ANAITASUNA

1977.EKO MARTXOAREN 15-EKOA

336. ZENBAKIA

35 PTA.


ANAITASUNA

Bizkaia

hamabosterokoa

ZUZENDARIA:

Joan Mari Torrealday

Urteko abonamendua:

Bertorako 700 pezeta

Latin Amerikarako 800 pezeta

Europa eta Ipar Amerikarako 900 pezeta

Ale bakoitza: 35 pezeta


[AZALA]

berriz ere odoletan

euskal ezker bat


Editoriala

Isili

Amnistiaren aldeko astea baketsua izan zen Gipuzkoan, Gobernadore zibilaren aginduz. "Amnistia ez da negoziatzen. Herria ari da lortzen" slogana on eginaz herri gehienetan hertsaldi eta manifestazio ugari izan zen.

Amnistia osorako lehen urratsak itsaroten zirela, Itxasoko laino beltzak gau iluna ekarri zuen Euskal Herrira. Sebastian Goikoetxea eta Nikolas Mendizabal hilak izan ziren kontrol batetan.

Gertaera hauk beti ere ilunak izan badira, are ilunagoak ematen diren bertsioak. Orain arte sukalde eta lagunartetan jakiten zen zenbait bertsio. Ezkutuan beti.

Baina oraingoan sukaldetik lantegietara eraman du arazoa euskal langileriak eta lantegietatik kalera. Aste bat lehenago "amnistia" eskatuz baketsu iragan kaleak, burruka leku bilakatu dira. Eta hainbat eta hainbat zauritu izan da Euskal Herriko (Gipuzkoan, bereziki) kaletan.

Itxasokoaz egiatan informatzea ez da gauza erraza. Informatzea ez baita libre oraindik. Zenbait muga du gure lanak. Eta kasu honetan mugarekin topo egiten dugu.

Loiola Herri Irratiak bere saioa amaitu beharra izan zuen, egiaz informatzerik ez zuelako. Egia ez esateko, isiltzea hobe.

Baina, Donostiako Gotzainek dioten bezala, "gizarte osoak gertaera hauk argitzeko eskubidea du, behar izanez gero, hauzietara joanez, eman diren informazioak eta erizpenak egiazkoak gerta daitezen".

Herriak egia jakin behar du. Ukaezinezko eskubidea du hau. Eta egia jakiteko behar diren bide guztiak jarri behar dira. Herriaren bideak baidira.


Teletipoa

Otsaila

 19.— Hitxialdi bat Elorrion amnistiaren alde, 110 pertsona. Goizaldeko ordu bat t'erdietan goardia zibilen manuz bukatu egiten da, gora-beherarik gabe.

 20.— Abeslarien bilera egin da Eibarren.

 22.— Bilboko Santutxu hauzategian, gaueko 9etan Jesus Gonzalez, Koldo Gregorio eta Estibalitz Uria galerazten dituzte poliziek, Euskadiko Gazteria Gorriaren paskinak ipintzen ari zirela.

LAB-en presentazioa Durangoko jesuiten ikastetxean.

 23.— Polizia Harmatuak eragozten du Lutxanan (Barakaldon) amnistiaren aldeko hitzaldi bat, Goio Lopez Irasuegi eta Arantxa Arruti senar-emazte eta expresoak emango zutena hain zuzen. Poliziak ez zion jendeari (500 pertsona) elizan sartzen utzi. Lekeition, amnistiaren aldeko hitzaldi baimendu bat, Gobernadore Zibilaren manuz galerazten dute goardia zibilek.

 25.— Aste honetan gogortu egin da traktoreen manifestazioak Nafarroan eta Araban. Aretxabaletan firmak biltzen aritu dira, gero Gobernadore Zibilari bidaltzeko astelehenean, horrela amnistiaren eskakizuna gogortzeko. Poliziek ateratzen dituzte Bilboko ICE-n hertsitako ikasleak eta hauk Obispadura doaz bertan jarraikitzeko hertsialdiari.

 26.— ESAM (Erriberako Sozialist Abertzaleen Mugimendua) sortu berria da. Bermeon, San Frantzisko elizan 150 pertsona hersten dira amnistiaren alde, eta gaueko 12etan goardia zibilek ateratzen dituzte. Euskal Herrian hitxialdiak ugari egiten dira gaur. Denak amnistiaren alde. Lekeition 190 pertsona hersten dira Santa Maria elizan.

Aretxabaletan, 139 pertsona hersten dira bertako udaletxean.

Elorrion berriz egiten da hitxialdi bat "amnistiaren astea"ri hasiera emateko. Deban 200 pertsona hitxi ziren amnistiaren alde.

EUTGeko 36 ikaslek ere hitxialdi bategiten dute Donostian.

Oinatin 500 pertsonatako hitxialdi bat. Beste batzuren artean, Jon eta Gotzonen kaleratzea eskatzen zuten beren manifestuan. Manifestaldia Romon (Hareetan), 2.000 pertsona hiru ordu laurdenez. Lutxanan 100 pertsona hersten dira Buen Pastor-en elizan.

Markinako elizan, Ondarroa, Markina eta Berriatuakoak bildu ziren (250) hitxialdi bat egitera. Lasarteko elizan 125 pertsona. Andoaineko udaletxean 150, Zumarragakoan beste 150, Arrasatekoan 300., Hondarribiako elizan 150, udaletxean ezin zutelako. Bergarako udaletxean 300 bat. Donostian ere ezina izan zen udaletxean eta elizetan egin ziren hitxialdiak. Hernanin 26 gazte hersten dira elizan. Bilbon mila pertsonatatik gora. Beran 80 pertsona igande gauerarte.

 27.— MITINAK:

ANVarena Barakaldon, ESB-arena Ormaiztegin, DCV-arena Donostian, PSOErena Errenderian.

Durangon, Celulosas del Nervión paperolako asanblada informatzaile baten on.oren 300 pertsona manifestatu dira eguerdiko ordubatean eta goardia zibilek sakabanatzen dituzte.

Deban hertsitakoak irteten dira eguerdian eta 1.000 pertsonatako manifestaldi bat erazten da.

Oinatin, hitxialdiaren bukaeran 2.000 pertsona manifestatu ziren ordu erdi batez.

Aretxabaletan ere bi mila pertsona manifestatu ziren amnistiaren alde.

Erandioko Ibarra kalean amnistiaren aldeko firmak biltzeko mahaiak muntatu ziren. Eguerdiko 12,20an poliziak etorri ziren eta mahaiak kendu. Mila pertsona inguru bildu ziren bertan "asesinos" deituz poliziei.

Markinan goizaldeko ordu batean goardia zibilek apez bat bitartezko hartuta hustu zuten eliza.

Iruinean kasik mila pertsona manifestatu ziren amnistia osoaren eske.

 28.— Donostiako alkateak dimisioa eskatzen du.

Oinatiko ikastolako haurrek ere beren kartel eta irudiz amnistiaren eskakizuna sendotzen ari dira.

Ondarroan 1.000 pertsonatik gora manifestatu ziren eta azkenean poliziek Asterrika detenitu zuten 35 urtetako herriko troskista bat.

Orduan bostehun pertsona hurbildu ziren koartelera "zuek faxistak zarete terroristak" esanez. Baina presoak barruan ziranez tabernak herztera saiatu ziren.

Tuteran Txaro Berzosas galerazten dute nekazarien asanblada batetan argazkiak egitearren antza denez.

ORT-aren legalizazioa tribunal supremoan.

EKIN imprimategia prezintatzen dute Bilboko Garcia Rivero kalean eta Jon Elgezabal galerazten dute bertako jaube gisa, KAS-ek firmaturiko kartel batzu gora behera.

LAB (Langile Abertzaleen Batzordeak), KAS-aren barruko sindikal taldeak, nazional idazkaritza eratu du herrialde bakoitzeko lau pertsonez osaturik.

Kurtsaleko zubian, Donostian bost multi kateatzen dira, amnistiaren osoaren alde. Bukatzen dute beren hitxialdia Bilboko obispaduan hertsitako hamairu ikasleek eta manifestaldi bat antolatzen da kaleetan zehar.

Martxoa

 1.— ORTeren partaideak galerazten dituzte: Xabier Iturbe eta Jose Migel Ibarrola Iruinean; Juan Jose Martinez Leunda, Jose Berakoetxea, Alexandro Lopez eta Juan Jose Zumeaga, Gipuzkoan; eta Jose Antonio Rodrigez, Fernando Rodrigez, Antonio Montealvaro eta Benito Urtaga, Bizkaian.

Donostian 2.000 pertsona manifestatzen dira amnistiaren eske.

PCek argitara ematen ditu beren kandidatuen zerrendak Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako, probintziok baitira Euzkadi PCkoen ustez.

CCOOren barruan bi atal desberdin zendotu dira, bata asanbladazko mugimenduaren alde eta bestea PCek apuiatua berau, asanbladarik gabe botazioen alde.

Fernandez Palaciok, kontsumidoreen zuzendariak, bi aste barru amnistia lortuko dugula esaten du publikoki, amnistia zer den ere ez dakiela asalduz horrela.

 4.— Herreran goizaldeko ordubatean, Mujika Arregi "Ezkerra-ren" familia bizi den etxeari su eman zioten.

Eguerdion, ehun emakume baino gehiago —Aurrerako langileen emazteak— manifestatzen dira entrepresa aurrean. Krisis espediente batez, 189 langile kalean jarri nahi ditu entrepresak.

Ihas Gasteiz-eko gertakizunen ondoren filmaturiko "La masacre de Vitoria" filmea erakutsi da Lejoako Unibertsitateko areto nagusian "amnisti-astea" antolatuz. Donostian laneratu aurretik, bankako 2.000 langile manifestaldi bat egiten dute amnistiaren alde.

Oraindik 170 preso baino gehiago ditugu Espainiako gartzeletan. Cruces-eko ospitalean, bertan 150 langile hersten dira amnistiaren alde. Manifestaldiak Irunen amnistiaren alde. Aretxabaletako plazan 300 pertsonak eserialdi bat egin zuten 8,30etan amnistiaren inguruan.

 5.— Txoriherriko Famili elkarteak eratuta, kantari jaialdi bat antolatzen da, Herkide, Joseba Etxebarria, Gontzal eta Xeberri, Asier eta Aitor Loroñoren laguntzaz. Erandion manifestaldi bat egin zen. Oihuak izan ziren: "Mentxakatorre eta Diezo askatu"

Bruselasen 150 pertsona manifestatu dira Espainiako enbajada aurrean Euskal Herriko amnistiaren aldeko astea apuiatuz. Goardia zibilek presaz bukarazten dute amnistiazko hitzaldi bat.

Hitxialdi bat Orduinako elizan.

Mundakan 40 bat pertsonak hitxialdi bat egiten dute.

Derioko zinetokian mahainguru bat egin zuten amnistiari buruz, Bizkaiko amnistiaren aldeko elkarteak antolaturik.

Arantxa Arruti expresoak euskara hutsean eta bizitasun handiz hitz egin zuen, "negoziatzaileak" salhatuz.

Bilboko Iturbideko Santa Maria parrokian, gazte pila bat hertsi da amnistiaren aldeko eskakizuna sendotzeko.

Gailartan 500 pertsona manifestatu dira

Rosana Tramonen galerazpenari protesta eginez.

 6.— Gasteiz-en Joseba Marijuan galerazten dute eta autobusen geltoki aurreko poliziak jotzea leporatzen diote.

ESB-aren mitina Santutxun, Bilbon.

Abeslarien asanblada Eibarren.

Orduinan 400 pertsona hersten dira amnistiaren osoaren alde.

Irurtzunen galazo egiten da UGT-eren presentazioa.

Amnistiaren aldeko gestorak ezin dute Gasteizera ailegatu.

Lekeition PNVak mitin bat egiten du "La cultura en Euzkadi"ri buruz eta "PNV-ren linea"ri buruz. Bilbon ere Sabino Aranaren inguruko mitina.

 8.— Sei objektore kateatu egin ziren Bilboko udaletxeko eskaileretan, iragan Urtarrileko dekretuari protesta egiteko.

Berriz ere autoen gurpilak pintxatzen dituzte Gernikan, 300 auto baino gehiago.

Arrasate, Legazpia, Hernani eta Bergarako alkateak Gipuzkoako Gobernariarekin elkartzen dira.

ETA-k agiri bat bidaltzen du Bilbo eta Donostiako Herri irratietara.

Bizente Anton Ferrero poliziek hil zuten Basaurin gaur urtebete bat.

Miguel Castells abokatuak, amnistiari buruzko liburu bat aurkeztu du.

 9.— Lanean geraldiak eta kaleetan manifestazioak atzoko Zumarragako gertakizunengatik.

 10.— Arratsaldean Loiolako Herri Irratiak eten egin zuen emisioa: "Gauzak nola gertatu diren esaterik ez dugunez, bihar arte jaun-andreok" esanez.

Bakio alkate den Alfontso Elexpururen txaleta erretzen dute.

Acción Liberal Vasca-k bere legalizazioa eskatu du Bilbon.

Alkoholikoek mediku bat ere ez dutela azaltzen diote Bizkaiko Diputazioari.

Elizkizunak eta hilobiratzeak.

Lipmesako greba aurrera doa. Gaur nota bat ezartzen dute zuzendariek fabrika atean. Greba generala Gipuzkoan eta geraldi garrantzitsuak Bizkaian.

Ez da egunkaririk argitaratzen Donostian, bat ere ez.


Euskal Herrian

Goikoetxearen hiletak. Nikolas Mendizabal "Zarra"

Aldez Aurretik

Hil nadinean,

nazatenean,

ez hadi trista nigatik

Harraio ene bideari

Hori eginen hukeelako

esperantzak

bizi baininduen ni

Xabier Kintanak


 1977eko Martxoaren 8an Euskal Herrian Emakumearen Egun Internazionala lehengo aldiz hospatu da, egun honetan emakumeek aurrerantza eraman behar dugun eguneroko burruka gogoratzen dugu gure zapalkuntza eta sozial bazterketaren kontra.

 Bizkaiko Emakumeen Asanbladak egun hau hospatzeko ekintza batzu antolatu zituen. Goizean Bilboko leku batzutan mahaiak ipini genituen, emakumei buruzko liburuak erakutsiz eta geure programa, eranskailuak eta beste liburuska banatuz.

 Arratsaldeko 7'30etan San Francisquito elizan batzar batean mila emakume baino gehiago egon ginen. Gure problematikaren aldi batzu aztertu genituen eta gure artean solidaritate giro haundi bat sortu zen.

 Amaitzerakoan, Santutxutik zehar manifestazioan joan ginen Poliziak, bere ohizko metodoak erabiliz eta emakumeen aldeko manifestaldi batean lehengo aldiz, manifestazio hau desagun arte.

 Bizkaiko emakume askorentzat burruka honetan partaide izateko lehengo pausu bat izanda, eta gainera emakume guztientzat pausu garrantzitsu bat.

 Gure problemak eztabaidatzeko hainbeste emakume elkartzen ginen lehengo aldia zen.

 Hemendik aurrera, gero eta emakume gehiago bide honi jarraituko diogu, seguruago eta gogo haundiagorekin geure askatasuna lortzeko.

 Egun honetan Bizkaiko Emakumeen Asanbladak atera zuen agiria, ondoko hau da:

BIZKAIKO EMAKUME GUZTIEI MARTXOAREN 8-an: EGUN HONETAN MUNDU GUZTIARI EGUNEROKO BORTXAKETA: ZAPALKETA ETA ALDERAKETAREN AURKAKO BORROKA GOGORA ERAZTEN DIOGU.

1.857.ko Martxoaren 8an: EEUU-n greban zeuden emakumeek poliziari aurpegi ematen diote.

1.910.ko Martxoaren 8an: Emakumeen borroka egunean hasten da iraultza. Petrogrado-ko emakumeen ekintza egun internazionala proposatzen du.

1.917.ko Martxoaren 8an: Emakumeen borroka egunean hasten da iraultza. Petrogrado-ko emakumeen manifestaketa izan zen 1.917.ko prozedura iraultzaileari hasiera eman zion.

1.943.ko Martxoaren 8an: Italiako emakumeek faxismoaren aurkako manifestaketa bat antolatzen dute.

1.977.ko Martxoaren 8an: Bizkaiko Asambladako emakumeek ere borroka egun izendatzen dugu egun hau, konturatzen baikara gure egoera ordutik ez dela ezer aldatu.

- Oraindik gure Herrian ez dago zerbitzu kolektiborik, hots, haurtzaindegi, jantoki etab... guk etxetik kanpora lan egin dezagun. Emakumeak "etxeko" gartzelara edo lan doble batetara gaude mermaturik.

- Jabeentzat ez gara errentableak: asko nekatzen garelako, gehiagotan faltatzen garelako, haurdun jartzen garelako. Eta arrazoi hauetan finkaturik lanik txarrenak ematen dizkigute, gizonek nahi ez dituztenak, halegia.

- Emakumea oraindik gartzelara eraman dezakete bere gorputza libreki erabiltzeagatik, hots, abortoa, adulterioa, etab... Emagaldua jende guztiak mesprezatzen du, hori bere nahiez egingo balu bezala. Giro sozialak eta lanezak bihurtzen dute horretara.

- Geure Herrian emakumeok ez dugu eskubiderik zenbat haur eduki nahi dugun erabakitzeko, ez eta ere nahi dugun ala ez planteatzeko. Antikontzeptiboak, abortoa eta sexu-informazioa legez debekaturik daude.

- Geure Herrian emakumeok egiten dugun lana mesprezaturik dago: Seme-alabak, etxeko lana, gizonek gure zerbitzuarekin lortzen duten bizimoldea, etab... lan hauek ez dute balorerik, ez dira lan. Halere pentsatzen dugu guk egiten dugun lan hau norbaitek egin beharko duela eta ez dohan, guk orain arte egin dugun bezala.

1.977.ko Martxoaren 8an Bizkaiko emakumeok buruhauste honekin aurkitzen gara. Baina gure borroka ezin da izan ez egun batetakoa, ez urtebetekoa. Gure borrokak egunerokoa behar du izan. Martxoaren 8an bizitzan zehar gurekin sufritu duten emakume guztiekin elkartu nahi genuke.

 EMAKUMEA, EGIN HITZ, EGIN GARRAISI GUREKIN, NAHI DUZUNA ETA GUSTATZEN EZ ZAIZUNA ADIERAZTEKO!!!

 EMAKUMEA, BORROKA ZAITEZ ZEURE ASKATASUNAGATIK!!!

 ELKAR ZAITEZ GUREKIN MARTXOAREN 8an ARRATSALDEKO 7'30etan SAN FRANCISQUITO ELIZAN EGINGO DUGUN EKINTZAN!!!

Idoye


Suarezekiko tratuen agonia

Dakigunez, Gobernuaren eta talde demokrata-kristauaren iniziatibaz, Referenduma baino lehentxoago, urgentzia handiz "negoziapen" deituriko gauza batzu antolatu ziren Gobernu eta oposizioaren artean. Planteiamendu hauek euskal ezkerrari merezi zioten eritzia ezagutzeko aukera ukan genuen orduan. Berorrek egiten zion kritika, ondoko puntutan zentraturik zegoen:

Lehenik, planteiamenduaren egokieraren falta argia: Une hartan oposizio guztiak edo ia guztiak Referendumari buruzko abstentzioa planteiatzen zuen, batez ere hura proposatzen zuen gobernuaren kredibilitate demokratiko eza adieraziz, eta bai bertan postulatzen zen erreformaren izate demokratiko oso mugatua ere alegatuz. Hala ere, eta paraleloki, oposizioak onhartu egiten zuen, Referendum horretatik abiatuz martxan jarria izanen zen hauteskunde-legea negoziatzea. Joko ulertezin hau, ez da inoiz azaldua izan ahal: Ez ditut zure jokoaren arauak onhartzen —abstentzioa— baina beraren aplikapena eztabaidatuko dut zurekin —negoziapena—. Edozein pertsona normalek ezinbestean atera behar zukeen ondorioa zera zen, oposizioak, izatez, onhartu egiten zituela joko haren arauak, hori esan nahi ez bazuen ere. Eta horixe izan zen prezeski, Herria, Hego Euskal Herria salbu, masiboki botatzera bortxatu eta eraman zuena. Hots, aurkitzea lortzen ez ditugun arrazoiengatik, oposizioak kredibilitate demokratikoa eman nahi ukan zion gobernu bati, eta "Suarez erreformaren" baieztapena lagundu zuen, Referendumean parte hartze masiboa adoretuz, zeinek, noski, erreforman BAIETZA baino ezin baitziezaiokeen eman, zeren eta EZETZA ultraeskuin faxistaren alde botatzea baitzen.

Bigarrenik, prozedurarekiko kritika bat ere ulertu uste genuen: Izan ere, 9en komisioa deiturikoa, oposizioko familia ideologikoz osoturik zegoen (demokratak, liberalak, sozialdemokratak, sozialistak eta komunistak) eta hauei marginalki eta nahieraki Euskal Herriko, Kataluniako eta Galiziako ordezkariak gehitzen zitzaizkion. Familia iraultzaileen ordezkarien hutsunea ikusten zen, eta, batez ere, behera botatzen zen, urte osoko nolabaiteko oposizio lana, zeinen fruitua P.O.D. antolakundea baitzen, non garrantzi berdintasunez integraturik geratzen baitziren, estatuko nazionalitate eta herriak. Edozein modutan, onhartezina da ezen Hego Euskal Herria —planteiamendu horietan parte hartzea erabakiko zukeen kasua suposatuz— 9ren aurka 1en pisuz ordezkatua izan zedila, faxismoaren gainditzea negoziatu nahi zenean, zeren eta faxismo horren erorkera beraren obra baita, modestiaz esatera ausartzen ez garen neurri batetan, baina 1/9 horrek adierazten duen baino askoz ere pisu handiago batetan, zer esanik ez. Beste ikuspuntu batetatik, euskal ezkerrak jakin erazi zuen ezen burruka-metodo horik erabiltzea erabaki eta ahalko zukeen egunean, edozein modutan ere "Hego Euskal Herria-Estatua" negoziapen zuzen baten bidez ordezkatuz eginen zukeela, berau beste "Nazionalitateen mahaia—Estatua" delako bide posible batekin batera eramanez.

Hirugarrenik, gogorki kritikatu zen Euskal Herriaren ordezkarien errepresentatibitate falta. Bertan PNV, ANV, PC, PSOE eta PSP alderdiak zeuden, eta hauei laster gehitu zitzaien DCV delakoa, hots, faxismoaren aurka eta bere askatasun nazional eta sozialaren alde Euskal Herriak eraman duen burrukan konbatibitate-maila behera ukan duten indarrak, PCren salbuespena eginez eta hau bere zerbait arlo partzialetan eta 60.urte ingururarte. Komisio horrek agertzen zuen "Euskadiko Ordezkaritza" titulua, kasketaldi bat izateaz gainera, zein zentzu duen ez dakigun probokazio argia euskal oposizioaren errepresentatzaile diren beste indarrekiko.

Laugarrenik, hastapen kuestioz ere kritika berezia egin zen. Esaten zenez, ezin egin daiteke traturik mintzaide bezala onhartzen ez zaituenarekin, ez eta torturatzen ari zaizunarekin. Beste bertsio hau ere entzun genuen: Boxeo jokoaren arauek osotasun indibiduala duten bi aurkako exigitzen dute: Ihardukiera ez da posible, bietariko batek eskuak bizkarrean loturik baditu —askatasun ezaren antzerakoa da hori, ez baitu uzten oposizioaren agerpena— eta gainera itsu badago, bezpera begiak erauzi baitizkiote —hau da, harmarik onenak katibaturik baditu, bere burrukalaririk onenak gartzelan baditu—. Beraz, inola ere traturako prest ez dagoenarekin tratua egitea ezina dela esaten zen. Euskal ezkerrak planteiatzen zuenez, edozein negoziapen baino lehen, Gobernuak bere negoziatze borondatea frogatu behar zuen, guttienez amnistia eta demokrazia onhartuz, hots, guztientzako askatasunak onhartuz.

Denborak frogatu egin ditu, jarrera horik sostengatzen zituen arrazoiak. Izan ere, boterearen eskuz leku batez jabetzeaz baino pentsatzen ez duela dirudien oposizio batekin, eta gorantz igon duen herriaz eta oinharri sozialaz ahantzirik dagoen oposizio batekiko flirt sinestezin batetan, Suarezek toreatu egin du oposizio hori eta adarra jo dio behin eta berriro, errealitatearekiko edozein antza kasualitate hutsa izan dadila eginez, eta galeriari begira oposizioak egiten zituen planteiamenduetatik negoziapenaren ondorioetara inolako lotura-haririk egon ez dadila eginez. Suarezek, bere kontura, berari komeni zaion hauteskunde-legea egin du, egun batez alderdi baten legeztapena onhartzen du eta hurrengoan ez, eguneko humorearen arauera, eta amnistia eta askatasun faltsuz Cruyff-ek baino hobeki driblatzen du eta engainatzen du.

Esperientzia honetatik, batzorde negoziatzailea sartu zen bezain hutsean irten da, baina bitartean kartak Suarezen eskuetan utziz, zeinek, ongi gizendu eta finkaturik, hauteskundeei begirako eskala handiko egintza prestatzen baitihardu, estatuaren aparatuan kapital handiak duen hegemonia politikoa tinkoagotuz. Irten egiten ote da? Tira, oraindik ez da irten, Felipe Gonzalez Jauna kenduz, besteak baino azeriago berau, zein huskeria bat probetxatuz, irrigarri geratu baino lehenago ihesi joan baita. Hauxe da prezeski, barruan daudenen problema, halegia, daudeneko istilutik ahalik eta airosoen nola irten.

Bitartean, edozein modutan argitasun graduak dituen Euskal Herriak gogora erazi digunez, "Amnistia ez da negoziatzen, Herria ari da lortzen"

H. ASKE


Euskal Herrian

Euskal Erakunde Herritarra

E.K.M., Eusko Sozialistak, O.R.T., P.T., P.C.U., K.A.S.(E.I.A., E.H.A.S., L.A.I.A., L.A.B.) E.K. (lehen OPI), ELKI (lehen LCR-ETAVI) eta OIC-ek aurkezten duten Euskadiko politik Erakunde bat sortzeko programaren proiektua.

Juan Carlosen monarkhiak, Frankok goitik behera jarriak, lehen unetik espainol Estatu osoan "politik erreforma" izeneko prozesu bati eman zion hasiera. Denbora honetan gure Euskal Herriak aski garbi ikusi ahal ukan du "erreforma" hori zertan datzan; funtsean hauxe egin nahi da: Frankoren gobernamodu faxista berriztatzea, horrela europar demokrazia burjes llabur baten antzera moldatzeko, bide honetan oraingo Estatuaren aparatuak, inolako aldakuntzarik gabe, iraun dezan, Frankok erabakitako monarkhia sendatu eta, herriari ahalik eta amoremate ttikienak emanez, kapital haundiaren nagusigoa ezein momentutan zalantzan jarri gabe.

Erreformarako saio honek aldean Herriaren kontrako politika nabari bat dakar, masak apalik edukitzeko eta indar iraultzaileak bereziki zapaltzeko. Gure Herriaren kontrako zapalkuntza oraindik hor dago. Hor dira, lekuko gisa, gaur arte Euskal Herriko asasinatuak, zapaltzeko indarrek eta banda faxistek egindakoak; hortxe daude, bestetik, Euskal preso politiko ugariak eta oraindik ezin etxeratuz dirauten ehundaka herbesteratuak; hor dira, gainera, gure Herriaren kontra egindako atentatuak, beraien arteko asko Ipar Euskal Herrian gertatuak, eta hortxe dago, azkenik, gure Herriak, bere eskubiderik oinharrizkoenak eskatzean, etengabeki pairatu behar duen zapalkuntza sistematiko eta basatia, maiz torturaraino helduz.

Bestalde, eta beronekin batera, euskal indar demokratikoak errejimen arbitrari eta bereizgarri baten azpian daude, batzuekiko tolerantzia eta baimenekin batera, besteekiko hestura tartekatuz, horrela argiro iraultzaile diren euskal indar demokratikoak masengandik urrundu nahirik.

Euskal Herriak orain arte burrukatu eta orain ere etengabeki burrukatzen dueneko nazional askatasunak, behin eta berriro ukatzen dizkigu oraingo gobernuak, batera, amoremate ttikitto batzurekin gure jendea Euskal Herriaren nazional problematika ezin konpon dezakeen egoera bat onhartzera bultzatuz.

Gobernu erreformisten politika, ekonomia oraingo krisisetik ateratzeko gai ez izateaz gainera, egunetik egunera langile klasearen eta euskal langileriaren bizitz eta lan kondizioak gaizkatzenago jartzen ari da.

Beronen aurrean, gobernuak, bere "politik erreformarako legeaz" agerturiko bidea gure Herriaren demokrazi eta sozial nahietarako hautakizun baliagarria ez dela, ondo dakigularik, euskal eritzi publikoari programa bat agertu nahi diogu, gaur beroriengatiko burrukatzea merezi duten punto nagusiak dauzkana, azken 40 urteotan gure Herriak pairatu duen zapalkuntza faxista luze eta larriak ekarri dizkion ondorio txarrak egiazki gainditzera lagun diezaiokeen benetako hautakizuna dena.

Esandako programa, eta beraren oinharrian egiteko proposatzen dugun erakunde bateratzailea, gure Herriak bere zapaltzaileen kontra egin behar duen burruka firma eta ausarta aurrera eramateko eta indarrak biltzeko bide egoki batzu direlakoan gaude, horien bidez nahi ditugun demokrazi, nazional eta sozial konkistak lortzeko.

Ondorioz, oinharri honetatik irteten gara, hots, konkista horik, zerbait izatekotan, herritar, burrukaren fruitu izanen direlakotik. Horrexegatik, Euskal Erakunde Herritarraren oinharrizko zeregina, ondoan azaltzen den programmako helburuen atzetik masen mobilizapenak bultzatzea izanen da.

1.- Artikulua.

Askatasun demokratiko guztien ezarrera (adierazteko, elkartzeko, sindikatzeko, biltzeko, manifestatzekoa, etab) inolako mozte eta bereizkeriarik gabe.

2.-Artikulua.

Amnistia osoa: preso politiko eta sindikal guztientzakoa, herbesteratu guztien herriratzea (garantia osoez), arrazoi politiko edo sindikalengatik kaleratu guztien berronhartzea, bai eta holako kausengatik emandako lan gaztigu guztiak kentzea ere.

Jurisdikzio bereziak, terrorismoaren kontrako legea, eta, oro har, demokraziaren egiazko erabilera eragozten eta mozten duten lege erabaki guztiak ezereztea.

3.- Artikulua.

Euskal Herriaren nazional soberania onhartzea, beronen barruan beraren nazional etorkizuna erabakitzeko eskubidea, erabateko askatasunaz obratua, dagoelarik, beronetan, noski, Herriaren gehiengoak holaxe nahi balu, bere Estatu propioa eratzekoa, bai eta eskubide hori egiaz erabilia izanen delako garantiak ere ba direlarik.

4.- Artikulua.

Hego Euskal Herrirako lehenbailehen autonomi gobernamodu bat ezartzea, berau Euskal Herriak demokratikoki onharturiko Estatutu batetan konkretaturik, gure Herriaren oraingo problema eta premiei erantzun eta bere Herri eta nazional burrukan lorturiko aurrerabideak agertu beharko dituena berau. Horrexegatik, Estatutu horrek, beste batzuren artean, ondoko baldintzok bete beharko ditu:

4.1.- Hego Euskal Herri osoan jartzea, hau da, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan.

4.2.- Hego Euskal Herriari autogobernu maila handi bat seguratzea, beronen autonomi ahalmenak Euskal Herriko sozial, ekonomi eta politik arazo nagusien gainean hedatuz.

Botere Zentralaren barrutian gelditzen diren konpetentziak, argi eta garbi, euskal herri soberaniaren ordezkaritzatzat hartuak izanen dira, hura Estatuko beste herri soberanoekiko eskubide berdintasunean agertua.

4.3.- Euskararen ofizialkidetasuna Estatutupeko lurralde osoan garantizatzea, eta beronen aurrerabiderako pausoak seinalatzea, horrela, orain arteko hizkuntz eta kultur zapalkuntza larria gaindu ahal izateko.

4.4.- Estatar mugen gainetik Ipar eta Hego Euskal Herriaren nazional loturak hestutu eta indartzeko neurriak izatea, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoarekiko elkartasuna sendatuz.

4.5.- Beren lurraldea osoan politik eta sindikal askatasunak garantiza eta hiritar guztien —duten nazional jatorria gora behera— eskubide berdintasuna seguratzea, bai eta giza pertsonaren oinharrizko eskubideak oro errespetatzea ere.

Langileei, ugazaben eta Estatuaren aurrean, beren autonomia osoa seguratzea, bai beren interesen defentsarako eta bai beren ordezkal bidea jarri gestionatzeko ere.

4.6.- Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroari, beren sozial bizimoduko arlo guztietan, autonomia oso bat eskaintzea, bakoitzaren erakundei zuzenik dagozkien arazoez erabakitzeko egiazko ahalmena garantizatuz.

Era berean, eratuko dira, halaber, eskualde eta lokal erakundeen harremanak, zein bere arloan erabat autonomo izan dadin.

Lokal eta eskualde mailako erakundeok egitura sakonki demokratikoetan oinharrituko dira, beroietan Herriak eskuhartze zuzena edukitzeko.

4.7.- Berehala, hemen agerturiko oinharrietan, Euskal Gobernu demokratiko behinbehineko eta ordezkari bat eratzeko modu konkretua garantizatzea. Gobernuaren egitekoak, beste batzuren artean hauxek izanen dira:

- Hautakizun programma honetan ontzan emandako neurriak hartu eta helburuak lortzeko bide eta tresnak bultzatzea.

- Botere zentralaren organoetan Hego Euskal Herriaren ordezkaritza eramatea.

- Euskal bide eratzaile bat (Euskal Biltzarre Nagusi Eratzaile baten bidea, gure Herriaren nahiak betetzeko egokiena delakoan, defendatuko dugu) bultzatzea, beronek euskal erakunde legegile, beterazle, judizial, administratiboak, etab. antola ditzan berorien bidez Euskal Herriko autogobernua eta autodeterminatzeko eskubidea garantiza daitezen.

4.8.- Elkarren onhartze eta errespetutan, eta ontzat emandako konpromezuetan oinhartuz, Hego Euskal Herriko autogobernu eta Botere Zentralaren arteko harremanak erregelatzeko arautegi zehatz bat jartzea.

5.- Artikulua.

Estatar aparatu osoaren etorriko demokratizapena bertoko elementu faxista argienak kenduz eta bereziki, frankismoaren zapaltzeko gorputzak (BPS, GC, PA), eta erakunde eta banda faxistak ezereztuz, gure Herriaren kontrako ekintza zapaltzaile eta kriminalez gehienik nabarituei kontuak eskatuz.

6.- Artikulua.

Herri mailako klaseen bizimodu eta lan kondizioak hobetzeko, ekonomi eta sozial neurriak hartzea, bereziki, langile klasearen alde, beronen barruan, noski, baserritar, abeltzain eta arrantzaleak sartuz, eta beti beraien egiazko ordezkariek azalduriko nahien arauera.

7.- Artikulua.

Hego Euskal Herriko Erakunde Herritarrak oraingo gizartean emakumeek, gazteek eta zaharrek, eta sozial bizitzatik baztertu eta zapaltze moetaren batez azpiratuek pairatzen bereizkeria eta ezberdintasunaren kontrako burruka ere bultzatuko du.

8.- Artikulua.

Kapital Haundiaren boterearen kontrako politika ekonomiko bat indartzea, beronek euskal ekonomia demokratiza eta oligarkhiak erabat menperaturiko epeari bukaera eman diezaion. Alde honetatik, pausoz pausoko fiskal erreforma demokratiko baten eta hirietako lurren. bankaren eta ekonomiaren oinharrizko beste sektore batzuren sozialkuntzaren alde burrukatu beharko da, bai eta baserri eta itsasotiko produktuak behar den bezala merkatura daitezen, horien kontrola arlo horretako langileek berek hartuz.

9.- Artikulua.

Hego Euskal Herriko Erakunde Herritarrak bere ateak Hego Euskal Herri osoan, nazional erakunde gisa, ari diren indar politiko eta masa erakunde guztiei zabaltzen dizkie, berauk dokumentu programaren puntu nagusiekin batera etorriz gero.

10.- Artikulua.

Hego Euskal Herriko Erakunde Herritarrak, arlo guztietan, Euskal Herriari, beronen etsaien aurrean, ahalik eta batasun haundien emanen dion politika eginen du.

11.- Artikulua.

Euskal Erakunde Herritarrak espainol Estatupean dauden eta oraingo gobernamoduaren kontra burrukatzen duten herri guztien batasunaren alde eginen du. Horretarako, aliantz politika bat bultzatuko du, herri ezberdinen eskabide eta soberanian eta elkarrekiko solidaritate demokratikoan oinharritua berau.

Euskal nazionaren problematika eta Estatupeko beste nazionalitateenaren artean dagoen antza eta oraingo gobernamoduak berauen nazional eskubideak betetzeko duen gogorik eza kontutan harturik, Hego Euskal Herriko Erakunde Herritarrak horiekiko harremanak zainduko ditu.

Programa honek Hego Euskal Herriko Erakunde Herritarraren planteamendu politikoen puntu nagusiak azaltzen ditu. Berauen geroagoko aurrerabide eta zehaztea bertan esku hartuko indar guztien egitekoa izanen da.


Euskal Herrian

Gasteiz: agur Euskadi

Gasteizeko Hilketaren Lehen Urte Urrena

Dena Martxoaren 3an gertatu zen Euskadiko Langile burruka baten ondorio bezala.

Arratsaldeko Setan bost langile hil zituzten tiroka Zaramagako hauzoko elizan, eta heurekin ehundaka zauritu. Hau dena, Euskadiko langileriak lortu nahi dituen beharrengatik, greba orokorren sartu zirelako.

Ingurua: langileen errepresentante komiteak greba orokor batera deitu zuten, Urtarrilean hasitako herri burruka luze baten indarraren ezaugarri, patronalen zirrika penaren aurka.

Aurtengo giroa:

Aste bete aurretik Gasteiz "burruka eguna" antolatzen hasten da langile komisio representatiboen bidez, eta alderdi gehienak: KAS (EHAS, EIA, LAIA, LAB, LAK), LCR, EKA, MCE, PSOE, UGT) onhartzen dute "Greba Orokorraren" jokabidea.

Oharra bezala, PCEk esaten du, lehen urte urrenak ez duela "Greba Orokorra" izan behar, baizik eta "samin eguna" horregatik, ez da elkartzen lehen esandako alderdiekin.

Iristen da eguna eta Gasteiz osoa gelditzen da: Lantegiak, dendak, tabernak eta abar... Eguna zabaltzean, Gasteiz konturatzen da, urte osoan bezala, egoera politikoa ez dela aldatu:

- Lehengo urteko hilketaren jabeak nortzu diren oraindik aztertu ez dela.

- Patronalek lehengo urteko moduan jarraitzen dutela (Gairu geldituta, Engor... eta langile asko lantegitik bidaliak).

- Amnistia lortu gabe.

- Gobernadorea, Alkatea...oztopoak jartzen.

- Langileriaren iritziaren kontrajauntxo hauek denek elizarekin elkartuta ahaleginak egiten dituzte, beti bezala "HERRIA ZATITZEKO" Adibidez, 11etarako komisioak antolatua zuen "konzentrazioa" mezaren bidez, gaueko 8rak arte atzeratu nahi dute; baina herriak inguru ilunak ikusi arren, begiak zabalik ditu eta 25.000 edo gehiago biltzen gara Katedralean. Meza hartan, herriaren buruan zeuden ikuspegiak bildurik, komisio representatiboek agiri bat irakurtzen dute. Honen laburpena hau izango litzateke:

"Gure hildako lagunak gogoratzea ez da lutozko egun bat gogoratzea bakarrik; horrez gainera burrukaren sua birbiztea da, askatasunarantz geure bidean pausu bat gehiago berriztatzea da. Gogora dezagun nola geure burrukaren erantzunkizuna jaso genuen, nola asanbladetan eman behar ziren pausoak diskutitzen genituen, nola autoantolaketaren mailarik goiena lortzea jakin genuen, komisio errepresentagarriak hautatzen eta heuren arten koordinatzen, boterea zuten mekanismoak gainditzen eta geure boterea bilatzen. Eta jarraitzen du: Gogora dezagun orain nola gertatu zen hilketa, nola Euskal Herria gizon bakar bat bezala zutitu zen, baita errepresioak beste bizitza bat trunkatu ere (Basaurin). Estatuko beste nazionalitatetako langileen solidaritatea ere zigortua izan zen (Tarragona). Herri askatasunaren aurkako hilketak ez ziren hemen amaitu Euskadirako, (Jurramendi, Santurtzi, Hondarribia,...) eta Madrileko gertatutakoak..."

Agiri hau bukatu ondoren eta "Galeriaseko" langile batek hitz egin eta gero, hango jendea Zaramagoko elizarainoko manifestazio bat egitera prestatu zen. Baldintza hauk ziren: Familiarren atzean joatea eta isiltasun osoan egitea. Horrela gelditu eta gero, familiarrak eta koroiak ateratzen hasi zirenean, jendeak txaloka erantzun zuen; baina txalo hauek oso denbora gutxi iraun zuten, zeren denok irten ginenean polizia gure gainean ikusi genuen. Herriak, ordea, bere gogortasunean ba zuen esperantza ttiki bat: lehengo urteko "masakrea" berriz gertatuko ez zela, baina poliziak era guztietako jendea ikusi arren (larria, haurrak, gazteak...) ez ziren gustora gelditu heuren indarren agerpen eta probokazio bat egin arte eta hor izan ziren istiluak: kale guztiak poliziaz itxita, eta beti bezala "tiroka" eta kezko bonbaz jendea bildurtuz. Beraz, egun osoan, Gasteiz militarki okupatua izan zen eta ordu guztietan tiro hotsak jendearen oihuak eta polizi sirenak hotsak besterik ez ziren entzuten eta ikusten jendearen atzetik. Baina herriak ere erabili zituen defentsarako dituen metodo ttikiak (barrikada batzu, harrikadak, eta abar).

Amaitzeko garbi utzi nahi dugu gauza bat: "Gasteiz Euskadiko zati bat bezala, aspalditik lotsa galdua duela, hitz politen bidez ez dela ezer lortzen, bai ordea praktikaz". Eta zoritxarrez aurkakoaren praktika Euskal Herriarekin beti errepresiokoa izan denez, beharrezkoa ikusten da herri langileriaren batasuna eta autoorganizatzea. Eta ondorio bezala, garbi ikusten da, "Herriaren Askatasuna ez dela inork emana izango, baizik eta berak lortua".

J. Urkiola


Euskal Herrian

Lekeitio eta Elorrioko gau izugarriak

Amnistiaren alde antolatutako asteak hasiera odoltsu bat izan zuen Bizkaian. Gipuzkoan hertsaldiak baketsuki egiten ziren une beretan, Bizkaian beldurra eta nigarra nagusitu ziren. Hurrengo lerroetan Elorrion eta Lekeition jasotakoak dakartzagu. Jazoera hauen lekukoak ehunka izan ziren. Bi herriak lekuko gisa jartzen ditugu.

Elorrioko kanpaiak

Gure herrietako kanpaiak laguntza eskatzeko erabiliak izan dira su eta larrialdietan. Elorrioko kanpaiak ere laguntza eskatu zuten joandako Otsailaren 26 gauean. Goardiek parrokian bildutakoak astintzen hasi zirenean, norbaitek kanpai elektrikoak martxan jarri zituen eta gau erdian esnatutako herria goardien indarkeriaz lekuko izan zen.

Baina goardiek eliza inguratu zutenean eta ateak astintzen hasi zirenean eliza inguruetan bizi zirenak lehen esnatuak izan ziren.

Eliza barruan amnistia eske zeuden ehun lagunen nerbioak tensioan jarri ziren baina bakoitzak bere lanari ekiten jarraitu zion. Hala ere sakristiako bi ateak gogorki irikiak izan zirenean (nerbioak berriro gora jo zituzten). Goardiak kanpoan zeuden artean, gaueko ordubietan parrokiako apaiza elizan sartu eta bildutakoei goardiek ateratzeko agindua zutela esan zien. Ehun lagunak, ordea, bertan segitzeko erabakia hartu zuten. Hiruretan, sakristiako atetik, goardiak agertu ziren eta "desalojen" oihu eginik une berean kolpeka gogorki eta sutsuki hasten dira paketsuki eseriak zeuden ehun lagunen kontra. Han izan ziren garrasi eta korrikadak. Ihes egiten zutenek ate nagusitik irten nahi izan zuten baina kanpoan zeuden goardiek ez zuten ateak irekitzen uzten. Hala ere, barruko jendea atea kolpekatzean, ateak hautsi ziren eta kanpora irtenda goardiek kulataz astintzen zituzten zahar eta gazte, emakume eta haurrak, beste goardia batzuek fogeo moduko tiroak botatzen zituzten artean. Norbaitek, laguntza eskatzeko, sakristiarantz ihes egin zuen eta kanpaiak martxan jarri zituen. Han egon ziren kanpaiak, laguntza eske, ordu laurden batez.

Kolpeen ondorioak asko izan ziren: zauri gehienak burutan izan ziren, buruak izan baitziren kulata eta borren helburu nagusiak. Gazte batek 15 puntu behar izan zituen buruko zauria josteko, beste batek zazpi. Neska batek begian kolpe bat hartu zuen eta zearo handitu zitzaion aurpegi osoa. Beste gazte baten klabikula bere tokitik atera zitzaion. Gorputz zauriak ugari izanez gero, arima zauriak, hots: sikologikoki edo, pertsona askok sufritu zuten. Eliza barruan botatako ke-poteak eta kolpeak ikustean eta sufritzean emakume batzuek konortea galdu zuten.

Lekeitio

Elorrion jasotakoa Lekeition une berean gertatzen ari zen baina ondorioak serioagoak izan ziren azken herri honetan Lekeition berrehunen bat lagun bildu ziren parrokian amnistia eske. Hamabi t'erditan herriko apaiza bat bildutakoengana heldu zen, goardiak irten erazteko agindua zutela esanaz.

Gaueko ordu bi t'erditan kanpotik ateak koipez astintzen hasi ziren eta, pixka bat beranduago, parrokiako abadeak kanpoan larogei goardia zeudela bildutakoei esan zien. Bildutakoek goardiekin hitz egiteko posibilitatez pentsatzen hasi ziren une berean, hamabost goardia sakristiako atetik elizan sartu eta, Elorrion bezala, kolpeka eta ke-poteak botatzen hasi ziren, bildutakoak "kabroiak eta putak" zirela garrasi egiten zuten artean. Terrore handia izan zen eta eliza barruan astintzen ziren kolpeetatik ihes egitean kanpoko hirurogei goardienak aurkitzen zituzten iheslariek. Bitartean sei edo zazpi goardik gomazko balak kolpekatuen kontra botatzen zituzten. Gau erdian entzuten ziren min-garrasiek eta negarrek herri osoa esnatu zuten. Bakoitzak izkutatzeko txoko bat bilatzen zuen edozein atarian. Eliza barruan mutil bat konfesategi baten barrutik goardiek atera zuten. Ur bedeinkatuaren pila ondotik hurbiltzean, goardiek "bañera" han bertan egingo lioketela esan zioten hamalau urteko mutil honi. Lurrean eroritakoak ere kolpeka astintzen zituzten. Antxone Teileriak eliza barruan kolpe izugarrizko bat hartu zuen aurpegi erdian. Goardiek Antxone serioski zauritua ikusi zutenean elizako jarleku baten gainean etzan eta mediku baten bila joan ziren.

Terrorea gauean herritik zehar zabaldu zen. Goardiek patruilak, goizeko zazpi t'erdiak arte egin zituzten eta elizan bildutako askok, nahiz eta zaurituak egon, ataritan edo lagunen etxetan gaua pasa behar izan zuten.

Igandean Lekeitioko kaleak erizaindegi baten antza zuten. Ehunen bat lagun zaurituak izan ziren gau tamalgarri honetan. Garrantzi haundienetako zauriak Antxone Teileriak hartu zituen. 21 urte bete zituen gau berberean aurpegia hautsi zioten. "Cruces"eko ospitalera eramana izan zen eta medikuek diotenez aurpegi ezur trauma, sudur ezur haustura, betzulo haustea eta go-matraila haustea zituen.

Antxoneren aizpak ere kolpe handi bat hartu zuen buruan, beste askok bezala.

Idatzi batez elizan bildutakoek errespontsabilitateak eskatu dizkie bai erlijiotar zuzendariei baita zibilei. Lekeitiarrek horrelako indarkeriak beste une batzutan ere ezagutu dituzte. Gabika apaiza gartzelatik Lekeitiora heldu zenean ongi etorria emateko bildutako lagun eta senideak gogorki kolpekatuak izan ziren. Beste batzutan ere indarkeria lekeitiarren kontra erabili oi da. Zergatik? Zer jasotzen da Lekeitioko herrian? Agintariek ez al dute zer esanik? Eta Añoveros apezpikuak, ez al du ezer esan behar? Bere babesean dauden eliza barruko indarkeriak eta zapalkuntzak ikusteak ez al dio botza bueltatuko?

X. A.


Euskal Herrian

Udaletxe baten eta Apezpikuen ahulkeriak ikusi ondoren. Herria nork lagunduko?

Herriak indarkerien kontra bere indarrak berriro batu behar izan ditu, Amnistiaren alde egindako aste barruan. Elorrion Amnistiaren Aldeko Gestoraren komisio bat osatu dute hamabost lagunek bai eta arin bere lanari ekin ere. Komisio honek egindako lehen lana zera izan da: Elorrioko alkateari eta kontzejalei "pleno" edo bilera berezi bat egiteko eskatzea. Bilera honen bidez elorriotarrek beren "ordezkariek" indarkerien aurrean joera bat hartzea nahi izan dute. Bilera ostiralean, Martxoaren 4an, egin zen. Hona hemen bilera honen zehaztasun batzu.

Giro itzela nabaria zen Elorrion bilera hau hasi baino lehen. Udaletxeko arkupetan amnistia eske egindako tarjetak ipini ziren mahai batetan eta pertsona askok izenpetu zituzten. Udaletxearen balkoietan bozgorailuak jarri ziren plazarantz, bileran esandako hitzak jendeak udaletxe kanpotik entzun ahal izateko. Zazpi t'erditan jendea Udaletxeko bilera aretora igon zen eta osorik bete zuen zintzo eta lasaiki. Gero alkatea —Heriz jauna— kontzejalak eta idazkaria beren eserlekuetan jarri ziren. Idazkariak ohar bat egin zuen: udaletxeko bileretan herriak ez du ez bozik eta, noski, ez eta botorik ere. Honegatik jendea guztiz ixilik egon zen bileran, nahiz eta indignazioz oihu egiteko arrazoi osoa askotan eduki.

Bilera "teatro" hutsa, nigargarria izan zela esan behar dugu, Elorrioko herriaren eske sakonenak alde batetara utzi baitzituen. Elorrioko "konpromezu" handiena hauxe izan zen, hots: Justiziako Ministroari amnistia gutunez eskatzea. Hau bai "arriskugarria"! Hau bai erabaki "trebea"! Elorriok eskatzen zuena beste gauza bat zen: Udaletxeak, parrokian basatiki ibili zirenei errespontsabilitateak eskatzea eta Udaletxeak parrokian egindako hondamenak ordaintzea. Biotako lehen puntua ez zuten Elorrioko udaletxekoek ezta aipatu egin ere; ez zioten erantzunik eman. Bigarren puntuari buruz, Udaletxeak ez zuela ordaindu behar "bi taldek beren artean burrukatzean" egindako hondamenduak. Alkatearentzat, ageri zenez, elizan hertsirik zeuden ehun lagunek "talde baten" kontra burrukatu zuten... Hauxe baitala egia —herriak bizi duen egia— ukatzea, don Pedro! Itsurik handiena ikusi nahi ez duena da, benetan. Udaletxeak bost minututan eman zituen bere erantzunak eta hantxe bukatu zen Elorrioko udaletxearentzat bere "konpromezua". Lasai lo egin ezazue, alkate eta kontzejal jaunok!

Bere Udaletxean buru direnen joera lotsagarria ikustean harriturik geldatu ziren elorriotarrek. "Hau duk, hau kopeta izatea!" mila aldiz entzun genuen herriaren ahoetan. Hau al da herri batek merezi duen errespetua? Bilera amaitu ondoren "Wilson"en amak, Txikiaren anaiak eta preso politiko batek hitz egin zuten. "Gure semeak noizpait gartzelatik irtetzen badira, gaurko Euskal Herriko egoera ikusi bezain laster harmak hartuko behar dituzte eta kaleetan zehar burrukatu ondoren kaleetan hilko dira...", esan zigun Perez Beotegiren ama trebeak. Berberak ere bere semearen emaztea den Estibalitz elorriotar neskaren berri eman zigun. Estibalitzeri pasaportea behin eta berriro ukatu diote eta ezin du Hego Euskal Herrira etorri. Bilera aretoan elorriotarrek horrela zioten pankarta handi batetan: "Amnistia orokorra, Estibalitz etxera!". Txikiaren anaiak, bere aldetik, bere anaiaren historia kontatu zigun. Hitzaldia amaitzean, elorriotarrak lasaiki baina Udaletxean entzundako hitzak pentsatzen zituzten artean beraien etxetara joan ziren, hitz batzuren ahulkeria eta beste hitzen trebetasuna beren baitan hausnartuz...

Lekeitioko indarkeriei buruz

Elorriotarrek Udaletxearen erreakzioa eskatu zuten bezala, Lekeition Elizaren erantzun argi baten bila ibili ziren. Aste osoan Lekeitioko abade berriak Bilbora mila itzuli egin zituen Elizaren erantzun honen bila. Gu ere maiz joan ginen Apezpikutegira. Lehen bisitetan Bilboko Apezpikuek ez zutela idazkirik egingo esan ziguten, Elizaren gaurko ohitura horrelako errespontsabilitateak herri bakoitzeko elizaren eskuetan ustea delakoan. Aste osoan erantzun hau izan zen leloa. Apezpikuek beren errespontsabilitatea Lekeition jasotako indarkeriei ez zutela lotu nahi zirudien. Igandea hurbilduz zihoan eta Bizkaiko elizak bere erantzun ofiziala ez zuen ematen. Erdaraz "dar largas al asunto" esaten da. Azken unean, hala ere, Juan Mari Uriarte apezpiku laguntzaile denak lekeitiarrei gutun bat idatzi zien, Añoverosen izenean. Nolakoa ote zen gutuna? Diplomatikoa? Trebea? Larunbatean Lekeition egon ginen eta bai ere gutuna irakurri ere. Gutun hau al zen jasotako indarkeriei Eliza ofizialak ematen zuen erantzuna? Horrela zen, bai. Irakur itzazue gutuna eta nork bere eritziak atera ditzala. Gutuna irakurri ondoren hau da guk egiten dugun galdera: zer jazo behar da eliza baten barruan Apezpiku jaunak erantzun egoki bat eman dezaten? Herria elizetan basatiki kolpatua izatea ez al da nahiko erantzun egoki bat emateko? Noiz arte "diplomazia" koldarkeriaren bideetatik? Zer behar dute gure Apezpikuek trebeki jokatzeko?

Bilboko Gotzain Laguntzaile D. Juan Maria Uriarte-ren idazkia Lekeitioko parrokiako abade eta eliztarrei

Igaro zen domekan eldu jakuzan guri Gotzainok bezpera gabez zuon parrokiako elizan jazotako gertaera tamalgarrien barriak. Arrezkero barri asko eskeini jakuz bai D. Antonio Añoveros-i baita neuri ere gertaeren zeaztasunak, zaurituen egoera eta zuon artetiko taldeen eskariak geuganaino elduaz.

Don Antonioren izenean eta neurean idazten deutsuedan karta onen bidez zeuongana eltzea nai dogu, domeka ontan barriro ere kristau guztiok alkartzen zaituen meza ospakizuna bide dala.

Leenengo ta bein, gure biotzak zuon oinaze ta nekeminetan eta zuon itxaropenekin bat eginda daukaguzala adierazten deutsuegu. Kolpeak eta zauriak leporatu dituenen osasuna eran eta oso-osoan obetu daitela. Eta arin bete aal izan daitela zuon guraria —Geurea ere orixe da— preso eta atzerriratu guztiak euren etxe eta errira biurtu daitezela.

Oraintxegandik nai dogun amnistiaren gure itxaropena adierazten deutsuegun era berean, ezin dogu barriro ere esan barik itzi, ezin doguzala ezelan ere onartu elizak artzeak eta elizan batzarrak egiteak nai dan amnistia eskatzeko bide bezala. Oraintsu idazten geutsuen au Donostia eta Iruinako Gotzainekin batera. Orrezaz gainera esperientziak erakusten deusku onelako batzarretan bai itzez eta bai ekintzaz sarri uts egiten jakola elizari zor jakon begirune ta lotseari.

Arrazoi sakonagoz gaitzetsi ta txartzat emoten dogu, gaba ortan elizan egozanak arkeriz kanporatzeko indar publikuak izan eben jokabidea. Baimenik eskatu ere ez jakon egin Obispaduari eta ez egoan oinarririk indarkeriz sartzeko Eliza barruan indarra erabiltzea oso osoan aurrez aurre eta aurka dago bere eginkizun baketzaile eta adiskidetzailetaz. Gertaera onekaitik dagokion autoridadeari gure protesta adoretsua egin dautsaguna jakin arazo nai deutsuegu. Sekula geiago ez dirala jazoko itxaroten dogu. Zuon abadeekin batera uste on bat dogu gaur Martiko leenengo domeka au penitentzia eta kristau baketze berri baterako eguna izan daitela. Parrokiako kristau guztioi bizi eskatzen deutsuegu domeka ontan erabagi sendo ta alkarteko bat artu dagizuela: zuon erri Lekeitioren egiazko baketze eta bateratzearen alde gaurdanik lan egitea azken urteotan batez ere jazoera ilun askok astindu ta zigortutako zuon Lekeitioren batasunerako. Ekintza ontan, gure Elizari lotuta sentitzen ez diran beste batzuen ondoan jokatu bearko dozue. Bikain eta gizakoi dan guztian lankide izan, era berean zuon erlijio bizitzari dagokiozan ekintza-bide ta erabagiak beti eliztar alkarterako jagoten dozuezala.

Biotzez agurtu ta bedeinkatzen zaitue

Juan Maria Bilboko Gotzain Laguntzaileak

Gutun haun Martxoaren 5ean, gaueko 10etan, Lekeitioko parrokian egindako "vigilia" batetan irakurri zen, herri osoa elizan zegoela. Normala ikusten dugu herriko batzuk gutun hau hantxe bertan erantzuteko izan zuten gogoa. Gazte batzuk beren ohar bat irakurri zuten, eliza, beste aretorik ez dagoela aukeratu zutela esanez eta hertsipena ez talde politiko berezi batek, baizik herriak berberak egina izan zela agertuz.

Igandean parrokiaren ateak hersteko erabakia hartu zuen abade berriak, Apezpikutegian erabaki honen kontra zeuden zailtasunak gainditu ondoren. Parrokia herste honek Lekeitioko bunkerrak beren jantziak hurratzea lortu du. Bunkertiarren eritzian, parrokian hertsi ziren gazte ezkertiarrek, gazte sinesmen gabekoek, ez zuten Lekeitioko parrokiako ate hersterik merezi. Eta arrazoia dute: Elizaren aldetik Lekeitio eta Elorrion kolpatuak izan zirenak erantzun askoz trebeago bat merezi zuten eta ez izan duten "laguntza" ahula.

X. A.


Euskal Herrian

Kontzientzi eragozpena Euskal Herrian

Kontzientzi eragozpena indarkeria gabeko burrukaren agerpen bat besterik ez da. Bake medioz burrukatzen duen batek, bere herriaren armadarako deia hartzean, harmarik ez duela hartuko dio eta bere joera aurrera eramanez gero armadaren gartzeletan emanen ditu urte osoak. "Armadara ez joatea ez da deliktu bat, eskubide bat baizik", diote kontzientzi eragozleek. Gure gizarteak, edo, nahiago baldin baduzue, gure herrien armadak ez du gauza berbera pentsatzen eta gogorki zigortzen ditu gazte hauk. "Armadara joatea eta harmak hartzea behar eta ohore handi bat da", diote militarrek.

Europan zehar kontzientzi eragozpena egunetik egunera gorago eta hobeki ikusia doa eta Alemanian 20.000 dira urtero zerbitzu zibil bat aukeratuz armadara joaten ez diren gazteak. Zerbitzu zibil honetan armadan baino hilabete bat gehiago egon beharra dute, armadara ez joatea gero eta gehiago eskubide bat bezala hartzen delako. Beste europar herrietan zerbitzu zibil honetan egon behar duten epea laburtzen ari da. Frantzia militaristaren Kasua da gogorrena, armadan urte bat egon beharrean bi urte egin behar baitira zerbitzu zibil batetan.

Nolakoa da gai hau Espainiako Estatuan? Kontzientzi eragozpena beti deliktu handitzat hartua izan da armadaren aldetik. 1959. urtean Jehovaren Lekuko taldeko gazte batek espainiar harmak ukatu zituen lehen aldiz. 1971. urtean katoliko batek lehen aldiz ukatu zituen. Orduan ikusi zen kontzientzi eragozpena ez zela erlijio baten berezitasun bat. Bere izenak dioen bezala, kontzientzi eragozpenak bakoitzaren kontzientzian ditu bere iturriak. Gazte batek bere bizitzan indarkeririk ez erabiltzeko erabakia hartu baldin badu, nola onhartuko ditu indarkeriaren tresna bereziak, hots, harmak? Egun hauetan zenbait aldizkari eta komunikabidetan Cortes mailan gai honetaz egin diren pausu batzuk agertzen ari dira. Piskanaka kontzientzi eragozpenerako eskubidea sendotzen ari da. Baina nolakoak dira eskubide hau defendatzen duten gazteak? Zer egiten dute? Nola bizi dira? Galdera hauei erantzuteko Bilbon bizi diren eragozle gazte batzurekin hitz egin dugu. Hona hemen bere erantzun eta eginkizunak.

Ez gaituk pazifistak

Gazte hauek ez dira ez pazifistak, ez alferkeriatan bizi diren gazte lelo batzu. Burrukatzaileak ditugu.

- Nahiz eta harmak ez erabili, gure bizitza burruka bat bezala projektatu dugu. Ez gara ezer egin gabe gelditzen diren pazifista etsitu batzuk —dio Rikardok— Armadara ez joategatik oraintxe juzkatuak eta hirutik zortzi urtetara gartzelatuak izan gaitezke. Gure joera ez da, ba, txantxetan aukeratutakoa.

— Zergatik ukatzen dituzue harmak?

— Bake-burruka, harmatua baino baiezkorragoa iruditzen zaigulako. Honek ez du esan nahi harma-bidea aukeratu duten gure herriko burrukalariak mespretxatzen ditugula, ez orixe! Bakoitzak bere eran burrukatu behar du. Burrukatzea da garrantzizkoena.

Gazte hauek Errekaldeberriko kale batzu bir-bataiatu dituzte eta kale nagusiena "Txiki"ri opa diote, bere izenez izendatuz.

— Zuen indarkeriarik gabeko burrukabideak ba al du jarraitzailerik Euskal Herrian?

— Noski, nahiz eta askok kontzientziarik gabe indarkeriarik ezako burruka bat egin. Zer dira grebak? Zer dira hertsaldi eta manifestaldiak? Indarkeriarik gabeko burrukaren bideak dira. Euskal Herriak esperientzia asko ditu arlo hontan. Jendea indarkeria gabeko burrukatik oso hurbil dago.

— Indarkeriarik gabeko burruka edonoiz eta edonon erabil liteke?

— Bai, ba —dio Jokinek— hor ditugu Ipar Amerikako, Indiako, Txekoslovakiako eta beste toki askotako adibideak. Viet-namen, noski, ez zegoen indarkeria gabeko burruka bat egiterik, baina askotan, berriz, bide egokiena dugu.

— Zuek armadara joatea ukatu duzue. Orain, zer egiten ari zarete?

— Geuk sortutako eta antolatutako zerbitzu zibilak. Errekalde-Betolaza hauzategi pobrean bizi gara txaboletan. Han bost kontzientzi eragozle eta beste bost lagun, hauen artean hiru neska, bizi gara. Neska bat, eragozle baten emaztea dugu eta, beste neska bat, haren koinata.

— Zer egiten duzue, bereziki, hauzategi horretan?

— Txabola batetan haurrak gordetzen ditugu, haurtzaindegi baten moduan. Hamabiren bat haur. Orain beste txabola bat alokatu dugu, haurtzaindegia haunditzeko. Batzuk haurrak zaintzen dituzten artean, beste batzuk esmaltezko dominak egiten ditugu Gernikako arbolaren edo lauburu baten irudiaz hornituz. Beste batek gitarra klaseak ematen ditu eta beste guztiak hauzoko burruketan sartzen dira. Gauza hauetatik aparte hertsaldietara, manifestaldietara eta abar joaten gara, kaleetatik zehar kartelak jarriz ibiltzen gara, indarkeriaren kontra gure eritziak erakutsiz eta batzutan kaleen izen militaristak aldatzen ditugu.

— Noiz arte iraungo duzue bide honetatik?

— Burruka bide hau bizitza guztirako aukeratu dugu. Ba liteke formak aldatzea, baina funtsean gure bizitza bide horretatik egin nahi dugu.

— Erlijiosoak al zarete?

— Batzu bai, beste batzu ez. Arlo honetan libreak gara, beste guztietan bezala.

— Alderdi politikoek nola ikusten dute zuen arazoa?

— Oportunista xamarrak dira. Nahiz ta gehienak indarkeri bidetatik jotzeko prest egon, gure gaurko joera eskabide bat denez gero, gure joera indartzen dute. Alderdi batzuk erabili nahi gaituzte.

— Alderdietan sartuko al zarete?

— Ba liteke, baina alderdi politiko gehienek dirigismo gehiegi erabiltzen dutenez gero, ez ditugu oso egokiak gure bizimodurako.

— Gaurko espainiar armada ukatu duzue baina, herritar euskal armada bat ukatuko zenukete?

— Arlo honetan dugu gure banatze-harria. Batzu edozein moetatako armada eta militarismo ukatzeko prest daude. Beste batzuek, ordea, herriaren eskubide eta libertateak defendatzeko antolatutako armada batetan beren zerbitzua ematea ez zuten osorik ukatuko.

— Espainiar armadari buruz nola da zuen gaurko egoera?

— Armada ukatzen duen erlijio batetakoa izanez gero, Jehovaren lekukoen taldekoa, adibidez, hiru urtez armada barruko zerbitzu "zibilak" egiten egon gaitezke. Berez, armada barruan egotea da hau, nahiz eta armarik ez ukitu. "Kontzientzi" arazoa bezala agertuz gero... gartzela dugu hurbil. Katoliko erlijiokoa izanez gero ezin duzu "erlijioan oinharrituriko kontzientzi eragozpenik agertu, katoliko erlijioko hierarkiak maiz onetsi baititu gerlak eta armadak.

Gazte hauen jokabidea benetan interesgarria da. Pazifistak ez dira, burrukalariak baizik. Eta gure herrian burrukalariak behar ditugu. Lerro hauetatik Euskal Herrian —Bilbon, Durangon, Barakaldon, Portalden, Donostian, Gazteizen, Iruinean etabarretan— sortu diren indarkeriarik gabeko burrukalari taldeei gure laguntza osoa eskeintzen diegu Bilbon bizi zareten irakurleek gai hauetaz gehiago jakin nahi baduzue, Bilbo Zaharreko Carnicería Vieja kalean, 9. portalean, "Bakearen Etxea" aurkitu dezakezue eta hantxe berri emateko prest egongo diren gazte batzu ere.

X. A.


Anaitasunaren komikia (3)

Airko [Komikia]

Irudiak: Antton Olariagak

Gidoiak: Xabier Kintanak


Anaitasunaren komikia (3)

SIDER bi mila 2000 [Komikia]

Irudiak: Erramon Zumalabek

Gidoiak: Xabier Kintanak


Anaitasunaren komikia (3)

Krisket eta Popolo [Komikia]

Irudiak: Juan Karlos Egillorrek

Gidoiak: Borja Barandiaranek


Euskal Herrian

Gauzak argituz

 Erraza izaten da, eta hauxe da orain arte egin duguna, kontrakoei, ordainez, beren akatsak aurpegiratzea, baina horrek ez digu garbitzen etxea zikina dugulako salhapena. Etsaien kontra egin aurretik, hobe izaten da norbere etxeko lohiak kentzea, haik harmarik gabe uzteko. Eta gero atakera zuzenki pasa.

Gipuzkoan zehar eskuin punttakoek koadernotxo batzu banatu omen dituzte, noren eta Sabino Aranaren lan hautatuekin. Ez ditut ikusi, baina holaxe esan didate, eta De su alma y de su pluma, oso osorik, berrargitaratu ote duten beldur naiz.

 Historia 16 aldizkarian (n.º 10, febrero 1977) Victor Manuel Arbeloa-k "Sabino Arana y los socialistas" izeneko lantxo bat argitaratu du, ia osorik Aranaren obra osoetatik jasotako aipuez biribildua.

Madrileko Centro de Estudios Históricos y Políticos General Zumalacarregui-k eraturiko I Jornadas de Señorío de Vizcaya-n, Francisco Elias de Tejada-k, beste askoren artean, hauxe esan zuen: "El Señorío es historia, por encima de estrecha dimensión de raza; tradición de hombres, en lugar de animalesca problemática de zoología". Interesgarria da, bestalde, jaun horien ondorioetatik bat zera izatea, gauza guztien gainetik bizkaiera garbia defendatzea. Symptomatikoa benetan!

Mugica Herzog-ek ihaz Donostian euskaldunok arrazistatzat jo gintuen, eta, Joxe Azurmendik argiro azaldu zuen Z. Argian PSOEk zer nolako kanpaina zeraman Alemanian euskaldunen kontra. Orain, Bilboko eta Donostiako aldizkari eskuindarrekin batera, beste oldar bat datorkigu kontra euskaldunoi. Eta oraingoa, gainera, kezkagarriagoa da, horretan erabiltzen diren argudioak, hain zuzen, gure politikariek esan eta guk sekulan kritikatu ez ditugunak direlako. Akusazioak, bestalde, maiz egiazkoak dira.

Sabinoren merituak

Sabinok, ene ustez, meritu haundi batzu ditu, gure politikari egindako emaitza benetan estimagarriak, beraren izena Euskal Historian betikotu eginen dutenak. Alde batetatik, noski, ikurrina, euskaldunok geure nazioa adierazteko falta eta behar genuen bandera, gaur egun, faxista vascongadoren batzuk izan ezik, guztiok onhartua. Bigarrena euskararen alde, theorikoki behintzat, egin zuen kanpaina txalogarria. Hirurgarrenik, euskal nazioak bere burua aurreratzeko Estatu propio bat behar zuela aldarrikatzea. Eta, laurgarren, hori lortzeko orduan asmatu zuen alderdia, bere sasoian eta geroago betebehar historiko inportante bat izan duena.

Hauekin, funtsean, euskaldun guztiok konforme gaude, berauen formulapen konkretuetan baina asko eta sakonak ezarri beharko liratekeen arren. Honaino Sabino Euskal Herri osoaren baliotzat jo dezakegu.

Txanponaren bestaldea

Baina jenialtasun horiekin batera, Sabinok beste ideia batzu ere izan zituen, oso pertsonalak, bai linguistikan, bai politikan eta bai erlijioan ere, hain jenialak ez direnak, eta horik ere aipatu behar dira, hura bere giza dimentsio osoan agertuz, gezurrezko mythoa bihurtu gabe. Haren alderkideek, diziplinaz edo gogaidetasunaz, noski, eskubide osoa dute holakoetan ere batera etortzeko, hori beren kontua da, baina ez da bidezko, nik uste, beraien alderdiko ez garenoi holako errotarriekin jaunhartzera behartu nahi izatea.

Politik egoera normal batetan Sabinoren obra eta beronen alde on eta txarrak jadanik agertuak, estudiatuak eta kritikatuak ziratekeen, eta Sabino zen bezalakoa ezagutuko genukeen gaur. Baina Francoren diktadurapeko 40 urteotan gure politika, nolabait, "gelditu" egin da, bide eznormal batzutatik abiatu behar izan da, beti aurrera begira, etxeko arazo ezkonponduak beren hartan utzirik. Iraganiko urak ez duela errotarririk eragiten esaten du atsotitz batek, eta egia da, baina Euskal Herrian arazo horik, eskuharki pasatuak izan behar izan arren, ez dira ur iraganak, ur izoztuak, ur jelatuak baizik. Eta udaberrian, urtzean, aurretik bide egoki bat eman ezik, guztiok itotzeko arriskupean gauzkate.

Aurreko ANAITASUNA batetan, arazo berberonez zerbait idatzi nuen Sabinoz, eta Euzkadi-n, hots, Euzko Alderdi Jeltzalearen Izpar Aldizkarian (1977'ko Urtarrilla'ren 23'gn.) (sic) Chao ezizenaz bere burua oso gizonki gordetzen duen batek (eta ez dezala klandestinitate konturik aipa, otoi, PNV Madrileko gobernariekin egunero aritzen eta beronen kideak nonnahi meeting-ak baimen guztiez ematen dabiltzanean!!), nire kontra artikulu bat egin du, nire burua, gizabidez, adarrez hornituz.

Tabuak daude oraindik, ezin ukituzko behi sakratuak, eta horietako bat, hain zuzen, Sabino Arana da, desmythifikatu arte, euskaldun guztioi, mesede besteko kalte egin eta eginen diguna.

PNVek, PCEk bezalaxe, bere burua alderditzat jo ukan du beti, hau da, antonomasiaz euskal alderdi bakartzat, eta orain ere interklasista gisa azaldu nahi zaigu. Alde horretatik bere saindu, ideologo, politikari eta gizaundi partikularrak euskaldun guztion symbolotzat jartzen ahalegindu da beti. Eta berau, gizon horien lanak beren alderdiaren dimentsioa gainditzen zuen neurrian onhargarri bada ere, ideologi puntu guztietan beste horrenbeste egitea abusu nabaria da.

"Sabinorekin ez dagoena antieuskalduna da" edo "Sabinorekin konforme zaude, bai ala ez?" esatea absurdua da. Sabinoren doktrina osorik edo eta ezertan ere ez hartu nahi izatea manikheismo hutsa da. Hura jainkotu edo deabrutzea besterik ez da. Pertsona baten ideologiari mugak ezarri behar zaizkio, haren pentsamendua puntutan banatu, eta horrelaxe jakinen dugu zerekin bai eta zerekin ez egoten garen.

PNVek, urte askotan, Aranaren —eta beronen "ondorengoen"— ideologia gure Herrian zabaldu ukan du, puntu zuzen eta okerrekin. Horri doktrina nazionalista esaten zaio. PNVren ondoan euskal ezkerra ere sortu izan da, eta sustraiz ideologi oinharri ezberdinak egon arren, gure Herriko eta kanpoko jendeen artean oraindik PNVren hasierako "ereintza" hartako ideia galgarri batzu geratzen aira, norenak diren agertu gabeak. Eta ideia horietako bat arrazismoarena da. Ideia horrexetaz, hain zuzen baliatu eta baliatzen dira orain arte gure etsaiak —eskuin zein ezkerrekoak izan— euskaldunok, euskaldun guztiok, desprestigiatzeko. Eta nori berea zuzenbidea denez gero, gauzak beren lekuan jartzea da egokiena.

PNV, gaurko alderdi bat den aldetik, bistan dago ez dela, ezin izan dela, hastapenez, arrazista. Beste gauza bat da, ordea, PNVko jendea, gerraurreko ideologia iturri garbienetatik edan zuena, oraindik, praktikan, erabat arrazista izatea. Eta hau eguneroko arazoetan ezin nabariagoa da. Exenplu bat jartzeko, kasu, hor dago delako Chao horren artikulua, ni neu, neronen artikuluetan beti Kintana sinatu arren, Quintana idazkeraz aipatzen nauena, bistan dagoenez, dudan jatorri "maketoa" gogorarazteko. Gizaixoak ez bide daki, Kintana Arabako herri baten izena denik; agian Iñigo de Agirrek "lutelesti" gehiago irakatsi beharko dio.

Jar dezagun beste adibide nabariago bat. Sabino Aranaren Obras Completas delako liburu mardulean, Aranak Don Manuel de la Sota-ren kontra ("La bandera fenicia") idatzitako artikulu satyriko eta mingarri bat dator. Editoreek, jaun hori, geroago, PNVko kide izan zela eta, Sabinoren "okerkeria" hura justifikatzeko, ohar luze bat ezartzeko obligazioa zutela uste izan dute. Eta ederki dago. Textuingurua emanez, nolabaiteko desenkusak eman daitezke Aranaren alde. Baina liburu berean, ez behin, baizik eta milatan, Sabinoren esaldi ezin mingarri eta iraingarriagoak agertzen dira, eta ez pertsona baten baizik eta gure Herrian bizi den populazio erdiaren kontra, bai eta katalan eta galego Herrien kontra ere, eta, hala ere, editore jaunek ez dute kontsideratu Sabinoren esaldi horik nola edo hala justifikatu behar zituztenik, eta ontzat eman dituzte. Burjes haundi bati zor zaion errespetua ez zaie, dekusagunez, proletariei, interklasista direnen artean.

Ba daude liburu horretan Hitlerrek berak firmatuko ez zituzkeen artikulu lotsagarriak, gure nazioaren zentzu komuna errespetatzen ez dutenak, baina Abandoko arranoak idatzi zituenez gero, aldare gaineko ogi saindutzat irentsi beharrekoak.

Norbaitek esan dezake, neronek ere gorago esan dudanez, hori PNVek ez, baizik eta PNVko batzuk egin dutela. Eta egia da. Baina kontua ere ba da, alderdi bat ez dela bere puntu programmatikoetako letra soilez ezagutzen, beraren kide eta pertsona publikoen esan eta praktikaz baizik. Eta Mugica Herzog edo eta Carrillo jaunaren jarrera publikoetatik beren alderdien antieuskalduntasuna juzkatzen dugun arrazoi berberagatik —beren programmak ezin txukunagoak izan arren— PNVkoen jarreraz ateratzen du jendeak zeintzu diren alderdi horren asmoak. Are gehiago, noski, Xabier Arzallus moduko pertsonaia errepresentatibo batek "El PNV no es ni más ni menos que un instrumento de realización de los postulados y fundamentos de Sabino Arana...". Edo eta, kristau demokrata delako, konfesionala ezin izan daitekeen arren, oraindik "Euzko Abendearen Ereserkia" moduko hymno arrazista eta klerikala kontserbatzen badu. Etab., etab.

PNVk aipatu ditugun ideiak eta oinharriok onhartzen ez baditu, argi eta garbi aitor dezala. Ez da nahikoa, sinesterazi nahi zaigunez, praktikan bestelako politika eraman nahi izatea, aurreko okerrez mea culpa publiko bat esan gabe, eta are gutiago, Arzallusek dioena egia bada, Bilboko Hibaiaren ezkerraldeko etorkinez oso kezkaturik baldin badaude. Holako pertsonei, abertzaletasunaren izenean, PNVkoek irain oso mingarriak egin dizkiete eta orain ere egiten, eta dena garaiz ideologi garbiketa egoki bat ez egiteagatik. Ixiltzea onhartzea besterik ez da, eta beren alderkide zaharrak ez mintzeagatik ixiltzen badira, zera pentsatu beharko dugu, PNVek nahiago duela bere kide zaharren sentimendu arrazistak errespetatu, gure Herriko bizilagun normal gehienon giza sentimendu eta duintasuna baino. Holakoek gerra denboran asko sufritu zutela esateak ez du piperrik balio. Antzeko arrazoiak entzun dizkiegu faxistei luzaro. Sanchez Albornoz edo Madariaga errepublikarrak ere gerran eta herbestean, seguraski, sufrituak dira, baina horregatik ezin ditugu beraien memelokeriak irentsi.

PNVeko asko, bestalde, haserre dago, eta arrazoiz, karlistek, gerran beren kontra burrukatu ondoren, orain demokrata eta euskaltzale gisa agertu nahi dutelako... lehengo bekatuengatik barkamenik eskatu gabe! Beste horrenbeste uste dute beste askok PNVkoez.

Sasoia ere ba da Aranaren nazionalismoa, oinharriz aberrantea izan zela esateko, hots, krioilismo hutsa zela, hau da, Bilbo moduko toki deseuskaldunduetako "basko"en funtzioan egindako ideologia bat, eta Herriaren "euskaldun" kontzeptu jatorretik irten beharrean, espainolduen "vasco" bastartetik egin zuela bere nazio kontzepzioa. Ondorioak hor daude: kontzeptu biei dagozkien Puntu komun zuzenekin batera, onhargarri ez diren beste asko ere utzi zizkigun: arrazismoa, euskara beharrezko ez dela esatea, folklorismoa, etorkinen baztertu nahia, bizkaitarkeria, konfesionalismoa... Sabinok, beharbada, ezin zezakeen (?!) bere garaian besterik egin, baina egin zuena hobezina eta zuzentezina dela esatea itsukeria eta fanatismoa besterik ez da. Eta horren errua ez berari, haren ondokoei bota behar zaie.

Hortaz, lotsa naiz artikulu hau neronek idatzi beharraz, ez baitzegokidan niri, haren alderdikoei baizik, kritika hau egitea, baina kontrakoek, ixiltasun horrez baliaturik, gure Herria jo eta ke iraintzen duten artean, PNVko buruek —antza denez dibortzio eta abortuaren kontrako predikuak egin behar dituztelako— astirik edo gogorik ez dutenez gero, azkenez neuk idatzi behar izan dut.

Nik neuk, Aranarekin zertan nagoen konforme eta zertan ez esana dut. Harekin batera natorreneko puntuetan Sabino defendatzeko prest nago, besteetan, aldiz, ez. Ez legoke gaizki beraren alderdikoek, aurpegi berriaz ibiltzeko, beste horrenbeste egitea. Horrela nork zer pentsatzen duen jakinen genuke guztiok.

Xabier KINTANAk

***

Bizkai-seme bi

Bat

Iñazanton. — ¿Noz ezkontzen zara, Peru?

Peru. — Eztakit, ba.

I. — ¿Eztakuxula diñozu?

P. — Olantxe da ta...

I. — ¿Zure ezkon-deirik eztira ete bota?

P. — Bai bi.

I. — ¿Zer, Ba? ¿Atzera egin dozu ala...?

P. — Ori ez: aurrera bai.

I. — Ezteutzut diñozuna adituten.

P. — Erraz-erraza da au aditutia.

I. — Ez, ezpadiñozu zelan jazo dan.

P. — Esango deutzut zeuri, onek zeuk ondo adituten dituzula dakidalako.

I. — Bai dakixu zure aizkide ona nazala. Tira.

P. — Ezautu neban Sondika'n, Donian'en jayegunan.

I. — ¿Nor?

P. — Kosepantoni, ba.

I. — Gomutetan bai yat. Aurrera.

P. — Ordutik aurrian; sarritan itz-egiten gendun alkarrik: lenengo, erromejiretan bakarrik; geruago, Bilbo'n berton, jayegunetako goizgoxetan, mesia entzun len eta gero, ta otseintzat eeguan etsetik urteten zan arratsaldietan. Lau ilabete igarota ezkero, itundu gintxan alkarrekin, eta juan gintxan bijok bere amagana ta adi-erazo geuntsan gure azmua. Au amak poz-pozik entzun euskun eta gogo ederraz emon eutsan bere alabeari biar zan baimena. Bertatik, asi gintxan eztegubetarako gauzak atontzen. Dei bi, esan deutzudanez, bota egin bai genduzan. Baña... onezkero, eldu yatan zori-okerdun egun bat...

I. — Ia zein zan.

P. — Egun batan jakin neban Kosepantoni'k berak erderazko abixen1 bat, laugarrena, euten ebala ta orduban, bijotza bular-barruban estuten nebala eldu nintxan beragana, ta esan eutsan: Kosepantoni, gatxa ixango yan igartzen zetarako ona nayaton. Baña, aurretik, esan egidan: Bizkaya ta eu artian, ¿zeñen aldera makurtu biarko mayeuken? Zurbildu yakon arpegija neskatillari ta ixil-ixilik egon zan. Orduban nik aurrera egin neban itz-egiten, eta esan eutsan: neuk usteyonat, Bizkaiordian etxonat biar artu iñorberez. Jakin yonat erderezko abixen bat daukanala, ta bai dakin ik bizkatarra nuala.

I. — ¿Ori esan zeuntsan?

P. — Orixe.

I. — ¡Arrayua, Peru! ¿Zoratu zara ala...?

P. — ¿Zoratu? Zorua nintxake, neskatil bizkatar uts bat ezpaneu ezkonduko.

I. — Ori neskatil ona da gero...

P. — Guztiz ona.

I. — Polita berebai...

P. — Eder-ederra.

I. — Eta euskelduna...

P. — Bai: euskeraz daki. Bere atak azi eban baserrijan. Ata zan bizkatar garbija; baña amaren bigarren abixena erderazkua da, bere ata españarra zulako.

I. — Eta aberatxua berebai ete da...

P. — Bata: iru etse daukaz baserrijan bere amak.

I. — Eta alaba bakarra da...

P. — Bai: eztau nebarik, ez aiztarik.

I. — Eta ¿olakua dala, itxi dozu?

P. — Nire endeak ezteust besterik laketuten.

I. — ¡Demonijua! ¿Nok aditu dai ori?

P. — Ez zuk, españartuta zagolako, ta eztozulako BIZKATARRA erakurtzen. Nik, emakumeren on, eder ta aberatsenazen senarra ixan baño geyago, Bizkai-seme ona ixan gura dot. Bizkatarra naz ta eztot gura nire asabaen odola, españarraz nastau. Nire semiak, niri neure alak emon deustan odola, euren zanetan eruan dagijela nai dot, eta Bizkaya enda bizkatarrarentzat dedila.

I. — Baña ¿zelan orrek adi-erazo zeutsazan Kosepantoni gaxuari?

P. — Zeuri legetxe. Esan neutsan: ondo mate aunadala euk dakin; baña odol bizkatar garbiduna non ni, ta olakoxiak neure semiak yadixela gurayonai. Ia onegatik kalteren bat egin badeunat, parkatu egidan eta ire amak parkatu beyegidan bere.

I. — ¡Arrayua! Eztagoz Bizkaya'n zulako bizkaiar asko.

P. — Orregatitxe dago Bizkaya, daguan legez: maketuen aspijan.

1 Abixen: aba-ixen, asaba-ixen = apelidu.

Haren obra irakurtzea Aranaren giza dimentsio egiazkoa ezagutzeko nahiz ta ezkoa da.

***

La política catalana, por ejemplo, consiste en atraer a sí a los demás españoles; la bizkaina, v. gr., en rechazar de si a los españoles como extranjeros. En Cataluña todo elemento procedente del resto de España lo catalanizan, y les place a sus naturales que hasta los municipales aragoneses y castellanos de Barcelona hablen catalán, aquí padecemos muy mucho cuando vemos la firma de un Pérez al pie de unos versos euskéricos, oímos hablar nuestra lengua a un cochero riojano, a un liencero pasiego o a un gitano, o al leer la lista de marineros náufragos de Bizkaya tropezamos con un apellido maketo. Los catalanes quisieran que no sólo ellos sino también todos los demás españoles establecidos en su región hablasen catalán; para nosotros sería la ruina el que los maketos residentes en nuestro territorio hablasen Euskera. ¿Por qué? Porque la pureza de raza es como la lengua, uno de los fundamentos del lema bizkaino, y mientras la lengua, siempre que haya una buena gramática y un buen diccionario, puede restaurarse aunque nadie la hable; la raza, en cambio, no puede resucitarse una vez perdida.

Si nos dieran a elegir entre una Bizcaya poblada de maketos que solo hablasen el Euskera y una Bizkaya poblada de bizkainos que solo hablasen el castellano, escogeríamos sin dubitar esta segunda porque es preferible la sustancia bizkaina con accidentes exóticos que pueden eliminarse y sustituirse por los naturales, a una sustancia exótica con propiedades bizkainas que nunca podrían cambiarla. Asimismo: si nos pusieran de un lado la muerte total y absoluta de Bizkaya, esto es, la extinción de su raza y su lengua y la desaparición de todo escrito y toda memoria referente a sus leyes e historia y hasta su mismo nombre, y del otro una Bizkaya maketa, independiente y regida por las leyes de nuestros padres, poseedora de nuestra lengua y heredera de nuestra historia, optaríamos por lo primero; y aun entre esta segunda Bizkaya y una Bizkaya esclava, pero euskeriana de raza y amante de su independencia y del restablecimiento integro de sus leyes y su lengua, nos quedaríamos con esta última: porque si es preferible la muerte a la esclavitud, lo es también la esclavitud a la vida aparente. Tanto están obligados los bizkainos a hablar su lengua nacional, como a no enseñársela a los maketos o españoles. No el hablar este o el otro idioma, sino la diferencia del lenguaje es el gran medio de preservarnos del contagio de los españoles y evitar el cruzamiento de las dos razas. Si nuestros invasores aprendieran el Euskera, tendríamos que abandonar éste, archivando cuidadosamente su gramática y su diccionario, y dedicarnos a hablar el ruso, el noruego o cualquier otro idioma desconocido para ellos, mientras estuviésemos sujetos a su dominio. Para los catalanes sería una gran gloria el que el gobierno español designase el idioma catalán para lengua oficial de toda España; al paso que si eso hiciera con el Euskera sería para nosotros el golpe de inevitable muerte asestado por la diplomacia más refinada.

Sabinok esan zituelako, konforme al gaude euskaldun guztiok honekin?


Euskal Herrian

Metroa bai; baina, norentzat?

Joan den astean, Bilboko hauzo eta famili elkarteek, Unibertsitateko erretore jaunak, ikastolek, Arkitektoen Kolegioak, Apareilarien Kolegioak, El Desvan-ek, Aeormak, Barakaldo eta Lejoako Udaletxeek eta abarrek eskatu diote M.O.B.-eko Ministru jaunari Bilbon Metroa ez egiteko, pentsaturik dagoen bezala. Burrunba gogorra sortu zaigu hiri honetan. Baina, nondik datorkigu nahaste-borraste hau?

Orain direla urte batzu, Bizkaiko Garraioen Batzordeak Bilbo Haundiko garraioez SENER-i estudio bat eskatu zion. SENER-ek, hilabete batzuren buruan bere estudioa argitaratu zuen, zazpi alternatiba eskainiz. Zazpi alternatiba hauetatik, lauk Bilbo Plentzia aldera helduko zela onhartzen zuten. Beste hirurek berriz Asua aldera joango zela zioten.

M.O.P.-koek, zazpiak ikusirik, beste hiru alternatiba berri egin ditu, estudio hartako datu gehienak kontuan edukiz. Hiru alternatiba hauk desberdinak dira lehenengo zazpietatik. Eta hiru alternatiba hauetatik, Bilboko Garraioen Kontsortzioak BAT hautatu behar du. Gero, lanak hasi eta kitto. Eta honela saltzen da herri baten etorkizuna eta saltzen gaituzte herritarrak.

Baina, legez, Kontsortzioak hautatu aurrean ba dago hilabete bat, hiru alternatiba hauk inpugnatzeko. Herriak, teoriaz behintzat, eman dezake bere eritzia. Hilabete hau amaitu zen otsailaren hemezortzian. Eta denbora gabeko hilabete honetan, lehen esan ditudan hauzo elkarte eta beste erakundeek (BILBOKO HIRIGINTZ LABORATEGIAren eskuz) inpugnatu dituzte alternatiba hauk. Zeintzu alternatiba dira hauk?

Lehenbiziko bi alternatibak berdintsuak dira. Berezitasun bat bakarrik: batean trena lurpetik doa eta bestean gainetik. Azbarrenen hasi eta Lutxanaraino. S. Ignacio eta Erandio bitarteko zatian bi alternatibetan lurpetik doa. Gero, Lutxanatik Getxoraino. Hemen ere, harrigarria! harritzekoa!, Negurin lurpetik doa (teknikaz ezina omen da gainetik joan). Beste lekuetan, kanpotik. Ezkerrean berriz, Lutxanatik Barakaldo aldera eta handik, Santurtzira. Alternatiba hauk kostatuko zaizkigu 11.800 milioi pezeta (gainekoa) eta 13.000 milioi pezeta (lurpekoa). Ezin dugu ahantzi geuk ordainduko dugula geure Metroa. Estatuak pixka batez baizik ez gaitu laguntzen (2.000 milloi pezeta).

Hirugarren alternatiba hobeagoa da: ezkerretik beste biak bezala baina Sestao eta Getxo lotzen ditu adar batez, Hareeta eta Portugalete urpetik josiz. Eta kontrakoz, S. Ignaziotik zuzen-zuzen jotzen du Lejoara hibaitik bazterturik eta Lamiako, Astrabudua eta Hareeta Metrorik gabe utziz.

Hiru alternatiba hauk utziko dute 350.000 pertsona garraiagailurik gabe. Hala ere betiko geldituko zaigu Bilbo Haundia bi zatitan hautsirik:

Erditsuan, orain Bilbo dagoen tokian, "buru-bulego-egilea" egongo da. Ezker aldean, langile eta langileak eta nahasi gabe, eskuinean, jende dirudun indartsua. Erditik, ura. Eta ur hori gurutzatzeko Errontegiko zubia eginen da. Honela lantegietako zuzendariek, antolatzaileek eta jabeek zuzenki hartuko dute Donostia edo Madrilerako autopista. Eta langileak?: Beti bezala trenik gabe, bere auto txikiekin muturkaka eta hostiaka Bilbotik Sestaorako bidea ordu pare batez ezin eginez. Metro hau egin da errentabilitatea bilatuz (lantegietara tenorez joateko) eta ez on sozial gisa. Gainera, oraingo ezkerraldeko trena geldituko da portularientzat. Garraiuntzietan ekarritako gauzak lehorreratuko dituzte eta oraingo trenbidetik Bilboraino ekarri. Horregatik guk ordaintzen dugu, ez gaizki egindako Metroa bakarrik, portuko garraioen bizimodua ere baizik. Ba dirudi demokraziak horrelako ezbeharrak ekartzen dizkigula. Ikusten dugunez "negozio biribila" datorkigu.

Nola beharko luke izan Metroak?

Bilboko Hirigintz Laborategiakoek beste alternatiba bat egin dugu. Eta alternatiba hori argitaratu genien arratsalde apal batez hauzo elkarteei otsailaren hamaseian, Alberto Lopez-en ahoz. Metro sozial batek gutienez hiru baldintza bete behar ditu:

1.- Oraingo hiriaren zatikeria hau urratu. Hau ezin da egin bi aldeak josten ez baditugu lehenbailehen. Hori egin dugu geuk bi adarrez: Barakaldotik-Erandiora eta Portugaletetik-Hareetara. Jakina, Metro lurpetik doa! Aski auto ikusten dugu gainean!

2.- Metroak hiria berritu behar du. Eta hau ez da egiten Metrokeria batetan pentsatuz, Metrotasun batetan baizik. Hau da: M.O.P.-ek pentsatu duen bezala zer txarrak zuzentzeko pentsatua da, etorkizunik gabe. Guk Metroa gailu on bat dela diogu, hiria behar den bezala zabaltzeko. Horregatik ireki dugu Galdakao-Zornotza aldera, Plentzia-Urduliz aldera, Erretortu aldera eta Lejoatik Asua aldera: lau puntuotan. Hiria honela zabal daiteke.

3.- Bilbo Haundiaren lurraldeko herri guztiak hartu behar ditu. Horra hor Errekaldetik Otxarkoagarako adarra. Horra hor Unibertsitateko adarra (gure zuzendari ilun hauek ez zuten hau bederen pentsatu). Horra hor Sendategiko adarra (gure eri eta gaixoak Metrorik gabe zeuden).

Metro alternatiba hau beste hirurak baino garestiagoa da: azpiestruktura 24.000 milioi pezeta kostatuko zaigu: Bainan hobe da zerbaitetarako gehiago ordaintzea, deusetarako guti ordaintzea baino. Gainera, zergatik ez digu Estatuak dena ordaintzen, Sevillan egin zuen bezala?. Gure sakeletatik aterako da dirua eta hori ezin dugu zu: andu. Eta horregatik, Metroa nahi dugun bezala eginen dugu. Amaitu baino lehen, ohar bat: Radio Nacionalek behin batez esan zigun, Bilboko hauzo elkarteek ez zutela Metrorik nahi eta haien kulpaz atzeratzen ari dela Metroaren aitzinasmoa. Hori ez da gezurkeria bat baizik: orain arte Estatuak gibelatu du ahal ukan duen guztia eta eginahalak eginez. Guk lehenbailehen nahi dugu Metroa, baina behar den bezalako Metroa, eta ez edozein modutara. Horregatik ministru jaunari eskatu dizkiogu beste bi hilabete gaia hobeki estudiatzeko. 24.000 milioiek, ez ote dute bi hilabete balio?

Pello Salaburu

BILBOKO HIRIGINTZ LABORATEGIA

AZKEN ORDUA: Hau idatzi ondoan, Irratiak eman digu berria: Ministru jaunak onhartu du beste hilabete batez zabaltzea informaziorako denbora. Herri burrukak hori lortu du. Hilabete honetan nahi duenak inpugna dezake hauzo elkarteek argitaratu duten beste alternatiba hau. Eta nahi duenak beretzat onhartu ere bai. BILBOKO HIRIGINTZ LABORATEGIAra egunero datozkigu baiezko asko. Sozietate eta erakunde guztiek eman dezakete beren eritzia: baietza edo ezetza, izenpetuz edo gure alternatibari oharrak eginez. Edozein hauzo elkartek azalduko dizue dudarik badaukazue. Horra zertan on eginen dugun hilabete hau. Geure etorkizuna (hirigintza aldetik) garbitzeko denbora etorri zaigu.


[Komikia]


Izkoren amarekin

Amnistia orokorra aldarrikatzen da bazter guztietan. Herriak ez ditu bere seme espetxeratuak ahantzi nahi. Atsekaberik latzena daramatenak, espetxeratu beraiek aparte, presoen gurasoak dira. Horietako batekin egon gara. Beharbada euskal kondenatuen artean famatuena izan denaren amarekin.

Rosario de la Iglesia, Vda. de Izco, emakume xalo bat da, on ona. Politika kontutan ez daki deus ere. Seme bat du kartzelan, eta haren alde dago, eta haren lagunen alde, gauza asko ulertzen ez baditu ere. Euskal Herriaren alde. Besterik gabe. Batasunaren, maitasunaren, elkar ulertzearen burruka aurrera eraman nahi duela dio behin eta berriz.

Rosariok bere bizitzan ematen duen lehen entrebista da honoko hau. Kostata eman digu guri ere. Burgoseko hauzikoan, bere semea bait zen lehen kondenatua, munduko "reporter"ik hoberenak atzetik ibili zitzaizkion. Ez zion inori deklaraziorik egin. ANAITASUNAri eman dizkio bere lehen hitzak, bada.

— Izkoren ama ez da jaiotzez euskaldun. Orain bihotzez bai. Non jaio zinan, Rosario?

— Zamorako probintzian jaioa naiz. Eta beste asko eta asko bezala Euskal Herrira etorri nintzen bizitzera, lanera. Iruinean ezkondu nintzen. Eta gero Bilbora etorri ginan bizitzera. Bilbon hain zuzen jaio ziren nere 3 semeak. Xabier, kartzelan dagoena, bigarrena da.

— Eta zuk zer egiten duzu orain? Non bizi zara? (Ba dakigu ekonomik kondizio larrietan bizi dela, 4.500 pesetako erretiroak bizitzeko adina ez bart du ematen).

— Madrilen eta Tolosa alboko Txaraman bizi naiz. Ahal dudanik gehiena Euskal Herrian igarotzen dut, gustoena hementxe nago eta. (Bidebatez dirua aurreratu ere egiten dut). Adiskide batzuk hartzen naute beren etxean. Euskal Herrian oso ondo hartzen naute beti. Euskalduna ez izan arren euskaldun senditzen naiz. Euskalduntzat hartua ez izateak eta euskara ez jakiteak pena ikaragarria ematen dit.

— Badakit beste pena bat ere izan zenuela. Francori zuzenduriko gutuna zela eta, adiskide batzuk hasarretu zitzaizkizunean. Zer gertatu zen?

— Seme nagusiak eta biok Francori, Estatu Buruari Xabieren alde gutun bat egin genion, errukia eskatuz Francoren bihotza beratzeko nere gizona bere aldeko izana zela eta esaten genion. Gutun horren erruz euskaldun batzu hasarretu egin zitzaizkigun. Semeari ere, Xabierri, ez zion grazirik egin. Baina esan beharra dago karta hura pribatua zela. Eta norbaitek apropos argitara eman zuela, gure borondatearen aurka.

— Jakina, denetan penarik handiena, seme kartzelatuarena duzu.

— Bai, asko sofritu dut. Jaiotzan lanik gutien berak eman bazidan ere, orain gehiena berak ematen dit. Zazpi urte paseak daramatza barruan. Asko pasatutakoa naiz zazpi urte hauetan. Luzarora doa gauza. 160 urteko kondena edo du. Noiz aterako da? Egia esan, kalean ikusteko esperantzatxoren bat badut. Etengabe eskatu behar da amnistia.

Gutitan ikusten dut semea. Urruti dago, Cordoban. Nekez joan naiteke ni haraino: garestia da joan etorria. Eta joanda ere 20 minututan bakarrik egon naiteke berarekin. Sei hilabetez behin joaten natzaio.

— Burgoseko epaiketa famatuan kondenatu zuten zure semea. Mintza gaitezen epaiketa hartaz. Nola hartu zenuen semearen heriotz-zigorraren berri?

— Egun latzak izan ziren haiek. Hala ere oso animosa ibili nintzen artean. Gero erori nintzen, tentsioa jeisterakoan. Kontu egin zazu, baita ere, juizio baino bi hilabete lehenago hil zitzaidala senarra. Atezai ginan ogibidez. Lanik gabe gelditu ginan, beraz. Burgoseko serora batzuen komentuan babestua bizi izan nintzen Burgoseko juiziokoan.

Epai-aretoan izan nintzen egunero. Tentsio ikaragarri zegoen. Ni semearen bila. Hirugarren egunera arte, nahiz eta sala berean egon, ezin izan nuen ikusi, goardiaz estalita bait zegoen.

Egia esan, ez nekien nik Xabier heriotz-zigorrera kondenatu behar zutenik, mundu osoan zabaldua izan arren. Izkutatu egin zidaten egia larria. Egun batez, Xabierrek bere emaztearen eskutitzak entregatu egin zizkidan; baina arrazoia esan gabe. Inoxente inoxente nengoen ni. Ba al dakizu nola jakin nuen? Epaileku ondoko taberna batetan bazkaltzen ari nintzen. Halako batean, gazte euskaldun bat hurreratu zitzaidan. Soldadu zegoen Burgosen. Hauzia zelata han geundela konturatu zen. Eta bere karneta erakutsirik zera esan zigun, alegia, taberna hartan kontuz ibiltzeko, militarrez beterik egoten zela eta. Solasean hasi ginan. Zera galdetu nion, ea hauziari buruz zer esaten zen herrian. Haretxek eman zidan kolpea: Izkori heriotz-zigorra emango ziotela, hori gauza segurua zela. Ni Izkoren ama nintzenik ez zekien soldadu hark. Hantxe eta holaxe jakin nuen egiaren berri. Gustatuko litzaidake orain berriz ere mutil hura agurtzea.

joan mari torrealday


Munduan barrena

Israelen nola irakasten den hebraiera

Aurreko artikuluan esan nizuen, hurrengoan Israeleko irakaskuntzaz berba egingo nizuela: pertsona nagusiei nola irakasten dieten Israelen hebraiera, nolakoak diren hango irakaspideak, hainbat arinen herriko hizkuntza ikas erazteko.

Sarritan esan dizuet, pertsona nagusientzako ikastetxe edo ulpan batetan sei aste pasatu nituela. Astirik nahikoa izan nuen, hango irakaskuntza nolakoa den ikusteko. Ikasgela batetik bestera ibili nintzen, dena ikusten eta aztertzen. Oraingo artikulu hontan, gure maistrak lehen mailako ikasleoi nola irakasten zigun ikusiko duzue. Aste beteko esperientzia, egun batekoa balitz bezala azalduko dizuet.

Ikasgela hontan hamahiru ikasle gaude. Denok pertsona nagusiak. Gazteena, Berlineko neskatila ilehori polit bat. Denak juduak, Dinamarkako enbaxadan lan egiten duen daniar bat eta ni izan ezik.

Goizeko zortzietan hasi da eguneko lehen ikastaldia. Zortzietatik bederatzi ta erdiak arte. "Shalom, talmidim" (osasuna, ikasleok) esan eta besterik gabe, galdeka hasi zaigu maistra. Berak galde eta berak erantzun. Zer da hau? Hau liburua da. Zer da hori? Hori mahaia da. Zer da hura? Hura atea da. Zer naiz ni? Ni irakaslea naiz. Zer zara zu? Zu ikaslea zara. Dena hebraieraz. Ikasgelan ez da beste hizkuntzarik entzuten. Noizean behin ingeles nahiz frantsesezko hitzen bat. Maistrak, bere galde-erantzunak ulerterazteko, astiro astiro berba egiten du, sendo, argiro. Gorputz guztiaz hitz egiten du, ahoaz, begiez, eskuez. Mimikari inportantzia haundia ematen dio.

Holako galde-erantzun batzu ulertu ondoren, geu hasten gara batak besteari galderak egiten eta erantzuten. Beti maistraren gidaritzapean. Ikasgelan ez da inor geratzen, jokoan parte hartu barik. Errepika eta errepika galde-erantzun berak, buruz eta la pentsatu gabe esan arte. Ezin sinestekoa da, zenbat aldiz eta zenbat intonazio eta mimika diferentez esaten dizkigun maistrak gauza berberak: gogor, leun, altu, baxu, arin, astiro, haserre, alai, triste. Eta guk errepika eta errepika, ordu ta erdi luzetan. Ni guztiz harriturik nago maistraren erresistentziaz. Eta abiltasunaz ere bai. Oso irakasle ona da. Karmela du izena. Hogei ta lau urte daramatza, ulpan hontan irakasten. Denok maite dugu. Holaxe —errepika eta errepika— ikasi ditugu ikasgelako gauza guztien izenak; eta ba dakigu orain, izen horien bitartez esaldi labur batzu egiten.

Ordua da, eta ikasgelatik kanpora ateratzen gara, hamar minutuzko atsedenaldiño bat hartzera. Gero, berriro ikasgelara.

Hiru ordu laurden iraungo du bigarren ikastaldiak. Hamar ta erdiak arte. Maistra, minutu bat ere galdu gabe, lehengo galde-erantzunak errepika erazten hasi zaigu. Su eta ke, errepika eta errepika, noizean behin hitz berriren bat sartuz. Hitz bernok, batzutan, ez ditugu ondo ulertzen. Maistrak ez digu inoiz itzulpena egiten. Geuk igarri behar hitzon esan nahia. Hortarako, textuinguruaz, geure irudimenaz eta maistraren mimikaz baliatzen gara. Inoiz ere ez hiztegiaz edo beste edozein liburuz. Maistrak ez digu uzten libururik irekitzen. Hala eta guztiz ere, ikasle batzu hitz berriok ulertu gabe edo gaizki ulerturik geratzen dira. Berdin da. Hurrengoan ikasiko dituzte. Eta behin ikasiz gero, ez dituzte inoiz ahanztuko, asko kostatu zaizkie eta.

Maistrak harbelean zerbait idazten duenean, edo azalpen bat egiten digunean, ezin dugu notarik hartu, ezin dugu ezer kopiatu. Momentu hortan, geure ahalmen guztiak —ikusmena, entzumena, irudimena— maistraren azalpenean bildurik eduki behar ditugu. Ezin dugu erdibitu geure adimena. Ikasle guztiak ez zeuden irakaspide hortaz konforme. Behin, maistrarekin bakarrik nengoela, galde egin nion arazo hortaz; eta berak, erdi barreka, oso sistema ona zela erantzun zidan.

Orain arte, gehien erabiltzen den aditza ikasi dugu: Hau liburua DA, ni ikaslea NAIZ, zu judua ZARA, zuek emakumeak ZARETE, eta abar. Bigarren ikastaldi hontan, beste aditz batzu ikasten hasi gara. Hortarako, maistrak aditzaren forma sinpleena aukeratu du. Berak esaten duena, guk errepika: IKAS, ez IKAS, IKAS hemen, ez IKAS hemen, zergatik IKAS, zergatik ez IKAS, IKAS hori, ez IKAS hori. Aditzaren holako formak —bost, hamar, hamabost, hogei— mila eratara esaten ditu: galdetzen, miresten, mesprezatzen, boza aldatzen, arin, astiro. Eta guk berdin errepikatzen ditugu. Behin eta berriro, buruan ondo sartu arte.

Hamar ta erdiek jo dute. Amaitu da bigarren ikastaldia, eta denok ulpaneko hotelean kate hartzera goaz. Ordu erditako atsedenaldia.

Hamaiketan, ia beti, areto haundi batetara biltzen gara ulpaneko ikasle guztiak. Han, ordu beteko hitzaldi bat ematen digute, ingelesez, Israeleko zenbait gauzaz: historiaz, geografiaz, kulturaz, literaturaz, folkloreaz, politikaz.

Gaur, horren ordez, eskolara joan gara, hebraierazko hirugarren ikastaldia egitera. Hiru ordu laurdenezko ikastaldia. Beti bezala, maistra, besterik gabe, lehengo itaun-erantzunak berriro esan erazten hasi zaigu. Errepika eta errepika. Gero, beste pauso bat aurrera. Partizipioak ikasi behar ditugu: ikasi, ikusi, etorri, hartu, eta abar. Hortarako eta partizipioen bidez esaldi luze samarrak egiteko, plataforma batzu ikasten ditugu lehenago: Nahi dut, nahi duzu, nahi du, behar dugu, behar duzue, behar dute, ez dut nahi, ez dut behar, ezin dut, ahal dut, eta antzekoak. Errepika eta errepika, galde-erantzunka, zalantzarik gabe eta ia konturatu barik esan arte. Jarraian, plataforma horietaz baliaturik, partizipiok ikasten hasten gara: Liburu hori IRAKURRI nahi dut, kafea EDAN nahi dugu, hebraiera IKASI behar duzue, Jerusalemera JOAN behar dute, gaur ez dut ezer IKASI nahi, ezin dut leiho IREKI, euli hori ondo IKUSI ahal dut, eta abar.

Ez dugu ezer teoriaz ikasten. Ez dugu ezer analizatzen. Teoria eta analisiak osterantzeko eskoletarako (Institutu eta Unibertsitateetarako) dira. Hitzak, aditzak eta esaldiak, elkar hizketan agertzen diren bezalaxe ikasten ditugu eta kito. Maistrak ez digu aipatu ere egiten zer den singular eta zer plural, zer den adberbio eta zer partizipio. Hitz egin eta hitz egin: horixe da inportanteena. Errepika eta errepika, geldiro geldiro eta mailaz maila hitz eta aditz berriak sartuz, beti maistraren gidaritzapean.

Batzutan, elkar hizketa luze baten ostean, zenbait minutuz ixilik gelditzen gara. Geldiune hortan hitzak hegazka legez ibiltzen dira gure barruan, eta hobeto finkatzen dira gure memorian. Eta deskantsatu ere, pitin bat egiten gara. Gero, berriro lehengora. Galde eta erantzun, erantzun eta galde. Holaxe, ikastaldia bukatu arte.

Ikasgelaren aurrean nahiz inguruko baratzean hamar minutuz haize hartzen edo zigarreta bat erretzen egon ondoren, azken ikastaldia, goizeko laugarrena, hasten da. Hamabietatik ordu baterarte. Ikastaldi hau ere besteen antzekoa da. Sistema bera. Oraingoan, maistrak Israeleko soinu labur bat irakatsi digu. Baina hitzak denon artean ezarri dizkiogu. Ikasgelan bertan ikasi ditugun hitzak: Hebraiera ikasi nahi dugu. Arin ikasi nahi dugu. Gora hebraiera! Gora gure hizkuntza ederra! Holaxe ari izan gara hogei bat minutuz, kanta eta kanta, bakarka eta denok batera. Sistema hau sarritan erabiltzen dugu. Batez ere lehen mailako ikasleok. Honela, ikastaldia jasangarriago egiten zaigu, eta gertuago gaude, berriro galde-erantzunka hasteko.

Ikastaldia bukatzerakoan, maistrak etxerako lana ematen digu. Lan hau arratsaldeko lau ta erdietatik sei ta erdiak arte egiten dugu. Hortarako, hiru edo launako taldeka banatzen gara. Batzu ulpaneko areto handian batzen dira. Beste batzuk nahiago dute aire librean lan egin, arbola baten gerizpean. Lapitza eta papera eskuan, denon artean gogoratzen ditugu goizeko hitzak eta aditzak, galdeak eta erantzunak. Oraintxe da, idazteko eta anotazioak egiteko sasoia. Eta idatzi ere, behin eta berriro idazten ditugu gauza berak: idatz eta idatz, buruan ondo sartzeko. Horixe egiteko esan digu maistrak, eta guk bete betean sinesten diogu.

Honek hau ulertu du, horrek hori, harek hura. Elkarren artean osotzen ditugu, maistrak hurrengo egunerako eman dizkigun esaldiak. Dudaren bat daukagunean, galde egiten diogu, arratsalde hartan talderik talde laguntza ematen dabilen irakasleari. Gero, geure artean hasten gara, goizean ibili garen bezala, batak besteari galdeak egiten eta elkarri erantzuten. Galde-erantzun berriak ere egiten ditugu, geuk asmatuak. Nekatzen garenean, utzi egiten diogu lanari hamabost bat minutuz. Batzuk pinpon jokoari ematen diote. Beste batzuk itzuliño at egiten dute hoteleko zelaietan zehar. Gero berriro lanera, lehengo galde-erantzunak egitera eta biharko ikasgaiari azken ukituak ematera.

Sei ta erdiak dira. Afaltzera joateko ordua. Holaxe bukatu da lehen mailako ikasleen gaurko ihardunaldia.

Hurrengo artikuluan, beharbada, hirugarren mailako ikasleei nola irakasten zaien azalduko dizuet.

Imanol Berriatua


Lizeoetako PNN-ek porrot

Greba luze baten ondoren —urtarrilaren 18an hasi baitziren— Lizeoetako irakasle ez-numerariak lanean hasi dira berriro ere martxoaren 4ean. Baina, beren helburuak lortu ote dituzte? Noraino garbia izan da horko jokoa? Ba dirudi, balantzea egiteko ordua heldu dela.

Bizkaiko Lizeotakoak behintzat ez daUde batere ados greba horren amaierarekin, martxoaren 4ean prestaturiko agirian —hurrengo lerroetan aurki daiteke— ikus daitekeenez. Berek diotenez, "klasera sartzera beharturik" aurkitu dira azkenean, baina beren "burrukaren helburua, hots, estabilitatea, oraindik lortu gabea" dute. Bestalde, kexu dira, zeren eta ez ote den joku politiko zikina egon erditik susmatzen baitute. Galdera modura, hilabete luzea iragan ondoren zera esaten dute: Gure grebaren helburua aldatu ote da? Nork aldatu du? Eta talde koordinatzaile estatalarekin oso haserre daude, aldaketa horren errua egozten baitiote.

Koordinatzaile estataleko ordezkarien jokabidea

Lehen asteetan gogor jokatu genuen. Guztiok —ordezkariek ere bai— garbi genuen helburua, estabilitatea zen.

Hilabete barru, gure ordezkari batek informazio zalantzagarria ekarri zigun eta beste helburu bat azaldu zen:

"estabilitatearen ezagumendua exigitzen dugu zein, negoziazioan ebazpide onhargarri batetara heldu arte, lan garantiatan konkreta baitaiteke, ongi ulertuz ezen konkurtsu-oposizioa izoztuko dela"

Antza denez, helburu hau Barcelona eta Orenseko proposamenetik atera zen; eta Madrilen zeuden ordezkari gehienek onhartu zuten proposamen hori, Asanbladetan diskutitu gabe egon arren.

Bizkaiko asanblada zatiturik geratu zen. Batzu beldur ginen, gure helburua ia galdua zegoela eta greba estabilitatea lortu gabe bukatuko ote zela. Geroak arrazoia eman digu.

Orduz gero, asanbladak gehiago exigitu zien ordezkariei, transmisore hutsak izatera behartuz, eta behin eta berriz gure helburu berezia estabilitatea zela ihardunez.

Baina gure ordezkaritz kriterioa eta gure helburu hain argia ez zuten probintzia askotako ordezkariek konpartitzen eta, ziotenez, beren asanbladek konfidantza ipinia zuten berengan, eta negoziatzeko boterea —"cierto margen de flexibilidad", beren hitzez— emana zien.

Gertatu dena, organizaziorik eta burrukarako tradizio ezaren ondorioa den ala beste interes batzu dituzten alderdi politiko batzuren partizipazio aktiboa den, aidean geratzen zaigun galdera eta zalantza bat da.

Zenbait galdera eta kexka

Ba dira, ordea, kexkatzen gaituzten datu batzu. Zer dela eta, Lizeoetako burrukan hainbeste tradizio ukan duen Barcelona izan da, gure helburua urtebeterako estabilitatera beheratu duena? Zergatik hainbeste gogo, zein bere zentruan, probintzian edo distrituan geratzeko? Katalanek zerbait espero ote dute gobernuarengandik?

Zergatik ordezkari batzuk beren eritzia goizetik gauera aldatu zuten? Beren probintziakoak informatzeko eta egun berean erantzuna edukitzeko astirik eduki ote zuten?

Ordezkari errotakorra —ikasturtearen haseran hainbeste eztabaidaturiko gaia— izan da fidagarriena, gehienen eritzia eramateko eta agertzeko. Hainbeste eztabaidaturikoa diot, zeren eta gure burrukan pisu handia duen alderdi politiko batek behintzat, beti ikusten baititu ordezkari iraunkorraren abantailak: pertsona gaitua, enteratua, heldua, flexiblea eta "tratalaria".

Tamalez, gure eritzia ez da nagusi gertatu koordinatzaile estatalean, eta horrela joan zaizkigu gauzak...

A. Lizarralde


Bizkaiko Lizeoetako irakasle ez-numerariek (P.N.N.-ek) asanbladan ateratako agiria, Lizeotako guraso ikasle eta herri guztiari zuzendua

Bizkaiko irakasle ez-numerariek (P.N.N.-ek), asanbladan bildurik, koordinatzaile estatalak Ministergoarekin izan duen azken elkar hizketa ez onhartzea erabaki dugu, ondoko arrazoiengatik:

1.- Gure burrukaren helburua, hots, estabilitatea, oraindik lortu gabea, ez da planteatu ere egin azken elkar hizketan.

2.- Gaurko ez-numerarien lanpostua 1978.eko Urrirarte eskaintzea, berriro ere gure problema luzatzea besterik ez da.

3.- Ekipo Ministralak eginiko tratu promesak, ihazkoak bezalakoak dira. Orduan ez zituen bete, eta orain ez dugu arrazoirik ikusten, berdin gertatuko ez dela pentsatzeko. Ekipo hau ihazko berbera da.

4.- Benetakoak ziruditen puntuak (segurtasun sozial osoa, trienioak, segurtasuna desenpleguan...), horretarako dauden erakundeei gure eskariak pasatzeko promesa hutsak dira.

5.- Ministergoak ebazpide bakarra bezala oposizioak eskaintzean, irakaskuntzarekin batean oposizioetarako temario bat prestatzera behartzen gaitu, eta hau kaltegarria da ikasleentzat.

Elkar hizketa hauk ez onhartzean, martxoaren 2an Bizkaiko Asanbladaren jarrera, greban segitzea izan zen, Estatu guztian grebari talde handi xamarra bazegoen behintzat. Baina, Estatu guztian greban segitzeko erabakiarekin 1800 P.N.N. soilik ginela ikusi dugu.

Gure eritziz, egoera honetara eroan gaituzten arrazoiak oso konplexuak dira eta astiroago eginen dugu beraien balorapena, baina edozein modutan, faktore batzu aurrera ditzakegu:

1.- Orain dela denbora gutti burrukan hasi ziren probintzien ahultasuna.

2.- Probintzia batzuren organizazio eza, eta ondorio bezala, analisi egiazkoen falta, eta ordezkari batzuren jokaera pertsonalista.

3.- Probintzien nekadura eta ahultzea, hain greba luze batetan.

4.- Probintzia batzutan irakasleei egin zaien presio psikologikoa (ikasleentzat den kaltea,...)

5.- Ministergoaren zigorrak eta Dekretuaren argitarapenak gure artean sortu duten etsipena eta dibisioa.

Esandakoaren ondoren gisa, Asanblada honek jakin erazten du:

1.- Ezen gaur, ostiralea, klasera sartzera behartuak aurkitzen garela.

2.- Ezen talde koordinatzaile estatalaren komunikatuaren mamiarekin desakordioan gaudela.

Beste alde batetik ERABAKITZEN DU:

1.- Estabilitatea lortzeko, beste akzio batzurekin (herstaldiak datorren astean...,) burrukan segitzea eta negoziazioetara ez joatea, Lizeoetan jokabide hau onhartzen bada.

2.- Bizkaiko guraso eta ikasleekiko batasuna birbaieztatzea, irakaskuntzaren problemak konpon daitezen.

Bilbon 1977.eko Martxoaren 4ean.


Zientzi ikasleen agiria

Hau salhatzen dugu:

1.- Indar zapaltzaileek bi gazte abertzale iraultzailekin (Goikoetxea eta Mendizabalekin) egindako erhaitea. Herriak bere erreibindikapenen defendatzailetzat jotzen ditu.

2.- Gure Herriak jasan dituen torturak eta indarrezko ekintzak.

3.- Gobernua, demokraziarekiko bere jarrera engainugarriagatik berau argi ikus bait daiteke Euskadin, bere menpean dauden indarrek egiten duten errepresioaz konturatuz.

4.- Komunikabideak, Itsasoko gertaeren manipulazioagatik.

5.- Komisio negoziatzailea eta bereziki Jauregi jauna.

a) Euskadirekiko errepresentatibitate ezagatik.

b) Aspaldi honetan gure Herrian jaso diren gertaerez ez bait dute jarrerarik hartu Gobernuaren aurrean.

c) Negoziagai ez diren herritar erreibindikapenak negoziatzeagatik.

6.- Gure Herriak jasatzen duen zapalkuntza: kulturala, soziala, eta nazionala.

Hau guztiau kontutan hartuz, ondoko gauzak exijitzen ditugu:

1- Indar zapaltzaileen deuseztatzea eta erantzunkizunak eskatzea.

2- Exijitzen dugun amnistia osoa, honela zehazten da:

- Herbesteratuen eta presoen itzulera.

- Emakumeen delitoak deitzen direnentzako amnistia.

- Egoera hau ekarri duten legeak derogatzea.

- "Régimen penitenciario" delakoaren ezereztea, hau bait da, preso arrunten egoera sortzen duena, Caravanchel eta Ocañako kartzeletako azken gertaeretan argi ikusi dugunez.

3- Itsason gertaturikoa argitzea.

4- Komisioa negoziatzailearen ezereztea.

5- Euskararen ofizialkidetasuna eta Euskadirentzat distritu bakarra eratzea, euskalduntze osoaren eta Euskal irakaskuntza herrikoiaren lehenengo urratsak bezala.

6- Herritar masen bizimodua hobetzearen alde neurriak hartzea. Haien erakunde errepresentatzaileen bidez agerturiko sozial eta ekonomi eskabideak ahalik eta arinen betetzea

Lejoan, 1.977.eko martxoak 11

Zientzi ikasleak


Postaz etorriak

Iruina 1.977 go. —Otsailaren— 7 an.

Iruinako "Arturo Kampion" ikastetxeko talde bat gara. Bigarren mailan gaude.

Lehengo egunean irakurri genuen Imanol Berriatuaren idazlantxoa ("Israelen Miraria") oso ulerkorra iruditu zitzaigun.

Normalki Euskal albistarietan artikuloak irakurtzen ditugunean, ez ditugu ulertzen, oso zailak dira eta, horregatik nahi ditugu beste artikuloak hau bezala.

Uste dugu euskara ikasten ari diren denei holako artikuloak ere ondo irudituko zaizkiela.

(Hamalau lagunek izenpetua)

Agur.

***

Ikaragarrizko oihartzuna izan dute Euskal Herrian zehar, Imanol Berriatuak ANAITASUNAn publikatu berri dituen artikuluek.

Erdi analfabetuok eta euskaldunberritzen ari garenok —eta zoritxarrez ez gara gutxi— derrepente konturatu gara, euskara ulertzen dugula, eta kontu gutxitan hartuak izan garela gure idazle jakintsuen aldetik.

Beharrezkoa zen halako zerbait gure literaturan, dakigun apurtxo hori behintzat ba dakigula konprobatzeko. Beharrezko, pozgarri, animagarri... eta abar.

Ni neure esperientziaz mintzatzen naiz, eta nitaz aparte beste askori ere entzuna diet gauza berbera. Imanolek erabili duen "herri mailako euskara" goratzen eta eskatzen dugu, arren bai arren.

Ba dakigu, jakintsuentzat gauzarik zailenetakoa, jende apalarengana jaistea dela. Horregatik, milesker, Imanol. Aurrera bide hortan! Eta aurkituko ahal dituzu euskal idazleen artean jarraitzailerik franko! Ez egin dudarik, momentu hontan behintzat irakurle gehienok zuekin izango gaituzuela.

Ez ote dute Berriatuaren artikulu hauek euskal aldizkaritzan epoka berri baten hasera markatuko?

Imanol U., Bilbotik

***

ANAITASUNA-ko zuzendaria:

ANAITASUNAn eta "Zeruko Argia"n irakurri ditut Aita I. Berriatuak idatzitako artikuluak, eta erantzuna eman nahi diot esanaz ni ere bat natorrela haren asmoekin.

Poz pozik irakurri ditut artikulu osoak, eta asko poztu nau euskara errezean daudelako.

Uste dut, ez bakarrik Aita I. Berriatuak, baizik eta beste idazle guztiak ere berdin egin behar luketela, aldizkariak, egunkariak, liburuak etab. herriarentzat izan behar direlako.

Bai, zoragarria Israelen jasoten dena. Guk ere ea hemen horrelakorik egiten dugun.

Zorionak, Aita I. Berriatua, eta jarrai horrela. Eskerrik asko zure idazlantxo horiengatik.

M. Estibaliz Gereño

***

ETIKETISMOA

Azken zenbakietan, batez ere 333.enean, PNV aurkako zenbait kritika ikusi dut. Badakit hor esan den guztia oso zabaldurik dagoela, baina beste aldetik ere funtsik gabe arkitzen dut. Eritzi desbardinen konkurrentzi bat egokitzat uste izanez gero, horra neureak:

l.- "Euskal ezkerraren garrantzia" artikulua, Xabier Gereñok izenpetua, guztiz absurdo eta subjetiboa arkitzen dut. Hara zergatik:

a) Suarez-ek ez du inolako azpitraturik egin PNV-koekin. Hauek zerbait lortzen baldin badute beren politikazko zuhurtziagatik izanen da. Beharbada bai, Suarez-ek gozokia eman nahi dio PNV-ri joku eskuindar bat egin dezan, baina PNV-koek ez dute onhartu ezta onhartuko ere hori, Euskal Herriari traizioa egitea halegia. PNV-ak ederki daki Herriaren aurrean, etorkizunaren aurrean, ezin duela huts egitea; bestela, bereak eginen zuen. Horretaz ez dago beldurrik.

b) PNV-koei Gobernurengandik, guztia ez da abantaila. Horra adibide bat: Etxarri-Aranaz. Gauza jakina da, PNV izan da horren eragile handiena. Goardiak han egon ziren milaka, jakina Zertarako? ez PNV-ri abantailak ematearren, oztopoak jartzearren baizik. Eta Urkiolako gertakizunak, zer? Nori eman zioten egurra?: PNV-ko jendeari; egurra ugari, erruki gabe.

c) "PNV-ren alde joago lirateke hauteskundeetako boturik gehienak" dio Gereñok. Hori gauza guztiz jakina da, aspalditik. Beldurrik al du Xabierrek horrela gertatzeagatik? Ez dut ikusten zergatik? "Alea jacta est"; abertzaleentzat jarrera zuhurrena orain PNV-ren alde ateratzea dela argi dago. Esate baterako, GARAIA aldizkaria (PNV-ren aurka maiz agertzen delarik ere) horrela mintzo da. Ebidentziaren aurrean ezina da itsu izatea.

d) "PNV-ren ezkerrerantz ESB dugu". "Eta ezkerrerago EHAS". Etiketismo hori haurren joku bat bezala da. Garrantzitsuena politikan, zer nahi duena eta nola lor daitekena da. Argi dago PNV-ak zer nahi duena: GIZON ASKATUA, ABERRI ASKATU BATETAN. Gizonaren askatasun hori osoa delarik: politika mailan, gizarte mailan, ekonomi mailan. Horrek gizarte-egitura sozializatu bat galdatzen du, jakina. Baita nola nahi duen ere: mailaka, Herriak eskatzen duen arabera.

2) Ez dut ikusten arrazorik, PNV-ren kontrabalantza jartzeko. Nahiko kontrabalantza ukan du eta ditu oraindik ere: frankismoa, prietismoa, PSOE-PCE etab., KAS-ESB etab. Gehiago nahi dute ala? Galtzaile bakarra, Euskal Herria.

3) PNV-ren gaurko ekintza ez da inolako farsarik. Euskal Herriaren alde lanean ari da, ahal duen eta ulertzen duen neurrian. Herriak esan du hitza. Utz dezagun bakean lanean.

Gaizka Martinez

***

Xabier Gereñori erantzuten.

Anaitasunako 333. zenbakian, Xabier Gereñoren "Euskal ezkerraren garrantzia" irakurri ondoren:

1) Euskal ezkerra E.H.A.S.en gelditzea euskal ezkerra murriztea da.

EHAS izango zen euskal ezkerraren hasiera eta ez ezkerra bera. KASeko beste taldeak alde batetara uztea, EHASen partidismo batetan erortzea da. Uste dugu "Anaitasuna" oraindik, ez dela alderdi abots bat bihurtu, beraz, sektarismo hori protagonizatzea guztiz txartzat jotzen dugu.

2) Euskal ezkerran bezala, estatalistan berdin, PSOE eta PCE espainol ezkerraren mamia direla esatea, berriz ere, indar politikoaren abanikoa murriztea da, PCEaren ezkerrako talde guztiak ahazten baitira.

Konklusio gisa sinplekeria bat iruditzen zaigu indar politikoen alorra hiru edo lau taldetara laburtzea, beste ideologia batzu ahazturik.

3) Hauteskundeetan botu asko ateratzeak ez du izan behar talde iraultzaile eta ezkertiar helburu bakarra, kontutan harturik hauteskundeen sortea kanpainak markatzen duela. Hainbat dira, horrenbat botu. Momentu honetan, Gereñok kontutan hartzen ditu bakarrik hauteskunde horietan posibilitateak dituzten indar politikoak, Gereñok esaten duenez orain arte ez da euskal ezkerrarik izan, aztertu barik gaur arte burrukan egon diren talde indartsuenak, eta ia bakarrak, euskal ezkerrekoak izan direla. Gaurko egoera bultzatu dutenek ez dute, orain arte erdi izkutuan egon diren taldeek beste posibilitaterik.

Eta Gereñok, gainera, ezker, abertzalea ukatu egiten du...

4) Ez dugu onhartzen ere ez, gure aita balitz bezala, guztiok dakitzagun aholkuak ematea. Batez ere, azkenengo parrafoa.

5) Artikulu honek beste artikulu paternalisten suma dela ematen du. Adibidez, "Berrogei urtetako gau ilun eta huts baten ondoren", "Gobernuaren jokua argi dago", "Honetarako baseari utzi behar zaio hitz egiten", "Ezkertiar herriak, batasuna eskatzen du", eta abar. Betiko leloak dira hauk, eta ez analisi serio eta iraultzaile bat.

Basauriko zazpi abertzalek

***

Zenbait komunikabidetan agertu den agiri bat argitaratzen dugu, Donostiako Amara-Buru-Batzar-ak bidalia.

 ANAITASUNAk honetarako ohiturarik ez badu ere, gutun honek gure ustetan merezi duelako, argitasun batzu ezartzen dizkiogu. Behar diren iturriak kontsultatu ondoren, hau erausten diogu:

1) Euskaltzaindiak Donostiako Udaletxearen eskaria jaso zuenean, beste inork bere bizkar honelako lanik hartu nahi zuenez, pertsona bakar bat arduratu zen honetaz.

2) Ekintza hau itzulpen sailari zegokion bereziki. Baina honen arduraduna Bilbon dagoelako eta Donostiako historia ezagutzen duen norbait komeni zelako, ez zen gelditu itzulpen sailaren gain arazo hau.

3) Lan honetaz arduratu dena, itzulpen sailak duen normatibaren arauera, Azkueren Hiztegiaz eta Morfologiaz, euskara batuaren normatibaz, zortzi urte arteko hiztegiaz eta merkatalgo izendegiaz baliatu da. Eta kasu berezi honetarako, 1.897.ean udaletxeak argitaratu kaleen izendegiaz eta 1.916.eko Serapio Mujikaren "Las calles de San Sebastián" liburuaz.

4) Argitaratu den lana arduradunak egin eta kontseilarietarik batek zuzendua da. (beste batzuri ere zabaldu zaie zuzenketa lana egiteko), baina espreski behin behinekoa dela esanez eman zitzaion Udaletxeari.

5) Kale hitza erabiltzeko, ikusi da Karrika hitza Oiartzunen hasten dela erabiltzen, Donostian inoiz ere ez dela erabili. Beraz herriaren tradizioari darraiola Euskaltzaindiak.

6) Kale edo plazen izen aldatzea ez dagokiola Euskaltzaindiari, Udaletxeari baino.

ANAITASUNAren oharra

***

Donostia'ko Udaletxea ta Euskaltzaindia

Donostia'ko Udalbatzarrak, kale-izenak euskeraz jarri-naiarekin, Euskaltzaindi'ra jo digu. Baiñan, zoritxarrez, euskeraren eta Erriaren serbitzurako 1.918'garren urtean sortutako Erakunde onek, zatiturik arkitzen danez, ez du dagoaneko euskaltzaleen txalorik jasotzen. Izan ere, euskaltzain banaka batzuk, Euskaltzaindia berena ba'lute bezela arturik, euskaldunen eta euskeraren zatitzaille biurtu bait-zaizkigu.

Orain, bein berriro, talde amorekaitz batek (bost lagunek eratua), Euskaltzaindia'rekiko erdeiñu aundienaz, jasotako diruak naitara erabilliaz gaiñera, jauntxoki agintzera jo digu. Taldetxoa eratzen dutenek, euskera-gaietan ez burutsuenak eta ez jatorrenak ez diralarik, eta ezago abertzaletasun-maillan, baiñan bai ozarrenak, aguro ekin diote berak bakarrik, Donostia'ko Udaletxetik jasotako eskabidea betetzeari, kale-izen guztien euskeratzeari alegia, Erakundean lagunkide dituztenen asarrea sortuaz.

Sasi-euskeratzaille auen lanak, izparringietan azalduta, ustegabekorik amorragarriena sortu digu donostiarren artean, ez bait-du euskerarenganako begirune ta jatortasunik azaltzen, erdal-kutsurik nabarmenena baizik.

Au ala dalarik:

1) Donostia'ko Udalbatzar orri oar-erazten diogu zapuztu dezan Euskaltzaindia'ren izenpean ain euskera traketsean bostekote orrek egin digun lana.

2) Salatzen dugu Erriaren bizkarretik eta duintasunik ezaz euskaltzain batzuk gure izkuntzarekin egiten ari diran lan biurria, euskaldunen asarre-bide biurtu bait-digute alkarbide bear gendukeana, Euskaltzaindia berbera jarrera zaillean ipiñirik gure Erri aurrean.

Donostia, 1.977'go Otsaillak 28

AMARA-BURU-BATZARRAK


Zapaburu birbiztua

Kaleko [Komikia]

OLARIAGAKO


[Komikia]