ANAITASUNA

1977.EKO APIRILAREN 1EKOA

337. ZENBAKIA

35 PTA.


ANAITASUNA

Bizkaia

hamabosterokoa

ZUZENDARIA:

Joan Mari Torrealday

Urteko abonamendua:

Bertorako 700 pezeta

Latin Amerikarako 800 pezeta

Europa eta Ipar Amerikarako 900 pezeta

Ale bakoitza: 35 pezeta


[AZALA]

beste guztiak ere geuk etxeratuko


Editoriala

Aberri Eguna, Amnisti Eguna

Aberri Eguna prestatzen dihardu Euskal Herriak, urteroko bere eguna baita. Alderdi politiko guztiek egin zioten dei bateratua Herriari hospakizun honetara Gasteizen biltzeko.

Aberri Eguna euskaldun guztion eguna da, Euskal Herrian bizi garenona eta atzerrian bizi direnena. Are gehiago, azken urteotan egun hau Euskal Herrian hospatzerik izan ez dutenena da bereziki.

Euskal gudari asko dago oraindik Euskal Herritik kanpo. Zenbait, frankist diktadura ezarri zenetik beren Herria zapaldu ez duena urte haietako gudariak. Euskal Herriaren alde burrukatu zutelako daude atzerrian. 1977.eko Euskal Herriaren egun hau gurekin hospatu behar dute Gasteizen.

Beste zenbait, gazteak bereziki, lehengo gudarien zuzia eskuratuz diktaduraren aurka burrukatu da azken urteotan. Hauetarik zenbaitek atzerrira ihes egin behar izan du eta beste hainbeste espetxean dago.

Euskal Herriaren aldeko burrukan aitzindari izan direnok. 1977.eko Aberri Egunean guztion aitzinean behar ditugu. Diktadura benetan eraitsi bada, demokrazia garaitu bada, euskal gudari guztiak (lehengoak eta oraingoak) Gasteizen behar ditugu.

Aberri Egunerako kaleratuak izango omen genituen preso guztiak. Herriaren burruka isiltzeko gozoki bat izan zitekeen. Oraingoan serioski amnistia izango zela uste zuenik ere ba zen.

Baina Aberri Eguna gainean dugu eta tantakontagailuz ari zaizkigu ateratzen. Hau ez da amnistia, bestetan bezalako indultu antzeko bat baizik. Eta Euskal Herriak ez du indulturik eskatu. AMNISTIA OSOA eskatu du, eta exijitzen segituko du.

Aberri Eguna 1977: Euskal Herriaren eguna, euskal gudarien eguna, Amnistia osoaren eguna.


Tantaka

Kateak Bilboko Udaletxean

"Kontzientzi eragozpena eskubide bat da". Hau dugu harmarik hartu nahi ez dutenen slogana. Joan zen 7an hauetariko sei gaztek Bilboko Udaletxearen aurrean kateaz elkar lotu zuten, katea gero barandilan lotuaz eta giltzak urrun botata. Eguerdiko ordu bat t'erditatik ordubi t'erdietara egon ziren horrela, polizia hurbil zutela. Gazte hauekin hitz egiten aritu ginen eta beren joeraren arrazoia adierazi ziguten:

— Dakizuenez, orain dela hilabete bat Gobernuak dekretu bat agertu zuen eragozpenari buruz. Hitz laburrez, horrela zioen dekretuak: erlijio arrazoiengatik harmarik hartu nahi ez dutenek hiru urtetan, armada barruan, zerbitzu "zibilak" egin beharko dituzte, beren militar eskualdetik kanpo. Hau ez da, noski, kontzientzi eragozpena onhartzea. Hau, harmak ez hartzeagatik, "soldadutza" barruan gure buruak zigortzea da.

Hitz egiten ari garen artean Poliziaren auto bat etorri da eta begira jarri zaigu, ezer ez egin gabe. Gazteek aurrean eta atzean, lepotik zintzilik daramatzaten kartelak irakurtzen hasiak ditugu: "Kontzientzi eragozpena eskubide bat da", "Zerbitzu zibila nahi dugu", "Zerbitzu zibil ez militarizaturik eta benetako herri interesa exijitzen dugu", diote euskaraz idatzitako karteletan. Erdarazkoetan: "Desde el 1 de Marzo somos ilegales al no aceptar el Decreto de Gobierno", "Qué piensan hacer con nosotros?" eta era honetako hitzez osaturik daude. Ordubiak hamar gutxiago dira bonberoak heltzen diren unean. Kateak mozteko tresnak dakartzate baina, beren lana gazteen kateak moztea ez denez gero, tresnak poliziari utzi eta bonberoek alde egiten dute. Ordubi t'erdietan polizia batek tresna hartu eta kateak moztu egiten ditu. Gero, furgoi batetan, sei gazteak komisaldegira daramatzate. Argi dago hemen kontzientzi eragozpena eskubide bat ez dela...

Filme alderdikoia

Martxoaren hasieran Goiherrin filme klandestino bat banagertua izan da, euskal burrukari buruz egina. Beronen nolakotasun artistikoa alde batera utzirik, benetan salatu beharra dago egileen jokabide alderdikoi eta exklusibista. Amnistiaren arazoa, kasu, ez da talde edo alderdi bakar bati doakiona, Euskal Herri osoaren kontua baizik. ETAren izena eta izana, eta heredentzia, bestalde, ez da talde berezi baten zerbait, militarrak izeneko norbaitzu ere, beste batzuren artean, hortxe baitaude. Gaur hitzik ez duten hilen gorpuekin arropatu nahiz izatea, azkenik, ez da oso argudio zuhur ez dotorea, demagogia egiteko maiz erabilia izan arren.

Aldizkari berritu bat

"LEAIBAR" Lea ibarreko aldizkari bat da, hots, Amoroto, Mendexa, Murelaga, Munitibar eta Gizaburuaga herrietako euskaldunek egina. Euskara hutsean idatzita dago eta bere Otsaileko zenbakia bai itxuraz eta bai gaiez oso atsegina eta interesgarria aurkitu dugu. Bertan erabilitako euskara argia, erraza eta ulerkorra dugu, nahiz eta ortografi aldetik akats batzu egin. Baina hau guttienezkoa da. "LEAIBAR" aldizkariak sail hauxek ditu: "Ataurre gisa", "Euskal kultur mintegia", "Herriak", "Gaztetxo", "Euskal mitoak", "Hortik eta hemendik", "Eliza gaur", "Ezagutu Euskal Herria", eta "Herriari begira". Aldizkari hau hartu nahi baldin baduzue, Murelagako parrokiara idatz ezazue, zeuen izen-deiturak eta helbidea emanaz. Gure aldetik gure ongi etorria opa diogu "LEAIBAR" aldizkari berrituari.

Noren DEIA?

EGINek ba du bere konkurrentkidea: DEIA, dirudienez, PNVek Gure Lurrarentzat aterako duen egunkaria. Gure Herriarentzat ere mesedegarria gerta dadila.

Bartzelonako euskaldunak erne

Gazte-gaztetandikan Herritik kanpora... eta Unibertsitaterik ezaz, Bartzelonara joan. Baino han ere bihotzak zerbait dio eta, horregatik, Ramon Llull estudiantetxeko euskal ikasleek, Martxoaren 4, 5 eta 6an, bereiziki deituta, Txillardegi eta X. Kintana izan dituzte hizlari. Gaiak: Elebitasuna eta Euskal Unibertsitatea.

Aberri Egun PNV-ren jaia ote?

PNVek aurtengo Aberri Eguna Gasteizen hospatzeko dela egin digu, Euskal Herriko beste alderdi eta taldeak bertara joateko gonbidatuz. Demokrata izenaz horrenbeste harrotzen direnek, ordea, ez dirudi demokrazi bide eta prozedurak oraindik ikasi dituztenik. Izan ere, PNVek euskaldunon egun nazionala beraren jai partikularra dela uste al du oraino? Hola baldin bada, mesedez, esan dezala lehenbailehen, eta kasu horretan bai, dei dagiela jelkideei, baina ez besteoi, guk Herriaren Eguna nahiago dugun tokian hospatzeko eskubidea dugu eta. Bestela, guztiona bada, eta holaxe nahi genuke, alderdi guztien artean erabaki beharko da non eta nola egin, eta ez, faxista legez, hatzamarrez.

ESB: Partido Socialista Vasco!?

ESB, hasieran biltzarre eta biltzaile izateko asmotan jaio zen alderdiak bere paperak Madrilen —Euskal Herrian berdin egin zezakeen baina— presentatu ditu, haietan bere euskal izenaren itzulpentzat Partido Socialista Vasco jarriz. Biltzarrea noiztik nora den euskaraz "partido" azalduko digukete, noski, ESB-ekoek. Horri piratakeria esaten zaio eta, jakina, espainol legekeriaz baliatzen jakitea. Eginetan ezagun.


Euskal Herrian

Medikuntz ikasleen herstaldia

Martxoaren 25ean hasirik, Medikuntz Fakultateko lehen ikasturteko ikasleek herstaldi edo entzierro bat antolatu dute. Martxoaren 28an hertsirik diraute. Baina zeintzu arrazoi dituzte horretarako? Utz diezaiegun hitza eta berek azalduko digute arazoa. Horretaz, onena berek prestaturiko agiria dateke egokiena, eta horregatik hurrengo lerroetan agertzen dizuegu.

Ministeritzari eta herriari

Lau konbokatorien eta hiru asignatura-giltzen neurriek jartzen diguten egoera ikusiz, hau adierazi nahi dugu:

Bigarren kurtsura pasatzen uzten ez gaituzten hiru asignatura ditugu: Biokimika, Biologia, eta Anatomia. Hauetako bat bakarra zintzilik edukiz gero, kurtsu oso bat gal dezakegu. Bestalde, lau konbokatoria bakarrik ditugunez, gure egoera oso larria da.

Neurri hauk irakaskuntza hobetzeko direla, askotan esaten digute. Baina ez da gure hezkuntzari oztopoak jartzea baizik. Hartzen dugun irakaskuntza guztiz desegoKia dela ere adierazi nahi dugu. Eta, batez ere, horrelako neurriak jarri ahal izateko.

Medikuntzako fakultatean gaur egun dagoen masifikazioa, irakasle bakoitzak bete behar dituen ordu guztiak emango balitu, konpondu eginen litzateke.

Ez dago (ez Bizkaian, ez eta ere Espainian) sendagile gehiegirik. Batzuk leku askotan lan egitean, besteri lantokiak kentzen dizkiote. Gainera, hauzo eta herrietan duten sanital laguntza guztiz desegokia da.

Gaur egun SSeko sendagile bakoitzak mila familia ditu. Orduan berrogei eta hamahiru pertsona, gutti gora-behera, dituztela ikus dezakegu. Egokiena sei bat izatea litzateke. Sendagile gehiago behar dela ikusten dugu.

PNNek daramaten grebaz konforme gaude gu, irakaskuntzaren hobetzearen alde baitaude, baina honek gure egoera gehiago larritzen du, PNNek greban jarraitzen dutenez, eta guk ez baitugu klaserik.

Tribunale baten eskutan gelditzen gara eta kurtsu bat gal dezakegu.

MECen inkonpetentzia azaldu nahi dugu, Medikuntzako irakaskuntzaren larritasuna onhartzen baitu. Eta fraude baten biktima garela, bederatzi mila pezeta ordaindu eta gero klaserik ez baitugu.

Beraz, zera exigitzen dugu:

1- 3 asignatura-giltzen bapateko desegitea.

2- 4 konbokatorien dekretuaren ezabapena.

3- Unibertsitateko irakaskuntzaren arrazionalpena.

4- Geure eritziak entzunik honen berrestrukturatzea.

5- MEC, PNNen grebari soluziobide egokiena eman diezaiola.

6- MEC-en berrestrukturatzea.

EZ DA SENDAGILERIK SOBERA!!!

OSPITALEAK FALTA DIRA!!!

Bilboko Medikuntz Ikasleak


Euskal Herrian

Sarrera

Euskal herriak pairatzen duen zapalkuntzaren barruan, alor nabarienetariko bat herri kulturarena da.

Kultur zapalkuntza honen agerpen bat, jasaten dugun sakabanaketa eta dependentzia egoera da.

Irauteko, herri baten kulturak maila guztietan aurreratu behar du. Horretarako, beharrezkoa da jakintzaren sail guztietako aurrerapen jeneralak herriaren izaerari eta problematikari egokitzea. Herri unibertsitate euskalduna da xede hau lortzeko dugun bide bakarra. Bertan, estudianteak Euskal Herriari atxikiz eta beraren alde hezituko dira.

Egungo egoera guztiz kontrakoa da. Nahiz hartzen duten irakaskuntza Euskal Herriaren behar popularrak betetzen ez dituelako, nahiz herritik kanpo irten behar dutelako, estudianteek, beren hezkunde bilakaeran herriarekiko atxikimendua galdu egiten dute.

Unibertsital barruti desberdinetan sakabanaturik egonez gero, ezin ukanen dugu herri unibertsitate euskalduna lortzea. Barruti bakarra behar beharrezkoa dugu.

Barruti bakarraren beharra

1.- Egungo egoera:

a) Fakultate falta eta unibertsital barruti desberdinetan sakabanaketa.

b) Daudenetarik asko esku pribatuen menpekoak dira (Compañía de Jesus, Opus Dei), honek dakarren selektibitate ekonomikoarekin.

Egoera honen ondorioak:

1- Euskal estudiante asko espainiar estatuko beste unibertsitaterantz joan beharra.

2- Euskal errealitateaz desjabetzea eta jabetzeko eragozpenak.

3- Euskal herriari egokitutako ikerketa kultural eta zientifikorik eza.

4- Ekintza profesionalak benetako herri kultura euskaldunaren izateari egokitzeko eragozpenak.

2.- Guzti honen aurrean, barruti bakar bat ezartzeko premia ikusten da.

Barruti bakar honek ezaugarri hau: ukan beharko lituzke, guttienez:

a) Autonomia: ezen espainiar estatuaren barruan, kultura erakunde maximoa ez duen herri bakarra, Euskal Herria da, eta, garbi da izaera aski duela beraren abiada akademikoa era autonomo eta dezentralizatu batez eraikitzeko.

b) Ikasplanen berezkuntza: Plan jeneral bati jarraituz, Euskal Herriaren problematikari egokituko zaizkion gaiak sartuko dira ikasplanetan.

c) Irakaslegoa administraritza zentraletik at ituntzeko ahalmena.

d) Beharrezko diren fakultate guztien sorketa, Hego Euskal Herriko lau probintzien (Araba, Gipuzkoa, Nafarroa eta Bizkaia) benetako premiei begira.

e) Barrutiaren batzorde zuzentzaile Hego Euskal Herriko lau probintziek parte bera ukanen dute.

f) Euskara unibertsitateko maila guztietan ofiziala eta erabilia izanen da. Ikasgai guztiak euskaraz eta erdaraz irakatsiko dira.

Espainiako gobernuak, dekretu-lege: baten bidez, egitarau oso hau lortzeko bidea eman behar du.

Unibertsitateko Euskal Kultur Taldeek


Euskal Herrian

Lekeitioko Ikastolak Udaletxeari

Herriaren egoera ikusirik eta gure kooperatibaren arauetan oso-osoan konkretatzen dela pentsaturik, uste dugu euskarari eta euskal kulturari benetazko indar bat emateko ordua dela herri mailan.

Euskararen ofizialkidetasuna puntu konkretuetan zehaztu behar da, benetan nahi badugu euskara plazaratzea. Gainera argi dago —inon egotekotan—, Lekeitioko herria euskaraz mintzatzen dela eta euskara dela herriaren benetako hizkuntza.

Puntu hauk gogoan hartuta udaletxera jotzen dugu,

ESKATUZ:

1- Herriko kaleen izenen euskaratzea eta kasu batzutan jatorrizko izenen berripintzea.

2- Kale berriak zabaltzen direnean, herriarekin edo Euskalerriarekin zer ikusia duten izenak aukeratuak izan daitezela.

3- Herriari egiten zaizkion anuntzio guztiak, euskaraz joan daitezela.

4- Udaletxeko bulegogizonentzat, euskarazko eskolak ipin ditzazuela, hirugarren puntua bete dezaten.

5- Alfabetatzen eta Euskalduntzen eskolek udaletxearen diru laguntza izan dezatela.

Beste gabe eta helburu hauk eta gehiago ere lortuko ditugulakoan agurtzen zaituegu.


Euskal Herrian

LABen alternatiba

L.A.B., Euskadiko Langileriaren alde jokatzeko sortu den erakundea dugu. Langileria honek bi eratako zapalkuntza jasaten duela garbi ikusten duena. Eta, beraz, nazional eta sozial zapalkuntza hauen aurka lan egiteko prest dagoen masa erakunde bezala aurkezten da. Erakunde hau zabala, baterakoia, demokratikoa, nazionala eta langileriaren aldekoa dugu.

Bitartean Langileriaren Mugimenduaren barnean, L.A.B. korronte bat denez gero, beronek beste indar batzu antolaturik daudela kontuan hartzen du. Indar hauek beste era batez ulertzen dute Langileriaren Mugimenduko organizazioa eta beronen helburuak eta eginkizunak. Eta batasuna premiazkoa dela onharturik alternatiba baterakoi bat opa egiten diete Euskadiko Langile Mugimenduan lan egiten duten indar guztiei eta batez ere langile guztiei (kidetuak edo ez).

Alde guztietatik egiten diren ahaleginak batzea, da gure gogoa. Gure lana hauxe da: Langileriak Patronalaren kontra eta bere boterearen politik agerpena, hau da faxismoaren kontra eta organizazio baterakoien erak, finkatzea.

Gure alternatiba ez datza sasi protagonismoetan. Ideologik ezberdintasunak bazter batetan utziz Euskadiko langileen batasunarako puntu beharrezkoenak gureganatzen ditugu eta ikuspegi ezberdinak benetan baterakoi eta demokratik diren Asanbladeen menpean jartzen ditugu. Eta protagonismoa langileei bakarrik dagokienez gero, horretarako oinharriak finkatzen ditugu.

Hona hemen gure alternatiba:

1.- Klase sindikatoa

Sindikato honek klase burrukatik sortu behar du eta orduan bere ekintza klasearekiko zapalkuntza nabariago dagoen lekuan hasi behar da, lantokian, tailarrean.

Europear Sindikalismoak goi mailatik Patronalarekin negoziatzeko ahaleginak egiten dituen bitartean, gure Sindikalismoak bere punturik gogorrena lantokietan ukanen du. Eta honekin hau lortuko dugu:

- Sindikatu betiko burokratizazioari oztopoak ipini (zeren eta burokratizazio horregatik global gaien alde bakarrik mugitzen dira Sindikatu kideak edo afiliatuak.

- Lantegi bakoitzean kuantitate eta kualitate mailan egiten diren eskakizunak lagundu (explotazioaren teknologia salhatu, planifikazioan langileen aldetik kontrola egon dedila, eta abar). Eta horrela, Neokapitalismoak Entrepresa autokratik egiturak ezin denez gero, sozialist eta demokratik planifikazioa hasi egingo dugu.

Euskadiko langileen benetako kontzientzia eta burruka mailaz neurtutako eskakizunak egitarautzat hartu beharko du.

Eskakizun hauk lanezkoak bakarrik ez dira izanen, klaserik eta nazional zapalkuntzarik gabeko gizartera abiatu beharko baitira.

2.- Euskal sindikatoa

Euskadin beren lan indarra saltzen duten langileengandik sortu behar du Sindikato honek, marko honetan Euskadiko langileek beren klase burruka egiten dutelako.

Honetaz Sindikato honek Euskadiko Nazional boterea onhartu behar du, zeren eta honekin batera eskubide, behar eta botere batzuk alkarturik, libreki bere nazional etorkizuna erabakitzeko eta Estatu bat egiteko ahalmena izanen bailuke. Eta nahiz eta une honetan bere eginkizuna Hegoaldera mugatu, Iparraldekoekiko harremanetan jartzea, helburutzat du Sindikato honek.

Bere egitarauan nazional eskarien artean honelakoak egon behar dute: Euskalduntzearen alde burruka bat, baita ere Euskal Herri Unibertsitatearen alde ere, iraultzaile eta langile iraultzaile militanteen aldekoen mobilizazioak.

Burruka honetan, beste herritar taldeekin diharduko du, hau da, oraingo gizartea aldatu nahi duten herritar taldeekin, berauek batez ere klaserik gabeko gizarte batetara heltzea baldin ba dute helburutzat.

3.- Demokratik sindikatoa

Tailer, Entrepresa eta abarreko Asanbladeetan langileengandik sortutako gogoa gauza guztien gainetik izango da Sindikato honen eginkizuna. Gehienengandik sortutako gogoa gauzarik errespetagarriena izango da. Oinharriak bere delegatu edo ordezkariak aukeratuko ditu eta baita ere edozein unean alda ditzake.

4.- Sindikato independientea

Sindikato honek, langileriak horrela nahi baitu, Estatu, Alderdi eta Politik interrindar Erakundeenganako independentzia izango da, ideologik ezberdintasunak bazter batetan utziz Sindikato honetan sartzeko langileei posibilidadeak emanaz. Independentzia, batasunarako garantia bat dela esan dezakegu. Baina independentzia gaia argi eta garbi utzi behar da. Nahiz eta Alderdi Sindikalismoa arrisku bat eta langileriarentzat kaltegarria izan, honek ez du nahi esan apolitizismo onhartu behar dugunik.

Independentzia hauxe esan nahi du: Alderdiaren alternatiba guztiak Sindikatoek ez dute onhartzen dependienteak direlako; alternatiba horik oinharriak eztabaidatuak eta onhartuak izan direlako baizik.

5.- Sindikato baterakoia

Sindikato hau, batez ere Euskadiko langileak sartzeko da eta beronen egituretan kide izateko. Baita ere Euskadi barruan langileen alde lan egiten duten erakunde guztiei, Jangileen batasuna premiazko ikusten baitute.

Langileen batasunerako biderik garrantzitsuena oinharriturik datorrela onharturik, goi mailatik egiten diren erabakiak lagungarriak direla konturatzen gara.

Organik batasuna lortzeko, ekintzarako batasuna beharrezkoa da.

6.- Asanbladar mugimenduaren aldeko sindikatoa

Sindikato honen helburu garrantzitsuenetariko bat, Langileen asanbladak bertan ordezkari aukeratuen alde egon da. Baita ere langileen beste asanbladekin koordinatzea, langileriak historian zehar horixe adierazi baitu, eta horrekin batera Langileen batasun eta kidetasunik gehiena sortzen baita.

Sindikato honen kideak asanbladar mugimenduaren alde egongo dira. Hau da, Langileen Asanbladetatik (zein politik eta sindikal erakundeetan egon edo egon ez) ordezkariak aukeratzearen alde egotea, errepresentatibidade era hau ez dagoen lekua, eta dagoen edo sortzen ari den lekuan, beste asanbladekin koordinatu, indartu eta finkatu.

7.- Sindikato internazionalista

Mugarik ez duen ezagutzen kapitalismoaren kontra langileriaren barnean sortutako laguntasun internazionala da bere erantzuna. Horregatik une honetan oso garrantzitsua da kapitalismoa, multinazionalen bitartez mundu guztian hedatua baitago.

Guk Euskadiko langileok, nazional eta sozial mailan zapalduok, gure interesak defendatzeko tresna egoki bat egiten dugun bitartean, Espainiar Estatuko langileei onhararazten diegu.

Espainiar Estatuko eta mundu guztiko langileekin laguntza internazionalista ez da posible nazionalitate zapalduek dirauten bitartean, eta batez ere Euskadiren kasuan: Hemen langileria, nazional libertatearen alde burrukan, lehenengo doa. Zapalkuntza irautea Herrien liberaziorako eskubidea ez onhartzea da eta lagunki ez burrukatzea hau errezago izan dadin. Hemen datza benetako internazionalismoa.

Nazional marko guztiak igaroz, nazioen arteko laguntasunaren alde gaudela argi eta garbi gera dedila eta hemendik aurrera, hau honela izan dadin, gai guztietan laguntzeko Prest gaudela adierazten dugu.

Espainiar Estatuko langileen batasunak, nazio guztietako batasunerik eta organizaziotik igaro behar du eta errespeto, independentzia eta berdintasunezko harremanak finkatuz.

Hemen datza benetako batasuna eta internazionalismoa erabat finkatzen da.

8.- Patronalarekin negoziatzeko ahalmenik ez duen sindikatoa

Euskadiko langile guztiak langile burrukan kideak egiteko eta berauen arazoen irtenbideak aurkitzeko konprometiturik gaude. Eta patronalarekin harremanetan jartzeko, lantegietan aukeratutako ordezkariez eta ez Sindikatoez baliatu behar dela uste dugu.

Sindikato honen sindikal eginkizuna langileen asanbladak eta mugimendua indartzeko eta laguntzeko konpromisotik hasten da, batez ere. Horregatik, ez da beren kideen defentsarako sortzen, langileek asanblada menpean jarriz, berauen interesak defendatzeko, baizik.

Asanbladek nahi izango balute Sindikato bezala negoziatuko genuke, asanbladen erabakiak onhartzen ditugulako, baina hauxe egiterakoan Asanbladak berak, aukeratutako ordezkarien (Sindikatoetako kideak edo ez) bitartez izan behar duela negoziazioa, argi eta garbi asanbladatan utziz.

Sindikatoek (denak batera edo bakoitzak bere aldetik) ezin dute inondik ere adierazi langileen errepresentatibidade berena denik, are gutxiago langile guztiak beraietako kideak ez diren bitartean. Horrela uste dugu guk.

Asanbladei bakarrik darie benetako errepresentatibidadea.

9.- Kidegintzako sindikatoa

Zuzenik parte hartzea, Sindikato honen kideen eginkizuna dela errespetatuz, Sindikato honek kidegintza aurrera eramango du, indar korrelazio ongarriago bat aurkezterakoan, puntu hauk lortzeko.

10.- Sindikal patrimonioa berriz eskuratzea

Sindikato honek, derrigorrezko zergez egindako bertikal sindikatoaren patrimonioa esijituko du.

Patrimonio hori langile guztiei dagokiena gero, Patrimonioaren administraketa, asanbladetatik sortutako ordezkariei dagokie.

11.- Sindikatoaren berezko deusezketa

Langileen asanbladetatik irtendako errepresentazio zuzenaren koordinaketa eta finkaketa sortuko denean, Sindikato hau, beraz, deuseztu egingo da batasun helburuak kunplitutzat ikusten dituelako.

Errepresentatibidade zuzena geroago eta gehiago finkatzen diren bitartean Sindikato hau bere eginkizuna uzten ariko da eta benetako finkaketa sortuko denean, beraz, deuseztu egingo da.


Euskal Herrian

Diego etxean dugu!

Diego bere herri koxkorrera heldu da. Eranegun Carabanchelen zegoen oraindik. Derioko bide gainean, sarreran, norbaitek ikurrin handi bat ipini du. Diegoren begiak harriturik daude. Orain dela hiru urte goardiak harrapatu zuten eta geroztik dena nekea, mina eta negarra izan da, bai beretzat eta bai bere senidentzat, bere emaztea den Juanitarentzat batez ere.

Automobila ikurrin azpitik pasatzean Diegoren taberna aurrean dagoen txistulari taldeak "Batasuna" kantari ekin dio. Gaur hemen egindako garrasiek Diego, Euskadi eta burruka goratzen dute. Diego eta Juanita, Juanita eta Diego elkar jaitsi dira automobilatik. Txaloak ugari. Dantzari bat bere omenaldia egiteko prest dago. Diego gudari zaharrarentzat guztia besarkada eta mususa da. Begi batzuk bustiak daude.

Jendea Diegoren ingurutan ipini da. Aurrean dantzariak gure dantza herrikoienak egin ditu. Norbaitek "Gora Euskadi Askatuta" hitzez osoturik dagoen pankarta bat irteten du. Beste batek ikurrina bat. Diegok dantzariaren lana begiratzen ari da arreta handiz. Gero Diegok "Gora Euskadi Sozialista" eta "Gora Euskadi Batua" ohiu egiten du. Lehen esan digunez "gartzela barruan lehen nituen ideiak gehiago sakondu ditut". Guztiok kantatzen hasi gara. Diegok hala esaten dit: "Herri hau txikerra baina alaia da". Gaur batez ere.

Baina dena ez da alaitasuna. "Barruan dauden nire lagunak guztion artean atera behar ditugu", dio Diegok. "Ni gartzelatik irtetean guztiok alaitu ziren, baina niri min bizi bat sortu zitzaidan hemen, hemen barruan, une berean". Diegok lagun onak egin ditu barruan. Nor izan da bere lagun onena? "Guztiak izan ditut lagun onak", erantzun digu gizon jator honek. Burrukari jarraitzeko asmoak ditu, nahiz eta hirurogei urte inguruan izan. Hiru urte gogorretaz hitz egin dugu Diegokin. Bere une txarrena, La Salveko koartelean eman zioten egurra. Gai honetaz hitz egitean Diegoren begiak tristau dira. Buruan hartutako kolpe bat izan zen okerrena eta gero ondorio serioak izan zituen. Orain hobe dago. Hala ere mediku batengana joateko asmoak ditu Diegok, ez baita gartzela gaisotasunak eta zauriak sendatzeko leku egokiena. Gai alaitsuago batez ere hitz egin dugu: kaleratzea zihoala esan ziotenean sekulako oihuak eman zituen. Bere albokoek ere bai. Berri on hau hartu zuenetik kalera libre heldu arte hiru ordu pasa ziren: "Hiru ordu horiek hiru urteak baino luzeagoak egin zitzaizkidan", esan digu.

"Amnistiaz zer, Diego": "Amnistia engainu bat besterik ez da. Herriak lortu behar du, geuk lortu behar dugu". Diegoren begiak ilundu dira berriro. Hiru urtetan lagun onak egin baititu, gizon gogor eta bihotzgabekoak ere ezagutu eta sufritu ditu. Mediku baten izena eman digu. Mediku hori hiltzaile huts bat zen. Orain, atzerantz begiratzean, horrelako gizonak ameskaitz batetakoak dirudite.

Kantak isildu dira. Guztiak Diego begiratzen dute, erdi erdian baitago. "Zer esango deutsuet? Hitzak ez zaizkit ateratzen", dio Diegok. Bere emazteak bultzakadatxo bat eman dio: "Diego, hauek guztiak egin dutena eskertu!". "Eskerrik asko guztioi!", dio Diegok. Bere estarrian korapilo bat egin zaio. Hainbeste gauza esateko, eta ezin esan!

Diegok euskara asko maite du. "Gartzelan sartu nintzenean bizkaieraz ez ezik nekien", esaten digu, "eta orain gipuzkeraz, bizkaieraz eta edozein euskalkiz egiten dut. Gartzelan euskara asko ikasi dut, baita ere berrogeiren bat euskal liburu irakurri!".

Emozioak ugari izan dira. Gaurko eguna, alaia baina oso nekagarria. Diego nekaturik dago. Bere emaztea ere bai. "Egun batzutan atsedena egingo dugu", esaten dit Juanitak. "Bihar edantokia ezin genduke ireki". Jakina. Menditara haize on eta osasungarriak hartzera joango dira. Gaua da. Ikurrina bildu dute. Jende taldea desegin da. Diegoren egun eder hau amaitu da. Azkenean denoi azken agur bat egiteko, Diegok "Urrenarte!" esan du. Horrelako beste egun bat espero al du?

Ongi etorria, Diego! Ongi etorriak, gure preso guztiak!


Euskal Herrian

Txema Larrea eta "Txato"ri ongi etorria. Basauriko ongi etorria

Martxoaren 26an Sondikako aireportua euskal kutsuaz bete zen. "Aviaco" konpainiaren egazkinetik ez zen jetxi oraingoan ez foot-ball jokalari famatu bat, ez eta zine jenderik, nahiz eta aideportuko aretoan ehunen bat lagun ongi etorri bat emateko prest egon. Eskaileratik jetxi zen gazte garaia eta beltzarana. guretariko preso politiko bat zen: "Txato" Artetxe. Airetatik etorritako gazte hau bi egun lehenago Puertoko gartzelan zegoen. Txato" aretora heltzean ikurriñak eta "Batasuna" kanta airean zabaldu ziren. Artetxeren lagunek eta senideek "Txato" besarkatu zuten, txistulari batek aduanako goardien aurrean gure kanta sutsuenei ekiten zien artean. Ongi etorria ematera joan zirenen artean Basauriko beste preso bat, Txema Larrea, zegoen, Goyo Lopez Irasuegi eta Arantza Arrutirekin batera.

Ongi etorria amaitu zenean Txato, Txema eta bere lagunak toki "izkutatu eta ezezagun" batetara joan ziren, barra-barra lasai hitz egiteko. Txema Larreak ostiralean Basaurira heldu ondoren, "Txato" ikusteko gogo handiak zituela esan zigun, "mila gauza" kondatzeko baitzituen.

Igandean, Basaurin, herriak bi presoei, Txema eta Txato basauritarrei, bere ongi etorria eman zien. Ordu bata t'erditan udaletxe aurreko plazan bost mila lagun bildu ziren, K.A.S.ek egindako pankarta haundi batzu beren artean ikusten zirela. Ordu biak laurden gutxiagotan Txato eta Txema plazara heldu eta "jeep" baten gainean zutik jarririk hitz egin zuten, Irasuegirekin batera. Txato eta Txemaren hitzak laburrak izan ziren eta, gainera, askok ez zituzten entzun bozgorailuak gaizki ipiniak baitzeuden. Hirurek hitz guttiz esan zutenez, amnistia orokor bat eta indar errepresiboen kontrola lortzeko, herriak burruka gogorra egiten segitu beharko zuela izan zen. Ohiturazko kantak abestu ondoren, bost mila lagunek, beste mila pare batekin elkarturik manifestaldi bat egin zuten. Manifestaldi aurrean, lehen zerrendan, Txato eta Txema egon ziren. Horrelako batetan goardia zibilek ke poteak botatzen agertu ziren eta lasterkada asko izan ziren. Talde batzuek harriak bota zituzten goardien aurka eta, esan digutenez, manifestaldian partaide ziren batzu kolpez zaurituak gelditu ziren. Lasterkadak hiru t'erdiak arte iraundu zuten, Basauriko kaleetatik zehar ongi etorri paketsu bat nola desegina izan zen guztioi jakin araziz.


Eskerrak zuei, anti-euskaldun jaunei

Bai, eskerrak zuei, anti-euskaldun jaunei, Euskal Herria zutik ipintzen eskaini diguzuen laguntza baliosarengatik. Eta are eskerrik beroagoak Euskal Herrian jaioak izan baitzineten, hau da, euskal traidore zaretelako.

Herriaren ahotik euskara kendu erazten ahalegindu zineten, "vascuence" eran museotan gordea izan zezan. Baina herriak zeuen tranpa igarri zizuen eta zuen euskararenganako gorroto ezin ezkutatu horrek odola berotu egin zion. Zuei esker, bada, ez dugu museotarako "vascuence"rik, euskara birbizturik baizik.

Zuek, Euskaltzaindiari limosnatxo bat ematen zenioten Diputazio eta Aiuntamentu anti-euskaldunok, orain euskara gorde behar dela esaten diguzue. Zer egin duzue 40 urteotan euskararengatik? Herriak igarri du zuen gezurra eta horregatik zuen dimisioa eskatzen du.

Gure hiriak etxez bete erazi dituzue desordenu izugarrian. Ez dugu gune berderik, ez kirol zelairik. Horri esker, zuen inkopetentzia eta diru gosea ikusi izan duelako, herriak ez du nahi eskuindar agintaririk.

Eta Euskal Herrian eraikitzeko ziren industria moderno eta handiak, zuek utzi dituzue, protestarik gabe, beste lurraldetara joaten.

Zuen aginte aulkietatik ez duzue deus egin gizarteko pertsona marginatuen alde. Jubilatuak, subnormalak, gaixoak, gartzelaratuak, ihesiak, langabeak, zuentzat arrotz gertatu zaizkizue. Horri esker, eskaini diguzuen eskandalu lotsagarri horregatik, euskaldunak ezkertiar bihurtu dituzue.

Eta Euskal Herriak, munduko beste edozein Herrik bezala, ikurrin bat eskatzen zuenean, zuek museotik ateratako pendoi batzu eskaini zenizkioten.

Baina Euskal Herriak ez du "vascuence"rik nahi, euskara bizia baizik. Ez du "pendoi"rik nahi, euskal ikurrina baizik. Ez du zapalkuntza sozio-politikorik nahi, zuzentasuna baizik.

Horregatik, zuek naska eta higuina eman diozuelako, horregatik zutitu da Euskal Herria. Zuei esker.

 Eta orain zatozte, aurpegiak ezkutaturik, izenik emateko lotzaz, umiltasunaren txapeldunen eran, Alianza Popular-en "versiones provincianas" eskaintzen: Alianza Foral de Navarra, Alianza del Señorío de Vizcaya, Gipuzcoa Unida... Lehen "Euskal Herria" izenak tripako mina ematen zizuelako "el Norte" erabiltzen bazenuten, orain ere ukatzen diguzue Nazio gisa zor zaigun izen batua. Baina Herriak ba daki nortzu zareten, zuek esnatu zenutelako.

Zuei esker, bada, Euskal Herria ez da tranpan jausiko. Zuei esker gure hatzamarrak gora doaz V adierazten. Zuei esker... IRABAZI DUGU!

Eta Herriak, esker onekoa denez, hainbeste maite duzuen museoren batetara eramango zaituzte, han, sekulorun sekulotan, "para siempre", bufoi fosilizatuen pendoi izan zaitezten.

Xabier Gereño


Ezina omen zena, egia bihurturik

Zentrale nuklearretaz aurrera eramaniko eztabaidan erabilitako gai bat, istripuen arazoa izan da. Batzuren eritziz, seguritate sistemak ongi kalkulaturik eta pentsaturik zeudenez, ez zatekeen posible istripu graberik gertatzea, eta horrela, osasun publikoaren aurkako problemarik ez zatekeen sortuko. Beste batzuren eritziz, ordea, istripuen arazoa arlo teorikoan baino areago arlo praktikoan eztabaidatu behar zen Azken hauek diotenez, zehaztasun dudagarriko eredu matematikotan finkaturiko teoriak gorabehera, istripuak gertatu egiten ziren. Eta gertatzen ari dira. Hala ere. sarri ez dugu horien berririk. sekretu gisa gordeak baitira. Dena den, zorionez edo zoritxarrez den hori ez dakit, sekretuak hautsi egiten dira batzutan eta berri harrigarriak heltzen dira gure belarrietara. Kasu honetan, adibidez, bi dira heldu zaizkigun berriak: Espainiatik bata eta Japoniatik bestea.

Istripu erradioaktiboa Guadalajaran?

AEORMA (Asociación Española para la Ordenación del Medio Ambiente) delako antolakundeko ordezkarien eritziz, zerbait arraro gertatua dateke ihazko udan Zoritako zentrale nuklearrean. Istripu erradioaktiboren bat ote? Beharbada; edo, hori izan daitekeela uste dute behintzat, eta arazoa publikoki salhatzera ausartu dira. Zertan finkatzen dira, horrelako eritzi gogorrik eduki eta agertzeko? Zeren eta salhapena larriegia baita, hori bultzatzen duen argumentu sendo eta fidagarririk gabe plazaratzeko. Hala ere, dirudienez, ba dituzte zenbait argumentu tinko, eta interesgarri delakoan, guk ere horietako batzu jakin eraziko dizkizuegu hurrengo lerroetan.

Ihazko udan, Zoritako zentraleko langile bat modu arraro batez hil zen. Ofizialki esan zenez, hepatitisak hilobiratu zuen. Autopsia eginez, leukemia zorrotzez hil zela frogatu zen ordea. Ikusi zenez, leukemia hau indiferentziatua zen, eta gorputz osoan zehar zituen lesio bereziak: hezurren muinean, gibelean, giltzurrunetan, biriketan, trakean, gongoil linfatikoetan, barrabiletan, zerebroan,... Dirudienez, hauek guztiok erradiapen zorrotzez sortzen den sindromea adierazten dute. Kalkulatzen denez, langile hark kolpe batez jasaniko dosi erradioaktiboa 2.000 rem-ez gorakoa izan zatekeen. Ohar gisa, diogun ezen zentrale nuklearretan dauden langileek urtebetean har dezaketen dosirik gorena 5 rem-etakoa dela eta bizitza osoan 150 rem-etakoa. Faktore horrek istripu bat gertatu izan dela pentsatzera garamatza, zeren eta zentralearen funtzionamendua zuzena izanik ez baita normala maila horretako erradiapenik jasatzea.

Langile horren kasutik abiatuz, AEORMAren ordezkariek hauzitan jarri dute arazoa Guadalajarako hauzitegian. Osasun publikoaren aurkako deliktu bat egon datekeela diote. Diotenez, Tajo hibaiaren urak kutsaturik geratu dirateke. Ba dira, hori pentsatzera daramatzaten zenbait datu. Batetik, hibaian, behera dagoen Driebes herriskan, hogei ta hamar afekzio gastriko gertatu dira 1.976.eko Urriaren eta 1.977.eko Urtarrilaren bitartean eta horrelakorik lehen ez omen zen gertatzen. Modu berean, zentralea martxan jarri eta gero, hamabost hilaur edo aborto gertatu dira denbora tarte labur batetan kontzentraturik zentralearen inguruetan, eta hori ez dateke normala nekazal eskualde batetan. Bukatzeko, hibaiko arrainen kasua aipatzea komeni da. Bertara doazen arrainketariek diotenez, zentralea egin aurretik, hibaiko karpak lau kilotara heltzen ziren gehienik jota. Gaur egun, ordea, hogei ta bost kilotakoak harrapatzen omen dira, eta zenbait urpekarik diotenez, uren hondoan metro eta erditako karpak ikusten dira. Mutaketa genetikoak gertatu ote dira? Honela bada, ba dirudi, horien errua zentraleari eta bertako arduradunei egotzi behar zaiela.

Baldintza hauetan AEORMAkoek galdera hauk egiten dituzte: Istripu handirik egon al da? Eta erantzuna baiezkoa bada, nola gorde daiteke horrelakorik sekretutan?

Japoniatik dator beste notizia...

1.977.eko Martxoaren hamazazpian, ezohituagatik harriturik utzi gintuen berri bat hedatu zen Espainiako Radio Nacional delakoaren uhinen bidez. Japoniako parlamentari batek salhapen gogorra egin du eritzi publikoaren aurrean. Esan duenez 1.966. urtetik hona 75 heriotze anormal gertatu dira bertako zentrale nuklearretako langileen artean: kantzerrak, leukemiak,... Gainera, salhatu duenez, berri hori lehenago ezagutu ez bada, hango Gobernuak isilik gordetzeko egin duen indarragatik izan da.

Zer prentsa?

Lemoizeko zentralearen eraiketa aurrera doan uneon, zer pentsaturik ematen digute goiko berriok. Zentraleen bizitze praktiko eta errealean, istripuak oso posible direla dirudi; izan ere, mundu osoan zehar hainbat gertatu dira. Bestalde, eta istripuen ondorioei begira, Zoritako zentralea 160MW-etakoa dela eta Lemoizekoa —lehen urrats batetan behintzat— 2.000 MW-etakoa izanen dela pentsatu behar dugu. Aldea dago, gero!

Erradioaktibitatea ikusten ez den arrisku bat izanik, istripurik egon denentz jakitean datza arazorik eta kezkarik larriena, zeren eta orain arte istripuok sekretu mailan gordeak izan baitira. Hori dela eta, nire kezkak Lemoizeko zentralea kontrolatuko eta zuzenduko dutenengan jarriak dira. Nork kontrolatuko ote du Lemoizeko zentralea? Iberduerok? Administralgo zentralak? Fidagarritasunik merezi al digute?

J. R. Etxebarria


Lemoizeko zentraleari buruzko prentsaurrekoa

1977.eko Martxoaren 21ean Euskal Herriko informatzaile pila bat deituak izan ginen, Euskal Kostalde Ez Nuklearraren Defentsarako Batzordeak eraturiko prentsaurreko batetara. Bertan, Batzorde horren ordezkariek azken bolada honetan egin dituzten gestioez informatu gintuzten.

Martxoaren 21ean Mungiko "Andra Mari" elkarteak idatzi bat aurkeztu du Bizkaiko Gobernu Zibilean, Lemoizeko zentralearen eraikintza geldi erazteko eskatuz. Hori eskatzeko, legean finkatzen da, esanez, Gobernua legeak bete erazteko dagoelarik, Lemoizen kasuan Iberduero, S.A. entrepresa legea bete eraztea bortxa dezala.

Idatzi horretan esaten denez, Gobernu Zibilak Lemoizeko eraikuntzen ilegaltasuna ezagutzen du. Edo ezagutu egin behar luke behintzat, zeren eta bere garaian txosten juridiko zehatzak libratu baitziren Bizkaiko Diputazioan eta Mungia eta Lemoizeko Udaletan. Hala ere, gure ordezkari izan behar luketen erakunde hauek, ez dute kasurik egin, eta frogaturik dagoenez, ilegalak diren eraikuntza batzu, batere trabarik gabe egiten ari dira, agintarien oneritzi praktikoarekin.

Prentsaurreko berean, Euskal Kostalde Ez Nuklearraren Defentsarako Batzordeak dei bat zabaldu nahi ukan die Iberdueroko azionistei, elkarte profesionalei eta alderdi politiko eta zentrale sindikalei. Interesgarri delakoan, ikus dezagun, banan banan, horrelako talde eta pertsonei diotsena.

Iberduero S.A.ko azionistei

Honela mintzatzen zaie deia: "Erabakiak zuzenki ez hartzeak ez zaituzte erantzunkizunik gabe uzten. Ez beharrizan energetiko aipatuen bidez eta ez etekin energetiko utopikoen bidez, ezin justifika daiteke euskal populuaren osasun, seguritate eta ongiegonaren aurka doan projektu bat". Aurrerago dionez, "Garbi gera dadila ezen euskal populuak projektu honen erantzule gisa, Administralgoarekin batera azionistak ere modu berean kontsideratzen dituela, zeren eta haien laguntzarik gabe, Iberduerok ezingo baitzuen atentatu hori egin".

Bestalde, gogoratu egiten die ezen, Huelvako satsudurari buruz Tribunale Supremoko Fiskalaren Memorian zera esaten zela "Satsudur arazoaren dimentsio juridikorik interesgarrien eta problematikoenetarikoa, pertsona kolektiboen erantzunkizun penala da, bere goimailako exekutiboen eta bere zuzendaritz organo kolektiboena".

Elkarte profesionalei

Batzordekoen eritziz Elkarte Profesionalek Lemoizeko projektuaren aurka agertzeko obligazioa dute. Legeak berak ere horrelako kasuetan parte hartzea gomendatzen die. Hala ere ba dirudi, aurpegia eman duen bakarra Arkitektuen Kolegioa izan dela. Besteek egintza kontsumatuen politika segitu nahi dutela dirudi.

Alderdi politiko eta sindikatoei

Hauei bi eskari egiten dizkiete. Lehena, orokorra, Euskal Kostalde Nuklearraz duten eritzia ager dezatela, eta bigarrena, espezifikoa, Barasordan (Lemoiz-Mungia) egiten ari den zentralari buruz duten planteiamendua argi jar dezatela. Eskari horik egiteko duten arrazoia, euskal komunitatearengan projektu horiek ukan dezaketen eragina eta garrantzia da.

Azken oharrak

Prentsaurreko elkar hizketan zenbait trapu zahar ere agertu ziren. Adibidez, hau. Zentralea kokaturik dagoeneko lurringurua, nekazal eta jolaste lur bezala kalifikaturik dago. Lan egiteko, industriarako lurrak izan behar lukete. Hala ere, ez da izen aldaketa legalik egin. Gehiago oraindik Iberduerok izen aldaketarako eskaria egin dio Hirigintzako Batzorde Probintzialari, eta honek ez erantzunik eman nahi ukan, zeren eta, dirudienez, ez baitzegoen prest, hain erantzunkizun handirik bere sorbaldetan eramateko. Ilegaltasun hori gorabehera, eraikintza aurrera doa, eta esku sartu behar luketen antolakunde ofizialek ezikusiarena eta ezentzunarena egiten dihardute.

Euskal Kostalde Ez Nuklearraren Defentsarako Batzordekoek irtenbide bakarra bezala, eraikintzaren gelditzea ikusten dute. Alternatiba bati buruz, diotenez, berak ez dira kontsultore entrepresa bat. Dena den, alternatiba posibleak herriaren ordezkariek parte hartuz eginiko negoziaketa baten bidez aztertu beharko lirateke. Honetaraino prentsaurreko hitzak.

Ramon Garai


Ekonomia

Hazienda

Hazienda gaiak benetan garrantzi handia du Herrialdeetako askatasunezko giro barnean eta Nazionalitateen Autogobernuranzko bide mailetan. Herrialdeen autonomiazko edonolako antolaketak, nahiz legezkoa nahiz administrazio-ekonomiazkoa izan, autonomia horren neurria dena den, behar beharrezkotzat jotzen du Herrialdeak bere esku, egoera berri horretan sortzen diren gastu eta arazoei buru egiteko beharrezko dituen taldeak edukitzea. Hau honela izan ezik, Autogobernuari buruzko asmo guztiak, asmo huts-hutsak, inolazko edo benetako errealitaterik gabekoak, besterik ez dira izanen. Hau dela eta Haziendaren antolamenduak egoera berri eta ezberdin honen zerbitzurako antolatua izan behar du. Herrialde bateko Haziendaren goitik beherako askatasuna zerak mugatzen du: Aurreko egoera Zentralista eta berdintzaileko zerbitzuen arteko zeintzu dauden orain antolamendu berrian Herrialdearen eskutan erabakitzeak. Horregatik Herrialdeko Haziendaren eta Zentralizatuaren arteko harremanak ez dira, noski, historiatik kanpo dagoen aldaezinezko zerbait edo, une bakoitzean konpondu behar den arazoa baizik, hain zuzen, beste maila batzutan lortu den edo lortu daitekeen askatasun-neurriari erabat lotutako gauza.

Tradizionalki Haziendaren eginkizunak era askotakoak direla esan ohi da, eta ondoko hauk aipatzen dira gehien bat: Bakarrekoen kabuz egiten ez diren zerbitzuak eta ondasunak ugaritzeari bultzatzea; gizarte barneko herritarren artean irabazketak eta ondasunak birbanatzea eta aurrerapen ekonomikoari, zentzuz tajutuz, laguntzea. Eginkizun guzti hauek, benetako erantzuna hartzekotan, Euskal Herriko ikuspegiz begiraturik, neurri batean edo bestean, Euskal-Agintaritza Nazional baten eskutan egotea eskatzen dute.

Gaur egun, aurrez aurre ditugun arazo nagusiek, hots, alderdi industrializatuek hain biziki aurrera egiteko beharrezkotzat jotzen dituzten azpiestrukturazko diru-laguntzak, eta kontrolak, beste sailetako bizi-irteera normalek, hirigintzako plangintza gabeko egoera larriak, eta euskal ikaskuntza herri-diruz finantziatu beharrak aski garbi adierazten, dute beste arrazoi askoren artean, Euskal Herriak Haziendaren kontrola behar duela, aipatu dugun lehen mailako eginkizunari erantzuteko.

Kontrol horren beharrizan hori, oraindik garbiago agertzen da bigarren eginkizuna gogoratzean, hots, Euskal Herriak bere etorrera mugatuko duen demokrazi bidetik jokatuz, zerga sistema kontrolatu behar du, horretarako euskal zergalarien arteko diru-aldaketak eta laguntzak neurtuz eta irabazketak joko politiko berezi batez bananduz.

Azkenez, produkzioa ugaritzeak eta kontrolatzeak, sistema egoki betebehar baten bidez, Euskal Agintaritza Nazional baten eskutan egon behar du. Espainiako Haziendak eraman duen alorrez-alor jarritako aurrerapen sistema aldatu egin behar da, ugaritzea zuzendurik eta berdindurik erabiliko duen Euskal Hazienda baten bidez, laguntzak eta, ekonomia oso bateko plangintza demokratikoaren barnean beharrezkotzat jotzen diren entrepresa ekonomikoei eskainiz.

Hala ere, kontutan hartu behar da, Hazienda barnean Herrialdeetako mugetatik kanpo dauden eginkizunak ere izaten direla. Autonomia neurtu bateko egoeran, Hazienda Zentralak bere eginkizun mugatuak ditu, hots, Estatuko presupostua bide harturik, ekonomiazko politika eramatea, zergen politika tajutzea, denen zerbitzu direnak finantziatzea (Errege-etxeko gastuak, Nazioarteko eginkizunak, Herrialdeen gainetik dauden lanak...) Honek zera adierazi nahi du, Herrialdeetako Autonomiek ezin dituztela, inolaz ere, sail batzutan Hazienda Zentralaren eginkizunak desegin. (Baina, honek ezin du, inolaz ere, ekarri Agintaritza Zentralak Herrialdeen gainetik askatasun osoa edukitzerik, beren joeretan Estatu Zentralak eta Herrialde askatuak elkarturik erabakitzea baizik, azken batean Herrialdeko pertsonen zerbitzurako direnez.

Hazienda bikoitza (Herrialdekoa eta Zentrala) egoteak, beren arteko harremanak aztertzea eskatzen du. Oraingoz alde utziko dugu, Probintzietakoaren antzera berrogei urte luzetan hain baztarturik edukia izan den Udaletxeetako autonomia arazoa, Euskal Herriko autonomia egoera barnean aparteko estatutu bat behar duelako.

Azken aldi honetan, bai Bizkaiko bai Gipuzkoako Erregimen Bereziaren eustarria gastuen deserdiratzean eta ez zergen sarreretan dagoela entzun ohi da. Antza denez, hau izan da arloa aztertzeko eskuz izendatua izan zen Komisioak ataratako ondorena. Hau honela, Herrialdeetako Agintaritzek esku loturik segituko lukete, zeren alperrezkoa bailitzateke diru-laguntzak eta inbertsioak egiteko plangintza demokratikoak egitea, gero egia bilakatzeko behar duten diru-ahalmenik ez badute. Euskal diru-autonomiak, kontrol-ahalmen bi hauk ukan behar ditu barne: Gastuena eta gastu horiei erantzuteko beharrezko diren sarrerena.

Diru-sarreren erdibide baterako kontrol era bat Itun erazko sistema bat litzateke, Hazienda zentralak batzu eta Euskal-Herriak beste batzu kontrolatuz. Modu honek duen arazorik handiena zera da, Estatuari esku zabaltasuna ematen zaiola eta Agintaritza Zentralak zerga zailenak eta dirurik guttien ematen dutenak (baserrienak, hirietxeenak... eta honelakoak) Herrialdeen esku utziko lituzkela. Gainera, beste hau ere sortu izan du sistema honek: Askatasun osoa ematen dio Agintaritza Zentralari berak uste dituen zergak ugaritzeko Herrialdeetako Haziendak txirotzera jotzen duten artean. Arrazoi berberagatik ukatu egin behar da, baita ere, Herrialdearen interesen zaintzaile agertzen den Komisio dontsu horrek proposatzen duen Euskal Herakundeen finantziatze-era, Agintaritza Zentralak jarriak dituen zergak birzamatuz egitea proposatzen duenez.

Hazienda bikoitzaren (Zentralaren eta Herrialdekoaren) antolamendu-sistema edo zerga ordaintzaileak bi eratako zergak aitortu behar hori aldenduko lukeen era, hau izanen litzateke: diru-biltzea eta sarreren bidezko bananketa egitea Euskal Haziendaren esku uztea, Administrazio Zentralari, Estatuak Herrialde guztien zerbitzurako egiten dituen eta banandu ezinezkoak diren gastuetarako, Herrialde bakoitzari tokatzen zaiona ordainduz.

Ordainketa hauk kalkulatzeak, ez du zergatik egin ezinik sortu, batez era Hazienda Zentrala bere diru-kontuetan behar adina garbia izaten bada. Sistema hau, Herrialdeen artean sortutako Diru-Kutxa elkartu baten bidez osatua izan daiteke, Euskal Herriak, beste Herrialdeek bezela, bere sarreretako zati bat horretarako erabiliz, hori egitean, alde batetik neurri automatiko bat (buru bakoitzeko sarrera bat, langabeen kopurua,...) eta bestetik, hartzeko diren Probintzietako zerga sistemaren aurrerapenaren ugaritzeari begiraturik ugarituz transferentziak.

Sistema honek, besterik gabe, Euskal Herriari Ahalmen Autonomiko hauk ekarri beharko lizkioke: Berea litzatekeen zerga-sistema aparteko eta demokratiko bat egiteko ahalmena; Zergen gestio osoa eta bortxa-zergen alorretan ahalmen administratibo-juridikoa. Ahalmen hauk erabiltzea, noski, produkziozko gorabeherei, beren antolaketa barnean eta arlo desberdinetan kalterik edo desekilibriorik sortu gabe, egin beharko litzateke. Honek, gainera, ez luke aurrez epaituko, bereak dituen edo bere esku utziak izan diren alorretako Estatuaren bidezko jokera (Duanetakoa, Produktu monopolizatuen zergena, eta abarrena).

Hitz batetan, Euskal Herriko gastu-presupostuak finantziatzea honela eginen litzateke:

1) - Estatuak gaur egun egiten duen bidetik, Euskal Herri osoa edozein gai dela eta bildutako zerga-sarrerak.

- Euskal Herrian jasotako zergak izan arren, beste Herrialdeetako zergalariei kobratutako sarrerak.

- Euskal Herriko zergalari izanik, Estatu-barneko beste edozein lurraldetan ordaindutako zergen-diruak.

2) - Estatuak eginiko zatitu ezinezko gastuak edo eta Euskal Herrian egindako zerbitzuen ordainketa.

- Herrialdeen Diru-Kutxara egindako diru-emateak.

Haran


Anaitasunaren komikia (4)

Airko [Komikia]

Irudiak: Antton Olariagak

Gidoiak: Xabier Kintanak


Anaitasunaren komikia (4)

SIDER bi mila 2000 [Komikia]

Irudiak: Erramon Zumalabek

Gidoiak: Xabier Kintanak


Anaitasunaren komikia (4)

Krisket eta Popolo [Komikia]

Irudiak: Juan Karlos Egillorrek

Gidoiak: Borja Barandiaranek


Euskal pertsona izendegi berrirako proposamendua

Oraintsu Espainiako gobernariek lege bat eman berri dute; beronetan gaztelaniazkoak ez diren beste izenak ofizialki onhartuak izateko oinharriak ezartzen dira. Hori dela eta, gure artean jende asko hauzitegietara abiatu izan da, bere izenak euskaraz ipintzeko gogoz. Kontua da, ordea, ez dagoela oraindik euskaraz izendegi oso bat ofizialki onharturik, eta jendea, besterik ezaz, eskura etortzen zaizkionez baliatzen dela eskuharki.

Egon, ba dago argitaraturik izendegi on eta luze bat, J.M. Satrustegi euskaltzainak Euskal Akademiaren aginduz eratua. Herriak ezinago hobeki estimatua du eta nik neuk erabat neure egiten dut hura. Hala ere, geroago azalduko ditudan arrazoiengatik. lan bikain hori ez da euskal izendegi osoa. Hori dela eta, problema honi irtenbide bat eman nahirik, ondoko proposamendua egitera nator.

Euskal izenak zertzu diren

Lehen pausotzat, euskal pertsona izena zer den argitzen hasiko naiz. Oinharriz, euskal izen bat Euskal Herrian euskaldunek tradizionalki erabili dutena da, eta mende askotako jatorria duenean, gainera, izen hori euskararen lege phonetiko berezien arauera moldatu edo egokitua azaltzen zaigu. Alde horretatik, Euskaltzaindiak 1959.eko Apirilaren 2an euskal hitzak zeintzu diren jakiteko eman zuen erizpideak, ene ustez, izen propioen kasurako ere balio du: tradizioa, sustraitasuna, literatur eta herri usario zaharrak dira jatortasunaren gidari nagusiak.

Euskal izenen jatorria

Erromatarkuntza aurretik, jakina, ba ziren Euskal Herrian euskarazko izen jatorrak, Akitaniako eta Pirinio inguruko hilharrietan nola edo hala agertuak (CISON, ANDERE, NESCATO, BIHOX, SENICO...) Izen horietakoren batzu, Eneko, kasu, geure garairaino helduak ditugu, baina gehientsuak bidean galdu zitzaizkigun.

Erromatarkuntza ondoan visigothuak etorri ziren, baina gure artean ez zuten berauek arrasto handirik utzi. Kristautasunaren sarreraz, ordea, erlijio honetako pertsonaia haundi eta sainduen izenak, debozioz, zabalduz joan ziren, etxeko izen jator zaharrak, pittinka, baztertuz. Erdi Haroan, dena dela, euskaldunek ez zioten beren asmamenari erabateko ukorik egin, eta, kristau izenen ondoan, euskal sustraiko beste batzu ere bizi izan ziren luzaro (Semeno Otsoa, Emazteona, Garzea...)

Kristau izenak, funtsean, bitarikoak dira: a) Kristo aurrekoak, hots, Testamentu Zaharreko semitarrak (Adam, Eva, Josepe, Abraham, Benjamin, David, Mikel, Manuel...) eta b) Kristo ondokoak, hau da, semitarrak, grekoak, latindarrak, germaniarrak, eslaviarrak,... (Tomas, Joanes, Teofilo, Leandro, Sabino, Martin, Gilen, Roberto, Vladimir...) bertako sainduen izenak izanki. Guztiok, hasieran, izen nazional bereziak izan arren, laster Elizaren saindutegira pasatu ziren, eta kristautasunaren hedaduraz Europar herri guztietara zabaldu, Mendebaleko munduaren onomastika eratuz.

Herri aukera eta moldaketak

Izan, Elizaren saindutegiko izen guztiak theorian Mendebaldeko Herri kristau guztien ondarea baziren ere, praktikan Herri bakoitzak izen horietako batzutarako bere jaugin berezia agertu du, dela debozioz, dela bertakoak zirelako edo zeukaten phonetika bereziagatik. Horrela ba, sainduen izendegiko guztiak aukeran egon arren, Herri bakoitzak bakar batzu erabili ukan ditu sistimaz, eta besteak zokoratu.

Azken mendeotan Espainiapeko legeen azpian gaudenetik, euskal izenak gaztelaniazko itxuraz azaltzen zaizkigu paperetan, baina Euskal Herriko lehenagoko artxibo eta dokumentu zaharrak aztertuz gero, laster kontura gaitezke zenbait izen (Eneko, Peru, Martin, Mari(a), Joanes...) ia era exklusiboz agertzen direla, eta ez beste batzu. Izen propioetatik datozen deiturak, bestalde, diogunaren froga nabariak dira: Perurena, Martinena, Antsorena, Errandonea, Mitxelena, Joanategi, Loperena...

Izen hautatu horik, bestalde, egunero erabiliak zirelako, euskal hitz arrunten korrontean sartu eta berauen arauera aldatu eta bilakatu dira, gure hizkuntzaren phonetika legeak agertuz: Heritz, Bazkoare, Martie, Txomin, Domiku, Dota... Izenok dira, hain zuzen, Eneko eta Semeno gisako izen zaharrekin batera, gure herri tradizio jatorrena osatzen dutenak, eta berauei dagokie antonomasiaz euskal izenak direla esatea. Hauxek dira, beraz, gure Herriaren aukera historiko jatorraren ispilua eta, ereduz hobestekoak.

 Hau, ordea, ez da euskararen kasu bakarra, noski. Espainian ere, egon, ba dago Renato moduko izenik, baina ez da ia inoiz entzuten, frantsesezko kidea, Réné halegia, usu erabilia den artean. Kyril eta Metodi, bestalde, eslaviar herrietan usaia handikoak dira, espainolez Cirilo eta Metodio ia-ia ezezagunak gertatu arren. Begoña, Arantzazu, Estibalitz, Leire edo Garikoitz berton erabiltzen ditugu maizenik, Monserrat eta Jordi, antzeko arrazoiengatik, aldiz, Katalunian, eta beste nazioetan modu berean jazotzen da.

Beste izenak

 Hor daude, beraz, oinharrizko euskal izenak, Euskaltzaindiak, J.M. Satrustegiren lan neketsuan esker, bilduak eta argitaratuak. Aukera egitekotan, zalantzarik gabe, horien artean egin beharko genuke jaio berriei ipintzeko izenaren aukera.

 Hala ere, izendegi hori ez da osoa. Saindutegiko beste izen asko falta dira hor, Euskal Herrian usu erabili izan ez arren, kanpoko pertsonaiak aipatzeko edo eta kanpoko usarioengatik gure artean zabaldu direnak euskaratzeko ezin beharrezkoagoak.

 Azal dezagun, dena den, berau. Gaur egun ez du inork ukatuko Ricardo izena espainola denik, baina izen germaniko hori Penintsulara oraintsu etorria da, duela mende pare bat edo. Erdara zaharrean ez da inoiz Ricardorik azaltzen. Ingalaterran ordea, franko ziren aintzinatik Richard izenaz ezagutuak. Hori dela eta, espainolez Pérez, Martínez, Sánchez, Rodríguez, López, Domínguez eta antzekoen artean ez da behin ere Ricardez modukorik azaltzen, ez eta Eduardez, Alfredez, Cirilez edo Vladimirez ere, deiturak sortu zireneko garaian ezezagunak eta ezerabiliak zirelako seinalea berau. Baina beste nazioetan, ordea, Richardson, Edwardson, Alfredson, Krilov, Kirilovitx, Vladimirovitx modukoak normalak dira. Horrek ez du esan nahi, jakina, Ricardo, Eduardo, Alfredo, Cirilo edo Vladimiro, zaharrak izan ez arren, gaur erdal izenak ez direnik. Gehiago edo gutiago erabiliak izatea besterik da, baina gutienez erdal saindutegian aukeran daude. Horietako batzu, oraingo pertsonak adierazteko erabiltzen ez badira ere, posible da, hala ere, atzerritar pertsonaiak aipatzeko usatzea: Los santos Cirilo y Metodio evangelizaron a los eslavos, el príncipe Vladimiro pasó con sus tropas los Urales, etc.

 Euskaraz, ordea, gure hizkuntzaren orain arteko ofizialtasunik ezaz, ez dugu, serioski bederen horrelako izen egokitasunik egin eta on litzateke Euskaltzaindiak berak, honetaz, oraingo nahasteak behin betiko garbitzeko, lehenbailehen bere hitza ematea.

Arana-Elizalderen izendegia

 Aipaturiko premiaz konturaturik, beren garaian Sabino Aranak eta Luis Elizaldek izendegi bat moldatu zuten euskaraz, Europako hizkuntza guztietan zeuden izenak euskaraz nola edo hala ezarriz. Dudarik gabe, hura txalogarria izan zen, baina egia ere ba da, orduko euskal estudioen egoeran, eta zegoen garbizalekeri giroan, ez zutela beti ongi asmatu, maiz hitzak apriorismoz eta erizpide okerrez eraturik Maskulinorako a eta femeninorako e bukaerak uztea ez da, izan gaitezen serioak!, zuzena, are gutiago oinharrian, Astarloak aipatzen zituen haur nigarren arrazonaketak zeudela jakinik.

Bai Azkuek eta bai Sebero Altubek kritika zorrotzak egin zizkioten izendegi horri, funtsean zekarren borondate onaz aparte, haren alde okerrak salhatuz.

Haien bidetik, nik neuk, beste puntu batzu agertu nahi nituzke berton:

1) Izendegi horretan ez dira kontutan hartu gure Herriaren usario historiko jatorreko izenak (Peru, Manu, Anton, Bladi, Salbatore, Bernat, Jakue, Eneko, Joanes, Josepe, Mari, Joana, Begoña...) horien lekuan laborategiko izen sustraitu gabeak sortuz (Kepa, Imanol, Andoni, Balasi, Gaizka, Bernarta, Jagoba, Iñaki, Jon, Joseba, Miren, Jone, Begoñe...). Duten historikotasunik ezaz, irrigarriak gertatzen dira, faltsuak erabat, aurreko mendeetako euskal pertsonaiak izendatzeko: Kepa Axular, Jon Leizarraga, Nafarroako Pantzeska Txaber, Jone Albreteko erregina, bai eta lehen eta oraingo kanpotar pertsonaiak aipatzeko ere: Josu gure salbatzailea, Done Jagobarako bidea, Kistobal Colombo, Done Bonipagi, Lukertze Borgia, Godepirda Bouillonekoa, Koldobika XIVa Frantziako errege, Karla Bianakoa, Joseba Stalin, Dugen Greziakoa (= Diogenes!), Lopolda Belgikako erregea, Albontsa XIII Bourbonekoa, Adolba Hitler...

Ez da harritzekoa, beraz, Elizak berak —bataiorako onhartu arren— gero liturgian ofizialki ez erabiltzea. Eta honek, noski, erabateko absurdu batetara garamatza, hots, Done Kepa edo zeruko gotzonak euskara liturgikoan ezer ez diren bitartean, izenok, hala ere, egiaz existitu ez existitzen diren erlijio pertsonaia batzurenak direlako atxakiaz, pertsonentzat onhartzera. Adar jotze hutsa da berau.

2) Phonetika aldetik, bukaerazko a eta e horien seriotasunik ezaz gainera, beste abusu nabari bat agertzen zaigu f pnonema baztertzean. Okerrena, hala ere, izenen historikotasunaz egiten den abstrakzioa da: izen guztiak tratatzen dira euskaraz aspaldidanik erabiliak izan balira bezala, bakoitzaren sarrera eta erabilera historiko egiazkoa noizdanikoa den kontsideratu gabe. X mendeko euskaldunek Klodovik izena hartu balute nola bilakatuko zuketen asmatzea ukhronia hutsa da, sekula gertatu ez zen arazo baten inguruan alferrik espekulatzea. Hortik izendegiaren irrealismoa.

Hizkuntza guztietan, guti erabilitako izenen forma nazionala, ia-ia latinezko formaren egokitze zuzena da, ahalik eta gutien aldatua, herriaren usariorik ezari dagokion kultismoa halegia. Euskaraz ere beste horrenbeste egin beharra zegoen.

3) Beste akats bat, enetzat larriena, Gaztelapeko morrontza da, hots, funtsezko erdaltasuna. Irakurleari inolako azalpenik eman gabe, hor euskaraz sekula erabili izan ez diren izenak, euskal itxuraz maskaraturik, azaltzen dira zenbait izen tradiziodunen parean, batak besteak bezain jatorrak bailiren.

Euskal literatura, kasu, ez da Lope de Vega eta beste erdal autoreen obra, euskaraz itzulita egon arren, gure Herriko idazleen euskarazko lan originalak baizik. Modu berean, euskal izenak ez dira, ezin dira izan, gaztelau kultur eta usariozkoak, euskaraz jarrita egonagatik. Hori antierdal kultura litzateke, besteen klitxet negatiboa, sekula ez euskal bide propioa.

Jar dezagun baina, zenbait exenplu. Frantzian, Ingalaterran, Alemanian edo Italian Jesus nola den galdetuz gero, Jesus edo Gesu erantzungo ligukete, baina hauxe azalduz: izen hori, errespetuagatik —espainolez Dios edo Cristo bezalaxe— ez dela behin ere oraingo pertsonei esateko erabiltzen, Buddha, Jupiter, Allah edo Manitu-rekin gertatzen den legez. Ingalaterran elurraren izena snow da, eta Frantzian neige, baina, hala ere, nazio biotan, espainolez, ama birjina baten oroitzapenez, Nieves andre izena egon arren, ez dute Lady Snow edo eta Madame Neige gisakorik. Euskaraz dagoen Edurne horrek espainolpean dugun kultur morrontza besterik ez du adierazten. Arrazoi berberagatik, noski, Dolores izen espainola Nekane itzuli dugu, frantsesez, aldiz, Mme. Douleur ez dagoelarik. Gaztelauek gure Arantzazu "Espinal" itzultzea barregarria balitz, ez dira gutiagorako guk egindako astakeriak.

Morrontza honen iturria, gure erdaltasun kulturala da. Etxeko batek Dolores, Luis, Nieves edo Soledad izena duelako, eta izen hori, espainol usario eta phonetikaz atsegin dugulako, geure seme-alabei ipintzeko joera dugu: "¿Cómo se dice Soledad en vasco?" galdera absurdua eginez. Bide horretatik, funtsean, euskaraz maskaraturik azaldu arren, guk gaztelauen usariozko izenak ipintzen dihardugu eta ez euskal tradiziokorik. Erdal kultura itzulia besterik ez da gurea horrela.

Edozein Herri eta kultura normaletan izenak barrutik begira hautatzen dira. Frantses batek, bere haurrari izena jartzean, ez du behin ere aztertzen izen hori espainolez edo turkoz nola den. Belarrirako atsegina izatea, hots, esthetika kontua izaten da arrazoirik inportanteena. Ba da sasoia horretaz kontura gaitezen eta euskal izenak, berezko itxuragatik eta ez erdarazkoen funtzioan aukeratzen hasteko.

4) Aurretik esandakotik beste arazo bat dator, hots, izen askoren maskulino eta femeninoa nola egin. Espainolez, bai, ohitura handia dago Jesús/Jesusa, Tomás/Tomasa, Pedro/Petra, eta gisa honetako bikoterik egiteko, baina Europako hizkuntza gehienetan hori Jupiter/Jupitera, Venus/Venuso, Edurne/Edurno, Leire/Leiro egitea bezain irrigarri eta ez ohitua da. Izen batzu, exklusibaz, maskulinoak dira beste batzu, aldiz, femeninoak soil-soilki. Hau ongi kontutan hartzekoa da.

5) Beste puntu bat, egileen bizkar ezin jar daitekeena, izendegiaren mugapena bere. da. Erdi Haroan Elizak askatasun haundi uzten zuen bakoitzak nahiago zuen izena jartzeko, sainduena izan zein izan ez. Geroago, baina, sainduenak gomendatzen hasi zen, azkenean, praktikan behintzat, Herri izen nazional bereziak ia erabat baztertzeko.

Espainian Estatuak, konfesionala den aldetik, Elizako sainduen izenak onhartu ditu eskuharki, izen laikoak galerazi eta baztertuz. Azken urteotan, hala ere, bere lehengo hertsikeria eta klerikalismotik irteten ari da, baina izen laikoak onhartzeko berorien dokumentapen zaharra eskatzen du. Alde horretatik, euskarazko izen ezkristauak (Eneko, Andere, Haritz, Bihotz,...) onhartzen ditu, baina, hori bai, aintzinan erabiliak izatekotan. Izen horik, ordea, jatorriz, komunak izaten ziren eta ez da garbi ikusten zergatik euskaldun zaharrek agin zutena egiteko eskubide berbera ez zaigu oraingooi onhartzen. Haritz baldin badago, kasu, zergatik ezin erabil daitezke, demagun, Urki, Lizar, Sahats, Gisats, Gorosti, Otalore, Lilia, Izarra, Harri, Haitz, Iturri, Eguzki, Hilargi, Hibai, Haizea, Udaberri, Geroa, Garoa, Ihintza, Ametsa, Irrintzi, Txertoa, Ekintza, etab? Herri askotan, Israelen eta Sovietar Batasunean, kasu, eskubide pertsonal eta demokratiko hori onhartua da. Horretan ni neu Alfontso Irigoien jaunarekin erabat konforme nago. Erromatar eta grekoei onhartzen zaien eskubidea, izen itzulpen libreak egitekoa halegia, guri ere onhartu behar zaigu. Bestetik, Estatu laiko batek ezin ditzake goiko izenak bazter, Amabirjinen toponymi izenak, oraintsu arte pertsona izentzat erabiliak izan ez direnak, kristau kutsukoak direlako, onhartzen dituen artean. Bai batzuek eta bai besteek eskubide berbera dute errespetatuak izateko.

 Jarriko nituzkeen muga bakarrak hauk lirateke. a) izenok euskara aldetik zuzenak, hots, ongi jarriak izatea, eta b) giza duintasunaren kontrakoak ez izatea Mokordo, Jandalo, Kakusain eta holakoak, noski, onhartezinak lirateke.

Problema bat sor liteke, maskulino eta femeninoak bereizteko. Gogora dezagun euskaraz hitzek ez dutela berez generorik. Hori konpontzeko, nik uste, J.M. Satrustegik behiala proposatua onhar liteke, hots, hitz biluzia maskulinorako utzi eta femeninorako, ordea, a organikodunak eta artikuludunak geratzea. Horrela, Urki, Lizar, Sahats, Izar eta Hibai, kasu, gizonezkoentzat liratekeen artean, Urkia, Lizarra, Sahatsa, Izarra eta Hibaia andrazkoentzat geldituko. A bukaerak, puristek diotena diotela, femenino kutsu haundia du euskaraz, eta herri belarriak nik uste, erraz onhartuko luke bereziketa hau.

Kanpotiko izenen euskarapena

Izenak moda eta ohitura aldakorren arauera egoten dira neurri haundi batez. Horregatik sartu ziren, mende ezberdinetan, beste hizkuntzetatiko zenbait izen. Moda berriren arauera, hortaz, ba dirudi aspaldion izen germaniko batzu, (Rikardo, Ernesto, Eduardo...) gure artera gero eta gehiago erabiltzeko joera egon dela. Berauetarako euskal forma finkatu bat erabakitzea, beraz, beharrezkoa dugu Hala ere, izenok erabiliak izateko, jendeari etorkia azaldu behar diogu, eta zergatiak ere bai, gero nahi badu, erabil ditzan. Bestela, euskal itxuraz arropatu ditugulako, euskal izen jatortzat ematea adulterazio kultural hutsa besterik ez genuke eginen, eta jokabide honen azken gehiegikeriak Onintze (sic) Buenrocío, Abene (sic) Pilar eta Eztizen Dulcenombre ditugu, Sabinoren lepora ezin bota daitezkeenak, hain zuzen.

Edozeinek du nahiago duena aukeratzeko eskubidea, noski, baina, hori euskara izanen bada, ez da aski erdara ez bezalakoa izatea, gure hizkuntzaren egiazko eta oinharrizko legeak betetzea baizik. Euskaltzaindiak eman beharko lituzke, hortaz, bere argibide eta ereduak. Aukera, bestetik, ez da libre izanen azalpenik gabe. Gauzen iturriak ezagutu ondoren bakoitzak nahiago duenetik edan beza, baina jakin gainean.

Esandakoaren arauera, eta nire aurrekoek beste horrenbeste egiteko eduki duten eskubide berberaz baliatuz, izendegi baten proposamena agertzen dut hemen, Euskaltzaindiak ikus, azter, juzka eta osa dezan. Hau ere ez da osoa. Gure artean gehien entzuten diren izenak dauzka, soilki, baina, gutienez, moldatzeko bide eta erregelak praktikoki erakusteko balio dezake.

Hastapenez, greko, latin, germaniar edo eslaviar etymoak kontutan hartu izan dira, eta euskararen gaurko lege phonetikoen arauera moldatu, baina inguruko hizkuntzetan nola diren ere bistatik galdu gabe.

Emakumezkoen izenetan, tradizionalki bezala, a bukaera utzi da (Joana, Josepa, Milia...) Izen germaniko sartu berrien kasu batzutan hasierako r-a bere horretan gorde da: Rikardo, Roberto...

Izenok erabiltzeko zenbait erregela

Izenok, derragun berriro argi eta garbi, gure Herriaren oinharrizko izendegi jatorra tradizio gabeko izen modernoez osatzeko moldatu eta egokituak dira, eta erdaraz izen kide bat dutenentzat aproposak gertatu arren, ez genituzke gomendatuko haur jaio berriei ipintzeko. Aitzitik, berauentzat hobestekoak dira, nik uste, izen zaharrak (Eneko, Oier, Unai, Iratxe...) edo eta izen komun egokituak (Irail, Oreina, Harri, Ihintza...).

Izenok europar tradizio handikoen phonetik moldapenak dira, inoiz, ordea, itzuliak izan arren. Itzulpenek, ordea, arrisku bat dute, eta ez ttikia, jatorria desitxuratzekoa. Montserrat, Lourdes edo Ainara ere, posible litzateke erdarara itzultzea, baina zentzu komunaren arauera hori egitea absurdua litzatekeen arrazoi berberagatik ez dirudi espainolezko Dolores, Sagrario, Soledad, Covadonga, Guadalupe eta antzekoak euskaratzea oso zentzuzkoa denik.

Atzerritar pertsona izenak idaztean, hobe da, jakinez gero, beraien jatorrizko orthographiaz uztear Adolf Hitler (ez Adolfo), Karl Marx (ez Karol), Francisco Franco (ez Frantzisko), Fedor Dostoiesky (ez Teodorh), Mika Waltari (ez Mikel). Jatorriz nola diren ez dakigunean, baina, zerrenda horretakoez baliatzea zilegi litzateke: Leopoldo Belgikako erregea, Anton Txekhov, Lehoi Tolstoi, Hendriko IV...

Inolako tradiziorik ez duten izenetan ez da deus aldatu behar: Indira, Rabindranath, Mordekhai, Vakhtang, Otto, Mao, Muhamed... nahiz eta itzulpena izan: Habib (= Maite), Arieh (= Lehoi) arrazoi berberagatik, Madrileko Nieves Pérez ez da Edurne Pérez gisa itzuli behar euskarara.

Izen-deiturak euskaraz jartzeko modua

Euskaraz lehenik izena eta gero deitura ezarri izan dira beti: Antton Urtiaga, Itziar Otaegi... Aintzinan oso ohitura zabaldua zen deiturari -ko (inoiz -koa ere bai) gehitzea: Mikel Bengoetxeko, Peru Errekaldeko, Bernat Etxaparekoa... Usario hau, nahi izanez gero, birbiz liteke, eta amaiera moztua duten deituretarako agian egokia izanik: Harrietako, Zumetako, Olañetako, Zabaletako...

Ez da usario jatorra, baina, euskaraz -tar izen-deiturekin erabiltzea, oraintsuko asmakeria baizik. Egia da, noski, -tar senidetasuna adierazteko erabiltzen dela, baina Armendariztar Josepe modukoak ez ditu gure Herriak inoiz tradizionalki erabili. Are kritikagarriagoa da, gainera, batzuren deismoa, hots, euskal deituren aurrean erdazko de jartzea, absurdua baita espainolezko preposizio batez gure deiturei beren jatortasun edo "noblezia" gehitu nahi izatea.

Azken oharra

Ondoren datozen izenen artean, letra beltxez direnak aintzinako euskal forma jatorrak dira, erdaran hitz sustraikideak dituztenak.

Andrazkoen izenak

Adela: Adela

Adelarda: Adelarda

Adriana: Adriana

Africa: Afrika

Agueda: Ageda, Agate

Agustina: Augustina

Albina: Albina

Alejandra: Alexandra

Alfonsa: Alfontsa

Alodia: Alodia

Amadora: Maite, Amadora

Amanda: Amanda

Ambrosia: Anbrosia

Ana: Ana

Anastasia: Anastasia

Andresa: Andresa

Angelina: Angelina

Anselma: Antselma

Antera: Antera

Antonia: Antoni(a)

Antonina: Antonina

Augusta: Augusta

Aureliana: Aureliana

Avelina: Abelina

Bárbara: Barbara

Beatriz: Beatrize

Benita: Benita

Calixta: Kalixta

Caridad: Karitate

Carina: Karina

Carlota: Karolina

Carmen: Karmen, Karmele

Casilda: Kasilda

Catalina: Katalin

Ceferina: Zeferina

Celsa: Zeltsa

Clara: Argia

Claudia: Klaudia

Clotilde: Klotilde

Concepción: Sortze, Kontxesi

Cornelia: Kornelia

Crisanta: Krisanta

Cristina: Kristina

Delfina: Delfina

Demetria: Demetria

Dionisia: Dionisia, Dunisia

Eladia: Eladia

Elena: Helena

Elisa: Elisa

Eloisa: Eloisa

Elvira: Elbira

Emilia: Milia

Emiliana: Emiliana

Engracia: Engrazi(a)

Enriqueta: Hendriketa

Escolástica: Eskolastika

Esperanza: Esperantza, Itxaropena

Estrella: Izarra

Eugenia: Eugenia

Eulalia: Eulalia

Eulogia: Eulogia

Eusebia: Eusebia

Eustaquia: Eustakia

Eva: Eva

Evarista: Ebarista

Faustina: Faustina

Fausta: Fausta

Fe: Fede

Feliciana: Feliziana

Felipa: Filipa, Felipa

Felisa: Felisa

Fermina: Fermina

Florencia: Florentzia

Florentina: Florentina

Fortunata: Fortunata

Francisca: Frantziska, Pantxike

Gabina: Gabina

Gabriela: Gabriela

Gala: Gala

Genara: Genara

Genoveva: Genobeba

Gertrudis: Gertrudis

Gloria: Gloria, Loria

Gracia: Grazia, Garazi(a)

Graciana: Graziana

Graciosa: Graziosa, Gaxuxa

Gregoria: Gregori(a)

Guadalupe: Guadalupe

Guillermina: Gilena, Gilermina

Herminia: Herminia

Hilaria: Hilaria

Hipólita: Hipolita

Honorata: Honorata

Humildad: Apaltasuna

Ignacia: Inazi(a)

Iluminada: Argitsu

Irene: Irene

Isabel: Elisabete

Isidora: Isidora

Isidra: Isidra

Jacinta: Hiazinta, Jazinta

Joaquina: Joakima, Joakina

Jordana: Jurdana

Josefa: Josepa

Juana: Joana

Julia: Julia

Juliana: Juliana

Lenina: Lenina

Leocadia: Leokadia

Leona: Lehoina

Leonor: Leonor(e)

Lina: Lina

Lorenza: Laurentia, Lorentza

Lourdes: Lourdes

Lucila: Luzila

Lucrecia: Lukrezia

Luisa: Luisa

Luz: Argia

Magdalena: Madalen

Mar: Itsaso

Marcela: Martzela

Marcelina: Martzelina

Margarita: Margarita

Maria: Mari

Marta: Marta

Matilde: Matilde

Mauricia: Maurizia

Maximina: Maximina

Melchora: Meltxora

Mercedes: Mesede

Micaela: Mikela

Milagros: Mirari

Misericordia: Urriki

Modesta: Apala, Modesta

Mónica: Monika

Monserrat: Monserrat

Natalia: Natalia

Nemesia: Nemesia

Nieves: Edurne, Elurra

Ninfa: Ninfa

Olegaria: Olegaria

Orosia: Orosia

Paciencia: Eroapen, Pazientzia

Paloma: Usoa

Pancracia: Pankrazia

Patricia: Patrizia

Paula: Paula

Paz: Bake(a)

Piedad: Pietate, Urriki

Pilar: Pilare

Pía: Pia

Plácida: Plazida

Prudencia: Prudentzia, Zuhurtasun(a)

Regina: Erregina

Rictrudis: Riktrudis

Romana: Erromana

Rosa: Arrosa

Rosalía: Erroxali

Rosario: Arrosari(o)

Ruth: Ruth

Sabina: Sabina

Sacramento: Sakramentu

Salomé: Salome

Salustiana: Salustiana

Sebastiana: Sebastiana

Saturnina: Saturnina

Simona: Simona

Socorro: Laguntza

Sofía: Sofia

Susana: Susana, Xuxana

Teófila: Teofila

Teresa: Teresa

Timotea: Timotea

Tomasa: Tomasa

Trinidad: Trinitate, Hirutasun(a)

Valentina: Balentina

Valeriana: Baleriana

Venancia: Benantzia

Verdad: Egia

Vicenta: Bizenta

Victoria: Garaitia, Biktori(a)

Victoriana: Biktoniana

Gizonezkoen izenak

Aaron: Aaron

Abraham: Abraham

Adolfo: Adolfo

Adrián: Adrian

Agapito: Agapito

Agustín: Augustin, Agosti

Alberto: Alberto

Albino: Albin(o)

Alejandro: Alexandro

Alfonso: Alfontso

Alfredo: Alfredo

Amado: Maite, Amado

Amando: Amando

Ambrosio: Anbrosi(o)

Anastasio: Anastasi(o)

Andrés: Andres

Angel: Aingeru

Anselmo: Antselmo

Antero: Anter(o)

Antolín: Antolin, Andolin

Antonio: Anton

Antonino: Antonin(o)

Augusto: Augusto

Aureliano: Aurelian(o)

Avelino: Abelin(o)

Bartolomé: Bartolome

Basilio: Basili(o)

Bautista: Bautista, Batista

Benedicto: Benedikto

Benjamín: Benjamin

Bernabé: Bernabe

Bernardo: Bernat

 Blas: Bladi

 Braulio: Brauli(o)

Bruno: Bruno

Calixto: Kalixto

Cándido: Kandido

Canuto: Kanut(o)

Carlos: Karol

Carmelo: Karmelo

Casiano: Kasian(o)

Casimiro: Kasimir(o)

Cástor: Kastor

Cecilio: Zezili(o)

Ceferino: Zeferin(o)

Celedonio: Zeledon

 Celso: Zeltso

César: Kesar

Cipriano: Ziprian(o)

Ciriaco: Ziriako

Cirilo: Kiril, Ziril(o)

Claudio: Klaudi(o)

Clemente: K(e)lemente

 Conrado: Kondrado

Constantino: Konstantin(o)

Cornelio: Korneli(o)

Cosme: Kosme

Crisanto: Krisanto

Crisógono: Krisogono

Crisóstomo: Krisostomo

Crispín: Krispin

Cristóbal: Kristobal, Kristofor(o)

Cruz: Gurutz

Dámaso: Damaso

Damián: Damian

Daniel: Daniel

David: David, Davit

Delfín: Delfin

Demetrio: Demetri(o)

Dídimo: Didimo

Diego: Didako

Dimas: Dimas

Dionisio: Dionisi(o), Dunisi(o)

Domingo: Domiku

Donato: Donato

Edmundo: Edmundo

Eduardo: Eduardo, Edoardo

Efrén: Efraim

Eladio: Eladi(o)

Elías: Elias

Eliseo: Eliseo

Eloy: Eloi

Emiliano: Emilian(o)

Emilio: Emili(o)

Enrique: Hendrike, Hendriko

Erasmo: Erasmo

Ernesto: Ernesto

Escolástico: Eskolastiko

Estanislao: Estanislao

Esteban: Eztebe

Eugenio: Eugeni(o)

Eulalio: Eulali(o)

Eustaquio: Eustaki(o)

Evaristo: Ebaristo

Ezequiel: Ezekiel

Facundo: Fakundo

Faustino: Faustin(o)

Fausto: Fausto

Federico: Federiko, Frederiko

Feliciano: Felizian(o)

Felicísimo: Felizisimo

Felipe: Filipe, Felipe

Félix: Heritz, Eritz

Fermín: Fermin

Fernando: Fernan (do), Errando

Fidel: Fidel

Florencio: Florentzi(o)

Florentino: Florentin(o)

Fortunato: Fortunato

Francisco: Frantzisko, Patxi

Gabino: Gabin(o)

Gabriel: Gabriel

Gaspar: Kaspar, Gaspar

Genaro: Genar(o)

Gervasio: Gerbasi(o)

Godofredo: Godofredo

Gonzalo: Gontzal(o)

Graciano: Gehexan, Grazian(o)

Gregorio: Gergor(io), Gorgori

Guillermo: Gilen

Gumersindo: Gumersindo

Heliodoro: Heliodor(o)

Heriberto: Heriberto

Hermán: Herman

Hermógenes: Hermogenes

Higinio: Higini(o)

Hilario: Hilari(o)

Hipólito: Hipolito

Honorato: Honorato

Hugo: Hugo

Humberto: Hunberto

Ignacio: Inazio, Iñaki

Ildefonso: Ildefontso

Inocencio: Inozentzi(o)

Iñigo: Eneko

 Isaac: Isaak

Isaías: Isaias

Isidoro: Isidor(o)

Isidro: Isidro

Ivón: Ibon

Jacinto: Hiazinto, Jazinto

Javier: Xabier

 Jeremias: Hieremias

Jerónimo: Hieronimo

Jesús: Jesus

Joaquín: Joakim, Joakin

Job: Job

Joel: Joel

Jorge: Jurgi

 José: Josepe

Juan: Joanes, Ibane, Joan

Julián: Julian

Julio: Juli(o)

Laureano: Laurean(o)

Lázaro: Lazaro

Leandro: Leandro

León: Lehoi

Leonardo: Leonardo

Leoncio: Leontzi(o)

Leopoldo: Leopoldo

Leovigildo: Leovigildo

Lesmes: Lesmes

Lino: Lino

Lope: Lope

Lorenzo: Laurenti, Lorentzo

Lucas: Lukas

Luis: Luis, Koldo

Manuel: Manu(el), Imanol

Marcelino: Martzelin(o)

Marcelo: Martzel

Marcial: Martzial

Marcos: Marko, Marki

Mariano: Mariano

Martín: Martin

 Mateo: Mateo

Matías: Matias

Mauricio: Maurizi(o)

Maximino: Maximin(o)

Melchor: Meltxor

Metodio: Metodi(o)

Miguel: Mikel, Mitxel

Modesto: Apal, Modesto

Moisés: Moise(s)

Narciso: Narkiso

Nazario: Nazari(o)

Nemesio: Nemesi(o)

Nicolás: Mikola(s), Nikola(s)

Norberto: Norberto

Octavio: Oktabi(o)

Odón: Odon, Oto(n)

Olegario: Olegari(o)

Oscar: Oskar

Pablo: Paulo

 Pancracio: Pankrazi(o)

Pascual: Bazkoare

 Pastor: Unai

Patricio: Patri, Patrizi(o)

Pedro: Peru, Harri, Haitz, Betiri

Pío: Pi(o)

Plácido: Plazido

Policarpo: Polikarpo

Pompeyo: Ponpei(o)

Próspero: Prosper(o)

Prudencio: Prudentzi(o)

Rafael: Rafael

Raimundo: Raimundo

Ramiro: Ramir(o)

Ramón: Erramon, Erramun

Ricardo: Rikardo

Roberto: Roberto

Rodolfo: Rodolfo

Rodrigo: Edrigu, Roderiko

Roldán: Errolan

Román: Erroman

Rómulo: Romulo

Roque: Erroke, Droke

Rufino: Urrufino

 Ruperto: Ruperto

Sabino: Sabin(o)

Salbador: Salbatore

Salustiano: Salustian(o)

Samuel: Samuel

Sancho: Antso, Santxo

Santiago: Jakue

 Saturnino: Saturnin(o)

Sebastián: Sebastian

Sebero: Seber(o)

Simón: Simon, Simun

Sixto: Sixto

Sotero: Soter(o)

Tadeo: Tadeo

Telesforo: Telesfor(o)

Teobaldo: Tibalt

Teodomiro: Teodomir(o)

Teodoro: Teodor(o)

Teodosio: Teodosi(o)

Teófilo: Teofilo

Terencio: Terentzi(o)

Timoteo: Timoteo

Tito: Tito

Tobías: Tobias

Tolomeo: Ptolomeo

Tomás: Tomas

Toribio: Toribi(o)

Trifón: Trifon

Valentín: Balentin

Valeriano: Balerian(o)

Valerio: Baleri(o)

Venancio: Benantzi(o)

Vicente: Bikandi, Mikeldi

Víctor: Biktor

Victoriano: Biktorian(o)

Vidal: Bidal

Vladimiro: Vladimir

Zacarías: Zakari(as)

Xabier Kintanak


Medikuntza sendatzailea (eta II)

Aurreko zenbaki batetan ikusi genuenez, medikuntza sendatzailea ondoko lau maila hauetan burutzen da: 1.- Medikuntza generaleko edo oheburuko medikuen bidez. 2.- Mediku berezituez. 3.- Urgentzi medikuez. 4.- Ospitaleen bidez. Artikulu hartan lehen bi mailak aztertu genituen, eta oraingo honetan, gaiari nolabait amaiera emateko, azken biei buruz zerbait idaztea pentsatu dut.

Urgentziazko medikuntza

Arratsaldeko bostak jo bezain laster, oheburuko medikuen betebeharra amaitu egiten da eta urgentzi medikuena hasi. Hau —ordutegi hau halegia— ez da horrela izaten herri eta estatu guztietan, urgentziazko medikuntz zerbitzua daudenetan soilik baizik; beste tokietan, oheburuko medikuen eskuetan egoten da eguneko hogei ta lau orduetako sanital lana eta erantzukizuna.

Nola dago, baina antolaturik medikuntz maila hau eta nolako medikuntza egiten da bertan? Bada, laburki esanez, ezin kaxkarragoa. Ezer zentraldurik badago eta frustratzailea bada, hauxe bai badela!

Bizkaia osorako sei urgentzi zentru nagusi baino ez dago.

1.- Lehena Deustukoa dago. Honek bere menpean beste lau subzentru ditu: a) Sestaokoa b) Areetakoa c) Deustukoa d) eta Basaurikoa. Deustuko zentral ikaragarri honek Bilbo eta bere inguru guztiak hartzen ditu Somorrostro, Zamudio eta Zeberio bere laneremuan egonez. Honela, adibidez, Zeberio edo Zamudioko batek —hain urrun egon arren— zerbitzu honen laguntza behar badute, telefonoz deitu beharko dute, Deustuko 436 76 00 delakora hain zuzen ere. Telefono-zentralean, deiak egiten diren arauera ordenatzen dira, dei bakoitzari numero bat emanez. Gero deia subzentrurik hurbilenera pasatzen da (Zeberiotik baletor, Basaurikora, eta Zamudiotik baletor, Areetakora). Eta zorterik dagoenentz itxaron behar.

Bizkaiko beste bost zentruak ondoko hauxek dira: 2) Zornotzakoa 3) Plentziakoa 4) Durangokoa 5) Ermukoa 6) Gernikakoa.

Deustuko, Zornotzako eta Plentziako zentruetara heltzen diren deiei zerbitzua eramateko, irratitelefonoa duten auto batzu erabiltzen dira, Auto horietan bi pertsona joaten dira: gidaria eta medikua. Dena den, itxurak gorabehera, auto hauk ez dira benetako eriautoak, ez baitaude ongi prestaturik eta horniturik emergentziei egokiro erantzuteko, zeren eta ez baitute ez oxigeno sistemarik ez eta beste zenbait urgentzi osagailurik. Izatez, irratitelefonoa duten automobil soilak baino ez dira. Durango, Ermua eta Gernikako zentruetara heltzen diren deiei, aldiz, mediku bakoitzak bere autoaren laguntzaz erantzun behar die.

Behin gaixoaren etxera helduz, eta kasuaren epai klinikoa egin ondoren, bi erabakiotako bat hartu behar da: edo etxean tratatu —osagarri batzuren bidez— edo ospitaldu. Azken hau erabakitzen bada, medikuak berak lor dezake ospitalera garraiatzeko eriauto bat, sarrera-txartela emanez.

Ikusten duzuen legez, zentralduagorik ezin daiteke egon urgentzi zerbitzua; nola ote da antolatu, zeberiotar eta zamudiotarrek zentral berbera deitzeko beharra ukaitea?

bezala. Lehenik, benetako urgentziak ongi formatu eta prestaturiko medikuak eskatzen ditu, eta bigarrenik asistentzia tekniko minimo bat. Horregatik, ene ustez, kasu urgenteak ospitaletan asistitu behar dira, eria bera ospitale horretara ekarriz. Horretarako, jendearengandik hurbil behar lirateke egon urgentzi postuak, eta eguneko 24 orduetan zabalik. Gainera, zerbitzu hertsi bezala antolaturik, honek zera esan nahi duelarik, medikuak ez liratekeela bertatik irteten eta gaixo urgenteak bertara eraman beharko liratekeela.

Ideia hau burutzeko, bada, behin eta berriro ere Medikuntza ez-zentraldu baten beharra ikusten dugu: Ospitale ttikiz eginiko medikuntza, behar beharrezkoa dugu.

Ospitaleak

Urgentzi arloan txarto bagabiltza, beste mail honetan ez gabiltza asko hobeto, ez horixe, zeren eta eskualde edo probintzia bakoitzean ospitale gutti baitugu. Gainera handiegiak dira neurriz, eta hiri handietan zentraldurik daude.

Gure lurraldean, gaur eguneko sanital antolamenduan bi muturren artean mugitzen gara, halegia, edo ospitale ikaragarri handiak edo oheburuko medikuntza enpirikoa. Tartean ez dugu ia bestelako posibilitaterik.

Beraz, baldintza hauk direla eta hainbat problema pairatzen dugu. Bat, adibidez, desplazamenduena da, hots, ospitaleko laguntza hartzeko jendeak kilometro asko egin behar dituela, osasunaren laguntza garestituz eta zailduz. Ospitale handiek beste aldetik, problema handiak dituzte, administralgoan, janari arloan, asistentzigoan eta beste arlo askotan isladatzen eta agertzen direlarik. Psikologia aldetik, ospitaleak ez dira gehienetan ebazpiderik onena izaten, jendearengan kolpe psikologikoa, beldurra eta depresioa sartzen baitute. Ematen den sanital laguntza eta asistentzia despertsonaltzaile eta desgizatzaile ohi da, honek osasunarekin hainbeste ondorio kaltegarri dakarrelarik.

Dena den, ospitaleen funtzio nagusiak lau dira:

1) Laguntza edo asistentzia (hemen sartzen ditugu medikuntza sendatzaile eta berrabilpena).

2) Ikerkuntza (medikuntz arloan, noski).

3) Irakaskuntza (bere pertsonalari zuzendua esan nahi dut).

4) Herriari hezkunde sanitaria ematea.

Aspaldidanik gure ospitaleek entzungor egiten diete helburu hauei. Kasu bat aipatzeagatik, ikerkuntz arlokoa aipatuko dut. Hemen ikerkuntzarik ia egiten ez denez, beste herrien atzetik ibili behar dugu beti, besteek lortzen dituzten eta berentzat on eta egoki izan daitezkeen aurrerakuntzak eta teknikak kopiatuz. Baina guretzat ere onuragarri ote dira, besterentzat onak diren gauzak? Bestalde, asistentzi mailan denok ezagutzen duzue, nolako problemak ditugun: Lekurik eza (sarritan ospitaletako pasabidetan eman behar izaten zaio laguntza jendeari), gela desegoki edo zaharrak, kirofano kaxkarrak, pertsonale gutti, materiale falta ikaragarria, eta abar luzea. Ospitaleetan ez da inolako prebentzio kontzeptu berezirik erabiltzen edo eta oso gutti erabiltzen dira; elikadur dietak ezin dira ongi eraman, ez baitago dietetikazko departamenturik; garbitasun eta higiene problemak nonnahi agertzen dira; eta abar. Hala eta guztiz ere, oso ezaguna dugun Bilboko jauntxo bati, orain dela denbora gutti, "urrezko angula" bat erregalatu zioten, Basurtuko ospitalea ongi zaintzearren (arratoiz beterik dago, egia esan, baina tira...)

Bestalde, telefonoz ezin jakin daiteke erraz, benetako urgentzia zein den; pertsona batzu oso urduri egoten dira, eta horientzat edozer gauza izaten da urgentziazkoa; beste pertsona batzu, lasaiago edo apalago izanik, ez dira ausartzen, laster etortzeko eskatzera. Orduan, egunero gertatzen den gauza bat, zera da, halegia, angina arrunt bategatik deitu duten etxera, lehenago joaten dela, bihotz infartu bategatik deitu dutenera baino. Eta hori horrela izanik, urgentzi zerbitzuaren lehen betebeharra ez da betetzen.

Oheburuko medikua desprestigiaturik badago, are gehiago urgentziazkoa; askorentzat, asken hau zulo-tapatzaile bat baino ez da (arratsaldeko 5etatik goizeko 9etarako zuloa). Urgentzi medikua guttiagotzat hartzen da, txartoago formaturiko norbait legez (sarritan egia dena, gainera). Jende askoren eritziz, oheburuko medikuak eta berezituak, oraindik zerbait ba dira, baina urgentziazkoak, ez. Sarritan kontra jartzen zaie jendea hartzen dituzten erabakietan, eta mediko hauk dira Asegurantza Sozialaren aurkako gorroto gehienak jasaten dituztenak.

Mediku gisa ez dago lan frustratzaileagorik. Batetik, gaueko lana, medio teknikorik gabe egiten den medikuntza eta jende agresibo eta haserrekorra bezero bezala. Medikuntza ikasiz joan beharrean, ahanztera laguntzen duen lan erregarria.

Hau guztiau dela eta, lanpostu hauetan medikuek urte guttitan irauten dute, eta honela, mediku berri eta formazio guttikorekin edo lan moeta horren eske dabiltzan medikurekin betetzen diren zerbitzuak dira sarri behintzat.

Bere aldetik, jendeak ere lan gehiegi ematen die mediku hauei, urgentziazko ez diren gauzetarako laguntza eskatuz. Egiten diren deien 90 %-a ez ohi da benetan urgentziazkoa, eta, egia esan, dei horik ez lirateke asistitu behar.

Ene ustez, urgentzi medikuntza ez da izan behar garraio sistema soil bat, hots, kontsulta mugikor eta ibilkor soil bat, gure herrian gertatzen den

Gure ospitaleek ez dute inor promozionatzen. Ez dute interesik edo ez dute nahi, kontaktu batzuren bidez jendea kanpoko zentru berezituetara bidaltzea, gero etxera bihurtzean beste batzu formatzeko. Irakaskuntzean hutsune ezin handiago dago. Salbuespen batzu kenduz, inork ez duela irakasten esan dezakegu. Kasu klinikoak ez dira aztertzen, autopsia gutti egiten da, eta denok dakizue, hauk behar beharrezkoak direla ikasten aurrera joateko.

Bukatzeko, ospitaleak Herriari lepoa emanez bizi direla esan behar dugu, Herriak dituen problemei uko eta itsuarena eginez. Ez dira, ez, izan behar liratekeen bozgorailuak. Zoritxarrez mutu eta saldurik daude hauk ere.

P. Letamendi


Euskal "gay"ak ghettoaren kontra

 Geure eguneroko munduan ba ditugu tabu diren gai batzu. Ukitu behar ez diren gai hauek murraila batez inguraturik egoten dira eta isiltasun orma apurtzea zaila izaten da. Gaur gai tabu horietako bat dakargu lerro hauetara. Homosexualitatea da, hain zuzen. Orain dela ale batzu euskal homosexual batzuk zenbait aldizkaritara bidali zuten gutuna argitaratu genuen eta, egun batzu barru, telefonoz deitu gintuzten, beren arazoaz elkarrizketa bat izateko. Bilboko bar normal batetan gelditu ginen eta homo hauetako hiruk beren egoeraz hitz egin ziguten. Batek euskara dotoreaz, erdaraz besteak. Hona hemen beraiek esandakoak.

— Euskal Herriko homosexualek antolakunde bat egiten hasiak gara "Euskal Herriko Gay Askatasun Mugimendua". Nafarroan zerbait egin da arlo honetan baina ez oso serioski. Kuriositate bezala, Nafarroako antolakundean zeuden "gay" gehienek emakumeak zirela esango dizugu.

— Zertarako antolakunde hauk?

— Giza eskubideek guztiontzat izan behar dute. Homosexualok ere giza eskubideak ditugu. Gure sexualitatea gizonengantz bideratua baldin badago ez da gure errua. Hezkuntza errepresibo batek ba du zerikusirik gure egoera eta bizimodu honetan. Geure antolakunde honen bidez geure "ghetto" moduko bizi behar honen aurka jo nahi dugu eta, noski, hezkuntza sexual errepresibo baten aurka bide batez.

— Zertan dago zuen helburu nagusiena?

— Etorkizunean euskaldun guztiok egingo dugun Euskal Herri barruan gure eskubideak errespetatuak izatea nahi genuke. Orain geure bizitza anonimoa alde batetara uzten hasi baldin bagara helburu hau lortzeko da. Katalunian gure arazoaz herria mentalizatu samarra dago.

— Ghetto baten barruan bizi zaretela esan duzue...

— Horrela da. Gure bizitzak bi alde ditu: alde batetatik lan giroan, famili giroan, "normalak" izan behar dugu baina gure sexual bizitzari ekiteko beste bizitza bat egin behar dugu, geure toki berezietara joan, geure hizkera berezi bat erabili. Beti ezkutatuz ibili behar dugu.

— Nola zaudete, lege aurrean?

— 1.970. urtean egindako legean, "Ley de Peligrosidad y Rehabilitación Social" delakoan, gure homosexualitatea oso zigortuta dago. Drogazale batek guk baino tratu hobea hartzen du, geuri ez baitigute drogazaleei ematen dieten rehabilitazio tratamendurik ematen. Gu gartzelara goaz beti. Homosexual bat izatea ez da gauza erraza gaur egun.

— Zer zarete? Gaixoak? Bizio bideetatik jarriak?

— Gehienak, izatez, "gay" gara. "Gay" hitza inglesez da eta "homosexual" esan nahi du. Gu "gay" garenez, ezin dugu beste gauzarik izan. Gure artean ba dira, noski, "gay" izaten segitu nahi ez dutenak, baina ez dute laguntza handirik aurkitzen beren asmoa lortzeko. Beste batzuk, bestalde "gay" garela ulertzean izate hau onhartzen dugu. Gauza hauek txikitatik nabaritu ditugu eta horrela garenez gero, horrela gara.

— Nolakoa da zuen egoera beste herrialdetan?

 — Ipar Amerikan eta Europan gure izaera gero eta normalagotzat hartzen dute, homosexuala heterosexual bidea bezain baliokorra dela ulertzean.

— Zenbat "gay" bildu zarete orain arte Bizkaian?

 — Orain dela bi hilabete biltzen hasi ginen eta oraindik gutxi gara, hamabiren bat.

— Asko zarete?

— Bai, jendeak uste duen baino gehiago. Gizon eta emakumeen artean ehunetik ogeik homosexual harremanak dituzte. Gure bileretara emakume batzu ere etortzen hasiko dira.

— Feminista mugimenduetan emakume "gay"en gaia ere ukitua izan da, irakurri dugunez...

— Horrela da. Lesbiarrek emakumeen laguntza samarra lortu dute. Gu, berriz, emakumeak baino diskriminatuagok gaude gizarte "machista" honetan.

— Zer diote gure euskal mediku abokatu, psikologo eta beste profesionariek zuen arazoaz?

— Orain arte ez dute beren eritzirik agertu eta eritzi hauk ezagutzea oso interesgarriak izango lirateke. Zuen aldizkariaren bidez profesionari horiei eskari bat egingo genieke: beren ikuspuntuak komunikabideetan agertzea.

— Ba al duzue laguntza opatzen duen antolakunderik?

— Bai, biak Bartzelonan. Bata "Instituto Lambda" da eta, bestea, "Dignitá". Azken hau katolikoena. Erlijio aldetik, homosexual bati opatzen zaion bide bakarra hau da, zera: bekatua egin eta aitortzea.

— Zertan ikusten duzue zuen "normaleztapenera" heltzeko oztopo nagusiena:

 — Herriak gure arazoari buruz duen irudi okerrean. Batzuk guztiak "travesti" eta honelakoak garela uste dute. Ba dira gure artean "eroak" deritzegunak, emakume bezala agertu nahi dutenak,baina gehienok besteak bezain normalak agertzen gara.

— Amaitzerakoan, zuen eskeak laburki agertu itzazue...

— Lege aurrean dugun tratu gogorra aldatzea; hezkuntzan gure bidea heterosexuala bezain normaltzat agertzea eta, amnistia barruan, guretakoak ere askatuak izan daitezela.


Lopintania

Lopinterregek lopinterriari

Iragaten ari garen eretia gogotan dugularik, ardoa edateari jarraikitzea baino beste biderik ez dugu aurkitzen.

Problema ikaragarria da modatan jartzeko denari buruz; orain hauteskundeak eta beren "zuri ala beltz"-etako dilemak. Batzuk dioskute deusik ere ez edateko eta beste batzuk jarraiki gakizkiola. Baina zapore orotako kaka baitago, bai eta esan ere, abertzale direla eta, verzatzale (ez dira aza gustatzen zaienak) direla eta, hispaniolistak direla eta, espainiolistak direla eta, eta bizitze orotako eta uzta diferentetako hispaniolak eta espainiolak direla eta (direla eta aski!). Alabaina, kaka diferentetan zapore diferentak baitaude, goian bizitze orotako peeneuvea edo eajota (ez da aragoarra), familia onak bezalakoa, aipatzen dugu eta kastatik galgoari datorkio, edo haritzak ezpala bere, edo nolako lopintaniarrak, halako lopintzakila edo eta... Guk, lopintaniarrok, politikaz, ez eta politicac ere, ez dugu fits-mitsik ere ulertzen, aditzen, entelegatzen; baina edalontziz edalontzi, gogoeta egiten dugu eta esaten ere: zer eginen dute astean behin baino gehiagotan elkar ikusten duten jauntzar eta jaunskila horiek, beti bat-bi-hiru...(one, two, three..., edo ein-zwein-drei...,) puntuekin ari diren esan direlako horiek, klasearen kasta edo kastaren klasea, zeinetan baikaude, bat, batera edo batetara dadin? Ez dakit puntuetan gauza haundirik galtzen duten edo, hainbat direlarik, trikotatzen dutenak bezalakoak teteletuta edo tutulututa geldi daitezkeen. Gauza da, luma edo hegats diferentetatik antzeko gauzak edo bertsuak sor daitezkeela. Esan nahi duena, elkartzea eta ardo beretik, hots beltzetik, edatea ez dela hain zail. Baina protagonismo nahiak hain dira haundiak, ezen denok baitiogu: nik, gutieneko egunean 40 ardo eta berdinki egiten badugu, mozkortuko gara.

Gu manaiukor eta erabilerraz gara, egiarik den guztian, baina kolore guztiez hornituta kondatzen baitigute, zakila korapilo eginda dugu. Otoi, pentsa ezazue gauza ez dela hain zaila edo zientzia bezain ezkutua; betierekoen eta bizitze orotako betikoen kontra joan behar da eta geure buruari ardoa bota ez diezaiogula, ezer edanda ongixko baitago.

Lopinterregek Lopinterriari.

Lopinturtzik Lopinterrege

Lopintsalba lopintbeza!!!

Lopintaratik euskarara traslatatua.


Kultura

Oskorri taldearen protesta oharra

Otsailaren 15eko gauean gure taldeko batzuk eta beste lagun batzuk Regio Zineman 18an (Galdakaon) egin behar zen jaialdirako propagandako kartelak jartzen ginelarik, konturatu ginen guk jartzen genituenak beste norbaitek kentzen zituela.

Izkina batetan gelditu ginen kartelak kentzen zituztenen zain eta handik minutu batzutara ikusi genuen nola BI-4010-I 4L furgoneta batetik 40 urte inguruko bi gizon irteten ziren, bere lan itsusian jartzen zirela. Hoiengana joan eta esan ziguten bata herriko kontzejala zela eta Polizia Munizipalak bidalita ari zirela kartelak kentzen, geroago ikusi genuen gezur hutsa zela. Hau esanda kotxera sartu eta joan ziren, gero bietatik bat BI-159208 R-8 batera sartzeko eta Bilborako bidetik ihes egin. Berriz ere beste 150 kartel jarri genituen, baina hurrengo egunean denak urraturik eta apurturik agertu ziren.

Matrikulakin joan ginen jabeak zeintzuk ziren jakitera, ultra-eskumako batzuk zirelako ustean, baina benetan berri mingots eta penagarri bat jaso genuen bere izenak ezagutzean: Jose Luis Zamakona Barandika, Galdakanon bizi dena eta Txomin Saratxaga Ramirez Bilbon bizi dena, Euzko Alderdi Jeltzailearen (PNV) kide bezala oso ezagunak.

Gure gaitzeste sakona adierazten dugu honako edo pareko ekintzengatik, guk eta gure Herriko beste euskal artista batzuk egunero sufritzen ditugunak, eta gure Euskal Herriak behar duen askatasun eta demokrazia giroa nahastu besterik egiten ez dutenak.

Oraingoa bezelako ekintzok zeresan politiko argi bat dute: honekin probatzen da ekintzaileen demokrazia-maila eskasa, kritika edo eta alternatiba baliagarriagoak presentatu beharrean, azken 40 urte hauetan gure herriaren ekintza berezi guztiak zapaldu eta desegin dituztenen portaera zikinak erabili baitituzte.

OSKORRI


Kultura

Gorka Knörr-en "Txalaparta"

Gorka Knörr-ek egindako azken diska handia "Txalaparta" izena du. "Kardantxa"k egina dugu eta lan on bat da, benetan, "Movieplay" estudiotan egin dute Gorkaren "luze" hau. Diska honek duen meritoa handiagoa da "Kardantxa"ren lehen lana dela jakitean. Diskak hamar kanta ditu: "Txalaparta", "Itxasoari begira", "Zenbat euri", "Eskolan", "Katalintxu", "Gebara", "Ez dugu etsiko", "Agure Zaharra", "Hilgo naiz" eta "Bildu gara".

Alde bakoitzak ba ditu bere kanta onak, eta nahiz eta onak izan ere, zailegiak dira. "Txalaparta" (edo "Tiriki-trauki") kanta eta "Gebara" izugarrizko kalitatezkoak dira doinu, hitz eta grabaketa arloetan, eta horrela pentsatu dute diska egileek, kanta biek alde bakoitza irikitzen baitute. "Agure zaharra", Llach-en kanta famatuak, ez du agerpenik behar, Gorka baitugu kanta honen presentatzaile onenetariko bat. Nahiz eta diska, osorik ikusia, benetan ona eta "erosgarria" izan arren, ba ditu ere bere akats ttikiak, gure ustez behintzat. Akats hauen artean zera dugu handiena: kanta batzuren hitzak ("Bildu gara", eta "Ez dugu etsiko", adibidez) oso sutsu eta burruka girokoak ditugu, baina herri arruntak inoiz ez ditu abestuko, doinuak oso zailak izatean. Ba dakigu kalitate "erraz" bat heltzea oso zaila dela musika eta beste arteetan, baina helburu hau bilatu behar da. "Txalaparta" kantak, hots, helburu hau lortu da: kalitatea eta erraztasuna batu dira eta gure euskal giroan jende askok kantatzen du abesti hau. Berdin jasoko al da "Ez dugu etsiko" kantan? Zaila da, "Katalintxu" arabar herrikoi kanta, beste aldetik, kontraste moduan jarria izan dela pentsa nahi dugu eta arabar folklorentzat omenalditxo bat bezala. Kritika txiki hauk egitea beharrezkoa ikusi dugu, baina ez diote diskan meriturik kendu nahi. Asko atsegin zaigu eta, proba bezala, diska agertu eta bezain laster erosi genuela esan dezakegu. "Kardantxa" ondo hasi da bere bidea. Gaurtik aurrera gorantza joateko gure txaloa opa diogu.

X.A.


Euskal Herrian

Euskal Unibertsitateaz

1.- Herri baten kultura bere izatearen adierazpena da, hizkuntzaren, pentsamentuaren, jokamoldearen eta erakunde sozial, juridiko, ekonomiko, politiko eta heziketazkoen bitartez... Euskal Herriak ez du aurkitzen gaur bere kultur erakundeetan Euskal Herri gisa bizitzeko eta aurreratzeko biderik.

Hezierari dagokionez, 1960az geroztik lehen mailako (EGB) eta bigarren mailako (BUP) euskal irakaskuntza baten eskakizuna argi baino argiago den fenomeno nabaria dugu. Horrela sortu dira gure ikastola eta lizeoak. Hauek ez dute arazoa konpontzen, baina agerian jartzen dute herri baten nahia. Unibertsitate mailan, nahi eta eskabide horretan denak bat datoz: Uztaritzeko Udako Euskal Unibertsitatearen moduko projektu eta ekintzak hor ditugu. Horregatik, azken aldi honetan, eta ozenkiago 1970az geroztik, Euskal Unibertsitate baten beharrizanaren aurrean ikasleek, irakasleek eta beste gizarte sailek gero eta kontzientzihartze sakonago bat agertzen dutela ikusten da.

Gaur gaurkoz, euskal Unibertsitate kontzeptua behar adina zehaztua agertzen ez bada ere, eskakizunaren hedadura eta orokortasunak beharrizan objektibo bati erantzuten dio, zalantzarik gabe. Bestalde, eskakizun konkretu hau, Euskal Herriaren beste eskakizun multzo baten barnean agertzen zaigu, eskakizun multzo honen denominadore komuna autonomia berriro eskuratzea dugularik.

Beraz, exigentzia bat da geroko Unibertsitate hori tajutzen saiatzea, horrela gure kulturaren barruti bitala eta kritikoa izan dadin, legez eta bidez. Guk, gizarte horretako kide eta E.U.T.G.-ko Filosofia eta Letretako Fakultateko sekzio batzutan unibertsital mailako irakaskuntzan ari garen pertsonak garenez, gai honi buruz zer uste dugun agertzera eta gogoeta egitera behartuak gaudela deritzogu.

2.- Zaila da, eta eztabaidagarria, "unibertsitateaz", "kulturaz", "Euskal Unibertsitateaz", eta abarrez zer ulertzen dugun mugatzea. Unibertsitatea, kulturari loturik dagoen errealitatetzat har genezake, kultura horren zabalkunde eta lantze tresnatzat, hain zuzen (irakaskuntza osoaren, mass media delakoen, ikerkuntzaren... bidez). Baina zentzu honetan bertan ere, bi errealitateok, Unibertsitatea eta kultura, nagusiago den beste errealitate batetan txertatzen dira: Gizartean.

Uler liteke, baita ere, gizarte batek dituen era guztietako aurreratze beharrizanei erantzuten dien eta, gainera, bere geroko aurreratzearen bitartekoak eta erizpide programatzen dituen erakunde multzo bezala.

Eta Unibertsitatea ulertzeko, puntu batetatik abiatu nahiz beste batetatik, ba dirudi beti muga berdinera iristen garela, hots, gizartera.

ZENTZU HONETAN, GIZARTE BAKOITZAK; ETA HONEN BARNEAN HERRI OSOAK (ETA EZ, GIZARTE HORRETAKO KLASE EDO TALDE BAKAR BATEK) IZAN BEHAR DU BERE UNIBERTSITATEAREN EGILE, PROGRAMATZAILE, KONTROLATZAILE ETA HARTZAILE. HORRETARAKO, GURE KASU KONKRETUAN, PREMISA HAUEI ERANTZUTEKO, EUSKAL UNIBERTSITATE NAZIONALA (BERAZ, AUTONOMI EGOERA BATETATIK IRITSI DAITEKEENA), AUTONOMOA (INSTITUZIO BEZALA), DEMOKRATIKOA, HERRITARRA, DOHAINEKOA ETA PUBLIKOA BEHAR DU IZAN.

3.- Dena dela, gaurko unibertsital egoera hobetuz, aipaturiko euskal unibertsitate eredu horretara hurbil gaitzakeen ekintza orori lagunduko diogu.

Zentzu honetan, ba dirudi gaur gure gizartean zenbait unibertsitate formula desberdin izan daitezkeela:

A) Unibertsitate estatala, gaur Euskal Herrian ditugun fakultateak (Zuzena, Ekonomia, Medikuntza, eta abar) osatuz. Era honetako Unibertsitate batek euskal kultura bere egiteko dituen zailtasun praktikoak, Eusko Ikaskuntza-Sociedad de Estudios Vascos delakoak ikusi eta aztertu zituen "Memorias y Bases para la resolución del problema universitario en el País Vasco" izeneko idazkian (Donostian, 1923). Zailtasun hauk honelatsu labur daitezke:

1.- Estatuaren maila baterakoia.

2.- Erregimen Zentralarengandiko dependentzia ekonomiko eta politikoa.

B) Unibertsitate forala, Erregio foralarentzat exigitzen dituen autonomien artean unibertsital mailako kultur autonomia sartzen duelarik. Honen esanahia argi dago: foru-gune batengandiko gestio hurbiltasuna eta ekonomiazko dependentzia. Soluziobide honetan ondo zehaztua eta mugatua utzi behar litzateke, "Proyecto de Régimen especial" izeneko horietan gaur gertatzen den bezalatsu, kontzertu ekonomiko bat, Diputazioek Probintzia foralen kultur aurrerabidea aitzinera eraman ahal izan dezaten. Diputazioak, bere aldetik, irakaskuntz erakundeei (ikastola eta unibertsitate mailako ikastetxeei) dirulaguntza eman ahal izango lieke, eta baita Euskal Herriko gainerontzeko kultur agerpen guztiei ere.

C) Unibertsitate autonomoa, Bigarren Errepublika garaian katalandarrek egindako esperientzian oinharritua. Oinharrizko hastapen hauk izango lituzke:

1.- Gobernu autonomoari atxekia

2.- Euskararen eta gaztelaniaren ofizialkidetasuna

D) Unibertsitate pribatua, bere norabidean Herriaren zerbitzutan definituko litzatekeena. Beraren gestioa erakunde pribatuek (laikoek, erlijiosoek, alderdi politikoek, eta abarrek) kontrolatuko lukete. Ekonomiari dagokionez, erakunde publikoen dirulaguntza izango luke.

4.- Aukera hauen guztien artean lehenengoari buruz, hots Unibertsitate estatalari buruz, Euskal Herrian ba da gaur mugimendu erreibindikatzaile bat, "Euskal Unibertsital Barrutia"-ren aldekoa, Euskal Herri osoa eta Euskal Herria bakarrik, bilduko lukeen barrutiaren aldekoa, halegia. Guk ere eskakizun hau geure egiten dugu, nahi dugun Euskal Unibertsitateari hurbiltzen gaituela uste baitugu.

Aldi berean, eta edozein aukeraren aurrean horietan euskal herriak eta berak bakar bakarrik ukan behar baitu erabakitzeko ahotsa, nahi dugun helburura eramango gaituen planifikazio bat egiteari beharrezko deritzogu.

Horretarako, derrigorrezko bidetzat hau proposatzen dugu:

1) Irakaslego euskaldun eta egoki bat gertatzearen beharrizan premiazkoa.

2) Gertapen hau erraztu eta ikerkuntza bultzatuko duten tresnak sorteraztea (laborategi, liburutegi, eta abar).

3) Edozein pertsona unibertsitatera sartzea erraz dezaketen eredu ekonomikoak eratzea.

4) Euskal erakunde, elkarte, talde ekonomiko alderdi politiko, eta abarrak unibertsitate gaiaz behar bezala arduratzea.


Postaz etorriak

ANAITASUNA-ko zuzendari jauna:

ANAITASUNAren 336. zenbakian karta bi argitaratzen dira 333.enean idatzi nuen lan bati erantzuten, bata Gaizka Martinez-ek izenpetua eta bestea "Basauriko zazpi abertzalek". Azken karta honetako esaldi batek bultzatzen nau idazki hau idaztera.

Esaldi horrek hau dio: "Eta Gereñok, gainera, ezker abertzalea ukatu egiten du". Esaldi honi erantzunik emango ez banio norbaitek pentsa zezakeen nire ixiltzea baieztapena litzatekeela. Beraz argi eta publikoki adierazi nahi dut euskal abertzalea ez dudala inolaz ere ukatzen. Are gehiago, ni ezker abertzalea sentitzen naizela, eta bai hauteskundeetan eta bai hauteskundeetatik at, ezker abertzaleekin lan egingo dudala.

Agur bero batekin,

Xabier Gereño

***

Kaixo herkideok:

Honekin batera kosta aldeko bi berri bidaltzen dizuegu, komeni ba zaizuen argitara dezakezue. Lehenengoa bai da barregarria, txiste bat egiteko apropos etorria.

1) Bizkaiko den "Comandancia de Marina" agindu hau argitara du:

Todos los buques pesqueros que deseen ondear la "ikurriña" en sus mástiles serán obligados bajo responsabilidades ulteriores a hacer ondear la bandera nacional que deberá tener por lo menos 1 metro 50 centimetros de largo por 1 metro de ancho. La llamada "Ikurriña" no deberá sobrepasar la siguiente dimensión: 0'75 de largo por 0'30 de ancho.

Hau ikusita, Kostaldeko arrantzaleak, eta agindu hori aldatu arte, adarrak jotzekotan piperpotoari joko diotela diote.

2) Joan den 3an Baxurako zenbait itsasuntziak, Bermeokoak, Lekeitiokoak, Ondarroakoak, eta Mutrikokoak batik bat, itsas zabalera abiatu ziren, han bertan gure azken gerran Euskal Herriaren alde hil ziren oroimenez omenaldi bat egitera asmoz. Duela 40 urte "Naparra"ko itsas gudariak armada faxistak hondatu baitzituen. Hau dela eta, Comandancia de Marina delakoengandik itsasuntzi bakoitzak 60.000 pzta. zigorra hartuko duela susmoa dago, eta bertara joan zirenak 33 itsasuntzi dira.

 "Reconciliación nacional" delako hori zertan datza jakin nahi genuke guk.

Eta besterik ez, zuen herkideak

Lekeitio-ko herkide batzuk

***

Anaitasunari Laurotik kaleratutako irakasleak

Harrigarria, benetan, ANAITASUNA, amnistia osoaren deia zuen azalean, lehenengoz azpimarkatzen duzuen alean, (335. zenbakian), LAURO, "egitura apropos" hori plazaratzea. Ahaztu al zaizue azken urte honetan 16 langile kaleratu dituela?

Harrigarria ere, arazo hori dela eta, Anaitasunak eraman duen joera:

- Gure aurkako ihazko "tantaka" biak.

- Bizkaiko irakasleen Asanbladak bidalitako informazioari agerpenik ez ematea.

- Azkenengo artikulo hau.

Hitz batetan, ez duzue kaleratzeen arazoa ikutu nahi. Zergatik?

Harrigarriagoa oraindikan Lauro eredutzat jartzea. Zertan? Batzorde eta irakasleen era demokratikoetan?

Azken urte eta erdi honetan 10 bidarrez eraman da Lauro hauzitegietara, zapalketa bat edo bestea dela eta, eta batetan bakarrik galdu dugu, 3 egunetako paroa zela eta, bertan kaleratutako irakasle batekin bat ginelako, eta haugaitik kaleratuak izan ginen, denpora berean eta gaur ere estruktura fatxisten barnean jazotzen ez dena, nahiz eta paroak asko ere luzeagoak izan.

Ez goaz beraren historia luze eta tristagarria kondatzera baina...

- 1973.ean osatu genuen orain harrokeriaz primeziatzat agertu nahi dutenaren aurreprojektua, eta 1975.ean bigarrena.

Horietan defendatzen genuen gestio demokratikoak gure kaleratzea ekarri zigun.

- Gogoratzekoa da ere, irakasle berriek gure kontra ukan zuten joera, gure lekuak betez, jende berria erakarriz eta gure borroka eta eskakizunak nahasi eta aldrebestuz.

- Eta aipatzen duzuen Araudi horren hauteskundearen "demokraziaz" ba al dakizue? Galde iezaiozue hainbat gurasori.

B.U.P.eko ikasleen "demokraziazko usadioak" direla eta, ohituak ziren bai, baina orain mehatxatu eta kaleratuak dira "ofizial" eritzikoak ez direnak.

Pedagogian ukanen ahal dugu eredu?

Ikasleek esan lezakete izan den aldaketaz, oraingo errepresio metodoak, zigor kolektiboak, azterketak, etxerako lan ezinezkoak, irakasle-ikasle arteko harremanak..., funts eta prestigioaren metodologia bat azken batetan. Hau al da ikastolen "profesionaltasuna" finkatzeko bidea?

Irakurgarria da ikasleentzat osatutako "Reglamento de faltas" delakoa.

ANAITASUNA, hau al da erazagutu nahi diguzuen ikastola herrikoia, aurrerakoia, euskal unibertsitaterako atea?

Besterik ez, Zehazpen gehiagorik jar nahiez gero, hainbat guraso, ikasle eta irakasle ere izanen duzue hau guztiau frogatzeko lekuko. Eta, zer esanik ez, bi aldeetako informazioa osatzen laguntzeko, prest gaituzue. Nolabait ez goaz ezer eragoztera, bakoitzak nahi duen pedagogia aukeratzen baitu, baina bai guri dagokiguna argitzera.

Hamabost irakasle ohiak sinatua


Zapaburu birbiztua

Kaleko [Komikia]

OLARIAGAKO


Urrezko astabelarriak

Euskal perla bi

 ANAITASUNAk inkesta bat egin nahi izan die Euskal Herriko profesionariei euskarazko komunikabidetaz ardura daitezen.

 Mediku, abokatu, ingeniari, etabarren bulegoetan hainbat aldizkari egon ohi da,baina euskal (:euskarazko) prentsak ez du lekurik izaten.

 Profesionari hauek guztiok zer pentsatzen zuten jakin nahiean egin inkesta honetarako erantzunak ba datoz, eta zenbait interesgarri ere ba dira.

 Batzu euskal irakurleak ezagut ditzan etorri bezala ematen ditugu argitara. Horria euskaraz eta erdaraz bazen ere, gaurko biek erdaraz erantzun dute. Izenpetu gabe noski. Baina honelako piztiarik ba dugula jakin dezagun, hemen dituzue.

ANAITASUNArako inkesta

1. ¿Cree usted que es positiva la prensa en euskara? Nefasta.

2. ¿Ha leído alguna vez prensa en euskara? Ni puñetera falta que me hace.

¿Ha sido Anaitasuna? Ni lo será.

¿Qué otra revista ha leído? BERRIAK

NO

Por considerar que en un mundo de 3.000.000.000 de habitantes es ridículo querer imponer el euskera, hablado por 800.000.

3. ¿Entre la gente conocida por usted se lee en euskara? Algún idiota.

¿Por qué? Por ser distinto a los demás.

4. ¿Qué le pediría a la prensa en euskara?

Que no traten de engañar a la gente con idioteces de superraza.— Debían de poner paradas de machos para mantener la pureza de la sangre vasca.

5. ¿Qué le pediría concretamente a ANAITASUNA?

Que no llevasen a un pueblo al matadero y que no fueran tan ignorantes jugando con la idiotez de una raza prácticamente salvaje.

ANAITASUNArako inkesta

1. ¿Cree usted que es positiva la prensa en euskara? No

2. ¿Ha leído alguna vez prensa en euskara? No

NO

Porque no vale para nada excepción hablar al ganado.

3. ¿Entre la gente conocida por usted se lee en euskara?

Nadie

¿Por qué?

Es mejor aprender francés, inglés, alemán o ruso.

4. ¿Qué le pediría a la prensa en euskara? Que siga publicando para que se arruine cuanto antes.

5. ¿Qué le pediría concretamente a ANAITASUNA? Que siga soñando en euskara.

Sinatura: Un vasco español con 4 apellidos vascos.