ANAITASUNA

1977.EKO MARTXOAREN 1-EKOA

335. ZENBAKIA

35 PTA.


ANAITASUNA

Bizkaia

hamabosterokoa

ZUZENDARIA:

Joan Mari Torrealday

Urteko abonamendua:

Bertorako 700 pezeta

Latin Amerikarako 800 pezeta

Europa eta Ipar Amerikarako 900 pezeta

Ale bakoitza: 35 pezeta


[AZALA]

AMNISTIA OSOA

ETA AUTONOMI ESTATUTUA


AURKIBIDEA

3: Editoriala

4-5: Tantaka

6-10: Teletipoa

11: Konbergentziaz

13: Euskal ezkerra

14-15: Bilboko metroa

16-17: Anaitasunaren komikiaz

18-19: Kontzertu Ekonomikoa

20-28

eta

33-41: Autonomi Estatu berria

29-32: Komikia

42-43: Euskal kultura norentzat?

44-48: P.N.N.ak

49-50: Lauroko pedagogiaz

51-53: Israeleko Akiva Ulpana

54-56: J.M. Torrealdayrekin

57: Postaz etorriak

58: Kaleko

Maketapena: Zumalabe

Marrazkiak: Olariaga

Argazkiak:

Arkoila

J. Etxebarri

Moldiztegia:

Gráficas Sampedro

Part. Alzola, 2

BILBAO

Dep. Legal: BI-1753 1967


Editoriala

Autonomia Estatutu Berria

Autonomia hitza ez da, jadanik, tabu bat. Zerbait da hori. Beldur izatekoa da, ordea, batzuk ez ote dioten eskualdekatze edo deserdiratze zentzu hutsala besterik ematen. Autonomiak norbere arazoak konpontzeko esku izatea esan nahi du, Herriak bere problemak zuzenki eta kanpoko bitartekorik gabe atontzeko bide izatea. Eta euskaldunok autonomia

behar dugu. Alde batetik gure oraingo eta geroko arazoak konpontzeko, baina baita, halaber, azken urte luze hauetako gure "agintariek" sortu dizkiguten problema larriak gainditzeko ere.

Askok, autonomia diotenean, ekonomi, zerga kontu edo holako zerbait esan nahi dutela dirudi. Ekonomi Kontzertua edo Diputación General de Euzkadi delakoak, gehien bat, hortik doazela ematen du, eta hori ez dugu nahikorik. Ongi aztertuz gero, orain arteko Autonomi Estatutu guztietan, bestalde, oinharriz, ekonomi arazoa zaindu nahi zen, bertoko burjeseriak, horren bidez, Euskal Herrian bere botere politikoa eta ekonomi erregaliak mantentzeko. Euskal nazioa, beronen hizkuntza, kultura eta giza balio bereziak, funtsean, beraien eskuetan egonen zen autogobernua justifikatzeko atxakia egoki batzu besterik ez ziren.

Herriak, ordea, ez du jaunen ekonomi interesen zerbitzurako estatuturik nahi, beraren interes propioen aldeko bat baizik. Horretaz, Estatutu Berri bat behar dela bistan dago. Eta orain, euskal herri-ezkerraren ikuspegitik Estatutu Berri baterako proposamendu bat eskaini digu KIMU BERRI taldeak. Ezkertzekoa da. Izan ere, hauxe da, gure ustez, Ekonomi arazoa Herriaren nazional eta sozial balioen funtzioan jarri duen lehenbizikoa. Ekonomiaren kontrol autonomoa, noski, beharrezkoa da, baina zertarako galdetu beharra dago. Aurreprojektu honetan Herriaren premiek mugatzen dute ekonomi askatasun beharra, haik beronen atxakia soila izan gabe. Aurrerapauso nabaria dago, beraz. Textu hori, ordea, Herriak berak juzkatu behar du, eta, nahiago duenez, hura osa, gehi eta biribil. Pauso bat denik, ordea, ezin uka.


Tantaka

Zibilizazioa

Lehengo batean Bilboko Alameda San Mames kaletik nindoala, eta kale guztia txikiteroz beterik zegoela ikusi nuen gertakari bat agertu nahi dut, zenbait pertsonaren zibilizazioaren ezaugarri gisan.

Kale horretan, eta ohi den bezala, hainbat auto zegoen gaizki parkaiaturik, bigarren iladan hain zuzen ere. Eta hara non datorren beste auto bat abiadaz, eta esan bezala parkaiaturik zegoen auto bat urratu. Jende guztia begira gelditu zitzaionez, urratzailea autotik atera eta paper batetan zerbait idatzi ondoren beste autoari utzi zion parabrisasean, ikusle guztion onespenaz.

Baina zein izango zen harridura, nagusia etorri zenean (ordu erdi geroago), papera hartu eta hau irakurri zuenean: "Hijo de p..., si hubieras aparcado bien no te hubiera pasado esto".

Hau da zibilizazioa, jaunak!

Gontzal eta Xeberri Algortan

Gontzal Mendibil eta Xeberri-k, hile honetako 26an, larunbata, gaueko 10'30etan, kantaldi bat eman dute Algortako "Gran Cinema"n. Saio berean Algortako Ekin taldearen aurkezpena egin da. Kantaldi hau Etorkizuna elkarteak antolatutakoa da.

PNVren Batzarre Nazionala Iruinean

Otsailaren azken egunotan, udal eta Herrialdeko bilerak bukatu ondoren, PNVek Martxoaren 7an, Iruinean —euskal bilera eta aurkezpen politikoen hiriburua berriz bihurtuan— bere Batzarre Nazionala egiteko asmoa du. Zahar-gazte arteko, edo, hobeki esan, alderdiko aurrerazale eta nostalgikoen arteko tirabirak, Goiz Argi lekuko, oso latzak direla ematen du. Sorpresak gerta daitezke, hala ere.

Ingurua euskaldunduz

Kanpaina herritar eta jator bat ari da egiten Euskal Herrian zehar, gure herri eta kaleen izenak euskaraz ipintzea, halegia. Durangotik hasita, Abadino, Elorrio eta Arrasateraino, gutienez, bide-seinale guztiak, eskuz pintaturik, aldatuta agertzen dira, Bilbao, Abadiano, Vergara, Mondragón eta S. Sebastián-en lekuan, Bilbo, Abadino, Bergara, Arrasate eta Donostia azalduz. Donostiako Antigua hauzategian, halaber, bertakoek euskaraz paperezko kartel bana jarri diete kaleei, Paseo de Hériz, esaterako, Heriz ibiltokia bihurtuz. Oso ideia ona izan da hau, eta herrietako alkate eta agintariek ba dute non ikas. Herriak, beti bezala, ba daki zer egin eta bere eskubideak nola beteraz, nagusiei aurrea hartuz.

Carrillo: espainola hezurretaraino

Otsailaren 3an, oposizioak Gobernuarekin tratatzeko duen batzordean bilera bat egin zen. Hartan, Santiago Carrillok, Espainiako Alderdi Komunistaren Idazkari Nagusiak, Jordi Pujol eta Jauregi jaunak presente zeudelarik, "naziotasun" eta "autodeterminazio" kontzeptuen aurrean, "inperio"aren erdara batuan, hitzez hitz, hauxe esan zuen: "El Partido Comunista de España respeta y promueve las autonomías regionales, pero, eso sí, defenderá siempre la unidad de la Patria. Soy español, y como tal me opondré siempre a cualquier intento de separatismo y de desunión de España". Bertan zegoen norbaitek honela esan zuen: "Jeneral bat hizketan ematen zuen". Guk hori ba genekien, baina tira, eskertzekoa da orain ere gauzak hain argi esatea. Orain ez da dudarik.

Giza Eskubideen Elkartea

Nantes-eko Giza Eskubideen Aldeko Elkartearen sekzioak Yeun dauden hamaika euskaldunei buruz argitaratu duen agiria bidali digu. Agiri honetan hamaika gazteon egoera politik babesean onhartuak izan direnen kontrako gisa agertzen dute eta Ipar Euskal Herrian izan duten mehatxu eta indarkerien zerrenda agertzen du, polizia frantsesaren jokabide ulergaitz eta ahula salatuz. "Frantziako bake publikoarentzat gazte hauk mehatxu bat ez baldin badira, zergatik daude Yeun isolatuk?", galdetzen dute Giza Eskubidekoek. Elkarte honek diplomazi harremanagatik legearen kontra jokatze hau salatzen du eta parlamentu mailan Poniatowskiri isolatze honen arrazoiak eskatu diezazkiotela eskatzen dute. Amaieran espainiar komandoak Ipar E. H. dituzten mugitasun errazak ere aipatzen ditu Elkarte honek, berauen eginkizunak frantsesentzat ea arriskugarriak ez diren galdetuz.

ESEIren agerpena

Joan zen 18an, Iruineako ingurutako herri batetan, ESEI politik taldeak (Euskadiko Sozialistak Elkartze Indarra) prentsa aurreko bat egin zuen, bere oinharri eta helburuak agertzeko. Hara hemen ESEI taldearen berezitasun garrantzigoenak.

- ESEI erakunde politiko abertzale eta sozialista bat da. Talde hau ez da gaur sortua, esperientzia latz eta luze bat bait du.

- Nazional eta sozial-ekonomik askatasunaren aldeko burruka enbor bereko adar dira.

- Nazio zentzu esentzialista baten aurrean, ESEIk nazioa egiztapen historiko baten barnean oinharritzen du. Euskal Herriak bere orainaren eta bere etorkizunaren jabe izateko eskubidea du.

- ESEIk Euskadin egindako lurralde eta instituzio banaketa salatzen du. ESEIk Euskadiko eskualde historiko guztiak marko politiko jakin baten barnean biltzearen alde ihardungo da. Gure herriaren batasunaren edozein alderdi onhartzen duen neurri ororen alde aterako da.

- Bere lan indarra Euskadi barruan saldu eta integratuaz aurrerantzean bertan bizitzeko asmo duen oro jotzen du ESEIk euskal langiletzat.

- ESEIk Euskal Herriak jasaiten dituen kultural eta linguistiko zapalketa mota guztiak salatu eta gure hizkuntza nazionala, euskara, ororen hizkuntza izan dadin borrokatuko dela adierazten du.

"ESEIren ustetan, Euskal Herriarentzat sozialismo bereizi baten eraiki lanak, epe laburrean eta osoki harturik, sozialist mugimendu indartsu bat behar du Hego-Euskadin. Mugimendu honen autonomia gorderik, honako ezaugarriok bildu behar ditu: 1. Hedadura jakin batetan arituko dena; hots, lurralde osoan. 2. Bere azterketa teoriko-politikoen adieramoldean eta praxiaren egitean erabat aske ihardungo dena. 3. Nazio arteko mailan, estatu mailan edo estatu arteko indar politikoekin berdintasunezko harremanetan arituko dena".

Lartaun

Oiartzungo "Lartaun" Elkarteak bere aldizkariaren 28. zenbakia bidali digu, hots. Urtarrila-Maiatza epea betetzen duen zenbakia. 162 horrialde ditu eta euskaraz eta erdaraz egindako lanak biltzen ditu. Oiartzun aldeko berri eta erreportaiak dira gehienak eta gaiak guztiz desberdinak ditugu, bertan folklore gaiak, historiakoak eta bailaran egindako inkestekin elkartzen baitira. Ignazio Arbelaiz-i, aldizkari honen zuzendaria denari eta "Lartaun" egiten duten guztiei gure zorionak.


Teletipoa

9.- Deustuko Unibertsitatea hersten da, bertako agintarien erabakiz.

10.- Joxe Mari Eizagirreren gorpua Zarauzko hilobi batetan agertzen da. Basahurin Martzelino Barandika (Matxel) gelerazten dute. Lan-maisu Eskola hersten da Basahurin, bertako irakaslegoaren erabakiz. Bilboko Udalaren erabaki bat —Unamunoren omenez Plaza Berrian monumendu bat eraikitzea— 128 artistak kritikatzen dute, derrigorrez eskultura bat egin beharrik ez dagoela adieraziz. Erabaki horrek aurrekontsulta bat ere behar zuela adierazi zuten. Bizkaian geratu egiten da Unibertsitate osoko aktibitate gehiena.

11.- Gose grebatan zeuden gazte bi irteten dira Barakaldon. Amnistiaren eskakizuna bultzatzen ari ziren. Jauregi Biltzen da: DCV, ANV, PNV, PSOE, PSP, PC. Arabako Gobernari Zibilak debekatu egiten du PNVak Araian egin nahi zuen mitina.

Justicia Democrática-k Bilbon bi hitzaldi ematen ditu. PNV-ak Balmasedan mitin bat egiten du.

12.- Kristau talde batzuk hertsaldi batzu egiten dituzte Bizkaiko zenbait elizatan.

Bilboko portuan 400 estibalari lan gabe gelditzen dira. Lau preso politiko aske geratzen dira: Biktor Aranzabal, Xabier Ortuzar, Jose Luis Orue, eta Jose Luis Iñurritegi.

13.- PNV-ak Barakaldon egiten du mitin bat. ANV-ak Algortan egiten du mitin bat. MCE-ri debekatu egiten diote Iruineako mitina.

Abantoko Las Carreras hauzategian manifestaldi bat egiten da amnistiaren eskakizuna sendotzeko. Donostian, "La Autonomía del País Vasco" liburua bahitu egiten dute.

14.- Bilbon gaur ere, 500 estibalari lanik gabe gelditzen dira.

Ondarroako itsas langileak notari aurreko agiri bat egiten dute, lanean hasteko konpromezua eta baldintzak sinatuz.

Tarabusiko greba bukatzen da. Hazilaren 16an hasita, sendo iraun duen arren, gaizki bukatu da, hamalau langile kanpoan geratuz. Garraiarien greba bukatzen da Bizkaian.

15.- Artiach-en laneratzen dira guztiak. Juana Luengo, bertako langilearen gelerazpena arrutzearren egin zen.

Gutun bat bidaltzen zaio Aita Sainduari euskal Elizbarruti bat eskatuz. Aitor Argarate juezarengana daramate eta handik Basahurira. Luis Mari Muruari Gasteizko atrakoa leporatzen diote eta Nanclares de la Oca-ra eramaten dute.

Barakaldoko La Asunción elizan hiru gazte hersten dira amnistiaren eskakizuna bultzatzeko.

Durangoko "Celulosas de Nervión" izena duen paperolan 360 langile zigortuak dira enpleguz eta soldataz.

16.- Gipuzkoan, 52 misiolarik Ekuadoren sinaturiko agiri bat jasotzen du amnistiaren aldeko komiteak. Agiri hau amnistiaren aldekoa zen, noski.

17.- Partido Sozialista Demócrata Foral de Navarra-k Batzarre orokorra egiten du.

D.C.V.-ak legeztapena eskatzen du beretzat Bilbon. Bozketa bat egiten da Laudioko LIPMESA entrepresan. Lanera ez bihurtzea erabakitzen da.

"Punto y Hora"-ren zuzendaria den Mirentxu Purroy-k heriotzezko mehatxua hartzen du.

18.- Yeu irlako 13 presoak Bordelera eramanak dira, hiru puntutako dokumendu bat sinatu ondoren. Ondoren, miliak Baionaraino abiatzen dira polizigizonen behapetan, Poniatowsky-ren aginduak bete beharrean. Baionan gelerazi egiten dituzte.

19.- Atzotik bi geratzen ziren gelerazirik Baionan, Eloi Uriarte eta Jose Martin Sagardia. Gaur askatzen dituzte, eta Tarnos-era eraman. Elorrion 100etik gora hersten dira amnistiaren alde. Lesakako Laminoletan kaleraturik zeuden 1.100 langile laneratzen dira. ETA-kotzat espetxeraturik zeuden 5 aske geratzen dira Donostian: Anjel Maria Errekalde, Pedro Alvarez, Jose Frantzisko Bengoetxea, Xabier Zinkunegi, eta Juan Jose Torregarai. Martutenen, beraz, bi geratzen dira, Mikel Amilibia eta Patxi Larrañaga, eta erdaraz mintzaerazten diotelako, ez dute familiakoekin egon nahi. Etxarri-Aranaz-en PNV-ak mitin bat egiten du. ESEI-ren presentazioa kazetarien aurrean, Bilbon. PNV-aren mitinak egiten dira Durangon eta Ermuan.

20.- Galdakaon PNV-aren mitina egiten da.

FIN (Frente Independiente Navarro) sortzen da hauteskundeetarako alternatiba bezala.

USO-ren mitina Basahurin.

EKA-k bere firma biltze kanpaina bukatzen du, 10.000 izen lortu ditu.

Carlos Hugoren etorrera eskatuz.

PSOE-k Pasaian egiten du mitin bat eta ESB-ak Errenderian.

Joseba Elosegi-k Gasteizen egiten du bere "Quiero morir por algo" liburuaren presentazioa.

21.- Ondarroan, 11 etxetan egiten dira arakatzeak, eta hiru gazte dira geleraziak. PNV-ak, bakarrean egiten du Gasteizera datorren Aberri Egunerako deia.

22.- Irten egiten dira Ondarroako geleraziak.

Hautsi egiten dira elkarrizketak arrantzale eta armadoreen artean.

Ikasleen gose greba hasten da Bilbon, PNN-en alde.

Aguraingo Orbegozoren entrepresan emakumeak oso diskriminaturik daudenez, judizio bat ukan dute Magistraturan eta langile emakumeen alde irteten da.

Nafarroako Diputazioak euskararen irakaskuntzarako laguntza opatzen du.

Arteagako, hau da, Gaztelu-Elexabeitiako Hauzo Elkarteak behar diren eginkizun guztiak egitea erabaki du bertako tenentealkatea den Esteban Beldarrain-en kontra, harmaz ari baita herria beldurtzen.

23.- Ondarroako itsas langileen ordezkariak Madrilera doaz.

Nafarroako Karrakar-eko gasolindegi inguruan 2.000 nekazari eta 300 traktore biltzen dira protestari. Arratsalderako gehiago izango ziren.

Arrazoia, 1977.-rako jarri diren prezioak izan da.

Donostiako Banco Gipuzkoano-ko langilerik gehienek greba egiten dute, preso egondako bat (Antonio Etxeberria) ez zuelako entrepresak birhartu nahi. Guztitara, 300 inguru.

LIPMESA-ko grebaren soluzioa arintzearren greba orokor bat izendatzen da. Beronetara Jez eta Vine irteten dira soilki.

Iruinean goizaldeko 1ean etxe batetan zeudela sekretazko poliziek, Ander Arrazola, Mari Karmen Hierro eta Garbiñe Caminos, EHAS eta IAM-ekotzat emanik gelerazten dituzte.

Debekatu egiten da Lekeition Amnistiaren aldeko komisioak antolaturiko hitzaldi bat Gobernadorearen manuz.

24.- Ikasleen gose greba aurrera doa Bilbon. Gaur 95 dira grebalariak.

Bizkaian berrehun mediko baino gehiago daude lanik gabe derrigorrez.

Kintanaren Euskal Hiztegi modernua argitaratu da azkenez. ESB-ek legalizazioa eskatu du Madrilen, Partido Socialista Vasco izenaz (PSV).

"Herri Antolakunde Bateratzailea" kalera bidetan ari da. Oraingoz, KAS (EHAS, EIA, LAIA-bai, LAB, LAK), MCE, Eusko Sozialistak, ORT, PTE, eta PCU daude barruan; laster egingo dute agerpena.


Lantegiak

DURANGOKO PAPELERA.- Hil honen 4ean hasita grebak eta geraldiak egiten ari direla eta, 360 langile enpleguz eta soldataz zintzilikatuak izan dira datorren 24erarte, elkar konbenioaren hobetzeak gora behera, 500 langilek osotzen duten lantegi honetan. Administrariak izan dira grebarik egin ez dutenak, edo eta teknikariak. Halere, oporrak eman dizkiete beren lagunak laneratzen diren arte.

Langileen eskakizunak dira, urteko 70.000 pezetatako altxazia denentzat, eta hiruhilero berrikustea soldaten neurriak. Baina entrepresak, oinharrizko soldataz gain bizikostuaren heineko altxazia opatzen du, 500 pezetatako prima eta puntuez gain eta besterik ez.

Lerro nauk idazterakoan, gaur hilaren 24, ez dakigu laneratu diren ala ez.

ONDARROAKO ITSAS LANGILEAK.- Urtarrilaren 3an hasitako grebak ez du azken erosorik agertzen, 1.500 langile daude geldi, hau da, 86 untzitako gizonak, eta antza denez beren jabeak 45 armalari. Nabaria izan da greba honetan zehar, ez dagoela sindikato librerik langileak babesteko eta azken irailaren 1eko arau laboralak armalariei bete erazteko: "egin egin behar izan dugu greba, negoziabidetara heltzeko, alderantziz izan beharrean". Oporren arazoa gailurtu egin da, zeren 48 egun baino ez baituzte lehorrean pasatzen, hau da hileroko jaiegunak ere ez.

Gainera, armalariek ez zuten onhartu arrantzaleek eskaintzen zieten portu maila konbenioa egitea, hauxe ebazpide bat izan zitekeen arren, arauak ez baitzaizkio egokitzen egiazko itsasoko bizimoduari, eta oinharri horren gainean ez baitzitekeen inolako gehitzapenik egin.

Entrepresariek (armalariek) arrantzaren balioaren portzentaia bat eskaintzea proposatu zuten, baina honela, jakina, lehengo kontratua hautsi egiten zen eta beste berri bat egin, aintzinatasuna galduz. Eta horrela, ez da oraindik konponbiderik aurkitu. Esan beharra dago, bukatu baino lehen, zenbait arrantzalek alde egin dutela Ondarroatik beren herrira edo beste portu batzutara. Hau kanpotarren artean gertatu izan da.

LIPMESA.— Iragan hilaren haseratik orain arte greban diraute langilerik gehienek. Baina entrepresaren mehatxuen beldurrez hil honen erdi aldean, laneratzen hasi dira batzuk. Horregatik, entrepresak astelehen 21a jartzen du azken egun bezala laneratzeko. Asanbladak ez sartzea erabakitzen du. Entrepresak bota egiten dituela dio grebatan dirauten guztiak, hau da, berrehun eta berrogeitamar inguru. Langileek greba herrira zabaltzea proposatzen dute iragan 23rako. Villosan 700ek egin zuten greba. Jez eta Vine-n ere gelditu egin ziren.

TARABUSI.— 90 egunetako greba bati bukaera bukatugabea ematen zaio: 14 langile kalean geratzen baitira, beste zortzi zigortuz gain. Bertako langileek iragan 14ean esan zutenez, "greba bukatu dugu, baina burruka ez", grebazko hiruilabete hau eraikikorra izan da. Botatakoen birhartzea izango da datorren elkar konbenioan langile guztiek eskatuko diotena entrepresan. Mila langile kapitalaren aurka.

LESAKAKO LAMINAZIOAK.- Urtarrilaren 11n hasitako grebak, lantegietako ateak herstera behartu zuen entrepresa otsailaren 7an eta 21erarte iraun du. Bera, Lesaka eta Legasako lantegietako 1.100 langile izan dira greba hau mantenatu eta jasan dutenak.

AGURAIN.- Iragan den 18an erabaki da Orbegozon 91 emakume langilek entrepresari egin zioten demanda, gizonezkoek baino 10 gutiago kobratzen zutelako. Erabakia emakumeen alde izan da. Entrepresak, beraz, hiru urtetako atzerapenak ere ordaindu beharko ditu. Antza denez, entrepresak Lan Tribunal Zentralera joko du.

KARRAKAR.- Nafarroako bidegurutz honetako gasolindegi inguruetan Erribeherako nekazariak bildu ziren beren traktore eta guzti, 23an. Arratsalderako ba ziren han 600 inguru traktore eta 2.000 gizonez gora. Aurtengoa kanpainarako jarri diren prezioen kontra protestatzeko egin dute, oso baxuak baitira.


Gelerazpenak etab...

YEU-TIK EUSKAL HERRIRANTZ.- Otsailaren 18an ostiralez utzi dute irla madarikatua, hantxe zokoraturik zeuden 13 ETA-rrek, Poniatowskyk prestaturiko paper bat sinatu ondoren. Paper horretan Ginebrako bigarren artikulua gogoratzen zieten, eta bai nola pasatu behar zuten frontera eta non bizi behar zuten ere.

Bost hilabete irla hartan pasatu ondoren, ba zuten gogoa Euskal Herrirantz etortzeko eta Bordeleraino joateko baimena baino ez zuten arren, miliek behintzat Baionaraino ailegatu ziren, baina poliziek zuzenean gendarmerira eraman zituzten eta haietariko bi —Jose Martin Sagardia eta Eloi Uriarte— barruan hertsi zituzten eta hurrengo egunean Tarnos-era eraman. Hauxe da La France, euskaldunak Euskal Herritik ateratzen dituen "la patrie".

IRUINEA.- Otsailaren 24ena goizaldeko 1ean, sekretazko poliziek, Ander Arrazola, Mari Karmen Hierro eta Garbiñe Caminos —20tik 23 urterako ikasleak— gelerazi dituzte Iruineako pisu-etxe batetan. EHAS eta IAM-ekotzat eman dituzte poliziek. Garbiñe Caminos aske utzi dute, beste biek komisaldegian dirauten bitartean.

PRESOAK KALERA.- Otsailaren 12-13an lau preso irteten dira: Xabier Ortuzar, Gernikarra, 1974ean gelerazia 6 urtetarako, Carabancheletik irteten da; Jose Luis Orue Etxebeste, Bilbotarra, 1974ean 15 urtetarako gelerazia eta Puerto de Santa Mariara eraman-berria; Biktor Aranzabal, Arrasatekoa, 1974ean 12 urtetarako gelerazia, Zamoratik; eta Jose Luis Iñurritegi, Arrasatetarra hau ere, eta aurrekoa bezala 1974 ean 12 urtetarako gelerazia izan zena, Zamoratik irteten da. Atseginezko harriduraz hartu zituzten beren etxeetan.

Urtarrilaren 14ean ETA-pm-eko komando batetakotzat harturik gelerazi zituzten 5 presori behin-behineko askatasuna ematen zaie: Anjel Maria Errekalde (19 urte), Pedro Alvarez (17), Juan Jose Torregarai (18), Xabier Zinkunegi (18), eta Jose Frantzisko Bengoetxea (18).

Basaurin, Otsailaren 9-10erako gauean Martzelino Barandika gelerazten dute (21 urte) bere etxean zegoela. Azken salbuespen aldian ere gelerazia izan zen ETA-pm-ekotzat. Herbesteraturik espetxetik irtetean eta amnistiaren aldeko dekretoaren babespean herriratua hilabete batzu direla.

LEKEITIO.- Amnistiaren aldeko hitzaldi bat debekatua. Otsailaren 23rako gaueko 8etarako, mahai inguru batetarako deia zegoen egina, amnistiaren alde berau. Baimenak eskaturik eta Gobernari Zibilari eskaturik zegoen. Kultur aste baten osokidea zen hitzaldi hau. Hitzaldia iragarrita zegoen zinetokian 7etatik 8etara inguruan goardia zibil batzu hurreratu ziren, antolatzaileei jakin eraziz mahai inguruaren debekua, zeren berau hospa baledi, lege penatzaileen aurreak errudun gertatuko bailirate beronen antolatzaileak esan ziotenez.

ONDARROA.- Otsailaren 21ean, Ondarroan, 11 etxetan egiten dira arakaketak. Ondorioz 3 pertsona dira geleraziak: Roberto Colunga, 21 urtetakoa, Josu Sevilla, 19takoa eta Alberto Olea, 21etakoa. Arakaketak aurretiaz fitxaturiko herriko pertsonen etxeetan egin zen. Hirurak irteten dira hurren egunean.

MIRENTXU PURROY.- "Punto y Hora"ko zuzendariak eriotze zemaiak jaso ditu, "A.A.A."-k sinaturikoak, "patrian zehar garbiketa bat egiten ari gara eta marxismo separatistaren tripaustelak akabatuak izanen dira tiroka" 72 ordutako epea ematen zaio kazetariari Euskal Herria abandonatzeko "eta horrela egin ez baheza hil eginen haugu, edo bakarka edo sarraldi bat egingo dugu aldizkariaren lokaletan, gure pausuen aurrean aurkitzen duguna eskobatuz metrailetaz". Donostiako matazigilua zuen gutunak. Mirentxu Purroy-k salhapen bat egin du.

J.M. EIZAGIRRE "TAPI".- Zarautzen agertzen da gorpua Otsailaren 10ean, baina Jose Mari Eizagirre Laburu "TAPI", burrukan hil zen, Abenduaren 16an, zorte txarreko harrikada bat buruan hartzean. Bere lagunek, arriskutan ez jartzearren burruka, ez zieten familiakoei abisatu orduan, baina bere herriko panteoi batetan gorde zuten haren gorpua. Lehen ezina izan bazen oraingoan eman dio herriak eta familiak beren azken agurra.

GAZTELU-ELEXABEITIA.- Arratiako herri honetako teniente alkateak herria harmaz "demokratizatu" nahi badu ere, herria eratzen hasi da, bere esku duten guztia egin nahiez agintarien aurrean.

Urtarrilaren 27an 23 tiro eman zizkion herriko plazan zintzilikaturik zegoen ikurrin bati. Lehenago ere, 1971ean, Areatzako goardia zibilek jaso zuten salhapenean agertuko denez, herriko jaiegunetan txistua jotzen zuten neskato-mutiko batzu pistolaz mehatxatu zituzten eta txistua artotzara jaurtiki, eta ondoren goardia zibilak deitu (berak edo beste lagunen batek). Gainera, Irailean eskupetaz guztiak ere mehatxatu ditu banan-banan herrirako jai edo beste antolatzeko baimena eskatzera joaten zitzaizkionean. Manuel Maria Uriartek (Bizkaiko gobernari Zibila) hartu ditu herriko ordezkariak eta firmak biltzeko esan die, ondoren neurriak hartzeko. Izan bedi bide herria bizi dadin.

INSTITUTUETAKO IKASLEAK.- Gose greban daude —Bizkaiko ehun ikasle— Otsailaren 21ean hasita Bilboko I.C.E.n PNN-en egoera arintzeko eskakizuna apuiatzeko. Hauk dira beren eskakizunak: Amnistia osoa, euskararen ofizialkidetasuna, denekiko gestioa zentruetan, euskal unibertsital distrito bat, PNN-en estabilitatea, eta selektibitate neurriak ezereztea.


Euskara

NAFARROAKO DIPUTAZIOAK.- Irakaskuntza euskarazkoa eta euskal eskolak diruz laguntzeko eskaintza egin beri du. Laguntza hau eskola estataletan zein pribatuetan emango litzateke, eta bai edozein erakundek antolaturiko euskal eskolentzat ere.

EUSKAL HIZTEGI MODERNOA.- Euskaltzale guztiok itxaroten genuen erreminta izango den hiztegi aproposa argitaratu da azkenez, bai, azkenez. Beronen egileak, Xabier Kintana, Joseba Tobar eta irakasle talde bat izan dira. Eskerrik beroenak langileoi. Aldizkaria herstera goazen une honetan (Otsailaren 24ean) azaldu denez hurren alean eginen dugu benetako presentazioa. Oraingoan datu gutti batzu bakarrik: euskaraz 42.000 hitz eta 55.000 adiera dakartza. Espainieraz, aldiz, 30.000 hitz eta 35.000 adiera.

Holako bilduma osatzeko egileek lana izango zuten, zalantzarik gabe, hainbat urtetako lana. Eta noski, hori ordaindu beharra dagoenez, ez derizkiogu garestiei duen prezioari: 1.000 pezeta.

Bestalde, eta lehen edizioa hamar mila aletakoa denez lehenbailehen eskuratu behar.


Aitor, Basaurin

Hogeitabi egun "La Salve"ko koartelean egon ondoren, Otsailaren 15ean Aitor Argarate Geologi ikaslea Basauriko gartzelara eramana izan zen. Horrela amaitu zen isolamendu luze baten historia. Isolamendu hau osoa izan dela esan dezakegu, nahiz eta 17. egunean Aitorrek bere aita minutu gutxi batzutan ikusi.

Aitor Berango inguruan poliziak atxilotu zuen Urtarrilaren 25ean. Une hartatik bere abokatuak eta bere senideek ez zuten Aitor ikusi, aitak, esan ditugun minutu horietan, izan ezik. Urtarrilaren 29an kenduak izan ziren "Fueros"etako 15. eta 18. artikuluak eta Aitor atzera moduz, retroaktibo moduz hartu zuten eta horrela legezko hamar eguneko atxilotzea mugagabekoa bihurtu zen. Bere mugak hogeitabigarren egunean aurkitu ditu. Denok dakigu komisaldegian egondako egunak gogorrenak izaten direla atxilotuentzat. Honegatik Aitorren Basaurira pasatze hau berri on bat izan da bere famili eta lagunentzat. Orain, zer jazoko da: Basaurin judizioa itxaroten egon beharko du Aitorrek.

Hogeitabi egun hauk oso latzak eta negargarriak izan dira bere amarentzat, batez ere. Egun hauek, halere, izan dute bere alde argiago bat. Bai Unibertsitatean eta bai Elgoibarren ere, Aitorren atxilotze luzearen kontra ekintza trebeak egin dira. Unibertsitatean ikasleek, nahiz eta greba batetan sartuak egon, manifestaldiak egin dituzte eta Bilboko kaletan ipinitako kartelen bidez Aitorren arazoaren berri eman dute. Prentsa aurreko batzuren bidez ere Argarateren egoera latza ezaguterazi dute eta kazeta eta irratitan Aitorrek bere toki egokia izan du. Elgoibarren —Aitorren herrian— Otsailaren 14an, hots, Aitor Basaurira pasatu baino egun bat lehenago, lan, denda eta ikasle geldiketa orokor bat egin zen. Ofizial mailetan ere Lejoako Unibertsitatearen Erretorordeak bere bultzakadak egin ditu, Gobernadorearen inguruan batez ere.

Muga gabeko atxilotzea luzea izan da baina, guztion laguntzarik gabe, are luzeagoa gerta zitekeen.


KAS, bere inguruak, eta alderdi bateratua

Behin baino sarriago mintzatu gara abertzale sozialisten erakundetzeaz, abertzale sozialisten batasunaz. Abertzale sozialistok, 1974ko urterarte bloke handi bat osotzen genuen gutxi gora behera. Baina barne kontradikzioz josirik egon arren, aurrera jotzen genuen.

Euskal politikaren alorrean toki bat eginik dugu, eta euskal langilerian eta herriarengan geure oinek nahiko finkaturik ditugu.

Baina 1974tik gaur egunerarte, gora behera asko jasan dugu geure inguruan.

Ez dago dudarik, KASen sortzea pausu handi bat izan dela. KAS 1976.ko abuztuan formalizatu zen. Baina berez, euskal populuaren gogoan KAS hori guztiz lorturik euki genuen. Guztion nahia zen. Baina sasi guztien gainetik, batasuna formalizatzea lortu genuen, euskal sozial errealitatean sakon sakonetik lorturik zegoena jadanik.

KAS eta beren barneko indarrek bultzatzen duten alternatiba, euskal herriaren ispilu zehatza da. Ezin dugu beste gisa batetan esplika nola gaur oligarkiaren erreformismua, hots. fazismu berrituaren garai gloriosoan, oraindio alternatiba herritar horrek duen indarra.

Baina kemen hori sostengatzeko, eta gure proiektua benetan errealizatzeko, beste pausu bat eman behar dugu, batasunaren bidean. Euskal ezkerrak, alderdi handi sendo iraultzailea eta langile klaseko politika burutuko duena, behar du.

KAS, hain zuzen ere, horixe dugu, neurri batetan, baina ez dezagun ahaz, neurri errelatibo hori. KASeko indarrek, pixkanaka politika konkretoetan operazionalizatzen ari dira politika opzioak. Hau da, langile politika bat eta bakarra, alternatiba politiko bat gaurko koiunturan, eta abar. Guzti hau alderdi batetan bukatzeko.

Prozedura luze honek, ez du izan batzuek nahi izan dugun hainbeste arrakasta.

Eta euskal langileen nahia hortxe dugu: Tresna batu baten beharra.

Ibili dira bai ibili, zenbait kontakto, eta baita akordio ere zenbait alderdiren artean. Baina maila horretan guztiz lortu ez dena, euskal langileak eta populuak beteko dugu eguneroko ekintzaz.

Herriaren nahia hortxe dago. Batasun hori nahi da, edo base mailan askok nahi dugu. Baldintza materialak hori sortzeko, egon daude, benetan errealitatean. Beraz formalizatzea baino ez zaigu falta.

Behin eta berriz bezala, geure herriaren bultzadaz lortuko dugu tresna batu hori. Horregatik, KAS inguruan mugitu garenok, GORA KAS esaten egon garenok, alderdi bat osotu behar dugu, oraingo momentuan, geure helburuak lortzeko.

 Beraz KASen konberjentzia eskatzen hasi behar dugu, toki guztietatik, herritik, fabriketatik... eta azkenean tresna hori gogortu. Sasi guztien gainetik, eta sektarismo doktrinarismo guztien albotik, geure errealitatearen arauera tajuturiko printzipioekin tresna bat, alderdi bat lortu behar dugu.

Herriko, fabriketako ekintzaile konkretoak, KASen ingurukoak dugu hitza.

J. Atxikailende


Euskal ezkerraren batasunerantz

KASeko erakunde politikoak (EHAS, EIA eta LAIA-bai), MC, ORT, PT, PCU eta Eusko Sozialistekin, politik erreformarako hautakizun-programma baten inguruan, akordio batetara heldu berri dira. ESEI, dirudienez, bere atxekimendua oraindik erabat berrestekotan dago. EKAk, aldiz, dokumentu hori moldatzean esku izan arren eta berarekin guztiz konforme badago ere, azken orduan kanpoan geratzea nahiago ukan du.

Delako programma hori, oinharriz, KASen alternatiba da, baina oraingo egoerari egokitua, egungo denboretako errealitatea eta hura sortu zenekoa jadanik gauza bera ez baitira. Horren funtsa "euskal eritzi publikoari programma bat agertu nahi izatea da, gaur beroriengatiko burrukatzea merezi duten puntu nagusiak dauzkana, azken 40 urteotan gure Herriak pairatu duen zapalkuntza faxista luze eta larriak ekarri dizkion ondorio txarrak egiazki gainditzera lagun diezaiokeen benetako hautakizuna dena".

Programma horretan, laburki esanik, aspaldiko eskabide ezagunak daude, hots, amnistia osoa, mugarik gabeko askatasun demokratikoak, euskal soberania nazionalaren onhartzea, Hego Euskal Herrirako Autonomi Estatutu bat, mamiz benetan aurrerazale eta nazionala, gorputz zapaltzaileen ezereztea eta Estatuaren aparatuaren demokratizapena, langile eta herri masen defentsarako ekonomi eta sozial neurriak hartzea, eta guztietako bereizkeriaren kontrako burruka eta ekonomi politika antioligarkhikoa.

Oso luze jo du programma hau biribiltzeak, bera aurrera eramateko behar izan den ahalegina haundia izanki. Elkarrizketarako lehen pausoak KASek egin zituen ihazko Urrian, eta euskal oposizioko indar guztiengana zuzendu ziren. Guztiengana joan nahi izate horregatik, hain zuzen ere, atzeratu izan da, guk uste, programmaren onhartze eta agertzea. KASek, dirudienez, programma hori, beste gabe, euskal oposizioko guztiek onhartuko zutela uste zuen baikorki. Guk ere, egia esan, beste horrenbeste usteko genukeen, ez baitugu beragan ezer ikusten oposizioko ezein indarren oinharrien kontra doakeenik, Hego Euskal Herria laur herrialdez osatua delakoa izan ezik, baina berau, jakina, ez da euskaldunontzat arazo eztabaidagarria. Hortaz, zinez esan daiteke programma onhartu ez duten indarrek ukaezinezko desinteres bat azaldu dutela batasunaz.

Ba dakigu, dena den, erakunde horren erabateko itxuratzea egin aurretik, oposizio osoari beste dei bat zabaltzeko dagoela, Herriaren nahietarako biderik eskaini nahi ez duten gobernu eta erreforma baten aurrean batasuna lor dadin.

Hala ere, azken ahalegin hori, aldez aurrez alferrekotzat jo daiteke ia, ez baitirudi oso posible egun gutitan hainbeste hilbetetan zehar lortu ez dena erdiestea. Horrela, Erakunde Herritarra, bera osatzen duten indarren izaeraz, eta ez bere programmaz, berez bateratzailea izaten baitirau, ezkertiar gisa azalduko da. Bestalde, gainerontzeko indar inportanteak, PNV, PC eta PSOE, programma ezezagun baten inguruan, jo eta ke ari dira gobernuarekiko tratutan "bederatzien batzordean" berorretan Hego Euskal Herriaren ordezkaritza daramatelako itxura eginez. Berauen erreformismoa, dena dela, begi bistan dago. Hor daude, azkenik, EKA eta ESB, datozen hauteskundeetan beren egiazko jarrera agertuko bide digutenak. Ezker puntan, bestalde, trotskistak.

Honegatik guztionegatik, euskal oposizioa bi zatitan agertzen zaigu banaturik gaur egun: PNV eskuin erreformismoaren burua eta KAS ezkerrarena azalduz; baina horrek Hego Euskal Herriaren egiazko ordezkaritzaren problema airean uzten digu, eta hori, hain zuzen ere, orain, gure Herriaren etorkizun politikoa jokoan ari den une honetantxe.

Oraingo Erakunde Herritarraren barruan —azken orduko aldaketak salbu— oraindik kontraesan larriak daude nazional ezkerra (EHAS, EIA, LAIA-bai, ESEI eta Eusko Sozialistak) eta estatar ezkerraren artean (MC, ORT, PT, eta PCU). Ezker estatalista hauxe da, dena dela, Hego Euskal Herrian ari diren erakunde estatalisten artean, nazional problemari buruz, erlatiboki bederen, jarrerarik aurrerazaleena agertzen duena; are gehiago oraindik, aurrerazaleago eta jatorrago azaltzen dira, "abertzale" izenaz ibili arren, Herriaren askatasunerako bidean oztopoak jartzeko ofizioa duten beste alderdi batzu baino. Nazional problemak konpontzeko beraiek duten politik eredua, azken buruan, ez doa Espainiako Herrien konfederakuntzatik baino urrunago, horrekin Ipar Euskal Herriaren problema konpontzeke utzirik, bai eta, noski, sozialismoaren eraikintza ere, oraindik orain hura estatar interesen oinharrian —berauk etorkiz burjesak izanik!— eratu nahi baitute, eta ez, behar bezala, herri interesen oinharrian —proletal jatorrikoak berauk— ez eta egiazko internazionalismoan ere.

Honetara ba, Erakunde Herritarrak, herri kontzientziaren nahi eta egoerari orain dagokien hautakizun hau eskainiz, bere barne kohesioa erakusteko ere ugari ukanen ditu segurki, bai eta, erdiko epean, ezker estatalistak iraultza sozialista eta euskal independentziaren kausan bere jarrera erreakzionariak ukatzen ez baditu, bere aurrerazaletasuna frogatzeko ere.

Dena dela, hau guztiau geroko eragozpen batzu aldez aurretik azaltzea dateke, eta orain arte berauk, elkarrekiko burrukaren izenean eta guztion onerako, gainditurik geratu izan dira. Horregatik, zorionak emateko kontua da Erakunde Herritar hau sortua delako eta beraren izpiritu bateratzaile txalogarriagatik.

H. ASKE


Euskal Herrian

Bilbo eskualdeko hauzo elkarteek: "Metro herritar bat nahi dugu"

Bilbo eskualdeko metroaren arazoa ez dugu oraingoa. 1974. urtean agertu zen metro honetaz egindako lehen aurreprojektua. Lehen une hortatik izugarrizko hutsuneak izan ditu Espainiako M.O.P.ek egindako projektu bakoitzak. Metroa herriarentzat izan arren, eskualde honetako jendeak ez du projektu hauetan eskurik izan. Inork ez du galdetu zer pentsatzen duen herri arruntak metroari buruz, eta are gutxiago herri honen eguneroko beharrak kontuan hartu, metroaz behar hauk ahal zen neurrian konpontzeko. Herria projektu hauen ikusle mutu gisa hartua izan da eta, une batzutan, ez eta ikusle gisa ere, herriaren sorbaldetan eginak izan baitira.

Joan zen 16an, ezker eta eskuin hibaialdetako hauzo eta famili elkarteek prentsaurreko bat egin zuten Erandion. Nahiz eta prentsaurreko hau garrantzi handikoa izan, Bilboko egunkariek ez zuten kazetaririk bidali eta han geundenak aldizkari eta bi irratikoak ginen. Egunkari hauen jabe direnen aurkakotzat hartu al zituzten prentsaurrekoan esandako gauzak?

Prentsaurreko mahai-buruan hiru hauzo elkartetako ordezkari, arkitekto bat, ekonomista bat eta abokatu bat egon ziren. Sarrera moduan Bizkaiko Diputazioko Lehendakari den Uncetaren jokabidea salatu zuten, bere dimisioa eskatuz. "Consorcio de Transportes de Vizcaya"ko lehendakari bezala, Uncetak ez ditu hauzo elkarteak "consorcio" barruan onhartu, berton hauzokoak "bakoitzaren Udaletxearen bidez ondo errepresentatuak baitaude, legeak dioen bezala". Legeak gaurko Udaletxeak errepresentatzaileak direla esatea gauza bat da eta, beste bat, herrien ordezkariak izatea!

Udaletxeak "consorcio" barruan daukaten paper trakets eta herri-kontrakoa salatu ondoren, "consorcio" honek onhartutako metroaren hiru projektu ofizialak herriaren kontrakoak direla esan zuten prentsaurreko honen antolatzaileek. Hiru hautakizun edo projektu hauen hutsuneak ikertu eta agertu zituzten gero: hiru projektuetatik bi, eskuin hibaialdeko metroa lurgainetik egina ikusten dute, herrialde honetako herriak zatituz. Hiru projektu hauetatik batek bakarrik beste hibaialdera linea bat botatzen du. Ez al dakite projektu hauen egileek eskualde honetako arazo haundienetako bat hibaiak egiten duen zatiketa dela, zubirik eza dela? Nola, ba, projektu bakar batetan arazo hau konpontzea, nahiz eta, hala ere, osorik izan ez?

Projektu hauen hutsune ulergaitzak kontuan harturik hauzoko elkarteek beste bat eratu dute, arkitekto talde baten gidaritzapean. Plangintza honek bi hibaialdeak bi puntutatik elkar lotzen ditu, Hondarreta-Portaldetik, batek, eta Erandio-Barakaldotik, besteak. Lejoa eta Plentzia aldera, alde batetatik eta Galdakaorantz bestetik ere lineak luzatzen ditu, alderdi hauetan Unibertsitatea eta probintziako ospitale garrantzitsuenak egingo baitira. Projektu ofizialean Lutxanan bi hibaialdetako lineak batzen badira, herritar projektuan Moyua plazan egiten dute zatiketa hau. Projektu ofiziala "ramal" eta korapilo antzekoa baldin bada, herritarra sare modukoa dugu, bi hibaialdeak lotzeko egokiagoa izateko.

Madril, beti Madril...

Herriaren kontrako projektu hauk Madriletik datozkigu, bertan pentsatuak izan baitira eta, gainera, Diputazioko "herri" ordezkariengatik onhartuak. Projektuak Madriletik etortze horrez gainera, metroaren esplotazioa espainiar Estatuaren eskuetan egongo da, Estatuak "Transvizcaya, S.A." sozietatearen akzio erdiak izango baititu, beste erdia Diputazio eta Gran Bilbaoko udaletxeen artean erdizka zatituz. Estatuak metro hau aurrera eramateko "laguntza" bi mila milioi pezetako montukoa izan da. Laguntza kaxkarra benetan, beste horrelako egintzetarako emandako laguntza haundiagoa izan dela ikusiz. Sevillako metroa egiteko, hots, Estatuak gehiago eman zuen.

Metro honen esplotazioa S. A. baten eskuetan jartzea arrisku haundikoa da. "Sociedad Anónima" baten helburuak ekonomi etekin haundienak ateratzea da beti eta ez herriari behar dituen zerbitzuak opatu. Metro bat zerbitzu publiko bat denez gero, nola sozietate baten eskuetan jarri? Ez al dakigu denok zer gertatzen den autobusen zerbitzu "publikoekin"?

Herritar planteiu honen ondorio logikoa Uncetak bere dimisioa presentatzea izango litzateke, "Consorcio"aren ateak herriari hertsi baitizkio. Hauzo elkarteek metroaren projektuak zabaltzea eta Unceta jaunaren dimisioa helburu nagusienak bezala izango dituzte hurrengo egunetan. Kanpaina hauek metro herritar bat denontzat lortu nahi dute, funtsean. Alderdi politikoek ba dute zer esan arazo handi honetan.

X.A.


Euskal Herrian

Komikia. Anaitasunaren komiki berriaz

Aurreko zenbakian ANAITASUNAk komiki berri bat atera zuen argitara. Lehen ere, Lankide Aurrezkiaren babespean, beste bat agertu zuen, irakurleen artean nolabaiteko arrakasta izan zuena. Baina hura lehenbiziko saioa izan zen, borondate onez egina, baina, hala ere, entseiukarrean egiten diren gauza gehienen antzera, bere akatsak zituen.

Akats haietako bat, noski, lehen horrialdeko komiki mutua zen, hitzik gabea izatean euskal izena erdizka merezi zuena. Beste bat, Aimar tintaz egina ez izatea zen, irudiak onak izan arren, gero, moldiztegian asko galtzen baitzuten. Krisket eta Popolo, aldiz, kritika guztietan garaile irteten zen.

Caja Laboralak, hortaz, komiki haren lekuan beste bat egitea pentsatu zuen. Eta gu, horretarako, lanean hasi ginen.

Egileak

Juan Karlos Egillorrez gainera, lehenagotik ere ezaguna genuena berau, oraingoan Antton Olariaga eta Erramon Zumalabe dira irudigileak.

Olariagaren marrazkiak Euskal Herri osoan ezagunak dira, ANAITASUNAko Kalekoz gainera, asko izan baitira Z. ARGIAn, Saiokan, GARAIAn eta gure herrietako jaien karteletan egin dituenak. Humorezko liburu bat ere ba du: Eta abar..., benetan gomendagarria.

Bestea Erramon Zumalabe da, pintatzaile eta keramista ona, ANAITASUNAren maketapenaren ardura eskuharki daramana. "Lopintana" da gainera.

 Krisket eta Popoloren gidoiak, lehen bezala, Borja Barandiaranek, Lejoako ikastolako irakasleak, egiten ditu, bere humore berezi horrekin. Besteak Xabier Kintanarenak dira.

Komikiaren egitura

Irakurleak jadanik ikusia duenez, oraingo komikia hirukoitza da, hirur istoriotan banatua. Hasierakoa, Airkorena, erromatarren garaiko euskaldunez ari da, Erromako enperadoregoa puskatzen ari zen denboran. Bigarrenak, Sider bi mila-renak, etorkizuneko gertakariak kondatzen ditu, eta Krisket eta Popolo-rena, aldiz, gure egunetako bizitzan txertatua da. Horrela, lehengo, oraingo eta geroko pertsonaia euskaldunak azaltzen dira, gure herri eta hizkuntza denboraren maila guztietan agertuz. Atzera begira gabe, ordea, aurrera begira dago komikia: izan ere, aintzinako euskaldunez dagoen komiki baterako, bi aldiz azaltzen dira presentea eta etorkizuna.

 Krisket eta Popoloren estruktura itxia da, biribila. Istorio bakoitza komiki bakoitzean hasi eta bukatu egiten da, irakurleari bertan humorezko ttantta bat uzten diolarik. Ez dute ordenatu beharrik.

 Sider bi milak egitura korapilatsuagoa du. Oinharriz, Aimar zen bezalakoa da: "segitzeko" egina, eta haren antzera bukaera beti harrigarri, beldurgarri, misteriotsu edo biribiltzeko gelditzen da. Horretara irakurleak "zer gertatuko den" pentsatu beharko du, eta haurrak, ikastolako lagunekin, hartaz kezkaturik, mintza daitezke, eztabaidak sortuz. Komikiaren funtzioa ez da, beraz, textuan amaitzen. Hurrengo zenbakian, ordea, aurreko korapiloa konpondu behar da, eta beste bati hasiera eman, interesa eten ez dadin. Horregatik oso prozedura zaila izaten da era honetako komikiena, eta ez da beti ongi asmatzen.

Azkenez Airkorena dator. Berau denetarik sophistikatuena da. Alde batetik, Krisket eta Popolo-ren bidetik doa, hots, komiki bakoitzean istorio oso bat ematen du, kondu biribil eta barregarri bat. Baina bestetik —eta irakurlea hurrengo zenbakiak jasotzean honetaz ongi konturatuko da— istorio bakoitza aurrekoa bukatu izan den puntuan hasiko da gehienetan, horrela istorio luzeago baten etengabeko segidak gertatuz. Era honetara, pertsonaiek eta textuinguruak, pittinka-pittinka, sasoi hartako panoramika interesgarriago bat biribilduko dute, kapitulu bakoitzak bere autonomia gorde arren.

Ageri denez, beraz, komiki bat egiteak, behar den moduan egin nahi baldin bada behintzat, aldez aurretik gauzak astiro pentsatzea eskatzen du, egitura batzu helburu batzuren funtzioan arretaz finkatu, irakurleari, haurrari bereziki, produktu merezigarri bat eskaintzeko. Giza balioak, euskal balioak, hizkuntz balioak ere ondo kontutan hartu beharra dago, komikitik ahalik eta probetxu haundiena atera dezagun.

Komikia kalean

Caja Laboralaren aginduz komiki honekin hasi ondoren, Lankidego horretako publizitate arduradunek, beraiek textuak koaderno modura ateratzea hobe zatekeela uste ukan zuten, itxura horretan ikastolaz ikastola eta Lankide Aurrezkiaren bulegoetan mosu truke emateko. Baina ANAITASUNAn, aurtengo egina genuen programmaketan, komikiak bere tokia zeukan. Alde horretatik guri eragozpen bat sorterazten zigun komikia geure horrialdeetan ez agertzeak.

Hori konpontzeko, azkenik, erdibide bat aurkitu izan da: ANAITASUNAk bere horrialdeetan komikia agertuko du, baina udazkenerako Caja Laboralek urte osoko komikiez, eta lehenagoko Krisket eta Popoloez, liburuxka bat argitaratuko du, haurrei dohainik eskaintzekoa. Horretara, beraz, interes biak batera konponduko dira.

Eta hauxek dira, hitz guttitan, oraingo komiki honen iturburu, egiturak eta asmoak. Beteko diren ala ez, irakurleok esango diguzue.

Xabier ARMENDARITZ


Kontzertu ekonomikoa

Kontzerto Ekonomikoak, Euskadirentzat jatorrizko bere foru-eskubide galduen aztarna batzu dira. Jakina denez, Gipuzkoari eta Bizkaiari, 1937-ko ekainaren 23. emandako dekretoaren bidez kendu zizkieten Kortzertuak. 1975-ko azaroko dekretoaren bidez aurreko hura indargabetzeak eta Erregimen Administratiboari buruzko ikerketak bukatzeak nahiko arreta sortu dute Probintzi bietan.

Behar bada, gaur egunetako egoera guztiz urria aztertu aurretik, historiak eskeintzen dizkigun datorik ezaugarrienak jasotzea komeni zaigu. Lehen eta behin, foruei eta kontzertuei buruz ezer esan edo aztertu baino lehen, inolaz ere ez direla halako doai batzuk esan behar, Euskadik arrazoi osoz historian zehar beretzat eskuratu dituen eskubide batzuk baizik.

Foru eskubideak desegitea, Bergaran egindako besarkada egunean hasi zen, 1839-ko urriaren 25.ezarria izan zen indarrezko legea duela ondorengo. Lege horretako bigarren artikuluan, lau Probintziak eskuarturik, foru aldaketa proposatzen da, baina Espaniako Erresumako Konstituzio Batuaren aurka ezer jartzen ez den neurrian. Nahiz eta bigunki esan, lehen aldiz, lege batek Konstituziozko batasuna foruen gainetik jartzen du.

Nafarroak ontzat eman zuen aldaketa eta bere gaur eguneko ekonomiko-administratibozko egoerak 1841-ko Lege-Itun horretan du iturburua.

Bizkaiak, Gipuzkoak eta Arabak ukatu egin zuten aldaketa hori eta beren egoerak lehengoan jarraiki zuen 1876-ko Karlisten bigarren gerla bukatu arte. 1876-ko uztailaren 21a, zorigaitz izugarrizko eguna dugu hauentzat, egun hartan agerrera emandako legeak foruak indargabetzea ekarri baitzuen. Lege haren 3. artikuluak, hiru Probintziei zerga ordainketa izendatzea agintzen du eta 5.k, hori egiteko beharrezko zen foruen aldaketa onhartzen du.

Bat batekoa izan zen hiru Probintzietako gaitzespena, baina Gobernuak hiru Probintzietako Batzar elkartuak debekatu zituen eta, militar gastoei aurpegi emateko zergak ez zituztela ordaindu nahi ikusirik, Probintzietako dirukutxetako ondasun erdiak kendu zizkien. Diputaziorik gogorrena —Bizkaikoa— aldatua izan zen.

Erdizperdizko irteera bat, —Probintziek egundo onhartu ez dutena— Kontzertu Ekonomikoa izan zen, nahiz eta jartzerakoan emandako arrazoinik handiena, Molde Industrialik eta Katastrorik ez egotea aitzakitzat eman. Hori zela eta "kupo" batzu kontzertatu beharra sortu zen, "kupo" horik kobratzea Diputazioen esku utziaz. Nolanahiko Kontzertu Ekonomikoan, era bitako zergak daude, ots, Hazienda Zentralak beste Estatu barneko edozein tokitan jasotzen ditunak eta "kontzertatuak" edo Diputazioak jasotzen ditunak.

Bost Kontzertu aipatu ditzakegu, beren indar-hartze urteak 1878., 1887., 1894., 1907.eta 1297.direla.

Kontzertu Ekonomikoek urteak zehar izan dituzten aldaketen artean, batez ere lau gauza ditugu aipagarri:

A) Kontzertu bakoitzaren epearen hedadura luzetzera jotzen dela.

B) "kupoek" geroago eta iraupen luzeagoa hartzen dutela. Zera onhartzen da: Aldaketak, Patroi Industrialen eta Katastroen gora behera ttikiak kontuan hartuz egitetik, Probintzietako aberastasunen gora beherei jarraituz egitera aldatzea, gero, luzaroan, IV Kontzertu barnean, 1916.arte berdintsu jarraitzeko. Urte horretan gorakada haundi bat hartzen dute, 500.000 peseta jasotzerainokoa. Bostgarren Kontzertu-aldian ere ez da aldatzerik izanen.

C) Kontzertatutako zergek ugaritzera egiten dute. Honela, Lehen Kontzertuan zerga kontzertatuak sei baino ez ziren; Bostgarrenean 12raino ugarituak izan ziren.

D) Diputazioen ahalmenak zehatz mugatugabeak daude, zenbait lege arrebesen eta, baita ere, Goieneko Hauzitegiak emandako kontradiziozko epaien erruz.

1.878.ko lehen Kontzertua oinharritzat harturik zera ikusten dugu, kasu berezi batzutan izan ezik, Diputazioek, zergei, arbitrioei, presupostoei eta antzerakoei buruz ematen dituzten aginduak bete eraztekoak direla. Gainera, Diputazioek, zergen eta presupostoen erazoetan babesa eta zainketa izaten dute udaletxeen gain. Estatu barneko edozein zerga berrik, zerga kontzertatuak urritzeak Probintziko "kupoa" urritzen duen bezela, behartu egiten ditu Diputazioak ere.

Bestalde, Diputazioek zerga berriak ezartzeko eskubidea ere ba dute, Estatuko Akordio Internazionalen aurkakoren bat edo kontzertatu gabeko zergen artekoren bat ez den kasuetan.

Egoera honek 1937.ko ekainaren 23ean du bere azken egun negargarria. Ordutik hona Gipuzkoak eta Bizkaiak, dekretoz ezarritako "salatzaile" ezizena eraman behar izan dute 1975 urterarte.

1976.ko Azaroan, Errejimen Atministratibo Berezia gertatzeko zen komisioak, azken informe tamalgarri bat aurkeztu zuen. Herriak hautatu gabeko komisio honek ez du honen ordezkaritzarik izan ez eta bere asmorik jaso ere (talde horretan goi mailako oligarka ezagun batzuk eskuartu baitute, ots, Guzman-ek, Olarra-k, eta abarrek). Txosten horretako proposamendu "deszentralizatzaileak" alderdi berezi hauk ditu:

1.- Euskarri politiko-atministratiboa Batzar Nagusiek osatzen dute. Hauen zereginak ondoko hauk izanen lirateke: probintzietako presupostoak ontzat ematea, Diputazioetako lagunak izendatzea, bertako Lendakaria hautatzea, eta beren jokabideak kontrolatzea. Euskalerriko kondaira zerbaitxo bat ezagutzen duen edozeinek argi dakus Batzar Nagusien zeregina, horretara mugatzea lotsagarria dela.

2.- Zerga errejimenak, lehenean, oraingoak bezala jarraituko du, benetan ezertxo aldatu gabe. Foru (?) Diputazioei zerga batzuk, gobernu-gizonak kontrolaturik, kobratzeko ahalmenak ematen zaizkie baina kopuru osoa Estatuari itzuliz.

Gastoetan zati bat beren kontura erabiltzeko autonomia ematen zaie. Diputazioek, pertsona bakoitzeko edukiko duten ekonomiazko ahalmena, beste Probintzikoen neurri berdinekoa izanen da. Hala ere, oharpen ulergaitz bat ezartzen da, Euskalerriak jasaten duen "zerga-neurri ugariagoa" kontuan hartua izan dadin.

Etxegintza, Irigintza, Herri-lan eta beste alorretan ez dute ezer eratzeko eskubiderik, beren zeregina erabakitakoa zehatz bete araztea izanaz. Nolanahiko eskolak, Unibertsitate mailakoak izan ezik!!, eraikitzeko eta indartzeko ahalmena ematen zaie, baina beti, hau ere, estatu barneko ordenaketei eta programaketei loturik dela.

Ondore hauetarako, ez zegoen zer atera komunika bideetan hainbesteko zaratarik! Ekonomia alorretan, gauzak lehenean jarraikitzen dute aurpegi apainago bat dutela.

Dena dela, nahiz eta Kontzertu Ekonomiko zuzen eta bidezko bat egina izan, honek ez ditu inolaz ere asetuko Euskal Herriaren asmoak. Euskadiri, autonomiazko sistema baten bidez, bere geroaren jabe izatea eskeintzen ez zaion artean, "euskal-arazoari" eman nahi zaion beste edozelango soluzio, ez da ipinki bat ezartzea eta politikazko ikuspegi zuzen batetik at dagoen zerbait baino izanen.

Haran


Kimu Berriaren fruitua. Euskal Autonomi Estatutu Berrirako Aurreprojektua

Euskal Herriak problematika berezi eta larria du. Hau arazo nabari nabaria da. Gure Herriaren oraingo kezkei irtenbide bat eman nahirik eta euskaldunok geure etorkizuna moldatzeko era izan dezagun laguntzeko, sortu zen, duela zenbait hilabete, KIMU BERRI taldea. Talde hau euskal legegizon, soziologo, irakasle, hizkuntzalari eta kultur arduradunez osatua da, eta, behinbehineko abiaburu eta konponbide gisa, Euskal Autonomi Estatutu Berri bat moldatzen hasi zen aspaldian, eta, honez gero, ezker abertzaletasunaren ikuspegitik, horren aurreprojektu bat biribilduta dauka. Beren lana ihazko Abendurako jadanik bukaturik zeukaten, baina zenbait politikari, intelektual eta Herriko laguni erakutsi nahi izan diete aurretik. Berauen kontseiluz, orain, euskaraz, euskal prentsari eskaintzen dio bere lana KlMU BERRI taldeak, erdarazko textua geroago ofizialki agertzeko asmoz. Euskal Autonomi Estatutu Berri baterako aurreprojektu hau Euskal alderdi eta talde politiko guztiei proposatu nahi die, berauek, Herri osoarekin batera, azter, gehi eta elkarlanean osa dezaten.

Zergatiak azalduz

Autonomiaren beharra

Azkenean justizia egiteko ordua heldu da, eta horren arauera, Euskal Herriak, bere burua gobernatzeko eta antolatzeko —bere oraina eta geroa libreki erabakiz— duen eskubidea, belaunaldiz belaunaldi eskatua, oraingoan berreskuratu behar du.

Era guztietako atxakiez baliatuz, eskubide hori garbiki ukatu zaio, batera, ia mende bat t'erdietan, zapaltze, umiliapen eta askatasun mozte eta ezerezte osoak paira eraziz... Zauriak ireki eta odoletan oraindik, Euskal Herriak burruka horretan bere borondate sendo eta nazional batasunaren kontzientzia indartu ditu.

Euskal Herriari hainbeste kalte egin diotenek, berarekin izugarrizko zor moral eta materiala daukate, eta bera ordaintzeko era bakarra hauxe da, hura bere nahia adieraz eta bere kabuz erabaki dezan libreki uztea, lehenik ere, hori egiteko aukera izatean, bere Estatutua, gehiengo haundiz, onhartzean egin zuen bezalaxe.

Euskal Herriak gaur bere oraingo ideialak egia bihurtu eta bere ametsak eginetan ikusi nahi ditu; helburu biotarako, ordea, aurretik ezinbestekoak dira hiritar bake giroa eta bizikidetasun demokratikoaren normaleztapena, haik askatasunean indartu eta aurrera daitezen.

Premia bizi hauei erantzuteko, helburuak eta bideak jartzera lagundu nahirik, Euskal Autonomi Estatutu Berria sortu da, Herriagan onhartze zabal bat lortzeko.

Zer dela eta Estatutu Berri bat

Euskal Herrian, Espainol Estatuan eta mundu osoan ere, aspaldion era guztietako aldakuntza sakonak gertatu izan dira, eta horiek, noski, gure Herriaren gaurko egoerari, premia berriei eta beraren sozial, politik, ekonomi eta kultur aurrerabideari erantzun ahal izateko, Estatutu Berri bat eskatzen zuten.

Hala ere, errepublikar garaiko beste euskal Estatutuak ez dira horregatik ahantzi, aitzitik, haik aitzindari baliosak izan dira, banan banan eta sakonki aztertuak izanki. Era berean, Katalunia, Galizia eta Aragoako Estatutuak eta zenbait Estatu Zentral eta Autonomoren konstituzioak ere, elkarren artean parekatuz, arakatu izan dira.

Itxura tekhniko orokorra

Estatutu berria Oinharrizko Lege baten antzera formulatzen da, gero, euskal erakunde legegile nagusia, modu libre eta dynamikoaz, hura pixkanaka aitzineratuz joan dadin. Ahal izan den neurrian, artikuluetan gehiegizko xehetasunak baztertu izan dira, aurreko textuek, zenbait puntutan zituzten akatsak berauk.

Foruak zuzenbide iturri eta gure Herriaren lege-philosophiaren oinharri diren aldetik, beren nazional eta herritar ikuspegian jaso izan dira, ez ordea zentzu erromantiko edo neoforalista moduan, hortaz, bai herrialde bakoitzaren foru bereziak, bai udal foruen emari oparoa, bai ibar-merinaldeenak eta bai oinharrizko elkarte lokalen ohiturazko foruak ongi kontutan eduki izan dira.

Atarikoa

Autonomi Estatutu Berria beraren funts bereziaren aurreko definizio batzurekin hasten da. Lehenagoko Estatutuetan, axalez izan ezik, ez da holakorik agertu, baina, duten garrantziagatik, erabaki lotzaile gisa jarri izan dira, berez Oinharrizko Hastapen Aldarrikatze bat izanki.

Euskal Herriaren Nazional Batasuna

Autonomi textu batetan lehenbizikoz errealitatea eta legezko nahi bat agertzen dira: Nazional elkarte berbera eta bakarra izatea, barruko batasunik ez edo ezaugarri ezberdin, baina ez banatzaileen, gainetik dagoen mugagabeko askatasuna. Honetara, Historiaren hasieratik hona

Autodeterminatzeko eskubidea

datorren tradizio bizi bat berreskuratzen da, Euskal Herriaren ukaezinezko eskubidea, beronen gorputz nazionala osatzen duten zazpi herrialde historikoena, agertuz: euskaldunek, inoren esku sartzerik gabe, libreki autodeterminatzeko eta eskubide honetaz baliatzea egiazta dezaketen erakundeak erregelatzeko duten eskubidea, halegia.

Nazional Hizkuntza eta izena

Euskara, antonomasiaz, nazional batasunaren elementurik jatorrena da, Euskal Herriaren nortasun ezaugarri bereziena, eta horren bidez bere burua beti Euskal Herri gisa adierazi eta mugatu du, hau da, Euskararen Herria, bertako bizilagunak euskaldunak, hots, euskaradunak deituz.

Estatutuaren aburuz, euskara Euskal Herriaren ethni elkartearen elementu nagusi eta adierazgarriena da, eta euskaldunen hizkuntza nazionala. Honetaz, seinalatzekoa da ez dela arraza, barau inoiz izan bada, baizik eta hizkuntza, euskal nortasunaren adierazle eta euskal elkartearen loturarik nabariena. Daukan birtute batzaileari esker, ikasteko gai den aldetik, bere izaera irekitik irtena berau, historian zehar, egoera normaletan, euskarak synthesis sortzaile bat egin ahal ukan du, etorki ezberdinetako elementuz aberastua.

Nazional batasun eta elkartearen, herri eta lurraldearen, jatorri eta hizkuntzaren funtsezko kontsiderapen hau beste kontsiderapen afektibo eta politiko batzuren gainean geratu da, berauk ongi kontutan edukiak izan arren, eta horren kariaz, pentsatze eta aztertze lan sakon baten ondoan, Euskal Herria izena hautatu izan da, Euskal Nazioa osatzen duten herrialde historiko guztiak biltzen dituen izen herritar, jator eta mila urtez gaindikoa delako, hau da, Euskararen Herria, jendea eta lurraldea batera bilduz.

Hala eta guztiz ere, Sabino Aranak asmaturiko hitza, Euzkadi, bere paper historikoa bete izan eta betetzen ari da oraino. Baina gure historiaren oraintsuko epe ezkor eta beltzau, nazional hizkuntzaren galtzea erremedio gabeko zerbaitzat ematen zenekoa, jadanik iraganik, Euskal Herriaren izen propioaren berreskuratzeak zera symbolizatu nahi du, oraingo euskaldunok, gogoz eta bolondreski, geure jatorrizko izen nazionalaren esangura, bai hizkuntzaz eta bai kulturaz, egia bihurtzeko epe eta desafio bat jartzen diogula geure buruari.

Estatutuaren Hastapenak

Euskal Herriaren eta beronek libreki autodeterminatzeko duen eskubidearen jatorrizko eta oraingo errealitate historikotik irten bada ere, Estatutu Berriaren eremua penintsulako laur herrialdena besterik ez da, eta berauentzat, instituzionalki, Euskal Herriko Estatu Autonomoa delako izena utzi da, berau bere nazional askatasunerako bidea hasten den zatitzat harturik. Deitzeko modu honek Nazioaren osotasunan egindako aipamena gorde nahi du, zatia osotzat ez hartzeko, artikuluetan, hala ere, Euskal Herria eta Estatu Autonomoa synonymotzat erabiliak izan arren.

Hastapenen ikuspuntutik, Lizarrako Estatutuaren merituak ezagutuz (1. art.), oraingo egoerarekin baterago datorren definizio bat eman da, zabalagoa, ez bereizlea. Ezin zitekeen bestela egin, oinharri edo hastapenak jartzeko asmorik badago, hemen obra baten hasiera ezarri nahirik. Horrexegatik, bai Atarian eta bai textuaren beste arauetan ere, Nazioaren gorputz organikoaz aipamenak egiten dira. Estatutu Berri honek, geroagoko batasunera bidean, aurrera joateko tresna izan nahi baitu.

Behinbehinekotasuna

Zentzu berean, Lehen Atalak Estatuaren behinbehinekotasuna argiro erakusten du, berez helburu ez, baizik eta Euskal Herriak, Nazio bat den aldetik, libreki autodeterminatzeko duen eskubide ukaezinaren behinbehineko eta bitarteko adierazpen hutsa baita, eta, horrexegatik, ez ditu inola ere aurrean jarritako hastapenak baztertzen. Izan ere, Euskal Herriko Estatu Autonomoaren sortzeak ez du esan nahi gaur Frantses Estatuaren administralgopean dauden beste herrialdeekin batasuna lortzeko legezko nahiak ukatzen direnik, ez eta, bitartean beroriekin Nazio berberaren kide gisa batzen eta adierazten gaituzten loturak sendatzeko pausorik eginen ez dugunik ere.

Euskal Herriko Estatu Autonomoak, autonomi status bat duen izaki politiko bat den aldetik, ondoan Estatu Zentral baten existentzia darama. Hortaz, zentzu propio eta osoan, Estatu Autonomoa Mendebaldeko Europakoen moduko Estatu bat ez den arren, hala ere, berba egokiagorik ezaz, hitz hori hautatu izan da, alde batetik egokienaren hurbilena delako, eta, bestetik, Lizarrako Estatutuan ere horrela aipaturik datorrelako, besteetan agertzen ez bada ere.

Horrexegatik, euskaldun herritarrak, Estatutuaren arauera, ez dira Estatu Autonomoko hiritar, baina horrek ez du kentzen, hala ere, dokumentu agerietan herritasuna eta hiritarsuna, bereiziki, azaltzea, Estatu askotan egiten den bezala.

Lurralde eremua

Gorago esan denez, Estatutuaren lurralde eremua Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako herrialdeetara mugatzen da, baina aurreko textuetan bezalaxe, beste zenbait lurraldetara ere gehitzea, bertako bizilagunek hola nahi ukanez gero, kontutan hartu izan da.

Hor daude Trebiñoko konterria eta Iturriotzeko enklabeak, duten jatorria feudal domeinuko arrazoietakoa izanik, joan den mendeko espainol erregetza liberalak egindako probintzi banaketan, erregimen komuna zuten ondoko probintziei erantsirik geldituz, jadanik 1833.ean, eta gaur egun ere, inondik inora ezin justifika daitekeena.

Era berean, aurrean ditugu Kastro Urdializ, Guriezo eta Menako haranak, historian zehar Bizkaiarekin bat egiteko gogoa behin eta berriro agertu dutenak, berorrekin askoz ere lotura eta harreman handiagoak baitzituzten, joan den mendean erantsiak gertatu zireneko probintziekin baino. Halaber, muga aldrebesen kontuagatik, geographiaz arabar edo nafar diren udal batzu ez dira politikaz ere bertakoak gertatzen, eta hori arrazonamendu historiko feudal hutsengatik, jaun edo elizarrutien kausaz, edo eta konkista soilagatik.

Antzeko arrazoiengatik, Iruineko euskal Erresumari zenbait herrialde ebatsi zitzaizkion, menderik mende pairaturiko deseuskalduntzea gora behera, euskal enborrean dirauten beste herrialdeekin gaurdaino lotura eta kidetasun nabariak dauzkatenak: Errioxa, Oka Mendiak, Bureba eta Jakerria. Errioxaren kasuan ezin nabariagoa da beronek Euskal Herriarekin gero eta harreman haundiagoak darabiltzala gaztelau-leondar erregionalismo berriarekin baino, ekonomi arloan bereziki.

Estatutu Berri honek, anexio gisako arrazoirik onhartzen ez duenak, histori justiziarik apalena geographia bere tokian uztea dela uste du, heredaturiko makurrak zuzenduz. Hori dela eta, kasu bakoitza modu bederaz aztertzen eta tratatzen da; bestorduz Euskal Herriko parte izandako enklabe, udal edo eskualde mugakide, eta herrialdeak, zein bere erara, ukitzen ditu, ez, beren garaian izan zirenez, anexionatzeko formula huts eta sinpleaz, baizik eta bertako bizilagunen kontzientziapen prozesu baten bitartez, berauen geroagoko adierazte librea sistima demokratikoez begiratuz.

Giza eremua

Oraintsuko datu historiko eta sozial berri bat, Euskal Herrira helduriko etorkinak, maiz beren jaioterriak betiko utzirik, bizimodu hobe eta duinago baten bila honatuak, gehitu behar dira euskal problematika orokorrean. Beren lanaz euskal ekonomiaren aberaste eta aurrerabidean parte haundi bat ukan duten eta, beste gauza batzuren artean, ditugun oinestruktur defizit larriak pairatu behar ukan dituztenengan, fabrika-lantegietako lanak, era guztietako problemen bitartez, elkartze eta anaitasunezko harremanak sorterazi ditu, batze eta kidetze faktore bat bilakatuz, horrela, pixkanaka doan etengabeko prozesuan aurreratuz. Edonola ere, berorien multzokako etortzeak ekarri dituen ondorio txarrak ez dira inondik ere beraiei egoztekoak.

Justizi zentzurik apurrenak ere, osterantzeko kontsiderapenen gainetik, alde batetik etorkinen jatorrizko nortasun propioa zaintzera bultzatzen du, eta, bestetik, beraiek nahi ukanez gero, beren borondatea libre eta kontzientki agertuz, nazional elkartearen kide osoak izateko eskubidea eskaintzera, horrela integrazioa erraxtuz. Hauxe da, gaurko egoera, euskal naziotasunari eman dakiokeen tratamendu bidezko eta egoki bakarra.

Populazioaren arloan ere Estatutu Berriak lan eratzaile baten hasiera izan behar zuen, horretara Herriari beronek behar duen batasun organikoa emateko, guk pairatu dugun asimilapenismo bortxatuan, horregatik, erori gabe. Asmoengatiko hauzi bat egin nahi digutenen aurrean zera aldarrikatu beharra dago, hots, gure Herriak mende askotako bere historian exenplu ugariz erakutsi duela zein gogorki defendatu duen eta defendatzen ahalegindu den bere nortasuna, baina, bai eta ere, asimilatzeko zer nolako ahalmen haundia eduki duen. Gu burua beti ere eskukotzat eduki duen Nazio bat izan gara, beste herriak, gainera, inoiz ez zapaldu ez dituena.

Eskubide eta Betebeharrak. Berauen erabilera

 Euskaldunen eskubide eta betebeharren zerrenda, berorien erabiltze eta garantiak, horrela textuari hobeki doakiola eta, labur eta synthetikoki aipatzen dira, berorien aurrerabide eta zabalera, bestalde, Herriaren eta beronen legegile, epaitzeko eta gobernu organoen zeregina izanik.

Lehen zatian giza eskubiderik xumeenak ezarri izan dira, bigarren zatirako mami elkarkoi, sozial eta batzailea zutenak utzirik. Estatutu Berriak, dena den, gizarte bidezkoago eta berdintzaileago bateranzko projekzio bat azpimarratzen du, ekonomi eta sozial arloan elkartuagoa, hitz batez, anaikor eta batuagoa. Ingurugirorako eskubidea ere, ardura bereziaz azpimarkatua izan da, alderdi naturalak zaintzeko eta oraingo degradapenaren kontra efikazki burrukatzeko, arau konkretutan lehenbailehen xehetu beharko dena, horrela gure natura gorde eta berrizta dadin, bide batez gurea gizarte zibilizatu gisa agertuz.

Eskubideen erabilera den aldetik, konstituziozko arau bat prezeski agertzea beharrezkoa zela uste izan da, hiritar legeetan azalduko dena, hots, adin nagusigoa 18 urteak betetzean jartzea, gazteriaren eskubide orokorra izateaz gainera, oraingo giza eta hiritar aurrerabidean erabat egokia dena.

Eskubideen erabilera, bere izaera demokratiko zabalaz nabari da, syndikatuen zeregin berezi bat aipatzekoa izanki, Gobernuaren eta entrepresen plangintzan parte hartzekoa halegia, honez gainera, noski, Euskal Biltzarre Nagusian eta biltzarre lokaletan langileek ordezkaritza propio bat edukiz.

Hizkuntza eta Nazional ondarea

Euskarari bere atal berezian eman zaion tratamenduz, balio beu aurretik esandakoak, bai eta azken urteotan, hizkuntz zapalkuntza ofizialaren ondorioz, geographia eta gizartean jasandako eremu galtzeak gogoratzeak.

Ezin da nazional errealitatea berreraiki hizkuntzari ardura apartekorik eskaini gabe. Paradoxa hutsa litzateke Euskararen Herriak, urtetan miladuna den bere hizkuntzarekin edukiriko harremanak galdurik, politik izaki bat osatzea. Hortaz, gaur eguneko egoera larria kontutan hartuz, eta hizkuntzak nazional batasunean edukiriko paper historikoa ikusirik, beraren tratamenduan erabaki lotzaile batzu ezarri izan dira, Euskal Herri osoan hura egiazki berreskuratzeko ezinbestekotzat jo izan direnak, horretarako, haik praktikan jartzeko bideak behar bezala hornitzeari ardura berezia emanez.

Ikusmira honetatik, hizkuntza eta nazional ondarea Atal berean sartzea egokiena zela uste izan da. Biek, azken buruan, heredentziaz guregana helduriko ondasunak eta nazional elkarteari dagozkion balio propioak diren aldetik, ondare berbera eta bakarra osatzen dute, eta berorien zaintze eta aberastea, halafedea, guztion zeregina da.

Osatzen duten elementuen suma ez da, inola ere, anabasa bat, aitzitik, Nazioaren ezaugarri physiko eta izpiritualak dira, haren nortasuna adierazten duten markak, bai eta beraren funtzionamendu eta aurrerabidea posible egiten baliabide, ondasun eta zerbitzuak ere.

Nazional Ondarearen sailak arau berezi batzu beharko ditu, gizarteak beraren gordetze, zaintze, gozatze eta aberastearen kontrola egiaz eduki dezan.

Ahalmenak eta Konpetentziak. Erakundeak

Estatu Autonomoaren fakultate propioak, exklusibo, Estatu Zentralari ordezkatu eta bien arteko koordinatutan banatu izan dira. Exklusiboei dagokienez, Estatu Autonomoak legeak egin, epaitu eta beterazteko botere gorena dauka. Ez da hau banan banan guztiak jartzeko tokia, haik irakurtzea aski baita beraien panoramika zehatzaz jabetzeko, hemen xeheki aztertzen ibili gabe.

Herriagan datzan nazional agintaritzaren ahalmen horietarako, berak Biltzarre Nagusia, Euskal Gobernua eta Justizi Gorte Gorenaren bitartez erabakiko du, berorik Euskal Herriaren ordezkal erakunde nagusiak izanki.

Estatutuak, Herri agintaritzaren baiezpenaz gainera, Herriaren berehalako partaidetasun zuzena eratzeko premia ikusirik, elkarte lokalen ordezkaritza bereziki ukitzen du, horretarako, eskusartze edo okerbiderik gerta ez dadin, hauteskunde sistima bat, ahalik demokratikoena, ezarriz.

Biltzarre Nagusia Euskal Estatu Autonomoaren ordezkal eta botere organo gorentzat jarri izan da, berroren buruan lehendakaritza kolegiatu bat dagoelarik, horrela, bai Euskal Herriaren eta bai beronen herrialde historikoen ordezkaritza agertuz.

Ordezkariak hautatzeko sistiman, ordezkaritza proportzional batek demographia haundiko lekuen alde eginen luke, baina, batera, Euskal Herriaren barruan herrialde bakoitzak eskubide propioz daukan nortasun historikoaren kaltean halako nagusigoa sorteraz lezake; hori orekatzeko, hain zuzen. hautatzeko sistima berezi bat asmatu izan da, nazional osotasunaren ordezkaritza egoki eta harmonikoa eratuz.

Gobernuburua Biltzarreak aukeratua izateak botere beterazlearen eginen kontrola botere legegilearen eskuetan dagoela erakusten du garbiki. Euskal Herriaren epaitzeko boterea ordezkatzeko, Biltzarre Nagusiak Justizi Gorte Gorena izendatzea, Justizia Herriaren izenean eta Herriarentzat egiten delako hastapenean oinharritzen da, horrela Euskal Herriak berak bere justizi organo nagusia eratuz. Beronek, bestalde, legeen konstituzionaltasuna zaintzeko misio berezia dauka. Horretara, Estatu Autonomoaren erakunde osotasunaren aritze-oreka garantizatzean, justizi kontrola seguraturik geratzen da.

Gorte Gorenak egindako juje eta magistratuen izendapenetan, kasu bakoitzean, Elkarte lokal edo herrialdekoen Biltzarreak egiteko duten onhartzea, bestetik, demokrazi berrespen bat da, horren bidez justizi molde berri eta ideialaren hurbilena antolatuz, Euskal Herriari, bere bizitza lokal aberatsean, ongienik doakiona gainera.

Botere lokala

Estatutuak elkarte lokalen garrantzia nabarierazi nahi ukan du, halako puntutaraino, non beraren erakunde, konpetentzia eta ahalmenak botere lokal izenaz adierazi baititu, eta, gisa horretan, modu argi batez, Euskal Estatu Autonomoaren botereen ondoan, hura "Boterea" izatera pasatu.

Elkarte lokalen gestio demokratiko, autonomo eta zuzena egiteko asmoz, arabar eta nafar kontseilu eta bizkaitar kofradietatik irten izan da, berauk oinharrizko herri boterearen gordelekuak direlakoan, gure neoforalistek, foru tradizioaren berezitasunak herrialdeetan soilki ikusiz, sobera ahantziak eduki arren. Botere lokala, erabakitzeko gune berrietara ere eramana izan da, hirietako hauzategietara bereziki, hauzoen herri burruka, hirigintz eta era guztietako batzordeetan itxuratua izan ondoren, honez gero sendoki jarria egonik.

Bestalde, eskualdea tarteko lurralde oinharriko izaki politiko administratibo funtsezkotzat hartu izan da, horietako batzutan gerta zitezkeen eta 1932.eko Estatutuan jasoak izan ziren eskualde autonomiarako arrazoi historikoei, gaur, gainera, soziologikoak, ekonomikoak, zerbitzuzkoak eta lurraldearen ordenapenerakoak gehitu behar izanez, eskualdea politik eta administral ordenapenaren giltzarri bihurtzen dutenak, halegia.

Estatutuaren 53. artikuluan, aipaturiko izakien autonomia osoa garantizatzen da, bai eta udal eta herrialdeenak ere, ez baitago gobernamodu lokalerako oinharrizko lege bakar bat, aitzitik, edozein elkarte lokalek, edonolako mailatan, bere Estatutu edo Karta propioa ukanen du, beraiek onhartu ondoren, konstituzionaltasunaren berrespen hutsez ontzat emanen dena.

Herrialde historikoez den bezainbatetan, beren eskubideak ongi zaintzeko arreta berezia eduki izan da, Estatutua maila gorago batetan elkartzen dituen formula komuna izanki. Botere Lokalaren artikulu orokorrez gainera, Bitarteko Bostgarren Erabakiak, bakoitzaren foru tradizio historiko propioa berreraikiz, herrialde bakoitzaren Biltzarre edo Batzarre Legegileek, urtebeteko epean, bere Estatutu Bereziak moldatuko dituztela dio, horietan, noski, gaurko egoera, foru hondakinezkoa eta askotan pitxi xamarra, tokian tokiko jauntxo eta oligarkhiak orain arte beren probetxuan erabilia, erabat gaindituz.

Estatutu Berezi hauen bitartez, Herrialdeetako botere organismoek gestio demokratiko, autonomo eta zuzena erabil dezaten nahi izan da, horrela herrialdarteko egokitze, lotze eta elkartasun hobe batera joan, eta, Nafarroari dagokionez, beronen hegoaldeko bost merinaldeek, seigarrenarekiko harremanak berretzean, parte zuzenena eraman dezaten.

Hiriburutasuna eta symboloak

Symbologia eta hiriburutasunaren Atalean, konstituzio modernoetan eskuharki gertatzen denez, gure iragan historikoa berreskuratzeko ahaleginak egin izan dira, baina ez berau zaharkitua den aldetik, baizik eta guztion histori ondorea den neurrian, gaurko egunetan oraindik bizirik iraunez.

Horregatik, Iruinea, Erdi Haroko Euskal Erresumaren hiri buruzagia gure idazle klasikoek holakotzat gogoratua, berezko eskubidez, Euskal Herriko hiriburu naturala da, horren kariaz Euskal Estatu Autonomo Berriaren hiriburu ofiziala izanez.

Sabino Aranari, euskal mugimendu nazional modernoaren antolatzaileari, ikurrinaren asmatzea zor zaio, Euskal Herriak bere askatasunaren aldeko burrukan erabilitako herri symboloa. Hori dela eta, duda gabeko elementu batzailea da Estatu Berri Autonomoaren bandera nazionala izateko.

Iparragirrek, urretxuar koblakariak, jadanik joan den mendean, ben Gernikako Arbolaren bitartez gure Herriaren askatasun eta unibertsaltasunezko balioak adierazten jakin zuen, eta horrexegatik, gure historiaren une zail batzutan oso baliotsu izan diren beste zenbait hymno eta martxa abertzale ere ba dagoela jakinik ere, Gernikako Arbola, eskubide osoaz Euskal Herriaren bake eta demokrazi sentimenduen hymno bateratzailetzat hartu izan da.

Azken erabaki derogatzaileak Espainol Estatuak Euskal Herriaren kontra emandako legeak oro mozten ditu errotik. Estatutuaren jartze praktikoak berak, berez, horrenbeste esan nahi luke, baina duen balio symboliko eta arau-berrezarle izateaz gainera, 1839 baino lehenagoko egoeraz loturik, honela Estatutuaren paper eratzailea eta Euskal Herriaren buru erabakikuntza librea beren balio osoa nabarerazten dira.

Bitarteko Erabakietan, askatasun demokratikoak berrezartzean zabal dadin epe eratzailea gertatzeko, zortzi arau jarri dira.

Behinbehineko gobernu baten lehen aritzearen ondoren, Estatu Autonomoaren boterearen ordezkari den aldetik, Biltzarre Nagusi Eratzaileari dagokioke politik normaleztapena martxan jartzea, horretarako Estatutuaren bide eta gainerako lege aurrerabidearen bitartez, bizitza publikoaren instituzionaleztapena pausoka antolatuz.

Orain arte Estatu Zentralaren eskuetan egondako kargu, zerbitzu eta ondasunak Euskal Estatuari bihurtzeko, bien artean osaturiko batzorde parekide bat ezarri izan da; berau, halaber, Euskal Estatu Autonomoak hamar hilabetetako epean, Estatu Zentralari, zerga harremanak erregelatzeko eta oraingo egoera gainditzeko, proposatuko dion Komenio Kontzertatu bakar eta komuna egiteko arduraduna izanen da.

Foruen abolitzearen mendehurrena bukatzear dagoelarik, herri mugi penetan hain ugaria, ez gorazarre hutsagatik, gure Herriaren askatasun nahiengatik baizik, Euskal Herriaren aurrean epe berri bat zabaltzen ar da; Autonomi Estatutu Berriak beronen esperantza hobeko ernamuina izan nahi du.

Eman da zabal zazu

Munduan frutua

Gernikak izan dezan

Herrian kimua

1976.eko Abenduan

KIMU BERRI taldeak

Atarikoa

Euskal Herriaren definizioa. Autodeterminatzeko eskubidea

Euskal Herriaren definizioa

 1. Artikulua.— Euskaldun Herriak, gaur egun Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa, Nafarroa Beherea, Lapurdi eta Zuberoa izeneko herrialde historikoetan ezarriak, Nazio bat osatzen du:

Nazional elkarte hau aurrerabide historiko berezi baten ondorioa da batetik, duen lurralde, hizkuntza, kultura, ekonomia eta erakunde jatorretan nabaria, eta, bestetik, elkarrekin bizitzeko nahi iraunkorrean agerturiko nazional kontzientziaren adierazpenean ongi ageria.

 2. Art.— Euskal elkartearen jatorrizko herri izena Euskal Herria da, mila urtez gaindikoa eta Nazioa osatzen duten herrialde guztien hitz batzailea dena.

 3. Art.— Euskara, Euskal Herriko ethni elkartearen elementu definitzaile nagusia, euskaldunen hizkuntza nazionala da.

Autodeterminatzeko eskubidea

 4. Art.— Euskal Herriak, beste edozein herrik bezalaxe, libreki autodeterminatzeko ezin kenduzko eskubidea du, eta, hortaz, bere politik egoera eta ekonomi, sozial eta kultur aurrebidea libreki erabakitzeko erakundeak sortzea ere arazo exklusibotzat dauka.

Eskubide horretaz baliatzeko, ordea, epe luze bat, askatasun demokratikoez hornitua, behar da, berroren bidez Herriak, pairaturiko desnazionalkuntzaren ondoren, bere nazional nortasuna osorik berreskura dezan.

Lehen atala

Autonomi Estatutuaren hastapen, helburu, aurrerabide eta eremuak

Lehen kapitulua

Autonomi Estatutuaren Hastapen, Helburu eta Aurrerabideak

 5. Art.— Autodeterminatzeko eskubidea, Estatu Zentralaren Konstituzioak onhartu beharrekoa berau, behin behineko eraz eta bide gisa, Autonomi Estatutu honetan adierazten da.

Beren erakundeen bitartez, Estatutuak euskal autonomia zainduko du, horrela Euskal Herriak kultur, sozial, ekonomi eta politik bizimoduaren maila guztietan bere burua eta nortasuna indartzeko prozesu bati hasiera eman diezaion.

 6. Art.— Autonomi Estatutu honek Penintsulako laur herrialdeek, Estatu Autonomo gisa eraturik, Espainol Estatuarekin dituzten harremanak erregelatzen ditu, horregatik, ordea, orain Frantses Estatuaren administralgopean dauden beste hirur herrialdeekin batzeko dauzkaten nahi bidezkoak ukatu gabe.

 7. Art.— Autonomi Estatutuak Euskal Herriaren balio bereziak ahalik eta gehien indartuko ditu, beste batzuren artean, ondokoak nabarierazi eta bultzatuz: beraren jatorrizko hizkuntza, kultura propioa, askatasun demokratikoaz duen kontzepzioa, beraren foru lege jatorrak, oraingo premietara egokituak, eta ekonomi eta sozial elkarte bidezkoago eta berdintzaileago bateranzko projekzioa.

 8. Art.— Beste lurralde mugakide batzu, euskal gizartearekin histori, hizkuntz, kultur, geographi, sozial eta ekonomi kidetasunez, loturik egon arren, oraingo politik banaketan nazional elkartetik kanpoan aurkitzen direnak, berek nahi ukanez gero, euskal barruti politikora bil daitezke.

II Kapitulua

Lurralde eremua

 9. Art.— Autonomi Estatuaren lurralde eremua Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa izeneko oraingo herrialdeek mugatua da.

 10. Art.— Estatu Autonomo gisa eraturiko lurralde honen izen ofiziala Euskal Herria da.

 11. Art.— Euskal Estatu Autonomoaren barrutian 8. artikuluko lurraldeak ere, bertako bizilagunek horrela adieraziz gero, sartzeko eskubidea dute, horretarako ondoko baldintzak bete behar direlarik:

1) Enklabe bat baldin bada, bertako bizilagunek, gehiengo soilez, batzeko eskaria egitea.

2) Udal edo eskualde mugakideak izanez gero, hautesle zentsuaren arauera, bertakoen bi herenen botuak lortzea.

3) Gaur probintzia bat izan edo eta beren izaera historiko edo geographikoengatik etorkizunean gisa bereko administral erakunde bat osa dezaketenen kasuan, hautesle zentsuaren arauera, bertakoen hirur laurdenen botuak lortzea.

III Kapitulua

Giza eremua

 12. Art.— Nazioz euskaldun herritarrak ondokoak dira:

1) Euskal Herrian jaiotakoak, adin nagusigora heltzean naziotasun honi uko egin ezik, guraso egoiliarrek beren haurrentzat jatorrizko naziotasuna gorde edo berria hartzeko aukera dutelarik.

2) Aita edo ama euskaldunengandik Euskal Herritik kanpoan jaioak, gurasoek hori agertuz gero edo eta adin nagusigora heltzean seme-alabek horrela adierazten badute.

3) Euskal Herritik kanpoan jaiotakoak, berton, ohi gisa, bost urtez bizi izanez, euskal gizartearekin bat egiteko gogoa espreski adierazten badute.

 13. Art.— Euskal naziotasuna beste naziotasun bat hartzean galdu eginen da, eta horrekin batera, ondorioz, Estatutu honetan onharturiko eskubideak ere bai.

Euskal naziotasuna emate eta galtzea horretarako izendaturiko lege erakundeen esku utziko da.

Bigarren atala

Euskaldunen eskubide eta betebeharrak. Erabilera eta garantiak

I Kapitulua

Eskubide eta Betebeharrak

 14. Art.— Euskaldun orok ondoko eskubideak dauzka:

Bizitzeko eskubidea, osotasun physikorako, bere pertsonaren askatasun eta segurtasunerako eskubidea, bere ondasunen jabegorakoa, bere bizitza pribatu eta familiazkorakoa, bere bizileku eta idazkidetza errespetatuak izatekoa, kontzientzi eta erlijio askatasuna izatekoa, pentsatzeko, biltzeko eta elkartzeko eskubidea politik, ekonomi, sozial eta kultur arlo guztietan, lege aurreko berdintasuna edukitzekoa, bai gizonezkoen eta bai emakumezkoen kasuan, nahi duen lekutik ibili eta bere gogoko tokian bizitzekoa, eta egiaz informatua izateko eskubidea.

Lan egiteko, alokairu nahiko bat irabazteko. grebarako, gaixo, istripuz, lanik ez, zaharrik edo beste edonolako ezintasunez egonez gero, sozial segurantza osorako eskubidea, medikamendu, medikuntz zerbitzu eta laguntasun guztiak dohainik lortzeko, bai eta berregokitu eta gizartean berriz txertatua izateko bideak modu berean izateko; entrepresen gestioan parte izateko, bere etxebizitza propioa izateko, atsedenerako, aisiarako, kiroletarako, kulturarako, dohainezko hezierarako, Naturarako, paisaiarako eta ingurugirorako eskubidea.

15. Art.— Ondokoak euskaldunen betebeharrak dira:

1) Estatutua gorde eta Nazioaren beste lege guztiak betetzea.

2) Legean aipatzen ez diren bizikidetasun eta hiritar moraleko arau guztiak errespetatzea.

3) Lan egitea, pertsona ezinduak izan ezik.

4) Euskal Herriaren eta beronen askatasunaren alde egitea.

5) Euskara mintzatua eta idatzia jakitea.

6) Nazional ondareak errespetatu eta zaintzea.

7) Munduko herri guztiekin bake, adiskidetasun eta lankidetza izatea.

II Kapitulua

Erabilera eta Garantiak

 16. Art.— Adin nagusigoa hamazortzi urteak betetzean hasten da. Bere hiritar eskubide osoak erabiltzeko gai izanez gero, hamazortzi urte baino zaharrago den euskaldun orok, kargu eta funtzio publiko guztietarako, hautatu egin eta hautatua izan daiteke.

Euskal Herriarekin zer ikusirik ez duten funtzio publikoetan aritzeko, ordea, Euskal Gobernuaren baimen espresua beharko da.

 17. Art.— Politik, syndikal, ekonomi, kultur eta sozial erakundeek, elkarlanen bidez aurrerabide eta hobakuntza demokratikoen adierazpen kolektiboak diren aldetik, beren interesen defentsarako sortuek, Estatutu honen hastapen eta helburuen arauera, beren eskubideak libreki erabiliko dituzte.

 18. Art.— Syndikatuek, demokratikoki aukeraturiko ordezkarien bitartez, Gobernu Autonomoaren botere organoetan parte hartuko dute.

1) Eskubide indibidual eta kolektiboen erregelakuntzan.

2) Nazioaren ekonomiaren plangintza, gestio eta kontrolean.

3) Bizitzeko, lan egiteko, hygiene, lana zaintzeko, langileen eta berauen etxekoen kultur kirol bizitzako kondizioak hobetzean.

Syndikatuek, halaber, entrepresen planak eratzean ere parte hartuko dute, eta berorien Kontseilu Sozial eta Produkzio Batzordeetan beren ordezkariak ukanen dituzte.

 19. Art.— Gobernuaren Erakunde eta Organoek euskaldunen eskubideak eta berauen erabilera garantizatuko dituzte, beraien betebeharren kunplitzea ere bai, eta bai, halaber, erakunde kolektiboen antzeko autonomia, askatasun eta independentzia ere.

Hirurgarren atala

Hizkuntza eta nazional ondareak

I Kapitulua

Hizkuntza

 20. Art.— Euskara Euskal Herriko hizkuntza ofiziala da, maila guztietan eta lurraldearen zabalera osoan.

Gaztelania, era berean, ofiziala izanen da.

 21. Art.— Eskoladineko euskaldun herritarrek beren ikasteak euskaraz eginen dituzte. Gaztelania, maila guztietan, nahiztaezko asignatura izanen da.

Euskal Herriko egoiliarrek, beren ikasteak beste hizkuntza batez egin nahi ukanez gero, gaztelaniaz egiteko aukera ukanen dute beti, bai eta beste hizkuntza batzutan ere, hori egiteko gutienezko kondizioak gertatzen badira bederen.

Nolanahi ere, euskara nahiztaezko asignatura izanen zaie maila guztietan.

Kasu bietan, lehen, bigarren eta goi mailako ikasketak amaitzeko, euskara eta gaztelania mintzatzen jakitea nahiztaezko baldintza izanen da Euskal Herriko irakastegi guztietan.

 22. Art.— Euskal Herrian aritzen diren eta euskara ez dakiten irakasleek, laur urtetako epean berau ikasiko dute.

Horrela behar balitz, eta, hizkuntzari doakionez, irakasle gertaturik ez dagoen artean, beste profesio batzutako tituladunak, euskaraz ongi jantziak, Euskal Herrian irakaskuntza ofizialki emateko egokituko dira, zientzi maila, horregatik, apaldu gabe.

 23. Art.— Administralgoaren eta beronen Organismo autonomoen funtzionariek, bai eta Euskal Gobernuko kargu publikodunek ere, euskara mintzatua eta idatzia dakitela frogatu beharko dute.

Estatu Zentraleko funtzionariei ere, Euskal Herrian beren zerbitzuak modu iraunkorrez ematen badituzte, euskara jakitea eska dakieke.

Estatutua jartzen den unean, euskara jakin gabe, beren karguetan leudekeenek, laur urtetako epean hura ikasi beharko dute.

 24. Art.— Euskara hiritar bizimoduaren arlo ezberdinetan, ekonomi ekintzean, publizitatean eta sozial komunikabide guztietan sartuko da, textu ageri guztiak, gutienez, euskaraz ezartzea beharrezkoa izanik.

Esandakoaren erabilera eta betetzea garantizatzeko, Euskal Gobernuak, kasu bakoitzean behar diren neurri konkretuak, administralgoan eta fiskalian bereziki, hartuko ditu.

Toponimi izenak, ordain egokirik egonez gero, euskara hutsez idatziko dira.

 25. Art.— Guztiek, pausoka, euskara ikasi eta alphabeta daitezen, Euskal Gobernuak, finantzapen berezi baten bitartez, normaleztapenerako organismo egokiak sorteraziko ditu, irakasleengan eta hizkuntza ahul edo erabat galdua dagoen tokietan arreta haundiagoa edukiz.

Euskarari dagokionez, erakunde konpetentea Euskaltzaindia da, eta beronen ardurapean, kasu bakoitzean eskatzen den hizkuntz ezaguera maila epaitu eta egiaztatu beharko da.

II Kapitulua

Nazional ondarea

 26. Art.— Ondokoak Euskal Herriaren nazional ondaretzat jotzen dira:

Euskal lurraldea, lurrazpia, itsaso litorala, atmosphera, energi iturriak, natur baliabideak, oihanak, baso eta larreak, ibilbideak, erabilera publikorako ondasun eta zerbitzuak eta oinharrizko sektore asimilatuak hala nola Kredit, Banka, Aurrezki eta Aseguroak.

Euskal Herriaren ondare dira, era berean, arkheologi, histori, dokumentuzko, artezko, arkhitektur, ethnographi eta bibliographi hondo propioak, eta, honetarako, Euskal Gobernuak, Gobernu Zentralaren lankidetasunaz, bere lurraldetik kanpoan daudenak Euskal Herrira daitezen behar diren gestioak eginen ditu.

Nazional Ondareak dira, halaber, bertoko artxibo, museo eta bibliothekak.

Laurgarren atala

Ahalmenak eta konpetentziak. Garantiak

I Kapitulua

Konpetentzia exklusiboak

 27. Art.— Euskal Estatu Autonomoari, ondoren aipatzen diren gai guztietan, legeak egin, epaitu eta aginduak beterazteko botere gorena dagokio, horregatik aurrerabide politiko, ekonomiko, kulturazko eta sozial propioaren premiengatik beharrezko juzka ditzakeen beste gai batzuren erregelatzea ukatu gabe.

28. Art.— Euskal Estatu Autonomoak, era exklusiboz, ondoko ahalmenak ditu:

1) Autonomi Estatutu honen eta egunen batez eman daitekeen Barne Konstituzioaren interpretapen eta aplikapena egitea.

2) Legegintzarako, Justiziarako eta Administralgorako organoak sortzea, bai eta Estatutu honi dagozkion beste ahalmenak beterazteko erakundeak antolatzea ere.

3) Gobernua modu eta ordezkatzeko, hautatzeko eta botereak, aldatzeko formulak erabakitzea.

4) Administralgo lokalerako gobernamolde konstituzionala.

5) Euskal bizimodu politikoa, politik alderdien eta sozial, ekonomi syndikal eta kultur erakundeen bitartez erregelatzea.

6) Justiziaren ordenamendu eta erregelapena beraren maila guztietan, bai zuzenbide publiko eta bai pribatuan, eta, ondorioz, zigor, hauzi, administral eta kontentziosoadministral, fiskal, lanezko, zibil, merkatal, hypothekal, notariar, eta erregistral legegintzari doazkion gai guztiak, bai eta industri eta intelektual jabegoari dagozkionak ere.

7) Ekonomia eta Haziendaren erregulatze eta plangintza, aurrekontuen onhartzea, gastu banaketak, inbertsio publikoen erabakitzea eta berauekin zerikusi duten erakunde eta gorporazio guztien antolakuntza, hala nola, Banka, Aseguroak, Boltsa eta Ganbarak.

8) Euskal Herrian dauden Lehor, Itsas eta Aireko Indar Harmatuen kontrola, biltzea eta irakastea, eta berauk, militar barruti propio batetan egonik, ezingo dira lurralde autonomotik kanpoan enplegatu Euskal Gobernuaren baimenik gabe.

9) Segurtasun, Polizi eta Ordenu Publikorako zerbitzuak, eta euskal lurraldearen barruan gizabanakoen eta gizarte osoaren segurtasuna garantizatzeko beharko diren beste bideak ere bai.

10) Maila eta espezialitate guztietako irakaskuntza eta ikertzea, horretarako premiazko diratekeen Unibertsitate eta irakastegiak sortuz.

11) Lurlangintza, abeltzantza, oihan eta baso aberastasun, meatzalgo, arrantza, kontinentar plataforma eta, oro har, lehengai guztien antolakuntza eta erregelatzea.

12) Industria, merkatalgoa eta zerbitzuen antolatze eta erregelatzea.

13) Lurraldearen, hirigintzaren eta etxebizitzen antolakuntza.

14) Lan publiko, garraio eta komunikabideak, konpetentzia koordinatuetan zehazten diren kasuetan izan ezik.

15) Prentsa, irratia, telebista eta gainerako sozial komunikabideak.

16) Osasun eta Hygiene publiko eta pribatua, sendatzeko eta aurrezaintzeko medikuntza eta sanital erakunde eta eritegiak.

17) Gymnasi heziera, kirolak, joku-jolasak, ikusgarriak eta turismoa.

18) Nazioarteko kultur, sozial, ekonomi, syndikal eta kirol organismoetan euskaldunen agertze eta parte hartzea.

 29. Art.— Frantses administralgopeko euskal lurraldeekiko harremanak Euskal Estatu Autonomoari dagozkio.

 30. Art.— Euskal Gobernu Autonomoari dagokio, halaber, elkarren arteko interesik dagoenean, Espainol Estatuko beste nazio eta herrialde autonomoekiko harremanak izatea.

II Kapitulua

Konpetentzia ordezkatu eta koordinatuak

 31. Art.— Estatu Zentralari, era exklusiboz, ondoko konpetentziak dagozkio:

1) Diplomazi eta nazioarteko harremanetan Euskal Estatu Autonomoaren ordezkaritza edukitzea.

2) Politika mailan nazioarteko akordioak egin eta tratatuak sinatzea.

3) Militar eta strategi mailan nazioarteko akordioak egin eta tratatuak sinatzea.

4) Espainol Estatuko nazio eta herrialdeen arteko eztabaida eta gatazkak erabakitzeko ahalmena.

 32. Art.— Estatu zentralak eta Euskal Estatu Autonomoak, elkarrekin eta bien onerako, biei doazkien arazo hauen eragintza eta koordinaketa praktikoa erregelatuko dute:

1) Lurraldearen defentsa, erasorik balego.

2) Estatu Zentralerako diru sartze eta gastu publikoarekiko partaidetasun kontzertatua.

3) Dirugintza.

4) Mugazantza.

5) Euskal lurraldea gaindi dezaten garraioak, komunikabideak eta lan publikoak.

6) Bilboko portua.

7) Ebro hibai arroaren baliabide hydraulikoak.

8) Posta, telephono eta telegraphoak.

9) Banderaztapen eskubideak.

III Kapitulua

Garantiak

 33. Art.— Estatu Zentralak, bere Konstituzioaren bitartez, Euskal Herriaren lurralde, erakunde eta ahalmenak, Estatutu honetan adierazi diren eran, garantizatzen ditu.

Euskal Estatu Autonomoak Estatu Zentralaren Konstituzioaren betetzea garantizatzen du.

 34. Art.— Estatutu honen eta Konstituzio Zentralaren interpretatze eta aplikapenaren inguruan sor litezkeen eztabaida eta gatazkak, bi aldekoez osaturiko Batzorde parekide batek erabakiko ditu, berau akordiora ez baletor, Hagako Nazioarteko Justizi Gortearen erabaki arbitralera makurtuz.

Bostgarren atala

Euskal Estatu Autonomoaren erakundeak

 35. Art.— Nazional agintaritza Herriagan datza eta, Estatutu honen arauera, berak, Biltzarre Nagusi, Euskal Gobernu eta Justizi Gorte Gorenaren bitartez hura erabiliko du.

I Kapitulua

Biltzarre Nagusia

 36. Art.— Legegintzarako boterea Biltzarre Nagusiari dagokio,

Euskal Herriaren aginte organo gorena berau.

 37. Art.— Biltzarren Nagusiari, era exklusiboz, hurrengo botere eta konpetentziok dagozkio:

1) Autonomi Estatutua eta beronen Barnekonstituzioa aldatzea, biak gehiengo absolutuaz onhartu beharrekoak izanik.

2) Legeak bozkatu eta onhartzea.

3) Gobernuburua hautatu eta kentzea.

4) Justizi Gorte Gorenaren lehendakari eta magistratuak hautatu eta kentzea.

5) Nazional Ekonomiarako Planak eta Estatu Autonomoaren Aurrekontuaren onhartzea.

 38. Art.— Biltzarre Nagusia 160 ordezkarik osatuko dute. Horietatik 80, 25.000na hautesletako zirkunzkripzioetatik bana aukeratuz, beste 80ak Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako herrialdeetatik 20na izendatuak izanik.

 39. Art.— Lehen taldeko 80 ordezkarien aukera sufragio unibertsal berdin eta zuzenaz eginen da, eta beste 80ak, aldiz, elkarte lokaletako Biltzarreek hautatuko dituzte.

Biltzarre Nagusia laur urteren buruan berriztatuko da.

 40. Art.— Biltzarre Nagusiaren Lehendakaritza lehendakari batek eta laur lehendakariordek osatuko dute.

Lehendakaria Biltzarre Nagusiko ordezkariek beren artean aukeratuko dute. Herrialde bakoitzeko ordezkariek, beren artean, zeinek bere lehendakariordea hautatuko dute.

 41. Art.— Euskal Estatu Autonomoaren ordezkaritza Biltzarre Nagusiko Lehendakariak du.

 42. Art.— Biltzarre Nagusiak bere barnearautegi propioa eratuko du, berorren bidez bere eginkizun eta funtzionamendua erregelatzeko.

II Kapitulua

Euskal Gobernua

43. Art.— Aginduak beterazteko boterea Euskal Gobernuari dagokio, berau Gobernuburuak eta Ministrariek osatzen dutelarik.

 44. Art.— Gobernuburua Biltzarre Nagusiak, gehiengo soilez, izendatuko du, eta beraren agintaldiak laur urtez iraunen du. Ministrariak Gobernuburuak izendatuko ditu.

Hala ere, bere funtzioetan hasi aurretik, Gobernu berriak Biltzarre Nagusiaren konfidantzazko botua beharko du.

 45. Art.— Gobernuaren politika orokorra Gobernuburuak zuzentzen du eta, Biltzarren Nagusiaren aurrean, bere gestioaren erantzunkizuna dauka.

Gobernua, kolektiboki, bere eginen erantzulea da, eta Ministrari bakoitza nor bere Departamentuaz.

 46. Art.— Gobernuari hauxe dagokio:

1) Legegaiak Biltzarre Nagusira aurkeztea.

2) Emandako lege eta arauak aplikatzea.

3) Administralgoaren ekintzak zuzendu eta kontrolatzea.

4) Indar Harmatuen kontrola edukitzea.

III Kapitulua

Justizi Gorte Gorena

 47. Art.— Epaitzeko boterea Justizi Gorte Gorenari dagokio, beronen zeregina legeen konstituzionaltasuna zaintzea delarik.

 48. Art.— Justizi Gorte Gorenak Juje eta Magistratuak, maila guztietan, izendatzeko konpetentzia du, kasu bakoitzean elkarte lokal eta herrialdekoen Biltzarreek izendapenok onhartzea beharrezkoa izanik.

 49. Art.— Justizia egiteko oinharrizko arauak batasuna, berdintasuna, arintasuna, publikotasuna, herritartasuna, independentzia eta dohaintasuna izanen dira.

Seigarren atala

Botere lokala

 50. Art.— Elkarte lokalak lurraldezko izaki kolektibo batzu dira, beren ordezkaritza propioak dituztenak, horien bidez Herriak administralgo eta politikan bide moduan parte har dezan.

51. Art.— Erabakitzeko gune lokalak, hiritar giroan hauzategian, eta baserri inguruetan, aldiz, hauzategi, kontseilu, kofradia edo bailaran hasten dira, ondoren, beren arteko biltzeaz, udala, administral izaki gisa, sortuz.

 52. Art.— Eskualdea, tarteko lurralde oinharrian nortasun propioa duen izaki politiko administratibo funtsezkoa da, hirigintz eta zerbitzuzko politika egoki baterako elementu guztiez hornitua, eta elkarren arteko biltzeek Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa izeneko herrialdeak osatzen dituzte.

Nafarroan, duen lurralde zabaleragatik bereziki, herrialde eta eskualdearen artean merinaldea ere izanen da, funtzio deserdiratzaile eta botere propiodun bitarteko organismo gisa.

 53. Art.— Elkarte lokal eta lurralde oinharrikoen autonomiarako, beren karta organikoan agertua berau, aski izanen da Estatutuaren arauera konstituzional izatea.

Zazpigarren atala

Hiriburutasuna eta symboloak

 54. Art.— Euskal Estatu Autonomoaren administral hiria Iruinea da, berau Euskal Herriaren hiriburu historikoa izan delako.

 55. Art.— Euskal Estatu Autonomoaren bandera ofiziala ikurrina delako izenaz ezagutua da, hondo gorriduna, gurutze zuria bi diagonal berderen gainean duena.

 56. Art.— Euskal Estatu Autonomoaren harmarri ofizialak euskal herrialde historiko bakoitzaren ezaugarriren bat bildu beharko ditu.

 57. Art.— Euskal Estatu Autonomoaren hymno ofiziala Gernikako Arbola da.

Zortzigarren atala

Azken erabaki derogatzailea

 58. Art.— 1839.eko Urriaren 25eko, 1841.eko Agorrilaren 16ko, 1976.eko Uztailaren 21eko legeak eta Estatutu honen kontra egon daitezkeen osterantzeko arau eta erabaki osagarriak derogaturik geratzen dira.

Bitarteko erabakiak

 Lehena.— Askatasun demokratikoak berrezartzean sortuko den Behinbehineko Euskal Gobernuak Biltzarre Nagusi Eratzailea antolatzeko ardura ukanen du, horrela, berorrek Autonomi Estatutu honen eta gainerako erabaki legalen bidez, politik normaleztapenari hasiera eman diezaion.

 Bigarrena.— Estatutua jarri ondoan eta hilabeteko epean, Behinbehineko Gobernuak Hautesteko Lege bat emanen du, horrela Biltzarre Nagusi Eratzailerako ordezkarien aukera erregelatzeko, eta, gisa berean, Hautesle Zentsua eratzeaz arduratako da.

 Hirurgarrena.— Behinbehineko Gobernuak, Biltzarre Nagusia eratzen den unean bere funtzioak utzi eginen ditu, beronek nazional agintaritza eta herri boterearen ordezkaritza hartuz.

 Laurgarrena.— Aukeraturiko Biltzarre Nagusi Eratzaileak, Estatutuan ezarritako ahalmenak aritzen hasteko, jadanik aurrerabakia martxan jarriko du, Barnekonstituzioa eta Euskal Herriaren osterantzeko Oinharrizko Legeak, bere konpetentziako arlo guztietan, eratuz.

 Bostgarrena.— Estatutu honetan jarritako hastapenen arauera, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako herrialdeetako Biltzarreek, urtebeteko epean, zeinek bere Estatutu Berezia moldatuko du, onhartua izan ondoren Biltzarre Nagusiak berretsi beharko duena.

 Seigarrena.— Gobernu Zentral eta Euskal Estatu Autonomoaren artean osaturiko batzorde parekide bat antolatuko da, bigarrenari dagozkion kargu, zerbitzu eta ondasunak emateko.

Behinbehineko Euskal Gobernuak Euskal Estatu Autonomoaren ordezkari izanen diren batzordekideak izendatuko ditu.

 Zazpigarrena.— Nafarroako Komenioak, Arabako Ekonomi Kontzertuak eta Gipuzkoa eta Bizkairako Erregimen komun edo Bereziak oraindik dirautela eta, Estatutua jarri ondoren eta hamar hilabetetako epean, Euskal Gobernuak Gobernu Zentralari Euskal Herri osorako Komenio Kontzertatu bakar eta komun bat proposatuko dio, horretan, Estatutuan ezarritako funtzio, zerbitzu eta konpetentzi banaketan oinharriturik, eta 32. artikuluaren 2) apartatuaren arauera, zerga harremanen arautegi berri bat artikulatzeko.

Aurreko Bitarteko Erabakian aipaturiko Batzorde Parekide Bikoitza izanen da Komenio Kontzertatu bakarra itxuratzeko arduraduna.

 Zortzigarrena.- Euskal Gobernuak, gestio autonomo lokala ondoenik eragiteko, lurraldearen berrordenapenerako plan bat gertatuko du lehenbailehen, horretarako izendatuko diren adituen batzordeak moldatua, eta Biltzarre Nagusiaren onespena jaso ondoren, Oinharrizko Lege Gisa, Euskal Herriaren Barnekonstituzioan sartuko da.

Aurkibidea

Atarikoa

Euskal Herriaren definizioa. Autodeterminatzeko Eskubidea 1-4. Art.

Lehen Atala.

Autonomi Estatutuaren Hastapen, Helburu, Aurrerabide eta Eremuak 5-13. Art.

I Kapitulua: Autonomi Estatutuaren Hastapen Helburu eta Aurrerabideak 5-8. Art.

II Kapitulua:Lurralde eremua 9-11. Art.

III Kapitulua: Giza eremua 12-13. Art.

Bigarren Atala.

Euskaldunen Eskubide eta Betebeharrak. Erabilera eta Garantiak 14-19. Art.

I Kapitulua: Eskubide eta Betebeharrak 14-15. Art.

II Kapitulua: Erabilera eta Garantiak 16-19. Art.

Hirurgarren Atala.

Hizkuntza eta Nazional Ondareak 20-26. Art.

I Kapitulua: Hizkuntza 20-25. Art.

II Kapitulua: Nazional Ondarea 26. Art.

Laurgarren Atala.

Ahalmenak eta Konpetentziak. Garantiak 27-34. Art.

I Kapitulua: Konpetentzia exklusiboak 27-30. Art.

II Kapitulua: Konpetentzia ordezkatu eta koordinatuak 31-32. Art.

III Kapitulua: Garantiak 33-34. Art.

Bostgarren Atala.

Euskal Estatu Autonomoaren Erakundeak 35-49. Art.

I Kapitulua: Biltzarre Nagusia 36-42. Art.

II Kapitulua: Euskal Gobernua 43-46. Art.

III Kapitulua: Justizi Gorte Gorena 47-49. Art.

Seigarren Atala.

Botere Lokala 50-53. Art.

Zazpigarren Atala.

Hiriburutasuna eta symboloak 54-57. Art.

Zortzigarren Atala.

Azken erabakia derogatzailea 58. Art.

Bitarteko Erabakiak 1-8 artekoak.


Anaitasunaren komikia (2)

Airko [Komikia]

Irudiak: Antton Olariagak

Gidoiak: Xabier Kintanak


Anaitasunaren komikia (2)

SIDER bi mila 2000 [Komikia]

Irudiak: Erramon Zumalabek

Gidoiak: Xabier Kintanak


Anaitasunaren komikia (2)

Krisket eta Popolo [Komikia]

Irudiak: Juan Karlos Egillorrek

Gidoiak: Borja Barandiaranek


Euskal kultura norentzat?

 Etxeko eta kanpokoei behin baino gehiagotan —eta aspaldion maizago— zera entzun diegu euskaldunok: gure hizkuntza eta kultura euskal edo espainol balio haundiak direla, nahitaez gorde beharrekoak, etab. Eta jendeak, entzunaren entzunez, hori errepikatu egiten du, esaldi horren mamiaz konturatu gabe.

Kanpoko larrosak

Has gaitezen kanpokoez. Espainol ministro edo politikari batek euskara edo euskal kultura penintsula osoaren aberastasunen parte direla dioenean, ez daki, edo ez du jakin nahi, zer dioen. Gure ondoan jauregi eder bat, artez beteriko etxe bat egon arren, guk etxe horretara sarrerarik ez badugu, barruratzeko baimenik ez badago, guretzat behintzat horko balioak hutsaren pare dira. Era berean, zertan aberats ditzakete euskarak eta euskal kulturak erdaldunak, haik ulertzen ez badituzte? Etxapare, Lizardi edo Miranderen bertsoak, euskal literatura, euskararen ederrak,... zertan dira beraik ezin adi ditzaketenentzat aberasgarri? Ez turkiera baino gehiago behintzat.

Espainia, Estatuko herri ezberdinen kultura bereziez osatua dela esatea gezurra da. Aberastasuna, nolabait, Gaztelatik ingurualdera doa, baina ez alderantziz. Galego, euskaldun eta katalanak, gaztelania irakatsi digutela eta, gaztelau hizkuntza, literatura eta kulturaz, nahi badugu bederen, aberats gaitezke, baina gaztelauek, aldiz, gure kulturak estimatzen dituztela esan arren, ezin dezakete beste horrenbeste egin katalan, euskal edo galiziar kulturez, eta orain arteko praktikan egin duten ahalegina ikusita, ez dirudi horregatik oso kezkaturik daudenik.

Dakusagunez, beraz, ingurukoak gaztelau kulturaz nahiz eta ez aberastera ahalegin ofizialak egiten diren artean, besteak, gaztelauak, theorian behintzat ofiziala bezain "espainolak" diren beste kulturez jabe daitezen ez da inolako pausorik ematen, ez eta horrexegatik inolako protestarik entzuten. Eta gauzen balio eta estimazioa, noski, hitzetan ez, baizik eta haik lortzeko eginetan neurtzen da, inork eduki nahi ez duena baliogabetzat jotzen baita eskuharki. Eta horixe da, hain zuzen ere, gaztelau agintarien aldetik euskarak, galegoak eta katalanak duten egiazko estimua.

Non dago berdintasuna?

Galego, euskaldun eta katalanak, orain arte, geure sakeletiko diruaz, zergaz, ordaindu behar izan dugu geure seme-alaben "erdal" eskolatze eta aberaste hori, geure kultur balio propioak baztertzera obligatuz. Biharko Estatuan —holaxe nahi genuke behintzat— beste hizkuntza horien ofizialkidetasuna errealitate bat izanen omen da. Bego. Horrekin aski dela uste dute askok. Baina ni neu ez nago inola ere konforme.

Esandako egoera "zoriontsu" horretan, gaztelania espainol Estatuko hiritar guztientzat ofizial eta jakin beharrekoa izanen da, eta euskara, katalana eta galegoa, aldiz, kasurik onenean!, nazio autonomo horietako bizilagunentzat izanen da soilki ikasi beharreko. Eta, horretara, orain arte bezala, gu gaztelau kulturaz aberastera beharturik egonen gara berriz ere, haiek gureez aberastu beharrik ez daukaten artean.

Praktika —kultur arloa utzita— justiziaren aldetik ere bidegabea da. Katalan, euskaldun eta galiziar haurrek, beren hizkuntza propioaz gainera, inorena ere, hots, gaztelania, ikasi beharra ukanen dute, eta hori beren gurasoen zergekin eraikitako eskoletan. Gaztelau umeek, ordea, beren herrian berenaz aski ukanen dute; asignatura bat gutiago, beraz. Euskaldun, galego eta katalanek, hortaz, geure diruz etxeko eta kanpoko kulturen irakaskuntza finantziatuko dugu, gaztelauek, soil-soilki, berena egiten duten bitartean.

Konponbidea

Bereizkeria nabari hori konpontzeko, nik uste, soluzio bat jar liteke: Gaztela, Leon, Aragoa, Andaluzia, Murcia, Asturias eta Extremaduran, gaztelaniaz gainera, Estatuko "beste" hizkuntza bat ere nahitaez ikasi beharrekotzat jartzea. Eta horretarako, on litzateke beste hizkuntza horien nolabaiteko hauzo edo eragin eremuak markatzea, eta hola Aragoan eta Gaztela Berriko zenbait tokitan katalana, Asturias, Leon eta Extremaduran galaiko-portugesa, Gaztela Zaharraren iparraldean euskara, etab. irakastea. Horrela, eta horrela bakarrik, Espainia egiaz kulturen arragoa famatua bihurtuko litzateke, eta bertako Herrien eraginak zentzu bietarantz eginen. Diodan hau utopia eta ezinezkotzat jotzen den artean, holakoxeak izaten segituko dute Estatuko nazioen arteko harreman anaikorrek eta elkar ulertzeak. Izan ere, zergatik egon behar dugu euskaldun, galego eta katalanok erdal kultura eta arazoez keztatuagorik beraik gureez daudena baino? Abusutzat jotzen badute gaztelauek Gaztelan euskara, katalana edo galegoa irakastea, zergatik ez dugu besteok beste horrenbeste pentsatuko geure Herriotan gaztelaniaren derrigortasunaz? Pentsa bezate hau ongi eta astiro politikariek!

Etxeko gardulatzak

Eta kanpoko kontuekin bukaturik, etxekoez ere zerbait esan beharra dagoela uste dut.

 Gure kultura eta gure hizkuntza parra-parra esaten dute basko askok, eta euskararik ez dakite, eta ez dira, hala ere, ikasten ari. Mitxelenak, behiala, pertsona batek sekula eduki ez duen gauza bat berea kontsidera dezakeela gogorarazi zigun arrazoiz. Baina horri textuingurua ezarri beharko zion. Holaxe da, bai, bere praktikaz berea izan behar zuen eta ukatu dioten hori berreskuratzeko ahaleginak egiten dituen neurrian. Bestela ez. Erreklamatzen ez dena, hauzitara eraman nahi ez duguna, berreskuratzeko burrukaz lortu nahi ez dena, galdutzat ematen dugu, eta hura erreklamatzeko eskubide moralik ez dago. Eta horixe da gure arteko abertzale askoren artean gertatzen dena: egiten dituzten eskabideak egiteko indar moralik ez dutela.

Euskaldun batek, benetako balio bat galdu duela eta, benetan senti dezake Xalbador moduko bertsolari baten heriotza, baina haren bertsoak ezin ulertu zituen basko abertzale batek ez dit niri hori sinesteraziko, eta beraren pena "symbolikoki" ez bestela ulertu beharko dugu.

Nola esan dezake, modu berean, basko batek hizkuntza zapalkuntzarik pairatu duenik? Berak, ttikitandik erdalduna izanik, ez du behin ere sentitu bere haragitan zer den norbere herrian arrotz gisa tratatua izatea. Hark ez daki zer den hizkuntz bereizkeria sufritzea, eta euskara ikasten hasi arte ez du jakinen hizkuntza horren falta egiazki zer den, ez eta ez edukitzearen pena eta nekea ere.

Bere buruarekin eta bere etxean hasita euskara berreskuratzeko ahaleginik ez dagienak Madrileko gobernuari euskararen ofizialtasuna eskatzeko indar moralik ez du Herriaren aurrean. Bere erdalduntasunagatik gure jende euskaldunak —bera bertan presente zegoelako— erdaraz mintzatzera hainbat urtetan behartu, bortxatu, egin duen baskoak ez du inolako eskubiderik kanpotik etorritakoei gure Herriaren deseuskalduntzaileak direla esateko, ez eta euskara ikas dezatela eskatzeko ere.

Zein gurasok eska diezaieke bere haurrei beren artean euskaraz egiteko, berak euskara ikasiz et eginez horren exenplua ematen ez badie?

Euskaraz idazten eta irakurtzen ez dakiten eta —oso lanpeturik daudelako— hori erremediatzeko ezer egiten ez duten gure politikariek ezin dezakete euskal irakaskuntza edo kulturaren aldeko txostenik edo hitzik egin. Faltsuak gertatzen dira hitz guztiok, itxurazkoak, legea egiteko esanak. Euskal hizkuntza eta kultura nahi duenak, haienganako estimazioa bere eginetan, haik ikasteko ahaleginetan erakutsi behar du lehenik eta gero besten eska.

Esaten dugunarekin kontsekuente izatea ezin premiazkoagoa da sinetsiak izan nahi badugu bederen. Fruituetan, eta ez hitzetan, ezagutzen baita gizarbola.

Xabier KINTANAk


Kontratu laborala ez da gauza makala

Hilabete luzea iragan da, Unibertsitateko irakasle ez-numerariak greban daudela. Gainera, gauzak gogortuz doaz, eta examinen greba ere egitea erabaki dute. Are gogorragoa da Lizeoetako irakasleen greba: Espainiako Estatu Lizeoetan 12.500 irakasle ez-numerari daude greban, 500.000 ikasle ikastaldirik gabe dituztelarik.

Arazoa larria da. Heziketa eta Zientzi Ministergoak bere jarrera hertsian dirau, eta ez du onhartu nahi oposizioz besteko irtenbiderik. Irakasleentzat ordea, irtenbide hori ez da batere egokia.

Aldizkari eta egunkarietan dagoen informazio zehatzen falta dela eta, azken aste honetan Bilboko Unibertsital Barrutiko irakasleak kalera irten dira, eta planfletoen bidez beren jarrera adierazi diote jendeari. Alboko horrialdean Unibertsitateko irakasle ez-numerariek eginiko manifestua agertzen dugu. Bertan, lerro laburren bidez beren egoeraren larria adierazten dute.

Baina zer irtenbide proposatzen dute irakasleek? Hots, zein da irakasleek beren kontraturako defenditzen duten bidea? Egia esan, oraindik erabaki gabe dute beren alternatiba, baina zenbait ardatz eta oinharri nagusi nahiko garbi dituzte. Eta etorkizuneko Euskal Unibertsitateari begira, problematika honetaz jabetzea komeni zaigunez, artikulu honetan irakasleen estatuturako puntu nagusiak zeintzu izan daitezkeen aztertuko dugu, beti Unibertsitateko PNNen eritziaren haritik joanez.

Alde batetik, PNNak kontratu laboralaren bila ari dira, horren bidez segurtasun laborala edukitzeko, zeren eta harrigarria bada ere, Estatuak lantegi eta ikastetxeak beren langileak laboralki kontratatzera bortxatzen dituen arren, berak ez ditu bereak horrela kontratatzen administratiboki momentutan kalean gera daitezke, Administralgo Zentralaren komenientzien arauera. Baina bestetik PNNek ez dute kontratu laboral arrunta eskatzen; aldiz, matizatu egiten dute gehiago kontratapen-modua, Unibertsitatean gorpuzten den lana kontutan harturik. Ikus dezagun nola.

Unibertsitatearen autonomia

Irakasle ez-numerariek —eta numerari askok ere bai— gero eta beharrezkoago ikusten dute Unibertsitatearen autonomia. Arazoa —beste gauza batzuren artean— irakasleen kontratapenari loturik doa. Irakasle ez-numerarien eritziz, Unibertsitate bakoitzak ere lanpostuak eta irakasle-plantilak finkatzeko ahalmena eduki behar du, berak baitaki ongien bere premiak zeintzu diren. Hala ere, gaur egun lanpostuak Ministergoan planifikatzen dira, goitik behera, premia errealak gehiegirik kontutan hartu gabe eta burokraziaren defektu guztiekin. Autonomiarekin, kontratuak ere Unibertsitate bakoitzaren eritziaren arauera egin beharko lirateke, kontratapen batzordeetan unibertsital estamentuen ordezkariek parte hartuz.

Kontrole publikoa

Unibertsitate erakunde publikoa da, Herri osoaren diru eta lanarekin ordaindua, eta, beraz, Herri osoarena. Honelatan bada, ezin utz daiteke gutti batzuren eskuetan, elite baten eskuetan. Herriak parte hartu behar du nolabait haren kontrolean. Baina, nola egin daiteke hori?

Irakasle ez numerariek nahiko markaturik dute kontrolerako alternatiba, oraindik erabakirik ez badute ere. Irakaskuntzarako bidea irekia izan dadila nahi da, kalitatea segurtatuko duten iragazki egokiak jarriz, noski. Iragazki gisa, bertako irakaskuntzan aktiboki eta positiboki parte hartzen dutenen batzorde paritariak proposatzen dira: Ikasleek eta irakasleek, guztiok ukan behar dute parte kontrole horretan.

Irakasleak nola kontratatuko liratekeen

Irakaskuntza ezin sar daiteke besterik gabe, beste egintza produktiboen sail berean. Zenbait berezitasun berezi ba dituela onhartu behar da. Horregatik, kontrapenerako ere, bide bereziak behar dituzke. Ikus dezagun, bada, irakasle ez-numerarien eritziz zein izan beharko litzatekeen kontratapenerako prozesua.

Lehenik, formazio epe bat egonen litzateke. Bizpahiru urtetakoa izanen litzateke —epearen luzera konkretatu gabe dago oraindik—. Formazio epe horretan, irakaslearen lanari ongi eritziko balitzaio, kontratu laborala eginen litzaioke behin betirako, Unibertsitatearen oinharrizko plantilaren parte izatera pasatuz. Dena den, kontratu laborala edukitzeak ez du esan nahi hortik aurrera kontrolerik izanen ez duenik. Aitzitik, irakaslearen lanaren kontrolea —edozein irakasle estamentutakoarena— etengabea izanen litzateke.

Eta nork kontrola eta juzkatuko luke irakasleen lana? Lehen esan bezala, irakasleek eta ikasleek osoturiko batzorde paritari batzuk. Eta epaitzerako orduan, aipaturiko batzordeek irakasleen lanaren alderdi nagusi biak eduki beharko lituzkete kontutan, hots, irakasle lana eta ikertze lana.

Puntu honetaz, irakasle ez numerariek argi utzi nahi dute ezen berek ez dutela nahi baldintzarik gabeko segurtasunik. Aldiz, eskatzen dutena zera da, lanean ongi erantzuten duten neurrian, segurtasuna edukitzea.

Formazio eta oinharri-irakasleez gain, behin behineko irakasleak edo irakasle akzidentalak ere kontratatu ahal ukanen lirateke, zenbait lan berezi eta denboran mugatuak egiteko. Baina hauk oinharrizko plantilaz at kontatuko lirateke.

Lan berdinagatik, soldata berdina

Pentsatzen eta mamitzen ari den alternatiba horretan, irakasle guztientzako estatutu bakarra eskatzen da. Lan beragatik soldata berbera kobratuko litzateke, eta desberdintasunak aintzinatasunetik eta funtzio desberdinetatik deribatuko liratekeenak lirateke soil-soilik.

Zer esanik ez, eskari honek oposizio sistemaren amaieraren hasiera lekarke bere barnean, eta horregatik, ba dirudi horretan agertzen direla oztoporik latzenak. Urteotan funtzionatu duen oposizio sistemak, hala ere, ez du konpondu inola ere Unibertsital irakasleen arazoa; are gehiago, Unibertsital irakaskuntzaren kalitatearen eta zientifikotasunaren aurka —salbuespen ohoragarri batzu kenduz, noski— jokatu duela eta jokatzen ari dela esatera ausartuko nintzateke. Zer dela eta eusten dio eta eutsi nahi dio hain itsuki Ministergoak oposizio sistemari? Unibertsitatea gutti batzuren eskuetan gorde nahi delako ote?

Euskal Unibertsitateari begira

Izenburu hau jarri arren, ba dakit jakin, oraindik ez dugula Euskal Unibertsitate osorik —Udakoaz kanpo ez baitugu ezer— ez eta bertan kontrataturik dagoen irakaslerik.Baina laster etorriko den egunen batetan ukanen dugulako esperantzarik ba dut. Eta oso bizia gainera. Egun horretarako prestatuz joatea oso interesgarria bide denez, zenbait galdera irekiko dut. Pentsatu ote dugu nolako irakasleak ukanen ditugun? Zer deritzogu oposizio sistemari? Ez ote da komeniko, egun horretarako jendearen mentalitatea —geure mentalitatea— aldatuz eta prestatuz joatea? Herriaren eskuetan egonen den Unibertsitate bat egiteko prest al gaude?

Uztaritzen duela bi urte Udako Euskal Unibertsitateko partaideek prestatu eta onharturiko manifestua bide horretatik zihoan. Honela, bertan azaltzen ziren bi puntu adierazi nahi ditut adibide gisa: "3. Norgehiagokeria sortzen duten oinharriak hautsiz" hots oposizio sistemaren aurka, eta "7. Moldaketa: Parte hartzaileek autonomia ukan behar dute Unibertsitatearen antolaketan, nahiz eta berau loturik egon behar duen gizarte osoaren helburuei". Ikusten denez, Espainiako Unibertsitatean ere bide horretatik abiatu nahi dute bertako PNNek. Baina ez diete uzten eta auzak konpondu ezinik dabiltza.

Euskaldunontzat, etorkizuneko Euskal Unibertsitatea eraiki nahi badugu, orain da momentua, inoren buruan eskarmentua hartzeko eta bide egokian barrena Unibertsitate arrazional, zientifiko eta herritarra eraikitzen hasteko. Eta horixe da gure lana, zeren eta geuk egiten ez badugu, nork eginen ote digu?

J.R. Bilbao


Unibertsitateko irakasle ez-numerariek (PNN-ek) eritzi publikoari jakin erazten dioten manifestua

Aste honetan Bilboko Unibertsitateko irakasleak kalera irten dira eta jendearen artean ondoko manifestu hau zabaldu dute. Euskal informatzaile garen aldetik, izkribuak berak duen interesaz aparte, euskaraz eta erdaraz argitaratua izan dela esan behar da. Zorionak beraz alde horretatik.

Espainiako Estatuko Unibertsitate eta Unibertsital Zentruetako irakasle ez-numerarien arteko gehienak —eta hauen artean, Bilboko Barrutiko Arte Ederrak, Zientziak, Medikuntza, Peritoak eta O.H.O.-ko Irakasle Eskolakoak— GREBAN gaude, duela zenbait astetatik hona. Ikasleentzako, ikasleen gurasoentzako eta, azken batez, benetan Unibertsitatea ordaintzen duen Herriarentzako hain kaltegarri den jarrera honetara bortxatu gaituena, Administralgoak inposatzen digun Lan Kontratu injustu eta lotsagarria da:

Honela, eta nahiz eta PNNak irakaslegoaren 80% -a garen, eta hori dela eta lan akademikoaren zatirik handiena geuk egiten dugun arren, ondoko zirkunstantziak gertatzen dira:

1.- Gure kontratua denbora tarte batetarako baino ez da, urtebetetik 4 urtetara gehienik jota, baina arruntki 2 urtetakoa da soilik. Edozein unetan despedituak izan gaitezke, irakasleari egotz dakiokeen arrazoirik ez badago ere.

2.- Automatikoki gal dezakegu geure lanpostua, berori oposizioz edo irakasle numerari (Estatuaren funtzionari) baten lekualdatzeaz betetzen bada.

3.- Ez zaigu aintzinatasunik ezagutzen, gutariko batzuk lanean hamar urte daroagun arren, eta askok bost urte baino gehiago (jarraiko kontratuez).

4.- Ez dugu langabezi asegururik, zeren eta dugun kontratua ikusirik Asegurantza Sozialak ukatu egin baitzigun.

5.- Unibertsitateko Gestio Organoetan dugun parte hartzea, oso mugatua edo ezereza da.

6.- Gure soldatak irakasle numerarienak baino askoz ere ttikiagoak dira, nahiz eta titulazio akademiko berbera dugun, eta lan berbera edo are handiagoa egiten dugun arren.

PNNek soldatapeko langiletzat ditugu geure buruak, eta, horregatik, Kontratu Laborala exigitzen diogu Estatuari, horren bidez gure lana irakasleek eta ikasleek kontrolatua izan dadin.eta, horregatik, baztertu egiten dugu, Heziketa eta Zientzi Ministergoak oposizio desprestigiatu eta manipulatuen bidez proposatzen digun ebazpide faltsua.

Bizkaiko Herriak gure arrazoi justuak ulertuko dituela uste dugu, eta halaber, beraiekin solidarizatuko dela.

BILBOKO UNIBERTSITAL BARRUTIKO PNN-EN BATZORDE KOORDINATZAILEA


P.N.N.en huelga dela eta

Berriz ere heziketa arloan, benetako krisi gogor baten aurrean aurkitzen gara: oraingoan Estatuarenean. Espainiako Estatuak daraman kontraesaneko politikaren manifestazio bat gehiago da egoera hau.

Gaitzesten dugu PNNek, beraien lantokietan duten inestabilitate osoa, honek nabarmentzen baitu zein patroi txarra den Estatu zentralista eta burokratiko bat.

Salatzen dugu ere benetako plangintza ezak, Euskadirako bereziki, dakarren kinka larria. Urteroko irakasleen aldaketak, irakasle hauen funtzionario egoerak, eragozten du beraien integrapena euskal hizkuntz eta kulturan, egiazko oztopoak izanez gauza guztiok gure kulturaren desarroiloan.

Nahi eta nahi ez adierazi beharrean aurkitzen gara Euskadiko PNNek ez dituztela aintzakotzat hartu euskal kulturaz egindako eskakizunak; gehienetan beren planteamenduetan itxura gordetzearekin konformatu dira eta alde batera utzi dituzte planteamendu horik estatu mailako harremanetara heldu direnean.

Gaitzesten dugu batipat intenzio osoaz Espainiako Heziketaren Ministerioak daraman politika, hainbat maila ezberdinetan zatituaz eta banatuaz irakasleak: katedratikoak, erantsiak, PNNak, ordezkoak, kontratupekoak, irakaskintza pribatuan eta Estatuak ordaindutakoetan. Arma berezi bat bezela erabili du Estatuak hori, irakaskintzako langileak zatitzeko, eta beren benetako interesen borrokatik aldentzeko.

Ez dugu eskubide berezirik eskatzen, hau da, titulo bat lortu delako, besterik gabe lan postu bat ematea, zeren beharrezko baita gure gaitasuna egiztatzea, heziketa den bezalako lan zail eta garrantzitsu baterako. Baina beste era batera egin beharko litzateke hori, alde batera utzirik burokraziakeriak, buruz gauzak ikasi beharrak, agintzen dutenen kidekoak bakarrik aukeratuak, eta kontutan hartu beharko litzateke esperientzia, harturiko pratika, ikasgeletan lortutako ondorioak eta Euskadiko kulturaren errealitatea. Salatzen dugu hemen Ministerioak izan duen gogortasuna alor honetan.

Laburtuaz, bada, gaitzesten dugu alde batetik Estatu Espainolak gure Herrian eraman duen heziketaren politika eta baita ere Ministerioaren zitalkeria PNNen problematika bereziari buruz, zeren elkar-hizketako jarrera bat ez daiteke hitz hutsetan oinarritu, egiteetan baizik, horrek eraman du hain egoera larri eta soluzio zaileraino gatazka hau. Estatua da heziketaren egoera latz eta hondamenditsu honen erantzukidun bakar eta benetakoa.

Horregatik, tamalgarria deritzagu zenbait PNN, guztiontzat bat diren interesen defentsan, irakasle, guraso eta ikasleen sentipen eta eginahalak, azaldu eta batzeko gai ez izatea: irakaskintza egoki bat, gaitutako irakasleak emana, Euskal Herri eta kulturaren zerbitzuan eta denon artean jestionatua.

E.L.A.ko IRAKASKUNTZAKO LANGILEEN FEDERAKUNTZA


Maestriako greba

Basauriko Maestria Eskolan ikasten duten 1.100 ikasleak greban daude Otsailaren 4.etik. Greba honen iturriak bi puntutan daude: alde batetatik, Eskola honen Zuzendaritzak ez dio erantzun ikasleek egindako eske zerrenda bati eta, gainera, ikasleen bi ordezkari expediente bidez mehatxatuak izan dira. Beste aldetik, zuzendariaren dimisioa eskatzen dute ikasleek, haien iritziz zuzendari honek ez baititu bere zuzendari beharrak betetzen, beste lan batzutan dagoelako. Zuzendaritzak gaur arte emandako erantzun bakarra hauxe izan da: Otsailaren 9an Eskolaren ateak bi astez hertsi zituen, ikasleek zuzendariaren dimisioa eskatze honengatik.

Ikasleek egindako eskeak bi mailakoak dira: Eskolan ematen den irakaskuntzaren kalitatea haundiagoa izan dadila eskatzen dute eta, gainera, Eskolan erabiltzen diren irakaskuntz materialea eta garbitasuna hobeagoak izan daitezela.

Zuzendaritza aldetik ateak Otsailaren 24 arte hersteko erabakia hartu baldin bada, ikasleek ez dira Eskolara bihurtuko Zuzendaritzak ikasleen eskeak Asanblada orokor batetan erantzun arte.


Lauroko irakasleak pedagogiaz mintzo

 Hainbat aldiz eta arrazoi ezberdinez plazaratu den ikastola dugu LAURO. "Bere hazkundeari motz dagozkion egiturek sortzen duten zenbait herstualdi" jasan du. Ikastolak behar duen "profesionaltasuna" finkatu bidetan doa. Egoera berri honi dagokion egitura apropos bat sortua dela dirudi. Inork guttik egitura berri hau ezagutu gabe eritzi asko entzuten denez eta, guztiontzat jakingarri izango zaigulakoan guk zuzenean jo dugu LAUROra eta han Pedagogi Batzorde Arruntarekin solas aldi bat izan dugu heurengandik egungo egoera hau ezagut dezagun.

— Nortzuk osatzen duzue Pedagogi Batzorde Arrunta?

— Ikastolako zuzendaria den Patxi Atekak, haro edo etapa bakoitzeko koordinatzaileak: Preeskolarrekoa: Miren Undabarrena; 1. harokoa Joseba Llona, 2. harokoa: Mikel Mimentza eta B.U.P.eko Jaime Martinez.

Araudiaren 1. artikuluak dionez ikaslegoak ere bi ordezkari izan behar lituzke Batzorde honetan. Egia da orain arte, honetara bultzatzen ditugunarren, ezer gutti lortu dugu. Eztaude ohituak jokabide honetara. Dena den, uste dugu B.U.P.ekoek demokraziako usadio hauk bereganatuko dituztela.

— Beraz, aurtengo urtea al duzue sistima honetan lehena?

— Ikastola honek ez zuen Araudi osatu bat, ttikia zenean bezala baitzebilen. Baina ihazko istiluen ondoren ohartu ginen Araudi on bat behar genuela, egungo egoerari erantzungo diona. Eta honela hasi ginen irakasleok lanean, Araudion osa genezan. Zenbait bilera eta orduren ondoren eskutan duzun Araudi hau lortu genuen, 1975-6 ikasturtearen amaierarako. Aurten osatua eta Juntak onhartua.

Bestalde, gustora egon gaitezkela uste dugu, Araudi on bat dugulakotan gaude. Irakasleoi pedagogian posibilitate handiak ematen dizkigu.

Izan ere Pedagogi Batzorde Arrunta osatzen dugunon esku dago ikastolaren eguneroko martxa.

— Nola aukeratzen da etapa bakoitzeko koordinatzailea?

— 3. artikuluaren arauera "etapa bakoitzeko irakasle guztien artean egingo da aukeratzea, 2. haroan eta B.U.Pean ikasleen ordezkariek ere parte hartzen dute".

Haro bakoitzeko irakasle guztiek (2.haroan eta B.U.Pen ikasleen ordezkariek ere bai) gutienez hilean behin bilera bat beharko dute egin.

Baita talde hau osatzen duten edonork eska dezanean.

— Irakasleok egin duzuela diozute. Konforme al zaudete irakasle guztiok Araudi honekin?

— Azpian dituen sinadurak zenbatzen badituzu eta irakasle guztiak 37 garela kontutan harturik, ohartuko zara lauk ezik beste guztiok izenpetzen dugula. Beraz gehiengo handi batek onhartua da. Egin ditugun asanbladatan inork ere ez du beste alternatibarik aurkeztu, ez eta kontrako punturik ere.

Haro bakoitzeko egoera bilera hauetan aztertuko da, bai hezkunde eta bai disziplina arloan.

— Gai edo istilu nagusi edo garrantzitsuenak nork konpon ditzake, Pedagogi Batzorde Arruntak?

— Ez, zenbaitetan gerta ohi dira Batzorde horren arduratik kanpoko gertakariak. Horik konpontzeko dago Pedagogi Batzorde Berezia, bereziki Ikastolaren pedagogi orientazio arruntak erabaki ditzan eta anormaltasun nagusi guztiak zuzen ditzan.

Batzorde berezi hau Pedagogi Zuzendariak (ikastolako zuzendariak, hain zuzen) etapa koordinatzaileek, eta koordinatzaile hauk hainbat Juntaren ordezkarik, hauetariko norbait behintzat irakaskintzan profesionari izan dadila saiatuz, osatzen dute.

— Beste puntu bat ere ikusten dut. Zenbaitetan ikastetxeetako Zuzendariak ez dira behar haina pedagogi profesionari izaten, honek dakartzan beste arazo guztiez. Lauron nola aukeratzen da Zuzendaria eta zer eskatzen zaio?

— Izendatzea Juntak egiten du, Pedagogi Batzorde Bereziak proposatuz. Eta printzipioz hiru urtetarako izango da.

Baina interesgarriago deritzagu Araudiak eskatzen dionari:

- irakaskintzan experientzia

- egungo pedagogi teknikak menderatzea

- euskara eta Euskal Herriko kultura erabat jakitea.

Beraz pertsona egokia aukeratzeko bide aproposa deritzagu. Kontutan eduki behar da edozein proposamen gehiengoaz erabaki ez daitekenean, berak duela erabaki botoa.

— Uste dut honez gero Araudiari eman diogula erabateko azterketa bat. Zuen iritziz zer azpimarkatuko zenuteke?

— Bost puntutan jar genitzake gure iritziak:

1. Demokraziaz egina dela eta pedagogi demokratiko bat bultzatzen duela.

2. Gurasoen interesak eta irakasleonak batzeko aproposa dela.

3. Ikastola honetan zegoen hutsune handi bat betetzera datorrela.

4. Neurri honetako ikastola batek eta kooperatiba izateak dakartzan problema bereziak konpontzera datorrela.

5. Haurrak gaurko Euskal Herriko egoerarako hezitzeko aproposa dela.

— Aipatu duzue kooperatiba izateak arazo bereziak dakartzala. Zeintzu dira hauk?

— Batez ere arazoa bat da: gurasoak eta haurrak direla Ikastolako nagusi, eta gu hauen enplegatu garenez, gure ugazabak dira. Nola eman geniezaioke zigorren bat gure ugazabari? Orain pedagogi eta disziplina arloa pedagogi batzordeen esku dago.

— Lehen hasieran B.U.P.en egoera bereziaz mintzatzen entzun zaituztet. Argituko al diguzue zertxobait?

— Lehenik kontutan hartzekoa da B.U.P.eko bi kurtsoak mantentzeak ikastolarentzat pisu handia suposatzen duela. Izan ere 39 ikaslentzat bost irakasle berezi daude.

Bestalde, B.U.P.ek duen beste arazoa legezko homologatzearena da. Izan ere, legezko onhartze hau eskatu zenean (ihazko kurtsoan), bi kurtsotako epea behar zela erantzun zigun hezkunde inspektoreak. Aurten etorri den inspektoreak, aldiz, erabateko harrera onez hartu du eta aurten berton homologa daitekela esan.

Beste zerbait ere esan daiteke honetaz: Bizkaiko Institutoetarako euskararen plangintza bat egin dezagula eskatu digu. Oso oker ez bagara hitz hauk berak esan zituen: "Bizkaiko Institutoetan euskara neurri osoz bultzatzeko prest nago".

Honegatik, beste zenbait arazoren artean, programaketa hau osatzen dihardugu, datorren ikasturterako martxan jarri ahal izan dadin.

— Beste zenbait arazo tartean izango dela dudarik ez. Bukatzeko zerbait esan nahi al duzue?

— Uste dugu Ikastola honetan batzorde bakoitzaren konpetentziak bere lekuan daudela. Beraz onhartezina izango da, esate batetarako, pedagogiaz gurekin kontatu gabe hitz egitea. Eta oraingoz aski izan daitekela uste dugu.

— Hala baderizkiozute, nire aldetik eskerrak eman besterik ez.

A. Inhurri


Munduan barrena

Israeleko "Akiva" Ulpana

Aurreko artikuluetan, sarritan aipatu ditut Israeleko ulpanak. Gaurko artikulu hontan, hango ulpanik onena nolakoa den azalduko dizuet.

Ulpan honek, bigarren mendean bizi izan zen judu jakintsu baten izena du: Akiva. Judu berriekin —hebraiera nagusitan ikasi dutenekin— ba du zerikusirik izen honek. Akiva, berrogei urte zituelarik, analfabetu bat zen. Behin, ur putzu baten ondoan zegoela, galdetu egin zien hangoei, ea nork zulatu zuen harria, putzu hura egiteko. Eta haiek erantzun: "Akiva, ez duzu inoiz irakurri Eskritura Sainduak dioena: Urak zulatu egiten du harria?" Akiva lotsaz beterik geratu zen, ez baitzekien ez irakurtzen ez idazten. Eta egun hartan erabaki sendo bat hartu zuen: berak ere, uraren antzera, ekin eta ekin ihardungo zuela, hebraieraz irakurtzen eta idazten ikasi arte. Berrogei urterekin! Eta gero jakintsu famatu bat izan zen.

Ulpana ikustera, Jerusalemeko gure adiskide Arieh Shoval jaunak eraman gintuen. Goiz osoan egon ginen han, Xabier Kintana eta biok, bertako gauzak guztiak ikusten eta aztertzen. Ikasgelaz ikasgela ibili ginen; eta era ederra izan genuen, hango irakasleek nola irakasten duten ikusteko. Harriturik geratu ginen. Arazo hontaz, irakaskuntzaz, beste egunen batez berba egingo dizuet. Gaurko, aski izango da, beste gauza batzu aipatzea.

Akiva Ulpana orain hogei ta sei urte sortu zen. Israeleko hirugarrena da, sasoi hartan beste ulpan bi bakarrik zeuden eta. Gaur egun, edozein herri eta herrixkatan aurkitzen dira.

Ulpan hontan, beste guztietan bezala, hebraiera irakasten zaie hara doazenei. Baina ikasleak pertsona nagusiak dira beti. Hauen adina —ulpan hontan behinik behin— hamazortzi urtetatik laurogei urtetararte ibiltzen da, gutxi gorabehera.

Akiva Ulpana hotel eder baten barrutian aurkitzen da. Itsasoaren ondoan. Tel Aviv eta Haifaren artean. Bakartatean. Natania izeneko hiritik bost kilometrotara. Hotela elegantea da. Lau izarretakoa. Eta gauza atsegingarri asko ditu. Arbolak. Belardiak. Bainatzeko igertoki gardena. Tenis zelaiak. Diskoteka. Jantoki bakarra eta haundia, itsasoari begira. Logelak, hotel inguruko etxeetan. Etxe batzu handiagoak. Beste batzu txikiagoak. Denak klimatizatuak, bai udan eta bai neguan. Hotel hontan ez dira ikasleak bakarrik bizi. Astearen azkenetan, jende asko etortzen da alboko herrietatik, eguna pasatzera. Eta udan turistaz betetzen da. Ulpanak bere bazter berezia du, eta hantxe daude ikasgelak, bulegoak, biblioteka, hitzalde aretoa, telebistokia eta ikasleen logelak. Dena etxe luze-txikietan, eskailerarik gabe, ateak zelaiaren arras, arbola eta lore artean.

Ulpanaren zuzendaria emakume bat da. Shulamit Katznelson. Emakume trebea, eginkorra, oso maitagarria. Hirurogei urte edo ditu. Berak fundatu zuen ulpana, eta ordutik hona bera da ikastetxearen arima.

Shumalitek ezin hobeto errezibitu gintuen, eta berehalaxe ulertu zuen zergatik eta zertarako joan ginen Israelera. Beharbada, lehendik ere ezagutzen zuen, asko edo gutxi, Euskal Herriaren kultur problematika. Igarri egiten zitzaion barruko poza, gu beraren ikastetxera argi eta orientazio bila joan ginelako.

Beragaz bazkaldu genuen. Eta, bazkalostean, konbidatu egin gintuen, bertan hiru astetako ikastaro bat egitera. Nik neuk, ezin nuen errefusatu inbitazio hura. Guztiz ondo etortzen zitzaidan. Hain zuzen ere, horrexetarako joan nintzen Israelera: hango irakas moldeak ezagutzeko. Baina, hortarako, hebraiera ere ikasi behar nuen. Ez zen nahikoa, lehendik nekien apurra. Bestalde, Xabierrek Euskal Herria itzuli behar zuen. Nik, berriz, bi hilabete nituen oraindik, Israelen egoteko. Dudarik gabe, baietz erantzun nion Shulamiti. Eta, neure aldetik diru apur bat ordainduz, nik bertan sei aste pasatzeko itundu ginen elkarrekin.

Hebraierazko ikastaldiak goizean ziren. Lau edo bost ordu. Arratsaldean, taldeka nahiz bakarka, goizean ikasitakoa errepasatzen genuen eta hurrengo egunerako lana prestatzen. Niri gehiago gustatzen zitzaidan bakarrik lan egitea, arbola baten gerizpean jezarririk, txoriak nire inguruan saltaka eta txiotxioka zebiltzala. Ikasle batzu, tarteka-marteka, igertokira nahiz hondartzara joaten ziren bainu hartzera, edo tenis zelaian ari izaten ziren jokatzen. Nik sarritan pentsatzen nuen, holako ikastetxeak Euskal Herrian ere egokiak izango liratekeela. Beharbada, dirudunentzat bakarrik. Euskal Herriko burgesiarentzat. Burgesia ere euskaldundu behar dugu eta.

Hebraierazko ikastaldiak aparte, goizean, ordu beteko hitzaldi bat ematen ziguten. Israeleko historiaz, geografiaz, literaturaz, kulturaz, politikaz eta bestez. Hortarako, Unibertsitateko irakasleak ekartzen zituzten. Hitzaldi hauk, gehienetan, ingelesez izaten ziren, hizkuntza hau ikasle gehienek ulertzen zuten eta.

Israeleko folkloreak leku berezia du ulpanean. Batzutan goizean eta beste batzutan arratsaldean nahiz gauean, hitzaldi aretoan biltzen ginen, Israeleko kantuak eta dantzak ikasteko. Hortarako, irakasle profesional bat du ulpanak. Judu berria bera, arabiar lurraldeetatik etorria.

Pianoak nahiz magnetofonoak lagundirik, hantxe egoten ginen, ordu bete edo, kantatzen eta dantzatzen. Berdin gazteak eta adinetakoak. Nik neuk kantuan bai, baina dantzan ez nuen parterik hartzen. Ikusten egoten nintzen. Ez naiz inoiz ahanztuko Washingtoneko Abraham izeneko gizon zahar hartaz, hain gogotsu eta trebe dantzatzen zuenaz.

Dantzak politak ziren. Baina ez beste mundukoak. Kantuak, berriz, asko gustatzen zitzaizkidan. Euskal kutsua aurkitzen nien. Dudarik gabe, ba dute gure kantuen antzeko zerbait. Beharbada, aspaldion horrexegatik zabaldu da hainbeste gure artean, futbol zelaietan eta elizetan ere euskarazko hitzekin kantatzen dugun hango melodia eder bat.

Ulpaneko ikastaro batzu laburrak izaten dira: hiru astetakoak. Beste batzu, luzeagoak: sei aste, hamar aste, hogei astetakoak. Ikastaroen hastean eta bukatzean, ikasle berrientzat eta ulpana uzten dutenentzat, jai bat egiten da. Ni joan nintzenean, holako jai bat egin ziguten, ikasle berrioi "ongi etorria" emateko. Hamaika naziotakoak ginen. Banan banan presentatu gintuzten; eta, hortarako, bakoitzaren lurraldeko melodia bat jotzen zuten akordeoiz. Ba dakizue zer jo zidaten niri? Prepara zaitezte. Andalusiako flamenko bat. Ene bada! Zer zen hura! Hori niri? Haserretu egin nintzen goitik behera. Sutu, gorritu, goritu. Sena galdu nuen. Jaiki egin nintzen, besoak luzatu nituen, eta, zoro baten antzera, "lo, lo (ez, ez)" esan nien. Denak ixilik geratu ziren, harriturik, zurturik. Nik, neure ingeles mordoiloan, euskalduna nintzela adierazi nien; eta mesedez barkatzeko, neure buruaren jabe izan ez nintzelako. Harez gero, ulpaneko guztiek zekiten zer den Euskal Herria eta nortzu garen euskaldunok.

Ulpan hontan, Israeleko beste ikastetxe guztietan bezala, inportantzia haundia du Biblia Sainduko Testamentu Zaharrak. Nire ustez, inportantzia horren arrazoi nagusia ez da erlijioa, judu gehienek ez baitute kunplitzen Moisesek agintzen duena. Nire eritziz, arrazoi printzipala beste hauxe da: "Testamentu Zaharra juduen naziotasunaren oinharri sendoa da, eta hantxe aurkitzen dute beren hizkuntza bereziaren iturria.

Astean bi edo hiru aldiz, goizeko zazpietan, berrogei minutuzko irakastaldi bat ematen ziguten —nahi genuenei— Bibliako kapituluren bati buruz. Azalpenak ingelesez izaten ziren, baina hebraierazko textuaren gainean. Gero, zortzietan, ia egunero, ikasle guztiok batzen ginen ikasgela haundi batetan; eta hamar minutuzko hitzaldiño bat entzuten genuen, Bibliako pasarte labur bat gaitzat harturik. Oraingoan, ia hitzaldi osoa "ivrit qala" edo herri mailako hebraieraz izaten zen.

Hauxek dira, gutxi gorabehera, Akiva Ulpaneko gauzarik aipagarrienak. Lehen esan dizuedan bezala, hango irakaskuntzaz hurrengo batez berba egingo dizuet.

Imanol Berriatua


Elkar ikuska

Joan Mari Torrealdayrekin

 Aspaldion J. M. Torrealdayren luma azkarraren lanik ANAITASUNAn ez ikusteaz harriturik geunden ez gutti. Hainbat lanetan sarturik zebilela zekienik ugari zen. Guttiagok genekien, ordea, zeintzu ziren lan horik.

 JAKIN aldizkariaren berrateratze honekin, Jakin talde osoak, eta Joan Marik bereziki, aspalditxoko asmo bat burutu dutela ikusi dugu.

 Gertakizun honen atxakia, Joan Mari beraren egungo egoeraz, eta aldizkariaren eta Jakin talde osoaren asmoez hizketaldi bat azaldu nahi izan dizuegu irakurleoi, egungo euskal kulturaren zenbait puntu interesgarri jasotzeko asmoz.

— Hasteko, adieraz iezaguk ANAITASUNArekiko duan egoera. Eta ihaz egin behar izan huen hautapenaz esaiguk zerbait.

— Aldizkariaren zenbaki bakoitzean agertzen denez, ni nauk ANAITASUNAren zuzendaria. Baina hik ba dakik ongi ihazko maiatzetik edo nik ez dudala errebista zuzenki eramaten. Legezko zuzendaria nauk ni, egiatan. Baina eraman, eguneroko lana egin, hori beste batzuk egiten diate. Ni Parisen egon nintzenean ere, eta gerora, nire lekua Antton Inurritegik betetzen zian.

Bigarrenaz, aukera baten aurrean gelditu ninduan. Hi herori testigu haiz. Hau zuan: ANAITASUNAn gelditu ala JAKINera itzuli. ANAITASUNAn gelditzea tentagarria zuan. Baina JAKINera bihurtu ninduan.

Zergatik? Hasteko, ni ez nauk profesioz kazetari. Formazioz, informazio lanetarako baino eginago niagok kultur langintzarako. Bestalde, JAKINetik etorri ginenok ANAITASUNAri bere bidea eman geniola uste genian: lehenengo Joseba Intxaustik eta gero nik. Irakurleak hori ba diakik ondo, 1976eko urtearekin, erabateko berrikuntza eman geniola aldizkariari: IKER taldeak zieramaan alderdi teknikoa, kazetari bat jarri zuan Zuzendaritzan (Xabier Artzelus). Eta beste. Guri berez gehiago zegozkigun kultur lanetara erretiratzea zela bidezkoena pentsatu genian JAKINen. JAKIN aldizkaria sortzea ere erabakia baitzegoen. Eta bistan denez, ANAITASUNAk bere bidea autonomia osoarekin egin ziezakean. ANAITASUNA kazetal entrepresa bezala errentagarria zuan.

— Beraz, ba zirudik ez dioala heure buruari ANAITASUNA honetan lekurik ikusten, ANAITASUNAtik erabat alde egingo bahu bezala.

— Ez holakorik. ANAITASUNA ez baina Zuzendaritza da utziko dudana, informazio orokorreko egingo denean. Artean, legezko zuzendari bezala irauten diat. Baina gerora ere, gutienez idazle gisa segitzekotan niagok.

Egia esan, aspaldi honetan, idatzi ere ez diat egin. Arrazoia oso sinplea duk: informazio mundutik kanpo bizi izan nauk. Erretiratuta. Hilabete luzetan niabilk liburu lodi bat idazten, Euskal Idazleak, gaur izenekoa. Euskaraz eta espainolez aterako diate JAKINek eta LANKIDE AURREZKIAk. Lanaz kokoteraino harturik egon naizelako ez diat idatzi informazio-artikulurik: aipaturiko liburu hori, eta gero, JAKIN aldizkaria ere hor diagok, astirik eza frogatzeko.

— Goazen bada aldizkariarekin. Liburuak utzita aldizkarigintzara jotzen al du orain JAKINek?

— Hik ba dakik aldizkariarekin sortu zela JAKIN taldea. Aldizkaria duk gure jatorrizko langintza. Hara itzultzen gaituk. Beti ibili gaituk aldizkariaren atzetik. Lehenengo aldiz debekatu zigutenean, hiru urte kosta zitzaiguan baimena berriz eskuratzea, 1961etik 1964ra. Bigarren aldiko ixilaldia luzeagoa izan duk: 1969tik gaur arte. Eta orain ere, baimen probisional batekin kaleratzen gaituk. Orain arte lortu ez badugu, ez duk saiatu izan ez garelako, noski. Behin eta berriz eskatua, eta behin eta berriz ukatua izan zaiguk. Orain ere kostata lortu

Dena den, eskutan diagu orain aldizkaria eta horretan lan egingo diagu. Baina ez horretan bakarrik. Liburugintza ere ez diagu baztertzen. Eskuliburuak gutituko zitiagu, eta oinharrizko liburuak bultzatuko. Jakin-Bide eta Jakin-Hiztegiak zainduko zitiagu bereziki, alegia, euskal kulturak aurrera egiteko behar dituen oinharrizko liburuak. Ba dakik Jakin-Hiztegiak sailerako Euskal Herriko hainbeste eta hainbeste espezialistak lanean diharduela. Honela ulertzen diagu gure lana: kultur animazio bezala, eta ez editoriale huts bezala.

Orain arte, azken urteotan, euskal kulturak horixe eskatzen zuelako, argitaletxeko lanetan itorik ibili gaituk. Gaur ere, bai oraindik. Baina soluzio bila gabiltzak. Ikaragarri nekosoa duk, liburua argitaratu behar den bakoitzean diru bila ibili beharra, esaterako. Konponbide bat behar dik honek. Gure liburuak ez dituk errentagarriak, baina bai premiazkoak, batik pat geroari begira. Etorkizunak edizioaren normalpena exigitzen dik. JAKIN aldizkariak, berriz, bere burua ordain dezakeela uste diagu.

— Aldizkariaren lehen zenbakia ikusi diagu. Biziki ona iruditu zaiguk. Atera berria baduk ere, zenbait eztabaida sortu dik eta ANAITASUNAren aurreko zenbakian ere agertu huen lehen ikuspegi bat. Bestalde, harrera ona ikusten diagu.

— Esan diezaakedan gauza bakarra hauxe duk, ez dela besterik gabe eta bat batean kalera botatako aldizkaria. Asko pentsatua diagok. Aurretik lan handia dik, agian ikusten ez dena. Dena ziegoan erabakitzeko: azala, neurriak, lodiera, barne-egitura, sailen aurkezpena, sailkapena bera, letra-modua, itzulpenak, eta abar; dena. Deus erabaki aurretik, azterketa on bat egin diagu: tankera horretako Frantziako eta Espainiako aldizkari gehienak estudiatu. Berdenboran, Pariseko zenbait aldizkari inportantetan izan ninduan barnetik nola funtzionatzen zuten ezagutzeko. Eta, azkenik, nondik nora jo behar genuen jakiteko, euskal kultur-gizon ezagun zenbaiti galde-zerrenda bat egin geniean. Horren denaren fruitua duk lehen zenbakia.

— Hainbat posibilitate ikusi baduzue, ez zen erraza izango aukeratzea. Zergatik aukeratu duzue formula hau?

— Tankera honetako aldizkaritan ez diagok mila irtenbide. Kultur eta saio aldizkariak Europa osoan neurritan antzeratsuak dituk. Gurea baino handixeagoak batzu. Guk aukeratutako hau, oso erabilgarria dela uste diat, denetan erabilgarriena. Kriterio nagusia horixe izan duk.

Barneko egituretan egokiena hauxe iruditu zaiguk. Aspaldi bateko gure aldizkariak ere berdintsu sailkatzen zian barnea. Gehienetan monografi bidez jokatuko badugu, gaien sakontasunerako duk. Aldizkaria biltegi edo artikuluen almazen bat gerta ez dadin, haseratik bertatik ongi estrukturaturik egitea nahiago izan diagu. Sailak ugari dituk, gainera. Bat edo beste aipatuko dizkiat buruz: Zenbaki honetan, Gure eritziz, Monografia, Orain eta hemen, Gaiak,... Hainbat aburu, Liburuak, Kultur Bideetan, Gutunak, etab.

— Lehendabiziko zenbakia Euskal Unibertsitateaz egin duzue. Nola eratzen duzue zenbaki bakoitza?

— Oraingoz hiru hilabetero kaleratuko gaituk. Baina oso posible duk sarriago, maizago argitaratzea. Irakurleak dik hitza, azken finean.

Lehen zenbakia Euskal Unibertsitateaz egin badugu ez duk moda hutsa delako, eta bai gaia gaurkoa delako, garrantzizkoa delako, eta JAKINen asmotan betidanik sartzen delako. Unibertsitatearen gai hau, liburu bat edo beste aparte, astekaritan emana huen. Gaiak tratamendu sakonago bat behar zuela pentsatu genian. Eta horra zenbakia. Beste zenbait gai ere hautaturik diauzkaagu, honi eta hari kontsultatuz. Erabaki ondoren idazle espezializatu bila hasten gaituk, planteu osoa bakoitzari eginaz. Horrela erabakitzen diagu zenbaki bakoitzeko gai nagusia. Besteekin libreago kokatuko diagu, noski. Parisen bisitatu nituen aldizkariek behin eta berriz kontseilatu zidatena horixe duk: azpiegitura (edo gainegitura) arina behar duela aldizkariak, eta mugikortasun handia.

— Euskal Herrian aldizkariz osaturik gaudela, beste batentzako lekurik ez dagoela, makina bat aldiz eztabaidatu den gauza duk. JAKINez gainera beste bat ere ateratzekoa, eta biak antzekoak dirudienez. Ba al du lekurik JAKINek? Zein leku bete nahi duzue JAKIN aldizkariaz gaurko euskal kulturaren barrutian?

— Euskal gizarteak, euskal kulturak, premiazko dik JAKIN edo honen antzeko aldizkari bat. Ez diakiat formula asmatu dugun ala ez, ez diakiat onhartuak izango garen ala ez, ez diakiat erantzuterik izango dugun ala ez, baina segur niagok maila honetako aldizkari batek arrakasta izango duela. Bete beharreko hutsune bat badiagok hor. Esku liburuaren eta informazio-aldizkarien artean gelditzen den tarte horretantxe kokatzen gaituk gu.

Hona nire analisia: esku liburuen euskal merkatua, urriegia da. Beste liburu moeta bat egitera jo nahi dute orain editorialek. Liburu horrek ez du irakurlerik: alfabetatzearen lana ez da horren gora iritsi. Liburu horiek zailegi gertatzen zaizkiok gure irakurleari, bai gaien tratamenduaren aldetik, eta bai hizkuntzaren egoeragatik. Bestalde, hor diaudek, informazio orokorreko aldizkariak. Hauk informaziorako dituk, noski. Informazioaren gain lan egin behar diate, joera eta maila desberdinetan bada ere.

Bien tartean badiagok lekurik, liburua baino arinago eta biziago eta astekaria baino sakonago izango den zerbait emateko tarterik. Irakurle espezifiko bat ere izan dezakegulakoan giaudek: unibertsitaria, alfabetatzailea eta alfabetatua, kultur animatzaile oro, Euskal Herriaz kezkatua, euskal politikagintzan eta syndikalgintzan dabilena...

Tarte horretan, zulo hori bete nahi lukeen beste aldizkaririk ere ba diagok. Esaterako, Zabal, Elhuyar, laster Zehatz... bakoitza bere berezitasunez. Denentzako lekurik egongo ote den? Ikusteko diagok hori. Egon, ba zirudik ba dagoela lekurik: Zabal iparraldeari lotuko bide zaiok; Zehatz-ek gizarte-zientziak esperimentatuko zitik euskaraz; Elhuyar zientzia zehatzetarako diagok. Eta JAKIN? Zabalagotik jokatu nahi genikek, askatasun handiagoaz. Legearen aurrerako kazetari bat jarri diagu horregatixe, zuzendari. Euskal Herriko kultur aldizkaria bilakatzeko asmoz abiatzen gaituk, bada, bigarren aldi honetan. Kultur zerbitzu hau betetzeko ilusioz.

A. Errota


Postaz etorriak

ANAITASUNAN 332 garren zenbakian agertutako idazlan au:

"Bermeo onelakoetaz azki dugu", eta bigarren puntuan onela diño:

"Alderdi Politiko batek Urtarrillaren 8 an kantaldi bat antolatu zuten. Txilindro eta Landa iraultzalleei buruz egindako eranskailluak saltzeari etzi ez bazioten, guardia zibillei deituko luketeela moduko meatxuak egin zituzten. Kantaldi bitartean "presoak kalera txakurrak barrura oiu bezala eta Euzko Gudariak erri kanta bezala ukatuak izan ziren antolatzalle erasotzalleagaitik".

Oneri erantzuna:

Kantaldi au, Alderdiko gazteak antolatua izan zan, naizta Alderdiaren izenik agertu ez. Gauza bat da antolatzalletariko batzuk esatea, mesedez eranskallurik ez saltzeko, eta beste bat Anaitasunan agertu dana "guardi zibillei deituteko luketeela moduko meatxuak". AU GUZURRA DA, eta argi euki, guk ez dogula bear guardia zibillik gure erriko artuemonak zaintzeko. Kantaldi bitarteko oiuak, ez dira ezan kantaldi bitartekoak, kantaldi guztikoak baño, eta ez da arritzekoa jendea azpertutea eta txistuka aztea, baña ez EUSKO GUDARIAK abestiari, baizik zuen lotu bako oiuari. Uste dogu kantaldi bat entzuten elkartu dan erri batek ori baño errespetu geiago merezi dabela, eta baita abeslariak ere, naiz ta eurak izan erria errespetatu ez dabienak.

Egun orretan argi egon zan, talde aundi bat etorri zala ez kantaldia entzuten, baizik bakoitzak bere norberekeriak agertzen.

ANTOLATZALLE BATZUK

***

ANAITASUNA ALDIZKARIAN 332 GARREN ZENBAKIAN, BERMIORI BURUZ AGERTUTAKO IDAZLAN BATEKO IRUGARREN PUNTUARI ERANTZUNA.

Idazlan orrek zioten:

"Urrengo egunean 9 an, P.N.V.k antolatutako mitiñean, Euskalerriaren nazional eta sozial askatasunaren alde beti burruka egiteagaitik erriak ondo ezagutzen dituen pertsona batzuren sarrera debekatu zioten. Ganera poltsa araketa eta karneta eskatzeak egin ziren".

Lenengo ta bein, alderdi politiko guztien ezkubidea da, erabakitzea nork parte artu bere batzar eta mitiñetan. Eta au ezin leike inork ukatu.

Eskubide oneri ezker, E.AJ.ko bazkideok erabaki gendun nori ezkeiñi sarrera.

Uste gendun, gure batzar onetan ezin leikela parte artu, gure aurka argi ta garbi eta sarritan jarritako jendeak, naiz eta abertzaleak izan. Txartelak euki arren, sarrera ukatu deutsagun pertsonak, ezagunak badira euran nazional eta social azkatasunaren aldeko jokabideagaitik, baita dire ezagunak gure Alderdiaren aurkako jokabideagaitik. Bizitza demokratiko batera eldu bear gara, bai, baña orretako lenengo oñarria, alkar errespetatzea da.

Zelan elduko gara bizitza demokratiko batera, zuek abertzale talde orretakuok gure aurka zagozen bitartean?

Zelan elduko gara bizitza demokratiko batera, gure batzarrak egiteko ezkubideak ukatuten deuskuzuen bitartean?

Bai, guk benetan nai dogu demokrazi bat. Baña ikasi daigun zer dan demokrazia. Eta amaitzeko, mitin orretan gertatutako jazoera guztiagaz arduratzen gara, baña ez gara damu.

EUZKO ALDERDI JELTZAILLEKO BATZUK

***

ANAITASUNAN 332 GARREN ZENBAKIAN, BERMIORI BURUZ AGERTUTAKO IDAZLAN BATERI ERANTZUNA.

Idazlan orretan zera esaten zan:

"Sukalki egunean, Alderdiko pertsona batzuren jarrera: Zabalaren ilketari buruz eta Euskalerriari burrukara deitzen zioten panfleto banatzeari, gogorki oposatu zitzaizkion. Banatzenorretan ziarduten pertsona batzu jo egin zituzten".

Puntu oneri erantzuna: Sukalki Eguna, LAGUN ARTEA gizarteak antolatua zegon. Gizarte onetako bazkide guztiok, Zabalaren eriotza eta Euskalerriko problema edo araso guztiak gogoan arturik, erabaki gendun Sukalki Egun onetan, benetako Euskal Jai bat Bermioko erriari eskeintzea, naiz eta erriko talde batzuk boikotaren alde agertu. Uste gendun ez zala biderik egokiena. Burruka egiteko era azko dagozenezkero, guk aukeratu genduna au izan zan, euskal nortasuna agertzen jarraitzea gure jaietan.

Erabaki onek gogoan arturik LAGUN ARTEAren jokabidea izan zan, jai au boikotatzen etorri ziren guztiaren aurka jartzea.

Jo dala diñoen mutil ori (eta ez dogu ukatuten), ezaguna da gure errialdetik, eta ezin geinke aztu berak eta bere abertzale talde orretako batzuek, Bakioko gazte antolatzalle bateri esan ta emondakoak.

Dana dela, SUKALKI EGUNAko jazoera eta eztabaida guztiaren arduradun edo erresponsablea LAGUN ARTEA GIZARTEA da.

LAGUN ARTEA'KO BATZORDEA

***

E.S.B.ko abertzale bati eta ANAITASUNARI erantzuna

Kaixo Abertzalekideok:

Urtarrilaren 1eko ANAITASUNAn 331.zenbakian hain zuzen, zuek marrazki batez eta "KASeri gutun erdi-irekia, Abenduaren 15, gezurraren ezina" tituluarekin agertu duzuen lantto bat irakurri dugu. Hau dela eta zenbait puntu ezarri nahi ditugu:

1.º- Talde abertzale Sozialista bezala, E.S.B.ren lehen urratsa abertzale ezkertiar guztien batasuna lortzea da, eta hurrengo abertzale indar politiko guztiena. Geure eguneroko lan eta bide guztietan hau eta ez beste azaltzen dugu.

2.º- Eta horregatik, beste talde batzuen lanak aztertzean zenbait hitz —gezurra eta umetasuna— eta marrazki ez direla erabili behar pentsatzen dugu, talde batetik bestera dauden ez berdintasunak edo dibergentziak sakonkiago aztertu baizik.

3.º- Anaitasuna, gutunaren buruan marrazki bat ezartzean gutun honen zentzua aldatuz eta taldeetan dauden ez berdintasunak gehituz, batasunaren aurka dihoa.

4.º- Azkenez obe izango litzake horrelako gutunak nork bere izen eta abizenez sinatzea eta ez E.S.B.ko abertzale bat bezala, zeren E.S.B.ko batzuek gutun honen zentzu osoarekin ez gaude ados, gainera ideia okerreko jendeak E.S.B. eta abertzaleen batasunaren aurka gutun hau aprobetxa lezake eta.

Romoko E.S.B.ko zelueak sinatua.

Romon 1977.ko otsailak 10.


Kaleko [Komikia]

OLARIAGAKO


Urrezko astabelarriak

Hona hemen Bilboko Irakaskuntz Institutuaren ormetan agerturiko kartela, irakasleek protesta egiten dute, eta arrazoiz, oposizioen kontra, eta irakaskuntza hobe baten alde agertzen dira. Guk ere bai. Irakaskuntza hobe bat, euskal kultura handiago bat nahi genuke, oposezio eta isostzerik gabekoa, halegia.

Eta honekin batera, CNT de Euskadik syndikatu faxisten kontrako kanpainako kartela azaltzen dugu, 8 okerren jokorako ezin egokiagoa zatekeena. Agian beraiek ulertuko zuketen hor zer arraio ipini duten.

Eta esku zabalekoak garenez gero, oraingoan astabelarriak parra-parra eskaintzen dizkiegu biei, ikas dezaten, zer cogno!


[Komikia]

OKO