, gurasoei beren haurrak ikusten uzten ez dietela eta lehen aipaturiko okerra kontutan harturik serioski kolpekatzen gaitu bizimodu honek. Francoren une bizkorrenetan bezala, edo okerrago aurkitzen gara. Eta hau guztiau, Herriaren eta langileen eskubide zapaldu eta ukatuen egoera hau aldatu nahi izan dugulako. Herriaren eta langileen alde burrukatzeagatik, euskal langile bezala geure nortasuna finkatu nahi genuelako eta nahi dugulako.

Amnistia oihu garraisi ozen bat bihurtu da Euskal Herrian gaur. Gobernuak ez du amnistiarik eman nahi, ez dute "etena" maite; hauxe baita amnistia: etena, ez barkamena, ez gobernuaren esku zabalaren adierazpen bat. Amnistia lorpen politiko bat bihurtu da, holaxe bihurtu zaio herriari. Herriak ondo ulertu ditu amnistiarik gabeko hitzak eta promesak, horixek direla: hitz hutsak.

Amnistia: Demokraziarantz abiatzeko osatuko duen lehen pausoa, lehena bakarrik, adierazpen bat soilik, Amnistiaren erabakia kaleratzean, gobernuak, maila batetan, alor batetan, amore eman duelako seinalea da. Herriak eskuratuko duena eta ez gobernuak eskainiko duena. Preso politikoen artean zenbait zatiketa eta bereizketa egitea, berriro eta bortizki ere salatu nahi dugu. Hor daude haien "terroristak" eta "odol deliktuak" beste batzuren artean.

"Odol deliktuak" direla eta, orain dela gutti Fragak hauxe esan zuen: "Eskuak odoleztaturik dituztenak ez dute inondik ere barkamenik ukanen"

Ondorioa: Duela hamabost egun Jurramendiko hilketan partaide zirenetako bi, Ferrol eta Iruineko gartzeletatik irten dira. Hauek ez dute amnistia baten beharrik ukan. Dirudienez, berrogeitahamarren bat barruan uztea gobernuak dituen asmoak salatzen ditugu bortizki, "baza politiko" bat bakarrik jokatu nahirik, amnistiaren sentidua behin eta berriro nahasteraziz. Herriak amnistia oso baten alde daraman burruka agurtzen dugu eta bat egiten dugu. Herriak eta beraien burrukak kaleratuko gaitu eta halaber Euskal Herriaren eta langileen eskubide osoak onhartuko dituen prozesuaren aurre urratsaren oinharria izanen da.


Euskal Herrian

Matikoren hiltzea

25 urte zituen Matikok, Urtarrilaren 23an, igande arratsaldeko 9,30etan, Armintzako portu bazterreko espigoi batetik erori zenean.

Gregorio Martikorenak (lagunok "Matiko" deitzen genuen) nahiko izan zuen, arratsaldeko ordu ilun hartan, deskuido harrigarri batez heriotzara joatea. Inork ezin zuen momentu hartan arrazoirik topatu; ezin zitekeen. Eta txarrago zena, argirik gabeko toki ilunean, bera olatu artean burua argi zeukala, azkeneko hitz erdiei erantzunik eman ezinez. Itsasoak gogor erasotzen zuelarik, ez zegoen inondik laguntzeko biderik: sokarik ez, itsaso amorratua, metrotako olatoak... Laster izango zen gorpu Matiko. Inork ez zuen sinetsi nahi. Bonberuak eta herriko arrantzaleak ibili ziren ondoren gorputza topatzen, baina alferrik dena. Itsasoa nagusi. Berak jan zuen.

Galdakaon, 27 goizean funerala eman zen, berak herri honetako Institutuan euskarazko eskolak ematen hasia baitzen.

Orain 25 urte, Nafarroako Pio Barojaren herrian jaioa eta artzain baten semea. Estudioz abokatua, karrera Deustuan egina. Gazte burrukalaria, euskal kultur arloan arras ezaguna Bilbo aldean, bereziki euskara arloan eginiko lanengatik. Hainbat eta hainbat eskola emana, bera.


Euskal Herrian

Berri kutsatuak eta asepsia

Informabideak dira gertakarien berri jakiteko bide arruntak, eta maiz, gure erizpideak mamitzen dituztenak. Urte batzu direla, egunkariek, irratiak, telebistak aipatu dituzten gertakari guztiak, epitetoz kutsaturik agertzen ziren. Batzu "llamadoak" dira, beste batzu "asesinoak", beste batzu "bikruciferoak"; "nacional", "separatista", "desalmado" eta beste asko agertzen ziren. Informakera hark bere eragina ukan zuen. Eta eragin hark, oraino bizirik dirau; eta ba dirudi ez dela aski demokraziaurre honetan, epitetook ez erabiltzea. Kontraepitetoak erabili behar dira aldi honetan behintzat, gauzak bere lekuan ipintzeko.

Egia da, neuk ikusi dudalako

Iragan 18an, Bilbon, "E" minibusean nindoala, emakume bat sartu zen eta nire aurreko jarlekuan eseri zen, beste emakume baten ondoan. Azken honek, ume bat zeraman bere altzoan. Geroko konturatu nintzenez, emakume sarberriak Amnistiaren aldeko eranskailu bat zeraman. Alboko umeak ikusi egin zion eta bere amari galdetu (erdaraz): — "Zer esan nahi du andre horrek daraman eranskailu horrek?" Eta amak erantzun zion, ahots ozenez: — "Ba, andre horrek asesino bat daukala gartzelan". Umetxoak ez zion gehiagorik galdetu; ulertu zuen, antza, amaren azalpena. (Ume horri norbaitek esan dio, asesino bat preso bat dela). Denok begiratu genuen harantz, erantzunaz harriturik. Eranskailudunak ez zuen ezer esan, zuri-zuri geratu zen.

Asepsia gehiegi

Zer den asesinoa —erhalea agian— argi azaldu behar litzateke. Preso politikoak, herri osoarenak direla. Amnistia, herri osoaren exigentzia nabaria dela. Gure presoak ezeren erhaleak izatekotan, faxismoarenak direla. Minibuseko emakume hori faxista bat dela, etab. Honelako berri deskutsatzaileak ez dira agertzen. Eta gauzak bere lekuan ipintzeko ongi letozke.


Euskal Herrian

Otsailak 4: ikurrinak kaleetan zehar

Agate Deunaren egunean Euskal Herriko kaletatik zehar ibili ziren kantari talde gehienek ikurrinean babesa izan dute aurten. Ikurrinaren onhartzea "hauteskunde bidez" aukeratu behar dela dioten hatz-alkateek behin eta berriro ikurrinaren onhartzearen frogak dituzte. Herriak gero eta gehiago erabiltzen duen ikurrinak ez du hauteskunde berezirik behar. Agate deunaren egunean herriak bere ikurrinaren alde bere botoak birreman zituen. Horrialde honetan egun hortan egindako foto batzu. Ez dute hitz gehiagorik behar.


Euskal Herrian

Gora Euskadi ikasia!

Euskaltzaindiaren azken bileran batzorde bat sortu zen, "herri euskara" bideratzeko. Zer da "herri euskara"? Egunero eta gure harreman arruntetan erabiltzen duguna. jakina da gure harreman arrunt eta egunoroko horietan oinharri-oinharrizko hizkera bakarrik erabiltzen dugula: Aditz formarik errazenak, hitz mordoxka bat bakarrik et beti berdintsuak, esaldi oso motzak eta zuzenekoak.

Milaka asko ari dira une honetan Euskal Herrian euskara ikasten lagun helduak, eskolatik aspaldi ibiliak beharbada, lantegietan izerdi ugari emanak sarritan. Beharrezkoa da jende guzti hauk euskaraz egiten jartzea, Euskal Herria euskaldunduko badugu. Horretarako "herri euskara" hori ikastea nahikoa dute. Euskaltzainditik sortu berria den Batzordeak oinharri-oinharrizko euskara hori zein den aztertu beharko du, eta hori ikasteko eta kaleratzeko bideak ireki beharko ditu: ikasliburu errazak, euskara erraz horretaz idatziriko aldizkariak, etab.

Urtarrilaren azken egunean, Lejoako Unibertsitatean mahainguru bat egin zen: Unibertsitarien (ikasle eta irakasleen) aurrean Natur Zientziak. Hiztegia eta JAKIN Aldizkaria aurkeztu ziren. Aurrena Jakin Taldeak argitaratu zuen orain dela hilabete gutxi; bigarrena berriz, egun hauetan kaleratu da, urtetan ixilik egon ondoren. Euskal Unibertsitatea eta Euskara erabili zen gai bezala mahainguruan. Izan ere, bai Hiztegiak eta bai Aldizkariak arazo berbera ipintzen dute aurrez-aurre: Euskal Unibertsitaterako landu eta ikasi beharreko euskararena. Ez da "herri euskara" hura, eta bai gaurko zientzia modernoek eskatzen duten hizkera tekniko eta espezialdua. Edozein hizkuntzak maila asko du; euskarak ere bai. Eta hiru urteko haurrak erabiltzen duen euskara, edota langileak lantegian edo kalean erabiltzen duen euskara, edota astekari batetan kazetariak erabiltzen duena, edota mediku batek medikuntzazko astealdi batetan erabiltzen duena: guzti hauk hizkuntzaren maila desberdinak dira. Ez dago bata bestearekin nahasterik. Eta ez dago euskara ikasten hasi den bati, Unibertsitateko irakasleak erabiltzen duen euskara irakasterik.

Guzti honek beste hura gogoratzen dit: Xabier Kintanak eta Joseba Tobarek liburu oso aipagarri bat kaleratu zuten lehengo urtean: "Euskaldun Berriekin euskaraz" zuen titulua. Liburuaren sarreran euskara ikasi beharraz berba egiten zuten; eta nahiago zutela "euskaldun ikasia" esatea, "euskaldun berria" baino. Gauza berbera dio Imanol Berriatuak, Israeletik etorri ondoren, ANAITASUNA honetan argitara eman dituen artikuluetan.

Euskalduntzen ikasten ari direnak, Alfabetatzen ikasten ari direnak, Euskara batua zertan den ikasten ari direnak, Natur Zientziak. Hiztegia ikasten ari direnak: denok maila desberdinetan euskara ikasten ari gara. Euskara ikasten ari da Euskal Herri "osoa": guztiok gara euskaldun "berriak", euskaldun "ikasiak" garen neurrian.

Euskara ikasteko eta irakasteko politika oso baten premia dugu. Helburua Euskal Herria euskalduntzea da: honek markatuko du politika horren estrategia. Baina nonbait beti ez gaude ados taktikari buruz.

Batenbati —oso gutiri, hala ere— entzun izan diogu: Zertarako une honetan zientzi mailako hiztegia eta euskara lantzen indarrak eman, euskaldunen artean 80 % lagunek euskara hasera-haseratik ikasteko baldin badauka? Zertarako "Natur Zientziak. Hiztegia" eta horrelakoak lantzen saia, "euskalduntzen" ari diren milaka lagunei erantzun egokirik eman ezinean gabiltzan bitartean? Edota Euskaldun gehienak "alfabetatu" beharrean gauden bitartean?

Euskalduntzeak eta alfabetatzeak maila asko ditu. Euskaldun bakoitza, esan edo idatzi nahi duen guztia esateko edo idazteko gauza ez den bitartean, ez dugu amaitu euskalduntzea ez alfabetatzea. Edozein euskaldunek bere kultura eta jakitate osoa, bere sentipen guztiak, hitzez eta idatziz (euskaraz) adierazteko gauza izan behar du, euskaldun ikasia izango baldin bada. Herri baten kultura lantzen den neurrian, kultur hori adierazteko hizkuntza landu behar da; eta bakoitza kulturaz janzten den neurrian, hizkuntzaz ere janzten da: euskalduna euskaraz.

Zientzia modernoenak eta zailenak ikasten edo irakasten ari den euskaldunak, bere burua euskaldun ikasitzat hartuko baldin badu, zientzia horik euskaraz ikasteko edo irakasteko gauza izan behar du.

Honek zera esan nahi du: euskalduntzearen eta alfabetatzearen bidea etenik gabea dela, bai herriarentzat bai norberarentzat: oinharri-oinharritik hasi eta gailur-gailurreraino. Eta bidea etenik gabea baldin bada, bide hori egiteko politikak ere etenik gabea izan beharko du.

Gaurregun "Euskalduntzea" eta "Alfabetatzea" fenomeno nagusiak dira Euskal Herrian. Horiekin batera Ikastola ere bai. "Euskalduntzea"ren bideak bizkortzeko eta zuzentzeko sortu du Euskaltzaindiak Batzorde berria. Baina euskal Unibertsitatearen arazoa ere bizi-bizia dugu; eta eskabide nagusia dugu gaurko euskal kultur indar guztien artean.

Euskalduntzea, alfabetatzea, ikastola, lizeoa, Unibertsitatea: Euskararen eta euskal kulturaren politika berberean bildu behar dira guztiak. Eta lehen laurak (euskalduntzea, alfabetatzea, ikastola, lizeoa) bideratuta dauden bezala, ordua da Unibertsitate mailako euskara lantzeko eta unibertsitariak alfabetatzeko. Euskal unibertsitari asko dago euskaraz tutik ez dakienik: lehen mailako euskalduntzetik edo alfabetatzetik hasi beharko du. Baina euskal unibertsitari dexente dago euskaraz mintzatzen eta idazten dakienik, baina berak ikasten edo irakasten duen zientzi alorra euskaraz erabiltzeko gauza ez dena. Hauentzat "Alfabetatze" espezialdu bat antolatu beharra dago: berauen zientziaren eta kulturaren mailako alfabetatzea.

Ez dut uste arazo hau gerorako uzterik dagoenik, Euskal Unibertsitatearen arazoa gerorako uzterik ez dagoelako. Eta zalantzarik ez dago: Euskal Unibertsitatea nahi baldin badugu, euskal unibertsitari "alfabetatuak behar ditugu, euskaldun "ikasiak" behar ditugu Unibertsitatean.

Paulo Agirrebaltzategi


Anaitasunaren komikia

Airko [Komikia]

Irudiak: Antton Olariagak

Gidoiak: Xabier Kintanak


Anaitasunaren komikia

SIDER bi mila 2000 [Komikia]

Irudiak: Erramon Zumalabek

Gidoiak: Xabier Kintanak


Anaitasunaren komikia

Krisket eta Popolo [Komikia]

Irudiak: Juan Karlos Egillorrek

Gidoiak: Borja Barandiaranek


Euskal Herrian

JAKIN, aurrerantz gogor ekin

Pozik hartu dut JAKIN aldizkariaren lehen zenbakia (bigarren aldiko lehena esan nahi dut).

Gaur egun indar berriz agertzen bazaigu ere, ba dakigu, jakin, 1956.eko udazkenean sortu zela JAKIN. Bizi, 1969. urterarte bizi izan zen aldizkari bezala. Baina urte horretan, agerturiko idazlan batzurengatik, orduko gobernariek lege babesa kendu zioten. Eta orain, 1977. urtearen haseran, berriro plazara zaigu. Ongi etorria dadila!

JAKIN-en helburuak

Zer eta zertarako da JAKIN? Editorialean azaltzen denez, JAKIN kultur aldizkaria da, euskal kultur aldizkaria. kultura zentzu nahiko zabalean harturik: Soziologia, ekonomia, zuzena, filosofia, erlijioa, zientzia, literatura eta abar erabiliko ditu gai bezala; eta gaiok serioski eta sakonki aztertu nahi ditu.

Zenbait arazoren azterketa sakonak egiteko, ba dirudi zenbaki monografikoak prestatuko dituztela. Eta horrela, lehen zenbaki hau Euskal Unibertsitateari buruz prestatua izan da. Euskal Unibertsitateari buruzko zortzi artikulu interesgarri dakartza, adin eta eritzi desberdinetako pertsonak eginak.

Zenbaki honen sarrera gisa idatzi duten artikuluan, JAKINekoek Unibertsitateari begira duten eritzia eta jarrera adierazten dute. Eta guztiontzat interesgarri delakoan, sarrera horretako zati bat agertuko dizuet. Honela dio:

"Badakigu, benetako euskal Unibertsitatea eman ez zaigula emango; guk geuk prestatu eta eskuratu beharko dugu. Gehienik emango digutena ere, nolabaiteko euskal unibertsital barrutia izango da: orain arte ukatu digutena hau ere. Euskal Unibertsitatea, unibertsital barrutia baino oso haruntzago doala uste dugu.

Euskal Herriak, ikastola ez du eskatu, lortu egin du: euskal unibertsitatea ere lortu egingo du. Berak sortu beharko du; eta horretarako bideak urratu: ahaleginez, etengabeko lanez, makurtu ezineko erabakiz, burruka luzez".

Artikulu irakurgarri bat

"Irlandaren paraderoa" izenarekin, J. Azurmendiren artikulu mamitsu bat dator zenbaki berean, duen aktualitateagatik bereziki komentatu nahi dudana. Bertan, Irlandaren azken urteotako historia aztertzen da, bide batez, euskaldunok ditugun arrisku batzuri buruzko ohar paraleloak egiten zaizkigularik.

Artikulu horretan aipatzen diren puntuetariko batek erabat kezkaturik nauka, eta, prezeski esateko, "euskararik nahi eta behar ez duten abertzaleena" da. Azken ANAITASUNAn oso ironikoki eta arkaikoki agertzen da arazo hau parabola baten bidez:

"Euscara iqhassi nahi ez duelaco, erdara berceric eguiten ez duenác, aldiz, abertçale icenaz estali nahi baduçue ere, eguiaz espaignolista legez dihardu, ceren nor bere mintçairaren arauera baita ecagun nongoa den".

Eta kasu hau —euskara behar eta nahi ez duten "abertzaleena"— benetakoa da gaur egun, negargarria bada ere. Eta zergatik gertatzen da? Ene ustez —Azurmendik dioen bezala— hizkuntz politikako oportunismoa da hori. Honela mintzatzen zaigu artikulu horretan: "Resistentzian, zapalketa garaian, ez da gehiegi insistitu nahi izaten hizkuntzaren arloan, galdua dutenak ez ikaratzeko. Ahalik eta jende gehienak inguratzearren, kontzesioak egiten dira...."Askatasuna lortutakoan aisa konponduko dugu hori". Eta hizkuntzaren arloa, askatu eta gerorako uzten da. "Errealista izan behar da", esango dizute.

Bitartean, nazio hizkuntzaren ederraz eta zorigaitzaz mintzatuko zaizkizu. Oker guztien errua norena den salatuko dizute. Zapaltzaileengandik beti esijitzen arituko dira" Eta berek zer egiten dute?

Hizkuntza baten alde ateratzea —euskararen alde gure kasuan— gauza erradikala dela uste dut. Alde ez dagoena, aurka dagoke. Baina jarrera erradikal hori gure helburua —Euskal Herri euskalduna— lortzeko bide bakarra dateke —bestela, Irlandaren kasua azter—. Eta helburu hori lortuko dugulako esperantzan hartzen dugu jarrera hori. Kontsekuenteki ez jokatzea, esperantza hori galdua dutenen kasuan ulertzen dut soilik. Hori ote da "abertzale" erdartzaleen kasua?

Goiko hitz hauk oraingo jokabide batzurekin lotu nahi ditut. Aspaldi aipatua da, Euskal Herriko aldizkari sasibilingueek euskarari egin diezaioketen kaltea. Haseran, euskarari hainbeste garrantzi emanen ziotela, euskararen aldeko zirela,... esan zuten. Hitz hutsak. Zer geratzen zaio praktikan euskarari aldizkari horietan? Ia ezer ez. Eta bestela, azter itzazue azken GARAIA, BERRIAK eta PUNTO y HORA. Bide horretan barrena, Euskal Herriko kultura erdal itsasora bultzatzen delakoan nago.

Entzuna dugu, oraintsu, EGIN izenez sortzeko den egunkariak, euskarari hainbat leku emanen diola. Eskari bat eginen nieke egunkari horren arduradunei, hauxe halegia, lehenik egin egin dezatela eta gero zenbat eta zer kalitateko lekua ematen dioten konta diezagutela, zeren eta nik neuk behintzat, fruituetan ezagutzen baitut arbola.

JAKIN euskal kultura lantzen

JAKIN aldizkariak, ordea, zintzoki jokatu nahi du. Bide gogorrago, beharbada apalago (?) eta dudarik gabe zailagoa hartuz, JAKINek Euskal Herri euskaldunaren esperantza ba duela frogatzen digu.

Horrekin loturik, ba da beste puntu bat. Sarri entzun dugu euskal kultura haurtzaroan dagoela. Haurtzaroan egoteak alderdi desberdinak ditu. Batetik, ene ikuspuntutik ikusiz, ona da, zeren eta haurtzaroan dagoena helduarora hel baitateke. Eta horren esperantza ba dut. Baina, bestalde, egiteko dagoela, egia bihur daitekeen baina osorik ez den zerbait dela esan nahi du. Eta guk egiten ez badugu, nork eginen digu?

JAKINek kontzientzia hori du eta ba daki, euskal kultura geuk egin behar dugula, geuk landu behar dugula. Eta, errealista izanik, etorkizunean euskal kultura heldua uka nahi badugu, oraindanik —geroko gero miresgarri eta zoragarri baten zain egon gabe— sortu eta landu behar dugula kontsideratzen du eta praktikara eramaten. Eta euskal kultura lantzearen bidetik abiatu da gogorki, zintzoki, firmoki: Bide horretan, zer esanik ez, euskaldun guztion laguntza behar du, guztion artean biharko Euskal Herri benetan euskalduna egin ahal dezagun

Bukatzeko, Ibon Sarasolaren hitzak hartuz, JAKIN euskaldun kultoen aldizkaria izanen dela uste dut. Gehiago oraindik, ez dut errazki euskaldun kultotzat hartuko, bertan agertzen den kultur maila lortzen edo lortzeko ahaleginetan ez dagoenik. Eta gogorra izan arren, Euskal Herrian gizon kultotzat hartua izateko zenbait baldintza euskaldun jartzeko ordua, heldua dela uste dut.

J.R. Etxebarria


Euskal Herrian

Natur Zientziak. Hiztegiaren aurkezpena Lejoako Unibertsitatean

Urtarrilaren 31 n, Lejoako Unibertsitatean, eta ZEKT delakoak antolaturik, "Natur Zientziak" hiztegiaren aurkezpena egiteko mahainguru bat muntatu zen. Hiztegia Arantzadi eta Jakin taldeek eginik dago, eta esan zigutenez, egiten ari diren beste hiztegi batzuren arteko lehena da. Euskal Kulturaren arloan hiztegi hauk oso garrantzitsuak izanen dira, zeren orain arte maila honetan euskaraz ia deus ere ez baitago eginik. Hiztegi hau, eta etorriko direnak, euskal mundua eta unibertsital mundua elkartzeko bide bat izan daitezke.

Mahaingurua bi partetan egin zen. Lehen partean mahaian zeudenek —P. Agirrebaltzategi, M. Aizpurua, J.R. Etxebarria, J.M. Torrealdai, eta M. Zalbide— hitzaldi labur batzu egin zituzten. Hiztegiaren aurkezpenaren aitzakiaz gai asko ukitu ziren, Jakin aldizkariaren berragerpena, euskal unibertsitatea eta, batez ere, euskal kultura maila guztietan.

Azkenean, mahaikoen eta bildu ginenon —ehunetik gora— arteko elkar hizketa bat egin zen, eta bertan hauxe nabari izan zen bereziki: euskal kultura lantzeko eta euskal unibertsitatea lortzeko, euskaldunok lan asko egin behar dugula. Orain arte euskaldunok dugun euskal kulturaren faltaren errua, sarritan, errepresioari eta zapaltzaileei bota zaio. Eta horiek duten erruaren partea gutietsi gabe, ahantzi ezin dezakeguna, zera da, euskaldunok euskal kultura sendoa nahi badugu, geuk egin beharko dugula.

Itziar Urretxa


Medikuntza sendatzailea

Denok dakizue, gutti gorabehera, gure Herrian medikuntza sendatzailea nola antolaturik dagoen. Eskematikoki esanda, lau maila hauetan betetzen da funtzio hori: 1.-Medikuntza generaleko edo oheburuko medikuen bidez. 2.-Mediku berezituez. 3.-Urgentzi medikuez. 4.-Ospitalen bidez. Banan banan aztertu nahi ditut lau mailok, mundu bakoitza nolakoa den ikus dezazuen. Artikulu honetan lehen maila biak aztertuko ditut soilik.

Oheburuko medikuak

Medikuntza Generalean ari diren mediku hauek pare bat ordu ematen dute Asegurantza Sozialeko Kontsultageletan, eta hori bai herri ttikietan zein hirietan. Hortik aparte, eguneroko kasuak ikusi behar dituzte, etxeetara joanez.

Legez, horrelako mediku bakoitzak 700 pertsonatako kupoa baino ezin dezake eduki; baina, errealitatean, askok bi edo hiru kuporen ardura dute, 1000 edo 2000 pertsonaren medikuak bihurtuz.

Praktikan, denok ikusten duzue, ezen bertara doan jendea dexente samar ikusteko eta aztertzeko, ordubeteko kontsulta aski ez dela. Hala eta guztiz ere, nik baino hobeki dakizue, jende ilara ikusgarriak egon arren, Urlia medikuak nolako abiadan husten duen itxarote-gela, gaixo bakoitza bere errezeta-papera eskuan duela bidalirik.

Hori horrela izanik, nolako medikuntza egiten ote da kontsultagela horietan? Bada, hitz bitan esateko, presakoa eta enpirikoa (eritasunari buruzko gorabeherak aurresuposatuz eta frogatu gabe) halegia. Sarri, sintomak berak aipatzeko ere ez da astirik egoten, eta are guttiago azterketa fisiko sakona egiteko. Kontsulta horietan, ez da inolako harremanik sortzen eri eta medikuaren artean. Eta txarrago dena, azkenean ia gorrotatu egiten dute elkar. Honela, askotan, bai medikuak eta bai eriak aurrerajuzkatu egiten dute bestearen jokabidea: "Berriro ere ba dato astun hau" pentsatzen du batak; "Laster emanen dit betiko aleska" pentsatzen du besteak.

Nolako tratu txarra eta medikuntza kaxkarra hartzen duen ikusirik, jendeak hainbeste nola kontsulta dezakeen pentsatzen dut sarri. Era berean, medikuek praktika desegoki eta frustratzaile herri nola eusten dioten ere pentsatzen dut. Azken hau, ba dakit zergatik den... Diruagatik, ez dago besterik. Gaur egun Aseguru Sozialak ordaintzen die gehien medikuei, eta lanpostu horik ekonomi aseguru bat legez hartzen dira. "Gauzak txarto egiten dira, baina nire semeen ogia aseguraturik dago" pentsatzen dugu.

Gaixoen aldetik, zer esanik ez, gehiegi kontsultatzen dutela esan behar da. Gehiegi kontsultatze hau herri gaixoen seinalea dela esan zuen batek, eta alderantziz, osasuntsu dauden herriek gutti kontsultatzen dutela. Hau horrela bada, gure herria oso gaizki dabilela esan behar dugu tamalez. Dudarik gabe nabari dena zera da, pertsonen erresistentzia gero eta beherago doala, eta horrela, kontsultatu behar ez liratekeen gauza asko kontsultatzen direla. Hala izanik ere, herriak ez du, ene ustez, kulparik, gai honetaz ezjakina baita, edo, hobeki esateko, ezjakin legez eusten baitugu. Honez gainera, ba dago, egon, mentalitate kontsumatzailea, medikuntzan ere nabaritzen dena. Modako gauzak erosten ditugun bezala, osagarriak eta botikak ere erosten ditugu sarritan, horien eskale eta irensleak bihurtuz. "Emaidazu zerbait, prezioari ez begira", "ez al dago ezer hau osatzeko?" eta abar luzea.

Medikuaren aldetik, aseguruan ari denean ez du medikuntza egoki eta zientifikoa egiteko posibilitaterik, zeren ez baitu denborarik ez eta teknikoki diagnostikatzeko baldintza egokirik. Hau guztiau dela eta, mediku-gaixo harremana ez da betetzen behar litzatekeen eran. Harreman horrek maila berean dauden pertsonen artekoa izan beharko luke, harreman horretan pertsona batek (gaixoak) eman ahal dion beste pertsona bati (medikuri) laguntza modu bat eskatzen diolarik. Honen ordez, erlazio hotz eta indiferentea sortzen da: juxtu juxtuan kunplitu, eta aurrera. Lehen esan dudanez, egiten den medikuntza, enpirikoa da; hots, sintomak esan bezain laster, tratamendu bat agintzen zaio jendeari, eta honek bere arriskuak ditu. Puntu hau azpimarkatzea komeni da, egiten ari garen medikuntza arriskugarri eta kaltegarri izan daitekeelako.

Hilaren bukaeran ongi irabazi arren, oheburuko medikuen medikuntza, frustratzailea da, ikasi dugun zientzia eta eguneroko praktika oso gauza ezberdinak baitira. Gainera, gaur eguneko sanitate egitura dela eta, beste akats handi bat dute mediku hauek: plurienplegua. Plurienplegua dela eta, jende nekatua ohi da, ez du ikasten segitzeko denborarik ez ahalmenik, eta abar eta abar. Zertarako ikas, gainera, ikasitakoa praktikara eraman ezin bada? Frustrazioa diru politagatik trukatzen den neurrian, erabat harrapaturik gaude; eta hortik dator nonbait, egitura apurtzeko ahalmenik eza.

Mediku berezituak

Oheburuko medikuen gainetik, mediku berezituak daude, hots, espezialistak. Oheburuko medikuak kasu bat konpondu ezin badu, edo eta —gaur egun geroago eta gehiagotan gertatzen den legez— gaixoak berak berezitu bat eskatzen badu (oheburukoa oso desprestigiaturik dagoelako, beste gauza batzuren artean), bigarren maila honetan sartzen gara.

Mediku berezitu hauek azterketa bereziagoak egiteko posibilitatea dute. Esate batetarako, pertsona batek katarroa badu, oheburuko medikuak ezin dio toraxeko erradiografiarik egin; hau beharrezkoa dela pentsatzen badu, biriketako espezialistarengana joan beharko du, eta beronek horrela erabakitzen badu, aipaturiko erradiografia eginen dio.

Zer gertatzen da errealitatean? Oheburuko medikua ez dela, izan behar lukeen iragazkia, hau da, mediku berezituarengana joan aurreko iragazkia. Alderantziz, bere medikuntza hain mugatua izanik, —errespontsabilitatea banatzearren besterik ez bada ere— behar lukeen baino jende gehiago bidaltzen du mediku berezituengana. Arrazoi honegatik, bigarren maila honetan ere fenomeno berberak gertatzen dira: kontsultageletan amaigabeko ilarak, astirik ez, eta, berriro ere, kalitate eskaseko medikuntza, salbuespen batzurekin, noski. Bestalde, espezialistak oso zentralizaturik daudenez gero, eriek urrezko denbora galtzen dute haiengana joatean.

Oraingoz puntu honetan geldituko naiz. Hala ere, ez nuke bukatu nahi, medikuok Herriaren errespetua lortu nahi badugu egoera hau aldatu beharrean aurkitzen garela esan gabe. Ene ustez, eta nola gremioaren aurka joatea "bekatu mortala den, egoera hau bi eratako pertsonek alda dezakete: a) Ezkertiar ez abertzaleek b) Ezkertiar abertzaleek. Lehenak aurreratzen bazaizkigu, interes zentralistei ongi dagokion erreforma eginen dute Euskal Herrian, gure interesen aurkakoa izanen dena dudarik gabe. Hau honela izanik, geuk hertzaleok dugu hitza. Hala biz.

P. Letamendi


Zinea, atsegingarria?

Kultura guztietan beti egon ohi dira, masen entretenigarri izan diren ikusgarriak. Eta, gainera, zenbat eta sozietatea zapaltzaileago izan, masa-ikuskariak ugariago izan dira. Beren diktadoretzaz kontziente diren diktadoreek hainbat dakite horretaz, historiaren joanetorrian hurbil ditugun faszismoetara joz erraz egiazta dezakegunez. Beraz, ba dirudi ikuskariak pertsonen beharrizan psikologikoak asetzeko atondurik daudela, sozietate libro edo ongiaseetan agertzen ez diren beharrizanak.

Planteamolde maximalista honek errepresioaren teoria metapertsonal batetara ginderamatzake, baina artikulu hau ez nuke honetaz egin nahi, pertsona arruntek zinera doazenean pentsatzen dutenaz baizik.

Zergatik goaz zinera?

Zineari buruzko edozein estudio egiterakoan, bi elementu eduki behar ditugu beti kontutan: bata, filmea bera, eta bestea, publikoa. Bien arteko lotura, filmea zinegelan ikustea da —propaganda eta aldizkarietan agertzen diren kritikak oraingoz alde batetara utziz— Analiza dezagun, beraz lotura edo erlazio hori. Horretarako galdera zuzena ondoko hau litzateke: "Zergatik goaz zinera!".

Erantzunak jasotzean, bi eratakoak agertzen zaizkigu gehienbat. Lehen eratako erantzunak "erantzun arinak" direla esanen nuke, eta bigarren eratakoak "erantzun sakonak" (erantzunen kualifikazioari ez jar, mesedez, "hobe" edo "txarrago" kualitaterik, hau ez baita gustu edo moralaren arauerako klasifikapena). Erantzun arinen artean, honelakoak sartzen dira: "Denbora pasatzeko", "denbora ondo pasatzeko", "zinea gustatzen zaidalako", "bizitze arruntean jazotzen ez diren gertakariak ikusten ditugulako",eta abar. Erantzun sakonen artean, honelakoak sartuko nituzke: "Besterik ezean, norabait joan behar delako", "ohitu egin naizenez, zinera noa igandero", eta abar. Bigarren eratako erantzunak ez dira askotan horrela entzuten, baina horietan elementu berezi batek hartzen du parte: beharrizan psikologiko baten erantzunak dira.

Erantzunen analisia

Galdera bakarra duen inkesta honen erantzunak bildu ondoren, berorik arautzen dituen lege generalaren bila aritu beharko ginateke. Eta honetaz, psikologoek barka diezadatela, zeren beren arloan sartuko bainaiz eta, batez ere, ulergarritasunaren faboretan zehaztasuna galduko baitut, baina aurkituriko legea —salbuespenak salbu— honela formulatuko nuke:

"Pertsona gehienei filmeak hainbat eta atsegingarriago gertatzen zaizkie, filmean agertzen diren pertsonaiengan edo situazioetan inkontzienteki identifikatzen diren heinean". Ohar gisa, diodan, ezer zinea arte huts bezala kontsideratzen dutenak alde batetara uzten ditudala, eta zinea gustatzen zaien neurrian soilik sartzen ditudala legean.

Lege horrekin zera esan nahi dut, zinebehatzaileek nork bere nortasunaren arauera beren buruak filmean isladaturik ikusten badituzte, edo eta baldin filmean beren pertsonalitatearen paralelorik badago, filmea gustatu eginen zaiela. Identifikatze prozesu honek giro egokia behar du iluntasuna, tenperatura egokia, isiltasuna eta abar. Zinegeletan egon ohi dena hain zuzen ere.

Lege horren aldeko faktoreak

Pasa gaitezen orain, lege horren balioa egiaztatzera. Horretarako, egin dugun inkestaren erantzunez baliatuko gara. Erantzun arinak hartuz, zera ikusiko dugu, zinea ordu batzu betetzeko aitzakia dela, eta orduak bizi behar ditugunez, zenbat eta atsegingarriago pasa, hobe.

Horretarako, aurrean ditugun filmen artean, aukera bat egiten dugu. Aukera horren arrazoiak era desberdinetakoak dira. Alde batetatik, tokia edo zinegela bera dugu, identifikatze prozesua errazagotu egiten baitu, eta honetaz esan dezakegu, nahiz eta aukera handia ukan, normalki ez garela dozena erdi zinegeletara baino gehiagotara joaten. Beste alde batetatik, tituluak aktoreek edo propagandak sugeritzen diguten filmearen tankera, zeren eta, adibidez, gustuko titulua ez duten pelikuletara ez baita inor joaten. Horregatik, filmeek duten publikoaz mintzatzen gara: "Horrelako filmeak ez ditut atsegin", "horrelakoak, tira" eta, "halako filmeak denak ikusten ditut".

Erantzun sakonak eman dituzten pertsonentzat, zinea atseginbide bat izaten da: eguneroko frustrazioak, ezaguna dugun baina errekonozitu nahi ez dugu ezereza, eta abar ahantzi egiten ditugu filmean ordu pare batez, geure eguneroko bizitzea agertzen ez diguten filmeetan batez ere, aristokraziaz edo goi burgesiaz ari direnetan edo eta menturaz edo zientzia fikzioz ari direnetan adibidez. Hain arrunt ez diren filme batzuren gaiak ere, hemen sartuko lirateke, sozietatearen hutsune asko betetzeko eta asetzeko eginak prezeski: bortxakeriazkoak, sadikoak, pornografikoak eta abar.

Filmeak, lege horren arauera

Garesti denez, zineak komertzialtasuna bilatu behar du, eta, bestalde, orain arte esandakoaren arauera, publikoak —guk— zinea behar du —dugu—, atsegingarria baita. Ondorio bezala, filmeen estilo orokorraz mintza gaitezke: zine komertziala, edo zinearen komertzialtasuna, gure identifikatze eta atsegintze beharrizanetan oinharrituriko negozioa da.

Identifikatzea errazago egiteko, artisten bizitze "erdi-publikoa" erakustean, propagandak bide egoki bat eskaintzen digu, pertsonak —artistak kasu honetan— identifikabideak baitira. Hau, eta beste gauza asko ere, da, hain zuzen, zine komertzialaren eredua den Holiwood-en kasua. Holiwood-en sortu den filme pilak —gero munduan zehar hedatua— zine-mundu artifizial bat kreatu du, beti momentuan momentukoa. Horregatik, duela zenbait urte jendeoldeak erakartzen zituen filmeren bat gaur ikusten badugu, zozo eta leloa geratzen zaiguke, orduko propaganda eta beharrizanak ez baitira gaurkoak; eta era berean gertatuko bide zaigu, hemendik hogei bat urtetara, "Tiburon" edo "King-Kong" ikustean.

Zinea arte bezala. Desmitifikatzaileak

Baina ohiturak aldatuz doazenez —kontsumoko gizarteetan zerbait aldatu behar baita, saltzeko behintzat— publikoak —guk— beste era batetako filmeak exijitzen ditu —ditugu—, eta horregatik, teknikak zerbait berri edo ez-ikusia eskaini behar digu, atentzioa deitzeko adinekoa edo pelikula deigarria egiteko bezainbestekoa behintzat. Fenomeno honek zera dakar berarekin, zinea espresiobide bezala dutenek, beren kreatibitaterako bide bat aurkitzen dutela. Honela, gaur egun normaltzat jotzen ditugun planoak, argiztapenak eta zine- psikologiak, iraultzaile ziren orain urte batzu, beren ingurutik at baitzeuden. Gogora, adibidez, "Citizen Kane", edo Bergmann-en filme zahar batzu. Horregatik, filmeak beren textuinguru historikoan kritikatu behar ditugu, eta ez gu bizi gareneko textuinguruan.

Dena dela, zinea arte bezala kontsideratzen dutenek, karakteristika berezi bat dutela esanen nuke: desmitifikatzaileak direla. Zer ulertzen dudan hitz honetaz? Hauxe prezeski: Pertsona hauk ez dira saiatzen mundu fiktizio bat, zine-mundu bat, behatzailea bertara sartzeko mundu bat kreatzera; alderantziz, zine-zuzendariaren barne-mundua kanporatzea saiatzen dira, zinearen bitartez eta zinea espresiobide bezala hartzen dutelarik. Eta horrela, beste edozein artista bezala, hauek diotenez, bai filmeak eta bai zuzendariak, arte eta artista bezala kritikatu behar dira, eta ez norberaren gustuaren arauera. Zinea, beraz, gauza objektibo bezala kritikatzen dute.

I. Zuazo


Munduan barrena

Herri mailako hizkuntza

Israeleko esperientzia

Beti uste izan dut, euskal idazleok gauza guztien gainetik kontutan hartu behar dugula, ea nori idazten diogun. Euskal Herrian, gaur egun, seiehun mila edo dira, euskaraz hitz egiten dutenak. Horietariko gehienak pertsona nagusiak dira; eta ez dira inoiz euskarazko eskolara joan eta beharbada ez dira inoiz joango, hizkuntza hobeto ezagutzeko, euskara lantzeko eta beraren osotasunean menperatzeko. Horiek dakiten euskara, herri mailako euskara da. Bestelako euskara dakitenak, proportzioz oso gutxi dira. Pertsona nagusiez ari naiz; eta pertsona nagusi horiek batez ere osotzen dute gaurko euskaldungoa.

Euskal idazleok egiten ditugun liburuak eta aldizkariak, horientzat idazten ditugu gehienbat. Baina zein euskara erabiltzen dugu, herri mailakoa ala maila hortaz goragokoa? Idazle gehienok, dudarik gabe, minoriaren euskara erabiltzen dugu, maioriarentzat idatzi nahi dugunean ere.

Bestalde, Euskal Herrian, gaur egun, bi milioi dira gutxi gorabehera, euskaraz ez dakitenak. Horien artean ere, pertsona nagusiak dira gehienak. Pertsona horik euskaldundu egin behar ditugu, baldin euskarak irautea eta Euskadi Euskal Herri izatea gura badugu. Pertsona nagusi horiek, nola edo hala, ikasi egin beharko dute euskara. Baina, segur nago hortaz, pertsona nagusi horietariko gehienek ikasiko duten euskara, nahi eta nahi ez, herri mailako izango da, bestelako euskara ikasteko ez baitute ez astirik ez dirurik ez gogorik ez gaitasunik ez beharrizanik izango.

Nik neuk gero eta argiago ikusten eta sentitzen nuen, herri mailako euskara hori, bestea utzi gabe, serioskiago hartu behar genukeela, eta jaramon gehiago egin, maila hortan mugitzen den eta oraindik urte askotan mugituko den gaurko eta biharko euskal irakurleen maioriari.

Israelen egiten dena

Zer egin hortarako? Zer egin, pertsona nagusi horiek gure liburuak eta aldizkariak gustura irakurtzeko? Zer egin, Euskal Herrira milaka eta milaka etorri diren eta etorriko diren kanpotarrak hainbat arinen geure kultura idatzian integra erazteko?

Nik ba nekien zerbait, juduek hebraiera birpizteko egin duten lan miragarriaz. Ba nekien, azken hogei ta hamar urteotan mundu guztitik Israelera joan diren juduak, izugarriro asko izan direla, eta gaur egun denek edo ia denek hebraieraz hitz egiten dutela. Ba nekien, halaber, judu berriontzat aldizkari eta liburuetan herri mailako hebraiera erabiltzen zela. Baina, zehatz-mehatz, ez nekien ezer.

Horregatik, hara joatea erabaki nuen: herri mailako hebraiera hori zernolakoa den jakiteko, hizkuntza berezi hortan lan egiten duten kazetari eta idazleekin berba egiteko, zer teknika erabiltzen duten ikusteko, Israeleko Gobernu sozialistak eta hango Akademiak arazo hortan zer parte hartzen duten ezagutzeko, gero guk ere hemengoentzat —bereziki, eskolara joateko adinean ez dauden hiztunentzat eta euskara ikasten ari diren eta ari izango diren pertsona nagusientzat— holako zerbait egiteko.

"Guk ere holako zerbait" esan dut. Baina nor gara gu? Nik bakarrik ez behintzat. Ni zaharra naiz, idazle, kazetari eta euskaltzain kaxkarra, eta gainera apeza. Gutxienez beste lagun bat eraman behar nuen neurekin Israelera. Lagun gazte bat, idazle eta kazetari trebea, euskaltzain jakintsua, eta politikaren aldetik sozialista, herri xehe eta langilea haintzat hartzen duen alderdikoa, Euskal Herrian maioria den jende horren beharrizanei lehentasuna eman nahi dion partidukoa. Nire lagun hori denok ezagutzen duzue, eta beragaz joan nintzen Israelera.

Israelen, Gobernu sozialistaren babespean eta Akademiaren laguntzaz, lau erakunde berezi daude, judu berrien kultur integrazioa eta judu zaharren alfabetatzea xedetzat dituztenak: herri mailako kazetaritza, herri mailako irrati-telebista, ulpan eta ulpanit deitzen diren herri mailako ikastetxeak, eta herri mailako liburugintza.

Herri mailako kazetaritza

Herri mailako kazetaritzan, hiru agerkari publikatzen dira: bata egunero, eta beste biak astero. Hiruretan "ivrit qalá" edo herri mailako hebraiera erabiltzen da. Bakoitzak bere arlo berezia du, alfabetatze eta kulturtze lan hontan. Hiruretarik irakurterrezena eta hizkuntza ondo menperatzen ez dutenentzako egokiena, "Lamatkhil" izeneko astekaria da. Izen honek "Hasten denarentzat" esan nahi du. Astekari honen zuzendariagaz izan ginen, eta beragandik interes haunditako informazioa jaso genuen.

Agerkari honek, gaur egun, hogei mila ala banatzen ditu astero. Ez da gutxi. Ez dugu ahanztu behar, beraren antzeko, berrogei mila aletako beste astekari bat ere eta hamar mila aletako egunkari bat ere argitaratzen direla. Bestalde, gaur egun Israelen, hiru milioi judu bizi diren lurralde ttipi hortan, gero eta gehiago dira, geldi geldizka hebraiera normalean idatzitako egunkarietara pasatzen diren irakurleak, eta hizkuntza normal hortan beraientzat publikatzen den guztia ulertzeko gai direnak. Baina, hala ere, irakurle horietariko askok nahiago dute herri mailako hizkuntza; eta beste askori —batez ere Israelera etorri berriak diren juduei— beharbeharrezkoa zaie hizkuntz molde hori, orain eta urte askotan.

"Lamatkhil" astekariak zortzi horrialde haundi samar ditu. Fotografia asko. Letra haundia. Lerro arteko zuriune lasaiak. Artikulu laburrak: berrogei ta hamar, ehun, berrehun, hirurehun berbatakoak. Artikulu luzerik bat ere ez. Esaldi sinpleak. Esaldi konposaturik oso gutxi. Eguneroko bizitzan eta ulpan eta ulpanit deitzen diren ikastetxeetan erabiltzen diren berbak. Hitz ezezagunak gutxi. Holako hitzek izarño bat daramate, eta haien esannahia artikuluaren azpian adierazten da. Hitz internazionalak asko, eta haien alboan noizean behin hebraierazko hitza parentesi artean. Kazetal teknika oso ongi pentsatua. Idazleek, hizkuntzaren aldetik, astekariaren arauak gorde behar dituzte. Zuzendariak eskubide osoa du, artikuluak zuzentzeko eta aipatu arauok gorde erazteko. Jokabide hau onhartzen ez duen idazleak, utzi egin behar du bere lana. "Hobe da idazle bat galtzea —esan zigun zuzendariak— irakurle bat galtzea baino". Astekaria oso merkea da, Gobernu sozialistak ordaintzen baitu gastu guztien erdia. Ulpan eta ulpanit deitu ikastetxeetara dohainik bidaltzen da, eta eskola horietako ikasleek irakur eta ikasgaitzat erabiltzen dute.

Herri mailako irrati-telebista

Orain zertxobait esango dizuet, herri mailako irrati-telebistaz. Israeleko irratiak egun guztiez ematen ditu "ivrit qalá" delako hortan eguneko berriak, hamabost minutuz goizean eta beste hamabost minutuz arratsean. Beharbada emanaldi luzeagoak ez dira hain beharrezkoak gaur egun, herriaren kultur integrazioa aspaldikoa baino askoz haundiagoa da eta. Hala ere, asko omen dira, emanaldi hedatuagoak pozik entzungo lituzketen entzuleak. Irratiko berriok, gero, magnetofonoz errepikatzen dira ulpan eta ulpanit deitu eskoletan, ikasleen artean hizkuntz ariketak egiteko.

Telebistan, judu berriek ordu erditako ikustaldi bi dituzte, bata goizean eta bestea —goizeko bera— arratsean, herri mailako hebraiera ikasteko. Telebistegileek inportantzia haundia ematen diote irakaspide honi. Ihaztik, hamabost telebistaldi desberdin ematen hasi dira, hiru astero, errepika eta errepika urtean zehar. Ikuslea laguntzeko, hiru tomotako telegidaliburu bat argitaratu dute. Milaka dira, telebistaldiok beren etxeetan segitzen dituztenak. Eta ulpan eta ulpanit deitu eskoletan, irakasmolde hau urte osoko programan sartzen da.

Herri mailako irakaskuntza

Sarritan aipatu ditut hemen, ulpan eta ulpanit deitzen diren ikastetxeak. Zer dira? Nolakoak dira? Hara! Bai ulpanak eta bai ulpanitak, pertsona nagusiei hebraiera irakasteko eskola bereziak dira. Ulpanetan egun osoan irakasten da; ulpanitetan, berriz, arratsean eta gauean bakarrik, egunero, ordu pare batez gutxi gorabehera. Herritarrentzat, eskola hauk oso merkeak dira, Gobernu sozialistak ordaintzen baitie irakasleei. Israeleko herri, herrixka eta hauzategi guztietan aurkitzen dira. Muga ondoko tokietan, badaezpada, soldaduak dira irakasle. Oso irakas metodo modernoak erabiltzen dira. Irakasleak guztiz ondo preparaturik daude. Han ez da ezer inprobisatzen. Ikasleei eguneroko hizkuntza irakasten zaie. Kalean, lantokian, kafetegian erabiltzen dena. Gizarteko bizitzan norbera polito konpontzeko behar dena. Herri mailako agerkariak eta liburuak irakurri ahal izateko aski dena. Hortik gorako hizkuntza ez zaie irakasten. Hebraiera normala, hebraiera landua eta aitzinatua, haurren eta gazteen eta unibertsitarien ikastetxeetan irakasten eta estudiatzen da. Eta sakonki gainera. Gero berauk izango dira, gurasoei eta etxekoei hebraiera normala irakatsiko dietenak. Sei aste egon nintzen holako ulpan batetan, hebraiera ikasten eta bide batez hango irakas moldeak estudiatzen. Zuzendariak esan zidanez, aski dira bost hilabete, herri mailako hebraiera hori polito menperatzeko. Egia da: eta hola konprenitzen da, kanpotarrez beteriko Israel osoa nola hain denbora laburretan judutu den.

Herri mailako liburugintza

Neure esperientzia honen azken puntua geratzen zait azaltzeko: herri mailako liburugintza. "Ivrit qalá" bakarrik dakitenek, maila hortan idatzitako liburuak behar dituzte, egunkari eta aldizkariez gainera, baldin analfabetuen antzera bizi nahi ez badute. Eta holako literatura ematen ez bazaie, atzerriko hizkuntzetan idatziriko liburu eta aldizkarietara joko dute, nahi eta nahi ez. Kontutan eduki, Israelera etorri berri diren askok, herbesteko hizkuntza bat baino gehiago dakitela, eta Israeleko edozein liburu dendatan munduko liburu eta aldizkaririk onenak erosi ahal dituztela.

Herriko hizkuntza alde batera uzteko arrisku hori zeharo galerazi da Israelen. Nola? Populuari herri mailako literatura oparo bat emanez. Hebraiera normalean liburu inportante bat argitaratzen denean, haren edizio laburrago bat ere publikatzen da herri mailako hizkuntzan. Liburu asko argitaratzen dira "Ivrit qalá" hortan. Gehienetan, azalean bertan agertzen da berba bikote hori: "Ivrit qalá".

Baina zer da "ivrit qalá" hori? Zertan datza herri mailako hebraiera hori? galdetuko didazue. Galde hori berori egin nien nik ere bertako askori. Egia esan, ez daukate hortarako idaztarau finkaturik. Gehienetan, senak berak esaten die nola idatzi behar duten herriarentzat. Ba dakite, hiztegi mugatu bat erabili behar dutela, esaldi laburrak egin eta adizkera zailak baztertu behar dituztela. Gauza konkretu konkreturik ez zidaten erantzun. Baina egia hauxe da: Herri mailako literatura oparo bat dutela, eta literatura hori, herbestetik etorri den jende uholdea Israeleko kulturan integratzeko bide egokienetarikoa izan dela.

Guk ere egin behar genukeena

Idazlantxo honen bidez, gauza bat adierazi gura izan dizuet: Hebraieraren birpizkundean herri mailako hizkuntzak izugarrizko inportantzia izan duela, eta guk ere hemen holako zerbait egin behar genukeela, baldin euskara gure herri osoaren hizkuntza izatea nahi badugu. Gogoan eduki, Bizkaian bakarrik, euskaraz ez dakiten pertsona nagusiak, gutxienez zortziehun mila direla —Ibaizabalen alderdi bietako ia langileria osoa—, eta herri mailako hizkuntza horren bitartez bakarrik euskaldundu ahal izango ditugula. Euskara mota hau denon artean moldatu behar genuke. Euskara batua izango da, noski, eta jatorra. Hortaz ez dugu dudarik egiten. Ni neu euskara hortan idazten saiatu naiz, lantxo hau egin dudanean. Beharbada ez zarete konturatu; baina idazlantxo hontan ez ditut behin ere edin eta ezan aditz laguntzaileak erabili, eta baztertu egin ditut erabat potentzialeko eta subjuntiboko adizkerak.

Herri mailako euskararen beharrizan hontaz denok behar genuke kontzientziatuak izan: euskaltzainek, idazleek, kazetariek, politikariek eta bestek. Hau ez baita txantxetako gauza.

Imanol Berriatua


Erlijioaz

Euskal erlijiosoen V. Batzarre Nagusia

Abenduaren 27 eta 28an euskaldun fraile eta seroren V Batzar Nagusia izan da Loiolako Gogotetxean. 100 inguru bildu ziren.

Honelako Batzarreek izan ohi dute folklore hutsean gelditzeko arriskua: horrelako zerbaitetan erortzeko bidean ez ote gara ibili beste urteetan... Horregatik aurtengo Batzarra beste bide batetik eramana izan da. Gaiak ere gaurkoagoak, gure inguruari lotuagoak, gure problematikara bilduagoak.

Izan ere, aspalditik, nolabait esateko, kolonialismo handi batetan sartuak eta azpiratuak egon gara, herriaren minetatik eta itxaropenetatik eta gogoetatik urrun. Aitor, aitor genezake ez diogula gure herriari hurbiletik segitu. Egoera horretatik gure burua askatzeko hedatu ziren Batzarre hauk. Erlijioso garenez, gure fede eta erlijioso-hautapena, euskaldun bezala eta Euskal Herrian bizi nahi dugu. Baieztapen nagusi honek eraginda, bildu ohi gara urtero.

Zeintzu gai erabili dituzue eta nola aztertu dituzue?

Bai talde nagusi eta bereizi izan dira batzarre horretan: bata, irakaskuntza alorrean dabilen erlijio-taldea, eta bestea, "etxe-bizitzako" deituriko taldea. Bi talde hauek beren gaiak izan zituzten aztergai.

Irakaskuntzakoek "Euskera gure ikastetxeetan" nola eman, zer eman, ze metodologia erabili, zenbait esperientzia berri agertu, eta abar... Bide horretatik eraman zuten beren lana. Lan honen ardatza lasalletar taldeak eraman zuen, beren metodo eta esperientziaren berri emanaz.

Talde honen lana aberasteko eta euskararen egoera nola dagoen ikusteko (zein atzerapen izan den eta zergatik, egungo euskaren egoera eta bizi den aurrerapenaren aztarnak...), Iñaki Larrañagak mintzaldi jator bat eskaini zuen talde honen barnean. Irakaskuntza-taldekoek zuten gaiarekin loturik, Mikel Lasak beste hitzaldi jakingarri bat egin zuen bi taldekoen aurrean. Euskararen arlo honetan nola jokatzen diharduten Leniz-bailaran, bertako ikastetxeetan, zein plangintza zabala duten, zein zailtasun, eta abar, xehetasun guztiekin eskaini zigun Mikel Lasak. Izan zen beste hitzaldi bat ere. Imanol Berriatuak gure artean izan genuen bi egun haietan, Israeleko lurraldeetan jaso duenaren berri ematera etorria. Hitzaldi bizi eta oso interesgarria eman zuen, juduen hizkuntzaren fenomeno miresgarria agertuz.

Lehen taldearen lana, beren elkar-hizketaren ondorioak eta beren asmo eta ekinbideak honetan laburtuko lirateke:

- Gainean ditugun sozio-politik-aldakuntzak pastoral aldetik zein ondorio dakarzkiguketen aztertu eta ikusirik, geure kezka eta larritasunak agertu nahi dizkizuegu Probintzia eta etxeetako nagusiei (euskal erlijiosoen Probintzi eta erlijioso-etxeetako nagusiei).

1.- Aipatu aldakuntza horik guzion begibistan daude:

a) Alderdi politiko guztiak, esateko, herri kontzientzia ikusirik, honetaz jabetu dira: euskara eta euskal kultura ezinbesteko tresna dutela beren helburuak lortzeko.

Hargatik, gogoz zein taktikaz, buru-belarri ekin zaizkio guztiak euskararen ofizialtasuna eskatzeari.

Alderkide asko, alderdi horietan, orduak eta orduak hasi dira eskaintzen euskara ikasteko.

b) Era berean, bide berari ekin zaizkio unibertsitariak ere. Esaterako, ESTE-ko ikasle eta irakasleei egin inkesta batek hau eman du: % 97k euskararen irakaskuntza ipintzeko eskatu du fakultatean. Gainera, guztiok argi eta garbi agertzen dute, aurreko irakaskuntza mailatan euskara irakatsi faltaz, Unibertsitatera euskara jakin gabe iritsi direlako, berekin egin den bidegabekeria.

c) Euskal Herriko langileen joera ere, euskarari eta euskal kulturari buruz, guztiz nabarmena da. Asko eta asko ari da euskara ikasten, lantegian bertan klaseak antolatuz.

d) Gau Eskola Elkartearen fenomenoa ere guztiz aipagarria da: Gipuzkoa eta Bizkaian bakarrik 30 mila lagun baitabiltza euskara ikasten Elkarte berroren ardurapean. Laburtuz, argi eta garbi dago, gaurko euskal jendearen nahia eta gogoa.

2.- Horiek horrela, Euskal Herriko erlijioso eta serorek zer?

a) Gure Ikastetxeetan (Unibertsitate mailakoak aparte) kasik 200 mila ikasle ditugu, 337 ikastetxeetan banaturik.

b) Ikasle horietatik % 40ri irakasten zaio euskara eta euskal kultura.

c) % 40 talde horretan ere, banaka batzurekin izan ezik, itxuraren bat baino ez da egiten euskara irakasteari buruz: astean orduren bat edo beste eskainiz.

d) Okerrena, hauxe da: Euskal Herriko erlijioso eta serorak ez dirudiela konturatu garenik goian aipatu sozio-politik aldakuntzaz, eta Euskal Herrian bizi ez bagina bezala iharduten dugula.

Hitz batean, ez gara konturatzen maila horretako geure jokabideak nolako zerikusia duen geure pastoral lanarekin. Alderdi politikoak ongi jabetu dira, herrian zerbait egin nahi baldin badute, euskarari garrantzia emateak zertarainoko inportantzia duen. Guk, aitzitik, fedearen eskakizunez ere aldien zantzuei erantzun jator bat eman behar geniekeenok, ez gara "oportunismo" zentzurik edukitzera ere iristen.

Beraz, erlijioso eta serora arteko jokamolde horretaz biziki kezkatu eta larriturik, hona gure eskabide zorrotzak:

1) Hizkuntza bat ikasteko garairik egokiena eskolaurre garaia denez gero, eta garai horretan ikasteak EGBn euskara ikasi beharrak sortzen dituen zailtasunak hein handitan arinduko dituelako, Eskolaurrea gure ikastetxeetan, haurrak EGBko lehen mailara euskara ondo jakinez iristeko moduan antola eta molda dadila eskatzen dugu.

2) Egiazko elebitasunezko irakaskuntza moldeak euskararen alde askoz ere gehiago eskatzen duela jakinik ere, bitarteko neurri bezala, erlijioso eta seroren ikastetxe guztietan, eta gutxieneko neurri bezala, EGBko urte guztietan euskara eta euskal kultura ikasteko ordu bete ipin dadila eskatzen dugu.

3) Erlijioso eta seroren ikastetxeetan diharduten irakasle guztiei, sekular eta erlijioso-serorei, zorrozki eskatzen diegu epe labur baten barruan euskara ikas dezatela.

4) Azkenik, euskararen irakaskuntza antolatu eta bultzatzekotan, Kongregazio guztiei, nola Probintzi mailan hala ikastetxe bakoitzaren mailan. Batzorde bat antola dezatela eskatzen diegu.

Lehen taldearen lana ondorio hauetara iritsi zen, ondorio eta eskabide hautara.

Eta bigarren taldearen lanak zein bide eraman zuen eta zein ondorio ekarri?

Pello Zabaletak: "Politika egiten ari gara" gaia erabili zuen. Ez zen uste eta nahi bezain aberatsa izan. Ez noski, hizlariaren erruz, metodologiaren erruz baizik: ez baitzuten talde tikietan aztertzeko betarik eta modurik izan. Ideia nagusi batzu aipatzekotan hauk lirateke nagusienak:

"Elizak elizgizonei politika egitea eragotzi egin eta egiten die. Eta berak ere ez duela politikarik egiten esaten du. Sarri, elizari ere politikarik egin ez dezan eskatzen zaio. Zenbait "indardunei" hala komeni baitzaie... Bainan, derrigorrez, elizak eta elizgizonek politika egin dute. Nagusien alde edo kolonialismo indarren alde.

Izan ere, politikak herri baten nortasuna azaldu eta eratu nahi badu (pertsona arteko eta gauzekiko erlazioan baitago politikaren muina), herri zapaldu batetan, herri horren alde egongo da, ala kontra.

Horregatik herri kontzientziak garrantzi handia du. Hau da, herri baten historiarekin solidarizatzea, han dagoen sena norbere bihurtzea, balioak jasotzea, eta aurrera eramatea. Munduan, herrialde izanik, herrien arteko bat, guztien aberastasunerako da".

Elizak ere, bere jokabideekin, politika egiten du. Erlijiosoek ere bai. Ez baitago ezer hemendik ihes egingo duenik. Zentzu honetan, gizonen ekintza guztiak dira politiko. Ekintza soilena, politikoa da.

Horretaz, hain da garrantzizko, herri baten —eta erlijiosoa herri horretan jaioa eta etorria da— alde egiten den lan, ala aurka, jakitea.

Pentsamendu nagusi hauen harian, elkarrizketa bizia sortu zen. Esateko: Nola bizi pluralismoa gure komunitateetan, erreferenduma dela ta, denetik gertatu baita, elkar-errespetoa eta iskanbila...

Baina, zaila da pluraltasun horrenganako errespeto eta begirunea, komunitate barneko dinamika utsez. Herrira irten behar da, herritik hurbil bizi, herri-pultsoa hartu, taldeen programak aztertu eta ezagutu.

Elkar hizketa honen barnean, galdera zorrotz bat izan zen zenbaitzuren ahotan: "hemen gure herrian posible da fede-testigantza ematea, baldin horretarako herri kontzientzia badago. Euskal erlijiosoen fede-testigutza sinesgarria izango da, noski, baldin herri honen historiarekin solidaritzatuta bizi bada.

Baina nola gureganatu herri kontzientzia hori? Kontzientzia hori, herriko mass-media delako horretatik jaso ohi da. Arazo honetan, gizarteko komunikabideek garrantzia handia dute... GARAIA, PUNTO Y HORA; ZERUKO ARGIA...k zerbait egingo ahal dute!

Elkar hizketa honetan beste gaia, pluraltasuna izan zen: beren zentzua, bere mugak, fedezko hautapenetik datozen mugak. Pluraltasunaz ongi jabetzen ez baldin bagara, nolanahiko alferkeria eta bakarkeria batetan eror gaitezke. Hau da, pluraltasunaren atxakian, norbere alferkeria eta itsukeria izkuta daitekeela. Arazo hauen inguruan ba ziren zenbait puntu talde tikietan aztertzeko, baina ezin izan genuen, Mikel Lasaren hitzaldiak bete baitzuen horretarako eraturik zegoen tartea. ... Ba zen bigarren taldearen azterketarako beste gai bat, Paulo Agirrebaltzategiren ardurapean presentatuta, "EUSKAL ELIZA BERRIA, EUSKAL KULTURA BIDEETAN" halegia: honetaz zer?

Historiari begira, Euskal Herriko Historiari begira, kritika modu bat egin zuen hasteko: bi aldetatik, Madriletik eta Parisetik, ezarri diguten zentralismoa salatuz, eta gertakizun honen ondoan, kolonialismoa, konstantinismoa, eliza ofizialaren jokabidea...

Ez dugu gure Elizarik; eskekidura lotsagarriak izan ditugu, Madriletik eta Parisetik... "Eliza BERRIA behar dugu, Euskal Eliza BERRIA..." Ba zirudien BERRIA hitzak susmo txarrak sor zitzakeela. Paulo berak, gero argitu zuenez, BERRIA hitzak ez du esan nahi "Erromatik etena, beste elizakiko komunionetik urratua, zismatikoa", "Berriak, izan-ez-dena-izan-dadila esan nahi du: euskalduna, bestelakoa, beste Eliza berri bat ez, bainan Eliza bestelakoa, Euskal Eliza: beste isegidura eta politik-kutsuzko loturetatik askatua: euskal kulturan errotua, ez lehenari begira bizi den kulturan bakarrik oinharritua, baizik geroari iraultza-dinamikaz berritua..."

Geroari begira "nolakoa izan beharko lukeen Euskal Elizak argitzerakoan, lau puntu hauetan laburtu zuen bere eritzia: Eliza hiritarra: pentsamolde sekularra onhartzen duen Eliza: talde tikietan oinharritua, mezu profetikoa emateko prest, egungo zibilizazioaren eta kulturaren aurrean zentzu kritiko zorrotz baten jabe. Eliza bateratzailea: bat ez baldin bada ere, bai bateratzaile. Eliza euskalduna: katoliko izateko gu geure buruaren jabe izan behar dugu; guk hau, euskaldun izanik bakarrik lortuko dugu. Eliza herritarra: euskal kulturan oinharritutako Eliza, eliza klerikalaren kontrakoa...

Gai honi buruz sortu zen elkarrizketaren puntu nagusiak hauk izan ziren: batzuk, Pauloren hitzaldia optimistegitzat jo zuten: berak zioena, teorian ederra eta horretan denok edo, akordioan egon arren, pausoka-pausoka eta epe luzetan lan egin beharko dela aitortuz hizketatu zen taldea.

"Euskal Elizarik ez dugu izan": aitorpen honen aurrean ez ziren denak erizkideko nabarmendu. Hitzak ongi mugatu behar baitira: Euskal Herria, herria izan den neurri horretan ez ote dugu euskal elizarik izan inondik ere? Kezka hau oso nabarmen ageri zen zenbaitzuren ahotan.

Elkarrizketan aipatu zen beste puntu nahiko zorrotza eta sakona hauxe izan zen: "Zerk luke lehentasuna euskal Eliza berri honetan: balio izpiritualak ala giza eta herri-balioak?": biziki eztabaidatu zen pundu hau, azkenik honetara iritsiz, halegia, izpirituzko baloreak giza eta herri-baloreetan errotzen direla. Beraz, nekez lan daitezke egoki izpiritu-baloreak giza eta herri-baloreetatik kanpo. Gai honek sortu zuen giroan, galdera zorrotz bat geldituz zen zintzilik denon golkoetan: "Gaur eta hemen, Euskal Herrian gauden bezala, posible al da federik...?"

Elkarrizketa guzti honen ardatzean somatzen zen kezka eta baieztapen oinharrikoa, "Euskal Eliza Berri honek oinharritik eta elkarte tikietatik sortu beharko duela", izan zela esan daiteke.

Eta gogoetaldi hauen ondorio bezala zer eskainiko genioke gure Herriari?

Eliz Herriaren oinharrian, ikusten dugu Erlijiosook geure burua eta geure egitekoa. Historian zehar, Eliz Hierarkiaren luzapen eta irudiko izan garela uste dugu sarritan, gure egitekoa ere haren zerbitzuan emanaz. Baina erlijiosook gaurregun oinharriko kristau elkarteak izan behar dugula uste dugu, geure fedea elkar bizitzan argitzen eta bizitzen saiatuz.

Horregatik, Eliz oinharrian dagoela uste dugu gure lekua eta gure egitekoa. Bide honetatik, gaurko Euskal Elizan oinharriko kristau elkarteetan parte hartu behar dugu, hortik Eliza beraren berrikuntza bilatuz.

Euskal Eliza Euskal Herritik abiatuz eta kristau herritik bertatik egiten dela uste dugu. Horregatik, Euskal Elizaren Batzarre Orokor bat eskatzen dugu (Euskal Elizaren Kontzilioa), kristau herri osoak parte hartuz.

Aurreko urteetan eskatu dugun bezala, berriz ere adierazi nahi dugu Euskal Eliza instituzio mailan egitearen premia. Horregatik, Euskal Apezpikuen Konferentzia eratzea eskatzen dugu. Baina eskabide honekin batera doa beste hau ere: Erlijioso garenez, euskal Probintziak (hau da, Euskal Herri osokoak) eratzea eskatzen dugu, Euskal Herriari erantzun jatorragoa eman diezaiogun. Baina, eskaera hau betetzea posible ez bada, erlijioso Probintzia berean etxe ugari delako, batzu Euskal Herrian eta besteak kanpoan, orduan Euskal Herriko etxeekin Probintzia-orde bat egitea eskatzen da, Euskal Probintzia sortu arte.

Gure Probintzialeei eskabideak eginaz batera, geuk lana euskal alorrean egiteko geure buruak eskaintzea egoki ikusi da (irakaskuntzan, esaterako, behar-beharrezkoa da...).

Gure Herriaren deihadarra, amnistiaren alde, zuzena dela onhartuz, guk ere Herriarekin bat eginaz, Erregeari amnistia orokorra eskatzea erabaki da.

Gure Euskal Herriko Probintzialeei bi eskabide egiten dizkiegu:

1.- Euskal Herriko Probintzialen Elkartea, berton bizi diren Probintzialek osa dezatela, eta, Euskal Herritik kanpo bizi diren Probintzialek, hemen komunitateak baldin badituzte, bertoko komunitateen ordezkari bat izenda dezatela. Baina ez dezatela ordezkari hau Probintzialeek aukeratu, bai ordea Euskal Herriko komunitateek.

2.- Euskal Herriak Euskal Herriko Elizari batasuna eskatzen dio. Erlijiosok Eliza honen talde handi bat garenez gero, Probintzialeek ager dezatela berandu baino lehen, Euskal Eliz Probintziari buruz zer pentsatzen duten, eta zer Euskal Herriko Elizari buruz.

Azken puntu nagusi hauk denen aurrean eztabaidatu eta onhartu ondorean. Batzorde berna nortzuk osatuko duten ikusteko hauteskundeak egin ziren. Batzorde berria osatuko dutenak hauk dira:

zuzendari: Iñaki Bereziartua, frantziskotarra.

ordezkari: Joxe Agustin Elustondo, frantziskotarra.

etxe-bizitzatik: Jose Manuel Agirrezabala, lasalletarra.

 Begoña Sardui, mertzedaria.

irakaskuntzatik: Mirari Bereziartua, karitatekoa.

 Dunixi Arzelus, lasalletarra.


Postaz etorriak

Sestaoko heriotzeari buruz

Urtarril tristagarri honetan, Sestaoko manifestaldi gogorretan mutil gazte bat hil zen. Komunikabide ofizialek heriotze hori naturala izan zela esan digute. Mutilaren aldeko elizkizunetan ere berdintsu esan zen nonbait Hala ere, elizkizunetan apezek agerturiko jarrerak ez bide zituen jendearen kezkak eta justizi egarria ase; eta jarrera horrekin ados ez zeuden kristau batzuk, gutun hau prestatu dute erantzun gisa eta ANAITASUNARA bidali argitaratzeko:

"Gure Herriak sarritan ezagutu du, militar erauziaren indarrak sortu duen beldur-ikara. "Ordena indarrek" gogorki eta zanpaka isil erazi dute, hitz egiten hasi denean. Joan den igandean pake-pakean ari zen manifestapen bat egiten, aspalditik Euskadi osoan entzuten ari den oihua ahoan zelarik: AMNISTIA DENONTZAT. Enparantza "ordena indarrek" heldu ziren, eta geroztik dena izan zen beldur-ikara. Eta ezer esan gabe, jendea joka hasi ziren. Probokazio bat besterik ez zen izan, bistan dago. Eta han, Juan Manuel Iglesias hil zen. Gobernu zibilak, bere aldetik, prentsa bidez gezurra besterik ez zuen esan. Eta zapalketak astelehena ere iraun zuen. Asteartean, mutila ehortzi ondoren, beldurra eta egurra azaldu ziren berriro: tiroak, ke poteak, gomazko balak. Eta 40.000 bat pertsonaren pakea desegin zuten, igandean zer pasatu zen jakitera joan zirenen pakea, porrakadak, kuletakadak, ostikadak eta gogorkeria handizko egintzak kaleetan eta atarietan. Hau guztiau izan zen Sestaoko gau hartako ondorioa.

Indarkeria hauk guztiok ikusirik, Sestaoko kristau talde batzuk salhatu egin nahi ditugu bortxakeriok hurrengo puntuetan.

- Gobernuak eta indar zapaltzaileek gure Herriaren asmoak eta oinharrizko libertateak zapuzteko egiten dituen ahaleginak

- Prentsaren berri-emate gezurtia, Gobernu Zibilaren agiri maltzur eta faltsoaren bidez Juan Manuelen heriotzea "natural" bezala agertzean.

- "Gure" autoritateen inmoralitatea salhatzen dugu, beraiek laguntzen baitute zapalkuntza, Herria defendatu beharrean.

Ez dugu gorrotorik birbiztu nahi, baina" egia ez da negozia daitekeen gauza.

Kristauak garenez gero, gure fedeak gure Herriaren alde egiteko opzio batetara garamatza eta zapalkuntzaren aurka burrukatzera bultzatzen gaitu.

Sestaoko Herriarekin:

AMNISTIA OROKORA NAHI DUGU

EUSKADIRENTZAT, ASKATASUNA

INDAR ZAPALTZAILEEN DEUSEZTEA

Sestaoko Kristau Talde Batzu

***

Gure Jaunok:

Alboko idazkia zuen aldizkariaren sailetariko batetan mesedez argitara dezazuela erregutzen dizuegu, zuen irakurleek moeta honetako gizarte informazioa har dezaten.

Eskerrak emanez,

agurtzen zaituztegu

Iragan den 1976 honetan jazotako bi gertaera daude, guretzat, euskal homosexualentzat, garrantzi haundikoak, gure komunikabideetan aipatzerik izan ez dutenak.

Lehengoa, gaur egun planteaturik dugun problematikari erantzun bat ematen saiatzen duen Lambda Institutuaren aurkezpena Katalunian. Elkar-hizketa, topaketa, ikasketa, dokumentazio eta laguntza toki bat izatea du gogotzat. Jadanik argitaratzen hasiak dira "Temas Monográficos de Sexología" direlako liburuxka batzuk, hauetariko 1. zenbakia "Aspectos Medico-científicos de la Homosexualidad" guztiontzat da garrantzizkoa, bereziki hezitzaile eta gure jokabidea nolabait epaitzen dutenentzat.

Bigarrena sigla ezberdinekin pertsonaren oinharrizko eskubide sorta bat defendatzen duten Homosexual Askapen Mugimenduen agerpena izan da.

Arlo honetan eginiko aurrerapen guztiek gure Herrian trazendentzia izan behar dutela pentsatuz, gertaera bi hauetan guretzat zerbait baikorraren hasiera ikusten dugu: Arazoaren planteamena, bere konponbide posiblea begiraturik.

Ez dugu ahantzi behar ere, askatasuna lortzeko sail orokor honetan eta sexualitate alorrean, Emakumeen Mugimenduak esku ere hartzen duela zeregin honetan.

Denok dakigu gure egitura, ez bakarrik politiko eta ekonomiko, baizik eta ere sozialen aldaketa batekin soilik izanen datekeela gizonaren benetako askapena.


Anaitasunaren oharra

Askotxo dira Anaitasunara talde, alderdi eta elkarteetatik heltzen zaizkigun ohar, manifestu eta agiriak. Textuotatik asko, ezin ulertuzko euskara aldrebes eta traketsean daude, ortografi eta joskera oker nabariekin, erdarazko originaletatik gaizki itzuliak izanki.

 Anaitasunan aski lan daukagu euskarazko artikulu originalak zuzentzeaz, inoren faborez argitaratzen ditugun lantxoak ere zuzentzen ibili gabe. Gure herriak merezi eta berari zor zaion errespetuagatik, bidaltzen zaizkigun lanak euskaraz —eta ez euskara itxurako zerbaitez— idatziak izan daitezela eskatzen dugu, ez baitira bestela argitaratuko.

Euskaltzaindiak ba du, horretarako, itzulpen zerbitzu ofizial bat, interesatuek erabil dezaketena. Hau egitean edozein erdal aldizkarik erdara txarreko eskribuak baztertzeko duen eskubide berberaz baliatzen gara, geure hizkuntzari bere duintasuna emanez.


Aisiaren ordua

Kontsultategi

"Consultorio" edo KONTSULTATEGI sailik gabe ez dagoela aldizkari serio bat egiterik ikustean, gaur mota honetako sailtxo bati emango diogu hasiera gure horrialdetan. Honetarako gure irakurle batzuk bidali dizkiguten galderak erantzungo ditugu gure borondate onenarekin, irakurle hauen bizitzan gure jakinduri eta bihotz onaren argi gidatzaile bat izan dezan asmoz. Politik galdera batzu aukeratu ditugu gaur. Hona hemen gure lehen argi-izpiak.

Bizikleta bat, egokiena

Munduko herri koskorretik "Don Joxe" jaunak gutun hau bidali digu:

"Anaitasunako lagunok:

Ni, politik arloan, erditarra naiz. Erdi-muturrekoa naizela diote nire ingurukoek. Ez da egoera erraza nirea, ene automobilari bolantea ezker aldean jarri baitiote, maltzurkeriz, nire ustez. Ni bezalako erdi-muturreko batek, nola eraman gustora horrelako auto bat? Zer egin? Azkar erantzun, arren.

Mila esker."

Hau egoera latza zurea, "Don Joxe" ¡Hurrengo autoa Ingalaterran eros dezazula izan da gure erantzuteko lehen asmoa, han egindako autoek eskuin aldean baitute bolantea. Baina, nahiz eta lehen unean irtenbide hau onhartu, berealaxe alde batetara utzi behar izan dugu, Ingalaterrako autoak bideko ezker aldetik ibiltzeko pentsatuak baitaude. Gure jakintasunari ezkeresker, bereala beste irtenbide egoki bat aurkitu dugu: motorra bat eros ezazu, motorrek gidoia erdi-erdian baitute. Hala ere irtenbide honek bere arriskua badu: motorraren motoreak kontrolpetik ihes egin dezake, zu, toki desegoki eta urrunetara eramanez. Irtenbide egokiena Eibarren egindako bizikleta soil bat erostea dirudi, azkenez, mantsu eta erdikoa bezala ikusten batugu. Lasaitu zaitez ba, txirringa bat erosi eta... ez zaitez Orduinako portuaren bidean jarri!

Komuna

Elurraio herritik beste lagun batek idatzi digu, bere arazoa azalduz. Hona hemen bere hitzak:

"Politik arloan erdikoi bidetatik nabil trebeki, ezker eta eskuin aldekoak alde batetara eta bestetara ditudan artean. Nire arazoa nire etxea da: bi ate ditu, tamalez, bat eskuin aldean eta ezkerrean, bestea. Ni, erdizale bezala, behin eskuin aldeko atetik sartzen naiz etxean, urrengoan ezker aldetik sartuz. Irtenbide hau, hala ere, ez zait gustatzen eta zuek zuen jakinduriaz besteren bat ematen badidazue asko eskertuko eskertuko nizueke."

Erdi-erdian beste ate bat irekitzea kontseilatzen dizugu, beste biek, hertsi gabe, noski, orduan ate bakar hori ez baitzen "erdikoa" izango. Hala ere gure irtenbideak arrisku handi bat du: erdi-erdiko ate hori egitean etxeko sarrera komunetik izatea. Etxean bisitak sartu eta komunean eser eraztea ez da gauza normala, nahiz eta tripakomin duen bisita baten-batentzat egokia izan. Hala ere hau dugu irtenbide bakarra. Bestalde komuna etxeko eskuin edo ezker aldera aldatzea ez zen gauza txarra izango, nahiz eta hango muturrekoen kolpe batzu hartzeko arriskutan jarri. Aurrera, ba, eta erne! Bi ateko etxe bat gordetzea zaila baldin bada, zure hiru ateko etxe hori ez duzu txantxetakoa!

KONTSEILARI


Euskal Herrian

Pauso handi bat

KASeko erakunde politikoak, herri politikari doakionez, garrantzi handiko akordio batetara heldu berri dira, guztiek, aho batez, masen antolakunde baten alde, lokal elkarteen problemetan (hauzategi, herri eta berauen gestioan) eragin nabaria duenaren alde, egitean. Berau A.S.K. izenekoa dugu (Abertzale Sozialisten Komiteak) Bizkaian aspaldian ari izan eta, sortu zirenetik, dynamika oso azkarraz ibili direnak. Aipaturiko akordioa ondoko agirian gorputzen da:

"KASeko erakunde politikoek (EHAS, EIA, LAIA-bai, LAIA-ez) Bizkaiko Abertzale Sozialisten Komiteen (A.S.K.en) esperientzia, herri botereko strategia iraultzaile bat bultzatzeko masen antolakunde bat den aldetik eta politika bide abertzale eta sozialista egoki baten alde dagoenez gero, erabat mesedegarritzat jotzen dute. Horregatik, herri antolakunde honi, Euskal Herriko beste herrialdeetako mugimendu asanbleari abertzale eta sozialista guztiekin kritikoki batu eta estrukturatzeko dei suhar bat egiten diote. Estrukturaketa hori indartzeko gogoz, KASeko erakundeek oinharritik harekin lan egingo dute".

Zin-zinez esan daiteke akordio hau sozialismo abertzalearen batasunerako bidean aurrerapauso bat izan dela. Langile eta gazte mugimenduan dauden zatiketak (LAB eta EGAM, EHASek eta EIAk bultzatuak; LAK eta GAI, LAIAk eraginak), kasu honetan, gainditurik geratu izan dira, eta erabaki horrek, ba dirudi, funtsean, masen antolakundeen zereginari buruzko akordio sakonago bat agertzen duela, etorkizun hurbil batetan, langile mugimenduko LAB eta LAK, eta gazte mugimenduko EGAM eta GAI elkarren artean biltzeko prozesua nolabait erraztuz.

Horrialdeotatik Euskal Herriko beste herrialdeetan ASK laster zabal eta indar dadin geure esperantza adierazi nahi dugu. Hortaz, antolakunde honi aldizkari honen ateak erabat irekitzen dizkiogu, beraren zerbitzutan jarriz.


Zapaburu birbiztua

Kaleko [Komikia]

OLARIAGAKO


Ikurrinik zaharrena

 Ataun (Eurola Press).— Aita Josemiel Barandiaranek Ekainen arkheologi azterketak egiten ziharduelarik, Azil garaiko ikurrin zahar bat aurkitu du. Aurkikuntza ezusteko honek zientzi mundu osoa eragin du, ez baitzuen inork espero horrelakorik. Ez dakigu orain Bizkaiko Diputazioburuak eta Bilboko Udaletxekoek zer eginen duten, ikurrina ez onhartzeko aipatzen zituzten arrazoietarik bat gure bandera historia gabea zela izanik. Beharbada, antzarrak ferratzera joanen dira behin betiko, bokazioz egin behar zutenez.

Argazkian aita Josemiel Barandiaran, Ekain haitzuloaren sarreran, langile batek erakusten dion ikurrin arkhaikoa serioski aztertzen.


Urrezko astabelarriak

Euskara irakatsiko nukeen haur ez dakitenei

Donostiako Fuenterrabía kalean dagoen boutique famatu bat jator ari da euskal iragarkiak erabiliaz, "jazkiak", "hondar-salmentak" eta honelakoak maiz ikusten baititugu bertan; dendariak ere euskaldunak dituzu.

Urtarrilaren bigarren hamabostaldian ordea honela zioen txarteltxo batek harritu gaitu biziki: EUSKARA IRAKATSIKO NUKEEN HAUR EZ DAKITENEI.

Oharra berandu dator antza, lehen irakatsiko baitzukeen NORI gabeko aditzaren arauera, eta bildur gara ere haurtxo horiek ez ote duten erlatiboa taiuz erabiltzen ikasiko halako irakaslearen laguntzaz.

Uholde